Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Octava ediciión Premios Adrián Celaya

Administrazio zuzenbidea  >>  Legeria  >> Orokorra

46/2015 Legea, urriaren 14koa, Karrera Militarrari buruzko azaroaren 19ko 39/2007 Legea aldatzen duena

2015-10-14

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2015/10/15, 247. zk.

I. XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

11073 46/2015 Legea, urriaren 14koa, Karrera Militarrari buruzko azaroaren 19ko 39/2007 Legea aldatzen duena.

FELIPE VI.a

ESPAINIAKO ERREGEA

Honako hau ikusten eta ulertzen duten guztiei.

Jakizue: Gorte Nagusiek honako lege hau onetsi dutela eta nik berretsi egiten dudala:

HITZAURREA

Indar Armatuetako Kideen Eskubideen eta Betebeharren uztailaren 27ko 9/2011 Lege Organikoaren azken xedapenetatik hamabigarrenak xedatutakoaren arabera, Gobernuak sei hilabeteko epea izango du, legea indarrean jartzen denetik, Karrera Militarraren Legearen araubide iragankorra erreformatzeko lege proiektua —lege horren aplikazioaren ondoriozko esperientzia aintzat hartuko baitu— Diputatuen Kongresura bidaltzeko, eta horretarako legearen aldi iragankorreko elementuak jasoko dituen txostena eman beharko du, aurretik, Diputatuen Kongresuko Defentsa Batzordeak, hain zuzen, honakoei eragiten dieten elementuak jasoko dituena: sustapen eta eskala-aldaketak, maila-igoeren araubidea, antzinakotasuna, erreserba-egoerara pasatzea eta lortutako prestakuntzaren balioespen akademikoa, bai eta langile desgaituen erretiroa —hala dagokionean, horren ondorio ekonomikoak aintzat harturik—.

Defentsa Batzordeak, 2014ko uztailaren 9ko bilkuran, Karrera Militarrari buruzko azaroaren 19ko 39/2007 Legearen araubide iragankorra erreformatzeko azpibatzordearen txostena onetsi zuen; txosten horretan legegilearen agintzeko ahalmena mugatu ondoren, egindako proposamenen analisia jaso zen, txostenean bertan jasotzen ziren gaiei eta Karrera Militarrari buruzko Legeak berak jasotzen dituen beste gai batzuei dagokienez. Analisi horren amaiera gisa lege aldaketa honetan jasota gelditu diren hainbat proposamen egin zen, beraz, uztailaren 27ko 9/2011 Lege Organikoak xedatzen zuena bete egin da.

Erreforma honen bidez, honako aldaketa hauek egiten dira: inguruabar bereziak direla- eta erretiro egoerara pasatzen diren militarren benetako lotura definitzen da, haien borondatez gelditzen baitira Indar Armatuei atxikiak, eta ohorezko maila-igoerak lortu ahal izatea ahalbidetzen zaie; Karrera Militarrari buruzko Legearen hamargarren xedapen gehigarriak xedatutakoari bildu ezin izan ziren erretiratutako ofizialordeei enplegua ematea arautzen da; erreserba egoerara pasatzean, igoerarako bete behar diren baldintzak aldatzen dira; hainbat kidego eta eskalatan 58 urte betetzean erreserba egoerara norberaren borondatez pasatu ahal izateko, militarrek hogeita hamahiru urteko zerbitzuak

Indar Armatuetan sartu zenetik— egiaztatu behar dituzte, eta baldintza hori betetzeko epea bi urtez luzatzen da; militar osagarriak iraunkorrak izatera pasa daitezen erraztuko da eta erreserba egoeratik pasa gabe erretiro egoerara zuzenean pasa zirenei ohorezko enplegua ematea ezartzen da, betiere, erretirora pasa zirenean zerbitzuan hogei urte — militar profesionalaren izaera eskuratu zutenetik— emanak zituztela egiaztatu bazuten, eta, edozein kasutan, zerbitzu-egintzaren ondorioz pasa baziren.

Gainera, Karrera Militarrari buruzko Legea indarrean jarri zenetik zazpi urte baino gehiago pasa direnean, egokitzat jotzen da hainbat arazo argitu edo zehaztea, esperientziak nahiko definituta ez daudela erakutsi baitu. Era horretan, honako hauekin loturiko alderdiak zehazten dira: prestakuntza-zentroetan izandako bajak errekuperatzea; merezimenduen balorazioa sustapen-prozeduretan; espezializatzeko beharra hainbat enplegu abiapuntu hartuta; ebaluazioekin eta zereginen etete-egoerara pasatzeko

prozedurekin, edo inguruabar bereziak direla-eta destinoak eta zerbitzu-eginkizunak hornitzearekin zerikusia duten alderdiak erregelamendu bidez arautzeko beharra; baldintza psikofisikoekin zerikusia duten espedienteei loturiko errekurtsoak ebazteko irizpideak bateratzea; baja-aldiak zenbatzeko sistema; tropako eta itsas armadako militar izaera eskuratzeko unea; militarrek berariazko osagarriaren zenbatekoa murrizteko eskatu ahal izateko aukera, Administrazio Publikoetako Langileen Bateraezintasunen abenduaren 26ko 53/1984 Legearen ondorioetarako.

Artikulu bakarra. Karrera Militarrari buruzko 39/2007 Legea, azaroaren 19koa, aldatzea.

Karrera Militarrari buruzko 39/2007 Legea, azaroaren 19koa, honela aldatzen da:

Bat. 24. artikuluaren 1. eta 2. zenbakiak honela geratzen dira idatzita:

«1. Ministro Kontseiluak, salbuespenezko merezimenduak edo inguruabar bereziak tartean direlako, eta Defentsako ministroak hala proposatuta, goiko hurrengo enplegua —ohorezko izaeraz— eman ahalko die erretiro-egoerara igaro diren edo beren konpromisoa amaitutzat eman duten militarrei. Ohorezko enpleguak hil ostean ere eman daitezke.

2.Defentsako Estatu Nagusiaren buruari edo Lehor-armadako, Armadako edo Aireko-armadako Estatu Nagusiaren buruei dagokie ohorezko enpleguak emateko ekimena, eta horretarako merezimenduak eta elkartzen diren inguruabarrak arrazoitu beharko dituzte. Espediente horiek izapidetzeko orduan, dagokion armadaren Kontseilu Nagusiak emandako txostena batu egingo da espedientera.

Ohorezko goiko hurrengo enplegua emateko espedientea abiaraziko da, beti, zerbitzu-egintzan hil diren militarrei edo ezintasun iraunkorragatik —zerbitzu- egintzan edo haren ondorioz gertatua bada— erretiratu edo konpromisoari amaiera ematen dietenei emateko. Enplegu hori ez emateko arrazoitutako proposamena egon bada, berriz, Defentsako ministroak hura Ministroen Kontseiluari bidaltzea aztertuko du.»

Bi. 24 bis artikulua gehitzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«24 bis artikulua. Indar Armatuekiko ohorezko lotura.

1.Erretiro egoerara pasatzeko edo zerbitzu egintzan edo horren ondorioz zerbitzurako ezintasun iraunkorraren egoerara pasatzeko izandako arrazoi bereziak aintzat harturik, militarra Indar Armatuei loturik geratu ahalko da, ohorezko izaeraz.

2.Defentsako ministroaren aginduz zehaztuko dira aurreko zenbakian aipatutako arrazoi berezi horiek.

3.Ohorezko loturak harekin dakar interesduna zehazten den unitateari atxikitzea, eta hala dagokionean, ohorezko beste enplegu batzuk —Defentsako ministroaren aginduz ezartzen diren muga eta baldintzekin bat— eskuratu ahal izatea, betiere, atxikia dagoen unitatean izan duen parte-hartze eta lankidetza aintzat harturik.

4.Defentsako ministroak ematen du ohorezko lotura, baina interesdunak eskatu beharko du 1. zenbakian zehaztutako baldintzak betetzen baditu. Lege honen 24. artikuluak xedatutakoarekin bat emango da ohorezko lehenengo enplegua, ondorengoak, berriz, Defentsako ministroak emango ditu, Defentsako Estatu Nagusiaren buruaren eta Lehor-armadako, Armadako eta Aireko-armadako Estatu Nagusiaren buruen ekimenez, haien eskumenen eremuaren barruan, eta dagokion armadako Kontseilu Nagusiak txostena eman ondoren.

5.Enplegu horiek emateak ez du ondorio ekonomikorik izango, ez eta interesdunak erretirodun gisak jasotzen duen pentsioaren aldaketarik ekarriko ere.»

Hiru. 56. artikuluaren 2. zenbakia honela geratzen da idatzita:

«2. Hautaketa-organoek ezingo dute proposatu hautagai kopuru handiagoa deitutako plaza kopuruena baino militarrentzako prestakuntza-ikastetxeetan sartzeko. Hala ere, zentro horietako ikasle izateko hautatutako hautagaiek, zentroan sartu aurretik edo, hala dagokionean, deialdian ezartzen den bizitza militarrerako orientazio- eta egokitzapen-aldia amaitu aurretik, uko egiten badiote aurrera jarraitzeari, deialdia egin duen organoak ikasle izateko proposatutakoen ondoren zeuden hautagaien zerrenda osagarria eskatu ahalko dio hautaketa-organoari. Aurreko lerrokadan ezarritakoari jarraituz, dagozkion militarrentzako prestakuntza- ikastetxeetan sartzeko data heltzean, iraungi egingo da hautaketa-prozesuaren ondoriozko beste edozein eskubide.»

Lau. 62. artikuluaren 1. zenbakia honela geratzen da idatzita:

«1. Eskatutako baldintzak betetzen dituzten militar profesionalei eskala aldatzea edo, hala dagokionean, kidegoa aldatzea ahalbidetzen dieten sustapen- prozesuak bultzatu eta erraztuko ditu Defentsa Ministerioak. Prozesu horietan, merezimenduak balioetsiko dira, zerbitzuan emandako denbora barne, sartzeko plazak erreserbatuko dira eta, hala dagokionean, hezkuntza sistema orokorreko titulazioa eskuratzea erraztuko da. Halaber, lanbide-esperientziaren eta prestakuntzaren balioespen efektiboa egingo da, zeina dagozkion tituluen, baliozkotzeen eta baliokidetza edo kredituen bidez ziurtatu beharko baitira. Prozesu horiek urrutiko irakaskuntza faseen bidez burutu ahalko dira.»

Bost. Legearen 75. artikuluaren 1. zenbakiari laugarren lerrokada gehitzen zaio, eta honela geratzen da idatzita:

«Espezialitate horiek lortzeko prestakuntza- eta eskuratze-sistema erregelamendu bidez ezarriko da, eta Indar Armatuetako kideen merezimenduak eta ibilbidea aintzat hartuko dituen karreraren garapena ahalbidetu beharko du.»

Sei. Legearen 92. artikuluari 4. zenbakia gehitzen zaio, eta honela geratzen da idatzita:

«4. Igoera ebaluatuko duten organoek igoera emango duen agintaritzari ebaluatutakoen prozesu-egoeraren berri emateko beharrezko diren neurriak erregelamendu bidez ezarriko dira.»

Zazpi. Legearen 101. artikuluari 3. bis, 7. eta 8. zenbakiak gehitzen zaizkio, eta honela geratzen dira idatzita:

«3 bis. Behin falta oso astunagatiko diziplina-prozedura abiaraztea erabaki edo delituagatiko salaketa izapidetzea onartu ondoren, sexu-jazarpen, -abusu edo -erasoaren biktima izan denak zerbitzu eginkizuna eskatzeko eskubidea izango du, hain zuzen, gertaerak izan ziren unitatea edo tokia ez den beste batean.»

«7. Destinoak hornitzeko arau orokorren barruan aldi baterako izendapena jaso ahalko da inguruabar bereziak ematen diren kasuetarako, besteak beste, militarraren norberaren bizitza, familia eta lana bateragarri egitearekin loturikoak edo militarraren beraren edo haren senitartekoen osasun, desgaitasun edo mendekotasun arrazoiekin loturikoak. Destino horiek aurretik plaza hutsa dagoela argitaratu behar izan gabe esleitu daitezke, erregelamendu bidez zehaztutako baldintza eta mugak aintzat harturik.

8.Terrorismoaren Biktimak Aitortu eta Osorik Babesteko irailaren 22ko 29/2011 Legeak xedatutakoarekin bat, terrorismoaren biktimatzat hartu diren militarrek eskubidea dute beste destino baten esleipendunak izateko, betiere, erregelamendu bidez zehaztutako baldintzekin bat.»

Zortzi. Legearen 111. artikuluari, 2. zenbakiaren lehenengo eta bigarren lerrokaden artean, lerrokada bat gehitzen zaio, eta honela geratzen da idatzita:

«Eginkizun-etenaldiaren egoerara pasatzeko prozedurak presaz noiz izapidetu zehazteko beharrezko neurriak erregelamendu bidez ezarriko dira.»

Bederatzi. Aldatu egiten da 39/2007 Legearen 120. artikuluaren 1. zenbakia, bigarren lerrokada, eta honela geratzen da idatzita:

«Ebaluazio-organo batek —armada bakoitzean dagokiona— balioetsiko du espedientea, zeinetan mediku eskumendunaren txostena egongo baita, eta Defentsako ministroari bidaliko zaio, horrek dagokion ebazpena eman dezan.»

Hamar. Legearen 121. artikuluaren 4. zenbakia 5.a izatera pasatzen da eta 4. zenbaki berria gehitzen zaio; honela geratzen da idatzita:

«4. Berriz gaixotzeko aldiak zenbatu egingo dira artikulu honetako 2. eta 3. zenbakien ondorioetarako; berriz gaixotzea gertatu dela ulertuko da militarrak sei hilabete baino gutxiagoko epean berriro baja bada zerbitzuan prozesu patologiko beraren ondorioz, eta kasua hori denean, ez da aldi baterako gutxiegitasun-aldi berri bat abiaraziko.

5.(...)»

Hamaika. Bigarren lerrokada gehitzen zaio hamargarren xedapen gehigarriaren 4. zenbakiari, eta honela geratzen da idatzita:

«Ezintasun iraunkorragatik erretiroan dauden eta zerbitzu aktiboan edo erreserban daudelako berrantolaketa honen barruan dauden ofizialordeen kidegoko ofizialordeek eskala horietara heltzeko gaitasun-ikastaroan eskuratu zutenaren hurrengoari edo dena delako mailan hurrengo denari dagozkion enplegu eta antzinatasuna eskatu ahalko dute, betiere, berrantolaketaren ondorengo enpleguei dagozkien antzinatasunaren data-mugak eskatzaileek erretiro-egoerara pasa ziren daten aurrekoak badira, eta enplegua eta antzinatasuna ezingo dira inolaz ere izan ukituak 61 urte bete ondorengokoa.»

Hamabi. Hamabigarren xedapen gehigarria gehitzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«Hamabigarren xedapen gehigarria. Ordainsariari dagokionez, A1, A2, C1 eta C2 azpitaldeetako baten baliokide den enplegua duten langile militarrek, norberak hala eskatuta, berariazko osagarriaren murrizketa eskatu ahalko dute.

1.Ordainsariari dagokionez, A1, A2, C1 eta C2 azpitaldeetako baten baliokide den enplegua duten langile militarrek —Langile Militarren Bateraezintasun Araubidearen otsailaren 21eko 517/1986 Errege Dekretuaren aplikazio eremuaren barrukoek— betetzen duten lanpostuari dagokion berariazko osagarriaren zenbatekoa murrizteko eskatu ahalko dute Administrazio Publikoetako Langileen Bateraezintasunen abenduaren 26ko 53/1984 Legearen 16.4 artikuluak xedatzen duen ehunekora egokitzeko. Eskaera hori armadetako agintarien edo langileen buruzagitzaren aurrean egin beharko dute, armaden egituratik aparteko destinoa dutenek, berriz, Defentsa Ministerioaren Langileen Zuzendaritza Nagusiaren aurrean; Guardia Zibilaren kasuan, Guardia Zibilaren Zuzendaritza Nagusiaren Langileen Azpizuzendaritza Nagusiaren aurrean egin beharko da eskaera.

2.Aukera horretatik kanpo gelditzen dira, gobernu-kideen eta Estatuaren Administrazio Orokorreko goi-mailako karguen kabineteetan aritzen diren eta, ordainsariari dagokionez, A1 eta A2 azpitaldeetako baten baliokide den enplegua duten langile militarrak, bai eta 30 zein 29 lanpostu-mailako osagarria esleituta duten lanpostuetan aritzen direnak ere.»

Hamahiru. Bosgarren xedapen iragankorraren 7. zenbakiari laugarren lerrokada gehitzen zaio, eta honela geratzen da idatzita:

«Indar Armatuen behar bereziak aztertu ondoren, militar osagarrien jarraipena errazteko behar diren plazak hornituko ditu Gobernuak.»

Hamalau. Aldatu egiten da seigarren xedapen iragankorra, eta honela geratzen da idatzita:

«Seigarren xedapen iragankorra. Maila-igoerak erreserban.

Honako lege hau indarrean jartzen den momentutik erreserba-egoerara pasatzen diren teniente koronel, komandante eta kapitainek koronel, teniente koronel edo komandante enplegua, hurrenez hurren, eskuratu ahalko dute eskatzen badute, koronel enplegua dagoen eskala batekoak badira, maila-igoerarako muga legalik ez badute eta 2019ko ekainaren 30 baino lehen hamar urte —erreserban emandako denbora barne— bete badituzte haien enpleguan. Erreserban aitortuko zaie, horretarako baldintzak betetzen dituzten egunetik abiatuta, hurrengo uztailaren 1eko ondorioekin.»

Hamabost. Aldatu egiten da zazpigarren xedapen iragankorra, eta honela geratzen da idatzita:

«Zazpigarren xedapen iragankorra. Ofizialordeen teniente enplegurako maila- igoera.

1.Sarjentu enplegua 1977ko urtarrilaren 1etik, eta 1999ko maiatzaren 20a baino lehen —17/1999 Legea, maiatzaren 18koa, Indar Armatuetako Langileen Araubidearena indarrean jarri zen eguna— lortu duten ofizialordeek, tenienteorde enplegua lortzeko muga legalik ez badute, maiatzaren 18ko 17/1999 Legeak xedatutako ofizialen eskaletako teniente enplegua lortu ahalko dute eskatzen badute; enplegu hori emango zaie lege honekin bat erreserba egoerara pasatu edo pasatuko diren egunean, eta antzinatasuna, zerbitzuan emandako denbora eta ondorio ekonomikoak maila-igoeraren egunetik aitortuko zaizkie, ondoren datozen

2.eta 3. zenbakietan xedatutakoari kalte egin gabe.

2.Honako xedapen hau dela-eta teniente enplegura 58 urte baino gehiagorekin igo diren edo igoko diren ofizialordeen kasuan, adin hori bete zuten eguna hartuko da kontuan antzinatasuna, zerbitzuan emandako denbora eta ondorio ekonomikoak aitortzeko. Gainera, ofizialorde helduei, erreserba egoerara pasa badira enpleguan sei urte eman dituztelako, 2013ko abuztuaren 1era arte, teniente enplegua emango zaie eta 56 urte bete zuten eguna hartuko da kontuan antzinatasuna, zerbitzuan emandako denbora eta ondorio ekonomikoak aitortzeko.

3.Legearen 113.3 artikulua aplikatzearen ondorioz erreserba egoerara pasatu edo pasako diren xedapen honen 1. zenbakian aipatutako ofizialordeek teniente enplegua —maiatzaren 18ko 17/1999 Legeak xedatutako ofizialen eskaletakoa— lortu ahalko dute eskatuz gero, betiere, erreserbara pasatzeko lege honen zortzigarren xedapen iragankorrean edo 113. artikuluaren 1. —b letra— eta 4. zenbakietan xedatutakoak betetzen badituzte; ondorio horietarako erreserban emandako denbora zenbatuko da.

4.Maiatzaren 18ko 17/1999 Legea edo honako xedapen hau aplikatzearen ondorioz teniente enplegura igo diren edo igoko diren ofizialordeek, eta erreserba egoeran daudenen mailaren hurrenkera zehaztearen ondorioetarako baino ez, zerbitzu aktiboan lortua zuten enpleguarekin bat dagokien postua beteko dute, bai eta enplegu horretan zuten antzinatasuna izan ere.»

Hamasei. Aldatu egiten da zortzigarren xedapen iragankorraren 4. zenbakia, eta honela geratzen da idatzita:

«4. 2013ko uztailaren 31ra arte, maiatzaren 18ko 17/1999 Legearen 144.2.b artikuluak xedatutako erreserbara pasatzeko kasua aplikatuko zaie kidego orokorrekoei, itsas infanteriakoei eta espezialisten kidegoei; 2009ko uztailaren 1etik aurrera, kidego horietako ofizialen eskaletatik datozen eta eskala berrietan integratu diren teniente koronelei heltzeko zabaldu zen, eta lege honetako 113.6 artikuluan xedatutakoa aplikatuko zaie. Berrogeita hamasei urte bete ez dituenak adin hori izan arte itxaron beharko du erreserba egoerara pasatu ahal izateko.

2019ko ekainaren 30era arte, aurreko zenbakian aipatutako langileek, eskala berrietan integratu ez diren ofizialen eskaletatik datozen teniente koronelek eta aipatutako kidegoetako ofizialorde helduek erreserbara haien borondatez pasatzeko eskatu ahalko dute, Indar Armatuetan sartu zirenetik hogeita hamahiru urte baino gehiago pasa badira eta berrogeita hamazortzi urte beteak badituzte, eta haiei ere 113.6 artikuluan xedatutakoa aplikatuko zaie. Eskaera egiteko momentuan adin hori bete gabe badute, beteko duten dataren ondorioekin emango zaie, nahiz eta zenbaki honen hasieran adierazitako egunaren ondorengoa izan.»

Hamazazpi. Xedapen iragankor bat gehitzen da, hamahirugarrena, eta honela geratzen da idatzita:

«Hamahirugarren xedapen iragankorra. Erretirodunei ohorezko enplegua ematea.

1.Honako lege hau indarrean jartzen denetik, bete beharreko baldintza psikofisikoak, zerbitzu-egintzaren ondorioz, betetzen ez dituztelako erretiro egoerara pasatu edo pasako diren teniente koronel, komandante eta kapitainei ohorezko enplegua eman ahalko zaie, koronel, teniente koronel edo komandantearena, hurrenez hurren, koronel enplegua dagoen eskala batekoak badira, maila-igoerarako muga legalik ez badute, eta 2019ko ekainaren 30 baino lehen, hamar urte —zerbitzu aktiboa, erreserba (halakoa denean) eta erretiroa barne— bete badituzte dauden enpleguan; baldintzak betetzen dituen egunetik abiatuta lehen uztailaren 1etik aurrerako antzinatasuna aitortuko zaie.

2.Zazpigarren xedapenaren barruan dauden eta bete beharreko baldintza psikofisikoak, zerbitzu-egintzaren ondorioz, betetzen ez dituztelako erretiro egoerara pasatu edo pasako diren ofizialordeei aplikatuko zaie zazpigarren xedapen iragankor horretan adierazitakoa, eta ohorezko teniente enplegua emango zaie; zerbitzu aktiboan jarraitu izan balute erreserba egoerara pasako liratekeen eguna aintzat harturik aitortuko zaie antzinatasuna.

3.Aurreko 1. eta 2. zenbakietan aipatzen diren langileak erretiro egoerara pasatu badira bete beharreko baldintza psikofisikoak betetzen ez dituztelako, baina ez zerbitzu-egintzaren ondorioz, maila-igoerarako eskubidea izango dute haiek bezala, baina militar profesional izaera bereganatu zutenetik hogei urteko zerbitzua egiaztatu beharko dute.

4.Ez zaio horrelako enplegu bat emango 24. artikulua aplikatzearen ondorioz, ohorezko alferez enplegua baino maila goragokoa eman zaion militarrari.

5.Interesdunak eskatu beharko du horrelako enplegua eman dakion, eta emateak ez du ondorio ekonomikorik izango, ez eta interesdunak erretirodun gisak jasotzen duen pentsioaren aldaketa ekarriko ere.»

Lehenengo xedapen gehigarria Hamargarren xedapen gehigarriaren aldaketak ukitutako langileei enplegua esleitzeko eskabidea aurkezteko epea.

Azaroaren 19ko Legearen hamargarren xedapen gehigarriaren aldaketak ukitutako langileek 6 hilabete —honako lege hau indarrean jartzen denetik— izango dituzte dagozkien enpleguak eslei diezazkien eskatzeko.

Bigarren xedapen gehigarria. Bizitza Militarraren Behatokiaren sustapen-prozesuen inguruko txostena.

Indar Armatuetako kideen eskubideen eta betebeharren uztailaren 27ko 9/2011 Lege Organikoaren 54. artikuluak esleitzen dizkion zereginekin bat, Karrera Militarraren azaroaren 19ko 39/2007 Legearen 62. artikuluaren benetako aplikazioaren emaitzak jasoko ditu Bizitza Militarraren Behatokiak bere urteko txostenean, barne-sustapenaren prozesuen eraginkortasuna balioesteko moduan.

Xedapen iragankor bakarra.

Lege honen hirugarren zenbakian xedatutakoa —azaroaren 19ko 39/2007 Legearen

56. artikuluaren 2. zenbakia aldatzen baitu— aplikatuko da 2015-2016 ikasturtean.

Azken xedapenetatik lehenengoa Tropako Militarren eta Marinelen 8/2006 Legea, apirilaren 24koa, aldatzea.

Tropako Militarren eta Marinelen 8/2006 Legea, apirilaren 24koa, honela aldatzen da:

Bat. Legearen 4. artikulua honela geratzen da idatzita:

«4. artikulua. Tropako militarraren eta marinelaren izaera eskuratzea.

Dagokion armadaren Estatu Nagusiaren buruak ematen duen soldadu edo marinel enplegua lortzearekin batera eskuratzen da tropako militarraren eta marinelaren izaera, enplegu hori eskuratzeko hautaketa-probetarako deialdian ezarritako prestakuntza-aldia gainditu eta 7. artikuluan ezarritako hasierako konpromisoa izenpetu ondoren, gainera dagokion gizarte segurantzaren erregimenean sartzen da militarra.»

Bi. 7. artikuluaren 1. zenbakia honela geratzen da idatzita:

«1. Tropako militar eta marinel izaera eskuratzeko hautaketa-proben deialdian ezarritako prestakuntza-aldia gainditu dutenek berehala eta haien borondatez sinatuko dute hasierako konpromisoa. Hasierako konpromisoan beti zehaztu behar dira haren iraupena eta destinoa, bai eta soldadu eta marinelen lan ibilbidearekin loturiko beste inguruabar batzuk ere, edozein kasutan, prestakuntzako zentro militarrean ikasle gisa hasi aurretik izengaiei emango zaien informazio orokorra dena.»

Azken xedapenetatik bigarrena. Indarrean jartzea.

Lege hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Horrenbestez,

Lege hau bete eta betearaz dezatela agintzen diet espainiar guztiei, partikular zein agintariei.

Madrilen, 2015eko urriaren 14an.

FELIPE e.

Gobernuko presidentea,

MARIANO RAJOY BREY.

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra