Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Octava ediciión Premios Adrián Celaya

Administrazio zuzenbidea  >>  Legeria  >> Orokorra

4/2014 Legea, oinarrizkoa, apirilaren 1ekoa, Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizialena

2014-04-01

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2014/4/2, 80. zk.

I. XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

3520

4/2014 Legea, oinarrizkoa, apirilaren 1ekoa, Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizialena.

JUAN CARLOS I.a ESPAINIAKO ERREGEA

Honako hau irakurtzen duten guztiek jakin dezaten.

Jakin ezazue: Gorte Nagusiek ondoko lege hau onetsi dutela, eta Nik, hemen, berretsi egiten dudala.

AURKIBIDEA I.  kapitulua. Izaera eta funtzioak.

1. artikulua.  2. artikulua.  3. artikulua.  4. artikulua.  5. artikulua.  Xedea.

Izaera eta araubide juridikoa.

Helburua.

Izenaren erreserba.

Funtzioak.

II.  kapitulua.  Lurralde-eremua eta antolamendua.

6. artikulua.  Lurralde-eremua.

7. artikulua.  Ganberetara atxikitzea.

8. artikulua.  Errolda publikoa.

9. artikulua.  Antolamendua.

10. artikulua.  Osoko bilkura.

11. artikulua.  Batzorde betearazlea.

12. artikulua.  Presidentea.

13. artikulua.  Idazkari nagusia.

14. artikulua.  Zuzendari kudeatzailea.

15. artikulua.  Pertsonala.

16. artikulua.  Barne-araubideari buruzko erregelamendua eta Jardunbide Egokien Kodea.

III. kapitulua. Hauteskunde-araubidea.

17. artikulua.  Hauteskunde-errolda.

18. artikulua.  Hauteskunde-prozesua.

IV.  kapitulua.  Araubide ekonomikoa.

19. artikulua.  Araubide ekonomikoa.

V.  kapitulua. Espainiako Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofiziala.

20. artikulua.  21. artikulua.  22. artikulua.  23. artikulua.  24. artikulua.  Izaera eta helburua.

Funtzioak.

Nazioartekotzeko Ganbera Plana.

Lehiakortasunerako Ganbera Plana.

Gobernu-organoak.

25. artikulua.  Osoko bilkura.

26. artikulua.  Batzorde betearazlea.

27. artikulua.  Presidentea.

28. artikulua.  Idazkari nagusia.

29. artikulua.  Zuzendari kudeatzailea.

30. artikulua.  Pertsonala.

31. artikulua.  Espainiako Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizialaren araubide ekonomikoa.

32. artikulua.  Espainiako Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizialaren barne-araubideari buruzko erregelamendua.

33. artikulua.  Espainiako Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizialaren babesa.

VI.  kapitulua.  Araubide juridikoa eta aurrekontu-araubidea.

34. artikulua.  35. artikulua.  36. artikulua.  37. artikulua.  Babesa.

Aurrekontuak eta gardentasuna.

Errekurtsoak.

Etetea eta desegitea.

Lehenengo xedapen gehigarria.  Pertsonala.

Bigarren xedapen gehigarria.  Protokolo-araubidea.

Hirugarren xedapen gehigarria.  Kontzertu Ekonomikoaren eta Hitzarmen Ekonomikoaren araubideak.

Lehenengo xedapen iragankorra.  Arauaren edukira egokitzea.

Bigarren xedapen iragankorra.  Gobernu-organoak.

Hirugarren xedapen iragankorra.  Preskribatu gabeko ganbera-baliabidearen sortzapena.

Xedapen indargabetzailea.

Azken xedapenetako lehenengoa.  Eskumen-titulua.

Azken xedapenetako bigarrena.  Erregelamenduz garatzeko gaikuntza.

Azken xedapenetako hirugarrena.  Indarrean sartzea.

HITZAURREA I

Merkataritza, industria, zerbitzu eta nabigazioko ganbera ofizialak zuzenbide publikoko korporazioak dira, eta herri-administrazioei dagokienez kontsulta- eta lankidetza-funtzioak betetzen dituzte merkataritzaren, industriaren, nabigazioaren eta zerbitzuen interes orokorrak ordezkatzearekin, sustatzearekin eta defendatzearekin zerikusia duen orotan.

Azken urteotan ekonomiaren eta legegintzaren esparruetan izandako eboluzioaren ondorioz, merkataritza, industria, zerbitzu eta nabigazioko ganbera ofizialei buruzko Lege berri bat onartzeko beharra sortu da; batez ere, egungo testuinguru ekonomiko eta juridikoan, ganberen egiturak eta funtzionamendua arrazionalizatzeko premia dagoelako.

Gaur arte, Merkataritza, Industria eta Nabigazioko Ganbera Ofizialei buruzko 3/1993 Oinarrizko Legeak, martxoaren 22koak, zehaztu ditu ganberen egiturak eta funtzionamendua.

Merkataritza, industria eta nabigazioko ganberak XIX. mendearen amaieran sortu ziren Espainian, enpresen interes orokorrak ordezkatzeko xedez. Ganberak 1886an arautu ziren aurrenekoz, haien araubide juridikoa jasotzen zuen errege-dekretu baten bidez. Gerora, 1911ko ekainaren 21eko Errege Dekretuan, ganbera-eredu kontinentala ezarri zen; horren arabera, enpresa-jardueretan aritzen ziren pertsonak nahitaez atxiki behar ziren ganberara, eta kuotak ordaindu behar zituzten. Sistema hori izan dugu orain arte; huraxe jasotzen du gaur arte indarrean egon den 3/1993 Legeak, martxoaren 22koak, zeinak egokitzapen batzuk egin zituen gure Estatu autonomikorako eta Europar Batasuneko kide izateko.

Hala ere, egoera ekonomikoak arau-erreformak egiteko beharra sortu zuen, gastua arrazionalizatzeari begira neurri eraginkorrak hartzeko helburu nagusiarekin; oro har, ekonomia indartu eta sustatzeko, eta, bereziki, gure enpresen lehiakortasunaren hazkundea indartu eta sustatzeko. Guztia ere, merkataritza- eta enpresa-jarduera laguntzeko politiken bidez. Horrela, azken erreformek, eta, batez ere, abenduaren 3ko 13/2010 Errege Lege Dekretuaren bidez egindakoek –inbertsioa sustatu eta enplegua sortzeko zerga-, lan-, eta liberazio-arloko jarduketei buruzkoa– borondatezko bihurtu zuten ganberetako kide izateko lehenagoko derrigortasuna, eta ezabatu egin zuten ganbera-baliabide iraunkorra.

Lege honek hainbat erreforma egiten ditu ganberak erakunde zerbitzu-emaile gisa sustatzeko asmoarekin, eta emaitzetara bideratutako ganberen ereduaren alde egiten du.

Hori guztia, ganberek are eraginkortasun handiagoz bete ditzaten esleituta dauzkaten funtzioak.

Ganberak gure herrialdeko ekonomiaren eta enpresen garapenerako oinarrizko erakunde garrantzitsuak eta beharrezkoak direla jakinik, zuzenbide publikoko korporazio izaten jarraituko dute; funtzio publiko-administratiboak beteko dituztela bermatzen da, egungo testuinguru ekonomikoan eginkizun horiek garrantzi berezia baitute ehundura ekonomikoa birsortzeko eta enplegua sortzeko, eta, era berean, indartu egiten da merkataritzaren, industriaren, zerbitzuen eta nabigazioaren interes orokorrak ordezkatzeko, sustatzeko eta defendatzeko duten xedea, baita enpresa guztiei zerbitzua ematearena ere.

Ganberen funtzioak Legearen 5. artikuluan daude zerrendatuta, eta Konstituzio-oinarri nabarmenekoak dira, lotura zuzena baitaukate Espainiako Konstituzioan (aurrerantzean, EK) jasotako ondorengo alderdi hauekin: administrazio-jardueraren eraginkortasunprintzipioa (EK-ko 103.1 artikulua), erakunde profesionalen lankidetza (EK-ko 131.2

artikulua), botere publikoak politika egokien bidez prestakuntzaren arloan lankidetzan aritzea (EK-ko 40.2 artikulua), merkatu-ekonomiaren esparruan kanpo-merkataritzaren arloko jarduerak (EK-ko 38. artikulua) eta epaitegi zein auzitegien babesa azkartzeko helburua duten arbitrajea eta bitartekaritza (EK-ko 24. artikulua). Hori guztia EK-ko 9.2

artikuluak oro har eta 105.a) artikuluak zehazkiago aldarrikatzen duten herritarren partaidetzarekin bat etorriz.

Funtzio publikoak ezin dira arriskuan jarri; horregatik, Lege honek merkataritza, industria, zerbitzu eta nabigazioko ganbera ofizialetara atxikitzeko ezartzen duen sistemak printzipio orokor hauxe jasotzen du 7. artikuluan: enpresa guztiak izan beharko dira ganberetako kide, baina horrek ez die inolako obligazio ekonomikorik sortuko.

Atxikipenak unibertsala behar du izan, ganberek jarduera ekonomiko eta enpresajarduera guztien interes orokorrak ordezkatzen dituztelako, eta ez sektore, elkarte edo enpresa-kolektibo zehatz batenak, ez eta haien dimentsioaren, kokapenaren edo ganberarekiko atxikipenaren arabera ere.

Alderdi hori funtsezkoa da ganberen gobernu-organoetan enpresa guztiak egon daitezen ordezkatuta, sektore bakoitzak ekonomian duen ordezkagarritasunaren arabera, eta hautaketa-sistema unibertsal eta demokratikoaren bidez, non enpresa guztiak izango diren hautesle zein hautagai.

Jurisprudentziak berak adierazia da industriaren, merkataritzaren eta nabigazioaren interes orokorrak zaindu behar dituztela ganberek, eta ez elkarte-interesak; horrez gain, adierazi du ganberek ez dutela kideen interes bereziak ordezkatzera mugatu behar.

Lege berri honek merkataritza, industria, zerbitzu eta nabigazioko ganbera ofizialak birdefinitzea du helburu. Halaber, enpresei zerbitzuak emateko duten funtzio nagusiarekin batera, enpresa txiki eta ertainei nazioartekotzen eta lehiakortasuna handitzen laguntzeko duten funtzioa indartzen du.

Ganberak funtsezko erakundeak direnez gure herrialdeko arlo ekonomikorako, egungo testuinguru ekonomikoan bermatu egin behar da haien jasangarritasun ekonomikoa. Hori dela-eta, Legeak ezartzen duen sarreren sistema ganberek ematen dituzten zerbitzuetan eta enpresen edo erakundeen borondatezko ekarpenetan oinarritzen da batez ere, 19. eta 31. artikuluetan ezarritakoarekin bat. Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioak, tributu-erreformaren esparru orokorrean, eta, bereziki, irabazi-asmorik gabeko erakundeen araubide fiskalaren esparruan, ganberek bete beharreko baldintzak aztertuko ditu, egiten zaizkien ekarpenei zerga-araubide berria aplika dakien.

Arau-esparru berriaren alderdi garrantzitsuenetako bat autonomia-erkidegoen eskumenei dagokiena da; izan ere, autonomia-erkidegoei, Administrazio babesle gisa, ahalmen zabalagoak ematen zaizkie dagokien ganberaren lurralde-antolamendua eta gobernu-organoak zehazteko, beren lurraldeko errealitate ekonomikoari erantzun egokiagoa ematearren eta enpresen ordezkaritza zuzena sustatzearren, ganberei egiten dizkieten ekarpenen arabera.

Beste berritasun bat ere badakar Lege honek, Espainiako Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofiziala sortzen baitu. Ganbera horrek ganberen multzoa ordezkatuko du estatuko eta nazioarteko hainbat erakunderen aurrean, eta Espainiako ganberen multzoari eragiten dioten ekintzak koordinatu eta sustatuko ditu.

Espainiako Ganberak, gainera, autonomia-erkidegoetako ganberen lankidetzarekin, Nazioartekotzeko Ganbera Plana prestatu eta gauzatu beharko du, Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioarekin egindako lankidetza-hitzarmen baten bidez. Ganbera Plan horrek funtsezko garrantzia izango du Espainiako enpresen nazioartekotzea sustatzeari begira. Horrez gain, Espainiako Ganberak eta Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioak Lehiakortasunerako Plana adostuko dute bi urtean behin, eta, bertan, ganberek enpresen lehiakortasuna sustatzeko gauzatuko dituzten programa eta jarduera guztiak zehaztuko dira. Lege honek, era berean, Espainiako Ganberaren eta martxoaren 16ko 786/1979 Errege Dekretuaren bidez (Ganberen Estatutu Orokorra erregulatzeko arauak ezartzen dituena) zuzentzen diren eta atzerrian ofizialki aitortuta dauden merkataritza-ganbera espainiarren arteko lotura jasotzen du. Ganbera horiek atzerrian askatasunez eratutako elkarteak dira eta ezarrita dauden herrialdeko legedira meneratuta daude; bada, Estatuak, orain, ofizialki aitortu ahal izango ditu, Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioaren bidez.

Lege honen 22. eta 25. artikuluetan ezarritakoarekin bat, ganbera horiek lankidetza- eta ordezkaritza-hitzarmenak sinatu ahal izango dituzte Espainiako Ganberarekin beren jurisdikzioetan, jurisdikzio horietan Nazioartekotzeko Ganbera Plana gauzatzen parte hartu ahal izango dute, eta, bi kideren bidez, Espainiako Ganberaren Osoko Bilkuran ordezkatuta egon ahal izango dira.

II Legeak 37 artikulu ditu orotara, sei kapitulutan egituratua, eta hiru xedapen gehigarri, hiru xedapen iragankor, xedapen indargabetzaile bat eta hiru azken xedapen.

I. kapituluak ganberen izaera eta funtzioak arautzen ditu. Zuzenbide publikoko korporazio izaerari eutsiko diote eta, aurreko araudian bezala, funtzio publikoadministratiboak betetzen jarraituko dute. Hala ere, beste eginkizun batzuk ere esleitzen zaizkie; adibidez, lege-betekizunak betetzen dituztela egiaztatzea eta merkataritzako nahiz industriako establezimenduak egiaztatzea, eta ekonomia- eta enpresa-jarduerak hasteko eta garatzeko zein enpresetako ekonomia digitala ezartzeko prozeduren arloan berrikuntza eta sinplifikazio administratiboa bultzatzea. Era berean, ganberak herriadministrazioekin lankidetzan aritu ahal izango dira, lankidetza-hitzarmenak sinatuta, orain arte bezala; horrez gain, ganberek enpresa-erakundeekin hitzarmenak edo bestelako lankidetza-tresnak hitzartzeko aukera ere ezartzen da, euren jarduerak koordina ditzaten. Halaber, herri-administrazioek ganberen jarduerak babesten eta kontrolatzen jarraituko dute, jarduera horiek garrantzi handiko eduki ekonomikoa duten kasuetan.

Azkenik, izenaren erreserba egiten da, bai merkataritza, industria, zerbitzu eta nabigazioko ganbera ofizialetarako, bai Espainiako Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizialerako.

II. kapituluan, ganberen jarduketarako eta antolamendurako lurralde-eremua zehazten da, eta autonomia-erkidegoko, probintziako nahiz tokiko ganberak izateko aukera ere jasotzen da, baita Ganberen Kontseiluak edo antzeko erakundeak izatekoa ere. Hori guztia, oinarrizko araudia garatzen duen legediak xedatzen duenaren arabera, zeinak autonomia-erkidego bakoitzeko ekonomiaren eta enpresen errealitatera egokitu ahal izango baituen ganberen mugapena. Probintzia bakoitzeko Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizial bat egon beharko da, gutxienez. Era berean, ganberen gobernu-organoen antolamendua ezartzen da; zehazki, hauek izango dira:

osoko bilkura, batzorde beterazlea eta presidentea. Osoko bilkurari dagokionez, eta berrikuntza gisa, aldatu egiten da bere osaera, kideen kopurua sektore ekonomikoen ordezkagarritasunera zuzen egokitzeko helburuarekin; hala, haren bi heren, gutxienez, sufragio aske, berdin, zuzen eta isilpekoaren bidez hautatuko dira. Halaber, osoko bilkuretan ordezkari zuzena izango dute ganberei borondatezko ekarpen handienak egiten dizkieten enpresek eta enpresa-erakunde adierazgarrienek. Ganberen babesle diren administrazioek ahalmena izango dute, beren lurraldeko errealitate ekonomikoa aintzat hartuta, osoko bilkuretan hainbat talderen partaidetza zehazteko. Idazkari nagusiaren eta zuzendari kudeatzailearen lanpostuak modu independentean arautzen dira, eta berariaz jasotzen da enplegu edo kargu publikoa izateko desgaituta daudenak ezin izango direla gobernu-organoetako kide izan eta ezin izango dutela zuzendaritza-posturik bete.

Azkenik, ezartzen da merkataritza, industria, zerbitzu eta nabigazioko ganbera ofizialek enpresen errolda publiko bat egingo dutela, eta, errolda hori egiteko, eskumena duen tributu-administrazioaren lankidetza izango dutela. Errolda horretako datuei dagokienez konfidentzialtasunez jokatu beharko dute, eta informazioa legez aurreikusitako helburuetarako soilik erabili beharko dute.

III. kapituluan, gobernu-organoetako kideak aukeratzeko hauteskunde-araubidea jasotzen da; zehazki, osoko bilkura, batzorde beterazlea eta presidentea hautatzeko. Alde horretatik, Legeak ezartzen du Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioari dagokiola hauteskunde-prozesuari hasiera ematea, arlo horretan eskumena esleituta daukaten autonomia-erkidegoekin aurretiaz hala adostuta, eta dagokion administrazio babesleak egingo duela hauteskundeetarako deia, lau urtean behin.

IV. kapituluak araubide ekonomikoa jasotzen du, eta, bertan, ganberen jardueraaskatasunean oinarritzen den sistema bat aurreikusten da; horrela, zerbitzuak eskaintzetik eta jarduerak gauzatzetik lortuko dituzte diru-sarrerak, baita ere enpresek borondatez egindako ekarpenetatik, euren ondarearen produktu, errenta eta gehikuntzatik, jaso ditzaketen legatu eta dohaintzetatik, eta Legez jaso dezaketen beste edozein bidetik. Era berean, ondasun higiezinak xedatzeko, bai eta Legeak zehaztutako gainerakoak ere, administrazio babeslearen baimena jaso beharko da.

V. kapituluak Lege honen bidez sortzen den Espainiako Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizialari aplikatzekoa den araudia jasotzen du.

Ganbera horrek desagertutako Ganberen Kontseilu Nagusiaren eskumenak bereganatzen ditu. Espainiako Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizialak lurraldeko ganbera guztiak ordezkatuko eta koordinatuko ditu. Horrez gain, Nazioartekotzeko Ganbera Plan berria eta Lehiakortasunerako Ganbera Plan berria betearaziko ditu; bi plan horiek Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioarekin egindako lankidetza-hitzarmen egokien bidez garatuko dira. Espainiako Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizialaren gobernu- eta administrazio-organoak osoko bilkura, batzorde beterazlea eta presidentea izango dira; horiek guztiek Espainiako errealitate ekonomikoa islatuko dute, eta kideen artean nazioan adierazgarrien diren enpresen, enpresa-elkarteen eta autonomoen ordezkariak izango dituzte. Gainera, Ganberen Batzar Nagusi bat sortzea aurreikusten da, kontsulta-erakunde gisa, funtzioak betetzean ganbera guztien parte-hartzea sustatzeko. Bestalde, merkataritza, industria, zerbitzu eta nabigazioko ganbera ofizialetan bereiz arautzen dira idazkari nagusiaren eta zuzendari kudeatzailearen figurak, eta zehazten da enplegu edo kargu publikoa betetzeko desgaituta daudenak ezin izango direla gobernu-organoetako kide izan, eta ezin izango dutela zuzendaritza-postuetan egon.

Azkenik, VI. kapituluan, korporazio horien araubide juridikoa eta aurrekontuen araubidea ezartzen dira. Bertan, lurralde-ganbera guztien eta Espainiako Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizialaren gai komunak jasotzen dira, araubide juridikoari eta aurrekontu-araubideari dagokienez; gai horien artean, babesprintzipioa nabarmentzen da, Espainiako Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizialak eta merkataritza, industria, zerbitzu eta nabigazioko ganbera ofizialek beren jarduera gauzatzean bete beharrekoa.

Lehenengo xedapen gehigarria merkataritza, industria eta nabigazioko ganbera ofizialetako enplegatuen eskubide eta bermeei buruzko 1936ko ekainaren 13ko Dekretuaren babesean dagoen pertsonalari buruzkoa da; horiek indarrean dagoen lanlegediaren mende egongo dira aurrerantzean, ganberetako langileen araubide juridikoa homogeneizatzearren. Hortaz, araubide hori langile guztiei aplikatzen zaien egungo lanlegedira egokituko da. Bigarren xedapen gehigarria Espainiako Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizialaren presidentearen ordezkaritza- eta protokoloaraubideari buruzkoa da. Hirugarren xedapen gehigarriak ezartzen du Lege honetan zehaztutakoaren ondorioetarako kontuan izango direla Euskadiko Kontzertu Ekonomikoaren eta Nafarroako Foru Erkidegoko Hitzarmen Ekonomikoaren araubideak.

Xedapen iragankorrei dagokienez, lehenengoak 2015eko urtarrilaren 31ra arteko epea ematen du araudi autonomikoa egokitzeko, eta hiru hilabetekoa lurralde-ganberen barne-araubideari buruzko erregelamenduak egokitzeko. Era berean, lehenengo xedapen iragankor horrek ezartzen du Espainiako Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofiziala 2015eko urtarrilaren 31 baino lehen eratu beharko dela, Merkataritza, Industria eta Nabigazioko Ganbera Ofizialen Kontseilu Nagusitik abiatuta. Halaber, Espainiako Ganbera Ofizialak eratzen denetik hiru hilabeteko epea izango du bere barnearaubideari buruzko erregelamendua prestatzeko, erregulazio berriarekin bat. Espainiako Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizialak Merkataritza Ganberaren Kontseilu Nagusiaren eskubide eta obligazio guztiak subrogatuko ditu, eta bere ondasun guztien titularra izango da. Bigarren xedapen iragankorrak adierazten du ganberetako osoko bilkuretako eta ganberen kontseiluetako kideek dauzkaten funtzioak betetzen jarraituko dutela, gobernu-organo berriak Lege honek xedatzen duenarekin bat eratzen diren arte. Halaber, aipatutako xedapen iragankorrak aurreikusten du ganberaren osoko bilkuraren hasierako eraketaren unean, ekarpentzat joko dela sortutako eta abonatutako azken ganbera-kuotaren zenbatekoa. Era honetara, bermatuko da jarduera ekonomikoaren sektoreak eta fakturazio handiena duten eremu nazionaleko enpresa handiak ordezkatuta egotea, Lege honetako 25.2.b) artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako. Osoko bilkura eratzen denetik urtebetera, ordezkari horiek berritu egingo dira, epe horretan egindako borondatezko ekarpenen arabera. Hirugarren xedapen iragankorrak aurreikusten du preskribatu gabeko ganbera-kuotak ordaintzeko obligazioa mantendu egingo dela.

Xedapen indargabetzaileak Lege hau onartzean indargabetuta geldituko den araudia identifikatzen du.

Bukatzeko, azken xedapenetako lehenak Estatuari arau hau onartzeko ahalmena ematen dioten eskumen-tituluak zehazten ditu; bigarrenak Lege hau garatzeko gaikuntza ematen dio Gobernuari, eta hirugarrenak adierazten du Legea Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta ondorengo egunean sartuko dela indarrean.

I. KAPITULUA Izaera eta funtzioak 1. artikulua. Xedea.

Lege honen xedea merkataritza, industria, zerbitzu eta, halakorik bada, nabigazioko ganbera ofizialen oinarrizko araubidea ezartzea da, baita Espainiako Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizialaren araubide espezifikoa ezartzea ere.

2. artikulua.  Izaera eta araubide juridikoa.

1.  Merkataritza, industria, zerbitzu eta nabigazioko ganbera ofizialak zuzenbide publikoko korporazioak dira; nortasun juridikoa daukate, bai eta jarduteko gaitasun osoa ere, beren funtzioak betetzeko. Herri-administrazioen kontsultarako eta lankidetzarako organoak dira, baina interes pribatuak ere badituzte. Ganbera ofizialen egitura eta funtzionamendua demokratikoak izan behar dira.

2.  Merkataritza, industria, zerbitzu eta nabigazioko ganbera ofizialek Lege honetan xedatutakoa bete beharko dute, baita Estatuko Administrazio Orokorrak edo gaian eskumena duten autonomia-erkidegoek Lege hau garatzeko onartutako arauetan xedatutakoa ere. Ordezko moduan, herri-administrazioen egiturari eta funtzionamenduari buruzko legedia aplikatuko zaie, beren izaerarekin eta helburuekin bateragarria den heinean. Kontratazioa eta ondare-araubidea zuzenbide pribatuaren bidez eraenduko dira, eta publizitatea, gardentasuna eta diskriminaziorik eza bermatzen dituen prozedura zabalduko da horietarako.

3. artikulua. Helburua.

Merkataritza, industria, zerbitzu eta nabigazioko ganbera ofizialen helburua merkataritzaren, industriaren, zerbitzuen eta nabigazioaren interes orokorrak ordezkatzea, sustatzea eta defendatzea da, baita adierazitako jardueretan aritzen diren enpresei zerbitzuak ematea ere. Era berean, Lege honek esleitzen dizkien izaera publikoko eskumenak beteko dituzte, baita herri-administrazioek ordenamendu juridikoan aurreikusitako tresnen bidez esleitzen dizkietenak ere. Merkataritza, industria, zerbitzu eta nabigazioko ganbera ofizialek, beren helburuak lortzeko jarduerak garatzean, ez diete kalterik egingo sindikatu-askatasunari, enpresarien elkartzeko eskubideari, horrelako elkarteek enpresarien interesak ordezkatzeko duten ahalmenari, ez eta legez osatzen diren bestelako antolamendu sozialen jarduketei ere.

4. artikulua.  Izenaren erreserba.

Lege honetan arautzen diren erakundeek salbu, ezein pertsona fisiko edo juridikok edo erakundek ezin ezingo ditu erabili ondorengo termino hauek bere izendapenean: Espainiako Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofiziala; Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofiziala; edo Merkataritza Ganbera; zehazki, pertsona edo erakunde batek funtzioak eta eragiketak egiteko aukeratzen duen izenean, eta antzeko terminoak ere ezin izango ditu erabili, nahasmena eragiteko modukoak direnean. Nolanahi ere, ez zaie kalterik egingo ganberek edo kontseiluek beren helburuak betetzeko beren borondatez sortutakoei edo sustatutakoei, ez eta Espainian dauden atzerriko herrialdeetako ganbera ofizialetakoei ere.

5. artikulua. Funtzioak.

1.  Merkataritza, industria, zerbitzu eta nabigazioko ganbera ofizialek izaera publikoadministratiboko funtzio hauek izango dituzte:

a)  Jatorri-ziurtagiriak eta nazioko zein nazioarteko merkataritza-zirkulazioarekin zerikusia duten gainerako ziurtagiriak jaulkitzea, indarreko araudian aurreikusitako kasuetan.

b)  Merkataritzako ohiturak eta usadioak biltzea, baita negozioetako jardunbideak eta erabilerak ere, eta horien existentziari buruzko ziurtagiriak jaulkitzea.

c)  Herri-administrazioen aholkularitza-organo izatea, administrazio horiek ezartzen dituzten baldintzetan, merkataritzaren, industriaren, zerbitzuen eta nabigazioaren garapenerako.

d)  Kanpo-merkataritza laguntzeko eta sustatzeko jarduerak garatzea.

e)  Eskumena duten administrazioekin, lantokietan prestakuntza praktikoa antolatzen parte hartzea, baita Lanbide Heziketako ikaskuntzetan eta Lanbide Heziketa Dualeko ekintzetan eta prestakuntza-ekimenetan ere; batez ere, lantoki eta enpresak hautatzeko eta balioztatzeko orduan, ikasleen tutoreak izendatzeko eta horiek prestatzeko orduan, eta programazioa betetzen dela kontrolatzeko eta ebaluatzeko garaian, enpresaerakundeei arlo horretan eslei dakizkiekeen funtzioei kalterik egin gabe.

f)  Estatuko Administrazio Orokorrak hala eskatzen duenean, eta kasu bakoitzean ezartzen den baldintzetan, enpresak laguntzeko programa publikoak izapidetzea, baita enpresekin zerikusia duten zerbitzu publikoak kudeatzea ere, horiek kudeatzea Estatuko Administrazioari dagokionean.

g)  Lege honen 8. artikuluan ezarritako baldintzetan, enpresa guztien errolda publikoa kudeatzea, baita bere mugapean dauden establezimendu, ordezkaritza eta agentziena ere.

h)  Enpresa-leihatila bakar gisa jardutea, eskumena duten herri-administrazioek hala eskatzean.

i)  Herri-administrazioekin elkarlanean aritzea ekonomia- eta enpresa-jarduerak hasteko eta horiek garatzeko prozeduren sinplifikazio administratiboan, baita araubide ekonomikoa eta enpresa-araubidea hobetzen ere.

j)  Enpresa txikien eta ertainen lehiakortasuna areagotzera bideratutako jarduketak sustatzea, baita enpresetan berrikuntza eta transferentzia teknologikoa bultzatzea ere.

k)  Enpresen ekonomia digitala ezartzeko prozesua bultzatzea eta arlo horretan herri-administrazioekin elkarlanean aritzea.

l)  Europar Batasuneko funtsak kudeatzeko agintariek bidezkotzat jotzean, ganberek enpresen lehiakortasuna hobetzera zuzendutako Europar Batasuneko funtsak kudeatzen parte hartu ahal izango dute.

2.  Merkataritza, industria, zerbitzu eta nabigazioko ganbera ofizialei, halaber, jarraian zerrendatzen diren funtzio publiko-administratiboak garatzea egokituko zaie, autonomiaerkidegoek, hala dagokionean, zehazturiko moduan eta hedadurarekin.

a)  Herri-administrazioei merkataritza, industria, zerbitzuak eta nabigazioa sustatzeko beharrezkotzat edo egokitzat jotzen dituzten erreformak edo neurriak proposatzea.

b)  Merkataritzaren, industriaren, zerbitzuen eta nabigazioaren lehiakortasuna areagotzeko diseinatzen diren planak prestatzen, garatzen, gauzatzen eta horien jarraipena egiten elkarlanean aritzea.

c)  Herri-administrazioekin elkarlanean aritzea, enpresak sortzeko laguntza- eta aholkularitza-organo gisa.

d)  Herri-administrazioekin elkarlanean aritzea, jarduketa materialak gauzatuz, legebetekizunak betetzen direla egiaztatzeko eta merkataritza- nahiz industriaestablezimenduek indarrean dagoen araudi orokorrean eta sektoreko araudian ezarrita dagoena betetzen dutela ziurtatzeko.

e)  Beren eskumenez baliatzeko beharrezkotzat jotzen dituzten estatistikak, ebaluazio-inkestak eta azterlanak egitea.

f)  Azokak eta erakusketak sustatzea eta horiek antolatzen elkarlanean aritzea.

g)  Irakaskuntza-zentro publikoek edo pribatuek, eta, halakorik bada, eskumena duten herri-administrazioek ezarritako prestakuntza-programetan elkarlanean aritzea.

h)  Ordenamendu juridikoak zehazturiko kasuetan eta hedadurarekin, autonomiaerkidegoen arau-proiektuak informatzea, arau-proiektu horiek merkataritzaren, industriaren, zerbitzuen edo nabigazioaren interes orokorrei zuzenean eragiten dietenean.

i)  Enpresentzako laguntza publikoen programak izapidetzea, kasu bakoitzean ezarritako baldintzetan, eta enpresekin zerikusia duten zerbitzu publikoak kudeatzea, horiek kudeatzea administrazio autonomikoari dagokionean.

j)  Eskumena duen administrazioarekin lankidetzan aritzea, merkataritza, industria, zerbitzuak eta nabigazioa sustatzearren egiten diren azterlanak, lanak eta ekintzak informatuz.

k)  Eskumena duten herri-administrazioekiko kooperazioaren eta lankidetzaren esparruan, turismoa sustatzen laguntzea.

l)  Eskumena duten administrazioekin lankidetzan aritzea, laneko esperientziaren bidez eskuratutako lanbide-gaitasunak aitortzeko ebaluazio- eta egiaztatze-prozedurei buruzko informazioa eta orientazioa errazteko, eta prozedura horretako fase batzuk gauzatu ahal izateko instalazio zein zerbitzuak utziz, administrazioek hala ezartzen dutenean.

m)  Autonomia-erkidegoek, beren eskumenez baliatzean, beharrezkotzat jotzen duten beste edozein funtzio ere gauzatu ahal izango dute merkataritza-ganberek.

3.  Merkataritza, industria, zerbitzu eta nabigazioko ganbera ofizialek beste jarduera batzuk ere egin ahal izango dituzte, izaera pribatua izango dutela eta lehia askearen araubidean, baldin eta mesedegarriak badira merkataritza, industria, zerbitzuak eta nabigazioa defendatzeko, babesteko edo sustatzeko, edota erabilgarriak badira adierazitako helburuak garatzeko; bereziki, enpresei informazioa eta aholkularitza emateko zerbitzuak ezarri ahalko dituzte. Era berean, funtzio hauek ere gauzatu ahal izango dituzte: enpresaren antolamenduari eta kudeaketari buruzko prestakuntza zabaldu eta ematea; enpresak ziurtatzeko eta homologatzeko zerbitzuak eskaintzea; eta frankiziako, azpiproduktuetako, azpikontratazioetako eta hondakinetako poltsak sortzea, kudeatzea eta administratzea, baita kontratazio-lonjak ere. Guztia ere, jarduera horiek gauzatzeko sektorean indarrean den araudian eskatzen diren betekizunak betez.

Bitartekaritza-jarduerak ere egin ahal izango dituzte, baita merkataritza-arbitrajekoak ere, hala nazioan nola nazioartean, indarreko legedian zehaztutakoarekin bat.

4.  Merkataritza, industria, zerbitzu eta nabigazioko ganbera ofizialek, beren funtzioak behar bezala betetzeko, eta betiere aurrez administrazio babeslearen baimena jasota, era guztietarako elkarte, fundazio eta sozietateak sustatu ahal izango dituzte, zibilak edo merkataritzakoak, bai eta horietan parte hartu ere; halaber, egoki diren lankidetzahitzarmenak egin ahal izango dituzte. Administrazio babesleak zehaztuko ditu egoki diren jarraipen-mekanismoak.

5.  Aurreko paragrafoan aipaturiko baimena ematean, administrazio babesleak ez du inolako erantzukizunik bereganatuko, ez nagusirik, ez subsidiariorik, merkataritzaganberek beren jarduera pribatuen esparruan egindako jardueretatik eratorritako eskubide eta betebeharrei dagokienez.

6.  Merkataritza, industria, zerbitzu eta nabigazioko ganbera ofizialek eta Espainiako Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizialak, beren funtzioak behar bezala gauzatu ahal izateko, azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Sektore Publikoaren Kontratuen Legearen testu bategineko 4.1 artikuluko c) eta d) hizkietan aurreikusitako hitzarmenak egin ahal izango dituzte, hitzarmen horiek egiteko baldintzak betetzen badira. Kontratuak ere egin ahal izango dituzte, eta, kontratu horietan, herri-administrazioak aipatutako testu bategineko eskakizunetara egokituko dira; halaber, indarreko ordenamendu juridikoak baimentzen dituen gainerako tresnez baliatu ahal izango dira. Funtzio publiko-administratiboak gauzatzeko orduan, herri-administrazioekin modu egokian koordinatuta jardungo dira, egoki diren lankidetza-tresnak sinatuta, eta gaian eskumena duten administrazioek onarturiko jarduera-planak betez. Era berean, merkataritza, industria, zerbitzu eta nabigazioko ganbera ofizialek eta Espainiako Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizialak hitzarmenak edo bestelako lankidetza-tresnak izenpetu ahal izango dituzte, euren jarduerak eta enpresa-erakundeenak modu egokian koordinatzeko.

7.  Funtzio publiko-administratiboak betetzean, ganberek inpartzialtasuna eta gardentasuna bermatuko dituzte.

8.  Merkataritza, industria, zerbitzu eta nabigazioko ganbera ofizialek eta Espainiako Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizialak, euren jarduerak gauzatzean, desgaitasuna daukaten pertsonen irisgarritasun-baldintzak errespetatuko dituzte, aplikatzekoa den araudiak ezartzen duen moduan.

Ematen duten informazioa, edozein formatutan, eta, oro har, hartzailearentzako arreta-zerbitzuak eta instalazioak desgaitasuna duten pertsonak horietara iristeko modukoak izan beharko dira. Horretarako, kontuan izango dira desgaitasun mota bakoitzeko beharrak, eskura jarriko dira baliabideak eta laguntzak, eta arrazoizkoak diren egokitzapenak egingo dira.

II. KAPITULUA Lurralde-eremua eta antolamendua 6. artikulua. Lurralde-eremua.

1.  Autonomia-erkidegoko, probintziako eta tokiko eremuetan izan ahalko dira merkataritza, industria, zerbitzu eta nabigazioko ganbera ofizialak, eta, hala dagokionean, ganberen kontseiluak ere egon ahalko dira, garapenerako legedi autonomikoak ezarritakoarekin bat; legedi autonomiko horrek autonomia-erkidego bakoitzeko ekonomiaren eta enpresen errealitatera egokitu ahal izango du ganberen lurraldemugapena. Lurralde-eremu desberdinetako ganberak batera egon ahal izango dira.

Probintzia bakoitzean Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizial bat egongo da, gutxienez; hala eta guztiz ere, horri dagozkion funtzio eta zerbitzu batzuk dagokion autonomia-erkidegoko lurralde-eremuko beste merkataritza, industria, zerbitzu eta nabigazioko ganbera ofizial batek gauzatu ahal izango ditu.

2.  Merkataritza, industria, zerbitzu eta nabigazioko ganbera ofizialek eta ganberen kontseiluek garapenerako araudi autonomikoan zehaztutako funtzioak gauzatu ahal izango dituzte; betiere, Lege honen edukia kontuan hartuta.

3.  Administrazio babesleak arautuko du zein kasutan eta zein prozeduraren bidez sortu, integratu, bateratu, desegin, likidatu eta xedatuko den merkataritza, industria, zerbitzu eta nabigazioko ganbera ofizialen eta ganberen kontseiluen ondarea, Lege honen 37.3 artikuluan ezarritakoarekin bat.

7. artikulua.  Ganberei atxikitzea.

1.  Lurralde nazionalean merkataritza, industria, zerbitzu edo nabigazioko jardueretan aritzen diren pertsona fisiko edo juridiko nazional edo atzerritarrak merkataritza, industria, zerbitzu eta nabigazioko ganbera ofizialetako kide izango dira, horien barrutian establezimenduak, ordezkaritzak edo agentziak badituzte. Nolanahi ere, horrek ez die inolako obligazio ekonomikorik sortuko, ez eta ezein motako administrazio-zamarik ere.

Pertsona horien atxikipena ofizioz egingo da.

2.  Pertsona fisiko edo juridiko bat merkataritza, industria, zerbitzu edo nabigazioko jarduera batean aritzen dela joko da jarduera horren ondorioz ekonomia-jardueren gaineko zergari atxikita gelditzen denean edo merkataritza, industria, zerbitzu eta nabigazioko ganberei dagokien lurraldean zerga hori ordezten duen tributuari atxikita gelditzen denean.

3.  Oro har, artikulu honen 1. paragrafoan bildutako jardueratzat joko dira merkataritza-zirkulazioarekin zerikusia duten guztiak, Lege honek edo sektoreko legedi espezifikoak berariaz kanpoan uzten dituenak izan ezik.

Betiere, kanpoan egongo dira pertsona fisikoek eskaintzen dituzten izaera primarioko nekazaritzako, abeltzaintzako eta arrantzako jarduerak eta aseguru nahiz berraseguru pribatuetako bitartekaritza-zerbitzuak, baita lanbide liberalei dagozkienak ere.

8. artikulua.  Errolda publikoa.

Merkataritza, industria, zerbitzu eta nabigazioko ganbera ofizialek enpresen errolda publikoa egingo dute, eta, bertan, lurralde nazionalean merkataritza, industria, zerbitzu eta nabigazioko jardueretan aritzen diren pertsona fisiko eta juridikoak zerrendatuko dituzte, nazionalak eta atzerritarrak. Errolda hori egiteko, eskumena duen tributuadministrazioaren lankidetza izango dute, baita beharrezkoa den informazioa ematen duten bestelako administrazioena ere. Kasu guztietan, konfidentzialtasuna bermatuko dute errolda horretako datuei dagokienez, eta aurreikusitako xedeetarako soilik erabiliko dute bertan jasotako informazioa.

Enpresen errolda publikoa egiteko, tributu-administrazioek enpresen ekonomiajardueren gaineko zergari eta erroldari buruzko beharrezko datuak emango dizkiete Espainiako Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizialari eta merkataritza, industria, zerbitzu eta nabigazioko ganbera ofizialei. Ganbera bakoitzean, osoko bilkurak zehaztutako enplegatuek soilik izango dute tributu-administrazioak emandako informazio horretarako sarbidea.

Informazio hori baliatuko da enpresen errolda publikoa egiteko, Lege honek ganberei esleitzen dizkien funtzio publiko-administratiboak betetzeko, eta Lege honetako 17. artikuluan aipatzen den hauteskunde-errolda egiteko.

Adierazitako datuei dagokienez, pertsonal horrek zerga-administrazioko funtzionarioek isilean gordetzeko duten betebehar berbera izango dute. Betebehar hori ez betetzea oso arau-hauste larria izango da beren diziplina-araubidean.

9. artikulua. Antolamendua.

1.  Merkataritza, industria, zerbitzu eta nabigazioko ganbera ofizialetako gobernuorganoak osoko bilkura, batzorde beterazlea eta presidentea dira.

2.  Horiez gain, idazkari nagusi bat, zuzendaritzako pertsonala eta funtzioak behar bezala betetzeko beharrezkoa den lan-kontratudun pertsonala izango dira ganberetan.

3.  Enplegu edo kargu publikoa izateko desgaituta daudenak ezin izango dira gobernu-organoetako edo idazkari nagusi izan, eta ezin izango dute artikulu honetan adierazitako zuzendaritza-posturik bete.

10. artikulua.  Osoko bilkura.

1.  Osoko bilkura Ganberaren gobernu- eta ordezkaritza-organo gorena da.

Gutxienez 10 kide izango ditu eta gehienez 60, eta lau urteko agintaldia izango dute.

2.  Osoko bilkura osatzen duten kideak talde hauetan egongo dira zehaztuta:

a)  Osoko bilkurako kideen gutxienez bi heren ganberetako kide diren enpresa guztien ordezkariak izango dira; horretarako, sektore ekonomikoen adierazgarritasuna hartuko da kontuan, administrazio babesleak zehaztutako irizpideei jarraiki, kontuan hartuta sektore horrek BPGri egiten dion ekarpena, enpresen kopurua, eta enplegua. Kide horiek mugapean merkataritza, industria, zerbitzu eta nabigazioko jarduera batean aritzen diren pertsona fisiko eta juridiko guztien artean hautatuko dira, sufragio aske, berdin, zuzen eta isilpekoaren bidez.

b)  Ganbera bakoitzaren barrutiko enpresen ordezkariak eta arlo ekonomikoan prestigio aitortua duten pertsonak, administrazio babesleak ezartzen duen moduan, adierazgarrien diren sektoreek eta enpresa-erakundeek hala proposatuta. Helburu horretarako, aipatutako enpresa-erakundeek hautagaien zerrenda aurkeztuko dute, hautatu beharreko kide-kopurukoa.

c)  Mugapen bakoitzean borondatezko ekarpen handiena egiten duten enpresen ordezkariak, administrazio babesleak zehaztutako moduan aukeratuta.

3.  Ganberaren lurralde-eremuko arlo ekonomikoan prestigio aitortua duten pertsonak osoko bilkuretara joan ahal izango dira; hitza izango dute, baina botorik ez. Horretarako, presidenteak zerrenda bat proposatuko die a), b) eta c) hizkietako kideei, hautatu beharreko kide-kopuruaren herenetik gorakoa.

4.  a), b) eta c) hizkietan zerrendatutako osoko bilkurako kideek Ganberako presidentea hautatuko dute, baita 3. paragrafoan aurreikusten diren prestigio aitortua duten pertsonak ere.

5.  Aurreko paragrafoetan zehaztutako talde bakoitzeko kide-kopurua administrazio babesleek ezarriko dute; kasu guztietan bermatuko da gutxienez bi heren ganberetako kide diren enpresa guztien ordezkariei egokitzen zaizkiela. Kide horiek sufragio aske, berdin, zuzen eta isilpekoaren bidez hautatuko dira.

6.  Idazkari nagusia eta zuzendari kudeatzailea, halakorik bada, osoko bilkuraren bileretara joango dira, eta hitza izango dute baina botorik ez.

11. artikulua.  Batzorde betearazlea.

Batzorde betearazlea Ganberaren kudeaketa-, administrazio- eta proposamen-organo iraunkorra da. Presidenteak, presidenteordeek, diruzainak eta zehazten diren osoko bilkurako kideek osatuko dute. Administrazio babesleak zehaztuko du batzordea zenbat kidek osatuko duten. Gainera, ordezkari bat izendatu ahal izango du, eta ordezkari horri nahitaez egin beharko zaio aipatutako gobernu-organoaren bileretarako deia. Era berean, idazkari nagusia eta zuzendari kudeatzailea, halakorik bada, batzorde betearazlearen bileretara joan dira; hitza izango dute, baina botorik ez.

12. artikulua. Presidentea.

Presidentea Ganberaren ordezkaria izango da, eta bertako kide anitzeko organo guztien presidentetza izango du; berak izango du, halaber, Ganberaren akordioak betearazteko ardura. Osoko bilkurak hautatuko du presidentea, barne-araubideari buruzko erregelamenduak zehazten duen moduan.

13. artikulua.  Idazkari nagusia.

1.  Ganberek idazkari nagusi bat izango dute; idazkari nagusi hori lizentziaduna edo goi-mailako tituluduna izan beharko da. Lanpostu hori lan-kontratazioko erregimenaren mende egongo da.

2.  Osoko bilkurak izendatuko eta kargugabetuko du idazkari nagusia, kideen erdiak gehi batek hartutako erabaki arrazoituaren bidez. Izendapena egin baino lehen, lanpostuaren deialdi publikoa egin beharko da.

3.  Idazkari nagusiak ondoko funtzio hauek izango ditu, besteak beste: osoko bilkuraren eta batzorde betearazlearen bileretara joatea (hitza izango du, baina botorik ez), eta gobernu-organoek hartutako akordioen legezkotasuna zaintzea.

14. artikulua.  Zuzendari kudeatzailea.

1.  Ganberek zuzendari kudeatzaile bat izendatu ahal izango dute, esleitzen zaizkion funtzio betearazleak eta zuzendaritzakoak betetzeko. Zuzendari kudeatzaile hori lizentziaduna edo goi-mailako tituluduna izan beharko da. Lanpostu hori lan-kontratazioko erregimenaren mende egongo da.

2.  Osoko bilkurak izendatuko eta kargugabetuko du zuzendari kudeatzailea, presidentearen proposamenari jarraiki, eta kideen erdiak gehi batek hartutako erabaki arrazoituaren bidez, zuzendari kudeatzaileak bere funtzioak ondo beteko dituela bermatzeko.

3.  Zuzendari kudeatzailerik ez dagoen kasuetan, idazkari nagusiak beteko ditu hari dagozkion funtzioak.

15. artikulua. Pertsonala.

Ganberen zerbitzura ari den pertsonala indarrean dagoen lan-araudiaren mende egongo da.

16. artikulua.  Barne-araubideari buruzko erregelamendua eta Jardunbide Egokien Kodea.

1.  Ganbera bakoitzak bere barne-araubideari buruzko erregelamendua izango du; osoko bilkurak proposamena egingo du, eta administrazio babesleak onespena emango dio. Administrazio horrek, gainera, aldaketak sustatu ahal izango ditu barne-araubideari buruzko erregelamenduan.

2.  Erregelamenduan ondoko alderdi hauek zehaztuko dira, besteak beste: osoko bilkuraren egitura, funtzioak, kopurua, batzorde betearazleko kideak hautatzeko modua eta gobernu-organoen funtzionamendu-arauak.

3.  Ganberek, halaber, Jardunbide Egokien Kodea prestatu beharko dute, beren funtzio publiko-administratiboak betetzean inpartzialtasuna eta gardentasuna bermatzeko.

III. KAPITULUA Hauteskunde-araubidea 17. artikulua. Hauteskunde-errolda.

1.  Ganberen hauteskunde-errolda osatuko dute merkataritza, industria, zerbitzu edo nabigazioko jardueretan aritzen diren pertsona fisiko edo juridiko nazional edo atzerritar guztiek; betiere, Lege honetako 7. artikuluaren arabera salbuetsita ez badaude. Errolda hori batzorde betearazleak prestatuko du, eta urtero berrikusiko du, erreferentzia gisa urtarrilaren 1a hartuta.

2.  Ganberen hauteskunde-errolda artikulu honen 1. paragrafoan ezarritakoaren arabera osatuko da; bertan, hautesle guztiak jasoko dira, taldetan eta kategoriatan sailkatuta, ordezkatuta dauden sektoreen garrantzi ekonomikoaren arabera, eta dagokion administrazio babesleak zehazten duen moduan. Sailkapen hori batzorde betearazleak berrikusiko du, lau urtean behin.

Hauteskunde-errolda osatzen dutenek merkataritza, industria, zerbitzu eta nabigazioko ganbera ofizialetako gobernu-organoak hautatzeko boto-eskubidea izango dute; betiere, horien barrutian establezimenduak, ordezkaritzak edo agentziak badauzkate.

Hautesle izateko, nor bere izenean edota pertsona juridikoen ordezkari gisa, beharrezkoa izango da, batetik, adin nagusikoa izatea, eta, bestetik, hautesle izatea galarazten duen ezein lege-kausatan ez egotea.

3.  Ganberetako gobernu-organoetako kide izan nahi duten hautagaiek ondoko baldintza hauek ere bete beharko dituzte: espainiar nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko estatu kide batekoa, edo Europako Esparru Ekonomikoari buruzko Hitzarmeneko kide den estatu batekoa, edota, dagokion nazioarteko akordio edo hitzarmenaren bidez, aipatutako herritarrentzat aurreikusitako araubide juridikoa bertako nazionalei aplikatzen dien estatu batekoa; horrez gain, aipatutako lurraldeetako edozeinetan gutxienez bi urte eraman behar dituzte enpresa-jardueran, eta ordainduta izan behar dituzte Gizarte Segurantzarekiko tributu-obligazioak.

Beste nazionalitate bat daukaten pertsonak hautagai izan ahalko dira, elkarrekikotasunprintzipioaren arabera; betiere, aurreko lerrokadan eskatzen diren gainerako baldintzak betetzen badituzte.

18. artikulua. Hauteskunde-prozesua.

1.  Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioak zehaztuko du hauteskunde-prozesuaren irekiera, gai horretan eskumena esleituta duten autonomia-erkidegoekin aurretiaz adostuta, eta dagokion administrazio babesleak egin beharko du hauteskundeen deialdia, lau urtean behin.

2.  Hauteskundeen objektibotasuna eta gardentasuna bermatzeko, hauteskundebatzarrak osatuko dira; administrazio babesleak zehaztuko ditu batzar horien osaera eta funtzioak, independentziaz eta eraginkortasunez jardungo direla bermatzeko.

3.  Hauteskunde-erroldari eta hauteskunde-batzarrei egindako erreklamazioei buruz ganberek hartutako erabakien kontra, errekurtsoa jarri ahal izango da administrazio babeslearen aurrean.

IV. KAPITULUA Araubide ekonomikoa 19. artikulua.  Araubide ekonomikoa.

1.  Merkataritza, industria, zerbitzu eta nabigazioko ganbera ofizialek diru-sarrera hauek izango dituzte:

a)  Ganberek eskaintzen dituzten zerbitzuengatik lortutako ohiko eta ezohiko dirusarrerak, eta, oro har, beren jarduerak gauzatzetik lortzen dituztenak.

b)  Ganberen ondarearen produktuak, errentak eta gehikuntzak.

c)  Enpresek edo merkataritza-erakundeek borondatez egindako ekarpenak.

d)  Jaso ditzaketen legatu eta dohaintzak.

e)  Egiten dituzten kreditu-eragiketetatik datozen diru-sarrerak.

f)  Legez eslei dakiekeen beste edozein diru-sarrera, hitzarmen baten bidez edo ordenamendu juridikoarekin bat datorren beste edozein prozeduraren bidez.

2.  Ondare-ondasunak xedatzeko, administrazio babeslearen baimena beharko du, ondasun higiezinen kasuan. Bestelako ondasunei dagokienez, administrazio babesleak zehaztuko du zein kasutan izango den beharrezko bere baimena, zenbateko ekonomikoaren arabera.

V. KAPITULUA Espainiako Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofiziala 20. artikulua.  Izaera eta helburua.

1.  Espainiako Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofiziala zuzenbide publikoko korporazioa da; nortasun juridikoa dauka, bai eta jarduteko gaitasun osoa ere, bere funtzioak betetzeko. Estatuko Administrazio Orokorraren kontsultarako eta lankidetzarako organoa da, baina interes pribatuak ere izan ditzake. Bere egitura eta funtzionamendua printzipio demokratikoen araberakoak izango dira.

2.  Espainiako Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizialaren helburua merkataritzaren, industriaren, zerbitzuen eta nabigazioaren interes orokorrak ordezkatzea, sustatzea eta defendatzea da, baita adierazitako jardueretan aritzen diren enpresei zerbitzuak ematea ere. Era berean, Lege honek esleitzen dizkion eskumenak estatuaren eremuan beteko ditu, baita Estatuko Administrazio Orokorrak ordenamendu juridikoan aurreikusitako tresnen bidez esleitzen dizkionak ere. Espainiako Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizialak, bere helburuak lortzeko jarduerak garatzean, ez die kalterik egingo sindikatu-askatasunari, enpresarien elkartzeko eskubideari, horrelako elkarteek enpresarien interesak ordezkatzeko duten ahalmenari, ez eta legez osatzen diren bestelako antolamendu sozialen jarduketei ere.

3.  Espainiako Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofiziala ondoko hauen ordezkariek osatuko dute: autonomia-erkidegoetako eta Ceutako eta Melillako hiri autonomoetako merkataritza-ganberak, ekarpen handiena egiten duten enpresa handiak, enpresarien eta autonomoen erakundeak, eskumena aintzat hartuta egoki diren ministerioak, eta atzerrian dauden espainiar ganbera-ofizialen federazioak.

Espainiako Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofiziala aipatutako erakunde horiek guztiak ordezkatzeko, harremanetan jartzeko eta koordinatzeko organismoa izango da.

21. artikulua. Funtzioak.

1.  Espainiako Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizialak funtzio hauek izango ditu:

a)  Merkataritzako, industria, zerbitzu eta nabigazioko interes orokorrak sustatzea, estatuko esparruan.

b)  Ganberen multzoa ordezkatzea estatuko eta nazioarteko hainbat erakunderen aurrean.

c)  Ganbera espainiarrei eragiten dieten ekintzak koordinatzea eta sustatzea.

d)  Estatuaren esparruan, eta merkataritza, industria, zerbitzu eta nabigazioko ganberekin koordinatuta, Lege honen 5. artikuluaren 1. paragrafoan aipatzen diren funtzioak betetzea.

e)  Merkataritzari, industriari, zerbitzuei eta nabigazioari zuzenean eragiten dieten legeen aurreproiektuei buruz edo edozein mailako estatuko xedapenei buruz informatzea, indarrean dagoen legedian aurreikusitako izaera eta irismenarekin.

f)  Estatuko Administrazio Orokorrari aholkularitza ematea, horrek ezartzen dituen baldintzetan, merkataritzarekin, industriarekin, zerbitzuekin eta nabigazioarekin lotutako gaietan.

g)  Esleitzen zaizkion funtzio publiko-administratiboak betetzea, Estatuaren osotasunari eragiten diotenean.

h)  Nazioartekotzeko Ganbera Planean eta Lehiakortasunerako Ganbera Planean aurreikusitako jarduerak kudeatzea, Ekonomia eta Lehiakortasunerako Ministerioarekin egindako hitzarmenetan aurreikusitako baldintzetan.

i)  Espainian eta nazioartean, merkataritzako bitartekaritza- eta arbitraje-funtzioak betetzea, indarrean dagoen legedian ezarritakoaren arabera.

2.  Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizialak, bere funtzioak behar bezala betetzeko, eta betiere aurrez administrazio babeslearen baimena jasota, era guztietarako elkarte, fundazio eta sozietateak sustatu ahal izango ditu, zibilak edo merkataritzakoak, bai eta horietan parte hartu ere; halaber, egoki diren lankidetzahitzarmenak egin ahal izango ditu.

22. artikulua.  Nazioartekotzeko Ganbera Plana.

1.  Nazioartekotzeko Ganbera Planak prestakuntzaren eta informazioaren arloetan interes orokorrekoak diren jardueren deskribapenak jasotzen ditu; jarduera horiek batez ere Espainian ekoitzitako ondasun eta zerbitzuak atzerrian eskura daitezen sustatzera daude zuzenduta. Halaber, nazioarteko merkataritzaren operatibari lotutako beste edozer jardueraren deskribapena jasotzen du.

2.  Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioak, aurrez autonomia-erkidegoei kontsulta eginda, urtero onartuko du Espainiako Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizialak aurkezten dion Nazioartekotzeko Ganbera Plana. Plan hori Espainiako Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizialak betearaziko du, Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioarekin egindako hitzarmenaren bidez, eta merkataritza, industria, zerbitzu eta nabigazioko ganberen lankidetzarekin.

3.  Kooperazio-mekanismoak ezarri ahal izango dira Nazioartekotzeko Ganbera Planeko jardueren eta autonomia-erkidego bakoitzak bere eskumenez baliatzean ezarritakoen artean; bereziki, interes espezifikoko jarduketei dagokienez.

4.  Atzerrian dauden Espainiako merkataritza-ganbera ofizialek Nazioartekotzeko Ganbera Planean parte hartuko dute, Espainiako Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizialaren onespenarekin, herrialde edo jurisdikzio bakoitzerako.

Atzerriko ganberek lotura iraunkorra izango dute Espainiako Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizialarekin, eta lankidetza- eta ordezkaritzahitzarmenak sinatu ahal izango dituzte berarekin. Atzerriko ganberek Espainiako Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofiziala ordezkatuko dute haien jurisdikzioetan, aipatutako lankidetza- eta ordezkaritza-hitzarmenetan hala xedatzen denean.

5.  Nazioartekotzeko Ganbera Plana dagozkien herri-administrazioek emandako baliabideen bidez finantzatu ahal izango da, Lege honetako 5.6 artikuluan aurreikusitakoaren eta indarrean dagoen legediaren arabera egokiak diren lankidetzahitzarmenak sinatuz.

23. artikulua.  Lehiakortasunerako Ganbera Plana.

1.  Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioak eta Espainiako Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizialak plan bat sinatuko dute bi urtean behin, aurretik autonomia-erkidegoei kontsulta eginda; plan horretan, enpresa espainiarren lehiakortasuna hobetzeko programak zehaztuko dira, merkataritza, industria, zerbitzu eta nabigazioko ganbera ofizialekin batera garatzekoak.

2.  Espainiako Enpresaren Lehiakortasunerako Ganbera Planak merkataritza, industria, zerbitzu eta nabigazioko ganbera ofizialek espainiar enpresei laguntzeko garatu beharreko hainbat jarduera eta funtzio publiko jasoko ditu; arreta berezia eskainiko zaie enpresa txiki eta ertainei, Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioarekin hitzartutako akordioaren babesean.

3.  Planaren helburua enpresen lehiakortasuna eraginkortasunez hobetuko duten jarduerak antolatzea eta betearaztea da, politika ekonomikoko lehentasunekin bat etorrita.

4.  Planak Espainiako Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizialak sustatuko dituen programak eta jarduerak jasoko ditu, eta autonomia-erkidego bakoitzaren eskumenak erabat errespetatuta egingo da.

5.  Lehiakortasunerako Ganbera Plana dagozkien herri-administrazioek emandako baliabideen bidez finantzatu ahal izango da, Lege honetako 5.6 artikuluan aurreikusitakoaren eta indarrean dagoen legediaren arabera egokiak diren lankidetzahitzarmenak sinatuz.

24. artikulua. Gobernu-organoak.

1.  Espainiako Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizialeko gobernu-organoak osoko bilkura, batzorde beterazlea eta presidentea dira.

2.  Enplegu edo kargu publikoa izateko desgaituta daudenak ezin izango dira gobernu- eta administrazio-organoetako kide izan, eta ezin izango dute idazkari nagusi edo zuzendari kudeatzaile postua bete.

3.  Gobernu- eta administrazio-organoek Espainiako enpresen errealitate ekonomikoa islatuko dute, eta beren kideen artean egongo dira, kapitulu honetan arautzen den eta barne-araubideari buruzko erregelamenduan garatzen den moduan, maila nazionalean adierazgarrien diren enpresen ordezkariak eta enpresarien nahiz autonomoen elkarteen ordezkariak.

4.  Espainiako Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizialeko gobernu-organoen agintaldia lau urtekoa izango da.

25. artikulua.  Osoko bilkura.

1.  Osoko bilkura Espainiako Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizialaren gobernu eta ordezkaritza orokorrerako organo gorena da.

2.  Osoko bilkura ondoko hauek osatuko dute:

a)  Autonomia-erkidego bakoitzeko eta Ceutako eta Melillako hiri autonomoetako ganberetako presidenteek, administrazio babesleek izendatuta, eta enpresa gehien dituzten autonomia-erkidegoetako ganberen gehienez zortzi ordezkarik, administrazio babesleek izendatuta, Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioak ezarritako irizpideen arabera.

b)  Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioak proposatutako hogeita zortzi kidek. Kide horiek lurralde nazionalean Espainiako Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizialari ekarpen handiena egin dioten enpresa handienetakoak izango dira.

Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioaren proposamenak modu egokian islatu beharko du Espainiako ekonomiaren adierazgarritasuna; horretarako, aintzat hartu beharko du enpresa handiek egindako ekarpena, sektore eta azpisektoreek Balio Erantsi Gordinean duten partaidetzarekin haztatuta.

c)  Eremu nazionalean hainbat sektore eta lurraldetan adierazgarrien diren enpresarien erakundeek egindako proposamenari jarraiki hautatutako bederatzi kidek.

Kide horiek enpresa-ordezkariak eta arlo ekonomikoan prestigio aitortua duen pertsonak izango dira. Helburu horretarako, aipatutako enpresarien erakundeek hautagaien zerrenda aurkeztuko dute, estaltzea egokitzen zaien kide-kopurukoa.

d)  Ondoko ministerio hauen ordezkari izango diren hamar kidek: Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioa; Industria, Energia eta Turismo Ministerioa; Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioa; Enplegu eta Gizarte Segurantzako Ministerioa; Kanpo Politika eta Lankidetza Ministerioa; Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioa; Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioa; Justizia Ministerioa; Sustapen Ministerioa; eta Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Ministerioa. Ministerio bakoitzak proposatuko du bere ordezkaria.

e)  Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioak atzerrian dauden merkataritza-ganbera ofizialen Federazioa ordezkatzeko izendatutako bi kidek.

f)  Eremu nazionalean adierazgarrien diren autonomoen erakundeak ordezkatuko dituzten bi kidek, Enplegu eta Gizarte Segurantzako Ministerioak proposatuta.

g)  Idazkari nagusia eta zuzendari kudeatzailea, halakorik bada, osoko bilkuraren bileretara joango dira; hitza izango dute, baina botorik ez.

3.  Osoko bilkurak presidentea, hiru presidenteorde eta diruzaina hautatuko ditu bere kideen artetik, bertaratuen gehiengoz. Hautatutako horiek batzorde betearazleko presidentea, presidenteordeak eta diruzaina ere izango dira. Osoko bilkurak hautatuko ditu batzorde betearazleko gainerako kideak ere.

4.  Osoko bilkuraren funtzioak izango dira:

a)  Aurrekontuak eta likidazioak onartzea.

b)  Txostenak eta proposamenak onartzea.

c)  Hainbat erakundetako Espainiako Ganberaren ordezkariak izendatzea.

d)  Lan-batzordeak izendatzea.

e)  Lege honetako 22. eta 23. artikuluetan deskribatutako jarduketen barnean, Ganbera guztientzat lotesleak diren erabakiak hartzea, betiere, izaera honekin onartzen badira, bertan daudenen botoen bi hereneko gehiengoarekin.

f)  Barne-araubideari buruzko erregelamenduan aurreikusten diren gainerakoak.

26. artikulua.  Batzorde betearazlea.

1.  Batzorde betearazlea Espainiako Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizialaren kudeaketarako, administraziorako eta proposamenerako organoa da.

2.  Osoko bilkurak bere kideen artean hautatutakoek osatuko dute batzorde betearazlea. Horretarako prozedura Lege honen 25. artikuluan zehazten da, eta Espainiako Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizialaren barnearaubideari buruzko erregelamenduan garatzen. Batzorde betearazlea ondoko hauek osatuko dute: presidenteak, hiru presidenteordek, diruzainak, autonomia-erkidegoetako eta Ceutako eta Melillako hiri autonomoetako merkataritza-ganberetako zortzi ordezkarik –ordezkari horietako lau beren erroldetan enpresa gehien dituzten autonomiaerkidegoetako merkataritza-ganberetakoak izan beharko dira, eta gainerakoak ordezkaritzako txandakako sistema baten bidez hautatuko dira–, lurralde nazionalean ekarpen handiena egiten duten enpresen hamalau ordezkarik, osoko bilkuran ordezkatutako enpresarien elkarteen bi ordezkarik, osoko bilkuran ordezkatutako autonomoen elkarteen ordezkari batek, Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioaren ordezkari batek, eta Industria, Energia eta Turismo Ministerioaren ordezkari batek. Era berean, idazkari nagusia eta zuzendari kudeatzailea, halakorik bada, batzorde betearazlearen bileretara joan dira; hitza izango dute, baina botorik ez.

3.  Batzorde betearazlearen eskumenak bere barne-araubideari buruzko erregelamenduan zehaztuko dira.

27. artikulua.  Presidentea.

Presidenteak Ganbera ordezkatuko du, Ganberako kide anitzeko organo guztien presidentea izango da, eta Ganberaren erabakiak gauzatzeko ardura izango du.

28. artikulua.  Idazkari nagusia.

1.  Espainiako Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizialak idazkari nagusi bat izango du; idazkari nagusi hori lizentziaduna edo goi-mailako tituluduna izango beharko da. Idazkari nagusia lan-kontratazioko araubidearen mende egongo da.

2.  Idazkari nagusia Ganberako osoko bilkurak izendatuko eta kargugabetuko du, kideen erdiak gehi batek hartutako erabaki arrazoituaren bidez. Idazkari nagusia izendatu baino lehen, deialdi publikoa egin beharko da.

3.  Idazkari nagusiak ondoko funtzio hauek izango ditu, besteak beste: osoko bilkuraren eta batzorde betearazlearen bileretara joatea, non hitza izango duen, baina botorik ez, eta gobernu-organoek hartutako erabakien legezkotasuna zaintzea.

29. artikulua.  Zuzendari kudeatzailea.

1.  Espainiako Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizialak zuzendari kudeatzaile bat izendatu ahal izango du, esleitzen zaizkion funtzio betearazleak eta zuzendaritzakoak betetzeko. Zuzendari kudeatzaile hori lizentziaduna edo goi-mailako tituluduna izan beharko da. Lanpostu hori lan-kontratazioko araubidearen mende egongo da.

2.  Osoko bilkurak izendatuko eta kargugabetuko du zuzendari kudeatzailea, presidenteak hala proposatuta, eta kideen erdiak gehi batek hartutako erabaki arrazoituaren bidez.

3.  Zuzendari kudeatzailerik ez badago, kargu horri dagozkion funtzioak idazkari nagusiak hartuko ditu bere gain.

30. artikulua. Pertsonala.

Espainiako Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizialak ongi funtzionatzeko behar duen pertsonala eduki ahal izango du, eta pertsonal horri lan-legedia aplikatuko zaio.

31. artikulua.  Espainiako Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizialaren araubide ekonomikoa.

1.  Espainiako Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizialak ondoko diru-sarrera hauek izango ditu, bere jarduera guztiak finantzatzeko:

a)  Lege honen 21. artikuluan aurreikusitako zerbitzuak ematearen truke jasotako ohiko eta ezohiko diru-sarrerak.

b)  Bere ondarearen produktuak, errentak eta gehikuntzak.

c)  Enpresek edo erakundeek borondatez egindako ekarpenak. Borondatezko ekarpen horiek, gehienbat, Nazioartekotzeko Ganbera Plana finantzatzera bideratuko dira. Ekarpenaren ehuneko 30, aipatutako enpresa edo erakundeak egoitza soziala duen lurraldeko Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizialera xedatuko da.

d)  Jaso ditzakeen legatu eta dohaintzak.

e)  Egiten dituen kreditu-eragiketetatik datozen diru-sarrerak.

f)  Legez eslei dakiokeen beste edozein diru-sarrera, hitzarmen baten bidez edo ordenamendu juridikoarekin bat datorren beste edozein prozeduraren bidez.

2.  Ondare-ondasunak xedatzeko, Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioaren baimena beharko du, ondasun higiezinen kasuan; bestelako ondasunei dagokienez, Ministerio horrek zehaztuko du zein kasutan izango den beharrezko bere baimena, zenbateko ekonomikoaren arabera.

32. artikulua.  Espainiako Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizialaren barne-araubideari buruzko erregelamendua.

1.  Espainiako Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizialaren barne-araubideari buruzko erregelamenduak bere gobernu-organoen funtzioak eta funtzionamendu-arauak zehaztuko ditu, besteak beste.

2.  Espainiako Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizialaren barne-araubideari buruzko erregelamenduak Ganberen Batzar Nagusia sortzea aurreikusiko du, ganbera guztien partaidetza sustatuko duten jarduerak eta ekimenak garatzeko; batzar nagusi horretan, ganberek hitza izango lukete, baina botorik ez.

3.  Barne-araubideari buruzko erregelamendua osoko bilkurak proposatuko du, gehiengo osoz, eta Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioaren onarpena jaso beharko du; barne-araubideari buruzko erregelamenduaren aldaketak ere sustatu ahal izango ditu.

33. artikulua.  Espainiako Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizialaren babesa.

Estatuko Administrazio Orokorrari dagokio korporazio hori babestea, Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioaren bidez.

VI. KAPITULUA Araubide juridikoa eta aurrekontu-araubidea 34. artikulua. Babesa.

1.  Merkataritza, industria, zerbitzu eta nabigazioko ganbera ofizialak, beren funtzioak betetzean, Estatuko Administrazio Orokorraren babesean egongo dira, edota dagokion autonomia-erkidegoko administrazioaren babesean, autonomia-erkidegoak dagozkion eskumenak autonomia-estatutuaren bidez bereganatu baditu.

Babes-funtzioak Lege honen 35., 36. eta 37. artikuluetan aipatzen diren administrazioahalak biltzen ditu; hots, onartzeko, fiskalizatzeko, errekurtsoak ebazteko, eteteko eta desegiteko.

2.  Betiere, Estatuko Administrazio Orokorrak babestuko ditu merkataritza, industria, zerbitzu eta nabigazioko ganbera ofizialek kanpo-merkataritzarekin lotuta dauden interes orokorreko jarduerak, kalterik egin gabe autonomia-erkidego bakoitzak kanpo-merkataritza sustatzeko arloan dituen eskumenei.

Aurreko lerrokadan adierazitako baldintzetan, Estatuko Administrazio Orokorraren babes-funtzioaren barnean egongo da kanpo-merkataritzarekin lotuta dauden ganberen interes orokorreko jarduerak onartzeko, kontrolatzeko, koordinatzeko, errekurtsoak ebazteko eta jarduerak eteteko administrazio-ahalez baliatzea.

35. artikulua.  Aurrekontuak eta gardentasuna.

1.  Merkataritza, industria, zerbitzu eta nabigazioko ganbera ofizialek eta Espainiako Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizialak gastuen eta dirusarreren ohiko eta ezohiko aurrekontuak prestatuko dituzte, eta administrazio babesleari helaraziko dizkiote, onarpena eman diezaien. Administrazio babesle horrek haien urteko kontuak eta likidazioak fiskalizatuko ditu, eta beharrezko jarraibideak ezarri ahal izango ditu, aurrekontuak eta likidazio tipoak egiteko.

Kasu guztietan, urteko kontuak eta aurrekontuen likidazioak kontuen ikuskaritzatxosten batekin batera aurkeztu beharko dira.

Kontuen Auzitegiari egokituko zaio Espainiako Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizialak eta merkataritza, industria, zerbitzu eta nabigazioko ganbera ofizialek jasotzen dituzten funts publikoen xedea fiskalizatzea, kalterik egin gabe autonomia-erkidegoetan egon daitezkeen organismo fiskalizatzaileen eskumenari.

Urteko kontuak, ikuskaritza-txostenarekin batera, eta Korporazio-gobernuaren gaineko Urteko Txostena ganberak egoitza duen udalerriari dagokion merkataritza-erregistroan gordailatuko dira, eta ganberek publizitatea emango diete.

2.  Ganberen ondasun eta eskubideak kudeatzen dituzten pertsonek kalte-ordainak ordaindu beharko dituzte dolo, kulpa edo arduragabekeriagatik egindako ekintzen edo ez-egiteen ondorioz indarreko araudia urratuz sortutako kalte eta galerengatik; horrez gain, zigor-erantzukizuna edo egoki den bestelako edozein erantzukizun ere egotzi ahal izango zaie.

3.  Merkataritza, industria, zerbitzu eta nabigazioko ganbera ofizialek eta Espainiako Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizialak publiko egingo dituzte jasotzen dituzten diru-laguntzak, baita beren funtzioak garatzeko jasotzen duten bestelako edozein baliabide publiko ere. Publiko egingo dituzte, halaber, goi-kargudunek eta dagozkien arduradun nagusiek urtean jasotako ordainsariak, baita edozer arrazoirengatik kargugabetzean jasotako kalte-ordainak ere, halakorik gertatu bada.

4.  Merkataritza, industria, zerbitzu eta nabigazioko ganbera ofizialek eta Espainiako Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizialak, Lege honen 5. artikuluan zehaztutako baldintzetan gauza ditzaketen jarduera publiko eta pribatuak behar bezala bereizteko, kontabilitate bereizia izango dute beren jarduera publiko eta pribatuei dagokienez, urteko kontuak bat izateari kalterik egin gabe.

36. artikulua. Errekurtsoak.

1.  Merkataritza, industria, zerbitzu eta nabigazioko ganbera ofizialek eta Espainiako Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizialak beren funtzio publikoadministratiboak betetzean emandako ebazpenak, baita beren hauteskunde-araubideari eragiten diotenak ere, administrazioarekiko auzien jurisdikzioan errekurritu ahal izango dira; aurretik, hala ere, administrazio babeslearen aurrean administrazio-errekurtsoa jarri beharko da.

2.  Ganberek beste esparru batzuetan egindako jarduerak eta, bereziki, merkataritzako izaera, izaera zibila eta laneko izaera dutenak, eskumena duten epaitegi eta auzitegietan ebatziko dira.

37. artikulua.  Etetea eta desegitea.

1.  Administrazio babesleak eten egin ahal izango du ganberetako gobernu-organoen jarduera, indarrean dagoen ordenamendu juridikoa urratzen dutenean eta, urrapen horien larritasuna edo maiztasuna aintzat hartuta, neurri hori hartzea komeni denean, bai eta gobernu-organo horiek normaltasunez funtzionatzeko ezintasuna dutenean ere. Eteteko prozedura horretan, gobernu-organoen entzunaldi-eskubidea bermatu beharko da.

2.  Jarduera eteteko akordioak etenduraren iraupen-epea zehaztuko du; epe horrek ezin izango du hiru hilabetetik gorakoa izan. Era berean, ganberaren interesak kudeatzeko ardura zein organok izango duen zehaztuko du.

3.  Baldin eta, etendura-epea amaitutakoan, jarduera eteteko erabakia eragin zuten arrazoiak mantendu egiten badira, hilabeteko epean desegin egingo dira ganberetako gobernu-organoak, eta hauteskunde-deialdia egingo da.

Hauteskundeak egiterik ez badago eta ganberaren gobernu-organoak eratu ezin badira, administrazio babestuak iraungitzeko erabakia hartu ahal izango du; kasu horretan, bere ondarea administrazio babesleari atxikiko zaio, aurrez 2. paragrafoan aipatzen den kudeaketa-organoak likidazioa egin ondoren.

4.  Administrazio babestuak, iraungitzeko erabakia hartzen badu, beharrezko diren neurriak hartuko ditu Lege honen 7.1 artikuluan zehaztutako pertsona fisiko eta juridiko atxikiei ganberei dagozkien zerbitzuak jasoko dituztela bermatzeko.

Espainiako Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofiziala arduratuko da 7.1 artikuluan zehaztutako pertsona fisiko edo juridikoak ordezkatzeaz eta horiei zerbitzua emateaz, pertsona fisiko edo juridiko horiek Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizialik ez duen lurralde batean badaude, ganbera ofizial hori iraungi egin delako, eta, betiere, ganbera ofizial horren babesa Estatuko Administrazio Orokorraren esku bazegoen. Horretarako, Espainiako Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizialak ordezkaritzak eduki ahal izango ditu dagozkion lurraldeetan, eta ordezkaritza horiek izango dute, Lege honen 25. eta 26. artikuluen arabera, iraungitako ganberen esku zeuden eskubideak eta ordezkaritza gauzatzeko ardura.

Lehenengo xedapen gehigarria. Pertsonala.

Lege hau indarrean sartzean ganbera, kontseilu edo kontseilu nagusi baten zerbitzura 1936ko ekainaren 13ko Dekretuaren babesean dagoen pertsonala horien zerbitzura dauden gainerako langileen aplikatzen zaien lan-legedia aplikatuko zaie, inolako bereizketarik egin gabe.

Bigarren xedapen gehigarria. Protokolo-araubidea.

Espainiako Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizialaren presidentearen ordezkaritza- eta protokolo-araubidea erregelamendu bidez ezarriko da.

Hirugarren xedapen gehigarria.  Kontzertu Ekonomikoaren eta Hitzarmen Ekonomikoaren araubideak.

Lege honetan xedatutakoak ez dio kalterik egingo Euskadiko lurralde historikoetan indarrean dagoen Kontzertu Ekonomikoaren araubideari, ez eta Nafarroako Foru Erkidegoan indarrean dagoen Hitzarmen Ekonomikoaren araubideari ere. Halaber, nazioartekotzeko eta lehiakortasunerako planak ezartzean, kontuan hartuko dira araubide horiek.

Lehenengo xedapen iragankorra.  Arauaren edukira egokitzea.

1.  Autonomia-erkidegoek Lege honetan xedatutakora egokitu beharko dute beren araudiaren edukia, eta 2015eko urtarrilaren 31ra arteko epea izango dute hori egiteko.

2.  Merkataritza, industria, zerbitzu eta nabigazioko ganbera ofizialek hiru hilabeteko epea izango dute beren barne-araubideari buruzko erregelamendua Lege honen edukira egokitzeko, egokitzapenerako lege autonomikoak indarrean sartzen direnetik kontatzen hasita. Lege autonomiko horiek administrazio babesleak onartu beharko ditu.

3.  Espainiako Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofiziala 2015eko urtarrilaren 31 baino lehen eratu beharko da, merkataritza, industria eta nabigazioko ganbera ofizialen egungo Kontseilu Nagusitik abiatuta. Espainiako Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizialak Merkataritza Ganberen Kontseilu Nagusiaren eskubide eta obligazio guztiak subrogatuko ditu, haien izaera edozein dela ere, eta Lege hau indarrean sartzean Merkataritza Ganberen Kontseilu Nagusiari atxikitako edo horren jabetzako ondasun guztien titular bihurtuko da.

Espainiako Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizialak eratzen denetik hiru hilabeteko epean prestatuko du bere barne-araubideari buruzko erregelamendua, araudi berrian zehaztutako moduan. Erregelamendu hori Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioak onartuko du, administrazio babesle gisa.

Bigarren xedapen iragankorra. Gobernu-organoak.

1.  Dagokion hauteskunde-prozesua amaitu ondoren, eta gobernu-organo berriak eratu arte, ganberetako eta ganberen kontseiluetako presidenteek, batzorde betearazleetako kideek eta osoko bilkuretako kideek beren funtzioak betetzen jarraituko dute, Lege honetan eta autonomia-erkidegoen araudian aurreikusitakoarekin bat.

2.  Era berean, Lege honen arabera egindako hauteskunde-prozesuaren ondoren, eta gobernu-organo berriak eratu arte, gobernu-organoek uneotan legez zehaztutako asistentzia-quorumekin eta bozketetarako beharrezko diren gehiengoekin jarraituko dute funtzionatzen, delako organoa eratzeari eta kasu bakoitzeko erabakiak hartzeari dagokionez.

3.  Espainiako Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizialeko osoko bilkuraren eta batzorde betearazlearen kasuan, hasierako eraketaren unean, ekarpentzat joko da sortutako eta abonatutako azken ganbera-kuotaren zenbatekoa; betiere, bermatu beharko da jarduera ekonomikoko sektoreak ordezkatuta daudela, balio erantsi gordinari egiten dioten ekarpenaren arabera, baita eremu nazionalean fakturazio handiena duten enpresa handiak ere, Lege honetako 25.2.b) artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako. Osoko bilkura eratzen denetik urtebetera, ordezkari horiek berritu egingo dira, epe horretan egin dituzten ekarpen ekonomikoak aintzat hartuta. Ordezkariak berritzeko modua Espainiako Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizialaren barne-araubideari buruzko erregelamenduan egongo da zehaztuta. Ordezkari berrien agintaldia barne-araubideari buruzko erregelamenduan ezarritakoaren arabera zehaztuko da.

4.  Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioari gaikuntza ematen zaio Espainiako Ganbera eta bere gobernu-organoak eratzeko beharrezkoak diren xedapenak eman ditzan, bere eskumenen esparruan.

Hirugarren xedapen iragankorra.  Preskribatu gabeko ganbera-baliabidearen sortzapena.

Ganbera-baliabide iraunkorra ezabatzeari kalterik egin gabe, preskribatu gabeko ganbera-baliabide iraunkorraren kuotek galdagarri izaten jarraituko dute, kuota horiek indargabetzen den arauan oinarrituta sortu direnean.

Xedapen indargabetzailea.

1.  Indargabetuta gelditzen dira Lege honetan ezarritakoaren aurkakoak diren lerrun bereko edo txikiagoko xedapen guztiak; bereziki, 3/1993 Oinarrizko Legea, martxoaren 22koa, Merkataritza, Industria eta Nabigazioko Ganbera Ofizialei buruzkoa, eta izan dituen aldaketak.

2.  Lege honetan ezarritakoaren aurkakoa ez den guztian, eta ordezko erregelamendu-arauak onartzen diren arte, maiatzaren 2ko 1291/1974 Dekretuaren bidez onartutako Ganberen Erregelamendu Orokorrak indarrean jarraituko du, ganberabaliabide iraunkorrari dagokion zatian izan ezik.

Azken xedapenetako lehenengoa. Eskumen-titulua.

1.  Lege honen V. kapitulua Espainiako Konstituzioaren 149.1.13 artikuluak jarduera ekonomikoaren plangintza orokorraren oinarriak ezartzeko eta koordinazioa egiteko Estatuari esleitzen dizkion eskumenen babesean eman da.

2.  Lege honen 36. artikuluaren 1. eta 2. paragrafoak Konstituzioaren 149.1.6

artikuluak prozesu-legeriaren arloan Estatuari esleitzen dizkion eskumenen babesean eman dira.

3.  Lege honen gainerako artikuluak Konstituzioaren 149.1.18 artikuluaren babesean eman dira eta herri-administrazioen araubide juridikoaren oinarrizko legedia osatzen dute; hortaz, herri-administrazio guztiek oro har betetzekoak izango dira, 5.2 artikuluan xedatutakoa izan ezik, horrek ez baitu oinarrizko izaera –artikulu hori merkataritza, industria, zerbitzu eta nabigazioko ganbera ofizialek legedi autonomikoaren arabera gauzatu ahal izango dituzten funtzioei buruzkoa da–.

Azken xedapenetako bigarrena.  Erregelamenduz garatzeko gaikuntza.

Gobernuari baimena ematen zaio bere eskumenen esparruan Lege hau garatzeko arauak eman ditzan.

Azken xedapenetako hirugarrena.  Indarrean sartzea.

Lege hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean.

Hortaz, Lege hau betetzeko eta betearazteko agintzen diet espainiar guztiei, norbanakoei eta agintariei.

Madrilen, 2014ko apirilaren 1ean.

JUAN CARLOS E.

Gobernuko presidentea, MARIANO RAJOY BREY

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra