Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Octava ediciión Premios Adrián Celaya

Administrazio zuzenbidea  >>  Legeria  >> Orokorra

2/2017 Errege Lege Dekretua, urtarrilaren 27koa, Azken ekaitzek eragindako kalteak arintzeko presako neurriak hartzen dituena

2017-01-27

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2017/01/28, 24. zk.

I. XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

9112/2017 Errege Lege Dekretua, urtarrilaren 27koa, Azken ekaitzek eragindako kalteak arintzeko presako neurriak hartzen dituena.

2016ko azaroaren azken egunetan eta abenduaren hasieran, batez ere 3an, 4an eta 5ean, prezipitazio handiak eta etengabeak izan dira Malagako probintziako mendebaldeko kostaldean eta Cadizeko eta Huelvako probintzietako itsasertzean, batik bat —130 eta 140 l/m2 bitarteko euri-bolumena metatu zen—, bai eta Castelló, Valentzia eta Alacanteko probintzietan ere —130 eta 170 l/m2 bitarteko bolumena—.

Euriteak zirela-eta aktibatu egin ziren bai Andaluziako Autonomia Erkidegoko Uholdeetarako Plan Berezia, bai hiru probintzia horietako udalen larrialdi-planak eta Malaga-Costa del Sol Aireportuko Autobabes Plana ere.

Geroago, joan den abenduaren 17tik aurrera, penintsulako sortaldean eta Balear Uharteetan prezipitazio handiak eta etengabeak izan dira, 200 litro/m2-rainokoak, haize bortitzekin eta itsas ekaitzekin batera.

Biztanleek eurite horien ondorioak pairatu dituzte Valentziako, Murtziako Eskualdeko eta Balear Uharteetako autonomia-erkidegoetan, bai eta Almeriako eta Albaceteko probintzietan ere. Ondorioak bereziki larriak izan dira Murtziako Eskualdean. Autonomia- erkidego horretan, joan den abenduaren 17tik aurrera, prezipitazio handiekin lotutako 2.400 ezbehar baino gehiago zenbatu dira.

Oraintsu, 2017ko urtarrilaren 15etik 23ra bitartean, elurteak, euriteak, haizeteak eta itsasertzeko ekaitzak izan dituzte Valentziako, Balear Uharteetako, Kataluniako eta Murtziako Eskualdeko autonomia-erkidegoetan eta Albaceteko probintzian. Balear Uharteetako Autonomia Erkidegoan 130 km/h-ko haize-boladak ere izan dira, eta 130 l/m2 euri bota du.

Errepideen, tren-zerbitzuaren eta argindar-horniduraren etenaldiek eragindako nahasmenduez gainera, itsasertzean jasan dituzte kalterik larrienak, batez ere hondartzetan eta itsas pasealekuetan, bai eta nekazaritzako ekoizpenean ere.

Nahiz eta oraindik goiz izan kalteen balorazio osoa egiteko, nabarmendu behar da hildakoak ere izan direla, zoritxarrez, eta ezin konta ahala izan direla Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoek egindako erreskate- eta ebakuazio-lanak, funtsezko zerbitzuen horniduraren etenak, etxebizitza eta ibilgailuetako kalteak, ibaien gainezkatzeak eta errepideetako kalteak.

Beste alde batetik, 2016ko uztailaren 6an eta 7an harri-erauntsi handia izan zen Badajozeko probintzian, batez ere Don Benito, Villanueva de la Serena, La Haba, Villar de Rena, Valverde de Mérida, Miajadas, Campanario, Bienvenida, Solana de los Barros eta Noveldako udalerrietan, eta hark ere munta handiko kalteak eragin zituen. Hona Extremadurako Juntak egindako balorazioa: 10.000 hektarea baino gehiago kaltetuta, uztaren % 100 galduta 5.198,34 hektareatan, eta 11.700.000 eurotik gorako galerak. Gainera, dirutza galdu zen nekazaritzako eta industriako eguneko lansarietan.

Larrialdiaren garrantziak, biztanleen bizi-baldintzen nahasmenduari buelta emateko beharrezkoak diren neurriek, funtsezko zerbitzu publiko guztiak lehengoratu beharrak eta, azken batean, kaltetutako lekuetan egoera bere onera ekarri beharrak, arrazoi horiek guztiek justifikatzen dute Estatuaren Administrazio Orokorrak esku hartzea, lurraldeen arteko elkartasunaren printzipioari eutsiz, eta modu subsidiarioan, lurralde-administrazioek beren eskumenak erabiliz egin behar dituzten jarduketen osagarri gisa.

Ildo horretan, uztailaren 9ko 17/2015 Legeak (Babes Zibileko Sistema Nazionalarena) aurreikusten duenez, larrialdia handia denean eta eremua lehengoratzeko Estatuaren Administrazio Orokorrak esku hartu behar duenean, lege horren V. kapituluan jasotako neurriak aplikatuko dira; aurretik, halakotzat deklaratu beharko da larrialdia, 23. artikuluan ezarritakoaren arabera deklaratu ere.

Deklarazio hori eginez gero, lege-testu beraren 24. artikuluaren zerrendan ageri diren neurriak hartu ahal izango dira, Ministro Kontseiluak onartzen dituen baldintzak betez.

Azkenik, uztailaren 9ko 17/2015 Legearen azken xedapenetatik bigarrenak Enpleguko eta Gizarte Segurantzako ministroari berariaz ahalmena ematen dio lan-arloko eta Gizarte Segurantzako neurriak garatzeko.

Horrenbestez, uztailaren 9ko 17/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan eta azken xedapenetatik bigarrenean ezarritakoarekin bat, Gobernuko lehendakariorde eta Lehendakaritzako eta Lurralde Administrazioetarako ministroak, Ogasuneko eta Funtzio Publikoko ministroak, Barne ministroak, Sustapeneko ministroak, Enpleguko eta Gizarte Segurantzako ministroak, Energia, Turismo eta Agenda Digitalekoak, Nekazaritza, Arrantza, Elikadura eta Ingurumenekoak eta Ekonomia, Industria eta Lehiakortasunekoak proposatuta, Ministro Kontseiluak, 2016ko abenduaren 9an eta 23an egindako bileretan, erabaki zuen babes zibileko larrialdi batean larri kaltetutako eremu izendatzea Cádiz, Huelva, Málaga, Castelló, Valentzia eta Alacanteko probintziak, azaroaren amaiera eta abenduaren hasiera aldeko euriengatik; Badajozeko probintzia, uztaileko harri- erauntsiagatik; eta Valentziako, Murtziako Eskualdeko eta Balear Uharteetako autonomia- erkidegoak eta Almeriako eta Albaceteko probintziak, 2016ko abenduaren 17tik 23ra bitarteko uholdeengatik.

2017ko urtarrilaren 15etik 23ra bitartean izandako elurte, eurite, haizete eta itsasertzeko ekaitzen ondorioz, aipatutako lekuetan gertatutako kalte larriak direla-eta, aparteko eta berehalako premia dago Ministro Kontseiluaren 2016ko abenduaren 9ko eta 23ko erabaki horietan eta errege lege-dekretuan bertan jasotako neurriak aplikatzeko baita Valentziako, Balear Uharteetako, Kataluniako eta Murtziako Eskualdeko autonomia-erkidegoei eta Albaceteko probintziari ere.

Aipatutako erabakietan hartu ziren neurrien osagarri, lurraldeen arteko elkartasunaren printzipioa aplikatuta, eta, eremu geografiko jakin bateko biztanleen bizi-baldintzen nahasmendu larriko egoeretan presaz jardun behar izan den aurreko aldietan bezala, lege- mailako arau baten bidez hartu beharrekoak diren neurriak gauzatzeko, honako errege lege-dekretu hau ematen da.

Horrenbestez, Konstituzioaren 86. artikuluan dagoen baimenaz baliatuta, Gobernuko lehendakariorde eta Lehendakaritzako eta Lurralde Administrazioetarako ministroak, Ogasuneko eta Funtzio Publikoko ministroak, Barne ministroak, Sustapenekoak, Enpleguko eta Gizarte Segurantzakoak, Energia, Turismo eta Agenda Digitalekoak, Nekazaritza, Arrantza, Elikadura eta Ingurumenekoak eta Ekonomia, Industria eta Lehiakortasunekoak proposatuta, Ministro Kontseiluak 2017ko urtarrilaren 27ko bileran eztabaidatu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1.artikulua. XEDEA.

1.Ministro Kontseiluaren 2016ko abenduaren 9ko eta 23ko erabakietan aurreikusitako neurriez gain beste neurri osagarri batzuk hartzea du xede errege lege-dekretu honek. 2016ko abenduaren 9ko erabakian, babes zibileko larrialdi batean larri kaltetutako eremu izendatu ziren zenbait probintzia, uholdeen eta harri-erauntsien ondorioz, eta kalteak konpontzeko neurriak onartu ziren; eta 2016ko abenduaren 23ko erabakian, babes zibileko larrialdi batean larri kaltetutako eremu izendatu ziren Valentziako, Murtziako Eskualdeko eta Balear Uharteetako autonomia-erkidegoak eta Almeriako eta Albaceteko probintziak, 2016ko abenduaren 17tik aurrera gertatutako uholdeen ondorioz, eta kalteak konpontzeko neurriak onartu ziren.

2.2017ko urtarrilaren 15etik 23ra bitartean izandako elurte, eurite, haizete eta itsasertzeko ekaitzen ondorioz, Valentziako, Balear Uharteetako, Kataluniako eta Murtziako Eskualdeko autonomia-erkidegoei eta Albaceteko probintziari zenbait neurri aplikatuko zaizkie, errege lege-dekretu honetan jasotako neurriak eta aurreko zenbakian aipatu diren Ministro Kontseiluaren 2016ko abenduaren 9ko eta 23ko erabakietan jasotakoak, hain zuzen.

3.Gobernuak, errege-dekretu bidez, adierazi ahal izango du honako errege lege- dekretu honetan eta Ministro Kontseiluaren 2016ko abenduaren 9ko eta 23ko erabakietan aurreikusitako neurriak aplikatu beharko direla nazio-lurraldeko edozein lekutan gerta daitezkeen beste larrialdi batzuetan, errege-dekretua indarrean jartzen denetik 2017ko ekainaren amaierara arte.

2.artikulua. Kalte pertsonalak, etxebizitzan eta ondasunetan izandako kalteak eta industriako, merkataritzako, nekazaritzako, itsas eta arrantzako, turismoko eta beste zerbitzu batzuetako establezimenduetan nahiz nekazaritza- eta abeltzaintza- ustiategietan izandako kalteak arintzeko laguntzak, eta pertsona fisiko zein juridikoek egindako prestazio pertsonalen edo ondasun-prestazioen ziozkoak.

1.Ondasunak suntsitu edo kaltetu zaizkien edota etxebizitzan kalteak izan dituztenek laguntza jaso ahal izango dute, martxoaren 18ko 307/2005 Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat. Dekretu horren bidez, larrialdien edo hondamendien ondoriozko zenbait beharrizani erantzuteko diru-laguntzak zehazten dira eta horiek emateko prozedura ezartzen da.

Ezbeharrek kaltetutako higiezinen titulartasuna egiaztatzeko, titulartasun hori frogatzen duen edozein dokumentu onartuko da egiaztagiri gisa; esate baterako, ondasun higiezinen gaineko zergaren ordainagiria edo pareko beste batzuk.

2.Industriako, merkataritzako, nekazaritzako, itsas eta arrantzako, turismoko eta beste zerbitzu batzuetako establezimenduetan kalteak izaten direnean, baliteke, Aparteko Arriskuetarako Aseguruaren Erregelamenduaren 9. artikuluak jasotako frankizia aplikatuta, interesdunak Aseguruen Konpentsazio Partzuergotik kalte-ordainik jasotzea (erregelamendu hori otsailaren 20ko 300/2004 Errege Dekretuaren bidez onartu zen); halakoetan, ezbeharrak eragindako kalteen zenbateko lagungarriaren % 7rainoko diru- laguntza eman ahal izango da, eta inoiz ez 8.000 euro baino gehiago, hala xedatzen baitu martxoaren 18ko 307/2005 Errege Dekretuaren 28. artikuluak. Eta bada beste muga bat ere: batuketa egin diru-laguntza horren eta aseguruaren kalte-ordainaren eta beste edozein diru-laguntza edo laguntza publiko edo pribaturen artean, eta zenbatekoak inoiz ere ezingo du hondamenaren edo kaltearen balioa gainditu. Interesdunak, halakoetan, aseguru- entitateak emandako ziurtagiria aurkeztu beharko du, zeinean jasoko baita aseguru- entitateak ez duela ordaindu Aseguruen Konpentsazio Partzuergoak aplikatutako legezko frankiziari dagokion zenbatekoa edo horren zati bat.

3.Martxoaren 18ko 307/2005 Errege Dekretuaren 27. eta 28. artikuluetan ezarritako laguntzak jasoko dituzte, halaber, nekazaritza- eta abeltzaintza-ustiategien titularrek, baldin eta Nekazaritzako Aseguru Konbinatuen Planaren babespeko polizak izanik eta 1. artikuluan jasotako aplikazio-eremuaren barruan egonik, ustiategiari atxikitako elementu ez-aseguragarrietan kalteak jasan badituzte; halakotzat joko dira apirilaren 17ko INT/672/2015 Aginduaren 4.2 artikuluan aipatzen direnak —agindu horrek martxoaren 6ko 2/2015 Errege Lege Dekretuaren 2.4 artikulua garatzen du, eta dekretu horrek, berriz, 2015eko urtarrilean, otsailean eta martxoan izandako uholdeek eta euriteen, elurteen eta haizeteen gainerak o ondorioek eragindako kalteak konpontzeko presako neurriak hartzen ditu—.

Horrelakoetan, peritu elkargokide batek zenbatetsitako kalteen zenbatekoaren % 70erainoko diru-laguntza eman ahal izango da, inoiz ez 8.000 euro baino gehiago. Gainera, batuketa egin diru-laguntza horren eta beste edozein diru-laguntza edo laguntza publiko edo pribaturen artean, eta zenbatekoak inoiz ere ezingo du hondamenaren edo kaltearen balioa gainditu. Kalteak bideetan gertatu badira, eragindako bideen krokisa jaso behar da peritu-txostenean, bat etorriz Nekazaritzako Lurzatiak Identifikatzeko Geografia Informazioko Sisteman (SIGPAC) erregistratuta dagoen informazioarekin. Diruz lagun daitekeen gastutzat hartu ahalko da txostena egiteagatiko ordainsaria, gehienez ere 300 eurora arte.

Kaltetutako elementuen titulartasuna frogatzeko, interesdunek aseguru-poliza indarduna aurkeztu beharko dute, zeina Nekazaritzako Aseguru Konbinatuen Planaren babespekoa izango den, edo zuzenbidearen araberako beste edozein frogabide erabiliko

dute. Nekazaritzako Aseguru Konbinatuen Planaren babespeko aseguru-poliza indarduna edukitzeari dagokionez, aurreko kanpainako poliza ere onartuko da, kanpaina honetarako poliza formalizatu gabe izan duten nekazaritza- eta abeltzaintza-ustiategietan izandako kalteetarako, baldin eta, ustiategi horien kasuan, ezbeharra izan den egunetan asegurua sinatzeko epea hasi ez bada edo epe hori bukatuta egon ez bada, baina betiere produkzio eta labore horretarako aurreko kanpainan asegurua kontratatuta izan badute. Abeltzaintza- ustiategien kasuan, ondorio horietarako ez dira aintzat hartuko ustiategian hilda dauden animaliak handik ateratzearekin eta suntsitzearekin loturik kontratatu diren aseguruen polizak.

Enpresa- edo lanbide-jardueran dihardutela egiaztatzeko, berriz, interesdunek berariazko baimena emango diote organo kudeatzaileari, hark Zerga Administrazioko Estatu Agentziari eska diezaion Enpresaburu, Profesional eta Atxikitzaileen Erroldatik behar duen informazioa.

4.Laguntza horiek jasotzeko eskabideak kaltetutako autonomia-erkidego eta probintzietan Gobernuak dituen ordezkaritza edo ordezkariordetzetan izapidetuko dira; bi hilabeteko epean aurkeztuko dira, errege lege-dekretu hau indarrean jartzen denetik hasita, eta Barne ministroak ebatziko ditu.

5.Aurreko zenbakian xedatutakoa aplikagarria izango da, halaber, laguntzak eskatzen direnean jasandako kalte pertsonalengatik edo pertsona fisiko zein juridikoek egindako prestazio pertsonalengatik edo ondasun-prestazioengatik. Horrelako laguntzak martxoaren 18ko 307/2005 Errege Dekretuan arautzen dira.

6.Artikulu honetan ezarritakoa betez ematen diren laguntzak 16.01.134M «Ezbeharrek, hondamendiek edo premia nabarmeneko beste batzuek eragindako era guztietako beharrizanei erantzuteko» aurrekontu-aplikazioaren 471, 472, 482, 771 eta 782 kontzeptuen kredituen kontura finantzatuko dira, zabalgarritzat jotzen baitira kreditu horiek indarrean dagoen Barne Ministerioaren aurrekontuan.

3.artikulua. Zerga-onurak.

1.Ez dira ondasun higiezinen gaineko zergaren 2016ko edo 2017ko kuotak —ezbeharra gertatu den ekitaldikoak— ordaindu behar izango errege lege-dekretu honen 1. artikuluan aipatu ditugun ezbeharren eraginez zuzenean kaltetu diren etxebizitzen, industria-, turismo-, merkataritza-, itsas eta arrantza-establezimenduen, establezimendu profesionalen, nekazaritza- eta baso-ustiategien eta lantoki eta antzekoen kasuan, baldin eta egiaztatzen bada bertan kokatutako pertsonak eta ondasunak guztiz edo zati batean beste leku batean kokatu behar izan direla harik eta jasandako kalteak konpondu arte, edo uztetan izandako hondamendiak ez dituenean ezein aseguru-mota publiko edo pribatuk babesten.

2.Ekonomia-jardueren gaineko zergan murrizketa bat ezartzen zaie industriei (edozein eratakoei), merkataritza-establezimenduei, itsaso eta arrantzakoei, turismo- establezimenduei eta establezimendu profesionalei, ezbeharren eraginez haiei atxikitako negozio-lokalak edo ondasunak zuzenean kaltetu badira, eta, betiere, jarduera beste leku batean kokatu behar izan bada edo jarduera aldi baterako ixtea eragin duten kalteak izan badira. Murrizketa hori 2016ko eta 2017ko ekitaldietako zergan egingo zaie ezbeharra 2016an izan dutenei, eta 2017ko ekitaldiko zergan, berriz, ezbeharra 2017an izan dutenei. Murrizketa hori proportzionala izango da, kontuan hartuko baita zenbat denbora igaro den jarduera eten behar izan zen egunetik berriz ere normaltasunez hasi den arte, dela lokal berberetan dela beste lokal batzuetan, hartara eragotzi gabe jarduera utzi behar izatea aintzat hartzea, kalteen larritasunak hori eragiten duenean; azken kasu horretan, murrizketa 2015eko abenduaren 31tik aurrera aplikatuko da, ezbeharra 2016an gertatu bada, edo 2016ko abenduaren 31tik aurrera, ezbeharra 2017an gertatu bada.

3.Aurreko zenbakietan aipatutako zergetan egingo diren salbuespen eta murrizketetan, zerga horien gainean legez onartutako errekarguenak ere sartuko dira.

4.Aurreko zenbakietan ezarritako onurak lortzeko eskubidea duten zergadunek, aipatutako zerga-ekitaldietako ordainagiriak ordaindu badituzte, ordaindutako diru kopuruak itzultzeko eskatu ahal izango dute.

5.Ez dira ordaindu behar izango Trafikoko Buruzagitza Nagusia erakunde autonomoaren tasak, urriaren 2ko 16/1979 Legean ezarritakoak, ezbeharrek eragindako kalteen ondorioz eskatutako ibilgailuen bajak izapidetzeko, ezta arrazoi horiengatik suntsitu edo galdutako zirkulazio-baimen eta gidabaimenen kopiak emateko ere.

6.Artikulu honetako goiko zenbakietan xedatutakoa dela-eta udalen, uharte- kontseiluen, uharte-kabildoen, probintzia-diputazioen eta autonomia-erkidegoen tokiko tributuen bidezko diru-sarreretan eragiten den murrizketa Estatuaren Aurrekontu Orokorren kontura konpentsatuko da, Toki Ogasunak arautzen dituen Legearen testu bateginaren 9. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz (martxoaren 5eko 2/2004 Legegintzako Errege Dekretuak onartu zuen testu hori).

7.Kalte pertsonalak direla-eta 1. artikuluan aipatutako erabakietan emandako salbuespenezko laguntzak pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga ordaindu beharretik salbuetsita egongo dira.

4.artikulua. Nekazaritza-jardueretarako zerga-murrizketa bereziak.

Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioak, errege lege-dekretu honen 1. artikuluak zehaztutako eremu kaltetuetan dauden nekazaritza-ustiategi eta jardueretarako, salbuespen gisa, azaroaren 12ko HAP/2430/2015 Aginduan eta azaroaren 25eko HFP/1823/2016 Aginduan aipatzen diren errendimendu garbiaren indizeak murrizteko baimena eman ahal izango du (agindu horiek pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zenbatespen objektiboa egiteko metodoa eta balio erantsiaren gaineko zergaren araubide berezi erraztua garatzen dituzte, hurrenez hurren, 2016rako eta 2017rako). Eta hori egingo du martxoaren 30eko 439/2007 Errege Dekretuaren bidez onartutako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Erregelamenduaren 37. artikuluaren 4.1 zenbakian eta abenduaren 29ko 1624/1992 Errege Dekretuaren bidez onartutako Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko Erregelamenduaren 38. artikuluaren 3. zenbakian jasotakoarekin bat etorriz eta Nekazaritza, Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak egindako txostenak aintzat hartuta.

5.artikulua. Toki-korporazioentzako laguntzen araubidea.

1.Horrelako larrialdiei aurre egiteko gastuengatik toki-korporazioek jasotzen dituzten laguntzei ez zaie aplikatuko martxoaren 18ko 307/2005 Errege Dekretuaren 22. eta 23. artikuluetan ezarritako zenbatekoa.

Laguntza horiek ez dira izango 6. artikuluan jasotzen diren azpiegiturak konpontzeko edo atzera lehen bezala uzteko. Hala ere, diru-laguntzen xede izan ahalko dira artikulu horrek xedatzen duen aplikazio-eremukoak izanik geroraezinak diren jarduketak, pertsonen bizitza eta segurtasuna, bai eta oinarrizko zerbitzu publikoen funtzionamendua ere, bermatzeko burutu badira. Aipa ditzagun lan horietako batzuk: hondamendiak jo duen jendea ebakuatzea, jende horri aterpea eta jan-edanak ematea, lokatzak eta hondarrak erretiratzea, eta kaleak eta leku publikoak garbitzea, helburu horiek betetzeko ezinbestekoa bada.

Eta ezin dira horrela diruz lagundu, berriz, toki-korporazioak bere baliabideak erabiliz egiten dituen lanak, berdin baliabide materialak diren, hala nola makinak edo lanabesak, nahiz bere langileak diren, hau da, hondamendia gertatu baino lehenagotik kontrataturik zeuzkan langileak. Inoiz ere ezingo dira diruz lagundu suhiltzaileek, udaltzainek, babes zibilak eta antzeko beste behargin batzuek eragindako gastuak.

2.Laguntza horiek jasotzeko eskabideak kaltetutako autonomia-erkidego eta probintzietan Gobernuak dituen ordezkaritza edo ordezkariordetzetan izapidetuko dira; bi hilabeteko epean aurkeztuko dira, errege lege-dekretu hau indarrean jartzen denetik hasita, eta Barne ministroak ebatziko ditu.

3.Artikulu honetan ezarritakoa betez ematen diren laguntzak 16.01.134M «Ezbeharrek, hondamendiek edo premia nabarmeneko beste batzuek eragindako era guztietako beharrizanei erantzuteko» aurrekontu-aplikazioaren 461 eta 761 kontzeptuen

kredituen kontura finantzatuko dira, zabalgarritzat jotzen baitira kreditu horiek indarrean dagoen Barne Ministerioaren aurrekontuan.

6.artikulua. Toki-administrazioekiko lankidetza.

1.Udalek, probintzia-diputazioek, uharte-kontseiluek, eskualdeek, mankomunitateek eta probintzia bakarreko autonomia-erkidegoek exekutatzen dituzten proiektuei beren kostuaren ehuneko 50erainoko diru-laguntza eman ahalko zaie, baldin eta udal- titulartasuneko azpiegiturak, ekipamenduak edo instalazio eta zerbitzuak —apirilaren 2ko 7/1985 Legeak (Toki Araubidearen Oinarriak Arautzen dituena) 25.2 artikuluan jasoak— edo uharte-kontseiluen eta probintzia-diputazioen bide-sarea konpontzeko edo lehengoratzeko obren proiektuak badira. Ez dira diruz lagunduko toki-erakundeak bere baliabide propioak erabiliz, berdin baliabide materialak, makinak nahiz langileak diren, egiten dituen lanak.

2.Lehendakaritzako eta Lurralde Administrazioetarako Ministerioaren aurrekontuan txertagarri gisa gaitzen den kredituaren kontura egingo zaie aurre diru-laguntza horiei.

3.Lehendakaritzako eta Lurralde Administrazioetarako ministroari ahalmena ematen zaio diru-laguntza horiek emateko prozedura ezar dezan, bai eta horien jarraipena eta kontrola egin dezan ere.

7.artikulua. Errege lege-dekretu honen aplikazio-eremuaren barruko kalteak konpontzeko egindako inbertsioak.

Toki-erakundeek errege lege-dekretu honetan aipatzen diren kalteak konpontzeko egindako inbertsioei ez zaie aplikatuko Toki Ogasunak Arautzen dituen Legearen testu bateginak —martxoaren 5eko 2/2004 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia— hamaseigarren xedapen gehigarriko 1., 2., 4., 6. eta 7. zenbakietan ezarritakoa, baldin eta apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoak (Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzkoa) seigarren xedapen gehigarrian ezarritako betekizunak betetzen badituzte.

Lehen xedapen gehigarria. Datu pertsonalak.

Emango diren laguntza eta kalte-ordainen onuradunei, zenbatekoei eta ukitutako ondasunei buruzko datuak trukatu beharko dituzte administrazio eskudunak eta Aseguruen Konpentsazio Partzuergoak, laguntzak izapidetu eta kalteak baloratu ahal izateko. Datu- truke hori Babes Zibileko eta Larrialdietako Zuzendaritza Nagusiaren eta Aseguruen Konpentsazio Partzuergoaren bitartez egingo da, biek elkarrekin ezartzen duten prozedura erabiliz.

Bigarren xedapen gehigarria. Aurrekontu-kredituak.

1.Udal-azpiegituretan eta probintzia-diputazioen bide-sarean izandako kalteei, jabari publiko hidraulikoko eta itsasertzeko jarduketei, Bide Naturalen Sare Nazionaleko jarduketei, gainerako azpiegitura publikoetan izandako kalteei eta nekazaritza- eta abeltzaintza-ustiategietako kalteei dagozkien neurriak, 1. artikuluan aipatzen diren Ministro Kontseiluaren erabakietan ezarritakoak, eta, halaber, nekazaritza- eta abeltzaintza- ekoizpenetan izandako kalteak baloratzeko beharrezkoak diren kudeaketa-gastuak eta Agrosegurorekiko kontratua, horiek guztiak aurrekontua exekutatzeko kontingentzia- funtsaren kargura finantzatuko dira, eta finantzaketaren zenbatekoak, Aurrekontu eta Gastuetako Estatu Idazkaritzak aldeko txostena eman eta gero, egin beharreko jarduketen justifikazio-memorietan edo laguntzen deialdia egiteko aginduetan ezarriko dira.

2.Horretarako behar diren kredituak gaituko ditu Gobernuak, Ogasuneko eta Funtzio Publikoko ministroak proposaturik, ukitutako ministerio-sailen aurrekontuetan, azaroaren 26ko 47/2003 Legeak (Aurrekontuen Lege Orokorra) 50. eta 55. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

3.Aurrean esandakoa gorabehera, ministerio-sailetan eta haien mendeko erakundeetan dauden aurrekontu-aukerak kontuan harturik, haien baliabide propioekin finantzatu ahalko dira jarduketak, eta, behar izanez gero, aurrekontu-aldaketak izapidetuko dira, azaroaren 26ko 47/2003 Legean xedatutakoarekin bat.

Hirugarren xedapen gehigarria. Kaltetuei laguntzeko neurrien jarraipena egiteko ministerioarteko batzordea.

1.Ministerioarteko batzorde bat sortuko da errege lege-dekretu honetan ezarritako laguntza-neurriak aplikatzeko. Babes Zibileko eta Larrialdietako Zuzendaritza Nagusiak koordinatuko du, eta Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren, Barne Ministerioaren, Sustapen Ministerioaren, Enpleguko eta Gizarte Segurantzako Ministerioaren, Energia, Turismo eta Agenda Digitaleko Ministerioaren, Nekazaritza, Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioaren, Lehendakaritzako eta Lurralde Administrazioetarako Ministerioaren eta Ekonomia, Industria eta Lehiakortasun Ministerioaren ordezkariek osatuko dute, bai eta kaltetutako autonomia-erkidegoetan Gobernuak dituen ordezkariek eta Aseguruen Konpentsazio Partzuergoaren ordezkari batek ere.

2.Errege lege-dekretu honetan ezarritako laguntza-neurrien jarraipena aurreko zenbakian aipatutako batzordeak egingo du, kaltetutako autonomia-erkidegoetako agintariekin koordinatuta, Gobernuaren ordezkaritzen bidez.

3.2017ko uztailaren 1a baino lehenago, batzordeak txosten bat egingo du errege lege-dekretu hau betetzeko egindako jarduketei buruz.

4.Batzordea iraungi egingo da errege lege-dekretu honetan jaso diren laguntza- neurri guztiak aplikatutakoan.

5.Batzordea barruan biltzen duen organoak jarriko ditu batzordearen funtzionamendurako giza baliabideak, baliabide teknikoak eta aurrekontu-baliabideak.

6.Batzordearen araubide juridikoa bat etorriko da urriaren 1eko 40/2015 Legeak (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena) kide anitzeko organoei buruz ezarritakoarekin.

Azken xedapenetatik lehena. Eskumen-titulua.

Errege lege-dekretu hau Konstituzioaren 149. artikuluaren 1. zenbakiko 13., 14., 23. eta 29. arauetan xedatutakoaren babesean ematen da, autonomia-erkidegoek har ditzaketen neurri osagarriak eragotzi gabe.

Azken xedapenetatik bigarrena. Indarrean jartzea.

Errege lege-dekretu hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean bertan jarriko da indarrean».

Madrilen, 2017ko urtarrilaren 27an.

FELIPE e.

Gobernuko presidentea,

MARIANO RAJOY BREY

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra