Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Administrazio zuzenbidea  >>  Legeria  >> Orokorra

26/2012 Errege Lege Dekretua, irailaren 7koa, Defentsa Ministerioaren aurrekontuan ezohiko kreditu bat ematen duena, armamentu programa bereziei dagozkien obligazioak ordaindu ahal izateko, dagoeneko eginda dauden entregengatik

2012-09-07

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2012/9/8, 217. zk.

I.  XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

11410

26/2012 Errege Lege Dekretua, irailaren 7koa, Defentsa Ministerioaren aurrekontuan ezohiko kreditu bat ematen duena, armamentu programa bereziei dagozkien obligazioak ordaindu ahal izateko, dagoeneko eginda dauden entregengatik.

Errege lege-dekretu honen helburua da Defentsa Ministerioaren aurrekontuan ezohiko kreditu bat ematea, armamentu programa bereziei dagozkien obligazioak ordaindu ahal izateko, dagoeneko eginda dauden entregengatik.

Armamentu programa berezietan Defentsa Ministerioak erosten dituen armasistemarik garrantzitsuenak sartzen dira; eta garrantzitsuenak dira balio ekonomikoagatik eta planteatzen duten konplexutasun industrial eta teknologikoarengatik. Programa horiek erabakigarriak dira honako helburu hauek lortzeko:

–  Indar armatuak modernizatzea eta Espainiak herrialde aliatuekin batera parte hartzen duen nazioarteko misioetarako gaitzea.

–  Espainiako industria-sarea garatzea, teknologiari leku nabarmena ematen dion industria-sarea, hain zuzen ere, gaitasun horiek esportatzeko nazioarteko merkatuetan lehiatzeko aukerak dituena.

–  Balio eta gaitasun handiko lanpostuak sortzea, sektore zibiletara transferentzia teknologiko garrantzitsuak eginez.

–  Nazioarteko lankidetza industriala.

Programa horiek batera finantzatzen dituzte Industria, Energia eta Turismo Ministerioak eta Defentsa Ministerioak, 90eko hamarkadaren amaieran diseinatutako finantziazio-eredu baten arabera. Gaur egun 19 armamentu programa berezi daude.

Programa horien zenbatekoak eta finantziazio-profilak 2009an eguneratu ziren azkenekoz, eta 2025era arteko finantziazio-profila ezarri zen.

2010eko eta 2011ko ekitaldietan, murrizketak eta baliabide ezak izan ziren aurrekontuetan, eta, ondorioz, ez zitzaien aurre egin urte horietarako onartutako ordainketa-konpromisoei; dena dela, egindako entregengatik kontabilitate nazionalean dagokion erregistroa egin zen. Ondorioz, ezohiko kreditu honek ez dauka eraginik defizit publikoan.

Programa horiei lotutako ordainketa-konpromisioei ezin zaienez aurre egin, Defentsa Ministerioak 1.782.77.890 euroko ezohiko kreditu bat eskatu du, armamentu programa berezien ondorioz industria nazionalarekin eta nazioarteko partzuergoekin sortu diren obligazioei aurre egin ahal izateko.

Era berean, Defentsa Ministerioak epe ertain eta luzera hartuta dituen konpromisoak gutxitzeko asmo sendoa dauka. Horretarako, jarduera-plan bat diseinatu du, eta plan horretan honako neurri hauek aurreikusi ditu: unitateak gutxitzea, entregak geroratzea, baldintzak berriz negoziatzea eta materiala saltzea. Plan hori martxan jartzeko beharrezkoa da ezohiko kreditu hau edukitzea; izan ere, nahitaezkoa da nazioarteko partzuergoetan Espainia bazkide fidagarritzat har dezaten, eta, halaber, industriei akordio globalak planteatu ahal izango zaizkie, etorkizuneko bideragarritasun industriala duten planekin.

Ordainketa-konpromisoei aurre egin ezean, ondorio hauek izango lirateke:

–  Prestakuntza handiko enpleguak eta gure industriaren esportazio ahalmena galtzea.

–  Nazioarteko programen kolapsoa, eta, ondorioz, Espainiaren irudia kaltetzea.

–  Nazioarteko misioetan parte hartzeko dugun gaitasuna mugatzea.

Administrazioak nahitaez erantzun behar die obligazio horien ordainketari, eta ordainketa ez da atzeratu behar, hirugarrenei kalterik ez eragiteko. Ezohiko eta premiazko arrazoitzat har daitezke horiek, eta errege lege-dekretu bidez ezohiko kreditua ematea justifikatzen dute.

Horregatik guztiagatik, Espainiako Konstituzioaren 86. artikuluko baimenaz baliatuta, Ogasun eta Herri Administrazioko ministroak proposatuta, Estatu Kontseiluarekin bat etorriz eta Ministro Kontseiluak 2012ko irailaren 7ko bileran eztabaidatu ondoren, honako hau XEDATZEN DUT:

1. artikulua.  Defentsa Ministerioaren aurrekontuan ezohiko kreditu bat ematea.

Ezohiko kreditu bat baimentzen da, 1.782.770.890 eurokoa, indarrean dagoen aurrekontuan, atal honetan: 14. sekzioa «Defentsa Ministerioa», 03. zerbitzua «Defentsako Estatu Idazkaritza», 122B programa «Modernizazio Programa Bereziak», 6. kapitulua «Inbertsio Errealak», 65. artikulua «Inbertsio militarrak eta azpiegiturak eta beste ondasun batzuk», 659 kontzeptua «Armamentu programa bereziei dagozkien obligazioak ordaindu ahal izateko, dagoeneko eginda dauden entregengatik». Hona hemen xehetasunak: Azpikontzeptua Izena Zenbatekoa (eurotan) 659.01

659.02

659.03

659.04

659.05

659.06

659.07

659.08

659.09

EF-2000 abioia . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . .

Tigre helikopteroa . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . .

155/52 obusa . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . .

SPYKE misila . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . .

BAM ontzia . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . .

LEOPARDO tankea . . . . . . . . . . . . . . . . . . . .

IRIS-T misila . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . .

UME helikopteroa . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . .

CIS UME sistemak . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . .

   Guztira . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . .

1.171.607.690

76.267.140

16.065.970

27.824.410

187.800.000

242.337.280

38.968.560

21.181.310

718.530

1.782.770.890

2. artikulua.  Ezohiko kredituaren finantziazioa.

Defentsa Ministerioaren aurrekontuan errege lege-dekretu honen bidez ematen den ezohiko kreditua zor publikoaren bidez finantzatuko da.

Azken xedapen bakarra.  Indarrean sartzea.

Errege Lege Dekretu hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitara ematen den egun berean sartuko da indarrean.

Madrilen emana, 2012ko irailaren 7an.

JUAN CARLOS E.

Gobernuko presidentea, MARIANO RAJOY BREY

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra