Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Cuarta edición Premios Adrian Celaya

Administrazio zuzenbidea  >>  Legeria  >> Orokorra

3/2015 Legea, martxoaren 30ekoa, Estatuko Administrazio Orokorreko goi-karguan aritzea arautzen duena

2015-03-30

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2015/03/31, 77. zk.

bcl_279624261.htm

I. XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

3444 3/2015 Legea, martxoaren 30ekoa, Estatuko Administrazio Orokorreko goikarguan aritzea arautzen duena.

FELIPE VI.a

ESPAINIAKO ERREGEA

Honako hau ikusten eta ulertzen duten guztiei.

Jakizue: Gorte Nagusiek honako lege hau onetsi dutela, eta Nik, hemen, berretsi egiten dudala.

AURKIBIDEA

Atariko titulua. Xedapen orokorrak.

1. artikulua. Xedea eta aplikazio-eremua.

I. titulua. Goi-kargudunak izendatzea eta goi-karguan aritzea.

2. artikulua. Goi-kargudunak izendatzea.

3. artikulua. Goi-karguan aritzea.

4. artikulua. Ordainsari-araubidea.

5. artikulua. Gizarte-babesa.

6. artikulua. Goi-kargua utzi osteko konpentsazioa.

7. artikulua. Ordainsarien bateraezintasuna.

8. artikulua. Giza baliabideak eta baliabide materialak.

9. artikulua. Goi-kargudunek arreta egokiarekin jardutea.

10. artikulua. Prestakuntza-betebeharra.

II. titulua. Interes-gatazken eta bateraezintasunen araubidea.

11. artikulua. Interes-gatazkaren definizioa.

12. artikulua. Interes-gatazkak garaiz detektatzeko alerta-sistema.

13. artikulua. Kargua arduraldi esklusiboz betetzea.

14. artikulua. Ondare-mugak sozietate-partaidetzetan.

15. artikulua. Kargua utzi ondoren jarduera pribatuetan aritzeko mugak.

16. artikulua. Jarduerak aitortzea.

17. artikulua. Ondasun eta eskubideak aitortzea.

18. artikulua. Balore eta aktibo finantzarioak kontrolatu eta kudeatzea.

III.titulua. Estatuko Administrazio Orokorreko goi-kargudunak zaindu eta kontrolatzeko organoak.

19. artikulua. Interes Gatazken Bulegoa.

20. artikulua. Bateraezintasunen arloan Interes Gatazken Bulegoarekin elkarlanean

aritzea.

21. artikulua. Erregistroak.

22. artikulua. Interes Gatazken Bulegoak emandako informazioa.

23. artikulua. Goi-kargudunek agintaldia amaitzean duten ondare-egoera aztertzea.

24. artikulua. Ondare-egoera egiaztatzeko txostena egitea.

IV. titulua. Zehapen-araubidea.

25. artikulua. Arau-hausteak.

26. artikulua. Zehapenak.

27. artikulua. Organo eskudunak.

28. artikulua. Arau-hauste eta zehapenak preskribatzea.

Lehenengo xedapen gehigarria. Estatuko sektore publikoko beste goi-kargudun batzuen araubide juridikoa.

Bigarren xedapen gehigarria. Araudi-erreferentziak.

Hirugarren xedapen gehigarria. Diputatuen Kongresuaren aurrean agertzea. Laugarren xedapen gehigarria.

Xedapen indargabetzailea. Arauak indargabetzea.

Azken xedapenetatik lehena. Arauak onartzeko gaikuntza.

Azken xedapenetatik bigarrena. Indarrean jartzea.

HITZAURREA

I

Goi-kargudun izateko, karguaren erantzukizuna eta eginkizunen garrantzia kontuan izanik, ezinbestekoa da jardueraren garapena arautzen duen esparru juridikoa errespetatzea; hala, pertsona horiek bakarrik bete ahal izango dute kargua, gaitasun pertsonala eta profesionala egiaztatu ondoren. Hori dela eta, lege honek argitu, indartu eta zabaldu egiten du esparru juridiko hori, kargua ahalik eta gardentasun zein legezkotasun handienarekin betetzen dela bermatzeko; betiere, interes pribatuen eta eginkizun publikoek berezko dituzten interesen artean gatazkarik izan gabe. Gainditu egiten da, halaber, goikarguan aritzeari aplikatzeko arauak erregulatzen dituen tresna bakar baten gabezia; izan ere, gabezia horrek zapuztu egiten zuen herritarrek duten eskubidea goi-kargudunari aplikatzeko baldintzei buruzko informazio garden, argi eta ulergarria jasotzeari dagokionez.

Beraz, batetik, arau bakarrean jasoko ditu goi-kargudunak izendatzeari buruzko xedapenak, hautagaiaren egokitasuna bermatuko duten mekanismo berriak gehituta; guztia ere, gerta litezkeen interes-gatazkak aldez aurretik aztertzeko, eta bateraezintasunen zein interes-gatazken arloan eskumenak dituen organoaren kontrola bermatzeko.

Eta, bestetik, legeak argitu egiten ditu ordainsarien, gizarte-babesaren eta giza baliabideak zein baliabide materialak erabiltzeko araubideak, bai eta legearen aplikazioeremuko goi-kargudunei aplikatuko zaien bateraezintasun-araubidea ere. Hartara, konpondu egiten dira arlo honetako araudia aplikatzeko garaian agertu diren arazoak.

Azkenik, lege honek indartu egiten du xedapenak betearazteko kontrola; horretarako, organo eskudunari –Interes Gatazken Bulegoari– eskumen eta bitarteko gehiago ematen dizkio, eginkizun oro ahalik eta lehia, gardentasun eta independentzia handiena bermatuta gara ditzan.

II

Atariko tituluak legearen xedea eta aplikazio-eremua arautzen ditu. Horrekin loturik, espresuki jasotzen ditu erakunde sortu berrietako goi-kargudunak: Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalaren Kontseiluko presidentea, presidenteordea eta gainerako kideak; Gardentasunaren eta Gobernu Onaren Kontseiluko presidentea, eta Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independenteko presidentea. Halaber, sektore publikoko administrazioetako, fundazioetako eta enpresetako presidenteak, zuzendari nagusiak eta parekideak biltzen dira.

I. tituluan goi-kargudunak izendatzeko eta karguan aritzeko baldintzak arautzen dira. Berariaz jasotzen du goi-kargudunen prestakuntza-betebeharra; horrenbestez, kargudun horiek lege honetan aurreikusitako betebeharrak ezagutu beharko dituzte. Horrez gain, goi-kargudunaren jarduna gidatuko duten printzipioak arautzen dira: interes orokorrei

objektibotasunez erantzutea; eginkizunak osotasunez betetzea; interes-gatazka kasuetan abstenitzea; objetibotasuna; gardentasuna eta erantzukizuna, eta austeritatea.

Legeak goi-kargudunak izendatzeko bete beharreko baldintzak argitzen ditu. Horri dagokionez, berrikuntza bat sartzen da: aurrerantzean, egokitasuna baldintza izango da goi-kargudunak izendatzeko, eta merezimendua zein gaitasunak erreferentziazko irizpide izango dira, bai eta ohoragarritasuna ere. Hori horrela, hainbat kausa arautzen dira, hautagaiak ohoragarritasunik ez duela irizteko; kasu horietan, ezin dira halako pertsonak goi-kargua betetzeko egokitzat jo. Ohoragarritasuna, gainera, goi-kargua betetzen den aldi osoan bildu behar da; hortaz, izendatu ostean tasun hori galtzea kargutik kentzeko kausa izango da. Karguan aritzeko egokitasun-baldintzak betetzen dituela aurrez egiaztatzeko, erantzukizunpeko adierazpen bat sinatuko du hautagaiak. Era berean, baldintzok betetzen dituela egiaztatzen duen dokumentazioa Interes Gatazken Bulegoari ere helarazi beharko dio, hala eskatuz gero.

Ordainsari-araubideari eta gizarte-babesari buruzko artikuluek, berriz, Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko Legean eta Gizarte Segurantzaren zein klase pasiboen araudietan han-hemenka araututako gai bat jasotzen dute.

Kargua utzi osteko konpentsazioari dagokionez, lege honek horren erregulazioa argitzen du, eta ordainsarien bateraezintasuna zehaztu. Gainera, xedatzen du, horiek jasotzeko eskubidea sortzekotan, kontrolatu egingo dela baldintzak betetzen diren. Azkenik, goi-kargudunek beren eginkizunak betetzeko izango dituzten giza baliabideen eta baliabide materialen erabilera ere arautzen du titulu honek. Horrekin loturik, mugatu egiten da ordezkaritza-gastuen erabilera, eta espresuki aurreikusten da muga horiek ezingo direla handitu; halaber, kontrolatzeko zailagoak diren ordainbideen erabilera mugatzen da.

II.tituluak goi-kargudun izendatutakoek interes-gatazkei eta bateraezintasunei dagokienez izango duten araubidea jasotzen du. Batetik, interes-gatazka zer den definitzen du, eta, berrikuntza garrantzitsu gisa, sor litezkeen gatazkak garaiz detektatzeko sistema bat jasotzen du. Berriz ere, Interes Gatazken Bulegoa arduratuko da, gaian espezializatutako organoa den aldetik, goi-kargudunari adierazteaz erabakiak hartzerakoan zer gai edo arlotan izango duen, lehenengo azterketa egin ostean, abstenitzeko betebeharra. Halaber, barne-prozedurak onartu eta aplikatzea aurreikusten da, interesgatazkak sorrarazten dituzten egoerak saihesteko, bai eta, halakorik detektatuz gero, goikargudunak abstenitzeko ere.

Kargua arduraldi esklusiboan betetzeak arau orokor izaten jarraitzen du, eta kasu jakin batzuetan bakarrik bateratu ahal izango da jarduera publiko edo pribatu zehatz batzuekin. Halaber, arauak espresuki jasotzen du bateraezina dela Gobernuko kide edo estatuidazkari gisa eta Gorte Nagusietako kide gisa ordainsariak aldi berean jasotzea.

Indartu egiten da, berebat, sozietate-partaidetzetan ezarritako mugen erregulazioa; hala, bateraezina izango da edozein Administrazio Publikoren diru-laguntza jasotzen duten enpresetan ehuneko hamarretik gorako partaidetza izatea.

Kargua utzi ostean jarduera ekonomiko pribatuetan aritzeko mugei dagokienez, bi maila bereizten dira: orokor bat eta gogorragoa den beste bat. Gogorrenak erakunde eta organo ikuskatzaile edo arautzaileetako goi-kargudunei eragiten die; horiek ezin izango diote zerbitzu eman ikuskatu dituzten erakundeei, haiek hartutako erabaki baten eraginpean egon edo ez.

Bestalde, legeak zehazten du goi-kargudunek nola egin behar duten jarduera ekonomikoen aitorpena, bai eta ondasunen eta eskubideen aitorpena ere, eta honako berrikuntza hau jasotzen du: pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren urteko azken bi aitorpenen egiaztagiria eta ondarearen gaineko zergaren urteko azken aitorpenaren egiaztagiria bidali beharko dituzte. Goi-kargudunak zerga horren aitorpena aurkezteko betebeharrik ez badu, inprimaki baliokide bat beteko du, Interes Gatazken Bulegoak Zerga Administrazioko Estatu Agentziarekin lankidetzan egina.

III. tituluak goi-kargudunak zaindu eta kontrolatzeko organoak arautzen ditu; hala, eskumen-berme handiagoa ematen dio Interes Gatazken Bulegoari, bere administraziomaila handituta eta izendatzeko aukeratutako hautagaiaren parlamentu-kontrola zorroztuta. Bulegoaren eginkizunak ere argitu egiten dira, eta indartu egiten da beste erakunde

batzuekin duen lankidetza, hala nola Zerga Administrazioko Estatu Agentziarekin, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrarekin, Merkataritza Erregistroarekin eta Fundazioen Erregistroarekin.

Halaber, Interes Gatazken Bulegoak Diputatuen Kongresuari sei hilean behin aurkeztu beharreko txostenaren edukia zehazten da: goi-kargudunek aitorpen-betebeharrak betetzeari buruzko informazio pertsonalizatua eta ezarritako zehapenen informazio pertsonalizatua jaso beharko du. Horrez gain, legeak ezartzen duenez, sei hiletik behin honako informazio hau emango da argitara: zenbat goi-kargudunek egin behar dituzten aitorpenak, zenbat aitorpen jaso diren, zenbat komunikazio egin diren kargua uzteagatik, eta zenbat goi-kargudunek ez dituzten euren betebeharrak bete.

Legeak badu beste berrikuntza garrantzitsu bat ere: goi-kargudunak kargua utzi ostean duen ondare-egoera aztertzeko prozedura. Horri dagokionez, Interes Gatazken Bulegoak interesdunarekin berarekin aurkakotasun-prozeduraren bidez egin beharko duen txostena arautzen da. Txosten horretan, kargua hartu eta utzi bitartean goi-kargudunak zer ondareegoera izan duen aztertuko da, inolako irregulartasunik gertatu den detektatzeko.

Azkenik, IV. tituluak zehapen-araubidea jasotzen du; beste alderdi batzuen artean, abstentzio-betebeharra ez betetzeak sortutako arau-haustea arautzen du, bai eta arauhausteak nahiz zehapenak preskribatzeko epea zabaltzen ere.

ATARIKO TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea eta aplikazio-eremua.

1.Lege honen xedea Estatuko Administrazio Orokorrean eta Estatuko sektore publikoko erakundeetan goi-karguren bat betetzen dutenei aplikatzeko araubide juridikoa ezartzea da.

2.Lege honen ondorioetarako, honako hauek dira goi-kargudun:

a) Gobernuko kideak eta estatu-idazkariak.

b) Idazkariordeak eta parekideak; idazkari nagusiak; Gobernuaren ordezkariak autonomia-erkidegoetan eta Ceuta eta Melillan; Gobernuaren ordezkariak zuzenbide publikoko erakundeetan; eta ordezkaritza diplomatiko iraunkorreko buruak, bai eta nazioarteko erakundeen aurreko ordezkaritza iraunkorreko buruak ere.

c) Estatuko Administrazio Orokorreko idazkari nagusi teknikoak, zuzendari nagusiak eta parekideak.

d) Estatuko Administrazio Orokorrarekin lotuta, edota haren mendeko izanik, Estatuko sektore publikoko administrazio-, fundazioeta enpresa-erakundeetako presidenteak, presidenteordeak, zuzendari nagusiak, zuzendari exekutiboak eta parekideak, baldin eta arduradun goren badira eta Ministro Kontseiluak edo haren gobernu-organoek erabakita izendatu badira; berebat, goi-kargudun izango dira, kasu guztietan, Gizarte Segurantzaren Erakunde Kudeatzaileetako eta Zerbitzu Erkideetako presidenteak eta zuzendari nagusiaren maila duten zuzendariak, Estatu Agentzietako presidenteak eta zuzendariak, Portu Agintaritzetako presidenteak eta zuzendariak, eta Ekonomia eta Gizarte Kontseiluko presidentea eta idazkari nagusia.

e) Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalaren Kontseiluko presidentea, presidenteordea eta gainerako kideak, Gardentasunaren eta Gobernu Onaren Kontseiluko presidentea, Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independenteko presidentea, Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalaren Kontseiluko presidentea, presidenteordea eta kideak, Segurtasun Nuklearreko Kontseiluko presidentea, kontseilariak eta idazkari nagusia, eta beste edozer erakunde arautzaile edo ikuskatzaileko organo errektoreko presidentea eta kideak.

f) Erakunde arautzaile eta ikuskatzaileetako zuzendariak, zuzendari exekutiboak, idazkari nagusiak edo baliokideak.

g) Estatuko sektore publikoko beste edozer lanpostutako titularrak, edozein dela ere haien izendapena, Ministro Kontseiluak izendatu baditu, zuzendariorde nagusiak eta parekideak izan ezik.

3.Ez da goi-karguduntzat hartuko Ministro Kontseiluak eginkizun edo ordezkaritza publiko bat aldi batez betetzeko izendatutakoa, baldin eta une horretan goi-kargudun ez bada.

I. TITULUA

Goi-kargudunak izendatzea eta goi-karguan aritzea

2. artikulua. Goi-kargudunak izendatzea.

1.Goi-kargudunak pertsona egokien artetik aukeratuta izendatuko dira, berariazko legedian xedatutakoaren arabera. Pertsona egokiak dira ohoragarritasuna dutenak eta gaiarekin lotutako trebakuntza zein esperientzia dutenak, beteko duten kargua aintzat hartuta. Egokitasun hori balioetsiko dute hala goi-karguduna proposatzen duenak nola izendatzen duenak.

2.Honako hauek ohoragarritasunik gabekotzat hartuko dira:

a) Epai irmoz zigor askatasun-gabetzailera kondenatuak, kondena bete arte.

b) Epai irmoz kondenatuak faltsutze-delituak egiteagatik, askatasunaren aurkako delituak egiteagatik, ondarearen aurkako delituak eta gizarte eta ekonomiaren ordenaren aurkako delituak egiteagatik, Konstituzioaren aurkakoak, Estatuko instituzioen aurkakoak, Justizia Administrazioaren aurkakoak, Administrazio Publikoaren aurkakoak, Nazioarteko Erkidegoaren aurkakoak; traizio-delituak eta bakearen edo Estatuaren independentziaren aurkakoak, defentsa nazionalarekin lotutakoak, eta ordena publikoaren aurkako delituak, bereziki terrorismoa; guztiak ere, aurrekari penalak ezereztu arte.

c) Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera desgaituta daudenak, konkurtsoa kalifikatzen duen epaian zehaztutako desgaitze-epea amaitu arte.

d) Enplegu edo kargu publikorako desgaituta daudenak edo enplegu edo kargu publikoa etenda dutenak, zehapenak irauten duen bitartean, legeria penalean eta administrazio-legerian ezarritakoarekin bat.

e) Arau-hauste oso astuna egiteagatik zehapena jaso dutenak, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legearen arabera, zehatzeko ebazpenak ezarritako aldian zehar.

Goi-kargudunak modu ohoragarrian jardun beharko du karguan ari den bitartean. Gerora sortutako ohoragarritasunik eza kargutik kentzeko kausa izango da ondorio horietarako; alabaina, goi-karguduna mugatutako kausa jakin batzuengatik bakarrik ken badaiteke kargutik, karguko betebeharren ez-betetze astuntzat hartuko da, eta dagokion prozeduraren bidez deklaratuko da hori.

3.Goi-kargudunen curriculum vitaea zerbitzu ematen duten organo, erakunde edo entitatearen web-atarian argitaratuko da, goi-kargudunak izendatu ostean.

4.Prestakuntza balioesteko garaian, jakintza akademikoa hartuko da kontuan; esperientzia baloratzeko orduan, berriz, arreta berezia ipiniko zaie betetako postuen izaerari, konplexutasunari eta ardura-mailari, baldin eta postu horiek loturarik badute izendapenaren xede den postuaren edukiarekin eta eginkizunekin.

5.Goi-kargudunak erantzukizunpeko adierazpen bat sinatu beharko du; bertan, honako hau adieraziko du, bere erantzukizunpean: goi-kargudun izendatua izateko egokitasun-baldintzak betetzen dituela –bereziki, eskatutako ohoragarritasuna eragozten duen kausarik ez dela, eta emandako datuak egiazkoak direla–, aurreko guztia egiaztatzeko dokumentazioa badaukala beharrezko denerako, eta karguan arituko den bitartean aurreko baldintzak betetzeko konpromisoa hartzen duela.

Goi-kargudunak Interes Gatazken Bulegora igorriko du erantzukizunpeko adierazpen hori, bulegoak diseinatutako ereduaren arabera beteta. Goi-kargudunak, halaber,

sinatutako erantzukizunpeko adierazpenean jasotakoarekin bat egokitasun-baldintzak betetzen dituela egiaztatzen duen dokumentazioa igorriko du Interes Gatazken Bulegora, bulegoak hala eskatzen badio.

6.Legez, baldintza gehigarriak ezarri ahalko dira Estatuko Administrazio Orokorreko kargu jakin batzuk betetzeko, baldin eta kargu horietarako lanbide-prestakuntza berezia behar bada; betiere, Konstituzioan jasotako berdintasun-printzipioa errespetatu beharko da.

Estatuko Administrazio Orokorrean zerbitzu ematen duten idazkariordeak eta idazkari nagusi teknikoak Estatuko, autonomia-erkidegoetako edota toki-erakundeetako A1 azpitaldean sailkatutako kidegoko karrerako funtzionarioen artetik izendatu beharko dira. Xedapen hori zuzendari nagusiak izendatzerakoan ere aplikatuko da, salbu eta saileko egiturari buruzko errege-dekretuak onartzen duenean karguaren titularra funtzionario ez izatea, zuzendari nagusiaren eginkizunen ezaugarri espezifikoak kontuan hartuta; kasu horretan, memoria arrazoitu bidez motibatu beharko dira aparteko inguruabar hori justifikatzen duten baldintza bereziak.

7.Estatuko sektore publikoko organo, erakunde eta entitate guztiek, zuzenbide publikokoak zein pribatukoak izan, goi-kargudun izendatu dituztenen berri eman beharko diote Interes Gatazken Bulegoari, izendapenaren egunetik zenbatzen hasi eta zazpi eguneko epean.

8.Administrazioedo gobernu-organoetan sektore publikoko ordezkariak dituzten erakunde publiko zein pribatuek Interes Gatazken Bulegoari komunikatu beharko dizkiote lege honetan xedatutakoaren arabera goi-kargudun direnen izendapenak.

3. artikulua. Goi-karguan aritzea.

1.Goi-karguan aritzean, abenduaren 9ko 19/2013 Legean jasotako gobernu onari buruzko xedapenez gain, bereziki honako printzipio hauek bete beharko dira:

a) Interes orokorra: objektibotasunez zerbitzatuko dituzte interes orokorrak.

b) Osotasuna: arreta egokiarekin jardungo dute, eta interes-gatazkak izateko arriskua saihestuta.

c) Objektibotasuna: erabakiak hartzerakoan, alde batera utziko dituzte jarrera pertsonalak, familiakoak, korporatiboak edota bezeroekin lotutakoak, bai eta printzipio honen aurka egin dezaketen bestelako jarrerak ere.

d) Gardentasuna eta erantzukizuna: erabakiak gardentasunez hartuko dituzte eta erabakiok sortutako ondorioen erantzule izango dira.

e) Austeritatea: baliabide publikoak efizientziaz kudeatuko dituzte, gastua arrazionalizatuta.

2.Aurreko zenbakian aipatutako printzipioak goi-kargudunen eginkizunei eta jardunari aplikatzeko araudiaren oinarri izango dira. Halaber, interpretazio-irizpide gisa erabiliko dira zehapen-xedapenak aplikatzeko garaian. Haien garapena eta balizko ez-betetzeekin lotutako erantzukizunak erregulatzeko, indarrean dauden gobernu onari buruzko arauak hartuko dira kontuan, dagokien aplikazio-eremuan.

4. artikulua. Ordainsari-araubidea.

1.Goi-kargudunen ordainsariak publikoak izango dira, abenduaren 9ko 19/2013 Legeak ezartzen duen bezala, eta kasu bakoitzean aplikatzekoa den araudiaren arabera finkatuko dira; betiere, dagokien aurrekontuan ezarritako mugen barnean.

2.Goi-kargua betetzen duten karrerako funtzionarioek, zerbitzu berezien administrazio-egoera aitortzen zaienean, antzinatasunagatik legez dagozkien ordainsariak jasotzen jarraitu ahalko dute, administrazio-egoera jakin horretarako aplikatzekoa zaien funtzio publikoko legediak aurreikusitako baldintzetan eta irismenarekin.

5. artikulua. Gizarte-babesa.

1.Zerbitzu aktiboan dauden karrerako funtzionario izanik, lege honetan araututako goi-karguren bat betetzeko izendatzen direnak, goi-kargu hori ez badute nahitaez funtzionario publikoek bete behar, zerbitzu berezien egoerara igaroko dira; hala, egoera horretan dauden bitartean, zerbitzu aktiboan dauden karrerako funtzionario gisa izango zuten gizarte-babesaren araubide bera izango dute, eskubide eta betebehar berberekin. Goi-kargua aurrekontu bidez atxikita dagoen sail, organo, erakunde edo entitateak izango du kotizatzeko betebeharra, bai eta, dagokion araubidean, enplegatzaileari edo Administrazio Publikoari dagozkion gainerako betebeharrak ere, salbu eta aitortuta dituzten hirurtekoen ordainsariak, legezko arrazoiagatik, ezin badituzte betetzen duten karguari dagozkion aurrekontuetan jaso, eta zerbitzu aktiboko funtzionario gisa azken aldiz aritu ziren sail, organo, erakunde edo entitateak ordaindu behar baditu; kasu horretan, ordainsariari dagokion kotizazioa ere sail, organo, erakunde edo entitate horrek ordainduko du.

2.Lege honetan aipatutako goi-karguren bat betetzeko izendatu baino lehen zerbitzu aktiboko karrerako funtzionario ez direnak Gizarte Segurantzako araubide orokorrean sartuko dira, edozein dela ere une horretara arte izan duten gizarte-babesaren araubidea edo sistema.

3.Goi-karguan aritzeak ez du sortuko inolako pentsiorik edo pentsio-osagarririk jasotzeko eskubidea, Gizarte Segurantzaren edo Klase Pasiboen sisteman aurreikusitakoez gain. Goi-kargudunek jasoko dituzten pentsioen gehieneko muga pentsio publikoetarako ezarritako mugei lotua egongo da.

6. artikulua. Goi-kargua utzi osteko konpentsazioa.

1.Aplikatzekoa den araudiaren arabera eskubidea aitortuta daukatenek konpentsazio ekonomikoa jasoko dute hilero, gehienez bi urtez eta hurrengo artikuluan xedatutakoaren arabera.

2.Interes Gatazken Bulegoak ikuskatuko du lehenengo zenbakian aipatutako konpentsazioa jasotzen den aldian konpentsazio hori aitortzeko eman ziren baldintzak betetzen diren edo ez.

3.Gobernuko presidenteei, kargua uzten duten unetik aurrera, Gobernuko Presidente Ohien Estatutua arautzen duen apirilaren 24ko 405/1992 Errege Dekretuan ezarritakoa aplikatuko zaie.

7. artikulua. Ordainsarien bateraezintasuna.

1.Sektore publikoko edozer kargu, postu edo jarduera uzteagatik aurreikusitako kalte-ordainen pentsioak, prestazio konpentsatzaileak eta bestelako edozer pertzepzio ekonomiko bateraezinak dira Administrazio Publikoen edota haien mendeko erakundeen, organismoen eta enpresen aurrekontuen kontura egindako edozer ordainsarirekin; era berean, bateraezinak izango dira konstituzio-organoen kontura egindakoekin zein zergak aplikatzearen ondorioz sortutakoekin, bai eta jarduera pribatu baten ondoriozko edozer ordainsarirekin ere, 13.2.c) artikuluan aurreikusitakoak izan ezik.

Ondore horietarako, sektore publikoko jardueratzat jotzen da, halaber, Gorte Nagusietako, autonomia-erkidegoetako legebiltzarretako eta toki-erakundeetako hautetsien, konstituzio-organoetako eta Administrazio Publiko guztietako (Justizia Administrazioa barne) goi-kargudunen eta gainerako langileen jarduna.

2.Goi-kargua uzteagatik aurreikusitako kalte-ordainen pentsioak, prestazio konpentsatzaileak eta bestelako edozer pertzepzio ekonomiko, era berean, bateraezinak izango dira eskubide pasiboengatik edo Gizarte Segurantzako edozer araubide publiko eta nahitaezkoagatik jasotzen den erretiro-pentsioarekin.

3.Goi-kargua uzten dutenek, baldin eta 1. eta 2. zenbakietan aipatutako kalteordainen pentsioak, prestazio konpentsatzaileak eta bestelako pertzepzio ekonomikoak badauzkate aurreikusita, hamabost egun balioduneko epea izango dute, bateraezintasuna

sortzen denetik, Interes Gatazken Bulegoari –Estatuko sektore publikoaren kasuan– edota autonomia-erkidegoko edo toki-erakundeko administrazio-organo eskudunari jakinarazteko zer aukera hartzen duten: prestazio horiek jasotzea edo ordaindutako jarduera publiko edo pribatu batean aritzea, edota, hala badagokio, erretiro-pentsioa jasotzea.

Baldin eta 1. eta 2. zenbakietan aipatzen diren kalte-ordainen pentsioak, prestazio konpentsatzaileak edota bestelako edozer pertzepzio ekonomiko hautatzen badute, ezin izango dute ordaindutako jarduera publiko edo pribatuetan aritu, ordainsariari uko egin arren.

Ordaindutako jarduera publiko edo pribatuan aritzea edo erretiro-pentsioa jasotzea aukeratzen dutenek uko egingo diote kalte-ordainen pentsioak, prestazio konpentsatzaileak eta kargu-uzteagatik aurreikusitako bestelako edozer pertzepzio ekonomiko jasotzeari. Aukera hori idatziz formalizatuko dute, behar bezala jasota gera dadin.

8. artikulua. Giza baliabideak eta baliabide materialak.

1.Goi-karguan ari direnek efizientziaeta jasangarritasun-printzipioak betez kudeatuko dituzte giza baliabideak, baliabide ekonomikoak eta baliabide materialak.

2.Goi-kargudunek beren eginkizunak betetzeko beharrezko dituzten joan-etorrietan bakarrik erabiliko dituzte ibilgailu ofizialak. Ibilgailuok erabiltzeko irizpideak erregelamenduz garatuko dira.

Ibilgailu ofizialak beste zerbitzu batzuk emateko erabiltzean, betetako karguaren izaera eta segurtasun-beharrak hartuko dira kontuan, eta baliabide publikoak efizientziaz erabiltzeko printzipioa beteko da.

Ordezkaritza-gastuetarako eta protokolo-arreten gastuetarako aurrekontu-kreditua goikargudunaren eginkizunekin lotutako ekitaldiak ordaintzeko bakarrik erabili ahal izango da, Espainia barrukoak zein atzerrikoak; betiere, gastu horiek Administrazioaren onurarako edo erabilgarritasunerako baldin badira, eta beste kontzeptu batzuetan ez badago gastu horietarako berariazko krediturik. Ezin izango da aurrekontu-kreditu horien kontura goikargudunarentzako inolako ordainsaririk ordaindu, ez eskudirutan, ez gauzaz.

Aurreko lerrokadan aipatutako gastuak sortuz gero, finkatu diren mugak hartu beharko dira kontuan, eta muga horiek ezin izango dira inola ere zabaldu. Halaber, gastuok behar bezala justifikatu beharko dira, eta egiaztatu beharko da gastu horiek beharrezkoak zirela goi-karguari lotutako eginkizunak betetzeko.

Administrazioak ez du goi-kargudunaren eskura kreditu-txartelik jarriko, horren bidez ordezkaritza-gastuak ordaintzeko. Salbuespenez, goi-kargudunak atzerrian jarduten duenean, eta, aparteko inguruabarrak direla kausa kreditu-txartelak erabiltzea nahitaezkoa dela egiaztatu ostean, kreditu-txartelak erabiltzeko baimena eman ahal izango zaio; betiere, dagokion administrazio-kontrolpean.

9. artikulua. Goi-kargudunek arreta egokiarekin jardutea.

Goi-karguan dihardutenak erantzukizun publikodun pertsonatzat hartuko dira, Kapitalak Zuritzea eta Terrorismoaren Finantzaketa Prebenitzeari buruzko apirilaren 28ko 10/2010 Legearen 14. artikuluaren ondoreetarako.

10. artikulua. Prestakuntza-betebeharra.

1.Goi-kargudunek beren eginkizunekin lotutako betebeharrak zein diren jakin behar dute. Interes Gatazken Bulegoak goi-kargudunari zer betebehar dituen jakinaraziko dio, karguaz jabetu ostean.

2.Interes Gatazken Bulegoak goi-kargudunentzako prestakuntza-ekimenak proposatu ahalko dizkie prestakuntza-zentroei, interes-gatazken eta gobernu onaren arloetan.

II. TITULUA

Interes-gatazken eta bateraezintasunen araubidea

11. artikulua. Interes-gatazkaren definizioa.

1.Goi-kargudunek objetibotasunez zerbitzatuko dituzte interes orokorrak, eta saihestu egin beharko dute haien interes pertsonalek beren eginkizun eta erantzukizunak betetzean eragin desegokia izatea.

2.Goi-karguduna interes-gatazkan murgilduta dagoela ulertuko da, hartuko duen erabakiak eragina izan dezakeenean, 15. artikuluan ezarritakoaren arabera, bere interes pertsonaletan, izan ekonomiko edo profesional, interes horietan onurak edo kalteak sortuko dituelako.

Honako hauek dira interes pertsonalak:

a) Norbere interesak.

b) Familiaren interesak; horien barnean egongo dira ezkontidearenak edo antzeko afektibitate-harremana duen bizikidearen interesak eta laugarren mailako odolahaidetasuna eta bigarren mailako ezkontza-ahaidetasuna duten senideen interesak.

c) Goi-kargudunarekin ebatzi gabeko auziren bat duten pertsonen interesak.

d) Goi-kargudunarekin ageriko laguntasun edo etsaitasuna duten pertsonen interesak.

e) Goi-kargudunarekin, goi-kargudun izendatua izan aurreko bi urteetan, edozein eratako lanedo lanbide-harremana izan duten pertsona juridiko edo erakunde pribatuen interesak.

f) b) letran ezarritako senideekin edozein eratako lanedo lanbide-harremana duten pertsona juridiko edo erakunde pribatuen interesak, harremanak zuzendaritza-, aholkularitzaedo administrazio-eginkizunak betetzea badakar.

12. artikulua. Interes-gatazkak garaiz detektatzeko alerta-sistema.

1.Goi-kargudunek interes-gatazkarik gabe bete behar dituzte beren eginkizun eta eskumenak; interes-gatazkarik dagoela iritziz gero, beraien eraginpeko erabakia hartzean abstenitu egin beharko dute.

2.Agintari-izaera duten goi-kargudunek ez dute dagokion administrazio-prozeduran parte hartuko, Herri-administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako kausak biltzen direnean, 11. artikuluan zehaztutako interes pertsonaletan eragina dutelako. Halaber, errekusatu egin ahal izango dira, aipatutako legean zehaztutako moduan.

Interes Gatazken Bulegoak, goi-kargudunak jardueren aitorpenean emandako informazioan oinarrituz eta, hala balegokio, eskatzen zaion informazioan ere bai, kargua bete bitartean, oro har, zein gai edo arlotan abstenitu behar duen jakinaraziko dio goikargudunari.

3.Agintari-izaerarik ez duten goi-kargudunen zerbitzuak jasotzen dituzten organo, erakunde eta entitateek prozedura egokiak ezarri behar dituzte sor daitezkeen interesgatazkak detektatzeko, eta, interes-gatazkak izanez gero, absteni daitezen edo erabakia hartzean errekusatuak izan ahal daitezen. Prozedura horiek eta prozedurak aplikatzearen emaitza urtero komunikatu beharko zaizkio Interes Gatazken Bulegoari.

4.Goi-kargudunaren abstentzioa idatziz gauzatuko da, eta goiko nagusiari edo izendatu zuen organoari jakinaraziko zaio. Abstentzio hori hilabeteko epean komunikatuko dio goi-kargudunak Goi Kargudunen Jardueren Erregistroari, jasota gera dadin.

Abstentzioa kide anitzeko organo baten bileran gertatzen bada, abstentzioa aktan jasotzea eta goiko nagusiari edo izendatu zuen organoari komunikatzea parekoak izango dira. Kide anitzeko organoko idazkariak komunikatuko dio Goi Kargudunen Jardueren Erregistroari.

5.Goi-kargudunak noiznahi egin ahalko dizkio Interes Gatazken Bulegoari gai jakinetan abstenitzeko egokitasunari buruz beharrezkotzat jotzen dituen kontsulta guztiak.

13. artikulua. Kargua arduraldi esklusiboz betetzea.

1.Goi-kargudunek arduraldi esklusiboz beteko dituzte eginkizunak eta ezin izango dute aldi berean, ez beren kabuz, ezta ordezpen edo ahalordetze bidez ere, beste inolako postu, kargu, ordezkapen, lanbide edo jardueratan aritu, publikoetan zein pribatuetan, norberaren kontura edo inoren kontura izan. Halaber, ezin izango dute beste inolako ordainsaririk jaso Administrazio Publikoen aurrekontuen kontura edo haien mendeko edo haiei lotutako erakundeen aurrekontuen kontura, ezta zuzenean edo zeharka aldi bereko jarduera pribatutik datorren beste inolako ordainsari ere.

2.Aurreko zenbakian aipatutakoa hala izanik ere, salbuespen hauek ezarriko dira:

a) Goi-karguan aritzea bateragarria izango da honako jarduera publiko hauekin:

1.a Dagozkion kargu instituzionaletan jardutea, Gobernuak berariaz ordezkari modura agintzen dizkionetan edota bere izaeragatik esleitzen zaizkionetan.

2.a Beste estatu batzuen aurrean edo nazioarteko erakunde edo konferentzietan aldi baterako ordezkaritza-lanak egitea.

3.a Administrazio Publikoen Ondareari buruzko azaroaren 3ko 33/2003 Legearen

166.2artikuluak aipatzen dituen sozietateen presidentetzan aritzea, sozietatearen helburuen izaera goi-kargudunari legez esleitutako eskumenekin lotuta badago. Halaber, Estatuko Administrazio Orokorra ordezkatzea kide anitzeko organoetan, zuzendaritzaorganoetan edo kapital publikodun erakunde edo enpresetako administrazio-kontseiluetan edo zuzenbide publikoko erakundeetan.

Ezin izango da erakunde, enpresa, sozietate edo entitate horietako bi administraziokontseilu baino gehiagotako kide izan, Ministro Kontseiluak baimena ematean salbu. Baimen hori beharko da, halaber, lege honetan bildutako goi-kargudun bat aurreko lerrokadan aipatutako sozietateen presidentetzan aritzeko.

Aurreko lerrokadetan ezarritako kasuetan, goi-kargudunek ezin izango dute ordainsaririk jaso; nolanahi ere, bidaia, egonaldi eta joan-etorriengatiko gastuengatik indarrean dagoen araudiaren arabera dagozkien kalte-ordainak jaso ahal izango dituzte. Jaso ezin dituzten diru-kopuruak –edozein kontzepturengatik sortuak– zuzenean Altxor Publikoan sartuko ditu erakunde, entitate edo enpresak.

4.a Dagokion erakunde edo instituzioak berezkoak dituen ikerketa-jarduera arruntak egitea; ez dute horregatik ordainsaririk jasoko. Salbuespenak honako jarduera hauek biltzen ditu: ekoizpen eta sorkuntza literario, artistiko, zientifiko edo teknikoko lanak eta horietatik ondorioztatzen diren argitalpenak.

b) Gobernuko kideen edo estatu-idazkarien jarduera bateragarria izango da Gorte Nagusietako diputatuedo senatari-jarduerarekin, Hauteskundeen Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoak ezarritako moduan. Dena den, bi karguetako batengatik bakarrik jaso ahal izango dute ordainsaria, legez dagozkien kalte-ordainak alde batera utzi gabe.

c) Goi-kargua betetzea bateragarria izango da ondoren zehazten diren jarduera pribatuekin, baldin eta jarduera horietan aritzeak ez badu arriskuan jartzen goi-kargudunak bere eginkizuna betetzean eduki beharreko inpartzialtasuna edo independentzia, betiere administrazio-hierarkiari kalterik sortu gabe:

1.a Norberaren edo familiaren ondarea administratze hutsa, lege honetan ezarritako mugekin.

2.a Ekoizpen eta sorkuntza literario, artistiko, zientifiko edo teknikoko lanak eta horietatik ondorioztatzen diren argitalpenak, eta noizbehinka, salbuespenez, hizlari gisa parte hartzea lanbide-arloko kongresu, mintegi, jardunaldi, hitzaldi eta ikastaroetan, baldin eta parte-hartze hori ez bada lan-harreman baten edo zerbitzuak emateko kontratu baten ondorio, edo dituen betebeharrak zorrozki betetzearen kaltetan ez bada.

3.a Ordainsaririk jaso gabe parte hartzea fundazioetan edo irabazi-asmorik gabeko erakunde kulturaletan eta ongintzako erakundeetan, beren eginkizunak betetzeagatik egindako gastu justifikatuak berreskuratzeko eskubideari kalterik egin gabe, Irabaziasmorik gabeko erakundeen eta mezenasgorako zerga-pizgarrien zerga-araubideari buruzko abenduaren 23ko 49/2002 Legearen 3.5 artikuluan ezarritakoaren arabera.

14. artikulua. Ondare-mugak sozietate-partaidetzetan.

1.Goi-kargudunek ezin izango dute eduki, ez zuzenean ez zeharka, ehuneko hamar baino partaidetza handiagoa, ez beren kasa, ez bitarteko pertsona baten bidez, Estatuko, autonomia-erkidegoko edo tokiko sektore publikoarekin edonolako itun edo kontraturik daukaten enpresetan, edo edozein Administrazio Publikotatik diru-laguntzak jasotzen dituztenetan.

Artikulu honetan ezarritako ondorioetarako, bitarteko pertsona goi-kargudunaren kontura jarduten duen pertsona fisiko edo juridikoa izango da.

Halaber, aurreko lerrokadan xedatutakoa aplikatuko da kasu honetan: enpresa – zeinean goi-karguak partaidetza baitu– beste enpresa baten azpikontratista denean, eta horrek Estatuko, autonomia-erkidegoko edo tokiko sektore publikoarekin edozein izaerako kontratuak dituenean, baldin eta azpikontratua esleipendunak goi-kargudunaren zerbitzuak jasotzen dituen Administrazioarekin gauzatu badu eta kontratu horren xedearekin lotuta badago.

Gerora aurreko lerrokadan deskribatutako kausa sortu bada, goi-kargudunak Interes Gatazken Bulegoari jakinarazi beharko dio, eta horrek jardun publikoan objektibotasuna bermatzeko hartu beharreko neurriei buruzko txostena egin beharko du.

2.Sozietate anonimoetan, kapital sozial harpidetua 600.000 eurotik gorakoa bada, debekuak ondare-partaidetzetan eragina izango du, baldin eta partaidetzek, ehuneko hamar egin ez arren, enpresaren kapital sozialean posizio nahikoa ematen badiote eta horrek haren jarduna nabarmen baldintzatzen badu.

3.Goi-kargua betetzeko izendatutako pertsonak aurreko zenbakietan adierazitako baldintzetan partaidetzaren bat baldin badu, hirugarren independente bati (hots, 1. zenbakian adierazitako inguruabarrak biltzen ez dituen subjektu bati) besterendu edo laga beharko dizkio partaidetzak eta partaidetzei atxikitako eskubideak kargua betetzen duen bitartean. Horretarako, hiru hilabeteko epea izango du, izendapen-egunaren hurrengotik zenbatzen hasita. Partaidetzak oinordetzaren edo beste doako titulu baten bidez lortu baditu kargua betetzen duen bitartean, eskuratze-egunetik hiru hilabeteko epea izango du horiek besterendu edo lagatzeko.

Besterentze edo lagapen hori eta hirugarren independentearen identifikazioa, Jardueren Erregistroan eta Ondare Ondasun eta Eskubideen Erregistroan aitortu beharko da, eta Interes Gatazken Bulegoaren aurretiko aldeko txostena izan beharko du.

15. artikulua. Kargua utzi ondoren jarduera pribatuetan aritzeko mugak.

1.Goi-kargudunek, kargua utzi eta hurrengo bi urteetan, ezin izango dute zerbitzurik eman erakunde pribatuetan; hain zuzen ere, beraiek hartutako erabakiek eragina izan dutenetan.

Ezin izango dute zerbitzurik eman ez eragindako erakunde pribatuetan, ez sozietatetalde berberekoak diren erakundeetan ere.

2.Organo edo erakunde arautzaile edota ikuskatzaile bateko kide edo titular izateagatik betetzen dutenek goi-kargua ezin izango dute, kargua utzi eta hurrengo bi urteetan, ikuskatu edo arautu dituzten erakunde pribatuetan zerbitzurik eman.

Ondore horietarako, debeku horretan bilduta egongo dira honako erakunde hauetako goi-kargudunak: Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalekoak, Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalekoak eta Segurtasun Nuklearreko Kontseilukoak.

3.Goi-kargudunak erakundean eragina duen erabakia hartzen parte hartzen duela joko da, honako kasu hauetan:

a) Goi-kargudunak, bere eskumen edo eginkizunak betetzean, edo bere nagusiak, goi-kargudunak proposatuta, edo bere menpeko organoen titularrek, eskuordetze edo ordezkaritza bidez, eraginpeko enpresa edo erakundeari buruzko nahitaezko txostena, administrazio-ebazpena edo zuzenbide pribatuaren menpe dagoen egintza baliokidea sinatu duenean.

b) Bozka bidez edo dagokion proposamena aurkeztuz, enpresa edo erakundeari buruzko erabakia hartu duten kide anitzeko organoen bileretan parte hartu duenean.

4.Lege honetan araututako goi-kargudunek, postu publiko horiek bete aurretik beren lanbide-jarduera enpresa pribatuetan gauzatu dutenean eta enpresa horietara itzuli nahi dutenean, ez dute aurreko zenbakian ezarritako bateraezintasuna izango, baldin eta enpresa horietan gauzatuko duten jarduera ez badago kargu publikoaren eskumenekin zuzenean lotuta, edo kargu publikoan eragina izango duten erabakiak hartu ezin dituzten postuetan ariko badira.

5.Goi-kargudunek, 1. zenbakian aipatutako bi urteko epean zehar, ezin izango dute egin, ez beren kasa, ezta zuzenean edo zeharka haien ehuneko hamarreko partaidetza baino handiagoa duten erakundeen bitartez ere, laguntza teknikoko kontraturik, zerbitzukorik edo antzekorik haien zerbitzuak jaso dituen Administrazio Publikoarekin, zuzenean edo enpresa kontratisten edo azpikontratisten bidez, baldin eta goi-kargudunak zituen eginkizunekin lotura zuzena badute. Haien zerbitzuak jasotzen dituzten erakundeek interes-gatazkako egoerak prebenitu eta detektatzeko prozedurak ezarri beharko dituzte adierazitako epean.

6.Goi-kargua bete duten pertsonek egingo dituzten jarduerei buruzko aitorpena aurkeztu beharko dute jarduerei ekin aurretik, Interes Gatazken Bulegoan, 1. zenbakian aipatzen den bi urteko epean.

7.Interes Gatazken Bulegoak uste badu goi-kargua bete duenak egin nahi duen jarduera pribatuak urratu egiten duela 1. zenbakian xedatutakoa, hala komunikatuko die interesdunari eta interesdunaren zerbitzuak jasoko dituen erakundeari, zeinek egokitzat jotzen dituzten alegazioak aurkeztu ahal izango baitituzte.

Interes Gatazken Bulegoak, 6. zenbakian adierazten den aitorpena aurkezten denetik hilabeteko epean, goi-kargua bete duenak egingo duen jardueraren bateragarritasunari buruzko ebazpena emango du, eta interesdunari nahiz interesdunaren zerbitzuak jasoko dituen enpresa edo sozietateari komunikatuko die.

8.Kargua utzi eta hurrengo bi urteetan zehar, artikulu honetan ezarritakoa aplikatuko zaie goi-karguan aritu ondoren funtzio publikora itzultzen direnei, baldin eta ordaindutako zerbitzu pribatuak emateko bateragarritasuna aitortuta badute.

16. artikulua. Jarduerak aitortzea.

1.Goi-kargudunek goi-karguaren postuaz jabetu baino bi urte lehenagora arte beren kabuz, ordezpen edo ahalordetze bidez egin dituzten jardueren edo kargua utzi ondoren hasiko dituzten jardueren aitorpena egingo diote Goi Kargudunen Jardueren Erregistroari. Horretarako, hiru hilabeteko epe luzaezina izango dute, kasuaren arabera, karguaz jabetu diren egunetik edo kargua utzi duten egunetik zenbatzen hasita. Interesdunak, kargua utzi duenetik bi urteko epean, jarduera ekonomiko berri bat hasten duen bakoitzean, Erregistroari jakinaraziko dio, 15. artikuluan ezarritako ebazpena eman eta gero.

2.Aurreko zenbakian ezarritakoa betetzeko, aurkeztu dituen pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren urteko azken bi aitorpenen ziurtagiria bidaliko du goikargudunak Goi Kargudunen Jardueren Erregistrora.

3.Interes Gatazken Bulegoak goi-kargudunak emandako datuei buruz behar dituen egiaztapenak eskatu ahalko dizkie Merkataritza Erregistroari, Fundazioen Erregistroari eta Gizarte Segurantzaren erakunde kudeatzaileei.

4.Goi-kargudunak baimena eman ahalko dio Interes Gatazken Bulegoari, espresuki eta idatziz, informazioa zuzenean Zerga Administrazioko Estatu Agentziatik eskura dezan.

17. artikulua. Ondasun eta eskubideak aitortzea.

1.Goi-kargudunek ondarearen gaineko zergaren urteko azken aitorpenaren ziurtagiria aurkeztuko dute Ondare Ondasun eta Eskubideen Erregistroan, halakorik aurkezteko betebeharra baldin badute. Horretarako, hiru hilabeteko epe luzaezina izango dute, karguaz jabetu diren egunetik eta kargua utzi duten egunetik zenbatzen hasita, kasuaren arabera. Betebehar hori ez dutenek Interes Gatazken Bulegoak Zerga Administrazioko Estatu Agentziarekin batera egingo duen inprimaki baliokidea aurkeztuko dute.

2.Goi-kargudunek jarduera-hasierako eta -amaierako ekitaldiei dagokien pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenaren kopia bat aurkeztuko dute. Halaber, urtero, eta izendapenak iraun bitartean, dagokion aitorpenaren kopia aurkeztuko dute.

3.Hasiera-ekitaldiari dagokion pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenaren kopiaz gain, Zerga Administrazioko Estatu Agentziaren ziurtagiria ere aurkeztuko dute, zerga-betebeharren ordainketa egunean edukitzearena, edo, hala badagokio, ordaindu gabeko zerga-betebeharren ziurtagiria.

4.Goi-kargudunak baimena eman ahalko dio Interes Gatazken Bulegoari, espresuki eta idatziz, informazioa zuzenean Zerga Administrazioko Estatu Agentziatik eskura dezan.

18. artikulua. Balore eta aktibo finantzarioak kontrolatu eta kudeatzea.

1.Inbertsio-zerbitzuak emateko baimenduta dagoen enpresa bat kontratatu beharko dute goi-kargudunek honelakoak kudeatu eta administratzeko: merkatu arautuetan edo negoziazio-sistema aldeaniztunetan negoziaziorako onartutako akzio edo obligazioak; horietatik eratorritako produktuak; negoziaziorako onartuak izateko eskaera iragarri duten sozietateetako akzioak, eta inbertsio kolektiboetako instituzioetako partaidetzak. Ez da halako betebeharrik egongo balore eta tresna finantzario horien zenbatekoa 100.000 eurotik gorakoa ez denean, ondarearen gaineko zergaren xedeetarako balioaren arabera kalkulatuta. Kontratazio horrek goi-kargua bete bitartean iraungo du.

Kontrataturiko entitateak kontratuan ezarritako errentagarritasuneta arrisku-jarraibide orokorrak baino ez ditu kontuan hartuko administratzean, eta ezin izango du interesdunengandik inbertsiorako jarraibiderik jaso. Kontratua Balore Merkatuari buruzko uztailaren 28ko 24/1988 Legean xedatutakoaren arabera gauzatuko da.

Interesdunen erantzukizunak alde batera utzi gabe, erakundeak aipatutako betebeharrak ez betetzea arau-hauste oso astuntzat hartuko da, finantza-entitate gisa aplikatzekoa zaion zehapen-araubidearen ondoreetarako.

2.Aurreko zenbakian xedatutakoa ez da aplikatuko goi-kargudunaren titulartasunpeko balore edo aktibo finantzarioak gehiengo posizioa ez duten inbertsio kolektiboko instituzioetako partaidetzak direnean, edota, erakunde ezberdinetako baloreak izanda, goikargudunak bere ekimenez xedatze-egintzarik burutzen ez duenean eta dibidenduak, interesak edo gauzazko lansari baliokideak jaso edo trukeeta bihurketa-eskaintzetara edo erosteko eskaintza publikoetara jo besterik ez badu egiten.

3.Interesdunek Interes Gatazken Bulegoari emango dizkiote sinatutako kontratuen kopiak, Erregistroetan jasota gera daitezen, bai eta Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalari ere.

III. TITULUA

Estatuko Administrazio Orokorreko goi-kargudunak zaindu eta kontrolatzeko

organoak

19. artikulua. Interes Gatazken Bulegoa.

1.Interes Gatazken Bulegoak autonomia funtzional osoz jardungo du bere eginkizunak betetzean. Bulego hori Ogasunaren eta Administrazio Publikoen Ministerioari atxikita dago.

2.Interes Gatazken Bulegoko zuzendariak zuzendari nagusiaren maila izango du eta Ministro Kontseiluak izendatuko du, Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako ministroak proposatuta; aldez aurretik, kargurako proposatutako pertsona Diputatuen Kongresuko dagokion batzordearen aurrean agertuko da, batzordeak azter dezan proposatutako pertsonaren esperientzia, prestakuntza eta gaitasuna kargurako egokiak diren.

3.Interes Gatazken Bulegoko titularrak eta zerbitzura dituen langileek organo horretan egiten duten lanagatik ezagutzen dituzten datu eta informazioei buruzko sekretua gordetzeko betebehar iraunkorra dute, eta ezin izango dute inolako erakunde publiko edo pribaturen jarraibiderik eskatu edo onartu.

4.Interes Gatazken Bulegoari dagokio:

a) Lege honetan xedatutako txostenak egitea.

b) Estatuko goi-kargudunen bateraezintasun-araubidea kudeatzea.

c) Estatuko Administrazio Orokorreko goi-kargudun izendatutakoei edo goi-kargua uzten dutenei lege honetan ezarritako betebeharrak bete ditzatela eskatzea.

d) Estatuko Administrazio Orokorreko Goi Kargudunen Jardueren Erregistroa eta Ondare Ondasun eta Eskubideen Erregistroa eraman eta kudeatzea, eta erregistro horietan dauden datu eta dokumentuen zaintza, segurtasun eta ukigabetasunaz arduratzea.

e) Dagozkion gaietan, izaera analogoa duten organoekin elkarlanean aritzea.

5.Interes Gatazken Bulegoak informazio, fitxategi, artxibo edo erregistro publikoak eskatu ahalko ditu, eta, bereziki, zerga-administrazioetakoak eta Gizarte Segurantzaren erakunde kudeatzaile edo zerbitzu komunetakoak, beren eginkizunak betetzeko beharrezkoa denean; horiek guztiak eman beharko dira Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoa betez, eta, hala badagokio, Zergei buruzko abenduaren 17ko 58/2003 Lege Orokorrean xedatutakoa betez.

20. artikulua. Bateraezintasunen arloan Interes Gatazken Bulegoarekin elkarlanean aritzea.

Entitate, organo eta erakunde publiko guztiek, bai eta erakunde pribatuek ere, jar daitezkeen salaketak alde batera utzi gabe, Interes Gatazken Bulegoarekin elkarlanean aritzeko betebeharra izango dute, lege honetan ezarritako bateraezintasun-araubidearen edozein urraketa detektatzeko.

Bereziki, Interes Gatazken Bulegoak informazio-eskaerak egin ahal izango dizkie Gizarte Segurantzaren organo kudeatzaileei, gutxienez hiru hilean behin, kargua utzi dutenen lan-egoera zein den egiazta dezan.

21. artikulua. Erregistroak.

1.Goi Kargudunen Jardueren Erregistro elektronikoa eta Ondare Ondasun eta Eskubideen Erregistro elektronikoa dokumentu-kudeaketarako sistema batean ostatatuko dira; sistema horrek datuen aldaezintasuna eta iraunkortasuna bermatuko ditu, bai eta datuok eskuratu eta erabiltzerakoan goi-mailako segurtasuna izatea ere.

2.Jardueren Erregistro elektronikoa publikoa izango da, eta abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan, abenduaren 9ko 19/2013 Legean, lege honetan eta aipatutako legeen garapen-arauetan xedatutakoa aplikatuko zaio.

3.Ondare Ondasun eta Eskubideen Erregistro elektronikoa isilpekoa izango da, eta interesdunak berak eta honako organo hauek bakarrik jo ahalko dute bertara:

a) Diputatuen Kongresuak eta Senatuak, Ganberetako erregelamenduek ezartzen dutenaren arabera, bai eta ikerketako parlamentu-batzordeek ere.

b) Organo judizialek, prozesuak instruitu edo ebazteko Erregistroan dauden datuak ezagutu behar dituztenean, prozesu-legeetan xedatutakoarekin bat etorriz.

c) Fiskaltzak, bere eginkizunak betez egin behar dituen ikerketa-jardunetarako Erregistroan dauden datuak ezagutu behar dituenean.

4.Aurreko zenbakian aipatutako organoek Ondare Ondasun eta Eskubideen Erregistro elektronikoan dagoen informazioa isilpean gordetzeko behar diren neurriak hartuko dituzte; nolanahi ere, informazioa zein prozedura izapidetzeko eskatu den, prozedura horien arau erregulatzaileak ere aplikatuko dira.

5.Gobernuko kideek, estatu-idazkariek eta gainerako goi-kargudunek ondareondasun eta -eskubideei buruz egindako aitorpenen edukia Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, erregelamenduz ezarritako moduan. Ondare-ondasunei dagokienez, goikargudun horien ondare-egoerari buruzko aitorpen bat argitaratuko da; nolanahi ere, ez dira jasoko ondasun horiek non dauden adierazten duten datuak, eta babestu egingo dira haien titularren pribatutasuna eta segurtasuna.

22. artikulua. Interes Gatazken Bulegoak emandako informazioa.

1.Lege honetan xedatutako bateraezintasun-araubidearen kontrolaren gardentasuna bermatzeko, eta beste organo batzuei dagozkien eskumenei kalterik egin gabe, Interes Gatazken Bulegoak, sei hilean behin, txosten bat aurkeztuko dio Gobernuari, horrek Diputatuen Kongresuari helarazteko. Txostenak zera adieraziko du goi-kargudunek aitorpen-betebeharrak bete dituzten ala ez, titulu honekin lotuta egin diren arau-hausteak, ezarritako zehapenak, eta erantzuleak nortzuk diren.

Txosten horretan honako informazio hau jasoko da: aitorpenak egiteko betebeharra duten goi-kargudunen datu pertsonalak, jasotako aitorpen-kopurua eta nori dagozkion, kargua uzteagatik egindako komunikazioak, eta betebeharrak bete ez dituzten goikargudunen identifikazioa.

Zehapen-prozeduraren bat ebatzi baldin bada, Diputatuen Kongresuko Mahaiari ebazpenaren kopia bidaliko zaio.

2.Aurreko zenbakian araututako txostenak, izaera pertsonaleko daturik aipatu gabe, honako informazio gehigarri hau jasoko du: aitorpenak egiteko betebeharra duten goikargudunen kopurua, jasotako aitorpenen kopurua, kargua uzteagatik egindako komunikazioen kopurua, eta lege honetan ezarritako betebeharrak bete ez dituzten goikargudunen kopurua. Informazio hori Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

23. artikulua. Goi-kargudunek agintaldia amaitzean duten ondare-egoera aztertzea. Interes Gatazken Bulegoak aztertuko du goi-kargudunek agintaldia amaitzean duten

ondare-egoera, honako alderdi hauek egiaztatzeko:

a) Lege honetan araututako betebeharrak modu egokian bete dituzten.

b) Agintaldian zehar jasotako diru-sarrerak eta ondare-egoeraren bilakaera kontuan hartuz, arrazoirik gabeko aberastearen zantzurik baden.

24. artikulua. Ondare-egoera egiaztatzeko txostena egitea.

1.Aurreko artikuluan xedatutakoaren arabera, Interes Gatazken Bulegoak goikargudunaren ondare-egoera aztertzeko txostena egingo du, ofizioz, goi-kargudunak kargua utzi duenetik hiru hilabeteko epean.

2.Ondare-egoerari buruzko azterketaren xede diren goi-kargudunek eskatzen zaien informazio guztia aurkeztu beharko dute, eta txostena egiteko garrantzitsuak diren inguruabar guztiak jakinarazi beharko dituzte.

3.Onetsi aurretik, txosten-proposamena interesdunari helarazi beharko zaio, egokitzat jotzen dituen alegazioak egin ditzan; hamabost eguneko epea izango du horretarako. Epe hori amaitu ondoren, txostena onetsi egingo da, eta ondare-egoerari buruzko azterketaren xede izan diren goi-kargudunei jakinaraziko zaie.

4.Baldin eta, aurreko zenbakietan aipatutako prozeduraren arabera egiaztatutako datu eta egintzetatik arrazoirik gabeko aberaste-zantzuak ondorioztatzen badira, Interes Gatazken Bulegoak Zerga Administrazioko Estatu Agentziaren lankidetza eskatu ahalko du, informazio hori argitzeko.

Baldin eta, aurreko lerrokadan xedatutakoa amaitu ondoren, administrazioerantzukizuna edo erantzukizun penala dagoela ondorioztatzen bada, kasua organo eskudunei helaraziko zaie, egoki diren prozedurak has ditzaten.

5.Interes Gatazken Bulegoak sei hilean behin emango dio Gobernuari artikulu hau aplikatuz egindako jardueraren berri.

IV. TITULUA

Zehapen-araubidea

25. artikulua. Arau-hausteak.

1.Lege honen ondoreetarako, eta abenduaren 9ko 19/2013 Legean xedatutako zehapen-araubidea alde batera utzi gabe, arau-hauste oso astunak dira:

a) Lege honetan jasotako bateraezintasun-arauak ez betetzea.

b) Aitorpenak datu edo dokumentu faltsuekin aurkeztea.

c) Sozietate-akzioak eta -partaidetzak kudeatzeari dagokionez 18. artikuluan adierazten diren betebeharrak ez betetzea.

d) Goi-kargudun izendatua izateko egokitasun-eskakizunak faltsutzea edo ez betetzea.

2. Arau-hauste astunak dira:

a) Jarduerak eta ondare-ondasun eta -eskubideak dagokien erregistroan ez aitortzea, hori egiteko ohartarazpenaren ondoren.

b) Lege honetan ezarritakoaren arabera aurkeztu beharrekoak diren datu eta dokumentuak nahita ez aurkeztea.

c) Lege honetan ezarritakoaren arabera, abstentzio-betebeharra behin eta berriz ez betetzea.

d) Hurrengo zenbakian ezarritako arau-hauste arina egitea, egilea arau-hauste berberagatik zigortua izan bada aurreko hiru urteetan.

3.Arau-hauste arina izango da jarduerak edo ondare-ondasun eta -eskubideak dagokien erregistroan epez kanpo aitortzea, horretarako errekerimendua egin ondoren.

26. artikulua. Zehapenak.

1.Arau-hauste oso astunak eta astunak honela zehatuko dira: legea ez betetzeari buruzko adierazpena eginez eta adierazpen hori Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuz, dagokion ebazpena administrazio-bidean irmo bihurtu ondoren.

2. Arau-hauste oso astunari dagokion zehapenak ondorio hauek ere ekarriko ditu:

a) Betetzen dituzten kargu publikoetatik kentzea, dagoeneko kargua utzi dutenean

salbu.

b) Kargua utzi osteko konpentsazioa (6. artikuluan ezarria) jasotzeko eskubidea galtzea, halakorik jasotzeko eskubidea izanez gero.

c) Hala badagokio, kargua utzi osteko konpentsazio gisa bidegabeki jasotako dirukopuruak itzuli behar izatea.

3.Titulu honetan xedatutakoak ez du kentzen egoki diren gainerako erantzukizunak ere eskatu ahal izatea. Ondorio horietarako, beste erantzukizun batzuen zantzuak badaude, Estatuko Abokatutza Orokorrari aginduko zaio egoki diren beste akzio batzuk baliatzeko, eta, hala badagokio, egitateak Estatuko fiskal nagusiari jakinarazteko, delitu izan balitezke ere.

4.Lege honetan tipifikatutako arau-hauste astunak edo oso astunak egin dituzten pertsonak ezin izango dira goi-kargu bat betetzeko izendatu 5 eta 10 urte bitarteko epean.

Aurreko lerrokadan ezarritako neurria mailakatzeko, azaroaren 26ko 30/1992 Legean eta bere garapen-araudian zehapen-prozedura administratiboari buruz xedatutakoa hartuko da kontuan.

5.25.3 artikuluan ezarritako arau-hauste arinari dagokion zehapena ohartarazpena izango da.

27. artikulua. Organo eskudunak.

1.Goi-kargudunak Gobernuko kideak edo estatu-idazkariak direnean, espedientea hasteko agindua emateko organo eskuduna Ministro Kontseilua izango da, Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako ministroak proposatuta.

Gainerako kasuetan, espedientea hasteko agindua emateko organo eskuduna Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako ministroa izango da.

2.Interes Gatazken Bulegoak instruituko ditu dagozkion espedienteak.

3.Ministro Kontseiluari dagokio falta oso astunengatiko zehapenak jartzea, bai eta goi-karguduna Gobernuko kidea edo estatu-idazkaria den kasu guztietan ere. Falta astunengatiko zehapenak jartzea Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako ministroari dagokio. Falta arinengatiko zehapenak jartzea Administrazio Publikoetako estatuidazkariari dagokio.

4.Prozedura bat etorriko da azaroaren 26ko 30/1992 Legean eta bere garapenaraudian zehapen-prozedura administratiboari buruz xedatutakoarekin.

28. artikulua. Arau-hauste eta zehapenak preskribatzea.

1.Titulu honetan ezarritako arau-hausteen preskripzio-epea bost urtekoa izango da arau-hauste oso astunetarako, hiru urtekoa arau-hauste astunetarako, eta urtebetekoa arau-hauste arinetarako.

2.Arau-hauste oso astunak egiteagatik ezarritako zehapenak bost urtera preskribatuko dira, arau-hauste astunak egiteagatik ezarritakoak hiru urtera, eta arauhauste arinak egiteagatik ezarritakoak urtebetera.

3.Aurreko bi zenbakietan araututako preskripzio-epeak zenbatzeko, bai eta epe horiek eteteko arrazoiak zehazteko ere, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 132. artikuluan xedatutakoa beteko da.

Lehenengo xedapen gehigarria. Estatuko sektore publikoko beste goi-kargudun batzuen araubide juridikoa.

Lege honen aplikazio-eremuaren barnean ez dauden Estatuko sektore publikoko goikargudunak dagokien araudi espezifikoaren mende egongo dira; lege hau ordezkoa izango da goi-kargudun horientzat, dagokien araudi espezifikoan espresuki ezartzen ez diren

alderdiei dagokienez, eta goi-kargudunen zerbitzuak jasotzen dituen erakundearen izaera kontuan hartuta.

Bigarren xedapen gehigarria. Araudi-erreferentziak.

Beste arau batzuetan Gobernuko kideen eta Estatuko Administrazio Orokorreko goikargudunen interes-gatazkak arautzeari buruzko apirilaren 10eko 5/2006 Legera igorpenak egiten direnean, haiek lege honetara egiten direla ulertuko da.

Hirugarren xedapen gehigarria. Diputatuen Kongresuaren aurrean agertzea.

1.Gobernuak, izendapena egin baino lehen, honako kargu hauetarako hautagaien izena jakinaraziko dio Diputatuen Kongresuari, horren bidez Ganberako dagokion batzordearen aurrean ager daitezen:

a) Estatu Kontseiluko presidentea.

b) 1.2.e) artikuluan jasotako erakunde arautzaile edo ikuskatzaileetako arduradun gorenak.

c) Ekonomia eta Gizarte Kontseiluko presidentea.

d) EFE Agentziako presidentea.

e) Datuak Babesteko Espainiako Bulegoko zuzendaria.

2.Diputatuen Kongresuko parlamentu-batzordeak aztertuko ditu, hala balegokio, proposatutako hautagaiak. Bertako kideek galderak egingo dituzte edo egokitzat jotzen dituzten azalpenak eskatuko dituzte. Parlamentu-batzordeak irizpena emango du, hautagaia egokitzat jotzen duen edo interes-gatazka dagoen adierazteko.

3.Espainiako Irrati Telebistaren Korporazioko kideen agerraldirako, beren araudi espezifikoan xedatutakoa beteko da.

Laugarren xedapen gehigarria.

Foru-ogasunek, beren araubide juridikoaren berezitasunak kontuan hartuta, 17.3 artikuluan aipatutako zerga-betebeharrak egunean izatearen ziurtagiria eman beharko diete zerga-egoitza beren lurraldean duten goi-kargudunei.

Xedapen indargabetzailea. Arauak indargabetzea.

Indargabetuta geratzen da lege honetan zehaztutakoaren aurka doan edo bertan jasotakoarekin bateraezina den edo kontraesanean dagoen maila bereko edo apalagoko xedapen oro, eta, espresuki, honako hauek:

a) 5/2006 Legea, apirilaren 10ekoa, Gobernuko kideen eta Estatuko Administrazio Orokorreko goi-kargudunen interes-gatazkak arautzeari buruzkoa.

b) 432/2009 Errege Dekretua, martxoaren 27koa, Gobernuko kideen eta Estatuko Administrazio Orokorreko goi-kargudunen interes-gatazkak arautzeari buruzko apirilaren 10eko 5/2006 Legea garatzen duen Erregelamendua onesten duena.

c) Ministro Kontseiluaren Erabakia, 2005eko otsailaren 18koa, Gobernuko kideen eta Estatuko Administrazio Orokorreko Goi-kargudunen Gobernu Onaren Kodea onesten duena.

Azken xedapenetatik lehena. Arauak onartzeko gaikuntza.

Gobernuak errege-dekretu bidez emango ditu lege hau garatzeko behar diren xedapenak. Bereziki, goi-kargudunek kargua utzi ondoren Interes Gatazken Bulegoak horien ondare-egoera kontrolatu ahal izateko tresnak eta prozedurak arautu beharko ditu, lege hau indarrean jartzen denetik urtebeteko epean.

Azken xedapenetatik bigarrena. Indarrean jartzea.

Lege hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hogei egunera jarriko da indarrean.

Horrenbestez,

Lege hau bete eta betearaz dezatela agintzen diet espainiar guztiei, partikular zein agintariei.

Sevillan, 2015eko martxoaren 30ean.

FELIPE E.

Gobernuko presidentea,

MARIANO RAJOY BREY

w.boe.es

BOLETÍN OFICIAL DEL ESTADO

D. L.: M-1/1958 ISSN: 02

 

 

 

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra