Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Sexta edición Premios Adrián Celaya

Iusplaza bloga

Bonifacio Echegaray Corta jaunari buruzko hiru liburuen aurkezpena
2021-11-05

Euskaltzaindiaren egoitzak Bonifacio Echegaray Corta (1878-1956) legelari, idazle, Eusko Ikaskuntzako kide eta euskaltzain osoari buruzko hiru libururen aurkezpena hartu zuen pasadan asteazkenean, azaroaren 3an. Bizkaiko Foru Aldundiak eta Zuzenbidearen Euskal Akademiak (AVD-ZEA) aurkeztu zituzten argitalpenak, horietako bakoitzean Euskal Zuzenbide Zibilaren historialariaren alderdi bat erakusten dela: gizatiarra, Echegarayren biografian; literarioa, bere lan batzuk berreskuratu direla; eta azkenik, legelari gisa egindako lana aitortzen duena.

Aurkezpenean izan ziren Begoña de Ibarra Bizkaiko Foru Aldundiko Kulturako zuzendari nagusia, Andres Urrutia euskaltzainburua eta Zuzenbideko Euskal Akademiako (AVD-ZEA) lehendakaria, Seve Calleja eta Lázaro Echegaray liburuen paratzaileak eta Josu Erkoreka, Eusko Jaurlaritzako lehendakariordea.

Bonifacio Echegaray. Poemak eta ipuinak/Poemas y cuentos idazlanean (Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaiari lotutako idazleen testuak berreskuratzeko urtero antolatzen duen sailekoa), Seve Calleja idazleak Echegarayk XIX. mendearen amaierako eta XX. mendearen hasierako literatura-aldizkarietan argitaratu zituen euskarazko olerkiak eta gaztelaniazko kontakizunak biltzen ditu, hala nola Euskal Erria: Revista baskongada, La Baskonia edo El Colegial. Hitzaurrea Lazaro Echegaray egilearen bilobak egin du, eta epilogoa Andres Urrutiarena da.

Lazaro Echegaray Eizaguirre da, hain zuzen ere, En busca de Vasconia. Vida de Bonifacio Echegaray (1878-1956) liburuaren egilea, legelariaren biografiarik osatuena. Bonifacio Echegaray, Auzitegi Goreneko Salako idazkaria izateaz gain, Euskal Herriko hainbat kultura-erakundetan parte hartu zuen eta 1936tik 1937ra Euzkadiko Gobernuan erantzukizuneko karguak izan zituen.

Azkenik, Bonifacio Echegaray Corta. Estudios de Derecho Privado Vasco (1919-1951), AVD-ZEAk argitaratzen duen Clásicos del Derecho Vasco-Euskal Zuzenbidearen Klasikoak bildumako hamargarren liburukia, Euskal Zuzenbide Zibilaren iturri gisa ohituraren ikerketan egindako lana eta euskararen erabilera arlo juridikoaren adierazpide gisa jasotzen ditu, eta hori ezinbestekoa da XX. mendearen lehen erdian Euskal Zuzenbide Zibilaren historia eta aplikazioa aztertzeko orduan.

 

Iruzkinak

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra