Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Octava ediciión Premios Adrián Celaya

Administrazio zuzenbidea  >>  Legeria  >> Trafikoari buruzko arauak

35/2015 Legea, irailaren 22koa, Zirkulazio-istripuetan pertsonei eragindako kalte-galerak baloratzeko sistemaren erreformarena

2015-09-22

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2015/09/23, 228. zk.

I. XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

10197 35/2015 Legea, irailaren 22koa, Zirkulazio-istripuetan pertsonei eragindako kalte-galerak baloratzeko sistemaren erreformarena.

FELIPE VI.a

ESPAINIAKO ERREGEA

Honako hau ikusten eta ulertzen duten guztiei.

Jakizue: Gorte Nagusiek honako lege hau onetsi dutela eta Nik berretsi egiten dudala:

HITZAURREA

I

Dagoeneko hogei urte baino gehiago igaro dira zirkulazio-istripuetan pertsonei eragindako kalte-galerak baloratzeko sistema 1995ean indarrean jarri zenetik. Sistema hori, aurrerantzean, «Baremoa» deituko dugu. Gaur egun, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioko Erantzukizun Zibilari eta Aseguruari buruzko Legearen testu bateginean —urriaren 29ko 8/2004 Legegintzako Errege Dekretuak onartua— eranskin gisa ageri da. Denbora horretan hainbat erreforma izan dira Europar Batasunean automobilaren aseguruarekin lotuta, eta guzti-guztiek biktimen babesa kalte-ordain nahikoa bermatuz handitzea izan dute helburu. Hori horrela, komenigarria da oso sistema berrikustea, beharrezkoak diren aldaketak egitearren.

Zirkulazio-istripuen ondoriozko erantzukizun zibila harmonizatu nahi duten Europar Batasunaren ondoz ondoko zuzentarauak Espainiako araudira egokitu ditugu jada (nahitaezko aseguruak estali behar dituen muga kuantitatiboak ezartzen dituzte horiek); alabaina, Europar Batasuneko beste herrialde batzuetan daudenekin alderatzen baditugu, oraindik alde handia dago kalte-ordainen zenbatekoetan, eta agerikoa da gure herrialdeak urruti dituela oraindik arlo horretan aurreratuen dauden Europako herrialdeak.

Zalantzarik gabe, beraz, indarrean dagoen baremoa erreformatu beharra dago eginkizuna eraginkortasunez bete dezan, hau da, biktimek eta haien senideek zirkulazio- istripu baten ondorioz pairatutako kalteengatik bidezko ordaina eskura dezaten. Eragindako kalte-galeren erreparazio osoaren printzipioa ez da guztiz eraginkorra, eta, ondorioz, bidegabeko egoerak sortzen dira, batzuetan dramatikoak ere badirenak, bizi-kalitatearen galera ere izaten baita lehendik pairatutako kalte fisiko, psikiko eta moralaz gain. Hori dela eta, printzipio garrantzitsu hori betetzea bermatu ahal izateko era egokiak aurkitu behar ditu legegileak.

Nabarmendu beharra dago, orobat, giza jarduerak eragindako arriskuetatik gidatzearekin lotutakoa hurbilen eta ohikoenetakoa dela herritarrentzat; eta guztiok dugu harekiko harremana, dela arriskua sortuz, dela haren ondorioak kalte modura pairatuz. Oso maiz gertatzen denez, arrisku horrek eragin izugarri handia du herrialdeko gizarte- eta ekonomia-errealitatean.

Horregatik, funtsezkoa da sistemako arauen interpretazio uniformea egitea, kaltedunari eta aseguru-entitateei beren uzien bideragarritasunaz ziurtasuna emateko. Horrekin batera, erantzun bera ere eman behar du egoera berdinetan, eta gatazkak epaiketaz kanpo azkar konpontzen lagundu behar du, baita, azken batean, baliabideen oreka eta jarduera ekonomikoa dinamizatzen ere.

Helburu hori buruan, legezko balorazio-sistemaren erreformari buruzko azterketa sistematiko baten beharrari ekitea erabaki zuten Ekonomia eta Ogasun Ministerioak eta Justizia Ministerioak, gaiak eragindako sektoreen ordezkariekin batera. Horren ondorioz, lan-batzorde bat eratzea komeni zela ondorioztatu zen, gai honetako aditu kopuru txiki

batek eta eragindako ordezkariek osatuta, hain zuzen; hori horrela, Ekonomia eta Ogasun Ministerioaren (gaur egun Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioa) eta Justizia Ministerioaren 2011ko uztailaren 12ko agindu jakinaraziaren bidez sortu zen aipatutako batzordea.

Aditu Batzordearen agintaldia 2013ko uztailaren 31n amaituta, Aseguruen eta Pentsio Funtsen Zuzendaritza Nagusiak beharrezkotzat jo zuen batzordeko kideekin lantalde bat eratzea berrikusteko lanei azkena eman ziezaieten. Lantaldeak testu artikulatu oso baterako proposamena idazteko lanean jarraitu zuen; testu horrekin batera, gainera, kalte- ordainen taulak ere jasota zeuden, hau da, zirkulazio-istripuen ondoriozko heriotza, lesio iraunkorrak (sekuelak deitutakoak) eta aldi baterako lesioak gertatzen direnean eman beharrekoak. Bada, lan horrek adostasun zabala lortu du.

Baremo berriak gorputz-kalteari dagokion ordaina emateko oinarrizko printzipioa du inspirazio, eta bete egiten du printzipio hori; pairatutako kalte-galeren erabateko ukigabetasuna lortzea da haren helburua, biktima istripua gertatu izan ez balitz izango zuen egoeratik ahalik eta gertuen egon dadin. Hartarako, indarreko baremoan jasota ez dauden kaltedun berriak eta ordaina emateko kontzeptu berriak ere zehazten dira. Ondare- kalteagatiko ordainak sistematizatu egiten dira eta berezko garrantzia ematen zaie (sortutako kaltea eta lortu gabeko irabazia), gaur egungo baremoak modu nabarmen sinplista eta ez-nahikoan aurreikusten baititu horiek. Eta eguneratu egiten dira kalte-ordain guztiak, horiek handituz; bereziki nabarmentzen dira heriotza kasuei —eta, bereziki, hildako biktimen seme-alabei— eta lesionatu handiei dagozkienak.

Erreforma, azkenik, indarrean dagoen sistemaren ageriko hobekuntza da, nola haren sendotasun juridikoaren eta egituraren ikuspegitik, hala, oro har, jasotzen dituen kalte- ordainen zenbatekoei dagokienez; horrez gain, aurrerapen nabarmena ere badakar zirkulazio-istripuen ondoriozko kaltedunentzako ordain-tratamenduan, eta, formulaturik dagoen moduan, nabarmen hobetzen du indarrean dagoen lege-sistema. Horrenbestez, modu bidezko eta zentzudunago batez ordeztu dezake.

Halaber, Diputatuen Kongresuak, 2014ko abenduaren 2an, zera eskatu zion Gobernuari legez besteko proposamen baten bidez: bilkuren hurrengo aldian aurkez zezala zirkulazio-istripuetako biktimei eragindako kalte-galeren ordainetarako balorazio- sistema erreformatzeko lege-proiektu bat.

II

Ibilgailu Motordunen Zirkulazioko Erantzukizun Zibilari eta Aseguruari buruzko Legearen testu bategina —urriaren 29ko 8/2004 Legegintzako Errege Dekretuak onartua— erreformatzea erabaki dugu, sistema berria horren barruan gehituz; hau da, ez da beste lege batean garatuko, horrek gaiaren gaineko araudia sakabanatzea ekarriko bailuke.

Legegintzako teknikaren arrazoiak direla eta, baremoa aplikatzeko arau berriak ezartzen dituzten xedapen arauemaileak legearen artikuluetan txertatzea komeni da, horiek guztiz aldentzen baitira eranskin baten eduki klasikotik. Eranskinean, berriz, taula berriak daude jasota, non kalte-ordaina jaso dezaketen kontzeptu berri guztiak kuantifikatzen eta modulatzen baitira.

Legeak Hitzaurre bat, bederatzi zenbaki dituen artikulu bakar bat, hiru xedapen gehigarri, xedapen iragankor bat, xedapen indargabetzaile bat eta bost azken xedapen ditu.

Berritasun nagusia da testu bateginean IV. titulu berri bat sartzen dela. Titulu horrek 112 artikulu ditu, bi kapitulutan banatuta. Lehenengo kapitulua xedapen orokorrei eta definizioei buruzkoa da, eta bigarrenean gorputz-kaltea baloratzeko arauak daude jasota; halaber, haren hiru ataletan heriotzagatik, sekuelengatik eta aldi baterako lesioengatiko jaso beharreko kalte-ordainak jorratzen dira, hurrenez hurren. Kalte-ordain horiek 1., 2. eta 3. tauletan daude, orobat.

Kasu horietako bakoitzean «oinarrizko kalte pertsonala» (1.A, 2.A eta 3.A taulak), «kalte partikularrak» (1.B, 2.B eta 3.B taulak) eta «ondare-kaltea» deitutakoa (1.C, 2.C eta 3.C taulak) bereizten dira, eta azken horretan, gainera, baita sortutako kaltea eta lortu gabeko irabazia ere. Aipatutako taulek, batzuetan, beste taula batzuk dituzte barnean;

adibidez, 1.C.1 taula (biktimaren ezkontideari lortu gabeko irabaziagatik eman beharreko kalte-ordainei buruzkoa), 1.C.2 taula (kasu berean, seme-alabei eman beharreko kalte- ordainei buruzkoa) edo 2 (sekuelak) C (ondare-kaltea) 3 taula (beste pertsona baten laguntzagatiko kalte-ordainei buruzkoa).

III

Erreformaren alderdi garrantzitsuenetako bat, zalantzarik gabe, ondare-kalteei emandako tratamendua da, sistemaren hirugarren ardatza baita, ondarez kanpoko kalteetatik guztiz bereizita. Tratamendu horrek xehe-xehe argitzen eta arautzen ditu gastuen kontzeptuko ordain-partidak, eta arrazionalizatu egiten du lortu gabeko irabazia kalkulatzeko metodoa.

Heriotza kasuetan bi hauek bereizten dira: batetik, «oinarrizko ondare-kaltea», gastu orokorrei dagokiena, hots, «heriotzak eragiten dituen arrazoizko gastuak, hala nola joan- etorria, mantenua, ostatua eta antzeko beste batzuk» (gastu horietara gutxienez 400 euroko zenbatekoa bideratzen da), eta, bestetik, berariazko gastuak, zendua lekualdatzea, aberriratzea, hobiratzea eta haren hileta barne hartzen dituztenak.

Sekuelak dauden kasuetan, ordaingarri diren gastutzat hartzen dira etorkizuneko osasun-laguntzako gastu aurreikusgarriak; horrelakoak zuzenean ordaintzen zaizkie osasun-zerbitzu publikoei. Ordaina zuzenean kaltedunari ematen zaio protesi eta ortesiko gastuengatik, eta horien barruan behar diren birjarpenei dagozkien gastuak ere sartzen dira orain. Halaber, hauengatik ere jasoko du ordaina: etxeko eta eremu anbulatorioko errehabilitazio-gastuengatik, norberaren autonomia galtzearekin zerikusia dutenengatik (hala nola laguntza teknikoak edo laguntza-produktuak eskuratzeko beharrezkoak direnak), etxebizitza egokitzeko gastuengatik edo «mugikortasun-kostuak handitzeagatiko ondare- kaltea» deitutakoaren ordainagatik; azken horren barruan ibilgailua egokitzeko oraingo gastua jasotzen da, baina baita bestelako kontzeptu batzuk ere. Kaltedunari ere ematen zaio ordaina beste pertsona baten laguntza-gastuengatik, behar diren laguntza-orduen arabera neurtuta. Horiek zehatz-mehatz arautzen dira, orobat.

Azkenik, aldi baterako lesioetan «osasun-laguntzako gastuak» eta «ordaingarri diren hainbat gastu» bereizten dira. Bigarrenetan, lesionatuaren bizitza arruntaren oinarrizko jarduerak garatzean lesioaren ondorioz sortutako beharrezko eta arrazoizko gastu guztiak sartzen dira; adibide moduan, hauek nabarmentzen dira: «lesionatuaren mugikortasun- kostuak handitzea, osasun-egoeragatik edo egoera pertsonalagatik beharrezkoa denean senideek arreta emateko egin beharreko joan-etorriak eta, oro har, lesionatuak edo ardurapean zituen senide adingabeek edo bereziki zaurgarriak direnek behar bezalako arreta jasotzeko beharrezkoak diren gastuak».

Lortu gabeko irabaziari dagokionez, kalte ekonomikoengatiko zuzenketa-faktorearen oraingo sistema gainditzen da; horrek ustezko kalte ekonomiko batzuengatiko ordaina sistematikoki ematen du, horiek gertatu edo ez, eta, gertatuz gero, oinarrizko kalte pertsonalaren gainean portzentaje jakin bat aplikatzen du. Erreformak ezartzen duen eredu aktuarialak bi faktore ditu oinarri, biderkakizuna eta biderkatzailea, eta haien biderkadurak zehaztuko du egokia den kalte-ordaina.

Biderkakizuna hildako biktimaren diru-sarrera garbiak dira. Diru-sarrerarik ezean, etxeko lanei eskainitako arduraldiaren (esklusiboa eta, batzuetan, baita partziala ere) ordaindu gabeko lana baloratzen da, baita lan-merkatuan oraindik sartu ez diren pertsonek (adingabeak edo ikasleak, adibidez) galdu duten lanerako gaitasuna ere; horrelako kasuetan, arauak ezartzen dira zer biderkakizun legokiekeen zehazteko, horrela dagozkien galeren balioaren ordaina eman ahal izateko.

Biderkatzailea kaltedun bakoitzarentzat lortzen den koefiziente bat da. Hainbat faktore konbinatuz lortzen da; besteak beste, kaltearen iraupena, kalteduna hiltzeko arriskua, pentsio publikoen deskontuaren interes-tasa edo kenkaria.

Ondarez kanpoko kalteen eremuan, heriotzagatiko kalte-ordainetan oinarrizko kalte pertsonala berregituratzea da berritasun handiena; kalte partikularrekin duen erlazioa ere berregituratzen da, orain horiek handitu egiten baitira. Hala, oraingo sisteman ez bezala (kaltedunak talde baztertzaileetan antolatuta daude), erreformak bost kategoria

autonomotan antolatzen ditu kaltedunak, eta beti zenbateko beraz ordaingarri den kaltea pairatzen dutela jotzen du, kaltedunen beste kategoria batzuen konkurrentzia egon zein ez egon. Horrez gain, kaltedun tabularra izatea kaltedun funtzionala edo analogia bidezkoa deritzon nozioarekin osatzen da; horren barruan sartzen dira kategoria jakin bateko pertsonak (halakorik ez dagoelako edo funtzioak betetzen ez dituelako) egiten ez dituen funtzioak egitez eta modu jarraituan gauzatzen dituzten pertsonak edo haren lekua hartzen dutenak. Kaltedun tabularraren izaeraren irismena mugatu egiten da, xedatzen baita hori izateari utz diezaiokeela, baldin eta egiaztatzen bada familiarekiko nahitasunik edota harreman pertsonal edo afektiborik ez dagoela eta, ondorioz, «ordaindu beharreko kalterik ez» dagoela.

Sistema uniforme hori, non kaltedun bakoitzak bere kategoriari dagokion kalte-ordaina modu autonomoan eskuratzen duen, zehaztu egiten da «kalte partikular» batzuk aitortuz, bereziki «kaltedun bakar» edo «biktima bakarra»renak; kalte horiek kaltedunaren egoera pertsonalari edo biktimaren egoerak harengan duen eragin bereziari dagozkio.

Artikulu bakarra. Ibilgailu Motordunen Zirkulazioko Erantzukizun Zibilari eta Aseguruari buruzko Legearen testu bategina —urriaren 29ko 8/2004 Legegintzako Errege Dekretuak onartua— aldatzea.

Ibilgailu Motordunen Zirkulazioko Erantzukizun Zibilari eta Aseguruari buruzko Legearen testu bategina —urriaren 29ko 8/2004 Legegintzako Errege Dekretuak onartua— honela geratzen da aldatuta:

Bat. 1. artikulua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«1. Ibilgailu motordunak gidatzeak sortzen duen arriskua dela eta, gidaria da zirkulazioagatik pertsonei edo ondasunei eragindako kalteen erantzule.

Pertsonei eragindako kalteen kasuan, erantzukizunetik salbuetsita geratuko da gidaria baldin eta frogatzen badu kalteak kaltedunaren erru esklusiboagatik sortu direla, edota gidatzearekin edo ibilgailuaren funtzionamenduarekin zerikusirik ez duen ezinbesteko kasu batengatik; ez dira ezinbesteko kasutzat hartuko ibilgailuaren akatsak edo haren piezen edo mekanismoen hausturak edo akatsak.

Ondasunei eragindako kalteen kasuan, gidariak hirugarrenen aurrean erantzungo du, baldin eta erantzukizun zibila badagokio Kode Zibilaren 1. 902. artikuluaren eta hortik aurrerakoen arabera eta Zigor Kodearen 109. artikuluaren eta hortik aurrerakoen arabera, eta lege honetan xedatutakoaren arabera.

2.1. zenbakiarekin bat etorriz erru esklusiboa izateko aukera ezertan eragotzi gabe, baldin eta erru zibila izateko gaitasuna duen biktimak kaltea egiten bakarrik laguntzen badu, murriztu egingo dira kalte-ordain guztiak (heriotza, sekuelak eta aldi baterako lesio kasuetan sortutako gastuei dagozkienak barne), erru konkurrentea kontuan hartuta, gehienez ehuneko hirurogeita hamabost. Aipatutako laguntza dagoela joko da, baldin eta biktimak, uhalak, kaskoa edo babesteko bestelako elementuak ez erabiltzeagatik edo desegoki erabiltzeagatik, segurtasunari buruzko araudia urratzen badu eta kaltea larriagotzea eragiten badu.

Sekueletan eta aldi baterako lesioetan, ibilgailu motordunen gidari ez diren biktimek —baldin eta hamalau urtetik beherakoak badira edo erru zibila edukitzeko gaitasunik gabe uzten duen urritasun fisikoa, intelektuala, sentsoriala edo organikoa badute— erru esklusiboa edo konkurrentea edukitzeak ez du kalte-ordaina ezabatzen edo murrizten, eta gurasoen, tutoreen eta haiengatik legez erantzun beharreko gainerako pertsona fisikoen kontrako berreskaera-akzioa alde batera uzten da. Arau horiek ez dira bidezkoak izango adingabeak edo aipatutako pertsonaren batek kaltea egiten doloz lagundu badu.

Aurreko bi lerrokadetako arauak aplikatuko dira, orobat, biktimak kaltea arintzeko betebeharra urratzen badu. Biktimak betebehar hori urratzen du, baldin eta, bere osasunari edo osotasun fisikoari arriskurik ekarri gabe, eragindako kaltea

larriagotzea saihestuko zuen jokabidea, oro har eskatu beharrekoa, baztertzen badu eta, bereziki, sendatzeko prozesua justifikaziorik gabe bertan behera uzten badu.

3.Nahiz eta ibilgailuaren jabea gidaria ez izan, berak ordaindu beharko ditu gidariak pertsonei eta ondasunei eragindako kalteak, baldin eta haien artean Kode Zibilaren 1903. artikuluan eta Zigor Kodearen 120.5 artikuluan erregulatuta dauden harremanetako bat badute. Erantzukizun hori amaitu egingo da aipaturiko jabeak frogatzen duenean familiako guraso on batek izango lukeen arreta osoa erabili zuela kaltea saihesteko.

Ibilgailuak nahitaezko asegurua ez badauka, haren jabearena eta gidariarena izango da gidariak pertsonei eta ondasunei eragindako kalteen erantzukizun zibila, salbu eta jabeak frogatzen duenean ibilgailua lapurtu egin diotela.

4.Lege honetan araututako zirkulazio-egitateek eragindako gorputz-kaltearen ondorioz pertsonei eragindako kalte-galerak, edozelan ere, IV. tituluaren irizpideekin bat etorriz eta eranskinean finkatutako kalte-ordain mugen barruan zenbatuko dira.

5.Azaroaren 28ko 35/2006 Legearen ondorioetarako —Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergarena, eta partzialki aldatzen dituena sozietateen gaineko zerga, ez-egoiliarren errentaren gaineko zerga eta ondarearen gaineko zerga—, 4. zenbakian ezarritakoaren arabera ordaindutako kalte-ordainak legez aitortutako zenbatekoaren arabera hartuko dira kalte-ordaintzat, betiere aseguru-entitate batek ordaintzen baditu bere aseguratuaren erantzukizun zibilaren ondorioz.

6.Lege honen ondoriotarako, erregelamenduz zehaztuko dira ibilgailu motordun eta zirkulazio-egitate kontzeptuen definizioak. Nolanahi ere, ez dira zirkulazio-egitatetzat hartuko ibilgailu motorduna pertsonen eta ondasunen aurkako dolozko delituak egiteko erabiltzearen ondorioz eragindakoak.»

Bi. 4. artikuluaren 3. zenbakiko lehenengo paragrafoa aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«3. Pertsonei eragindako kalteengatik nahitaezko aseguruak estaltzen duen kalte-ordainen zenbatekoa lege honen 1. artikuluaren 4. zenbakian ezarritakoaren araberakoa izango da.»

Hiru. 7. artikulua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«7. artikulua. Aseguratzailearen eta kaltedunaren betebeharrak.

1.Aseguratzaileak pertsonei eta ondasunei eragindako kalteak ordaindu beharko dizkio kaltedunari, nahitaezko aseguramenduaren esparruan eta nahitaez egin beharreko aseguruaren kontura, bai eta, aplikatzekoa den araudian ezarritakoaren arabera, kaltedunaren eskubide diren gastuak eta beste kalte batzuk ere. Betebehar horretatik salbuetsita geratzeko, aseguratzaileak frogatu egin beharko du dena delako egitateagatik ezin dela erantzukizun zibilik exijitu lege honen 1. artikuluaren arabera.

Kaltedunak edo haren jaraunsleek zuzeneko akzioa izango dute aseguratzaileari eskatzeko aipatutako kalteak ordain ditzala. Urtebeteren buruan preskribatuko da hori.

Alabaina, demanda judiziala aurkeztu aurretik, istripua jakinarazi beharko diote aseguratzaileari, eta dagokion kalte-ordaina eskatu. Erreklamazio estrajudizial horretan hauek jasoko dira: erreklamatzen duten pertsonen identifikazioa eta datu garrantzitsuak; egitatearen inguruabarrei buruzko adierazpena; egitatean esku hartu duten ibilgailuaren eta gidariaren identifikazioa —ezagutuz gero—, eta kaltea kuantifikatzeko baliagarria izan daitekeen informazio mediko asistentzial edo perizial guztia edota beste edozein motatakoa.

Erreklamazio horrek preskripzio-epearen zenbaketa etengo du kaltedunari pairatutako kalteen zenbatekoa ordaintzeko beharra duen aseguratzaileari aurkezten zaion unetik. Etenda egongo da, orobat, harik eta kaltedunari behin betiko eskaintza edo erantzun arrazoituaren jakinarazpen fede-emailea helarazten dioten arte.

Zirkulazioa zaintzeaz arduratzen diren Segurtasun Indar eta Kidegoek istripuaren inguruabarrak biltzen dituzten atestatu eta txostenetako informazio interesgarria eman ahal izango dute, eragindako alderdiek, kaltedunek edo aseguru-entitateek hala eskatuz gero, betiere eginbideak ez badizkiote eman egintzez arduratzeko eskumena duen agintari judizialari; hala gertatuz gero, azken horri eskatu beharko diote informazioa.

2.Kaltedunaren erreklamazioa jaso eta hiru hilabeteko epean, pertsonei zein ondasunei eragindako kalteak izan, aseguratzaileak kalteak ordaintzeko eskaintza arrazoitua aurkeztu beharko du, erantzukizuna egiaztatutzat eta eragindako kaltea kuantifikatutzat jo ondoren. Eskaintza horrek artikulu honen 3. zenbakian jasotako betekizunak bete behar ditu. Horrela egin ezean, edo erreklamazioa baztertuz gero, erantzun arrazoitua eman beharko du, artikulu honen 4. zenbakiko betekizunak betetzen dituena.

Ondore horietarako, aseguratzaileak, bere kontura, egoki deritzen peritu-txosten pribatuak eskatu ahal izango ditu aurretik (zerbitzu propioen edo itunduen bidez egin beharko du hori), betiere uste badu lesionatuak aurkeztutako dokumentazioa ez dela nahikoa kaltea kuantifikatzeko.

Betebehar hori ez betetzea administrazioko arau-hauste astuna edo arina izango

da.

Hiru hilabeteko epea igaro ondoren, aseguratzaileak, inolako justifikaziorik gabe edo hari egotz dakiokeen arrazoiren batengatik, ez badu eskaintza arrazoiturik egiten, berandutze-interesak sortuko dira, lege honen 9.artikuluaren arabera. Orobat sortuko dira berandutze-interesak baldin eta, kaltedunak eskaintza onartu ondoren, aseguratzaileak ez badu eskainitako kopurua ordaintzen bost eguneko epean edo ez badu kopurua kontsignatzen.

Aseguratzaileak ezbeharraren berri duen mementotik ziurtatu behar du arretaz jokatu dela kaltea kuantifikatzeko eta kalte-ordaina likidatzeko eginkizunetan.

Zenbaki honetan ezarritakoa automobilen aseguruetarako bulego nazionalen sistemaren bidez ordain daitezkeen istripuetan aplikatuko da; kasu hauetan, aseguratzaileari egindako erreferentzia guztiak Automobil Aseguratzaileen Espainiako Bulegoari (Ofesauto) eta atzerriko aseguru-entitateak ordezkatzen dituzten entitate korrespontsal baimenduei eginda daudela ulertuko da.

3.Arrazoitutako eskaintza hori lege honen ondorioetarako baliozkoa izateko honako betekizun hauek bete beharko ditu:

a)Ezbeharraren ondorioz pertsonei eta ondasunei eragindako kalteengatik ordaintzeko proposamen bat aurkeztuko du. Kalteak pertsonei eta ondasunei eraginez gero, modu berezituan aurkeztuko dira horien balorazioa eta horiengatik eskainitako kalte-ordaina.

b)Pertsonei eragindako kalte-galerak lege honen IV. tituluan eta eranskinean ezarritako irizpide eta zenbatekoen arabera kalkulatuko dira.

c)Kalteak baloratzeko erabilitako agiriak, txostenak edo bestelako informazioak aurkeztuko dira, behin betiko txosten medikoa barne, bereizita eta zehaztuta, ondo identifikatuta horietako zeintzuk erabili diren eskainitako kalte-ordaina zehaztasunez kuantifikatzeko, kaltedunak eskaintza onartu edo baztertzeko beharrezkoak diren irizpide-elementuak izan ditzan.

d)Jasota geratuko da, ezen eskainitako zenbatekoa ordaintzeak ez duela esan nahi kaltedunak uko egiten diola gerora akzioak egikaritzeari, baldin eta ordaindutako kopurua zuzenbidez egokitzen zaiona baino txikiagoa bada.

e)Eskainitako kopurua kontsignatu ahal izango da. Eskudirutan kontsignatu ahal izango da, lehen errekerimenduz ordaindu daitekeen iraupen zehaztugabeko abal solidarioz, kreditu-erakunde batek edo elkar bermatzeko sozietate batek egina; beste edozein modutan ere kontsignatu daiteke, baldin eta dagokion jurisdikzio- organoaren iritziz kasuan-kasuan bermatzen bada kopuru horrek berehalako eskuragarritasuna izango duela.

4.Aseguratzaileak ez badu ematen kalte-ordainen eskaintza arrazoitu bat, erantzun arrazoitu bat eman beharko du, ondoko betekizun hauen arabera:

a)Behar besteko erantzuna eman beharko dio egindako erreklamazioari, kalte-ordainaren eskaintza ez egiteko arrazoia hauetatik zein den azalduz: erantzukizuna zehazterik ez izatea, kaltea kuantifikatu ezina edo erreklamazioa baztertzea justifikatzen duen beste arrazoiren bat, betiere behar bezala zehaztuta.

Baldin eta arrazoia bada kalteduna sendatzeko prozesua denboran luzatu dela eta istripuaren ondorioz pairatutako sekuelen irismena guztiz zehaztea ezinezkoa dela, edota, edozein arrazoirengatik, kaltea guztiz kuantifikatzerik ez badago, erantzun arrazoituak hauek jaso beharko ditu:

1.a Amaierako azken kalte-ordainaren konturako ordainketen edo konturako ordainketa partzial aurreratuen erreferentzia, kalteen izaera eta garrantzia kontuan harturik.

2.a Aseguratzaileak kalte-ordainaren eskaintza arrazoitua kalteak zenbatu bezain laster aurkezteko hartutako konpromisoa eta, ordura arte, ezbeharraren egoeraren berri ematekoa, modu arrazoituan, bi hilean behin, erantzuna bidaltzen dutenetik zenbatuta.

b)Orobat jasoko dira, bereizita eta zehaztuta, agiriak, txostenak edo bestelako informazioak, behin betiko txosten medikoa barne, egiaztatzen dutenak zeintzuk diren aseguru-entitateak eskaintza arrazoitua ez egiteko arrazoiak.

c)Erantzunak aipamen bat ere izango du, esanez ez duela kaltedunaren onarpen edo gaitzespen espresurik behar eta ez duela eragozten kaltedunak bere eskubideak baliatzeko egin ditzakeen bestelako akzioak egikaritzeko.

5.Kalteduna ez badator bat eskaintza arrazoituarekin, alderdiek, elkarrekin adostuta eta aseguratzailearen kontura, peritu-txosten osagarriak eskatu ahal izango dituzte, baita Auzitegi Medikuntzako Institutuari ere, betiere aldez aurretik ez badu esku hartu.

Lesionatuak ere egin diezaioke eskaera hori Auzitegi Medikuntzako Institutuari, aseguratzailearen akordiorik ez badu ere, eta haren kontura. Txostena egin behar duen Auzitegi Medikuntzako Institutuak aseguratzaileari eskatuko dio eskuragarri dituen frogabideak aurkezteko, eta egindako peritu-txostenaren kopia alderdiei emango die.

Halaber, kaltedunak peritu-txosten osagarriak ere eskatu ahal izango ditu, aseguratzailearen akordioa eduki beharrik gabe, baina horiek, oraingoan, bere kontura izango dira.

Perituek modu osagarrian esku hartzeko eskaera hori dela eta, aseguratzaileak beste eskaintza arrazoitu bat egin beharko du hilabeteko epean, peritu-txosten osagarria ematen dutenetik zenbatzen hasita, eta akzio judizialak egikaritzeko preskripzio-epeak etenda jarraituko du. Nolanahi ere, epea berriro zenbatzen hasiko da kaltedunak jakiten duenetik aseguratzaileak baztertu egin duela beste txosten batzuk eskatzeko eskaera.

6.Eskaintza eta erantzun arrazoituen edukia erregelamenduz zehaztu ahal izango da, baita dagokion Auzitegi Medikuntzako Institutuaren txostena eskatzeko eta egiteko prozedurari zein haren epe eta igorpenari buruzko alderdiak ere. Era berean, aipatutako araudi horrek bermatuko du auzitegi-medikuak espezializaturik daudela gorputz-kalteen balorazioan, beharrezkoak diren prestakuntza-jardueren bitartez.

7.Edozein kasutan, aseguratzaileak erantzukizun zibilak bermatu beharko ditu, eta agintaritza judizialak ustezko aseguratu erantzuleei exijitutako pentsioak ordaindu, Prozedura Kriminalaren Legearen 764 eta 765 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

Behin-behineko pentsioak lege honen eranskinean ezarritako mugen arabera kalkulatuko dira.

8.Eskaintza edo erantzun arrazoitua aurkeztutakoan, ez badago adostasunik eta manu horren 5. zenbakian aurreikusitako eskubidea baztertu gabe, edo eskaintza edo erantzuna emateko epea igaro bada, kaltedunak 14. artikuluan eztabaida konpontzen saiatzeko aurreikusitako bitartekotza-prozedurara jo ahal izango du, edota dagokion jurisdikzio-bidera jo, dagozkion kalte-galerak erreklamatzeko.

Prozedura Zibilaren Legearen 403. artikuluarekin bat etorriz, demandak ez dira izapidetzeko onartuko horiekin batera ez badira aurkezten aseguratzaileari erreklamazioa aurkeztu izanaren egiaztagiriak eta eskaintza edo erantzun arrazoitua —aseguratzaileak halakorik helarazi badu—».

Lau. 9. artikuluaren b) letra aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«b) Pertsona batek hiru hilabetez baino gehiagoz jasaten baditu kalte pertsonalak edo artikulu honen a) letran aipatzen den eskaintza arrazoituaren ondorioetarako ezin bada zehatz baloratu kalte pertsonala, dagokion jurisdikzio- organoak, kasuaren inguruabarrak eta beharrezko diren txosten eta irizpenak aztertuta, erabakiko du ea aseguratzaileak eskainitako edo kontsignatutako kopurua nahikoa den edo handiagoa izan behar duen, betiere jarraituz IV. tituluko irizpideak eta lege honen eranskinean ezarritako kalte-ordainen mugak. Ezingo da inongo errekurtsorik jarri ezarritako ebazpen judizialaren aurka.»

Bost. 13. artikulua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«13. artikulua. Exekuziorako prestaketa-eginbideak prozesu penalean.

Ibilgailu motordunen zirkulaziorako nahitaez egin beharreko erantzukizun zibileko aseguruak estalitako egitate batengatik hasitako prozesu penal batean absoluzio-epaia ematen bada, kaltedunak ez badio uko egin akzio zibila egikaritzeari, edo ez badu gorde aparte egikaritu ahal izateko, auziaz arduratu den epaileak edo auzitegiak autoa emango du, alderdiak hala eskatuta, zeinean zehaztuko baita kaltedun bakoitzak jasandako kalte-galeren kalte-ordaintzat erreklamatu daitekeen diruzko gehieneko kopurua, betiere nahitaez egin beharreko aseguruaren babespean eta legen honen eranskineko balorazio-sistemaren arabera.

Berdin jokatuko da zirkulazio-istripuaren ondorioz heriotza gertatzen denean, eta kaltedun bakoitzak erreklamatu dezakeen gehieneko zenbatekoa zehazteko autoa emango da, kaltedunak hala eskatuta, baldin eta ebazpen batek amaiera ematen badio hasitako zigor-arloko prozesuari, behin-behinean edo behin betiko, erantzukizun-deklaraziorik gabe.

Aipaturiko autoa aseguratzaileak edo Aseguruen Konpentsazio Partzuergoak eskaintza edo erantzun arrazoitua eman eta aztertu ondoren emango da. Autoak egitatearen deskripzioa jasoko du, baita zein diren inplikaturiko pertsonak eta ibilgailuak eta horietako bakoitzaren aseguratzaileak ere.

Autoa eman baino lehen, egindako jarduketetan ez bada agertzen legen honen aginduen arabera aurkeztu behar den arrazoitutako eskaintza edo erantzunik, epaileak bost eguneko epea emango die kaltetu, ustezko erantzule eta aseguratzaileei —Aseguruen Konpentsaziorako Partzuergoa barne— arrazoitutako eskaintza eta erantzuna eta egoki iritzitako alegazioak deitutako agerraldi batean aurkez ditzaten.

Agerraldian alderdiak ados jarriz gero, epaileak homologatu egingo du adostasun hori, transakzio judizial baten ondorioekin.

Adostasunik lortu ezean, gehieneko kopuruari buruzko autoa emango da, hiru eguneko epean agerraldia bukatzen den egunetik kontaturik, eta horren aurka ezin izango da inolako errekurtsorik jarri.»

Sei. Artikulu berri bat gehitzen da, 14.a, honela idatzita:

«14. artikulua. Bitartekaritza-prozedura eztabaida-kasuetan.

1.Eskaintza edo erantzun arrazoituarekin bat etorri ezean eta, oro har, eztabaida dagoen kasuetan, alderdiek bitartekaritza-prozedurara jo ahal izango dute Auzi Zibil eta Merkataritzazkoetako Bitartekaritzari buruzko Legean (uztailaren 6ko 5/2012) aurreikusitakoarekin bat etorriz.

2.Ondore horretarako, kaltedunak eskatu ahal izango du bitartekaritza hastea, bi hilabeteko epean gehienez, eskaintza edo erantzun arrazoitua edo peritu-txosten osagarriak, halakorik eskatuz gero, jasotzen dituen unetik aurrera zenbatuta.

3.Zirkulazioaren eremuko erantzukizun zibilean eta lege honetan aurreikusitako balorazio-sisteman espezializatuta dauden profesionalek egin ahal izango dute bitartekaritza mota hori, betiere berariazko prestakuntza badute eremu honetan bitartekaritza egiteko. Bitartekariak alderdien arteko akordioa ahalbidetzeko portaera aktiboa izango du, alderdien arteko komunikazioa errazteaz eta informazio eta aholkularitza nahikoa dutela zaintzeaz gainera.

4.Bitartekariak edo bitartekaritza-erakundeak, bitartekaritza-eskabidea jasotakoan, informazio-saioa egiteko deia egingo die alderdiei. Zehazki, bitartekariak alderdiei jakinaraziko die akordioa egiteko edo ez egiteko erabateko askatasuna dutela eta edonoiz egin dezaketela atzera prozeduran; horrez gain, bitartekaritzak, gehienez ere, hiru hilabeteko iraupena izango duela, lortzen duten akordioa loteslea izango dela eta, betearazpen-titulu gisa eratzeko, eskritura publiko bihurtzeko eskatu ahal izango dutela ere adieraziko die.»

Zazpi. IV. titulu berri bat gehitzen da; hauexek dira haren enuntziatua eta edukia:

«IV. TITULUA

Zirkulazio-istripuetan pertsonei eragindako kalte-galerak baloratzeko sistema

I.KAPITULUA

Gorputz-kaltearen kalte-ordaina zehazteko irizpide orokorrak

1.atala. Xedapen orokorrak

32.artikulua. Aplikazio-eremua eta irismena.

Sistema honen helburua da lege honetan araututako zirkulazio-egitateek

eragindako gorputz-kaltearen ondorioz pertsonei eragindako kalte guztiak baloratzea.

33.artikulua. Balorazio-sistemaren funtsezko printzipioak.

1.Sistemak funtsezko bi printzipio ditu balorazioa objektibatzeko: kaltearen erreparazio osoa eta erreparazio egituratua.

2.Pairatutako kalte-galeren erabateko ukigabetasuna bermatzea du xedetzat erreparazio osoaren printzipioak. Sistema honetako kalte-ordainek biktimaren era guztietako inguruabar pertsonal, familiar, sozial eta ekonomikoak hartzen dituzte kontuan, diru-sarrerak galtzeari eta irabaziak lortzeko gaitasuna galdu edo murrizteari dagozkionak barne.

3.Erreparazio osoaren printzipioak gorputz-kaltearen ondarezko ondorioak ez ezik, moralak edo ondaretik kanpokoak ere zuzentzen ditu, eta, kasu honetan, biktimen duintasuna errespetatzen duten zenbatekoen bidez (sozialki nahikoak eta arrazoizkoak) kalte nabarmen oro, haren intentsitatearen arabera, konpentsatzea dakar berekin.

4.Egituratze-printzipioak ondare-kalteak eta ondarez kanpokoak bereiz baloratzea eskatzen du eta, batzuen eta besteen barruan, askotariko kalte- kontzeptuak ere bai.

5.Kaltearen balorazioaren objektibatzeak sisteman ezarritako arauen eta mugen araberako kalte-ordaina ematea dakar berekin; hori dela eta, horretan aurreikusita ez dauden kontzeptu edo zenbatekoekin ezin da kalte-ordainik finkatu. Nolanahi ere, kalte nabarmenek, sistemaren arau eta mugen arabera jasota ez dauden inguruabar bereziek eraginda badaude, salbuespenezko kalte gisa jasotzen dute kalte-ordaina, 77. eta 112. artikuluetan horretarako ezarritako arauekin bat etorriz.

34.artikulua. Baloratu beharreko kalteak.

1.Heriotzak, sekuelek eta aldi baterako lesioek dakarte kalte-ordaina ematea, betiere hurrengo artikuluetan aurreikusitakoarekin eta lege honen eranskineko 1., 2. eta 3. tauletan, hurrenez hurren, jasotakoarekin bat etorriz.

2.Taula horietako bakoitzean bereiz dago jasota oinarrizko kalte pertsonalen (1.A, 2.A eta 3.A), kalte pertsonal partikularren (1.B, 2.B eta 3.B) eta ondare-kalteen (1.C, 2.C eta 3.C) erreparazioa.

35.artikulua. Balorazio-sistema aplikatzea.

Sistema behar bezala aplikatzeko, bere arauen arabera esleitutako kalte-

ordainak kuantifikatzeko erabilitako irizpideak justifikatu behar dira, ondarez kanpoko zein ondarezko kalteengatiko ordain-kontzeptu eta -partida ezberdinak bereiz eta banan-banan tratatuta.

36.artikulua. Subjektu kaltedunak.

1.Hauek izango dira subjektu kaltedunak:

a)Istripuaren biktima.

b)62. artikuluan aipatutako kaltedunen kategoriak, biktimaren heriotzaren

kasuan.

2.Lege honen ondoreetarako, alargunak pairatutako ordaingarri den kalte bera pairatzen du bizirik gelditu den izatezko bikotekideak (hori erregistro edo dokumentu publiko batean inskribatuz eratuta egonik) edota hil aurretik urtebetez gutxienez, edo aldi txikiago batez seme-alaba bat elkarrekin badute, biktimarekin bizi izan denak.

3.Salbuespenez, 62. artikuluan aipatutako zendutako biktimen senideek, baita lesionatu handienek ere, eskubidea izango dute istripuak eragin dizkien alterazio psikikoak direla eta, gehienez sei hilabetez, tratamendu mediko eta psikologikoko gastuengatik ordaina jasotzeko.

37.artikulua. Txosten medikoaren beharra eta elkarri laguntzeko eginbeharrak.

1.Sistema honetako arauen araberako txosten medikoaren bidez zehaztu eta neurtuko dira sekuelak eta aldi baterako lesioak.

2.Lesionatuak, kaltea gertatzen denetik, behar den laguntza eman behar du, izan litekeen erantzulearen kontura izendatutako zerbitzu medikoek kaltea aitor dezaten eta lesioen bilakaeraren jarraipena egin dezaten. Eginbehar hori ez betetzea aseguru-entitateari egotzi ezin zaion kausa da Aseguru Kontratuari buruzko Legearen 20. artikuluaren 8. arauaren ondoreetarako (berandutze-interesen sorrerari buruzkoa).

3.Osasun-zerbitzuek behin betiko txosten medikoa emango diete aseguru- entitateari eta lesionatuari, sekuelak, aldi baterako lesioak eta ondorio pertsonal guztiak baloratu ahal izateko. Lege honen 7.3.c) artikuluaren ondorioetarako,

horrelako txostenik ez duen eskaintza arrazoituek ez dute baliorik izango, salbu eta aurretik aurkeztu badute.

38.artikulua. Kaltea baloratzeko inguruabarrak zehazteko unea.

1.Lege honen xedapenak aplikatzearen ondoreetarako, eta bestelakorik xedatzen duen berariazko araurik ezean, biktimaren eta kaltedunen adina, baita haien inguruabar pertsonal, familiar eta laboralak ere, zehazteko unea istripuaren egunarena da.

2.Kalte-ordaina jaso dezaketen kalte-kontzeptuak, horiek zehazteko irizpideak eta sistema aplikatzeko gainerako elementu garrantzitsuak, berariazko araurik ezean, istripuaren egunean indarrean daudenak izango dira.

39.artikulua. Adinak zenbatzea.

Adina datatik datara zenbatuko da; horrenbestez, lege honen xedapenetan aurreikusitako adinetara iristen da urteak betetzen diren eguneko gauerdiaren ostean. Hasierako adina lortzen denetik amaierako adina betetzen duten eguneko gauerdira artekoak dira adin-bitarteak. Norbaitek urte kopuru jakin bat baino gehiago edukitzearen aipamenak adin hori beteta duela esan nahi du.

40.artikulua. Ordain-partiden zenbatekoa zehazteko unea.

1.Ordain-partiden zenbatekoa istripuaren egunean indarrean dagoen balorazio-sistemako zenbatekoei dagokiena izango da; betiere, akordio estrajudizialaren bidez edo ebazpen judizialaren bidez zenbatekoa zein urtetan zehaztu den, urte horretako eguneratzea eginda.

2.Nolanahi ere, eguneratze hori egitea ez da bidezkoa izango era guztietako berandutze-interesen sortzapena hasten den egunetik aurrera.

3.Aurreko bi zenbakietako arauek berdin eragingo diete egindako gastuen partidei, horiek ordaintzeko egunean ordaindutako nominala oinarri hartuta.

4.Konturako ordainketak eginez gero, aurreko zenbakietan aurreikusitako arauen arabera eguneratuko dira ordaindutako zenbatekoak, eta modu horretan kenduko dira zenbateko globaletik.

41.artikulua. Kalte-ordaina biziarteko errenta bidez.

1.Lege honetan ezarritako sistemarekin bat etorriz finkatutako kalte-ordaina, guztiz edo zati batez, kaltedunaren alde eratutako biziarteko errenta batez ordeztea itun dezakete alderdiek edozein unetan, edo hori erabaki dezake epaileak, alderdi batek eskatuta.

2.Nolanahi ere, epaileak ofizioz erabaki ahal izango du hori, zati batez bada ere, adingabeek edo gaitasuna judizialki aldatuta duten pertsonek pairatutako kalteak ordaintzeko kasuetan, betiere beharrezko baderitzo haien interesak eraginkortasun handiagoz babestearren.

42.artikulua. Biziarteko errenta kalkulatzea.

1.Baldin eta kalte-ordaina biziarteko errenta gisa ezartzen bada, haren zenbatekoa kalkulatzen da halako eran non sistema honen ondoriozko kalte- ordainaren kapitalaren baliokidea izango den, bat etorriz errenten eta kapitalen arteko bihurketarako koefiziente aktuarialen taula teknikoarekin (TT1), zeina 48. artikuluan aipatutako oinarri tekniko aktuarialetan jasota baitago. Errenta hori urtero eguneratuko da Estatuko Aurrekontu Orokorren Legean aurreikusitako pentsioak errebalorizatzeko indizearen portzentajearekin bat etorriz.

2.Kapitaleko kalte-ordainaren urteko biziarteko errenta baliokidea koefiziente aktuarial batez zatituta kalkulatzen da. Koefiziente horiek hauek hartzen ditu kontuan:

a)Biziartekoa izatea.

b)Kalteduna edo lesionatua hiltzeko arriskua, lege honetan erabilitako hilkortasunari buruzko taula aktuarialen bidez zehaztua.

c)Deskontuaren interes-tasa, inflazioa kontuan hartzen duena.

3.Urteko errenta aldi txikiagotan zatikatu daiteke; halakoetan, hilabeteen edo dagokion denbora-aldiaren arabera bananduko da.

43.artikulua. Finkatutako kalte-ordainak aldatzea.

Behin kalte-ordaina ezarrita, hura finkatzea eragin zuten inguruabarrak

nabarmen aldatzeak edo ondoren sortutako kalteak agertzeak baino ezin du ekarri kalte-ordaina berrikustea.

44.artikulua. Kalte-ordaina aldi baterako lesioengatik, kalte-ordaina finkatu aurretik lesionatua hilez gero.

Lesionatuaren jaraunsleek jaso beharreko kalte-ordaina finkatuko da istripua gertatzen denetik lesioak egonkortu arte edo, hala dagokionean, lesionatua hil arte —lehenago gertatzen bada— igarotako denboraren arabera.

45.artikulua. Kalte-ordaina sekuelengatik, lesionatua egonkortu ondoren eta kalte- ordaina finkatu aurretik hilez gero.

Sekuelak dituzten lesionatuei dagokienez, horiek egonkortu ondoren eta kalte- ordaina finkatu aurretik hiltzen badira, jaraunsleek honako arau hauen ondoriozko zenbatekoen batura jasoko dute:

a)Berehalako kaltearen kontzeptuan, 2.A.1 eta 2.A.2 taulekin bat etorriz lesionatuari dagokion oinarrizko kalte pertsonalaren ehuneko hamabosta.

b)Oinarrizko kalte pertsonalaren gainerako portzentajearen zenbatekoak eta 2.B eta 2.C taulak, lortu gabeko irabaziari dagokionez, aplikatzetik lortutako zenbatekoak, betiere egonkortze-datatik hil arte igarotako denboraren arabera, hildakoak egonkortze-datan zuen bizi-itxaropena kontuan harturik, eta 48. artikuluan aipatutako oinarri tekniko aktuarialetan jasotako bizi-itxaropenen taula teknikoarekin bat etorriz (TT2).

Kalkulu hori egiteko, laurogei urte baino gehiagoko biktimen bizi-itxaropena zortzi urtekoa dela jotzen da beti.

46.artikulua. Kalte-ordaina gastuengatik, kalte-ordaina finkatu aurretik lesionatua hilez gero.

Ordaingarri diren gastuengatiko kalte-ordainak hiltzeko data arte egindakoak baino ez ditu barne hartzen.

47.artikulua. Jaraunsleentzako kalte-ordaina eta lesionatua hiltzearen ondoriozko kaltedunentzako kalte-ordaina bateragarriak izatea.

Lesionatua jasandako lesioen ondorioz hiltzen bada kalte-ordaina finkatu aurretik, aurreko artikuluen arabera jaraunsleei dagokien kalte-ordaina bateragarria izango da haren heriotzaren ondoriozko kaltedunei dagokienarekin.

48.artikulua. Oinarri tekniko aktuarialak.

Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioak ezarriko ditu oinarri tekniko aktuarialak; koefiziente aktuarialen kalkuluaren hipotesi ekonomiko-finantzarioak eta biometrikoak jasotzen dituzte horiek.

49.artikulua. Eguneratzeak.

1.Lege hau indarrean jarri eta hurrengo urtetik aurrera, bertan eta bere tauletan finkatutako kalte-ordainen zenbatekoak eta mugak automatikoki eguneratuko dira —urte bakoitzeko urtarrilaren 1eko ondorioekin— Estatuko Aurrekontu Orokorren Legean aurreikusitako pentsioak errebalorizatzeko indizearen portzentajearen arabera.

2.Nolanahi ere, lortu gabeko irabaziaren eta beste pertsona baten laguntzaren taulak, beren izaeragatik, oinarri tekniko aktuarialen arabera eguneratuko dira. Etorkizuneko osasun-laguntzako gastuari buruzko taula, halaber, osasun-zerbitzu publikoekin sinatutako osasun-hitzarmenetan ezarritakoaren arabera eguneratuko da, hala badagokio, betiere 114. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz eta osasun- zerbitzuek jasandako kostuen aldakuntza kontuan harturik.

3.Aseguruen eta Pentsio Funtsen Zuzendaritza Nagusiak kalte-ordainen zenbateko eguneratuak ebazpen bidez ezagutaraziko ditu, horiek jakin eta aplikatzea errazagoa izan dadin.

2.atala. Definizioak

50.artikulua. Autonomia pertsonala galtzea.

Lege honen ondoreetarako, autonomia pertsonala galdu dela joko da bizitza arruntaren oinarrizko jarduerak egitea eragozten edo mugatzen duen urritasun fisiko, intelektual, sentsorial edo organikoa eragin bada.

51.artikulua. Bizitza arruntaren oinarrizko jarduerak.

Lege honen ondoreetarako, bizitza arruntaren oinarrizko jardueratzat hauek jotzen dira: jatea, edatea, garbitzea, janztea, esertzea, altxatzea eta etzatea, esfinterrak kontrolatzea, lekualdatzea, etxeko lanak gauzatzea, gailuak erabiltzea, erabakiak hartzea eta autosufizientzia fisiko, intelektual, sentsorial edo organikoari buruzko antzeko bestelako jarduerak egitea.

52.artikulua. Lesionatu handia.

Lege honen ondoreetarako, lesionatu handitzat jotzen da bizitza arruntaren oinarrizko jarduerak edo haietako gehienak egiterik ez duena.

53.artikulua. Garapen pertsonala galtzea.

Lege honen ondoreetarako, garapen pertsonala galdu dela joko da garapen pertsonaleko berariazko jarduerak egitea eragozten edo mugatzen duen urritasun fisiko, intelektual, sentsorial edo organikoa eragin bada.

54.artikulua. Garapen pertsonaleko berariazko jarduerak.

Lege honen ondoreetarako, garapen pertsonaleko jardueratzat honelako jarduerak hartzen dira, besteak beste: gozamen edo plazerari, harreman-bizitzari, sexu-jarduerari, aisiari eta kirolak egiteari, prestakuntza garatzeari eta lanbide edo lan batean aritzeari buruzkoak. Jarduera horiek gizabanako gisa eta gizarteko kide gisa pertsona errealizatzea dute helburutzat.

55.artikulua. Osasun-laguntza.

Lege honen ondoreetarako, osasun-laguntzatzat hartzen da osasun-zerbitzuak, ospitalekoak eta farmaziakoak ematea, bai eta lesioen diagnostiko edo tratamendurako behar diren prestazio osagarriak eta laguntza eman ahal izateko behar den garraioa ere. Berariazko ordain-partida baten xede izan ezean, horren barruan errehabilitazio-zerbitzuak ematea ere sartzen dela ulertzen da.

56. artikulua. Protesiak.

Lege honen ondoreetarako, protesi dira osasun-produktuak, ezargarriak edo kanpokoak, baldin eta xedetzat gorputz-egitura bat guztiz edo zati batez ordeztea edota haren funtzio fisiologikoa aldatzea, zuzentzea edo erraztea badute.

57. artikulua. Ortesiak.

Lege honen ondoreetarako, ezargarriak ez diren osasun-produktuak dira ortesi, baldin eta, pazienteari banaka egokituta, sistema sentsorialaren, neuromuskularraren edo eskeletikoaren egiturazko edo funtziozko baldintzak aldatzea badute xedetzat.

58.artikulua. Autonomia pertsonalerako laguntza teknikoak eta laguntza- produktuak.

Lege honen ondoreetarako, desgaitasuna duten pertsonentzako autonomia pertsonalerako laguntza tekniko eta laguntza-produktu dira desgaitasuna duten pertsonek erabiltzen dituzten tresnak, ekipoak edo sistemak, bereziki fabrikatuak edo merkatuan eskuragarri daudenak, baldin eta autonomia pertsonala sustatzen badute edo xedetzat gabeziak, jarduera-mailako mugapenak eta harreman-bizitzako murrizketak prebenitzea, orekatzea, kontrolatzea, arintzea edo neutralizatzea badute. Autonomia pertsonala bultzatzen dutenak ere sartzen dira horien artean.

59.artikulua. Bitarteko teknikoak.

Lege honen ondoreetarako, higiezin batera gehitutako laguntza teknikoak bitarteko tekniko dira.

60.artikulua. Familia-unitatea.

Lege honen ondoreetarako, ezkontza edo izatezko bikote egonkorretan, familia- unitatetzat hartzen da ezkontideek edo bikotekideek eta, hala badagokio, seme- alabek, aurreko ahaideek eta haiekin batera bizi diren gainerako senide eta hurrekoek osatutakoa. Gutxienez aurreko ahaide bat ondorengo ahaide batekin bizitzea edo anai-arrebak elkarrekin bizitzea dakarrena ere bada familia-unitate.

II. KAPITULUA

Gorputz-kaltea baloratzeko arauak

1.atala Kalte-ordainak heriotzagatik

61.artikulua. Heriotzagatiko kalte-ordainen balorazioa.

1.Heriotzagatiko kalte-ordainak atal honetan ezarritako xedapenen eta arauen arabera zenbatzen dira; horiek, orobat, eranskineko 1. taularen ataletan jasota daude.

2.1. taulan, hiru atal daude kaltedun bakoitzaren kalteak baloratzeko:

a)1.A taulak oinarrizko kalte pertsonalaren zenbatekoa ezartzen du sistema honetako irizpideekin eta arauekin bat etorriz.

b)1.B taulak kalte pertsonal partikularren eta salbuespenezkoen zenbatekoa ezartzen du sistema honetako irizpideekin eta arauekin bat etorriz.

c)1.C taulak ondare-kalteen zenbatekoa ezartzen du, sortutako kaltearen eta lortu gabeko irabaziaren kategoriak bereizita, sistema honetako irizpideekin eta arauekin bat etorriz.

1.azpiatala. Oinarrizko kalte pertsonala (1.A taulari buruzko xedapenak)

62.artikulua. Kaltedunen kategoriak.

1.Heriotza dagoenean, kaltedunen bost kategoria autonomo daude: alarguna, aurreko ahaideak, ondorengo ahaideak, anai-arrebak eta hurrekoak.

2.Kategoria horietako batean dagoena hartzen da kalteduntzat, ordaingarri den kalterik ez egotea dakarren inguruabarrik ezean.

3.Hau ere kalteduntzat hartuko da: kategoria jakin bateko pertsonak (halakorik ez dagoelako edo funtzioak betetzen ez dituelako) egiten ez dituen funtzioak egitez eta modu jarraituan gauzatzen dituen pertsona edo haren lekua hartzen duena.

63.artikulua. Alarguna.

1.Legez bananduta ez dagoen alargunak zenbateko finkoa jasoko du elkarbizitzan emandako hamabost urtera arte, biktimaren adin-tartearen arabera, eta gehigarri bat hortik aurrerako urte edo zatiki bakoitzeko.

2.Aurreko zenbakian ezarritako zenbaketaren ondoreetarako, izatezko bikote egonkorra osatzen dutenak ezkontzen badira, elkarbizitza-urteak gehitu egingo zaizkie ezkontza-urteei.

3.Egitezko banantzea eta deuseztasuneko, banantzeko edo dibortzioko demanda aurkeztea parekatu egingo zaizkio legezko banantzeari.

4.Ezkontideen edo izatezko bikotekide egonkorren konkurrentzia badago, aplikatu beharreko legeriak horretarako aukera ematen duenean, 1. zenbakian ezarritako zenbateko finkoa zati berdinetan banatuko da, eta gehikuntza gehigarririk balego, gehikuntza handiena hartu eta elkarbizitzako urte gehigarrien arabera banatuko da.

64.artikulua. Aurreko ahaideak.

1.Guraso bakoitzak zenbateko finko bat jasotzen du, eta hori aldatuko da hildako seme-alabak hogeita hamar urtera arte edo hortik gora bazituen.

2.Aitona-amona bakoitza kalteduntzat hartzen da bere familia-adarreko gurasoa aurrez hil bada, eta zenbateko finkoa jasoko du alde batera utzita hildako bilobaren adina zein den.

65.artikulua. Ondorengo ahaideak.

1.Seme-alaba bakoitzari zenbateko finkoa esleitzen zaio; zenbateko hori adinaren arabera aldatuko da. Hori horrela, heldutasun- eta garapen-etapen arabera, lau tarte hauek bereiziko dira:

a)Hamalau urtera arte.

b)Hamalau urtetik hogei urtera arte.

c)Hogei urtetik hogeita hamar urtera arte.

d)Hogeita hamar urtetik aurrera.

2.Bilobak kalteduntzat hartzen dira hildako aitona-amonaren seme-alaba zen gurasoa aurrez hil bada, eta zenbateko finkoa jasotzen dute adina edozein dela ere.

66.artikulua. Anai-arrebak.

1.Anai-arreba bakoitzak zenbateko finko bat jasotzen du, eta hori adinaren arabera aldatuko da, hogeita hamar urtera artekoa edo hortik gorakoa den.

2.Ondore horietarako, lotura bakarreko anai-arreba eta lotura bikoitzekoa parekatzen dira.

67.artikulua. Hurrekoak.

1.Aurreko arauen arabera kaltedun ez badira ere, hil baino lehenago biktimarekin gutxienez bost urtez bizi izan diren eta, ahaidetasun edo afektibitateari dagokionez, harenganako hurbiltasun berezia duten pertsonak hurrekotzat hartuko dira.

2.Hurreko bakoitzak zenbateko finkoa jasoko du, adina edozein dela ere.

2.azpiatala. Kalte pertsonal partikularra (1.B taulari buruzko xedapenak)

68.artikulua. Kalte partikularren ordaina.

1.Kaltedun bakoitzaren kalte partikularrak berariazko irizpideak aplikatuz ordaintzen dira; horrelakoek handitu egiten dute 1.A taulan finkatutako oinarrizko kalte-ordaina.

2.Kalte partikularrak ez dira elkarren baztertzaileak eta, kaltedun batean aldi berean badaude, metagarriak dira.

3.Hurrekoari dagokionez, ordaingarri den kalte partikular bakarra, halakorik badago, desgaitasun fisiko, intelektual eta sentsorialarena da, hurrengo artikuluan xedatutakoaren arabera.

69.artikulua. Kalte partikularra, kaltedunaren desgaitasun fisiko, intelektual edo sentsorialagatik.

1.Istripuaren aurretik edo horren ondorioz desgaitasun fisiko, intelektual edo sentsoriala izateagatik sortutako kalte partikularraren ordaina ematearen helburua da kaltedunaren bizitzan biktimaren heriotzak eragindako aldaketa nabaria konpentsatzea.

2.Halako kaltea ordaingarri den kaltetzat jotzeko, gutxienez ere, ehuneko hogeita hamahiruko desgaitasun-maila behar da. Administrazio-ebazpen baten bidez edo zuzenbidean onartzen den beste edozein frogabideren bidez egiaztatzen da desgaitasun hori.

3.Dagokion oinarrizko kalte-ordainari gehikuntza eginez ordainduko da kalte hori; ehuneko hogeita bost eta hirurogeita hamabost bitartean egongo da gehikuntza hori, desgaitasun-maila, alterazioaren intentsitatea eta kaltedunaren adina aintzat hartuta.

70.artikulua. Kalte partikularra, kalteduna biktimarekin bizitzeagatik.

1.Biktimarekiko elkarbizitza kalte partikularra da kaltedun guztiengan, ezkontidea edo hogeita hamar urtetik beherako biktimak edo kaltedunak salbuetsita. Salbuetsitako kasuetan, inguruabar hori jada haztatuta dago oinarrizko kalte pertsonalagatiko kalte-ordainean.

2.Baldin eta kalteduna biktimaren aitona-amona edo biloba bada eta elkarbizitza badago, kasuan-kasuan legokiokeen oinarrizko kalte pertsonalagatiko kalte-ordaina ehuneko berrogeita hamar handituko da.

3.Gainerako kasuetan, kaltedunak hogeita hamar urte baino gehiago baditu eta biktimarekin batera bizi bada, kalte pertsonal partikular gisa bi hauen arteko aldea ordainduko da: batetik, bere kategoria bereko hogeita hamar urtetik beherako kaltedun batentzat aurreikusitako oinarrizko kalte pertsonalagatiko kalte-ordaina, eta, bestetik, berari kontzeptu beragatik dagokiona.

71.artikulua. Bere kategoriako kaltedun bakarraren kalte partikularra.

Kategoria bakoitzaren barruan kaltedun bakarra izatea, ezkontidea salbuetsita, kalte partikularra da, eta oinarrizko kalte pertsonalagatiko kalte-ordaina ehuneko hogeita bost handituz ordaintzen da.

72.artikulua. Familiakorik gabe geratutako kaltedunaren kalte partikularra.

Familiakorik gabe geratutako kalteduna izatea kalte partikularra da, eta oinarrizko kalte pertsonalagatiko kalte-ordaina ehuneko hogeita bost handituz ordaintzen da.

73.artikulua. Kalte partikularra, guraso bakarra hiltzeagatik.

Kaltedunaren bizirik dagoen guraso bakarra hiltzea kalte partikularra da, eta oinarrizko kalte pertsonalagatiko kalte-ordaina modu honetan handituz ordainduko da:

a)Ehuneko berrogeita hamar, hogei urtera arteko seme-alaben kasuan.

b)Ehuneko hogeita bost, hogei urte baino gehiagoko seme-alaben kasuan.

74.artikulua. Kalte partikularra, bi gurasoak istripu berean hiltzeagatik.

Istripu berean bi gurasoak hiltzea kalte partikularra da, eta guraso bakoitza

hiltzearen ondoriozko oinarrizko kalte pertsonalagatiko kalte-ordaina modu honetan handituz ordainduko da:

a)Ehuneko hirurogeita hamar, hogei urtera arteko seme-alaben kasuan.

b)Ehuneko hogeita hamabost, hogei urte baino gehiagoko seme-alaben

kasuan.

75.artikulua. Kalte partikularra, seme-alaba bakarra hiltzeagatik.

Kaltedunaren seme-alaba bakarra hiltzea kalte partikularra da, eta oinarrizko

kalte pertsonalagatiko kalte-ordaina ehuneko hogeita bost handituz ordainduko da.

76.artikulua. Kalte partikularra, biktima haurduna hil eta fetua galtzeagatik.

Istripuaren ondorioz biktima haurduna hiltzea eta fetua galtzea kalte partikularra da, eta ezkontideak jasotzen duen zenbateko finko baten bidez ordainduko da. Zenbateko hori handiagoa da fetua galtzen bada haurdunaldiko hamabi aste igaro ostean.

77.artikulua. Salbuespenezko kaltea.

Proportzionaltasun-irizpideak betez, oinarrizko kalte pertsonalagatiko kalte- ordaina gehienez ehuneko hogeita bost handituz finkatuko da 33. artikuluan aipatutako salbuespenezko kalteek jaso beharreko kalte-ordaina.

3.azpiatala. Ondare-kaltea (1.C taulari buruzko xedapenak)

78.artikulua. Oinarrizko ondare-kaltea.

1.Kaltedun guztiek 1.C taulan finkatutako zenbateko finkoa jasoko dute heriotzak eragindako arrazoizko gastuak direla eta (besteak beste, joan-etorriak, mantenua, ostatua eta antzeko beste batzuk), horiek justifikatu beharrik gabe.

2.Gastu horien zenbatekoa aurreko zenbakian ezarritakoa baino handiagoa bada, ordaina jaso ahal izateko, nahitaezkoa da gastuak justifikatzea.

79.artikulua. Berariazko gastuak.

Aurreko artikuluan aurreikusitakoez gain, zerbitzua ematen duten tokiko usadioen eta ohituren arabera hildakoa lekualdatzeko zein hobiratzeko gastuak eta

hileta-gastuak ere ordainduko dira. Hildakoa jatorrizko herrialdera eramateko gastuak ere ordainduko dira.

80.artikulua. Lortu gabeko irabaziaren kontzeptua heriotza-kasuetan.

Heriotza gertatzen bada, lortu gabeko irabazitzat hartzen dira ekonomikoki biktimaren diru-sarreren mende zeuden eta horregatik kaltedun direnek izandako galera garbiak.

81.artikulua. Lortu gabeko irabaziaren kalkulua.

1.Kaltedun bakoitzaren lortu gabeko irabazia kalkulatzeko orduan, bi kontzeptu hauek biderkatuko dira: batetik, biktimaren diru-sarrera garbiak, biderkakizun gisa, eta, bestetik, biderkatzaile gisa, kaltedun bakoitzari hurrengo artikuluetan ezarritako arauen arabera dagokion koefiziente aktuariala.

2.Biktimaren diru-sarrera garbia 1.C taulako diru-sarrera garbien bi mailaren artean dagoenean, goiko mugari dagokion lortu gabeko irabazia esleituko zaio.

82.artikulua. Kaltedunak.

1.Lege honen ondoreetarako, kalteduntzat hauek hartzen dira: ezkontidea eta seme-alaba adingabeak, eta halakotzat ere hartzen dira, kontrako frogarik ezean, hogeita hamar urtera arteko seme-alabak.

2.Gainerako kasuetan, 62. artikuluan aipatutako pertsonak baino ez dira kalteduntzat hartuko, betiere egiaztatzen badute ekonomikoki biktimaren mende zeudela, baita banandutako ezkontideak edo ezkontide ohiak ere, biktima hiltzeagatik azkentzen den konpentsazio-pentsioa jasotzeko eskubidea badute.

83.artikulua. Biderkakizuna, lan pertsonalaren diru-sarrerak dituzten edo lanik gabe dauden biktimen kasuan.

1.Lan pertsonalaren diru-sarrerak dituzten biktimen kasuan, biderkakizuna hau da: hildako biktimak hil aurreko urte naturalean jasotako diru-sarrera garbi egiaztatuak edo istripuaren aurretiko hiru urte naturaletan lortutako diru-sarreren batezbestekoa, azken hori handiagoa bada, zeina erretiro-adinera arte proiektatuko baita, eta, hortik aurrera, erretiro-pentsio estimatuan. Baldin eta biktima erretiroa hartuta bazegoen, biderkakizuna hau da: hiltzeko unean jasotzen zuen pentsioaren urteko zenbateko garbia.

2.Baldin eta biktima lanik gabe egon bada hil aurreko hiru urteetako batean, aurreko zenbakian aurreikusitako diru-sarrerak kalkulatzeko orduan, jaso dituen langabezia-prestazioak hartuko dira kontuan eta, horrelakorik ez badu jaso, urteko lanbide arteko gutxieneko soldata zenbatuko da diru-sarrera gisa.

84.artikulua. Biderkakizuna, biktimek arduraldi esklusiboa eskaintzen badiete familia-unitatearen etxeko lanei.

1.Biktimak ez bazuen diru-sarrerarik etxeko lanei arduraldi esklusiboa eskainiz familia-unitatea mantentzen laguntzen zuelako, biktima horren ordaindu gabeko lana urteko lanbide arteko gutxieneko soldata baten baliokide gisa baloratzen da.

2.Bi pertsona baino gehiagoko familia-unitateetan, aurreko zenbakian ezarritako baliokidetasuna urteko lanbide arteko gutxieneko soldataren ehuneko hamar handituko da biktimaren familia-unitatean bizi den adingabe, desgaitasuna duen pertsona edo hirurogeita zazpi urtetik gorako kaltedun gehigarri bakoitzeko, baina gehikuntza gehigarri hori ez da izango urteko lanbide arteko gutxieneko beste soldata baten zenbatekoaren erdia baino handiagoa.

85.artikulua. Biderkakizuna, biktimek arduraldi partziala eskaintzen badiete familia-unitatearen etxeko lanei.

Baldin eta biktimak lanaldi-murrizketa bazuen ordaindutako lana eta familia- unitatearen etxeko lanak bateragarri egiteko, jasoko duen zenbatekoa hau izango da: lortu gabeko irabazia aurreko artikuluko biderkakizunarekin kalkulatzeko eragiketa guztiak eginda ateratako emaitzaren heren bat. Halaber, zenbateko hori bateragarria izango da 83. artikuluarekin bat etorriz lortu gabeko irabaziagatik dagokionarekin. Irizpide bera aplikatuko da lanaldi partzialeko lana arrazoi horiengatik egiten zuela egiaztatzen den kasu guztietan.

86.artikulua. Biderkatzailea.

1.Kaltedun bakoitzarentzat lortutako koefizientea da biderkatzailea, eta honako faktore hauek konbinatuz ateratzen da:

a)Kaltedunaren kuota, 87. artikuluan kuotak kalkulatzeko aurreikusitako arauekin bat etorriz.

b)Kaltedunak biktimaren heriotzagatik jasotzeko eskubidea duen pentsio publikoak.

c)Haren mendekotasun ekonomikoaren iraupena.

d)Hiltzeko arriskua.

e)Deskontuaren interes-tasa, inflazioa kontuan hartzen duena.

2.Aipatutako faktoreak 48. artikuluan xedatutakoaren arabera ezarritako oinarri tekniko aktuarialekin bat etorriz kalkulatzen dira.

3.Biderkatzailea zehazteko orduan, beste faktore osagarri batzuk ezarri ahal izango dira erregelamenduz, kaltedunari buruzko beste kontingentzia batzuk kontuan hartuko dituztenak eta kaltea hobeto indibidualizatzeko balioko dutenak.

87.artikulua. Kaltedunaren kuotari buruzko aldagaia.

1.Aurreko 83-85 artikuluetan ezarritako irizpideen ondorioz ateratako biderkakizuna kaltedunen artean banatzeko orduan, kontuan hartuko da biktimak zati bat bere beharretara bideratzen zuela (quota sibi), hori gutxienez ehuneko hamar izanik.

2.Honako hauek dira banaketa-irizpideak:

a)Ezkontidea edo kaltedun bakarra dagoenean, haren kuota ehuneko hirurogei izango da.

b)Kaltedun bat baino gehiago dagoenean, ezkontidearen kuota ehuneko hirurogei izango da; seme-alaba bakoitzarena, ehuneko hogeita hamar, eta beste edozein kaltedunena, berriz, ehuneko hogei —banandutako ezkontidea edo ezkontide ohia barne, baldin eta biktima hiltzean azkentzen den konpentsazio- pentsioa jasotzeko eskubidea badu—.

3.Kaltedunen kuoten batura ehuneko laurogeita hamar baino handiagoa bada, modu proportzionalean banatuko dira berriro, bakoitzaren kalte-ordaina murriztuta.

4.Kaltedun bakarraren kasuan, 2.a) letran aipatua, ehuneko hirurogeiko kuotari dagokion kalte-ordaina kalkulatzeko, dagokion 1.C taulako emaitzazko zenbatekoa bider bi egingo da, seme-alaba denean, eta bider hiru egingo da gainontzeko kasuetan.

88.artikulua. Kaltedunaren aldeko pentsio publikoei buruzko aldagaia.

1.Biktima hiltzearen ondoriozko kaltedunek jasotzeko eskubidea duten pentsio publikoek (alarguntasun- edo zurztasun-pentsioek adibidez) kaltea murrizten dute.

2.Nolanahi ere, kalkulua egiteko kontuan hartu beharreko etorkizuneko pentsio publikoak oinarri tekniko aktuarialekin bat etorriz zenbatesten dira.

3.Lan pertsonalaren diru-sarrerak dituen biktima bat hiltzearen ondoriozko kaltedunak egiaztatu ahal izango du ez duela pentsio publikorako eskubiderik edo biderkatzailearen oinarri tekniko aktuarialetan aurreikusitakoa ez beste pentsio baterako eskubidea duela.

4.Familia-unitatearen etxeko lanei arduraldi esklusiboa eskaintzen zielako diru-sarrerarik ez zuen biktimaren heriotzaren ondoriozko kaltedunari, pentsio publikoak jasotzen ez baditu ere, 1.C tauletan diru-sarrerak dituzten biktimentzat aurreikusitako lortu gabeko irabaziagatiko kalte-ordainak aplikatuko zaizkio, baina ehuneko hogeita bost handituta.

89.artikulua. Mendekotasun ekonomikoaren aldagaiaren iraupena.

1.Ekonomikoki biktimaren mende egotea dakarren gurasoen, aitona-amonen eta desgaitasuna duten pertsonen mendekotasun ekonomikoa biziartekoa da.

2.Gainontzeko kasuetan, lortu gabeko irabazia aldi baterako kaltea da, eta hurrengo artikuluetako arauekin bat etorriz mendekotasun ekonomikoko egoerak iraungo zukeen denboraldiaren gainean kalkulatzen da.

90.artikulua. Alargunaren mendekotasun ekonomikoaren iraupena.

1.Baldin eta kalteduna alarguna bada, ezkontzak —ezkontidea hil izan ez balitz— gutxienez hamabost urteko iraupena izango zukeela joko da.

2.Baldin eta hiltzeko unean ezkontzak hamabost urteko iraupena bazuen, ezkontzak etorkizunean urte kopuru bera egingo zukeela joko da.

91.artikulua. Seme-alaben, biloben eta anai-arreben mendekotasun ekonomikoaren iraupena.

1.Baldin eta kaltedunak biktimaren seme-alabak, bilobak edo anai-arrebak badira eta mendekotasun ekonomikoa egiaztatzen badute, mendekotasun hori hogeita hamar urte bete arte, eta beti hiru urteko aldi batez gutxienez, luzatuko zela jotzen da.

2.Biktima hiltzen denean kalteduna hogeita hamar urtetik gorakoa bada, mendekotasuna hiru urtez luzatuko zela jotzen da.

92.artikulua. Beste kaltedun batzuen mendekotasunaren iraupena.

1.Mendekotasun ekonomiko egiaztatua duten hurrekoen kasuan, mendekotasuna hiru urtez luzatuko zela jotzen da.

2.Baldin eta heriotzak banandutako ezkontideak edo ezkontide ohiak jasotzeko eskubidea zuen pentsioa azkentzea badakar, horren kaltea pentsio horri gehienez hiru urtez dagokion zenbatekoa dela jotzen da.

2.atala. Kalte-ordainak sekuelengatik

93.artikulua. Sekuelengatiko kalte-ordainen balorazioa.

1.Urritasun fisikoak, intelektualak, organikoak eta sentsorialak dira sekuela, baita lesio baten ondorioz sortutako eta sendatzeko prozesua amaitutakoan dirauten kalte estetikoak ere. Prozesu hori amaitu ondoren gelditzen den osteosintesi- materiala ere sekuelatzat hartzen da.

2.Sekuelengatiko kalte-ordainak kapitulu honetan ezarritako xedapenen eta arauen arabera zenbatzen dira; horiek, orobat, eranskineko 2. taularen ataletan jasota daude.

3.2.A taulak hiru atal ditu:

a)2.A taulak oinarrizko kalte pertsonalaren zenbatekoa ezartzen du sistema honetako irizpideekin eta arauekin bat etorriz.

b)2.B taulak kalte pertsonal partikularren eta salbuespenezkoen zenbatekoa ezartzen du sistema honetako irizpideekin eta arauekin bat etorriz.

c)2.C taulak ondare-kalteen zenbatekoa ezartzen du, sortutako kaltearen eta lortu gabeko irabaziaren kategoriak bereizita, sistema honetako irizpideekin eta arauekin bat etorriz.

94.artikulua. Kaltedunak zehaztea.

1.Sekuelen kasuetan, horiek pairatzen dituzten lesionatuak dira kaltedunak.

2.Kaltedunak ere badira, salbuespenez, lesionatu handien senideak, 36.3 artikuluan ezarritako moduan.

1.azpiatala. Oinarrizko kalte pertsonala (2.A taulari buruzko xedapenak)

95.artikulua. Oinarrizko kalte pertsonalaren kalte-ordaina zehaztea.

1.Sekuelen kasuan, oinarrizko kalte pertsonalaren balorazio ekonomikoa 2.A taulan jasotako arauen arabera zehazten da.

2.Sekuelak eta haien larritasuna eta intentsitatea 2.A.1 taulan jasotako baremo medikoarekin bat etorriz zehazten dira.

3.Sekuelengatiko kalte-ordaina 2.A.2 taulan jasotako baremo ekonomikoarekin bat etorriz zehazten da.

96.artikulua. Baremo medikoa.

1.Baremo medikoan, kalte psikofisiko, organiko eta sentsorial iraunkorra osatzen duten sekuelen zerrenda dago, haien sailkapena, deskribapena eta neurketa barne, eta kalte estetikoari buruzko kapitulu berezi bat ere badago.

2.Sekuelen kalte psikofisikoa, organikoa edo sentsoriala puntutan adierazitako urritasun-portzentaje baten bidez neurtzen da. Gehieneko puntuazioa ehun da.

3.Sekuelen kalte estetikoa puntutan adierazitako urritasun-portzentaje baten bidez neurtzen da. Gehieneko puntuazioa berrogeita hamar da —hori da ehuneko ehunaren portzentajea—.

97.artikulua. Kalte psikofisikoa, organikoa eta sentsoriala aplikatzeko arauak.

1.Sekuela bakoitzaren kalte psikofisiko, organiko eta sentsorialari emandako puntuazioak, irizpide klinikoaren arabera, haren intentsitatea eta larritasuna ikuspegi anatomiko-funtzionaletik hartzen ditu kontuan, lesionatuaren adina edo sexua kontuan hartu gabe, ezta sekuelak haren jardueretan zer ondorio duen ere.

2.Sekuela bakoitzari puntuazio finkoa ematen zaio, edota gutxieneko eta gehieneko puntuazioa duen tartearen barruan dagokiona.

3.Sekuela bat behin bakarrik baloratuko da, nahiz eta haren sintomatologia baremo medikoaren hainbat ataletan deskribatuta egon, hargatik eragotzi gabe kalte estetikoaz ezarritakoa. Ez dira baloratuko beste batzuen barruan dauden sekuelak, edo beste batzuen ondorio direnak, nahiz eta aparte deskribatuta egon.

4.Giltzadura, gorputz-adar, aparatu edo sistema baten sekuela baten edo hainbaten puntuazioak ezin du giltzadura, gorputz-adar, aparatu edo sistema horren galera osoari, anatomiko edo funtzionalari, dagokiona gainditu.

5.Baremo medikoaren kontzeptu bakar batean jasota ez dauden sekuelak baremo horretan aurreikusitako irizpide analogikoekin neurtzen dira.

98.artikulua. Sekuela konkurrenteak.

1.Istripu beraren ondorioz sekuelen konkurrentzia gertatuz gero, kalte psikofisikoaren azken puntuazioa formula hau aplikatzearen emaitza izango da:

[[(100 – M) x m] / 100] + M

Non «M» sekuela handiaren puntuazioa den eta «m» sekuela txikiaren puntuazioa.

2.Baldin eta sekuelak bi baino gehiago badira, formula hori erabiltzeko, puntuazio handieneko sekuela hartzen da oinarri, eta eragiketak garrantziaren alderantzizko ordenan egiten dira. Ondoz ondoko kalkuluak adierazitako formularekin egiten dira, eta aurreko eragiketaren ondoriozko puntuazioari dagokio «M» hori.

3.Baldin eta, kalkuluak egitean, zatiki hamartarrak lortzen badira, eragiketa bakoitzaren emaitza unitaterik altuenera biribiltzen da.

4.Lortutako azken puntuazioa 2.A.2 taulara eramaten da kalte psikofisikoaren balio ekonomikoa lesionatuaren adinaren arabera finkatzeko, 104.4 artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz.

99.artikulua. Elkar larriagotzen duten sekuelak.

1.Elkar larriagotzen duten sekuelak hauek dira: istripu beraren ondorioz sortu diren eta funtzio komunei eragiten dieten sekuela konkurrenteak, elkarren eraginaren ondorioz, horietako bakoitza nabarmen larriagotzea dakartenak.

2.Aldebiko sekuelei 2.A.1 taulan emandako puntuazioan, elkar larriagotzeko duten eragina ere baloratuta dago.

3.Horrelako aurreikuspen espezifikorik ezean, elkar larriagotzen duten sekuelen puntuazioa baloratzeko orduan, ehuneko hamar handituko da 98. artikuluan aurreikusitako formula aplikatuz ateratzen den puntuazioa, unitaterik altuenera biribilduta eta gehienez ehun puntu emanda.

100.artikulua. Aurretiko egoera larriagotzen duten sekuelak.

1.Aurretiko egoera bat larriagotzen duen eta baremo medikoan jada aurreikusita dagoen sekuela bat neurtzeko, harentzat berariaz emandako puntuazioa erabiltzen da.

2.Horrelako aurreikuspenik ezean, puntuazioa formula hau aplikatzearen emaitza izango da:

(M – m) / [1 – (m/100)]

Non «M» sekuelaren oraingo egoerako puntuazioa den eta «m» aurretik zegoen sekuelaren puntuazioa. Emaitzak zatiki hamartarrak baditu, unitaterik altuenera borobilduko da.

101.artikulua. Sekuelen kalte estetikoa.

1.Pertsonaren irudia okerragotzen duen aldaketa oro da kalte estetikoa. Oinarri duen kalte psikofisikoa ez bezalakoa da, eta alderdi estatikoa zein dinamikoa hartzen du barnean.

2.Lesionatua sendatzeko prozesuaren amaieran dagoena da kalte estetikoa.

3.Kalte estetikoa zuzentzea ezinezkoa izatea haren intentsitatea areagotzen duen inguruabartzat hartzen da.

4.Kalte estetikoaren ordaina bateragarria da hura zuzentzeko behar diren kirurgia estetikoko ebakuntzen kostuarekin.

102.artikulua. Kalte estetikoaren mailak.

1.Kalte estetikoa neurtzeko, puntuazio-tarte bat ematen zaio maila bakoitzari, honako faktore hauek bereziki kontuan harturik:

a)Kaltearen ikusgaitasun-maila.

b)Besteen begirada erakartzen duen.

c)Emoziozko zer erreakzio eragiten duen.

d)Kaltedunaren pertsonen arteko harremanak nahastea eragiteko aukera.

2.Kalte estetikoaren mailak, handienetik txikienera ordenatuta, hauek dira:

a)Izugarri garrantzitsua: kaltea oso larria da; maila horretako kaltea sor dezakete, adibidez, erredura handiek, substantzia galera handiek eta aurpegi edo gorputzeko morfologian eragindako alterazio handiek.

b)Oso garrantzitsua: aurrekoa baino garrantzi txikiagoko kalte estetikoa da, bi gorputz-adarren anputazioak edo tetraplegiak eragindakoa, esaterako.

c)Garrantzitsua: aurrekoa baino garrantzi txikiagoko kalte estetikoa da, gorputz-adarren baten anputazioak edo paraplegiak eragindakoa, esaterako.

d)Ertaina: aurrekoa baino garrantzi txikiagoko kalte estetikoa da, eskuen edo oinen hatz bat baino gehiagoren anputazioak, herrentasun nabarmenak edo aurpegiko orbain bereziki agerikoek edo gorputzeko beste alde batzuetako orbain zabalek eragindakoa, esaterako.

e)Moderatua: aurrekoa baino garrantzi txikiagoko kalte estetikoa da, aurpegiko ageriko orbainek, gorputzeko beste alde batzuetako orbainek, eskuen edo oinen hatz baten anputazioak edo herrentasun arinak eragindakoa, esaterako.

f)Arina: aurrekoa baino garrantzi txikiagoko kalte estetikoa da, aurpegitik kanpoko orbain txikiek eragindakoa, esaterako.

3.Aurreko zenbakian adierazitako mailetan jasota ez dauden kalte estetikoak haien garrantziaren arabera dagokion mailan sartzen dira, betiere proportzionaltasun- eta analogia-irizpideekin bat etorriz.

103.artikulua. Kalte estetikoa aplikatzeko arauak.

1.Baldin eta kalte psikofisiko, organiko eta sentsorial iraunkorrarekin batera kalte estetiko bat gertatzen bada, bereiz puntuatuko dira kalteok; sekuela psikofisikoari, organikoari eta sentsorialari esleitutako puntuazioan ez da sartuko eragindako kalte estetikoaren ponderazioa.

2.Kalte estetikoaren puntuazioa 2.A.1 taularen kapitulu bereziarekin bat etorriz egiten da, haren baterako haztapenaren bidez, osagai bakoitzari puntuazioa eman gabe.

3.Kalte estetikoaren garrantzia erabakitzeko, ez dira kontuan hartuko ez lesionatuaren adina, ez sexua.

4.Kalte estetikoari emandako puntuazioaren barruan ez da jasotzen horrek lesionatuaren hainbat jardueraren gainean duen eraginaren ponderazioa; izan ere, horren berariazko kaltea bizi-kalitatea galtzeagatiko kalte partikularraren bitartez baloratzen da.

5.Ezarritako puntuazioa 2.A.2 taulara eramango da; horrek kalte estetikoaren balio ekonomikoa finkatzen du lesionatuaren adinaren arabera, 104.5 artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz.

104.artikulua. Sekuelen balorazio ekonomikoaren araubidea.

1.Kalte psikofisikoa, organikoa eta sentsoriala —berezkoa duten kalte morala barne— eta kalte estetikoa ekonomikoki baloratzeko araubidea 2.A2 taularen baremo ekonomikoan dago jasota; haren puntuazio-ilarek eta adin-zutabeek kaltearen hedapena eta intentsitatea eta haren iraupena adierazten dituzte, hurrenez hurren.

2.Balorazio hori lesionatuaren adinaren alderantziz proportzionala da, eta puntuazioa handitu ahala areagotzen da.

3.Puntuazio-ilarak puntuz puntu eratuta daude batetik ehunera arte, eta adin- zutabeak urtez urte zerotik ehunera arte.

4.Kalte psikofisiko, organiko eta sentsorialaren zenbatekoa egoki diren ilararen eta zutabearen intersekzioan jasota dago. Puntu bakoitzaren balioa, lesionatuaren adinaren arabera, baremo medikoarekin bat etorriz lortutako puntuen guztizkoaz biderkatzearen emaitza da zenbateko hori.

5.Kalte estetikoaren zenbatekoa egoki diren ilararen eta zutabearen intersekzioan jasota dago. Puntu bakoitzaren balioa, lesionatuaren adinaren arabera, baremo medikoarekin bat etorriz lortutako puntuen guztizkoaz biderkatzearen emaitza da zenbateko hori, berrogeita hamar puntuko maximoa kontuan harturik.

6.Aurreko bi zenbakietako kopuruak batuz ateratako zenbatekoa izango du sekuelengatiko oinarrizko kalte-ordainak, haren alderdi bikoitza kontuan hartuta (alderdi psikofisiko, organiko eta sentsoriala batetik, eta estetikoa bestetik).

2.azpiatala. Kalte pertsonal partikularra (2.B taulari buruzko xedapenak)

105.artikulua. Kalte moral osagarriak, kalte psikofisiko, organiko eta sentsorialagatik.

1.Kalte psikofisiko, organiko eta sentsorialagatiko kalte moral osagarriak eragin direla joko da, baldin eta sekuela bakar batek gutxienez hirurogei puntu lortzen baditu edo sekuela konkurrenteen emaitza, 98. artikuluan aurreikusitako formula aplikatu ondoren, gutxienez laurogei puntu bada. 2.A.1 taulan jasotako aldebiko sekuelek sekuela bakar bat osatzen dute artikulu honen ondoreetarako.

2.Kalte psikofisiko, organiko eta sentsorialaren hedapena eta intentsitatea eta lesionatuaren adina dira halako kalteak kuantifikatzeko funtsezko bi parametroak, baina ezin da kontuan hartu lesionatuaren jardueretan duten eragina. Haztatu egiten dira, orobat, hala badagokio, ehuneko puntuaziora iristeagatik baloratu ez diren min ikaragarriak eta sekuelak.

3.Halako kaltea kalte-ordain tarte baten bidez zenbatzen da. Eurotan adierazitako gutxieneko eta gehieneko zenbatekoak ezartzen ditu tarte horrek.

106.artikulua. Kalte moral osagarriak, kalte estetikoagatik.

1.Kalte estetikoagatiko kalte moral osagarriak eragin direla jotzen da gutxienez hogeita hamasei puntu ematen zaizkionean horri.

2.Kalte estetikoaren hedapena eta intentsitatea eta lesionatuaren adina dira halako kalteak kuantifikatzeko funtsezko bi parametroak, baina ezin da kontuan hartu lesionatuaren jardueretan duten eragina.

3.Halako kaltea kalte-ordain tarte baten bidez zenbatzen da. Eurotan adierazitako gutxieneko eta gehieneko zenbatekoak ezartzen ditu tarte horrek.

107.artikulua. Kalte morala, sekuelen ondorioz bizi-kalitatea galtzeagatik.

Bizi-kalitatea galtzeagatiko kalte-ordainaren xedea da bizitza arrunta garatzeko funtsezko jarduerak egiteko edota jarduera espezifikoen bidez garapen pertsonala lortzeko orduan autonomia pertsonala eragozten edo mugatzen dioten sekuelengatik biktimak pairatzen duen kalte moral partikularra konpentsatzea.

108.artikulua. Bizi-kalitatea galtzeagatiko kalte moralaren mailak.

1.Bizi-kalitatea galtzeagatiko kaltea oso larria, larria, moderatua edo arina izan

daiteke.

2.Kalte oso larria dago lesionatuak bizitza arrunta garatzeko funtsezko jarduera ia guztiak egiteko autonomia pertsonala galtzen duenean.

3.Kalte larria dago lesionatuak bizitza arrunta garatzeko funtsezko jarduera batzuk edo garapen pertsonalerako berariazko jarduera gehienak egiteko autonomia pertsonala galtzen duenean. Lan- edo lanbide-jarduera egiteko aukera oro galtzeagatiko kalte morala ere hartzen da kalte larritzat.

4.Lesionatuak garapen pertsonalerako berariazko jardueren zati garrantzitsu bat egiteko aukera galtzen duenean dago kalte moderatua. Aurretik garatzen zuen lan- edo lanbide-jarduera galtzeagatiko kalte morala ere hartzen da kalte moderatutzat.

5.Sei puntu baino gehiagoko sekuelak dituen lesionatuak garapen pertsonalean garrantzi berezia duten berariazko jarduerak egiteko aukera galtzen duenean dago kalte arina. Aurretik egiten zuen lan- edo lanbide-jarduera mugatu edo zati batez galtzeagatiko kalte morala kalte arintzat hartzen da, sekuelei zenbat puntu ematen zaizkien kontuan hartu gabe.

109.artikulua. Bizi-kalitatea galtzeagatiko kaltea neurtzea.

1.Kalte-maila bakoitza kalte-ordain tarte baten bidez kuantifikatzen da. Eurotan adierazitako gutxieneko eta gehieneko zenbatekoak ezartzen ditu tarte horrek.

2.Kaltearen zenbatekoa zehazteko parametroak hauek dira: eragindako jardueren garrantzia eta kopurua eta lesionatuaren adina, kaltearen iraupen aurreikusgarria adierazten duena.

3.Kalte-maila bakoitzari dagokion tartearen maximoa handiagoa da larritasun handiagoko aurreko mailako kalteari emandako minimoa baino.

110.artikulua. Kalte morala, lesionatu handien senideek bizi-kalitatea galtzeagatik.

1.Lesionatu handien senideek bizi-kalitatea galtzeagatiko kalte moralak konpentsatu egiten du aipatutako lesionatuei etengabeko zainketak eta arreta emateak senideei eragiten dien funtsezko aldaketa, baldin eta lesionatuek bizitza arrunta garatzeko funtsezko ia jarduera guztiak egiteko autonomia pertsonala galdu badute.

2.Salbuespenez, kalte-ordain hori egokia da, halaber, sekuela oso larriak daudenean, gutxienez laurogei puntura iristen badira eta lesionatuak aurreko zenbakian aipatutako prestazioa behar duela frogatzen bada.

3.Eurotan adierazitako gutxieneko eta gehieneko zenbatekoak ezartzen dituen kalte-ordain tarte baten bidez kuantifikatzen da kalte hori, eta haren zenbatekoa finkatzeko kontuan hartu beharreko parametroak hauek dira: familiaren zainketa edo arreta horiek zer arduraldi behar duten, familia-bizitzan zer aldaketa dakarten eta lesionatuaren adina.

4.Kalte honen erreparazioa erreklamatzeko legitimazioa lesionatuak baino ez du, zeinak eragindako senideek sufritzen dituzten kalteak konpentsatzera zuzendu beharko baitu kalte-ordaina.

111.artikulua. Istripuaren ondorioz fetua galtzea.

1.Istripuaren ondorioz fetua galtzea zenbateko finkoarekin ordaintzen den kaltea da. Zenbateko hori handiagoa da fetua galtzen bada haurdunaldiko hamabi aste igaro ostean.

2.Kalte-ordaina fetua galdu duen emakumeari dagokio, eta pairatutako lesioengatik jasotzen duenari batuko zaio, hala badagokio.

112.artikulua. Salbuespenezko kaltea.

Proportzionaltasun-irizpideak betez, oinarrizko kalte pertsonalagatiko kalte- ordaina gehienez ehuneko hogeita bost handituz finkatuko da 33. artikuluan aipatutako salbuespenezko kalteek jaso beharreko kalte-ordaina.

3.azpiatala. Ondare-kaltea (2.C taulari buruzko xedapenak)

113.artikulua. Etorkizuneko osasun-laguntzako gastu aurreikusgarriak.

1.Etorkizuneko osasun-laguntzako gastuek, artikulu honetako 2., 3. eta 4. zenbakietan aipatutako sekuelei dagokienez, lesionatuak lesioak egonkortu ostean bizitza guztirako behar dituen ospitaleko eta eremu anbulatorioko osasun- prestazioen balio ekonomikoa konpentsatzen dute, baita etxeko eremuan gertatzen diren osasun-prestazioena ere, baldin eta, espezializatuak direlako, horiek ematerik ez badago beste pertsona baten laguntzaz —120. artikuluan eta hurrengoetan aurreikusia—.

2.Ospitale-erregimeneko errehabilitazio-gastuak 114. artikuluko arauekin bat etorriz ordaintzen dira, eta etxeko zein eremu anbulatorioko errehabilitazio-gastuak, berriz, 116. artikuluarekin bat etorriz.

3.Etorkizuneko osasun-laguntzako gastuak konpentsatzea dakarte, edozelan ere, honako sekuela hauek:

a)Koma bigil edo begetatiboko egoera kronikoek.

b)Maila larri edo oso larriko sekuela neurologikoek.

c)Berrogeita hamar puntu edo gehiagoko lesio medularrek.

d)Protesiak ipintzeko beharra dakarten anputazioek edo bestelako sekuelek.

4.Aurkako frogarik ezean, etorkizuneko osasun-laguntzako gastuak konpentsatzea ekarriko dute gutxienez berrogeita hamar puntu dituzten sekuelek eta gutxienez laurogei puntu dituzten sekuela konkurrenteek eta elkar larriagotzen duten sekuelek.

5.Gutxienez hogeita hamar puntu dituzten sekuelek beren izaeragatik aldizkako tratamendua behar badute, peritu-froga mediko baten bidez frogatu beharko da etorkizuneko gastu horiek aurreikusgarriak direla.

6.Etorkizuneko osasun-laguntzako gastuen aldizkakotasuna eta zenbatekoa txosten medikoaren bidez egiaztatu beharko dira lesioen sekuela egonkortuekin bat etorriz.

7.Aurreko arauen arabera aurreikusgarriak ez diren gastuak 43. artikuluan — finkatutako kalte-ordainak aldatzeari buruzkoa— aurreikusitako kasuetan baino ez dira ordainduko.

114.artikulua. Ospitaleko eta eremu anbulatorioko etorkizuneko osasun- laguntzako gastuak ordaintzea.

1.Etorkizuneko osasun-laguntzako gastuak aseguru-entitateek ordainduko dizkiete osasun-zerbitzu publikoei indarreko legeriarekin eta sinatutako hitzarmen edo akordioekin bat etorriz, 2.C.1 taulan ezarritako mugen barruan, eta lesionatuak osasun-laguntzako prestazioak jaso ahal izango ditu zentro publikoen aldetik edota osasun-zerbitzu publikoekin itunak sinatu dituzten osasun-zentro pribatuen aldetik, betiere aipatutako legeria eta hitzarmenetan zehaztutakoa betez.

2.Aseguru-entitateek eta osasun-zerbitzu publikoek berariazko akordioak sinatu ahal izango dituzte, aurreko zenbakian aipatutako ordainketa errazteko eta lesionatuei osasun-prestazioak bermatzeko. Zerbitzu publikoek, berriz, zentro pribatuekin itundu ahal izango dute etorkizuneko osasun-laguntza; horretarako, zentro pribatu horiek beharrezkoak eta nahikoak diren bitarteko materialak eta giza baliabideak izan behar dituzte.

3.Aseguru-entitateek osasun-zerbitzu publikoei ordainduko dizkiete etorkizuneko osasun-laguntza bizitza guztirako bermatzen duten gastuak, baita bizilekua aldi baterako edo behin betiko aldatzen dutenean edo laguntza-zentroa aldatzea ekar dezaketen beste kasu batzuetan ere, betiere Osasun Sistema Nazionalaren Kohesioari eta Kalitateari buruzko Legean (maiatzaren 28ko 16/2003) aurreikusitako prestazioen araubidearen barruan.

115.artikulua. Protesiak eta ortesiak.

1.Lesionatuak, txosten medikoak hala aginduta, bizitzan zehar behar dituen protesien eta ortesien zenbatekoa zuzenean ordainduko zaio lesionatuari.

2.Etorkizuneko protesi eta ortesietako gastuen beharra, aldizkotasuna eta zenbatekoa txosten medikoaren bidez egiaztatu beharko dira sekuelak egonkortzen diren egunetik aurrera.

3.Sekuela mota, lesionatuaren adina, protesia edo ortesia bizitza baliagarriaren arabera berritzeko aldizkakotasuna eta haien kostua hartuko ditu kontuan balorazioak, lesionatuaren behar eta inguruabar pertsonalak aintzat hartuta.

4.Era honetako gastuentzat 2.C taulan finkatutakoa da gehienez ordain daitekeen zenbatekoa.

5.Halako gastuen zenbatekoaren kalte-ordaina kapital modura eman ahal izango da, protesiak eta ortesiak kapitalizatzeko koefizienteen taula teknikoan (TT3;

48.artikuluan aipatutako oinarri tekniko aktuarialetan jasoa) ezarritako bihurketarako faktore aktuariala erabiliz.

116.artikulua. Etxeko eta eremu anbulatorioko errehabilitazioa.

1.Lesionatuari zuzenean ordaintzen zaio, behin egonkortuta dagoenean, txosten medikoak hala aginduta etxean edo eremu anbulatorioan jaso behar duen etorkizuneko errehabilitazioaren gastuen zenbatekoa, betiere gastuok 113. artikuluko

3.zenbakiaren a), b) eta c) letretan aipatutako sekuelak direla-eta egiten badira.

2.Etorkizuneko errehabilitazio-gastuen beharra, aldizkotasuna eta zenbatekoa txosten medikoaren bidez egiaztatu beharko dira sekuelak egonkortzen diren egunetik aurrera.

3.Era honetako gastuentzat 2.C taulan finkatutakoa da gehienez ordain daitekeen zenbatekoa.

4.Egoera begetatibo kronikoak eta C4ko edo hortik gorako tetraplegiak gehienez hamahiru mila eta bostehun euroko kalte-ordaina jasoko du urtean. Tetraparesia larriak, hizkuntzaren sekuela larriak eta nahasmendu neuropsikologiko larriak batera ageri diren kasuetan, etorkizuneko errehabilitazio-gastuek gehienez bederatzi mila eta bostehun euroko kalte-ordaina jasoko dute urtean. Gainontzeko kasuek gehienez bost mila zortziehun eta berrogeita hamar euroko kalte-ordaina jasoko dute urtean.

5.Gastu horien zenbatekoaren kalte-ordaina kapital modura eman ahal izango da, errenten eta kapitalen artean bihurketarako koefiziente aktuarialen taula teknikoan (TT1; 48. artikuluan aipatutako oinarri tekniko aktuarialetan jasoa) ezarritako bihurketarako faktore aktuariala erabiliz.

117.artikulua. Autonomia pertsonalerako laguntza teknikoak edo laguntza- produktuak.

1.Lesionatuari zuzenean ordaintzen zaio txosten medikoak hala aginduta autonomia pertsonalaren galera oso larriagatik edo larriagatik bizitzan zehar behar dituen autonomia pertsonalerako laguntza teknikoen eta laguntza-produktuen zenbatekoa. Horren gehieneko zenbatekoa 2.C taulan era horretako gastuetarako finkatutakoa da.

2.Autonomia pertsonalerako laguntza teknikoen eta laguntza-produktuen beharra, aldizkotasuna eta zenbatekoa txosten medikoaren bidez egiaztatu beharko dira sekuelak egonkortzen diren egunetik aurrera.

3.Sekuela mota, lesionatuaren adina, autonomia pertsonalerako laguntza teknikoak eta laguntza-produktuak bizitza baliagarriaren arabera berritzeko aldizkakotasuna eta haien kostua hartuko ditu kontuan balorazioak, lesionatuaren behar eta inguruabar pertsonalak aintzat hartuta.

118.artikulua. Etxebizitza egokitzea.

1.Autonomia pertsonalaren galera oso larria edo larria pairatzen duen pertsonaren beharretara etxebizitza egokitzeko lanen zenbatekoa —baliabide teknikoak barne— 2.C taulan era horretako gastuetarako finkatutako gehieneko zenbatekoarekin ordaintzen da.

2.Etxebizitza egokitzerik ez balego eta antzeko ezaugarriak dituen beste etxebizitza egokitu bat eskuratu edo errentan hartu behar bada, bi etxebizitza horien salmentako balioaren edo errenta kapitalizatuaren balio-aldea ordaintzen da, baita eragiketa horrek eragindako gastuak ere, aurreko zenbakian ezarritako mugaraino. Antzeko ezaugarri horiek, zehazki, etxebizitzaren kokapenari, tamainari eta eraikuntza-kalitateei dagozkie.

119.artikulua. Ondare-kaltea, mugikortasun-kostuak handitzeagatik.

Mugikortasun-kostuak handitzearen ondoriozko ondare-kaltea ordaintzen da 2.C taulan era horretako gastuetarako finkatutako gehieneko zenbatekora arte, betiere honako irizpide hauen arabera:

a)Lesionatuaren autonomia pertsonalaren galera-maila, mugikortasunari nola eragiten dion aintzat hartuta.

b)Lesionatuak erabiltzen duen ibilgailua egokitzeko aukera edo, hori egiterik ez badago, beste ibilgailu egokitu bat eskuratzeko premia; ibilgailu berriak, betiere, era horretako ibilgailuen gamaren barruan, ordeztutako ibilgailuarekin nolabaiteko proportzioa gorde behar du. Ordeztea erabakiz gero, ordeztutako ibilgailuaren salmenta-balioa deskontatuko da.

c)Etorkizuneko egokitzapenen beharra lesionatuaren adinaren arabera eta egokitzapenen edo ibilgailuaren bizitza baliagarriaren arabera; bizitza baliagarria, ondore hauetarako, hamar urtekoa izango da.

d)Lesionatuaren lekualdatzearen gainkostua, ibilgailua egokitu edo eskuratu ezean, baldin eta, autonomia pertsonala galtzeagatik garraiobide publikoak erabiltzeko zailtasun larria badu ohiko jarduerak garatzen jarraitu ahal izateko.

120.artikulua. Beste pertsona baten laguntzaren kontzeptua.

1.Beste pertsona baten laguntza-gastuengatiko kalte-ordainak zera konpentsatzen du: lesionatuak, autonomia pertsonala galtzea dakarten sekuelak dituelako, behar dituen prestazio ez-sanitarioen balio ekonomikoa.

2.Ez dira beste pertsona baten laguntzatzat hartzen lesionatuak behar lituzkeen ospitaleko, eremu anbulatorioko edo etxeko osasun-prestazioak; horrelakoek, hala badagokio, sekuelak egonkortu ondorengo osasun-gastuaren kontzeptuan jasoko dute kalte-ordaina.

3.Beste pertsona baten laguntzaren balio ekonomikoa prestazioak ordaindu edo ez konpentsatuko da.

121.artikulua. Beste pertsona baten laguntza-premia.

1.Beste pertsona baten laguntza-premia Beste Pertsona Baten Laguntzari buruzko 2.C.2 taulan finkatzen da, honako kasu hauetan:

a)Baldin eta sekuela baten kalte psikofisikoa, organikoa edo sentsoriala gutxienez berrogeita hamar puntukoa bada edo sekuela konkurrenteen emaitza, dagokion formula aplikatutakoan, gutxienez laurogei puntukoa bada.

b)Aurreko letran adierazitako puntuaziora iritsi ez arren, laguntza hori beharrezkotzat jotzen bada autonomia pertsonalari bereziki eragiten zaiolako.

2.Taulan aurreikusi gabeko kasuetan, laguntza horrek kalte-ordaina jasoko du, baldin eta peritu-froga mediko baten bidez egiaztatzen bada taulan aurreikusitako sekuelek eragindakoaren antzeko autonomia pertsonalaren galera gertatu dela.

122.artikulua. Beste pertsona baten laguntzagatiko kalte-ordainaren ordez, biktimari osasun-arreta edo arreta soziosanitarioa ematea.

1.Baldin eta biktima osasun-zentro batean edo zentro soziosanitario batean iraunkorki badago eta aseguru-entitateak dagozkion laguntza-gastuak bere gain hartzen baditu, ez da egokia izango horrez gain beste pertsona baten laguntzagatiko kalte-ordaina ematea.

2.Baldin eta biktima ez badago zentro batean sartuta, aseguru-entitatearekin hitzartu ahal izango du beste pertsona baten laguntzagatiko kalte-ordainaren ordez entitateak zerbitzu hori etxean bizitza guztirako ematea.

123.artikulua. Beste pertsona baten laguntza zenbat orduz behar den zehaztea.

1.Beste pertsona baten laguntza zenbat orduz behar den zehazteko, Beste Pertsona Baten Laguntzari buruzko 2.C.2 taula aplikatzen da. Taula horrek, sekuelaren arabera, zenbat ordutako laguntza behar den adierazten du.

2.Beste pertsona baten laguntza izatera behartzen duen sekuela bat baino gehiago badago, honako arau hauek aplikatuko dira:

a)Sekuelak eskatzen badu beste pertsona baten laguntza gehienez sei ordukoa izatea, beharrezkoa den denbora osoa baloratzeko, sekuela handienari dagozkion orduei besteetako bakoitzean ezarritako orduen ehuneko berrogeita hamarra batuko zaie.

b)Sekuelak eskatzen badu beste pertsona baten laguntza gutxienez sei ordukoa izatea, beharrezkoa den denbora osoa baloratzeko, sekuela handienari dagozkion orduei besteetako bakoitzean ezarritako orduen ehuneko hogeita bosta batuko zaie.

3.Baldin eta beste pertsona baten laguntza-premia badago istripuaren aurretiko egoera bategatik, eta egoera hori larriagotu egin bada, laguntza horren ordu kopurua zehaztuko da formula hau aplikatuz: (H – h) / [1 – (h / 100)], non «H» sekuela guztiei dagozkien orduei artikulu honetako 2. zenbakian ezarritakoa aplikatzearen emaitza den, eta «h», berriz, istripuaren aurretiko egoerari lotutako orduak. Emaitzak zatiki hamartarrak baditu, ordu handienera biribiltzen da.

124.artikulua. Behar den ordu kopurua zehazteko unea eta gerora kopuru hori handitzeko faktoreak.

1.Beste pertsona baten laguntzarako behar den ordu kopurua sekuelak egonkortzen diren datan zehazten da.

2.Lesionatuak berrogeita hamar urte dituenetik aurrera, handitu egiten da beste pertsona baten laguntza-premia, adinaren arabera, eta handitzeko faktore zuzentzaile hauekin bat etorriz baloratzen da hori:

a)Berrogeita hamar urtetik hirurogei urtera arte, 1,10eko faktore zuzentzailea aplikatzen da.

b)Hirurogei urtetik hirurogeita hamar urtera arte, 1,15eko faktore zuzentzailea aplikatzen da.

c)Hirurogeita hamar urtetik aurrera, 1,30eko faktore zuzentzailea aplikatzen da.

125.artikulua. Kalte-ordainaren zenbatekoa biderkakizunaren eta biderkatzailearen bidez zehaztea.

1.Beste pertsona baten laguntzagatiko kalte-ordainaren zenbatekoa 2.C.3 taulan dago, behar diren orduen kopuruari buruzko ilararen eta dagokion adinari buruzko zutabearen intersekzioan.

2.Zerbitzuen kostuaren biderkakizuna eta biderkatzailearen koefizientea biderkatuz lortzen da zenbateko hori.

3.Beste pertsona baten laguntzarako behar diren orduen kostu ekonomikoa urte osoan kalkulatuz lortzen da zerbitzuen kostuaren biderkakizuna. Urteko lanbide arteko gutxieneko soldataren ordua 1,3 aldiz egitean ateratzen dena izango da zerbitzu horien orduko prezioa.

4.Lesionatu bakoitzarentzat honako faktore hauek konbinatuz ateratzen den koefizientea da biderkatzailea:

a)Lesionatuak jasotzeko eskubidea duen beste pertsona baten laguntzarako prestazio publikoak.

b)Beste pertsona baten laguntza-premiaren iraupena, sekuelak egonkortzen diren egunetik biktima hiltzen den arte ezarria.

c)Beste pertsona baten laguntza-premia adinaren arabera handitzeko faktoreak, 124. artikuluan aurreikusiak.

d)Hiltzeko arriskua.

e)Deskontuaren interes-tasa, inflazioa kontuan hartzen duena.

5.Biderkatzailea zehazteko orduan beste irizpide osagarri batzuk erregelamenduz ezarri ahal izango dira, horrelakoek lesionatuari buruzko beste kontingentzia batzuk kontuan har ditzaten eta kaltea hobeto indibidualizatu ahal izan dadin.

6.Lesionatuak jasotzeko eskubidea duen beste pertsona baten laguntzarako prestazio publikoak oinarri tekniko aktuarialekin bat etorriz zenbatesten dira, baina zenbatetsitakoak ez beste prestazio batzuk jasotzea ere egiaztatu daiteke.

126.artikulua. Lortu gabeko irabaziaren kontzeptua.

Sekuelen kasuetan, lortu gabeko irabazia lan pertsonalagatik irabaziak lortzeko gaitasuna galtzea da eta, zehazki, lesionatuak lanetik dagozkion diru-sarrera garbiak galdu edo murrizteagatik nozitzen duen kaltea.

127.artikulua. Lortu gabeko irabaziaren kalkulua.

1.Lesionatuaren lortu gabeko irabazia kalkulatzeko orduan, bi zenbateko hauek biderkatzen dira: batetik, haren diru-sarrera garbiak edo etxeko lanei eskainitako arduraldiaren balioaren estimazioa edo irabaziak lortzeko gaitasunarena, biderkakizun gisa, eta, bestetik, hurrengo artikuluetan ezarritako arauen arabera dagokion koefiziente aktuariala, biderkatzaile gisa.

2.Lesionatuaren diru-sarrera garbia egokiak diren 2.C tauletan aurreikusitako diru-sarrera garbien bi mailaren artean dagoenean, goiko mugari dagokion lortu gabeko irabazia esleitzen zaio.

128.artikulua. Lesionatuaren lan pertsonalagatiko diru-sarreren zenbaketa.

1.Lortu gabeko irabazia kalkulatzeko, biderkakizuna zehaztearen ondoreetarako, hurrengo artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz lanerako ezintasun- mailagatik lesionatuak izandako lan pertsonalagatiko diru-sarreren galera hartuko da kontuan.

2.Lortu gabeko irabazia kalkulatzeko orduan kontuan hartu beharreko diru- sarrerak istripuaren aurreko urtean jasotakoak dira edota haren aurreko hiru urteetan lortutakoen batezbestekoa, handiagoa izanez gero.

3.Baldin eta lesionatua lanik gabe bazegoen istripuaren unean edo haren aurretiko hiru urteetako batean hala egon bada, aurreko zenbakian aurreikusitako diru-sarrerak kalkulatzeko orduan, jaso dituen langabezia-prestazioak ere hartuko dira kontuan, eta, horrelakorik ez badu jaso, urteko lanbide arteko gutxieneko soldata zenbatuko da diru-sarrera gisa. Nolanahi ere, urteko lanbide arteko gutxieneko soldata izango da beti kontuan hartuko den gutxieneko diru-sarrera.

4.Sekuelak egonkortzen diren data izango da zenbaketa hasteko data, lan- merkatuan sartu gabe dauden lesionatuentzat izan ezik (130. artikuluan aurreikusita), halakoentzat hogeita hamar urtetik aurrera zenbatzen baita.

129.artikulua. Lan pertsonalagatiko diru-sarreren biderkakizuna.

Lesionatuak ezintasun-mailaren arabera lan pertsonalagatiko diru-sarreretan izango duen galera honako arau hauekin bat etorriz zehazten da:

a)Lesionatua lan edo lanbide-jarduera oro egiteko ezgaituta gelditzen bada, pairatzen duen kaltea diru-sarreren ehuneko ehun dela jotzen da.

b)Lesionatua ohiko lana edo lanbide-jarduera egiteko ezgaituta gelditzen bada, pairatzen duen kaltea diru-sarreren ehuneko berrogeita hamabost dela jotzen da, berrogeita hamabost urtera arte, eta ehuneko hirurogeita hamabost, adin horretatik aurrera.

c)Baldin eta lesionatuak pairatzen dituen sekuelek bere diru-sarrerak zati batez murriztea edo ohiko laneko edo lanbide-jarduerako errendimendu normala murriztea badakarte modu nabarmenean, pairatzen duen kaltea bi urtekori dagozkion diru-sarreren zenbatekoa adinakoa dela jotzen da. Murrizketa nabarmena dela hartzen da, baldin eta ohiko lan edo lanbide-jarduerarako diru-sarreren edo errendimendu normalaren ehuneko hogeita hamahiru edo handiagoa bada.

130.artikulua. Lan-merkatuan sartu gabe dauden hogeita hamar urtetik beherako lesionatuak.

Lan-merkatuan sartu gabe dauden hogeita hamar urtetik beherako lesionatuen irabaziak lortzeko gaitasunaren galera honako arau hauekin bat etorriz zehazten da:

a)Irabaziak lortzeko gaitasunaren galera ezintasun absolutu edo osoa dagoen kasuetan baino ez da kontuan hartuko.

b)Hogeita hamar urtetik aurrera hasiko da zenbatzen.

c)Ezintasun absolutuko kasuetan, lanbide arteko gutxieneko soldata, urtekoa eta batez bestekoa, zenbatzen da lortu gabeko irabazi gisa, biderkakizuna zehaztearen ondoreetarako.

d)Ezintasun osoko kasuetan, aurreko zenbakian adierazitako zenbatekoaren ehuneko berrogeita hamabosta zenbatzen da lortu gabeko irabazi gisa. Ondore horietarako, ezintasun osotzat hartzen da lan-jarduera asko eta askotarikoak egiteko ezintasuna.

e)Aurreko zenbatekoak ehuneko hogeira arte handitu ahal izango dira lesionatuak goi-mailako prestakuntza-maila badu.

131.artikulua. Biderkakizuna, lesionatuek familia-unitatearen etxeko lanei eskaintzen badiete arduraldia.

1.Ezintasun absolutuko kasuetan, etxeko lanei arduraldi esklusiboa eskainiz familia-unitatea mantentzen laguntzen zuen pertsona zelako, diru-sarrerarik lortzen ez zuen lesionatuaren ordaindu gabeko lanari dagokionez, honako arau hauek beteko dira:

a)Ordaindu gabeko lan hori urteko lanbide arteko gutxieneko soldata baten baliokide gisa baloratuko da.

b)Bi pertsona baino gehiagoko familia-unitateetan, aurreko zenbakian ezarritako baliokidetasuna urteko lanbide arteko gutxieneko soldataren ehuneko hamar handituko da lesionatuaren familia-unitatean bizi den adingabe, desgaitasuna duen pertsona edo hirurogeita zazpi urte urtetik gorako pertsona bakoitzeko, baina gehikuntza gehigarri hori ez da izango lanbide arteko gutxieneko soldata baten (urtekoa eta batez bestekoa) zenbatekoa baino handiagoa.

2.Ezintasun osoko kasuetan, aurreko zenbakian adierazitako zenbatekoen ehuneko berrogeita hamabosta zenbatzen da lortu gabeko irabazi gisa. Ondore horietarako, ezintasun osotzat hartzen da etxeko funtsezko lanak egiteko ezintasuna, betiere beste batzuk egin baditzake.

3.Baldin eta lesionatuak lanaldiaren murrizketa bazuen ordaindutako lana eta etxeko lanak zein familia zaintzea bateragarri egiteko, jaso beharreko zenbatekoa hau izango da: lortu gabeko irabazia 1. zenbakiko biderkakizunarekin kalkulatzeko eragiketa guztiak eginda ateratako emaitzaren heren bat.

132.artikulua. Biderkatzailea.

1.Lesionatu bakoitzarentzat honako faktore hauek konbinatuz ateratzen den koefizientea da biderkatzailea:

a)Lesionatuak jasotzeko eskubidea duen ezintasun iraunkor absolutu, oso edo partzialeko pentsio publikoak.

b)Kaltearen iraupena.

c)Ezintasun-mailaren araberako hiltzeko arriskua.

d)Deskontuaren interes-tasa, inflazioa kontuan hartzen duena.

2.Aipatutako faktoreak 48. artikuluan xedatutakoaren arabera ezarritako oinarri tekniko aktuarialekin bat etorriz kalkulatzen dira.

3.Biderkatzailea zehazteko orduan, beste faktore osagarri batzuk ezarri ahal izango dira erregelamenduz, lesionatuari buruzko beste kontingentzia batzuk kontuan hartuko dituztenak eta kaltea hobeto indibidualizatzeko balioko dutenak.

4.Lesionatuak jasotzeko eskubidea duen pentsio publikoak, hala nola ezintasun iraunkorrekoak (absolutua, osoa edo partziala) zenbatesten dira, baina zenbatetsitakoak ez beste pentsio batzuek jasotzea egiazta daiteke. Baliaezintasun handiko kasuetan, ezintasun iraunkor absolutuko pentsioari dagokion zatia baino ez da zenbatuko biderkatzailean.

5.Familia-unitatearen etxeko lanei arduraldi esklusiboa eskaintzen zielako diru-sarrerarik ez zuen lesionatuari, pentsio publikoak jasotzen ez baditu ere, 2.C tauletan diru-sarrerak dituzten lesionatuentzat aurreikusitako lortu gabeko irabaziagatiko kalte-ordainak aplikatuko zaizkio, baina ehuneko hogeita bost handituta.

133.artikulua. Kaltearen iraupena.

1.Ezintasun iraunkor absolutu edo osoko kasuetan, kaltearen iraupena amaituko da erretiro adinera iristean. Baldin eta lesionatuak erretiro-adina gaindituta bazuen istripuaren unean baina oraindik diru-sarrerak bazituen lan pertsonalagatik, bi urtekoa izango da kaltearen iraupena.

2.129.c) artikuluan aurreikusitako ezintasun iraunkor partzialeko kasuan, bi urtekoa izango da iraupena.

3.atala. Kalte-ordainak aldi baterako lesioengatik

134.artikulua. Aldi baterako lesioengatiko kalte-ordainaren balorazioa.

1.Aldi baterako lesioak dira istripua gertatzen denetik sendatzeko prozesua amaitu arte edo lesioa egonkortu eta sekuela bilakatu arte lesionatuak pairatzen dituenak.

2.Aldi baterako lesioengatiko kalte-ordaina bateragarria da sekuelengatik edo, hala dagokionean, heriotzagatik egokia denarekin, eta kapitulu honetan ezarritako xedapenen eta arauen arabera kuantifikatzen da; horiek, orobat, eranskineko 3. taularen ataletan jasotzen dira.

3.Hiru atal daude 3. taulan:

a)3.A taulak oinarrizko kalte pertsonalaren zenbatekoa ezartzen du sistema honetako irizpideekin eta arauekin bat etorriz.

b)3.B taulak kalte pertsonal partikularren zenbatekoa ezartzen du sistema honetako irizpideekin eta arauekin bat etorriz.

c)3.C taulak ondare-kalteen zenbatekoa ezartzen du, sortutako kaltearen eta lortu gabeko irabaziaren kategoriak bereizita, sistema honetako irizpideekin eta arauekin bat etorriz.

135.artikulua. Kalte-ordaina, bizkarrezurraren traumatismo txikiengatik.

1.Lesionatuak minaren berri ematen duelako diagnostikatzen diren lepoko traumatismo txikiek, baldin eta azterketa mediko osagarriak eginez egiaztatzeko modukoak ez badira, aldi baterako lesio modura jasoko dute kalte-ordaina, betiere egitate kaltegarriaren izaerak kaltea eragin badezake kausalitate generikoko honako irizpide hauekin bat etorriz:

a)Baztertzekoa: patologia guztiz justifikatzen duen beste kausa bat ez egotea.

b)Kronologikoa: sintomatologia medikoki azal daitekeen denboran agertzea. Zehazki, irizpide honen ondoreetarako, bereziki garrantzitsua da sintomak istripua gertatu ondorengo hirurogeita hamabi orduko epean agertzea edo lesionatuak epe horretan osasun-arreta jasotzea.

c)Topografikoa: harremana egotea istripuak eragindako gorputz-gunearen eta pairatutako lesioaren artean, azalpen patogeniko batek kontrakoa azaldu ezean.

d)Intentsitatekoa: pairatutako lesioaren eta hori eragiteko mekanismoaren arteko egokitzapena, istripuaren intentsitatea eta lesioa izateko aukeran eragiten duten gainontzeko aldagaiak kontuan harturik.

2.Lepoko traumatismo txiki baten ondoriozko sekuelak kalte-ordaina jasoko du txosten mediko erabakigarri batek aldi baterako lesio-aldiaren ostean hori badagoela egiaztatzen badu soilik.

3.Aurreko letretan aurreikusitako irizpideak sekuelen baremo medikoan aipatutako bizkarrezurreko gainontzeko traumatismo txikiei aplikatuko zaizkie.

1.azpiatala. Oinarrizko kalte pertsonala (3.A taulari buruzko xedapenak)

136.artikulua. Oinarrizko kalte pertsonalaren kalte-ordaina zehaztea.

1.Aldi baterako lesioagatiko oinarrizko kalte pertsonala hau da: istripua gertatzen denetik sendatzeko prozesua amaitu arte edo lesioa egonkortu eta sekuela bilakatu arte pairatutako kalte arrunta.

2.Haren balorazio ekonomikoa 3.A taulan ezarritako eguneko kopuruaren bidez zehazten da.

2. azpiatala. Kalte pertsonal partikularra (3.B taulari buruzko xedapenak)

137.artikulua. Kalte pertsonala, bizi-kalitatea aldi baterako galtzeagatik.

Pairatutako lesioek edo lesio horien tratamenduak biktimaren autonomian edo garapen pertsonalean eragiten dituzten eragozpen edo mugengatik biktimak pairatzen duen kalte moral partikularra konpentsatzen du bizi-kalitatea aldi baterako galtzeagatiko kalte-ordainak.

138.artikulua. Bizi-kalitatea aldi baterako galtzeagatiko kalte pertsonalaren mailak.

1.Bizi-kalitatea aldi baterako galtzeagatiko kaltea oso larria, larria edo moderatua izan daiteke.

2.Kalte oso larria dago lesionatuak bizitza arruntaren oinarrizko jarduera ia guztiak egiteko autonomia pertsonala aldi baterako galtzen duenean. Maila horretako kaltea da zainketa intentsiboetako unitatean sartzea.

3.Kalte larria dago lesionatuak bizitza arruntaren oinarrizko jardueraren zati handi bat edo garapen pertsonalerako berariazko jarduera gehienak egiteko autonomia pertsonala aldi baterako galtzen duenean. Maila horretako kaltea da ospitaleko egonaldia.

4.Lesionatuak garapen pertsonalerako berariazko jardueren zati garrantzitsu bat egiteko aukera aldi baterako galtzen duenean dago kalte moderatua.

5.Lan- edo lanbide-jarduera egiteko eragozpen psikofisikoa aurreko hiru mailetako batera bideratzen da.

6.Kalte-mailak elkarren baztertzaileak dira eta hurrenez hurren aplikagarriak. Nolanahi ere, maila bakar bat esleituko zaio egun bakoitzari.

139.artikulua. Bizi-kalitatea aldi baterako galtzeagatiko kalte pertsonala neurtzea.

1.Bizi-kalitatea aldi baterako galtzeagatiko kalte pertsonalaren balorazio ekonomikoa 3.B taulan maila bakoitzerako ezarritako eguneko kopuruaren bidez zehazten da.

2.Maila bakoitzeko ezarritako eguneko zenbatekoan jasota dago jada oinarrizko kalte pertsonalaren zenbatekoa.

140.artikulua. Ebakuntza kirurgikoek eragindako kalte pertsonal partikularra.

Jasandako ebakuntza kirurgiko bakoitzagatik lesionatuak pairatzen duen kalte pertsonal partikularra dela-eta jaso beharreko kalte-ordainak 3.B taulan ezarritako gutxieneko eta gehieneko zenbatekoak errespetatuko ditu, betiere ebakuntzaren ezaugarriak, teknika kirurgikoaren konplexutasuna eta anestesia mota aintzat hartuta.

3.azpiatala. Ondare-kaltea (3.C taulari buruzko xedapenak)

141.artikulua. Osasun-laguntzako gastuak.

1.Lesionatuak sendatzeko prozesua amaitu edo lesioa egonkortu eta sekuela bilakatu arte medikuaren aginduz behar dituen osasun-laguntzako gastuak eta autonomia pertsonalerako protesien, ortesien, laguntza teknikoen zein laguntza- produktuen zenbatekoa ordaintzen dira, betiere behar bezala justifikaturik badaude eta alderdi medikotik arrazoizkoak badira pairatutako lesioa eta haren inguruabarrak kontuan harturik.

2.Aseguru-entitateek osasun-laguntzako gastuak eta, hala dagokionean, aurreko zenbakian aurreikusitako gainerako gastuak ordaindu ahal izango dizkiete osasun-zentroei, osasun-hitzarmenak sinatuz.

3.Laguntza-gastuen parekotzat hartuko dira lesionatuak aldi baterako lesioen osasun-laguntza dela-eta egin beharreko joan-etorriei dagozkienak.

142.artikulua. Ordaingarri diren hainbat gastu.

1.Lesionatuaren bizitza arruntaren garapenean sendatzeko prozesua amaitu arte edo lesioa egonkortu eta sekuela bilakatu arte lesioak eragiten dituen gastuak ere ordaintzen dira, betiere justifikatuta badaude eta arrazoizkoak badira haren inguruabar pertsonalen eta familiarren arabera.

2.Zehazki, aurreko zenbakiko baldintzak betez gero, ordaina jasotzen dute lesionatuaren mugikortasun-kostuen igoerek, egoera medikoak edo pertsonalak hala behartzen duenean senideek arreta emateko egin beharreko joan-etorriek eta, oro har, hark edo ardurapean zituen senide adingabeek edo bereziki zaurgarriek arreta jasotzeko behar direnek.

143.artikulua. Lortu gabeko irabazia, aldi baterako lesioengatik.

1.Aldi baterako lesioen kasuetan, lortu gabeko irabazia hau da: lesionatuaren lan pertsonaletik etorritako diru-sarrera garbiak aldi baterako galtzea edo murriztea edo, etxeko lanei arduraldi esklusiboa eskainiz gero, arduraldi horren balioaren zenbatespena, horrelakoak egiterik ez duenean. Etxeko lanei eskainitako arduraldia galdu edo murrizteagatiko kalte-ordaina ezin da jaso halako zereginak ordezteak sortutako gastuen ordainarekin batera.

2.Diru-sarrera garbi aldakorren galera istripuaren aurreko urteko antzeko aldietan jasotakoen bidez egiaztatuko da, edota istripuaren aurreko hiru urteetan lortutakoen batezbestekoaren bidez, hori handiagoa bada.

3.Aurreko bi zenbakietan ezarritako irizpideak aplikatuta ateratako zenbatekoetatik kenduko dira lesionatuak kontzeptu beragatik jasotzen dituen prestazio publikoak.

4.Etxeko lanei eskainitako arduraldia urteko lanbide arteko gutxieneko soldata baten eguneko zenbatekoa bezainbeste baloratuko da, guztira, gehienez, hileko bati dagokion zenbatekoa bezainbeste, sekuelarik gabe sendatu diren kasuetan edo hiru puntu edo gutxiagoko sekuelak utzita sendatu diren kasuetan. Gainerako kasuetan,

131.artikuluan halakoetan aplikatu beharreko biderkakizunari buruz aurreikusitako irizpideak aplikatuko dira.»

Zortzi. Bigarren zenbaki bat gehitzen da azken xedapenetatik bigarrenean, eta honela geratzen da idatzita:

«2. Gobernuari gaikuntza ematen zaio eranskineko taulen zenbatekoak errege- dekretu bidez aldatzeko.»

Bederatzi. Ibilgailu Motordunen Zirkulazioko Erantzukizun Zibilari eta Aseguruari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen urriaren 29ko 8/2004 Legegintzako Errege Dekretuaren eranskina lege honetako eranskinak ordezten du.

Lehenengo xedapen gehigarria. Balorazio Sistemaren Jarraipen Batzordea.

1.Justiziako eta Ekonomia eta Lehiakortasuneko ministroen aginduz, Aseguruen eta Pentsio Funtsen Zuzendaritza Nagusiak proposatuta, Balorazio Sistemaren Jarraipen Batzordea sortuko da gehienez urtebeteko epean, lege hau onartzen denetik aurrera zenbatuta, xedea izanik haren abiaraztea, ondorio juridiko eta ekonomikoak eta 49. artikuluaren 1. zenbakia eguneratzeko sistema —artikulu bakarrean jasoa— aztertzea. Zazpi. Batzordearen osaeran, biktimen elkarteek eta aseguru-entitateek hartuko dute parte, kide kopuru berarekin.

2.Sorreratik bertatik bideratzen dituen kontsultez eta iradokizunez gain, batzorde horrek txosten arrazoitu bat ere egin beharko du, gehienez hiru urteko epearen buruan, lege hau indarrean jartzen denetik aurrera zenbatuta. Txosten horretan, aurreko zenbakian aipatutako azterketa eta sistema hobetzeko iradokizunak jasoko ditu.

3.Txosten hori ikusita, Aseguruen eta Pentsio Funtsen Zuzendaritza Nagusiak, hala badagokio, egoki deritzen aldaketak sustatuko ditu, eta dagozkien koefiziente aktuarialen kalkuluko hipotesi ekonomiko-finantzario eta biometrikoak barne hartzen dituzten oinarri tekniko aktuarialak eguneratzea bultzatuko du.

Bigarren xedapen gehigarria. Araudi-erreferentziak.

Orain indargabetzen den Ibilgailu Motordunen Zirkulazioko Erantzukizun Zibilari eta Aseguruari buruzko Legearen testu bateginaren (urriaren 29ko 8/2004 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartua) eranskinean jasotako balorazio-sistemari egindako arau-erreferentziak lege honetan zirkulazio-istripuetan pertsonei eragindako kalte-galerak baloratzeko sistemari egindakotzat hartu behar dira.

Hirugarren xedapen gehigarria. Osasun-jarduera dela-eta gerora sortutako kalte- galeren kalte-ordain baremoa.

Lege honetan araututako balorazio-sistema erreferentzia gisa hartuko da osasun- jarduera dela-eta gerora sortutako kalte-galeren kalte-ordain baremoa etorkizunean arautzeko.

Xedapen iragankorra. Sistemaren denbora-aplikazioa.

1.Pertsonei zirkulazio-istripuetan eragindako kalte-galerak baloratzeko lege honek ezarritako sistema berau indarrean jarri ondoren gertatzen diren zirkulazio-istripuei baino ez zaie aplikatuko.

2.Lege hau indarrean jarri aurretik gertatutako zirkulazio-istripuetan pertsonei eragindako kalte-galerak baloratzeko, indarrean eta aplikagarri egongo da Ibilgailu Motordunen Zirkulazioko Erantzukizun Zibilari eta Aseguruari buruzko Legearen testu bateginaren eranskinean eta gehigarrian jasotako sistema —testu bategin hori urriaren 29ko 8/2004 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen—.

Xedapen indargabetzailea. Urriaren 29ko 8/2004 Legegintzako Errege Dekretuko balorazio-sistema indargabetzea.

Indargabetu egiten dira zirkulazio-istripuetan pertsonei eragindako kalte-galerak baloratzeko sistema, zeina Ibilgailu Motordunen Zirkulazioko Erantzukizun Zibilari eta Aseguruari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen urriaren 29ko 8/2004 Legegintzako Errege Dekretuaren eranskinean jasoa baitago, legegintzako errege-dekretu horren gehigarria eta lege honen aurka dauden xedapen guztiak.

Azken xedapenetatik lehena. Prozedura Zibilaren 1/2000 Legea, urtarrilaren 7koa, aldatzea.

Prozedura Zibilaren Legearen 517. artikuluaren 2. zenbakiaren 8. puntua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«8.a Kalte-ordain gisa erreklama daitekeen gehieneko zenbatekoa ezartzen duen autoak, legeak aurreikusitako kasuetan emandakoak ibilgailu motordunen erabileratik edo zirkulaziotik eratorritako Erantzukizun Zibileko Nahitaezko Aseguruak estalitako egitateengatik hasitako prozesu penaletan.»

Azken xedapenetatik bigarrena. Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu artikulatua aldatzen duen apirilaren 7ko 6/2014 Legea —martxoaren 2ko 339/1990 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartua— aldatzea.

Honela idatzita geratzen da apirilaren 7ko 6/2014 Legearen bigarren xedapen gehigarria (lege horrek Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari

buruzko testu artikulatua aldatzen du, martxoaren 2ko 339/1990 Legegintzako Errege Dekretuak onartua):

«Bigarren xedapen gehigarria. Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2015eko martxoaren 11ko 2015/413 (EB) Zuzentaraua gehitzea, zeinaren bidez bide-segurtasunaren arloko trafikoko arau-hausteei buruzko informazioaren mugaz gaindiko trukea errazten den.

1.Xedapen honek trafikoko arau-hausteei buruzko informazioa mugaz gaindi trukatzeko prozedura ezartzen du, Europar Batasuneko estatu kide batean matrikulatutako ibilgailuek arau-haustea beste estatu kide batean egiten duten kasuetarako.

Informazioaren mugaz gaindiko truke horretan datu pertsonalei emango zaien tratamendua datu pertsonalen babeserako araudian ezarritakoaren araberakoa izango da.

Informazioaren mugaz gaindiko trukea trafikoko arau-hauste hauei buruzkoa izango da:

a)Gehiegizko abiadura.

b)Erregelamendu bidez ezarritako alkohol-tasak gaindituta gidatzea.

c)Segurtasun-uhala edo lotzeko beste sistema homologatu batzuk ez erabiltzea.

d)Gorriz dagoen semaforo batean edo stop seinaleaz markatutako leku batean ez gelditzea.

e)Debekatutako errei batetik zirkulatzea, bazterbidetik edo erabiltzaile jakin batzuentzat erreserbatutako errei batetik bidegabe zirkulatzea.

f)Organismoan drogak izanda gidatzea.

g)Babes-kaskorik ez erabiltzea.

h)Gidatzean, telefono mugikorra edo komunikatzeko beste gailuren bat erabiltzea, baimenduta ez dagoenean.

2.Informazio-trukeari dagokionez, Europar Batasuneko estatu kideetako harremanetarako gune nazionalek Trafikoko Buruzagitza Nagusia erakunde autonomoaren Ibilgailuen Erregistrora irispidea izango dute, estatu horietako lurraldean aurreko zenbakian adierazitako arau-hausteren bat egin duten Espainian matrikulatutako ibilgailuen gidariak identifikatu ahal izateko beharrezkoak diren ikerketak egiteko.

Harremanetarako gune nazionala Trafikoko Buruzagitza Nagusia erakunde autonomoa izango da; erakunde horrek Europar Batasuneko gainerako estatu kideetako erregistroetara irispidea izango du, xedapen honetan aurreikusitako helburuarekin.

Trafikoko Buruzagitza Nagusia erakunde autonomoak, harremanetarako gune nazionala den heinean, honako funtzio hauek izango ditu:

a)Datu-eskaerei erantzutea.

b)Datuak eskuratzeko eta lagatzeko sistemak behar bezala funtzionatzen duela bermatzea.

c)Datu pertsonalak babesteko araudia aplikatzen dela bermatzea.

d)Europar Batasuneko gainerako estatu kideetako harremanetarako gune nazionalek eskatzen duten informazioa biltzea.

e)Batzordeari beranduenez 2016ko maiatzaren 6an eta hortik aurrera bi urtean behin igorri beharreko txosten osoak egitea.

f)Trafikoaren arloan eskumenak dituzten beste organo batzuekin lankidetzan, bai eta bide-segurtasunari eta ibilgailuei lotutako erakunde eta elkarteekin batera ere, xedapen honetan aurreikusitakoa bide publikoen erabiltzaileei jakinaraztea, www.dgt.es web-orriaren bidez.

e)letran aipatzen den txosten osoan, arau-haustea gertatutako estatu kideak ibilgailua matrikulatutako estatu kidearen harremanetarako gunera bideratuta egin dituen bilaketa automatizatuen kopurua adieraziko da, zer arau-hauste motari buruzko informazioa eskatu duen eta huts egindako eskaeren kopurua. Halaber, bide-segurtasunaren arloko trafikoko arau-hausteei egindako jarraipenaren egoeraren azalpena agertuko da, zehaztuta arau-hauste horietatik zer proportziok eragin duen informazio-gutunak idaztea.

Trafikoko Buruzagitza Nagusia erakunde autonomoak gainerako estatu kideetako harremanetarako gune nazionalen esku jarriko ditu Espainian matrikulatutako ibilgailuei buruzko datu erabilgarriak, baita ibilgailu horien titularrei, ohiko gidariei edo epe luzeko errentariei buruzko datuak ere —II. eranskinean jasoak—.

3.Datu-eskaerak xedapen honetan ezarritakoa betetzen ez badu salbu, Trafikoko Buruzagitza Nagusia erakunde autonomoak datu hauek emango dizkie zirkulazioaren arloan zehapenak ezartzeko eskudun diren organoei: lurralde nazionalean arau-haustea egindako ibilgailuaren jabeari edo titularrari buruzko datuak, ibilgailu hori Europar Batasuneko beste estatu kide batean matrikulatuta badago, eta, matrikulazio-estatuaren erregistroan ibilgailuari buruz eskuragarri dauden datuak ere bai, I. eranskinean adierazitako bilaketa-datuen bidez lortutakoak.

Datuak bitarteko elektronikoen bidez komunikatuko dira esklusiboki, Trafikoko Buruzagitza Nagusia erakunde autonomoak ezarritako espezifikazio teknikoen arabera.

4.Trafikoko Buruzagitza Nagusia erakunde autonomoak emandako datuetatik abiatuta, trafikoaren arloan zehatzeko eskumenak dituzten organoek informazio- gutuna bidali ahalko diote arau-haustearen ustezko egileari. Hartarako, III. eranskinean aurreikusitako eredua erabili ahal izango dute.

Informazio-gutuna ibilgailuaren matrikulazio-dokumentuaren hizkuntzan bidaliko zaio ustezko arau-hausleari, baldin eta dokumentura irispidea izan bada; bestela, matrikulazio-estatuaren hizkuntza ofizialetako batean bidaliko zaio.

Gutun horren jakinarazpena ustezko arau-hausleari pertsonalki egin beharko zaio.

5.Xedapen honetan aurreikusitako informazio-trukearen ondorioz hasitako zehapen-prozeduretan, ustezko arau-hausleari jakinarazten zaizkion dokumentuak ibilgailuaren matrikulazio-dokumentuaren hizkuntzan edo matrikulazio-estatuan ofizial den hizkuntzetako batean bidaliko dira.

I. ERANSKINA

Espainiako organo eskudunek irisgarri izango dituzten bilaketa-datuak

1.Ibilgailuari buruzko datuak:

Matrikula-plakaren zenbakia.

Ibilgailua matrikulatutako estatu kidea.

2. Arau-hausteari buruzko datuak:

Arau-haustea gertatutako estatu kidea.

Arau-haustearen data.

Arau-haustearen ordua.

Arau-hauste motaren kodea, koadro honen arabera:

Kodea

Arau-hauste mota

1.kodea. Gehiegizko abiadura.

2.kodea. Erregelamendu bidez ezarritako alkohol-tasak gaindituta gidatzea.

3.kodea. Segurtasun-uhala edo lotzeko beste sistema homologatu batzuk ez erabiltzea.

4.kodea. Gorrian dagoen semaforo baten aurrean edo stop seinaleaz markatutako leku batean ez gelditzea.

5.kodea. Debekatutako errei batetik zirkulatzea, bazterbidetik edo erabiltzaile jakin batzuentzat erreserbatutako errei batetik bidegabe zirkulatzea.

10.kodea. Organismoan drogak izanda gidatzea.

11.kodea. Babes-kaskorik ez erabiltzea.

12.kodea. Gidatzean telefono mugikorra edo komunikatzeko beste gailuren bat erabiltzea, baimenduta ez dagoenean.

II. ERANSKINA

Espainiako organo eskudunek emango dituzten datuak

1.Ibilgailuen datuak:

Matrikula-plakaren zenbakia.

Txasis-zenbakia.

Ibilgailua matrikulatutako estatu kidea.

Marka.

Modeloa.

EBko kategoria-kodea.

2. Titularren, ohiko gidarien edo epe luzeko errentarien datuak:

Abizenak edo sozietate-izena.

Izena.

Helbidea.

Jaioteguna.

Sexua.

Nortasun juridikoa, pertsona fisikoa edo juridikoa; partikularra, elkartea, sozietatea, etab.

Identifikazio-zenbakia: nortasun-agiri nazionalaren zenbakia, atzerritarren identifikazio-zenbakia, pertsona juridikoen eta nortasun juridikorik gabeko erakundeen identifikazio fiskaleko zenbakia.

III. ERANSKINA Informazio-gutuna [Azala]

……………………………………………………………………………………………

[igorlearen izena, helbidea eta telefono-zenbakia]

……………………………………………………………………………………………

[hartzailearen izena eta helbidea]

INFORMAZIO-GUTUNA

.............................................................................(e)n [arau-haustea gertatutako

estatu kidearen izena] bide-segurtasunaren arloan egindako trafikoko arau-hausteari buruzkoa.

[2. orrialdea]

.......................................................................................................................(e)an

[data], ..........................................................................................................................

(a)k [erakunde eskudunaren izena] bide-segurtasunaren arloan egindako trafikoko

arau-hauste bat detektatu zuen, .............................. matrikulako, ..............................

markako eta ..............................

modeloko ibilgailuarekin egindakoa.

[1. aukera] (1) Erregistroetan, zure izena ageri da aipatutako ibilgailuaren zirkulazio-baimenaren titular gisa.

[2. aukera] (1) Aipatutako ibilgailuaren zirkulazio-baimenaren titularrak adierazi du zu ari zinela ibilgailua gidatzen bide-segurtasunaren arloko trafikoko arau- haustea egin zen unean.

Arau-haustearen xehetasunak jarraian dituzu (3. orrialdea). Arau-haustearengatik ordaindu behar duzun diruzko zehapenaren zenbatekoa:

…………. EUR/[tokiko moneta].

Ordaintzeko epea ……………………………………………………………………..

egunean amaitzen da.

Diruzko zehapena ordainduko ez baduzu, erantsita doan erantzun-inprimakia betetzea (4. orrialdea) eta adierazitako helbidera bidaltzea gomendatzen dizugu.

Gutun hau ………………………....................................................(e)ko [arau-

haustea gertatutako estatu kidearen izena] zuzenbide nazionalean ezarritakoaren arabera izapidetuko da.

(1)Ezabatu ez dagokiona.

[3. orrialdea]

Arau-hausteari buruzko datuak

a) Arau-haustea egindako ibilgailuaren datuak:

Matrikula-plakaren zenbakia: ……………………………………………………...........

Ibilgailua matrikulatutako estatu kidea: ……………………………………….........…

Marka eta modeloa: ………………………………………………………….........……

b) Arau-hausteari buruzko datuak:

Arau-haustea gertatutako tokia, data eta ordua:....................................................

Arau-haustearen izaera eta lege-sailkapena: ………………………………........….

Gehiegizko abiadura; segurtasun-uhala edo lotzeko beste sistema homologatu batzuk ez erabiltzea; gorrian dagoen semaforo baten aurrean edo stop seinaleaz markatutako leku batean ez gelditzea; erregelamenduz ezarritako alkohol-tasak gaindituta gidatzea; organismoan drogak izanda gidatzea; babes-kaskorik ez erabiltzea; debekatutako errei batetik zirkulatzea; bazterbidetik edo erabiltzaile jakin batzuentzat erreserbatutako errei batetik bidegabe zirkulatzea, eta gidatzean telefono mugikorra edo komunikatzeko beste gailuren bat erabiltzea, baimenduta ez dagoenean (1):

Arau-haustearen azalpen xehea: ………………………......…………………..........

Dagozkion lege-xedapenen erreferentzia: ……………………..………..................

Arau-haustearen deskribapena edo frogen azalpena: ………………………….....

c) Arau-haustea detektatzeko erabilitako gailuari buruzko datuak (2):

Hauek detektatzeko erabilitako gailu mota: gehiegizko abiadura; segurtasun- uhala edo lotzeko beste sistema homologatu batzuk ez erabiltzea; gorrian dagoen semaforo baten aurrean edo stop seinaleaz markatutako leku batean ez gelditzea; erregelamenduz ezarritako alkohol-tasak gaindituta gidatzea; organismoan drogak izanda gidatzea; babes-kaskorik ez erabiltzea; debekatutako errei batetik zirkulatzea; bazterbidetik edo erabiltzaile jakin batzuentzat erreserbatutako errei batetik bidegabe zirkulatzea, eta gidatzean telefono mugikorra edo komunikatzeko beste gailuren bat erabiltzea, baimenduta ez dagoenean (1):

Gailuaren xehetasunak: ……………………………………………………...............

Gailuaren identifikazio-zenbakia: ……………………………………….…...............

Azken kalibrazioaren epemuga: …………………………………….........................

d)Gailua aplikatzearen emaitza:

…………………………………………………………………………………………...

[Gehiegizko abiaduraren adibidea; gainerako arau-hausteak gehituko dira:]

Gehieneko abiadura: …...……………

Neurtutako abiadura: …..……………..

Neurtutako abiadura, errore-marjinaz zuzendua, hala badagokio: …...……

(1)Ezabatu ez dagokiona.

(2)Gailurik erabili ez bada, ez bete.

[4. orrialdea]

Erantzun-inprimakia (Bete ezazu letra larriz)

A.Gidariaren nortasuna:

Izen-abizenak: ........…………………………………………………….……….….…..

Jaioterria eta jaioteguna: ...........……………………………………….…………..….

Gidabaimenaren zenbakia:

................; jaulkitze-eguna:

......................................;

jaulkitze-tokia: ..................................

; helbidea: …………….......................................

B.Galdetegia:

1. Zure izenean erregistratuta al dago ...............................................................

markako eta ........................................ matrikulako ibilgailua? Bai/ez (1)

Erantzuna ezezkoa bada, ibilgailuaren zirkulazio-baimenaren titularra hau da: ...

............…......................................................................................................................

[abizenak eta izena, helbidea]

2.Arau-haustea egin izana onartzen al duzu? Bai/ez (1)

3.Onartzen ez baduzu, azaldu zergatik:

…………………………………………………………………………………………....

(1)Ezabatu ez dagokiona.

Informazio-gutun hau jasotzen duzunetik 60 egun dituzu inprimakia bete eta

agintaritza honi bidaltzeko:

...............................; helbide honetara: …..........…..........

 

Informazioa

Espediente hau............................................................................

(e)ko [arau-

haustea gertatutako estatu kidearen izena] agintaritza eskudunak aztertuko du. Jarduketak eteten badira, erantzun-inprimakia jaso eta 60 eguneko epean

izango duzu horren berri.

Jarduketek aurrera jarraitzen badute, honako prozedura hau aplikatuko da: …...

...............................................................................................................................……

[Arau-haustea gertatutako estatu kideak zein prozedura jarraituko den zehaztuko du; jarduketek aurrera jarraitzeko erabakiaren kontra errekurtsoa jartzeko aukerari buruzko informazioa ere emango du, eta errekurtsoa aurkezteko zein prozedurari jarraitu behar zaion adieraziko. Informazio horretan, datu hauek jasoko dira gutxienez: jarduketez arduratuko den agintaritzaren izena eta helbidea; ordaintzeko epea; errekurtso-erakundearen izena eta helbidea; errekurtsoa jartzeko epea].

Informazio-gutun honek, bere horretan, ez du ondorio juridikorik.»

Azken xedapenetatik hirugarrena. Eskumen-titulua.

Lege hau Konstituzioaren 149.1.6. artikuluaren babesean ematen da; artikulu horrek eskumen esklusiboa ematen dio Estatuari merkataritzaren arloko legeria emateko.

Azken xedapenetatik laugarrena. Gobernua gaitzea.

Gobernuari gaikuntza ematen zaio lege hau garatzeko eta aplikatzeko behar diren xedapenak emateko.

Azken xedapenetatik bosgarrena. Indarrean jartzea.

Lege hau 2016ko urtarrilaren 1ean jarriko da indarrean.

Horrenbestez,

Lege hau bete eta betearaz dezatela agintzen diet espainiar guztiei, partikular zein agintariei.

Madrilen, 2015eko irailaren 22an.

FELIPE e.

Gobernuko presidentea,

MARIANO RAJOY BREY

(Eranskinak BOEren gaztelaniazko bertsioan argitaratu dira.)

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra