Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Octava ediciión Premios Adrián Celaya

Administrazio zuzenbidea  >>  Legeria  >> Kontratuei buruzko arauak

2/2000 Legegintzako Errege Dekretua, 2000ko ekainaren 16koa. Horren bidez onartu da Herri Administrazioen Kontratuen Legeari buruzko testu bategina

2000-06-16

Itzulpena nork: Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala (IZO)

Erakundea: Ogasun Ministerioa

Argitalpena: EAO, 2000/6/21, 148. zk.

2/2000 Legegintzako Errege Dekretua, 2000ko ekainaren 16koa.

Horren bidez onartu da Herri Administrazioen Kontratuen Legeari buruzko testu bategina.

EAO, 148 zk., ekainaren 21ekoa

Herri Administrazioen kontratuei buruz maiatzaren 18an emandako 13/1995 Legea aldatu zuen abenduaren 28ko 53/1999 Legeak, eta lege horren azken xedapen bakarrean, 2. paragrafoan ezartzen denez, eskuespena ematen zaio Gobernuari Herri Administrazioen Kontratuen Legeari buruzko testu bategina egin dezan, eta ahalmena ere ematen zaio lege-testuak arautu, argitu eta harmonizatu ditzan, “Estatuko Aldizkari Ofizialean” argitaratzen denetik hasita, sei hilabeteko epean; beraz, Herri Administrazioen kontratuei buruzko Legearen testuan izandako aldaketak sartuko dira, alegia, honako hauek oinarri hartuta eragindako aldaketak: arestian aipatutako 53/1999 Legea bera; lehortea dela-eta ur-hornidurei dagokienez neurri bereziak, ohiz bestelakoak eta presakoak hartzen dituen urriaren 15eko 9/1996 Legearen lehenengo xedapen gehigarria; Aurrekontu Diziplinako Neurriei buruzko abenduaren 27ko 11/1996 Legearen 2. artikulua; Neurri fiskalak, administrazio-neurriak eta lan-arlokoak arautzeko abenduaren 30eko 13/1996 Legearen 72., 148. eta 149. artikuluak; Neurri fiskalei, administratiboei eta lan-arlokoei buruzko abenduaren 30eko 66/1997 Legearen 77. artikulua; Neurri fiskalak, administrazio-neurriak eta lan-arlokoak arautzeko abenduaren 30eko 50/1998 Legearen 56. artikulua; Euroa indarrean jartzeari buruzko abenduaren 17ko 46/1998 Legearen 30. artikulua.

Beste alde batetik, Europako Batzordearen Erabakia (1999/C 379/08), “Europako Erkidegoen Aldizkari Ofizialean” argitaratu zen, C 379 zenbakian, abenduaren 31n, eta Ogasuneko ministroak 2000ko otsailaren 10ean emandako Aginduan ere islatu zen, eta horrek aldakuntza batzuk ekarri zituen Herri Administrazioen Kontratuen Legearen testura, hor agertzen ziren zenbatekoak, esaterako, aldatu egin behar izan baitziren 2000ko urtarrilaren 1etik aurrera; horien ordez, Europako Erkidegoko Zuzentarauak eta Munduko Merkataritza Erakundeak Kontratazio Publikoari buruz lotutako Akordioa betetzearren, euroak, igorpen-eskubide bereziak eta pezetak jarrita aipatutako xedapenetan.

Gainera, Euroa indarrean jartzeari buruzko abenduaren 17ko 46/1998 Legearen 30. artikuluak ezartzen duenez, 1999ko urtarrilaren 1etik aurrera eta 2001eko abenduaren 31ra arte, data horretatik aurrera ematen diren arau guztietan azken adierazpide modura agertu beharreko diru-kopuruen ondoan, jarraian, bihurketa-tasa erabilita kopuru horri euroaren kontu-unitatean dagokion baliokidea ere jarri beharko da.

Horrez gainera, batu diren lege-testuak araupetu, argitu eta harmonizatzeko ahalmen horrek berak ematen du bidea, hainbat irizpidetan oinarrituta, xedapenak argitzen laguntze aldera, beste moldaketa batzuk ere sar daitezen, besteak beste, zehaztapen terminologikoak egiteko edo testua zenbait puntutan argitzeko, horretarako, konkordantzia-akatsak zuzenduz, artikuluen zenbaketa doituz eta aginduak eta artikuluen arteko aipamenak eta loturak koordinatuz.

Horrenbestez, Herri Administrazioen Kontratuen Legeari buruzko testu bategina egin da, eta, hala berean, Legegintzako Errege Dekretu honi atxiki zaio eranskin modura, era horretara, legeak agindutakoa betez, goian zehaztutako moldaketak jasotzeko xedea irits dadin.

Horrenbestez, Ogasuneko ministroaren proposamenez, Estatuko Kontseiluarekin bat etorrita, eta Ministroen Kontseiluak 2000ko ekainaren 16an gaia eztabaidatu ondoren, honako hau xedatu dut:

Artikulu bakarra.

Herri Administrazioen Kontratuen Legeari buruzko testu bategina onartzen da; hona hemen erantsita.

Xedapen indargabetzaile bakarra.

Indargabetuta gelditzen dira lege honen kontra dauden maila bereko zein beheragoko xedapen guztiak, eta, bereziki, honako hauexek:

Maiatzaren 18ko 13/1995 Legea, Herri Administrazioen Kontratuei buruzkoa.

Herri Administrazioen kontratuei buruz maiatzaren 18an emandako 13/1995 Legea, abenduaren 28ko 53/1999 Legearen bidez aldatutakoa; salbuespen bakarra bigarren xedapen gehigarria da, indarrean jarraitzen du-eta.

Lehortea dela-eta ur-hornidurei dagokienez neurri bereziak, ohiz bestelakoak eta presakoak hartzen dituen urriaren 15eko 9/1996 Legearen lehenengo xedapen gehigarria.

Aurrekontu Diziplinako Neurriei buruzko abenduaren 27ko 11/1996 Legearen 2. artikulua.

Neurri fiskalei, administratiboei eta lan-arlokoei buruzko abenduaren 30eko 13/1996 Legearen 72., 148. eta 149. artikuluak.

Neurri fiskalei, administratiboei eta lan-arlokoei buruzko abenduaren 30eko 66/1997 Legearen 77. artikulua.

Neurri fiskalei, administratiboei eta lan-arlokoei buruzko abenduaren 30eko 50/1998 Legearen 56. artikulua.

Azken xedapen bakarra.

Legegintzako Errege Dekretu hau eta horren bidez onartutako testu bategina «Estatuko Aldizkari Ofizialean» argitaratu eta hurrengo egunean jarriko dira indarrean.

ERANSKINA

HERRI ADMINISTRAZIOEN KONTRATU LEGEARI BURUZKO TESTU BATEGINARENA

I. LIBURUA

HERRI ADMINISTRAZIOEN KONTRATUAK, OROKORREAN

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

I. KAPITULUA

Legearen aplikazio-eremua

1. artikulua.- Aplikazio subjektiboko eremua.

Herri-administrazioek egindako kontratuak lege honetako aginduei lotu behar zaizkio.

Lege honen ondorioetarako hauek dira herri-administrazio:

a) Estatuko Administrazio Orokorra.

b) Autonomia-erkidegoetako administrazioak.

c) Toki-administrazioa osatzen duten erakundeak.

Lege honetara egokitu behar dute, halaber, beren kontratu-jarduera, batetik, erakunde autonomoek, beti, eta bestetik, berezko nortasun juridikoa daukaten zuzenbide publikoko gainerako erakundeek, edozein herri-administrazioren menpekoak edo haiei lotuta daudenak izanik, erakundeotan baldintza hauek betetzen badira:

a) Industria zein merkataritzakoak ez diren interes orokorreko premiei berariaz erantzuteko sortutakoak izatea.

b) Gehien batez herri-administrazioek nahiz zuzenbide publikoko beste erakunde batzuek finantzatutako jarduera daukaten erakundeak izatea, edo erakundeon kudeaketa azken aipatutako erakundeen kontrolpean egotea, edo erakundeotako administrazio, zuzendaritza nahiz zaintzako organoetako kideen erdia baino gehiago herri-administrazioek eta zuzenbide publikoko beste erakunde batzuek izendatutakoak izatea.

Aurreko idatz-zatietan xedatutakoa lehenengo azken xedapenean ezarritakoari kalterik egin gabe ulertu behar da.

2. artikulua.- Kontratu jakin batzuk esleitzea.

Lege honen manuei lotuta egongo dira, betiere, enpresen gaitasunari, publizitateari, lizitazio-prozedurei eta esleitzeko moduei dagokienez, bai zuzenbide publikoko erakundeak, aurreko artikuluan zehaztutako esparruaz kanpokoak badira, bai Herri Administrazioen Ondareari buruzko azaroaren 3ko 33/2003 Legearen 166. artikuluko 1. paragrafoko c) eta d) idatz-zatietan adierazitako merkataritza-sozietateak, bai gainerako herri-administrazioetan baliokide diren beste merkataritza-sozietate batzuk, berariaz interes orokorreko premiei erantzuteko sortuak badira eta industria- edo merkataritza-izaerarik ez badute, bai eta sektore publikoko fundazioak ere, betiere, aurreko artikuluko 3. paragrafoaren b) idatz-zatian jasotako betekizunetakoren bat betez gero; halaxe izango da obra-kontratuak, hornidura-kontratuak, eta aholkularitza- eta laguntza-kontratuak zein zerbitzu-kontratuak egiterakoan, Balio Erantsiaren gaineko Zerga kanpoan dela, obra-kontratua 5.923.000 eurokoa edo hortik gorakoa denean, eta aipatutako kontratuetako besteren bat bada, 236.000 eurokoa edo hortik gorakoa denean.

Aurreko idatz-zatiko aginduen menpe daude, batetik, Europako Erkidegoetako Ekonomia Jardueren Nomenklatura Orokorreko (NACE) 50. saileko 502. taldeko obra-kontratuak, bestetik, bai ospitaleak, zein kirol, jolas nahiz aisialdiko ekipamenduak, zein eskola nahiz unibertsitateko eraikinak eta administrazioko eraikinak eraikitzeko kontratuak, eta, hurren, aipatutako obra-kontratuekin lotura daukaten bai aholkularitza eta laguntzako kontratuak, zein zerbitzuetako kontratuak, baldin eta Administraziotik zuzenean zenbatekoaren 100eko 50etik gorako dirulaguntza jasotzen badute, eta zenbatekoa, Balio Erantsiaren gaineko Zerga kanpoan utzita, 5.000.000 eurokoa nahiz gehiagokoa bada, obra-kontratuen kasuan, edo 200.000 eurokoa nahiz gehiagokoa bada, haien ondoren aipatutako beste edozein kontraturen kasuan.

3. artikulua.- Kanpoan utzitako negozioak eta kontratuak

Lege honen eremutik kanpo daude:

a) Funtzionario publikoen zerbitzu-harremanak, eta laneko legedian araututako kontratuak.

b) Administrazioak emandako zerbitzu publikoren baten ondorioz sortutako harreman juridikoak, baldin eta, erabiltzaileei orokorrean aplikatzekoa den tarifa, tasa edo prezio publikoa ordainduz, administratuek hura erabiltzeko ahalmena badaukate.

c) Estatuko Administrazio Orokorrak Gizarte Segurantzarekin, autonomia-erkidegoekin, toki-erakundeekin, horien erakunde autonomoekin eta gainerako erakunde publikoekin egindako lankidetza-hitzarmenak, nahiz beste guztiok elkarren artean egindakoak, betiere, baldin eta hitzarmenaren xedea ez bada obra-kontratua, hornidura-kontratua, eta aholkularitza- eta laguntza-kontratua zein zerbitzu-kontratua, edo, kontratu horien xede izanda ere, kontratuaren zenbatekoa, hurrenez hurren, 135.1., 177.2. eta 203.2. artikuluetan ezarritakoa baino txikiagoa bada.

d) Zuzenbide pribatuari lotutako pertsona fisiko zein juridikoekin Administrazioak egin ditzan lankidetza-hitzarmenak, betiere, hitzarmenok arautzeko berariazko arauak betez, eta hitzarmenon xedea lege honetan nahiz berariazko administrazio-arauetan araututako kontratuen artean aurkitzen ez bada.

Era berean, lege honetatik kanpo geldituko dira Europako Erkidegoa eratzeko Tratatuko 296. artikuluaren ondorioz sortutako hitzarmenak.

e) Estatuak beste estatu batzuekin nahiz nazioarteko zuzenbide publikoko erakundeekin lotu ditzan akordioak.

f) Herri Administrazioetakoak diren merkataritza, industria, finantza eta antzeko izaerako erakunde autonomoen zuzeneko jardueretarako hornidura-kontratuak, baldin eta kontratupeko ondasunak, aldatuta edo aldatu gabe, erakundeon helburu bereziekin bat etorriz, ondarearen trafiko juridikora itzultzeko eskuratu badira, eta erakundeok legeak eman dizkien berariazko eskumenak betetzen jarduten badute.

g) Europako Erkidegoa eratzeko Trataturekin bat etorriz egindako nazioarteko akordioen ondoriozko kontratuak eta hitzarmenak, obraren bat elkarrekin egin zein ustiatzeko diren obra zein hornidurei buruzkoak, nahiz lege honetako II. liburuko IV. tituluan araututako kontratuei buruzkoak izan eta proiekturen bat elkarrekin egin zein ustiatzeko direnak.

h) Gudarosteak nonbaiten geratzeko gauzatutako nazioarteko akordioren baten indarrez egindako kontratuak eta hitzarmenak.

i) Nazioarteko erakunderen baten berariazko prozeduraz egindako kontratuak eta hitzarmenak.

j) Arbitraje- eta adiskidetze-zerbitzuei buruzko kontratuak.

k) Balore negoziagarrien zein beste finantza-tresna batzuen salerosketa eta transferentziarekin, eta Espainiako Bankuak emandako zerbitzuekin zerikusia daukaten kontratuak.

Halaber, lege honetatik kanpo egongo dira, batetik, finantza-eragiketak baliatzearekin zerikusia duten kontratuak, eragiketa horiek edozein modalitatetakoak direla ere, baldin eta aplikatu beharreko aurrekontu-arauetan jasotako beharrizanak finantzatzeko egindakoak badira, hala nola, maileguak, kredituak edo antzeko izaera dutenak; eta, bestetik, finantza-tresnekin zerikusia duten kontratuak, baldin eta finantza-tresna horiek, aurrekoetatik eratorriak izanik, interes- eta kanbio-tasen arriskuak estaltzeko egindakoak badira.

l) Erakundeei eta sozietateei egiten zaizkien kudeatzeko gomendioak, erakunde eta sozietate horien kapitala herri-administrazioarena berarena denean erabat.

Aurreko paragrafoan aipatutako kasuak beren arau bereziekin arautuko dira, eta, agian aurkez daitezen zalantzak eta hutsuneak erabakitzeko, lege honetako printzipioak aplikatuko dira.

4. artikulua.-

Itunak egiteko askatasuna.

Administrazioak komenigarri iritzi ditzan kontratuak, itunak eta baldintzak egin eta lotu ditzake berak, baldin eta interes publikoaren kontra, antolamendu juridikoaren kontra, edo administrazio onaren printzipioen kontra ez badaude; itundutako moduan bete beharko ditu, oinarrizko legedian bere alde ezarritako prerrogatibei kalterik egin gabe.

5. artikulua.- Administrazio-kontratuak eta kontratu pribatuak.

Administrazioak egindako kontratuek izaera administratiboa edo pribatua izan dezakete.

Hauek dira administrazio-kontratuak:

a) Batera edo banan, obrak egin, zerbitzu publikoak kudeatu eta hornidurak egiteko xede zuzena daukatenak, herri-lanak emateko direnak, aholkularitza eta laguntza eman nahiz zerbitzuak betetzeko direnak; salbuespen izango dira 206. artikuluko 6. kategorian jasotako kontratuak, aseguru-kontratuei, bankuko kontratuei eta inbertsio-kontratuei baitagokie kategoria hori, eta, era berean, artikulu bereko 26. kategorian jasotakoen artean, salbuespen izango dira artea eta literatura sortzea eta interpretatzea xede duten kontratuak, eta ikuskizunetakoak ere bai.

b) Aurrekoan adierazitako kontratuen xedea barik besteren bat eduki arren, Administrazioarentzat izaera berezia daukaten kontratuak, bai Administrazio kontratugilearen berariazko igorpen nahiz trafikoari lotuta daudelako, bai Administrazioaren berariazko eskumeneko helburu publikoren bati zuzenean edo berehala erantzuteko direlako, bai legeren batek halakoak direla deklaratzen duelako.

Administrazioak egindako gainerako kontratuak kontratu pribatu moduan hartuko dira; bereziki, ondasun higiezinen, jabetza gorpuzgabeen eta balore negoziagarrien gainean egindako salerosketa, dohaintza, truke eta errentamenduko kontratuak eta antzeko gainerako negozio juridikoak. Izaera berekoak izango dira 206. artikuluko 6. kategorian jasotako kontratuak, aseguru-kontratuei, bankuko kontratuei eta inbertsio-kontratuei baitagokie kategoria hori, eta, era berean, artikulu bereko 26. kategorian jasotakoen artean, artea eta literatura sortzea eta interpretatzea xede duten kontratuak, eta ikuskizunetakoak ere bai.

6. artikulua.- Kontratu mistoak.

Administrazio-kontraturen batek beste mota bateko administrazio-kontraturen bati edo gehiagori dagozkion prestazioak hartzen baditu, ekonomiaren ikuspegitik garrantzirik gehien daukan prestazioaren izaera hartu behar da kontuan haren sailkapena egiteko, eta hura arautuko duten arauak aplikatzeko.

7. artikulua.- Administrazio-kontratuen araubide juridikoa.

Administrazio-kontratuak, hurrengo paragrafoan ezarritako salbuespena salbuespen, beren prestaketa, esleipen, ondorio eta amaierari dagokienez, lege honekin eta lege hau garatzeko xedapenekin arautuko dira; ordezko moduan aplikatuko dira administrazioko zuzenbideko gainerako arauak, eta, halakorik ezean, zuzenbide pribatukoak.

Hala ere, 5.2.b) artikuluan zehaztutako administrazio-kontratu bereziak, lehentasunez, beren arau propioekin arautuko dira.

Herri-lanen emakida-kontratua, aurreko paragrafoan ezarritakoarekin arautu aurretik, lehentasunez arautuko da lege honen II. liburuko V. tituluan jasotako xedapenekin, hori garatzeko xedapenekin, eta, aipatutako titulu horren aurka ez badoaz, arlo horretan berariaz emandako legeekin, betiere, Uren Legearen testu bateginean (uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren bitartez onartu baitzen) 125. artikuluan eta 133.etik 135. artikulu artekoetan ezarritakoari kalterik egin gabe.

Administrazio-kontratuetan alderdien artean sor daitezen eztabaidak erabakitzeko, administrazioarekiko auzi-jurisdikzioa izango da eskumenak edukiko dituena.

8. artikulua.- Administrazio-kontratu bereziak.

Administrazio-kontratu bereziak lege honen I. liburuan ezarritakoarekin bat etorrita esleituko dira, betiere, 7.1. artikuluan ezarritakoari kalterik egin gabe.

Administrazio-klausula zehatzen agirian puntu hauek jaso behar dira:

a) Administrazio-kontratu bereziak direla.

b) Behin-behineko zein behin betiko bermeak.

c) Administrazioak 59.1. artikuluan jasotakoari dagokionez dituen prerrogatibak.

d) Luzapenen norainokoa; luzapenak ezin izango dira isilbidezko elkarren adostasunez egin.

e) Kontratuak suntsiarazteko berariaz ezar daitezen arrazoi zehatzak.

f) Administrazioarekiko auzi-jurisdikzioa dela, kontratuen gainean sor daitezen arazoak konpontzeko eskumenak dauzkana.

Honako hauek dira, 111. artikuluan ezarritakoez gain, kontratua suntsiarazteko arrazoi:

a) Administrazioak, berari egotz dakiokeen arrazoiren batengatik, kontratuan adierazitako egunetik aurrera, kontratuaren hasiera sei hilabetetik gora etetea, agirian beste epe laburragoren bat aipatu ezik.

b) Administrazioaren erabakiz urtebete baino gehiagoz kontratuan atzera egitea edo kontratua etetea, agirian beste epe laburragoren bat aipatu ezik.

c) Kontratua aldatzea, nahiz eta aldaketak elkarren jarraian egin, baldin eta, banan edo denak batera hartuta, kontratuaren prezioaren aldaketak, bai goitik zein behetik, kontratuaren hasierako prezioaren 100eko 20a baino gehiagokoak badira Balio Erantsiaren gaineko Zerga kanpoan dela, edo hasierako kontratuari funtsezko aldaketaren bat sortzen badiote.

9. artikulua.- Kontratu pribatuen araubide juridikoa.

Herri-administrazioen kontratu pribatuak, beren prestaketa eta esleipenari dagokienez, lege honekin eta lege hau garatzeko xedapenekin arautuko dira, berariazko administrazio-araurik egon ezik; ondorioei eta amaierari dagokienez, aldiz, zuzenbide pribatuko arauekin.

Ondasun higiezinen, jabetza gorpuzgabeen eta balore negoziagarrien gainean egindako salerosketa, dohaintza, truke eta errentamenduko kontratuak eta antzeko gainerako negozio juridikoak direnean, lehenik eta behin, kontratuak prestatu eta esleitzeari dagokienez, herri-administrazioek daukaten ondare-legediaren arauak aplikatuko dira.

Lege honen II. liburuko IV. tituluko II. eta III. kapituluetan jasotako arauei jarraituz esleituko dira 206. artikuluko 6. kategorian jasotako kontratuak, aseguru-kontratuei, bankuko kontratuei eta inbertsio-kontratuei baitagokie kategoria hori, eta, era berean, artikulu bereko 26. kategorian jasotakoen artean, artea eta literatura sortzea eta interpretatzea xede duten kontratuak, eta ikuskizunetakoak ere bai.

Jurisdikzio zibila da kontratu pribatuetan alderdien artean sortutako eztabaidak erabakitzeko eskumenak dauzkana.

Hala ere, egintza juridiko banangarri moduan hartuko dira kontratua prestatzen eta esleitzen egindakoak; ondorioz, administrazioarekiko auzi-jurisdikzioan aurkatu ahal izango dira, jurisdikzio hori arautzen duten arauen arabera.

II. KAPITULUA

Administrazio Kontratazioaren Aholku Batzordea

10. artikulua.- Administrazio Kontratazioaren Aholku Batzordea.

Administrazio Kontratazioaren Aholku Batzordea Estatuko Administrazio Orokorraren, bere erakunde autonomoen eta estatuko gainerako erakunde publikoen berariazko aholku-organoa da, administrazio-kontratazioari dagozkionetan.

Ogasun Ministerioari atxikita egongo da.

Erregelamenduz ezarriko dira bere osaketa eta araubidea.

Hala dagokionean, kontratazio-sistemako administrazio, teknika eta ekonomiako alderdiak hobetzeko bidezko iritzi ditzan arau zein neurri orokorrak sustatuko ditu Administrazio Kontratazioaren Aholku Batzordeak.

Autonomia-erkidegoek ere Administrazio Kontratazioaren Aholku Batzordeak sor ditzakete; eta bakoitzaren lurralde-eremurako izango dira beren eskumenak.

III. KAPITULUA

Herri Administrazioen kontratuetarako xedapen orokorrak

11. artikulua.- Kontratuen betekizunak.

Herri-administrazioen kontratuek publizitate- eta lehia-printzipioak bete behar dituzte, lege honetan adierazitako salbuespenetan izan ezik; eta berdintasun eta bereizkeriarik ezaren printzipioak, beti.

Lege honetan berariaz besterik xedatzen denean izan ezik, betekizun hauek errespetatu beharko dira, Herri Administrazioak kontratuak egin ahal izan ditzan:

a) Kontratazio-organoak eskumenak eduki behar ditu.

b) Kontratista esleipendunak gaitasuna eduki behar du.

c) Kontratuaren xedea zehatza izan behar da.

d) Prezioa finkatuta egon behar da.

e) Kreditu egoki eta nahikoa egon behar da, baldin eta kontratuak eduki ekonomikoa duten betebeharrak sortzen badizkio Administrazioari.

f) Espedientea izapidetu egin behar da; eta egiteko den kontratua arautzeko, Administrazioak ezarritako klausulen agiriak, eta gastu-aurrekontuaren zenbatekoa, espedienteari gehitu behar zaizkio.

g) Kontratuei dagokienez, eduki ekonomikoa duten administrazio-egintzak aldez aurretik ikuskatu behar dira, Aurrekontuen Lege Orokorrean edo lege honetara lotutako herri-administrazioen aurrekontu-arauetan aurreikusitako moduan.

h) Gastua onesteko eskumenak dauzkan organoak oniritzia eman behar du.

i) Kontratua formalizatu egin behar da.

12. artikulua.- Kontratazio-organoak.

Ministroak eta estatu-idazkariak dira Estatuko Administrazio Orokorraren kontratazio-organoak. Estatuaren izenean kontratuak egiteko ahalmena daukate, beren eskumenen eremuan.

Erakunde autonomoetako eta gainerako estatu-erakunde publikoetako legezko ordezkariak eta Gizarte Segurantzako kudeaketa-erakunde eta zerbitzu erkideetako zuzendari nagusiak dira batzuetako eta besteetako kontratazio-organo; aipatutako erakundeak atxikita dauzkaten ministerioetako titularrek kopuru bat finka dezakete, hortik gorako kontratuak egiteko orduan, beren baimena beharrezko izan dadin.

Ministerioetako departamentuetan kontratazio-organo bat baino gehiago daudenean, baldin eta hornidura-kontratuak, eta aholkularitza- eta laguntza-kontratuak zein zerbitzu-kontratuak badira, eta kontratuak kontratazio-organo baten baino gehiagoren esparruari badagozkie, ministroak izango du kontratuak egiteko eskumena, eskumena Kontratazio Batzordeari ematen zaionean izan ezik, betiere, ministerioren bateko departamentu zehatzen bateko zerbitzuek berariaz erabiltzeko nahitaezko uniformetasun-adierazpena duten ondasunak eta zerbitzuak kontratatzeko lege honen 182. artikuluko g) idatz-zatian eta 210.eko f) idatz-zatian ezarritakoari kalterik egin gabe.

Hala ere, kontratazio-organoak Ministroen Kontseiluaren baimena beharko du, kasu hauetan:

a) Aurrekontua 2.000.000.000 pezetakoa edo gehiagokoa denean (12.020.242,09 eurokoa edo gehiagokoa).

b) Urte anitzeko kontratuetan, Aurrekontuen Lege Orokorreko 61. artikuluari jarraituz, legez aurreikusitako ehunekoak nahiz urte-kopuruak aldatzen direnean.

c) Kontratuak ordaintzeko, finantza-errentamenduaren sistema erabiltzen denean, edo erosteko aukera ematen duen errentamendu-sistema erabiltzen denean, betiere, urte-kopurua 14.4. artikuluan jasotakoa baino handiagoa bada.

Aurreko lerrokadan jasotakoarekin bat etorriz, Ministroen Kontseiluaren baimena behar duten kontratuen kasuan, kontratazio-espedientea onetsi baino lehenago eman behar da baimen hori; bai espedientea onestea, eta bai gastua onestea, kontratazio-organoari dagozkio.

Ministroen Kontseiluak aukeran eska dezake beretzat beste edozein kontratutan parte hartzea eta berak baimena eman behar izatea.

Era berean, kontratazio-organoak, dagokion ministroaren bidez, Ministroen Kontseiluari jaso ahal izango dio aurreko idatz-zatietan aipatu gabeko edozein kontratu, hartaz erabaki dezan.

Kontratua egiteko baimena Ministroen Kontseiluak emandakoa denean, berak onartu behar du kontratua aldatzea ere, kontratua suntsiarazteko besteko arrazoi bada; eta suntsiarazteko baimena ere berak eman behar du, halako kasuetan.

Kontratatzeko ahalmenak deskontzentratu egin daitezke, Ministroen Kontseiluan onartutako Errege Dekretuz.

Aurreko idatz-zatietan xedatutakoari kalterik egin gabe, ministerioetako departamentuetan nahiz bertako erakunde autonomoetan, eta zuzenbide publikoko erakundeetan, baita Gizarte Segurantzako kudeaketa-erakunde eta zerbitzu erkideetan ere, kontratazio-batzordeak eratu ahal izango dira, jarraian aipatutako kontratuetan kontratazio-organo moduan aritzeko, betiere, departamentuko titularrak kontratuen kopuruen gainean nahiz kontratuen ezaugarrien gainean ezarriko dituen mugen barruan:

a) Lege honetako 123.1. artikuluko b) eta c) idatz-zatietan jasotako obra-kontratuetan.

b) Ondasun kontsumigarriak edo erabiliaz erraz honda daitezkeen ondasunak hornitzeko kontratuetan, 183.1. artikuluan aurreikusitako kasuetan izan ezik.

c) Aholkularitza- eta laguntza-kontratuetan, baita zerbitzuetakoetan ere, 199. artikuluan jasotako egoeretan izan ezik.

d) Hornidura-kontratuetan, eta aholkularitza eta laguntza kontratuetan, zein zerbitzu-kontratuetan, aurreko bi idatz-zatien arabera, Batzordearen eskumenekoak direnez bestelakoetan, baldin eta kontratazio-organo bati baino gehiagori badagokio, betiere, 183.1 eta 199. artikuluetan jasotako egoerak salbuespen direla.

Erregelamenduz zehaztuko den moduan osatu behar dira kontratazio-batzordeak, baina kideen artean, nahitaez, legez edo erregelamenduz kontratazio-organoaren lege-aholkularitza aginduta daukaten funtzionarioetako bat eta kontu-hartzaile bat egon behar dira.

Salbuespen modura, ministerio batek baino gehiagok dutenean hitzarmena egiteko interesa, eta, ekonomia- eta eragingarritasun-arrazoiak direla-eta, espedientearen izapidea kontratazio-organo bakar batek egin behar duenean, orduan, besteek hitzarmena finantzatzen lagundu ahal izango dute jardun-hitzarmenen edo –protokoloen bitartez, betiere, erregelamenduz zein aurrekontu-arautegiari dagokionez ezarritakoari jarraituz.

Herri-administrazioen zerbitzura dauden agintariek eta langileek, kontratazio-prozeduretan, ezin izango dute parte hartu, edo inork errefusatu egin ahal izango ditu, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazioaren Prozedura Erkidearen Legeko 28. eta 29. artikuluetan ezarritako kasuetan.

13. artikulua.- Kontratuen xedea.

Kontratuen xedea zehatza izan behar da, eta kasuan kasuko zerbitzu publikoaren helburuetarako beharrezkoa dela kontratazio-espedientean justifikatu behar da.

14. artikulua.- Kontratuen prezioa.

Kontratuek, beti, prezio zehatza eduki behar dute, Estatuko dirutan adierazita, zortzigarren xedapen iragankorrean ezarritakoari kalterik egin gabe; eta benetan egindako prestazioaren arabera ordainduko zaio kontratistari, itundutakoarekin bat etorriz.

Kontratuan ezarritako baldintzen arabera, ordainketak atzerriko dirutan egin behar direnean, guztizko prezioa Estatuko dirutan adierazteaz gainera, atzerriko dirutan izango duen gehieneko zenbatekoa eta erabiliko den dibisa-mota ere adierazi beharko dira.

Kontratuen prezioa merkatuarekin bat etor dadin zaindu behar dute beti kontratazio-organoek.

Kontratuetan debeku da ordainketa atzeratuak egitea; salbuespen izango da, kontratuak ordaintzeko, finantza-errentamenduaren sistema erabiltzen denean, edo erosteko aukera ematen duen errentamendu-sistema erabiltzen denean, eta legeak berariaz horretarako baimena ematen duenean ere bai.

Administrazioa, kontratuak finantzatzeko, prestazioa egiteko behar den urratsera egokitu behar da; kontratazio-organoak, horretarako, urteetarako programatutako denborarako eta kontratua gauzatzeko denbora guztirako beharrezko neurriak hartu behar ditu.

Artikulu honen 3. paragrafoan ezarritakoa ez da aplikatuko, kontratuak ordaintzeko, finantza-errentamenduaren sistema erabiltzen denean, edo erosteko aukera ematen duen errentamendu-sistema erabiltzen denean; kasu horietan, ordainketa egiteko gehieneko epea, kontratua esleitu denetik hasita, lau urtekoa izango da, baldin eta, Ministroen Kontseiluak horretarako baimena emanda, beste epe luzeagorik erabakitzen ez bada.

II. TITULUA

Administrazioarekin kontratuak egiteko betekizunak

I. KAPITULUA

Enpresen gaitasuna eta kaudimena

15. artikulua.- Enpresen gaitasuna.

Jarduteko gaitasun osoa eduki, eta ekonomia, finantza eta teknika edo lanbide arloetako kaudimena egiazta ditzaten pertsona fisiko nahiz juridiko guztiek egin ditzakete kontratuak Administrazioarekin, bai espainiarrek zein atzerritarrek; lege honen arabera eskatu behar den kasuetan, kaudimena egiaztatzeko betekizunaren ordez sailkapena erabiliko da.

Sozietate-talde bateko pertsona juridiko nagusien kasuan, taldeko sozietateak har daitezke kontuan, pertsona juridiko nagusiaren ekonomia, finantza, teknika edo lanbide arloetako kaudimena egiaztatzeko, edo, kasua beste hau bada, sailkapena egiaztatzeko, baldin eta pertsona horrek delako sozietateen izenean kontratuak gauzatzeko beharrezko baliabideak benetan bere eskura dauzkala egiaztatzen badu.

Kontratua gauzatu ahal izateko egin beharreko sailkapena egiteaz gainera, kontratazio-organoek izangai edo lizitatzaileei exijitu ahal izango diete, eta halaxe jasoko da administrazio-klausula zehatzen agirietan, hautaketa-fasean beren kaudimena egiazta dezaten, aukeraketa egin ahal izateko; horretarako, konpromisoa hartu behar dute, lana burutzeko behar beste giza baliabide eta bitarteko jarriko dituztela hitz emanda, eta hori zehaztu beharko du bakoitzak bere hautagaitzan edo eskaintzan.

Pertsona juridikoak diren enpresaburuek jarduteko duten gaitasuna eratze-eskrituren bidez edo aldaketa-eskrituren bidez egiaztatuko da, hala badagokio, Merkataritzako Erregistroan jasota, aplikatzekoa den merkataritza-legediaren arabera betekizun hori bete beharrekoa denean.

Betekizun hori bete beharrekoa ez bada, jarduteko gaitasuna eratze-agiriaren edo eskrituraren bidez, estatutuen bidez edo sortze-egintzaren bidez egiaztatuko da, jarduera erregulatzeko arauak bertan jasota, eta, hala dagokionean, dagokion erregistro ofizialean izena emanda.

Espainiakoak izan gabe, Europako Erkidegoko estatu kideetakoak diren enpresaburuak direnean, profesionalen edo merkataritzako erregistroren batean izena emanda daudela egiaztatu beharko dute, delako estatu horretako legediaren arabera betekizun hori eskatzen bada.

Atzerriko gainerako enpresaburuek jarduteko gaitasuna dutela egiaztatu beharko dute, Espainiako Ordezkaritza Diplomatiko Iraunkorraren txostena erakutsita edo enpresako egoitzaren lurralde-esparruari dagokion Kontsuletxeko Bulegoaren txostena erakutsita.

Ekonomia, finantza eta teknika edo lanbide arloetako kaudimena egiaztatzea beharrezko den kasuetan, kontratazio-organoek iragarkian hautaketa egiteko irizpideak zehaztu behar dituzte, lege honetako 16. artikulutik 19. artikulura artekoetan zerrendatutako moduetatik kaudimena egiaztatzeko erabiliko diren moduak aintzat hartuta.

16. artikulua.- Ekonomia eta finantza arloetako kaudimena.

Enpresaburuaren ekonomia eta finantza arloetako kaudimena modu hauetakoren bat edo gehiago erabiliz egiazta daiteke:

a) Finantza-instituzioen txostenen bidez, edo, kasua beste hau bada, lanbide-arriskuen kalte-ordainetarako asegurua daukala egiaztatuz.

b) Pertsona juridikoen kasuan, urteko kontuak aurkeztuz edo urteko kontuen laburpenak aurkeztuz, baldin eta pertsona horiek kokalekua duteneko estatuetan agiriok argitaratzea nahitaezkoa bada.

c) Azken hiru ekitaldietan enpresak egindako negozio, obra, hornidura, zerbitzu nahiz lanen kopuru orokorraren gaineko adierazpena aurkeztuz.

Baldin eta, justifikatutako arrazoiak direla-eta, enpresabururen batek aurkeztu ezin baditu eskatutako erreferentzia horiek, Administrazioak askietsi dezan beste edozein agiriren bidez egiazta dezake hark ekonomia eta finantza arloetan daukan kaudimena.

17. artikulua.- Kaudimen teknikoa, obra-kontratuetan.

Obra-kontratuetan enpresaburuaren kaudimen teknikoa modu hauetakoren bat edo gehiago erabiliz egiazta daiteke:

a) Enpresaburuaren eta enpresako teknikari-taldearen titulu akademikoak eta esperientzia aurkeztuz, eta, bereziki, obrak egiteko erantzukizuna daukatenenak.

b) Azken bost urteetan egindako obren zerrenda emanez, garrantzitsuenak ongi egin izanaren ziurtagiriekin batera.

c) Enpresaburuak obrak egiteko edukiko dituen makina, material eta teknikari-taldea azaltzeko adierazpena eginez.

d) Enpresaren urteko batez besteko langile-kopurua, hala dagokionean, langile horien lanpostuen egonkortasuna adierazita, eta azken hiru urteetan izan dituen zuzendaritza-taldeen garrantzia argitzeko adierazpena eginez.

e) Enpresak obrak egiteko edukiko dituen teknikariak edo teknikari-taldeak argitzeko adierazpena eginez, taldeok enpresa barrukoak izanda nahiz izan gabe ere.

18. artikulua.- Kaudimen teknikoa, hornidura-kontratuetan.

Hornidura-kontratuetan enpresaburuen kaudimen teknikoa modu hauetakoren bat edo gehiago erabiliz egiazta daiteke:

a) Azken hiru urteetan egindako hornidura nagusienen zerrenda emanez, eta horniduren zenbatekoa, data eta hartzailea azalduz, azken hori publikoa edo pribatua izan den esanda; zerrendarekin batera horniduren ziurtagiriak aurkeztu behar dira.

b) Teknikari-taldea zehaztuz; eta, kalitatea bermatzeko, hornitzaileak erabilitako neurriak, eta, azterketa eta ikerketa egiteko, enpresak dauzkan baliabideak azalduz.

c) Kontratuan parte hartuko duten teknikariak edo teknikari-lantaldeak aipatuz, taldeok enpresa barrukoak izanda nahiz izan gabe ere; batez ere kalitatearen kontrolaz arduratuko direnak, eta, hala dagokionean, enpresan diharduten langileen lanpostuen egonkortasun-maila ere bai.

d) Hornituko diren produktuen laginak, azalpenak eta argazkiak aurkeztuz.

e) Kalitatearen kontrolaz arduratutako institutu zein zerbitzu ofizial nahiz homologatuen ziurtagirien bidez, ondo zehaztutako artikuluak zenbait espezifikazio edo araurekin bat datozela ziurtatzeko.

f) Administrazioak, edo, bere izenean, enpresaburua kokatuta dagoen estatuko erakunde ofizial eskudunen batek egindako kontrolarekin, aipatutako erakundea ados badago, eta hornitu beharreko produktuak konplexuak direnean, edo salbuespenez helburu bereziren baterako direnean; kontrol hori enpresaburuaren ekoizpen-gaitasunei buruzkoa izango da, eta, beharrezkoa bada, enpresaburuak azterketa eta ikerketa egiteko daukan gaitasunei buruzkoa, baita enpresaburuak kalitatea kontrolatzeko erabilitako neurriei buruzkoa ere.

19. artikulua.- Teknika zein lanbideko kaudimena, gainerako kontratuetan.

Lege honetan araututako gainerako kontratuetan, enpresaburuen teknika zein lanbideko kaudimena askiesteko, beren jakintza teknikoa, eraginkortasuna, esperientzia eta fidagarritasuna izan behar dira kontuan; eta modu hauetakoren bat edo gehiago erabiliz egiazta daiteke, kontratuaren xedearen arabera:

a) Enpresaburuen eta enpresako zuzendaritza-taldearen titulu akademikoak eta lanbide-tituluak aurkeztuz; eta, bereziki, kontratua gauzatzeko erantzukizuna daukatenenak.

b) Azken hiru urteetan egindako zerbitzu edo lan nagusienen zerrenda emanez, eta zerbitzu edo lanon zenbatekoa, data eta onuradunak azalduz, azken horiek publikoak edo pribatuak izan diren esanda.

c) Kontratuan parte hartuko duten teknikari-taldea eta teknikari-lantaldeak aipatuz, taldeok zuzenean kontratistaren enpresa barrukoak izanda nahiz izan gabe ere, batez ere kalitatearen kontrolaz arduratuko direnak.

d) Enpresak azken hiru urteetan izandako zuzendaritza-taldeko kideen eta enpresako langileen urteko batez besteko kopurua argitzeko adierazpena eginez, hala dagokionean, langileen egonkortasun-maila aipatuta.

e) Enpresaburuak kontratua egiteko dauzkan material, instalazio eta teknikari-taldea azaltzeko adierazpena eginez.

f) Enpresaburuek kalitatea kontrolatzeko hartutako neurrien gaineko adierazpena eginez, eta azterketa eta ikerketa egiteko dauzkaten baliabideak azalduz.

g) Egin beharreko zerbitzuak edo lanak konplexuak direnean, edo, salbuespenez, helburu bereziren baterako direnean, kontratazio-organoak, edo, bere izenean, enpresaburua kokatuta dagoen estatuko erakunde ofizial nahiz homologatu eskudunen batek egindako kontrolarekin, baldin eta erakunde horren aldetik enpresaburuaren gaitasun teknikoaren gainean adostasunik badago, eta, beharrezkoa bada, enpresaburuak azterketa eta ikerketa egiteko dauzkan baliabideen eta kalitatea kontrolatzeko erabilitako neurrien gainean ere.

20. artikulua.- Kontratatuak egiteko debekuak.

Inola ere ezin izango dute Administrazioarekin kontraturik egin egoera hauetan aurkitzen diren pertsonek:

a) Epai irmoz kondenatuta daudenek, bai faltsutze-delituengatik, bai ondarearen eta ordena sozioekonomikoaren aurkakoengatik, bai funtzionario-eroskeria egin, ondasun publikoak bidegabe eralgi, eragimen-trafikoaz baliatu, sekretuak agerrarazi eta lehen eskuko informazioak erabiltzegatik, bai delituak egiteagatik Ogasun Publikoaren nahiz Gizarte Segurantzaren aurka, langileen eskubideen aurka edo merkatuaren eta kontsumitzaileen aurka.

Kontratuak egiteko debekuak berdin hartzen ditu, karguan edo ordezkaritzan dauden bitartean, aipatutako egoeretan aurkitzen diren administratzaile edo ordezkariak dauzkaten pertsona juridikoak ere, bai pertsona juridiko horien izenean edo horien onurarako egindako jardunengatik bada, bai pertsona juridikook delituko subjektu aktibo izateko delitu bakoitzak eskatutako baldintzak, ezaugarriak edo harremanak betetzen dituztenak badira.

b) Hartzekodunen konkurtsoa deklaratzeko eskaria egin dutenek, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jota daudenek, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta daudenek, epailearen esku-hartzearen menpe daudenek edo Konkurtso Legearen arabera desgaituta daudenek, hartzekodunen konkurtsoa sailkatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldi hori oraindik amaitu gabe dagoelarik.

c) Administrazioarekin egindako edozein kontratu ebazpen irmoz suntsiarazteko arrazoiak sorrarazi eta haien errudun deklaratu izan direnek.

d) Merkatuko diziplinan, lanbide-gaietan zein elbarriak lan-munduan sartzeko gaietan arau-hauste larria egiteagatik irmo zigortuek, nahiz gizarte-gaietan arau-hauste oso larria egiteagatik irmo zigortuek ere, gizarte arloan edo laneko segurtasun- eta osasun-gaietan arau-hauste eta zehapenei buruzko apirilaren 7ko 8/1988 Legean xedatutakoa, eta, horri lotuta, laneko arriskuen prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legean xedatutakoa.

e) Estatuko Administrazio Orokorreko goi-kargudunen eta Gobernuko kideen bateraezintasunari buruzko maiatzaren 11ko 12/1995 Legean zein herri-administrazioen zerbitzura dauden langileen bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean aipatutako kasuren batean sartuta dauden pertsona fisikoek edo pertsona juridikoen administratzaileek, nahiz Hauteskundeen Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako edozein hautetsik, azken horretan ezarritako baldintzetan.

Debekuak berdin hartzen ditu aurreko lerrokadan aipatutako pertsonen ezkontideak, maitasunezko elkarbizitzaz haien antzeko lotura daukaten pertsonak, eta haien ondorengoak, baldin eta, azken horien kasuan, pertsona haiek badira ondorengoen legezko ordezkapena daukatenak.

Idatz-zati honetan aipatutako xedapenak autonomia-erkidegoei eta toki-erakundeei aplikatu ahal izango zaizkie, bakoitzari aplika dakizkiokeen neurrian.

f) Erregelamenduz zehaztutako moduan, indarrean dauden xedapenek ezarritako zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean ez dauzkatenek.

g) Lege honetako xedapenak zein legearen garapeneko arauak betetzeko eska daitezkeen adierazpenak Administrazioari ematean faltsutze astunean erori direnek.

h) Emandako sailkapenak eteteko akordioetan zein edozein herri-administraziorekin kontratatzeko desgaikuntza-adierazpenean enpresaburuari ezarritako betebeharrak bete ez dituztenek.

i) Espainiakoak ez, baina Europako Erkidegoko estatu kideetako enpresaburuen kasuan, bakoitzaren kokapen-estatuko legedian aurreikusitako baldintzetan lanbide edo merkataritzako erregistroren batean izena eman gabe daudenek.

j) Administrazio-espedienteren baten ondorioz, Aurrekontuetako Lege Orokorreko 82. artikuluan eta Zergetako Lege Orokorreko 80. artikuluan aurreikusitako moduan zigorra jaso dutenek.

k) Lege honetan xedatutakoarekin bat etorriz sailkatuta egon beharko liratekeen moduan ez daudenek, eta ekonomia, finantza, teknika zein lanbide arloetan behar besteko kaudimenik ez daukatenek.

21. artikulua.- Debekuak deklaratzeko prozedura, eta debekuen ondorioak.

Kontratazio-organoek berez eta beste barik ikusiko dituzte aurreko artikuluko b), e), f), i), j) eta k) idatz-zatietan jasotako kontratu-debekuak, eta indarrean egongo dira debekuok harik eta kasu bakoitzean haiek sorrarazteko inguruabarrek dirauten bitartean.

Kontratazio-organoek berez eta beste barik ikusiko dute kontratu-debekua, aurreko artikuluko a) idatz-zatian aurreikusitako arrazoiak daudenean.

Nolanahi den ere, kontratu-debekuaren irispena prozeduran zehaztuko da, prozedura hori, artikulu honen 2. eta 3. paragrafoetan ezarritakoaren arabera, nahitaez gauzatu behar baita.

Gainerako kasuetan, kontratatzeko debekua ezartzeko, adierazpena egin behar da aurretik, prozedura baten barruan, eta dagokion Administrazioak berariaz finkatu behar ditu horretarako ebazpena eta debekuaren iraupena.

Kontratatzeko debekua deklaratuz gero aurreko artikuluko a), d), g), h) eta j) idatz-zatietan adierazitako kasuetan, edo uste izanez gero b), e) eta f) idatz-zatietan jasotako egoeretan debekua egon litekeela, enpresa horiei eman zaizkien sailkapenak etenda geratuko dira, debekuak irauten duen epe osoan, edo debekua egon litekeela uste izateko arrazoiak irauten duen beste, eta, horrenbestez, 33.1. artikuluan adierazitako espedientea izapidetzea ez da bidezkoa izango.

Debekuaren irispena erregelamenduz zehaztutako moduan ikusiko da, kontuan hartuta bai enpresaburuaren jokaeran ea dolorik edo fede txar nabaririk egon den, bai interes publikoei eragindako kaltearen neurria zenbatekoa izan den; debekua, orokorrean, ez da bost urtetik gorakoa izango, eta, epai irmoz emandako kondena bada debekuen oinarrian dagoena, ez da zortzi urtetik gorakoa izango.

Nolanahi ere, aipatutako gaion gaineko epai edo ebazpen irmoan jasotako erabakiak hartu behar dira gogoan, batez ere kontratu-debekuaren iraupenari dagokionez; eta kasu horretan, kontratazio-organoek berez eta beste barik aplikatuko dituzte kontratatzeko debekuok.

Ogasun Ministerioari dagokio kontratu-debekua deklaratzeko eskumena, bai aurreko artikuluko a) idatz-zatian, epai irmoz emandako kondena-kasuetan, bai d) idatz-zatian ohartemandako kasuetan; Administrazio Kontratazioaren Aholku Batzordearen proposamenez emango du ebazpena, eta orokorra izango da herri-administrazio guztientzat.

Aurreko artikuluko c) eta g) idatz-zatietan aurreikusitako kasuetan, kontratua egin duen Administrazioari dagokio eskumen hori; eta artikulu horretako h) idatz-zatiaren kasuan, sailkapena etetea erabaki duen, edo debekua hautsi egin dela deklaratu duen Administrazioari dagokio eskumena, betiere, bere eremura mugatutako eraginkortasunarekin; hala ere, administrazio hori autonomikoa bada, edo toki-administrazio bat bada, Estatuko Administrazio Orokorrari jakinaraziko dio, interes publikoei egindako kaltea ikusita, debeku orokorra deklara dezan.

Artikulu hau aplikatu ahal izateko, eskumenak dauzkaten agintari eta organoek Administrazio Kontratazioaren Aholku Batzordeari eta autonomia-erkidegoetan eskumenak dauzkaten organoei emango dizkiete kasuan kasuko prozeduretan egondako zigor eta ebazpen irmo guztien berri, artikulu honetan eta 33.1. artikuluan aurreikusitako espedienteak gauzatzeko, edo bidezkoa den ebazpena eman dezaten.

Era berean, Administrazio Kontratazioaren Aholku Batzordeak ondorio horietarako beharrezko diren zehaztasun eta aurrekari guztiak eskatu ahal izango dizkie lehen esandako agintari eta organoei.

Baldin eta enpresaburuek, aurreko artikuluetan jasotako idatz-zatietan adierazitako egoerak direla-eta, Administrazioarekin kontratatzeko aipatutako debekuetan ez direla aurkitzen frogatu nahi badute, lekukotza judiziala edo administrazioko ziurtagiria erabil dezakete, kasuen arabera; baina, eskumenak dauzkan agintariak agiri hori eman ezin duenean, horren ordez erantzukizunpeko adierazpen bat egin daiteke, Administrazioko agintari baten aurrean, notario publiko baten aurrean, zein erakunde kualifikatu profesional baten aurrean.

Europar Batasuneko estatu kideetako enpresen kasuan, baldin eta estatu bakoitzeko legedian aukera hori jasota badago, horren ordez erantzukizunpeko adierazpena egin daiteke agintari judizial baten aurrean.

22. artikulua.- Gaitasun eta kaudimen gabezien ondorioak, eta kontratu-debekuen ondorioak.

Jarduteko gaitasunik edo kaudimenik ez daukaten pertsonei, nahiz 20. artikuluko kasuren batean sartuta dauden pertsonei esleitzen bazaizkie kontratuak, erabat deusezak izango dira.

Horri kalterik egin gabe, kontratazio-organoak erabakia hartu ahal izango du enpresaburu horrek kontratua gauzatzen jarrai dezan, baldintza berberetan, dena delako interes publikoari kalterik ez sortzeko behar besteko denboraz.

23. artikulua.- Europako Erkidegokoak ez diren enpresa atzerritarrak.

Europako Erkidegokoak ez diren estatuetako pertsona fisikoek nahiz pertsona juridikoek, bakoitzak bere estatuko legediaren arabera kontratuak egin eta betebeharrak hartzeko gaitasun osoa, eta ekonomia, finantza, teknika zein lanbide arloetako kaudimena dauzkatela egiaztatzeaz gain, delako estatu horretan Espainiak daukan ordezkaritza diplomatiko iraunkorrak egindako txostenaren bidez egiaztatu behar dute, eta gainerako agiriekin batera aurkeztu, atzerriko enpresaren jatorrizko estatuak berak ere onartzen diela Espainiako enpresei bertako Administrazioarekin kontratuak egiten parte hartzea, funtsean antzerakoak diren moduetan.

Lege honetako 135.1., 177.2., eta 203.2. artikuluetan aipatutako kopurukoak edo gehiagoak diren obra-kontratuetan, hornidura-kontratuetan, aholkularitza- eta laguntza-kontratuetan eta zerbitzu-kontratuetan, alde batera utzi beharko da aurreko lerrokadan aipatutako elkarrekikotasun-txostena, Merkataritzako Munduko Erakundeak kontratazio publikoari buruz egindako akordioa izenpetu duten estatuetako enpresen kasuan.

Obra-kontratuen kasuan, beharrezkoa izango da, halaber, enpresa horiek Espainian sukurtsalak irekita izatea, beren eragiketetarako ahaldunak edo ordezkariak izendatuta dituztela, eta sukurtsalak Merkataritzako Erregistroan izena emanda egotea.

24. artikulua.- Enpresaburuen elkarteak.

Administrazioak enpresaburuen elkarteekin lotu ditzake kontratuak, horretarako eta denbora baterako egiten direnean; ez da beharrezkoa izango elkarteok eskritura publikoan formalizatzea, harik eta enpresaburuen elkarte horiei esleipena eman arte.

Aipatutako enpresaburuek betebehar solidarioa hartuko dute Administrazioarekiko, eta enpresaburuen elkartearen izenean ordezkari edo ahaldun bakar bat izendatu beharko dute, kontratutik sortutako eskubideez baliatzeko eta betebeharrak betetzeko ahalorde askietsiak dituela, harik eta kontratua amaitu arte, nahiz eta enpresek, garrantzi handiko kopuruak kobratu eta ordaintzeko, ahalorde mankomunatuak eman ahal izango dituzten.

Enpresaburuen aldi baterako elkarte horiek izango duten iraupena kontratuak amaierara arte duen berbera izango da.

Sailkapena eskatu behar den kasuetan, eta enpresaburuen elkartean bildutakoak, estatuko enpresaburuak, Europako Erkidegokoak ez diren atzerritarrak, edo Erkidegoko atzerritarrak badira, aipatutako lehenengo biek beren sailkapena egiaztatu behar dute, eta azkenek, sailkapenik eduki ezik, ekonomia, finantza, teknika zein lanbide arloetako kaudimena.

II. KAPITULUA

Enpresen sailkapena eta erregistroa

I. ATALA.

XEDAPEN OROKORRAK

25. artikulua.- Sailkapenak.

Herri-administrazioekin obra-kontratuak edo zerbitzu-kontratuak gauzatzeko, obra- edo zerbitzu-kontratu horiek 196.3. artikuluan jasotakoak badira, eta kasu batean zein bestean 20.000.000 pezetako (120.202,42 euro) edo gehiagoko aurrekontua badaukate, enpresaburuak ezinbestean bete beharreko betekizuna izango da berari dagokion sailkapena aldez aurretik lortzea.

Betekizun horretatik salbu egongo dira 206. artikuluko 6. eta 21. kategorian jasotako kontratuak, eta, era berean, artikulu bereko 26. kategorian jasotakoen artean, artea eta literatura sortzea eta interpretatzea xede duten kontratuak, eta ikuskizunetakoak ere bai.

Betekizun hori eskatuko zaio kontratu-hartzaileari ere, lagatzaileari halakorik eskatu izan bazaio.

Errege Dekretu bidez, talde zein azpitalde jakinetan egon daitezkeen gorabehera konkretuak aintzakotzat hartuta, sailkapena lortu beharretik salbu geratu ahal izango dira betekizun hori bete behar duten obra- edo zerbitzu-kontratuetako talde zein azpitalde jakin batzuk, edo, aldiz, sailkapena lortzeko betekizuna ezarri ahal izango zaie, nahiz eta, indarrean dauden xedapenen arabera, horrelako betekizunik ez izan, obra-, aholkularitza-, laguntza- eta zerbitzu-kontratuetako talde zein azpitalde jakin batzuei.

Paragrafo honen lehen lerrokadan aipatutako muga hori, kontratu bakoitzerako, handitu edo gutxitu egin dezake Ogasun ministroak, autonomia-erkidegoei entzun ondoren, eta egoera ekonomikoak eskatzen duenaren arabera.

Artikulu honetako 1. paragrafoko lehenengo lerrokadan ezarritakoa besterik izan arren, Europako Erkidegoko estatu kideetako enpresaburuentzat, ez espainiarrentzat, aski izango da bakoitzak bere kontratazio-organoari bai bere ekonomia, finantza, teknika zein lanbide arloetako kaudimena 16., 17. eta 19. artikuluen arabera egiaztatzea, eta bai 20. artikuluaren i) idatz-zatian aipatutako erregistroan izena emanda daukala egiaztatzea ere, guztia 79. artikuluan ezarritakoari kalterik egin gabe.

Salbuespenez, eta interes publikoetarako komenigarri denean, sailkatu gabeko pertsonekin kontratatzeko baimena eman dezake Ministroen Kontseiluak, Administrazio Kontratazioaren Aholku Batzordearen txostena jaso eta gero, Estatuko Administrazio Orokorraren eremuan.

Autonomia-erkidegoen administrazioen eremuan, bertan eskumenak dauzkaten organoek eman beharko dute baimen hori.

Sailkapenaren ondorioetarako, eta kontratuen xedearekin lotuta, erregelamenduz zehaztuko dira bai talde orokorrak, eta bai haiek banatzeko azpitaldeak ere, bakoitzaren izaera bereziaren arabera.

Baldin eta, artikulu honen 1. paragrafoan jasotakoetatik kontratu bat esleitzeko prozedura izapidetutakoan, sailkatutako enpresa batek ere parte hartu ez badu, aurretiaz sailkatzeko betekizuna kendu ahal izango du kontratazio-organoak kontratu bera esleitzeko deituko den hurrengo prozeduratik; dena dela, administrazio-klausula zehatzen agirian, eta, hala badagokio, iragarkian ere bai, hautaketa-irizpideak zehaztu beharko dira, betiere, lege honen 16. artikulutik 19.era bitartekoetan jasotako moduetatik kaudimena egiaztatzeko zein erabiliko diren adierazita.

26. artikulua.- Sailkapenari buruzko salbuespenak, eta Europako Erkidegoko sailkapen-ziurtagiriak.

Unibertsitatearen Erreformari buruzko abuztuaren 25eko 11/1983 Lege Organikoko 11. artikuluko kasuetan, unibertsitateei ezin izango zaie kontratista-sailkapenik eskatu, herri-administrazioen kontratuen esleipendun izateko.

Europako Erkidegoko estatu kideek beren enpresaburuen alde emandako sailkapen-ziurtagiriek zein antzeko beste agiriek aintzakotzat hartzen dute enpresaburu horien gaitasuna kontratazio-organoen aurrerako, lege honetako 16.1. artikuluko b) eta c) idatz-zatiei dagokienez, eta 17. artikuluko b) eta d) idatz-zatiei, 18. artikuluko a) idatz-zatiari, 19. artikuluko a) idatz-zatiari eta 20. artikuluko a), b), d) eta i) idatz-zatiei dagokienez.

27. artikulua.- Sailkapenerako irizpideak.

Lege honetako 16., 17., 18. eta 19. artikuluetan ezarritakoaren arabera zehaztutako oinarrizko ezaugarrien ildotik egingo da enpresen sailkapena; eta enpresek esleipena jasotzeko nolako kategoriako kontratuetan lehiatu edo parte hartu ahal izan dezaketen adieraziko da bertan, kontratuon xedearen arabera eta haien zenbatekoa kontuan dela.

28. artikulua.- Sailkapena egiteko eskumenak.

Ogasun Ministerioko Administrazio Kontratazioaren Aholku Batzordeak hartuko ditu sailkapenak egin eta sailkapenak ikuskatzeko akordioak, sailkapen-batzordeen bidez, enpresen sailkapenarekin zerikusia daukaten espediente guztiak landuko baitituzte batzordeak emandako eskuordetza iraunkorrari esker, eta edozein kontratazio-organoren aurrean sortuko dituzte ondorioak akordio horiek.

Sailkapen-batzordeak, erregelamenduz zehaztuko bada ere beren osaera, Administrazioko ordezkariez, eta Administrazioko kontratazioak eragiten dituen arloetan ordezkaritzarik handiena daukaten enpresaburuen antolakundeetako ordezkariez osatuko dira.

Administrazio Kontratazioaren Aholku Batzordeak sailkapena egin eta sailkapena ikuskatzerakoan hartutako akordioen kontra, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Ogasun ministroari.

Autonomia-erkidegoetako kontratazio-organoek, bertako erakunde autonomoek eta gainerako erakunde publikoek egin ditzaten kontratuetarako sailkapenen akordioak, bai eta sailkapenak ikuskatzeko akordioak ere, egoitza beren lurraldeetan duten enpresei dagokienez, erkidego horietako organoek hartu ahal izango dituzte, eta lege honetan nahiz legea bera garatzeko xedapenetan ezarritako arau eta irizpide berberak aplikatu beharko dituzte.

Estatuko Administrazio Orokorreko kontratazio-organoetan edo akordioa onartzen duenaz beste autonomia-erkidego batzuetako kontratazio-organoetan akordio horiek ondorioak izan ditzaten, Enpresa Sailkatuen Erregistro Ofizialean inskribatuta egon beharko dute enpresa horiek, 34. artikuluaren 1. paragrafoan jasotakoaren arabera.

Toki-erakundeetako kontratazio-organoek, bertako erakunde autonomoek eta gainerako erakunde publikoek egin ditzaten kontratuei dagokienez, Ogasun Ministerioko Administrazio Kontratazioaren Aholku Batzordeak, bakoitzaren autonomia-erkidegoak, edo beste autonomia-erkidego batek onartutako sailkapenak izango dira eragile, azken kasu horretan, betiere, baldin eta aurreko paragrafoan adierazitako inskripzioa Enpresa Sailkatuen Erregistro Ofizialean eginda badago.

29. artikulua.- Sailkapenen iraupena eta berrikuspena.

Enpresen sailkapena bi urteko epe baterako onartuko da, horretarako, aintzakotzat hartuko dira eskatutako jarduera betetzeko dauzkaten pertsonak, materialak eta baliabide ekonomiko nahiz teknikoak, eta, hala badagokio, azken bost urteko epe honetan enpresak berak zuzenean burutu dituen lanen esperientzia.

Onartutako sailkapenak interesdunek halaxe eskatuta berrikus daitezke, edo Administrazioak berak azter ditzake ofizioz, sailkapenok ezartzeko hartutako oinarriak gaurkotasuna galtzen dutenean.

30. artikulua.- Sailkapenak ukatzea.

Enpresa batzuei ukatu egin ahal izango zaie sailkapena, baldin eta, enpresok kudeatzen diharduten pertsonak zein beste inguruabar batzuk ikusita, susmatzen bada, lege honetako 20. eta 21. artikuluetan xedatutakoarekin bat etorriz, sailkapena etenda duten edo kontratatzeko desgaikuntza duten beste enpresa batzuen jarraipena, eraldaketa, bat-egitea zein segida direla.

31. artikulua.- Enpresaburuen elkarteen sailkapena.

Enpresaburuen aldi baterako elkarteak, lege honetako 24. artikuluan aipatutakoak, erregelamenduz zehaztuko den moduan sailkatuko dira, enpresaburuen aldi baterako elkartea osatzen duten enpresaburu bakoitzaren sailkapenean adierazitako ezaugarri guztiak metatuta.

Nolanahi ere, aipatutako ezaugarriak metatzeko oinarrizko betekizun moduan, aldi baterako elkartean parte har dezaten enpresa guztiek, aurrez, obra- nahiz zerbitzu-enpresei dagokien sailkapena lortuta behar dute, betiere, hartu nahi duten kontratuaren arabera; hori horrela izango da Europako Erkidegoko estatu kideetako enpresaburuentzat, espainiar ez direnentzat, 25.2. artikuluan ezarritakoari kalterik egin gabe.

32. artikulua.- Sailkapeneko osagaiak egiaztatzea.

Administrazio Kontratazioaren Aholku Batzordeak, noiznahi, izapidetzen ari den espedienteetan jasotako adierazpenak eta egitateak egiaztatzeko beharrezko iritzi ditzan agiriak eska diezazkieke sailkatutako enpresei nahiz sailkapenaren zain daudenei.

Herri-administrazioetako edozein organori ere txostenak eska diezazkioke gai horien gainean.

2. ATALA.

SAILKAPENAK ETENDA UZTEA

33. artikulua.- Sailkapenak etenda uztea.

Ogasun ministroak, Administrazio Kontratazioaren Aholku Batzordeak proposatuta eta administrazio-espedientea egin ondoren, onartutako sailkapenak etenda uztea xedatu dezake, interesdunari entzun eta gero.

Kontratuan ezarritako baldintzak larri hausteagatik, kontratua suntsiarazteko bestekoak ez badira, urtebeterako izango da gehienez ere sailkapena etenda uzteko denbora.

Sailkapena etenda utziko da, bost urterako gehienez ere, baldin eta:

a) Kontratuaren izaeraren arabera Administrazioan eskumenak dauzkaten organoei, edo Administrazio Kontratazioaren Aholku Batzordeari emandako informazioetan edo egindako adierazpenetan faltsutze astuna egin bada.

b) Lege honetako 20. artikuluko c), d) eta j) idatz-zatietan jasotako egoerak gertatzen badira.

c) Lege honetako 218. eta 219. artikuluetan zein beste herri-administrazioen arauetan ezarritako kalte-ordainak ordainarazi bazaizkio kontratista-aholkulariari.

Sailkapenak epe mugarik gabe utziko dira etenda, arrazoi hauek dirauten bitartean:

a) Enpresaburuaren finantza, ekonomia zein teknika arloetako bermeak nabarmen eta etenik gabe gutxitu direlako, hark Administrazioarekin lankidetza lotzea interes publikoetarako arriskutsua denean, nahiz eta lehendik onartutako sailkapenak berrikusita egon.

b) Lege honetako 20. artikuluko b) idatz-zatian adierazitako egoeretakoren bat gertatzen denean.

c) Enpresaburua lege honetako 20. artikuluko e) eta f) idatz-zatietan aipatutako inguruabarren batean aurkitzen denean.

Baldin eta lege honetan aurreikusitako prozesu penaleko arrazoiak direla-eta enpresaburuen sailkapena etenda daukatenak pertsona juridikoak badira, 20. artikuluko a) idatz-zatiko bigarren lerrokadan xedatutakoa hartuko da kontuan.

Sailkapena etenda uzteak sailkapenetik sortutako eskubide guztiak galtzea dakar, egoera horrek dirauen bitartean.

Lege honetako 28.3. artikuluan xedatutakoaren babespean autonomia-erkidegoetako organoren batek onartutakoa bada sailkapena, sailkapenak etenda uztea ere aipatutako autonomia-erkidegoko organoen egitekoa izango da, horretarako arrazoiak eta horren ondorioak artikulu honetan ezarritako berberak izanik.

Enpresen sailkapenak etenda uzteko akordioak eraginkorrak izan daitezen, Estatuko Administrazioak eta autonomia-erkidegoetako administrazioek elkarri eman behar diote onartutako akordioen berri, eta “Estatuko Aldizkari Ofizialean” edo bakoitzaren aldizkari ofizialetan argitaratu behar dira, erregelamenduz zehaztuko den moduan.

3. ATALA.

ENPRESA SAILKATUEN ERREGISTRO OFIZIALA

34. artikulua.- Enpresa Sailkatuen Erregistro Ofiziala.

Enpresa Sailkatuen Erregistro Ofiziala Ogasun Ministerioari atxikita egongo da.

Erregistroko irispidea publikoa da.

Administrazio Kontratazioaren Aholku Batzordea arduratuko da esandako erregistroaz, eta lege honetan ezarritako helburuetarako aholku-batzordeak sailkatutako enpresaburu guztiak inskribatuko dira erregistro horretan.

Enpresaburu bakoitzaren sailkapenaren edukia adieraziko da inskripzioan, baita inskripzioa indarrean dagoen bitartean gertatutako gorabehera guztiak.

Era berean, autonomia-erkidegoek ere sailkatutako enpresen erregistro ofizialak sor ditzakete beretzat.

Autonomia-erkidegoek, 28. artikuluko 3. paragrafoan ezarritakoak dagozkion ondorioak izan ditzan, sailkapenak egin eta sailkapenak berrikusteko zereginean eragin orokorra izan nahi izanez gero, egin beharreko espedienteak igorri behar dituzte Administrazio Kontratazioaren Aholku Batzordeko dagokion sailkapen-batzordera. Batzorde horrek erabakiko du, erregelamenduz ezarritako prozedura eta epea erabilita, inskripzioa egingo den ala ukatuko den, eta halaxe jakinaraziko die gero bai enpresari bai autonomia-erkidegoari.

Aurreko lerrokadan adierazitako moduan prozedura erregelamenduz garatzeko, Administrazio Kontratazioaren Aholku Batzordeko sailkapen-batzordeak, inskripzioa ez egiteko erabakia hartu aurretik, izapide berezi bat beteko du, eta, izapide horren bitartez, dena delako autonomia-erkidegoari oharrak eta justifikazioak aurkezteko aukera emango dio, Estatuko Administrazio Orokorreko nahiz beste autonomia-erkidego batzuetako kontratazio-organoetan ondorioak izan nahian onartu duen sailkapen-akordioari buruz.

Administrazio Kontratazioaren Aholku Batzordeko sailkapen-batzordeak inskripzioa ez egiteko akordioa onartzekotan, dena delako autonomia-erkidegoak 28. artikuluko 3. paragrafoan ezarrita dauden arauak eta irizpideak ez betetzea, horixe izan behar du arrazoi bakarra eta ez bestelakorik.

Ogasun Ministerioari atxikita dagoen Enpresa Sailkatuen Erregistro Ofizialak eta autonomia-erkidegoetako sailkatutako enpresen erregistro ofizialek, beren ohiko jardunean eta elkarren arteko harremanetan, informazioa emango diete, hala eskatuz gero, gainerako administrazioei, bakoitzak bere erregistroan jasota dituen argibideak direla-eta.

III. KAPITULUA

Administrazioarekin kontratuak egiteko eskatutako bermeak

I. ATALA.

BERMEAK, KONTRATU MOTEN ARABERA

35. artikulua.- Behin-behineko bermeak.

Lege honetan zerrendatutako kontratuei dagokienez, prozedura irekietan parte hartzeko edo, kontratu-motaren arabera, 135.1., 177.2. eta 203.2. artikuluetan finkatutako zenbatekoak edo hortik gorakoak diren prozedura murriztuetan parte hartzeko, ezinbesteko betekizuna izango da behin-behineko bermea egitea, kontratuaren aurrekontuaren 100eko 2koa, eta kontratazio-organoaren eskueran jarri dela egiaztatzea. Administrazioak lizitaziorako oinarri legez ezarritakoa izango da aurrekontua, aldez aurretik aurrekonturik finkatu ez duenean izan ezik; halakoetan, kontratazio-organoak zehaztuko du aurrekontua gutxi gorabeherako baten bidez.

Berme hori honela egin behar da:

a) Eskudirutan, balore publikotan nahiz balore pribatutan, betiere, erregelamenduz ezarrita dauden baldintzei lotuta kasu bakoitzean.

Eskudirua, baloreak eta dagozkien ziurtagiriak Gordailuen Kutxa Orokorrean edo bere sukurtsaletan jarri behar dira, edo, bestela, autonomia-erkidego zein toki-erakundeen kutxetan nahiz pareko establezimendu publikoetan, erregelamenduz ezarritako moduak eta baldintzak errespetatuta.

b) Banku, aurrezki-kutxa, kreditu-kooperatiba, kredituetarako finantza-establezimendu edo elkarren bermerako sozietateren batek, Espainian jarduteko baimendun dela, erregelamenduzko eran eta baldintzetan emandako abalaren bidez, dagokion kontratazio-organoan aurkeztuta.

c) Kauzio-alorrean lan egiteko baimendun erakunde aseguratzaileren batekin, erregelamenduz ezarritako eran eta baldintzetan egindako kauzio-asegururako kontratu baten bidez; kontratuaren ziurtagiria dagokion kontratazio-organoan aurkeztu beharko da.

Paragrafo honetan ezarritako kopuruetatik beherako kontratuak, administrazio-kontratu bereziak eta kontratu pribatuak direnean, behin-behineko bermea eskatzea hautazkoa izango da, eta kontratazio-organoak erabaki beharko du eskatu ala ez.

Behin-behineko bermea itzuli egingo zaie interesdunei, edo kontratua esleitzeko proposamena egin eta berehala, esleipena enkantez egiten bada, edo esleipena egin eta berehala, esleipena lehiaketaz egiten bada.

Bermea atxikiko diote esleipen-proposamenean agertzen den enpresaburuari edo esleipendunari, eta berme hori inkautatu egingo zaie esleipena egin aurretik justifikaziorik gabe proposamena bertan behera uzten duten enpresei.

Legeko 83.2.b) eta 86.3. artikuluetan aipatutako kasuetan, hau da, eskaintzetan ausarkeria egon dela usten den kasuetan, egoera horretan aurkitzen diren enpresaburuei atxiki egingo zaie bermea, baita, hala ez dauden eskaintzaileen artetik, posturagile handienari edo eskaintza onena egin duenari ere, harik eta esleipenaren gaineko erabakia jakitera eman arte.

Baldin eta kontratistari egotz dakizkiokeen arrazoiak medio kontratua formalizatu gabe gelditzen bada, 54. artikuluan xedatutakoa egin behar da.

Prozedura negoziatuan, enpresabururen bati edo gehiagori eskaintza egiteko eskatzen bazaie, kontratuaren zenbatekoa edozein dela ere, kontratazio-organoak behin-behineko berme bat eratzeko eskatu ahal izango die, eta esleipena egin arteko ondorioak izango ditu.

Hurrengo artikuluko 2. paragrafoan aipatutako berme orokorra eratzen den kasuetan, ez da behin-behineko bermerik eratu beharrik izango, eta orokorrak sortuko ditu behin-behinekoari darizkion ondorioak.

36. artikulua.- Behin betiko bermeak, berme bereziak eta berme osagarriak.

Lege honetan araututako kontratuen esleipendunek esleipenaren zenbatekoaren 100eko 4ko behin betiko bermea eratu behar dute, eta berme hori kontratazio-organoaren eskueran jarri, kontratua esleitzeko erabilitako prozedura eta modua edozein izanda ere. Bermea honela eratu behar da:

a) Aurreko artikuluko 1. paragrafoko a) idatz-zatian aipatutako ondasun-motak eta establezimenduak erabiliz.

b) Aurreko artikuluko 1. paragrafoko b) idatz-zatian aipatutako erakundeek erregelamenduz ezarrita dauden eran eta baldintzetan emandako abalaren bidez, artikulu horretako 1. paragrafoko a) idatz-zatian aipatutako establezimenduetan eratuta.

c) Aurreko artikuluko 1. paragrafoko c) idatz-zatian aipatutako erakundeekin, erregelamenduz zehaztutako eran eta baldintzetan egindako kauzio-asegururako kontratuz; artikulu bereko 1. paragrafoko a) idatz-zatian adierazitako establezimenduetan utzi behar da poliza.

Kontratuaren prezioa unitateko prezioen arabera zehazten denean, lizitazioaren oinarri legez ezarritako aurrekontuaren 100eko 4koa izango da eratu beharreko bermearen zenbatekoa.

Kontratu pribatuak direnean, kontratazio-organoak aukeran izango du behin betiko bermea eskatu ala ez.

Aurreko idatz-zatian ezarritakoaren aukera moduan, kontratistak berme orokor bat eratu ahal izango du herri-administrazio batekin edo kontratazio-organo batekin zein batzuekin egin ditzan kontratu guztietarako, kontratu bakoitzerako bana-banako berezitasunik egin gabe, 35.1. artikuluko b) eta c) idatz-zatietan jasotako eraketa-moduetakoren batean.

Berme orokorra Gordailuen Kutxa Orokorrean edo kutxa horrek Ogasuneko probintzia-ordezkaritzetan dituen sukurtsaletan jarri behar dira, edo, bestela, autonomia-erkidego zein toki-erakunde kontratugileen pareko kutxa nahiz establezimendu publikoetan, zein administraziotan izan behar duen eragina.

Berme orokorrak, herri-administrazio batekin edo kontratazio-organo batekin zein batzuekin egin diren edo egitekoak diren kontratu guztietan, orokorrean eta etenik gabe ziurtatu behar du, behin-behineko bermea denean, proposamenei eutsiko zaiela eta kontratua formalizatuko dela, kontratuaren aurrekontuaren 100eko 2ra arteko kopuru batez; eta, behin betiko bermea denean, berriz, esleipendunak egindako kontratu guztietatik sortutako betebeharrak beteko dituela, prezioa unitateko prezioen arabera zehazten denean, esleipenaren zenbatekoaren edo lizitazioaren oinarri legez ezarritako aurrekontuaren 100eko 4ra arteko kopuru batez, edo, lege honen arabera hala badagokio, portzentaje handiago batez; gainera, kalterik eta galerarik sortzen bada, berme orokorraren gainerako zatiaren gainean gauzatu ahal izango du Administrazioak haien kalte-ordaina.

Dagokion kutxak edo establezimenduak, bermea eratzeak dakartzan ondorioei dagokienez, interesdunak halaxe eskatuta, ziurtagiria emango du hiru egun balioduneko epean, interesdunak eskaera aurkeztu duenetik hasita, eta bertan zehaztuko du berme orokorra jarrita dagoela eta berme hori nahikoa dela; aldi berean, eratu beharreko bermearen zenbatekoa ibilgetzeari ekingo zaio.

Behin-behineko bermeak direnean, eskatzailea azkenean esleipendun ez bada, ibilgetze hori indarrik gabe geratuko da, eta, aldiz, esleipendun bada, behin betiko bermea, berme berezia nahiz berme osagarria erabat osatzeko falta den kopurua gehitu beharko da, lege honen 42. artikuluan ezarritakoari jarraituz egin litekeen egokitzapenari kalterik egin gabe.

Behin betiko bermeak direnean, behin berme-epearen mugaeguna igarota dagoela, dena delako kontratua nahierara betetakoan, edo kontratistaren errurik gabe kontratua suntsiarazitakoan, ibilgetuta dagoen saldoa erabilgarri geratuko da.

Bermeei buruzko erantzukizunak bereganatzerakoan, ibilgetzeari dagokionez bermeak ezereztu edo itzultzerakoan, edo bermeen zenbatekoa inkautatzerakoan, lege honetan ezarrita dauden arau orokorrei kalterik egin gabe ulertu behar da paragrafo honetan adierazitakoa.

Zenbait kasu berezitan, kontratazio-organoak administrazio-klausula zehatzen agirian ezarri ahal izango du, lehendabiziko paragrafoan zehaztutako bermeaz gainera, beste berme osagarri bat ere aurkeztu behar dela; berme hori ez da izango kontratu-esleipenaren zenbatekoaren 100eko 6tik gorakoa, eta, beraz, berme osoa zenbateko horren 100eko 10ekoa izango da gehienez ere.

Esandako berme hori, ondorio guztietarako, behin betiko bermetzat hartuko da.

Baldin eta lege honetako 83.2.b) eta 86.3. artikuluetan aipatutako ausarkeria-egoeran ustez hasiera batean sartuta zegoen proposamena egin duen enpresaburuari esleitzen bazaio kontratua, behin betiko bermea eratzeko eskatuko dio kontratazio-organoak kontratistari, 1. idatz-zatian aurreikusitako 100eko 4ko bermearen ordez, kontratuaren prezioa unitateko prezioen arabera zehazten denean, esleipenaren zenbatekoaren edo lizitazioaren oinarri legez ezarritako aurrekontuaren 100eko 20ko kopuru batez, eta aurreko idatz-zatian xedatutakoa ezin izango da aplikatu; berme hori ezerezteko, 47.5. artikuluan ezarritakoa hartuko da oinarri.

Era berean, administrazio-klausula zehatzen agirian berme osagarrien sistema bat ezarri ahal izango da, kontratuaren prezioaren 100eko 16ra artekoa, aintzakotzat hartuta aukeratutako eskaintza zenbat urruntzen den batez besteko eskaintza modura hartutako horretatik, eta zenbat hurbiltzen den eskaintzak baxuegitzat jotzen diren eskaintzen atalasera.

Artikulu honetan jasotakoaren arabera ezarritako bermeak, denak metatuta, ezin izango dira, guztira, 4. paragrafoan zehaztutako 20ko ehunekotik gorakoa izan.

37. artikulua.- Zenbait kontraturen behin betiko bermea.

Aurreko artikuluan xedatutakoa hala izan arren, aholkularitza- eta laguntza-kontratuetan, zerbitzu-kontratuetan eta administrazio-kontratu berezietan, administrazio-klausulen agirian halaxe jasota dagoenean, behin betiko bermea jartzeko salbuespenak ezarri ahal izango dira, baina aipatutako salbuespenetarako arrazoiak oinarritu behar dira kontratazio-espedientean.

38. artikulua.- Zerbitzu publikoak kudeatzeko kontratuen bermeak.

Zerbitzu publikoak kudeatzeko kontratuen behin-behineko zein behin betiko bermeen zenbatekoa kontratazio-organoak finkatuko du kasu bakoitzean, administrazio-klausula zehatzen agirian, delako zerbitzuaren izaera, garrantzia eta iraupena nolakoak diren ikusita.

Halako kontratuetan, Ministroen Kontseiluak ahalmena dauka zenbait kasu berezitan, bidezkoak diren bermeak salbuesteko erabakia hartzeko.

39. artikulua.- Bermeak eratzeko salbuespenak.

Ez da bermerik eratu beharrik egongo, ez behin-behinekorik, ez behin betikorik, hornidura-kontratu hauetan:

a) Zerbitzu publikoetako enpresa emakidadunekin itundutako kontratuetan, 172.1. artikuluko a) idatz-zatian aipatutako hornidura-motei buruzko kontratuak direnean.

b) Kontratistak berehala eta prezioa ordaindu aurretik, ondasun suntsigarriak edo erraz honda daitezkeenak entregatzen dituenean, berme-eperen bat dagoenean izan ezik, eta errentamendu-kontratuetan, eta finantza-errentamenduko nahiz eta erosteko aukera ematen duen errentamenduko kontratuetan.

c) Enpresa hornitzaileak, atzerrikoa izanda, nazioarteko merkataritzako jokabideen arabera kontratua beteko duela bermatzen duenean.

d) Herri Administrazioen Kontratuen Lege honetako 183.1 eta 199. artikuluen babesean egindako lehiaketetan.

40. artikulua.- Bermeak eratzeko beste salbuespen batzuk.

Aurreko artikuluetan ezarritakoari kalterik egin gabe, Estatuko legeetan edo bakoitzaren autonomia-erkidegoko xedapenetan salbuespena onartuta daukatenak izango dira kasuen arabera behin-behineko zein behin betiko bermea eratzeko betekizunetik salbuetsita egongo diren erakunde bakarrak; eta autonomia-erkidegoen kasuan beren eskumenen eremuan bakarrik.

2. ATALA.

BERMEAK ERATU, ETA BERMEEN ONDORIOAK

1. azpiatala.

Bermeak eratu eta egokitzea

41. artikulua.- Bermeak eratzea.

Esleipendunak, kontratuaren esleipenaren berri ematen zaionetik kontatzen hasita, hamabost eguneko epean, behin betiko bermea eratu duela egiaztatu behar du.

Esleipendunari egotz dakizkiokeen arrazoiak direla-eta betekizun hori bete gabe gelditzen bada, kontratua suntsiarazi egin dela deklaratuko du Administrazioak.

Epe berdinean, zigorrak edo kalte-ordainak gauzatzen diren egunetik kontatzen hasita, esleipendunak berdindu edo handitu egin beharko du bermeari dagokion zenbatekoa, bestela, kontratua suntsiarazteko arrazoietan sartuko da eta.

Aholkularitza- eta laguntza-kontratuetan, zerbitzu-kontratuetan, eta administrazio-kontratu berezietan, preziotik atxikiz egin ahal izango da behin betiko bermea.

42. artikulua.- Bermeak egokitzea.

Baldin eta kontratua aldatu delako kontratuaren prezioak ere aldaketaren bat jasotzen badu, bermea egokitu egin behar da, kontratua aldatzeko erabakia enpresaburuari jakinarazi zaion egunetik kontatzen hasi eta aurreko artikuluan aipatutako epean, kontratua aldatu ondorengo prezioak eta bermeak izan beharreko proportzio egokia izan dezaten.

2. azpiatala.

Bermeak, eta erantzukizunak

43. artikulua.- Bermeen zertarakoa.

Behin-behineko bermeak ziurtatu behar du lehiatzaileek aurkeztutako proposamenei eutsiko zaiela esleipena burutu arte, eta esleipendunaren proposamenari eutsiko zaiola kontratua formalizatu arte.

Behin betiko bermeek kontzeptu hauen erantzukizuna hartuko dute bere gain:

a) Kontratua gauzatzean kontratistari ezarritako zigorrena, bereziki 95. artikuluan aipatutakoak, ziurtagirietatik kendu ezin direnean.

b) Bai kontratutik sortutako betebeharrena, bai kontratistak bere betebeharrak betetzen berandutzeagatik Administrazioari sortutako gastuena, bai, kontratua suntsiarazita ez dagoela, kontratua bete gabe utziz gero, edo kontratua gauzatzerakoan Administrazioari eragindako kalte eta galerena.

c) Kontratua suntsiarazten denean agindu daitekeen inkautazioarena, kontratuan bertan edo lege honetan orokorrean ezarritakoarekin bat etorriz.

d) Hornidura-kontratuetan, bestalde, hornitutako ondasunetan akatsik edo hutsik ez egoteko erantzukizuna hartuko du bere gain behin betiko bermeak, kontratuan aurreikusitako berme-epe osoan.

44. artikulua.- Bermeak ezereztea.

Ez da bermerik itzuli edo ezereztuko, harik eta berme-epea amaitu eta dena delako kontratua nahierara bete arte, edo kontratistaren errurik gabe kontratua suntsiarazi arte.

45. artikulua.- Bermeak gauzatzeko lehentasunak.

Behin betiko bermea betearazteko, Administrazio kontratugileak izango du lehentasuna beste edozein hartzekodunen gainetik, bai hartzekodunaren izaera zein bere asmoa oinarritzeko titulua edozein izanda ere.

Baldin eta bermea berak hartuta dauzkan erantzukizunei aurre egiteko beste ez bada, premiamenduzko administrazio-prozeduraz kobratuko du aldea Administrazioak, diru-bilketarako arauetan ezarritakoarekin bat etorriz.

46. artikulua.- Hirugarrenek emandako bermeak.

Kontratista bera ez diren pertsonek edo erakundeek kontratistaren alde bermeak ematen badituzte, ezin izango dute Kode Zibileko 1830. artikuluan eta horrekin bat datozen artikuluetan aipatutako eskusio-eskubiderik erabili.

Emandako bermeari dagozkion prozeduretan, abal-emailea edo aseguratzailea alderdi interesdun moduan hartuko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazioaren Prozedura Erkidearen Legean aurreikusitako moduan.

Kauzio-asegururako kontratuan:

a) Kontratista aseguru-hartzaile izango da, eta Administrazio kontratugilea, aseguruduna.

b) Prima ez ordaintzeak, bai ordainketa bakarra, zein lehenengoa, edo ondorengoak izan, ez dio aseguratzaileari kontratua suntsiarazteko eskubiderik emango; eta ez kontratua amaituko da, ez aseguratzailearen babesa etengo da, ez aseguratzailea geratuko da bere betebeharretatik aske, aseguratzailea bada bermea ordaindu behar duena.

c) Aseguratzaileak aseguru-hartzailearen kontra legozkiokeen salbuespenak ezin izango dizkio asegurudunari aurkatu.

3. azpiatala.

Behin betiko bermea itzultzea

47. artikulua.- Behin betiko bermeak itzuli eta ezereztea.

Kontratuaren likidazioa onartu ondoren, bermearen kontra gauzatu beharreko erantzukizunik agertzen ez bada eta berme-epea amaitu eta gero, bermea itzultzeko erabakia hartuko da, edo abala ezereztekoa, kasu bakoitzaren arabera.

Kontratuaren zati bat baino hartzen ez denean, bermearen hein bereko zatia itzuli edo ezereztea eska dezake kontratistak, administrazio-klausula zehatzen agirian berariaz hala onartuta badago.

Kontratuekin lagapena egiten denean, lagatzaileak emandako bermea ez da itzuli edo ezereztuko, harik eta lagapen-hartzaileak bere bermea formalki eratuta eduki arte.

Kontratua amaitzen denetik urtebete igarota, kontratistari egotz ezin dakizkiokeen arrazoiak medio oraindik ez harrera formalik ez likidaziorik egin ez bada, gehiagoko luzapenik gabe itzuli edo ezereztuko dira bermeak, 43. artikuluan aipatutako erantzukizunak sortu ez badira behintzat.

Berme bereziak eta berme osagarriak direnean (36. artikuluko 3., 4. eta 5. paragrafoetan eta 83.5. artikuluan jasotakoak), behin kontratuaren harrera formala egindakoan, zegokion egunean eratutako bermea ezereztu egingo da artikulu honetako 1. eta 4. paragrafoetan jasotakoarekin bat, eta berme horren ordez, 36.1. artikuluan zehaztutako kopurua jarriko da.

III. TITULUA

Kontratazioari buruzko jardunak

I. KAPITULUA

Administrazio-klausulen agiriak eta preskripzio teknikoenak

48. artikulua.- Administrazio-klausula orokorren agiriak.

Lege honetako eta legearen garapenerako xedapenetako manuen edukira egokituta, kasuan-kasuan interesatuta dauden ministerioen ekimenez eta Ogasun ministroak proposatuta, administrazio-klausula orokorren agiriak onar ditzake Ministroen Kontseiluak, Estatuko Administrazio Orokorrerako, bere erakunde autonomoetarako, Gizarte Segurantzako kudeaketa-erakunde eta zerbitzu erkideetarako, eta Estatuko gainerako erakunde publikoetarako, Estatuko Kontseiluaren irizpena jaso ondoren.

Informaziorako teknologia-ondasunak eta -zerbitzuak eskuratzeko agiri orokorren kasuan, Ogasun ministroari eta Herri Administrazioen ministroari dagokie, batera, Ministroen Kontseiluari proposamena egitea.

Modu berean, autonomia-erkidegoek, eta toki-administrazioa osatzen duten erakundeek, hala dagokionean, administrazio-klausula orokorren agiriak onartuko dituzte, bakoitzaren arau berezien arabera; nahitaezkoa izango da, halaber, Estatuko Kontseiluaren irizpena, edo autonomia-erkidego bakoitzean baliokidea den aholku-organoarena, halakorik badago.

49. artikulua.- Administrazio-klausula zehatzen agiriak.

Gastua baimendu aurretik edo baimentzearekin batera, baina beti kontratua burutu eta lizitatu aurretik, administrazio-klausula zehatzen agiriak onartu behar dira, kontratuko alderdiek bereganatuko dituzten eskubideak eta betebeharrak zehazteko itunak eta baldintzak jasotzeko.

Eskumenak dauzkan kontratazio-organoari dagokio aipatutako agiriok onestea.

Eskumenak dauzkan kontratazio-organoak, halaber, agiri zehatzen eredu batzuk finkatu ahal izango ditu, antzerako izaera daukaten kontratuetan orokorrean aplikatzeko.

Aurreko bi idatz-zatietako kasuetarako, Estatuko Administrazio Orokorrean, bere erakunde autonomoetan, Gizarte Segurantzako kudeaketa-erakunde eta zerbitzu erkideetan, eta Estatuko gainerako erakunde publikoetan, bakoitzaren zerbitzu juridikoaren txostena beharko da aldez aurretik, eta, ereduak finkatuta badaude, ez da beharrezko izango horrelako kontratuen klausula zehatzen agirien txostena egitea.

Kontratuak agiri zehatzen edukira egokitu behar dira, eta bertako baldintzak kontratu bakoitzaren zati izango dira.

Herri-administrazioek kontratuetarako agirien edo baldintzen kopiak eman behar dizkiete interesdun guztiei, hala eskatuz gero.

50. artikulua.- Agiri orokorren kontrako klausulak.

Administrazio Kontratazioaren Aholku Batzordeak aldez aurretik eman behar du irizpena, kasuan kasuko agiri orokorretan aurreikusitakoaren kontrako hizbaketak sartzeko proposamenak jaso ditzaten agiri zehatz guztien gainean.

51. artikulua.- Preskripzio teknikoen agiriak.

Prestazioa arautuko duten preskripzio tekniko zehatzak jasotzeko agiriak eta dokumentuak gastua baimendu aurretik egin behar dira, lege honek kontratu bakoitzerako ezarritako betekizunekin bat etorriz; eskumenak dauzkan kontratazio-organoari dagokio dokumentuok eta agiriok onestea.

Administrazio Kontratazioaren Aholku Batzordearen aldez aurreko irizpena jasota, Ministroen Kontseiluak, dagokion ministroaren proposamenez, preskripzio tekniko orokorren agiriak ezar ditzake; eta horietara egokitu behar dira Estatuko Administrazio Orokorra, bere erakunde autonomoak, Gizarte Segurantzako kudeaketa-erakunde eta zerbitzu erkideak, eta Estatuko gainerako erakunde publikoak.

52. artikulua.- Preskripzio teknikoak ezartzeko hurrenkera, eta debekuak.

Europako Erkidegoko Zuzenbidearekin bateragarriak diren heinean, betebeharrekoak diren Estatuko jarraibide edo erregelamendu teknikoei kalterik egin gabe, bai Europako arauetatik Estatuko arauetara ekarritakoen arabera, bai egokitasun teknikoari buruzko Europako agirien arabera, zein erkidegoko zehaztasun teknikoen arabera finkatuko dira preskripzio teknikoak, eta erregelamenduz finkatuko da zein kasutan alboratu daitezkeen arau, agiri edo aginduok.

Aipatutako arau, agiri edo aginduak falta badira, nazioarteko arauetatik Estatuko arauetara ekarritakoen arabera, Estatuko beste arau propioen arabera, zein beste arau batzuen arabera finkatuko dira preskripzio teknikoak.

Kontratuaren xedeak beharrezkoa egiten ez badu, agirian ezin izango da sartu fabrikazio edo jatorri zehatz bateko produktuak aipatzen dituen zehaztasun teknikorik, ez eta enpresa edo produktu zehatz batzuei laguntza eman edo beste batzuk kentzeko ondorioa sor dezakeen prozedura berezirik ere.

Batez ere, ez da inolako marka, patente zein motarik adieraziko, ez eta ez da ezelango jatorri edo produkzio zehatzik aipatuko ere.

Hala ere, erabilitako espezifikazioak behar besteko zehatzak eta ulergarriak ez direlako, kontratuaren xederik finkatu ezin bada, onartu egingo da goian debekatutakoen aipamena egitea, baldin eta “edo baliokidea” hitzak gehitzen badira.

Lege honen mendean diren kontratuei dagokienez, ezin izango dira lizitazioetara aurkeztu kontratu horiei buruzko zehaztasun teknikoak egiten parte hartu duten enpresak, baldin eta partaidetza horrek lehia askean murrizketarik eragin badezake, edo tratu pribilegiatua lortzeko bidea eman badezake gainerako enpresa lizitatzaileekiko.

II. KAPITULUA

Kontratuak burutu eta formalizatzea

53. artikulua.- Kontratuak burutzea.

Eskumenak dauzkan kontratazio-organoak esleipena egiten duenean burutzen dira kontratuak, esleipena egiteko erabilitako prozedura edo modua edozein izanda ere.

54. artikulua.- Kontratuak formalizatzea.

Administrazioko kontratuak administrazio-agirian formalizatuko dira, esleipenaren jakinarazpenaren hurrengo egunetik kontatzen hasi eta hogeita hamar eguneko epean. Agiri hori nahiko titulu da edozein erregistro publikora aurkezteko; baina, kontratistak eskatzen badu, eskritura publiko bihur daiteke, eta bere kontura izango dira eskritura publikoa egiteak sortutako gastuak.

Lege honetan ezarritako salbuespenak alde batera utzita, kontratua formalizatzeko beharrezko betekizuna izango da enpresaburuak legean jasota dauden bermeak jartzea interes publikoen babes moduan.

Kontratistari egotz dakizkiokeen arrazoiak direla-eta, aipatutako epean kontratua formalizatu ezin bada, Administrazioak kontratua suntsiaraztea erabaki lezake, interesdunari entzutea beharrezko izapidea bada ere; eta kontratista aurka jartzen bada, Estatu Kontseiluaren txostena behar da, edo autonomia-erkidego bakoitzeko aholku-organo baliokidearena.

Kasu horretan, bidezkoa izango da behin-behineko bermea inkautatzea, eta eragindako kalte eta galeren kalte-ordainak jasotzea.

Administrazioari egoztekoak badira kontratua formalizatu gabe gelditzeko arrazoiak, berandutzea dela-eta kontratistari sor dakizkiokeen kalte eta galeren kalte-ordaina emango zaio, eta kontratistak kontratua suntsiaraztea eska dezake 111. artikuluko d) idatz-zatiaren babespean.

Ezin izango da kontratua gauzatzen hasi, aurrez formalizatu ez bada, 71. eta 72. artikuluetan aurreikusitako kasuetan izan ezik.

55. artikulua.- Berbazko kontratazioa.

Administrazioak ezin du kontraturik berbaz egin, kontratua larrialdi-kasuren baterako ez bada behintzat.

56. artikulua.- Kontratu txikiak.

Kontratu txikien kasuan, kopuruaz baino ez baitira zehaztuko 121., 176. eta 201. artikuluetan esandakoarekin bat etorriz, espedientearen izapideak egiteko, gastua onestea baino ez da eskatuko, eta erregelamenduz ezarritako betekizunak beteko dituen faktura gastu-onarpenari lotzea; obra-kontratu txikietan, lehengoez gain, obren aurrekontua lotu behar zaio; proiektua ere egon daiteke, arau bereziek hala egitea eskatzen badute.

Kontratu horiek ezin izango dira urtebetetik gorakoak izan, ezin izango dira luzatu eta beren prezioak ere ezin izango dira berrikusi.

57. artikulua.- Kontu Auzitegira kontratuak bidaltzea.

Kontratua formalizatu eta hurrengo hiru hilabeteren barruan, kontratua formalizatzeko erabilitako agiriaren kopia ziurtatu bat bidaliko dio kontratazio-organoak Kontu Auzitegiari, edo kasuan kasuko autonomia-erkidegoan ikuskaritza-organo denari, ikuskaritza-eginkizuna bete dezan. Espedientearen laburpen bat ere bidaliko dio harekin batera, obrak eta zerbitzu publikoen kudeaketa xede direla, kontratuaren zenbatekoa 100.000.000 pezetatik gorakoa bada (601.012,10 eurotik gorakoa); hornidurak xede direnean, aldiz, kontratuaren zenbatekoa 75.000.000 pezetatik gorakoa bada (450.759,08 eurotik gorakoa); eta aholkularitza eta laguntza, zerbitzu eta administrazio-kontratu berezien kasuan, 25.000.000 pezetatik gorakoa bada (150.253,03 eurotik gorakoa).

Aipatutako kontratuok bai aldatu, denboran luzatu zein kontratuon epeak aldatzen direnean, eta bai kontratuok amaitzen direnean ere, Kontu Auzitegiari edo kasuan kasuko autonomia-erkidegoan ikuskaritza-organo denari eman behar zaio guztiaren berri.

Aurreko bi paragrafoetan xedatutakoa halaxe izanda ere, horrez gainera, Kontu Auzitegiak edo, kasua beste hau bada, autonomia-erkidegoan ikuskaritza-organo direnek, ahalmena izango dute, era eta kopuru guztietako kontratuei buruz bidezko iritzi ditzaten zehaztasunak, agiriak eta aurrekariak eskatzeko herri-administrazioei.

58. artikulua.- Estatistikako datuak.

Aurreko artikuluan aipatutako epe berean, erregelamenduz zehaztuko den informazioa bidaliko dio kontratazio-organoak, kontratuei buruz, Ogasun Ministerioko Administrazio Kontratazioaren Aholku Batzordeari, nazioarteko arauak betetzeko.

Bai kontratuak aldatu, denboran luzatu edo kontratuen epeak aldatzen direnean, eta bai ohiko amaiera zein ohiz bestelakoa dutenean ere, esandako batzordeari eman behar zaio horren guztiaren berri.

III. KAPITULUA

Administrazioaren prerrogatibak

59. artikulua.- Administrazioaren prerrogatibak.

Lege honetan aipatutako mugen barruan eta bertan esandako betekizunei eta ondorioei lotuta, kontratazio-organoak dauzka administrazio-kontratuak interpretatzeko prerrogatibak, baita kontratuok betetzean sortutako zalantzak ebazteko, interes publikoa dela-eta kontratuak aldatzeko, kontratuok suntsiaraztea erabakitzeko, zein horren ondorioak zehazteko ere.

Erabaki horiek amaitu egingo dute administrazio-bidea, eta betearazleak izango dira berez eta besterik gabe.

Espedientearen barruan, entzun egingo zaio kontratistari.

Estatuko Administrazio Orokorrean, bere erakunde autonomoetan, Gizarte Segurantzako kudeaketa-erakunde eta zerbitzu erkideetan, eta Estatuko gainerako erakunde publikoetan, aurreko paragrafoan aipatutako erabakiak hartzeko, bakoitzari dagokion zerbitzu juridikoaren txostena beharko da aurrez, 41 eta 96. artikuluetan aurreikusitako kasuetan izan ezik.

Aurrekoa hala izan arren, kasu hauetan nahitaezkoa izango da Estatuko Kontseiluaren txostena, edo autonomia-erkidego bakoitzean baliokidea den aholku-organoarena:

a) Kontratua interpretatu, deuseztatu edo suntsiarazten denean, kontratista aurka jartzen bada.

b) Kontratua aldatzen denean, baldin eta aldaketen zenbatekoa, banan-banan hartuta edo guztiak batera, kontratuaren hasierako prezioaren 100eko 20tik gorakoa bada, eta prezio hori 1.000.000.000 pezetakoa (6.010.121,04 eurokoa) edo gehiagokoa bada.

60. artikulua.- Errekurtsoak eta arbitrajea.

Administrazioko bidea amaitzen duten erabakien kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, jurisdikzio hori arautzeko legean xedatutakoarekin bat etorriz.

Arbitrajearen menpe jartzeko, Aurrekontuen Lege Orokorrean edo beste herri-administrazio batzuen pareko arauetan ezarritako betekizunak bete behar dira.

60 bis. artikulua.

Behin-behineko neurriak.

Esleipen-prozedura batean parte hartu nahi duten interesdunek, eta, nolanahi den ere, lizitatzaileek, alegatu den arau-haustea zuzen dadin, edo eragindako interesetan bestelako kalteak gerta ez daitezen, behin-behineko neurriak hartzeko eskaera egin ahal izango dute, eta neurri horien artean egongo dira dagokion kontratua esleitzeko prozedura edo kontratazio-organoek hartutako edozein erabakiren betearazpena eteteko edo etenarazteko diren neurriak ere.

Eskaera hori egiteko modua izango da beti, dagokion errekurtsoa jarri zein ez.

Behin-behineko neurri horiek hartu behar direnean, errekurtsoez arduratzeko eskumena duten organo berberek izango dute halako neurriak hartzeko eskumena ere.

Behin-behineko neurri horiek har ditzaten eskatzeko epea bost egunekoa izango da, alegatutako arau-haustea gertatu denetik kontatzen hasita; eskaerari buruzko ebazpena, azalpen arrazoitua emanda, 10 eguneko epean ebatzi beharko da, eta eskaera ukatutzat joko da, berariaz ebazpena ematen ez bada.

Ebazpen horren aurka ezin izango da errekurtsorik aurkeztu, betiere, prozedura nagusian ematen diren ebazpenen aurka jar daitezkeen errekurtsoei kalterik egin gabe.

Behin-behineko neurriak hartzerakoan, haietatik edozein eratako kalteak sor daitezkeela ikusten bada, kalte horien aurrean erantzuteko besteko kauzioa edo bermea eratzeko agindua eman dezake ebazpenak; orduan, behin-behineko neurriek ez dute ondoriorik izango harik eta kauzioa edo bermea eratuta egon arte.

IV. KAPITULUA

Kontratuen baliogabetasuna

61. artikulua.- Kontratuen baliogabetasuna.

Lege honetan araututako kontratuak baliogabeak izango dira, kontratuak prestatzeko egintzaren bat edo esleipena bera baliogabetzen denean, hurrengo artikuluetan Administrazioko Zuzenbidetik zein Zuzenbide Zibiletik aipatutako arrazoiren bat gertatuta.

62. artikulua.- Administrazioko Zuzenbideko deuseztasun-arrazoiak.

Hauek dira Administrazioko Zuzenbideko deuseztasun-arrazoiak:

a) Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazioaren Prozedura Erkidearen Legeko 62.1. artikuluan aipatutakoak.

b) Jarduteko gaitasunik ez izatea, edo ekonomia, finantza, teknika zein lanbide arloetako kaudimenik ez izatea, behar bezala egiaztatuta bata hala bestea, nahiz lege honetako 20. artikuluan aipatutako debeku edo bateraezintasunetakoren batean sartuta egotea esleipenduna.

c) Krediturik bat ere eduki ez, edo kreditu nahikorik ez edukitzea, betiere, Aurrekontuen Lege Orokorreko 60. artikuluan eta lege honetara lotuta dauden gainerako herri-administrazioetako eremu bereko beste arauetan ezarritakoarekin bat etorriz, larrialdien kasuan izan ezik.

63. artikulua.- Administrazioko Zuzenbideko deuseztagarritasun-arrazoiak.

Antolamendu juridikoaren kontrako gainerako arau-hausteak Administrazioko Zuzenbideko deuseztagarritasun-arrazoiak dira, eta, batez ere, lege honetan jasotako arauen kontrakoak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazioaren Prozedura Erkidearen Legeko 63. artikuluarekin bat etorriz.

64. artikulua.- Deuseztasun-adierazpena.

Kontratazio-organoak, ofizioz edo interesdunek halaxe eskatuta, kontratuen deuseztasun-adierazpena egitea erabaki ahal izango du, 62. artikuluan adierazitako arrazoiak direla-eta, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazioaren Prozedura Erkidearen Legeko 102. artikuluan ezarritako betekizunen eta epeen arabera.

Deuseztasun eta deuseztagarritasun kasuetan, kontratazio-organoen egintzak eteten badira, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazioaren Prozedura Erkidearen Legean eta Administrazioarekiko Auzi Jurisdikzioa arautzen duen Legean xedatutakoa bete beharko da.

65. artikulua.- Deuseztasun-adierazpenaren ondorioak.

Kontratuak prestatzeko egintzen edo esleipenaren gainean egindako deuseztasun-adierazpena irmoa denean, kontratua bera ere, beti, deuseztatu egingo da, eta likidazioaldian sartuko da; alderdiek, ondorioz, kontratuaren indarrez jaso dituzten gauzak elkarri itzuli behar dizkiote, baina hori ezinezkoa bada, gauzen balioa itzuliko diote elkarri.

Errudun den alderdiak kalte-ordainak eman beharko dizkio kontrakoari, azken horrek jasandako kalte eta galeren ordez.

Kontratuak prestatzekoak ez diren egintzen deuseztasunek egintza horiei eta beren ondorioei baino ez diete eragingo.

Baldin eta Administrazioak kontraturen baten deuseztasun-adierazpena ematen duenean zerbitzu publikoari eragozpen larriren bat sortzen bazaio, kontratu haren ondorioak jarraitzea xedatu dezake erabakian bertan, eta baldintza berberetan gainera, harik eta galerak ekiditeko presazko neurriak hartu arte.

66. artikulua.- Zuzenbide Zibileko baliogabetasun-arrazoiak.

Administrazioko kontratazioari aplikatzekoak izan daitezkeen neurrian, Zuzenbide Zibilean onartutako kausak direla-eta kontratuak baliogabetzeko, antolamendu zibilean akzioak gauzatzeko ezarritako betekizunak eta epeak bete behar dira; kausa horiez baliatzeko prozedura, ordea, aurreko artikuluetan administrazioko egintza eta kontratu deuseztagarrietarako jasotakoaren menpe jarriko da.

V. KAPITULUA

Administrazioaren jardunak, kontratuak prestatzeko

67. artikulua.- Kontratazio-espedientea.

Lege honen arabera esleitu beharreko kontratuetan, aldez aurretik, kontratazio-espedientea izapidetu behar da, eta kontratazio-espediente hori kontratazio-organoak hasi behar du horren beharra justifikatuta.

Espedientearekin batera, kontratua arautuko duen administrazio-klausula zehatzen agiria eta preskripzio tekniko zehatzen agiria erantsi behar dira, eta bertan ondo zehaztuko dira kontratuaren iraupen-epea, eta, halakorik jasota badago, kontratua denboran luzatzeko aukera ere bai; halakoetan, esanbidez zehaztu behar da beti luzapenaren norainokoa, luzapenak ezin izango baitira inoiz isilbidezko elkarren adostasunez egin.

Kontratuak Administrazioari gastuak sortarazten dizkion guztietan, halaber, espedienteari erantsi behar zaizkio bai krediturik badagoela egiaztatzeko ziurtagiria edo legez horren ordez erabil litekeen agiria, bai kontu-hartzailetzaren ikuskaritza, bai eta, 85. artikuluaren a) idatz-zatian jasotako salbuespeneko kasuan izan ezik, gastuaren onespena ere, betiere, Aurrekontuen Lege Orokorrean eta lege honetara lotuta dauden herri-administrazio bakoitzaren aurrekontuetako arauetan ezarritako moduan.

68. artikulua.- Kontratuaren xedea zatitzea.

Kontratuaren xede osoa hartu behar du espedienteak, eta horretarako behar diren osagai guztiak bildu behar ditu, banan-banan.

Kontratua ezin da zatitu, kontratuaren zenbatekoa gutxitzeko, eta, horrela, bai publizitate-betekizunak, zein prozedura- edo esleipen-moduak saihesteko.

Kontratuaren xedeak zatiketarik onartzen badu, eta behar bezala justifikatu behar da hori espedientean, kontratuaren zati bakoitza banan egiteko aurreikuspena jaso daiteke espedientean bertan, kontratua zatika banatuz, bai parteok banatuta erabili edo aprobetxatzeko modukoak badira, zein xedearen izaerak hala egitea eskatzen badu.

69. artikulua.- Espedientea onestea.

Kontratazio-espedientea osatu eta gero, arrazoietan oinarritutako ebazpena emango du kontratazio-organoak, espedientea onartzeko, eta esleipenerako prozedura irekitzea xedatzeko.

Ebazpen horretan jasoko da gastuaren onespena ere, salbuespen izanik, 85. artikuluaren a) idatz-zatian jasotako salbuespeneko egoera gertatzen bada, edo, bestela, deskontzentrazio-arauetan, hala dagokionean, kontrakoa ezartzen bada.

Kontratua hainbat jatorritako ekarpenekin finantzatu behar denean, ekarpen horiek egin dituztenak herri-administrazio bereko organoak izanda ere, kontratua esleitu behar duen kontratazio-organoak espediente bakar batean izapidetuko du delako kontratua; ekarpen guztiak osorik erabiltzeko moduan daudela egiaztatu behar da espedientean, baita ordaintzeko hurrenkera ere; haien eraginkortasuna ziurtatzeko bermea ere sartu egin behar da.

Kontratazio-espedienteak kontratua esleitu eta formalizatuz ere amaitu daitezke, nahiz eta hurrengo ekitaldian gauzatzen hastekoa izan, urte batean edo gehiagotan banatuta egiteko izanda ere.

Horretarako, kredituak izendatu daitezke, lege honetara lotuta dauden herri-administrazio bakoitzaren aurrekontuetako arauetan zehaztutako mugekin.

Egiten hasi aurreko urtean gauzatzen bada kontratua, administrazio-klausula zehatzen agirian, kontratua etenda utzi ahal izango duen baldintza baten menpe jarriko da esleipena, hain zuzen ere, kontratutik sortutako betebeharrak finantzatzeko kreditu egoki eta nahikoa egon beharko baitu kasuan kasuko ekitaldian.

VI. KAPITULUA

Kontratazio-espedienteen izapideak

70. artikulua.- Espediente-motak.

Kontratazio-espedienteak arruntak, presazkoak, zein larrialdikoak izan daitezke.

Presazko espedienteen izapideek arrunten prozedura berbera edukiko dute, hurrengo artikuluan aipatutako berezitasunekin.

Larrialdiko espedienteen izapideetan, 72. artikuluan aipatutako salbuespeneko prozedura jarraitu behar da.

71. artikulua.- Presazko izapideak.

Presazko izapideak jarrai ditzakete atzera ezineko premia daukaten kontratuen espedienteek, eta interes publikoa dela-eta kontratuen esleipena bizkortu behar denean.

Horretarako, kontratazio-organoak egindako presakotasun-adierazpena eduki behar du espedienteak, eta behar bezala arrazoituta egon behar da.

Presazko espediente moduan sailkatutakoek arau hauek bete behar dituzte:

a) Espedienteek lehentasuna edukiko dute, aurretiazko izapideetan parte hartzen duten administrazio, ikuskaritza eta aholkularitzako organoek erabakia eman diezaien; organo horiek bost eguneko epea edukiko dute, bakoitzak bere txostena egiteko.

Espedientearen zailtasunak eraginda, edo justifikatutako beste edozein arrazoi dela medio, ezinezkoa bada lehen aipatutako epean espedientea erabakitzea, presakotasun-adierazpena egin duen kontratazio-organoaren jakinaren gainean jarriko dute egoera hori administrazio, ikuskaritza eta aholkularitzako organoek.

Kasu horretan, hamar egunera arte luzatuko da epea.

b) Esleipen-prozedura irekitzea erabaki ondoren, erdira ekarriko dira lege honetan kontratua lizitatu eta esleitzeko ezarritako epeak.

Hala ere, iragarkiak “Europako Erkidegoen Aldizkari Ofizialean” argitaratu behar badira, 137., 178. eta 207. artikuluetan ezarritako epeak beteko dira, prozedura irekiko kasuetan; 138., 179. eta 207. artikuluetako epeak, prozedura murriztuko kasuetan; eta 140., 181. eta 207. artikuluetako epeak, prozedura negoziatu publizitatedunetan.

c) Kontratua formalizatu gabe egon arren, Administrazioak kontratua gauzatzen hasteko erabakia har dezake, kontratuari dagokion behin betiko bermea eratuta badago.

d) Kontratua gauzatzen hasteko epea ez da esleipen-egunetik bi hilabete baino gehiagokoa izango; bestela, suntsiarazi egingo da kontratua; salbuespena izango da, kontratua gauzatzen hasteko epea atzeratzeko arrazoia Administrazio kontratugileak edo kontratistak eragindakoa ez bada, eta arrazoietan oinarritutako ebazpenean horrela jasota badago.

72. artikulua.- Larrialdiko izapideak.

Edo hondamendiak gertatu direlako, edo arrisku larria sortzen duten egoerak daudelako, nahiz Estatuko defentsari eragiten dioten premiak daudelako, Administrazioak berehala jardun behar badu, salbuespeneko araubide hau bete behar da:

a) Eskumenak dauzkan kontratazio-organoak, administrazio-espedienterik izapidetzeko betebeharrik gabe, bai gertatutakoa konpontzeko, zein sortutako premiari erantzuteko, nahiz osorik edo zati batean premiaren xedea askatasunez kontratatzeko beharrezkoa dena egiteko agindua eman lezake, lege honetan ezarritako formazko betekizunak bete beharrik gabe, ez eta kreditu nahikoa egoteko betekizuna bera ere.

Erabaki horrekin batera, dagokion kreditu-atxikipena erantsiko da, edo, bestela, kreditua aldatzeko espedientea hasita dagoela justifikatzeko dokumentazioa.

Erabaki horien berri eman behar zaio, gehienez ere, hirurogei eguneko epean, Ministroen Kontseiluari, baldin eta Estatuko Administrazio Orokorrarena, bere erakunde autonomoena, Gizarte Segurantzako kudeaketa-erakunde eta zerbitzu erkideena, eta Estatuko gainerako erakunde publikoena izan bada erabakia.

b) Aldi berean, nahiz eta gero justifikatzekoak izan, gastuei aurre egiteko beharrezko diren funtsak igortzeko baimena emango dute Ogasun Ministerioak, Estatuko Administrazio Orokorraren kasuan, edo legezko ordezkariek, erakunde autonomoen, eta Gizarte Segurantzako kudeaketa-erakunde eta zerbitzu erkideen kasuan.

c) Salbuespeneko araubide honen xede diren jardunak egin eta gero, gastua ikuskatu eta onesteko beharrezko izapideak bete behar dira.

Administrazioak proposatutako helburua lortzeko beharrezko diren gainerako jarduerak kudeatzeko orduan, larrialdiko egoera ez bada, lege honetan ezarritakoaren arabera kontratatu behar da.

VII. KAPITULUA

Kontratuak esleitzea

I. ATALA.

ESLEIPENA EGITEKO PROZEDURAK ETA ERAK

73. artikulua.- Esleipena egiteko prozedurak.

Kontratuak esleitzeko, prozedura irekiak, murriztuak zein negoziatuak erabil daitezke.

Prozedura irekian, interesa duten enpresaburu guztiek aurkez ditzakete proposamenak.

Prozedura murriztuan, Administrazioak berariaz hautatutako enpresaburuek baino ezin izango dute proposamenik aurkeztu, enpresaburuek berek eskabidea egin eta gero.

Prozedura negoziatuan, Administrazioak arrazoietan oinarrituta hautatutako enpresaburuari esleituko zaio kontratua, enpresaburu batekin edo gehiagorekin kontratuaren osagaiak kontsultatu eta negoziatu ondoren, betiere, 92.3. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

74. artikulua.- Enkantea eta lehiaketa.

Bai prozedura irekian eta bai murriztuan, enkantez edo lehiaketaz egin daiteke esleipena.

Dirutan adierazitako zenbateko baten gainean izango da enkantea, eta hura gainditu gabe preziorik beherena eskain dezan lizitatzaileari esleituko zaio.

Lehiaketan, aldiz, agirietan ezarritako irizpideak kontuan hartuz, eta prezioari soil-soilik begiratu gabe, orokorrean proposamenik onena egin dezan lizitatzaileari esleituko zaio, Administrazioak esleitu gabe utzi dela deklaratzeko duen eskubideari kalterik egin gabe.

75. artikulua.- Esleipena egiteko prozedurak eta erak nola erabili.

Kontratazio-organoek esleipenerako normalean erabili behar dituzten erak, enkantea eta lehiaketa dira.

Lege honetako II. liburuan kontratu-mota bakoitzerako zehaztutako kasuetan izango da bidezko prozedura negoziatua.

Nolanahi ere, erabilitako prozedura eta era hautatzeko arrazoiak espedientean justifikatu behar dira.

2. ATALA.

PROZEDURAKO ARAU OROKORRAK

1. azpiatala.

Xedapen orokorrak

76. artikulua.- Epeak zenbatzeko modua.

Lege honetan ezarritako epe guztiak egutegiko egunen araberakoak dira, bertan egun baliodun direla adierazten denean izan ezik.

77. artikulua.- Kontratuen zenbatekoa, Balio Erantsiaren gaineko Zergari dagokionez.

Lege honetako testuan kontratuen zenbatekoa edo kopurua aipatzen den guztietan, balio erantsiaren gaineko zerga kontratuetan sartuta dagoela ulertu behar da, berariaz kontrakorik esan ezik.

Balio Erantsiaren gaineko Zerga aipatzen denean, Kanarietako Zeharkako Zerga Orokorra edo Ekoizpenari, Zerbitzuei eta Inportazioari buruzko Zerga ere aipatzen da, zerga horiek indarrean dauden lurraldeetarako.

78. artikulua.- Lizitazioen publizitatea.

Kontratuak esleitzeko prozedura guztiak, prozedura negoziatuak izan ezik, “Estatuko Aldizkari Ofizialean” iragarri behar dira.

Itunduak ere argitaratuko dira aldizkari horretan, baldin eta beren zenbatekoagatik “Europako Erkidegoen Aldizkari Ofizialean” argitaratu beharrekoak badira.

Hala ere, kontratuen zenbatekoagatik “Europako Erkidegoen Aldizkari Ofizialean” argitaratu behar ez badira, “Estatuko Aldizkari Ofizialean” argitaratu ordez, bakoitzaren lurraldeko egunkarietan edo aldizkari ofizialetan atera ditzakete autonomia-erkidegoek, toki-erakundeek eta bertako erakunde autonomoek eta zuzenbide publikoko erakundeek.

Prozedura irekietan, proposamenak onartzeko azken eguntzat adierazitakoa baino hamabost egun lehenago gutxienez egin behar da argitalpena.

Nolanahi ere, obra-kontratuetan hogeita sei egunekoa izango da epe hori.

Prozedura murriztuetan epea, parte hartzeko eskaerak jasotzeko azken egunaren aurre-aurretik, hamar egunekoa izango da; proposamenak aurkezteko epea, berriz, hamabost egunekoa izango da, idatzizko gonbita igorri den egunetik hasita.

Publizitatearekin egindako prozedura negoziatuetan, parte hartzeko eskaerak jasotzeko epeek bat etorri behar dute kontratuaren iragarkia Europako Erkidegoko Argitalpen Ofizialen Bulegora igorri zen egunaren arabera sortzen diren epeekin, betiere, 140.2., 181.2. eta 209.2. artikuluetan zehaztutakoak aintzat hartuta.

Lege honetako II. liburuko I., III. eta IV. tituluetan araututako kontratuei buruzko prozedurak, gainera, “Europako Erkidegoen Aldizkari Ofizialean” argitaratu behar dira bertako artikuluetan adierazitako kasu eta epeetan, eta Europako Erkidegoak ezarritako prozeduraren eta eredu ofizialaren arabera; beste kasu guztietan ere hala egin daiteke, nahi izanez gero.

Beste edozein publizitate egin aurretik, “Europako Erkidegoen Aldizkari Ofizialera” bidali behar da iragarkia.

Publizitate horretan, nolanahi ere, iragarkia noiz bidali zen adierazi behar da, eta bertan ez dute jasoko aipatutako iragarkian sartutako aipamenez bestelako ezer.

79. artikulua.- Interesdunen proposamenak.

Proposamenak isilpekoak izango dira, eta lizitazio publikoa egin arte isilpean gordeko direla bermatzeko neurriak hartu behar dira.

Administrazio-klausula zehatzen agirian ezarritako eredura egokitu behar dira.

Proposamenak aurkezte hutsak, bestalde, aipatutako baldintzen eduki osoari, enpresaburuak, bat ere salbuespenik gabe, baldintzarik gabeko onarpena ematen diola adierazten du.

Proposamenekin batera, beste gutun-azal batean, agiri hauek sartu behar dira:

a) Enpresaburuaren nortasun juridikoa egiaztatzeko direnak; eta, kasua beste hau bada, bere ordezkaritzarena.

b) Edo enpresaren sailkapena egiaztatzen dutenak, eduki badauka, edo ekonomia, finantza, teknika zein lanbide arloetako kaudimena ziurtatzen duten betekizunenak; baita, kontratatzeko debekuan sartu gabe dagoela esateko, erantzukizunpeko adierazpena ere; eta guztia, 15. artikulutik 20.era artekoekin bat etorriz.

Aurreko lerrokadan aipatutakoari jarraituz, erantzukizunpeko adierazpen horretan berariaz adierazi behar da, zerga-arloan eta Gizarte Segurantzari dagokionez, indarrean dauden xedapenek ezarritako betebeharrak egunean dauzkala; dena dela, baliteke betekizun hori egiaztatzeko ziurtagiria esleipena egin baino lehenago eskatu behar izatea kontratuaren esleipendun izango direnei, eta, orduan, gehienez ere, bost egun balioduneko epea emango zaie horretarako.

c) Behin-behineko bermea egiaztatzeko ordezkagiria, lege honen aginduen arabera berme hori eskatu beharrekoa denean.

d) Atzerriko enpresek, kontratutik zuzenean nahiz zeharka sortutako gorabehera guztietarako, Espainiako maila guztietako epaitegi eta auzitegien jurisdikzioaren menpe jartzen direla jakinarazteko adierazpena, eta lizitatzaileari legokiokeen atzerriko jurisdikzioko foruari uko egiten diotela adierazteko, kasua hori balitz.

Lege honen arabera beste dokumentu batzuk aurkeztea ere beharrezkoa denean, administrazio-klausula zehatzen agirian eta lizitazioko iragarkian aipatu behar dira dokumentu horiek.

Prozedura ireki eta murriztuak izapidetzen diren bitartean, eta esleipena burutu baino lehenago, enpresaren ondarean bat-egitea, zatiketa edo esku-aldaketa gertatu delako, lizitatzaile edo hautagai den enpresa baten nortasun juridikoa amaitzen bada, prozedurako hurrenkeran izango dira haren ordez, baltzu xurgatzailea, bat-egitetik sortu dena, zatiketatik onuradun izan dena, edo ondarea erosi duena, betiere, baldin eta horretarako gaitasuna duela, kontratatzeko debekurik ez duela eta kaudimena nahiz sailkapena badituela egiaztatzen badu, esleipen-prozeduran parte hartu ahal izateko administrazio-klausula zehatzen agirian eskatutako betekizunak errespetatuta.

80. artikulua.- Aldi bereko proposamenak.

Enkanteetan lizitatzaile bakoitzak proposamen bakar bat baino ezin izango du aurkeztu, aldaerak onartzea dela-eta lege honen 87. artikuluan ezarritakoari kalterik egin gabe.

Bakarrik aurkeztutako enpresaburuek ezin izango dute aldi baterako enpresa-elkarteetan beste proposamenik izenpetu, ez eta aldi baterako elkarte batean baino gehiagotan parte hartu ere.

Arau horiek hautsiz gero, ez da onartuko enpresaburu horiek izenpetutako proposamen bat ere.

81. artikulua.- Kontratazio-mahaia.

Lege honetako 12.4. artikuluan aurreikusitako kasuetan izan ezik, mahai baten laguntza izango du kontratazio-organoak kontratu irekiak eta murriztuak esleitzeko; kontratazio-organoak berak izendatuko ditu mahaia osatzeko kideak: lehendakaria, erregelamenduz zehaztutako kideak, eta idazkaria; kontratazio-organoko funtzionarioen artean izendatu behar dute idazkaria, edo, horrelakorik ezean, organo horren zerbitzura diharduten langileen artean.

Prozedura negoziatua denean, kontratazio-organoak hautazkoa izango du mahaia eratu zein ez.

Estatuko Administrazio Orokorrean, bere erakunde autonomoetan, zuzenbide publikoko erakundeetan eta Gizarte Segurantzako kudeaketa-erakunde eta zerbitzu erkideetan, kideen artean, nahitaez, kontratazio-organoko aholkularitza juridikoa legez edo erregelamenduz aginduta daukaten funtzionarioen arteko bat eta kontu-hartzaile bat egon behar dira.

Kontratazio-mahaiak, bere proposamena egin aurretik, beharrezko iritzi ditzan eta kontratuaren xedearekin zerikusia izan dezaten txosten tekniko guztiak eska ditzake.

Baldin eta kontratazio-mahaiak egindako proposamenarekin bat etorri gabe egiten badu esleipena kontratazio-organoak, erabaki horren arrazoiak eman behar ditu.

2. azpiatala.

Enkanteak

82. artikulua.- Esleipen-proposamenak.

Enkanteetan, garaiz eta erara aurkeztutako agiriak sailkatuko ditu aldez aurretik kontratazio-mahaiak, jendaurreko ekitaldian irekiko ditu onartutako eskaintzak, eta preziorik beherena eskain dezan eskaintzaileari kontratua esleitzeko proposamena egingo dio kontratazio-organoari.

Esleipen-proposamenak ez dio proposatutako enpresaburuari inolako eskubiderik emango Administrazioarengandik, harik eta kontratazio-organoaren erabakiz kontratua berari esleitu arte.

83. artikulua.- Esleipena, eta ausarkeriazko jaitsierak.

Enkanteetan, gehienez ere hogei eguneko epean egin behar da esleipena, jasotako eskaintzak jendaurreko ekitaldian ireki eta biharamunetik kontatzen hasita.

Aurreko lerrokadan aipatutako epean esleipen-erabakirik ematen ez bada, enpresaburuak bere proposamena ateratzeko eskubidea edukiko du, eta berak jarritako bermea itzul dakion edo ezereztu dadin.

Kontratazio-organoaren erabakia proposamenera egokitu behar da, kasu hauetan izan ezik:

a) Kontratazio-mahaiak proposamena egiterakoan antolamendu juridikoa hautsi badu; kasu horretan ondoriorik gabe geratuko da deialdia.

Baldin eta arau-hausteak proposamen-izendapena jaso duen lizitatzaileari bakarrik eragiten badio, kasu hori salbuespen moduan hartuko da, eta arau-hausteak harrapatzen ez duen hurrengo eskaintzailearen aldekoa izan behar da esleipena.

Ebazpena eman aurretik, nahitaezkoa izango da kontratazio-organoko zerbitzu juridikoaren irizpena.

b) Kontratazio-organoak, arrazoietan oinarrituta, susmatzen badu, eskaintzak itxuragabeak edo ausarkeriazkoak direlako, proposamena ezin izango dela bete.

Kasu horietan, txostena eskatuko zaio Administrazio Kontratazioaren Aholku Batzordeari, gertatutako inguruabarren ondorioz hala egitea bidezkoa bada.

Kontratazio-organoak gorabehera horren berri emango die interesdunei, eta artikulu honetako 1. paragrafoko lehenengo lerrokadan aipatutako epea bikoiztu egingo da.

Eskaintzak itxuragabeak edo ausarkeriazkoak diren erabakitzeko, erregelamenduz ezarriko diren irizpide objektiboak izango dira arau, eta egoera horren adierazpena egin aurretik, ustez bertan sartuta dauden lizitatzaile guztiei eskatu behar zaie informazioa, baita kasuan kasuko zerbitzuko aholkularitza teknikoari ere.

Aurreko paragrafoaren ondorioei dagokienez, talde berekoak diren sozietateek bakoitzak bere aldetik eta banaka aurkeztutako proposamenak ez dira aintzakotzat hartuko, erregelamenduz ezarritako baldintzetan.

Kontratazio-organoak, aipatutako txostenak ikusi ondoren, Administrazioaren gogara betetzeko modukoa den preziorik behekoeneko proposamenari esleitzea erabakiko du, eta, halakorik egon ezean, ausarkerian erori ez den eskaintzailerik onenari; eta Kontratu Publikoetarako Europako Erkidegoko Batzordearen Aholku Komiteari arrazoitu behar dio erabaki hori, lizitazioaren iragarkia “Europako Erkidegoen Aldizkari Ofizialean” argitaratu bada.

Hasiera batean ausarkeria-susmoetan sartuta egondako proposamena egin duen enpresaburuari ematen bazaio esleipena, esleipenaren zenbatekoaren 100eko 20ko behin betiko bermea eskatuko zaio enpresaburu horri, 36.4. artikuluan ezarritakoarekin bat etorrita.

84. artikulua.- Nola esleipena egin kontratua suntsiarazten denean.

Baldin eta esleipendunak kontratua formalizatzeko beharrezko baldintzak betetzen ez dituelako kontratua suntsiaraztea erabakitzen bada, Administrazioak haren hurrengo lizitatzaileari edo lizitatzaileei esleitu ahal izango die kontratua, eskaintzen hurrenkeran, ahal den neurrian, beste deialdi bat egin aurretik, eta esleipendun berriaren adostasuna jasota.

Prozedura berbera jarrai dezake Administrazioak, hasi eta gero suntsiarazpen-adierazpena jaso duen kontraturen bat gauzatzen jarraitzea denean esleipenaren helburua.

3. azpiatala.

Lehiaketa

85. artikulua.- Lehiaketa aplikatzeko kasuak.

Kontratuak lehiaketaz esleituko dira, enpresaburua hautatzerakoan preziorik behekoenen eskaintza bakarrik kontuan hartzen ez denean, eta, bereziki, ondorengo kasu hauetan:

a) Administrazioak aurrez zehaztu ezin izan dituelako, kontratuen proiektuak edo aurrekontuak lizitatzaileek aurkeztu behar dituztenean.

b) Kontratazio-organoaren ustez, Administrazioak onartutako prestazioaren zehaztasunak hobetu daitezkeenean, bai beste irtenbide tekniko batzuk aurkituta, lizitatzaileek aurkeztutako aldaeren bitartez proposamenak eginez gero, bai prestazioa gauzatzeko epeak laburtuta.

c) Administrazioak, kontratu batzuetan, horiek egiteko materialak edo baliabide osagarriak uzten dituelako, kontratistei haiek ondo zaintzeko berme bereziak eskatu behar zaizkienean.

d) Guztiz teknologia aurreratua erabili behar denean, zein kontratuok gauzatzeko modua benetan korapilatsua denean.

86. artikulua.- Lehiaketa esleitzeko irizpideak.

Lehiaketako administrazio-klausula zehatzen agirietan zehaztu behar dira esleipenerako oinarri izango diren irizpide objektiboak, kontratazio-organoak ere horien arabera egin dezan esleipena; hau da: prezioa, prezioa berrikusteko formula, kontratua gauzatzeko zein entregatzeko epea, erabileraren kostua, kalitatea, errentagarritasuna, balio teknikoa, ezaugarri estetiko eta funtzionalak, ordezko piezak lortzeko aukerak, mantentze-lanak, zerbitzu teknikoa, eta salmenta osteko zerbitzua edo antzeko beste batzuk.

Aurreko paragrafoan aipatutako irizpideak hurrenkeran agertuko dira, garrantziaren arabera eta bakoitzari emandako ponderazioaren arabera antolatuta; irizpideon bitartez zehaztu ahal izango da proposamenak balioesteko fasea, eta, hala dagokionean, irizpideak aplikatutakoan, hautaketa-prozesuan jarraitu ahal izateko lizitatzaileei eskatu ahal izango zaien puntuazio-mailarik txikiena ere bai.

Lehiaketen bidez esleitu beharreko kontratuei dagokienez, administrazio-klausula zehatzen agirian irizpide objektiboak zehaztu ahal izango dira, horien arabera jakiteko ondoren, hala dagokionean, eskaintzak itxuragabeak edo ausarkeriazkoak direla-eta, proposamena ezin dela bete.

Kontratua esleitzeko oinarri modura erabiliko den irizpide objektiboetako bat eskainitako prezioa bada, administrazio-klausula zehatzen agirian prezio-mugak zehaztu beharko dira, horien arabera jakin ahal izateko, hala dagokionean, eskaintzak itxuragabeak edo ausarkeriazkoak direla-eta, proposamena ezin dela bete.

Aurreko paragrafoan jasotako egoeretan, enkanteak direnean, 83. artikuluan ezarritakoari jarraituko zaio, proposamenak izapidetzeko moduari eta eratu beharreko bermeari dagokienez, eta talde berekoak diren sozietateek bakoitzak bere aldetik eta banaka, erregelamenduz ezarritako baldintzetan, aurkeztutako proposamen ekonomikoak ezin izango dira aintzakotzat hartu erreferentzia-prezioa ezartzerakoan, ez eskaintza ekonomikoak balioesteko orduan, ez eta itxuragabetzat edo ausarkeriazkotzat hartu beharreko eskaintzak identifikatzeko orduan ere.

87. artikulua.- Aldaerak onartzea.

Kontratazio-organoak kontuan hartu ahal izango ditu lizitatzaileek aurkeztutako aldaerak eta irtenbideak, baldin eta administrazio-klausula zehatzen agirian berariaz horretarako aukera ematen badu; bestela, ez.

Aukera hori ematen denean, agirian ondo zehaztuko da zein osagairi buruz eta zein baldintzatan emango den aldaerak eta irtenbideak aurkezteko baimena.

Aldaerak aurkezteko baimena eman dela, gainera, jasota egongo da kontratua enkantean jartzeko iragarkian.

88. artikulua.- Kontratuak esleitzea.

Garaiz eta erara aurkeztutako dokumentuak sailkatuko ditu aldez aurretik kontratazio-mahaiak, jendaurreko ekitaldian irekiko ditu lizitatzaileek aurkeztutako eskaintzak, eta kontratua esleitu behar duen kontratazio-organoari bidaliko dizkio, aktarekin eta bidezko iritzi dezan proposamenarekin batera; eta, kasu guztietan, administrazio-klausula zehatzen agirian aipatutako irizpideen haztapena jaso behar da proposamenean.

Administrazioak ahalmena izango du, edo proposamenik onenari kontratua esleitzeko, 86. artikuluan ezarritako irizpideak aplikatuz, eta proposameneko ekonomia-balioari nahitaez jarraitu beharrik gabe, edo kontratua esleitu gabe utzi dela deklaratzeko; nolanahi ere, bere ebazpenaren arrazoiak eman behar ditu, klausulen agirian lehiaketa esleitzeko ageri diren irizpideak aipatuz.

89. artikulua.- Esleipena egiteko epea.

Kontratazio-organoak, bidezkoak diren txosten teknikoak jaso ondoren, gehienez ere proposamenak irekitzen direnetik hiru hilabeteko epean esleitu behar du kontratua, administrazio-klausula zehatzen agirian beste eperik ezartzen ez bada behintzat.

Esleipen-erabakia epe barruan ematen ez bada, lehiaketara onartutako enpresaburuek beren proposamenak ateratzeko eskubidea edukiko dute, eta berek jarritako bermea itzul dakien edo ezereztu dadin.

90. artikulua.- Enkanteko arauak subsidiarioki aplikatzea.

Enkantea egiteko jarritako aginduek lehiaketarako ere balio dute, esleipen-modu hartarako bakarrik aplikatzeko direnen kasuan izan ezik.

3. ATALA.

PROZEDURA MURRIZTUA

91. artikulua.- Prozedura murriztua aplikatzeko arauak.

Prozedura murriztuan lege honetako arau orokorrak aplikatuko dira, berezitasun hauekin:

a) Prozedura murriztuaren iragarkia egin aurretik, kontratu bakoitzari dagokionaren arabera, prozeduran parte hartzeko gonbitak zabaltzeko irizpide objektiboak egin eta arrazoitu behar ditu Administrazioak administrazio-klausula zehatzen agirian, betiere, 16. artikulutik 19.era bitartekoetan ezarritako irizpideetan oinarrituta; kontratazio-organoak egingo ditu gonbitak irizpide horien arabera.

b) Gonbidatu nahiko lukeen enpresa-kopurua finkatzeko gehieneko eta gutxieneko mugak zehaztu ahal izango ditu kontratazio-organoak, kontratuaren ezaugarrien arabera betiere, eta iragarkian adierazi behar ditu mugok.

Kasu horretan, gutxieneko kopurua ez da bostetik beherakoa izango, eta gehienekoa ez da hogeitik gorakoa izango.

c) Parte hartzeko eskabidearekin batera, enpresaburuaren nortasuna egiaztatzeko agiriak aurkeztu behar dira; eta, kasua beste hau bada, bere ordezkaritza, bere sailkapena, edo iragarkian zehaztutako ekonomia, finantza, teknika zein lanbide arloetako kaudimen-baldintzak betetzen dituela egiaztatzekoak.

d) Kontratazio-organoak, enpresaburuaren nortasuna eta kaudimena frogatu ondoren, lehiatzaileak hautatu, eta gonbita egingo die onartutakoei, aldi batera eta idatziz, gonbitean bertan kasu bakoitzerako adierazitako epean proposamenak aurkez ditzaten, eta epea ez da lege honetan kontratu bakoitzerako aipatutakoa baino laburragoa izango.

Gonbit-idatzian, proposamenak irekitzeko tokia, eguna eta ordua adieraziko zaizkio lehiatzaileari.

e) Hautatutako enpresaburuek proposamenak aurkezten dituztenean, behin-behineko bermea eratu dutela egiaztatzeko agiria ere aurkeztu behar dute haiekin batera.

Proposamenak aurkeztu ondoren, lege honetako arau orokorren arabera egingo da esleipena.

4. ATALA.

PROZEDURA NEGOZIATUA

92. artikulua.- Prozedura negoziatuan eskaintzak eskatzea.

Prozedura negoziatua erabiltzen denean, kontratuaren xedea egiteko gai diren enpresen eskaintza eskatu behar da; enpresen kopurua ezin da hiru baino gutxiagokoa izan, ahal bada behintzat; eta hautatuarekin finkatuko da kontratuaren prezioa. Espedientean jaso behar da horren guztiaren berri.

Kontratazio-mahaia eratzen den kasuetan, kontratazio-mahai horrexek egingo dio esleipen-proposamena kontratazio-organoari, eta 81. artikuluan orokor moduan xedatutakoa izango da aplikagarri.

Administrazio-klausula zehatzen agirian, halakorik dagoenean, ondo zehaztuko da zein gai ekonomiko eta tekniko negoziatu beharko diren enpresekin.

Nolanahi den ere, espedientean jasota egongo dira egindako gonbitak, jasotako eskaintzak eta kontratazio-organoak eskaintza horiek onartzeko edo ukatzeko erabilitako arrazoiak.

5. ATALA.- JAKINARAZPENA

93. artikulua.- Esleipenak jakinarazi eta argitaratzea.

Kontratazio-mahaiak kontratua esleitzeko erabakia hartu ondoren, eta erabilitako prozedura eta esleitzeko modua edozein izanda ere, lizitazioan parte hartu duten lehiatzaile guztiei jakinaraziko zaie, eta, esleipena formalizatu ondoren, 118. artikuluan aipatutako Kontratuen Erregistro Publikoari jakinaraziko zaio, 58. artikuluan aurreikusitako ondorioetarako.

Esleipenaren zenbatekoa 10.000.000 pezetakoa (60.101,21 eurokoa) edo gehiagokoa bada, esleipen horren berri emango duen iragarki bat argitaratu behar da “Estatuko Aldizkari Ofizialean” edo autonomia-erkidegoetako eta toki-erakundeetako egunkari edo aldizkari ofizialetan, kontratua esleitzen den egunetik kontatzen hasi eta berrogeita zortzi egunetik gorakoa ez den epean.

Gainera, “Europako Erkidegoen Aldizkari Ofizialean” nahitaez argitaratu behar diren kontratuetan, eta aholkularitza- eta laguntza-kontratuetan, eta 203.2. artikuluan zehaztutako kopurukoak edo hortik gorakoak diren zerbitzu-kontratuetan, 206. artikuluko 17.etik 27. kategoriara artekoak badira, lizitazioaren emaitzaren berri emango duen iragarki bat bidali behar da aipatutako “Europako Erkidegoen Aldizkari Ofizialera” eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera”, lehen esandako epe berean, eta halako kasuetan ez da aukerarik egongo “Estatuko Aldizkari Ofizialean” argitaratu ordez autonomia-erkidegoek eta toki-erakundeek beren egunkari edo aldizkari ofizialetan egin ahal izateko.

Zerbitzu publikoak kudeatzeko kontratuetan, nahitaezkoa izango da esleipenak “Estatuko Aldizkari Ofizialean” edo autonomia-erkidegoetako eta toki-erakundeetako egunkari edo aldizkari ofizialetan argitaratzea, lehen ezarrerako gastuak 10.000.000 pezetakoak (60.101,21 eurokoak) edo gehiagokoak badira, edo iraupen-epea bost urtetik gorakoa bada.

Salbuespenez, esleipenaren emaitzaren iragarkia argitaratu gabe utz daiteke, baldin eta kontratua egin egin dela zabaltzea legedia aplikatzeko eragozpen bada, interes publikoaren kontrakoa bada, enpresa publiko nahiz pribatuen merkataritzako legezko interesak kaltetzen baditu, zein beren arteko lehia leialari gaitz egiten badio, eta lege honetako 141. artikuluko f) idatz-zatian, 159.2. artikuluko c) idatz-zatian, 182. artikuluko h) idatz-zatian eta 210. artikuluko g) idatz-zatian jasotako egoerak gertatzen badira. Inguruabar horiek behar bezala arrazoitu behar dira espedientean.

Aurreko idatz-zatietan xedatutakoari kalterik egin gabe, baztertutako izangai edo lizitatzaile orori, berak eskatzen badu, eskabidea jasotzetik hamabost eguneko epean, haren hautagaitza edo proposamena baztertzeko arrazoiak eman behar dizkio kontratazio-organoak, baita esleipendunari esleipena emateko eraginkorrak izan diren haren proposamen-ezaugarriak agertu ere. Jakinarazpenari dagokionez, aurreko idatz-zatian xedatutakoa bete behar da.

Eskainitako kontraturen bati uko egin, zein prozedura berriro hastea erabakiz gero ere, jokabide berbera zaindu behar da.

Europako Erkidegoen Argitalpen Ofizialen Bulegoari ere eman behar zaio erabaki horren berri, baldin eta kontratua “Europako Erkidegoen Aldizkari Ofizialean” argitaratu bada.

VIII. KAPITULUA

Kontratuak gauzatu eta aldatzea

I. ATALA.

KONTRATUAK GAUZATZEA

94. artikulua.- Kontratuen ondorioak.

Administrazio-kontratuen ondorioak arautzeko, arau izango dira lege hau, legea bera garatzeko xedapenak, eta administrazio-klausulen agiriak zein preskripzio teknikoenak, orokorrak nahiz bereziak izan.

95. artikulua.- Kontratua gauzatzen berandutzea.

Kontratistak, behartuta dago-eta, kontratua gauzatzeko finkatutako azken epearen barruan bete behar du kontratua; elkarren jarraian egiteko izendatutako epe partzialak ere bete egin behar ditu.

Kontratista berandutze-egoeran jarri dela jakiteko, Administrazioak ez dauka aurrez agindeirik egin beharrik.

Baldin eta kontratista, berari egotz dakizkiokeen arrazoiak medio, azken epea betetzeko orduan berandutze-egoeran jarri bada, Administrazioak aukeran izan dezake, edo kontratua suntsiaraztea, edo eguneko zigorrak ezartzea proportzio honetan: kontratuaren prezio osoan dagoen 100.000 pezetako kopuru bakoitzeko 20 pezeta (601,01 euroko 0,12 euro) egunero.

Kontratazio-organoak aurreko lerrokadan zehaztutako zigorrez bestelakoak ezartzea eta zigor horiek administrazio-klausula zehatzen agirian sartzea erabaki ahal izango du, baldin eta, kontratuaren ezaugarri bereziak aintzakotzat hartuta, kontratua ondo gauzatzeko hala egitea beharrezkotzat jotzen badu, eta halaxe justifikatzen bada espedientean.

Berandutzeagatiko zigorrak kontratuaren prezioaren 100eko 5eko multiplo batera iristen diren bakoitzean, kontratazio-organoak ahalmena izango du, edo kontratua suntsiarazteko, edo, zigor berriak ezarrita, kontratua gauzatzen jarraitzea erabakitzeko.

Administrazioak ere aurreko paragrafoan adierazitako ahalmen berbera edukiko du, kontratistak epe partzialak bete gabe uzteari dagokionez, baldin eta administrazio-klausula zehatzen agirian halaxe jasota badago, edo, epe partzialok betetzen berandututa, azken epea ere ezin izango dela bete uste izateko nahiko arrazoi ikusten bada.

Kontratistak, berari egotz dakizkiokeen arrazoiak direla-eta, kontratuan zehaztutako prestazioen gauzatze partziala bete gabe utziz gero, Administrazioak bi aukera ditu: edo kontratua suntsitu, edo administrazio-klausula zehatzen agirian egoera horietarako zehaztuta dauden zigorrak ezarri.

96. artikulua.- Berandutzeagatik kontratuak suntsiaraztea, eta kontratuak luzatzea.

Aurreko artikuluan aipatutako kasuan, Administrazioak kontratua suntsiaraztea erabakitzen badu, kontratazio-organoak hartu behar du erabaki hori, eta nahitaezko izapide bakarra kontratistari entzutea izango da; baina, kontratistak erabakia aurkatzen badu, Estatuko Kontseiluaren edo autonomia-erkidego bakoitzean baliokidea den aholku-organoaren irizpena ere behar da.

Baldin eta atzerapena kontratistari egoztekoak ez diren arrazoiengatik sortu bada, eta izendatu zitzaion denbora luzatuz bere konpromisoak beteko dituela agintzen badu hark, Administrazioak emango dion epea lehen galdutako denboraren bestekoa izango da gutxienez, kontratistak berak epe laburragoa eskatu ezik.

97. artikulua.- Kalte eta galeren kalte-ordaina.

Kontratistaren betebeharra izango da kontratua gauzatzeko bete beharreko eragiketen ondorioz hirugarrenei eragindako kalte eta galera guztien kalte-ordaina ematea.

Baldin eta kalte eta galera horiek Administrazioak emandako agindu baten ondorio zuzenez eta berehala sortutakoak badira, Administrazioa izango da erantzule, legeetan aipatutako mugen barruan.

Administrazioa izango da, halaber, berak egindako proiektuen akatsen ondorioz hirugarrenei sortutako kalteen erantzule, obra-kontratuetan edo fabrikazio-horniduretan.

Egitatea gertatu eta hurrengo urtearen barruan, aipatutako hirugarren horiek errekerimendua egin ahal izango diote kontratazio-organoari, azken horrek erabaki dezan, kontratistari entzun ondoren, zein alderdi kontratugileri dagokion kalteen erantzukizuna.

Ahalmen horretaz baliatzeak eten egiten du akzioaren preskripzio-epea.

Aipatutako hirugarren horien erreklamazioa, nolanahi ere, kasu bakoitzean aplikagarri den legedian ezarritako prozeduraren arabera egingo da.

98. artikulua.- Galdu-gordean jarduteko printzipioa.

Kontratistak galdu-gordean jardun beharko du kontratua gauzatzerakoan, 144. artikuluan obra-kontratuetarako ezarritakoari kalterik egin gabe.

99. artikulua.- Prezioa ordaintzea.

Lege honetan eta kontratuan ezarritako baldintzetan egindako prestazioaren ordainketa jasotzeko eskubidea izango du kontratistak, itundutako prezioaren arabera nolanahi ere.

Prezioaren ordainketa, edo osorik egin daiteke, edo zatika, konturako ordainketa eginez.

Kontratuaren xedean egon eta kontratua gauzatzeko prestakuntza-eragiketen zenbatekoaren adinako konturako ordainketak jasotzeko eskubidea edukiko dute kontratistek, kontratu bakoitzeko agirietan adierazitako baldintzetan; bermea jarrita ziurtatu behar dira ordainketa horiek.

Obra-ziurtagiriak eman ondoren, edo kontratua osorik nahiz zati batean egin dela egiaztatzeko agiriak eman ondoren, hurrengo hirurogei egunen barruan ordaindu behar du Administrazioak prezioa, 110. artikuluaren 4. paragrafoan ezarritako bestelako epe bereziari kalterik egin gabe; Administrazioak ordainketa atzeratzen badu, aipatutako hirurogei eguneko epea igaro eta gero, berandutze-interesak eta kobrantza-kostuen kalte-ordainak eman behar dizkio kontratistari, betiere, merkataritzako eragiketetan ordaintzerakoan atzerapenik egon ez dadin, berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen legean jasotakoaren arabera.

Ordainketa lau hilabetetik gora berandutu bada, kontratistak etenda utz dezake kontratuaren betearazpena; baina Administrazioari jakinarazi behar dio inguruabar hori, hilabete lehenago, etenaldi horretatik sor daitezkeen eskubideak onar daitezen, lege honetan ezarritakoaren arabera.

Administrazioa zortzi hilabetetik gora berandutu bada, kontratistak kontratua suntsiarazteko eskubidea ere izango du, baita horren ondorioz sortutako galeren kalte-ordainak jasotzeko ere.

Zerga-gaiei eta Gizarte Segurantzari buruzko arauetan ezarritakoari kalterik egin gabe, kontratua gauzatu dela-eta egindako konturako ordainketak egoera hauetan bakarrik enbargatu ahal izango dira:

a) Kontratua gauzatzean kontratistaren langileek sorrarazitako soldatak ordaintzeko, baita soldata horietatik datozen gizarte-segurantzako kuotak ere.

b) Kontratistak, kontratua gauzatzeari dagokionez, azpikontratistekin eta hornitzaileekin hartutako betebeharrak ordaintzeko.

100. artikulua.- Kobrantza-eskubideak eskualdatzea.

Aurreko artikuluaren arabera Administrazioarekiko kobrantza-eskubidea daukaten kontratistek laga egin dezakete, zuzenbidearen arabera.

Kobrantza-eskubidearen lagapenak Administrazioarekiko eraginkortasun osoa izan dezan, ezinbesteko betekizuna da lagapen-erabakiaren jakinarazpen fede-emailea Administrazioari helaraztea.

Kontratistak lagatako kobrantza-eskubideen bigarren eta hurrengo lagapenak eragingarri izan daitezen, bete beharreko baldintza izango da aurreko paragrafoan ezarritakoa.

Administrazioak lagapen-erabakiaren berri izan ondoren, lagapen-hartzailearen alde egin behar da ordaintzeko agindua.

Lagapenaren berri Administrazioari eman aurretik, kontratistaren edo lagatzailearen izenean egindako ordaintzeko aginduek ondorio sakatzaileak sortuko dituzte.

Kontratista lagatzailearen porrot-egoera gertatuz gero, Merkataritza Kodeko 878. artikuluaren 2. paragrafoan aipatutako deuseztasuna ez da deklaratuko, honako betekizun hauek errespetatzen badira:

a) Lagatako kredituak kontratista lagatzailearen enpresa-jardunetik sortutakoak badira.

b) Lagapen-hartzailea kreditu-erakundea bada.

c) Akordioaren babesean egindako lagapenaren kredituak lagapen-erabakia hartu aurretik badaude, edo, egun horretatik hasita eta gehienez urtebeteko epean, kontratista lagatzaileak burututako enpresa-jardunetik sortutakoak badira kreditu horiek, edo lagapen-kontratuan etorkizunean zordun izango direnen nortasuna jasota badago.

d) Lagapen-hartzaileak lagatzaileari, eskura zein epeka, lagatako kredituen kopurua ordaintzen badio, emandako zerbitzuaren kostuari dagokiona kenduta.

e) Lagapen-egunaren ziurtasuna jasota badago Kode Zibileko 1218. eta 1227. artikuluetan ezarritako bideetakoren bat erabilita, edo Zuzenbidean onartutako beste edozein bide erabilita.

f) Artikulu honetako 2. paragrafoan jasota dagoen jakinarazpena egin dela ondo egiaztatuta badago.

2. ATALA.

KONTRATUAK ALDATZEA

101. artikulua.- Kontratuak aldatzea.

Behin kontratua burutu eta gero, interes publikoa dela-eta baino ezin izango du kontratazio-organoak aldaketarik sartu kontratua osatzen duten osagaien artean, premia berrien edo uste gabeko arrazoien eraginez sortutakoak badira izan ere; eta, behar bezala, espedientean justifikatu beharko du hori guztia.

Legeko 54. artikuluan xedatutako moduan formalizatu behar dira kontratu-aldaketak.

Kontratu-aldaketak gertatzen direnean, nahiz eta aldaketa horiek ondoz ondokoak izan, 59. artikuluko 2. paragrafoan adierazitako txostenaz gainera, eta 11. artikuluko 2. paragrafoko g) idatz-zatian jasotako moduan aurretik ikuskatzeaz gainera, nahitaezkoa izango da Ogasun Ministerioko Aurrekontuen Zuzendaritza Nagusiak aurrekontuen edukiari buruz egindako txostena, baldin eta, aldaketa horiek, banaka zein denak batera hartuta, jatorrizko kontratuaren prezioaren 100eko 10 edo hortik gorako kopurua hartzen badute, eta, Balio Erantsiaren gaineko Zerga kenduta, kontratua 1.000.000.000 pezetakoa (6.010.121,04 eurokoa) edo hori baino handiagoa bada.

Horretarako, proposatutako aldaketari dagokion espedientea igorriko dute kontratazio-organoek, espedienteari honako agiri hauek erantsita:

a) Azalpen-txostena, obraren zuzendari teknikoak sinatuta, aldaketa ekarri duen urruntzea justifikatzeko, eta preskripzio teknikoen agiriak, eta, kasua beste hau bada, dagokion proiektua onestean aurrez ikusi ez zien egoerak zehaztuta daudela bertan; obretakoak ez diren bestelako kontratuetan, berriz, kontratatutako prestazioak zuzentzeko eta gauzatzeko ardura duen zerbitzuak emango du agiri hori.

b) Aldaketak bere baitan hartzen dituen unitateak edo prestazioak emateko, beste lizitazio baterako deialdia egitea bidegabea dela justifikatzeko agiria.

c) Obretako kontratuak direnean, Proiektuak Ikuskatzeko Bulegoaren txostena, proposatutako aldaketaren egokitasunari buruzkoa.

Aurrekontuen Zuzendaritza Nagusiak hamabost egun balioduneko epean emango du bere txostena.

Paragrafo honetan ezarritakoa berdin aplikatuko da kontratuaren xede diren unitateen ordez beste unitate batzuk jarri nahi direnean, baldin eta kontratua esleitzeko zenbatekoa 1.000.000.000 pezetakoa (6.010.121,04 eurokoa) edo gehiagokoa bada, eta, Balio Erantsiaren gaineko Zerga kenduta, aldaketek guztira kontratuaren jatorrizko prezioaren 100eko 30, edo hortik gora hartzen badute, betiere, aldaketa horiek aurrekontuetan izango dituzten eraginak nolakoak diren alde batera utzita.

102. artikulua.- Kontratuak etenda uztea.

Baldin eta Administrazioak kontraturen bat etenda uztea erabakitzen badu, edo 99. artikuluan xedatutakoa aplikatzeagatik badator etenda uztea, akta bat egin behar da egoera hori sorrarazi duten inguruabarrak jasotzeko, eta kontratua gauzatzerakoan nolako egoeran geratu den agertzeko.

Etenda uztea erabaki eta gero, benetan jasandako kalte eta galerak ordaindu behar dizkio kontratistari Administrazioak.

IV. TITULUA

Prezioak berrikustea, Administrazioaren kontratuetan

KAPITULU BAKARRA

Xedapen orokorrak

103. artikulua.- Prezioak berrikustea.

Lege honetan araututako kontratuen prezioak berrikustea titulu honetan ezarritako moduan egingo da, baldin eta kontratuaren zenbatekoaren 100eko 20a eginda badago, eta esleitu zenetik urtebete igaro bada; era horretara, beraz, ezin izango dira berriz aztertu, ez 100eko 20ko portzentajea, ez eta, esleipen hori egin zenetik hasita, gauzatze-lanetako lehen urtebetea ere.

Prezioak ez dira inola ere berrikusiko, ez kontratu txikiak direnean, ez eta, kontratua ordaintzeko, 14. artikuluaren arabera, finantza-errentamenduaren sistema erabiltzen denean, edo erosteko aukera ematen duen errentamendu-sistema erabiltzen denean.

Administrazio-klausula zehatzen agirian zehaztu behar da berrikuspena egiteko aplika daitekeen formula edo sistema, eta arrazoietan oinarritutako ebazpenean ezar daiteke prezioak berrikustea ez dela bidezkoa; hori ere aipatutako agirian agertu behar da.

104.artikulua.- Prezioak berrikusteko sistema.

Kontratazio-organoak ofizialki zehaztu ditzan indize edo formulen bidez berrikusiko dira prezioak.

Hala ere, obra-kontratuetan eta fabrikazio-horniduretan, Ministroen Kontseiluak onartuko ditu ereduzko formulak, kontratuetan jasotako prestazio guztien edukiaren arabera, Administrazio Kontratazioaren Aholku Batzordearen txostena hartu ondoren.

Ereduzko formula horietan agertu behar da eskulanak eta oinarrizko osagaiek kontratuaren prezioan daukaten partea.

Formula horiek “Estatuko Aldizkari Ofizialean” argitaratu behar dira, eta bi urtetik behin berrikusi behar dira gutxienez.

Kontratazio-organoak, ereduzko formula horietatik, egokientzat dauzkanak zehaztuko ditu kontratu bakoitzerako administrazio-klausula zehatzen agirian; baina, kontratuaren ezaugarrietarako, horietako bat ere egokia ez bada, formula bereziak proposatu ahal izango dira, eta Ministroen Kontseiluak onartu beharko ditu horiek ere.

Kontratuan aplikatu beharreko berrikuspen-formula edo indizea aldaezina izango da kontratua indarrean dagoen bitartean, eta berak zehaztuko du prezioen berrikuspena noiz egin, enkante eta lehiaketetan, eskaintzak aurkezteko azken eguna kontuan hartuta, eta, prozedura negoziatuetan, esleipenaren eguna kontuan hartuta.

Gobernuaren Ekonomia Gaietarako Batzorde Eskuordedunak onartuko ditu prezioen hileroko indizeak, eta “Estatuko Aldizkari Ofizialean” argitaratu behar dira.

Merkatuaren benetako gorabeherak islatu behar dira indizeetan, eta indizeok, edo bakarrak izan daitezke Estatuko lurralde osorako, edo geografia-eremuen arabera zehaztutakoak.

105. artikulua.- Prezioak berrikusteko koefizientea.

Berrikuspen-formulek, prezioen indizeak aplikatuz, data bakoitzeko azterketa-koefizienteak kalkulatzeko balio dute, betiere, 104.3. artikuluan zehaztutako datei eta aldiei dagokienez. Aztertzeko eskubidea duten prestazioen zenbateko likidoei aplikatuko zaizkie formula horien emaitzak.

106. artikulua.- Berrikuspena egiteko prozedura.

Baldin eta prezioak berrikusteko formulak erabiltzen badira obra-kontratuetan eta fabrikazio-horniduretan, formuletatik sortutako koefizientea aplikatu behar zaio egindako prestazioaren prezio likidoari, berrikuspena burutzeko.

107. artikulua.- Kontratuak gauzatzeko orduan berandutuz gero aplikatzeko berrikuspena.

Baldin eta, aldiren batzuetan kontratista berandutu delako, aldi horiei berrikuspen-klausularen bat aplikatu behar bazaie, bidezkoak diren zigorrei kalterik egin gabe, kontuan hartu beharko diren prezioen indizeak, prestazioa epe barruan egiteko kontratuan ezarritako datei legozkiekeenak izango dira; baina, prestazioa egiteko finkatutako benetako aldiari dagozkion indizeek beheragoko koefizienterik sortzen badute, azken horiek aplikatuko dira, ez besteak.

108. artikulua.- Berrikuspenaren ondorengo zenbatekoa ordaintzea.

Bidezkoak izan daitezen berrikuspenen zenbatekoa ziurtagirietan edo ordainketa partzialetan gauzatuko da, edo ordainduz, edo deskontua eginez, kasu bakoitzaren arabera; salbuespenez, kontratuaren likidazioan egingo da, ziurtagiri edo ordainketa partzial horietan sartu ezin izan denean.

V. TITULUA

Kontratuen amaiera

I. KAPITULUA

Xedapen orokorra

109. artikulua.- Kontratuen amaiera.

Kontratuak bete direlako edo suntsiarazten direlako amaituko dira.

II. KAPITULUA

Kontratuak betetzea

110. artikulua.- Kontratuak bete eta onartzea.

Kontratua beteta egongo da, kontratistak kontratuaren xedea osorik egin badu, betiere, kontratuko baldintzen arabera eta Administrazioaren nahierara.

Nolanahi ere, hori egiaztatzeko, Administrazioak harrera- edo adostasun-egintza formal eta positibo bat egin behar du kontratuaren xedea entregatu edo burutzen denetik hurrengo hilaren barruan, edo, kontratuaren xedeak dituen ezaugarriak aintzakotzat hartuta, administrazio-klausula zehatzen agirian zehaztuta datorren epearen barruan.

Administrazio horretako kontu-hartzaileari jakinaraziko zaio, jakinarazpena egitea nahitaezkoa denean, berak nahi badu egintza horretara agertu, eta inbertsioa egiaztatzeko dauzkan eginkizunak bete ditzan.

Kontratuetan berme-epe bat finkatuko da, harrera- edo adostasun-egintza egiten denetik kontatuta. Administrazioak eragozpenik jarri gabe igarotzen bada epe hori, lege honetan zein beste arau batzuetan beste eperen bat ezartzen den kasuetan izan ezik, kontratistaren erantzukizuna amaitu egingo da.

Salbuespenez, ez dute berme-eperik edukiko beren izaera edo ezaugarriak direla-eta beharrezkoa ez duten kontratuek; behar bezala justifikatu behar da hori kontratazio-espedientean, eta berariaz jaso behar da agirian.

Harrera-akta egiten denetik kontatuta, hilabeteko epe barruan onartu eta jakinarazi behar zaio kontratistari bidezkoa den kontratu-likidazioa, eta, kasua bada, dagokion saldoa ordaindu; hori horrela izango da, obretako kontratuetan izan ezik, 147.3. artikuluan ezarritakoari jarraituz arautuko baitira horiek.

Likidatutako saldoa ordaintzen berandutuz gero, kontratistak berandutze-interesak eta kobrantza-kostuen kalte-ordainak jasotzeko eskubidea edukiko du, betiere, merkataritzako eragiketetan ordaintzerakoan atzerapenik egon ez dadin, berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen legean jasotakoaren arabera.

III. KAPITULUA

Kontratuak suntsiaraztea

111. artikulua.- Kontratua suntsiarazteko arrazoiak.

Hauek dira kontratua suntsiarazteko arrazoiak:

a) Kontratista pertsona partikularra bada, heriotza edo ezgaitasuna gertatzea, eta kontratista sozietatea bada, nortasun juridikoa amaitzea.

b) Beste edozein prozeduratan hartzekodunen konkurtsoa deklaratzea edo kaudimengabezia deklaratzea.

c) Administrazioa eta kontratista ados jartzea.

d) Kontratistak behin betiko bermea edo berme bereziak nahiz behin betikoaren berme osagarriak epean ez jartzea, legeak aurreikusitako kasuetan, eta kontratua epean ez formalizatzea.

e) Kontratistak epeak betetzen berandutzea, eta 71.2. artikuluko d) idatz-zatian aipatutako epea ez betetzea.

f) Zortzi hilabete igaro arren, Administrazioak 99.6. artikuluaren arabera ordainketak egin ez izana.

g) Kontratuko gainerako funtsezko betebeharrak ez betetzea.

h) Kontratuan berariaz ezar daitezen arrazoiak.

i) Lege honetako artikuluetan kontratu-kategoria bakoitzerako berariaz adierazitako arrazoiak.

112. artikulua.- Kontratua suntsiarazteko arrazoiak aplikatzea.

Kontratua suntsiarazteko erabakia kontratazio-organoak hartuko du, ofizioz nahiz kontratistak eskatuta; kasua azken hori bada, erregelamenduz ezarritako prozeduraren arabera.

Edozein prozeduratan kaudimengabezia deklaratuz gero, eta, hartzekodunen konkurtsoa bada, likidazioaldian sartuz gero, kontratua suntsiaraziko da beti.

Kontratuaren suntsiarazpena dakarten gainerako kasuetan, horretarako aukera izango du, kontratuaren suntsiarazpena nork eragin duen, horrek ez, beste aldeak; betiere, 7. paragrafoan ezarritakoari kalterik egin gabe, eta, 149. artikuluko e) idatz-zatian, 192. artikuluko c) idatz-zatian eta 214. artikuluko c) idatz-zatian jasotakoaren arabera, 100eko 20tik gorako aldaketak dakartzaten egoeretan Administrazioak ere suntsiarazpena eskatzeko duen aukerari kalte egin gabe.

Baldin eta kontratua suntsiarazteko arrazoia kontratista partikularrari etorritako heriotza edo ezgaitasuna bada, Administrazioak kontratua haren jaraunsle edo oinordekoekin jarraitzeko erabakia har dezake.

Kontratua bi aldeen adostasunez suntsiarazteko, batetik, ezin da egon kontratua suntsiarazteko moduko inolako arrazoirik, kontratistari egotz dakiokeenik, eta, bestetik, interes publikoko arrazoiak egon behar dira, hain zuzen, kontratuak bere hartan jarraitzea ez beharrezkoa ez komenigarria izan ez dadin.

Kontratista den sozietatea enpresen bat-egite kasuren batean sartzen bada, bat-egitearen ondorioz sortu den edo xurgatzaile den erakundearekin jarraituko du kontratuak; eta kontratutik sortutako eskubide eta betebehar guztien subrogazioa jasoko du.

Enpresen edo horien adarren zatiketa, ekarpena edo eskualdatzea gertatzen bada, horren ondorioz sortutako erakundearekin edo erakunde onuradunarekin jarraituko du kontratuak, eta kontratutik sortutako eskubide eta betebehar guztien subrogazioa jasoko du, baldin eta esleipena onartu zenean eskatutako kaudimenari eusten badio sortutako erakundeak edo erakunde onuradunak.

Hartzekodunen konkurtsoa deklaratzen denean, eta likidazioaldia hasten ez den bitartean, Administrazioak kontratuarekin jarraitzeko aukera izango du, baldin eta bere iritziz kontratistak kontratua gauzatzeko berme nahikorik aurkezten badu.

Baldin eta kontratua suntsiarazteko arrazoia berme osagarririk ez jartzea bada, suntsiarazpenak kontratu osoan izango du eragina.

Aurreko artikuluko e) idatz-zatian aipatutako berandutze-kasuan, epea betetzen izandako atzerapenaren ondorioz sorrarazitako zigorrak kontratuaren zenbatekoaren 100eko 5eko multiplo batera iristen badira, 95.4. artikuluan xedatutakoa bete behar da.

Administrazioa bada kontratutik sortutako betebeharrak bete ez dituena, lege honetan aurreikusitako kasuetan baino ez da etengo kontratua.

113. artikulua.- Kontratua suntsiarazteak dakartzan ondorioak.

Kontratistari egotz dakizkiokeen arrazoiak direla-eta kontratua epean formalizatzen ez bada, 54.3. artikuluan xedatutakoa bete behar da.

Suntsiarazpena bi aldeen adostasunez lortzen bada, Administrazioak eta kontratistak elkarren artean balio osoz onartutakora egokitu behar dira aldeen eskubideak.

Administrazioa bada kontratuko betebeharrak bete ez dituena, hori dela-eta kontratistari sortutako kalte eta galerak ordaindu beharra ekarriko dio hari orokorrean.

Kontratistaren erruz kontratua bete gabe gelditu eta suntsiarazten bada, inkautatu egingo zaio bermea, eta, gainera, sortutako kalte eta galeren kalte-ordainak eman behar dizkio Administrazioari, inkautatutako bermearen gainetik doan zenbatekoraino.

Nolanahi ere, eratutako bermea galdu, itzuli edo ezereztea bidezkoa den edo ez adierazteko, berariazko aipamena jaso behar da kontratua suntsiarazteko erabakian.

VI. TITULUA

Kontratuen lagapena, eta azpikontratazioa

KAPITULU BAKARRA

Xedapen orokorrak

I. ATALA.

KONTRATUEN LAGAPENA

114. artikulua.- Kontratuen lagapena.

Kontratutik sortutako eskubideak eta betebeharrak hirugarren bati laga ahal izango zaizkio, baldin eta lagatzailearen ezaugarri teknikoak edo pertsonalak kontratua esleitzeko arrazoi erabakigarri izan ez badira.

Esleipendunek hirugarren bati beren eskubideak eta betebeharrak laga ahal izateko, betekizun hauek bete behar dira:

a) Kontratazio-organoak berariaz eta aldez aurretik eman behar du lagapena egiteko baimena.

b) Lagatzaileak gutxienez kontratuaren 100eko 20a eduki behar du eginda; zerbitzu publikoen kudeaketaren kasuan, kontratuak iraun dezan denboraren bosten batez gutxienez eduki behar du ustiatuta.

c) Lege honetako 15. artikulutik 20. artikulura artekoekin bat etorriz, lagapen-hartzaileak Administrazioarekin kontratuak egiteko gaitasuna eduki behar du, eta behar bezala sailkatuta egon behar da, lagatzaileari betekizun hori eskatu izan bazaio.

d) Esleipendunaren eta lagapen-hartzailearen arteko lagapena eskritura publikoan gauzatu behar da.

Lagatzaileari dagozkion eskubide eta betebehar guztien subrogazioa jasoko du lagapen-hartzaileak.

Administrazioak ez du kontratu-lagapenik egiteko baimenik emango sailkapena etenda daukaten pertsonen alde, ez eta kontratatzeko desgaikuntza dutenen alde ere.

2. ATALA.

AZPIKONTRATAZIOA

115. artikulua.- Azpikontratazioa.

Kontratuan kontrakorik xedatzen ez bada, edo, kontratuaren izaeratik zein baldintzetatik ateratzen denez, zuzenean kontratua egin behar duena esleipenduna bera ez bada, esleipendunak kontratuaren zati bat egiteko ituna lotu dezake hirugarrenekin.

Azpikontratuak egiteko, betekizun hauek bete behar dira:

a) Nolanahi ere idatziz eman behar zaio Administrazioari egingo den azpikontratuaren berri, eta adierazi egin behar dira azpikontratistak egingo dituen kontratuko parteak.

Hala ere, isilpeko edo ezkutuko kontratuak direnean, edo, lege- edo erregelamendu-xedapenen arabera, segurtasun-neurri bereziez babestuta gauzatu beharrekoak direnean, edo Estatuaren segurtasunaren funtsezko interesak babestu beharrak hala eskatzen duenean, azpikontratazioa egiteko, kontratazio-organoaren berariazko baimena beharko da beti.

b) Esleipendunak hirugarrenekin azpikontratatu ditzan prestazio partzialek ezin izango dute gainditu, esleipen-zenbatekoaren 100eko 50etik gora, administrazio-klausula zehatzen agirian finkatutako ehunekoa.

Baldin eta klausula-agirian aurreikuspen hori egiten ez bada, kontratistak egin ditzakeen azpikontratuak ezin dira izan esleipen-zenbatekoaren 100eko 50etik gorakoak.

c) Kontratistak bere burua behartu behar du azpikontratistei eta hornitzaileei batzuekin eta besteekin itundutako prezioa ordaintzera, hain zuzen 99.4. artikuluan Administrazioaren eta kontratistaren arteko harremanetarako ezarritakoak baino txarragoak izango ez diren epe eta baldintzetan.

Kontratista nagusiarekin bakarrik behartuko dituzte bere buruak azpikontratistek, eta hark bereganatuko du, beraz, Administrazioarekiko erantzukizun osoa, administrazio-klausula zehatzen agirien eta kontratuaren baldintzen arabera kontratua estu-estu gauzatzeko.

Kontratistak inola ere ezin izango du kontratu zati bat gauzatzeko itunik lotu, antolamendu juridikoaren arabera, kontratuak egiteko desgaikuntza duten pertsonekin, edo lege honetako 20. artikuluan jasotako egoeretako batean dauden pertsonekin, k) idatz-zatia salbuespen dela, edo sailkapena etenda daukaten pertsonekin.

116. artikulua.- Azpikontratistei eta hornitzaileei ordaintzea.

Administrazio-kontratu bati lotuta dauden azpikontratuak eta hornidura-kontratuak egiteko orduan, honako betekizun hauek errespetatu behar dira:

Kontratistak azpikontratistei edo hornitzaileei itundutako prezioa ordaintzeko betebeharra hartuko du, ondoren zehaztutako epe eta baldintzetan.

Azpikontratistak edo hornitzaileak faktura emango dio, dagozkion data eta aldia zehaztuta, kontratista nagusiari, eta kontratista nagusiak faktura onesten duen datatik kontatzen hasita finkatuko dira epeak.

Faktura aurkezten den egunetik hasita, gehienez ere, hogeita hamar eguneko epean eman behar da onarpena edo adostasuna.

Epe horretan bertan aurkeztu behar dira desadostasun-arrazoiak ere, halakorik dagoenean.

Artikulu honetako 5 paragrafoan ezarrita dagoena salbuespen dela, finkatutako epean ordaindu behar ditu kontratistak fakturak, betiere, merkataritzako eragiketetan ordaintzerakoan atzerapenik ez egoteko neurriak ezartzen dituen legearen 4. artikuluarekin bat etorrita.

Ordainketan berandutuz gero, azpikontratistak edo hornitzaileak berandutze-interesak eta kobrantza-kostuen kalte-ordainak jasotzeko eskubidea edukiko du, betiere, lege berak ezarritakoaren arabera.

Ordainketa-epea hirurogei egunetik gorakoa izango dela hitzartu denean, ordainketa hori kanbio-akzioari lotutako agiri baten bidez gauzatuko da, eta, ordainketa-epea ehun eta hogei egunetik gorakoa denean, gainera, ordainketa hori abal bidez bermatzeko ere eska dezake azpikontratistak edo hornitzaileak.

Aurreko lerrokadan aipatutako azpikontratuak eta hornidura-kontratuak izaera pribatukoak izango dira betiere.

VII. TITULUA

Atzerrian egindako kontratuak

KAPITULU BAKARRA

Xedapen orokorrak

117. artikulua.- Atzerrian egindako kontratuak.

Atzerrian egin eta bete daitezen kontratuetan, beren aplikazioan sortutako zalantzak eta hutsuneak erabakitzeko orduan lege honetako printzipioak kontuan izango diren arren, arau hauek aplikatuko dira:

a) Estatuko Administrazio Orokorrean, Atzerri Arazoetako ministroari dagokio kontratu horiek formalizatzea; horretarako, ordezkaritza diplomatiko edo kontsularrak erabiliko ditu, eta, nahi izanez gero, beste erakunde, funtzionario edo norbanako batzuei ere eman ahal izango die ordezkotza.

Erakunde autonomoetan eta Gizarte Segurantzako kudeaketa-erakunde eta zerbitzu erkideetan, bertako legezko ordezkariei edo horiek ordezko izenda ditzatenei dagokie halako kontratuak formalizatzea.

Lege honetako 12. artikulua aplikatuko da kontratu horien izapideak egin, kontratuetarako baimena eman, eta kontratuak esleitu, aldatu eta suntsiarazteko.

Lege honetara lotutako gainerako erakundeetan, bertako legezko ordezkariei dagokie kontratuok formalizatzea.

b) Kontratua beste estaturen batean egiten denean, bertako legeek eska ditzaten gaitasun-betekizunei kalterik egin gabe, lege honetan xedatutakoa bete behar da Espainiako enpresen gaitasuna eta kaudimena zehazteko, baita Europako Erkidegoko gainerako estatu kideetako enpresenak zehazteko ere.

c) Administrazio-klausula zehatzen agiriaren ordez, kontratuko klausulak ezarri ahal izango dira.

d) Prozedura negoziatuaz ere eslei daitezke kontratuak, baina, ahal den guztietan, kontratuak betetzeko gai diren enpresen aldetik hiru eskaintza lortu behar dira gutxienez.

e) Agiri fede-emailez formalizatu behar dira kontratuak, eta Administrazio Kontratazioaren Aholku Batzordeari bidali behar zaizkio kontratuon zehaztasunak, 118. artikuluan zehaztutako ondorioetarako, eta, 57. artikuluan adierazitako moduan, Kontu Auzitegiari ere bidali behar zaizkio. Kontratu txikiei dagokienez, lege honetan kontratu txikiei buruz orokorrean xedatutakoa bete behar da.

f) Kontratua gauzatuko dela ziurtatzeko lege honetan zehaztutako bermearen parekoa eskatuko zaio esleipendunari, ahal bada, eta kontratazioa egin dadin estatuko baldintzetara egokitzen bada; eta, halakorik ezean, estatu horretan ohikoa izan eta onartzen den bermea eskatuko zaio.

g) Kontratistak itundutako prestazioa entregatzea izango da prezioa ordaintzeko baldintza, delako estatuaren zuzenbidea edo ohiturak horren aurka jarri ezik; halakoetan, aurrerakina estaltzeko bermea eskatu beharko da.

h) Halako kontratuetan ahalegindu egin behar da hizbaketak sartzen, agian kontratistak konpromisoak betetzeke utz ditzakeela-eta, Administrazioaren interesak babesteko, baita kontratuaren barruan komenigarri izan daitezkeen aldaketak baimentzeko ere.

Espainiako enpresekin egindako kontratuetan, Espainiako auzitegien eskumenean jartzeko baldintzak sartu behar dira.

Atzerriko enpresekin egindako kontratuetan, inguruabarrek aukerarik uzten badute, sor daitezen eztabaidak arbitraje-formula errazak erabiliz konpontzeko baldintzak sartzeko ahalegina egin behar da.

Halako kontratuetan transakzioa egin daiteke, Ministroen Kontseiluak aurrez baimenik ematen badu.

Europako Erkidegoko gainerako estatu kideetan egin eta bete daitezen kontratuetan, baldin eta 135., 177.2. eta 203.2. artikuluetan aipatutako kopuru-mugen bestekoak edo gehiagokoak badira, artikulu honetan bildutako arauak ez dira eragozpen izango lege honetako arauak bete behar izan daitezen, bai Europako Erkidegoko publizitateari dagokionez, eta bai kontratuak esleitzeko prozedura eta erei dagokienez.

Europako Erkidegoa eratzeko Tratatuaren 296. artikuluko xedapenak aplikatzetik sortuak direla, Defentsa Ministerioak atzerriko enpresekin egindako kontratuak badira, eta, Espainiako indar armatuak partaide dituzten bake-misioak betetzeko beharrezko izanda, atzerrian egin eta burutuko diren kontratuak badira, Defentsa Ministerioari dagokio kontratu horiek formalizatzeko zeregina.

VIII. TITULUA

Kontratuen erregistro publikoa

KAPITULU BAKARRA

Xedapen orokorrak

118. artikulua.- Kontratuen erregistro publikoa.

Herri-administrazioek eta esleipendunek egindako kontratuen berri jakin ahal izateko, Kontratuen Erregistro Publikoa egingo du Ogasun Ministerioko Administrazio Kontratazioaren Aholku Batzordeak, baita gainerako herri-administrazioetan ardura hori daukaten organoek ere, eta beren arteko koordinazioa zaindu behar dute.

Administrazio Kontratazioaren Aholku Batzordearen Kontratuen erregistro publikoa izango da kontratazio publikoari buruzko estatistikaren euskarria, Estatuaren helburuetarako.

Erregelamenduz zehaztuko da, batetik, nola Administrazio Kontratazioaren Aholku Batzordearen Kontratuen Erregistro Publikoari jakinarazi esleitutako kontratuen zehaztasunak, eta kontratuak aldatu, luzatu eta betetzean agertutakoak, eta bestetik, nola jendaurrean jarri aipatutako erregistroari emandako zehaztasunak, goragoko idatz-zatietan aurreikusitako ondorioetarako.

119. artikulua.- Kontratazio-organoei egindako gomendioak.

Administrazio Kontratazioaren Aholku Batzordeak zuzenean eman ahal izango dizkie kontratazio-organoei bidezkoak diren gomendioak, edo orokorrean eman ahal izango ditu, baldin eta Administrazioaren kontratazioei buruzko azterlanetatik edo kontratu zehatzen batetik Administraziorako ondorio interesgarriak ateratzen badira.

II. LIBURUA

ADMINISTRAZIOKO KONTRATU-MOTAK

I. TITULUA

Obra-kontratuak

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

I. ATALA.

OBRA-KONTRATUAK PRESTATZEA

120. artikulua.- Kontratuaren xedea.

Lege honen ondorioetarako, Administrazioak eta enpresabururen batek xede hauetakoren bat betetzeko egindakoa da obra-kontratua:

a) Ondasun higiezinak eraikitzeko; esaterako, errepideak, trenbideak, portuak, ubideak, presak, eraikinak, gotorlekuak, aireportuak, itsasontzi-baseak, itsas ertzaren babesa eta itsasoko seinaleak, monumentuak, instalazioak, eta ingeniaritza zibileko antzeko beste edozein egiteko.

b) Lur-azalaren edo lur-azpiaren itxura edo funtsa aldatzen duten lanak egiteko; esaterako, dragatzeak, zundaketak, prospekzioak eta injekzioak egiteko, ingurumen-inpaktua konpontzeko, hondartzak onera ekartzeko, eta hirigintzako jardunak eta antzeko beste batzuk egiteko.

c) Aurreko idatz-zatietan adierazitakoak eraberritu, konpondu, kontserbatu edo eraisteko.

121. artikulua.- Kontratu txikiak.

Kontratu txiki dira 5.000.000 pezetatik (30.050,61 eurotik) gorakoak ez direnak.

122. artikulua.- Obra-proiektua.

Obra-kontratu bat esleitzeko, aldez aurretik proiektua egin, ikuskatu, eta, onargarria bada, onetsi egin behar da, baita zuinketa egin ere; proiektuak zehatz-mehatz adierazi behar du kontratuaren xedea.

Proiektua eta obra biak batera esleitzekoak direnean, obra egin ahal izateko baldintza izango da Administrazioak proiektua ikuskatzea eta onestea, baita proiektuaren zuinketa egitea ere.

123. artikulua.- Obren sailkapena.

Proiektuak egiteko, talde hauetan sailkatuko dira obrak, xedearen eta izaeraren arabera:

a) Lehen ezarrerako, eraberrikuntzako edo konponketa handiko obrak.

b) Konponketa errazeko obrak.

c) Kontserbazio- eta mantentze-obrak.

d) Eraispen-obrak.

Lehen ezarrerako obrak ondasun higiezinak sortzeko dira.

Eraberritze-kontzeptu orokorrean sartzen dira aurrez dagoen ondasun higiezinen bat handitu, hobetu, eguneratu, egokitu, moldatu zein indartzeko egindako obra guztiak.

Konponketa-obrak dira, ordea, ondasun higiezin batean ustekabeko edo halabeharreko arrazoiz sortutako kalteak atontzeko beharrezkoak direnak.

Funtsean egitura euskarriari eragiten badiete, konponketa handiak dira, eta, bestela, konponketa errazak.

Kalteak denboran zehar gertatzen badira, ondasunaren erabileraren erabileraz, haiek atontzeko obrak kontserbaziokoak izango dira.

Mantentze-obrak kontserbaziokoak bezalakoak izango dira.

Eraispen-obrak ondasun higiezinen bat lurrera bota edo desegiteko dira.

124.artikulua.- Proiektuen edukia eta proiektuak egitetik sortzen den erantzukizuna.

Obra-proiektuetan hauek sartu behar dira gutxienez:

a) Txostena, obrak zertarako diren adierazita; bertan jasoko dira aurrekariak eta obren aurreko egoera, ase beharreko beharrizanak eta aukeratutako konponbidearen justifikazioa, betiere, aintzakotzat hartu beharreko edozein eratako faktoreak ere zehaztuta.

b) Delako obra erabat zehaztuta geratzeko beharrezko diren plano orokorrak eta xehetasun-planoak, eta, hala badagokio, lur-sailen okupazioa nahiz zortasun-eskubideen eta gainerako eskubide errealen itzulketa zehazteko planoak, eta obrak egitean horren eragina izango duten zerbitzuenak.

c) Preskripzio tekniko zehatzen agiriak; horietan deskribatuko dira obrak eta arautuko dira obrak egiteko lanak, ondo adierazita lan horiek zein eratara egingo diren, burututako unitateak eta kalitate-kontrola nola neurtuko diren, eta, alor teknikoari lotuta, kontratistak zer-nolako betebeharrak izango dituen.

d) Aurrekontua, aurrekontu partzialez osatuta edo ez; unitateko prezioak eta, hala dagokionean, prezio xehatuak adierazi behar ditu, baita neurketen egoera-orria eta aurrekontua balioesteko beharrezko zehaztasunak ere.

e) Argibide moduan, lanak garatzeko egitaraua edo obra burutzeko plana, hala badagokio, denborak eta kostuak aurrez zehaztuta.

f) Obraren zuinketak oinarri izango dituen era guztietako erreferentziak.

g) Legezko edo erregelamenduzko arauetan ezarritako agiri guztiak.

h) Segurtasun- eta osasun-azterketa, edo, hala badagokio, segurtasunari eta osasunari buruzko oinarrizko azterketa, obretako segurtasun- eta osasun-arauetan ezarritakoaren arabera.

Hala ere, 20.000.000 pezetatik (120.202,42 eurotik) beherako lehen ezarrerako, eraberrikuntzako zein konponketa handiko obren proiektuetarako, eta aurreko artikuluan zerrendatutako gainerako proiektuetarako, erraztu, bildu zein ezabatu ere egin daiteke goian aipatutako agirietakoren bat edo beste, erregelamenduz zehaztutako moduan, baldin eta horrela egindako agiriok nahiko badira obrak zehaztu, balioetsi eta egiteko.

Obrak egiteko erabiliko diren lurren azterlan geotekniko bat ere sartu behar da proiektuan, obraren izaerarekin bateraezina ez bada behintzat.

Herri-lanen emakidarako kontratuetan, erabilpen-araubideari eta aplikatzeko diren tarifei buruzko azterlan ekonomiko eta administratiboak sartu behar dira.

Administrazioak, 196.2. artikuluko a) idatz-zatiaren arabera, osorik kontratatu duenean proiektua burutzeko lana, proiektu-egileak edo proiektu-egileek erantzukizuna izango dute, 217. artikulutik 219. artikulura bitartekoetan ezarritakoaren arabera.

Prestazioa gauzatzen bada Administrazioarekin lankidetzan eta Administrazioa ikuskatzaile dela, 196.2. artikuluko b) idatz-zatiaren arabera, erantzukizunak lankidetza-arlokoak izango dira soilik.

125. artikulua.- Enpresaburuak proiektua aurkeztea.

Proiektua egiteko lana eta horri dagozkion obrak egiteko lana biak batera kontratatzea salbuespeneko kasua izango da, eta bakar-bakarrik honako egoera hauetan aplikatu ahal izango da:

a) Eraikuntza-sistema erabakigarria izan litekeenean proiektuaren funtsezko ezaugarrietarako.

b) Obren ezaugarriak nolakoak diren ikusita, trazatua, diseinua eta aurrekontua modu batera baino gehiagotara tratatzeko aukera dagoenean.

Nolanahi ere, era horretako kontratuak lizitatzeko Administrazioak dagokion aurreproiektua edo antzeko agiria idatzi behar du aldez aurretik, eta, justifikatutako arrazoiak direla-eta interes publikorako komenigarri denean, orduan bakarrik idatzi ahal izango ditu oinarri tekniko hutsak, proiektuak errespetatu beharrekoak.

Kontratistak kontratazio-organoari aurkeztuko dio proiektua, organo horrek proiektua ikuskatu, onetsi eta zuinketa egin dezan.

Administrazioak ikusten badu jasotako proiektuan akatsak daudela edo prezioak ezegokiak direla, akatsak zuzentzeko eskatuko dio kontratistari, 217. artikuluan ezarritakoaren arabera; bitartean, eta Administrazioak berriz ere proiektua ikuskatu, onetsi eta zuinketa egin arte, ezin izango da obra egiten hasi.

Kontratazio-organoa eta kontratista prezioei buruz ados jartzen ez badira, kontratista salbuetsita geratuko da eta ez du obrak egin beharrik izango; orduan baina, dagokion proiektua egiteko lanak kontratazio-organoak ordain diezazkion, horixe izango da kontratistak izango duen eskubide bakarra.

Artikulu honetan jasotako egoerei dagokienez, espedientea hasteko aginduan eta dagokion kreditu-erreserban finkatuko da zenbatetsitako gehieneko kopurua, egitekoa den kontratuak har dezakeena.

Nolanahi den ere, gastua ez da ikuskatuko, ez da onetsiko, eta horri lotutako konpromisorik ere ez da hartuko, harik eta, aukeratutako proposamenaren arabera, kontratuaren zenbatekoa eta baldintzak zeintzuk diren jakin arte; inguruabar horiek guztiak jaso behar dira administrazio-klausula zehatzen agirian.

Azpiegitura hidraulikoetan edo garraio-azpiegituretan ohiz bestelako obrak gauzatzeko proiektua egin behar denean, eta, oso obra handiak direlako edo oso konplexuak direlako, obrak burutzeko zenbatetsitako kopururik ezin daitekeenean finkatu, aurreko paragrafoan jasotako gehieneko prezioak proiektuari bakarrik eragingo dio.

Obra egin ahal izateko ezinbestean bete beharreko baldintza izango da Administrazioak obra-finantzaketaren bideragarritasuna aztertzea eta dagokion gastu-espedientea izapidetzea.

Administrazioak obra egiteari uko egiten badio, edo hiru hilabeteko epean, edo, administrazio-klausula zehatzen agirian epe luzeagoa ezarriz gero, dagokion epe horretan erabakirik hartzen ez badu, orduan, kontratistak proiektuaren prezioa ordain diezaioten eskubidea izango du, konpentsazio modura prezioa 100eko 5 handituta.

126. artikulua.- Oroharreko prezioko obrak.

Salbuespenez, eta obraren izaerak aukera uzten duenean, oroharreko ordainketa-sistema ezar daiteke, bat ere unitateko preziorik gabe, erregelamenduz zehaztutako inguruabarretan eta baldintzetan.

127. artikulua.- Jarraibide teknikoak.

Herri-administrazio bakoitzarentzat nahitaez bete beharrekoak diren jarraibide teknikoetara lotu behar dira proiektuak.

128. artikulua.- Proiektuak ikuskatzea.

Zenbatekoa 50.000.000 pezetakoa (300.506,05 eurokoa) edo hortik gorakoa denean, proiektua onetsi aurretik, kontratazio-organoek txostena eskatu beharko diete proiektuak ikuskatzeko bulego eta lantaldeei, proiektu-mota bakoitzari dagokionez aplikatu beharreko legezko edo erregelamenduzko xedapen orokorrak eta arau teknikoak aintzakotzat hartu direla egiaztatzeko ardura daukaten heinean.

Egin beharreko azterketa eta kalkuluetan xedapen eta arauok modu ezegokian aplikatzeko erantzukizuna 124.5. artikuluan ezarritakoaren arabera eskatuko da.

Aipatutako zenbatekotik beherako proiektuetan, aukerakoa izango da txostena egitea, obraren eraginkortasunari, segurtasunari zein estankotasunari eragiten dioten obren kasuan izan ezik; halako kasuetan ere, nahitaezkoa izango da ikuskatze-txostena.

129. artikulua.- Proiektuaren zuinketa.

Proiektua onartu ondoren, eta obraren kontratazio-espedientea izapideetan jarri aurretik, zuinketa egin behar da; obraren errealitate geometrikoa egiaztatzeko da zuinketa, eta obra hori arazorik gabe egiteko beharrezko lurrak erabilgarri daudela ziurtatzeko; zuinketa egitea ezinbestean bete beharreko baldintza izango da esleipenerako prozedura guztietan.

Era berean, egindako proiektuan agertu eta kontratua egiteko oinarrizkoak diren puntuak ere aztertu egin behar dira.

Azpiegitura hidraulikoetan eta garraio- eta errepide-azpiegituretan egin beharreko obrei dagokienez, kontratazio-espedienteak izapidetzerakoan, lurrak erabilgarri izateko aurrez bete beharreko betekizuna salbuetsita geratuko da, nahiz eta lur-sailen benetako okupazioa egin aurretik okupazio-akta formalizatu beharko den.

Erakunde publikoek lagatako lurrak edo lokalak direnean, lur-sailak erabilgarri daudela egiaztatzeko orduan, horretan eskumena duten organoek ondasunok lagatzeko eta hori onartzeko hartutako erabakiak aurkeztea nahikoa izango da.

Zuinketa egin ondoren, kontratazio-espedienteari gehitu behar zaio proiektua.

2. ATALA.

HERRI-LANA JABARI PUBLIKOAREN EMAKIDA BITARTEZ FINANTZATZEA

130. artikulua.- Araubide juridikoa.

Atal honetan ezarritakoa bakar-bakarrik aplikatuko da, baldin eta herri-lana, bere nolakotasuna eta ezaugarriak aintzakotzat hartuta, ekonomikoki ustiatzeko modukoa ez bada, eta, beraz, liburu honetako V. tituluan araututako herri-lanen emakida-kontratuaren xede ez bada.

131. artikulua.- Betekizunak.

Aurreko artikuluan aipatutako egoerak gertatzen direnean, herri-lanaren eraikuntza eta kontserbazioa, edo kontserbazio hutsa, xede izan daitezke herri-lana egiteko edo mantentzeko kontratuan, edo soil-soilik herri-lana mantentzeko kontratuan; dagokion arloan eskumena duen Administrazioak, jabari publikoari buruzko legeek berariaz arlo horretaz diotenaren arabera, kontraprestazio modura, jabari publikoaren emakida eman ahal izango du zerbitzu-gunean edo obra hartzen duen eragin-esparruan.

132. artikulua.- Administrazio-klausula zehatzen agiria.

Administrazio-klausula zehatzen agirian ezarriko da, emakidaren xede diren jabari publikoko ondasunei dagokienez, ustiapena zertan erabiliko den, zertarako izango den, eta zer-nolako ezaugarriak izango dituen.

133. artikulua.- Hautaketa-irizpideak.

Kontratazio-organoak, kontratista eta emakidaduna hautatzeko orduan, denak batera hartuta balioetsiko ditu, bai obra eraikitzeko eta mantentzeko lanekin zerikusia duen eskaintza, edo proiektuari, burutzeari eta mantentzeari buruz, edo mantentzeari buruz bakarrik, baita lizitatzaileak jabari publikoan burutu nahi dituen obrak edo jardunak, eta jabari publikorako aurrez erabakita duen ustiakuntza-araubidea ere.

134. artikulua.- Jabari publikoko ondasunak erabiltzeko araubidea.

Atal honetan araututako kontratu baten bidez ezin izango da jabari publikoaren emakida egiletsi, baldin eta berariazko legeen bidez araututako jabari publikoko ondasunak erabiltzeko araubidean ezarritakoa urratzen bada.

3. ATALA.

EUROPAKO ERKIDEGO BARRUKO PUBLIZITATEA, ETA OBRA KONTRATUAK ESLEITZEKO PROZEDURAK

135. artikulua.- Publizitate-kasuak.

Aurrekontu-ekitaldi bakoitzean, iragarpen adierazgarri baten bidez, hurrengo hamabi hilabeteetan egiteko asmotan dituzten obra-kontratuen oinarrizko ezaugarriak jakinarazi behar dituzte kontratazio-organoek, erabiliko duten esleipen-prozedura edozein izanda ere, baldin eta kontratuaren zenbatekoa, Balio Erantsiaren gaineko Zerga kanpoan utzita, 5.923.624 eurokoa, hau da, 5.000.000 igorpen-eskubide bereziren baliokidea bada, edo hortik gorakoa bada.

Obren programazioa egin ondoren, lehenbailehen bidali behar da iragarkia Europako Erkidegoen Argitalpen Ofizialen Bulegora; eta, lege honetako 137. eta 138. artikuluetan ezarritako epe-murrizketa sor dezan, iragarkia bulego horretara bidalita egongo da, gutxienez, berrogeita hamabi egun lehenago, eta, gehienez jota, hamabi hilabete lehenago, kontratuaren iragarkia “Europako Erkidegoen Aldizkari Ofizialera” bidaltzen den egunetik hasita.

Gainera, aipatutako zenbatekoa duten obra-kontratazio guztiak, 140. artikuluan aipatutako prozedura ireki, murriztu zein negoziatuen bidez eginda ere, “Europako Erkidegoen Aldizkari Ofizialean” iragarri behar dira.

Aipatutako kopurua kalkulatzeko, obraren balioaz gain, obra egiteko beharrezkoak izan eta Administrazioak enpresaburuaren eskura jarritako hornigaiak ere kontuan hartu behar dira.

136. artikulua.- Zatika banatzea.

Baldin eta zatika banatuta badago obra, eta zati bakoitzak kontratu bat badauka, bakoitzaren zenbatekoa hartuko da kontuan zenbatekoa zehazteko, aurreko artikuluko ondorioetarako.

Hala ere, aurreko artikuluan aipatutako zifraren parekoa edo handiagoa bada zatiak metatuta lortutako zenbatekoa, zati guztiei aplikatuko zaizkie artikulu horretako xedapenak publizitatearen ondorioetarako.

Kontratazio-organoak, bestalde, zati bakoitzaren banakako zenbatekoa bakarrik har dezake kontuan, Balio Erantsiaren gaineko Zerga kanpoan dela, 1.000.000 eurotik beherakoa denean, baldin eta aipatutako zation zenbateko metatua obra zatitzeko erabilitako lote guztien zenbateko metatuaren 100eko 20tik gorakoa ez bada.

1. azpiatala.

Prozedura irekia, obra-kontratuetan

137. artikulua.- Proposamenak aurkezteko epeak.

Prozedura irekian, proposamenak aurkezteko epea ez da berrogeita hamabi egunetik beherakoa izango, iragarkia Europako Erkidegoen Argitalpen Ofizialen Bulegora bidaltzen den egunetik kontatzen hasita.

Baldin eta, aurrez ezarritako epeen barruan, 135.1. artikuluan aipatutako iragarki adierazgarria argitaratu bada, proposamenak aurkezteko epea, arau orokor modura, hogeita hamasei egunera murriztuko da; baina epe hori ezin izango da inola ere hogeita bi egunetik beherakoa izan.

2. azpiatala.

Prozedura murriztua, obra-kontratuetan

138. artikulua.- Epeak.

Prozedura murriztuan, parte hartzeko eskabideak jasotzeko epea, iragarkia bidaltzen den egunetik kontatzen hasita, hogeita hamazazpi egunetik beherakoa ez izateko moduan finkatu behar da.

Proposamenak aurkezteko epea ezin da berrogei egunetik beherakoa izan, gonbit-idatzia bidaltzen den egunetik kontatzen hasita. Epe hori hogeita sei egunera murriztuko da, baldin eta 135.1. artikuluko lehenengo lerrokadan aipatutako iragarki adierazgarria argitaratu bada.

Presazko kasuetan, parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea eta eskaintzak aurkeztekoa, hurrenez hurren, hamabost eta hamar egunera murriztu daiteke, iragarkia edo gonbita bidaltzen den egunetik kontatzen hasita.

139. artikulua.- Herri-lanen emakidetako epeak.

Herri-lanen emakidetan, prozedura murriztuan, hautagaitza aurkezteko epea ezin da berrogeita hamabi egunetik beherakoa izan, iragarkia bidaltzen den egunetik kontatzen hasita.

Administrazio izan gabe herri-lanen emakidadunek egindako kontratuetan, 133. artikuluan aipatutako emakidadunek alegia, prozedura murriztuetan betiere, parte hartzeko eskabideak jasotzeko epea ez da hogeita hamazazpi egunetik beherakoa izango, ez eta eskaintzak jasotzekoa berrogei egunetik beherakoa ere, iragarkia bidaltzen den egunetik edo eskaintza aurkezteko gonbitaren egunetik kontatuta hurrenez hurren.

3. azpiatala.

Prozedura negoziatua, obra-kontratuetan

140. artikulua.- Prozedura negoziatua eta Europako Erkidegoko publizitatea.

Kontratazio-organoak prozedura negoziatua aplikatzeko erabakia har lezake obra-kontratuetan, baldin eta, espedientean behar bezala justifikatuta, inguruabar hauetakoren bat gertatzen bada:

a) Prozedura ireki edo murriztuetako ekonomiako proposamenak nahiz eskaintzak irregularrak edo onartezinak badira, betiere, kontratuaren hasierako baldintzak funtsean aldatu ezik.

Kasu horretan, kontratazio-organoak ez du artikulu honetako 2. paragrafoan aipatutako lizitazio-iragarkirik argitaratuko, baldin eta aurreko prozedura ireki zein murriztuan lizitaziorako onartutako lizitatzaile guztiak sartzen badira prozedura negoziatuan.

b) Bete-betean ikerketa, esperimentazioa zein hobekuntza helburu direla egindako obrak badira; eta ez errentagarritasuna lortzeko, ez ikerketaren edo garapenaren kostuak betetzeko ere.

c) Ohiz kanpoko kasuetan, obren izaera zein arriskuak direla-eta aurrez prezio orokorrik zehazteko aukerarik ez badago.

Halako kasuetan, kontratuaren zenbatekoa, Balio Erantsiaren gaineko Zerga kanpoan dela, 5.923.624 eurokoa, hau da, 5.000.000 igorpen-eskubide bereziren baliokidea bada, edo hortik gorakoa bada, kontratazio-organoak “Europako Erkidegoen Aldizkari Ofizialean” argitaratu beharko du iragarki bat, eta eskabideak jasotzeko epea ez da hogeita hamazazpi egunetik beherakoa izango, iragarkia bidaltzen den egunetik kontatuta; presazko kasuetan hamabost egunera murriztuko dira egunak.

141. artikulua.- Prozedura negoziatua, publizitaterik gabe.

Espedientean justifikatu beharko diren inguruabar hauetakoren bat gertatzen denean, aldez aurretik publizitaterik gabeko prozedura negoziatua erabil daiteke:

a) Edo lizitatzailerik egon ez delako, edo aurkeztutakoak lizitaziora onartu ez direlako, prozedura ireki zein murriztu batean kontratua esleitu gabe gelditzen denean, betiere, kontratuaren hasierako baldintzak funtsean aldatu gabe.

Kasu horretan, baldin eta kontratuaren zenbatekoa 135.1. artikuluko lehenengo lerrokadan aipatutako mugaren bestekoa edo gehiagokoa bada, txostena bidali behar zaio Europako Erkidegoko Batzordeari, berak eskatuz gero.

b) Berezitasun tekniko zein artistikoren batengatik, edo esklusibotasun-eskubideak babesteko arrazoiak medio, enpresaburu zehatz eta jakin bati bakarrik agindu ahal zaionean obrak egitea.

c) Kontratazio-organoak aurreikusi ezin eta berari egotzi ezin dakizkiokeen gertakizunen ondorioz ezinbesteko presakotasunen batek azkar egitea eskatzen duenean, baldin eta 71. artikuluan araututako presakotasun-prozedurarekin lortu ezin bada, edo presakotasun-kasuetan “Europako Erkidegoen Aldizkari Ofizialean” argitaratzeko jasotako epeak aplikatuta lortu ezin badira.

d) Ez proiektuan ez kontratuan agertzen ez diren obra osagarrien kasuan, ustekabeko inguruabarren ondorioz derrigorrez egin beharrekoak direnean; eta obra nagusiko kontratistari ematen zaionean osagarriok egiteko ardura ere, jatorrizko kontraturako indarrean zeuden prezioekin bat etorrita, edo, bestela, prezio kontrajarriez finkatuta.

Aurreko lerrokadan ezarritakoa aplikatu ahal izateko, honako betekizun hauek bete beharko dira kontratu nagusiari dagokionez:

Obrak jatorrizko kontratutik banatzeko modurik ez egotea, ez teknikoki ez ekonomikoki, Administrazioari eragozpen handirik sortu gabe; edo, kontratu horretatik banatu ahal izanda ere, obra horiek behar-beharrezkoak izatea kontratua gauzatzeko.

Egin beharreko obra osagarriak, dagokien proiektuan zehaztutakoak, gutxienez, aurrekontuaren 100eko 50ean, kontratu nagusiaren obra-unitatez osatuta egotea.

Obra osagarrien zenbateko metatua kontratuko jatorrizko prezioaren 100eko 20tik gorakoa ez izatea.

Aurreko lerrokadetan eskatutako betekizunak betetzen ez dituzten gainerako obra osagarrietarako, kontratazio independente bat egin behar da.

e) Prozedura irekiz zein murriztuz esleitutako beste obra batzuen antzekoak errepikatzeko denean, baldin eta oinarrizko proiektuarekin bat badatoz, aipatutako prozedura ireki zein murriztuko iragarkian sartu badira, eta haien zenbatekoa kontratuaren kopuru osoa finkatzeko zenbatu bada.

Hasierako kontratua formalizatu eta gero, hiru urteko aldian baino ezin izango da prozedura horretara jo.

f) Bai isilpeko edo ezkutuko kontratu direla deklaratu denean, bai indarrean dagoen legediaren arabera segurtasun-neurri bereziez babestuta gauzatu beharrekoak direnean, eta bai Estatuaren segurtasunaren funtsezko interesak babestu beharrak hala eskatzen duenean ere.

Azken kasu horretan, Estatuko Administrazio Orokorrean, bere erakunde autonomoetan, Gizarte Segurantzako kudeaketa-erakunde eta zerbitzu erkideetan, eta Estatuko gainerako erakunde publikoetan, berariaz deklaratu behar da betekizun hori betetzen dela; kasuan kasuko ministerioko titularrari dagokio adierazpena egitea, eta eskumen hori ezin izango da ordezkotzan eman, goian aipatutako ondorioetarako.

g) 10.000.000 pezetatik (60.101,21 eurotik) beherako aurrekontua daukatenean.

Martxoaren 11ko 5/2005 Errege Dekretuaren 34.4. artikuluak aldatu zuen a) idatz-zatia.

II. KAPITULUA

Obra-kontratuak gauzatu eta aldatzea

I. ATALA.

OBRA-KONTRATUAK GAUZATZEA

142. artikulua.- Zuinketa egiaztatzea.

Zuinketa egiaztatzeko aktarekin hasiko da gauzatzen obra-kontratua.

Horretarako, kontratuan jasotako epe barruan, eta, justifikatutako salbuespeneko kasuetan izan ezik, epea ezin da hilabetetik gorakoa izan, kontratua formalizatzen den egunetik kontatuta, obren ardura daukan Administrazioko zerbitzuak, kontratista aurrean dela, lizitazioaren aurretik egindako zuinketa egiaztatuko du; emaitzak akta batean jaso, eta interesatuta dauden bi aldeek izenpetu ondoren, kontratua egin zuen organoari bidali behar zaio aktaren ale bat.

143. artikulua.- Obrak gauzatzea, eta kontratistaren erantzukizuna.

Obrak egin, administrazio-klausula zehatzen agirian jasotako hizbaketei estu-estu lotuta egingo dira, eta kontratuaren oinarri den proiektuari ere estu-estu lotuta, betiere, obren zuzendari teknikoak interpretazio teknikoa eginez kontratistari emandako jarraibideen arabera.

Aipatutako jarraibideok berbaz emandakoak badira, idatziz sendetsi daitezke ahal denik eta eperik laburrean, alderdi bientzat ere lotura-indarrekoak izan daitezen.

Obrak garatzeko denboran, eta berme-epea bete arte, kontratista da eraikuntzan ager daitezen akatsen erantzule.

144. artikulua.- Ezinbesteko kasuak.

Ezinbesteko kasuetan, eta kontratistaren aldetik zuhurtziarik gabeko jardunik ez badago, berari sortutako kalte eta galeren kalte-ordainak jasotzeko eskubidea edukiko du.

Hauek dira ezinbesteko kasuak:

a) Atmosferako elektrizitateak sortutako suteak.

b) Hondamendi-ondorioak dauzkaten naturako fenomenoak: itsasikarak, lurrikarak, sumendi-erupzioak, lur-mugimenduak, itsasoko ekaitzak, uholdeak eta antzeko beste batzuk.

c) Gerra-denboran indarkeriaz egindako triskantzak, lapurreta zalapartatsuak, eta ordena publikoaren urratze larriak.

145. artikulua.- Ziurtagiriak, eta konturako ordainketak.

Ordainketetarako, Administrazioak hilero egin behar ditu, dagokion hilaren ondorengo lehen hamar egunetan, aldi horretan gauzatutako obrak jasoko dituzten ziurtagiriak, administrazio-klausula zehatzen agirian kontrakorik aurreikusita ez badago behintzat; ordainketa horiek kontura egindako ordainketa izango dira, eta azken neurketan sor daitezen zuzenketek eta aldaketek agindutakoaren menpe geldituko dira; baina horrek inola ere ez du esan nahi ziurtagiriotan jasotako obrak ontzat eman eta hartu egiten direnik.

Kontratistak, bestalde, berak egindako prestakuntza-eragiketen zenbatekoaren adinako konturako ordainketak jasotzeko eskubidea edukiko du; hala nola, obrara atxikitako materialak nahiz makina astunak eta ekipamenduak instalatu eta biltzeagatik, kasu bakoitzeko administrazio-klausula zehatzen agirietan adierazitako baldintzak aintzat hartuta, eta, oro har, erregelamenduz ezarritako araubidea eta mugapenak errespetatuta; bermea jarriz aseguratu behar dira aipatutako ordainketok.

2. ATALA.

OBRA-KONTRATUAK ALDATZEA

146. artikulua.- Obra-kontratua aldatzea.

Kontratistarentzat, obra-kontratuetan, eta 101. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, betebeharrekoak izango dira obra-unitateak gehitu, gutxitu nahiz kendu, edo fabrika-motaren bat beste batekin ordezkatzeko diren aldaketak, fabrika hori kontratuan sartuta daudenetariko bat bada.

Obrak ezabatu edo gutxitzen badira, kontratistak ez du inolako kalte-ordainik eskatzeko eskubiderik edukiko, 149. artikuluko e) idatz-zatian ezarritakoari kalterik egin gabe.

Baldin eta aldaketen bidez sartutako obra-unitateak proiektuan jaso gabekoak badira, edo haien ezaugarriak oso bestelakoak badira, Administrazioak finkatuko ditu haiei aplikatu behar zaizkien prezioak, obren zuzendari teknikoaren proposamena ikusita, eta kontratistak, hiru egun balioduneko epera gutxienez, entzunaldian haren proposamenari egindako iradokizunak ikusita.

Finkatutako preziook kontratistak onartzen ez baditu, kontratazio-organoak edo beste enpresaburu batekin kontrata ditzake obra-unitateok, finkatutako prezioetan, edo berak zuzenean egin ditzake.

Beste enpresaburu bat kontratatzeko orduan, publizitaterik gabeko prozedura negoziatua erabili ahal izango da, baldin eta zenbatekoa kontratuaren jatorrizko prezioaren 100eko 20tik gorakoa ez bada.

Baldin eta obraren zuzendari teknikoak proiektua aldatu beharra ikusten badu, baimena eskatuko dio kontratazio-organoari, dagokion espedienteari hasiera emateko; presakotasunez gauzatuko da, eta jardun hauek izango ditu:

a) Proiektua idatzi eta onestea.

b) Kontratistari entzutea, hiru eguneko epera gutxienez.

c) Kontratazio-organoak espedientea eta beharrezko gastu osagarriak onestea.

Obra-kontratua aldatzeko izapideak, aldi baterako zein behin betiko, obrak etenda uztea badakar, eta horrek interes publikoari kalte larriak eragiten badizkio, Estatuko Administrazio Orokorra, bere erakunde autonomoak, Gizarte Segurantzako kudeaketa-erakunde eta zerbitzu erkideak, edo Estatuko gainerako erakunde publikoak direnean, Ministroak, zuzendaritza teknikoak egindako proposamen teknikoan ezarritakoari jarraituz, obrak behin-behinean aurrera jarraitzea erabaki ahal izango du, betiere, aurreikusitako gehieneko zenbatekoa kontratuko jatorrizko prezioaren 100eko 20tik gorakoa izanda, eta kreditu egoki eta nahikoa egonda hori finantzatzeko.

Horretan izapidetu beharreko espedienteak soil-soilik jardun hauek bete behar ditu:

a) Obraren zuzendari teknikoak egindako proposamen tekniko arrazoitua; bertan adierazita egongo dira, bai aldaketaren gutxi gorabeherako balioa, bai egin beharreko obren oinarrizko deskribapena.

b) Kontratistari entzutea.

c) Kontratazio-organoaren adostasun-agiria.

d) Kreditua badagoela egiaztatzeko ziurtagiria.

Sei hilabeteko epean, teknikoki onartua behar du egon proiektuak, eta zortzi hilabeteko epean, berriz, aldaketari buruzko espedienteak ere bai.

Zortzi hilabeteko epe horren barruan, kontratuan jasotako obra-unitateen artean, geroago eta behin betiko ezkutuan geratuko ez diren zatiak burutuko dira lehentasunez.

Behin-behinean obrak has daitezen Ministroak emandako baimena ezin izango da eskuordetzan eman. Estatuko Administrazio Orokorra, bere erakunde autonomoak edo Gizarte Segurantzako kudeaketa-erakunde eta zerbitzu erkideak direnean, baimen hori emanez gero, horrek esan nahi du gastua ere onesten dela, betiere, gastuaren espedientea onesterakoan egin beharreko egokitzapenei kalterik egin gabe.

III. KAPITULUA

Obra-kontratua amaitzea

I. ATALA.

OBRA-KONTRATUA BETETZEA

147. artikulua.- Obra hartzea, eta berme-epea.

Obrak amaitzen direnean, haiek hartzeko eta 110.2. artikuluan ezarritako ondorioetarako, Administrazioak bere ordezkoa egiteko izendatutako teknikari bat, obren zuzendaritzaz arduratutako teknikaria, eta kontratista bilduko dira, azken hori teknikari baten laguntzaz, berak egoki baderitzo.

Bi hilabeteko epearen barruan, harrera egiten denetik kontatzen hasita, obra-bukaerako ziurtagiria onartu beharko du kontratazio-organoak; horrekin batera, kontratistari ordaindu behar zaio kontratuaren likidazioaren kontura.

Obrak egoera onean eta emandako aginduen arabera badaude, Administrazio kontratugileak izendatutako funtzionario teknikariak, haren ordezkari izanik, hartutzat joko ditu, eta akta bat jasoko da; orduan hasiko da berme-epea.

Obra horiek, ordea, hartzeko moduan ez badaude, horrela adieraziko da aktan, eta obretako zuzendariak ikusi diren akatsak aipatu eta beharrezko jarraibideak zehaztuko ditu, eta akatsak zuzentzeko epe bat ere finkatu egin behar du.

Aipatutako epea igarota, kontratistak oraindik zuzenketak egin ez baditu, edo beste epe luzaezin bat eman ahal izango zaio, edo kontratua suntsiarazi egin dela deklaratu ahal izango da.

Berme-epea administrazio-klausula zehatzen agirian ezarriko da, obraren izaera eta zailtasunen arabera; berme-epe hori ezin izango da urtebetetik beherakoa izan, kasu berezietan izan ezik.

Berme-epea amaitu aurreko hamabost eguneko tartean, obraren zuzendari teknikoak, nahiz ofizioz, nahiz kontratistak halaxe eskatuta, obren egoerari buruz txostena egingo du.

Txosten hori aldekoa bada, kontratistari erantzukizun guztiak kenduko zaizkio, 148. artikuluan ezarritakoa salbuespen dela; orduan, bermea itzuli edo ezereztuko zaio, eta kontratua likidatuko da, eta, hala dagokionean, ordaindu gabeko betebeharrak ere ordainduko dira, azken kasu horretan, 99.4. artikuluan ezarritakoa aplikatuta.

Txostena aldekoa ez bada, eta ikusitako akatsen iturburua, obra egiterakoan izandako akatsak badira, eta, ez, eraikitakoaren erabilera hutsa, zuzendari teknikoak, berme-epeak dirauen bitartean, dagozkion jarraibideak emango dizkio kontratistari, eraikitakoa behar bezala konpon dezan; horretarako, epe bat emango dio, eta,epe horrek dirauen bitartean, berak jarraituko du obrak kontserbatzeko arduradun, eta berme-epea luzatzearren ez du inolako diru-kopururik jasotzeko eskubiderik izango.

Hala ere, obren iraupenak helburu praktikorik ez daukanean, esaterako, emaitzarik lortu ez duten zundaketa eta prospekzioak direnean, edo, diren modukoak direlako, kontserbazio soiletik haratagoko lanak eskatzen dituzten obrak direnean, draga-lanetan esaterako, ez da berme-eperik eskatuko.

Zatika hartu ahal izango dira aldika egin eta jendearen erabilerarako entrega daitezkeen obra-zatiak, betiere, kontratuan ezarritakoaren arabera.

Interes publikoko salbuespeneko arrazoiak espedientean behar bezala arrazoituta daudenean, kontratazio-organoak erabakitzen badu obren benetako okupazioa egitea, edo obra horiek erabilera publikorako abian jartzea, nahiz eta harrera-egintza formalki beteta ez egon, obrak hartzeko egintzari berari dagozkion eraginak eta ondorioak gertatuko dira, inguruabar horiek gertatzen diren unetik beretik, betiere, erregelamenduz ezarritakoaren arabera.

148. artikulua.- Ezkutuko akatsen erantzukizuna.

Berme-epea amaitu eta gero, eraikuntzak ezkutuan dituen akatsen ondorioz, obra aurritzen bada, kontratistak kontratua bete ez duelako hain zuzen ere, kontratistak izango du kalte eta galeren erantzukizuna, hamabost urtez, obra hartzen denetik kontatzen hasita.

Epe hori igaro eta oraindik inolako kalte edo galerarik agertu ez bada, guztiz amaituko da kontratistaren erantzukizuna.

2. ATALA.

OBRA-KONTRATUAK SUNTSIARAZTEA

149. artikulua.- Kontratua suntsiarazteko arrazoiak.

Lege honetako 111. artikuluan aipatutakoez gain, hauek dira obra-kontratuak suntsiarazteko arrazoiak:

a) Legeko 142. artikuluaren araberako zuinketa egiaztatzen berandutzea.

b) Administrazioak sei hilabete baino gehiagoz obren hasiera etenda uztea.

c) Administrazioak zortzi hilabete baino gehiagoz obretan atzera egitea edo obrak etetea.

d) Administrazioak egindako proiektuak edo aurrekontuak izan ditzan errakuntza materialak, baldin eta obraren aurrekontuaren 100eko 20ari gutxienez eragiten badiete.

e) Kontratua aldatzea, nahiz eta aldaketak elkarren jarraian egin, baldin eta, banan edo denak batera hartuta, kontratuaren prezioaren aldaketak, bai goitik zein behetik, kontratuaren hasierako prezioaren 100eko 20a baino gehiagokoak badira, Balio Erantsiaren gaineko Zerga kanpoan dela, edo hasierako kontratuari funtsezko aldaketaren bat sortzen badiote.

150. artikulua.- Funtsezko aldaketa, eta obraren hasiera etenda uztea.

Aurreko artikuluko e) idatz-zatiarekin lotuta, funtsezko aldaketa dira, besteak beste, hasierako proiektuaren helburuak eta oinarrizko ezaugarriak aldatzea, baita, Balio Erantsiaren gaineko Zerga kanpoan dela, kontratuaren hasierako prezioaren 100eko 30ari gutxienez eragiten dioten unitateak aldatzea ere.

Administrazioak obren hasiera etenda utzi, eta ondorenean sei hilabete igarotzen uzten baditu egoera horri buruzko erabakirik hartu eta kontratistari jakinarazi gabe, kontratua suntsiarazteko eskubidea edukiko du kontratistak.

151. artikulua.- Kontratua suntsiarazteak dakartzan ondorioak.

Kontratua suntsiaraziz gero, proiektuaren arabera egindako obrak egiaztatu, neurtu eta likidatu egin behar dira, eta alde edo kontra kontratistari dagozkion saldoak finkatu.

Beharrezkoa izango da kontratistari dei egitea, kontratazio-espedientean ageri den helbidera, obrak egiaztatu eta neurtzeko egintzara ager dadin.

Legeko 142. artikuluaren araberako zuinketa egiaztatzea berandutu delako, kontratua suntsiarazten bada, esleipeneko prezioaren 100eko 2koaren pareko kalte-ordaina jasotzeko eskubidea baino ez du edukiko kontratistak.

Administrazioak obren hasiera sei hilabete baino gehiagoz etenda uzten badu, esleipeneko prezioaren 100eko 3ko kalte-ordaina jasotzeko eskubidea izango du kontratistak, kontzeptu guztiak batuta ere.

Hasitako obretan zortzi hilabete baino gehiagoz atzera egin edo obrak etenez gero, egin gabe utzitako obren prezioaren 100eko 6 jasotzeko eskubidea edukiko du kontratistak, etekin industrial moduan; hasierako kontratuan eta bere aldaketetan agertzen diren obrak abiaburu direla, eta obrak etenda geratu direla jakinarazteko egunera arte egin diren obrak muga direla, bien artean geratzen den aldea, horixe joko da egin gabe utzitako obratzat.

Segurtasun-arrazoiak direla-eta edo eraikitakoa aurri bihurtzeko arriskua dagoela-eta, presakotasun-egoeran, beste enpresaburu batek edo Administrazioak berak jarraitu behar duenean obrak egiten, kontratazio-organoak, ordura arte egindako obren likidazioa kontratistari jakinarazi ondoren, obrak egiten jarraitzea erabaki ahal izango du, kontratistak balioespen hori kontratazio-organoan aurkatzeko aukerari kalterik egin gabe.

Kontratazio-organoak bidezkoa dena ebatziko du hamabost eguneko epean.

IV. KAPITULUA

Administrazioak berak obrak egitea

152. artikulua.- Kasuak.

Administrazioak berak egin ditzake obrak bertako zerbitzuen bidez, bere giza baliabide nahiz material-baliabideekin edo enpresaburu partikularren lankidetzarekin, baldin eta azken kasu horretan, Balio Erantsiaren gaineko Zerga sartu gabe, zenbatekoa 5.923.624 eurotik beherakoa bada, hau da, kopuru horren baliokide den 5.000.000 igorpen-eskubide berezitik beherakoa bada, egoera hauetakoren bat gertatzen denean:

a) Baldin eta, proiektuko obrak egiteko, Administrazioak fabrika, armategi, arma-lantegi edo zerbitzu tekniko edo industrial egokiak badauzka eratuta; halakoetan, normalean, egiteko sistema hori erabili beharko du.

b) Baldin eta Administrazioak obretan erabiltzeko moduko gai osagarriak badauzka, eta horiek erabilita Administrazioaren aurrekontuaren zenbatekoaren 100eko 5etik gora aurrezten bada, edo azkarrago egin badaitezke; azken kasu horretan, justifikatu egin behar dira hortik datozen abantailak.

c) Aurrez egindako lizitazioan, enpresaburu batek ere obrak egiteko eskaintzarik aurkeztu ez badu.

d) Lege honetan jasotakoaren arabera, larrialdikotzat jotako obrak egiteko denean.

e) Obrak diren modukoak direlako, aurrez prezio zehatzik edo lan-unitate sinpleetako aurrekonturik finkatu ezin denean.

f) Prezio kontrajarrietan adostasunik lortu ez delako, kontratista, nahitaez, obra-unitate batzuk egitetik kendu eta ordezkatu behar denean.

g) Ondasunak kontserbatzeko eta mantentzeko obra hutsak direnean, lege honetako 123.5. artikuluan zehaztutakoaren arabera.

h) Salbuespenez, aurreproiekturen baten indarrez zehaztutako obrak egiteko, 85. artikuluko a) idatz-zatia aplikatzen ez denean.

i) Goragoko 111. artikuluaren d) idatz-zatiko kasuak.

Artikulu honetako 1. paragrafoko d), g) eta h) idatz-zatietako kasuetan izan ezik, saihestezina da proiektua idatzi beharra.

Proiektu-mota horien edukia erregelamenduz zehaztuko da.

Enpresaburu partikularrekin egindako lankidetza-kontratuen bidez egiten badira obrak, kontratu horiek administrazio-kontratu izango dira, obra-kontraturik sortu gabe, Administrazioko organo kudeatzailearen kontura izango baita obrak egitea.

Administrazioarekin lankidetzan jardungo duen enpresaburua hautatzeko, lege honen 73. eta 74. artikuluetan ezarritako esleipen-prozedurak eta –moduak erabiliko dira.

Artikulu honetako 1. paragrafoko a) eta b) idatz-zatietako kasuetan, lankidetzaz egindako kontratuetan ezin izango da proiektuaren zenbateko osoaren 100eko 50 gainditu.

153. artikulua.- Obrak egiteko baimena ematea.

Estatuko Administrazio Orokorrean, bere erakunde autonomoetan, Gizarte Segurantzako kudeaketa-erakunde eta zerbitzu erkideetan, eta Estatuko gainerako erakunde publikoetan, gastua onesteko eskumena daukan organoari dagokio obrak egiteko baimena ematea, eta, hala badagokio, proiektua onestea ere bai.

II. TITULUA

Zerbitzu publikoak kudeatzeko kontratua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

154. artikulua.- Araubide orokorra.

Herri-administrazioak zerbitzu publikoren baten kudeaketa pertsona fisiko edo juridikoren baten esku uzteko kontratuak lege honen bidez eta zerbitzu bakoitzeko xedapen berezien bidez arautuko dira.

Titulu honetako xedapenak ezin izango zaizkie aplikatu, ez zerbitzu publikoaren kudeaketa egiteko sortutako zuzenbide publikoko erakundeen bidez gauzatzen bada, ez, Administrazioak edo Administrazioaren erakunde publikoren batek zuzenbide pribatuko sozietateren bateko kapitalean partaidetza osoa eta bakarra daukanean, azken horren bidez gauzatzen bada.

155. artikulua.- Administrazioaren ahalmenak, eta kontratuaren eremua.

Administrazioak, kontratu bidez, zeharka kudea ditzake bere eskumeneko zerbitzuak, baldin eta zerbitzuon eduki ekonomikoa enpresaburu partikularrek ustiatzeko modukoa bada.

Inola ere ezin dira zeharka kudeatu botere publikoei dagokien aginteaz baliatzea eskatzen duten zerbitzuak.

Zerbitzu publikoren bat kontratatu aurretik, oinarrizko araubide juridiko bat zehaztu beharko da, Administrazioari bere eskumenak egotz diezazkion, administratuen aldeko prestazioen irispidea zehaztu dezan, eta dena delako jarduera hura Administrazioak bere gain hartu duela berariaz deklara dezan.

Nolanahi ere, direnak direlako zerbitzuek ondo dihardutela bermatzeko beharrezko polizia-ahalmenak gordeko ditu beretzat Administrazioak.

Kontratuak argi eta garbi adierazi behar du kudeaketaren eremua, bai egitekoei dagokienez, bai lurraldeari dagokionez ere.

Lege honen arabera arautuko dira kontratu horiek, 9.5., 96., 102. eta 110. artikuluetan ezarritakoa albo batera utzita, eta zerbitzu bakoitzerako xedapen berezien arabera, legearen kontrakoak ez badira.

156. artikulua.- Kontratu-moduak.

Zerbitzu publikoen kudeaketa kontratatzeko modua hauetariko edozein izan daiteke:

a) Emakida; horrela, enpresaburuak galdu-gordean kudeatuko du zerbitzua, eta lege honen 232. artikuluko 1. eta 3. paragrafoetan ezarritakoa izango da aplikagarri.

b) Kudeaketa interesduna; horrela, Administrazioak eta enpresaburuak kontratuan ezarritako ehunekoan hartuko dute parte zerbitzua ustiatzeak dakartzan emaitzetan.

c) Ituna; dena delako zerbitzu publikoaren antzeko beste prestazio batzuk egiten ari den pertsona fisiko edo juridikoarekin egina.

d) Ekonomia mistoko sozietatea; Administrazioak berez edo erakunde publiko baten bidez hartzen du parte bertan, pertsona fisiko edo juridikoekin batera.

157. artikulua.- Iraupena.

Zerbitzu publikoak kudeatzeko kontratua ezin da izan betiko edo mugarik gabea; nahitaez finkatu behar dira administrazio-klausula zehatzen agirian bai kontratuaren iraupena eta bai izan ditzakeen luzapenena ere; nolanahi ere, epe osoak, luzapenak barne hartuta, ezin izango ditu denbora-tarte hauek gainditu:

a) Berrogeita hamar urte, baldin eta obrak egiteko eta zerbitzu publikoa ustiatzeko diren kontratuak badira; salbuespen izango da udal ekonomia mistoko sozietateak kudeatutako elikagaietako merkatua edo handizkako lonja nagusia, kasu horretan 60 urtera artekoa izan ahal izango baita epea.

b) Hogeita bost urte, baldin eta osasun-zerbitzuak ematearekin zerikusirik ez duen zerbitzu publikoa ustiatzeko diren kontratuak badira.

c) Hamar urte, baldin eta, osasun-zerbitzuak emateko xede duen zerbitzu publikoa ustiatzeko kontratuak izanik, zerbitzu horiek a) idatz-zatian jasota ez badaude.

II. KAPITULUA

Zerbitzu publikoak kudeatzeko kontratuak prestatzeko administrazio-jardunak

158. artikulua.- Kontratuak prestatzeko jardunak.

Zerbitzu publikoak kudeatzeko edozein kontratu egin aurretik, administrazio-klausula zehatzen agiria eta preskripzio teknikoena onetsi behar dira, betiere, 155. artikuluan jasotakoari jarraituz, zerbitzua arautzeko oinarrizko araubide juridikoa eta erregelamendu bereziak zehaztuta daudela; era berean, alderdi juridiko, ekonomiko eta administratiboak ere ezarri behar dira, eta, hala badagokio, erabiltzaileengandik jaso beharreko tarifak, tarifa horiek berrikusteko prozedurak eta, hala dagokionean, Administrazioari eman beharreko kanona edo partaidetza ere bai.

Obrak egiteko xedea ere beren baitan hartzen duten kontratuetan, espedientea izapidetu aurretik, ustiapenerako eta behar diren obretarako aurreproiektua egin behar da, eta onespen administratiboa lortu behar da, betiere, obrak egiteko preskripzio teknikoen agiria ondo zehaztuta.

Kasu horretan, lege honetan herri-lanen emakidarako ezarritako aginduak aplikatu beharko dira.

Presazko egoerak direla-eta, laguntza sanitarioa emateko diren kontratuetan, 2.000.000 pezetatik beherakoak direnean (hau da, 12.020,24 eurotik beherakoak direnean), lege honetako xedapenak ez dira aplikatu behar kontratua prestatzeko eta esleitzeko faseei dagokienez.

Paragrafo honetan jasotako kontratuak egin behar direla egiaztatu behar denean, nahikoa izango da, konpondu beharreko presakotasun-egoera justifikatzeaz gainera, prestazioaren xedea zehaztea, prestazio horren truke ordaindu beharreko prezioa finkatzea, eta kontratazio-organoak prestazio hori emango duen enpresa izendatzea.

III. KAPITULUA

Zerbitzu publikoak kudeatzeko kontratua esleitzeko prozedurak eta erak

159. artikulua.- Esleitzeko prozedurak eta erak.

Zerbitzu publikoak kudeatzeko kontratuak prozedura irekiz edo murriztuz esleituko dira normalean, lehiaketa bidez.

Prozedura bietan ere, 78. artikuluan aipatutako epeak bete behar dira.

Prozedura negoziatua, aurrez espedientean arrazoiak emanda eta kontratazio-organoak halaxe erabakita, kasu hauetan baino ezin da erabili:

a) Eskaintzan lehiarik sustatzea ezinezko duten zerbitzuetan.

b) Kontratazio-organoak aurreikusi ezin, eta berari egotz ezin dakizkiokeen gertaeren ondorioz sortutako ezinbesteko presakotasun kasuetan, baldin eta 71. artikuluan araututako presazko prozeduraz lortu ezin den azkartasuna behar bada.

c) Bai isilpeko edo ezkutuko zerbitzu direla deklaratu denean, bai indarrean dagoen legediaren arabera segurtasun-neurri bereziez babestuta gauzatu beharrekoak direnean, eta bai Estatuaren segurtasunaren funtsezko interesak babestu beharrak hala eskatzen duenean ere.

Kasu horietan, ordea, zerbitzu hori Administrazioak zuzenean bete ezineko modukoa izan behar da; eta azken kasuan, bai Estatuko Administrazio Orokorrean, bere erakunde autonomoetan, Gizarte Segurantzako kudeaketa-erakunde eta zerbitzu erkideetan, eta bai Estatuko gainerako erakunde publikoetan, berariaz deklaratu behar da betekizun hori betetzen dela; kasuan kasuko ministerioko titularrari dagokio adierazpena egitea, eta eskumen hori ezin izango da ordezkotzan eman, goian aipatutako ondorioetarako.

d) Zerbitzuak kudeatzeko kontratuaren lehen ezarrerako gastuen aurrekontua 5.000.000 pezetatik (30.050,61 eurotik) beherakoa izango dela aurreikusita dagoenean, eta haren iraupen-epea bost urtetik beherakoa.

e) Lehiaketarako iragarritako kontratuak izan arren, bai lizitatzailerik ez dagoenean, zein aurkeztutako proposamenak onargarri ez direla deklaratu denean; betiere, kontratuaren hasierako baldintzak funtsean aldatu ezik, eta lehenengo lizitazioko prezioa baino goragokoan esleitu ezik, artikulu honetako 2. paragrafoaren b) idatz-zatian ezarritakoari kalterik egin gabe.

f) Herri Administrazioen arteko lankidetza-hitzarmen bat abiaburu dela, laguntza sanitarioa emateko inoren baliabideekin itundutako kontratuak direnean, edo esparru-kontratu bat abiaburu izanik, esparru-kontratu hori lege honetako arauei jarraituz esleitutakoa denean.

IV. KAPITULUA

Zerbitzu publikoak kudeatzeko kontratua gauzatu eta aldatzea

I. ATALA.

ZERBITZU PUBLIKOAK KUDEATZEKO KONTRATUA GAUZATZEA

160. artikulua.- Kontratua gauzatzea.

Kontratista behartuta gelditzen da bai zerbitzua ematera eta antolatzera, kontratuan ezarritako ezaugarriei estu-estuan lotuta, eta kontratuan aipatutako epeak errespetatuta, bai eta, hala dagokionean, kontratazio-organoak onartutako proiektuaren araberako obrak egitera ere.

161. artikulua.- Betebehar orokorrak.

Orokorrean hauek dira kontratistak bete behar dituen betebeharrak:

a) Itundutako jarraitasunaz eman behar du zerbitzua, eta zerbitzua erabiltzeko eskubidea bermatu behar die partikularrei, ezarritako baldintzetan erabiltzeko alegia, eta onartutako tarifetan jasotako kontraprestazio ekonomikoa ordainduz, hala bada.

b) Zerbitzuaren ordena zuzena zaindu behar du, eta komeni diren jarraibideak agindu ditzake, 155. artikuluan aipatutako polizia-ahalmenei kalterik egin gabe.

c) Zerbitzuaren garapenak eskatutako eragiketen ondorioz hirugarrenei sortutako kalteak ordaindu behar ditu, Administrazioari egotz dakizkiokeen arrazoiek eragindako kalteak direnean izan ezik.

d) Zerbitzu publikoen kudeaketaren ondoriozko hornidura-kontratuetan, nazionalitateagatiko bereizkeriarik ezaren printzipioa errespetatu behar du, Europako Erkidegoko estatuetan enpresei, edo Munduko Merkataritza Erakundeak Kontratazio Publikoari buruz lotutako Akordioa izenpetu dutenei dagokienez.

162. artikulua.- Prestazio ekonomikoak.

Kontratuan zehaztutako kontraprestazio ekonomikoak jasotzeko eskubidea dauka kontratistak, eta kontraprestazioak berrikusteko, kasua denean, kontratuan bertan ezarritako moduan.

2. ATALA.

ZERBITZU PUBLIKOAK KUDEATZEKO KONTRATUA ALDATZEA

163. artikulua.- Aldatzea, eta aldatzeak dakartzan ondorioak.

Administrazioak, interes publikoko arrazoiak direla-eta, aldatu egin ditzake kontratatutako zerbitzuaren ezaugarriak eta erabiltzaileek ordaindu beharreko tarifak.

Aldaketekin kontratuaren finantza-araubideari eragiten bazaio, Administrazioak konpentsazioa eman behar dio kontratistari, kontratua esleitu zenean oinarrizkotzat hartutako ekonomiako baldintzen orekari eutsi ahal izateko.

Zerbitzuaren garapenari buruz Administrazioak hartutako erabakiek ekonomian eraginik ez badaukate, kontratistak ez du horiek direla-eta inolako kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik izango.

V. KAPITULUA

Zerbitzu publikoak kudeatzeko kontratuaren ondorioak, eta kontratua amaitzea

I. ATALA.

ZERBITZU PUBLIKOAK KUDEATZEKO KONTRATUA BETETZEA, ETA HORREN ONDORIOAK

164.- Zerbitzua itzultzea.

Kontratuko epea amaitzen denean, Administrazioarengana itzuliko da zerbitzua; kontratuaren arabera behartuta dagoen moduan entregatu behar ditu kontratistak bai obrak eta bai instalazioak, kontserbazio-egoera onean eta ondo funtzionatzen dutela.

Agirian finkatu behar den itzultzeko epea baino zentzuzko denbora bat lehenago, Administrazioan eskumenak dauzkan organoak xedapenak hartu behar ditu delako ondasunak itundutako baldintzetan entregatuko direla egiaztatu ahal izateko.

165. artikulua.- Kontraprestazio ekonomikoak eta baliabide lagungarriak ez ematea.

Baldin eta Administrazioak kontratistari kontraprestazio ekonomikorik ematen ez badio, edo kontratuan ezarritako epeetan bertan agindutako baliabide lagungarririk ematen ez badio, eta kontratua suntsiarazten ez bada, edo kontratistak suntsiarazpenik eskatzen ez badu, baliabideen araberako kopuruei edo balio ekonomikoei dagokien legezko interesak jasotzeko eskubidea izango du kontratistak, 99. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

166. artikulua.- Kontratistak kontratua ez betetzea.

Kontratista bada kontratua betetzen ez duena, eta zerbitzu publikoari hortik sortutakoa nahasmendua larria eta beste baliabide batzuekin konpondu ezinekoa bada, eta Administrazioak kontratua suntsiarazteko erabakirik hartzen ez badu, nahasmendua konpondu arte hark zerbitzuan jarraitzea erabaki lezake Administrazioak.

Nolanahi ere, kontratistak Administrazioari benetan sortutako kalte eta galerak ordaindu beharko dizkio.

2. ATALA.

ZERBITZU PUBLIKOAK KUDEATZEKO KONTRATUA SUNTSIARAZTEA

167. artikulua.- Kontratua suntsiarazteko arrazoiak.

Goragoko 111. artikuluko e) eta f) idatz-zatiak salbuespen direla, bertan aipatutakoez gain, hauek dira zerbitzu publikoak kudeatzeko kontratua suntsiarazteko arrazoiak:

a) Administrazioak kontratuaren arabera kontratistari agindu zizkion kontraprestazioak edo baliabide lagungarriak entregatzeko, Administrazioa sei hilabete baino gehiago berandutzea.

b) Administrazioak zerbitzua berreskuratzea.

c) Interes publikoko arrazoiak direla-eta zerbitzua ezabatzea.

d) Kontratua egin eta gero Administrazioak hartutako erabakien ondorioz, zerbitzua ustiatzea ezinezkoa denean.

168. artikulua.- Kontratua suntsiarazteko arrazoiak aplikatzea.

Kontratistari heriotza edo ezgaitasuna etorri zaiola bada kontratua suntsiarazteko arrazoia, haren jaraunsle edo oinordekoekin kontratua jarraitzeko erabakia hartu ahal izango du Administrazioak, zerbitzuaren legedi berezian berariaz kontrakorik xedatu ezik.

Interes publikoko arrazoiak direla-eta, Administrazioak zerbitzua berreskuratzeko erabakia hartu ahal izango du, berak zuzenean kudeatzeko.

169. artikulua.- Kontratua suntsiarazteak dakartzan ondorioak.

Kontratua suntsiaraziz gero, kontratistak egindako obra eta instalazioen prezioa ordaindu behar dio Administrazioak beti, Administrazioaren eskuetara igaro behar badira, haien egoera eta haiek itzultzeko falta den denbora kontuan hartuta.

Lege honetako 113. artikuluan xedatutakoa alde batera dela, bai Administrazioak zein kontratistak kontratuko betebeharrak bete gabe uzten badituzte, zerbitzuaren xedapen berezien arabera kontratuotan eragina izan dezaketen ondorioak sortuko dira.

Lege honetako 167.a) artikuluaren kasuan, merkataritzako eragiketetan berankortasunaren aurka neurriak ezartzeko legearen arabera, kontraprestazioa zein baliabide lagungarriak entregatzeko aurreikusitako epea amaitzen denetik hasita, zordundutako kopuruen edo itundutako balio ekonomikoen berandutze-interesak jasotzeko eskubidea izango du kontratistak, baita jasandako kalte eta galerei dagozkienak jasotzekoa ere.

Lege honetako 167. artikuluko b), c) eta d) idatz-zatietako kasuetan, artikulu honetako 1. paragrafoan xedatutakoari kalterik egin gabe, kontratistari sortutako kalte eta galeren kalte-ordainak emango dizkio Administrazioak, jaso gabe utzitako geroko irabaziak barne; horretarako, azken bost urteetako ustiakuntzako emaitzak hartuko dira kontuan, baita Administraziora itzuli behar ez diren obra eta instalazioek galdu duten balioa ere, amortizazio-maila ahaztu gabe.

VI. KAPITULUA

Zerbitzu publikoak kudeatzeko kontratuen azpikontratazioa

170. artikulua.- Azpikontratazioa.

Zerbitzu publikoak kudeatzeko kontratuetan prestazio gehigarrietarako baino ezin da egin azpikontraturik.

III. TITULUA

Hornidura-kontratua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

I. ATALA.

HORNIDURA-KONTRATURAKO ARAU OROKORRAK

171. artikulua.- Kontzeptua.

Lege honen ondorioetarako, hauek dira hornidura-kontratu: produktu edo ondasun higigarriak erosteko, finantza-errentamenduan hartzeko, errentan hartzeko (erosketa-aukerarekin zein gabe), edo eskuratzeko xedea daukatenak, jabetza gorpuzgabeei eta balore negoziagarriei buruzkoak izan ezik, kasu bakoitzean aplikatzekoa den herri-administrazioen ondare-legediarekin arautuko baitira azken horiek.

172. artikulua.- Hornidura-kontratuak.

Ondorengo kontratu hauek aurreko artikuluan sartzen dira:

a) Enpresaburua anitz ondasun jarraian eta unitateko prezioka entregatzera behartzeko diren kontratuak, kontratua egiteko garaian kopuru osoa zehaztasunez mugatu ez bada ere, Administrazioaren premien menpe egongo baitira entrega guztiak.

b) Informazioa tratatzeko ekipamenduak, sistemak eta haien dispositibo eta programak eskuratu eta errentan hartzeko kontratuak, baita programak eta telekomunikazio-ekipamenduak zein –sistemak erabiltzeko eskubidea lagatzekoak ere.

c) Fabrikazio-kontratuak; horien bidez enpresaburuak entregatu behar dituen gauzak, edo gauza bakarra bada ere berdin, Administrazioak aurrez finkatutako ezaugarri berezien arabera egitekoak dira, nahiz eta behar diren material guztiak edo zati batzuk ematera behartzen dena Administrazioa bera izan.

Aurreko paragrafoan adierazitakoa dagoen horretan utzita ere, neurrira egindako ordenagailu-programak eskuratzea zerbitzu-kontratu moduan hartuko da.

Bestalde, informazioa tratatzeko ekipamendu eta sistemen mantentzea ere hornidura moduan hartuko da, baita haien dispositibo eta programak ere, eskuratzean edo errentan hartzean kontratatzen badira.

173. artikulua.- Telekomunikazioak eta informazioa tratatzea.

Lege hau aplikatzeko:

a) Hauek dira informazioa tratatzeko ekipamenduak: elkarri lotuta zein lotu gabe dauden makinak, zein makina eta dispositibo multzoak, betiere, informazioa helburu jakin batzuetarako erabiltzeko prestatzeko beharrezko eragiketak egiteko gai diren heinean.

b) Hau da ordenagailuko programa: zuzenean nahiz zeharka informatikako sistemaren batean erabiltzeko den jarraibideen zein aginduen errenkada, betiere, eginkizun edo zereginen bat betetzeko, nahiz emaitzaren bat lortzeko, haien adierazpen eta finkapen modua edozein izanda ere.

c) Hau da programazioa: bai programak asmatu, analizatu, idatzi eta frogatzeko zeregin multzoa, nahiz zerbitzuren bat abian jartzeko beharrezko prestakuntza-lanak, zein kasu bakoitzeko klausula zehatzen agirian zehaztu daitezen zeregin guztiak.

d) Hauek dira informazioa tratatzeko sistemak: datuekin eragiketa-errenkada bat egin ahal izateko, informazioa sartu, prozesatu, metatu, atera eta kontrolatzeko gai diren ekipamenduez eta programez osatutako sistemak.

e) Hauek dira telekomunikazioetako ekipamenduak eta sistemak: arau tekniko jakin batzuen arabera, bitarteko elektroniko, informatiko eta telematikoak erabiliz, informazioa transferitzea, garraiatzea eta elkarrekin trukatzea ahalbidetzen duten dispositiboen multzoak.

174. artikulua.- Errentamendua eta luzapena.

Errentamendu-kontratuan, errentatzaileak, edo enpresaburuak, kontratuaren xedearen mantentze-lana egiteko betebeharra bereganatzen du kontratua indarrean dagoen aldirako.

Mantentze-lanetako kanon moduan Administrazioak ordaindu beharko dituen kopuruak errentamenduaren prezioa osatzen dutenetatik banatuta finkatu behar dira.

Errentamendu-kontratuetan ez da isilbidezko luzapenik onartuko, eta esanbidez adierazitako luzapena ere ezin da aurre-aurreko kontratuaren erdia baino gehiago luzatu.

175. artikulua.- Fabrikazio-kontratuak eta nazioarteko merkataritzan indarrean dauden arau eta usadioak aplikatzea.

Lege honetako 172.1. artikuluko c) idatz-zatian aipatutako fabrikazio-kontratuei, zuzenean, kasu bakoitzeko administrazio-klausula zehatzen agirian kontratazio-organoak zehaztu ditzan obra-kontratuko arau orokorrak eta bereziak aplikatuko zaizkie, publizitateari buruzkoak izan ezik, hornidura-kontratukoetara egokitu behar dira eta.

Europako Erkidegoko estatuetakoak ez diren atzerriko enpresekin egiten diren kontratuek, baldin eta kontratuen xedea Estatuko lurraldetik kanpo egiten bada edo kanpotik badator, bai eta hornidura-kontratuek ere, baldin eta, Europako Erkidegoa eratzeko Tratatuko 296. artikuluko xedapenen ondorioz sortutakoak izanik, Defentsa Ministerioak atzerriko enpresekin egindakoak badira, legedi hau izango dute arautzaile, nazioarteko merkataritzan indarrean dauden arau eta usadioen arabera alderdiek hitzartutakoari kalterik egin gabe.

176. artikulua.- Kontratu txikiak.

Titulu honetan bildutako kontratuak kontratu txikitzat hartuko dira 2.000.000 pezetatik (12.020,24 eurotik) gorakoak ez badira, 183.1. artikuluan aipatutakoak salbuespen direla.

2. ATALA.

HORNIDURA-KONTRATUEN PUBLIZITATEA EUROPAKO ERKIDEGOAREN BARRUAN

177. artikulua.- Publizitate-kasuak.

Kontratazio-organoek iragarki adierazgarri baten bidez emango dute kontratu osoen berri, produktu-multzoka banatuta, baldin eta prezioa, Balio Erantsiaren gaineko Zerga kenduta, 750.000 eurokoa edo gehiagokoa bada, eta hurrengo hamabi hilabeteetan egitea aurreikusita badauzkate.

Obren programazioa egin ondoren, lehenbailehen bidali behar da iragarkia Europako Erkidegoen Argitalpen Ofizialen Bulegora; eta, lege honetako 178. eta 179. artikuluetan ezarritako epe-murrizketa sor dezan, iragarkia bulego horretara bidalita egongo da, gutxienez, berrogeita hamabi egun lehenago, eta, gehienez jota, hamabi hilabete lehenago, kontratuaren iragarkia “Europako Erkidegoen Aldizkari Ofizialera” bidaltzen den egunetik hasita.

Gainera, 181. artikuluan aipatutako prozedura ireki, murriztu zein negoziatuko kasuetan, “Europako Erkidegoen Aldizkari Ofizialean” argitaratu behar da iragarki bat, hornidura-kontratuaren zenbatekoa, Balio Erantsiaren gaineko Zerga kenduta, 200.000 igorpen-eskubide bereziren baliokide izanik, 236.945 eurokoa edo gehiagokoa bada; baita 130.000 igorpen-eskubide bereziren baliokide izanik,154.014 eurokoa edo gehiagokoa denean ere, baldin eta Estatuko Administrazio Orokorreko, bere erakunde autonomoetako, Gizarte Segurantzako kudeaketa-erakunde eta zerbitzu erkideetako, eta Estatuko gainerako erakunde publikoetako kontratazio-organoek esleitu badute kontratu hori.

Hala ere, Europako Erkidegoa eratzeko Tratatuko 296. artikuluko xedapenak aplikatuta egindako kontratuak ez dira aipatutako aldizkari horretan argitaratu beharko.

178. artikulua.- Prozedura irekian proposamenak aurkezteko epea.

Prozedura irekian proposamenak aurkezteko epea ezin izango da berrogeita hamabi egun baino gutxiagokoa izan, kontratuaren iragarkia Europako Erkidegoen Argitalpen Ofizialen Bulegora bidaltzen den egunetik hasita.

Baldin eta, aurrez ezarritako epeen barruan, 177.1. artikuluan aipatutako iragarki adierazgarria argitaratu bada, proposamenak aurkezteko epea, arau orokor modura, hogeita hamasei egunera murriztuko da; baina epe hori ezin izango da inola ere hogeita bi egunetik beherakoa izan.

179. artikulua.- Prozedura murriztuko epeak.

Prozedura murriztuan parte hartzeko eskabideak jasotzeko epea ezin da izan iragarkia “Europako Erkidegoen Aldizkari Ofizialera” bidaltzen den egunetik hogeita hamazazpi egun baino gutxiagokoa.

Eskaintzak jasotzeko epea ezin da izan gonbit-idatzia bidaltzen den egunetik berrogei egun baino gutxiagokoa; hala ere, hogeita sei egunera gutxitu daiteke, baldin eta 177.1. artikuluko lehenengo lerrokadan aipatutako iragarki adierazgarria argitaratu badu Administrazioak.

Aurreko bi paragrafoetan aipatutako epeak, hurrenez hurren, hamabost eta hamar egunera murriztu daitezke presakotasun-kasuetan.

II. KAPITULUA

Hornidura-kontratua esleitzeko prozedurak eta erak

I. ATALA.

HORNIDURA-KONTRATUAK ESLEITZEKO ERAK

180. artikulua.- Enkantea eta lehiaketa.

Enkantea, hornidura-kontratua esleitzeko den heinean, munta urriko eskuraketetan baino ezin da erabili; eta eskuratu beharreko produktuak zeharo definituta egon behar dira, normalizatuak direlako, entrega-epea aldatu ezin delako, eta kontratuan inolako aldaketarik sartu ezin delako; beraz, prezioa da esleipena zehazteko balio duen eragile bakarra.

Beste kasu guztietan lehiaketaz esleituko da hornidura; baina, hurrengo artikuluetan xedatutakoaren arabera, prozedura negoziatua ere erabil daiteke.

2. ATALA.

PROZEDURA NEGOZIATUA, HORNIDURA-KONTRATUAN

181. artikulua.- Prozedura negoziatua eta Europako Erkidego barruko publizitatea.

Baldin eta prozedura ireki edo murriztuetako ekonomia proposamenak nahiz eskaintzak irregularrak edo onartezinak badira, prozedura negoziatua aplikatzeko erabakia hartu ahal izango du kontratazio-organoak, kontratuaren hasierako baldintzak funtsean aldatu gabe izanez gero.

Kasu horretan, kontratazio-organoak ez du hurrengo idatz-zatian aipatutako lizitazio-iragarkirik argitaratuko, baldin eta aurreko prozedura ireki zein murriztuan lizitaziorako onartutako lizitatzaile guztiak sartzen badira prozedura negoziatuan ere.

Lege honetako 177.2. artikuluan aipatutako mugen artekoa edo gehiagokoa bada kontratuaren zenbatekoa, iragarki bat argitaratu behar du kontratazio-organoak “Europako Erkidegoen Aldizkari Ofizialean”, eta parte hartzeko eskabideak jasotzeko epea ezin da izan iragarpena bidaltzen den egunetik hogeita hamazazpi egun baino gutxiagokoa; hamabost egunera murriztuko da presazko kasuetan.

182. artikulua.- Prozedura negoziatua, publizitaterik gabe.

Espedientean justifikatu beharko diren inguruabar hauetakoren bat gertatzen denean, aldez aurretik publizitaterik gabeko prozedura negoziatua erabil daiteke:

a) Edo lizitatzailerik egon ez delako, edo aurkeztutakoak lizitaziora onartu ez direlako, prozedura ireki zein murriztu batean kontratua esleitu gabe gelditzen denean, betiere, kontratuaren hasierako baldintzak funtsean aldatu gabe.

Kasu horretan, baldin eta kontratuaren zenbatekoa 177.2. artikuluan aipatutako mugen bestekoa edo gehiagokoa bada, txostena bidali behar zaio Europako Erkidegoko Batzordeari, berak eskatuz gero.

b) Dena delako produktuak, edo esperimentuak eta azterlanak egiteko, edo garapena lortzeko bakarrik fabrikatzen direnean; baldintza hori ez zaie aplikatuko, serieko ekoizpenak izanda, produktuen merkataritzako bideragarritasuna ezarri, zein ikerketa eta garapeneko kostuak berreskuratzeko direnean.

c) Bai berezitasun teknikoak edo artekoak tartean daudelako, zein esklusibotasun-eskubideak babesteko arrazoiak medio, hornitzaile bakar bati bakarrik agindu ahal zaionean dena delako produktua fabrikatu zein hornitzea.

d) Kontratazio-organoak aurreikusi ezin eta berari egotzi ezin dakizkiokeen gertakizunen ondorioz ezinbesteko presakotasunen batek azkar egitea eskatzen duenean, baldin eta 71. artikuluan araututako presakotasun-prozedurarekin lortu ezin bada, edo presakotasun-kasuetan “Europako Erkidegoen Aldizkari Ofizialean” argitaratzeko ezarritako epeak aplikatuta lortu ezin bada.

e) Hasierako hornitzaileak entrega osagarriak egiteko denean, bai ohiko erabilerako hornigaiak edo instalazioak hornitzen jarraitzeko, bai egon dauden hornigaiak edo instalazioak gehitzeko, baldin eta hornitzailez aldatzeak Administrazioa bestelako ezaugarri teknikoak dituzten materialak eskuratzera behartuko balu, neurri gabeko bateraezintasunak nahiz zailtasun teknikoak sortuz bai erabilerarako eta bai mantentze-lanerako.

Kontratu horien iraupena, kontratu berriztagarriena bezala, arau orokor moduan, ezin da hiru urtetik gorakoa izan.

f) Europako Erkidegoa eratzeko Tratatuko 296. artikuluko xedapenen ondorioz sortutakoak direnean, baldin eta, estatu barruan hori egiteko gai den enpresarik ez dagoelako, Defentsa Ministerioak atzerriko enpresekin egindakoak badira.

g) Administrazioak arrunt erabiltzeko direlako, ondasunei buruzko nahitaezko uniformetasun-adierazpena beharrezkoa denean, baldin eta ondasunen tipoa aukeratzeko, aurrez eta independente, lehiaketaz baliatu izan bada, titulu honetan ezarritakoaren arabera.

Balizko kasu horretan, Estatuko Administrazio Orokorrerako, bere erakunde autonomoetarako, Gizarte Segurantzako kudeaketa-erakunde eta zerbitzu erkideetarako, eta Estatuko gainerako erakunde publikoetarako, Estatuko Ondarearen Zuzendaritza Nagusiak deklaratu behar du goian aipatutako uniformetasuna, ministerioren bateko departamentu zehatzen bateko zerbitzuek berariaz erabiltzeko ondasunak direnean izan ezik, ministerio horrek deklaratu beharko baitu, aipatutako zuzendaritza nagusiaren txostena jaso ondoren.

h) Bai isilpeko edo ezkutuko kontratu direla deklaratu denean, bai indarrean dagoen legediaren arabera segurtasun-neurri bereziez babestuta gauzatu beharrekoak direnean, eta bai Estatuaren segurtasunaren funtsezko interesak babestu beharrak hala eskatzen duenean ere.

Azken kasu horretan, bai Estatuko Administrazio Orokorrean, bai bere erakunde autonomoetan, Gizarte Segurantzako kudeaketa-erakunde eta zerbitzu erkideetan, eta bai Estatuko gainerako erakunde publikoetan, berariaz deklaratu behar da betekizun hori betetzen dela; kasuan kasuko ministerioko titularrari dagokio adierazpena egitea, eta eskumen hori ezin izango da ordezkotzan eman, goian aipatutako ondorioetarako.

i) 5.000.000 pezetatik (30.050,61 eurotik) beherako zenbatekoko ondasunak; 8.000.000 pezetara (48.080,97 eurora) igoko da muga hori, 172.1. artikuluko c) idatz-zatian jasotako kasuetarako.

j) Museo, agiritegi zein liburutegietarako, Espainiako Historia Ondarea osatzen duten ondasun higigarriak eskuratzeko denean, Espainiako Historia Ondarearen Ondasunen Kalifikazio, Balioespen eta Esportazio Batzordearen irizpena jaso ondoren, edo autonomia-erkidegoek horretarako onartutako erakundearena jasota.

k) Ondasun kontsumigarriak, gai galkorrak edo erraz honda daitezkeen ondasunak eskuratzeko denean, 10.000.000 pezetatik (60.101,21 eurotik) beherakoak badira.

l) Esparru-akordio edo -kontratu baten ondorioz egindako kontratuen esleipenetan, baldin eta akordio edo kontratu hori ere lege honetako arauen arabera esleitu izan bada.

III. KAPITULUA

Hornidura kontratatzeko arau bereziak

183. artikulua.- Ondasunen kontratazio zentralizatua.

Estatuko Administrazio Orokorrean, bere erakunde autonomoetan, Gizarte Segurantzako kudeaketa-erakunde eta zerbitzu erkideetan, eta Estatuko gainerako erakunde publikoetan, altzariak, bulegoko materialak eta ekipoak eta beste ondasun batzuk zentralizatuta eskuratzekoak direla deklara dezake Ogasun ministroak.

Aipatutako ondasun horiei lotuta, Estatuko Ondarearen Zuzendaritza Nagusiak tipoa aukeratzeko lehiaketak egingo ditu, eta, hala dagokionean, esparru-akordioak edo -kontratuak ere bai.

Erregelamenduz finkatuko da aipatutako ondasun horiek eskuratzeko prozedura zein den.

Estatuko Ondarearen Zuzendaritza Nagusiari dagokio, departamentuetan dituzten beharrizanak direla-eta ministerioei entzun ondoren, informazioa tratatzeko ekipamenduak eta sistemak eskuratzea, bai eta horien osagarri edo laguntzaile diren gaiak eskuratzea ere, lege honetan jasotako salbuespenekin eta erregelamenduz finkatuko diren salbuespenekin.

184. artikulua.- Informazioa tratatzeko kontratuetarako prozedura.

Informazio tratatzeko ekipamenduak nahiz sistemak kontratatzeko, lehiaketako administrazio-klausula zehatzen agirian hala ezarrita badago, bi fasetan bete daiteke lehiaketa:

Lehenengo fasean, kontratazio-mahaiaren iritziz Administrazioarentzat komenigarrien diren eskaintzak hautatuko dira aurrez.

Bigarren fasean, haien artetik esleipendun izateko proposamena jaso behar duen eskaintza hautatuko da; hain zuzen, klausula-agirian oinarrizkotzat hartutako lanetara eskaintza hori egokitzen dela egiaztatu ondoren.

Bigarren faserako hautatuak izanda, agindutako prestakuntza-lanak eta frogak garatu ditzaten eskaintzak aurkezten dituztenek, lehiaketan esleipenik gabe gelditzen badira, klausula zehatzen agirian jasotako konpentsazio ekonomikoa jasoko dute.

IV. KAPITULUA

Hornidura-kontratua gauzatzea eta aldatzea

I. ATALA.

HORNIDURA-KONTRATUAK GAUZATZEA

185. artikulua.- Ondasunak entregatu eta hartzea.

Kontratuan finkatutako denboran eta tokian, eta preskripzio teknikoekin eta administrazio-klausulekin bat etorriz entregatu beharko ditu kontratistak horniduraren xede diren ondasunak.

Kontratista berandutze-egoeran jartzeko, ez du aurrez Administrazioaren agindeirik jaso beharrik izango.

Hornigaia edozein izanda ere, esleipendunak ez du kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik izango Administrazioari entregatu aurretik ondasunak galdu, matxuratu edo kaltetzen badira, ondasunok hartzeko garaian Administrazioa berandutu ez bada behintzat.

Klausula-agiriko baldintzen arabera, ondasunak hartzeko egintza formala entrega baino geroago denean, Administrazioa da haiek zaintzeko erantzule, ondasunak entregatzen direnetik hartzen direnerako denbora-tarte horretan.

186. artikulua.- Prezioa ordaintzea.

Esleipendunak benetan entregatu, eta kontratuan ezarritako baldintzen arabera Administrazioak formalki hartutako horniduren prezioa jasotzeko eskubidea dauka esleipendunak.

187. artikulua.- Eskudirutan eta beste ondasun batzuekin ordaintzea.

Espedientean behar bezala justifikatutako arrazoi teknikoek edo ekonomikoek gomendagarri egiten dutenean, hornitu beharreko ondasunen prezio osoaren zati bat dirutan ordaindu ahal izango da, eta mota berdineko beste ondasun batzuk entregatuta, bestea, administrazio-klausula zehatzen agirian horrela ezartzen bada; baina, ondasunon zenbatekoak inola ere ezin izango du gainditu prezio osoaren 100eko 50.

Ondorio horietarako, kontratistari entregatutako ondasunekin oraindik ordaintzeke gelditutako kontratuaren prezio osoaren zatira mugatuko da kasu bakoitzean gastu-konpromisoa, eta ez da aplikatuko Aurrekontuen Lege Orokorreko 58. artikuluan xedatutakoa, ez toki-ogasunak arautzeko abenduaren 28an onartutako 39/1988 Legearen 146.3. artikuluan xedatutakoa, ez lege honetara atxikitako herri-administrazioetako aurrekontu-arauetan xedatutakoa ere.

Kontratazio-organoak erabaki behar du Administrazioak ondasunak entregatzea, hornidura-kontratua esleitzeko erabilitako prozedura berberari jarraituz, eta erabaki hori nahikoa da ondasun horiei inbentarioan baja emateko, eta, kasua bada, jaregiteko ere bai.

Kasu horretan, Administrazioak entregatu beharreko ondasunei horniduraren prezio osotik dagokien zenbatekoa, kontratua esleitu aurretik balioetsi behar den osagai ekonomikoa da, eta enpresaburuek berariaz adierazi behar dute eskaintzak egitean.

Artikulu honetan xedatutakoa 198. artikuluko 5. paragrafoan jasotako kontratuei aplikatuko zaie, eta Administrazioak, hala dagokionean, entregatu behar dituen ondasunek telekomunikazio- eta informatika-ondasun eta -ekipamenduak behar dute izan.

188. artikulua.- Fabrikazio-prozesuan Administrazioak dauzkan ahalmenak.

Kontratuaren ondorioz entregatu behar zaion produktua fabrikatzeko edo egiteko prozesua ikuskatu eta horren berri izateko ahalmena dauka Administrazioak; eta, bai berak zuzenean, zein beste norbaiti aginduta, batetik, erabiliko diren materialak analizatu egin ditzake, eta materialekin saioak eta frogak egin, bestetik, kalitatearen kontrolerako sistemak ezar ditzake, eta, hurren, itundutakoa zehatz-mehatz betetzeko bidezko iritzi ditzan xedapenak eman ditzake.

2. ATALA.

HORNIDURA-KONTRATUAK ALDATZEA

189. artikulua.- Hornidura-kontratua aldatzea.

Baldin eta hornidura-kontratua aldatzearren, hornidura osatzen duten ondasun-unitateak gehitu, gutxitu edo ezabatzen badira, zein ondasun batzuk beste batzuen ordez jartzen badira, betiere, kontratuan jasota daudenak izanik, aldaketa horiek bete egin behar ditu kontratistak; eta, ondasun-unitateak edo ondasun-motak ezabatu edo gutxitu direla arrazoi hartuta ere, kontratistak ez du inolako eskubiderik edukiko aipatutako arrazoiengatik kalte-ordainik eskatzeko, 192. artikuluko c) idatz-zatian ezarritakoari kalterik egin gabe hala ere.

V. KAPITULUA

Hornidura-kontratua amaitzea

I. ATALA.

HORNIDURA-KONTRATUA BETETZEA

190. artikulua.- Ondasunak entregatu eta hartzeko gastuak.

Kontrakorik itundu ezik, kontratistaren kontura izango dira horniduraren xedeko ondasunak itundutako lekuan entregatu eta hara garraiatzeko gastuak.

Hartzeko moduan ez badaude ondasunak, hala adieraziko da harrera-aktan, eta beharrezko diren jarraibideak emango zaizkio kontratistari, edo ikusitako hutsak zuzendu ditzan, edo itundutakoaren arabera beste hornidura bat egin dezan.

191. artikulua.- Berme-epeko akatsak edo hutsak.

Hornitutako ondasunetan akatsik edo hutsik aurkitzen bada berme-epean, kontratistari erreklamazioa egiteko eskubidea edukiko du Administrazioak, bai egokiak ez diren ondasunak berriro hornitu diezazkion, zein ondasunok konpondu diezazkion, hori aski bada.

Kontratistak, berme-epean, eskubidea edukiko du, hornitutako ondasunen aplikazioaren berri izan dezan eta horretaz entzun dakion.

Baldin eta kontratazio-organoak, berme-epean, hornitutako ondasunetan ikusi eta kontratistari egotz dakizkion akats edo hutsen ondorioz, lortu nahi den helbururako egokiak ez direla irizten badie ondasun horiei, eta ondasunok berriro entregatu edo konpontzea ustez nahikoa ez bada jarritako helburua lortzeko, atzera bota eta kontratistaren arduran utz ditzake, aipatutako berme-epea agortu aurretik; horrela, ordaintzeko betebeharretik askatuta geldituko da, edo ordaindutako prezioa berreskuratzeko eskubidea edukiko du, hala izan bada.

Artikulu honetako 1. eta 3. paragrafoetan aipatutako eragozpenik zein salaketarik formalizatu gabe amaitzen bazaio Administrazioari berme-epea, hornitutako ondasunak direla-eta izan zezakeen erantzukizunetik aske geldituko da kontratista.

2. ATALA.

HORNIDURA-KONTRATUA SUNTSIARAZTEA

192. artikulua.- Kontratua suntsiarazteko arrazoiak.

Lege honetako 111. artikuluan aipatutakoez gain, hauek dira hornidura-kontratua suntsiarazteko arrazoiak:

a) Administrazioak, berari egotz dakiokeen arrazoiren batengatik, kontratuan entregarako adierazitako egunetik aurrera, horniduraren hasiera, sei hilabetetik gora etenda uztea, agirian beste epe laburragoren bat aipatu ezik.

b) Administrazioaren erabakiz urtebete baino gehiagoz horniduran atzera egitea edo hornidura etetea, agirian beste epe laburragoren bat aipatu ezik.

c) Kontratua aldatzea, nahiz eta aldaketak elkarren jarraian egin, baldin eta, banan edo denak batera hartuta, kontratuaren prezioaren aldaketak, bai goitik zein behetik, kontratuaren hasierako prezioaren 100eko 20 baino gehiagokoak badira, Balio Erantsiaren gaineko Zerga kanpoan dela, edo hasierako prestazioari funtsezko aldaketaren bat sortzen badiote.

193. artikulua.- Kontratua suntsiarazteak dakartzan ondorioak.

Kontratua suntsiarazten bada, ondasunak eta egindako ordainketen zenbatekoak elkarri itzuli beharko dizkiete; baina Administrazioak egin ezin badu, edo komeni ez bazaio, benetan entregatu eta konforme hartutakoen prezioa ordaindu beharko du.

Horniduraren hasiera sei hilabete baino gehiago etenda uzten bada, kontratistak esleipen-prezioaren 100eko 3ko kalte-ordaina jasotzeko eskubidea baino ez du edukiko.

Administrazioak urtebete baino gehiagoz horniduran atzera egin edo hornidura eteten badu, egin gabeko entregen prezioaren 100eko 6 jasotzeko eskubidea edukiko du kontratistak etekin industrial moduan.

VI. KAPITULUA

Administrazioak ondasun higigarriak fabrikatzea

194. artikulua.- Kasuak.

Administrazioak berak burutu dezake ondasun higigarrien fabrikazioa bertako zerbitzuen bidez, bere giza baliabide nahiz material-baliabideekin edo enpresaburu partikularren lankidetzarekin, baldin eta, azken kasu horretan zenbatekoa 177.2. artikuluan finkatutako mugetakoa baino txikiagoa izanda, inguruabar hauetakoren bat gertatzen bada:

a) Baldin eta, hornidura egiteko, Administrazioak fabrika, armategi, arma-lantegi edo zerbitzu tekniko edo industrial egokiak badauzka eratuta; halakoetan, normalean, hornidura egiteko sistema hori erabili beharko du.

b) Baldin eta Administrazioak hornidura egiteko moduko giza baliabideak eta baliabide materialak badauzka, eta horiek erabilita Administrazioaren aurrekontuaren zenbatekoaren 100eko 20tik gora aurrezten bada, edo azkarrago egin badaiteke; azken kasu horretan, justifikatu egin behar dira hortik datozen abantailak.

c) Aurrez egindako lizitazioan, enpresaburu batek ere hornidura egiteko eskaintzarik aurkeztu ez badu.

d) Baldin eta, lege honen arabera, larrialdikotzat jotako hornidurak egiteko bada.

e) Baldin eta, hornidurak diren modukoak direlako, aurrez prezio zehatzik finkatu ezin bada.

f) Goragoko 111. artikuluko d) idatz-zatiko kasuetan.

Enpresaburu partikularrekin egindako lankidetza-kontratuen bidez fabrikatzen bada ondasun higigarria, kontratu horiek administrazio-kontratu izango dira, hornidura-kontraturik sortu gabe, Administrazioko organo kudeatzailearen kontura izango baita ondasunen fabrikazioa.

Administrazioarekin lankidetzan jardungo duen enpresaburua hautatzeko, lege honen 73. eta 74. artikuluetan ezarritako prozedurak erabiliko dira.

Defentsa zein interes militarreko arrazoiak medio Administrazioak egin beharko lituzkeen hornidurak gorago aipatutako mugapenen salbuespen dira.

195. artikulua.- Ondasun higigarriak fabrikatzeko baimena.

Estatuko Administrazio Orokorrean, bere erakunde autonomoetan, Gizarte Segurantzako kudeaketa-erakunde eta zerbitzu erkideetan, eta Estatuko gainerako erakunde publikoetan, gastua onesteko eskumena daukan kontratazio-organoari dagokio ondasun higigarriak fabrikatzeko baimena ematea, eta, hala badagokio, proiektua onestea ere bai.

IV. TITULUA

Aholkularitza- eta laguntza-kontratuak, eta zerbitzu-kontratuak

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

196. artikulua.- Kontzeptua.

Lege honekin arautuko dira Administrazioak egin ditzan aholkularitza- eta laguntza-kontratuak, bai eta zerbitzu-kontratuak ere.

Aholkularitza- eta laguntza-kontratuek xede hauek dauzkate:

a) Teknika, antolaketa, ekonomia zein gizartearen ikuspegiko txostenak, azterlanak, planak, aurreproiektuak eta proiektuak aztertu eta egitea; eta obrak eta instalazioak egin, bere onean mantendu eta antolaketa-sistemak zuzendu, ikuskatu eta kontrolatzea.

b) Administrazioarekin lankidetzan arituz, eta bera ikuskatzaile dela, prestazio hauek gauzatzea:

1.- Edozein lan tekniko egiteko ikerketak eta azterlanak egitea.

2.- Ondasun publikoak kudeatzeko aholkuak eman, eta zerbitzu publikoak antolatzea.

3.- Proiektuak eta aurreproiektuak idazteko azterlanak egin eta laguntza ematea, batzuk eta besteak aldatzea, eta obrak eta instalazioak egin, bere onean mantendu eta antolaketa-sistemak zuzendu, ikuskatu eta kontrolatzea.

4.- Aurrekoekin zuzenean nahiz zeharka lotutako beste edozein prestazio egitea, baldin eta horretan ere prestazio intelektualak nagusi badira; batez ere, Administrazioak, titulu akademikoen arabera, profesionalekin egin ditzan kontratuak, baita herri-administrazioetako langileak prestatzeko jarduerak garatzeko kontratuak ere.

Zerbitzu-kontratuek xede hauek dauzkate:

a) Teknika, ekonomia, industria, merkataritza zein antzeko beste izaeraren bateko zerbitzuak egitea, baldin eta aholkularitza- eta laguntza-kontratuetan, edo liburu honetako beste tituluetan araututako kontratuetan sartzen ez badira.

b) Administrazioaren jardunerako osagarriak direnak.

c) Ondasunen, ekipamenduen eta instalazioen mantentze-lana egin, eta haiek zaindu, garbitu eta konpontzea.

d) Administrazioaren neurrira garatutako ordenagailu-programak, Administrazioak askatasunez erabil baditzake.

e) Inkestak egitea, datuak biltzea eta antzeko beste zerbitzu batzuk burutzea.

f) Informazio-sistemak kudeatzea, informazioa tratatzeko ekipamendu fisikoak eta logikoak mantendu, kontserbatu, konpondu eta eguneratzeko lanak ere horren barruan daudela, bai eta informatikako programak eguneratzea eta beste programa berri batzuk garatzea ere.

Ezin izango da zerbitzu-kontraturik egin aldi baterako laneko enpresekin, e) idatz-zatian adierazitako egoera salbuespen dela, eta Administrazioaren esku behin-behineko langileak utzi behar direnean, orduan bakarrik.

Salbuespeneko egoera hori gertatuz gero, 198.3. artikuluan ezarritako epea burututakoan, kontratuaren xede diren lanak egiten dituzten pertsonak, aipatutako enpresa horietatik etorritakoak badira, ezin izango dira kontsolidatu herri-administrazioko langile modura; ondorio horietarako, ezin izango da aplikatu aldi baterako laneko enpresak arautzen dituen ekainaren 1eko 14/1994 legearen 7.2. artikuluan ezarritakoa.

Ezin dira kontratu horien xede izan botere publikoei dagokien aginteaz baliatzea eskatzen duten zerbitzuak.

197. artikulua.- Gaitasuna eta bateragarritasuna, betekizun.

Kontratu horietarako, lege honetan eskatutako baldintza orokorrak betetzeaz gain, kontratuaren xedearekin zuzenean lotuta dagoen helburua edo jarduna bete nahi duten pertsona fisikoak nahiz juridikoak izan behar dira enpresa esleipendunak, bakoitzaren estatutuetan edo sorrerako araudian jaso eta behar bezala egiaztatutakoaren arabera, eta, gainera, kontratua behar bezala gauzatzeko nahiko giza baliabide eta baliabide materialekin antolatuta egon behar dira.

Obrak eta instalazioak egiteko zaintza, ikuskapena, kontrola eta zuzendaritza betetzeko diren aholkularitza- eta laguntza-kontratuak, berariaz eta arrazoiak emanez agirietan kontrakorik xedatu ezik, ezin izango zaizkie esleitu obra-kontratuen esleipena jaso duten enpresa berberei, ez eta 134. artikuluan zehaztutako moduan obra-kontratuen esleipena jaso duten enpresei lotuta dauden beste enpresei ere.

198. artikulua.- Iraupena.

Aholkularitza- eta laguntza-kontratuak eta zerbitzu-kontratuak ezin dira bi urte baino denbora gehiagoz indarrean egon, herri-administrazio bakoitzaren aurrekontuetako arauetan ezarritako baldintza eta mugekin, betiere; baina kontratua amaitu aurretik alderdien adostasunez hura aldatu eta luzatzeko aukera jaso daiteke kontratuan bertan. Hala ere, kontratuaren iraupena, luzapenak barne direla, ezin da lau urtetik gorakoa izan, eta luzapen horiek ezin dira itundu, ez banaka, ez denak batera hartuta, hasieran finkatutako epetik gorakoak izan daitezen.

Gorago xedatutakoa hala izan arren, titulu honetan arautu eta obra-kontratuen zein hornidura-kontratuen osagarri diren kontratuek epe gehiagoko iraupena izan dezakete, baina ez da kontratu nagusiaren iraupena baino gehiagokoa izango, kontratu nagusia likidatzearekin zerikusia daukaten lanak hartzen dituzten kontratuen kasuan izan ezik; horien azken epea kontratu nagusiarena baino luzeago izango da, lanak amaitzeko behar den beste denboraz hain zuzen.

Paragrafo honetan adierazitako kontratu osagarria hasteko unea etenda geratuko da, xedeari edo edukiari lotuta bidezkoa den aurkako arrazoirik ez badago behintzat, harik eta dagokion obra-kontratua gauzatzen hasi arte.

Kontratu nagusiaren xedeko prestazioa edo prestazioak zuzen egiteko behar-beharrezkotzat jotzen diren kontratuak, horiexek bakarrik hartuko dira kontratu osagarritzat.

Lege honen 196. artikuluko 3. paragrafoaren azken lerrokadan jasotako kontratuek ezin izango dute inola ere sei hilabeteko epea amaitu, eta mugaegunean bertan iraungiko dira luzapenik izateko aukerarik izan gabe.

Administrazioaren defentsa juridiko eta judizialerako kontratuen iraupena haren premiak egoki betetzeko behar den bestekoa izango da.

Informazio-sistemak kudeatzeko zerbitzu-kontratuak, eta, telekomunikazioetako zerbitzuak kontratatzeko zenbait espezialitate ezartzearren, maiatzaren 18ko 541/2001 Errege Dekretuaren 2.2. artikuluan jasotako kontratuak, ezin dira lau urte baino denbora gehiagoz indarrean egon, herri-administrazio bakoitzaren aurrekontuetako arauetan ezarritako baldintza eta mugekin, betiere; baina kontratua amaitu aurretik alderdien adostasunez hura aldatu eta luzatzeko aukera jaso daiteke kontratuan bertan. Hala ere, kontratuaren iraupena, luzapenak barne direla, ezin da sei urtetik gorakoa izan, eta luzapen horiek ezin dira itundu, ez banaka, ez denak batera hartuta, hasieran finkatutako epetik gorakoak izan daitezen.

199. artikulua.- Kontratazio zentralizatua.

Estatuko Administrazio Orokorrean, bere erakunde autonomoetan, Gizarte Segurantzako kudeaketa-erakunde eta zerbitzu erkideetan, eta Estatuko gainerako erakunde publikoetan, zerbitzu-kontratuak zentralizatuta kontratatu beharrekoak direla deklara daiteke, 183.1. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

Zerbitzua, bestalde, Administrazioak berak bete ahal izango du enpresen lankidetzarekin; azken kasu horretan 194. artikulua aplikatuko da, dagozkion puntuetan.

200. artikulua.- Irakaskuntza-jardunetarako kontratazio-araubidea.

Titulu honetan araututako kontratuetan, baldin eta, Administrazioaren zerbitzuan diharduten langileentzako prestakuntza- edo hobekuntza-ikastaroak emanez, alor publikoko zentroetan irakaskuntza-jardunak burutzeko xedea badute, edo, betiere, jardun horiek pertsona fisikoek burututakoak izanda, mintegiak, solasaldiak, mahai-inguruak, hitzaldiak, lankidetzak edo antzeko beste jardun batzuk antolatzeko xedea badute, lege honetan xedatutakoak ez dira aplikatuko kontratu horiek prestatzeko eta esleitzeko orduan.

Era honetako kontratuetan zati bat aldez aurretik ordaintzeko xedapena ezarri ahal izango da, kontratistak lehenago bermerik jartzen badu; baina lagapena baimentzeko modurik ez da izango.

Artikulu honetan aipatutako kontratuak egon badaudela egiaztatzeko, aski da agintari eskudunak izendapena egitea.

201. artikulua.- Kontratu txikiak.

Titulu honetan bildutako kontratuak kontratu txikitzat hartuko dira, baldin eta 2.000.000 pezetatik (12.020,24 eurotik) gorakoak ez badira, 196.3. artikuluan jasotakoaren arabera aldi baterako laneko enpresekin itundutako kontratuetan izan ezik, ez baita halako kontratu-kategoriarik egongo lan horietan.

II. KAPITULUA

Administrazioaren jardunak kontratu horiek prestatzeko

202. artikulua.- Kontratua justifikatzea eta prezioa zehaztea.

Kontratua egiteko interesa daukan zerbitzuaren txostena gehitu behar zaio kontratazio-espedienteari. Txostenarekin hau justifikatu behar da behar bezala: Administrazioak dauzkan giza baliabideak eta baliabide materialak nahikoak ez direla, edo ez direla egokiak, edo ez dela baliabideak gehitzerik komeni, hain zuzen kontratu horrekin erantzun nahi diren premiak betetzeko.

Administrazio-klausula zehatzen agirian ezarri behar da kontratu horien prezioa zehazteko sistema, bai prestazioak dituen osagaiei, bai obra-unitateei zein denbora-unitateei dagozkien prezioak ezarrita, edo, bestela, bai tarifen arabera profesionalen zerbitzu-sariak aplikatuta, bai, prezioa xehatzea ezinezkoa denean edo komenigarria ez denean, oroharreko prezioak erabilita, bai modu horietako bat baino gehiago batuta.

III. KAPITULUA

Kontratu horien publizitatea Europako Erkidegoaren barruan, eta kontratuok esleitzeko prozedura eta erak

I. ATALA.

KONTRATU HORIEN PUBLIZITATEA

203. artikulua.- Publizitate-kasuak.

Kontratazio-organoek, iragarki adierazgarri baten bidez, 206. artikuluan zerrendatutako 1etik 16ra arteko kategorietako bakoitzean hurrengo hamabi hilabeteetan egiteko asmotan dituzten kontratuen berri jakinarazi behar dute, baldin eta horien zenbatekoa, Balio Erantsiaren gaineko Zerga kenduta, 750.000 eurokoa edo gehiagokoa bada.

Obren programazioa egin ondoren, lehenbailehen bidali behar da iragarkia Europako Erkidegoen Argitalpen Ofizialen Bulegora; eta, lege honetako 207. artikuluko 1. eta 3. paragrafoetan ezarritako epe-murrizketa sor dezan, iragarkia bulego horretara bidalita egongo da, gutxienez, berrogeita hamabi egun lehenago, eta, gehienez jota, hamabi hilabete lehenago, kontratuaren iragarkia “Europako Erkidegoen Aldizkari Ofizialera” bidaltzen den egunetik hasita.

Gainera, kontratua 206. artikuluan zerrendatutako 1etik 16ra arteko kategoriaren batekoa denean, iragarki bat argitaratu behar da “Europako Erkidegoen Aldizkari Ofizialean”, baldin eta kontratua esleitzeko orduan prozedura irekia, prozedura murriztua edo, Europako Erkidegoko publizitatea eginda, prozedura negoziatua erabiltzen bada, eta kontratuaren zenbatekoa, Balio Erantsiaren gaineko Zerga kenduta, kopuru hauetakoa edo gehiagokoa bada:

a) 200.000 eurokoa edo gehiagokoa, telebista- eta irrati-emanaldiak igortzeko zerbitzuak, konexio-zerbitzuak eta telekomunikazioetako zerbitzu integratuak izanda, 5. kategoriako kontratuak direnean, eta 8. kategoriako kontratuak direnean.

b) 154.014 eurokoa, alegia, 130.000 igorpen-eskubide bereziren baliokidea, edo gehiagokoa, 206. artikuluko 1.etik 16. kategoriara arteko gainerako kontratuetan, Estatuko Administrazio Orokorreko kontratazio-organoak zein erakunde autonomoetakoak esleitu behar dituenean.

c) 236.945eurokoa, alegia, 200.000 igorpen-eskubide bereziren baliokidea, edo gehiagokoa, b) idatz-zatiko kasu berean, kontratuak gainerako kontratazio-organoek esleitu behar dituztenean.

204. artikulua.- Zatika banatzea.

Kontratuak hainbat zatitan banatuta daudenean, aurreko artikuluan aipatutako zenbatekoa zehaztu ahal izateko, 136. artikuluan ezarritako arauak aplikatuko dira, 2. paragrafoan ageri den 1.000.000 euroko zifraren ordez 80.000 eurokoa jarriz.

205. artikulua.- Europako Erkidegoko publizitate-salbuespenak.

Goiko 203. artikuluan xedatutakoa hala izan arren, ez da nahitaezkoa izango ez iragarki adierazgarria ez lizitazioko iragarkia "Europako Erkidegoen Aldizkari Ofizialean" argitaratzea, kontratuaren zenbatekoa edozein izanda ere, kontratu hauetan:

a) Ikus-entzunezko programen garapenari, ekoizpenari eta zabalkunde-denborari buruzko kontratuetan, eta ahots-telefonia, telex, irrati-telefonia mugikor, pertsona-bilagailu eta satelite bidezko komunikaziokoetan.

b) Ikerketa eta garapeneko kontratuetan, kontratazio-organoak osorik ordaindutakoak direnean, baldin eta haien emaitzak kontratazio-organo beraren jardunean bakarrik erabiltzeko gordetzen ez badira.

c) Europako Erkidegoa eratzeko Tratatuko 296. artikuluko xedapenak aplikatuta sortzen diren kontratuetan.

206. artikulua.- Kontratuen kategoriak.

Goragoko 203. artikulua aplikatzeko, kategoria hauetan biltzen dira kontratuak:

Mantentze-lanak eta konponketak.

Lehorreko garraioa, trenbideko garraioa kenduta; furgoi blindatuak eta mezulari-zerbitzua sartzen dira, baina ez posta bidezko garraioa.

Aireko garraioa, bidaiariak eta zama garraiatzeko, baina ez posta bidezko garraioa.

Posta bidezko garraioa, lehorrez eta airez, baina ez trenbideko garraioa.

Telekomunikazioa.

Finantza-zerbitzuak:

a) Aseguru-zerbitzuak.

b) Bankuetako eta inbertsioetako zerbitzuak.

Informatika eta horrekin lotutako zerbitzuak.

Ikerketa eta garapena.

Kontabilitatea, auditoria eta liburu-edukitzailetza.

Iritzi publikoaren gaineko azterlanen eta inkesten ikerketa.

Zuzendaritzako aholkularitza, eta horrekin lotutakoak; baina ez arbitrajea eta adiskidetzea.

Arkitektura, ingeniaritza, hiri-plangintza eta paisaia-arkitektura.

Zientzia eta teknologia gaietako aholkularitza.

Saio eta analisi teknikoak.

Publizitatea.

Eraikinen garbiketa, eta ondasun higiezinen administrazioa.

Argitalpenak eta inprenta.

Estolderia eta hondakinak ezabatzea.

Osasun-estoldak eta antzekoak.

Ostalaritza eta jatetxeak.

Trenbideko garraioa.

Ibai eta itsasoko garraioa.

Garraio osagarri eta lagungarria.

Zerbitzu juridikoak.

Langileak laneratzea eta hautatzea.

Ikerketa eta segurtasuna, baina ez furgoi blindatuak.

Hezkuntza eta lanbide-heziketa.

Gizarte eta osasun gaiak.

Aisialdia, kultura eta kirola.

Beste batzuk.

207. artikulua.- Prozedura ireki, murriztu eta negoziatuetako epeak.

Prozedura irekian, proposamenak aurkezteko epea ezingo da berrogeita hamabi egunetik beherakoa izan, kontratuaren iragarkia Europako Erkidegoen Argitalpen Ofizialen Bulegora bidaltzen den egunetik kontatzen hasita.

Baldin eta, aurrez ezarritako epeen barruan, 203.1. artikuluan aipatutako iragarki adierazgarria argitaratu bada, proposamenak aurkezteko epea, arau orokor modura, hogeita hamasei egunera murriztuko da; baina epe hori ezin izango da inola ere hogeita bi egunetik beherakoa izan.

Prozedura murriztuan eta 209. artikuluko prozedura negoziatuan, parte hartzeko eskabideak hartzeko epea, iragarkia bidaltzen den egunetik kontatuta, ezin da hogeita hamazazpi egun baino gutxiago izan.

Prozedura murriztuan proposamenak aurkezteko epea, gonbit-idatzia bidaltzen den egunetik kontatuta, ezin da berrogei egun baino gutxiago izan. Epe hori hogeita sei egunera murriztu daiteke, 203.1. artikuluan aipatutako iragarki adierazgarria argitaratu bada.

Parte hartzeko eskabideak jasotzeko eta proposamenak aurkezteko aurreko bi idatz-zatietan aipatutako epeak, bai iragarkia zein gonbita bidaltzen diren egunetik kontatuta, presakotasun-kasuetan hamabost eta hamar egunera murriztu daitezke hurrenez hurren.

2. ATALA.

ESLEIPENA EGITEKO PROZEDURAK ETA ERAK

208. artikulua.- Esleitzeko prozedurak eta erak.

Aholkularitza- eta laguntza-kontratuak eta zerbitzu-kontratuak prozedura irekiz, murriztuz nahiz negoziatuz esleituko dira; azken kasu hori, ordea, 209. eta 210. artikuluetan adierazitako kasuetan bakarrik.

Munta txikiko kontratuetan baino ezin izango da erabili enkantea esleipenak egiteko; horrelakoetan, erabat zehaztuta egon behar da kontratuaren xedea teknikaren ikuspegitik, eta ezin izango da inolako aldaketarik sartu; prezioa izango da, bada, esleipena erabakitzeko balio izango duen eragile bakarra.

Lehiaketa izango da kontratu horiek esleitzeko era arrunta, aipatutako 209. eta 210. artikuluetan ezarritakoan izan ezik.

209. artikulua.- Prozedura negoziatua eta Europako Erkidegoko publizitatea.

Espedientean justifikatu beharko diren inguruabar hauetakoren bat gertatzen bada, kontratazio-organoak prozedura negoziatua aplikatzeko erabakia hartu ahal izango du kontratu horietarako:

a) Prozedura ireki edo murriztuetako ekonomiako proposamenak nahiz eskaintzak irregularrak edo onartezinak badira, betiere, kontratuaren hasierako baldintzak funtsean aldatu ezik.

Kasu horretan, kontratazio-organoak ez du artikulu honetako 2. paragrafoan aipatutako lizitazio-iragarkirik argitaratuko, baldin eta aurreko prozedura ireki zein murriztuan lizitaziorako onartutako lizitatzaile guztiak sartzen badira prozedura negoziatuan.

b) Kontratuaren izaera dela-eta, batez ere intelektual arlokoak direlako, eta 206. artikuluan zerrendako 6. kategorian sartzen direlako, prozedura irekiz zein murriztuz esleitzeko baldintzarik ezarri ezin bada.

c) Salbuespeneko kasu batzuetan, kontratuaren izaerarengatik edo arriskuengatik prezio osoa aurrez zehaztu ezin bada.

Aurreko idatz-zatian aipatutako kasuetan, baldin eta kontratuaren zenbatekoa, Balio Erantsiaren gaineko Zerga kenduta, kategorien eta kontratazio-organoen arabera 203. artikuluan finkatutako zenbatekoaren bestekoa edo hortik gorakoa bada, kontratazio-organo horiek iragarki bat argitaratu beharko dute "Europako Erkidegoen Aldizkari Ofizialean", eta 207.2. artikuluan jasotako epeak aplikatuko dira.

210. artikulua.- Prozedura negoziatua, publizitaterik gabe.

Aldez aurreko publizitaterik gabeko prozedura negoziatua erabili ahal izango da, espedientean justifikatu beharko diren inguruabar hauetakoren bat gertatzen denean:

a) Edo lizitatzailerik egon ez delako, edo aurkeztutakoak lizitaziora onartu ez direlako, prozedura ireki zein murriztu batean kontratua esleitu gabe gelditzen denean, betiere, kontratuaren hasierako baldintzak funtsean aldatu gabe.

Kasu horretan, baldin eta kontratuaren zenbatekoa 203.2. artikuluan aipatutako mugen bestekoa edo gehiagokoa bada, txostena bidali behar zaio Europako Erkidegoko Batzordeari, berak eskatuz gero.

b) Bai berezitasun teknikoak edo artekoak tartean daudelako, zein esklusibotasun-eskubideak babesteko arrazoiak medio, kontratuaren xedea enpresaburu bakar bati bakarrik agindu ahal zaionean.

c) Kontratazio-organoak aurreikusi ezin eta berari egotzi ezin dakizkiokeen gertakizunen ondorioz ezinbesteko presakotasunen batek azkar egitea eskatzen duenean, baldin eta 71. artikuluan araututako presakotasun-prozedurarekin lortu ezin bada, edo presakotasun-kasuetan “Europako Erkidegoen Aldizkari Ofizialean” argitaratzeko jasotako epeak aplikatuta lortu ezin badira.

d) Ez proiektuan ez kontratuan agertzen ez diren azterlan, zerbitzu edo lan osagarrien kasuan, ustekabeko inguruabarren ondorioz nahitaez egin beharrekoak direnean; eta kontratista nagusiari ematen zaionean osagarriok egiteko ardura ere, hasierako kontraturako indarrean zeuden prezioekin bat etorrita, edo, bestela, prezio kontrajarriez finkatuta.

Aurreko lerrokadan ezarritakoa aplikatu ahal izateko, honako betekizun hauek bete beharko dira kontratu nagusiari dagokionez:

Azterlanak, zerbitzuak zein lanak ezin izango dira teknikoki zein ekonomikoki kontratu nagusitik banatu Administrazioari eragozpen handirik sortu gabe, edo, hasierako kontratutik banatu ahal izanda ere, behar-beharrezkoak izango dira ondorengo aldietarako.

Azterlanen, zerbitzuen zein lan osagarrien zenbateko metatuak ezin izango du jatorrizko kontratuaren zenbatekoaren 100eko 20 gainditu.

Aurreko lerrokadetan eskatutako betekizunak betetzen ez dituzten gainerako azterlan, zerbitzu zein lanetarako, kontratazio independente bat egin behar da.

e) Prozedura irekiz zein murriztuz esleitutako beste azterlan, zerbitzu zein lan batzuen antzekoak errepikatzeko denean, baldin eta lehenengoak aipatutako prozedura ireki zein murriztuko iragarkian sartu izan badira, eta haien zenbatekoa kontratuaren kopuru osoa finkatzeko zenbatu izan bada.

Hasierako kontratua formalizatu eta gero, hiru urteko aldian baino ezin izango da prozedura horretara jo.

f) Administrazioak arrunt erabiltzeko direlako, zerbitzu-kontratuei buruzko nahitaezko uniformetasun-adierazpena beharrezkoa denean, baldin eta ondasunen tipoa aukeratzeko, aurrez eta independente, lehiaketa erabili bada, titulu honetan jasotakoaren arabera.

Balizko kasu horretan, Estatuko Administrazio Orokorrerako, bere erakunde autonomoetarako, Gizarte Segurantzako kudeaketa-erakunde eta zerbitzu erkideetarako, eta Estatuko gainerako erakunde publikoetarako, Estatuko Ondarearen Zuzendaritza Nagusiak deklaratu behar du goian aipatutako uniformetasuna, ministerioren bateko departamentu zehatzen bateko zerbitzuek berariaz erabiltzeko zerbitzuak direnean izan ezik, ministerio horrek deklaratu beharko baitu, aipatutako zuzendaritza nagusiaren txostena jaso ondoren.

g) Bai isilpeko edo ezkutuko kontratu direla deklaratu denean, bai legezko zein erregelamenduzko xedapenen arabera segurtasun-neurri bereziez babestuta gauzatu beharrekoak direnean, eta bai Estatuaren segurtasunaren funtsezko interesak babestu beharrak hala eskatzen duenean ere.

Azken kasu horretan, bai Estatuko Administrazio Orokorrean, bai bere erakunde autonomoetan, Gizarte Segurantzako kudeaketa-erakunde eta zerbitzu erkideetan, eta bai Estatuko gainerako erakunde publikoetan, berariaz deklaratu behar da betekizun hori betetzen dela; kasuan kasuko ministerioko titularrari dagokio adierazpena egitea, eta eskumen hori ezin izango da ordezkotzan eman, goian aipatutako ondorioetarako.

h) Kontratuek daukaten aurrekontua 5.000.000 pezetatik (30.050,61 eurotik) beherakoa denean.

i) Europako Erkidegoa eratzeko Tratatuko 296. artikuluko xedapenen ondorioz sortutakoak direnean, baldin eta, estatu barruan hori egiteko gai den enpresarik ez dagoelako, Defentsa Ministerioak atzerriko enpresekin egindakoak badira.

Kontratu horiek legedi hau izango dute arautzaile, nazioarteko merkataritzan indarrean dauden arau eta usadioen arabera alderdiek hitzartutakoari kalterik egin gabe.

IV. KAPITULUA

Kontratu horiek gauzatu eta aldatzea

I. ATALA.

KONTRATU HORIEK GAUZATZEA

211. artikulua.- Kontratuak gauzatzea, eta kontratistaren erantzukizuna.

Kontratuko baldintzetara lotuta egin behar da kontratua, eta Administrazioak kontratistari kontratua interpretatzeko emandako jarraibideen arabera.

Kontratista izango da garatu ditzan lanen eta eman ditzan prestazio eta zerbitzuen kalitate teknikoaren erantzule, baita kontratua gauzatzerakoan izandako omisioak, errakuntzak, metodo desegokiak zein amaiera okerrak direla-eta Administrazioari zein hirugarrenei sortutako ondorioen erantzule ere.

2. ATALA.

MANTENTZE-ZERBITZUETAKO KONTRATUAK ALDATZEA

212. artikulua.- Kontratu horiek aldatzea.

Baldin eta mantentze-zerbitzuetako kontratua aldatu dela-eta, mantendu beharreko ekipoak gehitu, gutxitu edo ezabatzen badira, zein ekipo batzuk beste batzuen ordez jartzen badira, betiere, kontratuan jasota daudenak izanik, aldaketa horiek bete egin behar ditu kontratistak; eta, ekipo-unitateak edo ekipo-motak ezabatu edo gutxitu direla arrazoi hartuta ere, kontratistak ez du inolako eskubiderik edukiko aipatutako arrazoiengatik kalte-ordainik eskatzeko, 214. artikuluko c) idatz-zatian ezarritakoari kalterik egin gabe hala ere.

V. KAPITULUA

Kontratu horiek betetzea, eta suntsiaraztea

I. ATALA.

AHOLKULARITZA- NAHIZ LAGUNTZA-KONTRATUAK ETA ZERBITZU-KONTRATUAK BETEZEA

213. artikulua.- Kontratuak betetzea.

Kontratazio-organoak erabakiko du ea kontratistak egindako prestazioa behar bezala egokitzen zaien prestazioa gauzatzeko eta betetzeko ezarritako betekizunei, eta, hala dagokionean, kontratatutako prestazioak amaitzeko eta prestazio-harreran ikusitako akatsak konpontzeko eskatuko du.

Kontratistari egotz dakizkion akats edo hutsen ondorioz, egindako lanak ez bazaizkio kontratatutako prestazioari egokitzen, kontratazio-organoak uko egin ahal izango dio prestazioari, eta, horrela, ordaintzeko betebeharretik askatuta geldituko da, edo ordaindutako prezioa berreskuratzeko eskubidea edukiko du, hala izan bada.

Egindako lanetan akatsik edo hutsik aurkitzen bada berme-epean, kontratistari erreklamazioa egiteko eskubidea edukiko du kontratazio-organoak, aurkitutako akats edo hutsak zuzen ditzan.

Aurreko paragrafoetan aipatutako eragozpenik zein salaketarik formalizatu gabe amaitzen bazaio Administrazioari berme-epea, egindako prestazioa dela-eta izan zezakeen erantzukizunetik aske geldituko da kontratista, 217., 218. eta 219. artikuluetan ezarritakoari kalterik egin gabe.

Kontratistak eskubidea edukiko du, kontratatutako prestazioa betetzeko erantzukizuna dela-eta, egin daitezen oharren berri izan dezan eta horretaz entzun dakion.

2. ATALA.

AHOLKULARITZA- NAHIZ LAGUNTZA-KONTRATUAK ETA ZERBITZU-KONTRATUAK SUNTSIARAZTEA

214. artikulua.- Kontratua suntsiarazteko arrazoiak.

Lege honetako 111. artikuluan aipatutakoez gain, aholkularitza- nahiz laguntza-kontratuak, eta zerbitzu-kontratuak suntsiarazteko arrazoiak hauek dira:

a) Administrazioak, berari egotz dakiokeen arrazoiren batengatik, kontratuan adierazitako egunetik aurrera, kontratuaren hasiera sei hilabetetik gora etenda uztea, agirian beste epe laburragoren bat aipatu ezik.

b) Administrazioaren erabakiz urtebete baino gehiagoz kontratuan atzera egitea edo kontratua etetea, agirian beste epe laburragoren bat aipatu ezik.

c) Kontratua aldatzea, nahiz eta aldaketak elkarren jarraian egin, baldin eta, banan edo denak batera hartuta, kontratuaren prezioaren aldaketak, bai goitik zein behetik, kontratuaren hasierako prezioaren 100eko 20 baino gehiagokoak badira, Balio Erantsiaren gaineko Zerga kanpoan dela, edo hasierako prestazioari funtsezko aldaketaren bat sortzen badiote.

d) Lege honetako 198.2. artikuluan aipatutako kontratu osagarriak kontratu nagusia suntsiarazten denean suntsiaraziko dira asko jota.

215. artikulua.- Kontratua suntsiarazteak dakartzan ondorioak.

Kontratua suntsiarazteak eskubidea emango dio kontratistari, nolanahi ere, berak kontratuaren arabera benetan egin eta Administrazioak hartutako azterlan, txosten, proiektu, lan zein zerbitzuen prezioa jasotzeko.

Kontratuaren hasiera sei hilabete baino gehiago etenda uzten bada, kontratistak kontratuaren prezioaren 100eko 5eko kalte-ordaina jasotzeko eskubidea baino ez du edukiko.

Aurreko artikuluko b) idatz-zatiaren kasuan, egiteke geratutako azterlan, txosten, proiektu zein lanen prezioaren 100eko 10ekoa jasotzeko eskubidea edukiko du kontratistak, lortu gabeko irabazi moduan.

VI. KAPITULUA

Proiektuak egiteko kontratuen berezitasunak

I. ATALA.

EPAIMAHAIAK PARTE HARTUZ EGINDAKO PROIEKTU-LEHIAKETAK

216. artikulua.- Epaimahaiak parte hartuz egindako proiektu-lehiaketak.

Proiektu-lehiaketen definizioa: partaideetatik independente diren pertsona fisikoekin bakarrik osatutakoa izanik, epaimahai baten parte hartzea ezaugarri duten prozedurak dira; eta, sariekin edo saririk gabe, lizitazioa bitarteko dela, batez ere lurralde-antolamenduko, hirigintzako, arkitekturako, ingeniaritzako eta datu- prozesamenduko planak edo proiektuak egitea xede duten prozedurak dira.

Epaimahaiak independentzia osoz hartu behar ditu erabaki edo irizpenak, izenik gabe aurkeztuko dizkioten proiektuak oinarri dituela, eta lehiaketa egiteko iragarkian adierazitako irizpideak bakarrik kontuan hartuta.

Partaideei eman eta ordainduko zaizkien sari eta ordain guztiekin zehaztuko da lehiaketaren zenbatekoa, eta, zenbateko hori zerbitzu-kategorien eta kontratazio-organoen arabera 203.2. artikuluan finkatutako zenbatekoaren bestekoa edo hortik gorakoa bada, kontratazio-organo horiek iragarki bat argitaratu beharko dute "Europako Erkidegoen Aldizkari Ofizialean", eta 207. artikuluan jasotako epeak aplikatuko dira.

Partaide-kopurua mugatua bada, irizpide objektibo, argi eta bereizkeriarik gabekoekin egin behar da hautaketa; lehiaketaren ezaugarriak eta arauak zehazteko erabilitako agirian eta iragarkian agertzen diren berberak izango dira irizpide horiek.

Proiektu-lehiaketaren bat irabaz dezanari, publizitaterik gabeko prozedura negoziatuz esleitu ahal izango zaizkio kontratuak ere, lehiaketaren jarraipen badira eta lehiaketako baldintzetan aurreikusita badator.

Irabazle bat baino gehiago egonez gero, denei egin behar zaie negoziazioan parte hartzeko gonbita.

Era berean, baldin eta proiektu-lehiaketa egingo dela "Europako Erkidegoen Aldizkari Ofizialean" iragarri bada, aldizkari horretan argitaratu beharko da lehiaketaren emaitza ere, ebatzi ondorengo berrogeita zortzi egunen buruan, beranduen dela.

2. ATALA.

OBRA-PROIEKTUAK EGITEKO KONTRATUKO ERRAKUNTZAK KONPONTZEA, ETA ERANTZUKIZUNAK

217. artikulua.- Errakuntzak zuzendu eta akatsak konpontzea.

Aholkularitza- eta laguntza-kontratu jakin bat obra-proiekturen bat osorik egiteko denean, kontratistari eskatuko dio kontratazio-organoak hari egotz dakizkiokeen akatsak, eskasia teknikoak, errakuntza materialak, egin gabekoak eta legezko zein erregelamenduzko aginduen kontrako arau-hausteak konpontzeko; eta hori guztia egiteko, epea jarriko dio, baina ez da bi hilabetetik gorakoa izango.

Epe hori igaro arren akatsak zuzendu ez badira, Administrazioak, gertatutako inguruabarrak kontuan hartuta, edo kontratua suntsiaraztea erabaki lezake, edo kontratistari beste epe bat ematea.

Lehenengo kasuan, bermea inkautatzea izango da bidezkoa; eta kontratistak Administrazioari kontratuaren prezioaren 100eko 25ekoaren pareko kalte-ordaina emateko betebeharra edukiko du.

Bigarren kasuan, zuzendu gabeko akatsak konpontzeko emango den epe berria hilabetekoa eta luzatu ezina izango da, eta kontratuaren prezioaren 100eko 25ekoaren pareko zigorra jasoko du kontratistak.

Berriro ere konpondu gabe uzten baditu, kontratua suntsiaraztea izango da bidezkoa, eta itundutako prezioaren pareko kalte-ordaina eman beharko dio kontratistak Administrazioari, eta bermea galduko du gainera.

Kontratistak, azken epea eman aurreko edozein unetan, proiektua egiteari uko egiten badio, kontratuaren prezioaren erdiaren pareko kalte-ordaina eman beharko dio Administrazioari, eta bermea galduko du gainera.

218. artikulua.- Kalte-ordainak.

Proiektuan aurreikusitako obra egin ondoko aurrekontua, bai goitik zein behetik, kontratista-aholkulariari egotz dakizkiokeen errakuntzen edo egin gabekoen ondorioz, obraren benetako kostutik 100eko 20 baino gehiago urruntzen den kasuetarako, Administrazioak kalte-ordainen sistema bat ezar dezake administrazio-klausula zehatzen agirian, proiektua egiteko kontratuaren prezioa gutxitzeko, urrundutako ehunekoaren arabera, kontratuaren prezioaren erdira iritsi arte gehienez ere.

Hau da kalte-ordainen baremoa:

a) 100eko 20 baino gehiago eta 100eko 30 baino gutxiago urruntzen bada, kontratuaren prezioaren 100eko 30 izango da dagokion kalte-ordaina.

b) 100eko 30 baino gehiago eta 100eko 40 baino gutxiago urruntzen bada, kontratuaren prezioaren 100eko 40 izango da dagokion kalte-ordaina.

c) 100eko 40 baino gehiago urruntzen bada, kontratuaren prezioaren 100eko 50 izango da dagokion kalte-ordaina.

Kasuan kasuko ebazpena jakinarazten zaionetik hilabeteko epean ordaindu behar du kontratistak kalte-ordainaren zenbatekoa; espedientea izapidetu eta interesdunari entzun ondoren emango da ebazpena.

219. artikulua.- Proiektuko akatsen edo errakuntzen erantzukizuna.

Lehengo artikuluetan aurreikusitakoa dagoen horretantxe utzita, obrak egin edo ustiatzean bai Administrazioari zein hirugarrenei sortutako kalte eta galeren erantzukizuna izango du kontratistak, berak egin eta berari egotz dakizkiokeen proiektuko bai akats eta eskasia teknikoengatik, zein errakuntza materialengatik, nahiz egin gabekoengatik, eta legezko zein erregelamenduzko aginduen kontrako arau-hausteengatik.

Kontratistari eska dakiokeen erantzukizunetik datorren kalte-ordaina, bestalde, sortutako kalte eta galeren zenbatekoaren 100eko 50era artekoa izango da, proiektua dela-eta itundutako prezioaren bost halakoa gehienez ere, eta, Administrazioak proiektua hartzen duenetik kontatuta, hamar urteko epean eskatu ahal izango zaio; Administrazioaren kontura izango da kalte-ordainaren gainerako zatia, hirugarrenei ordaindu behar zaienean.

V. TITULUA

Herri-lanak emakidan uzteko kontratua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

220. artikulua.- Herri-lanak emakidan uzteko kontratua.

Herri-lanen emakida-kontratuaren bitartez, herri-administrazio batek edo zuzenbide publikoko erakunde batek, epe baterako, 120. artikuluan adierazitako obrak eraikitzeko eta ustiatzeko baimena ematen dio emakidadunari, edo ustiatzeko baimena bakarrik, edo, oro har, ustiatzeko modukoak izanik, izaera ekonomikoa duten zerbitzu publikoak emateko, edo interes orokorra duten jarduera zein zerbitzu ekonomikoak garatzeko beharrezko diren obrak eraikitzeko eta ustiatzeko baimena ematen dio emakidadunari, edo ustiatzeko baimena bakarrik; eta, aldi berean, emakidadunari ordainketa jasotzeko eskubidea aitortzen zaio, ordainketa hori izanik edo obra bera ustiatzeko eskubidea, edo eskubide hori gehi prezioa jasotzeko eskubidea, edo titulu honetan ezarritako beste edozein modalitate.

Emakidadunak galdu-gordean egingo du emakidaren xede diren herri-lanak eraikitzeko eta ustiatzeko lana; era berean, lege honetan finkatutako moduan eta neurrian, emakidadunak hartuko ditu bere gain obrak egiteko eta ustiatzeko lanak dakartzan arrisku ekonomikoak ere; hori guztia, nolanahi den ere, bateragarri izango da beti, bai lege honetan araututako obrak finantzatzeko sistema guztiekin, bai, hala badagokio, Administrazio emakidatzaileak betebehar modura hartu dituen ekarpenekin.

Administrazio emakidatzaileak ezarri ahal izango du emakidadunak obrak eraikitzeko proiektua idatzi behar duela dagokion azterlanean edo aurreproiektuan ezarritako betekizunen arabera, II. kapituluan adierazitako moduan.

Hori horrela bada, proiektuaren onespena Administrazio emakidatzailearen ardurapekoa izango da, eta emakida-kontratuaren osagai izango da.

Administrazio emakidatzaileak zehaztuko du obra finantzatzeko eta emakidadunari ordaintzeko sistema, betiere, aurrekontuen oreka lortzeko xedeak errespetatuta, eta aintzakotzat hartuta baliabide ekonomikoen inbertsioa arrazionalizatzeko irizpideak, obren nolakotasuna eta interes publikorako obra horiek duten garrantzia.

Herri-lanak emakidan uzteko kontratuaren araubidea, titulu honetan ezarritakoa, zuzenbide publikoko erakunde guztietan aplikatu beharrekoa izango da, kontratazio-araubide juridikoa eta izendapena edozein direla ere.

221. artikulua.- Herri-lanak emakidan uzteko kontratuaren edukia.

Herri-lanen emakida-kontratuak nahitaez honako hauek jasoko ditu bere baitan emakidak indarrean dirauen beste denboran:

a) Herri-lanak ustiatzea, beren izaera eta helburuak aintzat hartuta.

b) Obrak kontserbatzeko ardura.

c) Obrak egokitzeko, eraberritzeko eta modernizatzeko lanak, zerbitzuak emateko edo jarduera ekonomikoak burutzeko zereginak era egokian eman, eta, azken batean, euskarri material horiek dituzten xedeak bete ahal izateko, beharrezko diren ezaugarri tekniko eta funtzionalei egoki dakizkien.

d) Leheneratze lanak eta konponketa handiak, xedeak betetzen jarraitu ahal izateko, eta, beraz, bete beharreko zerbitzuak eta jarduerak modu egokian bete ahal izateko, obretako bakoitzak izan behar dituen osagaiak direla-eta nahitaez eskatu beharrekoak, betiere, betebehar ekonomikoak eta gizartearen eskakizunak aintzakotzat hartuta.

Kontratuaren xedea aldi berean herri-lanak eraikitzea eta ustiatzea bada, emakidadunak betebehar hauek ere izan behar dituela ezarri ahal izango da emakida arautzeko agiri orokor zein berezietan, alegia, obrak proiektatu, burutu, zaindu, leheneratu eta konpondu egin behar dituela, betiere, obra nagusiaren osagarri izanik edo hari lotuta egonik, eraikinak bete beharreko helburua bete dezan eta bere funtzionamendua eta ustiaketa hobeak izan daitezen, beharrezkoak direnean. Horrez gain, agirietan jasotakoaren arabera obrekin zerikusia duten ingurumen-jardunak ere burutu behar ditu emakidadunak.

Kontratuaren xede bakarra lehendik eginda dauden herri-lanak ustiatzea bada, emakidadunak, era berean, obra nagusiaren osagarri diren edo hari lotuta dauden obrak kontserbatu, leheneratu eta konpondu egin beharko ditu, obrak emakidan uzteko administrazio-klausula zehatzen agirian bestelakorik ezarri ezean behintzat.

Obra nagusiaren osagarri diren obrak edo hari lotuta dauden obrak ekonomikoki ustiatu edo baliatzeko modukoak badira, onura ekonomiko horiek emakidadunak kudeatuko ditu obra nagusiaren ustiakuntzarekin batera, betiere, jarraitu beharreko agirietan ezarritakoa errespetatuta.

222.artikulua.- Herri-lanen emakida-kontratuak norbanakoek edo beste herri-administrazio batzuek hala eskatuta.

Horretarako eskumena duen Administrazioak emakidak lizitatzeko izan dezakeen ekimenaz aparte, pertsona natural zein juridikoek edo beste Administrazio batzuek halaxe eskatuta ere hasi ahal izango da prozedura hau, lege honetan araututako obraren bat eraiki eta ustiatu nahi izanez gero, betiere, baldin eta eskaerarekin batera eskatzaileak, legean ezarritako betekizunak betetzeaz gainera, 227. artikuluan adierazitako bideragarritasun-azterlana ere aurkezten badu, artikulu horretako 2. paragrafoan ezartzen den edukia jasota duela.

Eskaera horrek hasiko du artikulu horretan ezarritako prozedura.

223. artikulua.- Merkataritza-ustiapenerako gune osagarriak.

Herri-lanen barruan, bere ezaugarrien arabera beharrezko den lurzoruaz gainera, beste orube edo lur-sail batzuk ere hartu ahal izango dira, erabiltzaileentzako zerbitzua nolakoa izango den aintzat hartuta, beharrezkoak edo komenigarriak diren beste era bateko jarduerak burutu ahal izateko (osagarriak, merkataritzakoak edo industrialak), betiere, aprobetxamendu ekonomikoa bestearengandik bereizteko modukoa bada, hala nola, ostatu emateko lekuak, gasolindegiak, aisialdi-guneak, aparkalekuak, merkataritza-lokalak eta ustiatzeko modukoak izan daitezkeen beste batzuk.

Jarduera osagarri horiek abian jarri behar direnean, beti jokatu beharko da emakida arautzeko agiri orokor zein berezietan ezarritakoaren arabera, edo, hala badagokio, erabili beharrekoa den legerian edo hirigintza-plangintzan ezarritakoaren arabera.

Aipatutako gune edo esparru horiek, denek unitate bakarra osatzen dutela, emakida eman duen Administrazioak kudeatu eta kontrolatu beharko ditu, eta emakidadunak obrarekin batera ustiatu beharko ditu edo zuzenean edo hirugarrenen bitartez, emakidaren agirian ezarritako xedapenei jarraituz.

Emakidan utzitako obrako jarduera osagarrietarako gunean dauden ondasunak eta instalazioak Administrazio kontratugileari entregatu behar zaizkio, lege honetan ezarritakoaren arabera, emakida bukatutakoan.

224. artikulua.- Emakida-kontratu bidez eraikitako herri-lanen finantzaketa.

Emakidadunak finantzatuko ditu, osorik zein zati batean, emakidan utzitako herri-lanak, eta, betiere, berak hartuko du bere gain egindako inbertsioaren araberako arriskua.

Emakidadunak finantzaketa pribatua ere erabili ahal izango du kontratuak dakarzkion betekizunei aurre egiteko, lege honek ezarritako jarraibideak eta baldintzak errespetatuta.

Titulu honetako IV. kapituluan jasotako bideez gainera, emakidadunak, indarrean dagoen antolamendu juridikoari jarraituz, kreditu-erakundeekin kontratatutako maileguak edo kredituak ere erabili ahal izango ditu obren finantzaketa lortzeko.

Kontratu horiek organo kontratugileari jakinarazi beharko zaizkio hilabeteko epean kontratua izenpetu denetik hasita.

Emakidadunak beste bide batzuk ere erabili ahal izango ditu finantzaketa pribatuaren bitartez, betiere, aurretiaz organo kontratugileak horretarako baimena emanda.

Errentagarritasun ekonomikoa edo soziala dela-eta, edo emakidan utzitako obraren xede publikoak edo interes orokorrak berariaz halaxe eskatuta, Administrazioak ere baliabide publikoak eman ahal izango ditu obraren finantzaketarako; elkarrekin egindako obra-finantzaketa horretan, Administrazioak hainbat eratako ekarpenak egin ahal izango ditu: diruzkoak zein ez, diru-laguntzak edo mailegu itzulgarriak, interesdunak zein interes gabeak, edo partaidetza-maileguak; betiere, lege honetako III. kapituluko 2. atalean eta 236. artikuluan ezarritakoaren arabera, administrazio-klausula zehatzen agirian jasotako xedapenekin bat etorrita, eta, kasu guztietan, emakidadunak arriskua bere gain hartzeko printzipioa errespetatuta.

Emakidan utzitako herri-lanaren eraikuntza finantzatzeko orduan, Administrazio emakidatzaileaz beste herri-administrazio batzuek ere egin ahal izango dituzte ekarpenak, dagokion hitzarmenean jasotako xedapenen arabera, eta estatuko zein nazioarteko beste erakunde batzuek ere parte hartu ahal izango dute finantzaketan.

225. artikulua.- Emakidadunari ordaintzea.

Emakidadunak dagokion ordaina jasoko du bai obra erabiltzeagatik erabiltzaileak edo Administrazioak zuzenean ordaindutako prezioaren bitartez, bai merkataritza-gunearen ustiaketak dakartzan etekinen bitartez, bai eta, hala dagokionean, lege honetan jasotakoaren arabera Administrazioak berak egindako ekarpenen bitartez, betiere, emakidadunak arriskua bere gain hartzeko printzipioa errespetatuta.

226. artikulua.- Bereiztutako herri-lanen emakida eta bereiztutako herri-lanen eraikuntza.

Bi herri-lanek edo gehiagok euren arteko erlazio funtzionala dutenean, herri-lana emakidan uzteko kontratuak ez du bere izaera galtzen, nahiz eta eraikitako obren zati baten erabilerak ordainketarik jaso ez, betiere, baldin eta, aldi berean, zati hori Administrazio emakidatzailearen eskumenekoa bada, eta emakidaren ustiakuntzan eragina badu.

Kasu bakoitzeko administrazio-klausula zehatzen agirian argi eta garbi zehaztuko dira emakidan esleitutako obrari dagozkion inguruabarrak, lege honetan xedatutakoaren arabera, eta, ondorio horietarako, ondo bereiztuko ditu ordaina jaso behar duen zatia eta ordainik jaso behar ez duena.

Lizitatzaileek dagokion plana aurkeztu beharko dute ekonomia- eta finantza-alorrak zehazteko, aipatutako obra-zatietako bata eta bestea kontuan hartuta.

Nolanahi den ere, emakidan utzitako obra erabiltzeagatik aplikatu beharreko tarifak zehazterakoan, egindako obra guztien zenbateko osoa hartuko da aintzakotzat.

II. KAPITULUA

Emakidaren xede diren obrak eraikitzeko lana

I. ATALA.

AURREKO JARDUNAK

227. artikulua.- Bideragarritasun-azterlana.

Herri-lana eraikitzeko eta emakida bidez ustiatzeko erabakia hartu aurretik, Administrazio emakidatzailearen barruan dagokion organoak horri buruzko bideragarritasun-azterlana egin dezaten eskatuko du.

Bideragarritasun-azterlan horrek, gutxienez, bidezko diren datuak, analisiak, txostenak eta ikerlanak jaso beharko ditu bere baitan, arlo hauek direla-eta:

a) Obraren xedea zehaztu eta justifikatu behar da, eta bere funtsezko ezaugarriak definitu behar dira.

b) Obrak bere eragin-esparruan ekonomiari eta gizarteari dagokienez izango duen eragina, erabilera-maila eta emakidaren errentagarritasuna aurreikusi behar dira.

c) Eskuragarri dauden datuak eta txostenak (arlokako, lurraldeko eta hirigintzako plangintzari buruzkoak) balioetsi behar dira.

d) Ingurumen-inpaktua aztertu behar da, indarrean dagoen legeriaren arabera azterlan hori nahitaez egin beharrekoa denean.

Gainerako kasuetan, ingurumenari buruzko aukerak aztertu behar dira, eta egoera zuzentzeko eta babesteko hartu beharreko neurriak proposatu.

e) Aukeratu den konponbidea justifikatu behar da, eta, aukeren artean, bide-sistema osatzeko azpiegiturak direnean, beren trazaduraren ezaugarriak adierazi.

f) Obra eraiki eta ustiatzerakoan egon daitezkeen arrisku operatibo zein teknologikoak aztertu behar dira.

g) Egin beharreko inbertsioaren kostua eta obra eraikitzeko proposatutako finantzaketa-sistema zehaztu behar dira, eta, horrez gainera, obra egitea bidezkoa dela justifikatu.

Emakida esleitu duen Administrazioak jendaurreko informazioa emango du bideragarritasun-azterlanari buruz hilabeteko epean; azterlan hori oso konplexua denean, epe hori luzatu egin ahal izango da beste horrenbestean. Horrez gainera, txostena osatzeko, obra hori dagokion hirigintza-plangintzan agertzen ez bada, azterlanaren berri igorriko die Estatuko Administrazio Orokorreko dagokien organoei, autonomia-erkidegoei, eta toki-erakundeei, hilabeteko epean txostena eman dezaten.

Aurreko paragrafoan jasotako jendaurreko informazioaren izapide horretan bertan, ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpena nahitaezkoa denean, ingurumen-inpaktuaren azterlanari dagokion izapidea ere beteko da.

Ekimen pribatua ere onartuko da esleitzekoak diren emakidei buruzko bideragarritasun-azterlanak aurkezteko orduan.

Azterlana, aurkeztutakoan, eskumena duen organoari igorriko zaio, izapidetuko duen ala ez, horren berri jakinaraz diezaion partikularrari hiru hilabeteko epean, edo azterlana ikusteko epe luzeagoa finka dezan; epe hori ezin da inola ere sei hilabetetik gorakoa izan.

Dagokion Administrazioak edo erakundeak isiltasuna erakutsiz gero, horrek esan nahiko du azterlana ez dela onartu.

Bideragarritasun-azterlanaren ildotik, dagokion lizitazioa eginda, azkenean inork emakida eskuratzen badu, azterlanaren egileak eskubidea izango du, esleipenduna eta azterlan-egilea pertsona bera ez bada behintzat, azterlana egiten izandako gastuak ordain diezazkioten, gehi beste 100etik 10eko kopurua konpentsazio modura; gastu horiek emakidadunari ezarri ahal izango zaizkio, administrazio-klausula zehatzen agirian hitzarmeneko baldintza moduan halaxe jarrita. Azterlanaren xedea horrelakoxea zelako azterlana nahikoa izan ez bada, orduan ez da halako eskubiderik sortuko.

Administrazio emakidatzaileak esango su gastuak zenbatekoak diren, azterlana aurkeztu duenak egiaztatu dituen gastuen arabera, eta azterlanaren izaera eta edukia aintzakotzat hartuta, betiere, merkatuan dauden prezioak ahaztu gabe.

Aurreko paragrafoetan aipatutako bideragarritasun-azterlanaren ordez, bideragarritasun ekonomiko-finantzarioa aurkezteko erabakia hartu ahal izango du, horretarako arrazoiak emanda, Administrazio emakidatzaileak, obraren izaera nolakoa den edo xedea zein den aintzat hartuta, edo egin beharreko inbertsioa zenbatekoa den ikusita, bere iritziz nahikoa bada.

Egoera horretan, gainera, emakida esleitu aurretik, Administrazioak dagokion aurreproiektua edo proiektua egingo du, 228. artikuluko 3. eta 4. paragrafoetan ezarritako izapideak beteko direla bermatzeko.

228. artikulua.- Obra eraikitzeko eta ustiatzeko aurreproiektua.

Obrak zein konplexutasun duen eta bere ezaugarriak zein zehaztasun-maila duten aintzat hartuta, Administrazio emakidatzaileak, bideragarritasun-azterlana onartu ondoren, dagokion aurreproiektua egiteko erabakia hartu ahal izango du.

Aurreproiektu horretan, obraren izaera nolakoa den, merkataritza-ustiakuntzarako gune osagarriak ere sartu ahal izango dira.

Obra eraikitzeko eta ustiatzeko aurreproiektuak, gutxienez, honako dokumentazio hau jaso beharko du bere baitan:

a) Txostena, honako hauek azalduta: ase beharreko beharrizanak, aurrez finkatutako helburua betetzeko aintzat hartu diren faktoreak (gizarte-, teknika-, ekonomia-, ingurumen- eta administrazio-arlokoak) eta proposatutako konponbidea aukeratzeko egon diren arrazoiak.

Txosten horrekin batera, eman beharreko datuak eta oinarrizko kalkuluak ere aurkeztuko dira.

b) Obra definitzeko beharrezko diren kokapen-plano guztiak, orokorrak zein multzo osokoak.

c) Aurrekontua, obra egiteko gastu guztiak jasota, egin beharreko desjabetzeak ordaintzeko dirua ere zehaztuta dagoela, eta, betiere, balioespenak eta gutxi gorabeherako neurketak oinarritzat hartuta.

d) Azterlana, obrak erabiltzeko eta ustiatzeko modua dela-eta, emakidarako arautuko diren finantzaketa-bidea eta tarifa-araubidea zehaztuta, eta, hala badagokio, merkataritza ustiatzeko guneak sortutako irabazietan izan dezaketen eragina edo ekarpena ere barruan sartuta.

Aurreproiektua jendaurreko informazioaldian egongo da hilabeteko epean, eta, oso konplexua bada, epe hori luzatu egin ahal izango da beste horrenbeste denboran, egoki iritzitako ohar guztiak egin daitezen obraren kokapena eta ezaugarriak direla-eta, edo onura publikoko adierazpenari buruzko edozein inguruabar dela-eta; Estatuko Administrazio Orokorreko Administrazioan, autonomia-erkidegoetan eta toki-erakundeetan eskumen hori duten organoei ere igorriko zaie aurreproiektua.

Jendaurreko informazioaren izapide horretan bertan, ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpena nahitaezkoa den egoeretan, ingurumen-inpaktuaren azterlanari dagokion izapidea ere beteko da, baldin eta, aurreko artikuluko 6. paragrafoan jasotako egoera delako, izapide hori lehenago bete ez bada.

Administrazio emakidatzaileak obraren aurreproiektua onetsiko du, egindako alegazioak aintzat hartuta eta ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpenak dakartzan preskripzioak erantsita, eta berariaz onura publikotzat aitortzea eskatuko du, jabetza nahitaez kentzeko legean jasotako xedapenenei begira.

Administrazio-klausula zehatzen agirian horretarako baimena ematen denean, emakida-lizitatzaileek, agiri horretan ezarritako moduan, ongi iritzitako hobekuntzak sartu ahal izango dituzte aurreproiektuan.

229. artikulua. Obraren proiektua eta proiektu-zuinketa.

Administrazio emakidatzaileak obren ezaugarri guztiak erabat zehazten baditu, orduan, dagokion proiektua idatzi, ikuskatu eta onetsiko da, eta proiektuaren zuinketa ere egingo da, betiere, lege honetako artikuluetan ezarritakoarekin bat etorrita; era berean, obra onura publikokoa dela deklaratuko da, jabetza nahitaez kentzeko legean jasotako xedapenenei begira.

Aurreproiekturik ez dagoenean, Administrazio emakidatzaileak, proiektua behin betiko onetsi aurretik, aurreproiektuei buruz 228. artikuluko 3. eta 4. paragrafoetan ezarritako izapideak beteko ditu.

Obraren proiektura ekar litezkeen hobekuntzei dagokienez, 228. artikuluko 5. paragrafoan ezarritakoa aplikatu beharko da.

Herri-lanak kontserbatzeko eta ustiatzeko zeregina emakidan uzterakoan, emakidadunak gauzatu behar dituen obren proiektuek, era berean, betekizuna, edukia, ikuskapena eta zuinketa direla-eta, lege honetan obra-kontratuari buruz ezarritakoa errespetatu beharko dute.

Emakidadunak proiektuko akatsetatik etorritako kalteen erantzukizuna izango du, emakidan zehaztutakoaren arabera, proiektua aurkeztea berari dagokionean edo Administrazioak aurkeztutako proiektuan hobekuntzak egin dituenean.

Aurreko paragrafoan jasotakoari lotuta, herri-lanak kontserbatzeko eta ustiatzeko proiektuetan dauden akatsen ondorioz sortutako kalteak ere hartuko ditu erantzukizun horrek.

230. artikulua.- Administrazio-klausula zehatzen agiriak.

Herri-lanen emakidarako kontratuen administrazio-klausula zehatzen agirietan, gutxienez, lege honen 232.1. artikuluan jasotako argibideak eta hemen aipatutako beste hauek agertu behar dira azalduta:

a) Kontratuaren xedea, dagokion aurreproiektu edo proiektua adierazita, eta, horri lotuta, kontratu-izaera duten dokumentuak berariaz aipatuta.

Hala dagokionean, merkataritza-ustiaketarako gune osagarria ere zehaztu behar da.

b) Kontratua esleitzeko prozedura eta modua, esleipenduna hautatzeko irizpideak eta esleipena egin duen organoari dagokion identifikazioa.

c) Jarduteko gaitasunari, eta ekonomia, finantza eta teknika arloetako kaudimenari dagozkien betekizunak.

Horri lotuta, sozietate-talde bateko pertsona juridiko nagusiek lizitazioan parte hartzen dutenean, talde horretako sozietateak har daitezke kontuan, betiere, pertsona juridiko nagusi horiek egiaztatzen badute kontratua gauzatzeko beharrezko diren baliabideak, talde horretako sozietateenak direnak, noiznahi eta erabat benetan erabilgarri dauzkatela.

d) Proposamenen edukia, lege honetako 233. artikuluan jasotakoa ere barnean dela.

e) Emakidadunaren ordainketa-sistema; horren barruan eskaintza egiterakoan emango diren aukerak ere sartuko dira, eta, hala dagokionean, obrak egiterakoan prezioak berrikusteko eta ustiapen-aldian kostuak eguneratzeko erabiliko diren formulak ere bai; emakidaren xedea zein den aintzat hartuta, dagozkien tarifetan izan dezaketen eragina ere nahitaez zehaztu beharko da.

f) Merkataritza-gunearen ustiaketak dakartzan etekinetan gutxienez lortu beharreko maila; hortik behera ezin izango da murriztu emakidaren osagai ekonomikorik.

g) Herri-lanen emakida-kontratuaren xedea dela-eta, ekonomia, finantza eta zerga alorretan aitor litezkeen onurak, eta, halakorik badago, ondasun higiezinak edo beste era batekoak eskuragarri utzita, Administrazioak edo erakundeak zein beste herri-administrazio batzuek egindako ekarpenak.

h) Behin-behineko zein behin betiko bermeak zenbatekoak eta nolakoak diren.

i) Sozietate emakidadunaren ezaugarri bereziak, hala dagokionean.

j) Hala dagokionean, proiektua egiteko epea, obrak egiteko epea, eta obrak ustiatzeko epea; epe horiek finkoak zein aldakorrak izan ahal izango dira, klausula-agirian ezarritako irizpideen arabera.

k) Alde batekoek zein bestekoek obrak egiteko eta ustiatzeko faseetan izango dituzten eskubideak eta betebeharrak.

l) Zigorren araubidea, eta emakida bahitzea ekarri ahal izango duten egoerak.

m) Lege honetan ezarritakoa beteko dela berariaz adieraztea.

n) Eskaintzak aurkezteko tokia, eguna eta epea.

Kontratazio-organoak, agiriaren izaera eta konplexutasuna aintzat hartuta, epe bat jarri ahal izango du, lizitatzaileek egoki iritzitako zenbanahi argibide eskatzeko modua izan dezaten agiriaren edukia dela-eta.

Erantzunak lotura-indarrekoak izango dira, eta jendaurrean argitaratu beharko dira, lizitazio-prozeduran berdintasuna eta lehia askea bermatuta egon daitezen.

231. artikulua.- Lizitazioaren deialdia.

Kontratazio-organoak, lizitaziorako deialdia egin aurretik, prestakuntza-izapide guztiak bete direla egiaztatuko du, eta dagokion kontratazio-espedientea onartuko du; horrela, espediente horri lotuta dagoen administrazio-klausula zehatzen agiria ere onartuta geratuko da inplizituki.

Ebazpen berean, kontratu-lizitaziorako deialdiaren bitartez, esleipen-prozedura irekitzeko erabakia ere hartuko da.

Modu ofizialean onartutako iragarki-ereduaren arabera argitaratu beharko da deialdia, eta, betiere, obra-kontratuak jakinarazteko publizitate-arauak errespetatuta; prozedura murriztua denean berezitasun bat izango da, hautagaitzak aurkezteko epea ezin baita 52 egunetik beherakoa izan, iragarkia bidaltzen den egunetik kontatzen hasita.

Deialdia egiteko iragarkian agertu beharreko informazioaz gainera, kontratazio-organoak informazio osagarria ere jarriko du, kontsultarako, interesdunentzako eskuragarri, gutxienez, honako arlo hauek jorratuta:

a) Kontratuaren xede den herri-lana, bere ezaugarriak eta ustiapen-araubidea zehaztuta.

b) Kontratua esleitzeko prozedura eta modua, baita emakidaduna hautatzeko irizpideak ere.

c) Kontratazio-organoak lizitazio-aldian eman beharreko dokumentuen zerrenda.

Dokumentu horien artean egongo dira bideragarritasun-azterlana, edo, hala badagokio, ekonomia eta finantza arloetako bideragarritasun-azterlana; horrez gain, obren proiektua edo aurreproiektua, eta emakidak bete beharreko administrazio-klausula zehatzen agiria ere bai; halakorik aurreikusita dagoenean, merkataritza-ustiakuntzarako gune osagarria eta gune horren xedea ere ondo zehaztuko dira.

d) Lizitatzaileek bete beharko dituzten betekizunak, baita eratzekoa den sozietate emakidadunean gerora bazkide izan litezkeen pertsonek bete beharrekoak ere.

Emakidaren lagapen-hartzaileek ere, egoera hori bada, agirietan ezarritako klausula zehatzak bete beharko dituzte; betiere, aintzakotzat hartuko da, lagapena gertatu den une horretan, emakida-negozioa noraino dagoen garatuta.

e) Proposamenean jaso beharreko inguruabarrak, eta horrekin batera aurkeztu beharreko dokumentuak.

f) Eskatu den berme-araubidea.

g) Hautagaitzak aurkezteko modua, tokia eta epea. Iragarkia "Europako Erkidegoen Aldizkari Ofizialean" argitaratzea nahitaezkoa denean, epea ezingo da 52 egunetik beherakoa izan, iragarkia Europako Erkidegoen Argitalpen Ofizialen Bulegora bidaltzen den egunetik kontatzen hasita.

Prozedura irekia denean, aurreko artikuluaren ildo beretik, kontratazio-organoak administrazio-klausula zehatzen agiria helaraziko die interesdunei, hala eskatuz gero.

Prozedura murriztua edo negoziatua erabiltzen bada, aukeratutako hautagaiei emango zaie klausula-agiri hori.

232. artikulua.- Lizitatzaileei eskatutako betekizunak.

Lizitatzaile izan ahal izango dira, lege honen 15., 16. eta 19. artikuluetan ezarritakoaren arabera, ekonomia, finantza eta teknika arloetako kaudimena eta gaitasuna direla-eta betekizunak betetzen dituztenak, baldin eta, 20. artikuluaren arabera, kontratatzeko debekua duten egoeretakoren batean sartuta ez badaude.

Administrazio-klausulen agiriak zehaztuko du, emakidaren izaera eta xedea aintzat hartuta, nola egiaztatu behar den teknika, ekonomia eta finantza arloetako kaudimena.

Lizitazioan parte hartu ahal izateko, beharrezkoa izango da behin-behineko bermea eratzea, administrazio-klausula zehatzen agirian zehaztutako kopurua jarrita; kopuru hori ezingo da inbertsiorako estimatutako aurrekontuaren 100eko 2koa baino txikiagoa izan.

Banaka zein beste batzuekin batera, herri-lanen emakida hartzeko lizitazioan parte hartzen dutenak, emakidaren titularra izango den sozietate bat eratzeko konpromisoa hartuta lehiatu ahal izango dira.

Sozietate hori eratzeko modua, eta, hala dagokionean, sozietatearen forma ere bai, arlo horri berariaz dagokion legeriak emakida-mota jakin batzuetarako ezarritakoari egokitu beharko zaizkio.

233. artikulua.- Proposamenen edukia.

Administrazio-klausula zehatzen agirian eskatutako inguruabarrak jaso beharko dira lizitatzaileen proposamenetan, eta, herri-lana eraiki eta ustiatzeko emakidak direnean, honako argibideak eman beharko dira gutxienez:

a) Gerora sozietate emakidadun izango den horretan sustatzaile izango direnen zerrenda, baldin eta horrelako sozietate bat eratzeko asmorik badago, eta bere ezaugarri juridiko zein finantzarioak ere bai.

b) Obrak egiteko plana, aurrez finkatutako egunak zehaztuta: obrak noiz hasiko diren, noiz bukatu eta noiz jarriko den abian bere xedea betetzen.

c) Emakidaren iraupena, eta epeak.

d) Emakidaren ekonomia- eta finantza-plana; arlo horri dagozkion inguruabarrez gain, hor jasoko dira, aurrez estimatutakoaren arabera, tarifa-sistema, inbertsioa, ustiapen-kostuak, ordainketa-betebeharrak eta finantza-gastuak, zuzenak zein zeharkakoak.

Obraren erabilerak errendimenduak badakartza, eta, merkataritza-gunerik egonez gero, horren ustiaketak etekinak badakartza, errendimendu eta etekin horiek eskaintzan aurrez proposatu den gutxieneko mailara iristen ez direnean edo gehieneko mailatik gora doazenean, aintzakotzat hartu beharko da berariaz ea egoera horrek zer eragin duen tarifetan eta amortizazio-aurreikuspenetan, baita emakidaren epean eta agirian ezarritako gainerako aldagaietan ere.

Dena den, merkataritza-guneak dakartzan errendimenduak, administrazio-klausula orokorren agirian finkatutako gutxieneko maila gainditzen ez badute, ez dira aintzat hartuko eta ez dute arestian aipatutako osagaiak berrikusteko biderik emango.

e) Obraren finantzaketa mistoa denean, baliabide publikoen kontura izango den finantzaketa-portzentajea; betiere, administrazio-klausula zehatzen agirian ezarrita dauden portzentajeak baino txikiagoa izan behar du.

f) Sozietate emakidadunak hartutako konpromisoa, aplikatu beharreko legearen arabera, agirian ezarritako kontabilitate-eredua erabiliko duela adieraziz, merkataritza-ustiapenerako gune osagarriak kudeatzeko zereginari dagokion eredua ere barnean dela, nahiz eta gune horien errendimenduak emakidaren errendimenduetan sar litezkeen ondorio guztietarako.

Kontratuaren xedea lehendik eraikita dagoen herri-lana ustiatzeko emakida denean, administrazio-klausula zehatzen agiriak emakidaren berariazko xede horretara egokituko du proposamenen edukia.

Lizitatzaileek, agirian finkatutako moduan eta ezarritako mugak errespetatuta, egoki iritzitako hobekuntza guztiak sartu ahal izango dituzte, honako hauek hobetzeko: obrak egitura aldetik dituen ezaugarriak, ustiakuntza-araubidea, ingurumenean eta baliabide naturaletan ahalik eta kalterik gutxien eragiteko neurriak edo funtsezko beste hobekuntza batzuk, kokapena izan ezik.

234. artikulua.- Loturiko enpresak eta proposamenen araubidea.

Loturiko enpresak dira, jabetzaren, finantza-partizipazioaren, nahiz arautzen dituzten arauen bidez, zuzenean zein zeharka, emakidadunak haiengan eragin nagusia izan badezake, edo enpresek berek emakidadunarengan halako eragina izan badezakete, edo enpresak eta emakidaduna bera, guztiak batera, beste enpresaren baten eragin nagusiari lotuta badaude.

Eragin nagusia dagoela uste izango da, enpresaren bat, zuzenean edo zeharka:

a) Beste enpresa baten kapital harpidetuaren gehiengoaren jabe bada.

b) Beste enpresak jaulkitako partizipazioei darizkien botoen gehiengoaren jabe bada.

c) Beste enpresako administrazio, zuzendaritza zein kontroleko organoetako kideen erdiak baino gehiago izendatzeko gai bada.

Emakidarako eskaintzak aurkez ditzaten enpresek, goian aipatutako egoeretan aurkitzen badira, loturiko enpresen zerrenda oso eta zehatza erantsi behar diete eskaintzei.

Loturiko enpresek proposamen bat baino gehiago aurkeztuz gero, egin dituzten eskaintza guztiak esleipen-prozeduratik kanpo geratuko dira ondorio guztietarako.

Dena dela, enpresak eskaintzak aurkezteko epea amaitu baino lehenago lotu bazaizkio elkarri, edo prozedura murriztuan hautagaitzak aurkezteko epea amaitu baino lehenago, lotu berri diren enpresa horiek ados jarrita erabakitzen duten eskaintzak egin ahal izango du aurrera.

2. ATALA.

KONTRATUA ESLEITZEA

235. artikulua.- Esleitzeko prozedurak eta erak.

Emakidak esleitzeko orduan, prozedura irekia zein murriztua erabili ahal izango da, batean zein bestean lehiaketa baliatuta, edo, bestela, prozedura negoziatua erabili ahal izango da, betiere, lege honetan ezarritakoaren arabera.

Lizitatzaileen proposamenak aztertu eta balioesteko, kontratazio-organoak mahai bat izango du lagun; lege honetan ezarriko da mahai hori zein egoeratan eratuko den, nola osatuko den eta zein eskumen izango dituen.

Administrazio-klausula zehatzen agirian ezarritako epeak errespetatuta esleitu eta formalizatu beharko da kontratua.

Epe horiek ezingo dira sei hilabetetik gorakoak izan; arrazoiak emanda luzatu ahal izango dira, gehienez ere hiru hilabeteko epe batez, esleipenerako, eta hiru hilabetez, formalizaziorako.

3. ATALA.

OBRAK EGITEA

236. artikulua.- Obrak egiteko modalitateak.

Kontratazio-organoak onartutako proiektuaren arabera egingo dira obrak, administrazio-klausula zehatzen agirian ezarritako epeetan; Administrazioaren laguntza ere jaso ahal izango da obrak egiteko.

Emakidadunak, dagokion obra hori egiteko zeregina hirugarrenekin kontratatu ahal izango du, zati batean edo osorik, betiere, lege honetan eta administrazio-klausula zehatzen agirian ezarritakoaren arabera.

Administrazioak obra eraikitzeko orduan laguntza eman dezake, bai obraren zati bat berak eginda bere kontura, bai obraren zati bat finantzatuta.

Lehendabiziko aukera hartuz gero, Administrazioak egindako obra-zatiak bere ezaugarri propioak izan beharko ditu, gainerakotik bereizitako trataera izateko moduan, eta, obra amaitutakoan, dagokion harrera formala egin beharko da.

Administrazio-klausula zehatzen agiriak bestelakorik agintzen ez badu, lege honen 145. artikuluan ezarritakoaren arabera ordainduko da obrari dagokion diru-zenbatekoa.

Bigarren aukera hartuz gero, finantzaketarako emandako zenbatekoa itundutako moduan ordaindu ahal izango da, obrak egiten diren bitartean, lege honen 145. artikuluan ezarritakoaren arabera, edo, bestela, obrak amaitutakoan, lege honen 245. artikuluan zehazten den moduan.

Emakidadunak, berak zuzenean, edo, bestela, zati batean zein osorik kontratatuta, obra egiteari ekin behar dionean, kontratazio-organoari jakinaraziko dio, eta hark eskatutako dokumentazio eta argibide guztiak emango dizkio.

Kontratazio-organoari dagokio obra nola egiten ari den kontrolatzea, betiere, preskripzio teknikoen agirian ezarritako jarraibideak errespetatuta.

237. artikulua.- Obra hirugarren batzuek egitea.

Herri-lanen emakida-kontratuan, emakidaren xede diren obrak egiteko kontratuen ehunekoren bat hirugarren batzuei azpikontratatzeko betebeharra ezar diezaioke Administrazioak emakidadunari, obraren balio osoaren 100eko 30ekoa gutxienez; lizitatzaileek ehuneko hori gehitu ere egin dezakete, betiere, kontratuan aurrez jasota eta zenbatekoa ere zehaztuta badago.

Administrazioak, aukeran, gonbita egin ahal izango die lizitatzaileei, eskaintzetan hirugarren batzuekin gutxienez azpikontratatuko duten ehunekoa adieraz dezaten.

Emakidadunak hirugarren batekin egiten dituen kontratuak 135.2. artikuluan ezarritako publizitate-arauen menpe jarri beharko ditu, egoera hauetakoren bat gertatzen denean izan ezik:

a) Kontratuaren prezioa, Balio Erantsiaren gaineko Zerga kanpoan dela, 5.000.000 igorpen-eskubide bereziren baliokide diren 5.923.624 eurotik beherakoa bada.

b) Kontratua esleitzeko prozedura publizitaterik gabeko prozedura negoziatua denean.

Aurreko paragrafoan ezarritakoaren ondorioetarako, emakida lortzeko bildutako enpresak ez dira hirugarrentzat hartuko, ez eta haiei loturik dauden enpresak ere.

Emakidadunak eguneratuz joan beharko du egoera horretan dauden enpresen zerrenda, dagokien enpresen arteko harremanetan aldaketan gertatzen diren neurrian.

Era berean, emakidadunak obrak egiteko lanak azpikontratatzen dituenean, lege honetako 137., 140. eta 141. artikuluetan ezarritakoa aplikatu beharko da, eta erregelamenduz araututako iragarki-ereduari egokitu beharko zaio.

Administrazio ez diren emakidadunek egindako kontratuetan, prozedura murriztuetan betiere, parte hartzeko eskabideak jasotzeko epea ez da hogeita hamazazpi egunetik beherakoa izango, ez eta eskaintzak jasotzekoa berrogei egunetik beherakoa ere, iragarkia bidaltzen den egunetik edo eskaintza aurkezteko gonbitaren egunetik kontatuta hurrenez hurren.

Herri-administrazioren bat emakidadun denean, lege honetan xedatutakoari lotu behar zaio bete-betean, hirugarren batzuek egin behar dituzten obrei dagokienez.

238. artikulua.- Erantzukizuna, obra hirugarren batzuek egiten dutenean.

Emakidadunari dagokio hirugarrenekin kontratatutako obrak nola ari diren egiten kontrolatzea; langintza horretan, emakidadunak eginda, kontratazio-organoak onartu duen planari egokitu behar zaio kontrol hori.

Kontratazio-organoak, edozein unetan, informazioa jaso ahal izango du obrak nola doazen jakiteko, eta egoki iritzitako beste ikuskapen-bisitaldi egin ahal izango ditu obretara.

Emakidaduna da, hirugarrenekin sinatutako kontratuak gauzatzeak edo suntsiarazteak dakartzan ondorioak direla-eta, kontratazio-organoaren aurrean erantzule, eta, era berean, bera da, ondorio berberei dagokienez, hirugarren horien aurrean ere erantzule.

239. artikulua.- Galdu-gordean jarduteko printzipioa, obrak egiterakoan.

Emakidadunak galdu-gordean jardunda eraikiko ditu obrak, lege honen 98. eta 144. artikuluetan ezarritakoaren arabera, betiere, 236. artikuluaren 2. paragrafoan jasotakoari jarraituz Administrazioaren kontura egitekoa den obra-zatia izan ezik, halakorik badago, orduan obra-kontratuetarako ezarritako araubide orokorra izango baita jarraitu beharrekoa.

Emakidaduna, epe partzialetan zein guztizko epean, obra egitean berandutzen bada, eta atzerapen hori ezinbestean gertatu bada edo Administrazio emakidatzaileari egotz dakiokeen erruz gertatu bada, emakidadunak obra egiteko epea luzatzeko eskubidea izango du, eta emakida-epea ere bai, ondoz ondoan eta denbora metatuaz, eta, gutxienez ere, gertatu den atzerapenaren bestekoa izango da luzapena, hori baino epe laburragoa eskatzen ez badu behintzat.

Emakidaduna bada atzerapenaren erantzulea, orduan, Administrazio-klausula zehatzen agirian eta lege honetan jasotako zigor-araubidean ezarritakoari begiratuko zaio, eta berandutze horrek ez du emango emakida-epea luzatzeko biderik.

Ezinbestean sortutako egoera horrek, nahiz eta epea luzatzeko baimena eman, kostu handiagoak eragiten badizkio emakidadunari, ekonomia- eta finantza-plana egokitu beharko da.

Ezinbestean sortutako egoera horrek obrak egitea erabat eragozten badu, kontratua suntsiaraziko da; orduan, ordura arte egindako obren zenbateko osoa ordainduko dio kontratazio-organoak emakidadunari, eta hirugarrenekin izandako zorren ondorioz sortu zaizkion kostu handiagoak ere bai.

240. artikulua.- Proiektua aldatzea.

Kontratua burututakoan, interes publikoak halaxe eskatzen duenean, orduan bakarrik sartu ahal izango ditu aldaketak kontratazio-organoak proiektuan, betiere, premia berrien edo uste gabeko arrazoien eraginez sortutakoak badira; espedientean behar bezala justifikatu beharko du hori guztia.

Emakidaren ekonomia- eta finantza-planak beti jaso beharko ditu, horretarako egin beharreko doikuntzak eginda, kostuak handitzeak edo murrizteak dakartzan ondorioak.

Emakidadunak kontratua suntsiarazteko eskatu ahal izango du, baldin eta, kontratazio-organoak, obra egiteko fasean, aldaketak egin behar direla agindu, eta, hasierako kalkuluen arabera obran guztira gastatu behar zen kopurua handitzen edo murrizten bada 100eko 20tik gorako proportzio batean, edo, bestela, hasierako proiektua funtsean aldarazi behar bada horren eraginez.

241. artikulua.- Obrak bukatzea.

Obrak amaitutakoan, egiaztapenaren akta bat jasoko du Administrazio emakidatzaileak.

Harrera-akta formala emakida bukatutakoan jasoko da, kontratazio-organoari ondasunak eta instalazioak entregatzerakoan.

Egiaztapenaren akta nola jaso eta akta horretan zer jaso administrazio-klausula zehatzen agirian ezarriko da, eta, harrera-akta jasotzerakoan, lege honen 147. artikuluan ezarritakoari begiratuko zaio.

Egiaztapenaren aktarekin batera dokumentu bat aurkeztuko da, gauzatutako herri-lana balioesteko, eta, hala dagokionean, ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpenean ezarritako baldintzak bete direla egiaztatzeko; dokumentu hori kontratazio-organoak emango du, eta egin den inbertsioa ere jasoko da bertan.

Administrazio emakidatzaileak, eginda dauden obrei buruz hilero egindako ziurtagirietan oinarrituz emakidadunari zatika ordainketak eginda, zati batean finantzatu dituen obrak direnean, obra-bukaerako ziurtagiria aurkeztu beharko da, aurreko paragrafoan adierazitako egiaztapen-akta eta balioespen-agiriarekin batera.

Administrazio emakidatzaileak obrei buruzko egiaztapen-akta onartzeak obrak jendaurrean zabaltzeko baimena ere badakar era inplizituan; emakidadunak ez beste hirugarren batzuek egin dituztenean obrak, onarpena hartzen den une horretan bertan hasiko da obraren berme-epea, baita ustiakuntza-fasea ere.

III. KAPITULUA

Emakidadunaren eskubideak eta betebeharrak; eta Administrazio emakidatzailearen prerrogatibak.

I. ATALA.

EMAKIDADUNAREN ESKUBIDEAK ETA BETEBEHARRAK

242. artikulua.- Emakidadunaren eskubideak.

Emakidadunak honako eskubide hauek izango ditu:

a) Herri-lana ustiatzeko eskubidea, bai eta, emakidak dirauen bitartean, kontratuan adierazitako ordainketa ekonomikoa jasotzeko eskubidea ere.

b) Emakidaren oreka ekonomikoari eusteko eskubidea, lege honen 248. artikuluan jasotako era eta irismena aintzat hartuta.

c) Herri-lana eraikitzeko, moldatzeko, kontserbatzeko eta ustiatzeko beharrezko direnean, Administrazio emakidatzailearenak diren jabari publikoko ondasunak erabiltzeko eskubidea.

Eskubide horren barruan egongo da, obra eraikitzeko xedea betetzearren soil-soilik, lanean ari direla sortzen diren urak edo agertzen diren materialak erabiltzekoa, betiere, kasuan kasurako, dagokion jabari publikoa kudeatzeko Administrazio eskudunak berariaz baimena emanda.

d) Administrazioari izapideak eta betebeharrak eskatzeko eskubidea, jabetza nahitaez kentzeko, zortasunak ezartzeko eta administratiboki maizterra botatzeko prozeduretan, herri-lana eraikitzeko, moldatzeko eta ustiatzeko beharrezko diren izapide guztiak bete ditzan, eta, emakidadunak bere eskubideak bete ahal izateko, Administrazioak baliatu beharreko akzio guztiak balia ditzan.

Desjabetutako ondasunak eta eskubideak, emakidari atxikitakoak, jabari publikoaren barruan geratuko dira.

e) Emakida inori lagatzeko eskubidea, lege honen 114. artikuluan ezarritakoarekin bat, eta emakida hipotekatzekoa ere bai, lege honetan ezarritako baldintzen arabera, kasu batean zein bestean, kontratazio-organoak aurretiaz administrazio-baimena emanda.

f) Bere kreditu-eskubideak titulu bidez eskualdatzeko eskubidea, lege honen 254. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

g) Lege honetan zein beste batzuetan edo baldintzen agirietan aitortutako beste edozein eskubide.

243. artikulua.- Emakidadunaren betebeharrak.

Emakidadunaren betebehar orokorrak dira:

a) Obrak egitea, kontratuan ezarritakoaren arabera.

b) Herri-lana ustiatzea, horren kudeaketak dakartzan ekonomia-arriskuak bere gain hartuta, betiere, kontratuan ezarritako edo gerora kontratazio-organoak agindutako epeak eta jarraibideak errespetatuz.

c) Erabiltzaile guztiek herri-lana erabil dezaketela onartzea, betiere, berdintasun, unibertsaltasun eta bereizkeriarik ezaren printzipioen arabera ezarrita dauden baldintzak errespetatuta, eta, hala dagokionean, dagokion tarifa ordainduta.

d) Herri-lanaren ordena zuzena eta kalitatea, baita erabilera bera ere, egokiro zaintzea, horretarako, komeni diren jarraibideak aginduta, kontratazio-organoari dagozkion polizia-ahalmenei kalterik egin gabe.

e) Obrak egitean edo ustiatzean hirugarrenei egindako kalteak ordaintzea, baldin eta kalte horiek lege honen 97. artikuluaren arabera emakidadunari egozteko modukoak badira.

f) Emakidari lotuta geratzen den jabari publiko guztia babestea, batez ere, ekologia eta ingurumen aldetik jabari horrek dituen balioak zainduta.

g) Lege honetan zein beste batean edo administrazio-klausula zehatzen agirian jasotako beste edozein betebehar.

244. artikulua.- Herri-lana erabiltzea eta kontserbatzea.

Emakidadunak herri-lanaren erabilera, polizia eta kontserbazioa direla-eta emandako arauak era egokian aplikatuko direla begiratu beharko du.

Herri-lana ustiatzeaz arduratzen diren langileek, bertan agintaritzaren agenteri egon ezean, hartu beharreko neurriak hartu ahal izango dituzte herri-lana egokiro erabil dadin, eta, hala dagokionean, salaketak ere jarriko dituzte.

Emakidadunaren langileek, behar bezala egiaztatuta daudela, Administrazio eskudunak aurretiaz homologatuta dituen baliabideak erabiliz, lortzen dituzten frogabideak erabili ahal izango dira froga modura, baita zuzenbidean onartutako beste edozein bide ere.

Emakidadunak herri-lana erabiltzeko debekua eman ahal izango die ordaindu beharreko tarifa abonatu ez duten erabiltzaileei, dagokion arloko legerian gai honetaz ezarritakoari kalterik egin gabe.

Emakidadunak egokiro mantendu beharko du herri-lana, unean-unean eta zientzia aurrera doan heinean, aplikatu beharreko arauetan ezarritakoa aplikatuz, honako arlo hauek oinarri hartuta: teknika, ingurumena, irisgarritasuna, arkitektura-oztopoak kentzea eta erabiltzaileen segurtasuna.

Emakidadunak eskainitako zerbitzuaren kalitatea neurtzeko mekanismoak jaso ahal izango ditu Administrazioak baldintzen agirian, eta, horien arabera, abantailak eman ahal izango ditu, edo zigor ekonomikoak ezarri.

2. ATALA.

EMAKIDAREN ARAUBIDEA EKONOMIA ETA FINANTZA ALDETIK

245. artikulua.- Obraren eraikuntzan egindako ekarpen publikoak.

Herri-administrazioek obraren finantzaketan parte hartu ahal izango dute, ekarpenak eginda; ekarpen horiek obrak egiteko fasean emango dira, lege honen 236. artikuluak ezarritako moduan, edo obrak bukatutakoan, edo emakida amaitutakoan, eta ekarpen horien zenbatekoa baldintzen agirian egongo da ezarrita, edo, agirian horrela jasota dagoenean, lizitatzaileek eurek finkatuko dute beren eskaintzetan.

Azken bi egoera horietan, ordainketa osoaren modalitatea erabilita egiten diren obra-kontratuei buruzko arauak aplikatu behar dira, ordainketa zatika egiteko aukera ez badago behintzat.

Aurreko paragrafoan adierazitako ekarpen publikoak diruzkoak ez diren ekarpenak ere izan daitezke, kontratazio-organoak egindakoak, edo, horretarako hitzarmenik badago, beste edozein administraziok egindakoak, betiere, administrazio-klausula zehatzen agirian jasotako ekarpen-baliospenak aintzakotzat hartuta.

Emakidadunari entregatutako ondasun higiezinak ere emakidari atxikita dagoen ondarearen barruan sartuko dira; obra-proiektuan aurrez zehaztutako xede horretarako erabiliko dira, eta, emakida amaitzen denean, berriz ere Administrazioaren eskuetara itzuliko dira; betiere, hiri-antolamendurako planak edo arlokakoak errespetu behar dira.

246. artikulua.- Obra erabiltzeagatik eman beharreko ordainsaria.

Emakidadunak ordainsaria jasotzeko eskubidea izango du obra erabiltzeagatik, administrazio-klausula zehatzen agirian jasotako moduan, eta artikulu honetan ezarritako jarraibideen arabera.

Erabiltzaileek herri-lanak erabiltzeagatik ordaindu behar dituzten tarifak kontratazio-organoak finkatuko ditu esleipen-akordioan.

Finkatutako tarifa horiek gehienekoak dira, eta emakidadunak, egoki irudituz gero, tarifa horietatik beherakoak ere aplikatu ahal izango ditu.

Tarifak berrikusi egingo dira aldian behin, administrazio-klausula zehatzen agirian ezarritako prozedura erabilita.

Lege honen 233.1.d) artikuluaren arabera, obraren erabilerak errendimenduak badakartza, eta, merkataritza-gunerik egonez gero, errendimendu eta etekin horiek eskaintzan aurrez proposatu den gutxieneko mailara iristen ez direnean edo gehieneko mailatik gora doazenean, horren ustiaketak etekinak badakartza, emakidaren ekonomia- eta finantza-planak ezarriko du egoera horrek zer eragin duen tarifetan.

Administrazioak ordaindu ahal izango du emakidadunak obra erabiltzeagatik jaso behar duen ordainsaria, betiere, bere erabilera aintzat hartuta, eta administrazio-klausula zehatzen agirian jasotako moduan.

Emakidadunak, era berean, emakidari lotutako merkataritza-guneetako ustiakuntzatik datozen diru-sarreren bitartez ere jasoko du ordainsaria, halakorik badago behintzat, betiere, administrazio-klausula zehatzen agirian ezarritako moduan.

Emakidadunak kontabilitate-liburuan bereizi egin beharko ditu, batetik, ekarpen publikoetatik datozen sarrerak; bestetik, obra-erabiltzaileek ordaindutako tarifetatik sortutakoak; eta, halakorik badago, merkataritza-gunearen ustiaketak dakartzan etekinak ere bai.

247. artikulua.- Obraren ustiakuntzan egindako ekarpen publikoak.

Herri Administrazioek honako ekarpen hauek egin ahal izango dizkiote emakidadunari, obra-ustiakuntzaren bideragarritasun ekonomikoa bermatzearren:

a) Preziorako diru-laguntzak, aurrerakin itzulgarriak, partaidetza-maileguak, mendekoak zein beste edozein eratakoak, betiere, kontratazio-organoak onartuta ekarpen horiek egin daitezen, edo obra-ustiakuntzaren hasieratik bertatik, edo, bestela, ustiakuntza behin hasita dagoela, baldin eta emakida ekonomia eta finantza aldetik bideragarri izango dela bermatzeko beharrezkoak izango direla ikusten bada.

Maileguak itzultzean eta, hala dagokionean, maileguetatik sortutako interesak ordaintzean, emakidan zehaztutakoari egokituko zaio.

b) Laguntzak salbuespen-kasuetan, ustiakuntzak gutxienez lortu beharreko errentagarritasun-mailara iritsi aurretik, interes publikoko arrazoiak direla-eta, herri-lana erabiltzen hasteko sustapena komenigarria denean.

3. ATALA.

KONTRATUAREN OREKA EKONOMIKOA

248. artikulua.- Kontratuaren oreka ekonomikoa zaintzea.

Herri-lanak emakidan uzteko kontratuak, esleipenerako kontuan izan ziren inguruabarrei jarraituz, oreka ekonomikoari eutsi beharko dio, interes orokorra eta emakidadunaren interesa biak aintzakotzat hartuta, eta hurrengo paragrafoan ezarritakoaren arabera.

Administrazioak, egoera hauetakoren bat gertatuz gero, kontratuaren oreka ekonomikoa lehengoratu beharko du, dagokion aldearen onurarako:

a) Administrazioak, interes publikoko arrazoiak direla-eta, obra ustiatzeko baldintzak aldarazten baditu.

b) Ezinbesteko kasuak direla-eta, edo Administrazioaren jardunak zuzenean eraginda, emakidaren ekonomia hausten bada funtsean.

Ondorio horietarako, lege honetako 144. artikuluan jasotako egoerak hartuko dira ezinbesteko kasutzat.

c) Kontratuan bertan halaxe zehaztuta, kontratua berrikusteko egoeretakoren bat gertatzen bada, lege honen 230.1.e) eta 233.1.d) artikuluetan adierazitakoaren arabera.

Aurreko paragrafoan adierazitako egoeretan, kasuan-kasuan hartu beharreko neurriak hartu beharko dira kontratuaren oreka ekonomikoa lehengoratzeko.

Neurriak hartzerakoan, hauetakoren bat hartu ahal izango da: obra erabiltzeagatik ordaindu behar diren tarifak aldatu, emakidarako epea luzatu edo murriztu, betiere, 263. artikuluan finkatutako mugak errespetatuta, eta, orokorrean, eduki ekonomikoa duten kontratuko klausulak era batera edo bestera aldatu.

Administrazio emakidatzaileak, 2.b) paragrafoan jasotakoaren araberako ezinbesteko egoeraren bat geratuz gero, kontratuan adostu ziren gutxieneko errendimenduak bermatu beharko ditu, baldin eta ezinbestean sortutako egoera horrek obrak egitea edo ustiakuntzari jarraitzea erabat eragozten ez badu.

4. ATALA.

ADMINISTRAZIOAREN PRERROGATIBAK ETA ESKUBIDEAK

Administrazioaren prerrogatibak eta eskubideak.

Lege honetan ezarritako mugen barruan, betekizunak errespetatuta eta dagozkion ondorioak izan ditzan, kontratazio-organoak, edo, hala dagokionean, berariazko legeriak ezartzen duen organoak, honako prerrogatiba eta eskubideak izango ditu:

a) Kontratuak interpretatzeko eskubidea, eta kontratua betetzerakoan sortzen diren zalantzak ebaztekoa.

b) Interes publikoko arrazoiak direla-eta, behar bezala justifikatuta, kontratuak aldarazteko eskubidea.

b) Interes publiko dela-eta, emakidaren oreka ekonomikoari eusteko eskubidea, lege honen 248. artikuluan jasotako era eta irismena aintzat hartuta.

d) Kontratuak suntsiarazteko erabakia hartzeko eskubidea, lege honen 264. eta 265. artikuluetan ezarrita dauden egoera eta baldintzetan.

e) Herri-lana erabiltzeagatik gehieneko tarifak ezartzeko eskubidea, hala dagokionean.

f) Emakidadunak bere betebeharrak betetzen dituela begiratu eta kontrolatzeko eskubidea; ondorio horietarako, emakidaren xedearekin zerikusia duten zerbitzuak, obrak, instalazioak eta loakalak ikuskatu ahal izango ditu, baita dokumentazioa ere.

g) Herri-lana ustiatzeko zeregina bereganatzeko eskubidea, emakida-bahiketa gertatzen deneko egoeretan.

h) Emakidadunari, betebeharrak bete gabe utzi dituela-eta, ezarri beharreko zigorrak ezartzeko eskubidea.

i) Herri-lana erabiltzerakoan eta ustiatzerakoan, polizia-eginkizunak betetzeko eskubidea, arlokako berariazko legerian ezarritako nondik norakoak errespetatuta.

j) Aldi baterako herri-lana erabiltzeko baldintzak ezartzeko eskubidea, interes orokorrari begira ohiz kanpoko arazoak konpontzeko hartu beharreko neurri guztiak hartuta, eta, hala dagokionean, kalte-ordaina ordainduta.

k) Lege honetan zein beste batzuetan aitortutako beste edozein eskubide.

Artikulu honetan jasotako prerrogatibak baliatzerakoan, lege honetan eta aplikatu beharreko berariazko legerian ezarritakoari egokitu beharko zaio.

Zehatzago adierazita, nahitaezkoa izango da Estatuko Kontseiluaren irizpena, edo autonomia-erkidego bakoitzean baliokidea den aholku-organoarena, baldin eta, kontratua interpretatu, moldatu, deuseztatu edo suntsiarazten deneko kasuetan, emakidaduna aurka jartzen bada, betiere, obra egiteko fasean erabakitako aldaketak izanik, lege honen 240.2. artikuluaren arabera kontratuaren suntsiarazpena ekar dezaketenean, eta berariazko legerian jasotako egoerak gertatzen direnean.

250. artikulua.- Herri-lana eraldatzea.

Kontratazio-organoak, interes publikoak hala agintzen duenean, emakida indarrean dagoela, herri-lana moldatzeko edo zabaltzeko erabakia hartu ahal izango du, baita obra osagarriak egiteko erabakia ere, emakidaren xedeari zuzenean lotutakoak badira; horrelakoetan, hala badagokio, ekonomia- eta finantza-plana berrikusi beharko da, inguruabar berrietara egokitu dadin.

Emakidaren oreka ekonomikoan eragina duen edozein aldaketa egiterakoan, lege honetako 248. artikuluan ezarritakoa hartuko da oinarri.

Aldaketa horiek, itxura aldetik zein ekonomia aldetik diren modukoak direlako, ustiakuntza beregaina bideratzeko aukera ematen badute, beste lizitazio bat egin beharko da aldaketa horiek eraiki eta ustiatzeko.

251. artikulua.- Emakida bahitzea.

Kontratazio-organoak, emakidadunari entzunaldia eman ondoren, emakida bahitzeko erabakia hartu ahal izango du, baldin eta emakidadunak, errua berea izan gabe, aldi baterako eta gizarteari kalte larria eginda, herri-lana ustiatzea ezinezko badu, edo emakidadunak, ustiakuntza bera arriskuan jarrita, bere betebeharrak modu larrian bete gabe uzten baditu.

Kontratazio-organoaren erabakia emakidadunari jakinaraziko zaio, eta, emakidadunak, horretarako emandako epearen barruan, akatsa zuzentzen ez badu, emakida bahituko da.

Era berean, lege honetan jasotako gainerako egoeretan ere emakida bahitzeko erabakia hartu ahal izango da, bertan adierazitako ondorioak dituela.

Emakida bahitutakoan, kontratazio-organoak izango du herri-lana zuzenean ustiatzeko ardura, baita aurrez ezarritako kontraprestazioa jasotzekoa ere, eta, zeregin horretan, emakidadunaren langile eta bitarteko berberak erabili ahal izango ditu.

Kontratazio-organoak kontu-hartzaile bat edo batzuk izendatuko ditu, erabat zein zati batean, enpresa emakidaduneko zuzendaritza-taldekoen ordez jardun dezaten.

Bahitutako herri-lana emakidadunak galdu-gordean diharduela ustiatuko da, eta, bahiketa amaitutakoan, emakidadunari itzuliko zaio; horrez gain, gastu guztiak ordainduta, kontu-hartzaileen zerbitzu-sariak ere barnean direla, eta, hala badagokio, ezarri zaizkion zigorren zenbatekoa ordainduta, geratzen den saldoa ere emango zaio.

Emakida-bahiketa aldi baterako izango da; iraupen hori kontratazio-organoak erabakiko du, baina ezin izango da, luzapenak ere barnean direla, hiru urtetik gorakoa izan.

Kontratazio-organoak, Administrazioaren kabuz zein emakidadunak hala eskatuta, bahiketa amaitzeko erabakia hartuko du, horretarako arrazoiak desagertu egin direla egiaztatzen denean, eta emakidadunak herri-lana egoera egokian ustiatzeko moduan dagoela justifikatzen duenean.

Emakida bahituta egoteko ezarri den epea igarotzen denerako, emakidadunak ez badu bere betebeharrak erabat bereganatu dituela bermatzen, kontratazio-organoak emakida-kontratua suntsiaraziko du.

252. artikulua.- Emakidadunak kontratua ez betetzeagatik jarri beharreko zigorrak.

Administrazio-klausula zehatzen agirietan ez-betetzeei buruzko katalogoa ezarriko da; hor zehaztuko da emakidadunak dituen betebeharrak noiz geratzen diren bete gabe, ez-betetze arinak eta larriak bereizita.

Zigortzeko modukotzat joko dira emakidadunak lege honetan ezartzen diren debekuak zati batean edo osorik ez betetzea, legearen arabera bete beharrekoak diren jardunak ez betetzea, eta, batez ere, obra egiteko epeak ez betetzea, herri-lanen erabilera-, polizia- eta kontserbazio-eginbeharrak betetzerakoan zabarkeriaz jokatzea, herri-lanaren erabilera zati batean zein osorik etetea, eta, legez baimendutako diru-kopuruak baino handiagoak kobratzea erabiltzaileari.

Kontratazio-organoak zigor ekonomikoak ezarri ahal izango ditu, baldintzak zehazteko agirietan zehaztuko dira, era proportzionalean, ez-betetzea nolakoa izan den eta ustiakuntzaren garrantzi ekonomikoa zein den.

Gehienez ere ezarri ahal izango diren zigorren muga ez da izango obrak eraikuntza-fasean izan duen aurrekontu osoaren 100etik 10ekoa baino handiagoa.

Emakida ustiakuntza-fasean badago, urtero gehienez ere ezarri ahal izango diren zigorren muga ezin izango da herri-lana ustiatuta aurreko urtean lortu diren diru-sarreren 100etik 20koa baino handiagoa izan.

Ez-betetzea larria denean, aurreko ondorioez gainera, emakida suntsiaraztea ere etorriko da, baldintza-agirian ezarritako egoerak gertatuz gero.

Lege honetan ezarritako egoerez gainera, emakida aldi baterako bahitzea ekar dezaketen ez-betetze larriak zein diren zehaztuko da baldintzen agirietan, emakidadunak bete beharreko betebeharrak ez betetzeagatik kasuan-kasuan ezarri beharreko zigorrak alde batera utzita.

Obra egiteko fasean emakidadunari ezarri beharreko araubidea, zigorrei buruzkoa, lege honen 95. artikuluan ezarritakoa izango da.

Baldintzen agirian ezarritako araubidea alde batera utzita, Administrazioak hertsatzeko isunak ere ezarri ahal izango dizkio emakidadunari, bete beharrekoak bete gabe jarraituz gero, betiere, baldin eta aurrez errekerimendua egin bada, eta eman zaion epearen barruan betetzen ez baditu betebeharrekoak.

Legeak berariaz bestelakorik ezarri ezean, isunaren zenbatekoa 3.000 eurokoa izango da egun bakoitzeko.

IV. KAPITULUA

Finantzaketa pribatua

I. ATALA.

EMAKIDADUNAK TITULUAK JAULKITZEA

253. artikulua.- Obligazioak edo beste titulu batzuk jaulkitzea.

Emakidadunak, zuzenbidean onartutako era guztietako obligazioak, bonuak edo antzeko beste titulu batzuk jaulkita, kreditua eskatu ahal izango du kapital-merkatuan, barnekoan zein kanpokoan.

Kapitulu honetako gainerako aginduetan ezarritakoari kalterik egin gabe, ezin izango dira tituluak jaulki, baldin eta beren diru-itzulketako epea, zati batean zein erabat, emakida amaituta dagoela bukatzen bada.

Obligazio-jaulkipen horiek estatuaren eta bere erakunde autonomoen abala eduki ahal izango dute; abal hori, betiere, aurrekontuen arauetan ezarritako aginduen arabera eman beharko da.

Autonomia-erkidegoek, toki-erakundeek, horien erakunde autonomoek eta lege honen mendean dauden gainerako guztiek, abala eman behar dutenean, berariaz horretaz emandako arauetan ezarritakoaren arabera jardungo dute.

Obligazioen, bonuen edo bestelako tituluen jaulkipena eginez gero, kontratazio-organoari jakinarazi beharko zaio horren berri, jaulkipen bakoitza egin den egunetik hasita, hilabeteko epean gehienez ere.

Artikulu honetan eta hurrengoan araututa dauden balore-jaulkipenei dagokienez, Balore Merkatuari buruzko uztailaren 28ko 24/1988 Legean ezarritakoa aplikatu beharko da.

Jaulkipena Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalean erregistratu bada, eta erakunde ikuskatzaile horrek onartu duen erakunde kalifikatzaile batek aldeko irizpena eman badu balore horien gaineko finantza-arriskuari dagokionez, orduan, sozietate anonimoen legearen 282.1. artikuluan jasotako kopuru-muga ez da aplikatuko,, eta, era berean, anonimo izaera juridikoa hartu ez duten sozietateen, elkarteen eta bestelako pertsona juridikoen obligazio-jaulkipenak eta obligaziodunen sindikatuaren eraketa arautzeari buruz abenduaren 24an onarturiko 211/1964 Legearen 1. artikuluko bigarren paragrafoan ezarritakoa ere ez da aplikatuko.

254. artikulua.- Emakidadunaren kreditu-eskubideak titulu negoziagarri bihurtzea.

Jaulki daitezkeen baloreen bidez, emakidadunaren aldeko kreditu-eskubideetako batean edo batzuetan partaidetza eskuratuko da, eskubide horietan egonik bai tarifak kobratzeko eskubidea, bai emakidari lotutako merkataritza-guneetako ustiakuntzatik datozen diru-sarrerak, bai eta, hala dagokionean, Administrazioak egin beharreko ekarpenei dagozkienak ere.

Eskubide horien lagapena eskritura publiko eratuta formalizatu behar da; Administrazioak egin beharreko ekarpenak laga behar izanez gero, organo kontratugileari jakinarazi beharko zaio horren berri, betiere, paragrafo honen bosgarren lerrokadan ezarritakoari kalterik egin gabe.

Arestian aipatutako balore negoziagarriak tituluetan edo kontuko idatzoharretan gauzatuko dira; jaulkipen bat edo bat baino gehiago egin ahal izango dira; eta ekitaldi ekonomiko baterako edo batzuetarako diren kreditu-eskubideetan izango dute eragina.

Bai paragrafo honetako lehen lerrokadan aipatutako partaidetzak, bai kreditu-eskubideak eurak, aktiboak titulu bihurtzeko funtsetan sartu ahal izango dira, betiere, berariaz arlo horretaz dagoen legeriaren arabera araututa.

Balore hauek harpidetzea eta edukitzea inbertsiogile instituzional edo profesionalentzat mugatuta ez dagoen heinean, dagokion emakidaren erregistroko inskripzioan orri-bazterreko oharra idatziko da horren berri emanez.

Halaber, jaulkipen-ezaugarriak ere jasota geratu behar dira jaulkipena egin duten sozietateen urteko txostenean.

Balore hauek jaulki ahal izateko, kontratazio-organoak horretarako administrazio-baimena eman beharko du aurretiaz; emakidaren bukaera onak edo interes publikoko beste arrazoiren batek halaxe eskatzen duenean, orduan bakarrik ukatu ahal izango da baimen hori.

Emakidaduna porrot-egoeran gertatuz gero, aurreko paragrafoan adierazitako baloreei atxikitako kredituak banangarriak izango dira, eta atxikitako kreditu horiei dagokienez hartzekodun hipotekarioak lehentasun-zerrendan duen leku bera izango dute baloreen edukitzaileek ere.

Baldin eta, paragrafo honetan jasotako ondorioetarako soilik Administrazioaren aurrean ordezkari bakar modura jarduteko, aurretiaz pertsona fisiko edo juridikoa izendatzen bada, 256. artikuluan hartzekodun hipotekarioari aitortzen zaizkion ahalmen berberak baliatu ahal izango dituzte artikulu honetako lehen paragrafoan aipatutako balore-edukitzaileek ere.

Horrez gain, lehen paragrafo horretan aipatutako eragiketetan berariaz jasota badago edukitzaileen eskubideak emakida-epea igaro baino lehenago beteko direla, orduan, 256. artikuluko 3. paragrafoan adierazitako ahalmen horiek baliatu ahal izango dituzte edukitzaileek tituluen epemugatik aurrera.

Emakidadunari egotz dakiokeen arrazoiren bat dela-eta emakida suntsiarazita, hartzekodunek ez badute beren tituluei dagokien diru-itzulketa eskuratu, Administrazio emakidatzaileak jardun hauetakoren bat aukeratu ahal izango du:

a) Lege honen 251. artikuluan ezarritakoaren arabera, emakida bahitzeko erabakia hartzea, baldin eta, ordainketen etendura kanpoan utzita, amaiera-arrazoiak 264.b) artikuluan jasotakoak ez badira, betiere, emakidadunak inolako diru-sarrerarik jasotzeko aukerarik izan gabe, hartzekodunen eskubideak betetzeko, horretarako bakarrik.

b) Emakida suntsiarazi eta hartzekodunen ordezkariarekin akordioa lortzea zorraren zenbatekoari eta zorra amortizatzeko baldintzei buruz.

Akordiorik lortu ezean, Administrazioa libre geratuko da, ondorengo diru-kopuruetatik txikiena hartzekodunentzat eskuragarri utzita:

Lege honen 266. artikuluan jasotakoa aplikatuz emakidadunari dagokion kalte-ordainaren zenbatekoa.

Batetik, jaulkipenaren balio izendatua, eta, bestetik, interes gisa zein amortizazio partzial gisa emakida suntsiarazteko unera arte jasotako diru-kopuruak oinarri hartuta, bien artean sortzen den aldea.

Emakida suntsiarazteko arrazoia ezin egotz badakioke emakidadunari, eta hartzekodunek beren eskubideak erabat bete ez badituzte, orduan, Administrazioak aukeran izango du, edo aurreko paragrafoko a) idatz-zatian ezarritakoaren arabera jokatu, edo emakida suntsiarazi eta hartzekodunen ordezkariarekin akordioa lortu zorraren zenbatekoari eta zorra amortizatzeko baldintzei buruz.

Akordiorik lortu ezean, Administrazioa libre geratuko da, batetik, bere inbertsioaren balio izendatua, eta, bestetik, interes gisa zein amortizazio partzial gisa emakida suntsiarazteko unera arte jasotako diru-kopuruak oinarri hartuta, bien artean sortzen den aldea eskuragarri utzita.

Beti egongo da babestuta, aurreko emakida suntsiarazitakoan, beste emakida bat lizitatzeko erabakia hartzeko ahalmena.

Administrazio-baimenak direla-eta artikulu honetan adierazitako eskaerak hilabeteko epean ebatziko ditu organo eskudunak, eta, eskaera horiek epe horretan ebazten eta jakinarazten ez badira, ezetsitzat jo behar dira.

2. ATALA.

EMAKIDAREN HIPOTEKA

255. artikulua.- Emakidaren hipotekaren objektua.

Herri-lanen emakidak eta emakida horiei lotutako ondasunak eta eskubideak, hipotekei buruzko legerian ezarritakoaren arabera, hipotekatu egin ahal izango dira, aurretiaz organo kontratugileak horretarako baimena emanda.

Herri-lanen emakiden gaineko hipotekarik ez da onartuko zorren berme gisa, dagokion emakidarekin zerikusirik ez badauka.

Administrazio-baimenak direla-eta artikulu honetan eta hurrengoan adierazitako eskaerak hilabeteko epean ebatziko ditu organo eskudunak, eta, eskaera horiek epe horretan ebazten eta jakinarazten ez badira, ezetsitzat jo behar dira.

256. artikulua.- Hartzekodun hipotekarioaren eskubideak.

Hipotekatuta dagoen emakidaren balioa, emakidadunari egotz dakiokeen arrazoiren bat dela-eta, larri hondatu bada, hartzekodun hipotekarioak kontratazio-organoari eska diezaioke benetan hondatuta dagoela jakinarazteko erabakia har dezan.

Hondatze hori badagoela baietsiz gero, era berean, Administrazioari eskatu ahal izango dio emakidadunari agin diezaion, entzunaldia eskaini ondoren, kaltea saihesteko edo konpontzeko dagokiona egin dezan, edo ez dagokiona egin ez dezan, Hipoteka Legearen 117. artikuluan ezarritako hondatze-akzioa erabiltzeko eskubideari kalterik egin gabe.

Dena dela, paragrafo honetan adierazitako administrazio-akzioa baliatuz gero, hartzekodun hipotekarioak Hipoteka Legearen 117. artikuluan ezarritako akzioa erabiltzeari uko egin diola ulertuko da.

Emakidadunak betebeharretakoren bat bete gabe utzi duelako, emakida suntsiaraztea bidezko denean, Administrazioak, ebatzi aurretik, entzunaldia emango dio hartzekodun hipotekarioari, emakida betetzeko bere burua subrogatzea eskaintzen badu ere, eta Administrazioak eskaintza horri emakidaren bukaera onarekin bateragarri irizten badio ere.

Obligazio bermatua ez bada mugaegunerako erabat edo zati batean ordaintzen, dagokion gauzatze-prozedura sustatu aurretik, hartzekodun hipotekarioak honako ahalmen hauek baliatu ahal izango ditu, betiere, baldin eta hipotekaren eratzeko dagokion eskrituran hala ezarrita badago:

a) Administrazio emakidatzaileari eskatu ahal izango dio, Administrazioak, emakidadunari entzunaldia eman ondoren, emakidadunari hala dagokionean eman behar dizkion kopuruen eta diru-bilketen zati batek zorraren amortizaziorako izan beharko duela xeda dezan.

Hartzekodunak galdu-gordean jardunda, kontu-hartzailea izendatu ahal izango da; berak egiaztatuko ditu horrela eskuratutako sarrerak, eta bere gain hartuko du adierazitako zati hori, ezin baita aurretiaz ezarritako portzentajea edo zenbatekoa baino handiagoa izan.

b) Horretarako egoki den ondasunik egonez gero, Administrazio emakidatzaileari eskatu ahal izango dio, emakidadunari entzunaldia eman ondoren, merkataritza-ustiapenerako gune osagarriak, osorik hartuta zein zati batean, denbora-tarte batez kudeatzeko modua eman diezaion.

Ordurako hirugarren bat, emakidadunarekin duen harreman juridiko-pribatu bati esker, merkataritza-gune horiek ustiatzen ari bada, paragrafo honetan jasotako neurriaren berri eman beharko zaio hirugarren horri, eta, jakinarazi, emakidadunari egin behar lizkiokeen ordainketak aurrerantzean hartzekodun hipotekarioari egin beharko dizkiola.

257. artikulua.- Hipoteka gauzatzea.

Hipoteka gauzatzeko prozeduran esleipendun dena, administrazio-baimena aurretiaz hartuta, emakidadunaren lekuan geratuko da subrogatuta, hurrengo paragrafoan ezarritako nondik norakoen arabera.

Hipoteka gauzatzeko prozeduran eskaintzaile edo esleipendun-gai modura parte hartu nahi duen orok, baita, arlo horretako legeriak halakorik eragozten ez badu, hartzekodun hipotekarioak berak ere, kontratazio-organoari jakinarazi behar dio horren berri dagokion administrazio-baimena eskuratzeko, baimenik ezean ez baita prozeduran onartua izango; Administrazioak gehienez 15 eguneko epean erantzun behar dio interesdunari.

Baimena arautua da, eta, emakidadunari eskatzen zaizkion betekizunak betetzen baditu, beti eman behar zaio eskatzaileari.

Eraikuntza-fasea bukatuta badago, edo, eraikuntza kanpoan utzita, emakidaren xedearen zati bat ez bada, obraren ustiakuntza burutzeko beharrezko diren betekizunak baino ez dira eskatuko.

Enkantea esleitu gabe utziz gero, edo kontratazio-organoak ez badio interesdunetatik inori ere baimenik ematen hipoteka gauzatzeko prozeduran parte hartzeko, Administrazio emakidatzaileak jardun hauetakoren bat aukeratu ahal izango du, baldin eta, hala badagokio, emakidadun izateko baimena hartu duen hartzekodun hipotekarioak Prozedura Zibilaren Legearen 671. artikuluan aukeran emandako eskubidea baliatu nahi ez badu:

a) Emakida bahitzeko erabakia hartu lege honen 251. artikuluan ezarritakoaren arabera, emakidadunak inolako diru-sarrerarik jasotzeko aukerarik ez duela.

Hartzekodun hipotekarioari entzunaldi-izapidea eskainiko zaio, beste emakidadun bat proposatzeko aukera emateko.

Hartzekodun hipotekarioak proposamenik egiten ez badu, edo proposatutako hautagaiak aurreko paragrafoan ezarri denaren araberako betekizunak betetzen ez baditu, emakida hori bera lizitatzeari ekingo zaio ahalik eta eperik laburrenean.

b) Emakida suntsiarazi eta, hartzekodun hipotekarioekin akordioa lortu ondoren, zorraren zenbatekoa eta zorra amortizatzeko baldintzak finkatu.

Akordiorik lortu ezean, Administrazioa libre geratuko da, lege honen 266. artikuluan jasotakoa aplikatuz emakidadunari dagokion kalte-ordainaren zenbatekoa hartzekodunentzat eskuragarri utzita.

258. artikulua.- Emakidaren gainean jasotako edo inskribatutako kargen titularren eskubideak, emakida-kontratua suntsiarazten bada ere.

Emakida suntsiarazten denean, Jabetza Erregistroan emakidaren gainean jasotako edo inskribatutako kargen edo eskubideen titularrik badago, honako jarraibide hauei begiratuko zaie:

a) Administrazioak, prozedura hasitakoan, Jabetza Erregistroko ziurtagiria eskatu beharko du espedientean sartzeko; era horretara, karga edo eskubide horien titular guztien berri izanik, entzunaldi-prozeduran parte hartu ahal izango dute.

b) Jabetza-erregistratzaileak, aurreko idatz-zatian aipatutako ziurtagiria emateaz batera, orri-bazterreko oharra ere idatzi beharko du emakida-inskripzioaren ondoan, emakida suntsiarazteko prozedura hasi dela jakinarazteko.

c) Aipatutako karga edo eskubide horien titularren alde egindako idazpenak ezerezteko, aurrez administrazio-ebazpen irmoa eman beharko da, jasota gera dadin emakida suntsiarazita dagoela, eta Administrazioak 266. artikuluan ezarritakoaren arabera emakidadunari ordaindu behar dizkion diru-kopuruak eta agian ematekoak diren kalte-ordainak titular horientzat aurrez eskuragarri utzi dituela gordailuan.

Aurreko artikuluan ezarritakoari kalterik egin gabe, enkantean emakida esleitu gabe geratuz gero, emakidaren suntsiarazpena emakidadunari egotz dakiokeen arrazoiren bat dela-eta gertatu denean, aurreko paragrafoan adierazitako karga edo eskubide horien titularrek, dagokien ordenan, emakidadunari dagokion egoera juridikoan subrogatzeko eskubidea baliatu ahal izango dute, betiere, baldin eta, horretarako bete beharreko betekizunak beteta, kontratazio-organoak aurretiaz baimena eman badie.

3. ATALA.

BESTE FINANTZAKETA-ITURRI BATZUK

259. artikulua.- Partaidetza-kredituak.

Partaidetza-kredituak onargarri dira emakidaren xede diren herri-lanak eraikitzeko eta ustiatzeko finantzaketan, edo ustiakuntza-finantzaketa hutsean ere bai.

Egoera horietako bat denean, mailegu-emailearen partaidetza emakidadunaren diru-sarrerei dagokienez izango da.

Emakidadunak, itundutako baldintzetan, epea bete aurretik amortizatu ahal izango du maileguan emandako kapitala.

Salbuespen modura, partaidetza-kredituak emanda obra finantzatzen lagundu ahal izango dute Herri Administrazioek.

Egoera hori bada, berariaz kontrako hizbaketarik ez badago, emakidadunak ezin izango du aldez aurretik amortizatu maileguan hartutako kapitala; amortizazio aurreratua egin ahal izateko salbuespena izango da, Administrazioko organo eskudunak kapitala itzuli behar deneko unean berrikusi eta onetsitako ekonomia- eta finantza-planaren arabera etorkizunean lortuko liratekeen mozkinen egungo balio garbia ordaintzea emakidadunak.

Kreditu horiek lortuz gero, kontratazio-organoari jakinaraziko zaio horren berri, kredituetako bakoitza eman den egunetik hasita, hilabeteko epean gehienez ere.

4. ATALA.

JURISDIKZIO-ORDENA

260. artikulua.- Jurisdikzio-ordena eskuduna.

Jurisdikzio-ordena zibilak izango du kapitulu honetan jasotako aginduak aplikatuta sor litezkeen auziez arduratzeko eskumena; salbuespen izango dira, agindu horietan xedatutakoaren arabera, Administrazio emakidatzaileari esleitzen zaizkion administrazio-betebeharrak eta -ahalak erabiliz burututako jardunak, horietan administrazioarekiko auzietako jurisdikzioak izango baitu eskumena.

V. KAPITULUA

Emakida amaitzea

261. artikulua.- Emakida amaitzeko moduak.

Herri-lanaren emakida beteta dagoelako edo suntsiarazi egin delako amaituko da.

Emakida amaitutakoan, berriz ere Administrazioari itzuliko zaizkio emakidan utzitako herri-lana, erantsitako gune osagarriak eta, halakorik badago, merkataritza-ustiakuntzarako guneetan dauden ondasunak eta instalazioak, betiere, hurrengo artikuluetan araututa dagoen moduan.

262. artikulua.- Epea igarota, emakida amaitzea.

Emakida beteta dagoela-eta amaitutzat joko da, hasieran ezarritako epea igaro denean, edo, hala badagokio, adostu diren luzapenak edo murrizketak erantsita, azkenean eman zaion epea igarotakoan.

Emakidadunak, horretara behartuta dagoenez, Administrazio emakidatzaileari entregatu behar dizkio, kontserbazio-egoera onean eta erabiltzeko moduan daudela, kontratuan ezarritakoaren arabera emakidaren baitan hartutako obrak baita ustiapenerako beharrezko diren ondasunak eta instalazioak ere, eta hori guztia harrera-aktan jasota geratuko da.

Era berean, merkataritza-ustiakuntzarako guneetan dauden ondasunak eta instalazioak ere, halakorik badago, aurreko paragrafoan jasotako baldintza eta jarraibide berberak errespetatuta entregatu behar zaizkio Administrazio emakidatzaileari.

Aurrekoez gain, emakidari eta merkataritza-guneetako ustiakuntzari lotutako kontratu guztiak ere amaitutzat joko dira.

263. artikulua.- Emakidaren epea.

Herri-lanak eraikitzeko eta ustiatzeko emakidak administrazio-klausula zehatzen agirian erabakitako eperako emango dira; epe hori, ordea, ezin izango da 40 urtetik gorakoa izan.

Herri-lanak ustiatzeko emakidak administrazio-klausula zehatzen agirian erabakizen den eperako emango dira, betiere, obraren nolakotasuna eta egin beharreko inbertsioa aintzakotzat hartuta; dena dela, epe hori ezin izango da inola ere 20 urtetik gorakoa izan, eta, 15 urtetik gorako epea ezartzen denean ere, berariaz justifikatu beharko da erabaki hori.

Baldintzen agirietan ezartzen diren epeak luzatu ere egin ahal izango dira, baina, betiere, esanbidez, eta aurreko paragrafoetan baterako zein besterako ezarritako mugak gainditu gabe, eta, lege honetan xedatukoaren arabera, murriztu ere egin daitezke.

Baldintzen agirietan ezartzen diren epeak luzatzeko aukera izango da, hala nahi izanez gero, ezarritako mugetatik gora, 60 urtera arte batean eta 25 urtera arte bestean, betiere, kontratuaren oreka ekonomikoari eusteko, edo, salbuespen modura, emakidadunaren kreditu-eskubideak titulu bidez eskualdatu badira, zordunen eskubideei aurre egin ahal izateko.

264. artikulua.- Kontratua suntsiarazteko arrazoiak.

Hauek dira herri-lanetarako emakida-kontratua suntsiarazteko arrazoiak:

a) Emakidaduna pertsona partikularra bada, heriotza edo ezgaitasuna etortzea, eta sozietate emakidaduna bada, nortasun juridikoa amaitzea.

b) Edozein prozeduratan bai porrot-egoera, zein ordainketen etendura, edo hartzekodunen konkurtsoa, zein huts egindako kaudimengabe-egoera deklaratzea, nahiz kita eta itxaroteko erabakia hartzea.

c) Hipoteka gauzatzeko prozedura esleitu gabe uztea, edo, lege honetan ezarritakoaren arabera, hala dagokionean, horretarako baimena duten interesdunik ez dagoela-eta, hipoteka gauzatzeko prozedura hastea ezinezko izatea.

d) Emakidatzailea eta emakidaduna ados jartzea.

e) Gehienez jota ezarritako epetik gorako denbora batez emakida bahituta izatea, kontratistak bere betebehar guztiak erabat bermatu gabe dituela.

f) Kontratazio-organoa, kontratuaren arabera emakidadunari agindu zizkion kontraprestazioak, lursailak edo baliabide lagungarriak entregatzeko orduan, sei hilabete baino gehiago berandutzea.

g) Kontratazio-organoak herri-lanaren ustiapena berreskuratzea.

Ustiapena berreskuratu dela ulertuko da, organo kontratugileak, alde bateko deklarazioa eginez, erabakitzen duenean emakida bukatutzat jo behar dela, nahiz eta titularrak ustiapena ondo kudeatu.

h) Herri-lanaren ustiapena ezabatzea, interes publikoko arrazoiak direla-eta.

i) Kontratua egin eta gero Administrazio emakidatzaileak hartutako erabakien ondorioz, herri-lana ustiatzea ezinezkoa izatea.

j) Emakidadunak kontratuaren araberako funtsezko betebeharrak bertan behera uztea, ez betetzea, edo bere kabuz horiei uko egitea.

k) Lege honetan zein beste edozeinetan, edo kontratuan berariaz jasotako gainerako arrazoietatik edozein.

265. artikulua.- Kontratua suntsiarazteko arrazoiak aplikatzea.

Kontratazio-organoak erabakiko du kontratu-suntsiarazpena, Administrazioaren kabuz zein emakidadunak berak hala eskatuta, betiere, kontratuei buruzko legeen arabera aplikatu beharreko prozeduraren bitartez.

Aurreko artikuluaren b) idatz-zatian –ordainketen etendura izan ezik–, e), g), h) eta i) idatz-zatietan jasotako suntsiarazpen-arrazoiek beti ekarriko dute kontratu-suntsiarazpena.

Kontratua suntsiarazteko gainerako kasuetan, etena sorrarazteko inguruabarraren erantzukizunik egotzi ezin zaion aldeak izango du, aukeran, kontratua suntsiarazteko eskubidea.

Baldin eta kontratua suntsiarazteko arrazoia kontratista partikularrari etorritako heriotza edo ezgaitasuna bada, Administrazioak kontratua haren jaraunsle edo oinordekoekin jarraitzeko erabakia hartu ahal izango du, betiere, horretarako emandako epean, hasierako emakidadunari eskatutako betekizun berberak betetzen badituzte edo betetzeko konpromisoa hartzen badute.

Alde biak ados jarrita ere suntsiarazi ahal izango da kontratua, baina, betiere, emakidadunak arau-hauste larria egiteagatik emakida bahituta ez badago, eta, interes publikoko arrazoiak direla-eta, kontratuak bere hartan jarraitzea ez bada ez beharrezkoa ez komenigarria ere.

Sozietate emakidaduna enpresen bat-egite kasuren batean sartzen bada, beharrezkoa izango da aurretiaz administrazio-baimena izatea, bat-egitearen ondorioz sortu den erakundeak edo zurgatzaile den erakundeak jarraitu ahal izan dezan emakidarekin; eta emakidatik sortutako eskubide eta betebehar guztien subrogazioa jaso ahal izan dezan.

Enpresen zatiketa, ekarpena edo eskualdatzea gertatzen denean, emakida esleitzerakoan ezarritako betekizunak aintzakotzat hartuta kontratazio-organoak berariaz baimena ematen badu, orduan bakarrik jarraitu ahal izango du sortutako erakundeak edo erakunde onuradunak kontratua betetzen, betiere, egoera hori gertatu den une horretan, emakida-negozioa noraino dagoen garatuta, horren arabera.

266. artikulua.- Kontratua suntsiarazteak dakartzan ondorioak.

Kontratua suntsiarazten denean, kontratazio-organoak emakidadunari abonatu egin beharko dio, lursailak desjabetzeko, eraikuntza-lanak egiteko eta emakida-ustiapenerako beharrezko diren ondasunak erosteko emakidadunak egin dituen inbertsioen zenbatekoa ordain diezaion.

Horretarako, kontuan hartuko dira emakida amaitzeko geratzen den denboraren araberako amortizazio-maila eta emakidaren ekonomia- eta finantza-plana.

Kalkulu horietatik ateratako kopurua sei hilabeteko epean finkatuko da, administrazio-klausula zehatzen agirian bestelakorik ezarri ezean, behintzat.

Emakidadunak bere baliabideen artean hirugarrenen finantzaketa izan badu, haiekin hartutako betekizunak bete ondoren geratzen den kopurua, hori bakarrik ordainduko zaio.

Emakidadunak, 264. artikuluko f) idatz-zatian jasotako egoera gertatzen bada, kontratua suntsiaraztea erabaki ahal izango du, datorren paragrafoan ezarritako ondorioekin, edo, aukeran, zordundutako kopuruen legezko interesak edo adostutako balio ekonomikoak ordainarazteko eskatu ahal izango du, kontraprestazioa betetzeko edo itundutako ondasunak entregatzeko aurrez ezarritako epea bukatzen den egunetik hasita.

Administrazio emakidatzaileak kalte-ordaina emango dio emakidadunari, sortutako kalte eta galeren trukean, 264. artikuluko g), h) eta i) idatz-zatian jasotako egoerak gertatuz gero, artikulu honetako lehen paragrafoan ezarritakoari kalterik egin gabe.

Kalte-ordainen zenbatekoa zehazteko orduan, aintzakotzat hartuko dira emakidadunak jaso gabe utziko dituen geroko irabaziak; horretarako, azken bost urteetako ustiakuntzan izandako emaitzak hartuko dira kontuan, ahal dela behintzat, baita Administraziora itzuli behar ez diren obra eta instalazioek galdu duten balioa ere, amortizazio-maila ahaztu gabe.

Emakidadunari, kontratua berari egotz dakiokeen arrazoiren bat dela-eta suntsiarazten bada, fidantza inkautatuko zaio, eta, horrez gainera, inkautatutako bermearen zenbatekotik gora, kontratazio-organoari kalte-ordaina ere eman beharko dio kalte eta galerei aurre egiteko.

Halaber, emakida suntsiarazteak ekarritako ondorio modura, kontratazio-organoak erabaki ahal izango du emakidadunak merkataritza-ustiakuntzarako gune osagarriak aprobetxatzeko egindako kontratuak ere suntsiaraztea, hala dagokionean, ordaindu beharreko kalte-ordaina abonatuta.

Kalte-ordain hori emakidadunaren kontura ordainduko da, suntsiarazpena berari egotz dakiokeen arrazoiren bat dela-eta gertatzen bada.

Kontratu horiek suntsiaraztea erabakitzen ez denean, aprobetxamendu-eskubideen titularrek jarraitu egingo dute eskubide horiek erabiltzen, eta kontratazio-organoarekin izango dituzten betebeharrak emakidadunarekin zituzten berberak izango dira, baldin eta, alde biak ados jarrita, dagokion kontratua berrikusteko erabakia hartzen ez bada.

Kontratua bi aldeak ados jarrita suntsiarazten denean, alde batekoen eta bestekoen eskubideak elkarren artean balio osoz onartutakora egokitu behar dira.

Lehenengo xedapen gehigarria.

Zenbatekoen eta epeen aldaketak, eta zuzentarauetako eranskinen ondoriozko beste aldaketa batzuk.

Ministroen Kontseiluari eskuespena eman zaio xedapen honek, autonomia-erkidegoei entzun ondoren eta ekonomiaren egoera kontuan hartuta, lege honetako artikuluetan aipatutako zenbatekoak errege-dekretuz alda ditzan.

Era berean, lege honetako artikuluetan aipatutako zenbatekoak eta epeak Europako Erkidegoak haien kopuruaz eta iraupenaz ezarritakora egokitzeko eskuespena ere eman zaio Ministroen Kontseiluari, baita Europako Erkidegoko Zuzentarauetako eranskinen ondoriozko aldaketak lege-testuan sartzeko ere.

Bigarren xedapen gehigarria.

Europako Erkidegoak finkatutako zifrak eguneratzea.

Aurrerantzean Europako Batzordeak finkatu eta Ogasun ministroak agindu bidez argitara ditzan zifrak, eurotan zein igorpen-eskubide berezitan, lege honetako testuan ageri direnen ordezko izango dira.

Hirugarren xedapen gehigarria.

Informazioa tratatzeko ekipoak eta sistemak eskuratzeko eskumenak.

Lege honetako 183.2. artikuluan aipatutakoaren arabera, eskuratze zentralizatuen egoerak salbuespen direla, informazioa tratatzeko ekipoak eta sistemak eskuratzeko eskumenak Defentsa ministroari, eta Gizarte Segurantzako kudeaketa-erakunde eta zerbitzu erkideetako kontratazio-organoei dagokie, bakoitzaren eskumenen eremuan.

Aipatutako 183. artikuluan bildutako gainerako kasuetan, hemen ere eskuratze zentralizatuen egoerak salbuespen direla, Administrazioko beste organo batzuei eman ahal izango die eskumena Ogasun ministroak, inguruabar berezien eraginez edo organo horiek eskuratzeko dauzkaten bolumenen arabera, hala egitea komeni denean.

Laugarren xedapen gehigarria.

Prozedurak itunduta amaitzea.

Lege honetan xedatutakoaren arabera egingo dira Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazioaren Prozedura Erkidearen Legeko 88. artikuluan ezarritakoaren babespean egindako kontratuak, lege honetan araututako gaiak badituzte xede.

Bosgarren xedapen gehigarria.

Administrazioaren zerbitzura dauden agintarien eta langileen erantzukizunak.

Herri Administrazioen zerbitzura diharduten agintariek eta langileek, Administrazioko kontratazioaren alorrean burututako jardunen ondorioz partikularrei zein Administrazioari berari kalteak sortuz gero, ondare-erantzukizuna izango dute; eta erantzukizun hori eskatzeko orduan oinarri hartuko dira, bai Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazioaren Prozedura Erkidearen Legeko X. titulua, bai martxoaren 26ko 429/1993 Errege Dekretua, horren bidez onetsi baitzen ondare-erantzukizuneko gaiei buruzko Herri Administrazioen Prozeduren Erregelamendua.

Herri-administrazioen zerbitzura dauden langileek, gutxienez, zabarkeria larriz jokatuta lege honetan jasotako aginduak behar ez den moduan aplikatu edo hausten badituzte, falta oso astuna egingo dute, eta gai horren gaineko berariazko xedapenen araberako diziplina-erantzukizuna eskatuko zaie.

Seigarren xedapen gehigarria.

Kontratazio-printzipioak, alor publikoan.

Kontratu-jardunean publizitate- eta lehia-printzipioak bete behar dituzte, eragiketaren izaera nolakoa den ikusita printzipio horiekin bateraezina ez bada behintzat, bai 2. artikuluaren 1. paragrafoan zehaztutako merkataritza-sozietate eta esparru publikoko fundazioek, bertan jasota ez dauden kontratuei dagokienez, bai eta gainerako merkataritza-sozietateek ere, baldin eta herri-administrazioek edo beren erakunde autonomoek zein zuzenbide publikoko erakundeek zuzenean zein zeharka partaidetzan gehiengoa badute.

Zazpigarren xedapen gehigarria.

Prozedura-arauak.

Lege honetan eta lege honen garapenerako arauetan jasotako aginduez arautuko dira Administrazioko kontratazio-gaietako prozedurak, eta, osagarri moduan, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazioaren Prozedura Erkidearen Legea aplikatuko da.

Zortzigarren xedapen gehigarria.

Plantillan elbarriak dauzkaten enpresekin eta irabazi-asmorik gabeko erakundeekin kontratuak egiteko.

Kontratazio-organoek administrazio-klausula zehatzen agirietan lehentasuna ezar dezakete, kaudimen teknikoa egiaztatzeko unean 100eko 2a baino txikiagoa ez den elbarri-kopuruko langile-plantilladun enpresa publiko zein pribatuek aurkeztutako proposamenei kontratuak esleitzeko, baldin eta esleipenerako oinarri diren irizpide objektiboen ikuspegitik abantailarik onenak ematen dituztenen parekoak badira aipatutako proposamenok.

Era berean eta baldintza berberak oinarri hartuta, lehentasun hori bera ezarri ahal izango da izaera soziala edo laguntzazkoa duten prestazioak egiteko kontratuak esleitzerakoan, irabazi-asmorik gabeko erakundeek, nortasun juridikoa dutela, aurkeztutako proposamenei dagokienez, baldin eta, beren helburuak edo jardunak kontratuaren xedearekin zerikusi zuzena badu, bakoitzaren estatutuetan edo sorrerako araudian jaso eta dagokion erregistro ofizialean erregistratutakoaren arabera.

Egoera hori denean, kostuen arabera eskainitako prezio xehatuari dagokion xehetasun-orria aurkeztea eskatu ahal izango die kontratazio-organoak erakunde horiei.

Bederatzigarren xedapen gehigarria.

Toki Araubideko arau bereziak.

Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legeko 88.3. artikuluan aipatutako muga 100eko 10ean jartzen da, toki-erakundeek prozedura negoziatua erabiltzeko modua izan dezaten bai obra- eta hornidura-kontratuetan, bai aholkularitza- eta laguntza-kontratuetan zein zerbitzukoetan, betiere, lege honen 141. artikuluko g) idatz-zatian, 182.eko i) eta k) idatz-zatietan, eta 210. artikuluko h) idatz-zatian ezarritako mugak inola ere gainditu gabe.

Toki-erakundeek hautazkoa izango dute kontratazio-batzordeak eratu zein ez; batzorde horiek kontratazio-organo modura jardungo dute bai obra-kontratuetan, xedea konponketa errazak egitea, kontserbatzea edo mantentze-lanak egitea bada; bai ondasun kontsumigarriak edo erabiliaz erraz honda daitezkeen ondasunak hornitzeko kontratuetan; bai aholkularitza- eta laguntza-kontratuetan zein zerbitzukoetan ere, betiere, baldin eta kontratuaren kopuruak Erakundearen ohiko baliabideen 100eko 10 gainditzen ez badu, edo, proportzio hori gainditu arren, dagokion ekitaldi horretarako aurrekontuan jasota dauden ekintzak izanda, ekintza horiek aurrekontuaren oinarrietan xedatutakoaren arabera burutzen badira.

Osoko bilkurari dagokio kontratazio-batzordeak eratzeko akordioa hartzea, baita batzordearen osaera erabakitzea ere; batzorde horietan korporazioko idazkariak eta kontu-hartzaileak izan behar dute nahitaez partaide.

Kontratazio-batzordeak kontratazio-organo modura jardun behar duenean, indarrean dauden xedapenen arabera kontratu horien gaineko eskumena batzordeko lehendakariak duenean, osoko bilkuran erabakiko da, lehendakariak halaxe proposatuta, kontratuen ezaugarriak direla-eta edo kontratuen diru-kopuruen mugak direla-eta; muga horiek aurreko paragrafoan adierazitako mugetatik beherakoak ere izan litezke.

Prozeduran kontratazio-batzordeak diharduenean, kontratazio-mahaiak ez du prozedura horretan parte hartuko.

Kontratazio-mahai horretako buru korporazioko lehendakaria izango da, edo, bere ordez, korporazioko beste kideren bat, lehendakariak izendatutakoa; mahaikide izango dira korporazioko idazkaria eta kontu-hartzailea, bai eta, funtzionarioen, lan-kontratuko langileen edo zinegotzien artean aukeratuta, kontratazio-organoak izendatutako beste batzuk ere; kopurua, guztira, ez da hirutik beherakoa izango.

Korporazioko funtzionario batek beteko ditu idazkari-lanak.

Kontratuak aldatzeko egoerak gertatzen direnean (101.3. artikuluan aipatutakoak), 1.000.000.000 pezetako (6.010.121,04 euroko) kopuruaren ordez, toki-erakundearen ohiko baliabideen 100eko 20ko kopuruari dagokiona jarriko da, baldin eta portzentajean ateratzen den kopurua goian adierazitakoa baino handiagoa ez bada behintzat; hala balitz, goiko kopurua erabili beharko litzateke.

Gorago aipatutako artikulu eta paragrafo horretan Ogasun Ministerioko Aurrekontuen Zuzendaritza Nagusia aipatzen denean, Kontuen Batzorde Berezia adierazi nahi dela ulertu beharko da, halakorik duten toki-erakundeetan behintzat.

Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legeko 57. eta 87. artikuluetan aipatutako partzuergoetan, partaidetza publikoa nagusi denean, lege honetan ezarritakoaren arabera esleituko dituzte kontratuak.

Lege hau ez da aplikatuko toki-erakundeei doako zerbitzuak ematen dizkietenak toki-erakundeetako elkarteak direnean, alegia, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legeko bosgarren xedapen gehigarrian aipatutako elkarteak direnean.

Hamargarren xedapen gehigarria.

Ondasunak eta zerbitzuak eskuratzeko kontratazio-sistema zentralizatuei atxikitzea.

Autonomia-erkidegoak, toki-erakundeak, beren erakunde autonomoak eta erakunde publikoak 183.1 eta 199. artikuluetan ezarritako kontratazio-sistema zentralizatuari atxiki ahal izango zaizkio, ondasun eta zerbitzu guztietarako zein kategoria batzuetarako, Estatuko Ondarearen Zuzendaritza Nagusiarekin akordioak sinatuta.

Ministerioren bateko departamenturen batek ondasunak eta zerbitzuak berariaz erabiltzeko uniformetasunari buruzko adierazpena eginez gero, horrek beste kontratazio-organo batzuk gaituko ditu, beren kontratazio-eskumenak gordeta, tipoa zehazteko lehiaketen bidez egiten diren kontratuei atxikitzeko modua izan dezaten, 182. artikuluko g) idatz-zatiko bigarren lerrokadan eta 210. artikuluko f) idatz-zatiko bigarren lerrokadan ezarritakoaren ondorioetarako.

Autonomia-erkidegoak eta toki-erakundeak kontratu horiei atxiki ahal izango zaizkie, eta beren kontratazio-eskumenak gorde ahal izango dituzte, baldin eta, ondasun horien uniformetasun-adierazpena eginda, tipoa zehazteko lehiaketari lotutako kontratua esleitu duen Ministerioarekin akordioak egiten badituzte.

Era berean, autonomia-erkidegoak eta toki-erakundeak, dagokien akordioen bitartez, beste autonomia-erkidego eta toki-erakunde batzuetako eskuratze-sistema zentralizatuei atxiki ahal izango zaizkie.

Hamaikagarren xedapen gehigarria.

Ur, energia, garraio eta telekomunikazio alorretan egindako kontratuak.

Ur, energia, garraio eta telekomunikazio alorretan erabili beharreko kontratazio-prozedura dela-eta, 93/38/EEE eta 92/13/EEE zuzentarauak Espainiako antolamendu juridikora egokitzeko, abenduaren 30eko 48/1998 Legearen esparruari lotutako kontratuak egiten dituztenean, kontratazio-organoak, kontratu horien iragarkiei buruzko publizitaterako, lege horretan ezarritako muga kuantitatiboak hartu behar dira aintzat.

Abenduaren 30eko 48/1998 Legearen esparruan jasotako erakunde publikoak, lege horretan zehaztuta ez dauden egoeretan, bakoitzak berariaz dituen kontratazio-arauei jarraituz zuzenduko dira.

Erakunde horiek atxikita dituen Ministerioak, beren kontratazio-araubidea Zuzenbide pribatukoa denean, kontratazio-arau edo -baldintza orokorrak onetsi ahal izango ditu, kontratazioaren homogeneotasuna bermatuta egon dadin, eta alor publikoan kontratuak egiteko publizitate- eta lehia-printzipioak baita bereizkeriarik ezaren printzipioa ere errespetatuta egon daitezen.

Estatuko Zerbitzu Juridikoak nahitaez informatu beharko du arau eta baldintza orokorren multzoa.

Hamabigarren xedapen gehigarria.

Unibertsitate publikoek eska dezaketen sailkapena.

Unibertsitate publikoek, egoitza autonomia-erkidego baten lurraldean dutela, kontratuak egiten dituztenean, autonomia-erkidego horretan dagokion organoak sailkapenak egiteko eta sailkapenak berrikusteko onetsi dituen akordioek izango dute eragina, 28. artikuluaren 3. paragrafoaren ondorioetarako.

Hamahirugarren xedapen gehigarria.

Kontratazio-mahaietan abokatuak ordezkatzea.

Gizarte Segurantzako kudeaketa-erakunde eta zerbitzu erkideei dagokienez, erregelamenduz ezarri ahal izango da, legez edo erregelamenduz kontratazio-organoan aholkularitza juridikoa bere esku duten pertsonen ordez, kontratazio-mahaian noiz eta zein egoeratan hartuko duten parte berariaz horretarako gaitutako abokatuek.

Hamalaugarren xedapen gehigarria.

Kredituaren atxikipen gehigarria urte anitzeko obretan.

Urte anitzeko obrak egiteko kontratuetan, esleipena egiterakoan, kredituaren atxikipen gehigarria egingo da, esleipen-kopuruaren 100eko 10ekoa; salbuespen izango dira prezioaren ordainketa osoaren modalitatea erabilita egiten diren kontratuak.

Kontratuaren arabera obra bukatzeko ezarritako epea amaitzen deneko ekitaldian bertan, edo, bestela, hurrengo ekitaldian, aplikatuko da kreditu-atxikipen hori; obra-bukaerako ziurtagiria noiz ordaindu behar den, horren arabera.

Hamabosgarren xedapen gehigarria.

Lizitatzaileen erregistroa.

Kontratazio-organoak lizitatzaileen erregistroak eratu ahal izango ditu; enpresek, hala nahi izanez gero beren izena emanda, erregistro horietan jasota egon daitezen; horretarako, dokumentazioa aurkeztu beharko dute, beren nortasuna eta jarduteko gaitasuna egiaztatzeko, eta, hala badagokio, beren izenean jardun dezaketenena ere bai.

Erregistro horietan emandako ziurtagiriak izanez gero, ez da egongo lizitazioetako bakoitzean zertan aurkeztu aurreko lerrokadan aipatutako betekizunak egiaztatzeko agiriak.

Estatuko Administrazio Orokorrean, bere erakunde autonomoetan, Gizarte Segurantzako kudeaketa-erakunde eta zerbitzu erkideetan, eta Estatuko gainerako erakunde publikoetan Ogasun Ministerioak beharrezko diren mekanismoak ezarri ahal izango ditu xedapen honetan jasotako erregistroak koordinatzeko, era horretara, kontratazio-organo guztiek erregistro horiek erabiltzeko modua izan dezaten.

Hamaseigarren xedapen gehigarria.

Lege honen menpe dauden sozietateen kontratu-alorrean egindako errekurtsoak.

Bigarren artikuluko 1. paragrafoan adierazitako kontratuei buruz aurkezten diren erreklamazioak eta errekurtsoak egiterakoan, ur, energia, garraio eta telekomunikazio alorretan erabili beharreko kontratazio-prozedura dela-eta, abenduaren 30eko 48/1998 Legearen 51. artikuluan ezarritakoa hartuko da aintzakotzat, horren bitartez sartu baitira Espainiako antolamendu juridikoan 93/38/EEE eta 92/13/EEE zuzentarauak.

Lehenengo xedapen iragankorra.

Abenduaren 28ko 53/1999 Legea indarrean sartu aurretik hasitako espedienteak eta esleitutako kontratuak.

Abenduaren 28ko 53/1999 Legea indarrean sartu aurretik hasitako kontratazio-espedienteak eta esleitutako kontratuak aurreko arauei jarraituz zuzenduko dira.

Ondorio horietarako, kontratazio-espedientea hasita dagoela ulertuko da, baldin eta kontratua esleitzeko dagokion deialdia ordurako argitaratuta badago.

Bigarren xedapen iragankorra.

Berrikusteko formula.

Gobernuak 2003ko ekainaren 30a baino lehenago onartuko ditu 104. artikuluan adierazitako ereduzko berrikuspen-formulak.

Harik eta berrikuspen-formulak onartu arte, orain artekoak aplikatuko dira, alegia, abenduaren 19ko 3650/1970 Dekretuan; aurrekoa osatzen duen abuztuaren 20ko 2167/1981 Errege Dekretuan; eta Defentsa Ministerioko fabrikazio-kontratuetarako abuztuaren 22ko 2341/1975 Dekretuan onartutakoak.

Obretako kontratuen prezioak berrikusteko ereduzko formulak onetsiko dituzten Errege Dekretuetan zehatz finkatu beharko dira eskulanari dagokion indizea edo indizeak, alegia, prezioak berrikusterakoan aplikatu beharrekoak.

Aurreko lerrokadetan adierazitako onespena etorri bitartean, eskulanaren indizeak, indarrean dauden ereduzko formula horietan aplikatu beharrekoak, Estatistikako Institutu Nazionalak egiten duen kontsumo-prezioen indizearen sisteman erabilitako estatu-indize orokorrak hilero izaten duen aldakuntzaren 100eko 85 bereganatuko du.

Hirugarren xedapen iragankorra.

Ministerioetako departamentuek kopuruak finkatzea, atxikita dauzkaten erakunde autonomoei dagokienez.

Harik eta 12.1. artikuluko bigarren lerrokadan ezarritako baimenaren gainean ministerioetako titularrek zenbatekoa finkatu arte, aplikatu beharreko zenbatekoa 150.000.000 pezetakoa (901.518,16 eurokoa) izango da.

Laugarren xedapen iragankorra.

Administrazioak arrunt erabiltzeko ondasunak hornitzeko eskumenak.

Horniduren Zerbitzu Nagusiak eta Gizarte Segurantzako kudeaketa-erakunde eta zerbitzu erkideek, lege honetako 183. artikuluan aipatutako ondasunak hornitzeko, egun izendatuta dauzkaten eskumenez baliatzen jarraituko dute, harik eta hornidura hori erregelamenduz zehaztu arte.

Bosgarren xedapen iragankorra.

Europako Esparru Ekonomikoa.

Lege honetako 15.2.; 20.i); 21.5.; 23.1.; 24.2.; 25.2.; 26.2.; 31.2.; 117.1.b); 117.4; 161.d) eta 175.2. artikuluetan Europako Erkidegoko estatu kideei buruz egindako aipamenak Europako Esparru Ekonomikoari buruzko Akordioa izenpetu dezaten estatu guztiei zabalduko zaizkie.

Seigarren xedapen iragankorra.

Administrazioak ez ordaintzeak dakartzan ondorioak.

Maiatzaren 18ko 13/1995 Legea indarrean sartzen denetik aurrera esleitutako kontratuei aplikatuko zaie 99. artikuluko 4., 5. eta 6. paragrafoetan xedatutakoa.

Aurretik esleitutakoentzat, kontratua esleitzeko orduan indarrean zeuden Estatuko kontratuen legediko aginduak aplikatuko dira puntu horretan.

Zazpigarren xedapen iragankorra.

Erosketa-batzordeak.

Harik eta 12.4. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz ministerioetan eta erakunde autonomoetan kontratazio-batzordeak arautu arte, egun dauzkaten eskumenak edukiko dituzte erosketa-batzordeek.

Zortzigarren xedapen iragankorra.

Kontratuen prezioak, eurotan eta pezatatan.

Herri-administrazioek egindako kontratu berri guztietan, 1999ko urtarrilaren 1etik aurrera eta 2001eko abenduaren 31ra arte, kontu-unitate gisa pezeta erabiltzen denean, ondoren, bihurketa-tasa erabilita kopuru horri euroaren kontu-unitatean dagokion baliokidea ere jarri beharko da; kasu horretan, azken zenbatekoa eurotan ematen denean, hamartarren kopurua ez da seitik gorakoa izango.

Artikuluetan agertzen diren balioak adierazteko euroa erabiltzen denean, baliokidetza hau erabili da: 1 euro berdin 166,386 pezeta.

Lehenengo azken xedapena.

Oinarrizko legedia, eta oinarrizkoa ez dena.

Lege hau oinarrizko legedia da, Konstituzioko 149.1.18. artikuluaren babespean emanda; ondorioz, 1. artikuluan aipatutako Herri Administrazio guztiei aplikatuko zaie orokorrean, hurrengo artikuluak edo hurrengo artikulu-zatiak izan ezik:

10. artikulua.

12. artikulua, 6. paragrafoa izan ezik.

20. artikuluko j) idatz-zatia.

24. artikuluko 1. paragrafoko bigarren lerrokada.

32. artikulua.

37. artikulua.

38. artikulua.

41. artikuluko 1. paragrafoan adierazitako hamabost eguneko epea.

48. artikulua.

49. artikuluko 3. eta 4. paragrafoak.

50. artikulua.

51. artikuluko 2. paragrafoa.

54. artikuluan adierazitako hogeita hamar eguneko epea.

57. artikulua, autonomia-erkidegoetan Kontu Auzitegiaren pareko ikuskaritza-organoak egon daitezkeela eta.

59. artikuluko 2. paragrafoa.

67. artikuluko 2. paragrafoa.

69. artikuluko 2. paragrafoa.

71. artikuluko 2. paragrafoko a) idatz-zatia.

72. artikuluko 1. paragrafoko a) idatz-zatiko azken puntua eta idatz-zati horretako b) idatz-zatia.

79. artikuluko 1. paragrafoko bigarren puntua.

81. artikulua, eta beste artikuluetan kontratazio-mahaiari egindako aipamen guztiak.

83. artikuluaren lehen paragrafoan aipatzen den hogei eguneko gehieneko epea, 2. paragrafoko a) idatz-zatian «nahitaezkoa izango da kontratazio-organoko zerbitzu juridikoaren irizpena» dela-eta azken tartekian adierazitakoa, 2. paragrafoko b) idatz-zatian «Administrazio Kontratazioaren Aholku Batzordearen txostena» dela-eta azken tartekian adierazitakoa, eta 3. paragrafoan «kasuan kasuko zerbitzuko aholkularitza teknikoa» dela-eta azken tartekian adierazitakoa.

89. artikuluko 1. paragrafoa.

91. artikuluko 1. paragrafoko b) idatz-zatiko azken puntuan ageri den hogei zenbakia.

95. artikulua, 1. paragrafoa izan ezik.

96. artikulua, salbu eta interesdunari entzuteko betekizuna eta Estatuko Kontseiluaren edo autonomia-erkidego bakoitzeko aholku-organo baliokidearen irizpena jasotzeko betekizuna.

106. artikulua.

107. artikulua.

108. artikulua.

110. artikuluko 2. paragrafoko azken tartekia.

112. artikuluko 3., 6. eta 7. paragrafoak.

117. artikuluko 1. paragrafoko a) idatz-zatia.

119. artikulua.

124. artikuluko 1. paragrafoko e) idatz-zatia eta 5. paragrafoa.

125. artikuluko 3. paragrafoa, salbu eta «kontratistak kontratazio-organoari aurkeztuko dio proiektua, organo horrek proiektua ikuskatu, onetsi eta zuinketa egin dezan» esapidea dela-eta lehen tartekian adierazitakoa, eta 4. eta 5. paragrafoak.

126. artikulua.

128. artikulua.

131. artikuluan aipatutako 100eko 30a.

141. artikuluko f) idatz-zatiko azken puntua.

142. artikuluko hilabeteko epea eta “kontratua egin zuen organoari bidali behar zaio aktaren ale bat” dioen azken puntua.

143. artikuluko 1. paragrafoko azken tartekia.

145. artikuluko 1. paragrafoa, hor adierazitako hamar eguneko epea salbuespen dela.

146. artikuluko 2., 3. eta 4. paragrafoak eta 147. artikuluko 1. eta 3. paragrafoak “obraren zuzendari teknikoa” dela-eta adierazitakoari dagokionez.

147. artikuluko 2. paragrafoko bigarren lerrokada eta 4. paragrafoa.

149. artikuluko a), b) eta c) idatz-zatiak.

151. artikulua, 1. paragrafoko lehen tartekia izan ezik.

152. artikulua.

153. artikulua.

159. artikuluko 2. paragrafoko c) idatz-zatiko lehenengo lerrokadako azken puntua.

163. artikulua.

165. artikulua.

166. artikulua.

167. artikulua.

168. artikulua.

169. artikulua, 1. paragrafoa izan ezik.

173. artikulua.

174. artikuluko 1. paragrafoa.

182. artikuluko g) idatz-zatiaren bigarren lerrokada, eta 182. artikuluko h) idatz-zatiaren azken tartekia.

183. artikulua.

184. artikulua.

185. artikulua, 1. paragrafoko lehen tartekia izan ezik.

187. artikulua.

188. artikulua.

190. artikulua.

191. artikuluko 1., 2. eta 3. paragrafoak.

192. artikuluko a) eta b) idatz-zatiak.

193. artikulua, 1. paragrafoa izan ezik.

194. artikulua.

195. artikulua.

199. artikulua.

202. artikuluko 1. paragrafoa, “kontratua egiteko interesa daukan zerbitzua”dela-eta egindako aipamenari dagokionez.

210. artikuluko f) idatz-zatiaren bigarren paragrafoa, eta 210. artikuluko g) idatz-zatiaren azken tartekia.

211. artikuluko 2. paragrafoa.

214. artikuluko a), b) eta d) idatz-zatiak.

215. artikulua, 1. paragrafoa izan ezik.

217. artikulua.

218. artikulua.

219. artikulua.

Hirugarren xedapen gehigarria.

Hamargarren xedapen gehigarria.

Hamalaugarren xedapen gehigarria.

Hamabosgarren xedapen gehigarria.

Hirugarren xedapen iragankorra.

Laugarren xedapen iragankorra eta zazpigarren xedapen iragankorra.

Aurreko idatz-zatian aurreikusitako ondorioetarako, gehiengoak izango dira:

a) 99. artikuluan jasotako hirurogei eguneko, lau hilabeteko eta zortzi hilabeteko epeak.

b) 101.3. artikuluan adierazitako 10eko eta 30eko portzentajeak, eta 1.000.000.000 pezetako (6.010.121,04 euroko) kopurua.

c) 110. artikuluko 2. eta 4. paragrafoetan adierazitako hilabeteko epea.

d) 35.1 jasotako 2ko portzentajea, 36. artikuluko 1., 3., 4. eta 5. paragrafoetan jasotako 4ko, 6ko, 20ko eta 16ko portzentajeak, eta 83.5. artikuluan berriz aipatutako 20koa.

e) 121., 176. eta 201. artikuluetako zenbatekoak.

Lege honetako 56. artikuluan kontratu txikietarako ezarritako eskakizunak gutxiengotzat hartuko dira ondorio horietarako.

Bigarren azken xedapena.

Herri Administrazioei eta Estatuko Administrazio Orokorreko organoei buruz egindako aipamenak.

Legeko testuan Administrazioa edo Herri Administrazioak aipatzen direnean, 1. artikuluko aplikazio-eremuan sartzen diren administrazio, erakunde eta entitate guztiak hartu nahi dira.

Era berean, Estatuko Administrazio Orokorreko organoak aipatzen direnean, 1. artikuluaren ezarpen-eremuan sartzen diren gainerako herri-administrazio, erakunde eta entitateetako organoak hartu nahi dira, honako organo hauek aipatzen direnean izan ezik:

a) Ogasun ministroa eta Administrazio Kontratazioaren Aholku Batzordea, 21. artikuluan;

b) Ogasun ministroa, 25. artikuluan, 33. artikuluaren 1. paragrafoan eta bigarren xedapen gehigarria;

c) Administrazio Kontratazioaren Aholku Batzordea, 28. artikuluaren 2. eta 4. paragrafoetan; 33. artikuluaren 1. paragrafoan eta 34. artikuluan;

d) Administrazio Kontratazioaren Aholku Batzordea, 58., 117. eta 118. artikuluetan;

e) Ministroen Kontseilua, eta Administrazio Kontratazioaren Aholku Batzordea, 104.1. artikuluan, eta Gobernuaren Ekonomia Gaietarako Batzorde Eskuordeduna, 104.4. artikuluan; eta

f) Ministroen Kontseilua, lehenengo xedapen gehigarrian.

Hirugarren azken xedapena.- Garapen-arauak oinarrizkoak dira.

Estatuko Administrazio Orokorrak lege hau garatzeko aldarrika ditzan arauak oinarrizkoak izan daitezke, baldin eta lehenengo azken xedapenaren arabera oinarrizko izaera daukaten artikuluei dagokienez ezinbesteko osagarri badira, eta garapen-arau berean ere hala adierazten bada.

Laugarren azken xedapena.- Lan-arloko betebeharren gaineko informazioa.

Lizitatzaileek obrak egin edo zerbitzuak betetzeko lurraldean, laneko babesari eta lan-baldintzei buruz indarrean dauden xedapenetako betebeharren gaineko informazioa lortzeko, zein agintarirengana jo dezaketen adieraz dezakete kontratazio-organoek administrazio-klausula zehatzen agirietan; kasu horretan, betebehar horiek eskaintzetan ere kontuan hartu ote dituzten agertzeko eskatuko diete lizitatzaileei.

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra