Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Octava ediciión Premios Adrián Celaya

Administrazio zuzenbidea  >>  Legeria  >> Ingurumena

14/2012 Legea, abenduaren 26koa, hainbat autonomia-erkidegotan izandako baso-suteek eta beste hondamendi natural batzuek eragindako kalteak arintzeko premiazko neurriak onartzen dituena

2012-12-26

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2012/12/27, 311. zk.

I.  XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

15597

14/2012 Legea, abenduaren 26koa, hainbat autonomia-erkidegotan izandako baso-suteek eta beste hondamendi natural batzuek eragindako kalteak arintzeko premiazko neurriak onartzen dituena.

JUAN CARLOS I.a ESPAINIAKO ERREGEA

Honako hau irakurtzen duten guztiek jakin dezaten.

Jakizue: Gorte Nagusiek ondoko lege hau onetsi dutela, eta Nik, hemen, berretsi egiten dudala.

ATARIKOA Baso-suteek eragin suntsigarriak ekartzen dizkiete ekonomiari, ingurumenari eta gizarteari, desertifikazio-prozesuak areagotzen dituzte, eta paisaiari, uraren zikloari, biodibertsitateari eta turismoari eragiten diete. Baso-suteen arriskua berezkoa da gure herrialdearen baldintza klimatikoekin. Prebentzioa da, beraz, administrazioaren zeregin garrantzitsuenetako bat. Eragile ekonomikoek ere kontuan izan behar dute arrisku hori, eta prebentzio-neurriak eta arrisku horrek daukan eragina arintzeko neurriak hartu beharko dituzte. Bestetik, herritarrek ardura handiz jokatu behar dute, edozein arinkeriak edo arduragabekeriak ondorio larriak izan baititzake.

Ekainaren hasieratik, sute handiak izan dira Espainiako hainbat tokitan. Sute horietan, milaka hektarea erre dira eta, itzaltzeko eta ebakuazio-lanak martxan jartzeko, lurreko eta aireko baliabide asko erabili behar izan dira.

Sute bereziki gogorrak izan dira; hainbat lagun hil dira, eta hedadura handiak erre dira.

Bestetik, joan den maiatzaren amaieratik hona, txingor-ekaitz gogorrak izan dira gure geografiako zenbait lekutan. Ekaitz horien ondorioz, sail eta uztak suntsitu dira, eta, gainera, kalteak izan dira titulartasun publikoko azpiegituretan eta titulartasun pribatuko ondasunetan, etxebizitzetan eta nekazaritza- eta abeltzaintza-ustiategietan. Hala, eurite gogorrak ere izan ziren, irailean eta urrian, hainbat ibaik gainez egitea eragin zutenak eta kalte handiak sortu zituztenak autonomia-erkidego bat baino gehiagotan.

Larrialdiak kudeatzeko eta kalteak minimizatzeko, beharrezkoa izan da inplikatuta egon diren administrazio guztien ahalegina, Barne Ministerioko Babes Zibil eta Larrialdien Zuzendaritza nagusiaren koordinaziopean. Era berean, Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoek, Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioaren aireko eta lurreko baliabideek eta Larrialdietarako Unitate Militarrak parte hartu dute. Horiek guztiek, agintariekin, suhiltzaileekin, autonomia-erkidegoetako polizia eta udaltzaingoekin, eta autonomia-erkidegoetako eta toki-administrazioen baliabideekin batera, hondamendi horien ondorioak handiagoak izan ez daitezen lagundu dute.

Konstituzioan jasotako elkartasun-printzipioa kontuan hartuta eta, aurreko egoerei dagokienez, ekitate eta tratu-berdintasunaren printzipioak aplikatuta, gertakariok eta gertakarion ondorioak oso larriak izan direnez, botere publikoek ezohiko neurriak hartu behar dituzte; besteak beste, berariazko laguntza-erregimen bat ezarriko da, eta, era berean, pertsona eta ondasunetan izandako kalteak arintzeko eta konpentsatzeko neurriak eta kaltetutako eremuak leheneratzeko neurriak ezarriko dira.

Suteek eta ekaitzek uztetan eragindako galerak hondamendi naturaltzat har daitezke, Europako Erkidegoaren zuzentarauek nekazaritza-sektorerako estatu-laguntzei buruz ezarritakoaren arabera.

Arau honen helburua da, ondorioz, hainbat ministerio-saili eragingo dion neurri-sorta bat onartzea; besteak beste, kalte pertsonaletarako laguntzak edo zerga-zamak gutxitzea, modu horretan, galerek herritar eta enpresetan eragindako kalteak arintzeko.

Autonomia-erkidegoek dituzten eskumenak eragotzi gabe, kalteen larritasuna ikusita, eta lehentasuna duten leheneratze-ekintza batzuk ziurtatzeko, gomendagarria da Estatuko administrazio orokorrak parte hartzea basoak eta ingurumena leheneratzeko zereginetan, administrazioen arteko lankidetzaren printzipioa dela bide.

Bestetik, gertatutako hondamendietako batzuetan ez denez kaltea ebaluatzen amaitu, beharrezkoa da kontuan hartzea arau hau aurrekontuaren aldetik osatzeko aukera, baina hori ezin da aitzakiatzat hartu neurririk premiazkoenen aplikazioa atzeratzeko, zeren eta, ahal den neurrian, kaltetutako eremuetako normaltasuna berreskuratzen lagundu behar baitute.

1.  artikulua. Aplikazio-eremua.

1.  Lege honetan ezarritako neurriak ekainaren hasieratik lege hau indarrean sartu bitartean izandako baso-suteetan kaltetutako pertsona eta ondasunei aplikatuko zaizkie, baso-suteak izan diren autonomia-erkidegoetan.

Era berean, neurri horiek joan den maiatzetik zenbait autonomia-erkidegotan izan diren txingor-ekaitz gogorren ondorioei ere aplikatuko zaizkie.

Neurri horiek aplikatuko zaizkie, orobat, 2012ko irailaren azken egunetan eta urrian zenbait autonomia-erkidegotan izandako eurite eta uholdeen ondorioei.

2.  Aipatutako neurriak zein udal-mugarte eta biztanlegune zehatzi aplikatuko zaizkion Barne ministroaren agindu bidez zehaztuko da. Hartara, baldin eragina jasan duten udal mugarte edo biztanleguneetan beharrezkoak diren lanak behar bezala egiteko nahitaezkoa bada eskumena duten ministerioetako sailen jarduna, aukeran izango da udal-mugarte edo biztanlegune horiek ere sartzen direla jotzea.

3.  Gobernuak, errege-dekretu bidez, eragina jasan duten udalerriak eta biztanleguneak zeintzuk izan diren zedarriturik, aukeran izango du lege honetan aurreikusitako neurriak beste sute eta hondamendi natural batzuei aplikatzea, irailaren 7ko 25/2012 Errege Lege-dekretua indarrean sartuz geroztik lege hau indarrean sartu arte zeinahi autonomia-erkidegotan eta Zeutako eta Melillako hirietan gertatutako edo gerta litekeen beste sute edo gertakari natural katastrofiko batzuei, hain zuzen.

2.  artikulua. Kalte pertsonaletarako eta etxebizitzetan eta industria, merkataritza, nekazaritza, turismo eta beste zerbitzu batzuetarako establezimenduetan eta tresnerian izandako kalte materialetarako laguntzak.

1.  Artikulu honetan aurreikusitako laguntzak, lege honek aipatzen dituen ezbeharrek zuzenean eragindako heriotza-kasuetan eta ezintasun-kasuetan aplikatuko dira, eta martxoaren 18ko 307/2005 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera arautuko dira.

Errege-dekretu horrek larrialdi- edo hondamendi-egoeren ondoriozko premiei erantzuteko diru-laguntzak finkatu eta diru-laguntza horiek emateko prozedura ezartzen du.

Salbuespen moduan, adingabeko pertsonen heriotzaren kasuan, familia- edo bizikidetza-unitatean zendutako kide bakoitzeko 18.000 euroko zenbatekoa jasoko dute gurasoek, eta ez da aplikatuko martxoaren 18ko 307/2005 Errege Dekretuko 19. artikuluan aurreikusitako onuradunen mendekotasun ekonomikoaren baldintza.

2.  Tresneria suntsitzeagatik edo tresnerian kalteak izateagatik eta etxebizitzetan kalteak izateagatik ere emango dira laguntzak, martxoaren 18ko 307/2005 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera.

3.  Martxoaren 18ko 307/2005 Errege Dekretuaren aplikagarritasuna dela-eta aurreko paragrafoan xedatutakoa eragotzi gabe, ezbeharrek kaltetutako higiezinen titulartasuna egiaztatzeko, titulartasun hori egiaztatzen duen edozein agiri onartuko da frogabide gisa, esate baterako, Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren ordainagiriak edo pareko beste batzuk.

4.  Laguntza horiek emateko eskaerak –bi hilabeteko epea izango da eskaera aurkezteko– eragina jasan duten autonomia-erkidegoetako Gobernu Ordezkaritzetan edo Ordezkariordetzetan izapidetuko dira, eta Barne ministroak ebatziko ditu hiru hilabeteko epean, eskaera aurkezten den egunetik zenbatuta.

Eskaerak aurkezteko epea irailaren 7ko 25/2012 Errege Lege-dekretua —zeinak neurri urgenteak onartzen baititu hainbat autonomia-erkidegotan jazotako baso-suteetan eta beste hondamendi natural batzuetan eragindako kalteak arintzeko, betiere aplikazioeremuan gertatutakoak badira— indarrean sartzen den egunetik zenbatuko da.

Euri-jasek edo beste gertakari natural batzuek eragindako kalteen kasuan, irailaren 7ko 25/2012 Errege Lege-dekretuaren aplikazio-eremuan sartzen ez badira, baina bai ordea lege honen aplikazio-eremuan, eskaerak aurkezteko epea Lege hori indarrean sartzen den unetik hasiko da zenbatzen.

5.  Artikulu honetan ezarritakoa betez ematen diren laguntzak 16.01.134M

aurrekontu-aplikazioaren 472, 482, 771 eta 782 kontzeptuen kredituen kontura finantzatuko dira (16.01.134M aurrekontu-aplikazioa, ezbeharrek, hondamendiek edo premia nabarmeneko beste batzuek eragindako era guztietako beharrizanei erantzuteko), zabalgarritzat jotzen baitira indarrean dagoen Barne Ministerioaren aurrekontuan.

3.  artikulua. Prestazio pertsonalak eta ondasun-prestazioak egin dituzten pertsona fisiko edo juridikoentzako laguntzei aplika dakiekeen araubidea, eta toki-korporazioentzako laguntzen araubidea.

1.  Prestazio pertsonalak eta ondasun-prestazioak egin dituzten pertsona fisiko edo juridikoentzako laguntzak martxoaren 18ko 307/2005 Errege Dekretuan xedatutakoaren pean egongo dira.

2.  Larrialdiko egoera hauei erantzuteko sortu diren gastuengatik toki-korporazioei eman beharreko laguntzak martxoaren 18ko 307/2005 Errege Dekretuan xedatutakoaren pean egongo dira, eta ez da aplikatzekoa izango 22. eta 23. artikuluetan ezarritako zenbatekoa.

Laguntza horien xedea ez da izango, lege honen 4. artikuluan aurreikusi moduan, azpiegiturak konpontzea edo berrezartzea. Hala ere, diruz lagundu ahalko dira, esandako artikuluan aipatutako aplikazio-eremu beretik atera gabe, pertsonen bizia eta segurtasuna, funtsezko zerbitzu publikoen funtzionamendua eta osasungarritasun publikoa bermatzeko xedez burututako jarduera geroraezinak. Jarduera horien artean sartzen dira hondamendien eragina jasan duten pertsonen ebakuazioa, ostatua eta elikadura, normaltasunera itzultzeko ezinbestekoak diren bide eta ingurune publikoak garbitzea eta lokatzak kentzea, eta hildako animaliak erretiratzea.

3.  Aurreko bi paragrafoetan aurreikusitako laguntzak emateko eskaerak bi hilabeteko epean aurkeztuko dira, irailaren 7ko 25/2012 Errege Lege-dekretua indarrean sartutako egunetik zenbatuta, suteei eta haren aplikazio-eremuan sartzen diren beste hondamendi naturalei dagokienez.

Euri-jasek eta beste gertakari natural batzuek eragindako kalteen kasuan, irailaren 7ko 25/2012 Errege Lege-dekretuaren aplikazio-eremuan sartzen ez badira, baina bai, ordea, lege honen aplikazio-eremuan, eskaerak aurkezteko epea Lege hori indarrean jartzen den unetik hasiko da zenbatzen.

4.  Artikulu honetan ezarritakoa betez ematen diren laguntzak 16.01.134M

aurrekontu-aplikazioaren 461, 471 eta 761 kontzeptuetako kredituen kontura finantzatuko dira (16.01.134M aurrekontu-aplikazioa, ezbeharrek, hondamendiek edo premia nabarmeneko beste batzuek eragindako era guztietako beharrizanei erantzuteko), zabalgarritzat jotzen baitira indarrean dagoen Barne Ministerioaren aurrekontuan.

4.  artikulua. Udal-azpiegituretan izandako kalteengatik eta probintziako diputazio eta kabildoen bide-sarean izandako kalteengatik eman beharreko diru-laguntzak.

Errege lege-dekretu honen 1. artikuluan aipatzen diren udal-mugarte eta biztanleguneetan gauzatzen diren proiektuei presazko prozedura aplikatuko zaie, eta Estatuak erabaki dezake kostuaren % 50erainoko diru-laguntza ematea. Proiektu horiek probintziako diputazio eta kabildoen bide-sareen gainekoak eta udalen eta mankomunitateen titulartasuneko diren azpiegiturak, ekipamenduak eta instalazio eta zerbitzuak konpondu eta leheneratzeko lanen gainekoak izango dira.

5.  artikulua. Nekazaritza- eta abeltzaintza-ustiategietan izandako kalteetarako laguntzak.

1.  Artikulu honetan ezarritako laguntzak nekazaritza- eta abeltzaintza-ustiategien titularrentzako izango dira, baldin eta, nekazaritzako aseguru konbinatuen planaren babespean indarrean duden polizak izanda eta 1. artikuluan adierazitako aplikazioeremuan egonda, produkzioaren % 30etik gorako galerak izan badituzte, arlo horretan Europar Batasunak ezarritako irizpideen arabera.

2.  Laguntzak honetarako izango dira:

a)  Abeltzaintza-aprobetxamendurako eremuetan izandako kalteen eraginez abeltzaintza-ustiategietan izandako galeretarako, baldin eta ustiategi horietako abereak aseguru-planean jasotako ustiategien aseguru-lineetan aseguratuta badaude.

b)  Kanpaina honetarako poliza formalizatu gabe izan duten nekazaritza- eta abeltzaintza-ustiategietan izandako kalteetarako, baldin eta ustiategi horien kasuan, ezbeharra izan den egunetan dagokion asegurua sinatzeko epea hasi ez bada, edo epe hori bukatuta egon ez bada, baina betiere, produkzio eta labore horretarako, aurreko kanpainan asegurua kontratatuta izan badute.

c)  Nekazaritzako eta abeltzaintzako produkzioetan izandako kalteetarako, baldin eta, produkzio horietarako nekazaritza-aseguru konbinatuen sistemaren babespean indarrean dagoen poliza izan arren, sistema horrek ez baditu produkzio horiek bermatzen.

d)  Nekazaritzako eta abeltzaintzako produkzioetan izandako kalteetarako, indarrean dagoen nekazaritza-aseguru konbinatuen planean sartzen ez diren produkzioen kasuan.

3.  Abeltzaintza-aprobetxamendurako eremuetan gertatzen diren kalteen eraginez abeltzaintza-ustiategietan izandako galeretarako laguntzak egongo dira, abereei jaten emateko ezohiko gastuen konpentsazio gisa.

4.  Nekazaritzako produkzioetan gertatzen diren kalteetarako laguntzak honela kalkulatuko dira: azken hiru kanpainetako batez besteko produkzioak kontuan hartuta izan diren galerei erreparatuta. Era berean, egur produkzioen kasuan, kontuan hartu ahal izango da, horrez gain, kaltetutako eremua baso-berritzeak izan duen kostuaren pareko laguntza bat.

5.  Gainontzeko produkzioetarako, nekazaritza-aseguruen sisteman ezarritako baldintzak eta prozedurak kontuan izanda kalkulatuko da laguntza, baldintza eta prozedura horiek aplikagarriak diren neurrian.

6.  Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak, autonomia-erkidegoekin koordinatuta, artikulu honetan aurreikusitako laguntza guztiak eta laguntzen gehienezko zenbatekoa zehazteko prozedura ezarriko du.

6.  artikulua. Zerga-onurak.

1.  Ez dira Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren 2012ko kuotak ordaindu behar izango ezbeharren eraginez zuzenean kaltetu diren etxebizitzen, industria-, turismo- eta merkataritza-establezimenduen, nekazaritza- eta baso-ustiategien eta lantoki eta antzekoen kasuan, baldin eta egiaztatzen bada haietan kokatutako pertsonak eta ondasunak guztiz edo partez beste leku batean kokatu behar izan direla harik eta jasandako kalteak konpondu arte, edo uztetan izandako hondamendiak ez dituela ezein aseguru-mota publiko edo pribatuk babesten.

2.  2012ko ekonomia-jardueren gaineko zergan murrizketa bat ezarri zaie industriei (edozein eratakoei), merkataritza-establezimenduei, turismo-establezimenduei eta establezimendu profesionalei, ezbeharren zuzeneko eraginez haiei atxikitako negoziolokalak edo ondasunak kaltetzen diren kasurako, betiere, beste leku batean kokatu behar izan badira edo kalteek jarduera aldi baterako ixtea eragin baldin badute. Murrizketa hori proportzionala izango da, jarduera eten behar izan zenetik berriz ere normaltasunez hasi den arte igarotako denboraren araberakoa, dela lokal berberetan dela beste lokal batzuetan; nolanahi ere, kalteen larria dela-eta jarduera eten beharra ere ez da baztertuko, eta hala gertatzen bada, 2011ko abenduaren 31tik aurrera izango du eragina.

3.  Aurreko paragrafoetan aipatutako zergen salbuespen eta murrizketetan, zerga horien gainean legez onartzen diren errekarguak ere sartzen dira.

4.  Aurreko paragrafoetan xedatutako onurak lortzeko eskubidea duten zergadunek aukeran izango dute, zerga-urte horretako ordainagiriak ordaindu badituzte, ordaindutako kopuruak itzultzeko eskatzea.

5.  Ez dira ordaindu beharko Trafikoko Buruzagitza Nagusia organismo autonomoaren tasak (urriaren 2ko 16/1979 Legean daude ezarrita), ezbeharrek eragindako kalteen ondorioz ibilgailuen baja izapidetzea eskatzen denean, ez eta ezbeharrek eragindako kalteen ondorioz suntsitu edo galdutako zirkulazio-baimenen eta gidabaimenen kopiak ematea eskatzen denean ere.

6.  Artikulu honen aurreko paragrafoetan xedatutakoa dela eta udalen, probintziadiputazioen, uharteetako kabildoen eta uharteetako kontseiluen zergetan eragiten den murrizketa Estatuko Aurrekontu Orokorren kargura konpentsatuko da, Toki-ogasunak arautzen dituen Legearen Testu bateginaren 9. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz (martxoaren 5eko 2/2004 Legegintzako Errege Dekretuak onartu zuen testu hori).

7.  Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergatik salbuetsita egongo dira 2. artikuluan aipatutako kalte pertsonaletarako ezohiko laguntzak.

6 bis.  artikulua (berria). Uraren erabilerari buruzko ordainarazpenen salbuespena.

1.  Puerto Lumbreras, Lorca, Totana, Alhama, Mazarrón (Murtziako probintzian) eta Pulpí, Cuevas del Almanzora, Huércal-Overa, Vera, Zurgena eta Antas (Almeriako probintzian) udalerrietan ureztatzeko ura erabiltzeko eskubideen titular direnentzat, ondorengo salbuespen hauek ematen dira, 2012ko zerga-aldian eragina izateko.

Uren legearen testu bateginaren 114. artikuluan ezarritako ura erabiltzearen eta erregulazio-kanonaren kuota.

Urak bideratzearen tarifaren funtzionamenduko gastu finkoei eta aldakorrei dagozkien ekarpenak, Tajo-Segura akueduktuaren ustiapenaren erregimen ekonomikoa arautzen duen urriaren 16ko 52/1980 Legearen 7.1 artikuluaren b) eta c) paragrafoetan barne hartuta daudenak.

Segura ibaiaren arroko isuraldatze osteko azpiegituratik urak bideratzearen tarifaren kuota, urriaren 16ko 52/1980 Legearen 10. artikuluan aurreikusitakoa, arroko bertako urei aplikatzekoa denean.

Era berean, Negratíndik Almanzorarako isuraldatzearen erregulazio-kanonaren salbuespenak zehaztuko zaizkie hondamendiaren eraginpeko ureztatzaile-erkidegoei.

2.  Aurreko paragrafoan adierazitako ordainarazpenen subjektu pasiboek, baldin eta salbuespenen eraginpeko zerga-aldiari dagozkion kuotak osorik nahiz partez ordaindu badituzte, eskubidea izango dute egindako diru-sarreren zenbatekoa itzul dakien.

7.  artikulua. Nekazaritza-jardueretarako zerga-murrizketa bereziak.

Ogasun eta Administrazio Publikoen Ministerioak, salbuespen gisa, eta betiere Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak egindako txostenak aintzat hartuta, aukeran izango du lege honen 1. artikulua garatzeko ematen den aginduak zehazten dituen eremuetan dauden nekazaritza-ustiategi eta -jardueretan azaroaren 21eko EHA/3257/2011 Aginduan aipatzen diren errendimendu garbiaren indizeak murriztea (Agindu horrek 2012rako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren zenbatespen objektiboa egiteko metodoa eta Balio Erantsiaren gaineko Zergaren erregimen berezi erraztua garatzen ditu). Betiere, martxoaren 30eko 439/2007 Errege Dekretuaren bidez onartutako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Erregelamenduaren 37. artikuluaren 4.1. paragrafoan eta abenduaren 29ko 1624/1992 Errege Dekretuaren bidez onartutako Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko Erregelamenduaren 38. artikuluaren 3. paragrafoan jasotakoarekin bat etorriz.

8.  artikulua. Lan arloko eta Gizarte Segurantzaren arloko neurriak.

1.  Enplegua erregulatzeko espedienteak, lege honen 1. artikuluko lehenengo eta bigarren paragrafoetan adierazitako hondamendiek ekarritako kalteen zuzeneko eraginez ezarritakoak, bai eta ostalaritza-sektorean hondamendi horiek ekarritako kalteen zuzeneko eraginez izandako jarduera-galerak ere, behar bezala egiaztatuta badaude, ezinbesteak eragindakotzat hartuko dira, eta martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuak onartzen duen Langileen Estatutuaren Legearen testu bateginaren 47. eta 51. artikuluetatik eratorritako ondorioak izango dituzte. Enplegua erregulatzeko espedienteen kasuan, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak aukeran du enpresaria Gizarte Segurantzaren kuotak ordaintzetik eta baterako bilketako kontzeptuetatik salbuestea etenaldiak irauten duen bitartean, eta epe hori langileak benetan kotizatutako alditzat joko da. Kontratua azkentzen den kasuetan, langileen kalte-ordainak Soldatak Bermatzeko Funtsaren kontura ordainduko dira, legez ezarritako mugen barruan.

Enpresak, ezohiko zergatikoetan oinarrituta, kontratuak etetea edo lanaldia aldi baterako murriztea erabakitzen duen espedienteetan, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak aukeran izango du baimena ematea langabezia-prestazioak (ekainaren 20ko 1/1994 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren III. tituluan araututakoak) jasotzen diren aldi hori ez dadin zenbatu ezarritako prestazioak jasotzeko gehienezko aldia agortzeko ondorioetarako. Era berean, aukeran izango du baimena ematea espediente horietan sartuta dauden langileek langabezia-prestazioak jaso ditzaten, prestazio horiek jasotzeko beharrezkoak diren kotizazio-aldiak izan gabe ere.

2.  Enpresek eta norberaren konturako langileek, edozein dela ere sartuta dauden Gizarte Segurantzaren erregimena, aukeran izango dute, jasandako kalteak justifikatu ondoren, interesik gabeko urtebeterainoko luzamendu bat eskatzea hiru hilabete natural jarraikiei dagozkien Gizarte Segurantzaren kotizazioak eta baterako bilketako kontzeptuei dagozkien zenbatekoak ordaintzeko, ezbeharra gertatu aurreko hilabetetik kontatzen hasita, edo, norberaren konturako erregimen berezian edo autonomoenean sartuta dauden langileen kasuan, ezbeharra gertatu zen hilabetetik kontatzen hasita.

3.  Aurreko paragrafoetan ezarritako onuretarako eskubidea duten Gizarte Segurantzako kotizatzaileek, salbuespenei dagozkien kuotak edo luzamenduari dagozkionak ordaindu badituzte, ordaindutako zenbatekoak itzultzeko eska dezakete; baita, hala badagokio, berandutze-interesak, errekarguak eta dagozkion kostuak ere.

Itzultzeko eskubidea duena Gizarte Segurantzaren zorduna balitz (beste aldi batzuei dagozkien kuotengatik), itzultzeagatiko kreditua Gizarte Segurantzarekiko zorren ordainketari aplikatuko zaio, legez ezarritako eran.

4.  Eragindako kalteak konpontzeko lanak egiteko, administrazio publikoek eta irabazi asmorik gabeko erakundeek aukeran izango dute eskumena duen enplegu-zerbitzu publikoari honako hau eskatzea: langabezia-prestazioak jasotzen dituztenak gizartelankidetzako lanetarako atxikitzea, Gizarte Segurantzako Lege Orokorraren testu bateginaren 213.3. artikuluan xedatutakoarekin bat.

9.  artikulua. Kontratazio-araubidea.

1.  Azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Sektore Publikoko Kontratuen Legearen Testu Bateginaren 113. artikuluan aurreikusitako ondorioetarako, larrialdiko hornidura, zerbitzu edo obratzat hartu ahal izango dira —113. artikulu horretako lehenengo paragrafoaren a) lerrokadan aipatutako kontratazio-organoak dagokion erabakia hartu ondoren— hondamendiak kaltetu dituen azpiegitura, ekipamendu edo zerbitzuak konpontzeko eta mantentzeko kontratuak eta hondamendiak kaltetutako ondasunak birjartzeko lanak, zenbatekoa edozein dela ere.

2.  Artikulu honetan aipatutako obrek dakarten desjabetzearen peko ondasunen okupazioa presazkotzat joko da, jabetza nahitaez kentzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 52. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

3.  Sektore Publikoko Kontratuen Legearen Testu Bateginaren 126.2. artikuluan sartuta ez dauden obren kontratazio-espedienteak izapidetzeko, ez da bete beharko lurrak erabilgarri izateko aldez aurreko baldintza; nolanahi ere, lur-sailen benetako okupazioa egin aurretik okupazio-akta formalizatu beharko da.

9 bis.  artikulua (berria). Lehentasunezko mailegu-lerroak.

1.  Jarraibideak ematen zaizkio Kreditu Ofizialeko Institutuari (ICO), Estatuaren finantza-agentzia denez, mailegu-lerro bat sor dezan kalteen ebaluazioaren eta ondoriozko eskariaren arabera, eragina jasan duten autonomia-erkidegoetako finantzaerakundeen artekaritza erabiliz eta haiekin behar diren elkarlan-hitzarmenak izenpetuz.

2.  Mailegu-lerro horren xedea izango da hondamendien ondorioz kaltetutako industriako, turismoko, merkataritzako, nekazaritzako, basogintzako, abere-zaintzako eta ureztatzeko instalazio eta ekipamenduen, erabilera partikularreko automobil, motozikleta eta ziklomotorren, merkataritzako ibilgailu, nekazaritzako makineria eta profesionalen laneko lokalen konponketa edo berreraikuntza finantzatzea, eta aipatutako finantzaerakundeek ematen dituzten mailegu-eragiketetan gauzatuko dira.

3.  Gobernuaren Ekonomia Gaietarako Batzorde Delegatuaren erabakiz zehaztuko dira mailegu-lerroaren ezaugarri teknikoak eta horiek bideratzeko lotuta geratzen diren aurrekontupartidak. Mailegu-eragiketek interes-hobari bat izango dute, zeinari Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioan bideratutako mailegutik erantzungo baitzaio, aurrekontuak betetzeko Kontingentzia-funtsaren kargura. Esandako maileguaren zenbatekoa gorago aipatutako Gobernuaren Ekonomia Gaietarako Batzorde Delegatuaren erabakiak xedatzen duenaren arabera zehaztuko da.

10.  artikulua. Toki-administrazioekiko lankidetza.

1.  Ogasun eta Herri Administrazioko ministroari ahalmena ematen zaio udalen eta mankomunitateen titulartasuneko azpiegitura, ekipamendu, instalazio eta zerbitzuetan izandako kalteen ondoriozko diru-laguntzak (4. artikuluan aipatutakoak) ordaintzea proposatzeko, betiere Estatuko Administrazio Orokorrak finantzatzen duen zatiari dagokionez, behin kalteen balorazioak egin ondoren, eta garatzeko ematen diren erregedekretuetan zehazten den gehienezko zenbatekoarekin.

2.  Sail horren aurrekontuetan horretarako jartzen den kreditu eransgarriaren kontura egingo zaie aurre diru-laguntza horiei. Aurrekontu Orokorrei buruzko azaroaren 26ko 47/2003 Legearen 50.1.b) artikuluan ezarritakorekin bat etorriz, aurrekontua betearazteko Kontingentzia-funtsaren kontura finantzatuko da jartzen den kreditua, eta baimentzea Ministro Kontseiluaren zeregina izango da.

3.  Era berean, diru-laguntza horiek emateko prozedura bat ezartzeko baimena ematen zaio Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioaren titularrari, bai eta jarraipena eta kontrola egiteko ere, Estatuak toki-erakundeen inbertsioei diruz laguntzeko ezarritako esparruaren barruan.

11.  artikulua. Kaltetutako autonomia-erkidegoetan basoak eta ingurumena leheneratzeko ekintzak.

1.  Basoak eta ingurumena leheneratzeko jarduera bereziko esparruak deklaratzeko ahalmena ematen zaio Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumeneko ministroari, bai eta sail horrek egin beharreko obren premiazkotasuna deklaratzekoa ere, ondoko arlo hauetan:

a)  Basoak leheneratzea eta leheneratze hidrologikoa, erosioaren eta desertifikazioaren kontrola, bai eta lan osagarriak ere, su hartu duten baso-eremuetan gerora izan daitekeen euriak eragin ditzakeen ondorioak arintzeko.

b)  Natura 2000 Sarea osatzen duten espazio baso-suteek kaltetuak berreskuratzeko eta ingurumenaren aldetik leheneratzeko lankidetza, batez ere, EBren intereseko habitatetan eta EBren intereseko espezieak, endemismoak edo babes bereziko erregimenean dauden basa-espezieen zerrendan jasotako espezieak dituzten habitatetan.

c)  Baso-biomasa errea ateratzeko eta tratatzeko laguntza, hala dagokionean.

d)  Baso-masetan izurriak kontrolatzeko tratamenduan laguntzea.

e)  Erabilera orokorreko landa-azpiegiturak leheneratzea, bai eta bide naturalak eta burdinbide berdeak ere.

2.  Aurreko paragrafoan aipatutako deklarazioen ondorioetarako, ezbeharraren ondorioz kaltetutako baso-eremuak ezaugarri hauetakoren bat izan beharko du:

a)  5.000 hektareatik gora izatea.

b)  1.000 hektareatik gora izatea, eta horietatik % 70 baino gehiago zuhaitzez osatutako basoa izatea.

c)  500 hektareatik gora izatea Natura 2000 Sareko eremuen barruan, eta gutxienez eremuaren % 50 sare horren barruan daukaten udalerrietan egotea.

d)  Uharteei dagokienez, honela egokituko dira baldintza horiek: a) lerrokadaren kasuan, 2.500 hektarea; b) lerrokadaren kasuan, 500 hektarea; eta c) lerrokada kasuan, 250 hektarea.

3.  Jarduera horiek gauzatzeko, kostuaren % 50 dagokion autonomia-erkidegoak finantzatu beharko du.

12.  artikulua. Aseguruen Konpentsazio Partzuergoa.

1.  Kaltetutako autonomia-erkidegoko gobernuaren ordezkariak bere esku izango du, kalte ez-pertsonalen ebaluazio zuzenagoa egiteko, behar diren ebaluazioak egin ditzala eskatzea Aseguruen Konpentsazio Partzuergoari, lege honen 2. eta 3. artikuluekin bat etorriz, non eta ez dien titulartasun publikoko ondasunei eragin.

2.  Aseguruen Konpentsazio Partzuergoak eskubidea izango du Estatuko Administrazio Orokorrak peritatze-lanak ordain diezazkion, Partzuergo horrek bere aseguruen peritu tasatzaileentzat onartuak dituen ordainsari profesionalen baremoaren arabera.

3.  Laguntzen izapidetzea eta kalteen ebaluazioa errazteko, eskumena duen administrazioak eta Aseguruen Konpentsazio Partzuergoak laguntzen eta kalte-ordainen onuradunei buruzko datuak, laguntza eta kalte-ordainen zenbatekoei buruzko datuak eta eragina jasan duten ondasunei buruzko datuak trukatu ahal izango dituzte elkarrekin.

Espainiako lurraldean jarduten duten aseguru-erakundeek nahitaez eman beharko diote Aseguruen Konpentsazio Partzuergoari partzuergo horrek eskatzen dien informazioa, goian xedatutakoa bete ahal izateko.

Lehenengo xedapen gehigarria. Laguntzen mugak.

Lege hau aplikatuta ematen diren laguntzen balioa, kalte materialei dagokienez, ezingo da izan inoiz bi balio hauen arteko diferentzia baino handiagoa; hau da, batetik, gertatutako kaltearen balioa bera, eta, bestetik, kontzeptu horiengatik berengatik beste administrazio batzuek ematen dituzten beste laguntza edo kalte-ordain batzuen zenbatekoa (bateragarritzat edo osagarritzat jotako laguntzak edo kalte-ordainak betiere), edota aseguru-polizei esker eskura litezkeenena.

Bigarren xedapen gehigarria. Aurrekontu-kredituak.

Estatuaren titulartasuneko ondasunetan izandako kalteen konponketa eta nekazaritzaeta abeltzaintza-produkzioetan izandako kalteengatik emandako kalte-ordainak dagozkien ministerioen aurrekontuen kontura finantzatuko dira. Horretarako, behar diren kreditutransferentziak egingo dira, eta ez dira aplikatzekoak izango azaroaren 26ko 47/2003 Legearen 52.1.a) artikuluan kapital-eragiketetatik eragiketa arruntetarako kreditu transferentziak egiteari ezarritako mugak.

Hirugarren xedapen gehigarria. Nekazaritza- eta abeltzaintza-produkzioetan izandako kalteetarako laguntzen eta eragina jasan duten autonomia-erkidegoetako basoak eta ingurumena leheneratzeko jardueren finantzaketa.

Nekazaritza- eta abeltzaintza-produkzioetan eragindako kalteetarako laguntzak eta basoak eta ingurumena leheneratzeko ekintzak, hurrenez hurren 5. eta 11. artikuluetan aipatzen direnak, aurrekontua betetzeko Kontingentzia-funtsaren kargura, Ogasun eta Administrazio Publikoen Ministerioak jartzen dituen kredituen kontura edo Estatuaren Aurrekontu Orokorretako diru-izendapen bidez finantzatuko dira, lege hau garatzeko eta osatzeko emango den errege-dekretuan xedatutakoaren arabera.

Laugarren xedapen gehigarria. Defentsa Ministerioaren eta Barne Ministerioaren jarduerak.

Gobernuak, Defentsa Ministerioari eragindako gastuei eta Barne Ministerioak egin behar izan dituen gastuei erantzuteko, eta Ogasun eta Herri Administrazioko ministroak proposatuta, lege honen 1. artikuluan aipatutako autonomia-erkidegoetan izandako suteak itzaltzearren dagozkion kredituak jarriko ditu ministerio-sail horien aurrekontuetan (garatzeko ematen diren errege-dekretuetan zehaztuko da horien gehienezko zenbatekoa), azaroaren 26ko 47/2003 Legearen 50 eta 55. artikuluetan ezarritakoarekin bat.

Bosgarren xedapen gehigarria. Nekazaritza-egiturak hobetzeko eta modernizatzeko mailegu jakin batzuei lotutako laguntzen aurrerakinak.

Lege honen 1. artikuluaren arabera kaltea jasan duten udalerrietan, aukera izango da ekainaren 8ko 613/2001 Errege Dekretuari atxikitako maileguen printzipalaren urteko amortizazio-kuotak gutxiagotzeko laguntzen zenbateko osoa aurretik ordaintzeko (ekainaren 8ko 613/2001 Errege Dekretua, nekazaritza-ustiategien produkzio egiturak hobetzeko eta modernizatzekoa), eta lehentasunez; betiere, konpromisoak bete direla eta inbertsioak egin direla egiaztatzen duen azken ziurtagiria duten espedienteetako kasuak badira.

Seigarren xedapen gehigarria. Beste administrazio publiko batzuekiko hitzarmenak.

Estatuko Administrazio Orokorrak aukeran izango du lege hau aplikatzeko behar diren lankidetza-hitzarmenak egitea kaltetutako autonomia-erkidegoetako organo eskudunekin eta toki- korporazioekin.

2012ko Estatuko Aurrekontu Orokorren ekainaren 29ko 2/2012 Legearen hogeita hamargarren xedapen gehigarrian aipatzen den nahitaezko txosten loteslea emateko, kontuan izango dira, batez ere, lege honetan araututako neurriak hartzea justifikatzen dituzten zirkunstantziak.

Zazpigarren xedapen gehigarria. Kaltetutako eremuetan kokatutako nekazaritzakooperatiben araubidea.

Nekazaritza-kooperatibek, baldin zerga-egoitza lege hau aplikatu daitekeen lurralde esparruetan badute eta hondamendiaren eraginez kooperatiba horien jarduera zuzenean kaltetu bada, aukeran izango dute kooperatibei buruzko uztailaren 16ko 27/1999 Legearen 93. artikuluaren laugarren paragrafoan eta kooperatiben araubide fiskalari buruzko abenduaren 19ko 20/1990 Legearen 13. artikuluko 10. paragrafoan ezarritako mugak gainditzea, bazkide ez diren hirugarren batzuek egindako operazioei dagokienez. Horretarako, uztailaren 16ko 27/1999 Legearen 4. artikuluko 2. paragrafoan eta abenduaren 19ko 20/1990 Legearen 14. artikuluan —hurrenez hurren— ezarritako baimenak eskatu beharko dituzte.

Zortzigarren xedapen gehigarria. Kaltetuei laguntzeko neurrien jarraipena egiteko ministerioarteko batzordea.

1.  Ministerioarteko batzorde bat sortu da lege honetan ezarritako laguntza-neurriak aplikatzeko. Batzorde hori Babes Zibil eta Larrialdien Zuzendaritza Nagusiak koordinatuko du, eta Defentsa Ministerioaren, Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioaren, Enplegu eta Gizarte Segurantza Ministerioaren, Industria, Energia eta Turismo Ministerioaren, Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioaren eta Lehendakaritza Ministerioaren ordezkariek osatuko dute, bai eta kaltetutako autonomia-erkidegoetako gobernuen ordezkariek eta Aseguruen Konpentsazio Batzordearen ordezkari batek ere.

2.  Lege honetan ezarritako laguntza-neurrien jarraipena aurreko paragrafoan aipatutako batzordeak egingo du, autonomia-erkidegoetako agintariekin koordinatuta, Gobernuaren Ordezkaritzen bidez.

3.  2013ko uztailaren 31 baino lehenago, lege hau gauzatzeko egin diren jarduerei buruzko txosten bat egingo du ministerioarteko batzordeak.

Azken xedapenetako lehena. Eskumen-titulua.

Lege hau Konstituzioaren 149. artikuluko lehenengo paragrafoaren 7., 13., 14., 17., 23. eta 29. arauetan xedatutakoaren babespean ematen da, kaltetutako autonomia-erkidegoek hartu dituzten edo hartuko dituzten babes neurri osagarriak gorabehera.

Azken xedapenetako bigarrena. Garapen-ahalmenak.

Gobernuak eta ministerioetako titularrek, nork bere eskumenen esparruan, lege honetan ezarritakoa betetzeko behar dena xedatuko dute eta horretarako epeak ezarriko dituzte.

Azken xedapenetako hirugarrena. Indarrean sartzea.

Lege hau «Estatuko Aldizkari Ofizialean» argitaratzen den egunean bertan sartuko da indarrean.

Horrenbestez, Agintzen diet espainiar guztiei, banakoei zein agintariei, bete eta betearaz dezatela lege hau.

Madril, 2012ko abenduaren 26a.

JUAN CARLOS E.

Gobernuko presidentea, MARIANO RAJOY BREY

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra