Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Octava ediciión Premios Adrián Celaya

Administrazio zuzenbidea  >>  Legeria  >> Orokorra

16/2017 Errege Lege Dekretua, azaroaren 17koa, Hidrokarburoak itsas ingurunean ikertzeko eta ustiatzeko segurtasun-xedapenak ezartzen dituena

2017-11-17

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2017/11/18, 280. zk.

I. XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

13276 16/2017 Errege Lege Dekretua, azaroaren 17koa, Hidrokarburoak itsas ingurunean ikertzeko eta ustiatzeko segurtasun-xedapenak ezartzen dituena.

I

Itsas ingurunean hidrokarburoak ekoizteak eginkizun garrantzitsua betetzen du nazioarteko energia-hornidurari begira; aldi berean, egoera teknologikoak aukera ematen du gero eta urrunagoko eta baldintza zailagoko hidrokarburo-hobiak ustiatzeko. Beste alde batetik, iraganean gertatu izan diren istripu eta gorabeherek berretsi egiten dute beharrezkoa dela jardunbideak hobetzen eta jarduera horri lotutako arriskuak murrizten jarraitzea. Ildo horretan, unean uneko jardunbiderik onenak erreferentzia harturik, itsas ingurunean hidrokarburoak ikertzeko zundatze-zuloak egitearekin eta hidrokarburoak ustiatzearekin zerikusia duten eragiketek duten arrisku-profila egokiro kudeatu beharra dago, istripu larriren bat gertatzeko arriskua zentzuzko mailarik apaleneraino murrizteko moduan. Horrela bakarrik lortuko da herritarren konfiantzari eustea eta, horrekin batera, horniduraren segurtasuna zaintzea. Xede horrekin onartu da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko ekainaren 12ko 2013/30/EB Zuzentaraua, itsas zabalean burutzen diren petrolio eta gasarekin loturiko lanen segurtasunari buruzkoa, 2005/35/EE Zuzentaraua aldatzen duena.

Zuzentarauak neurri sorta bat ezartzen du istripuen maiztasuna gutxitzeko eta, istripua gertatuz gero, haren ondorioak mugatzeko, gutxieneko segurtasun-baldintzak ezarriz itsas ingurunean hidrokarburoak bilatu eta ustiatzeko. Alde batetik, zorroztu egiten dira ikertzeko baimenen nahiz ustiatzeko emakiden titularrek eta operadoreek bete beharreko eskakizunak, gaitasun teknikoari, gaitasun ekonomikoari eta arriskuaren kudeaketa sistematikoan oinarritutako funtzionamendu-protokoloei dagokienez. Batez ere, garrantzi berezikoa da arrisku larriei buruzko txostena; dokumentu dinamiko gisa dago pentsatuta, eta arriskua maila onargarri batera murriztea bermatuko du, une bakoitzean eskura dauden teknikarik onenak erreferentzia harturik, bai eta proiektua bere bizi-zikloan zehar gainbegiratuko duen egiaztatzaile independente baten irizpenak ere. Istripua gertatuz gero, ordea, behar diren baliabideak eta prozedurak berehala lanean hasteko prest egongo dira; izan ere, bidezko diren erantzukizun zibilak eta ingurumen-arlokoak nork bere gain hartzea exijitzen da.

Zuzentarauan erabilitako terminoak barne-ordenamenduan erruz erabili izan direnei egokitu behar zaizkie. Garrantzi berezia du esplorazio terminoak, zeinak, 94/22/EE Zuzentarauaren arabera, eremu geografiko jakin batean prospekzio edo esplorazioak egiteko edo hidrokarburoak ekoizteko eskubide esklusiboa ematen baitu. Gure ordenamendu juridikoan esploraziorako baimenaren figurak ez dio titularrari eskubide esklusiborik edo baimenik ematen zundatze-zuloak egiteko. Hori dela-eta, haren ordez ikerketa terminoa erabiltzen da, errege lege-dekretu honetako xedapenak itsas ingurunean hidrokarburoak ikertzeko baimenei eta ustiatzeko emakidei aplikatuko zaizkiela zehaztuta.

Hidrokarburoen arloko Itsas Eragiketen Segurtasunerako Agintaritza Eskudunaren (aurrerantzean, IESAE) figurari buruzko xedapenak ere badakartza. Erakunde horrek bere antolaketaren diseinua moldatu beharko du, bai bere eskumeneko proiektuak ebaluatzeko objektibotasuna eta independentzia bermatzeko, bai bere gaitasun teknikoa indartzeko, halako moldez non proiektuok egokiro baliozkotu ahal izango baitira, oinarritzat harturik arriskuen aurretiazko azterketa zorrotza eta ikuskapen sistematikoa.

Errege lege-dekretu honen bitartez, lege-mailako hainbat aldaketa sektorial egiten dira, ikuspegi koordinatua ahalbidetzen dutenak.

II

Hidrokarburoak ikertzeko eta ekoizteko lanak egiteko, beharrezkoa da kontrol administratiborako bi itzuliko prozedura. Lehenik, hidrokarburoak ikertzeko baimen baten edo ustiatzeko emakida baten titulartasuna behar da, eta gero, berariazko administrazio- baimena, zeinean baloratuko baitira pertsonen, ondasunen eta ingurumenaren segurtasunari eragiten dioten inguruabar zehatzak.

Hidrokarburoen Sektorearen Legeak (urriaren 7ko 34/1998 Legea) administrazio- emakidaren lehenengo fasea, jabari-izaera hutsekoa, du ardatz, eta errege lege-dekretu honek, berriz, itsas proiektuen kontrol teknikoa du helburu nagusia. Ildo horretan, zuzentarauak eskatzen du interes-gatazkarik ez izatea eginkizun horietan aritzeko eskumena duten organoen artean.

Hala, bada, IESAEk bere gain hartuko ditu, gutxienez, zuzentarauak agintzen dituen eginkizunak, eta betiere gardentasun- eta independentzia-printzipioei jarraituz jardungo du ebaluatzen eta ikuskatzen dituen proiektuen segurtasunarekin zerikusirik ez duten erabakien aurrean. Hori dela-eta, ahalmena ematen zaio, hobekuntzak eskatzeko ez ezik, baita eragiketak eteteko ere, bere kontrolaren emaitzak behar bezalakoak ez diren kasuetan. Azkenik, Batasunaren uretatik kanpo Espainiako enpresak tarteko gertatzen diren istripu larrien inguruabar zehatzen gainean informatua izateko baimena ematen zaio.

Beste alde batetik, kontzeptu hauek sartzen dira: itsas inguruneko operadorea –zuzentarauan operadore deitzen zaio–, eta ekoizpenerako ez diren instalazioen jabeak. Pertsonen, ondasunen eta ingurumenaren segurtasuna oinarrizko eta beste ezeren aurretiko premisatzat daukan politika korporatiboan oinarrituta garatu beharko dituzte beren jarduerak.

Horrez gain, egiaztatzaile independentearen figura sendotu egiten da: auditore teknikoa da, proiektuaren diseinua gainbegiratzen duena, eta proiektuaren arrisku guztiak aintzat hartzea bermatzen ez denean egin behar diren aldaketak adierazten dituena.

III

Adierazi den bezala, zuzentarauak izaera horizontal nabarmena du eta beraren neurriek hidrokarburoak ikertzeko baimenak eta ustiatzeko emakidak emateko prozedurari ere eragiten diote. Errege lege-dekretuaren II. kapituluan bildu dira ikertzeko baimenak eta ustiatzeko emakidak emateari buruzko xedapenak. Bereziki hauxe nabarmentzen da: badago aukera, behar izanez gero, IESAEri kontsulta egiteko, bai jabari-titulua emateari dagokionez, bai eskatzaileek errege lege-dekretu honetatik eratorritako betebeharrak betetzeko duten gaitasuna baloratzerakoan; batez ere, ikuspuntu ekologikotik sentibera den itsasoko eta itsasertzeko ingurunean beren eragiketak egitearen ondorioz sor litezkeen erantzukizunei aurre egiteko gaitasun tekniko eta finantzarioa.

Halaber, eta ezer kendu gabe urriaren 7ko 34/1998 Legean ezarritakoari, itsas inguruneko operadore kontzeptua definitzen da errege lege-dekretu hau aplikatzearen ondorioetarako. Ikerketa-baimenak eta ustiapen-emakidak izapidetzeko eskumena duen organoak haren izendapenari aurka egin ahal izango dio, aldez aurretik IESAEri kontsulta eginda.

Beste alde batetik, itsas inguruneko ikerketa-baimenen eta ustiapen-emakiden titularren betebeharrak zehazten dira. Titular horiek zentzuz beren esku egon daitezkeen neurri guztiak hartu beharko dituzte bermatze aldera itsas inguruneko operadoreak betekizunak betetzen dituela, bere eginkizunetan jarduten duela eta bere betebeharrak betetzen dituela errege lege-dekretuan xedatzen den moduan. Hala, bada, itsas inguruneko operadoreak jada gaitasunik ez duenean eskatutako betekizunak betetzeko, titularrak hartu beharko du bere gain kasuan kasuko betebeharrak betetzeko erantzukizuna.

Modu horretan, segurtasun-arloko lehen mailako erantzukizuna itsas inguruneko operadoreari esleitzen zaio, edo, kasua bada, jabeari, eta beroriei dagokie une bakoitzean neurri egokiak hartzea, are lanak etetea ere, inguruabarrek hala eskatzen dutenean, kanpoko agintaritza batek esku hartu beharrik izan gabe. Politika hori erabili beharko dute beti, munduko beren eragiketa guztietan. Horrela, ahalik gehien murriztuko da halako

eragiketak gainbegiratzeko ahalmen txikiagoa duten eskualdeei lotutako arrisku moralerako aukera oro.

Zehazten da, halaber, ekoizpenerako diren eta ekoizpenerako ez diren instalazioei dagozkien eragiketak ez direla hasiko edo ezingo direla aurrera eraman IESAEk arrisku larriei buruzko txostena onartzen ez badu. Onarpen horrek inoiz ere ez du berekin ekarriko erantzukizuna IESAEri eskualdatzea.

Berariazko xedapenak ezartzen dira, bestalde, petrolioarekin eta gasarekin zerikusia duten itsas inguruneko eragiketekin lotutako barneko larrialdi-planei eta kanpoko larrialdi- planei buruz.

Gainera, zehapen-araubidea zuzentarauan xedatutakoari egokitzen zaio, errege lege- dekretu honetan ezarritakoa ez betetzearen ondoriozko arau-hauste mota espezifiko berriak sartuz.

IV

Proportzionaltasuna eta eraginkortasuna helburu, errege lege-dekretuaren lehenengo xedapen gehigarriak, Agintaritza Eskudunari (IESAE) buruzkoak, garatu egiten du zuzentarauaren 8.3 artikuluan ezarritako salbuespena, petrolioari eta gasari dagozkien itsas zabaleko eragiketen maila apala duten estatu kideen salbuespena, alegia. Adierazten da ez dela beharrezkoa izango, zuzentarauko salbuespen-kasuan egonez gero, IESAE baten eginkizunak bere gain hartuko dituen berariazko organo bat eratzea; eta eginkizun horiek –bai zuzentarauan bai errege lege-dekretu honen 10. artikuluan zerrendatuak– beren gain hartuko dituztela Energia, Turismo eta Agenda Digitaleko Ministerioak eta, kasuaren arabera, ingurumenaren, merkataritza-itsasketaren, industria-segurtasunaren, lanaren, gizarte-segurantzaren eta laneko arriskuen prebentzioaren gaineko eskumenak dituzten gainerako ministerioek. Hori dela-eta, beren eginkizunetan ari direnean interes- gatazkarik ez sortzeko behar diren mekanismoak ezartzea aurreikusten da. Bestalde, xedapen gehigarri horretan ezartzen denez, normaltasunez martxan dauden instalazioak sei edo gehiago badira, hidrokarburoen arloko IESAE bat eratu beharko da.

Beste alde batetik, bigarren xedapen gehigarriak aurreikusten du legeko betebeharrak aplikatuko zaizkiela –esleitutako eginkizunen zioz bidezko den heinean– haiei lotuta egon diren instalazioak lege-xedapen baten indarrez administratzen dituztenei.

Jarraian, errege lege-dekretu honek xedapen iragankor bat du, eta bertan ezartzen da errege lege-dekretu honetan xedatutakoa betetzeko sei hilabeteko epea izango dutela, berau indarrean jartzen den egunetik hasita, hidrokarburoak ustiatzeko eta zorupean biltegiratzeko emakiden eta ikerketa-baimenen titular eta operadoreek, bai eta haiei lotutako proiektuek eta egungo instalazioek ere.

V

Europar Batasuneko zuzentarauen transposizioa epean egitea Europako Kontseiluak ezarritako lehentasunezko helburu nagusietako bat izan da beti. Helburu hori lortzeak, gaur egun, are lehentasun handiagoa du, Lisboako Tratatuak diseinatutako agertoki berria dela- eta. Tratatu horrek Europar Batasunaren Tratatua eta Europako Erkidegoa eratzekoa aldatzen ditu, transposizioak epean ez betetzeari dagokionez; kasu horietan, Europako Batzordeak zigor ekonomiko handiak jartzea eska diezaioke Europar Batasuneko Justizia Auzitegiari, eta gainera, zigor horiek azkar jartzea (EBFT - Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 260.3 artikulua).

Espainiak atzerapena metatu du Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko ekainaren 12ko 2013/30/EB Zuzentarauaren (petrolioari eta gasari dagozkien itsas zabaleko eragiketen segurtasunari buruzko zuzentaraua, 2004/35/EE Zuzentaraua aldatzen duena; aurrerantzean Zuzentaraua deituko diogu) transposizioan, 2015eko uztailaren 19a baino lehen txertatu behar baitzen barne-ordenamenduan. Hura barne- ordenamendu juridikoan txertatzeko, lege-mailako arau bat behar da gutxienez, eta atzerapenak isuna jasotzeko arriskua dakar, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 260.3 artikuluan ezarritakoaren arabera.

Aipatutako zuzentaraua Espainiako ordenamendu juridikoan sartzea gehiago atzeratzeak ondorio larriak izan ditzakeela ikusita, beharrezkoa da transposizioa egiteko errege lege-dekretu bat onartzea. Hartara, arau-hauste prozedura irekiak itxi ahal izango dira, eta Espainiari zehapen ekonomikoak jar dakizkion saihestu.

Arestian azaldu dugun hori guztia dela-eta, aparteko eta presako beharrizana dago oraingo egoeran; horrela, Espainiako Konstituzioaren 86.1 artikuluak Gobernuari lege- dekretuak eman ahal izateko ezartzen dion baldintza betetzen da, Konstituzio Auzitegiaren jurisprudentziarekin bat etorrita: beharrizana dago gertaera jakin baten ondorioz, alegia, kasu honetan, Europar Batasuneko arau bat lehenbailehen txertatu behar delako barne- ordenamendu juridikoan, bideratzen ari diren arau-hauste prozeduren ondoriozko zehapenak saihesteko; beharrizanari aurre egiteko erabili behar diren neurriek presa dute eta ezinezkoa da presako legegintza-prozeduraren bidez erantzutea, eta, azkenik, lotura dago zehaztutako presako egoeraren eta egoera horri aurre egiteko neurri zehatzen artean.

Horregatik guztiagatik, Espainiako Konstituzioaren 86. artikuluaren baimenaz baliatuta, Energia, Turismo eta Agenda Digitaleko ministroaren proposamenari jarraituz, eta Ministro Kontseiluak 2017ko azaroaren 17ko bileran eztabaidatu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1.artikulua. Xedea.

1.Errege lege-dekretu honen xedea da itsas ingurunean hidrokarburoak ikertzearekin eta ustiatzearekin zerikusia duten eragiketek bildu behar dituzten gutxieneko betekizunak ezartzea, istripu larriei aurrea hartzeko eta haien ondorioak mugatzeko.

2.Errege lege-dekretu honen bitartez, jarduteko printzipioak ezartzen dira, arestian aipatu diren itsas inguruneko eragiketa horiek arriskuen kudeaketa sistematikoan oinarrituta egin daitezen lortzeko, halako moldez non istripu larriren bat gertatzeko hondar-arriskuak onargarritzat jo ahal izango baitira.

2.artikulua. Aplikazio-eremua eta definizioak.

1.Errege lege-dekretu honetako xedapenak aplikatu beharko zaizkie, itsas ingurunean soilik, hidrokarburoak ikertzeko baimenei, hidrokarburo-hobietarako ustiapen- emakidei eta hidrokarburoak zorupean biltegiratzeko ustiapen-emakidei, bai eta haiekin lotutako eragiketei ere.

Itsas inguruneko eragiketa horiek barnean hartuko dituzte petrolioaren edo gasaren ikerketari eta ekoizpenari dagozkien eta instalazio edo azpiegitura konektatu bati lotuta dauden jarduera guztiak, tartean hura diseinatzea, planifikatzea, eraikitzea, ustiatzea, eraistea eta behin betiko abandonatzea. Salbuetsita dago petrolioa eta gasa kostatik kostara garraiatzeko jarduera.

2.Errege lege-dekretu honen ondorioetarako, definizio hauek ezartzen dira:

a)Instalazioa: egitura geldikor finkoa edo mugikorra, edo etengabe zubien edo bestelako egituren bidez elkarrekin konektatutako egituren konbinazioa, itsas ingurunean hidrokarburoak ikertzearekin eta ustiatzearekin zerikusia duten eragiketetarako edo eragiketa horiekin lotuta erabiltzen direnak; horrek barruan hartuko ditu itsas inguruneko zulaketa-unitate mugikorrak baldin eta itsas inguruneko uretan kokatuta badaude zulaketarako, ekoizpenerako edo itsas inguruneko eragiketei lotutako beste jarduera batzuetarako, soil-soilik.

b)Segurtasun-eremuaren barruan edo instalaziotik urrunago baina hurbileko eremu baten barruan konektatutako azpiegitura:

1.Itsas ingurunean instalazioarekin konektatuta dauden putzu guztiak eta lotutako egiturak, unitateak eta gailu osagarriak.

2.Instalazioaren egitura nagusiaren gainean kokatutako edo bertan finkatutako ekipamendu edo obra oro.

3.Instalazioari atxikitako oliobide, gasbide edo ekipamendu oro.

c)Itsas ingurunea: barruko urak, jurisdikziopeko urak, ekonomia-eremu esklusiboa eta plataforma kontinentala, hondoa eta zorupea barne, zeinen gainean Espainiako Erresumak subiranotasuna, eskubide subiranoak edota jurisdikzioa egikaritzen baititu, nazioarteko tratatuekin eta indarreko legediarekin bat etorriz.

3.Ikerketa-baimen edo ustiapen-emakida batek lehorreko inguruneko eremuak eta itsas inguruneko eremuak batera hartzen dituenean, errege lege-dekretu hau aplikatu beharko zaio soil-soilik aurreikusten bada horiei lotutako eragiketak egingo direla itsas ingurunean.

4.Errege lege-dekretu honetan eta berau garatzeko eta betearazteko araudian berariaz jasotzen ez diren gai guztietarako, aintzat hartuko dira hidrokarburoei buruzko legedia, ingurumen-arloko legedia, industria-segurtasunari buruzko legedia, lanari, gizarte- segurantzari eta laneko arriskuen prebentzioari buruzko legedia, eta itsasoko segurtasunari, itsasoan giza biziak salbatzeari eta itsasoko kutsaduraren aurkako borrokari buruzko legedia.

II. KAPITULUA

Itsas ingurunean hidrokarburoak ikertzeko baimenei eta ustiatzeko emakidei

buruzko xedapenak

3.artikulua. Itsas ingurunean ikertzeko baimenak eta ustiatzeko emakidak eman edo eskualdatu ahal izateko segurtasun- eta ingurumen-betekizunak.

1.Hidrokarburoak ikertzeko baimenak edo ustiatzeko emakidak eman aurretik edo osorik nahiz zati batean eskualdatu aurretik, kontuan hartuko da norainoko gaitasuna duten eskatzaileek kasuan kasuko jabari-tituluan itsas inguruneko eragiketei aplikatzeko aurreikusita dauden betekizunak betetzeko, errege lege-dekretu honetan eta gainerako araudi aplikagarrian ezarritakoarekin bat etorriz.

2.Ikerketa-baimen edo ustiapen-emakida baten eskatzailearen gaitasun tekniko eta finantzarioaren ebaluazioan honako alderdi hauek baloratuko dira:

a)Baimen edo emakidaren xede den eremuko arriskua, arriskubideak eta beste edozein informazio baliagarri, tartean, hala behar denean, itsas ingurunea hondatzeak ekarriko lukeen kostu ekonomikoa, soziala eta ingurumen-arlokoa.

b)Itsas inguruneko eragiketen fase zehatza.

c)Eskatzailearen finantza-gaitasunak; bereziki, itsas ingurunean hidrokarburoak ikertu eta ustiatzearekin zerikusia duten eragiketetatik sor litezkeen erantzukizunei aurre egiteko finantza-bermea.

d)Eskatzaileak aldez aurretik segurtasunari eta ingurumenari dagokienez izandako portaerari buruz eskura dagoen informazioa, baita istripu larriei buruzkoa ere, hori egokia baldin bada, jabari-titulua zer nolako eragiketak egiteko eskatu den kontuan hartuta.

Hidrokarburoen arloko Itsas Eragiketen Segurtasunerako Agintaritza Eskudunari (aurrerantzean, IESAE) kontsulta egin ahal izango zaio, hala behar denean, itsas ingurunean ikertzeko baimenak edo ustiatzeko emakidak eman edo eskualdatu aurretik.

3.Hidrokarburoen Sektorearen Legean (urriaren 7ko 34/1998 Legea) dagoeneko ezarritakoaz gainera, eskatzaileak frogatu beharko du behar adinako bermea jarri dela,

edo jarriko dela, bere eragiketen ondorioz sor litezkeen ingurumen-erantzukizunak estaltzeko, bai prebentzio-neurriak bai konponketa-neurriak barruan hartuta.

Hori dela-eta, kontuan hartuko dira Ingurumen Erantzukizunaren Legean (urriaren 23ko 26/2007 Legea) eta hura garatzen duen araudian ezarritako irizpideak. Berme horiek itsas inguruneko eragiketen hasieratik izango dituzte balioa eta ondoreak.

Ildo horretan, itsas ingurunean ikertzeko baimena edo ustiatzeko emakida eskatzen dutenei eskatuko zaie beren gaitasun tekniko eta finantzarioa froga dezatela eta jabari- tituluan aurreikusitako eremuari eta eragiketen fase zehatzari lotutako informazio baliagarri guztiak aurkez ditzatela.

Eskatzailearen gaitasun tekniko eta finantzarioak ebaluatzean, kontuan hartuko da, bereziki, ikuspuntu ekologikotik sentikorra den itsasoko eta itsasertzeko ingurumena; batez ere, klima-aldaketa leuntzeko eta horri egokitzeko eginkizun garrantzitsua betetzen duten ekosistemak eta itsas eremu babestuak.

4.Eskatzaileak itsas inguruneko operadore bat proposatu beharko du; jabari-titulua emateko betekizunetako bat izango da. Errege lege-dekretu honi dagokionez, itsas inguruneko operadoretzat joko da pertsona fisiko edo juridiko bat edo horrelako pertsonen talde bat, titularrek izendatu dutena eragiketak egin ditzan, tartean honako hauek: putzu bateko eragiketa baten plangintza eta exekuzioa edo ekoizpen-instalazio baten funtzioen kudeaketa eta kontrola.

Jabari-titulua emateko edo eskualdatzeko izapideak egiten ari diren bitartean, eragozpenak adierazi ahal izango dira titularrak egindako izendapenaren aurka, aurretiaz IESAEri kontsulta eginda, eta erregelamenduz zehazten den moduan. Izendapenari modu horretan aurka egiten bazaio, titularrak itsas inguruneko ordezko operadore egoki bat izendatu beharko du, edo bestela bere gain hartu beharko ditu errege lege-dekretu honetan eta berau garatzeko araudian xedatutakoaren arabera operadore horrek dituen erantzukizunak.

4.artikulua. Itsas ingurunean hidrokarburoak ikertzeko baimenen eta ustiatzeko emakiden titularren betebeharrak.

1.Hirugarren artikuluko 4. zenbakian xedatutakoarekin bat etorriz, berariaz izendatzen diren itsas inguruneko operadoreek bakarrik jardungo dute ikerketa-baimenetan eta ustiapen-emakidetan jasota dauden ekoizpen-instalazioetan eta azpiegitura konektatuetan.

2.Titularrek frogatu eta bermatu egin beharko dute itsas inguruneko operadoreak baduela behar adinako gaitasuna kasuan kasuko jabari-tituluan jasotako eragiketa zehatzetarako betekizunak betetzeko.

3.Eragiketen fase guztietan, titularrek zentzuz beren eskura egon daitezkeen neurri guztiak hartuko dituzte, bermatu ahal izateko itsas inguruneko operadoreak betekizunak beteko dituela, bere eginkizunetan jardungo duela eta bere betebeharrak beteko dituela errege lege-dekretu honetan eta berau garatzeko eta betearazteko araudian xedatutakoari jarraituz.

Titularrek, halaber, IESAEk eskatzen dizkien neurri guztiak hartu beharko dituzte itsas inguruneko eragiketen segurtasuna une oro bermatzeko.

4.Irizten bazaio hasieran izendatutako itsas inguruneko operadoreak jada ez duela gaitasunik errege lege-dekretu honetan eta berau garatzeko araudian eskatutako betekizunak betetzeko, titularrak bere gain hartu beharko du kasuan kasuko betebeharren erantzukizuna, eta berehala proposatu beharko du itsas inguruneko ordezko operadore bat.

5.Sustapen Ministerioak, itsas nabigazioaren arloan indarra duen araudiarekin bat etorriz, nabigazioaren segurtasunerako eremu bat ezarriko du, 500 metroko erradioa izango duena instalazioen kanpoko ertzeko edozein puntutatik neurtuta; baina eremu hori txikitu ahal izango da, edo harantzago hedatu, aplikagarri diren nazioarteko arauei lotuta, kasua bada.

Itsas Administrazioak, itsas nabigazioaren arloan indarra duen araudiarekin bat etorriz, nabigazioa murriztu edo debekatu egingo du ezarritako segurtasun-eremuan, itsasoko

segurtasunagatik eta babesagatik. Segurtasun-eremuan arrazoi hauetakoren bat dela-eta sartzen edo egoten diren ontziak salbuetsiko dira:

a)segurtasun-eremuan edo inguruetan itsaspeko edozein kable edo hodi instalatu, ikuskatu, saiatu, konpondu, mantendu, aldatu, berritu edo kendu behar denean;

b)zerbitzuak emateko edo pertsona eta ondasunak garraiatzeko, segurtasun- eremuko instalazioren bat helmuga edo abiapuntu izanik;

c)segurtasun-eremuko azpiegitura konektaturen bat ikuskatzeko, IESAEren agindupean;

d)biziak edo ondasunak salbatzeko;

e)inguruabar meteorologiko txarrengatik;

f)arrisku-egoeran, edo ezinbestean, edo

g)itsas inguruneko operadoreak, jabeak edo Sustapen Ministerioak berak baimena emanda.

III. KAPITULUA

Itsas ingurunean hidrokarburoak ikertu eta ustiatzearekin zerikusia duten

eragiketei dagozkien arriskuak kudeatzeko printzipioak

5.artikulua. Itsas inguruneko operadoreen eta ekoizpenerako ez diren instalazioen jabeen betebeharrak.

1.Errege lege-dekretu honek aipagai dituen ikerketa-baimenen eta ustiapen- emakiden babesean itsas ingurunean diharduten operadoreak:

a)Itsas ingurunean hidrokarburoak ikertu eta ustiatzearekin zerikusia duten eragiketei dagozkien istripu larriak prebenitzeko egoki diren neurri guztiak eta, kasua bada, IESAEk erabakitzen dituen neurriak har daitezen arduratuko dira.

b)Beren betebeharren erantzule izango dira, errege lege-dekretu honen eta aplikagarri duten beste edozein araudiren indarrez, nahiz eta kontratistei egozgarriak izan istripu larriak eragiten edo bide ematen dieten ekintza edo omisioak.

c)Istripu larriren bat gertatuz gero, giza osasunean eta ingurumenean izango dituen ondorioak mugatzeko egoki diren neurri guztiak hartuko dituzte.

d)Bermatu egingo dute itsas ingurunean hidrokarburoak ikertu eta ustiatzearekin zerikusia duten eragiketak arriskuen kudeaketa sistematikoan oinarrituta egingo direla, halako moldez non pertsonei, ingurumenari eta itsas inguruneko instalazioei eragingo liekeen istripu larriren bat gertatzeko hondar-arriskuak onargarritzat jo ahal izango baitira.

e)Erregelamenduz ezartzen den beste zeinahi betebehar.

2.Lehendik baden ekoizpen-instalazioren bat itsas inguruneko uretara sartu edo haietatik atera behar denean, itsas inguruneko operadoreak IESAEri hala jakinaraziko dio idatziz, instalazioa sartzeko edo ateratzeko aurreikusita dagoen egunaren aurretik, alde batera utzi gabe beste agintaritza batzuei, batez ere Itsas Agintaritzari, legozkiekeen beste baimen batzuk.

3.Errege lege-dekretu honi eta berau garatu eta betearazteko araudiari dagokienez, jabetzat joko da pertsona fisiko edo juridiko bat edo horrelako pertsonen talde bat, petrolio- eta gas-ekoizpenerako ez den instalazio baten jarduna kontrolatzeko baimena duena.

4.Itsas inguruneko operadore baten edo jabe baten jarduerak giza osasunaren kalterako berehalako arriskua sortzen duenean edo istripu larriren bat gertatzeko arriskua nabarmen areagotzen duenean, haiek neurri egokiak hartu beharko dituzte, are jarduera eten ere, harik eta arriskua edo arriskubidea behar adina kontrolatu arte. Itsas inguruneko operadoreak –edo, kasua bada, jabeak– neurri horiek IESAEri jakinarazi beharko dizkio ahalik eta lasterren.

5.Itsas inguruneko operadoreek eta jabeek IESAEri eta hark gainbegiratuta diharduten pertsonei eskura jarriko dizkiete beren ikerketa- eta ikuskapen-eginkizunak eta

indarreko araudian egozten zaien beste edozein eginkizun betetzeko behar dituzten baliabide logistikoak.

6.Itsas inguruneko operadoreek eta jabeek istripu larrien prebentziorako politika korporatiboa prestatu beharko dute eta itsas inguruneko beren eragiketa guztietan aplikatu, eta jarraipen-mekanismo egokiak gehitu beharko dituzte politikaren eraginkortasuna bermatzearren, barruan harturik Europar Batasunetik kanpo dituzten instalazioak, bai ekoizpenekoak bai ekoizpenerako ez direnak.

6.artikulua. Informazioa igortzeko betekizunak.

Itsas inguruneko operadoreak, edo jabeak, kasua bada, agiri hauek aurkeztu beharko dizkio IESAEri, ezartzen diren moduan eta epeetan:

a)Istripu larrien prebentziorako politika korporatiboa, edo horren deskribapen egokia.

b)Segurtasuna eta ingurumena kudeatzeko sistemak, edo horien deskribapen

egokia.

c)Aurreikusitako ekoizpenerako erabiliko diren instalazioen kasuan, diseinuaren jakinarazpena.

d)Egiaztapen-programa independentearen deskribapena.

e)Istripu larriak gertatzeko arriskuei buruzko txostena.

f)Aldaketa materiala egiten bada –instalazio bat eraistea barne–, istripu larriak gertatzeko arriskuei buruzko txosten aldatua.

g)Barneko larrialdi-plana edo horren deskribapen egokia.

h)Eragiketa putzu bati badagokio, putzu horrekin zerikusia duten eragiketei buruzko jakinarazpena eta informazioa.

i)Eragiketa konbinatua bada, eragiketa konbinatuen jakinarazpena, hartan parte hartuko duten itsas inguruneko operadoreek eta jabeek batera prestatu beharrekoa.

j)Lehendik baden ekoizpen-instalazio bat beste ekoizpen-gune batera aldatu behar denean, lekualdaketaren jakinarazpena.

k)IESAEk eskatzen duen beste edozein agiri.

7.artikulua. Istripu larriak gertatzeko arriskuei buruzko txostena.

1.Itsas inguruneko operadoreek edo jabeek, kasuan kasukoek, istripu larriak gertatzeko arriskuei buruzko txosten bat egingo dute beren instalazio bakoitzeko. Txosten hori prestatzen ari den bitartean kontsulta egingo zaie langileen ordezkariei.

2.Instalazioetan istripu larriak gertatzeko arriskuen gaineko txostenek IESAEren onarpena jaso beharko dute, errege lege-dekretu honetan eta berau garatzeko araudian xedatutakoarekin bat etorriz.

Hori dela-eta, onarpentzat joko da, arrisku larrien gaineko txostenari dagokionez, IESAEk itsas inguruneko operadoreari, edo jabeari, kasua bada, idatziz jakinaraztea txosten horrek betetzen dituela errege lege-dekretu honetan ezarritako betekizunak eta erregelamenduz ezartzen diren gainerakoak. Onarpen horrek ez du inoiz berekin ekarriko erantzukizuna IESAEri eskualdatzea.

3.IESAEk arrisku larriei buruzko txostena edo horren aldaketa, kasu bakoitzean behar dena, onartzen ez duen bitartean, inola ere ezingo da hasi edo berrabiarazi ekoizpenerako diren edo ez diren instalazioei lotutako eragiketarik, ez eta instalazio horietan aldaketarik egin edo instalazio horiek eraitsi ere.

Aurrekoaz gainera, putzuetako eragiketen edo eragiketa konbinatuen kasu berezietan, horrelakoak ezin izango dira hasi edo berrabiarazi ez bazaio IESAEri horien jakinarazpena aurkeztu, ez eta IEASEk edukiari buruzko eragozpenak adierazten baditu ere.

4.Istripu larriak gertatzeko arriskuei buruz ekoizpen-instalazio baterako erabiltzen den txostena instalazio multzo baterako txosten komuna izan ahalko da, IESAEk aldez aurretik baimena ematen badu.

5.Istripu larriak gertatzeko arriskuei buruzko txostenak eguneratu egingo dira hala behar denean edo IESAEk hala eskatzen duenean; eta, betiere, bost urtean behin edo

erregelamenduz ezartzen den epean berrikusiko dira. Eguneratze edo berrikuspen horren emaitzak IESAEri jakinaraziko zaizkio.

Funtsezko aldaketaren bat egin edo instalazioren bat eraitsi behar denean, istripu larriak gertatzeko arriskuei buruzko txosten aldatua egingo da.

Funtsezko aldaketatzat joko dira, arrisku larriei buruzko txostenen kasuan, jatorrizko txostena onartzeko aintzat hartu zen oinarriaren aldaketak, tartean direla, besteak beste, aldaketa fisikoak, ezagutza edo teknologia berriak erabiltzeko aukerak edo kudeaketa operatiboaren aldaketak.

6.Itsas inguruneko operadoreek eta jabeek istripu larriak gertatzeko arriskuei buruzko txostenean eta eragiketen jakinarazpena osatzen duten agirietan ezarritako neurriak bete beharko dituzte.

8.artikulua. Barneko larrialdi-plana.

1.Itsas inguruneko operadoreek, edo jabeek, kasua bada, barneko larrialdi-planak egingo dituzte. Plan horiek kontuan hartuko dute istripu larriak gertatzeko arriskuei buruzko txostena, eta beraren parte izango dira. Plan horiek hidrokarburo-isurketen osteko erantzunaren eraginkortasunaren azterketa jasoko dute; 13. artikuluan aipatzen den kanpoko larrialdi-planarekiko koherenteak izango dira, eta itsas kutsaduraren aurrean erantzuteari buruzko araudian aipatzen diren kontingentzia-planekin koordinatuko dira.

Errege lege-dekretu honi dagokionez, barneko larrialdi-plantzat joko da itsas inguruneko operadoreek, edo jabeek, kasua bada, errege lege-dekretu honetan eta berau garatzeko araudian ezarritako betekizunekin bat etorriz prestatutako dokumentu bat, itsas ingurunean hidrokarburoak ikertu eta ustiatzearekin zerikusia duten jarduerei dagokien istripu larri baten ondorioen okerragotzea ekiditeko edo ondorio horiek mugatzeko neurriak jasotzen dituena.

2.Barneko larrialdi-planak luzamendurik gabe gauzatuko dira edozein istripu larriren aurrean erantzuteko, edo istripu larria gertatzeko berehalako arriskua duten egoerei aurre egiteko.

3.Itsas inguruneko operadoreak eta jabeak une oro bermatuko dute barneko larrialdi- planerako beharrezkoak diren ekipamenduak eta ezagutzak eskuratu ahal izatea, eta kanpoko larrialdi-plana betearazteko ardura duten agintaritzekin partekatuko dituzte, haiek eskatuz gero.

4.Barneko larrialdi-plana kasu hauetan eguneratuko da:

a)Istripu larriak gertatzeko arriskuei buruzko txostenean funtsezko aldaketaren bat egiten denean.

b)Ekoizpenerako ez den instalazio mugikorren batek putzu bateko eragiketak edo eragiketa konbinatuak egin behar dituenean, edo zundaketaren nahiz horren kokagunearen ezaugarriak aldatzen direnean, putzuko eragiketen edo eragiketa konbinatuen jakinarazpena prestatu bitartean egin den arrisku-ebaluazioa kontuan hartzeko.

Eguneratze horiek IESAEri jakinaraziko zaizkio, eragiketa konbinatuei dagokien jakinarazpena osatzeko, bai eta kasuan kasuko eremuan kanpoko larrialdi-planak prestatzeko ardura duten agintaritzei ere.

5.Barneko larrialdi-planak bat etorri beharko du ukitutako instalazioko langileen babeserako eta salbamendurako gainerako neurriekin. Arreta berezia jarriko zaio merkataritza-itsasketari buruzko araudian jasota dagoen salbamendu-zerbitzu publikoari.

9.artikulua. Egiaztapen independentea.

1.Errege lege-dekretu honi dagokionez, egiaztapen independentetzat joko da itsas inguruneko operadorearen edo jabearen antolaketa-entitate edo -atal batek emandako idatzizko aitorpen bat ebaluatzea eta baliozkoa dela berrestea; egiaztapen independentea ez dago aitorpenak erabiltzen dituen antolaketa-entitatearen edo -atalaren kontrolaren edo eraginaren pean.

Hala ere, erregelamenduz zehaztuko da zer kasutan izan beharko duen egiaztatzaile independenteak itsas inguruneko operadorearen edo jabearen antolaketa-ataletik kanpokoa.

2.Itsas inguruneko operadoreek eta jabeek egiaztapen independenteko programak ezarriko dituzte, erregelamenduz ezartzen diren betekizunak betez, helburu hauek lortzeko:

a)Instalazioei dagokienez, modu independentean bermatzea ezen, segurtasunerako eta ingurumenerako elementu kritikoak, instalazioaren arriskuen ebaluazioan identifikatu eta istripu larriak gertatzeko arriskuei buruzko txostenean deskribatu direnak, egokiak direla, eta elementu horien azterketak eta probak egiteko egutegia egokia dela, eguneratuta dagoela eta aurreikuspenen arabera betetzen dela.

b)Putzu bateko eragiketen jakinarazpenei dagokienez, modu independentean bermatzea putzuaren diseinu- eta kontrol-neurriak egokiak direla une oro, aurreikusitako zulaketa-baldintzei dagokienez.

3.Itsas inguruneko operadoreek eta jabeek eginbehar hauek izango dituzte:

a)Egiaztatzaile independentearen irizpenari erantzutea eta horretatik abiatuta neurri egokiak hartzea.

b)Dokumentazio hori sei hilabetean gordetzea, edo erregelamenduz ezartzen den epean, itsas ingurunean hidrokarburoak ikertu eta ustiatzearekin zerikusia duten kasuan kasuko eragiketak amaitzen direnetik hasita.

c)Egiaztatzaile independenteak emandako irizpena eta irizpen horri erantzunez egindako ekintzak IESAEren esku jartzea.

4.Egiaztapen independentearen emaitzek ez dute ezertan galaraziko itsas inguruneko operadoreak edo jabeak erantzukizuna izatea, egiaztatutako ekipamenduen eta sistemen funtzionamendu egoki eta seguruari dagokionez.

IV. KAPITULUA

Agintaritza Eskuduna

10.artikulua. Hidrokarburoen arloko Itsas Eragiketen Segurtasunerako Agintaritza Eskudunaren eginkizunak.

1.Hidrokarburoen arloko Itsas Eragiketen Segurtasunerako Agintaritza Eskudunak (aurrerantzean, IESAE) eginkizun hauek izango ditu:

a)Istripu larriak gertatzeko arriskuei buruzko txostenak onartzea, bidezkoa denean; diseinuaren jakinarazpenak ebaluatzea eta putzuetako eragiketen edo eragiketa konbinatuen jakinarazpenak ebaluatzea, bai eta aurkezten dizkioten mota bereko beste agiri guztiak ere.

b)Itsas inguruneko operadoreek eta jabeek errege lege-dekretu honetan xedatutakoa betetzen ote duten gainbegiratzea; horren barruan daude ikuskapenak, ikerketak eta zehapen-espedienteen instrukzioak.

c)Beste agintaritza eta erakunde batzuei aholku ematea.

d)Urteko planak egitea.

e)Txostenak egitea, eta informazioak argitaratu edo jakinaraztea, erregelamenduz ezartzen den moduan.

f)Itsasoko Istripuak eta Ezbeharrak Ikertzeko Batzorde Iraunkorrarekin lankidetzan aritzea itsasoko istripu eta ezbeharren kausa teknikoak ikertzeko, itsas ingurunean gertatzen den edozein istripu larriren ikerketan.

g)Lankidetzan aritzea beste estatu kide batzuetako agintaritza eskudunekin, Europako Batzordearekin, petrolioaren eta gasaren sektoreko itsas zabaleko jardueretarako Europar Batasuneko Agintaritza Taldearekin (EUOAG) eta harreman-guneekin.

h)Erregelamenduz esleitzen zaizkion gainerako eginkizunak, artikulu honetako 2. zenbakian xedatutakoa eragozten ez badute.

2.Bere eginkizunak betetzean, IESAEk objektibotasunaren, gardentasunaren, koherentziaren, proportzionaltasunaren eta independentziaren printzipioei jarraituko die.

3.Eginkizun horiek bete ahal izateko, IESAEk egokitzat jotzen duen informazio gehigarria eskatu ahal izango die itsas inguruneko operadoreei eta jabeei, eta, halaber, behar diren aldaketak egin ditzatela eskatu ahal izango die, dokumentuak errege lege- dekretu honen 5. eta 6. artikuluetan eta berau garatu eta betearazteko araudian ezarritako betekizunekin bat datozela bermatzeko.

4.IESAEk bere eginkizunetan ari dela ematen dituen egintza administratiboek inoiz ez dute berekin ekarriko itsas inguruneko operadorearen edo jabearen erantzukizuna Administrazioari eskualdatzea. Betiere operadore eta jabe horiei egokituko zaie pertsonen, ondasunen eta ingurumenaren babesaren lehen mailako erantzukizuna, eta ezingo zaie kontratistei leporatu.

11.artikulua. IESAEREN FUNTZIONAMENDUA.

1.Une oro bermatuko dira IESAEren independentzia eta objektibotasuna, bere arautze-eginkizunak betetzen ari denean, bereziki 10. artikuluko 1. zenbakiko a), b) eta c) letretan xedatutakoari dagokionez.

Horretarako, saihestu egingo da IESAEren eginkizunek interes-gatazkak izatea itsas inguruneko natura-baliabideen garapen ekonomikoari dagozkion eginkizunekin, jabari- tituluak emateko eta eskualdatzeko eginkizunekin edota lotutako diru-sarrerak kobratu eta administratzeko eginkizunekin.

2.IESAEk bere eginkizunak egoki betetzeko behar dituen baliabideak izango dituela bermatzeko, ezagutza tekniko objektibo eta espezializatuen hornidurarako akordio formalak sinatu ahal izango dira Estatuko eta atzerriko agentzia edo bestelako erakunde publiko zein pribatuekin. Beti bermatuko da erakunde horien objektibotasuna ez dela kolokan jarriko balizko interes-gatazken ondorioz.

3.Errege-dekretu baten bidez IESAEren osaera zehaztuko da eta beraren funtzionamendu egokirako behar diren xedapenak emango dira. Hori dela-eta, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legeak (urriaren 1eko 40/2015 Legea) kide anitzeko organoei buruz ezarritakoari jarraituko zaio, kasua bada.

12.artikulua. IESAEREN AHALMENAK.

1.IESAEk hobekuntzak eskatu ahal izango ditu, eta, beharrezkoa bada, instalazioek, instalazio-zatiek edo konektatutako azpiegiturek funtzionatzen jarraitzea debekatu ahal izango du, baldin eta agerian geratzen bada, ikuskapen baten emaitzak, istripu larriak gertatzeko arriskuei buruzko txostenaren aldian behingo berrikuspen baten emaitzak edo aurkeztutako jakinarazpenen aldaketak ikusirik, ez direla betetzen errege lege-dekretu honetan eta berau garatu eta betearazteko araudian ezarritako betekizunak eta betebeharrak, edo zentzuzko kezkak sortzen badira itsas ingurunean hidrokarburoak ikertu eta ustiatzearekin zerikusia duten eragiketen edo instalazioen segurtasuna dela-eta.

2.Espainian erregistratuta dauden enpresek, zuzenean edo filialen bitartez Europar Batasunetik kanpo itsas ingurunean hidrokarburoak ikertu eta ustiatzearekin zerikusia duten eragiketak egiten badituzte titular nahiz operadore gisa, eurak tartean direla gertatutako istripu larrien inguruabarren berri eman beharko dute, IESAEk hala eskatuz gero.

3.IESAEk bideak ezarriko ditu konfidentzialtasunez salatu ahal izan daitezen segurtasunari eta ingurumenari eragiten dieten arazoak, petrolioarekin edo gasarekin itsas ingurunean egiten diren eragiketak direla-eta, edozein izanda ere haien jatorria; eta komunikazio horiek ikertuko ditu, pertsonen anonimotasunari eutsiz.

Itsas inguruneko operadoreek eta jabeek, horretarako, aurreko apartatuan aipatutako salaketak egin ahal izan daitezen ematen diren xedapenei buruzko informazio zehatza

jakinarazi beharko diete beren langileei, eragiketarekin zerikusia duten kontratistei eta horien langileei. Gainera, bermatuko dute isilpeko salaketarako aukera hori aipatuko dela haientzako prestakuntza-ekintzetan eta komunikazioetan.

V. KAPITULUA

Kanpoko larrialdi-plana

13.artikulua. Kanpoko larrialdi-plana.

1.Estatuko Administrazio Orokorrak kanpoko larrialdi-plan bat egingo du, barruan hartuko dituena itsas ingurunean hidrokarburoak ikertu eta ustiatzeko instalazio guztiak, konektatutako azpiegiturak eta horien eraginpean egon daitezkeen eremuak. Plan horretan zehaztuko dira itsas inguruneko operadoreen eta titularren egitekoa eta finantza- betebeharrak.

2.Sustapen Ministerioak egingo du kanpoko larrialdi-plana, itsas inguruneko operadoreekin eta jabeekin eta, kasua bada, titularrekin eta IESAErekin elkarlanean, eta arloan eskumenak dituzten gainerako organoek txostena egin ondoren. Kontuan hartuko du inguruan lehendik badiren edo planifikatuta dauden instalazioetako edo konektatutako azpiegituretako barneko larrialdi-planen bertsio berriena. Planak eragin diezaiekeen autonomia-erkidegoek ere parte hartuko dute, halakorik bada.

3.Hidrokarburoak ikertu eta ustiatzeko instalazioetarako kanpoko larrialdi-plan berariazkoa txertatu egin beharko da itsasoan giza biziak salbatzeko eta itsas ingurunearen kutsaduraren aurka borrokatzeko indarreko plan nazionaletan.

4.Erregelamenduz ezartzen diren betekizunen arabera egingo da kanpoko larrialdi- plana, eta eskura jarriko zaie Europako Batzordeari, estatu kideei, elkarrekikotasun- printzipioaren arabera ukituak izan litezkeen hirugarren herrialdeei eta publikoari. Hala ere, elementuak konfidentzialtzat joko dira haien berri zabaltzeak ondorio hauek sor baditzake, besteak beste:

a)Instalazioen eta horien funtzionamenduaren segurtasunaren eta babesaren kontrako mehatxua.

b)Interes ekonomiko nazionalen kaltea.

c)Langileen segurtasun pertsonalaren eta ongizatearen kaltea.

14.artikulua. Larrialdi-egoeretarako prestakuntza.

1.Itsas inguruneko operadoreek eta jabeek aldian behin probak egingo dituzte, istripu larriren bat gertatuz gero eraginkortasunez erantzuteko noraino dauden trebatuta erakusteko.

2.Probak aldian behin antolatuko dira, eta larrialdi-egoeren simulazioak eta ariketak egingo dira, itsas kutsaduraren aurkako borrokaren arloan eskumena duten organoekin koordinaturik, bai eta ukitu litezkeen eskumenak dituzten sail eta agentziekin ere, beste estatu kide batzuetakoak, Europar Batasunekoak eta, elkarrekikotasunean oinarrituta, hirugarren herrialdeetakoak barnean direla.

3.Larrialdiei erantzuteko ekipamendu eta zerbitzuen erregistroa edukiko da, eta eskura jarriko zaie ukituak izan litezkeen beste estatu kide batzuei, Europako Batzordeari eta, elkarrekikotasunean oinarrituta, aldameneko hirugarren herrialdeei.

15.artikulua. Larrialdiei erantzutea.

1.Itsas inguruneko operadoreek, edo, bidezkoa bada, jabeek, edozein istripu larriren berri edo istripu larria gertatzeko berehalako arriskua duen edozein egoeraren berri ahalik eta lasterren jakinaraziko diete agintaritza egokiei. Kanpoko larrialdi-planean adieraziko da zeintzuk diren agintaritza horiek. Jakinarazpen horretan istripu larriaren edo egoera arriskutsuaren inguruabarrak deskribatuko dira, tartean kokalekua eta ingurumenean izan ditzakeen eraginak, bai eta ekar ditzakeen ondorio nagusiak ere.

2.Itsas inguruneko operadoreek eta jabeek neurri egokiak hartuko dituzte edozein istripu larriren ondorioak okerragotzea ekiditeko edo ondorio horiek mugatzeko.

3.Larrialdi bati erantzuna ematean, IESAEk eta itsas kutsaduraren aurkako borrokaren gaineko eskumena duten agintaritzek gertaerak ikertzeko behar den informazio guztia bilduko dute.

Horretarako, IESAEk itsas inguruneko operadoreei neurri gehigarriak eskatu ahal izango dizkie, beharrezkoak diren datu guztien bilketa eta kontserbazioa errazteko eta balizko manipulazioa eragozteko.

16.artikulua. Mugaz haraindiko larrialdi-egoeretarako prestakuntza eta erantzuna.

1.Istripu larria gertatzeko arriskuren batek ondorio garrantzitsuak sor baditzake edozein estatu kidetako ingurumenean edo, elkarrekikotasunean oinarrituta, hirugarren herrialde bateko ingurumenean, estatu horri beharrezkotzat jotzen dituen neurriak proposatu ahal izateko informazio egokia igorriko zaio, itsas informazioaren trukerako Europar Batasuneko sistemaren bitartez, eragiketa egin aurretik. Horrelako istripu larriak gertatzeko arriskuak kontuan hartuko dira barneko eta kanpoko larrialdi-planetan, istripu larria gertatuz gero baterako erantzun eraginkorra eman dadin.

2.Mugaz haraindiko ondorioak dituen edo izan ditzakeen istripu larria gertatzen bada, edo halakoa gertatzeko berehalako mehatxua badago, jakitun jarriko dira Europako Batzordea eta dena delako istripu larriak edo berehalako mehatxuak eragin liezaiekeen estatu kideak edota hirugarren herrialdeak, eta larrialdiari erantzun eraginkorra batera emateko beharrezkoa den informazioa emango zaie.

3.Era berean, nazioarteko elkarlanen bat egiterakoan, kontuan hartu beharko da aplikatu beharreko itsas araudian ezarritakoa, bai eta herrialdeen artean informazioa trukatzeko erabil daitezkeen mekanismoak ere.

VI. KAPITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

17.artikulua. Arau-hausteak.

1.Arau-hauste administratibotzat hartuko dira hurrengo artikuluetan halakotzat tipifikatzen diren ekintzak eta ez-egiteak.

2.Errege lege-dekretu honetan tipifikatutako arau-hauste administratiboak gorabehera, betebeharpeko subjektuek erantzukizun zibilak, penalak edo bestelakoak ere izan ditzakete arau-hauste horiei lotutako jarduerak direla-eta.

3.Betebehar bat subjektu batek baino gehiagok elkarrekin betetzekoa bada, arau- hausteak daudenean denak izango dira egindako arau-hausteen eta horietatik ezartzen zaizkien zehapenen erantzule solidario.

4.Ezingo dira zehatu zehapen penala edo administratiboa jaso duten egitateak, ikusten bada subjektua, egitatea eta oinarria berberak direla.

18.artikulua. Arau-hauste oso astunak. Hauek dira arau-hauste oso astunak:

a)Itsas inguruneko eragiketei aplikatu beharreko betekizunak betetzeko gaitasun tekniko edo finantzarioa galtzea dakarren edozein inguruabar gertatzen denean hura ezkutatzea edo ez jakinaraztea.

b)Titularrek ez izendatzea itsas inguruneko ordezko operadore egokirik, edo itsas inguruneko operadorearen erantzukizunak beren gain ez hartzea, horretara behartuta egon arren.

c)Eragiketen segurtasuna une oro bermatzeko behar adinako neurriak ez hartzea, ondorioz pertsonak, ondasunak edo ingurumena arrisku nabarmenean jartzen direnean.

d)Ekoizpenerako instalazio batean edo azpiegitura konektatu batean jardutea, helburu horretarako itsas inguruneko operadore izendatua izan gabe.

e)Titularrek ez bermatzea izendatutako itsas inguruneko operadoreak une oro eusten diola kasuan kasuko jabari-tituluari dagozkion eragiketa zehatzak egiteko behar den gaitasunari.

f)Instalazio batean –ekoizpenerako instalazioa izan zein ez– eragiketa hastea edo berrabiaraztea, edo instalazioan aldaketak egitea edo hura eraistea, istripu larriak gertatzeko arriskuei buruzko txostena IESAEk onartu gabe dagoela.

g)Putzuetako eragiketak edo eragiketa konbinatuak egitea edo berrabiaraztea, kasuan kasuko instalazioetan istripu larriak gertatzeko arriskuei buruzko txostena IESAEk onartu gabe dagoela.

h)Itsas inguruneko operadoreak edo jabeak ez betetzea arrisku larriei buruzko txostena aldian behin berrikusteko betebeharra, funtsezko aldaketak egin behar diren edo instalazio bat eraitsi behar den kasuetan, horrek arrisku nabarmenean jartzen baditu pertsonak, ondasunak edo ingurumena.

i)Putzuetako eragiketak edo eragiketa konbinatuak egitea IESAEri putzuko eragiketaren edo eragiketa konbinatuaren jakinarazpenik aurkeztu gabe, edo agintaritza horrek jakinarazpenaren edukiari buruzko eragozpenak adierazi ondoren.

j)Istripu larria gertatu, eta giza osasunaren edo ingurumenaren kalterako ondorioak mugatzeko behar diren neurriak ez hartzea, istripu larriak gertatzeko arriskuei buruzko txostenaren edo barneko larrialdi-planaren arabera beharrezkoak diren neurriak, alegia.

k)Egiaztapen independenterako programa bat edo aldaketaren bat ezartzea, aldez aurretik IESAEri igorri zaion deskribapenarekin bat ez datorrena, horrek arrisku larrian jartzen baditu pertsonak, ondasunak edo ingurumena.

l)Egiaztatzaile independentearen irizpenei jaramonik ez egitea, horrek arrisku nabarmenean jartzen baditu pertsonak, ondasunak edo ingurumena.

m)IESAEren aginduak ez betetzea, instalazio batean edo azpiegitura konektatu batean eragiketa hobetu, eten edo debekatzeari dagokionez.

n)IESAEk eskatutako prebentzio- edo saiheste-neurriak epean ez hartzea, saihestu nahi zen kaltea gertatzen bada horren ondorioz.

o)Instalazio bat hornitzeko baliabide logistikoak justifikaziorik gabe oztopatzea, horren ondorioz arriskuan jartzen badira pertsonak, ondasunak eta ingurumena.

p)Administrazioari gezurrezko informazioa ematea, egiazko informazioak agerian jartzen badu ez dela betetzen IESAEren baimena edo aurretiazko onarpena lortzeko bete beharreko betekizunen bat, edo egiazko informazioa ematea agintaritza horrek eragiketa eteteko edo debekatzeko kausa bada.

q)Zazpigarren artikuluan aipatzen den dokumentazioan jasotako neurriak ez hartzea, edo jarduera ez etetea, horrek giza osasunaren kontrako berehalako arriskua sortzen duenean edo istripu larria gertatzeko arriskua nabarmen areagotzen duenean.

r)Edozein istripu larriren berri edo istripu larria gertatzeko berehalako arriskua duen edozein egoeraren berri ez jakinaraztea edo justifikaziorik gabe berandu jakinaraztea, horren ondorioz istripuak ondorio are larriagoak baditu edo saihestu behar zen istripua gertatzen bada, eta, betiere, hori itsasketa zibilaren arloko arau-haustea ez bada.

s)Istripu larria gertatu ondoren, istripu larriak gertatzeko arriskuei buruzko txostenean jasotako neurriak ez hartzea egoerak okerrera egitea ekiditeko edo ondorioak mugatzeko.

t)Titularrak finantza-bermeak jartzeko betebeharra ez betetzea, edo berme horiei indarrean ez eustea betebehar horrek dirauen bitartean.

u)Larrialdi-egoeretan eskumena duten organoen titularren edo esku hartzeko eta laguntzeko zerbitzuetako kideen agindu, debeku, jarraibide edo eskaerak ez betetzea, edota zaintza- eta babes-zerbitzuei laguntzeko betebeharrak ez betetzea, horrek pertsonen segurtasunerako, ondasunetarako edo ingurumenerako garrantzia badu edo arrisku berezia sortzen badu, eta, betiere, egitate hori itsasketa zibilaren arloko arau-haustea ez bada.

v)Urtebeteko epean bigarren arau-hauste astuna egitea.

19.artikulua. Arau-hauste astunak.

Arau-hauste astunak dira aurreko artikuluan tipifikatutako jokabideak, baldin eta, inguruabarrengatik, ezin badira oso astuntzat kalifikatu. Bereziki, honako hauek dira:

a)Aurreko artikuluko c), h), j), k), l), o), q) eta u) letretan tipifikatutako jokabideak, ez badira arrisku nabarmenean jartzen pertsonak, ondasunak eta ingurumena.

b)IESAEren ikuskapen- edo ikerketa-lanaren kontrako omisioa, jarkitzea edo oztopo

egitea.

c)Itsas inguruneko operadoreak edo jabeak ez gordetzea 6 hilabetean edo erregelamendu bidez ezartzen den epean egiaztatzaile independentearen irizpenak edo irizpen horietan oinarrituta antolatutako ekintzak jasotzen dituzten erantzunak.

d)Egiaztapen independenteko lanak egitea, egiaztapen horren independentzia kolokan jartzen duten inguruabar larriak gertatu arren.

e)Istripu larrien prebentziorako politika korporatibo desberdina erabiltzea ekoizpen- instalazioen edo ekoizpenerako ez diren instalazioen kokaleku geografikoaren arabera.

f)Informazio-betebeharrak ezarritako epeetan ez betetzea edo Administrazioari gezurrezko informazioa ematea, egiazko informazioak ez duenean agerian jartzen ez dela betetzen IESAEren baimena edo aurretiazko onarpena lortzeko bete beharreko betekizunen bat, edo egiazko informazioa ematea agintaritza horrek eragiketa eteteko edo debekatzeko kausa ez denean.

g)Jabeek edo itsas inguruneko operadoreek larrialdietarako prestatzeko saioak edo ariketak ez egitea eskatutako epeetan edo baldintzetan, betiere egitate hori itsasketa zibilaren arloko arau-haustea ez bada.

h)Edozein istripu larriren berri edo istripu larria gertatzeko berehalako arriskuaren berri IESAEri ez jakinaraztea edo justifikaziorik gabe berandu jakinaraztea, istripuaren ondorioak larriagotzen ez direnean edo saihestu beharreko istripua gertatzen ez denean.

i)IESAEk emandako jarraibideei ez lotzea edo hark eskatutako prebentzio- eta saiheste-neurriak epean ez hartzea, hori arau-hauste oso astuna ez denean.

j)IESAEren informazio-eskaerei jaramonik ez egitea, hori arau-hauste oso astuna ez denean.

k)Urtebeteko epean bigarren arau-hauste arina egitea.

20.artikulua. Arau-hauste arinak. Hauek dira arau-hauste arinak:

a)Itsas inguruneko operadoreek eta jabeek beren jarduerarekin zerikusia duen larrialdietarako ekipamenduen inbentario osoa ez egitea edo ez mantentzea, egitate hori itsasketa zibilaren arloko arau-haustea ez denean.

b)Langileei edo kontratistei (kontratisten langileak barne) informaziorik ez ematea IESAEk segurtasun-arazoen jakinarazpen konfidentzialerako ezarritako mekanismoei buruz.

c)Errege lege-dekretu honetan jasotako edozein betebehar edo betekizun ez betetzea, oso astunen edo astunen artean sailkatuta ez badago.

21.artikulua. Zehapenak mailakatzea.

Kasuan kasuko zehapena erabakitzeko, inguruabar hauek hartuko dira kontuan:

a)Arau-haustearen ondorioz pertsonen bizitza eta osasunarentzat eta gauzen eta ingurumenaren segurtasunarentzat sortzen den arriskua.

b)Eragindako kalte edo hondatzearen garrantzia.

c)Parte-hartzearen maila eta lortutako etekina.

d)Arau-haustea nahita egitea edo behin baino gehiagotan egitea.

e)Urte berean izaera bereko arau-hauste bat baino gehiago egitea, ebazpen irmoz hala egin dela adierazi bada.

22.artikulua. Zehapenak.

1.Aurreko artikuluetan tipifikatutako arau-hausteengatik honako zehapen hauek ezarriko dira:

a)Arau-hauste oso astunengatik, 30.000.000 euro arteko isuna.

b)Arau-hauste astunengatik, 6.000.000 euro arteko isuna.

c)Arau-hauste arinengatik, 600.000 euro arteko isuna.

2.Arau-haustearen bidez lortutako etekina zenbakarria denean, gehienez etekinaren zenbatekoa halako bi izan ahalko da isuna, nahiz eta aurreko apartatuan ezarritako gehieneko zenbatekoak gainditu.

3.Proportzionaltasun-irizpideei eta aurreko artikuluan azaldutako inguruabarrei erreparatuta mailakatuko da zehapenen zenbatekoa.

4.Arau-hauste oso astuna eginez gero, Hidrokarburoaren Sektorearen Legeak (urriaren 7ko 34/1998 Legea) II. tituluan aipatzen dituen baimen eta emakidak azkendu ahal izango dira.

5.Artikulu honetan jasotako zehapenak aplikatzeak ez du eragotziko legez eska daitezkeen beste erantzukizun batzuk aplikatzea.

6.Arau-hauste oso astunen ondorio diren zehapenak, irmo bihurtzean, erregelamenduz zehazten den bezala argitaratu ahal izango dira.

23.artikulua. Hertsapen-isunak.

IESAEk, bidezkoak diren zehapenez gain, hertsapen-isunak ezarri ahal izango ditu, arauz kontrako jokabideak irauten badu eta hura zuzentzeko errekerimenduari jaramonik egiten ez bazaio.

Hertsapen-isunen zenbatekoak ez du gaindituko egindako arau-hausteagatik ezarri den isunaren zenbatekoaren 100eko 20.

24.artikulua. Zehapen-prozedura.

1.Zehapenak ezartzeko prozeduran behar bezala bereiziko dira instrukzio-fasea eta ebazpen-fasea, eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legeak (urriaren 1eko 40/2015 Legea) 25.–31. bitarteko artikuluetan dakartzan printzipioei jarraituko zaie. Hori gorabehera, errege lege-dekretu honetan aurreikusitako zehapenak ezartzeko prozeduraren berezitasunak ezarri ahalko dira erregelamendu bidez.

2.Aurreikusitako prozeduraren arabera izapidetzen diren zehapen-espedienteak ebazteko eta ebazpena jakinarazteko gehieneko epea urtebetekoa izango da, espedientea hasten den egunetik hasita.

Ondorio horietarako, IV. kapituluan aipatzen den IESAE agintaritza izango da zehapen- espedientea hasteko eta instruitzeko ardura duen organoa.

Agintaritza horrek ebazteko eskumena duen organoari igorri beharko dizkio instruitutako espedientea eta zehapen-proposamena, aurreko paragrafoan espedienteak ebazteko eta ebazpena jakinarazteko ezarri den gehieneko epea amaitu baino bi hilabete lehenago, gutxienez.

Urtebeteko epe hori igarota, ebazpenik eman eta jakinarazi ez bada, prozedura iraungitzat joko da eta jarduketak artxibatzeko aginduko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak (urriaren 1eko 39/2015 Legea) 95. artikuluan aurreikusten dituen ondorioetarako.

3.Arau-hauste administratiboa delitu edo falta penaltzat har badaiteke, zehapen- prozedura hasitakoan, erruduntasun-testigantza emango zaio Fiskaltzari, eta izapidetzea bertan behera utziko da harik eta ebazpen judizial irmo baten bidez kausa amaitzen den arte edo Fiskaltzak jarduketak itzultzen dituen arte. Delitu edo falta penalik antzematen ez bada, administrazio-organo eskudunak zehapen-espedientea bideratzen jarraituko du, ebazpen judizial irmoan frogatutzat jo diren egitateei lotetsita.

25.artikulua. Zehapenak jartzeko eskumenak.

Errege lege-dekretu honen arloko arau-hausteei dagozkien zehapenak ezartzeko eskumena honako hauei dagokie:

a)Ministro Kontseiluari, arau-hauste oso astunak egiten direnean.

b)Energia, Turismo eta Agenda Digitaleko Ministerioaren titularrari, arau-hauste astunak egiten direnean; edo, behin eratutakoan, IESAEri.

c)Energiaren Estatu Idazkaritzaren titularrari, arau-hauste arinak egiten direnean; edo, behin eratutakoan, IESAEri.

26.artikulua. Preskripzioa.

Arau-hauste oso astunak egin eta handik hiru urtera preskribatuko dira, astunak bi urtera eta arinak 18 hilabetera.

Arau-hauste oso astunengatik ezarritako zehapenak hiru urtera preskribatuko dira, arau-hauste astunengatik ezarritakoak bi urtera, eta arau-hauste arinengatik ezarritakoak urtebetera.

Lehenengo xedapen gehigarria. Hidrokarburoen arloko Itsas Eragiketen Segurtasunerako Agintaritza Eskudunari esleitutako eskumenak egikaritzea.

1.Hidrokarburoen arloko Itsas Eragiketen Segurtasunerako Agintaritza Eskuduna (IESAE) eratzen ez den bitartean, edo itsas zabalean normaltasunez martxan dauden instalazioak, guztira, sei baino gutxiago diren bitartean, IESAEri esleitutako eginkizunetan arituko dira Energia, Turismo eta Agenda Digitaleko Ministerioa eta, kasuaren arabera, ingurumenaren, itsasoaren, industria-segurtasunaren, lanaren, gizarte-segurantzaren eta laneko arriskuen prebentzioaren gaineko eskumenak dituzten ministerioak.

Energia, Turismo eta Agenda Digitaleko Ministerioaren ardura izango da, Gobernuak kontrakorik erabaki ezean, ukitutako sailen jarduna koordinatzea, dagozkien eginkizunak bete ditzaten.

Horretarako, mekanismo egokiak jarriko dira interes-gatazkarik sor ez dadin errege lege-dekretu honen IV. kapituluan zehaztutako eginkizunetan jardutearen eta itsas inguruneko ikerketa-baimen eta ustiapen-emakidak emateari buruzko erabakiak edo itsas zabaleko natura-baliabideen garapen ekonomikoari dagokion beste edozein erabaki hartzearen artean.

2.Normaltasunez martxan dauden instalazioak sei edo gehiago direnean, IESAE eratuko da, hori horrela dela berresten denetik sei hilabete igaro baino lehen.

Organo horrek ez du loturarik izango itsas zabaleko natura-baliabideen garapen ekonomikoari dagozkion eginkizunekin, ez itsas ingurunean ikertzeko baimenak eta ustiatzeko emakidak ematearekin, ezta jarduera horietatik datozen diru-sarrerak bildu eta kudeatzearekin ere.

Bigarren xedapen gehigarria. Instalazioen administrazioaren kasuak.

Itsas ingurunean hidrokarburo-hobiak eta zorupeko biltegiratzeak ustiatzeko emakiden titularrei errege lege-dekretu honetan ezartzen zaizkien betebeharrak aplikatzekoak izango zaizkie haiekin lotuta egon diren instalazioen administrazioan lege-xedapen baten babesean jarduten dutenei, esleitutako eginkizunen zioz bidezkoa den heinean.

Xedapen iragankor bakarra. Jardunean diren ikerketa eta ustiapen instalazioak eta proiektuak.

Errege lege-dekretu hau indarrean jartzen denetik sei hilabeteko epea igaro baino lehen, bertan xedatutakoari egokitu beharko zaizkio hidrokarburo-hobietarako eta zorupeko biltegiratzeetarako ustiapen-emakiden titularrak eta itsas inguruneko operadoreak, bai eta hidrokarburoak ikertzeko baimenen titularrak eta itsas inguruneko operadoreak ere,

emakida eta baimen horiek indarrean badaude errege lege-dekretu hau indarrean jartzen denean; eta horiei lotutako proiektuak ere bai, itsas inguruneko eremuren bat barruan hartzen badute.

Itsas ingurunean lehendik dauden instalazioak ere errege lege-dekretu honetan xedatutakoari egokitu beharko zaizkio sei hilabeteko epean, berau indarrean jartzen denetik hasita.

Xedapen indargabetzaile bakarra. Arauak indargabetzea.

Errege lege-dekretu honetan xedatutakoaren aurkakoak diren maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak indargabeturik geratzen dira.

Azken xedapenetatik lehena. Eskumen-titulua.

Errege lege-dekretu hau Konstituzioaren 149.1 artikuluko 13., 18., 20. eta 25. arauen babesean emana da. Artikulu horiek eskumen esklusiboa aitortzen diote Estatuari gai hauen gainean, hurrenez hurren: jarduera ekonomikoaren plangintza orokorraren oinarriak eta koordinazioa, administrazio-kontratu eta -emakidei buruzko oinarrizko legegintza, merkataritza-itsasketa, eta meatze- eta energia-araubidearen oinarriak.

Azken xedapenetatik bigarrena. Europar Batasuneko Zuzenbideko arauak txertatzea.

Errege lege-dekretu honek Espainiako ordenamendu juridikoan txertatzen du Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko ekainaren 12ko 2013/30/EB Zuzentarauaren zati bat; itsas zabalean burutzen diren petrolio eta gasarekin loturiko lanen segurtasunari buruzko zuzentaraua da hori, eta 2004/35/EE Zuzentaraua aldatzen du.

Azken xedapenetatik hirugarrena. Gastua ez handitzea.

Arau honetan jasotako neurriek ezingo dute zuzkidura-handitzerik eragin, ez eta ordainsariak edo bestelako langile-gastuak handitzerik ere.

Azken xedapenetatik laugarrena. Garatzea eta betearaztea.

1.Gobernuari baimena ematen zaio, bere eskumenen eremuan, errege lege-dekretu hau garatu eta betearazteko beharrezkoak diren erregelamenduzko xedapen guztiak eman ditzan.

2.Bereziki, errege lege-dekretu hau baliozkotzen denetik hiru hilabete igaro baino lehen, Gobernuak, Energia, Turismo eta Agenda Digitaleko ministroaren proposamenez, errege lege-dekretu honetan xedatutakoa garatuko duen errege-dekretua onartuko du.

Azken xedapenetatik bosgarrena. Indarrean jartzea.

Errege lege-dekretu hau indarrean jarriko da Estatuko Aldizkari Ofizialean argitara ematen den egunean bertan.

Madrilen, 2017ko azaroaren 17an.

FELIPE E.

Gobernuko presidentea,

MARIANO RAJOY BREY

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra