Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Administrazio zuzenbidea  >>  Legeria  >> Lurzoruari buruzko arauak

2/2008 Legegintzako Errege Dekretua, ekainaren 20koa, Lurzoruari buruzko Legearen Testu Bategina onesten duena

2008-06-20

Itzulpena nork: Euskal Herriko Unibertsitatea

Erakundea: Etxebizitza Ministerioa

Argitalpena: EAO, 2008/6/26, 154. zk.

2/2008 LEGEGINTZAKO ERREGE DEKRETUA, EKAINAREN 20KOA, LURZORUARI BURUZKO LEGEAREN TESTU BATEGINA ONESTEN DUENA

ILurzoruari buruzko 2007ko maiatzaren 28ko 8/2007 Legearen amaierako bigarren xedapenak legegintzako errege-dekretu bat emateko ahala eskuordetu zion Gobernuari, haren bitartez batzeko lege haren testua eta Lurzoruaren Araubideari eta Hiri Antolamenduari buruzko Legearen Testu Bategina onetsi zuen 1992ko ekainaren 26ko 1/1992 Legegintzako Errege Dekretutik artean indarrean zeuden manuak. Testu hori egiteko epea urtebetekoa zen, hura indarrean sartzen zenetik kontatzen hasita.

Lege-testu honen bidez egiten den bategite-lan horrek bi helburu ditu batez ere: alde batetik, bi lege-testu horien terminologia eta xedapen-edukia argitu, erregularizatu eta harmonizatzea, eta bestetik, 1992ko Testu Bategin zatikatutik zetozen izaera desberdineko manu sakabanatuak xedapen orokor bakar batean egituratu eta ordenatzea, 2007ko Lurzoruari buruzko Legearen eduki berrien barruan, edukiok autonomia-erkidegoen hirigintzako, lurralde -antolamenduko eta etxebizitza-arloko eskumenetara egokitu direlarik. Hala, azken helburua, nagusiki, hau da: arau horien sakabanaketa eta arlo horretako estatuko legeria jasotzen duten xedapenen zatiketa eragoztea, alde batera utzirik Lurzoruaren Araubideari eta Hiri Antolamenduari buruzko Legearen Testu Bategina onesten duen 1976ko apirilaren 9ko 1346/1976 Errege Dekretutik indarrean den partea, hura ordeztaile gisa aplikatzen baita Ceuta eta Melillako hirietako lurraldeetan izan ezik, eta, horren ondorioz, Legegintzako Errege Dekretu hau emateko legegintza-eskuordetzatik kanpo geratu baita.

IILurzoruari buruzko 2007ko maiatzaren 28ko 8/2007 Legearen Zioen Azalpenean gogoratzen denez, Espainiako gaur egungo hirigintza-zuzenbidearen historia xix. mendearen bigarren erdian hasi zen eratzen, industrializazioa eta urbanizazioa nagusi ziren testuinguru sozio-ekonomiko batean, hirigintzako bi eragiketa mota handion inguruan: hirigunearen zabaltzea eta barne-erreforma; hiri berria sortzea eta lehendik zegoena saneatzea eta eraberritzea. Historia hori xx. mendearen erdialdera hezurmamitu zen, gai honi buruz egin zen lehenengo lege osoarekin, eta haren zordun da harrezkero dugun tradizioa. Hain zuzen, gaur egungo hirigintza-instituzio handiek inertzia handia dute garai hartan sortuekiko: lurzoruaren sailkapena da teknika nagusia, eta horretaz baliatzen dira hirigintzaren bai antolamendua eta bai exekuzioa -horietan, mota urbanizagarria da benetako protagonista eta landa-lurzoruak edo urbanizaezinak ez du merezi ia arretarik, betekizun negatiboa edo hondar-mailakoa duelako-; antolamendua planak mailakatzeko sistema zurrun bat ezarriz eratzea; gauza ia berdintzat hartzea plan horien exekuzioa eta urbanizatze sistematikoa, zeina kudeaketa publikoaren edo pribatuaren bidez aurrera eraman baitaiteke, jarduketa-sistema multzo baten bitartez.

Orduz geroztik, ordea, bilakaera handi bat gertatu da eta haren gainean oinarritu behar du Lege honek, zentzu bat baino gehiagotan.

Lehenik, 1978ko Konstituzioak erreferentzia-esparru berria ezartzen du gai honetarako, hala alderdi dogmatikoari nola antolakuntzari dagokionez. Konstituzioa lurzoruaren erabilerak arautzeaz arduratzen da 47. artikuluan, etxebizitza-eskubidea gauzatzea dela eta, eta 45. artikulutik 47.era artekoek eratzen duten ingurumen-arauen multzoaren barruan. Horietatik ondoriozta daiteke gai honetako eskumen konkurrenteek leialki lagundu behar dutela baliabide natural eta kulturalak modu arrazoizkoan erabiltzeko politikan; bereziki lurraldea, lurzorua eta hiri- eta arkitektura-ondarea erabiltzekoan, baliabide horiek baitira eskumen haien ezinbesteko euskarri, objektu eta gertaleku, bizi-kalitatearen zerbitzura. Baina, gainera, konstituzionaltasun-blokeak ezarritako eskumen-ordena berritik -hala interpretatu baitu Konstituzio Auzitegiaren doktrinak- ondorioztatzen da ezen Autonomia Erkidegoei dagokiela beren politikak diseinatzea eta garatzea hirigintza-arloan. Estatuari dagokio, berriz, gaiarekin zerikusia duen zenbait eskumen baliatzea, baina, ahal dela, gaia baldintzatu gabe.

Estatuko legegilea ordena horri egokitu bazaio ere, oraindik ez dago esaterik erabat barneratu edo bereganatu duenik. Azken urteotan, Estatuak modu gorabeheratsu samarrean egin ditu legeak, partez inguruabarrek hartara beharturik, tartean Konstituzio Auzitegiaren zenbait epaitza izan baitira, eta bata bestearen ondotik haietan oinarritu beharra.

Hala, 1992an Lurzoruaren Araubideari eta Hiri Antolamenduari buruzko Legearen azken Testu Bategin Estatala eman zenez geroztik -oraindik indarrean den haren edukia testu honetara biltzen da-, munta desberdineko sei aldaketa edo berritze etorri dira, bai eta «legegintza negatiboko» bi eragiketak ere Konstituzio Auzitegiaren epai banatan, 61/1997 eta 164/1997 zenbakikoetan hurrenez hurren.

Ez dago esaterik itsumustuko bilakaera hori -zortzi berritze hamabi urtean- inguru egokiena denik autonomia-erkidegoek lurralde-antolamendu, hirigintza eta etxebizitzaren inguruan dituzten legegintza-eskumenak baliatzeko.

Egoera hau ezin da gainditu beste ukitu eta zuzenketa batzuk erantsiz: berrikuntza sakonago bat behar du, lehen aipatutako konstituzio-balio eta -printzipioetan erabat inspiratua, horien gainean oinarri erkideak finkatuz autonomia eta berdintasuna elkarrekin izateko moduan. Horretarako, alde batera uzten da, lehen aldiz, berariaz hirigintzakoak diren teknika batzuk arautzea, hala nola plan motak edo lurzoru motak, eta saihestu haiei dagozkien teknizismoak erabiltzea, ez dadin aldez aurretik irudikatu, ezta zeharka ere, hirigintza eredu jakin bat, eta herritarrek errazago uler dezaten esparru erkide hau. Hau ez da hirigintza-lege bat, baizik eta lurzoruaren araubideari eta lurzoruari loturiko konstituzio-eskubideak -Konstituzioak beren kudeaketa Estatuari esleitzen dion interesei dagokienez- berdintasunez baliatzeari buruzko lege bat. Beraz, konstituzionaltasun-blokeak gai horietan ezarritako eskumenmugarriztatzetik abiaturik pentsatutako lege bat da, autonomia-erkidegoei lurralde-antolamendu, hirigintza eta etxebizitzaz eta, bereziki, lurzoru-ondare publikoei buruz esleitutako eskumen esklusiboak gordez aplikatu ahal izango eta beharko dena.

Lurzorua plangintza bidez sailkatzeko eta kategoriatan banatzeko teknikak izan ditzakeen abantailak gorabehera, teknika hori hirigintza-teknika bat da, izan, eta ez dagokio legegile honi haren egokitasuna epaitzea.

Gainera, teknika hori ez da beharrezkoa lurzorua balioesteko lege-irizpideak finkatzeko. Are gehiago, ikuspegi jakin horretatik, zeina estatuko legegileari baitagokio osorik, sailkapenak lurzoruaren balioen inflazioari lagundu dio historikoki, eta lurzoruen balioa handitzeko itxarokizunak sortu ditu botere publikoek hirigintzaarloan hartutako erabakiak gauzatzeko beharrezko eragiketak egin baino askoz lehenago. Beraz, espekulazio-jokabideak ere sustatu ditu, eta haien kontra egin beharra dugu, Konstituzioak hala agindurik.

Bigarren, lege honek alde batera uzten du estatuko legegileak, orain arte, hirigintzak ukituriko eskubide subjektiboen estatutuari heltzean zuen joera. Erredukzionismo hori da Espainiako hirigintzaren beste berezitasun historiko bat. Izan ere, Espainiako hirigintzak, hemen azaldu beharrik ez dagoen arrazoiak direla medio, lurzoruaren jabetzarentzat gorde zuen ekimen pribatuaren eskubide esklusiboa urbanizatze-jardueran. Tradizio horrek pisu handia izan du, ezbairik gabe, konstituzionaltasun-blokeak Konstituzioko eskubideak baliatzean eta eginbeharrak betetzean izan behar den berdintasunaren oinarrizko baldintzak arautzeko eskumen-titulu garrantzitsua Estatuarentzat gorde zuenetik, zeren berekin ekarri baitu eskubide eta eginbehar horiek, ikuspegi sinplista batez, jabetzarenekin identifikatzea.

Baina beste konstituzio-eskubide batzuk ere ukiturik daude, hala nola herritarrek gai publikoetan parte hartzeko dutena, enpresa-askatasunarena, ingurumen egokia izateko eskubidea eta, batez ere, etxebizitza duin eta orobat egokia izateko eskubidea, zeina Konstituzioak berak zuzenean lurzoruaren erabileren arauketarekin lotzen baitu 47. artikuluan. Gero, lurren jabetzaren berdintasunaren oinarrizko baldintzak arautzeaz gainera, kontuan izan behar da hiria dela jendarteko bizitzaren ingurunea, eta, beraz, aitortu behar direla halaber herritarrek hirigintzari dagokionez eta beren inguruneari -landa- nahiz hiri-inguruneari- dagokionez dituzten askatasun, parte-hartze eta prestazioetarako eskubide gutxienekoak. Laburbilduz, Legeak gai hauetan Konstituzioko eskubideak baliatzeko eta eginbeharrak betetzeko herritarren berdintasun-baldintza oinarrizkoak bermatzea du xede.

Hirugarren eta azkenik, Espainiako hirigintza garaikidearen historia historia desarrollista da, hiri berria sortzeari emana batik bat. Zalantzarik gabe, hirihazkundea beharrezkoa da oraindik ere, baina gaur egun argi dago, halaber, hirigintzak garapen iraunkorraren eskakizunei erantzun behar diela, hazkundearen inpaktua ahalik eta gehien gutxituz eta egungo hiria ernaberritzearen alde apustu eginez. Europar Batasunak argi eta garbi azpimarratu du hori, adibidez Europar Lurralde Estrategian, edota, berrikiago, Hiri Ingurumenerako Gaikako Estrategiari buruzko Batzordeak emandako komunikazioan. Horretarako, hiri trinkoa proposatzen du eredutzat, eta urbanizazio sakabanatu edo antolatu gabearen gaitz larriez ohartarazten: ingurumenean duen eragina, gizarte-bereizketa eta efizientzia ekonomikorik eza, hain handiak izanik energiaren, azpiegiturak eraiki eta mantentzearen eta zerbitzu publikoak ematearen kostuak. Lurzorua, baliabide ekonomikoa izateaz gainera, baliabide naturala ere bada, urria eta berriztaezina. Ikuspuntu horretatik, landa-lurzoru orok badu kontuan hartzea merezi duen ingurumen-balio bat, eta lurzoruaren liberalizazioa ezin da oinarritu bereizkuntzarik gabeko sailkapen batean, baizik eta, ontzat emanik badela beharrizan ekonomiko eta sozialei erantzuteko behar den lurzoru urbanizagarriaren sailkapen ardurazko bat, alde batetik, lurra urbanizatzeko ekimen pribatua lehia librera irekitzean, eta, bestetik, espekulazio-jokabide oztopatzaile eta lurzoru-atxikitzaileak eragozteko neurri eraginkorrak ematean, hiri-lurzorutarako den lurzorua bizkor eta egiazki erabiltzen has dadin.

Eta hiri-lurzoruak ere -dagoeneko egina dagoen hiriak ere- ingurumen-balio bat badu, etengabe birsortzen ari den kulturasorkuntza kolektiboa denez, eta hortaz, haren ezaugarriek haren izatearen adierazgarri izan behar dute eta haren antolamenduak haren birgaikuntza bultzatu behar du eta haren erabilera sustatu.

IIILegearen Atariko tituluak alderdi orokorrak hartzen ditu; besteak beste, legearen objektua definitzen du, eta legearen ardatz diren zenbait printzipio adierazten, aurreko atalean azaldutako filosofiaren arabera.

IVHala kontzeptuei nola eskumenei dagozkien arrazoiengatik, Legeak jorratzen duen lehenengo berariazko gaia Legeak ukitzen dituen subjektuen eskubide eta eginbeharren estatutuarena da. Haiei eskaintzen die I. titulua eta haiek sorrarazten dituzte, zuzenean nahiz zeharka, beste artikulu guztiak. Xede horrekin, oinarrizko hiru estatutu subjektibo definitzen dira, hiru zirkulu zentrokide gisa irudika daitezkeenak. Lehenik, herritarrek, oro har, lurzoruari eta etxebizitzari dagokionez dutena. Estatutu horrek pertsona ororen eskubide eta eginbehar sozio-ekonomikoak eta ingurumenari dagozkionak hartzen ditu, edozein ere dela pertsona horrek duen jarduera edo ondarea. Hau da, pertsonari bizi den inguruneaz askatasunean gozatzea bermatuko dion estatututzat hartzen du herritartasuna, ingurune hori antolatzen parte hartzea eta ingurunearen kalitateak eta kohesioak eskatzen dituzten zuzkidura, zerbitzu eta espazio kolektiboak berdintasunez iristea bermatuko dion estatututzat.

Bigarren, ekimen pribatuak hirigintza-jarduerarako duen araubidea; izan ere, hirigintza-jarduera -hirigintza-legeriak lege honen esparruan arautu dezan moduan- interes orokorreko ekonomia-jarduera bat da, hala jabetzaeskubideari nola enpresa-askatasunari eragiten diena. Alde horretatik, eraikitzea finka batean egiten da eta haren jabetzan integratzen da -erakunde juridiko horretaz dugun ikuskera historikoaren arabera- eta, ondorioz, dagokion eskubidearen ahalmentzat ere har daiteke; urbanizatzea, berriz, zerbitzu publiko bat da: haren kudeaketa Administrazioak beretzat gorde dezake edo pribatuei enkargatu diezaieke; gainera, hainbat finkari eragin ohi die eta, beraz, jabetzaren berezko mugak gainditzen ditu, bai logikoki bai fisikoki. Hortaz, haren exekuzioa ekimen pribatuaren esku uzten denean, hirugarren batzuei ere eman behar zaie lehian sartzeko bidea. Horrek, gainera, jarduketaren bizkortzea eta efizientzia ekarriko ditu.

Hirugarren, lurzoruaren jabetzaren estatutua, ahalmen eta eginbeharren konbinazio gisa definitua, gure artean ohikoa denez, nahiz eta horien artean jadanik ez dagoen urbanizatzearena, aurreko paragrafoan azaldutako arrazoiengatik, baina bai, ordea, ekimen pribatuko urbanizatze-jarduketan parte hartzearena, onura eta kargen ekitatezko banaketaren arauen barruan: parte-hartze hori jakinaren gaineko adostasunean oinarritzen dela behar bezala bermaturik, ezin ezarriko zaiolarik legezkoak baino karga gehiago; horrek ez du esan nahi hirigintza-legegileak urbanizatze-ekimena jabetzarentzat gorde ahal izango ez duenik zenbait kasutan, lege honen arabera, lege honek aurrerapena baitu xedetzat eta ez haustura.

VPertsonen eskubideekin korrelazioan daude administrazioen oinarrizko eginbeharrak, eta horiekin irekitzen du Legeak bere II. Titulua.

Hirigintza antolatzeko eta exekutatzeko tresnak onesteko prozedurek berebiziko munta dute: sektorearen esparrutik askoz harantzagokoa; ekonomiaren hazkundean, ingurumenaren babesean eta bizi-kalitatean duten eraginagatik. Horregatik, Legeak gutxieneko estandar batzuk bermatzen ditu gardentasunerako, herritarren partaidetza benetakoa izateko, eta ez forma hutsa, eta planek ekonomian eta ingurumenean dituzten eraginak ebaluatzeko eta haien jarraipena egiteko. Estandar horiek eraginkorrak izango badira, tamaina eta inpaktu handieneko urbanizatze-jarduketek -lurralde-ereduaren aldaketa errotikoa dakartenek- berriro antolatze-ahala osorik baliatzea eskatzen dute. Gainera, Legeak modu berritzailean tratatzen du ebaluazio eta jarraipenerako prozesu hori, haren barruan sartu ahal izateko baliabide eta azpiegitura nagusiak kontuan hartzea. Integrazio horren bidez prozesuak erabilgarriagoak izango dira eta prozedurak, berriz, bizkorragoak.

Aparteko aipamena merezi du etxebizitza babestuak egiteko bizitegilurzoruaren erreserbak, zeren eta, gogorarazi denez, Konstituzioak berak lotzen baitu lurzoruaren erabileren antolamendua etxebizitza-eskubidea egiazki gauzatzearekin. Gure higiezin-merkatuen hedatze-bide harrigarriro luze eta bizia ikusirik, eta batez ere bizitegi-merkatuarena, arrazoizkoa dela dirudi, gaur egun, etxebizitza eskuragarrirako gutxienezko lurzoru eskaintza baten bermea sartzea ekonomia-antolakuntzaren oinarrien kontzeptu materialaren barruan, merkatu horietan duen eragin zuzenagatik eta lurzoru- eta etxebizitza-politiketarako duen garrantziagatik, betiere oztopatu gabe autonomia-erkidegoetako legeek eskaintza hori beren hirigintza-eredura eta premietara egokitu ahal izatea.

Lurzoruaren hirigintza-araubideari dagokionez, izaera eta jarduera, egoera eta prozesua bereizten ditu Legeak. Lehenengoari dagokionez, lurzoruaren bi egoera oinarrizkoak definitzen ditu, hots, zer den lurzorua une jakinean: landalurzorua ala hiri-lurzorua. Egoera horiek ahitu egiten dute lurzoruak -hor ere, une jakinean- duen erabileraren antolamenduaren xedea, eta horregatik, erabakigarriak dira jabetza-eskubidearen edukirako; hala, izaera estatutarioa ematen diote jabetza-eskubide horren araubideari. Bigarrenari dagokionez, berriz, lurzorua eraldatzeko hirigintza-jarduketen araubidea finkatzen du, eta hain zuzen ere jarduketa horietatik sorturiko gainbalioak dira erkidegoaren parte-hartzea eskatzen dutenak, Konstituzioaren aginduz.Legeak ezartzen du, konstituziodoktrinaren arabera, zer tarteren barruan finka daitekeen partaidetza hori. Hala, errealitatera gehiago eta malgutasun handiagoz egokitzeko aukera ematen du, eta bereziki, kasuan kasuko jarduketaren edo jarduketa hartzen duen erreferentziaeremuaren etekin garbira egokitzekoa.Alderdi hori ez da kontuan hartu orain artean.

VIIII. tituluak lurzorua eta eraikuntzak eta eraikinak balioesteko irizpideei heltzen die, birpartzelazioak, desjabetzeak eta administrazio publikoen ondareerantzukizuna direla eta. 1956ko Legeaz geroztik, lurzoruaren legeriak balioespenak egiteko araubide berezi bat ezarri izan du etengabe, 1954ko Nahitaezko Desjabetzearen Legearen irizpide orokorren aplikazioa ordezten duena. Hori egiteko erabili dituen irizpide guztiek, salbuespenik gabe, ezaugarri erkide bat izan dute: hirigintza aldetik zuen sailkapen eta kategorizaziotik abiatuta balioestea lurzorua, hau da, lurraren xedetik abiatuta, eta ez haren egiazko izaeratik. Horren bidez, batzuetan, balioespenak merkatura hurbildu nahi izan dira, pentsatuz lurzoruaren merkatuan ez dela gertatzen hutsegiterik edo espekulazio- tirabirarik, zeinen kontra egin behar baitute botere publikoek Konstituzioak hala agindurik. Bide horrek paradoxa batera zeraman, jotzen baitzen balio erreala ez zela errealitatea balioestea, baizik eta botere publikoen jarduerak sorrarazitako itxarokizun hutsak ere balioetsi behar zirela.

Eta, are aipatu irizpideen bidez prezio zuzenei eutsi nahi zitzaienean ere, guztiz kontrakoari eman zitzaion bide eta, garrantzitsuagoa dena, hortik etorri zen Nahitaezko Desjabetzearen Lege zahar baina oraindik indarrean dagoenaren 36. artikuluak dakarren justiziaren eta zentzu onaren printzipio zaharra lurperatzea: alegia, desjabetzeak tasatzerakoan ez direla kontuan hartu behar desjabetzea dakarten plano edo obra-proiektuaren ondorio zuzen diren gainbalioak, ez eta gerorako aurreikus daitezkeenak ere.

Legearen aplikazioa errazteko eta trafikoak beharrezko duen segurtasuna bermatzeko, egoera hau birmoldatzean erraztasuna eta argitasuna bilatu behar dira; justiziaz gainera, jakina. Eta Konstituzioak berak ateratzen du espresuki -gai jakin honetan eta ez bestetan- justiziaren baliotik agindu bat, botere publikoei zuzendua, espekulazioa galarazteko.

Hori oso ondo egin daiteke sailkapena eta balioespena bereiziz gero. Den hori balioetsi behar da, ez planak etorkizun balizko batean izan litekeela dioena. Ondorioz, eta hirigintzaren ikuspegitik izan daitezkeen lurzoru mota eta kategoriak alde batera utzita, aipatu bi izaera oinarrizko horiek dira abiapuntu Lege honetan: bada landa-lurzoru bat, hau da, hiriaren bilbean funtzionalki integraturik ez dagoena, eta bada beste bat, urbanizatua, halakotzat harturik urbanizazioak benetan eta modu egokian eraldatu duena. Biak balioesten dira beren izatearen arabera, bigarren kasuan bakarrik sartzen delarik izate horretan haren hirigintza-xedea, dagoeneko xede hori errealitate bihurtu baita. Ikuspuntu horretatik, xede hau dute ezarritako balioespen-irizpideek: behar adinako objektibotasun eta segurtasun juridikoz zehaztea zein den, merkatuan, higiezin bat haren egoera berean dagoen beste antzeko batekin ordeztearen balioa.

Landa-lurzoruan, alde batera uzten da konparazio-metodoa, oso gutxitan egokitzen direlako elkarrekin objektibotasuna segurtatzeko eta espekulazioelementuak ezabatzeko beharrezko diren baldintzak, eta errenta-kapitalizazioaren metodoari jarraitzen zaio -metodo ohikoa hori ere-, baina ahaztu gabe ezen, hirigintza-itxarokizunak kontuan hartu gabe, kokapenak eragina duela lurzoru horren balioan, eta kokapen-errenta muntazko faktorea dela lurraren prezioaren eraketa tradizionalean. Lurzoru urbanizatuan, balioespena egiteko ezartzen diren irizpideei esker, higiezinen tasazioak eguneratuak dira beti, eta hori ez zuen bermatzen aurreko araubideak. Nolanahi ere, eta lurzoruaren balioa alde batera utzita, lur hori, urbanizatzea edo eraikitzea dela eta, eraldatzeprozesuan dagoenean, egindako gastu eta inbertsioen kalte-ordaina ematen da, eta, horrekin batera, hartutako arriskua ordaintzen duen arrazoizko prima bat, eta hirigintza-antolamendu eta -exekuzioaren prozesuan ulergaitzak liratekeen balioespen-gorabeherak saihesten dira.

Erabaki administratibo batek urbanizatzejarduketa bat exekutatzen parte hartzea galarazten duenean, edo jarduketa horren baldintzak aldatzen dituenean, jabeen aldetik ez-betetzerik ez dela, ahalmen horretaz gabetzea berez balioesten da, eta horrek jabeok dauden egoera modu neurtuagoan tratatzen laguntzen du. Azken batean, araubide honek, lurzoruen erabilera antolatzeko administrazio-jarduerak ez bestek sorrarazitako itxarokizunak balioetsi gabe, bai antolamendua eta bai jabetzaren funtzio soziala betetzeko hasitako urbanizatze- edo eraikitze-jarduera ordaintzen eta sustatzen du.

VIIIV. tituluak jabetzaren ondare-osotasuna bermatzen duten instituzioez dihardu: nahitaezko desjabetzea eta ondare-erantzukizuna.

Nahitaezko desjabetzeari dagokionez, Lurzoruaren Araubideari eta Balioespenei buruzko Legeak jadanik bazeuzkan arau berak jasotzen dira funtsean; legegintza-teknikaren arrazoiengatik ekarri dira hona, arauen sakabanatzea eta arauok jasotzen dituzten xedapenen zatitzea saihesteko. Lehengoratzeari eta ondare-erantzukizunari dagokienez, bataren eta bestearen kasuak lege honek lurzoru-ondare publikoez eta urbanizatze-jarduketez duen kontzepzioari egokitzen zaizkio, hurrenez hurren, eta beste guztian aurreko legearen irizpideei eusten zaie. Gainera, birtasatze-eskubidea sartzen da antolamenduaren aldaketa batek urbanizatzejarduketa bat exekutatzeko desjabeturiko lurren balioa handitzen duen kasurako, halako moldez non kalte-ordainaren bermea bere osotasunean babesturik geratzen baita urbanizatze-kudeaketa publikoaren eraginkortasuna kolokan jarri gabe.

VIIIV. tituluak higiezinen jabetzaren funtzio soziala bete dadin bermatzeko zenbait neurri jasotzen ditu. Itzal handiko ahots askok salatu dute gizartetik, sektoretik, administrazioetatik eta komunitate akademikotik badirela espekulaziozko lur-erretentzio eta -kudeaketak, haren funtzioa betetzea oztopatzen dutenak; bereziki, herritarrek etxebizitzarako irispidea izatea. Eragile batzuen eta besteen eragimenean lege honek bultzatzen dituen aurrerapenez gainera (ekimen pribatua irekitzea, Administrazioak gainbalioetan duen partaidetzan proportzionaltasun handiagoa izatea), beharrezkoa da bermatzea eragimen hori egiazki baliatuko dela jabetzaren funtzio soziala betetzeko eta haren objektu den lurzoruaren hirigintza-xedea betetzeko, publikoa zein pribatua izan haren titularra.

Gaitasun orok berekin du erantzukizuna, eta lege hau erantzukizun hori interes orokorraren zerbitzuan antolatzen saiatzen da bere gorputz osoan zehar: dela hirigintza-antolamenduaren prozeduren gehienezko epeak ez betetzeagatiko ondare-erantzukizuna, dela exekuzio-epeak bete ez dituen jabea nahitaez ordezteko aukera; dela lurzoru-ondare publikoen xedeak zehazteko zorroztasun handiagoa, dela xede hori betetzen dela bermatzeko neurriak, nahiz eta lurzoruondare publikoak osatzen dituzten ondasunak besterendu.

Tituluari buru emateko, azalera-eskubidea arautzen da, egun eskubide hori eskas araututa dagoelako. Orobat, eskubide horren eraginkortasuna areagotu nahi da herritarrek etxebizitza iristea errazteko, eta, oro har, higiezinen merkatuko eskaintzak ugaritzeko eta bizkortzeko.

IXAzkenik, VI. tituluak baditu zenbait manu, orain arte Lurzoruaren Araubideari eta Hiri Antolamenduari buruzko Legearen Testu Bategina onetsi zuen 1992ko ekainaren 26ko 1/1992 Legegintzako Errege Dekretuan modu zatikatuan egonak, «Araubide Juridikoa» izenaren pean elkartu direnak, hala egitea arrazoizkoa dela iritzita. Hartan jasotzen dira hirigintza-arloko edo lurraldeantolamenduaren kontrako arau-hausteen ondorioz Fiskaltzarekin egiteko jarduketak; eremu horietan bidezko diren eskari, egintza eta erabakiak; baliatu daitezkeen akzioak eta dagozkion errekurtsoak, eta hirigintza-izaerako egintzak Jabetza Erregistroan inskribatzeari buruzko Hipoteka Legea exekutatzeko Erregelamenduaren arau osagarriak onetsi zituen 1997ko uztailaren 4ko 1093/1997 Errege Dekretuaren bidez garapena izan duten Jabetza Erregistroari buruzko arauak.

Titulu hau eta 1/1992 Legegintzako Errege Dekretuan irauten zuen edukian koherentzia sistematikoa galdua zuten beste manu haiek -orain, 8/2007 Legearen egituran dagokion lekuan sarturik, berriro koherentzia hori irabazi dutelarik- sartu eta gero, eta argitzen, erregularizatzen eta harmonizatzen egindako lana egin ondoren, bada aukera bi xedapen orokorrak derogatzeko eta, azkenean, lege-multzo bakar batean biltzeko gaiaren inguruko legeria estatala, Lurzoruari buruzko 2007ko maiatzaren 28ko 8/2007 Legearen amaierako bigarren xedapenean ezarritakoaren babesean.

Haren arabera, Etxebizitza ministroaren proposamenez, Estatu Kontseiluaren adostasunarekin eta Ministro Kontseiluak 2008ko ekainaren 20ko bileran egindako deliberatze-saioaren ondoren,

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra. Lurzoruari buruzko Legearen Testu Bategina onestea

Lurzoruari buruzko Legearen Testu Bategina onesten da.

Lehen xedapen gehigarria. Arauetara igortzea

Lurzoruaren Araubideari eta Hiri Antolamenduari buruzko Legearen Testu Bategina onetsi zuen 1992ko ekainaren 26ko 1/1992 Legegintzako Errege Dekretuari eta Lurzoruari buruzko 2007ko maiatzaren 28ko 8/2007 Legeari beste xedapen batzuetan egindako erreferentziak, onesten den Testu Bateginaren dagozkion manuei egindakotzat ulertuko dira.

Xedapen derogatzaile bakarra. Arauak derogatzea

Derogaturik geratzen dira Legegintzako Errege Dekretu honi eta beronek onesten duen Testu Bateginari kontra egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak, eta, zehazki, hauek: a) 8/2007 Legea, maiatzaren 28koa, Lurzoruari buruzko

b) 1/1992 Legegintzako Errege Dekretua, ekainaren 26koa, Lurzoruaren Araubideari eta Hiri Antolamenduari buruzko Legearen Testu Bategina onesten duena

Amaierako xedapen bakarra. Indarrean sartzea

Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean sartuko dira indarrean Legegintzako Errege Dekretu hau eta beronek onesten duen Testu Bategina

Madrilen, 2008ko ekainaren 20an emana

Juan Carlos E

Etxebizitza ministroa, Beatriz Corredor Sierra

LURZORUARI BURUZKO LEGEAREN TESTU BATEGINA

ATARIKO TITULUA XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Lege honen objektua

Lege honek lurzoruarekin zerikusia duten Konstituzioko eskubideak baliatu eta eginbeharrak betetzeko unean Estatuaren lurralde osoan berdintasuna bermatzen duten oinarrizko baldintzak arautzen ditu. Orobat ezartzen ditu lurzoruaren araubide juridikoak ekonomiari eta ingurumenari buruz izango dituen oinarriak, lurzoruaren balioespena eta administrazio publikoek gai honetan duten ondare-erantzukizuna.

2. artikulua. Lurralde- eta hiri-garapen iraunkorraren printzipioa

1. Lurzorua arautu, antolatu, okupatu, eraldatu eta erabiltzeari buruzko politika publikoen xede erkidea baliabide hori interes orokorrarekin bat etorriz eta garapen iraunkorraren printzipioaren arabera erabiltzea da, alde batera utzi gabe legeek esleitzen dizkieten berariazko xedeak.

2. Garapen iraunkorraren printzipioaren arabera, aurreko zenbakian aipatzen diren politikek baliabide naturalen arrazoizko erabileraren alde egin behar dute, ekonomia, enplegu, gizarte-kohesio, gizon eta emakumeen arteko tratueta aukera-berdintasun, pertsonen osasun eta segurtasun, eta ingurumenaren babesaren eskakizunak harmonizatuz, kutsadurari aurre hartzen eta gutxitzen lagunduz, eta bereziki honetan ahaleginduz: a) Izadia, flora eta fauna kontserbatzeko eta hobetzeko eta kultura-ondarea eta paisaia babesteko neurriak eraginkorrak izan daitezen.

b) Landa-ingurunea babesten, haren izateari dagokion eran, eta hirigintzaeraldaketaren premiei erantzuteko beharrezko ez den edo egokia ez den lurzoruaren balioak babesten.

c) Hiri-inguruneak lurzoruaren okupazio efizientea izan dezan, dagozkion azpiegitura eta zerbitzuez nahikoa hornitua egon dadin, eta erabilerak modu funtzionalean konbina daitezen eta egiazki ezarri, funtzio soziala dutenean.

Lurralde- eta hirigintza-antolamenduan eskudun diren botere publikoek kasuan-kasuan onetsitako lurralde-eredutik sortzen diren berezitasunetara egokituko da helburuok betetzeko ahalegina.

3. Botere publikoek lan egingo dute ondorengo artikuluetan adierazitako herritarren eskubide eta eginbeharrak egiazkoak eta eraginkorrak izan daitezen beharrezko diren baldintzak sustatzen. Hartarako, egoki diren lurralde-eta hirigintza-antolamenduko neurriak hartuko dituzte emaitza orekatu bat bermatzeko, eta lurzorua okupatzeko eta eraldatzeko prozesuak bultzatu edo geldiaraziko dituzte, zer dagokion.

Lurralde-eta hirigintza-antolamenduak bizitegi-erabilerari loturiko lurzorua etxebizitza duin eta egoki batez gozatzeko eskubidea gauzatzearen zerbitzura dago, gaiari buruzko legeriak xedatzen duen eran.

3. artikulua. Lurralde-antolamendua eta hirigintza-antolamendua

1. Lurralde-antolamendua eta hirigintza-antolamendua transakziorik onartzen ez duten funtzio publikoak dira, lurraldearen eta lurzoruaren erabilera interes orokorraren arabera antolatzen eta definitzen dutenak; lurzoruaren xedearen arabera zehazten dituzte haren jabetza-eskubidearen ahalmenak eta eginbeharrak. Zehaztapen horrek ez du kalte-ordaina galdatzeko eskubiderik ematen, salbu eta legeetan espresuki ezarritako kasuetan.

Lurralde- eta hirigintza-antolamendurako ahala arrazoiturik baliatu beharko da, zein interes orokor zerbitzatzen dituen adieraziz.

2. Lurralde- eta hirigintza-antolamenduari buruzko legeriak honako hauek bermatuko ditu: a) Administrazio publiko eskudunek zuzentzen eta kontrolatzen dutela hirigintza-prozesua, lurzorua okupatu, urbanizatu, eraikuntzak zein eraikinak egin eta erabiltzeko faseetan, edozein ere direla ekintzon subjektuak, publikoak zein pribatuak.

b) Erkidegoak erakunde publikoen jarduerak sorrarazitako gainbalioetan parte hartzen duela, Lege honetan eta aplikagarri diren beste guztietan ezarritakoaren arabera.

c) Herritarren eta hirigintza-prozesuek ukituriko interesak ordezkatzen dituzten erakundeen informazio-eskubidea, bai eta herritarrek hirigintza-antolamenduan eta -kudeaketan parte hartzea ere.

3. Hirigintzaren eta lurzoru-politiken kudeaketa publikoak parte-hartze pribatua sustatuko du.

I. TITULUA HERRITARREK KONSTITUZIOKO ESKUBIDE ETA EGINBEHARRETAN DUTEN BERDINTASUNAREN OINARRIZKO BALDINTZAK

4. artikulua. Herritarraren eskubideak

Herritar guztiek dituzte eskubide hauek: a) Etxebizitza duin, egoki eta eskuragarri bat izatea bizilekutzat, pertsona guztientzako diseinuaren printzipioaren arabera pentsatua, aplikagarri den legeriak onarturiko gehienezko mugak gainditzen dituen zaratarik edo beste edozein motatako immisio kutsagarririk gabea, ingurumen eta paisaia egoki batean.

b) Zuzkidura publikoak eta erabilera publikorako irekitako ekipamendu kolektiboak erabiltzeko irispidea izatea, diskriminaziorik gabe eta irisgarritasun unibertsalaren baldintzetan, kasuan kasuko jarduera arautzen duen legeriaren arabera.

c) Administrazio publikoek lurralde-antolamenduaz, hirigintza-antolamenduaz eta haien ingurumen-ebaluazioaz duten informaziora irispidea izatea, bai eta onetsitako xedapenen edo administrazio-egintzen kopia edo ziurtagiria eskuratzea ere, legeria arautzaileak ezarri bezala.

d) Eskudun den administrazioarengandik informazioa jasotzea, bere osotasunean, idatziz eta arrazoizko epean, finka jakin baten araubideaz eta hari aplika dakizkiokeen hirigintza-baldintzez, legeria arautzaileak ezarri bezala.

e) Lurralde-antolamenduko edo hirigintza-antolamendu eta -exekuzioko eta haien ingurumen-ebaluazioko edozein tresna prestatzeko eta onesteko prozeduretan egiazki parte hartzea, alegazioak, oharrak, proposamenak, erreklamazioak eta kexuak aurkeztuz, eta administraziotik erantzun arrazoitu bat jasotzea, administrazio horren eta kasuan kasuko prozeduraren araubide juridikoa arautzen duen legeriaren arabera.

f ) Akzio publikoa baliatzea lurralde- eta hirigintza-antolamenduaren zehaztapenak gordearazteko, bai eta zehaztapen horiek jasotzen dituzten tresnen ingurumen- ebaluaziorako prozeduretatik eta haiek exekutatzeko proiektuetatik sorturiko erabakiak ere, legeria arautzaileak ezarri bezala.

5. artikulua. Herritarraren eginbeharrak

Herritar guztiek dituzte eginbehar hauek: a) Ingurumena, ondare historikoa, paisaia naturala eta hiri-paisaia zaintzea eta babesten laguntzea, betiere gaiari buruzko legeriak debekatzen duen zeinahi egintza edo jarduera egitetik begiratuz.

b) Jabari publikoko ondasunak eta azpiegiturak eta hiri-zerbitzuak zaintzea eta modu arrazoizko eta egokian erabiltzea, betiere haien ezaugarrien, funtzioaren eta zerbitzu-ahalmenaren arabera.

c) Aplikagarri den legeria hautsiz ondasun publikoei edo hirugarren batzuen ondasunei enbarazu edo kalte egiteko arriskua dakarren edozein egintza edo jarduera ez egitea.

d) Legeriak jarduera gogaikarri, osasungaitz, kaltegarri eta arriskutsuei ezartzen dizkien betekizun eta baldintzak betetzea, eta eskura dauden teknikarik hoberenak erabiltzea uneoro haietan, aplikagarri diren arauen arabera.

6. artikulua. Ekimen pribatua urbanizatzean eta eraikuntzan zein Eraikingintzan

Lurralde- eta hirigintza-antolamenduari buruzko legeriak honako hauek arautuko ditu: a) Partikularrek, lurren jabe izan nahiz ez, enpresa-askatasunaren eskubidea baliatuz, urbanizatze-jarduerak exekutatzeko duten ekimen-eskubidea, urbanizatze-jarduera hori administrazio eskudunak berak egin behar ez duenean edo bera egitera ez doanean. Partikularrentzako gaikuntza, jarduera horretarako, publikotasun- eta konkurrentzia-irizpideen araberako prozeduraren bidez eta erkidegoak hirigintza-jarduketen ondoriozko gainbalioetan parte-hartze egokia izan dezala zainduko duten esleipen-irizpideak erabiliz esleituko da, aplikagarri den legeriak ezarritako baldintzetan, bere horretan utzirik legeria horrek lurraren jabeen ekimenaren alde aurreikusten dituen berezitasun edo salbuespenak.

b) Aurreko letran aipatzen den ekimen-eskubidearen titular direnek administrazio eskudunei kontsulta egiteko duten eskubidea, honako hauei buruzko irizpide eta aurreikuspenei buruz: hirigintza-antolamendua, plan eta proiektu sektorialak, eta urbanizazioa zerbitzu-sare orokorrekin lotzea bermatzeko egin beharko dituzten obrak eta, hala badagokio, jarduketatik kanpo daudenak zabaltzeko eta indartzekoak.

Lurralde- eta hirigintza-antolamenduari buruzko legeriak finkatuko du kontsultari erantzuteko gehienezko epea -inoiz ez hiru hilabete baino gehiagokoa, salbu eta lege-mailako arau batek epe luzeagoa ezartzen badu-, eta baita hartatik eratortzen diren ondorioak ere. Edozein kasutan, erantzunean emandako irizpideak eta aurreikuspenak aldatzeak -erantzun horrek efektuak izateko epearen barruan- eskubidea eman dezake alferrikakoak gertatu diren beharrezko proiektuak prestatzen egindako gastuen kalte-ordaina jasotzeko, administrazio publikoen ondare-erantzukizunaren araubide orokorraren arabera.

c) Ekimen pribatuko antolamendu-tresnak egiten dituztenek, aurrez administrazio eskudunaren baimena lorturik, haiek idazteko behar dituzten informazio-elementu guztiak organismo publikoengandik jasotzeko duten eskubidea, eta finka partikularretan tresna idazteko beharrezko diren okupazioak Nahitaezko Desjabetzearen Legearen arabera egiteko dutena.

d) Jabeak bere lurretan, berak edo hirugarren batzuen bitartez, zilegi diren instalazio, eraikuntza zein eraikinak egiteko duen eskubidea, betiere lurrok horretarako unitate egokia osatzen badute, legez eskaturiko baldintza fisiko eta juridikoak betetzen dituztelako, eta instalazio, eraikuntza zein eraikinok lurralde- eta hirigintza-antolamenduak aurreikusiriko denboran eta baldintzetan eta aplikagarri den legeriaren arabera egiten badira.

7. artikulua. Lurzoruaren jabetza-eskubidearen hirigintza-araubidea

1. Lurzoruaren jabetzaren hirigintza-araubidea estatutarioa da eta hura xede jakin batzuei loturik egotearen ondorio, lurralde- eta hirigintza-antolamenduari buruzko legeriak ezarri bezala.

2. Lurralde- eta hirigintza-antolamenduak egiten duen eraikigarritasunaurreikuspenak, berez, ez du eraikigarritasuna sartzen lurzoruaren jabetzaeskubidearen edukian.

Eraikigarritasuna ez da ondaretzen benetan eraikitakoan baino, eta eginbeharrak betetzearen eta dagokion araubidearen kargak kentzearen baldintzapean dago kasu guztietan, lurralde- eta hirigintza-antolamenduari buruzko legeriak ezarri bezala.

8. artikulua. Lurzoruaren jabetza-eskubidearen edukia: ahalmenak

1. Lurzoruaren jabetza-eskubideak lurzoru hori erabiltzeko, gozatzeko eta ustiatzeko ahalmenak hartzen ditu barnean, une bakoitzean duen egoera, sailkapen, ezaugarri objektibo eta xedearen arabera, ondasunaren ezaugarri eta izaerarengatik aplikagarri den legeriarekin bat etorriz. Orobat hartzen du barnean xedatzeko ahalmena ere, baldin eta ahalmen hori baliatzeak 17. artikuluan ezarritako finka eta partzelen eraketaren eta haien arteko erlazioaren araubidea hausten ez badu betiere.

Aurreko paragrafoan aipatzen diren ahalmenen artean daude: a) Lurzorua bere izatearen arabera erabili eta gozatzeko beharrezko diren instalazio eta eraikuntzak egitea; instalazio eta eraikuntza horiek espresuki baimenduak eta legez eraikin-izaera ez dutenak izan beharko dute.

b) Eraikigarria den unitate baten gainean eraikitzea, 6. artikuluko d) letran adierazita dagoen bezala, lurralde- eta hirigintza-antolamenduak hari erabilera jakinetarako eraikigarritasuna esleitzen dionean eta eraikitzeko ezarritako beste betekizun eta baldintzak betetzen direnean.

Eraikitze-egintza orok hartarako nahitaezkoa den administrazioaren adoste-, oneste- edo baimentze-egintza beharko du, lurralde- eta hirigintzaantolamenduaren araudiaren arabera. Hura ukatzea arrazoiturik egin beharko da.

Ezingo dira ezein kasutan administrazio-isiltasunez lortutzat jo lurraldeeta hirigintza-antolamenduaren kontrakoak diren ahalmen zein eskubideak.

c) 14. artikuluko 1. zenbakiko a) letran aipatzen diren urbanizatze-jarduketak exekutatzen parte hartzea, jarduketek ukitzen dituzten jabe guztien artean onurak eta kargak ekitatez banatuz, zeini bere ekarpenaren neurrian.

Ahalmen hori baliatzeko -edota berresteko, aurrez baliatu badu-, jabeak lurralde- eta hirigintza-antolamenduari buruzko legeriak finkaturiko epea izango du; epe hori ezin izango da hilabete baino gutxiagokoa, eta ezin kontatuko da jabeak jarduketaren kargen norainokoa zein den eta haiek jarduketek ukiturikoen artean banatzeko irizpideak zein diren jakin dezakeen unea baino lehenagotik.

2. Aurreko zenbakiko ahalmenek hirigintza-antolamenduko tresnek zehazten duten punturaino bakarrik hartuko dituzte hegalkina eta lurpea, aplikagarri diren legeen arabera eta jabari publikoa babesteak eskatzen dituen mugapen eta zortasunekin.

9. artikulua. Lurzoruaren jabetza-eskubidearen edukia: eginbeharrak eta kargak

1. Lurren, instalazioen, eraikuntzen eta eraikinen jabetza-eskubidearen barruan sartzen dira, edozein izaera dutela ere haiek, eginbehar hauek: haiei lurralde- eta hirigintza-antolamenduarekin bateraezin ez den erabilera ematea; erabilera horren euskarri izateko legezko kondizioetan mantentzea eta, nolanahi ere, legez galda daitezkeen segurtasun-, osasungarritasun-, irisgarritasun- eta apaintasun-kondizioetan mantentzea; eta hobekuntza- eta birgaikuntza-lanak egitea, kontserbatzeko legezko eginbeharrak eskatzen dueneraino. Eginbehar hori izango da jabeen kontura egin beharreko obren muga, Administrazioak arrazoi turistiko zein kulturalengatik obrak egiteko agintzen duenean; interes orokorreko hobekuntzak lortzearren muga hori gainditzen duten obrak Administrazioaren funtsen kontura joango dira.

Lege honi dagokionez urbanizatua den eta eraikigarritasuna esleitu zaion lurzoruan, erabiltzeko eginbeharrak berekin dakar aplikagarri den araudian ezarritako epeetan eraikitzea.

Lege honi dagokionez landa-lurzorua den edo eraikinik gabe dagoen lurzoruan, hura mantentzeko eginbeharrak berekin dakar lurrak eta lurretako landaretza kondizioetan edukitzea, ez dadin higadura-, sute- eta uholde-arriskurik izan, segurtasun zein osasun publikorako, ez hirugarren batzuei zein interes orokorrari kalte edo galerak eragitekorik; ingurumenari dagokiona barne; lurzoru, ur nahiz airearen kutsadurari eta beste ondasun batzuetako isurketa kutsagarriei aurre hartzea eta, halakorik gertatuz gero, ondasunok beren onera ekartzea; eta lurzoruak dituen erabileretatik eta hartan egiten diren jardueretatik eratorritako zerbitzuen ezarpenari eta funtzionamenduari eustea.

2. Aurreko artikuluko lehen zenbakiko a) eta b) letretan aurreikusitako ahalmenak baliatzeak, lege honi dagokionez landa-lurzoruan dauden eta urbanizatze-jarduketa baten araubidearen mende ez dauden lursailetan, honako hauek dakarzkio jabeari, lurralde- eta hirigintza-antolamenduari buruzko legeriak zehazten duen eran: a) Lurzorua eta haren landaretza legez galda daitekeen egoeran mantentzeko edo egoera hura berreskuratzeko beharrezko diren obrak eta lanak ordaintzea eta egitea, aplikagarri den araudian aurreikusita dagoen bezala.

b) Lurzoruaren ustiapen nagusiari loturik ez dauden erabilera pribatuak legitimatzeko ezartzen diren ondare-prestazioak betetzea.

c) Instalazioa, eraikuntza edo eraikina zerbitzu-sare orokorrekin lotzeko azpiegiturak ordaintzea eta, hala badagokio, egitea, eta administrazio eskudunari entregatzea jabari publikoan sar daitezen haren parte izan behar dutenean.

3. Aurreko artikuluko lehen zenbakiko c) letran aurreikusitako ahalmena baliatzeak berekin dakar karga errealtzat hartzea jarduketaren sustapenaren legezko eginbeharretan parte hartzea, onurak eta kargak ekitatez banatuz eta lurralde- eta hirigintza-antolamenduari buruzko legeriaren arabera, bai eta jarduketa exekutatzeko ardura duenari obrak egiteko behar dituen ondasunak okupatzen uztea ere.

II. TITULUA LURZORUAREN ARAUBIDEAREN OINARRIAK

10. artikulua. Lurzorua erabiltzeko oinarrizko irizpideak

1. I. tituluan adierazitako printzipioak eta eskubide eta eginbeharrak gauzatzeko, administrazio publikoek, eta bereziki lurralde- eta hirigintza-antolamenduan eskudun direnek, honako hauek egin beharko dituzte: a) Lurralde- eta hirigintza-antolamenduan xede bat esleitzea, landa-lurzoru izatetik lurzoru urbanizatu izatera pasatzen duena edo pasatzea ahalbidetzen duena, urbanizazioaren bidez, hala egitea justifikatzen duten premiak asetzeko behar den lurzoruari; lurzoru horrekiko espekulazioa galaraztea eta gainerako landa-lurzorua urbanizatzetik babestea.

b) Lurzoru egokia eta nahikoa xedatzea ekoizpen-erabileretarako eta bizitegierabilerarako, betiere parte proportzionatu bat babes publikoko araubide baten mendeko etxebizitzetarako erreserbatuz; araubide horrek, gutxienez, gehienezko prezioa ezartzea ahalbidetu beharko du salmentan, alokairuan edo etxebizitza iristeko beste edozein modutan, hala nola azalera-eskubidean edo administrazio-emakidan.

Erreserba hori lurralde- eta hirigintza-antolamenduari buruzko legeriak zehaztuko du, edo, harekin bat etorriz, antolamendu-tresnek, eta, gutxienez, urbanizatze-jarduketetan sartuko den lurzoruan hirigintza-antolamenduak aurreikusitako bizitegi-eraikigarritasunaren ehuneko 30a gauzatzeko behar diren lursailak hartuko ditu.

Hala ere, legeria horrek erreserba txikiagoa finkatu edo ahalbidetu ahal izango du, salbuespenez, udalerri edo jarduketa jakin batzuetarako, baldin eta, urbanizazio berriko jarduketak direnean, antolamendu-tresnan bermatzen bada erreserba osoa haren aplikazio-eremuko lurraldean beteko dela eta erreserbaren kokapena gizarte-kohesioaren printzipioa gordez banatuko dela.

c) Lurzoruaren erabileren antolamendua egiten dutenean, honako printzipio hauei erantzutea: irisgarritasun unibertsala, emakume eta gizonen arteko tratu- eta aukera-berdintasuna, mugigarritasuna, efizientzia energetikoa, urhornikuntzaren bermea, arrisku naturalen eta ezbehar larrien prebentzioa, kutsaduraren aurkako prebentzioa eta babesa eta osasun zein ingurumenarentzat izan ditzakeen ondorioak mugatzea.

2. Instalazio, eraikuntza eta eraikinek dauden ingurura egokitu beharko dute oinarrizkoan, eta, horretarako, paisaia ireki eta naturaleko lekuetan, landatarrak zein itsastarrak izan, edo ezaugarri historiko-artistikoak dituzten hiriguneko multzo tipiko edo tradizionalek eskaintzen dituzten ikuspegietan, eta ibilbide pintoreskoa duten errepide eta bideen inguruetan, ez da zilegi izango eraikin, horma eta itxituren kokapenak, masak zein altuerak, edo beste elementu batzuk jartzeak, edertasun naturalen ikus-eremua mugatzea, paisaiaren harmonia haustea edo haren berezko ikuspegia desitxuratzea.

3. Zuzenbidean erabat deusez izango dira hirigintza-antolamenduko tresnetan aurreikusitako berdegune zein espazio libreen ordenamendua hausten duten administrazioaren esku-hartze egintzak. Obrak egiten ari diren bitartean, administrazio-egintza legitimatzailearen efektuak geldieran utziko dira, eta dagozkion gainerako neurriak hartuko.

Obrak amaiturik badaude, haiek ofizioz berrikusteari ekingo zaio, administrazio-prozedura erkideko legerian aurreikusitako izapideen bidez.

11. artikulua. Publikotasuna eta eraginkortasuna hirigintzaren kudeaketa Publikoan

1. Lurralde-antolamenduko eta hirigintza-antolamendu eta -exekuzioko tresna guztiek, onurak eta kargak banatzeko direnak barne, eta administrazio eskudunak xede horrekin izenpetuko dituen hitzarmenek, informazio publikoaren izapidea jarraitu behar dute gai horretako legeriak ezartzen duen eran eta epean, zeina inoiz ezin izango baita administrazio-prozedura erkideari buruzko legerian galdatzen den gutxienekoa baino laburragoa, eta legeek zehazten duten forman eta edukiarekin argitaratu beharko dira.

2. Lurralde- eta hirigintza-antolamenduko tresna guztien behin betiko onespen-erabakiak dagokion Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira.

Tresna horietan biltzen diren arau eta ordenantzei dagokienez, aplikagarri den legeriak aginduko du.

3. Hirigintza-antolamenduko tresnak onesteko edo aldatzeko prozeduretan, jendaurrean jarritako dokumentazioak laburpen bat ekarri beharko du, honako puntu hauek adieraziko dituena:

a) Proiektaturiko antolamenduak indarrean dagoena zein eremutan aldatzen duen zedarriztatzea, kokalekuaren plano bat emanez eta aldaketa horren norainokoa adieraziz.

b) Hala badagokio, zein eremutan uzten diren geldieran hirigintza-ordenamendua edo hirigintza-planak exekutatzeko zein hirigintzan esku hartzeko prozedurak, eta geldiera horren iraupena

4. Administrazio publiko eskudunek bide telematikoa bultzatuko dute indarrean dauden lurralde- eta hirigintza-antolamenduko tresnen edukia eta haien informazio publikoa ematen delako iragarpena publiko egiteko.

5. Hirigintza-legeriak hirigintza antolatzeko edo exekutatzeko tresnen onespen-prozeduren ekimena partikularrei irekitzen dienean, ezarritako gehienezko epearen barruan ebazteko eginbeharra ez betetzeak interesdunei kalte-ordainak ematea ekarriko du, beren eskabideak aurkezteko egin dituzten gastuen muntakoak, salbu eta administrazio-isiltasunez onetsitzat edo aldeko ebazpenez erabakitzat jo behar diren kasuetan, aplikagarri den legeriaren arabera.

6. Hirigintza-antolamenduko tresnak izapidetzeko eskudun den administrazioak tresna horien onespen-prozedurari ofizioz ekiten dionean, baina haien behin betiko onespena beste administrazio baten organo bati dagokiolarik, hirigintza-legeriak adieraziriko epean joko dira behin betiko onetsitzat tresnok.

7. Edozein kasutan, lurralde- eta hirigintza-antolamenduko tresnak izapidetzean, beren eskumenak ukituak gerta daitezkeen administrazio publikoei entzuera ematearen izapidea bermatu beharko da.

12. artikulua. Lurzoruaren oinarrizko izaerak

1. Lege honi dagokionez, lurzoru guztiak du oinarrizko bi izaera hauetariko bat: landa-lurzoru izaera edo lurzoru urbanizatu izaera.

2. Landa-lurzoru izaera du:

a) Kasu guztietan, lurralde- eta hirigintza-antolamenduak urbanizazio bidez eraldatzetik babesturiko lurzoruak. Lurzoru horretan sartu beharko dira, gutxienez: jabari publikoa, izadia zein kultura-ondarea babesteko edo zaintzeko legeriak eraldatze horretatik at utzitako lursailak; dituzten balioengatik -are ekologia, nekazaritza, abeltzaintza, basogintza eta paisaiari dagozkionengatik- lurralde- eta hirigintza-antolamenduaren arabera babesturik geratu behar duten lursailak; bai eta arrisku natural edo teknologikoak dituzten lursailak ere, uholde edo bestelako ezbehar larrien arriskua dutenak barne, eta lurralde- edo hirigintza-antolamenduko legeriak aurreikusten dituen beste guztiak.

b) Lurralde- eta hirigintza-antolamenduko tresnek lurzoru urbanizatu izatera pasatzea aurreikusita edo baimenduta duten lurzoruak, dagokion urbanizatzejarduketa amaitu arte, eta ondorengo zenbakian aipatzen diren betekizunak betetzen ez dituen beste edozein lurzoruk.

3. Lurzoru urbanizatu izaera du legez eta egiazki biztanleguneei dagozkien zuzkidura eta zerbitzuen sarean sarturikoak.

Hala dela ulertuko da partzelek, eraikita egon nahiz ez, hirigintza-legeriak eskaturiko zuzkidurak eta zerbitzuak dituztenean edo, partzelak lehendik dauden instalazioekin lotu beste obrarik gabe, halakoak izan ditzaketenean.

Aurreko paragrafoan aipatzen diren zuzkidura eta zerbitzuak ezartzean, hirigintza-legeriak aintzat hartu ahal izango ditu landa-ingurunean legez finkaturiko biztanlegune tradizionalen berezitasunak.

13. artikulua. Landa-lurzoruaren erabilera

1. Landa-lurzoruan dauden lursailak beren izatearen arabera erabiliko dira: legeek eta lurralde- eta hirigintza-antolamenduak ezartzen dituzten mugen barruan, nekazaritza, abeltzaintza, basogintza, ehiza edo baliabide naturalen arrazoizko erabilerari loturiko beste edozein erabilera eman beharko zaie.

Salbuespen gisa eta lurralde- eta hirigintza-antolamenduaren legerian aurreikusitako prozedura erabiliz eta baldintzak betez, zilegi izango da berariazko jarduera eta erabilera batzuk legitimatzea, baldin eta interes publikoa edo soziala badute landa-antolamenduari eta -garapenari egiten dioten ekarpenagatik edo landa-ingurunean kokatu beharrekoak direlako.

2. Landa-lurzoruan debeku dira lursailen hirigintza-partzelazioak, salbu eta urbanizatze-jarduketa baten barruan lurralde- eta hirigintza-antolamenduko legeriak zehazten duen eran sartu direnak.

3. Lursailak urbanizatze-jarduketa baten barruan sartzen diren unetik, honako hauek baino ezin egingo dira haietan:

a) Salbuespen gisa, lurralde-eta hirigintza- edo sektore-legeriak espresuki debekatzen ez dituelako baimentzen diren behin-behineko erabilerak eta obrak. Erabilera eta obra horiek gelditu egin beharko dira eta, edozein kasutan, obrak eraitsi, inolako kalte-ordain eskubiderik gabe, hirigintza-administrazioak hala erabakitzen duenean. Dagozkien baimenak, hartzaileek espresuki onartu dituzten aipaturiko baldintzetan emanak, Jabetza Erregistroan hipoteka-legeriaren arabera jasota egonez gero izango dira eraginkorrak.

Aurreko paragrafoan adierazitako lursailen nahiz haietan eraikitzen diren behin-behineko eraikuntzen errentamendua eta azalera-eskubidea landa- eta hiri-errentamenduen araubide berezitik kanpo geratuko dira, eta, edozein kasutan, urbanizatze-proiektuak exekutatzeko haiek eraistea edo hustea erabakitzen duen hirigintza-administrazioaren aginduarekin amaituko dira automatikoki. Kasu horietan ez da aplikagarri gertatuko hamaikagarren xedapen gehigarriaren bigarren paragrafoan ezarritakoa

b) Urbanizatze-lanak, lurralde-eta hirigintza-antolamenduari buruzko legerian hartarako galdaturiko betekizunak betetzen direnean, bai eta legeria horrek urbanizatze-lanekin batera egiteko aukera ematen duen eraikuntza- zein eraikingintza-lanak ere.

4. Aurreko zenbakietan xedatutakoa gorabehera, ingurumen-balioak, balio kulturalak, historikoak, arkeologikoak, zientifikoak eta paisaiaren aldetikoak dituzten eta aplikagarri den legeriak babesten dituen lursailen erabilera balio horiek babestera beharturik geratuko da beti, eta legeria horrek lursailen egoera naturala aldatzeko espresuki baimentzen dituen egintzak baino ez dira sartuko erabilera horretan.

Gune natural babestuen edo Natura 2000 Sarean sartzen diren guneen zedarriztapenak aldatu ahal izateko, haien guztizko azalera gutxituz edo haietatik lursailak kenduz, haien bilakaera naturalak -zientifikoki frogatuak- eragin dizkien aldaketek hala justifikatu beharko du.

Beharrezkoa izango da aldaketaren informazio publikoa ematea. Natura 2000 Sarearen kasuan, egindako deskatalogatze-proposamena Europar Batzordeari bidali aurretik eta hark deskatalogatze hori onartu aurretik eman beharko da aldaketaren informazio publikoa.

Aurreko paragrafoetan aurreikusitakoa betetzeak ez du salbuetsiko aplikagarri den legeriak ezartzen dituen beste babes-arauetatik.

14. artikulua. Hirigintzako eraldatze-jarduketak

1. Lege honi dagokionez, hirigintzako eraldatze-jarduketatzat hartzen dira:

a) Urbanizatze-jarduketak, hots:

1) Urbanizazio berriko jarduketak, lurzoru-eremu bat landa-lurzoru izatetik lurzoru urbanizatu izatera pasatzea dakartenak, hartara, dagozkion azpiegitura eta zuzkidura publikoekin batera, partzela bat edo gehiago sortzeko, eraikigarriak edo erabilera bereizirako baliagarriak, lurralde- eta hirigintzaantolamenduak galdaturiko zerbitzuen sarearekin funtzionalki lotuak.

2) Lurzoru urbanizatuko eremu baten urbanizazioa eraberritzea edo berriztatzea xedetzat dutenak.

b) Zuzkidura-jarduketak, halakotzat harturik bi baldintza hauek betetzen dituztenak: alde batetik, lurzoru urbanizatuko eremu bateko zuzkidura publikoak areagotzea izatea jarduketon xedea, hala berregokitzeko zuzkiduron proportzioa eraikigarritasun edo dentsitate handiagora edo eremuko partzela bati edo gehiagori hirigintza-antolamenduan esleitutako erabilera berrietara, eta, bestetik, eremuaren urbanizazioa erabat eraberritu edo berriztatu beharrik ez izatea.

2. Lege honetan xedaturikoari ez besteri dagokionez, urbanizatze-jarduketak une honetan emango dira hasitzat: lurralde- eta hirigintza-antolamenduari buruzko legeriak urbanizatze-lanak legitimatzeko eskatzen dituen antolamendueta exekutatze-tresna guztiak onetsiak eta eraginkor direlarik, obren exekuzio materiala hasten denean. Presuntzio egingo da hasi direla obrei ekin zaiela fede ematen duen administrazio- edo notario-akta badenean. Aipaturiko zeinahi tresna iraungitzeak lurzorua jarduketaren hasieran zuen izaerara bihurtzen du, lege honi dagokionez.

Urbanizatze-jarduketen amaiera urbanizatze-lanak haiek legitimatzen dituzten tresnen arabera amaitzen direnean gertatuko da, eginbeharrak bete eta dagozkion kargei aurre egin ondoren.

Presuntzio egingo da amaitu direla Administrazioak obren harrera egiten duenean edo, halakorik ezean, harrera egiteko epea amaitzean, harrera-eskabidea eta harekin batera obren zuzendaritza teknikoak emandako ziurtagiria aurkeztu ondoren.

15. artikulua. Hiri-garapenaren iraunkortasunaren ebaluazioa eta jarraipena

1. Lurralde- eta hirigintza-antolamenduko tresnak ingurumen-ebaluazioaren mende daude,zenbait plan eta programak ingurumenean dituzten eraginak ebaluatzeko legerian eta artikulu honetan aurreikusitakoaren arabera, alde batera utzi gabe hura exekutatzeko beharrezkoak izan daitezkeen proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa.

2. Urbanizatze-jarduketen antolamendu-tresnei buruzko ingurumen-iraunkortasunaren txostenak antolamenduaren objektu den eremuko arrisku naturalen mapa bat ekarri beharko du.

3. Urbanizatze-jarduketen antolamendu-tresnei buruzko kontsulten fasean, gutxienez honako txosten hauek eskatu beharko dira, nahitaezko direnean eta dagoeneko emanda eta espedientean sartuta ez daudenean, edota, legeria arautzailearen arabera, prozeduraren geroagoko fase batean eman behar ez direnean: a) Administrazio hidrologikoarena, eskari berriak asetzeko behar diren urbaliabideak badiren eta jabari publiko hidraulikoa babesturik dagoen egiaztatuko duena.

b) Itsasertzaren administrazioarena, itsas-lehorren jabari publikoa mugarriztaturik eta babesturik dagoen egiaztatuko duena, hala badagokio.

c) Jarduketak ukitzen dituen errepide eta bestelako azpiegituretan eskudun diren administrazioenak, ukitze horri eta jarduketak azpiegitura horien zerbitzuahalmenean izandako inpaktuari buruz.

Zenbaki honetan aipatzen diren txostenak erabakigarriak izango dira ingurumen-memoriaren edukirako; ingurumen-memoria haiekin bat ez badator, arrazoiak espresuki adierazi beharko ditu

4. Urbanizatze-jarduketak antolatzeko tresnen dokumentazioan ekonomiairaunkortasunari buruzko txosten edo memoria bat sartu beharko da; txosten edo memoria horretan, bereziki neurtuko da beharrezko azpiegiturak ezarri eta mantentzeak nahiz haien ondoriozko zerbitzuak martxan jarri eta emateak ukitu dituen Ogasun Publikoetan jarduketak izandako inpaktua, bai eta ea ekoizpen-erabileretarako xedaturiko lurzorua aski eta egokia den ere.

5. Hirigintza-antolamendu eta -exekuzio gaietan eskudun diren administrazioek beren gobernu-organo kide anitzekoen artetik dagokionari igorri beharko diote, gaiari buruzko legeriak finkatzen duen gutxieneko maiztasunez, beren eskumeneko hirigintzako exekuzio-jardueraren jarraipen-txostena. Txosten horrek, gutxienez, artikulu honetan aipatzen den ingurumen- eta ekonomiairaunkortasuna hartu beharko du kontuan.

Udalerriek aurreko paragrafoan aipatzen den txostena aurkeztu beharko dute gaiari buruzko legeriak hala xedatzen duenean eta, gutxienez, Tokiko Gobernu Batzar bat dagokienean.

Aurreko paragrafoetan aipatzen den txostenak zenbait plan eta programak ingurumenean dituzten eraginen ebaluaziorako legerian aipatzen den jarraipenari dagozkion efektuak izango ditu, hartan eskatutako betekizun guztiak betetzen dituenean.

6. Lurralde- eta hirigintza-antolamenduari buruzko legeriak ezarriko du urbanizatze-jarduketa baten inpaktuak zein kasutan behartzen duen udalerriaren edo -eremu jakin hori gainditzen denean- hura integratuta dagoen goragoko lurralde-eremua antolatzeko ahala bere osotasunean baliatzera.

16. artikulua. Hirigintzako eraldatze-jarduketen sustapenari dagozkion Eginbeharrak

1. Hirigintzako eraldatze-jarduketek, beren izate eta helmenaren arabera, legezko eginbehar hauek dakartzate berekin:

a) Administrazio eskudunari entregatzea bide, espazio libre, eta berdeguneetarako erreserbaturiko lurzorua, bai eta jarduketan bertan sartzen diren edo, lortu ahal izateko, jarduketari atxiki zaizkion gainerako zuzkidura publikoetarako erreserbaturikoa.

Zuzkidura-jarduketetan, lurzorua ematearen ordez, eginbehar hori betetzeko beste era batzuk erabili ahal izango dira lurralde- eta hirigintza-antolamenduari buruzko legeriak hala aurreikusitako kasu eta baldintzetan.

b) Administrazio eskudunari entregatzea, lurzoru-ondare publikorako, jarduketaren edota jarduketa sartzen den goragoko erreferentzia-eremuaren batez besteko eraikigarritasun haztatuaren ehunekoari dagokion lurzorua, urbanizatzekargarik gabea; ehuneko hori lurralde- eta hirigintza-antolamendua arautzen duen legeriak finkatzen duena izango da.

Zuzkidura-jarduketetan, ehuneko hori jarduketan sartzen diren lursailei esleituriko batez besteko eraikigarritasun haztatuaren gehikuntzari dagokiona izango da.

Oro har, aurreko paragrafoetan aipatzen den ehunekoa ezin izango da ehuneko bost baino gutxiago, ez ehuneko hamabost baino gehiago.

Salbuespen gisa, lurralde- eta hirigintza-antolamenduari buruzko legeriak ahalbidetu dezake ehuneko hori modu proportzionatu eta arrazoituan gutxitzea edo gehitzea -gehienez ere ehuneko hogei arte, gehitzen den kasuan- zenbait jarduketa eta barrutitan; alegia, baldin eta ondoriozko partzelen balioa askoz txikiagoa edo handiagoa bada, hurrenez hurren, kategoria bereko beste lurzoruen batez bestekoa baino.

Lurralde- eta hirigintza-antolamenduari buruzko legeriak ezarri ahal izango du zein kasu eta baldintzatan bete daitekeen lurzorua emateko eginbeharra beste modu batera, salbu eta babes publikoko araubideren baten mendeko etxebizitzetarako den lurzoruaren bidez bete badaiteke, 10. artikuluaren lehen zenbakiko b) letran aipatzen den erreserbari jarraituz.

c) Dagokion jarduketan aurreikusitako urbanizatze-lan guztiak ordaintzea eta, hala badagokio, egitea, bai eta zerbitzu-sare orokorrekin lotzeko azpiegiturak eta jarduketatik kanpo daudenak zabaltzeko eta sendotzekoak ere, baldin eta jarduketaren neurri eta ezaugarri bereziek hala eskatzen badute; horrek ez du eragotziko zerbitzu-sareak instalatzeko gastuak enpresa zerbitzu-emaileei kobratzeko eskubidea, aplikagarri den legerian ezarritako baldintzetan.

Aurreko paragrafoan aipatzen diren obra eta azpiegituren artean sartuko dira ura edangarri bihurtu, hornitu eta arazteko beharrezko direnak, legeria arautzailearen arabera, eta lurralde- eta hirigintza-antolamenduak horien barruan sartu ahal izango ditu, halaber, mugigarritasun iraunkorrerako beharrezko diren garraio publikoko azpiegiturak ere.

d) Administrazio eskudunari entregatzea, dagokion lurzoruarekin batera, aurreko letran aipatzen diren eta zeinahi zuzkidura- eta zerbitzu-sareren instalazioen euskarri higiezin gisa jabari publikoaren parte izan behar duten obra eta azpiegiturak, bai eta instalazio horiek ere, titulartasun publikoko zerbitzuak emateko direnean.

e) Legezko okupatzaileei beste bizileku bat emango zaiela bermatzea, baldin eta jarduketaren eremu barruan dauden higiezinetatik irtenarazi behar badira eta higiezinok haien ohiko bizitoki badira, bai eta itzulera bermatzea ere hartarako eskubidea dutenean, indarrean dagoen legerian ezarritako baldintzetan.

f ) Kalte-ordainak ematea eraitsi behar diren eraikuntza eta eraikinen eta kontserbatu ezin diren obra, instalazio, landatutako sail eta ereindako sailen gaineko eskubideen titularrei.

2. Jarduketen eremuan sartzen diren lursailak eta jarduketei atxikirikoak aurreko zenbakiko eginbeharrak betetzeari loturik daude, berme erreal gisa. Eginbehar horiek administrazio eskudunak urbanizatze-lanen harrera egiten duenean jotzen dira betetzat, edota, halakorik ezean, harrera egiteko epea amaitutakoan, obren zuzendaritza teknikoak emandako ziurtagiriarekin batera egindako harrera-eskabidearen unetik kontatzen hasita, hargatik eragotzi gabe jarduketaren behin betiko kontuen likidaziotik erator daitezkeen betebeharrak.

3. Jarduketaren sustatzaileak dagokion administrazioarekin egiten dituen hitzarmenek edo negozio juridikoek ezin ezarriko dute legez dagokion baino betebehar edo prestazio gehiago, ez eta astunagorik ere, jarduketak ukituriko jabeen kaltetan.Erregela horien kontra doan klausula zuzenbidean erabat deusez izango da.

17. artikulua. Finkak eta partzelak eratzea eta haien arteko erlazioa

1. Zera da:

a) Finka: jabe bati edo batzueipro indivisoeta berei ez beste inori esleituriko lurzoru- edo eraikingintza-unitatea, sestran, hegalkinean edo lurpean egon daitekeena. Hipoteka-legeriaren arabera Jabetza Erregistroan folioa ireki dezakeenean, erregistro-finkatzat jotzen da.

b) Partzela: eraikigarritasuna eta erabilera edota hirigintza-erabilera bereizia bakarrik esleitu zaion lurzoru-unitatea, hala sestran nola hegalkinean edo lurpean dagoena.

2. Finka bat zatituta zein bananduta bi edo gehiago sortzeko, nahitaezkoa da sortutako bakoitzak aplikagarri den legeriak eta lurralde- eta hirigintzaantolamenduak galdaturiko ezaugarriak izatea. Arau hori aplikagarri zaio partaidetza zatiezinak zatitu edo banandu gabe besterentzeari ere, baldin eta partaidetza horiei finkaren zati jakin bat edo batzuk modu esklusiboan erabiltzeko eskubidea esleitzen bazaie, eta halaber elkarte edo sozietateen eraketari, elkarte horietan bazkide izateak berein badakar erabilera esklusiborako eskubide hori.

Finkak banantzeko edo zatitzeko eskriturak baimentzean, notarioek, aplikagarri zaion legeriaren arabera zatiketa edo banantze hori egiteko beharrezkoa den administrazioaren adostasun, onespen edo baimenaren egiaztagiria eskatuko dute lekukotzarako. Erregistratzaileek betekizun hori betetzea eskatuko dute dagokion inskripzioa egiteko.

Notarioek eta jabetzaren erregistratzaileek finkak zatiezinak direla jasoko dute haien deskripzioan, hala badira.

3. Finka edo finkak jabetza horizontalaren edo higiezingunearen araubidean eratzeak haien azalera osoa partzela bakartzat hartzea baimentzen du, betiere baldintza honekin: partzelaren perimetroaren barruan ez dadila geratu aplikagarri den lurralde- eta hirigintza-antolamenduaren arabera jabari publikokoa izan behar duen azalerarik, erabilera publikokoa edo urbanizatze-lanen euskarri izan behar duenik, edota aurreko artikuluko 1. zenbakiko a) letran aipatzen den legezko eginbeharra betetzeko kontuan har daitekeenik.

4. Hirigintza-antolamenduko tresnek, legeria arautzailean aurreikusitakoaren arabera, bata bestearen gainean dauden azalerak -sestran eta lurpean edo hegalkinean- eraikingintza zein erabilera pribatura eta jabari publikora xedatzen dituztenean, higiezingunea eratu ahal izango da, eta azalera batzuek zein besteak esleipen pribatiboko finka berezi izaera izango dute, aurrez desafektazioa eginik eta jabari publikoaren babeserako bidezko diren mugapen eta zortasunak gordez.

5. Partzela zatiezin batean eraikitzea legitimatzen duen administrazioegintza, partzela horrek baimendua zuen eraikigarritasuna agortzeak edo gainerako azalera partzela txikiena baino txikiagoa izateak eragina, Jabetzaren Erregistroari jakinaraziko zaio finkaren inskripzioan jasota gera dadin.

18. artikulua. Onurak eta kargak banatzeko eragiketak

1. Onurak eta kargak banatzeko tresnak onesteko erabakiak jatorrizko finkak ondoriozkoetan subrogatzea eragiten du, eta haien titulartasuna honako hauen artean banatzea: jabeak, jarduketaren sustatzailea -jarduketan sartzen diren partzelak esleituz ordaintzen zaionean- eta Administrazioa, Administrazioari baitagokio 16. artikuluko 1. zenbakiko a) eta b) letretan aipatzen diren lursailen jabari osoa, kargarik gabea. Kasu horretan, onurak eta kargak jarduketak ukituriko jabeen artean banatzea egokitzen bada, ulertuko da delako lurzoruaren titularrak jartzen dituela hala sestraren azalera nola hartatik banantzen den lurpe edo hegalkinarena.

2. Subrogazio errealaren kasuetan, hirigintza-antolamenduarekin bateragarriak ez diren eskubide errealak edo kargak badaude, onurak eta kargak banatzeko onespen-erabakiak amaitutzat deklaratuko ditu haiek, eta jabe bakoitzaren gain joango den kalte-ordaina zehaztuko du.

3. Subrogazio erreala eta hirigintza-antolamenduarekin bateragarritasuna izanik, finka berriaren izaera eta ezaugarriak bateraezinak badira haien gainean ezarri beharko liratekeen eskubide errealak edo kargak irautearekin, eskubide edo karga horien onura duten pertsonek lortu ahal izango dute haiek finka berriaren gaineko hipoteka-bermea duen kreditu-eskubide bihurtzea, kargari egotz dakion balioaren muntarekin. Bateraezintasun hori hautematen duen erregistratzaileak hala jasoko du dagokion idazpenean. Alderdi interesdunen artean adostasunik ezean, haietariko zeinahik ordena zibileko epaitegi eskudunera jo ahal izango du bateragarritasuna edo bateraezintasuna deklaratzen duen ebazpen bat lortzeko eta, bateraezintasun-deklarazioaren kasuan, kargaren balioespena zehazteko eta aipaturiko hipoteka-bermea eratzeko.

4. Subrogazio errealik ez denean, onurak eta kargak banatzeko onespenerabakiak amaitu egingo ditu jarritako finkaren gainean eraturiko eskubide errealak eta kargak, eta finka jarri zuen jabearen gain joango da dagokion kalteordaina; kalte-ordain horren munta aipaturiko erabakian zehaztuko da.

5. Artikulu honen 2. eta 4. zenbakietan xedaturikoa gorabehera, hirigintzaantolamenduko tresnarekin edo haren exekuzioarekin bateraezinak diren onibarzortasunak zein errentamendu-eskubideak amaitzeagatiko kalte-ordainak urbanizatze-gastutzat joko dira onurak eta kargak banatzen dituen tresnan.

6. Onurak eta kargak banatzeko behin betiko onespen-erabakia irmoa denean administrazio-bidean, Jabetzaren Erregistroan inskribatuko da 54. artikuluak ezartzen duen eran.

7. Hirigintzako eraldatze-jarduketan sartutako jabeen ekarpenengatik onurak eta kargak banatzeko eragiketek eragindako lursail-eskualdaketak, edo nahitaezko desjabetzeak eragindakoak, eta jabe horien alde berek jarritako lursailen proportzioan egindako esleipenak salbuetsirik egongo dira, modu iraunkorrean, hirigintza-betekizun guztiak betetzen badituzte, Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergatik, eta ez dira jabarieskualdaketatzat joko Hiri Lurren Balioaren Gehikuntzaren gaineko Zerga ordainarazteari dagokionez.

Jabe bati esleituriko partzelen balioa hark jarritako lursailei proportzioan dagokiena baino handiagoa denean, gaindikinari dagozkion likidazioak igorriko dira.

19. artikulua. Finkak eskualdatzea eta hirigintzako eginbeharrak

1. Finkak eskualdatzeak ez du aldatzen titularraren egoera jabeak lege honen arabera dituen eginbeharrei dagokienez, ez eta aplikagarri den lurraldeeta hirigintza-antolamenduaren legeriak ezarritakoei edo legeria hori exekutatzeko egintzengatik galda daitezkeenei dagokienez ere. Titular berriak bere egiten ditu aurreko jabearen eskubide eta eginbeharrak, bai eta hark administrazio eskudunaren aurrean bere gain hartutako eta erregistroan inskribatutako betebeharrak ere, betiere betebehar horiek aldaketa juridiko erreal bat ekar badezakete.

2. Lursailak besterentzean, honako hauek adierazi behar dira dagokion tituluan: a) Lursailen hirigintza-izaera, lursailak erabilera pribaturako edo eraikitzeko ez direnean, antolamenduz kanpoko eraikinak dituztenean, edo salmentan, alokairuan edo etxebizitza iristeko beste edozein modutan gehienezko prezioa tasatzea ahalbidetzen duen babes publikoko araubideren baten mendeko etxebizitzak eraikitzeko direnean.

b) Betetzeko dauden legezko eginbeharrak eta betebeharrak, lursailak 14. artikuluko 1. zenbakian aipatzen den jarduketa baten mende daudenean.

3. Aurreko zenbakiko edozein xedapen hausteak ahalmena ematen dio eskuratzaileari lau urteko epean kontratua hutsaltzeko eta legeria zibilaren arabera dagokion kalte-ordaina eskatzeko.

4. Finken edo partzelen jabetzari dagozkion eskritura publikoak baimentzerakoan, notarioek informazio telematikoa eskatu ahal izango diote administrazio publiko eskudunari, edota, halakorik ezean, haien hirigintza-izaera eta dagozkien eginbehar eta betebeharrak zehazten dituen zedula edo txosten idatzia. Notarioek eskrituretarako hirigintza-informazioa eskatu eta lortu dutenean, eskritura horien kopia sinplea bidaliko diote administrazio eskudunari, behar den bezala jakitun egon dadin, paperean zein euskarri digitalean, haiek eman ondorengo hamar egunen barruan. Kopia horrek ez du sortuko arantzelik.

5. Administrazioari lursailak eskualdatzen zaizkion tituluetan, zehazki adierazi beharko da, Jabetza Erregistroan inskribatzeko, ondasunek jabari publiko edo ondare izaera dutela, eta, hala badagokio, lursailok lurzoru-ondare publikoan sartzen direla.

20. artikulua. Obra berriaren deklarazioa

1. Eraikitzen ari den obra berriaren deklarazioaren eskriturak baimentzeko, notarioek, lurralde- eta hirigintza-antolamenduaren legeriaren arabera obrak behar duen administrazioaren adoste-, oneste- edo baimentze-egintza aurkeztea galdatuko dute lekukotzarako, bai eta teknikari eskudun batek emandako ziurtagiri bat ere, obraren deskripzioa administrazio-egintza horri dagokion proiektuarekin bat datorrela egiaztatzen duena.

Amaituriko obra berriaren deklarazioaren eskrituren kasuan, obra proiektuaren deskripzioaren arabera amaitu dela egiaztatuz teknikari eskudun batek emandako ziurtagiriaz gainera, eraikingintza arautzen duen legeriak eraikina erabiltzaileei emateko ezartzen dituen betekizun guztiak bete direlako egiaztagiria galdatuko dute notarioek, bai eta lurralde- eta hirigintza-antolamenduaren legeriak aurreikusten dituen administrazio-baimenak eman izana ere, espresuki nahiz administrazio-isiltasunez.

2. Obra berriaren deklarazioaren eskriturei dagozkien inskripzioak egiteko, aurreko zenbakian ezarritako betekizunak betetzea galdatuko dute erregistratzaileek.

III. TITULUA BALIOESPENAK

21. artikulua. Balioespen-araubidearen eremua

1. Lege honetan xedatutakoak eraentzen ditu lurzoruaren, instalazioen, eraikuntza eta eraikinen eta haien gainean edo haiei dagokienez eraturiko eskubideen balioespenak, honako xede hauek dituztenean:

a) Onurak eta kargak banatzeko eragiketak edota lurralde- eta hirigintzaantolamendua exekutatzeko behar diren beste eragiketa batzuk burutzea, baldin eta balioespenak jabetza-eskubideari dagozkion ahalmen edo eginbeharren ondare-edukia erabakitzen badu, eragiketak ukitzen dituen subjektu guztien arteko adostasunik ezean.

b) Desjabetzean prezio zuzena finkatzea, zeinahi ere dela desjabetzearen xedea eta bide ematen dion legeria.

c) Jabeari nahitaezko salmenta edo ordezpenean ordaindu beharreko prezioa finkatzea.

d) Administrazio Publikoaren ondare-erantzukizuna zehaztea.

2. Balioespenak honako data hauei dagozkie: a) Aurreko zenbakiko a) letran aipatzen diren eragiketak direnean, bide ematen dien tresna onesteko prozeduraren hasiera-data.

b) Nahitaezko desjabetzea aplikatzen denean, prezio zuzenaren banakako espedientea hasten den unea edo, tasazio bateratuaren prozedura erabiltzen bada, desjabetze-proiektua jendaurrean jartzen den unea.

c) Nahitaezko salmenta edo ordezpenaren kasuan, hari bide eman dion eginbehar-haustea deklaratzeko prozedura hasten den unea.

d) Balioespena Administrazio Publikoaren ondare-erantzukizunagatiko kalte-ordaina zehazteko beharrezkoa denean, lesioa eragin duen xedapena indarrean sartzen den unea edo hura eragin duen egintzaren eraginkortasuna hasten den unea.

22. artikulua. Higiezinak balioesteko irizpide orokorrak

1. Lurzoruaren balioa haren jabari osoari dagokio, jabetza mugatzen duen karga, zama edo eskubide orotarik libre.

2. Lurzorua ondorengo artikuluetan adierazten den eran tasatuko da, duen izaeraren arabera eta zeinahi ere direla balioespenaren kausa eta hura eragin duen lege-tresna.

Irizpide hori aplikatuko zaie udalaz gaineko interes orokorreko azpiegitura eta zerbitzu publikoetarako lurzoruei ere, azpiegitura eta zerbitzuok lurraldeeta hirigintza-antolamenduan aurreikusiak izan zein berriak izan; lurzoruok balioesteko, kontuan hartuko da zein den azpiegitura eta zerbitzuok kokaturik dauden edo igarotzen diren lursailen oinarrizko izaera, lege honetan xedatutakoaren arabera.

3. Landa-lurzoruko eraikuntza, eraikin eta instalazio, eta ereindako eta landatutako sailak, lurraz aparte tasatuko dira, betiere balioesteko unean legearen araberakoak badira, lurzoruaren balioespenean kontuan izandako erabilera edo errendimenduarekin bateragarriak badira eta hobekuntza finkoak izateagatik kontuan hartu ez badira.

Lurzoru urbanizatuan, legearen araberakoak diren eraikin, eraikuntza eta instalazioak lurzoruarekin batera tasatuko dira, 24. artikuluko 2. zenbakian aurreikusitako eran.

Honako baldintza hauek betetzen direnean jotzen da eraikin, eraikuntza eta instalazioak legearen araberakoak direla balioesten diren unean: hirigintzaantolamenduarekin eta beharrezko zuten administrazio-egintza legitimatzailearekin bat etortzea, edota geroago legeztatuak izatea hirigintza-legerian xedatutakoaren arabera.

Eraikin zein eraikuntzen balioespenak kontuan izango du haien antzinatasuna eta kontserbazio-egoera. Antolamenduz kanpoko egoeran geratu badira, beren balio-bizitzatik igarotako denboraren proportzioan gutxituko zaie balioa.

4. Administrazio-emakiden eta higiezinen gaineko eskubide errealen balioespena, halakoak sortu, aldatu edo amaitzeari dagokionez, haien prezio zuzena zehazten duten desjabetzeari buruzko xedapenen arabera egingo da; eta subsidiarioki, aplikatzekoak diren zuzenbide administratibo, zibil edo fiskaleko arauen arabera.

Kargak dituen finka bat desjabetzean, hori egiten duen administrazioak bitarik bat aukeratu ahal izango du: jabariarekin batera diren eskubideetariko bakoitzaren prezio zuzena finkatzea, haietariko bakoitzaren titularren artean banatzeko, edota higiezina bere osoan balioestea, eta zenbateko hori organo judizialaren zainpean uztea, hark finkatu eta bana dezan, intzidenteen izapidearen bidez, interesdun bakoitzari dagokion proportzioa.

23. artikulua. Landa-lurzoruan eginiko balioespena

1. Lurzorua landa-lur denean lege honi dagokionez:

a) Ustiapenaren urteko errenta erreala edo potentziala -bietan handiena- kapitalizatzearen bidez tasatuko dira lursailak, balioespena egiten den unean duten egoeraren arabera.

Errenta potentziala kalkulatzeko, aplikagarri den legeriaren arabera eta ekoizpenerako bitarteko tekniko normalak erabiliz lursailek izan dezaketen erabilera, gozamen edo ustiapenaren errendimendua hartuko da kontuan.

Errenta horretan diru-sarreratzat joko dira, hala badagokio, kalkulua egiterakoan kontuan hartutako laboreei eta aprobetxamenduei modu iraunkorrez ematen zaizkien dirulaguntzak, eta ustiapenerako beharrezko diren kostuak deskontatuko dira.

Hala ateratako landa-lurzoruaren balioa gorantz zuzendu ahal izango da, gehienez ere bikoizteraino, kokapenari buruzko elementu objektiboen arabera, hala nola biztanleguneetara edo jarduera ekonomikoko guneetara duen irisgarritasuna, edota ingurumen- eta paisaia-balio bereziko inguruetan egotea. Faktore horien aplikazioa eta haztapena dagokion balioespen-espedientean justifikatu beharko da, eta hori guztia erregelamenduetan ezartzen diren baldintzen arabera egingo da.

b) Eraikin, eraikuntza eta instalazioak, lurzorutik aparte balioetsi behar direnean, berrezartze-kostuaren metodoaren bidez tasatuko dira, balioespen hori egiten den unean duten egoera eta antzinatasunaren arabera.

c) Aldez aurretik landatuta eta ereinda zeuden sailak, bai eta landa-errentamenduak edo beste eskubide batzuk direla-eta eman beharreko kalte-ordainak ere, Nahitaezko Desjabetze eta Landa Errentamenduen Legeetako irizpideen arabera tasatuko dira.

2. Aurreko zenbakian aurreikusitako ezein kasutan ezin hartuko dira kontuan lurralde- edo hirigintza-antolamenduak esleituriko eraikigarritasun eta erabileretatik eratorritako itxarokizunak, baldin eta eraikigarritasun eta erabilerok oraindik ez badira guztiz burutu.

24. artikulua. Lurzoru urbanizatuan eginiko balioespena

1. Lurzoru urbanizatua balioesteko, eraiki gabea bada edo han dauden nahiz egiten ari diren eraikinak legez kontrakoak badira edo hondamen fisiko egoeran badaude:

a) Hirigintza-antolamenduak partzelari esleitzen dizkion erabilera eta eraikigarritasuna hartuko dira erreferentziazkotzat, barnean harturik, hala badagokio, salmentan edo alokairuan gehienezko prezioa tasatzea ahalbidetzen duen babes-araubideren baten mendeko etxebizitzatarakoa.

Hirigintza-antolamenduak eraikigarritasunik edo erabilera pribaturik ez badie esleitu lursailei, erabilera eta tipologiengatik hirigintza-antolamenduak haiek sartuak dituen espazio-eremu homogeneoko batez besteko eraikigarritasuna eta erabilera nagusia esleituko zaie.

b) Eraikigarritasun horri lurzoruaren eragin-balioa aplikatuko zaio, dagokion erabileraren arabera, hondar-metodo estatikoaren bidez zehaztua.

c) Aurreko letratik ateratako zenbatekotik, aurreikusitako eraikigarritasuna burutu ahal izateko zor diren eginbehar eta kargen balioa deskontatuko da, hala badagokio.

2. Eraikitako lurzorua edo eraikitzen ari dena denean, tasazioaren balioa honako hauetan handiena izango da:

a) Lurzoruaren eta han lehendik legearen arabera eraikitakoaren tasazio bateratuak ezarritakoa, tasaziorako konparazio-metodoa erabilirik, eta metodo hori lehendik dauden eraikin edo eraikuntzen erabilerei bakarrik aplikaturik.

b) Artikulu honetako 1. zenbakiko hondar-metodoak zehazturikoa, metodoa lurzoruari bakarrik aplikaturik, kontuan hartu gabe lehendik dauden eraikin edo eraikuntzak.

3. Urbanizazioa eraberritzeko edo berriztatzeko jarduketak egiten ari diren lurzoru urbanizatua denean, aurreko zenbakietan aipatzen den hondar-metodoak kontuan izango ditu antolamenduak lurzoruari jatorrizko izaeran esleituriko erabilerak eta eraikigarritasunak.

25. artikulua. Urbanizazio berriko jarduketetan parte hartzeko ahalmenari dagokion kalte-ordaina

1. Bidezkoa izango da urbanizazio berriko jarduketa bat exekutatzean parte hartzeko ahalmena balioestea, betekizun hauek betetzen direnean:

a) Lursailak jarduketa-eremuaren zedarriztapenaren barruan sartuak izatea eta jarduketari ekiteko edo dagokion lurzorua desjabetzeko eskatzen diren betekizunak betetzea, gaiari buruzko legeriaren arabera.

b) Balioespena eragiten duen xedapen, egintza edo gertaerak ahalmen hori baliatzea eragoztea edo baliatzeko baldintzak aldatzea, lurzoruaren erabilerak aldatuz edo eraikigarritasuna gutxituz.

c) Aurreko letran aipatzen den xedapen, egintza edo gertaerak efektuak izatea jarduketari ekin aurretik eta baliatze horretarako jarritako epeak amaitu aurretik, edo, exekuzioa Administrazioari egotz dakizkiokeen arrazoiengatik burutu ez bada, ondoren.

d) Balioespena egiteko arrazoia ez izatea ahalmenari dagozkion eginbeharrak bete ez izana.

2. Jarduketan parte hartzeko ahalmena baliatzen ez uzteagatik edo baldintzak aldatzeagatik eman beharreko kalte-ordaina kalkulatzeko, lege honetako 16. artikuluko lehen zenbakiko b) letran aurreikusitakoaren arabera lurraldeeta hirigintza-antolamenduari buruzko legeriak erkidegoak gainbalioetan parte hartzeko zehazten duen ehuneko bera aplikatuko zaio:

a) Lurzoruak jatorrizko izaeran zuen balioaren eta jarduketa amaituta balego legokiokeen balioaren arteko aldeari, ahalmen hori baliatzea eragozten denean.

b) Jarduketa amaituta balego lurzoruari legokiokeen balioan eragindako murrizketari, ahalmena baliatzeko baldintzak aldatzen direnean.

26. artikulua. Urbanizatze- edo eraikitze-jarduketen ekimenari eta sustapenari dagokien kalte-ordaina

1. Honako gastu eta kostu hauek, balioespena eragin duen xedapen, egintza edo gertaeraren ondorioz izan dituenarentzat alferreko gertatzen direnean, beren zenbatekoari arriskurik gabeko tasa eta arrisku-prima gehituta tasatuko dira:

a) Lurralde- eta hirigintza-antolamenduaren legeriaren arabera urbanizatze- zein eraikitze-jarduketa bat edo eraikinak kontserbatzeko zein birgaitzeko jarduketa bat legitimatzeko beharrezkoak diren antolamendu- eta exekuziotresnen proiektu teknikoak egiteko izan direnak.

b) Egindako obrenak eta jarduketa exekutatzeko beharrezko ziren finantzaketa, kudeaketa eta sustapenarenak.

c) Ordaindutako kalte-ordainak.

2. Urbanizatze-jarduketak, hasi eta gero, aurreko zenbakian aurreikusitako eran balioetsiko dira, edota iritsitako exekuzio-mailaren proportzioan -handiena zein den-, betiere legitimatzen duten tresnen arabera egiten bada exekuzio hori eta haietan ezarritako epeak bete badira. Horretarako, exekutatzemailari 0 eta 1 arteko balio bat emango zaio, eta balio hori honako hauekin biderkatuko da:

a) Lurzoruak jatorrizko izaeran zuen balioaren eta jarduketa amaituta balego legokiokeen balioaren arteko aldea, balioespena eragiten duen xedapen, egintza edo gertaerak jarduketa amaitzen uzten ez duenean.

b) Jarduketa amaituta balego lurzoruari legokiokeen balioan eragindako murrizketa, exekutatze-baldintzak baino aldatzen ez direnean, amaitzea bera galarazi gabe.

Zenbaki honetan ezarritako metodoaren bidez lortutako kalte-ordaina inoiz ez da izango aurreko artikuluan ezarritakoa baino txikiagoa, eta proportzionalki banatuko da jarduketaren ondoriozko partzelen esleipendunen artean.

3. Jarduketaren sustatzaileari jarduketaren ondorioz sortzen diren partzelak esleituz ordaintzen ez zaionean, haren kalte-ordaina jabeenetik deskontatuko da, eta ezarrita duen ordainsaritik jaso ez duen parteari arriskurik gabeko tasa eta arrisku-prima aplikatuz kalkulatuko da.

4. Eginbehar eta betebeharrak betetzen atzeratuta dabiltzan lurzoru-jabeek 1. zenbakian aipatzen diren gastu eta kostuen kalte-ordaina jasoko dute; gastu eta kostu horiek benetan ordaindutako zenbatekoan tasatuko dira.

27. artikulua. Lurzoruaren balioespena onurak eta kargak ekitatez banatzeko Araubidean

1. Jarduketak ukitzen dituen subjektu guztien arteko adostasunik ez eta 8. artikuluko 1. zenbakiko c) letran ezarritako ahalmena baliatuz urbanizatzejarduketa batean parte hartzen duten jabeen lurzoru-ekarpenak balioetsi behar direnean, haiek elkarren artean edo sustatzailearen nahiz Administrazioaren ekarpenekin haztatzeko, helburua izanik onurak eta kargak banatu eta sorturiko partzelak esleitzea, jarduketa amaituta balego legokiokeen balioan tasatuko da lurzorua.

2. Egin duten ekarpena aski ez izateagatik urbanizatze-jarduketa batetik sorturiko partzelen esleipenean parte hartu ezin duten jabeen kasuan, jarduketa amaituta balego legokiokeen balioan tasatuko da lurzorua, dagozkion urbanizatze-gastuak -arriskurik gabeko tasak eta arrisku-primak gehituta- deskontaturik.

28. artikulua. Balioespena egiteko araubidea

Lege honetan xedatu gabeko guztian, balioespena honela egiten da:

a) Lurralde- eta hirigintza-antolamenduaren legeek zehazten dituzten irizpideen arabera, haren xedea denean hirigintza-antolamendua exekutatzeko behar diren eragiketak egiaztatzea eta, bereziki, hartatik eratorritako onurak eta kargak banatzea.

b) Nahitaezko desjabetzearen eta administrazio publikoen erantzukizunaren legeria orokorraren irizpideen arabera -zer dagokion-, beste kasu guztietan.

IV. TITULUA NAHITAEZKO DESJABETZEA ETA ONDARE ERANTZUKIZUNA

29. artikulua. Lurralde- eta hirigintza-antolamenduaren ondoriozko desjabetzeen araubidea

1. Lurralde- eta hirigintza-antolamenduaren ondoriozko desjabetzea antolamendu hori arautzen duen legerian aurreikusitako helburuetarako aplika daiteke, lege honetan eta Nahitaezko Desjabetzearen Legean xedaturikoaren arabera.

2. Legeria arautzaileak zehazten dituen lurralde- eta hirigintza-antolamenduko tresnak onesteak berekin ekarriko du dagozkion ondasun eta eskubideak onura publikoko deklaratzea eta haiek okupatu beharra, tresna horiek exekuziorako gaitzen dutenean eta exekuzio hori desjabetze bidez egin behar denean.

Deklarazio hori urbanizatze-jarduketa zerbitzu-sare orokorrekin konektatzeko behar diren lursailetara zabalduko da, lursailok beharrezkoak direnean.

3. Desjabetzearen objektu den azaleran jabari publikoko ondasunak daudenean eta haien xedea, antolamendu-tresnaren arabera, haiek erabilera orokorrera edo zerbitzu publikoetara afektatzea zein haiei atxikitzea eragin zuenaz bestekoa denean, dagokion ondasuna arautzen duen legerian jabari publikoaren mutaziorako zein desafektaziorako aurreikusten den prozedura jarraituko da, dagokionaren arabera.

Desjabetzearen objektu den azaleraren barruan dauden landa-bideak udaljabetzakoak joko dira, kontrakoa frogatu ezean.

Desagertzen diren hiri-bideak, berriz, organismo desjabetzaileari erabat eskualdatutzat joko dira eta hirigintzaantolamendutik sortzen diren berrietan subrogatutzat.

4. Desjabetzearen onuraduntzat joko dira plan edo obra jakin batzuk exekutatzeko Estatuaren, autonomia-erkidegoen edo toki-entitateen ahalmenetan subrogatutako pertsona natural zein juridikoak.

30. artikulua. Prezio zuzena

1. Desjabeturiko ondasun eta eskubideen prezio zuzena lege honetako balioespen-irizpideen arabera finkatuko da, banakako espediente bidez edo tasazio bateratuaren prozeduraren bidez. Desjabetuarekin adostasunik bada, gauzatan ordaindu ahal izango da.

2. Desjabetze-espedienteko jarduketak Nahitaezko Desjabetzearen Legearen arabera idatzitako zedarriztatze-proiektuan interesdun gisa agertzen direnekin jarraituko dira edo, proiektuak dioenaren kontra, ondasun edo eskubideen benetako titularrak direla legean agindutako moduan egiaztatzen dutenekin. Tasazio bateratuaren prozeduran, informazio publikoaren fasean salatu gabeko eta justifikatutako errakuntzek ez dute ekarriko jarduketak deuseztatzea edo berregitea, baina interesdunek dagokion eran kalte-ordaina jasotzeko eskubidea mantenduko dute.

3. Prezio zuzena ordaintzeko unea iristean, beren aldeko erregistro-ziurtagiria dakarten interesdunei baino ez zaie ordainduko; bestela, kontsignatu egingo da; erregistro-ziurtagirian, Hipoteka Erregelamenduaren 32. artikuluko oharra egin dela jaso beharko da, edo, halakorik ezean, interesdunaren eskubidea justifikatzen duten tituluak, tituluetan deskribaturiko finka berari buruzko Jabetza Erregistroaren ezezko ziurtagiriekin osatuak. Kargarik izanez gero, karga horien titularrek agertu beharko dute.

4. Errealitatearen kontrako erregistro-adierazpenak daudenean, hipotekalegerian adierazitako zeinahi bide erabilita edo Notariotza Erregelamenduaren 209. artikuluaren arabera izapidetutako nabaritasun-aktaren bidez haiek zuzendu edo ezeztatu dituztenei ordaindu ahal izango zaie prezio zuzena.

31. artikulua. Okupatzea eta Jabetza Erregistroan inskribatzea

1. Desjabetze-prozedurak ukituriko finka edo ondasun bakoitzaren okupazioakta titulu inskribagarri izango da, baldin eta haren barruan deskripzioa, hipoteka-legeriaren araberako identifikazioa, katastroko erreferentzia eta koordenatu- sistema baten bitartez egindako irudikapen grafikoa jasotzen badira eta, harekin batera, dagokion prezioaren ordainketa-akta edo kontsignazio-agiria aurkezten bada.

Aurreko paragrafoan xedatutakoari dagokionez, katastroko erreferentziaren eta irudikapen grafikoaren ordez, katastro-ziurtagiri deskribatzaile eta grafikoa erantsi ahal izango da.

Jarduketaren objektu den azalera erregistro-finka bat edo batzuk gisa inskribatuko da, eta horretarako ez da oztopo izango finkaren bat immatrikulaturik ez egotea. Jarduketak ukituriko finketan, hipoteka-legeriak nahitaezko desjabetzearen prozeduretatik eratorritako idazpenei buruz aipatzen duen oharraren ondoren, desjabeturiko zatia zein den adierazten duen beste ohar bat idatziko da jarduketak finka osoa ukitzen ez duen kasuan.

2. Inskripzioa egitean arrazoizko zalantzak sortzen badira ea, okupaturiko azaleraren barruan, desjabetze-prozeduran kontuan hartu gabeko erregistrofinkaren bat badenentz, administrazio eskudunari jakinaraziko zaio; horrek ez du eragotziko inskripzioa egitea.

3. Zortasunak nahitaez eratu, aldatu edo amaitzeko administrazio-egintzak Jabetza Erregistroan inskribagarriak izango dira, desjabetze-aktentzat aurreikusitako moduan.

32. artikulua. Kargarik gabe eskuratzea

1. Desjabetze-espedientea amaitutakoan, eta nahitaezko desjabetzearen legeria orokorrean aurreikusitako betekizunak betez okupazio-akta edo -aktak egin direnean, ulertuko da Administrazioak eskuratu dituela, kargarik gabe, espedienteko finka edo finkak.

Administrazioarena izango da finken edukitza, behin haren eskubidea inskribatu eta gero, eta haren kontra ezin baliatuko da ezein akzio erreal edo interdiktu-akziorik.

2. Baldin eta, espedientea amaitu ondoren, behin okupazio-akta egin eta finkak edo eskubideak Administrazioaren alde inskribatutakoan, espedientean kontuan izan ez diren hirugarren batzuk agertzen badira, hirugarren horiek dagozkien akzio pertsonal guztiak mantenduko dituzte, eta prezio zuzena edo desjabetzeagatiko kalte-ordainak jasotzeko eta haien zenbatekoa eztabaidatzeko baliatu ahal izango.

3. Baldin eta, behin espedientea guztiz amaitu eta gero, kontuan izan ez diren aurretiaz inskribaturiko finkak edo eskubideak agertzen badira, administrazio desjabetzaileak, ofizioz edo alderdi interesdunaren zein erregistratzailearen beraren eskariz, dagokion ezeztapena egin dezala eskatuko dio erregistratzaileari.

Administrazio desjabetzaileak finka edo eskubide horien titularrak konpentsatu beharko ditu; administrazio horrek espediente osagarri bat egingo du dagozkion balioespen-orriekin, eta gainerako finkentzat jarraitu den prozeduraren arabera izapidetuko da, hargatik eragotzi gabe titular horiek dagokien beste zeinahi akzio mota baliatu ahal izatea.

4. Espedientean erregistro-titular gisa agertzen denari ordaindu bazaio prezio zuzena, hirugarrenen akzioa ezin zuzenduko da administrazio desjabetzailearen kontra hirugarrenok agertu ez baziren espedientea izapidetzen zen bitartean, denbora baliodunean.

33. artikulua. Desjabetzea kudeatzeko modalitateak

1. Toki-entitateek, desjabetzeak kudeatzeko, beste administrazio publiko batzuekin edo partikularrekin elkarte mota desberdinetan jardutea sustatu ahal izango dute, toki-araubideko eta hirigintzako legeriaren arabera.

2. Aurreko zenbakian adierazitako xedea hobeto betetzeko, beste administrazio publiko batzuei ere enkargatu ahal izango diete balia dezatela desjabetzeahala.

3. Aurreko zenbakietan xedaturikoak ez ditu eragotziko legeak desjabetzearloan erakunde publiko jakin batzuei espresuki aitorturiko ahalmenak.

34. artikulua. Lehengoratze- eta birtasatze-kasuak

1. Lurralde- eta hirigintza-antolamenduko tresna aldatu edo berrikusi delaeta lurzoruaren desjabetzea eragin zuen erabilera aldatzen bada, bidezko da lehengoratzea, honako kasu hauetan izan ezik:

a) Desjabetzea eragin duen zuzkidura publikorako erabilera benetan ezarri eta zortzi urtean gorde izana, edo lurzoruari esleituriko erabilera berria ere zuzkidura publikorakoa izatea.

b) Desjabetzea lurzoru-ondare publikoa eratzeko edo handitzeko egin izana, betiere erabilera berria lurzoru-ondare publiko horren xedeekin bateragarri izanez gero.

c) Desjabetzea urbanizatze-jarduketa bat exekutatzeko egin izana.

d) Desjabetzea lege honen arabera lurzoruari aplikagarri zaion araubideari dagozkion eginbeharrak ez betetzeagatik edo kargak ez kentzeagatik egin izana.

e) Nahitaezko Desjabetzearen Legearen arabera lehengoratzea bidezko ez den beste zeinahi kasu.

2. Lurzorua urbanizatze-jarduketa bat exekutatzeko desjabetu den kasuetan:

a) Bidezko da lehengoratzea, desjabetzea gertatu zenetik hamar urte iragan direlarik urbanizazioa amaitu gabe dagoenean.

b) Bidezko da birtasatzea, lurzoruaren erabilera edo eraikigarritasuna aldatzen direnean, baldin eta lurralde- eta hirigintza-antolamenduko tresna bat aldatzeak eragina bada aldaketa, eta antolatze-ahala berriro osorik baliatzea eskatzen ez duena, eta horrek lurzoruaren balioa handitzea badakar desjabetzean aplikatutako irizpideen arabera. Balio berria erabilera eta eraikigarritasun berriei balioespen irizpide berberak aplikatuta zehaztuko da. Desjabetuari edo haren kausadunei dagokie balio horren eta prezio zuen eguneratuaren arteko aldea.

Aurreko paragrafoan aurreikusi gabeko hartan, lehengoratze-eskubidearentzat xedatutakoa aplikatuko zaio birtasatze-eskubideari, Jabetza Erregistrorako irispidea barne.

3. Ez da bidezko lehengoratzea desjabeturiko lurzorutik hegalkina edo lurpea banantzen direnean, 17. artikuluko 4. zenbakian aurreikusitakoaren arabera, betiere desjabetzea eragin zuen zuzkidura publikorako erabilerari eusten bazaio edo lehenengo zenbakian aurreikusitako beste zeinahi kasu gertatzen bada.

35. artikulua. Kalte-ordainak jasotzeko kasuak

Kalte-ordainerako eskubidea sortzen dute betiere honako kasu hauen ondorioz ondasun eta eskubideetan gertatzen diren lesioek:

a) Urbanizazioa exekutatzeko baldintzak edo jabeek hartan parte hartzeko baldintzak aldatzea, lurralde- edo hirigintza-antolamendua edo jarduera horren esleipenaren egintza edo negozioa aldatu delako, betiere aldaketa urbanizazioa exekutatzeko aurreikusitako epeak amaitu baino lehen gertatzen bada edo, epeak amaitu ondoren, Administrazioari egotz dakizkiokeen arrazoiengatik exekutatu ez bada.

Ez da kalte-ordainik jasoko lurralde- edo hirigintza-antolamenduan gertaturiko aldaketek eragindako antolamenduz kanpoko egoerengatik, baina horrek ez du eragotziko jaso ahal izatea egoera horretan dagoen eraikuntza edo eraikina bere balio-bizitzan zilegi den eran erabili eta gozatu ezin izateagatik.

b) Eraikuntza eta eraikinei buruz legez ezarritako eginbeharrak gainditzen dituzten lotura eta mugapen bereziak, edo ekitatezko banaketa aplikatu ezin zaion eraikigarritasun- zein erabilera-murriztapen bat berekin dutenak.

c) Lurralde- edo hirigintza-antolamenduan gertaturiko aldaketak eraginik, obra eta jarduerak gaitzen dituzten administrazio-tituluen eraginkortasuna aldatzea edo amaitzea.

d) Obra eta jarduerak gaitzen dituzten administrazio-tituluak baliogabetzea, bai eta haiek ematea justifikaziorik gabe luzatzea eta bidegabeki ukatzea ere. Inoiz ez da kalte-ordainik izango kaltetuari egotz dakiokeen dolo, erru edo axolagabekeriarik bada.

e) Lurralde-eta hirigintza-antolamenduak zuzkidura publikoetara xedatzen dituen lursailak okupatzea, okupatzen direnetik hasi eta jabeari balio bereko beste batzuk esleitzen dizkion tresna behin betiko onesten den arteko denboratartean. Kalte-ordainerako eskubidea Nahitaezko Desjabetzearen Legearen 112. artikuluan ezarritako eran zehaztuko da.

Lursaila okupatzen denetik aipaturiko tresna behin betiko onetsi gabe lau urte igarotakoan, interesdunek prezio zuzenaren espedientea hasteko asmoa dutela ohartarazi ahal izango diote administrazio eskudunari, eta hari hasiera emateko ahalmena izango dute, hartarako administrazioari dagokion balioespen-orria bidalirik, behin ohartarazpenaren ondoren sei hilabete igaro eta gero.

V. TITULUA JABETZAREN FUNTZIO SOZIALA ETA LURZORUAREN KUDEAKETA

I. KAPITULUA Nahitaezko salmenta eta ordezpena

36. artikulua. Nahitaezko salmenta eta ordezpena: bidezkotasuna eta Helmena

1. Lege honetan aurreikusitako eraikitzeko edo birgaitzeko eginbeharrak ez betetzeak ahalbidea emango du jabetzaren funtzio soziala ez betetzeagatiko desjabetzera jotzeko edo nahitaezko salmenta nahiz ordezpenaren araubidea aplikatzeko, hargatik eragotzi gabe lurralde- eta hirigintza-antolamenduari buruzko legeriak beste ondorio batzuk ezartzea.

2. Nahitaezko ordezpenaren xedea eraikitzeko ahalmena da, eraiki dadila ezartzeko, jabetza horizontalaren araubidearen arabera eta lurzoruaren oraingo jabearekin jabetza partekatuz.

3. Artikulu honetan aurreikusitako nahitaezko desjabetze, salmenta edo ordezpenaren kasuetan, lurralde- eta hirigintza-antolamendua arautzen duen legeriak inoiz ezin gutxituko du lurzoruaren jabetza-eskubidearen edukia bere balioaren ehuneko 50 baino gehiago, eta aldea Administrazioari dagokio.

37. artikulua. Nahitaezko salmenta edo ordezpenaren araubidea

1. Nahitaezko salmenta edo ordezpena ofizioz edo interesdunaren eskariz hasiko da, eta publikotasun- eta konkurrentzia-irizpideen araberako prozeduraren bitartez esleituko.

2. Lurzoruaren jabetzaren araubidearen eginbeharrak ez direla bete deklaratzen duen ebazpena eman eta nahitaezko salmenta edo ordezpenaren araubidea aplikatzea erabaki ondoren, administrazio jarduleak dagokion egintzaren edo egintzen ziurtagiria bidaliko du Jabetza Erregistrora, azken jabari-inskripzioaren bazterreko ohar batean idatziz jaso dadin. Ematen diren finkaren erregistroziurtagirietan nahitaezko salmenta edo ordezpen egoera jasoko da.

3. Prozedura ebatzi ondoren, administrazio jarduleak esleipenaren ziurtagiria emango du, eta ziurtagiri hori Jabetza Erregistroan inskriba daitekeen titulua izango da.

Erregistro-inskripzioan idatziz jasoko da, eskurapena desegiteko arrazoi gisa, eskuratzailea zein baldintza eta eraikitze-epetara beharturik geratzen den.

II. KAPITULUA Lurzoru-ondare publikoak

38. artikulua. Nozioa eta helburua

1. Lurren merkatua arautzeko, ekimen publikoko jarduketetarako lurzoruerreserbak lortzeko eta lurralde- eta hirigintza-antolamendua exekutatzea errazteko helburuz, 16. artikuluko 1. zenbakiko b) letran aipatzen den eginbeharraren arabera Administrazioak eskuratzen dituen ondasun, baliabide eta eskubideek osatzen dituzte lurzoru-ondare publikoak, hargatik eragotzi gabe lurralde- eta hirigintza-antolamenduari buruzko legeriak zehazten dituen besteak.

2. Lurzoru-ondare publikoen ondasunek ondare bereizi bat eratzen dute, eta ondare hori osatzen duten lursailak besterentzearen bidez edo 16. artikuluko 1. zenbakiko b) letran aipatzen den diruzko ordezpenaren bidez lortutako diru-sarrerak hura kontserbatu, administratu eta handiagotzeko erabiliko dira -betiere kapital-gastuak bakarrik finantzatzen badira eta aplikagarri zaien legeria hausten ez bada-, edota beren xedeari dagozkion erabileretarako.

39. artikulua. Xedea

1. Aurreko artikuluaren 1. zenbakian xedatutakoaren arabera nahitaez lurzoru-ondare publikoak osatzen dituzten ondasun eta baliabideak babes publikoko araubideren baten mendeko etxebizitzak eraikitzeko erabili beharko dira. Gizarte-intereseko beste erabilera batzuetarako ere erabili ahal izango dira, hirigintza-antolamenduko tresnek xedatutakoarekin bat etorriz, baina gaiari buruzko legeriak hala aurreikusten duenean soilik eta onar daitezkeen helburuak zehaztuz; helburuok hirigintza-helburuak izango dira, edo gune naturalak nahiz kultura-ondareko ondasun higiezinak babestekoak edo hobetzekoak.

2. Lege honen 16. artikuluko 1. zenbakiko b) letran aipatzen den eginbeharraren arabera administrazio batek eskuratutako lursailak, baldin eta salmentan, alokairuan edo etxebizitza iristeko beste edozein modutan gehienezko prezioa tasatzea ahalbidetzen duen babes publikoko araubideren baten mendeko etxebizitzak eraikitzeko badira, ezin esleituko dira, ez eskualdatze horretan ez hurrengoetan, lurzoruak etxebizitza mota horren gainean duen gehienezko eragin-balioa baino prezio handiagoan, legeria arautzailearen arabera. Administrazio-espedientean eta besterentze-egintza edo -kontratuan mugapen hori jasoko da.

3. Lurzoru-ondare publiko bat osatzen duten finken mugapenak, betebeharrak, epeak zein xede-baldintzak, finka horiek besterentzean jasotzen badira, Jabetza Erregistroan inskriba daitezke, hargatik eragotzi gabe Hipoteka Legearen 27. artikuluan xedatutakoa eta hura ez betetzeak besterentzea desegitea eragin ahal izatea.

4. Aurreko zenbakian aipatzen diren mugapenak, betebeharrak, epeak zein baldintzak Jabetza Erregistroan sartzeak honako efektu hauek so rtzen ditu:

a) Mugapen, betebehar, epe zein baldintza horiek besterentzea desegitearen kausa gisa eratu direnean, desegite hori hauetariko baten arabera inskribatuko da: dela eroslearen adostasuna, dela besterendutako finka datorren lurzoruondare publikoaren titular den administrazioaren egintza aldebakarra, betiere egintza horri jadanik ezin badakioke errekurtso arruntik jarri, ez administratiborik ez judizialik.

Hargatik eragotzi gabe kontratua desegin ahal izatea, administrazio besterentzaileak eskatu ahal izango du egin dadila desegite-asmoaren prebentziozko idatz-oharra hirigintza-diziplinako prozedura hasteak dakartzan prebentziozko idatz-oharrentzat hipoteka-legeriak aurreikusia duen eran.

b) Bestela, finka jakin batzuen gainean jarritako baldintzen orri-bazterreko oharrek berezkoak dituzten efektuak izango ditu erregistroko aipamenak.

III. KAPITULUA Azalera-eskubidea

40. artikulua. Edukia, eraketa eta araubidea

1. Azalera-eskubide errealak azalera-eskubidedunari esleitzen dio inoren finkaren sestran eta hegalkinean eta lurpean eraikuntzak edo eraikinak egiteko ahalmena, egindako eraikuntza edo eraikinen aldi bateko jabetza mantenduz. Era daiteke eskubide hori, halaber, lehendik eginda dauden eraikuntza nahiz eraikinen gainean edo etxebizitzen, lokalen eta eraikuntza nahiz eraikinen elementu pribatiboen gainean ere, azalera-eskubidedunari esleitzen zaiolarik horien aldi baterako jabetza, bere horretan utzirik lurzoruaren titularraren jabetza bereizia.

2. Azalera-eskubidea baliozkotasunez era dadin, beharrezkoa da hura eskritura publikoan formalizatzea eta eskritura Jabetza Erregistroan inskribatzea. Eskrituran, azalera-eskubidearen iraupen-epea zehaztu beharko da nahitaez, eta ez da laurogeita hemeretzi urtekoa baino luzeagoa izango.

Azalera-eskubidea lurzoruaren jabeak baino ezin du eratu, dela publikoa zein pribatua.

3. Azalera-eskubidea kostu bidez edo doan era daiteke. Lehenengo kasuan, azalera-eskubidedunaren kontraprestazioa hainbesteko bat edo aldizkako kanon bat ordaintzea izan daiteke, edo etxebizitzak zein lokalak edo haien errentamendu-eskubideak lurzoruaren jabeari esleitzea, edo modu horietariko bat baino gehiago elkartzea, hargatik eragotzi gabe eraikitako guztia jabearen esku uztea azalera-eskubidea eratzean hitzarturiko epea amaitutakoan.

4. Azalera-eskubidea honako hauek eraentzen dute: kapitulu honetako xedapenek, legeria zibilak kapitulu honetan aurreikusi gabeko hartan, eta eskubidea eratzen duen tituluak.

41. artikulua. Eskualdatzea, zamatzea eta amaitzea

1. Azalera-eskubidea eskualdatu eta zamatu egin daiteke, eratzean zehazturiko mugapenekin.

2. Eraikuntzaren zein eraikinaren ezaugarriek hartarako aukera ematen dutenean, azalera-eskubidedunak jabetza horizontalaren araubidearen barruan eratu ahal izango du azalera-jabetza, jabeari dagokion lursailetik bereizita, eta finka independente gisa eskualdatu eta zamatu ahal izango ditu etxebizitzak, lokalak eta jabetza horizontaleko elementu pribatiboak, azalera-eskubidearen epe barruan, lurzoruaren jabearen baimenaren beharrik gabe.

3. Azalera-eskubidea eratzean, lehentasunez erosi, atzera eskuratu eta atzera saltzeko eskubideei dagozkien klausula eta itunak sartu ahal izango dira lurzoruaren jabearen alde, aurreko bi zenbakietan hurrenez hurren aipatzen diren eskubidea zein elementuak eskualdatzen diren kasuetarako.

4. Lurzoruaren jabeak azalera-eskubidedunaren eskubidetik bereizita eta haren baimenaren beharrik gabe eskualdatu eta zamatu ahal izango du bere eskubidea. Lurpea lurzoruaren jabearena izango da eta lurzoruarekin batera eskualdatu eta zamatuko da, salbu eta azalera-eskubidean sartu bada.

5. Azalera-eskubidea amaitu egiten da eratze-tituluan aurreikusitako epean lurralde- eta hirigintza-antolamenduaren arabera eraikitzen ez bada eta, edozein kasutan, eskubideak irauten duen epea igarotzean.

Azalera-eskubidea iraupen-epea igarotzeagatik amaitzen denean, lurzoruaren jabea eraikitakoaren jabe bihurtzen da, inolako kalte-ordainik eman beharrik gabe, zeinahi ere dela eskubidea eratu zuen titulua. Hala ere, arau batzuk itundu ahal izango dira azalera-eskubidearen araubidea likidatzeari buruz.

Azalera-eskubidea iraupen-epea igarotzeagatik amaitzean, azalera-eskubidedunak ezarritako eskubide erreal edo pertsonal guztiak amaitzen dira.

Beste zeinahi arrazoirengatik lurzoruaren jabetzaren eskubideak eta azaleraeskubidedunarenak batzen badira, eskubide baten eta bestearen gainean egokitzen diren kargek eskubide bakoitza bereiz zamatzen jarraituko dute azaleraeskubidearen epea igaro arte.

VI. TITULUA ARAUBIDE JURIDIKOA

I. KAPITULUA Fiskaltzarekin egiteko jarduketak

42. artikulua. Delitu edo falta diren arau-hausteak

Hirigintzaren edo lurralde-antolamenduaren kontrako arau-hausteengatik instruitzen diren administrazio-espedienteen kasuan, haiek irekitzea eragin zuen egintza bera delitu edo falta delako zantzuak azaltzen direnean, zehapena ezartzeko eskumena duen organoak Fiskaltzari jakinaraziko dio hori, arauhausleek izan ditzaketen erantzukizun penalak galdatzeari dagokionez, eta ez du zehapen-prozedurarekin aurrera jarraituko aginte judizialak bere erabakia ematen ez duen bitartean. Zehapen penalak administrazio-zehapena ezartzea eragotziko du, baina ez arau-haustea egin aurreko egoerara etortzeko neurriak hartzea.

II. KAPITULUA Eskariak, egintzak eta erabakiak

43. artikulua. Eskariak

Toki-entitateek eta hirigintza-erakundeek ebatzi egin beharko dituzte zuzentzen zaizkien eskari funtsatuak.

44. artikulua. Subrogazio-kasuan demandaturiko administrazioa

Autonomia-organoek subrogazioz hartzen dituzten erabakiak udal titularraren egintzatzat joko dira, errekurtso onargarriei dagokienez soilik.

45. artikulua. Nahitaezko exekuzioa eta premiamendu-bidea

1. Udalek nahitaezko exekuzioa eta premiamendu-bidea erabili ahal izango dituzte jabeei -banako zein elkartu-, eta hirigintzako eraldatze-jarduketen sustatzaileei beren eginbeharrak bete ditzatela galdatzeko.

2. Exekuzio- eta premiamendu-prozedurak beren betebeharrak bete ez dituzten pertsonen ondasunen kontra abiaraziko dira lehenik eta behin, eta kaudimengabezia-kasuan baino ez jabeen administrazio-elkarteen kontra.

3. Ahalmen berak baliatu ahal izango dituzte, elkartearen eskariz, elkartearekin harturiko konpromisoak bete ez dituzten jabeen kontra.

46. artikulua. Ofizioz berrikustea

Toki-entitateek ofizioz berrikusi ahal izango dituzte hirigintza-arloko beren egintza eta erabakiak, administrazio publikoen araubide juridikoaren legerian xedaturikoaren arabera.

III. KAPITULUA Akzioak eta errekurtsoak

47. artikulua. Hirigintza-legerian arauturiko egintza eta hitzarmenen Izaera

Izaera juridiko-administratiboa izango dute hirigintza-legeria aplikagarrian arauturiko egintza eta hitzarmenen kariaz edo haien ondorioz administrazio publikoen organo eskudunen eta jabeen artean -jabe banako zein elkartu-, edo hirigintzako eraldatze-jarduketen sustatzaileen artean sortzen diren arazo guztiek, baita urbanizatzeko zein eraikitzeko lursailen lagapenei dagozkienek ere.

48. artikulua. Akzio publikoa

1. Publikoa izango da administrazio-organoen eta administrazioarekiko auzien auzitegien aurrean lurralde- eta hirigintza-antolamenduko legeria eta gainerako tresnak bete daitezela galdatzeko akzioa.

2. Akzio hori, legez kontrakotzat jotzen diren obrak egiteak eragina bada, obra horiek egiten diren bitartean baliatu ahal izango da, hirigintza-legeriako babes-neurriak hartzeko ezarritako epeak igaro arte.

49. artikulua. Auzitegi arrunten aurreko akzioa

Eskubide errealen jabe eta titularrek, aurreko artikuluan aurreikusitakoaz gainera, auzitegi arrunten aurrean galdatu ahal izango dute eraits daitezela obra eta instalazioak, baldin eta urratzen badute eraikuntzen arteko tarteari, putzuei, zisternei, edo hobiei, eraikuntza-elementu zein beste hiri-elementu batzuen erkidegoari buruz xedaturikoa, edota gainerako finken erabilera zuzenean babestera bideratuak diren erabilera gogaikarri, osasungaitz edo arriskutsuei buruzko xedapenak.

50. artikulua. Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa

1. Administrazio-bidea amaitzen duten toki-entitateen egintzak, zeinahi ere dela haien objektua, administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren aurrean errekurritu ahal izango dira zuzenean.

2. Lurralde-antolamenduaren eta hirigintza-antolamendu eta -exekuzioaren tresnak behin betiko onesteko egintzak administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren aurrean aurkaratu ahal izango dira, haiek arautzen dituen legeriaren arabera; horrek ez du eragotziko bidezko izan daitezkeen administrazioerrekurtsoak jartzea.

IV. KAPITULUA Jabetza Erregistroa

51. artikulua. Egintza inskribagarriak

Jabetza Erregistroan inskribagarriak izango dira: 1. Hirigintza-antolamendua exekutatzeko espedienteak onesteko egintza irmoak, honako hauek dakartzaten kasuan: antolamendu-tresnak ukitzen dituen erregistro-finkak aldatzea, haien gaineko jabaria edo beste eskubide erreal batzuk esleitzea edo urbanizazioa exekutatzeko edo kontserbatzeko betebeharraren benetako bermeak ezartzea.

2. Lursailen nahitaezko lagapenak, legeek aurreikusitako kasuetan edo hirigintza-aprobetxamenduen eskualdatzeen ondorioz eginak.

3. Hirigintza-diziplinari buruzko espedientearen edo ezarritako zehapenak betetzea bermatzeko administrazio-premiamendua objektu duten espedienteen irekiera.

4. Administrazioaren adoste-, oneste- edo baimentze-egintzak bete behar dituzten baldintza bereziak, legeek aurreikusitako eran.

5. Hirigintza-aprobetxamendua eskualdatzeko eta zamatzeko egintzak.

6. Hirigintza-antolamenduko tresnak, exekuzio-tresnak edo administrazioaren esku-hartze egintzak deuseztatzea xede duen administrazioarekiko auzierrekurtsoa jartzea.

7. Aurreko zenbakian adierazten den deuseztatzea deklaratzen duten epai irmoak, finka jakin batzuei buruzkoak direnean eta haien titularrak prozeduran parte hartu duenean.

8. Beste zeinahi administrazio-egintza, baldin eta, hirigintza-antolamenduko zein -exekuzioko tresnak garatzean, finka jakin batzuen gaineko jabaria edo beste zeinahi eskubide erreal edo finken deskripzioa aldatzen badu, une beretik edo etorkizunean.

52. artikulua. Administrazio-ziurtagiria

Legeriak beste zerbait ezartzen duen kasuetan izan ezik, aurreko artikuluak adierazten dituen egintzak Jabetza Erregistroan inskribatu ahal izango dira hirigintza-organo jarduleak emandako administrazio-ziurtagiriaren bidez; ziurtagiri horretan, erabakiak ukitzen dituen pertsona, eskubide eta finkei buruzko inguruabarrak jasoko dira, hipoteka-legeriak galdaturiko eran.

53. artikulua. Idazpen motak

1. Inskripzio bidez jasoko dira 51. artikuluaren 1., 2., 7. eta 8. zenbakietan adierazitako egintza eta erabakiak, eta baita Administrazioaren alde okupaturiko azalera ere, lurralde- eta hirigintza-antolamenduak zuzkidura publikoetara xedaturiko lursailak izateagatik.

2. Prebentziozko idatz-ohar bidez jasoko dira 51. artikuluaren 3. eta 6. zenbakiko egintzak. Idatz-ohar horiek lau urtera iraungiko dira, eta epe hori hirigintza-organo jardulearen eskariz edo jurisdikzio-organoaren ebazpenez luzatu ahal izango da, hurrenez hurren.

3. Orri bazterreko ohar bidez jasoko dira 51. artikuluak adierazten dituen gainerako egintza eta erabakiak. Espresuki besterik ezarri ezean, orri bazterreko oharrek indarraldi mugagabea izango dute, baina haiek sortu dituen tituluak adierazten duen uneko hirigintza-izaera ezagutaraztea beste efekturik ez dute eragingo.

54. artikulua. Onurak eta kargak banatzeko espedienteak

1. Onurak eta kargak banatzeko dagokion espedientearen hastea edo hirigintzako eraldatze-jarduketa baten barruko lursailak kasuan kasuko kudeaketa formaren betebeharrak betetzeari loturik geratzea Erregistroan jasoko dira dagozkion finken azken jabari-inskripzioaren bazterrean egindako idatz-ohar baten bidez.

2. Orri bazterreko oharrak hiru urteko iraupena izango du eta beste hiru urtera luzatu ahal izango da hura egitea eskatu zuen organoaren zein hirigintzaintereseko elkartearen eskariz.

3. Onurak eta kargak banatzeko tituluak honela inskriba daitezke: dela jatorrizko finken inskripzioak eta indarrean diren gainerako idazpenak zuzenean ezeztatuz, proiektuaren ondoriozko finken erregistro-folioari erreferentzia egiten zaiolarik, dela aurrez hirigintzako eraldatze-jarduketan sartzen den azalera guztia elkartu, eta banaketa-eragiketen ondoriozko finka guztien artean banatuz.

4. Artikulu honen 1. zenbakian adierazitako oharra jasotakoan, efektu hauek izango dira:

a) Tituluak jatorrizko finkaren erregistro-titularrari esleitzen badio ondoriozko finka, titular horren alde egingo da inskripzioa.

b) Tituluak oharra eragin zuen ziurtagiriaren edukiaren arabera esleitzen badio jatorrizko finkaren erregistro-titularrari ondoriozko finka, inskripzioa titular horren alde egingo da eta, aldi berean, oharraren dataren ondoren egindako jatorrizko finkaren gaineko jabariaren zein eskubide errealen inskripzioak ezeztatuko dira.

c) Aurreko letran adierazitako kasuan, ondoriozko finken inskripzioaren edo inskripzioen bazterrean, honako hauek jasoko dira: ondorengo idazpen batzuk bazirela eta ezeztatuak izan direla, eta haiek sortu zituen titulua eta bakoitzaren data.

d) Ondoriozko finka edo finkak jatorrizko finka eskuratu zutenen alde inskribatzeko, aski izango da aurkeztea oharraren ondorengo idazpen ezeztatuak eragin zituen titulua, dagokion zuzenketarekin batera; zuzenketan, proiektuaren ondoriozko finka edo finken inguruabarrak eta deskripzioa jasoko dira, eta erregistro-titularrak eta b) letraren arabera ezeztaturiko eskubideen titularrek zuzenketa hori egiteko emandako adostasuna. Aipaturiko zuzenketa egiten ez den bitartean, ezin egingo da inolako idazpenik c) letran adierazitako orri bazterreko oharraren objektu diren finkei buruz.

5. Onurak eta kargak banatzeko proiektua inskribatzen duen titulua aski izango da hipotekak aldatzeko, erregistro-deskripzioak zuzentzeko, finkak edo gehiegizko edukierak immatrikulatzeko, segidako traktuari berrekiteko, eta eskubide erreal bateraezinak ezeztatzeko, erregelamenduz ezarritako moduan.

Lehen xedapen gehigarria. Hiri-informaziorako sistema

Gardentasuna sustatzeko helburuz, Estatuaren Administrazio Orokorrak, autonomia erkidegoekin lankidetzan, irizpide eta oinarrizko printzipio batzuk definituko ditu lurzoruari eta hirigintzari buruzko informazio-sistema publiko orokor eta integratu bat eratzea eta etengabe eguneratzea ahalbidetzeko, eta haien aplikazioa sustatuko, gaian eskudun diren administrazioekiko koordinazioa eta osagarritasuna baliatuz; era berean, informazio-sistema hori gainerakoekin -eta bereziki Higiezinen Katastroarekin- bateragarria eta koordinatua izan dadin saiatuko da.

Bigarren xedapen gehigarria. Defentsa Nazionalera, Defentsa Ministeriora edo indar armatuen erabilerara afektaturiko ondasunak

1. Defentsa Nazionalera afektaturiko lursail, eraikin eta instalazioei -eta baita haien babes-eremuei ere- eragiten dieten lurralde- eta hirigintzaantolamenduko tresnek, zeinahi motatakoak direla eta zeinahi izendapen dutela ere, Estatuaren Administrazio Orokorraren lotura-indarreko txosten bat beharko dute, eragin horri dagokionez, onetsiak izan aurretik.

2. Lege honetan xedatutakoa gorabehera, Defentsa Ministeriora edo Indar Armatuen erabilerara afektaturiko ondasunak, eta ministerio horren mendeko organismo publikoen esku jarritakoak, beren legeria berezian aurreikusitako helburuen mende daude.

Hirugarren xedapen gehigarria. Hirigintza-antolamendurako ahalak Ceuta eta Melillan

Ceuta eta Melillako hiriek lege honen eta Estatuak hartarako emango dituenen esparruen barruan baliatuko dituzte beren erregelamenduak egiteko arautze-ahalak.

Nolanahi ere den, Estatuaren Administrazio Orokorrari dagokio Hiri horien Hirigintza Antolamenduko Plan Orokorra behin betiko onestea eta berrikustea, bai eta zehaztapen orokorrei, lurraldearen egitura orokor eta organikoaren funtsezko elementuei edo lege honen amaierako lehen xedapeneko hirugarren zenbakian aipatzen diren zehaztapenei eragiten dieten aldaketak ere.

Ceuta eta Melillako hirietako organo eskudunei dagokie Plan Partzialak eta Bereziak eta haien aldaketak edo berrikuspenak behin betiko onestea, bai eta aurreko paragrafoan sartzen ez diren Plan Orokorraren aldaketak onestea ere, aurrez Estatuaren Administrazio Orokorrak nahitaezko txostena egin ondoren. Txosten horrek lotura-indarra izango du legezkotasun arazoei dagokienez edo estatuaren eskumeneko interes orokorrak ukitzeari dagokionez; hiru hilabeteko epean eman beharko da eta, epe horretan ematen ez bada, aldekoa dela ulertuko da.

Laugarren xedapen gehigarria. Estatuaren ondareko lurzoruen kudeaketa

1. Estatuaren ondareko ondasun higiezinei aplikagarria izango zaie lege honen 39. artikuluan honako hauek Jabetza Erregistroan sartzeari dagokionez xedaturikoa: beren gehienezko salmenta- edo alokairu-prezioa tasatzea ahalbidetzen duen babes publikoko araubideren baten mendeko etxebizitzak eraikitzeko finkak besterentzean egon daitezkeen mugapenak, betebeharrak, epeak edo xede-baldintzak.

2. 190 bis artikulu berri bat gehitzen zaio 2003ko azaroaren 3ko Administrazio Publikoen Ondareari buruzko 33/2003 Legeari, honela idatzirik:

«190 bis artikulua. Higiezin afektatuen hirigintza-araubidea.

Lurralde- eta hirigintza-antolamenduko tresnek estatuaren eskumeneko erabilera edo zerbitzu publikoetara afektaturiko zein xedaturiko lursailak urbanizatze-jarduketen barruan sartzen dituztenean edo haiei atxikitzen, Estatuaren Administrazio Orokorrak edo lursail horiek desjabetze bidez edo ordainbidezko beste era batez eskuratu eta haien titular diren organismo publikoek parte hartuko dute lurralde- eta hirigintza-antolamenduari buruzko legeriak ezartzen dituen baldintzetan onurak eta kargak ekitatez banatzen.»

3. Aldatu egiten da 2003ko azaroaren 3ko Administrazio Publikoen Ondareari buruzko 33/2003 Legearen amaierako bigarren xedapenaren 5. zenbakia, eta honela idatzita geratzen:

«5. Oinarrizko legeriaren izaera dute, Konstituzioaren 149.1.18. artikuluan ezarritakoaren arabera, lege honetako xedapen hauek: 1. artikulua; 2. artikulua; 3. artikulua; 6. artikulua; 8. artikuluaren 1. zenbakia; 27. artikulua; 28. artikulua; 29. artikuluaren 2. zenbakia; 32. artikuluaren 1. eta 4. zenbakiak; 36. artikuluaren 1. zenbakia; 41. artikulua; 42. artikulua; 44. artikulua; 45. artikulua; 50. artikulua; 55. artikulua; 58. artikulua; 61. artikulua; 62. artikulua; 84. artikulua; 91. artikuluaren 4. zenbakia; 92. artikuluaren 1., 2. eta 4. zenbakiak; 93. artikuluaren 1., 2., 3. eta 4. zenbakiak; 94. artikulua; 97. artikulua; 98. artikulua; 100. artikulua; 101. artikuluaren 1., 3. eta 4. zenbakiak; 102. artikuluaren 2. eta 3. zenbakiak; 103. artikuluaren 1. eta 3. zenbakiak; 106. artikuluaren 1. zenbakia; 107. artikuluaren 1. zenbakia; 109. artikuluaren 3. zenbakia; 121. artikuluaren 4. zenbakia; 183. artikulua; 184. artikulua; 189. artikulua; 190. artikulua; 190 bis artikulua; 191. artikulua; lehen xedapen iragankorraren 1. zenbakia; bosgarren xedapen iragankorra.»

4. Letra bat gehitzen zaio, e) letra, 1998ko abenduaren 30eko Neurri Fiskal, Administratibo eta Gizarte Arlokoei buruzko 50/1998 Legearen 71. artikuluko 2. zenbakiari, honela idatzirik:

«e) Laguntzea, bere esku jarritako ondasun higiezinak kudeatuz, indarrean dauden politika publikoak garatzen eta exekutatzen, etxebizitza-politika bereziki, administrazio eskudunekin lankidetzan. Horretarako, itunak, protokoloak edo hitzarmenak sinatu ahal izango ditu administrazio horiekin, haien helburua izango delarik salmentan, alokairuan edo etxebizitza iristeko beste edozein modutan gehienezko prezioa tasatzea ahalbidetzen duen babes-araubideren baten mendeko etxebizitzak eraikitzea bultzatzea. Hitzarmen horiek Gobernu Kontseiluak baimendu beharko ditu.»

5. Ordinal bat gehitzen da, 7.a, 2000ko abenduaren 29ko Neurri Fiskal, Administratibo eta Gizarte Arlokoei buruzko 14/2000 Legearen 53. artikuluko 2. zenbakian, honela idatzirik:

«7.a. Bere esku jarritako ondasun higiezinak kudeatuz, indarrean dauden politika publikoak -eta bereziki, etxebizitza-politika- garatzen eta exekutatzen laguntzea, administrazio eskudunekin lankidetzan. Horretarako, itunak, protokoloak edo hitzarmenak sinatu ahal izango ditu administrazio horiekin, haien helburua izango delarik salmentan, alokairuan edo etxebizitza iristeko beste edozein modutan gehienezko prezioa tasatzea ahalbidetzen duen babesaraubideren baten mendeko etxebizitzak eraikitzea bultzatzea.»

Bosgarren xedapen gehigarria. 1954ko abenduaren 16ko Nahitaezko Desjabetzearen Legearen 43. artikulua aldatzea

Aldatu egiten da 1954ko abenduaren 16ko Nahitaezko Desjabetzearen Legearen 43. artikuluko 2. zenbakia, eta honela idatzita geratzen:

«2. Aurreko paragrafoan aipatzen den kalkulu-araubidea: a) Inoiz ez zaie aplikatuko ondasun higiezinen desjabetzeei; haien prezio zuzena finkatzeko, lurzoruaren balioespena arautzen duen legean aurreikusitako balioespen-sistema baino ez da aplikatuko

b) Kasu honetan aplikatu ahal izango zaie ondasun higigarrien desjabetzeei: ondasunok lege bereziek ezarritako balioespen-irizpide partikularrik ez dutenean»

Seigarren xedapen gehigarria. Suteek erretako baso-lurzoruak

1. Suteek erretako baso-lurrek landa-lurzoru izaera mantenduko dute lege honi dagokionez, eta basogintzarako erabiliko dira, gutxienez Mendiei buruzko Legearen 50. artikuluan aurreikusitako epean, hartan aurreikusten diren salbuespenekin.

2. Baso-administrazioak Jabetza Erregistroari jakinarazi beharko dio gorabehera hori, eta hipoteka-legeriak xedatutakoaren arabera inskribatu ahal izango da.

3. Baso-administrazioak emandako ziurtagiria izango da inskripziorako titulu. Ziurtagiriak delako finka edo finkak identifikatzen dituen katastro-datuak jasoko ditu eta, ziurtagiriarekin batera, erretako baso-lurren plano topografikoa aurkeztuko da, eskala egokian.

Ziurtagiria badela orri bazterreko ohar batean jasoko da, eta ohar horrek lehenengo zenbakian aipatzen den epea amaitu arteko iraupena izango du.

Plano topografikoa Hipoteka Erregelamenduaren 51.4 artikuluak aurreikusitakoaren arabera artxibatuko da, eta haren kopia bat ere erantsi ahal izango da euskarri magnetiko nahiz optikoan.

Zazpigarren xedapen gehigarria. Landa-lurzoruan errentak kapitalizatzeko Arauak

1. Lege honen 23. artikuluko 1. zenbakian aipatzen den ustiapenaren urteko errenta erreal edo potentziala kapitalizatzeko, bi eta sei urte arteko zor publikoak bigarren mailako merkatuan izandako barne-etekinaz Espainiako Bankuak argitaraturiko azken erreferentzia erabiliko da kapitalizazio-tasa gisa.

2. Estatuaren Aurrekontu Orokorrei buruzko Legean, aurreko zenbakian ezarritako kapitalizazio-tasa aldatu ahal izango da eta gutxienezko balioak finkatu, labore moten eta lur-aprobetxamenduen arabera, baldin eta lurzoruaren prezioetan edo interes-tasetan izandako bilakaerak erakusten badu arriskua dagoela, balioespenean hirigintza-itxarokizunak kontuan hartu gabe, balioespenen emaitza landa-lurzoruaren merkatuko prezioetatik nabarmen urruntzeko.

Zortzigarren xedapen gehigarria. Estatuaren parte-hartzea lurralde- eta hirigintza-antolamenduan

Estatuaren Administrazio Orokorrak parte hartu ahal izango du lurralde- eta hirigintza-antolamenduaren prozeduretan, gaiari buruzko legeriak zehazten duen eran. Legeria horrek hala aurreikusten duenean, Estatuaren Administrazio Orokorraren ordezkariek parte hartu ahal izango dute, hark izendaturik, lurralde- eta hirigintza-antolamenduko tresnak onesteko eskumenak esleituak dituzten udalerriz gaineko organo kide anitzekoetan.

Bederatzigarren xedapen gehigarria. Toki Araubidearen Oinarriak Arautzeko Legea aldatzea

Toki Araubidearen oinarriak arautzeko 1985eko apirilaren 2ko 7/1985 Legearen artikulu eta zenbaki hauek aldatzen dira, eta honela idatzirik geratzen: 1. 22.2 artikulua aldatzea.

«Udaletan Udalbatzaren Osoko Bilkurari eta Kontzeju Irekiko araubidean Auzotarren Batzarrari dagozkie, edozein kasutan, honako eskudantzia hauek: (...) c) Plangintza orokorrari hasierako onespena ematea eta hirigintza-legerian aurreikusitako planei eta gainerako antolamendu-tresnei buruzko udalizapideak amaitzeko onespena ematea, bai eta tresna horietariko edozein aldatzeko xedea duten hitzarmenak onestea ere.

(...) 2. 70 ter artikulu berri bat eranstea.

«1. Lurralde- eta hirigintza-antolamenduko eskumenak dituzten administrazio publikoek herritarren esku jarri beharko dituzte, haiek hala eskatuz gero, beren lurralde-eremuan indarrean dauden lurralde- eta hirigintzaantolamenduko tresna, kudeaketa-dokumentu eta hirigintza-hitzarmenen kopia osoak.

2. Gaian eskudun diren administrazio publikoek bitarteko telematikoz argitaratuko dute indarrean dauden lurralde- eta hirigintza-antolamenduko tresnen eduki eguneratua, haren informazio publikoa ematen delako iragarkia eta haiek onesteko zein aldatzeko garrantzizkoak diren izapidetze-egintza oro.

5.000 biztanle baino gutxiagoko udalerrietan, haiei laguntza emateko eta haiekin lankidetza teknikoan jarduteko funtzioa esleitu zaien udalaz gaindiko erakundeen bitartez egin ahal izango da argitaratze hori, eta erakundeok lankidetza eman beharko diete.

3. Antolatze-ahala osorik baliatu gabe egindako hirigintza-antolamenduaren aldaketa batek eraikigarritasuna edo dentsitatea handitzen edo lurzoruaren erabilerak aldatzen dituenean, espedientean jaso beharko da zein diren aldaketak ukituriko finkek aldaketa hasi aurreko bost urteetan izan dituzten jabe guztiak edo haien gainean diren bestelako eskubide errealen titular guztiak, erregistroan edo erabilitako tresnan jasotakoaren arabera, interesdunei jakinarazteko, gaiari buruzko legeriaren arabera.»

3. 75.7 artikulua aldatzea.

«Tokiko ordezkariek, bai eta Tokiko Gobernu Batzordeko kide hautatu gabeek, deklarazioa egingo dute bateraezintasunerako arrazoiak izan daitezkeenei buruz eta diru-sarrerak ematen dizkien edo eman diezazkiekeen edozein jarduerari buruz.

Era berean, beren ondare-ondasunen eta edonolako elkarteetan duten partaidetzaren deklarazioa egingo dute, informazioa emanez partaide diren elkarteez eta errentaren, ondarearen eta, hala badagokio, sozietateen gaineko zergen likidazioez.

Deklarazio horiek osoko bilkuretan onetsitako ereduetan egingo dira, kargua hartu aurretik, kargua uzterakoan eta agintaldiaren amaieran, eta baita inguruabarrak aldatzen direnean ere.

Ondasun eta jardueren urteko deklarazioak urtero argitaratuko dira eta, edozein kasutan, agintaldia amaitzeko unean, Udal Estatutuak ezarri bezala.

Deklarazio horiek izaera publikoko interes-erregistro hauetan inskribatuko dira:

a) Bateraezintasuna sor dezaketen arrazoiei eta diru-sarrerak ematen dituzten edo eman ditzaketen jarduerei buruzko deklarazioa toki-entitate bakoitzean eratutako Jarduera Erregistroan inskribatuko da.

b) Ondare-ondasun eta -eskubideen deklarazioa toki-entitate bakoitzeko Ondare Ondasunen Erregistroan inskribatuko da, bakoitzaren estatutuak ezarri bezala.

Toki-ordezkariek eta Tokiko Gobernu Batzarreko kide hautatu gabeek, beren karguaren kariaz mehatxaturik gertatzen bada beren segurtasun pertsonala edo beren ondasun edo negozioena, senideena, bazkideena, enplegatuena edo berekin harreman ekonomiko zein profesionala duten pertsonena, Diputazio Probintzialeko idazkariaren aurrean egin ahal izango dute beren ondareondasun eta -eskubideen deklarazioa edo, hala badagokio, dagokion autonomiaerkidegoko organo eskudunaren aurrean. Deklarazio horiek erakunde haietan hartarako sortutako Ondare Ondasunen Erregistro Berezian inskribatuko dira.

Kasu horretan, ziurtagiri sinple eta laburra emango diote dagokien erakundeko idazkariari, beren deklarazioak egin dituztela eta aurreko paragrafoan adierazten den Interesen Erregistro Berezian inskribatuta daudelako frogagarri, erregistro horretaz arduratzen den funtzionarioak emana.»

4. 75. artikuluan 8. zenbaki berri bat sartzea.

«8. Beren agintaldia amaitu ondorengo bi urteetan, artikulu honen lehenengo zenbakian aipatzen diren eta tokiko gobernuak bere antolaketarako sorturiko sailetan erantzukizun exekutiboak izan dituzten toki-ordezkariei aplikagarriak izango zaizkie, beren eskumeneko lurralde-eremuan, Gobernuko kideen eta Estatuaren Administrazio Orokorreko goi-karguen interes-gatazkak arautzen dituen 2006ko apirilaren 10eko 5/2006 Legearen 8. artikuluan jarduera pribatuak egiteko ezarritako mugapenak.

Horri dagokionez, udalek konpentsazio ekonomiko bat aurreikusi ahal izango dute denboraldi horretan bateraezintasun-araubidearen ondorioz beren lanbide profesionalean jardun ezin eta beste ezein jarduerarengatik ordainsaririk jasotzen ez dutenentzat.»

5. Hamabosgarren xedapen gehigarria sartzea. «Toki-zuzendaritzakoen eta toki-entitateen zerbitzuko beste pertsonal baten bateraezintasun-araubidea eta jarduera- eta ondasun-deklarazioak.»

1. Zuzendaritza-organoetako titularrak Administrazio Publikoaren Zerbitzuko Pertsonalaren Bateraezintasunari buruzko 1984ko abenduaren 26ko 53/1984 Legean eta aplikagarri diren Estatuko nahiz autonomia-erkidegoetako beste arau batzuetan ezarritako bateraezintasun-araubidearen mende geratzen dira.

Hala ere, aplikagarriak izango zaizkie Gobernuko kideen eta Estatuaren Administrazio Orokorreko goi-karguen interes-gatazkak arautzen dituen 2006ko apirilaren 10eko 5/2006 Legearen 8. artikuluan jarduera pribatuak egiteko ezarritako mugapenak, lege honen 75.8 artikuluak ezarri bezala.

Horri dagokionez, organo hauetako titularrak joko dira zuzendaritzako kidetzat: korporazioaren gobernu-organoak finkaturiko gidalerro orokorretara egokituz goi-mailako kudeaketa- edo exekuzio-funtzioak betetzen dituztenak, hartarako behar diren erabakiak hartuz eta erabakitzeko autonomia-tarte bat izanez, gidalerro orokor horien barruan.

2. Lege honen 75.7 artikuluan aurreikusitako araubidea aplikagarria izango zaie tokiko zuzendaritza-pertsonalari eta izaera estataleko gaikuntza duten tokikorporazioetako funtzionarioei kasu honetan: Enplegu Publikoaren Oinarrizko Estatutuari buruzko 2007ko apirilaren 12ko 7/2007 Legearen bigarren xedapen gehigarriko 5.2 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, beren funtzioak zuzendaritzakoak izatea edo beren gain hartzen duten erantzukizun berezia kontuan izanik toki-entitateetan izendapen librez emandako postuetan dihardutenean.»

Hamargarren xedapen gehigarria. Estatuaren Administrazio Orokorrak sustaturiko egintzak

1. Estatuaren Administrazio Orokorrak edo haren organismo publikoek aurrez udalaren esku-hartzea behar duten egintzak sustatzen dituztenean eta presazko zein ezohiko interes publikoko arrazoiek hala galdatzen dutenean, gaiaren aldetik eskumena duen ministroak delako proiektua dagokion udalari igortzea erabaki ahal izango du, hark hilabeteren epean jakinarazi dezan ea indarrean den hirigintza-antolamenduaren araberakoa den ala ez.

Haren araberakoa ez bada, departamentu interesdunak Etxebizitza ministroari bidaliko dio espedientea, eta hark Ministro Kontseiluari igorriko dio, aurrez autonomia-erkidegoko organo eskudunak txostena eginik; txostena hilabeteren epean egin beharko da. Ministro Kontseiluak erabakiko du proiektua exekutatzea bidezkoa den, eta, hala bada, hirigintza-antolamendua eraldatzeko dagokion prozedura hasteko aginduko du, legerian ezarritako izapidearen arabera.

2. Udalak, edozein kasutan, artikulu honen 1. zenbakian aipaturiko obrak geldieran uztea erabaki ahal izango du haiek jakinarazpenik gabe edo jakinarazpenarekiko kontraesanean burutu nahi direnean, hirigintza-antolamenduaren arabera eta Ministro Kontseiluak obrak exekutatzeko erabakia eman baino lehen, geldieraren berri emanik proiektua idatzi duen organoari eta Etxebizitza Ministerioari, hartan aurreikusitakoari dagokionez.

3. Ahalmen horretatik salbuetsirik daude defentsa nazionalari zuzenean eragiten dioten obrak; haiek geldieran uzteko, Ministro Kontseiluaren erabakia beharko da, Etxebizitza ministroak geldiera-proposamena egin ondoren, aurrez udal eskudunak hala eskatu eta Defentsa Ministerioak txostena eginda.

Hamaikagarren xedapen gehigarria. Beste bizileku bat izatea eta itzulera

1. Lege honen 29. artikuluaren bigarren zenbakian adierazten diren desjabetzeak exekutatzean, hartarako legezko okupatzaileak beren ohiko bizileku diren higiezinetatik irtenarazi behar badira, administrazio desjabetzaileak edo, hala badagokio, desjabetzearen onuradunak, jende horrek beste bizileku bat izateko duen eskubidea bermatu beharko dute, eta haien eskura etxebizitzak jarri, babes publikokoak diren etxebizitzentzat indarrean diren salmenta- eta alokairu-baldintzetan eta dituzten beharrizanei dagokien azalerakoak, babeslegerian ezarritako mugen barruan.

2. Desjabetzekoak ez diren jarduketa bakartuetan, eraitsitako etxebizitzetako maizterrek errentamendu-legerian arauturiko itzulera-eskubidea izango dute, eraikin berriaren jabearen aurrean baliagarria, edozein ere dela jabea. Kasu horietan, behin-behineko bizilekua bermatu beharko zaie maizterrei, etxebizitzetara itzuli ahal izan arte.

Lehen xedapen iragankorra. Etxebizitza babestuak egiteko lurzoru-erreserba Aplikatzea

Lege honen 10. artikuluko 1. zenbakiko b) letran galdatutako etxebizitza babestuetarako erreserba antolamenduaren aldaketa guztiei aplikatuko zaie, lurralde- eta hirigintza-antolamenduari buruzko legeriak agindutako eran, baldin eta aldaketon onespen-prozedura Lurzoruari buruzko 2007ko maiatzaren 28ko 8/2007 Legea indarrean sartu ondoren hasi bada. Autonomia Erkidegoek Lege honen 10. artikuluko 1. zenbakiko b) letran ezarritako erreserbaren berdinak edo handiagoak ezarri ez dituzten kasuetan, 2008ko uztailaren 1etik hasi eta beroni egokitu bitartean, zuzenean aplikagarria izango da lege honetan aurreikusitako ehuneko 30eko erreserba, zehaztapen hauekin:

a) Hori aplikatu beharrik ez dute izango 10.000 biztanle baino gutxiagoko udalerrietako antolamendu-tresnek baldin eta, onespen-prozedura hasi aurreko bi urteetan, udalerri horietan baimendu diren bizitegi-eraikinak 5 etxebizitza baino gutxiagotarako izan badira mila biztanleko eta urteko, betiere tresna horiek 100 etxebizitza berri baino gehiagotarako bizitegi-jarduketarik agintzen ez badute; ez dute hori aplikatu beharrik izango, halaber, lehendik dagoen urbanizazioa eraberritzeko edo hobetzeko jarduketak xede dituzten tresnek ere, jarduketa horietan 200 etxebizitza baino gutxiago badira bizitegi gisa erabiltzekoak.

b) Antolamendu-tresnek, urbanizazio berriko jarduketetan egindako ehuneko-gutxitzeak konpentsatu ahal izango dituzte, arrazoiturik, lurzorukategoria bereko beste batzuetan gehikuntzak eginez, betiere jarduketa horiek tresnotan aurreikusitako lehenengo bizilekuaren eskaerari erantzutekoak ez badira.

Bigarren xedapen iragankorra. Zuzkidura-jarduketen eginbeharrak

Lege honetan zuzkidura-jarduketetarako aurreikusitako eginbeharrak aplikatuko zaizkie, lurralde- eta hirigintza-antolamenduari buruzko legerian aurreikusi bezala, eraikigarritasuna edo dentsitatea handitzea edo erabilera aldatzea aurreikusten duten antolamendu-aldaketei, baldin eta haien onespenprozedura Lurzoruari buruzko 2007ko maiatzaren 28ko 8/2007 Legea indarrean sartu ondoren hasi bada. Lege hori indarrean sartuz geroztik urtebete iragandakoan legeria hark ez baditu ezarri berori aplikatzeko arau zehatzak, honako hauek aplikatuko dira une horretatik aurrera hura lege honi egokitu bitartean:

a) Antolamendu-tresnak eraikigarritasun- zein dentsitate-handitzeak edo erabilera-aldaketak eta horiei dagozkien zuzkidura berriak sartzen diren jarduketa-eremua zedarriztatuko du, dela jarraitua nahiz ez-jarraitua, eta sabaiko metro koadro berri bakoitzari edo etxebizitza berri bakoitzari dagokion jarduketari -kasua zein den-, egotz dakizkiokeen kargen balio osoa kalkulatuko.

b) Jabeek, emateko lurzoru nahikorik ez dutenean, haren balioa dirutan ordainduz bete ahal izango dute lurzorua emateko eginbeharra.

c) Eginbeharrak honako une honetan beteko dira: eraikigarritasunaren zein dentsitatearen handitzea gauzatzeko edo antolamendu berriak esleituriko erabilera hasteko behar den lizentzia edo administrazioaren esku-hartze egintza ematekoan.

Hirugarren xedapen iragankorra. Balioespenak

1. Lege honetako balioespen-arauak aplikagarriak izango dira Legearen aplikazio- eremu materialean sartzen diren eta Lurzoruari buruzko 2007ko maiatzaren 28ko 8/2007 Legea indarrean sartu ondoren hasi diren espediente guztietan.

2. Lege hura indarrean sartzean plangintzak garapen-baldintzak ezarri dizkien eremu zedarriztatuetan sarturiko lurzoru urbanizagarriaren parte diren lurzoruak balioesteko, Lurzoruaren Araubideari eta Balioespenei buruzko 1998ko apirilaren 13ko 6/1998 Legean ezarritako arauak jarraituko dira, 2003ko maiatzaren 20ko 10/2003 Legean idatzita geratu ziren bezala, betiere balioespena egiteko erreferentziatzat hartuko den unean plangintza exekutatzeko epeak amaitu ez badira edo, amaitu badira, Administrazioari edo hirugarren batzuei egotz dakiekeen arrazoiren batengatik amaitu badira.

Exekuzio-epeei buruzko aurreikuspen espresurik ez bada, ez plangintzan, ez lurralde- eta hirigintza-antolamenduaren legerian, hiru urteko epea aplikatuko da, Lurzoruari buruzko 2007ko maiatzaren 28ko 8/2007 Legea indarrean sartu den unetik hasita.

3. Lege honetan balioespena kalkulatzeko irizpideei eta metodoari buruz xedatutakoa erregelamenduz garatzen ez den bitartean, eta beronekin bateragarri den orotan, 1978ko abuztuaren 25eko 3288/1978 Errege Dekretuak onetsitako Hirigintza Kudeaketaren Araudiaren 137. artikuluko 3. zenbakian xedaturikoari jarraituko zaio, eta 2003ko martxoaren 27ko ECO/805/2003 Aginduan edo hura ordezten duen xedapenean jasotzen diren ondasun higiezinak eta eskubide jakin batzuk balioesteko arauei.

Laugarren xedapen iragankorra. Gutxieneko iraunkortasun-irizpideak

Baldin eta, Lurzoruari buruzko 2007ko maiatzaren 28ko 8/2007 Legea indarrean sartu eta urtebetera, lurralde- eta hirigintza-antolamenduari buruzko legeriak ez badu ezarri zein kasutan behartzen duen urbanizatze-jarduketa baten inpaktuak antolatze-ahala osorik baliatzera, antolamendu berri edo berrikuspen hori honako kasu honetan izango da beharrezkoa: jarduketak, berak bakarrik edo azken bi urteetan onetsitakoekin batera, udalerriko edo lurralde -eremuko biztanleen edo lurzoru urbanizatuaren azaleraren ehuneko 20 baino handiagoko gehikuntza dakarrenean.

Bosgarren xedapen iragankorra. Aurretiazko eraikinak

1990eko uztailaren 25eko 8/1990 Legea indarrean sartzean hiri-lurzoruetan edo lurzoru urbanizagarrietan zeuden eraikinak, hirigintza-antolamendu aplikagarriaren arabera eginak badira edo haiek eraistea ekarriko duten hirigintzalegezkotasuna berrezartzeko neurriak ematea jada bidezko ez denean, beren titularraren ondarean sartutzat joko dira.

Amaierako lehen xedapena. Eskumen-titulua eta aplikazio-eremua

1. Konstituzioko eskubideak baliatzeko eta eginbeharrak betetzeko berdintasunaren oinarrizko baldintza izaera dute eta, hala badagokio, administrazio publikoen araubidearen, ekonomia-jardueraren plangintza orokorraren eta ingurumenaren babesaren oinarri izaera -baldintza eta oinarriok izanik Konstituzioaren 149.1.1), 13), 18), eta 23) artikuluan legegile orokorrarentzat gordetako eskumenak baliatuz emanak-, honako artikulu hauek: 1.a; 2.a; 3.a; 4.a; 5.a; 6.a; 7.a; 8.a; 9.a; 10.aren 1. eta 2. zenbakiak; 11.aren, 1., 2., 3., 4., 6. eta 7. zenbakiak; 12.a; 13.aren 1. zenbakia, 2. zenbakia, 3. zenbakiaren a) letraren lehen paragrafoa eta b) letra, eta 4. zenbakia; 14.a; 15.a; 16.a; 29.aren 2. zenbakiaren bigarren paragrafoa eta 3. zenbakia; 33.a; 36.aren 3. zenbakia; 42.a; lehen xedapen gehigarria; seigarrenaren 1. eta 2. zenbakiak, eta hamaikagarrena; eta lehen, bigarren, laugarren eta bosgarren xedapen iragankorrak.

2. Lege honen 38. artikuluak eta 39.aren 1. eta 2. zenbakiek ekonomia jardueraren plangintza orokorraren oinarri izaera dute -oinarriok izanik Konstituzioaren 149.1.13) artikuluan legegile estatalarentzat gordetako eskumena baliatuz emanak-, hargatik eragotzi gabe autonomia-erkidegoek lurzoruari eta hirigintzari buruz esleituak dituzten eskumen esklusiboak.

3. Konstituzioko 149.1.4). 8), eta 18) artikuluak legegile estatalarentzat defentsa, legeria zibila, nahitaezko desjabetze eta administrazio publikoen erantzukizun-sistemari buruz gordetako eskumenak baliatuz ezarritako xedapen izaera dute honako artikulu hauek: 10.aren 3. zenbakia; 11.aren 5. zenbakia; 13.aren 3. zenbakiko a) letraren bigarren paragrafoa; 17.a; 18.a; 19.a; 20.a; 21.a; 22.a; 23.a; 24.a; 25.a; 26.a; 27.a; 28.a; 29.aren 1.zenbakia, 2.aren lehen paragrafoa eta 4. zenbakia; 30.a; 31.a; 32.a; 34.a; 35.a; 36.aren 1. eta 2. zenbakiak; 37.a; 39.aren 3. eta 4. zenbakiak; 40.a; 41.a; 43.a; 44.a; 45.a; 46.a; 47.a; 48.a; 49.a; 50.a; 51.a; 52.a; 53.a eta 54.a, eta bigarren eta bosgarren xedapen gehigarriak; seigarrenaren 3. zenbakia; zazpigarrena eta hamargarrena; eta hirugarren xedapen iragankorra.

4. Lege honen arau-eduki osoa zuzenean aplikatzekoa da Ceuta eta Melillako hirietan, honako zehaztapen hauekin:

a) Lege honen 10. artikuluaren lehen zenbakiko b) letrak Legeari babes publikoko araubideren baten mendeko etxebizitzen erreserbaren ehunekoa gutxitzeko ezagutzen dion ahala eta 39. artikuluko 1. zenbakian aurreikusitako xedeen artetik lurzoruaren ondare publikoak izan ditzakeen xedeak erabakitzeko ezagutzen diona, zuzenean baliatu ahal izango dira Plan Orokorrean.

b) Lege honen 16. artikuluko 1. zenbakiko b) letran aipatzen den ehunekoa 15 izango da, eta Plan Orokorrak ehuneko 20 arte gehitu ahal izango du, arrazoiturik eta proportzionalki, zenbait jarduketa edo eremutan, baldin eta ateratzen diren orubeen balioa edo, hala badagokio, gehikuntzarena nabarmen handiagoa bada lurzoru mota horretan sartzen direnen batez bestekoaren balioa baino.

5. Lege honetan xedatutakoa aplikatzeak ez du eragotziko araubide zibil, foral edo bereziak aplikatzea, halakorik denean.

Amaierako bigarren xedapena. Garapena

Gobernuari baimena ematen zaio bere eskudantzien barruan lege hau garatzeari ekin diezaion.

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra