Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Octava ediciión Premios Adrián Celaya

Administrazio zuzenbidea  >>  Legeria  >> Orokorra

12/2014 Legea, uztailaren 9koa, Nekazaritza Kontseilua sortzen eta nekazarien erakunde profesionalek izango duten ordezkaritza zehazteko prozedura arautzen duena

2014-07-09

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2014/07/10, 167. zk.

bcl_2044851699.htm

I. XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

7286 12/2014 Legea, uztailaren 9koa, Nekazaritza Kontseilua sortzen eta nekazarien erakunde profesionalek izango duten ordezkaritza zehazteko prozedura arautzen duena.

FELIPE VI.a

ESPAINIAKO ERREGEA

Honako hau irakurtzen duten guztiek jakin dezaten.

Jakin ezazue: Gorte Nagusiek ondoko lege hau onetsi dutela, eta Nik, hemen, berretsi egiten dudala:

HITZAURREA

Nekazaritzako elikagaien eremuko Estatuaren organo aholku-emaileak sortu eta nekazarien erakunde profesionalen ordezkagarritasunaren oinarriak zehazten dituen urriaren 20ko 10/2009 Legeak sistema berria ezarri nahi zuen, nekazarien erakunde profesionalek nazio eremuan duten ordezkagarritasuna zehazteko eta Estatuko Administrazio Orokorraren eremuan duten ordezkagarritasuna neurtzeko. Legeak funtzionatu ahal izateko, Nekazari Ganberetarako edo haien nekazaritzako ordezkaritzaorganoetarako hauteskundeak deitu behar zituzten autonomia-erkidegoek, nazio eremuan ordezkagarritasun handienekotzat jotzeko lortu beharreko gutxieneko ehunekoa lortzen zuten erakundeak zeintzuk ziren zehazteko. Baina, irailaren 30eko 18/2005 Legeak indargabe utzi zuen Nekazari Ganberen araubide juridikoaren oinarriak ezartzen zituen abenduaren 24ko 23/1986 Legea, eta horren ondorioz, 2005az geroztik, autonomiaerkidegoek hainbat modutara zehaz dezakete nekazarien elkarte profesionalek beren lurraldeetan duten ordezkagarritasuna, eta guzti-guztiak baliodunak. Baina irizpide aniztasunak zaildu egiten du Estatu mailako ordezkagarritasuna zehaztea, hauteskundeen emaitzak eta beste prozeduren emaitzak batera ebaluatzea ezinezkoa baita. Urriaren 20ko 10/2009 Legeak xedatu bezala, ordezkagarritasun hori bederatzi autonomiaerkidegotan izandako emaitzetara murriztuta ere ezin dira datu homogeneoak lortu.

Nekazarien erakunde profesionalen ordezkagarritasuna zeharka zehaztu izan da, tradizioz, Nekazari Ganberetarako hauteskundeen bidez; autonomia-erkidegoek deitzen zituzten horiek Estatuaren oinarrizko legearen babespean, Nekazari Ganberen abenduaren 24ko 23/1986 Legearen babespean, hain zuzen. Lege horrek xedatutakoaren arabera, ordezgarritasun handienekotzat jotzen ziren nazio eremuan botoen ehuneko 10 eta autonomia-erkidego eremuan botoen ehuneko 20 lortzen zuten erakunde profesionalak. Beraz, ordezkagarritasuna neurtzeko egun dauden arazoen abiapuntua da 2005ean egin zen Nekazari Ganberen oinarrizko legeriaren indargabetzea.

Orain indargabetzen den urriaren 20ko 10/2009 Legeak bi prozedura jasotzen zituen ordezkagarritasuna aitortzeko: bederatzi hauteskunde prozesutan emandako botoen ehuneko 15 lortzea, edo, hamar autonomia-erkidegotan aitortua izatea beste baliabideen bidez. Baina lehenengoa ezin izan da aplikatu, hauteskunde prozesua ezin izan delako burutu, aldi berean, gutxienez, bederatzi autonomia-erkidegotan; bigarrenak, berriz, ez du kontuan hartzen nazio osoan dagoen nekazari kopuruaren benetako pisua.

Nekazaritza sektorearen aldaketa garrantzitsuekin batera suertatu da egoera hori, horregatik inoiz baino beharrezkoagoa da nekazarien erakunde profesionalekiko (OPA) elkarrizketa eraginkorra. Hori dela-eta, nekazarien gai publikoetan parte hartzeko eskubidea bermatuko eta nekazaritzako elikagaiei loturiko politiken gobernua hobetuko bada, lehenbailehen argitu behar da erakundeen ordezkagarritasunarekin loturikoa.

Estatuko Administrazio Orokorraren aurrean nekazariek izango duten ordezkaritzarako irizpide berriek eredu aldaketan izan behar dute abiapuntu. Horretarako, lege honen proposamena da zuzeneko kontsulta egitea, nazio-lurralde osoan, aldi berean, eta hura aldian behin deitzea. Sistema horrek antzemandako arazoak gainditzea ahalbidetuko du, gainera, aldi berean egiten den zuzeneko kontsultak lortu nahi den helburuaren ikuspegi argia eskaintzen die hautesleei, bai eta emaitza osoa aldi berean ezagutzea ere. Horrekin guztiarekin nekazarien erakundeek legitimitate handiagoa izango dute.

Nekazariek —lege honen ondorioetarako: nekazaritza, abelzaintza eta basogintza jarduerak burutzen dituztenak— hautagai diren erakundeetako bat hautatuko dute, eta hautatutako erakundeek Nekazaritza Kontseiluko hamar tokiak beteko dituzten pertsonak, lortutako botoen proportzioaren arabera. Hautesbarruti bakarreko sistema proportzionalak botoen eta kontseiluan lortutako tokien arteko korrelazio handiagoa bermatzen du, d´Hondt legea aplikatua. Era berean, botoa emateko eskubidea ahal denik eta nekazaritzan ari den pertsona kopururik handiena izan dezan da helburua. Jarduera ohikotasunez eta ekonomikoki adierazgarria den moduan burutzen duten pertsonak direla ziurtatzeko gutxienekoak ezarriko dira.

Pertsona fisikoak erroldan sartu ahalko dira honako hiru kasuetan: Gizarte Segurantzan nekazaritzako enpresa-jardueretan afiliatuak badaude, Europar Batasunaren nekazaritzarako laguntzak jasotzen badituzte —ezarriko den kopurutik gorakoak— eta nekazari-errenten aitorpenean guztizko errentaren ehuneko 25 edo gehiago nekazaritza jarduerari badagokio.

Pertsona juridikoei dagokienez, erroldaren barruan izango dira sozietate zibilak eta merkataritza-sozietateak beren xede bakarra eta esklusiboa nekazaritzako jarduera bada eta, gutxienez, 10.000 € fakturatu badituzte kontsulta egin aurreko bi ekitaldietako batean.

Kontsultan hautagai izan daitezkeen nekazarien erakunde profesionalei dagokienez, Nekazari Ganberen legeek xedatutako betebeharra, hau da, Sindikatuetan elkartzeko eskubidea erregulatzen duen apirilaren 1eko 19/1977 Legearen 3. artikuluak xedatutakoarekin bat aitortuak izatekoa, bete beharko dute, eta beren helburuen artean nekazaritzaren interes orokorrak defendatzea egon behar da, bazkideen interes sektorialak babesteko sortu diren bestelako nekazarien erakundeen kasuan ez bezala.

Kontsultaren xedea ez da organo betearazle batean egongo diren pertsonen zerrenda hautatzea, nekazarien erakundeek duten ordezkagarritasuna zehaztea baizik, eta horrek prozedura errazten du, gainera koherenteago egiten du eratu nahi den organoaren izaerarekin. Ez da, beraz, hauteskunde-prozesua eta ez da hauteskunde-arautegia zuzenean aplikatu behar, nahiz eta hauteskunde orokorretan derrigorrezkoak diren bermeen antzeko direnak hartu diren kontsultarako. Erakundeak hautatzen dira kontsultan ez pertsonak, beraz, Nekazaritza Kontseiluan tokia lortu dutenek pertsonen zerrenda proposatuko dute izendatuak izateko. Pertsona horiek ez daude hautesleen agintearen menpe, hautesleek hautatu dituzten erakundeen agintearen menpe baizik. Gizonen eta emakumeen kopurua orekatua behar du izan zerrendan.

Erabakiak autonomiaz hartzeko eta sektorearen benetako babesa duten proposamenak egiteko organo gisa eratzen da Nekazaritza Kontseilua. Nekazaritza Kontseilu berriak informazioa emateko organo soila izateari utzi eta informazioa emateko nahiz nekazaritza politikei loturiko proposamenak egiteko organo izatera heldu behar da.

Elkarrizketa-esparru berri honek estatus berria ezartzen du, non erakunde bakoitzaren iritzia benetako ordezkagarritasunaren arabera haztatzen baita, hain zuzen, Espainia osoan egindako kontsultaren ondorioz neurtutako ordezkagarritasuna. Egoera hori delaeta, ahalmena ematen zaie Estatuko Administrazio Orokorrarekin solaskide iraunkor izango diren erakundeei, etasektoreko arautegian jaso beharko da hori, eremu horretan bideratuko baitira Konstituzioaren 105 artikuluan aurreikusitako kontsultak, baina Estatuko Administrazio Orokorrari baino ezin izango zaio aplikatu, nork bere burua antolatzeko printzipioan oinarri baitu, eta bateragarria nekazariek autonomia-erkidegoen aurrean ordezkatzeko bestelako sistemekin.

ATARIKO KAPITULUA

Xedea

1. artikulua. Xedea.

1.Lege honen xedea da izaera orokorreko eta nazio eremuko nekazarien erakunde profesionalen ordezkagarritasuna zehazteko kontsultaren prozedura arautzea.

2.Halaber, Nekazaritza Kontseilua sortzea du helburu, zein Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioari atxikitako organo aholku-emailea izango baita.

3.Lege honen ondorioetarako, honako definizioak hartu behar dira kontuan:

a) Nekazarien erakundeak: Izaera orokorreko eta nazio eremuko nekazarien erakunde profesionalak, hain zuzen, Sindikatuetan elkartzeko eskubidea arautzen duen apirilaren 1eko 19/1977 Legearen babespean eratu eta aitortu direnak, haien estatutuetan nekazaritzaren interes orokorren defentsa —nekazaritza, abeltzaintza eta basogintza jarduerena— jaso dutenak, bai eta nekazarien, abeltzainen eta basozainen interes profesionalen, ekonomikoen eta sozialen defentsa eta sustapena ere. Nekazarien erakunde dira ere aipatutako horiek osatzen dituzten koalizioak eta erakunde horiek nazio eremuko beste batean txertatzen direnean osatutakoak, txertatutakoek jatorrizko izendapena gordetzen badute ere.

b) Nekazarien erakundeek osaturiko koalizioa: Izaera orokorreko eta nazio eremuko erakundeen batasuna, kontsultan hautagai bakar gisa agertzeko.

4.Lege honen ondorioetarako eta ez bestela, nazio eremuko izaera egiaztatuko da apirilaren 1eko 19/1987 Legeak xedatutakoarekin bat erregistratutako eraketa estatutuen bidez. Estatutu horiek direla-eta, jarduna lurralde nazionalean burutzen dela eta egoitza edozein dela ere edonor afiliatu daitekeela erraz ondorioztatu ahalko da.

I. KAPITULUA

Nekazarien erakundeen ordezkagarritasuna

2. artikulua. Ordezkagarritasuna zehaztea.

1.Nekazarien erakundeen ordezkagarritasuna zehazteko kontsulta egingo da, lege honek xedatutakoarekin bat hautagai direnen artean.

2.Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak bost urtetik behin deituko du kontsulta, lege honetan xedatutakoarekin bat, nekazarien erakundeen ordezkagarritasuna zehazteko.

3. artikulua. Kontsulta.

Nekazarien erakundeen ordezkagarritasuna zehazteko kontsulta honako irizpideen arabera burutuko da:

a) Aldi berean burutuko da Estatuaren lurralde osoan.

b) Nekazarien erakunde profesional bakoitzak Estatu osoan lortutako botoak zenbatuko dira.

4. artikulua. Hautesleak.

1.Nekazaritza, abeltzaintza edo basogintza beren ohiko ekonomia jarduera duten pertsona fisiko edo juridikoek parte hartu ahalko dute kontsultan, 6. artikuluak jasotzen duen erroldan izena emanda badaude.

2.Hautesleek prozesuan parte hartzeko xedatutako prozeduren artean egokien jotzen dutena baliatu ahalko dute: lurralde mugapenari dagokion mahaira bertaratu edo

botoa postaz bidali ahalko dute. Hautesleek behin baino ezingo dute parte hartu kontsulta berean.

3.Botoa postaz eman nahi duten hautesleek nekazariaren erroldaren edo pertsona juridikoaren egoitza soziala dela-eta, dagokion Probintziako Batzordeari eskatu beharko diote, idatziz, eta kontsulta egin baino hogeita bi egun lehenago, gutxienez. Horretarako, eskatzaileak berak aurkeztu beharko du eskabidea postetxeko bulegoan, eta bere nortasuna egiaztatu bulegoko langilearen aurrean. Batzordeak aurkeztutako dokumentazioa aztertu eta dagokion dokumentazioa bidaliko dio eskatzaileari, posta ziurtatu eta presakoaz, kontsulta egin baino hamar egun lehenago. Dokumentazio hori bete ondoren, posta ziurtatu eta presakoaz igorriko zaio dagokion Probintziako Batzordeari, beranduenez, kontsulta egin aurreko egunean haren esku egon beharko baita.

4.Correos y Telégrafos SA Estatuko Sozietateak kontsultan duen parte hartzea, posta-zerbitzu unibertsala emateko operadore gisa, dagokion lankidetza hitzarmenaren bidez erregulatuko da, Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak eta operadore horrek izenpetuko baitute. Bertan zerbitzuari ezartzen zaizkion betebeharrak jasoko dira, kontsulta prozesua normaltasunez gara dadila babesteko, bai eta hari dagokion konpentsazioa ere.

5.Postaz emandako botoari dagozkion bestelakoak erregelamenduz arautuko dira, kontsultan parte hartzen dutenen nortasuna egiaztatzeko modua barne.

5. artikulua. Ordezkaritza handieneko nekazarien erakundeak

Ordezkaritza handieneko nekazarien erakundetzat joko dira Estatuan egindako kontsultaren boto baliodunen ehuneko hamabost lortzen dutenak, eta, gainera, sei autonomia-erkidegotan, autonomia-erkidego horietako bakoitzaren kontsultan emandako boto baliodunen ehuneko bost, gutxienez.

6. artikulua. Errolda.

1.Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak landuko du errolda, sailaren zuzendaritza-zentroetako baten esku hura lantzeko eskumena utzita, Errolda Zuzendaritzaren esku, hain zuzen. Erroldaren barruan pertsona fisiko edo juridikoak sartuko dira, nekazaritza jarduera egiaztatu eta artikulu honetan jasotako beste baldintzak betetzen dituztenak.

2.Errolda Zuzendaritzak ofizioz eskatuko dio laguntza Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiari (GSDO) eta Nekazaritza Bermerako Espainiako Fondoari (NBEF) bere zeregina betetzeko. Era berean, alderdiak eskatua, pertsona fisikoak sartu ahalko dira erroldan, nekazaritza jardueraren ondoriozko errentak beren guztizko errenten ehuneko 25 edo gehiago badira, bai eta pertsona juridikoak ere, 5 paragrafoaren baldintzak betetzen badituzte, erroldan izena eman diezaieten eskatuta.

3.Publikoa izango den errolda horrek pertsona fisikoen honako datuak jasoko ditu:

a) Izena eta abizenak.

b) Identifikazio Fiskaleko Zenbakia (IFZ) .

c) Jaioteguna

d) Errolda helbidea

Pertsona juridikoen kasuan, honako datuak jasoko ditu:

a) Sozietatearen izena.

b) Identifikazio Fiskaleko Zenbakia (IFZ)

c) Sozietatearen egoitza.

d) Sozietatearen boto eskubidea baliatuko duen legezko ordezkariaren datu pertsonalak.

4.Ofizioz sartuko dira erroldan 2. paragrafoan aipatutako organismoen datu eguneratuenen arabera egoera hauetako batean dauden pertsona fisikoak:

a) Gizarte Segurantzan afiliatuak eta bere konturako nekazaritza langile gisa alta emanda daudenak, bere konturako langileen araubide berezian edo autonomoenean, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak dituen datuen arabera, betiere, nekazaritza jarduera uztea aintzinatzeagatik laguntza jaso ez badute.

b) Nekazaritza politika erkidearen zuzeneko ordainketak jasotzen dituztenak, urteko 5.000 eurotik gorakoak, Nekazaritza Bermerako Espainiako Fondoaren datuen arabera.

Errolda horretan sartuko dira ere, beraiek eskatua, guztizko errentaren ehuneko 25 edo gehiago nekazaritza jardueratik eskuratzen dutela aitortzen duten nekazariak. Beraiek aurkeztuko dituzte hori egiaztatzeko datuak edo beraiek berariaz baimena emanda Zerga Administrazioko Estatu Agentziari eskatu beharko zaizkio. Nekazaritza jarduerak eragindako errenta zuzeneko ordainketetatik datorrena baino ez bada, 5.000 eurotik gorakoa izan beharko dira ordainketa horiek.

5.Erroldan honako betekizunak betetzen dituzten eta bertan sartzeko eskatzen duten pertsona juridikoak egongo dira:

a) Sozietate zibil edo merkataritzakoak direnak, eta nekazaritza jarduera sozietatearen helburu bakarra eta esklusiboa dutenak

b) Gutxieneko fakturazioa, hots, 10.000 eurokoa, egiaztatzen dutenak, kontsulta egingo den ekitaldiaren aurreko bi urteetako batean, gutxienez.

6.Behin-behineko errolda ofizioz osatuko da eta kontsultarako deialdiaren agindua EAOn argitaratu baino hilabete bat lehenago itxi egingo da. Gobernuaren ordezkaritza eta ordezkariordetzetako zein udaletako iragarki-oholetan argitaratuko da, izen emateak egiaztatu eta dagozkion erreklamazioak aurkeztu ahal daitezen, hilabeteko epean argitaratzen denetik. Gainera, Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioaren weborrian argitaratuko da errolda, dagozkion bermeekin bat, 10.2 artikuluak xedatutakoa betetzeko.

7.Erroldan izena eman nahi duten 4. paragrafoaren bigarren lerrokadan eta 5. paragrafoan aipatzen diren pertsonek Errolda Zuzendaritzan eskatu beharko dute, behinbehineko errolda argitaratzen denetik hilabeteko epean, gehienez. 4. paragrafoko bigarren lerrokadaren kasuan, eskabidearekin batera diru-sarreren aitorpena aurkeztu beharko da, bai eta Errolda Zuzendaritzari berariaz ematen zaion baimena ere, Zerga Administrazioko Estatu Agentziaren datu baseetan benetako datuak direla egiazta ditzan, edo berariazko baimena datu horiek agentziatik bertatik eskura ditzan.

8.Kontsultaren prozesua abiarazten den egunetik 10 egunetara argitaratuko da behin betiko errolda. Erroldan agertzen ez diren pertsonek, kontsultan parte hartzeko eskubidea dutela uste badute, erreklamazioa aurkez dezakete Errolda Zuzendaritzaren aurrean, hura argitaratu denetik hamar eguneko epean. Erreklamazio horiek ebatzi eta jakinarazteko epea bost egunekoa da. Ebazpen hori Errolda Zuzendaritzaren goragoko mailakoaren aurrean errekurritu ahalko da hiru eguneko epean, eta errekurtsoaren ebazpena hiru eguneko epean jakinaraziko da, bai eta administrazio bideari amaiera emango ere.

7. artikulua. Hautagai diren nekazarien erakundeak.

1.Kontsultan aurkezten diren nekazarien erakundeak nazio eremukoak izan behar dira eta 1. artikuluan jasotako baldintzak bete beharko dituzte.

Honakoak aurkeztu beharko dira hautagai-zerredarekin batera: eskumendun erregistro publikoan egindako izen-ematea; erakundearen estatutuak; nekazarien beste erakundeekin koalizioa osatzeko erabakiak, halakorik dagoenean; eta hautagaizerrendaren ardura duenaren izena eta helbidea jakinarazpenen ondorioetarako, zein posta elektronikoz helarazi ahalko baita.

2.Kontsultan parte hartzen duten nekazarien erakundeek, nazio eremukoak izanik ere, lurralde-eremu txikiagoko erakundeen siglen bidez aurkez daitezke, lurralde-eremu hori probintzia baino txikiagoa ez bada. Kasua hori bada, nazio eremukoetan txertatuak egon behar dira eta txertatuta dauden nazio eremuko nekazarien erakunde profesionalen izen osoak edo siglak agertu behar dira.

3.Kontsulta honetan parte hartu nahi duten nekazarien erakundeek, gehienez, hamar egun izango dituzte hautagai-zerrendak aurkezteko, deialdiaren aginduan ezarritako kontsultarako prozesua abiarazten den egunetik kontatuak. Batzorde Nagusiak zazpi egun izango ditu onartutako eta bazter utzitako hautagai-zerrendak jakinarazteko. Hautagai-zerrenden ordezkariek errekurtsoa aurkeztu ahalko dute Batzorde Nagusiaren aurrean jakinarazpena jaso eta hurrengo hamar egunetan zehar; erreklamazio hori ebatzi eta jakinarazteko zazpi egun izango ditu.

4.Onartutako hautagai-zerrenden argitalpena egiaztatzeko berrogei egun izango dira, deialdiaren aginduan ezarritako kontsultarako prozesua abiarazten den egunetik kontatua. Hautagai diren nekazarien erakundeen zerrenda Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, probintzien arabera ordenatua eta izen osoa zein siglak adierazita. Argitalpenaren aurka dagozkion errekurtso arruntak aurkeztu ahal izango dira.

8. artikulua. Kontsultaren antolakuntza.

1.Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioaren titularrak deituko du nekazarien erakunde profesionalen ordezkagarritasuna zehazteko kontsulta, ministroaren agindu bidez; kontsulta abiarazten denetik kontatuta berrogeita hamazazpigarren egunean burutuko da, eranskinean jasotako kronogramarekin bat.

2.Batzorde Nagusia sortzen da, eta Gobernuaren Ordezkaritza edo Ordezkariordetzetako bakoitzean Probintziako Batzorde bat. Batzorde Nagusiak izendatutako pertsonek osatuko dituzte Probintziako Batzordeak, eta mahaiak osatu eta haien funtzionameduaz arduratuko dira, bai eta emaitzak transmititzeaz ere.

3.Batzorde Nagusiak kontsulta behar bezala burutzen dela zainduko du, erreklamazioak ebatzi, kontsultaren gaineko arauak interpretatu eta horiek bete daitezen instrukzioak emango ditu, kontsulta prozesuaren garapenean parte hartzen duten organoek bete beharko baitituzte.

Nekazaritzaren eta Elikaduraren Idazkaritza Nagusiaren titularra izango da batzordeburu eta Ministerioaren Idazkaritza Nagusi Teknikoaren titularrak jardungo du idazkari gisa. Batzordekide izango dira Zerbitzuen Zuzendaritza Nagusiko zein Landa Garapeneko eta Baso Politikarako Zuzendaritza Nagusiko titularra, bai eta saileko Estatuko abokatua ere.

4.Probintziako Batzordeen ardura da, beren lurraldeei dagokienez, kontsulta prozesua koordinatzea, Batzorde Nagusiaren irizpideak aplikatzea eta mahaiek behar bezala jarduten dutela zaintzea.

Gobernuaren ordezkaria edo ordezkariordea izango da batzordeburua eta Ordezkaritza edo Ordezkariordetzaren idazkari nagusiak jardungo du idazkari gisa. Gobernuaren ordezkariak izendatutako hiru funtzionariok osatuko dute batzorde horietako bakoitza.

5.Kontsultarako mahai bat, gutxienez, eratuko da probintzia bakoitzeko hiriburuan eta uharte-direktorioa duen uharteetako bakoitzean, bai eta lurralde-barrutiaren erroldaren arabera behar den beste toki-mahai ere; mahai bakoitzak 500 boto-emaile hartuko ditu, gehienez. Batzorde Nagusiak mahaien zerrenda eta kokapena argitaratuko du, deialdian ezarri den kontsultarako prozesua abiarazten den egunetik hamar egunetara.

Seina kidek osatuko dituzte mahaiak, hirurogeita bost urtetik beherakoak, hiruna titular eta hiruna ordezkok, hain zuzen, mahaiaren erroldan izena emanda daudenen artean ausaz hautatuak. Kideetako bat mahaiburu izendatuko da. Hautagai-zerrenda bakoitzaren ordezkariak artekari bat izendatu ahalko du mahai bakoitzeko, bozketa eguna baino hamar egun lehenago mahaiko erroldan izena emanda dutenen artean, hitz egin bai baina botorik eman ezingo duena.

6.Mahai bakoitzak botoa emateko eskubidea dutenen hautesle-errolda izango du, alfabetoaren hurrenkeraz ordenatua, eta zerrenda horrek botoa postaz eman dutenen berri jasoko du. Dena delako mahaiaren erroldan den pertsona kopuruari dagokion botopaperen kopuru bera egongo da, gutxienez, mahai bakoitzean. Boto-paperen eredua bakarra izango da, probintzien hautagai-zerrendetara egokitua eta Batzorde Nagusiak onetsia.

7.Kontsulta eguneko 8:00etan eratuko dira mahaiak horretarako ezarritako lekuetan, eta eraketaren akta jasoko da zeregin horretan gertatutakoen berri jasotzeko. Botoemaileek 8:00etatik 20:00etara eman ahalko dute botoa.

9. artikulua. Boto-kontaketa.

Mahaikideek eta artekariek boto presentziala eman ondoren egingo da boto-kontaketa, honako prozedurari jarraiki:

a) Probintziako Batzordeak postaz jasotako boto-paperak emango dizkio mahaiburuari, eta honek hautetsontzian sartuko ditu. Baina sartu aurretik, horietako bakoitzarekin batera dagokion egiaztapena dagoela, hauteslea erroldan dagoela eta boto presentziala eman ez duela —horrela bada postaz jasotakoa baliogabetuko da— ziurtatuko du. Inguruabar horiek guztiak aktan jaso beharko dira.

b) Hautetsontziak irekiko dira eta kontu-zenbaketa publikoa abiaraziko da; botopaperak banan-banan atera eta ozen irakurriko da botoa eman zaion hautagaizerrendaren izena. Mahaiburuak, boto-paper bakoitza irakurri ondoren, mahaikide eta artekariei erakutsiko die, bai eta galdetuko oharrik edo erreklamaziorik dagoen ere, eta halakorik egonez gero, gehiengoz ebatziko dira.

c) Boto-kontaketa egin ondoren, boto-paperen kopurua zenbatutako boto-emaileen kopuruarekin erkatuko da, eta aktan jasoko dira horren emaitza, gertakari guztiak eta boto-zenbaketaren gaineko erreklamazioak, halakorik egon bada.

d) Jarduera horiek amaitutakoan, ozen iragarriko du emaitza mahaiburuak, eta honakoak zehaztuko ditu: erroldan dauden pertsonen kopurua, boto-emaileena, botopaper baliodunena, boto-paper baliogabeena, boto-paper zuriena eta hautagai-zerrenda bakoitzak jaso duen botoena.

Boto-paperak bertan daudenen aurrean suntsituko dira, balioa ukatu zaienak edo erreklamazioa jaso dutenak izan ezik, horiek aktari erantsi egingo baitzaizkio.

e) Mahaiburuak eta mahaikide guztiek izenpetuko dute saioaren akta, zein eratzekoarekin eta dagokion dokumentazioarekin batera gutun-azal batean sartuko baita. Mahaiburuak eta artekariek izenpetuko dute gutun-azala. Dokumentazio hori Probintziako Batzordearen arduradunari emango zaio eta honek Batzorde Zentralari helaraziko dio.

f) Boto-kontaketa orokorra botoak eman ziren egunaren biharamunetik kontatuta hirugarren egunean egingo du Batzorde Nagusiak. Hautagai-zerrenden ordezkariek hiru egun dituzte erreklamazioak aurkezteko, baina mahaiak eratzeko-aktan zein saioarenean jasotakoaren gainekoa baino ezingo dira izan. Batzorde Nagusiak hamar egun ditu horiek ebazteko, eta orduan emaitzak jakinaraziko ditu.

10. artikulua. Kontsultari buruzko xedapen orokorrak.

1.Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioaren web orrian argitaratuko dira aurkeztu diren hautagai-zerrendak. Mahaien kokapena eta mahai bakoitzak hartuko dituen biztanleguneak ere horrela argitaratuko dira. Jakinarazpen eta kontsultak baliabide telematikoen bidez egin ahalko dira.

2.Erroldan jasotako datu pertsonalak lege honetan aurreikusitako organoek eta ez bestek erabili ahalko dituzte, eta kontsultaren xederako baino ez. Argitalpena ezarritako tokietara mugatuko da, eta hautesleek beren datuak egiaztatu edo zuzen ditzaten egoki den forman eta behar den denboraz. Prozesuan hautagai izateko onartu diren nekazarien erakundeei erroldaren kopia emango zaie, euskarri informatikoan. Informazio estatistikoa publikoa izango da.

3.Ezarritako epeak egun naturalak aintzat harturik zehazten dira, eta prozeduraren inguruan berariaz zehaztu ez dena argitzeko, azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak dioena izango da aplikatzekoa.

11. artikulua. Desagertutako Nekazari Ganberen Konfederazio Nazionalaren ondasun higiezinak erabili ahal izateko lagapena.

1.Urriaren 25eko 1520/1991 Errege Dekretuan Nekazari Ganberen Konfederazio Nazionalaren desagerpena xedatu zen, eta haren ondasun higiezinak kudeatzeko Kudeaketa Batzordea sortu zen. Batzorde horrek kudeatutako ondasunak nekazarien erakundeei laga egingo zaizkio, haien ordezkagarritasunaren ehunekoa aintzat harturik, eta Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioaren aginduaren bidez; Estatuko Abokatutzaren txostena beharko da aurretik non lagapenaren baldintzak zehaztuko baitira.

2.Ondasun higiezin horien lagapenak amaiera data eta betebeharreko baldintzak izango ditu. Lagapen-hartzaile diren erakundeek nekazaritzako interes orokorreko helburu eta zerbitzuetarako baliatu beharko dituzte higiezinak. Ondasun horiek erabiltzeko eskubidea izango dute aipatu erakundeek, eta haien kudeaketaren arduradunak izango dira, beren agintean zehar; agintaldia amaitutakoan, laga zitzaizkienean zeuden egoera berean itzuliko dituzte, berriro banatu ahal izateko, aurreko paragrafoan xedatutakoarekin bat. Halaber, lagapena kendu egingo zaie nekazaritza intereseko helburua betetzen ez badute, eta horrela gertatzen denean, Estatuko Ondarera itzuliko dira.

3.Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak zainduko du ondasun higiezinak behar bezala erabiltzen direla, eta horretarako lagapen-hartzaileei eskatu ahalko die egoki jotzen duen dokumentazioa. Lagatako ondasunak ezin izango zaizkio laga hirugarrenei, Ministerioak berariaz baimentzen ez badu.

4.Era berean, nekazaritzako elikagaien sektoreko Estatuko kooperatiben konfederazioei lagako zaizkie Kudeaketa Batzorde horren titulartasun peko ondasun higiezinak, horien ordezkagarritasunaren ehunekoa aintzat harturik, lege hau indarrean sartzen denean lagata bazituzten.

12. artikulua. Diru-laguntzak.

Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak eman ditzakeen laguntzak, hala

badagokio, aurrekontuetan erabilgarri dagoenarekin bat eta erakunde bakoitzak, lege honetan xedatutakoaren arabera, lortu duen ordezkagarritasunarekin bat emango dira, bai eta diru-laguntzei buruzko legeek xedatutakoarekin bat. Laguntza horiek ordezkaritza duten nekazarien erakundeek Estatuko Administrazio Orokorraren aurrean burutzen dituzten ordezkaritza zein lankidetza jardueretarako dira.

II. KAPITULUA

Nekazaritza Kontseilua

13. artikulua. Nekazaritza Kontseilua sortzea eta haren izaera.

Nekazaritza Kontseilua Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioari atxikiriko kide anitzeko organo aholku-emaile gisa sortzen da, Estatuko Administrazio Orokorrari aholkua emateko nekazaritza eta landa arloko interes orokorreko gaietan.

14. artikulua. Eginkizunak.

1. Nekazaritza Kontseiluak honako eginkizunak izango ditu:

a) Sailak nekazaritza eta landa-garapenarekin loturiko gaietan egiten dituen arauproiektuei buruz txostena ematea eskatzen zaionean, bai eta lege xedapenek jasotzen dituztenei buruzkoak ere.

b) Nekazaritzako Politika Bateratuaren eta nekazaritzako politikaren neurrien berri izatea eta haiei buruzko txostena ematea eskatzen zaionean.

c) Nekazaritza sektorearen egoera sozialaren eta ekonomikoaren bilakaerari buruzko txostenak ematea eta sektore horren bizi-kalitatea hobetzeko beharrezko ikusten dituen neurriak hartzeko gomendioak egitea.

d) Nekazari profesionalen eta nekazaritza jardueraren baldintza sozioekonomikoak eragin ditzaketen politikak hobetzeko egoki jotzen diren iradokizunak egitea.

2.Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioaren goi-organoek edo zuzendaritza organoek eskatuko dituzte txostenak, edo horiei loturiko zein menpe dauden erakunde publikoen arduradunek, eta Nekazaritza Kontseiluaren idazkaritzara bidaliko dira. Txostena emateko epea hamabost egun izango dira, presazkoa bada, berriz, zazpi egun.

3.Kontseiluak bere ekimenez ematen dituen txostenak ministroari bidaliko dizkio.

15. artikulua. Osaera.

1.Hamar kidek osatuko dute Nekazaritza Kontseilua, Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioko titularrak izendatuko baititu, ordezkaritza handiena duten nekazarien erakundeek, kontsultaren emaitzak aintzat harturik, egindako proposamenarekin bat.

2.Nekazaritza Kontseiluko batzorde osoaren lehendakaria izango da Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioaren titularra, eta haren ordez, berak izendatutako ministerioaren zuzendaritza-organo baten titularra aritu ahalko da, zeinek, gutxienez, idazkariordearen maila izan beharko baitu.

3.Zuzendariorde nagusiaren maila, gutxienez, duen funtzionario batek jardungo du idazkari, saileko titularrak izendatua, eta ahotsa izan bai, baina botorik ezingo du eman.

4.Gai zerrendako gaietan aditu direnak eta Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioaren edo, lehendakariak eskatuz gero, beste ministerioetako teknikari eta funtzionarioak bertaratu ahalko dira Nekazaritza Kontseiluaren bileretan, ahotsa izan bai, baina botorik ezingo dutenak eman.

5.Kontseiluko kideen agintaldia bost urtekoa izango da. Nekazarien erakundeek beraien ordez ari diren kontseilariak aldatzeko proposatu ahalko diote Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen ministroari, agintaldiaren edozein momentutan.

6.Kontsulta berria egiten denetik kontseilari berriak izendatu artean, aurretik zeudenak jarduneko kontseilari ari direla ulertuko da. Kontseilari berriak izendatzeko, gehienez, bi hilabete izango dira kontsulta egin den egunetik kontatuak.

16. artikulua. Kontseilari kopurua esleitzea.

Nekazaritza Kontseiluan erakunde bakoitzak izango duen kontseilari kopurua

prozedura honen bidez zehaztuko da:

a) Hautagai-zerrendak lortutako boto kopuruaren arabera ordenatuko dira zutabe batean, handienetik txikienera doan hurrenkeran.

b) Honako eragiketa burutzen da: hautagai-zerrrenda bakoitzak lortu duen boto kopurua zati batetik hamarrera ordenatuak dauden ondoz ondoko zenbaki osoak.

c) Adierazitako eragiketaren ondoren lortzen den taulan boto kopuru altuena lortu duen hautagai-zerrendari esleitzen zaio lehen kontseilaria, bigarrena eta hurrengoak taulan, handienetik txikienerako hurrenkerari jarraituta, zatidura handiena lortu duten hurrengoei, ezarritako kide kopurua bete arte. Berdinketa egonez gero, boto kopurua zati

zatitzailetako txikiena –berdinketa suertatu den kopuruei dagozkien zatitzaileak, hain zuzen– eragiketaren emaitzen zutabean emaitza bera lortzen duenari emango zaio.

17. artikulua. Kontseilarien betekizunak.

1. Proposatutako kontseilariek honako betekizunak bete beharko dituzte:

a) Erroldaren barruan hautesle gisa izena emanda egotea.

b) Proposatzen duen erakundeko bazkide izatea.

c) Erakunde publikoetan nekazaritza, abeltzaintza edo basogintzarekin zerikusia duen kargurik edo lanposturik ez izatea, ez eta zeregin publikoak burutzeko desgaitua ez egotea edo diziplinako espediente bidez edozein administrazio publikoren zerbitzutik baztertua ez egotea.

d) Administrazio bidean irmo diren arau-hausteengatik —diru-laguntza publiko, ingurumen, nekazaritza, abeltzaintza edo basogintzari loturikoak— zehapenik jaso ez izana azken lau urteetan, ez eta epai irmoz kondenatua izatea ere, zigorrak dirauen bitartean. Gizarte Segurantzaren lan arloan oso larriak diren arau-hausteengatik zehapenik ez izatea, hain zuzen, Lan arloko arau-hauste eta zehapenei buruzko Legearen testu bateginean arautuak. Abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako testua da hori.

2.Erakunde batek pertsona bat baino gehiago proposatu ahal badu Kontseiluko kide izateko, gizonen eta emakumeen kopuruak orekatua beharko du izan, sexu bakoitzak izan dezakeen ordezkagarritasuna ezin da izan ehuneko hogeita hamairukoa baino gutxiagokoa.

18. artikulua. Nekazaritza Kontseiluaren antolamendua eta funtzionamendua.

1.Nekazaritza Kontseiluak osoko bilkuran jardun ahalko du edo lan-taldeen bidez, bere barne-erregelamenduak xedatutakoarekin bat. Idatzizko prozedura ezarriko da Ministerioak eskatutako txostenak emateko.

2.Kontseiluburuak deitzen duenean bilduko da osoko bilkura, sei hiletik behin ohiko bilkura egiteko, eta apartekoa egiteko deialdia egingo du eginkizunak betetzeko beharrezko ikusten duenean. Barne-erregelamenduak zehaztuko ditu deialdia egiteko eta hura eratzeko baldintzak.

3.Osoko bilkuraren osaera baliodun izango da sei kontseilari bertaratu badira, eta beti ere kontseiluburua eta idazkaria badaude.

4.Barne-erregelamenduan zehaztuko dira ordezkapenetarako baldintzak, azaroaren 26ko 30/1992 Legearekin bat.

5.Honakoek xedatutakoarekin bat arautuko da Nekazaritza Kontseilua: lege hau eta haren garapenerako arauak, Estatuko Administrazio Orokorraren antolamendua eta funtzionamenduaren apirilaren 14ko 6/1997 Legearen II. tituluko IV. kapitulua, bere barneerregamendua eta, arautzeko orduan hutsunerik egonez gero, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen II. tituluko II. kapitulua.

19. artikulua. Erakundeak zatitzea, bat-egitea eta azkentzea zein koalizioak desegitea.

a) Nekazarien erakunde bat zatituz gero, kontsultaren ondoriozko ordezkagarritasuna galduko du eta Kontseilutik kanpo geratuko da.

b) Erakundeen bat-egitea gertatuz gero, sortu berri den erakundean bat-egindako erakundeei zegozkien kontseilari guztiak bilduko dira, bai eta aurretik zeudenen ordezkagarritasuna ere.

c) Erakundea azkenduz gero, beste erakunde guztien ordezkagarritasuna handituko da kontsultaren emaitzekin bat esleitutako proportzioan. Nekazaritza Kontseiluaren toki banaketa 16. artikuluan xedatutakoarekin bat egingo da berriro.

d) Koalizioa deseginez gero, aurretik zeuden erakundeek kontsultan lortutako ordezkagarritasun maila gordeko dute, eta horietako bakoitzari elkartzeko erabakietan

itundu zuten ehuneko bera esleituko zaie; horrelako erabakirik egon ezean zati berdinetan esleituko da ordezkaritza erakunde guztien artean. Nekazaritza Kontseiluaren tokibanaketa berria egingo da, 16. artikuluan xedatutakoarekin bat.

III. KAPITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

20. artikulua. Xedapen orokorrak.

1.Batzorde Nagusiak izango du eskumena kapitulu honetan aurreikusitako zehapenak jartzeko.

2.Arau-haustea egin den lekuko Probintziako Batzordeak izango du prozedura bideratzeko eskumena.

3.Arau honek sortzen dituen organoetako kideak dira erantzule, bai eta mahaietako mahaiburuak, kideak eta artekariak zein horien ordezkoak ere, eta kapitulu honetan tipifikatutako jardueretako edozein burutzen duten agintariak, funtzionarioak zein beste edozein pertsona.

4.Lege honek arautzen dituen arau-hausteak preskribitu egingo dira burutu ziren egunetik urtebete pasa denean. Alabaina, preskripzio hori eten egingo da zehapenprozedura hasten baldin bada, eta interesdunak horren berri badu. Preskripzio-epea berrabiaraziko da zehapen-espedientea hilabete edo gehiago geldirik ematen badu, ustezko erantzuleari egotzi ezin zaion arrazoiagatik.

5.Arau-hausteak zigor arloko legez kontrakoa gauza dezakeenean, eskumena duen organo jurisdikzionalari helaraziko dio hura bideratzen ari den administrazioak, eta prozedura zehatzailea bertan behera geldituko da, agintari judizialak epai irmoa edo prozesua amaitzen duen ebazpenik ematen ez duen bitartean.

21. artikulua. Agintariek eta funtzionariek, bai eta organo eta mahietako kideek ere, egindako arau-hausteak eta haiei dagozkien zehapenak.

1.Doloz jarduten duten funtzionario edo agintariek 1.000 eurotik 6.000ra bitarteko isuna ordaindu beharko dute, honako kasuetan:

a) Errolda osatu, onik zaindu eta jendaurrean jartzeko arauak ez badituzte betetzen.

b) Mahaiak eratzeko, bozketetarako eta mahaiek hartu beharreko erabakietarako zein boto-zenbaketarako arauak ez badituzte betetzen.

c) Kontsultarekin loturiko aktak, egiaztagiriak, jakinarazpenak eta bestelako dokumentuak lege honek xedatutako formaz eta unean ematen ez baditu.

2.Lanbidea edo kargua doloz buruturik gehiegikeriaz jarduten duten funtzionario edo agintariek 500 eurotik 4.000ra bitarteko isuna ordaindu beharko dute honako kasuetan:

a) Boto-emaileen izena jasotzen ez badituzte edo haien benekotasunean huts egitera eraman dezakeen moduan jasotzen badute.

b) Hautesleek ematen duten boto-orria edo horren azala aldatu, izkutatu edo nolabait bestelakotzen badute.

c) Hautesleren batek kontsulta berean bi aldiz edo gehiagotan, edo legez gaitua egon gabe parte har dezan ahalbidetzen badute, ekiditu ahal bazuten ere.

d) Hautesleak, hautagaiak, ahaldunak, artekariak eta notarioak kontsultarekin loturiko ekitaldiak burutzen diren tokietara sar edo bertan egon daitezen zein bertatik atera daitezen bidegabe galarazten edo zailtzen badute.

3.Mahaiburu, kide zein haien ordezkoek 300 eurotik 3.000ra bitarteko isuna ordaindu beharko dute, beren zereginak burutzera joaten ez badira, legezko arrazoirik gabe handik alde egiten badute edo justifikatu gabe salbuesteko edo aurrez abisatzeko betebeharra betetzen ez badute.

22. artikulua. Partikularrek egindako arau-hausteak eta haiei dagozkien zehapenak.

1. 300 eurotik 3.000ra bitarteko isuna ordaindu beharko dute honakoek:

a) Hautesleek botoa emateko eskubidea ez erabiltzeko, beren borondatearen kontra erabiltzeko edo botoaren sekretua deskubritzeko indarkeria edo larderia erabiltzen dutenek.

b) Kontsultarekin loturiko ekitaldiak burutzen diren tokietan hautesleak, hautagaiak, ahaldunak, artekariak eta notarioak sar edo bertan egon daitezen zein bertatik atera daitezen, justifikaziorik gabe, galarazi edo zailtzen dutenek.

2.Kontsulta berean boto-orria bi aldiz edo gehiagotan boto-ontzian jartzen duen partikularrak edo gaitasuna izan gabe doloz parte hartzen duenak 150 eurotik 1.000ra bitarteko isuna ordaindu beharko du.

23. artikulua. Zehapenak mailakatzea.

Aurreko artikuluetan ezarritako muga abiapuntu izango dela, honakoak aintzat hartuta

ezarriko dira zehapenak: eragindako kalteen edo galeraren intentsitatea, arau-hauslearen zabarkeria edo intentzionalitatea eta harek lortutako onura ekonomikoa.

IV. KAPITULUA

Estatuko Nekazaritzako Elikagaien Kontseilua

24. artikulua. Izaera eta atxikipena.

1.Estatuko Nekazaritzako Elikagaien Kontseilua sortzen da kide anitzeko organo aholku-emaile gisa, nekazaritzaren eta elikagaien arloko politikari loturikoetan Estatuko Administrazio Orokorrari aholkua emateko xedez.

2.Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioari atxikita dago Kontseilua, haren titularraren bidez; organo aholku-emailea da, eta elikakatearen operadoreen artean ordezkagarritasuna duten elkarte eta erakundeek parte har dezatenekoa.

25. artikulua. Eginkizunak.

Honako eginkizunak ditu Kontseiluak:

a) Kontseilu buruak eztabaidatzeko proposatutako gaiak ezagutu eta haien gaineko txostenak ematea.

b) Nekazaritzaren eta elikagaien sektoreko lehiakortasuna garatu eta hobetzeko helburuak eta politikak definitzen laguntzea Nekazaritza, Elikagai eta Ingurumen Ministerioari. Aipatu ministerioaren helburuak eta politikak ezagutzea.

c) Sailaren eremuan, elikakatearekin loturikoei buruzko jarduera burutzen duten lantaldeek garatutako jardueren emaitzen berri izatea

26. artikulua. Osaera eta funtzionamendua.

Estatuko Nekazaritzako Elikagaien Kontseiluaren osaera eta funtzionamendua arau

bidez zehaztuko da, eta bermatua geratuko da honakoetan ordezkaritza handiena duten erakunde eta elkarteak izango direla bertan: ekoizpenaren sektorea, kooperatibak, nekazaritzako elikagaien sektoreko industria eta langileak, banaketa zein kontsumitzaileak. Elikakatearekin loturiko alderdietan eskumena duten ministerioetako sailen ordezkariak ere Kontseiluko kide izango dira.

Kontseiluaren funtzionamenduak ez du eragingo gastu publikoa handitzea, Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak dituen baliabide materialak baliatu eta bertako langileak arituko dira Kontseilurako lanean.

Lehenengo xedapen gehigarria. Gastu publikoa.

Nekazaritza Kontseilua eratzeak ez du gastu publiko handiagoa eragingo, Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioaren mendeko baliabide materialak baliatu eta bertako langileak arituko dira Kontseilurako lanean. Dei daitezkeen bileretan parte hartzen dutenek ez dute inolako kalte-ordainik, dietarik edo ordainketarik jasoko bileretara joateagatik.

Bigarren xedapen gehigarria. Ordezkagarritasunari loturiko diru-laguntzak.

Lege honek arautzen duen kontsultan nekazarien erakundeek eskuratzen duten ordezkagarritasuna kontuan hartu ahalko dute ministerioetako beste sailek beraiek eman ahal dizkieten diru-laguntzak, halakorik balego, emateko.

Hirugarren xedapen gehigarria. Kontsulta beste hauteskunde-prozesu batzuk burutzen diren aldi berean burutzea.

Autonomia-erkidegoek, nekazarien erakunde profesionalek beren lurralde-eremuan duten ordezkagarritasuna zehazteko, hauteskunde-prozesuak deitu ahalko dituzte lege honek arautzen duen kontsulta egingo den egun berean.

Kasu horretan, jarduera-eremua autonomia-erkidegora mugatua duten hautagaizerrendak aurkeztu ahalko dira.

Batera burutzen diren kontsulten arteko koordinazioa hobetzeko xedez, autonomiaerkidegoarekiko lankidetza mekanismoak ezarri ahalko dira, lege honek arautzen duen prozedura burutzeko behar diren baliabideak batera erabiltzeko edo, kasua denean, zabaltzeko.

Laugarren xedapen gehigarria. Landa eremuko emakumeen elkarteak.

Gobernuak landa eremuko emakumeen elkarteek duten ordezkagarritasuna zehazteko kontsulta sustatu behar den eta hura egitea egokia den zehazteko azterlana burutuko du, sei hilabeteko epean.

Bosgarren xedapen gehigarria. Lehen kontsulta egiteko muga-eguna.

Lehen kontsulta honako legea garatzeko araudia indarrean sartzen denetik hamazortzi hilabeteko epean deituko da.

Xedapen iragankor bakarra. Nekazaritzako Aholku Batzordea.

1.Nekazaritzako Aholku Batzordea sortu zuen urriaren 20ko 10/2009 Legeak, eta indarrean jarraituko du osaera eta eginkizun berberekin, Nekazaritza Kontseilua eratu arte; osaera bete dela egiaztatuko da, gehienez sei hilabeteko epean boto-kontaketa egiten denetik. Aipatu lege horrek nekazaritzako elikagaien eremuan Estatuko organo aholku emaileak sortu eta nekazarien erakunde profesionalen ordezkagarritasunerako oinarriak zehaztu zituen.

2.Lege honen babespean burutzen den lehen kontsultaren emaitzak aldarrikatu arte, urriaren 20ko 10/2009 Legearen babespean ordezkaritza handiena aitortu zitzaiena izango dira ordezkagarritasun handiena duten erakundeak.

Xedapen indargabetzaile bakarra. Arauak indargabetzea.

Indargabetu egiten da 10/2009 Legea, urriaren 20koa, nekazaritzako elikagaien eremuan Estatuko organo aholku emaileak sortu eta nekazarien erakunde profesionalen ordezkagarritasunerako oinarriak zehazten dituena, eta 822/2010 Errege Dekretua, ekainaren 25ekoa, 10/2009 Legea garatzeko araudia onartzen duena.

Azken xedapenetatik lehenengoa. Honako legearen aldaketa: 12/2013 Legea, abuztuaren 2koa, Elikakatea hobetzeko neurriei buruzkoa.

Bosgarren xedapen gehigarria gaineratu zaio Elikakatea hobetzeko neurriei buruzko abuztuaren 2ko 12/2013 Legeari, honela idatzita.

«Bosgarren xedapen gehigarria. Nekazaritzako produktuen merkatu-antolakunde erkidearen kontratu-loturak.

Lege honek xedatutakoa esnegintza sektorearen berariazko arauek diotena gora-behera aplikatuko da. Sektore horrekin loturiko arauak dira: Esne-ekoizleak eta esnegintzaren sektoreko lanbidearteko erakundeak onartzeko araudia ezartzen duen eta haien kontratazio-baldintzak ezartzen dituen irailaren 28ko 1363/2012 Errege Dekretuan jasotzen dira arau horiek; edo, beharra eta proportzionaltasuna justifikatu ondoren, eta barne merkatuaren funtzionamendu zuzena oztopatu gabe, Estatuak eman ditzakeen xedapenak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1308/2013 Erregelamenduaren 148. eta 149. artikuluen edo II. zatiaren II. tituluaren III. kapituluaren 5. atalaren mende. Erregelamendu horren bidez nekazarien produktuen merkatu-antolakunde erkidea sortzen da eta honako erregelamenduak indargabetzen dira: 922/72 zenbakikoa (EEE) , 234/79 zenbakikoa (EEE) , 1037/2001 zenbakikoa (EE) eta 1234/2007 zenbakikoa. Lege honekiko gatazkarik egonez gero xedapen horiei jarraiki jokatu beharko da.»

Azken xedapenetako bigarrena. Eskumen-titulua.

Konstituzioaren 149.1.18. artikuluaren babesean eman da lege hau, herriadministrazioen araubide juridikoaren oinarriei dagokienez.

Azken xedapenetako hirugarrena. Erregelamenduz garatzeko gaikuntza.

Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumeneko ministroak zein Gobernuak baimena izango dute haien eskumen-eremuaren baitan honako legea garatzeko beharrezko xedapenak emateko.

Azken xedapenetatik laugarrena. Indarrean sartzea.

Lege hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hogei egunera sartuko da indarrean.

Horrenbestez,

Lege hau betetzeko eta betearazteko agintzen diet espainiar guztiei, norbanakoei eta agintariei.

Madrilen, 2014ko uztailaren 9an.

FELIPE E.

Gobernuko presidentea,

MARIANO RAJOY BREY

ERANSKINA

Kontsultaren kronograma

Data:Epea

EKontsulta prozesua abiarazteko deialdian ezarritako eguna.

E+3 Batzorde Nagusia eratzea.

E+7 Probintziako Batzordeak eratzea

E+10 Mahaien zerrenda argitaratzea

E+10 Behin betiko errolda argitaratzea.

E+10 Hautagai-zerrendak aurkezteko azken eguna.

E+14 Mahaien mugaketaren kontrako erreklamazioak aurkezteko azken eguna E+17 Bazter utzitako hautagai-zerrendei hori jakinarazteko azken eguna.

E+20 Erroldaren kontrako erreklamazioak aurkezteko azken eguna

E+20 ZAEAra jotzeko baimena aurkezteko azken eguna.

E+25 Erroldaren kontrako erreklamazioen ebazpena jakinarazteko azken eguna.

E+27 Hautagai-zerrendak bazter uztearen kontrako erreklamazioak aurkezteko azken eguna. E+28 Erroldari buruzko ebazpenen kontrako errekurtsoa aurkezteko azken eguna.

E+31 Erroldari buruzko errekurtsoen ebazpenak jakinarazteko azken eguna.

E+34 Hautagai-zerrendak bazter uzteagatik aurkeztu errekurtsoak ebazteko azken eguna. E+35 Erroldaren kontrako erreklamazioak ebazteko azken eguna.

E+35 Botoa postaz emateko eskabidea aurkezteko azken eguna.

E+40 Onartutako hautagai-zerrendak argitaratzeko eguna.

E+47 Postaz botoa emateko dokumentazioa igortzeko azken eguna.

E+47 Artekariak izendatzeko azken eguna.

E+56 Postaz botoa jasotzeko azken eguna.

E+57 Bozketa eguna Kontsulta burutuko den eguna

E+60 Boto-kontaketa orokorra egingo den eguna.

E+63 Boto-kontaketaren kontrako erreklamazioak aurkezteko azken eguna.

E+73 Boto-kontaketaren kontrako erreklamazioak ebazteko azken eguna.

w.boe.es

BOLETÍN OFICIAL DEL ESTADO

D. L.: M-1/1958 ISSN: 02

 

 

 

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra