Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Octava ediciión Premios Adrián Celaya

Administrazio zuzenbidea  >>  Legeria  >> Orokorra

29/2014 Legea, azaroaren 28koa, Guardia Zibileko Langileen Araubidearena

2014-11-28

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2014/11/29, 289. zk.

bcl_1130622018.htm

I. XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

12408

29/2014 Legea, azaroaren 28koa, Guardia Zibileko Langileen Araubidearena.

FELIPE VI.a

ESPAINIAKO ERREGEA

Honako hau irakurtzen duten guztiek jakin dezaten.

Jakin ezazue: Gorte Nagusiek ondoko lege hau onetsi dutela, eta Nik, hemen, berretsi egiten dudala.

HITZAURREA

Espainiako Konstituzioak 104. artikuluan ezartzen du Segurtasun Indar eta Kidegoek, Gobernuaren mende, zeregin hau izango dutela: eskubide eta askatasunak libreki baliatzen direla babestea eta herritarren segurtasuna bermatzea. Halaber ezartzen du lege organiko baten bidez zehaztuko direla eginkizunak, jarduteko oinarrizko printzipioak eta estatutuak.

Segurtasun Indar eta Kidegoen martxoaren 13ko 2/1986 Lege Organikoak garatu zuen konstituzio-agindua, eta, beren zereginak zehazteaz gainera, adierazi zuen Guardia Zibilaren –izaera militarra duen institutu armatua– estatutu-araubidea lege horretan, garatzen duten arauetan eta ordenamendu militarrean ezarritakoa izango dela.

Guardia Zibilaren langileentzako estatutu-esparrua eratzeko prozesuarekin jarraitzeko, urriaren 18ko 28/1994 Legea onetsi zen, eta, horren bidez, osatu egin zen Langile Militar Profesionalen Araubidea Erregulatzeko uztailaren 19ko 17/1989 Legeak langile horientzat, oro har, ezarritako araubidea.

Guardia Zibilak, duen izaera militarragatik eta Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoetakoa denez, tradizioa eta berariazko eginkizunak kontuan hartzen dituen estatutua behar du langileei dagokienez. Xede horrekin onetsi ziren honako arau hauek: 42/1999 Legea, azaroaren 25ekoa, Guardia Zibilaren Kidegoko Langileen Araubideari buruzkoa; oraintsuago, 11/2007 Lege Organikoa, urriaren 22koa, Guardia Zibileko Kideen Eskubideak eta Betebeharrak arautzen dituena, eta 12/2007 Lege Organikoa, urriaren 22koa, Guardia Zibilaren Diziplina Araubideari buruzkoa. Arau horiek guztiak oso garrantzitsuak dira kideentzako estatutua eratzeari begira.

42/1999 Legean, azaroaren 25ekoan, Guardia Zibilaren Kidegoko langileen araubidea eratzen zuten alderdiak xedatu ziren, batzuk sakonago beste batzuk baino, hala nola langileen eremuan eskumena duten organoak; enpleguak, kategoriak eta eskalak; plantillak; irakaskuntza-sistema; historia profesionala eta ebaluazioak; karguz igotzeko araubidea; destinoen hornikuntza; administrazio-egoerak; zerbitzu profesionalen etetea; eta guardia zibilen eskubideak eta betebeharrak.

Karrera Militarraren azaroaren 19ko 39/2007 Legearen 1.3 artikuluak ezartzen du Guardia Zibilaren Kidegoko langileen araubideak berariazko legea izan behar duela, eta hura martxoaren 13ko 2/1986 Lege Organikoan oinarritu beharko dela eta, institutu armatu horren izaera eta kideen izaera militarra kontuan hartuta, beste lege hartan. Ondorioz, azken xedapenetako zazpigarrenak araubide hori eguneratzeko gaikuntza ematen dio Gobernuari.

Lege honek, langileen araubidea xedatzeko orduan, aurretik aipatutako arauak hartzen ditu oinarri, eta, bidezko egokitzapenak eginda, aintzat hartzen ditu, eta berariazko legerian eta erregelamenduetan sartzen, gainerako funtzionario publikoei oro har aplikatzekoak diren arauak; hots, funtsean Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren apirilaren 12ko 7/2007 Legean jasotzen direnak.

Hori horrela, Guardia Zibilaren Kidegoko langileen araubidea eguneratu egin behar da, aurretik aipatutako erreferentziazko arau-esparrura egokitzeko; betiere, azaroaren 25eko 42/1999 Legea onetsi zenetik eskuratutako esperientzia aprobetxatuz. Horren guztiaren bidez, sistema integral bat ezarri nahi da, non giza baliabidea izango den elementuetan garrantzitsuena; sistema horretan, hautaketa-prozesu egokia zabalduko da, beharrezko prestakuntza eskainiko da –bai hasieran, bai bizitza profesional osoan zehar– eta sustapenerako aukera nahikoak emango dira; aldi berean, giza baliabideak eraginkortasunez kudeatuko dira. Hori guztia, gizon eta emakume konprometituak izateko, lanarekin motibatuta egongo direnak eta Guardia Zibilari esleitutako eginkizunei eta herritarren segurtasun-beharrei erantzuteko gai izango direnak.

I

Lege honek honela definitzen du guardia zibil kontzeptua: Kidegoarekin zerbitzu profesional iraunkorren harremana duen espainiarra, Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoko kidea eta Guardia Zibilaren karrerako militarra dena. Guardia zibilaren izaera lehenengo enplegua lortzean eta dagokion eskalan sartzean eskuratzen da. Une horretatik aurrera hasten da haren karrera profesionala; karrera horretan, karguz igo ahalko du, prestakuntza eta esperientzia profesionala kontuan hartuta, eta hainbat zeregin bete ahalko ditu erantzukizun-eremuetan.

Lege honen helburuetako bat da Estatuko Administrazio Orokorraren zerbitzura dauden langileei aplikatzekoak diren arauak Institutu armatuko kideen araubide berezian sartzea; horretarako, beharrezko egokitzapenak egin behar dira araudian, helburuen eta izaera militarraren araberakoak.

Emakume eta gizonen arteko berdintasun eraginkorra lortzeko, genero-indarkeria prebenitzeko eta laneko bizitza, norberarena eta familiakoa uztartzeko xedeak oso presente daude lege honetan eta, beraz, hala beharko dute egon legearen geroko garapenetan ere; horrenbestez, neurriak hartu beharko dira emakumearen laneratzea eta sustapen profesionala errazteko. Helburu horrekin, arau-testuak aldian behin ebaluazioak egitea aurreikusten du, genero-berdintasunaren printzipioa behar bezala aplikatzen dela egiaztatzeko. Berariaz, gainera, babes berezia xedatzen du haurdun edo erditu berria den emakumearentzat, hautaketa-prozesu bateko proba fisikoak egiteko orduan; halaber, destinoa betetzeko lehentasunezko eskubidea aurreikusten du bai genero-indarkeriaren biktima den emakumearentzat, betetzen duten destinoa uztera behartuta dagoenean, bai terrorismoaren biktima direnentzat, eta, kasu horietarako, kendu egiten du destinoa aurrez argitaratzeko eskakizuna.

Guardia Zibilaren Kidegoaren balio tradizionalak kontuan hartuta, jokabidearekin lotutako oinarrizko arau batzuk jasotzen dira, eta arau horiek benetako jokabide-kodea diseinatzen dute guardia zibilentzat, Estatuko Segurtasun Kidegoaren jarduketa zuzentzen duten printzipioekin eta urriaren 22ko 11/2007 Lege Organikoan xedatzen diren betebeharrekin batera; ereduzko kode horrek izaera orientatzailea du guardia zibilek gizartearen aurrean erakutsi behar duten erantzukizun-mailari eta eskakizun pertsonal zein profesionalari begira, haien lanak garrantzi handia baitu herritarren ongizaterako eta Estatuaren segurtasunerako.

Defentsako eta Barne-arazoetako ministroei dagokie, I. tituluan arautzen denez, Guardia Zibileko langileeta irakaskuntza-politika zuzentzea, eremu horietarako lege honetatik eta martxoaren 13ko 2/1986 Lege Organikotik ondorioztatzen den eskumenen banaketari jarraiki.

II

II.tituluan, langileen antolaketa ezartzen da, enplegu, kategoria eta eskaletan banatua, eta betetzen dituzten eginkizun profesionalak xedatzen dira. Lege honek jasotzen duen kategoria-, eskalaeta enplegu-eredua azaroaren 19ko 39/2007 Legeak Indar Armatuei dagokienez ezarritako ereduaren antzekoa da, kaporalen eta guardien

eskalaren kasuan izan ezik, hori berariazkoa baita eta araubide berezia baitu Guardia Zibilean.

Kidegoko langileak ofizialen, ofizialordeen, kaporal eta guardien eskaletan bereizten dira, horietara sartzeko behar duten hezkuntza-mailaren eta enpleguei esleitutako gaitasun profesionalen arabera; gaitasun horiek jasotako prestakuntzaren araberakoak izango dira eta erantzukizun-mailen mugatzaile, esleitzen diren egitekoak betetzean.

Berritasun gisa, ofizialen eskala bakar bat sortzen da, Guardia Zibileko ofizial guztien karrera-ereduari kohesio eta homogeneotasun handiagoa emateko eta, horrela, Institutua Goi Mailako Hezkuntzaren Europako Esparrua osatzeko prozesura egokitzeko. Eskala berri honetako lehenengo enplegua teniente-lanpostua izango da; beraz, legeak ezartzen duen aldi iragankorra amaitzen denetik, alferez-enplegua soilik emango zaie, eta, aldi baterako, prestakuntza-ikastetxeetako ikasleei.

Legeak prozedura bat ezartzen du aipatutako ofizialen eskalara ofizialen goi-eskalatik, goi-mailako langileen eskalatik, ofizialen eskalatik eta langile teknikarien eskalatik datozenak sartzeko; eskala horiek azaroaren 25eko 42/1999 Legean definitu ziren. Horretarako, kideek karguz igotzeko dauzkaten asmoak eta Guardia Zibilaren behar funtzionalak eta organikoak hartu dira kontuan. Ofizialen eskalako, goi-mailako langileen eskalako eta langile teknikarien eskalako kideak bertan sartuko dira horietako bakoitzerako ezartzen den prestakuntza osagarria gainditu ondoren, eta, betiere, eskala berri horretara sartzeko hautua egiten ez dutenentzako garapen profesionala bermatuta.

Legean, Kidegoko langileak biltzen diren lau kategorietako bakoitzaren (ofizial jeneralak, ofizialak, ofizialordeak, eta kaporalak eta guardiak) eginkizun orokorrak jasotzen dira. Ofizial jeneralek garatu beharreko goi-zuzendaritza nabarmentzen da; zuzendaritzaekintzak, batez ere aginduzkoak eta koordinaziozkoak, ofizialei dagozkienak; ofizialordeen ekintza exekutiboak eta, hala badagokio, zuzendaritzakoak, lidergoa eta lankidetza bereizgarri dituztenak; eta kaporal eta guardia zibilen egitekoak, Guardia Zibilaren egitura organikoaren funtsezko elementuak baitira.

Behar funtzionalei erantzuteko, egitura organiko egokia behar da, kideak enpleguaren arabera antolatuz; hortaz, beharrezko enpleguak xedatu behar dira, bakoitzari enplegu bat edo batzuk esleitu ahal izateko. Horrela, eta beti ordena hierarkikoari eutsita, langileen optimizazio handiagoa lortu nahi da, eta giza baliabideen kudeaketari malgutasun-maila handiagoa eman nahi zaio.

III

Gobernuari lau urtean behin Guardia Zibilaren Kidegorako plantilla bat onartzeko eginkizuna ematen zaio, eta Gorte Nagusiei horren berri eman beharko die. Plantilla horretan, enpleguak eta eskalak adierazi behar dira, eskala bakoitzeko lehenengoari dagozkionak izan ezik; horietako kideak aurrekontu-kredituen, kideen benetako bilakaeraren eta langile-behar berrien arabera zehaztutako urteko hornikuntzaren ondoriozkoak izango dira. Hori guztia, egiten den lanpostu-hornikuntza oinarri hartuta.

Urteko hornikuntzetan, ikastetxeetan sartu ahal izateko, gerora eskaletara sartzeko ezartzen den lanpostu-kopurua baino handiagoa eskaini ahal izango da. Helburua hautaketa hobetzea da, prestakuntza-aldiaren zati batean luzatuz, eta, gainera, sartzeko hautagaien kopurua handitzea.

IV

Irakaskuntza oinarri-oinarrizko elementua da ezarri nahi den langile-araubidean, eta nabarmen eraldatzen da. Aurreko arauari egin zaizkion aldaketen bidez, aurrera egin da Guardia Zibilaren irakaskuntza-sistema Espainiako hezkuntza-sisteman sartzeko eta ofizialen prestakuntza unibertsitate-tituluen berrantolaketara egokitzeko; unibertsitatetituluek Goi Mailako Hezkuntzaren Europako Esparruaren eraketa dute oinarri.

Guardia zibilek gizartean egiten duten lanaren garrantzia dela eta, jasotzen duten irakaskuntza kalitatezkoa dela ziurtatu behar da; hain zuzen ere, kideek, bizitza profesional

osoan zehar, esleituta dauzkaten eginkizunak eraginkortasunez betetzeko beharrezkoak diren gaitasunak dauzkatela bermatzearren.

Hori lortzeko, guardia zibilen irakaskuntza funtsezko bost elementuren inguruan antolatzen da: hautaketaeta sarbide-prozesua, ikasketaeta titulazio-planak, ikastetxeak, ikasleak eta irakasleak. Horiek guztiak xedatzen ditu legeak; zehazki, oinarrizko jarraibide batzuk ematen ditu, gero erregelamenduz gara daitezen.

Artikuluetan, Guardia Zibilaren prestakuntza-irakaskuntzan sartzeko sistemen hautaketa-prozesuetan parte hartu ahal izateko gehieneko adinak jasotzen dira, bai kaporalen eta guardien eskalara zuzenean sartzeko, bai sustapen profesionalerako. Kaporalen eta guardien eskalarako zuzeneko sarbideari dagokionez, kideak hautatuko dira Kidegoko langileen epe laburrerako, ertainerako eta luzerako beharrei erantzuteko moduan. Behar horiek –batik bat operatiboak– esperientziadun langileak behar dituzte, eta, esperientzia hori eskuratzeko, denbora bat eman behar dute iraupen jakineko jarduera-egoeran; legeak berak ezartzen du, eskala horretarako, erreserbarako administrazio-egoerara igarotzea, 58 urtetik aurrera. Gainera, martxoaren 13ko 2/1986 Lege Organikoak Kidegoari esleitzen dizkion zereginak betetzeko espezialitateak direla eta, komeni da espezialitateen jarduera-arlo zehatzetan eginkizunak betetzeko beharrezko trebetasun psikofisikoak eskuratzea eta, gero, horiei denboran eusteko moduko adina izatea; izan ere, jarduera horietako askotarako behar diren baliabide eta prozeduretan, aipatutako baldintza horiek, oinarrizkoak izateaz gainera –bai hasieran, bai denboran zehar–, agenteen beren segurtasuna eta osotasuna bermatzen dute. Azkenik, iraupenak, gutxieneko iraupen batek, pizgarriak behar ditu berau bultzatzeko; pizgarri horien artean daude, besteak beste, hala sustapen profesionala bermatzera zuzendutakoak – horretarako, gutxieneko denbora bat eman behar da enpleguetan– nola erretiroari atxikitako eskubide ekonomikoak bermatzen dituztenak –horiek ere urte kopuru jakin bat eskatzen dute jarduera profesionalean–.

Hori guztia dela eta, kaporalen eta guardien eskalara zuzenean sartzeko hautagaiak 40 urtetik gorakoak ez izatea ezartzen da.

Beste alde batetik, eskaletara barne-sustapenaren bidez jotzeko, adinari dagokionez,

50 urte baino gehiago ez izatea du baldintza. Sustapen profesionalean, eutsi egiten zaio adin horri, eta hala jasotzen da testuan, berariaz, aurreko legean ez bezala. Horretarako, kontuan hartu behar da, batetik, sustapen-prozesuan jasotako prestakuntza eta eskuratutako ezagutzak aplikatzeko dagoen denbora lotu egin behar direla, eta, bestetik, sustapen-prozesu horietan parte hartu behar dela karrera profesionalean enplegu jakin batzuk eskuratu ahal izateko aukera ematen duen adinean, esperientzia profesionalaren bidez Guardia Zibilak enplegu bakoitzerako dituen beharrak asetzeko; lege-testuan, ofizialordeen eta ofizialen eskaletarako, 58 eta 61 urte bitarteko adina ezartzen da, hurrenez hurren, erreserba-egoerara igarotzeko.

Lehiaketaren, oposizioaren eta lehiaketa-oposizio librearen sistemak jasotzen dira Guardia Zibilaren ikastetxeetara sartzeko sistema gisa, eta berdintasunaren, merezimenduen, gaitasunaren eta publizitatearen konstituzio-printzipioak bermatzen dira, bai eta enplegu publikorako sarbidea gidatzen duten gainerako printzipioak ere. Helburu horrekin, bestalde, hautaketa-organoetako kideen inpartzialtasuna eta profesionaltasuna indartzen dira, eta emakume eta gizonen arteko osaera paritarioan aurrera egiteko beharra azpimarratzen da.

Eskala bakoitzean sartzeko prestakuntza-irakaskuntza Espainiako hezkuntzasistemaren mailaren batekin identifikatzen da, sarbideari eta edukiari dagokienez eskatutako betekizunen arabera. Horrela, kaporalen eta guardien eta ofizialordeen eskaletan sartzeko irakaskuntza erdi-mailako eta goi-mailako lanbide-heziketarekin bat etorriko da, hurrenez hurren.

Berrikuntza garrantzitsua da gradu-titulua eskatzen dela ofizialen eskalan sartzeko, zeina prestakuntza militarrarekin eta segurtasun-kidegoko prestakuntzarekin batera egingo den; horiek ezinbestekoak dira bertan sartzen direnei lanean jarduteko behar dituzten gaitasunak ematen jarraitzeko.

Guardia Zibilaren Unibertsitate Zentroak graduko titulazio akademikoa eskuratzeko irakaskuntzak emango ditu eta, aldi berean, guardia zibilen garapen eta sustapen profesionala bideratuko du; horretarako, prestakuntza-ekintzak sustatuko ditu, graduko eta graduondoko unibertsitate-tituluak eskuratu ahal izateko.

Langileen sistemak etengabe eman behar du gaitasunak eskuratzeko eta beharrezko eskakizunak betetzeko aukera, horien bidez karrera profesionalean egitura hierarkikoko maila baxuenetatik gora egin ahal izateko.

Guardia zibilen garapen profesionalean, garrantzi handia du ezagutzak etengabe eguneratzeak eta espezializatzeko aukera izateak, karrera berrorientatzeko eta laneko eginkizunak hobeto betetzeko. Era berean, eta helburu berekin, sustapen-sistema bat ezartzen da, goiko eskaletara jo ahal izateko eta erantzukizun handiagoko egitekoak betetzeko. Sustapen hori errazteko, ofizialordeei eta kaporalen eta guardien eskalako kideei ofizialen eskalara sartzeko urtero eskaintzen diren lanpostuen ehuneko jakin bat gordeko zaie. Halaber, ofizialordeen eskalan sartzeko lanpostu guztiak kaporalen eta guardien eskalako kideentzat gordeko dira.

V

Legeak, V. tituluan, guardia zibilen karrera profesionala garatzen du; alegia, segidako enpleguetara mailaz maila sartzea, destinoak betetzea eta erantzukizun handiagoko postuak betetzeko mailaz mailako gaikuntza eskuratzea.

Karrera profesionalean, ezinbestekoa da historia profesionalak eta langileen ebaluazioak arautzea. Daukaten garrantzia dela eta, azpimarratzekoak dira kalifikaziorako txosten pertsonalak; izan ere, tresna horien bidez egingo da aldian behin Kidegoko kideen ebaluazioa, eta, horietan, zerbitzuaren aurrean daukaten jarrera, gaitasuna eta jarduketa profesionala balioetsi beharko dira. Erregelamenduzko garapenaren bidez zehaztuko dira haien erregulazioa eta, hala dagokionean, beharrezko alegazio-prozedurak.

Legeak garrantzi handia ematen dio, bestalde, funtsezkoa den beste elementu bati: karguz igotzeko sistema bat ezartzeari; Guardia Zibilarentzat eraginkorra izan beharko da eta, aldi berean, kideei garapen profesionalerako dauzkaten bidezko asmoak betetzeko aukera eman beharko die. Eremu honetan, lege-testuaren helburua merezimendua eta gaitasuna sustatzea da; horretarako, igoera-sistema zorrotzagoak ezartzen dira (hautaketaeta sailkapen-sistemak) , eta antzinatasun-sistema ofizialen eta ofizialordeen lehen igoerara soilik mugatzen da.

Hautaketa bidez igotzeko sistema koronel-enplegura zabaltzen da, ebaluatu direnen gaitasunak eta egokitasuna kontuan har daitezen; hain zuzen ere, enplegu horretan Guardia Zibilean erantzukizun handiko eta erabakitze-maila handiko postuak beteko dituztenak aukeratzeko. Era berean, sailkapen-sistema sartzen da: horrek esan nahi du enplegu batzuetara igotzeko ordena aurretiko ebaluazio baten emaitzarekin lotuko dela; ebaluazio horretan, funtsean, merezimenduak, gaitasunak eta jarduketa profesionala balioetsiko dira.

Berrikuntza da, halaber, guardia zibilari igotzeko ebaluaziotik kanpo geratzeko eskaera lau aldiz egiteko ematen zaion aukera, horrek igotzeko aukerari behin betiko ukapena ekarri gabe. Neurri horren bidez, norberaren bizitza, familiakoa eta lanekoa uztartzea errazten da, horiek guztiak elkarri neurri batean egokitu ahal izateko.

Ofizial jeneralen kategoriako enpleguetara igotzeko eskumenak Ministroen Kontseiluaren esku egoten jarraituko du. Igotzeko sistema hautaketa den kasuetan, Defentsako ministroak erabakiko ditu halako igoerak.

Gainerako enpleguetara igotzeari dagokionez, Guardia Zibilaren zuzendari nagusiak du horretarako eskumena.

Legeak zuzendari nagusiaren eskuetan uzten du, halaber, langile zehatz batzuk igotzeko xedez egindako ebaluazioetatik aldi baterako kanpoan uzteko erabakia, edota, langile horien aurka zigoredo diziplina-prozedura bat hasi bada, haien gaitasun-aitorpena esekita uztekoa, harik eta ebazpena irmoa izan arte, prozedura horri bide eman dioten gertakarien izaera eta larritasuna kontuan hartuta.

Destinoak, esleitzeko moduaren arabera, hirutan sailkatzen dira: izendapen askekoak, merezimendu-lehiaketakoak eta antzinatasunekoak. Hala ere, lehenengoak kasu bakanetan esleitu behar direla kontuan hartuta, legeak erantzukizun eta konfiantza berezia behar duten destinoetarako gordetzen ditu.

Oro har, destinoak merezimendu-, gaitasun-, antzinatasuneta publizitateprintzipioetan oinarritutako prozeduren bidez hornituko dira. Dena den, giza baliabideen erabilera hobetzeko eta lanpostuak ahalik eta lasterren esleitzeko, arauak aukera hau aurreikusten du: eskala batean dagokion prestakuntza-aldia gainditu ondoren sartzen direnei destinoa eman ahal izatea, aurrez argitaratzearen eskakizuna bete gabe.

Halaber, destinoak direla eta, emakumeei babes berezia ematen zaie kasu zehatz batzuetan. Horrela, bada, haurdunaldian euren egoerara egokituko zaizkie eginkizunak, eta genero-indarkeriaren biktima den guardia zibila destinoa argitaratzeko eskakizunetik salbuetsita geratuko da, bere gizarte-babesa eta -laguntza ziurtatzeko. Antzeko tratamendua izango dute terrorismoaren biktima gisa aitortutako guardia zibilek. Familiarentzako arreta ere presente dago, adierazi bezala, eta, horretarako, aldi baterako lanpostu bati atxikitzeko araudia jaso da.

Administrazio-egoerei dagokienez, finkatu egiten dira azaroaren 25eko 42/1999 Legea onetsi zenetik egindako aurrerapenak, hala dagokionean enplegatu publikoaren oinarrizko estatutura egokitzeko. Hala ere, kontuan hartuta guardia zibilen karrerako militar izaera, I. tituluan langileei dagokienez ezartzen den eskumenen esparrua eta Defentsako ministroari dagozkiola administrazio-egoeren ingurukoak, horiek Indar Armatuetako karrerako militarrentzat ezarritako baldintza baliokideetan mantendu behar dira. Gainera, berariazko erreserba-egoera mantendu egiten da, araubide bereziarekin, beharrezkoa delako langileen enplegua optimizatzeko eta guardia zibilek betetzen dituzten eginkizunek ezaugarri bereziak dauzkatelako.

Guardia zibila, oro har, Guardia Zibileko kideentzat ezarritako eskubide eta betebeharren araubide orokorraren mende egongo da, bestelakorik xedatzen den kasuetan izan ezik; azken horietarako, etenda dagoen guardia zibilaren figura sartzen da.

VI

Lege honek tratamendu berezia ematen dio, halaber, guardia zibilen gizarte-babesari. Oinarrizko alderdiak oro har arautzen ditu, eta indartu egiten ditu Guardia Zibilak arlo honetan izango dituen berariazko organoak; nolanahi ere, bere kideek jarraituko dute Indar Armatuen Gizarte Segurantzako araubide bereziaren eta Gizarte Segurantzako araubide orokorraren eraginpean egoten. Era berean, osasun-arloko laguntzarako eta zaintzarako eta arreta psikologikorako zerbitzuen garrantzia nabarmentzen da, bizitzaeta lan-baldintzak hobetzen laguntzeko elementu gisa.

VII

Xedapen gehigarri batzuen bidez, adierazten da ofizialen eskala berri eta bakar batean bilduko direla ofizialen goi-eskalako, ofizialen eskalako, goi-mailako langileen eskalako eta langile teknikarien eskalako kideak; Indar Armatuetako kideek Guardia Zibilean destinoak betetzen jarraitu ahalko dutela xedatzen da; Estatuko Administrazio Orokorraren zerbitzura ari diren langileen kalte-ordainei buruzko araubide orokorrera bideratzen da; eta egitura hierarkikoan sartzen dira aldi baterako alferez-enplegua betetzen jarraitzen dutenak eta enplegu hori aldi baterako esleituta duten ikasleak.

Xedapen iragankor batzuk ere badira, legean jasotako aurreikuspenak progresiboki bete ahal izateko; bereziki, ofizialen eskala berria eratzeko prozesuari, irakaskuntza sistema berrira egokitzeari eta plantillen, igoeren eta administrazio-egoeren egokitzapenari dagokienez.

Azaroaren 25eko 42/1999 Legea indargabetu egiten da, lege honek ezartzen dituen baldintzetan, bai eta bertan xedatutakoaren aurkakoak diren maila bereko edo beheragoko xedapenak ere.

Azken batean, lege honek Guardia Zibileko langileen araubidea eratzen duten alderdiak jasotzen dituen testu integratzailea izan nahi du. Guardia Zibilaren izaera militarra kontuan hartuta, eta Segurtasun Indar eta Kidegokoa denez gero, bi printzipio mota elkartzen dira hemen: batetik, Indar Armatuetako kideen karrera militarra xedatzen duen araudian adierazitako oinarrizko printzipioak eta, bestetik, bereziki polizia-erakundeei eta oro har gainerako enplegatu publikoei aplikatzekoak diren printzipioak.

ATARIKO TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Lege honen xedea Guardia Zibileko langileen araubidea ezartzea da, eta, zehazki, kideen karrera profesionala eta berau osatzen duten alderdi guztiak finkatzea, izaera militarreko Estatuko Segurtasun Kidego hau Konstituzioaren 104.1 artikuluak Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoari esleitutako zeregina betetzeko baldintza egokietan egon dadin, bai eta, hurrenez hurren, ondorengo arau hauek esleitzen dizkioten zereginak eta eginkizun militarrak betetzeko ere: martxoaren 13ko 2/1986 Lege Organikoaren 11. eta

12.artikuluek, aipatutako lege organikoak eta Defentsa Nazionalari buruzko azaroaren 17ko 5/2005 Lege Organikoak.

2. artikulua. Aplikazio-esparrua.

1.Lege hau guardia zibilei aplikatuko zaie, bai eta, bertan ezarritako baldintzen arabera, Guardia Zibilaren prestakuntza-ikastetxeetan sartzen direnei ere.

2.Estatuko Administrazio Orokorraren zerbitzura ari diren langileei oro har aplikatzekoak diren printzipio eta arauak, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren apirilaren 12ko 7/2007 Legeari jarraiki ezarritakoak, Guardia Zibilaren langileen araubidean sartuko dira, baldin eta haien berariazko legeriari aurka egiten ez badiote.

3. artikulua. Guardia zibilak.

1.Guardia zibilak dira Guardia Zibilaren Kidegoari Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoko kide gisa zerbitzu profesionalen harreman iraunkorra duten espainiarrak, osatzen duten Institutuaren izaera militarra dela eta Guardia Zibilaren karrerako militar direnak.

2.Guardia zibilaren izaera lehenengo enplegua eskuratzean eta Kidegoko dagokion eskalara sartzean lortzen da; lehenengo enplegu hori Erregeak ematen du, eta Defentsako ministroak berresten.

3.Lehenengo enplegua eskuratzeko, hautaprobak gainditu behar dira, eta dagokion prestakuntza-ikastetxeko ikasketa-planak egin.

4.Prestakuntza-irakaskuntza amaitzean eskuratutako kalifikazioaren arabera zehaztuko da eskalafoi-hurrenkera.

4. artikulua. Espainiako Banderaren aurrean zin edo promes egitea.

Guardia zibilaren izaera eskuratzeko, aurretik zin edo promes egin beharko dute betebehar profesionalak fideltasunez beteko dituztela, Erregeari leial izanez, eta Konstituzioa Estatuko oinarrizko arau gisa zainduko eta zainaraziko dutela.

Banderaren aurrean zin edo promes egiteko ekitaldia publikoa izango da, solemnitate gorena izango du, eta sekuentzia honetara egokituko da:

Banderaren aurrean zin edo hitzematea hartzen duen unitateko buruak hauxe esango

du:

«¡Guardias civiles!, ¿Juráis o prometéis por vuestra conciencia y honor cumplir fielmente vuestras obligaciones, guardar y hacer guardar la Constitución como norma fundamental del Estado, obedecer y respetar al Rey y a vuestros jefes, no abandonarlos nunca y, si preciso fuere, entregar vuestra vida en defensa de España?».

Eta guardia zibilek zera erantzungo dute:

«Sí, lo hacemos».

Unitateko buruak ondoko hau erantsiko du:

«Si cumplís vuestro juramento o promesa, España os lo agradecerá y premiará, y si no, os lo demandará», eta zera gehituko du: «Guardias civiles, ¡Viva España!», eta «¡Viva el Rey!», eta hauxe jasoko dute erantzun gisa: «¡Viva!».

Jarraian, guardia zibilek banan-banan musu emango diote Banderari eta, gero, Espainiak beren zina edo hitzematea onartzen duela adierazteko, Banderaren azpian desfilatuko dute.

5. artikulua. Genero-berdintasuna eta norberaren bizitza, lanekoa eta familiakoa uztartzea.

1.Lege hau garatzean eta aplikatzean, arreta berezia emango zaio emakume eta gizonen arteko berdintasun eraginkorrari. Emakumea lanbidean sartzeko eta sustatzeko beharrezko neurriak ezarriko dira.

2.Estatuko Administrazio Orokorraren zerbitzuko langileentzat berariaz ezarritako berdintasunari, genero-indarkeriaren prebentzioari eta norberaren bizitza, lanekoa eta familiakoa uztartzeari buruzko arau eta irizpideak Guardia Zibileko kideei aplikatuko zaizkie, beharrezko egokitzapen eta garapenekin.

3.Guardia Zibilean genero-berdintasunaren printzipioa eraginkortasunez aplikatuko dela ziurtatzeko, aldian behingo ebaluazioak egingo dira, eta printzipio hori bermatzeko beharrezko mekanismoak ezarriko dira, erregelamenduz zehaztutako moduan.

6. artikulua. Jokabide-kodea.

Guardia zibilek, beren eginkizunak betetzean, erabat errespetatuko dituzte Konstituzioa eta gainerako ordenamendu juridikoa. Haien jardueran, ondoko arau hauetan jasotako printzipioak bete beharko dituzte: Segurtasun Indar eta Kidegoen martxoaren 13ko 2/1986 Lege Organikoaren 5. artikuluan eta Guardia Zibileko kideen eskubide eta betebeharrak arautzen dituen urriaren 22ko 11/2007 Lege Organikoaren III. tituluan; era berean, hurrengo artikuluan ezartzen diren jokaera-arauak bete beharko dituzte, haien jokabide-kodearen oinarrizko arauak baitira.

7. artikulua. Guardia zibilaren jokaera-arauak.

1.Guardia zibilaren jokaera zehazten duten oinarrizko arauak hauek dira:

1.Espainia defendatzeko eta herritarren eskubide eta askatasunen jarduketa babesteko jarrera iraunkorra izango du, eguneroko lanean Konstituzioak eta legeek ezarritakoa zorrozki betez.

2.Ahalegin bizia egingo du herritarren segurtasuna eta ongizatea zaintzearren, inolako diskriminaziorik egin gabe sexu, arraza edo etnia, erlijio edo ideologia, sexu-

orientazio edo -identitate, adin, desgaitasun edo beste edozein baldintza pertsonalagatik edo sozialagatik, eta, betiere, duintasunez, zuhurtziaz eta zintzotasunez jokatuz.

3.Zehaztasunez beteko ditu bere betebeharrak eta egitekoak, ohore-sentimenduak bultzatuta, guardia zibilaren benetako identitate-zeinua baita.

4.Indarra modu bidezkoan erabiliko du, mailaz maila eta modu proportzionatuan, eta pertsuasioa eta indar morala izango ditu lehen baliabide. Betiere, eskura dauzkan baliabideak erabiltzean, kongruentzia-, egokieraeta proportzionaltasun-printzipioen arabera arituko da.

5.Zereginetan sortzen diren egoeretan ausardiaz, pairamenez eta zerbitzu-espirituz jarduteko prest egongo da.

6.Espainiar Nazioaren tresna gisa jardungo du nazioarteko bakeari eta segurtasunari eusten laguntzeko zereginetan edo laguntza humanitarioko zereginetan parte hartzen duenean, aliatutako herrialdeetako instituzioekin lankidetza estuan jardunez, edo Espainia partaide den nazioarteko erakundeen esparruan edo nazioarteko lankidetzako zereginetan.

7.Diziplina, erantzukizunez agintzera eta agindutakoa betetzera behartzen duen kohesio-faktorea, jarduera-arau gisa gauzatuko eta eskatuko da Guardia Zibilean. Konstituziora meneratzean du adierazpen kolektiboa, eta jasotako aginduak betetzean du adierazpen indibiduala.

8.Egitekoak betetzean, zorrozki errespetatuko du Guardia Zibilaren egitura organikoan eta operatiboan ezarritako hurrenkera hierarkikoa; egitura horrek kideen arteko egoera zehazten du, aginduari, mendekotasunari eta erantzukizunari dagokienez.

9.Guardia zibil batek mendeko bati ematen dizkion aginduak (zerbitzuari buruzko aginduak, alegia) egokiro eta dagozkion eskumenen barruan beteko ditu, jarduketa zehatza betetzeko. Era berean, maila handiagoko enplegua duen guardia zibil batek emandako errekerimenduei erantzun beharko die, ordenari eta jokaerari buruzko xedapenei eta arau orokorrei dagokienez.

10.Agur militarra erabiliko du, Institutuko kideen arteko errespetuaren, diziplinaren eta batasunaren erakusle. Era berean, herritarrekiko harremanetan zuzentasuneko kanpoko sinbolo gisa baliatuko da.

11.Eredugarri izatean eta lidergo pertsonalean oinarritutako agindu-estiloa gauzatuko du, eta mendekoen laguntza eta lankidetza lortzen saiatuko da, prestigio eta dedikazio profesional, prestakuntza, ekimen eta erabakitzeko gaitasun-maila altuaren bidez.

12.Agintaritzan jardutean, ez dio erantzukizunari uko egingo, eta ezin izango du berau partekatu. Agintari orok du mendekoei obedientzia eskatzeko betebeharra eta bere agintea errespetarazteko eskubidea, dena den, ezin izango du Konstituzioaren edo legeen aurkako egintzarik agindu, ez eta delitu den egintzarik ere.

13.Kidegoaren prestigioa edo gizarteari ematen dion zerbitzuaren eraginkortasuna kalte dezakeen jokaera oro saihestuko du.

14.Lanbide-gaitasun mailarik altuena eskuratzeko eta zeregin zein egoera desberdinetara egokitzeko gaitasuna garatzeko prestatuko da.

15.Esleitzen zaizkion zeregin militarrak betetzean, Indar Armatuen eskubide eta betebeharrei buruzko uztailaren 27ko 9/2011 Lege Organikoaren 6. artikuluan ezarritako arauen eta berariazko arauen arabera jardungo du.

2.Erregelamendu bidez garatuko dira aurreko paragrafoan ezarritako guardia zibilaren oinarrizko jokaera-arauak, eta, izaera militarra kontuan hartuta eta beharrezko egokitzapenak eginda, militarraren jokaera zehazten duten funtsezko arauak sartuko dira, bai eta Indar Armatuentzako errege-ordenantzak eta enplegatu publikoen jokabide-kodea ere.

I. TITULUA

Langileen arloko eskumenak

8. artikulua. Ministroen Kontseilua.

Ministroen Kontseiluari, Gobernuko kide anitzeko organo gisa, zera dagokio:

a) Aldian behin, enplegu eta eskaletarako erregelamenduzko plantillak ezartzea.

b) Lanpostu-hornikuntzak onartzea, enplegu-eskaintza egokien bidez.

c) Guardia zibilen sustapen eta igoerarako jarraibide orokorrak garatzea.

d) Lege honen bidez zein antolamendu juridikoaren bidez ematen zaizkion gainerako eskumenak gauzatzea.

9. artikulua. Defentsako eta Barne-arazoetako ministroak.

Defentsako eta Barne-arazoetako ministroek zuzentzen dute Guardia Zibilean langileeta irakaskuntza-politika, gaiaren araberako eskumen-banaketa honi jarraiki:

a) Defentsako ministroari dagokio zuzendaritza-eginkizunak betetzea, langileen igoeraren eta administrazio-egoeren araubideari dagokionez.

b) Barne-arazoetako ministroari dagokio langile-politika zuzentzea, destinoei eta ordainsariei dagokienez.

c) Hautaketari, prestakuntzari eta hobekuntzari dagokion guztian, batera gauzatuko dituzte zuzendaritza-eskumenak.

Bereziki, lege honen bidez emandako eskumenak gauzatuko dituzte, aipatutako gaiei buruzko xedapen orokorren proposamenari edo onespenari dagokionez eta oinarrizko alderdiei buruzko erabakiari dagokionez.

10. artikulua. Segurtasunerako Estatuko idazkaria.

Segurtasunerako Estatuko idazkariak ondoko eginkizun hauek izango ditu Guardia Zibilaren Kidegoko langileei dagokienez:

a) Barne-arazoetako ministroarekin zuzeneko lankidetzan aritzea eta dagozkion eskumenak gauzatzen laguntzea.

b) Barne-arazoetako ministroari langileen eta irakaskuntzaren inguruko beharrei buruzko aholkuak eta informazioa ematea.

c) Oro har, Guardia Zibilaren giza baliabideen kudeaketari buruzko eginkizunak betetzea eta lege honen bidez eta Guardia Zibilaren langileen inguruan indarrean dauden xedapenen bidez esleitzen zaizkion bestelako eskumenak gauzatzea.

11. artikulua. Defentsako idazkariordea.

Defentsako idazkariordea Defentsa Ministerioko titularraren laguntzaile nagusia izango da langileen eta irakaskuntzaren politikari dagokionez, eta, aipatutako ministroaren eskumenen eremuan, berak izango du politika horiek Guardia Zibilaren Kidegoko langileentzat proposatzeko, garatzeko eta aplikatzeko ardura.

12. artikulua. Guardia Zibilaren zuzendari nagusia.

Guardia Zibilaren Kidegoko langileen eta irakaskuntzaren politikari dagokionez, Guardia Zibilaren zuzendari nagusiari dagokio:

a) Defentsako eta Barne-arazoetako ministroei aholkuak eta informazioa ematea, Defentsako idazkariordearen eta Segurtasunerako Estatuko idazkariaren bidez, dagozkien eskumenen eremuan, langileen eta irakaskuntzaren politikak gauzatzeari buruz.

b) Segurtasunerako Estatuko idazkariari eta Defentsako idazkariordeari aholkuak ematea, beren eskumenen eremuan, langileen eta irakaskuntzaren politikaren gaineko prestakuntza, proposamen eta garapenari buruz, Defentsako eta Barne-arazoetako ministroek emandako jarraibideen arabera.

c) Jarraibideak eta hezkuntza planeatzea eta zuzentzea, eta irakaskuntzarekin eta sustapen profesionalarekin lotutako eginkizunak garatzea, zehazten den langileen eta irakaskuntzaren politikaren esparruan, titulu honetan ezarritakoari jarraiki.

d) Irakaskuntzak guardia zibilen jarduketa profesionalari dagokionez aintzat hartu behar dituen profilak zehaztea.

e) Langileen morala, motibazioa, diziplina eta ongizatea zaintzea.

f) Guardia Zibilaren prestakuntza-ikastetxeetan sartzeko hautaketa-prozesuak arautzen dituzten deialdiak onestea, Kidegoko eskaletara sartzeko, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiaren aldeko txostenarekin.

g) Guardia Zibilaren prestakuntza-ikastetxe batean ikasketak egiten ari direnen baja erabakitzea, 48.1.e) artikuluan jasotako egoeran salbu.

h) Kidegoko langileen karrera profesionala eratzen duten oinarrizko alderdiei buruzko erabakiak, proposamenak edo txostenak prestatzea, lege honetan aurreikusitakoari jarraiki.

13. artikulua. Guardia Zibilaren Kontseilu Gorena.

1.Guardia Zibilaren Kontseilu Gorena kide anitzeko organoa da eta aholkuak ematen dizkie Defentsako eta Barne-arazoetako ministroei, Segurtasunerako Estatuko idazkariari eta Guardia Zibilaren zuzendari nagusiari; aipatutako Kontseilu Gorenak ondoko eginkizun hauek ditu:

a) Kidegoko langileen ibilbide profesionala osatzen duten oinarrizko alderdiei buruz lege honetan adierazten diren txostenak egitea.

b) Defentsako eta Barne-arazoetako ministroek, Segurtasunerako Estatuko idazkariak eta Guardia Zibilaren zuzendari nagusiak bere iritzia emateko luzatzen dizkioten auziei buruzko txostena egitea.

c) Kidegoko langileengan eragina duten diziplina-prozeduretan entzuna izatea, Guardia Zibilaren Diziplina Araubidearen urriaren 22ko 12/2007 Lege Organikoan aurreikusitakoari jarraiki.

d) Sariak emateko proposamenei buruzko txostena egitea, sariak arautzen dituen berariazko araudiak hala xedatzen duenean.

2.Erregelamenduz zehaztuko dira haren osaera, funtzionamendua eta eslei dakizkiokeen gainerako eskumenak.

14. artikulua. Guardia Zibilaren Kontseilua.

Guardia Zibilaren Kontseilua kide anitzeko organo bat da, Guardia Zibilaren Kidegoko

kideen ordezkariek eta Defentsako eta Barne Arazoetako Ministerioen ordezkariek osatua. Haren xedea osatzen dutenen baldintza profesionalak eta Institutuaren funtzionamendua hobetzea da, urriaren 22ko 11/2007 Lege Organikoak langileen araubidearekin lotuta esleitzen dizkion eskumenak erabilita. Esleituta dituen zereginak garatzean, berariazko araudia beteko du.

II. TITULUA

Langileen antolamendua

I. KAPITULUA

Guardia zibilen eginkizun profesionalak

15. artikulua. Eginkizunak.

1.Guardia zibilek eginkizun operatiboak, teknikoak, logistikoak, administratiboak eta irakaskuntzakoak izango dituzte, segurtasun publikoaren edo eslei dakizkiekeen izaera militarreko zereginen esparruan. Eginkizun horiek zuzendaritza-ekintzen bidez garatuko dira, agintekoak eta kudeaketa eta exekuziokoak barne.

2.Zuzendaritza-ekintza gauzatzeko, helburuak ezarri eta horiek lortzeko baliabideak zehazten dira, dagozkion planak ezarriz eta gauzatzen direla kontrolatuz. Kudeaketaekintzen bidez, eskura jarritako baliabideak aplikatzen dira, helburuak ahalik eta modurik eraginkorrenean betetzeko. Exekuzio-ekintzen bidez, praktikan jartzen dira ezarritako planak, eta agindu zehatzak betez edo aurrez ezarritako prozedurei jarraiki jarduten da.

3.Aginte-ekintza zuzendaritzako ekintza da, agintearen jardunari eta ondoriozko erantzukizuna hartzeari dagokiona, eta guardia zibilari dagokio, bere kargua, destinoa edo zerbitzua kontuan hartuta. Aginte-ekintza gauzatzeko, mendekoen lankidetza eduki ahalko da, informazio, planteamendu, aholkularitza, koordinazio eta kontroleko zereginetan, aginteari laguntza emateko.

II. KAPITULUA

Eskalak, kategoriak eta enpleguak

16. artikulua. Guardia Zibilaren Kidegoko eskalak.

1.Guardia Zibileko langileak ofizialen, ofizialordeen, eta kaporal eta guardien eskaletan banatzen dira, horietako bakoitzaren enplegu multzoari esleitutako ahalmen profesionalen eta horietara sartzeko eskatutako hezkuntza-betekizunen arabera. Eskala bakoitzeko ahalmen profesionalak jasotako prestakuntzaren ondorio dira, eta destinoetan esleitutako zereginak betetzean izango den erantzukizun-maila mugatzen dute.

2.Eskalak legez sortu, iraungi, integratu edo bateratuko dira.

17. artikulua. Kategoriak.

1.Ofizialen eskalako kideak ofizial jeneralen eta ofizialen kategorietan taldekatzen

dira.

Ofizial jeneralek aginte-ekintza gauzatzen dute Guardia Zibilaren egitura organikoan, bai eta goi-zuzendaritza eta giza baliabideen, baliabide materialen eta finantza-baliabideen kudeaketa ere. Kategoria honetara joko dute beren ibilbide profesionalean ahalmena eta lidergorako gaitasuna bikain egiaztatu duten ofizialek.

Ofizialek zuzendaritzako ekintzak garatzen dituzte, batez ere aginte, koordinazio eta ikuskaritzako ekintzak eta zerbitzuen eta giza baliabideen, baliabide materialen eta finantza-baliabideen kudeaketakoak. Prestakuntza-mailagatik, lidergoagatik, ekimenagatik, erantzukizunak beren gain hartzeko gaitasunagatik eta erabakiak hartzeko ahalmenagatik nabarmentzen dira.

2.Ofizialordeen eskalako kideek Guardia Zibilaren egitura organikoaren oinarrizko maila osatzen dute. Exekuzio-ekintzak garatzen dituzte, bai eta beren mailari dagozkien zuzendaritzakoak ere; horretarako, horietara egokitutako agintaritza eta ekimena gauzatzen dituzte, jasotako agindu eta jarraibideak betetzea bultzatzen dute, eta esleitutako zereginak kontrolatzen eta gainbegiratzen dituzte, 15. artikuluan jasotako eginkizunak betez. Haien trebakuntza, gaitasunak eta esperientzia direla eta, lankidetza

estuan jardungo dute ofizialekin eta lider izango dira beren mendekoentzat, horiekin etengabeko harremana izango dutela.

3.Kaporalen eta guardien kategoria kaporalen eta guardien eskalako kideek osatzen dute. Guardia Zibilaren egitura organikoaren elementu nagusia dira. Ezarritako jarduketaeta zerbitzu-prozedurei jarraiki beteko dituzte zereginak, eta Guardia Zibilaren eraginkortasuna, neurri handi batean, beren profesionaltasunaren, ekimenaren eta prestakuntzaren araberakoa izango da.

18. artikulua. Guardia Zibilaren Kidegoko enpleguak.

1.Kategoria bakoitzaren barruan, guardia zibilak enpleguen arabera daude antolatuta –irizpide hori funtsezkoa da Guardia Zibilaren antolaketa hierarkizatuan– eta, enpleguen barruan, antzinatasunaren arabera.

2.Bere egitura organikoko lanpostuak enplegu bati edo batzuei esleituta egongo dira, lanpostuen katalogo batean. Esleipen hori dagozkion eginkizunak betetzeko behar diren ahalmen eta gaitasun profesionalen eta lanpostuaren ezaugarrien araberakoa izango da.

3.Kategoria bakoitzaren barruan, Guardia Zibilaren Kidegoko enpleguak hauek dira:

a) Ofizial jeneralen kategoria:

–Teniente jenerala.

–Dibisio-jenerala.

–Brigada-jenerala.

b) Ofizialen kategoria:

–Koronela.

–Teniente koronela.

–Komandantea.

–Kapitaina.

–Tenientea.

c) Ofizialordeen kategoria:

–Ofizialorde nagusia.

–Tenienteordea.

–Brigada.

–Sarjentu lehena.

–Sarjentua.

d) Kaporalen eta guardien kategoria:

–Kaporal nagusia.

–Kaporal lehena.

–Kaporala.

–Guardia zibila.

4.Enpleguak Kidegoaren ordena hierarkikoan dagokion agintaritza gauzatzeko ahalmena ematen du, bai eta bere antolaketaren mailetako zereginak betetzeko ere.

Guardia Zibilaren Kidegoko enplegu militarrak, lege honi jarraiki eskuratzen denean, bertan ezarritako eskubideak eta betebeharrak ematen ditu. Beste eskala batera sartzean, kasu bakoitzean dagokion enplegua eskuratuko da, eta jatorrizko eskalan baja emango da, aurreko enplegua galduko dela.

5.Defentsako ministroak, Guardia Zibilaren zuzendari nagusiak hala proposatuta, enpleguen ezaugarriak zehaztuko ditu, Institutuaren tradizioa eta izaera militarra kontuan hartuta.

19. artikulua. Behin-behineko enpleguak.

1.Zerbitzuan beharrak daudela eta, guardia zibil bat nazioarteko erakundeetan edo atzerriko beste erakunde batzuetan lanpostu bat betetzeko esleitzen denean, eta bertako lanak bereak baino maila altuagoa duenean, Defentsako ministroak, Guardia Zibilaren zuzendari nagusiak hala proposatuta, behin-behinerako eman ahalko dio enplegu hori, dagozkion eskumen eta ezaugarriekin, baina ordainsarien salbuespenarekin, horiek enplegu eraginkorrari dagozkionak izango baitira. Aipatutako goi-enplegu horretara igo arte mantenduko du enplegu hori, edo aipatutako enplegu horretan lanpostua utzi arte.

Goi-enplegua esleitzeak ez du igotzeko eskubidea sortuko eta ez du, hala dagokionean, dagokion ebaluazioaren emaitza aurrez zehaztuko.

2.Halaber, behin-behineko enpleguak eman ahalko zaizkie prestakuntzaikastetxeetako ikasleei, 47.5 artikuluan xedatutakoari jarraiki; kasu horretan, ez dira aitortuko aurreko paragrafoan aipatutako ondorioak.

20. artikulua. Ohorezko enpleguak.

1.Salbuespenezko merezimenduak edo inguruabar bereziak kontuan hartuta, Ministroen Kontseiluak, Defentsako ministroak hala proposatuta, ohorezko izaeraz, erretiro-egoerara igaro den guardia zibilaren goiko hurrengo enplegua eman ahalko du. Ohorezko enpleguak hil ostean ere eman daitezke.

2.Ohorezko enpleguak emateko ekimena Guardia Zibilaren zuzendari nagusiari dagokio; hark Defentsako ministroari zuzenduko dizkio proposamenak, Guardia Zibilaren Kontseilu Gorenaren txostena duela, eta justifikatzen dituzten merezimenduak eta inguruabarrak arrazoituta.

3.Zerbitzu-egintzan hildako edo zerbitzurako ezintasun iraunkorragatik erretiratutako guardia zibilei ohorezko goi-enplegua emateko espedienteari ofizioz emango zaio hasiera; betiere, heriotza edo ezintasuna zerbitzu-egintzan edo horren ondorioz gertatzen bada.

4.Ohorezko enpleguek ez dute inolako onura ekonomikorik ekarriko, eta ez dira kontuan hartuko Gizarte Segurantzako eskubideak zehazteko.

21. artikulua. Eskalafoia, antzinatasuna eta lehentasuna.

1.Eskalafoia Kidegoko kideak dagokien eskalaren arabera sailkatzen dituen antolamendua da, eta, eskala bakoitzaren barruan, enpleguen eta antzinatasunaren arabera. Eskalafoiaren ordena lege honetan eta diziplina-legeetan aurreikusitakoaren arabera soilik aldatu ahalko da; kasu horretan, dagokion enpleguko antzinatasun-data esleituko zaio interesdunari, edo, hala badagokio, enplegu berrian aurrekoak zeukana.

2.Antzinatasuna hauxe da: eskala bateko lehenengo enpleguan, enplegu hori eman denetik igarotako denbora; hurrengo enpleguetan, berriz, dagokion igoera emateko ebazpena sinatzen den egunetik igarotako denbora, salbu eta ebazpenean adierazten bada, ondorio horietarako, igoera eragin duen lanpostu hutsa sortzen den egunaren biharamuna izango dela kontuan hartu beharreko data.

3.Guardia zibilen lehentasuna okupatzen duten karguaren edo destinoaren araberakoa izango da, baldin eta erregelamendu-mailako arauetan ezarrita badago; ezarrita ez badago, enpleguan oinarrituko da; enplegu-berdintasunaren kasuan, bertako antzinatasunean, eta antzinatasuna bera bada, eskalafoian duten posizioaren arabera ebatziko da.

22. artikulua. Lanean jarduteko gaitasunak.

1.Guardia zibilek lanpostu bakoitzari dagozkion eginkizunak gauzatzeko daukaten lanbide-gaitasuna ondoko hauen arabera zehaztuko da: Kidegoko kideen zereginak, beren eskalako kideei esleitutako ahalmenak eta beren enplegua. Gaitasun horrek gaikuntza ematen die, dauzkaten titulu akademiko eta profesionalen arabera, eskala

batera sartzen direnei, bete ditzaketen destino edo lanpostu guztietan beren gaitasunak baliatzeko eta egitekoak betetzeko; ez dute profesionalen elkargoko kide egiteko bestelako baldintzarik bete behar.

2.Jarduera zehatz batzuk garatzeko, halaber, enplegu edo espezialitate bat izatea ezarri ahalko da baldintza gisa, edo xedatzen diren beste eskakizun batzuk betetzea.

3.Berariazko lanbide-gaitasunaz gainera, guardia zibilek partikularki esleituta ez dituzten eginkizunak betetzeko ahalmena ere badute, unitate, zentro eta erakundeen funtzionamendua bermatzeko egokitu dakizkiekeen zerbitzuak emateko; betiere, legez edo erregelamenduz mugarik ez badago.

23. artikulua. Espezialitateak.

1.Martxoaren 13ko 2/1986 Lege Organikoak Kidegoari esleitzen dizkion eginkizunak betetzeko, berariazko prestakuntza behar duten jarduera-arlo zehatzetan aritzeko beharrezko espezialitateak egongo dira.

2.Barne-arazoetako edo Defentsako ministroak, espezialitate bakoitzari dagokion gaiaren izaera kontuan hartuta, eta beste Ministerioaren txostena aintzat hartuta, ondoko hauek zehaztuko ditu:

a) Espezialitateen definizioa, espezialitate horiek eskuratzeko eta haietan jarduteko eskakizunak eta baldintzak, haien arteko bateragarritasuna, eta zein eskala eta enplegutan eskuratu eta mantendu daitezkeen.

b) Gaitasunak, espezialitateei lotuta, lanpostu organiko zehatz batzuetan jarduera profesionalean jarduteko kualifikazio indibidualak direnak.

III. TITULUA

Kidegoko langileen plangintza

I. KAPITULUA

Plangintzaren helburua eta tresnak

24. artikulua. Plangintzaren helburua eta tresnak.

Guardia Zibilean giza baliabideak planifikatzearen helburua hauxe da: zerbitzuak ematean ahalik eta eraginkortasun handiena lortzen laguntzea, langileen plantillak modu egokian dimentsionatuz, eskala eta enpleguetan.

Oinarrizko adierazpena izango du erregelamenduzko plantilletan, lanpostuak hornitzeko programazioan eta enplegu-eskaintzen bidez onetsitako urteko hornikuntzetan, hurrengo kapituluan aurreikusitakoaren arabera.

II. KAPITULUA

Langileen plantilla eta lanpostuen hornikuntza

25. artikulua. Langileen plantilla.

1.Zerbitzu aktiboan dauden Guardia Zibilaren Kidegoko langileen plantilla Estatuaren Aurrekontu Orokorren legeetan ezarritako kredituetara egokituko da.

2.Ministroen Kontseiluak, Defentsako eta Barne-arazoetako ministroek elkarrekin hala proposatuta, enplegu eta eskaletarako erregelamenduzko plantilla finkatuko du, eta bakoitzak lau urteko aldietarako indarraldia izango du; salbuespen izango dira eskala bakoitzeko lehen enpleguari dagozkionak, horietako langileak lanpostuen hornikuntzaren ondoriozkoak izango baitira, hurrengo artikuluko 2. paragrafoak aipatzen duen bezala.

Gobernuak, plantilla garatzeko errege-dekretu bat onesten duen bakoitzean, horren berri emango die Gorte Nagusiei.

3.Ofizial jeneral bat izendatzen denean lanpostu bat bete dezan Defentsako edo Barne Arazoetako Ministerioetako organo zentraletan edo organismo autonomoetan, Gobernuko Lehendakaritzan edo beste ministerio-sail batzuetan, Erregearen Etxean, nazioarteko erakundeetan edo atzerriko beste organismo batzuetan, edo nazioartean bakea eta segurtasuna mantentzeko zereginetan, eta izendapen horrek destinoa uztea badakar, hura plantilla osagarritzat joko da, salbu eta berariaz esleituta badaude Guardia Zibilaren Kidegoari.

4.Ofizial jeneral bat plantilla osagarriko lanpostu bat betetzeko izendatzean, lanpostu huts bat sortuko da Kidegoko erregelamenduzko plantillan, baldin eta aurretik berariaz horri esleitutako destino bat beteko balu; lanpostua uzten duenean, amortizatu egingo du destinoa, bere enpleguan sortzen den lehenengo lanpostu hutsaren bidez. Bere eskalako hurrengo goiko enplegura igo ahalko da, baldin eta horretarako behar diren baldintzak betetzen baditu, 73.1 artikuluan aurreikusitakoari jarraiki.

5.Enplegu eta eskaletan egon daitezkeen gaineratikoak amortizatzeko, ez da igoerarako emango ofizial jeneralen enpleguetan sortzen den lehen lanpostu hutsa eta hirutatik lehenengoa gainerako enpleguetan.

26. artikulua. Lanpostuen hornikuntza Guardia Zibilaren Kidegoan.

1.Ministroen Kontseiluak lanpostuen urteko hornikuntza onetsiko du; bertan, prestakuntza-ikastetxeei dagozkien lanpostuak zehaztuko ditu, sartzeko sistemei dagozkien kupoak zehaztuta, eta, betiere, aurrekontu-kredituetara eta Estatuaren Aurrekontu Orokorren Legeak Enplegu Publikoko Eskaintzari buruz ezarritako aurreikuspenetara egokituta.

2.Kidegoko lanpostuen urteko hornikuntza Ministroen Kontseiluak onetsitako errege-dekretuz zehaztuko da, Ogasun eta Herri Administrazioetako ministroak egindako proposamenari jarraiki, eta Defentsako eta Barne Arazoetako Ministerioek elkarrekin eginiko ekimenez.

27. artikulua. Lanpostuen kudeaketa.

1.Guardia Zibilak lanpostuen katalogo baten bidez antolatzen ditu bere langileak; katalogo horretan, alderdi hauek zehazten dira: lanpostu bakoitzaren izendapena, eskala zehatzetarako atxikipena, enpleguak eta/edo espezialitate-eskakizunak, gaitasuna edo titulazioa, esleitzeko modua eta ordainsari osagarriak. Halaber, erreserban dauden langileek bete ditzaketen lanpostuak jasoko dira, eta, hala badagokio, horiek betetzeko ezarritako mugak.

2.Guardia zibilek lanpostuen katalogoan jasotako informazioa kontsultatu ahalko dute, Barne-arazoetako ministroaren aginduz zehaztutako moduan.

IV. TITULUA

Guardia zibilen irakaskuntza

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

28. artikulua. Guardia zibilen irakaskuntza.

1.Guardia zibilen irakaskuntza Konstituzioan aitortutako eskubideen eta askatasunen errespetuan oinarritzen da eta Guardia Zibilaren jardun profesionala du funts, Kidegoari esleitutako egitekoak eraginkortasunez gauzatzeko. Irakaskuntzak honako hauek ditu helburu:

a) Kidegoan sartu nahi dutenei beharrezko prestakuntza integrala ematea.

b) Kidegoko edozein eskalatan sartu nahi dutenei berariazko lanbide-gaikuntza

ematea.

c) Berariazko prestakuntza gainditzea eskatzen duten goi-mailako enpleguetako zereginak betetzeko gaikuntza ematea.

d) Berariazko prestakuntza behar duten lanpostuak betetzeko edo jarduerak gauzatzeko beharrezko espezializazioa ematea.

e) Ezagutza profesionalak etengabe eguneratzea.

2.Guardia zibilen irakaskuntza prestakuntza-prozesuaren jarraitutasuna bermatzen duen sistema unitario gisa eratzen da; Espainiako hezkuntza-sistemako irakaskuntzak jasotzen ditu eta, oinarrizko alderdietan, bere irakaskuntza-egitura du. Hezkuntza-sistema horren printzipio eta helburuetan oinarritzen da, guardia zibilaren izaera aintzat hartuta dagozkion egokitzapenak eginda.

3.Guardia zibilen irakaskuntza honela egituratzen da:

a) Prestakuntzarako irakaskuntza.

b) Hobekuntzarako irakaskuntza.

c) Goi-mailako ikasketa profesionalak.

4.Sistemaren kalitatea ziurtatzeko, guardia zibilen irakaskuntzak ebaluazio-prozesu jarraitua izango du, eta Espainiako hezkuntza-sistemako ebaluazio-prozesuen ezaugarriak eta irizpideak hartuko ditu erreferente gisa.

5.Barne Arazoetako Ministerioak, hitzarmenen edo beste akordio batzuen bidez, lankidetza sustatuko du Hezkuntza-administrazioekin eta unibertsitate zein erakunde zibil eta militarrekin, nazionalak edo atzerrikoak izan, irakaskuntza edo ikastaro batzuk emateko eta ikerketa-programak garatzeko. Era berean, Barne Arazoetako Ministerioak lankidetza sustatuko du Estatuko Administrazio Orokorraren, autonomia-erkidego eta tokierakundeen, kultura-, gizarteeta enpresa-erakundeen eta Guardia Zibilaren irakaskuntzasistemaren artean.

29. artikulua. Prestakuntza-irakaskuntza.

1.Prestakuntza-irakaskuntzaren helburua Guardia Zibilaren Kidegoko eskaletara sartzeko lanbide-gaikuntza ematea da. Irakaskuntza horrek eskala bakoitzeko kideei esleitutako egitekoak behar bezala betetzeko beharrezkoak diren prestakuntza militarra, segurtasun-kidegoko prestakuntza eta prestakuntza teknikoa jasoko ditu, bai eta, hala dagokionean, Espainiako hezkuntza-sistemako titulu bati dagokion prestakuntza ere.

2.Ofizialen eskalara sartzeko prestakuntza-irakaskuntzak unibertsitateko gradutitulu bat eskuratzeko beharrezkoa dena ere jasoko du.

3.Ofizialordeen eskalara sartzeko prestakuntza-irakaskuntzak goi-mailako lanbideheziketako hezkuntza-maila izango du erreferentzia gisa.

Eskala horretara sartzean eskuratutako lehenengo enpleguak aukera emango du Espainiako hezkuntza-sistema Lanbide Heziketako goi-mailako teknikariaren tituluaren baliokidea eskuratzeko, bai eta graduko unibertsitate-ikasketetara sartzeko ere, erregelamenduz zehazten den prozeduraren bidez.

4.Kaporalen eta guardien eskalara sartzeko prestakuntza-irakaskuntzak erdimailako lanbide-heziketako hezkuntza-maila izango du erreferentzia gisa. Eskala horretara sartzean lehenengo enplegua eskuratzeak aukera emango du lanbideheziketako teknikari-tituluaren baliokidea eskuratzeko.

30. artikulua. Hobekuntzarako irakaskuntza. Hobekuntzarako irakaskuntzak helburu hauek ditu:

a) Guardia Zibilaren Kidegoko langileei gaikuntza ematea, lege honek hala zehazten duen enpleguetara igotzeko.

b) Lan-jarduneko arlo zehatzetan jarduerak gauzatzeko espezializatzea.

c) Lanbidea gauzatzeko beharrezkoak diren ezagutzak eta gaitasunak zabaltzea edo eguneratzea.

31. artikulua. Goi-mailako ikasketa profesionalen irakaskuntza. Goi-mailako ikasketa profesionaltzat ondoko hauek hartzen dira:

a) Segurtasun publikoarekin lotuta, graduondoko tituluak eskuratzeko aukera ematen dutenak eta Kidegorako interesekoak direnak.

b) Hala erabakitzen denean, berariaz guardia zibilen prestakuntzara bideratutako ikastaroak, ofizial jeneralen eta ofizialen kategoriei esleitutako zuzendaritza-eginkizunak betetzeko, Guardia Zibilaren irakaskuntza-egituran edo beste polizia-kidego batzuetan – nazionalak zein atzerrikoak izan– egindakoak.

c) Indar Armatuen eremuan, defentsa nazionaleko goi-mailako ikasketen izaera dutenak.

II.KAPITULUA

Sarbidea

32. artikulua. Guardia Zibilaren prestakuntza-irakaskuntzan sartzeko modalitateak.

1.Espainiarrek Guardia Zibilaren prestakuntza-irakaskuntzan sartzeko eskubidea daukate, kapitulu honetan ezarritako baldintzak betez; betiere, Konstituzioan jasotako berdintasun-, merezimendueta gaitasun-printzipioei eta apirilaren 12ko 7/2007 Legearen

55. artikuluan ezarritakoei jarraiki.

2.Guardia Zibilaren prestakuntza-irakaskuntzara ondoko sistema hauen bidez sartu ahalko da, kapitulu honetan ezarritakoaren arabera:

a) Zuzeneko sarbidearen bidez.

b) Sustapen profesionalaren bidez.

3.Zuzeneko sarbidea hauxe da: Guardia Zibileko kide ez direnak, Kidegoko eskalaren batean sartzeko, dagokion prestakuntza-irakaskuntzara sartzea.

4.Guardia zibilek bi modu izango dituzte irakaskuntza horretara sustapen profesionalaren bidez sartzeko: barne-sustapena eta eskala-aldaketa.

Barne-sustapena goiko hurrengo eskalan sartzeko ahalmena ematen duen prestakuntza-irakaskuntzarako sarbidea da. Eskala-aldaketa da ofizialen eskalara sartzeko erregelamendu bidez xedatzen diren unibertsitate-titulu ofizialetako bat duten ofizialordeen eta kaporalen eta guardien eskaletako kideei prestakuntza-irakaskuntzara sartzeko bidea ematea. Guardia Zibilaren Zuzendaritza Nagusiak guardia zibilen sustapen profesionalerako aukera ematen duten prozesuak sustatu eta erraztuko ditu.

33. artikulua. Prestakuntza-ikastetxeetan sartzeko eskakizun orokorrak.

1.Oro har, hautaketa-prozesuetan parte hartu ahal izateko eta prestakuntzaikastetxeetan sartu ahal izateko, eskakizun hauek bete beharko dira:

a) Espainiar nazionalitatea izatea.

b) Eskubide zibilak gabetuta ez izatea.

c) Zigor-aurrekaririk ez izatea.

d) Auzipetuta ez egotea edo ahozko epaiketarik hasita ez edukitzea inolako prozedura judizialetan dolozko delituagatik.

e) Herri-administrazioetarik edozeinetatik diziplinazko espedientearen bidez kanporatua ez egotea; halaber, funtzio publikoak betetzeko irmotasunez ezgaituta ez egotea.

f) Deialdiaren urtean 18 urte beteta izatea.

g) 40 urtetik gorakoa ez izatea, kaporalen eta guardien eskalarako zuzeneko sarbiderako, eta 50 urtetik gorakoa ez izatea, sustapen profesionalerako.

h) Zehazten den gaitasun psikofisikoa izatea.

Erregelamendu bidez zehaztuko dira eskaletako prestakuntza-irakaskuntzara sartzeko ezarri beharreko titulazioak edo, hala badagokio, unibertsitate-irakaskuntzako kredituak, balioetsiko diren merezimenduak eta gainerako betekizun eta baldintzak.

2.Lege honetan ezarritako prestakuntza-irakaskuntza gainditutakoan, dagokion eskalara sartuko da.

34. artikulua. Titulazio-eskakizunak.

1.Prestakuntza-ikastetxean sartzeko eta ofizialen eskalara jotzeko xedez dagokion unibertsitate-zentroan sartzeko, aurreko artikuluko eskakizun orokorrez gainera, graduko unibertsitate-irakaskuntza ofizialetara sartzeko eskatutakoak ere bete beharko dira, eta, hala badagokio, dagokion hautaketa-sisteman ezartzen diren probak gainditu. Barnesustapeneko modalitatean deitzen diren lanpostuetarako, beharrezkoa izango da ezartzen den gradu-titulazioan zehaztutako kredituak gaindituta izatea.

Aurreko paragrafoan aipatzen den irakaskuntzan sartu ahalko da, halaber, zehazten den kopuruan betiere, zuzeneko sarbidez edo eskala-aldaketaz, graduko, lizentziaturako, arkitekturako, ingeniaritzako edo unibertsitateko graduondoko titulazioen bidez, Guardia Zibilaren Kidegoko eskakizun teknikoak eta profesionalak aintzat hartuta.

2.Prestakuntza-ikastetxera sartzeko, ofizialordeen eskalara sartzeko xedez, 33. artikuluko eskakizun orokorrez gainera, Espainiako hezkuntza-sisteman goi-mailako prestakuntza-zikloetara bideratzen duten irakaskuntzetara sartzeko eskatzen diren eskakizunak ere bete beharko dira.

3.Prestakuntza-ikastetxera sartzeko, kaporalen eta guardien eskalara sartzeko xedez, 33. artikuluko eskakizun orokorrez gainera, Espainiako hezkuntza-sisteman erdimailako prestakuntza-zikloetara bideratzen duten irakaskuntzetara sartzeko eskatzen diren eskakizunak ere bete beharko dira.

35. artikulua. Prestakuntza-ikastetxeetan sartzeko hautaketa-sistemak.

1.Prestakuntza-ikastetxeetara deialdi publikoaren bitartez sartuko da, lehiaketaren, oposizioaren edo oposizio-lehiaketaren sistema libreen bidez, eta horietan, nolanahi ere, berdintasun-, merezimendueta gaitasun-printzipio konstituzionalak bete beharko dira, bai eta enplegu publikorako sarbidea zuzentzen duten printzipioak ere.

Prestakuntza-ikastetxeetara oposizio-lehiaketaren sistemaren bidez sartuko da barnesustapenetan edo eskala-aldaketetan.

2.Oposizio-fasean, gainditu beharreko probak jaso beharreko irakaskuntzaren mailara eta ezaugarrietara egokituta egongo dira, bai eta dagozkien eginkizun eta ahalmen profesionaletara ere. Era berean, helburu izango dute hautagaiak Guardia

Zibilean integra daitezen erraztea eta dagozkien ikasketa-planak egiteko beharrezko gaitasun psikofisikoak egiaztatzea.

3.Hautaketa-sistemetan ezin izango da generoagatiko desberdintasunik egon; soilsoilik baldintza fisikoen ondoriozko diren desberdintasunak egon ahalko dira, eta sartzeko eska litezkeen baldintzen koadroan jasota egongo dira.

Erregelamenduz zehaztuko da hautagaiek proba fisikoak nola egingo dituzten haurdunaldi, erditze edo erditze-osteko kasuetan; betiere, beren babesa bermatu beharko da.

4.Lehiaketaren edo oposizio-lehiaketaren sistemetarako ezartzen diren baremoetan, guardia zibilen historia profesionala balioetsiko da, zehazten den moduan.

5.Hautaketa-organoak kide anitzekoak izango dira, eta, horien osaeran, kideen inpartzialtasuneta profesionaltasun-printzipioak bete beharko dira; era berean, emakumezkoen eta gizonezkoen arteko paritatea lortzeko ahalegina egin beharko da. Hautaketa-organoetako kideak beren izenean arituko dira beti, eta ezin izango dira beste inoren izenean edo ordez jardun.

Hautespen edo izendapen politikoko langileak eta behin-behineko langileak ezin izango dira hautaketa-organoetako kide izan.

6.Hautaketa-organoek ezin izango dute, prestakuntza-ikastetxeetan sartzeari dagokionez, deitutako lanpostu-kopurutik gorako kopurua proposatu. Hala ere, hautatutako hautagaiek sartu aurretik uko egiten badute edo, hala dagokionean, deialdian ezartzen den orientazioeta egokitzapen-aldia amaitu aurretik uko egiten badute, deialdia egin duen organoak proposatutako hautagaien ondoko hautagaien zerrenda osagarria eskatu ahalko dio hautaketa-organoari, ikasle gisa izendatu ahal izateko.

Ikastetxeetan sartzeko data heltzean, aurreko lerrokadan ezarritakoari jarraiki, iraungi egingo da hautaketa-sistemaren ondoriozko beste edozein eskubide.

36. artikulua. Ofizialen eskalara sartzeko sustapen profesionala.

1.Sustapen profesionalaren sistemarako, ofizialen eskalan sartzeko prestakuntzairakaskuntzan sartu ahal izateko deitzen den lanpostu-kopuruaren ehuneko berrogeita hamabost gordeko da gutxienez, eta barne-sustapeneko eta eskala-aldaketako modalitateen artean banatuko da, hurrengo paragrafoetan jasotakoaren arabera. Ondorio horietarako, unibertsitate-irakaskuntzak jasotzeko bide ematen duten ekintzak sustatuko dira.

2.Barne-sustapeneko modalitatean ofizialen eskalarako sarbidea ematen duen prestakuntza-irakaskuntzan sartu ahal izateko, beharrezkoa izango da ofizialordeeskalakoa izatea, bertan gutxienez bi urteko zerbitzu-aldia beteta izatea eta, gainera, 33. eta 34. artikuluetan ezarritako eskakizunak betetzea.

Modalitate horretan deitzen diren lanpostuetarako, beharrezkoa izango da 34.1 artikuluak adierazitako goi-mailako hezkuntzako kredituak gaindituta izatea.

3.Ofizialen eskalara sartzeko sustapen profesionalerako erreserbatutako lanpostu guztietatik ehuneko 30 arte eskala-aldaketako modalitatean deituko dira. Horietara beren eskalan zerbitzuan gutxienez bi urte bete dituzten ofizialordeak sartu ahalko dira, bai eta kaporal nagusiak, kaporal lehenak –enpleguan gutxienez lau urtez egonda– eta kaporalak eta guardia zibilak –beren eskalan zerbitzuan gutxienez zazpi urtez egonda– ere. Gainera, horiek guztiek 33. eta 34. artikuluetan finkatutako eskakizunak bete beharko dituzte.

37. artikulua. Ofizialordeen eskalara sartzeko sustapen profesionala.

Ofizialordeen eskalarako sarbidea ematen duen prestakuntza-irakaskuntzan sartu

ahal izateko deitutako lanpostu guztiak, barne-sustapeneko modalitatean, kaporalen eta guardien eskalako kideei erreserbatuko zaizkie, baldin eta bertan gutxienez bi urteko zerbitzu-aldia beteta badute eta, gainera, 33. eta 34. artikuluetan ezarritako eskakizunak betetzen badituzte.

38. artikulua. Hobekuntza-ikastaroetako eta goi-mailako ikasketa profesionaletako ikasleak.

1.Guardia zibilek beren eskalarako zehaztutako karrera-profilen eskakizunei erantzuten dieten ikastaroak egin ahalko dituzte.

2.Hobekuntza-ikastaroetan eta goi-mailako ikasketa profesionaletan parte hartuko duten guardia zibilen hautaketa lehiaketa edo oposizio-lehiaketa bidez egingo da, edota 70.1 artikuluan ezarritako ebaluazioen bidez. Zerbitzuko beharrizanak direla eta ezinbestekoa denean, zuzenean laguntzaileak izendatu ahalko dira, eta nahitaez joan beharko dute ikastaroetara.

Ezagutzak eta gaitasunak zabaltzeko edo eguneratzeko ikastaroetara bertaratuko diren guardia zibilak zuzenean izendatuko dira, erakundearen beharrak eta langileen prestakuntza aintzat hartuta.

III. KAPITULUA

Guardia Zibilaren ikastetxeak eta Unibertsitate Zentroa

39. artikulua. Ikastetxeak.

1.Guardia Zibilaren ikastetxea bere irakaskuntza-egiturari dagokion ikastetxea da, zeinaren helburu nagusia 28.3 artikuluan jasotako irakaskuntza motaren bat edo batzuk ematea den; orokorrean, prestakuntza-ikastetxe, hobekuntza-ikastetxe edo goi-mailako ikasketa profesionalen ikastetxe izena hartzen dute.

2.Guardia Zibilaren prestakuntza-ikastetxeak sortzeko eskumena Gobernuak du. Hobekuntza-ikastetxeak eta goi-mailako ikasketa profesionalen ikastetxeak sortzeko eskumena Defentsako ministroak edo Barne-arazoetako ministroak du, gaiaren izaeraren arabera, eta beste ministerioaren txostena kontuan hartuko du.

3.Guardia Zibilaren ikastetxeetako agintea, zuzendaritza eta gobernua ikastetxeko zuzendariak gauzatzen ditu; zuzendari hori Guardia Zibileko kide bat izango da. Zuzendari hori ikastetxeko agintari nagusia izango da, ikastetxearen ordezkari gisa jardungo du, eta irakasleak izendatzeko proposamenak egingo ditu.

40. artikulua. Prestakuntza-ikastetxeak.

1.Prestakuntza-irakaskuntza Guardia Zibilaren irakaskuntza-egiturari dagozkion akademietan emango da; horietan sartzeko sistemak eta modalitateak titulu honen II. kapituluan arautzen dira. Ikastetxe horiek prestakuntza militarraren, Segurtasun Kidegoko prestakuntzaren eta prestakuntza teknikoaren arduradun izango dira.

2.Ofizialen eskalara sartzeko prestakuntza-irakaskuntza Guardia Zibilaren Ofizialen Akademian emango da.

Irakaskuntza horretara zuzeneko sarbidearen sistemaren bidez jotzen dutenek, aurretiko unibertsitate-titulurik izan gabe, Lurreko Armadaren Akademia Militar Orokorrean zehazten den hasierako aldia egingo dute; beraz, leku-kopurua, sartzeko eskakizunak eta probak, bai eta ikasleen araubidea ere, Indar Armatuetako Kidego Orokorretako ofizialen eskaletako kideentzat berariazko araudiak ezarritakoak arautuko ditu.

Irakaskuntza honetara aurretiko unibertsitate-titulua izanda jotzen dutenei dagokienez, edo goi-mailako hezkuntzako kreditu jakin batzuen aurretiko eskakizunarekin, 32.4 artikuluko bigarren lerrokadan, 33.1 artikuluko bigarren lerrokadan, 34.1 eta 36.2 artikuluko bigarren lerrokadan aurreikusitakoari jarraiki, erregelamenduz zehaztuko dira zein alditan eta zein ikastetxetan jasoko duten prestakuntza-irakaskuntza.

41. artikulua. Guardia Zibilaren Unibertsitate Zentroa.

1.29. artikuluak aipatzen duen Espainiako unibertsitate-sistemako unibertsitateko gradu-tituluari dagozkion irakaskuntzak emateko, Guardia Zibilaren Unibertsitate Zentroa egongo da, unibertsitate publiko bati edo batzuei atxikita, Unibertsitateei buruzko

abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoan aurreikusitakoari jarraiki. Aipatutako zentroa Guardia Zibilaren Ofizialen Akademian egongo da kokatuta, eta haren titulartasuna Barne Arazoetako Ministerioak izango du.

Guardia Zibilaren Unibertsitate Zentroa aipatutako lege organikoak arautuko du, bai eta lege honek eta atxikipen-hitzarmen egokiek ere; hitzarmen horiek kontuan izango dituzte guardia zibilen karrera profesionaleko berezitasunak. Guardia Zibilaren Unibertsitate Zentroak berezko nortasun juridikoa izango du, bai eta berezko aurrekontua ere, Barne Arazoetako Ministerioaren kargura finantzatuta.

2.Eskura daitezkeen unibertsitate-graduko tituluak dagokion atxikipenhitzarmenaren esparruan erabakitzen direnak izango dira; hitzarmen horiek kontuan izango dituzte Guardia Zibileko kideen jarduera profesionalaren eskakizunak.

3.Unibertsitate-zentroan graduondoko titulu ofizialak eskuratzera bideratutako ikasketak ere egin ahalko dira, eta segurtasun publikorako interesekotzat jotzen diren ikerketa-ildoak zehaztu eta garatuko dira, irakaskuntzako eta ikerketako beste erakunde eta organismo batzuekin lankidetzan. Era berean, guardia zibilen garapen eta sustapen profesionala errazteko, prestakuntza-ekintzak sustatuko dira, gradu-tituluak lortu ahal izan ditzaten.

42. artikulua. Ikastetxeen barne-araubidea.

1.Ikastetxeen barne-araubidearen erregulazioak helburu hauek izango ditu:

a) Ikasketa-planen garapena erraztea, 44. artikuluan zehaztutako helburuetara egoki daitezen.

b) Ikaslea Guardia Zibilaren berezko ezaugarrietara egokitzea –Segurtasun Indar eta Kidegokoa izateagatik eta izaera militarragatik– eta, aldi berean, egoki gizarteratzea.

c) Ikasleari prestakuntza integrala ematea eta, halaber, bere eskubide eta betebeharrak ezagutaraztea eta gauzatzen laguntzea, eta bere ekimena sustatzea.

d) Diziplina militarreko erlazioak prestakuntza-prozesuaren ondoriozko irakasle eta ikasleen artekoekin integratzea.

2.Prestakuntza-ikastetxeetako barne-araubidearen erregulazioak kontuan izango du prestakuntza militarraren, segurtasuneko kidegoaren eta, hala badagokio, prestakuntza teknikoaren eskakizunak bateragarri egin behar direla Espainiako hezkuntza-sistemari dagozkion titulazioak eskuratzearekin.

3.Prestakuntza-irakaskuntzako ikasleek egindako diziplinako arau-hausteak zuzentzeko, Kidegoko diziplina-araubidea aplikatuko da. Arau akademikoak ez betetzea Guardia Zibilaren prestakuntza-ikastetxeen barne-araubidean xedatzen denari jarraiki zuzenduko da.

4.Guardia Zibilaren prestakuntza-ikastetxeen barne-araubideko arau orokorrak Guardia Zibilaren zuzendari nagusiak onetsiko ditu.

43. artikulua. Hobekuntza-ikastetxeak eta goi-mailako ikasketa profesionalerako ikastetxeak.

Hobekuntza-irakaskuntza eta goi-mailako ikasketa profesionalerako irakaskuntza Guardia Zibilaren irakaskuntza-egituran emango da edota, hala badagokio, Defentsa eta Barne Arazoetako Ministerioenetan, Herri-administrazioenetan edo beste erakunde batzuenetan, nazionalak edo atzerrikoak izan, hala xedatzen denean.

IV. KAPITULUA

Ikasketa-planak

44. artikulua. Ikasketa-planak prestakuntza-irakaskuntzan.

Prestakuntza-irakaskuntzari dagozkion ikasketa-planak helburu hauetara egokituko dira:

a) Konstituzioan jasotako printzipio eta balioak ezagutzea eta nork bere gain hartzea, Espainiako kultura-aniztasuna kontuan hartuta eta oinarrizko eskubideak eta askatasun publikoak errespetatuta eta, bereziki, tratu-berdintasunaren printzipioa eta sexuan, arrazan edo etnian, erlijioan edo ideologian, sexu-orientazio edo -identitatean, adinean, desgaitasunean edo beste edozein baldintza edo egoera pertsonal edo sozialetan oinarrituta ez diskriminatzekoa, eta emakume eta gizonen arteko aukera-berdintasunaren printzipioa errespetatuta.

b) Guardia Zibilaren balioak eta jokabide-kodea sustatzea.

c) Prestakuntza integrala eta nortasunaren garapen osoa bermatzea.

d) Eskala bakoitzean jarduera profesionalerako behar den prestakuntza ematea.

e) Espainiako hezkuntza-sistemako tituluak eskuratzen laguntzea, hala badagokio.

45. artikulua. Ikasketa-planak onestea.

1.Ministroen Kontseiluak, Defentsako eta Barne-arazoetako ministroek elkarrekin landutako proposamenari jarraiki, eta Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak aldeko txostena emanda, egin beharreko ikasketa-planen jarraibide orokorrak zehaztuko ditu, 29. artikuluan jasotako irakaskuntzei dagozkien teknikariaren eta goi-mailako teknikariaren tituluen baliokidetasunak eskuratu ahal izateko.

2.Defentsako eta Barne-arazoetako ministroei batera dagokie ofizialordeen eta kaporal eta guardien eskaletara sartzeko prestakuntza-irakaskuntzen ikasketa-planak onestea, bai eta ofizialen prestakuntza militarrarena, segurtasuneko kidegoko prestakuntzarena eta prestakuntza teknikoarena ere. Era berean, ofizialen eskalara sartzeko Guardia Zibilaren irakaskuntzan egin beharreko gradu-titulazioak zehaztuko dituzte, jarduera profesionalerako gaitasunen definizioa eta profilen diseinua kontuan hartuta.

Unibertsitate-titulu ofizial horiek eskuratzeko ikasketa-planak Espainiako unibertsitatesistemaren berariazko araudiari jarraiki onetsi eta ezarriko dira.

46. artikulua. Tituluak, aitorpenak eta baliozkotzeak.

1.Irakasgaien edo irakasgai-multzoen prestakuntzako aitorpena egin ahalko da, kreditu eta edukietan antzekoak direnean, Espainiako hezkuntza-sisteman, Indar Armatuetan edo beste polizia-kidego batzuetako ikastetxeetan egindakoak eta Guardia Zibilaren irakaskuntzan egindakoak, erregelamendu bidez ezartzen denari jarraiki.

2.Guardia Zibileko kideei gainditutako ikastaroak, garatutako jarduerak eta eskuratutako espezialitateak egiaztatzen dituzten diploma edo ziurtagiriak emango zaizkie. Espainiako hezkuntza-sistemako titulu ofizialekin indarrean dauden baliozkotzeak, homologazioak, aitorpenak eta baliokidetasunak eskuratu ahalko dituzte, erregelamenduz ezartzen denari jarraiki.

V. KAPITULUA

Ikasleen eta irakasleen araubidea

47. artikulua. Ikasle-izaera eta prestakuntza-irakaskuntzako ikasleen araubidea.

1.Guardia Zibilaren prestakuntza-ikastetxeetan sartzen direnek, beren aurkezpena egitean, Guardia Zibilean sartzeko dokumentu bat sinatuko dute, Defentsa Ministerioak onetsitako ereduari jarraiki, Barne Arazoetako Ministerioak txostena eman ondoren, eta ikasle izendatuko dira. Jada Kidego horretako kide direnek ez dute dokumentua sinatu beharko.

2.Ikasleak prestakuntza jasotzen ari diren ikastetxeko araubidearen mende egongo dira, kalterik egin gabe dagokion atxikipen-hitzarmenean Guardia Zibilaren Unibertsitate Zentrorako ezarritakoari; hitzarmen horrek, betiere, kontuan izango du ikasleen izaera militarra.

3.Guardia Zibilaren Kidegoan aurretik enplegu militarra duten ikasleek enplegu horri dagozkion administrazio-eskubideak mantenduko dituzte; nolanahi ere, gainerako ikasleen araubide beraren mende egongo dira.

Prestakuntza-ikastetxeetan sartzean, aktibo-egoeran egongo dira edo egoera horretara igaroko dira; nolanahi ere, zuzenean sartu badira, borondatezko eszedentziaegoerara igaroko dira.

4.Destinoak hornitzeko arauek ikastetxe bateko ikasle izateak arlo horretan dauzkan ondorioak erregulatu ahalko dituzte.

5.Guardia Zibilaren prestakuntza-ikastetxeetako ikasle izendatzen direnean, alferez, sarjentu eta guardia zibil enpleguak emango zaizkie behin-behinean eta erregelamenduz zehazten diren ondorio akademikoetarako, praktikoetarako eta ordainsari-ondorioetarako, ezartzen diren berariazko izendapenekin; ikastetxeetako barne-araubidearen mende egongo dira, bai eta Kidegoko langileen eskubide eta betebeharren araubide orokorraren eta diziplina-araubidearen mende ere.

48. artikulua. Ikasle-izaera galtzea.

1.Prestakuntza-irakaskuntza jasotzen ari den ikasle bati baja eman ahalko zaio, honako motibo hauetakoren bat tarteko:

a) Norberak hala eskatzea. Kasu horretan, Barne-arazoetako ministroak Estatuari zein kasutan ordaindu behar zaion erabakiko du eta kopuruak ezarriko ditu, kontuan hartuta Guardia Zibilaren irakaskuntza-egituran jasotako prestakuntzaren kostua edo, hala badagokio, Indar Armatuetakoa, betiere prestakuntza bi urtetik gorakoa bada.

b) Ikasleentzat ezarritako baldintza psikofisikoak ez betetzea.

c) Dagozkion ikasketa-planetan aurreikusitako probak eta gaiak ezarritako epeetan ez gainditzea.

d) 44. artikuluko a) eta b) lerrokadetan aipatutako printzipio, balio eta jokabidekodeen inguruko ezaugarri profesionalak ez izatea, horretarako aldian behin egindako ebaluazioetan birritan kalifikazio negatiboa jasotzeagatik, prestakuntza-ikastetxeen barnearaubideko arauetan ezartzen den prozedurari jarraiki.

e) Falta astunaren edo oso astunaren ondorioz diziplina-zehapena jasotzea, urriaren 22ko 12/2007 Lege Organikoan ezarritakoari jarraiki.

f) Dolozko delituaren ondorioz epai kondenatzailea jasotzea, delitu mota eta ezarritako zigorra kontuan hartuta, aurretik administrazio-espedientea izapidetuta eta interesduna entzunda.

g) Espainiako nazionalitatea galtzea.

h) Prestakuntza-ikastetxera sartzeko deialdira jo ahal izateko 33. artikuluak ezartzen dituen baldintzak ez betetzea, interesdunak adierazitakoaren aurka edo baldintza horiek interesdunak adierazi ondoren galduta.

b) eta e) lerrokadetan aipatutako kausaren batengatik espedienteren bat hasteak eten egingo du ikasle-baldintza, espedientearen ebazpena eman arte; ondorioz, behinbehinerako eman zaion enplegua eta horren ondoriozko eragin ekonomikoak ere etenda geratuko dira.

Barne-arazoetako ministroak zehaztuko ditu baldintza psikofisikoen koadroak, paragrafo honen b) lerrokadan aurreikusitako ondorioetarako.

2.Baja izatean, ikasleek galdu egingo dute izaera militarra, izaera hori ikasle izendatu aurretik edukitzean salbu; halaber, galdu egingo dute behin-behinerako eskuratutako enplegu militarra. Hala dagokionean, baja izango dira Guardia Zibilaren Unibertsitate Zentroan ere.

49. artikulua. Ebaluazio eta kalifikazioen araubidea.

1.Prestakuntza-ikastetxeek ikasleek eskuratutako ezagutzak, prestakuntzaren garapena eta errendimendua egiaztatuko dituzte, eta dagozkien ebaluazioak eta kalifikazioak egingo dituzte, irizpide objektiboei jarraiki.

Ebaluazio eta kalifikazioek balio dute ikasleak eskola-errendimenduaren eta zerbitzurako gaitasunaren gainean orientatzeko, beren gaitasuna balioesteko, ikasketaplanetan aurreikusitako probak gainditzen dituzten zehazteko, eta dagokien eskalafoian sartzeko sarrera-ordena zehazteari begira sailkatzeko.

2.Erregelamenduz, helburu objektiboetan oinarritutako sistema bat ezarriko da, lehenengo enpleguan hainbat jatorritatik eskala batean sartzen direnak azken sailkapen bakarrean integratzeko.

50. artikulua. Hobekuntza-ikastaroetara doazen eta goi-mailako ikasketa profesionalak egiten ari diren ikasleen araubidea.

1.Hobekuntza-ikastaroetara doazen eta goi-mailako ikasketa profesionalak egiten ari diren guardia zibilak, ikastaro edo ikasketa horiek egiten ari diren bitartean, zerbitzu aktiboko egoeran egongo dira edo egoera horretara igaroko dira.

Dagokion deialdiak zehaztuko du jatorrizko destinoan mantentzen diren edo baja diren, destinoak hornitzeko arau orokorrei jarraiki.

2.Emakumeei, erregelamenduz ezartzen den moduan, aipatutako ikastaroetara joateko aukera berriak emango zaizkie, baldin eta haurdunaldiagatik, erditzeagatik edo erditze-osteagatik ez badute hautaketa-probetan edo ikastaroetan parte hartzerik izan.

3.Familiartekoak zaintzen egoteagatik edo genero-indarkeriagatik eszedentzian egon ondoren zerbitzu aktibora itzuli diren guardia zibilei lehentasuna emango zaie, urtebetez, ezagutzak eguneratzeko edo zabaltzeko prestakuntza-jardueretan parte hartzeko lanpostuak esleitzean.

51. artikulua. Irakasleak.

1.Guardia Zibilaren egiturako ikastetxeetako irakasleen koadroak, oro har, horietan destinatutako Kidegoko langileek osatuko dituzte.

Edozein eskalatako kideak izan ahalko dira irakasle, berariazko sail edo atal bakoitzerako eskatzen diren eskakizun eta titulazioei jarraiki.

Gai zehatz batzuk Indar Armatuetako karrerako militarrek, beste polizia-kidego batzuetako kideek edo zehazten diren arloetan ezagutza eta esperientzia egiaztatua duten funtzionario zibilek eman ahalko dituzte.

2.Irakasle jarduteko, egokitasuna aitortuta izan behar da, titulazioaren, prestakuntzaren, esperientzia profesionalaren eta gaitasun pedagogikoaren bidez.

3.Defentsako eta Barne-arazoetako ministroek elkarrekin finkatuko dituzte Guardia Zibilaren irakaskuntza-egiturako zentroetako irakasleen eskakizun orokorrak eta jarduteko baldintzak.

4.Ofizialen prestakuntza-ikastetxeetan, Guardia Zibileko irakasleak egongo dira, prestakuntza militar orokorra eta segurtasuneko kidegoko edo prestakuntza teknikoa

emateko, eta tutoretzako eta laguntzarako zereginak betetzeko, Defentsaren eta Guardia Zibilaren unibertsitate-zentroetako irakasleen koadroarekin lankidetzan.

5.Guardia Zibilaren Unibertsitate Zentroko unibertsitate-graduan, gaikuntza egokia duten irakasleak jardungo dira irakasten, abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoari eta atxikipen-hitzarmen egokiei jarraiki.

V. TITULUA

Karrera profesionala

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

52. artikulua. Karrera profesionala.

Guardia Zibilaren Kidegoko karrera profesionala goragoko enpleguetara igotzeak, destinoen okupazioak eta erantzukizun handiagoko lanpostuak betetzeko gaikuntza progresiboak zehazten du, Kidegoaren zereginak betetzean eta beren eskalako eskumenak gauzatzean prestakuntza eta esperientzia profesionala konbinatuz.

II. KAPITULUA

Historia profesionala

53. artikulua. Historia profesionala.

1.Guardia zibilaren gorabehera profesionalak bere historia profesional indibidualean geratuko dira islatuta; historia horren erabilera konfidentziala izango da. Ondoko dokumentu hauek osatuko dute historia profesionala:

a) Zerbitzu-orriak.

b) Txosten pertsonalen bildumak.

c) Ikasketa-espedienteak.

d) Gaitasun psikofisikoaren espedientea.

2.Historia profesionalean ez da jasoko ondoko hauei buruzko daturik: arrazaedo etnia-jatorria, erlijioa edo ideologia, sexu-orientazioa edo -identitatea, edo diskriminazioa eragin dezakeen beste inolako baldintza edo egoera pertsonal edo sozial.

3.Defentsako eta Barne-arazoetako ministroek elkarrekin finkatuko dituzte historia profesionala osatzen duten dokumentuen ezaugarriak, eta historia prestatzeko, babesteko eta erabiltzeko arauak emango dituzte, konfidentzialtasuna ziurtatuz.

54. artikulua. Zerbitzu-orria.

1.Zerbitzu-orria guardia zibil bakoitzak Kidegoan sartu denetik izandako gertaerak eta inguruabarrak azaltzen dituen dokumentu objektiboa da, euskarri informatikoan. Zerbitzu-orrian, ondoko alderdi hauek jasotzen dira: igoerak, destinoak, gertakari azpimarragarrien eta merezimenduzko egintzen deskribapena, sariak eta zorion-hitz pertsonalak edo kolektiboak, administrazio-egoerak, eta ezereztu ez diren delituak edo faltak eta dagozkien zigorrak edo zehapenak.

2.Falta astunagatiko edo oso astunagatiko zehapenaren oharra ezerezteak, urriaren 22ko 12/2007 Lege Organikoan ezarritakoari jarraiki, zerbitzu-orriko inskripzioa baliogabetzea ekarriko du, eta ezin izango da beraren bidez ziurtatu, salbu eta horretarako agintari eskudunek hala eskatzen badute, erregelamenduzko sailkapenetarako eta sariak emateko xedez. Ezereztutako oharrak ziurtatzeko aukera edozein jurisdikziotan ezarritako zigorretara zabalduko da.

3.Prestakuntza-irakaskuntzan zuzenean sartu diren ikasleen diziplina-falta arinak eta falta akademikoak ezereztuta geratuko dira ikaslea dagokion eskalara sartzean; ez dira interesdunaren zerbitzu-orrian jasoko eta ezin izango da horien gaineko ziurtagiririk eman.

55. artikulua. Txosten pertsonalak.

1.Kalifikazioko txosten pertsonala aurrez finkatutako kontzeptu batzuen gaineko balioespen objektibo eta inpartziala da; guardia zibilen nolakotasunak, merezimenduak, gaitasuna eta jarduketa profesionala ezagutzeko aukera ematen du.

2.Defentsako eta Barne-arazoetako ministroek elkarrekin zehaztuko dituzte, Guardia Zibilaren Zuzendaritza Nagusiak hala proposatuta, kalifikazioko txosten pertsonalen sistema orokorra, txosten horiek egiteko prozedura, guardia zibilek alegazioak aurkezteko prozedura, maiztasuna eta txostenak egin behar dituztenen maila hierarkikoa; azken horiek jarraibide egokia jasoko dute. Sistema orokorra berbera izango da guardia zibil guztientzat; hala ere, txosten pertsonalen berariazko ereduak ezarri ahalko dira, enpleguaren eta eskalaren arabera.

56. artikulua. Ikasketa-espedientea.

Ikasketa-espedientean, ondoko alderdi hauek jasoko dira: Guardia Zibilaren

irakaskuntza-sisteman egindako ikasketen kalifikazioak, ziurtagiriak eta eskuratutako tituluen egiaztagiriak eta egindako ikasketak, Espainiako hezkuntza-sistemako tituluak edo ikasketak, Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak baliokide edo homologatu gisa aitortu dituenak eta Administrazio Publikoetako organo eskudunek emandako ikasketa profesionalen titulu edo ziurtagiriak.

57. artikulua. Gaitasun psikofisikoaren espedientea.

Gaitasun psikofisikoaren espedientean, egiten diren osasun-azterketen eta proba psikologiko zein fisikoen emaitzak jasoko dira, erregelamenduz ezartzen den edukiarekin eta maiztasunarekin, enpleguaren, eskalaren, adinaren eta inguruabar pertsonalen arabera. Azterketa eta proba horiek edozein unetan egin ahalko dira, interesdunak berak edo unitateko, zentroko edo organismoko buruak modu arrazoituan hala eskatzean; eskaera hori idatziz jasoko da eta dagokion espedienteari hasiera emango dio. Halaber, baldintza psikofisiko nahikoa ez dagoela zehazteko egiten diren guztiak jasoko dira, lege honetan ezarritako ondorioetarako.

Azterketa eta proba horiek derrigorrezko analisiak eta egiaztapenak jaso ahalko dituzte, intoxikazio etilikoko egoerak eta droga toxikoen, estupefazienteen edo substantzia psikotropikoen kontsumoa antzemateko.

Osasun-azterketen eta proba psikologikoen emaitzak isilpean gordeko dira, osasunarloko legeriak emandako konfidentzialtasun-mailan.

58. artikulua. Langileen erregistroa.

1.Guardia Zibilaren Zuzendaritza Nagusian, langileen erregistroa egongo da, non Kidegoko kide guztiak egongo diren inskribatuta; erregistro horretan, kide horien historia profesionaleko administrazio-datuak jasoko dira.

2.Barne-arazoetako ministroak langileen erregistroa eta horren funtzionamendua erregulatzeko arau orokorrak ezarriko ditu.

III. KAPITULUA

Ebaluazioak

59. artikulua. Helburua.

Guardia zibilak ebaluatu egingo dira, ondoko alderdi hauek zehazteko:

a) Enpleguz igotzeko gaitasuna.

b) Ikastaroetara bertaratuko direnen kopuru mugatu bat hautatzeko, hala xedatzen denean.

c) Gaitasun profesional nahikorik eza.

d) Baldintza psikofisiko nahikorik eza.

60. artikulua. Arau orokorrak.

Ebaluazio bakoitzean, interesdunen inguruabarrak aztertuko dira, honako arlo hauetan: euren nortasuna, gaitasunak, baldintza psikofisikoak, lanbidean jardutean dauzkaten ahalmenak eta jokabidea; horretarako, honako dokumentazio hau hartuko da kontuan:

a) Historia profesionala.

b) Interesdunak berak bere jarduketa profesionalari buruz bere ekimenez aurkeztutako informazio osagarria, interesekoa dena eta historia profesionalean jasotzen ez dena.

c) Urriaren 22ko 12/2007 Lege Organikoak aipatzen dituen ziurtagiriak.

d) Ebaluazio-organoak egokitzat jotzen duen beste edozein txosten osagarri.

61. artikulua. Ebaluazio-organoak.

1.Lege honetan zehazten diren ebaluazioak Guardia Zibilaren Kontseilu Gorenak edo eratzen diren ebaluazio-batzordeek egingo dituzte, lege honetan bertan bertan aurreikusitakoari jarraiki.

2.Erregelamendu bidez zehaztuko dira ebaluazio-organoen osaera, bateraezintasunak eta jardunbide-arauak; ahal den guztietan, organo horiek osaera orekatuaren printzipiora egokituko dira, emakumeen eta gizonen berdintasun eragingarrirako indarrean dagoen legerian ezarritakoaren arabera. Organo horiek, betiere, ebaluatutakoen enplegua baino nagusiagoa duten Guardia Zibilaren Kidegoko langileek osatuko dituzte.

3.Defentsako eta Barne-arazoetako ministroek batera zehaztuko dituzte, Guardia Zibilaren zuzendari nagusiak proposatuta, ebaluazio-organoek oro har kontuan hartu beharreko merezimenduak eta gaitasunak, ebaluazioaren beraren helburua kontuan hartuta, bai eta balioespenerako prozedurak eta arau objektiboak ere. Arau objektibo horiek destinoen, espezialitateen, tituluen eta txosten pertsonalen balioespena jasoko dute, bai eta ebaluatutakoen historian jasotzen den beste edozein gorabehera profesionalen balioespena ere.

IV. KAPITULUA

Igoeren araubidea

62. artikulua. Arau orokorrak.

1.Igoeren araubidearen helburua hauxe da: Guardia Zibilak, enplegu guztietan, gaitasun eta esperientzia egokiko profesionalak dauzkala ziurtatzea; hain zuzen ere, ahalik eta eraginkortasunik handiena lortzeko, kideei igotzeko aukerak eta bilakaera profesionalerako bidea emanez. Merezimendua eta gaitasuna sustatu behar ditu, eta guardia zibilen prestakuntza eta dedikazio profesionala bultzatu.

2.Guardia zibilak goiko hurrengo enplegura igoko dira, dagokion eskalan lanpostua hutsik geratu delako; betiere, lege honetan ezarritako baldintzak betetzen badituzte eta martxoaren 13ko 2/1986 Lege Organikoaren 6.1 artikuluan adierazten diren objektibotasun, aukera-berdintasun, merezimendu eta gaitasuneko printzipioei jarraiki.

63. artikulua. Igotzeko sistemak.

1.Igotzeko sistemak honako hauek dira:

a) Antzinatasuna.

b) Oposizio-lehiaketa.

c) Sailkapena.

d) Hautaketa.

2.Antzinatasun-sistemaren bidezko igoerak eskalafoi-hurrenkerari jarraiki egingo

dira.

3.Oposizio-lehiaketaren sisteman, igoerak hautaketa-prozesuaren eta dagokion gaikuntza-ikastaroaren ondoriozko hurrenkerari jarraiki egingo dira, erregelamenduz zehazten den prozeduraren arabera.

4.Sailkapen-sisteman, igoerak ebaluazio-prozesu baten ondoriozko hurrenkerari jarraiki egingo dira.

5.Hautaketa-sistemaren bidez igoko dira beheragoko hurrengo enplegua dutenen artean goiko enplegura jotzeko gaikuntza eta egokitasun handiena dutenak.

64. artikulua. Enpleguetara igotzea.

1.Kapitain, sarjentu lehen eta kaporal lehenaren enpleguetara igotzeko, antzinatasun-sistema baliatuko da.

2.Kaporal-enplegura igotzeko, oposizio-lehiaketaren sistema baliatuko da. Enplegu horretara igotzeak kaporal lehenaren postura igotzeko gaitasuna emango du, gaitasun hori ebaluatzeko beharra dakarren inguruabarren bat gertatzean salbu.

3.Teniente koronel, komandante, tenienteorde eta brigadaren enpleguetara igotzeko, sailkapen-sistema baliatuko da.

4.Ofizial jeneralen kategoriako enpleguetara, koronel, ofizialorde nagusi eta kaporal nagusiaren postuetara igotzeko, hautaketa-sistema baliatuko da.

65. artikulua. Igotzeko baldintzak.

1.Edozein enplegutara igotzeko, behar-beharrezkoa izango da beheragoko enpleguan erregelamenduz zehaztutako gutxieneko denbora ematea. Ondorio horietarako, zerbitzu-denboratzat hartzen da titulu honen VI. kapituluan araututako zerbitzu aktiboko egoeran eta gainerako administrazio-egoeretan emandakoa, hala xedatzen denean.

2.Brigada-jeneralaren, komandantearen, ofizialorde nagusiaren eta kaporal nagusiaren enpleguetara igotzeko, ezinbestekoa izango da, gainera, xedatutako gaikuntza-ikastaroak gaindituta izatea.

3.Aurreko paragrafoan aipatutako gaikuntza-ikastaroetara joateko, lehiakide-kopuru mugatua hautatuko da, 70. artikuluan araututako ebaluazio-sistemaren bidez eta 61.3 artikuluko balioespen-arau objektiboei jarraiki.

4.Edozein enplegutara igotzeko, brigada-jeneralarenera barne, ezinbestekoa da kapitulu honetan araututako moduan eta hurrengo artikuluetako balioespen-arau objektiboei jarraiki ebaluatua izatea.

5.Defentsako ministroak, Guardia Zibilaren zuzendari nagusiaren proposamenari jarraiki, hautaketaren bidez edo sailkapenaren bidez enplegu eta eskala bakoitzera igotzeko zikloen gehieneko kopurua finkatu ahal izango du.

6.Emakumea modu berezian babestuko da haurdunaldian, erditzean eta erditu ondoko egoeretan, Guardia Zibileko enplegu guztietara igotzeko baldintzak bete ditzan.

66. artikulua. Igotzeko ebaluazioak.

1.Igotzeko ebaluazioen helburua igotzeko gaitasuna edo ezgaitasuna zehaztea da, eta, hala badagokio, egokitasuneta lehentasun-baldintzak betetzen diren erabakitzea, merezimenduan eta gaitasunean oinarrituta, ebaluatuen sailkapen egokiak xedatzeko. Igotzeko ebaluazioak aldian behin egingo dira eta hurrengo artikuluei jarraiki zehazten diren eskalafoi-guneetan dauden guardia zibilengan izango dute eragina.

2.Guardia Zibilaren zuzendari nagusiak, guardia zibil baten aurkako zigoredo diziplina-prozedura hastea eragin duten gertakarien izaera eta larritasuna kontuan hartuta, erabaki ahalko du lanpostua igotzeko ebaluaziotik aldi baterako kanpo uztea edo dagoeneko egindako gaitasun-adierazpena etetea, harik eta prozedura horietan ematen den ebazpena zigoredo diziplina-bidean irmoa izan arte. Ebaluazioa egin ondoren eta, hala dagokionean, dagokion igoera egin ostean, horren ondorioak aitortuko dira, benetan zegokion aurreko datatik aurrera.

3.Hautaketa eta sailkapen bidezko igoeretan, ebaluazioek igoera-zikloan zehar izango dituzte ondorioak, eta, antzinatasun bidezko igoeretan, dagokion igoera eman arte; betiere, igotzeko edozein sistematan, eraginpekoa berriz ebaluatzeko komenigarritasuna sortzen duen gertakaririk ez badago.

Hautaketaren eta sailkapenaren bidez igotzeko ebaluazio-zikloen ohiko iraupena urtebetekoa izango da. Defentsako ministroak, Guardia Zibilaren zuzendari nagusiaren proposamenez, aldatu egin ahalko du iraunaldi hori, hala eskatzen duen inguruabar berezirik egonez gero.

4.Igoerarako eskalafoi-guneak ezarri ostean, epea irekiko da, hala nahi duten interesdunek ebaluaziotik kanpo gelditzeko eskaera egin dezaten, gehienez ere lau aldiz. Enplegu berera igotzeko ebaluatuak izateari bosgarrenez uko egiten diotenak beren enpleguan geratuko dira, erreserba-egoerara igaro arte.

67. artikulua. Hautaketa bidez igotzeko ebaluazioak.

1.Brigadako jeneralaren, ofizialen eskalako koronelaren, ofizialorde nagusiaren eta kaporal nagusiaren enpleguetara hautaketa bidez igotzeko ebaluatuak izango dira behetik hurrengo enpleguetako guztiak edo, igoera-zikloetan, 65. artikuluan ezarritako baldintzak bete ditzaketenak; betiere, Guardia Zibilaren zuzendari nagusiak enplegu bakoitzerako zehazten dituen eskalafoi-guneetan badaude.

Defentsako ministroaren aginduz, eta Guardia Zibilaren zuzendari nagusiaren proposamenari jarraiki, 25. artikuluko 2. paragrafoak aipatzen duen plantillaren indarraldi bakoitzerako, ziklo bakoitzeko ebaluatu-kopuruaren eta aurreikusitako lanpostu hutsen kopuruaren arteko gehienekoa eta gutxienekoa ezarriko da, enplegu bakoitzerako zehaztuta.

2.Ebaluazioak lehentasuneta egokitasun-baldintzak zehaztuko ditu, ebaluatu guztien goiko enpleguaren destinoak betetzeko.

Brigada-jeneralaren eta koronelaren enpleguetara hautaketaren bidez igotzeko ebaluazioak Guardia Zibilaren Kontseilu Gorenak egingo ditu, eta Defentsako ministroari igorriko dizkio Guardia Zibilaren zuzendari nagusiak; azken horrek bere txostena ere gehituko dio, 73. artikuluko 1. eta 2. paragrafoetan aurreikusitako ondorioetarako.

Ofizialorde nagusiaren eta kaporal nagusiaren enpleguetara igotzeko ebaluazioak ebaluazio-batzordeek egingo dituzte eta, Guardia Zibilaren Kontseilu Gorenak horien txostenak eman ondoren, Guardia Zibilaren zuzendari nagusiari emango zaizkio; azken horrek bere txostena ere gehituko dio eta Defentsako ministroari proposatuko dio, 73.2 artikuluan aurreikusitako ondorioetarako, igotzeko behin betiko antolamendua onetsi dezan.

68. artikulua. Sailkapenaren bidez igotzeko ebaluazioak.

1.Sailkapenaren bidez igotzeko ebaluatuak izango dira –dagokion ebaluaziobatzordeak ebaluatuta– igoera-zikloa hasi aurretik 65. artikuluan ezarritako baldintzak

betetzen dituztenak edo bete ditzaketenak eta Guardia Zibilaren zuzendari nagusiak enplegu eta eskala bakoitzerako zehazten dituen eskalafoi-guneetan daudenak.

Defentsako ministroaren aginduz, eta Guardia Zibilaren zuzendari nagusiak aurrez txostena eginda, 25.2 artikuluak aipatzen duen plantillaren indarraldi bakoitzerako, ziklo bakoitzean ebaluatutako kopuruaren eta aurreikusitako lanpostu hutsen arteko harremanaren gehienekoa eta gutxienekoa ezarriko da, enplegu bakoitzerako zehaztuta.

2.Ebaluazioak igoerarako ebaluatutakoen gaitasuna edo, arrazoituta, ezgaitasuna zehaztuko du, eta goi-enpleguko destinoetarako eskatzen diren ahalmen eta gaitasun profesionalei dagokienez lehentasuneta egokitasun-baldintzak aztertuko ditu, ebaluatuen sailkapena erabakitzeko.

Guardia Zibilaren Kontseilu Gorenak ebaluazioaren gaineko txostena eman ondoren, Guardia Zibilaren zuzendari nagusiari bidaliko zaio, eta horrek, bere balioespena ere kontuan hartuta, ebaluatuak lanpostuz igotzeko gai ala ezgai diren adieraziko du lehendabizi, eta sailkapen-hurrenkera onetsiko du.

69. artikulua. Antzinatasunaren bidez igotzeko ebaluazioak.

1.Ebaluazio-batzorde egokiek ondoko hauek ebaluatuko dituzte antzinatasunaren bidez igotzeko: igoerarako aukera eman dezakeen lanpostu hutsa sortu aurretik 63. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituztenak edo bete ditzaketenak eta Guardia Zibilaren zuzendari nagusiak enplegu eta eskala bakoitzerako zehazten dituen eskalafoiguneetan daudenak.

Ebaluatuen kopurua aurreikusitako lanpostu hutsak betetzeko bestekoa izango da.

2.Igotzeko ebaluatu direnak gai edota ezgai diren zehaztuko du ebaluazioak; ezgaien kasuan, zergatia adierazi beharko du.

Ebaluazioa, egin ondoren, Guardia Zibilaren zuzendari nagusiari bidaliko zaio, eta berak adieraziko du igotzeko ebaluatu direnak gai edo ezgai diren. Igotzeko gaitasunadierazpena igoera gertatu arte izango da baliozko, 66. artikuluko 3. paragrafoan ezarritakoari kalterik egin gabe. Ezgai adierazitakoak berriz ebaluatuko dira, beren enplegukoei dagokien hurrengo ebaluazioan.

3.Kabo-enplegura igotzeak, 71. artikuluan aurreikusitakoari jarraiki, kaporal lehenaren lanpostura igotzeko gaitasuna emango du, gaitasun hori ebaluatu beharra dakarren inguruabarrik gertatzean salbu; halakorik gertatuz gero, artikulu honen 2. paragrafoan aurreikusitakoari jarraiki egingo da ebaluazioa.

70. artikulua. Igotzeko gaikuntza ematen duten ikastaro jakin batzuetara joateko ebaluazioak.

1.Ebaluazioak egingo dira 65.2 artikuluan ezarritako gaikuntza-ikastaroetara bertaratuko direnak hautatzeko; Guardia Zibilaren zuzendari nagusiak finkatuko du horien kopurua. Zuzendari nagusiak izendatuko ditu ebaluatuko direnak eta aipatutako ikastaroetara joango direnak; aurrez, Guardia Zibilaren Kontseilu Gorenak txostena eman beharko du.

Guardia Zibilaren Kontseilu Gorenak izango du brigada-jeneralaren enplegura igotzeko gaikuntza-ikastarora joango direnak hautatzeko ebaluazioa egiteko eskumena.

2.Komandante-enplegura igo ahal izateko gaikuntza-ikastarora joango direnak hautatzean, erregelamenduz zehaztutako probak jada gainditu dituztenak ebaluatuko dira.

Guardia Zibilaren zuzendari nagusiak zehaztuko du proba horietara aurrez eskabidea eginda aurkeztu ahalko direnen eskalafoi-gunea.

Gaikuntza-ikastarora bertaratuko direnen izendapena ebaluazioaren ondoriozko hurrenkerari jarraiki egingo da; bertaratuko direnen kopurua ezin izango da deitutako lanpostuen kopurua baino handiagoa izan. Ebaluazio horretan, egindako probetan eskuratutako puntuazioa eta erregelamendu bidez zehazten diren merezimenduak hartuko dira kontuan; azken horien eragina ezin izango da egindako probetan eskura daitekeen gehieneko puntuazioaren ehuneko 30etik gorakoa izan.

Aurreko lerrokadetan adierazitako probak gaindituta ere ikastarorako ikasle izendatzen ez direnak, deitutako lanpostuen kopurua mugatua delako, berriz ebaluatuko dira hurrengo deialdietan.

3.Gaikuntza-ikastaroetara joateko ebaluatuko direnak zehaztu ondoren, aurreko paragrafoetan ezarritakoari jarraiki, epe bat irekiko da, hala nahi duten interesdunek horretatik kanpo uzteko eskaera egin dezaten; gehienez ere hiru aldiz egin ahalko dute eskaera hori. Kanpoan uzteko eskaera laugarrenez egiten dutenak ez dira geroko ebaluazioetan sartuko.

71. artikulua. Kaporal-enplegura igotzea.

1.Kaporal-enplegura igotzeko, oposizio-lehiaketa sistema baliatuko da eta gaikuntza-ikastaro bat gainditu beharko da. Lanpostuak orokorrean eskainiko dira eta Kidegoan zerbitzuan gutxienez bi urte daramaten guardia zibilak izan ahalko dira hautagai.

2.Guardia Zibilaren zuzendari nagusiak deialdien oinarri orokorrak onetsiko ditu, bai eta oposizio-lehiaketari eta gaikuntza-ikastaroari aplikatzeko eskakizun eta inguruabarrak ere.

3.Kaporal-enplegura igotzeko, enplegu batek hutsik egon beharko du, eta oposiziolehiaketan eta gaikuntza-ikastaroan eskuratutako puntuazioen araberako hurrenkera hartuko da kontuan.

4.Kaporal izendapena eskuratuz gero, eta betiere interesdunek batxilergoko titulua edo baliokidea badute, Espainiako hezkuntza-sistemako lanbide-heziketari dagokion goimailako teknikari-tituluaren baliokidea eskuratu ahalko da ondorio akademikoetarako eta graduko unibertsitate-irakaskuntza ofizialetara zuzenean sartzeko.

72. artikulua. Hutsik dauden enpleguak igoeraren bidez betetzea.

1.Eskala bakoitzeko enpleguetan hutsik gelditzen diren lanpostuak igoeraren bidez beteko dira, jarraian adierazitako motiboren batengatik gelditzen direnean hutsik:

a) Igotzea.

b) Beste eskala batera sartzea.

c) Etenda dagoen guardia zibilaren eta enplegu-etenaldiaren administrazioegoeretara igarotzea.

d) Erreserbaedo erretiro-egoerara igarotzea, aurreko lerrokadan aurreikusten ez diren administrazio-egoeretatik egiten bada.

e) Guardia zibilaren izaera galtzea.

f) Presoa edo desagertua zerbitzu aktiboaren egoeratik kentzea.

g) Hiltzea edo hil egin dela adieraztea.

h) Kidegoko kide bat plantilla osagarrian lanpostu bat betetzeko izendatzea, 25. artikuluak ezarritakoari jarraiki.

2.Enplegu bat hutsik geratzen denean, hura hutsik geratu dela joko da hutsunea eragin zuen administrazio-egintza ondorioak izaten hasten den egunean. Enplegu huts horrek beheragoko enpleguei igotzeko aukera ematen dienean, enplegu berri guztiei antzinatasun-data bera emango zaie; data hori 21.2 artikuluari jarraiki ezarriko da.

73. artikulua. Igoerak ematea.

1.Ofizial jeneralen kategoriako enpleguetara igotzeko eskumena Ministroen Kontseiluak du; errege-dekretuz egingo du hori, Defentsako ministroak Barne-arazoetako ministroa entzun ostean egindako proposamenari jarraiki. Brigada-jeneralaren enplegura igotzeko, gainera, 67. artikuluan araututako ebaluazioak balioetsiko dira, eta lanpostuz igo dutenek bete beharreko karguetarako edo postuetarako egokitasuna hartuko da kontuan.

2.Koronel, ofizialorde nagusi eta kaporal nagusiaren enpleguetara igotzeko eskumena Defentsako ministroak du, Guardia Zibilaren zuzendari nagusiak hala proposatuta, 67. artikuluan ezarritakoari jarraiki.

3.Sailkapenaren, antzinatasunaren eta oposizio-lehiaketaren sistemen bidezko igoerak Guardia Zibilaren zuzendari nagusiak emango ditu.

74. artikulua. Igotzeko ezgai adieraztea.

1.Guardia Zibilaren zuzendari nagusiari dagokio guardia zibila igotzeko ezgai dela adieraztea, aurreko artikuluetan araututako ebaluazioetan oinarrituta. Igotzeko ezgai adierazitakoak ezingo dira lanpostuz igo, harik eta berriro ebaluatu eta gai direla adierazi arte.

2.Guardia zibil bat enplegu berera igotzeko ebaluazioan birritan baino gehiagotan adierazten bada ezgai, zuzendari nagusiak proposamena egingo dio Defentsako ministroari, eta azken horrek, egokia bada, eraginpean dagoena igotzeko behin betiko ezgai dela adieraziko du.

3.Enpleguz igotzeko behin betiko ezgai adierazten direnak beren enpleguan geratuko dira, harik eta erreserba-egoerara igaro arte, eta ezin izango dira izendatu beren enpleguetarako berariaz aplikatzekoak ez diren ikastaroak egiteko, 99. artikuluan araututako espedientean hartutako ebazpenaren bidez erretirora igaroko dela ondorioztatzen ez bada.

V. KAPITULUA

Destinoak

75. artikulua. Printzipio orokorrak.

1.Guardia zibilek dagokien lanpostuen katalogoan zehaztutako Guardia Zibilaren unitate, zentro eta erakundeetan izan ahalko dute destinoa, bai eta Defentsa eta Barne Arazoetako Ministerioetan berariaz izendatutakoetan ere; halaber, horien zuzendaritzaorganoetan, unibertsitate-zentroan eta, beren zereginekin lotutako lanpostu organikoen kasuan, nazioarteko erakundeetan, Gobernuko Lehendakaritzan edo ministerioko beste sail batzuetan. Era berean, destinotzat hartuko da bakea eta segurtasuna mantentzeko nazioarteko zereginetan parte hartzea, baldin eta jatorrizkoan ez balu edo utzita balu.

2.Guardia Zibilaren Kidegoko langileen destinoak merezimendu-, gaitasuneta antzinatasun-printzipioei jarraiki hornituko dira.

76. artikulua. Erregearen Etxean diharduten Guardia Zibilaren Kidegoko langileak.

Zerbitzuak Erregearen Etxean ematera igarotzen diren guardia zibilak Konstituzioaren 65.2 artikuluan aurreikusitakoari jarraiki izendatuko eta ordezkatuko dira.

77. artikulua. Destinoen sailkapena.

1.Destinoak, horiek esleitzeko moduaren arabera, honela sailkatzen dira: izendapen askekoak, merezimendu-lehiaketakoak eta antzinatasunekoak.

2.Izendapen askeko destinoak honako hauek dira: dauzkaten erantzukizun eta konfiantza bereziengatik, baldintza profesional eta pertsonal egokiak eskatzen dituzten destinoak. Baldintza horiek ahaldundutako agintaritzak balioetsiko ditu, diskrezionalki, lanposturako eskakizunak betetzen dituztenen artean. Erregelamenduz ezarriko dira, modu justifikatuan, zorroztasun eta erantzukizun bereziak dituztelako prozedura horren bidez bete beharreko lanpostuak zehazteko irizpideak.

3.Merezimendu-lehiaketako destinoak honako hauek dira: lanposturako eskakizunei lotuta dauden merezimenduak eta gaitasunak ebaluatuz esleitzen direnak.

4.Antzinatasunaren bidez hornitzeko destinoak honako hauek dira: lanposturako eskakizunak betetzen dituzten interesdunen artean, antzinatasun-irizpidearen arabera esleitzen direnak.

78. artikulua. Destinoak hornitzea.

1.Erregelamendu bidez zehaztuko dira destinoak sailkatzeko eta hornitzeko arau orokorrak; arau horiek destinoetan eman beharreko gutxieneko denbora jasoko dute, bai eta, hala badagokio, gehieneko denbora ere. Era berean, esleipen-prozedurak zehaztuko dira, eskatzailerik edo eskatzaile egokirik ez dagoen kasuetarako; horrelakoetan, lanpostu hutsaren ezaugarriak eta esleitu daitezkeenen historia profesionalak hartuko dira kontuan. Halaber, destino jakin batzuetara jotzeko mugak ezarriko dira, irizpide objektiboekin; nolanahi ere, ezin izango da inolako diskriminaziorik gertatu.

2.Destino hutsak eta horien hornikuntza, esleipendunak adierazita, Guardia Zibilaren Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira, eta lanpostuaren berariazko izendapena edo dagokion unitatearen, zentroaren edo organismoaren generikoa adieraziko dira, bai eta bere ezaugarriak, esleitzeko modua, lanpostua betetzeko bete beharreko eskakizunak eta eskabideak aurkezteko epeak ere.

3.Eskala batera sartzen direnen destinoak eta genero-indarkeriaren biktima diren edo terrorismoaren biktima-aitorpena duten guardia zibilei esleitzen zaizkien destinoak aurretik lanpostu hutsa argitaratu gabe eman ahalko dira.

Nolanahi ere, eskala batera sartzen direnen destinoak sartuko den eskalarako aurrez egindako lehiaketen ondorioz hutsik geratu direnen artean egongo dira.

4.Destino zehatz batzuk betetzeko eska litezkeen baldintzen artean, adin-mugak edo baldintza psikofisiko bereziak sartu ahal izango dira; horiek 57. artikuluak aipatzen duen espedientearen arabera egiaztatuko dira.

79. artikulua. Ofizial jeneralak izendatzea, destinatzea eta kargutik kentzea.

Barne-arazoetako ministroak izango du ofizial jeneralei dagozkien karguak eta destinoak izendatzeko edo esleitzeko eta kargutik kentzeko eskumena.

80. artikulua. Destinoak esleitzea.

1.Destinoak, horiek esleitzeko modua edozein dela ere, borondatez, nahitaez edo onarpen bidez esleitu ahalko dira, erregelamenduz ezartzen denari jarraiki.

2.Barne-arazoetako ministroak erabakitzen dituen aginteedo zuzendaritzalanpostuei dagozkien izendapen askeko destinoak esleitzeko eskumena Segurtasunerako Estatuko idazkariak du.

3.Aurreko paragrafoan jaso ez diren destinoak esleitzeko eskumena Guardia Zibilaren zuzendari nagusiak izango du.

81. artikulua. Familiari arreta eskaintzea.

1.Haurdunaldiak iraun bitartean, eta aldez aurretik medikuak txostena eginda, guardia zibila den emakumeak eskubidea izango du betetzen ari den lanpostuaz bestelako lanpostu organikoa edo egitekoa betetzeko, bere egoeraren inguruabarrei dagokienez egokia. Kasu horietan, emakumeak ez du destinoa galduko.

2.Era berean, familiari arreta eman beharreko salbuespenezko inguruabarrak daudenean, guardia zibilaren, ezkontidearen, seme-alaben edo odol-ahaidetasunezko bigarren maila arteko familiartekoaren osasunagatik, desgaitasunagatik edo errehabilitazioagatik, guardia zibila, aldi baterako, beste unitate edo udalerri bateko lanpostu bati atxiki ahalko zaio, bere destinoa gordeta, interesdunak aurretik hala eskatuta, eta legez ezarritako osasun-zerbitzu ofizialak txostena emanda. Horretarako, baldintza hauek bete beharko dira:

a) Atxikipen-unitatearen plantillan lanpostu hutsak egotea, eta destino horren osagarri-maila eta berariazko osagarriaren osagai singularra ez izatea destinoko lanpostukoa baino handiagoa.

b) Lanpostu berria betetzeko beharrezko eskakizunak betetzea.

3.Atxikipena zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez emango da, eta Guardia Zibilaren Aldizkari Ofizialean argitaratuko da; atxikipena urtebeteko epeen bidez berritu ahalko da, baina atxikipen-aldi osoa ezin izango da izan lau urtetik gorakoa. Argitaratzen denetik bost egunera sartuko da indarrean, ebazpenak beste eperik ezartzen duenean salbu, eta atxikipen-lanpostuari dagozkion ordainsariak jasoko dira, sartu eta hurrengo hilabeteko lehenengo egunetik aurrera. Atxikipenak ez du kalte-ordainaren izaera izango, eta, aipatutako epeak bete aurretik, edozein unetan errebokatu ahalko da, baldin eta hura arrazoitu zuten kausak amaitu badira.

4.Aldi baterako atxikipena emateak ez du aldatzen interesdunak egon beharreko gutxieneko epearen zenbaketa, eta, destinoak 77.3 artikuluko merezimendu-lehiaketaren bidez esleitzeko balioespenaren ondorioetarako, zerbitzu-eginkizun bezala hartuko da.

82. artikulua. Genero-indarkeria eta terrorismoaren biktimaren izaera.

Destinoa uztera behartuta dagoen genero-indarkeriaren biktima den guardia zibilak,

babesa edo gizarte-laguntza osoa jasotzeko duen eskubidea bermatzeko, eskubidea izango du, erregelamendu bidez ezartzen diren baldintzetan, antzeko ezaugarriak dituen beste destino bat betetzeko; ez da beharrezkoa izango nahitaez bete beharreko lanpostu hutsa izatea.

Era berean, eta erregelamendu bidez ezartzen diren baldintzetan, beste destino bat eslei dakien eskubidea izango dute terrorismoaren biktimatzat hartzen diren guardia zibilek, Terrorismoaren biktimak aitortu eta osorik babesteko irailaren 22ko 29/2011 Legean aurreikusitakoari jarraiki.

83. artikulua. Destinoetan kargutik kentzea.

1.Destinoak hornitzeko arau orokorrek horietan kargutik kentzeko zergatiak jasoko dituzte. Nolanahi ere, esleipenerako eskumena duten agintariek askatasunez errebokatu ahalko dituzte izendapen askeko destinoak.

2.Guardia Zibilaren zuzendari nagusiak du merezimendu-lehiaketaren edo antzinatasunaren bidez esleitu den destino batean kargutik kentzeko ahalmena. Kargutik kentzea arrazoitu egin beharko da, eta, hala badagokio, aurretik espedientea ireki beharko da; interesdunari entzun egingo zaio, eta haren adierazpenak idatziz jasoko dira.

3.Unitateko, zentroko edo erakundeko buruek edozein mendeko bere destinoan kargutik kentzeko proposamena egin ahalko dute, destinoaren berezko egitekoak betetzeko egokitasun faltagatik; horretarako, mendekoa kargutik kentzeko proposamena arrazoitzen duten kausak azaltzen dituen txostena helaraziko diote destinoa erabaki zuen agintariari, erregelamenduz xedatutako moduan. Txostena aurreko paragrafoetan ezarritakoari jarraiki osatuko da.

4.Guardia zibilak, epai irmo bidez, betetzen duen destinoaren berezko eginkizunetan jarduteko ezintasuna ematen duen kondena jasotzean, kargua galduko du, Guardia Zibilaren Zuzendaritza Nagusiak ebazpen judizialaren lekukotza duenetik. Kargutik kentzeko erabaki hori Guardia Zibilaren zuzendari nagusiak hartuko du.

84. artikulua. Destinoak esleitzea eta karguak kentzea, zerbitzuaren beharrek bultzatuta.

Barne-arazoetako ministroak, zerbitzuaren beharrek hala eskatzen dutenean, destino bat esleitzea, destinoan kargutik kentzea edota esleipena ezeztatzea erabaki ahalko du, zergatiak adieraziz.

85. artikulua. Destinoen izaera.

Destinoak ezin izango zaizkie esleitu berariazko lanposturako aurreikusitako enplegua baino goragokoa edo beheragokoa daukaten langileei, salbu eta, azken kasu horretan, esleipena goiko hurrengo enplegu hutsean gertatzen bada. Gainera, antolaketaedo egitura-zergatiak direla kausa, hala komeni denean, goiko hurrengo enpleguen destinoak esleitu ahalko dira, eskala beraren barruan, lanpostu hutsari buruzko iragarkian

erabakitzen diren eskalafoi-guneetarako, baldin eta eskatzaileak igoerarako ebaluatu badira eta lanpostu hutsak katalogatutako enplegurako eskatzailerik ez badu.

Hutsik dauden kargu edo lanpostuetako eginkizunak barne edo halabeharrezko izaeraz bete ahalko dira dagokionaren bidez, erregelamenduz ezartzen denari jarraiki.

86. artikulua. Zerbitzu-eginkizunak.

1.Zerbitzuaren premiei erantzuteko beharrezkoa den kasuetan, guardia zibilei aldi baterako zerbitzu-eginkizunak agindu ahalko zaizkie; guardia zibil horiek mantendu egingo dute beren destinoa, halakorik edukiz gero.

2.Zerbitzu-eginkizunen iraupena ezin izango da urtebetetik gorakoa izan; betiere, Europar Batasunaren edo nazioarteko beste erakunde baten eremuan zerbitzueginkizunean dauden aditu nazionalei aplikatzekoa den berariazko araubideak iraupen luzeagoa ezartzen ez badu; azken kasu horretan, zerbitzuagatiko ordainsarien eta kalteordainen araubidea erakunde horiek beren berariazko araubidean aurreikusitakoa izango da.

3.Agintari eta aginte eskudunek egokitasunedo gaitasun-baldintza zehatzak betetzen dituztenen artean izendatu ahalko dituzte edozein zerbitzu-eginkizun bete behar dutenak. Era berean, lege honen 81. artikuluak aipatzen dituen familiari arreta emateko salbuespenezko egoerak balioetsiko dira, halakorik dagoenean; kasu horretan, arreta emanez gero, zerbitzu-eginkizuna inguruabar horiek iraun bitartean luzatu ahalko da, baina inolaz ere ezingo da urtebetetik gorakoa izan.

4.Halaber, izendapena errebokatu ahalko dute, eta zerbitzu-eginkizunaren amaiera

ebatzi.

VI. KAPITULUA

Administrazio-egoerak

87. artikulua. Administrazio-egoerak.

1. Guardia zibilak administrazio-egoera hauetakoren batean egongo dira:

a) Zerbitzu aktiboan.

b) Zerbitzu berezietan.

c) Eszedentzian.

d) Enplegu-etenaldian.

e) Eginkizun-etenaldian.

f) Erreserban.

2.Guardia zibilak, edozein administrazio-egoeratan dagoela, eta kontrakorik adierazten ez den bitartean, Guardia Zibileko kideen eskubide eta betebeharren araubide orokorra eta diziplina-araubidea bete beharko ditu, bai eta zigoreta diziplina-lege militarrak ere, halakorik aplikatu behar bazaio.

88. artikulua. Zerbitzu aktiboaren egoera.

1.Guardia zibilak zerbitzu aktiboan egongo dira 75. eta 76. artikuluetan aipatutako destinoetako batean badaude eta titulu honetan araututako beste administrazio-egoera batean ez badaude.

2.Egoera horretan egongo dira, halaber, destinoa esleitzeko zain daudenean, aurrekoan kargua utzi dutelako edo beste administrazio-egoera batetik etorri direlako, eta prestakuntza-ikastetxeetan ikasle gisa sartzen direnean, beste administrazio-egoera batera igaro behar ez badute, kapitulu honetan ezarritakoari jarraiki.

3.Erregelamenduz zehaztuko da presoek eta desagertuek zenbat denbora eman ahalko duten zerbitzu aktiboan, Kode Zibilean xedatutakoa kontuan hartuta.

89. artikulua. Zerbitzu berezien egoera.

1. Guardia zibilak ondoko kasu hauetan igaroko dira zerbitzu berezien egoerara:

a) Gorte Nagusiek edo autonomia-erkidegoetako batzar legegileek konstituzioorganoetan, estatutu-organoetan edo ganberei eta autonomia-erkidegoetako batzar legegileei aukeratzea dagozkien beste batzuetan parte hartzeko aukeratzen dituztenean.

b) Konstituzio Auzitegian, Arartekoan, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusian edo Kontu Epaitegian, Auzitegi Gorenean edo bestelako jurisdikzio-organoetan zerbitzuak ematen dituztenean.

c) Gobernuko Lehendakaritzan edo Ministroen eta Estatuko Idazkarien Kabineteetan zerbitzuak ematen dituztenean, defentsarekin edo herritarren segurtasunarekin berariaz lotuta ez dauden lanpostu organikoetan.

d) Organismo publikoetan edo herri-administrazioen mende edo horiei lotutako erakundeetan lanpostuak edo karguak betetzeko izendatzen dituztenean, baldin eta, dagokion herri-administrazioaren araudiak ezarritakoaren arabera, lanpostu edo kargu horiek goi-karguen administrazio-mailaren parekotzat jotzen badira.

e) Barne-arazoetako ministroak baimena ematen dienean nazioarteko erakundeetan, atzerriko gobernu nahiz erakunde publikoetan edo nazioarteko lankidetza-programetan sei hilabetetik gorako eginkizun bat betetzeko.

f) Barne-arazoetako ministroak baimena ematen dienean herritarren segurtasunerako interesekoak diren berariazko programen garapenean parte hartzeko, Barne Arazoetako Ministeriokoak ez diren erakunde, entitate edo enpresetan.

g) Inteligentziako Zentro Nazionaleko estatutupeko langile iraunkorraren izaera eskuratzen dutenean.

h) Gobernuko kide izendatzen dituztenean, edo autonomia-erkidegoetako nahiz Ceuta eta Melilla hirietako gobernu-organoetako kide, edo Europar Batasunaren instituzioetako nahiz nazioarteko erakundeetako kide, edo aipatutako herri-administrazio edo instituzioetako goi-kargudun.

i) Ordezkaritza-organo publikoetarako hautagai izendatzen dituztenean, sufragio pasiboko eskubideaz baliatuta, edo horietan hautatuak direnean.

j) Nazioarteko erakundeen zerbitzura dauden funtzionarioen izaera eskuratzen dutenean, segurtasunarekin lotutako postu organikoak betetzen ez badituzte.

2.Zerbitzu berezien egoeran emandako denbora zenbatu egingo da zerbitzudenboraren, hirurtekoen eta dagozkion Gizarte Segurantzako eskubideak zehaztearen ondorioetarako.

3.Betetzen duten lanpostuari edo karguari dagozkion ordainsariak jasoko dituzte, eta ez guardia zibil modura dagozkienak; hala ere, aitortuta dituzten hirurtekoak jasotzeko eskubidea izango dute.

4.Zerbitzu berezien egoeran dauden guardia zibilek gora egin ahalko dute, baldin eta beren eskalako osagarriei eskatutako eskakizunak betetzen badituzte.

5.Zerbitzu berezien egoeran dagoen bitartean, guardia zibilak etenda dagoen guardia zibilaren izaera izango du eta, ondorioz, utzi egingo dio Kidegoko kideen eskubide eta betebeharren araubide orokorrari, aplikatzekoak diren zigor-lege militarrei eta Institutuaren diziplina-araubideari lotuta egoteari.

90. artikulua. Eszedentzia-egoera.

1.Guardia zibilak honako modalitate hauetako eszedentzia-egoerara pasatu ahalko

dira:

a) Sektore publikoan zerbitzuak emateagatiko eszedentzia.

b) Norberaren interesengatiko borondatezko eszedentzia.

c) Familia bateratzeko borondatezko eszedentzia.

d) Senitartekoak zaintzeko eszedentzia.

e) Genero-indarkeriagatiko eszedentzia.

f) Prestakuntza-ikastetxeetako ikasle gisa zuzenean sartzeagatiko eszedentzia.

g) Terrorismoaren biktimatzat hartzeagatiko eszedentzia.

2.Guardia zibilak sektore publikoan zerbitzuak emateagatiko eszedentzia-egoeran geldituko dira herri-administrazioetako edozeinetako beste kidego edo eskala batean zerbitzu aktiboaren egoerara igarotzen direnean, edota herri-administrazio horietan edo sektore publikoko organismo zein erakundeetan zerbitzuak ematen hasten direnean, eta ez dagokienean zerbitzu aktiboan edo zerbitzu berezietan egotea. Hori guztia, betiere, baldin eta lanpostu horiek karrerako funtzionario edota langile lan-kontratudun finko gisa betetzen badituzte.

Horretarako, beharrezkoa izango da guardia zibilaren izaera eskuratu dutenetik erregelamenduz zehaztutako denbora ematea zerbitzuan, edo Defentsako eta Barnearazoetako ministroek ondorio horietarako elkarrekin finkatutako hobekuntzarako ikastaroak eta goi-mailako ikasketak amaitzea.

Bi kasu horietan, ezartzen den denborak ezin izango du zortzi urtetik gorakoa izan, egindako ikasketen kostuei eta iraupenari egokitutako proportzioari eutsiko dio, eta aintzat hartuko ditu Guardia Zibilaren planeamendu-beharrak.

Egoera horretan dauden denboran, etenda dagoen guardia zibilaren izaera izango dute eta, ondorioz, utzi egingo diote Guardia Zibileko kideen eskubide eta betebeharren araubide orokorrari eta Guardia Zibilaren zigor-lege militarrei eta diziplinakoei lotuta egoteari, bai eta, hala dagokionean, Indar Armatuetakoei ere; dena den, egoera horretan dauden lehenengo bi urteetan, igotzeko aukera izango dute, baldin eta lege honetan igotzeko ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

Egoera horretan dauden bitartean, ez dute ordainsaririk sortuko, eta denbora hori ez zaie zenbatuko zerbitzu-denboraren, hirurtekoen eta dagozkien Gizarte Segurantzako eskubideak zehaztearen ondorioetarako.

3.Guardia zibilek norberaren interesagatiko borondatezko eszedentzia eskuratu ahalko dute, aurrez abisatuz gero, erregelamendu bidez ezartzen den bezala, Estatuko Administrazio Orokorreko funtzionarioentzat ezarritako epe beretan, baldin eta lurralde nazionaletik kanpoko misioetan parte hartzeko esleitu ez badituzte, diziplina-prozedurarik bideratu ez bazaie eta erregelamendu bidez erabakitako zerbitzu-denbora bete badute guardia zibilaren izaera eskuratu zutenetik edo ondorio hauetarako Defentsako eta Barnearazoetako ministroek batera ezarri dituzten Kidegoko irakaskuntza-sistemaren ikastaroak amaitu dituztenetik.

Bi kasu horietan, ezartzen den denborak ezin izango du hamabi urtetik gorakoa izan, egindako ikasketen kostuei eta iraupenari egokitutako proportzioari eutsiko dio, eta aintzat hartuko ditu Guardia Zibilaren planeamendu-beharrak.

Egoera horretan gutxienez bi urte emango dituzte; epe hori igaro ondoren, interesduna une horretan betetzen ari den lanpostuari dagokion eskalafoian geratuko da, eta ez da igotzeko ebaluatuko. Egoera hori uztean, immobilizazioa amaitu egingo da, baina lanpostuaren galera behin betikoa izango da. Egoera hori bigarrenez edo gehiagoz emanez gero, ematen zaion unean dagokion eskalafoian duen lanpostuan immobilizatuta geratuko da.

Egoera horretan dagoen guardia zibilak etenda dagoen guardia zibilaren izaera izango du eta, ondorioz, utzi egingo dio Guardia Zibileko kideen eskubide eta betebeharren araubide orokorrari eta Kidego horren zigor-lege militarrei eta diziplinakoei lotuta egoteari; hala ere, iraupeneko lehenengo bi urteetan igotzeko aukera izango du, baldin eta lege honetan igotzeko ezarritako baldintzak betetzen baditu.

Norberaren interesagatiko borondatezko eszedentzia zerbitzuko beharrizanen arabera emango da, arrazoiak behar bezala azalduta.

Egoera horretan dauden bitartean, ez dute ordainsaririk sortuko, eta denbora hori ez zaie zenbatuko zerbitzu-denboraren, hirurtekoen eta dagozkien Gizarte Segurantzako eskubideak zehaztearen ondorioetarako.

4.Guardia zibilei familia elkartzeko borondatezko eszedentzia eman ahalko zaie, aurretik zerbitzu-denbora emateko eskakizuna bete behar izan gabe, baldin eta ezkontidea beste udalerri batean bizi bada, behin betiko lanpostua, karrerako funtzionarioaren

lanpostua edo lan-kontratupeko lanpostua eskuratu duelako edozein herriadministraziotan, erakunde publikotan eta mendeko edo lotutako zuzenbide publikoko erakundetan, edo konstituzio-organoetan, Botere Judizialekoetan eta autonomiaerkidegoetako antzeko organoetan, Europar Batasunean edo nazioarteko erakundeetan, edo 75. eta 76. artikuluetan jasotako destinoetako batean.

Egoera horretan gutxienez bi urte emango dituzte; epe hori igaro ondoren, interesduna une horretan betetzen ari den lanpostuari dagokion eskalafoian geratuko da, eta ez da igotzeko ebaluatuko. Egoera hori uztean, immobilizazioa amaitu egingo da, baina lanpostuaren galera behin betikoa izango da. Egoera hori bigarrenez edo gehiagoz emanez gero, ematen zaion unean dagokion eskalafoian duen lanpostuan immobilizatuta geratuko da.

Egoera horretan dagoen guardia zibilak etenda dagoen guardia zibilaren izaera izango du eta, ondorioz, utzi egingo dio Guardia Zibileko kideen eskubide eta betebeharren araubide orokorrari eta Kidego horren zigor-lege militarrei eta diziplinakoei lotuta egoteari; hala ere, iraupeneko lehenengo bi urteetan igotzeko aukera izango du, baldin eta lege honetan igotzeko ezarritako baldintzak betetzen baditu.

Egoera horretan dauden bitartean, ez dute ordainsaririk sortuko, eta denbora hori ez zaie zenbatuko zerbitzu-denboraren, hirurtekoen eta dagozkien Gizarte Segurantzako eskubideak zehaztearen ondorioetarako

5.Guardia zibilei familiartekoak zaintzeko eszedentzia eman ahalko zaie, baldin eta seme edo alaba bakoitza zaintzeko eskatzen badute, naturala edo adopzioaren ondoriozkoa izan edo harrera iraunkorrekoa edo adopzio aurrekoa izan, bai eta beren kargura dagoen familiarteko bat zaintzeko ere, odol-ahaidetasun edo ezkontzaahaidetasunezko bigarren maila artekoa (hori barne) , adinagatik edo istripuren bat, gaixotasunen bat edo desgaitasunen bat izateagatik nahitaez laguntza behar dutenen eta ordaindutako jarduera betetzen ez badute.

Aurreko lerrokadan aipatutako kasuetan, gehienez hiru urteko eszedentzia-aldirako eskubidea izango da; seme-alabak zaintzeko edo harrerarako bada, jaiotza-egunetik kontatzen hasita, eta, gainerako kasuetan, ebazpen judizialaren edo administratiboaren datatik aurrera.

Ondorengo subjektu kausatzaileek beste eszedentzia-aldi baterako eskubidea emango dute; halakoetan, ordura artekoa amaitutzat emango da.

Guardia zibil batek baino gehiagok subjektu kausatzaile beraren ondorioz badute eszedentziarako eskubidea, eskubide hori aldi berean egikaritzea mugatu ahal izango da, zerbitzuaren beharrizanarekin lotutako arrazoiak direla eta.

Egoera horretan dagoen guardia zibilak etenda dagoen guardia zibilaren izaera izango du eta, ondorioz, utzi egingo dio Guardia Zibileko kideen eskubide eta betebeharren araubide orokorrari eta Kidego horren zigor-lege militarrei eta diziplinakoei lotuta egoteari; hala ere, igotzeko aukera izango du, baldin eta lege honetan igotzeko ezarritako baldintzak betetzen baditu.

Egoera horretan dauden bitartean, ez dute ordainsaririk sortuko, baina denbora hori zenbatuko egingo zaie hirurtekoetarako eta dagozkion Gizarte Segurantzako eskubideak zehazteko, eta, eszedentzia-aldi bakoitzaren lehen urtean, zerbitzu-denbora gisa hartuko da.

Puntu honetan aurreikusitako kausengatik borondatezko eszedentzia-egoerara igarotzen den guardia zibilak betetzen duen lanpostuaren erreserbarako eskubidea izango du lehen bi urteetan. Epe hori igarotakoan, udalerri eta ordainsari bereko lanposturako izango da erreserba; betiere, bertan lanpostu hutsik badago.

6.Genero-indarkeriaren biktima diren guardia zibil emakumeek, dagokien babesa edo gizarte-laguntza integrala benetan jaso dezaten, eszedentzia-egoera eskatzeko eskubidea izango dute, aurrez gutxieneko zerbitzu-denbora eman beharrik izan gabe eta bertan epe jakin bat eman beharrik gabe.

Lehen sei hilabeteak zenbatu egingo zaizkie zerbitzu-denbora, hirurtekoak eta dagozkien Gizarte Segurantzako eskubideak zehazteko, bai eta lanpostuaren erreserbaren ondorioetarako ere. Jarduketa judizialek hala eskatzen dutenean, epe hori

hiru hilabeteko epeez luzatu ahal izango da, gehienez hemezortzi hilabetez, biktima babesteko eskubidea benetan bermatuta gera dadin.

Eszedentzia honetako lehenengo bi hilabeteetan, jasotzen ari ziren ordainsari osoak jasotzeko eskubidea izango dute.

Egoera horretan dagoen guardia zibil emakumeak, lehen hiru urteetan, gora egin ahalko du, baldin eta lege honetan igotzeko ezarritako baldintzak betetzen baditu.

7.Guardia zibilak eszedentzia-egoerara igaroko dira Guardia Zibilaren prestakuntzaikastetxeetako edo Indar Armatuetako ikasle gisa zuzenean sartzean.

Egoera honetan daudenak zerbitzu aktiboaren egoerara itzuliko dira, baldin eta baja badira zentroan, eskala berrira jo aurretik, eta egoera horretan dauden lehen bi ureetan lanpostuz igo ahalko dira, lege honetan igotzeko ezarritako baldintzak betetzen badituzte. Une horretatik aurrera, immobilizatuta geratuko dira betetzen duten lanpostuari dagokion eskalafoian, eta ez dira igotzeko ebaluatuko.

Egoera horretan dauden bitartean, ez dute ordainsaririk sortuko, baina denbora hori zenbatu egingo zaie zerbitzu-denboraren, hirurtekoen eta dagozkien Gizarte Segurantzako eskubideak zehaztearen ondorioetarako.

8.Jarduera terroristaren ondorioz, kalte fisikoak edo psikikoak jasan dituzten guardia zibilek, Barne Arazoetako Ministerioaren edo epai judizial irmoaren bidez aurretik aitortuta, irailaren 22ko 29/2011 Legean ezarritako baldintzetan, eszedentzia-epe baterako eskubidea izango dute, artikulu honetako 6. paragrafoan aurreikusitako generoindarkeriaren kasurako ezarritako baldintza beretan.

Guardia zibilek, halaber, eskubide hori izango dute, baldin eta aurreko paragrafoan ezartzen diren inguruabarrak beren ezkontidearengan edo antzeko afektu-harremanarekin bizikide duten pertsonarengan eta seme-alabengan ematen badira.

91. artikulua. Enplegu-etenaldiaren egoera.

1.Guardia zibilak, ondoko kausa hauetakoren bat tarteko, enplegu-etenaldiaren egoerara igaroko dira:

a) Zigor Kode Militarrak edo Zigor Kodeak ezartzen duen espetxe-zigorrerako kondena jasotzean, epai irmoz, askatasunik gabe dauden bitartean eta, betiere, urriaren 22ko 12/2007 Lege Organikoan ezarritakoari kalterik egin gabe; edota enplegu edo kargu publikoa eteteko zigor nagusirako edo osagarrirako kondena jasotzean.

b) Enplegu-etenaldia dakarren diziplina-zehapena jasotzean.

2.Enplegu-etenaldiaren egoerara aurreko paragrafoko a) hizkian azaldutako kausagatik igarotzen diren guardia zibilek behin betiko galduko dute destinoa, eta ezin izango dira beren zereginetan jardun askatasunaz gabetzeko zigorra edota enplegu edo kargu publikoa eteteko zigorra exekutatu bitartean, harik eta horiek erabat iraungi arte.

Enplegua aurreko paragrafoko b) lerrokadan azaldutako kausagatik etetean, urriaren 22ko 12/2007 Lege Organikoan aurreikusitako ondorioak sortuko dira.

3.Guardia zibilak, halaber, enplegu-etenaldiaren egoerara igaro ahalko dira, epai baten bidez lanbidean edo ogibidean aritzeko desgaikuntza bereziaren zigorra ezarri zaienean, edo beste edozein eskubide baliatzekoa, edo armak eduki eta eramateko eskubidea, ibilgailu motordunak gidatzeko eskubidea edo bizilekua leku jakin batzuetan izateko edo horietara joateko eskubidea, desgaikuntza edo gabetze horrek beren eginkizunak betetzea eragozten edo kaltetzen badu.

4.Defentsako ministroak du aurreko bi paragrafoetan aipatutako ebazpenak emateko eskumena.

5.Enplegu-etenaldiaren egoerara igarotzen direnak, edozein dela ere egoera horretara eraman dituen kausa, une horretan betetzen duten postuan geratuko dira eskalafoian, eta ez dira lanpostuz igotzeko ebaluatuko. Egoera hori amaitzean, immobilizazioa bertan behera geldituko da, eta lanpostuen galera behin betikoa izango da.

Enplegu-etenaldiaren egoeran emandako denbora ez da zerbitzu-denboraren, hirurtekoen eta dagozkion Gizarte Segurantzako eskubideen ondorioetarako zenbatuko.

6.Enplegu-etenaldiaren egoerara 1. paragrafoko b) lerrokadan zehaztutako kasuaren bidez igarotzen dena, exekutatutako diziplina-zehapena gero behin betiko errebokatzen bada, administrazioedo jurisdikzio-bidean, bere destinora itzuliko da, bere eskubidearen arabera komeni bada, bere egoera berreskuratuko du eskalafoian –egokitu ziezaiokeen igoera barne–, eta egoera horretan igarotako denbora zenbatu egingo zaio zerbitzu-denboraren, hirurtekoen eta dagozkion Gizarte Segurantzako eskubideak zehaztearen ondorioetarako.

7.Enplegu-etenaldiaren egoerara igarotzen den guardia zibilak oinarrizko ordainsarien ehuneko 75 jasotzeko eskubidea izango du, bai eta dagozkion familiaprestazioak, mutilazio-pentsioak eta sariak ere.

8.Erregelamendu bidez, eginkizun-etenaldian emandako denboraren konpentsazioaren norainokoa zehaztuko da, enplegu-etenaldiaren egoeraren iraupenari eta ondorioei dagokienez.

92. artikulua. Eginkizun-etenaldiaren egoera.

1.Guardia zibilak eginkizun-etenaldi egoerara igarotzea ebatzi ahalko da, inputatua zigor-prozedura batean auzipetu, erruztatu edo bere aurka babes-neurriren bat hartu izanaren ondorioz, edo oso falta astuna egiteagatik diziplina-espediente bat hastearen ondorioz.

Defentsako ministroak eginkizun-etenaldia erabaki ahalko du, ondorengo alderdi hauek balioetsiz: egotzitako gertakarien larritasuna, prebentziozko espetxealdia dagoen ala ez, egozpenak Institutuaren araubideari eragiten dion kaltea, eta eragindako alarma soziala. Barne-arazoetako ministroak zehaztuko du etenaldi horrek destinoa galtzea dakarren.

2.Eginkizun-etenaldiaren egoeran dagoen guardia zibila eskalafoian betetzen duen postuan immobilizatuta geratuko da.

Egoera horretan sei hilabetez egon ahalko da gehienez, edota prebentziozko espetxealdiari dagokion epean, baldin eta agintaritza judizialak prozeduraren uneren batean halakorik erabaki badu eta sei hilabetetik gorakoa bada.

3.Prebentziozko espetxealdia kendu eta eginkizun-etenaldiaren egoera amaitzen bada, Guardia Zibilaren zuzendari nagusiak destinoa eskatzeko eta eskuratzeko debekua erabaki ahalko du, arrazoietan oinarritutako ebazpenaren bidez, eta, bertan, egotzitako gertakariak, eragin soziala eta zerbitzuaren interesa balioetsi beharko dira. Debeku horren epeak ezin izango du gainditu epai irmoa emateko edo largespen-autoa emateko unea.

4.Eginkizun-etenaldian emandako denbora ez da zenbatuko zerbitzu-denboraren, hirurtekoen eta dagozkion Gizarte Segurantzako eskubideak zehaztearen ondorioetarako. Hala ere, enplegu-etenaldiaren administrazio-egoeraren ondoko betearazpena oinarrituko du, hala badagokio.

Prozeduraren largespena adieraztean, absoluzio-epaia ematean edo diziplinaespedientea erantzukizun-adierazpenik gabe amaitzean, bere destinora itzuliko da, bere eskubideen arabera komeni bazaio, eta dagokion eskalafoia berreskuratuko du, egokitu zekiokeen igoera barne. Egoera horretan emandako denbora zenbatu egingo da zerbitzudenboraren, hirurtekoen eta dagozkion Gizarte Segurantzako eskubideak zehaztearen ondorioetarako.

Eginkizun-etenaldiaren egoeran emandako denbora epai irmoaren bidez ezarritako kondenaren iraupena edo diziplina-espedientearen bidezko diziplina-zehapenaren denbora baino luzeagoa bada, diferentzia zerbitzu-denbora gisa zenbatuko zaio.

5.Guardia Zibilaren Kidegoko plantillaren ondorioetarako, eginkizun-etenaldiaren egoeran dauden guardia zibilak zerbitzu aktiboan daudenak bezala zenbatuko dira.

6.Eginkizun-etenaldiaren egoerara igarotzen den guardia zibilak oinarrizko ordainsarien ehuneko 100 jasotzeko eskubidea izango du, bai eta eskubideen arabera egokitu dakizkiokeen familia-prestazioak eta mutilazio-pentsioak eta sariak ere, baldin eta espedientea ez bada geldiarazten interesdunari egotzitako kausaren batengatik; kasu horretan, ordainsari oro galduko du, gelditze-egoera horrek iraun bitartean eta, era berean, ez du hartzekorik jasotzeko eskubiderik izango, diziplina-espedientean agertzen ez bada.

93. artikulua. Erreserba-egoera.

1. Guardia zibilak ondoko kausa hauengatik igaroko dira erreserba-egoerara:

a) Ofizial jeneralak erreserbara igaroko dira brigada-jeneralaren enpleguan lau urte emandakoan, brigada-jeneralaren eta dibisio-jeneralaren enpleguetan zazpi urte emandakoan, edota aurrekoen eta teniente jeneralenaren artean hamar urte eman ondoren.

Teniente jeneralak, Guardia Zibilaren zuzendari laguntzaile operatiboak, zerbitzu aktiboko egoeran jarraituko du kargu hori duen bitartean, eta, uzten duenean, erreserbaedo erretiro-egoerara igaroko da, lege honetan ezarritakoaren arabera dagokionera.

Gobernuak hala erabakita, ofizial jeneralak ere erreserba-egoerara igaro ahalko dira, Ministroen Kontseiluan erabakitako errege-dekretu bidez, Defentsako ministroaren proposamenari jarraiki eta Barne-arazoetako ministroak aurretik txostena eginda.

b) Ofizialen kategoriako kideak erreserba-egoerara igaroko dira hirurogeita bat urte betetzen dituztenean.

c) Ofizialordeen kategoriako kideak erreserba-egoerara igaroko dira berrogeita hemezortzi urte betetzen dituztenean.

d) Kaporalen eta guardien kategoriako kideak erreserba-egoerara igaroko dira berrogeita hemezortzi urte betetzen dituztenean.

2.Aurreko paragrafoan esandakoa gorabehera, interesdunak aurretik eskabidea eginda eta urtebeteko epez, 60 urte bete arte zerbitzu aktiboan jarduteko aukera eduki dezakete ofizialordeen kategoriako kideek, eta 65 urte bete arte kaporalek eta guardiek.

Erregelamendu bidez ezarriko dira zerbitzu aktiboan jarraitzeko eskakizunak eta eskabide-prozedura.

3.1. paragrafoko a) hizkian zehaztutako kausagatik igaro behar denean erreserbaegoerara, enplegu bakoitzean denborak zenbatzeko abiapuntua igoera emateko oinarri izan zen errege-dekretuaren edo ebazpenaren data izango da; betiere, horietan, igoera eragin zuen enplegu hutsa sortu zen egunaren hurrengoa zehazten ez bada.

4.Guardia zibilak beraiek eskatuta igaro ahalko dira erreserba-egoerara, aldian behin baimendutako kupoetan eta Defentsako eta Barne-arazoetako ministroek elkarrekin adostuta, enplegu eta eskaletarako, herritarren segurtasuna eta Guardia Zibilaren giza baliabideak planeatzeko aurreikuspenei jarraiki, baldin eta, guardia zibilaren izaera eskuratu zutenetik, zerbitzu-denboran hogeita bost urte bete badituzte.

5.Erreserba-egoerara Defentsako ministroaren ebazpenaren bidez igaroko da, 1. paragrafoko a) hizkiko hirugarren lerrokadan ofizial jeneralentzat aurreikusitako kasuan salbu, eta interesdunak automatikoki utziko du betetzen zuen destinoa edo kargua, 8. paragrafoan aurreikusitakoari jarraiki erregelamenduz zehazten diren kasuetan izan ezik.

6.1. eta 2. paragrafoetan xedatutakoa gorabehera, guardia zibilak ezingo dira erreserba-egoerara igaro, guardia zibilaren izaera eskuratu zutenetik zerbitzu-denboran gutxienez hogei urte eman ez badituzte. Aktibo-egoeran egoterik ez dutenak zuzenean erretiro-egoerara igaroko dira.

7.Erreserba-egoeran ez da igoerarik egongo.

8.Erreserba-egoerara igarotzen diren guardia zibilak, erretiro-adinera heldu arte, Barne-arazoetako ministroaren esanetara geratuko dira polizia-zereginak betetzeko, herritarren segurtasunerako hala behar denean.

9.Erreserba-egoeratik gainerako egoeretara igaro ahalko da, zerbitzu aktiboarenera izan ezik. Egoera horiek uztean, interesduna erreserbakoan sartuko da.

10.Erreserba-egoerako ordainsariak Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoen langileen ordainsari-sistema erregulatzen duten arauetan zehaztuko dira eta, destinatuta ez dauden langileentzat, oinarrizko ordainsariek eta xedagarritasun-osagarri batek osatuko dute.

Artikulu honen 1. paragrafoaren a) hizkian aipatutako kausarengatik igarotzen denean erreserba-egoerara, aktibo dauden langileen ordainsariak mantendu egingo dira, harik eta 63 urte bete arte.

Aurreko lerrokadan adierazitakoaren ondorioetarako, aktibo dauden langileen ordainsaritzat hartuko dira enpleguari esleitutako oinarrizko ordainsariak eta osagarri orokorrak, eta ofizial jeneralek betetako enpleguei esleitutako izaera bereziko berariazko osagarria jasotzat joko da, enplegu horietarako berariazko osagarriaren osagai orokorra xurgatzen duen kontzeptu bakarra eratzen duelako.

11.Erreserba-egoeran emandako denbora zenbatu egingo da zerbitzu-denboraren, hirurtekoen eta dagozkion Gizarte Segurantzako eskubideak zehaztearen ondorioetarako.

VI. TITULUA

Zerbitzu profesionalen harremana amaitzea

94. artikulua. Erretirora igarotzea.

1.Guardia Zibilaren Kidegoarekin dagoen zerbitzu profesionalen harremana ondorengo kasuotan amaitzen da erretiroaren bidez, zeina ofizioz edota, hala badagokio, aldeak eskatuta adieraziko den:

a) Hirurogeita bost urte betetzean, horretarako eskakizunak betetzen badira.

b) Borondatez.

c) Baldintza psikofisiko nahikoa ez izatean eta, ondorioz, Kidegoaren berezko zereginetan jarduteko ezintasun iraunkorra izatean.

d) Gaitasun profesional nahikorik ez izatean.

2.Prestakuntza-ikastetxe militarretan sartzen direnak erretiro-egoerara igaro ahalko dira Kidegoaren berariazko zereginetan jarduteko ezintasun iraunkorra badute, irakaskuntza-prozesuen berezko jarduerak gauzatzearen ondorioz.

3.Artikulu honen 1. eta 2. paragrafoetako a) , b) eta c) hizkietan jasotako egoeretan, erretiro-egoerara igaroko da Estatuko klase pasiboen legerian edo, hala badagokio, Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean ezarritako baldintza eta moduetan, gaian indarrean dagoen araudiak ezarritakoari jarraiki.

4.Erretiro-egoerara igaro diren guardia zibilek utzi egingo diote Guardia Zibilaren Kidegoko langileen eskubide eta betebeharren araubide orokorraren eta Institutuko diziplina-araudiaren mende egoteari.

Erretiratutako guardia zibiltzat hartuko dira eta dagozkien Gizarte Segurantzako eskubideez gozatuko dute, Indar Armatuen Gizarte Segurantzaren Araubidearen eremuko edo legeetan aitortutako beste ordena batzuetako laguntza-eskubideak mantenduko dituzte, eta uniformea erabili ahalko dute ekitaldi instituzional eta sozial solemneetan, xedatzen denari jarraiki.

Hala eskatuz gero, dagokien identifikazio-txartela izango dute, eta beren eskubidekoak diren prestazioei eta beren interesekoa den beste edozein gairi buruzko informazioa emango zaie.

95. artikulua. Guardia zibilaren izaera galtzea.

1.Guardia zibilaren izaera ondorengo kausaren batengatik galduko da:

a) Uko egiteagatik, hurrengo artikuluan ezartzen diren eskakizunak betez.

b) Espainiar nazionalitatea galtzeagatik.

c) Irmotasunez, enplegu-galera, enplegu edo kargu publikorako desgaikuntza absolutua edo desgaikuntza berezia dakarren zigor nagusia edo osagarria ezartzeagatik.

d) Zerbitzutik kentzeko diziplina-zigorragatik.

2.Guardia zibilaren izaera galtzean, utzi egingo zaio Guardia Zibileko kideen eskubide eta betebeharren araubide orokorraren eta diziplina-arauen mende egoteari. Gainera, karrerako militarraren izaera ere galduko da.

3.Guardia zibilaren izaera galtzeak ez du ekarriko, inolaz ere, eraginpean dagoena erretirora igarotzea.

Betetako zerbitzu-denbora dagokion pentsioa zehazteko hartuko zaio kontuan.

96. artikulua. Guardia zibilaren izaerari uko egitea.

1.Guardia zibilek beren izaerari uko egin ahalko diote, guardia zibilaren izaera eskuratu dutenetik erregelamenduz zehaztutako denbora eman badute zerbitzuan, edo Defentsako eta Barne-arazoetako ministroek ondorio horietarako elkarrekin finkatutako hobekuntzarako ikastaroak eta goi-mailako ikasketak amaitu dituztenetik. Ezartzen diren denborak egindako ikasketen kostuei eta iraupenari egokituta egongo dira, aintzat hartuko dituzte Guardia Zibilaren planeamendu-beharrak, eta ezin izango dira hamar urtetik gorakoak izan.

2.Aurreko paragrafoan ezarritako denborak beteta ez dauzkatenek, uko egiteko, ekonomikoki ordaindu beharko diote Estatuari, eta sei hilabeteko aurrerapenaz jakinarazi.

Ordaindu beharreko kopuruak Defentsako eta Barne-arazoetako ministroek elkarrekin finkatuko dituzte, eskaletara sartzeko prestakuntza-prozesu bakoitzerako eta hobekuntzarako ikastaroetarako eta goi-mailako ikasketetarako, kontuan hartuta aurreko paragrafoan aipatutako zerbitzuen denborak, jasotako prestakuntzaren kostua eta bertan jasotako ordainsariak.

Era berean, kalte-ordain hori murrizteko ehunekoak ezarriko dituzte, uko egiten den egunean beteta dauden zerbitzu-denboraldiak aplikatzearen bidez. Ukoa ezin izango da eman, harik eta interesdunak kalte-ordain gisa finkatutako zenbatekoa ordaintzen duen arte.

3.Ukoa ezin izango da onartu guardia zibila diziplina-espediente bati lotuta dagoenean, falta astunagatik edo oso astunagatik, edo delituren bategatik auzipetzeko autoa nahiz ahozko judizioa hasteko autoa eman denean haren aurka.

4.Ukoa formalizatzeko prozedura gehienez ere bi hilabeteko epean izapidetu eta ebatzi beharko da.

97. artikulua. Ohorezko lotura.

Zerbitzu profesionalen harremana erretiro-egoerara igaro delako amaitu duen guardia

zibilak, dagozkion Gizarte Segurantzako eskubideez, laguntza-eskubideez eta aitortuta dituen bestelakoez gainera, hala eskatzen badu, lotura berezia mantendu ahalko du Institutuarekin, aukeratzen duen unitatera ohorezko izaeraz atxikita, zuzendari nagusiak aurretik ados dagoela adierazten badu, eta dagokion unitateak parte hartzen duen ekitaldi eta zeremonia instituzionaletara joan ahalko da.

98. artikulua.Birgaitzea

Defentsako ministroak, salbuespen gisa, birgaitzeko aukera eman ahalko dio, interesdunak aurretik eskatuta, enplegu edo kargu publikorako desgaikuntza absolutuko edo desgaikuntza bereziko zigor nagusiaren edo osagarriaren kondena jaso duenari, kontuan hartuta egindako delituaren inguruabarrak eta funtsa, eta, betiere, zigorra bete bada.

Era berean, zerbitzu-harremana amaitzen bada Espainiako nazionalitatea galtzeagatik edo Kidegoko zereginetan jarduteko ezintasun iraunkorra dakarren baldintza psikofisiko nahikoa ez izateagatik, interesdunak, hura eragindako kausa objektiboa desagertuta, guardia zibilaren izaera berreskuratzeko eskaera egin ahalko du, eta eman egingo zaio, betiere sinesgarriro egiaztatzen bada kausa hura desagertu egin dela edo guardia zibilaren izaerarekin bateraezina den egoerarik ez dagoela.

Ebazpena ez bada dagokion epean espresuki eman, eskaera ezetsi egin dela ulertu beharko da.

99. artikulua. Gaitasun profesional nahikorik ez dagoen erabakitzeko ebaluazioak.

1.Zuzendari nagusiak, igotzeko ezgaitasunaren behin betiko adierazpenaren ondorioz, gaitasun profesional nahikorik ez dagoen erabakitzeko espediente bat hasteko agindua emango du, destino zehatz batzuk betetzeko mugak zehazteko edo erretirora igarotzea xedatzeko. Halaber, 55. artikuluan aipatzen diren txosten pertsonalen ondorioz agindu ahalko du espedientea hastea.

2.Helburu horrekin, berariazko ebaluazio-batzordea eratuko da, eta horren ondorioak zuzendari nagusiari helaraziko zaizkio; azken horrek, Guardia Zibilaren Kontseilu Gorenak aurretiko txostena eman ondoren, dagokion ebazpen-proposamena aurkeztuko dio Defentsako ministroari. Espedienteak Guardia Zibilaren Kontseiluko kide bati eragiten badio, organo horrek aurretiko txostena emango du.

3.Erregelamenduz zehaztuko dira gaitasun profesional nahikorik ez dagoelako espedienteak izapidetzeko prozedurak.

100. artikulua. Baldintza psikofisiko nahikorik ez dagoen erabakitzeko ebaluazioak.

1.57. artikuluak aipatzen dituen osasun-azterketen edo proba psikologikoen eta fisikoen ondorioz eta 98. artikuluan aurreikusitako egoeretan, baldintza psikofisiko nahikorik ez dagoen erabakitzeko espedientea hasi ahalko da, destino batzuk zehatz betetzeko mugak ezartzeko, erretirora igarotzeko edo bertan jarraitzeko.

Espedientean osasun-organo eskudunen irizpenak jasoko dira; espediente hori ebaluazio-batzorde batek balioetsiko du eta Guardia Zibilaren zuzendari nagusiari helaraziko zaio, eta berak proposatuko dio Defentsako ministroari dagokion ebazpena.

2.Erregelamenduz zehaztuko dira baldintza psikofisiko nahikorik ez dagoelako espedienteak izapidetzeko prozedurak, bai eta osasun-organo eskudunek irizpen egokiak emateko baldintza psikofisikoen koadroak ere.

3.Osasun-azterketen edo proba psikologikoen eta fisikoen ondorioz, baldintza psikofisiko nahikorik baden erabakitzeko espedientea irekitzen zaien guardia zibilei, espediente horren ondorioz destino zehatz batzuk betetzeko muga dakarren ezintasuna ezartzen zaienean, tratu-berdintasunaren printzipioa bermatuko zaie, bete ditzaketen destinoetan.

Erregelamenduz, karrera profesionala garatzen jarraitu ahal izateko baliabideak eta prozedurak ezarriko dira, eta, hala dagokionean, karrera profesionala berrorientatzeko, beharrezko hobekuntza-irakaskuntza egokiaren bidez.

Eskura dauzkaten destinoen lan-baldintzetan, diskriminazio edo desabantaila oro ezabatzeko aukera ematen duten neurriak hartuko dira.

101. artikulua. Baldintza psikofisikoen aldi baterako gutxiegitasuna.

1.Guardia zibil bati, 57. artikuluak aipatzen dituen osasun-azterketen eta proba psikologikoen eta fisikoen ondorioz, zerbitzurako baldintza psikofisikoen urritasunen bat antzematen bazaio, lesio edo gaixotasunagatik, eta itzulezina ez bada, guardia zibil hori dagoen administrazio-egoeran geratuko da.

2.Aurreko paragrafoan aipatutako urritasuna behin betikotzat jotzen den unean edo, betiere, hura antzeman zenetik hamabi hilabeteko epea igarota, 100. artikuluan araututako espedientea irekiko da.

Aurreko lerrokadan adierazitakoaren ondorioetarako, berrerortze-aldiak zenbatu egingo dira, eta ulertuko da badagoela eta, beraz, ez dela hasten aldi baterako urritasunaldi berria, eraginpean dagoenak sei hilabetetik beherako epean zerbitzuan berriz ere baja hartzen duenean eta prozesu patologiko beraren ondorio denean.

3.Aurreko paragrafoan aipatzen den espedientean, ebazteko epea eten egingo da, hura hasteko arrazoi diren gertakariak egiaztatu baino lehen delituagatiko prozedura judiziala bideratzen denean eta, bertan, kartzela-zigorra, kargu edo enplegu publikorako desgaikuntza absolutuko edo bereziko zigorra edo oso falta astunagatiko diziplinaespedientea egotz daitezkeenean. Kasu horietan, ez da ebazpenik emango, hala

badagokio, harik eta behin betiko ebazpena eman arte zigor-prozedura judizialean eta, betiere, kondenagatiko behin-behineko diziplina-erantzukizuna argitu arte edo oso falta astunagatiko diziplina-espedientean ebazpena eman arte.

VII. TITULUA

Gizarte-babesa, ordainsariak eta errekurtsoak

I. KAPITULUA

Gizarte-babesa

102. artikulua. Printzipio orokorrak.

1.Guardia zibilen gizarte-babeserako laguntza-prestazioak, osasun-laguntza barne, Indar Armatuen Gizarte Segurantzako Araubide Bereziak estaliko ditu. Horretarako, Guardia Zibilaren osasun-arloko eta gizarte-ekintzako organo eta baliabideek lankidetzan jardungo dute.

2.Estatuko klase pasiboen araubidea edo Gizarte Segurantzako araubide orokorra oro har aplikatuko zaie Guardia Zibilaren Kidegoko langileei, gaiaren inguruko berariazko legeriak xedatu bezala.

103. artikulua. Guardia Zibilaren osasun-arloa.

1.Guardia Zibilaren osasun-arloan, mediku-zerbitzuak eta osasun-ikuskapeneko zerbitzuak daude barne, eta arreta psikologikoaren laguntza ere badago.

Artikulu honen ondorioetarako, eta erregelamenduz xedatzen den moduan, Guardia Zibilaren osasun-zerbitzuak osasun militarraren barruan daude.

2.Guardia Zibilaren osasun-arloari dagokio, Kidegoko langileek Indar Armatuen Gizarte Segurantzako araubide bereziari lotuta egoteagatik osasun-prestaziorako daukaten eskubidea gorabehera:

a) Prestakuntza-ikastetxeetan sartzeko eta ikasle-izaera galtzeko beharrezko baldintza psikofisikoak dauden zehaztea, 35.2 eta 48.1b) artikuluetan ezarritakoari jarraiki.

b) Guardia Zibilaren Kidegoko langileen aldi baterako bajen segimendua eta kontrola egitea, eta gai horren inguruan unitateko, zentroko edo organismoko buruei aholkuak eta informazioa ematea.

c) Kidegoko osasun-arlotik kanpoko medikuek emandako aldi baterako bajak balioestea eta baieztatzea, hala badagokio, baldin eta eman eta hamargarren eguna baino lehen errekuperatu ez badira.

d) Aldi baterako baja-egoeran daudenei komenigarritzat jotzen diren azterketa psikofisikoak eginaraztea.

e) Zuzenean edo organo mediko-perizialen bidez, irizpenak ematea eta, horietan, gaixotasunaren edo prozesu patologikoaren diagnostikoa zehaztea, bai eta dagokion desgaitasun-maila ere, interesdunen zerbitzurako gaitasuna zehazteko.

f) Estatuko klase pasiboen legeriak zehazten dituen derrigorrezko irizpenak ematea,

98. artikuluan ezarritakoari jarraiki, destino jakin batzuk betetzeko muga edo, eraginpekoa Guardia Zibilaren berezko zereginak betetzeko erabat desgaituta egotearen ondorioz, erretiroa hartzeko muga zehazteko.

Guardia Zibilaren osasun-arloak, dauzkan eskumenak garatzeko, lankidetzakontratuak edo -hitzarmenak egin ahalko ditu mediku-profesional edo erakunde publiko edo pribatu zehatz batzuekin.

3.Artikulu honen lehenengo paragrafoan aipatutako zerbitzuek eskumena dute Kidegoko kideen aldi baterako baja-egoerei buruzko txosten eta diagnostikoetara jotzeko, esleituta dauzkaten zereginak betetzearren, datu pertsonalen tratamendurako eta babeserako indarrean dagoen araudiak ezartzen dituen mugen barruan.

4.Guardia Zibilaren osasun-ikuskapeneko organoei dagokie baldintza psikofisikoen aldi baterako urritasunagatiko bajak kontrolatzea eta berrikustea; horretarako, egokitzat jotzen dituzten irizpenak eman ahalko dituzte, edota, hala badagokio, artikulu honen 2. paragrafoan aipatzen diren profesionalen edo osasun-organoen balioespena eskatu. Irizpen horiek lehentasuna izango dute beste mediku batzuek emandakoen aldean.

Aurreko lerrokadan aipatutakoaren ondorioetarako, guardia zibilek nahitaez egin beharko dituzte Guardia Zibilaren Osasun Zerbitzuen iritziz beharrezkoak diren azterketa psikofisikoak.

5.Erregelamendu bidez garatuko dira lege honetan Guardia Zibilaren osasun-arloari emandako eskumenen jardutea eta Osasun Militarrean eskumena duten organo medikuperizialekiko harremanaren-prozedurak.

104. artikulua. Gizarte-ekintza.

Gizarte-babesaren esparruan, Guardia Zibilean gizarte-ekintzako sistema bat egongo da; horren bidez, Kidegoko langileen eta senideen gizarte-ongizatea, prestakuntza, osasuna, kultura, aisia eta kirola sustatzeko jarduketak garatuko dira, baita erretiratuta daudenentzat ere.

II. KAPITULUA

Ordainsariak eta administrazio taldeak

105. artikulua. Ordainsari-sistema.

1.Guardia Zibilaren Kidegoko langileen ordainsariak Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoen langileen ordainsari-sistema arautzen duten arauetan zehaztuko dira, martxoaren 13ko 2/1986 Lege Organikoaren 6.4 artikuluan ezarritakoari jarraiki.

2.Ondainsarien eta Gizarte Segurantzako dagozkion eskubideak zehazteko hartzeko erregulatzaileak finkatzearen ondorioetarako, ondoko baliokidetasun hauek aplikatuko dira herri-administrazioen zerbitzura dauden funtzionarioen enpleguen eta sailkapen taldeen artean:

Guardia Zibileko teniente jeneraletik tenientera: A taldea (A1 azpitaldea) .

Ofizialorde nagusitik sarjentura: A taldea (A2 azpitaldea) .

Kaporal nagusitik guardia zibilera: C taldea (C1 azpitaldea) .

3.Erregelamenduz, enpleguen ordainsari osagarriak zehaztuko dira.

4.Aldi baterako ezintasunagatik zerbitzurako baja den guardia zibilari indarrean dagoen araudiak Estatuko funtzionario zibilentzat beren eskubide diren zenbatekoen antzera finkatuko zaizkio ordainsariak.

Baja zerbitzu-egintzan edo horren ondorioz gertatu dela xedatzen bada, jasotzen ari den oinarrizko ordainsarien, destino-osagarrien eta berariazko osagarrien ehuneko 100 jasotzeko eskubidea izango du.

III. KAPITULUA

Errekurtsoak

106. artikulua. Errekurtsoak.

1.Lege honetan emandako eskumenak baliatuz hartzen diren egintza eta ebazpenen aurka, guardia zibilek gora jotzeko errekurtsoa jarri ahalko dute, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluetan ezarritako baldintzetan; nolanahi ere, Ministroen Kontseiluak eta Defentsako eta Barne-arazoetako ministroek hartutako egintza eta ebazpenen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahalko dute,

administrazioarekiko auzibidearen aurretik, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 116. eta

117.artikuluetan ezarritako baldintzetan.

2.Ebaluazio, sailkapen, igoera, destino, sari, administrazio-egoera, birgaitze eta ordainsarien inguruko prozeduretan, baldin eta horiek Guardia Zibilaren Kidegoko langileen eskariz eman behar badira, Administrazioak ez duelako bere erabakia sei hilabeteko epean jakinarazi edo, hala badagokio, dagokion prozeduran ezarritako epean, eskabidea ezetsitzat joko da, eta irekita geratuko da administrazioarekiko auzibidea.

Lehenengo xedapen gehigarria. Ofizialen eskala berrian sartzea.

Ofizialen goi-eskalan, ofizialen, goi-mailako langileen eta goi-mailako teknikarien eskaletako kideak, azaroaren 25eko 42/1999 Legearen izendapenari jarraiki, Guardia Zibilaren ofizialen eskala berrian sartuko dira, lege honetan ezarritakoaren arabera.

Bigarren xedapen gehigarria. Indar Armatuetako karrerako militarren destinoak.

Karrera militarraren azaroaren 19ko 39/2007 Legearen 99.2 artikuluan aurreikusitakoari jarraiki, Indar Armatuetako karrerako militarrek destino jakin batzuk bete ahal izango dituzte Guardia Zibilean, euren Kidegoak eta eskalak dituen zereginen eta ahalmenen arabera.

Hirugarren xedapen gehigarria. Kalte-ordainak.

Guardia Zibilaren kidegoko langileen kalte-ordainak oro har Estatuko Administrazio Orokorraren zerbitzura dauden langileentzat araututakoak izango dira.

Laugarren xedapen gehigarria. Alferez-enplegua.

Alferez-enplegua ofizialen kategoriaren barruan egongo da eta, jarraian, tenienteenpleguaren kategorian, Guardia Zibileko kideek azaroaren 25eko 42/1999 Legean edo lege honen seigarren xedapen iragankorrean ezarritakoari jarraiki eskuratu dutenean alferez-enplegua, eta prestakuntza-ikastetxeetako ikasleei behin-behinerako eman zaienean.

Gizarte Segurantzako eskubideak zehazteko hartzeko erregulatzaileak finkatzeko eta ordainsarietarako, alferez-enpleguari herri-administrazioen zerbitzura dauden funtzionarioen A2 sailkapen-taldearen baliokidetasuna aplikatuko zaio.

Bosgarren xedapen gehigarria. Iraungitzear dauden goi-mailako langileen eta goimailako teknikarien eskalak.

Lege honetan xedatutakoaren arabera iraungitzear dauden goi-mailako langileen eta goi-mailako teknikarien eskaletan daudenek zeregin zientifikoak, teknikoak, irakaskuntzakoak, aholkularitzakoak edo zuzendaritza fakultatibokoak garatuko dituzte beren ezagutza-arloaren eta jatorrizko eskaletan sartzeko eskatutako titulazio akademikoaren arloaren eremuan.

Eskala horietako enpleguetan, enplegua duenaren berariazko titulazio akademikoaren arabera dagokion terminoa adieraziko da.

Seigarren xedapen gehigarria. Komandante-enplegura igotzeko gaikuntza-ikastaroa.

Azaroaren 25eko 42/1999 Legean ezarritako ofizialen goi-mailako eskalako komandante-enplegura igotzeko gaikuntza-ikastaroa gainditu duten langileak lege honek enplegu horretara igotzeko ezartzen duen gaikuntza-ikastaroa egitetik salbuetsita egongo dira.

Zazpigarren xedapen gehigarria. Lehen mailako guardia zibilaren maila militarra.

Lege hau indarrean sartzean lehen mailako guardia zibilaren maila militarra dutenek bereizgarri hori mantenduko dute, baina horrek ez die ordainsaririk ekarriko, ez eta guardia zibilaren enpleguan antzinatasun handiagorik ere, zerbitzuaren zuzendaritzarako edo agintean jarduteko.

Zortzigarren xedapen gehigarria. Inteligentziako Zentro Nazionaleko langileen araubidea.

1.Zerbitzuak Inteligentziako Zentro Nazionalean ematen dituen guardia zibila Inteligentziako Zentro Nazionala arautzen duen maiatzaren 6ko 11/2002 Legearen 8. artikuluan aipatutako langileen estatutu bakarraren mende egongo da.

2.Zentrora aldi baterako zerbitzu-harremanarekin sartzen den guardia zibila zerbitzu aktiboan egongo da. Iraunkortasuna eskuratzen duenean, zerbitzu berezien egoerara igaroko da. Bi kasu horietan, lanpostuz igotzeko ebaluatzeko baldintzak beteko ditu, erregelamenduz zehaztutako moduan.

3.Eginkizun-etenaldiaren egoeran dagoen guardia zibila, Inteligentziako Zentro Nazionaleko estatutupeko langile gisa amaitzen duenean, Guardia Zibilaren Kidegora bueltatzean, enplegu-etenaldiaren egoerara igaroko da, harik eta hori eragin zuen zigorkondena edo administrazio-zehapena bete arte.

Lehenengo xedapen iragankorra. Ofizialen eskala osatzea.

1.2017ko ekainaren 30era arte, azaroaren 25eko 42/1999 Legean jasotako eskalak mantendu egingo dira, eta, ordutik aurrera, dagozkion xedapenetan aurreikusitako kasuetarako mantenduko dira. Urte horretako uztailaren 1ean, lege honetan zehaztutako ofizialen eskala eratuko da, xedapen iragankorretan zehazten denari jarraiki.

2.Teniente-enplegutik koronel-enplegura igotzeko 2016-2017 zikloa, edozein eskalatan, 2017ko apirilaren 30ean amaituko da. Maiatzaren 1etik uztailaren 1era, ez da igoerarik egingo aipatutako enpleguetara. Igoeren 2017-2018 zikloa 2017ko uztailaren 2an hasiko da.

Bigarren xedapen iragankorra. Ofizialen eskalara sartzea: alderdi orokorrak.

1.Edozein administrazio-egoeratan dauden Guardia Zibileko ofizialak sartuko dira eskala berrira, erreserba-egoeran daudenak izan ezik. Erreserba-egoeran daudenak beren jatorrizko eskaletan geratuko dira, erretiro-egoerara igaro arte. Bestalde, ez dira eskala horretara sartuko, hurrengo xedapenetan aurreikusitakoari jarraiki, eskala berrira sartzeari uko egiten diotenak edo horretarako ezartzen den prestakuntza-ikastaro osagarria gainditzen ez dutenak.

2.Igoerarako ezgai direla adierazitakoek, enpleguari atxikitakoek eta igoerarako derrigorrezko ikastaroa gainditu ez dutenek azaroaren 25eko 42/1999 Legearen eta hura garatzen duten xedapenen ondoriozko mugak mantenduko dituzte.

3.Ofizialen eskala berrira sartzeko ezarritako baldintzak betetzen dituztenak 2017ko uztailaren 1ean sartuko dira. Gainerako langileak data horretatik aurrera sartuko dira, aipatutako eskakizunak betetzen dituztenean.

4.Ofizial jeneralak eta ofizialen goi-eskalako koronelak 2017ko uztailaren 1ean sartuko dira ofizialen eskala berrira, haien enpleguaren eta antzinatasunaren arabera.

5.Gainerako ofizialei dagokienez, ofizialen goi-eskalatik datozenak ofizialen eskala berrira sartuko dira, eta azaroaren 25eko 42/1999 Legean aurreikusitako ofizialen gainerako eskaletatik datozenen sarrera borondatezkoa izango da; bi kasuetan, horietako bakoitzaren enpleguetarako xedapen iragankorretan ezartzen diren irizpideei jarraiki.

Hirugarren xedapen iragankorra. Ofizialen eskalara sartzea: uko-egiteak eta prestakuntza-ikastaro osagarria.

1.Borondatezko sarbidea duten eskaletako ofizialek 2016ko martxoaren 31 baino lehen baliatu beharko dute hari uko egiteko daukaten eskubidea, baina kontuan hartuko dira sarrerarako antolaketa-prozesuan proportzionaltasun-irizpideak aplikatzean.

Ofizial-kategoria aurreko lerrokadan aipatutako datatik aurrera eskuratzen dutenek, horien sarbidea borondatezkoa izan bada, kategoria hori eskuratu eta hurrengo hilaren 1a baino lehen baliatu beharko dute hari uko egiteko eskubidea, eta aipatutako proportzionaltasun-irizpideak aplikatzean kontuan hartuko dira, soil-soilik, baldin eta 2017ko uztailaren 1a baino lehen eskuratzen badute.

2.Sartzeari uko egiten ez diotenak beren jatorrizko eskalan geratuko dira eta, zuzendaritza-ekintzak gauzatzeko jaso duten prestakuntza-maila egokitzeko, prestakuntza-ikastaro osagarria egiteko deituko dira; ikastaro horrek, merezimendueta gaitasun-printzipioak errespetatuz, haien gaitasunak eta ezagutzak areagotzea izango du xede eta, hala badagokio, lege honen hamargarren xedapen iragankorraren 3. paragrafoan xedatzen den titulazio akademikoaren baliokidetasuna emango die.

Goi-mailako langileen eta teknikarien eskaletako kideentzat, prestakuntza-ikastaro osagarriek kontuan hartuko dituzte ofizialen eskala berrira sartzean egokitu dakizkiekeen erantzukizunak eta eginkizunak.

Era berean, prestakuntza-ikastaro osagarriak egingo dira, eta horiek gainditzeak, ofizialen eskala berrira sartzeaz gainera, 2016ko irailaren 1ean enplegu horretan gutxieneko denborak beteta dituzten deitutako kapitainentzat, lege honen 65. artikuluan ezarritako igoerarako gaikuntza-ondorioak ekarriko ditu, eta ez dira aplikatzekoak izango lege honen 70. artikuluan ezarritako ebaluazioak.

Nolanahi ere, 2016ko urtarrilaren 31 baino lehen, erregelamenduz xedatuko dira, aipatutako ikastaro mota bakoitzerako, ondoko hauei buruzko alderdiak: edukia, iraupena, egutegia, geroratzea, errepikatzea, uko egitea, gainditzeko eskakizunak, eta ebaluaziozein kalifikazio-araubidea. Bai programazioa, bai dagozkion ikastaroen garapena, eraginkortasun-irizpideen arabera egingo dira, eta laneko eta familiako bizitzak uztartzeko beharrak kontuan hartuta.

Edukiek lortu nahi diren asmoak eta helburuak betetzeko beharrezko ezagutza-arloak eta irakasgaiak jasoko dituzte, eta Guardia Zibilaren Unibertsitate Zentroak parte hartuko du eduki horiek prestatzen eta gauzatzen. Eduki horien gutxieneko kreditu-kopurua indarrean dagoen araudiak zehaztutakoa izango da, ikasturte bakoitzerako, unibertsitatetitulu ofizialak eskuratzeko ikasketa-planetan, eta, aldi berean, ofizialen eskalako komandante-enplegurako gaikuntza-ikastaroen edukiak sartuko dira, hala badagokio.

Aipatutako ikastaroko kredituen artean, ikastaroa egin bitartean agindutako alderdi profesional zuzenduei buruzko ikasketen inguruan ofizial gisa eskuratutako esperientzia profesionala balioetsiko da. Unibertsitate-irakaskuntzen eta egiaztatzen diren bestelakoen aitorpena ere egingo da, 46. artikuluan xedatutakoari jarraiki.

Prestakuntza-ikastaro osagarrien deialdiak 2016ko apirilaren 30etik aurrera egin beharko dira, eta, hurrengo urteetan, data horretatik beretik aurrera. Ikastaroa gainditzen ez dutenak iraungitzear dauden ofizialen, goi-mailako langileen edo teknikarien eskaletara sartuko dira, eta zortzigarren xedapen iragankorrean sartzeari uko egin diotenentzat aurreikusitako ondorioak izango dituzte.

Laugarren xedapen iragankorra. Teniente koronelen, komandanteen, kapitainen eta tenienteen ofizialen eskalara sartzea.

Ofizialen buruen, ofizialen eta goi-mailako langileen edo teknikarien eskaletako teniente koronelak, komandanteak, kapitainak eta tenienteak antolatu egingo dira, ofizialen eskala berrira enpleguen arabera sartzeko, enplegu eta jatorri bakoitzeko kideen proportzioan. Antolaketa horretan, enpleguko antzinatasun-datak aldatu egingo dira, antzinatasunaren araberako zerrenda beherakorra eskuratzeko; eskalafoi-zerrendako

inori ez zaio emango jatorri-eskalan zuena baino antzinatasun txikiagoa. Antzinatasunaren inguruko aldaketek ez dute ondorio ekonomikorik eragingo.

2017ko uztailaren 1ean, ofizialen goi-eskalatik datozenak sartuko dira eta, hasieran, bakoitzerako ezarri den prestakuntza-ikastaro osagarria gainditu dutenen eskaletakoak. Gainerako langileak prestakuntza-ikastaro osagarria amaitutakoan sartuko dira ofizialen eskalara, eta enpleguan izango duten antzinatasuna aurreko lerrokadan aipatutako antolaketaren ondoriozkoa izango da.

2017ko uztailaren 1aren ondoren igotzen direnak edo teniente-enplegua data horretatik aurrera eskuratzen dutenak, eta sartu daitezkeenak edo sartu behar direnak, igoerari edo eskalan sartutako datari dagokion antzinatasunarekin sartuko dira; betiere, sartzeko ezarritako baldintzak betetzen badituzte, antzinatasunari dagokionez seigarren xedapen iragankorraren 2. paragrafoan aurreikusitako inguruabarrak ematean salbu.

Bosgarren xedapen iragankorra. Ofizialen goi-eskalara sartzeko ikasleak ofizialen eskalara sartzea.

Eskala horretara sartuko dira prestakuntza-aldia 2017ko uztailaren 1aren ondoren amaitzen duten ikasleak ere, baldin eta prestakuntza ofizialen goi-eskalara sartzeko bada, aipatutako eskalan sartzeari dagokion antzinatasunarekin.

Seigarren xedapen iragankorra. Alferezak ofizialen eskalan sartzea.

1.Prestakuntza-aldia 2017ko uztailaren 1aren ondoren amaitzen duten ikasleak alferez-enpleguarekin sartuko dira azaroaren 25eko 42/1999 Legeko ofizialen eskalara, prestakuntza eskala horretarako denean.

2.Aipatutako eskalako alferezak teniente-enplegura igoko dira jatorrizko eskalan, baldin eta enplegu hutsa badago; antzinatasun-sistemaren bidez igoko dira.

Aurreko lerrokadan adierazitakoa gorabehera, teniente-enplegurako igoera ofizialen eskalan sustapen profesionalaren bidez sartzen direnek eskuratzen dutenaren ostekoa bada, justu besteen aurreko datako antzinatasuna emango zaie enplegu horretan; esleipen horrek ez du inolako eskubide ekonomikorik sortuko, eta, hirurtekoen eta eskubide pasiboen ondorioetarako, alferez-enpleguan eta herri-administrazioen zerbitzuko funtzionarioen A2 sailkapen-taldean emandako urte guztiak zenbatuko zaizkie.

3.Teniente-postura igotzean, ofizialen eskala berrian sartuko dira, lege honetan jasotako aurreikuspenei jarraiki.

Zazpigarren xedapen iragankorra. Proportzionaltasun-irizpideak.

Aurreko xedapenei jarraiki, jatorri desberdinetako langileak daudenean eta proportzionaltasun-irizpideak baliatu behar direnean, jatorri desberdinetako kide bakoitzari formula hau aplikatuko zaio:

C= (P-0,5) /N, alegia:

C= Antolaketarako koefizientea.

P= Interesdunak bere eskalaren jatorriaren kolektiboan –enplegu berekoek edo enplegu eta antzinatasun berekoek osatutakoa, dagokionaren arabera– betetzen duen hurrenkera-zenbakia.

N= Aurreko kolektiboko kide-kopurua.

Jarraian, jatorri desberdinetakoak antolatuko dira, koefizienteak txikienetik handienera hartuta, berdinketa egonez gero adin nagusiagoa duenaren alde ebatziko dela.

Zortzigarren xedapen iragankorra. Ofizialen eskalan ez sartzearen ondorioak.

1.Azaroaren 25eko 42/1999 Legeko ofizialen eskalako kideak, uko egin dutelako edo bestelako kausengatik eskala berrira sartzen ez direnak, beren jatorrizko eskalaren

barruan geratuko dira; eskala hori 2017ko uztailaren 1etik aurrera iraungitzekoa izango da eta «42/1999 Legeko ofizialen eskala» izendapena jasoko du.

Eskala horretan egoteak ez du inolako mugarik ekarriko destinoak esleitzeko.

Eskala honetan, teniente koronelaren enplegura hautaketa-sistemaren bidez igoko da, baldin eta komandantearen enpleguan gutxienez hiru urte eman badira zerbitzudenboran eta enplegu horretarako xedatutako erregelamenduzko plantillan lanpostu hutsa badago. Igotzeko, gainera, beharrezkoa izango da horretarako deitutako gaikuntzaikastaroa gaindituta izatea.

Komandantearen enplegura igotzeko, sailkapen-sistema baliatuko da; horretarako, beharrezkoa izango da enplegu horri dagokionez eskalan lanpostua hutsik egotea erregelamenduzko plantillan eta kapitain-enpleguan gutxienez bost urte ematea zerbitzudenboran.

2.Azaroaren 25eko 42/1999 Legeko goi-mailako langileen eskalako kideak, uko egin dutelako edo bestelako kausengatik eskala berrira sartzen ez direnak, beren jatorrizko eskalaren barruan geratuko dira; eskala hori 2017ko uztailaren 1etik aurrera iraungitzekoa izango da eta «42/1999 Legeko goi-mailako langileen eskala» izendapena jasoko du.

Eskala honetan, koronelaren enplegura hautaketa-sistemaren bidez igoko da, baldin eta teniente koronelaren enpleguan gutxienez lau urte eman badira zerbitzu-denboran eta enplegu horretarako xedatutako erregelamenduzko plantillan lanpostu hutsa badago. Igotzeko, gainera, beharrezkoa izango da horretarako deitutako gaikuntza-ikastaroa gaindituta izatea.

3.Azaroaren 25eko 42/1999 Legeko goi-mailako langile teknikarien eskalako kideak, uko egin dutelako edo bestelako kausengatik eskala berrira sartzen ez direnak, beren jatorrizko eskalaren barruan geratuko dira; eskala hori 2017ko uztailaren 1etik aurrera iraungitzekoa izango da eta «42/1999 Legeko goi-mailako langile teknikarien eskala» izendapena jasoko du.

Eskala honetan, teniente koronelaren enplegura hautaketa-sistemaren bidez igoko da, baldin eta komandantearen enpleguan gutxienez bost urte eman badira zerbitzudenboran eta enplegu horretarako xedatutako erregelamenduzko plantillan lanpostu hutsa badago. Igotzeko, gainera, beharrezkoa izango da horretarako deitutako gaikuntzaikastaroa gaindituta izatea

Bederatzigarren xedapen iragankorra. Kideen plantilla.

2017ko ekainaren 30era arte, indarrean jarraituko dute 2013-2018 aldirako Guardia Zibilaren Kidegoaren plantilla ezartzen duen maiatzaren 31ko 388/2013 Errege Dekretuaren bidez onetsitako plantillek.

Data horretatik aurrera, Gobernuak erregelamenduzko plantilla bat onetsiko du Guardia Zibilaren Kidegorako, eta plantilla horrek kontuan hartuko du lege honetan zehaztutako ofizialen eskala berria eratzeko prozesua; beraz, prozesu hori amaitu arte, ez dira kapitain-, tenienteeta alferez-enpleguak sartuko, eta horien plantilla xedapen iragankorretan deskribatutako prozeduraren arabera osatuko da.

2017. urteko bigarren seihilekoan ezartzen den erregelamenduzko plantillak adieraziko du ofizialen eskala berriari dagokiona ezin izango dela izan gaur egun ofizialen goi-eskalarako finkatutakoa baino txikiagoa.

Era berean, iraungitzear dagoen ofizialen eskalako teniente koronelaren eta komandantearen enpleguei dagokiena ezarriko du; lehenengoak gutxienez hirurogei kide izango ditu, eta bigarrenak gutxienez ehun eta hogei kide.

Aurreko lerrokadak aipatutako eskalako enpleguetarako ezarritako plantilla ez da aldatuko, harik eta, lege honen 25.2 artikuluan ezarritako lau urteko aldiari jarraiki, erregelamenduzko beste plantilla bat ezartzen den arte; plantilla horretan, eskala horretarako aipatutako enpleguetarako kide-kopuruari eutsiko zaio, betiere bertan dagoen kapitain-kopurua 600etik beherakoa ez bada.

Bertan dagoen kapitain-kopurua zifra hori baino txikiagoa denean, teniente koronelaren eta komandantearen enplegu-kopuruak, guztira, behera egingo du, honako

ehuneko hauetan, betiere enplegu horietako hasierako kopuruei dagozkiela kontuan hartuta: % 10, kapitain-kopurua 600etik beherakoa denean; % 20, kapitain-kopurua 500etik beherakoa denean; % 30, kapitain-kopurua 400etik beherakoa denean; % 40, kapitain-kopurua 300etik beherakoa denean; % 50, kapitain-kopurua 200etik beherakoa denean, eta ordutik aurrera mantendu egingo da kopurua, eskala erabat iraungi arte, hurrengo lerrokadan ezartzen den gaineratikoen erregularizazioari kalterik egin gabe.

Aurreko lerrokadak aipatzen dituen teniente koronelaren eta komandantearen enpleguetako gaineratikoak, bertan ezarritako ehunekoak aplikatzearen ondoriozkoak, eta eskalan dagoen kapitain-kopurua goiko hurrengo enpleguetan dagoena baino txikiagoa denean sortzen direnak, zuzenean igaroko dira ofizialen eskala berriaren plantillak osatzera, baldin eta aurrekontu-baliabideek horretarako aukera ematen badute.

Hamargarren xedapen iragankorra. Prestakuntza-irakaskuntza egokitzea.

1.2015ean eta 2016an, lanpostuak deitu ahalko dira, azaroaren 25eko 42/1999 Legean jasotako barne-sustapenaren bidezko sarreraeta prestakuntza-sistema aplikatuz. Ofizialen kasuan, sarrera antzinako ofizialen eskalara izango da, alferez-enpleguan.

Alferez-enplegua aurreko lerrokadan zehaztutakoari jarraiki eskuratzen dutenak lege honetan ezarritako ofizialen eskala berrira sartuko dira, teniente-enplegua eskuratzen dutenean, lege honen seigarren xedapen iragankorrean xedatutakoari jarraiki.

Ofizialordeak eta kaporalen eta guardien eskalako kideak, lege hau indarrean jarri aurretik ofizialen eta ofizialordeen eskalara sartzeko indarrean zegoen araudian ezarritako deialdien gehieneko kopurua baliatu dutenean, paragrafo honetan xedatutakoa aplikatzeko egiten diren deialdietara aurkeztu ahalko dira berriro.

2.Lege honetan zehaztutako eskala-aldaketaren sistemaren bidez ofizialen eskalara sartzeko prestakuntza-irakaskuntzan sartzeko egiten diren lehenengo bi deialdietan, deitzen diren lanpostu guztiak ofizialordeen eskalako kideentzat gordeko dira.

3.Azaroaren 25eko 42/1999 Legean ezarritako ofizialen eta langile teknikarien eskaletako kideek, prestakuntza-ikastaro osagarria gainditzen badute, lege honen hirugarren xedapen iragankorrean ezarritakoari jarraiki, ofizialen eskala berrira sartzeko unean, unibertsitate-graduaren baliokide den aitorpen akademikoa izango dute.

4.Ofizialen goi-eskalatik datozenek eta ofizialen eskaletatik datozenek, aurreko paragrafoan ezarritako aitorpena aplikagarri ez zaienean, azaroaren 25eko 42/1999 Legearen 20.2 artikuluan jasotako lizentziatu, ingeniari edo arkitektoaren tituluaren baliokidetasuna mantenduko dute, bai eta diplomadunarena, ingeniari teknikoarena edo arkitekto teknikoarena ere.

Hamaikagarren xedapen iragankorra. Igoerak.

1.2017ko ekainaren 30era arte, azaroaren 25eko 42/1999 Legean ezarritako igoerasistemak aplikatzen jarraituko da.

2.Aurreko paragrafoan ezarritakoa gorabehera, igotzeko edo gaikuntza-ikastaro bat egiteko ebaluazioari uko egin diotenei, azaroaren 25eko 42/1999 Legean xedatutakoari jarraiki, beste ebaluazio bat egiteko dei egingo zaie, eta lege honetan uko-egite horiei buruz xedatu dena aplikatuko zaie; horretarako, jada egin dituzten ukoak zenbatu egingo zaizkie, lege honen 66.4 eta 70.3 artikuluetan aurreikusitakoaren ondorioetarako.

3.2017-2018 zikloan enplegu bakoitzera igotzeko ebaluazioetan, eskalafoi-guneak azaroaren 25eko 42/1999 Legearen jatorrizko eskalen eskalafoien arabera ezarriko dira, eta lege honetan ezarritako ofizialen eskala eratzeari buruzko aurreikuspenak kontuan hartuta.

Hamabigarren xedapen iragankorra. Administrazio-egoerak egokitzea.

1.Lege honetan aldatutako erregulazioa duen administrazio-egoeraren batean dagoen guardia zibilari araudi berria aplikatuko zaio; egoera berri horrek araua indarrean

sartzen denetik izango ditu ondorioak, eta ofizioz igaroko da dagokion egoerara, ordura arte aitortutako eskubideei kalterik egin gabe.

Familiartekoak zaintzeko eszedentzia-egoera lege hau indarrean sartu aurretik eskatu eta izan dutenei zerbitzu-denbora gisa aitortuko zaie eszedentzia-aldi bakoitzeko lehen urtea, atzeraeraginez eta aurretik hala eskatuta.

Erreserba-egoeran dauden langileak egoera horretan geratuko dira, lege honetan egoera horretara igarotzeko ezartzen diren baldintza berriak gorabehera.

2.Ofizialorde nagusiaren enplegura lege hau indarrean sartu aurretik sustatu direnak borondatez igaro ahalko dira erreserba-egoerara, enplegu horretan sei urtez egon ondoren, baldin eta hala eskatzen badute aldi hori bete aurretik, azaroaren 25eko 42/1999 Legearen 86.2 artikuluan ezarritakoari jarraiki.

Azaroaren 25eko 42/1999 Legean zehaztutako ofizialen eskalatik datozen teniente koronelak, enplegu hori lege hau indarrean sartu aurretik edukiz gero, borondatez igaro ahalko dira erreserba-egoerara, enpleguan sei urte bete ondoren, baldin eta aldi hori bete aurretik hala eskatzen badute eta, betiere, berrogeita hemezortzi urte beteta badituzte.

3.Azaroaren 25eko 42/1999 Legea indarrean sartzean kaporal eta guardien eskalakoak ziren kideei oraindik ere aplikatzekoa izango zaie aipatutako legearen hirugarren xedapen iragankorrak ezartzen duen erreserba-egoerara igarotzeko araubide iragankorra, eta 65 urte arte aktibo egoteko eskaera egin ahalko dute, lege honen 93.2 artikuluan aurreikusitakoari jarraiki.

4.Lege hau indarrean sartzean erreserbako administrazio-egoeran daudenek, destino bat betetzen, destino horretan jarraitu ahalko dute, harik eta, esleitzeko orduan indarrean dagoen araudian aurreikusitako kausengatik, kargutik kentzen dituzten arte.

Hamahirugarren xedapen iragankorra. Erreserba-egoerako ordainsarien araubidea.

1.Azaroaren 25eko 42/1999 Legea indarrean sartzean erreserba-egoeran zeuden Guardia Zibilaren Kidegoko kideei aurrez aplikatzen zitzaien ordainsari-araubidea aplikatuko zaie.

2.Aplikatzekoa izaten jarraituko du urriaren 18ko 28/1994 Legearen lehen xedapen iragankorreko 1. paragrafoak; horren aplikaziopean dauden Guardia Zibilaren Kidegoko kideek, erreserba-egoeran daudenean, ez dute lege honen 93.8 artikuluan aurreikusitako xedagarritasun-betebeharra izango, eta ordura arte aplikatu zaien ordainsari-araubidea aplikatuko zaie.

3.Lege hau indarrean sartzeko unean azaroaren 25eko 42/1999 Legeko ofizialen eskalako teniente koronelaren edo ofizialorde nagusiaren enplegua dutenei azaroaren 25eko 42/1999 Legearen 86.10 artikuluan aurreikusitakoa aplikatuko zaie.

Hamalaugarren xedapen iragankorra. Indarraldiak.

Lege honen xedapen iragankorrek berariaz adierazitako azaroaren 25eko 42/1999 Legearen xedapenek indarrean jarraituko dute, horietan ezarritako aldietan, edo aplikatzeko langileak egon bitartean, eta, hala badagokio, eragiten dieten erregelamenduzko garapenek ezarritako aldietan.

Indarrean jarraituko dute, halaber, aplikatzeko langileak egon bitartean, azaroaren 25eko 42/1999 Legearen ondoko xedapen hauek: 20.2 artikulua, titulazio akademikoen baliokidetasuna; lehenengo xedapen gehigarria, izendapen-aldaketa; bosgarren xedapen gehigarria, hirurtekoen hobekuntza; laugarren xedapen iragankorra, ofizial jeneralen bigarren erreserba-egoera; seigarren xedapen iragankorra, Guardia Zibilaren Musikak; hamargarren xedapen iragankorra, Guardia Zibilean jatorria duten Mutilados de Guerra por la Patria Kidegoko langileak.

Era berean, indarrean jarraituko dute erregelamendu-xedapenek, harik eta lege hau garatzeko eta gauzatzeko beharrezkoak direnak eman arte eta, betiere, bertako manuei kontra egin ezean.

Xedapen indargabetzaile bakarra. Indargabetzeak.

Indarrik gabe geratzen dira azaroaren 25eko 42/1999 Legea, Guardia Zibilaren kidegoko langileen araubideari buruzkoa, eta lege honetan xedatutakoaren aurka doazen maila bereko edo baxuagoko xedapen guztiak.

Azken xedapenetako lehenengoa. Guardia Zibilaren kideen eskubideak eta betebeharrak arautzen dituen urriaren 22ko 11/2007 Lege Organikoa aldatzea.

Guardia Zibilaren kideen eskubideak eta betebeharrak arautzen dituen urriaren 22ko 11/2007 Lege Organikoaren bigarren xedapen gehigarria honela idatzita geratzen da:

«1. Guardia Zibilaren Kontseiluko kideak hautatzearen ondoreetarako, ulertuko da eskala bakarra osatzen dutela hautaketei dagokien deialdiaren egunean Guardia Zibileko langileen araubideari buruzko Legean araututako ofizialen eskalakoak direnek.

2.Era berean, eta hautaketarako ondorio beretarako, ulertuko da eskala bakarra osatzen dutela aurretik aipatutako datan 1. paragrafoan adierazitako eskalakoak ez diren ofizialek, betiere hautesle-kopurua 400etik beherakoa ez bada. Bestela, ofizial guztiek osatuko lukete paragrafo horrek adierazten duen eskala.

3.Aurreko paragrafoetan hautaketarako ezartzen diren oharrak 2017ko uztailaren 1etik aurrera aplikatuko dira, orduan eratuko baita ofizialen eskala.»

Azken xedapenetako bigarrena. Tropa eta Marinelen apirilaren 24ko 8/2006 Legea aldatzea.

Tropa eta Marinelen apirilaren 24ko 8/2006 Legearen 20. artikuluko 4. paragrafoa honela idatzita geratzen da:

«4. Guardia Zibilaren kaporalen eta guardien eskalara sartzeko, gutxienez lanpostuen ehuneko 40 tropa eta marinel gisa zerbitzuan 5 urte daramatzaten militar profesionalei gordeko zaie; dena den, erreserba hori ezingo da izan, inolaz ere, ehuneko 50etik gorakoa.»

Azken xedapenetako hirugarrena. Laneko arriskuak prebenitzea.

Laneko arriskuen prebentzioan –Guardia Zibileko kideen eskubide eta betebeharrak arautzen dituen urriaren 22ko 11/2007 Lege Organikoan eskubide profesional gisa aitortzen da–, guardia zibilen parte-hartzea eta ordezkaritza Guardia Zibilaren Kontseiluko lantaldeen eta batzordeen bidez eta antolaketaeta funtzionamendu-erregelamenduan aurreikusitakoari jarraiki gauzatuko da.

Azken xedapenetako laugarrena. Gaikuntza-titulua.

Lege hau Konstituzioko 149.1.4 eta 149.1.29 artikuluetan aurreikusitakoaren babesean ematen da; artikulu horietan, Defentsa eta Indar Armatuen eta Segurtasun Publikoaren inguruko eskumen esklusiboa ematen zaio Estatuari, hurrenez hurren.

Azken xedapenetako bosgarrena. Erregelamendu bidez garatzea.

Gobernuari baimena ematen zaio lege hau garatzeko eta gauzatzeko behar beste xedapen emateko; batez ere, honako alderdi hauei dagokienez: prestakuntza-ikastetxetan sartzea, ikasketa-planetako eskala eta jarraibide orokorretara sartzea; ebaluazioak eta igoerak; destinoak; administrazio-egoerak; guardia zibilaren izaera eskuratzea, galtzea eta hari uko egitea; gaitasun psikofisiko eta profesionalik eza zehaztea; ordainsariak eta plantillak.

Azken xedapenetako seigarrena. Indarrean sartzea.

Lege hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean.

Horrenbestez,

Lege hau betetzeko eta betearazteko agintzen diet espainiar guztiei, norbanakoei eta agintariei.

Madrilen, 2014ko azaroaren 28an.

FELIPE E.

Gobernuko presidentea,

MARIANO RAJOY BREY

w.boe.es

BOLETÍN OFICIAL DEL ESTADO

D. L.: M-1/1958 ISSN: 02

 

 

 

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra