Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Administrazio zuzenbidea  >>  Legeria  >> Azpiegiturak

18/2018 Errege Lege Dekretua, azaroaren 8koa, Errepideen Arloko Presako Neurriei buruzkoa.

2018-11-08

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2018/11/09 271zk

 Untitled

I. XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

15345   18/2018 Errege Lege Dekretua, azaroaren 8koa, Errepideen Arloko Presako

Neurriei buruzkoa.

Errege lege-dekretu honen xedea da hainbat aldaketa sartzea Errepideen irailaren 29ko 37/2015 Legean, aparteko eta presako beharrizanak justifikatuta.

Aldaketa horietako lehenaren bidez, errepide jakin batzuetan, nahitaez desbideratu ahal izango dira ibilgailu astunak ordainpeko autobideetara, bide-segurtasun edo ingurumeneko arrazoiengatik. Errepide arruntetako bide-zati batzuetan dauden ezbehar-tasa handiak eta auto-ilara nabarmenek honelako arau bat ahalik eta azkarrena izateko beharrizana eta premia justifikatzen dute, segurtasun handiago baten legezko estaldura hobetzen baitu. Trafikoa desbideratzea nahitaezkoa izateak nahitaezko bihurtzen du bidesaria ordaintzea; hori dela eta, justifikatuta dago proposatzen den arau hau erabiltzea neurria babesten duen legezko estaldura hobetzeko.

Era berean, Errepideen Legea aldatzen da arau-hauste oso astun gisa tipifikatzeko errepideen emakidadunek zabarkeriaz jokatzea, baldin eta zabarkeria horrek erabiltzaileei kalte nabarmena badakarkie eta, gainera, zabarkeriazko jokabide horretan zirkunstantzia batzuk azaltzen badira, zeinetarako arau-hauste astunaren egungo tipifikazioa nahikoa ez den. Araua idaztean, kontuan hartu da «zaintza indartua» egiteko betebeharra; izan ere, jurisprudentziaren arabera, autobideen emakidadunen ardura da betebehar hori eguraldi txarrik edo elurterik badago. Kasu horretan, datozen hiletan neguko bidezaintza-planak aplikatuko direnez, justifikatuta dago berehala eta presaz eskuratu beharrekoak izatea erabiltzaileei eskainitako zerbitzuaren jarraitutasuna eta kalitatea bermatzeko behar diren legezko baliabide guztiak (kasu honetan, zehatzaileak).

Era berean, Errepideen Legea aldatzen da lege-mailako babesa emateko Sociedad Estatal de Infraestructuras del Transporte Terrestre SME SA (SEITTSA) sozietateak bidesariak kobratzeari, Estatuaren eskuetara itzuli diren edo itzuliko diren ordainpeko autobide jakin batzuen ustiapena, hala badagokio, bere gain hartzean. Horretarako, autobide jakin batzuk ustiatzen jarraitzeko eta, hala badagokio, beste batzuk ustiatu ahal izateko, beharrezkotzat jotzen da legezko arau bat izatea, zeinak babesa emango baitio SEITTSAk bidesari berriak jasotzeari. Gobernuak onartu behar ditu bidesariok, Errepideen Legearen 22. artikuluaren babespean. Halaber, SEITTSAren erregulazioan arau-dispertsiorik ez izateko -errepideen kudeaketari eta eraikuntzari dagokienez-, legezko estaldura hori bateratzen da Zerga, Administrazio eta Gizarte Arloko Neurrien abenduaren 30eko 13/1996 Legearen 158. artikuluarekin, eta, horrela, artikulu hori indargabetzen da. Eta presaz egin behar da, ezin baita lege-proiektua izapidetu SEITTSArekin sinatutako kudeaketa-hitzarmenaren indarraldia amaitu baino lehenago, 2018ko abenduaren 31 baino lehenago.

Azkenik, Errepideen Legea aldatzen da eraikuntza-proiektuen onarpenak ondasunen presako okupazioaren deklarazioa ekar dezan -desjabetze-ondorioetarako-, hala behar izanez gero, lanak atzeratu ez daitezen, eta, horrela, atzerapen horiek interes orokorra kaltetu ez dezaten, beste azpiegitura batzuen lege sektorialetan dagoeneko gertatzen den bezala. Era berean, errepideetako lanek erabiltzaileengan daukaten eragina murriztu nahi da, eragin hori minimizatu egin behar baita, araudiak ahalbidetzen dituen mekanismo guztiak erabiliz. Eta aldaketa hau egitea presakoa da, errepideak eraikitzeko aurrerantzean egingo diren proiektuei berehala aplikatu behar zaielako aurreikuspen hau; izan ere, eraikuntza horien interes publikoa beteko dela ziurtatu behar da, kasuan-kasuan interes publikoaren edo interes sozialaren deklarazioa egin beharrik izan gabe.

Errepideen Legearen 12. artikuluaren gaur egungo idazketaren arabera, errepideetan edozein obra egiteko -handiak edo txikiak diren edo xede nagusia zein den kontuan hartu gabe- nahitaezkoa da administrazio-izapide gehigarri batzuk egitea. Badira, hain zuzen ere, balio ekonomiko txikiko obrak, baina bide-segurtasunean eragin nabarmena dutenak, esate baterako: istripu ugariko bide-zatietan egin beharrekoak, tokian-tokian bide-trazaduran egin beharreko hobekuntzak, bidegurutze eta lotuneen hobekuntzak, etab. Horien kontratazioa presaz egin beharrekoa izaten da, segurtasunean daukan eraginagatik. Legea aldatzeko ohiko izapidetzea eginez gero, epe askoz luzeagoak bete beharko lirateke, eta horrek atzeratu egingo luke jarduera horien zerbitzua martxan jartzea eta atzeratu egingo lirateke bide-segurtasuneko hobekuntzak.

Ondorioz, kasu honetan, errege lege-dekretua Konstituzioaren araberako tresna zilegia da, aproposa eta egokia delako presako legegintzaren xedea lortzeko; hau da, Konstituzio Auzitegiak behin eta berriro eskatutakoari jarraituz eta Gobernuaren helburuen barruan, egoera jakin bat diruz laguntzeko, aurreikusteko zailak diren arrazoiengatik araudia berehala ematea eskatzen duena -esan nahi baita, ohiko bidea erabilita edo legeen izapidetze parlamentariorako presako prozedura erabilita beharko litzatekeena baino epe laburragoan-.

Beraz, errege lege-dekretu honetako neurri guztiek betetzen dute -oro har zein banan-banan hartuta-, beren izaera eta xedea ikusirik, Espainiako Konstituzioaren 86. artikuluak errege lege-dekretu bat onartu ahal izateko eskatzen duen aparteko eta presako beharrizanaren baldintza.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 129. artikuluan erregulazio onaren printzipioak ezartzen dira: premia, efikazia, proportzionaltasuna, segurtasun juridikoa, gardentasuna eta efizientzia. Eta errege lege-dekretu honek printzipio horiek betetzen ditu.

Horrenbestez, Espainiako Konstituzioaren 86. artikuluak jasotzen duen baimena baliatuta, Sustapeneko ministroaren proposamenez, eta Ministro Kontseiluak 2018ko azaroaren 8ko bileran eztabaidatu ondoren, hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra. Errepideen irailaren 29ko 37/2015 Legea aldatzea.

Errepideen irailaren 29ko 37/2015 Legea honela aldatzen da:

Bat. 12. artikuluaren 2. apartatua aldatzen da. Honela gelditzen da idatzita:

«2. Estatuko errepideen proiektuen behin betiko onarpenak berarekin ekarriko du erabilgarritasun publikoaren deklarazioa eta ondasunak okupatzearen, zerbitzuak aldatzearen eta eskubideak eskuratzearen premia, desjabetzearen, aldi baterako okupatzearen edo zortasunak ezarri edo aldatzearen xedeetarako. Hala ere, behin-behinean onartzeko egintza berean proiektua presakoa dela deklaratu ahal izango da, eta, kasu horretan, behin betiko onartzen denean, desjabetzea presakoa izatea ekarriko du.»

Bi. 38. artikuluari 6. apartatua gehitzen zaio, eta honela idatzita egongo da:

«6. Ibilgailu astunak direla eta, zirkulazioaren segurtasuna eta arintasuna bermatzeko edo ingurumen arrazoiengatik, trafikoa arautu, antolatu, kudeatu eta zaintzeko eskumena daukaten organoek errepideak edo bide-zati batzuk haien zirkulaziorako ixtea edo murrizketak ezartzea erabakitzen badute, ibilgailu horiei eskatu ahal izango zaie, ibilbide bera egiteko, bidesariak ordaindu beharra dakarren autobide batean sar daitezela (ibilbide osoa edo zati bat egin dezaten). Ibilgailu horiei aplika dakizkiekeen bidesarietan hobariak izan daitezke, autobidea ustiatzeko baldintzak aldatzen dituen espedientean ezarritako eran. Administrazio interesdunek egindako hitzarmenen bidez adostu ahal izango da zer ekarpen egin behar duen administrazio bakoitzak hobari horretarako.»

Hiru. 41. artikuluaren 2. apartatuari k) letra gehitzen zaio; honela geratzen da idatzita:

«k) Emakidadunek zabarkeriaz jokatzea, bai erabiltzaileei zerbitzuak ematean, bai eta emakida-erregimenean errepideak edo elementu funtzionalak ustiatzeko zereginean ere, betiere erabiltzaileei kalte nabarmena eragiten zaienean, hartara eragotzi gabe dagozkion kontratuetan, kasuan-kasuan, ezarrita egon daitezkeen zigorrak.

Zaintza indartua egitea emakidadunaren ardura denez, kontrako frogarik izan ezean, kalte hori egindakotzat joko da baldin eta 24 orduko tartean zerbitzuaren jarraitutasuna 2 ordu baino gehiago eteten bada, edo kaltetuak 30 ibilgailu baino gehiago izan badira.

Era berean, zabarkeriaz jokatu dela ulertuko da, baldin eta eguraldi txarrerako aurreikuspenik egiten ez badu, kontingentzia horietarako aurreikusitako plan operatiboak justifikaziorik gabe betetzen ez baditu, eskatzekoak zaizkion baliabideak falta bazaizkio, erabiltzaileei behar beste informazio ematen ez badie edo trafikoa arautzeko behar diren neurriak hartzen ez baditu.»

Lau. Xedapen gehigarri bat eransten da: zazpigarren xedapen gehigarria. Honela idatzita egongo da:

«Zazpigarren xedapen gehigarria. SEITTSAk Estatuko errepideen eraikuntza edo ustiapena zuzenean kudeatzea.

  • 1.  Sociedad Estatal de Infraestructuras del Transporte Terrestre SME SA sozietatearen xedea da Ministro Kontseiluak berak zehaztutako Estatuko errepideak eraiki edo ustiatzea, eta, hain zuzen ere, besteak beste, Estatuaren eskuetara itzultzen diren autobideak ustiatu ahal izango ditu. Dena dela, eraikuntza edo ustiapena egitean, zuzeneko kudeaketarako hitzarmenean ezarritako baldintzak beteko dira. Hitzarmen hori Ministro Kontseiluak baimendu beharko du, Ogasun Ministerioak aldeko txostena eman ondoren, hartara eragotzi gabe Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeko eta Aurrekontuen azaroaren 26ko 47/2003 Lege Orokorreko aginduetatik eratorritako nahitaezko izapide batzuk egin beharra -kasuan-kasuan aplikatzekoak-.

  • 2.  Estatuaren eskuetara itzulitako autobideak ustiatzean (xedapen gehigarri honetako 1. apartatuan aipatutakoak), Sociedad Estatal de Infraestructuras del Transporte Terrestre SME SA sozietateak baimena dauka Ministro Kontseiluak finkatutako tarifak kobratzeko erabiltzaileei.

  • 3.  Horrela, 1. apartatu horretan aurreikusitako hitzarmenean, Estatuko Administrazio Orokorraren eta aipatutako merkataritza-sozietatearen arteko harremanak arautuko dira, eta, behintzat, honako alderdi hauek ezarriko dira -dena dela, baliteke, xedearen arabera, baten bat sartu beharrik ez izatea-:

  • a)  Estatuko errepideen eraikuntza- edo ustiapen-araubidea (dagozkion errepideena).

  • b)  Estatuko Administrazio Orokorrak obrak zuzendu, ikuskatu, kontrolatu eta jasotzeko dituen ahalmenak; izan ere, titulartasuna beti izango da Estatuko Administrazio Orokorrarena.

  • c)  Finantzaketa-araubidea; Ministro Kontseiluak xedapen gehigarri honen 2. apartatuan eta lege honen 22. artikuluan ezarritakoaren babesean onartzen dituen tarifak kobratzea sartu ahal izango da bertan.

  • d)  Estatuko errepideen eraikuntza edo ustiapena finantzatzen duten entitateen alde ezarri beharreko bermeak.

  • e)  Trafikoa arautu, antolatu, kudeatu eta zaintzeko arloan eskumena daukan agintaritzak trafikoa kudeatzeko sistemak erabili, mantendu eta zaintzeko araubidea.

  • 4.  Estatuko merkataritza-sozietateak, errepide horiek eraiki edo ustiatzeko, hirugarren batzuekin egindako kontratuetan, honako arau hauek beteko dira:

  • a)  Sektore publikoko kontratuen araudiko aginduak beteko dira, aplikatzekoak zaizkienak, bai eta dagokien legeria sektoriala ere.

  • b)  Behar diren klausulak sartuko dira ukitutako interes publikoak behar bezala defenda ditzaten Estatuko sozietate horrek eta Estatuko Administrazio Orokorrak.

  • c)  Administrazioarekiko auzien jurisdikzio-ordena arduratuko da prestatzean eta esleitzean sortzen diren arazoez.

  • 5. Xedapen honetako 3. apartatua aplikatuko zaio Estatuko Administrazio Orokorrak beste enpresa publiko batzuekin Estatuko errepideak eraiki edo ustiatzeko ezarritako edozein harremani; eta xedapen honetako 4. apartatua, berriz, enpresa publiko horiek hirugarren batzuekin Estatuko errepideak eraiki edo ustiatzeko egindako kontratuei.»

Bost. Hirugarren xedapen iragankorra eransten da, honela idatzita:

«Hirugarren xedapen iragankorra. Emakiden zehapen-araubidea.

Zehapen-araubide berria, 41.2.k) artikuluan ezarritakoa, dagoeneko martxan diren emakidei ere aplikatuko zaie, baldin eta zehatutako ekintzak Errepideen Arloko Presako Neurriei buruzko azaroaren 8ko 18/2018 Errege Lege Dekretua indarrean jarri ondorengoak badira.»

Xedapen indargabetzailea. Arauak indargabetzea.

Indargabetuta geratzen da Zerga, Administrazio eta Gizarte Arloko Neurrien abenduaren 30eko 13/1996 Legearen 158. artikulua, bai eta errege lege-dekretu honetan xedatutakoaren aurkako arau guztiak ere.

Azken xedapen bakarra. Indarrean jartzea.

Errege lege-dekretu hau «Estatuko Aldizkari Ofizialean» argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Madrilen, 2018ko azaroaren 8an.

FELIPE e.

Gobernuko presidentea,

PEDRO SANCHEZ PEREZ-CASTEJON

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra