Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Administrazio zuzenbidea  >>  Legeria  >> Gizarte-zerbitzuak

39/2006 Legea, abenduaren 14koa, autonomia pertsonala sustatzeari eta mendetasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzkoa

2006-12-14

Itzulpena nork: Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala (IZO)

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2006/12/15, 299 zk.

39/2006 Legea, abenduaren 14koa, autonomia pertsonala sustatzeari eta mendetasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzkoa.

EAO, 2006-12-15

ZIOEN AZALPENA

Garatutako herrialdeetako politika sozialaren erronka handienetako bat mendetasun-egoeran dauden pertsonei laguntzea eta pertsona horien autonomia sustatzea da.

Erronka, azken batean, ondorengoa baino ez da: egoera berezi batean egoteagatik kalteberak diren pertsonei, dituzten premietan laguntza eskaintzea, hau da, eguneroko bizitzako oinarrizko ekintzak aurrera eramateko laguntza eskaintzea, autonomia pertsonal handiagoa eskuratu eta herritar gisa dituzten eskubideez oso-osorik baliatu ahal izateko.

2003. urteko urrian Diputatuen Kongresuko plenoan Toledoko Hitzarmenaren Berrikuntza onartu zen, eta 3. gomendio gehigarri bat ere bazeukan testuak, ondorengoa dioena:

«Beraz, beharrezkoa da sistema integratu bat eratzea, mendetasunaren gaiari modu orokorrean heltzeko, eta hori horrela izanik, Batzordeak beharrezko ikusten du gaia laster arautzea, eta arautze horretan ondorengoak zehaztea: mendetasuna zer den, sortzen dituen arazoei aurre egiteko zerbitzuak gaur egun nola dauden, aurreikusten diren erronkak, eta egoera horretan daudenak babesteko egon daitezkeen aukerak».

Mendetasunen bat jasaten duten pertsonei eskubideak aitortu beharra nazioarteko hainbat dokumentu eta erabakitan nabarmendu da, esate baterako Osasunaren Mundu Erakundearen, Europako Kontseiluaren eta Europar Batasunaren dokumentuetan.

2002an, Espainiaren lehendakaritzapean, Europar Batasunak Estatukideek mendetasunaren arloan aurrera eraman beharreko politikek jarraitu beharreko hiru irizpide erabaki zituen:

abiaraziko diren sistemen unibertsaltasuna, kalitate handia eta iraunkortasuna.

Mendetasunak gaur egun duen egoerari buruz azpibatzordeak idatzitako txostenean aipatzen diren ondorioen arabera (2003ko abenduaren 13koa da), mendetasunari aurre egiteko sistema integral bat eratu beharra dago, ikuspegi orokorra izango duena, eta gizarte osoak modu aktiboan parte hartu beharko du horretan.

Espainian, demografian eta gizartean izaten ari diren aldaketen ondorioz, gero eta gehiago dira mendetasunen bat duten pertsonak.

Alde batetik, kontuan izan behar da 65 urtetik gorakoak direnen kopuruak nabarmen egin duela gora, azken 30 urteotan bikoiztu egin baita kopuru hori. Horren ondorioz, 1970ean 3,3 milioi baziren ere (biztanleria osoaren % 9,7), 2000.ean 6,6 milioi baino gehiago genituen adin horretakoak (% 16,6).

Horrekin batera, “zahartzaroaren zahartzea” deituriko gertakari demografikoa aipatu beharra dago, hau da, gero eta gehiago dira 80 urte baino gehiagoko adinekoak, bikoiztu egin baita horien kopurua azken hogei urteotan, hau da, tarte laburrean.

Bi gertakari horiek beste errealitate baten aurrean jarri gaituzte, adinekoek mendetasun arazoak baitituzte bizitzako azken urteetan, eta pertsona horiek gero eta gehiago dira.

Horrekin batera, hainbat azterlanek garbi erakusten dute lotura zuzena dagoela ezintasunen eta adinaren artean; garbi ikusten da hori kontuan izaten badugu 65 urtetik gorakoen % 32k era bateko edo besteko ezintasunen bat dutela, eta gainontzeko adin tarteetan kopuru hori % 5eraino jaisten dela.

Errealitate hori zahartzearen ondoriozkoa da, baina horri gaixotasunek edo bestelako ezintasun edo mugek eragindako mendetasuna gehitu behar zaio, gora egin baitute azken urteetan, gaixotasun kroniko jakin batzuekin edo sortzetiko alterazioekin gehiago bizi baita jendea; eta horrekin batera, errepideetako eta lan-munduko istripuengatik sortutako ezintasunak ere kontuan izan behar dira.

Ezintasun, urritasun eta osasun-egoerari buruz 1999. urtean egindako inkestan esaten denez, Espainiako biztanleen % 9k era bateko edo besteko ezintasun edo mugaren bat zuen, eta horrek mendetasun bat izatea eragin dio edo eragingo dio eguneroko bizimoduan, edo nolabaiteko laguntzaren bat lortu beharra, autonomia pertsonala izateko, aukera berdintasunaren arloan.

Gizatalde hori gogoan, orain dela gutxi lege bat jarri zen indarrean, abenduaren 2ko 51/2003 Legea, ezintasuna duten pertsonen aukera-berdintasunari, diskriminaziorik ezari eta irisgarritasunari buruzkoa.

Esandako guztiagatik, gizatalde horren premiei erantzutea utziezineko erronka da aginte publikoentzat, eta erantzun irmoa eman behar zaio egoerari, jarraia eta gaur egungo gizartearen premietara egokitzen dena.

Ez dugu ahaztu behar gaur egunera arte familiak izan direla, eta batez ere emakumeak, mendetasunen bat zuten pertsonak zaintzeko ardura eduki dutenak, eta hori izan da “laguntza informala” deitu izan dena.

Baina familia-eredua aldatu egin da, eta arian-arian ia hiru milioi emakume lan-munduan hasi direnez lanean azken hamarkada honetan, egoera orokorrean beste aldagai batzuk sartu dira, eta ondorioz, laguntza eskaintzeko sistema tradizionala berrikusi beharra dago, laguntzaren bat behar duten pertsonei laguntza hori behar bezala eskaintzeko modua dagoela ziurtatzeko.

Konstituzioak berak, 49 eta 50. artikuluetan, ezintasunak dituzten pertsonei eta adinekoei eskaini beharreko arreta aipatzen ditu, eta baita aginte publikoek sustatu beharreko gizarte-zerbitzuen sistema ere, herritarren ongizatea lortzeko.

1978. urtean, ongizate-estatuaren ereduaren oinarrizko osagaiak batez ere herritar guztiei osasun arloko babesa ematea eta Gizarte Segurantzaren zerbitzuak eskaintzea ziren, baina ordutik gure herriak izan duen garapen sozialagatik, gizarte-zerbitzuek berebiziko garrantzia hartu dute. Zerbitzuok batez ere autonomia-erkidegoek eraman dituzte aurrera, hirugarren sektorearen lankidetza bereziarekin, eta ongizate-gizartearen laugarren zutabe bihurtu dira, mendetasun-egoerei aurre egiten laguntzen baitute.

Administrazio publikoei dagokienez, adinekoen eta orokorrean mendetasunen bat dutenen premiei orain arte, nagusiki, autonomia-erkidegoek eta tokiko administrazioek egin diete aurre. Dena den, Gizarte Zerbitzuen Oinarrizko Prestazioen Hitzartutako Planaren barruan, Estatuko Administrazio Orokorrak ere hartzen du parte, eta Estatu osoko esparruari dagokionez, Ezintasunak Dituzten Pertsonentzako eta Adinekoentzako Ekintza Planak ditugu.

Bestalde, Gizarte Segurantzaren sistemak arreta eskaintzearekin zerikusia duten eginkizun batzuk bere gain hartu izan ditu, bai adinekoei laguntzeari dagokionez, bai ezintasunekin zerikusia duten arloetan ere:

esate baterako, baliaezintasun handia, hirugarrenei emandako laguntza osagarria kotizatu gabekoentzako baliaezintasun pentsioaren kasuan, edo norbere ardurapean ezintasunen bat duen seme-alaba izateagatik ematen den familia-laguntza. Era berean, kontuan hartzekoak dira ezintasunak dituztenei berriro hezteko eta birgaitzeko eskaintzen zaizkien gizarte-zerbitzuen arloko laguntzak eta adinekoei laguntzekoak direnak.

Ez dago zalantzan jartzerik hirugarren sektoreko erakundeak (gizarte-zerbitzuen arloan dihardutenak) aspalditik ari direla lanean mendetasunen bat dutenei laguntzeko, eta familiek eta tokiko erakundeek arlo horretan egiten duten lanari bultzada ematen.

Erakunde horiek sare sozial zabala osatu dute mendetasunen bat jasaten dutenak gizarte-bereizkeria izateko duten arriskutik babesteko.

Testuinguru horretan, herritarrek eta autonomia-erkidegoek ere baliabideak eta zerbitzuak modu egonkor batean bermatuta izatea ziurtatu beharra dago, mendetasunari aurre egiteko, gero eta garrantzi handiagoa duen gaia denez, eta horregatik erabaki du orain Estatuak esparru honetan esku hartzea lege honekin. Helburua Estatuak eta Gizarte Segurantzaren sistemak eskaintzen duen babesa zabaltzea eta osatzea da.

Orain xedea Estatuko gizarte-zerbitzuei beste bultzada bat ematea da, sistemaren babes maila zabaldu eta osatzeko, eta horren bidez, Espainiako Konstituzioan jasotzen den Estatu sozialaren eredua sendotu nahi da, aginte publiko guztien konpromisoari indarra emanda, beharrezko baliabideak jar ditzaten zerbitzu sozialak kalitatezkoak, berme-emaileak eta erabat unibertsalak izateko.

Hori horrela izanik, Mendetasunei Arreta Eskaintzeko sistema oinarrizko tresnetako bat da Estatuan zerbitzu sozialek duten egoera hobetzeko. Horren bidez, mendetasun-egoeraren batean daudenen premiei erantzuten zaie, eta autonomia pertsonala, bizitza-kalitatea eta aukera-berdintasuna bultzatzen dira.

Lege honen bidez, mendetasunen bat duten pertsonen autonomia pertsonala areagotzeko eta horiei arreta eskaintzeko oinarrizko baldintzak arautzen dira, eta horretarako, Autonomiaren Aldeko eta Mendetasunari Arreta Eskaintzeko Sistema sortu da, administrazio publiko guztien lankidetza eta parte hartzeari esker.

Sistemaren helburua lege honetan aipatzen diren oinarrizko baldintzak bermatzea eta legean zehazten den babes-maila emango dela aurreikustea da.

Hori lortzeko, administrazio publiko guztien arteko lankidetza eta parte hartzea bideratuko ditu, eta eskura dauden baliabide publiko eta pribatu guztiak ere optimizatuko ditu.

Hori horrela izanik, eskubide subjektibo bat eratu da, unibertsaltasun, berdintasun eta eskuragarritasun printzipioetan oinarrituko dena, eta horretarako, herritarrei laguntza integrala eskaintzeko eredu bat garatuko da. Herritarrak sistemaren onuradun izango dira, eta administratiboki hiru mailatan egituratuta egongo da ssistema hori.

Kontuan izan behar da Estatuak eskumen osoa duela Konstituzioan (149.1. artikuluan) aipatzen diren oinarrizko eskubideak eta betebeharrak gauzatzerakoan espainiar guztiak berdinak izango direla bermatuko duten oinarrizko baldintzak arautzeko, eta hori hala izanik, bidezkoa da lege honen bidez pertsonen autonomiaren oinarrizko baldintzak eta mendetasunen bat dutenei emango zaien arretaren oinarrizko baldintzak arautzea, Autonomiaren Aldeko eta Mendetasunari Arreta Eskaintzeko Sistema sortzearen bidez. Sistema horretan administrazio publiko guztiek lankidetza eskaini eta parte hartuko dute, eta erabat errespetatuko dira administrazio horiek Konstituzioaren 148.1.20. artikulua garatzearen ondorioz laguntza sozialaren arloan eskuratuta lituzketen eskumen guztiak.

Legeak gutxieneko babes-maila bat finkatzen du, eta Estatuko Administrazio Orokorrak zehaztuko du zein den maila hori; diruz ere berak bermatuko du.

Era berean, eta bigarren babes-maila batean, legean Estatuko Administrazio Orokorraren eta autonomia-erkidegoen artean lankidetzan aritzeko erregimena eta finantziazio-erregimena zehazten dira, eta hitzarmenen bidea aipatzen da lege honetan aurreikusten diren gainontzeko laguntza eta zerbitzuak garatu eta eskaintzeko.

Bukatzeko, eta autonomia-erkidegoek hala nahi izanez gero, herritarrak babesteko hirugarren maila bat garatzeko aukera izango dute.

Lege honek arautzen duen gaiak berez dituen ezaugarriengatik, aginte eta erakunde publiko guztien konpromisoa eta horien arteko elkarlana behar dira, eta, beraz, ezinbesteko osagaia da autonomia-erkidegoekiko koordinazioa eta lankidetza.

Hori dela eta, legean zenbait bide zehaztu dira Estatuko Administrazio Orokorra eta autonomia-erkidegoak lankidetzan aritzeko, eta horien artean nabarmentzekoa da Autonomiaren Aldeko eta Mendetasunari Arreta Eskaintzeko Sistemaren Lurralde Kontseilua sortu izana.

Kontseilu horren baitan, eta administrazioen arteko akordioaren bidez, ondorengoak garatu beharko dira: administrazioen arteko lankidetzarako esparru bat, katalogoan egongo diren zerbitzuen zenbaterainokoa, emango diren dirulaguntzak lortzeko baldintzak eta laguntzon zenbatekoa, zerbitzuen onuradunek zerbitzuen kostua zenbateraino ordaindu beharko duten, edo mendetasuna aitortzeko baremazioa nolakoa izango den. Horiek guztiak zehaztuta, gero sistema hedatzeko aukera egongo da, autonomia-erkidegoekin egin beharreko hitzarmenak eginda.

Beraz, eskumenen esparrua kontuan izanda, eredu berritzaile eta integratu bat garatzea da kontua, administrazioen arteko elkarlanean eta eskumenen errespetuan oinarrituko dena.

Finantziazioa zein izango den jakiteko, mendetasuna zenbat pertsonak jasaten duten eta lege honetan aurreikusitako zerbitzuak eta prestazioak zein diren izan beharko da kontuan, eta, beraz, egonkorra, nahikoa, eta denboran jarraipena duena izan beharko da finantziazio hori, eta administrazio publiko guztien erantzukizuna izateak bermatu beharko du.

Dena den, eta kasu guztietan, Estatuko Administrazio Orokorrak autonomia-erkidegoen finantziazioa bermatuko du, mendetasuna duten pertsonei laguntzeko lege honetan aipatzen den gutxieneko babes-maila garatu ahal izateko modua izan dezaten.

Sistemak berdintasunez lagunduko die mendetasunen bat duten herritarrei.

Onuradunek jasotzen dituzten zerbitzuak finantzatzen lagunduko dute, progresiboki, bakoitzak duen ahalmen ekonomikoaren arabera, eta horretarako, zein zerbitzu eskaintzen zaion eta horren kostua zein den hartuko da kontuan.

Mendetasunak dituzten pertsonak ordezkatzen dituzten elkarteek eta familiartekoek organo aholkuemaileetan parte hartzeko aukera dutela bermatuko du Sistemak.

Onuradunek sisteman parte hartzeko aukera ere aitortuko da, eta baita dauden laguntza-motak batzuk besteen osagarriak eta batzuk besteekin bateragarriak izatea ere, legea garatuko duten arauetan jasoko diren baldintzetan.

Legeak ondorengo egitura du: atariko titulua, lehen titulua, bost kapitulutan banatuta; bigarren titulua, bost kapitulutan banatuta; hirugarren titulua; hamasei xedapen gehigarri, bi xedapen iragankor, eta bederatzi azken xedapen.

Atariko tituluan ondorengoak jasotzen dira: legearen helburuekin zerikusia duten xedapenak eta legeak oinarri dituen printzipioak, mendetasunen bat duten pertsonen eskubide eta betebeharrak, eta nortzuk diren eskubide horien titularrak.

I. tituluan, Mendetasunari Arreta Eskaintzeko Sistema zehazten da, eta beren eskumenak gauzatzerakoan, administrazio publiko guztien lankidetza eta parte hartzea bideratzen da, betiere emandako laguntzak eta zerbitzuak antolatzeko, administrazioetan dauden mailen arabera.

Administrazioen arteko lankidetza beharrezkoa denez, Sistemaren Lurralde Kontseilua sortu da, eta horretan, tokiko korporazioek ere parte hartzeko aukera izango dute. Horrekin batera, administrazioen arteko lankidetzarako esparrua ere sortuko da, autonomia-erkidego bakoitzarekiko hitzarmenen bidez garatuko dena.

Gainera, sistemak eskainiko dituen laguntzak eta zerbitzuen katalogoa ere arautzen dira tituluan, eta baita mendetasun-mailak, horien balorazioa egiteko oinarrizko irizpideak, eta laguntza jasotzeko eskubidea aitortzeko prozedura.

II. tituluak sistemaren kalitatea eta eraginkortasuna ziurtatzeko neurriak arautzen ditu, eta horretarako, kalitate-planak eta ebaluazio-sistemak egitea aipatzen da, arreta berezia jarriz profesional eta zaintzaileen prestakuntza eta kualifikazioan.

Titulu horretan bertan ondorengoei dagozkienak ere arautzen dira: mendetasunen berri emateko sistema, sistemaren baitako aholku-batzordea (bertan eragile sozialek parte hartzen dute), eta dagoeneko sortuta zeuden ondorengo organooi, organo aholku-emaileen nolakotasuna aitortzen zaie: Adinekoen Estatu Kontseilua, Ezintasunaren Kontseilu Nazionala, eta Ekintza Sozialen arloko Gobernuz Kanpoko Erakundeen Estatu Kontseilua.

Bukatzeko, III. tituluan, arau-hauste eta zehapenen inguruko arauak jasotzen dira, hain zuzen ere mendetasunen bat duten herritarren eskubideak bermatzeko oinarrizko baldintzekin zerikusia dutenak.

Xedapen gehigarriek Estatuko araudian egin beharreko aldaketak egin dituzte, lege honek araututakoak hala eskatzen zuen kasuetan.

Hori horrela izanik, zenbait erreferentzia egiten zaizkie, bai Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Legean, bai ezintasun, baliaezintasun handi eta hirugarren baten laguntzaren gaineko araudian, Gizarte Segurantzaren arloan, profesionalak ez diren zaintzaileei, eta beharrezko aldaketak egingo direla ere aurreikusten da, mendetasun-egoerei arlo pribatuan emandako erantzuna arautzeko.

Lehen xedapen iragankorrak sistema martxan jartzeko orduan Estatuak izango duen parte hartzea arautzen du, hain zuzen ere 2015. urtera arteko aldi baterako parte hartzea, eta hori guztia azken xedapenetako lehenengoan jasotzen den egutegia ezartzeko dauden aurreikuspenekin bat.

ATARIKO TITULUA.

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Legearen xedea.

Lege honen helburua da mendetasun-egoeran dauden pertsonei laguntzea eta beren autonomia pertsonala garatzeko duten eskubide subjektiboa berdintasunez erabiliko dela bermatzeko oinarrizko baldintzak arautzea, betiere legeetan ezarritako baldintzetan. Horretarako, Autonomiaren Aldeko eta Mendetasunari Arreta Eskaintzeko Sistema sortuko da, eta administrazio publiko guztien lankidetza eta parte hartzea izango ditu. Horrekin batera, Estatuko Administrazio Orokorrak espainiar Estatuko edozein lurraldetan bizi diren herritarrentzako gutxieneko eskubideak izango direnak bermatuko ditu.

Autonomiaren Aldeko eta Mendetasunari Arreta Eskaintzeko Sistema Estatuko Administrazio Orokorraren eta autonomia-erkidegoen arteko koordinazio eta lankidetzaren ondorioa izango da, eta mendetasun-egoeran diren pertsonei eragiten dieten arlo guztietarako neurriak zehaztuko ditu. Beharrezkoa den kasuetan, tokiko erakundeek ere esku hartuko dute.

2. artikulua. Definizioak.

Lege honetan esaten direnetarako, honako definizioak hartuko dira kontuan:

Autonomia:

Norberaren ekimenez, erabaki pertsonalak kontrolatzeko, horiei aurre egiteko, edo horiek hartzeko gaitasuna izatea, betiere norberak dituen arau edo nahien arabera bizitzeko; eta eguneroko bizitzako oinarrizko ekintzak burutzeko gauza izatea.

Mendetasuna:

Adin, gaixotasun edo ezintasunen bat dela eta, pertsona batzuek modu iraunkorrean bizi duten egoera, baina autonomia fisiko, mental, intelektual edo sentsorialaren gabezia edo galerarekin zerikusia duena, eta horren ondorioz beste pertsona baten edo batzuen arreta behar baldin badute, edo laguntza handia eguneroko bizitzako oinarrizko ekintzak aurrera eraman ahal izateko; edo adimen-ezintasuna edo gaixotasun mentala dutenen kasuan, autonomia pertsonala izateko beste laguntza mota batzuk behar dituztenen egoera.

Eguneroko Bizitzako Oinarrizko Jarduerak (EBOJ):

Pertsonak burutzen dituen oinarrizko jarduerak, gutxieneko autonomia eta independentziarekin aritzeko aukera eskaintzen diotenak. Esate baterako:

nork bere burua zaintzea, oinarrizko etxeko lanak, gutxieneko mugikortasuna, pertsonak eta objektuak identifikatzeko gaitasuna, non dagoen kokatzeko gaitasuna, eta aginduak edo eginkizun errazak ulertu eta betetzea.

Autonomia pertsonala izateko laguntzaren premia:

Ezintasun intelektual edo mentalen baten ondorioz, komunitatean behar besteko autonomia pertsonalarekin aritzeko arazoren bat dutenek daukatena.

Zaintza ez profesionala:

Mendetasunen bat dutenei beren bizilekuan bertan familiakoek edo ingurukoek ematen dieten arreta, hau da, arreta-zerbitzu profesionalizatu bati lotuta ez daudenek emandakoa.

Zaintza profesionala:

Erakunde publiko batek edo erakunde pribatu batek –irabazteko asmoduna edo asmorik gabekoa– eskaintzen duena, edo profesional autonomoek eskainitakoa, baldin eta horien helburuen barruan mendetasunen bat duten pertsonei zerbitzuak eskaintzea badago, pertsona horren etxean bertan edo zentro batean.

Laguntza pertsonala:

Laguntzaile pertsonal batek eskaintzen duen zerbitzua, hain zuzen ere mendetasunen bat duen pertsonaren eguneroko bizitzako lanak eginda edo horiek egiten lagunduta, pertsona horren bizitza independentea sustatzeko, autonomia pertsonala indartuz.

Hirugarren sektorea:

Erakunde pribatuak, herritarren edo gizartearen ekimenari esker sortutakoak, eta hainbat eratakoak izan daitezkeenak, eta elkartasun, interes orokor eta irabazteko asmorik ezaren printzipioa jarraitzen dutenak; eskubide sozialak aitortu eta gauzatzearen alde dihardute lanean.

3. artikulua. Legearen printzipioak.

Lege honek ondorengo printzipioak ditu abiaburu:

a) Autonomiaren Aldeko eta Mendetasunari Arreta Eskaintzeko Sistemak eskainiko dituen zerbitzuak publikoak izango dira.

b) Mendetasunen bat jasaten duten pertsona guztiek izango dute zerbitzuak eskuratzeko eskubidea, benetako berdintasunez eta inolako bereizkeriarik jasan gabe, lege honetan zehaztutako baldintzetan.

c) Mendetasunen bat duten pertsonei arreta modu integral eta integratuan eskainiko zaie.

d) Mendetasunen bat duten pertsonei eskaini beharreko arretaren arloko politikak zeharkakoak izango dira.

e) Pertsonen beharrizanak hartuko dira kontuan, eta berdintasun-irizpideak jarraituko dira horretarako, benetako berdintasuna ziurtatzeko.

f) Eskainitako arreta pertsonalizatua izango da, eta bereziki kontuan izango da ekintza positibo gehiago behar dutenen egoera, bereizkeria handiagoa jasan edo jasaten dutelako, edo berdintasun-aukera gutxiago dutelako.

g) Beharrezko neurriak hartuko dira aurrezaintzaren, errehabilitazioaren eta pizgarri sozial eta mentalen arloan.

h) Mendetasunen bat duten pertsonek beren bizimodua ahalik eta autonomia handienarekin aurrera eramateko aukera izan dezaten, baldintza egokiak izatea sustatuko da.

i) Mendetasunen bat duten pertsonak beren bizimodua duten ingurunean egon daitezela sustatuko da, ahal den guztietan behintzat.

j) Mendetasunen bat duten pertsonei arreta eskaintzeko diren zerbitzuak kalitatezkoak, iraunkorrak eta irisgarriak izango dira.

k) Mendetasunen bat duten pertsonek eta, hala behar duenean, horien familiartekoek edo ordezkatzen dituzten elkarteek, parte hartzeko aukera izango dute, lege honetan aurreikusitako moduan.

l) Gizarte- eta osasun-zerbitzuek lankidetzan jardungo dute erabiltzaileei zerbitzuak eskaintzeko orduan, hau da, lege honetan aipatzen den Autonomiaren Aldeko eta Mendetasunari Arreta Eskaintzeko Sistemaren erabiltzaileei zerbitzuak eskaintzeko orduan, eta beste horrenbeste egingo dute autonomia-erkidegoetako arauetan nahiz tokiko erakundeei ezartzekoak direnetan aipatzen diren zerbitzuak eskaintzean.

m) Ekimen pribatuak ere autonomiaren aldeko eta mendetasunari arreta eskaintzeko zerbitzuak emango ditu.

n) Hirugarren sektoreak ere autonomiaren aldeko eta mendetasunari arreta eskaintzeko zerbitzuak emango ditu.

ñ) Administrazioek elkarlanean jardungo dute.

o) Lege honetan jasotzen diren laguntzak autonomia-erkidegoetako gizarte-zerbitzuen sarean sartuko dira, dena delako autonomia-erkidegoak bere eginda dituen eskumenen arabera, eta laguntzok aitortu eta emango direla bermatuko da, dela zentro edo zerbitzu publikoen bidez, dela hitzartutako zentro pribatuen bidez.

p) Generoaren ikuspegia kontuan izango da, eta gogoan hartuko da emakumeek eta gizonek ez dituztela beharrizan berak.

q) Mendetasun handia duten pertsonek lehentasuna izango dute arreta eskaintzeko orduan.

4. artikulua. Mendetasunen bat duten pertsonen eskubide eta betebeharrak.

Mendetasunen bat duten pertsonek, espainiar estatuko dena delako lekuan bizi direla ere, eskubidea izango dute lege honetan aurreikusten diren laguntza eta zerbitzuak berdintasunez eskuratzeko, legean zehazten den moduan.

Era berean, mendetasunen bat duten pertsonak indarrean den legerian zehaztutako eskubide guztiez baliatuko dira; bereziki ondorengo eskubideez ari gara:

a) Giza eskubideez eta oinarrizko askatasunez baliatzeko eskubidea, beren duintasun eta intimitatea erabat errespetatuta.

b) Beren mendetasun-egoerari buruzko informazio oso eta jarraia jasotzeko eskubidea, eta hori, ulertzeko moduan eta modu eskuragarrian.

c) Erabilitako prozedura irakaskuntzako edo ikerketako proiekturen batean erabiltzen bada, horren berri jasotzeko eskubidea; beharrezkoa izango da mendetasuna duenak edo ordezkatzen duenak horretarako baimena ematea, berariaz eta idatziz.

d) Mendetasuna duenaren datuak jaso eta tratatzerakoan, isilpekotasuna gordetzeko eskubidea, Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak ezarritakoaz bat.

e) Beren ongizatearekin zerikusia duten politikak zehaztu eta aplikatzerakoan parte hartzeko eskubidea, bai nork bere kabuz edo elkarteen bidez.

f) Jarduteko behar besteko gaitasuna duen artean, bere buruaz edo ondasunez nor arduratuko den erabakitzeko eskubidea, autogobernatzeko gaitasuna galtzea gerta daitekeen kasuetarako.

g) Egoitza batean sartu edo ez askatasunez erabakitzeko eskubidea.

h) Eskubide jurisdikzionalak erabat gauzatzeko eskubidea, gogoz kontra egoitza batean sartuz gero; dena den, kontraesaneko prozesua egongo dela bermatuko da.

i) Ondare-eskubideak erabat gauzatzeko eskubidea.

j) Artikulu honen 1. paragrafoan aitortzen den eskubidea defendatzeko asmoz, administrazio-ekintzak edo ekintza jurisdikzionalak hasteko eskubidea.

Adin txikikoen kasuan, edo epai bidez ezgaitutako pertsonen kasuan, beren izenean jarduteko legitimatuta egongo dira guraso-agintea dutenak edo legezko ordezkaritza dutenak.

k) Aukera-berdintasuna, bereizkeriarik eza eta irisgarritasun unibertsala izateko eskubidea, lege hau garatu eta ezarriko den arlo guztietan.

l) Sexu-joera edo sexu-identitatea dela eta bereizkeriarik ez jasateko eskubidea.

Aginte publikoek hartu beharreko neurriak hartuko dituzte aurreko paragrafoan zerrendatutako eskubideak errespeta daitezela sustatu eta bermatzeko, eta ez da inolako mugarik egongo, salbu eta mendetasunak berak zuzenean eragiten duen jarduteko gaitasunik eza.

Mendetasunen bat duten pertsonek eta, hala behar duenean, horien senitartekoek edo ordezkatzen dituztenek, eta baita laguntza emateko zentroek, eskumena duten administrazioek eskatutako informazio eta datu guztiak emateko betebeharra izango dute, mendetasuna zenbatekoa den zehazteko modua izateko. Horrekin batera, ondorengo betebeharrak ere izango dituzte: jasotzen dituzten laguntza pertsonalizatu guztien berri ematekoa, eskuratutako laguntza ekonomikoak emandako helbururako erabiltzekoa, eta indarrean den legerian aurreikusitako beste betebehar oro.

Mendetasunen bat duten pertsonek eta, hala behar duenean, horien senitartekoek edo ordezkatzen dituztenek ez dute dagoeneko administrazio publiko eskatzailearen eskuetan dauden datuak, informazioa edo agiriak aurkeztu beharrik izango, edo indarrean den legeriaren arabera, administrazio horrek bere kabuz eskuratzeko modukoak diren dokumentuak aurkeztu beharrik izango.

5. artikulua. Eskubideen titularrak.

Lege honetan zehazten diren eskubideen titularrak izango dira ondorengo baldintzak betetzen dituzten espainiarrak:

a) Mendetasunen bat dutenak, legean zehazten den mailetakoren batean.

b) 3 urtetik beherako haurren kasuan, hamahirugarren xedapen gehigarrian esaten dena bete beharko da.

c) Espainiako lurraldean bizi direnak, eta bost urtez hala egin badute; horietako bi justu eskaria aurkeztu aurrekoak izan beharko dira.

Bost urtetik beherakoen kasuan, Espainian bizi izaten emandako denbora-tartea haurraren zaintza eta babesaren ardura duen pertsonari eskatuko zaio.

Aurreko paragrafoko baldintzak beteta ere espainiar nazionalitaterik ez duten pertsonak ondorengoetan esaten denaren menpe egongo dira: urtarrilaren 11ko 4/2000 Estatuko lege organikoan, atzerritarrek Espainian dituzten eskubide eta askatasunei eta haien gizarteratzeari buruzkoan, nazioarteko tratatuetan, eta jatorriko herrialdeekin izenpetutako hitzarmenetan.

Espainiar nazionalitaterik ez duten adin txikikoen kasuan, adin txikikoei buruz indarrean diren legeetan esaten dena bete beharko da, bai Estatuan zein autonomia-erkidegoetan, eta baita nazioarteko tratatuetan esaten dena ere.

Espainian bizi ez diren espainiarren aldeko babes-neurriak hartzeko aukera izango du gobernuak.

Aldez aurretik Autonomiaren Aldeko eta Mendetasunari Arreta Eskaintzeko Sistemaren Lurralde Kontseiluan akordioa lortu ostean, Espainiara itzuli diren espainiar etorkinak Mendetasunari Arreta Eskaintzeko Sisteman sartzeko baldintzak finkatuko ditu gobernuak.

I. TITULUA.

Autonomiaren Aldeko eta Mendetasunari Arreta Eskaintzeko Sistema.

I. KAPITULUA. Sistemaren konfigurazioa

6. artikulua. Sistemaren helburua.

Autonomiaren Aldeko eta Mendetasunari Arreta Eskaintzeko Sistemak lege honek aipatzen dituen oinarrizko baldintzak eta eduki komuna bermatzen ditu, administrazio publikoen arteko lankidetza eta parte hartzerako bideak ezartzen ditu, bakoitzak bere eskumenen barruan diharduela, betiere pertsonen autonomia areagotzearen eta mendetasunen bat duten pertsonei arreta eta babesa eskaintzearen arloan, eta horrekin batera, eskueran dauden baliabide publiko eta pribatuak optimizatzen ditu, herritarren bizi-baldintzak hobetzen laguntze aldera.

Sistema erabilera publikoko sare gisa dago egituratuta, eta bere baitan, era koordinatuan, zentro eta zerbitzu publiko eta pribatuak sartzen dira.

Autonomiaren Aldeko eta Mendetasunari Arreta Eskaintzeko Sisteman sartzen diren zentro eta zerbitzuek, hain zuzen ere artikulu honetan aipatzen direnek, ez dute inolako aldaketarik jasango beren titulartasunean, administrazio-moduan, kudeaketan nahiz mendetasun organikoan.

7. artikulua. Sistemak eskaintzen dituen babes-mailak.

Sistemak mendetasunen bat duten pertsonak babestuko ditu, eta hori lege honetan zehaztutako moduan egingo da, ondorengo mailekin bat:

1. maila: Estatuko Administrazio Orokorrak ezarritako gutxieneko babes-maila, 9. artikuluan ezarritakoaren arabera.

2. maila: Estatuko Administrazio Orokorraren eta autonomia-erkidego bakoitzeko administrazioen artean ezarritako babes-maila, hain justu ere 10. artikuluan zehazten diren hitzarmenen bidez adostuko dena.

3. maila: autonomia-erkidego bakoitzak aukeran izango duen babes-maila osagarria.

8. artikulua. Autonomiaren Aldeko eta Mendetasunari Arreta Eskaintzeko Sistemaren Lurralde Kontseilua.

Autonomiaren Aldeko eta Mendetasunari Arreta Eskaintzeko Sistemaren Lurralde Kontseilua sortu da, sistema hezurmamitzen hasteko lankidetzarako tresna izateko.

Kontseilua Lan eta Gizarte Gaietarako Ministerioko titularrak eta autonomia-erkidego bakoitzeko ordezkari batek osatuko dute; autonomia-erkidegoko ordezkaria kasuan kasuko gobernu-kontseiluan arlo honetako eskumenak dituen sailburua izango da.

Era berean, kontseiluko kide izango dira ministerioko departamentuetako hainbat kide.

Kontseilua osatzean, autonomia-erkidegoetako ordezkariek gehiengoa izan beharko dute.

Kontseilua osatzen duten autonomia-erkidegoetako bakoitzak izango dituen eskumenak dena delakoak izanik ere, Kontseiluak, lege honek berariaz ematen dizkion eginkizunez batera, ondorengoak ere izango ditu:

a) Lege honen 10. artikuluan aurreikusten den administrazio arteko lankidetzarako esparrua adostea.

b) 10.3 eta 15. artikuluekin bat aurreikusitako zerbitzuek eskaini beharreko babes-maila zehazteko irizpideak finkatzea.

c) 20. artikuluan eta lehen xedapen gehigarrian aurreikusten diren laguntza ekonomikoen baldintzak eta zenbatekoa zehaztea.

d) Onuradunak zerbitzuaren kostuaren zenbateko zatia ordaindu behar duen erabakitzea.

e) 27. artikuluan aipatzen den baremoa adostea, balorazio-prozeduraren oinarrizko irizpideak eta balorazio-organoaren ezaugarriak kontuan izanda.

f) Beharrezkoa den kasuetan, elkarrekin aurrera eraman beharreko plan, proiektu eta programak adostea.

g) Jarduteko eta sistemaren ebaluaketa egiteko irizpide komunak zehaztea.

h) Komunak diren agiri, datu eta estatistikak elkarri uzteko bideak erraztea.

i) Koordinazioko bideak ezartzea mendetasunen bat duten pertsonak lekuz aldatzen diren kasuetarako.

j) Mendetasunaren arloaren garapenerako Estatuaren araubideari buruzko irizpena ematea, bereziki 9.1. artikuluan aurreikusten diren arauei buruzkoa.

k) Administrazio publikoen arteko lankidetza, komunikazio eta informazioko gune gisa jardutea.

Sistemaren Lurralde Kontseiluak, eratu eta gero, bere arauak zehaztuko ditu funtzionamenduari eta lehendakaritzaren eginkizunei buruz.

9. artikulua. Estatuko Administrazio Orokorraren parte hartzea.

Autonomiaren Aldeko eta Mendetasunari Arreta Eskaintzeko Sistemaren Lurralde Kontseiluaren iritzia entzun ostean, gobernuak sistemaren onuradun guztiek jaso beharreko gutxieneko babes-sistema zein izango den erabakiko du, betiere mendetasuna zein mailatakoa den kontuan izanda; eta gutxieneko hori oinarrizko baldintza izango da mendetasun-egoeran dauden pertsonei laguntzeko eta pertsona horien autonomia sustatzeko.

Babes-maila horri dagokion finantziazio publikoa Estatuko Administrazio Orokorraren kontura izango da, eta beraz, urtero, baliabide ekonomikoak esleitu beharko ditu, Estatuaren Aurrekontu Orokorren legean, 32. artikuluan zehaztutako irizpideekin bat.

10. artikulua. Estatuko Administrazio Orokorraren eta autonomia-erkidegoen arteko elkarlana.

Autonomiaren Aldeko eta Mendetasunari Arreta Eskaintzeko Sistemaren Lurralde Kontseiluaren baitan, Estatuko Administrazio Orokorrak eta autonomia-erkidegoek zer nolako lankidetza-esparrua izango duten erabakiko dute, eta lankidetza hori Estatuko Administrazio Orokorraren eta autonomia-erkidego bakoitzaren arteko hitzarmenen bidez bideratuko da.

2. Aurreko paragrafoan aipatzen diren hitzarmenen bidez, Estatuko Administrazio Orokorrak eta autonomia-erkidegoek titulu honen II. kapituluan jasotako zerbitzu eta laguntzak eskaintzeko beharrezkoak diren helburu, bitarteko eta baliabideak zein diren adostuko dute, eta Estatuak 9. artikuluan zehaztutako gutxieneko babes-maila areagotu beharko dute.

Aurreko paragrafoan aurreikusitakoa ezartzeko, Autonomiaren Aldeko eta Mendetasunari Arreta Eskaintzeko Sistemaren Lurralde Kontseiluak katalogoan jasotzen diren zerbitzu guztien babes-intentsitatea zehazteko irizpideak finkatuko ditu, eta baita batzuen eta besteen arteko bateragarritasun eta bateraezintasuna, gero gobernuak errege-dekretu bidez onar dezan.

Hitzarmen horietan, laguntza-maila honetan administrazio bakoitzak zenbateraino finantzatu beharko duen zehaztuko da, hain zuzen ere 32. artikuluan eta lehen xedapen gehigarrian finkatutako moduan, eta baita berrikusteko baldintzak zein izango diren ere.

Era berean, hitzarmen horietan Estatuak zenbaterainoko ekarpenak egingo dituen ere zehaztuko da, 9. artikuluan aipatutako babes-maila bermatu beharraren ondorioz.

11. artikulua. Autonomia-erkidegoek sisteman parte hartzea.

Autonomiaren Aldeko eta Mendetasunari Arreta Eskaintzeko Sistemaren baitan, autonomia-erkidegoek ondorengo eginkizunak izango dituzte, Espainiako Konstituzioaren, autonomia-estatutuen eta indarrean den legeriaren arabera berenak diren eskumenak bazter utzi gabe:

a) Beren lurraldearen barruan, pertsonen autonomiaren aldeko eta mendetasunari arreta eskaintzeko zerbitzuen plangintza egin, horiek antolatu, koordinatu eta zuzentzea.

b) Mendetasunen balorazioa egin eta arreta eskaintzeko beharrezkoak diren zerbitzuak eta baliabideak kudeatzea, beren lurraldearen barruan.

c) Koordinazio soziosanitariorako prozedurak ezartzea, eta beharrezkoa bada, beharrezko ikusten diren koordinazio-organoak sortzea, arreta benetan eskaintzen dela bermatzeko.

d) Zentro eta zerbitzuen erregistroa sortu eta eguneratzea, eta behar bezala egiaztatzeko bitartekoak jartzea, kalitatearen arloko baldintzak eta estandarrak betetzen direla ziurtatzeko.

e) Arreta eskaintzeko banan-banako programak idatziko direla ziurtatzea.

f) Zentro eta zerbitzuek onuradunen eskubideei dagokienez kalitatearen arloko baldintzak eta estandarrak betetzen dituzten edo ez ikuskatzea, eta beharrezkoa bada, zehatzea.

g) Bakoitzak bere lurraldearen barruan sistemak nola diharduen ebaluatzea, aldian-aldian.

h) Estatuko Administrazio Orokorrari beharrezko informazioa ematea, 32. artikuluan aipatzen diren finantziazio-irizpideak ezarri ahal izateko.

Kasu guztietan, autonomia-erkidegoek, 7. artikuluan zehaztutakoarekin bat, Estatuko Administrazio Orokorrak 9. eta 10. artikuluetan zehaztutakoaren ondorioz finkatutako babes-maila baino handiagoa eman ahal izango dute, beren aurrekontuen kontura, eta horretarako, egokien iritzitako arauak onartuko dituzte, zerbitzuaren hartzaileak nortzuk izango diren eta nola baliatuko diren zehazteko.

12. artikulua. Toki-erakundeen parte hartzea.

Toki-erakundeek mendetasun-egoeran dauden pertsonei laguntzeko zerbitzuak kudeatzen parte hartzeko aukera izango dute, betiere beren autonomia-erkidegoetan indarrean dagoen araudiaz bat, eta indarrean den legeriak ematen dizkieten eskumenak kontuan izanda.

Toki-erakundeek Autonomiaren Aldeko eta Mendetasunari Arreta Eskaintzeko Sistemaren Lurralde Kontseiluan parte hartzeko aukera izango dute, Kontseiluak berak erabakiko duen moduan eta baldintzetan.

II. KAPITULUA.

Autonomiaren Aldeko eta Mendetasunari Arreta Eskaintzeko Sistemaren prestazioak eta eskaintzen dituen zerbitzuen katalogoa

1. atala.

Sistemak eskaintzen dituen prestazioak

13. artikulua. Mendetasuna dutenentzako prestazioen helburuak.

Mendetasuna duten pertsonei eskaintzen zaien arretak eta pertsona horien autonomia areagotzea helburu duten laguntzek bizi-kalitate hobea lortzea izango dute helburu, pertsonaren autonomia areagotzearekin batera, eta hori benetako aukera-berdintasunaren barruan, eta ondorengo xedeekin bat:

a) Dena delako pertsonari bere ohiko ingurunean modu autonomoan bizi ahal izatea erraztea, nahi duen denbora guztian eta posible den neurrian.

b) Tratu duina ematea bere bizitza pertsonalean, familiarekiko harremanetan eta bizitza sozialean, eta komunitateko bizitzan modu aktiboan parte hartzea erraztea.

14. artikulua. Mendetasunari arreta eskaintzeko prestazioak.

Mendetasunari arreta eskaintzeko prestazioak zerbitzuak edo prestazio ekonomikoak izango dira, eta batetik, pertsonaren autonomia bultzatzea izango dute helburu, eta bestetik, eguneroko bizitzako oinarrizko jarduerak aurrera eramateko arazoak dituztenen premiei erantzutea.

15. artikuluan jasotzen den katalogoko zerbitzuak lehentasunezkoak izango dira eta autonomia-erkidegoen eskaintza publikoaren bidez emango dira, Zerbitzu Sozialen Sarea baliatuta. Sare horretan zentro eta zerbitzu publikoak eta hitzartutako pribatuak daude, azken horiek behar bezala egiaztatuta.

Ez bada posible horietako zerbitzuren batzuen bidez arreta eskaintzea, 10. artikuluan aipatzen diren hitzarmenen bidez, zerbitzu horri dagokion prestazio ekonomikoa zehaztuko da, 17. artikuluan jasotako moduan. Prestazio horren helburua Arreta Eskaintzeko Banan-banako Programan aurreikusitako zerbitzu-gastuei aurre egitea izango da, hain zuzen ere 29. artikuluan aipatzen diren gastuak, eta mendetasunari aurre egiteko behar bezala egiaztatutako erakunde edo zentro batek eskaini beharko du.

Salbuespena izango bada ere, onuradunak prestazio ekonomikoa jasotzeko aukera izango du, profesionalak ez diren zaintzaileek arreta eskain diezaioten, baldin eta pertsona horren etxean elkarbizitzeko eta bertan bizitzeko baldintzak betetzen badira, eta arreta eskaintzeko banan-banako programan hala ezartzen bada.

Mendetasunen bat duten pertsonek laguntza pertsonalerako prestazio ekonomiko bat eskuratzeko aukera izango dute, 19. artikuluan zehaztutako moduan.

Zerbitzua eskuratzeko lehentasuna nortzuk izango duten, mendetasunaren gradu eta mailaren arabera erabakiko da, eta gradua edo maila bera bada, eskarigilearen gaitasun ekonomikoa hartuko da kontuan.

Zerbitzuen sarea erabat osatzen ez den artean, zerbitzua eskuratzerik ez duten pertsonek (goian aipatutako lehentasun-erregimena dela eta) lege honen 17. artikuluan aipatzen den prestazio ekonomikoa eskuratzeko eskubidea izango dute.

Lege honetan aipatzen direnei dagokienez, gaitasun ekonomikoa zein den Autonomiaren Aldeko eta Mendetasunari Arreta Eskaintzeko Sistemaren Lurralde Kontseiluak proposatuko du, erregelamendu bidez zehaztutako bidea jarraituz, eta eskarigilearen errenta eta ondarea hartuko dira kontuan.

Ondarea zein den zehazteko orduan, onuradunaren adina eta eskainiko den zerbitzu-mota hartuko dira kontuan.

15. artikulua. Zerbitzuen katalogoa.

Zerbitzuen katalogoan, pertsonen autonomia sustatzeko eta mendetasunei arreta eskaintzeko zerbitzu sozialak daude jasota, kapitulu honetan zehazten den moduan:

a) Mendetasun-egoerei aurre hartzeko zerbitzuak eta pertsonen autonomia sustatzekoak direnak.

b) Telelaguntza-zerbitzua.

c) Etxez etxeko laguntza-zerbitzua:

(i) Etxeko premietan laguntzeko zerbitzua.

(ii) Norberaren zaintza.

d) Eguneko eta gaueko zentroen zerbitzua:

(i) Adinekoentzako eguneko zentroa.

(ii) 65 urte baino gutxiagokoentzako eguneko zentroa.

(iii) Arreta bereziko eguneko zentroa.

(iv) Gaueko zentroa.

e) Egoitza-arreta eskaintzeko zerbitzua:

(i) Mendetasunen bat duten adinekoentzako egoitza.

(ii) Mendetasunen bat duten pertsonei arreta eskaintzeko zentroa, dauden ezintasun moten arabera.

1. paragrafoan zehaztutako zerbitzuak araututa ere, maiatzaren 28ko 16/2003 Legean, Osasun Sistema Nazionalaren Kohesio eta Kalitateari buruzkoan, 14. artikuluan aurreikusitakoa bete beharko da.

16. artikulua. Autonomiaren Aldeko eta Mendetasunari Arreta Eskaintzeko Sistemaren baitako zerbitzuen sarea.

Lege honetan zehaztutako prestazio eta zerbitzuak kasuan kasuko autonomia-erkidegoaren Zerbitzu Sozialen Sarean sartuko dira, betiere bakoitzak eskuratuta dituen eskumenen baitan.

Ondorengoek osatuko dute zentroen sarea: autonomia-erkidegoetako eta toki-erakundeetako zentro publikoek, pertsonen autonomia sustatzeko eta mendetasuna duten herritarrei arreta eskaintzeko Estatuko erreferentzia-zentroek, eta hitzartutako zentro pribatuek, behar bezala egiaztatuta baldin badaude.

Hitzartutako zentro pribatuen erregimen juridikoa eta jarduteko baldintzak autonomia-erkidegoek zehaztuko dituzte.

Sarean sartzerakoan, arreta berezia jarriko da hirugarren sektorearekin zerikusia dutenetan.

Mendetasunen bat duten pertsonentzako zerbitzuak eskaintzen dituzten zentro eta zerbitzu pribatu ez hitzartuek kasuan kasuko autonomia-erkidegoak emandako egiaztapena izan beharko dute.

Herritarrek mendetasuna duten pertsonekiko elkartasunezko lankidetza izan dezatela sustatuko dute aginte publikoek, hain zuzen ere boluntarioen elkarteen eta hirugarren sektoreko elkarteen parte hartzearen bidez.

2. ATALA.

Prestazio ekonomikoak

17. artikulua. Zerbitzuari lotutako laguntza ekonomikoa.

Prestazio ekonomikoa aldian-aldikoa izango da, eta ezarriko diren baldintzetan, arreta edo zaintza zerbitzu publiko edo hitzartu baten bidez eskaintzerik ez dagoen kasuetan bakarrik emango da, betiere onuradunaren mendetasuna eta gaitasun ekonomikoa zenbatekoak diren kontuan izanda, eta Estatuko Administrazio Orokorraren eta kasuan kasuko autonomia-erkidegoaren hitzarmenean aurreikusitakoaz bat.

Prestazio ekonomiko pertsonal hau kasu guztietan zerbitzu bat jasotzeari loturik egongo da.

Eskumena duten administrazio publikoek kasu guztietan prestazio hauek eman ziren helburua lortzeko erabiltzen direla ikuskatuko dute.

18. artikulua. Familiakoek eskainitako zaintzarako eta profesionalak ez diren zaintzaileek emandako laguntzarako prestazio ekonomikoa.

Salbuespenezko egoeretan, onuraduna bere inguruko senitartekoek zaintzen dutenean, eta 14.4. artikuluan zehazten diren baldintzak betetzen direnean, senitartekoek emandako laguntza hori ordaintzeko prestazio ekonomikoa jaso ahal izango da.

2. Autonomiaren Aldeko eta Mendetasunari Arreta Eskaintzeko Sistemaren Lurralde Kontseiluan aldez aurretik akordioa lortu ostean, prestazio hori eskuratu ahal izateko baldintzak ezarriko dira, betiere onuradunaren mendetasun-maila eta gaitasun ekonomikoa zenbatekoak diren kontuan izanda.

3. Zaintzaileak baldintza batzuk bete beharko ditu Gizarte Segurantzako afiliazio, alta eta kotizazioei dagokienez, erregelamendu bidez zehaztuko den moduan.

4. Autonomiaren Aldeko eta Mendetasunari Arreta Eskaintzeko Sistemaren Lurralde Kontseiluak laguntza-programak sustatuko ditu, profesionalak ez diren zaintzaileei laguntzeko, eta horien barruan prestakuntza eta informazioko programak eta atsedenaldietan arreta eskaintzeko neurriak jasoko dira.

19. artikulua. Laguntza pertsonalerako prestazio ekonomikoa.

Laguntza pertsonalerako prestazio ekonomikoaren helburua mendetasun handia duten pertsonen autonomia sustatzea izango da.

Helburua laguntza-modu pertsonala kontratatzen laguntzea izango da, bi orduko denbora-tarterako, eta horren bidez onuradunari hezkuntza eta lan-arloan parte hartzen lagunduko litzaioke, eta, era berean, bizitza autonomoagoa izaten ere bai, eguneroko bizitzan aurrera eraman beharreko ekintzetan.

Autonomiaren Aldeko eta Mendetasunari Arreta Eskaintzeko Sistemaren Lurralde Kontseiluan aldez aurretik akordioa lortu ostean, prestazio hori eskuratzeko baldintza bereziak zehaztuko dira.

20. artikulua. Prestazio ekonomikoen zenbatekoa.

Atal honetako artikuluetan arautzen diren prestazio ekonomikoak zenbatekoak izango diren, Autonomiaren Aldeko eta Mendetasunari Arreta Eskaintzeko Sistemaren Lurralde Kontseiluak erabakiko du, gero gobernuak onar dezan, errege-dekretu baten bidez.

3. ATALA.

Pertsonen autonomia sustatzeko eta pertsonei arreta eta zaintza eskaintzeko zerbitzuak.

21. artikulua. Mendetasun-egoerei aurre hartzea.

Zerbitzu hauen helburua gaixotasunak edo ezintasunak agertzeko aukerei aurre hartzea edo horiek larriagoak bihur daitezen saihesten saiatzea da, bizi-baldintza osasungarriak eta prebentzioko nahiz errehabilitazioko programa bereziak sustatzeko ekintzen bidez, zerbitzu sozialak eta osasun-zerbitzuak koordinatuta. Horiek guztiak ezintasunak dituzten adinekoei zuzendutakoak izango dira, eta baita ospitaleratze-aldi konplexuak dituztenei zuzendutakoak.

Helburu hori izanik, Autonomiaren Aldeko eta Mendetasunari Arreta Eskaintzeko Sistemaren Lurralde Kontseiluak gutxieneko irizpide, gomendio eta baldintza batzuk zehaztuko ditu, hain zuzen ere autonomia-erkidegoek idatziko dituzten Mendetasun Egoerei Aurre Hartzeko Planek bete ditzaten. Arreta berezia izango da adinekoek dituzten arriskuekin eta horiei zuzendutako jarduerekin.

22. artikulua. Telelaguntza zerbitzua.

Telelaguntza-zerbitzuaren bidez, onuradunei komunikazio eta informazioaren teknologiak erabilita eskainiko zaie laguntza, beharrezkoak diren baliabide pertsonalen bidez, eta berehalako erantzuna eskainiko du larrialdi, segurtasun-gabezia, bakardade edo isolamendu-egoeretan.

Etxez etxeko laguntza-zerbitzutik bereizita dagoen zerbitzua edo horren osagarria izateko aukera egongo da.

Zerbitzu hau jaso ahal izateko, ez da egoitzako laguntza-zerbitzurik jasotzen egon beharko, eta arreta eskaintzeko banan-banako programan hala egiteko adierazi beharko da.

23. artikulua. Etxez etxeko laguntza-zerbitzua.

Etxez etxeko laguntza-zerbitzua mendetasuna duen pertsonaren etxean aurrera eramandako jarduerek osatzen dute, eta jarduerok dena delako pertsona horren eguneroko bizitzako premietan laguntzeko izango dira, erakunde edo enpresa batzuek eskainita, horretarako behar bezala egiaztaturik badaude. Hauek izango dira zerbitzuok:

a) Etxean sortzen diren premiei erantzuteko:

era guztietako garbitasuna, sukaldeko lanak eta beste.

b) Eguneroko bizitzako jardueretan pertsonari arreta eskaintzearekin zerikusia duten zerbitzuak.

24. artikulua. Eguneko eta gaueko zentroen zerbitzua.

Eguneko edo gaueko zentroen zerbitzuak arreta integrala eskainiko die mendetasuna duten pertsonei, egunez edo gauez, pertsona horiei duten autonomia-maila hobetzen lagundu edo ahalik eta autonomia mailarik handiena mantentzen laguntzeko, eta senitarteko edo zaintzaileei ere laguntzeko.

Zehazki esanda, ikuspegi biopsikosoziala erabilita, arlootako premiei erantzungo die: aholkularitza, aurrezaintza, errehabilitazioa, autonomiaren sustapena, habilitazioa eta laguntza asistentzial edo pertsonala.

Egongo diren zentroen artean, ondorengoak sartuko dira: 65 urtetik beherakoentzako eguneko zentroak, adinekoentzako eguneko zentroak, arreta bereziko eguneko zentroak (eskaintzen duten zainketa-moduagatik bereziak), eta gaueko zentroak; azken horiek mendetasuna duten pertsonen ezaugarri berezi eta adinetara egokituko dira.

25. artikulua. Egoitza-arreta eskaintzeko zerbitzua.

Egoitza-arreta eskaintzeko zerbitzuak, ikuspegi biopsikosoziala izanda, pertsonarekin eta osasun arloarekin zerikusia duten zerbitzu jarraiak eskainiko ditu.

Zerbitzu hau ondorengoen arabera egokitutako egoitzetan eskainiko da: mendetasun-mota, mendetasunaren gradua, eta dena delako pertsonak behar dituen zainketen intentsitatea.

Zerbitzua eskaintzeko modua iraunkorra izango da, egoitza hori dena delako pertsonaren ohiko egoitza bihurtzen bada, edo aldian aldikoa, aldi bateko gaixotasunengatik sortutako egonaldien kasuan, nahiz oporretan, asteburuetan, edo profesionalak ez diren zaintzaileak gaixotzean edo atseden hartzen dutenean.

Egoitza-arreta eskaintzeko zerbitzua administrazio publikoek eskainiko dute, administrazioarenak diren zentroetan edo hitzartutakoetan.

III. KAPITULUA.

Mendetasuna eta horren balorazioa.

26. artikulua. Mendetasun-graduak.

Mendetasuna ondorengo graduetan egongo da sailkatuta:

a) I. gradua. Mendetasun arina:

Kasu hauetan, pertsonak laguntza behar du eguneroko bizitzako oinarrizko hainbat jarduera aurrera eramateko, eta hori gutxienez egunean behin, edo tarteka laguntza mugatua behar du, autonomia pertsonalarekin laguntzeko.

b) II. gradua.

Mendetasun larria:

Pertsonak laguntza behar du eguneroko bizitzako oinarrizko hainbat jarduera aurrera eramateko, eta hori egunean bi edo hiru aldiz, baina ez du nahi kanpoko zaintzaile batek etengabe laguntzea, edo laguntza-premia zabalak ditu autonomia pertsonalaren arloan.

c) III. gradua.

Mendetasun handia:

Pertsonak laguntza behar du eguneroko bizitzako oinarrizko hainbat jarduera aurrera eramateko, egunean hainbat aldiz, eta autonomia fisiko, mental, intelektual edo sentsoriala erabat galdu duenez, beste pertsona batek lagundu behar dio nahitaez eta etengabe, edo laguntza orokorra behar du autonomia pertsonalik ezaren ondorioz.

Aurreko paragrafoan zehaztutako mendetasun-gradu bakoitzaren barruan, bi maila egongo dira, pertsonaren autonomiaren eta behar dituen zainketen intentsitatearen arabera.

Kasuan kasuko graduak eta mailak hurrengo artikuluan jasotzen den baremazioaren arabera zehaztuko dira.

27. artikulua. Mendetasun-egoeren balorazioa.

Autonomia-erkidegoek mendetasun-egoerak baloratzeko organoak zein diren zehaztuko dute, eta horien ardura izango da mendetasunaren gradu eta mailari buruzko ebazpena ematea, eta pertsonak beharko lituzkeen zainketak zein diren ere adieraztea.

Lurralde Kontseiluak irizpide komun batzuk zehaztu beharko ditu, autonomia-erkidegoetako balorazio-organoen osaera eta jarduteko moduari dagokionez, eta kasu guztietan, organook publikoak izango dira.

2. Mendetasun-gradu eta mailak zein diren balioesteko, Autonomiaren Aldeko eta Mendetasunari Arreta Eskaintzeko Sistemaren Lurralde Kontseiluak erabakitako baremoa erabili beharko da: baremo hori gero gobernuak onartu beharko du, errege-dekretu bidez.

Baremo horrek, bestelako erreferentzia batzuekin batera, kontuan izan beharko du Funtzionamendu, Ezintasun eta Osasunaren Nazioarteko Sailkapena (CIF), hau da, Osasunaren Munduko Erakundeak onartutako sailkapena.

3. Baremoak ondorengoak zehaztuko ditu: pertsonen autonomia zenbatekoa den erabaki ahal izateko irizpide objektiboak, eguneroko bizitzako jarduerak aurrera eramateko zenbateko gaitasuna duten, mendetasun-gradu eta maila bakoitzari dagozkion puntuen arteko aldeak, eta beharrezkoa bada, aztertutako jarrerak balioetsi ahal izateko jarraitu beharreko prozedura eta tekniken protokoloa.

4. Baremoak dena delako pertsonak eguneroko bizitzako jarduerak bere kabuz aurrera eraman ahal izateko zenbateko gaitasuna duen aztertuko du, eta baita ezintasun intelektuala edo buruko gaixotasunen bat dutenek zer nolako laguntza- edo gainbegiratze-premia duten ere, lan horiek aurrera eramateko.

Balorazioa egiteko, kontuan izan beharko dira pertsonaren osasunari buruz idatzita dauden txostenak, eta, bereziki, zein ingurunetan bizi den; horrekin batera, eman zaizkion laguntza teknikoak, ortesiak eta protesiak ere kontuan hartuko dira.

IV. KAPITULUA.

Eskubidea aitortzea

28. artikulua. Mendetasun-egoera badela eta sistemaren prestazioak jasotzeko eskubidea badagoela aitortzeko prozedura.

Prozedura hasteko, era bateko edo besteko mendetasuna duen pertsonak edo pertsona horren ordezkariak eskaera egin beharko du, eta izapideak egiteko, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean zehaztutako prozedura bete beharko da. Dena den, lege honetan zehazten diren ezaugarri bereziak ere kontuan izango dira.

Mendetasun-egoera aitortzeko, eskarigilea bizi den autonomia-erkidegoko administrazioak ebazpena eman beharko du, eta Estatuaren lurralde osorako balio izango du.

Aurreko paragrafoan aipatzen den ebazpenaren bidez, eskarigileari zer nolako zerbitzu edo prestazioak dagozkion jakingo da, betiere mendetasunaren gradu eta maila kontuan izanda.

Bizilekua aldatzen den kasuetan, autonomia-erkidego hartzaileak, duen zerbitzu eta prestazioen sarearen arabera, mendetasuna duen pertsona horri zein zerbitzu dagozkion zehaztuko du.

Mendetasun-egoera aitortzeko prozeduraren oinarrizko irizpideak, eta azterketa egingo duten organoen eta profesionalen ezaugarri komunak zein diren, Autonomiaren Aldeko eta Mendetasunari Arreta Eskaintzeko Sistemaren Lurralde Kontseiluak adostuko ditu.

6. Mendetasun-egoerak balioesteko zerbitzuak, zerbitzu eta prestazioak ematea agintzea, eta prestazio ekonomikoak kudeatzea, denak ala denak lege honetan aurreikusitako zerbitzuak, administrazio publikoek bideratu beharko dituzte, eta ezin izango dira erakunde pribatuen esku utzi, edo horiekin kontratatu edo hitzartu.

29. artikulua. Arreta eskaintzeko banan-banako programa.

Mendetasun-egoerak eta horiei dagozkien prestazioak aitortzeko prozeduraren baitan, sistema publikoko zerbitzu sozialek arreta eskaintzeko banan-banako programa bat zehaztuko dute, eta horren barruan, premia duenarentzat egokienak diren aukerak zehaztuko dira, dauden zerbitzu eta prestazio ekonomikoen artetik, betiere mendetasunaren gradua eta maila erabaki duen ebazpena oinarri hartuta; dena den, aldez aurretik onuradunari kontsultatu beharko zaio, edo bere familiari edo ordezkatzen duten erakundeei, eta onuradunak aukeratu beharko du, hala behar duen kasuetan.

Arreta eskaintzeko banan-banako programa ondorengoetan berrikusiko da:

a) Interesatuak eta bere legezko ordezkariek hala eskatzen badute.

b) Administrazioak bere kabuz, baina autonomia-erkidegoen araudiak zehaztuko duen moduan eta aldikotasunez.

c) Bizilekua beste autonomia-erkidego batera aldatzen bada.

30. artikulua. Mendetasun-gradua edo maila eta aitortutako prestazioa berrikustea.

Mendetasun-gradua edo maila berrikusteko modukoa izango da, interesatuak edo interesatuaren ordezkariren batek hala eskatzen badu, edo eskumena duten administrazioek ofizioz hala egitea erabakitzen badute; hauek izango dira berrikusteko arrazoiak:

a) Mendetasun-egoerak onera edo txarrera egitea.

b) Diagnostikoan edo horri dagokion baremoa ezartzerakoan akatsa egitea.

Prestazioak, onuradunaren egoera pertsonala kontuan izanda, aldatu edo bertan behera uzteko aukera egongo da, baldin eta horiek aitortzeko ezarritako baldintzetako edozeinetan aldaketaren bat egon bada, edo lege honetan ezarritako obligazioetakoren bat betetzen ez bada.

31. artikulua. Antzeko ezaugarriak edo helburuak dituzten prestazioak.

Lege honetan aurreikusitako prestazio ekonomikoetakoren bat eskuratzen bada, eta babes sozialeko erregimen publikoetatik antzeko ezaugarriak eta helburuak dituen beste prestazioren bat jasoz gero, azken honi dagokion kopurua murriztu egin beharko da hartatik.

Zehazki esanda, ondorengoek murriztuko dituzte kopuruak: baliaezintasun handiari dagokion osagarriak (Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 139.4. artikuluan araututakoa –ekainaren 20ko 1/1994 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako testu bategina–), % 75eko edo handiagoko ezintasuna duen 18 urtez gorako seme-alaba norbere kontura duenari ematen zaion diru-laguntza ekonomikoak; kotizatu gabekoentzako baliaezintasun pentsioan beste pertsona bat behar delako ematen den laguntzak; eta hirugarrenei ematen zaien laguntzak (azken hori apirilaren 7ko 13/1982 Legean, Minusbaliatuak Gizarteratzeari buruzkoan –LISMI– dago jasota.

V. KAPITULUA. Sistemaren finantziazioa eta onuradunen ekarpena.

32. artikulua. Administrazio publikoek sistema finantzatzea.

Sistemaren finantziazioak eskumena duten administrazio publikoek dituzten betebeharrei aurre egiteko bestekoa izan beharko du, eta urtero, dagozkien aurrekontuetan jaso beharko da.

Estatuko Administrazio Orokorrak oso-osorik bere gain hartuko du 9. artikuluan aurreikusitakoari dagokion kostua.

Administrazioen arteko lankidetzarako 10. artikuluan aipatzen den lankidetza-esparruaren baitan, Estatuko Administrazio Orokorraren eta autonomia-erkidego bakoitzeko administrazioaren artean izenpetutako hitzarmenetan, aldeetako bakoitzak zer nolako betebeharrak izango dituen zehaztu beharko da, sistemaren baitako zerbitzu eta prestazioak finantzatzeari dagokionez.

Hitzarmen horiek urterokoak edo urte anitzekoak izango dira, eta finantza-zama banatzeko irizpideak zehaztuko dituzte, ondorengo aldagaiak kontuan izanda: mendetasuna duen biztanle-kopurua, dispertsio geografikoa, irla izatea, atzerritik itzulitako etorkinak, eta beste aldagai batzuk; dena den, aldeek berrikusteko aukera izango dute.

Autonomia-erkidegoak urtero egin beharreko ekarpena, paragrafo honetan eta aurrekoan zehaztutakoaren ondorioz, Estatuko Administrazio Orokorrak egin beharko duenaren parekoa izango da, gutxienez.

33. artikulua. Onuradunek prestazioen kostuagatik ordaindu beharko dutena.

Mendetasunaren ondoriozko prestazioen onuradunek prestazio horien zati bat ordaindu beharko dute, betiere jasotako zerbitzu-motaren eta zerbitzuaren kostuaren arabera, eta onuradunaren gaitasun ekonomikoaren arabera.

Onuradunaren gaitasun ekonomikoa prestazio ekonomikoen zenbatekoa zehazteko ere hartuko da kontuan.

Autonomiaren Aldeko eta Mendetasunari Arreta Eskaintzeko Sistemaren Lurralde Kontseiluak artikulu honetan aurreikusitakoa betearazteko irizpideak zehaztuko ditu, eta irizpideok 10. artikuluan aipatzen diren hitzarmenetan garatuko dira.

Onuradunak izango duen parte hartzea finkatzeko, kontuan izan beharko da zerbitzua nolakoa den, hau da, laguntza ematekoa, jaten ematekoa edo ostatu ematekoa.

4. Herritar bat ere ez da sistemaren babesik gabe geratuko, baliabide ekonomikorik ez izateagatik.

II. TITULUA.

Autonomiaren Aldeko eta Mendetasunari Arreta Eskaintzeko Sistemaren kalitatea eta eraginkortasuna

I. KAPITULUA. Sistemaren kalitatea bermatzeko neurriak.

34. artikulua. Autonomiaren Aldeko eta Mendetasunari Arreta Eskaintzeko Sistemaren kalitatea.

Autonomiaren Aldeko eta Mendetasunari Arreta Eskaintzeko Sistemak mendetasunari eskainitako arreta kalitatezkoa izatea sustatuko du, hain zuzen ere emandako prestazioak eta zerbitzua eraginkorrak izan daitezela ziurtatzeko.

2. Autonomia-erkidego bakoitzak eta Estatuko Administrazio Orokorrak izango dituzten eskumenak dena delakoak izanik ere, Lurralde Kontseiluak irizpide komun batzuk zehaztuko ditu zentroak egiaztatzeko eta Autonomiaren Aldeko eta Mendetasunari Arreta Eskaintzeko Sistemaren kalitate-planak egiteko; hori guztia Estatuko Administrazio Orokorraren kalitatearen esparru orokorraren barruan egingo da.

3. Era berean, eta autonomia-erkidego bakoitzak eta Estatuko Administrazio Orokorrak izango dituzten eskumenak dena delakoak izanik ere, Lurralde Kontseiluak ondorengoak ere adostuko ditu:

a) Zentro eta zerbitzuei buruzko kalitate- eta segurtasun-irizpideak.

b) Sistemaren baitako zentro eta zerbitzuen ebaluaketa egin, etengabeko hobekuntza aurrera eraman eta analisia erkatuak egiteko kalitatearen adierazleak.

c) Praktika onen gida.

d) Zerbitzu-kartak, mendetasuna duten pertsonen baldintza berezietara egokituak, eta bereizkeriarik ezaren eta irisgarritasunaren printzipioak beteta.

35. artikulua. Eskainitako zerbitzuen kalitatea.

Kalitatearen arloko oinarrizko estandar batzuk zehaztuko dira lege honetan araututako katalogoa osatzen duten zerbitzu guztietarako, betiere aldez aurretik Autonomiaren Aldeko eta Mendetasunari Arreta Eskaintzeko Sistemaren Lurralde Kontseiluak aldez aurretik akordioa lortutakoan.

2. Mendetasuna duten pertsonentzako egoitzek barne-erregimenari buruzko erregelamendu bat izan beharko dute, antolaketa eta funtzionamendua arautuko duena, kalitatearen kudeaketarako sistema bat izango duena, eta baita erabiltzaileen parte hartzea finkatuko duena, eskumena duen administrazioak zehaztutako moduan.

3. Arreta berezia jarriko da enplegua kalitatezkoa izan dadin, eta profesionaltasuna bultza dadin, eta prestakuntza sustatzearen alde ere egingo da, Autonomiaren Aldeko eta Mendetasunari Arreta Eskaintzeko Sistemaren baitako prestazioak eta zerbitzuak kudeatu nahi dituzten erakundeetan.

II. KAPITULUA.

Mendetasunaren arloko prestakuntza

36. artikulua. Profesional eta zaintzaileen prestakuntza eta gaikuntza.

Mendetasun egoeran diren pertsonei arreta eskainiko dieten profesional eta zaintzaileek oinarrizko prestakuntzaren eta etengabeko prestakuntzaren arloan dituzten premiei erantzungo zaie.

Horretarako, 15. artikuluan araututako katalogoan jasotzen diren zerbitzuei dagozkien eginkizunak aurrera eramateko kualifikazio profesional onenak zein diren zehaztuko dute aginte publikoek.

Aginte publikoek lege honetan zehaztutako zerbitzuak aurrera eramateko beharrezkoak diren programak eta prestakuntza-ekintzak sustatuko dituzte.

3. Sistema kalitatezkoa izan dadila bermatzeko, hezkuntza, osasun, lan eta gizarte arloan eskumenak dituzten administrazio publiko guztien arteko elkarlana sustatuko da, eta baita horien guztien eta unibertsitate, zientzia-elkarte, erakunde profesional, sindikatu, ugazaba eta hirugarren sektorekoen arteko elkarlana ere.

III. KAPITULUA.

Informazio-sistema.

37. artikulua. Autonomiaren Aldeko eta Mendetasunari Arreta Eskaintzeko Sistemaren informazio-sistema.

Lan eta Gizarte Gaien Ministerioak, eskumena duen erakundearen bidez, Autonomiaren Aldeko eta Mendetasunari Arreta Eskaintzeko Sistemaren informazio-sistema finkatuko du, eta horri esker, administrazio publikoek elkarri informazioa emateko bidea izango dute, eta sistema guztiak bateragarriak izatea lortuko da.

Horretarako, Autonomiaren Aldeko eta Mendetasunari Arreta Eskaintzeko Sistemaren Lurralde Kontseiluaren baitan, informazioaren helburua eta edukiak zein izango diren zehaztuko da.

Informazio-sistemak zerbitzuen katalogoari buruzko informazioa izango du, eta oinarrizko datuen artean, ondorengoak egongo dira: babestutako herritarrak zein diren, giza baliabideak, sareko azpiegiturak, eta zerbitzua eskaintzerakoan lortutako emaitzak eta kalitatea.

3. Informazio-sistemak mendetasunaren arloko Estatu mailako helburuetarako estatistikak egiteko aukera aurreikusiko du zehazki, eta baita interes orokorreko bestelako estatistikak egiteko aukera ere, hala nola autonomia-erkidegoez gaindikoak eta nazioarteko erakundeekiko konpromisoetatik sortutakoak.

38. artikulua. Komunikazioen sarea.

Lan eta Gizarte Gaien Ministerioak, administrazio publikoen komunikazioko azpiegiturak eta zerbitzu telematikoak lehentasunez erabilita, Autonomiaren Aldeko eta Mendetasunari Arreta Eskaintzeko Sistemaren esku komunikazio-sare bat jarriko du, sistema hori osatzen duten kide guztien artean informazioa trukatzeko eta trukatze hori berme guztiekin egin dadila ziurtatzeko.

Sare horretan informazioa erabili eta transmititzeko, Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoa bete beharko da, eta baita egiaztatze elektronikoari buruz eta izenpe elektroniko eta zifratzeei buruz indarrean dagoen legerian esaten dena ere.

3. Komunikazioen sare horren bidez, ondorengoei buruzko informazioa elkartrukatuko da: sistemak dituen azpiegiturak, prestazioen onuradunen egoera, duten mendetasun-gradua edo maila, edo beste edozein informazio-mota, Autonomiaren Aldeko eta Mendetasunari Arreta Eskaintzeko Sistemaren beharrizanek hala eskatzen badute.

IV. KAPITULUA.

Iruzurraren aurkako borroka

39. artikulua. Iruzurraren aurka administrazioak hartutako neurriak.

Autonomiaren Aldeko eta Mendetasunari Arreta Eskaintzeko Sistemarentzat emango diren diru-funtsak behar bezala erabiliko direla zainduko dute administrazio publikoek, eta sisteman parte hartzen dutenek edo sistemaren onuradun direnek prestazioak edo beste onura edo laguntza ekonomiko batzuk iruzur eginez eskuratzea saihestuko dute.

Era berean, kontrol-neurriak zehaztuko dira era horretako gertaerak detektatu eta horiek jazartzeko.

Horretarako, administrazio publikoek lege honen edukia betetzen dela zainduko dute, eta zehatzeko ahalaz baliatuko dira, lege honen beronen III. tituluan aurreikusitakoaren barruan; beharrezkoa den kasuetan, legean bertan administrazioen arteko lankidetzarako zehaztutako formulak baliatuko dira.

V. KAPITULUA. Autonomiaren Aldeko eta Mendetasunari Arreta Eskaintzeko Sistemaren organo aholku-emaileak.

40. artikulua. Aholku-batzordea.

Autonomiaren Aldeko eta Mendetasunari Arreta Eskaintzeko Sistemaren aholku-batzordea sortu da, eta Lan eta Gizarte Gaien Ministerioaren baitan egongo da. Horren bidez, alde sozialak etengabe erakundean parte hartzeko aukera izango du, eta beste horrenbeste gertatuko da sindikatuen eta enpresarien ordezkariekin ere.

Eginkizun hauek izango ditu aholku-batzordeak: sistemak funtzionatzeko interes berezia izango duten gaien inguruko iritzia eta aholkuak eman eta proposamenak egitea.

Aholku-batzordea hiruko batek osatua egongo da, hau da, administrazio publikoek, enpresarien ordezkariek eta sindikatuek izango dute lekua bertan, baina aldi berean, bitarikoa ere izango da mahaia, batetik administrazio publikoak eta bestetik sindikatu eta enpresarien ordezkariak egongo baitira, hurrengo paragrafoan zehazten den banaketaren arabera.

Akordioak hartzeko, aldeetako bakoitzean gehiengoa behar izango da, hau da, administrazio publikoen ordezkarien gehiengoa beharko da, eta baita sindikatuen eta enpresarien ordezkarien gehiengoa ere.

Aholku-batzordearen lehendakaria Estatuko Administrazio Orokorraren ordezkaria izango da, eta Lan eta Gizarte Gaien Ministerioaren titularrak izendatuko du.

Izango dituen eginkizunak barne-erregelamenduan zehaztuko dira.

Ondorengo kideek osatuko dute aholku-batzordea, erregelamendu bidez zehaztutako moduan izendatu ostean:

a) Estatuko Administrazio Orokorraren sei ordezkarik.

b) Autonomia-erkidegoetako administrazioen sei ordezkarik.

c) Toki-erakundeen sei ordezkarik.

d) Ordezkaritza handiena duten enpresa-elkarteen bederatzi ordezkarik.

e) Ordezkaritza handiena duten sindikatuen bederatzi ordezkarik.

41. artikulua. Aholku emateko organoak.

Ondorengoak izango dira Autonomiaren Aldeko eta Mendetasunari Arreta Eskaintzeko Sistemari aholku emateko organoak (parte hartze instituzionala dutenak):

Autonomiaren Aldeko eta Mendetasunari Arreta Eskaintzeko Sistemaren aholku-batzordea.

Adinekoen Estatuko Kontseilua.

Ezintasunaren Kontseilu Nazionala.

Ekintza Sozialeko Gobernuz Kanpoko Erakundeen Estatuko Kontseilua.

Eginkizun hauek izango dituzte organo horiek: sistemak funtzionatzeko interes berezia izango duten gaien inguruko iritzia eta aholkuak eman eta proposamenak egitea.

III. TITULUA.

Arau-hausteak eta zehapenak

42. artikulua. Erantzuleak.

Administrazioko arau-hausteak diren egitateengatik, horien erantzuleak, pertsona fisikoak zein juridikoak, baino ezin izango dira zehatu.

Lege honek tipifikatutako arau-hausteen egiletzat jotzen dira egitateak gauzatzen dituzten pertsonak, dela euren kabuz, dela beste batzuekin batera, dela artekari baten bitartez.

Egitate horiek –egitez edo ez-egitez– gauzatzeko lankidetza eskaintzen dutenak ere arau-haustearen egiletzat joko dira, baldin eta kooperazio hori ezinbestekoa bada arau-haustea egiteko.

43. artikulua. Arau-hausteak.

Honako hauek izango dira arau-hausteak:

a) Lege honetan aintzatetsitako edozein eskubide gauzatzea zailtzea edo eragoztea.

b) Ikuskaritza-zerbitzuen jarduna oztopatzea.

c) Informazioa ukatzea edo datu faltsuak ematea.

d) Prestazio ekonomikoak bestelako helburuetarako –prestaziook jasotzeko arrazoia ez diren helburuetarako– erabiltzea, eta lege honetan ezarritako prestazioekin bateraezinak diren laguntzak, gauzatan edo dirutan, jasotzea.

e) Mendetasunen bat duten pertsonei arreta eskaintzeko zerbitzuak irekitzeko edo lanean hasteko baimenari eta kreditatzeari buruzko arauak ez betetzea.

f) Mendetasunen bat duten pertsonak diskriminatzea.

g) Mendetasunen bat duten pertsonen duintasuna zapaltzea.

h) Osotasun fisiko edo psikikorako kalteak edo arrisku-egoerak sortzea.

i) Administrazio publiko eskudunek adierazten dituzten eskakizun espezifikoak ez betetzea.

44. artikulua. Arau-hausteen sailkapena.

Arau-hausteak arintzat, larritzat eta oso larritzat joko dira, irizpide hauek aintzat hartuta: osasuna arriskuan jarri den, egitateek gizartean sortutako asaldura zenbateraino larria den, zenbateko irabazia lortu den, zein asmo egon den, zenbat pertsonari eragin zaion kalte, eta arau-haustea berriro egin den.

Arintzat joko dira 43. artikuluaren arabera tipifikatutako arau-hausteak, baldin eta zuhurtziagabekeria edo zabarkeria soilagatik egin badira, eta mendetasunen bat duten pertsonei ez badakarkiete zuzeneko kalterik.

Larritzat joko dira 43. artikuluaren arabera tipifikatutako arau-hausteak, baldin eta pertsonei kalteren bat badakarkiete, edo dolu edo zabarkeria larriaz egin badira.

Era berean, larritzat joko dira ondorengo zirkunstantziaren bat dakartenak:

a) Arau-hauste arina berriro egitea.

b) Ikuskaritza-zerbitzuei batere informaziorik edo lankidetzarik eman nahi ez izatea, eta baita Administrazioari emandako informazioa faltsutzea ere.

c) Hertsatzeak, mehatxuak, errepresaliak edo mendetasunen bat duten pertsonen edo euren senideen gainean eragindako beste edozein presio-mota.

Arau-hauste oso larritzat joko dira larritzat jotako guztiak, baldin eta ondorengo zirkunstantziaren bat badakarte:

a) Pertsonaren funtsezko eskubideei larriki erasotzea.

b) Mendetasunen bat duten pertsonei edo Administrazioari kalte larria eragitea.

c) Arau-hauste larria berriro egitea.

Arau-haustea berriro egiten da, baldin eta arau-hauslea araua hausten duenerako zehatua izan bada, azken bi urteetan, arau-hauste beragatik, edo larritasun-maila bera edo handiagoa duen beste arau-hauste batengatik, edo larritasun gutxiagoko beste bi arau-hauste edo gehiagorengatik.

45. artikulua. Zehapenak.

Administrazio eskudunek zehatuko dituzte lege honen arau-hausteak, honela zehatu ere: onuradunei prestazioak eta diru-laguntzak galaraziz; profesionalak ez diren zaintzaileei isuna jarriz; eta zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresei isuna jarriz, eta, hala balegokio, diru-laguntzak galaraziz, jarduera aldi batez geldiaraziz edo establezimendua, lokala edo enpresa itxiaraziz.

Nolanahi ere, zehapenaren ondorioz, bidegabe jasotako diru-kopuruak bueltatu egin beharko dira.

Zehapenak egindako arau-haustearen arabera graduatuko dira, eta honako irizpide hauek aintzat hartuta ezarriko:

a) Arau-haustearen larria.

b) Eragindako gizarte-asalduraren eta kalteen larria.

c) Osasunarentzako arriskua.

d) Kaltetutakoen kopurua.

b) Lortutako irabazia.

f) Zenbateraino egin den nahita eta behin baino gehiagotan egin den.

Isunak, berriz, honela graduatuko dira:

a) Arau-hauste arinagatik, zaintzaileei gehienez 300 euroko isuna, eta zerbitzu-hornitzaileei, gehienez, hogeita hamar mila eurokoa.

b) Arau-hauste larriagatik, zaintzaileei hirurehun euro eta hiru mila euro bitarteko isuna; eta zerbitzu-hornitzaileei, hogeita hamaika mila eta bat euro eta laurogeita hamar mila euro bitartekoa.

c) Arau-hauste oso larriagatik, zaintzaileei hiru mila eta bat euro eta sei mila euro bitarteko isuna; eta zerbitzu-hornitzaileei, laurogeita hamar mila eta bat euro eta miloi bat euro bitarteko isuna.

Baldin eta prestazioak edo diru-laguntzak etetea adosten bada, etenaldia hilabete eta sei hilabete bitartekoa izango da, arau-haustearen larriaren arabera.

Gainera, arau-hauste oso larriak, baldin eta arau-haustea bereziki larria izan bada, edo behin eta berriro egin bada, edo ondorio nabarmena eta larria izan badu, jarduna aldi batez -gehienez bost urtez- geldiaraziz zehatuko dira, edo, hala balegokio, enpresa, zerbitzua edo establezimendua itxiz.

Zehapen-prozedura hezurmamitzerakoan, administrazio eskudunak izango du adostea, zuhurtasunezko neurri gisa, araua hautsi duen partikularrak edo entitateak jaso edo eskatu duen beste edozein laguntza- edo diru-laguntza finantzario-mota etetea, baldin eta herri-administrazio bera bada laguntzaren emailea edo laguntza-eskariaren hartzailea.

Arau-hauste larriengatiko edo oso larriengatiko prozedura hezurmamitzean, eta konpontzeko zailak edo ezin konponduzkoak diren kalteak eragiteko arriskua balego, Administrazio eskudunak izango luke, zuhurtasunezko neurri gisa, zentroa ixtea edo jarduera etetea.

46. artikulua. Preskripzioa.

Lege honek adierazten dituen arau-hausteak ondorengo epeetan preskribatuko dira:

a) Urtebetean, arau-hauste arinak.

b) Hiru urtean, arau-hauste larriak.

c) Lau urtean, arau-hauste oso larriak.

Arau-haustea egin den egunetik aurrera hasiko da kontatzen preskripzio-epea, eta eten egingo da zehapen-prozedura hasten denean, interesdunari horren berri emanda.

Arau-hauste oso larriengatik ezarritako zehapenak bost urte igarotakoan preskribatuko dira, arau-hauste larriengatik jarritakoak lau urte igarotakoan, eta arau-hauste arinengatik direnak urtebete pasatakoan.

47. artikulua. Eskumenak.

Autonomia-erkidegoek garatuko dute lege honetan aurreikusitako arau-hausteen eta zehapenen koadroa.

Zehapen-espedienteen hasiera eta instrukzioa, baita dagozkien zehapenak ezartzea ere, dena delako administrazio publikoari egokituko zaio, dituen eskumenen eremuan.

Estatuko Administrazio Orokorraren eremuan, ondoren azaltzen diren organoak izango dira 43. artikuluaren arabera arau-haustetzat jotako jokabideengatiko zehapenak ezartzeko eskudunak:

a) Adinekoen eta Gizarte Zerbitzuen Institutuko Zudendaritzaren titularra, zehapenak arau-hauste arinengatik badira.

b) Gizarte Zerbitzuen, Familien eta Ezintasunen Estatuko Idazkaritzaren titularra, zehapenak arau-hauste larriengatik badira.

c) Lan eta Gizarte Gaietarako Ministerioaren titularra, zehapenak arau-hauste oso larriengatik badira; nolanahi ere, aurrez Ministro Kontseiluaren akordioa beharko da, zehapenak 300.000 eurotik gorakoak direnean edo enpresa, zerbitzua edo establezimendua ixten direnean.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehen xedapen gehigarria.

Estatuko Administrazio Orokorrak bermatutako prestazioen eta zerbitzuen finantziazioa.

Ekitaldi bakoitzeko Estatuaren Aurrekontu Orokorren Legeak ezarriko du zenbat eta nola ordainduko zaizkien autonomia-erkidegoei lege honen 9. artikuluan aurreikusitako zerbitzuak eta prestazioak finantzatzeko behar diren diru-kopuruak.

Bigarren xedapen gehigarria.

Itun- eta Hitzarmen-sistemei aplikatu beharreko erregimena

Lege honen 32. artikuluan aurreikusitakoaren arabera Estatuko Administrazio Orokorrari, bere gastu-aurrekontuaren kontura Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroako Foru Komunitatean egokitzen zaion Sistemaren zerbitzu eta prestazioen finantziazioa kontuan hartu da EAEren kupoa eta Nafarroaren ekarpena kalkulatzerakoan, Estatuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko Ekonomia Itunaren eta Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Ekonomia Itunaren arabera, hurrenez hurren.

Hirugarren xedapen gehigarria.

Automomia pertsonala errazteko laguntza ekonomikoak

Estatuko Administrazio Orokorrak eta autonomia-erkidegoetako administrazioek, euren aurrekontu-bitartekoen arabera, izango dute akordio espezifikoak ezartzea, autonomia pertsonala errazteko laguntza ekonomikoak emateko.

Laguntzok diru-laguntzen baldintzak izango dituzte, eta helburu hauek:

a) Laguntza teknikoen edo behar diren tresnen bidez pertsonari laguntzea, eguneroko bizitzan normaltasunez molda dadin.

b) Etxeko irisgarritasuna eta egin beharreko moldaketak erraztea, etxean zehar joan-etortzeko gaitasuna hobetze aldera.

Laugarren xedapen gehigarria.

Profesionalak ez diren zaintzaileen Gizarte Segurantza

Gobernuak erregelamendu bidez ezarriko du profesionalak ez diren zaintzaileak dagokien erregimenean sartzea, baita afiliatzeko, alta-emateko eta kotizatzeko betekizunak eta prozedura ere.

Bosgarren xedapen gehigarria.

Prestazio sozial publikoen erregistroa

Zerbitzuarekin lotutako prestazio ekonomikoa, familia-inguruneko zaintzarako prestazio ekonomikoa eta norberari egokitutako laguntzako prestazio ekonomikoa, guztiak lege honek arautuak, Prestazio Sozial Publikoen Erregistroan sartuta geratzen dira.

Horretarako, prestazio horiek kudeatzen dituzten entitateak eta erakundeak behartuta egongo dira emandako prestazioei buruzko datuak ematera; zehazkiago, lege honen garatze-arauetan ezartzen diren datuak eman beharko dituzte.

Seigarren xedapen gehigarria.

3/2004 Legegintzako Errege Dekretua, martxoaren 5ekoa, aldatzea. Haren bidez, Pertsona Fisikoen Errentari buruzko Legearen Testu Bategina onartzen da.

Beste paragrafo bat gehitu zaio Pertsona Fisikoen Errentari buruzko Legearen Testu Bategineko 7. artikuluari. Hori martxoaren 5eko 3/2004 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen. Hona testua:

«v) Familia-inguruneko zaintzarako eta norberari egokitutako laguntza-zerbitzuari lotutako prestazio ekonomiko publikoak, autonomia pertsonalaren aldeko eta mendetasunen bat duten pertsonei laguntzeko legetik ondorioztatzen direnak».

Zazpigarren xedapen gehigarria.

Mendetasun-egoerei arlo pribatuan erantzuna emateko baliabideak

Gobernuak dagozkion legegintza-aldaketak sustatuko ditu sei hilabeteko epean, mendetasun-egoerei arlo pribatuan eman beharreko erantzuna arautzeko.

Lege honetan ezarritako zerbitzuen onuradunek ere zerbitzuon finantziazioan parte har dezaten errazte aldera, mendetasun-egoerari arlo pribatuan erantzuna emateko baliabideen zerga-tratamendua arautzea sustatuko da.

Zortzigarren xedapen gehigarria.

Terminologia-kontuak

Arauzko testuetan “minusbaliatuak” eta “minusbalia duten pertsonak” agertzen denean, “ezintasunen bat duten pertsonak” jartzen duela ulertuko da.

Lege hau indarrean hasten denetik, pertsona horiek administrazio publikoek egindako arau-xedapenetan aipatzean termino hauek erabiliko dira: “ezintasunen bat duen pertsona” edo “ezintasunen bat duten pertsonak”.

Bederatzigarren xedapen gehigarria.

Baliaezintasun handia duten eta beste pertsona batek lagundu beharrean dauden pertsonek egun duten egoeren aitormena eragingarri bihurtzea.

Baliaezintasun handiko egoeragatiko pentsioa edo beste pertsona batek lagundu beharrean daudela aitortuta dutenek, baliaezintasun-maila aitortu, deklaratu eta sailkatzeko prozedura finkatzeko abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretuaren arabera, mendetasun-egoeran egotea eskatzen duen betekizuna aitortuta izango dute, lege honen erregelamendu bidezko garapenean ezartzen den mendetasunaren graduan eta mailan.

Hamargarren xedapen gehigarria.

Ikerketa eta garapena

Mendetasunen bat duten pertsonen bizi-kalitatearekin eta pertsonei arreta eskaintzearekin lotutako kontu guztien berrikuntza sustatuko dute aginte publikoek.

Horretarako, ikerkuntza sustatuko dute, mendetasunarekin zerikusia duten arloetan, I+G+B planetan.

Administrazio publikoek arau teknikoak garatzen erraztu eta lagunduko dute, teknologien, produktuen eta zerbitzuen prozesu, diseinu eta garapenetan diskriminaziorik eza bermatze aldera, normalizazio-erakundeekin eta gaian zerikusia duten eragile guztiekin lankidetzan.

Hamaikagarren xedapen gehigarria.

Ceuta eta Melilla hiriak

Lan eta Gizarte Gaietarako Ministerioak Ceuta eta Melilla hiriekin hitzarmenak sinatuko ditu, bi hirietan mendetasunari erantzuna emateko zentroei eta zerbitzuei buruz, eta horiek Sistemaren Lurralde Kontseiluan parte hartzea izango dute, hark ezartzen duen eran.

Hamabigarren xedapen gehigarria.

Foru Aldundiak, kabildoak eta uharteetako kontseiluak

Autonomiaren Aldeko eta Mendetasunari Arreta Eskaintzeko Sisteman lurraldeko erakundeek parte hartzean, kontuan hartuko dira foru aldundiei, kabildoei eta uharteetako kontseiluei onartutako ezaugarri bereziak, Euskal Autonomia Erkidegoari, Kanarietako Autonomia Erkidegoari eta Balearretako Autonomia Erkidegoari dagokienez, hurrenez hurren.

Hamahirugarren xedapen gehigarria.

3 urtetik beherakoak babestea

Hezkuntza- eta osasun-arloan ezarritako zerbitzuak dena delakoak izanik ere, Autonomiaren Aldeko eta Mendetasunari Arreta Eskaintzeko Sistemak 3 urtetik beherakoei zuzendutako etxerik etxeko laguntzaren beharrei erantzungo die, eta, hala balegokio, horrekin lotutako eta familia-inguruneko zaintzarako prestazio ekonomikoei ere bai; betiere, horretarako, umeen mendetasun-egoerak egiaztatuta beharko du.

Hala, ondorio horietarako, lege honen 27. artikuluan aurreikusitako balorazio-baliabideak balorazio espezifikoaren eskala sartuko du.

Hiru urtetik beherakoentzako arreta lege honen 7. artikuluan ezarritako babes-maila desberdinetan eta finantzatze-bideetan sartuko da, aurreko atalean ezarritakoari jarraiki.

Autonomiaren Aldeko eta Mendetasunari Arreta Eskaintzeko Sistemaren Lurralde Kontseiluaren baitan sustatuko da mendetasunen bat duten 3 urtetik beherakoei arreta emateko plan integrala bideratzea, eta plan horretan sartu beharko dira administrazio publikoek hartu beharreko neurriak, euren eskumenei kalterik egin gabe, arreta goiztiarra eta 3 urtetik beherakoen gaitasun fisiko, mental eta intelektualen errehabilitazioa errazte aldera.

Hamalaugarren xedapen gehigarria.

Ezintasunen bat duten pertsonentzako enplegua sustatzea

Mendetasunari Arreta Eskaintzeko Sistemaren prestazioak edo zerbitzuak itunaren bidez kudeatu nahi dituen erakunde pribatuek aurrez egiaztatu beharko dute ezintasunen bat duten pertsonentzako erreserba-kuota bete dutela, horretarako behartuta egonez gero, edo, hori izan ezean, Minusbaliatuak Gizarteratzeari buruzko apirilaren 7ko 13/1982 Legearen 38. artikuluan ezarritako aparteko neurriak bete dituztela (neurri horiek apirilaren 8ko 364/2005 Errege Dekretuan arautu ziren).

Hamabosgarren xedapen gehigarria.

Irisgarritasuna bermatzea eta oztopoak kentzea

Administrazio publikoek, euren eskumenen eremuan, Autonomiaren Aldeko eta Mendetasunari Arreta Eskaintzeko Sistemaren inguruneen, prozesuen eta prozedimenduen irisgarritasun-baldintzak bermatuko dituzte, ezintasuna duten pertsonen aukera-berdintasunari, diskriminaziorik ezari eta irisgarritasunari buruzko legean ezarri bezala.

Hamaseigarren xedapen gehigarria.

Ordaindutakoaren araberakoak ez diren pentsioak

Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren Testu Bateginaren 145. artikuluaren 2. paragrafoa aldatu egin da, eta, horren ondorioz, honela geratu da (testu hori ekainaren 20ko Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen):

Artikulu honen aurreko paragrafoan ezarritakoaren ondoriozko zenbatekoak, zenbateko osoan kalkulatuta, bateragarriak dira onuradun bakoitzak, kasuan kasu, dituen urteko errentekin edo diru-sarrerekin, betiere ordaindutakoaren araberakoa ez den pentsioaren ehuneko 25 gainditzen ez badute, urteko zenbatekoan.

Kontrakoa gertatuz gero, ordaindutakoaren araberakoa ez den pentsioaren zenbatekoari portzentaje hori gainditzen duten errenten edo diru-sarreren zenbatekoa kenduko zaio, salbuespen batekin: 147. artikuluan ezarritakoa.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehen xedapen iragankorra.

Administrazio publikoen finantziazioan parte hartzea

2007ko urtarrilaren 1a eta 2015eko abenduaren 31 bitartean, eta Sistema mailaz maila ezartzea errazte aldera, Estatuko Administrazio Orokorrak autonomia-erkidegoen administrazioekin hitzarmenak sinatzeko kredituak ezarriko ditu urtero bere aurrekontuetan, lege honen 10. artikuluaren arabera.

Bigarren xedapen iragankorra.

Mendetasun-egoera aitortzeko eskaera aurkezteko epea hasten denetik gehienez ere sei hilabetez etenda geratuko da 28.6. artikuluan delegazio, kontratazio edo itunari buruz aurreikusitakoa.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetatik lehena.

Legea mailaz maila aplikatzea

Lege honetan jasotako mendetasunengatiko prestazioak jasotzeko eskubidea mailaz maila gauzatuko da, gradualki, 2007ko urtarrilaren 1etik aurrera, ondorengo egutegi honi jarraiki:

Lehenengo urtean Mendetasun Handiaren III. gradua, 1. eta 2. mailak, aitortuta dutenei.

Bigarren eta hirugarren urtean, Mendetasun Larriaren II. gradua, 2. maila, aitortuta dutenei.

Hirugarren eta laugarren urtean, Mendetasun Larriaren II. gradua, 1. maila, aitortuta dutenei.

Bosgarren eta seigarren urtean, Mendetasun Arinaren I. gradua, 2. maila, aitortuta dutenei.

Zazpigarren eta zortzigarren urtean, Mendetasun Arinaren I. gradua, 1. maila, aitortuta dutenei.

Administrazio publiko eskudunen ebazpenetan jasotako eskubidea aitortzeak sortuko du lege honen 17. artikulutik 25. artikulura bitartean aurreikusitako zerbitzuak eta prestazioak jasotzeko eskubidea, xedapen honen 1. paragrafoko egutegiaren arabera ezartzen hasten den urtearen hasieratik, edo interesdunak eskubide hori aitortzeko eskatzen duenetik, eskabidea data haren ostean egiten badu.

Legea mailaz maila hiru urtez aplikatu ondoren, Autonomiaren Aldeko eta Mendetasunari Arreta Eskaintzeko Sistemaren Lurralde Kontseiluak Legearen emaitzak ebaluatuko ditu, eta sistema ezartzeko egoki jotzen dituen aldaketak proposatuko.

Aurreko atalean aipatzen diren emaitzak ebaluatzean Legea garatzean izandako genero-eraginari buruzko txostena egingo da.

Azken xedapenetatik bigarrena.

Autonomiaren Aldeko eta Mendetasunari Arreta Eskaintzeko Sistemaren Lurralde Kontseilua.

Autonomiaren Aldeko eta Mendetasunari Arreta Eskaintzeko Sistemaren Lurralde Kontseilua, 8. artikuluan arautzen dena, gehienez ere hiru hilabeteko epean eratu beharko da, lege hau indarrean jartzen denetik.

Azken xedapenetatik hirugarrena.

Aholku Batzordea

Autonomiaren Aldeko eta Mendetasunari Arreta Eskaintzeko Sistemaren Aholku Batzordea, 40. artikuluan araututakoa, gehienez ere hiru hilabeteko epean eratu beharko da, lege hau indarrean jartzen denetik.

Azken xedapenetatik laugarrena.

Legea garatzeko administrazioen arteko lankidetza-esparrua

Sistemaren Lurralde Kontseiluak, gehienez ere hiru hileko epean eratu zenetik, administrazioen arteko lankidetza-esparrua adostuko du, legea 10. artikuluan aurreikusi bezala garatzeko, eta lege honetan jasotako aurreikuspenak garatzeko egutegia ere adostuko du.

Azken xedapenetatik bosgarrena.

Erregelamendu bidezko garapena

Kontseilua eratu ondoren gehienez ere hiru hilabeteko epean, eta Sistemaren Lurralde Kontseiluaren dagozkion akordioen arabera, onartuko da 10.3 eta 15. artikuluen arabera aurreikusitako zerbitzuen babesaren intentsitatea, eta baita 26. eta 27. artikuluetan aurreikusitako mendetasunaren gradua eta mailak baloratzeko baremoa ere.

Azken xedapenetatik seigarrena.

Urteko txostena

Gobernuak lege honetan egindako aurreikuspenak noraino bete diren azaltzeko txosten bat egin beharko du urtero, gorteei horren berri emateko.

Txosten horrek Lurralde Kontseiluaren memoria eta aholkularitza-erakundeen organo aholku-emaileen irizpena jasoko ditu.

Azken xedapenetatik zazpigarrena.

Arau-ahalmentzea

Gobernuari ahalmena ematen zaio lege hau garatu eta betearazteko beharrezkoak diren xedapen guztiak eman ditzan.

Azken xedapenetatik zortzigarrena.

Konstituzio-oinarria

Lege hau Estatuak, Konstituzioaren 149.1.1. artikuluaren arabera, duen eskumen esklusiboaren babespean egin da. Konstituzioko eskubideak baliatzean eta betebeharrak betetzean espainiar guztiak berdinak direla bermatzeko oinarrizko baldintzak arautzeari buruzko eskumena da hori.

Azken xedapenetatik bederatzigarrena.

Indarraldia

Lege hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra