Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Octava ediciión Premios Adrián Celaya

Administrazio zuzenbidea  >>  Legeria  >> Orokorra

1/2015 Legea, martxoaren 24koa, Espainiako Liburutegi Nazionala arautzen duena

2015-03-24

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2015/03/25, 72. zk.

bcl_1202275965.htm

I. XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

3178 1/2015 Legea, martxoaren 24koa, Espainiako Liburutegi Nazionala arautzen duena.

FELIPE VI.a

ESPAINIAKO ERREGEA

Honako hau ikusten eta ulertzen duten guztiei.

Jakizue: Gorte Nagusiek honako lege hau onetsi dutela, eta Nik, hemen, berretsi egiten dudala:

HITZAURREA

I.Justifikazioa

Espainiako Liburutegi Nazionalak (BNE) espainiar estatuaren oroimena gorde, jakintza iraunarazi eta ezagutza zabaltzen du. Herritarren zerbitzura dagoen erakundea da, eta denboraren joan-etorrian berrikuntzaren etorkizunera eten gabe egokitzen jakin izan du, bai eta gizartean izan diren aldaketa zientifiko, teknologiko eta kulturaletara ere. Halaber, gaztelaniaz idatzitako kulturaren erreferentzia zentroa da, informazioari eta dokumentuei dagokienez, nazio zein nazioarte mailan.

Espainiako kultura desberdinen iraunaraztea eta etorkizuneko belaunaldiei helaraztea bermatzeko lanean hasi zen Espainiako Liburutegi Nazionala duela 300 urte baino gehiago. Bere historia eta Espainiarena batera joan dira denbora horretan guztian zehar, eta bertan gordetzen diren bildumek Espainian izan den literatur sormenaren, pentsaeraren, artearen, musikaren eta zientziaren bilakaera islatzen dute.

Espainiako Liburutegi Nazionalak bere xede berezia betetzen jarraitu behar du, gaur egun nahiz etorkizunean, teknologia aldaketa eta berrikuntza etengabea den testuinguruan, eta sortzeko, editatzeko, zabaltzeko eta kulturara iristeko moduan erabateko aldaketak izan diren ingurunera egokitu beharko da. Aldaketa horiek direla-eta, jakintza biltzeko, iraunarazteko eta transmititzeko modu berriak daude, zeinetan edukiak nagusitzen baitira euskarrien aurrean.

Momentu honetan, Espainiako Liburutegi Nazionalak ingurune aldakorrean burutzen du bere xedea, liburutegi eredu berria definitzera behartzen duen ingurunean, hain zuzen. Kultura euskarri mota desberdinetan sortzen den eta edukien zaharkitze maila altua den testuinguruan, Espainiako Liburutegi Nazionalak informazioa eta ezagutza iraunarazi, zaindu eta haren transmisioa burutzen dela bermatu behar du, egitura organiko eta funtzional arinagoak izango dituen ereduaren bidez. Hori guztia, alde batetik, eta bestetik aldaketa garrantzitsua izan da bai barne lanetako prozeduretan bai erabiltzaileei eskaintzen zaizkien zerbitzuetan. Informazioaren eta ezagutzaren teknologietara egokitzeak zerbitzu publikoa beste era batez antolatu beharra ekarri du, exijentzia maila handiagokoa izango den zerbitzua, hain zuzen, zerbitzuetara aurrez aurre iris daitekeela bermatzeaz gain, munduko edozein tokitatik iristea eta bertan dauden bildumak erabili ahal izatea bermatuko duena, teknologia berrikuntza proiektuen garapenaren bidez.

Espainiako lehen liburutegi-erakunde den aldetik, erreferentzia eta aholkularitza zentroa da liburutegi-politikak garatzeko orduan, espainiar eremuan hobekuntza proiektuak sortzera bideratzen diren politikak, hain zuzen. Era berean, lanbide-araudiaren sortzaile duen egitekoa indartu behar da, bai eta informaziora iristeko baliabide komunak abian jartzeko nahiz Espainiako beste erakundeei zerbitzu eraginkorrak emateko lankidetza proiektuen koordinatzaile gisa duena ere.

Zientziaren, Teknologiaren eta Ikerketaren ekainaren 14ko 14/2011 Legeak aitortzen dion ikerketa zientifiko eta teknikoa laguntzeko zentro gisako zeregin garrantzitsua ere sustatu behar da, Espainiako kulturaren eta zientziaren gaineko ezagutzaren sorkuntza eta zabalkundea ahalbidetuz eta sortzen den informazioa behin eta berriro erabil dadin sustatuz, garapeneko balio estrategiko gisa.

Horretaz gain, Espainiako Liburutegi Nazionalak mundu globalizatuan espainieraz dagoen informazio eta ezagutzara iristeko duen nazioarteko erreferentzia gisako egitekoa dago, bereziki, Espainiarekin historia eta hizkuntza partekatzen duten herrialdeei dagokienez.

Gainera, erakunde publikoa den heinean, ebaluatzeko behar dituen mekanismoak baliatu beharko ditu Espainiako Liburutegi Nazionalak, kudeaketa ahalik eta era efizienteenean egiten erraztuko dioten mekanismoak, hain zuzen, horrela bai barneprozesuak bai herritarrei ematen dien zerbitzua hobetuko baitira.

Herritarrei irekia eta haiengandik hurbil egoteko politika sustatzen jarraitu behar du Espainiako Liburutegi Nazionalak, bai eta bere helburuen lorpena eta bere bildumen zabalkundeari mesede egingo dioten ekintzak burutzen ere, hartzaile desberdinei zuzenduriko kultura programazioa garatuz, prestakuntza handiagoa zein kulturarako irispide hobea eragingo baitu. Halaber, iraunarazi diren bildumen inguruko ikerketa lanak lagundu eta sustatzeko ekintzak burutu behar dira, espainiar kulturaren ezagutza eta haren zabalkundea areagotzeko.

II.Errege Liburutegi Publikoa izatetik Espainiako Liburutegi Nazionala izatera

Felipe V.ak sortu zuen, 1711n, Errege Liburutegi Publiko gisa. Harez geroztik, fideltasunez jarraitu dio bere oinarrizko printzipioari: Espainiako ondare bibliografiko eta dokumentu-ondarea bildu, katalogatu, iraunarazi, zabaldu eta transmititzea.

Espainiako Liburutegi Nazionalak 1712ko martxoaren 1ean ireki zituen bere ateak. Bere fundatzailearen –Borbondarren dinastiako lehen errege Felipe V.a– borondatea zen espainiarren esku jartzea bere liburutegiaren bildumak, bai eta Austriarrengandik eskuratutako errege-bilduma ere; izan ere, liburuek betetzen duten prestakuntza eginkizunaz jakitun zen, eta gizarteen aurrerabide eta hobekuntzarako, kultura nahitaezko baliabide izatearen uste osoa zuen. Sorkuntza garaiko funtsei nobleen, jakintsuen eta liburuzaleen liburutegiak, desamortizazioetatik datozen bildumak, lege-gordailuaren aleak edo erosi zein dohaintzetatik hartutakoak gehitu zaizkie 300 urte baino gehiagotan zehar, hori dela-eta, ondare-balio handia duen bilduma dago, gaur egun, hasiera-hasieratik espainiar kulturaren produkzioa gordetzeko zentro bihurtu zen Liburutegian.

Errege-pribilegio baten bidez, 1716. urtean, inprimatzaileek Espainian inprimatzen zen guztiaren ale bana Liburutegian utzi behar zutela xedatu zen. Pribilegio hori egungo Legegordailuaren uztailaren 29ko 23/2011 Legearen aurrekaria da, eta lege horretan xedatutakoari jarraiki, kultur ekoizpenaren editoreek, edozein dela baliatzen duten euskarria, editatzen dutenaren ale kopuru zehatza gordailuan utzi behar dute Espainiako Liburutegi Nazionalean, eta horrela bihurtu da espainiar kulturaren oroimena gordetzeko leku.

1761. urtean, Errege-inprentaren sorrera dela-eta, Liburutegiaren inprimatzeko zeregina inprimatzaile, azaleztatzaile eta grabatzaile nabarmenenekin lotu zen.

XVIII. mendean zehar, bildumak gehitu eta barne antolakuntza egonkortzen joan zen, eta horrek ahalbidetu zuen XIX. mendearen bigarren erdialdean Liburutegi Nazional bilakatzea, ondare bibliografikoa eta dokumentu-ondarea iraunarazteko eta zabaltzeko erakunde arduradun gisa duen xedea sendotzea eta herritarren zerbitzura dagoen liburutegi publikoaren izaera areagotzea. XIX. mendean zehar ere, etengabeko desamortizazioen ondorioz, kometuen, katedralen, kabildoen eta ordena militarren eskuetan zeuden funtsak hartu zituen bere gain Liburutegi Nazionalak, eta horrek bere bildumen kopuruak nabarmen gora egitea ekarri zuen, hala liburukien kopuruari nola horien beraien ondare-balioari dagokienez. Garai horretan ere, jakintsuen eta liburuzaleen bilduma pribatuak eskuratu ziren, zeinak ondare-balio handikoak baitziren. Bildumen kopuruak egonkortasun unean gora egiteak eta liburutegi publikotzat zein espainiar

kulturarako funtsezko erakundetzat hartua izateak ospe handiko garaia bizitzea eragin zuten, bai eta Liburutegi Nazionala Espainiako historiarako funtsezko erakunde gisa sendotzea ere.

1985. urtean, apirilaren 24ko 565/1985 Errege Dekretuaren bidez, Hemeroteka Nazionala, Bibliografia Institutu Hispanikoa eta Altxor Dokumentalaren eta Bibliografikoaren Zentroa txertatu ziren Liburutegi Nazionalean.

Espainiako Liburutegi Nazionalak, haren bizitza luzean zehar, gorabehera desberdinak bizi ditu eta izena aldatu du, zeinen mende zegoen edo aitortzen zitzaion izaera kontuan hartuta. 1712tik 1836ra Errege Liburutegi Publikoa izan zen; 1836an, berriz, Liburutegi Nazionala izena hartu zuen; eta, 2009an, haren estatutu berria onartu ondoren, Espainiako Liburutegi Nazionala izatera pasa zen.

Espainiako Liburutegi Nazionalak, egun, bi egoitza ditu: Paseo Recoletos kalean bat, zeinek 1896. urtean zabaldu baitzituen bere ateak; eta Alcalá de Henaresen beste bat, zein 1993an inauguratu baitzen. Horietan bietan, Espainiako kultura idatzia, grafikoa zein ikusentzunezkoa iraunarazi, zabaldu eta transmititzen duen erakundea dago, zein nazioarteko hispanismorako erreferentzia zentroa baita. Haren bildumen barruan –ondare-balio kalkulaezina baitute– eskuizkribuak, inkunableak, antzinako inprimakiak, estanpak, marrazkiak, argazkiak, soinu-grabazioak eta ikus-entzunezkoenak, partiturak, mapak, prentsa, aldizkariak, kartelak eta bestelako materialak daude. Funtsak lege-gordailuaren, erosketen, dohaintzen edo trukearen bidez handitzen jarraitzen du.

III.Historia juridikoa. Administrazio bilakaera

Lehen antolakuntza formala bera sortzeko 1716ko urtarrilaren 2ko Errege Dekretuaren bidez eman zitzaion, eta dekretu horren beraren bidez ere, lehen Konstituzioak deiturikoak onartu ziren. Hogei artikuluren bidez, Liburutegiaren izaera publikoa aitortzen zuten Konstituzioek, «mota guztietako irakasle zein ikastunei» irekia, bai eta «ofizial» desberdinen eskumen eta betebeharrak ezarri ere. Urte horretan bertan, urriaren 15eko Errege Dekretuaren bidez, erresuman inprimatzen zen guztiaren ale azaleztatu bat Liburutegian uzteko betebeharra arautu zen.

1750ean, berriz, zortzi eguneko epea ezarri zen, salgai jarritako aleak Errege Liburutegi Publikoak lehentasunez erosteko eskubidea gauzatu ahal izateko, zeinek enkanteetan espainiar kulturarentzako balio handiko ondare-aleak zirenak erostea ahalbidetzen zuen.

1761ean, 1716ko Konstituzioak aldatu zituzten Konstituzio berriak onartu zituen Carlos III.ak, funtzionamendurako arau berriak ezarri zituztenak, bai eta erabiltzaileen zerbitzura dagoen erakunde publikoaren izaera nabarmendu ere, eta Errege Inprenta sortu zen

1836an, Errege Liburutegi Publikoa Gobernazio Ministerioaren mende egotera pasa zen eta Liburutegi Nazionala izena hartu zuen, espainiar ondare bibliografikoa eta dokumentu-ondarea iraunarazteko eta zabaltzeko ardura duen erakunde gisako xedea sendotuz.

1856ko dekretu organikoak eta 1857ko funtzionamendu erregelamenduak, 1761eko Konstituzioak ordeztu baitzituzten, liburutegi publikoa izateko bokazioa eta Espainiako zentro bibliografikoa izateko egitekoa indartu zituzten.

1896an, errege-dekretu berri batez arautu zen inprimatzen ziren lan guztien ale bana Liburutegi Nazionalean uzteko beharra eta,1930an, Patronatua sortu zen.

1932an, berriz, Liburutegi Nazionala teknikarien kidegoko kide batek zuzenduko zuela ezarri zen.

Eta, 1957an, dekretu organiko berria eta Liburutegiaren Erregelamendua, haren egitura modernizatzen saiatu baitzen, onartu ziren. Urte horretan bertan onartu zen lege-gordailua arautzen zuen erregelamendua.

Apirilaren 25eko 848/1986 Errege Dekretuaren bidez, Liburutegiaren eginkizunak eta haren oinarrizko egitura onartu ziren; urte horretan bertan onartutako ministro-aginduaren bidez garatu zen egitura hori.

1991rako Estatuko Aurrekontu Orokorren abenduaren 27ko 31/1990 Legeak erakunde autonomo bihurtu zuen Liburutegi Nazionala eta, urriaren 31ko 1581/1991 Errege Dekretuaren bidez, haren estatutu arautzailea onartu zen. Berriki, urriaren 30eko

1638/2009 Errege Dekretuaren bidez, estatutu berria onartu zen eta bertan xedatu erakundeak egun duen izena, hots, Espainiako Liburutegi Nazionala.

Lege-gordailuaren Legea 2011ko uztailaren 29an onartu zen, eta dokumentu elektroniko zein webguneak jasotzen dira bertan, horrela Espainiako Liburutegi Nazionalaren iraunarazteko zein ondorengoei helarazteko xedea ezagutzaren euskarri berrietara egokitu zuen.

IV. Legearen edukia

Lege honen bidez, erakundearen antolakuntza eta haren baliabide ekonomikoei loturiko hainbat berezitasun xedatzen dira, Espainiako Liburutegi Nazionalak bere helburuak lortzeko behar duen egonkortasuna zein haren baliabideen kudeaketa efizienteagoa lortzera bideratuak. Betiere, Estatuko Administrazio Orokorraren Antolaketa eta Funtzionamenduari buruzko apirilaren 14ko 6/1997 Legearen 63.1 artikuluak xedatutakoarekin bat, eta erakunde autonomoaren izaeran eragin gabe.

I. kapituluak Espainiako Liburutegi Nazionalaren izena, izaera, araubide juridikoa, autonomia, helburuak eta eginkizunak arautzen ditu. Erakunde autonomoaren izaera eta kudeaketa autonomiaz burutzeko nortasun juridiko propioa gordeko ditu erakundeak, lege honek eta aplikatzeko diren bestelako arauek xedatutakoarekin bat.

Bere helburu orokorrak ere jaso dira, honako hauek, hain zuzen: «bere eginkizunak burutzean, ondare bibliografiko eta dokumentu-ondarea, Espainian ekoiztua edo espainiar kulturaz sortua, bildu, deskribatu eta haren babesa, aberastea, iraunaraztea eta transmititzea bermatzea», «bere bildumetarako irismena eta horien zabalkundea bermatzea, horien erabilera sustatzeko asmoz, kultura, gizarte eta ekonomiari dagokionez aberasteko bide gisa», bai eta «liburutegi-politikak sustatu eta garatzea Espainiako ondare bibliografiko eta dokumentu-ondarearekin loturik» ere.

II.kapituluak Espainiako Liburutegi Nazionalaren antolaketa arautzen du eta Lehendakaritza, Errege Patronatua eta Zuzendaritza artezkaritza-organoak izango direla xedatzen du.

Espainiako Liburutegi Nazionaleko lehendakaria izango da Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioko titularra, eta bere esku dago «erakundearen goi-zuzendaritza», «urte anitzeko plan estrategikoa, helburuen urteko plana, jardueren urteko txostena eta erakundearen aurrekontu aurreproiektua onartzea», «erakundearen kudeaketa eraginkorra dela kontrolatzea» eta «Espainiako Liburutegi Nazionalaren zuzendaria izango denaren izendapenerako proposamena Ministro Kontseiluari igortzea, Errege Patronatuari kontsulta egin ondoren, berak eman beharko baitu iritzia izendapen hori egiteko irizpideen inguruan»

Zehaztasunez arautzen da Errege Patronatua, zeinaren ohorezko lehendakariak Espainiako Erregeak baitira. Errege Patronatuak Osoko Bilkuran edo Batzorde Iraunkorrean jardun ahalko du. Erakundearen lehendakaria «Espainiako Liburutegi Nazionala erakundearen ordezkaria izango da, eta Errege Patronatuari dei egingo dio Osoko Bilkuran edo Batzorde Iraunkorrean biltzeko, bai eta bilera horietan buru arituko ere; Osoko Bilkurak, berriz, «lege honen eta Estatutuaren esparruaren baitan, Espainiako Liburutegi Nazionala antolatu eta zuzentzeko printzipioak ezarriko ditu, bere jarduerarako jarraibideak zehaztu eta horiek betetzen direla zainduko du, Estatutuak xedatu bezala»; eta, bukatzeko, Batzorde Iraunkorrak «Errege Patronatuaren Osoko Bilkurak zehaztu dituen jarduteko ildoak eta estrategia bultzatu eta gainbegiratuko ditu, Estatutuak xedatu bezala».

Zuzendari nagusiaren kategoriako zuzendaria izango da erakundearen aurpegia, Ministro Kontseiluak emandako errege-dekretu baten bidez izendatu eta kargutik kenduko baita. Merezimenduaren, gaitasunaren eta egokitasunaren printzipioak aintzat harturik izendatuko da.

Hona hemen Espainiako Liburutegi Nazionalaren zuzendariari dagozkion eginkizunak: erakundearen kudeaketa zuzentzea, Errege Patronatuak adierazitako helburuak betetzera eramango dituzten neurriak hartuz; ordezkari ofiziala izatea, lehendakaria ez dagoenean; kontratazioak egitea erakundearen izenean; gastuak xedatzea; ordainketak agintzea eta Kontuen Auzitegiaren aurrean kontuak aurkeztea, Estatuko Administrazio Orokorraren Kontu-hartzailetza Nagusiaren bidez eta Aurrekontuen azaroaren 26ko 47/2003 Lege

Orokorrak xedatutakoarekin bat; bai eta estatutuak esleitzen dizkion bestelako eginkizunak ere.

Espainiako Liburutegi Nazionalaren estatutuan Batzorde Zientifiko baten osaera eta funtzionamendua arautuko dela aurreikusita dago, eta haren eginkizuna aholku ematea izango dela. Halaber, estatutuak Zuzendaritza Kontseilua eratu eta arautuko duela ezartzen da.

III.kapituluak Espainiako Liburutegi Nazionalaren langileen araubidea xedatzen du. Langile horiek funtzionario edo langile lan-kontratudunak izango dira, Estatuko Administrazio Orokorrerako ezarrita dauden baldintza berberetan, Estatuko Administrazio Orokorraren Antolaketa eta Funtzionamenduari buruzko apirilaren 14ko 6/1997 Legearen

47.1artikuluarekin bat.

IV. kapituluak, berriz, ondare-araubidea arautzen du, eta, horren arabera, Espainiako Liburutegi Nazionalak bere ondareaz gain, Estatuaren ondare diren ondasunak ere eduki ahalko ditu, atxikitako ondasun gisa.

Ondasunen kudeaketa eta administrazioa Administrazio Publikoen Ondarearen azaroaren 3ko 33/2003 Legeak xedatutakoarekin bat burutuko dira, eta kultur intereseko ondasunei dagokienez, Espainiako Ondare Historikoaren ekainaren 25eko 16/1985 Legeak xedatutako araubidearekin bat.

V. kapituluak kontratatzeko araubidea, baliabide ekonomikoak, bere jardueren eta espazioak lagatzearen ondoriozko diru-sarrerak, elkarteetan eta fundazioetan parte hartzea, aurrekontu araubidea, kontabilitate araubidea eta ekonomiaeta finantzakontrola xedatzen ditu.

Kontratatzeko araubideari dagokionez, honako lege hau hartzen da aintzat: Sektore Publikoaren Kontratuei buruzko Legearen Testu Bategina, azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia.

Baliabide ekonomikoei dagokienez, Errege Patronatuak «baliabide propioak lortzeko lan aktiboa egingo duela aurreikusten da, bereziki erakunde pribatuek eta partikularrek doan ematen dituzten ekarpenetatik eta instalazioen babesaren ondoriozko diru-sarreretatik datozenak»

Halaber, xedatzen da Liburutegiaren helburu berberak dituzten elkarte edo fundazioetan parte hartu ahalko duela Espainiako Liburutegi Nazionalak

Ekonomiaeta finantza-kontrola Aurrekontuen azaroaren 26ko 47/2003 Lege Orokorrari eta aplikatu beharreko bestelako araudiei jarraiki egingo da.

Lehenengo xedapen gehigarrian jasotzen denez, espainiar Estatuaren ondare eleaniztunaren zabalkundea laguntzeko, Estatuaren hizkuntza ofizialen erabilera sustatuko da. Bigarren xedapen gehigarrian jasotzen denez, desgaitasuna duten pertsonak iritsi ahal izateko moduko instalazio eta zerbitzuak eskainiko ditu. Xedapen iragankor bakarrean Errege Patronatuaren kide berrien izendapena arautzen da.

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Izena eta izaera.

Espainiako Liburutegi Nazionala Estatuko Administrazio Orokorraren Antolaketa eta Funtzionamenduari buruzko apirilaren 14ko 6/1997 Legeak jasotako erakunde autonomoetako bat da, Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioari atxikia baitago, eta Espainiako Liburutegien Sistemaren parte da, Irakurketaren, Liburuen eta Liburutegien ekainaren 22ko 10/2007 Legeak xedatutakoarekin bat.

Espainiako Liburutegi Nazionalak ondare bibliografiko eta dokumentu-ondarea gordetzen du, hura ekoizteko euskarri edo baliabidea edozein dela. Espainian edo Espainiari buruzkoa baina atzerrian argitaratutako ondare bibliografiko eta dokumentuondarea bildu, katalogatu, iraunarazi, areagotu, kudeatu, zabaldu eta transmititzea du xede, bere helburuak betetzean, espainiar zein nazioarteko gizarterentzat ezagutza iturri

baita, eta bere osotasuna bermatzen du, bai eta herritar zein etorkizuneko belaunaldiei irispidea errazten ere.

2. artikulua. Araubide juridikoa eta autonomia.

1.Bereizitako nortasun juridiko publikoa du Espainiako Liburutegi Nazionalak, bai eta ondare eta diru-zaintza propioa zein jarduteko autonomia ere, eta honako lege hauetan xedatutakoarekin bat jardungo du: lege hau; Espainiako Ondare Historikoaren ekainaren 25eko 16/1985 Legea; Irakurmenaren, Liburuen eta Liburutegien ekainaren 22ko 10/2007 Legea; Administrazio Publikoen Ondarearen azaroaren 3ko 33/2003 Legea; Estatuko Administrazio Orokorraren Antolaketa eta Funtzionamenduari buruzko apirilaren 14ko 6/1997 Legea; Aurrekontuen azaroaren 26ko 47/2003 Lege Orokorra; Lege-gordailuaren uztailaren 29ko 23/2011 Legea; azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretua, zeinaren bidez Kontratu Publikoei buruzko Legearen Testu Bategina onartu baitzen; eta erakunde autonomoei aplikatzeko diren bestelako xedapenak ere.

2.Estatuko Administrazio Orokorraren Antolaketa eta Funtzionamenduari buruzko apirilaren 14ko 6/1997 Legearen 63.1 artikuluan xedatutakoarekin bat, Espainiako Liburutegi Nazionalak bere helburuak bete eta bere eginkizunak garatzeko orduan, lege honetan aurreikusitako espezialitateak ere aintzat hartuko ditu jardutean.

3. artikulua. Helburuak eta eginkizunak.

Honako hauek dira Espainiako Liburutegi Nazionalaren funtsezko helburuak:

1.Ondare bibliografiko eta dokumentu-ondarea bildu, deskribatu eta haren babesa, aberastea, iraunaraztea eta transmisioa bermatzea, bere eginkizunak betetzean, bai Estatuan ekoiztutakoa bai bertako kulturei buruz sortutakoa. Helburu hori lortzeko honako eginkizunak garatzen ditu:

a) Espainiar kulturaren ekoizpena gorde eta iraunarazteko zentro gisa jarduten du, edozein dela euskarria, dokumentu elektroniko eta webguneak barne, lege-gordailuari buruzko legeriak xedatutakoarekin bat, eta eginkizun horren goi-mailako ikuskaritza zein bete izanaren jarraipena egiten du.

b) Bilduma fisiko nahiz digitalak katalogatu eta deskribatzen ditu, ondare bibliografiko eta dokumentu-ondareari buruzko informaziorako irispidea eta berreskurapena bermatua gera dadin.

c) Espainiar Estatuaren bibliografia lantzen du, argitalpen-ekoizpenaren bibliografiakontrola egiteko eta haren liburutegien katalogoak sortzeko eguneratutako erreferentzia tresna izan dadin.

d) Bere bildumak handitzen ditu, bereziki ondare bibliografiko eta dokumentuondarearentzat balio eta garrantzi handiena dutenak.

e) Bere bildumak babestu eta iraunarazten direla bermatzen du, babesteko beharrezko diren planak burutu eta dagozkion segurtasun neurriak hartuta.

f) Espainiar kulturei buruzko eduki digitalak bildu, babestu eta iraunarazten ditu, eta horien iraunaraztea eta irispidea bermatzen du, helburua ekonomia, kultura, ikerketa edo informazioarekin loturikoa bada.

2.Bere bildumetarako irispidea eta horien zabalkundea bermatzea, horien erabilera sustatzeko asmoz, kultura-, gizarteeta ekonomia-aberastasunerako baliabide gisa. Helburu hori lortzeko honako eginkizunak garatzen ditu:

a) Ikerketa zientifikoa eta espainiar Estatuaren kultura desberdinei buruzko ezagutza sustatzen du, ikertzaileei kalitatezko zerbitzuak eskainiz.

b) Bere bildumak digitalizatzeko politika aktiboa garatzen du, haien babesa bermatzeko eta espainiar Estatuaren ondare bibliografiko eta dokumentu-ondarearen liburutegi digitalaren sorrera ahalbidetzeko.

c) Bere bildumen balioa zabaldu eta erakundea herritarrei hurbiltzeko helburua betetzen duten kultur erakusketen eta jardueren programazioa garatzen du.

d) Bere bildumen inguruko ezagutza sortzera bideratutako ikerketa programak bultzatu eta laguntzen ditu, mundu osoko ikerketa zentroekin eta ikertzaileekin elkarrizketarako espazioak ezarriz.

3.Liburutegi politikak sustatu eta garatzea, espainiar Estatuaren ondare bibliografiko eta dokumentu-ondareari dagokionez. Helburu hori lortzeko honako eginkizunak garatzen ditu:

a) Liburutegien arau teknikoen eremuan erreferentzia zentro gisa jarduten du, arauak landu eta eguneratzen ditu, lankidetza proiektuak ahalbidetzeko xedez.

b) Foro, federazio, fundazio, elkargo, elkarte eta bestelako lanbide-erakundeetan parte hartze aktiboa izaten du, bai eta programa eta proiektuetan ere, nazio zein nazioarte mailakoetan, batez ere Europa eta Iberoamerikako eremukoetan

c) Liburuzain eta dokumentazio zientziekin loturiko lanbideen inguruko prestakuntza programak sustatu eta lankidetzan aritzen da haietan.

d) Bibliografia katalogo eta datu-base kolektiboak sortzeko lana bultzatu eta laguntzen du, bai eta liburutegien eta biltegi digitalen bateratzea ere, ondare bibliografiko eta dokumentu-ondarerako irispidea hobetzen laguntzeko.

II. KAPITULUA

Espainiako Liburutegi Nazionalaren antolaketa eta funtzionamendua

4. artikulua. Espainiako Liburutegi Nazionalaren zuzendaritza-organoak eta organo aholku-emaileak.

1. Honako hauek dira Espainiako Liburutegi Nazionalaren zuzendaritza-organoak:

a) Lehendakaritza.

b) Errege Patronatua.

c) Zuzendaritza.

2.Organo aholku-emaileak dira Zuzendaritza Kontseilua eta Batzorde Zientifikoa. Espainiako Liburutegi Nazionalaren Estatutuak arautuko du horien osaera eta funtzionamendua.

5. artikulua. Espainiako Liburutegi Nazionalaren Lehendakaritza.

1.Espainiako Liburutegi Nazionalaren lehendakaria izango da Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioko titularra.

2.Lehendakariari dagokio:

a) Erakundearen goi-zuzendaritza.

b) Urte anitzeko plan estrategikoa, helburuen urteko plana, jardueren urteko txostena eta erakundearen aurrekontu aurreproiektua onartzea.

c) Erakundearen kudeaketa eraginkorraren kontrola.

d) Espainiako Liburutegi Nazionalaren zuzendaria izango denaren izendapenerako proposamena Ministro Kontseiluari igortzea, Errege Patronatuari kontsulta egin ondoren, berak eman beharko baitu iritzia izendapen hori egiteko irizpideen inguruan.

6. artikulua. Espainiako Liburutegiaren Errege Patronatua. Osaera.

1.Errege Patronatua Espainiako Liburutegi Nazionalaren kide anitzeko zuzendaritzaorganoa da.

2.Espainiako Erregeak dira Errege Patronatuko ohorezko lehendakariak.

3.Errege Patronatuko Osoko Bilkura osatuko dute hamazazpi kidek, gutxienez, edo hogeita hamarrek, gehienez, eta horietako hamaika beren karguagatik izango dira kide, Estatutuarekin bat, horietako hiru autonomia-erkidegoetako liburutegietako ordezkariak, Kultura Sektoreko Konferentziak txandaka izendatuak.

4.Beste kide guztiak izendatuak izango dira, Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioko titularrak izendatu eta lanpostutik kenduko ditu; kulturaren, ikerketa zientifikoaren eta ekonomiaren eremuan izen handia edo gaitasuna aitortua duten pertsonen artetik edo, Espainiako Liburutegi Nazionalarekin lankidetzan aritu edo lagundu dutelako nabarmendu direnen artetik aukeratuko dira kide horiek, emakumezkoen eta gizonezkoen kopurua orekatua izatearen printzipioa aintzat hartuta. Izendatutako kideen agintaldia hiru urtekoa izango da, eta iraupen bereko epealdirako luzatu ahalko da. Kargutik kenduko dira kideak agintaldia amaitu delako, karguari uko egiten diotelako, agintea errebokatu delako, heriotza edo ezintasuna gertatu delako.

5.Errege Patronatuaren Osoko Bilkurak hautatuko ditu lehendakaria eta lehendakariordea, izendatutako kideen artetik, eta Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioaren titularrak izendatuko ditu bost urterako. Era berean, eta Zuzendaritzaren proposamenez, idazkaria izendatuko du Osoko Bilkurak, Espainiako Liburutegi Nazionalaren funtzionario bat izango baita, baina ez Patronatuko kidea.

6.Patronatuak Batzorde Iraunkorra izango du, zeinaren osaera Estatutuak xedatutakoa izango baita.

7. artikulua. Espainiako Liburutegi Nazionalaren Errege Patronatuaren funtzionamendua.

Errege Patronatuak Osoko Bilkuran edo Batzorde Iraunkorrean jardun dezake. Patronatuko kide guztiek osatzen dute Osoko Bilkura.

Patronatua urtean bi aldiz, gutxienez, bilduko da ohiko bilkuran, eta behar den guztietan aparteko bilkuran, betiere, lehendakariak deia egin ondoren.

8. artikulua. Errege Patronatuaren eginkizunak.

1.Errege Patronatuaren lehendakaria Espainiako Liburutegi Nazionala erakundearen ordezkaria izango da eta Patronatuaren Osoko Bilkura zein Batzorde Iraunkorrerako deiak egin eta horien buru izango da.

2.Lege honen eta Estatutuaren esparruaren baitan, Espainiako Liburutegi Nazionala antolatu eta zuzentzeko printzipioak zehaztuko ditu Errege Patronatuaren Osoko Bilkurak, bai eta haren jardunaren gidalerroak ezarriko eta horiek betetzen direla zainduko ere, Estatutuan xedatu bezala.

3.Batzorde Iraunkorrak, berriz, Espainiako Liburutegi Nazionalaren estrategia eta jarduteko ildoak bultzatu eta gainbegiratuko ditu, Patronatuaren Osoko Bilkurak ezarriko baititu, Estatutuan xedatu bezala.

9. artikulua. Espainiako Liburutegi Nazionalaren Zuzendaritza. Izendapena eta eginkizunak.

1.Zuzendaritzaren titularra zuzendari nagusia izango da eta Ministro Kontseiluak hartutako errege-dekretuaren bidez izendatu eta kargutik kenduko da, Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioko titularrak proposatuta, Espainiako Liburutegi Nazionalaren helburuei dagokienez, lanbide-gaitasunaren eta esperientziaren printzipioak aintzat harturik.

Aurrehautaketa sistema baliatuko da zuzendaria aukeratzeko, publizitatea eta lehia bermatu eta Errege Patronatuaren parte hartzea ziurtatuko duena, liburutegizein dokumentazio-eremuko profesionalen aholkularitza ere izango delarik. Merezimenduaren, gaitasunaren eta egokitasunaren printzipioak aintzat harturik izendatuko da.

2.Espainiako Liburutegi Nazionalaren zuzendariaren ardura da erakundearen kudeaketa zuzentzea, Errege Patronatuak ezarri dituen jarduteko gidalerroak betetzeko neurriak hartuz; erakundearen ordezkari ofiziala izatea, lehendakaria ez dagoenean; kontratazioak egitea erakundearen izenean; gastuak xedatzea; ordainketak egiteko

agintzea eta Kontu Auzitegiaren aurrean kontuak aurkeztea, Estatuko Administrazio Orokorraren kontu-hartzailetzaren bidez, Aurrekontuen azaroaren 26ko 47/2003 Lege Orokorrak xedatutakoarekin bat; halaber, Estatutuak esleitzen dizkion bestelakoak.

10. artikulua. Batzorde Zientifikoa.

Espainiako Liburutegi Nazionalaren Estatutuak arautuko du Batzorde Zientifikoaren osaera eta funtzionamendua, zein Liburutegiaren bildumak aztertzen dituzten ikerketa programa eta proiektuetan –nazio zein nazioarte mailakoak– parte hartzearen inguruan aholkua emango baitu, bai eta bildumen ezagutza hobea eragitera eta teknologia-garapen eta -berrikuntzari buruzko proiektuak garatzera bideratutako edukiak sortzearekin loturiko alderdietan ere.

III. KAPITULUA

Langileen araubidea

11. artikulua. Espainiako Liburutegi Nazionaleko langileak.

1.Apirilaren 14ko 6/1997 Legearen 47.1 artikuluak xedatutakoarekin bat, Espainiako Liburutegi Nazionalaren zerbitzura ari diren langileak enplegatu publikoak dira eta Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren urriaren 12ko 7/2007 Legeak eta harekin bat datozen arauek diotenaren mende egongo dira.

2.Espainiako Liburutegi Nazionalaren zerbitzuko langileak administrazio publikoetako langileentzat, orokorrean, ezarri den bateraezintasunen araubidearen mende egongo dira.

IV. KAPITULUA

Ondare-araubidea

12. artikulua. Ondare-araubidea.

1.Espainiako Liburutegi Nazionalak bere ondare propioa izango du bere helburuak betetzeko, Estatuko Administrazio Orokorrekotik apartekoa, bera titularra den ondasun eta eskubideek osaturikoa.

2.Estatuaren ondare-ondasunak izanik, dagokion organoak xedatzen dituenak ere atxiki egingo zaizkio erakundeari, bere helburuak bete ditzan.

3.Bere ondasun eta eskubide propioen kudeaketa eta administrazioa, bai eta bere helburuak betetzeko atxikitzen zaizkion Estatuaren ondare direnenak ere, Estatutuan xedatutakoarekin bat burutuko dira, edonola ere, Administrazio Publikoen Ondarearen azaroaren 3ko 33/2003 Legeak erakunde publikoentzat ezarritakoari jarraiki.

4.Espainiako Liburutegi Nazionalaren ondare diren edo hari atxikita dauden kultur intereseko ondasunak, higigarri nahiz higiezinak, Espainiako Ondare Historikoaren ekainaren 25eko 16/1985 Legeak xedatutako babes eta tutoretza araubide bereziaren mende egongo dira.

V. KAPITULUA

Kontratazioen, aurrekontuen eta ekonomia-finantzen araubidea

13. artikulua. Kontratazioen araubidea.

Kontratuak egiteko orduan, sektore publikoko kontratuen legeek diotenari jarraiki jardungo du Espainiako Liburutegi Nazionalak.

14. artikulua. Baliabide ekonomikoak.

1.Honako iturrietatik etor daitezke Espainiako Liburutegi Nazionalaren baliabide ekonomikoak:

a) Liburutegiaren ondarea osatzen duten ondasunak eta baloreak.

b) Ondare horren produktuak eta errentak.

c) Estatuko Aurrekontu Orokorretan egin zaizkion berariazko zuzkidurak.

d) Administrazio edo erakunde publikoen eskutik jasotzen dituen transferentzia arruntak edo kapital transferentziak.

e) Bera arautzen duten xedapenen arabera, Espainiako Liburutegi Nazionalak jaso ditzakeen ohiko diru-sarrerak eta apartekoak, zuzenbide publikokoak edo pribatukoak izanik, bereziki honakoetatik datozenak dira: argitalpenen –edozein baliabide edo euskarritan– edo bestelako objektuen salmenta, ikastaroen, jardunaldien eta mintegien antolaketa, lankidetza hitzarmenak eta erakundearen beraren jarduerak, hau da, liburutegi arteko mailegua, dokumentuen erreprodukzioa, eskuordetutako bibliografia-bilaketa, informazioaren hautazko zabalpena edo erakundearen eginkizunekin zerikusia duen beste edozein jarduera edo zerbitzua.

f) Erakunde pribatuen eta partikularren diru-laguntzak, borondatezko ekarpenak, dohaintzak, herentziak, legatuak eta bestelako ekarpenak.

g) Pertsona fisiko edo juridikoengandik jasotako diru-sarrerak, mezenasgoagatik, jarduera edo instalazioen babesagatik.

h) Eman dakiokeen beste edozein baliabide.

2.Aurreko zenbakian zehaztutako baliabideak, c) eta d) letretan adierazitakoak salbu, erakundearen baliabide propioak izango dira.

3.Espainiako Liburutegi Nazionalaren Errege Patronatuak baliabide propioak erakartzeko lan aktiboa burutuko du, bereziki, erakunde pribatu eta partikularrek dohain egiten dituzten ekarpenetatik eratorritakoak, bai eta instalazioen babesaren ondorioz jasotakoak ere.

15. artikulua. Jarduera propioen eta espazio-lagapenaren ondoriozko diru-sarrerak.

1.Liburutegiaren jarduera propioen ondoriozko diru-sarrerak tasa edo prezio publikoak dira, Tasa eta Prezio Publikoen apirilaren 13ko 8/1989 Legearekin bat.

Espainiako Liburutegi Nazionalak ezarri eta aldatuko du prezio publikoen zenbatekoa, Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioaren baimena lortu ondoren.

2.Higiezinak –bereak edo atxikiak, eta jabari publikoko ondasuneko sailkapena dutenak– erabiltzearen edo lagatzearen ondoriozko diru-sarrerak tasak dira, eta Estatuko eta toki-erakundeetako tasen lege-araubidea aldatzeko eta ondarezko prestazio publikoak berrantolatzeko uztailaren 13ko 25/1998 Legearen I. tituluaren VI. kapituluan arautzen dira. Ministro-aginduaren bidez ezarri edo aldatuko da zenbatekoa.

3.Espainiako Liburutegi Nazionalaren ardura da prezioen eta tasen kudeaketa eta bilketa, eta bere ondarearen barruan sartuko du bildutakoa.

4.Zuzenbide pribatuko sarrerak izango dira zerbitzu emateagatik eta jarduerak burutzeagatik jasotzen dituen besteak, hain zuzen, zerga izaerakoak edo prezio publiko ez direnak, eta administrazio-ahala gauzatzearen ondoriozkoak ez direnak.

16. artikulua. Elkarte edo fundazioetan parte hartzea.

Ezinbestekoa denean, esleitu zaizkion helburuak betetzeko, elkarte, fundazio edo

irabazi asmorik gabeko beste erakunde batzuetan parte hartu ahalko du Espainiako Liburutegi Nazionalak, bere helburu berberak edo antzekoak badituzte, indarrean diren legeekin bat eta Estatutuak xedatutakoaren arabera.

Ogasunaren eta Administrazio Publikoen ministroak proposatuta, eta Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioko titularraren ekimenez, Ministro Kontseiluak baimenduko ditu merkataritza-sozietateetako kapitalaren titulu adierazgarriak eskuratzeko egintzak,

harpidetza edo erosketa baliatuz, eta Ministro Kontseiluaren baimena aginduzkoa ez bada Administrazio Publikoen Ondarearen azaroaren 3ko 33/2003 Legeak xedatutakoarekin bat.

17. artikulua. Aurrekontuen araubidea.

Urtero, aurrekontuen aurreproiektua landuko du Espainiako Liburutegi Nazionalak eta Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministeriora helaraziko du Aurrekontuen azaroaren 26ko 47/2003 Lege Orokorrarekin bat izapidetua izan dadin.

Behin aurrekontua onartu dela, Espainiako Liburutegi Nazionalaren webgunean emango da jakitera, gardentasunaren eta gobernu onaren printzipioekin bat.

18. artikulua. Kontabilitatea.

Kontabilitate Publikoko Plan Orokorraren mende egongo da Espainiako Liburutegi Nazionala, Aurrekontuen azaroaren 26ko 47/2003 Lege Orokorrak xedatutakoarekin bat.

19. artikulua. Ekonomiaeta finantza-araubidea.

1.Espainiako Liburutegi Nazionalaren ekonomia-eta finantza-araubidearen zein ekonomiaeta finantza-kudeaketaren kontrolarena Aurrekontuen azaroaren 26ko 47/2003 Lege Orokorrean eta aplikatu beharreko bestelako arauetan erakunde autonomoentzat ezarritakoa izango da.

2.Ekonomiaeta finantza-kudeaketaren barruko kontrola eten gabeko kontuhartzailetza eginkizunaren eta finantza-kontrolaren bidez burutuko da, eta Espainiako Liburutegi Nazionalaren Ordezko Kontu-hartzailetzak burutuko du.

Lehenengo xedapen gehigarria. Estatuko hizkuntza ofizialen erabilera.

Espainiako Liburutegi Nazionala nazioarte irispideko kultur erreferentea dela aintzat harturik, eta espainiar Estatuaren ondare eleaniztunaren zabalkunde eta normalizazioan laguntzeko xedez, Estatuko hizkuntza ofizialak erabil daitezen sustatuko du, erakundeak editatzen dituen materialetan nahiz erakusgai diren lanen eta bisitariei eskaintzen zaizkien lanen inguruko informazioan. Arreta berezia eskainiko zaio euskarri elektronikoan dauden materialen edizioa hizkuntza koofizialetan egiteari.

Bigarren xedapen gehigarria. Desgaitasunen bat duten pertsonen irisgarritasuna.

Aplikatu beharreko sektoreko legeriarekin bat, Espainiako Liburutegi Nazionalak dituen instalazio eta eskaintzen dituen zerbitzuak irisgarri izango dira desgaitasunen bat dutenentzat, are gehiago, erreferentzia bereziko gizataldea izango dira erakundearen jardunean.

Xedapen iragankor bakarra. Errege Patronatuko kideen agintaldiaren iraupena.

1.Liburutegiaren Estatutu berria indarrean jarri arte Errege Patronatuaren berezko kide izaten jarraituko dute Espainiako Liburutegi Nazionalaren Estatutua onartzeko urriaren 30eko 1638/2009 Errege Dekretuan adierazitakoek.

2.Honako lege hau indarrean jartzen denean Errege Patronatuko izendatuak izaerako kideak aldatu egingo dira. Indarreko agintaldian dauden kideak berriro aukeratuak izan ahalko dira honako lege hau indarrean jartzen denean.

Agintaldiaren iraupena lege honetan ezarritakoa izango da, hautaketa data gorabehera

Xedapen indargabetzaile bakarra. Arauak indargabetzea.

Indargabeturik gelditzen da 1991rako Estatuko Aurrekontu Orokorren abenduaren 27ko 31/1990 Legearen 97. artikulua, bai eta lege honen kontrako diren maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak ere.

Azken xedapenetatik lehena. Eskumen-titulua.

Lege hau Espainiako Konstituzioaren 149.1.28 artikuluan xedatutakoaren babesean ematen da, zeinek museoen, liburutegien eta artxiboen gaineko eskumen esklusiboa esleitzen baitio Estatuari.

Azken xedapenetatik bigarrena. Hainbat xedapenek indarrean jarraitzea.

Espainiako Liburutegi Nazionalaren Estatutua onartzen duen urriaren 30eko 1638/2009 Errege Dekretuak indarrean jarraituko du lege honi kontra egiten ez dionari dagokionez, eta Estatutu berria indarrean jarri arte.

Azken xedapenetatik hirugarrena. Estatutua onartzea.

Lege hau indarrean jarri ondoren, Gobernuak ahalik eta azkarren onartuko du Espainiako Liburutegi Nazionalaren Estatutu berria, zein legera egokituko baitu.

Azken xedapenetatik laugarrena. Gastua ez handitzea.

Lege honetan xedatutako neurriak abian jartzeak ez du ekarriko dotazioak eta ordainsariak gehitzea, ez eta langileekin loturiko bestelako gastuak igotzea ere.

Azken xedapenetatik bosgarrena. Indarrean jartzea.

Lege hau indarrean jarriko da Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean.

Horrenbestez,

Lege hau bete eta betearaz dezatela agintzen diet espainiar guztiei, partikular zein agintariei.

Madrilen, 2015eko martxoaren 24an.

FELIPE E.

Gobernuko presidentea,

MARIANO RAJOY BREY

w.boe.es

BOLETÍN OFICIAL DEL ESTADO

D. L.: M-1/1958 ISSN: 02

 

 

 

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra