Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Octava ediciión Premios Adrián Celaya

Administrazio zuzenbidea  >>  Legeria  >> Orokorra

2/2017 Legea, ekainaren 21ekoa, Doako Laguntza Juridikoaren urtarrilaren 10eko 1/1996 Legea aldatzekoa

2017-06-21

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2017/06/22, 148. zk.

I. XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

7106 2/2017 Legea, ekainaren 21ekoa, Doako Laguntza Juridikoaren urtarrilaren 10eko 1/1996 Legea aldatzekoa.

FELIPE VI.a

ESPAINIAKO ERREGEA

Honako hau ikusten eta ulertzen duten guztiei.

Jakizue: Gorte Nagusiek honako lege hau onetsi dutela eta nik berretsi egiten dudala.

ATARIKOA

Konstituzioaren 119. artikuluak jasotzen duenez, justizia doakoa izango da legeak horrela xedatzen duenean, eta, betiere, auzitan jarduteko baliabide nahikorik ez dutela egiaztatzen dutenen kasuan. Konstituzio-manu horren esparruaren barruan, Doako Laguntza Juridikoaren urtarrilaren 10eko 1/1996 Legea urrats garrantzitsua izan da, egoera ahulenean egonik, beren uzi legitimoak beteak ikusi ahal izateko edo beren eskubideak defendatzeko babes judizialerako irispidea behar duten herritarren babesari dagokionez.

Eskubide horren erabateko eraginkortasuna bermatzeko xedez, profesionalek laguntza eman behar dute aipatu urtarrilaren 10eko 1/1996 Legeak xedatutakoaren arabera, kalitatezko doako justiziaren, herritarren tutoretza judizial eraginkorraren erabateko garapena ahalbidetuko duenaren aldeko bokazio-konpromisoaz jardunez.

Gure ordenamendu juridikoak doako justiziaren arloan eskaintzen dituen bermeak –herritar zein profesionalei– areagotzeko xedez, erreforma honen helburua da laguntza- jarduera horrek duen zerbitzu publikoaren izaera finkatzea, hura indartuz, aginte publikoek behar bezala diruz laguntzen dutela bermatuz, eta zerbitzua eman behar duten profesionalei dagozkien kalte-ordainak ordaintzea onartuz.

Hori dela eta, Doako Laguntza Juridikoaren urtarrilaren 10eko 1/1996 Legea aldatzen duen honako lege hau onartzen da, sistema eta herritarrek Justizia Administraziora irispidea izango dutelako bermea indartzeko.

Artikulu bakarra. Doako Laguntza Juridikoaren urtarrilaren 10eko 1/1996 Legea aldatzea.

Doako Laguntza Juridikoaren urtarrilaren 10eko 1/1996 Legea aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

Bat. Lehenengo artikulua honela geratzen da idatzita:

«1. artikulua. Legearen xedea.

Lege honen xedea da Konstituzioaren 119. artikuluak jasotzen duen doako laguntza juridikorako eskubidearen edukia eta helmena zehaztea, bai eta haren aitorpen eta eraginkortasunerako prozedura arautzea ere.

Doako laguntza juridikoaren zerbitzua nahitaezkoa izango da, lege honetan xedatutakoaren arabera. Profesionalen elkargoek zerbitzua antolatu ahalko dute eta elkargokidea dispentsatu, horrela egin behar dela justifikatzen duten arrazoiak direnean.

Lege honen xedapenak, oro har, mota guztietako prozedura judizialetan izango dira aplikagarri, bai eta Konstituzioaren babes-errekurtsoetan, aurretiazko administrazio-bidean –legeria espezifikoak horrela ezartzen duenean– eta 6. artikuluaren 1. zenbakiak jasotzen duen prozesuaren aurreko aholkularitzan ere.»

Bi. Hogeita bigarren artikulua honela geratzen da idatzita:

«22. artikulua. Elkargoak doako lege-laguntza, defentsa eta ordezkaritza zerbitzuen gainean egiten duen kudeaketa.

Espainiako Abokatuen eta Espainiako Auzitegietako Prokuradoreen Elkargoetako Kontseilu Nagusiek, bai eta horien elkargoek ere, doako lege-laguntza, defentsa eta ordezkaritza zerbitzuak, nahitaezkoak baitira, arautu eta antolatuko dituzte beren gobernu-batzarren bitartez, betiere, laguntza eten gabe eta funtzionaltasun- eta efizientzia- irizpideei jarraituz emango dutela bermatuta.

Doako justiziaren nahitaezko zerbitzua ematen duten profesionalek kalte- ordainezko konpentsazioa jasotzeko eskubidea izango dute.

Abokatuen elkargoek martxan jarriko dituzte doako laguntza juridikoa eskatzen dutenei aholku emateko zerbitzuak, haien uzien inguruan orientatu eta bideratzeko. Eskatzaileek ez dute, inolaz ere, ordaindu beharko aholkularitza horrengatik.

Abokatuen elkargoek doako laguntza juridikoa ematea onartzeko betebeharrekoei dagokien ezinbesteko informazioa emango diete hura eskatu dutenei, bai eta dagozkion eskabideak idazteko laguntza ere.»

Hiru. Hogeita hirugarren artikulua honela geratzen da idatzita:

«23. artikulua. Lanbide-autonomia eta elkargo-diziplina.

Doako laguntza juridikoaren nahitaezko zerbitzua ematen duten profesionalek, lege honetan aipatutakoek, irizpide-askatasunez eta -independentziaz jardungo dute, arau deontologikoekin eta elkargoek ematen duten doako justizia zerbitzuen funtzionamenduaren diziplina-arauekin bat»

Lau. Hogeita bosgarren artikulua honela geratzen da idatzita:

«25. artikulua. Prestakuntza eta espezializazioa.

Justizia Ministerioak, autonomia-erkidego eskudunekin koordinaturik, eta Espainiako Abokatuen eta Auzitegietako Prokuradoreen Kontseilu Nagusiek txostena eman ondoren, doako laguntza juridikoaren nahitaezko zerbitzuak emateko beharrezko diren gutxieneko prestakuntza- eta espezializazio-betekizun orokorrak ezarriko ditu, defentsarako konstituzio-eskubidea bermatuko duen kalitate eta lanbide-konpetentzia maila ziurtatzeko. Profesionalen elkargo guztiek nahitaez bete beharko dituzte betekizun horiek.»

Bost. Hogeita hamargarren artikulua honela geratzen da idatzita:

«30. artikulua. Kalte-ordaina zerbitzua dela eta.

Lege honek xedatutakoarekin bat doako laguntza, defentsa eta ordezkaritza emateko ofizioz izendatutako profesionalek kalte-ordaina jaso dezaten haien esku- hartzeagatik, berariaz aitortu beharko da doako laguntza juridikorako eskubidea.

Kalte-ordainaren zenbatekoa lege honen 6. artikuluak 1. zenbakitik 3.era xedatzen dituen jardun profesionalak konpentsatzeko izango da, laguntzaren onuradunak doako laguntza juridikorako eskubidea aitortu zaienak badira.»

Sei. Hogeita hamaseigarren artikuluaren titulua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«36. artikulua. Kostuak ordaintzeko kondena.»

Zazpi. Hogeita hamazazpigarren artikulua honela geratzen da idatzita:

«37. artikulua. Diru-laguntza.

Administrazio publiko eskudunek Konstituzioaren 119. artikuluak jasotzen duen doako laguntza juridikorako eskubidea finkatuko dute, eta abokatuen eta prokuradoreen elkargoek doako laguntza juridikoa emateko zerbitzuak ezar, arreta eman eta funtzionarazi ditzaten diruz lagunduko dute, beren aurrekontu-zuzkiduren kargura.»

Zortzi. Berrogeigarren artikulua honela geratzen da idatzita:

«40. artikulua. Baremoaren araberako kalte-ordainak.

Ofizioz izendatutako profesionalek esku hartzen duten prozeduren tipologia aintzat hartuta, eta Espainiako Abokatuen Kontseilu Nagusiak eta Espainiako Auzitegietako Prokuradoreen Elkargoen Kontseilu Nagusiak txostena eman ondoren, doako laguntza juridikoaren zerbitzuak emateagatiko kalte-ordainak zehazteko oinarri ekonomikoak eta moduluak ezarriko dira.»

Azken xedapen bakarra. Indarrean jartzea.

Lege hau indarrean jarriko da Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean, eta eragina izango du 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera.

Beraz,

Lege hau bete eta betearaz dezatela agintzen diet espainiar guztiei, partikular zein agintariei.

Madrilen, 2017ko ekainaren 21ean.

Felipe e.

Gobernuko presidentea,

MARIANO RAJOY BREY

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra