Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Administrazio zuzenbidea  >>  Legeria  >> Orokorra

11/2012 Errege Lege Dekretua, martxoaren 30ekoa, Lorcan lurrikarak kaltetu zituenentzako laguntzen ordainketa arintzeko, eraitsitako higiezinak berreraikitzeko eta jarduera ekonomikoa bultzatzeko neurriak onartzen dituena

2012-03-30

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2012/3/31, 78. zk.

I.  XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

4440

11/2012 Errege Lege Dekretua, martxoaren 30ekoa, Lorcan lurrikarak kaltetu zituenentzako laguntzen ordainketa arintzeko, eraitsitako higiezinak berreraikitzeko eta jarduera ekonomikoa bultzatzeko neurriak onartzen dituena.

2011ko maiatzaren 11n gertatu zen Lorcako lurrikara, eta kalte handiak eragin zizkien, bai pertsonei, bai ondasunei. Hamar hilabete igaro dira harrezkero, eta Estatuko Gobernuak onartutako konpentsazio- eta sustapen-neurriak ez dira erabat gauzatu. Hala bada, ezin izan da guztiz itzularazi herri hartara normaltasuna. Egoera horrek eragiten dituen ondorio asaldagarriak udalerriaren jarduera-arlo guztietan ari dira nabarmentzen, eta zama dira Lorcako ekonomia- eta gizarte-sarea bere oneratzeko eta garatzeko.

Maiatzaren 13ko 6/2011 Errege Lege Dekretuan (Lorcan –Murtziako Eskualdeko Autonomia Erkidegoan– izandako mugimendu sismikoek eragindako kalteak konpontzeko premiazko neurriak onartu zituen) eta urriaren 31ko 17/2011 Errege Lege Dekretuan (Lorcan izandako mugimendu sismikoek eragindako kalteak arintzeko neurri osagarriak ezarri zituen) laguntzak kudeatzeko aurreikusten diren kudeaketa-sistemak nola garatu diren aztertuz gero, argi ikusten da administrazio-zailtasunak daudela eta laguntzak ez zaizkiela behar bezala iristen jaso behar dituztenei. Errege lege-dekretu honek, bada, honako hau du helburu nagusia: lehenbailehen bermatzea laguntzak ahalik eta arinen ordaintzen zaizkiela hartzaile horiei, eta ezartzeko arrazoi izan ziren elkartasuna eta justizia gauzatu egiten direla; halaber, Lorcako herria berreraikitzen laguntzea eta Lorcako herriko ekonomia-jarduera sustatzea.

Eginkizun horretan laguntzeko, onuradunei ordaintzeko prozedura bat ezartzen da, Lorcako herrian egoitza duten finantza-erakundeen bitartez –aldez aurretik Kreditu Ofizialeko Institutuarekin hitzarmena eginez– egiteko ordainketa. Hala bada, hasiera batean Kreditu Ofizialeko Institutuak jartzen ditu eskura laguntzak ordaintzeko behar larriari erantzuteko behar diren finantza-baliabideak. Prozedura hori salbuespenezkoa eta premiazkoa da, egungo aurrekontu- eta ekonomia-egoera zein den eta onuradunei zor zaizkien diru-zenbatekoak likidatzeko eta ordaintzeko atzerapena ikusirik apailatua.

Bestalde, eraitsitako etxebizitzak berreraikitzeko jarduerak nahitaez betearazteko aukera izango da, hondamendi-egoeraren salbuespenezko ezaugarriak direla-eta.

Halaber, Lurzoruaren Enpresa Entitate Publikoa, SEPES, agente eraikitzailea izango da nahitaezko betearazpeneko prozedura horietan, eta berari eginkizun horiek esleitzeko prozedura ere xedatzen da.

Azkenik, egungo egoeraren larritasun iraunkor honek agerian uzten du oraindik ere beharrezkoak direla tributuen arloko neurri zuzentzaileak desoreka ekonomiko eta sozialei aurre egiteko, Lorcako herriko herritarrek tributuen arloko karga gutxiago izan dezaten.

Errege lege-dekretu honek osatu egiten ditu 2011ko maiatzaren 11n Lorcan izandako mugimendu sismikoen eragina jasan zutenen alde bere garaian onartu ziren laguntzak.

Hala bada, mugimendu sismiko horien eragina jasan zuten zergapekoek aukera izango dute Estatuko Zerga Administrazioari eskatzeko atzera ditzala 2011ko sozietateen zerga eta pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga direla-eta sortutako zerga-zorrak.

Toki-administrazioko tributuen arloan, bestalde, luzatu egiten dira 2012ra arte maiatzaren 13ko 6/2011 Errege Lege Dekretuan ondasun higiezinen gaineko zergarako eta ekonomia-jardueren gaineko zergarako ezarritako onura fiskalak.

Datozen hilabeteotan, berriz, Estatuko Administrazio Orokorrak, Murtziako Eskualdeko Autonomia Erkidegoak eta Lorcako udalak plan bat egingo dute, hemen jasotzen diren neurriak –dagoeneko betearazita daudenak eta betearazteko daudenak– osatzeko ez ezik, udalerri horretako ekonomia- eta gizarte-jarduera sustatzeko beste ekimen batzuk ere jasoko dituena.

Azaldutako egoera horrek nabarmenki eragiten du neurri horiek gauzatzeko tresna juridikoak zein izan behar duen erabakitzeko orduan. Lehen esan dugunez, bai 6/2011 eta 17/2011 errege lege-dekretuetan onartutako hasierako diru-laguntzak onuradunei ezin iristea eragin duten administrazio-zailtasunak direla-eta, bai hondamendia gertatuz gero igarotako denbora dela-eta, are eta larriagoa da kaltetuen egoera, eta, beraz, ezinbestekoa da lehenbailehen konpontzea haiek jasandako kalteak; horrenbestez, Gobernuaren ahala da egoera hori aparteko eta premiazko beharrizantzat izendatzea, errege lege-dekretu bat onartzeko baldintza den aldetik.

Hala bada, horren guztiaren ondorioz, Espainiako Konstituzioaren 86. artikuluko baimenaz baliatuta, Gobernuko presidenteordetzak, Presidentziako ministroak, Ogasun eta Herri Administrazioko ministroak, Barne ministroak, Sustapen ministroak eta Ekonomia eta Lehiakortasuneko ministroak proposatuta, Ministro Kontseiluak 2012ko martxoaren 30eko bileran eztabaidatu ondoren, honako hau XEDATZEN DUT: I. KAPITULUA Xedapen orokorrak 1.  artikulua.– Xedea.

Errege lege-dekretu honetan jasotako neurrien xedea da prozedura bat arautzea, Lorcako herrian –Murtziako Eskualdeko Autonomia Erkidegoan– 2011ko maiatzaren 11n gertatutako mugimendu sismikoek eragindako kalteak direla-eta aurreikusitako laguntzak ordainduko direla ziurtatzeko; maiatzaren 13ko 6/2011 Errege Lege Dekretuan (2011ko maiatzaren 11n Lorcan, Murtziako Eskualdeko Autonomia Erkidegoan, izandako mugimendu sismikoek eragindako kalteak konpontzeko premiazko neurriak onartu zituen) eta urriaren 31ko 17/2011 Errege Lege Dekretuan (Lorcan izandako mugimendu sismikoek eragindako kalteak arintzeko neurri osagarriak ezarri zituen) daude aurreikusita laguntza horiek.

Halaber, Lorcako herria berreraikitzeko mekanismoak aurreikusten dira, bai eta bizitokia udalerri horretan duten zergapekoentzako zerga-onurak ere.

II. KAPITULUA Onuradunei esleitutako laguntzak ordaintzeko bidea emango duten neurriak 2.  artikulua. Aplikazio-eremua.

1.  Hona hemen kapitulu honetako aplikazio-eremuan sartzen diren diru-laguntzak:

a)  Etxebizitzak errentan hartzeko eta etxeko gauzak berriz jartzeko laguntzak (maiatzaren 13ko 6/2011 Errege Lege Dekretuaren 3.1 a) artikuluan daude aurreikusita).

b)  Etxebizitzak konpontzeko, birgaitzeko eta berreraikitzeko laguntzak (maiatzaren 13ko 6/2011 Errege Lege Dekretuaren 3.1 c) artikuluan daude aurreikusita).

c)  Merkataritzako lokalak edo establezimenduak konpontzeko, birgaitzeko eta berreraikitzeko laguntzak (maiatzaren 13ko 6/2011 Errege Lege Dekretuaren 3.1 d) artikuluan daude aurreikusita).

3.  artikulua. Diru-laguntzak emateko prozedura.

1.  Errege lege-dekretu honek aipatzen dituen laguntzak 1. artikuluan aipatzen diren lege-dekretuetan eta Murtziako Eskualdeko Autonomia Erkidegoak lege-dekretu horiek garatzeko onartutako arauetan araututako prozedurari jarraituz emango dira.

2.  Maiatzaren 13ko 6/2011 Errege Lege Dekretuaren 7. artikuluan araututako Bitariko Batzordeak, zeinak laguntzak baloratu, erabaki eta zenbatesteko eginkizuna baitu, astean behin egingo du bilera, prozedurak arinago ebaztearren.

3.  Baldin eta, laguntzak ematen dituen organoak, laguntzak eman ondoren, baliogabetzat jotzen badu laguntzak emateko egintza, edo, ezarritako baldintzak ez betetzeagatik, laguntzak itzuli egin behar direla adierazten badu, onuradunak itzuli egin beharko ditu; laguntzak emateko eskumena duen organoari itzuli beharko dizkio, dirulaguntzei buruzko legedian eta aplikatzekoak diren gainerako garapen-arauetan ezarritako moduan.

4.  Egintza ezdeusa dela adierazteko prozedura edo laguntza itzultzeko prozedura Murtziako Eskualdeko Autonomia Erkidegoak bideratu eta ebatziko du, eta, Murtziako Eskualdeko Autonomia Erkidegoak, hala balegokio, Estatuko Administrazio Orokorrari itzuli beharko dio dagokion zatia, hark finantzatutako zatiaren ondorioz dagokiona, alegia.

4.  artikulua.–Laguntzak ordaintzea.

1.  Kreditu Ofizialeko Institutuak bideratuko du laguntzen ordainketa, aldez aurretik zerbitzua emateko aginduzko kontratua berarekin egin eta sinatu duten kredituerakundeekin elkar-lanean.

2.  Errege lege-dekretu honek aipatzen dituen onuradunek, bestalde, onartu zaien laguntzaren zenbatekoa jasoko dute, beren kontu korrontera egindako transferentziaren bidez. Nolanahi ere, autonomia-erkidegoko araudian eta errege lege-dekretu honetan laguntzen helburuak betetzeari buruz ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte.

Berreraikuntzarako laguntzen onuradunek sustatzaile pribatu bati edo Lurzoruaren Enpresa Entitate Publikoari (SEPES) laga ahal izango diote kobratzeko eskubidea.

Nolanahi ere, lagapen hori egiteko, beharrezkoa izango da errege lege-dekretu honen 8. eta 11. artikuluetan ezarritako baldintza guztiak betetzea.

3.  Kreditu Ofizialeko Institutuak, hilero-hilero, laguntzak ordaintzeko agindua emateko izapideak egingo ditu, behin Murtziako Eskualdeko Autonomia Erkidegoko organo eskudunak laguntza ziurtatuen behin betiko zenbatekoak finkatutakoan.

III. KAPITULUA Kreditu Ofizialeko Institutuaren bidezko finantzaketaren prozedura 5.  artikulua.–Laguntzak finantzatzea.

1.  Kreditu Ofizialeko Institutuak, «ICO-LORCA» lerro espezifikoaren bidez, aurreko artikuluan aurreikusitako ordainketak egiteko behar diren mekanismoak ezarriko ditu, eta laguntzak ordaintzeko prozedura antolatuko du beste finantza-erakunde batzuekin batera.

2.  «ICO-LORCA» finantzaketa-lerroaren gehienezko zenbatekoa 115.000.000 euro izango da, eta esleitutako laguntzak ordaindu arteko indarraldia izango du.

3.  Estatuko Administrazio Orokorrak eta Murtziako Eskualdeko Autonomia Erkidegoak, zeinek dagokion portzentajearen arabera (1. artikuluan aipatzen diren arauei jarraituz ezarria), Kreditu Ofizialeko Institutuari ordainduko diote hark bideratu beharreko finantzaketa.

4.  Estatuko Administrazio Orokorrak Kreditu Ofizialeko Institutuari transferituko dizkio maiatzaren 13ko 6/2011 Errege Lege Dekretuaren 7. artikuluak aipatzen duen Bitariko Batzordearen akordioen arabera eta ezarri zaion finantzaketa-portzentajearen arabera dagozkion diru-zenbatekoak; gehienez ere hamabost eguneko epea izango du horretarako, Murtziako Eskualdeko Autonomia Erkidegoko organo eskudunak laguntzak esleitzeko ebazpena ematen duenetik kontatzen hasita.

5.  Kreditu Ofizialeko Institutuak bi aldeko mailegua sinatuko du Murtziako Eskualdeko Autonomia Erkidegoarekin, autonomia-erkidegoak ordaindu beharreko laguntzen finantzaketaren zatiari aurre egiteko; maileguaren zenbatekoa 115.000.000

eurokoa izango da, eta zenbatekoa handiagoa ere izan daiteke, behar izanez gero eta, betiere, Ekonomia Gaietarako Gobernuaren Ordezko Batzordearekin aldez aurretik akordioa eginez. Maileguaren finantza-baldintzak Kreditu Ofizialeko Institutuak erabakiko ditu, aldez aurretik Ekonomia Gaietarako Gobernuaren Ordezko Batzordearekin akordioa eginez.

Murtziako Eskualdeko Autonomia Erkidegoak, nolanahi ere, bere ordenamendu juridikoan ezarritako aurrekontu-arauei eta kontrol-arauei jarraitu beharko die laguntzak onartzeko eta ordaintzeko.

6.  Aurreko puntuan aipatutako bi aldeko maileguaren printzipalaren, interesen eta, hala balegokio, maileguaren finantzaketari dagokion komisioaren berme gisa, atxikipena egingo da Murtziako Eskualdeko Autonomia Erkidegoaren finantzaketa-sistemaren baliabideetan Kreditu Ofizialeko Institutuaren alde, eta atxikipen hori herri-ogasunaren eta Gizarte Segurantzaren kredituen lehentasun-maila berekoa izango da, betiere indarrean den legediaren arabera edo aurrekontu-egonkortasunari eta finantza-iraunkortasunari buruzko legeriaren aldaketatik ondorioztatzen denaren arabera.

Aurreko hori alde batera utzi gabe, berme gehigarriak ere jarri ahal izango dira, aurrekontu-egonkortasunari eta finantza-iraunkortasunari buruzko legeriak aurreikusten duenaren arabera.

7.  Horretarako guztirako, Ekonomia Gaietarako Gobernuaren Ordezko Batzordeak, lehenbailehen, errege lege-dekretu honetan ezarritako baldintza eta ondorioekin bat etorriz, dagozkion erabakiak hartuko ditu helburu horiek lortzeko behar diren finantzamekanismoak abiaraztearren.

6.  artikulua. Informazio-betebeharrak.

1.  Murtziako Eskualdeko Autonomia Erkidegoak laguntzak ordaindu behar zaizkien onuradunen izenen zerrenda bidali beharko dio Kreditu Ofizialeko Institutuari, horretarakoxe ezarritako plataforma telematikoaren bitartez. Zerrenda hori, egun berean eta data horrekintxe, Lorca aldea berreraikitzeko eta hango ekonomia berrabiatzeko Gobernuaren ordezkariari ere bidali beharko zaio.

Zerrenda horretan, honako hauek jaso beharko dira, gutxienez: onuradunaren izena eta IFZ, bizitokia, kontu korrontearen zenbakia, zergatik ematen zaizkien laguntzak eta laguntza horien behin betiko zenbatekoa, bai eta Kreditu Ofizialeko Institutuak ordainketak egiteko behar adina informazio ere. Orobat bidaliko zaio Gobernuaren Murtziako Eskualdeko Autonomia Erkidegoko ordezkaritzari.

2.  Baldin eta, emandako datuak zuzenak ez izateagatik, ezin badira laguntza batzuk ordaindu, dagokien zenbatekoa gordailuan utziko da Murtziako Eskualdeko Autonomia Erkidegoaren berariazko kontu batean, harik eta zenbatekoa behar bezala aplikatzeko behar direnak egiten diren arte.

3.  Finantza-erakundeekin laguntzak zuzenean ordaintzeko ituna egin denean, haiei ere bidali behar zaie lehen aipatutako informazio hori, plataforma telematikoaren bitartez.

4.  Kreditu Ofizialeko Institutuak, hilero-hilero, aurreko hilabetean egindako ordainketen zerrenda bat bidaliko die Murtziako Eskualdeko Autonomia Erkidegoari, Gobernuaren Murtziako Eskualdeko Autonomia Erkidegoko Ordezkaritzari eta Lorca aldea berreraikitzeko eta berrabiatzeko Gobernuaren ordezkariari, errege lege-dekretu honetan ezarritakoa betez.

IV. KAPITULUA Eraitsitako etxebizitzak berreraikitzea 7.  artikulua. Nork bere borondatez eraikitzea.

Hondatutako edo eraitsitako etxebizitzak berreraikitzeko laguntzak jasotzean, onuradunak etxebizitza horiek berreraikitzeko legezko betebeharra hartzen du; hala, udalaren lizentzia eskatu beharko du, laguntzak ematen zaizkionetik kontatzen hasita bi hilabeteko epean aurkeztuta eskabidea.

Berreraikitzeko jarduerak eraikuntzaren arloko hirigintza-arauen eta arau teknikoen pean gauzatuko dira.

Eraitsitako etxebizitzak berreraikitzeko betebeharra epearen barruan eta nork bere borondatez bete ezean, esleitutako laguntza ez da ezeztatuko, eta itzuli ere ez da itzuli beharko, hurrengo artikuluan aurreikusten diren nahitaezko eraikuntzaren kasuetan.

8.  artikulua. Nahitaez eraikitzea.

Gerta liteke, hondamendi-egoeraren salbuespenezko ezaugarriak direla-eta, kaltetutako etxebizitzak berreraikitzeko jarduerak nahitaez gauzatu beharrekoak izatea, egoera normalera lehenbailehen itzultzearren. Hala bada, behin dagokion laguntza esleitzen denetik bi hilabete igarotakoan, kaltetutako etxebizitzak berreraikitzeko jarduerak nahitaez betearaztekoak izan litezke, Lurzoruaren Legearen testu bateratuan (ekainaren 20ko 2/2008 Legegintzako Errege Dekretuak onartu zuen) eta Murtziako Eskualdeko Autonomia Erkidegoko eta Lorcako udaleko hirigintza-araudian ezarritako baldintzen arabera.

9.  artikulua. Lurzoruaren enpresa-entitate publikoko (SEPES) agente eraikitzailea nahitaez eraiki beharreko kasuetan.

Lurzoruaren enpresa-entitate publikoa (SEPES) agente eraikitzailea izango da kaltetutako etxebizitzak edo eraikuntzak nahitaez ordezkatzeko prozeduretan, edozein dela ere eraikuntza horien izaera juridikoa; Lurzoruaren Legean eta Murtziako Eskualdeko Autonomia Erkidegoko eta Lorcako udaleko hirigintza-araudian ezarritako baldintzen arabera izango da agente eraikitzaile, eta, hartara, lurzoruaren enpresa-entitate publikoaren (SEPES) estatutuetan ezarritako xedea zabaldu egiten dela joko da.

Eskumena duten herri-administrazioek eraikitze-betebeharrak nahitaez betearazteko behar diren administrazio-hitzarmenak egingo dituzte SEPES entitatearekin.

Artikulu honetan ezarritakoa alde batera utzi gabe, Murtziako Eskualdeko Autonomia Erkidegoak, bere eskumenen eremuan, beharrezko irizten dien arauak eman ahal izango ditu, kontuan harturik lurrikararen ondorioz eta Lorcako udalerrira normaltasun urbanistikoa bihurrarazteko ezinbesteko premiaren ondorioz berreraikuntza-jarduerek dituzten ezaugarriak, salbuespenezkoak eta bereziak direnez gero.

10.  artikulua. Nork bere borondatez eraikitzeko kasuetan lurzoruaren enpresa-entitate publikoari (SEPES) jarduerak esleitzeko prozedura.

Kaltetutako eraikuntzen jabe edo jabekideek, berreraikitzeko legezko betebeharra dutenean, legezko ordezkari izenda dezakete lurzoruaren enpresa-entitate publikoa (SEPES), beren borondatez bete behar dituzten administrazio-, notario- eta erregistroeginkizun guztiak hark bete ditzan, bai eta, kaltetutako eraikinak eta etxebizitzak borondatez eraiki behar diren kasuan, beharrezkoa den zernahi kontratu-eginkizun eta zuzemen gauza dezan. Hala, izendapen hori eginez gero, SEPESek xedatzeko ahal osoarekiko fiduziario gisa jardun ahal izango du, eta entitatearen estatutuetako xedea hartarakoxe zabaldu dela joko da.

Aurreko idatz-zatian aipatutako izendapen hori egiteko, jabekideen aho bateko erabakia beharko da; horretarako, baina, esleitutako laguntzak kobratzeko eskubidea laga beharko zaio, dagokion onuradunaren izenean gauzatutako eginkizun horiek ordaintzeko balia ahal izan daitezen. Horretarako, berariazko entzunaldia emango zaie interesdunei, eta aukera emango zaie laguntza horiek dirutan ordez beste aukera horien bitartez balia ditzaten.

Laguntza esleitzeko administrazio-ebazpena SEPESi ere jakinaraziko zaio.

Ebazpenak berariaz aipatu beharko du lagapen hori, eta titulu nahikoa izango da onuradunei dagozkien ahalmenak haren esku uzteko.

Behin esleitutako laguntzak kobratutakoan, berreraikitzeko jarduerak borondatez gauzatzeko jabeek dituzten ahalmenak SEPES entitatearen gomendio uzteko, beharrezkoa izango da dagozkion diru-zenbatekoak SEPES entitateari entregatzea, eta halaxe egin dela jaso beharko da gomendio uztea formalizatzeko agiri publikoan.

V. ATALA Zerga-onurak 11.  artikulua. Ondasun higiezinen gaineko zergan eta ekonomia-jardueren gaineko zergan aurreikusitako zerga-onurak.

2012.  urtera arte luzatzen dira ondasun higiezinen gaineko zergarako eta ekonomiajardueren gaineko zergarako maiatzaren 13ko 6/2011 Errege Lege Dekretuaren 12. artikuluan ezarritako zerga-onurak.

12.  artikulua. Zerga-zorrak atzeratzea.

Zerga Administrazioak, bestalde, sozietateen gaineko zergarengatik eta pertsona fisikoen errentaren gaineko zergarengatik 2011n dituzten zerga-zorrak atzeratzea onartuko die maiatzaren 13ko 6/2011 Errege Lege Dekretuak aipatzen dituen mugimendu sismikoen ondorioz kaltea jasan duten zergapekoei; horretarako, baina, eskaria egin beharko dute aldez aurretik.

Aurreko paragrafoan aipatzen diren zergapekoek egiaztatu egin beharko dute Zerga Administrazioaren aurrean aipatutako mugimendu sismiko horien kaltea jasan dutela, zuzenbideak onartzen dituen frogabideak baliatuz. Nolanahi ere, baldintza izango da, horretarako, 2011ko maiatzaren 11n helbide fiskala Lorcako udalerrian eduki izana, abenduaren 17ko 58/2003 Legearen 48.2 artikuluan xedatzen diren baldintzen arabera.

Xedapen honen ondorioetarako eta ez bestetarako, helbide fiskalaren baldintza betetzat joko da baldin eta, abenduaren 17ko 58/2003 Legearen 48.2 artikuluan ezarritako irizpideetako edozein aplikatuta, helbide hori –data horretan, udalerri horretan– zegoela jo ahal bada, edozein izanik ere 2011ko maiatzaren 11n Estatuko Zerga Administrazioan halakotzat izendaturik ageri zena.

Ez da izango zerga-zorra atzeratzeko aukera emateko baldintza bermeak jartzea, eta atzeratutako diru-zenbatekoak dagokion berandutze-interesa sorraraziko du.

Artikulu honetan ezarritakoaren arabera zerga-zorraren ordainketa atzeratzen denean, aipatutako zerga horien autolikidazioa aurkezteko epeak amaitu eta handik hamabi hilabeteetara ordaindu beharko dira zerga-zorraren diru-zenbatekoa eta sortutako berandutze-interesen diru-zenbatekoa.

Zerga-zorraren ordainketa atzeratzeko eskaera zerga horien autolikidazioa aurkezteko legez ezarritako epea amaitu baino lehen egin beharko da; alabaina, eskera hori eginez gero, ezingo da baliatu pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari buruzko erregelamenduaren 62.2 artikuluan (martxoaren 30ean onartu zen erregelamendu hori, 439/2007 Errege Dekretuaren bidez) arautzen den zatikatzea.

Lehen xedapen gehigarria.  Lorcako merkataritzarako laguntzak.

Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioak, Barne Merkataritzako Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, aukeran du Lorcako Udalari laguntzak ematea udalerriko merkataritzaren sektorerako interes berezia duten proiektuak gauzatzeko. Milioi bat eta bostehun mila euro izango dira horretarako, 2012ko ekitaldian Merkataritzaren Lehiakortasuna eta Produktibitatea Hobetzeko 2009-2012 Planerako Estatuko Aurrekontu Orokorretan izendatutako kredituaren kargura. Merkataritzako Zuzendari Nagusien Mahaiak udalerri horretan merkataritzako establezimenduak birgaitzeko eta merkataritza eta salmentak sustatzeko plan berezi gisa onartutako erabakiarekin bat etorriz baliatuko du aukera hori. Laguntza hori urriaren 31ko 17/2011 Errege Lege Dekretuaren 2. artikuluan ezarritako baldintza berberen arabera antolatuko da.

Bigarren xedapen gehigarria.  Lorca plana.

Bederatzi hilabeteko epean, Estatuko Administrazio Orokorrak, eta, bereziki, Lorca aldea berreraikitzeko eta hango ekonomia berrabiatzeko Gobernuaren ordezkariak, Murtziako Eskualdeko Autonomia Erkidegoak eta Lorcako Udalak jarduera-plan bat egingo dute udalerriko jarduera ekonomikoa eta sozialaren bere oneratzea sustatzeko.

Hirugarren xedapen gehigarria.  Mugimendu sismikoaren ondorioz jasotako laguntzen eta kalte-ordainen tratamendu fiskala.

Maiatzaren 3ko 6/2011 Errege Lege Dekretuaren 3. artikuluan (2011ko maiatzaren 11n Lorcan –Murtziako Eskualdeko Autonomia Erkidegoan– izandako mugimendu sismikoek eragindako kalteak konpontzeko premiazko neurriak onartu ziren errege legedekretu horren bidez) aurreikusitako ondare-elementu aseguratuen suntsitzeagatik jasotako kalte-ordainei, azaroaren 28ko 35/2006 Legearen bosgarren xedapen gehigarrian ezarritakoa aplikatuko zaie (azaroaren 38ko 35/2006 Legea, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari buruzkoa eta sozietateen gaineko zergaren, ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren eta ondarearen gaineko zergaren gaineko legeen partezko aldaketari buruzkoa).

Lehen aipatutako 3. artikulu horretan aipatzen diren ondare-elementuak konpontzeko laguntza publikoekin eta aurreko paragrafoan aipatutako ondare-elementuak konpontzeko kalte-ordainekin ezingo da ondare-irabazirik egin. Konponketa-kostuak, laguntza edo kalte-ordain horren zenbatekora arte, ezingo dira aplikatu zerga-kenkari gisa, eta hobekuntza gisa kontatu ere ez.

Xedapen gehigarri honetan ezarritakoa 6/2011 Errege Lege Dekretua indarrean sartuz geroko kalte-ordain eta laguntzei aplikatuko zaie.

Lehen xedapen iragankorra.  Errege lege-dekretu hau indarrean sartu aurretik esleitutako laguntzei aplikatzeko araubidea.

1.  Esleitutako eta ordaindutako laguntzak, hala nola errege lege-dekretu hau indarrean sartu aurretik esleitu baina artean ordaintzeke dauden laguntzak, aurreko araudian laguntzak esleitzeko eta ordaintzeko ezarritako prozeduren pean izango dira.

2.  Errege lege-dekretu hau indarrean sartu aurretik Bitariko Batzordeek egindako bileren ondorioz Estatuko Administrazio Orokorrak Murtziako Eskualdeko Autonomia Erkidegoari igorritako diru-zenbatekoak, laguntzak esleitzeko ebazpenak artean onartu gabe egonik laguntzak ordaintzeko aplikatu ez direnak, Kreditu Ofizialeko Institutuan sartuko ditu Murtziako Eskualdeko Autonomia Erkidegoak.

Bigarren xedapen iragankorra.  Hornidura-funtsaren behin-behineko bermea.

Aldi batez, Aurrekontu-egonkortasunaren eta Finantza-iraunkortasunaren Lege Organikoa aldatu arte, mailegu hau dela-eta ordaindu beharrekoak ordaindu ezean, abenduaren 28ko 12/1995 Errege Lege Dekretuak arautzen duen hornidura-funtsaren kontura kargatu ahal izango da ordaindu gabe utzitako zenbatekoa.

Azken xedapenetako lehena.  Murtziako Eskualdeko Autonomia Erkidegoaren eskumenak.

Errege lege-dekretu honetan ezarritakoak ez ditu eragotziko Murtziako Eskualdeko Autonomia Erkidegoak bere autonomia-estatutuaren babespean dituen eskumenak.

Azken xedapenetako bigarrena.  Araugintzarako gaikuntza.

Errege lege-dekretu honetan ezarritakoa betearazteko beharrezkoak diren xedapenak emango ditu Estatuko Gobernuak.

Azken xedapenetako hirugarrena.  Lorca aldea berreraikitzeko eta hango ekonomia berrabiatzeko Gobernuaren ordezkariaren kontrol-eginkizunak.

Gobernuak Lorca aldea berreraikitzeko eta hango ekonomia berrabiatzeko izendatutako ordezkariak, bere eskumenen esparruan, errege lege-dekretu honen ondoriozko betebeharrak behar bezala betetzen direla egiaztatzeko behar duen informazioa eska dezake.

Azken xedapenetako laugarrena. Indarrean sartzea.

Errege lege-dekretu hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean sartuko da indarrean.

Madrilen, 2012ko martxoaren 30ean.

JUAN CARLOS E.

Gobernuko presidentea, MARIANO RAJOY BREY

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra