Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Octava ediciión Premios Adrián Celaya

Administrazio zuzenbidea  >>  Legeria  >> Orokorra

45/2015 Legea, urriaren 14koa, Boluntariotzarena

2015-10-14

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2015/10/15, 247. zk.

I. XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

11072 45/2015 Legea, urriaren 14koa, Boluntariotzarena.

FELIPE VI.a

ESPAINIAKO ERREGEA

Honako hau ikusten eta ulertzen duten guztiei.

Jakizue: Gorte Nagusiek honako lege hau onetsi dutela eta Nik berretsi egiten dudala:

HITZAURREA

I

Boluntariotzari buruzko urtarrilaren 15eko 6/1996 Legeak arautu zuen, lehenbiziko aldiz estatu mailan, boluntariotza gure herrialdean, eta garrantzizko zedarria izan zen hura aitortu eta sustatzeko. Ia hogei urte geroago, Lege hori erabat gainditu du ekintza boluntarioaren errealitateak eta beharrezkoa bihurtu da XXI. mendearen hasierako boluntariotzaren konfigurazioari eta dimentsioei behar bezala erantzungo dien esparru juridiko berri bat.

Zuzena da aitortzea boluntariotzaren gaur egungo egoera, aspaldiko urteotatik, hala Espainian nola atzerrian, hainbat pertsonaren jardunbide jarraitu, gogotsu eta arduratsuaren emaitza izan dela, motibazio edo sinesmen desberdinetatik abiatuta –non sartzen den, singularki, misiolarien kasua–, hain zuzen ere, beren ahalegina, dedikazioa eta gaitasunak aplikatu dituztelako ekintza boluntarioa sendotzeko.

Testuinguru horretan, Lege honek boluntariotza ireki, parte-hartzaile eta belaunaldi- arteko baten aldeko apustua egiten du, laguntza eta parte-hartze dimentsioak beharrezko orekarekin konbinatzen dituela, gizartea eraldatzeko helburuari uko egin gabe eta kalitatera gehiago fokatuta, kantitatera baino.

Lege honek estaldura ematen dio adjektiborik gabeko ekintza boluntarioari, urteotan bere presentzia sendotu duen ezein jarduketa-eremu kanpoan utzi gabe eta, ez Hirugarren Sektorean soilik, baizik eta beste eremu berriago batzuetan ere boluntariotza sustatu ahal izatea aldezten du, hala nola enpresetan, unibertsitateetan edo administrazio publikoetan.

Halaber, azken urteotan indar handiz sortu diren beste boluntariotza-modu berri batzuk ere balioesten eta aitortzen dira, adibidez, denbora-tarte jakin batez eta ekintza zehatz batzuk gauzatzeari lotutakoak, programa globaletan edo epe luzekoetan integratu beharrik gabe, edota informazioaren eta komunikazioaren teknologien bitartez boluntarioek gauzatzen dituztenak eta ez dutenak eskatzen boluntarioak fisikoki egotea boluntariotzako erakundeetan.

Arauak bereziki kontuan hartzen du pertsonak boluntario izatera bultzatzen dituzten motibazioen artean eragina dutela interes pertsonalek, sinesmenek, gurariek, eta norberaren itxaropenen asebetetzeak, eta, gainera, bizi guztirako ikuspegiarekin sustatzen du boluntariotza; pertsona adingabeei eta adintsuei buruzko berariazko aurreikuspenak dira horren adibide argiak.

Bilatzen da, azken batean, lege-esparru berria erabilgarria izatea eta berorren barruan kabitzea mota guztietako erakundeak, edozein dela era haien jatorria, tamaina eta jarduketa-eremua, bai eta boluntario guztiak ere, kontuan hartu gabe zein den haien motibazioa eta konpromisoaren norainokoa.

II

Boluntariotzari buruzko urtarrilaren 15eko 6/1996 Legea eta autonomia-erkidegoetako boluntariotzaren inguruko arau desberdinak bat datoz, neurri handi batean, ekintza boluntarioaren eratze-oharretan eta hura inspiratzen duten printzipioetan: elkartasuna, borondatez aritzea, askatasuna, doakotasuna eta boluntariotzako erakunde eta programa batekiko lotura.

Printzipio horiek boluntariotzaren nazioarteko beste txosten batzuetan ere jaso dira, adibidez, Europako Ekonomia eta Gizarte Komitearen 2006ko abenduaren 13ko «Boluntariotzako jarduerak, berorien papera Europako gizartean eta inpaktua» izenburuko Irizpenean, edo Education, Audiovisual & Culture Executive Agency delakoak 2010eko otsailaren 17an aurkeztutako «Study on Volunteering in the European Union. Final Report» (Europar Batasuneko boluntariotzari buruzko azterlana) txostenean, non jarduketa boluntarioko perspektiba berriak gehitzen diren. Gainera, 2011ko Boluntariotzaren Europako Urtearen ondorio gisa, zenbait dokumentu onartu ziren, hala nola Europako Batzordearen 2011ko irailaren 20ko Komunikazioa: «EBko politikak eta boluntariotza: mugaz gaindiko jarduera boluntarioen aitortza eta sustapena», Europako Parlamentuaren 2012ko ekainaren 12ko Ebazpena: «Mugaz gaindiko jarduera boluntarioen aitortza eta sustapena EBn» eta Europako Parlamentuaren 2013ko abenduaren 10eko Ebazpena ondorengo gaiari buruz: «Boluntariotza eta boluntariotzako jarduerak». Kontuan hartzekoa da, orobat, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko ondorengo Zuzentarau Proposamena: «Hirugarren herrialdeetako nazionalen sarrera- eta bizileku-betekizunak helburuak hauek direnean: ikerketa, ikasketak, ikasleen trukeak, ordaindutako eta ordaindu gabeko praktikak, boluntariotza-zerbitzuak eta «au pair» egoitzak».

Berrikiago, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko apirilaren 3ko 375/2014 (EB) Erregelamenduak, zeinaren indarrez sortu baitzen Laguntza Humanitariorako Europako Boluntario Taldea («EBko Laguntzarako Boluntarioak Ekimena»), eta Batzordearen 2014ko azaroaren 20ko 1244/2014 (EB) Exekuzio Erregelamenduak esparru berri bat diseinatu dute Europan boluntariotza humanitarioaren garapenerako, 2014-2020 aldian.

Lege honek, jarduketa boluntarioaren funtsezko erdigune horretatik ez apartatzeaz gainera, sendotu eta egokitu egin du berori XXI. mendeko boluntariotzaren premietara.

III

Atariko tituluan berorren xedea eta aplikazio-eremua mugatu ostean, eta kontuan harturik Estatuaren Administrazio Orokorraren, autonomia-erkidegoen, Ceuta eta Melillako hiri autonomoen eta tokiko erakundeen eskumenak, I. tituluan boluntariotza definitu da eta bere betekizunak finkatu dira. Mugatze hori osatzeko, urtarrilaren 15eko 6/1996 Legean aurreikusitako esklusioei beste batzuk erantsi zaizkie: gizarte-lankidetzako lanak, zerbitzu- prestazioak dituzten edo ez dituzten bekak edota horien kideko beste zeinahi jarduera, berorien helburu nagusia prestakuntza, enpresa edo enpresa-taldeetako lanekoak ez diren praktikak eta kanpoko praktika akademikoak baldin badira.

Hala, interes orokorra bihurtu da boluntariotza kontzeptuaren elementu ardatza, ekintza boluntarioa zehazteko erreferente nagusia, hau da, Legearen oinarrizko zutabeetako bat bilakatu da. Ekintza boluntarioaren jomuga diren pertsonen bizi-kalitatearen hobekuntza eta gizartearena, oro har, edo ingurunearena erreferentzia gisa hartuta, boluntariotzaren jarduketa-esparrua ekintza boluntarioaren balio, printzipio eta dimentsioen zerrendarekin eta jarduketa-eremu desberdinen deskribapenarekin osatu da.

Bestalde, Lege honek ekintza boluntario antolatua besteren konturako lan-kontratuak eteteko justifikazio-arrazoi izatea eragozten du, hala sektore publikoan nola pribatuan, erabilitako kontratu-modalitatea zeinahi dela ere; baita boluntarioak administrazio publikoen ordez aritu ahal izatea ere, hauek legez behartuta dauden funtzio edo zerbitzu publikoetan.

IV

Aurrerago, Legeak boluntariotzako erakundeentzat eta boluntarioentzat diseinatutako boluntariotzaren araubide juridikoa jasotzen du, nahiz eta boluntariotza-jarduerak zentzurik ez lukeen ekintza boluntarioaren jomuga diren pertsonen eskubideak neurri gorenean babestuko ez balira; horregatik, azken gai honi buruzko zenbait aurreikuspen ere jaso dira.

II.tituluan, lehenik eta behin, boluntarioak boluntario izateko bete behar dituen baldintzak jasotzen dira; eta erreferentzia berezia egiten zaie adingabeei eta desgaitasunen bat duten pertsonentzako eta adindunentzako irisgarritasun-neurriei.

Adingabeei dagokienez, bereziki kontuan hartu da Espainiak 2010ean berretsi zuela haurrak sexu-esplotaziotik eta sexu-abusuetatik babesteko Europako Kontseiluaren Hitzarmena –Lanzaroten izenpetu zen 2007ko urriaren 25ean–, bai eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2011ko abenduaren 13ko 2011/92/EB Zuzentaraua ere, adingabeen sexu-abusuen aurkako eta sexu-esplotazioaren eta haur-pornografiaren aurkako borrokari buruzkoa, zeinak Kontseiluaren 2003ko abenduaren 22ko 2004/68/JAI Esparru Erabakia ordezten baitu.

Horrela, boluntariotzako programa jakin batzuetarako beharrezkoa da boluntarioak epai irmoz zigortuak ez izatea sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delituengatik, edo adingabeen trafiko eta esplotazioagatik; eta beste kasu batzuetan ezarri da ezin direla boluntario izan delitu bereziki astunak egin dituzten pertsonak.

Jarraian, bateraezintasunen araubidea arautu da, hala eremu pribatuan nola publikoan, eta pertsona boluntarioaren eskubideak eta eginbeharrak ere arautu dira.

Garrantzi berezia ematen zaio gehitze-akordioari, zeina boluntarioaren eta boluntariotza-erakundearen arteko harremanak definitzeko eta arautzeko tresna nagusi bilakatu baita, bai hura erakundera gehitu den momentuan, eta bai haren jarduketa boluntarioaren geroztiko garapenean ere, hari esker bereiziko baita boluntariotza kidekoak izan daitezkeen beste era batzuetako zerbitzu-emateetatik.

Ondoren, III. tituluan, boluntariotzako erakundeak arautu eta berorien betekizunak finkatu dira. Berrikuntza aipagarri gisa ezarri da, betiere halakotzat hartuko direla boluntariotzako erakundeen federazioak, konfederazioak edo elkarketak.

Boluntariotzaren araubide juridikoa, azkenik, ekintza boluntarioaren jomuga diren pertsonen eskubide eta eginbeharren erregulazioarekin ixten da, IV. tituluan.

V

Beste lege-eredu batzuek ez bezala, Boluntariotzari buruzko urtarrilaren 15eko 6/1996 Legeak ez zuen oinarrizko legegintzaren izaerarik, baizik eta, bere eskumenen arabera, autonomia-erkidegoetan –bai Autonomia Estatutuaren eta bai berariazko legeriaren indarrez– existitzen zen araudira gehituz joan zen. Lege honek ez du inola ere eskumen- banaketa hori aldatzeko asmorik, baina lankidetza-esparru bat erreklamatzen du administrazio publiko desberdinen artean, boluntariotza sendotzeko eta garatzeko bereziki mesedegarria izango dena. Asmo horrekin, elkarrekiko informazioa posible egingo duten bitartekoak eta erlazio-sistemak finkatzearen aldeko apustua egin da, baita bere eskumenen egikaritzan elkarrekin jardutekoa ere, boluntariotzaren arloan berorien presentzia tradizionala izan den eremuetan administrazio publiko guztien jarduketak integratzeko helburuarekin.

Helburu hori lortzeko eta lankidetzarako bokazio berberarekin, Legeak V. tituluan zerrendatzen ditu Estatuaren Administrazio Orokorraren funtzioak. Horiek egikaritzeko, bigarren xedapen gehigarrian, bi organoren erregelamendu bidezko erregulazioa aurreikusi da: Boluntariotzaren Ministerio Arteko Batzordea, zeinaren eginkizuna –betiere autonomia- erkidegoen, tokiko erakundeen eta Ceuta eta Melillako hiri autonomoen eskumenak errespetatuz– boluntariotzan eskumena duten ministerio-sailen jarduketa koordinatzea izango baita, eta Estatuko Boluntariotza Behatokia, Espainiako boluntariotzari buruzko informazioa bildu, aztertu, zabaldu eta lantzeko funtzioak izango dituena.

Lege-araubidea osatzeko, VI. tituluan, tradiziozko sustapen-jarduerei egiten zaie erreferentzia: diru-laguntzak eta lankidetza-hitzarmenak.

Boluntariotzaren eremuan enpresa-inguruneak eta unibertsitateak duten gero eta presentzia handiagoa ere islatzen da lege honetan. Ondorio horietarako, enpresek eta unibertsitateek boluntariotza-programak sustatzeko eta berorietan parte hartzeko baldintzak ezarri dira, Lege honetan xedatutako betekizunak bete ditzaten.

Gainera, eta berrikuntza gisa, dei egiten zaie enpresei eta administrazio publikoei, laneko eta enplegu publikoko legediaren arabera, eta negoziazio kolektiboan adostutakoari errespetu osoa izanik, laneko denboraren inguruko egokitze-mekanismoak erraztu ditzaten eta, hala, besteren konturako langileek edota enplegatu publikoek boluntariotzako zereginetan parte hartzeko aukera izan dezaten. Gai horri dagokionez, negoziazio kolektiboa litzateke biderik aproposena, betiere aurrez aipatutako mugen barruan, mekanismo horiek zehaztu eta arautzeko, herritarrek aukera izan dezaten beren laneko obligazioak eta boluntariotzako jarduerak uztartzeko. Era berean, berrikuntza gisa hartu beharreko zerbait da boluntarioak beretutako konpetentziak aitortzeko sistema objektibo bat sartzea.

Amaitzeko, legeak hiru xedapen gehigarri ditu, xedapen iragankor bat, indargabetzaile bat eta zazpi azken xedapen. Lehenik eta behin, lehenengo xedapen gehigarria boluntariotzak babes zibilaren eremuan duen lege-araubideari buruzkoa da, zeinaren erregulazioa arautegi espezifiko batera igortzen duen; bigarrenak Boluntariotzaren Ministerio Arteko Batzorde baten eta Estatuko Boluntariotza Behatoki baten erregelamendu bidezko erregulazioa aurreikusten du; eta hirugarrenak Osasun Sistema Nazionaleko langileen parte-hartzea larrialdi humanitarioetan.

Xedapen iragankor bakarra orain existitzen diren boluntariotzako erakundeak legetik eratortzen den egoera berrira egokitzeari buruzkoa da.

Bestalde, xedapen indargabetzaile bakarrak ondoriorik gabe uzten ditu Boluntariotzari buruzko urtarrilaren 15eko 6/1996 Legea, Hezkuntza eta Zientzia Ministerioaren 1994ko urriaren 11ko Agindua, araubide orokorreko irakaskuntza ematen duten zentro publikoetako boluntariotza-jarduera arautzen duena, eta Kulturako Ministerioaren 1995eko urriaren 9ko Agindua, kultura arloko boluntariotza arautzen duena.

Azkenik, zazpi azken xedapen jasotzen ditu. Lehenengoa osasun-zerbitzuetako estatutupeko langileen Esparru Estatutuari buruzko abenduaren 16ko 55/2003 Legearen

31.4artikuluaren aldaketari buruzkoa da, merezimendu-baremoen homogeneotasunari dagokion neurrian; bigarrena Lege honen eremuan autonomia-erkidegoen eskumenei zor zaien beharrezko errespetuari buruzkoa; hirugarrena tributuei, aurrekontuei eta ikerketa, garapena eta berrikuntza sustatzeari buruzko premiazko neurriei buruzko ekainaren 28ko 7/2013 Errege Lege Dekretuaren 4.1 artikuluak egiten duen igorpenaren irismenaren ingurukoa; laugarrena eskumen-tituluari buruzkoa; bosgarrena gastu publikoa ez handitzeari buruzkoa; seigarrena erregelamendua garatzeko gaikuntzaren ingurukoa; eta zazpigarrena eta azkena lege hau indarrean jartzeari buruzkoa.

ATARIKO TITULUA

Xedea eta aplikazio-eremua

1.artikulua. XEDEA.

Lege honek xede hauek ditu:

a)Herritarren elkartasunezko parte-hartzea sustatzea eta erraztea boluntariotzako erakundeen bitartez gauzatzen diren boluntariotza-jarduketetan, Estatuko lurraldearen barruan eta kanpoan, eta boluntariotzako balio eta printzipioen arabera.

b)Boluntarioek bete behar dituzten baldintzak eta haiek boluntariotzako erakundeekin eta boluntariotza-jarduketen jomuga diren pertsonekin dituzten harremanen araubide juridikoa finkatzea.

c)Zein bere eskumenen eremuan, administrazio publikoek, betiere Konstituzioaren eta Autonomia Estatutuen esparruan, boluntariotzaren arloan aurrera eraman dezaketen lankidetza deskribatzea.

d)Estatuaren Administrazio Orokorraren eginkizunak zehaztea boluntariotzaren arloan dituen eskumenen eremuan.

2.artikulua. Aplikazio-eremua.

1.Lege hau aplikatzekoa izango zaie estatu mailako edo autonomia-erkidegoez gaindiko boluntariotza programetan parte hartzen duten, haietatik onura lortzen duten edo haiek gauzatzen dituzten boluntarioei, jomuga diren pertsonei eta boluntariotza-erakundeei, programa horiek Espainia barruan edo kanpoan garatu. Aplikatzekoa izango zaie, orobat, programa haiei non Estatuak bere eskumena konstituzionalki aitortuta daukan, betiere, autonomia-erkidego bakoitzari bere Autonomia Estatutuak eta legeria espezifikoak boluntariotzaren alorrean esleitzen dizkioten eskumenak alde batera utzi gabe.

2.Lege hau aplikatuko zaien boluntariotzako programak Estatuak bere esku-hartzea konstituzionalki aitortuta daukan eremuetan garatzen direnak izango dira, bai Espainiako lurraldean edota bai lurralde horretatik kanpo gauzatu. Era berean, egikaritzean autonomia- erkidego baten lurraldea gainditzen duten programei aplikatuko zaie.

I. TITULUA

Boluntariotza

3.artikulua. Boluntariotza kontzeptua.

1.Lege honen ondorioetarako, pertsona fisikoek garatutako interes orokorreko jarduera multzoari deituko zaio boluntariotza, betiere jarduera horiek betekizun hauek betetzen badituzte:

a)Elkartasun izaera ukan dezatela.

b)Askatasunez gauza daitezela, egiteko arrazoia obligazio pertsonal bat edo eginbehar juridiko bat izan gabe, eta borondatez onar daitezela.

c)Ordain ekonomiko edo materialik gabe gauzatu daitezela, hargatik eragotzi gabe 12.2.d) artikuluan xedatutakoaren arabera ekintza boluntarioa aurrera eramateak boluntarioei sortzen dizkien gastu itzulgarriak abonatzea.

d)Boluntariotzako erakundeen bitartez garatu daitezela, programa zehatzen arabera eta Espainiako lurraldearen barruan edo kanpoan, 21. eta 22. artikuluetan xedatutakoa alde batera utzi gabe.

2.Interes orokorreko jardueratzat ulertuko dira 6. artikuluan aipatzen diren boluntariotzaren jarduketa-eremu bakoitzean pertsonen bizi-kalitatea eta gizartearena, oro har, hobetzen laguntzen duten haiek; baita ingurunea babesten eta kontserbatzen laguntzen dutenak ere.

3.Ez dira boluntariotzako jardueratzat hartuko hurrengo hauek:

a)Bakanak edo noizbehinkakoak, aldizkakoak edo ez, boluntariotza-erakundeetatik kanpo gauzatzen direnak.

b)Familia-, adiskidetasun- edo auzotasun-arrazoiengatik egikaritzen direnak.

c)Laneko, funtzionario mailako, merkataritzako edo beste zeinahi motatako erlazio batean gauzatzen direnak, ordain ekonomiko edo material baten truke.

d)Enplegua sustatzeko hainbat neurri arautzen dituen ekainaren 25eko 1445/1982 Errege Dekretuan aipatzen diren gizarte-lankidetzako lanak.

e)Zerbitzu-prestazioak dituzten edo ez dituzten bekak edota horien kideko beste zeinahi jarduera, berorien helburu nagusia prestakuntza bada.

f)Enpresa edo enpresa-taldeetako lanekoak ez diren praktikak eta kanpoko praktika akademikoak.

4.Boluntariotzako jardueratzat hartuko dira, programa globaletan edo epe luzekoetan integratu gabe egonik, ekintza zehatzak eta espezifikoak xede dituzten haiek, betiere

boluntariotzako erakunde baten bitartez gauzatzen baldin badira. Halaber, halakotzat hartuko dira informazioaren eta komunikazioaren teknologien bitartez gauzatzen direnak eta ez dutenak eskatzen boluntarioak fisikoki egotea boluntariotzako erakundeetan.

4.artikulua. Ekintza boluntarioaren mugak.

1.Boluntariotzako jarduerak gauzatzea ezingo da izan lan-kontratua azkentzeko justifikazio-arrazoia.

2.Boluntariotzako jarduerek ezingo dituzte administrazio publikoak ordeztu erakunde horiek legez behartuta dauden funtzioen garapenean edota zerbitzu publikoen prestazioan.

5.artikulua. Ekintza boluntarioaren balioak, printzipioak eta dimentsioak.

1.Ekintza boluntarioa ondorengo balio hauetan oinarritu eta garatuko da:

a)Berdintasunarekin, askatasunarekin eta elkartasunarekin konprometituta dagoen gizarte demokratiko, parte-hartzaile, zuzen eta plural batean bizikidetza inspiratzen duten balioak.

b)Ondasun erkidearen eta Espainiako Konstituzioan jasotako oinarrizko eskubideen defentsa sustatzen dutenak. Eskubide horiek honako hauen arabera interpretatzen dira: Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala, Haurraren Eskubideei buruzko Nazio Batuen Konbentzioa, Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei buruzko Nazio Batuen Konbentzioa, Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutuna eta Europako Gutun Soziala.

c)Ekitaterako, justiziarako eta gizarte-kohesiorako lagungarri direnak.

d)Giza ahalmenen zabalkunde solidario eta parte-hartzailearen oinarri direnak.

2.Ekintza boluntarioaren oinarrizko printzipio gisa hartzen dira:

a)Askatasuna konpromisoaren aukera pertsonal gisa, hala boluntarioen kasuan nola ekintza boluntarioaren jomuga diren pertsonenean.

b)Parte-hartzea espazio publikoan eta erantzukizun erkideetan zuzenean eta aktiboki esku hartzeko printzipio demokratiko gisa, baita herritar aktiboak eta erkidego- dimentsioa sortzeko ere.

c)Kontzientzia globalari lotutako elkartasuna, zeinak koherentzia eskatzen baitu eguneroko jarrera eta konpromisoen eta bidegabekeriak eta berdintasun-ezak ezabatzearen artean.

d)Boluntariotzaren eremu bakoitzean esku hartzen duten administrazio publikoen, irabazi-asmorik gabeko erakundeen edo erakunde profesionalen jarduketekiko osagarritasuna.

e)Autonomia eta burujabetasuna kudeaketan eta erabakiak hartzerakoan.

f)Ematen den zerbitzuaren doakotasuna, onura ekonomiko edo materialik bilatzen ez

duena.

g)Baliabideen optimizazioa bilatzen duen efizientzia, bai ekintza boluntarioaren jomuga diren pertsonetan pentsatuz, eta bai ekintza boluntarioa bera kontuan hartuta, hark bete beharreko funtzio sozialaren mesedetan.

h)Emakumeen eta gizonen aukera-berdintasuna boluntariotzaren jarduketa-eremu guztietan.

i)Boluntarioak ez baztertzea, nazionalitate, arraza- edo etnia-jatorri, erlijio, pentsaera ideologiko edo sindikal, gaixotasun, desgaitasun, adin, sexu, sexu-identitate edo sexu- orientazio arrazoiengatik, edo beste zeinahi inguruabar pertsonal edo sozialengatik.

j)Desgaitasunen bat duten pertsonen, pertsona adindunen eta mendekotasun- egoeran daudenen irisgarritasuna.

3.Jarduketa-eremu bakoitzeko berezitasunak alde batera utzita, boluntariotzaren dimentsio propioak irizten zaie, besteak beste, honako hauei:

a)Boluntarioen konpromisoa, doakotasuna eta beren denbora, ahalmenak eta ezagutzak eskuzabaltasunez eskaintzea.

b)Ekintza osagarria boluntariotzaren jarduketa-eremu desberdinetan.

c)Pertsonak gizartearekin duen harremana hobetzen laguntzen duen kontzientzia

kritikoa.

d)Eraldaketa, bai gizarte mailan, gizarte-harremanetarako oinarri berriak aurkitzeko xedearekin, eta bai norberarengan, jarrera pertsonalak hobetzeko helburuz.

e)Ekintza boluntarioa inspiratzen duten balioak gogoratzen dituen eta haietan hezten eta kontzientziatzen duen dimentsio pedagogikoa eta gizarte-sentsibilizazioaren ingurukoa.

f)Boluntariotzako ekintza, metodo, laneko planteamendu eta praktikei buruzko ikerketa eta gogoeta.

6.artikulua. Boluntariotzaren jarduketa-eremuak.

1.Boluntariotzaren jarduketa-eremu jotzen dira, besteak beste, ondorengo hauek:

a)Gizarte-boluntariotza, pertsonekin eta gizarte-errealitatean esku hartzearen bitartez garatzen dena, urratze edo gabezia egoeretan, edo eskubideak edo aukerak falta direnean bizi-kalitate hobe bat eta gizarte-kohesio eta -justizia handiagoa lortzeko.

b)Garapenerako lankidetzarako nazioarteko boluntariotza, hala garapenerako hezkuntzari lotutakoa –hezkuntza- eta eraldaketa-prozesuaren osagarri gisa–, nola garapenerako sustapenarekin erlazioa duena, ekintza humanitarioari eta nazioarteko elkartasunari dagokienez, bai gure herrialdean, eta bai garapenerako lankidetzaren hartzaile diren herrialde edo lurraldeetan egiten bada, edota premia humanitarioko egoera bat deklaratzen den beste zeinahi herrialdetan, eremu horretan borondatezko lankideek gauzatutako jarduerak alde batera utzi gabe, hain zuzen ere, Borondatezko lankideen Estatutua ezartzen duen apirilaren 28ko 519/2006 Errege Dekretuaren arabera eraenduko baitira horiek.

c)Ingurumen-boluntariotza, gizakiak ingurumenean duen inpaktu kaltegarria murriztea eta, aldiz, ondare naturalaren balioa nabarmentzea bilatzen duena, hala nola, animalia eta landare espezieak, ekosistemak eta baliabide naturalak, besteak beste, honako hauek babesteko eta berreskuratzeko ekintzak aurrera eramanez: flora eta fauna, habitat desberdinetako biodibertsitate naturala, basoen defentsa, ura kontserbatzea eta hobetzea, ibaiak eta ur-sistemetako beste elementu batzuk, itsasertza, mendia eta paisaia naturaleko gainerako elementuak, ingurumen-hezkuntza eta -sentsibilizazioa, animalien babesa, eta ingurumena babesten, kontserbatzen eta hobetzen laguntzen duten beste zeinahi motatako ekintzak.

d)Kultura-boluntariotza, kulturara iristeko eskubidea sustatzen eta aldezten duena, eta, bereziki, pertsona guztien integrazio kulturala, nortasun kulturalaren sustapena eta babesa, kultura-ondarearen defentsa eta zaintza, eta erkidegoaren kultura-bizitzan parte hartzea defendatzen duena.

e)Kirol-boluntariotza, herri- eta gizarte-kohesiorako lagungarri dena, boluntariotzako balio propioei kirolak bereak dituen beste batzuk gehitzen baitizkio eta erabakimen handiz egiten du apustu erkidego-dimentsioa sustatzearen alde, kirol-praktika haren zeinahi adierazpenetan garatzerakoan, desgaitasuna duten pertsonek praktikatzen dituzten kiroletako boluntariotza barnean dela, kirol paralinpikoari arreta berezia jarririk, eta elkarte- bizitzan kirola egiten dutenen konpromiso handiagoa mesedetzeko, beren hezkuntza eta inklusio soziala sustatzeko bide gisa.

f)Hezkuntza-boluntariotza, hezkuntza-sisteman eta -erkidegoan txertatutako elkartasunezko ekintza planifikatuak direnez, eskolatik kanpoko jarduera osagarriak gauzatzeko aukerak hobetzen dituztenak, bereziki lagungarri direlarik desberdintasun sozial, pertsonal edo ekonomikoen kariaz ikasleen artean egon daitezkeen berdintasun- ezak konpentsatzeko, besteak beste, ikasketa-zerbitzuko programak erabiltzearen bitartez.

g)Boluntariotza soziosanitarioa, non konbinatzen diren osasunaren sustapena, gaixotasunaren prebentzioa, osasun-laguntza, errehabilitazioa eta gizarte-arreta; gizartera, oro har, edo kalteberatasun-egoeran dauden kolektiboetara zuzendu daiteke eta, esku- hartze integral eta alderdi fisiko, psikologiko eta sozialetan espezializatuaren bitartez,

sostengua eta orientazioa eskaintzen die familiei eta hurbileneko inguruneari, bizitzako baldintzak hobetuz.

h)Aisialdi eta denbora libreko boluntariotza, ekintza boluntarioaren printzipio eta balioetan hezten eta sentsibilizatzen duena, hezkuntza ez-formalaren eremuko jarduerak garatzearen bitartez, garapen eta hazkunde pertsonala eta taldekoa sustatzen dutela modu integralean, pertsonen trebetasunak, gaitasunak, ahalmenak eta jarrerak bultzatuz, elkartasunari eta inklusioari mesede egiteko eta konpromisoa, parte-hartzea eta inplikazio soziala lortzeko.

i)Komunitate-boluntariotza, komunitatearen hobekuntza mesedetzen duena parte- hartzea sustatuz eta erabakitzeko eta ekimenetarako ahalmen handiagoz, arazoak konpontzeko eta bizi-kalitate hobea eskatzeko boluntarioak mugitzen diren bizi-espazio hurbilenekoetan, gizarte solidarioa, aktiboa, kritikoa, konprometitua eta erantzukidea hezur-mamituz.

j)Babes zibileko boluntariotza, larrialdien kudeaketan erregularki laguntzen duena, Babes Zibileko Sistema Nazionalak erabakitzen dituen jarduketetan, herritarren eginbeharra alde batera utzi gabe arrisku larri, hondamendi edo lazeria publikoko kasuetan, herritarrek parte hartzeko adierazpide eta bitarteko eraginkor gisa halako gertakarien aurrean gizarteak ematen duen erantzunaren barruan, aplikatzekoak diren arauetan ezarritako baldintzetan.

2.Erregelamendu bidez arautuko dira zer baldintzatan gauzatuko diren garapenerako lankidetzarako nazioarteko boluntariotzaren jarduerak, bai eta haiek gauzatzen diren tokia, jardueren espezialitatea, edo aurrera eramateko denbora, edota aurreko inguruabar horien konbinazioren bat kontuan hartuta, trataera berezia eskatzen duten beste jarduketa-eremu batzuetakoak ere.

7.artikulua. Boluntariotzako programak.

1.Boluntariotzako programa bakoitzak, gutxienez, ondorengo eduki hau izan behar

du:

a)Izena.

b)Programaren arduradunaren identifikazioa.

c)Programaren xedeak eta helburuak.

d)Barnean hartzen dituen jardueren deskribapena.

e)Barnean hartzen duen lurralde-eremua.

f)Berori egikaritzeko aurreikusten den iraupena.

g)Beharrezkoa den boluntario kopurua, egin behar diren zereginetarako profil egokia eta eskatzekoa den kualifikazioa edo prestakuntza.

h)Hala badagokio, programaren jomuga izango diren pertsonen profila zehazteko irizpideak.

i)Aurrera eramateko behar diren bitartekoak eta baliabideak.

j)Kontrol, segimendu eta ebaluazioko mekanismoak.

2.Estatuaren Administrazio Orokorrak boluntariotzako programak finantzatzen dituenean, eduki gehigarriak eskatu ahalko ditu aplikatzekoa den araudiaren arabera.

II. TITULUA

Boluntarioak

8.artikulua. Boluntarioak.

1.Boluntarioak izango dira, askatasunez eta beren borondatez, beren denbora guztia edo haren parte bat 3.2 artikuluan zehaztutako jardueretara dedikatzea erabakitzen duten pertsona fisikoak.

2.Adingabeak ere boluntario izan ahalko dira, betiere haien interes gorena errespetatzen baldin bada aplikatzekoa den legerian aurreikusitakoaren arabera eta betekizun hauek betetzen badituzte:

a)16 urtetik gora eta 18tik behera dituztenek beren gurasoen, tutoreen edo legezko ordezkarien baimena eduki beharko dute.

b)16 urtetik behera eta 12tik gora dituztenek boluntariotzako ekintzak gauzatu ahalko dituzte beren gurasoen, tutoreen edo legezko ordezkarien berariazko baimena baldin badute, non baloratuko den ea ekintza horiek kalte egiten dioten edo ez adingabeen garapenari eta osoko heziketari.

3.Boluntariotzako erakundeek aukera-berdintasunerako eta irisgarritasun unibertsalerako eskubidea bermatu beharko diete boluntario adindunei, desgaitasunen bat dutenei edo mendekotasun-egoeran daudenei, gainerako boluntarioen baldintza berdinetan egikaritu ahal ditzaten Lege honen arabera dagozkien eskubideak eta eginbeharrak, edozein motatako bazterkeria-formak errotik erauzten direla.

Kasu horietan, haiek boluntariotzako erakundera gehitzeko onarpena, informazioa, prestakuntza eta gomendatzen zaizkien jarduerak, formatu egokietan eta haien ahalmen eta inguruabar pertsonalen arabera gauzatu beharko dira, irisgarritasun unibertsalaren eta guztientzako diseinuaren printzipioetan markatutako jarraibideak errespetatuz, haientzako irisgarriak, erabilgarriak eta ulergarriak izan daitezen.

4.Ezinbesteko betekizuna izango da adingabeekin ohiko harremana edukitzea eskatzen duten programetan edo boluntariotzako erakundeetan boluntario izateko, epai irmoz zigortuak ez izatea sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delituengatik, edo adingabeen trafiko eta esplotazioagatik. Ondorio horretarako, egoera hori egiaztatu beharko dute, Zigortuen Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatibo bat ekarrita, delitu horiei dagokienez.

5.Ezingo dira boluntario izan hainbat deliturengatik indargabetuta ez dauden aurrekari penalak dituzten pertsonak –etxeko edo genero-indarkeria, ezkontidearen edo seme-alaben biziaren, osotasun fisikoaren, askatasunaren, osotasun moralaren edo sexu- askatasunaren eta -ukigabetasunaren kontra eraso egitea, pertsonen legez kontrako trafikoa edo immigrazio klandestinoa, terrorismoa–, baldin eta programaren jomuga diren pertsonak esandako delitu horien biktima izan badira edo izan badaitezke. Egoera hori delitu horiengatik aurrekari penalik ez izatearen erantzukizunpeko adierazpen baten bidez egiaztatuko da.

9.artikulua. Borondatezko ekintzaren bateragarritasuna.

1.Besteren konturako langileek eta enplegatu publikoek lanalditik kanpo gauzatu ahal izango dituzte soilik boluntariotzako jarduerak, 20. artikuluko 2. zenbakian ezarritakoa eragotzi gabe.

2.Besteren konturako langile izatea bateragarria da boluntariotzako erakunde berean boluntario izatearekin, betiere gehitze-akordioan ezartzen diren baldintzen barruan eta aurreko kasurako aurreikusten diren muga berberekin.

3.Boluntarioak integratuta dauden boluntariotzako erakundeko bazkide izan ahalko dira, bai eta berorren gobernu-organoetan parte hartu ere, erakundearen estatutuek ezarritakoaren arabera.

10.artikulua. Boluntarioen eskubideak.

1.Boluntarioek honako eskubide hauek dituzte:

a)Beren jarduera gauzatzen ari direnean, informazioa, orientazioa eta sostengua erregularki jasotzekoa, bai eta gomendatzen zaizkien funtzioak egikaritzeko behar dituzten bitarteko materialak ere.

b)Uneoro, boluntariotzako erakundearen kargura, eta beren baldintza pertsonaletara egokituta, beharrezko prestakuntza jasotzekoa, izendatzen zaizkien jarduerak ongi garatzeko.

c)Berdintasun-baldintzetan tratatuak izatekoa, bereizkeriarik gabe, haien askatasuna, nortasuna, duintasuna eta hitzarmen, nazioarteko tratatu eta Konstituzioan aitortutako gainerako oinarrizko eskubideak errespetatzen zaizkiela.

d)Txertatzen diren erakundean aktiboki parte hartzekoa, programa edo proiektuen elaborazioan, diseinuan, egikaritzan eta ebaluazioan lankide izanez, erakundeko estatutuen edo aplikazio-arauen arabera, eta, beroriek baimentzen duten neurrian, boluntariotzako erakundearen gobernuan eta administrazioan ere bai.

e)Boluntariotzako erakundearen kargura, ekintza boluntarioaren egikaritzatik zuzenean eratorritako istripu eta gaixotasun arriskuetatik estalita egotekoa, baita, sektoreko legeriak hala eskatzen duen kasuetan, erantzukizun zibilari dagokionez ere, aseguru baten edo beste finantza-berme baten bitartez.

f)Boluntariotzako erakundearen aldetik, beren jardueran egindako gastuen ordaina jasotzekoa, gehitze-akordioan aurreikusitakoaren arabera eta garatzen duten boluntariotzaren jarduketa-eremua kontuan harturik.

g)Boluntario izaera egiaztatzen duen identifikazio bat edukitzekoa, non adieraziko den zer boluntariotza erakundetan parte hartzen duten.

h)Garatzen duten jarduera beren jarduerara egokitutako irisgarritasun unibertsalaren printzipioaren arabera gauzatzekoa.

i)Boluntariotzako erakundearen aldetik aitortza jasotzekoa beren ekarpenaren gizarte-balioagatik eta boluntariotza-lana egikaritzearen ondorioz beretutako konpetentzia, gaitasun eta trebetasunengatik.

j)Beren datu pertsonalak Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoaren arabera tratatuak eta babestuak izatekoa.

k)Boluntario gisa gauzatzen dituzten jarduerak egiteari uztea, gehitze-akordioan ezarrita dagoenaren arabera.

2.Ekintza boluntarioa egikaritzeak ezingo du ekarri boluntarioei legez onartutako eskubide bakar bat ere urritzerik edo murrizterik.

11.artikulua. Boluntarioen eginbeharrak.

Boluntarioak behartuta daude:

a)Integratzen diren boluntariotzako erakundeekin hartutako konpromisoak –gehitze- akordioan jasota daudenak– betetzera, erakunde horien helburuak eta estatutuak errespetatuz.

b)Ekintza boluntarioaren garapenean jaso eta ezagututako informazioari buruz gorde beharreko isilpekotasunari eustera.

c)Eskain diezaieketen ezein ordainketa material edo ekonomiko errefusatzera, bai ekintza boluntarioaren jomuga diren pertsonen aldetik, edo ekintzarekin loturaren bat duten beste pertsona batzuen aldetik.

d)Ekintza boluntarioaren jomuga diren pertsonen eskubideak errespetatzera, 16. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

e)Behar bezalako azkartasunez eta elkartasunez jardutera.

f)Boluntariotzako erakundeak gomendatutako jarduera eta funtzioetarako aurreikusitako prestakuntza-zereginetan parte hartzera, baita, izaera iraunkorrez, ematen dituzten zerbitzuen kalitateari eusteko behar diren gainerakoetan ere.

g)Boluntariotzako erakundearen jarraibideei segitzera, gomendatutako aktibitateen garapenarekin erlazioa duten neurrian.

h)Egiaztagiri pertsonala eta boluntariotzako erakundearen bereizgarriak behar bezala erabiltzera.

i)Boluntariotzako erakundeak euren esku ipini dituen baliabide materialak errespetatzera eta zaintzera.

j)Boluntariotzako erakundean dauden segurtasun- eta osasun-neurriak betetzera.

k)Abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta aplikatzekoa den gainerako araudian ezarritakoaren arabera, datu pertsonalen babesari eta trataerari buruzko arauak betetzera.

12.artikulua. BOLUNTARIOEN ETA BOLUNTARIOTZAKO ERAKUNDEAREN ARTEKO HARREMANAK.

1.Boluntarioaren eta boluntariotzako erakundearen arteko harremana beti gehitze- akordio bat izenpetzearen bitartez ezarriko da, eta akordio hori izango da hura zehaztu eta arautzen duen tresna nagusia.

2.Gehitze-akordioak honako eduki hau izango du gutxienez:

a)Bi aldeei dagozkien eskubide eta eginbeharren multzoak; horietan, Lege honetan xedatzen dena errespetatu beharko da.

b)Boluntarioa konprometitzen den eginkizun, jarduera eta dedikazio-denboraren deskribapena.

c)Hala badagokio, erakunde beraren barruko boluntariotza-jarduketetan parte hartzen duten soldatapeko langileen edo bazkideen esku-hartzea erregulatzen duen araubidea.

d)Boluntarioei ordaindu beharreko gastu itzulgarrien araubidea, garatu beharreko ekintza boluntarioarekin bat etorririk.

e)Boluntarioek izendatuta dituzten eginkizunak betetzeko beharrezkoa den prestakuntza, eta, hala badagokio, hura lortzeko jarraitu beharreko ibilbidea.

f)Konpromisoaren iraupena, baita bi aldeetatik lotura hausteko egon daitezkeen arrazoiak eta modua ere; ahalik eta gehien errespetatu beharko dituzte ekintza boluntarioaren jomuga diren pertsonen eskubideak eta boluntariotzako programen garapen ona.

g)Boluntarioen eta boluntariotzako erakundearen arteko gatazkak ebazteko araubidea.

h)Boluntariotzako programarekiko atxikipenaren aldaketa edo hasieran hitzartutako jarduketa-araubidea aldatzen duen beste edozein inguruabar.

3.Gehitze-akordioa idatziz formalizatu beharko da, bi aletan, eta, bidezkoa denean,

8.artikuluaren 4. eta 5. zenbakietan, hurrenez hurren, aipatzen diren Zigortuen Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatiboa eta erantzukizunpeko adierazpena ekarri beharko dira, akordioari eransteko.

4.Boluntariotzaren alorreko jardueren egikaritzan boluntarioen eta boluntariotzako erakundeen artean sortzen diren gatazkak arbitraje bidez ebatziko dira, Arbitrajeari buruzko abenduaren 23ko 60/2003 Legean xedatutakoaren arabera, horrela hitzartu baldin bada gehitze-akordioan; hitzarmenik ez balego, berriz, eskumena duen jurisdikziora joko da, prozesu-arauetan ezarritakoaren arabera.

III. TITULUA

Boluntariotzako erakundeak

13.artikulua. BOLUNTARIOTZAKO ERAKUNDEAK.

1.Boluntariotzako erakundetzat hartuko dira ondorengo betekizun hauek betetzen dituzten pertsona juridikoak:

a)Legez eratuta eta dagokien Erregistroetan izena emanda egotea, estatuko, autonomia-erkidegoko edo aplikatzekoa den Europar Batasuneko beste estatu bateko araudiaren arabera.

b)Irabazi asmorik ez izatea.

c)Boluntarioz osatuta egotea edo haiek eskura izatea, erakundearen funtzionamendu egonkorrerako edo espezializazio maila zehatz bat eskatzen duten jarduketetarako beharrezkoak diren egiturazko soldatapeko langileak alde batera utzi gabe.

d)Bere jarduketen parte bat edo guztia interes orokorreko jardueren esparruan diseinatu eta kudeatutako boluntariotza-programen bitartez garatzea, 5. artikuluan xedatutako balioak, printzipioak eta dimentsioak errespetatzen dituztela eta 6. artikuluan jasotako eremuren batean egikaritzen direla.

2.Betiere boluntariotzako erakundetzat hartuko dira estatu edo autonomia-erkidego mailan edo Europar Batasunean legez eratutako boluntariotzako erakundeen federazioak, konfederazioak edo elkarketak.

14.artikulua. Boluntariotzako erakundeen araubide juridikoa.

1.Boluntariotzako erakundeen eskubideak dira:

a)Boluntarioak hautatzea inorekin bereizkeriarik egin gabe sexu, sexu-identitate, sexu-orientazio, nazionalitate, arraza- edo etnia-jatorri, erlijio, pentsaera ideologiko edo sindikal, desgaitasun edo adin arrazoiengatik, edo beste zeinahi inguruabar pertsonal edo sozialengatik, erakundearen xede edo helburuekin, garatu beharreko eginkizunaren izaera eta ezaugarriekin eta erakundearen barne-funtzionamenduko estatutuan jasotako arauekin bat etorriz.

b)Boluntarioen jarduera etetea haien kausaz erakundearen programen kalitatea edo helburuak larriki kaltetuak gertatzen direnean, edota gehitze-akordioa larriki urratzen dutenean.

c)Administrazio publikoek edo erakunde pribatuek ezarritako ekintza boluntarioa sustatzeko neurrietara lehiatzea eta gauzatzen dituen jarduketen garapen egokira zuzendutako laguntza eta neurri material eta teknikoak jasotzea.

d)Boluntariotzako erakundeen federazio, konfederazio edo elkarketen bitartez Estatuaren Administrazio Orokorraren politika publikoen diseinuan eta egikaritzan parte hartzea.

e)Ekintza boluntarioari erreferentzia egiten dioten ordenamendu juridikoko gainerako arauetan aitortutako beste zeinahi eskubide.

2.Boluntariotzako erakundeak behartuta daude:

a)Erakundearen barne-funtzionamendurako arau propioak lantzera, Lege honekin eta aplikatzekoa zaion araudiarekin bat etorririk eta demokrazia, parte-hartze eta gardentasun printzipioen arabera.

b)Boluntarioekin gehitze-akordioa formalizatzera eta hartutako konpromisoak betetzera.

c)Boluntarioek gauzatzen dituzten jardueren ezaugarri eta inguruabarretara egokitutako aseguru-poliza bat edo beste finantza-bermeren bat izenpetzera, jarduera boluntariotik zuzenean eratortzen diren istripu eta gaixotasun arriskuetatik estalita egon daitezen.

d)Zerbitzua ematetik eratorritako gastuak estaltzera, eta, hala badagokio, beren jarduera gauzatzeak ekartzen dizkien gastuen ordaina boluntarioei itzultzera, gehitze- akordioan hitzartutako baldintzetan eta garatzen duten boluntariotzako jarduketaren eremura egokituta; era berean, izendatu zaizkien eginkizunak betetzeko beharrezkoak dituzten bitarteko materialez hornitzera ere behartuta daude.

e)Boluntariotzako erakundearen helburuei, funtzionamenduko araubideari, boluntarioei gomendatzen zaizkien zereginak gauzatzeari eta zeregin horien eta erakundeetako profesionalen eginkizun propioen arteko mugaketei buruzko informazio- eta orientazio-sistema egokiak ezartzera.

f)Boluntarioei, erregularki eta bakoitzaren baldintza pertsonalak kontuan harturik, haien jarduerak behar bezala garatzeko beharrezkoa duten prestakuntza ematera, bai oinarrizkoa bai berariazkoa.

g)Boluntarioen parte-hartzea erraztera haiek esku hartzen duten programen elaborazioan, diseinuan, egikaritzan eta ebaluazioan, eta, aplikatzekoa den araudiak baimentzen duen neurrian, boluntariotzako erakundearen kudeaketan eta erabakiak hartzeko prozesuetan ere bai.

h)Programatutako jardueren segimendua eta ebaluazioa egitera, aurreikusitako helburuen lorpena bermatuz, eraginkortasun eta errentagarritasun sozialeko printzipioen arabera.

i)Boluntarioei egiaztagiri bat ematera, haiek gaitu eta identifikatu ditzan dagokien jarduera gauzatzeko orduan, non adierazita egongo den zer boluntariotza erakundetan garatzen duen ekintza boluntarioa.

j)Boluntario adingabeen guraso, tutore edo legezko ordezkarien onarpena edo, hala badagokio, haien berariazko baimena eskatzera, 8.2 artikuluan zehazten diren baldintzetan.

k)Boluntarioei ziurtagiri bat jaulkitzera, non adieraziko diren hark parte hartutako programetan gauzatutako jarduerak eta haien iraupena.

l)Gehitze-akordioak eta boluntarioen altak eta bajak jasotzen dituen erregistro bat eramatera.

m)Abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa eta aplikatzekoa den gainerako araudia betetzera boluntarioen eta boluntariotzako jardueren jomuga diren pertsonen datu pertsonalen trataerari eta babesari dagokienez.

n)Aplikatzekoa den ordenamendu juridikoan ezarritakotik eratortzen diren gainerako betebeharrak betetzera.

3.Boluntariotzako erakundeek erantzungo dute hirugarrenen aurrean, beren programetan parte hartzen duten boluntarioek boluntariotzako jarduketetan aritzearen ondorioz eragindako kalte eta galerengatik, Kode Zibilean eta aplikatzekoa den gainerako araudian ezarritakoarekin bat etorriz, eta, ondorio horietarako, erantzukizun zibila estaliko duen aseguru-poliza bat edo beste finantza-bermeren bat izenpetu ahalko dute, nahitaezkoa izango dena sektoreko araudiak hala eskatzen duenean.

4.8. artikuluaren 4. eta 5. zenbakietan xedatutakoa eragotzi gabe, iraungi gabeko aurrekari penalak dituzten pertsonek ekintza boluntarioaren bitartez gizarteratze-helburuak lortzea barnean hartzen duten boluntariotzako programak garatu ahal izango dituzte boluntariotzako erakundeek. Kasu horretan, erakundeak boluntariotzako programan bertan islatuko ditu berorren ezaugarri bereziak.

IV. TITULUA

Ekintza boluntarioaren jomuga diren pertsonak

15.artikulua. Ekintza boluntarioaren jomuga diren pertsonak.

1.Lege honen ondorioetarako, ekintza boluntarioaren jomuga diren pertsonatzat hartuko dira, hala nazio mailan nola nazioartekoan, boluntariotzako jarduera baten garapenaren ondorioz eta eraginez beren bizi-kalitatean hobera egin duten pertsona fisikoak eta haiek txertaturik dauden talde edo komunitateak, bai haien eskubideak aitortu edo defendatu zaizkielako, bai une batean zituzten beharrizanak ase dituztelako, kulturarako sarbidea erraztu zaielako, ingurunea hobetu zaielako, edo haien gizarte- inklusioa sustatu delako.

2.Ekintza boluntarioaren jomuga diren pertsonak zehazterakoan, ezingo dira baztertu nazionalitate, arraza- edo etnia-jatorri, erlijio, pentsaera ideologiko edo sindikal, gaixotasun, desgaitasun, adin, sexu, sexu-identitate edo sexu-orientazio arrazoiengatik, edo beste zeinahi inguruabar pertsonal edo sozialengatik.

3.Boluntariotzako jarduerak ekintza boluntarioaren jomuga diren pertsonen askatasun ideologikoa, politikoa, sindikala edo erlijiosoa guztiz errespetatuz gauzatuko dira.

16.artikulua. Ekintza boluntarioaren jomuga diren pertsonen eskubideak eta eginbeharrak.

1.Ekintza boluntarioaren jomuga diren pertsonek honako eskubide hauek dituzte:

a)Boluntariotzako jarduketak berorien kalitatea bermatzen duten programen arabera garatuak izateko eskubidea eta, ahal den neurrian, haien ingurune hurbilenekoan egikaritzekoa, bereziki jarduketa horietatik zerbitzuak edota prestazio pertsonalak eratortzen badira.

b)Haien duintasuna eta intimitate pertsonala eta familiarra bermatuak izatekoa.

c)Haien baldintza pertsonalen arabera, onuragarri izango dituzten edo hartzaile diren programen ezaugarriei buruzko nahikoa informazio eta orientazio ulergarri jasotzeko eskubidea, bai hasieran eta bai jarduketak iraun bitartean, eta ebaluazioan lankide izatekoa.

d)Izendatutako boluntarioa beste batek ordeztea eskatzeko eta lortzeko eskubidea, betiere justifikatzen duten arrazoiak baldin badaude eta boluntariotzako erakundeak posible baldin badu.

e)Edozein momentutan ekintza boluntarioa eten edo errefusatzekoa, idatziz uko eginez edota hartutako erabakia froga dezakeen beste zeinahi prozeduraren bitartez.

f)Boluntariotzako erakundearen esku-hartzea eskatzekoa, boluntarioekin sortutako gatazkak ebazteko.

g)Haien datu pertsonalak abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren arabera tratatuak eta babestuak izatekoa.

h)Lege honen eta gainerako ordenamendu juridikoaren arabera aitor liezaiekeen beste zeinahi eskubide.

2.Hauek dira ekintza boluntarioaren jomuga diren pertsonen eginbeharrak:

a)Boluntarioekin elkarlanean aritzea eta haien zeregina erraztea onura aterako dieten edo hartzaile diren programak egikaritzean.

b)Inolako ordain ekonomiko edo materialik ez eskaintzea boluntarioei edo boluntariotzako erakundeei.

c)Ezartzen diren neurri teknikoak eta osasun eta segurtasunekoak betetzea eta adostutako jardueren egikaritzan ezartzen diren jarraibideei segitzea.

d)Boluntariotzako erakundeari behar besteko aurrerapenez jakinaraztea boluntariotzako programa jakin baten zerbitzuak bertan behera uzteko erabakia.

e)Lege honetatik edo aplikatzekoa den arauditik eratortzen den beste zeinahi eginbehar.

V. TITULUA

Administrazio publikoak

17.artikulua. Administrazio publikoak.

1.Boluntariotzaren arloan eskumenak dituzten administrazio publikoek behar den guztia abiaraziko dute elkarrekiko informazioa, lankidetza teknikoa eta –beren eskumenen egikaritzan– elkarren arteko lana posible egingo dituzten bitartekoak eta erlazio-sistemak finkatzeko, beren jarduketak integratzeko xedez; horrela, ekintza boluntarioaren hobekuntzari eta herritarren parte-hartze solidarioari laguntzen diote.

2.Autonomia Estatutuetan zehazturik dituzten autonomia-erkidegoen, tokiko erakundeen eta Ceuta eta Melillako hiri autonomoen eskumenei eta boluntariotzako erakundeen ekintza-askatasunari eta burujabetasunari errespetu osoa izanik, aurreko paragrafoan ezarritakoa egikaritzeko eta praktikara eramateko moduko lankidetza-eremuak direla irizten zaie honako hauei:

a)Gizartea sentsibilizatzea ekintza boluntarioaren balioaz eta kapital sozialaren eraikuntzan laguntzeko duen interesaz.

b)Herritarren parte-hartze sozialaren sustapena eta bulkada boluntariotzako erakundeen bitartez, eta, bereziki, pertsona adindunen kasuan, zahartze aktiborako estrategien testuinguruan, eta boluntariotzako erakundeen lankidetza parte-hartze sozialeko beste era batzuekin.

c)Boluntariotzako planen eta estrategien diseinua eta garapena, nork bere eskumenen eremuan dituen ekintzak orientatzeko, planifikatzeko eta koordinatzeko balio dezaten.

d)Boluntariotzako erakundeei emateko aholkularitza, informazio, asistentzia tekniko eta materialetarako tresnak ezartzea, ekintza boluntarioa ahalik eta modurik onenean gauzatzea ahalbidetuko duten alderdi guztiak kontuan harturik.

e)Boluntariotzako erakundeei izendatutako funts publikoen ebaluazio, ikuskaritza eta segimendurako irizpide erkideak erabakitzea, betiere halakorik ahalbidetzen badu aplikatzekoa den estatuko eta autonomiako araudiak, eta autonomia-erkidegoen eskumenei errespetu osoa izanik.

f)Boluntariotzako erakundeei laguntzea boluntarioak prestatzeko eginkizunean, prestakuntza hori erregularra, kalitatekoa eta haien baldintza pertsonalen araberakoa izan dadin.

g)Sareko lanari eta –zeinek bere lurraldean– lankidetzako espazioak eta tresnak sortzeari bultzada ematea, harreman jarraitua eta emankorra eratzea posible egin dezaten gizarte- eta enpresa-erakundeekin, ordezkaritza handiena duten sindikatuekin, unibertsitateekin eta boluntariotzan eragina izan dezaketen beste zeinahi erakunde eta instituzio publiko zein pribaturekin.

h)Enplegatu publikoen artean boluntariotzako programetan parte hartzea sustatzea, enplegu publikoko legeriaren arabera eta negoziazio kolektiboan adostutakoari errespetu osoa izanik.

i)Ekintza boluntarioaren eraginkortasunari laguntzea, boluntariotzako erakundeetan eragina duten administrazio-prozedurak sinplifikatzearen eta arintzearen bitartez.

j)Boluntariotza-jardueraren garapena gainbegiratu eta kontrolatzeko mekanismo eraginkorrak ezartzea.

18.artikulua. Estatuaren Administrazio Orokorraren eginkizunak.

1.Autonomia Estatutuetan zehazturik dituzten autonomia-erkidegoen, tokiko erakundeen eta Ceuta eta Melillako hiri autonomoen eskumenak alde batera utzi gabe, Estatuaren Administrazio Orokorraren eginkizunak izango dira:

a)Bere eskumenen esparruan, boluntariotzaren arloko politika publikoen ildo orokorrak finkatzea, arloan eskumena duten gainerako administrazio publikoekin adosturik, aldez aurretik boluntariotza-erakundeei edo boluntariotzaren jarduketa-eremu bakoitzean ordezkaritza handiena duten boluntariotzako erakundeen federazioei kontsulta egin ondoren.

b)Egitura organikoan boluntariotzaren arloko berariazko funtzioak betetzeko administrazio-unitate bat izango duen Ministerioaren bitartez, Estatuaren Administrazio Orokorraren organo desberdinen ekintzak koordinatzea boluntariotzaren jarduketa-eremu desberdinetan.

c)Arloan eskumena duten gainerako administrazio publikoekin ados jarririk, lankidetza-mekanismoak ezartzea boluntariotzaren arloan.

d)Arloan eskumena duten gainerako administrazio publikoekin ados jarririk, administrazio publikoek diruz lagundutako boluntariotzako programen ebaluazio, ikuskaritza eta segimendurako irizpide erkideak finkatzea, 17.2.e) artikuluan ezarritakoaren arabera.

e)Arloan eskumena duten administrazio publikoekin lankidetzan aritzea boluntarioen prestakuntza hobetzeko eginkizunean, aldez aurretik boluntariotza-erakundeei edo boluntariotzaren jarduketa-eremu bakoitzean ordezkaritza handiena duten boluntariotzako erakundeen federazio, konfederazio edo elkarketei kontsulta egin ondoren, 17.2.f)

artikuluan ezarritakoaren arabera, prestakuntza hori erregularra, kalitatekoa eta boluntarioen baldintza pertsonaletara egokitua izan dadin.

f)Ikasketa-zerbitzu programen eta gisako beste batzuen bitartez, boluntariotzako printzipio eta balioen inguruko prestakuntza mesedetzea hezkuntza-sistemako etapa, ziklo, gradu, ikasturte eta maila guztietan, 22. artikuluan ezarritakoa eragotzi gabe.

g)Autonomia-erkidegoekin lankidetzan aritzea informazio-sistema komun bat sortzeko, Estatuaren Administrazio Orokorraren, autonomia-erkidegoen, tokiko erakundeen eta Ceuta eta Melillako hiri autonomoen artean partekatutako tresna gisa, bide eman dezan boluntariotzarekin lotura duten alderdiei buruzko diagnostiko, segimendu eta ebaluaziorako irizpide erkideak finkatzeko.

h)Ekintza boluntarioaren arloko beharrizanak, baliabideak eta jarduketak hobeto ezagutu daitezen lagunduko duten ikerketa- eta azterlan-jarduerak sustatzea, beste ekimen batzuen artean, Boluntariotzari buruzko Ikerketa Sari Nazional bat abian jartzearen bitartez.

i)Oinarri zientifikoa duten jardunbide egokien eta prestakuntzari buruzkoen trukeak bultzatzea boluntarioekin, boluntariotzako erakundeekin, berorien federazio, konfederazio edo elkarketekin, eta nazio zein nazioarte mailako irabazi asmorik gabeko erakundeekin, ekintza boluntarioko helburu erkideak lortzeko lagungarri izan daitezen.

j)Boluntariotzako erakundeekin lankidetzan, boluntariotza-jarduketak sustatzea, betiere Administrazioa legez ematera behartuta dagoen eginkizunak edo zerbitzu publikoak ordeztea ez badakar, eta, betiere, haiek egikaritu beharreko zerbitzu edo funtzioen beharrizanen mende.

k)Behar den guztia abian jartzea laneko segurtasun eta osasunari buruzko araudiko aurreikuspenak boluntarioei egokitzeko, baita boluntariotzako erakundeen berdintasun- planen barruan sartzeko ere eta, hala badagokio, sexu-jazarpena edo sexuaren ondoriozkoa prebenitzekoetan ere bai.

2.Boluntariotzako erakundeen edo erakunde horien federazio, konfederazio edo elkarketen eta Estatuaren Administrazio Orokorraren eta hari lotuta dauden edo haren mendekoak diren eta nortasun juridikoa duten zuzenbide publikoko erakundeen arteko lankidetza Lege honetan xedatutakora eta aplikatzekoa den gainerako araudira doituko da eta, ahal izatera, berorien arteko lankidetza-hitzarmen edo -akordioen bitartez gauzatuko da.

19.artikulua. TOKI-ERAKUNDEEN LANKIDETZA.

Toki-erakundeek, boluntariotzako ekintzen jomuga diren pertsonengandik hurbilen dauden administrazio publikoak diren neurrian, Toki-araubidearen Oinarriak Arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legean aurreikusita bezala eta gainerako administrazio publikoekin lankidetzan, autonomia-erkidegoekin bereziki, boluntariotzaren garapena sustatuko dute Lege honen 6. artikuluan aipatzen diren eremuetan, herritarrek komunitatearen baliabideei buruzko ezagutza areagotzeko tresna gisa eta, era berean, herritar horiek hurbilen duten testuinguru sozial, ekonomiko eta kulturalarekin lotuago egon daitezen.

VI. TITULUA

Ekintza boluntarioaren sustapena eta aitortza

20.artikulua. BOLUNTARIOTZA SUSTATZEKO NEURRIAK.

1.Estatuaren Administrazio Orokorrak diru-laguntzak eman ahalko die edo hitzarmenak egin ahalko ditu boluntariotzako erakundeekin, betiere bai diru-laguntzei buruzko legeria orokorrean bai Lege honetan eskatzen diren betekizunak betetzen badituzte, eta publikotasun, gardentasun, lehia, objektibotasun, berdintasun eta bereizkeriarik ezaren irizpideen arabera gauzatzen badira.

2.Administrazio publikoek eta enpresek edo erakunde pribatuek, laneko edo enplegu publikoaren legeriaren arabera eta negoziazio kolektiboan adostutakoari errespetu osoa izanik, lanaldia murrizteko edo hura egokitzeko neurriak hartzea, lanpostua gordetzeko eskubidea duten lan-harremanak etetea edota ordaindutako edo ordaindu gabeko prestazioak bertan behera uztea sustatu edo erraztu ahalko dute, besteren konturako langileek edo enplegatu publikoek boluntariotzako zereginak egikaritzeko aukera izan dezaten.

Edozein modutan ere, idatziz jaso beharko da aurreko paragrafoan aipatutako lanaldia murrizteko edo egokitzeko neurriak zer baldintza zehatzetan garatu eta gauzatuko diren.

21.artikulua. Boluntariotzaren sustapena enpresetatik.

1.Gizartean boluntariotza agerikoago egiteko eta bultzatzeko helburuarekin, enpresek boluntariotzako programak sustatu ahalko dituzte, bai eta berorietan parte hartu ere, gauzatzen dituzten jarduketak interes orokorrekotzat kalifikatu badaitezke, boluntariotzako jarduketa-eremuren batean sartzen baldin badira eta ekintza boluntarioa inspiratzen duten balioak eta printzipioak errespetatzen badituzte, I. tituluan ezarritakoaren arabera.

2.Askatasunez eta beren borondatez eta, enpresarekin lankidetzan, boluntariotzako erakundeek sustatutako programetan boluntario gisa parte hartzea erabakitzen duten enpresako langileak zeregin horietara gehitzearen bitartez eraman ahalko dira aurrera enpresen boluntariotzako jarduketak.

3.Erregelamendu bidez ezarriko dira egoki ikusten diren espezialitateak ETEek boluntariotzako programak bultzatzea eta haietan parte hartzea sustatzeko eta errazteko helburuarekin.

22.artikulua. Boluntariotzaren sustapena unibertsitateetatik.

1.Unibertsitateek, pertsona gazte eta helduen unibertsitate-prestakuntzaren arduradun direnez, boluntariotza sustatu ahalko dute beren jarduketa-eremu propioen barruan, hau da, prestakuntzan, ikerketan eta sentsibilizazioan, aplikatzekoa den sektoreko arautegiaren arabera.

2.Unibertsitateen boluntariotzako jarduketen helburuak unibertsitate-komunitatearen boluntariotzaren arloko prestakuntza eta sentsibilizazioa izango dira, eta unibertsitatetik bertatik edota boluntariotzako erakundeen parte-hartzearekin sustatu ahalko dira. Unibertsitate-komunitateko kideek programa horietan duten esku-hartzea askea eta borondatezkoa izango da eta ez du esan nahiko Administrazioa ordeztuko dutenik hura legez ematera behartuta dagoen funtzio edo zerbitzu publikoetan.

3.Unibertsitateek irakaskuntza eta ikerketa sustatuko dituzte maila guztietan boluntariotzaren inguruan. Horretarako, lankidetza-hitzarmenak izenpetu ahalko dituzte administrazio publikoekin eta bestelako erakunde eta organismo publiko eta pribatuekin, eta horiek ikastaroak, azterlanak, analisiak eta ikerketak eskatu ahalko dizkiete unibertsitateei.

4.Unibertsitateek beren ikasleek gauzatutako boluntariotza-ekintzak akademikoki aitortzeko formulak ezarri ahalko dituzte, betiere dagokion eta unibertsitate-antolamendu arloan aplikatzekoa den araudian ezarritako betekizun akademikoak betetzen baldin badituzte eta Lege honetan ezarritako boluntariotzako balioak eta printzipioak errespetatzen badira.

23.artikulua. Boluntariotza gizartean balioesteko eta aitortzeko neurriak.

Boluntarioek baliatu ahal izango dituzte, erregelamendu bidez ezartzen diren baldintzetan eta helmenarekin, ekintza boluntarioa gizartean sustatzeko, aitortzeko eta balioesteko helburuarekin ezarri ahalko diren onurak.

24.artikulua. Boluntariotzako jarduketen egiaztapena eta aitortza.

1.Zerbitzu boluntarioak gauzatu direla egiaztatzeko, zerbitzuak egiteko erabili den boluntariotzako erakundeak egin beharko du dagokion ziurtagiria, boluntarioak eskatzen duen edozein momentutan, eta, edonola ere, boluntariotzako aldia amaitzen denean. Ziurtagirian jaso beharko dira, gutxienez, boluntarioaren identifikazio-datuez eta datu pertsonalez gainera, boluntariotzako erakundearen izena, erakundera zer datatan gehitu zen, gauzatutako zereginen edo bere gain hartutako funtzioen deskribapena, eta zer lekutan burutu den jarduera.

2.Laneko esperientziagatik edo prestakuntzako bide ez formaletatik bereganatutako konpetentziak aitortzeko araudi orokorraren arabera egingo da boluntarioak bereganatutako konpetentzien aitortza.

Lehenengo xedapen gehigarria. Boluntariotza babes zibilaren eremuan.

Babes zibilaren eremuan boluntariotzako jardueren gauzatzea bere araudi espezifikoaren bitartez erregulatuko da, eta lege hau ordezko izaeraz soilik aplikatuko da.

Bigarren xedapen gehigarria. Boluntariotzako Ministerio Arteko Batzordea eta Estatuko Boluntariotza Behatokia.

1.Erregelamendu bidez, Boluntariotzako Ministerio Arteko Batzorde bat erregulatuko da, eta berorren eginkizuna izango da boluntariotzari buruzko eskumenak dituzten ministerio-sailen jarduketa koordinatzea, Lege honetan ezarritakoaren arabera.

2.Erregelamendu bidez, Estatuko Boluntariotza Behatoki bat erregulatuko da, autonomia-erkidegoen, Ceuta eta Melillako hiri autonomoen, Udalerrien eta Probintzien Espainiako Federazioaren eta Boluntariotzako erakundeen federazio, konfederazio eta elkarketen kide anitzeko organo gisa.

Hirugarren xedapen gehigarria. Osasun Sistema Nazionaleko langileen parte-hartzea larrialdi humanitarioetan.

1.Larrialdi humanitarioen kasuan, lankidetza jarduera baimendu ahal izango da, 3. zenbakian jasotako kontzeptuarekin bat etorriz eta boluntariotzako araubidearen parametroen barruan, Garapenerako Nazioarteko Lankidetzaren Espainiako Agentziak (AECID) kalifikatutako gobernuz kanpoko erakundeek edo nazioarteko organismoek –AECIDen abala baldin badute– sustatzen dituzten ekintzetan edota proiektuetan.

2.Osasun Sistema Nazionaleko zentro eta erakundeetan zerbitzuak ematen dituzten langileek baimen bat baliatu ahal izango dute larrialdi humanitarioetan parte hartzeko. Baimen hori ordaindu gabea edo partzialki ordaindua izango da, osasun-zerbitzuetako estatutupeko langileentzat osasun-zerbitzuen Esparru Estatutuari buruzko abenduaren 16ko 55/2003 Legearen 61.4 artikuluak gaur egun arautzen duenaren arabera. Baimenaren konfigurazio hori bateragarria izango da larrialdi humanitarioetako lankidetza jardueraren ohiko izaera profesional eta ordainduarekin, Borondatezko lankideen Estatutua ezartzen duen apirilaren 28ko 519/2006 Errege Dekretuak xedatzen dituen baldintzekin bat etorririk. Baimena indarrean dagoen bitartean, profesionalari bere lanpostua gordeko zaio eta zerbitzu aktiboaren egoeran dagoela iritziko zaio.

Estatutupeko langileek eta karrerako funtzionarioek eskubidea izango dute, baimena indarrean dagoen bitartean, aldi hori hirurtekoen ondorioetarako zenbatu dadin. Estatutupeko langileek, gainera, eskubidea izango dute aldi hori beren karrera profesionalaren ondorioetarako zenbatua izan dadin.

Baimenaren ohiko iraupena hiru hilabetekoa izango da. Baimen hori luzatu ahal izango da, ezohiko izaeraz, guztira sei hilabeteko gehieneko iraupenera heldu arte, horretarako premia hautematen bada, hau da, Garapenerako Nazioarteko Lankidetzaren Espainiako Agentziak (AECID) abalatutako erakunde humanitario espezializatuen kargura dauden larrialdiko misio humanitarioetan profesionalen presentzia luzatu beharra ikusten baldin bada. Ezohiko baimen hori ez da ordaindua izango.

3.Lege honen ondorioetarako honako hau ulertuko da «larrialdi humanitario» gisa: Nazio Batuen Erakundeak, Idazkaritza Nagusiko Arazo Humanitarioen Koordinazio Bulegoaren bitartez, eta Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordeak ezarritako definizioa. Maila berekotzat hartuko dira ustekabeko larrialdiak deritzenak edota denboran luzatzen diren krisi humanitarioak. Azken bi horien komunikazioa Garapenerako Nazioarteko Lankidetzaren Espainiako Agentziak eta Osasuneko, Gizarte Zerbitzuetako eta Berdintasuneko Ministerioak eman beharko dute, elkarrekin. Lankidetza programaren buruzagitzan, Garapenerako Nazioarteko Lankidetzaren Espainiako Agentziak kalifikatutako gobernuz kanpoko erakunde batek –zeina Osasuneko, Gizarte Zerbitzuetako eta Berdintasuneko Ministerioak ofizialki abalatu beharko duen– edo nazioarteko erakunde batek egon beharko du, kasu bakoitzean Kanpo Arazoetako eta Lankidetzako Ministerioak Garapenerako Nazioarteko Lankidetzaren Espainiako Agentziaren bitartez adierazten dituen baldintzetan.

4.Apirilaren 28ko 519/2006 Errege Dekretuaren 10.1 artikuluaren g) letran jada ezarritakoarekin bat etorriz, larrialdi humanitarioetako Espainiako lankidetza proiektuetan parte hartzeko baimenak iraun bitartean egindako lanaren denbora merezimendu bezala baloratuko da, hau da, Administrazioarentzat –zeinaren mendekoak diren– egindako zerbitzu bezala, bai estatutupeko langile finko izateko hautapen-prozesuetan bai estatutupeko langile finko zein aldi baterakoen lanpostu-hornikuntzen prozesuetan, alegia, hautapen, barne-sustapen, lehiaketa, izendapen aske eta mugikortasunekoetan.

Aldi baterako estatutupeko langileari emandako baimena profesionalak okupatzen duen lanpostuaren indarraldiaren baldintzapean egongo da, eta, izendapena iraungiko balitz, baimena ere indargabetuta geratuko da. Autonomia-erkidegoek aldi baterako langileak hautatzeko dituzten arauak edo akordioak berrikusi beharko dituzte, langileak larrialdi humanitario bateko lankidetza baimena baliatzen ari ziren bitartean haien kategoriako aldi baterako enpleguaren poltsatik zuzentzen zaien eskaintzari ez erantzuteagatik izan ditzaketen zehapenak saihesteko xedearekin.

5.Autonomia-erkidegoek arautuko dituzte larrialdi humanitarioetan parte hartzeko baimena emateko baldintzak eta prozedura, bai estatutupeko langileei, osasun- zerbitzuetako estatutupeko langileen Esparru Estatutuari buruzko abenduaren 16ko 55/2003 Legearen 61.4 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, eta bai beren osasun- zerbitzuaren mendeko funtzionarioei, nola epe arruntaren barruan hala ohiz kanpokoan. Ahal den neurrian, esandako baimena presazko izapidearen bitartez emango da.

Administrazio autonomikoek arautuko dute, orobat, hala badagokio, antzeko eskubide eta bermeen aitortza, osasun-erakundeetako profesionalentzat, bai haien lotura-araubidea lan arlokoa denean eta bai karrerako funtzionarioak direnean.

Xedapen iragankor bakarra. Boluntariotzako erakundeen egokitzapena.

Lege hau indarrean jartzen denean boluntarioz osatuak dauden edo boluntarioak dituzten boluntariotzako erakundeak Lege honetan aurreikusitakora egokitu beharko dira urtebeteko epean, legea indarrean jartzen denetik zenbatuta.

Xedapen indargabetzailea.

1.Indargabetuta gelditzen da Boluntariotzari buruzko urtarrilaren 15eko 6/1996

Legea.

2.Indargabetuta gelditzen dira Hezkuntza eta Zientzia Ministerioaren 1994ko urriaren 11ko Agindua, araubide orokorreko irakaskuntza ematen duten zentro publikoetako boluntariotza-jarduera arautzen duena, eta Kultura Ministerioaren 1995eko urriaren 9ko Agindua, kultura arloko boluntariotza arautzen duena.

Azken xedapenetatik lehena. Osasun-zerbitzuetako estatutupeko langileen Esparru Estatutuari buruzko abenduaren 16ko 55/2003 Legearen 31.4 artikuluaren aldaketa, merezimendu-baremoen homogeneotasunari dagokion neurrian.

Osasun-zerbitzuetako estatutupeko langileen Esparru Estatutuari buruzko abenduaren 16ko 55/2003 Legearen 31. artikuluaren 4. zenbakia honela geratu da idatzita:

«Estatutupeko langileen izendapenetara heltzeko hautapen-probetarako merezimenduen baremoak hautagaien lanbide-konpetentziak ebaluatzera zuzenduko dira, besteak beste, honako alderdi hauen balorazio haztatua egitearen bitartez: haien lanbide- eta prestakuntza-curriculuma, graduatu-aurreko prestakuntza, espezializatua eta jarraitua, osasun-zentroetan izandako lanbide- esperientzia, zientziaren alorreko, irakaskuntzako eta ikerketako jarduerak, eta garapenerako lankidetzako edo laguntza humanitariokoak osasunaren eremuan. Erregelamendu bidez eta oinarrizko izaeraz, estatutupeko langile izatera iristeko –bai finkoen kasuan eta bai aldi baterakoenean– deitutako lanpostuak hornitzeko hautapen-prozesuetan eta mugikortasunerako prozeduretan aplikatzekoak izango diren merezimenduen baremoen ezaugarri erkideak erabakitzen dituzten printzipioak eta irizpideak erregulatuko dira, 37. artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorririk.»

Azken xedapenetatik bigarrena. Autonomia-erkidegoen eskumen-eremuarekiko errespetua.

Autonomia-erkidego bakoitzari bere Autonomia Estatutuak eta legeria espezifikoak boluntariotzaren alorrean esleitzen dizkioten eskumenak alde batera utzi gabe aplikatuko da lege hau.

Azken xedapenetatik hirugarrena. Tributuei, aurrekontuei eta ikerketa, garapena eta berrikuntza sustatzeari buruzko premiazko neurrien ekainaren 28ko 7/2013 Errege Lege Dekretuak interes orokorreko jardueretara eta boluntariotzako araudira egiten duen igorpenaren irismena.

Lege hau indarrean jartzen den egunetik aurrera, tributuei, aurrekontuei eta ikerketa, garapena eta berrikuntza sustatzeari buruzko premiazko neurrien ekainaren 28ko 7/2013 Errege Lege Dekretuak Boluntariotzari buruzko urtarrilaren 15eko 6/1996 Legera egiten duen igorpena Lege honetara egindakotzat ulertu beharko da.

Azken xedapenetatik laugarrena. Eskumen-titulua.

Lege hau Espainiako Konstituzioaren 149.1.1 artikuluaren babesean eman da, zeinaren indarrez espainiar guztien berdintasuna bermatzeko oinarrizko baldintzak arautzeari buruzko eskumen esklusiboa baitu Estatuak, bai eskubideez baliatzean eta bai eginbehar konstituzionalak betetzean ere.

Azken xedapenetatik bosgarrena. Gastu publikoa ez handitzea.

Lege honetan jasotako neurriek ezingo dute gastu publikoa handitu.

Azken xedapenetatik seigarrena. Erregelamendua garatzeko gaikuntza.

Baimena ematen zaio Gobernuari Lege hau betearazteko Erregelamendua onar dezan sei hilabeteko epean, legea indarrean sartzen den egunetik zenbatuta.

Azken xedapenetatik zazpigarrena. Indarrean jartzea.

Lege hau «Estatuko Aldizkari Ofizialean» argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Horrenbestez,

Lege hau bete eta betearaz dezatela agintzen diet espainiar guztiei, partikular zein agintariei.

Madrilen, 2015eko urriaren 14an.

FELIPE e.

Gobernuko presidentea,

MARIANO RAJOY BREY

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra