Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Iusplaza bloga

“Lan zuzenbidea” liburu berria
2017-02-02

Deustuko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultatean Lanaren eta Gizarte Segurantzaren irakasle titularra den Francisco Javier Arrieta Idiakezek argitaratu berri du bere azken eskuliburua: «Lan-zuzenbidea» (Bilbo: Gomylex, 2017, 468 orr., ISBN: 978-84-15176-78-7).

Bada, eskuliburu horrek bere baitara bildu ditu, erabat eguneratuta, aldez aurretik argitaratuak zituen «Lan-zuzenbidea I» (Bilbo: Gomylex, 2014, 319 orr., ISBN: 978-84-15176-44-2) eta «Lan-zuzenbidea II» (Bilbo: Gomylex, 2015, 235 orr., ISBN: 978-84-15176-53-4) eskuliburuak. Halaber, gogoratu behar da iaz «Gizarte Segurantza» (Bilbo: Gomylex, 239 orr., ISBN: 978-84-15176-63-3) eskuliburua argitaratu zuela.

Horrenbestez, urratsez urrats, Arrieta Idiakez irakasleak lortu du euskaraz eskaintzea, oso-osoan eta eguneratuta, Lan-zuzenbidea eta Gizarte Segurantza jorratzen dituzten eskuliburuak. Modu horretara, aurrerantzean gai horiek euskaraz landu nahi duen orok eskuragarri du material aproposa.

«Lan-zuzenbidea» eskuliburua, «Gizarte Segurantza» eskuliburua bezala, Goi Mailako Hezkuntzaren Europako Esparrura egokituta dago.

Zortzi gai jorratu dira, denak ere labur, zuzen eta erraz antolatuta, lan-zuzenbidearen oinarrizko erakundeak azkar ikasteko moduan. Gainera, azalpenak osatu dira informazio gehigarriarekin eta eguneratutako arautegi eta jurisprudentziarekin. Era berean, azalpenekin batera, edozenbat adibide jarri dira, eta kasuan kasuko gaietan sakondu ahal izateko zenbait web-orrialderen berri eman da.

Aztertu diren gaien artean daude lan-zuzenbidearen nondik norakoak, iturrien sistema, lan-kontratua, lan-kontratuaren modalitateak, lan-kontratuko subjektuen eskubide eta betebeharrak, lan-denbora eta atsedenaldiak, lan-kontratuak izan ditzakeen gorabeherak eta lan-harreman kolektiboak. Gainera, gai bakoitza praktiken atalarekin bukatzen da.

Gainera, kontuan hartu dira azken aldian egin diren lege-aldarazpenak, eta, batik bat, urriaren 23ko 2/2015 Legegintzazko Errege Dekretuak, Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bategina onestekoak, eragindakoak.

Eskuliburuaren azala, aurkibidea eta hitzaurrera atxiki dira.

Informazio gehiago...

Aurkibidea

Iruzkinak

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra