Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Administrazio zuzenbidea  >>  Legeria  >> Orokorra

17/2012 Errege Lege Dekretua, maiatzaren 4koa, ingurumen arloko premiazko neurriei buruzkoa

2012-05-04

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2012/5/5, 108. zk.

I.  XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

5989

17/2012 Errege Lege Dekretua, maiatzaren 4koa, ingurumen arloko premiazko neurriei buruzkoa.

Pertsonak eskubide konstituzionala du bere burua garatze aldera ingurumen egokiaz gozatzeko, eta, hala, eskubide horrek botere publikoak behartzen ditu ingurumena babesteko eta kontserbatzeko mekanismo eraginkorrak ezartzera. Helburu hori lortzeko modu bakarra giza jarduera ingurumenaren kontserbazioarekin bateragarri egitea da. Horretarako, ingurumen-legeek argiak izan behar dute, eta segurtasun juridikoa eman behar dute. Gaur egun, egiturazko erreforma sakonak ari dira gertatzen, ekonomia berpizteko eta enplegua sortzeko; eta, halako egoera batean, ezinbestekoa da gure ingurumen-legeetako zenbait alderdi lehenbailehen erreformatzea, aipatutako helburua lortzen laguntzeko, babes-printzipioa murriztu gabe.

Errege lege-dekretu honetan egiten den erreformaren xedea sinplifikazio administratiboa da, hau da, beren konplexutasuna dela eta ez-eraginkorrak diren esku-hartze mekanismoak, eta, are okerragoa, herritarrentzako jasateko zailak diren atzerapenak eta administrazio publikoen kudeaketarako zailtasunak eragiten dituzten mekanismoak desagerraraztea. Sustatzen ari garen ingurumen-arauen sinplifikazio eta arintze administratiboa, berez beharrezkoa izateaz gainera, ezinbesteko bidea da, Gobernuak premiazkotzat jo eta abian jarri dituen erreformei laguntzeko.

Erreforma horren abiapuntuko aurre-hipotesia zera da: ingurumen-arauen eraginkortasuna ezin da identifikatu planak, programak, baimenak eta aplikazio erreal eta praktiko zaileko bestelako neurriak elkarren ondoan ipintzearekin. Aurkakoa gertatzen da, hain zuzen: babesa eraginkorra izango bada, ezin da arau-gehiegikeriarik eta erretorikarik egon, atrofia eragiten baitute; eta arau argi eta sinpleak ezarri behar dira, ingurumena babesteko eta ingurumenean integratutako garapen bateragarria sustatzeko. Laburbilduz, ingurumen-legeek ere jasangarriak izan behar dute.

Helburu horiekin bat, ondare naturalari eta biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legea aldatu da, lege horren aplikazioak zenbait desdoikuntza utzi baititu agerian, eta horiek behar bezain azkar zuzendu behar baitira; izan ere, herritarrei beharrezkoak ez diren atzerapenak sortzen ari zaizkie, eta espazio babestuak eta Natura Sarea 2000 kudeatzeaz arduratzen diren administrazio publikoei, berriz, gainditzen zailak diren oztopoak. Horrela, zenbait babes-figura gainjartzen diren kasuetan, figura guztiak babes-tresna bakarrean finkatu eta bateratuko direla xedatu da. Halaber, babesa hiriguneen berezko garapen-beharrekin bateratzea bermatuko da horrela, hain zuzen ere, espazio naturalak planifikatuz. Premiazkoa da, gainera, abenduaren 13ko 42/2007 Legearen 45.5 artikuluan xedatutakoaren esparruan onartzen diren konpentsazio-neurriak Europako Batzordeari jakinarazteko prozedura bat erregelamenduz arautzea.

Era berean, aldaketak egin behar dira hondakinei eta lur kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean ere, araua aplikatzean anbiguotasuna, zehaztasun-falta eta segurtasun-falta eragiten zituzten karga administratiboak sinplifikatze eta murrizte aldera. Eta albait bizkorren konpondu behar da hori. Era berean, zehaztasun-falta eta segurtasun-falta juridikoa desagerrarazteko, ezinbestekoa zen tokiko erakundeek arlo horretan dituzten zehapen-eskumenak mugatzea, eta, hala, bildu eta kudeatu behar dituzten hondakinen esparruan zehapen-eskumenak izango dituztela xedatu da.

Lehortearen menturan, eta alde batera utzi gabe halako lehortean hartu beharreko erabakiak, errege lege-dekretu honek aurrea hartu eta zenbait neurri sartzen ditu kudeaketa eraginkor eta koordinatu baten bitartez uraren erabilera egokiagoa lortzearren, kudeaketa horren funtsezko printzipiotzat arro baten kudeaketa ezarriz.

Uraren erabilera eta kudeaketa arrazionalizatzeko, Uraren Esparruari buruzko 2000ko urriaren 23ko 2000/60/EE Zuzentarauan lurpeko ur-masak eta horien egoera ona arautzen dira. Errege lege-dekretu honetako erregimenari esker, bizkor erreakziona daiteke lurpeko ur-masetan hautematen diren arazoen aurrean; gainera, malgutasun handiagoa dago jarduera-plan bat duten masetako uraren eskuragarritasuna kudeatzeko orduan.

Hala, errege lege-dekretu honek uren aprobetxamendu pribatuko eskubideak kontzesioeskubide bihurtzea sustatzeko neurriak dakartza, hautazko mekanismo gisa, gertaera meteorologiko eta hidrologiko kontrakoen kudeaketa errazteko eta hobetzeko, besteak beste.

Berariazko xedapen bat dakar Guadiana Garaiko Plan Bereziaren lurralde-eremuan eskubideak lagatzeari buruz. Xedapen hori urgentziaz aplikatuz gero, akuiferoa berriro hondatzea saihestuko da, eta eratorritako nekazaritza-instalazioen jasangarritasunari eutsiko zaio; halaber, uren erabileraeskubideak berrantolatuko dira, akuiferoak lehengoratzeari begira.

Bestalde, errege lege-dekretu honek uren gaineko gaietan zigortzeko gaitasuna indartzen du, eta hori ezinbestekoa da legedia substantiboa behar bezala aplikatzeko. Eta erabat beharrezkoa eta premiazkoa zen hori, Auzitegi Gorenaren Administrazioarekiko Auzietarako Salak urtarrilaren 16ko MAM/85/2008 Agindua (jabari publikoko urguneetako kalteak balioesteko irizpide teknikoak eta hondakin-uren isurpenetako laginak eta analisiak hartzeko arauak ezartzen ditu) partez ezeztatutzat eman ostean (2011ko azaroaren 4an eman zuen epaia, 6062/2010 zenbakidun kasazio-helegitea ebatziz). Hala, Uren Legearen Testu Bateginean sartzen dira, ondorengo erregelamenduzko garapenari eragin gabe, jabari publikoko urguneetan eragindako kalteak balioesteko kontuan hartuko diren irizpide orokorrak, arau-haustea kalifikatzeko ezinbestekoak baitira. Azken batean, zehatzeko ahala erabiltzeko aukera bermatzen da horrela, legezkotasunprintzipioa erabat errespetatuz (Konstituzioko 25. artikulua), lege-erreserbaren eta tipikotasunaren alderdi bikoitzean.

Abuztuaren 26ko 12/2011 Errege Lege Dekretuak hamalaugarren xedapen gehigarria gehitu zuen Uren Legearen Testu Bateginean, zenbait autonomia-erkidegori jabari publikoko urguneetako polizia gisa jarduteko gaitasuna ematearren hainbat erkidegotan zehar doazen arroetan, eta ebazpenproposamena iritsi arte autonomia-erkidegoen jarduerek eragin ditzaketen prozedurak izapidetu ahal izateko. Horregatik, beharrezkoa da lege-erreforma honen ondorioz erkidegoen arteko arro hidrografikoen kudeaketa bakarraren printzipioa —Auzitegi Konstituzionalak 227/1988, 161/1996 eta 30 eta 32/2011 epaietan printzipio konstituzionaltzat onartzen du— aldatzeko aukera saihestea.

Halaber, beharrezkoa da xedapen gehigarri horren ondorioz gaituta geratzen diren autonomiaerkidegoek gai horren gainean egin dituzten edo egin ditzaketen erregelamenduzko garapenen berri jakitea.

Beste alde batetik, laugarren artikuluak Europako Batzordearen 2011ko azaroaren 23ko 1210/2011 (EB) Erregelamenduan du jatorria; erregelamendu horrek 1031/2010 (EB) Erregelamendua (Enkanteen erregelamendua) aldatzen du, 2013a baino lehen enkantean jarri beharreko berotegi-efektuko gasen igorpen-eskubideen bolumena zehazteko, bereziki. Arau horren arabera, 2012an berotegi-efektuko gasen igorpen-eskubideen 120 milioiko bolumena jarri behar da enkantean guztira, Europar Batasun osoan. Erregelamenduaren I. eranskinean, estatu kide bakoitzak enkantean jarri beharreko bolumena xehakatzen da, eta, zehazten da ezen Espainiari, 2012an, 10.145.000 eskubide enkantean jartzea egokituko zaiola. Oso aurreratuta daude behinbehineko plataforma erkidea kontratatzeko lanak —enkanteak egiteko behin betiko plataforma esleitu arte erabiliko da— , eta uste da enkanteak berehala has daitezkeela.

Hala, Balore-merkatuari buruzko uztailaren 28ko 24/1988 Legea aldatzen duen laugarren artikuluak beharrizan jakin bati erantzuten dio: hain zuzen, Enkanteen Erregelamenduko 43. artikuluak ezarritakoari jarraituz, estatu kideek ziurtatu behar dute 2003/6/EE Zuzentarauko 14. eta 15. artikuluak —informazio pribilegiatuarekin egindako eragiketei eta merkatuaren manipulazioari buruzko zuzentaraua— zeinek bere ordenamendu juridikoan txertatzeko onartzen dituzten neurriak erregelamenduaren 37. artikulutik 42. artikulura artekoak ez betetzearen ardura duten pertsonei aplikatzen zaizkiela; erregelamendu horretan, finantza-tresnez bestelako enkante-produktuei merkatuan nagusitasunaz abusatzea dela-eta aplika dakiekeen araubidea ezartzen da, estatu kidearen lurraldean edo haren lurraldetik kanpo egindako enkanteei dagokienez. Ondorioz, beharrezkoa da araudi bat garatzea finantza-entitateek enkanteetara beren izenean edo bezeroen izenean joateko aukera izan dezaten, Balore Merkatuaren Estatuko Batzordeak merkatuan nagusitasunaz abusatzearekin lotutako jokabideen kasuan ikuskaritza-, berrikuspen- eta zigorahalmenak izan ditzan, jokabide horiei aplika dakizkiekeen arau-hausteak zehaztu daitezen eta, horrez gain, eskudirutako kontratuen bidez gauzatutako jardueretan merkatuko nagusitasunaz abusatzen den kasuetarako aurreikusitako araubidea bermatzearren Balore Merkatuaren Estatuko Batzordearen eta beste erakunde eskudun batzuen arteko lankidetza-betebeharrak txerta daitezen.

Azken batean, errege lege-dekretu honetan jasotzen den balore-merkatuari buruzko uztailaren 28ko 24/1988 Legean aldaketa egiteko arrazoia izan da eskubide-enkanteen berehalako hasieraren aurrean Espainiako finantzen legedia egokitu beharra. Horrexegatik, hain zuzen, neurri hori hartuz gero, beharrezkoa da errege lege-dekretuaren prozedura baliatzea, premia aparteko eta ezohikoaren kasurako Espainiako Konstituzioaren 86. artikuluak ezartzen dituen baldintzak betez.

Beraz, Espainiako Konstituzioaren 86. artikuluan jasotzen den baimena erabiliz, Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak proposatuta eta Ministro Kontseiluak 2012ko maiatzaren 4ko bileran eztabaidatu ondoren, hauxe XEDATZEN DUT: Lehen artikulua.  Uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Uren Legearen testu bategina aldatzea. da:

Uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretua aldatu egiten da, eta honela geratzen Bat.  28. artikuluko f) idatz-zatia aldatu egiten da, eta honela geratzen da idatzita:

«f) Lehengoratzeko jarduera-programa bat onartuz 56. artikuluaren arabera, lurpeko uren masak egoera kuantitatibo edo kimiko ona ez lortzeko arriskuan direla deklaratzea, bai eta egoera ona arriskuan jar dezaketen joerak zuzentzeko neurriak ere; hargatik eragotzi gabe beste herri-administrazio batzuei dagozkienak.» Bi.  56. artikulua aldatu egiten da, eta honela geratzen da idatzita:

«56. artikulua.  Egoera kuantitatibo edo kimiko ona ez lortzeko arriskuan diren lurpeko ur-masak.

1.  Gobernu Batzordeak, Uren Kontseiluari galdetu beharrik izan gabe, lurpeko ur-masa batek egoera kuantitatibo edo kimiko ona ez lortzeko arriskua duela deklaratu ahal izango du, eta, kasu horretan, honako neurri hauek hartuko dira:

a)  Sei hilabeteko epean, arro horretako erakundeak erabiltzaileen komunitate bat eratuko du, lehendik halakorik ez badago, edo haren funtzioak interes bateratuak ordezkatzen dituen erakunde bati esleituko dizkio, aldi baterako.

b)  Erabiltzaileen komunitateari galdetu ostean, Gobernu Batzordeak, deklarazioa egin zuenetik hasita gehienez ere urtebeteko epean, jarduera-programa bat onartuko du ur-masa bere onera ekartzeko, eta 92. quater artikuluan aipatzen den neurri-programan sartuta egongo da jarduera-programa hori. Jarduera-programa onartu bitartean, ateratze-mugak ezarri ahal izango dira, eta uraren kalitatea babesteko beharrezkoak diren kautela-neurriak ere ezarri ahal izango dira.

2.  Jarduera-programak ateratze-erregimena antolatuko du, baliabideak zentzuz ustiatzeko, eta, horrela, lurpeko ur-masak egoera onean edukitzeko eta horiei loturiko ekosistemak babesteko eta hobetzeko; horretarako, besteak beste, honako neurri hauek ezarri ahal izango ditu:

a)  Lehendik dauden banako hartuneak komunitate-hartuneekin ordezkatzea, hala dagokionean, banako tituluak eta horien berezko eskubideak titulu kolektibo bihurtuz; horretarako, jarduera-programan xedatutakoa bete beharko du.

b)  Lurpeko ur-masari kanpo-baliabideen ekarpena egiteko bidea aurreikustea; kasu horretan, ur-masa horretako baliabideak eta kanpoan daudenak elkarrekin ustiatzeko irizpideak ere zehaztuko dira.

c)  Perimetro bat ezartzea, eta perimetro horren barruan lurpeko uren gaineko kontzesio berririk ezin ematea, IV. tituluko IV. kapituluan xedatutakoarekin bat eta zazpigarren xedapen gehigarrian aurreikusitakoa kontuan hartuta, lehendik dauden kontzesioen titularrek erabiltzaileen komunitatea osaturik dutenean izan ezik.

d)  Lurpeko ur-masak babesteko perimetroak zehaztea; horietan, baimena beharko da azpiegitura-lanetarako, agregakinak ateratzeko edo eremu horretan eragin dezaketen bestelako jarduera eta instalazioak gauzatzeko; legeria sektorialaren arabera beharrezkoak diren beste baimenei ez die eragiten honek, noski. Mugaketa eta baldintza horiek lotesleak izango dira plangintza-tresnak taxutzean eta lizentziak ematean, lurralde-antolamenduan eta hirigintzan eskudunak diren herri-administrazioentzat.

3.  Jarduera-programak, bestalde, zehaztu beharko du zein egoeratan gainditu ahal diren ezarritako mugak aldi batez; egoera horietan, aukera izango da lurpeko ur-masa bateko baliabide eskuragarrien mugaren gainetik egiteko ateratzeak, ingurumen-helburuak betetzen direla bermatuta, betiere.

4.  Jarduera-programa aplikatzearen ondorioz lurpeko ur-masaren egoera hobetzen denean, arroko erakundeak, ofizioz edo alderdi batek eskatuta, aukeran izango du programaren mugak gutxika murriztea, eta, bolumen erabilgarria ere modu proportzional eta berdinean handitzea, baina, nolanahi ere, 92. artikuluan eta hurrengoetan aurreikusten diren ingurumen-helburu orokorren iraunkortasuna arriskuan jarri gabe.» Hiru.  111. bis artikuluko lehen paragrafoa aldatu egiten da, eta honela geratzen da idatzita:

«1.  Administrazio publiko eskudunek, kostuak berreskuratzeko printzipioari erantzunez eta epe luzeko proiekzio ekonomikoak kontuan hartuta, mekanismo egokiak ezarriko dituzte uraren kudeaketarekin lotutako zerbitzuen kostuak – ingurumen- eta baliabide-kostuak barnean hartuta– azken-erabiltzaileei egozteko.» Lau.  111. bis artikuluko hirugarren paragrafoa aldatu egiten da, eta honela geratzen da idatzita:

«3.  Kostuak berreskuratzeko printzipioa aplikatzeko, kontuan hartuko dira ondorio sozialak, ingurumen-ondorioak eta ondorio ekonomikoak, eta baita lurralde bakoitzaren eta eragindako udalerrien ezaugarri geografiko eta klimatikoak ere, betiere, horrek ez baditu arriskuan jartzen ezarritako xedeak eta ingurumen-helburuak lortzea.

Zenbait erabileratan, kostuak berreskuratzeko printzipioari salbuespenak egin ahal izango zaizkio horretarako arrazoiak izanez gero, administrazio eskudunaren ebazpen baten bitartez (Estatuko Administrazio Orokorraren kasuan, Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumeneko ministroari dagokio), betiere, aipatutako ondorio eta baldintza horiek berak kontuan hartuta eta, nolanahi ere, dagozkien xedeak eta ingurumen-helburuak arriskuan jarri gabe. Horretarako, arroko erakundeek, hiru hilabeteko epean, nahitaezko txosten bat igorri beharko dute, ebazpena onartu baino lehen; txosten horretan, arrazoiak jasoko dira, eta argi utziko da, nolanahi ere, ez direla arriskuan jartzen planifikazio hidrologikoetan ezarritako xedeak eta ingurumen-lorpenak.» Bost.  117. artikuluko lehen paragrafoa aldatu egiten da, eta honela geratzen da idatzita:

«1.  Aipatutako arau-hausteak honela sailkatuko dira erregelamenduz: arinak, ez-larriak, larriak edo oso larriak, jabari publikoko urguneen egoeran eta aprobetxamenduan dituzten ondorioen, pertsona eta ondasunen segurtasunean duten eraginaren, arduradunaren inguruabarren, malezia-mailaren, partaidetzaren eta lortutako onuraren eta baliabidearen kalitatean eragindako kaltearen arabera; eta honako isun hauekin zigortu ahal izango dira: Arau-hauste arinak, 10.000,00 eurorainoko isunak.

Arau-hauste ez-larriak, 10.000,01 eurotik 50.000,00 eurora bitarteko isunak.

Arau-hauste larriak, 50.000,01 eurotik 500.000,00 eurora bitarteko isunak.

Oso arau-hauste larriak, 500.000,01 eurotik 1.000.000,00 eurora bitarteko isunak.

Sei.  117. artikuluan, bigarren paragrafo berri bat sartzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«2.  Oro har, jabari publikoko urguneetako eta lan hidraulikoetako kaltea balioesteko, haien balio ekonomikoa haztatuko da. Uraren kalitateari eragindako kalteen kasuan, isurpenak eragindako kutsadura saihesteko beharrezkoa izan den tratamenduaren kostua hartuko da kontuan, eta baita horrek ekarri duen arrisku-maila ere. Hori guztia, arauz ezartzen denarekin bat etorrita.» Zazpi.  117. artikuluko bigarren eta hirugarren paragrafoak hirugarren eta laugarren paragrafo bihurtuko dira, beraz, hurrenez hurren.

Zortzi.  Zazpigarren xedapen gehigarriko lehen idatz-zatia indargabetuta geratzen da.

Bederatzi. Indargabetuta geratzen da hamalaugarren xedapen gehigarria.

Hamar.  Hamalaugarren xedapen gehigarri berria sartzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«Hamalaugarren xedapen gehigarria.  Guadiana Garaiko Plan Bereziaren esparruko eskubide-lagapena.

1.  Uren Erregistroan A eta C ataletan inskribatuta dauden edo Ur Pribatuen Katalogoan ageri diren ur-aprobetxamenduen titularrak, Guadiana Garaiko Plan Bereziaren esparruan, haren indarraldiari loturik, modu atzeraezinean eta osorik transmititu ahal izango dizkiete ur-aprobetxamenduak beste aprobetxamendu-titular batzuei, eta arroko erakundeak emandako kontzesioaren bitartez eskuratuko dira, Guadianako Plan Berezia onartzen duen urtarrilaren 11ko 13/2008 Errege Dekretuan ezarritako prozedurarekin bat, eta honako baldintza hauen arabera:

a)  Kontzesio bidez emandako ur-bolumena transmisioaren xede den bolumenaren ehuneko bat izango da. Ehuneko hori ingurumen-baldintzen eta baldintza teknikoen arabera zehaztuko da, eta, hala badagokio, baita ur-masaren egoera ona berreskuratzeko jardueraprogramari lotuta ere.

b)  Ura ureztatzeko erabili behar denean, ezin izango da handitu lagapen-hartzaileari dagoeneko onartu zaion azalera.

c)  Epe baterako emango dira, eta 2035eko abenduaren 31n amaituko da epe hori; une horretan, kontzesiodunak lehentasuna izango du kontzesio berria eskuratzeko.

2.  Aurreko paragrafoan ezarritako moduko eskubide-lagapena egiteko, aukeran izango da bideratze-azpiegiturarik gabe gauzatzea, lagatzailea eta lagapen-hartzailea lurpeko ur-masa berekoak direnean.

3.  Salbuespen gisa, kontzesio berriak eman ahal izango zaizkie nekazaritza- eta abeltzaintza-ustiategien titularrei, jarduera-programan ezarritako baldintzak betetzen badituzte; baina, horretarako, eskatzaileak behin betiko eskuratu behar du, xedapen gehigarri honetako 1. paragrafoan zehaztutakoarekin bat etorriz, zehaztutako bolumen osoa eta Guadianako Konfederazio Hidrografikoak ezartzen duen ehunekoa.» Hamaika.  Hamabosgarren xedapen gehigarri berria sartzen da. Hona hemen:

«Hamabosgarren xedapen gehigarria.  Neurriz gora ustiatutako akuiferoen erreferentziak.

Lege honetako artikuluetan neurriz gora ustiatutako akuiferoei egiten zaizkien aipamenak egoera kuantitatibo edo kimiko ona ez lortzeko arriskua duten lurpeko ur-masetan egindako ustiapenei dagozkie.» Hamabi.  Hirugarren bis xedapen iragankor berria sartzen da. Hona hemen:

«Hirugarren bis xedapen iragankorra.  Bigarren eta hirugarren xedapen iragankorretako hirugarren paragrafoa aplikatzeko xedapen orokorrak.

1.  Bigarren eta hirugarren xedapen iragankorretako hirugarren paragrafoak aplikatzeko, aprobetxamenduaren baldintzak edo araubidea aldatu egin direla onartuko da, besteak beste, putzuaren sakonera, diametroa edo kokapena aldarazten duten jarduerak badaude, edota, ureztaketa-aprobetxamenduaren kasuan, baliabidearen aplikazioeremuaren gainean erabilera, kokapena edo azalera aldatzen badira.

2.  Bigarren eta hirugarren xedapen iragankorretako hirugarren paragrafoetan aipatzen den kontzesioa alderdiak hala eskatuta emango da, proiektuen lehiaketako prozedurarik gabe; Plan Hidrologikoarekiko eta administrazio eskudunarekiko bateragarritasun-txostena eskatuko da, emango zaion erabileraren arabera; jendaurrean jarriko da, eta, erabiltzaileen komunitatea badago, txostena eskatuko zaio.

3.  Eman beharreko kontzesioak honako ezaugarri hauek izango ditu:

a)  Kontzesioaren epea ez da izango Uren Erregistroko C ataleko inskripzioan ezarritakoa baino txikiagoa, eta une horretan kontzesiodun denak izango du lehentasuna kontzesio berria lortzeko.

b)  Kontzesioak Arroko Uren Erregistroko C atalean aprobetxamenduari buruz ageri diren ezaugarriak jasoko ditu, aldatzen diren ezaugarriak –prozedura abiaraztea eragin dutenak– izan ezik; dena den, arroko erakundeak horien egokitasuna egiaztatu behar du aurrez.

4.  Kontzesio horretako lurpeko ur-masek 56. artikuluan aipatzen diren egoera oneko helburuak ez lortzeko arriskua dutela adierazi denean, jarduera-programan ezarritako mugen mende egongo da kontzesioa, edo, hala badagokio, lurpeko uren kalitatea babesteari edo ateratzeari buruz kasu horretarako ezartzen diren kautela-neurrien mende.

5.  Aprobetxamendu-baldintzak edo -araubidea aldatu badira, eta, arroko erakundeak baimena eman dezan, titularrak ez badio arroko erakundeari horren berri eman, arroko erakundeak interesdunari galdegingo dio eska eta lor dezala dagokion kontzesioa; hori, nolanahi ere, ez da eragozpen izango zehapen-prozedura aplikatzeko.Kontzesioa ematean azkendu egingo da une horretara arte onartutako ur pribatuen gaineko eskubidea.» Hamahiru.  Hamargarren xedapen iragankor berria sartzen da. Hona hemen:

«Hamargarren xedapen iragankorra. Eskubide pribatuak kontzesio-eskubide bihurtzea.

1.  Laugarren xedapen iragankorrean aipatzen diren Arroko Ur Pribatuen Katalogoan inskribatutako ur-aprobetxamenduen titularrek edozein unetan eskatu ahal izango dute arroko uren erregistroan inskribatzea eta, horretarako, dagokion kontzesioa ematea eskatuko dute.

2.  Kontzesioa emateko izapidea proiektu-lehiaketarik gabe gauzatuko da, eta, gainera, beharrezkoak izango dira Plan Hidrologikoarekiko bateragarritasunaren txostena eta emango zaion erabileraren arabera eskumena dagokion administrazioaren txostena, eta, orobat, jendaurrean jartzeko izapidea egitea eta, erabiltzaileen komunitatea izanez gero, hari ere txostena eskatzea.

3.  Kontzesioak honako ezaugarri hauek izango ditu:

a)  Kontzesioaren bukaera 2035eko abenduaren 31 izango da, eta, une horretan, kontzesiodunak lehentasuna izango du kontzesio berri bat lortzeko.

b)  Aprobetxamenduak Arroko Ur Pribatuen Katalogoan dituen ezaugarriak aipatuko ditu, batez ere uraren erabilerari dagozkionak, eta arroko erakundeak egiaztatu beharko du ezaugarri horiek egiazkoak direla.

4.  Dena den, kontzesio-eskaera hori egoera ona ez lortzeko arriskua adierazita duten lurpeko ur-masei dagokienean eta lurpeko ur-masa horiek 56. artikuluan aipatzen den jarduera-programa dutenean, kontzesio hori aipatutako programan ezarritako mugen mende egongo da. Jarduera-programarik onartuta ez dagoenean, ezin izango da eskatu eskubidea eraldatzeko.

Bigarren artikulua.  Ondare naturalari eta biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legearen aldaketa.

Ondare naturalari eta biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legea aldatu egiten da, eta honela geratzen da idatzita: Bat.  28. artikuluko 2. paragrafoa aldatu egiten da, eta honela geratzen da idatzita:

«2.  Toki berean espazio babestuen figura desberdinak gainjartzen badira, espazio horietako erregulazio-arauak eta planifikazio-mekanismoak koordinatu egin behar dira dokumentu integratu bakar batean bateratzeko, kategoria bakoitzaren arabera aplika daitezkeen erregimenek osotasun koherente bat osa dezaten.» Bi.  45. artikuluko 1. ataleko a) letra aldatu egiten da, eta honela geratzen da idatzita:

«a)  Kudeaketa-plan edo -tresna egokiak, toki bakoitzerako espezifikoak edo beste garapen-plan batzuetan integratuak, gutxienez tokia kontserbatzeko helburuak eta espazioei kontserbazio-egoera egokian eusteko neurri egokiak dakartzatenak. Plan horiek kontuan hartu beharko dituzte lurralde osoa edo lurraldearen ehuneko handi bat toki horietan duten udalerrien beharrak.» Hiru.  Azken xedapenen arteko zortzigarrena aldatu egiten da, eta honela geratzen da idatzita:

«1.  Gobernuak, bere eskumenen esparruan, lege hau garatzeko beharrezko xedapenak emango ditu.

Zehazki, Gobernuak gaitasuna izango du eranskinetan aldaketak egiteko eta, beraz, erkidegoko araudiak aldaketak egiten dituenean, horien arabera egokitzeko.

2.  Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumeneko ministroak gaitasuna izango du, Natura Sarea 2000ko espazio babestuei buruzko informazio ofiziala autonomia-erkidegoen, Estatuko Administrazio Orokorraren eta Europako Batzordearen artean komunikatzeko prozedura erregelamenduz garatzeko, 42. eta 44. artikuluetan aipatzen denaren ildotik.

3.  Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumeneko ministroak gaitasuna izango du, 45.5

artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, Europako Batzordeari plan, programa edo proiektuetarako onartutako konpentsazio-neurriak jakinarazteko programa arautzeko eta, 45.

6.c artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, Europako Batzordeari aurrez kontsulta egiteko.

Hirugarren artikulua.  Hondakinei eta zoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen aldaketa.

Hondakinei eta zoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legea aldatu egiten da, eta honela geratzen da idatzita: Bat.  21. artikulua aldatu egiten da, eta honela geratzen da idatzita:

a)  21. artikuluko 1. paragrafoa aldatu egiten da, eta honela geratzen da idatzita:

«1.  Ingurumen-agintariek, dagokien eskumen-esparruan eta kalitate handiko berrerabilera eta birziklapenerako prebentzio- eta sustapen-printzipioei erantzunez, beharrezkoak diren neurriak ezarriko dituzte, produktuak berrerabiltzea sustatzeko lehentasun-sistemak eta berrerabilera eta birziklapenerako prestakuntza-jarduerak ezar daitezen. Beste neurri batzuen artean, berrerabil daitezkeen hondakinak biltegiratzeko tokiak ezartzea eta berrerabiltze-sare eta -zentroak ezartzeko laguntza ematea sustatuko dira.

Halaber, berrerabiltzeko prestatutako produktuak eta produktu birziklatuak sustatzeko neurriak bultzatuko dira, kontratazio publikoaren bidez eta kudeaketa-planetako helburu kuantitatiboen bitartez.» b)  2. paragrafoa ezabatu egiten da.

c)  3, 4, 5 eta 6 paragrafoak 2, 3, 4 eta 5 paragrafoak bihurtzen dira, hurrenez hurren.

Bi.  25. artikuluko 3. paragrafoa aldatu egiten da, eta honela geratzen da idatzita:

«3.  Hondakinak –ezabatzearren– leku batetik bestera eramango dituzten langileek jakinarazpen bat aurkeztu behar diete aldez aurretik jatorriko eta helmugako autonomiaerkidegoetako agintari eskudunei.

Halaber, nahastutako etxe-hondakinak, hondakin arriskutsuak eta arauz zehaztutako hondakinak leku batetik bestera baloratzeko eramango dituzten langileek jakinarazpen bat aurkeztu behar diete aldez aurretik aipatutako agintariei.

Jakinarazpenak orokorrak izan daitezke, eta arauz zehaztutako iraupena izango dute, edota lekualdaketa zehatzei buruzkoak izan daitezke.

Lege honen ondorioetarako, langiletzat joko da hondakinen lekualdaketei buruzko 2006ko ekainaren 14ko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1013/2006 Erregelamenduak 2.15 artikuluan jakinarazle gisa definitzen duena.» Hiru.  31. artikuluko bigarren ataleko d) letra aldatu egiten da, eta honela geratzen da idatzita:

«d)  Produktu edo hondakin batzuk kudeatzeko modurik egokiena haien ezaugarrien arabera sistema zehatz bat ezartzea denean, edo indarreko legedian zehaztutako kudeaketahelburuak betetzen ez direnean, biltegiratuta utzitako kopuruak berriro erabiltzeko edota baloratzeko edo ezabatzeko zailak diren hondakinei dagokienez, tratatu ahal izateko itzuliko direla bermatzen duten biltegiratze-sistemak ezartzea.» Lau.  31. artikuluko hirugarren paragrafoan azken paragrafo bat txertatzen da:

«Hondakinak biltegiratzeko, itzultzeko eta bihurtzeko sistemak borondatez ezarriko dira, 31.2.d) artikuluan jasotzen diren kasuen mugarekin.» Bost.  32. artikuluko 3. paragrafoa aldatu egiten da, eta honela geratzen da idatzita:

«3.  Erantzukizun hedatuaren ondorioz sortutako betebeharrak betetzeko sistema kolektibo bat aukeratzen duten ekoizleek elkarte bat eratuko dute, elkartzeko eskubidea erregulatzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoan aurreikusitakoetako bat, hain zuzen, edota nortasun juridikoa duen irabazi asmorik gabeko erakunde bat. Ekoizle berriak irizpide objektiboen arabera onartuko dira. Partaide bakoitzaren boto-eskubidea tarteen bidez zehaztuko da, partaide guztiek orotara merkatuan jartzen dituzten produktuekin alderatuta partaide horrek jartzen dituen produktuen kopuruaren arabera.

Sistema kolektiboek baimena eskatu behar dute beren jarduerari ekin aurretik.

Eskaeraren eduki minimoa X. eranskinean xedatutakoa izango da, eta sistema horrek bere egoitza soziala ezarriko duen autonomia-erkidegoko organo eskudunari aurkeztu beharko zaio eduki minimo hori.

Espedientean agiri guztiak daudela egiaztatu ondoren, baimen-eskaera hondakinei buruzko koordinazio-batzordeari bidaliko zaio, autonomia-erkidegoaren ebazpena izan aurretik hark bere txostena egin dezan. Autonomia-erkidegoak, hala badagokio, baimena emango du, eta jarduera horretarako baldintzak ere finkatuko dira baimen horretan. Baimena Estatuko lurralde osoan izango da baliozkoa, eta hondakinen kudeaketa eta ekoizpenerako erregistroan inskribatuko da. Jarduera horretarako baldintzek eta baimenak bat etorri behar dute zerbitzuen eskuragarritasun- eta erabilera-askatasunari buruzko azaroaren 23ko 7/2009 Legearen 9. artikuluan aurreikusten diren printzipioekin. Baimena izapidetzeko gehienezko epea sei hilabetekoa izango da, eta luzatzeko aukera ere izango da, espedientearen konplexutasunaren ondorioz horretarako arrazoiak badaude; luzapen hori behin bakarrik eskatu ahal izango da, aldi mugatu baterako, hain zuzen, eta hasierako epea amaitu aurretik.

Epea igaro bada eta ez bada berariazko ebazpenik jakinarazi, aurkeztutako eskaera bertan behera utzi dela ulertuko da.

Baimenaren edukia eta indarraldia erregulazio espezifikoek ezarriko dute. Indarraldirik adierazten ez denean, baimenak bost urteko iraupena izango du, eta atal honetan ezarritakoa betez berrituko da. Baimena ezin izango zaie transmititu hirugarrenei.

Baimenen indarraldian, hondakinen arloko koordinazio-batzordeak dagozkion jarraipenjarduerak egin ahal izango ditu, baimenak eta jarduera-baldintzak betetzen diren ikusteko.» Sei.  49. artikuluko 3. artikulua aldatu egiten da, eta honela geratzen da idatzita:

«3.  Baldin eta, 12.5 artikuluarekin bat etorriz, tokiko erakundeei hondakin batzuk biltzea eta kudeatzea egokitzen zaienean, hondakin horiek abandonatzen, botatzen edo kontrolik gabe desagerrarazten badira, edota tokiko ordenantzetan aurreikusten diren baldintzak bete gabe entregatzen badira, zehatzeko ahalmena tokiko erakundeetako titularrei dagokie.» Zazpi.  Laugarren xedapen iragankorra aldatu egiten da, eta honela geratzen da idatzita:

«1.  Lege hau indarrean sartzean lehendik zeuden hondakinak kudeatzeko sistema integratuak hondakinei buruzko apirilaren 21eko 10/1998 Legean aurreikusitakoaren arabera arautuko dira, eta baita hondakin-fluxu bakoitzerako erregulazio-arauen arabera ere. Baina sistema horiek lege honetan ezarritakoari egokitu behar zaizkio, aipatutako erregulazioxedapen horiek egokitzen dituzten arauak indarrean sartu eta urtebeteko epean.

2.  Erantzukizun hedatuko sistemak direnean eta horiei dagokien baimen-eskaera lehen atalean aipatzen diren egokitzapen-arauak indarrean sartu aurretik aurkeztu denean, sistema horiek aurreko paragrafoan aurreikusitako erregimen juridikoaren mende geratuko dira.» Zortzi.  X. eranskineko 7. paragrafoa aldatu egiten da, eta honela geratzen da idatzita:

«7.  Erantzukizun hedatuko sistema kolektiboaren barneko funtzioekin eta administrazio publikoei informazioa ematearekin lotutako jarduerak gauzatzen dituzten langileen datuak biltzeko prozedura.» Laugarren artikulua.  Balore-merkatuari buruzko uztailaren 28ko 24/1988 Legearen aldaketa.

Balore-merkatuari buruzko uztailaren 28ko 24/1988 Legean 21. xedapen gehigarria erantsi da, eta honela geratzen da hitzez hitz:

«Hogeita batgarren xedapen gehigarria.

1.  Inbertsio-zerbitzuak ematen dituzten enpresek eta Inbertsio-zerbitzuak emateko baimena duten kreditu-erakundeek, 63.1 artikuluan jasotzen diren jarduerak gauzatzeaz gain, eskaintzak aurkeztu ahal izango dituzte beren bezeroen izenean berotegi-efektuko gasak igortzeko eskubideei dagozkien enkanteetan –betiere, finantza-tresnak ez badira– berotegi-efektuko gasak igortzeko eskubideen enkanteen egutegiari, kudeaketari eta beste alderdi batzuei buruzko 2010eko azaroaren 12ko Europako Batzordearen 1031/2010 (EB) Erregelamenduan aipatzen denarekin bat etorriz, eta Europako Erkidegoan berotegi-efektuko gasak igortzeko eskubideen merkataritzarako erregimena ezartzen duen Europako Parlamentuaren eta Batzordearen 2003/87/EE Zuzentaraua betez. Horretarako, 66. artikuluan aipatzen den jarduera-programan sartu behar da jarduera hori.

2.  Balore Merkatuaren Estatuko Batzordea izango da gure lurraldean berotegi-efektuko gasak igortzeko eskubideen enkanteei buruzko 1031/2010 (EB) Erregelamenduko 37. artikulutik 42. artikulura bitartekoak betetzen ez dituzten pertsonak zehatzeko ahalmena duena, betiere, ez badira gure lurraldean edo lurraldetik kanpo gauzatutako finantza-tresnak.

3.  Aurreko paragrafoan xedatutakoa bete ahal izateko, Balore Merkatuaren Estatuko Batzordeak arau horretan aurreikusitako ikuskatze- eta berrikuste-ahalmenak izango ditu.

4.  1031/2010 (EB) Erregelamenduko 37. artikulutik 42.era bitartekoak betetzen ez badira, lege horretako VIII. tituluko II. kapituluan aurreikusten den zigor-erregimena aplikatuko da, informazio pribilegiatuarekin garatutako eragiketei edo merkatu-manipulazioa eragin dezaketen eragiketei buruzkoa, hain zuen, eta honako berezitasun hauek hartuko dira kontuan:

a)  99. artikuluko ñ) atalean eta 100. artikuluko m) atalean xedatutakoa salbuespen izango da.

b)  99. artikuluan edo bis) puntuan jasotzen den zehaztapena 81.4. artikuluari, 83.1 d) artikuluari eta 83.2 artikuluari dagokie soilik.

c)  100 x ter) artikuluko zehaztapena 81.4. artikuluari, 83.1 d) artikuluari eta 83.2

artikuluari dagokie soilik, eta enkante-plataformak eta enkanteak ikuskatzen dituzten erakundeak dira subjektu behartuak.

d)  100. artikuluko x) atalean jasotzen den zehaztapena 81. artikuluari dagokio soilik, 3. paragrafoa salbuespentzat hartuta.

5.  1031/2010 (EB) Erregelamenduko 59. artikuluan aipatzen diren jokabide-arauak ez betetzea oso arau-hauste larria izango da, eta baita erregelamendu horretako 42.4 artikuluan aipatzen diren egiturazko xedapenak onartzeko betebeharra ez betetzea ere, informazio pribilegiatuko jarduera zehatz batean gertatu baldin bada.

1031/2010 (EB) Erregelamenduko 42.4 artikuluan aurreikusten diren neurriak behar bezala ez onartzea arau-hauste larria izango da.

6.  Balore Merkatuaren Estatuko Batzordeak Europar Batasuneko beste agintaritza eskudun batzuekin, enkante-plataformekin eta enkanteak ikuskatzen dituen erakundearekin lankidetzan jardungo du, 1031/2010 (EB) Erregelamenduan ezarritako funtzioak gauzatzeko beharrezkoa den guztietan eta erregelamendu horretan arautzen diren gai eta baldintzei dagokienez.

7.  Balore Merkatuaren Estatuko Batzordeak agintaritza eskudunei enkanteplataformekin eta enkanteak ikuskatzen dituen erakundearekin eman beharreko informazioak salbuetsi egin dira 90. artikuluan erregulatzen den sekretu-betebeharretik, 1031/2010 (EB) Erregelamenduaren araberako igorpen-eskubideen enkanteei dagokienez.

8.  Aurreko ataletan aurreikusten denerako, aplikagarriak izango dira 1031/2010 (EB) Erregelamenduko 37. artikuluan informazio pribilegiatuari eta merkatu-manipulazioari buruz jasotzen diren definizioak.» «Xedapen iragankor bakarra.  Neurriz gora ustiatutako lurpeko baliabide hidraulikoen erregimen iragankorra.

1.  Errege lege-dekretu hau indarrean sartzen den unean neurriz gorako ustiaketa-adierazpen baten eraginpean dauden lurpeko uren kasuan, aurreko legediaren bidez arautuko dira, Uren Legearen Testu Bateratuko artikuluetan xedatutakoarekin bat etorriz, lurpeko masa adierazpena eta, ondorioz, jarduera-programaren onarpena izan arte. Errege lege-dekretu hau indarrean sartu aurretik lurpeko urak neurriz gora ustiatutako lurpeko ur gisa deklaratu direnean, baina oraindik urak ateratzeko Antolamendu Planik ez dutenean, Uren Legearen Testu Bategineko 56.1 artikuluko b) letran aurreikusitako jarduera-plana idatzi eta onartu behar da, agindu horretan aurreikusten den epean, errege lege-dekretu hau indarrean sartzen den unetik zenbatzen hasita.

Azken xedapenak. Lehenengoa.  Eskumen-titulua.

1.  Lehen artikulua idatzi da Konstituzioaren 149.1 artikuluko 22. klausulako bat, bederatzi eta hamar ataletarako, 13. klausulako bi, zortzi eta hamaika ataletarako eta 18. klausulako hirutik seira bitarteko ataletarako eta hamabi eta hamahiru ataletarako Estatuari esleitzen zaion eskumenaren babesean.

2.  Laugarren artikulua, balore-merkatuari buruzko uztailaren 28ko 24/1988 Legea aldatzen duena, Konstituzioaren 149.1 artikuluko 6., 11. eta 13. arauetan xedatutakoaren babesean idatzi da.

3.  Xedapen iragankor bakarra Konstituzioaren 149.1 artikuluko 13. klausulan –jarduera ekonomikoaren plangintza orokorreko oinarri eta koordinazioari buruzkoa– ageri den gaikuntzaren babesean idatzi da.

Azken xedapenak. Bigarrena.  Europar Batasunaren Zuzenbidea garatzea.

Balore-merkatuari buruzko uztailaren 28ko 24/1988 Legearen hogeita batgarren xedapen gehigarria eransten duen errege lege-dekretu honen laugarren artikulua berotegi-efektuko gasak igortzeko eskubideen enkanteen egutegiari, kudeaketari eta beste alderdi batzuei buruzko 2010eko azaroaren 12ko Europako Batzordearen 1031/2010 (EB) Erregelamendua garatzeko idatzi da, Europako Parlamentu eta Batzordearen 2003/87/EE Zuzentarauarekin –Europako Erkidegoan berotegi-efektuko gasak igortzeko eskubideen merkataritzarako erregimena ezartzen du– bat etorriz.

Azken xedapenak. Hirugarrena.  Indarrean sartzea.

Errege lege-dekretu hau «Estatuko Aldizkari Ofizialean» argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

Madrilen, 2012ko maiatzaren 4an.

JUAN CARLOS E.

Gobernuko Presidentea, MARIANO RAJOY BREY

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra