Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Administrazio zuzenbidea  >>  Legeria  >> Orokorra

33/2014 Legea, abenduaren 26koa, Estatuko Itsas Arrantzari buruzko martxoaren 26ko 3/2001 Legea aldatzen duena

2014-12-26

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2014/12/27, 313. zk.

bcl_536139011.htm

I. XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

13516 33/2014 Legea, abenduaren 26koa, Estatuko Itsas Arrantzari buruzko martxoaren 26ko 3/2001 Legea aldatzen duena.

FELIPE VI.a

ESPAINIAKO ERREGEA

Honako hau ikusten eta ulertzen duten guztiei.

Jakizue: Gorte Nagusiek honako lege hau onetsi dutela, eta Nik, hemen, berretsi egiten dudala:

HITZAURREA

Martxoaren 26ko 3/2001 Legeak, Estatuko Itsas Arrantzari buruzkoak, lotu egin zituen arrantza-politika bateratua eta itsas arrantzaren kudeaketa, batetik, eta arrantzabaliabideen babesa eta arrantza-sektorearen garapen jasangarria, bestetik. Horretarako, araubide bat ezarri zuen, lehendik zeuden baliabideen orekan eta horien ustiaketa arrazional eta arduratsuan oinarritua, produkzio-faktoreen erabilgarritasun optimoa lortzeko eta arrantza-sektorean epe ertainera eta luzera errentagarritasuna bultzatzeko eta baldintza sozioekonomikoak hobetzeko; bereziki, arrantzaren mendeko tokiko biztanleen kasuan. Lege horrek hainbat aldaketa izan ditu indarrean egon den hamahiru urteetan; oraingo honetan, beste aldaketa batzuk egiten zaizkio, jarraian zehaztutako alderdietan (neurri batean, onartzera iritsi ez zen arrantza jasangarriaren lege-proiektuan jasotako elementuei heltzen zaie) .

Alde batetik, Aukera Berdintasunaren Politikak izaera horizontala du eta herriekintzaren alor guztietan txertatu behar da. Postulatu horren harira, beharrezkotzat jotzen da aipatutako arauan arrantza-politikaren alorrean beste artikulu bat sartzea, berariaz adierazita lege honen helburua arrantzaeta akuikultura-jarduera garatzen diren lurraldeetako biztanleriaren egoera sozioekonomikoa hobetzea dela, gizon-emakumeen arteko tratueta aukera-berdintasunaren printzipioa txertatuz, eta, halaber, sektorean edonolako diskriminazioaren debekua sartuz.

Estatuko Itsas Arrantzari buruzko Legearen aldaketa honen bidez, arrantza-baliabideak kontserbatzeko eta babesteko politikaren alderdi espezifiko batzuei heltzen zaie. Hori horrela, neurri berriak sartzen dira arrantza-ahaleginari buruzko arauetan, eta hobeto definitzen dira itsas erreserbek lortu beharreko helburu eta xedeak: arrantza-baliabideak birsortzeaz gainera, aberastasun naturala zaintzea, itsas espezieak kontserbatzea, eta ekosistemak berreskuratzea. Horrez gain, arrezife artifizialei buruzko artikulu espezifiko bat gehitzen da, arrantza-baliabideen gain duten inpaktua dela eta. Era berean, beharrezkoa da gure erreferentzia-araua Europar Batasuneko Zuzenbidearen bidez bultzatutako aurrerapenetara egokitzea komunikazioen eta agirien arloan, hala nola lehorreratzeadierazpena edo arrantza-egunkaria; funtsean, baliabide elektronikoak erabil daitezen datu horiek erregistratzeko eta transmititzeko.

Bestetik, hiru hobekuntza egiten dira arrantza-flota kudeatzeko tresnetan. Arrantza Flota Operatiboaren Errolda arrantza-flota planifikatzeko eta kudeatzeko tresna bat da, baita itsas arrantzaren alorrean arrantza-ahalegina arautzeko ere. Dena den, beharrezkoa da Arrantza Flotaren Erregistro Nagusi bat ere edukitzea. Erregistro horrek, Konstituzio Auzitegiaren urriaren 7ko 166/2013 Epaiari jarraiki, jaso behar lituzke bai kanpoko uretan arrantzatzen duten ontziak, bai kanpoko nahiz barruko uretan aritzen direnak (Arrantza Flota Operatiboaren Errolda) , baita barruko uretan soilik arrantzatzen dutenak eta akuikultura-instalazioetako ontzi laguntzaileak ere (autonomia-erkidegoetako erregistroak

edo erroldak) ; hau da, Ontzien Europako Erkidegoko Erregistroa osatzen duten ontzi guztiak. Aipatutako epaiak, era berean, itsas arrantzaren arloko eskumenera bideratzen du, argi eta garbi, arrantza-flotaren erregistroak ezartzeko ardura. Jurisprudentzia-ikuspegi hori aintzat hartuta, eta Espainiako Erreinuari ontzi espainol guztien datuak emateko dituen Erkidegoko obligazioak betetzea ahalbidetzeko, barruko uretan soilik arrantzatzen duten ontzien erregistroari dagokionez autonomia-erkidegoek dituzten eskumen betearazaleak errespetatuz, Arrantza Flotaren Erregistro Nagusia sortzen da.

Era berean, erreforma honen bidez, gatazka semantikoak eta interpretazio-arazoak saihesten dira; izan ere, Sustapen Ministerioak kudeatzen du arrantza-ontziak zein merkataritza-ontziak eta laketontziak jasotzen dituen Ontzien eta Ontzi-enpresen Erregistroa, hala xedatzen baitu banderatze, ontzien matrikulazio eta itsas erregistroari buruzko uztailaren 28ko 1027/1989 Errege Dekretuak.

Aldaketa honekin, beraz, desagertu egiten dira garai bateko Itsas Arrantzako Ontzien Errolda eta Ontzien Erregistroa (orain artean indarrean egon diren 22. eta 57. artikuluetan jasoak) , eta sistema bakarra sortzen da: aipatutako Erregistro Nagusia. Erregistro horrek bi osagai izango ditu, eta Europako Erkidegoko Erregistroarekin guztiz koordinatua egongo da. Ontzien Erregistroa desagertu egiten da; Arrantza Flota Operatiboaren Errolda, berriz, Erregistro Nagusiaren zati bat baino ez da izango, kanpoko uretan aritzen den eta barruko zein kanpoko uretan aldi berean jarduten duen flotari zuzendua (Arrantza Flota Operatiboaren Errolda urriaren 9ko 1549/2009 Errege Dekretuan dago araututa; hots, arrantza-sektorea antolatzeari eta Arrantzaren Europako Funtsera egokitzeari buruzkoan) . Zirkulua itxiz, aipatutako Erregistro Nagusia Europako Erkidegoko Erregistroaren osagai espainola izango da.

Bestalde, ezabatu egin behar da 59. artikuluaren 3. zenbakia, arrantza-ontziaren zedula identifikazio-agiri izateari buruzkoa; izan ere, zedula horrek indarra galdu du, haren lekua Arrantza Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiak ematen duen Erkidegoko Lizentziak hartu baitu. Azkenik, indartu egin behar da azaroaren 23ko 1586/2012 Errege Dekretuak sartutako xedapenaren betekizuna (arau horren bidez, aldatu egiten da urriaren 9ko 1549/2009 Errege Dekretua, arrantza-sektorea antolatzeari eta Arrantzaren Europako Funtsera egokitzeari buruzkoa) , ezohiko erregularizazio-prozesuei lotu gabeko ontzien neurriak etengabe eguneratzeko baldintzekin eta prozedurarekin lotuta, horien benetako ezaugarriak erregistrokoekin bat etor daitezen.

Hirugarrenik, dibertsifikazioaren lehen lerro gisa arrantza-turismoa edo itsas turismoa aurkezten da, baita akuikultura-turismoa ere, horien bidez jardueraren esparru diren kostaldeak eta landa-eremuak suspertzeko, eta, zuzenean edo zeharka, arrantzarekin lotutako lanbidea, bizimoduak, ondarea eta kultura zabaltzeko, baloratzeko eta sustatzeko. Arrantza-turismoari edo itsas turismoari lotutako jardueren artean, turismo-arrantza dago, eta horrek, baldintza bereziak dituenez, arauketa espezifikoa eskatzen du. Arrantzaturismoa edo itsas turismoak itsas kulturari lotutako produktu edo esperientzia turistikoa izan nahi du, kultura hori zentzu zabalean hartuta, hala itsasoan nola kostaldean (itsas jarduerak; itsaskilarien edo saregileen lanbideak, kasu) ; horregatik, gainditu egiten du profesionalek egindako arrantza-jarduera materialen multzoa. Dibertsifikazio ekonomikoko alor jakin horretan, Industria, Energia eta Turismo Ministerioaren Turismoko Estatu Idazkaritzaren lankidetza eta bultzada jasoko dira.

Kontuan hartuta turismo-arrantzaren gisako jarduerek zenbateko hedapena izan dezaketen eta zer-nolako eragina daukaten baliabidearen jasangarritasunean, ezinbestekoa da halako jardueren arauketa indartzea eta osatzea, itsas baliabide bizien kudeaketa jasangarri eta koherentea alor guztietan bermatzeko. Hori dela eta, Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak arrantzaeta akuikultura-jarduera nagusiaren osagarri edo ordezko aukera gisa txertatuko diren dibertsifikazio-jarduketen garapena koordinatuko eta sustatuko du. Ildo horretatik, II. tituluari («Arrantza-sektorearen antolamendua») VI. kapitulua gehitzen zaio, arrantza eta akuikultura dibertsifikatzeko neurriak arautzeko. Nabigazioari lotutako premiazko segurtasun-arrazoietan eta baliabidearen erauzketa-kontrolean oinarritzen da gai horietara bideratutako kontrol berezia, horiek bereizten baitute azpisektore hori turismo-jarduerarekin zerikusia duten

beste batzuetatik. Halaber, alor espezifiko horri buruzko zenbait definizio jasotzen dira bigarren artikuluan, II. tituluko VI. kapitulu berriko erregulazioaren xedea hobeto ulertzen laguntzeko. Gogoan hartu behar da bigarren artikuluko definizioak Estatuko Itsas Arrantzari buruzko Legearen ondorioetarako ezartzen direla; horrek ez du baztertzen berariaz aitortzea Espainiako ordenamendu juridikoak bere egin dituela ondoko arau hauetan jasotako definizioak: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren arrantza-politika bateratuari buruzko 1380/2013 Erregelamenduan (EB) , 2013ko abenduaren 11koan, eta gaian indarrean dauden eta Espainian zuzenean aplikatzekoak diren Europako Erkidegoko beste erregelamendu batzuetan,.

Gainerakoan, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 11ko 1380/2013 Erregelamenduak (EB) , arrantza-politika bateratuari buruzkoak, adierazten du hauxe duela xede arrantza-politika bateratuak: arrantza-jarduerek eta akuikulturak, epe luzera, ingurumenaren, ekonomiaren eta gizartearen jasangarritasunari laguntzen diotela bermatzea.

Legez kanpoko arrantza, aitortu gabekoa edo arautu gabekoa (ingelesezko siglen arabera, INDNR edo IUU) uretako baliabide bizidunen eta itsas biodibertsitatearen ustiaketa jasangarrirako mehatxu handienetarikoa bilakatu da; urratu egiten ditu Arrantza Politika Bateratua arautzen duten printzipioak, eta kalte egiten die itsasoen gobernu hobea lortzeko helburua duten nazioarteko ahaleginei. Printzipio hori Itsas Eskubideari buruzko Nazio Batuen Konbentzioan jasota dago, 1982ko abenduaren 10ean Montego Bayn sinatutakoan, eta bertako parte da Espainiako Erreinua.

Hori horrela, legedi nazionalak islatu egin behar ditu Europako Erkidegoan eta nazioartean egin diren aurrerapenak; zehazki, arrantza-tokiak kudeatzeko sistemak bermatzeko xedez, zigorraren eta prebentzioaren ikuspuntutik ezarritako arau-hausteen eta zehapenen araubideei dagokienez.

Bereziki aipagarriak dira bi erregelamendu hauek ekarritako aurrerapenak: alde batetik, Kontseiluaren 2008ko irailaren 29ko 1005/2008 Erregelamenduak (EE) , zeinaren bidez legez kanpoko, aitortu gabeko eta arautu gabeko arrantza prebenitzeko, desakuilatzeko eta ezabatzeko Erkidegoko sistema bat ezartzen den; eta, bestetik, Kontseiluaren 2009ko azaroaren 20ko 1224/2009 Erregelamenduak (EE) , Arrantza Politika Bateratuko arauak betetzen direla bermatzeko Erkidegoko kontrol-araubidea finkatzen duenak. Bi arau horiek indarrean daudenez eta zuzenean aplikatzen direnez gure ordenamendu juridikoan, komenigarria zen legez kanpoko, aitortu gabeko eta arautu gabeko arrantza kontrolatzeari buruzko artikulu berri bat sartzea, arrantza-produktuak merkaturatzeko debeku zehatz batzuk ezartzen zituen artikulua zabaltzea, eta modu arrazionalagoan egokitzea martxoaren 26ko 3/2001 Legean ezarritako arau-hausteen eta zehapenen araubidea; horregatik, azken hori erreformatu egiten da.

Erreforma bat dator funtsezko beste elementu batzuekin ere, hala nola kirol-arrantzako jarduerak ugaritzearekin. Jarduera horiek gero eta baliabide berritzaileagoetan oinarritzen dira, eta, zenbaitetan, kaltegarriak izaten dira itsas baliabideetarako eta arrantza-jarduera profesionalerako; horregatik, berezkoak dituen zenbait elementu txertatzea eskatzen du. Gainera, arau-hausteen eta zehapenen araubideak indarrean daraman hamar urtetik gorako denboran bildutako esperientziak erakusten du arazo zehatz batzuk daudela itsas arrantzaren arloko zehapen-alorrean, eta, era berean, beste zehapen-ordena batzuetan administrazio-eraginkortasunaren aldetik arrakasta handia lortu duten mekanismo berriak aztertzeko beharra dagoela, hala nola borondatezko ordainketa diruzko zehapenaren murrizketarekin, zeina modu aitzindarian ezarri den Trafikoko Zuzendaritza Nagusian.

Garbi dago aurrekontu-egonkortasuneko helburuek ez dutela lausotu behar arrantzabaliabideak kontserbatzeko, babesteko eta birsortzeko helburuak erdiesteak Espainiarentzat duen garrantzia, gurea hain herrialde arrantzalea izanik. Helburu horiek, funtsean, kontrol-eginkizun egokien bidez eta arrantzari eta ozeanografiari buruzko ikerketak eginez gauzatzen dira,. Jarduera eta ikerketa horiek efektu biderkatzailea daukate, zalantzarik gabe, arrantza-sektorearen jasangarritasunari eta errentagarritasun sozioekonomikoari begira. Hori dela eta, gastu publikoa ez areagotzeko funtsezko oinarritik abiatuta, egoki da behar beste baliabide izateko beharra aitortzea, arrantza-baliabideak

kontrolatzeko eta babesteko politikek positiboki eragin dezaten sektorean bertan, Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak Arrantzako Idazkaritza Nagusiari esker gaia koordinatuz. Behar beste baliabide hornitzearen alderdi hori, gainera, jasota dago aurrez aipatutako Europako Erkidegoko erregelamenduetan.

Ministerio eta administrazioak erregistroen zein errolden arloan koordinatzea oinarrizkoa da informatikaren aroan, administrazio-jarduerak baimentzeko eta kontrolatzeko prozesu guztiak zehaztasun eta estutasun handiagoarekin egin ahal izateko; hori horrela, erreformatu egiten da legea.

Azkenik, eta berriro ere Konstituzio Auzitegiak urriaren 7ko 166/2013 Epaian jasotako jurisprudentziari helduz, II. tituluko V. kapituluko xedapenak (Arrantza-produktuen lehorreratze-portuak eta lehen salmenta) konstituzionaltasun-blokera egokitu behar dira, zuzentasunez eta osotasunean, horretara behartzen baitute arrantza-produktu guztien trazabilitate-baldintzek; baldintza horiek Kontseiluaren 2009ko azaroaren 20ko 1224/2009 Erregelamenduak (EE) ezarri zituen, Arrantza Politika Bateratuaren arauak betetzen direla bermatzeko komunitateko kontrol-araubidea finkatzen duenak. Ikuspegi horretatik, eta Europako Erkidegoko Zuzenbidearen arabera nahitaez bete beharreko trazabilitatekontrola ziurtatzeko xedearekin, batera eragiten duten eskumen-tituluen artean, merkataritza-jardueraren antolamenduari buruzko 149.1.13 oinarrizko artikuluan jasotako gaikuntzari aitortzen zaio nagusitasuna, arrantza-produktuen trazabilitate-baldintzak finkatzeari dagokionez, horiek merkaturatzeko.

Artikulu bakarra. Estatuko Itsas Arrantzari buruzko martxoaren 26ko 3/2001 Legea aldatzea.

Honela gelditzen da idatzita Estatuko Itsas Arrantzari buruzko martxoaren 26ko 3/2001 Legea:

Bat. Aldatu egiten da 2. artikulua, eta honela gelditzen da idatzita:

«2. artikulua. Definizioak.

Lege honen ondorioetarako, honako definizio hauek ezartzen dira:

Arrantza-jarduera: kanpoko uretan arrantza-baliabideak erauztea, baita krustazeo eta moluskuak ere, arrantzarako berezkoak diren aparailu eta tresnekin. Definizio horretatik at daude itsaski-bilketa eta akuikultura, baita barruko uretan egiten den arrantza ere.

Kanpoko urak: Espainiaren subiranotasunaren edo jurisdikzioaren mendeko itsas urak, oinarri-lerroetatik kanpo kokatutakoak; hala daude jasota itsas jurisdikzioa arrantza-ondorioetarako hamabi miliatara hedatzeari buruzko apirilaren 8ko 20/1967 Legean eta jurisdikziopeko urei eta horien mugaketarako oinarrizko lerro zuzenei buruzko abuztuaren 5eko 2510/1977 Errege Dekretuan.

Barruko urak: Espainiaren subiranotasunaren edo jurisdikzioaren mendeko itsas urak, oinarri-lerroen barruan kokatuta daudenak.

Arrantza-aparailua: kanpoko uretan itsas arrantza egiteko erabilitako aparailu, sare, erreminta, tresna eta ekipamendu oro.

Arrezife artifiziala: askotariko material bizigabez eratutako elementu edo moduluen multzoa, edota itsas hondoaren azalera mugatu batean banatzen diren zurezko ontzien kroskoak, xede horretarako bereziki egokitutakoak.

Ohiko ontzia: modu jarraituan, errepikarian eta etengabekoan arrantzatzen aritu den ontzia; hala jarduten duela joko da bi urtez jarraian jarduera hori borondatez eteten ez duena.

Arrantzategi nazionala: Espainiaren jurisdikzioaren edo subiranotasunaren mendeko itsas urak.

Harrapaketa historikoak: ontzi batek erregelamendu bidez zehaztutako data jakin batetik aurrera egin ohi dituenak.

Arrantzaedo akuikultura-dibertsifikazioa: Arrantza-sektoreko profesionalek jarduera osagarriak gauzatzea, arrantza-komunitateetako ekonomia indartzeko xedearekin.

Arrantza-ahalegina: arrantza-jarduera gauzatzeko intentsitatea, ontziaren gaitasunaren arabera neurtuta, ontziaren potentzia eta tonajearen, jardueradenboraren eta arrantza-intentsitatean eragin dezaketen bestelako parametroen arabera. Ontzi multzo batek egindako arrantza-ahalegina multzo horretako ontzi bakoitzak egindako ahaleginaren batura izango da.

Lonja: arrantza-produktu freskoak erakusteko eta lehen salmenta egiteko aurreikusitako instalazioa, portu-esparruan kokatua eta autonomia-erkidegoan arrantza-sektorea antolatzeko eskumena duten organoek baimendua.

Arrantza-produktuen, itsaski-bilketaren eta akuikultura-produktuen merkataritzajardueraren antolamendua: produktu horiekin lotuta egiten diren eragiketei buruzko arauak, lehen salmenta amaitzen denetik azken kontsumitzaileraino iristen diren artekoak; bereziki, produktu horiek garraiatzeari, biltegiratzeari, eraldatzeari, erakusteari eta saltzeari dagokionez.

Arrantza-sektorearen antolamendua: arrantzaren sektore ekonomikoari edo produktiboari dagokion erregulazioa; bereziki, arrantza-sektoreko eragileei, arrantzaflotari, oinarri-portuen finkapenari, oinarri-aldaketei, eta arrantza-produktuen lehen salmentari dagokienez.

Itsas arrantza: kanpoko uretako itsas baliabide bizidunak babesteko, kontserbatzeko eta birsortzeko neurri multzoa, bai eta ur horietako arrantza-jarduera ere.

Turismo-arrantza: sektoreko profesionalek arrantza-ontzietan ordain ekonomikoaren truke egindako arrantza-turismoko edo itsas turismoko jarduera mota, itsas ingurunean egiten duten lana balioztatzea eta zabaltzea duena xede, ontziratutako turistek arrantza-jarduerarik egiteko aukerarik izan gabe.

Arrantzatzea: eremu edo arrantzategi jakin batean espezie bat edo espezie multzo bat harrapatzera bideratutako arrantza-jarduera.

Ontzien arrantza-aukerak: ontzi bati lege honetan xedatutako irizpideetan oinarritutako banaketaren arabera egokitutako harrapaketen bolumena, arrantzaahalegina edo eremuko denbora.

Arrantza-baliabideak: itsas baliabide bizidunak, bai eta haien hezurdurak eta haien gainerako produktuak ere, aprobetxagarriak direnean.

Akuikultura-turismoa: akuikultura-jarduera gauzatzen duten profesionalen kolektiboak egindako jarduera, kontraprestazio ekonomikoaren bidez, haien jarduera eta akuikultura-inguruneko produktuak balioztatzera eta zabaltzera bideratua.

Arrantza-turismoa edo itsas turismoa: Itsasoko profesionalen kolektiboak ordain ekonomikoaren truke gauzatutako jarduera, itsas ingurunearekin lotutako jarduerak, produktuak, ohiturak, tradizioak, ondarea eta kultura balioztatzera eta zabaltzera bideratua, eta, horregatik, erauzketaeta merkataritza-jarduera soila gainditzen duena.

Arrantza-gunea edo arrantzategia: irizpide biologikoetan oinarrituta, aparteko kudeaketaedo kontserbazio-neurriei lotutako gune geografikoa.»

Bi. 3 bis artikulu berri bat gehitzen da.

«3 bis artikulua. Tratueta aukera-berdintasuna.

Lege honetan jasotako jarduketek eta neurriek tratueta aukera-berdintasunaren printzipioa errespetatu beharko dute, legean araututako jarduerak gauzatzean diskriminazio-egoerak saihesteko xedearekin, ondoko arrazoiren batean oinarrituta: sexua, arrazaedo etnia-jatorria, desgaitasuna, sexu-orientazioa, adina, sinesmenak edo erlijioa, edo beste edonolako baldintza edo inguruabar pertsonal edo sozial.»

Hiru. 8. artikuluaren 1. zenbakiari beste bi letra gehitzen zaizkio, hau diotenak:

«1. Arrantza-baliabideen hobekuntza eta kontserbazioa bermatze aldera, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadurako ministroak arrantza-ahalegina erregulatzeko neurri hauek hartu ahal izango ditu, besteak beste:

a) Ontzi kopurua mugatzea, haien ezaugarriek arrantza-toki bateko flota multzoaren arrantza-ahaleginean duten eraginaren arabera.

b) Arrantza-jardueraren iraupena mugatzea.

c) Arrantza-tokia ixtea.

d) Ontzi bakoitzaren sareak, arrantza-aparailuen dimentsioa, amu kopurua edo aparailuekin lotutako beste edozein neurri mugatzea, arrantza-ahalegina erregula dezakeena.

e) Arrantza-edukiera murriztea.»

Lau. Aldatu egiten da 14. artikulua, eta honela gelditzen da idatzita:

«14. artikulua. Itsas erreserbak.

1.Itsas erreserba izendatuko dira ezaugarri bereziak dituztela eta arrantzabaliabideak birsortzeko egoki jotzen diren eremuak, eremu jakin batzuetako aberastasun naturala gordetzen, itsas espezieak kontserbatzen edo ekosistemak berreskuratzen laguntzeko. Babes-neurriek mugatu edo, hala dagokionean, debekatu egingo dute arrantza-jarduera, baita oreka naturala altera dezakeen beste edozein jarduera ere.

2.Itsas erreserben alorrean, babes-maila ezberdina daukaten gune edo eremuak mugatu ahal izango dira.

3.Itsas Ingurunearen Babesa arautzen duen legeak aipatzen duen Itsas Gune Babestuen Sarean jaso ahal izango dira itsas erreserbak.»

Bost. 15 bis artikulu berri bat eransten da, eta honela gelditzen da idatzita:

«15 bis artikulua. Arrezife artifizialak.

1.Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak kanpoko uretan arrezife artifizialak jartzeko baimena eman ahal izango du.

2.Arrezifeek aldi berean kanpoko urak eta barruko urak hartzen dituzten kasuetan, Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak eta barruko uren titularra den autonomia-erkidegoak batera emango dute baimena.

3.Arrezife artifizial bat jartzeko baimenak ez dio baimen horren titularrari hartutako eremua ustiatzeko lehentasunezko eskubidea emango.

4.Erregelamendu bidez ezarriko dira arrezifeek bete beharreko gutxieneko baldintzak; betiere, itsas ingurunean kutsadurarik eragiten ez duten materialez eraikitakoak izan beharko dira. Espresuki baztertuta geratzen da txatarra eta berariaz baimendu gabeko bestelako hondakin-materialak erabiltzea.

5.Erregelamendu bidez ezarritako baldintzak betez baino ezin izango dira ontziak hondoratu, arrezife artifizialak ezartzeko xedearekin.»

Sei. Aldatu egiten da 22. artikulua, eta honela gelditzen da idatzita:

«22. artikulua. Arrantza Flota Operatiboaren Errolda.

1.Arrantza Flota Operatiboaren Erroldak arrantza-jarduera titulu honen aplikazio-eremuko uretan gauza dezaketen bandera espainoleko ontzien zerrenda jasoko du; hau da, kanpoko uretan arrantzatzen duten ontziena, eta aldi berean kanpoko eta barruko uretan aritzen diren ontziena. Errolda horren funtzionamendua erregelamendu bidez garatuko da. Flotaren arrantza-ahaleginean eragina izan dezaketen ontzien parametro guztiak jasoko ditu erroldak; modalitateak, arrantza-

tokiak eta arrantzategiak barne. Erroldaren edukia 57. artikuluan sortzen den Arrantza Flotaren Erregistro Nagusian biltzen da.

2.Errolda horretan jasotako ontziek soilik jaso ahal izango dituzte arrantzarako edo arrantza-eginkizun osagarrietarako baimena eta egiaztagiriak.

3.Arrantza Flota Operatiboaren Erroldan inskribatzeak ez du desagerrarazten Merkataritza Erregistroan eta egon daitezkeen beste erregistro publikoetan inskribatzeko betebeharra.

4.Arrantza Flota Operatiboaren Erroldan atxikitzearen ondorioetarako, ontzi guztiak modalitatearen eta arrantzategiaren araberako errolda bakar bati atxikita egongo dira.»

Zazpi. Aldatu egiten da 33. artikulua, eta honela gelditzen da idatzita:

«33. artikulua. Arrantza-egunkaria.

1.Arrantza-ontzietako kapitainek arrantza-egunkaria eramango dute itsasontzian, bertan arrantza-jardueraren xehetasunak jasotzeko xedearekin, erregelamendu bidez ezarritako baldintzetan.

2.Indarreko araudiaren arabera behartuta dauden arrantza-ontzietako kapitainek baliabide elektronikoen bidez erregistratuko dute arrantza-jarduerei buruzko informazioa, eta gutxienez egunean behin transmitituko diote agintari eskudunari, baliabide elektronikoen bidez, baita harrapaketarik egin ez denean ere.

3.Europako Erkidegoko araudiari jarraiki, ezaugarri eta jarduera jakin batzuetako arrantza-ontziak arrantza-egunkaria eramateko betebeharretik salbuetsi ahal izango dira.»

Zortzi. 34. artikuluari 4 zenbakia gehitzen zaio, eta honela gelditzen da idatzita:

«4. Indarreko araudiaren arabera behartuta dauden arrantza-ontzietako kapitainek baliabide elektronikoen bidez erregistratuko dituzte lehorreratzeadierazpenaren datuak, eta baliabide elektronikoen bidez transmitituko dizkiote agintari eskudunari.»

Bederatzi. Aldatu egiten da 38. artikuluaren lehenengo zenbakia, eta honela geratzen da idatzita:

«38. artikulua. Kanpoko uretako itsas arrantzaren ikuskatzaileak.

1.Kanpoko uretako itsas arrantzaren ikuskatzaileek agintaritzaren agenteen izaera izango dute ikuskaritzan jarduten direnean, kalterik egin gabe Indar Armatuen eta Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoen eskumenei.»

Hamar. 40 bis artikulu berri bat eransten da, eta honela gelditzen da idatzita:

«40 bis artikulua. Legez kanpoko, aitortu gabeko eta arautu gabeko arrantza kontrolatzea.

1.Beharrezko kontroleta ikuskatze-neurriak hartuko dira, ziurtatzeko Espainian inportatutako eta Espainiatik esportatutako arrantza-produktuak harrapatu direla nazioarteko kontserbazioeta antolamendu-neurriak errespetatuz, bai eta, kasuan kasu, dagokion arrantza-ontziari aplikatzekoak zaizkion gainerako arauak errespetatuz ere, eta, halaber, ziurtatzeko arrantza-produktu horiek ez direla legez kanpoko, aitortu gabeko eta arautu gabeko arrantzaren ondorio.

2.Neurri horien helburu nagusia ondorengo ontzi hauen jarduera prebenitzea, desakuilatzea eta ezabatzea izango da: ontzi aberrigabeena, erregelamendu bidez komenentziazko banderamendu gisa kalifikatutako herrialdeetako bandera duten ontziena, edota legez kanpoko arrantza-jarduerak egiteagatik nazioarteko erakundeek identifikatutako hirugarren herrialdeetako ontziena.

3.Beharrezko diren ekintzak sustatuko dira, nazional espainolekoak eraginkortasunez konbentzitzeko legez kanpoko, aitortu gabeko eta arautu gabeko arrantzarik egin ez dezaten, edo Erkidegoko uretatik at arrantzatzen duten hirugarren herrialdeetan banderatutako ontziek egitea erraztu ez dezaten; halaber, neurriak hartuko dira, bai nazional horiek identifikatzeko, bai Erkidegoko uretatik at jarduten duten hirugarren herrialdeetako ontziekin zerikusia duten nazionalen jarduerak egiaztatzeko.»

Hamaika. Aldatu egiten da 57. artikulua, eta honela gelditzen da idatzita:

«57. artikulua. Arrantza Flotaren Erregistro Nagusia.

1.Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioan, Arrantza Flotaren Erregistro Nagusia sortzen da; bertan, Erkidegoko Ontzien Erregistroa osatzen duten bandera espainoleko arrantza-ontzi guztiak jasoko dira.

2.Erregistro Nagusi hori ondoko ontzi hauek osatuko dute: kanpoko uretan arrantzatzen aritzen diren ontziek eta kanpoko zein barruko uretan aldi berean aritzen direnek (22. artikuluan araututako Arrantza Flota Operatiboaren Erroldan jasotakoek, alegia) , eta, halaber, barruko uretan soilik aritzen direnek.

3.Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioa arduratuko da Arrantza Flotaren Erregistro Nagusi hori eramateaz eta dagozkion aldaketak egiteaz, bai eta Europar Batasunari komunikatzeaz ere; horrez gain, komunikazio elektroniko iraunkorra izango du autonomia-erkidegoekin, horiek barruko uretan soilik jarduten duten ontzien eta akuikulturako instalazioetako ontzi laguntzaileen datuak erregistroan jasotzera behartuta baitaude, eta azken horien erregistro edo erroldaren eskumena baitaukate.

4.Erregistro Nagusi horren funtzionamendua erregelamendu bidez garatuko da.

5.Arrantza-xedeetarako laguntza publikoak eta autonomia-erkidegoentzako funts nazionalen transferentziak jaso ahal izateko, bai eta Europar Batasuneko arauek Erkidegoko Erregistroarekin lotzen dituzten Arrantza Politika Bateratuaren gainerako neurrien onuradun izateko ere, beharrezkoa da artikulu honetan aurreikusitako informazioa hornitzeko obligazioak behar bezala betetzea.»

Hamabi. Aldatu egiten da 58. artikulua, eta honela gelditzen da idatzita:

«58. artikulua. Eraikuntza-, modernizazioeta eraldaketa-programak.

1.Gobernuak xedatutako programen esparruan eraikiko, modernizatuko eta eraldatuko dira arrantza-ontziak, arrantza-ahalegina egokitzearren baliabideen egoerara, dauden arrantza-tokien egoerara, eta arrantza-toki espezifikoak kudeatzeko indarrean dauden planetara. Programa horietan, autonomia-erkidegoek parte hartuko dute, dagokien eskumenen esparruan.

2.Ontzien eta Ontzi-enpresen Erregistroko hirugarren zerrendako ontzien tonajea eta/edo propultsio-indarra nahitaezko baimenik gabe alteratzean, beharrezkoa izango da tonajean eta/edo propultsio-indarrean eragindako gorakaden erregistratutako baja baliokideak ekartzea, kalterik egin gabe baimen horiek ez izateak legearen edo erregelamenduaren arabera izan ditzakeen gainerako ondorioei.»

Hamahiru. Aldatu egiten da 59. artikulua; horren 3. zenbakia ezabatu egiten da, eta

1. eta 2. zenbakiak honela gelditzen dira idatzita:

«59. artikulua. Arrantza-ontzi berriak egitea.

1.Arrantza-ontziak egiteko baimena emateko, beharrezkoa izango da eraikiko diren unitateek Arrantza Flotaren Erregistro Nagusian inskribatutako eta baja emandako ontzi bat edo batzuk ordeztea, erregelamendu bidez ezarritako baldintzetan.

Baldintza horiek arrantza-ontzien tonajeari, potentziari eta gainerako betekizun teknikoei buruzkoak izango dira, arrantza-ontzien arrantza-modalitateen edo arrantza-tokien arabera.

2.Sustapen Ministerioaren eskumenei kalterik egin gabe, ontziak oinarriportua izango duen autonomia-erkidegoari dagokio arrantza-ontzi berriak egiteko baimena ematea.

Autonomia-erkidegoak, baimen hori emateko, kontuan izango ditu, batetik, dagokion oinarrizko araudia, eta, bestetik, Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak emandako aldez aurreko aldeko txostena, itsas arrantzari dagokionez dituen eskumen esklusiboko alderdiei buruzkoa.»

Hamalau. Aldatu egiten da 60. artikuluaren 2. zenbakia, eta honela gelditzen da idatzita:

«2. Modernizazioeta eraldaketa-obren ondorioz arrantza-ahalegina areagotzen denean, Arrantza Flotaren Erregistro Nagusian inskribatutako beste ontzi batzuen baja ematea eskatuko da, erregelamendu bidez ezarritako moduan edo salbuespenekin.»

Hamabost. Aldatu egiten da 62. artikuluaren 3. zenbakia, eta honela gelditzen da idatzita:

«3. Arrantza-ontzi bat behin betiko geldiarazten denean, baja emango zaio Arrantza Flotaren Erregistro Nagusian eta Ontzien eta Ontzi-enpresen Erregistroko hirugarren zerrendan.»

Hamasei. Beste kapitulu bat sartzen da II. tituluan; zehazki, VI.a, arrantzaeta akuikultura-sektorearen dibertsifikazio ekonomikorako neurriei buruzkoa. Eduki hau izango du:

«VI. KAPITULUA

Arrantza eta akuikultura dibertsifikatzeko neurriak

74 bis artikulua. Arrantzaeta akuikultura-sektorearen dibertsifikazio ekonomikoa koordinatzea eta sustatzea.

Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak arrantzaeta akuikulturasektorearen dibertsifikazio ekonomikorako neurriak bultzatuko ditu; bereziki, akuikultura-turismoa, arrantza-turismoa edo itsas turismoa, eta turismo-arrantza, kalterik egin gabe Industria, Energia eta Turismo Ministerioaren eta autonomiaerkidegoen eskumenei.

74 ter artikulua. Turismo-arrantzaren baldintzak.

1.Turismo-arrantzan jarduteko, beharrezkoa izango da Sustapen Ministerioaren aldez aurreko aldeko txostena jasotzea (itsas segurtasuneko, nabigazioko, itsasoan giza bizitzaren eta kutsadura prebenitzeko baldintzei buruzkoa) , eta Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioari aurrez komunikatzea, kalterik egin gabe dagokion legedian Espainiako lurraldean legez finkatutako operadoreentzat aurreikusitako eskakizunei.

2.Jarduera hori bateragarria izango da ontziari baimenduriko erauztearrantzarekin; betiere, ontziak erregelamendu bidez ezarritako segurtasuneta bizigarritasun-baldintzak betetzen baditu. Dena den, ontzi horretan ontziratutako turistek ezingo dute arrantza-jardueran aritu.

Erregelamenduz ezarriko dira, autonomia-erkidegoak kontsultatu ostean, erauzte-arrantzaren eta turismo-arrantzaren osagarritasuneta bateragarritasunbaldintzak eta bidaiariak ontziratzeko baldintzak.

3.Lehen zenbakian xedatutakoari jarraiki, jarduera horiek sektoreko profesionalek gauzatuko dituzte; profesional horiek Itsasoko Langileen Gizarte Segurantzako Araubide Bereziaren mende egongo dira, beraz.

4.Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumeneko ministroak, autonomia-erkidegoei kontsulta egin ostean, kanpoko uretan turismo-arrantza egiteko neurri espezifikoak ezarri ahal izango ditu, arrantza-baliabideak babestu eta kontserbatzeko xedez.

5.Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioari jarduera horretan aritzen diren ontziak zein diren adierazi beharko zaio.

6.Turismo-arrantza egitea erabakitzen duten ontziek erantzukizun zibila estaltzeko asegurua edo berme finantzario baliokidea sinatu beharko dute, itsas legediari jarraiki erregelamendu bidez ezarritako baldintzetan.

7.Horrela lortutako arrantza-produktuak merkaturatzeko baldintzak erregelamendu bidez erregulatu ahal izango dira.»

Hamazazpi. Aldatu egiten da 79. artikulua, eta honela gelditzen da idatzita:

«79. artikulua. Debekuak.

1.Ondoko kasu hauetan, debekatuta dago arrantzako eta itsaski-bilketako produktuak merkaturatzea, edozein dela ere haien jatorria, baita produktu horiek ukaitea, edukitzea, garraiatzea, trafikatzea, biltegiratzea, eraldatzea, erakustea eta saltzea ere:

a) Kasuan kasu aplikatzekoa den nazioarteko, erkidegoko, estatuko eta autonomiako araudian xedatutakoa baino tamaina edo pisu txikiagoa izatean.

b) Legez kanpoko, aitortu gabeko eta arautu gabeko arrantzan dutenean

jatorria.

c) Horiek eskuratzeko modua ez datorrenean bat aplikatzekoa den nazioarteko, erkidegoko, estatuko eta autonomiako araudiarekin.

d) Aplikatutako osasun-araudia betetzen ez dutenean.»

Hemezortzi. Aldatu egiten da V. titulua, eta honela gelditzen da:

«V. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

I. KAPITULUA

Xedea eta printzipio orokorrak

89. artikulua. Xedea.

Hauek dira titulu honen xedeak:

a) Itsas arrantzaren arloko zehapen-araubidea ezartzea. Estatuko Administrazio Orokorreko organo eskudunei dagokie araubide hori aplikatzea.

b) Zehapen-araubidearen oinarrizko araudia ezartzea, arrantza-sektorea eta arrantza-produktuen merkataritzajarduera antolatzeari dagokionez. Autonomiaerkidegoetako organo eskudunei dagokie oinarrizko araudi hori lege bidez garatzea eta betearaztea.

90. artikulua. Aplikazio-eremua.

Titulu honetako manuak aplikatuko dira jokabideak edo egitateak ondoko leku hauetan gertatu direnean:

a) Espainiaren subiranotasunaren edo jurisdikzioaren mendeko lurraldean eta itsasoko uretan.

b) Espainiaren subiranotasunaren edo jurisdikzioaren mendeko lurraldetik edo itsasoko uretatik at, Espainiako bandera duten ontzietan edo horietaz baliatuz, pertsona fisikoek edo juridikoek egitean.

c) Espainiaren subiranotasunaren edo jurisdikzioaren mendeko lurraldetik edo itsasoko uretatik at, espainiar nazionalitateko pertsona fisikoek edo juridikoek egitean, aberririk edo nazionalitaterik gabeko ontzietan; edo bandera atzerritarra duten ontzietan edo horietaz baliatuta, azken kasu horretan banderaren jabe den estatuak zehatzeko eskumena baliatu ez duenean, indarrean dagoen araudiaren arabera.

d) Aurreko letretan xedatutakoaz gain, aplikatzekoak izango dira, halaber, Espainiaren subiranotasunaren edo jurisdikzioaren mendeko lurralde edo itsasoko uretan detektatutako gertakari edo jarrerei, baldin eta Europako Erkidegoko edo nazioarteko araudian ezarritako baldintzen arabera legez kanpoko, aitortu gabeko eta arautu gabeko arrantza badira, alor horretatik at eginak izan arren, egileen eta ontzien banderaren nazionalitatea edozein izanik ere.

91. artikulua. Erantzuleak.

1.Lege honetan tipifikatutako arau-hausteen erantzuleak pertsona fisikoak edo juridikoak izango dira, arau-hauste horiek beren kabuz egiten dituztenean, edo indarrean dagoen merkataritza-legediaren arabera sozietate-kontrola duten pertsona juridikoen bidez, aldi baterako enpresa-elkarteetan, taldeetan edo nortasunik gabeko ondasun-erkidegoetan jasota egon arren.

2.Erantzule solidarioak:

a) Arau-haustea hainbat pertsonari egoztekoa denean, eta bakoitzaren partaidetza-maila zehazterik ez dagoenean, ondoko hauek modu solidarioan erantzungo dute:

1.a Itsaso arrantzaren arloko arau-hausteen kasuan, ontzi-jabeek, armadoreek, pleitariek, inportatzaileek eta horien ordezkariek, atoilariek, kontsignatarioek, arrainlonjen emakiden titularrek, lehen salmentarako baimendutako arduradunek, handizkako merkatuek, hegalaburra eta bestelako arrantza-baliabideak gizentzeko instalazioetako arduradunek, kapitainek eta patroiek, edo arrantza-jarduerak zuzentzen dituzten pertsonek.

2.a Arrantza-produktuen garraiolariek edo produktu horien garraioan parte hartzen duen beste edonork, 103 d) artikuluan aurreikusitako arau-hausteari dagokionez.

3.a Arrantza-produktuak merkaturatzen edo eraldatzen dituzten enpresen jabeek eta horietako arduradunek, jarduera horiei eragiten dieten arau-hausteen kasuan.

b) Lege-xedapen batean jasotako obligazioak betetzea hainbat pertsonari batera dagokienean, modu solidarioan izango dira egindako arau-hausteen eta ezarritako zehapenen erantzule.

c) Besteek egindako administrazioko arau-haustea prebenitzeko betebeharra duten pertsona fisikoak eta juridikoak legeak ezarritako obligazioak ez betetzearen erantzule solidario izango dira, lege honek hala xedatzen duen kasuetan.

3.Ontzi-jabeek eta/edo armadoreek, itsas arrantzako ustezko administrazioko arau-hauste baten salaketa egonez gero, ontziaren patroia eta/edo arduraduna identifikatzeko betebeharra daukate, hori egitea behar bezala eskatzen zaienean; obligazio hori betetzen ez badute, zehapena ezarriko zaie, ikuskapen-lanetan ez laguntzeagatik edo lan horiek oztopatzeagatik arau-hauste astunaren egile izateagatik.

92. artikulua. Erantzukizunen konkurrentzia.

1.Lege honetan tipifikatutako egiteengatiko edo ez-egiteengatiko erantzukizunak administrazio-izaera du, eta ez du baztertzen beste ordenaren batean izan daitekeen erantzukizuna.

2.Arau-hauste beraren ondorioz hainbat subjekturi ezarritako zehapenak independenteak izango dira.

3.Zigoredo administrazio-arloan zehatutako egintzak ezin izango dira zehatu, berberak direnean subjektua, egitatea eta oinarria.

4.Jokabidea delitua izan daitekeen kasuetan, Administrazioak jurisdikzio eskudunari pasatuko dio erruduntasun-testigantza, eta utzi egingo dio zehapenprozedura izapidetzeari, harik eta agintaritza judizialak epai irmoa eman arte, jarduketak largetsi nahiz artxibatu arte, edota Fiskaltzak espedientea itzuli arte.

5.Deliturik edo faltarik hautematen ez bada, administrazio-organo eskudunak aurrera egingo du zehapen-espedientearen izapideetan. Ebazpen judizial irmoan frogatutzat emandako egitateak lotesleak izango dira administrazio-organoarentzat.

93. artikulua. Arau-hausteen eta zehapenen preskripzioa.

1.Lege honetan aurreikusitako arau-hauste administratiboak ondoko epeetan preskribatuko dira: oso astunak, hiru urteren buruan; astunak, bi urteren buruan, eta arinak urtebeteren buruan.

2.Arau-hauste oso astunak egiteagatik ezarritako zehapenak hiru urtera preskribatuko dira; arau-hauste astunengatik ezarritakoak, bi urtera, eta arau-hauste arinengatik ezarritakoak, berriz, urtebetera.

3.Arau-hausteen eta zehapenen preskripzio-epeak zenbatzeko, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 132. artikuluaren 2. eta 3. zenbakietan xedatutakoa beteko da.

Arau-hauste jarraituen kasuan, jarduera amaitzen den unean edo arau-haustea burutzen duen azken egintza amaitzen den unean hasiko da zenbatzen preskripzioepea. Arau-haustea osatzen duten gertakari edo jarduerak ezezagunak badira, kanpo-aztarnarik uzten ez dutelako, agerian geratzen direnean hasiko da epea zenbatzen.

94. artikulua. Zehapen-prozedura izapidetzeko epea.

1.Zehatzeko ebazpena izapidetu, ebatzi eta jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da arau-hauste arinetarako, eta bederatzi hilabetekoa arauhauste astunetarako eta oso astunetarako. Epe hori prozedura hasteko akordioa hartzen denetik zenbatuko da.

2.Epe hori igarotakoan, ebazteko eskumena duen organoak jarduketen iraungipena deklaratuko du; hala ere, organo eskudunari prozedura berri bat has dezala eskatu ahalko dio, arau-haustea preskribatu ez bada.

95. artikulua. Aldez aurreko eta ikerketako jarduketak.

1.Aldez aurreko jarduketen esparruan edo zehapen-prozedura bat instruitzean, funtzionario eskudunek pertsona fisiko edo juridikoak ikertu ahal izango dituzte, pertsona horiek arrantza-jarduerarekin edo arrantza-produktuak merkaturatzearekin zuzenean edo zeharka nolabaiteko harreman juridikoa, merkataritzakoa, finantzakoa edo bestelakoa izan dezaketenean.

2.Hala pertsona fisikoak nola 1. zenbakian aipatutako pertsona juridikoen administratzaileak, ordezkariak eta enplegatuak behartuta egongo dira funtzionario eskudunei beren eginkizunak betetzean laguntza ematera, bai eta eskatutako dokumentazioa ematera ere, ikerketaedo instrukzio-lanak errazte aldera.

3.Ikerketako edo instrukzioko jarduketak oinarritu ahal izango dira dokumentu, liburu, kontabilitate nagusi eta osagarri, fitxategi, faktura, egiaztagiri, ikerketaren ondorioetarako garrantzia duten gutun, informatizatutako datu-base, programa eta jarduera ekonomikoei buruzko erregistro eta fitxategi informatikoen azterketan, nahiz ondasun, elementu, ustiaketa eta Administrazioari eman beharreko edo arrantzaaraudia eta arrantza-produktuak merkaturatzeko araudian ezarritako betebeharretarako eska daitekeen beste edozein aurrekari edo informazioren ikuskapenean.

4.Ikerketa-, ikuskapenedo instrukzio-jarduerek hala eskatzen dutenean, eginkizun horiek betetzen dituzten funtzionarioak ontzietako gela guztietan sartu ahal izango dira, bai eta arrantza-jarduerarekin edo arrantza-produktuak merkaturatzearekin zerikusia duten jarduerak gauzatzen diren finka, negozio-lokal eta gainerako establezimendu edo lekuetan ere, Europako Erkidegoan INDNR arrantza kontrolatu eta borrokatzeko dagoen araudiari jarraiki.

5.Ikerketa-jarduerak gauzatzean Konstituzioaren bidez babestutako etxean sartzea beharrezkoa denean, Administrazioak haren onespena edo dagokion baimen judiziala eskuratu beharko du.

6.Ikuskatzaileek laguntza-langileen laguntza jaso ahal izango dute ikuskapenetan; nolanahi ere, laguntza hori jasotzeak ez ditu ikuskatzaileak esleituta dauzkaten eginkizunak betetzeko obligaziotik salbuetsiko.

7.Ikuskapen-bisita egitean, agenteek eta agintariek beren presentzia komunikatu beharko dute, komunikazio horrek haien eginkizunen arrakasta kalte dezakeela uste dutenean izan ezik.

96. artikulua. Jakinarazpenak.

1.Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 58. eta 59. artikuluetan xedatutakoari jarraiki, kapitainak eta patroiak edo arrantza-jarduerak zuzentzen dituzten interesdunak jakinarazita daudela joko da, zerbitzua emateko baliatzen duten arrantza-lizentziaren titularrari jakinarazpena egin zaionean.

2.Estatuko Administrazio Orokorrak itsas arrantzaren arloko zehapenprozeduren esparruan jakinarazi beharreko egintzen harira, Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumeneko ministroak finkatu ahal izango du arrantza-lizentzien titularrek baliabide elektronikoak nahitaez eta/edo borondatez erabil ditzatela, titular horiek gaitasun ekonomiko edo teknikoagatik, dedikazioagatik edo erregelamendu bidez garatutako bestelako arrazoiengatik beharrezkoak diren baliabide teknologikoen irisgarritasuna eta eskuragarritasuna bermatuta dutenean.

97. artikulua. Behin-behineko neurriak.

1.Itsas arrantzaren arloko eskumena duten agintariek eta ordezkaritzaz edo zuzenbidean aurreikusitako beste edozein forma juridikoz diharduten agente eta agintariek beharrezko diren behin-behineko neurriak hartu ahal izango dituzte ustezko arau-hauste bat gertatu dela jakiten dutenetik; neurri horien artean egongo dira arrantza-baimenak indargabetzea, ontzia atzematea eta atxikitzea, eta arrantzaaparailuak eta tresnak, arrantzako harrapaketak edo arrantzako produktuak edo ustezko arau-hauste astunen edo oso astunen kasuetan eskuratutako produktuak edo ondasunak konfiskatzea; guztia ere, besteak beste, egokitu daitekeen ebazpenaren eraginkortasuna ziurtatzeko, prozedura ondo burutzeko, arauhaustearen ondorioen jarraitasuna eragozteko, eta/edo interes orokorrak bermatzeko. Neurri horiek guztiak modu metagarrian hartu ahal izango dira.

2.Behin-behineko neurritzat hartuko dira nazioarteko araudian eta Europako Erkidegokoan legez kanpoko, aitortu gabeko eta arautu gabeko arrantzaren aurkako hertsapen-neurri gisa identifikatutakoak.

3.Neurri horiek arrazoituta hartuko dira. Urgentzia edo premia dela eta beharrezkoa denean, agintari eskudunek ahoz hartuko dituzte neurri horiek, beren

jokabidea arrazoituz; akordioa eta horren zioa ahalik eta lasterren jaso beharko dituzte idatziz, gehienez ere bost eguneko epean, eta interesdunei helaraziko diete.

4.Prozedura hasteko akordioan, behin-behineko neurriak berretsi, aldatu edo kendu egin beharko dira, hartzen direnetik hamabost eguneko epean. Hartutako neurriak baliorik gabe geratuko dira, baldin eta prozedura ez bada aipatutako epean hasten, edota prozedura hasteko akordioan ez bada neurriei buruzko erabaki espresurik jasotzen.

5.Behin-behineko neurriak arrazoizkotasunean oinarrituta hartuko dira, eta herritarraren egoera juridikoa gutxien kaltetzen duena hautatuko da.

98. artikulua. Behin-behineko neurri gisa, ontziak atzematea edo atxikitzea, eta arrantza-aparailuak eta -tresnak edo arrantza-harrapaketak edo -produktuak edo eskuratutako produktu edo ondasunak konfiskatzea.

1.Atzemandako eta/edo atxikitako ontziak luzapenik gabe askatuko dira, aurrez araudiaren arabera ezarritako fidantza edo bestelako finantza-bermea emanda, zeinaren zenbatekoa organo eskudunak finkatuko duen, dagokion administrazio-egintzaren bidez; zenbateko hori ezingo da izan egindako arauhausteagatik edo arau-hausteengatik egokitutako zehapenaren zenbatekoa baino handiagoa. Fidantza emateko epea hilabetekoa izango da, haren zenbatekoa finkatzen denetik hasita; epe hori beste horrenbeste denboraz luzatu ahal izango da, justifikatutako arrazoiengatik. Fidantza ez bada ezarritako epean ematen, ontzia Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioaren esku geratuko da, eta ministerio horrek ontziaren kokapena eta helburua erabaki ahal izango ditu, indarrean dagoen legediari eta Nazioarteko Zuzenbidearen erregulazioari jarraiki, azken hori Itsas Zuzenbidearen Nazio Batuen Konbentziotik eta egoitza Hanburgon duen Itsas Zuzenbidearen Nazioarteko Auzitegiaren jurisprudentziatik eratorritakoa izanik.

2.Konfiskatutako arauz kontrako arrantza-aparailu edo tresnak suntsitu egingo dira. Arauzkoak izanik konfiskatutakoak interesdunari itzuliko zaizkio; hala ere, aldez aurretik, legez aurreikusitako fidantza edo bestelako finantza-bermea eratu beharko du. Horretarako modua, prozedura eta ondorioak aurreko paragrafoan adierazitako berberak izango dira.

3.Konfiskatutako arrantza-harrapaketak eta/edo arrantza-produktuak itsas ingurunera itzuli beharko dira, luzatu gabe, bizirik irauteko aukerak dituztenean. Hala ez bada, kontsumorako egokiak direnean, aukera hauek egongo dira:

a) Erakunde ongileen eta irabazi-asmorik gabeko bestelako erakunde publiko eta pribatuen artean banatzea. Aukera horrek lehentasuna izango du.

b) Lonjan edo baimendutako lekuan saltzea; salmenta horren zenbatekoa gordailuan geratuko da, zehapen-prozedurari hasiera emateko eskumena duen organoaren eskura.

c) Subsidiarioki, eta lonjan saltzea ezinezkoa denean, enkante publikoaren prozedurari hasiera ematea adostuko da, erregelamendu bidez garatutako baldintzetan.

d) Azken aukera gisa, eta soil-soilik aurreko aukeretako bat ere baliatu ezin den kasuetan, giza kontsumora bideratu gabeko animalia-azpiproduktu gisa kategorizatuko dira, eta aplikatzekoa zaien araudiari jarraiki tratatuko dira, suntsitzea dagokienean izan ezik.

4.Konfiskatutako arrantza-harrapaketak eta/edo arrantza-produktuak kontsumorako egokiak ez direnean, giza kontsumora bideratu gabeko animaliaazpiproduktu gisa sailkatuko eta tratatuko dira, aplikatzekoa zaien araudiaren arabera, suntsitzea dagokienean izan ezik.

5.Behin-behineko neurriek eta kautela-neurriek eragindako gastuak ustezko arau-hausleak ordaindu beharko ditu, bai eta zehapenetatik eratorritako gastuak ere, halakorik egonez gero.

II. KAPITULUA

Kanpoko uretan egindako itsas arrantzaren arloko arau-hauste

administratiboak

99. artikulua. Arau-hauste arinak.

Lege honen ondorioetarako, hauek dira arau-hauste arinak:

a) Lizentzian azaltzen diren datu eta inguruabar pertsonalen edozein eguneraketa egitea, aldez aurreko administrazio-baimenik behar ez denean, legez aurreikusitako komunikazioa egin gabe.

b) Arrantzatzen eta arraina aukeratzen aritzea araudiaren arabera erabilitako argien ikusgarritasuna oztopatzen denean.

c) Arrantza-egunkarian, ontziko egunkari elektronikoan eta lehorreratzeadierazpenean oharpenak oker jasotzea; betiere, harrapaketei, arrantza-ahaleginari edo arrantza-sareak botatako kokapen geografikoari buruzko datuak alteratzen ez badira.

d) Kirol-arrantzan aritzea lizentziarik edo baimenik eraman gabe, horiek indarrean edukita.

e) Estatuko Administrazio Orokorrari informatzeko nahitaezko obligazioak ez betetzea, edo komunikazioa egitea epeak edo baldintzak bete gabe, arau-hauste astun edo oso astun gisa tipifikatuta ez badago, nahitaezkoa den erregistroko informazioa barne.

f) Lurretik kanaberarekin kirol-arrantzan aritzea, dagokion lizentzia edo baimena eduki gabe.

g) Europako Erkidegoko arrantza-legedian ezarritako obligazioak edo arrantzaren arloko nazioarteko tratatuetan aurreikusitako obligazioak ez betetzea dakarten egiteak edo ez-egiteak, baldin eta arau-hauste astuna edo oso astuna ez badira.

h) Lege honetan edo itsas arrantzari buruz indarrean dagoen gainerako legedian ezarritakoaren edozein arau-hauste egitea, arau-hauste hori astun edo oso astun gisa tipifikatuta ez dagoenean.

100. artikulua. Arau-hauste astunak.

Lege honen ondorioetarako, hauek dira arau-hauste astunak:

1.Jarduteari dagokionez:

a) Arrantza-jardueretan aritzea edo jardutea, lizentzia edo dagozkion baimenak eduki gabe.

b) Arrantza-baimenetan ezarritako baldintzak ez betetzea.

c) Arrantza-modalitateei buruz indarrean dauden arauak ez betetzea.

d) Arrantza-modalitatea aldatzea, nahitaezko baimenik eduki gabe.

e) Arrantza-jardueretan aritzea, dagokion errolda espezifikoan jasota egon

gabe.

f) Arrantza-jarduerak gauzatzea debekatutako hondoetan, baimendu gabeko arrantzategietan, eremuetan edo denbora-tarteetan edo debekualdiko eremuetan.

g) Arrantza-ahaleginari edo arrantza-aparailuak uretara botatzeko denborari buruzko arauak ez betetzea.

h) Indarrean dagoen araudia betetzen ez duten buiak edo balizak erabiltzea edo edukitzea ontzian, edo seinaleztapenari buruzko araudiaren beste edozein alderdi ez betetzea.

i) Indarrean dagoen araudian ontzi eta arrantza-aparailuetarako ezarritako gutxieneko distantziak errespetatzeko obligazioa ez betetzea.

j) Interesdunari egozgarriak diren arrazoiengatik, legez baimendutakoak baino arrantza-baimen gehiago eskuratzea.

k) Kirol-arrantzako lehiaketak antolatzea, nahitaezko baimena eduki gabe edo baimenaren baldintzak bete gabe.

l) Itsas arrantzaren arloan arau-hauste arin gisa tipifikatutako jokabide oro, lege honetako 91. artikuluan aipatutako pertsona fisikoek edo juridikoek egina, baldin eta pertsona horiek juridikoki lotura badute ontzi aberrigabeekin, araudiaren arabera komenentziazko banderamenduarekin kalifikatutako herrialdeetako bandera duten ontziekin, edo arrantzaren antolamendurako eskualde-erakundeek edo nazioarteko beste erakunde batzuek identifikatutako hirugarren herrialdeetako ontziekin, legez kanpoko, aitortu gabeko eta arautu gabeko arrantza-jarduerak egiteagatik, edo arrantza-baliabideak kontserbatu eta kudeatzeko neurrien aurkako jarduerak egiteagatik.

m) Itsas arrantzaren arloko nazioarteko tratatuei jarraiki ezarritako obligazioak ez betetzea, edo arrantzaren antolamendurako eskualde-erakundeetan edo nazioarteko beste erakunde batzuetan finkatutako arauak ez betetzea, ez-betetze horrek arrantza-baliabideak kontserbatzeko eta kudeatzeko neurriak urratzea dakarrenean.

2. Arrantza-jarduera kontrolatzeari eta ikuskatzeari dagokienez:

a) Arrantza-lizentzian edo dagokien arrantza-baimenetan ageri diren datuak eta inguruabarrak alteratzea.

b) Arrantza-egunkaria ontzian ez eramatea, edo ontziko egunkari elektronikoa instalatuta ez edukitzea, indarrean dagoen araudiak eskatutakoari jarraiki.

c) Arrantza-egunkaria, ontziko egunkari elektronikoa edo lehorreratzeadierazpena ez betetzea, edota, horiek betetzean, harrapaketei, arrantza-ahaleginari edo arrantza-sareak botatako kokapen geografikoari buruzko datuak alteratzea edo indarrean dagoen araudia urratzea.

d) Arrantza-baimenak, sotoko planoak eta indarrean dagoen araudiak eskatutako beste edozein dokumentu ontzian eramateko obligazioa ez betetzea.

e) Porturatzean arrantza-egunkariko orriak eta lehorreratze-adierazpena agintari eskudunei indarrean dagoen araudian ezarritako epean eta moduan entregatzeko obligazioa ez betetzea.

f) Agintari eskudunei ontziko egunkari elektronikoko grabaketak indarrean dagoen araudiari jarraiki transmititzeko obligazioa ez betetzea.

g) Ontziratutako espezieen kaxak edo enbalajeak oker identifikatzea edo ez identifikatzea.

h) Joan-etorriak, ontzi-aldaketak, porturatzeko aurreabisua, egindako harrapaketak edo harrapaketarik eza eta arrantza-ahaleginari buruzko informazioa jakinarazteko obligazioa ez betetzea indarrean dagoen araudian eskatutakoaren arabera.

i) Europar Batasunaren lurraldetik at harrapatutakoak lehorreratzean, Espainiako agintari eskudunei ez komunikatzea zein diren lehorreratutako espezieak, kantitateak eta lehorreratze-data, ez eta harrapaketak zein eremutan egin diren ere, edota datuak faltsutuz edo ezkutatuz komunikatzea.

j) Espainiako agintari eskudunei hirugarren herrialdeetako ontzietan erroldatu izana komunikatzeko obligazioa ez betetzea.

k) Satelite bidezko kontrol-gailua edo indarrean dagoen araudiaren arabera beharrezkoa den beste edozein ontzian instalatuta ez eramatea, interesdunari egozgarriak diren arrazoiengatik.

l) Kontrol-gailuak eraginkor edo piztuta ez edukitzea, eta, halaber, horien komunikazioak edo funtzionamendua manipulatzea, itzaltzea, alteratzea, kaltetzea edo interferitzea.

m) Kokapeneko eskuzko posizioak ez bidaltzea, indarrean dagoen araudiak bidaltzeko betebeharra ezartzen duen kasuetan.

n) Kontroleta ikuskapen-lan edo -prozeduretan eskuratutako frogak ezabatu, alteratu, ezkutatu edo estaltzea.

ñ) Indarrean dagoen araudiaren araberako sokazko eskailerarik ez edukitzea; itsas arrantzako agintari eskudunekin, agenteekin eta behatzaileekin (ordezkaritzaz jarduten dutenean, edo Zuzenbidean aurreikusitako beste edozein forma juridikoren bidez jarduten dutenean) lankidetzan ez jardutea, eta ikuskapen-lanak oztopatzea, horien garapena eragoztera heldu gabe.

o) Europako Erkidegokoak ez diren arrantza-ontziek lehorreratzeak baimendutako portuetan eta kontrolaz arduratzen diren funtzionarioen aurrean egiteko duten obligazioa ez betetzea, indarrean dagoen araudiak obligazio hori ezartzen dienean.

p) Europako Erkidegokoak ez diren arrantza-ontziak lehorreratzea, portura iristea eta sartzea, edo portuko zerbitzuak erabiltzea, indarrean dagoen araudian aurreikusitako jakinarazpenak eta/edo adierazpenak egin gabe edo dagokion baimena izan gabe.

q) Arrantzako produktuak baimendutakoez bestelako lekuetan lehorreratzea edo deskargatzea, arrantza-kontrol eta -ikuskapenerako eginkizunak eragotziz edo oztopatuz, lehorreratutako edo deskargatutako produktuei dagokienez.

r) Ontziaren folioa eta matrikula edo bestelako edozein bereizgarri indarrean dagoen araudian ezarritakoaren arabera modu ikusgarrian eramateko obligazioa ez betetzea, eta, halaber, horiek manipulatzea edo ikus daitezen eragoztea.

s) Indarrean dagoen araudiak hegalaburra harrapatzeari, atoian eramateari eta kaiolatzeari buruz ezarritako obligazioak eta baldintzak ez betetzea.

t) Indarrean dagoen araudiak lehen salmenta aurreko pisatzeari buruz ezarritako obligazioak eta baldintzak ez betetzea.

u) Indarrean dagoen araudiak bazterkinen debekuari buruz ezarritako obligazioak eta baldintzak ez betetzea.

3.Espezieei dagokienez:

a) Itsas baliabide bizidunen kudeaketa eta kontserbazioa kalte dezakeen edozein jarduera egitea, eta, halaber, urpeko jarduerak baimenik gabe gauzatzea, indarrean dagoen araudiaren arabera baimen hori beharrezkoa den eremuetan.

b) Itsas birpopulaketa egitea dagokion baimena izan gabe edo baimenean ezarritako baldintzak bete gabe.

c) Jatorria indarrean dagoen araudiaren arabera ziurtatu ez duten arrainespezieak ukaitea, ontziz aldatzea, lehorreratzea, zaintzea edo biltegiratzea, lehen salmentaren aurretik.

d) Arrain-espezieak harrapatzea, ukaitea, ontziz aldatzea, lehorreratzea, zaintzea edo biltegiratzea, lehen salmentaren aurretik, beharrezko baimenak izan gabe edo baimenetan ezarritakoez bestelako baldintzetan.

e) Baimendu gabeko edo harrapaketa onargarrien totala (TAC) edo kuota agortu duten arrantza-espezieak harrapatzea, ukaitea, ontziz aldatzea, lehorreratzea, zaintzea edo biltegiratzea, lehen salmentaren aurretik.

f) Baimendutakoaz beherako tamaina edo pisua duten arrantza-espezieak harrapatzea, ukaitea, ontziz aldatzea, lehorreratzea, zaintzea edo biltegiratzea, lehen salmentaren aurretik, edota, kasuan kasu, espezie jakin batzuetarako baimendutako marjinak gainditzea.

g) Baimendutako harrapaketako eta/edo lehorreratzeko gehieneko mugei buruzko araudia ez betetzea.

4. Arrantzako aparailu, tresna eta ekipamenduei dagokienez:

a) Horiek erabiltzeko moduari buruzko neurri teknikoak ez betetzea.

b) Debekatuta daudenak, baimendu gabekoak edo arauz kontrakoak direnak erabiltzea edo ontzian edukitzea.

c) Arrantza-aparailuak garraiatzeari, banatzeari eta kokatzeari buruzko araudia ez betetzea.

d) Arrantza-aparailuen selektibitatea murrizten duten gailuak erabiltzea.

e) Kirol-arrantza egitea, azaleko edo urpeko argi artifizialak erabiliz, edota arrantza-espezieak erakarri, detektatu edo artifizialki biltzeko beste edozein baliabide irregular erabiliz.

f) Urpeko kirol-arrantza egitea, arnasketa-ekipamendu autonomo edo erdiautonomoak erabilita, edo uretan murgilduta arnastea ahalbidetzen duen beste edozein sistema erabilita, edo hidrolerratzaileak edo antzeko ibilgailuak erabilita.

101. artikulua. Arau-hauste oso astunak.

Lege honen ondorioetarako, hauek dira arau-hauste oso astunak:

a) Itsas arrantzaren jarduera profesionaletan aritzea edo jardutea, Arrantza Flota Operatiboaren Erroldan jasota egon gabe.

b) Jarduerak egitea, arrantza-jardueran aritzeko eskubidea eragozteko xedearekin.

c) Edonolako baimenak edo lizentziak eskuratzeko, agiri, datu, inguruabar edo informazio faltsuak aurkeztea.

d) Arrantzan jarduteko laguntza publikoak eskuratzeko, agiri, datu, inguruabar edo informazio faltsuak aurkeztea, eta laguntza horiek aurreikusitakoez bestelako xedeetarako erabiltzea.

e) Europako Erkidegokoak ez diren arrantza-ontziak baimenik gabe arrantzan jardutea Espainiaren jurisdikziopeko uretan edo Espainiaren eremu ekonomiko esklusiboan.

f) Europako Erkidegokoak ez diren arrantza-ontziek indarrean dagoen araudiaren arabera identifikatu gabeko jatorria duten arrantza-produktuak ontzian edukitzea edo portu espainoletan lehorreratzea.

g) Indarrean dagoen araudian ezarritako aurretiko baimena eskuratu gabe, Europako Erkidegokoak ez diren herrialdeetako arrantza-produktuak lurralde nazionaleko edozein lekutan lehorreratzea edo deskargatzea.

h) Arrantzarako, lehergaiak, armak, substantzia toxikoak, pozoitsuak, lo-eragileak edo korrosiboak erabiltzea.

i) Itsas arrantzaren alorrean eskumena duten agintari, agente eta behatzaileei (ordezkaritzaz jarduten dutenean, edo Zuzenbidean aurreikusitako beste edozein forma juridikoren bidez jarduten dutenean) aurka egitea, desobeditzea edo oztopo larria jartzea, haien jarduera eragotziz.

j) Itsas arrantzaren arloko nazioarteko tratatuetan ezarritako betebeharrak urratzea, edota arrantzaren antolamendurako eskualde-erakundeetan edo nazioarteko beste erakundeetan ezarritako arauak urratzea, horiek ez betetzeak haien exekuzio normala arriskuan jar dezakeenean edo oztopoak jar ditzakeenean, edo Estatuak bere gain hartutako obligazioak ez betetzea ekartzen duenean edo ekar dezakeenean.

k) Arrantzaren antolamendurako eskualde-erakundeek edo nazioarteko beste erakunde batzuek legez kanpoko, aitortu gabeko eta arautu gabeko arrantzajardueretan aritzeagatik edo arrantza-baliabideak kontserbatzeko eta kudeatzeko neurrien kontrakoak izateagatik identifikatutako ontzi aberrigabeekin edo hirugarren herrialde batzuetako ontziekin ontzi-aldaketetan edo arrantzako baterako eragiketetan parte hartzea, edo ontzi horiei laguntza edo hornikuntza ematea.

l) Arrantzaren antolamendurako eskualde-erakundeek edo nazioarteko beste erakunde batzuek legez kanpoko, aitortu gabeko eta arautu gabeko arrantzajardueretan aritzeagatik edo arrantza-baliabideak kontserbatu eta kudeatzeko neurrien kontrakoak izateagatik identifikatutako ontzi aberrigabeak edo hirugarren herrialde batzuetako ontziak ustiatzen, kudeatzen eta jabetzan izaten parte hartzea, edo ontzi horiekin zerikusia duten merkataritza-, sozietateedo finantza-jarduerak gauzatzea.

m) Itsas arrantzaren arloan arau-hauste astun gisa tipifikatutako jokabide oro, lege honetako 91. artikuluan aipatutako pertsona fisikoek edo juridikoek egina,

baldin eta pertsona horiek juridikoki lotura badute ontzi aberrigabeekin, araudiaren arabera komenentziazko banderamenduarekin kalifikatutako herrialdeetako bandera duten ontziekin, edo arrantzaren antolamendurako eskualde-erakundeek edo nazioarteko beste erakunde batzuek identifikatutako hirugarren herrialdeetako ontziekin, legez kanpoko, aitortu gabeko eta arautu gabeko arrantza-jarduerak egiteagatik, edo arrantza-baliabideak kontserbatu eta kudeatzeko neurrien aurkako jarduerak egiteagatik.

III. KAPITULUA

Arrantza-sektorearen antolamenduaren eta arrantza-produktuen

merkaturatzearen arloko arau-hausteak

102. artikulua. Arau-hauste arinak.

Lege honen ondorioetarako, hauek dira arau-hauste arinak:

a) Herri-administrazioari informatzeko edo komunikatzeko nahitaezko obligazioak ez betetzea, ezarritako epeak edo baldintzak bete gabe, arau-hauste astun edo oso astun gisa tipifikatuta ez dagoenean.

b) Arrantza-produktuak horretarako finkatutako leku edo portuetatik at zamatzea.

103. artikulua. Arau-hauste astunak.

Lege honen ondorioetarako, hauek dira arau-hauste astunak:

a) Arrantza-espezieak merkaturatzea freskotasuneta kalibratze-kategoriei buruzko araudia ez betez, beharrezko baimenak eskuratu gabe, edota baimen horietan ezarritako baldintzez bestelakoetan.

b) Arrantza-ontziak eraikitzeko edo modernizatzeko eragiketak egitea, autonomia-erkidegoetako edo Estatuko organo eskudunen nahitaezko baimenak albo batera utzita edo horietan jasotakoa ez betez, organo horiei dagokien eskumenen alorrean.

c) Debekatutako arrantza-produktuak edo arauzko tamaina edo pisua baino txikiagoa dutenak ukaitea, kontsignatzea, garraiatzea, igarotzea, biltegiratzea, eraldatzea, erakustea eta saltzea, legez aurreikusitako moduetako edozeinetan.

d) Arrantza-produktuak garraiatzea, indarrean dagoen legediak eskatutako dokumentaziorik gabe.

e) Arrantzategi edo arrantza-modalitate bakoitzaren arabera ontzietarako finkatutako motorren potentziari edo bestelako parametroei buruz indarrean dagoen araudia ez betetzea.

f) Arrantza-ontziaren oinarria aldatzea aurrez dagokion administrazio-baimena eskuratu gabe, edo ez erabiltzea 65. artikuluan ezarritakoari jarraiki, ezinbestekasuan izan ezik.

g) Ikuskapen-lanei oztopoak jartzea, horiek egikaritzea eragotzi gabe.

h) Portuan sartzea edo portutik ateratzea arrantza-jarduerarako ezarritako ordutegitik kanpo, maniobra horiek beharraren edo ezinbestearen ondorio direnean izan ezik, portuko agintaritzaren eskumenei kalterik egin gabe.

i) Ezarritako arrantza-atsedenaldiak ez betetzea.

j) Arrantza-produktuak saltzea legez baimendu gabeko lekuetan edo moduan, edo eskatutako baldintzak ez betez; halaber, salmenta-oharra ez ematea, horretarako obligazioa dagoen kasuetan, edo bertan datu faltsuak sartzea.

k) Arrantza-jarduera profesionaletan aritzea, itsas arrantzako gaitasuna eta lanbide-heziketa egiaztatzen dituen titulaziorik eduki gabe.

l) Arrantza-espezieak eta -produktuak ezarritakoez bestelako baldintzetan lehorreratzea edo deskargatzea.

m) Kaxetan edo enbalajeetan, espezieak oker identifikatzea.

n) Indarrean dagoen araudiak eskatutako titulu edo txartel profesionalik ez duten langileak kontratatzea.

ñ) Ontziko eginkizun edo zerbitzu bat dagokion titulaziorik edo dispentsarik ez duen norbaitek egiteko baimena ematea.

o) Iruzurraren edo dokumentazio faltsuaren bidez, eginkizun edo zeregin zehatz bat gauzatzeko kontratu bat eskuratzea, indarrean dagoen araudiaren arabera horretarako titulu edo dispentsa egokia eduki behar denean.

p) Indarrean dagoen araudiak eskatutako trazabilitate-, etiketatze-, higieneedo kontsumitzailearentzako informazio-baldintzak betetzen ez dituzten arrantzaproduktuak ukaitea, kontsignatzea, garraiatzea, igarotzea, biltegiratzea, eraldatzea, erakustea eta saltzea, legez aurrez ikusitako moduetako edozeinetan.

104. artikulua. Arau-hauste oso astunak.

1.Lege honen ondorioetarako, hauek dira arau-hauste oso astunak:

a) Baimen zehatzak eskuratzea, dokumentu edo informazio faltsuetan oinarrituta.

b) Ikuskaritza-agintariei modu larrian aurka egitea edo desobeditzea, ikuskatzea eragotziz.

c) Astun gisa tipifikatutako jokabide oro, baldin eta urratu egiten badira nazioarteko tratatuetan edo hirugarren herrialdeetako arauetan jasotako obligazioak, eta zerikusia badute ontzi aberrigabeen arrantza-jarduerekin, araudiaren arabera komenentziazko banderamenduarekin kalifikatutako herrialdeetako bandera duten ontzien arrantza-jarduerekin, edo arrantzaren antolamendurako eskualdeerakundeek edo nazioarteko beste erakunde batzuek identifikatutako hirugarren herrialdeetako ontzien arrantza-jarduerekin, legez kanpoko, aitortu gabeko eta arautu gabeko arrantza-jarduerak egiteagatik, edo arrantza-baliabideak kontserbatu eta kudeatzeko neurrien aurkako jarduerak egiteagatik.

2.Diru-laguntzak, maileguak, eta, oro har, beste edozein laguntza mota datu faltsuetan oinarrituz eskuratu direnean, eta, halaber, aurreikusitakoez bestelako xedeetara bideratu direnean, diru-laguntzen arloan aplikatzekoa den araudian ezarritakoa beteko da.

IV. KAPITULUA

Zehapenak

105. artikulua. Zehapen motak.

1.Lege honetan aurreikusitako arau-hausteak egiteagatik, ondoko zehapen hauek ezar daitezke:

a) Ohartarazpena.

b) Kargu-hartze publikoa.

c) Diruzko zehapena.

d) Puntuak esleitzea, indarrean dagoen araudiaren arabera.

e) Arrantza-jardueretan aritzeko edo jarduteko desgaitzea.

f) Arrantza-aparailuak edo tresnak konfiskatzea.

g) Arrantza-harrapaketak edo -produktuak konfiskatzea, edo arauak haustean eskuratutako produktuak edo ondasunak.

h) Baimenak edo lizentziak indargabetzea, kentzea edo ez berritzea.

i) Maileguak, diru-laguntzak edo laguntza publikoak eskuratzeko ezintasuna xedatzea.

j) Ontzia konfiskatzea.

k) Ontzia aldi baterako ibilgetzea.

l) Operadore ekonomiko baimenduaren estatutua etetea.

m) Arrantzarako eskubideak edo aukerak murriztea edo baliogabetzea.

Horiek guztiak lehenespenez ezarri ahal izango dira, dagokionean metatuta.

2.Zehapen horiek honako baldintza hauek betez ezarriko dira:

a) Ohartarazpena arau-hauste arinen kasuan soilik ezarri ahal izango da.

b) Kargu-hartze publikoa arau-hauste arinen eta astunen kasuan soilik ezarri ahal izango da.

c) Diruzko zehapena 106. artikuluan aurreikusitako arauen arabera ezarri ahal izango da.

d) Puntuak indarrean dagoen araudiaren arabera esleituko dira.

e) Arrantza-jardueretan aritzeko edo jarduteko desgaikuntza ezingo da hiru urtez gorakoa izan arau-hauste astunen kasuan, ez eta bost urtez gorakoa ere, arau-hauste oso astunen kasuan. Arau-hauste arinen kasuan, ez da aplikatuko.

f) Arrantza-aparailuak eta -tresnak espezieei eta arrantza-aparailu, -tresna eta -ekipamenduei buruzko arau-hauste oso astunen eta astunen kasuan soilik konfiskatu ahal izango dira.

g) Arauak haustean eskuratutako arrantza-harrapaketak, -produktuak edo -ondasunak konfiskatzean datzan zehapena ezarri ahalko da edozein dela ere arauhaustearen kalifikazioa.

h) Baimen edo lizentziak ezin izango dira hiru urtetik gora indargabetu, kendu edo ez berritu arau-hauste astunen kasuan, ez eta zazpi urtetik gora ere, arauhauste oso astunen kasuan. Arau-hauste arinen kasuan, ez da aplikatuko.

i) Maileguak, diru-laguntzak edo laguntza publikoak eskuratzeko ezintasuna ezingo da bi urtetik gorakoa izan arau-hauste arinen kasuan, hiru urtetik gorakoa arau-hauste astunen kasuan, ez eta zazpi urtetik gorakoa ere, arau-hauste oso astunen kasuan.

j) Ontzia arau-hauste oso astunen kasuan soilik konfiskatu ahal izango da.

k) Ontzia ezingo da sei hilabetetik gora ibilgetu arau-hauste arinen kasuan, urtebetetik gora arau-hauste astunen kasuan, ez eta hiru urtetik gora ere, arauhauste oso astunen kasuan.

l) Operadore ekonomiko baimenduaren estatutua ezingo da bi urtetik gora eten arau-hauste arinen kasuan, hiru urtetik gora arau-hauste astunen kasuan, ez eta zazpi urtetik gora ere, arau-hauste oso astunen kasuan.

m) Arrantzarako eskubideak edo aukerak murriztea edo baliogabetzea ezarri ahal izango da arau-hauste oso astunen eta arau-hauste astunen kasuan, horiek arrantza-jardueraren eta espezieen kontrolarekin eta ikuskapenarekin lotura dutenean.

3.Zehapen gisa egokitu daitezkeen isunak gorabehera, organo zehatzaileak hertsapen-isunak ezartzea adostu ahal izango du, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 99. artikuluan xedatutakoari jarraiki, dagokion errekerimenduan adierazitako epeak igarotakoan. Isun horietako bakoitzaren zenbatekoak ez du gaindituko dagokion arau-hausteagatik ezarritako diruzko zehapenaren % 20a.

4.92.5 artikuluan xedatutakoa gorabehera, arrantza-ontzia erabili denean droga toxikoak, estupefazienteak edo substantzia psikotropikoak trafikatzeko, etorkinak legez kontra garraiatzeko, edo delituzko beste edozein jardueretarako, eta ebazpen judizial irmo bidez egileen erantzukizuna deklaratu denean, egile horiek hamar urteko epean arrantza-jardueretan aritzeko edo jarduteko desgaituta geratuko dira.

5.Datu faltsuetan oinarrituta eskuratutako diru-laguntzak, maileguak eta, oro har, edozein laguntza mota, eta aurreikusitakoez bestelako xedeetarako edo behar ez bezala erabilitakoak, itzuli egin beharko dira, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legeari jarraiki.

106. artikulua. Diruzko zehapenak graduatzea.

1.Diruzko zehapenak tarte hauen arabera ezarriko dira:

a) Arau-hauste arinek 60 eta 600 euro arteko isuna jasoko dute.

b) Arau-hauste astunek 601 eta 60.000 euro arteko diruzko zehapena jasoko

dute.

c) Arau-hauste oso astunek 60.001 eta 600.000 euro arteko diruzko zehapena jasoko dute.

2.Aurreko tarteetan, diruzko zehapenak gradu minimoan, ertainean edo maximoan ezarriko dira, honela:

a) Arau-hauste arinagatiko diruzko zehapena:

1.a Gradu minimoa: 60 eta 200 euro artean.

2.a Gradu ertaina: 201 eta 400 euro artean.

3.a Gradu maximoa: 401 eta 600 euro artean.

b) Arau-hauste astunagatiko diruzko zehapena:

1.a Gradu minimoa: 601 eta 15.000 euro artean.

2.a Gradu ertaina: 15.001 eta 40.000 euro artean.

3.a Gradu maximoa: 40.001 eta 60.000 euro artean.

c) Arau-hauste oso astunagatiko diruzko zehapena:

1.a Gradu minimoa: 60.001 eta 120.000 euro artean.

2.a Gradu ertaina: 120.001 eta 240.000 euro artean.

3.a Gradu maximoa: 240.001 eta 600.000 euro artean.

3.Diruzko zehapenak arrazoituta ezarriko dira gradu minimoan, ertainean edo maximoan, besteak beste irizpide hauei jarraiki:

a) Ustezko arau-hausleak egindako arau-haustearen ondorioz lortu duen edo lortzea espero duen etekin ekonomikoa.

b) Ontziaren tamaina eta potentzia.

c) Eragindako kalteen izaera; bereziki, itsas hondoari, ekosistema eta organismo bizidunei, baliabide ekonomikoei, jabari publikoko edo hirugarrenen ondasunei, edo ingurumeneko edo arrantzako babes-eremuei.

d) Arau-haustearen ondorioz eragindako kaltea lehengoratzeko aukera.

107. artikulua. Kanpoko uretan itsas arrantzaren arloko zehapenak betearaztea.

Ebazpena administrazio-bidea amaitzen duenean izango da betetzekoa.

108. artikulua. Kanpoko uretan itsas arrantzaren arloko diruzko zehapena murriztea.

Kanpoko uretan itsas arrantzaren arloko zehapen-prozedura amaitu ostean, eta ebazpen zehatzailea erantzuleei jakinarazi ondoren, erantzule horiek 20 egun naturaleko epea izango dute diruzko zehapena murrizketarekin borondatez ordaintzeko, hurrengo artikuluan xedatutako moduan eta baldintzetan.

109. artikulua. Diruzko zehapena murrizteko baldintzak eta murriztearen ondorioak.

1.Diruzko zehapen murriztua borondatez ordaintzeko aukera diruzko zehapenen kasuan aplikatuko da, baldin eta zehapen hori kanpoko uretan itsas arrantza egiteagatiko administrazioko arau-hauste arinengatik edo astunengatik ezarri bada, zehapen horren zenbatekoa 15.000 eurotik gorakoa ez bada, eta,

betiere, interesdunei arau-haustea gertatu aurreko bi urteetan kanpoko uretan itsas arrantza egiteari lotutako arau-hauste astunengatik edo oso astunengatik ebazpen zehatzaile irmorik ezarri ez bazaie, eta zehatzeko ebazpenean punturik esleitu ez bada, indarrean dagoen araudiari jarraiki.

2.Arau-hauste bat baino gehiago egiteagatik hainbat zehapen-prozedura izapidetuz gero, murrizketa hori ez da aplikatu ahal izango diruzko zehapen batean ere, horien batura 20.000 eurotik gorakoa bada.

3.Lege honetan ezarritako baldintzak eta epeak betez egindako borondatezko ordainketak ondorio hauek izango ditu:

a) Ebazpen zehatzailean ezarritako diruzko zehazpenaren zenbatekoa ehuneko 30 murriztuko da.

b) Amaitutako prozeduretan ezarritako diruzko zehapenaren zenbatekoa ehuneko 50 murriztuko da, interesdunak zehapen-proposamenarekiko adostasuna adierazten badu prozedura ebatzi aurreko edozein unetan; betiere, ebazteko eskumena duen organoak adostasuna ematen badu.

c) Zehapena administrazio-bidean irmoa izango da ordainketa egiten den unetik; irmotasun horrek ordainketa egiten den egunaren biharamunetik aurrera izango ditu erabateko ondorioak, eta administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren aurrean soilik errekurritu ahal izango da.

d) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzeko epea borondatezko ordainketa egiten den egunaren biharamunean hasiko da, aukerako berraztertzeerrekurtsoa jartzen denean izan ezik.

4.Murrizketa hori ez da ezarriko, hurrengo artikuluan aurreikusitako baldintzapeko etendura adosten den kasuetan.

110. artikulua. Baldintzapeko etendura.

1.Itsas arrantzaren arloko zehapenetan, administrazio-bidea amaitzen duen ebazpena eman ostean, arau-hausleak, jakinarazpena jasotzen duenetik hilabeteko epean, ezarritako zehapena betetzeko obligazioa baldintzapean eteteko eskabidea aurkeztu ahal izango du, behar bezala arrazoitutako idazki baten bidez; eskabide hori Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumeneko ministroari zuzenduko dio, eta, bertan, adierazi beharko du konpromisoa hartzen duela ezarritako baldintzak betetzeko, etenduraren epean arrantza-jarduera erregulatzen duen araudia errespetatuko duen jokaera bermatze aldera. Eskabidea aurkeztean, automatikoki eten egingo da zehapena betetzeko obligazioa, baldintzapeko etendurari buruzko espedientea ebatzi arte.

Baldintzapeko etenduraren iraupena sei eta bederatzi hilabete artekoa izango da arau-hauste arinetan, eta bederatzi eta hamasei hilabete artekoa arau-hauste astunetan; bi kasuetan, egindako arau-haustearen inguruabarrak hartuko dira kontuan. Arau-hauste oso astunen kasuan, ez da etendurarik egongo.

2.Baldintzapeko etendura eskatu ahal izateko, beharrezkoa izango da:

a) Azken bost urteetan zehapenik ez jasotzea.

b) Ezarritako zehapenaren zenbatekoa, zehapena diruzkoa den kasuetan,

30.000 eurotik gorakoa ez izatea.

3.Betearazpenaren baldintzapeko etendurari buruzko ebazpena eman baino lehen, interesdunari entzunaldia emango zaio, eta txostenak eskatu ahalko zaizkie, bai eragindako sektoreko elkarteei, bai interesa duten beste erakunde publiko batzuei. Era berean, baldintzapeko etendurari buruzko ebazpena emateko komenigarri jotzen diren txosten guztiak eskatu ahal izango dira.

Ezarritako betekizunak betetzen direla egiaztatu ostean, Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumeneko ministroak zehapena betearazteko baldintzapeko etendura onartzea edo ukatzea ebatzi ahal izango du.

4.Ebazpenak ukatu egiten badu baldintzapeko etendura, ebazpena behar bezala arrazoituta egongo da, eta interesdunari jakinaraziko zaio, eta ezarritako zehapena betearazteko izapideek aurrera jarraituko dute. Baldintzapeko etenduraren aldeko ebazpena ere behar bezala arrazoituta egongo da, eta interesdunei jakinaraziko zaie; ebazpen horrek adierazi beharko du zein baldintzetan gauzatuko den, eta, era berean, zehaztuko du eten egin dituela lege honetan ezarritako zehapenaren preskripzio-epeak. Administrazio-isiltasuna gertatzen denean, beren eskabidea ezetsi egin dela joko dute interesdunek.

5.Arau-hausleak ondoko baldintza hauek bete beharko ditu etendura-aldian:

a) Arrantzako inolako arau-hausterik ez egitea.

b) Kasuan kasu, ezarritako eta mantendutako kautela-neurriak behar bezala betetzea.

c) Kautela-neurriak automatikoki luzatuko dira baldintzapeko etendura indarrean dagoen bitartean.

6.Baldin eta interesdunak, ezarritako etendura-aldian, ez baditu betetzen ezarritako obligazioak edo baldintzak, edota arrantzako bestelako arau-hauste batzuengatik zehapena jasotzen badu, organo eskudunak, interesdunari aldez aurreko entzunaldia eman ostean, errebokatu egingo du arau-haustea betearazteko baldintzapeko etendura, eta ezarritako zehapenaren betearazpena izapidetzen jarraituko da.

7.Etendurako epea bete ondoren, baldin eta arau-hausleak, hartarako eskatu diren txostenen arabera, ezarritako baldintzak bete baditu eta arrantzako beste arau-hauste batzuengatik zehapenik jaso ez badu, Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumeneko ministroak ezarritako zehapena kentzea erabakiko du; betiere, administrazio-ebazpen zehatzailea irmoa bada eta epai judizialik eman ez bada.

111. artikulua. Arrantza-sektorearen antolamenduaren eta arrantza-produktuak merkaturatzearen arloko ikuskatze-funtzioa.

1.Autonomia-erkidegoek arrantza-sektorearen antolamenduaren arloan daukaten ikuskatze-funtzioa harrapaketak lehorreratzen edo deskargatzen diren unean bertan hasten da, legediak ezartzen duen moduan.

2.Autonomia-erkidegoek arrantza-produktuak merkaturatzearen arloan daukaten ikuskatze-funtzioa hasiko da, arrantza-produktu horien jatorria edozein izanda ere, portuetako lonjetan lehenengo merkaturatzea egin ostean, edota, produktuak lehen aldiz lonja horietan saltzen ez direnean, lehen merkaturatzetik aurrera.

112. artikulua. Kanpoko uretan itsas arrantzaren arloan zehatzeko eskumena.

Itsas arrantzaren arloko arau-hausteei dagozkien zehapenak ezartzeko eskumena honako hauei dagokie:

a) Gobernuaren ordezkariei, arau-hauste arinen kasuan.

b) Arrantza Baliabideetako eta Akuikulturako zuzendari nagusiari, arau-hauste astunen kasuan.

c) Arrantzako idazkari nagusiari, arau-hauste oso astunen kasuan, diruzko zehapenaren zenbatekoa 300.000 eurotik gorakoa ez bada.

d) Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumeneko ministroari, arau-haustea oso astuna bada eta diruzko zehapena 300.000 eurotik gorakoa bada.

113. artikulua. Arrantza-sektorearen antolamenduaren eta arrantza-produktuak merkaturatzearen arloan zehatzeko eskumena.

Autonomia-erkidegoetako organo eskudunei dagokie lege honetan tipifikatutako arrantza-sektorearen antolamenduaren eta arrantza-produktuak merkaturatzearen arloko arau-hausteei dagozkien espedienteak legez garatzea, izapidetzea eta ebaztea.

114. artikulua. Arrantza kontrolatzeko eta arrantza-baliabideak kontserbatu, babestu eta birsortzeko finantzaketa eta baliabideen hornikuntza.

Bat etorriz Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren Arrantza Politika Bateratuari buruzko 2013ko abenduaren 11ko 1380/2013 Erregelamenduko (EB) 3. artikuluan xedatutakoarekin, bai eta Kontseiluaren 2009ko azaroaren 20ko 1224/2009 Erregelamenduko (EE) 5. artikuluan ezarritakoarekin ere (erregelamendu horren bidez, kontrolerako araubide komunitarioa ezartzen da, Arrantza Politika Bateratuko arauak betetzea bermatzeko) , beharrezkoak diren baliabideak ezarriko dira, Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioaren mendeko Arrantzako Idazkaritza Nagusiak arrantza-kontroleko helburuak bete ditzan, eta, halaber, lege honetako 84. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoari jarraiki definitutako arrantzaeta ozeanografia-ikerketako helburuak erdietsi ditzan, Espainiako Ozeanografia Institutuarekin lankidetzan, lege honetako I. eta IV. tituluen arabera arrantzabaliabideak kontserbatu, babestu eta birsortzeko politikaren esparruan.»

Hemeretzi. 109., 110., 111., 112. eta 113. artikuluek 115., 116., 117., 118. eta 119. zenbakiak hartuko dituzte, hurrenez hurren.

Hogei. Bigarren xedapen gehigarria aldatu egiten da, eta honela gelditzen da idatzita:

«Bigarren xedapen gehigarria. Eskumen-titulua.

1.Ondoko hauek itsas arrantzako legedia osatzen dute, eta Konstituzioko

149.119 artikuluaren babesean ematen dira: I. titulua, 57. artikulua (eta Arrantza Flotaren Erregistro Nagusia arautzen dutenak, harekin bat datozenak) , 89 a) artikulua, 90. artikulua bere eskumenen alorrean, 95. artikulua kanpoko uretan itsas arrantzaren alorrean, 97.etik 101.era bitarteko artikuluak, 105.etik 110.era bitarteko artikuluak, 112. artikulua, 114. artikulua, lehenengo eta seigarren xedapen gehigarriak, eta xedapen iragankor bakarra.

2.Ondoko hauek arrantza-sektorearen antolamenduari buruzko oinarrizko legedia osatzen dute, eta Konstituzioko 149.1 19 artikuluaren babesean ematen dira: II. titulua, 57. artikulua izan ezik (eta Arrantza Flotaren Erregistro Nagusia arautzen dutenak, harekin bat datozenak) , V. kapitulua trazabilitatearen eta kontrolaren arloan, VI. kapitulua, 89 b) artikulua, 90. artikulua dagozkion eskumenen arloan, 102. artikulutik 106.era bitartekoak, 111.1 artikulua, 113. artikulua eta bosgarren xedapen gehigarria.

3.Ondoko hauek merkataritza-jardueraren antolamenduari buruzko oinarrizko legedia osatzen dute, eta Konstituzioko 149.1 13 artikuluaren babesean ematen dira: III. titulua, 89 b) artikulua, 103 a) , c) , d) , j) , m) eta q) letrak, 104 a) eta c) letrak, 105. artikuluko 1. zenbakiko a) , b) , c) , e) , g) , h) , i) eta l) letrak, 106. artikuluko 2. eta 3. zenbakiak, 111.2. artikulua, 113. artikulua, eta bosgarren xedapen gehigarria.

II. tituluko V. kapitulua aipatutako 149.1 artikuluaren babesean ematen da, bertako 13. eta 19. arauetan xedatutakoari jarraiki. Bi arau horiek eskumen esklusiboa aitortzen diote Estatuari: 13.ak, trazabilitateari eta kontrolari buruz; 19.ak, arrantza-sektorearen antolamenduari buruz.

II. tituluko VI. kapitulua aipatutako 149.1 artikuluaren babesean ematen da; zehazki, bertako 13. eta 20. arauetan xedatutakoari jarraiki; azken horrek, merkataritzako ontzidien alorrean eskumen esklusiboa ematen dio Estatuari.

4.Ondoko artikulu hauek herri-administrazioen araubide juridikoaren oinarriak osatzen dituzte, eta Konstituzioko 149.1 18 artikuluaren babesean ematen dira: 91., 92., 93., 94. eta 95. artikuluek, arrantza-sektorearen antolamenduaren alorrean eta merkataritza-jardueraren antolamenduaren alorrean, eta 96. artikuluak.

5.IV. titulua Estatuak ikerkuntza zientifiko eta teknikoa sustatzeko eta koordinazio orokorra egiteko duen eskumenaren babesean ematen da, Konstituzioko

149.115 artikuluaren arabera.»

Hogeita bat. Hirugarren xedapen gehigarria aldatu egiten da, eta honela geratzen da idatzita:

«Hirugarren xedapen gehigarria. Datuak transmititzea.

1.Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak eta Sustapen Ministerioak beharrezkoak diren mekanismoak ezarriko dituzte, informazioa Arrantza Flotaren Erregistro Nagusiaren eta Ontzien eta Ontzi-enpresen Erregistroaren artean koordinatzeko eta transmititzeko. Ministerio biek erregistro bietan dauden eta beharrezkoak diren datuetarako elkarrekiko sarbide iraunkor eta zuzenekoa bermatuko dute, kontsulta-ondorioetarako.

Sustapen Ministerioak aurretiko txostena eskatuko dio Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioari, Ontzien eta Ontzi-enpresen Erregistroko hirugarren eta laugarren zerrendetako oharpenetan egindako aldaketa orori buruz.

2.Era berean, Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak, Sustapen Ministerioak eta Enplegu eta Gizarte Segurantza Ministerioak beren erregistro eta datu-baseetako informazioa elkarri emango diote, kontsulta-ondorioetarako, eta Itsasoko Gizarte Segurantzaren Araubide Berezian inskribatutako arrantza-ontziak eta langileak dituzten enpresei dagokienez informazioa koordinatu eta transferitzeko beharrezkoak diren mekanismoak finkatuko dituzte.»

Lehenengo xedapen iragankorra. Legedi mesedegarriena aplikatzea.

Lege hau indarrean jarri aurretik egindako arau-hausteen kasuan, arau-hauslearentzat mesedegarriena den zehapena ezarriko da.

Bigarren xedapen iragankorra. Diruzko zehapenaren gutxitzea aplikatzea.

108.eta 109. artikuluetan jasotako xedapenak lege hau indarrean jartzen denetik aurrera aplikatuko dira.

Hirugarren xedapen iragankorra. Barruko uretan soilik aritzen diren ontzietarako eta akuikultura-instalazioetako ontzi laguntzaileetarako erregistro autonomikoak.

57.4artikuluak aipatzen duen erregelamenduzko garapena egiten ez den bitartean, eta itsasertzeko autonomia-erkidegoek aipatutako 57. artikuluan jasotako erregistro edo erroldak funtzionamenduan izan arte, urriaren 9ko 1549/2009 Errege Dekretuan Arrantza Flota Operatiboaren Erroldarako ezarritakoak jarraituko du agintzen barruko uretan soilik aritzen diren ontzietarako eta akuikultura-instalazioetako ontzi laguntzaileetarako.

Xedapen indargabetzaile bakarra. Arauak indargabetzea.

Martxoaren 26ko 3/2001 Legearen VI. titulua indargabetuta geratuko da 2015eko uztailaren 31n.

Honako arau hauek indargabetu egiten dira:

–144/1961 Legea, abenduaren 23koa, Nautika eta Arrantza Irakaskuntza berrantolatzeari buruzkoa.

–147/1961 Legea, abenduaren 23koa, arrantza-flota berritzeari eta babesteari buruzkoa.

–156/1961 Legea, abenduaren 23koa, Nautika eta Arrantza Eskoletako irakasleen hornidurari buruzkoa.

–23/1964 Legea, apirilaren 29koa, Nautikako eta Nautika-Arrantza Prestakuntzako Eskolen hornidurari buruzkoa.

–28/1965 Legea, maiatzaren 4koa, Nautikako Eskola Ofizialetako eta NautikaArrantza Lanbide Heziketako irakasleek izan beharreko tituluen modalitateak zabaltzeari buruzkoa.

–71/1978 Legea, abenduaren 26koa, Kanarietan arrantza garatzeari buruzkoa.

–33/1980 Legea, ekainaren 21ekoa, arrantzako eta itsas haztegietako produktuen merkatua arautzeko eta antolatzeko funtsa (FROM) sortzeari buruzkoa.

–20/1995 Legea, uztailaren 6koa, arrantza-produktuak kontserbatzeko eta merkaturatzeko neurriei buruzkoa.

–23/1997 Legea, uztailaren 15ekoa, Atlantikoko Ipar-ekialdeko Arrantza Batzordearen muga geografikoen barruan jarduten duen itsas zabaleko eta itsas oso zabaleko arrantzasektorearen antolamenduari buruzkoa.

–9/2007 Legea, ekainaren 22koa, Ontzien eta Ontzi-enpresen Erregistroko eta Arrantza Flota Operatiboaren Erroldako arrantza-ontzien inskripzioak erregulatzeari eta eguneratzeari buruzkoa, 2015eko uztailaren 31n.

Era berean, indargabetuta geratzen dira lege honen aurkakoak diren arau guztiak, lege honen maila berekoak edo beheragokoak direnean.

Azken xedapen bakarra. Gastua ez handitzea.

Arau honetan jasotako neurriei dagokien ministerio-sailetako aurrekontu-zuzkidura arruntekin erantzungo zaie, eta neurri horiek ezingo dute horniduren, ordainsarien eta bestelako langile-gastuen handitzea ekarri.

Horrenbestez,

Lege hau bete eta betearaz dezatela agintzen diet espainiar guztiei, partikular zein.

Madrilen, 2014ko abenduaren 26an.

FELIPE E.

Gobernuko presidentea,

MARIANO RAJOY BREY

w.boe.es

BOLETÍN OFICIAL DEL ESTADO

D. L.: M-1/1958 ISSN: 02

 

 

 

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra