Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Octava ediciión Premios Adrián Celaya

Administrazio zuzenbidea  >>  Legeria  >> Gizarte-zerbitzuak

14/2012 Errege Lege Dekretua, apirilaren 20koa, hezkuntzaren arloko gastu publikoa arrazionalizatzeko premiazko neurriei buruzkoa

2012-04-20

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2012/4/21, 96. zk.

I.  XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

5337

14/2012 Errege Lege Dekretua, apirilaren 20koa, hezkuntzaren arloko gastu publikoa arrazionalizatzeko premiazko neurriei buruzkoa.

Gaur egungo egoera ekonomikoan, beharrezkoa da herri-administrazioek baliabide publikoak modu eraginkorragoan erabiltzea, esparru konstituzionalari eta Europar Batasunari jarraiki ezin saihestuzkoa den helburua, aurrekontu-orekarena, lortzen lagun dezaten.

Hezkuntza-arloan, helburu komuna honakoa da: hezkuntza-administrazioei tresna multzo bat ematea, alde batetik hezkuntza-sistemaren kalitate eta eraginkortasun helburu nahitaezkoak, eta bestetik, aurrekontu-orekaren helburuen betetzea –azken horrek gastu publikoaren kontrolean eta lan publikoaren eskaintzan isla izanda– bateratu ahal izateko.

Proposatu diren neurriek hezkuntza-maila guztietan (unibertsitate-mailetan eta unibertsitatez kanpokoetan) dute eragina. Batzuk salbuespenekoak dira; gaur egungo egoera ekonomikoari lotuta aplikatzekoak. Besteak, ordea, egiturazkoak dira, eta Espainiako hezkuntza-sistemaren eraginkortasuna modu iraunkorrean hobetzeko funtsezko hainbat berritasun dakartzate.

Hala, unibertsitatez kanpoko irakaskuntzaren arloan, ikastetxe publikoetako irakasleek bete beharko duten gutxieneko eskola-ordutegia ezarri da, curriculumetan zehaztutako helburuak, oinarrizko gaitasunak eta ikasketen edukiak beteko diren berme izan dadin; ikasgelako ikasle-kopuruan malgutasun-maila zentzuzko bat onartu da, betiere, lan publikoaren eskaintzari buruzko oinarrizko araudian zehaztuta dauden langile berriak kontratatzeko neurri mugatzaileak indarrean diren artean; bitarteko eta ordezko irakasleak hamar egun baino gehiagoko gaixoaldietan bakarrik izendatu ahal izango dira, egun gutxiagokoak ikastetxeko langileek bete ditzaketela eta bete behar dituztela ebatzi delako, eta, azkenik, 1147/2011 Errege Dekretuak, uztailaren 29koak, hezkuntza-sistemako lanbide heziketaren antolamendu orokorra zehazten duenak, agindutako xedapen guztien aplikazioa, 2014-2015 ikasturtera geroratu da, zazpigarren xedapen gehigarriarena salbu.

Gainera, aurrerantzean, ikastetxe bakoitzak ez du bi batxilergo mota eskaini beharrik izango. Hala, Autonomia Erkidegoek aukera gehiago izango dituzte beren beharretara egokitutako hezkuntza-eskaintza antolatzeko.

Bestalde, unibertsitateen esparruan, unibertsitateetako irakasle eta ikerlarien irakaskuntza-jarduera zehaztu da, ikerkuntza jardueraren intentsitate eta bikaintasunaren arabera mailakatuta; unibertsitate-mapa eta titulazio-eskaintza erregelamendu bidez finkatzen diren gutxieneko betekizunen arabera arrazionalizatzea aurreikusi da, eta, aldi berean, unibertsitateen arteko lankidetza erraztuko da, zenbait titulazio batera eskaintzeko; unibertsitate publikoen erregimen ekonomiko eta finantzarioa aurrekontuorekaren irizpidera egokitu da; prezio publikoetan mugak finkatu dira, zenbatekoa zerbitzua eskaintzeagatiko kostura doitzeko, esfortzu akademikoa ere aintzat hartuta, eta, azkenik, langile berrien kontratazioa lan publikoaren eskaintzari buruzko oinarrizko araudiaren mende jarri da, 2011 urterako Espainiako Aurrekontu Orokorrei buruzko 39/2010 Legearen 22. Lehena a.) artikuluak (edo hurrengo urteetako aurrekontu-legeen artikulu baliokideak) eta lege beraren 23. artikuluak unibertsitateak barne hartzen dituztelako.

Horrenbestez, hezkuntza-sisteman arrazionaltasun- eta eraginkortasun-elementu garrantzitsuak sartzea da asmoa, horrela, ezinbesteko zerbitzu publiko hori modu hobean emateko. Horretarako, eta bere oinarrizko izaerari lotuta, aurrekontu-oreka lortzera bideratutako neurriak hartuko dira. Neurri horiek Estatuari esku-hartzeko zilegitasuna ematen diote, jarduera ekonomikoen oinarriak ezartzeko eta plangintza orokorra koordinatzeko eskumen esklusiboaren titularra baita (Konstituzioaren 149.1.13. artikulua), Auzitegi Konstituzionalak berretsitako doktrinaren arabera. Eskumen hori bat dator Konstituzioaren 149.1. artikuluaren 1., 18. eta 30. arauetan jasotako eskumen-tituluekin, funtzionario publikoen estatutu-araubidearen oinarriak edo Konstituzioaren 27. artikuluan aitortutako eskubide eta askatasunak gauzatzeko oinarrizko baldintzak guztientzat berdinak izatea bermatzen duten oinarrizko xedapenak diren aldetik.

Errege lege-dekretu honen bidez hartutako neurriak ezinbestekoak dira ezarri den kontsolidazio fiskalaren bidean aurrera egiteko eta Europar Batasunak agindutako defizitmurrizketaren konpromisoa betetzeko. Beraz, tresna juridiko honetaz baliatu ahal izateko Espainiako Konstituzioaren 86. artikuluak eskatzen duen premia aparteko eta presazkoaren egoeraren baldintza betetzen da. Bestalde, araugintza-tresna hau erabili ahal izateko Konstituzioan ezarritako mugak errespetatzen dira, eta, batez ere, Konstituzioaren 27. artikuluaren bidez araututako hezkuntza-eskubidearen funtsezko edukia babestu da; hala, ez da eraldatu Hezkuntzari buruzko 2006ko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren azken xedapenetako zazpigarrenak edo Unibertsitateei buruzko 2001eko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren azken xedapenetako laugarrenak espresuki organikotzat jotako lege-manurik.

Horren arabera, Espainiako Konstituzioaren 86. artikuluan aipatzen den baimena baliatuta, Hezkuntza, Kultura eta Kirol ministroak proposatuta, eta Ministro Kontseiluak 2012ko apirilaren 20ko bileran eztabaidatu ondoren, XEDATZEN DUT:

1.  artikulua. Xedea.

Errege Lege Dekretu honen xedea da hezkuntza arloko gastu publikoa arrazionalizatzeko presazko neurriak hartzea, zerbitzu publikoen funtzionamenduan gailendu behar duten eraginkortasun- eta austeritate-irizpideei jarraiki.

I. TITULUA Unibertsitatez kanpoko hezkuntza 2.  artikulua. Ikasgeletako ikasle ratioak.

Baldin eta, gastu publikoa mugatzeko arrazoiak medio, Estatuko Aurrekontu Orokorren Legeak ez badu baimentzen lan publikoaren eskaintzaren bidez langile berririk kontratatzea, edo, oinarrizko izaeraz, 100eko 50 baino ordezpen tasa txikiagoa agintzen badu, hezkuntza-administrazioek 100eko 20 handitu ahalko dute gehienezko ikasle kopurua lehen eta bigarren hezkuntzan (Hezkuntzari buruzko 2006ko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 157.1.a) artikuluan ezartzen da gehienezko kopuru hori).

Gehikuntza ehuneko hori aplikatuko zaie, halaber, Hezkuntzari buruzko 2006ko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak arautzen dituen gainerako ikasketetan erregelamendu mailako arau bidez zehaztutako gehienezko ikasle kopuruei.

Artikulu honetan xedatutakoa aplikagarria da, bai ikastetxe publikoetan, bai funts publiko bidez lagundutako ikastetxe pribatuetan.

3.  artikulua. Irakasjarduna.

1.  Hezkuntzari buruzko 2006ko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak araututako irakasgaiak ematen dituzten irakasleen asteko lanaldia, ikastetxe publikoei eta funts publiko bidez lagundutako ikastetxe pribatuei dagokienez, gutxienez, 25 irakastordukoa izango da haur-hezkuntzan eta lehen hezkuntzan eta 20 irakastordukoa, aldiz, gainerako hezkuntzamailetan, hargatik eragotzi gabe indarreko araudian barne hartutako lanaldi murriztuko egoerak.

2.  Ordu gehigarrien konpentsazio-araubidea, gehienez, irakastaldiko ordu batekoa izango da, eta aurreko paragrafoan aipatutako gutxieneko kopuruak gainditutakoan baino ezingo da zenbatu.

4.  artikulua. Irakasleak ordeztea.

Ikastetxe publikoei dagokienez, irakasle titularrak behin-behinekoz ordezteko bitarteko funtzionarioak izendatu ahalko dira, baina izendapena sorrarazi duen egoera gertatzen denetik hamar irakastegun igarotakoan. Bitarteko irakaslea izendatu arteko hamar irakastegun horiez kargu egiteko, ikastetxe horretako bertako baliabideak erabili beharko dira.

Aurreko paragrafoan adierazitakoa aplikatuko da, halaber, funts publiko bidez mantendutako ikastetxe pribatuetako irakasleen ordezpenetan.

5.  artikulua. Lanbide-heziketako irakaskuntza ezartzea.

Hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren antolamendu orokorra zehazten duen 2011ko uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuko xedapen guztiak, zazpigarren xedapen gehigarria salbu, 2014-2015 ikasturtean aplikatuko dira.

2012-2013 ikasturtean ezartzekoak ziren erdi eta goi mailetako heziketa-zikloak 20142015 ikasturtean ezarriko dira.

Hezkuntza-administrazioek lehenagoko ikasturteetara aurreratu ahalko dute beharrezkotzat jotzen dituzten neurrien ezarpena.

II. TITULUA Unibertsitateko irakaskuntza 6.  artikulua. Unibertsitateei buruzko 2001eko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoa aldatzea.

Unibertsitateei buruzko 2001eko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoari aldaketa hauek egin zaizkio: Lehena. Unibertsitateei buruzko 2001eko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 7. artikuluari 2. paragrafoa berridatzi erantsi zaio.

«Gobernuak zehaztuko ditu, Unibertsitate Politikarako Konferentzia Nagusiak eta Unibertsitateen Kontseiluak txostena eman ondoren, aipatutako ikastetxe eta egiturak sortzeko eta, hala badagokio, mantentzeko oinarrizko irizpideak.» Bigarrena. Unibertsitateei buruzko 2001eko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 8. artikuluaren 2. paragrafoa aldatu egin da. Honela geratzen da:

«2. Aipatutako ikastetxeak sortu, aldatu eta kentzea, hala nola, estatu osoan baliozkoak diren unibertsitate-titulu ofizialak lortzera bideratutako irakaspenak ezartzea eta kentzea, 7. eta 35. artikuluetan zehaztutakoaren arabera, autonomiaerkidego bakoitzak erabaki ahalko du, bai bere kabuz, unibertsitateko Gobernu Kontseilua ados dela, bai unibertsitatearen beraren ekimenez, kasuan kasuko Gobernu Kontseiluak horixe proposatuta. Kasu bietan Gizarte Kontseiluaren aurretiazko aldeko txostena beharko da.» Hirugarrena. Unibertsitateei buruzko 2001eko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 30 bis artikulua aldatu egin da. Honela geratzen da:

«Unibertsitateak, gizartearen zerbitzurako zereginak hobeto betetzeko, elkarlanean jardun ahalko dira, bai beren artean, bai Ikerketako Erakunde Publikoekin, enpresekin eta Espainiako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sistemako beste eragile batzuekin edo beste herrialde batzuetako eragileekin.

Horretarako, aliantza estrategikoak egin ahalko dituzte, batera garatu ahal izateko Estatu osoan baliozkoak diren unibertsitate-titulu ofizialak lortzera bideratutako irakaspenak zein nazioarteko bikaintasuneko programak eta proiektuak.» Laugarrena. Unibertsitateei buruzko 2001eko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 68. artikulua aldatu egin da. Honela geratzen da:

«68. artikulua. Arduraldi-araubidea.

1.  Unibertsitate publikoetako irakasleen arduraldia denbora osokoa izan dadila lehentsiko da, edo, bestela, partezkoa. Arduraldia, edonola ere, 83. artikuluan zehazten diren lan zientifiko, tekniko edo artistikoak egitearekin bateragarria izango da.

Denbora osoko arduraldia izan beharko dute unibertsitate irakasleek, pertsona bakarreko aginte-organoen ardurak bere gain hartu badituzte, eta inola ere ezingo dituzte bi jarduerak aldi berean egin.

2.  Oro har, denbora osoko arduraldi-araubidean diharduten unibertsitateko irakasle eta ikerlari funtzionarioek, ikasturteko, 24 ECTS kreditu eman ahal izateko besteko lanorduak bideratuko dituzte irakaslanetara, guztira.

Hala ere, langile horiek irakaslanetara bideratutako lanordu-kopurua ezberdina ere izan daiteke, ikerketa-jardueraren arabera; ikerketa-jarduera horrek, dena den, onartua izan behar du, Unibertsitate-irakasleen Ordainsariei buruzko 1989ko abuztuaren 28ko 1086/1989 Errege Dekretuaren arabera, eta, gainera, lege horren beraren 2.4. artikuluan aurreikusitako produktibitate-osagarria jasoz gauzatua izan behar du. Honako arauak bete beharko dira:

a)  Ikasturteko, guztira 16 ECTS kreditu emateko beste lanordu bideratu beharko dituzte irakaslanetara honako hauek:

–  Unibertsitateko irakasle titularrek, unibertsitate-eskolako irakasle titularrek nahiz hurrenez hurreneko hiru ebaluazio positibo edo gehiago (azkena, azken sei urteen barruan) jaso dituzten unibertsitate-eskolako katedradunek.

–  Hurrenez hurreneko lau ebaluazio positibo edo gehiago (azkena, azken sei urteen barruan) jaso dituzten unibertsitateko katedradunek.

–  Hurrenez hurreneko bost ebaluazio positibo jaso dituztenek.

b)  Ikasturteko, guztira, 32 ECTS kreditu emateko beste lanordu bideratu beharko dituzte irakaslanetara honako hauek:

– Lehendabiziko seiurtekoan ikerketa jardueraren ebaluaziorik igaro ez dutenek, edo aipatutako aldi horretan ebaluazio negatiboa jaso dutenek.

–  Azken ebaluazio positiboa jaso zutenetik sei urte igaro zaizkienek.

3.  Gobernuak arautuko ditu, autonomia-erkidegoek eta Unibertsitateen Kontseiluak aurretiazko txostena eman ondoren, irakasle eta ikerlari funtzionarioen arduraldiaren erregimen orokorraren oinarriak.» Bosgarrena. Unibertsitateei buruzko 2001eko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 81. artikulua aldatu egin da. Honela geratzen da:

1.  81. artikuluaren 2. paragrafoa aldatu egin da. Honela geratzen da:

«2. Aurrekontuak publikoa, bakarra eta orekatua izan beharko du, eta dirusarrera eta gastu guztiak barne hartuko ditu. Aurrekontu-oreka eta Finantzairaunkortasuneko Lege Organikoa hobeto betetzen dela bermatzeko, unibertsitateek honako eginbeharrak bete beharko dituzte:

a)  Urteko gastuaren gehienezko muga bat ezarri eta onartuko dute, eta ezingo da gainditu.

b)  Aurrekontuetan eta haien likidazioetan berariaz aipatuko da finantza-orekaeta -iraunkortasuna betetzeko betebeharra.» 2.  81.3 artikuluaren b) idatz-zatiaren lehendabiziko paragrafoa aldatu egin da.

Honela geratzen da:

«b) Zerbitzu akademikoen prezio publikoengatik eta legez ezarritako gainerako eskubideengatik dagozkion diru-sarrerak. Estatu osoan baliozkoak diren titulu ofizialak lortzera bideratutako ikasketen kasuan, autonomia-erkidegoak ezarriko ditu prezio publikoak eta eskubideak, betiere, Unibertsitate Politikarako Konferentzia Nagusiak ezarritako mugen barruan. Hala, zerbitzua eskaintzeagatiko kostuaren araberakoak izango dira, alegia:

1.  Gradu ikasketak: lehenengoz matrikulatzean, kostuen 100eko 15 eta 20

artean ordainduko da prezio publikoen bidez; 100eko 30 eta 40 artean, bigarrenez matrikulatzean; 100eko 65 eta 75 artean, hirugarrenez matrikulatzean, eta, 100eko 90 eta 100 artean, laugarrenez edo gehiagotan matrikulatzean.

2.  Master ikasketak, Espainian araututako jarduera profesionaletan aritzeko gaitzen dutenak: lehenengoz matrikulatzean, kostuen 100eko 15 eta 20 artean ordainduko da prezio publikoen bidez; 100eko 30 eta 40 artean, bigarrenez matrikulatzean; 100eko 65 eta 75 artean, hirugarrenez matrikulatzean, eta, 100eko 90 eta 100 artean, laugarrenez edo gehiagotan matrikulatzean.

3.  Lehengoez besteko master ikasketak: lehenengoz matrikulatzean, kostuen 100eko 40 eta 50 hamar artean estaliko da prezio publikoen bidez, eta, 100eko 65

eta 75 artean, hirugarrenez edo gehiagotan matrikulatzean.

Gradu eta master unibertsitate-ikasketen kostuen 100eko 100 estali ahalko dute prezio publikoek, ikasleak adinez nagusiak eta egoiliar izaera ez duten atzerritarrak direnean, salbu eta Europar Batasuneko estatu kideetako herritartasuna dutenean edota Erkidegoko erregimena aplikatu behar denean alde batera utzi gabe elkarrekikotasun-irizpidea.

Gobernuak, Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak horrela proposatuta, eta Unibertsitate Politikarako Konferentzia Nagusiak zein Unibertsitateen Kontseiluak txostena egin ondoren, sistema hori garatu eta aplikatzeko beharrezko diren neurriak hartu ahalko ditu, baita ezarritako balio-tarteak salbuespenez aldatu ere, zenbait titulazioren singulartasunari, esperimentaltasun mailari eta azken ikasturteetan prezio publikoek ordaindutako kostu ehunekoari erreparatuta.» 3.  81. artikuluaren 4. paragrafoaren bigarren lerroaldea aldatu egin da. Honela jaso da:

«Gastu arrunten egoera-orriaz gain, unibertsitateko kategoria guztietako langileen lanpostu-zerrenda aurkeztu beharko da, guztizko kostuak xehatuz; gainera, eranskin batean, langile berriek betetzeko proposatzen diren lanpostuen zerrenda gehitu beharko da. Irakasle eta ikerlarien lan-kostuak, hala nola, administrazioko eta zerbitzuetako langileena, autonomia-erkidegoak onartu beharko ditu, Lan Publikoaren Eskaintzari buruzko oinarrizko araudia betez. Era berean, unibertsitateek, bitarteko langile funtzionarioak izendatzeko eta aldi baterako lan-kontratuko langileak kontratatzeko, gai horri buruzko Estatuko oinarrizko legeria bete beharko dute.» 4.  81. artikuluaren 5. paragrafoa aldatu egin da. Honela jaso da:

«5. Unibertsitateek nahitaez kontu eman behar dute beren jardunari buruz Autonomia Erkidegoko kontuen fiskalizazioko organoaren aurrean, hargatik eragotzi gabe Kontu-auzitegiaren eskumenak.

Ekitaldi bakoitzeko aurrekontuaren likidazioa, eskubideen diru-bilketa eta betebeharrak ordaintzeari dagokionez, dagokion urte naturaleko abenduaren 31n egingo da. Unibertsitateko diruzaintza arduratuko da jaso gabeko diru-sarrerez eta egin gabeko ordainketez, kasuan kasuko baldintzen arabera.

Unibertsitateek aurrekontuaren likidazioa egin beharko dute hurrengo ekitaldiko martxoaren lehena baino lehen.

Aurrekontua soberakin negatiboarekin likidatuz gero, Gizarte Kontseiluak, lehendabizikoz biltzean, aurrekontu berriaren gastuak murriztu beharko ditu sortutako defizita kitatzeko besteko zenbatekoan. Murrizketa hori baliogabetzeko, Gizarte Kontseiluak ados egon beharko du, eta errektoreak egin beharko du proposamena, kontu-hartzaileak txostena egin ondoren eta autonomia-erkidegoko dagokion organoak baimena eman ondoren, eta, betiere, aurrekontuan baliabiderik badago eta diruzaintzako egoerak bide ematen badu.

Autonomia-erkidegoen kontura eta unibertsitateen alde zuzenean edo zeharka transferentziak egiteko nahitaez onartu eta abiarazi beharko da gastu murrizketa.

Unibertsitateek beren aurrekontu-likidazioen eta urteko kontuei buruzko gainerako dokumentuen kopia bat bidaliko diote autonomia-erkidegoari, autonomiaerkidego horretako arau aplikagarrietan ezarritako epean.

Aurrekontu-likidaziorik ez bidaltzea, edo soberakin negatiboko likidazioari aurre egiteko neurririk ez hartzea, arrazoi nahikoa izango da Autonomia Erkidegoak gaitasuna izan dezan, bere eskumeneko esparruan, unibertsitatearen aurrekontuoreka bermatzeko beharrezko neurriak hartzeko».

7.  artikulua. Ikasteko beka eta laguntzen finantzazioa.

1.  Unibertsitatean matrikulatzeagatiko gastuak finantzatzera bideratutako ikasteko beka eta laguntzen banakako osagaiaren kostua honako arauei jarraituz finantzatuko da:

a)  Estatuko Aurrekontu Orokorren kontura finantzatuko da ikasketa bakoitzaren prezio publikoaren balio-tarteko gutxieneko zenbatekoa.

b)  Autonomia-erkidegoek, beren aurrekontuen kontura, osoki finantzatuko dute ikasketa bakoitzari ezarritako prezio publikoaren eta balio-tarteko gutxieneko zenbatekoaren arteko aldea.

2.  Harik eta unibertsitate guztietan kontabilitate analitikoko sistemak ezartzen diren arte (gehienez, 2015-2016 ikasturtera arte), Estatuko Aurrekontu Orokorren kontura finantzatuko den matrikularen zatia izango da honako Errege Lege Dekretua indarrean jartzen denean titulazio bakoitzerako indarrean dagoen prezio publikoa. Ikasturtero eguneratuko dira kopuru horiek, Unibertsitate Politikarako Konferentzia Nagusiak zehaztutako koefizientea aplikatuta.

Xedapen indargabetzaile bakarra.

Indargabetu egiten dira 2010eko otsailaren 12ko 132/2010 Errege Dekretuaren 13. artikuluko 3. eta 4. paragrafoak, haur-hezkuntzako bigarren zikloko, lehen hezkuntzako eta bigarren hezkuntzako eskolak ematen dituzten ikastetxeek bete beharreko gutxieneko baldintzak zehazten dituztenak.

Azken xedapenetako lehena. Eskumen-oinarria.

Errege Lege Dekretu honek oinarrizko izaera du, eta Espainiako Konstituzioaren 149.1

artikuluaren 1., 13., 18. eta 30. zenbakietan Estatuarentzat izendatutako eskumenen babesean emana da; hain zuzen ere, eta, hurrenez hurren, honako hauek dira eskumen horiek: Konstituzioko eskubideak baliatzean eta betebeharrak betetzean espainiar guztien arteko berdintasuna bermatzen duten oinarrizko baldintzak arautzea, ekonomia-jarduera oro har planifikatzea, funtzionario publikoen estatutu-araubidea eta Espainiako Konstituzioaren 27. artikulua garatzea botere publikoek arlo horretan dituzten betebeharrak betetzea garatzearren.

Azken xedapenetako bigarrena. Sozietateen gaineko zergari eginiko aldaketak.

Lehena.–2012. eta 2013. urteetan hasitako zerga-aldietan eragina izan dezaten, Defizit publikoa murrizteko zenbait tributu- eta administrazio-neurri sartzen dituen 2012ko martxoaren 30eko 12/2012 Errege Lege Dekretuaren 1. artikuluaren lehenengo paragrafoko laugarren zenbakia aldatu egin da. Honela geratzen da:

«Laugarrena. Sozietateen gaineko zergari buruzko Legearen testu bategineko 45. artikuluaren 3. paragrafoan zehaztutako zatikako ordainketen zenbatekoa, 2012. edo 2013. urteen barruko zerga-aldien hasiera-data baino lehenagoko hamabi hilabeteetan izandako negozio-zifraren zenbateko garbia gutxienez 20 milioikoa duten subjektu pasiboei dagokionez, ez da inola ere izango urte natural bakoitzeko lehen hiru, bederatzi edo hamaika hilabeteetako galera eta irabazien kontuko emaitza positiboa baino txikiagoa, edota, zerga-aldia eta urte naturala bat ez datorkien subjektu pasiboei dagokienez, zerga-aldia hasi zenetik zatikako ordainketa egiteko epe bakoitzari ekin baino egun bat lehenagora arte igarotako epeko galera eta irabazien kontuko ehuneko 8 baino txikiagoa. Zatikako ordainketa hori Merkataritza Kodearen eta gainerako garapeneko kontabilitate-arauen arabera zehaztuko da, subjektu pasiboek ordaintzeke dituzten zerga oinarri negatiboak kenduta, eta aintzat hartuta 2011ko abuztuaren 19ko 9/2011 Errege Lege Dekretuaren 9.1.2 artikuluan ezarritakoarekin bat datozen mugak (abuztuaren 19ko 9/2011 Errege Lege Dekretua, Espainiako osasun sistemaren kalitatea eta kohesioa hobetzeko neurriei, kontsolidazio fiskaleko ekarpenei eta Estatuak emandako bermeen gehieneko zenbatekoaren 2011ko gehikuntzari buruzkoa) Hala ere, aurreko paragrafoan aipatutako erakundeei ehuneko 4koa aplikatuko zaie, baldin eta urte natural bakoitzeko lehen hiru, bederatzi edo hamaika hilabeteetako diru-sarreren gutxienez ehuneko 85, edota, zerga-aldia urte naturalarekin bat ez datorkien subjektu pasiboei dagokionez, zerga-aldia hasi zenetik zatikako ordainketari ekin baino egun bat lehenagora arteko diru-sarreren % 85, Sozietateen gaineko Zergaren Legearen testu bateginaren 21. eta 22. artikuluetan aurreikusitako salbuespenak edo 30.2 artikuluan aurreikusitako kenkaria aplikagarri zaizkien errenten ondorio badira.

Edonola ere, paragrafo horren lehendabiziko lerroaldean zehaztutako ehunekoa ehuneko 4 litzateke, eta bigarrenean zehaztutakoa, aldiz, ehuneko 2, aitorpen-epea 2012ko apirilaren 20an amaitzen zaion zatikako ordainketari dagokionez. Gainera, zatikako ordainketari ez zaio aplikatuko Sozietateen gaineko Zergaren testu bategineko 20. artikuluan ezarritakoa (artikulu horri 2012ko martxoaren 30eko 12/2012 Errege Lege Dekretuak eman zion idazketaren arabera).» Bigarrena.– Aldatu egiten dira Sozietateen gaineko Zergari buruzko Legearen testu bategineko azken xedapenetako hamabosgarrenaren 1. eta 2. paragrafoak (martxoaren 5eko 4/2004 Legegintzako Errege Dekretuak onartu zuen testu bategina), Defizit publikoa murrizteko zenbait tributu- eta administrazio-neurri sartzen dituen 2012ko martxoaren 30eko 12/2012 Errege Lege Dekretua indarrean sartzen denetik aurrera ondorioak izan ditzan. Honela geratzen dira:

«1. Egoitza Espainian ez duten entitateen dibidendu nahiz partizipazioak, Lege honetako 21. artikuluaren 1. paragrafoaren a) eta c) letretan ezarritako baldintzak betetzen badituzte, eta 2012ko azaroaren 30a baino lehen sortzen badira, zerga honen oinarrian sartu gabe utz daitezke, subjektu pasiboak hautatzen badu zerga berezi baten bitartez jartzea haren pean. c) hizkian zehaztutako baldintza partizipazioa eduki den denbora-tartean lortutako diru-sarrera guztien arabera zehaztu ahal izango da erakunde bakoitzarentzat, den haren baitako partizipazioa zuzenekoa nahiz zeharkakoa.

Zerga bereziaren zerga-oinarria izango da dibidenduen edo sortutako etekinetako partizipazioen zenbateko osoa, eta ez da kenkari fiskalik izango partizipazioak balioa galtzen badu zerga bereziaren peko irabazien banaketa dela eta.

2.  Egoitza Espainian ez duten entitateen funts propioen ordezko balioak eskualdatzeagatiko errentak, baldin eta eskualdatzearen egunean Lege honetako 21. artikuluaren 1. paragrafoaren a) hizkian zehaztutako baldintza eta partizipazioari eutsitako ekitaldi guztietan aipatutako artikuluaren paragrafo bereko c) hizkian zehaztutakoa betetzen badute, eta 2012ko azaroaren 30a baino lehen eskualdatzen badira, zerga honetako zerga-oinarrian sartu gabe utzi daitezke, subjektu pasiboak hautatzen badu aurreko paragrafoan aurreikusitako zerga bereziaren bitartez jartzea haren pean.

Horrelakoetan, eskualdatzearen ondoriozko errenta izango da zerga-oinarria, bai eta eskualdatutako partizipazioaren balioa zuzentzea dela eta egindako itzulketak ere, baldin eta partizipazioa eduki den denbora-tartean kenkaritzat jo badira.» Azken xedapenetako hirugarrena. Garatzeko ahalak.

Gobernuak, halaber, Errege Lege Dekretu honetan ezarritakoa garatzeko eta gauzatzeko beharrezkoak diren xedapenak emango ditu.

Azken xedapenetako laugarrena. Indarrean sartzea.

Errege Lege Dekretu hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

Madrilen, 2012ko apirilaren 20an.

JUAN CARLOS E.

Gobernuko presidentea, MARIANO RAJOY BREY

http://www.boe.es BOLETÍN OFICIAL DEL ESTADO D. L.: M-1/1958 - ISSN: 0212-033X

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra