Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Octava ediciión Premios Adrián Celaya

Administrazio zuzenbidea  >>  Legeria  >> Orokorra

25/2018 Errege Lege Dekretua, abenduaren 21ekoa, Ikatz-meatzaritzaren trantsizio zuzenerako eta meatze-eskualdeen garapen jasangarrirako presako neurriena.

2018-12-21

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2018/12/22 308zk

 Untitled

I. XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

17599   25/2018 Errege Lege Dekretua, abenduaren 21ekoa, Ikatz-meatzaritzaren

trantsizio zuzenerako eta meatze-eskualdeen garapen jasangarrirako presako neurriena.

I

Kontseiluaren 2010eko abenduaren 10eko 2010/787/EB Erabakia meatze lehiaezinak ixten laguntzeko estatu-laguntzei buruzkoa da; eta, erabaki horren ondorioz, ikatz-arloko arau sektorialak sektore guztiei aplikatzeko arau orokorretara aldatzen dira. Erabaki horrek 2018a arte mugatzen du estatu kideek meatze lehiaezinei elektrizitatea sortzeko bideratutako ikatzaren kostuak ordaintzen laguntzeko estatu-laguntzak ematea.

Horretarako, 3. artikuluan baldintzak ezartzen ditu enpresei ematen zaizkien ekoizpen-unitateen ekoizpen-galerak ordaintzen laguntzeko irtenbide espezifikoak barne-merkatuarekin bateragarriak izan daitezen. Bereziki, ekoizpen-unitate lehiaezinak ixteko plan bat eskatu zen, unitate horietako meatzaritza-jarduera era ordenatuan bertan behera gera zedin. Ixteko prozesuak 2018ko abenduaren 31n amaitu behar zuen, beranduenera ere.

Bestalde, Kontseiluaren 2010/787/EB Erabakian kontuan hartu zen estatu kideek meatze horien gizarte- eta eskualde-ondorioak arintzeko neurriak hartu ahal izatea; hortaz,

  • 4. artikuluan neurri osagarriak ezartzen ditu ixte horiei lotutako ezohiko kostuak finantzatzeko (adibidez, plantillak murrizteko prozesuen kostuak) eta ondorio horiek arintzeko. Xedapen horiek guztiak 2027ko abenduaren 31 arte aplikagarriak izango dira, arau horren indarraldia egun horretan amaituko da eta.

Kontseiluaren 2010eko abenduaren 10eko erabaki horrekin bat, Industria, Energia eta Turismo Ministerioak, FITAG-UGT zentral sindikalak, CCOOko Industria Federazioak, USOko Industria Federazioak eta ikatz-sektoreko enpresarien CARBUNION taldeak Ikatz Meatzaritzarako eta Meatze Eskualdeetarako 2013-2018ko Jardun Esparrua adostu zuten 2013ko urriaren 31 n. Zehazki, aldi horretan ikatz-meatzaritzaren sektorea berriz antolatzeko politika publikoen plangintza egiteko tresna da. Plan horretan hainbat neurri ezarri ziren meatze-eskualdeetako ekonomia bultzatzeko. Europar Batasunaren 2016ko maiatzaren 27ko behin betiko C (2016) 3029 Erabakiak -«SA 34332 (2012/NN) estatu-laguntza, Espainia, Espainiako ikatz-meatzeak ixten laguntzeko laguntza»- baimendu zuen Ikatz Meatze Lehiaezinak Ixteko Espainiako Erresumaren Plana, 2010/787/EB Erabakiaren esparruan.

Hala eta guztiz ere, eskualde horietako ekonomiak ikatz-meatzaritzaren industriaren mende jarraitzen du, hein handi batean, nahiz eta, ikatz-planaren eta 2013-2018ko jardute-esparruaren bidez, ikatza ekoizten duten meatze-eskualde horietan beste jarduera batzuk bultzatzen saiatu.

Horren ondorioz, gaur ere langile asko daude plantillan. Langile horiek eskarmentu oso handia dute ikatz-meatzaritzan, baita narriadura fisiko handia ere. Gainera, lur-eremu horietako langabezia-tasa oso handia da, eta berriro laneratzeko aukerak, ordea, oso txikiak. Horrez gain, sektoreko enpresen egoera ere larria da; beraz, eskualde horietan oso mugatua da 2018ko abenduaren 31tik aurrera enplegu-maila jakin bati eusteko aukera.

Egoera horretan, Trantsizio Ekologikoaren Ministerioak, FI-UGT zentral sindikalak, CCOOko Industria Federazioak, USOko Industria Federazioak eta ikatz-sektoreko enpresarien CARBUNION taldeak honako akordio hau sinatu zuten iragan den urriaren 24an: Ikatz Meatzaritzaren Trantsizio Zuzenerako eta Meatze Eskualdeen Garapen Jasangarrirako 2019-2027ko Esparru Akordioa. Akordio horretan, ikatz-meatzaritzaren trantsizio zuzenerako eta meatze-eskualdeen garapen jasangarrirako oinarriak ezartzen dira, eta «kontuan hartzen dira sektorearen egoera eta, europar arauen eskakizunekin bat, meatzaritza-ustiategien galerei aurre egiteko laguntzen amaiera». Xede horretarako, 2010/787/EB Erabakiaren 4. artikuluan ezartzen diren neurri sozialen eremua 2018ko abenduaren 31tik aurrera hedatzen da, neurri horiek langile guztiek baliatu ahal ditzaten. Horrez gain, eutsi egiten zaie meatze-eskualdeetako ekonomia bultzatzeko neurriei.

Horrenbestez, 2018ko abenduaren 31ko epemuga ezarrita, meatze lehiaezinak ixteko plan horretan sartuta dauden enpresek aukera eduki behar dute oraindik dituzten plantilla handiak murrizteko kostuak ordaintzeko laguntzak erabiltzeko, 4. artikuluan ezarritakoarekin bat. Halaber, egun berean, ikatz-meatzaritzako langile-soberakinei gizarte-prestazioak jasotzea bermatu behar zaie, laguntza horietan zordunduta; edo, behintzat, langabeziaren ondorioz, ordaindutakoaren araberako prestazio ekonomikoa bermatu beharko zaie, legez baimendu ahal den eperik handienean, eremu horietan lanpostuak suntsitzeak eragin dituen ondorioak arintzeko xedez.

Trantsizioa zuzena izango bada, ziurtatu behar da meatze-eskualdeak biziberritzeko politikak 2019tik aurrera ere jarrai dezan. Hortaz, batetik, politika horren indarraldia luzatu behar da; eta, bestetik, azpiegitura berriak, meatzaritzak eragindako eremu naturala leheneratzeko proiektuak edo lanpostu berriak sortu ahal dituzten beste jarduera ekonomiko batzuk garatuz bultzatu behar da eskualde horietako ekonomia.

Errege lege-dekretu honek, beraz, aparteko egoera ekonomiko bati erantzuten dio, eta esparru juridikoa presaz arautzen du trantsizio zuzena ziurtatzeko eta epemuga horretan neurri horien multzoa eskuratu ahal izateko. Hori dela eta, presako legeria justifikatzen duen xede bat lortzeko izanik, tresna bidezkoa eta egokia da, Konstituzioaren ikuspegitik. Hauxe da xede hori, Konstituzio Auzitegiak hainbat aldiz errepikatua: nekez aurreikusi ahal diren hainbat arrazoi direla-eta, berehalako arauak egiteko eskatzen duen egoera zehatz bati aurre egitea, betiere gobernu-helburuen eremuan.

Halaber, errege-lege dekretu honek bete egiten ditu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 129. artikuluan jasotako erregulazio onaren printzipioak. Horrez gain, bat etortzen da proportzionaltasun-printzipioarekin, arestian aipatu diren helburuak lortzeko behar diren arauak baino ez baititu ezartzen. Halaber, segurtasun juridikoaren printzipioarekin ere bat etortzen da, Europar Batzordeak arlo horretan eman dituen arauak ere betetzen dituelako. Aurreko paragrafoetan ezarri denak azaltzen du premiaren eta eraginkortasunaren printzipioak ere bete egiten direla. Gardentasun-printzipioari dagokionez, dekretu hau arautzeko oinarria Ikatz Meatzaritzaren Trantsizio Zuzenerako eta Meatze Eskualdeen Garapen Jasangarrirako 2019-2027ko Esparru Akordioa da, eta akordio horretan eragile sozialek ere parte hartu dute. Eta, azkenik, eraginkortasunaren printzipioari dagokionez, administrazio-lanak, zertxobait handituko badira ere, guztiz beharrezkoak dira.

II

Edukiari dagokionez, neurriak bi titulutan eta azken zatian antolatu dira. Azken zati horretan, araudia osatzeko behar diren xedapenak sartu dira.

  • I. tituluan, gizarte-laguntzen araubide berezia ezartzen da: lan-kostuengatik adin aurreratuko langileei ematen zaizkien gizarte-laguntzak eta lan-kostuengatik borondatezko baja indemnizatuen bidez ematen diren laguntzak bereizi dira, eta laguntzak eskuratzeko baldintzak malgutu dira, 2018ko ekainaren 30ean artean ikatz-enpresekin lanean diharduten langileek laguntza eskuratzeko aukera izan dezaten.

Berariaz aipatu ez dena ebazteko, espresuki adierazten da abuztuaren 1eko 676/2014 Errege Dekretu eguneratura jotzeko, zeinaz ikatz-meatzaritzako enpresen ekoizpen-atalak ixteko planei loturiko ezohiko kostuak estaltzeko asmoz lan-kostuengatik ematen diren laguntzen araubidea ezartzen baitu. Dekretu horren alderdi batzuk aldatzen dira, baina haren indarraldia luzatzen da, arau honekin bat ez datozen artikulu batzuk ezabatzeaz gain.

  • II. tituluan, bide ematen zaie meatze-eskualdeen garapen jasangarria sustatzeko neurriei, abuztuaren 1eko 676/2014 Errege Dekretua aldatuz, haren indarraldia 2018ko abenduaren 31tik aurrera hedatzeko eta arau hau indarrean jarri eta gero jarduketak aurrera eraman ahal izateko (ikatz-meatzaritzako enpresen ekoizpen-atalak ixteko planei loturiko ezohiko kostuak estaltzeko asmoz lan-kostuengatik ematen diren laguntzen araubidea ezartzen du 676/2014 dekretuak).

Azkenik, araudia osatzeko beharrezkoak diren zenbait xedapen biltzen dira. Horretarako, Trantsizio Zuzenerako eta Meatze Eskualdeen Garapen Jasangarrirako 2019-2027ko Esparru Akordio berrian ezarritako alderdi batzuk sartzen dira, eta arau honetan babesten diren gizarte-laguntzen araubide iragankorra ezartzen da, aurreko araudiaren esparruan jada hasita zeuden prozedurei dagokienez eta indarrean edo izapidetzeko bidean dauden lankidetza-hitzarmenei dagokienez.

Laburbilduz, Espainiako Konstituzioaren 86. artikuluak errege lege-dekretu bat onartu ahal izateko baldintza gisa eskatzen dituen aparteko eta presazko inguruabarrak biltzen dira arau honetan hartzen diren neurri guztietan, neurriok 2018ko abenduaren 31 baino lehen onartu behar direlako.

Horrenbestez, Espainiako Konstituzioaren 86. artikuluak jasotzen duen baimena baliatuta, Trantsizio Ekologikoaren ministroaren proposamenez, eta Ministro Kontseiluak 2018ko abenduaren 21eko bileran eztabaidatu ondoren, hauxe

XEDATZEN DUT:

  • I. TITULUA

Ikatz-meatzaritzaren arloko gizarte-laguntzen araubide berezia

  • 1. artikulua. Adin aurreratuko langileentzako gizarte-laguntzak, lan-kostuei aurre egitekoak

  • 1.  Ikatz Meatze Lehiaezinak Ixteko Espainiako Erresumaren Planean 2010/787/EB Erabakiaren esparruan sartuta dauden enpresek jaso ahal izango dituzte laguntza horiek, baldin eta abuztuaren 1eko 676/2014 Errege Dekretuaren 4. artikuluaren arabera onuradunak izan badaitezke (ikatz-meatzaritzako enpresen ekoizpen-atalak ixteko planei loturiko ezohiko kostuak estaltzeko asmoz lan-kostuengatik ematen diren laguntzen araubidea ezartzen du 676/2014 Errege Dekretuak). Horrez gain, betekizun objektibo hauek bete beharko dituzte enpresetako langileek, eskaera egiten denean:

  • a)  Eskaria egin duen enpresako langileak izan behar dute, eta 2018ko ekainaren 30ean kontratu mugagabea eduki behar zuten enpresa horretan.

  • b)  Gutxienez, berrogeita zortzi urteko adin baliokidea eduki behar dute, dagokion koefiziente murriztailea aplikatuta; edo, bestela, ikatz-meatzaritzaren araubide berezian 25 urtean kotizatu behar izan dute; edo enpresa horietan gutxienez 20 urtean lan egindakoak izan, baina kasu horretan laguntzaren zenbatekoan murrizketak egingo dira, ziurtatu den antzinatasunaren arabera.

  • c)  Uzten duten enpresan, gutxienez, hiru urteko antzinatasuna izan behar dute —hiru urteak jarraian eginak-, laguntza hauek eskatzen direnerako.

  • d)  Gizarte Segurantzako Ikatz Meatzaritzaren Araubide Berezian gutxienez zortzi urtean kotizatu izana, edo aipatutako enpresetako edozeinetan gutxienez zortzi urteko antzinatasuna edukitzea.

  • e)  Langileek, erretiroa hartzeko adin arrunta betetzen dutenean, erretiratzeko beharrezkoa den gutxieneko kotizazio-aldia egiaztatu beharko dute, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bategineko 205. artikuluan eta lehen xedapen gehigarrian eta zazpigarren xedapen iragankorrean ezarritakoarekin bat etorrita (testu bategina urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen). Gutxieneko aldia arauz aldatzen baldin bada, ordurako jasotzen ari ziren langileek bermatuak izango dituzte laguntza horiek, harik eta erretiroa hartzeko legezko adina eduki arte.

  • 2.  Laguntza horiek jasotzeko eskubidea sortzen duen lan-harremana 2018ko abenduaren 31 baino lehen amaitu daiteke, edo egun horretatik hurrengo 36 hilabeteetako epean gehienez ere, baldin eta langileok meatzea ixteko eta lekua leheneratzeko lanak egiten badituzte.

  • 3.  Abuztuaren 1eko 676/2014 Errege Dekretuaren 9. artikuluan ezarritakoari jarraikiz zenbatetsiko da laguntzen zenbatekoa. Gutxienez, soldata arrunt gordinaren hileko batezbestekoaren ehuneko hirurogeita hamabi aitortuko zaio langileari, eta, horretarako, laguntza hauek ezartzen dituen araubidean sartu aurretik langile horrek benetan lan egindako aurreko sei hilabeteak hartuko dira kontuan, aparteko ordainsarien hainbanaketa eginda.

Hala eta guztiz ere, laguntzak jaso ahal dituzten enpresetan gutxienez 20 urtean lan egin izana ziurtatzen badu benetako adin baliokidea egiaztatu beharrean, murrizketa-ehunekoa aplikatuko zaio bermatu den kopuru gordinari, antzinatasun egiaztatuaren arabera. Ehuneko hori ehuneko 10, 8, 6, 4 edo 2 izango da, antzinatasuna 20, 21,22, 23 edo 24 urtekoa bada, hurrenez hurren.

  • 4.  Laneko kostuak direla-eta adin aurreratuko langileentzat eskaintzen diren laguntzak jaso nahi dituzten enpresek edozein momentutan aurkeztu ahal izango dituzte eskabideak arau hau indarrean jarri eta gero, abuztuaren 1eko 676/2014 Errege Dekretuaren 10. artikuluan eskatzen diren gainerako agiriekin batera.

  • 5.  Honako agindu hauetan ezartzen den baja sustatua aukeratu zuten langileek ezin izango dute eskubiderik eman laguntza horiek jasotzeko: 1998ko otsailaren 18ko Agindua (ikatz-meatzaritzako enpresen jarduerak modernizatzeko, berregituratzeko eta arrazionalizatzeko planekin lotutako ezohiko kargak estaltzeari buruzkoa); irailaren 24ko ECO/2771/2003 Agindua (ikatz-meatzaritzako enpresen jarduerak berregituratzeko eta arrazionalizatzeko planekin lotutako ezohiko kargak estaltzeari buruzkoa); ekainaren 15eko ITC/2002/2006 Agindua (sustatutako bajen bidez lan-kostuei erantzuteko laguntzak eta ikatz-meatzaritzako enpresen ekoizpen-unitateak ixtearen ondoriozko kostuak orekatzeko laguntzak arautzeko oinarriak onartzen dituena 2006-2012 ekitaldietarako). Langile horiek ezin izango dute eskubiderik eman aipatutako laguntzak jasotzeko, ikatz-meatzaritzan gutxienez 20 urteko lan-eskarmentua dutela egiaztatu ezean eta laguntza horiek jaso ahal dituzten enpresetako langileak gaur egun izan ezean.

Horretarako, langileak behar adina kotizazio aurkeztu beharko ditu kotizaziopeko langabezia-prestazioa legez baimendu ahal den eperik handienean jaso ahal dezan, edo 12 hilabetez jaso ahal dezan, kontratuak kausa objektiboetan oinarrituta eteteko prozeduretan sartu baldin bada. Horrez gain, laguntzaren zenbatekoa kalkulatzean, ehuneko 10 kenduko da artikulu honetako hirugarren apartatuan bermatzen den kopuru gordinetik.

  • 6.  Abuztuaren 1eko 676/2014 Errege Dekretuaren araberako baja indemnizatua jaso duten langileek laguntza horiek jasotzeko eskubidea eman ahal dute, baldin eta enpresarekiko lan-harremanari eutsi badiote, baja horri espresuki uko egin izana jasota badago eta organo eskudunak baja hori ordaindu ez bazuen (ikatz-meatzaritzako enpresen ekoizpen-atalak ixteko planei loturiko ezohiko kostuak estaltzeko asmoz lan-kostuengatik ematen diren laguntzen araubidea ezartzen du 676/2014 Errege Dekretuak). Laguntza-eskabidearekin batera aurkeztu beharko dute uko egin izanaren agiria.

  • 7.  Abuztuaren 1eko 676/2014 Errege Lege Dekretuak arautuko du errege lege-dekretu honetan neurri horren aplikazioari buruz arautu ez dena.

  • 2. artikulua. Borondatezko baja indemnizatuen bidezko laguntzak, lan-kostuei aurre egitekoak.

  • 1. Ikatz Meatze Lehiaezinak Ixteko Espainiako Erresumaren Planean 2010/787/EB Erabakiaren esparruan sartuta dauden enpresek jaso ahalko dituzte laguntza horiek, abuztuaren 1eko 676/2014 Errege Dekretuaren 4. artikuluaren arabera onuradunak izan badaitezke. Laguntzak 2018ko ekainaren 30ean enpresetako plantillan ageri diren eta betekizun objektibo hauek betetzen dituzten langileei lotuko zaizkie (eskaera-egunean ziurtatuko da bete egiten dituzten):

  • a)  Ixteko planean aipatzen diren ikatz-enpresa pribatuetako edozeinetan 2017ko abenduaren 31 baino lehen plantillako langile jardun izana; edo, gutxienez, bost urtetik gorako antzinatasuna izan Gizarte Segurantzako ikatz-meatzaritzaren araubide berezian.

  • b)  Gizarte Segurantzako ikatz-meatzaritzaren araubide berezian gutxienez hiru urtez kotizatu izana.

  • c)  Uzten duten enpresan gutxienez urtebeteko antzinatasuna edukitzea.

  • 2.  Laguntza horiek jasotzeko eskubidea eman dezaketen langileek produkzio-unitatea 2018ko abenduaren 31n eraginkortasunez itxi eta gero amaitu ahalko dute lan-harremana, baldin eta meatzaritza-ustiategia leheneratzeko, bertako segurtasuna zaintzeko eta meatzea ixteko lanak egiten badituzte. Zehazki, ixteko egunetik hurrengo 36 hilabeteetako epean amaitu ahalko dute.

  • 3.  Ez dute laguntza horiek eskuratzeko eskubidea izango erretiro arrunta edo aurretiko erretiroa jasotzeko betekizunak betetzen dituzten langileek, ezta lan-kostuengatik baja indemnizatuen bidez ematen diren laguntzak edo adin aurreratuko langileentzako laguntzak 2013ko urtarrilaren 1etik 2018ko abenduaren 31ra bitartean jaso zituzten langileek ere; horrek ez du eragozten langileek enpresa horretan beste eskubide batzuk izatea.

  • 4.  Laguntzen zenbatekoa abuztuaren 1eko 676/2014 Errege Dekretuaren 16. artikuluan ezarritakoarekin bat zehaztuko da. Haren arabera, kalte-ordainaren zenbatekoa 10.000 euroko kopuru finkoa eta kopuru aldagarri bat batuz kalkulatuko da. Alda daitekeen kopuru hori langile bakoitzarentzat kalkulatuko da: 35 soldata-egunekoa izango da lan egin duen urte bakoitzeko, eta urtebetetik beherako aldiak hilabeteen arabera hainbanatuko dira, 30 hilabeteko soldaten muga ezarrita.

  • 5.  Lan-kostuengatik baja indemnizatuen bidez ematen diren laguntzak aurretiaz jaso nahi dituzten enpresek, arau hau indarrean jartzen denetik, edozein momentutan aurkeztu ahal izango dituzte eskabideak, abuztuaren 1eko 676/2014 Errege Dekretuaren 17. artikuluan eskatzen diren gainerako agiriekin batera.

  • 6.  Abuztuaren 1eko 676/2014 Errege Dekretuak arautuko du errege lege-dekretu honetan neurri horren aplikazioari buruz arautu ez dena.

  • 3. artikulua. Abuztuaren 1eko 676/2014 Errege Dekretua aldatzea, zeinak ikatz-meatzaritzako enpresen ekoizpen-atalak ixteko planei loturiko ezohiko kostuak estaltzeko asmoz lan-kostuengatik ematen diren laguntzen araubidea ezartzen baitu.

Aldatu egiten da 676/2014 Errege Dekretua, abuztuaren 1ekoa, ikatz-meatzaritzako enpresen ekoizpen-atalak ixteko planei loturiko ezohiko kostuak estaltzeko asmoz lan-kostuengatik ematen diren laguntzen araubidea ezartzen duena. Zehazki, alderdi hauek aldatzen dira:

Bat. Aldatu egiten da 1. artikuluaren lehenengo paragrafoa, eta honela idatzita geratzen da:

«Errege-dekretu honen xedea hau da: ikatzaren ekoizpenarekin lotutako zereginen batean jarduten duten edo jardun duten enpresei laguntzak zuzenean ematea arautzea. Enpresek kostu jakin batzuk ordaindu ahal ditzaten ematen dira laguntza horiek: elektrizitatea sortzeko ikatz-ekoizpenerako unitateak ixteagatik enpresek beren langileen lan-kontratuak amaitu beharrak dakartzan kostu jakin batzuk. Laguntzak jaso ahal izateko, Ikatz Meatze Lehiaezinak Ixteko Espainiako Erresumaren Planean sartuta egon behar dute ekoizpen-unitate horiek, betiere Ikatz Meatzaritzarako eta Meatze Eskualdeetarako 2013-2018ko Jardun Esparruan eta Ikatz Meatzaritzaren Trantsizio Zuzenerako eta Meatze Eskualdeen Garapen Jasangarrirako 2019-2027ko Esparru Akordioan erabakitakoarekin bat etorrita.»

Bi. Aldatu egiten dira 2. artikuluaren 2. eta 3. apartatuak. Honela idatzita geratzen dira:

«2. Errege-dekretu hau 2013ko ekitalditik 2025eko ekitaldira egongo da indarrean.

  • 3. Errege-dekretu honen lehen xedapen gehigarrian ezarritakoari jarraikiz, Europako Batzordeari laguntzak jakinarazteari dagokionez, laguntzok 2013ko urtarrilaren 1etik 2025eko abenduaren 31 arte emango dira, eta ekitaldi ekonomikoko aurrekontuetan zordunduko dira; horrek ez du eragozten urte horietan lan-kostuengatik adin aurreratuko langileei emandako laguntzei eustea langile bakoitzarentzat dagokien aurrekontu-ekitaldian, harik eta erretiroa hartzeko adin arruntera iristen diren arte, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bategineko 205. artikuluan eta lehen xedapen gehigarrian eta zazpigarren xedapen iragankorrean ezarritakoarekin bat etorrita (urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen testu bategin hori).»

Hiru. Aldatu egiten dira 9. artikuluaren 2., 3. eta 4. apartatuak, bai eta 5. apartatuaren lehen eta bigarren paragrafoak ere, haietako guztietan ehuneko 72ko ehunekoa zehazteko. Honela idatzita geratzen dira:

«2. Laguntzok bermatuko dute langileari soldata arrunt gordinaren hileko batezbestekoaren ehuneko 72 aitortzea; horretarako, laguntza hauek ezartzen dituen araubidean sartu aurretik langile horrek benetan lan egindako aurreko sei hilabeteak hartuko dira kontuan, aparteko ordainsarien hainbanaketa eginda.

Ondore horietarako, hilabete batean benetan lan egin zuela irizteko, langileak gutxienez hemeretzi egunetan lan egin behar izan zuen hilabete horretan, hartutako opor-egunak eta ordaindutako baimenak barne.

Bermatutako kopuru gordina kalkulatzeko, langileak azken hogeita hamar hilabeteetan lan-jardunean jaso dituen kontzeptuak eta zenbatekoak hartuko dira soldata arrunt gordintzat.

Kalkulu horretan, ez dira sartuko aparteko orduak, gaueko lanak, asteburuko lanak, ez eta ohikoak edo arruntak ez diren beste lan batzuk ere, alde batera utzita zeren izenean ordaindu ziren, baldin eta lan horiek ordaintzea ohikoa ez bazen. Langileen Estatutuaren testu bategineko 26.2 artikuluan jasotzen diren soldataz bestelako zenbatekoak ere ez dira sartuko (urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen testu bategin hori). Ohiko zenbatekotzat jotzeko, langileak, lan egindako azken hogeita hamar hiletan, jaso dezakeen hilen erdietan gutxienez jaso behar du zenbateko hori.

Kontzeptu horien batez besteko kopuru eta zenbateko bakoitzak ezin ditu % 5etik gora gainditu balorazioa egiteko baliatu den aldiaren aurretiko hamabi hilabeteetan kontzeptu berengatik langileak jaso zituen batez besteko kopuruak eta zenbatekoak.

  • 3.  Bermatzen den zenbateko gordinaren hasierako kalkulua ezin izango da izan balorazioa egiteko baliatu den aldiaren aurretiko hamabi hilabeteetako batez besteko soldataren ehuneko 72 baino ehuneko 8 puntu txikiagoa edo handiagoa. Hilabete bat zenbatu ahal izateko, langileak gutxienez hamabost egunetan lan egin behar izan du hilabete horretan, hartutako opor-egunak eta ordaindutako baimenak barne.

  • 4.  Azkenean bermatuko den zenbateko gordinak ezin izango du inola ere gainditu lan-harremana amaitzen den egunean indarrean dagoen Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean lan-istripuetarako eta lan-gaixotasunetarako dagoen gehieneko kotizazio-oinarriaren ehuneko 72. Era berean, ezin izango da izan lan-harremana amaitu aurretiko azken sei hilabeteetan langileak kotizatu zuen kategoriari dagokion oinarri arautuaren ehuneko 60 baino txikiagoa. Hainbat kategoriatan kotizatu baldin bazuen, oinarrien batezbestekoa aplikatuko da.

  • 5.  Bermatutako zenbateko gordina zehazteko, kopuru hauek batuko dira: batetik, langile bakoitzari dagozkion langabezia-zenbateko gordinak (ordaindutakoaren araberakoak edo laguntzakoak), edo, hala dagokionean, legean onartzen diren ezintasun iraunkorreko edozein egoerari lotuta eta laguntza hau jaso bitartean aitortu zaion pentsio gordina, eta, bestetik, aurreko kontzeptuei gehituta, arestian aipatutako ehuneko 72ko berme gordina osatzen duen osagarria.

Era berean, langileari ehuneko 72 hori beti bermatuko zaio, baldin eta egiaztatzen badu laguntzako langabezia-prestazio arestian aipatua ukatu diotela hasiera batean. Prestazio horren hasierako eskaera legez ezarritako epetik kanpo eginez gero, soldata-berme hori galduko da aipatutako lege-epearen amaieratik azkenean aitortzen zaion prestazioaren ondore-egunera bitarteko aldian.»

Lau. Aldatu egiten dira bigarren xedapen gehigarriko zazpigarren eta zortzigarren paragrafoak. Honela idatzita geratzen dira:

«2018ko ekainaren 30etik edo lehenagotik enpresaren berezko plantillakoak diren langileek, sektorean baja hartzen badute eranskineko enpresa bateko produkzio-unitateren bat itxi delako eta ez badituzte betetzen aurreko paragrafoetan aipatu diren eta lan-kostuengatik ematen diren gizarte-laguntzak jasotzeko baldintzak, eskubidea izango dute, ikatz-meatzaritzaren arloko langile-soberakinak izanik, ordaindutakoaren araberako langabezia-prestazioa behin jasotzeko, legezko eperik handienean, alde batera utzita aurretik egiaztatuak dituzten kotizazioak eta alde batera utzita legezko langabezia-egoera horren egunera arte jaso dituzten prestazioen aldia (prestazioak jaso badituzte behintzat).

Kasu guztietan, langabezia-prestazioak (ordaindutakoaren araberakoak edo laguntzakoak) jasotzeko eskatzen diren gainerako betekizunak bete beharko dituzte langileek.»

II. TITULUA

Meatze-eskualdeen garapen jasangarria sustatzeko neurriak

  • 4. artikulua. Aldatu egiten da 675/2014 Errege Dekretua, abuztuaren lekoa, zeinaz oinarriak ezartzen baitira azpiegituren inguruko proiektuak eta meatzaritza-jardueraren ondorioz hondatutako eremuak leheneratzeko proiektuak garatuz ikatz-meatzaritzako eskualdeen ekonomiari bultzada emateko laguntzak arautzeko.

Honako aldaketa hauek egiten dira 675/2014 Errege Dekretuan (675/2014 Errege Dekretua, abuztuaren 1ekoa, zeinaz oinarriak ezartzen baitira azpiegituren inguruko proiektuak eta meatzaritza-jardueraren ondorioz hondatutako eremuak leheneratzeko proiektuak garatuz ikatz-meatzaritzako eskualdeen ekonomiari bultzada emateko laguntzak arautzeko):

Bat. 3. artikuluaren 1. eta 2. apartatuak aldatzen dira, eta honela idatzita geratzen dira:

«1. Azpiegituren inguruko proiektuak eta meatzaritza-jardueraren ondorioz hondatutako eremuak leheneratzeko proiektuak garatzea sustatzen duten laguntzak urtekoak edo urte batekoak baino gehiagokoak izan daitezke, eta Ikatz Meatzaritza Berregituratzeko eta Meatze Eskualdeen Garapen Alternatiborako Institutua izeneko erakunde autonomoarentzat ekitaldi ekonomiko bakoitzean indarrean dauden aurrekontu-kredituen kontura emango dira, 2013-2018ko eta 2019-2023ko aldietan ikatz-meatzaritzako eremuak bestela garatzeko politikaren esparruan, aurrekontuek horretarako aukera ematen duten neurrian betiere.

  • 2. Aldi horietan hartzen diren konpromisoak jarduketak amaitu arte ordainduko dira, eta laguntzak onartzeko epemuga 2023ko abenduaren 31 izango da.»

Lehenengo xedapen gehigarria. Ezintasun iraunkor berrikusgarriko prozesuetan dauden ikatz-meatzaritzako langileak.

  • 1.  Ezintasun iraunkorreko prozesuetan zeuden langileak berriz laneratzea erabakitzen denean, Langileen Estatutuaren Legearen testu bategineko 48.2 artikuluan ezarritako bi urteko etenaldia amaituta (urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen testu bategin hori), langileek Ikatz Meatzaritza Berregituratzeko eta Meatze Eskualdeen Garapen Alternatiborako Institutua erakunde autonomora jo ahal izango dute, berei dagokien gizarte-laguntza izapidetzeko eskatzeko, 2018ko ekainaren 30a baino lehen ikatzaren produkzio-unitate batean lan egiten zuten langile-soberakin gisa eta meatze-enpresen baldintzen antzeko baldintzetan.

  • 2.  Neurri hori aplikatzeko, Ikatz Meatze Lehiaezinak Ixteko Espainiako Erresumaren Planean 2010/787/EB Erabakiaren esparruan sartuta dauden enpresek zerrenda hau jakinarazi beharko diote organismo horri, errege lege-dekretu hau indarrean jarri eta hilabeteko epean: ezintasun iraunkor berrikusgarria aitortzeko ebazpena eman eta hurrengo bi urteetan enpresarekiko lan-harremana etenda daukaten baina lanpostua gordetzen zaien langileen zerrenda.

Bigarren xedapen gehigarria. Ikatz-meatzaritzako langile-soberakinen lan-poltsa.

Ikatz Meatzaritza Berregituratzeko eta Meatze Eskualdeen Garapen Alternatiborako Institutua erakunde autonomoak lan-poltsa bat kudeatuko du, eta ikatz-meatzaritzako langile-soberakinak, baita ikatz-meatzaritzako azpikontratetako langileak ere, borondatez sartu ahalko dira poltsa horretan, baldin eta ez badituzte jasotzen adin aurreratuko langileentzat lan-kostuengatik ematen diren gizarte-laguntzen kontura finantzatzen diren gizarte-prestazioak.

Lan-poltsa horren bidez, prestakuntza- eta orientazio-ikastaroak egiten lagunduko zaie, lan-merkatuan berriro sartzen lagunduko dietenak.

Jarduera hori parte hartzen duten erkidego-autonomoek laneratzeko lanbide-prestakuntzaren arloan dituzten eskumenen esparruan koordinatu eta programatu beharko da.

Lehenengo xedapen iragankorra. Ikatz-meatzaritzako langileentzako gizarte-laguntzen eskabideen araubide iragankorra.

  • 1.  Ikatz-meatzaritzako enpresek 2018ko urriaren 24tik errege lege-dekretu hau indarrean jarri arte amaitu dituzten lan-kontratuek eskubidea eman ahalko dute errege lege-dekretu honetan arautzen diren laguntzak jasotzeko, baldin eta errege lege-dekretuan ezarritako betekizunak betetzen badira, eta kontratuak urriaren 29ko 1483/2012 Errege Dekretuan kaleratze kolektiborako ezarritako prozedurari jarraituz amaitu bazituzten (dekretu horren bidez, kaleratze kolektiboak egiteko, kontratuak eteteko eta lanaldia murrizteko prozeduren erregelamendua onartu zen), edo urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuak -Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duenak- 52.c) artikuluan ezarritakoari eta bat datozen gainerako arauetan ezarritakoari jarraituz amaitu bazituzten.

  • 2.  Era berean, kaleratze kolektiboa edo kontratuaren amaiera jakinarazteko komunikazioan adierazi behar izan da dagokion legezko kalte-ordainaren ordez adin aurreratuko langileentzat lan-kostuengatik ematen diren laguntzak edo baja indemnizatuak emango zaizkiela. Komunikazio berean, halaber, adierazi egin behar izan da enpresak konpromisoa hartzen duela langilea berriz onartzeko, baldin eta laguntza horiek ematea onartzen duen ebazpenaren eranskinetik kanpo geratzen bada. Langile hori berriz onartzeak kaleratze deusezen lege-ondorio berak izango ditu.

Bigarren xedapen iragankorra. Ikatz-meatzaritzako langileen kaleratze kolektiboa bideratzeko eta lan-agintaritzari horren berri emateko prozedurak.

  • 1.  Urriaren 29ko 1483/2012 Errege Dekretuan ezarritako kaleratze kolektiborako prozeduraren araberako kontratu-amaieren egunean prozeduran oraindik ere ez bada txertatu adin aurreratuko langileentzat lan-kostuengatik ematen diren laguntzak edo baja indemnizatuen bidezko laguntzak emateko ebazpena, enpresa onuradunek ebazpen hori jakinarazi beharko diote lan-agintaritzari, jaso bezain laster. Horrez gain, ordaindutakoaren araberako langabezia-prestazioa legezko eperik handienean jasotzeko aukera duten langile-soberakin guztien zerrenda ere jakinarazi beharko diote (laguntzak jaso ahal dituzten langileak eta jaso ezin dituztenak agertu beharko dituzte zerrendan).

Lan-agintaritzak horren berri emango dio langabezia-prestazioak kudeatzen dituen erakundeari, ordaindutakoaren araberako langabezia-prestazioa langileei behin bakarrik aitortzeko, legezko eperik handienerako, ekainaren 29ko 4/1990 Legearen hemeretzigarren xedapen gehigarrian ezarritakoarekin bat etorrita. Kontratua kaleratze kolektiborako prozeduraren arabera amaitutako egunean sortuko ditu horrek ondorioak.

  • 2.  Langileren bat adin aurreratuko langileentzat lan-kostuengatik ematen diren laguntzak edo baja indemnizatuen bidezko laguntzak emateko ebazpenetik kanpo utzi bada kaleratze kolektiborako prozeduran sartuta egon arren, enpresak berriro onartu beharko du, berehala, eta kaleratze deusezen ondorio berak izango ditu.

Hirugarren xedapen iragankorra. Ikatz-meatzaritzako langileen aldeko eta lan-kostuen araberako gizarte-laguntzak emateko prozeduren araubide iragankorra.

Lan-kostuengatiko gizarte-laguntzak (baja indemnizatuen bidezkoak edo adin aurreratuko langileentzakoak) emateko prozedurei, errege lege-dekretu hau indarrean jarri aurretik jada hasita bazeuden, ez zaie errege lege-dekretu hau aplikatuko, aurreko araudia baizik.

Laugarren xedapen iragankorra. Ikatz Meatzaritzarako eta Meatze Eskualdeetarako 2013-2018ko Jardun Esparruan egin diren 2013-2018ko aldiko lankidetza-hitzarmenen indarraldia.

Ikatz Meatzaritzarako eta Meatze Eskualdeetarako 2013-2018ko Jardun Esparruaren babesean egin diren eta 2018ko abenduaren 31 n amaitzekoak diren lankidetza-hitzarmenak bi urtez luzatuko dira, errege lege-dekretu hau indarrean jartzen den egunetik aurrera zenbatzen hasita, hargatik eragotzi gabe 2019-2027ko aldian beste lankidetzako esparru-akordio batzuk egin ahal izatea.

2018ko abenduaren 31 baino lehen izapidetzen hasi ziren esparru-hitzarmenak eta hitzarmen espezifikoak betetzeko orduan ere, errege lege-dekretu honetan ezarritakoa aplikatuko da, baina hitzarmen horiek ezin izango dute bi urte baino gehiago iraun, arau hau indarrean jarri eta gero zenbatuta.»

Bosgarren xedapen iragankorra. Berotegi-efektuko gasak isurtzeko eskubideen enkanteen bidezko 2019. ekitaldiko diru-sarrerak.

  • 1. Honako xede hauetarako erabiliko dira berotegi-efektuko gasak isurtzeko eskubideen enkanteen bidezko diru-sarrerak, abenduaren 27ko 17/2012 Legearen bosgarren xedapen gehigarrian ezarritakoarekin bat etorrita (abenduaren 27ko 17/2012 Legea, 2013rako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzkoa), eta Estatuaren 2019. ekitaldiko aurrekontu orokorretan bakarrik izango ditu horrek ondorioak:

  • a)  Sektore Elektrikoaren Legean aurreikusten diren sistema elektrikoaren kostuak finantzatzeko, energia berriztagarriak sustatzekoak, betiere 1.000.000,00 mila euro arte.

  • b)  Trantsizio zuzenerako eta klima-aldaketaren aurka borrokatzeko politikako beste neurri batzuk hartzeko, betiere 100.000,00 mila euro arte.

  • 2.  Aurreko apartatuan aipatzen diren ekarpenak Trantsizio Ekologikoaren Ministerioaren aurrekontuko kredituen bidez gauzatuko dira, hileko ordain-aginduak emanez. Eta gehieneko zenbatekoa hau izango da: aurreko hilabetean isurtze-eskubideen enkanteen bidez benetan bildu ziren diru-sarreren zenbatekoa, Ogasun Ministerioko organo eskudunek egindako ziurtagirien arabera, eta adierazitako zenbatekoak gainditu gabe. Abenduan bildutakoaren arabera egin behar den ekarpena hurrengo ekitaldian egingo da.

  • 3.  Era berean, isurtze-eskubideen enkanteen bidez benetan bildu ziren diru-sarrerek

  • 2. apartatuan aipatutako aurrekontu-aplikazioetan kontsignatu diren hasierako kredituak gainditzen baldin badituzte, kreditua sortu ahalko da, xedapen honetako 1.a) eta 1.b) apartatuetan ezarritako mugak arte. Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalaren Aurrekontuan kreditua sortzeko eta, hala dagokionean, kreditu-gehigarria sortzeko baimena Ogasun Ministerioko titularraren erabakiaren bidez emango da.

Xedapen indargabetzaile bakarra. Arauak indargabetzea.

Indargabeturik geratzen dira errege lege-dekretu honetan xedatutakoaren aurkakoak diren maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak. Zehazki, honako hauek:

  • a)  Abuztuaren 1eko 676/2014 Errege Dekretuaren 7. artikulua, 8. artikuluaren 1. apartatua, 9. artikuluaren 9. apartatua eta 14. eta 15. artikuluak (676/2014 Errege Dekretua, abuztuaren 1ekoa, ikatz-meatzaritzako enpresen ekoizpen-atalak ixteko planei loturiko ezohiko kostuak estaltzeko asmoz lan-kostuengatik ematen diren laguntzen araubidea ezartzen duena).

  • b)  Uztailaren 10eko 9/2015 Errege Lege Dekretuaren 7. artikulua, 2013-2018ko aldian ikatz-meatzaritza lehiaezineko enpresetako langileen alde gizarte-arloko eta borondatezko salbuespen-neurriak hartzeari buruzkoa (9/2015 Errege Lege Dekretua, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zergadunek jasaten duten zerga-karga murrizteko presako neurriena eta beste neurri ekonomiko batzuena).

Azken xedapenetako lehena. Apirilaren 10eko IET/594/2014 Agindua aldatzea, zeinaz onartzen baitira Ikatz Meatze Lehiaezinak Ixteko Espainiako Erresumaren Planean sartuta dauden ikatz-ekoizpenerako unitateak ixteagatik gertatuko diren edo gertatu diren ezohiko kostuei aurre egiteko espezifikoki bideratutako laguntzen oinarri arautzaileak 2013tik 2018ra bitarteko ekitaldietarako.

Honako aldaketa hauek egiten dira apirilaren 10eko IET/594/2014 Aginduan (Ikatz Meatze Lehiaezinak Ixteko Espainiako Erresumaren Planean sartuta dauden ikatz-ekoizpenerako unitateak ixteagatik gertatuko diren edo gertatu diren ezohiko kostuei aurre egiteko espezifikoki bideratutako laguntzen oinarri arautzaileak onartzen dira agindu horren bidez, 2013tik 2018era bitarteko ekitaldietarako):

Bat. Aldatu egiten da 2. artikulua, eta honela idatzita geratzen da:

«Agindu honetan ezarritakoa 2014ko urtarrilaren 1etik 2025eko abenduaren 31ra bitartean eskaintzen diren laguntzei aplikatuko zaie.»

Bi. Aldatu egiten da 10. artikuluaren 2. apartatua. Honela idatzita geratzen da:

«2. Agindu honetan ezarritako betekizunak betetzen dituzten enpresek lau hilabeteko epean aurkeztu beharko dituzte eskabidea eta gainerako agiriak. Deialdiaren ebazpena indarrean jartzen den egunetik aurrera zenbatzen hasiko da epea. Eskabideak eta agiriak institutuko buruari bidali beharko dizkiote, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4.a) artikuluan ezarritako moduan (39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena).»

Azken xedapenetako bigarrena. Maila beheragoko arauak aldatzeko babes-klausula.

Errege lege-dekretu honek aldatzen dituen arauen mailari eutsiko zaio, baldin eta arauen maila dekretu honena baino beheragokoa bada.

Azken xedapenetako hirugarrena. Eskumen-titulua.

Konstituzioaren 149.1 artikuluaren 7., 13. eta 25. puntuetan Estatuari ematen zaizkion eskumen esklusiboak baliatuta ematen da errege-dekretu hau; zehazki, lan-legeriaren arloko eskumenak eta jarduera ekonomikoaren plangintza orokorraren oinarriak eta meatzaritzaren eta energiaren arloetako araubidearen oinarriak ezartzeko eta koordinatzeko eskumenak baliatuta.

Azken xedapenetako laugarrena. Indarrean jartzea.

Errege lege-dekretu hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean. Hala eta guztiz ere, 1., 2. eta 3. artikuluetan eta lehen eta bigarren xedapen iragankorretan jasota dauden aurreikuspenek, ikatz-meatzaritzako langile-soberakinen aldeko gizarte-laguntzen araubide bereziari buruzkoek, 2018ko urriaren 24tik aurrera izango dituzte ondorioak, egun horretan sinatu baitzen Ikatz Meatzaritzaren Trantsizio Zuzenerako eta Meatze Eskualdeen Garapen Jasangarrirako 2019-2027ko Esparru Akordioa.

Madrilen, 2018ko abenduaren 21ean.

FELIPE R.

Gobernuko presidentea, PEDRO SANCHEZ PEREZ-CASTEJON

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra