Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Administrazio zuzenbidea  >>  Legeria  >> Orokorra

2/2018 Legea, maiatzaren 23koa, Espainian dauden informazio geografikoko azpiegiturei eta zerbitzuei buruzko uztailaren 5eko 14/2010 Legea aldatzen duena

2018-05-23

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2018/5/24, 126. zk.

I. XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

6891 2/2018 Legea, maiatzaren 23koa, Espainian dauden informazio geografikoko azpiegiturei eta zerbitzuei buruzko uztailaren 5eko 14/2010 Legea aldatzen duena.

FELIPE VI.a

ESPAINIAKO ERREGEA

Honako hau ikusten eta ulertzen duten guztiei.

Jakizue: Gorte Nagusiek lege hau onetsi dutela eta nik berretsi egiten dudala:

HITZAURREA

Espainian informazio geografikoko azpiegiturak ezartzeko arau orokorrak finkatzeko, uztailaren 5eko 14/2010 Legea (Espainian dauden informazio geografikoko azpiegiturei eta zerbitzuei buruzkoa) eman zen; arau horien helburua zen errazago egitea administrazio publikoentzat informazio geografikoan oinarritutako politikak —bereziki, ingurumen- politikak edo ingurumenean eragin dezaketen politika eta jarduerak— aplikatzea eta edozeinentzat mota horretako informaziora iristea zein hura erabiltzea.

Lege horren promulgazioaren ondoren, Europako Batzordeak informazio gehigarria eskatu zuen Espainiako legeetara egindako Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2007ko martxoaren 14ko 2007/2/EE Zuzentarauaren transposizioaz; zuzentarau horren bidez, informazio espazialaren azpiegitura ezartzen da Europako Erkidegoan (INSPIRE).

Informazio hori oinarri hartuta, egoki ikusten da zenbait aldaketa egitea Espainian dauden informazio geografikoko azpiegiturei eta zerbitzuei buruzko uztailaren 5eko 14/2010 Legean.

Aldaketa horien helburua da lege horren zenbait artikuluk diotena zehaztea, Europako Erkidegoan informazio espazialaren azpiegitura ezartzen duen 2007/2/EE Zuzentarauaren erabateko transposizioa bete dadin.

Informazio geografikoko azpiegituraren definizioa eguneratzen da, eta honela geratzen da: sareko egitura birtualean txertatutako datu espazialen azpiegitura da, zeina osaturik baitago geoerreferentziazioko datuez eta informazio sistema diferentetan banatutako informazio geografikoko zerbitzu elkarreragileez eta irisgarria baita internet bidez; gainera, azpiegiturak barne hartzen ditu datu horiek bilatzeko eta horietara iristeko teknologia, datuak ekoizteko, kudeatzeko eta zabaltzeko arauak, eta batera-jartzeari, horietarako irispideari eta ekoizleen arteko edo ekoizleen eta beste erabiltzaile batzuen arteko erabilerari buruzko akordioak.

Datu geografiko guztiak eta dagozkion informazio geografikoko zerbitzuak —kodeak eta sailkapen teknikoak barne— agintaritza publikoen edo hirugarrenen eskura jartzen direla bermatu beharko dute administrazio publikoek, Europako Batzordeak eman dituen betearazteko arauen arabera.

Apartatu bat, 5a, gehitzen zaio 2. artikuluari, zeinaren arabera, lege honen ondoreetarako, «hirugarrena» honako hau izango baita: 2. artikuluan xedatzen den aplikazio-eremu subjektiboan aipatzen direnetatik desberdin den edozein pertsona fisiko edo juridikoa.

Jatorri-puntu komuna eta kokapen eta sareta-tamaina normalizatuak dituen sareta geografiko eta kartografikoen erantzun anitzeko sistema harmonizatua sartzen da uztailaren 5eko 14/2010 Legearen «Erreferentziazko Informazio Geografikoa» I. eranskinaren 1. apartatuan; lege hori Espainian dauden informazio geografikoko azpiegiturei eta zerbitzuei buruzkoa da.

Honela egituratu da aldaketa: artikulu bakarra, Espainian dauden informazio geografikoko azpiegiturei eta zerbitzuei buruzko uztailaren 5eko 14/2010 Legean egindako aldaketak xedatzen baititu; xedapen indargabetzaile bakarra eta bi azken xedapen.

Artikulu bakarra. Espainian dauden informazio geografikoko azpiegiturei eta zerbitzuei buruzko uztailaren 5eko 14/2010 Legea aldatzea.

Aldatzen da Espainian dauden informazio geografikoko azpiegiturei eta zerbitzuei buruzko uztailaren 5eko 14/2010 Legea, eta honela geratzen da idatzita:

Bat. Apartatu bat, 5a, gehitzen zaio 2. artikuluari, honela idatzita:

«5. Lege honen ondoreetarako, aurrekoetatik desberdina den edozein pertsona fisiko edo juridiko hartuko da “hirugarren”tzat.»

Bi. Hemendik aurrera, honako idazketa hau izango du 3. artikuluko 1. apartatuaren a) letrak:

«Informazio geografikoko azpiegitura: Informazio geografikoko azpiegitura sareko egitura birtualean txertatutako datu espazialen azpiegitura da, zeina osaturik baitago geoerreferentziazioko datuez eta informazio sistema diferentetan banatutako informazio geografikoko zerbitzu elkarreragileez eta irisgarria baita internet bidez, gutxieneko protokoloak eta espezifikazio normalizatuak baliatuta. Halaber, datuez, horien metadatuen bidezko deskripzioaz eta informazio geografikoko zerbitzu elkarreragileez gain, azpiegiturak barne hartzen ditu honako hauek: datu horiek bilatzeko eta horietara iristeko teknologia; datuak ekoizteko, kudeatzeko eta zabaltzeko arauak; batera-jartzeari, horietarako irispideari eta ekoizleen arteko edo ekoizleen eta beste erabiltzaile batzuen arteko erabilerari buruzko akordioak, bai eta lege honek xedatutakoarekin bat ezarri, kudeatu edo eskura jarri diren koordinatzeko eta jarraipena egiteko mekanismoak, prozesuak eta prozedurak ere.»

Hiru. Bi letra gehitzen zaizkio 4. artikuluko 2. apartatuari, honela idatzita:

«d) Bermatzea agintaritza publikoen edo hirugarrenen esku jartzen dela informazio guztia —6. artikuluaren 1. apartatuak jasotzen dituen betearazteko arauak betetzeko beharrezko diren kodeak eta sailkapen teknikoak barne—; arauak betetzea eragotziko ez duen moduan jarriko dira horien eskura.

e)Beste estatuekiko mugaren bi aldeetan kokatua dagoen elementu geografikoari buruzko datu espazialen koherentzia bermatzeko, beste estatu horiekin bat, egoki bada, erabakiko da elementu komun horien deskripzioa eta kokapena.»

Lau. 6. artikuluaren 2. apartatua honela geratzen da idatzita:

«Administrazio publikoek bermatu egingo dute erabilgarri daudela, bai berriki jasotako eta berregituratutako datu geografiko guztiak, bai dagozkion informazio geografikoko zerbitzuak, 1. apartatuak xedatzen dituen betearazteko arauekin bat, arauak onartzen direnetik bi urteko epean; bai eta oraindik erabiltzen diren gainontzeko datu espazialen multzo eta zerbitzuak ere, arau onartzen direnetik zazpi urteko epean. Europako Batzordeak emandako betearazteko arau horietara egokituko dira datu geografikoak, kasua denean, dauden datu geografikoen aldaketaren edo eraldaketaren bidez, horretarako lege honen 11.1.d) artikuluak espezifikatutako zerbitzuak baliatuta.»

Bost. «Erreferentziazko Informazio Geografikoa» I. eranskinaren 1. apartatua honela geratzen da idatzita:

«1. Nazioko Erreferentziazko Ekipamendu Geografikoa osatzen dute honako hauek:

a)Erreferentziazko Sistema Geodesikoa; sare geodesiko nazionalak eta nibelaziorako sareak osatzen dute sistema hori.

b)Koordenatu Sistema Ofiziala; sistema hori osatzen dute koordenatu geografikoek —informazio geografikoa espazioan era unibokoz jasotzea ahalbidetzen dute latitudea, longitudea eta altuera koordenatuak erabilita— eta Mercator-en zeharkako proiekzio unibertsalaren sistemaren (UTM) koordenatu lauek, 1:500.000 eskala baino eskala handiagoetan, —informazio geografikoa espazioan era unibokoz jasotzea ahalbidetzen dute x, y eta z koordenatuak erabilita—, kasu bietan Erreferentziazko Sistema Geodesikoa oinarritzat hartuta.

c)Sareta-sistema. Erantzun anitzeko sareta harmonizatuek osatzen dute sareta geografikoen eta kartografikoen sistema; sareta harmonizatuek jatorri-puntu komuna eta kokapena zein sareta-tamaina normalizatua dute.

d)Espainiako Oinarrizko Izendegi Geografikoan jasotako toponimia ofiziala.

e)Kartografiako Erregistro Zentralean jasotako lurralde mugaketak.

f)Udal Erreferentzia Geografikoen Inbentario Nazionala, non Toki Entitateen Erregistroan dagoen toki-entitate bakoitzaren egoera geografikoa jasoko baita.»

Xedapen indargabetzaile bakarra. Arauak indargabetzea.

Indargabeturik geratzen dira lege honetan xedatutakoaren aurkakoak diren maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.

Azken xedapenetako lehenengoa. Europar Batasunaren Zuzenbidea txertatzea.

Lege honek Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2007ko martxoaren 14ko 2007/2/EE Zuzentarauaren transposizioa egiten du Espainiako ordenamendu juridikora; zuzentarau horren bidez, Europako Erkidegoan informazio espazialaren azpiegitura ezartzen da.

Azken xedapenetako bigarrena. Indarrean jartzea.

Lege hau indarrean jarriko da Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean.

Horrenbestez,

Lege hau bete eta betearaz dezatela agintzen diet espainiar guztiei, partikular zein agintariei.

Madrilen, 2018ko maiatzaren 23an.

FELIPE e.

Gobernuko presidentea,

MARIANO RAJOY BREY

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra