Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Administrazio zuzenbidea  >>  Legeria  >> Orokorra

18/2015 Legea, uztailaren 9koa, Sektore Publikoko Informazioa Berrerabiltzeari buruzko azaroaren 16ko 37/2007 Legea aldaraztekoa

2015-07-09

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2015/07/10, 164. zk.

bcl_1863521292.htm

I. XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

7731 18/2015 Legea, uztailaren 9koa, Sektore Publikoko Informazioa Berrerabiltzeari buruzko azaroaren 16ko 37/2007 Legea aldaraztekoa.

FELIPE VI.a

ESPAINIAKO ERREGEA

Honako hau ikusten eta ulertzen duten guztiei.

Jakizue: Gorte Nagusiek honako lege hau onetsi dutela eta Nik berretsi egiten dudala.

HITZAURREA

Sektore publikoko administrazio publikoek eta organismoek sortzen duten informazioa bitarteko garrantzitsua da jakintzaren ekonomia sustatzeko. Horrela, sektore publikoko informazioa xede pribatuetarako edo merkataritza-xedeetarako berrerabiltzeak eta erabilgarri jartzeak informazioa eragile ekonomikoen eta herritarren esku geratzea errazten dute, hazkunde ekonomikoa, gizarte-konpromisoa eta gardentasuna sustatzeko helburuarekin.

Sektore publikoko informazioaren eskuragarritasuna sustatzeko asmoz, Sektore Publikoko Informazioa Berrerabiltzeari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2003ko azaroaren 17ko 2003/98/EE Zuzentarauak pertsona fisikoek edo juridikoek berrerabiltzeko izan daitekeen informazioa tratatzearen inguruko gutxieneko arau eta irizpide homogeneo sorta bat finkatu zuen. Arau hori Sektore Publikoko Informazioa Berrerabiltzeari buruzko azaroaren 16ko 37/2007 Legea onartuta sartu zen gure ordenamendu juridikoan. Lege horren xedea sektore publikoko administrazioek eta organismoek egindako eta gordetako dokumentuen berrerabilpenean aplikagarria den araubide juridikoaren oinarrizko arauketa egitea da. Xedapen horren ardatz nagusia informazio publikoa berrerabiltzeko hautazko baimena ematea zen, eskatzaileei berdintasun-baldintzak bermatuz.

Hala ere, zuzentaraua ezarri zenetik –duela hamar urte baino gehiago–, eta azaroaren 16ko 37/2007 Legea onartu zenetik, aldaketa garrantzitsuak gertatu dira, hala sortutako informazio publikoaren bolumenari –esponentzialki handitu da– nola datuak aztertzeko, ustiatzeko eta tratatzeko erabiltzen diren teknologien aurrerapen mailari dagokionez, eta horrek datuak erabiltzeko, eransteko eta konbinatzeko zerbitzu eta aplikazio berriak hornitzea ahalbidetzen du.

Gizartean, era berean, informazio publikoaren balioaren inguruko kontzientziazio gero eta handiagoa dago, eta, horren ondorioz, merkataritzarekin lotutako eta lotu gabeko xedeetarako berrerabiltzeko interesa handitu egin da.

Bestalde, informazioaren elkarreragingarritasunean eta berrerabilpenean eragina duten arauak onartu dira, adibidez: administrazio elektronikoaren esparruan Elkarreragingarritasun Eskema Nazionala arautzen duen urtarrilaren 8ko 4/2010 Errege Dekretua. Dekretu horretan, elkarreragingarritasuna informazio-sistemek informazioa trukatzea ahalbidetzeko duten ahalmentzat hartzen da.

Halaber, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legeak jasotzen du publizitate aktiboaren eta Gardentasun Atariaren printzipio orokorretako bat informazio publikoa berrerabiltzea dela.

Testuinguru berri horretan, agerian geratu da sektore publikoko informazioaren berrerabilpen-araubidea eguneratu beharra dagoela; dela araudiak baduelako zer hobetu datuen mugaz gaindiko erabilera bultzatzeko, dela estatu kideetan arau ezberdinak onartzearen ondorioz sortutako oztopoak gainditu behar direlako. Horregatik, Sektore Publikoko Informazioa Berrerabiltzeari buruzko 2003/98/EE Zuzentaraua aldatzen duen

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko ekainaren 26ko 2013/37/EB Zuzentaraua onartzen da.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko ekainaren 26ko 2013/37/EB Zuzentarauaren helburuak honako hauek dira: sektore publikoko dokumentuetan oinarritutako informazio-produktuak eta -zerbitzuak sortzea ahalbidetzea, enpresa pribatuek eta herritarrek sektore publikoko dokumentuak mugaz gaindi modu eraginkorrean erabili ahal izatea bermatzea, eta informazioaren eta komunikazioaren zirkulazio askea sustatzea, segurtasun juridikoa errespetatuko dela, datu pertsonalak babestuko direla eta jabetza intelektuala eta industriala zainduko direla bermatuz.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko ekainaren 26ko 2013/37/EB Zuzentarauak sektore publikoko dokumentuen berrerabilpen-araubidean eragindako aldaketak Espainiako ordenamendu juridikoan txertatzeko egin da aldaketa-lege hau.

Lehenik eta behin, sektore publikoko administrazioek eta organismoek dokumentuen berrerabilpena baimentzeko daukaten betebehar argiari buruz zuzentarauak jasotako xedapenak biltzen ditu legeak, ordenamendu juridiko nazionalari jarraikiz eskuratze mugatua duten edo eskuratu ezin diren dokumentuak edo zuzentarauan aurreikusitako salbuespenen artean daudenak betebehar horretatik kanpo utzita. Aplikazio-eremuaren barruan, liburutegiak –unibertsitateetakoak barne–, museoak eta artxibategiak sartu dira, informazio-bitarteko bolumen handia baitaukate eta digitalizazio-proiektuak egiten ari baitira.

Bigarrenik, zuzentarauak sektore publikoko informazioa eskuragarri jartzeko baliatu beharreko formatuen araubidea hobetu du, eta, posible eta egoki den neurrian, makina batek irakurtzeko moduko formatu irekietan, metadatuak eta guzti, eskaintzea sustatzen du. Horrenbestez, makinek irakur ditzaketen formatuen eta formatu irekien definizioak jasotzen dira legean, bai eta elkarreragingarritasuna bermatzen duen arau formal irekiarena ere, besteak beste.

Hirugarrenik, legeak kostu marjinalen printzipioa gehitu du dokumentuak berrerabiltzeagatik ordaindu beharreko tarifen araubidearen kalkuluan, zuzentarauan ezarri baitira. Hala ere, atalase hori gainditzeko salbuespen batzuk jasotzen ditu. Alde batetik, artxibategi, museo eta liburutegiak –unibertsitateetakoak barne–, eta beste alde batetik, neurri batean diru-sarrerak sortzeko ahalmenaren mendeko aurrekontu-kredituak dauzkaten zentroak; informazioa aktibo nagusi duten organismo ofizial batzuk egoera horretan daude, hain zuzen.

Zuzentarauak, gainera, tarifen gardentasun-araubide bat bultzatzen du, bai eta horiek argitaratzeko bitarteko elektronikoak erabiltzea ere, eta, tarifen aurkako errekurtsoa jar daitekeela jasotzen du.

Laugarrenik, legeak bere egiten du zuzentarauak jasotzen duen lizentzia irekien erabilera sustatzeko betebeharra, sektore publikoko informazioa berrerabiltzeko lizentziek ahalik eta muga gutxien izan ditzaten.

Beste alde batetik, dokumentuak berrerabiltzeko akordio esklusiboen arloan –horiek saihestu egin nahi dira, lehia sustatzeko–, legeak, oro har, hamar urteko gehieneko muga izango duten akordio esklusiboen araubide berezia jasotzen du; hain zuzen, zuzentarauak kultur bitartekoetarako jasotzen duena, liburutegietan, museoetan eta artxibategietan kultur bitartekoak digitalizatzearen berezitasunak aintzat hartzeko, eta herritarrek kultur ondarea azkarrago eskuratu ahal izateko.

Azkenik, zuzentarauak jasotzen duenez, estatu kideek txosten bat egin beharko dute hiru urtean behin sektore publikoko informazioaren berrerabilpen mailari, hura eskuratzeko baldintzei eta errekurtsoen arloko praktikei buruz, eta Europako Batzordeari helarazi.

Xedapen gehigarri bat eransten da, Diruaren eta Zerga-zigiluaren Fabrika Nazionalaren euroko billeteen inprimategia Espainiako Bankuan jarri izanaren ondorioz; hala, barneinprimategia daukaten banku zentral nazionalen taldean sartu da azken hori. Europar Batasuneko Zuzenbidea aplikatuz, barne-inprimategiak Espainiako Bankuaren kontrolpean egon behar du; gainera, banku horrek Banku Zentralen Europako Sistemaren parte gisa jardungo du arlo horretan, eta, ondorioz, Europako Banku Zentraleko Gobernu Kontseiluak bakarrik izango du hala billeteen ekoizpenaren esparru juridikoa definitzeko nola ekoizpena

esleitzeko eskumena. Hori dela-eta, Fabrikaren funtzio batzuk Europako esparru instituzionalean sartuko direla aintzat hartu behar da, eta, beraz, Estatuko enpresa-sektore publikoaren parte izateari utziko diotela.

Lege hau oinarrizko legeria da, Konstituzioko 149.1.18 artikuluan xedatutakoaren arabera, lehenengo xedapen gehigarrian jasotakoa izan ezik.

Artikulu bakarra. Sektore Publikoko Informazioa Berrerabiltzeari buruzko azaroaren 16ko 37/2007 Legea aldatzea.

Aldatu egiten da Sektore Publikoaren Informazioa Berrerabiltzeari buruzko azaroaren 16ko 37/2007 Legea, eta honela idatzita geratzen da:

Bat. Aldatu egiten da 3. artikulua, eta honela idatzita geratzen da:

«3. artikulua. Aplikazio-eremu objektiboa.

1.Pertsona fisikoek edo juridikoek, asmo komertzialak izan edo ez, administrazioen edo sektore publikoko erakundeen esku dauden dokumentuak erabiltzea hartzen da berrerabiltzetzat, baldin eta erabilera hori administraziojarduera publiko bat ez bada. Berrerabiltzearen kontzeptutik kanpo geratzen dira administrazioek eta sektore publikoko erakundeek beren eginkizun publikoak betez egiten dituzten dokumentu-trukeak.

2.Lege hau sektore publikoko administrazioek eta organismoek egindako edo gordetako dokumentuei aplikatuko zaie, erakunde horiek espresuki berrerabiltze mugatukotzat jo dituzten dokumentuei izan ezik.

3.Lege hau ez zaie aplikatuko 2. artikuluan adierazitako sektore publikoko administrazioen eta erakundeen eskuetan dauden honako dokumentu hauei:

a) Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 37. artikuluaren, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legearen eta informazioa eskuratzeko eskubidea edo erregistroko publizitate espezifikoa arautzen dituzten gainerako arauen arabera eskuratzeko eskubideari dagokionez debekuak edo mugak dituzten dokumentuei.

b) Beren legedi espezifikoaren arabera defentsa nazionalari, Estatuaren segurtasunari eta segurtasun publikoaren babesari eragiten dieten dokumentuei; ez zaie aplikatuko, era berean, Zerga Administrazioak eta Gizarte Segurantzaren Administrazioak beren eginkizuna betez lortutakoei, estatistika-sekretupean daudenei, merkataritza-konfidentzialtasunaren mende daudenei –merkataritza, lan edo enpresa arloko sekretuak– eta, oro har, arau bati jarraikiz gordetzekoak, sekretupean uztekoak edo konfidentzialtasunez tratatzekoak diren jarduerekin lotutako dokumentuei.

c) Eskubide edo bidezko interes baten titularrek soilik eskura ditzaketen dokumentuei.

d) Legedia aplikagarriaren arabera, eta bereziki, dagokion zerbitzu publikoa sortzeko araudiaren arabera zerbitzu publikoko eginkizunekin zerikusirik ez duten sektore publikoko administrazioen eta organismoen eskuetan dauden dokumentuei.

e) Hirugarrenen jabetza intelektual edo industrialaren eskubideen mende dauden dokumentuei.

Dena dela, legeak ez die eragiten sektore publikoko administrazio eta organismoek dituzten jabetza intelektualaren eskubideei, ez eta eskubide horien jabetza izateari ere, eta ez du eskubide horiek lege honetan ezarritako mugetatik kanpo baliatzeko murrizketarik ezartzen. Berrerabiltzea errazteko moduan baliatu beharko dira sektore publikoko administrazio eta erakundeek dituzten jabetza intelektualaren eskubideak.

Aurreko lerrokadan jasotakoa aplikagarria izango da, halaber, jabetza intelektualari buruzko legedian xedatutakoaren arabera liburutegien –unibertsitateetakoak barne–, museoen eta artxibategien jabetza intelektualeko

eskubideen mende dauden dokumentuetan, bai eskubide horiek sortzaile gisa lortu badituzte, bai obraren gaineko eskubideen titulartasuna aipatutako legedian xedatutakoaren arabera transmititu bazaie. Azken kasu horretan, lagapenbaldintzetan zehaztutakoa errespetatu beharko da.

f) Irrati, telebista eta horien eskumendeko zerbitzu funtsezkoak kudeatzen dituzten erakundeek gordetako dokumentuei.

g) Estatuko hezkuntzaeta ikerketa-erakundeek (ikerketen emaitzak transferitzeko erakundeak, ikastetxeak eta unibertsitateak barne, unibertsitateetako liburutegiak alde batera utzita) eta museoek eta artxibategiek, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Estatuko Sistemaren gauzatze-eragile izanik, sortutako eta gordetako dokumentuei, betiere ikerketa baten emaitza baldin badira.

h) Liburutegiek –unibertsitateetakoak barne–, museoek eta artxibategiek ez beste kultur erakundeek sortutako edo gordetako dokumentuei.

i) Logotipoak, goiburuak eta ikurrak bakarrik dituzten dokumentu-zatiei.

j) Indarreko araudiaren arabera, datu pertsonalak babestu beharra dagoelaeta, eskuratze-araubideei jarraikiz eskuratu ezin diren edo eskuragarritasun mugatukoak diren dokumentuei, ez eta araubide horien arabera eskuragarriak diren dokumentuetatik datu pertsonalak jasotzen dituzten zatiei ere, baldin eta datu horiek berrerabiltzea, legez, pertsona fisikoak datu pertsonalen tratamenduari dagokionez babesteari buruzko legediarekin bateraezintzat jo baldin bada.

k) Sektore publikoko enpresek eta fundazioek legez esleitutako eginkizunak gauzatuz egindako dokumentuei eta estatutuetan jasotako xede soziala gauzatuz egindako komertzio, industria edo merkataritza arloko dokumentuei.

l) Sektore publikoko erakundeek sektore pribatuarekin elkarlanean egindako azterketei, finantzabide gisa hitzarmenak edo beste edozein tresna mota erabiliz.

4.Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legearen 5.3 eta 15. artikuluetan adierazitako haztapenaren emaitza datu pertsonalak babesteko oinarrizko eskubidea lehenestea bada, informazioa ezingo da inola ere berrerabili, non eta ez den aipatutako legeko 15.4 artikuluan adierazitako datuen disoziazioa egiten.»

Bi. Aldatu egiten da 4. artikulua, eta honela idatzita geratzen da:

«4. artikulua. Berrerabiltzearen administrazio-araubidea.

1.Sektore publikoko administrazioen eta organismoen dokumentuak berrerabilgarriak izango dira, lege honetan zehaztutako moduan.

2.Administrazio publikoek eta sektore publikoko erakundeek zainduko dute araudi honen mendeko dokumentuak merkataritzarekin lotutako edo lotu gabeko helburuetarako berrerabili ahal izango direla. Zehazki, honako modu hauetakoren batean egin ahal izatea:

a) Publikoaren esku baldintzarik gabe jarritako dokumentuak berrerabiltzea.

b) Publikoaren esku lizentzia-ereduetan finkatutako baldintzen arabera jarritako dokumentuak berrerabiltzea.

c) Dokumentuak aldez aurretik eskatuta berrerabiltzea, 10. artikuluan, edo kasuan kasu, autonomia-erkidegoko araudian jasotako prozeduraren arabera; kasu horietan, baliteke lizentzia batean zehaztutako baldintzak barne hartzea.

d) Akordio esklusiboak sinatzea 6. artikuluan jasotako prozeduraren arabera.

3.Lizentzietan jasotako baldintzek honako irizpide hauek errespetatu beharko

dituzte:

a) Argiak, bidezkoak eta gardenak izan beharko dute.

b) Ezingo dituzte berrerabiltzeko aukerak murriztu, ezta lehia mugatu ere.

c) Ezingo dira baztertzaileak izan berrerabiltzeko antzeko kategorietarako.

4.Sektore publikoko administrazio eta organismoek dokumentuak berrerabiltzeko lizentzia-ereduak eman ahal izango dituzte. Horiek euskarri digitalean eskuragarri egon beharko dute, eta elektronikoki prozesagarriak izan.

5.Sektore publikoko administrazio eta organismoek herritarrei informazioa behar bezala berreskuratzea ahalbidetzeko dokumentuen kudeaketa-sistemak sortuko dituzte, online eskuratzeko modukoak eta beste administrazio batzuek herritarren esku jarritako bestelako kudeaketa-sistema batzuekin lotuak. Halaber, eskura jarriko dituzte dokumentu berrerabilgarriak, metadatu eta guzti, bilatzeko tresna informatikoak, elkarreragingarritasun arloko arau teknikoetan zehaztutakoaren arabera, eta, posible eta egoki den heinean, dokumentu horiek online egongo dira, makina batek irakurtzeko moduko formatuan erabilgarri.

Bereziki, Estatuko Administrazio Orokorrak informazio publiko berrerabilgarriaren katalogo bat izango du, gutxienez Estatuko Administrazio Orokorraren eta hari atxikitako edo haren mendeko organismo publikoen esparruari dagokiona.

Ahal den neurrian, dokumentuak hainbat hizkuntzatan bilatzeko aukera emango

da.

6.Datu pertsonalak dituzten dokumentuak Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoaren arabera berrerabili beharko dira.

7.Datu multzoak erabiltzaileek edo berrerabiltzaileek erabiliko dituzte, erabileraren erantzukizuna eta arriskuak beren gain hartuz, eta erabilera horrek hirugarrenei kalteak sortuz gero, beraiek bakarrik erantzun beharko dute horren aurrean.

Administrazio eta erakunde publikoak ez dira berrerabiltzaileek informazioari ematen dioten erabileraren erantzule izango; era berean, berrerabilitako informazioa erabiltzeak sortzen dituen kalte edo galera ekonomikoen erantzule ere ez dira izango, ez eta horiek, zuzenean edo zeharka, eragin ditzaketen galera ekonomiko, material edo datu-galerena ere.

8.Sektore publikoko erakunde batek dokumentu bat berrerabilgarri uzteak ez du esan nahi berau ustiatzeko eskubideari uko egingo dionik, eta ez du eragotziko bertan agertzen diren datuak aldatzea, erakundearen eginkizunak edo eskumenak gauzatzearen ondorioz.

9.Era berean, ezingo da inola ere adierazi berrerabilitako informazioaren titular diren Estatuko sektore publikoko administrazio-organoek, organismoek eta erakundeek informazioaren berrerabiltze horretan parte hartzen dutenik, babesten dutenik edo laguntzen dutenik.»

Hiru. Aldatu egiten da 5. artikulua, eta honela idatzita geratzen da:

«5. artikulua. Berrerabiltzeko balia daitezkeen formatuak.

1.Sektore publikoko administrazioek eta erakundeek berrerabiltzekoa den dokumentazioa erabilgarri jartzeko eta berrerabiltze-eskaerak izapidetzeko bitarteko elektronikoak eta kanal anitzeko plataforma erabiltzea sustatuko dute, erabilgarri dituzten bitarteko teknikoekin bateragarria bada.

2.Sektore publikoko administrazioek eta organismoek beren dokumentuak existitzen den edozein formatutan edo hizkuntzatan utziko dituzte erabilgarri, baina era berean, posible eta egoki den neurrian, makina batek irakurtzeko moduko formatu irekietan, aurreko zenbakian adierazitakoari jarraikiz, metadatu eta guzti, zehaztasun eta desagregazio maila handienekin. Hala formatuak nola metadatuek, ahal den neurrian, estandar eta arau formal irekiak bete behar dituzte. Horrek ez du esan nahi sektore publikoko administrazioak eta organismoak dokumentuak sortzera, egokitzera edo dokumentu-laburpenak erraztera behartuta daudenik, horrek manipulazio sinple bat baino gehiago egitea eragiten duen neurrigabeko ahalegina eskatzen badu.

3.Lege honen arabera, sektore publikoko administrazio eta organismoei ezingo zaie exijitu dokumentu mota zehatz bat ekoizten eta gordetzen jarrai dezaten horiek berrerabiltzeko asmoarekin.

4.Eranskinean jasotako definizioak alde batera utzita, sektore publikoko administrazio eta organismoek dokumentuak bitarteko elektronikoen bitartez berrerabilgarri jartzeko, administrazio elektronikoaren, elkarreragingarritasunaren eta datu irekien arauetan finkatutako baldintzak bete behar dituzte.

5.Azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta haien gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren testu bateginean finkatutakoaren arabera, artikulu honetako 1. zenbakian aipatzen diren dokumentuak erabilgarri jartzeko bitarteko elektronikoak desgaitasunen bat duten pertsonek erabiltzeko modukoak izango dira, arlo horretako indarreko arau teknikoei jarraikiz.

Halaber, sektore publikoko administrazio eta organismoek, ahal den neurrian, neurri egokiak hartuko dituzte desgaitasunen bat duten pertsonei zuzendutako dokumentuak erabilgarri egon daitezen pertsona horiek berrerabiltzeko modukoak diren formatuetan.

Ez da halako betekizunik izango, egokitzapen horretarako egin behar den doitzea arrazoizkoa ez bada, arrazoizko doitze gisa Desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta haien gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren testu bategineko 7. artikuluan jasotakoa ulertuta.»

Lau. Aldatu egiten da 6. artikulua, eta honela idatzita geratzen da:

«6. artikulua. Eskubide esklusiboen debekua.

1.Merkatuko eragile potentzial guztiek berrerabili ahal izango dituzte dokumentuak, bai eta jadanik dokumentu horietan oinarritutako balio erantsiko produktuak ustiatzen dituen eragile bat edo gehiago baldin badira ere.

Ez dute eskubide esklusiborik emango dokumentuak gordetzen dituzten sektore publikoko organismoen eta hirugarrenen arteko kontratu edo bestelako akordioek.

2.Kasu bakarrean onartuko da sektore publikoko organismoen eta hirugarrenen artean akordio esklusiboak sinatzea: eskubide esklusibo horiek interes publikoko zerbitzu bat emateko beharrezkoak baldin badira. Hala bada, dagokion sektore publikoko administrazio edo organismoak aldizkako berrikuspenak egin beharko ditu, eta, kasu guztietan, hiru urtean behin, aipatutako eskubide esklusiboa ematea justifikatu zuen arrazoia oraindik ere badagoen edo ez aztertzeko. Akordio esklusibo horiek gardenak eta publikoak izan behar dute.

3.Salbuespen gisa, kultur bitartekoak digitalizatzearekin lotutako akordio esklusiboren bat baldin badago, esklusibotasun epea ez da, normalean, hamar urtetik gorakoa izango. Epe luzeagokoa bada, hamaikagarren urtean iraupena berrikusi egingo da, eta, egokia bada, hortik aurrera, zazpi urtean behin. Halako akordioek ere gardenak izan behar dute, eta publikoki jakinaraziko dira.

Aurreko lerrokadan zehaztutakoaren ildoko akordio esklusibo bat baldin badago, sektore publikoko administrazio edo organismoari doan eman beharko zaio digitalizatutako kultur bitartekoen kopia bat, jatorrizkoaren kalitate eta ezaugarri tekniko berekoa –adibidez, formatua, erresoluzioa, kolore-gama, eta abar–, akordio horren parte gisa, metadatu eta guzti, eta dagozkion arau nazionaletan eta nazioartekoetan finkatutako digitalizazio-baldintza teknikoekin. Esklusibotasun-epea bukatzen denean, kopia hori berrerabilgarria izango da.»

Bost. Aldatu egiten da 7. artikulua, eta honela idatzita geratzen da:

«7. artikulua. Tarifak.

1.Berrerabiltzekoak diren dokumentuak hornitzeagatik tarifa bat aplikatu ahal izango da, Estatuko indarreko araudian jasotako baldintzetan, edo, kasuan kasu,

autonomia-erkidegoan edo tokian toki aplikagarriak diren araudietan jasotako baldintzetan, baina tarifa hori dokumentuak erreproduzitzeak, erabilgarri jartzeak eta zabaltzeak eragiten dituen kostu marjinaletara mugatuko da. Publikoarentzako salmenta-prezioa daukaten argitalpen elektroniko ofizialen kasuan, administrazioak finkatutako salmenta-prezioa aplikatuko da prezio gisa, gutxienez.

2. Aurreko zenbakian xedatutakoa ez zaie aplikatuko honako hauei:

a) Beren zerbitzu publikoko eginkizunak betetzeak eragiten dien kostuaren zati handi bat estaltzeko diru-sarrerak sortzea exijitzen zaien sektore publikoko organismoei.

b) Salbuespen gisa, jasotze-, ekoizpen-, erreprodukzioeta zabalpen-kostuen zati handi bat estaltzeko diru-sarrera nahikoak sortzea exijitzen zaien sektore publikoko organismoen dokumentuei. Baldintza horiek aldez aurretik finkatuko dira eta bitarteko elektronikoen bitartez argitaratuko dira, posible eta egoki baldin bada.

c) Liburutegiei –unibertsitateetakoak barne–, museoei eta artxibategiei.

3.Sektore publikoko organismoek prezio osoa dagokion araudian finkatutako irizpide objektibo, garden eta egiaztagarrien arabera kalkulatuko dute 2. zenbakiko

a) eta b) letretan aipatzen diren kasuetan. Organismo horiek dokumentuak hornitzeagatik eta berrerabiltzeko baimena emateagatik dagokion kontabilitateekitaldian lortzen dituzten diru-sarreren guztizko kopurua ez da izango handiagoa jasotze-, ekoizpen-, erreprodukzioeta zabalpen-kostuaren eta inbertsioaren arrazoizko etekin-marjina baten arteko batura baino. Tarifa dagokien sektore publikoko organismoei aplikagarriak zaizkien kontabilitate-printzipioen arabera kalkulatuko da, araudi aplikagarriari jarraikiz.

4.Tarifak 2. zenbakiko c) letran aipatutako sektore publikoko organismoek aplikatzen badituzte, dagokion kontabilitate-ekitaldian dokumentuak hornitzeagatik eta berrerabiltzeko baimena emateagatik lortutako diru-sarreren guztizko kopurua ez da izango handiagoa jasotze-, ekoizpen-, erreprodukzio-, zabalpen-, gordetzeeta eskubideen konpentsazio-kostuaren eta inbertsioaren arrazoizko etekin-marjina baten arteko batura baino. Aipatutako marjina kalkulatzeko, sektore pribatuak dokumentu bertsuak edo antzekoak berrerabiltzeagatik aplikatzen dituen prezioak aintzat hartu ahal izango dituzte organismo horiek. Tarifak dagozkien sektore publikoko organismoei aplikagarriak zaizkien kontabilitate-printzipioen arabera kalkulatuko dira, araudi aplikagarriari jarraikiz.

5.Berrerabilpenak merkataritza-xedea duen ala ez kontuan hartuta tarifa ezberdinak aplikatu ahal izango dira.

6.Sektore publikoko administrazio eta organismoek, bitarteko elektronikoen bitartez argitaratuko dituzte, posible eta egoki den neurrian, sektore publikoko organismoen esku dauden dokumentuak berrerabiltzeko finkatutako tarifak, baita baldintza aplikagarriak eta horien benetako zenbatekoa ere, erabili den kalkuluoinarria barne.

Tarifa bat aplikatzen den gainerako kasuetan, aldez aurretik adieraziko du dagokion sektore publikoko organismoak zer faktore hartuko diren kontuan hura kalkulatzeko. Eskatuz gero, aipatutako organismoak tarifa hori nola kalkulatu duen adieraziko du, berrerabiltzeko eskaera jakinari dagokionez.

Hala ere, liburutegien (unibertsitateetakoak barne) , museoen eta artxibategien kasuan, gerta daiteke aurreko lerrokadan adierazitakoa aplikatu behar ez izatea haien tarifak finkatzeko.

7.Exijitzekoak diren tarifak tasak badira, haien ezarpenaren eta funtsezko elementuen arauketa Tasa eta Prezio Publikoei buruzko apirilaren 13ko 8/1989 Legearen eta gainerako zerga-arauetan zehaztutakoaren araberakoa izango da.»

Sei. Honela idatzita geratzen da 8. artikulua:

«8. artikulua. Berrerabiltze-baldintzak.

Lege honetako 2. artikuluan aipatutako sektore publikoko administrazio eta organismoen informazioa berrerabiltzeko, besteak beste, honako baldintza orokor hauek bete beharko dira:

a) Informazioaren edukia, metadatuak barne, ez da aldatuko.

b) Informazioaren zentzua ez da desnaturalizatuko.

c) Iturria aipatuko da.

d) Azken eguneraketaren data aipatuko da.

e) Informazioak datu pertsonalak barne hartzen baditu, etorkizunean datuak zer xedetarako berrerabil daitezkeen adieraziko da.

f) Informazioak, nahiz eta modu disoziatuan eman, berrerabiltze-prozesuan interesdunak identifikatzeko nahikoa elementu barne hartzen baditu, ez da disoziazio-prozedura lehengoratuko beste iturri batzuetatik lortutako datu berriak gehituz.»

Zazpi. Honela idatzita geratzen da 9. artikulua:

«9. artikulua. Lizentziak.

1.Lege honen aplikazio-eremuan sartzen diren sektore publikoko administrazio eta organismoek informazioa berrerabiltzeko ahalik eta muga gutxien dituzten lizentzia irekiak baliatzea sustatuko dute.

2.Lizentzia bat ematen den kasuetan, berrerabilpenaren xede zehatza jaso beharko da, gutxienez, eta adierazi beharko da berrerabilpena merkataritzarekin lotutako xedeetarako izan daitekeen edo ez, lizentziaren iraupena, onuradunaren eta organismo emailearen betebeharrak, erabilera-erantzukizunak eta finantzamodalitateak –doakoa den edo, kasuan kasu, zer tarifa aplikagarri duen–.»

Zortzi. Aldatu egiten da 10. artikulua, eta honela idatzita geratzen da:

«10. artikulua. Berrerabiltzeko eskaerak izapidetzeko prozedura.

1.Dokumentu administratiboak berrerabiltzeko eskaerak organo eskudunari egin beharko zaizkio; eskudun organotzat hartuko da berrerabili nahi diren dokumentuak bere eskutan dituen organoa. Dokumentuak berrerabili nahi dituzten pertsona fisikoek edo juridikoek aurkeztuko dituzte eskaerak, lege honetan jasotakoaren arabera.

Hala ere, eskaera jaso duen organoak eskatu zaion informazioa ez badu, baina zein administraziok edo organismok daukan baldin badaki, hari bidaliko dio eskaera ahalik eta lasterren, eta jakinaren gainean jarriko du eskatzailea.

Hori posible ez bada, eskatzaileari zuzenean adieraziko dio zer administrazio edo organotara jo behar duen aipatutako informazioa eskatzeko.

2.Eskaeran azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 70.1 artikuluan jasotako edukia jaso beharko da, berrerabiltzekoa(k) d(ir) en dokumentua(k) identifikatuta eta xedeak– merkataritzarekin lotuak edo ez– zehaztuta. Hala ere, eskaera zehaztasunik eman gabe eginda badago, organo eskudunak zehazteko eskatuko dio eskatzaileari, eta espresuki adieraziko dio hala egin ezean eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 71. artikuluan jasotako moduan. Eskatzaileak hamar eguneko epean zehaztu beharko du bere eskaera, aipatutako errekerimendua jasotzen duen egunaren biharamunetik zenbatzen hasita. Ondoren horietarako, organo eskudunak eskatzaileari eskatutako informazioaren edukia mugatzen lagunduko dio.

Errekerimendua jakinarazten denetik hartzaileak betetzen duen arte, edo hori egin ezean, emandako epea igaro arte, informazio-eskaera ebazteko epearen zenbaketa etentzat joko da eta eskatzaileari horren berri emango zaio.

3.Organo eskudunak, gehienez ere hogei eguneko epean ebatziko ditu berrerabiltze-eskaerak, bere erregistroan izapidetzeko jasotzen dituen egunetik zenbatzen hasita, oro har. Eskatutako informazioaren bolumenagatik eta konplexutasunagatik aipatutako epea betetzea ezinezkoa bada, ebazpen-epea beste hogei egun luzatu ahal izango da. Kasu horretan, eskatzaileari epearen luzapenaren berri eman beharko zaio, gehienez ere hamar eguneko epean, baita hori justifikatzen duten arrazoien berri ere.

4.Onarpen-ebazpenek dokumentuak baldintzarik gabe berrerabiltzea baimendu edo lizentzia baten bidez baldintza jakin batzuen arabera berrerabiltzeko baimena eman ahal izango dute. Nolanahi ere, onarpen-ebazpena emateak aurreko lerrokadan ebazpena emateko jasotako epe berean dokumentua eskatzailearen eskura jartzea ekarriko du.

5.Ebazpenak eskatutako berrerabiltzea erabat edo partzialki ezesten badu, eskatzaileari jakinaraziko zaio, ezetzaren arrazoiak adierazita eta 3. zenbakian aipatutako epeetan; arrazoiek lege honetako edo indarreko ordenamendu juridikoko xedapenen batean oinarrituta egon beharko dute.

6.Ezespen-ebazpenaren oinarria hirugarrenek jabetza intelektualeko edo industrialeko eskubideak dituztela baldin bada, organo eskudunak eskubideen titularra den pertsona fisikoaren edo juridikoaren erreferentzia bat barne hartu beharko du, titularra ezaguna baldin bada, edo, bestela, dokumentuak organismoaren esku utzi dituen lagatzailearen erreferentzia. Liburutegiak –unibertsitateetakoak barne–, museoak eta artxibategiak ez dira erreferentzia hori barne hartzera behartuta egongo.

7.Ematen diren ebazpen guztietan adierazi beharko da eskatzaileak, kasuan kasu, errekurtsoa jartzeko zein bide dituen, azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 58.2 artikuluan jasotakoaren arabera.

8.Ebazteko eta jakinarazteko aurreikusitako epean berariazko ebazpenik eman ez bada, eskatzaileak bere eskaera ezetsitzat jo ahal izango du.»

Bederatzi. Erantsi egiten zaio hirugarren xedapen gehigarria, eta honela idatzita geratzen da:

«Hirugarren xedapen gehigarria. Europako Batzordea informatzeko betebeharra.

1.Gobernuak, hiru urtean behin, Europako Batzordeari sektore publikoko informazioaren berrerabilgarritasunari buruzko txosten bat aurkeztuko dio, eta bertan, eskuratzeko baldintzak eta bitartekoaren arloko praktikak adieraziko ditu. Aipatutako txostena publikoa izango da eta tarifei buruzko 7. artikuluaren aplikazioaren azterketa bat barne hartuko du; bereziki, kostu marjinaletatik gorako tarifak kalkulatzeari dagokionez.

2.Aurreko lerrokadan xedatutakoa betetzeko, Estatuko Administrazio Orokorraren, autonomia-erkidegoetako administrazioen, toki-administrazioa osatzen duten erakundeen eta 2. artikuluan aipatutako organismo publikoen arteko koordinazioarekin lotutako alderdiak erregelamendu bidez garatuko dira.»

Hamar. Erantsi egiten zaio laugarren xedapen gehigarria, eta honela idatzita geratzen da:

«Laugarren xedapen gehigarria. Ikerketa soziologikoekin lotutako inkestetako mikrodatuen berrerabiltze publikorako transferentzia.

1.Gizarte arloko ikerketa, analisi edo diagnosia egiteko proiektuek –2. artikuluko a) , b) , c) eta d) letretan zerrendatutako subjektuek garatuak– gizartezientzien arloko inkesta kuantitatiboak egitea eskatzen badute, datuak hartzea

barne, inkestekin lotutako dokumentazioa eta anonimo bihurtutako mikrodatuak Ikerketa Soziologikoen Zentroak sortutako datu-banku espezifiko batean sartzeko plan bat barne hartu beharko dute haien diseinuan. Plan hori aipatutako Datu Bankuan gordeko da proiektua onartzen denetik hasita hamabi hilabeteko epean, eta azterketaren parte diren anonimo bihurtutako mikrodatuak gehienez ere lau urteko epean transferitu beharko dira, proiektua onartzen denetik aurrera. Epe hori salbuespen gisa luzatu ahal izango da, proiektuaren garapenetik eta amaieratik eratorritako arrazoiak direla medio.

2.Aurreko zenbakian xedatutakoa alde batera utzita, honako hauek salbuetsita geratuko dira betebehar horretatik:

a) Estatuko agentziek, enpresa-erakunde publikoek, Estatuko merkataritzasozietateek, fundazio publikoek eta zuzenbide publikoko erakundeek –funtzionalki independenteak direnak edo legeak aitortutako autonomia berezi bat daukatenak– egindako inkestak, zuzenbide pribatuko erregimenean jarduten badute.

b) Estatuko Industria Partaidetzarako Sozietateak edo bere taldeko edozein enpresak edo fundaziok, Estatistikako Institutu Nazionalak (INE) eta autonomiaerkidegoetako antzeko organismoek egindakoak.

c) Estatistika Plan Nazionaletako estatistika ofizialak osatzen dituzten inkestak, Estatistikako Funtzio Publikoari buruzko maiatzaren 9ko 12/1989 Legearen mendekoak, eta Europako estatistikak, beren araudi espezifikoaren mendekoak. Hala ere, kasu honetan, Estatistikako Institutu Nazionalak (INE) , Estatuko Administrazioaren Estatistika Sistemaren koordinatzaile gisa, bultzatuko du behar bezalako publizitatea ematea organismo horiek estatistika-xedeetarako egindako inkestetako mikrodatuei.

3.Ez dira transferituko datuen erregistro administratiboetatik lortutako mikrodatuak, ez eta inkestetarako erabilitakoak ere, baldin eta, araudian xedatutako baldintzen arabera, inkestak egiten dituzten erakundeen barne-estrategia politikorako erabakigarriak edo ezinbestekoak badira.

4.Halaber, mota horretako proiektuak gizarte-zientzien arloko inkesta kuantitatiboen bitartez eta datuak hartuta egiten dituzten enpresak, ikerketa-talde partikularrak eta pertsona fisiko edo juridikoak behartuta egongo dira laguntza jasotzeko plana aurkeztera eta datuak transferitzera, baldin eta laguntza edo dirulaguntza publikoak jasotzen badituzte eta laguntzon bidez ikerketa-proiektuen % 50 baino gehiago finantzatzeko funtsak eskuratzen badituzte. Mota horretako proiektuetarako diru-laguntza publikoen araubidean betebehar horiek idatziz jasoko dira, deialdi guztietan, bereziki I+G+b-aren Plan Nazionaletik eta Zientzia Plan Nazionaletik eratorritakoetan. Hala ere, subjektu horiei baztertze-aukera bera aplikatuko zaie, mikrodatuak argitaratzeak beren enpresaren merkatu-kokapenean lehia arloko kalte konponezin bat eragin badezake.

5.Ikerketa-talde arduradunek betebehar hori urratuz gero –bereziki, Ikerketa Zientifikoko eta Garapen eta Berrikuntza Teknologikoko Plan Nazionalen esparruan–, finantzazio publikoko laguntza berriak eskatzerakoan talde horiek kanpoan gelditzea eragingo du, diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean jasotako zehapen-prozeduren arabera.»

Hamaika. Erantsi egiten zaio bosgarren xedapen gehigarria, eta honela idatzita geratzen da:

«Bosgarren xedapen gehigarria. Dokumentu, artxibo eta bilduma pribatuak berrerabiltzea.

Artxibategietan, liburutegietan (unibertsitateetakoak barne) eta museoetan gordetako dokumentu, artxibo eta bilduma pribatuak berrerabiltzeari dagokionez, berrerabilgarri uzteko, funts horiek kultur erakunde publikoetan gordetzea eta zaintzea eragin duen tresna juridikoan finkatutako baldintzak bete beharko dira.»

Hamabi. Aldatu egiten da xedapen iragankor bakarra, eta honela idatzita geratzen da:

«Xedapen iragankor bakarra. Akordio esklusiboetan aplikatzekoa den araudi iragankorra.

2005eko uztailaren 1ean existitzen ziren akordio esklusiboak, 6.2 artikuluan jasotako salbuespena aplikagarri ez dutenak, kontratua bukatu artekoak izango dira, eta kasu guztietan gehienez ere 2008ko abenduaren 31ra artekoak.

Aurreko lerrokadan adierazitakoa alde batera utzita, 2013ko uztailaren 17an existitzen ziren akordio esklusiboak, 6.2 eta 6.3 artikuluetan jasotako salbuespenak aplikagarri ez dituztenak, kontratua bukatu artekoak izango dira, eta, kasu guztietan, gehienez ere 2043ko uztailaren 18ra artekoak.»

Hamahiru. Gehitu egiten zaio eranskin bat, eta honela idatzita geratzen da:

«Definizioak

Lege honen ondorioetarako, honako definizio hauek hartuko dira oinarritzat:

1.Datu irekiak: iturria esleitu, edo kasuan kasu, egiletza aitortzeko baldintza bakarrarekin edonork erabil, berrerabil eta birbana ditzakeen datuak.

2.Dokumentua: edozer informazio oso edo partzial, edozer euskarritan edo adierazpidetan egonda ere, dela testu bidezkoa, grafikoa, soinuzkoa, ikusizkoa edo ikus-entzunezkoa, berarekin lotutako metadatuak eta datuak barne, zehaztasun eta desagregazio maila handienarekin. Ondorio horietarako, ez dira dokumentutzat hartuko aplikatzekoa zaien legeria espezifikoak babestutako programa informatikoak.

3.Makina bidez irakurtzeko moduko formatua: artxibo-formatu egituratu bat da, aplikazio informatikoei datu zehatzak –adierazpen faktikoak eta beren barruko egitura barne– erraz identifikatzea, ezagutzea eta ateratzea posible egiten duena.

4.Formatu irekia: plataformetatik independentea den artxibo-formatu bat, publikoaren esku jarritakoa, dokumentuak berrerabiltzea eragozten duen mugarik gabe.

5.Arau formal irekia: aplikazio informatikoaren elkarreragingarritasun-irizpideak zehazten dituen idatzizko arau bat.

6.Unibertsitatea: bigarren mailako hezkuntzaren ondorengo goi-mailako irakaskuntza, titulu akademikoak lortzera bideratua, ematen duen sektore publikoko organismo oro.»

Lehenengo xedapen gehigarria. Aurrekontu-araubidea.

Arau honetan jasotako neurriek ezingo dute hornidura-handitzerik eragin, ez eta ordainsariak edo bestelako pertsonal-gastuak handitzerik ere.

Bigarren xedapen gehigarria. Diruaren eta Zerga-zigiluaren Fabrika Nazionaleko (FNMT) langileen berariazko araubidea.

1.Espainiako Bankuaren Autonomiari buruzko ekainaren 1eko 13/1994 Legeko zortzigarren xedapen gehigarrian jasotako kapital publikoko merkataritza-sozietatea eratzerakoan Diruaren eta Zerga-zigiluaren Fabrika Nazionaleko langile direnak sozietate horretara atxikitzen baldin badira, arrazoi ekonomikoetan, teknikoetan, antolaketakoetan edo ekoizpenetakoetan oinarritutako kaleratze kolektiboko prozesu bat gertatuz gero, dagokien kalte-ordaina jaso edo Diruaren eta Zerga-zigiluaren Fabrika Nazionalean sartu nahi duten aukeratzeko eskubidea izango dute, eta azken kasu horretan, antzinatasunari eta beren lan-sailkapenaren arabera finkatuta dituzten gainerako lan-eskubideei eutsiko diete.

2.Diruaren eta Zerga-zigiluaren Fabrika Nazionalak egiaztatzen badu, arrazoi ekonomikoetan oinarritutako kaleratze kolektiboko prozesu bat gertatuz gero, euro-billeteak ekoizteko jardueraren eskualdatzeak zuzenean eragindakoa dela, aipatutako sozietatea

eratzerakoan Diruaren eta Zerga-zigiluaren Fabrika Nazionalean lanean aritu arren bertara atxiki gabeak ziren gainerako langileek eskubidea izango dute aukeratzeko dagokien kalteordaina jaso nahi duten edo Estatuko Administrazio Orokorrean nahiz Estatuko sektore publikoko erakunde batean beren lan-kualifikaziora egokitzen den lanpostu huts bat bete nahi duten; azken kasu horretan, antzinatasunari eta sendotuta dauzkaten gainerako eskubideei eutsiko diete.

3.Aurreko zenbakian adierazitakoa xedapen honetako 1. zenbakian aipatutako langileei ere aplikatuko zaie, hain zuzen, Diruaren eta Zerga-zigiluaren Fabrika Nazionalean sartzea erabakitzen duten aipatutako sozietatekoei.

Azken xedapenetatik lehenengoa. Lagundutako Giza Ugalketako Teknikei buruzko maiatzaren 26ko 14/2006 Legea aldatzea.

Lagundutako Giza Ugalketako Teknikei buruzko maiatzaren 26ko 14/2006 Legeari seigarren xedapen gehigarria gehitzen zaio, eta honela idatzita geratzen da:

«Seigarren xedapen gehigarria.

Lege honetako 22. artikuluan xedatzen den lagundutako giza ugalketako zentroek eta zerbitzuek burutzen dituzten jardueren eta emaitzen erregistro nazionalaren eraketa, antolaketa eta funtzionamendua tresna juridiko egokien bidez eraman ahal izango dute aurrera erakunde edo sozietate zientifikoek, Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Ministerioaren aurrean halako erregistro bat, aipatutako saileko organo eskudunek eskatutako informazioaren kalitate-, fidagarritasun-, konfidentzialtasun-, irismeneta antolaketa-bermeekin, garatzeko eta mantentzeko esperientzia eta ahalmena dituztela frogatzen badute.

Aipatutako erregistroari, urtebetean, zentro zehatz baten datuak ez hornitzea lege honetako 26. artikuluko 2.b) .4 zenbakian jasotako falta astuntzat joko da, eta lege-arau honetako 27. artikuluan zehaztutako zehapenak aplikatuko zaizkio.»

Azken xedapenetatik bigarrena. Toki Administrazioaren Arrazionalizazio eta Iraunkortasunari buruzko abenduaren 27ko 27/2013 Legea aldatzea.

Aldatu egiten da Toki Administrazioaren Arrazionalizazio eta Iraunkortasunari buruzko abenduaren 27ko 27/2013 Legearen zazpigarren xedapen iragankorra, eta honela idatzita geratzen da:

«Zazpigarren xedapen iragankorra. Gaikuntza nazionala duten toki-administrazioko funtzionarioen araubide iragankorra.

1.Toki Araubidearen Oinarriak Arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 92 bis artikuluan jasotako erregelamendua indarrean jarri bitartean, eta lege honetan xedatutakoaren aurkakoa ez den guztirako, artikulu horren aplikazio-eremuan sartzen diren funtzionarioen inguruko erregelamenduzko araudiak jarraituko du indarrean.

2016ko abenduaren 31ra arte, dagokion Estatuaren Aurrekontu Orokorren Legeak luzatzen ez badu, salbuespen gisa, 20.000 biztanletik beherako tokiko korporazioetan, osoko bilkurari zuzendutako txosten baten bidez, diruzaintza eta diru-bilketa eginkizunak gaikuntza nazionala duen tokiko administrazioko funtzionario batek egitea ezinezkoa dela frogatzen bada –behin betiko, behin-behinekoz, metaketa bidez edo taldekatuta– funtzio horiek Probintzia Diputazioko edo erakunde baliokideetako karrerako funtzionarioek bete ahal izango dituzte, apirilaren 2ko 7/1985eko 36. artikuluan jasotakoaren arabera, edo, hori ezinezkoa dela frogatzen bada, tokiko korporazioan zerbitzua ematen duten karrerako funtzionarioek. Bi kasuetan, karrerako funtzionario izan beharko dute eta Probintzia Diputazioetako edo erakunde baliokideetako A1 taldeko funtzionarioek koordinatuta jardungo dute.

2.Estatu mailako gaikuntza duten tokiko administrazioko funtzionarioekin lotuta lege hau indarrean jarri aurretik abiarazitako administrazio-prozedurek izapidetze-prozesuan jarraituko dute eta haiek abiarazi diren unean indarrean zegoen araudiaren arabera ebatziko dira.

3.Estatu mailako gaikuntza duten funtzionarioen eskalari egindako erreferentziak gaikuntza nazionaleko tokiko administrazioko funtzionarioen eskalari dagozkiola ulertuko da.»

Azken xedapenetatik hirugarrena. Abandonatutako kontu eta gordailuetako eskudiruaren eta saldoen xedearen arauketa aldatzea.

Aldatu egiten da Administrazio Publikoen Ondareari buruzko azaroaren 3ko 33/2003 Legea, eta honela idatzita geratzen da:

Bat. Honela idatzita geratzen da 18. artikulua:

«18. artikulua. Abandonatutako saldoak eta gordailuak.

1.Estatuko Administrazio Orokorrarenak izango dira Gordailu Kutxa Orokorrean eta kreditu-erakundeetan, elkarteetan, balore-agentzietan edo beste finantza erakunde batzuetan gordailuan utzitako balore, diru eta gainerako ondasun higigarriak, bai eta establezimendu horietan irekitako kontu korronteen, aurrezkilibreten edo antzeko tresnen saldoak ere, interesdunek haien gaineko jabetza eskubidea agertzeko kudeaketa eragiketarik hogei urtean gauzatu ez badute.

2.Aurreko zenbakian aipatutako kontuetako eta libretetako eskudirua eta saldoak desgaitasunen bat duten pertsonen hezkuntza-baldintzak hobetzea sustatzeko programak finantzatzeko erabiliko dira, hogeita laugarren xedapen gehigarrian adierazitako moduan.

3.Artikulu honetako 1. zenbakian adierazitako egoeran dauden gainerako ondasunak kudeatzea, administratzea eta ustiatzea Estatuko Ondarearen Zuzendaritza Orokorraren ardura izango da. Horrek, ondasun edo eskubide motaren arabera, egokientzat jotzen duen prozedura erabiliz besterendu ahal izango ditu, aurretik dagokion espedientean arrazoitzen badu.

4.Entitate gordailuzainek Ogasun Ministerioari jakinarazi beharko diote aipatutako gordailuak eta saldoak daudela, sail horretako ministro titularraren agindu bidez zehazten den moduan.

5.Entitate horien kontuekin lotuta egiten diren auditoretza-txostenetan, abandonatutako saldoak eta gordailuak daudela jasoko da, halakorik baldin badago, artikulu honetako 1. zenbakian xedatutakoaren arabera.»

Bi. Xedapen gehigarri bat gehitzen da, eta honela idatzita geratzen da:

«Hogeita laugarren xedapen gehigarria. Desgaitasunen bat duten pertsonen hezkuntza-baldintzak hobetzeko programa.

Estatuko Administrazio Orokorrak, Desgaitasunari buruzko Errege Patronatuaren bidez, programa bat garatuko du desgaitasunen bat duten pertsonen hezkuntzabaldintzak hobetzea sustatzeko, haien lan-garapenarekin eta politika horietan aplikatutako berrikuntza eta ikerketarekin lotutako alderdietan arreta berezia jarriz, eta horretarako onuradunentzako laguntza zuzenak baliatuko ditu.

Laguntza horiek emateko –publikotasun-, gardentasun-, konkurrentzia-, objektibotasuneta bazterkeriarik ezaren printzipioak bete behar dituzte–, eskatzaileen beharrak bereziki kontuan hartuko dira, bai eta bizitza autonomoaren, gizarte-partaidetzaren eta komunitatean sartzearen ikuspegitik ahalik eta etekin handiena lortzeko egokiak diren ere.

Lege honetako 18. artikuluko 2. zenbakian aipatutako kontu korronte, aurrezkilibreta eta beste eskudiru-gordailu batzuetako eskudirua eta saldoa Estatuko Diru-

sarreren Aurrekontuko berariazko kontzeptu batean aplikatuko dira, eta Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Ministerioan Desgaitasunei buruzko Errege Patronatura bideratutako kreditua sortu ahal izango da, Aurrekontuen Lege Orokorrean xedatutakoaren arabera, Desgaitasunen bat duten Pertsonen Hezkuntza Baldintzak Hobetzeko Programaren garapena finantzatzeko.»

Azken xedapenetatik laugarrena. Eskumen-titulua.

Lege hau oinarrizko legea da, Espainiako Konstituzioko 149.1.18 artikuluan xedatutakoaren babespean, zeinek Estatuari administrazio publikoen araubide juridikoaren oinarriak finkatzeko eskumena esleitzen dion, azken xedapenetatik lehenengoa alde batera utzita.

Azken xedapenetatik bosgarrena. Europar Batasuneko zuzenbidea txertatzea.

Lege honen bidez, Sektore Publikoko Informazioa Berrerabiltzeari buruzko 2003/98/EE Zuzentaraua aldatzen duen Europako Parlamentu eta Kontseiluaren 2013ko ekainaren 26ko 2013/37/EB Zuzentaraua Espainiako Zuzenbidean txertatzen da.

Azken xedapenetatik seigarrena. Erregelamendu bidez garatzea.

Gobernuak, bere eskumenen esparruan, lege honetan jasotakoa gauzatzeko eta garatzeko beharrezkoak diren xedapen guztiak emango ditu, Europako Batzordeak formulatzen dituen jarraibideak kontuan hartuta; bereziki, gomendatutako lizentzia-ereduei, datu-multzoei eta dokumentuak berrerabiltzeagatik kobratzeari dagokienez.

Sektore Publikoko Informazioa Berrerabiltzeari buruzko azaroaren 16ko 37/2007 Legearen garapenerako aurretiazko arauak lege honetara egokitzeko urtebeteko epea finkatzen da, arau hau indarrean jartzen denetik aurrera.

Azken xedapenetatik zazpigarrena. Indarrean jartzea.

Lege hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Horrenbestez,

Lege hau bete eta betearaz dezatela agintzen diet espainiar guztiei, partikular zein agintariei.

Madrilen, 2015eko uztailaren 9an.

FELIPE E.

Gobernuko presidentea,

MARIANO RAJOY BREY

w.boe.es

BOLETÍN OFICIAL DEL ESTADO

D. L.: M-1/1958 ISSN: 02

 

 

 

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra