Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Administrazio zuzenbidea  >>  Legeria  >> Orokorra

12/2015 Errege Lege Dekretua, urriaren 30ekoa, 2015eko irailean eta urrian izandako euriteek Kanarietako Autonomia Erkidegoan eta penintsulako hegoaldean eta ekialdean eragindako kalteak konpontzeko presazko neurriak onartzen dituena

2015-10-30

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2015/10/31, 261. zk.

I. XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

11717 12/2015 Errege Lege Dekretua, urriaren 30ekoa, 2015eko irailean eta urrian izandako euriteek Kanarietako Autonomia Erkidegoan eta penintsulako hegoaldean eta ekialdean eragindako kalteak konpontzeko presazko neurriak onartzen dituena.

Pasa den urriaren 19tik, Atlantikoko ekaitz gogorrei loturiko hainbat fronte hodeitsuren eraginpean daude Kanariar Uharteak. Fronteek, teorikoki, artxipelagoa zeharkatu behar zuten etenik egin gabe, baina hilaren 22an Santa Cruz Tenerifekoaren eta Las Palmas Kanaria Handikoaren gain-gainean gelditu ziren, eta horren ondorioz, prezipitazioek Meteorologiaren Estatu Agentziaren aurreikuspenek iragartzen zuten atalasa gainditu zuten. Prezipitazio handiak erregistratu ziren urriaren 20tik, baina bereziki handiak izan ziren 22an, 23an eta 24an.

Euri-jasek eta, kasu batzuetan, haize handiak Kanarietako Autonomia Erkidego ia osoa astindu dute, baina, toki kaltetuenak honako hauek izan dira: Ingenio, Santa Lucía, Telde eta Las Palmas Kanaria Handikoa, Kanaria Handiko uhartean; La Oliva, Antigua eta Puerto del Rosario, Fuerteventura uhartean; Haría (Arrieta aldean) eta Arrecife, Lanzarote uhartean.

Batez ere, udalaren eta uhartearen bitartekoak (suhiltzaileak, udaltzaingoak, mugikortasuneko agenteak, eta babes zibileko eta oinarrizko zerbitzuetako langileak) baliatu dira larrialdi egoera horretan. Baina Estatuak ere esku hartu behar izan du, eta Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoak mobilizatzeaz gain, Larrialdietako Unitate Militarra mobilizatzea erabaki zuen, autonomia-erkidegoak hala eskatu ziolako.

Eragindako kalteei dagokienez, behin-behineko kuantifikazioa egin da. Prezipitazioek erabilera publikoko eraikinak, etxe partikularrak eta estolderiaren udal-sistemak eragin dituzte. Bigarren mailako errepideetan ere kalteak izan dira, eta horietako batzuk moztu egin behar izan dira harriak eta zuhaitzak erori direlako bertan, bai eta uholdeak izan direlako ere. Itsas eta lur eremuko jabari publikoari dagokionez, hondartzak izan dira kaltetuenak, batez ere,Telde udalerrian. Halaber, Santa Cruz Tenerifeko eta Las Palmaseko portuetan halako ondorio larriak izan dira.

Horretaz gain, irailean eta urrian zehar, uholde-euriek gogor astindu dituzte penintsulako ekialdeko eta hegoaldeko hainbat herri, jabari publiko eta pribatuko ondasunak kaltetuz, batez ere, Andaluzia, Valentzia eta Kataluniako autonomia- erkidegoetan.

Lurralde arteko elkartasunaren printzipioa aplikatuz, eta eremu geografiko bateko populazioaren bizitza-baldintzak larri aldatzen dituzten egoeren aurrean presaz jardun behar izan denean bezala, errege lege-dekretu honen bidez, kalte materialak arintzera zuzendutako neurri batzuk hartu dira, bai eta zerga, lan eta gizarte segurantzaren arloko neurriak ere, eta jabari publikoaren eta azpiegituren gaineko jarduketak erabaki dira, turismoaren ingurukoak barne, (FOMIT) Turismoa Modernizatzeko Finantza Funtsaren bidez.

Uztailaren 9ko 17/2015 Legea (Babes Zibileko Sistema Nazionalarena) indarrean jarri aurretik, beste autonomia-erkidego batzuetan gerta daitezkeen antzeko gertaerei aurre egin ahal izateko, Gobernuak, errege-dekretuen bidez, neurri horiek 2016ko urtarrilaren 9ra arte zabal ditzan aurreikusten da, suertatu diren kalteen zabalera eta intentsitateagatik horrela egin behar denean.

Errege-dekretu honek hartzen duen lurralde eremua eta hura zabal daitekeela aurreikusita, justifikatua gelditzen da aplikagarri ez diren neurriak, kasu honetan, Kanarietako Autonomia Erkidegoan aplikatzea.

Horrenbestez, Espainiako Konstituzioaren 86. artikuluak jasotzen duen baimenaz baliatuta, Gobernuko lehendakariordeak eta Lehendakaritzako ministroak, eta Barne, Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako, Sustapeneko, Enpleguko eta Gizarte Segurantzako, Industria, Energia eta Turismoko, eta Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumeneko ministroek proposatuta, Ministro Kontseiluak, 2015eko urriaren 30eko bileran eztabaidatu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1.artikulua. Aplikazio-eremua.

1.Errege lege-dekretu honetan xedatutako neurriak Kanarietako Autonomia Erkidegoan 2015eko urrian izandako euriteak eragindako pertsona eta ondasunei aplikatuko zaizkie.

Iraila eta urriko hilabeteetan, Almeria, Granada, Malaga, Murtzia, Alacant, Valentzia, Girona eta Tarragona probintzietan izan den euriteak eragindako pertsona eta ondasunei ere aplikatuko zaie.

2.Aipatutako neurriak zein udal-mugarte eta biztanlegune zehatzi aplikatuko zaizkion Barne ministroaren aginduaren bidez zehaztuko da. Ondorio horretarako, beste udal- mugarte eta biztanlegune batzuk aplikazio-eremuaren barrukoak direla ulertuko da eskumena duten ministerio-sailen esku-hartzea nahitaezkoa bada beharrezko diren jarduketak burutzeko.

3.Errege lege-dekretu honetan xedatutako neurriak lurralde nazionaleko beste edozein tokitan gerta daitezkeen beste larrialdi egoeretara aplikatzea erabaki ahalko du Gobernuak, errege-dekretu baten bidez, honako hau indarrean jartzen denetik 2016ko urtarrilaren 9ra arte, eta, betiere, eragindako udalerriak eta biztanleguneak mugatuta.

2.artikulua Kalte pertsonaletarako eta etxebizitzetan, ondasunetan, bai eta industria, merkataritza, nekazaritza, itsas eta arrantza, turismo eta beste zerbitzu batzuetarako establezimenduetan ere, izandako kalte materialetarako laguntzak.

1.Artikulu honetan ezarritako laguntzak errege lege-dekretu honetan jasotako ezbeharrek zuzenean eragindako heriotza eta ezintasun kasuetara zabaltzen dira, eta martxoaren 18ko 307/2005 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera arautuko dira. Errege-dekretu horren bidez, larrialdi- edo hondamendi-egoeren ondoriozko zenbait premiari erantzuteko diru-laguntzak xedatu eta horiek emateko prozedura ezarri zen.

2.Martxoaren 18ko 307/2005 Errege Dekretuak xedatutakoaren arabera, honakoak lagundu ahalko dira: tresnerian izandako kalteak edo haren suntsipena, bai eta etxebizitzetan izandako kalteak ere.

Martxoaren 18ko 307/2005 Errege Dekretuaren aplikagarritasuna dela-eta aurreko paragrafoan ezarritakoa eragotzi gabe, ezbeharrek kaltetutako higiezinen titulartasuna egiaztatzeko, hura ziurtatzen duen edozein titulu onartuko da, esate baterako, ondasun higiezinen gaineko zergaren ordainagiriak edo pareko beste batzuk.

3.Martxoaren 18ko 307/2005 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera, laguntzak jaso ahalko dira industria, merkataritza, nekazaritza, itsas eta arrantza, turismo eta beste zerbitzu batzuetarako establezimenduetan izandako kalteak direla-eta.

Baliteke, Aparteko Arriskuetarako Aseguruaren Erregelamenduko 9. artikuluak jasotako frankizia aplikatuta, interesdunak Aseguruen Konpentsazio Partzuergotik kalte-ordainik jasotzea (erregelamendu hori otsailaren 20ko 300/2004 Errege Dekretuaren bidez onartu zen); halakoetan, kalteen zenbateko lagungarriaren % 7rainoko diru-laguntza eman ahal izango da, eta inoiz ez 8.000 euro baino gehiago, hala xedatzen baitu martxoaren 18ko 307/2005 Errege Dekretuaren 28. artikuluak. Eta bada beste muga bat ere: batuketa egin diru-laguntza honen eta aseguruaren kalte-ordainaren eta beste edozein diru-laguntza edo laguntza publiko edo pribaturen artean, eta zenbatekoak inoiz ere ezingo du hondamenaren edo kaltearen balioa gainditu. Halakoetan, interesdunak aseguru-entitateak emandako egiaztagiria aurkeztu beharko du, zeinetan aseguru-entitateak Aseguruen Konpentsazio

Partzuergoak aplikatutako legezko frankiziari dagokion zenbatekoa –ez osorik ez zati bat– ez diola ordaindu jasoko baita.

4.Martxoaren 18ko 307/2005 Errege Dekretuaren 27. eta 28. artikuluetan ezarritako laguntzen xede izango dira, halaber, nekazaritza- eta abeltzaintza-ustiategien titularrak, baldin eta Nekazaritzako Aseguru Konbinatuen Planaren babespeko polizak izanik eta 1. artikuluan jasotako aplikazio-eremuaren barruan egonik, ustiategiari atxikitako elementu ez-aseguragarrietan kalteak jasan badituzte; halakotzat joko dira apirilaren 17ko INT/672/2015 Aginduaren 4.2 artikuluan jasotzen direnak.

Hala bada, peritu elkargokide batek zenbatetsitako kalteen zenbatekoaren % 70erainoko diru-laguntza eman ahal izango da, inoiz ez 8.000 euro baino gehiago. Gainera, batuketa egin diru-laguntza honen eta beste edozein diru-laguntza edo laguntza publiko edo pribaturen artean, eta zenbatekoak inoiz ere ezingo du hondamenaren edo kaltearen balioa gainditu. Kalteak bideetan gertatu badira, eragindako bideen krokisa jaso behar da peritu-txostenean, bat etorriz Nekazaritzako Lurzatiak Identifikatzeko Geografia Informazioko Sisteman (SIGPAC) erregistratuta dagoen informazioarekin. Diruz lagun daitekeen gastutzat hartu ahalko da txostena egiteagatiko ordainsaria, gehienez ere 300 eurora arte.

Interesdunek kaltetutako ondasunen gaineko titulartasuna ziurtatu beharko dute. Nekazaritzako Aseguru Konbinatuen Planaren babespeko indarrean dagoen aseguru- poliza izatearen ondorioetarako, aurreko kanpainaren poliza ere onartuko da errege lege- dekretu honen 9.2.a) artikuluan xedatutako kasuetan.

Enpresa- edo lanbide-jardueran dihardutela egiaztatzeko, berriz, interesdunek berariazko baimena emango diote organo kudeatzaileari, hark Zerga Administrazioko Estatu Agentziari eska diezaion Enpresari, Profesional eta Atxikitzaileen Erroldatik behar duen informazioa.

5.Gobernuaren ordezkaritzek eta ordezkariordetzek eta uharteetako zuzendaritzek izapidetuko dituzte laguntza horiek jasotzeko eskabideak; eskabideak honako errege lege- dekretu hau argitaratzen denetik haren 1.2 artikuluan aurreikusitako agindua indarrean jarri eta bi hilabete pasa arte aurkeztu ahalko dira, eta Barne ministroak ebatziko ditu hiru hilabeteko epean, eskabidea aurkezten denetik kontatzen hasita.

6.Artikulu honetan ezarritakoa betez ematen diren laguntzak 16.01.134M «Ezbeharrek, hondamendiek edo premia nabarmeneko beste batzuek eragindako era guztietako beharrizanei erantzuteko» aurrekontu-aplikazioaren 472, 482, 771 eta 782 kontzeptuen kredituen kontura finantzatuko dira, zabalgarritzat jotzen baitira kreditu horiek indarrean dagoen Barne Ministerioaren aurrekontuan.

3.artikulua. Prestazio pertsonalak eta ondasunen prestazioak egin dituzten pertsona fisiko edo juridikoentzako laguntzei aplikatuko zaien araubidea, eta toki- korporazioentzako laguntzen araubidea.

1.Prestazio pertsonalak eta ondasunen prestazioak egin dituzten pertsona fisiko edo juridikoentzako laguntzak martxoaren 18ko 307/2005 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera arautuko dira.

2.Larrialdiko egoera hauei aurre egiteko izan diren gastuengatik toki-korporazioei emango zaizkien laguntzak martxoaren 18ko 307/2005 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera arautuko dira; dena den, ez da aplikagarria izango haren 22. eta 23. artikuluetan ezarritako zenbatekoa.

Laguntza horiek ez dira izango 4. artikuluan jasotzen diren azpiegiturak konpontzeko edo atzera lehen bezala uzteko. Hala ere, diru-laguntzen xede izan ahalko dira artikulu horrek xedatzen duen aplikazio-eremukoak izanik geroraezinak diren jarduketak, pertsonen bizitza eta segurtasuna, bai eta oinarrizko zerbitzu publikoen funtzionamendua ere, bermatzeko burutu badira. Aipa ditzagun lan horietako batzuk: hondamendiak jo duen jendea ebakuatzea, jende horri aterpea eta jan-edanak ematea, lokatzak eta hondarrak erretiratzea, eta kaleak eta leku publikoak garbitzea, helburu horiek betetzeko ezinbestekoa bada.

Eta ezin dira horrela diruz lagundu, berriz, toki-korporazioak bere baliabideak erabiliz egiten dituen lanak, berdin baliabide materialak diren, hala nola makinak edo lanabesak, nahiz bere langileak diren, hau da, hondamendia gertatu baino lehenagotik kontrataturik zeuzkan langileak. Inoiz ere ezingo dira diruz lagundu suhiltzaileek, udaltzainek, babes zibilak eta antzeko beste behargin batzuek eragindako gastuak.

3.Aurreko bi zenbakietan jasotzen diren diru-laguntzetarako eskabideak errege lege- dekretu hau argitaratzen denetik haren 1.2 artikuluan aurreikusitako agindua indarrean jarri eta bi hilabete pasa arte aurkeztu ahalko dira.

4.Artikulu honetan ezarritakoa betez ematen diren laguntzak 16.01.134M «Ezbeharrek, hondamendiek edo premia nabarmeneko beste batzuek eragindako era guztietako beharrizanei erantzuteko» aurrekontu-aplikazioaren 461, 471 eta 761 kontzeptuen kredituen kontura finantzatuko dira, zabalgarritzat jotzen baitira kreditu horiek indarrean dagoen Barne Ministerioaren aurrekontuan.

4.artikulua Udal-azpiegituretan izandako kalteak eta uharte-kabildoetako bide-sarean izandako kalteak.

Udalek, probintziako diputazioek, kabildoek, eskualdeek eta mankomunitateek udal- mugarteetan eta biztanleguneetan –1. artikuluan aipatzen direnetan– exekutatzen dituzten proiektuei presako izapidetzea aplikatuko zaie, eta Estatuak horien kostuaren ehuneko 50erainoko diru-laguntza eman ahalko du honako baldintza hauek betetzen direnean: udalaren titulartasunpeko azpiegiturak, ekipamenduak edo instalazio eta zerbitzuak –Toki Jaurbidearen Oinarriak Arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 25.2 artikuluan jasoak– konpontzeko eta atzera lehen bezala uzteko lanak izatea; uharte-kabildoetako eta probintziako diputazioen bide-sarea konpontzeko eta atzera lehen bezala uzteko lanak izatea. Ez dira diruz lagunduko toki-erakundeak bere baliabide propioak erabiliz, berdin baliabide materialak (makinak) nahiz langileak diren, egiten dituen lanak.

5.artikulua Jarduketak jabari publiko hidraulikoan.

Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumeneko ministroari baimena ematen zaio erkidegoen arteko arro hidrografikoetan kalteturik suertatu diren lekuak jabari publiko hidraulikoa lehengoratzeko jarduketa bereziko esparru deklaratzeko, eta departamentu horrek egin behar dituen obren premiazkotasuna deklaratzeko, ondoko arlo hauetan:

a)Ur- eta haize-erauntsiek eragindako kalteak lehengoratzea eta konpontzea, bai azpiegitura hidraulikoetan bai ibaiertzetan.

b)Garbiketa-lanak egitea, tapoiak garbitzea, edo hustubideak, kolektoreak, sifoiak, drainatze-bideak eta antzekoak konpontzea, baldin eta gehiegizko uraren ondorioak leuntzeko eta etorkizuneko erauntsiei hobeto erantzuteko bada.

c)Ibaietako pasealekuetan eta ibaiertzetan konponketa-jarduketak egitea, baldin eta konponketek ondoko beste azpiegitura batzuetan eraginik badute.

6.artikulua Jarduketak itsasertzean.

Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumeneko ministroari baimena ematen zaio kaltetutako inguruak itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoa lehengoratzeko jarduketa bereziko esparru deklaratzeko, eta departamentu horrek egin behar dituen obren premiazkotasuna deklaratzeko, ondoko arlo hauetan:

a)Itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoaren lehengoratzea, eta haren osotasuna eta mantentze egokia bermatzeko gainerako obrak, bai eta itsasertzaren iraunkortasuna bermatzeko eta bihar-etziko denborale eta galernen eragina leuntzeko osagarrizko lanak ere.

b)Itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoa osatzen duten elementuak babestea eta mantentzea, eta bereziki, hondartzak eta hareatzak, duna-sistemak eta itsasertzeko

hezeguneak era jasangarriz egokitzea, haiek errekuperatzea eta birsortzea, baita itsasertzean azterlanak, proiektuak eta obrak egitea, ikuskatzea eta kontrolatzea ere.

c)Itsasertzean kaltetuta geratu diren egiturak konpontzea eta leheneratzea, esate baterako, itsasertzeko pasealekuak, jabari publikorako irispideak, hormak eta abar.

7.artikulua Jarduketak erabilera orokorreko landa-azpiegituretan.

Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen ministroari baimena ematen zaio Natura Bideen Sare Nazionalean kalteturik suertatu direnak lehengoratzeko jarduketa bereziko esparru deklaratzeko eta Natura Bideen Sare Nazionalean beharrezko diren obren premiazkotasuna deklaratzeko. Mendien azaroaren 21eko 43/2003 Legea aldatzen duen uztailaren 20ko 21/2015 Legearen seigarren xedapen gehigarrian definitu zen sare hori.

8.artikulua Kalteak gainerako azpiegitura publikoetan.

Dena delako gaiaren eskumena duen ministerio-sailaren buruari baimena ematen zaio kalteturik suertatu den ingurua jarduketa bereziko esparru deklaratzeko, sail horrek eta haren barruko erakunde autonomoek eta menpeko erakunde publikoek, hartara, egin beharreko lehengoratze-jarduketak egin ditzaten. Horretarako, premiazkoak deklara daitezke sail horiek estatu-titulartasuneko azpiegituretan izandako kalteak konpontzearren egiten dituzten obrak (bakoitzak bere eskumenekoak egin beharko ditu).

9.artikulua Nekazaritza- eta abeltzaintza-produkzioetan izandako kalteetarako laguntzak.

1.Artikulu honetan ezarritako laguntzak nekazaritza- eta abeltzaintza-ustiategien titularrentzako izango dira, baldin eta, Nekazaritzako Aseguru Konbinatuen Planaren babespeko indarrean dauden polizak izanik eta 1. artikuluan jasotako aplikazio-eremuaren barruan egonik, produkzioaren % 30etik gorako galerak izan badituzte, arlo horretan Europar Batasunak ezarritako irizpideen arabera.

2.Laguntzak izango dira:

a)Kanpaina honetarako poliza formalizatu gabe izan duten nekazaritza- eta abeltzaintza-ustiategietan izandako kalteetarako, baldin eta ustiategi horien kasuan, ezbeharra izan den egunetan dagokion asegurua sinatzeko epea hasi ez bada edo epe hori bukatuta egon ez bada, baina betiere produkzio eta labore horretarako aurreko kanpainan asegurua kontratatuta izan badute. Abeltzaintza-ustiategien kasuan, ondorio horietarako ez dira aintzat hartuko ustiategian hilda dauden animaliak handik ateratzearekin eta suntsitzearekin loturik kontratatu diren aseguruen polizak.

b)Nekazaritza- eta abeltzaintza-produkzioetan izandako kalteetarako, baldin eta, produkzio horietarako nekazaritzako aseguru konbinatuen sistemaren babespean indarrean dagoen poliza izan arren, sistema horrek ez baditu produkzio horiek bermatzen. Abeltzaintza-ustiategien kasuan, ondorio horietarako ez dira aintzat hartuko ustiategian hilda dauden animaliak handik ateratzearekin eta suntsitzearekin loturik kontratatu diren aseguruen polizak.

c)Nekazaritza- eta abeltzaintza-produkzioetan izandako kalteetarako, indarrean dagoen Nekazaritzako Aseguru Konbinatuen Planean sartzen ez diren produkzioen kasuan.

3.Nekazaritza-produkzioetan izandako kalteetarako laguntzak Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014/EB Erregelamenduan xedatutakoarekin bat emango dira. Erregelamendu horrek nekazaritza- eta baso-sektoreetarako, eta, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluen aplikazioaren ondorioz barne-merkatuarekin bateragarri diren nekazaritza-eremuetarako laguntzen hainbat kategoria deklaratzen ditu.

4.Erregelamendu horretan xedatutakoa aintzat harturik kalkulatuko dira laguntzak, eta aplikagarri diren heinean, aintzat hartuko dira Nekazaritzako Aseguru Konbinatuen Sisteman ezarritako baldintzak eta prozedurak.

5.Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak, autonomia-erkidegoekin koordinatuta, artikulu honetan aurreikusitako laguntza guztiak eta laguntzen zenbatekoa zehazteko prozedura ezarriko du.

10.artikulua Zerga-onurak.

1.Ez dira ondasun higiezinen gaineko zergaren 2015eko kuotak ordaindu behar izango errege lege-dekretu honetako 1. artikuluan aipatu ditugun ezbeharren eraginez zuzenean kaltetu diren etxebizitzen, industria, turismo, merkataritza, itsas eta arrantza establezimenduen, establezimendu profesionalen, nekazaritza eta baso ustiategien eta lantoki eta antzekoen kasuan, baldin eta egiaztatzen bada bertan kokatutako pertsonak eta ondasunak guztiz edo zati batean beste leku batean kokatu behar izan direla harik eta jasandako kalteak konpondu arte, edo uztetan izandako hondamendiak ez dituenean ezein aseguru-mota publiko edo pribatuk babesten.

2.2015eko ekonomia-jardueren gaineko zergan murriztapen bat ezarri zaie industriei (edozein eratakoei), merkataritza establezimenduei, itsaso eta arrantzakoei, turismo establezimenduei eta establezimendu profesionalei, ezbeharren eraginez haiei atxikitako negozio-lokalak edo ondasunak zuzenean kaltetu direnean, eta, betiere, beste leku batean kokatu behar izan badira edo jarduera aldi baterako ixtea eragin duten kalteak izan direnean. Murriztapen hori proportzionala izango da, eta kontuan hartuko da zenbat denbora igaro den jarduera eten behar izan zenetik berriz ere normaltasunez hasi den arte, dela lokal berberetan dela beste lokal batzuetan, hartara eragotzi gabe jarduera utzi behar izatea aintzat hartzea, kalteen larritasunak hori eragiten duenean, eta kasu horretan, 2014ko abenduaren 31tik aurrera izango du eragina.

3.Aurreko zenbakietan aipatutako zerga-salbuespen eta -murriztapenetan zerga horien gainean legez onartutako errekarguak sartzen dira.

4.Aurreko zenbakietan ezarritako onurak lortzeko eskubidea duten zergadunek, zerga-ekitaldi horretako ordainagiriak ordaindu badituzte, ordaindutako kopuruak itzultzeko eskatu ahal izango dute.

5.Ez dira ordaindu behar izango Trafikoko Buruzagitza Nagusia erakunde autonomoaren tasak, urriaren 2ko 16/1979 Legean ezarritakoak, ezbeharrek eragindako kalteen ondorioz eskatutako ibilgailuen bajak izapidetzeko, ezta arrazoi horiengatik suntsitu edo galdutako zirkulazio-baimenak eta gidabaimenak emateko ere.

6.Artikulu honen aurreko zenbakietan xedatutakoa dela-eta udalen, uharte-kabildoen eta probintzia-diputazioen tokiko tributuetan eragiten den murrizketa Estatuaren Aurrekontu Orokorren kontura konpentsatuko da, Toki Ogasunak Arautzen dituen Legearen testu bateginaren 9. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz (martxoaren 5eko 2/2004 Legegintzako Errege Dekretuak onartu zuen testu hori).

7.Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergatik salbuetsita egongo dira 2. artikuluan aipatutako kalte pertsonaletarako salbuespenezko laguntzak.

11.artikulua Nekazaritza-jardueretarako zerga-murriztapen bereziak.

1.Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioak azaroaren 27ko HAP/2222/2014 Aginduak jasotzen dituen etekin-indizeen murriztapena baimendu ahalko ditu nekazaritza-ustiategi eta -jardueretarako, salbuespenez eta Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioaren txostenak ikusi ondoren. Betiere, ustiategi eta jarduera horiek 1. artikuluan xedatutakoa betetzeko aginduan zehaztutako eremuetan badaude, eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Erregelamenduko 37. artikuluaren 4. zenbakiko lehenengo puntuan jasotzen diren aurreikuspenekin bat —martxoaren 30eko 439/2007 Errege Dekretuaren bidez onartu zen erregelamendu hori—, bai eta Balio Erantsiaren gaineko Zergaren Erregelamenduko 38. artikuluaren 3. zenbakiarekin bat ere — abenduaren 29ko 1624/1992 Errege Dekretuaren bidez onartu zen erregelamendu hori—. Aipatutako agindu horretan, 2015erako pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zenbatespen objektiborako metodoa eta balio erantsiaren gaineko zergaren araubide berezi erraztua garatu zen.

12.artikulua Lanaren eta Gizarte Segurantzaren arloko neurriak.

1.Baldin eta kaleratze kolektiboen, kontratu-eteteen eta lanaldi-laburtzeen arrazoi zuzena errege lege-dekretu honen 1. artikuluan adierazitako gertaera meteorologikoen ondoriozko kalteak badira, edo 2.3 artikuluan adierazitako establezimenduetan kalteen ondorioz zuzenean izandako jarduera-galerak, eta hori dena behar bezala egiaztatzen bada, haiek ezinbesteko kasutzat hartuko dira eta Langileen Estatutuaren Legearen testu bateginaren 47. eta 51. artikuluetatik eratorritako ondorioak izango dituzte (testua martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuak onartu zuen). Lehenengo kasuan, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak enpresaria Gizarte Segurantzaren kuotak ordaintzetik eta baterako diru-bilketaren kontzeptuetatik libratu ahal izango du etenaldiak irauten duen bitartean, eta epe hori langileak benetan kotizatutako alditzat joko da. Kontratua amaitzen den kasuetan, langileen kalte-ordainak Soldatak Bermatzeko Funtsaren kontura ordainduko dira, legez ezarritako mugen barruan.

Enpresak kontratuak etetea edo lanaldia aldi baterako laburtzea erabakitzen badu ezohiko arrazoietan oinarrituta, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak edo, hala egokitzen bada, Itsasoko Gizarte Institutuak baimena eman ahal izango du langabezia-prestazioak (ekainaren 20ko 1/1994 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren III. tituluan araututakoak) jasotzen diren aldi hori ez dadin zenbatu ezarritako prestazioak jasotzeko gehieneko aldia agortzeko ondorioetarako. Horretarako, nahitaezkoa izango da horren guztiaren atzean errege lege-dekretu honen aplikazio-eremuan jasotako gertaerak egotea. Era berean, baimena eman ahal izango du langabezia-prestazioak jaso ditzaten espediente horietan sartuta dauden langileek, nahiz eta prestazio horiek jasotzeko beharrezkoak diren kotizazio-aldien baldintza beteta ez izan.

2.Norberaren konturako langileek eta enpresek, Gizarte Segurantzaren edozein erregimenetan sartuta daudenek, izandako kalteak edo zuzenean kalte horien ondorioz izandako jarduera-galerak justifikatu ondoren, interesik gabeko urtebeterainoko moratoria bat eskatu ahal izango dute Gizarte Segurantzaren kotizazioak eta batera biltzeko kontzeptuak ordaintzeko, elkarren segidako hiru hilabeteri dagozkionak, ezbeharra gertatu aurreko egunetik zenbatzen hasita; edo, norberaren konturako erregimen berezian edo autonomoenean sartuta dauden langileen kasuan, ezbeharra gertatu zen hilabetetik kontatzen hasita.

3.Aurreko zenbakietan ezarritako onuretarako eskubidea duten Gizarte Segurantzako kotizatzaileek, salbuespenei dagozkien kuotak edo moratoriari dagozkionak ordaindu badituzte, ordaindutako zenbatekoak itzultzeko eska dezakete, baita, hala badagokio, berandutza-interesak, errekarguak eta dagozkion kostuak ere. Itzulketarako eskubidea duenak Gizarte Segurantzaren beste aldi batzuetako kuotak zor baditu, Gizarte Segurantzarekiko zorrak kitatzeko erabiliko da itzulketari dagokion kreditua, legez ezarritako eran.

4.Eragindako kalteak konpontzeko lanak egiteko, administrazio publikoek eta irabazi asmorik gabeko erakundeek honako hau eskatu ahal izango diote eskumena duen enplegu zerbitzu publikoari: langabezia-prestazioak jasotzen dituztenak gizarte lankidetzako lanetarako atxikitzeko, Gizarte Segurantzako Lege Orokorraren testu bateginaren 213.3. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

13.artikulua Kontratazio-araubidea.

1.Premiazko obra, zerbitzu edo horniketatzat jo ahal izango dira hondamendiak kaltetutako azpiegiturak, ekipamenduak edo zerbitzuak konpontzeko eta mantentzeko kontratuak eta hondamendiak kaltetutako ondasunak atzera beren lekuan jartzeko kontratuak, bai eta 9. artikuluan aipatutako nekazaritza- eta abeltzaintza-produkzioetan izandako kalteak zenbatesteko «Agroseguro, S.A.» entitatearekin egindako kontratua ere, haien zenbatekoa edozein dela ere, betiere kontratazio-organoak dena delako akordioa hartu ondoren, Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bateginaren 113. artikuluan datozen baldintzak beteta (azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen).

2.Artikulu honetan aipatutako lanak egiteak dakartzan desjabetzeak ukitutako ondasunen okupazioa presazkotzat joko da, Nahitaezko Desjabetzearen 1954ko abenduaren 16ko Legearen 52. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

3.Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bateginaren 126.2. artikuluan sartuta ez dauden obren kontratazio-espedienteak izapidetzeko, ez da bete beharko lurrak erabilgarri izateko aldez aurreko baldintza, nahiz eta lur-sailen benetako okupazioa egin aurretik okupazio-akta formalizatu beharko den.

14.artikulua Toki-administrazioekiko lankidetza.

1.Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako ministroari ahalmena ematen zaio udalen, probintziako diputazioen, kabildoen, eskualdeen eta mankomunitateen titulartasuneko azpiegitura, ekipamendu, instalazio eta zerbitzuetan izandako kalteen ondoriozko diru-laguntzen (4. artikuluan aipatutakoak) ordainketa proposatzeko, Estatuaren Administrazio Orokorrak finantzatzen duen zatiari dagokionez, behin kalteen zenbatespenak egin ondoren, eta garatzeko ematen diren errege-dekretuetan zehaztutako gehienezko zenbatekora artekoak, hain zuzen.

2.Sail horren aurrekontuetan helburu horretarako txertagarri gisa jartzen den kredituaren kontura egingo zaie aurre diru-laguntza horiei.

3.Era berean, Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren titularrari baimena ematen zaio diru-laguntza horiek emateko prozedura ezar dezan, bai eta horien jarraipena eta kontrola egin dezan ere.

15.artikulua Aseguruen Konpentsazio Partzuergoa.

1.Kaltetutako autonomia-erkidegoetako gobernuaren ordezkariek, pertsonalak ez diren kalteen ebaluazio zuzenagoa egiteko, Aseguruen Konpentsazio Partzuergoari beharrezkoak diren zenbatespenak egin ditzan eskatu ahal izango diote, errege lege- dekretu honen 2. eta 3. artikuluekin bat etorrita, betiere titulartasun publikoko ondasunei eragiten ez badiete.

2.Aseguruen Konpentsazio Partzuergoak eskubidea izango du Estatuaren Administrazio Orokorrak peritu-lanak ordain diezazkion, partzuergo horrek bere aseguruen peritu tasatzaileentzat onartuta dituen ordainsari profesionalen baremoaren arabera.

3.Laguntzen izapidetzea eta kalteen zenbatespena errazteko, eskumena duen administrazioak eta Aseguruen Konpentsazio Partzuergoak laguntzen eta kalte-ordainen onuradunei buruzko datuak, laguntza eta kalte-ordainen zenbatekoei buruzko datuak eta ukitutako ondasunei buruzko datuak helarazi ahal izango dizkiote elkarri. Espainiako lurraldean jarduten duten aseguru-entitateek Aseguruen Konpentsazio Partzuergoari nahitaez eman beharko diote partzuergo horrek eskatzen dien informazioa, goian xedatutakoa bete ahal izateko.

16.artikulua Turismo Azpiegiturak Modernizatzeko Finantza Funtserako deialdi berezia (FOMIT).

1.Industria, Energia eta Turismoko Ministerioari eta Kreditu Ofizialeko Institutuari –hura baita Estatuaren finantza-agentzia– esango diegu taxutu ditzatela deialdi berezi batzuk, Turismo Azpiegiturak Modernizatzeko Finantza Funtsetik (FOMIT), kalteturik geratu diren udal-azpiegitura turistikoak eta turismo-establezimendu pribatuak konpontzeko obrak finantzatzeko beren-beregiz. Funts hori uztailaren 23ko 937/2010 Errege Dekretuan dago arauturik. Deialdi horiek autonomia-erkidegoek egingo dituzte, errege lege-dekretu honen

1.artikuluak xedatutakoaren arabera kaltetutzat jotzen diren biztanleguneetan.

2.Turismo Azpiegiturak Modernizatzeko Finantza Funtsean gaur egun dauden baliabideetatik finantzatuko dira deialdiok. Maileguetarako finantza-baldintzak, berriz, Ekonomia Gaietarako Gobernuaren Ordezko Batzordearen akordio bidez zehaztuko dira. Eta deialdiaren zenbatekoa ere Ekonomia Gaietarako Gobernuaren Ordezko Batzordearen akordio horretan erabakitzen denaren arabera zehaztuko da.

3.Artikulu honetan araututako deialdietan toki-erakundeei ematen zaizkien maileguei abenduaren 30eko 20/2011 Errege Lege Dekretuaren hamalaugarren xedapen gehigarrian arauturik dagoen baimena emango zaie, hala egitea egokia denean; errege lege-dekretu hori defizit publikoa zuzentzearren aurrekontu, zerga eta finantzen arloan berehala hartu behar diren neurriei buruzkoa da. Toki-erakundeen finantza-tutoretzaz arduratzeko eskumena duen organoak emango die baimen hori.

17.artikulua Errege lege-dekretu honen aplikazio-eremuaren barruko kalteak konpontzeko egin diren inbertsioak.

Errege lege-dekretu honetako 1. artikuluan aipaturik dauden kalteak konpontzearren

toki-erakundeek egiten dituzten inbertsioak finantzen aldetik jasangarriak direla pentsatuko da, baldin eta Aurrekontu Egonkortasunaren eta Finantza Iraunkortasunen apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoaren seigarren xedapen gehigarrian datozen baldintzak betetzen badituzte.

Salbuespen modura, inbertsio horiek lehentasunez exekutatuko dira finantzen aldetik jasangarritzat jotzen diren beste inbertsio batzuen aurretik, eta ez zaizkie aplikatuko Toki- ogasunak arautzen dituen Legearen testu bateginaren hamaseigarren xedapen gehigarriko 1., 2., 4., 6. eta 7. zenbakiak (lege hori martxoaren 5eko 2/2004 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen).

Lehenengo xedapen gehigarria. Laguntzen mugak.

Errege lege-dekretu hau aplikatuta ematen diren laguntzen balioa, kalte materialei dagokienez, ezin izango da inoiz bi balio hauen arteko diferentzia baino handiagoa izan; hau da, batetik, gertatutako kaltearen balioa eta, bestetik, kontzeptu berberarengatik beste erakunde publiko nazional edo nazioarteko batzuek emandako beste laguntza edo kalte- ordain batzuen zenbatekoa (bateragarritzat edo osagarritzat jotako laguntzak edo kalte- ordainak betiere), edo aseguru-polizei esker eskura daitezkeenena.

Bigarren xedapen gehigarria. Aurrekontu-kredituak.

Estatuaren Administrazio Orokorraren edo, hala badagokio, haren mendeko erakundeen titulartasuneko ondasunetan izandako kalteen konponketak, 14. artikulua aplikatuz ematen diren diru-laguntzak, bai eta 7. artikuluan xedatutakoa betetzeko burututako jarduketak eta 9. artikuluan nekazaritza- eta abeltzaintza-produkzioetan izandako kalteak, horiek aitortzeko egin diren kudeaketa-gastuak barne, ere, aurrekontua gauzatzeko Kontingentzia Funtsetik finantzatuko dira.

Horretarako behar diren kredituak gobernuak zabalduko ditu, Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako ministroak proposaturik, dagozkion ministerio-sailen aurrekontuetan, Aurrekontuen azaroaren 26ko 47/2003 Lege Orokorraren 50. eta 55. artikuluetan aurreikusitakoaren arabera.

Aurrean esandakoa gorabehera, ministerio-sailetan eta haien mendeko erakundeetan dauden aurrekontu-aukerak kontuan harturik, beraien baliabide propioekin finantzatu ahalko dira jarduketak, eta, beharrezkoa balitz, dagozkion aurrekontu-aldaketak izapidetuko dira, Aurrekontuen azaroaren 26ko 47/2003 Lege Orokorrak xedatutakoarekin bat.

Hirugarren xedapen gehigarria. Beste administrazio publiko batzuekiko hitzarmenak.

Estatuaren Administrazio Orokorrak errege lege-dekretu hau aplikatzeko behar diren lankidetza-hitzarmenak egin ahal izango ditu kaltetutako autonomia-erkidegoetako organo eskudunekin eta toki-erakundeekin.

Aginduzko txosten loteslea emateko, zein 2015eko Estatuaren Aurrekontu Orokorren abenduaren 26ko 36/2014 Legearen lehenengo xedapen gehigarriaren lehenengo zenbakian aipatzen baita, kontuan izango dira batez ere errege lege-dekretu honetan araututako neurriak hartzea justifikatzen duten inguruabarrak.

Laugarren xedapen gehigarria. Kaltetuei laguntzeko neurrien jarraipena egiteko ministerio arteko batzordea.

1.Ministerio arteko batzorde bat sortu da errege lege-dekretu honetan ezarritako laguntza neurriak aplikatzeko. Batzorde hori Babes Zibil eta Larrialdien Zuzendaritza Nagusiak koordinatuko du eta Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren, Barne Ministerioaren, Sustapen Ministerioaren, Enpleguko eta Gizarte Segurantzako Ministerioaren, Industria, Energia eta Turismo Ministerioaren, Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioaren eta Lehendakaritza Ministerioaren ordezkariek osatuko dute, bai eta kaltetutako autonomia-erkidegoetako gobernuaren ordezkariek eta Aseguruen Konpentsazio Partzuergoaren ordezkari batek ere.

2.Errege lege-dekretu honetan ezarritako laguntza neurrien jarraipena aurreko zenbakian aipatutako batzordeak egingo du, kaltetutako autonomia-erkidegoetako agintariekin koordinatuta, Gobernuaren Ordezkaritzen bidez.

3.2016ko maiatzaren lehena baino lehenago, ministerio arteko batzordeak txosten bat egingo du errege lege-dekretu hau gauzatzeko egin diren jarduerei buruz.

Bosgarren xedapen gehigarria. Ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa.

Ministro Kontseiluaren erabaki bidez xedatuko da 4., 5., 6. 7. eta 8. artikuluetan jasotako azpiegitura, ekipamendu edo instalazioak konpondu eta birgaitzeko zein lan egongo den ingurumen-inpaktuaren ebaluaziotik salbuetsita; hau da, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeak 8. artikuluaren 3. eta 4. zenbakietan xedatutakoa betez, zein lan salbuetsiko den izapide horretatik, nahiz eta, zinez, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa aurkeztera behartuta egon.

Azken xedapenetatik lehenengoa. Eskumen-titulua.

Errege lege-dekretu hau Konstituzioaren 149.1. artikuluko 7., 13., 14., 17., 23. eta 29. arauetan xedatutakoaren babesean ematen da, kaltetutako autonomia-erkidegoek har ditzaketen babes neurri osagarriak eragotzi gabe.

Azken xedapenetatik bigarrena. Garatzeko ahalak.

Gobernuak eta ministerio-sailetako titularrek, bakoitzak bere eskumenaren eremuan, behar diren xedapenak emango dituzte eta errege lege-dekretu honetan xedatutako betetzeko epeak ezarriko dituzte.

Azken xedapenetako hirugarrena. Indarrean jartzea.

Errege lege-dekretu hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean bertan sartuko da indarrean.

Madrilen, 2015eko urriaren 30ean.

FELIPE e.

Gobernuko presidentea,

MARIANO RAJOY BREY.

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra