Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Administrazio zuzenbidea  >>  Legeria  >> Orokorra

32/2014 Legea, abenduaren 22koa, Metrologiarena

2014-12-22

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2014/12/23, 309. zk.

bcl_1734953545.htm

I. XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

13359 32/2014 Legea, abenduaren 22koa, Metrologiarena.

FELIPE VI.a

ESPAINIAKO ERREGEA

Honako hau ikusten eta ulertzen duten guztiei.

Jakizue: Gorte Nagusiek honako lege hau onetsi dutela, eta Nik, hemen, berretsi egiten dudala:

HITZAURREA

I

Hogeita bost urte baino gehiago igaro dira Metrologiari buruzko martxoaren 18ko 3/1985 Legea onetsi zenetik. Mende-laurden honetan, oso gertaera garrantzitsuak jazo dira, eta, horien eraginez, hainbatetan aldaketa partzialak egin behar izan zaizkio testuari. Legeak, bere garaian, aurrerapen garrantzitsua ekarri zuen araudira, metrologia zientifikoa eta Estatuaren kontrol metrologikoa behar bezala gauzatzeko aukera eman baitzuen. Legea, gainera, malgutasun handikoa zen, eta oso moldagarria. Iritsi da, beraz, testu berri bat aldarrikatzeko garaia, egindako aldaketa horiei guztiei koherentzia emateko, herritarrek errazago ulertzeko, herri-administrazioei araudi metrologikoa ezartzen laguntzeko, eta merkatu askea zein berrikuntza teknologikoa bultzatzeko. Guztia ere, aurreko testuaren bertuteak errespetatuz.

Testuari berehala egin zitzaion lehenengo aldaketa partziala: Espainiako Erresuma Europako Erkidegoak izenekoan sartzearekin bat, hain zuzen ere. 1986ko urtarrilean hasi zen sarrera hori ondorioak izaten; legea onetsi eta oso gutxira. Gertaera horrek martxoaren 18ko 3/1985 Legea aldatzeko beharra ekarri zuen, eta ekainaren 28ko 1296/1986 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez egin zen hori: aipatutako legea aldatzeaz gain, EEE kontrol metrologikoa ezarri zuen arauak.

Estatuaren kontrol metrologikoa gauzatzeko eskumena autonomia-erkidegoei eskualdatu zitzaien, pixkanaka-pixkanaka. Konstituzio Auzitegiak, epai biren bidez, argitu egin zituen ilun zeuden hainbat alderdi, eta, argibide horiei esker, konpondu egin ziren Estatuko Administrazio Orokorraren eta autonomia-erkidegoetako administrazioen arteko eskumen-arazoak, eta, ostean, nabarmen indartu zen haien arteko lankidetza. Aipatutako epaiak hauek dira: maiatzaren 13ko 100/1991 Epaia, Metrologia Legeari buruzkoa, eta abenduaren 12ko 236/1991 Epaia, Metrologia Legea garatzen duten errege-dekretuei buruzkoa.

Hurrengo urteetan, Europar Batasuna aldatzen joan zen hainbat diziplina eta sektoretan zeukan filosofia. Aldaketa horrek, besteak beste, metrologiaren arloan izan zuen eragina; zehazki, «ikuspegi berria» eta «ikuspegi orokorra» izenekoetan. Metrologiaren arloan, ikuspegi horiek Kontseiluaren 1990eko ekainaren 20ko 90/384/EEE Zuzentarauan bildu ziren hasiera batean (estatu kideek funtzionamendu ez-automatikoko pisatze-tresnei buruz emandako legediak bateratzeari buruzkoa da zuzentaraua, eta, ondoren, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren funtzionamendu ez-automatikoko pisatze-tresnei buruzko 2009ko apirilaren 23ko 2009/23/EE Zuzentarauak kodifikatu zuen) ; geroago, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren neurketa-tresnei buruzko 2004ko martxoaren 31ko 2004/22/EE Zuzentarauak jaso zuen, izaera orokorragoaz eta beste tresna batzuk barne hartuz. Zuzentarau horiek uztailaren 21eko 889/2006 Errege Dekretuaren bidez ekarri ziren espainiar ordenamendura; Estatuak neurketa-tresnen gainean duen kontrol

metrologikoa xedatzen du arau horrek. Errege-dekretu horrek bitan bereizi zituen («egokitasunaren ebaluazioa» eta «martxan dauden tresnak») aurrez zeuden faseak (batetik, «eredu-onespena» eta «jatorrizko egiaztapena», eta, bestetik, «aldizkako egiaztapena» eta «konponketa edo aldaketa osteko egiaztapena») , eta, horrela, bateragarri bihurtu zuen Estatuaren kontrol metrologikoaren fase-egitura berria.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren barne-merkatuko zerbitzuei buruzko 2006ko abenduaren 12ko 2006/123/EE Zuzentarauaren edukia Espainiako ordenamenduan sartzeko, bi lege onetsi behar izan ziren: batetik, azaroaren 23ko 17/2009 Legea, zerbitzujardueretan askatasunez sartu eta aritzeari buruzkoa; eta, bestetik, lege horren ondorio eta osagarri gisa, abenduaren 25eko 25/2009 Legea, hainbat lege aldatzen dituena, zerbitzujardueretan askatasunez sartu eta aritzeari buruzko Legera egokitzearren. Azken arau horrek, 11. artikuluan, indarrean dagoen Metrologia Legearen hainbat alderdi aldatu zituen, 2004/22/EE Zuzentaraura zein 2006/123/EE Zuzentaraura moldatze aldera. Zehazki, 7., 8. eta 13. artikuluak aldatu ziren, non Estatuaren kontrol metrologikoaren faseak, Kontrol Metrologikoaren Erregistroa eta arau-hausteen araubidea xedatzen diren.

2006/123/EE Zuzentarauaren planteamenduak erraztu egin nahi du enpresek eta herritarrek duten askatasuna, Europar Batasuneko lurralde-eremu osoan jardun dezaten, beren erantzukizunpean; horrez gain, kendu egiten ditu jarduera pribatuetarako aurretiko baldintza ugari. Horretarako, eskumen betearazleak dituzten herri-administrazioek merkatua zaintzera bideratu behar dute beren jarduera.

Beste aldaketa bat ere jasotzen du lege berriak: Batzordearen 2009/137/EE Zuzentarauak, 2009ko azaroaren 10ekoak, sartutakoa. Zuzentarau horren bidez, aldatu egin zen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2004/22/EE Zuzentaraua, neurketatresnei buruzkoa; zehazki, MI-001 eta MI-005 bitarteko tresnen berariazko eranskinetan ezartzen diren baimendutako gehienezko akatsen ustiapenari dagokionez. Aldaketa hori urriaren 15eko 1284/2010 Errege Dekretuaren bidez txertatu zen gure ordenamendu juridikoan; errege-dekretu horren bidez, aldatu egiten da uztailaren 21eko 889/2006 Errege Dekretua, Estatuak neurketa-tresnen gainean duen kontrol metrologikoa arautzen duena.

Ikuspegi zientifikoari dagokionez, Europar Batasunaren erregulazioa Kontseiluaren 1979ko abenduaren 20ko Zuzentarauan oinarritzen da, estatu kideek neurketa-tresnei buruz emandako legediak bateratzeari buruzkoan. Zuzentarau horrek indargabetu egin zuen 71/354/EEE Zuzentaraua, eta, gerora, hainbat aldaketa izan ditu, ondoko zuzentarau hauen bidez: Kontseiluaren 1984ko abenduaren 18ko 85/1/EEE Zuzentaraua, Kontseiluaren 1989ko azaroaren 27ko 89/617/EEE Zuzentaraua, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2000ko urtarrilaren 24ko 1999/103/EEE Zuzentaraua, eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009ko martxoaren 11ko 2009/3/EEE Zuzentaraua. Azken zuzentarau hori neurketa-unitateei buruzko abenduaren 30eko 2032/2009 Errege Dekretuaren bidez txertatu zen Espainiako zuzenbidean.

Industriak berera ekartzen duenez zientziaren eta teknologiaren bilakaera, gero eta maizago erabiltzen dira erreferentzia-materialak materia organikoaren eta inorganikoaren hainbat ezaugarri neurtzean, emaitza analitikoak erabakigarriak baitira industriaren arloan. Erreferentzia-materialak zorroztasun handiz prestatu eta egiaztatu behar dira, neurketak bermatzeko. Metrologia zientifikoarekin eta legalarekin lotutako nazioarteko erakundeek aholku asko eman dituzte erreferentzia-materialak erabiltzearen inguruan.

Azkenik, nabarmentzekoa da zenbateko garrantzia daukan neurketa-tresnak kalibratzean, egiaztatzean eta erabiltzean prozedura tekniko egokiak zuzen aplikatzeak. Prozedura horiek tresnek bezainbesteko garrantzia izan dezakete, edo tresnek baino handiagoa; beraz, prozedurak gaizki aplikatzeak neurketa-tresnekin egindako neurketek baino akats gehiago eragin ditzake. Horregatik, metrologia ez da arduratzen neurketaunitateez eta horiek lantzeko tresnez bakarrik; beharrezkoa denean, horiek erabiltzean baliatzen diren prozedurak eta jardunbide egokiak ere aztertzen ditu.

Testua idazteko, kontuan hartu dira Lege Metrologiaren Nazioarteko Erakundearen irizpideak, Espainia horko kidea baita, eta, halaber, Nazioarteko Sistemarekin (SI) lotutako Pisu eta Neurrien Konferentzia Orokorraren ebazpenak (Nazioarteko Sistema 2007ko 23. Konferentzian aldatu zen azkenengoz) .

II

Legeak hogeita sei artikulu ditu, sei kapitulutan multzokatuta, xedapen iragankor bat, xedapen indargabetzaile bat, eta sei azken xedapen.

I. kapituluak artikulu bakarra du, eta legearen xedea ezartzen du. Neurketa-unitateak Pisu eta Neurrien Konferentzia Orokorraren ebazpenekin bat

arautzen dira, bere garaian martxoaren 18ko 3/1985 Legeak ezarri zuen bezala. Araudi hori, aipatutako 2032/2009 Errege Dekretuan jasota dagoen hori, eguneratu egiten da aldizka, aintzat hartuta zientziaren aurrerapenak, Konferentziaren erabakiak eta Europar Batasunaren zuzentarauak.

II.kapituluak neurketa-unitateen lege-sistema du ardatz. Bost artikulu ditu kapituluak (2.etik 6.era bitartekoak) , eta honako gai hauek arautzen dituzte, hurrenez hurren: neurketa-sistema eta legezko neurketa-unitateak; horien izenak, eta, denboraren eta tenperaturaren kasuan, eskalak, sinboloak eta unitateak adierazteko beste arau batzuk; eredu nazionalak eta neurketa-unitateen barreiadura; erreferentzia-materialak, eta, azkenik, Neurketa Unitateen Lege Sistema erabiltzeko betebeharra (hots, Nazioarteko Sistema) ; sistema horrek, sistemako unitateen definizioa ez ezik, beren izenak, eskalak, sinboloak, idazketa-arauak eta balioen, multiploen eta azpimultiploen adierazpena ere jasotzen ditu.

III. kapituluak (7. artikulutik 13. artikulura) Estatuaren kontrol metrologikoa ezartzen du, honako hauek zehaztuz: norainokoa, kontrolpeko elementuak, faseak, zaintza eta ikuskaritza, konpontzaileen erantzukizunpeko adierazpena, Estatuaren kontrol metrologikoaren menpe dauden tresnen bizitza baliagarrian zehar egindako aldaketa eta konponketen tratamendua, eta aurrez ontziratutako produktuen erregulazazio metrologikoa.

IV. kapituluak artikulu bakarra du, 14. artikulua, eta ondare historiko-artistikoaren babesa arautzen du, beharrezko murrizketak eginez tresnak eta beste objektu metrologiko batzuk esportatzeko.

V. kapituluak (15. artikulutik 19. artikulura) Estatuko Administrazio Orokorraren esparruan kontrol metrologikora zuzendutako administrazio-antolaketa eta -egitura arautzen du. Zeregin hori Industria, Energia eta Turismo Ministerioak gauzatuko du, aintzat hartuta ondoko hauen eginkizun espezifikoak: Metrologiako Kontseilu Gorena (martxoaren 18ko 3/1985 Legearen bidez sortu zen, eta bere egitura, osaera eta jardunbidea maiatzaren 12ko 584/2006 Errege Dekretuak arautzen ditu) , Espainiako Metrologia Zentroa (Estatuaren Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 27ko 31/1990 Legearen 100. artikuluaren bidez sortu zen, eta haren Estatutua urriaren 11ko 1342/2007 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen) , eta hari atxikitako laborategiak. Horrez gain, Estatuaren kontrol metrologikoan esku hartzen duten erakunde izendatuak (19. artikuluan aipatzen direnak) dagokion administrazio-baimenaren bidez gaitzeko aukera aurreikusten du. Figura hori Europar Batasunaren zuzentarauetan jasota dago, eta gure ordenamenduan ere bai, 889/2006 Errege Dekretuaren bidez, bai erregulazio harmonizatuko tresnei dagokienez, bai erregulazio espezifiko nazionala duten tresnei dagokienez.

Seigarren eta azken kapituluak zazpi artikulu ditu (20. artikulutik 26. artikulura) , eta arau-hausteen eta zehapenen araubidea xedatzen du. Kapitulu horrek 3/1985 Legearen aldaketak jasotzen ditu, eta kontuan hartzen du arlo horretan Estatuaren eta autonomiaerkidegoen arteko eskumen-banaketa. Zehapenak hirutan sailkatzen dira: arinak, astunak eta oso astunak. Arau-hausteen eta zehapenen preskripzio-epeak ezartzen dira, baita zehapen-eskumenen lurralde-banaketa eta dagokien prozedura ere.

Xedapen iragankor bakarrak mekanismo bat ezartzen du, Espainiako Metrologia Zentroak eta gainerako erakunde izendatuek Estatuaren kontrol metrologikorako berezko jarduerak gauzatzen jarraitu ahal izan dezaten, erakundeak gaitzeko garapen-arauak onetsi bitartean. Halaber, erakunde-izendapenen lurralde-arteko aintzatespena erabat aplikatzea bermatzeko beharrezko neurriak hartzeko epea zehazten du.

Xedapen indargabetzaile bakarrak indarrik gabe uzten ditu Metrologiari buruzko martxoaren 18ko 3/1985 Legea, lege hori aldatzen duen eta EEE kontrol metrologikoa ezartzen duen ekainaren 28ko 1296/1986 Legegintzako Errege Dekretua, abenduaren 25eko 25/2009 Legearen 11. artikulua (lege horrek zerbitzu-jardueretan askatasunez sartu

eta aritzeari buruzko Legera egokitzeko zenbait lege aldarazten ditu) , eta, azkenik, Estatuak neurketa-tresnen gainean duen kontrol metrologikoa arautzen duen uztailaren 21eko 889/2006 Errege Dekretuaren VI. kapitulua.

Azken xedapenetako lehenengoak lege hau garatzeko beharrezkoak diren erregelamenduzko xedapenak emateko baimena ematen dio Gobernuari, Industria, Energia eta Turismo Ministerioak proposatzen dizkionean. Azken xedapenetako bigarrenak, berriz, VI. kapituluan ezarritako zehapenen zenbatekoak eguneratzeko baimena ematen dio Gobernuari.

Azken xedapenetako bosgarrena eskumen-tituluari buruzkoa da; azken xedapenetako seigarrenak, berriz, ezartzen du lege hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean jarriko dela indarrean.

III

Aipamen berezia merezi du azken xedapenetako hirugarrenak, aldatu egiten baititu Industriari buruzko uztailaren 16ko 21/1992 Legearen 4.5, 8.11, 13.1.b, 15, 16, 18, 31 eta

34.1artikuluak, bermatu ahal izateko industria-produktu eta -instalazioek dagozkien baldintzak betetzen dituztela, interes publikoa aski babestuta egon dadin arlo hauetan: osasuna eta segurtasuna, oro har; laneko segurtasuna eta osasuna; kontsumitzaileen babesa; ingurumenaren babesa, eta, zehazki industria-segurtasuna.

Kontrol-erakundeen kasuan, eutsi egin zitzaion 2006/123/EE Zuzentarauan xedatutako baimen-araubideari, bi legeon bidez transposizioa egitean: azaroaren 23ko 17/2009 Legea (zerbitzu-jardueretan askatasunez sartu eta aritzeari buruzkoa) eta abenduaren 22ko 25/2009 Legea (zenbait lege aldatzen dituena, zerbitzu-jardueretan askatasunez sartu eta aritzeari buruzko Legera egokitzeko) . Dena den, Auzitegi Gorenaren 2011ko ekainaren 29ko Epaiak adierazi zuen kontrol-erakundeen administrazio-baimena eskuratzeko beharra ez zela aplikatzekoa, Estatuak interes orokorreko premiazko arrazoiaren konkurrentzia justifikatzen ez bazuen, edo Europako erkidegoko edo nazioarteko betebeharrak betetzeko derrigorrezkoa ez bazen.

Barne-merkatuko zerbitzuei buruzko 2006ko abenduaren 12ko 2006/123/EE Zuzentarauak 40. eta 56. kontsiderazioetan eta 4. artikuluan xedatutakoaren arabera, eta, halaber, azaroaren 23ko 17/2009 Legeak 3. artikuluan ezarritakoa aintzat hartuz, gutxienez honako arlo hauek biltzen ditu beharrizan orokorreko premiazko arrazoien kontzeptuak: ordena publikoa, segurtasun publikoa eta osasun publikoa, kontsumitzailearen babesa, langileen babesa, animalien ongizatea, iruzurren prebentzioa, lehia desleialaren prebentzioa, ingurumenaren eta hiri-inguruaren babesa, eta bide-segurtasuna, besteak beste. Hori horrela, azpimarratu behar da industria-segurtasunaren xedea, indarrean dagoen Industria Legearen 9. artikuluan ezarrita dagoen moduan, guztiz bat datorrela aipatutako arloekin.

Bestalde, lege honen aplikazio-eremuan dauden jarduera eta instalazioak Europako Erkidegoko harmonizazio-legediak arautzen ditu, neurri handi batean. Hemen, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 765/2008 Erregelamendua aipatu behar da, produktuak merkaturatzeari buruzko egiaztapeneta zaintza-baldintzak ezartzen dituena; bereziki, egokitasuna ebaluatzeko erakundeak egiaztatzeari dagokionez. Espainian, alderdi hori Industriari buruzko Legearen III. tituluan dago araututa. Bertan, herri-administrazio eskudunei esleitzen zaie industria-segurtasunaren arloko egiaztapenak egiteko zeregina, eta herri-administrazio horiek beren kabuz edota kontrol-erakundeen bidez egin ahalko dute lan hori.

Industria-segurtasunaren esparruan, 15. artikuluak arautzen ditu kontrol-erakunde horiek, eta oinarrizko eskakizun bat ezartzen du: erakunde egiaztatzaile batek egiaztatu behar dituela. Egiaztapenaren bidez, gaitasun teknikoa, independentzia eta inpartzialtasuna ebaluatzen dira, modu arautuan, irizpide argi, objektibo, bakar eta ez-baztertzaileetan oinarrituta, eta funtsezko elementua da, kontrol-erakundeen egiaztapenerako eskatutako eskakizunak lurralde nazional osorako bakarrak eta baliozkoak baitira, eta eskumena duen edozein agintariren aurrean baitute balioa.

Aurrekoaren harira, 15. artikuluak kontrol-erakundeen jarduerari aplikatzen zaizkion baldintza orokorrak ezartzen ditu; xedatzen duenez, gaitasun teknikoa egiaztapenerakunde nazional baten bidez gauzatuko da, eta, egiaztapen hori lortu ostean, nahikoa izango da. Halaber, erantzukizunpeko adierazpenaren araubidea ematen du.

Bestalde, Konstituzio Auzitegiko Lehenengo Salaren abenduaren 15eko 162/2008 Epaiak konstituzioaren kontrako eta deusez deklaratu zuen Industriari buruzko uztailaren 16ko 21/1992 Legearen 31.3.a) artikulua.

Artikulu horrek arau-hauste arintzat hartzen zuen Industriari buruzko uztailaren 16ko 21/1992 Legearen aurreko paragrafoetan jasotzen ez zen beste edozein preskripzio ez betetzea. Artikulu hori indargabetuta dagoenez, egun ez dago kontroleta zehapenmekanismo egokirik, ikuskapenak egitean 31. artikulu horretako 2. paragrafoan arauhauste astun gisa tipifikatuta ez dauden segurtasun-arloko arauak urratzen direla ondorioztatzen den kasuetarako. Halaber, Industriari buruzko Legea argitaratu zenetik igarotako denbora aintzat hartuta, beharrezkoa da arau-hauste arin, astun eta oso astunen tipifikazioa egokitzea.

Gainera, 8., 13. eta 16. artikuluak aldatzea komeni da, bat etor daitezen Merkatubatasuna Bermatzeari buruzko abenduaren 9ko 20/2013 Legean ezarritakoarekin. Zehazki,

8.11artikulua aldatzen da, egiaztatzearen definizioa Merkatu-batasuna Bermatzeari buruzko 20/2013 Legeak emandako definiziora egokitzeko. Halaber, 13.1.b) artikulua aldatzen da, instalatzaile edo kontserbatzaileen kasuan «baimendua» terminoa kentzeko. Era berean, 16. artikulua aldatzen da, kontrol-erakundeen kasuan «baimendua» terminoa kentzeko, eta, horren ordez, «gaitua» terminoa ezartzeko, eta, gainera, adierazteko kontrol-erakundeen ikuskapena 20/2013 Legeak ezartzen duen bezala gauzatuko dela.

21/1992 Legea aldatzearekin, bestalde, desindexazio-helburuak ere bete nahi dira; horretarako, 34.1 artikuluaren bosgarren lerrokada erreformatu behar da, zehapenen zenbatekoa eguneratzeak ez dezan kontsumo-prezioen indizea erreferentziatu.

Amaitzeko, Industriari buruzko Legearen 18. artikulua aldatzen da; hots, Industria Segurtasuna Koordinatzeko Kontseiluaz diharduena. Kontseilu horren eta bere Batzorde Iraunkorraren jardute-esperientzia kontuan hartuz, artikulu hori aldatzea komeni da, eraginkor eta efizienteago bihurtzeko, baita Kontseiluak gauzatu behar dituen zereginak berriz zehazteko ere.

IV

Lege hau Konstituzioaren 149.1.12 artikuluan xedatutakoaren babesean emana dago. Artikulu horrek pisu eta neurriei buruzko legedia emateko eta ordu ofiziala zehazteko eskumen esklusiboa ematen dio Estatuari.

Hortik kanpo geratzen da 14. artikulua, Konstituzioaren 149.1.28 artikuluaren babesean emana baitago; hau da, Estatuari Espainiako kultura-, arteeta monumentu-ondarea esportazio eta lapurretatik babesteko eskumena ematen dion artikuluaren babesean.

Salbuetsita geratzen da azken xedapenetako hirugarrena ere: Konstituzioaren 149.1.13 artikuluan xedatutakoaren babesean emana dago, zeinak jarduera ekonomikoaren plangintza orokorraren oinarriak ezartzeko eta koordinatzeko eskumena ematen baitio Estatuari, autonomia-erkidegoek industriaren arloan dauzkaten eskumenei kalterik egin gabe.

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Lege honen xedea Neurketa Unitateen Lege Sistema ezarri eta aplikatzea da, eta, halaber, Espainian jarduera metrologikoaren antolaketak eta araubide juridikoak bete beharreko printzipioak eta arau orokorrak finkatzea.

II. KAPITULUA

Neurketa-unitateen lege-sistema

2. artikulua. Legezko neurketa-sistema eta -unitateak.

1.Neurketa Unitateen Lege Sistema Europar Batasunean indarrean dagoen Pisu eta Neurrien Konferentzia Orokorrean ezarritako Unitateen Nazioarteko Sistema da. Sistema horrek honako hauek hartzen ditu: Nazioarteko Sistemako unitateen definizioa, bai eta baimendutako erabilera duten unitateena ere, beren izenak eta sinboloak, idazketa-arauak, denboraeta tenperatura-eskalak, eta balioak adierazteko zein multiploak eta azpimultiploak osatzeko arauak. Neurketa Unitateen Lege Sistema nahitaez erabili behar da Espainian.

2.Unitateen Nazioarteko Sistemako oinarrizko unitateak eta unitate eratorriak dira legezko neurketa-unitateak.

3.Oinarrizko unitateak hauek dira:

Magnitudea

Izena

Sinboloa

 

 

 

Luzera. . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . .

metroa

m

Masa. . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . .

kilogramoa

kg

Denbora . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . .

segundoa

s

Korronte elektrikoaren intentsitatea . . . . .

amperea

A

Tenperatura termodinamikoa . . . . . . . . . .

kelvina

K

Substantzia-kantitatea . . . . . . . . . . . . . . .

mola

mol

Argi-intentsitatea. . . . . . . . . . . . . . . . . . . .

kandela

cd

 

 

 

4.Unitate eratorriak oinarrizko unitateen berreketaren bidez lortzen dira.

5.Gobernuak, errege-dekretu bidez, Nazioarteko Sistemakoak ez izan arren sistemarekin batera erabil daitezkeen unitateak erabiltzeko baimena eman ahalko du, oro har edo sektore zehatzetarako, Pisu eta Neurrien Konferentzia Orokorreko ebazpenekin bat. Era berean, Espainia lotesten duten nazioarteko hitzarmen edo akordioetan aurreikusitako beste neurketa-unitate batzuk erabili ahalko dira.

3. artikulua. Neurketa-unitateen izenak, sinboloak eta adierazteko moduari buruzko beste arau batzuk.

Gobernuari dagokio honako hauek ezartzea: oinarrizko unitateen eta unitate eratorrien definizioak, izenak eta sinboloak, denboraeta tenperatura-eskalak, unitateen sinboloak eta izenak idazteko arauak, magnitudeen balioak adierazteko arauak, eta unitateen multiploak eta azpimultiploak osatzeko arauak. Gobernuak errege-dekretu bidez ezarriko ditu alderdi horiek guztiak, eta, betiere, bat etorriz Pisu eta Neurrien Konferentzia Orokorraren ebazpenekin eta Europar Batasuneko araudiarekin.

4. artikulua. Neurketa-unitateen eredu nazionalak eta barreiadura.

1.Estatuko Administrazio Orokorraren eskumena da neurketa-unitateak eta denborazein tenperatura-eskalak lortu, zaindu, garatu eta barreiatzea; horretarako, kontuan hartuko ditu Espainiak sinatutako nazioarteko hitzarmenetatik eratorritako gomendio zientifiko eta teknikoak. Ordu ofiziala errege-dekretu bidez ezarriko da, San Fernandoko Armadaren Errege Institutuak eta Behatokiak gauzatutako denbora unibertsal koordinatuaren eskala hartuz erreferentzia gisa.

2.Aurreko paragrafoan xedatutakoa betetzeko, metrologiaren arloan eskumena duten Estatuko Administrazio Orokorreko organoek elkarlaneta lankidetza-hitzarmenak sinatu ahalko dituzte erakunde publiko eta pribatuekin; kasu guztietan, organo horiei egokituko zaie dagozkien lanak zuzendu eta koordinatzea.

3.Eredu nazionalak dira Estatuko Administrazio Orokorrak hala deklaratutako unitateen ereduak; Estatuko Administrazio Orokorrak gordailatzen, zaintzen eta mantentzen ditu eredu nazionalak, eta eredu horietatik eratortzen dira beste guztiak. Gobernuari dagokio oinarrizko unitateen eredu nazionalak deklaratzea, errege-dekretu bidez.

4.Gobernuari dagokio neurketa-eredu eta -tresnek bete behar dituzten trazabilitate-, zehaztasuneta ziurgabetasun-baldintzak ezartzea, neurketetan uniformetasuna eta sinesgarritasuna lortze aldera. Gobernuak errege-dekretu bidez ezarriko ditu baldintza horiek.

5. artikulua. Erreferentzia-materialak.

1.Erreferentzia-materialak dira zehaztutako propietateei dagokienez nahikoa homogeneoak eta egonkorrak direnak; horrenbestez, egokiak izango dira propietate kualitatiboen neurketa eta azterketa batean erabiltzeko. Egiaztatutako erreferentziamaterialak zehaztutako propietateen balio bati edo batzuei buruzko informazioa emango duen dokumentazioarekin batera aurkeztu behar dira beti, balioekin lotura duten ziurgabetasuna eta trazabilitatea zehaztuz.

2.Gobernuak zehaztu beharko ditu, errege-dekretu bidez, erreferentzia-materialek bete beharreko trazabilitateeta egiaztapen-eskakizunak, neurketetan uniformetasuna eta sinesgarritasuna lortze aldera.

6. artikulua. Neurketa Unitateen Lege Sistema nola erabili.

1.Debekatuta dago legezko neurketa-unitateez bestelakoak erabiltzea (2.5 artikuluan aipatzen diren kasuetan izan ezik) , honako eremu hauetan eragina izan dezaketen magnitudeak neurtzeko: interes publikoan, osasun eta segurtasun publikoan, ordena publikoan, ingurumenaren babesean, jarduera ekonomikoan, kontsumitzaile eta erabiltzaileen babesean, zergen bilketan, muga-zergen, kanonen zein administraziozehapenen kalkuluan, azterketa judiziala egiterakoan, merkataritza leialerako oinarrizko bermeak ezartzean, eta erregelamendu bidez zehazten diren beste jarduera guztietan.

2.Hezkuntza-sistemak Neurketa Unitateen Lege Sistema irakasteaz arduratu beharko du, dagokion mailan.

3.Adierazpen gehigarria egongo da Lege Sistemaren arabera adierazitako adierazpen bat beste unitate batzuetan adierazitako adierazpen batekin edo batzuekin batera doanean. Lege Sistemako unitateetan datorren adierazpena gailenduko da beti, eta adierazpen gehigarritik argi bereizita egongo da.

4.Errege-dekretu bidez, eskatu ahalko da neurketa-tresnetan legezko neurketaunitate bakar batean ager daitezela magnitude-adierazpenak.

III. KAPITULUA

Estatuaren kontrol metrologikoa

7. artikulua. Estatuaren kontrol metrologikoa.

Europar Batasuneko araudiarekin eta Lege Metrologiaren Nazioarteko Erakundearen ebazpenekin bat, Estatuaren kontrol metrologikoa neurketen emaitzaren ziurtasuna eta zuzentasuna bermatzera bideratutako jardueren multzoa da. Horretarako, neurketarekin lotutako tresnek, bitartekoek, erreferentzia-materialek, neurketa-sistemek eta programa informatikoek izan beharreko ezaugarriak arautzen ditu, eta horiek erabili, mantendu, ebaluatu eta egiaztatzeko prozedurak ere bai. Era berean, parte hartzen duten eragileen tipologia eta betebeharrak arautzen ditu.

8. artikulua. Estatuaren kontrol metrologikoaren menpe dauden elementuak.

1.Estatuaren kontrol metrologikoaren menpe egongo dira, dagokien araudi espezifikoan xedatutako moduan, neurtzeko edo zenbatzeko balio duten tresnak,

bitartekoak, erreferentzia-materialak, neurketa-sistemak eta programa informatikoak, honako arrazoi hauetarako erabiltzen badira: interes publikorako, osasun eta segurtasun publikorako, ordena publikorako, ingurumena babesteko, kontsumitzaile eta erabiltzaileak babesteko, zergak biltzeko, muga-zergak, kanonak zein administrazio-zehapenak kalkulatzeko, azterketa judiziala egiteko, merkataritza leialerako oinarrizko bermeak ezartzeko, eta erregelamendu bidez xedatzen diren beste guztietarako.

2.Tresna bakoitzaren berariazko araudian hala ezartzen denean, testigu-tresnak erabili ahal izango dira, ezaugarri metrologiko edo egiaztapen-eskakizun bereziak dituztenak, eta herritarren eskura daudenak esparru berberean dauden beste tresna batzuekin gauzatutako neurketak egiaztatzeko. Kasu horretan, luzatu egin ahalko dira testigu-tresnaren eragin-eremuan instalatutako tresnen aldizkako egiaztapenaren aldiak, tresnen erregulazio espezifikoaren bidez.

3.Martxan dauden tresnen kontrol metrologikoari lotutako kostuak tresna ordezkatzeak dakarren kostuaren antzekoak edo handiagoak direnean, bizitza baliagarriaren gehienezko aldia edota tresna aldatu edo konpontzeko debekua ezarri ahalko da, erregelamendu bidez. Erreferentzia-materialak erabiltzeko iraungitze-aldia ere ezarri ahalko da, erregelamendu bidez.

4.Erregelamendu bidez ezarriko dira kasu bakoitzean aplikatzekoa den kontrolaren modalitatea eta norainokoa, baita kontrol horretan esku hartzen duten eragileak izendatu eta ikuskatzeko printzipio eta arau orokorrak ere. Erabiltzeko, doitzeko, kalibratzeko, ebaluatzeko eta egiaztatzeko metodo eta prozedurak ere erregelamendu bidez ezarri ahalko dira.

Kasu guztietan, kontuan hartu beharko da kontrol-neurriak lortu nahi den interes publikoarekiko proportzionatuak izan beharko direla, eta, halaber, operadore ekonomikoei kostu gutxien eragiten dien moduan betetzekoak.

5.Herri-administrazio eskudunak gauzatutako kontrol metrologikoko jarduerek lurralde nazional osoan izango dute balioa eta eraginkortasuna, bai eta agintari eskudunak egindako arauzko dokumentuek ere, edo, lege honetan ezarritakoaren arabera, Estatuaren kontrol metrologikoan esku hartzen duten eragile edo erakunde izendatuek egindako arauzko dokumentuek ere.

6.Neurketa-zehaztasunaren presuntzioa izango dute, kontrakorik frogatu ezean, Estatuaren kontrol metrologikoaren menpe dauden neurketa-tresna edo -sistemekin egindako neurketek; betiere, aplikatzekoak diren kontrol metrologikoko faseak gainditu badituzte.

7.Erregelamendu bidez ezarriko da kontrol metrologikoaren menpe dauden neurketatresnak eta -sistemak markatzeko eta zigilatzeko araubidea; marka eta zigilu horiek informazio argi eta zehatza eman beharko diete herritarrei, kontsumitzaileei eta erabiltzaileei, eta, halaber, egokitasunaren ebaluazioari eta egiaztapen-egoerari buruzko informazio argi eta zehatza eman beharko diete agintari ikuskatzaileei. Aplikatzekoa den araudiaren arabera jarritako zigiluek lurralde nazional osoan izango dute balioa eta eraginkortasuna.

9. artikulua. Estatuaren kontrol metrologikoaren faseak.

1.Aurreko artikuluan aurreikusitako kontrolak egokitasunaren ebaluazioaren fasea eta martxan dauden tresnen kontrol metrologikoaren fasea biltzen ditu.

2.Egokitasunaren ebaluazioaren fasean, egiaztatzen da tresnek, gailuek, bitartekoek, erreferentzia-materialek eta neurketa-sistemek betetzen dituztela lehenengo erabileran bete behar dituzten arauzko eskakizunak.

3.Martxan dauden tresnen kontrol metrologikoak honako hauek bil ditzake, kasuan kasu: konponketaren osteko egiaztapenak, aldaketaren osteko egiaztapenak eta aldizkako egiaztapenak. Fase horren helburua hauxe da: egiaztatzea eta berrestea martxan dagoen neurketa-tresna edo -sistema batek oraindik ere betetzen dituela jatorrizkoekin bat datozen arauzko eskakizunak.

4.Estatuaren kontrol metrologikoaren menpe dauden neurketa-tresnek eta -sistemek, martxan dauden tresnen kontrol metrologikoko fasean araututa ez daudenean,

egokitasunaren ebaluazioan baimendutako gehienezko akatsak errespetatu beharko dituzte, erabiltzen diren bitartean.

5.Metrologiari buruzko legedia betearazteko eskumena duten herri-administrazioek izango dute kapitulu honetan Estatuaren kontrol metrologikoari buruz xedatutakoa betetzeko ardura.

10. artikulua. Zaintzea eta ikuskatzea.

1.Herri-administrazio eskudunek edozein unetan egiaztatu ahalko dute Estatuaren kontrol metrologikoaren menpe dauden tresnei, bitartekoei, erreferentzia-materialei, neurketa-sistemei eta programa informatikoei dagokienez legez eta erregelamenduz ezarritako eskakizunak betetzen diren. Egiaztapen hori beren kabuz egin ahalko dute, ofizioz edota alde interesdunak eskatuta.

2.Aurreko paragrafoan aipatzen diren ikuskaritza-jarduerak gauzatzen dituzten funtzionarioak agintaritza-agenteak izan beharko dira, eta, ondorioz, ikuskaritzaren xedearekin lotutako edozein instalazio edo sail publiko edo pribatutan sartu ahalko dira, beren zereginak betetzean. Nolanahi ere, bizilekuaren bortxaezintasuna errespetatu beharko dute, hori Konstituzioaren bidez babestuta baitago.

3.Erakunde publikoek eta enpresa pribatuek kontrol metrologikoa gauzatu beharreko leku, ibilgailu eta instalazioetan sartzen utzi behar diete ikuskatzaileei, eta, halaber, beharrezko diren eragiketak egiten.

4.Ikuskaritza-lanez arduratzen diren funtzionarioek beren zereginak betetzean egiaztatutako egitateek, legez ezarritako baldintzak betez agiri publikoan formalizatzen badira, froga-balioa izango dute; hala eta guztiz ere, administratuek frogak aurkeztu ahal izango dituzte, beren eskubideak edo interesak aldezteko.

5.Ikuskaritza edo egiaztapen bat egin ostean ondorioztatzen bada tresna bat martxan dagoela dagokion berariazko araudian xedatutakoa urratuz, edota tresnak baimendutako gehienezko akatsak gaindituz, edota manipulatuta egotearen aztarnak dituela, herriadministrazioek tresna martxan jartzea eragotzi beharko dute, edota martxan egoteari uzteko agindu, kasuan kasu.

11. artikulua. Kontrol metrologikoaren menpe dauden tresnak konpontzen dituztenen erantzukizunpeko adierazpena.

1.Kontrol metrologikoaren menpe dauden tresnak konpontzen edo aldatzen dituztenek erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko dute agintari eskudunaren aurrean, jarduten hasi baino lehen. Adierazpen horretan, alderdi hauek jasoko dira: baliabide teknikoak erabilgarri daudela, lan-prozedurei buruzko eskakizunak betetzen direla, eta langileak kualifikazio tekniko eta profesionala duela, erregelamendu bidez ezarritako moduan.

2.Erantzukizunpeko adierazpena aurkezten duenak gaikuntza izango du, adierazpena aurkezten duen egunetik aurrera, dagokion jarduera Espainiako lurralde osoan gauzatzeko, epeari dagokionez mugarik izan gabe. Inolako aldaketarik gertatuz gero, Administrazio eskudunari jakinarazi beharko dio. Espainiako lurraldean zerbitzuak aske emateko araubidean eskaintzen dituzten erakunde konpontzaileek ez dute erantzukizunpeko adierazpenik aurkeztu beharrik izango, Europar Batasuneko beste estatu kide batean kokatuta badaude.

12. artikulua. Estatuaren kontrol metrologikoaren menpe dauden tresnak konpontzea edo aldatzea.

1.Neurketa-tresnaren edo -sistemaren konponketatzat hartuko dira matxura baten ondorioz egindako esku-hartze guztiak, zigiluak kentzeko beharra izan bada eta eskuhartzeari esker jatorrizko egoerara itzuli badira. Aldaketatzat hartuko da tresnak edo sistemak hasierako ebaluazioa egitean zeuzkan zatiak, elementuak edo moduluak ordezten edo aldatzen dituen esku-hartzea.

2.Konponketaren edo aldaketaren osteko egiaztapena erregelamendu bidez ezarritakoa denean, tresnan esku hartu ahal izateko zigiluak kendu behar badira, dagokion egiaztapena gainditu arte ezin izango da tresna martxan jarri.

3.Hala ere, neurketa-tresna edo -sistema mota bakoitzerako Estatuaren kontrol metrologikoa arautzen duten xedapen espezifikoek aldaketa edo konponketa baten ostean tresna edo sistemak martxan jartzeko aukera jaso ahalko dute, erabileraren ondorioak kontuan hartuz, eta, dagokion egiaztapena egin artean, konpontzen edo aldatzen dituenaren erantzukizunpean eta haren zigiluekin. Martxan jarri baino lehen, egiaztapeneskaera egin beharko zaio eskumena duen agintariari.

4.Estatuaren kontrol metrologikoaren menpe dagoen tresna baten egokitasunaren ebaluazioak ez badu behar hirugarren batek produktu-unitate bakoitzaren ziurtagiria egiterik, ez da beharrezkoa izango konponketa egin ostean egiaztatzea, tresna hori merkaturatzeaz eta martxan jartzeaz arduratzen den pertsonak konpondu badu eta berak zigilatu badu, identifikatzen duten zigiluekin; betiere, esku-hartzeak tresnan aldaketarik eragiten ez badu. Baldintza horietan egindako konponketak ezin izango du aldizkako egiaztapenen epea aldatu.

13. artikulua. Aurrez ontziratutako produktuak.

1.Aurrez ontziratutako produktuek dagozkien erregelamendu metrologikoetan beren edukiaren kontrolari buruz ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.

2.Aurrez ontziratutako produktuek daukaten materiaren edo salgaiaren kopurua adieraziko dute ontzian, bilgarrian edo etiketan. Neurketa Unitateen Lege Sistemaren arabera adierazi beharko dute hori, karaktere irakurterrazetan eta erraz ikusteko moduko lekuan.

IV. KAPITULUA

Ondare historikoa babestea

14. artikulua. Objektu metrologiko jakin batzuk esportatzea.

Espainiako Ondare Historikoa osatzen duten pisuak, balantzak, tresnak eta, oro har, beste objektu metrologiko mota guztiak espainiar lurraldetik ateratzeko, kultura-ondarea babesteari buruzko Estatuko eta Europako berariazko araudia bete beharko da.

V. KAPITULUA

Antolaketa

15. artikulua. Eskumenak.

1.Lege honen arabera Estatuko Administrazio Orokorrari dagozkion eskumenak Industria, Energia eta Turismo Ministerioak gauzatuko ditu, ministerioari atxikitako erakundearen bidez edota haren proposamenari jarraiki, kalterik egin gabe beste ministeriosail batzuek, beren berariazko eskumena dela eta, bete beharreko eginkizunei.

2.Estatuaren kontrol metrologikoa gauzatzeko eskualdatu diren eskumenak autonomia-erkidego bakoitzak zehazten duen organoak gauzatuko ditu.

16. artikulua. Metrologiako Kontseilu Gorena.

1.Metrologiako Kontseilu Gorena ministerioarteko kide anitzeko organoa da, eta Industria, Energia eta Turismo Ministerioari atxikita dago. Kontseilua autonomiaerkidegoetako eta toki-administrazioko administrazioen ordezkariek osatzen dute, eta aholkularitzarako eta koordinaziorako organo gorena da metrologia zientifikoaren, teknikoaren, historikoaren eta legalaren arloetan.

2.Metrologiako Kontseilu Gorenak jarraibide teknikoak eta koordinazio-jarraibideak eman ahalko ditu, Estatuaren kontrol metrologikoa erregulatzen duten arauak osatu eta zehazteko; guztia ere, eredu nazionalen gordailuzain diren laborategien koordinazioa eta bikaintasuna bermatzeko, eta arau horiek ahalik eta modu eraginkorrean aplikatzeko. Kontseilua merkatu-batasuna bermatzeaz arduratuko da bereziki, indarrean dagoen araudiaren arabera.

Aipatutako jarraibideak nahitaez bete beharko dituzte metrologiaren arloarekin lotura duten jarduerak egiten eta zerbitzuak eskaintzen dituzten pertsona fisiko edo juridikoek.

Industriako eta Enpresa Txiki eta Ertainetako idazkari nagusiak onetsiko ditu jarraibideak, ebazpen bidez. Ebazpen hori eman baino lehen, Metrologiako Kontseilu Gorenaren proposamena jasoko du, interesdunei entzunaldia emango die, eta Industria, Energia eta Turismo Ministerioko Idazkaritza Orokor Teknikoak txosten egingo du. Jarraibideak Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko dira, derrigorrean betetzekoak izan daitezen.

Metrologiako Kontseilu Goreneko organoek garatuko dituzte jarraibide tekniko horiek.

3.Metrologiako Kontseilu Gorenak neurketa-, egiaztapenedo saiakuntzaprozesuekin lotutako metodo eta prozedurei buruzko gidaliburu praktikoak onetsi ahalko ditu; Espainiako Metrologia Zentroak zabalduko ditu gidaliburu horiek. Gidaliburu horiek ez dute arau-baliorik izango; jardunbide egokien gomendio modukoak izango dira, eta hartzaileentzako irizpide orientagarriak jasoko dituzte.

Laborategiek eta agenteek gidaliburuetan deskribatzen diren jarduerak betez egindako ekintzak teknikoki zuzenak direla joko da, gidaliburuan adierazitako moduan burutzen direnean.

4.Errege-dekretu bidez zehaztuko dira Metrologiako Kontseilu Gorenaren osaera, antolaketa eta jarduteko arauak.

5.Espainiako Metrologia Zentroak laguntza tekniko eta administratiboa emango dio Metrologiako Kontseilu Gorenari, helburuak eraginkortasunez bete ditzan.

17. artikulua. Espainiako Metrologia Zentroa.

1.Espainiako Metrologia Zentroa da Espainiako metrologia-institutu nazionala. Erakunde autonomoa da, eta Industria, Energia eta Turismo Ministerioari atxikita dago. Nazioartean, gainerako herrialdeetako institutu nazionalekin harremanak ditu, eta Estatua ordezkatzen du metrologiako nazioarteko erakundeen aurrean, Kanpo Arazoetako eta Lankidetzarako Ministerioaren eskumenei kalterik egin gabe. Sortze-legeak eta estatutuak arautzen dute, eta Estatuko Administrazio Orokorrari metrologiaren arloan dagozkion funtzioak betetzen ditu.

2.Espainiako Metrologia Zentroari atxikitako laborategiak hauek dira: espezializazio zientifiko edo teknikoa dela eta, atxikitako laborategi eta magnitude batzuen unitateen eredu nazionalen gordailuzain izendatzen direnak Ministro Kontseiluaren errege-dekretu bidez. Atxikitako laborategiek Espainiako Metrologia Zentroaren koordinazio funtzionalaren menpe jardungo dute esparru metrologikoan. Espainiako Metrologia Zentroak hitzarmenak egin ahalko ditu atxikitako laborategiekin, unitateen barreiadura hobetzeko eta, hala badagokio, eskalen barreiadura hobetzeko, eredu nazionalarekiko trazabilitatearekin.

3.Espainiako Metrologia Zentroak laborategi laguntzaileak izendatzeko hitzarmenak egin ahalko ditu, baldin eta laborategi horiek, eredu nazionalen gordailuzain izan ez arren, diseinuzko instalazioak eta zehaztasun bereziak behar dituzten magnitude edo neurritarteetan jarduera metrologikoak gauzatzen badituzte.

4.Espainiako Metrologia Zentroa metrologiaren arloko administrazio-lankidetzarako erakundea da. Estatuaren kontrol metrologikoan esku hartzen duten eragile eta agintarien informazioa jasotzen du, eta zabaldu edo argitaratu egiten du, lurralde osoan zehar eraginkortasunez aplika dadin; era berean, esku hartzen duten agintarien eta eragileen arteko lankidetza sustatzen du, eta beren beharrei egokitutako prestakuntza eta euskarri zientifiko eta teknikoa ematen die. Administrazio-lankidetzarako erakundea denez, merkatu-batasuna bermatzeaz arduratuko da bereziki, indarrean dagoen araudiaren arabera.

5.Espainiako Metrologia Zentroak Sistema Metrologiko Nazionalaren garapena bultzatuko du, bertan esku hartzen dutenen jardunbide egokiak sustatuko ditu, eredu nazionalen eta erreferentzia-materialen bikaintasuna zainduko du, eredu eta material horiek zientziaren eta teknologiaren egoerara egokitzeaz arduratuko da, metrologiaren arloko espezialisten prestakuntza sustatuko du, eta neurketa-sistemak eta Unitateen Nazioarteko Sistema gizartean behar bezala erabiltzen direla bermatuko du.

18. artikulua. Kontrol Metrologikoaren Erregistroa.

1.Kontrol Metrologikoaren Erregistroa publikoa izango da. Bertan, Estatuaren kontrol metrologikoaren menpe dauden tresnak edo sistemak fabrikatzen, inportatzen, merkaturatzen, konpontzen edo errentan ematen dituzten pertsonei edo erakundeei buruzko datuak inskribatu beharko dira, bai eta haien aldaketak ere. Kontrol Metrologikoaren Erregistroan inskribatuko dira, halaber, lege honetako 9. artikuluan ezarritako kontrol metrologikoaren faseetan esku hartzen duten pertsonak edo erakundeak.

2.Kontrol Metrologikoaren Erregistroa erregistro bakarra da, hedadura nazionalekoa, eta bertako datuak Espainiako Metrologia Zentroan zentralizatuta daude; zentro horren mende dago erregistroa. Erregistroa kudeatzeko jarduerak herri-administrazio eskudunek egingo dituzte.

3.Kontrol Metrologikoaren Erregistroko inskripzioa Administrazio eskudunak egingo du, ofizioz. Horretarako, subjektuek emandako informazioan oinarrituko da; zehazki, lehenengo eragiketa inskribatzeko unean emandako informazioan, kontrol metrologikoan esku hartzeko izendapen-izapidean emandako informazioan, edota lege honen 11. artikuluan ezartzen den erantzukizunpeko adierazpenean emandako informazioan.

19. artikulua. Izendatutako erakundeak.

1.Egokitasunaren ebaluazioak edo Estatuaren kontrol metrologikoa gauzatzearekin lotutako egiaztapenak egiten dituzten erakundeak izendatutako erakundetzat hartuko dira lege honen xedeetarako, eta zeregin horiek gauzatzeko eskumena duten Herriadministrazioek gaikuntza emango diete, beren jarduera gara dezaten. Erakunde jakinaraziak dira Europar Batasunak harmonizatutako legediaren menpe dauden tresnen egokitasunaren ebaluazioan jarduten dutenak. Kontrol metrologikoko erakundeek Estatuko legediaren menpe dauden tresnen egokitasunaren ebaluazioan jarduten dute. Egiaztapen metrologikorako baimendutako erakundeek martxan dauden tresnen fasean jarduten dute.

Erakunde horiek izendatzeko prozedura eta bateraezintasun-araubidea errege-dekretu bidez arautuko dira.

2.Erakunde horiek izendatzeko, funtsezkoa izango da beren independentzia eta kualifikazio teknikoa egiaztatzea.

Eskumena duten herri-administrazioek izendatzen dituzten erakunde eta enpresa pribatuen edo pertsona fisikoen independentzia zainduko dute, kontrolaren menpe dauden tresnak fabrikatu, merkaturatu, konpondu, mantendu eta erabiltzen dituztenekin loturarik ez dutela egiaztatuz. Herri-administrazioak edo titulartasun publikoko erakundeak eta entitateak independenteak direla joko da.

Espainiako Metrologia Zentroak kualifikazio teknikoa duela joko da, baita Egiaztapenerako Erakunde Nazionalak egiaztatzen dituenek ere. Eskumena duten herriadministrazioek beste baliabide batzuen bidez egiaztatu ahalko dute kualifikazioa, erregelamenduz ezarritako kasuetan.

3.Eskumena duten herri-administrazioek aurreko paragrafoan aipatzen diren eskakizunak betetzen dituzten erakundeei emango diete baimena, ezarritako prozeduraren arabera.

Izendatutako erakundeek lurralde nazional osoan jardun ahalko dute, eta Estatuaren kontrol metrologikorako ziurtagiriek eta arauzko bestelako dokumentuek Estatuaren edozein lekutan izango dute balioa eta eraginkortasuna.

4.Izendatutako erakundeek erantzukizun zibileko asegurua edo beste berme baliokide bat sinatu beharko dute jardutean eragin ditzaketen kalteak estaltzeko, erregedekretu bidez zehazten diren kasuetan eta norainokoarekin.

VI. KAPITULUA

Arau-hausteen eta zehapenen araubidea

20. artikulua. Erantzuleak.

Kapitulu honetan xedatzen denaren ondorioetarako, erantzuleak izango dira lege honetan ezarritakoaren arabera arau-hausteak direnak gauzatzen dituzten pertsona fisiko edo juridikoak, egiteen edo ez-egiteen ondorioz.

21. artikulua. Arau-hausteak.

1.Hurrengo artikuluan zerrendatzen diren egiteak eta ez-egiteak lege honen arauhaustetzat joko dira, eta dagokion administrazio-erantzukizuna ekarriko diete egileei, kalterik egin gabe bide penalean, zibilean edo beste ordena batean eska daitekeen erantzukizunari.

2.Ezin izango da, inola ere, administrazio-zehapen bikoitza jarri jada zehatutako egitateengatik, berberak direnean subjektua, gertakaria eta funtsa.

3.Zehapen-espedientea izapidetzeko eskumena izango du zehapen-espedientea irekiarazi duen ekintza gertatu zen unean neurketa-tresna zegoen lekuan eskumena zuen herri-administrazioak.

22. artikulua. Arau-hausteen sailkapena.

1.Honako hauek arau-hauste arinak dira:

a) Instrumentuaren titularrak ez izatea legearen edo erregelamenduaren arabera derrigorrezkoak diren dokumentuak, edo tresnak ez izatea legearen edo erregelamenduaren arabera derrigorrezkoak diren identifikazioak, edo titularraren zerbitzuen kontsumitzaileek edo erabiltzaileek zailtasunez ikusteko edo irakurtzeko moduan edukitzea identifikazio horiek, edota eragile edo funtzionarioek, herri-administrazio eskudunaren kontura ikuskapen-jarduera gauzatzean, zailtasunez ikusteko edo irakurtzeko moduan.

b) Neurketa-tresna edo -sistema fabrikatzea, inportatzea, banatzea edo merkaturatzea legearen edo erregelamenduaren arabera derrigorrezkoa den dokumentazioa gehitu gabe, edo legearen edo erregelamenduaren arabera derrigorrezkoak diren identifikazioak eta markak izan gabe, edo horiek izatea, baina titularraren zerbitzuen kontsumitzaileek edo erabiltzaileek eta ikuskapen-jarduera gauzatzen ari diren eragile edo funtzionarioek zailtasunez ikusteko edo irakurtzeko moduan.

c) Neurketa-tresnak fabrikatzeko, merkaturatzeko, konpontzeko, aldatzeko edo erabiltzeko beharrezkoak diren administrazio-baimen edo -gaikuntzak lortzean, funtsezkoak ez diren baldintzak edo eskakizunak aldatzea edo ez betetzea.

d) Konpontzaile gisa jardun baino lehen aurkeztutako erantzukizunpeko adierazpenean jasotako baldintza edo eskakizunak aldatzea edo ez betetzea, baldintza edo eskakizun horiek funtsezkoak ez direnean.

e) Herritarrei Lege Sisteman jasota ez dauden neurketa-unitateetan ematea informazioa.

f) Lege honetan zehaztutako faseetan Estatuaren kontrol metrologikoaren erregulazio espezifikoaren menpe dauden tresnak erabiltzea, kontrol metrologikoa gainditu ez badute; betiere, babestutako interes publikoa arriskuan jartzen ez bada.

2.Honako hauek arau-hauste astunak dira:

a) Kontrol metrologikoko ikuskapen-jarduerak eragoztea, eta, halaber, arrazoirik gabe ezezkoa ematea edo uko egitea ikuskapenak egiteaz arduratzen diren funtzionarioei ikuskapen-jarduera gauzatzean eskatzen dituzten tresnak, dokumentuak edo datuak erakusteari edo emateari.

b) Lege honetan zehaztutako faseetan Estatuaren kontrol metrologikoaren erregulazio espezifikoaren menpe dauden tresnak fabrikatzea, inportatzea, banatzea, merkaturatzea edo erabiltzea, fase horiek gainditu ez badituzte; betiere, babestutako interes publikoa arriskuan jartzen badute.

c) Tresna bat martxan izatea erregelamendu bidez ezarritako zigilurik gabe, edota zigiluak baimendu gabe kentzea.

d) Neurketa-tresna bat erabiltzea, jakinik haren akatsek gainditu egiten dituztela erregelamendu bidez baimendutako gehieneko mugak.

e) Lege Sisteman ez dauden neurketa-unitateak erabiltzea publizitate-xedez, ondasunak erabiltzeko eskuliburuetan, edo merkataritza-transakzioak egiteko; betiere, erabilera hori arau-hauste oso astuna ez baldin bada.

f) Erakunde izendatuek ez betetzea Estatuaren kontrol metrologikoan esku hartzeko erregelamendu bidez ezarritako eskakizunak, eta, halaber, izendatu zuen herriadministrazio eskudunari ez jakinaraztea eskakizun haietan eragina izan dezakeen edozein aldaketa.

g) Beharrezkoak diren ereduak edo erreferentzia-materialak ez edukitzea, edo beren fidagarritasuna bermatzeko beharrezkoa den trazabilitaterik gabe edukitzea, edo, arrazoi egiaztaturik gabe, araudiaren arabera erabili nahi dituzten erabiltzaileei emateari uko egitea.

h) Jakinarazpenean edo erantzukizunpeko adierazpenean jasotako datuak jatorrian edo gerora faltsutzea, eta, halaber, lege honetako 11. artikuluan erantzukizunpeko adierazpenari buruz aipatzen diren betebeharrak ez betetzea.

i) CE marka eta metrologiako marka gehigarria edo marka nazionala gaizki jartzea, eta, halaber, arauzkoak ez diren edo nahastea eragin dezaketen diseinudun markak edo etiketak erabiltzea.

j) Benetako gertakariekin bat ez datozen ziurtagiri edo txostenak egitea.

k) Erakunde izendatuek egiaztapenak, saiakuntzak edo probak behar bezala amaitu gabe uztea edo emaitza zehaztugabeekin egitea, gertakariak nahikoa ez egiaztatzeagatik edo arau teknikoak gaizki aplikatzeagatik.

l) Tresnen akatsak behar bezala ez doitzea tresnak konpondu edo aldatu ostean, baimendutako gehieneko akatsen barruan egon arren.

m) Arauzkoez bestelako prozedura teknikoak erabiltzea, eta erregelamendu bidez baimenduta ez dauden uneetan edo bitartekoekin zigilatzea edo zigiluak kentzea.

n) Zigiluak edo kode informatikoak jartzeko legitimotasuna duten pertsonek horiek erabiltzeko baimenik ez duten beste pertsona batzuei ematea aipatutako zigilu edo kodeak, jar ditzaten.

ñ) Falta arinagatik zehapena jaso ondoren, berriz falta arina egitea, bi urteko epean.

3.Honako hauek arau-hauste oso astunak dira:

a) Estatuaren kontrol metrologikoaren menpe dauden neurketa-tresnei dagokienez, lege honek arautzen dituen jarduerak gauzatzea, beharrezko administrazio-baimen eta -izendapenak jaso gabe, edo, hala badagokio, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu gabe.

b) Estatuaren kontrol metrologikoaren faseak gainditu ez dituztelako, zerbitzutik kanpo deklaratu diren edo erabiltzeko debekua duten tresnak martxan jartzea, aipatutako neurriak hartzea eragin zuten akatsak konpondu gabe.

c) Administrazio-izendapenaren, -aintzatespenaren edo -gaikuntzaren berezko jarduerak egiten jarraitzea, izendapen, aintzatespen edo gaikuntza hori errebokatu ondoren.

d) Tresna edozein modutara manipulatzea, neurketaren emaitza iruzur bidez aldatzeko.

e) Esku hartzen duen edozein eragilek erabiltzea erregelamenduz ezarritakoarekin bat ez datozen zigiluak.

f) Egiteen edo ez-egiteen bidez, kontsumitzaileei iruzur egitea edo nahasmena eragitea.

g) Egiteen edo ez-egiteen bidez, neurketa-emaitza faltsuak ematea, eta, ondorioz, pertsonen osasunerako, bizitzarako edo segurtasunerako arriskuak sortzea.

h) Egiteen edo ez-egiteen bidez, neurketa-emaitza faltsuak ematea, eta, ondorioz, ingurumenarentzat arriskuak sortzea.

i) Aurrez ontziratutako produktuak ontziratzea, banatzea, inportatzea edo saltzea, horien edukiak nominalak baino txikiagoak izanik, baimendutako gehieneko akatsak kenduta.

j) Falta astunagatik zehapena jaso ondoren, berriz falta astuna egitea, bi urteko

epean.

23. artikulua. Zehapenak.

1.Aurreko artikuluan tipifikatutako zehapenak ezartzerakoan, arau-haustea eragin duen ekintzaren astuntasunaren eta zehapenaren arteko egokitasunari heldu beharko zaio, baremo hau kontuan hartuz:

a) Arau-hauste arinengatik, gehienez 5.000 euroko isuna jarriko da.

b) Arau-hauste astunengatik, 5.001 eta 90.000 euro arteko isuna jarriko da.

c) Arau-hauste oso astunengatik, 90.001 eta 600.000 euro arteko isuna jarriko da.

2.Arau-hauste zehagarriaren ondorioz hirugarrenei, herri-administrazioei edo ingurumenari kalte egin bazaie, edo arau-hausleak irabazirik izan badu, aurreko zenbatekoak handitu egingo dira, honela:

a) Arau-hauste astunen kasuan, gutxienez 5.001 euroko isuna jarriko da; eragindako kaltea edo lortutako irabazia hori baino handiagoa baldin bada, eragindako kalteei edo lortutako irabaziari dagokien zenbatekoko isuna jarriko da, eta, gehienez, eragindako kalteari edo lortutako irabaziari dagokien zenbatekoa bider 1,5 eginda ateratzen den zifrako isuna, betiere 90.000 euroko mugarekin.

b) Arau-hauste oso astunen kasuan, gutxienez 90.001 euroko isuna jarriko da; eragindako kaltea edo lortutako irabazia hori baino handiagoa baldin bada, eragindako kalteei edo lortutako irabaziari dagokien zenbatekoko isuna jarriko da, eta, gehienez, eragindako kalteari edo lortutako irabaziari dagokien zenbatekoa bider 2 eginda ateratzen den zifrako isuna, betiere 600.000 euroko mugarekin.

3.Arau-hauste bakoitzagatik ezarri beharreko zehapenaren zenbateko zehatza honako hauek kontuan hartuta jarriko da: osasunerako arriskua, sortutako kaltearen edo hondamenaren garrantzia, arau-hausleak merkatuan duen kokapena, lortutako irabaziaren zenbatekoa, nahitasun-maila, eta sortutako gizarte-nahasmenduaren astuntasuna. Arauhausteak oso astunak direnean, kontuan hartuko da, halaber, arau-hauste astunagatik zehapena jaso ondoren, arau-hausleek berriz arau-hauste astuna egitea, bi urteko epean.

4.Estatuaren kontrol metrologikoa gauzatzeko izendatutako erakundeei aplika dakizkiekeen zehapenek jarduera gauzatzeko desgaikuntza ekar dezakete zehapen osagarri gisa; desgaikuntza horren iraunaldia gutxienez urtebetekoa eta gehienez bi urtekoa izango da arau-hauste astunen kasuan, eta gehienez bost urtekoa, arau-hauste oso astunen kasuan.

5.Zehapena ezartzen duten administrazio-ebazpenek gailu eta tresnak konfiskatzea ere ebatzi ahalko dute.

6.Ezarritako zehapenak egoki diren bitartekoen bidez argitaratzea xedatu ahalko du zehapena ezarri duen agintariak, behin zehapenak irmoak direnean administrazio-bidean edo, hala badagokio, jurisdikzio-bidean. Halaber, pertsona fisiko edo juridiko erantzuleen

izenak, abizenak edo izen soziala eta zehapenen mota eta izaera argitaratzea agindu ahalko du.

24. artikulua. Arau-hauste eta zehapenen preskripzioa.

1.Lege honetan aurreikusitako arau-hausteen preskripzio-epea hiru urtekoa izango da arau-hauste oso astunetarako, bi urtekoa arau-hauste astunetarako, eta sei hilabetekoa arau-hauste arinetarako, guztiz azkentzen direnetik zenbatzen hasita. Preskripzio-epea zenbatzen hasiko da arau-haustea egin den datan edo, jarraikako jardueraren kasuan, amaitzen den datan.

Preskripzio-epea eten egingo da zehapen-prozedura abiarazten denean, interesduna jakitun dela; preskripzio-epeari berrekin egingo zaio, baldin eta zehapen-espedientea hilabetez baino gehiagoz geldiarazita egon bada, ustezko erantzuleari egotzi ezin zaion arrazoiagatik.

2.Lege honen 23. artikuluan ezarritako zehapenen preskripzio-epea hiru urtekoa izango da arau-hauste oso astunetarako, bi urtekoa arau-hauste astunetarako, eta urtebetekoa arau-hauste arinetarako, zehapena ezartzeko ebazpenak irmotasuna lortzen duen egunaren biharamunetik zenbatzen hasita.

Preskripzio-epea eten egingo da betearazpen-prozedura abiaraztean, interesduna jakitun dela; epe hori berriro zenbatzeari ekingo zaio, baldin eta prozedura hura hilabetez baino gehiagoz geldiarazita egon bada, arau-hausleari egotzi ezin zaion arrazoiagatik.

25. artikulua. Ebazteko eskumena.

Arau-hausteak egiten direnean metrologia-arloko eskumen betearazleak dagokion autonomia-erkidegoari eskualdatu ez zaizkion lurralde nazionaleko lekuren batean, Industriako eta Enpresa Txiki eta Ertaineko Idazkaritza Nagusiari egokituko zaio lege honetan ezarritako arau-hauste arinen eta astunen zehapenak ezartzea. Kasu berberean, Industria, Energia eta Turismo Ministerioaren titularrari egokituko zaio falta oso astunak egiteagatiko zehapenak jartzea.

26. artikulua. Prozedura.

1.Administrazio-zehapenak ezartzeko prozedura bat etorriko da Zehapen-ahala Erabiltzeko Prozeduraren Erregelamendua onartzen duen abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretuak araututako prozedurarekin.

2.Zehapen-prozedura hasten bada, neurketa-tresnak edo -gailuak prebentzioz bahitzea edo zigilatzea xedatu ahalko da, gaia aztertzen ari den agintari administratibo edo judizialak hala erabakitzen badu.

3.Lege honen babesean izapidetutako zehapen-prozedurak ebatzi eta jakinarazteko gehienezko epea urtebetekoa izango da, izapidea hasi zuen administrazio-egintza gertatu zen egunetik zenbatzen hasita.

Xedapen iragankor bakarra. 19. artikuluan xedatutakora egokitzea.

1.Estatuaren kontrol metrologikoa betearazteko eskumena duten herriadministrazioek 2017ko urtarrilaren 1a baino lehen hartu beharko dituzte 19.3 artikuluan xedatutakoaren ezarpena bermatzeko beharrezko neurriak, beren gaikuntza-araubidea artikulu horretan ezarritakoarekin bat ez badator.

2.Lege honen 19. artikuluan xedatutakoa garatzeko arauak onetsi eta legearen arabera izendatu arte, Espainiako Metrologia Zentroak eta izendatutako gainerako erakundeek Estatuaren kontrol metrologikoaren berezko jarduerak gauzatzen jarraitu ahalko dute, horretarako gaikuntza badute, betiere aplikatzekoak diren arauetan ezarritako epe eta baldintzetan.

Xedapen indargabetzaile bakarra. Arauak indargabetzea.

Honako arau hauek indargabetuta geratzen dira: Metrologiari buruzko martxoaren 18ko 3/1985 Legea; ekainaren 28ko 1296/1986 Legegintzako Errege Dekretua, zeinaren bidez aldatu egiten den Metrologiari buruzko martxoaren 18ko 3/1985 Legea, eta EEE kontrol metrologikoa ezartzen den; abenduaren 25eko 25/2009 Legearen 11. artikulua (zerbitzujardueretan askatasunez sartu eta aritzeari buruzko Legera egokitzeko zenbait lege aldarazten dituena) ; Estatuak neurketa-tresnen gainean duen kontrol metrologikoa arautzen duen uztailaren 21eko 889/2006 Errege Dekretuaren VI. kapitulua, eta lege honetan xedatutakoaren aurkakoak diren xedapen guztiak.

Azken xedapenetako lehenengoa. Araudia garatzea.

Gobernuak, Industria, Energia eta Turismo Ministerioaren proposamenari jarraiki, lege hau garatu eta aplikatzeko beharrezkoak diren erregelamenduzko xedapenak emango ditu.

Azken xedapenetako bigarrena. Zehapenak eguneratzeko baimena.

Gobernuari baimena ematen zaio lege honetako 23. artikuluko zehapenen zenbatekoak eguneratzeko, Industria, Energia eta Turismo Ministerioaren proposamenari jarraiki; bi urtean behin eguneratuko ditu, errege-dekretu bidez.

Azken xedapenetako hirugarrena. Industriari buruzko uztailaren 16ko 21/1992 Legea aldatzea.

Industriari buruzko uztailaren 16ko 21/1992 Legea honela aldatzen da:

Bat. 4.5 artikulua honela idatzita geratzen da:

«Lege honen 15. artikuluan xedatutakoari kalterik egin gabe, Administrazio eskudunaren aurretiko administrazio-baimena eskatu ahalko da Estatuari Europako Erkidegoko arauditik edo nazioarteko tratatu eta hitzarmenetatik eratortzen zaizkion betebeharrak betetzeko beharrezkoa denean bakarrik.»

Bi. 8.11 artikulua honela idatzita geratzen da:

«Egiaztatzea: egiaztapen-erakunde batek deklaratzea egokitasuna ebaluatzeko erakundeak betetzen dituela arau harmonizatuen arabera ezarritako betekizunak, eta, hala badagokio, beste betekizun gehigarri batzuk ere bai –dagozkion sektoreko eskemetan ezarritakoak barne–, egokitasuna ebaluatzeko jarduera espezifikoak gauzatzeko.»

Hiru. 13.1.b) artikulua honela idatzita geratzen da:

«b) Kontrol-erakunde, instalatzaile edo kontserbatzaile gaituaren edo teknikari fakultatibo eskudunaren ziurtagiria edo akta.»

Lau. 15. artikulua honela idatzita geratzen da:

«15. artikulua. Kontrol-erakundeak.

1.Kontrol-erakundeak jarduteko gaitasuna eta baliabide teknikoak, materialak eta giza baliabideak dituzten pertsona fisiko edo juridikoak dira, beharrezko inpartzialtasun eta independentziaz industria-produktu eta -instalazioetarako segurtasun-erregelamenduetan ezarritako baldintzak eta eskakizunak betetzen diren egiazta dezaketenak.

Ministro Kontseiluaren errege-dekretu bidez ezarriko dira erakunde horiek bete beharreko eskakizun eta baldintzak; bereziki, independentzia-eskakizunak. Europar

Batasunaren esparruan aitortuak izan daitezen Estatuan ematen diren xedapen teknikoak ere bete beharko dituzte erakunde horiek.

2.Aurreko paragrafoan aipatutako eskakizun eta baldintzak betetzeari buruzko balorazio teknikoa egiaztapen-erakunde nazional batek egingo du, jarduerak egiteko duen gaitasun teknikoa ziurtatu eta egiaztatzeko, kalterik egin gabe herriadministrazioak duen eskumenari, eskatzen diren administrazio-baldintzak betetzen diren egiaztatzeko.

3.Kontrol-erakundeek, jarduten hasi baino lehen, haien erantzukizunaren arriskuak estaltzen dituzten aseguru-polizak, abalak edo beste finantza-berme baliokide batzuk sinatu beharko dituzte, erregelamendu bidez ezartzen den zenbatekoan.

4.Kontrol-erakundeek jardueran sartzeko eta hori gauzatzeko gaikuntza lortzeko, erantzukizunpeko adierazpena egin beharko dute agintari eskudunaren aurrean, egiaztapen-erakunde nazional batek erakundearen gaitasun teknikoari buruz egindako egiaztapenaren ostean.

Gaikuntza hori eman beharko du egiaztapenaren xede den jarduera gauzatzeko kontrol-erakundea dagoen lekuko industria-arloko agintari eskudunak, kalterik egin gabe Merkatu-batasuna Bermatzeari buruzko abenduaren 9ko 20/2013 Legearen hamargarren xedapen gehigarrian jatorrizko agintaritzari buruz ezarritakoari.

Erantzukizunpeko adierazpenak jarduera hori Espainiako lurralde osoan gauzatzeko gaitasuna emango dio kontrol-erakundeari, denbora mugagaberako, kalterik egin gabe, hala badagokio, Europar Batasunean egiaztapena aintzatesteko erkidegoko araudiak xedatzen duenari.

5.Kontrol-erakundeek jardutean emandako ziurtagiriek Espainiako lurralde osoan izango dute balioa eta eraginkortasuna.

6.Herri-administrazio eskudunak ofizioz inskribatuko ditu kontrol-erakundeak lege honetako IV. tituluan arautzen den Industria Erregistro Integratuan, erantzukizunpeko adierazpenean agertzen diren datuetan oinarrituz.»

Bost. Hona nola geratzen den idatzita 16. artikulua:

«16. artikulua. Kontrol-erakundeen jardunbidea.

1.Kontrol-erakundeek erregelamendu bidez ezarritako egokitasunaren ebaluazio-prozeduretako edozeinen bidez egiaztatuko dute segurtasun-baldintzak betetzen diren; prozedura horiek, hala dagokionean, Europako Erkidegoko araudiarekin bat etorriko dira.

2.Kontrol-erakundearen txosten edo ziurtagirian ez badago egiaztatuta arauzko eskakizunak betetzen direla, interesdunak desadostasuna adierazi ahalko du kontrol-erakundearen aurrean, eta, bat ez badatoz, eskumena duen Administrazioaren aurrean. Administrazioak aurrekariak eskatuko dizkio erakundeari, eta egoki diren egiaztapenak egingo ditu, interesdunari entzunaldia emanez, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean xedatzen den bezala. Administrazioak dagokion epean eman beharko du ebazpena, eta, eperik finkatzen ez bada, hiru hilabeteko epean; ebazpen horretan, adierazi beharko du erakundeak egindako kontrola egokia den edo ez. Administrazioak ziurtagiri negatiboa errebokatzen ez duen bitartean, interesdunak ezin izango dio beste kontrol-erakunde bati kontrol hura bera egiteko eskatu.

3.Kontrol-erakundeek Merkatu-batasuna Bermatzeari buruzko abenduaren 9ko 20/2013 Legearen VI. kapituluan ezartzen den bezala egingo dute gainbegiratzelana.

4.Industria-segurtasuna dela-eta ikuskatu eta kontrolatu beharreko jardueren eta instalazioen titularrek edo arduradunek instalazioetan sartzen utzi beharko diete kontrol-erakundeetako adituei, eta beren zeregina erregelamendu bidez zehaztutako

moduan betetzeko behar duten informazioa eta dokumentazioa eman beharko dizkiete.

5.Kontrol-erakundeek beren jarduerei buruzko informazioa eman beharko diote Administrazio eskudunari; erregelamendu bidez ezarriko da zehazki zein informazio eman behar dioten.»

Sei. Hona nola geratzen den idatzita 18. artikulua:

«18. artikulua. Industria Segurtasuna Koordinatzeko Kontseilua.

1.Industria Segurtasuna Koordinatzeko Kontseilua sortzen da; batetik, Estatuko Administrazio Orokorraren aholku-organoa izango da, eta, bestetik, herriadministrazioetako organo eskudunen arteko lankidetza, komunikazio eta informaziorako organoa, industria-segurtasunaren arloko irizpideak eta jarduerak sustatu eta koordinatzeko. Kontseilu hori sortzeak ezin izango du horniduren, ordainsarien eta bestelako langile-gastuen gehikuntzarik ekarri.

2.Honako hauek izango dira Kontseiluaren xedeak:

a) Herri-administrazioen arteko jardueren koordinazioa eta irizpideen bateratzea sustatzea, industria-kalitatearen eta -segurtasunaren arloan beharrezkoa den merkatu-batasuna lortzeko.

b) Industria, Energia eta Turismo Ministerioak eta autonomia-erkidegoek industria-produktuak kontrolatzeko egindako kanpainen inguruko informazio-trukea eta koordinazioa erraztea.

c) Industria-kalitatea eta -segurtasuna eraginkortasunez ziurtatzen lagunduko duten arauzko hobekuntzak identifikatzea.

3.Xede horiek lortzeko, Kontseiluak honako funtzio hauek izango ditu:

a) Ministerio proposatzaileak beharrezkotzat jotzen badu, Estatuko Administrazio Orokorrak izapidetzen dituen industria-kalitatearen eta -segurtasunaren arloko arauen proiektuei buruzko txostenak egitea.

b) Industria-kalitateari eta -segurtasunari buruzko azterlanak, txostenak eta gidaliburuak egin daitezen sustatzea.

c) Datu-baseak eta informazioa sor daitezen sustatzea, dagozkien erregelamenduek xedatzen duten moduan, eta, halaber, estatistikak egin daitezen bultzatzea; guztia ere, herri-administrazioek eta interesa duten sektoreek aukera izan dezaten industria-segurtasunaren arloan Espainian dagoen egoera ezagutzeko.

d) Herri-administrazioen artean informazioa trukatzeko eta irizpideak bateratzeko beharrezkoak diren komiteak sor daitezen sustatzea, merkatu-batasun eraginkorra lortze aldera.

4.Industria Segurtasuna Koordinatzeko Kontseilua Industria, Energia eta Turismo Ministerioari atxikita egongo da, eta Industriako eta Enpresa Txiki eta Ertainetako idazkari nagusia izango da bertako presidentea.

Organo horretako presidenteordea Industriako eta Enpresa Txiki eta Ertainetako zuzendari nagusia izango da.

Kontseiluko kideak Kontseiluaren osaera eta jarduteko arauak onesten dituen errege-dekretuan zehaztuko dira.

Kontseiluak Idazkaritza edukiko du, eta horko titularra Industriako eta Enpresa Txiki eta Ertainetako idazkari nagusiak izendatuko du. Kontseiluko idazkariak bileretan hitz egiteko eskubidea izango du, baina ez botoa ematekoa.

Aztertu beharreko gaiak horrela eskatuz gero, Estatuko Administrazio Orokorreko edo autonomia-erkidegoetako administrazioetako beste ordezkari batzuek ere parte hartu ahalko dute Kontseiluan.

5.Industria Segurtasuna Koordinatzeko Kontseiluaren osaera eta jarduteko arauak Ministro Kontseiluaren errege-dekretu bidez onetsiko dira, Industria, Energia eta Turismoko ministroak proposatuta.

Errege-dekretu horrek arautu ahal izango du Kontseiluak eskuordetutako eskumenak edukiko dituen Batzorde Iraunkorra egotea, bai eta sektoreko komite tekniko horizontalak egotea ere, arauzko zereginetan lagun dezaten, eta industriakalitatearen eta -segurtasunaren arloko jarduerak koordinatu ditzaten.»

Zazpi. 31. artikulua honela geratzen da idatzita:

«31. artikulua. Arau-hausteen sailkapena.

1.Hauek dira arau-hauste oso astunak:

a) Industria-araudian ezarritako eskakizun, betebehar edo debekuak doloz ez betetzea; betiere, pertsonei, florari, faunari, gauzei edo ingurumenari arrisku larria edo kaltea eragiten bazaie.

b) Falta astunagatik zehapena jaso ondoren, bi urteko epean berriz falta astuna egitea.

c) Ikuskatzaileei informazioa edo laguntza emateari erabat uko egitea.

d) Hurrengo paragrafoan arau-hauste astun gisa tipifikatutakoak, baldin eta horien ondorioz pertsonei, florari, faunari, gauzei edo ingurumenari oso kalte larria edo oso arrisku larri eta berehalakoa sortzen bazaie.

2.Hauek dira arau-hauste astunak:

a) Industria-segurtasunaren mende dauden produktuak, gailuak edo elementuak fabrikatu, inportatu, banatu, merkaturatu, saldu, garraiatu, instalatu, konpondu edo erabiltzea, erregelamendu-mailako arauak bete gabe, horren ondorioz arrisku edo kalte larria sortzen zaienean pertsonei, florari, faunari, gauzei edo ingurumenari.

b) Instalazioak martxan jartzea, dagokien baimen edo erregistro-inskripziorik gabe, edo eskatutako dokumentuak aurrez aurkeztu gabe, dokumentu horiek nahitaezkoak badira, dagokien legezko edo erregelamenduzko xedapenaren arabera.

c) Jarduerak gauzatu edo garatzea dagokien baimen, gaikuntza edo erregistroko inskripziorik gabe, hura nahitaezkoa bada edo haren indarraldia igaro baldin bada. Era berean, baimena, gaikuntza edo inskripziorako oinarri izan diren baldintza eta eskakizunak agintari eskudunaren baimenik gabe aldatzea.

d) Gaitutako enpresekin ez edukitzea instalazioak mantentzeko lanetarako kontraturik, halako kontratuak izatea derrigorrezkoa denean.

e) Lege honen 22. eta 23. artikuluek aipatzen dituzten datuak doloz ezkutatzea edo aldatzea, eta datu horiek emateari behin eta berriz uko egitea edo ematean atzeratzea, uko egiteak edo atzerapenak behar bezala arrazoitu gabe.

f) Industria-jardueren eta -instalazioen titularrek uko egitea ikuskatzaileak sartzeari edo herri-administrazioek eskatutako informazioa emateari, hori egiteko betebeharra legez edo erregelamenduz ezarrita dagoenean, edo hori egitea beharrezkoa denean dagokion merkatu-ikuskaritza edo -kontrola egiteko.

g) Agintari eskudunak zehaztutako eskakizun espezifikoak eta kautela-neurriak ez betetzea, ez-betetze hori behin eta berriro gertatzen bada.

h) Benetako gertakariekin bat ez datorren edukia daukaten ziurtagiri, txosten edo aktak egitea.

i) Aplikatzekoa den araudian ezarritako preskripzioekin bat ez datorren edukia daukaten proiektuak edo memoria teknikoak idatzi eta sinatzea.

j) Kontrol-erakundeek ikuskapen, saiakuntza edo probak behar bezala amaitu gabe uztea edo emaitza zehaztugabeekin egitea, gertakariak nahikoa ez egiaztatzeagatik edo arau teknikoak zehaztasunik gabe aplikatzeagatik.

k) Egiaztapen-erakundeek kontrol-erakundeak egiaztatzea, horiek funtzionatzeko baldintza eta eskakizun teknikoak erabat egiaztatu gabe, edo teknikoki desegokia den balorazioaren bidez.

l) Ez betetzea segurtasun-arloan eskumena duen agintariak emandako aginduak, lege honekin eta berau garatzen duten arauekin lotutakoak.

m) Instalazioak modu desegokian zaindu eta mantentzea, horren ondorioz arriskua sor badakieke pertsonei, florari, faunari, ondasunei edo ingurumenari.

n) Erantzukizunpeko adierazpenean edo interesdunek aurkeztutako jakinarazpenean jasotako funtsezko edozein datu edo adierazpen zehaztugabea edo faltsua izatea, edo aipatu gabe uztea.

ñ) Jarduera gauzatzea eskatutako betekizunak bete gabe edota jakinarazpena edo erantzukizunpeko adierazpena egin gabe, horietariko bat nahitaezkoa denean.

o) Herri-administrazio eskudunari ez komunikatzea erantzukizunpeko adierazpenean edo aurretiko jakinarazpenean jasotako funtsezko daturen batean izandako aldaketa.

p) Lege honen garapen-araudian ezartzen diren ikuskapen, azterketa edo egiaztapenak gainditu ez dituzten instalazioak martxan mantentzea.

q) Zabarkeria larriz, industriari buruzko araudian ezartzen diren eskakizun eta betebeharrak ez betetzea, pertsonentzat, florarentzat, faunarentzat, gauzentzat edo ingurumenarentzat arriskua sortzen bada, arrisku txikia izan arren; halaber, zabarkeria arinez, horiek ez betetzea edo hala jardutea, pertsonentzat, florarentzat, faunarentzat, gauzentzat edo ingurumenarentzat arrisku larria sortzen bada.

r) Falta arinagatik zehapena jaso ondoren, bi urteko epean berriz falta arina

egitea.

3.Hauek dira arau-hauste arinak:

a) Industria-produktuak, -gailuak edo -elementuak fabrikatzea, inportatzea, merkaturatzea, saltzea, garraiatzea, instalatzea edo erabiltzea aplikatzekoak diren erregelamendu-mailako arauak bete gabe, eta hori arau-hauste astuna edo oso astuna ez bada.

b) Lege honen 22. eta 23. artikuluan aipatzen diren datuak herri-administrazio eskudunari arauzko epeetan ez komunikatzea.

c) Agintari eskudunak zehaztutako eskakizun espezifikoak edo kautelaneurriak xedatutako epean ez betetzea, ez-betetze hori lehenengo aldiz gertatzen baldin bada.

d) Arauzko ikuskapen eta azterketetan atzemandako gabeziak aktan adierazitako epean ez zuzentzea, edo herri-administrazio eskudunaren aurrean zuzenketa horiek ez egiaztatzea; betiere, gabezia horiek arau-hauste astunak edo oso astunak ez baldin badira.

e) Instalazioak modu desegokian zaindu eta mantentzea, arau-hauste astuna edo oso astuna ez bada.

f) Herri-administrazioekin lankidetzan ez jardutea, lege honetatik eratorritako ikuskapeneta kontrol-zereginak betetzen ari direnean.

g) Zabarkeria arinez, industriari buruzko araudian ezartzen diren eskakizun eta betebeharrak ez betetzea, pertsonentzat, faunarentzat, florarentzat, gauzentzat edo ingurumenarentzat arriskua sortzen bada, eta arrisku hori txikia bada.

h) Erantzukizunpeko adierazpenean edo interesdunek aurkeztutako jakinarazpenean jasotako eskakizunak betetzeari dagokionez, edozein datu edo adierazpen zehaztugabea edo faltsua izatea, edo ez jasotzea; betiere, funtsezkoak ez badira.

i) Herri-administrazio eskudunari ez komunikatzea erantzukizunpeko adierazpenean edo aurretiko jakinarazpenean jasotako daturen batean izandako aldaketa, datu hori funtsezkoa ez denean.»

Zortzi. 34.1 artikulua honela geratzen da idatzita:

«34. artikulua. Zehapenak.

1.Honako hauek izango dira arau-hausteen zehapenak:

a) Arau-hauste arinen kasuan, gehienez 3.005,06 euroko isunak.

b) Arau-hauste astunen kasuan, 3.005,07 eta 90.151,82 euro arteko isunak.

c) Arau-hauste oso astunen kasuan, 90.151,83 eta 601.012,10 euro arteko

isunak.

Gobernuak, Industria, Energia eta Turismo Ministerioaren proposamenari jarraiki, eguneratu egin ahal izango ditu zehapenen zenbatekoak, errege-dekretu bidez.»

Azken xedapenetako laugarrena. Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legea aldatzea.

Hona nola geratzen den idatzita Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legea:

Bat. Beste paragrafo bat gehitzen zaio 4. artikuluari. Hona nola geratzen den idatzita:

«6. Plangintza elektrikoak eranskin bat izan ahalko du, izaera loteslerik gabea; bertan, plangintza-aldiaren hurrengo urteetan martxan jarri beharko liratekeen garraio-sareko instalazioak zehaztuko dira. Instalazio bat eranskin horretan jasotzeak instalazio horren administrazio-izapideak hasteko bakarrik izango du balioa. Ebazpenak eman aurretik, paragrafo honek xede dituen instalazioei buruzko administrazio-prozedurak eteteko erabakia hartu ahalko da, instalazioak plangintza elektriko loteslean sartu arte. Aipatutako eranskinaren edukia artikulu honetako 4. paragrafoan jasotako baldintza berberetan aldatu ahalko da, eta bertan ezartzen diren prozedurak betez.»

Bi. Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 16.2 artikulua honela geratzen da idatzita:

«2. Gobernuak ezarriko ditu garraioeta banaketa-sareetara sartzeko bidesarien egitura eta aplikazio-baldintzak. Honako hauek ordaindu beharko dituzte bidesariak:

a) kontsumitzaileek, kontuan hartuta tentsio-mailaren araberako espezialitateak eta kontsumoen ezaugarriak (ordutegiaren eta potentziaren araberakoak) .

b) ekoizleek, kontuan hartuta sareetara isuritako energia.»

Hiru. Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 33.1.b) artikulua honela geratzen da idatzita:

«b) Sarearen puntu batera konektatzeko eskubidea: subjektu batek lehendik baden edo izaera loteslearekin planifikatuta dagoen garraio-sarearen, edo lehendik baden edo Estatuko Administrazio Orokorrak onartutako inbertsio-planetan bilduta dagoen banaketa-sarearen puntu zehatz batera elektrikoki akoplatzeko eskubidea, baldintza jakin batzuetan.»

Lau. Aldatu egiten da Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 33.2 artikuluko lehenengo lerrokada. Hona nola geratzen den:

«2. Sarbide-baimena emateko, Gobernuak erregelamendu bidez ezarri dituen irizpideak bete beharko dira; hain zuzen ere, horniduraren segurtasunarekin, erregulartasunarekin eta kalitatearekin loturiko irizpide teknikoak eta sistema elektrikoaren iraunkortasun eta eraginkortasun ekonomikoarekin loturiko irizpideak.

Irizpide horien aplikazioak baldintzatuko du sarbide-kapazitatea izatea edo ez izatea. Sarbide-kapazitatea ebaluatzen denean, instalazioa konektatuta dagoen korapiloa bera ez ezik, instalazioa konektatuta dagoen korapilo horretan eragiten duten gainerako korapilo guztiak ere kontuan izan beharko dira; betiere, energia elektrikoa ekoizteko eta kontsumitzeko lehendik dauden instalazioak eta korapilo horietan jada konprometituta daudenak aintzat hartuta. Halaber, aipatutako ebaluazioa egitean, kontuan izan beharreko sarea hauxe izango da: lehendik baden edo izaera loteslearekin planifikatuta dagoen garraio-sarea, edo lehendik baden edo Estatuko Administrazio Orokorrak baldintza jakin batzuetan onartutako inbertsio-planetan bilduta dagoen banaketa-sarea.»

Azken xedapenetako bosgarrena. Eskumen-titulua.

1.Lege hau Espainiako Konstituzioaren 149.1.12 artikuluan xedatutakoaren babesean emana dago; artikulu horrek pisu eta neurriei buruzko legedia onartzeko eta ordu ofiziala erabakitzeko eskumen esklusiboa ematen dio Estatuari.

2.Hortik kanpo geratzen da 14. artikulua, Konstituzioaren 149.1.28 artikuluaren babesean emana baitago; hau da, Estatuari Espainiako kultura-, arteeta monumentuondarea esportaziotik eta lapurretatik babesteko eskumena ematen dion artikuluaren babesean.

3.Kanpoan geratzen da azken xedapenetako hirugarrena ere, Konstituzioaren 149.1.13 artikuluan xedatutakoaren babesean emana baitago; artikulu horrek jarduera ekonomikoaren plangintza orokorraren oinarrien eta koordinazioaren gaineko eskumena esleitzen dio Estatuari.

Azken xedapenetako seigarrena. Indarrean jartzea.

Lege hau indarrean jarriko da Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean.

Horrenbestez,

Lege hau bete eta betearaz dezatela agintzen diet espainiar guztiei, partikularrei zein agintariei.

Madrilen, 2014ko abenduaren 22an.

FELIPE E.

Gobernuko presidentea,

MARIANO RAJOY BREY

w.boe.es

BOLETÍN OFICIAL DEL ESTADO

D. L.: M-1/1958 ISSN: 02

 

 

 

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra