Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Administrazio zuzenbidea  >>  Legeria  >> Ingurumena

12/2013 Legea, abuztuaren 2koa, elikatze-katearen funtzionamendua hobetzeko neurriei buruzkoa

2013-08-02

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2013/8/3, 185. zk.

I.  XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

8554

12/2013 Legea, abuztuaren 2koa, elikatze-katearen funtzionamendua hobetzeko neurriei buruzkoa.

JUAN CARLOS I.a ESPAINIAKO ERREGEA

Honako hau ikusi eta aditzen duten guztiei.

Jakizue: Gorte Nagusiek honako lege hau onetsi dutela, eta Nik, hemen, berretsi egiten dudala.

HITZAURREA I

Elikadura, Espainian, nortasun ezaugarri bat da, nekazaritzako elikagaien produkzio ugari eta aberatsetik sortua, bertako lur, itsaso, ekosistema eta tradizioen aniztasunak ahalbidetu duena.

Beraz, elikagaiekin lotutako guztiak daukan garrantzia ez da bakarrik gizaki ororen lehen mailako funtzio bat asebete beharrak eragindakoa, baizik eta Espainian elikadurak gizartearekin, ekonomiarekin eta landa-ingurunearekin izan duen berezko harremanak eragindakoa.

Ezinbesteko lotura hori sendotuz joan da denboran zehar, eta garrantzi handiko sektore bat sortu da elikaduraren inguruan. Sektore horren helburua kontsumitzaileen eskaerei erantzutea ez ezik, Espainiako landa-ingurunearen hazkunde ekonomikoari, garapenari eta aurrerapenari modu nabarmenean laguntzea ere bada.

Beraz, nekazaritzako elikagaien sektoreak balio estrategiko ukaezina dauka Espainian ekonomia nazionalarentzat, eta horrela erakusten dute datu ekonomikoek, BPGd-n eta balantza komertzialean daukan partaidetza kontuan hartuta, edo tamaina, sortzen duen enplegu-kopurua edo produkzio-kotak kontuan hartuta; izan ere, manufaktura-sektoreetan lehena dugu, eta nazioarteko proiekziorik handienetakoa duen sektorea da.

Hala ere, osotasunean hartuz, dituen ezaugarriak kontuan hartuta, sektore ahula da, produkzioaren, transformazioaren eta banaketaren sektoreetako hainbat operadorek hartzen baitute parte, eta sektore horiek ere, banan-banan hartuta, mugatuta daude beren idiosinkrasiagatik.

Orokorrean, nekazaritzako produkzioaren sektorean atomizazio handia dago; batez ere, enpresa txikiek osatzen dute sektore hau. Eskariaren zurruntasuna, eskaintzaren urtarokotasuna eta atomizazioa, lurralde-sakabanatzea edo landa-inguruneari lotutako enpleguak sortzea, nekazaritza-sektorearen berezko ezaugarriak dira, beste sektore ekonomiko batzuetatik nabarmen bereizten dutena, eta argi eta garbi ikusten da hori, esate baterako, Europar Batasuna Eratzeko Tratatuan Nekazaritzako Politika Bateratuaren bidez (NPB) izan duen tratamendua ikusita.

Bestetik, nekazaritzako elikagaien industria enpresa txiki eta ertainek osatzen dute batez ere, Espainiako eta nazioarteko talde industrial handiekin batera.

Elikagaien banaketaren sektorea bi salmenta-bide motatan banatuta dago. Salmentabide antolatua oso kontzentratua dago salmentarako azalera ertaina eta oso handia duten enpresetan. Enpresa horiek produktu-gama zabala eskaintzen dute, eta, normalean, txikizkako banaketa talde handietakoak izaten dira. Salmenta-puntuetako eskariaren zati handi bat beraiek hartzen dute, eta horrek negoziazio-ahalmen handia ematen die hornitzaileen aurrean. Beste salmenta-bidea merkataritza espezializatuarena da, tamaina txikiko salmenta-azaleradun enpresek osatutakoa. Enpresa familiarrak izaten dira, udal merkatuetan, saltoki-guneetan edo beren instalazioetan kokatutakoak.

Heterogeneotasun horrek baldintzatu egin ditu elikatze-katean jarduten duten operadoreen funtzionamendua eta harremanak; agerian geratu dira hutsuneak, eta hutsune horiek areagotu egin dira pairatzen dugun krisi ekonomiko global honen testuinguruan. Produktoreek jasotako prezioen ezegonkortasuna, intsumoen kostu handia eta nazioarteko merkatuen ezegonkortasuna nekazaritzako elikagaien sektorearen lehiakortasuna eta errentagarritasuna kaltetu duten faktore koiunturalak dira.

Balio-katearen egungo egoera aztertuz gero, argi eta garbi geratzen da asimetria nabarmenak daudela negoziazio-ahalmenean, eta, horrek, batzuetan, prezioak eratzeko orduan gardentasun falta izatea eta merkataritza jardueretan bidegabeko lehia sortzea ekar dezake. Merkatua desitxuratzen duten lehiakortasunaren kontrako jarduerak izaten dira, nekazaritzako elikagaien sektore osoaren lehiakortasunean eragin negatiboa dutenak.

Elikatze-kateak funtzionamendu egokia izatea guztiz funtsezkoa da balio erantsi iraunkorra bermatzeko operadore guztientzat, eta, horrela, haien lehiakortasuna, orokorrean, hobea izan dadin eta, era berean, kontsumitzaileentzat ere onuragarria izan dadin. Beraz, ezinbestekoa da arazo honi ikuspegi orokor batetik erantzutea. Elikatzekatean harremanetan dauden operadore guztiak izan behar dira kontuan, merkatubatasuna bermatzeko, eta, modu horretan, nekazaritzako elikagaien sektoreak garapen osoa izan dezan eta ahalmen osoarekin jardun dezan.

Elikatze-katearen esparruko merkatu-batasunaren bermea lehiakortasunerako funtsezko faktore bat da; haren bidez, hobeto aprobetxatu ahal izango dira eskalaekonomiak, lan-banaketa eta lehiaren intentsitatea. Horrek produkzio-kostuak gutxituko ditu, produktibitatea hobetuko du eta enplegu eta ongizate maila hobeak lortzea ahalbidetuko du.

II Nekazaritzako elikagaien sektorean kate-maila desberdinen arteko desorekek eragin duten egoerak Espainiako eta Europako gizarteari ere eragiten dio, bai eta Estatuko eta Erkidegoko erakundeei ere.

Europako Batzordeak «Nekazaritzako elikagaien katearen funtzionamendua hobetzeari buruzko komunikazioa» argitaratu zuen 2009an, eta ordurik hona hainbat ekimen abiarazi dira haren garapenari eragiten dioten benetako arazoak hobeto ezagutu eta aztertzeko xedez.

Batzordearen ekimenez gain, Erkidegoko beste erakunde batzuek ere jarri dituzte martxan ekimenak: Lehiakortasun eta Nekazaritzako Ministroen Kontseiluek, Europako Parlamentuak eta Ekonomia eta Gizarte Komiteak. Adierazpen, ebazpen eta txostenen bidez, argi eta garbi utzi dute arazo hau oso larria eta orokorra dela, eta estatuek arazo sozial eta ekonomiko hau konpontzeko neurriak hartu behar dituztela azpimarratu dute.

Elikatze-katearen funtzionamendua hobetzeari buruzko goi mailako foroa 2011

amaieran eratu zen. Europar Batasunak emandako azken pausua da prezioen gardentasun handiagoa bermatu ahal izateko, lehiakortasuna hobetzeko, negoziazio eta kontratazioetan botere-abusua saihesteko, espekulazioa debekatzeko eta autoerregulazioa bultzatzeko.

Aldi berean, Espainian, Diputatuen Kongresuak hainbat ekimen abiarazi ditu Gobernuak zenbait politika bultza ditzan balio-kateko operadoreek, batez ere nekazari eta abeltzainek, behar besteko ordaina jaso dezaten eta, ondorioz, egiten duten jarduerarako egokia den etekina lor dezaten. Proposamen hori betetzeko, Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioan Elikagaien Prezioen Behatokia sortzea bultzatu zen, merkatuei gardentasun handiagoa emateko xedez.

Elikatze-katearen egoerari buruzko eztabaida eta azterketa horiek estatu kide gehienetara ere zabaldu dira, eta era desberdinetako hainbat neurri aplikatzen dituzte, baina helburu berberarekin.

Erkidegoko eta estatuko ekimen horien guztien helburua da elikatze-katearen oreka lortzea eta lehia bidezkoa, zintzoa eta eraginkorra bermatu ahal izatea, prezioen maila egokiari eutsiz eta kontsumitzaileei behar bezalako informazioa emanez.

III Horrela, bada, lege honen helburua da elikatze-katearen funtzionamendua eta egitura hobetzea, modu horretan, Espainiako nekazaritzako elikagaien sektorearen eraginkortasuna eta lehiakortasuna areagotu dadin eta balio-kateko operadoreen arteko merkataritza-harremanen desorekak gutxitu daitezen, eta hori guztia bidezko lehia baten barruan, sektorearen beraren eta kontsumitzaileen onerako izango den bidezko lehia baten barruan.

Helburu hori lortzeko, honela egituratzen da legea: Hasteko, I. tituluan, «Xedapen orokorrak» daude. Bertan, legearen xedea eta aplikazio-eremua arautzen dira, bai eta, legearen helburuak, zenbait definizio eta lege honen esparruan egiten diren jardueretan eskumena duten administrazio publikoen artean izan beharko den lankidetza ere.

Legearen aplikazio-eremua elikatze-katean parte hartzen duten operadore guztien arteko merkataritza-harremanetara hedatzen da, hasi janari edo elikagaien produkziotik eta banaketaraino.

Bazkideek nekazaritzako elikagaien kooperatibei edo elkarteei produktuak ematea lege honen aplikaziotik kanpo geratzen da.

Hala ere, nekazaritzako elikagaien kateko operadoreen artean egindakoak ere lege honetan xedatutakoari lotutako merkataritza-operazioak izango dira, baldin eta komertzializatzeko xedez ontziratze, transformazio eta bilketa prozesuetan egindakoak badira; eta, betiere, lege honetan xedatutakoari lotutako merkataritza-operazio izango dira animalia biziak, pentsuak eta animalien elikadurarako erabiltzen diren lehengai eta osagai guztiak erostea. Beraz, ez zaie lege hau aplikatuko gainontzeko nekazaritzako elikagaien intsumoei dagozkien merkataritza-harremanak.

Era berean, lege honen II. tituluko I. kapituluaren aplikazio-eremua 2.500 eurotik gorako transakzio komertzialak (jarraituak edo aldian aldikoak) egiten dituzten operadoreen merkataritza-harremanetara mugatzen da, baldin eta operadoreok honako desoreka egoeraren batean badaude:

a)  operadoreetako bat ETE izatea eta bestea ez.

b)  Transformatu gabeko nekazaritza-produktuen, produktu galkorren eta elikagaiintsumoen komertzializazioaren kasuan, operadoreetako bat nekazaritza, abeltzaintza, arrantza edo basogintzako produktore primarioa edo produktore-taldea izatea, eta bestea ez izatea.

c)  Operadoreetako bat ekonomikoki bestearen menpe egotea. Eta bata bestearen menpe egongo da, aurreko urtean bataren produktuaren fakturazioa bestearen produktuaren fakturazioarekiko gutxienez % 30 bada.

Azkenik, 5. artikuluan jasotzen den elikatze-katearen definizioarekin bat etorriz, legearen aplikazio-eremutik kanpo geratzen dira garraio-jarduerak, baita ostalaritzan jarduten duten enpresekiko merkataritza-harremanak ere (txikizkako establezimendu edo salmenta-puntuak, esate baterako, hotelak, tabernak eta kafetegiak).

Titulu honetan, nabarmentzekoa da 6. artikulua, administrazio publikoen arteko lankidetzari eskainitakoa; izan ere, lankidetza hori funtsezkoa izango da lege hau eta merkatu-batasunaren printzipioa behar bezala betetzen direla bermatzeko.

Bestetik, II. tituluko I. kapituluan elikatze-kateko operadoreen artean elikagaiei buruz egindako kontratuak arautzen dira. Merkataritza-harremanetan segurtasun juridikoa eta zuzentasuna bermatzeko, horniketa kontratuak, salerosketa kontratuak eta integrazio kontratuak idatziz egin beharko dira. Berritasunik garrantzitsuena dugu hori. Era berean, idatzizko kontratu horietan, kontratuon funtsezko elementuak, lege honen printzipio gidariekin bat etorriz alderdiek askatasunez hitzartutakoak, berariaz jaso behar dira nahitaez (alderdien identifikazioa, xedea, prezioa, ordainketa-baldintzak, produktuak entregatzea, eskubideak eta betebeharrak, iraupena eta azkentzeko arrazoiak eta ondorioak). Eskatutako forma-betekizuna ez da inolaz ere kontratua izateko eta kontratua baliozkoa izateko betekizuna.

Azkenik, enkante elektronikoak eta operadoreek agiriak bi urtez gordetzeko betebeharra (dagozkion kontrolak egin ahal izateko) arautzen dira.

Elikagai-kontratuak araututa, era berean, elikatze-katearen esparruko merkataritzaharremanetan gardentasun handiagoa ere lortu nahi da (ezkutuko ekonomia ager dadila).

II. kapituluan abusuzko merkataritza jarduerak arautzen dira. Debekatu egiten da kontratuan ezarritako baldintzak aldatzea, baldin eta alderdiek elkarren adostasunez egindako aldaketak ez badira. Elikagai-kontratuek behar diren klausulak izango dituzte, behar izanez gero, kontratua nola aldatu zehazteko eta, behar den kasuetan, atzeraeraginezko eraginkortasuna zehazteko.

Ordainketa komertzialei dagokienez, debekatu egiten da hitzartutako preziotik gora beste ordainketa batzuk egitea, salbu eta kasu zehatz batzuetan, eta baldintza murriztaile zorrotzak aplikatuta.

Bereziki babestutako informazio komertziala dela eta, ezin izango zaio beste operadore bati bere produktuei buruzko informazioa eskatu, baldin eta haien arteko merkataritza-harremanaren esparruan justifikatuta ez badago. Gainera, lortutako informazio hori emandako helbururako baino ezin izango da erabili, informazioaren konfidentzialtasuna errespetatuta.

Azkenik, marken kudeaketari buruzko agindu bat sartu da. Operadoreek kontsumitzaileei eskainitako elikagaien markak, berenak eta beste operadore batzuenak, kudeatu beharko dituzte, lehia askearen kontrako jarduerak edo lehia bidegabea dakartenak saihestuz, Lehia Defendatzeko uztailaren 3ko 15/2007 Legean eta Lehia Bidegabearen urtarrilaren 10eko 3/1991 Legean ezarritakoarekin bat etorriz. Era berean, marka horiek kudeatzean, legez kontrako publizitate ekintzak saihestu beharko dituzte, Publizitateari buruzko azaroaren 11ko 34/1988 Lege Orokorrarekin bat etorriz.

Halaber, debekatu egiten da operadore batek behar ez bezala eta bere onurarako aprobetxatzea inoren ekimen enpresariala. Debekatu egiten da, era berean, bidegabe edo desleialtzat jotzeagatik legez kontrakoa den publizitatea, ontzietan, aurkezpenean edo produktu edo zerbitzuaren publizitatean beste operadore batenak diren produktu, zerbitzu, marka edo izenekin lotzea edo nahastea eragin dezaketen bereizgarriak erabiliz, Markei buruzko abenduaren 7ko 17/2001 Legean definitutako eran, eta Bidegabeko Lehiaren Legearen 11. eta 12. artikuluetan xedatutakoa eragotzi gabe.

Bestetik, III. tituluan elikagaien kontratazioan izan beharreko jardunbide egokiak arautzen dira. Horrela, I. kapituluan elikagaien kontratazioan izan beharreko merkataritza jardunbide egokien kodea arautzen da. Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak bultzatuko du kode hori, Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioarekin, autonomiaerkidegoekin eta produkzioaren, transformazioaren, industriaren edo banaketaren organizazio eta elkarteekin batera. Kode horrekin bat egitea borondatezkoa izango da elikatze-kateko operadoreentzat.

Horretarako, Estatuko erregistro bat sortzea aurreikusi da. Baliabide publiko bat izango da, eta, bertan, goian aipatutako kodera atxikitako elikatze-kateko operadore guztiak bilduko lirateke.

Era berean, Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministeriotik elikadurarekin eta elikatze-katearekin lotuta bultzatzen diren diru-laguntzak arautzeko araudian operadoreak erregistroan inskribatuta egotea kontuan hartzea aurreikusten da.

Beste alde batetik, II. kapituluan, jardunbide egokien beste kode batzuk izateko aukera aurreikusten da, kateko beste operadore batzuek bultzatutakoak, eta horiek ere, operadoreekin batera, erregistroan inskribatu ahal izango dira.

Ondoren, legearen IV. titulua arautzen da. Bertan, Elikatze Katearen Behatokia sortzen da, Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioari atxikitako kide anitzeko organo gisa. Organo berri horrek Elikagaien Prezioen Behatokia ordezten du; izan ere, lege honen bidez, indargabetu egiten da behatoki hori sortzeko araudia. Behatoki berriak elikatze-katearekin lotutako beste eginkizun batzuk hartzen ditu, eta elikagaien prezioekin lotutakoak betetzen jarraituko du.

Orokorrean, Elikatze Katearen Behatokiaren eginkizunak izango dira elikatze-katearen eta elikagaien prezioen funtzionamenduaren gaineko jarraipena egitea, aholkularitza eskaintzea, kontsulta, informazioa eta azterketa-lanak egitea. Era berean, Elikagai Kontratazioko Merkataritza Jardunbide Egokien Kodearen proposamenaren gaineko txostena egingo du, kateko operadoreek kode hori ezagutu dezaten eta kodearekin bat egin dezaten ahaleginduko da eta kodea aplikatzeak dakartzan emaitzen berri izango du, beharko balitz, hobekuntza edo eguneratze neurriak proposatzeko. Azkenik, bere eginkizunak betetzean legea bete ez dela ikusten badu, horren berri eman ahal izango dio agintari eskudunari.

Organo horren osaera eta funtzionamendua erregelamenduz ezarriko dira.

V. tituluan, lege honetan xedatutakoa ez betetzeagatik aplikatuko den zehatzeko ahala arautzen da. Arau-hausteak eta zehapenak tipifikatzen dira, eta kasuan-kasuan zehatzeko ahal hori betetzea zein agintari eskuduni dagokion zehazten da.

Nabarmentzekoa da, kontratuak idatziz formalizatzeko betebeharra ez betetzeagatik izan daitekeen erantzukizunari dagokionez, kontratuak idatziz formalizatzeko betebeharra ez betetzeagatik eta kontratuan gutxienez jaso beharreko atalak ez sartzeagatik egindako arau-haustearen ustezko egiletzat hartuko direla kontratu-harremanean indar ekonomiko handiagoa duten operadoreak. Dena dela, horren aurka frogak aurkeztu ahal izango dira.

Era berean, lege honetan ezarritako zehatzeko araubidea Estatu osoko lurraldean modu homogeneoan aplikatzen dela bermatzeko, Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak, dagokion sektoreko batzarraren bitartez, ildo komun batzuk prestatu eta onartzea aurreikusten da.

VI. tituluan, integrazioa bultzatuz elikatze-katearen egitura hobetzeko neurriak sartzen dira, bai eta operadoreen lehiakortasuna hobetzen laguntzeko beste neurri batzuk ere.

Halaber, lau xedapen gehigarri ditu lege honek.

Lehenengo xedapen gehigarriak Oliba-oliorako Agentzia organismo autonomoa aldatzen du; hemendik aurrera, Elikagaien Informazio eta Kontrolerako Agentzia deituko da, eta orain arteko eginkizunez gain, lege honetan xedatutakoa betetzen den kontrolatzeko eginkizunak izango ditu.

Bigarren xedapen gehigarrian kontrol ofizialerako nekazaritzako elikagaien laborategiak arautzen dira, Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioaren menpe daudenak, eta haien zerbitzuak emateagatik eskatu ahal izango den tasa ezartzen da.

Hirugarren xedapen gehigarrian berariaz adierazten da lege honetan xedatutakoa Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioari eta haren menpeko organismoei bideratutako baliabide material eta pertsonalekin egingo dela, eta horrek ez duela ekarriko gastuaren gehikuntza garbirik, batez ere langileria arloko gastuei dagokienez.

Araudia aldatzeko bi azken xedapen ere sartu dira.

Azken xedapenetako lehenengoan, Nekazaritzako Elikagaien Lanbide Arteko Erakundeak Arautzen dituen abenduaren 30eko 38/1994 Legea erreformatzen da.

Legearen testu berrian, konponduta geratzen dira duela gutxi ez ordaintzeengatik izandako arazoak, eskualde mailako lanbide artekoen arauaren hedapenari eta kalitate figurei dagokienez. Eginkizun berriak ere sartzen dira (besteak beste, aurreikuspen estatistikoak egitea, eskaintza arautzea eta prezioen negoziazio kolektiboa), baina, dela dela, Estatuko eta Erkidegoko lehiari buruzko araudian ezarritakoaren menpe egongo dira. Azkenik, arau-hausteen eta zehapenen sistema eguneratzen da.

Azken xedapenetako bigarrenak, berriz, nekazaritzako elikagaien kontratu-ereduak arautzen dituen urtarrilaren 7ko 2/2000 Legea aldatzen du. Nekazaritzako elikagaien sektore lehiakorra, eraginkorra eta gardena eraikitzeko funtsezkoak diren baliabide horiek hobetzera dator aldaketa hori. Horrela, bada, nekazaritzako elikagaien esparruan beharrezkoa da nekazaritzako kontratu-ereduen araubidea eguneratzea, merkatuei egonkortasun handiagoa emateko xedez, produkzioak, kantitateari eta kalitateari dagokienez, kanpo eta barne merkatuen eskarietara egokitzeko eta merkatuaren gardentasuna eta lehiakortasuna hobetzeko.

Lege horren testuari egindako aldaketa nagusi horietan ezarritakoaren arabera, prezioa finkatzeko orduan kontuan hartu ahal izango dira, hala badagokio, prezio edo kostuen adierazleak, eta, edonola ere, jaso beharreko prezioa eta aplikatzen diren adierazleak, alderdiek ezarriko dituzte askatasunez. Adierazle horiek objektiboak, gardenak eta egiaztagarriak izango dira, ezin izango dira manipulatu eta lehiari buruzko araudia kontuan hartuz ezarriko dira. Halaber, lege honetan xedatutakoa ez betetzeagatik aplikatu daitezkeen arau-hausteak eta zehapenak eguneratzen dira.

I. TITULUA Xedapen orokorrak 1. artikulua.  Xedea.

Lege honen xedea da elikatze-katearen funtzionamendua hobetzeko neurriak ezartzea, 3. artikuluan ezarritako helburuak lortzeko.

2. artikulua.  Aplikazio-eremua.

1.  Elikagai edo janarien produkziotik eta banaketaraino elikatze-katean parte hartzen duten operadore guztien arteko merkataritza-harremanei aplikatuko zaie lege hau.

Lege honen ondorioetarako, ez da merkataritza-harremantzat hartuko eta, beraz, legearen aplikazio-eremutik kanpo geratzen da bazkideek nekazaritzako kooperatibei eta beste elkarte batzuei produktuak ematea, baldin eta kooperatiba edo elkarte horien estatutuen arabera bazkideek produktuak eman beharra badaukate.

2.  Aurreko paragrafoan adierazitakoez gain, merkataritza-operazioak izango dira nekazaritzako elikagaien kateko operadoreen artean egindakoak, baldin eta komertzializatzeko xedez ontziratze, transformazio eta bilketa prozesuetan egindakoak badira; eta, betiere, lege honetan xedatutakoari lotutako merkataritza-operazio izango dira animalia biziak, pentsuak eta animalien elikadurarako erabiltzen diren lehengai eta osagai guztiak erostea.

3.  Lege honen II. tituluko I. kapituluaren aplikazio-eremua 2.500 eurotik gorako transakzio komertzialak egiten dituzten operadoreen merkataritza-harremanetara mugatzen da, baldin eta operadoreok honako desoreka egoeraren batean badaude:

a)  Operadoreetako bat ETE izatea eta bestea ez.

b)  Transformatu gabeko nekazaritza-produktuen, produktu galkorren eta elikagaiintsumoen komertzializazioaren kasuan, operadoreetako bat nekazaritza, abeltzaintza, arrantza edo basogintzako produktore primarioa edo produktore-taldea izatea, eta bestea ez izatea.

c)  Operadoreetako bat ekonomikoki bestearen menpe egotea. Eta bata bestearen menpe egongo da, aurreko urtean bataren produktuaren fakturazioa bestearen produktuaren fakturazioarekiko gutxienez % 30 bada.

4.  Nahitaezkoa izango da idatziz formalizatutako kontratu bat izatea geroratutako salerosketetan edo geroratutako prezioarekiko salerosketetan, salbu eta aldez aurretik kontratuaren prezioa betiere 2.500 eurotik beherakoa izango dela kalkulatu daitekeen kasuetan.

3. artikulua.  Helburuak.

Hona hemen legearen helburuak:

a)  Gizartearen eta kontsumitzaileen onerako, elikagaien sektorearen eraginkortasuna eta lehiakortasuna areagotzea, elikagaien sektorea osotasunean hartuta. Era berean, lege honen helburua da enpleguaren sorrera eta hobekuntza sustatzea, oso garrantzitsua baita gizarte osoarentzat, landa-ingurunearentzat eta ekonomia nazionalarentzat.

b)  Elikatze-katearen funtzionamendua eta egitura hobetzea, kontsumitzaileen zein katean parte hartzen duten operadoreen onerako, balio erantsiaren banaketa iraunkorra bermatuz aldi berean, elikatze-katea osatzen duten sektoreetan.

c)  Katean informazioaren eta komunikazioaren teknologiak sar eta berritu daitezen bultzatzea, eta elikagaien banaketarako bide berriak garatzea.

d)  Operadoreen arteko merkataritza-harremanetan oreka eta gardentasun handiagoa lortzea, elikatze-katearen gaineko informazioa eta trazabilitatea hobetuz, merkataritza-jarduerak arautuz eta operadoreen arteko jardunbide egokien kodeak bultzatuz.

e)  Produkzio-sektorea indartzea eta nekazaritzako elikagaien lanbide arteko erakundeen jarduerak bultzatzea.

f)  Nekazaritza-produkzioaren, industriaren eta elikagaien transformazioaren lehiakortasuna, eraginkortasuna eta berrikuntza-ahalmena hobetzea.

g)  Banaketa enpresei dagozkien lanen garapena bultzatzea, lehiakortasun esparru baten barruan eta lehia-arauak errespetatuz.

h)  Kontsumitzaileek honako hauei buruz dituzten eskubideak bermatzen laguntzea:

elikagaiei eta haien kalitateari buruzko informazio osoagoa eta eraginkorragoa, horniketakatearen funtzionamendu gardena eta behar besteko eta kalitatezko elikagaiak eskuratu ahal izatea.

i)  Merkatu-batasuna bermatzea, elikatze-katearen lehiakortasuna hobetzeko.

j)  Elikatze-katean iraunkortasunaren kultura zabalagoa izan dadin bultzatzea, enpresen konpromiso sozialerako, lehiakortasuna areagotzeko eta nekazaritzako elikagaien produkzioaren kalitatea hobetzeko faktore gisa.

4. artikulua.  Printzipio gidariak.

Lege honi lotutako merkataritza-harremanetan printzipio hauek gordeko dira: alderdien arteko oreka eta bidezko elkarrekikotasuna, itunak egiteko askatasuna, fede ona, elkarren interesa, arrisku eta erantzukizunen banaketa zuzena, lankidetza, gardentasuna eta merkatuko lehia askearen errespetua.

5. artikulua.  Definizioak.

Lege honen ondorioetarako, hona hemen definizio batzuk:

a)  Elikatze-katea: Elikagaien produkzio, transformazio eta banaketan parte hartzen duten operadoreek egiten dituzten jardueren multzoa da, garraio-jarduerak eta ostalaritzako eta jatetxeen arloko jarduerak kenduta.

b)  Elikagaien sektorea: Nekazaritzako, abeltzaintzako, basogintzako eta arrantzako produkzio-sektoreen multzoa, baita sektore horietako produktuen transformazioa eta banaketa ere.

c)  Operadorea: Elikagaien sektoreko pertsona fisiko edo juridikoa, salmenta edo erosketako talde, zentral edo enpresa bateratua barne, elikatze-katearen esparruan jarduera ekonomikoren bat egiten duena. Azken kontsumitzaileak ez dira elikatze-kateko operadoretzat hartuko.

d)  Produktore primarioa: Batez ere nekazaritzako, abeltzaintzako, basogintzako edo arrantzako produkzioan jarduten duen pertsona fisiko edo juridikoa.

e)  Elikagaia: Gizakiek irenstekoa den edo probabilitate arrazoizkoaren arabera irentsi dezakeen edozein substantzia edo produktu, osorik edo partez transformatua izan zein ez. Horien artean sartzen dira edariak, txiklea eta edozein substantzia, ura barne, elikagaiaren fabrikazio, prestaketa edo tratamenduan borondatez sartu bada.

f)  Elikagai-kontratua: Alderdietako batek, prezio zehatz baten truke, beste alderdiarekin elikagaiak eta elikagai-intsumoak, lehen aipatutakoak, saltzeko betebeharra hartzea, dela salerosketa baten bidez dela horniketa jarraitu baten bidez. Kanpoan geratzen dira azken kontsumitzaileekin egindakoak.

g)  Integrazio-kontratua. Elikagai-kontratuaren modalitate bat da, zeinetan alderdietako batek, integratzaile deritzonak, integratu deritzon beste alderdiari kontratuaren xedea den produkziorako beharrezkoak diren produktu, lehengai eta intsumoak hornitzeko beharra hartzen duen, baita, hala badagokio, zuzendaritza teknikoa hartzeko eta produkzioaren ardura hartzeko ere produkzio-zikloa bukatzen denean.

Bestetik, integratuak integratuari produkziorako beharrezkoak diren lurrak, espazioak eta instalazioak emateko betebeharra hartzen du, baita baliabide eta zerbitzu osagarriak ere, eta hori lortu ondoren, integratzaileari emateko.

h)  Bereziki babestutako informazioa: Publikoak ez diren ezagutza teknikoen multzoa da. Ezagutza horiek produktu baten izaera, ezaugarri edo helburuei buruzkoak, produkziorako metodo edo prozesuei buruzkoak, edo banaketarako edo merkaturatzeko baliabide edo moduei buruzkoak dira, eta horien berri izatea beharrezkoa da produktua fabrikatzeko edo merkaturatzeko.

i)  Aurreikus daitekeen trazabilitatea: Elikagai baten produkzio, transformazio eta banaketarako etapak, aurreikuspen normalen barruan sartzen direnak.

6. artikulua.  Administrazio publikoen arteko lankidetza.

1.  Eskumena duten administrazio publikoek, lege honetan xedatutakoaren esparruan egiten dituzten jardueretan, elkarri informazioa emateko, lankidetzan aritzeko eta elkarri laguntzeko printzipioak beteko dituzte.

2.  Era berean, eskumena duten administrazio publikoek, lege hau aplikatzean, merkatu-batasunaren bermeari buruz indarrean dagoen araudia betetzen dela bermatuko dute, eta, horretarako, beren eskumenak betez, beharrezkoak diren arauzko neurriak, lankidetza-neurriak eta laguntza-neurriak hartuko dituzte.

3.  Operadore baten iritziz, lege honen aplikazio-esparruaren barruan egindako jarduera bat merkatu-batasunaren kontrakoa izan badaiteke, merkatu-batasuna bermatzearen arloan indarrean dagoen legerian ezarritako babes-mekanismoak eta, hala badagokio, aurkaratzeko mekanismoak erabili ahal izango ditu.

7. artikulua.  Lehiaren defentsa.

Lege honek araututako harremanen edukia eta harreman horiek gauzatu eta interpretatzeko printzipio gidarien aplikagarritasuna lehiaren defentsari buruzko araudiaren menpe egongo da, Erkidegoko araudian xedatutakoa eragotzi gabe.

II. TITULUA Kontratazio-araubidea eta abusuzko merkataritza-jarduerak I. KAPITULUA Elikagai-kontratuak 8. artikulua.  Elikagai-kontratuak formalizatzea.

1.  Elikagai-kontratuak idatziz formalizatu beharko dira, eta kontratuen ondoriozko prestazioak hasi aurretik formalizatu beharko dira.

2.  Eskatutako forma-betekizuna ez da inolaz ere kontratua izateko eta kontratua baliozkoa izateko betekizuna.

3.  Hala ere, elikatze-kateko operadoreen arteko harremanetan, prezioaren ordainketa eskura egiten denean, elikagaiak entregatzean, ez da elikagai-kontraturik egiteko beharrik izango, baina alderdiak operadore gisa identifikatu beharko dira, eta merkataritza-harreman horiek dagokion faktura eginez dokumentatu beharko dituzte, eta fakturak fakturazio-betebeharrak arautzeko erregelamendua onartzen duen azaroaren 30eko 1619/2012 Errege Dekretuan ezarritako betekizunak bete beharko ditu.

9. artikulua.  Kontratuen baldintzak.

1.  Kapitulu honetan araututako elikagai-kontratuetan honako atalak jasoko dira gutxienez:

a)  Alderdi kontratatzaileen identifikazioa.

b)  Kontratuaren xedea.

c)  Kontratuaren prezioa, ordainketa guztiak berariaz adierazita, aplikatu daitezkeen deskontuak barne. Zenbateko finkoa edo aldakorra zehaztu ahal izango da. Zenbateko aldakorraren kasuan, faktore objektibo eta egiaztagarrien arabera baino ez da zehaztuko.

Ez dira manipulatzeko moduko faktoreak izango, eta kontratuan berariaz ezarritakoak izango dira, esate baterako, merkatuaren egoeraren bilakaera, emandako bolumena eta produktuaren kalitatea edo osaera, besteak beste.

d)  Ordainketa baldintzak.

e)  Produktuak emateko eta eskura jartzeko baldintzak.

f)  Alderdi kontratatzaileen eskubide eta betebeharrak.

g)  Alderdiek elkarri eman beharreko informazioa, lege honen 13. artikuluan xedatutakoaren arabera.

h)  Kontratuaren iraupena, bai eta kontratua berritzeko eta aldatzeko baldintzak ere.

i)  Kontratua azkentzeko arrazoiak, azkentze horren formalizazioa eta azkentzearen ondorioak.

2.  Alderdiek askatasunez hitzartuko dituzte kontratuaren baldintzak eta irismena, lege honen 4. artikuluan jasotako printzipio gidariak kontuan hartuta.

10. artikulua.  Enkante elektronikoak egitea.

1.  Elikatze-kateko operadoreek elikagaiak erosi edo saltzeko kontratuak egiteko eskaintza publikoak egin ahal izango dituzte, parte-hartzaileen artean, informaziogizarteari buruzko arauetan ezarritako eran.

Enkante elektronikoak antolatzean, gardentasun printzipioa, eragozpenik gabe parte hartzeko printzipioa eta diskriminaziorik ez egiteko printzipioa beteko dira.

2.  Enkanteen antolatzaileek enkantean parte hartzeko baldintza orokorrak, parte hartzeak izan ditzakeen kostuak eta esleipen-mekanismoak argitara ematea.

3.  Enkante bakoitzaren antolatzaileek, esleipena egin ondoren, esleipendunaren izen soziala argitara emango dute. Esleitutako produktu guztia erosteko edo saltzeko betebeharra izango du antolatzaileak, eta saltzeko edo erostekoa esleipendunak, enkantean parte hartzeko baldintza orokorren arabera, salbu eta baldintza-agirietan erreserbako prezio bat aipatzen bada, zeinaren azpitik ez den erosketarik edo salmentarik egingo.

11. artikulua.  Agiriak gordetzeko betebeharra.

1.  Elikatze-kateko operadoreek bi urtez gorde beharko dituzte lege honetan xedatutakoaren esparruan egindako elikagai-kontratuekin zerikusia duten gutunak, dokumentazioa eta agiriak, euskarri elektronikoan zein paperean.

2.  Enkante elektronikoen antolatzaileek egindako enkante guztien agiri-artxibo bat edo artxibo elektroniko bat gorde beharko dute bi urtez, eta bertan, parte hartzaileen identitateari, eskaintzei eta kontratua formalizatzeari buruzko datuak jasoko dira.

II. KAPITULUA Abusuzko merkataritza-jarduerak 12. artikulua.  Aldebakarreko aldaketak edo aurreikusi gabeko ordainketa komertzialak.

1.  Debekatu egiten da kontratuan ezarritako baldintzak aldatzea, baldin eta alderdiek elkarren adostasunez egindako aldaketak ez badira. Elikagai-kontratuek behar diren klausulak izango dituzte, behar izanez gero, kontratua nola aldatu zehazteko eta, behar den kasuetan, atzeraeraginezko eraginkortasuna zehazteko.

2.  Debekatuta dago hitzartutako preziotik gora beste ordainketa batzuk egitea, baldin eta ez bada produktu berri baten erreferentziaziorako arrazoizko arriskua dagoelako, edo produktu baten sustapen komertziala partez finantzatzeko ez bada; baina hori guztia publikoarentzako salmenta-prezio unitarioan islatuta egon beharko da eta berariaz sartuta idatziz formalizatutako kontratuan, ordainketa horiei lotutako kontraprestazioen deskribapenarekin batera.

3.  Kontratuak goiko ordainketa horiek itzultzeko mekanismoak ezarri beharko ditu, ordainketa horiei lotutako kontraprestazioak edo sustapen-jarduerak edo parekoak ez badira hitzartutako epe eta baldintzetan egin.

13. artikulua.  Bereziki babestutako merkataritza-informazioa ematea.

1.  Elikagai-kontratuetan idatziz zehaztu beharko da alderdiek kontratuz dagozkien betebeharrak benetan betetzeko elkarri eman beharreko informazioa, baita informazio hori emateko epea ere. Informazio hori, betiere, proportziozkoa izango da eta kontratuaren xedearekin lotutako arrazoi objektiboen arabera justifikatuta egongo da, lehiaren defentsarako arloan ezarritako arauen aplikazioa eragotzi gabe.

2.  Operadore batek ezin izango dio inolaz ere kateko beste operadore bati bere produktuei buruzko bereziki babestutako merkataritza-informaziorik eskatu, ezta informazio hori egiaztatzeko agiririk ere, baldin eta idatzizko kontratuan hala jasota ez badago, aurreko paragrafoan xedatutakoarekin bat etorriz.

3.  Elikagai-kontratu baten negoziazio edo betearazpen prozesuan lortzen den informazioa, merkataritza aldetik bereziki babestutakoa dena, informazioa eman zen helbururako baino ez da erabiliko, eta errespetatu egin beharko da uneoro emandako edo bildutako informazioaren konfidentzialtasuna.

4.  Operadoreek ezin izango diote elkarri eskatu beste operadore batzuei buruzko bereziki babestutako merkataritza-informaziorik, ezta informazio hori ezagutarazi ere, eta, batez ere, ezin izango dute ez eskatu ez jakinarazi merkataritza-informazio hori egiaztatzeko agiririk.

14. artikulua.  Marken kudeaketa.

1.  Operadoreek kontsumitzaileei eskainitako elikagaien markak, berenak eta beste operadore batzuenak, kudeatuko dituzte, lehia askearen kontrako jarduerak edo lehia bidegabea dakartenak saihestuz, Lehia Defendatzeko uztailaren 3ko 15/2007 Legean eta Lehia Bidegabearen urtarrilaren 10eko 3/1991 Legean ezarritakoarekin bat etorriz. Era berean, marka horiek kudeatzean, legez kontrako publizitate ekintzak saihestu beharko dituzte, Publizitateari buruzko azaroaren 11ko 34/1988 Lege Orokorrarekin bat etorriz.

2.  Debekatu egiten da operadore batek behar ez bezala eta bere onurarako aprobetxatzea inoren ekimen enpresariala. Debekatu egiten da, era berean, bidegabe edo desleialtzat jotzeagatik legez kontrakoa den publizitatea, ontzietan, aurkezpenean edo produktu edo zerbitzuaren publizitatean beste operadore batenak diren produktu, zerbitzu, marka edo izenekin lotzea edo nahastea eragin dezaketen bereizgarriak erabiliz, Markei buruzko abenduaren 7ko 17/2001 Legean definitutako eran, eta Bidegabeko Lehiaren Legearen 11. eta 12. artikuluetan xedatutakoa eragotzi gabe.

III. TITULUA

Jardunbide egokiak elikagai-kontratazioan I. KAPITULUA Elikagai Kontratazioko Merkataritza Jardunbide Egokien Kodea 15. artikulua.  Helburua, irismena eta nola egin.

1.  Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak eta produkzio, industria edo banaketako operadoreak ordezkatzen dituzten organizazio eta elkarteek, autonomiaerkidegoen gainetik dagoen esparrukoek, Elikagai Kontratazioko Merkataritza Jardunbide Egokien Kodea hitzartuko dute. Era berean, erabaki horretan, Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioak eta autonomia-erkidegoek hartuko dute parte, Estatu osoan berdin aplikatuko den kode bat bultzatzeko xedez.

2.  Katean parte hartzen duten operadoreen arteko merkataritza-harremanak zer printzipiotan oinarritu behar diren ezarriko du kodeak, modu horretan, haien arteko kontratu-harremanak errazteko, harreman horietan jardunbide egokiagoak gordetzeko eta harremanak lege honen 4. artikuluan ezarritako arau eta printzipioetara egokitzeko.

Era berean, elikatze-kateko operadoreen arteko harreman bidezkoak, orekatuak eta leialak bultzatzen dituzten merkataritza-jarduerak zehaztuko dira Kodean.

3.  Merkataritzako Jardunbide Egokien Kodearekin bat egitea borondatezkoa izango da artikulu honen 1. paragrafoan aipatutako elikatze kateko operadoreentzat.

4.  Kodearekin bat egiten dutenetik aurrera, operadoreen merkataritza-harremanak kodean jasotako printzipio eta arauetara egokituko dira, eta, harreman horietan sor litezkeen gatazkak konpontzeko, kodean ezarritako prozedurak jarraituko dituzte.

16. artikulua.  Edukia.

1.  Elikagai Kontratazioko Merkataritza Jardunbide Egokien Kodean 15. artikuluko 2. paragrafoan aipatutako printzipioak jasoko dira, eta, batez ere, Kodearekin borondatez bat egiten duten operadoreek, beste operadore batzuekiko harremanetan sor litezkeen arazoak konpontzeko orduan, kodean horretarako berariaz adierazten den sistema erabiltzeko duten beharra jasoko da.

Era berean, kodean jasoko da operadoreek beren merkataritza-harremanen esparruan egiten dituzten kontratuetan nahitaez agerrarazi behar dutela goian aipatutako konpromisoa; hau da, gatazkak konpontzeko, kodean xede horretarako ezartzen den sistema erabiliko dutela.

Dena dela, kodearekin bat egitea erabakitzen duten elikatze-kateko operadoreek planteatzen den gatazka aztertzeko behar den informazioa emateko konpromisoa hartuko dute.

Gainera, transformatu gabeko nekazaritza-produktuetarako egiten diren elikagaikontratuen prezioan, lehenengo salmentan, ez balego adostasunik produktoreorganizazioen eta erosleen artean, kodean jasoko da alderdietako edozeinek bitartekaritza eskatzeko ahalmena daukala. Erregelamendu bidez ezarritako eran egingo da bitartekaritza, erregelamenduz ezarritako baldintza eta ondorioekin, betiere prozedura neutrala eta inpartziala bermatuz, non alderdiek erabateko aukera-berdintasuna izango duten. Bitartekaritza horren edukia ez da loteslea izango alderdientzat, salbu eta alderdiek bitartekaritzaren aurretik berariaz hala erabaki badute.

2.  Beharrezkotzat joz gero, kodean akordio espezifikoak sartu ahal izango dira, sektorialak, beharrezkoa den sektoreetan sektore horietako berariazko alderdiak zehatzago jaso ahal izateko.

3.  Kodearen edukia eguneratuta egon dadin, jarraipen batzorde bat eratzea aurreikusiko da. Batzorde hori Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak, Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioak eta elikatze-kateko operadoreak ordezkatzen dituzten organizazio eta elkarteetako ordezkariek osatuko dute.

Horretarako, kodea aplikatzean lortutako emaitzak aztertzeaz arduratuko da batzorde hori, eta, hala badagokio, unean-uneko errealitatera egokitzeko behar diren aldaketak proposatu edo aldez aurretik aurreikusi ez diren konpromiso berriak sartuko ditu.

4.  Kodearen edukiak lehiaren defentsari buruzko araudia errespetatuko du kasu guztietan, eta behar besteko publizitatea emango zaio, tartean diren operadoreek haren berri izan dezaten.

17. artikulua.  Estatuko Erregistroa.

1.  Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioan Elikagai Kontratazioko Merkataritza Jardunbide Egokien Estatuko Erregistroa sortuko da. Tresna publikoa izango da, eta, bertan, elikatze-katean parte hartzen duten operadoreak izanik, borondatez 15. artikuluan aipatzen den kodearekin bat egiten dutenak bilduko dira.

2.  Kodearekin borondatez bat egiten duten operadoreek Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioko Elikagaien Industriako Zuzendaritza Nagusiari jakinarazi beharko diote, eta zuzendaritza horrek inskribatu egingo ditu.

Inskribatu ondoren, operadoreek «Elikagai Kontratazioko Merkataritza Jardunbide Egokien Kodera bildutakoa» aipamena erabili ahal izango dute.

3.  Aldian-aldian, erregistroan inskribatutako operadoreak zeintzuk diren jakinaraziko da Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioaren egoitza elektronikoan eta Estatuko Aldizkari Ofizialean.

Era berean, Ministerio horrek, aldian-aldian, estatu-mailako zenbait kanpaina egingo ditu, kontsumitzaileei adierazteko zer garrantzitsua den elikatze-kateko operadoreek kodea sinatzea.

4.  Erregistroan inskripzioa ezerezteko prozedura erregelamendu bidez arautuko da.

5.  Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministeriotik elikadurarekin eta elikatzekatearekin lotuta bultzatzen diren diru-laguntzak arautzeko araudian kontuan hartuko da operadoreak erregistroan inskribatuta egotea.

II. KAPITULUA Merkataritza jardunbide egokien beste kode batzuk 18. artikulua.  Beste kode batzuk sinatu eta sustatzea.

1.  Titulu honetako beste artikuluetan xedatutakoa gorabehera, elikatze-kateko operadoreek elikagai-kontratazioko merkataritza jardunbide egokien beste kode batzuk sinatu ahal izango dituzte, operadoreentzat Elikagai Kontratazioko Jardunbide Egokien Kodean ezarritakoa baino eskakizun-maila handiagoa dakartenak. Era berean, elikatzekateko interesak ordezkatzen dituzten erakundeek era horretako kodeak egitea bultzatu ahal izango dute, beren lurralde-eremuan bakarrik jarduten duten edo nagusiki beren lurralde eremuan jarduten duten enpresentzat. Bi kasuotan, kode horiek lege honetako I. eta II. tituluetan xedatutakoa errespetatu beharko dute, baita gainontzeko ordenamendu juridikoan eta, batez ere, lehiaren defentsari buruzko araudian xedatutakoa ere.

2.  Erregelamendu bidez, esparru nazionaleko edo eskualdez gaindiko jardunbide egokien beste kode horiek izan beharko dituzten prozedura eta baldintzak ezarriko dira, 17. artikuluaren bidez sortutako Estatuko Erregistroan sartu ahal izateko. Kode horiek sinatzen dituzten operadoreak ere sartuko dira.

IV. TITULUA Elikatze Katearen Behatokia 19. artikulua.  Sortzea.

Elikatze Katearen Behatokia sortzen da kide anitzeko organo gisa, Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioari atxikita, Departamentuko Elikagaien Industriako Zuzendaritza Nagusiaren bidez.

20. artikulua.  Eginkizunak.

1.  Orokorrean, Elikatze Katearen Behatokiaren eginkizunak izango dira elikatzekatearen eta elikagaien prezioen funtzionamenduaren gaineko jarraipena egitea, aholkularitza eskaintzea, kontsulta, informazioa eta azterketa-lanak egitea.

Aurrekoez gain, Behatokiak eginkizun hauek ere izango ditu:

a)  Elikagai Kontratazioko Merkataritza Jardunbide Egokien Kodearen proposamenaren gaineko txostena egitea.

b)  Merkataritza jardunbide egokien beste kode batzuen proposamenaren gaineko txostena egitea (Estatuko Erregistroan sartzeko aurkeztutakoak).

c)  Kodearen jarraipen-batzordeak (16. artikuluko 3. paragrafoan aipatzen denak) egindako lanen berri izatea, eta batzordeari kodean jasotako konpromisoak hobetu eta eguneratzeko interesgarriak izan litezkeen gaiak proposatzea.

d)  Kateko operadoreek kode hori ezagutu dezaten eta kodearekin bat egin dezaten ahalegintzea.

e)  Kateko operadoreen merkataritza-jardueren jarraipena eta ebaluazioa egitea, inkestak eginez edo merkatua aztertzeko beste sistema batzuk erabiliz, bai eta txostenak eta gomendioak argitaratzea ere.

Legean ezarritakoa ez dela betetzen antzemanez gero, egindako lanen emaitzen ondorioz, agintari eskudunari jakinaraziko dio. Era berean, hala badagokio, aztertutako elikagaien jatorrizko eta helburuzko merkatuetan izandako desoreka-egoeren gaineko txostenak eta azterlanak egingo ditu, batez ere, urte-sasoiko produktuen prezioak eratzen laguntzen duten faktoreak aztertuz.

f)  Produkzioan eta kontsumoan garrantzi erlatibo handiena duten elikagaietan, prezioen oinarrizko egitura eta prezioen bilakaeran eragiten duten faktoreak aztertzea, prezioak eratzen diren maila desberdinetan.

g)  Produktu galkorren lehen erosketarekin lotutako kontratuen negoziazioetako gatazkak konpontzeko sistema arinak eta jardunbide egokiak bultzatzea.

h)  Aldian-aldian azterlanak egitea, elikagaien azken prezioen eraketari buruzko jarraipen sistematikoa ezartzeko xedez.

i)  Produkzioaren, industriaren, banaketa komertzialaren eta kontsumitzaileen ordezkarien arteko eta haien eta administrazio publikoen arteko elkarrizketa eta komunikazioa bultzatzea, elikagaien prezioen eraketa-prozesuari ahalik eta arrazionaltasun eta gardentasunik handiena emateko, merkatu-ekonomiaren esparruarekin bateragarria izanik, lehiari irekitako sistema batean eta gizarte osoaren onerako.

j)  Eskumena duten administrazioentzat jarduketa-proposamenak egitea, eta parte hartzen duten eragile ekonomiko, enpresa eta erakunde publiko edo pribatuei gomendioak egitea, beharrezkoa den egonkortasuna lortze aldera lehiari irekitako eta elikagaien prezioetan oreka gorde beharreko garapen-esparru batean, Erkidegoko zuzenbidearekin bat etorriz.

k)  Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak eta Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioak eskatzen dituen elikagaien prezioei buruzko txostenak egitea.

l)  Kostuen eta jasotako eta ordaindutako prezioen oinarrizko egitura modu jarraian aztertu eta ikertzea, bai eta haien bilakaeran eragiten duten faktoreak ere, Espainiako nekazaritzako elikagaien sektorerako garrantzi estrategikorik handiena duten produktuetan.

2.  Urtero-urtero, Elikatze Katearen Behatokiak elikatze-katearen funtzionamenduaren hobekuntzan izandako aurrerapen eta emaitzak eta egindako jardueren eraginkortasuna ebaluatzeko txosten bat egingo du, eta Gorte Nagusietara bidaliko da.

21. artikulua.  Osaera eta funtzionamendua.

Elikatze Katearen Behatokiaren osaera, funtzionamendua eta, hala badagokio, Behatokia nola ezabatu erregelamendu bidez zehaztuko dira. Dena dela, Behatokiaren osaeran, produktoretik hasi eta azken kontsumitzaileraino elikatze-kateko organizazio eta elkarterik garrantzitsuenak sartzen direla ziurtatuko da.

V. TITULUA Zehatzeko ahala.

I. KAPITULUA Xedapen orokorrak 22. artikulua.  Printzipio orokorrak.

1.  Lege honen ondorioetarako, arau-hauste administratibo arinak, larriak eta oso larriak izango dira honako artikulu hauetan tipifikatzen direnak:

2.  Justizia-auzitegietan auzi penala instruituz gero edo lehiaren defentsari buruzko arauak hausteagatik espedientea irekiz gero, bertan behera geratuko da ekintza berberengatik irekitako zehatzeko administrazio-espedientearen izapidetzea.

3.  Lege honetan jasotako arau-hausteei Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko Legean biltzen diren zehatzeko printzipioak eta erregelak aplikatuko zaizkie.

4.  Ezin izango da, inolaz ere, egitate berberengatik eta babestutako interes publiko berberen arabera, bi zehapen edo gehiago ezarri, nahiz eta beste egitate edo arau-hauste batzuengatik izan litezkeen erantzukizunak eskatu beharko diren.

5.  Lege honetan tipifikatutako arau-hausteak argitzen edo arau-hausteon irismena edo larritasuna zehazten lagun dezakeen informazioa edo dokumentazioa duten pertsonek, edo informazio edo dokumentazio hori edukitzeko beharra dutenek, beren izaera juridikoa edozein dela ere, merkataritzaren antolamenduaren arloan eskumena duten agintariei laguntzeko beharra dute. Horretarako, ezarritako epeen barruan, eskumena duen agintaritzak bere eginkizunak betez eskatzen dizkien informazio eta agiriak aurkeztuko dituzte.

II. KAPITULUA Arau-hausteak eta zehapenak.

23. artikulua.  Elikagai-kontratazioaren arloko arau-hausteak.

1.  Elikagai-kontratazioaren arloko arau-hauste arinak dira:

a)  Lege honetan aipatutako elikagai-kontratuak idatziz ez formalizatzea.

b)  Elikagai-kontratuetan gutxienez jaso beharrekoak ez jasotzea.

c)  Enkante elektronikoak egiteko ezarritako baldintza eta betekizunak ez betetzea.

d)  Agiriak gordetzeko betebeharrak ez betetzea.

e)  Kontratuaren baldintzetan alderdiek berariaz hitzartu ez dituzten aldaketak egitea.

f)  Kontratuan hitzartutako preziotik gora beste ordainketa batzuk eskatzea, lege honetan xedatutako kasuetan izan ezik.

g)  Beste operadore batzuei buruzko bereziki babestutako informazioa eskatu edo jakinaraztea, elikagai-kontratu baten negoziazio edo betearazpen prozesuan lortutakoa, konfidentzialtasuna gordetzeko betebeharra hautsiz. Era berean, arau-hauste arina izango da informazio hori kontratuan berariaz hitzartutako helburuetarako barik beste batzuetarako erabiltzea.

h)  Eskumena duen agintaritzak bere eginkizunak betez eskatzen dion informazioa emateko betebeharra ez betetzea.

2.  Arau-hauste larria da bi arau-hauste arin edo gehiago egitea bi urteko epean, lehenengo arau-haustearen administrazio-bidezko ebazpen irmoaren bitartez jarritako zehapenetik kontatzen hasita.

Era berean, arau-hauste larria izango da elikagaien merkataritza-harremanetan ordaintzeko epeak ez betetzea, merkataritza-operazioen berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legea aldatzen duen uztailaren 5eko 15/2010 Legean ezarritakoarekin bat etorriz.

3.  Arau-hauste oso larria da bi arau-hauste larri edo gehiago egitea bi urteko epean, lehenengo arau-haustearen administrazio-bidezko ebazpen irmoaren bitartez jarritako zehapenetik kontatzen hasita.

4.  Artikulu honetako 1. paragrafoaren a) eta b) idatz-zatietan tipifikatutako arauhausteen egiletzat joko dira, kontrakorik frogatu ezean, ETE ez diren operadoreak, nekazaritza, abeltzaintza, arrantza edo basogintzako produktore primarioak edo produktore-taldeak ez direnak eta harremanean beste operadorea ekonomikoki beren menpe daukaten operadoreak, horietako edozeinek ETE diren operadoreekin edo produktore primario edo produktore-talde direnekin edo ekonomikoki menpekotasunegoeran dagoen operadoreekin harremanak dituenean.

5.  Lege honetako betebeharrak ez betetzearen ondorioz merkatuen benetako lehiari eragiten bazaio, Lehia Defendatzeko uztailaren 3ko 15/2007 Legean jasotako xedapenak aplikatuko dira.

24. artikulua.  Zehapenak.

1.  Arau honetan ezarritako elikagai-kontratazioaren arloko arau-hausteei honako isun hauek jarriko zaizkie:

a)  Arau-hauste arinetan, 3.000 eurorainoko isuna.

b)  Arau-hauste larrietan, 3.001 euro eta 100.000 euro artean.

c)  Arau-hauste oso larrietan, 100.001 euro eta 1.000.000 euro artean.

2.  Zehapen nagusia ezartzeko eskumena duen administrazio publikoak, zehapen osagarri gisa, arau-hauste oso larriengatik ezarritako zehapenei publizitatea ematea erabaki dezake, baldin eta zehapenek bide judizialean irmotasuna hartu badute. Era berean, kasu horretan, erabaki dezake erantzule diren pertsona fisiko edo juridikoen izenabizenak, izendapena edo sozietate-izena eta arau-hausteen mota eta izaera argitaratzea.

25. artikulua.  Zehapenen graduazioa.

Zehapenak, batez ere, intentzionalitate mailaren edo eragindako kaltearen izaeraren arabera graduatuko dira.

26. artikulua.  Eskumena.

1.  Estatuko Administrazio Orokorrari dagokio lege honetan ezarritako zehatzeko ahala gauzatzea, honako kasuetan:

a)  Alderdi kontratatzaileek beren egoitza nagusiak autonomia-erkidego batean baino gehiagotan dituztenean.

b)  Kontratuak autonomia-erkidegoaren gainetik dagoen esparru bati eragiten dionean, kontratuaren xede den elikagaiaren parterik handienarentzat aurreikusten den trazabilitatea kontuan hartuta.

2.  Gainontzeko kasuetan, autonomia-erkidegoetako organo eskudunei dagokie legean ezarritako zehatzeko ahala gauzatzea.

3.  Estatuko Administrazio Orokorraren esparruan, honako organo hauek izango dute elikagai-kontratazioaren arloko zehapenak ezartzeko eskumena:

a)  Elikagaien Industriako zuzendari nagusiak, espedientearen instruktoreak proposatutako zehapenaren zenbatekoa, guztira, ez denean 100.000 euro baino handiagoa.

b)  Nekazaritza eta Elikadurako idazkari nagusiak, zenbateko hori 100.000 euro baino handiagoa denean eta 300.000 euro baino handiagoa ez bada.

c)  Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumeneko ministroak, zenbateko hori 300.000

euro baino handiagoa denean eta 600.000 euro baino handiagoa ez bada.

d)  Ministroen Kontseiluak, zenbateko hori 600.000 euro baino handiagoa denean.

4.  Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak, dagokion sektoreko batzarraren bidez, zehapen-araubidea Estatuaren lurralde osoan berdin aplikatzen dela bermatzeko zuzentarauak prestatzea eta onartzea bultzatuko du.

VI. TITULUA Elikatze-katearen egitura hobetzea 27. artikulua.  Integrazioa sustatzea eta balio-katearen garapena bultzatzea.

1.  Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak, aurrekontu-baliabideak kontuan izanda, arauz ezarritako betekizun eta baldintzekin bat etorriz, autonomiaerkidegoekin batera lan egingo du elikatze-katean parte hartzen duten operadoreen integrazioa sustatzeko xedez, eta, modu horretan, katea osatzen duten sektoreetan efizientzia eta errentagarritasun handiagoa lortu ahal izateko.

2.  Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak beste departamentu batzuekin eta tartean diren produkzio-sektoreko organizazioekin eta autonomia-erkidegoekin batera lan egingo du, elikagaien barneko eta kanpoko komertzializazio-bide berriak identifikatzeko eta bide horiek garatzen eta ezartzen laguntzeko, eta, horrela, balio-kateko operazioetan efizientzia handiagoa lortu ahal izateko. Katean informazioaren eta komunikazioaren teknologiak sartzea ahalbidetzen duten ekimenak bultzatuko dira, bai eta komertzializaziobide laburrak garatzera bideratutakoak ere, produktore eta egileen balio-erantsiari garrantzi handiagoa emango diotenak.

3.  Era berean, nekazaritza-produkzioaren lehiakortasuna hobetzeko xedez, kalitatea sustatzen duten, efizientzia logistikoa hobetzen duten eta berrikuntza eta teknologia berriak bultzatzen dituzten neurri eta programak garatzen lagunduko da.

4.  Artikulu honetan ezarritako ekintzetan kontsumitzaile-elkarteen parte-hartzea sustatuko da.

Lehenengo xedapen gehigarria.  Elikagaien Informazio eta Kontrolerako Agentzia.

1.  Elikagaien Informazio eta Kontrolerako Agentzia sortuko da, organismo autonomo izaerarekin, Estatuko Administrazio Orokorraren Antolakuntza eta Funtzionamenduari buruzko apirilaren 14ko 6/1997 Legean ezarritakoarekin bat etorriz. Nortasun juridikopubliko bereizia eta jarduteko gaitasun erabatekoa izango ditu, eta lege honetan eta aplikatzekoak zaizkion gainontzeko arauetan xedatutakoa bete beharko du.

Elikagaien Informazio eta Kontrolerako Agentziak Oliba-oliorako Agentzia ordezten du haren eginkizunetan. Ondorioz, indarrean dagoen araudiak Oliba-oliorako Agentziari egiten dizkion aipamenak Elikagaien Informazio eta Kontrolerako Agentziari egindakotzat ulertuko dira. Era berean, Elikagaien Informazio eta Kontrolerako Agentziak Olibaoliorako Agentzia subrogatuko du haren hitzarmen, eskubide, betebehar eta negozio juridiko guztietan.

2.  Elikagaien Informazio eta Kontrolerako Agentzia, Nekazaritza eta Elikadurako Idazkaritza Nagusiaren bidez, Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioari atxikiko zaio. Hain zuzen ere, ministerio horri dagokio agentziaren zuzendaritza estrategikoa eta haren jardueren emaitzak kontrolatzea.

3.  Agentziari, bere eskumenen eremuan, aplikatzekoa den legeriarekin bat etorriz bere helburuak betetzeko administrazio-ahalak gauzatzea dagokio.

4.  Bere eginkizun publikoak gauzatzean, Agentziak Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritakoa betez jardungo du.

5.  Agentziaren helburu orokorra izango da olio-merkatuen, esne-merkatuen eta erregelamenduz ezartzen diren merkatuen informazio- eta kontrol-sistemak kudeatzea, bai eta elikatze-katearen funtzionamendua hobetzeko lege honetan xedatutakoa betetzen den kontrolatzea ere.

6.  Aurreko paragrafoan ezarritako helburuak betetzeko, Agentziak eginkizun hauek beteko ditu:

a)  Olio-merkatuen (oliba-olioak eta mahaiko olibak) eta esne-merkatuen informaziorako, jarraipenerako eta azterketarako sistemak kudeatzea eta mantentzea, eta haien emaitzak aztertzea eta zabaltzea. Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioaren iritziz bereziki babestutako eta/edo estrategikoak diren elikagai-merkatu edo -sektoreetarako, berariazko informazio-, jarraipen- eta azterketa-sistema bat sortuko da.

b)  Aurreko idatz-zatian aipatutako sektore edo merkatuetako operadoreek betebeharrak betetzen dituzten egiaztatzeko behar den kontrol-araubidea ezarri eta garatzea, merkatuen informazio-sistemetan sartzen diren datuak egiazkoak eta osoak direla ziurtatzeko xedez eta lehengaiak eta produktuak nondik datozen, norako diren eta zer ezaugarri dituzten zehazteko xedez, beharrezkoa bada, katearen edozein fasetan, dagozkion laginak hartuz eta analisi-determinazioak eginez; era berean, janaritarako erabilerarik ez duten azpiproduktuen aplikazioaren edo azken deuseztatzearen jarraipena eta kontrola egitea.

c)  Aurreko idatz-zatian adierazitako kontrol-jardueretan antzemandako ustezko ez betetzeei buruzko egitateen berri ematea eskumena duten agintariei, egitate egiaztatuei buruzko beharrezkoa den dokumentazioa eta haien balorazio tekniko eta juridikoa erantsiz.

d)  Lanbide arteko erakundeei edo produktoreen erakundeei, a) idatz-zatian aipatutako produktu edo sektoreetan Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak onartutakoei, nahitaez egin beharreko ekarpenak ez ordaintzeagatik zehatzeko espedienteak ireki eta instruitzea, dagokien araubidearen arabera, eskumena duten agintariei behar diren ebazpen-proposamenak eginez.

e)  Katearen funtzionamendua hobetzeko lege honetan xedatutakoa betetzen den egiaztatzeko behar den kontrol-araubidea ezarri eta garatzea.

f)  Lege honetan xedatutakoa ez betetzeagatik aurkezten zaizkion salaketei buruz dagozkion egiaztapenak egitea, eta behar den zehatzeko prozedura instruitzea, Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioko agintaritza eskudunari dagokion ebazpenproposamena egiteko, edo, egindako jarduketekin batera, Lehiaren Batzorde Nazionalaren esku uztea.

g)  Bere eginkizunak betetzean ikusten dituen irregulartasunengatik dagokion zehatzeko prozedura hastea ofizioz, baldin eta irregulartasun horiek lege honetan xedatutakoa ez betetzea badakarte, eta, dagokion instrukzioaren ondoren, eskumena duen agintaritzari behar den ebazpena proposatzea, edo, hala badagokio, behar bezala dokumentatutako salaketa aurkeztea Lehiaren Batzorde Nazionalean.

h)  Elikatze Katearen Behatokiari laguntzea bosgarren paragrafoan aipatzen diren produktu, merkatu eta sektoreei buruzko lanak, azterketak eta txostenak egiten, baldin eta behatokiari agindu zaizkion eginkizunak betetzeko beharrezkoak badira.

i)  Elikagai Kontratazioko Merkataritza Jardunbide Egokien Estatuko Erregistroa kudeatzea eta mantentzea.

j)  Estatuko Administrazio Orokorraren beste organo batzuekin eta autonomiaerkidegoekin lankidetza-harremanak ezartzea, haien eskumeneko arloetan eta bosgarren paragrafoan aipatzen diren produktu, merkatu eta sektoreak sustatzeko eta produktu, merkatu eta sektore horien kalitatea kontrolatzeko jardueretan.

k)  Bere eskumeneko gaiekin zerikusia duten erakunde sektorialei, produktoreen erakundeei eta lanbide arteko erakundeei laguntzea.

l)  Bere helburu orokorrak betetzeko erregelamendu bidez ematen zaion beste edozein eginkizun betetzea.

7.  Agentziaren kontrol eta ikuskapen jarduerak funtzionario publikoek egingo dituzte.

Funtzionario horiek, beren eginkizunak betetzean, agintaritza-agenteak izango dira.

Agentziako ikuskatzaileek egindako akta dokumentu publikotzat hartuko da, eta, kontrakorik egiaztatu ezean, bertan jasotako egitateen froga izango da.

8.  Elikagaien Informazio eta Kontrolerako Agentziako funtzionarioek, zuzendariak behar bezala egiaztatzen dituenek, zuzendariak agindutako erakunde eta operadoreen ikuskapen eta kontrol jarduerak egingo dituzte, eta, jarduera horietan, honako ahalmenak izango dituzte:

a)  Kontrolatu beharreko pertsona fisiko edo juridikoek erabilitako edozein lokal, lur, instalazio edo garraiobidetan sartzea.

b)  Haien biltegietako izakinak, lortutako produktuak, aplikatzen dituzten prozesuak eta erabilitako instalazioak, makineria eta ekipoak egiaztatzea.

c)  Erakundearen jarduerari buruzko liburu eta dokumentuetan sartzea, liburu eta dokumentuen euskarri materiala edozein dela ere, eta, batez ere, erosketen jatorria eta salmenten helmuga egiaztatzen duten eta erosketa eta salmenta horien prezio eta balioak jasotzen dituzten liburu eta dokumentuetan, bai eta liburu eta dokumentuon kopia edo laburpenak lortzea ere, edozein formatu eta euskarritan.

d)  Paragrafo honetako c) hizkian aipatutako liburu edo dokumentuak gehienez ere 10 egunez atxikitzea. Salbuespen gisa, jatorrizkoak emango dira, jatorrizkoen kopia kautotua eman ezin denean.

e)  Erakundearen biltegiak, instalazioak, gordetegiak, ekipoak, ibilgailuak, liburuak edo agiriak eta gainontzeko ondasunak zigilatzea, horiek ikuskatzeko behar besteko denboran eta neurrian.

f)  Kontrolatu beharreko pertsonaren zerbitzura dagoen edozein ordezkari edo langileri ikuskapenaren xede eta helburuarekin zerikusia duten jarduera, prozesu, material edo dokumentuei buruzko azalpenak eskatzea, eta haiek emandako erantzunak jasotzea.

g)  Lehengaien, tarteko produktuen eta bukatutako produktuen laginak hartzea, bai eta sortutako azpiproduktuena ere, nola osatuta dauden eta zer ezaugarri dituzten zehazteko.

h)  Egindako jarduketak, eskatutako eta lortutako informazioa eta egiaztatutako egitateak jasotzen dituen akta egitea.

Aurreko a) eta e) hizkietan aipatzen diren ahalmenak gauzatzeko, aldez aurretik, interesdunaren berariazko baimena behar izango da, edo, halakorik ezean, dagokion baimen judiziala.

Prozeduraren edozein unetan, ofizioz edo alderdi batek eskatuta, isilpekotzat jotzen diren datu edo dokumentuak isilpean gordetzea agindu ahal izango da, datu edo dokumentu horiekin pieza banandua osatuz.

9.  Zehatzeko espedienteen kontrol, ikuskapen edo izapidetze jardueretan parte hartzen duten guztiek isilpean gorde beharko dituzte isilpeko informazio eta egitateak. Era berean, isilpean gorde beharko dituzte, lanbideagatik, karguagatik edo alderdi gisa esku hartzeagatik egitate edo informazio horien berri dutenek ere, baita beren funtzioak betetzeari utzi eta gero ere.

10.  Pertsona fisiko edo juridiko orok dauka Elikagaien Informazio eta Kontrolerako Agentziari laguntzeko betebeharra, eta, Agentziak eskatuz gero, epe barruan dauzkan datu eta informazio guztiak eman beharko dizkio nahitaez, ikuskapenaren xede eta helbururako beharrezkoak badira. Epe hori hamar egunekoa izango da, baldin eta eskatutakoaren ezaugarriengatik edo egoera zehatzaren gorabeherengatik, behar bezala arrazoituta, beste epe bat zehazten ez bada.

11.  Agentziako langileen araubidea Estatuko Administrazio Orokorraren Antolakuntza eta Funtzionamenduari buruzko apirilaren 14ko 6/1997 Legearen 47.1 artikuluan xedatutakoari lotuko zaio.

12.  Agentziako baliabide ekonomikoak Estatuko Administrazio Orokorraren Antolakuntza eta Funtzionamenduari buruzko apirilaren 14ko 6/1997 Legearen 65. artikuluko 1. paragrafoan aipatutako edozeinetatik etorri ahal izango dira.

13.  Kontratatzeari, eskuratzeari eta besterentzeari dagokienez, Agentziak Administrazio Publikoen kontratazio arau orokorrak beteko ditu.

14.  Agentziako ondarearen araubidea Estatuko Administrazio Orokorraren Antolakuntza eta Funtzionamenduari buruzko apirilaren 14ko 6/1997 Legearen 48. artikuluan jasotakoari lotuko zaio.

Bigarren xedapen gehigarria.  Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioaren menpeko kontrol ofizialerako nekazaritzako elikagaien laborategiak.

Bat.  Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioaren nekazaritzako elikagaien laborategiak.

Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioaren nekazaritzako elikagaien laborategiek, kontrol analitiko ofizialak egiteko aplikatzen diren irizpideak homogeneizatzeko xedez eta emaitzen kalitatea hobetzeko xedez, autonomia-erkidegoetako agintari eskudunek kontrol horietan hartutako laginen analisia egiteko izendatutako nekazaritzako elikagaien laborategiekin batera lan egingo dute, eta, batez ere, honako eginkizun hauek beteko dituzte:

– Laborategi ofizialetan metodo analitikoak ezartzeko irizpideak bateratzea, eta metodo horiek aldatzeko, kentzeko edo berri batzuk ezartzeko proposamena egitea.

– Autonomia-erkidegoen eta Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioaren nekazaritzako elikagaien laborategien artean metodo analitikoen transferentzia ahalbidetzea, eta laborategi horien eskaintzaren eta ahalmen analitikoaren zabalkundea egitea.

– Lantalde sektorialen funtzionamendua antolatu eta garatzea; lantalde horietan administrazio publikoetako eta sektoreko ordezkari teknikoek parte hartzen dute.

– Laborategietan nekazaritzako elikagaien analisia egiteko ardura duten langile teknikoen prestakuntza ahalbidetzea.

– Laborategien eta Ziurtapeneko Erakunde Nazionalaren arteko harreman instituzionalerako esparru bat ezartzea.

Autonomia-erkidegoetako agintari eskudunek kontrol analitiko ofiziala egiteko laborategiak izendatzean, izendapen horrek Estatuko lurralde osorako balio izango du, eta izendatutako laborategiak Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioaren nekazaritzako elikagaien laborategien sarean egongo dira. Horrela, kontrol ofizialaren euskarri analitikoa eraginkortasun handiagoz koordinatu ahal izango da. Euskarri hori Erkidegoko araudiak ezarritakoaren arabera kalitate-kontrolerako sistemak ezarrita dituzten laborategi ziurtatuek gauzatuko dute, analisien emaitzek kalitate eta uniformetasun handia izan dezaten.

Bi.  Nekazaritzako elikagaien laborategien sarea.

Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak koordinatuko duen nekazaritzako elikagaien laborategien sarearen helburua da saiakuntza-laborategien eta metodo analitikoen ziurtapena konpartitu eta bultzatzea, kontrol ofizialak egiteko xedez. Sare horretan egongo dira autonomia-erkidegoetako edo Estatuko Administrazio Orokorreko agintari eskudunek izendatuta kontrol ofizialeko lanetan parte hartzen duten laborategi publiko edo pribatuak. Agintari eskudunek laborategi horiei buruzko eta laborategi horien zerbitzu-zorroari buruzko informazioa eman beharko diote Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioari. Sarearen funtzionamendua erregelamendu bidez ezarriko da.

Hiru.  Lantaldeen Koordinazioa.

Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak sarean ezartzen diren lantaldeak koordinatuko ditu, garatzen laguntzeko.

Lau.  Ziurtatutako tekniketan espezializatzea.

Autonomia-erkidegoekin batera lankidetzan, eskura dauden baliabideak optimizatzeko xedez, laborategiak ziurtatutako teknika espezifiko batzuetan espezializatzea bultzatuko da; horrela, administrazio publikoek beren kontrol ofizialeko ahalmenak gauzatuz eskatzen dituzten analisiak egiteko moduan egon daitezen.

Bost.  Erreferentziako laborategiak izendatzea.

Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak, autonomia-erkidegoekin lankidetzan, erreferentziako laborategi nazionalak izendatuko ditu, nekazaritzako elikagaien eta pentsuen esparruan, eta nahitaez publikoak izango dira.

Sei.  Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioaren elikagaien laborategiek egindako analisi ofizialen tasak.

1.  Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioaren menpe dauden elikagaien laborategiek egindako laginen analisi ofizialen tasa Lege honek eta Tasa eta Prezio Publikoei buruzko apirilaren 13ko 8/1989 Legearen 9. artikuluan ezarritako gainontzeko araudiek arautuko dute.

2.  Zergapeko egitatea da Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioaren menpeko elikagaien laborategiek laginen analisi ofizialak egitea. Ez da tasa hori sortuko ikerketetan, nekazaritzako elikagaien karakterizazioan edo metodo analitikoen garapenean.

3.  Subjektu pasibo izango dira zergapeko egitatea osatzen duten zerbitzuetako edozein eskatzen duten pertsona fisiko edo juridikoak, publiko zein pribatuak.

4.  Ez dute tasa zertan ordaindu Estatuko Administrazio Orokorrak eta, elkarrekikotasun baldintzapean, hala adostutako gainontzeko administrazio publikoek.

5.  Zerbitzuak eskaintzen hasteko eskabidea aurkezten den unean sortuko da tasa.

6.  Hona hemen Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioaren menpeko elikagaien laborategiek egindako laginen analisi ofizialen tasen zenbatekoak:

a)  Tresna sinpleekin egindako zuzeneko neurketak, erreakzio kualitatiboak, kalkulu aritmetikoak eta determinazio fisikoak. Lagin bakoitzeko: 15 euro.

b)  Laginak prestatzea:

1.- Analisien kuantifikazio edo oinarrizko eragiketekiko analisietarako, laborategiko ohiko eragiketak egiten direnean (ateratzeak, destilazioak, mineralizazioak). Lagin eta determinazio bakoitzeko: 10 euro.

2.- Konplexutasun handiagoko tarteko prozesuetarako: 25 euro lagin bakoitzeko.

c)  Analisi isotopikorako lagin bat prestatzea: 36 euro.

d)  Substantzia bat identifikatzea eta/edo kuantifikatzea teknika ez instrumentalen bidez: 15 euro.

e)  Substantzia bat identifikatzea eta/edo kuantifikatzea entzima-kit eta teknika espektrofotometrikoen bidez (ultramore ikusgaia, infragorria, sugarraren atomo-xurgapena edo grafito-ganberarekin edo hidruroak sorraraziz edo lurrun hotzaren bidez): 29 euro.

f)  Elementu-multzo bat identifikatzea eta/edo kuantifikatzea ICP optikoa edo ICP masak tekniken bidez.

1.- Elementu bat, 20 euro; lau elementuraino, 40 euro; eta 4 elementu baino gehiago, 100

euro.

2.- «Br», «Rb», «Sr» eta «I» kasuetan, elementu eta lagin bakoitzeko, 32 euro.

g)  Hg determinatzea eta kuantifikatzea, atomo-xurgapenezko espektometria zuzeneko analizatzailearekikoaren bidez: 28 euro.

h)  Sustantzia bat, edo substantzia-multzo bat, identifikatzea eta/edo kuantifikatzea, teknika instrumental bereizgarrien bidez (gasen kromatografia, likidoen kromatografia, elektroforesi kapilarra): Substantzia baterako, 30 euro; bi eta hamabost substantzia bitartean, 40 euro; eta hamabost substantzia baino gehiago, 65 euro.

i)  Substantzia bat, edo substantzia-multzoak, identifikatzea eta/edo kuantifikatzea, gasen kromatografia/masen espektometria bidez eta/edo likido/masen kromatografia bidez. 80 euro.

j)  Pestizida-hondakinak identifikatzea eta/edo kuantifikatzea:

1.- Organofosforatuak, organokloratuak eta beste talde batzuk, 45 euro.

2.- a) idatz-zatiko konposatuak berrestea, gasen kromatografia/masen espektometria bidez eta/edo likido/masen kromatografia bidez, 35 euro.

3.- Pestizida baterako metodo espezifikoak, 50 euro.

k)  13C, 18O eta 2H-ko masen espektrometria bidezko neurri isotopikoak, isotopo bakoitzeko: 60 euro.

l)  D/H erlazioaren neurri isotopikoak erresonantzia magnetiko nuklear bidez: 100 euro.

m)  14C-ko eta/edo 3H-ko likido-izarniadura bidezko neurria, lagin bakoitzeko: 100

euro.

n)  Zentzumenezko analisia, zeinaren emaitza dastapen-panel baten irizpen bidez lortzen den. Lagin bakoitzeko: 75 euro.

o)  Analisi polinikoa eta beste analisi mikrografiko batzuk: lagin bakoitzeko: 70 euro.

p)  Lizun eta legamia kontaketak, Howard bidez. lagin bakoitzeko: 15 euro.

q)  Antihartzigarrien proba biologikoa, lagin bakoitzeko: 15 euro.

r)  Substantzia baten determinazioa, erradioimmunosaiorako kit espezifikoen bidez: 57

euro.

s)  Immunosaio bidez egindako determinazioak (ELISA): 80 euro.

t)  Elikagaietan dagoen gluten edukiaren determinazioa, Western inmunobloting bidez:

50 euro.

u)  Substantziak identifikatzea eta/edo kuantifikatzea aurreko epigrafeetan definitutako teknikak batera erabiliz: haien baturaren arabera baloratuko da.

v)  Analisi mikrobiologikoak:

1.- Mikroorganismo espezie baten kontaketa: 25 euro.

2.- Mikroorganismoak isolatzea eta identifikatzea espezieka: 25 euro.

3.- Proba mikrobiologikoa, bakterio-hazkundearen inhibitzaileak bahetzeko: 15 euro.

4.- Analisi mikrobiologikoak PCR bidez: 70 euro.

5.- Patogenoen azterketa serologikoak: 50 euro.

w)  Genetikoki eraldatutako organismoen PCR bidezko analisiak:

1.- Screening analisia (landarearen barne kontrolen detekzioa, eta sekuentzia erregulatzaileena edo hautapen sekuentziena), analizatutako gen bakoitzeko: 50 euro.

2.- Sekuentzia espezifikoen PCR bidezko detekzio eta identifikazio analisiak denbora errealean, analizatutako gen bakoitzeko: 60 euro.

3.- PCR bidezko analisi kuantitatiboa denbora errealean: OMG bidez (sartuta daude 1. eta 2. puntuetan deskribatutako operazioak): 180 euro.

x)  Egindako analisi bati buruzko ziurtagiria ematea: 8 euro.

y)  Egindako analisi bati buruzko txostena ematea: 36 euro orduko edo zatikiko.

7.  Subjektu pasiboak autolikidatzekoak izango dira tasak, erregelamendu bidez ezarritako eran:

8.  Tasaren kudeaketa Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioari dagokio.

Hirugarren xedapen gehigarria.  Gastua ez handitzea.

Lege honetan xedatutakoa Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioari eta haren menpeko organismoei bideratutako baliabide material eta pertsonalekin beteko da, eta horrek ez du ekarriko gastuaren gehikuntza garbirik, batez ere langileria arloko gastuei dagokienez.

Laugarren xedapen gehigarria.  Azterketa eta analisi konparatiboak egitea eta zabaltzea.

1.  Edozein pertsona fisiko edo juridikoren ekimenez azken kontsumitzaileari saltzeko prestatuta dauden elikagaiei azterketa eta analisi konparatiboak egiten zaizkienean, azterketa eta analisi horien emaitzak zabaltzeko badira, egiazkotasun eta zehaztasun tekniko eta analitikoaren printzipioak bete beharko dira, eta Estatuan edo Erkidegoan analisien arloan dagoen araudian jasotako berme guztiak bete beharko dira.

2.  Azterlan, txosten eta analisien oinarri diren proba eta analisi guztiak elikagaien kontrolean esku hartzeko baimena duten laborategiei eskatzen zaien pareko egiaztapena duten laborategiek egin behar dituzte.

3.  Probaren emaitza lortu ondoren, fabrikatzaileari edo establezimenduaren titularrari jakinaraziko zaio, erregelamendu bidez ezarritako eran. Analisiaren emaitzan ez dela legea bete ondorioztatzen bada, fabrikatzaileak, edo ontziratzaileak edo produktuaren arduradunak (izena etiketan azaltzen da), kontraesaneko analisi bat egin ahal izango du.

Analisi horien artean ez badago adostasunik, hirugarren analisi bat egingo da, eta hori erabakitzailea izango da. Bi kasuotan, prozedura erregelamendu bidez garatuko da.

Erregelamendu bidez ezarriko da fitxa teknikoaren gaineko, analizatu beharreko produktuak erosteko prozeduraren gaineko, laginak hartzeko betekizunen gaineko eta dagozkienei emaitzak jakinarazteko prozeduraren gaineko egindako azterlanek, txosten edo analisiek zer prozedura bete beharko duten.

4.  Azterlan, txosten edo analisiek ez diote nahasbiderik eragin beharko kontsumitzaileari, segurtasunaren, produktuen kalitatearen edo aplikatzekoa zaien elikagai-legeria betetzearen alorrean.

5.  Erakunde publiko edo pribatuek egindako eta argitara emateko diren azterlan, txosten eta analisiei aplikatzekoak zaizkien printzipio eta betekizunak, xedapen honetan jasotakoak, ez betetzea fede onaren kontrako jokabide objektiboki kontrakotzat jo ahal izango da, Lehia Desleialari buruzko urtarrilaren 10eko 3/1991 Legearen II. kapituluan xedatutakoarekin bat etorriz.

Lehenengo xedapen iragankorra.  Aurretiazko kontratuak.

Lege hau aplikatuko zaie legea indarrean sartu ondoren egindako kontratuei, bai eta lehenago egindako kontratuen berritze eta luzapenei ere, baldin eta horien ondorioak lege hau indarrean sartu ondoren sortzen badira.

Bigarren xedapen iragankorra.  Nekazaritzako elikagaien erakunde profesionalak.

Nekazaritzako elikagaien lanbide arteko erakundeek, aitortuak izan daitezen, beren lurralde-eremuan eta beren sektorean, lanbide-adar guztietako produkzioen gutxienez 100eko 51 ordezkatzen dituztela egiaztatu beharrari buruz lege honetan sartutako berrikuntzak ez dituzte bete beharko Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak dagoeneko aitortu dituen nekazaritzako elikagaien lanbide arteko erakundeek.

Xedapen indargabetzaile bakarra.  Arauak indargabetzea.

Indargabetuta geratzen da lege honetan xedatutakoaren aurka doan edo bertan xedatutakoarekin bateraezina den maila bereko edo apalagoko xedapen oro, eta, batez ere:

–  28/1987 Legea, abenduaren 11koa, Oliba-oliorako Agentzia sortzen duena, eta –  509/2000 Errege Dekretua, apirilaren 14koa, Elikagaien Prezioen Behatokia sortzen duena.

Azken xedapenetako lehena.  Nekazaritzako Elikagaien Lanbide Arteko Erakundeak Arautzen dituen abenduaren 30eko 38/1994 Legea aldatzea.

Aldatu egiten da Nekazaritzako Elikagaien Lanbide Arteko Erakundeak Arautzen dituen abenduaren 30eko 38/1994 Legea. Hona hemen aldaketak: Bat.  Beste era batera idatzita geratzen da 2. artikulua.

«2. artikulua.  Nekazaritzako elikagaien lanbide arteko erakunde kontzeptua.

Nekazaritzako elikagaien lanbide arteko erakundetzat hartzen da, lege honen ondorioetarako, Estatuaren esparruko edo autonomia-erkidego baten esparruz gaindiko erakundea, nekazaritzako elikagaien produkzioa, transformazioa eta, hala badagokio, merkaturatze eta banaketa ordezkatzen duten erakundez osatutakoa, ordezkatuen izaera juridiko enpresariala edozein dela ere.» Bi.  Beste era batera idatzita geratzen da 3. artikulua.

«3. artikulua.  Nekazaritzako elikagaien lanbide arteko erakundeen helburuak.

Nekazaritzako elikagaien erakundeak honako helburu hauetako batzuk edo denak betetzeko osatuko dira:

a)  Elikatze-kateak behar bezala funtzionatzen duela zaintzea eta kideen arteko harremanetan jardunbide egokiak bultzatzea, balio-kateko partaide baitira.

b)  Merkatuen ezagutza, efizientzia eta gardentasuna hobetzea dakarten jarduerak egitea, batez ere, kideentzat interesgarriak diren informazio eta azterlanak partekatuz.

c)  Metodoak eta tresnak garatzea produktuen kalitatea hobetzeko produkzioaren, transformazioaren, komertzializazioaren eta banaketaren fase guztietan.

d)  Ikerketa eta garapen programak sustatzea, dagokion sektorean berrikuntza prozesuak bultzatzeko eta teknologiaren erabilera hobetzeko, produkzio-prozesuei begira zein tartean diren sektoreen lehiakortasunari begira.

e)  Produktu berriak merkatuan jartzeko prozesuetan sartuta dauden operadoreen arteko koordinazioa hobetzen laguntzea, batez ere, ikerketa-lanak eta merkatu-azterketak eginez.

f)  Elikagai-produkzioen zabalkunde eta sustapenerako kanpainak egitea, bai eta kontsumitzaileei produkzio horien gaineko informazio egokia emateko jarduerak egitea ere.

g)  Nekazaritzako elikagaien produkzioa arrazionalizatzeko, hobetzeko eta merkatuaren beharrizanetara eta kontsumitzaileen eskarietara bideratzeko behar diren azterketa eta jarduerak egitea eta informazioa ematea.

h)  Nekazaritza ekologikoa, produkzio integratua eta ingurumena errespetatzen duen beste edozein produkzio-metodo babestea eta bultzatzea, bai eta jatorrideiturak, adierazpen geografiko babestuak eta kalitate bereizia babesteko beste edozein modu ere.

i)  Nekazaritzako elikagaien kontratu ereduak prestatzea, Estatuko eta Erkidegoko lehiari buruzko araudiarekin bateragarriak direnak.

j)  Eskaintza arautzeko neurriak bultzatzea, Estatuko eta Erkidegoko lehiari buruzko araudiarekin bat etorriz.

k)  Prezioen negoziazio kolektiboa, nahitaezko kontratuak daudenean Erkidegoko araudian ezarritako eran.

l)  Albaitaritza-produktuen eta produktu fitosanitarioen erabilera eta beste produkzio faktore batzuk kontrolatu eta arrazionalizatzeko metodoak garatzea, produktuen garapena eta ingurumenaren babesa bermatzeko.

m)  Ingurumena hobeto babesteko jarduerak egitea.

n)  Elikatze-katearen maila guztietan efizientzia bultzatzea, energia-efizientzia hobetzeko, ingurumen-inpaktua gutxitzeko, hondakin edo azpiproduktuak arduraz kudeatzeko edo katean zehar elikagaien galera gutxitzeko xedez egindako ekintzen bidez.

ñ)  Katea osatzen duten guztientzako prestakuntza-ekintzak diseinatu eta egitea, nekazaritzako ustiategien, enpresen eta langileen lehiakortasuna bermatzeko; eta katean gazte kualifikatuak sartzea.

o)  Produkzio iraunkorreko metodoei eta merkatuaren eboluzioari buruzko azterketak egitea, kontratuetan askatasunez hitzartutako prezioa finkatzean erreferentzia gisa erabili ahal izateko (prezio-indizeak eta kostu objektiboak, gardenak, egiaztagarriak eta manipulatzeko modukoak ez direnak barne direla), betiere Erkidegoko sektoreko araudiak horri buruz ezarritakoa kontuan izanda.

p)  Nekazaritzako elikagaien sektoreetako profesionalen lanbide-kualifikazioa eta enplegagarritasuna hobetzeko behar den prestakuntza garatu eta ezartzea.

q)  Erkidegoko araudiak ezartzen dion beste edozein.» Hiru.  Beste era batera idatzita geratzen dira 4. artikuluko 1. paragrafoko b) hizkia eta 2. paragrafoko a) eta c) hizkiak.

«4. artikulua.  Nekazaritzako elikagaien lanbide arteko erakundeak aitortzea.

1.

b)  Beren lurralde-eremuan eta beren sektorean, lanbide-adar guztietako produkzioen gutxienez 100eko 51 ordezkatzen dituztela egiaztatzea.

2.

a)  Kideek nola bat egin eta nola utzi arautuko dute, eta estatutuak betetzeko konpromisoa hartzen duten esparru nazionaleko erakunde guztiek bertako kide izatea bermatuko dute, baldin eta dagokion lanbide-adarreko gutxienez 100eko 10

ordezkatzen duela egiaztatzen badute.

Era berean, bertako kide izatea bermatuta izango dute, dagokion lurraldeesparruko lanbide adarreko gutxienez 100eko 50 ordezkatzen duela egiaztatzen duten esparru autonomikoko erakunde guztiek, baldin eta dagokion sektoreak edo produktuak estatuko nekazaritzako azken produkzioaren, arrantzako azken produkzioaren edo nekazaritzako elikagaien azken produkzioaren gutxienez 100eko 3 biltzen badu, edo autonomia-erkidegoko nekazaritzako azken produkzioaren 100eko 8.

Era berean, erakunde kideen ordezkagarritasun-aldiaren iraupena arautuko dute, bai eta berritzeko prozedurak eta ordezkagarritasun horren egoerari buruzko aurreikuspena ere, kideen arteko akordio faltagatik aldi hori gainditzen den kasuetarako.

c)  Nekazaritzako elikagaien lanbide arteko erakundearen kudeaketan, batetik, produkzio-sektorearen eta, bestetik, transformazio- eta komertzializazio-sektorearen parte-hartze paritarioa arautuko dute. Ordezkatzen dituzten interesen arabera, bai eta helburu sozialaren arabera ere, nekazaritzako kooperatiben erakundeak produkzioaren, transformazioaren eta komertzializazioaren sektorean kokatu ahal izango dira, edo denetan aldi berean.» Lau.  Beste era batera idatzita geratzen dira 5. artikuluko 1. eta 2. paragrafoak.

«5. artikulua.  Nekazaritzako elikagaien lanbide arteko erakunde kopurua.

1.  Sektore edo produktu bakoitzeko, nekazaritzako elikagaien lanbide arteko erakunde bat baino ez da aitortuko; salbuespen izango da artikulu honen ondorengo paragrafoetan xedatutakoa.

2.  Kalitate bereizia babesteko figurak erabiltzeko eskubidea duten elikagaiak eta nekazaritzako produktuak, artikulu honen ondorioetarako, aurreko paragrafoan aipatutako produktu orokorretik edo ezaugarri berak edo antzekoak dituztenetatik bereizitako sektore edo produktutzat hartu ahal izango dira.» Bost.  Beste era batera idatzita geratzen da 6. artikuluko 2. paragrafoa.

«2.  Nekazaritzako elikagaien lanbide arteko erakundeek Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioaren Nekazaritzako Elikagaien Lanbide Arteko Erakundeen Erregistrora bidali beharko dute, urte bakoitzeko apirilaren 30a baino lehen, aurreko urteko jardueren urteko memoria, ekitaldia ixtean zegoen ordezkagarritasun egoera, urteko kontuak eta azken ekitaldiko likidazioa, behar bezala auditatuta, eta uneko ekitaldiko sarreren eta gastuen urteko kontua.» Sei.  Aldatu egiten da 7. artikuluaren lehenengo paragrafoa.

«7. artikulua.  Nekazaritzako elikagaien lanbide arteko erakundeen akordioak.

Nekazaritzako elikagaien lanbide arteko erakundeek Estatuko eta Erkidegoko lehiari buruzko araudian jasota dauden arau eta printzipioak beteko dituzte beren funtzionamenduan eta akordioak hartzeko orduan.» Zazpi.  Beste era batera idatzita geratzen da 8. artikulua.

«8. artikulua.  Arauak hedatzea.

1.  Nekazaritzako elikagaien lanbide arteko erakundeak akordio bat hartu ondoren, Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioari aurkeztuko zaio, ministro-agindu bidez, hala badagokio, haren arau guztiak edo arau batzuk produktu edo sektoreko produktore eta operadore guztietara hedatzeko proposamena onartzeko.

Arauak hedatzeko proposamenak 3. artikuluan nekazaritzako elikagaien lanbide arteko erakundeen helburu gisa definitutako jarduerekin eta Erkidegoko araudiak ematen dien beste edozeinekin lotutako jarduerei buruzkoak izango dira.

2.  Aurreko paragrafoan araututako arau-hedapena lanbide arteko erakunde baten barruan baino ezin izango da eskatu, erregelamendu bidez ezarritako baldintzetan, eta honako hauek betetzen direnean:

a)  Akordioa tartean diren lanbide-adarretako bakoitzaren gutxienez % 50ek babestea eta, b)  ukitutako produkzioen gutxienez % 75 ordezkatzea nekazaritzako elikagaien lanbide arteko erakundeak.

3.  Arauak hedatzeko akordioak betetzen diren kontrolatzeko eta jarraipena egiteko mekanismoak ezarriko dira erregelamendu bidez.

4.  Artikulu honen edukia, edonola ere, lehiari buruz indarrean dagoen araudian eta Erkidegoko araudian jasotako xedapenen aplikazioa eragotzi gabe ulertzen da.

5.  Sektore jakin baten barruan nekazaritzako elikagaien lanbide arteko hainbat erakunde aitortu badaude, erakunde horiek sektore edo produktu orokor eta estatalerako aitortuta dagoen nekazaritzako elikagaien lanbide arteko beste erakunde baten araua hedatzeko akordioei (onartu eta argitaratutakoei) lotuta geratuko dira.

6.  Dagokion agindu arautzaileak ezarriko du Estatuko eta Erkidegoko araudietan oinarrituta araua hedatzeko eskatu den akordioen iraupena. Iraupen hori ez da bost urte edo kanpaina baino luzeagoa izango.

7.  Hedatzeko agindua prestatzeko prozeduran Gobernuaren azaroaren 27ko 50/1997 Legearen 24. artikuluan ezarritakoa beteko da eta agindu horren hartzaile izan daitezkeenen parte-hartze publikoa egiaztatuko da, gutxienez hamabost egunez.» Zortzi.  9. artikulua honela idatzita geratuko da:

«9. artikulua.  Ekarpen ekonomikoa arauak hedatzen direnean.

Aurreko artikuluan ezarritako eran tartean diren produktore eta operadoreei arauak hedatzen zaizkienean, nekazaritzako elikagaien lanbide arteko erakundeek Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioari proposatu ahal izango diote, hala badagokio, erakunde horietan ez daudenek ekarpen ekonomikoa egitea onar dezan, ekintzen kostuen zenbatekoarekiko proportzionaltasun printzipioarekin eta nekazaritzako elikagaien erakundeetako kideekiko diskriminaziorik ezaren printzipioarekin bat etorriz.

Ezin izango dira jasanarazi nekazaritzako elikagaien lanbide arteko erakundearen funtzionamendu-gastuak, ekintzen kostuari ez dagozkionak.» Bederatzi.  Kendu egiten da 10. artikulua.

Hamar.  Beste era batera idatzita geratzen da 11. artikulua.

«11. artikulua.  Nekazaritzako elikagaien lanbide arteko erakundeen aitorpena berritzea.

1.  Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak ezeztatu egingo ditu nekazaritzako elikagaien lanbide arteko erakunde guztien aitorpena, baldin eta lege honetako 4. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen ez badituzte.

2.  Ezeztatu egin ahal izango da nekazaritzako elikagaien lanbide arteko erakundeen aitorpena, baldin eta hiru urtez jarraian jardunean izan ez badira, hau da, lege honetako 3. artikuluan ezarritako helburuetako bat ere egin gabe egon badira.

3.  Aitorpena ezeztatu aurretik, entzun egingo zaie eragiten zaien nekazaritzako elikagaien lanbide arteko erakundeei, eta ezeztapena lege honen 14. artikuluan araututako erregistroan inskribatuko da.» Hamaika.  Beste era batera idatzita geratzen da 12. artikulua.

«12. artikulua.  Arau-hausteen tipifikazioa.

1.  Lege honetan zehazturik dauden arau-hauste administratiboak arinak, larriak edo oso larriak izango dira.

2.  Arau-hauste arinak izango dira honako hauek:

a)  Nekazaritzako elikagaien lanbide arteko erakundeen dokumentazio eta akordioei buruz lege honen 6. eta 7. artikuluetan aipatutako agirietako edozein justifikatu gabeko atzerapenez bidaltzea Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministeriora.

b)  Eskumena duen agintaritzak onartutako arau-hedapeneko kasuetan, nahitaezko ekarpen ekonomikoa edo ekarpen horri dagozkion kuotak ordaindu beharra dutenek betebehar hori ez betetzea, zenbatekoa 6.000 eurotik gorakoa denean.

3.  Arau-hauste larriak izango dira honako hauek:

a)  Ebazpen irmo bidez arau-hauste arintzat jotako bi baino gehiago egitea urtebeteko epean.

b)  Nekazaritzako elikagaien lanbide arteko erakundeek Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioari ez bidaltzea hartu dituzten erabakiak.

c)  Nekazaritzako elikagaien lanbide arteko erakundeek Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioari ez bidaltzea urteko kontuak eta azken ekitaldiko likidazioa, behar bezala auditatuta, baldin eta urtean zehar erakunde horiek sektore guztiaren ekarpen ekonomikoak jaso badituzte eskumena duen agintaritzak onartutako arau-hedapeneko agindua dela-eta.

d)  Eskumena duen agintaritzak onartutako arau-hedapeneko kasuetan, nahitaezko ekarpen ekonomikoa edo ekarpen horri dagozkion kuotak ordaindu beharra dutenek betebehar hori ez betetzea, zenbatekoa 6.000 euro baino gehiago eta gehienez 60.000 euro denean.

4.  Hauek izango dira arau-hauste oso larriak:

a)  Ebazpen irmo bidez izaera bereko arau-hauste larritzat jotako bat baino gehiago egitea urtebeteko epean.

b)  Lege honetako 3. artikuluan ezarritako helburuen kontrako jarduerak egitea.

c)  Lege honen 4. artikuluan nekazaritzako elikagaien lanbide arteko erakundeak aitortzeko ezarritako betekizunen bat ez betetzea.

d)  Lege honen 4.2.a) artikuluan ezarritako gutxieneko ordezkaritza dutela egiaztatzen duten esparru nazional edo autonomikoko erakunde sektorialak nekazaritzako elikagaien lanbide arteko erakundeetako kide gisa atxikitzea ukatzea.

e)  Lege honetan ezarritako arauak hedatzeagatik egin beharreko ekarpenen araubidea dagokion ministro-aginduan ezarritako eran ez aplikatzea.

f)  Eskumena duen agintaritzak onartutako arau-hedapeneko kasuetan, nahitaezko ekarpen ekonomikoa edo ekarpen horri dagozkion kuotak ordaindu beharra dutenek betebehar hori ez betetzea, zenbatekoa 60.000 eurotik gorakoa denean.

5.  Eskumena duen agintaritzak onartutako arau-hedapeneko kasuetan, nahitaezko ekarpen ekonomikoa edo ekarpen horri dagozkion kuotak ez ordaintzeari buruzko arau-hausteetan, lanbide arteko erakundeak eskumena duen agintaritzaren aurrean salatu beharko du ez ordaintze hori, eta salaketarekin batera, zordunei ordaintzeko eskatu zaiela eta demanda judiziala edo, hala badagokio, arbitraje-laudoa izapidetzeko onartu dela egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko du.

Hala ere, ordaindu ez den ekarpen ekonomikoa edo ordaindu ez diren ekarpen horren kuotak eskumena duen administrazioari egindako aitorpen ofizialetan edo administrazio horrek egindako kontrol-jardueretan jasotako datuen gainean kalkulatzen direnean, ez da beharrezkoa izango aurreko lerrokadan aipatutako dokumentazioa aurkeztu dela egiaztatzea.» Hamabi.  Beste era batera idatzita geratzen da 13. artikulua.

«13. artikulua.  Zehapenak.

1.  Hona hemen aurreko artikuluan zerrendatutako arau-hauste administratiboen zehapenak:

a)  Arau-hauste arinengatik, ohartarazpena edo 3.000 eurorainoko isuna ezarriko da.

b)  Arau-hauste larriengatik, 3.001 eurotik 150.000 eurora bitarteko isuna ezarriko da.

Gainera, nekazaritzako elikagaien lanbide arteko erakundearen aitorpena aldi batez, gehienez ere urtebetera arte, etetea agindu ahal izango da, lege honetan ezarritakoaren ondorioetarako.

c)  Arau-hauste larriengatik, 150.001 eurotik 3.000.000 eurora bitarteko isuna ezarriko da.

Gainera, nekazaritzako elikagaien lanbide arteko erakundearen aitorpena aldi batez, urtebete eta egun bat eta hiru urte bitartean, etetea agindu ahal izango da, lege honetan ezarritakoaren ondorioetarako.

Era berean, nekazaritzako elikagaien lanbide arteko erakundearen aitorpena behin betiko kentzeko eskatu ahal izango da, lege honetan ezarritakoaren ondorioetarako.

2.  Aplikatu beharreko zehapenaren graduaziorako irizpideak Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritakoak izango dira.

3.  Zehapen-prozeduraren ebazpena honako hauen eskumenekoa izango da:

a)  Elikagaien Industriako zuzendari nagusiarena, espedientearen instruktoreak proposatutako zehapenaren zenbatekoa, guztira, ez denean 100.000

euro baino handiagoa.

b)  Nekazaritza eta Elikadurako idazkari nagusiarena, zenbateko hori 100.000

euro baino handiagoa eta gehienez 300.000 euro denean.

c)  Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumeneko ministroarena, zenbateko hori 300.000 euro baino handiagoa eta gehienez 600.000 euro denean.

d)  Ministroen Kontseiluarena, zenbateko hori 600.000 euro baino handiagoa denean edo zehapen gisa nekazaritzako elikagaien lanbide arteko erakundearen aitorpena aldi batez edo behin betiko kentzeko proposatzen denean.» Hamahiru.  Beste era batera idatzita geratzen da 15. artikuluko 2. paragrafoa.

«15. artikulua.  Nekazaritzako Elikagaien Lanbide Arteko Erakundeen Kontseilu Nagusia.

2.  Nekazaritzako Elikagaien Lanbide Arteko Erakundearen Kontseilu Nagusiak Osoko Bilkuran edo Batzorde Iraunkorrean jardungo du. Osoko Bilkuraren lehendakaria Nekazaritza eta Elikadurako idazkari nagusia izango da, eta honako hauetako ordezkariek osatuko dute erregelamendu bidez ezartzen den eran: Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioa, Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioa, Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Ministerioa, autonomiaerkidegoak, nekazaritzako erakunde profesionalak, nekazaritza eta arrantzako kooperatiben organizazioak, arrantza-produktoreen organizazio aitortuak, elikagaien industria eta merkataritzako organizazioak eta kontsumitzaileen organizazioak.» Azken xedapenetako bigarrena.  Nekazaritzako elikagaien kontratu-ereduak arautzen dituen urtarrilaren 7ko 2/2000 Legea aldatzea.

Aldatu egiten da Nekazaritzako elikagaien kontratu-ereduak arautzen dituen urtarrilaren 7ko 2/2000 Legea. Hona hemen aldaketak: Bat.  Beste era batera idatzita geratzen da 2. artikuluko 2. paragrafoa.

«2. artikulua.  Nekazaritzako elikagaien kontratu-eredua.

2.  Nekazaritzako elikagaien sistematzat hartzen da, lege honen ondorioetarako, nekazaritzako, abeltzaintzako, basogintzako eta arrantzako produkzio-sektoreen multzoa, bai eta arlo horietako produktuen transformazio eta komertzializazioaren sektoreena ere.» Bi.  Beste era batera idatzita geratzen da 3. artikuluko d) idatz-zatia.

«3. artikulua.  Kontratuen edukia.

d)  Prezioak eta ordainketa-baldintzak. Jaso beharreko prezioa eta prezio hori eguneratzeko irizpideak kontratua sinatzen duten alderdiek askatasunez finkatuko dituzte. Prezio hori finkatzeko, alderdiek, hala badagokio, kontuan hartu ahal izango dituzte prezioen edo kostuen adierazleak. Adierazle horiek objektiboak, gardenak eta egiaztagarriak izango dira, eta ezin izango dira manipulatu. Prezioak eta ordainketa-baldintzak finkatzeko orduan, kontuan hartuko da gai horri buruz Erkidegoko sektoreko araudiak ezarritakoa.» Hiru.  Kendu egiten da 8. artikulua.

Lau.  Beste era batera idatzita geratzen da 10. artikuluko bigarren lerrokada.

«10. artikulua.  Eztabaidak.

Jarraipen batzordeak, erregelamenduz ezarritako epe eta eran, ezin badio gatazkari konponbidea eman, edo emandako irtenbidearekin desadostasuna dagoenean, alderdiek arbitraje-prozeduretara jo ahal izango dute.» Bost.  Beste era batera idatzita geratzen da 11. artikulua.

«11. artikulua.  Arau-hausteak eta zehapenak.

1.  Arau-hauste arinak dira:

a)  Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministeriora ez bidaltzea kanpoauditoretzaren emaitzak erregelamenduz ezarritako epearen barruan.

b)  Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministeriora ez bidaltzea lege honen 4.1 artikuluan aipatzen diren datuak.

2.  Arau-hauste larriak dira:

a)  Kontratu-eredu homologatua egiteko proposamena egiten dutenek jarraipen batzordea ez eratzea erregelamendu bidez ezarritako epearen barruan.

b)  Jarraipen batzordearen helburu guztiak edo helburuetako batzuk ez betetzea.

c)  Lege honetan ezarritako kanpo-auditoretza ez egitea.

d)  Eskumena duen agintaritzari informazioa ez bidaltzea, edo datu faltsuak bidaltzea, ezarritako epearen barruan.

e)  Izaera bereko arau-hauste arin bat berriz egitea urte berean, aurreko arauhaustearengatik ebazpen irmo bidez ezarritako zehapenetik kontatzen hasita.

3.  Arau-hauste oso larriak dira:

a)  Ekarpen ekonomikoak lege honetako 5.3 artikuluan aipatzen den txosten osagarrian jasotako helburuetarako barik beste batzuetarako aplikatzea.

b)  Jarraipen batzordeak irabazi-asmoa duten jarduerak erabaki edo egitea.

c)  Ikuskatze-zerbitzuen jarduerari erabat uko egitea.

d)  Izaera bereko arau-hauste larri bat berriz egitea urte berean, aurreko arauhaustearengatik ebazpen irmo bidez ezarritako zehapenetik kontatzen hasita.

4.  Aurreko idatz-zatietan adierazitako arau-hausteei honako zehapenak ezarriko zaizkie:

a)  Arau-hauste arinengatik, ohartarazpena edo 3.000 eurorainoko isuna ezarriko da.

b)  Arau-hauste larriengatik, 3.000 eurotik 150.000 eurora bitarteko isuna ezarriko da.

c)  Arau-hauste oso larriengatik, 150.000 eurotik 3.000.000 eurora bitarteko isuna ezarriko da.

5.  Aplikatu beharreko zehapenaren graduaziorako irizpideak Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritakoak izango dira.» Sei.  Beste era batera idatzita geratzen da 12. artikulua.

«12. artikulua.  Eskumena duten organoak.

Zehapen-prozeduraren ebazpena honako hauen eskumenekoa izango da:

a)  Elikagaien Industriako zuzendari nagusiarena, espedientearen instruktoreak proposatutako zehapenaren zenbatekoa, guztira, ez denean 100.000

euro baino handiagoa.

b)  Nekazaritza eta Elikadurako idazkari nagusiarena, zenbateko hori 100.000

euro baino handiagoa eta gehienez 300.000 eurokoa denean.

c)  Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumeneko ministroarena, zenbateko hori 300.000 euro baino eta gehienez 600.000 eurokoa denean.

d)  Ministroen Kontseiluarena, zenbateko hori 600.000 euro baino handiagoa denean.» Azken xedapenetako hirugarrena.  Eskumen-tituluak.

Konstituzioaren 149.1.13 artikuluan xedatutakoaren babesean ematen da lege hau; artikulu horrek Estatuari esleitzen dio jarduera ekonomikoaren plangintza orokorraren oinarrien eta koordinazioaren gaineko eskumena.

Aurrekotik salbuetsita daude 5. artikuluko f) eta g) hizkietan xedatutakoa, II. titulua eta lehenengo xedapen iragankorra, 149.1. artikuluko 6. eta 8. arauetan xedatutakoaren babesean ematen baitira; arauok Estatuari esleitzen diote eskumen esklusiboa merkataritza-legerian eta legeria zibilean.

Azken xedapenetako laugarrena.  Garatzeko ahalmena.

Gobernuari ahalmena ematen zaio lege hau garatu eta betearazteko beharrezkoak diren xedapen guztiak eman ditzan.

Azken xedapenetako bosgarrena.  Indarrean sartzea.

Lege hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta bost hilabetera jarriko da indarrean.

Beraz, Lege hau betetzeko eta betearazteko agintzen diet espainiar guztiei, norbanakoei eta agintariei.

Madril, 2013ko abuztuaren 2a.

JUAN CARLOS E.

Gobernuko presidentea, MARIANO RAJOY BREY

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra