Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Cuarta edición Premios Adrian Celaya

Administrazio zuzenbidea  >>  Legeria  >> Ingurumena

1/2016 Legegintzako Errege Dekretua, abenduaren 16koa, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bategina onartzen duena

2016-12-16

Erakundea: Nekazaritza, Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioa

Argitalpena: EAO, 2016/12/31, 316. zk.

I. XEDAPEN OROKORRAK

NEKAZARITZA,ARRANTZA, ELIKADURAETAINGURUMEN

MINISTERIOA

12601

1/2016 Legegintzako Errege Dekretua, abenduaren 16koa, Kutsaduraren

 

Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bategina onartzen duena.

Ekainaren 11ko 5/2013 Legeak (honako hauek aldatzen dituena: uztailaren 1eko 16/2002 Legea, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuarena, eta uztailaren 28ko 22/2011 Legea, Hondakinena eta Lurzoru Kutsatuena) azken xedapenetatik bigarrenean Gobernuari baimena ematen dio testu bategina landu dezan, 5/2013 Legea bera indarrean jarri ondoren, eta bertan jaso ditzan, behar bezala erregulatuta, argituta eta harmonizatuta, uztailaren 1eko 16/2002 Legea (Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuarena) eta lege-mailako arauetan industria-isurtzeei buruz dauden xedapenak.

Baimen hori baliatuta testu bategina egin da, testu bakarrean bilduz uztailaren 1eko 16/2002 Legeari honako lege hauen bitartez hurrenez hurren egin zaizkion aldaketak: 1/2005 Legea, martxoaren 9koa, Berotegi efektuko gasak aireratzeko eskubideen salerosketa-erregimena arautzen duena; 27/2006 Legea, uztailaren 18koa, Ingurumenaren arloan informazioa eskuratzeko, parte-hartze publikorako eta justiziara jotzeko eskubideak arautzen dituena (2003/4/EE eta 2003/35/EE zuzentarauak txertatzen ditu); 34/2007 Legea, azaroaren 15ekoa, Airearen Kalitatearena eta Atmosferaren Babesarena; 42/2007 Legea, abenduaren 13koa, Natura-ondarearena eta Biodibertsitatearena; 40/2010 Legea, abenduaren 29koa, Karbono Dioxidoaren Biltegiratze Geologikoarena; 8/2011 Errege Lege Dekretua, uztailaren 1ekoa, Hipoteka-zordunei laguntzeko, gastu publikoa kontrolatzeko eta toki-erakundeek enpresa eta autonomoekin egindako zorrak kitatzeko, enpresa-jarduera sustatzeko, birgaitzea sustatzeko eta Administrazioa sinplifikatzeko neurriena; eta 5/2013 Legea, ekainaren 11koa, zeinaren bidez aldatzen baitira uztailaren 1eko 16/2002 Legea, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuarena, eta uztailaren 28ko 22/2011 Legea, Hondakinena eta Lurzoru Kutsatuena.

Konstituzioan jasota dagoen segurtasun juridikoaren printzipioari jarraituz, arauen koherentziaren bila, arloko araudi aldakorra tresna arauemaile bakarrean jasotzeaz gainera, beharrezkoa izan da artikuluen edukia harmonizatzea. Horretarako doitu egin dira artikuluen zenbakiak, bai eta, ondorioz, elkarren arteko aipamenak eta bat etortzeak ere.

Gehien kutsatzen duten industria-instalazioen funtzionamenduan prebentzioaren printzipioa aplikatze aldera Europar Batasunean inoiz abian jarritako jarduketa handinahietakoa izan zen Kontseiluaren irailaren 24ko 96/61/EE Zuzentaraua onartzea, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzkoa. Beraren bitartez neurriak ezarri ziren horrelako jarduerek airera, uretara eta lurzorura kutsatzaileak isurtzea ekiditeko, hondakinak barne, edo behintzat isuriak murrizteko, ingurumena ahalik eta gehien babestu nahian, betiere ingurumena bere osoan hartuta.

Kutsaduraren prebentzioa eta kontrol integratua gauzatzearren, Europako araudiak bere aplikazio-eremuaren barruko instalazioak martxan jartzeko baldintza gisa ezarri zuen idatzizko baimen bat lortzea. Prozeduran hainbat agintari eskudunek parte hartzen dutenean, baimen hori modu koordinatuan eman behar da. Instalazioak ustiatzeko bete beharreko ingurumen-baldintzak finkatzen dira baimen horretan, eta, beste alderdi batzuen artean, substantzia kutsatzaileen mugako isurtze-balioak zehazten dira. Horiek teknika erabilgarri onenetan oinarrituko dira, kontuan harturik instalazioaren ezaugarri teknikoak, beraren kokapen geografikoa eta tokian tokiko ingurumen-baldintzak. Ondorio horietarako, eta aurrean azaldutako neurrien aplikazioa errazte aldera, zuzentarauak Europako Batzordearen eta estatu kideen arteko informazio-trukerako sistema bat ezarri zuen, isurtze kutsatzaile nagusiei, horien iturriei eta teknika erabilgarri onenei buruzko informazioa elkarri eman ahal izateko.

96/61/EE Zuzentarau hori Espainiako barne-ordenamenduan txertatu zen, oinarrizko arau gisa, uztailaren 1eko 16/2002 Legearen bitartez (Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legea, orain bateratu dena). Lege horrek ingurumen osoaren babesa eta prebentzioa zituen helburu, airearen, uraren eta lurzoruaren kutsadura ekiditeko edo, behintzat, gutxitzeko. Arauak, horretarako, ingurumen-babes integratua aurreikusi zuen: Administrazioak esku hartzeko figura berri bat, ordura arte eskatzen ziren ingurumen- baimen sakabanatuak bateratu eta ordeztu behar zituena.

Goian aipatutako zuzentaraua gerora indarrik gabe utzi zuen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren urtarrilaren 15eko 2008/1/EE Zuzentarauak (Kutsaduraren Prebentzioari eta Kontrolari buruzkoa), eta azken hori, berriz, gaur egun indarrean dagoen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren azaroaren 24ko 2010/75/EB Zuzentarauak (Industria- isurtzeei buruzkoa) utzi zuen indarrik gabe. Ondorioz, transposizioko barne-araudian aldaketak egin ziren ekainaren 11ko 5/2013 Legearen bitartez, eta aldaketa horiek testu bategin honetan jaso dira.

Testu bategin honen edukia lau titulutan banatuta dago:

Lehen tituluak xedapen orokorrak biltzen ditu, hala nola aplikazio-eremua edo definizio zehatzen zerrenda; horien bidez zehaztasun eta segurtasun juridiko handiagoak bermatu nahi dira arauaren aplikazioari begira. Horrekin batera, administrazioen lankidetza bermatzen duten prozedurak garatzen dira.

Bigarren titulua mugako isurtze-balioez eta teknika erabilgarri onenez ari da. Besteak beste, Nekazaritza, Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioaren eta autonomia- erkidegoen arteko informazio-trukerako mekanismoak arautzen ditu.

Hirugarren tituluak ingurumen-baimen integratuaren araubide juridikoari ekiten dio: haren xedeaz dihardu; administrazio-prozedura konplexu bat taxutzen du, dauden ingurumen-baimen guztiak batzen dituena, administrazioa sinplifikatzeko premisan oinarrituta; ingurumen-baimen integratu hori nola emango den eta zer ondorio sortuko dituen zehazten du; eta hori guztia ingurumen-arloko esku-hartzeetarako beste mekanismo batzuekin (ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa eta jarduera sailkatuak) koordinatzen du.

Laugarren titulua ingurumen-diziplinari buruzkoa da. Kontrola, arau-hausteak, zehapenak eta zenbait jokabideren ondorio juridikoak arautzen ditu, beste gai batzuen artean.

Azkenik, testu bategin honen amaieran beste atal hauek daude: bi xedapen iragankor, indargabetzeen zerrenda bat, hiru azken xedapen (hurrenez hurren, urei buruzko araudia egokitzeari buruzkoa, testu bateginaren konstituzio-oinarria 149. artikuluko 1. zenbakiko

22.eta 23. paragrafoetan dagoela dioena, eta erregelamenduzko garapenari buruzkoa) eta lau eranskin tekniko.

Horrenbestez, Nekazaritza, Arrantza, Elikadura eta Ingurumeneko ministroak halaxe proposatuta, Estatu Kontseiluarekin bat, eta Ministro Kontseiluak 2016ko abenduaren 16an izandako bileran gaia eztabaidatu ondoren,

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra. Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bategina onartzea.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bategina onartzen da. Horren testua honi erantsita dago.

Xedapen gehigarri bakarra. Arau-aipamenak.

Beste xedapen batzuetan uztailaren 1eko 16/2002 Legeari (Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuarena) egiten zaizkion aipamenak onartu den testu bategin honetako manuei egiten zaizkiela ulertuko da.

Xedapen indargabetzaile bakarra. Arauak indargabetzea.

Indargabeturik geratzen dira Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bategin honen aurkakoak diren maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak, bereziki uztailaren 1eko 16/2002 Legea (Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuarena).

Azken xedapen bakarra. Indarrean jartzea.

Arau hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Madrilen, 2016ko abenduaren 16an.

FELIPE e.

Nekazaritza, Arrantza, Elikadura eta Ingurumeneko ministroa

ISABEL GARCÍA TEJERINA

KUTSADURAREN PREBENTZIO ETA KONTROL INTEGRATUAREN LEGEAREN

TESTU BATEGINA

Aurkibidea

I. titulua. Xedapen orokorrak.

1.artikulua. Xedea.

2.artikulua. Aplikazio-eremua.

3.artikulua. Definizioak.

4.artikulua. Ingurumen-baimen integratuaren printzipio nagusiak.

5.artikulua. Instalazioen titularren betebeharrak.

6.artikulua. Administrazioen arteko lankidetza.

II. titulua. Mugako isurtze-balioak eta teknika erabilgarri onenak.

7.artikulua. Mugako isurtze-balioak eta neurri tekniko baliokideak.

8.artikulua. Informazioa, komunikazioa eta informaziorako sarbidea.

III. titulua. Ingurumen-baimen integratuaren araubide juridikoa.

I. kapitulua. Helburua eta aplikazioa.

9.artikulua. Ingurumen-baimen integratua behar duten instalazioak.

10.artikulua. Instalazioa aldatzea.

11.artikulua. Ingurumen-baimen integratuaren helburua.

II. kapitulua. Ingurumen-baimen integratua eskatzea eta ematea.

12.artikulua. Eskaeraren edukia.

13.artikulua. Eskaera aurkeztea.

14.artikulua. Izapideak.

15.artikulua. Udalaren hirigintza-txostena.

16.artikulua. Informazio publikoa

17.artikulua. Txostenak.

18.artikulua. Udalaren txostena.

19.artikulua. Arroko erakundearen txostena.

20.artikulua. Ebazpen-proposamena eta entzunaldi-izapidea.

21.artikulua. Ebazpena.

22.artikulua. Ingurumen-baimen integratuaren edukia.

23.artikulua. Instalazioa ixtea.

24.artikulua. Jakinarazpena eta publizitatea.

25.artikulua. Aurkaratzea.

26.artikulua. Ingurumen-baimen integratua berrikustea.

27.artikulua. Autonomia-erkidegoen artean edo mugaz haraindi eragin negatiboak dituzten jarduerak.

III.kapitulua. Ingurumen-arloko esku-hartzeetarako beste mekanismo batzuekiko koordinazioa.

28.artikulua. Ingurumen-inpaktua ebaluatzeko prozedurarekiko koordinazioa.

29.artikulua. Jarduera sailkatuen arloan aplikatu beharreko araubidearekiko koordinazioa.

IV. titulua. Ingurumen-diziplina.

30.artikulua. Kontrolatzea, ikuskatzea eta zehatzea.

31.artikulua. Arau-hausteak.

32.artikulua. Zehapenak.

33.artikulua. Zehapenak mailakatzea.

34.artikulua. Zehapenak pilatzea.

35.artikulua. Behin-behineko neurriak.

36.artikulua. Lehengoratu beharra eta hertsapen-isunak.

Lehenengo xedapen iragankorra. Ingurumen-baimen integratuak eguneratzea. Bigarren xedapen iragankorra. Aplikazio iragankorra.

Hirugarren xedapen iragankorra. TEOei buruzko erreferentziako dokumentuen indarra.

Azken xedapenetatik lehena. Uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Uren Legearen testu bateginean ezarritako araubideari egokitzea.

Azken xedapenetatik bigarrena. Konstituzio-oinarria.

Azken xedapenetatik hirugarrena. Erregelamendu bidezko garapena.

Azken xedapenetatik laugarrena. Europar Batasuneko zuzenbidea txertatzea.

I. eranskina. Bigarren artikuluan jasotako jardueren eta instalazioen kategoriak.

II. eranskina. Substantzia kutsatzaileen zerrenda.

III.eranskina. Orokorki kontuan hartu beharreko alderdiak edo kasu berezi batean kontuan hartu beharrekoak, 3.13 artikuluan definitzen diren teknika erabilgarri onenak zehazten direnean, ekintza batek ekar ditzakeen kostuak eta onurak eta zuhurtasunaren eta prebentzioaren printzipioak kontuan harturik.

IV. eranskina. Publikoak erabakietan parte hartzea.

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1.artikulua. Xedea.

Lege honen xedea airearen, uraren eta lurzoruaren kutsadura saihestea da, edo, besterik ezin bada, hura murriztea eta kontrolatzea, kutsaduraren prebentzio eta kontrol integraturako sistema bat ezarriz, ingurumena, oro har, ahalik eta gehien babesteko.

2.artikulua. Aplikazio-eremua.

Lege hau 1. eranskinean ageri diren industria-jarduerak egiten diren instalazio publiko edo pribatuei aplikatuko zaie, baldin eta eranskin horretan ezarritako ahalmen-atalaseetara iristen badira. Produktu eta prozesu berriak ikertu eta garatzeko eta haiekin saiakuntzak egiteko erabiltzen diren instalazioak edo instalazio-zatiak lege honen aplikaziotik salbuetsiko dira.

3.artikulua. Definizioak.

Lege honetan eta berau garatzen duten erregelamenduetan ezarritakoari dagokionez, definizio hauek erabiliko dira:

1.«Lurpeko urak»: lurraren azalaren azpian, asetasun-zonan eta lurzoruarekin edo zorupearekin zuzeneko kontaktuan dauden ur guztiak.

2.«Ingurumen-baimen integratua»: instalazio bat kokatuta dagoen autonomia- erkidegoko organo eskudunaren idatzizko ebazpena, instalazio hori osorik edo zati batean ustia dadin onartzen duena ingurumenaren eta pertsonen osasunaren babesaren aldetik, baldintza batzuk ezarrita, instalazio horrek lege honen xedea eta xedapenak beteko dituela bermatze aldera. Baimen horrek instalazio edo instalazio-zati baterako balio izan dezake, edo gehiagotarako, denak leku berean kokatuta badaude.

3.«Baimen substantiboa»: Uztailaren 16ko 21/1992 Legearen (Industriarena) artikuluaren arabera legez edo erregelamenduz aurretiazko administrazio-baimena behar duten industrietarako edo industria-instalazioetarako baimena. Halakotzat hartuko dira, bereziki, abenduaren 26ko 24/2013 Legean (Sektore Elektrikoarena) ezarritako baimenak, urriaren 7ko 34/1998 Legean (Hidrokarburoen Sektorearena) ezarritakoak, eta

martxoaren 30eko 4/2015 Lege Organikoaren (Herritarren Segurtasuna Babestekoa) IV. kapituluan, lehergaiak fabrikatzeko instalazio kimikoei buruzkoan, ezarritakoak.

4.«Granjako hegaztiak»: granjako hegaztien definizioa azaroaren 22ko 1888/2000 Errege Dekretuaren 2.4 artikuluan dago; dekretu horrek albaitaritza-osasunerako baldintzak ezartzen ditu, granjako hegaztien eta inkubatzeko arrautzen Batasunaren barruko trukeetan eta hirugarren herrialdeetatik datozen inportazioetan aplikatu beharrekoak.

5.«Teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak»: Europako Batzordearen erabakia, teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko erreferentziako dokumentu baten atal batzuk biltzen dituena, zeinetan ezartzen baitira teknika erabilgarri onenei buruzko ondorioak, haien deskribapena, haien aplikagarritasuna ebaluatzeko informazioa, teknika erabilgarri onenei dagozkien isurtze-mailak, lotutako neurketak, lotutako kontsumo-mailak eta, beharrezkoa denean, kokalekua birgaitzeko neurriak.

6.«Kutsadura»: zuzenean edo zeharka, giza jardueraren bitartez, airean, uretan edo lurzoruan substantziak, bibrazioak, beroa edo zarata sartzea, giza osasunerako edo ingurumenaren kalitaterako ondorio kaltegarriak sor ditzaketenak edo ondasun materialei kalte egin diezaieketenak edo ingurumenaren gozamena nahiz bestelako erabilera legitimoak narriatu edo eragotz ditzaketenak.

7.«Teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko erreferentziako dokumentua»: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren azaroaren 24ko 2010/75/EB Zuzentarauaren (industria- isurtzeei buruzkoa) 13. artikuluaren arabera antolatutako informazio-trukearen emaitza den dokumentua, jarduera jakin batzuetarako egina; bertan deskribatzen dira, zehazki, aplikatutako teknikak, egungo isurtzeak eta kontsumo-mailak, teknika erabilgarri onenak erabakitzeko kontuan hartzen diren teknikak, eta teknika erabilgarri onenei (TEO) nahiz azaleratzen ari diren teknikei buruzko ondorioak, 3. eranskinean jaso diren irizpideak bereziki kontuan harturik.

8.«Isurtzea»: instalazioko iturri jakinetatik edo iturri lausoetatik, zuzenean edo zeharbidez, airera, uretara edo lurzorura substantziak, bibrazioak, beroa edo zarata botatzea.

9.«Oinarrizko txostena edo abiapuntuko egoerari buruzkoa»: abiapuntuko egoeraren gaineko txostena; lurzoruaren eta lurpeko uren kutsaduraren egoerari buruzko informazioa dakar, alegia, adierazten du lurzorua eta lurpeko urak zenbateraino dauden kutsatuta kontuan hartu beharreko substantzia arriskutsuez.

10.«Ingurumen-ikuskapena»: agintaritza eskudunak edo agintaritza eskudunaren izenean beste norbaitek egiten duen ekintza, helburutzat duena instalazioak ingurumen- baimen integratuetako baldintzekin bat datozela egiaztatzea, bat etortze hori sustatu eta bermatzea eta, behar izanez gero, ingurumenaren gaineko eragina kontrolatzea. Definizio horrek honako ekintza hauek biltzen ditu, besteak beste: IN SITU bisitak egitea, isuriak neurtzea, barruko txostenak eta jarraipen-agiriak egiaztatzea, autokontrolak egiaztatzea, erabilitako teknikak aztertzea eta instalazioaren ingurumen-kudeaketa egokia dela egiaztatzea. Arau honen aplikazio-eremuko jarduera edo instalazioek ingurumen-araudia betetzen dutela bermatzea da ikuskapenaren xedea.

11.«Instalazioa»: lege honen 1. eranskinean ageri diren industria-jardueretako bat edo gehiago egiteko erabiltzen den unitate tekniko finkoa, edota horiekin zuzeneko zerikusia duten beste jarduera batzuk egiteko erabiltzen dena, beste jarduera horiek lotura teknikoa badute leku horretan egiten diren jarduerekin eta isurtzeen eta kutsaduraren gaineko eragina izan badezakete.

12.«Teknika erabilgarri onenak (TEO)»: jarduerak eta horien ustiapen modalitateak garatzeko faserik eraginkorrena eta aurreratuena, zeinak erakusten baitu zenbait teknikak badutela mugako isurtze-balioen eta baimeneko beste baldintza batzuen oinarri izateko ahalmen praktikoa, isurtzeak eta ingurumenaren eta pertsonen osasunaren gaineko inpaktua saiheste aldera edo, besterik ezin bada, murrizte aldera.

Horri dagokionez, honela ulertuko dira kontzeptuok:

a)«Teknikak»: erabiltzen den teknologia, eta, horrekin batera, instalazioa diseinatzeko, eraikitzeko, mantentzeko, ustiatzeko eta geldiarazteko modua.

b)«Teknika erabilgarriak»: kasuan kasuko industria-sektorean aplikatu ahal izateko eskalan, ekonomikoki eta teknikoki bideragarriak diren baldintzetan eta kostuak eta onurak kontuan hartuta garatutako teknikak, berdin da Espainian erabiltzen eta ekoizten diren edo ez, betiere titularrak zentzuzko baldintzetan eskura baditzake.

c)«Teknika onenak»: ingurumena, oro har, ahalik eta gehien babestea lortzeko teknika eraginkorrenak.

13.«Aldaketa ez-funtsezkoa»: instalazioaren ezaugarrien, funtzionamenduaren edo hedaduraren aldaketa, funtsezkotzat jotzen ez den arren ondorioak sor ditzakeena segurtasunean, pertsonen osasunean edota ingurumenean.

14.«Funtsezko aldaketa»: instalazio batean egiten den aldaketa, pertsonengan eta ingurumenean eragin kaltegarria edo garrantzitsua izan dezakeena, ingurumen-baimen integratua emateko organo eskudunaren iritziz eta 10. artikuluko 4. eta 5. zenbakietan ezarritako irizpideen arabera.

15.«Teknika erabilgarri onenei (TEO) lotutako isurtze-mailak»: ohiko funtzionamendu- baldintzetan, teknika erabilgarri onenak erabiliz, edo teknika erabilgarri onenen konbinazio bat erabiliz, TEOei buruzko ondorioetan deskribatzen diren moduan, lortzen den isurtze- mailen tartea, denbora-tarte jakin bateko batezbesteko gisa adierazita, erreferentziako baldintza espezifikoetan.

16.«Ingurumen-kalitateari buruzko arauak»: araudi aplikagarrian ezarrita dauden eta une jakin batean ingurune zehatz batean edo ingurune horren zati zehatz batean bete behar diren betekizunen multzoa.

17.«Ingurumen-baimen integratua emateko organo eskuduna»: baimenaren xede den instalazioa kokatuta dagoen autonomia-erkidegoak izendatutako organoa. Autonomia- erkidegoak berariazko izendapenik egiten ez duen bitartean, eskuduntzat joko da hango Administrazioan ingurumen-arloko eskumenak dituen organoa.

18.«Parametro edo neurri tekniko baliokideak»: instalazioaren ezaugarriak direla-eta mugako isurtze-balioak egokiro zehaztu ezin direnean edo araudi aplikagarririk ez dagoenean ordezko edo osagarri gisa hartuko diren parametroak edo neurri teknikoak.

19.«Interesdunak»:

a)Urriaren 1eko 39/2015 Legeak (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena) 4. artikuluan aurreikusten dituen egoeretakoren batean dauden guztiak.

b)Irabazteko asmorik gabeko edozein pertsona juridiko, betekizun hauek betetzen

baditu:

1.a. Bere estatutuetan adierazitako xedeen artean jasotzea ingurumenaren babesa, oro har, edo ingurumeneko elementuren baten babesa, berariaz, eta xede horietan eragina izatea ingurumen-baimen integratua emateak edo bera nahiz beraren baldintzetakoren bat berrikusteak.

2.a. Bi urte lehenagotik, gutxienez, legez eratuta egotea eta bere estatutuetan jasotako xedeak lortzeko beharrezkoak diren jardueretan modu aktiboan aritzea.

3.a. Eskatutako ingurumen-baimen integratua jaso behar duen instalazioak eragiten dion lurralde-eremu batean jardutea, bere estatutuen arabera.

20.«Publikoa»: edozein pertsona fisiko edo juridiko, eta horien elkarteak, erakundeak eta taldeak, aplikatu behar zaien araudiari jarraituz eratuak.

21.«Hondakina»: hondakin guztiak, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen (Hondakinena eta Lurzoru Kutsatuena) 3.a) artikuluan definituta dauden moduan.

22.«Hondakin arriskutsuak»: hondakin arriskutsu guztiak, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 3.e) artikuluan definituta dauden moduan.

23.«Lurzorua»: lurrazalaren goiko geruza, arroka-ohearen eta gainazalaren artean dagoena, partikula mineralez, materia organikoz, urez, airez eta organismo bizidunez osatua; lurraren, airearen eta uraren arteko interfazea da, eta horrek bai funtzio naturalak bai erabilera-funtzioak betetzeko gaitasuna ematen dio. Ez dira halakotzat hartuko azaleko ur iraunkorrez estalita dauden eremuak.

24.«Substantzia»: elementu kimikoak eta horien konposatuak, honako substantzia hauek izan ezik:

a)Energia Nuklearrari buruzko Legean (apirilaren 29ko 25/1964 Legea) araututako substantzia erradiaktiboak.

b)Genetikoki eraldatutako organismo eta mikroorganismoak, apirilaren 25eko 9/2003 Legeak (Genetikoki eraldatutako organismoak konfinaturik erabiltzeko, nahita askatzeko eta merkaturatzeko araubide juridikoa ezartzen duena) 2. artikuluan definitutakoak, urtarrilaren 30eko 178/2004 Errege Dekretuak 3. artikuluan aurreikusten dituen eraldatze genetikorako tekniken bitartez lortuak; dekretu horrek apirilaren 25eko 9/2003 Legea (Genetikoki eraldatutako organismoak konfinaturik erabiltzeko, nahita askatzeko eta merkaturatzeko araubide juridikoa ezartzen duena) garatzeko eta betearazteko erregelamendu orokorra onartu du.

25.«Substantzia arriskutsuak»: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008ko abenduaren 16ko 1272/2008 (EE) Erregelamenduak (Substantziak eta Nahasturak Sailkatzeari, Etiketatzeari eta Ontziratzeari buruzkoa) 3. artikuluan definitzen dituen substantziak edo nahasturak.

26.«Azaleratzen ari den teknika»: industria-jarduera baterako teknika berria, merkatuan garatuz gero ingurumenaren babes-maila orokor handiagoa ekar dezakeena, edo, behintzat, ingurumenaren babes-maila bera, baina egungo teknika erabilgarri onenen bidez lortuko litzatekeena baino aurrezpen handiagoarekin kostuetan.

27.«Titularra»: instalazio oso bat edo instalazio-zati bat ustiatzen duen edo daukan edozein pertsona fisiko edo juridiko.

28.«Mugako isurtze-balioak»: isuriaren masa edo energia, zenbait parametro espezifikoren, kontzentrazioaren edo isurtze-mailaren bidez adierazia, zeinaren balioa ezin baita gainditu denbora-tarte jakin batean edo batzuetan.

4.artikulua. Ingurumen-baimen integratuaren printzipio nagusiak.

1.Ingurumen-baimen integratua ematerakoan, autonomia-erkidegoko organo eskudunak kontuan hartu beharko du instalazioen funtzionamenduan honako baldintza hauek bete behar direla:

a)Kutsaduraren prebentziorako neurri egokiak ezartzea, teknika erabilgarri onenak aplikatuz, bereziki.

b)Hondakinik ez sortzeko prebentzioa sustatzea, edo, hondakinak sortzen badira, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen (Hondakinena eta Lurzoru Kutsatuena) 8. artikuluak ezarritako hierarkiaren araberako lehentasun-hurrenkeran kudeatzea: prebentzioa, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea, eta beste balorizazio mota batzuk, balorizazio energetikoa barne. Arrazoi teknikoak edo ekonomikoak direla-eta prozedura horiek aplikatzea ere ezinezkoa balitz, hondakinak deuseztatzean ingurumenean eragina izatea saihestuko da, edo ahal den heinean murriztuko da eragin hori.

c)Energia, ura, lehengaiak eta beste baliabide batzuk efizientziaz erabiltzea.

d)Behar diren neurriak hartzea istripu larriak saihesteko eta istripuok pertsonen osasunean eta ingurumenean sor ditzaketen ondorioak mugatzeko, aplikatu behar den araudiari jarraituz.

e)Instalazioa ustiatzeari uzten zaionean, behar diren neurriak ezartzea kutsadura- arrisku oro saihesteko eta kokalekua egoera onean gera dadin, araudi aplikagarriari jarraituz.

2.Ingurumen-baimen integratua emateko autonomia-erkidegoko organo eskudunak eta, hala behar denean, uren arloko txosten loteslea emateko arroko erakunde eskudunak, kontuan hartu beharko dituzte aurreko printzipioak, III. tituluan araututa dagoen ingurumen- baimen integratuaren baldintzak ezartzean.

5.artikulua. Instalazioen titularren betebeharrak.

Lege honen aplikazio-eremuko industria-jardueraren bat egiten den instalazioen titularrek betebehar hauek izango dituzte:

a)Ingurumen-baimen integratua edukitzea eta bertan ezarritako baldintzak betetzea.

b)Legedi sektorial aplikagarriak eta ingurumen-baimen integratuak berak kontrolari eta informazioa emateari buruz ezartzen dituzten eginbeharrak betetzea.

c)Instalazioan edozein aldaketa, funtsezkoa edo ez, egin nahi izanez gero, horren berri ematea ingurumen-baimen integratua emateko organo eskudunari.

d)Titulartasunaren aldaketaren berri ematea ingurumen-baimen integratua emateko organo eskudunari.

e)Ingurumenari eragin diezaiokeen edozein gorabehera edo istripu berehala jakinaraztea ingurumen-baimen integratua emateko organo eskudunari, urriaren 23ko 26/2007 Legean (Ingurumen Erantzukizunarena) ezarritakoa ezertan eragotzi gabe.

f)Zaintza-, ikuskapen- eta kontrol-lanetarako behar den laguntza ematea lan horiek egiten dituztenei.

g)Lege honetan eta gainerako xedapen aplikagarrietan ezarritako beste betebehar guztiak betetzea.

6.artikulua. Administrazioen arteko lankidetza.

Lege hau aplikatzeko, administrazio publikoak elkarren arteko informazioaren, lankidetzaren eta elkarlanaren printzipioei lotuta arituko dira. Zehazki, beren jarduketen eraginkortasuna eta koherentzia bermatzeko behar den laguntza eman beharko diote elkarri; bereziki, ingurumen-baimen integratua izapidetzean.

II. TITULUA

Mugako isurtze-balioak eta teknika erabilgarri onenak

7.artikulua. Mugako isurtze-balioak eta neurri tekniko baliokideak.

1.Ingurumen-baimen integratuan mugako isurtze-balioak zehazteko, honako hauek hartu behar dira kontuan:

a)Teknika erabilgarri onenei buruzko ondorioen gaineko informazioa, 8.1 artikuluan ezarritakoa betez emana, inongo teknika edo teknologia jakinik erabiltzeko agindu gabe.

b)Lehen eranskinean ageri diren industria-jarduerak egiten diren instalazioen ezaugarri teknikoak, kokapen geografikoa eta ingurumenaren tokian tokiko baldintzak.

c)Isurtzeen izaera, eta ingurune batetik bestera hedatzeko duten ahalmena.

d)Europar Batasuneko araudian edo Espainiako Erresumak nahiz Europar Batasunak sinatutako nazioarteko tratatuetan ezarritako konpromisoak betetzeko onartu diren plan nazionalak, halakorik badago.

e)Isurtzeek nolako eragina izan dezaketen ukitutako gizakien osasunean eta albaitaritza- eta landare-osasuneko baldintza orokorretan.

f)Baimena ematen den egunean indarra duen araudian finkatutako mugako isurtze- balioak, halakorik bada.

2.Gobernuak, autonomia-erkidegoek ematen dituzten babes-arau osagarriak ezertan eragotzi gabe, mugako isurtze-balioak ezarri ahalko ditu substantzia kutsatzaileetarako, batez ere 2. eranskinean jaso diren horietarako, eta lege honen aplikazio-eremuan dauden industria-jardueretarako —bereziki, errekuntza-instalazio handiak, hondakinen errausketako edo baterako errausketako instalazioak, disolbatzaile organikoak erabiltzen dituztenak eta titanio dioxidoa ekoizten dutenak—, bai eta parametro edo neurri tekniko baliokideak ere, teknika erabilgarri onenetan oinarrituak, mugako isurtze-balioen osagarriak edo ordezkoak izango direnak. Betiere, bermatu egin beharko dira ikuspegi integratua eta

ingurumenaren babes-maila handia, ingurumen-baimen integratuaren baldintzen bitartez lor daitekeenaren parekoa.

3.Gobernuak, bere erregelamendu-ahala baliaturik, eta autonomia-erkidegoek ematen dituzten babes-arau osagarriak bazter utzi gabe, betebehar bereziak ezarri ahal izango ditu, modu arrazoituan, 1. eranskinean jasotako jardueretako batzuetarako, bereziki errekuntza-instalazio handietarako, hondakinen errausketako edo baterako errausketako instalazioetarako, disolbatzaile organikoak erabiltzen dituztenetarako eta titanio dioxidoa ekoizten dutenetarako, eta betebehar horiek ingurumen-baimen integratuko berariazko baldintzak ordeztuko dituzte. Betiere, bermatu egin beharko dira ikuspegi integratua eta ingurumenaren babes-maila handia, baimeneko baldintzen bitartez lor daitekeenaren parekoa. Dena dela, betebehar horiek ezartzeak ez du ingurumen-baimen integratua lortu beharretik salbuetsiko.

4.Organo eskudunak mugako isurtze-balioak ezarriko ditu. Balio horiek bermatu egingo dute, ohiko funtzionamendu-baldintzetan, isurtzeek ez gainditzea TEOei buruzko ondorioetan ezarritako teknika erabilgarri onenei dagozkien isurtze-mailak. Honako aukera hauetakoren bat aplikatuko da:

a)Teknika erabilgarri onenei dagozkien isurtze-mailak gainditzen ez dituzten mugako isurtze-balioak ezartzea. Teknika erabilgarri onenei dagozkien isurtze-mailen denbora-tarte beretarako edo laburragoetarako ezarriko dira mugako isurtze-balio horiek, erreferentziako baldintza beretan.

b)Balioei, denbora-tarteei eta erreferentziako baldintzei erreparatuta a) letran aipatutakoez bestelakoak diren mugako isurtze-balioak ezartzea.

Baldin eta b) letra aplikatzen bada, organo eskudunak urtean behin, gutxienez, isurtzeen kontrolaren emaitzak ebaluatuko ditu; horrela bermatuko da isurtzeek ohiko funtzionamendu-baldintzetan ez dituztela gainditzen teknika erabilgarri onenei dagozkien isurtze-mailak.

5.Zenbait kasutan, 4. zenbakian xedatutakoa gorabehera, eta 22.3 artikuluan xedatutakoa galarazi gabe, mugako isurtze-balio ez hain zorrotzak ezarri ahalko ditu ingurumen-baimen integratua emateko organo eskudunak. Salbuespen horretara jo ahal izango da baldin eta ebaluazio baten bitartez agerian jartzen bada ingurumen-onuraren aldean gehiegizko kostuak sortuko liratekeela teknika erabilgarri onenei dagozkien isurtze- mailak lortu ahal izateko, honako inguruabar hauek direla-eta:

a) Instalazioaren kokapen geografikoa edo instalazioaren inguru hurbilaren kokapena;

edo

b)Instalazioaren ezaugarri teknikoak.

Ingurumen-baimen integratua emateko organo eskudunak baimenaren baldintzei erantsitako agiri batean azalduko ditu letra honetako lehen paragrafoa aplikatzeko arrazoiak, ebaluazioaren emaitzak eta ezarritako baldintzen justifikazioa.

Zenbaki honetako lehen paragrafoan ezarritako balioek ez dituzte gaindituko, ordea, lege hau garatzeko arauetan ezartzen diren mugako isurtze-balioak, egoki bada.

Nolanahi ere, 4.2 artikuluan aipatutako organo eskudunek begiratuko dute ez dadin inolako kutsadura nabarmenik gerta eta ingurumenaren babes-maila handia lor dadin, ingurumena bere osoan hartuta.

Organo eskudunek, 26. artikuluan xedatzen den moduan ingurumen-baimen integratuaren baldintzak berrikusten dituzten guztietan, berriz ebaluatuko dute zenbaki honetako lehen paragrafoaren aplikazioa.

6.Organo eskudunak artikulu honetan eta 4.1.a) artikuluan ezartzen diren betekizunen salbuespenak onartu ahal izango ditu aldi baterako (guztira bederatzi hilabeterako, gehienez ere), probak egiteari eta azaleratzen ari diren teknikak erabiltzeari dagokionez. Betiere, ezarritako aldia igaro ondoren, teknika eten egin beharko da edo bestela jarduerak teknika erabilgarri onenei dagozkien isurtze-mailak edo maila hobeak lortu beharko ditu.

7.Substantzien mugako isurtze-balioak isurtzea instalaziotik irteten den lekuan aplikatuko dira, eta balio horiek kalkulatzean ez da kontuan hartuko diluzioa, halakorik izanez gero. Substantziak zeharbidez uretara isurtzeari dagokionez, ingurune urtarrera isurtzen diren zenbait substantzia arriskutsuk sortzen duten kutsadurari buruzko araudia albo batera utzi gabe, kontuan hartu ahalko da araztegiaren eragina, instalazioaren mugako isurtze-balioak kalkulatzerakoan, baldin eta araztegia erabilita ingurumenaren babes-maila baliokidea lortzen bada, ingurumena bere osoan hartuta, eta horrek ez badakar ingurunean kutsadura-karga handiagorik egotea.

8.artikulua. INFORMAZIOA, KOMUNIKAZIOA ETA INFORMAZIORAKO SARBIDEA.

1.Estatuaren Administrazio Orokorrak autonomia-erkidegoei bere esku daukan informazioa emango die teknika erabilgarri onenez, horien kontrol-baldintzez eta eboluzioaz, eta TEOei buruzko ondorio berrien edo eguneratuen argitalpenaz. Gainera, informazio hori publikoaren eskura jarriko du.

2.Autonomia-erkidego guztiek honako gai hauei buruzko informazio sistematizatu eta eguneratua eduki beharko dute:

a)Ingurumen-baimen integratua behar duten eta autonomia-erkidegoaren lurraldean kokatuta dauden instalazioen inbentarioa, eta lurraldean izandako altak eta bajak;

b)Isurtze nagusiak eta horien iturriak;

c)Emandako ingurumen-baimen integratuak. Gutxieneko edukia apirilaren 20ko 508/2007 Errege Dekretuaren IV. eranskinean ezarritakoa izango da (dekretu horrek E-PRTR Erregelamenduaren arabera isurtzeei buruz eman behar den informazioa eta ingurumen-baimen integratuen gaineko informazioa nola eman arautzen du);

d)Ingurumen-ikuskatzaileek IN SITU egindako bisiten gaineko txostenak, instalazioak baimenaren baldintzak betetzeari buruz eta bisitaren ondoren beharrezkoak izan litezkeen jarduketei buruz ateratako ondorioekin batera.

3.Instalazioen titularrek, urtean behin gutxienez, kasuan kasuko autonomia- erkidegoari jakinaraziko dizkiote instalazioaren isurtzeei buruzko datuak. Zehaztu egingo dute zein metodologia erabili duten neurketak egiteko, zenbateko maiztasunarekin egin dituzten neurketok eta zeintzuk prozedura erabili dituzten horiek ebaluatzeko, eta, betiere, 22.1.i) artikuluan aipatzen den informazioa emango dute.

4.Autonomia-erkidegoek, urtean behin gutxienez, honako informazio hau igorriko diote Nekazaritza, Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioari:

a)Bigarren zenbakiko a) eta b) letretako informazioa, Isurtze eta Iturri Kutsatzaileen Estatuko Erregistroa (PRTR-Espainia) egiteko eta Europako Batzordeari jakinarazteko; eta

b)Instalazioetarako baimenen baldintzei batutako eranskinak, 7.5 artikuluaren babesean mugako isurtze-balio ez hain zorrotzak ezartzen direnean, zergatik ezarri diren azaltzen dutenak.

5.Artikulu honetan arautzen den informazioa publikoa izango da, uztailaren 18ko 27/2006 Legeak (Ingurumenaren arloan informazioa eskuratzeko, parte-hartze publikorako eta justiziara jotzeko eskubideak arautzen dituena) xedatzen duen moduan.

III. TITULUA

Ingurumen-baimen integratuaren araubide juridikoa

I.KAPITULUA

Helburua eta aplikazioa

9.artikulua. Ingurumen-baimen integratua behar duten instalazioak.

Ingurumen-baimen integratua behar da 1. eranskinean aipatzen diren jardueretako edozein egiten den instalazioak ustiatzeko. Betiere, baimen hori instalazioak eraiki, muntatu edo lekualdatu aurretik lortu beharko da, eta instalazioetan gertatzen diren aldaketei egokituko zaie.

10.artikulua. Instalazioa aldatzea.

1.Ingurumen-baimen integratua behar duten instalazioen aldaketak funtsezkoak edo ez-funtsezkoak izan daitezke.

2.Instalazio baten aldaketa ez-funtsezkoa egin nahi duen titularrak ingurumen- baimen integratua emateko organo eskudunari hala jakinarazi beharko dio; titularrak behar bezala arrazoitu beharko du zergatik uste duen aldaketa ez dela funtsezkoa. Jakinarazpen horrekin batera, adierazitako arrazoiak justifikatzen dituzten dokumentuak aurkeztu beharko dira.

Ingurumen-baimen integratua emateko organo eskudunak ez badu kontrakorik esaten hilabeteko epean, titularrak aldaketa gauzatu ahalko du. Instalazioaren aldaketa ez-funtsezkoaren ondorioz ingurumen-baimen integratua aldatu egin behar bada, kasuan kasuko autonomia-erkidegoak bere aldizkari ofizialean argitaratu beharko du.

3.Titularrak aldaketa funtsezko bat egiteko asmoa badu, ezingo du hura gauzatu, ingurumen-baimen integratua erregelamenduz ezarritako prozedura erraztuaren bidez aldatzen ez den bitartean. Prozedura horretan, lege honen 12. artikuluan ezarritakoari jarraituz, aurkeztu beharreko aldaketa-eskaeraren edukia arautzen da, eta eduki horren barruan joango dira, betiere, egin beharreko aldaketa funtsezkoa dela justifikatzeko dokumentuak, bai eta aldaketa horrek eragindako instalazio-zatiaren edo -zatien gaineko oinarrizko proiektua ere.

4.Funtsezko aldaketa justifikatzeko, lege hau garatzen duen erregelamenduan xedatutakoa hartuko da kontuan, bai eta, betiere, aldaketa horrek segurtasunean, gizakien osasunean eta ingurumenean izango duen eragin handiagoa ere, honako alderdi hauei erreparatuta:

a)Instalazioaren tamaina eta ekoizpena.

b)Erabiltzen dituen baliabide naturalak.

c)Ur- eta energia-kontsumoa.

d)Sortzen dituen hondakinen bolumena, pisua eta tipologia.

e)Eragin diezaiekeen eremu geografikoetako baliabide naturalen kalitatea eta birsortzeko gaitasuna.

f)Eragiten duen kutsadura-maila.

g)Istripu-arriskua.

h)Substantzia arriskutsu berririk ote dakarren edo lehendik zeudenen erabilera areagotzen ote duen.

5.Instalazio baten ezaugarrien edo funtzionamenduaren zabaltze edo aldaketa oro funtsezkotzat joko da baldin eta aldaketa edo zabaltze hori, berez, 1. eranskinean ezarritako ahalmen-atalaseetara iristen bada —halako atalaserik izanez gero—, edo, arlo honetako araudiari jarraituz, ingurumen-inpaktua ebaluatzeko prozedura aplikatu behar bazaio.

6.Baldin eta instalazio baten aldaketak instalazio horren ekoizpen-ahalmena 1. eranskinean ezarritako atalaseetatik behera murriztea badakar, ez da nahitaezkoa izango ingurumen-baimen integratua, eta instalazio hori 8.2 artikuluan adierazitako instalazio- inbentariotik aterako da. Aldaketa horiek organo eskudunari jakinaraziko zaizkio, hark egiaztatu eta aldizkari ofizialean argitara ditzan.

11.artikulua. Ingurumen-baimen integratuaren helburua.

1.Honako hau da ingurumen-baimen integratuaren helburua:

a)Lege hau aplikatu behar duten instalazioei lege honen xedea betearazteko beharrezkoak diren baldintzak ezartzea, baimena ematerakoan esku hartu behar duten administrazio publiko guztien koordinazioa bermatzen duen prozedura baten bitartez, izapideak bizkortzeko eta partikularren zama administratiboak arintzeko.

b)Kutsaduraren prebentziorako eta kontrolerako sistema bat edukitzea, Administrazioaren esku-hartze bakar batean batuko dituena hondakinen sorreraren eta kudeaketaren arloan lehendik dauden ingurumen-baimen guztiak, tartean udal-hondakinak eta hondakin arriskutsuak erraustekoak, bai eta, hala behar denean, hondakinak isurtzekoak, ur kontinentaletara —eta saneamendu-sistema integralera— isurtzekoak eta lehorretik itsasora isurtzekoak ere, eta, bestetik, airearen kutsadurari buruzko ingurumen- xedapenak, konposatu organiko lurrunkorrei buruzkoak barne.

2.Ingurumen-baimen integratua ematea, aldatzea eta berrikustea Administrazioak herritarren jardueran esku hartzeko darabiltzan gainerako bitartekoen aurretiko egintzak izango dira, besteak beste honako hauen aurretikoak:

a)Hirugarren artikuluko 3. zenbakian aipatutako industrientzako baimen substantiboak edo Administrazioak esku hartzeko beste bitarteko batzuk.

b)Administrazioak herritarren jardueran esku hartzeko bitartekoei dagozkien jarduketak, segurtasunean, pertsonen osasunean edo ingurumenean eragina duten jarduerak kontrolatzeko administrazio eskudunek ezartzen dituztenak, ezertan ukatu gabe kasuan kasuko araudian ezarritako koordinazio-mekanismoak.

3.Ingurumen-baimen integratua emango da alde batera utzi gabe jabari publikoa okupatzeko edo erabiltzeko beharrezkoak izan daitezkeen baimenak edo emakidak, Uren Legearen testu bateginean (uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartua), Kostaldeen Legean (uztailaren 28ko 22/1988 Legea) eta aplikatu beharreko gainerako arauetan ezarritakoarekin bat etorriz.

Aurreko lerrokadan ezarritakoa gorabehera, ur kontinentaletara eta itsaso eta lehorraren arteko jabari publikora, lehorretik itsasora, isurtzeko baimenak ingurumen- baimen integratuan sartuko dira, lege honekin bat etorriz.

4.Autonomia-erkidegoek behar diren neurriak hartuko dituzte honako jarduketa hauek ingurumen-baimen integratua emateko eta aldatzeko prozeduran sartzeko:

a)Ingurumen-inpaktua ebaluatzeko jarduketak, edo ingurumen-ebaluazioko beste figura batzuk, autonomia-erkidegoko araudian aurreikusiak, halakorik eska daitekeenean eta horretarako eskumena autonomia-erkidegoarena denean.

b)Autonomia-erkidegoko ingurumen-araudian aurreikusitako gainerako jarduketak.

5.Baldin eta, irailaren 21eko 840/2015 Errege Dekretuan (Substantzia arriskutsuak tartean diren istripu larriei loturiko berezko arriskuak kontrolatzeko neurriak onartzen dituena) ezarritakoari jarraituz, organo jakin batzuek esku hartu behar badute, autonomia- erkidegoek behar diren neurriak hartuko dituzte organo horiek parte har dezaten ingurumen-baimen integratua emateko prozeduran.

II. KAPITULUA

Ingurumen-baimen integratua eskatzea eta ematea

12.artikulua. ESKAERAREN EDUKIA.

1.Lege hau garatzeko erregelamenduan xedatzen den edukia jasoko da ingurumen- baimen integratuaren eskaeran, eta honako agiri hauek ere erantsiko dira, gutxienez, ezertan eragotzi gabe autonomia-erkidegoek horri buruz erabakitzen dutena:

a)Oinarrizko proiektua; gutxienez, honako alderdi hauek bilduko ditu:

1.a. Jardueraren eta instalazioen, ekoizpen-prozesuen eta produktu motaren deskribapen zehatza eta irismena.

2.a. Segurtasunean, pertsonen osasunean edo ingurumenean eragina duten jarduerak direla-eta, interesdunak, araudi aplikagarriari jarraituz, administrazio publiko eskudunari aurkezten dion dokumentazioa, hark jarduera horiek kontrola ditzan.

3.a. Instalazioa kokatuko den lekuaren ingurumen-egoera, eta aurreikusitako inpaktuak, instalazioaren ustiapena etetean sor daitezkeenak barne.

4.a. Instalazioan erabiliko edo sortuko diren baliabide naturalak, lehengaiak, gai osagarriak, substantziak, ura eta energia.

5.a. Instalazioaren isurtzeen iturriak.

6.a. Instalazioak airera, uretara eta lurzorura botako dituen isurtzeen mota eta kantitatea, bai eta isurtze horiek ingurumenean izan ditzaketen eragin nabarmenak eta, hondakinik sortuko bada, hondakinen mota eta kantitatea ere.

7.a. Instalazioaren isurtzeak saihesteko eta aurrea hartzeko edo, hori ezinezkoa bada, haiek murrizteko erabiliko den teknologia eta horretarako erabiliko diren beste teknika batzuk; azaldu egin beharko da teknika horietako zeintzuk diren teknika erabilgarri onenak TEOei buruzko ondorioei jarraituz.

8.a. Instalazioak sortuko dituen hondakinei hondakinen hierarkian ezarritako lehentasun-hurrenkera aplikatzeko neurriak; 4.1.b) artikuluan zehazten da hondakinen hierarkia hori.

9.a. Ingurumenera egingo diren isurtzeak kontrolatzeko aurreikusten diren neurriak. 10.a. Laugarren artikuluan adierazitako printzipioak betetzeko proposatzen diren

gainerako neurriak.

11.a. Proposatutako teknologiaren, tekniken eta neurrien ordez eskatzaileak aztertu dituen aukera nagusien azalpen laburra, ordezko aukerarik aztertu badu.

12.a. Baldin eta instalazioak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009ko azaroaren 25eko 1221/2009 (EE) Erregelamenduaren (erakundeek ingurumen-kudeaketa eta -ikuskaritzako Europako Erkidegoko sistema batean —EMAS— borondatez parte hartzeari buruzkoa, eta Batzordearen 761/2001 (EE) Erregelamendua eta 2001/681/EE eta 2006/193/EE erabakiak indargabetzekoa) arabera, ingurumen-kudeaketako eta -ikuskaritzako Europako Erkidegoko sistema bat ezarrita badauka, azken ingurumen- adierazpen baliozkotua eta horren eguneratzeak aurkeztuko dira.

b)Instalazioa kokatuta dagoen udalerriko udalaren hirigintza-txostena, proiektua hirigintza-plangintzarekin bateragarria dela frogatzeko, 15. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

c)Hala behar denean, ur kontinentaletara edo lehorretik itsasora isurtzeko baimena emateko eskatzen den dokumentazioa, hurrenez hurren urei buruzko legedian eta kostaldeei buruzkoan ezarritakoa.

Estatuaren Administrazio Orokorrak kudeatutako arroetako ur kontinentaletara isurtzen denean, ingurumen-baimen integratua emateko organo eskudunak berehala bidaliko dio dokumentazio hori arroko erakundeari, hark adieraz dezan ea beharrezkoa den eskatzaileari galdatzea zuzen dezala akatsen bat edo osa dezala falta den dokumentazioa.

d)Zeintzuk datu diren konfidentzialak, eskatzailearen aburuz eta indarreko xedapenekin bat etorriz.

e)Legedi aplikagarrian ezarritako baldintzak betetzen direla erakusten duen beste edozein informazio eta agiri; besteak beste, urriaren 23ko 26/2007 Legearen arabera eskatzekoak diren nahitaezko fidantzei edo aseguruei buruzkoak.

f)Jarduerak berekin dakarrenean garrantzizko substantzia arriskutsuak erabiltzea, ekoiztea edo isurtzea, instalazioa kokatuta dagoen lurzorua eta lurpeko urak kutsatzeko aukera aintzat hartuta, oinarrizko txostena eskatuko da instalazioa ustiatzen hasi baino lehen edo baimena eguneratu baino lehen.

Txosten horrek lurzoruaren eta lurpeko uren egoera zehazteko behar den informazioa bilduko du, jarduera behin betiko amaitu osteko egoerarekin konparazio kuantitatiboa egin ahal izateko, 23. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, bai eta honako gutxieneko eduki hau ere:

1.a. Egungo erabilerari buruzko informazioa, eta, eskuragarri balego, kokalekuaren lehengo erabilerei buruzkoa.

2.a. Eskuragarri egonez gero, lurzoru kutsatuei buruzko legediak araututako arrisku- azterketak eta txostenak, lurzoruan eta lurpeko uretan egindako neurketei buruzkoak, txostena idazteko unean zer egoeratan ziren islatuko dutenak, edo, horien ordez, lurzoruan eta lurpeko uretan egindako neurketa berriak, kasuan kasuko instalazioak erabili, ekoitzi edo isuriko dituen substantzia arriskutsuek lurzorua eta lurpeko urak kutsatzeko aukerari buruz eginak.

Estatuko, autonomia-erkidegoko edo Europar Batasuneko beste legedi bati jarraituz landutako informazioren batek paragrafo honetan ezarritako baldintzak betetzen baditu, aurkeztutako oinarrizko txostenean txertatu ahalko da informazio hori, edo hari erantsi.

2.Ingurumen-baimen integratuaren eskaerarekin batera, aurreko zenbakian zehaztutako alderdi guztien laburpen ez-teknikoa aurkeztuko da, informazio publikoaren izapidea egiten denean alderdi horiek erraz uler daitezen.

3.Aurreko artikuluko 4. zenbakian azaldutako kasuetan, ingurumen-baimen integratuaren eskaerari ingurumen-inpaktuaren azterketa ere erantsiko zaio, edo, hala behar denean, ingurumen-agiria eta legedi aplikagarriak eskatzen duen gainerako dokumentazioa.

13.artikulua. Eskaera aurkeztea.

Instalazioa kokatuta dagoen lurraldeko autonomia-erkidegoak izendatutako organoari aurkeztuko zaio ingurumen-baimen integratuaren eskaera, ezertan eragotzi gabe urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritakoa.

Autonomia-erkidegoak berariazko izendapenik egiten ez duen bitartean, hango Administrazioan ingurumen-arloko eskumenak dituen organoari aurkeztuko zaio eskaera.

14.artikulua. Izapideak.

Lege honetan arautzen ez diren alderdi guztietan, ingurumen-baimen integratua emateko prozedura urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoari lotuko zaio.

Administrazio publikoek, bestalde, instalazio baten ingurumen-baimen integratua emateko, nabarmen aldatzeko eta berrikusteko prozeduretan interesa duten pertsona guztien egiazko parte-hartze eraginkorra sustatuko dute.

Administrazio publikoek bermatu egingo dute aurreko lerrokadan aipatutako parte- hartzea prozeduren hasierako faseetatik gauzatuko dela, 24. artikuluan ezarritakoari jarraituz. Horretarako, parte-hartzeari buruz 4. eranskinean ezarritako aurreikuspenak aplikatu ahalko zaizkie prozedura horiei.

15.artikulua. Udalaren hirigintza-txostena.

Interesdunak aurrez eskaera eginda, instalazioa kokatuta dagoen udalerriko udalak 12.1.b) artikuluan aipatzen den txostena bidali beharko du gehienez ere hogeita

hamar eguneko epean. Hala egin ezean, txosten horren ordez beraren eskaeraren kopia aurkeztuko da.

Edonola ere, artikulu honetan araututako hirigintza-txostena ezezkoa bada —eta, noiznahi egiten dela ere, ingurumen-baimen integratua eman aurretik jasotzen bada autonomia-erkidegoan—, ingurumen-baimen integratua emateko organo eskudunak prozedura amaitzeko ebazpen arrazoitua emango du eta jarduketak artxibatu egingo ditu.

16.artikulua. Informazio publikoa.

1.Dokumentazioa osatu ondoren, aurreko artikuluetan ezarritakoari jarraituz, informazio publikorako aldia hasiko da, gutxienez hogeita hamar egunekoa.

2.Informazio publikorako aldi bera izango dute ingurumen-baimen integratuaren prozeduraren barruan egiten diren jarduketen prozedurek eta, halakorik bada, 3.3 artikuluan aipatzen diren industrientzako baimen substantiboen prozedurek.

3.Eskaeraren daturen bat, indarra duten xedapenen arabera, konfidentziala bada, datu hori informazio publikoaren izapidetik kanpo utziko da.

17.artikulua. Txostenak.

Informazio publikorako aldia amaitutakoan, ingurumen-baimen integratua emateko organo eskudunak espedientearen kopia bana bidaliko die, jasotako alegazio eta oharrekin batera, beren eskumeneko gaiei buruzko iritzia azaldu behar duten organoei.

18.artikulua. Udalaren txostena.

Instalazioa kokatuta dagoen udalerriko udalak, aurreko artikuluan aipatutako dokumentazioa jaso ondoren, hain zuzen ere espedientea jasotzen duenetik hogeita hamar eguneko epea igaro baino lehen, txostena emango du aztertutako instalazioaren egokitasunari buruz, bere eskumeneko alderdi guztiei dagokienez. Epe horretan txostenik eman ezean, jarduketetan aurrera jarraituko da. Txostena epez kanpo igorri, baina ebazpena eman aurretik jasotzen bada, autonomia-erkidegoko organo eskudunak aintzat hartu beharko du.

19.artikulua. Arroko erakundearen txostena.

1.Ingurumen-baimen integratua behar duen jarduera batek, urei buruzko legediarekin bat etorriz, baimena behar badu Estatuaren Administrazio Orokorrak kudeatzen duen arro bateko jabari publiko hidraulikora isurtzeko, arroko erakunde eskudunak txostena egin beharko du isurtzearen ezaugarriak eta uren egoera ekologiko onari eusteko hartu beharreko zuzenketa-neurriak zehazteko.

2.Aurreko zenbakian araututako txosten hori nahitaezkoa eta loteslea izango da. Luzeen jota sei hilabeteko epean eman beharko da, isurtzeei buruzko nahitaezko dokumentazioa arroko erakundearen erregistroan sartzen den egunetik hasita, edo, dokumentazio hori zuzendu behar izanez gero, zuzenketa egiten denetik hasita.

Epe horrek ez du inolako aldaketarik izango informazio publikoaren izapidearen ondorioz bidaltzen den dokumentazioa dela-eta.

3.Aurreko zenbakian ezarritako epea igaro eta arroko erakundeak ez badu artean txostenik egin, ingurumen-baimen integratua eman ahalko da; baimenean isurtzearen ezaugarriak zehaztuko dira, bai eta aplikatu beharreko legedi sektorialaren arabera eskatuko diren zuzenketa-neurriak ere.

Nolanahi ere, adierazitako epetik kanpo baina ingurumen-baimen integratua eman baino lehen jasotako txostena aintzat hartu beharko du autonomia-erkidegoko organo eskudunak.

4.Baldin eta, artikulu honetan araututako txosten loteslearen arabera, isurtzea onartezina bada, eta, ondorioz, txosten horrek galarazten badu ingurumen-baimen integratua ematea, baimena ukatzeko ebazpen arrazoitua eman beharko du ingurumen- baimen integratua emateko organo eskudunak.

20.artikulua. Ebazpen-proposamena eta entzunaldi-izapidea.

1.Ingurumen-baimen integratua emateko organo eskudunak, proiektu osoaren ingurumen-ebaluazioa egin ostean, entzunaldi-izapidea egingo dio baimenaren eskatzaileari.

Entzunaldi-izapidea amaitutakoan, agintaritza eskudunak 22. artikuluaren edukiari egokitutako ebazpen-proposamena idatziko du; bertan, emandako txosten lotesleetatik eratorritako baldintzak jasoko ditu, eta erabakia ere hartuko du gainerako txostenei buruz eta instrukzioan zein entzunaldi-izapidean zehar eskatzaileek azaldutako alderdiei buruz, bai eta informazio publikorako alditik ondorioztatzen direnei buruz ere.

2.Aurreko zenbakian aipatutako entzunaldi-izapide horretan alegazioak egiten badira, lehenagoko izapideetan txosten lotesleak eman dituzten organo eskudunei helaraziko zaizkie ebazpen-proposamenarekin batera, haiek egokitzat jotzen dutena adieraz dezaten hamabost eguneko epean, luzeen jota; adierazpen horiek ere lotesleak izango dira haien eskumeneko alderdiei dagokienez.

21.artikulua. Ebazpena.

1.Ingurumen-baimen integratua emateko organo eskudunak prozedura amaituko duen ebazpena emango du bederatzi hilabeteko epean, luzeen jota.

2.Bederatzi hilabeteko epea igaro eta ez bada berariazko ebazpenik jakinarazi, aurkeztutako eskaera ezetsi egin dela ulertu ahalko da.

22.artikulua. Baimenaren edukia.

1.Ingurumen-baimen integratuak gutxieneko eduki hau izango du:

a)Mugako isurtze-balioak, 2. eranskinean zerrendatutako substantzia kutsatzaileetarako eta beste substantzia kutsatzaile batzuetarako, baldin eta dena delako instalazioak kantitate nabarmenean isur baditzake, kontuan hartuz haien izaera eta kutsadura eremu batetik bestera eramateko izan dezaketen gaitasuna. Eta, orobat, hala behar denean, muga-balio horiek osatu edo ordeztuko dituzten parametro edo neurri tekniko baliokideak. Era berean, zehaztu egin beharko da zeintzuk diren, instalazioan mugako isurtze-balio horiek ez gainditzeko erabiltzen diren TEOei buruzko ondorioetan, teknika erabilgarri onenen gisa aipatzen direnak.

b)Behar denean, lurzoruaren eta lurpeko uren babesa bermatuko duten baldintzak.

c)Instalazioak sortutako hondakinak kudeatzeko erabiliko diren prozedurak eta metodoak, 4.1.b) artikuluan aipatutako kudeaketa-hierarkia kontuan hartuta.

d)Hala behar denean, distantzia luzean edo mugaz haraindiko distantzian autonomia- erkidegoen arteko edo mugaz haraindiko ondorio negatiboak sortzen dituen kutsadura ahal den heinean murriztuko duten baldintzak, 27. artikuluko 1. eta 3. zenbakietan aurreikusten diren kontsulten emaitza kontuan hartuta ezarriko direnak.

e)Isurtze eta hondakin mota guztiak tratatzeko eta kontrolatzeko sistemak eta prozedurak; zehaztu egin beharko dira, nolanahi ere, neurtzeko metodologia, maiztasuna eta neurketak ebaluatzeko prozedurak; 7.4.b) artikulua aplikatu behar zaien instalazioen kasuan, emaitzak eskuragarri egon beharko dira teknika erabilgarri onenei dagozkien isurtze-mailei buruzko erreferentziako baldintza eta epe berberetan.

f)Ohikoak ez diren egoeretan (esaterako, abiarazteak eta gelditzeak, ihesak, funtzionamendu-akatsak, aldi baterako gelditzeak) ingurumenean eragina izan dezaketen ustiapen-baldintzen inguruko neurriak.

g)Aplikatu beharreko legedi sektorialak ezarritako neurri edo baldintza guztiak. Bereziki, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 27. artikulua aplikatuz ezar daitezkeenak, alegia, hondakinak tratatzeko eragiketa bat edo gehiago egiten diren instalazioetarako ezar daitezkeenak.

h)Zer baldintzatan itxi behar den instalazioa.

i)Organo eskudunari aldizka, gutxienez urtean behin, honako hauek jakinarazteko betebeharra:

1.a. Isurtzeen kontrolaren emaitzetan oinarritutako informazioa, e) letran aipatzen dena, eta eskatutako beste datu batzuk, baimenaren baldintzak betetzen direla egiaztatzea ahalbidetuko diotenak organo eskudunari; eta

2.a. Aplikatzen diren mugako isurtze-balioek teknika erabilgarri onenei dagozkien mugako isurtze-balioak gainditzen badituzte, isurtzeen kontrolaren emaitzen laburpen bat, teknika erabilgarri onenei dagozkien isurtze-mailekin konparatzeko aukera emango duena.

j)Lurzorura eta lurpeko uretara isurtzea saihesteko neurriak aldizka mantentzeko eta gainbegiratzeko betekizun egokiak, b) letran ezarritakoarekin bat, eta, hala behar denean, lurzorua eta lurpeko urak aldizka kontrolatzeko betekizun egokiak, ustez aurki daitezkeen substantzia arriskutsuei dagokienez, instalazioaren inguruko lurzorua eta lurpeko urak kutsatzea gerta litekeela aintzat hartuta.

k)Mugako isurtze-balioak betetzen diren ebaluatzeko baldintzak.

l)Baimena hainbat titularrek ustiatutako instalazio baten hainbat zatitarako bada, haietako bakoitzaren erantzukizunak.

2.Martxoaren 9ko 1/2005 Legea (Berotegi efektuko gasak aireratzeko eskubideen salerosketa-erregimena arautzen duena) aplikatu behar zaien instalazioen kasuan, baimenak ez du muga-baliorik jasoko I. eranskinean zehaztutako gasen zuzeneko isurtzeetarako, non eta ez diren beharrezkoak tokian tokiko kutsadura nabarmenik ez dela eragingo bermatzeko. Beharrezkoa izanez gero, organo eskudunek berrikusi egingo dute ingurumen-baimen integratua, dagokion moduan.

Aurreko lerrokadan ezarritakoa ez zaie aplikatuko berotegi-efektuko gasak aireratzeko eskubideen salerosketa-erregimenetik aldi baterako salbuetsitako instalazioei, martxoaren 9ko 1/2005 Legearen laugarren xedapen iragankorrean ezarritakoarekin bat.

3.Baldin eta, legedi aplikagarriari jarraituz eska daitezkeen ingurumen-kalitateko betekizunak betetzeko, beharrezkoa bada teknika erabilgarri onenak erabilita lor daitezkeenak baino baldintza zorrotzagoak aplikatzea, ingurumen-baimen integratuak baldintza osagarriak ezartzeko eskatuko du, alde batera utzi gabe ingurumen-kalitateko neurriak errespetatzeko beste neurri batzuk ezartzeko aukera.

4.Baimenaren baldintzak ezartzeko erreferentzia izango dira TEOei buruzko ondorioak, baita dagozkien berrikuspenak eta eguneratzeak ere.

5.Organo eskudunak TEOei buruzko ondorioetan deskribatu ez den teknika erabilgarri onenen batean oinarritutako baimen-baldintzak jartzen dituenean, honako hau egiaztatu beharko du:

a)Teknika hori 3. eranskinean azaltzen diren irizpideak bereziki aintzat hartuta zehaztu dela.

b)Zazpigarren artikuluko betekizunak betetzen direla.

TEOei buruzko ondorioek ez badute zehazten teknika erabilgarri onenei dagokien mugako isurtze-baliorik, organo eskudunak ziurtatu beharko du ezen lehenengo lerrokadan adierazitako teknikak bermatzen duen ingurumen-babesaren maila TEOei buruzko ondorioetan deskribatutako teknika erabilgarri onenek eskainitakoaren parekoa dela.

6.Instalazio batean egiten den jardueraren bat edo ekoizpen-prozesu motaren bat ez badago jasota TEOei buruzko inongo ondoriotan, edo ondorio horiek ez badituzte kontuan hartzen jarduera horrek ingurumenean izan ditzakeen eragin guztiak, organo eskudunak ezarriko ditu baimenaren baldintzak, aldez aurretik titularrarekin hitz eginda, eta kasuan kasuko jardueretarako edo prozesuetarako erabaki dituen teknika erabilgarri onenetan oinarrituta, 3. eranskinean jasotako irizpideak bereziki aintzat hartuta.

7.Granjako hegaztien edo txerrien hazkuntza intentsiborako diren eta 1. eranskineko

9.3epigrafean jasota dauden instalazioei aurreko zenbakiak aplikatuko zaizkie, alde batera utzi gabe animalien ongizateari buruzko legedia eta gainerako legedi aplikagarria.

8.Hamaikagarren artikuluko 4. eta 5. zenbakietan ezarritakoarekin bat, ingurumen- baimen integratuak honako hauek ere jasoko ditu, halakorik eska daitekeenean:

a)Ingurumen-inpaktuaren adierazpena edo, behar denean, ingurumen-txostena, edo araudi aplikagarrian ezarritako ingurumen-ebaluazioko beste figura batzuk.

b)Substantzia arriskutsuak tarteko diren istripu larrien arloan beharrezkoak diren prebentzioko eta kontroleko baldintzak, irailaren 21eko 840/2015 Errege Dekretuarekin eta gainerako arau aplikagarriekin bat.

c)Ingurumen-arloko araudi aplikagarrian aurreikusitako jarduketen ondoriozko gainerako baldintzak.

23.artikulua. Instalazioa ixtea.

1.Organo eskudunak, ingurumen-baimen integratuan, behar diren baldintzak ezarriko ditu, jarduerari behin betiko uzten zaionean hurrengo zenbakietan xedatutakoa beteko dela bermatzeko; eta, ezarri ere, honako arau hauek guztiek xedatutakoa ezertan eragotzi gabe: 280/1994 Errege Dekretua, otsailaren 18koa, Pestizida-hondarren gehieneko mugak eta haien kontrola ezartzen dituena landare-jatorriko zenbait produktutarako; 26/2007 Legea, urriaren 23koa; 1514/2009 Errege Dekretua, urriaren 2koa, Kutsaduraren eta narriaduraren aurkako lurpeko uren babesa arautzen duena; eta lurzoruaren babesaren arloko legedi indarduna.

2.Jarduerei behin betiko utzi ondoren, titularrak lurzorua nola dagoen eta instalazioak erabilitako, ekoitzitako edo zabaldutako substantzia arriskutsu garrantzitsuek lurpeko uretan zer-nolako kutsadura eragin duten ebaluatuko du, eta organo eskudunari jakinaraziko dizkio ebaluazio horren emaitzak.

Baldin eta ebaluazioak erakusten badu instalazioak lurzoruaren edo lurpeko uren kutsadura nabarmena eragin duela —nabarmena, 12.1.f) artikuluan aipatutako oinarrizko txostenean ezarritako egoeraren aldean—, titularrak neurri egokiak hartuko ditu kutsadura horri aurre egin eta instalazioa kokatuta dagoen ingurua egoera hartan berriz jartzeko, urriaren 23ko 26/2007 Legearen II. eranskineko arauei jarraituz. Horretarako, kontuan hartu ahalko da neurri horien bideragarritasun teknikoa.

Aurreko lerrokadan xedatutakoa gorabehera, jarduerei behin betiko utzi ostean, eta inguruko lurzoruaren eta lurpeko uren kutsadurak gizakien osasunari edo ingurumenari arrisku nabarmena dakarkienean titularrak instalazioaren baimena eguneratu aurretik egindako jardueren ondorioz, eta kontuan harturik instalazioaren kokalekuaren hasierako baldintzak, ingurumen-baimen integratuaren lehenengo eskaeran deskribatu zirenak, titularrak behar diren neurriak hartuko ditu garrantzizko substantzia arriskutsuak kentzeko, kontrolatzeko, haiei eusteko edo haiek murrizteko eta, horrenbestez, kokalekuak halako arriskurik gehiago sortuko ez duela bermatzeko, betiere, onartuta dagoen egungo erabilera edo etorkizunekoa aintzat hartuta.

3.Titularrari oinarrizko txostenik egiteko eskatzen ez zaionean, hark, jarduerei behin betiko utzi ostean, behar diren neurriak hartuko ditu garrantzizko substantzia arriskutsuak kentzeko, kontrolatzeko, haiei eusteko edo haiek murrizteko, hartara, instalazioaren egungo erabilera onartua edo etorkizunekoa kontuan hartuta, baimendutako jarduerak direla-eta lurzoruaren eta lurpeko uren kutsaduraren ondorioz kokalekuak gizakien osasunari nahiz ingurumenari arrisku nabarmenik sortuko ez diela bermatzearren; hori, baina, instalazioaren kokalekuaren hasierako baldintzak, ingurumen-baimen integratuaren lehenengo eskaeran deskribatu zirenak, aintzat hartuz egin beharko da.

24.artikulua. Jakinarazpena eta publizitatea.

1.Ingurumen-baimen integratua emateko organo eskudunak baimena emateari, aldatzeari eta berrikusteari buruzko ebazpena jakinaraziko die eskatzaileei, instalazioa kokatuta dagoen lekuko udalari, txosten loteslea igorri duten organoei eta, hala badagokio, lege honen 11.2.a) artikuluan adierazitako baimen substantiboak emateko Estatuko organo eskudunari.

2.Publikoak eskubidea du ingurumen-baimen integratuen ebazpenak ikusteko, bai eta haien aldaketak edo berrikuspenak ikusteko ere, uztailaren 18ko 27/2006 Legean ezarritakoari jarraituz.

3.Autonomia-erkidegoek beren aldizkari ofizialetan argitaratuko dituzte ingurumen- baimen integratuak emateko, mamian aldatzeko edo berrikusteko administrazio- ebazpenak, eta ebazpenak eragiten dion instalazioa zein den zehaztuko dute ebazpena aditzera ematen duen iragarkian. Horretaz gainera, publikoaren eskura jarriko dute, besteak beste bitarteko elektronikoen bidez, a), b), e) eta f) letretan adierazitako informazioa:

a)Ebazpenaren edukia, eta, harekin batera, ingurumen-baimen integratuaren kopia, eranskinak barne, eta geroago ezarritako baldintzen eta egokitzapenen kopiak.

b)Memoria bat, honako hauek azalduko dituena: administrazio-ebazpena zer arrazoitan oinarritu den, zeintzuk izan diren parte-hartze publikoko prozesuan zehar egindako kontsulten emaitzak, eta emaitza horiek nola hartu diren aintzat.

c)Instalazioari edo jarduerari aplikatu behar zaizkion TEOei buruzko erreferentziako dokumentuen titulua.

d)Hogeita bigarren artikuluan aurreikusitako baimenaren baldintzak zehazteko erabilitako metodoa, teknika erabilgarri onenei dagozkien mugako isurtze-balioak eta teknika erabilgarri onenei dagozkien isurtze-mailak barne.

e)Zazpigarren artikuluko 5. zenbakiari jarraituz salbuespenen bat ematen denean, salbuespen horren arrazoi zehatzak, zenbaki horretan ezarritako irizpideetan oinarrituak, eta, horrekin batera, ezarritako baldintzak.

f)Jarduerari behin betiko utzi ostean titularrak hartutako neurriei buruzko informazioa,

23.artikuluan ezarritakoarekin bat.

g)Ingurumen-ikuskaritzako txostenak, in situ bisita amaitzen denetik hasita lau hilabeteko epean.

h)Isurtzeen neurketen emaitzak, ingurumen-baimen integratuan ezarritako baldintzen arabera eskatu direnak eta organo eskudunaren eskuetan daudenak.

25.artikulua. Aurkaratzea.

1.Lege honetan araututako prozeduran ematen diren txosten lotesleei aurka egin ahalko diete interesdunek, ingurumen-baimen integratua emateko prozedura amaitzen duen administrazio-ebazpena aurkaratuz edo, bestela, baimena ematea eragozten duten txosten lotesleak berak aurkaratuz, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112.1 artikuluan ezarritakoarekin bat.

2.Ingurumen-baimen integratua emateko prozedura amaitzen duen ebazpena administrazio-bidean aurkaratzeak txosten lotesleetan ezarritako baldintzei eragiten dienean, errekurtsoa ebazteko autonomia-erkidegoko organo eskudunak errekurtsoa igorriko die txostenak eman dituzten organoei, horiek, bidezko baderitzote, alegazioak aurkez ditzaten hamabost eguneko epean. Alegazio horiek, epean aurkezten badira, lotesleak izango dira errekurtsoa ebazterakoan.

3.Administrazio-bidea amaitzen duen ebazpenaren aurka administrazioarekiko auzi- errekurtsoa jartzen bada eta bertan txosten lotesle eta nahitaezkoei dagozkien uziak alegatzen badira, txosten horiek eman dituen administrazioa alderdi kodemandatua izango da, uztailaren 13ko 29/1998 Legean (Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duena) ezarritakoaren arabera.

26.artikulua. Ingurumen-baimen integratua berrikustea.

1.Organo eskudunak hala eskatuz gero, titularrak, 12. artikuluan aipatzen diren informazioetatik, baimenaren baldintzak berrikusteko beharrezkoak diren guztiak aurkeztuko ditu. Hala behar denean, isurtzeen kontrolen emaitzak sartuko dira, bai eta beste datu batzuk ere, instalazioaren funtzionamendua konparatu ahal izan dadin TEO aplikagarriei buruzko ondorioetan deskribatutako teknika erabilgarri onenekin eta horiei dagozkien isurtze-mailekin.

Baimenaren baldintzak berrikustean, organo eskudunak kontrolen edo ikuskapenen bitartez lortutako edozein informazio erabiliko du.

2.Instalazio bateko jarduera nagusiari dagozkion TEOei buruzko ondorioak argitaratu eta lau urteko epean, honako hauek bermatuko ditu organo eskudunak:

a)Instalazioaren baimenaren baldintza guztiak berrikusi eta, beharrezkoa izanez gero, egokitu egin direla, lege hau eta bereziki 7. artikulua betetzea bermatzeko; eta

b)Instalazioak baimenaren baldintzak betetzen dituela.

Berrikuspenean kontuan hartuko dira instalazioak aplikagarri dituen TEOei buruzko erreferentziako dokumentuei dagozkien ondorio guztiak, baimena eman, eguneratu edo berrikusi zenetik azaldutakoak.

3.Instalazio batek ez badu TEOei buruzko ondorioetako batean ere babesik, baimenaren baldintzak berrikusi egingo dira, eta, hala behar denean, egokitu, teknika erabilgarri onenen aurrerabideak isurtzeak nabarmen murrizteko aukera ematen duenean.

4.Betiere, ingurumen-baimen integratua ofizioz berrikusiko da honako kasu hauetan:

a)Instalazioak sortutako kutsadura dela-eta, mugako isurtze-balioak berrikustea edo beste batzuk ezartzea komeni denean.

b)Isurtzeak nabarmen murritz daitezkeenean, teknika erabilgarri onenetan egindako aldaketa handien ondorioz gehiegizko kosturik izan gabe.

c)Prozesuaren edo jardueraren funtzionamendu-segurtasuna dela-eta beharrezkoa denean beste teknika batzuk erabiltzea.

d)Arroko erakundeak, urei buruzko legedian ezarritakoaren arabera, irizten badio badirela ingurumen-baimen integratua berrikustea justifikatzen duten inguruabarrak, Estatuaren Administrazio Orokorrak kudeatzen dituen arroetako jabari publiko hidraulikora isurtzeari dagokionez. Kasu horretan, arroko erakundeak, txosten lotesle baten bidez, ingurumen-baimen integratua emateko organo eskudunera joko du, hark berrikuste- prozesua has dezan gehienez ere hogei eguneko epean.

e)Instalazioari aplikatu beharreko legedi sektorialak hala eskatzen duenean, edo 22.3 artikuluari jarraituz ingurumen-kalitateko arau berriak edo berrikusiak betetzea beharrezkoa denean.

5.Ingurumen-baimen integratuaren berrikuspenak ez du sortuko kalte-ordaina jasotzeko eskubiderik, eta garapen-erregelamenduan ezarritako prozedura erraztuaren bidez izapidetuko da. Berrikuste-prozesuak aintzat hartuko du 27. artikuluan adierazitakoa, berrikusitako instalazioko jarduerak eragin negatibo nabarmenak sor ditzakeenean erkidegoen artean edo mugaz haraindi.

27.artikulua. Autonomia-erkidegoen artean edo mugaz haraindi eragin negatiboak dituzten jarduerak.

1.Autonomia-erkidegoko organo eskudunak uste badu ezen instalazio batek, zeinerako ingurumen-baimen integratua eskatu baita, bere funtzionamenduaren ondorioz ingurumen-eragin negatibo nabarmenak izan ditzakeela beste autonomia-erkidego batean, edo beste autonomia-erkidego batek hala eskatzen badu, baimen-eskaeraren kopia bidaliko zaio autonomia-erkidego horri, egokitzat jotzen dituen alegazioak egin ahal izan ditzan behin betiko ebazpena eman aurretik. Era berean, autonomia-erkidego horri bidaliko zaio azkenean ematen den ebazpena.

2.Instalazio baten kokalekua bi autonomia-erkidego mugakideren lurraldeetan badago, kutsadura handiena eragiten duten ekoizpen-prozesuak zein lurraldetan egiten diren, hango autonomia-erkidegoa izango da ingurumen-baimen integratua emateko organo eskuduna. Kontu hori zehazteko, araudi aplikagarrian ezarritako koordinazio- mekanismoa erabiliko da.

3.Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen (Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa) II. tituluko III. kapituluan mugaz haraindiko kontsultei buruz ezarritakoa gorabehera, instalazio batek, zeinerako ingurumen-baimen integratua eskatu baita, bere funtzionamenduaren ondorioz Europar Batasuneko beste estatu kide bateko ingurumenean eragin negatiboak izan ditzakeen susmoa badago, edo eragin nabarmenak jasan ditzakeen estatu kide batek hala

eskatzen badu, autonomia-erkidegoko organo eskudunak, Kanpo Arazoetako eta Lankidetzako Ministerioaren bitartez, estatu horri jakinaraziko dizkio behean azaltzen diren alderdiak, ahal dela 16. artikuluan aurreikusitako informazio publikoaren epearen barruan, eta, betiere, baimenaren ebazpena eman aurretik:

a)Aldebiko kontsultetarako epea ezartzeko aukera, eragin horiek aztertze aldera, bai eta eraginok ezabatzeko edo murrizteko adostu litezkeen neurriak ere;

b)Eskaeraren kopia bat eta 4. eranskinean ezarritakoari jarraituz axolazkoa den informazio oro.

4.Aldebiko kontsulten egutegia Kanpo Arazoetako eta Lankidetzako Ministerioak negoziatuko du estatu kide horretako agintari eskudunekin. Aldez aurretik kontsulta egingo dio autonomia-erkidegoko organo eskudunari. Egutegi horretan ezarriko dira kontsultak egiteko bilerak eta izapideak, bai eta estatu horretako ingurumen-agintariek eta pertsona interesdunek, eragin nabarmena jaso dezaketen heinean, ingurumen-baimen integratua behar duen instalazioari buruz duten iritzia emateko aukera izan dezaten hartu behar diren neurriak ere.

Negoziazioaz arduratuko den Kanpo Arazoetako eta Lankidetzako Ministerioaren ordezkaritzak baimen-eskaera ebazteko eskumena duen autonomia-erkidegoaren ordezkari bat izango du, gutxienez.

5.Baldin eta mugaz haraindiko kontsulta-prozedura autonomia-erkidegoko organo eskudunak Kanpo Arazoetako eta Lankidetzako Ministerioari egindako jakinarazpenaren bidez hasten bada, 3. zenbakian adierazitako dokumentazioa erantsiko da. Era berean, memoria bat aurkeztuko da, labur azalduko dituena ingurumen-baimenaren eskaera beste estatu kide bati jakinarazteko premia justifikatzen duten arrazoiak, gertakariak eta zuzenbideko oinarriak; bertan identifikatu egingo dira autonomia-erkidego eskudunaren ordezkariak, ministerio horren ordezkaritzan sartu behar direnak.

6.Baldin eta mugaz haraindiko kontsultetarako epea ezartzea ingurumen-baimen integratua behar duen instalazioaren funtzionamenduaren eragina jasan dezakeen estatu kideko agintariak sustatu badu, Kanpo Arazoetako eta Lankidetzako Ministerioak horren jakitun jarriko du autonomia-erkidegoko organo eskuduna, eta aurreko zenbakian adierazitako dokumentazioa bidaltzeko eskatuko dio, mugaz haraindiko kontsulta- prozedura hasteko.

7.Ingurumen-baimen integratua emateko prozeduraren araudian aurreikusitako epeak etenda geratuko dira mugaz haraindiko kontsulten prozedura amaitu arte. Kontsulten emaitzak behar bezala hartu beharko ditu aintzat autonomia-erkidegoko organo eskudunak, ingurumen-baimen integratuaren eskaerari buruzko ebazpena emateko garaian; Kanpo Arazoetako eta Lankidetzako Ministerioak, bestalde, haren jakinarazpen formala igorriko die mugaz haraindiko kontsultetan parte hartu duten estatu kideko agintariei, 24.3 artikuluan adierazitako informazioarekin batera.

8.Europar Batasuneko estatu kide batek jakinarazten badu bere lurraldean ingurumen-baimen integratua eskatu dutela Espainiako Erresumako ingurumenean eragin negatibo nabarmenak izan ditzakeen instalazio baterako, Kanpo Arazoetako eta Lankidetzako Ministerioak Nekazaritza, Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioari jakinaraziko dio, eta azken horrek, ukitutako autonomia-erkidegoetako organo eskudunen parte-hartzearekin, ingurumen-organo gisa jardungo du, eragin horiek aztertzeko eta eraginok ezabatze edo murrizte aldera har litezkeen neurriak adosteko antolatzen diren aldebiko kontsultetan. Nekazaritza, Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak bermatuko du kontsulta egingo zaiela ukitutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei, 14. artikuluan eta 4. eranskinean ezarritakoari jarraituz.

Horretarako, Nekazaritza, Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak kontsulten izapidea zer baldintzatan gauzatuko den zehaztuko du, Europar Batasuneko beste estatu kide batean ingurumen-baimen integratua eskatu duen instalazioaren eragina jasan dezaketen autonomia-erkidegoetako organo eskudunekin lankidetzan.

III. KAPITULUA

Ingurumen-arloko esku-hartzeetarako beste mekanismo batzuekiko koordinazioa.

28.artikulua. Ingurumen-inpaktua ebaluatzeko prozedurarekiko koordinazioa.

Ingurumen-inpaktuaren adierazpena egitea Estatuaren Administrazio Orokorreko ingurumen-organoari dagokionean, abenduaren 9ko 21/2013 Legean ezarritakoarekin bat, ezingo da ingurumen-baimen integraturik eman, ez eta, kasua bada, 3.3 artikuluan adierazitako industrientzako baimen substantiborik ere, aldez aurretik adierazpen hori egin gabe.

Hori dela-eta, Estatuko ingurumen-organoak, ingurumen-inpaktuaren adierazpena egin eta berehala, edo Ministro Kontseiluak baimen substantiboa emateko organo eskudunarekiko desadostasunak ebatzi eta gero, adierazpenaren kopia igorriko dio ingurumen-baimen integratua emateko autonomia-erkidegoko organo eskudunari, bai eta, hala behar denean, 3.3 artikuluan aipatutako baimen substantiboak emateko Estatuko organo eskudunari ere. Organo horiek adierazpenaren baldintzak jaso beharko dituzte ingurumen-baimen integratuaren edukian eta eska daitezkeen baimen substantiboen edukian.

29.artikulua. Jarduera sailkatuen arloan aplikatu beharreko araubidearekiko koordinazioa.

Ingurumen-baimen integratua emateko prozedurak lehentasuna izango du administrazio eskudunek jarduera gogaikarri, osasungaitz, kaltegarri eta arriskutsuak egiten dituzten herritarren jardueran esku hartzeko ezar dezaketen beste edozein bideren gainetik. Ondorio horietarako, ingurumen-baimen integratua toki-agintarientzat loteslea izango da baldin eta jarduerak egitea ukatzeko bada edota neurri zuzentzaileak ezartzeko, baita 22. artikuluan jasotako ingurumen-alderdiei buruzko guztian ere.

IV. TITULUA

Ingurumen-diziplina

30.artikulua. Kontrolatzea, ikuskatzea eta zehatzea.

1.Autonomia-erkidegoek izango dute kautelazko neurriak, kontrol-neurriak eta ikuskapen-neurriak ezartzeko eskumena, baita zehatzeko ahala eta lege honen eta beraren erregelamenduzko garapenaren helburuak beteko direla bermatzekoa ere, hargatik eragotzi gabe Estatuaren Administrazio Orokorrak kudeatutako arroetara egiten diren isurtzeei buruz Estatuak duen eskumena.

Ikuskapen-arloko organo eskudunek gaitasun tekniko egokia erakusten duten entitateak izendatu ahalko dituzte, beren izenean ikuskapen-jarduketa materialak egin ditzaten, non eta ez diren funtzionario publikoentzat erreserbatutako ikuskapen-jarduketak; jarduketa horiek ezingo dira izan, inola ere, ikuskapen-sistemen, -planen edo -programen diseinuari buruzkoak. Entitate horiek izendatzerakoan, hautaketa-prozedura bati jarraitu beharko zaio, zeinak publizitatearen, gardentasunaren, sarbide-askatasunaren, bazterketarik ezaren eta tratu-berdintasunaren printzipioak errespetatuko baititu, sektore publikoko kontratuen legediari jarraituz.

2.Organo eskudunek ingurumen-ikuskapeneko sistema bat ezarriko dute instalazioetarako, eta sistema horrek barnean izango du instalazioek sor ditzaketen mota guztietako ingurumen-eragin nabarmenen azterketa.

3.Jarduketa horien emaitzak publikoaren eskura jarri beharko dira lau hilabeteko epean, in situ bisita amaitzen denetik hasita, uztailaren 18ko 27/2006 Legeari jarraituz.

31.artikulua. Arau-hausteak.

1.Legedi sektorialak eta autonomia-erkidegoek ezar dezaketena albora utzi gabe, kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuaren arloko arau-hausteak honela sailkatuko dira: oso astunak, astunak eta arinak.

2.Hauek dira arau-hauste oso astunak:

a)Ingurumen-baimen integraturik izan gabe jarduera egitea edo instalazioan aldaketa garrantzitsua egitea, eta ondorioz ingurumenean kalte edo narriadura larria eragitea edo pertsonen segurtasuna edota osasuna arrisku larrian jartzea.

b)Ez betetzea ingurumen-baimen integratuan ezarritako baldintzak, eta ondorioz ingurumenean kalte edo narriadura larria eragitea edo pertsonen segurtasuna edota osasuna arrisku larrian jartzea.

c)Ez betetzea lege honen 35. artikuluan aurreikusitako behin-behineko neurrietatik eratorritako betebeharrak, eta ondorioz pertsonen osasuna edo ingurumena arrisku larrian jartzea.

d)Autonomia-erkidegoek emandako babes-arau osagarrietan ezarritako betebeharrak bete gabe egitea jarduera, haiek jakinarazpenaren eta erregistroaren eskakizuna ezarrita dutelarik, eta ondorioz ingurumenean kalte edo narriadura larria eragitea edo pertsonen segurtasuna edota osasuna arrisku larrian jartzea.

3.Hauek dira arau-hauste astunak:

a)Ingurumen-baimen integraturik izan gabe jarduera egitea edo instalazioan aldaketa garrantzitsua egitea, baina ez eragitea ingurumenean kalte edo narriadura larririk edo ez jartzea pertsonen segurtasuna edota osasuna arrisku larrian.

b)Ez betetzea ingurumen-baimen integratuan ezarritako baldintzak, baina ez eragitea ingurumenean kalte edo narriadura larririk edo ez jartzea pertsonen segurtasuna edota osasuna arrisku larrian; halaber, behar diren neurriak ez hartzea arauak beteko direla lehenbailehen berriro bermatzeko eta, horrela, istripu edo gorabehera gehiago ekiditeko.

c)Ez betetzea 35. artikuluan aurreikusitako behin-behineko neurrietatik eratorritako betebeharrak, baina ondorioz pertsonen osasuna edo ingurumena arrisku larrian jarri gabe.

d)Ingurumen-baimen integratuaren titulartasuna eskualdatzea hura emateko organo eskuduna jakitun jarri gabe.

e)Instalazioan egindako aldaketak autonomia-erkidegoko organo eskudunari ez jakinaraztea, aldaketa horiek funtsezkoak ez direnean.

f)Ez jakinaraztea berehala autonomia-erkidegoko organo eskudunari ingurumen- baimen integratuaren baldintzen edozein ez-betetzeren berri eta ingurumenari nabarmen eragiten dioten gertaeren edo istripuen berri.

g)Ikuskapen- edo kontrol-lanak eragotzi, atzeratu edo oztopatzea.

h)Autonomia-erkidegoek emandako babes-arau osagarrietan ezarritako betebeharrak bete gabe egitea jarduera, haiek jakinarazpenaren eta erregistroaren eskakizuna ezarrita dutelarik, eta ondorioz ingurumenean kaltea edo narriadura eragitea edo pertsonen segurtasuna edota osasuna arriskuan jartzea.

i)Instalazio bat behin betiko ixtea ingurumen-baimen integratuan lurzorua eta lurpeko urak kutsatzeari buruz ezarritako baldintzak bete gabe.

4.Hauek dira arau-hauste arinak:

Ez betetzea lege honetan ezarritako aginduak, edo lege honi jarraituz onartutako arauetan ezarritakoak, non eta ez dagoen arau-hauste astuntzat edo oso astuntzat tipifikatuta.

32.artikulua. Zehapenak.

1.Aurreko artikuluan jasota dauden arau-hausteengatik, honako zehapen hauetako batzuk edo guztiak ezarri ahalko dira:

a) Arau-hauste oso astuna bada:

1.a 200.001 eta 2.000.000 euro bitarteko isuna.

2.a Instalazio osoak edo instalazioen zati bat behin betiko ixtea.

3.a Instalazio osoak edo instalazioen zati bat aldi baterako ixtea, gutxienez ere bi urterako eta gehienez ere bost urterako.

4.a Jarduera egiteko desgaitzea, gutxienez ere urtebeterako eta gehienez ere bi urterako.

5.a Baimena errebokatzea edo etetea, gutxienez ere urtebeterako eta gehienez ere bost urterako.

Halaber, agindu ahalko da argitara eman daitezela, egokitzat jotzen den moduan, ezarritako zehapenak, behin administrazio-bidean edo jurisdikzio-bidean irmo bihurtzen direnean, bai eta pertsona fisiko edo juridiko erantzuleen izen-deiturak edo izen soziala eta arau-hausteen mota eta izaera ere.

b) Arau-hauste astuna bada:

1.a 20.001 eta 200.000 euro bitarteko isuna.

2.a Instalazio osoak edo instalazioen zati bat aldi baterako ixtea, gehienez ere bi urterako.

3.a Jarduera egiteko desgaitzea, gehienez ere urtebeterako.

4.a Baimena errebokatzea edo etetea, gehienez ere urtebeterako.

c) Arau-hauste arina bada: Isuna jarriko da, 20.000 eurokoa gehienez.

2.Isunaren zenbatekoa arau-haustea eginez lortutako irabazia baino txikiagoa denean, zehapena handitu egingo da, arau-hausleak lortutako irabazia halako bi izateraino, gehienez.

33.artikulua. Zehapenak mailakatzea.

Zehapenak ezartzeko orduan, arau-haustea ekarri duen egitatearen larritasunaren eta aplikatutako zehapenaren artean behar den egokitasuna egongo da; hartarako, bereziki kontuan hartuko dira zehapena mailakatzeko irizpide hauek:

a)Arau-haustea nahita edo behin eta berriro egin izana.

b)Ingurumenari edo pertsonen osasunari eragindako kalteak edo pertsonen segurtasunaren kontra sortutako arriskua.

c)Berrerortzea, lege honetan tipifikatutako arau-hauste bat baino gehiago eginez; betiere, ebazpen irmo batek hala deklaratu duenean.

d)Arau-haustea eginez lortutako onura.

34.artikulua. Zehapenak pilatzea.

Baldin eta, egitate berak eta zuzenbideko oinarri berak direla-eta, arau-hauslea lege honi jarraituz nahiz beste lege aplikagarri bati edo batzuei jarraituz zehatzeko aukera badago, ezar daitezkeen zehapen guztietatik handiena ezarriko zaio.

35.artikulua. Behin-behineko neurriak.

1.Zehapen-prozedura bat hasitakoan, zehapena ezartzeko organo eskudunak behin- behineko neurri hauetakoren bat edo batzuk ezarri ahalko ditu, besteak beste:

a)Arriskua edo kaltea ez luzatzeko zuzentze-, segurtasun- edo kontrol-neurri egokiak.

b)Aparatuak edo ekipamenduak zigilatzea.

c)Instalazioak aldi baterako ixtea, osorik edo zati batean.

d)Instalazioak geldiaraztea.

e)Jarduera egiteko baimena aldi baterako etetea.

2.Aurreko zenbakian adierazitako neurriak zehapen-prozedura administratiboa hastea erabaki aurretik erabaki ahalko dira, araudi erregulatzaile orokorrean aurreikusitako moduan.

36.artikulua. Lehengoratu beharra eta hertsapen-isunak.

1.Ezar daitekeen zehapen penal edo administratiboaz gainera, arau-hausleak gauzak berrezarri edo lehengoratu egin beharko ditu, arau-haustea egin baino lehenagoko egoerara ekarriz, eta, hala dagokionean, eragindako kalte eta galeren ordaina eman beharko du. Administrazio publikoei eragindako kalte eta galeren ordaina administrazio- bidean erabaki eta bilduko da.

Arau-hausleak, halaber, organo eskudunak beharrezkotzat jotzen dituen neurri osagarriak hartu beharko ditu ingurumen-baimen integratuaren baldintzak betetzea berriro bermatzeko eta gorabehera edo istripu gehiago ekiditeko.

2.Arau-hausleak ez badu betetzen aurreko zenbakian ezarritako betebeharra, gauzak berrezarri edo lehengoratzekoa, organo eskudunak hertsapen-isunak ezartzea erabaki ahalko du. Horien zenbatekoa, gehienez ere, egin den arau-hauste motarako aurreikusitako isunaren herena izango da.

Lehenengo xedapen iragankorra. Ingurumen-baimen integratuak eguneratzea.

1.Ingurumen-baimen integratuak emateko organo eskudunak behar diren jarduketak egingo ditu baimenak eguneratzeko eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren azaroaren 24ko 2010/75/EB Zuzentarauari (industria-isurtzeei buruzkoa) egokitzeko 2014ko urtarrilaren 7a baino lehen.

Ordutik aurrera, berrikuspenak lege honen 25. artikuluko 2. eta 3. zenbakietan ezarritakoari jarraituz egingo dira, eta, adierazitako malgutasun-mekanismoen babespeko errekuntza-instalazioentzat, mekanismo horietan ezarritako aginduak txertatuta.

2.Lehenengo zenbakian ezarritakoarekin bat, eguneratutzat joko dira gaur egun indarrean dauden eta honako gai hauek direla-eta berariazko aginduak dakartzaten baimenak:

a)Gorabeherak eta istripuak; zehazki, titularrek organo eskuduna jakitun jarri beharrari dagokionez, eta ingurumen-eraginak mugatzeko eta istripu edo gorabehera gehiago saihesteko neurriak, osagarriak barne, aplikatzeari dagokionez;

b)Ingurumen-baimen integratuen baldintzak ez betetzea;

c)Hondakinak sortzen badira, hondakinen hierarkia, 4.1.b) artikuluan ezarritakoa, aplikatzea;

d)Hala behar denean, lege honen 12.1.f) artikuluan aipatutako txostena, instalazioa ixteko kontuan hartu beharko dena;

e)Funtzionamendu-baldintzak ohikoak ez direnean hartu beharreko neurriak;

f)Hala behar denean, lurzoruaren eta lurpeko uren gaineko kontrol-eskakizunak;

g)Errausketako edo baterako errausketako instalazioa denean:

Instalazioak tratatzen dituen hondakinak, Hondakinen Europako Zerrendaren arabera adieraziak; eta

Instalazio mota horretarako erregelamenduz zehaztutako mugako isurtze-balioak.

Baimen horiek kasuan kasuko autonomia-erkidegoko aldizkari ofizialean argitaratuko dira, eta jasota geratuko da azaroaren 24ko 2010/75/EB Zuzentarauari egokitzen zaizkiola.

Publikoak eskubidea du ingurumen-baimen integratuen eguneratzeak ikusteko, uztailaren 18ko 27/2006 Legean ezarritakoari jarraituz.

3.Arau hau indarrean jartzean aurreko zenbakian adierazitako aginduak biltzen ez dituzten baimenak eguneratu egin beharko dira 2014ko urtarrilaren 7a baino lehen. Organo eskudunak eskatu beharko dio instalazioaren titularrari froga dezala adierazitako aginduak bete dituela, ezinbestekoa baita baimena eguneratzeko. Prozedura horren ostean,

ingurumen-baimen integratu eguneratua argitara emango da autonomia-erkidegoko aldizkari ofizialean.

4.Aurreko zenbakietan ezarritakoarekin bat etorriz baimena eguneratuta daukaten instalazio guztiek ikuskapen-plana izan beharko dute, erregelamenduz ezartzen diren baldintzetan.

Bigarren xedapen iragankorra. Aplikazio iragankorra.

1.Organo eskudunek 2014ko urtarrilaren 7tik aurrera aplikatuko dituzte lege honekin bat etorriz emandako legezko eta erregelamenduzko xedapenak eta administrazio- xedapenak —urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren V. kapituluan eta 3. eranskinean jasotako xedapenak izan ezik, horiek 2016ko urtarrilaren 1etik aurrera izango baitira aplikagarriak— 1. eranskineko puntu hauetan aipatzen diren instalazioetan: 1.1 puntuan, 50 MW-etik gorako potentzia termiko izendatua duten jardueretarako; 1.2 eta 1.3 puntuetan, 1.4.a) puntuan, 2.1 - 2.6 bitarteko puntuetan, 3.1 puntuko a) eta b) letretan, 3.2 - 3.5 bitarteko puntuetan eta 4.1 - 4.6 bitarteko puntuetan, prozesu kimikoen bidezko ekoizpen- jardueretarako; 5.1 eta 5.2 puntuetan, lege hau aplikagarri duten jardueretarako; 5.3 puntuko a) eta b) letretan, 5.5, 6.1 eta 6.2 puntuetan, 7.1, 8.1, 9.1.a) eta 9.1.b) puntuetan, lege hau aplikagarri duten jardueretarako; 9.1.c) puntuan, eta 9.2, 9.3, 10.1, 11.1 eta 14.1 puntuetan; hori guztia, betiere, instalazioa ustiatzen ari bada eta baimena 2013ko urtarrilaren 7a baino lehenagotik badu, edo bestela titularrak baimen-eskaera osoa egun horren aurretik aurkeztu badu eta instalazioa, beranduenez, 2014ko urtarrilaren 7an jartzen bada abian.

2.Organo eskudunek 2015eko uztailaren 7tik aurrera aplikatuko dituzte lege honekin bat etorriz emandako legezko eta erregelamenduzko xedapenak eta administrazio-xedapenak —urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren IV. eta V. kapituluetan eta 2. eta 3. eranskinetan jasotako xedapenak izan ezik, horiek 2016ko urtarrilaren 1etik aurrera izango baitira aplikagarriak— 1. eranskineko puntu hauetan aipatzen diren instalazioetan: 1.1 puntuan, 50 MW-eko potentzia termiko izendatua duten jardueretarako; 1.4.b) puntuan, 3.1.c) puntuan eta 4.1 - 4.6 bitarteko puntuetan, prozesu biologikoen bidezko ekoizpen-jardueretarako; 5.1 eta 5.2 puntuetan, 2008/1/EE Zuzentaraua aplikagarri ez duten jardueretarako; 5.3 puntuko c), d) eta e) letretan, 5.4 puntuan, 5.6 eta 5.7 puntuetan, 6.3 puntuan eta 9.1.b) puntuan, 2008/1/ EE Zuzentaraua aplikagarri ez duten jardueretarako; eta 12.1 eta 13.1 puntuetan; hori guztia, betiere, instalazioa 2013ko urtarrilaren 7a baino lehenagotik ustiatzen ari bada.

Hirugarren xedapen iragankorra. TEOei buruzko erreferentziako dokumentuen indarra.

Industria-sektore bakoitzerako TEOei buruzko lehenengo ondorioak bilduko dituzten Europako erabakiak hartu arte, Europako Batzordeak aurretik onartutako TEOei buruzko erreferentziako dokumentuak aplikatuko dira, mugako isurtze-balioak ezartzeko izan ezik.

Azken xedapenetatik lehena. Uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Uren Legearen testu bateginean ezarritako araubideari egokitzea.

1.Estatuaren Administrazio Orokorrak kudeatzen dituen arroetako jabari publiko hidraulikora isurtzeko 1. eranskinean adierazitako jarduerei baimena emateko prozedurak, testu bategin honetan ezarritakoak, ez du aldatzen uren legediak ezarritako araubide ekonomiko-finantzarioa, ezta jabari publiko hidraulikoaren babesaren arloan Estatuaren Administrazio Orokorrari dagozkion gainerako eskumenak ere. Bereziki, ez dira aldatuko zaintzeko eta ikuskatzeko eskumenak, ezta zehatzeko ahala ere.

2.Hemeretzigarren artikuluko 3. zenbakian aurreikusitako kasuan, arroko erakundeak isuriak kontrolatzeko kanona likidatuko du ingurumen-baimen integratuan jasotako baldintzen arabera. Horretarako, ingurumen-baimen integratua emateko eskumena duen autonomia-organoak arroko erakundearen esku jarri beharko du baimen hori.

Azken xedapenetatik bigarrena. Konstituzio-oinarria.

Testu bategin hau ingurumenaren babesari buruzko oinarrizko legedia da, Konstituzioaren 149.1.23 artikuluan ezarritakoaren arabera. Halaber, azken xedapenetatik lehenengoan ezarritakoak eta erkidegoen arteko arroen kudeaketari buruzko aipamenek Konstituzioaren 149.1.22 artikuluan dute konstituzio-oinarria; izan ere, artikulu horrek ezartzen duenez, Estatuak eskumen esklusiboa du ur-baliabide eta -aprobetxamenduen gaineko legegintzarako, antolamendurako eta emakidarako, urak autonomia-erkidego batetik baino gehiagotik pasatzen badira.

Azken xedapenetatik hirugarrena. Erregelamendu bidezko garapena.

Gobernuari ahalmena ematen zaio testu bategin hau erregelamendu bidez gara dezan bere eskumenen esparruan; bereziki, eranskinak alda ditzan, Europako araudian egin litezkeen aldaketei egokitzeko.

Erregelamenduzko garapenak agindu tekniko osagarriak ekar ditzake honako instalazio hauek direla-eta, azaroaren 24ko 2010/75/EB Zuzentarauan (Industria Isurtzeei buruzkoa) ezarritakoari jarraituz: errekuntza-instalazioak, hondakinen errausketako eta baterako errausketako instalazioak, konposatu organiko lurrunkorrak erabiltzen dituzten instalazioak eta titanio dioxidoak ekoizten dituzten instalazioak.

Azken xedapenetatik laugarrena. Europar Batasuneko zuzenbidea txertatzea.

Arau honen bitartez batu egiten dira Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2010eko azaroaren 24ko 2010/75/EB Zuzentaraua (Industria Isurtzeei buruzkoa) Espainiako Zuzenbidean zati batean txertatu duten legeak (kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratua).

I.ERANSKINA

Bigarren artikuluan jasotako jardueren eta instalazioen kategoriak

Oharra: jarduera bakoitzean aipatzen diren atalase-balioak ekoizpen-ahalmenei edo produktuei dagozkie, oro har. Titular batek kategoria bereko jarduera bat baino gehiago egiten baditu instalazio berean, jarduera guztien ahalmenak batu egingo dira. Hondakinak kudeatzeko jardueretan, kalkulu hori 5.1, 5.3 eta 5.4 puntuetako instalazioei aplikatuko zaie.

1.Errekuntza-instalazioak.

1.1Guztizko potentzia termiko izendatua gutxienez 50 MW-ekoa duten errekuntza- instalazioak:

a)Energia elektrikoa araubide arruntean edo araubide berezian ekoizteko instalazioak, erregai fosilak, biomasa edo hondakinak erretzen dituztenak.

b)Baterako sorkuntzako instalazioak, galdarak, lurrun-sorgailuak eta industria batean egon daitekeen beste edozein errekuntza-ekipamendu edo -instalazio, industriaren jarduera nagusia izan edo ez.

1.2Petrolio- eta gas-findegiak:

a)Petrolioa edo petrolio-gordinkia fintzeko instalazioak.

b)Gas erregaia ekoizteko instalazioak, gas naturala eta petrolio-gas likidotuak ekoizten dituztenak izan ezik.

1.3Koke-lantegiak.

1.4Honako hauek gasifikatzeko eta likidotzeko instalazioak:

a)Ikatza;

b)Beste erregai batzuk, instalazioak gutxienez 20 MW-eko potentzia termiko izendatua duenean.

2.Metalak ekoiztea eta transformatzea.

2.1Mineral metalikoak, mineral sufreduna barne, kiskaltzeko edo sinterizatzeko instalazioak.

2.2Burdinurtua edo altzairu gordinak ekoizteko instalazioak (lehen edo bigarren galdaketa), tartean galdaketa etengabeko instalazioak, orduko 2,5 tonatik gorako ahalmena dutenak.

2.3Burdin metalak transformatzeko instalazioak:

a)Beroko ijezketa, orduan 20 tona altzairu gordin baino gehiago ijezteko ahalmena izanez gero.

b)Mailu bidezko forjaketa, talka-energia 50 kilojouletik gorakoa baldin bada mailu bakoitzeko, eta erabilitako potentzia termikoa 20 MW-etik gorakoa bada.

c)Metal urtuzko babes-geruzak ematea, orduan 2 tona altzairu gordin baino gehiago tratatzeko ahalmena izanez gero.

2.4Burdin metalen galdategiak, egunean 20 tona baino gehiago ekoizteko ahalmena izanez gero.

2.5Honako instalazio hauek:

a)Mineralekin, kontzentratuekin edo bigarren mailako lehengaiekin, prozedura metalurgiko, kimiko edo elektrolitikoen bidez, burdinarik gabeko metal gordinak ekoizteko erabiltzen diren instalazioak.

b)Burdinarik gabeko metalak, aleazioak barne, eta berreskuratze-prozesuetako nahiz beste prozesu batzuetako produktuak galdatzeko instalazioak, egunean galdatze-

ahalmen hau baldin badute: berunaren eta kadmioren kasuan 4 tonatik gorakoa, eta gainerako metalen kasuan 20 tonatik gorakoa.

2.6Metalen eta plastikoen gainazala prozesu elektrolitiko edo kimikoen bidez tratatzeko instalazioak, tratamenduko asken edo lerro osoen bolumena 30 m3 baino gehiago baldin bada.

3.Industria mineralak.

3.1Zementuaren, karearen eta magnesio oxidoaren ekoizpena:

a)i) zementua ehotze bidez fabrikatzea, egunean 500 tonatik gorako ekoizpen- ahalmena izanez gero;

ii)labe birakarietan klinkerra fabrikatzea, ekoizpen-ahalmena egunean 500 tonatik gorakoa baldin bada; edo bestelako labeetan, ekoizpen-ahalmena egunean 50 tona baino gehiagokoa baldin bada;

b)labeetan karea ekoiztea, egunean 50 tonatik gorako ekoizpen-ahalmena izanez

gero;

c)labeetan magnesio oxidoa ekoiztea, egunean 50 tonatik gorako ekoizpen- ahalmena izanez gero.

3.2Edukirik gabe.

3.3Beira (beira-zuntza barne) fabrikatzeko instalazioak, egunean 20 tona baino gehiago urtzeko ahalmena baldin badute.

3.4Mineralak galdatzeko instalazioak (zuntz mineralen fabrikazioa barne), egunean 20 tona baino gehiago galdatzeko ahalmena baldin badute.

3.5Labean zeramika-produktuak fabrikatzeko instalazioak, batez ere teilak, adreiluak, material erregogorrak, azulejuak, gres zeramikoa edo zeramikazko apaingarri eta etxeko tresnak fabrikatzekoak, egunean 75 tona baino gehiago ekoizteko ahalmena badute, edo bestela 4 m3-tik gorako edukiera eta 300 kg/m3-tik gorako karga-dentsitatea badute labe bakoitzeko.

4.Industria kimikoak.

Atal honetan ezarritakoari eta bertan sartutako jardueren kategorien deskribapenari dagokienez, fabrikazioak esan nahi du 4.1-4.6 bitarteko puntuetan aipatutako produktuen edo produktu multzoen transformazio kimiko edo biologikoaren bitartez produktuak fabrikatzea eskala industrialean.

4.1Produktu kimiko organikoak fabrikatzeko instalazio kimikoak, bereziki honako hauek fabrikatzen dituztenak:

a)Hidrokarburo sinpleak (linealak edo ziklikoak, aseak edo asegabeak, alifatikoak edo aromatikoak).

b)Hidrokarburo oxigenatuak, esaterako alkoholak, aldehidoak, zetonak, azido organikoak, esterrak eta ester nahasturak, azetatoak, eterrak, peroxidoak, epoxi erretxinak.

c)Hidrokarburo sulfuratuak.

d)Hidrokarburo nitrogenatuak, bereziki aminak, amidak, konposatu nitrosoak, nitrikoak edo nitratoak, nitriloak, zianatoak eta isozianatoak.

e)Hidrokarburo fosforatuak.

f)Hidrokarburo halogenatuak.

g)Konposatu organiko metalikoak.

h)Materia plastikoak (polimeroak, zuntz sintetikoak, zelulosazko zuntzak).

i)Kautxu sintetikoak.

j)Koloragarriak eta pigmentuak.

k)Tentsioaktiboak eta gainazaleko agenteak.

4.2Produktu kimiko ez-organiko hauek, besteak beste, fabrikatzeko erabiltzen diren instalazio kimikoak:

a)Gasak, batez ere amoniakoa, kloroa edo hidrogeno kloruroa, fluorra edo hidrogeno fluoruroa, karbono oxidoak, sufrearen konposatuak, nitrogeno oxidoak, hidrogenoa, sufre dioxidoa eta karbonilo dikloruroa.

b)Azidoak, batez ere azido kromikoa, azido fluorhidrikoa, azido fosforikoa, azido nitrikoa, azido klorhidrikoa, azido sulfurikoa, azido sulfuriko fumantea eta azido sulfuratuak.

c)Baseak, batez ere amonio hidroxidoa, potasio hidroxidoa eta sodio hidroxidoa.

d)Gatzak, esate baterako amonio kloruroa, potasio kloratoa, potasio karbonatoa (potasa), sodio karbonatoa (soda), perboratoak eta zilar nitratoa.

e)Ez-metalak, oxido metalikoak edo beste konposatu ez-organiko batzuk; esaterako, kaltzio karburoa, silizioa eta silizio karburoa.

4.3Fosforodun, nitrogenodun edo potasiodun ongarriak (ongarri bakunak edo konposatuak) fabrikatzeko instalazio kimikoak.

4.4Produktu fitosanitarioak edo biozidak fabrikatzeko instalazio kimikoak.

4.5Medikamentuak, tarteko produktuak barne, fabrikatzeko prozedura kimiko edo biologikoak erabiltzen dituzten instalazio kimikoak.

4.6Lehergaiak fabrikatzeko instalazio kimikoak.

5.Hondakinen kudeaketa.

5.1Hondakin arriskutsuak baliarazteko edo ezabatzeko instalazioak, egunean 10 tonatik gorako ahalmena badute eta jarduera hauetako bat edo gehiago egiten badute:

a)Tratamendu biologikoa;

b)Tratamendu fisiko-kimikoa;

c)Konbinatzea edo nahastea, 5.1 eta 5.2 puntuetan adierazitako eragiketak egin aurretik;

d)Berrontziratzea, 5.1 eta 5.2 puntuetan adierazitako eragiketak egin aurretik;

e)Disolbatzaileak berreskuratu edo birsortzea;

f)Materia ez-organikoak birziklatu edo berreskuratzea, metalak edo konposatu metalikoak izan ezik;

g)Azidoak edo baseak birsortzea;

h)Kutsadura gutxitzeko erabili diren osagaiak baliaraztea;

i)Katalizatzaileetatik eratorritako osagaiak baliaraztea;

j)Olioak birsortu edo berrerabiltzea;

k)Azaleko urtegietan isurtzea (esate baterako, hondakin likidoak edo lohiak putzu, urmael eta horrelakoetara isurtzea).

5.2Hondakinak baliarazteko edo ezabatzeko instalazioak, hondakinen errausketarako edo baterako errausketarako plantetan:

a)Hondakin arriskugabeetarako instalazioak, orduan hiru tonatik gorako ahalmena

badute;

b)Hondakin arriskutsuetarako instalazioak, egunean 10 tonatik gorako ahalmena

badute.

5.3Hondakin arriskugabeak ezabatzeko instalazioak, egunean 50 tonatik gorako ahalmena badute eta honako jarduera hauetako bat edo gehiago biltzen badute, abenduaren 28ko 11/1995 Errege Lege Dekretuan (Hiriko hondakin-uren tratamenduari aplikatu beharreko arauak ezartzen dituena) jasotakoak izan ezik:

a)Tratamendu biologikoa;

b)Tratamendu fisiko-kimikoa;

c)Errausketaren edo baterako errausketaren aurreko tratamendua;

d)Zepa eta errautsen tratamendua;

e)Birrintze-instalazioetan hondakin metalikoak tratatzea, hondakin elektriko eta elektronikoak barne, bai eta bizitza baliagarria amaitu zaien ibilgailuak eta horien osagaiak ere.

5.4Hondakin arriskugabeen balorizazioa, edo balorizazioaren eta ezabatzearen nahasketa, instalazioek egunean 75 tonatik gorako ahalmena badute eta honako jarduera hauetako bat edo gehiago biltzen badute, abenduaren 28ko 11/1995 Errege Lege Dekretuan (Hiriko hondakin-uren tratamenduari aplikatu beharreko arauak ezartzen dituena) jasotakoak izan ezik:

a)Tratamendu biologikoa;

b)Errausketaren edo baterako errausketaren aurreko tratamendua;

c)Zepa eta errautsen tratamendua;

d)Birrintze-instalazioetan hondakin metalikoak tratatzea, hondakin elektriko eta elektronikoak barne, bai eta bizitza baliagarria amaitu zaien ibilgailuak eta horien osagaiak ere.

Instalazioan hondakinak tratatzeko egiten den jarduera bakarra digestio anaerobikoa izanez gero, jarduera horretarako ahalmen-atalaseak egunean 100 tonakoak izango dira.

5.5Mota guztietako hondakinak hartzen dituzten hondakindegiak (hondakin geldoen hondakindegiak izan ezik), egunean 10 tona baino gehiago jasotzen badituzte, edo guztira 25.000 tonatik gorako edukiera badute.

5.6Aldi baterako biltegiratzea 5.5 puntuan sartuta ez dauden hondakin arriskutsuak, harik eta 5.1, 5.2, 5.5 eta 5.7 puntuetan adierazitako tratamenduak ematen zaizkien arte (salbu eta aldi baterako biltegiratzea sortzen diren lekuan bertan, harik eta handik jasotzen diren arte), guztizko edukiera 50 tonatik gorakoa denean.

5.7Hondakin arriskutsuak lurpean biltegiratzea, guztizko edukiera 50 tonatik gorakoa

denean.

6.Zuraren industria eratorria

6.1Honako hauek fabrikatzeko industria-instalazioak:

a)Paper-orea, lehengai gisa zura edo zuntzezko beste materia batzuk erabilita.

b)Papera edo kartoia, instalazioak egunean 20 tona baino gehiago ekoizteko ahalmena duenean.

6.2Zelulosa ekoizteko instalazioak, egunean 20 tonatik gora ekoizteko ahalmena dutenean.

6.3Zuraren eratorriekin taula mota hauetako bat edo batzuk fabrikatzeko industria- instalazioak: zurezko txirbil orientatuzko taulak, taula aglomeratuak, kartoi trinkotuzko taulak edo zuntzezko taulak; instalazioak egunean 600 m3 baino gehiago ekoizteko ahalmena duenean.

7.Ehungintza-industria.

7.1Ehungintzako zuntzak edo produktuak aldez aurretik tratatzeko (garbitu, zuritu, mertzerizatu) edo tindatzeko instalazioak, egunean 10 tona baino gehiago tratatzeko ahalmena badute.

8.Larruaren industria.

8.1Larrua zurratzeko instalazioak, egunean 12 tona produktu bukatu baino gehiago ateratzeko adinako tratamendu-ahalmena baldin badute.

9.Nekazaritzako elikagaien industria eta abeltzaintzako ustiategiak.

9.1Honako hauetarako instalazioak:

a)Hiltegiak, egunean kanaleko 50 tona haragi baino gehiago ekoizteko ahalmena

badute.

b)Elikagaiak edo pentsuak fabrikatzeko honako lehengai hauek tratatu eta transformatzea (ez bakarrik ontziratzea), aldez aurretik tratatuta edo tratatu gabe:

i)animalia-lehengaiak (ez esnea soilik), baldin eta instalazioak egunean 75 tona produktu bukatu baino gehiago ekoizteko ahalmena badu;

ii)landare-lehengaiak, instalazioak egunean 300 tonatik gora produktu bukatu ekoizteko ahalmena badu; edo 600 tonatik gora, baldin instalazioak, edozein urtetan, ez badu segidan 90 egun baino gehiagoan funtzionatzen;

iii)animalia- eta landare-lehengaiak soilik, biak konbinatzen dituzten produktuetan nahiz bereiz, baldin instalazioak produktu bukatuak ekoizteko honako ahalmen hau gainditzen badu (tonak eguneko):

75, baldin A hamar edo gehiago bada, edo

[300 – (22,5 × A)] beste kasu guztietan.

Azalpena: «A» produktu bukatuak ekoizteko ahalmenaren zati bat da, animalia- materiari dagokiona (pisuaren portzentajean adierazten da).

Bilgarria ez da produktuaren amaierako pisuan sartuko.

Azpiatal hau ez da aplikagarria izango lehengaia esnea bakarrik denean.

c)Esnea soilik tratatu eta transformatzea, instalazioak egunean 200 tona esne baino gehiago (urteko batez besteko balioa) hartzen baditu.

9.2Abere-hondakinak edo karkasak ezabatzeko edo aprobetxatzeko instalazioak, egunean 10 tona baino gehiago tratatzeko ahalmena badute.

9.3Granjako hegaztien edo txerrien hazkuntza intentsiborako instalazioak, honako edukiera hau gainditzen badute:

a)40.000 oilo errulerentzako kokaguneak, edo, granjako hegaztien beste produkzio mota batzuetarako, nitrogeno-iraizketa baliokidea.

b)2.000 kokagune 30 kg-tik gorako gizentzeko txerrientzat.

c)750 kokagune txerramentzat.

10.Disolbatzaile organikoen kontsumoa.

10.1Material, objektu edo produktuen gainazalak disolbatzaile organikoez tratatzeko instalazioak, batez ere aprestua emateko, estanpatzeko, estaltzeko eta koipegabetzeko, irazgaizteko, itsasteko, lakatzeko, garbitzeko edo inpregnatzeko; disolbatzaile organikoak kontsumitzeko ahalmena orduan 150 kg baino gehiago edo urtean 200 tona baino gehiago izan behar da.

11.Karbonoaren industria.

11.1Karbono sinterizatua edo elektrografitoa errekuntzaz edo grafitazioz fabrikatzeko instalazioak.

12.Zura kontserbatzeko industria

12.1Zura eta zuretik eratorritako produktuak kontserbatzea produktu kimikoak erabilita, eguneko 75 m3-tik gorako ekoizpen-ahalmenarekin. Kanpoan uzten da eraso kromogenoei bakarrik kontra egiteko tratamendua.

13.Uren tratamendua.

13.1Eranskin honetan jasotako instalazioren batek isurtzen dituen hondakin-uren tratamendu independentea, hiriko hondakin-uren legediak aurreikusten ez duena.

14.CO2-a harrapatzea.

14.1Eranskin honetan jasotako instalazioetako CO2 jarioak harrapatzea, biltegiratze geologikoa helburu, abenduaren 29ko 40/2010 Legeari (Karbono Dioxidoaren Biltegiratze Geologikoarena) jarraituz.

II.ERANSKINA

Substantzia kutsatzaileen zerrenda

Atmosfera:

1.Sufre oxidoak eta sufrearen beste konposatu batzuk.

2.Nitrogeno oxidoak eta nitrogenoaren beste konposatu batzuk.

3.Karbono monoxidoa.

4.Konposatu organiko lurrunkorrak.

5.Metalak eta haien konposatuak.

6.Partikulak, partikula xeheak barne.

7.Amiantoa (partikula esekiak, zuntzak).

8.Kloroa eta haren konposatuak.

9.Fluorra eta haren konposatuak.

10.Artsenikoa eta haren konposatuak.

11.Zianuroak.

12.Airearen bidez ugalketan eragina izan dezaketela edota propietate kantzerigenoak edo mutagenoak dituztela frogatuta dagoen substantziak eta nahasturak.

13.Poliklorodibentzodioxina eta poliklorodibentzofuranoak.

Ura:

1.Konposatu organohalogenatuak eta ingurune urtarrean horrelako konposatuak sor ditzaketen substantziak.

2.Konposatu organofosforatuak.

3.Konposatu organoestannikoak.

4.Ingurune urtarrean edo horren bidez ugalketan eragina izan dezaketela edota propietate kantzerigenoak edo mutagenoak dituztela frogatuta dagoen substantziak eta nahasturak.

5.Hidrokarburo iraunkorrak eta substantzia organiko toxiko iraunkorrak eta biometagarriak.

6.Zianuroak.

7.Metalak eta haien konposatuak.

8.Artsenikoa eta haren konposatuak.

9.Biozidak eta produktu fitosanitarioak.

10.Materia esekiak.

11.Eutrofizazioari laguntzen dioten substantziak (batez ere nitratoak eta fosfatoak).

12.Oxigeno-balantzean eragin kaltegarria duten substantziak (eta OEB, OEK edo antzeko parametroen bidez neur daitezkeenak).

13.Urtarrilaren 21eko 60/2011 Errege Dekretuaren (Uren politikaren arloko ingurumen-kalitateko arauei buruzkoa) 1. eranskinean zerrendatutako substantziak.

III. ERANSKINA

Orokorki kontuan hartu beharreko alderdiak edo kasu berezi batean kontuan hartu beharrekoak, 3.12 artikuluan definitzen diren teknika erabilgarri onenak zehazten direnean, ekintza batek ekar ditzakeen kostuak eta onurak eta zuhurtasunaren eta prebentzioaren printzipioak kontuan harturik

1.Hondakin gutxi sortzen dituzten teknikak erabiltzea.

2.Arrisku txikiagoko substantziak erabiltzea.

3.Prozesuan sortutako eta erabilitako substantziak —eta, hala behar denean, hondakinak— berreskuratzeko eta birziklatzeko teknikak garatzea.

4.Eskala industrialean emaitza positiboak eman dituzten prozesu, instalazio edo funtzionamendu-metodo konparagarriak.

5.Aurrerapen teknikoak eta ezagutza zientifikoen bilakaera.

6.Kasuan kasuko isurtzeen izaera, ondorioak eta bolumena.

7.Noiz hasi diren funtzionatzen instalazio berriak edo lehendik daudenak.

8.Teknika erabilgarri onen bat ezartzeko behar den epea.

9.Eraginkortasun energetikoko prozeduretan erabiltzen diren lehengaien (ura barne) kontsumoa eta izaera.

10.Isurtzeen inpaktu globala eta ingurumeneko arriskuak prebenitzeko edo ahalik eta gehien murrizteko premia.

11.Istripu-arrisku oro prebenitzeko edo istripuek ingurumenean izan dezaketen eragina murrizteko premia.

12.Nazioarteko erakundeek argitaratutako informazioa.

IV. ERANSKINA

Publikoak erabakietan parte hartzea

1.Autonomia-erkidegoko organo eskudunak behean azaltzen diren informazioak emango dizkio publikoari prozeduraren hasierako faseetan, erabakiak hartu aurretik betiere, edo, bide elektronikoak erabil badaitezke, informazioa bide elektronikoetatik emateko zentzuzko aukera eduki bezain laster:

a)Ingurumen-baimen integratuaren eskaeraren dokumentazioa, hura funtsean aldatzekoa, edo, halakorik bada, berrikuspenari dagokion dokumentazioa, 16. artikuluan xedatutakoarekin bat.

b)Eskaeraren ebazpena ingurumen-inpaktuaren ebaluazio nazional edo mugaz haraindiko baten mende dagoela, edo estatu kideen arteko kontsulten mende dagoela, hala denean, 27. eta 28. artikuluetan ezarritakoarekin bat.

c)Ebazteko organo eskudunak, informazioa eman dezaketen organoak eta oharrak nahiz galderak jaso ditzaketen organoak zeintzuk diren (beren-beregi adieraziko da zer epe dagoen horretarako).

d)Eskaeraren ebazpenaren edo ebazpen-proposamenaren izaera juridikoa.

e)Behar denean, ingurumen-baimen integratuaren berrikuspenari buruzko xehetasunak.

f)Informazioa noiz eta non emango den, eta zer bide erabiliko diren horretarako.

g)Publikoak parte hartzeko eta publikoari kontsulta egiteko modalitateak, 5. zenbakiaren arabera definituak.

h)Betiere, instalazio baterako baimena eman dela, funtsean aldatu dela edo berrikusi egin dela adieraziko da, 7.5 artikulua aplikatzea proposatzen denean.

2.Autonomia-erkidegoetako organo eskudunek bermatu egingo dute honako datu hauek interesdunen eskura jartzea epe egokien barruan:

a)Legedi nazionalarekin bat etorriz, txosten eta irizpen nagusiak, agintari eskudunei igorriak, interesdunei informazioa eman behar zaien unean, 1. zenbakian ezarritakoaren arabera.

b)Ingurumenaren arloan informazioa eskuratzeko eta parte-hartze publikorako eskubideak arautzen dituen legedian xedatutakoarekin bat etorriz, 1. zenbakian aipatutakoez besteko edozein informazio, eskaera ebazteko egokia bada, 8. artikuluan xedatutakoarekin bat, eta ezin bada lortu harik eta interesdunei informazioa emateko aldia,

1.zenbakian arautzen dena, amaitu arte.

3.Interesdunek eskubidea izango dute, eskaera ebatzi aurretik, organo eskudunari egokitzat jotzen dituzten ohar eta iritzi guztiak adierazteko.

4.Eranskin honen arabera egiten diren kontsulten emaitzak kontuan hartu beharko ditu organo eskudunak eskaera ebazteko garaian.

5.Ingurumen-baimen integratua emateko autonomia-erkidegoko organo eskudunak zehaztuko ditu publikoari informazioa emateko eta interesdunei kontsulta egiteko modalitateak. Nolanahi ere, fase guztietarako zentzuzko epeak ezarriko dira, nahiko denbora izan dadin publikoari informazioa emateko eta interesdunak prestatu ahal izan daitezen eta benetan parte har dezaten ingurumenari buruzko erabakiak hartzeko prozesuan, eranskin honetan xedatutakoari jarraituz.

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra