Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Octava ediciión Premios Adrián Celaya

Administrazio zuzenbidea  >>  Legeria  >> Orokorra

28/2015 Legea, uztailaren 30ekoa, Elikagaien Kalitatea defendatzekoa

2015-07-30

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2015/07/31, 182. zk.

bcl_553860648.htm

I. XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

8563

28/2015 Legea, uztailaren 30ekoa, Elikagaien Kalitatea defendatzekoa.

FELIPE VI.a

ESPAINIAKO ERREGEA

Honako hau ikusten eta ulertzen duten guztiei.

Jakizue: Gorte Nagusiek honako lege hau onetsi dutela eta Nik berretsi egiten dudala.

HITZAURREA

I

Elikagaien sektoreak, gizartearen, ekonomiaren eta ingurumenaren arloan duen garrantziagatik, izaera estrategikoa du hala Espainian nola Europar Batasun osoan. Sektore horren oinarrizko eginkizuna herritarrari elikagai sanoak, seguruak eta haren kalitate-itxaropenei erantzuten dietenak eskaintzea da. Egoera horrek lege-xedapenen oinarrizko multzo bat barnean hartzen duen eta operadoreen arteko lehia leiala errespeta dadin zainduko duen elikagaien kalitate-eredu bat eskatzen du.

Alde horretatik, beharrezkoa da berrikustea elikagaien kalitatearen alderdi orokorrak zein partikularrak Estatuko Administrazio Orokorraren eskumenaren eremuan, arlo honetan eta berariaz elikadurari eragiten dioten joera berriak kontuan hartzeko; horretarako, ekonomiaren eremuan, jaso eta errespetatu beharko dira Elikagaiei buruzko legeriaren printzipio eta betekizun orokorrak ezartzen, Elikagaien Segurtasuneko Europar Agintaritza sortzen eta elikagaien segurtasunari buruzko prozedurak finkatzen dituen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2002ko urtarrilaren 28ko 178/2002 (EE) Erregelamenduan ezarritako oinarrizko printzipioak eta betebeharrak, aintzat hartu beharko direlarik, era berean, trazabilitatearen, autokontrolaren, eta operadoreen erantzukizunari buruz legerian jasota dauden printzipioak.

Gainerakoan, berriz, pentsuen eta elikagaien arloko legeria eta animalien osasun eta ongizateari buruzko araudia betetzen direla egiaztatzeko eta bermatzeko egindako kontrol ofizialei buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2004ko apirilaren 29ko 882/2004 (EE) Erregelamenduan arautzen den elikadura-produktuak merkaturatzeko eta iruzurra pertsegitzeko nahitaezko izaeraz ezarritako baldintzak betetzeari buruzko kontrola ezinbesteko elementua da transakzio komertzialen leialtasuna eta operadore batzuen eta besteen segurtasun juridikoa bermatzeko eta, era horretan, kontsumitzaileen itxaropenei ez huts egiteko. Halaber, aipatutako erregelamenduaren 55. artikuluak aurreikusten du estatu kideek arauak ezarriko dituztela elikagaien arloko legerian egiten diren arauhausteei aplikatzekoak zaizkien zehapenei buruz eta behar diren neurri guztiak hartuko dituztela haien aplikazioa bermatzeko, eta adierazten du ezarritako zehapenek eraginkorrak, proportzionalak eta disuasiozkoak izan behar dutela.

Bestalde, 882/2004 (EE) Erregelamendu honetara bideratzen du, bere kontrolaraubidea beronetara hedatzeko, lege hau aplikatzekoa izango zaion arau nagusietako batek: kontsumitzaileari ematen zaion elikadura-informazioari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2011ko urriaren 25eko 1169/2011 (EB) Erregelamendua, zeinak Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1924/2006 (EB) eta 1925/2006 (EB) Erregelamenduak aldatzeaz gainera, Batzordearen 87/250/EEE Zuzentaraua, Kontseiluaren 90/496/EEE Zuzentaraua, Batzordearen 1999/10/EE Zuzentaraua, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2000/13/EE Zuzentaraua, Batzordearen 2002/67/EE eta

2008/5/EE Zuzentarauak eta Batzordearen 608/2004 (EB) Erregelamendua indargabetzen baititu.

Legeak erregelamendu tekniko-sanitarioen alderdi teknikoak eta elikagaien ezaugarriak edo berorien ekoizpen-prozesuak arautzen dituzten Europar Batasuneko edo nazioko araudiak hartzen ditu xede gisa. Aipatutako araudiek, funtsean, eduki ekonomikoa dute, elikadura-iruzurrak eragoztera eta merkaturatutako ondasunen kalitatea hobetzera zuzenduta baitaude, horien guztien gainetik autokontroleko eta autokontrol egiaztatuko zenbait sistema erkide jartzen dituztela, administrazioaren kontrol ofiziala eta zehapenaraudia barne, araudia betetzen ez den kasurako. Era berean, etiketak jartzeko hautazko arauak ere hor sartzen dira; izan ere, nahitaezkoak ez diren arren, operadore guztientzat lotesleak ez diren zentzuan, azkenean obligazioz bete beharreko arau bihurtzen baitira beren baldintzei dagokienez, baldin eta operadoreek askatasunez erabakitzen badute elementu gehigarri horiek etiketatzeko aukera baliatzea.

Bestalde, Estatuko Segurtasun Indarrak eta Kidegoak aktiboki parte hartzen ari dira ikuskapeneta kontrol-zereginetan, lege honen aplikazio-eremuan sartzen diren elikadurakatearen faseetan eta aipatutako helburu berberekin. Kontrol ofizialarekiko lankidetzaaktibitate horri jarraipena emateko asmoz, beharrezkoa zaigu horren berri ematea testu honetan, elikadura-iruzurraren kontrako borrokan Segurtasun Indar eta Kidegoekiko elkarlan estuari buruz Europar Batasunak egindako gomendioei kasu eginik.

Hori guztia, ministerioetako arduradunek kontsumoaren kontrol higieniko-sanitarioan edo kanpoko merkataritzaren kontrolean izan ditzaketen eskumenak dena delakoak izanda, araudi honek ez baitu eraginik haien jarduketa-eremuetan.

Lege honek ez du eraginik, halaber, lehen mailako ekoizpenaren kontrolean, kalitateko arau batek hala aurreikusten duenean izan ezik.

II

Ekainaren 22ko 1945/1983 Errege Dekretua, kontsumitzaileen eta nekazaritzako elikagaien ekoizpenaren babes arloko arau-hausteak eta zehapenak arautzen dituena, kontsumitzaileen osasuna babesteko premiazko neurrien plan bat adosteko parlamentuaren agindua betetzeko onartu zen.

Esandako errege-dekretuan eguneratu eta bateratu ziren, batetik, elikadura-aktibitateen ikuskaritza eta zainketa arloko arau eta xedapen guztiak, eta, bestetik, garai hartan indarrean zeuden arau-hausteen zehapenei zegozkienak. Horregatik, aipatutako erregedekretuan biltzen dira osasun publikoaren defentsa, kontsumitzaileen interesen babesa, eta industriaren, merkataritzaren eta zerbitzuen eskaera legitimoak.

Gaur egun, osasungintzako arau-hausteen erregulazioa, zeina aipatutako erregedekretuaren 2. artikuluan jasotzen baita, modu independentean araututa dago bere araudi propioan. Segurtasun juridikoaren mesedetan, eta gaur egun balioa eta eraginkortasuna duen zehapen-esparru berri baten beharrak eta nazio-lurralde osoan aplikatzekoa izango den eta aplikazio-eremuan barne hartutako operadore guztiei tratamendu berbera ziurtatuko dien arau-esparru bakarra ezartzearen premiak bultzatuta, beharrezkoa ikusi da lege hau egitea.

Ondorioz, ez zaie aplikagarri izango aipatutako ekainaren 22ko 1945/1983 Errege Dekretua lege honen aplikazio-eremuaren barruan sartzen diren elikadura-produktuei, ez-eta esandako produktuen operadoreei ere elikadura-katearen etapetan, produktua Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2002ko urtarrilaren 28ko aipatutako 178/2002

(EE) Erregelamenduaren arabera elikagai gisa hartzen denetik bere eraldaketara arte, handizkako biltegiak eta handizkako banatzaileenak barne, horien guztien garraioa ere sartzen delarik, merkataritzako bitartekariak ahaztu gabe, biltegidunak izan edo ez.

Bestalde, kontuan izan behar da aipatutako errege-dekretu horren parte bat ez dagoela lege honetan jasota eta beste inongo araudik indargabetu gabe dagoela. Parte hori laginak hartzeari eta analisiei dagokiena da, eta beroriei ekainaren 22ko 1945/1983 Errege Dekretuan jasotako xedapenak aplikatuko zaizkie, harik eta lege hau erregelamendu bidez garatzen den arte. Oso-osorik aplikatu zaie, orobat, alderdi higieniko-sanitarioei eta

elikagaien segurtasunekoei, bai eta elikagaien eremukoak ez diren gainerako produktu eta zerbitzuei ere.

Prozedura propio bat garatzen ez den bitartean, lege honetan jasotako zehatzeko ahala zehatzeko ahala gauzatzeko prozeduraren Erregelamendua onartzen duen abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretuan ezarritako prozeduraren bitartez egikarituko da.

III

Beste alde batetik, azkeneko urteotan hazkunde garrantzitsua izan dute kalitate ziurtagiria lortzeko sistema pribatuek. Ziurtagiri horiek nazioartean aitortuta dauden arauetan oinarritzen dira, merkatuko operadoreen eta kontsumitzaileen interesetatik aske dagoen hirugarren parte baten esku uzten delarik produktuek ezarririk dauden baldintzak betetzen dituztela bermatzea, ziurtagiriak ematen edo ikuskaritzak egiten dituzten erakundeen esku, alegia. Merkatu askotan, mota horretako ziurtagiriak baitezpadako baldintza bihurtzen ari dira merkatu horietara sartu nahi bada.

Sistema horiek erabiltzen dira, orobat, operadorearen autokontrola egiaztatzeko, eta testuinguru horretan arautzen da lege honetan ikuskaritzak egiten eta ziurtagiriak ematen dituzten erakunde horiek erantzukizunpeko adierazpen bat egin beharra, daukaten akreditazioaren irismenaren arabera, beren jarduera hasten duten tokiko agintaritza eskudunaren aurrean. Erantzukizunpeko adierazpen hori bakarra da eta nazio-lurralde osorako balio du, aipatutako adierazpena non egiten den aintzat hartu gabe.

Kalitatearen borondatezko eremuaren barruan, elikagaien betetze-maila neurtzeko eta ebaluatzeko sistema horiek eta elikagaien sektoreko akreditazioaren izaera, ezaugarriak eta funtzionamenduko printzipioak produktuen merkaturatzea jagon eta egiaztatzeko baldintzak ezarri eta 339/93 (EEE) Erregelamendua baliogabetzen duen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008ko uztailaren 9ko 765/2008 (EE) Erregelamenduan daude jasota eta ezarrita.

Halaber, kalitatearen eremuan eta transakzio komertzialen gardentasuna eta merkataritza-kateko oreka bermatzeko mekanismo gisa, nekazaritzako produktuen merkatu antolakunde erkidea sortu eta 922/72 (EEE) , 234/79 (EEE) , 1037/2001 (EE) eta 1234/2007 (EE) Erregelamenduak indargabetzen dituen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1308/2013 (EB) Erregelamenduak kanalean prestatutako abelgorri eta txerri aziendak nahitaez sailkatu beharra ezartzen du, eta estatu kide bakoitzaren borondatera uzten du, aldiz, kanalean prestatutako animalien sailkapena aplikatzea, ardi eta ahuntz azienden kasuan.

Europar Batasuneko araudian jasotako xedapenak behar bezala betetzen direla bermatzeko eta operadoreen merkataritza-gardentasun eta segurtasun juridiko handiagoaren mesedetan, beharrezkoa gertatzen da eremu honetako arau-hauste eta zehapen araubide espezifiko bat ezartzea behi eta txerri azienden kasurako; ez, ordea, ardi eta ahuntz azienden kasuan, Espainian, oraingoz, ez baita nahitaezkoa araudi hori aplikatzea.

IV

Gainera, elikagai eta edarien sektoreko operadoreek hautematen dute merkatubatasunaren zatiketa existitzen dela, enpresak kokatuta dauden lurraldearen arabera, kontrol ofizialeko eta zehapeneko prozedura desberdinei aurre egin behar dieten neurrian; hortaz, lege honetan jasotako erregulazioak merkatu-batasuna bermatzeari buruzko abenduaren 9ko 20/2013 Legean ezartzen diren kokatzeko askatasuna eta zirkulatzeko askatasuna bermatzeko printzipioak hartzen ditu erreferentzia gisa. Konstituzioak, alde batetik, 38. artikuluan, enpresa-askatasuna aitortzen du, merkatu-ekonomiaren esparruan, eta botere publikoei agintzen die haren egikaritza eta produktibitatearen defentsa bermatu eta babes ditzatela, ekonomia orokorraren eskakizunen arabera eta, hala badagokio, plangintza kontuan izanik. Bestetik, 139. artikuluan ezartzen du ezein agintaritzak ezingo duela hartu neurririk zuzenean nahiz zeharka trabatuko duenik pertsonen zirkulatzeko eta

kokatzeko askatasuna, eta orobat ondasunen zirkulatzeko askatasuna, Espainiako lurralde osoan.

Bi agindu horiek dituzte oinarrian aipatutako kokatzeko askatasunaren printzipioak eta zirkulatzeko askatasuna bermatzeko printzipioak, eta funtsezko agertokia eratzen dute espainiar ekonomiaren funtzionamendu lehiakorrerako, non elikagai-industriak oinarrizko papera jokatzen duen, ez baita alferrik Espainia Marka proiektuaren zutabeetako bat.

Merkatu-batasunari dagozkion printzipio horiek esanahi itzela dute nazioko ekonomiarentzat hain garrantzi handia duen elikagaien ekoizpenaren eremuan. Hori horrela izanik, autonomia mailako hainbat arau eta askotariko daudela kontuan izanda abiatzen da esku artean dugun arau hau; hortik hasita, sistema harmoniko bat idatzi da, gutxieneko izendatzaile komun bat eratuz, non kabituko diren arlo honi buruz autonomiaerkidego bakoitzean dauden interesak. Eduki erkide hori lege mailako arau batean jasota geratzen da, kontrol eta zehapen aktibitateak loturik daramatzan araugintzako beharrizan bereziengatik, eta horrela, hartzaileen babesa ez ezik, eskumenen banaketa zuzena bermatzen da.

Ildo horretan, lege honek homogeneizazioaren aldeko bidea egiten du espainiar lurralde osoko elikagaien sektoreko enpresak tratatzerakoan, kontuan hartu gabe zein autonomia-erkidegotan kokatuta dauden, kalitate-kontrolaren eta zehapen-araubidearen aplikazioaren ikuspegitik.

Lege honek arautzen dituen kontrol-sistemek aplikatzekoa den Europar Batasuneko arautegian dute jatorria, nahiz eta arau horiek oinarrizko izaera duen lege-tresna bakar batean sistematizatu diren. Kontrolerako mekanismo desberdinak egoteak ezin diezaioke operadoreari, inola ere, bere jarduera egikaritzea oztopatu, ezein agintaritzak ezin baitu ondasunen edo zerbitzuen zirkulazio askea trabatu dezakeen neurririk ezarri.

V

Gainera, agintaritza eskudunek arlo honetan egikaritzen duten kontrolaren koordinazioa hobetzeko asmoz, Elikagaien Kalitatearen Koordinazioko Mahaia sortu da lantalde gisa, eta organismo hori izango da, aurrerantzean, Administrazioen arteko lankidetzarako oinarrizko tresna.

Mahai hori da, lege honen aplikazio-eremuari dagokionez, lankidetzarako egon daitekeen bitarteko bakarra, nazioko lurralde osoan kalitate-kontrola era berean aplikatzen dela ziurtatzeko, eta modu bakarra operadoreen arteko lehia leiala eta, ondorioz, merkatuaren batasuna bermatzeko.

Espainiak, Europar Batasuneko kide denez, aipatutako Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2004ko apirilaren 29ko 882/2004 (EE) Erregelamendutik eratortzen diren eta kontrol ofizialarekin lotura duten aktibitateen koordinazio-jarduketak egiten ditu. Aktibitate horiek zerikusia dute, adibidez, estatu kideen eta hirugarren herrialdeen arteko laguntzarekin Espainiako enpresek haietan egindako iruzur kasuetan, eta alderantziz; egindako iruzurrarekin lortutako irabaziak kontuan hartuko dituzten disuasiozko zehapenak ezartzeko beharkizunarekin; Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumeneko Ministerioak Europako Batzordeari eman beharreko laguntzarekin, azken horrek Europa mailako iruzur bat eragozteko gomendioak egiten dituenean; edota Estatuko Administrazio Orokorreko agintarien jarduketarekin Europako Batzordeak elikagaien eremuko iruzurren inguruan ezarri nahi duen Informazioa Trukatzeko Sarea ezartzeko orduan, jada existitzen diren Europako Sareen antzera.

VI

Legeak lau titulu ditu.

I.tituluan –xedapen orokorrei buruzkoa–, legearen xedea eta aplikazio-eremua zehazten dira, baita haren helburuak eta hura garatu ahal izateko oinarrizko definizioak ere.

II.tituluak elikagaien kalitatea eta horretarako aplikatzen diren kontrol-sistemak arautzen ditu, elikadurari berariaz eragiten dioten kontrol arloko joera berriak kontuan harturik.

III. tituluak elikagaien kalitatearen kontrolaren arloan aplikatzekoa den oinarrizko zehapen-araubidea ezartzen du; bertan sailkatzen dira operadoreek egindako arauhausteak, elikagaiei buruzko legeriaren arabera. Honako hauek sartzen dira legeria horretan: sektore bakoitzeko administrazio eskudunek diktatu eta nahitaez bete beharreko arauak, aplikatzekoa den arautegi horizontalekoak, bai eta lege honetan jaso eta arauhauste arin, astun eta oso astunen taldeetan sailkatzen direnak ere, kasu bakoitzean aplikatzekoak diren zehapenen mugak finkatzen dituztela.

Azkenik, IV. tituluak lege honen eremuan administrazio publiko batzuen eta besteen arteko lankidetzarekin eta elkarlanarekin zerikusia duten alderdiak jasotzen ditu.

Legea osatzera datoz lau xedapen gehigarri, horietan sartzen direlarik, hurrenez hurren, kanalean prestatutako behi eta txerri azienden sailkapen arloko zehapenaraubidea, elkar aitortzeko klausula, gastua ez handitzeko konpromisoa, eta sistema bat aurreikustea legearen eremuan aplikatzekoa den kalitate-arautegiaren ezagutza errazteko; xedapen iragankor bat, 1945/1983 Errege Dekretua ez aplikatzea aurreikusten duena, lege honetan araututako alderdien eremuan, bi artikulu salbuetsita, laginak hartzeari eta analisiei buruzkoak, bi horiek aplikatzen jarraituko baita harik eta lege hau erregelamendu bidez garatzen den artean; eta erregelamenduaren aplikazio iragankorra, zehatzeko ahala egikaritzea ahalbidetu dezan; bai eta zortzi azken xedapen ere, non jasotzen baitira, hurrenez hurren, elikatze-katearen funtzionamendua hobetzeko neurriei buruzko abuztuaren 2ko 12/2013 Legearen aldaketa, Nekazaritza Aseguru Konbinatuei buruzko abenduaren 28ko 87/1978 Legearena, Gobernuari emandako gaikuntza kalitate-arauak elaboratzeko, eskumen-titulua, garatzeko ahalmena, zehapenak eguneratzea eta indarrean jartzea.

Aipatzekoa da, orobat, lege honen aurreproiektu fasean, sektoreko ordezkariei kontsultak egin zaizkiela, ekoizpenetik hasi eta elikagai-industriaraino, kontuan hartu direlarik, era berean, banaketa modernoaren ordezkariak eta elikadura-kateko beste hainbat parte-hartzaile. Autonomia-erkidegoetan elikagaien arloko kontrol ofizialean eskumenak dituzten nekazaritza sail guztiei ere egin zaizkie kontsultak, eta gaiarekin lotura duten ministerioetako idazkaritza tekniko nagusien txostenak eta Estatu Kontseiluarenak ere eskatu eta bildu dira.

Amaitzeko, elikagaien kalitatearen defentsarako lege hau oinarrizko legeria gisa eratu da jarduera ekonomikoaren plangintza orokorraren oinarrien eta koordinazioaren arloan, Espainiako Konstituzioko 149.1.13 artikuluan ezarritakoaren babesean eman baita.

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Lege honen xedea elikagaien kalitatearen defentsaren arloko oinarrizko erregulazioa ezartzea da, zehapen-araubidea barne dela, horrela pentsuen eta elikagaien arloko legeria eta animalien osasun eta ongizateari buruzko araudia betetzen direla egiaztatzeko eta bermatzeko egindako kontrol ofizialei buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2004ko apirilaren 29ko 882/2004 (EE) Erregelamenduko 55. artikuluan ezarritako obligazioa betetzeko, edota hura ordezten duen erregelamendua, bai eta lankidetzarako mekanismoak ere.

2. artikulua. Aplikazio-eremua.

1.Legea honako hauei aplikatuko zaie:

a) Elikagaigintzako legediaren printzipio eta betekizun orokorrak ezartzen dituen, Elikagaien Segurtasunaren Europako Agintaritza eratu zuen eta elikagaien segurtasunari

buruzko prozedurak ezartzen dituen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2002ko urtarrilaren 28ko 178/2002 (EE) Erregelamenduan definitzen diren elikadura-produktu edo elikagai guztiei– elikagai horiek eraldatuak edo eraldatu gabeak izan, baldin eta Espainian merkaturatzen badira, operadorearen establezimendua, nazio-lurraldearen barruan, non kokatzen den kontuan hartu gabe–.

b) Manipulazioeta sailkapen-instalazioetan, fabriketan, ontziratze-lantegietan, handizkako merkatarien edo handizkako banatzaileen biltegietan, banaketa modernoari dagozkion logistikako biltegi deituak barne direla, elikadura-produktuen inportatzaileen biltegietan, biltegiak dituzten edo ez dituzten merkataritza-bitartekarien bulegoetan, bai eta horien guztien garraioan ere.

2.Lege honen aplikazio-eremutik kanpo geratzen dira: alderdi higieniko-sanitarioak eta elikagaien segurtasun arlokoak; genetikoki eraldatutako organismoei eta elikaduraproduktuen irradatzeari buruzko legeria espezifikoa; azken kontsumitzaileari saltzeko eskaintza, xehekako instalazioetako lantegiak barne; kanpoko merkataritza; eta lehen mailako ekoizpena, animalien ongizateari eta ekoizpen ekologikoari buruzko legeria barne dela.

3. artikulua. Helburuak.

Lege honen helburuak dira:

a) Elikadura-produktuetan konfiantza maila altua sortzen laguntzea, berorien kalitatea aldezteko beharrezkoak diren prozeduren bitartez.

b) Elikadura-kateko operadoreen artean eta berorien jarduera-esparruan baldintza leialak eskaintzea.

c) Elikadura-industriako operadoreen eta kontsumitzaileen eskubideak babestea, elikadura-produktuen etiketan agertzen den informazioaren egiazkotasuneta frogatzeprintzipio orokorra betetzen dela bermatuz.

d) Merkatuaren batasunari eta lehiakortasunari laguntzea, bai eta Espainiako elikagaien sektorearen gardentasunari eta argitasunari ere.

e) Agintari eskudunek elikagaien kalitatea zaintzeko egindako kontrolaren koordinazioa bermatzea.

f) Elikadura-produktuen elaborazioeta eraldaketa-prozesuek Europar Batasunean indarrean dagoen araudia betetzen dutela zaintzea.

g) Elikadura-industriarekiko beharrezko lankidetza ezartzea lege honen helburuetan eragina duten auziei ekin ahal izateko.

4. artikulua. Definizioak.

Lege honen ondorioetarako, honako definizio hauek ezartzen dira:

a) Elikagaia edo elikadura-produktua: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2002ko urtarrilaren 28ko 178/2002 (EE) Erregelamenduan ezarritakoaren arabera, gizakiek jateko den edo norbaitek jateko arrazoizko probabilitatea duen edozein substantzia edo produktu da, bai, osorik edo partzialki, eraldatua izan bada, edo ez bada. Hor sartzen dira edariak, txikleak eta beste edozein substantzia, ura barne, nahita elikagaiari gehitu zaiona aipatutako elikagaiaren fabrikazioan, prestaketan edota tratamenduan.

b) Elikagaiaren kalitatea: Elikadura-produktu edo elikagai baten propietate eta ezaugarrien multzoa, haren elaborazioan erabilitako lehengaiei edo osagaiei buruzkoa, haren izaerari, osaketari, araztasunari, identifikazioari, jatorriari eta trazabilitateari arreta jartzen diena, bai eta erabilitako elaborazio-, biltegiratze-, ontziratzeeta merkaturatzeprozesuei ere, eta azken produktuaren aurkezpenari, haren egiazko edukia barne, azken kontsumitzaileari ematen zaion informazioa ahaztu gabe, etiketan agertzen dena bereziki.

Propietate eta ezaugarri horiek sektore bakoitzeko administrazio eskudunek diktatutako nahitaez bete beharreko elikagaien kalitateari buruzko arautegian jasotzen direnak izango dira, bai eta lege honen eremuan aplikatzekoa den arautegi horizontalean jasotakoak ere.

c) Operadorea: Pertsona fisiko edo juridiko oro, baldin eta 2.1.b) artikuluan zerrendatutako instalazioak barnean hartzen dituen elikadura-katearen zatian jarduten badu. Ez dira elikadura-kateko operadoretzat hartuko, lege honen ondorioetarako, handizkako hornikuntzarako merkatu zentralen titularrak, baina horrek ez du eragozten halakotzat hartzea esandako merkatuetan edo berorien jarduera osagarrien eremuetan beren establezimendua duten handizkako merkatariak eta logistika eta banaketako operadoreak.

II. TITULUA

Elikagaien kalitatea kontrolatzeko sistemak

5. artikulua. Elikagaien kalitatea eta kontrola.

Europar Batasunaren eremuan ezarritako kontrol ofiziala eragotzi gabe, kalitatearen kontrola ondorengo modalitate hauen arabera egingo da:

a) Agintaritza eskudunak egindako kontrol ofiziala.

b) Operadorearen autokontrola, akreditatutako ikuskaritzaeta ziurtagiri-erakundeek egiaztatu ahalko dutena.

c) Sektoreko elkarte zehatz batek, kasua hala denean, bere sektore-eremuko operadoreengan ezarritako autokontrola.

d) Kooperatiba batek ezarritako autokontrola, kasua hala denean, bazkideentzat.

6. artikulua. Kontrol ofiziala.

Kontrol ofiziala agintari eskudunek egingo dute 2.1.b) artikuluan zerrendatutako instalazioak barnean hartzen dituen elikadura-kateko faseetako bakoitzean eta ondorengo aktibitate hauetako bakoitzean: elikagaiak hartzean, manipulatzean, sailkatzean, lortzean, elaboratzean, eraldatzean, ontziratzean, biltegiratzean eta garraiatzean.

7. artikulua. Ikuskapena eta ikuskapen-akta kontrol ofizialean.

1.Ikuskapena funtzionario publikoek egingo dute, eta, lan hori egitean, agintaritzaren agente izango dira eta beste zeinahi agintari publikoren sostengua eskatu ahalko dute, bai eta Segurtasun Indar eta Kidegoena ere.

2.Beharrezko jotzen dituzten dokumentu guztiak eskatu eta bildu ahalko dituzte ikuskatzen dituzten enpresetatik, betiere beren jarduketaren harian bilatzen duten helburuaren arabera; hori bai, isilpeko trataera izango dute kasu guztietan.

Ikuskapen-zerbitzuek behar duten informazioa eskatu ahalko diete administrazio publikoetako organoei eta haiei lotutako edo mendeko organismo eta erakundeei, horien artean egongo direlarik, beste batzuen artean, parte-hartze publikoa duten enpresak, erakunde profesionalak eta profesional artekoak; horiek guztiek, horretarako eskabidea egiten zaienean, eskatzen zaien informazioa emango diete, kasu bakoitzean aplikatzekoa den araudiaren arabera.

3.Ikuskatzaileak isiltasun profesionala gordetzera behartuta egongo dira hertsiki. Betebehar hori ez betetzea haiek lan egiten duten administrazio publikoetako diziplinaaraubideko arautegiaren arabera zehatuko da.

4.Ikuskapen-jarduketan, ikuskatzaileak dagokion agiria idatziko du eta han jasoko ditu enpresaren eta ikuskapena egitean aurrean duen pertsonaren identifikazioari dagozkion datuak; kontrol ofiziala eratzen duten egitateak xeheki idatziko ditu eta, kasua hala denean, agindutako neurriak ere bai.

5.Agintari izaera aitortzen zaien funtzionarioek egiaztatutako gertakariek, legez behar diren betekizunak dituen agirian jaso eta formalizatzen badira, froga-balioa izango dute; hala eta guztiz ere, herritarrek beren frogak adierazi edo aurkeztu ahal izango dituzte, beren eskubideak edo interesak aldezteko.

6.Ikerketa-jarduketak gauzatzean ikuskatuaren etxean sartzea beharrezkoa denean, eta Konstituzioak babestu egiten duenez etxebizitza, Administrazioak haren onespena edo dagokion baimen judiziala eskuratu beharko du.

8. artikulua. Interesdunen obligazioak.

1.Pertsona fisikoak eta juridikoak behartuta egongo dira, funtzionario ikuskatzaileek edo beste zeinahi agintari eskudunek eskatuz gero, ondorengoak egitera:

a) Ikuskatze-bisitak egitea onartzea eta mota guztietako erraztasunak ematea haiek gauzatzeko.

b) Instalazioei, produktuei edo zerbitzuei buruzko dagokion informazioa ematea, edozer motatakoa dela ere, eta ikuskatzaileek zuzenean egiazta dezaten uztea.

c) Aipatutako dokumentazioaren kopia edo erreprodukzioa lortzeko erraztasunak ematea.

d) Elaboratzen, banatzen edo merkaturatzen dituzten produktu edo salgaietatik dagozkion laginak hartzen uztea.

2.Administrazio publiko eskudunaren eskariz edota norberaren borondatez adierazpenak edo enpresako zeinahi motatako dokumentazioa aurkezten den kasuan, enpresa ordezkatzen eta obligatzen duen pertsona batek izenpetu beharko ditu haiek.

Faltsutasuna edota aipatutako agirietan datu okerrak edo osatu gabeak jasotzea lege honetan aurreikusitakoaren arabera zehatuko da.

9. artikulua. Kautela-neurriak.

1.Funtzionario ikuskatzaileek kautelaz immobilizatu ahalko dituzte III. tituluan aipatzen diren arau-hausteekin lotura duten aginduak betetzen ez dituzten salerosgaiak, produktuak, ontziak, etiketak edo beste elementu batzuk, eta agirian jasoko dituzte kautelazko esku-hartzearen helburua, zergatiak eta, kasua hala denean, hartu beharko diren neurriak, haren narriadura eragozteko eta osotasuna segurtatzeko.

2.Funtzionario ikuskatzaileek hartutako kautela-neurriak dagokion agintari eskudunak aztertuko ditu gero, hamabost egunen barruan, berretsi, aldatu edo kendu behar diren erabakitzeko. Elikagai galkorren kasuan, ikuskatzaileak kontuan hartu beharko du berorien iraungitze-data, eta agirian islatu beharko du epearen murrizketa, arrazoiak azaldu eta iraungitze-datara egokitu ondoren. Aipatutako epea igaro denean, altxa egin beharko da immobilizazioa, ez baldin bada ordurako prozedura zehatzailea abian jarri.

3.2. zenbakian epe barruko berariazko iritzi-azaltzeari eta haren ondorioei buruz xedatutakoa bete beharko bada ere, prozedura zehatzaile bat abian jarri ezin denean gai edo lurralde arrazoiak direla eta eskumenik ez dagoelako, berehalaxe jakinaraziko zaio dagokion agintariari, eta burura eramandako jarduketen berri emango zaio.

4.Agintaritza eskudunak bere jarduketetan erabaki ahal izango du, zehapenik egon gabe ere, nahitaezko baimenak edo erregistroak ez dauzkaten edota, horretara behartuta egon arren, erantzukizunpeko jakinarazpenak edo adierazpenak egin ez dituzten enpresa, instalazio, lokal edo garraio-bitartekoak aldi baterako ixtea, harik eta aurkitutako akatsak zuzendu arte edo akats horiek erremediatzeko eskatzen diren betekizunak betetzen diren arte.

10. artikulua. Autokontrola eta trazabilitatea.

1.Lege honen aplikazio-eremuan sartzen diren operadoreek ekoizpen-prozesuko operazioen autokontrol-sistema bat ezarri beharko dute beren erantzukizunpean, dagokion berariazko legerian ezarritakoa betetzeko eta elikadura-produktuen kalitatea ziurtatzeko.

2.Autokontroleko sistemak, gutxienez, ondorengo elementu hauek izango ditu

eskura:

a) Enpresan bururatzen diren prozesuen prozedura dokumentatuak.

b) Laginketa eta analisi plan bat.

c) Trazabilitate-prozedura bat, elikagaigintzako legediaren printzipio eta betekizun orokorrak ezartzen dituen, Elikagaien Segurtasunaren Europako Agintaritza eratu zuen eta elikagaien segurtasunari buruzko prozedurak ezartzen dituen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2002ko urtarrilaren 28ko 178/2002 (EE) Erregelamenduak ezarritako betebeharren arabera. Gainera, sektoreko legeria espezifikoak hala xedatzen duenean, operadoreek eskura izango dute hark deskribatzen duen barneko trazabilitate-prozedura.

3.Operadoreek arloan eskumena duten agintarien esku jarri beharko dute beren autokontroleta trazabilitate-sistemari buruzko informazio guztia, bai eta hark sortutako edo handik eratorritako informazioa ere.

Aipatutako informazioa gorde beharko dute eta, kasua hala denean, hari dagokion dokumentazioa ere bai, produktuen gutxieneko iraupenedo iraungitze-dataren ondorengo sei hilabeteetan, gutxienez.

Produktuek hiru hilabetez azpiko edo data zehatzik gabeko iraungitze-data duten kasuan, eta haien jomuga, zuzenean, azken kontsumitzailea denean, aipatutako informazioa produktua industrian egin zeneko edo biltegian entregatu zeneko dataren ondorengo sei hilabeteetan gorde beharko da.

4.Beren esparruan autokontroleko sistemak ezartzen dituzten sektoreko elkarteek edo kooperatibek xede horretarako prozedura bat prestatu eta sektoreko operadore edo kooperatibako bazkide guztiei eman beharko diete ezagutzera, bai eta arloan eskumena duten agintariei ere.

11. artikulua. Operadorearen autokontrolaren egiaztapena, elikagaien kalitateari dagokionez.

1.Kalitate-arau batek edota legeedo erregelamendu-xedapen batek ikuskaritzaedo ziurtagiri-erakundeek autokontrola egiaztatzea eskatuko balu –beren araudi propioa duten kalitate-figuren baldintza-agiriak alde batera utzita–, artikulu honetan ezarritako baldintzak betetzeaz gainera, aipatutako erakundeek erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko dute beren jarduera hasten duten lurralde-eremuko agintari eskudunaren aurrean. Egitate horren berri emango zaie beste lurralde-eremu batzuetako gainerako agintari eskudunei, beren jarduera haien lurraldean garatzen duten kasuan.

Aurkeztutako erantzukizunpeko adierazpena baliozkoa izango da nazio-lurralde osoan jardun ahal izateko.

2.Ikuskaritzaedo ziurtagiri-erakundeek ondorengo baldintza hauek bete beharko

dituzte:

a) Dagokion sektoreko legeriak ezartzen dituen arauak betetzea.

b) Egitera doan jarduera espezifikoa gauzatzeko Egiaztatze Erakunde Nazionalak (ENAC) akreditatuta egotea, produktuen merkaturatzea jagon eta egiaztatzeko baldintzak ezartzen dituen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008ko uztailaren 9ko 765/2008 (EE) Erregelamenduan ezarritakoaren arabera, eta esandako erregelamenduan aurreikusitako pareen bidezko ebaluazio-sistemaren pean jarri eta gainditu izatea.

c) Kontrol ofizialeko agintari eskudunei ikuskaritzako edo ziurtagiria emateko aktibitateen esparruan hautemandako balizko ez-betetzeak jakinaraztea.

Halaber, puntualki informatuta eduki beharko dute agintaritza eskuduna egiaztapena eten eta kendu izanari buruz edota haren aktibitateari dagokion zeinahi gora-beheraren gainean.

III. TITULUA

Zehapen-araubidea

12. artikulua. Printzipio orokorrak.

1.Sektore bakoitzean eskumena duten administrazioek diktatutako nahitaez bete beharreko elikagaien kalitateari buruzko arautegiak, aplikatzekoa den arautegi horizontalak eta lege honetan jasotako aginduek biltzen duten eta aplikaziokoa den elikagaiei buruzko legerian xedatutakoa ez betetzea arau-hauste administratibotzat hartuko da, eta arin, astun edo oso astun kalifikazioa emango zaio, titulu honetan egindako arau-hausteen sailkapena kontuan hartuta.

2.Arau-hausteei aplikatu ahal izango zaizkien zehapenak titulu honetan ezarritakoak izango dira, beren kalifikazioaren arabera.

3.Elikagaien kalitatearen kontrolaren arloan eskumenak dituzten zerbitzuek edo agintariek, beren lana burutzean, hautematen badute osasunerako arriskuak egon daitezkeela, dagokien jarduketaren parte hori osasungintzako agintari eskudunen ardurapean utziko dute, eta horiek kalifikatuko dituzte arau-hausteak, aplikatzekoa den osasun-legeriaren arabera.

13. artikulua. Arau-hauste arinak.

Arau-hauste arintzat hartuko dira honako hauek:

1.Ikuskatutako establezimenduan enpresaren, industriaren, establezimenduaren, instalazioaren, lokalaren, garraio-bitartekoaren, jardueraren, elikadura-produktuaren edota elikagaia elaboratzeko eta eraldatzeko lehengaiaren, osagaiaren edo substantziaren inskripzio ofiziala egiaztatzen duen ziurtagiria ez edukitzea, legez izena emanda egotera behartuta dagoenean, edo dagokion tokian eta moduan agerian jarrita ez edukitzea.

2.Justifikatutako arrazoirik gabe, erregistroak edo erregistro-liburuak, elikagaiei buruzko adierazpenak edo laguntzako dokumentuak ez aurkeztea, ikuskapen-ekintzetan kontrolatzeko eskatzen zaizkienean, edo datu okerrekin, hutsegiteekin edo daturik gabe aurkeztea, kontsignatutako kantitatearen eta egiazkoaren arteko aldeak azken horren % 15a gainditzen duenean eta produktuen mugimenduak beste modu batera frogatu daitezkeenean.

3.Gordailuak, siloak, edukiontziak eta handizka saltzen diren produktuen edozein motatako ontziak identifikatuta ez edukitzea, edo identifikazioa ez izatea argia, edo ez edukitzea ezin ezabatuzko markarik; orobat, bolumen nominala edo beste datu batzuk ez adieraztea, aplikatzekoa den araudiak hala agindu arren.

4.Produktuen izakinei, elaborazioari edo mugimenduei buruzko adierazpenak ez aurkeztea, edota osatu gabe, datu okerrekin, hutsegiteekin edo daturik gabe aurkeztea, edo arauzko epetik kanpo, edo nahitaezkoa denean produktu jakin batzuen elaborazioeta tratamendu-praktikak egikaritu aurretik, baldin eta arau-haustea eratzen duten egitateek ez badute eraginik kontsignatutako produktuen izaeran, kalitatean, ezaugarrietan, osaketan edo jatorrian.

5.Ikuskaritza eta administrazio-kontroleko eginkizunak gauzatzeko beharrezkoa den dokumentazio edo informazio osoa ez ematea, ikuskatzaileek agiri horiek eskatu ondoren.

6.Etiketan, produktuen aurkezpenean, laguntzako dokumentuetan, merkataritzaagirietan, erregistroetan, errotulazioan edo bilgarrian, araututako azalpen nahitaezko edo borondatezkoren bat erregelamenduz ezarrita dagoenaz besteko modu batean agertzea, edo azalpen horiek baimendutakoak ez izatea; baita arautu gabekoak edo, baimenduak izan arren, elikagaiei buruz kontsumitzaileari eman beharreko informazioaren printzipio orokorrak betetzen ez dituztenak izatea ere.

7.Laguntzako dokumentuak edo merkataritza-agiriak balioztatzea edo benetakotzat aitortzea arloan eskumena duen organoaren baimenik gabe, edota ez balioztatzea edo benetakotzat ez aitortzea izapide hori nahitaezkoa den kasuan.

8.Desadostasunak egotea elikadura-produktuaren edo hura elaboratzeko eta merkaturatzeko lehengaien, osagaien edo substantzien benetako ezaugarrien eta operadoreak eskaintzen dituenen artean, aplikatzekoa den erregelamenduak mugatzen dituen parametroez edo elementuei buruzkoa bada eta soberakinak edo eskasiak ez badu eraginik produktuaren izaeran, identitatean, arauzko definizioan, kalitatean, edo izenean, betiere diferentzia horiek ez badute bikoizten erregelamenduz onartzen den tolerantzia aipatutako parametroari edo elementuari dagokionez.

9.Aplikatzekoa den arautegian ezarrita daudenetatik bestelako tratamenduak, praktikak edo prozesuak aplikatzea, betiere elikadura-produktuen edo haiek elaboratzeko material, lehengai edo elementuen osaketan, definizioan, identitatean, izaeran, ezaugarrietan edo kalitatean eraginik ez badute.

10.Kautelazko neurriak ez betetzea, ez-betetze formal soila den kasuan, astun gisa sailkatu gabea, horien artean, organo eskudunaren baimenik gabe, kautelaz immobilizatutako salerosgaiak fisikoki lekualdatzea, betiere prezintoak bortxatzen ez badira, eta salerosgaiak ez badira ateratzen immobilizatuak izan ziren instalazioetatik.

11.Elikagaien elaborazioaren, eraldaketaren, biltegiratzearen edo merkaturatzearen kalitatearen defentsan eskumena duten administrazioek jarduerari buruz emandako jarraibideak eta elikagaien elaborazioarekin eta merkaturatzearekin zerikusia duten arauetan ezarritako betekizunak, obligazioak edo debekuak –garraioari buruzkoak barne– ez betetzea, betiere arau-hauste formal soilak eta ondorengo artikuluetan aurreikusi gabekoak badira.

12.Lege honek araututako arloan indarrean dauden xedapenetan ezarritako obligazioak betetzeko orduan gertatzen diren irregulartasun xumeak, arau-hauste astun edo oso astunen artean ez badaude.

14. artikulua. Arau-hauste astunak.

Honako hauek hartuko dira arau-hauste astuntzat:

1.Elikadura-produktuen edo haiek elaboratzeko eta eraldatzeko lehengaien, osagaien edo substantzien elaborazioko, eraldaketako edo merkaturatzeko etapetako edozeinekin zerikusia duten jarduerak burutzea baimenik gabe, baimenean berariaz jasota ez dauden jarduerak burutzea, edota baimena baliogabetu zaien aktibitateetan jardutea edo, elikadura-industrien kasuan, hedatze edo murrizketa funtsezkoak egitea, lekualdatzea, edo esandako industria horren titulartasuna aldatzea, egoitza soziala aldatzea edo ixtea, dagokion erregistro mailako aldaketa egin gabe.

2.Produktuak, lehengaiak edo elementuak izena eman gabe egotea, legez betebehar hori nahitaezkoa denean, haietako bakoitzarentzat ezarrita dagoen eran eta moduan.

3.Merkataritzako erregistrorik edo erregistro-libururik ez eramatea, salmenta-fakturen jatorrizko taloitegia edo indarrean dauden xedapenek ezarritako gainerako dokumentuak ez edukitzea, dokumentu horietan irakurtzen edo ulertzen zaila den informazioa edukitzea edo haiek gaizki kudeatzea, edota erregistroak arauzko denboran ez gordetzea edo beste sistema baliokide batean dokumentatuta ez edukitzea.

4.Erregistroetan idatzoharrik eginda ez edukitzea hilabete baino gehiago igaro denean idatzi behar zen datatik trazabilitate-ondorioetarako, edo, esandako denboraldi hori igaro gabe egonik, erregistratutako idazpena edo idazpenak ezin justifikatu direnean beste dokumentazio baten bitartez.

5.Elikagaien inguruko arautegiak ezartzen dituen erregistroetako edo adierazpenetako okerrak edo hutsegiteak, kantitate kontsignatuaren eta zuzenaren arteko aldeak azkeneko hori % 15ean gainditzen baldin badu, edota, ez gainditu arren, produktuen izaeran, kalitatean, ezaugarrietan, osaketan edo jatorrian eragina badu.

6.Aplikatzekoa den elikagaien arloko arautegiaren arabera egin beharreko adierazpenak ez aurkeztea edo finkatutako epetik kanpo aurkeztea, produktu jakin batzuen elaborazioeta tratamendu-praktikak egin aurretik, edo adierazpen horietan okerrak, hutsegiteak edo datu faltak egotea, arau-haustea eratzen duten egitateek eragina baldin

badute kontsignatutako produktuen izaeran, kalitatean, ezaugarrietan, osaketan edo jatorrian.

7.Nekazaritzaeta elikadura-industriak instalatzea edo aldatzea aipatutako industria horien erregulazioan indarrean dauden xedapenak bete gabe.

8.Autokontroleko eta barne-trazabilitateko sistema bat ez edukitzea edo ez eramatea, hura eramateko obligazioa duenean sektoreko arautegi espezifiko batek aginduta, edo trazabilitatea segurtatzeko sisteman arauzko elementuren bat ez edukitzea, hala nola produktuen identifikazioa, erregistroak eta laguntzako dokumentazioa, edota behar adinako eta eguneratutako trazabilitateko sistemak eta prozedurak ez edukitzea.

9.Elikagaigintzako produktuen edo haiek elaboratzeko eta merkaturatzeko lehengaien, osagaien eta substantzien ezaugarrietan iruzur egitea, batez ere honako hauei eragiten bazaie: identitatea, izaera, mota, osaketa, edukia, izendapena, arauzko definizioa, kalitatea, aberastasuna, pisua, bolumena edo kantitatea, gehiegizko hezetasuna, printzipio erabilgarrien edukia, erabiltzeko gaitasuna edota egiazko ezaugarrien eta elikagaioperadoreak eskaintzen dituenen arteko beste zeinahi desadostasun, bai eta indarrean dagoen legeriak xedatutakoa urratzea edo ez betetzea dakarren izaera bertsuko beste zeinahi egintza ere.

10.Arautegiarekin bat ez datozen elikadura-produktuak edo haiek elaboratzeko eta merkaturatzeko lehengaiak edo osagaiak eta substantziak erabiltzea edo merkaturatzea, baimendu gabeko praktika, prozesu edo tratamenduen xede izan direnean, osaketa aldarazten duten substantziak edo elementuak gehitzea edo kentzea eta elikagaien elaborazio, eraldaketa edo merkaturatze etapekin zerikusia duten jarduerei buruzko legeria espezifikoak baimendu gabeko produktuak, substantziak, gaiak, tresneriak, makineria edo elementuak edukitzea edo produktuari buruzko informazioaren presentziaren eta zehaztasunaren bitartez berorien identitatea bermatu ezin daitekeen produktuak gordailutzea zeinahi instalazio edo garraio-bitartekotan.

11.Soltean saltzeko produktuak edukitzea edo merkaturatzea horretarako baimenik izan gabe, edo aplikatzekoa den legeria espezifikoak baimentzen ez dituen substantziak edukitzea, haiek edukitzeko edo merkaturatzeko baimenik gabe.

12.Nekazaritzaeta elikadura-industrien lokaletan elikagaien elaborazioarekin, eraldaketarekin edo merkaturatzearekin zerikusia duten jarduerei buruzko legeria espezifikoak baimendu gabeko tresneria, makineria edo instalazioen jabe izatea.

13.Produktuak, gaiak edo elementuak merkaturatzea dagokien nahitaezko etiketa, laguntzako dokumentu, merkataritza-agiri, errotulazio, aurkezpen, bilgarri edo ontzirik gabe, edota hartzaileak edo kontsumitzaileak engainura eraman ditzakeen informazioarekin merkaturatzea.

14.Dokumentuen bidez ezin frogatu ahal izatea egiazkoak eta zuzenak direla elikadura-produktuen etiketan, laguntzako dokumentuetan edo merkataritza-agirietan jasota dauden informazioak, edota haien elaborazioan edo eraldaketan erabilitako produktuen etiketa eta agirietan jasota daudenak.

15.Elikadura-produktuen etiketan Europar Batasunean indarrean dauden merkaturatze-arauekin –nekazaritzako produktuen merkatu antolakunde erkidea sortu eta 922/72 (EEE) , 234/79 (EEE) , 1037/2001 (EE) eta 1234/2007 (EE) Erregelamenduak indargabetzen dituen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1308/2013 (EB) Erregelamenduaren II. tituluko 1. kapituluaren 1. atalean ezartzen dira merkaturatze-arau horiek– edo baimendutako hautazko termino erreserbatuekin, edota nazioko edo Europar Batasuneko arautegian –edo horiek ordezten dituzten araudietan– erregulatutako beste hautazko zeinahi azalpenekin bat ez datozen adierazpenak erabiltzea.

16.Arauzko denboran ez gordetzea jasotako produktuen jatorrizko laguntzako dokumentuak eta bidalitako produktuen laguntzako dokumentuen kopiak.

17.Etiketan, laguntzako dokumentuetan, merkataritza-agirietan, erregistroetan, errotulazioan, aurkezpenean edo bilgarrian okerrak, hutsegiteak edo datuedo informazioezak egotea, baldin eta oker, hutsegite edo ez-egite horiek nahitaezko azalpenei buruzkoak badira.

18.Elikadura-produktuen egiazko identitatea aldatzea edo haiek identifikatzeko balio duten eta elikagaiak elaboratu eta merkaturatzeko behar diren lehengaien, osagaien edo beste zeinahi substantziarena aldatzea.

19.Nahasmendua edo engainua eragitea elikadura-produktuei edo haiek elaboratzeko eta merkaturatzeko lehengai, osagai edo beste zeinahi substantziari dagokionez, eta orobat haiek eskaintzea edo merkaturatzea, baita engainua hartzaileek, erosleek edo kontsumitzaileek ezagutzen duten kasuan ere.

20.Lege honetan aipatzen diren gaietako informazio-, zaintza-, ikerketa-, ikuskapen-, izapidetzeeta betearazpen-eginkizunak betetzeko organo eskudunek edo behar bezala egiaztatutako haien agenteek eskatutako informazioa edo datuak emateari aurka egitea, eta informazio okerra edo dokumentazio faltsua ematea, eta, zehazki, ondoren aipatzen diren jarduketa hauek gauzatzea:

a) Ez uztea lokal, instalazio edo garraio-ibilgailu jakin batzuetara sartzen.

b) Ez uztea laginak hartzen edo produktuen gaineko beste kontrol mota batzuk

egiten.

c) Ez justifikatzea zirkulazioan jarritako produktuen gainean egindako egiaztapen eta kontrolak.

d) Ez ematea, ikuskapena egiten den unean, ikuskapen funtzioa betetzen duen administrazio publikoko funtzionarioak bere ikerketa-eginkizunak betetzeko behar dituen dokumentu, datu eta informazio guztia, edo ez uztea horiek egiaztatzen.

e) Ikuskapen-eginkizunetan ari den funtzionarioari ez ematea, horrek zehaztutako epearen barruan, eskatutako datuak edo informazioak.

f) Ikuskapen-eginkizunetan ari den funtzionarioari ez ematea hark eskatutako dokumentazioa ikuskapena egiteko unean edota ez helaraztea hark zehaztutako epearen barruan.

21.Kautelaz immobilizatutako salerosgaiak manipulatzea, lekualdatzea edo zeinahi eratan erabiltzea, agintari eskudunaren baimenik gabe, betiere prezintoak bortxatzen ez badira, osasunerako arriskutsuak direla egiaztatzen ez bada eta salerosgaiak ez badira ateratzen immobilizatuak izan ziren instalazioetatik.

22.Kautelazko immobilizazioa altxatu gabe egonik elikadura-produktuak merkaturatzea, kautelaz geldiarazitako ibilgailuak mobilizatzea edo kautelaz jarduera etenda dagoen establezimendu bateko eremu, elementu edo aktibitate bat abian jartzea.

23.Elikadura produktuak edo haiek elaboratzeko eta merkaturatzeko lehengaiak, osagaiak eta substantziak merkaturatzea, erostea edo eskuratzea, aipatutako jarduerak kautelaz etenda daudenean.

24.Ikuskapen-zereginetan ari diren funtzionarioak, haien laguntzaileak eta, kasua hala denean, zehapen-espedienteen instruktoreak iraintzea eta errespeturik gabe tratatzea.

25.Berriro arau-hauste arin berean erortzea azkeneko hiru urteetan. Lehen arauhaustea egindako egunetik hasiko da zenbatzen epea, eta berori aplikatzeko beharrezkoa izango da ebazpen zehatzaileak irmotasuna hartzea administrazio-bidean, administrazioerrekurtso bat jarri den kasuan.

15. artikulua. Arau-hauste oso astunak.

Arau-hauste oso astuntzat hartuko dira honako hauek:

1.Izaera larriko osasun-kalteak eragin dituzten edota halakoei bidea irekitzeko edo estaltzeko balio izan duten arau-hauste astunak egitea.

2.Bestelakotzea, aizuntzea, faltsutzea edo iruzurra hedatzea dakarten arau-hauste astunak egitea, horiek gauzatzeko, ezkutatzeko edo estaltzeko behar diren substantziak, bitartekoak edo prozedurak hirugarren batzuei ematearen bitartez.

3.Berriro arau-hauste astun berean erortzea azkeneko bi urteetan. Lehen arauhaustea egindako egunetik hasiko da zenbatzen epea, eta berori aplikatzeko beharrezkoa izanago da ebazpen zehatzaileak irmotasuna hartzea administrazio-bidean.

4.Ikuskaritzako zerbitzu publikoen jarduketari erabat uko egitea.

5.Ikuskapen-zereginetan ari diren funtzionarioak, haien laguntzaileak, kasua hala bada, zehapen-espedienteen instruktoreak, eta kudeaketa-organismoetako edo kontrolerakundeetako langileak hertsatzea, beldurraraztea, mehatxatzea edo gaizki tratatzea, edota esandako horiei beste presio modu larriren bat egitea.

6.Elikadura-industriak hornitzea, kostu bidez edota dohainik, baimendu gabe edo galarazita dauden elikadura-produktuz, lehengaiz, osagaiz edo substantziaz, esandako industria horiek duten baimenaren araberako produktuak elaboratzeko.

7.Produktua faltsutzea edo faltsututako produktuak merkatura ateratzea, betiere arau-hauste penala ez baldin bada.

8.Kautelaz immobilizatutako salerosgaiak manipulatzea, lekualdatzea edo zeinahi eratan erabiltzea, baimenik gabe, betiere prezintoak bortxatzen badira, osasunerako arriskutsuak direla egiaztatzen bada edo salerosgaiak ateratzen badira immobilizatuak izan ziren instalazioetatik.

16. artikulua. Arau-hausteak batera gertatzea.

1.Elikagaien kalitatearen defentsaren arloan, egitate berberagatik subjektu berari bi arau-hauste edo gehiago batera egozten baldin bazaizkio, zehapen orokor gisa arauhauste astunenari dagokiona ezarriko zaio, zehapenaren mailarik handienean, baina zehapen horrek ezingo du gainditu arau-hausteak banaka zehatzearen ondoriozko batuketatik ateratzen dena; muga hori gainditzen den kasuan, arau-hausteak zein bere aldetik zehatuko dira.

2.Bai kontsumitzaileen defentsaren arloko arautegian eta bai elikagaien kalitatearen defentsarenean sailkatutako bi arau-hauste edo gehiago batera egozten baldin bazaizkio subjektu berari, egitatea eta funtsa berbera izanik, ezingo dira, ezein kasutan, biak zehatu. Helburu horretarako, 25. artikuluaren arabera, behar bezainbateko koordinazioa ezarriko da bi arloetan eskumenak dituzten agintaritzen artean.

3.Hautemandako arau-hausteetan baldin ikusiko balitz arau-hauste penala egon daitekeela, eskumena duen jurisdikzioari pasatuko litzaioke erruduntasun-testigantza, eta bertan behera utziko dira zehapen-prozedurari dagozkion izapideak, harik eta agintaritza judizialak epai irmoa ematen duen arte, jarduketak artxibatuta geratzen diren arte, edota Fiskaltzak espedientea itzultzen duen arte.

17. artikulua. Arau-hausteen erantzukizuna.

1.Arau-hausteen subjektu arduradun izango dira lege honetan arau-hauste gisa sailkatutako ekintza edo ez-egiteetan erortzen diren pertsona fisiko edo juridikoak eta ondasun-erkidegoak.

2.Europar Batasuneko araudiak beste araubide bat aurreikusten duenean izan ezik, ontziratutako produktuetan egindako arau-hausteen erantzule etiketan agertzen diren firmak edo izen sozialak izango dira, banatzailea barne, bai izendatuta, bai identifikatzeko moduko beste zeinuren baten bidez agertzen badira. Produktua faltsutua dela edo edukitzaileak produktua gaizki kontserbatu izana egiaztaturik geratzen diren kasuak salbuesten dira, betiere etiketan kontserbazio-baldintzak zehazten baldin badira.

Halaber, etiketan agertu ez arren, produktua elaboratu, ekoitzi edo ontziratu duena eta banatzailea erantzule solidario izango dira arau-haustea ezagutzen zutela eta beren adostasuna eman zutela frogatzen bada.

Etiketak faltsutu baldin badira, berriz, arau-haustearen erantzukizuna faltsutzea egin zuenarena eta faltsutzearen berri jakinda produktuak merkatura atera dituztenena izango da.

3.Solte saltzeko produktuetan edo etiketarik gabe ontziratuetan egindako arauhausteen kasuan, edota etiketan inongo firmarik edo izen sozialik jarri ez den kasuetan, produktuon edukitzailea izango da erantzule, non eta aurreko edukitzailea argi eta garbi identifikatzen ez den; nolanahi ere, azkeneko edukitzaileak eta banatzaileak ere izango dute erantzukizuna.

4.Lege honetan aurreikusitako betebeharrak betetzea pertsona bati baino gehiagori dagokienean, edo arau-haustea bati baino gehiagori egotz dakiekeenean eta horietako bakoitzaren partaidetza-maila zehaztea ezinezkoa denean, guztiek modu solidarioan erantzungo dute kasuan kasuko arau-haustearen aurrean, baita ezartzen diren zigorren aurrean ere.

5.Erantzule subsidiario izango dira, halaber, elaborazioa eta kontrola eramaten duten teknikari arduradunak ere, zuzen-zuzenean beren aktibitate profesionalarekin lotutako arau-hausteei dagokienez.

6.Lege honetan araututako arau-hausteen ondoriozko administrazio-erantzukizuna arduradunei eska dakiekeen erantzukizun zibilaren edo penalaren mende egongo da, eta azken horrek lehentasuna izango du; gainera, administrazio-prozedura zehatzailea geratu egingo da hautematen denean egitateak delitua izan daitezkeela, edota egitate berberei buruzko prozesu penal bat garatzen ari badira, 16.3 artikuluan jasotakoarekin bat.

7.Dagozkien zehapenak gorabehera, arau-hausteen arduradunak behartuta egongo dira sortu diren kalte eta galerengatik kalte-ordaina ematera. Esandako kalte-ordaina zehapena ezartzeko eskumena duen organoak zehaztuko du, eta horrelako kasuetan, prozeduran interesdun dela iritziko zaio kaltetua izan denari.

18. artikulua. Neurri osagarriak.

Baldin eta zehatutako arau-haustearekin lotutako merkantzia, produktu, ontzi, etiketa

edo beste elementu batzuk kautelaz atzeman badira, zehapen-prozedura ebaztea dagokion agintariak berak erabaki beharko du atzemandakoekin zer egin. Edozein kasutan ere, produktuok beste norabait eramateak, suntsitzeak edo konfiskatzeak eragindako gastuak arau-hausleak berak ordaindu beharko ditu, konfiskatutako salerosgaien jabeari ordaindu behar zaion kalte-ordaina barne, ez bada jabea bera izan araua hautsi duena.

19. artikulua. Hertsapen-isunak.

1.Interesdunak ez baldin badu lege honetan ezarritako obligazio guztiz pertsonala betetzen, edota osoki betetzen ez badu, hertsapen-isunak jarri ahalko zaizkio obligazioa bere osotasunean betetzeko, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 99.1 artikuluan aurreikusten diren kasuetan.

Hertsapen-isuna 100 eurokoa izango da atzeratzen den hil bakoitzeko, obligazioak loturarik ez daukanean salerosgaiaren balioarekin, eta salerosgai horren balioaren % 1ekoa atzeratutako hil bakoitzeko, ezarritako obligazioak aipatutako balioarekin lotura duenean.

2.Obligazioa betetzen ez den kasuan, hertsapen-isunak gutxienez hiru hilabeteko aldizkakotasunez jarriko dira, harik eta haien xede den zehapena erabat eta guztiz betetzen den arte.

3.Hertsapen-isunak independenteak izango dira eta bateragarriak egindako arauhausteari dagozkion zehapenekin.

20. artikulua. Zehapenak.

1.Agintari eskudunak honako zehapen hauek jarri ahal izango ditu bere esparruan:

a) Arau-hauste arinengatik, ohartarazpena edo 4.000 eurorainoko isuna ezarriko da.

b) Arau-hauste astunak 4.001 eurotik 150.000 eurora bitarteko isun bidez zehatuko

dira.

c) Arau-hauste oso astunak 150.001 eurotik 3.000.000 eurora bitarteko isun bidez zehatuko dira.

d) Ezartzen den zehapena ez da inoiz arau-haustea egitearen bitartez lortutako legez kontrako onura baino txikiagoa izango, zenbatekoari dagokionez.

2.Ebazteko eskumena duen organoak ondorengo neurri hauetakoren bat ezarri ahalko du zehapen osagarri gisa:

a) Kaltea ez luzatzeko zuzentze-, segurtasunedo kontrol-neurri egokiak jarraraztea.

b) Identifikatu gabeko produktuak edo adostasunik ez duten salerosgaiak, produktuak, ontziak, etiketak edo beste elementu batzuk konfiskatzea.

c) Enpresa zigortuaren zati bat edo osoa aldi baterako ixtea, gehienez ere bost urterako.

d) Faltsututako produktua merkatutik erretiratzea, arau-haustea produktua faltsutzeari buruzkoa denean, mota, aldaera edo arraza ordeztu delako.

21. artikulua. Zehapenak mailakatzea.

Arau-hauste bakoitzari jar dakizkiokeen zehapenen artean kasuan kasu zein egokitzen

den erabakitzeko, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan:

a) Arau-haustea nahita egin den edo zabarkeria hutsagatik gertatu den.

b) Prozedura berean irregulartasun edo arau-hauste bat baino gehiago zehatzea.

c) Eragindako kalteen izaera, bereziki arau-hausteak kontsumitzaileen interes ekonomikoetan, prezioetan, kontsumoan eta, kasua hala denean, kalitate bereizia babesteko figuren prestigioan eragin ahal izan duen ondorio kaltegarria.

d) Enpresa arau-hauslearen salmentaedo ekoizpen-bolumena, eta sektorean duen kokapena.

e) Arau-haustea aitortzea eta hutsegitea edo hark eragindako ondorioak zuzentzea, dagokion zehapen-prozedura ebatzi aurretik.

f) Arau-hausteak erasandako salgaien edo produktuen bolumena eta balioa.

22. artikulua. Zehapenak argitara ematea.

Eredugarritasun-arrazoiengatik, izaera bereko arau-hausteetan berriro erortzen denaren kasuan, edo egiaztatzen bada arau-haustea nahita egina izan dela, espedientea ebazten duen agintaritzak erabaki ahalko du lege honetan jasotakoaren ondorioz ezarritako zehapenak argitaratzea.

Neurri hori gauzatzeko, errekurtsoa jartzeko epea bete arte itxarongo da; errekurtsorik jarriko ez balitz, zehapena argitaratu egingo litzateke, gorago esan bezala.

Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen den kasuan, zehapena epaitegian irmoa izan arte itxaron beharko da.

Aipatutako argitaratze horretan, pertsona natural edo juridiko arduradunen izenabizenak edo izen soziala eta egindako arau-hausteen izaera azalduko da, eta Estatuko Aldizkari Ofizialean, arau-hausleak bere izen edo helbide soziala daukan tokiari dagokion autonomia-erkidegoko aldizkari ofizialean eta egoki irizten zaien beste zeinahi komunikabide sozialetan emango da argitara.

Aipatutako zehapenak, gehienera jota, hiru hilabete igaro baino lehen argitaratuko dira, ebazpena irmoa dela jakinarazten den egunetik zenbatuta.

23. artikulua. Zehapen osagarriak.

1.Ezarritako zehapenak edozein direla ere, agintaritza eskudunek, beren eskumenen barruan eta arau-hauste astunen eta oso astunen kasuan, mota guztietako laguntza ofizialak –hala nola kredituak, diru-laguntzak eta zehatutako enpresak eskatu dituen edota etorkizunean eska litzakeen beste laguntza batzuk–, osorik edo partzialki, ezabatzea, indargabetzea edo etetea proposa dezakete, bost urteko epean. Aipatutako agintaritza eskudunak hartuko du horri buruzko erabakia, kasu bakoitzean biltzen diren inguruabarrak aintzat hartuta, esandako ezabatzeak, indargabetzeak edo eteteak iraungo duen denbora barne.

Arau-hausleak Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumeneko Ministerioaren datu-base batean sartuko dira, zeina autonomia-erkidegoek eta Ministerioak berak egiten dituzten

datu-gehikuntzetatik elikatuko baita, inplikatutako organismoek soilik kontsulta dezaten, eta berorretatik baja emango zaio arau-hausleari dagokion denboraldia igaro denean, betiere esandako arau-hausleak ezarritako zehapenaren zenbatekoa ordaindu baldin badu. Aipatutako zerrendan jaso beharreko datuak erregelamendu bidez ezarriko dira. Datu pertsonalak babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eskatzen den isilpekotasun mailarekin gorde eta zaindu beharko dira.

2.Arau-hauste astunen eta oso astunean kasuan, zehapena ezartzeko eskumena duen agintaritzak, zehapena edozein dela ere, administrazio publikoekin kontratu osoak edo partzialak egiteko gaikuntza kenduko die zehatutako enpresa edo operadoreei, bost urteko epean.

3.Zehapen irmoak berehalaxe egikarituko dira, azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritakoaren arabera.

4.Lege honetan aurreikusitako zehapenak bateragarri izango dira Europar Batasuneko araudian aurreikusitako eskubide ekonomikoen galera edo eskubide horiek kentzearekin.

24. artikulua. Preskripzioa eta iraungitzea.

1.Arau-hauste eta zehapen oso astunak sei urtera preskribatuko dira, astunak lau urtera, eta arinak bi urtera.

2.Arau-hauste eta zehapenen preskripzio-epeak zenbatzeko, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 132. artikuluaren 2. eta 3. zenbakietan xedatutakoa bete beharko da. Arau-hauste jarraituen kasuan, jarduera amaitzen den unean edo arau-haustea burutzen duen azken egintza amaitzen den unean hasiko da zenbatzen preskripzio-epea. Arauhaustea osatzen duten gertakari edo jarduerak ezezagunak badira kanpo-aztarnarik uzten ez dutelako, gertakari edo jarduerak agerian geratzen direnean hasiko da epea zenbatzen.

3.Zehapen-prozedura ebazteko eta dagokion ebazpena jakinarazteko gehieneko epea urtebetekoa izango da, prozedura ireki zenetik zenbatuta, autonomia-erkidegoko araudiak luzeago bat finkatzen duenean salbu.

4.Esandako epean ez bada ebazpenik ematen, espedientea iraungita geratuko da, baina berriro ireki ahalko da, betiere arau-haustea preskribatu ez bada, eta laginak hartzea, egindako analisiak, ekintzak, dokumentuak eta izapideak kontserbatu egingo dira berorien edukiak mantendu diren neurrian, aurreko prozedura iraungi ez balitz bezalaxe.

5.Arau-hausteak pertsegitzeko ekintza iraungita geratuko da, administrazioak arauhauste baten berri izan eta egitateak argitzera zuzendutako eginbideak amaiturik direla – laginak hartzea lotuta daraman akta baten kasuan, hasierako analisiaren buletineko data hartuko da aintzat–, urtebete baino gehiago igaro baldin bada agintaritza eskudunak gaiari dagokion prozedura hasteko agindu gabe.

IV. TITULUA

Administrazioen arteko lankidetza

25. artikulua. Elkarlana eta lankidetza kontrola egikaritzean.

1.Administrazio publikoek eta haiei lotutako edo mendeko organismo publikoek, kasu bakoitzean aplikatzekoa den araudiaren arabera, koordinatuta jardungo dute eta behar bezainbateko lankidetzan arituko dira beren artean, kontrol-jarduerak aurrera eramateko eta lege honetan aurreikusitako zehapenak egikaritzeko.

Bereziki elkarlanean eta lankidetzan arituko dira elikagaien kalitatearen defentsaren arloan eta kontsumitzaileen babesarenean eskumenak dituzten administrazioak.

Beren lana egiten ari direnean, ikuskapen eta kontrol arloko eskumenak dituzten agintariek beste zeinahi agintaritzaren beharrezko sostengua eskatu ahalko dute, baita Guardia Zibilarena eta, kasua hala denean, beste edozein segurtasun-indar eta -kidegorena.

Kalitate-kontrolaren eta iruzurren aurkako defentsaren arloko agintari eskudunek administrazio-laguntza emango diote elkarri, bai kontroleta bai zehapen prozeduretan.

2.Kontrol-prozeduren garapenaren eraginkortasuna hobetzeko eta merkatuaren batasuna eta transakzio komertzialetan leialtasuna mantentzen laguntzeko, Elikagaien Kalitatearen Koordinazioko Mahaia eratu da, lantalde gisa, Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioari atxikita. Izaera instituzionala izango du eta Estatuko Administrazio Orokorreko eta elikagaien kalitatearen kontrol arloan eskumenak dituzten autonomiaerkidegoetako ordezkariek osatuta egongo da aipatutako mahaia. Elkarlanean aritzeko gonbita egingo zaie, gaiak hala eskatzen duenean edo haiei dagokien auziren bat azaldu behar dutenean, elikagaien sektorea ordezkatzen duten elkarteei, bereziki, elikaduraindustriari eta beste elkarte edo erakunde batzuei.

Esandako Mahaiak –elikadura-industriako zuzendari nagusia izango du buru– ondorengo gai hauekin loturiko azterlanak eta lan teknikoak gauzatu eta garatuko ditu:

a) Elikagaien kalitatearen defentsarako kontrol ofizialeko jarduketen koordinazioa, kontrol ofizialeko jarduketen programazioa eta ikuskapen-kanpainen antolakuntza barne direla.

b) Elikagaien araudia interpretatzeko irizpide erkideak erabakitzea.

c) Elikagaien kalitatearen defentsarako kontrol ofizialeko aktibitateen emaitzak biltzen dituen urteko txosten bat elaboratzea.

d) Elikagaien araudiaren zabalkundea.

e) Kontrol ofiziala gauzatzen duten funtzionarioen prestakuntzarako jarduerak antolatzea.

f) Elikagaien kalitatearen defentsarako kontrol ofizialari buruzko prozedura dokumentatuak prestatu eta lantzea.

g) Elikadura-katea osotasunean hartuta kalitate-kontroleko analisiak gauzatzea.

h) Elikagaien kalitatea sustatzea.

3.Zerrendatutako helburuak lortzeko, gainera, Elikagaien Kalitatea Kontrolatzeko Sistemaren Informazio Sarea (RICAL) izeneko sarbide mugatuko aplikazio informatikoa erabiltzen da, zeinak autonomia-erkidegoetako kalitate-ikuskatzaileen eskura jartzen baitu Elikagaien Kalitatearen Koordinazioko Mahaiak sortutako dokumentazioa.

4.Autokontroleko jarduerak gauzatzen dituzten sektoreko elkarteek, lege honetako 5.c) artikuluan ezarritakoaren arabera, emaitzen informazioa emango diete Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumeneko Ministerioari eta autonomia-erkidegoetako agintari eskudunei, emaitza horiek indarrean dagoen legerian ezarritakotik apartatuko balira, aipatutako agintari eskudunek neurri egokiak hartu ahal ditzaten.

5.Koordinazioko mahaiak, bere sorreran eta funtzionamenduan, mahaia txertatuta dagoen goragoko edo zuzendaritzako organoak izendatutako pertsona-, teknikarieta aurrekontu-bitartekoak izango ditu.

6.Inplikatutako administrazio publiko batzuei eta besteei kontrolaren arloan dagozkien lanetan koordinazio handiena lortzeko, prozedura operatiboak eta informazioa eta dokumentazioa trukatzeko prozedurak ezarriko dira erregelamendu bidez, eta tresna horiekin lan egin beharko dute aipatutako administrazio publikoek autonomia-erkidego bateko baino gehiagoko operadoreak nahastuta dauden ikuskapen kasu edo espedienteetan, edota beste estatu kide batzuetako administrazio publiko eskudunek garatutako kontroletan laguntza eskatutakoan erantzuna emateko, edo Europar Batasunak sustatutako kontrol-planen esparruan beharrezkoak izango diren lanak garatu behar direnean.

26. artikulua. Kontrol ofizialari buruzko informazioa eman beharra.

1.Elikagaien kalitatearen kontrol ofizialerako eskumena duten autonomietako agintariek esandako kontrol horiei buruzko beharrezko informazioa bidaliko dute, eskatzen zaienean, haien koordinazioaz arduratzen den Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioko unitatera, Elikagaien Kalitatearen Koordinazioko Mahaiak zehazten dituen data eta epeen barruan, dagozkien prozedura dokumentatuak jarraituz, Espainiako lurralde

osoan elikagaien kalitatearen arloan koordinazio eraginkor bat lortzeko xedez, Europako Batzordeari kontrol horren Espainiako eraginkortasunari buruzko informazioa emateko eta informazio hori era homogeneoan eta eguneratuta eskaintzeko.

2.Esandako dokumentu horien emaitza globala eskura egongo da jada aipatutako Elikagaien Kalitatea Kontrolatzeko Sistemaren Informazio Sarean (RICAL) erregistratutako erabiltzaile guztientzat, hala estatukoak nola autonomia-erkidegoetakoak.

3.Elikagaien Kalitateari buruzko Informazioa Trukatzeko Sare bat (RIICA) ezarriko da kontrol ofizialerako eskumena duten agintaritza guztien artean, Guardia Zibileko Natura Babesteko Zerbitzua barne dela, kalitatearen eremuko edozein gorabehera kudeatzeko tresna egokiak eskura izateko xedez, nazio-lurralde osoan eta mota honetako jarduketetan beharrezkoak diren eraginkortasun eta azkartasunarekin. Koordinazio sare horrek erlazioa izango du elikadurako iruzurren jarraipenari gagozkiola Europar Batasuneko agintaritzak sortzekoa duen informazioa trukatzeko sarearekin.

4.Autonomia-erkidegoetako agintari eskudunek aurreko artikuluko 4. zenbakian aipatzen diren elkarteen autokontroleko aktibitateetatik jasotzen duten informazioaren ondorio gisa hartzen dituzten neurriei buruzko informazioa emango diote Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioari.

Lehenengo xedapen gehigarria. Zehapen-araubidea kanalean prestatutako behi eta txerri azienden sailkapenaren arloan.

1.Nekazaritzako produktuen merkatu antolakunde erkidea sortzen duen eta 922/72 (EEE) , 234/79 (EEE) , 1037/2001 (EE) eta 1234/2007 (EE) Erregelamenduak indargabetzen dituen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1308/2013 (EB) Erregelamenduko 10. artikuluaren arabera, kanalean prestatutako behi eta txerri azienden sailkapenaren arloan aplikatzekoa den araudia ez betetzeari dagokion zehapenaraubidea xedapen honetan ezarritakoa izango da.

2.Arau-hauste arinak izango dira honako hauek:

a) Araudi espezifikoaren arabera baimendutako moduez beste era bateko kanala lantzeko modua gauzatzea.

b) Kanala ez markatzea, edo nahitaezko aipamen guztiak adierazi gabe markatzea.

c) Behi azienden kanalen kasuan, erreferentziakoez bestelako aurkezpenak erabiltzea, kanalen pisua doitzeko ondorio horretarako ezarritako koefiziente zuzentzaileak aplikatu gabe. Txerri azienden kanalen kasuan, uztailaren 15eko 1028/2011 Errege Dekretuan –kanalean prestatutako txerri azienden sailkapenari aplikatzekoak zaizkion xedapenak jasotzen ditu– ezarritako aurkezpen-ereduez bestelako aurkezpenak erabiltzea.

d) Animalien hornitzaileari –eta, kasua hala denean, ganaduzaleari, hala eskatzen badu– sailkapenaren emaitzaren informaziorik ez ematea, kategoria eta pisua adierazita, aplikatutako koefiziente zuzentzaileekin batera.

e) Kanalaren pisua edo sailkapena zehazteko orduan hutsegiteak behin eta berriro errepikatzea, hau da, ikuskapena egiteko bisitan, gutxienez, gisa horretako 20 hutsegite hautematea.

3.Hauek dira arau-hauste astunak:

a) Kanalen sailkapena nahitaezkoa den kasuetan sailkapenik ez egitea.

b) Kanalean prestatutako behi azienden kasuan, kontratatutako langileen artean sailkapena egiteko baimena indarrean duen sailkatzailerik ez edukitzea, ikuskapena egiten den unean. Kanalean prestatutako txerri azienden sailkapenari dagokionez, indarrean dagoen araudiaren arabera sailkapenak egiteko baimendutako taldeak ez edukitzea.

c) Kanalen sailkapenari buruzko berariazko araudian agintzen diren erregistroak ez egitea edo kanalen sailkapenari buruzko erregistroak ez gordetzea berariazko araudian ezarritako denboran.

d) Kautelaz geldiarazitako kanalak mobilizatzea.

e) Hiru falta arin egitea, arrazoia edozein dela ere, edo bi falta arin errepikatzea, arrazoi berberagatik, azkeneko hiru urteetan.

4.Hauek dira arau-hauste oso astunak:

a) Ikuskaritzako zerbitzu publikoen jarduketari uko egitea.

b) Ikuskapen-funtzioak betetzen dituzten administrazioko langileak, zehapenespedienteen instruktoreak edo kudeaketa-organismoetako edo kontrol-erakundeetako langileak iraintzea, hertsatzea, beldurraraztea edo mehatxatzea, edota esandako horiei beste presio moduren bat egitea, betiere ekintza horiek ez badute arau-hauste penala eratzen.

c) Kanalen sailkapenaren emaitza faltsutzea.

d) Kautelaz immobilizatutako salerosgaiak manipulatu, lekualdatu edo edukitzea, prezintoak bortxatzen diren kasuan, edota salerosgaiak ateratzea immobilizatuak izan ziren instalazioetatik, arloan eskumena duen organoaren baimenik gabe.

e) Hiru falta astun egitea, arrazoia edozein dela ere, edo bi falta astun errepikatzea, arrazoi berberagatik, azkeneko hiru urteetan.

5. Agintari eskudunak honako zehapen hauek jarri ahal izango ditu bere esparruan:

a) Arau-hauste arinengatik, ohartarazpena eta/edo 4.000 eurorainoko isuna ezarriko

da.

b) Arau-hauste astunak 4.001 eurotik 150.000 eurora bitarteko isun bidez zehatuko

dira.

c) Arau-hauste oso astunak 150.001 eurotik 3.000.000 eurora bitarteko isun bidez zehatuko dira.

6.Egindako arau-haustea astuna edo oso astuna izan bada, ebazpena eman behar duen agintaritza eskudunak ondorengo neurri hauetakoren bat ezarri ahal izango du zehapen gehigarri gisa:

a) Kaltea ez luzatzeko zuzentze-, segurtasunedo kontrol-neurri egokiak jarraraztea.

b) Kanalak konfiskatzea.

Bigarren xedapen gehigarria. Elkar aitortzeko klausula.

Lege hau ez zaie aplikatuko Europar Batasuneko beste estatu batzuetako legeespezifikazioen arabera fabrikatu edo merkaturatutako elikadura-produktuei, ez eta Europako Merkataritza Askearen Elkartean (EFTA) , Europako Ekonomia Esparruko (EEE) Itunaren alde kontratugileetan, ez Europar Batasunarekin aduana-hitzarmen bat duten estatuetan jatorria duten elikadura-produktuei ere.

Hirugarren xedapen gehigarria. Gastua ez handitzeko konpromisoa.

Lege honetan jasotako neurriek ezingo dute hornidura-handitzerik eragin, ez eta ordainsariak edo bestelako pertsonal-gastuak handitzerik ere.

Laugarren xedapen gehigarria. Nahitaez bete beharreko elikagaien kalitatearen inguruko araudiaren ezagutza erraztuko duen sistema baten aurreikuspena.

Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak, sektore bakoitzean eskumenak dituzten administrazioek emandako eta nahitaez bete beharreko elikagaien kalitateari buruzko araudiaren ezagutza errazteko, sistema bat artikulatuko du, betiere informazioa emateko eta aldizka, aipatutako araudiaren zerrenda bat egiteko.

Xedapen iragankor bakarra. Aldi iragankorra.

1.Ekainaren 22ko 1945/1983 Errege Dekretua, kontsumitzaileen eta nekazaritzako elikagaien ekoizpenaren babes arloko arau-hausteak eta zehapenak arautzen dituena, ez zaie aplikatuko lege honen esparruan araututako alderdiei, 15 eta 16. artikuluak salbuetsita, horiek aplikatzen jarraituko baita harik eta lege hau erregelamenduz garatu arte.

2.Zehapen-prozedura propio bat garatzen ez den bitartean, Zehatzeko Ahala gauzatzeko prozeduraren Erregelamendua onartzen duen abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretuan araututako prozedura orokorra aplikatuko da.

Azken xedapenetatik lehena. Elikatze-katearen funtzionamendua hobetzeko neurriei buruzko abuztuaren 2ko 12/2013 Legearen hitzaurrea eta 2. artikulua aldatzea.

Bat. Hitzaurreko III. zatiaren zazpigarren lerrokada honela geratuko da idatzita:

«Era berean, lege honen II. tituluko I. kapituluaren aplikazio-eremua 2.500 eurotik gorako transakzio komertzialak, jarraituak edo aldian aldikoak, egiten dituzten operadoreen merkataritza-harremanetara mugatzen da, baldin eta operadoreok honako desoreka egoeraren batean badaude:»

Bi. 2. artikuluaren 3. zenbakia honela geratuko da idatzita:

«3. Lege honen II. tituluko I. kapituluaren aplikazio-eremua 2.500 eurotik gorako transakzio komertzialak egiten dituzten operadoreen merkataritzaharremanetara mugatzen da, baldin eta operadoreok honako desoreka egoeraren batean badaude:»

Azken xedapenetatik bigarrena. Elikatze-katearen funtzionamendua hobetzeko neurriei buruzko abuztuaren 2ko 12/2013 Legea aldatzea.

Bosgarren xedapen gehigarri bat txertatu zaio, honako hau dioena:

«Bosgarren xedapen gehigarria. Estatuko Itsas Arrantzari buruzko martxoaren 26ko 3/2001 Legearen aplikazio-eremuan sartu gabe dauden arrantzaproduktuen trazabilitatearen arloko arau-hausteak eta zehapenak.

Estatuko Itsas Arrantzari buruzko martxoaren 26ko 3/2001 Legearen aplikazioeremuan sartzen ez diren arrantza-produktuak edukitzea, kontsignatzea, garraiatzea, igarotzea, biltegiratzea, eraldatzea, erakustea eta saltzea, legez aurreikusitako zeinahi modutan, indarrean dagoen araudiak eskatzen dituen trazabilitate, etiketatze, higiene edo kontsumitzailea informatzeko betebeharrak betetzen ez badituzte, arauhauste astun gisa sailkatuko da, eta 601 eurotik 60.000 eurora arteko diruzko zehapenarekin zigortuko da.»

Azken xedapenetatik hirugarrena. Nekazaritza Aseguru Konbinatuei buruzko abenduaren 28ko 87/1978 Legea aldatzea.

Bigarren xedapen gehigarria aldatu da eta honela geratu da idatzita:

«Bigarren xedapen gehigarria. Zuzeneko kontzesioa.

Nekazariek ordaindu beharreko hobarien zenbateko globalari Estatuak egindako ekarpenak zuzenean nekazariei emango zaizkie, diru-laguntzak emateko prozeduraren inguruko azaroaren 17ko Diru-laguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorreko 22.2.b) artikuluak ezarritakoaren arabera.»

Azken xedapenetatik laugarrena. Kalitate-arauak.

Gaikuntza ematen zaio Gobernuari elikadura-produktuen kalitate-arauak onar ditzan, beste xede batzuen artean, Europar Batasunaren erregelamenduetara egokitzeko eta existitzen diren arauak sinplifikatu, modernizatu eta balioztatzeko, baita sektorearen lehiakortasuna hobetzeko ere, berrikuntza teknologikoak ekarritako aurrerapenak barne.

Azken xedapenetatik bosgarrena. Eskumen-titulua.

Konstituzioaren 149.1.13 artikuluan xedatutakoaren babesean ematen da lege hau; artikulu horrek Estatuari egozten dio plangintza ekonomikoaren oinarrien eta koordinazio orokorraren gaineko eskumena.

Azken xedapenetatik seigarrena. Garatzeko ahalmena.

Gobernuari baimena ematen zaio lege hau aplikatzeko eta garatzeko beharrezko diren xedapen guztiak eman ditzan.

Azken xedapenetatik zazpigarrena. Zehapenak eguneratzea.

Baimena ematen zaio Gobernuari errege dekretu bidez egunera ditzan lege honek ezarritako zehapenen zenbatekoak.

Azken xedapenetatik zortzigarrena. Indarrean jartzea.

Lege hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Horrenbestez,

Lege hau bete eta betearaz dezatela agintzen diet espainiar guztiei, partikular zein agintariei.

Madrilen, 2015eko uztailaren 30ean.

FELIPE e.

Gobernuko presidentea,

MARIANO RAJOY BREY

w.boe.es

BOLETÍN OFICIAL DEL ESTADO

D. L.: M-1/1958 ISSN: 02

 

 

 

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra