Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Octava ediciión Premios Adrián Celaya

Administrazio zuzenbidea  >>  Legeria  >> Ingurumena

5/2013 Legea, ekainaren 11koa, kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea eta hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legea aldatzen dituena

2013-06-11

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2013/6/12, 140. zk.

I.  XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

6270

5/2013 Legea, ekainaren 11koa, kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea eta hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legea aldatzen dituena.

JUAN CARLOS I ESPAINIAKO ERREGEA

Honako hau irakurtzen duten guztiek.

Jakizue Gorte Nagusiek ondoko lege hau onetsi dutela, eta Nik, hemen, berretsi egiten dudala.

ATARIKOA Prebentzioa da ingurumenari buruzko politika oro taxutu behar duen oinarrizko printzipioetako bat. Haren helburua kutsadura jatorritik saihestea da, kutsaduraren ondorioak minimizatzea edo eraginpeko baliabideak leheneratzea beharrezko izan aurretik. Hori dela eta, Espainiako ingurumen-politikak, ingurumenari buruzko Europar Batasunaren programekin bat, behin eta berriz nabarmendu du prebentzio-printzipioaren garrantzi erabakigarria, baita «kutsatzen duenari dagokio ordaintzea» printzipioa ere, horiek baitira industria-jardueretatik eratorritako kutsadura saihesteko, murrizteko eta, ahal den heinean, ezabatzeko oinarriak. Bestalde, uste dugu ezen, jarduera horiek atmosferara, uretara edo lurzorura egiten dituzten isurpenak kontrolatzeko, ikuspegi integratua dela egokiena ingurumena osotasunean babesteko, kutsadura elementu edo baliabide natural batetik bestera transferitzea saihesteko.

Oinarrizko printzipio horien gainean onartu zuen Europar Batasunak Kontseiluaren 96/61/EE Zuzentaraua, azaroaren 24koa, kutsadura prebenitzeari eta kontrolatzeari buruzkoa (IPPC), geroago kutsadura prebenitzeko eta kontrolatzeko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren urtarrilaren 15eko 2008/1/EE Zuzentarauak indargabeturikoa; azken hori hasierako bertsioa eta ondorengo aldaketak testu bakar batean bateratzen dituen bertsio kodetua da. Zuzentarau horien bitartez, ingurumenbaimen bat izateko beharra ezarri da; baimen horretan, administrazioren integrazio eta koordinazioaren bitartez, airera eginiko isurpenen, bestelako isurpenen eta hondakinen kontrola aurreikusten da, zuzentarauaren aplikazio-eremuan sartzen diren instalazioetarako. Era berean, arau horiek irizpide batzuk ezartzen dituzte Isurpenen Muga Balioak (IMB) zehazteko. Balio horiek Teknika Erabilgarri Onenak (TEO) izan beharko dituzte oinarri, eta baimen horretan jaso beharko dira (Espainian, baimen horiei, ingurumen-baimen bateratu deritze).

IPPC Zuzentaraua kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen bitartez txertatu zen barne-zuzenbidean; zuzentarau horretan bildutako aginduek estatuko oinarrizko legediaren izaera dute. Lege hori garatu egin zuten apirilaren 20ko 508/2007 Errege Dekretuak, zeinak E-PRTR Erregelamenduko eta ingurumen-baimen integratuetako isurpenei buruz eman beharreko informazioa arautzen baitu, eta apirilaren 20ko 509/2007 Errege Dekretuak, zeinak kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzeko eta betearazteko erregelamendua onartzen baitu.

Bestalde, autonomia-erkidegoek, dagozkien autonomia-estatutuek onartzen dizkieten eskumenei jarraituz, kutsaduraren prebentzio eta kontrol integraturako oinarrizko araudia garatu dute, bai legeen bitartez, bai erregelamenduzko xedapenen bitartez, eta, orobat, eskumen horiek baliatuz araudi horren aplikazio-eremu materiala zabalduta ere.

Arlo honi dagokion lehenengo zuzentaraua promulgatu ostean, instalazio industrialei buruzko legedia berrikusteko premia sortu zen, ordura arte ziren xedapenak sinplifikatzeko eta argitzeko, beharrezkoak ez ziren administrazio-kargak arintzeko eta honako komunikazio hauen ondorioak praktikara eramateko: «Atmosferari buruzko Estrategia Tematikoari» buruzko 2005eko irailaren 21eko Batzordearen Komunikazioa, «Hondakinak Prebenitzeari eta Birziklatzeari buruzko Estrategia Tematikoari» buruzko 2005eko abenduaren 21eko Komunikazioa, eta «Lurzorua babesteari buruzko Estrategia Tematikoari» buruzko 2006ko irailaren 22ko Komunikazioa. Komunikazio horiek guztiak 2002ko uztailaren 22ko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1600/2002/EE Erabakiaren ondorioz onartu ziren; erabaki horren bitartez, Europako Erkidegoaren Ingurumen arloko Seigarren Ekintza Programa ezarri zen. Komunikazio horiek gizakien osasuna eta ingurumena babesteko helburuak ezartzen dituzte, eta bere garaian uste izan zen ez zela halakorik lortuko industria-jardueretatik eratorritako isurpenen murrizketa berriak ezarri ezean.

Hori dela eta, Europar Batasuna gai horri buruzko zuzentarau berria lantzen ari da, hain zuzen, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2010/75/EB Zuzentaraua, azaroaren 24koa, industria-isurpenei buruzkoa; haren bitartez, hainbat aldaketa egin dira kutsaduraren prebentzio eta kontrol integraturako legedian, baita industria-jarduerei buruzko Europako gainerako legedian ere, osasun publikoan eta ingurumenekoan hobekuntzak lortzeko premiari erantzuteko eta, ere berean, errentagarritasuna bermatzeko eta berrikuntza teknikoa sustatzeko. Berrikuspena, hala, erregulazio hobea izateko planaren esparruan sartu da, eta legedia sinplifikatzeko Batzordearen programa iraunkorrean txertatu, zeinak 2006-2009 aldia betetzen baitu; izan ere, Batzordearen urriaren 25eko Komunikazioan ezarritakoa («Lisboako estrategiari buruzko erkidegoaren programa aplikatzea: araugintza-esparrua sinplifikatzeko estrategia bat» izeneko komunikazioa) eta araugintza-esparrua sinplifikatzeko estrategiari buruzko 2007ko irailaren 4ko Europako Parlamentuaren Ebazpenean ezarritakoa betez txertatu da berrikuspena programa iraunkor horretan.

2010/75/EB Zuzentarau berriak batu egiten ditu argitasunaren mesedetan: Kontseiluaren 78/176/EEE Zuzentaraua, 1978ko otsailaren 20koa, titanio-dioxidoaren industriatik sortutako hondakinei buruzkoa; Kontseiluaren 82/883/EE Zuzentaraua, 1982ko abenduaren 3koa, titanio-dioxidoaren industriak sortutako hondakinen eraginpeko bitartekoak gainbegiratzeko eta kontrolatzeko modalitateei buruzkoa; Kontseiluaren 92/112/EEE Zuzentaraua, 1992ko abenduaren 15ekoa, titanio-dioxidoaren industriatik eratorritako hondakinek sortutako kutsadura ezabatzeko murrizketa-programak bateratzeko erregimena ezartzen duena; Kontseiluaren 1999/13/EE Zuzentaraua, 1999ko martxoaren 11koa, jarduera eta instalazio jakin batzuetan disolbatzaile organikoak erabiltzearen ondoriozko konposatu organiko hegazkorren isurpenak murrizteari buruzkoa; Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2000/76/EE Zuzentaraua, 2000ko abenduaren 4koa, hondakinak errausteari buruzkoa; Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2001/80/EE Zuzentaraua, 2001eko urriaren 23koa, errekuntza-instalazio handietatik eratorritako kutsatzaile jakin batzuen atmosferarako isurpena mugatzeari buruzkoa; eta, azkenik, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008/1/EE Zuzentaraua, 2008ko urtarrilaren 15ekoa, kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzkoa.

Ondorioa zuzentarau argiago eta koherenteagoa izan da, eta, hala, oro har, indartu egin da Teknika Erabilgarri Onenen (TEO) aplikazioa Europar Batasunean, estatu kideei exijituz isurpenen muga-balioak TEOei buruzko ondorioei jarraituz ezar ditzatela, teknika edo teknologia espezifiko bat erabili beharra ezarri gabe. Era berean, gehiago azpimarratu da baimenetan ezarritako baldintzen justifikazioa, eta isurpenen muga-balio zorrotzagoak ezartzen dira zenbait sektoretarako, esaterako, errekuntza-instalazio handietarako.

Azaroaren 24ko 2010/75/EB Zuzentarau berriak, honako berritasun garrantzitsu hauek txertatu ditu: arinki aldatu du I. eranskinaren aplikazio-eremua, instalazio-mota osagarriak hartzeko araudia aplikatzen zaien jarduerei buruzkoarena, alegia, eta zehaztu eta zabaldu egin du zenbait sektoreri dagokienez (adibidez, hondakinen tratamendua); Ingurumen Baimen Integratuari buruzko izapidetze administratiboa sinplifikatu eta argitu egiten da, bai hura emateari dagokionez, bai haren aldaketari eta berrikuspenari dagokienez; era berean, ikuskaritzetarako eta betetze-txostenetarako gutxieneko baldintzak ezartzen ditu; instalazioak itxi eta lurzoruak eta lurpeko urak babesteari buruzko arauak ezartzen ditu, betiere baimenak emateko egungo praktiken koherentzia areagotzeko asmoz.

Zuzentarau berriak eginiko aldaketa horiek uztailaren 1eko 16/2002 Legearen aldaketaren bitartez txertatu dira Espainiako legedian, betiere industriako isurpenen zuzentarauari egokitzeko. Legearen aldaketa horrek aurrerapena ekarri du sinplifikazio administratiboan, legedia sinplifikatzeko Batzordearen programa iraunkorrari jarraituz eta administrazio-kargak murriztuz; era berean, aintzat hartzen ditu ingurumen-baimen integratuen izapidetzean bizkortasun handiagoa bermatzeko herritarrek eginiko eskaerak.

Alde horretatik, administrazioari ekar diezazkiokeen inplikazio administratiboak eta ekonomikoak zorrotz aztertu ondoren, Ingurumen Baimen Integratua izapidetzeko prozeduraren epea jaitsi egin da hamar hilabetetik bederatzira. Izan ere, arroko erakundeak isuriaren onargarritasun txostena sei hilabeteko epean eman ezean hari hilabeteko epean egin beharreko errekerimendu osagarria egin beharra ezabatu egin da, eta, hain zuzen, horixe aintzat hartuz murriztu da epea.

Kargak murrizteko ildo horretan, halaber, kendu egin da baimena berrikusteko eta eguneratzeko prozeduretan baimenaren jatorrizko eskabidearekin batera eman ziren dokumentuak aurkezteko beharra.

Administrazio-izapideak sinplifikatzeko beste neurri bat baimena berritzeko betebeharra kendu izana da. Berritze hori zela eta, titularrak, Ingurumen Baimen Integratua eman eta zortzi urtera, hura berritzea eskatu behar zion organo eskudunari, gutxienez epea amaitu baino hamar hilabete lehenago. Ondorioz, baimenaren baldintzak egokiak izaten jarraitzen zutela bermatzen zen. Orain, ingurumen-organo eskuduna da baimenaren egokitasuna bermatzen duena, prozedura sinpletu baten bitartez. Beraz, baimenak Teknika Erabilgarri Onenei buruzko ondorioak argitaratu ondorengo lau urteetan berrikusiko dira.

Isurpen Industrialei buruzko azaroaren 24ko 2010/75/EB Zuzentarauaren transposizioa behar bezala egingo zela bermatzeko, ordura arte emandako baimenak eguneratzeko prozedura bat ezarri zen xedapen iragankor gisa; horren arabera, ofiziozko ingurumenorgano eskudunak egiaztatuko du, prozedura sinplifikatu baten bidez, baimena behar bezala egokitzen zaiela zuzentarau berriaren aginduei. Baimenak eguneratzeko mugaegun gisa 2014ko urtarrilaren 7a ezartzen da. Emandako baimenak eguneratzeko prozesuaren ostean, berrikusi egingo dira lege honek ezarritako berrikuspen-jarraibide berrien bitartez.

Lurzoruaren eta lurpeko uren babesari dagokienez, «oinarrizko txosten» bat edo «abiapuntuko egoeraren txosten» bat aurkeztu beharra gehitu da Ingurumen Baimen Integratua eskatzeko beharrezko dokumentazio gisa, zeinaren bidez, ahal den neurrian, konparazio kuantitatiboa egin ahal izango baita txostenean deskribaturiko instalazioaren kokalekuak hasieran duen egoeraren eta jarduerak behin betiko amaitu ostean kokaleku horrek izango duen egoeraren artean, lurzoruaren eta lurpeko uren kutsaduraren areagotze nabarmena gertatu denetz zehazteko. Oinarrizko txostenak egungo erabilerari buruzko datuen informazioa eduki beharko du, gutxienez, eta, eskuragarri badago, lurzoruaren aurreko erabilerari buruzkoa; era berean, lurzoruaren eta lurpeko urek substantzia arriskutsuei buruz zer egoera duten erakusten duten datuak erantsiko dira; substantzia horien artean aipatu beharko dira dagokion instalazioak erabili, ekoitzi edo isuriko dituenak.

Aldaketa horien transposizioa uztailaren 1eko 16/2002 Legearen honako artikulu hauen aldaketaren bitartez gauzatu da: 2., 3., 4., 5., 7., 8., 9., 10., 11., 12., 14., 15., 19., 20., 21., 22., 23., 26., 27., 28., 30., 31., 32., azken xedapenetako lehenengoa eta zazpigarrena, eta 1., 3., 4. eta 5. eranskinak. Era berean, eta lege beraren beste manu batzuei koherentzia emateko asmoz, ezabatu egingo dira 25. artikulua, xedapen osagarrietako lehena eta bigarrena, xedapen iragankorretako lehena eta bigarrena, azken xedapenetako hirugarrena, laugarrena eta bosgarrena, eta 2. eranskina. Azkenik, 22 bis artikulu berria erantsiko da, eta hiru xedapen iragankor.

Amaitzeko, kutsaduraren prebentziorako eta kontrol integraturako uztailaren 1eko 16/2002 Legearen testu aldatuak eta hura garatzen duen araudiak bermatuko dute behar bezala egingo dela isurpen industrialei buruzko azaroaren 24ko 2010/75/EB Zuzentarauaren 80. artikuluan agertzen diren manuen transposizioa.

Bestalde, aldatu egiten da hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 27. artikuluan aipatzen diren hondakinen baimenen indarraldia, uztailaren 1eko 16/2002 Legearen aplikazio-eremuan aipatzen diren instalazioei dagokienez, betiere Ingurumen Baimen Integratuaren araudi berriarekin bateratzeko asmoz.

Lehenengo artikulua.  Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legea aldatzea (16/2002 Legea, uztailaren 1ekoa).

Aldatu egiten da kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea, honako paragrafo hauei dagokienez: Bat. Aldatu egiten da 2. artikulua; hona nola geratzen den idatzita:

«2. artikulua.  Aplikazio-eremua.

Lege hau 1. eranskinean zerrendaturiko industria-jardueretako baten bat gauzatzen duen titulartasun publikoko edo pribatuko instalazioei aplikatuko zaie, baldin eta bertan ezarritako ahalmen mugetara iristen badira, salbu eta produktu eta prozesu berriak ikertzeko, garatzeko eta esperimentatzeko erabilitako instalazioak edo instalazio-zatiak».

Bi. Artikuluaren paragrafoak zenbakitu, eta a) idatz-zatitik p) idatz-zatira arteko idatzzatiak 1etik 17ra arteko paragrafoak izango dira, hurrenez hurren; aldatu egiten da idazpurua, bai eta paragrafo hauek ere: 1., 5., 7., 10., 12., 15. eta 17.a; halaber, 3. artikuluan, 18tik 31ra arteko paragrafo berriak eransten dira. Hara nola:

«Lege honetan eta hura garatzen duten erregelamenduetan ezarritakoari jarraituz, honela ulertuko dira hurrengo terminoak:

1.  «Ingurumen Baimen Integratua»: Instalazioa kokatuta dagoen autonomiaerkidegoko organo eskudunaren idatzizko ebazpena, ingurumena eta pertsonen osasuna babesteko instalazio oso bat edo haren zati bat ustiatzeko modua ematen duena; ustiatu ere, instalazio horrek lege honen xedea eta xedapenak betetzen dituela bermatuko duten baldintza jakin batzuen pean ustiatzeko. Baimen hori instalazio batentzat edo gehiagorentzat izango da baliozkoa, edo leku berean kokaturiko instalazio-zatientzat.

5.  «Aldaketa nabarmena»: Instalazio batean eginiko edozer aldaketa, baldin eta, Ingurumen Baimen Integratua eman duen organo eskudunaren iritziz eta 10. artikuluaren 4. eta 5. paragrafoetan ezarritako irizpideen arabera, ondorio kaltegarriak edo garrantzitsuak eragin ahal badizkie pertsonei edo ingurumenari.

7.  «Titularra»: instalazio bat daukan edo erabat edo partzialki ustiatzen duen edozein pertsona fisiko edo juridiko.

10.  «Substantzia»: elementu kimikoak eta haien konposatuak, honako substantzia hauek izan ezik:

1) Energia nuklearrari buruzko apirilaren 29ko 25/1964 Legean arauturiko substantzia erradioaktiboak.

2) Genetikoki eraldatutako organismoak edo mikroorganismoak, 9/2003 Legearen 2. artikuluan definitutakoaren arabera (9/2003 Legea, apirilaren 25ekoa, genetikoki eraldatutako organismoak konfinaturik erabiltzeari, nahita askatzeari eta komertzializatzeari buruzkoa), eta 9/2003 Legea garatzeko eta betearazteko erregelamendu orokorra onesten duen urtarrilaren 30eko 178/2004 Errege Dekretuaren 3. artikuluan aurreikusitako eraldaketa genetikoko teknikak erabilita.

12.  «Isurpenen muga-balioak»: masa edo energia, parametro espezifiko jakin batzuei dagokienez, isurpen baten kontzentrazioa edo maila, haren balioa gainditu ezin denean denbora-tarte jakin baten edo batzuen barruan.

15.  «Teknika Erabilgarri Onenak (TEO)»: jardueren eta haien ustiapenmodeloen garapen faserik eraginkor eta aurreratuena, zeinak erakusten baitu, batetik, ea teknika jakin batzuek ba ote duten ahalmenik isurpenen muga-balioen oinarria osatzeko, eta, bestetik, baimenaren beste baldintza batzuk, isurpenak eta ingurumen osoari eta gizakien osasunari eragindako inpaktua saihesteko, edo, hori ezinezkoa denean, gutxitzeko ezarriak.

Ondorio horietarako, honela ulertuko dira kontzeptuok:

1) «Teknikak»: erabilitako teknologia, eta instalazioa nola dagoen diseinatuta, eraikita, mantenduta, ustiatuta eta geldiarazita.

2) «Teknika erabilgarriak»: Dagokion industria-sektorean aplikatzeko aukera ematen duen eskalan garatutako teknikak; aplikazio hori baldintza ekonomiko eta tekniko bideragarrietan egiteko modukoa izan beharko da, betiere kostuak eta onurak kontuan hartuz, diren teknikok Espainian erabili edo sortuak edo ez, baina, betiere, titularrak zentzuzko eran eskuratzeko moduan egon beharko dutelarik.

3) «Onenak»: ingurumen osoaren babes maila orokor handia lortzeko aukera ematen duten teknikarik eraginkorrenak.

17. Interesdunak:

1.  Edozein pertsona, baldin eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 31. artikuluan aurreikusitako egoeretako batean badago.

2.  Irabazi-asmorik gabeko edozein pertsona juridiko, baldin eta honako baldintza hauek betetzen baditu:

–  Estatutuetan egiaztatutako xedeen artean, ingurumenaren babesa, oro har, edo haren elementuetako batena edukitzea jasota, eta Ingurumen Baimen Integratua emateari edo hura edo haren baldintzak berrikusteari buruzko erabaki batek eragin ahal izatea xede horiei.

–  Gutxienez bi izatea, eratu zenetik eta bere estatutuetan jasotako xedeak lortzeko beharrezko ekintzak aktiboki gauzatzen dituenetik.

–  Bere jarduera, dagozkion estatutuen arabera, Ingurumen Baimen Integratua eskatu duen instalazioaren eraginpean dagoen lurralde-eremu batean garatzea.

18.  «TEOen erreferentzia-dokumentua»: Isurpen industrialei buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren azaroaren 24ko 2010/75/EB Zuzentarauaren 13. artikuluari jarraituz antolaturiko informazio-trukearen ondoriozko dokumentua, jarduerak zehazteko landutakoa, honako hauek zehazten dituela: aplikaturiko teknikak, egungo isurpenak eta kontsumo-mailak, teknika erabilgarri onenak zehazteko aintzat harturiko teknikak, TEOei buruzko ondorioak eta teknika berriak bereziki aintzat hartuta 3. eranskinean zerrendaturiko irizpideak.

19.  «TEOei buruzko ondorioak»: TEOei buruzko erreferentzia-dokumentu baten zatiak biltzen dituen Europako Batzordearen erabakia, teknika erabilgarri onenei buruzko ondorioak, haien deskribapena, haien aplikagarritasuna ebaluatzeko informazioa, teknika erabilgarri onenei loturiko isurpenen mailak, dagozkien neurketak, kontsumo mailak eta, hala badagokio, dagokion kokapenaren birgaitze-neurriak biltzen dituena.

20.  «Teknika erabilgarri onenei loturiko isurpen-mailak»: teknika erabilgarri onenak eta teknika erabilgarri onenen konbinazio bat erabilita funtzionamendubaldintza arruntetan lorturiko isurpen-mailen tartea, TEOei buruzko ondorioetan deskribaturikoaren arabera, denbora-tarte jakin batean eta erreferentzia-baldintza espezifikoen arabera lortutako batez besteko zenbaki gisa adierazita.

21.  «Teknika berria»: Industria-jarduera baterako teknika, lehen ez zegoena, komertzialki garatuz gero ingurumenaren babes-maila orokor handiagoa ekar dezakeena, edo, gutxienez, ingurumenaren babes-maila bera eta egun eskuragarri dauden teknika onenak erabilita lortuko liratekeenak baino kostu-aurrezpen handiagoa.

22.  «Substantzia arriskutsuak»: substantziak eta nahasketak sailkatzeari, etiketatzeari eta ontziratzeari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008ko abenduaren 16ko 1272/2008 (EE) Erregelamenduaren 3. artikuluan zehazturiko substantziak edo nahasketak.

23.  «Oinarrizko txostena (abiapuntuko egoerari buruzkoa): Lurzoruan eta lurpeko uretan substantzia arriskutsu nabarmenek eragin duten kutsadura-egoerari buruzko informazioa biltzen duen abiapuntuko egoeraren txostena.

24.  «Ingurumen-ikuskaritza»: Instalazioak Ingurumen baimen integratuaren baldintzei egokitzen ote zaizkien egiaztatzeko, sustatzeko eta ziurtatzeko, edo, hala badagokio, ingurumenean duten eragina kontrolatzeko, agintaritza eskudunak edo haren izenean beste edonork eginiko ekintza oro. Definizio horren barruan sartzen dira, beste ekintza batzuen artean, honako hauek: lekura bertara eginiko bisitak, isurpenak neurtzea, barneko txostenak eta jarraipen-dokumentuak egiaztatzea, auto-kontrolak egiaztatzea, erabilitako teknikak gainbegiratzea eta instalazioaren ingurumen-kudeaketa egokia dela egiaztatzea. Ikuskaritzaren helburua da arau honen aplikazio-eremuaren barruan dauden jardueren edo instalazioen ingurumenaraudia betetzen dela bermatzea.

25.  «Lurzorua»: lurrazalaren goiko geruza, arroka geruzaren eta lurrazalaren artean kokatua, partikula mineralez, materia organikoz, urez, airez eta organismo biziez osatua, eta lurraren, airearen eta uraren arteko interfazea osatzen duena; hori guztia dela eta, funtzio naturalak zein erabilerazkoak betetzeko gaitasuna du.

Ez dira halakotzat hartuko azaleko ur geruza batez etengabe estalita daudenak.

26.  «Kutsadura»: gizakiaren jardueraren bitartez, zuzenean edo zeharka, substantziak, bibrazioak, beroa edo soinua sartzea atmosferan, uretan edo lurzoruan, eta horrek ondorio kaltegarriak ekarri ahal izatea gizakien osasunerako edo ingurumenaren kalitaterako; edo kalteak eragin ahal izatea ondasun materialetan, edo ingurumenaz gozatzeko aukera edo ingurumenaren beste erabilera bidezko batzuk kaltetu edo narriatu ahal izatea.

27.  «Isurpena»: instalazioaren iturri puntualetatik edo zehaztugabeetatik zuzenean edo zeharka eratorritako substantziak, bibrazioak, beroa edo zarata igortzea atmosferara, uretara edo lurzorura.

28.  «Lurpeko urak»: lurrazalaren azpian dauden ur guztiak, asetasun eremuan eta lurzoruarekin edo lurpearekin kontaktu zuzenean.

29.  «Etxeko hegaztiak»: Etxeko hegaztiak, azaroaren 22ko 1888/2000 Errege Dekretuaren 2.4 artikuluak dakarren definizioaren arabera (Errege Dekretu horren bidez, animalia-osasunaren arloko baldintzak ezartzen dira, Europako Erkidego barruko trukeetan eta hirugarren herrialdeetatik datozen etxeko hegaztiak eta txitaldirako arrautzak inportatzean aplikatzekoak) 30.  «Hondakina»: edozein hondakin, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 3 a) artikuluan jasotako definizioaren arabera.

31.  «Hondakin arriskutsua»: edozein hondakin arriskutsu, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 3 e) artikuluan jasotako definizioaren arabera.» Hiru.  Aldatu egiten da 4. artikuluaren 1. paragrafoaren b) idatz-zatia, eta honela geratzen da idatzita:

«b) Hondakinak sor daitezen eragoztea, edo, hala badagokio, hondakin horiek uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluan ezarritako hierarkiak xedaturiko lehentasun-ordenaren arabera kudeatzea. Hain zuzen ere: prebenitzea, berriro erabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta beste balorizazio mota batzuk, balorizazio energetikoa barne. Arrazoi teknikoak edo ekonomikoak direla-eta prozedura horiek aplikatzea ezinezkoa bada, saihestu egingo da, hondakinak deuseztatzerakoan, ingurumenean eragina izatea, edo ahalik eta gehien murriztuko da eragin hori.» Lau.  Aldatu egiten da 5. artikuluaren e) idatz-zatia, eta honela geratzen da idatzita:

«e) Ingurumen Baimen Integratua emateari dagokionez, berehala jakinaraztea organo eskudunari ingurumenean eragina izan dezakeen edozein gertakariren edo istripuren berri, ezertan eragin gabe ingurumen erantzukizuneko urriaren 23ko 26/2007 Legean ezarritakoari.» Bost. Hona nola geratzen den idatzita 7. artikulua:

«7. artikulua.  Isurpenen muga-balioak eta neurri tekniko baliokideak.

1.  Ingurumen Baimen Integratuan isurpenen muga-balioak ezartzeko, honako hauek hartu beharko dira aintzat:

a)  8.1 artikuluan ezarritakoaren arabera teknika erabilgarri onenei buruz emandako informazioa, teknika edo teknologia jakin bat erabiltzeko agindu gabe.

b)  1. eranskinean aipatutako industri jardueretakoren bat garatzen den instalazioen ezaugarri teknikoak, haien ezarpen geografikoa eta tokiko ingurumenaren baldintzak.

c)  Zer isurpen mota diren eta zer ahalmen duten ingurune batetik bestera igarotzeko.

d)  Zer plan nazional onartu diren Erkidegoko araudian edo Espainiako estatuak edo Europar Batasunak hitzartutako nazioarteko tratatuetan ezarritako konpromisoak betetzeko.

e)  Zer eragin izango duten isurpenek giza osasunean eta animalien eta landareen osasunerako baldintza orokorretan.

f)  Isurpenen muga-balioak, baimena emandako egunean indarrean dagoen araudian ezarritakoak.

2.  Gobernuak, autonomia-erkidegoek eman ditzaketen babes-arau osagarriak gorabehera, isurpenen muga-balioak ezarri ahalko ditu substantzia kutsagarrietarako, eta, bereziki, 2. eranskinean zerrendatutakoetarako, bai eta lege honen aplikazio-eremuan jasotzen diren industria-jardueretarako ere, eta, bereziki, hondakinen errekuntza-, errausketa- edo baterako errausketa-instalazio handietarako, disolbatzaile organikoak erabiltzen dituztenenetarako eta titaniodioxidoa ekoizten dutenetarako; halaber, teknika erabilgarri onenetan oinarrituriko parametroak edo neurri tekniko baliokideak ezarri ahalko dituzte isurpenen mugabalioak osatzeko edo ordezkatzeko, betiere ikuspegi integratua eta baimen baten baldintzen bitartez lor daitekeena bezain ingurumenaren babes-maila handia bermatuta.

3.  Gobernuak, erregelamenduz dagokion boterea baliatuta, eta autonomiaerkidegoek emandako babes-neurri osagarriak gorabehera, betebehar bereziak ezarri ahalko ditu 1. eranskinean zerrendaturiko jarduera jakin batzuetarako, bereziki disolbatzaile organikoak erabiltzen eta titanio-dioxidoa sortzen duten hondakinen errekuntza-, errauste- edo baterako errauste-instalazio handietarako, eta horiek ordezkatu egingo dituzte Ingurumen Baimen Integratuaren baldintza espezifikoak, betiere ikuspegi integratua eta baimen baten baldintzen bitartez lor daitekeena bezain ingurumenaren babes-maila handia bermatzen badira. Dena dela, betebehar horiek ezarri arren, ez da kenduko Ingurumen Baimen Integratua eskuratzeko betebeharra.

4.  Organo eskudunak ezarritako isurpenen muga-balioek bermatuko dute, funtzionamendu baldintza arruntetan, isurpenek ez dituztela gaindituko TEOei buruzko ondorioetan ezarritako teknika eskuragarri onenei dagozkien balioak; horretarako honako aukeretako bat aplikatuko du:

a)  Teknika eskuragarri onenei dagozkien isurpen-mailak gaindituko ez dituzten muga-balioak ezartzea. Isurpenen muga-balio horiek denbora-tarte beretarako edo laburragoetarako ezarriko dira, teknika eskuragarri onenei dagozkien isurpenbalioen erreferentzia-baldintza beretan.

b)  Aurreko a) idatz-zatian adierazitakoez besteko isurpenen muga-balioak ezartzea, balioei, denbora-tarteei eta erreferentzia-baldintzei dagokienez.

Aurreko b) idatz-zatia aplikatzen denean, organo eskudunak, gutxienez urtean behin, isurpenen kontrolaren emaitzak ebaluatuko ditu, funtzionamendu-baldintza ohikoetan eginiko isurketek teknika eskuragarri onenei loturiko isurpen-mailak gainditu ez dituztela bermatzeko.

5.  Laugarren paragrafoa gorabehera, eta 22.3 artikuluan ezarritakoa eragotzi gabe, organo eskudunak, zenbait kasutan, isurpenen muga-balio ez hain zurrunak ezarri ahalko ditu. Salbuespen horretara jotzeko, ordea, honako hau frogatu beharko da ebaluazio baten bitartez: teknika eskuragarri onenei dagozkien isurpenmailak iritsiz gero (TEOei buruzko ondorioetan deskribatzen dira) kostuak, ingurumenerako onuraren aldean, neurrigabeak izango liratekeela honako arrazoi hauek direla eta:

a)  Dagokion instalazioaren kokapen geografikoa edo tokiko ingurunearen egoera; edo b)  Dagokion instalazioaren ezaugarri teknikoak.

Organo eskudunak dokumentatuko ditu, baimenaren baldintzen eranskin batean, lehenengo lerrokada aplikatzeko arrazoiak, ebaluazioaren emaitzak eta ezarritako baldintzen justifikazioa barnean direla.

Nolanahi ere, lehenengo lerrokadarekin bat ezarritako balioek ez dituzte gaindituko lege hau garatzeko araudian ezarritako isurpenen muga-balioak.

Dena dela, organo eskudunek zainduko dute ez dadin kutsadura nabarmenik eragin, eta ingurumen osoaren babes-maila handia lor dadin.

Organo eskudunek berriz ebaluatuko dute lehenengo lerrokadaren aplikazioa, baimenaren baldintzen berrikuste orotan bete beharreko eginkizun gisa, 25. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

6.  Organo eskudunak, bada, aukera izango du artikulu honetan eta 4.1.a) artikuluan ezarritako baldintzen aldi baterako salbuespenak emateko, probak egiteari eta teknika berriak erabiltzeari dagokionez; gehienez ere bederatzi hilabeterako izango dira salbuespenok, eta, epe horren ostean, eten egin beharko da dena delako teknika hori, edo dena delako jarduera horrek teknika eskuragarri onenei dagozkien isurpen-mailak iritsi behar ditu, gutxienez.

7.  Substantzien isurpenen muga-balioak instalazioetan isurpena eragiten den lekuan bertan aplikatuko dira, eta haiek zehazteko ez da aintzat hartuko balizko diluzioa. Uretara eginiko zeharkako isurpenei dagokionez, eta alde batera utzi gabe uretara igorritako substantzia arriskutsu jakin batzuek sortutako kutsadurari buruzko araudia, aintzat hartu ahalko da zer eragin duen araztegi batek instalazioaren isurpenen muga-balioak zehazteko garaian, baldin eta hartara ingurumen osoaren babes-maila parekoa lortzen bada eta ingurunean kutsadura-maila handiagoak eragiten ez badira.» Sei. Hona nola geratzen den idatzita 8. artikulua:

«8. artikulua.  Informazioa, jakinarazpena eta informaziorako sarbidea.

1.  Estatuko Administrazio Orokorrak teknika eskuragarri onenei, haien kontrolaginduei eta bilakaerari buruz duen informazioa helaraziko die autonomia- erkidegoei, baita TEOei buruzko edozer ondorioren –berriak zein eguneratuak– argitalpenari buruzkoa ere, eta gainera, interesdunen esku jarriko du informazio hori.

2.  Autonomia-erkidego bakoitzak informazio sistematizatua eta eguneratua izan beharko du honako hauei buruz:

a)  Bere lurraldean diren Ingurumen Baimen Integratuaren peko instalazioen inbentarioa, zer alta eta baja izan diren zehaztuta; b)  Isurpen nagusiak eta isurpenok eragiten dituzten guneak; c)  Emandako ingurumen-baimen integratuak, betiere apirilaren 20ko 508/2007 Errege Dekretuaren IV. eranskinak ezarritako gutxieneko datuekin (508/2007 Errege Dekretua, apirilaren 20koa, E-PRTR Erregelamenduko eta ingurumenbaimen bateratuetako isurpenei buruz eman beharreko informazioa arautzen duena).

d)  Lekura bertara eginiko bisiten ingurumen-ikuskaritzako txostenak, instalazioak baimenaren baldintzak betetzen dituen edo ez eta beste ekintza gehiagorik behar den edo ez adierazten duten ondorioekin.

3.  Instalazioen titularrek instalazioak kokatuta dauden autonomia-erkidegoei jakinaraziko dizkiete, gutxienez urtean behin, instalazioaren isurpenei buruzko datuak; eta, gainera, honako hauek zehaztu beharko dituzte: zer metodologia erabili duten neurketa egiteko, isurpen horien maiztasuna eta, orobat, 22.1.i) artikuluan aipatzen den informazioa.

4.  Autonomia-erkidegoek Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioari helaraziko diote honako informazio hau, gutxienez urtean behin:

a)  Bigarren paragrafoaren a) eta b) idatz-zatiei buruzkoa, Isurketen eta Iturri Kutsatzaileen Estatuko Erregistroa (PRTR-España) egiteari eta hura Europako Batzordeari jakinarazteari begira, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 10. artikuluan ezarritakoari jarraituz, eta b)  7.5 artikuluari jarraituz instalazioei emandako baimenen baldintzen eranskinak, isurpenen muga-balio ez hain zorrotzak ezartzeko arrazoiak dokumentatzen dituztenak.

5.  artikulu honetan araututako informazioa jendaurrekoa izango da, informazioa eskuratzeko, parte-hartze publikorako eta justiziarako eskubideei buruzko uztailaren 18ko 27/2006 Legean ezarritakoari jarraituz.» Zazpi. Hona nola geratzen den idatzita 9. artikulua:

«9. artikulua.  Ingurumen Baimen Integratuaren mendeko instalazioak.

Ingurumen Baimen Integratuaren mende geratuko da 1. eranskinean aipatzen den jardueretako bat gauzatzen den instalazioen ustiaketa. Instalazioak eraiki, muntatu edo lekualdatu baino lehen, baimena eduki beharko da, eta instalazioetan egin beharreko aldaketen araberakoa izango da».

Zortzi. Hona hemen nola geratzen den 10. artikulua:

«10. artikulua.  Instalazioa aldatzea.

1.  Ingurumen Baimen Integratuaren mendeko instalazio baten aldaketa funtsezkoa edo ez-funtsezkoa izan daiteke.

2.  Instalazio baten aldaketa ez -funtsezkoa egin nahi duen titularrak organo eskudunari jakinarazi beharko dio, hark ingurumen-baimen integratua eman dezan; behar bezala arrazoitu beharko du zergatik uste duen aldaketa ez-funtsezkoa dela.

Jakinarazpen horrekin batera, adierazitako arrazoiak justifikatzen dituzten dokumentuak aurkeztu beharko dira.

Ingurumen Baimen Integratua eman behar duen organo eskudunak ez badu kontrakorik esaten hilabeteko epean, titularrak aldaketa gauzatu ahalko du.

Instalazioaren aldaketa ez-funtsezkoaren ondorioz Ingurumen Baimen Integratua aldatu egin behar bada, dagokion autonomia-erkidegoak bere aldizkari ofizialean argitaratu beharko du.

3.  Titularrak aldaketa funtsezko bat egiteko asmoa badu, ezingo du gauzatu, Ingurumen Baimen Integratua aldatzen ez den bitartean.

Aldaketa hori erregelamenduz ezarriko den prozedura sinplifikatuaren bidez izapidetuko da. Izapide horretan, 12. artikuluan aurreikusitakoari jarraituz, aurkeztu beharreko aldaketa-eskaeraren edukia zehaztuko da, eta eduki horren barruan joango dira egin beharreko aldaketa ez-funtsezkoa dela justifikatzeko dokumentuak eta baita aldaketa horrek eragingo dien instalazio-zatiaren edo -zatien gaineko oinarrizko proiektua ere.

4.  Funtsezko aldaketa justifikatzeko, aldaketa horrek segurtasunean, gizakien osasunean eta ingurumenean izango duen eragin handiagoa hartuko da aintzat, honako alderdi hauei buruzkoa, hain zuzen:

a)  Instalazioaren tamaina eta ekoizpena.

b)  Hark erabiltzen dituen baliabide naturalak.

c)  Ur eta energia kontsumoa.

d)  Zenbat hondakin sortzen dituen, eta zer pisu eta tipologiakoak diren.

e)  Eragingo dien eremu geografikoetako baliabide naturalen kalitatea eta leheneratzeko gaitasuna.

f)  Eragiten duen kutsadura-maila.

g) Istripu-arriskua.

h)  Substantzia arriskutsu berririk ote dakarren edo lehendik zeudenak gehitzen ote dituen.

5.  Instalazio baten ezaugarrien edo funtzionamenduaren zabaltze edo aldaketa oro funtsezkotzat joko da, baldin eta aldaketa edo zabaltzea, berez, 1. eranskinean ezarritako ahalmen-mugetara iristen bada –eta, betiere, halako mugarik ezarrita badago–, edo, arlo honetako araudiari jarraituz, ingurumeninpaktua ebaluatzeko prozedura bete behar badu.

6.  Baldin eta instalazio baten aldaketak haren ekoizpen-ahalmena 1. eranskinean ezarritako mugetatik behera murriztea badakar, ez da nahitaezkoa izango Ingurumen Baimen Integratua, eta 8.2 artikuluan adierazitako instalazioinbentariotik aterako da. Aldaketa horiek organo eskudunari jakinaraziko zaizkio, hark egiaztatu eta aldizkari ofizialean argitara ditzan.» Bederatzi. Aldatu egiten dira 11. artikuluaren 2. eta 4. paragrafoak, eta 5. paragrafo berri bat eransten zaio; honela geratzen dira idatzita:

«2. Ingurumen Baimen Integratua eman, aldatu edo berrikustea lehenago izango da administrazioak herritarren jardueran eginiko gainerako esku-hartzeak baino. Besteak beste, honako esku-hartzeez ari gara:

a)  Baimen substantiboak edo industrietan esku hartzeko bestelako bitarteko batzuk, 3. artikuluko 2. paragrafoan adieraziak.

b)  Segurtasunean, pertsonen osasunean edo ingurumenean eragiten duten jarduerak kontrolatzearren administrazio eskudunek herritarren jardueran esku hartzeko ezarritako bitartekoei buruzko jardunak, alde batera utzi gabe dagokion araudian ezarritako koordinazio-mekanismoak.

4.  Autonomia-erkidegoek, zer behar den ondoren aipatzen diren jardunak Ingurumen Baimen Integratua emateko eta aldatzeko prozeduran sartzeko, horixe xedatuko dute. Hona hemen jardun horiek:

a)  Ingurumen-inpaktua ebaluatzeko jardunak, edo autonomia-erkidegoko araudian aurreikusitako ingurumen-ebaluazioko bestelako figura batzuk, halakorik eskatzerik dagoenean eta horretarako eskumena autonomia-erkidegoarena denean.

b)  Autonomia-erkidegoko ingurumen-araudian aurreikusitako gainerako jardunak.

5.  Baldin eta, gai arriskutsuak tartean izan diren istripu larrietako arriskuak kontrolatzeko neurriei buruzko uztailaren 16ko 1254/1999 Errege Dekretuan ezarritakoari jarraituz, organo jakin batzuek esku hartu beharra badute, autonomiaerkidegoek ahaleginak egingo dituzte baimen integratua emateko prozeduran organo horiek ere parte har dezaten.» Hamar. Aldatu egiten da 12. artikuluko 1. paragrafoa; aurrerantzean, honela egongo da idatzita:

«1. Ingurumen Baimen Integratuaren eskaerak honako dokumentazio hau jasoko du, gutxienez, gai horrekin lotuta autonomia-erkidegoek erabakitakoa gorabehera:

a)  Oinarrizko proiektua; gutxienez, honako alderdi hauek bilduko ditu:

1.  Jardueraren eta instalazioen, ekoizpen-prozesuen eta produktu motaren deskribapen xehatua eta irismena.

2.  Segurtasunean, pertsonen osasunean edo ingurumenean eragina duten jarduerak direla-eta, interesdunak, araudi aplikagarriari jarraituz, herri-administrazio eskudunaren aurrean aurkezten duen dokumentazioa, hark jarduera horiek kontrola ditzan.

3.  Instalazioa kokatuko den lekuaren ingurumen-egoera eta aurreikusitako inpaktuak, ustiapena etetean sor daitezkeenak barne.

4.  Instalazioan erabilitako edo sorturiko baliabide naturalak, lehengaiak eta gai osagarriak, substantziak, ura eta energia.

5.  Instalazioaren isurpenak eragiten dituzten iturriak.

6.  Instalazioak airera, uretara eta lurzorura egingo dituen isurpenak, bai eta isurpen horiek ingurumenean izan ditzaketen eragin nabarmenak ere, eta, hala badagokio, sortuko diren hondakinen mota eta kantitatea.

7.  Instalaziotik eratorritako isurpenak prebenitzeko eta saihesteko aurreikusitako teknologia eta erabilitako beste teknika batzuk, edo, saihestea eta prebenitzea ezinezkoa bada, haiek murrizteko; azaldu egin beharko da teknika horietako zeintzuk diren teknika erabilgarri onenak TEOei buruzko ondorioei jarraituz.

8.Instalazioak sortutako hondakinei hondakinen hierarkiak ezarritako lehentasun-hurrenkera aplikatzeari buruzko neurriak; 4.1.b) artikuluan zehazten da hondakinen hierarkia hori.

9.  Ingurumenera eginiko isurpenak kontrolatzeko aurreikusitako neurriak.

10.  Laugarren artikuluan adierazitako printzipioak betetzeko proposaturiko gainerako neurriak.

11.  Proposaturiko teknologiaren, tekniken eta neurrien alternatiba nagusien laburpen bat, betiere halako alternatibarik balego eta eskatzaileak aztertu baditu.

12.  Baldin eta instalazioak ingurumen-kudeaketako eta -ikuskaritzako Europako Erkidegoko sistema bat ezarrita badauka Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009ko azaroaren 25eko 1221/2009 (EE) Erregelamenduaren arabera (1221/2009 (EE) Erregelamendua, erakundeek ingurumen-kudeaketa eta ikuskaritzako Europako Erkidegoko sistema batean –EMAS– borondatez parte hartzeari buruzkoa; indargabetu egiten ditu Batzordearen 761/2001 (EE) Erregelamendua eta 2001/681/EE eta 2006/193/EE Erabakiak), azken ingurumenadierazpen baliozkotua eta haien eguneratzeak aurkeztuko dira.

b)  Instalazioa kokatuta dagoen udalerriko udalaren hirigintza-txostena, proiektua hirigintza-plangintzarekin bateragarria dela frogatzeko, 15.artikuluan ezarritakoari jarraituz.

c)  Hala badagokio, isurpenak ur kontinentaletan egiteko ur-legediak eskatzen duen dokumentazioa, eta isurpenak lurretik itsasora egitea baimentzeko kostaldeko legediak eskatzen duena.

Estatuko Administrazio Orokorrak kudeaturiko arroetako ur kontinentaletara eginiko isurpenak direnean, ingurumen-baimen integratua emateko eskumena duen organoak berehala bidaliko dio dokumentazio hori arroko organismoari, hark adieraz dezan ea beharrezkoa den eskatzaileari galdatzea zuzen dezala akatsa edo osa dezala falta den dokumentazioa.

d)  Eskatzailearen aburuz eta indarreko xedapenekin bat etorriz, datu konfidentzialak zeintzuk diren zehazturik.

e)  Legedia aplikagarrian ezarritako baldintzak bete direla erakusten duen beste edozer informazio eta dokumentazio; besteak beste, urriaren 23ko 26/2007 Legearen arabera eskatzekoak diren nahitaezko fidantzei edo aseguruei buruzkoa.

f)  Jarduerak berekin dakarrenean substantzia arriskutsu nabarmenak erabiltzea, ekoiztea edo isurtzea, instalazioa kokatuta dagoen lurzorua eta lurpeko urak kutsatzeko aukera aintzat hartuta, oinarrizko txostena eskatuko da instalazioa ustiatzen hasi baino lehen edo baimena eguneratu baino lehen.

Txosten horrek lurzoruaren eta lurpeko uren egoera zehazteko beharrezko informazioa bilduko du, jarduerak behin betiko amaitu ostean dagoen egoerarekin konparazio kuantitatiboa egin ahal izateko, 22 bis artikuluan aurreikusitakoaren arabera, bai eta honako gutxieneko eduki hau ere:

1.  Egungo erabilerari buruzko informazioa, eta, eskuragarri balego, kokalekuaren lehengo erabilerei buruzkoa.

2.  Eskuragarri egonez gero, lurzoru kutsatuei buruzko legediak arauturiko arrisku-azterketak eta txostenak, lurzoruan eta lurpeko uretan gauzatutako neurriei buruzkoak, txostena idazteko unean zer egoeratan ziren islatuko dutenak edo, alternatiba gisa, lurzoruan eta lurpeko uretan gauzatutako neurri berriak, dagokion instalazioak erabili, ekoitzi edo isuriko dituen substantzia arriskutsuek lurzorua eta lurpeko urak kutsatzeko aukerari buruz eginak.

Estatuko, autonomia-erkidegoko edo Europar Batasuneko beste legedia bati jarraituz landuriko informazioak paragrafo honetan ezarritako baldintzak betetzen baditu aurkezturiko oinarrizko txostenean txertatu ahalko da informazio hori, edo hari erantsi.» Hamaika. 14. artikulua aldatu egin da, eta honela geratzen da idatzita:

«14. artikulua.  Izapidetzea.

Lege honetan arautu gabeko alderdi guztietan, Ingurumen Baimen Integratua emateko prozedura azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritakoari egokituko zaio.

Herri Administrazioek, bestalde, instalazio baten Ingurumen Baimen Integratua emateko, nabarmen aldatzeko eta berrikusteko prozeduretan interesa duten pertsona guztien egiazko parte-hartze eraginkorra sustatuko dute.

Herri Administrazioek bermatu egingo dute aurreko lerrokadan aipaturiko partehartzea prozeduren hasiera-hasierako faseetatik gauzatuko dela, 23. artikuluan aurreikusitakoari jarraituz. Horretarako, 4. eranskinean ezarritako parte-hartze arloko aurreikuspenak aplikatu ahalko zaizkie prozedura horiei.» Hamabi. Aldatu egiten da 15. artikuluaren titulua; aurrerantzean, honako hau izango da haren izena:

«15. artikulua.  Udalaren hirigintza-txostena.» Hamahiru. Aldatu egiten da 19. artikulua, eta honela geratzen da idatzita:

«19. artikulua.  Arroko erakundearen txostena.

1.  Baldin eta, Ingurumen Baimen Integratuaren mende dagoen jarduerak, uren gaineko legediarekin bat etorriz, baimena behar badu Estatuko Administrazio Orokorrak kudeaturiko herri-jabariko arroetara isurpena egiteko, arroko erakunde eskudunak txostena egin beharko du isurpenaren ezaugarriak eta uren egoera ekologiko onari eusteko hartu beharreko zuzenketa-neurriei buruz.

2.  Txosten hori aginduzko eta loteslea izango da. Luzaroen ere, sei hilabeteko epean egin beharko da, isurpenei buruzko nahitaezko dokumentu multzoa dagokion konfederazioaren erregistroan sartzen denetik zenbatzen hasita, edo, hala badagokio, beharrezko zuzenketa egiten denetik.

Epe horrek ez du inolako aldaketarik izango informazio publikoko izapidearen ondorioz bidalitako dokumentazioa dela-eta.

3.  Aurreko paragrafoan aurreikusitako epea igaro eta arroko erakundeak ez badu artean txostenik egin, Ingurumen Baimen Integratua eman ahalko da; baimenean, ordea, isurpenaren ezaugarriak zehaztuko dira, bai eta aplikagarria den sektore-legedian ezarritakoaren arabera eskatuko diren zuzenketa-neurriak ere.

Nolanahi ere, adierazitako epetik kanpo eta Ingurumen Baimen Integratua eman baino lehen jasotako txostena aintzat hartu beharko du autonomia-erkidegoko organo eskudunak.

4.  Baldin eta, artikulu honetan arauturiko txosten loteslearen iritziz, isurpena onartezina bada, eta, ondorioz, Ingurumen Baimen Integratua ematea galarazten badu, Ingurumen Baimen Integratua emateko eskumena duen organoak baimena ukatzeko ebazpen arrazoitua emango du.» Hamalau. Aldatu egiten da hogeigarren artikuluaren 1. paragrafoa. Hona nola geratzen den idatzita:

«1. Ingurumen Baimen Integratua emateko eskumena duen organoak, proiektu osoaren ingurumen-ebaluazioa egin ostean, entzunaldiaren izapidea egingo dio baimenaren eskatzaileari.

Entzunaldiaren izapidea amaitu ostean, agintaritza eskudunak 22. artikuluaren edukiari egokituriko ebazpen-proposamena idatziko du; bertan, emandako txosten lotesleetatik eratorritako baldintzak jasoko dira, eta erabakia ere hartuko da gainerako txostenei buruz eta entzunaldiaren izapidean eta instrukzioan zehar eskatzaileek azaldutako alderdiei buruz, bai eta jendaurreko informazio-alditik ondorioztatzen direnei buruz ere.» Hamabost. Aldatu egiten da 21. artikulua. Hona nola geratzen den idatzita:

«21. artikulua.  Ebazpena.

1.  Ingurumen Baimen Integratua ematea dagokion organo eskudunak prozedurari amaiera emango dion ebazpena igorriko du, gehienez ere bederatzi hilabeteko epean.

2.  Gehienezko bederatzi hilabeteko epea igaro eta ez bada berariazko ebazpenik jakinarazi, aurkeztutako eskaera bertan behera utzi dela ulertuko da.» Hamasei. Hemendik aurrera, honela geratzen da idatzita 22. artikulua:

«22. artikulua.  Ingurumen Baimen Integratuaren edukia.

1.  Ingurumen Baimen Integratuak gutxieneko eduki hau izango du:

a)  2. eranskinean zerrendaturiko substantzia kutsagarrietarako isurpenen muga-balioak; baita beste substantzia kutsagarri batzuetarako muga-balioak ere, baldin eta dena delako instalazioak kantitate nabarmenean isur baditzake, kontuan hartuz haien izaera eta kutsadura eremu batetik bestera eramateko izan dezaketen gaitasuna. Eta, orobat, hala balegokio, muga-balio horiek osatu edo ordeztuko dituzten parametro edo neurri tekniko baliokideak. Era berean, zehaztu egin beharko dira zeintzuk diren, muga-balio horietara heltzeko erabiltzen diren TEOei buruzko ondorioetan, teknika erabilgarri onenen gisa aipatzen direnak.

b)  Behar denean, lurzoruaren eta lurpeko uren babesa bermatuko duten aginduak.

c)  Instalazioak sorturiko hondakinak kudeatzeko erabiliko diren prozedurak eta metodoak, 4.1.b) artikuluan aipaturiko kudeaketa-hierarkia aintzat hartuta.

d)  Hala badagokio, distantzia luzeko edo mugaz haraindiko kutsadura minimizatuko duten aginduak, 26.3. artikuluan aurreikusitako aldebiko kontsulten emaitza aintzat hartuta ezarriko direnak.

e)  Isurpen eta hondakin mota guztiak tratatzeko eta kontrolatzeko sistemak eta prozedurak; zehaztu egin beharko dira, nolanahi ere, neurtzeko metodologia, haien maiztasuna eta neurketak ebaluatzeko prozedurak; 7.4.b) artikulua aplikagarri zaien instalazioen kasuan, emaitzak eskuragarri egon beharko dira teknika erabilgarri onenei dagozkien isurpen-mailei buruzko erreferentziako baldintza eta epe berberetan.

f)  Ohikoak ez diren egoeretan (esaterako, abiarazteak eta gelditzeak, ihesak, funtzionamendu-akatsak, aldi baterako geldiuneak), ingurumenari eragin diezaioketen ustiaketa-baldintzen inguruko neurriak.

g)  Aplikatzekoa den legedia sektorialak ezarritako bestelako neurri edo baldintzak. Bereziki, hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 27. artikuluaren ondorioz ezar daitezkeenak, alegia, hondakinak tratatzeko eragiketa bat edo gehiago egiten diren instalazioetarako ezar daitezkeenak.

h)  Zer baldintzatan itxi behar den instalazioa.

i)  Organo eskudunari aldizka, eta, gutxienez urtean behin, honakoak jakinarazteko betebeharra:

1.  Isurpenak kontrolatzeko emaitzetan oinarrituriko informazioa, e) letran aipatzen dena, eta eskatutako beste datu batzuk ere bai, baimenaren baldintzak betetzen direla egiaztatzea ahalbidetuko diotenak organo eskudunari.

2.  Aplikatzen diren isurpenen muga-balioek teknika erabilgarri onenei dagozkien isurpenen muga-balioak gainditzen badituzte, isurpenen kontrolaren emaitzen laburpen bat, teknika erabilgarri onenei dagozkien isurpen-mailekin konparatzeko aukera emango duena.

j)  Lurzorura eta lurpeko uretara isurpenak egitea saihesteko neurriak aldizka mantentzeko eta berrikusteko baldintza egokiak, b) idatz-zatian ezarritakoarekin bat, eta, hala badagokio, lurzorua eta lurpeko urak aldizka kontrolatzeko baldintza egokiak, instalazioaren inguruko lurzorua eta lurpeko urak kutsatzea gerta litekeela aintzat hartuta; k)  Isurpenen muga-balioak betetzen direla ebaluatzeko baldintzak; l)  Baimena hainbat titularrek ustiaturiko instalazio baten hainbat zatitarako bada, haietako bakoitzaren erantzukizunak.

2.  Berotegi efektuko gasak isurtzeko eskubideen salerosketa-erregimena arautzen duen martxoaren 9ko 1/2005 Legearen peko instalazioen kasuan, baimenak ez du muga-baliorik jasoko I. eranskinean zehazturiko gasen zuzeneko isurpenetarako, non eta ez diren beharrezkoak tokian tokiko kutsadura nabarmenik ez dela eragingo bermatzeko. Beharrezkoa izanez gero, organo eskudunek berrikusi egingo dute Ingurumen Baimen Integratua, dagokion moduan.

Aurreko lerrokadan aurreikusitakoa ez zaie aplikatuko berotegi efektuko isurpen-eskubideen salerosketa-erregimenetik aldi baterako salbuetsitako instalazioei, martxoaren 9ko 1/2005 Legearen laugarren xedapen iragankorrean aurreikusitakoarekin bat.

3.  Baldin eta, legedia aplikagarriari jarraituz eska daitezkeen ingurumenkalitateko baldintzak betetzeko, beharrezkoa bada teknika erabilgarri onenak erabilita lortu daitezkeenak baino baldintza zorrotzagoak aplikatzea, Ingurumen Baimen Integratuak baldintza osagarriak ezartzea eskatuko du, alde batera utzi gabe ingurumen-kalitateko neurriak errespetatzeko beste neurri batzuk ezarri behar izatea.

4.  TEOei buruzko ondorioak, baita dagozkien berrikuspenak eta eguneratzeak ere, baimenaren baldintzak ezartzeko erreferentzia izango dira.

5.  Organo eskudunak TEOei buruzko ondorioetan argitaratu ez den teknika erabilgarri onen batean oinarrituriko baimen-baldintzak jartzen dituenean, honako hau egiaztatu beharko du:

a)  Teknika hori 3. eranskinean ezarritako irizpideak bereziki aintzat hartuta zehaztu dela; b)  7. artikuluko baldintzak betetzen direla.

Lehenengo lerrokadan adierazitako TEOei buruzko ondorioek ez badute teknika erabilgarri onenei dagozkien isurpenen muga-baliorik, organo eskudunak ziurtatu beharko du ezen lehenengo lerrokadan adierazitako teknikak bermatzen duen ingurumen-babesaren maila TEOei buruzko ondorioetan deskribaturiko teknika erabilgarri onenek eskainitakoaren parekoa dela.

6.  Instalazio batean gauzaturiko jarduera bat edo ekoizpen prozesu mota bat ez bada aintzat hartzen TEOei buruzko inongo ondoriotan edo ondorio horiek ez dituztenean aintzat hartzen jardueraren balizko ingurumen-eragin guztiak, organo eskudunak ezarriko ditu baimenaren baldintzak, aldez aurretik titularrarekin hitz egin ostean eta dagokion jardueretarako edo prozesuetarako ezarri dituen teknika erabilgarri onenetan oinarrituta, 3. eranskinean ezarritako irizpideak bereziki aintzat hartuta.

7.  Lehenengo eranskineko 9.3 epigrafean jasotako eskortako hegaztien edo txerrien hazkuntza intentsiborako instalazioetarako, aurreko paragrafoak aplikatuko dira, animalien ongizateari buruzko legedia, alde batera utzi gabe gainerako legedia aplikagarria eta garapeneko legedia.

8.  11.4 eta 11.5 artikuluetan aurreikusitakoarekin bat, Ingurumen Baimen Integratuak honako hauek jasoko ditu, halakorik exijitu ahal denean:

a)  Ingurumen-inpaktuko adierazpena edo araudi aplikagarrian ezarritako ingurumen-ebaluazioko bestelako figura batzuk.

b)  Uztailaren 16ko 1254/1999 Errege Dekretuarekin eta aplikagarri den gainerako araudiarekin bat substantzia arriskutsuak tartean diren istripu larrien arloan beharrezkoak diren prebentzioko eta kontroleko baldintzak.

c)  Ingurumen arloko araudian aurreikusitako jardunen ondoriozko gainerako baldintzak.» Hamazazpi. Beste artikulu bat txertatzen da, 22 bis artikulua, hain zuzen. Hona hemen:

«22 bis artikulua.  Instalazioa ixtea.

1.Jarduerak behin betiko eteten direnean, organo eskudunak ezarriko ditu Ingurumen Baimen Integratuaren baldintzak hurrengo paragrafoetan ezarritakoa beteko dela bermatzeko; eta, ezarri ere, honako arau hauek guztiek ezarritakoari ezertan eragin gabe: 280/1994 Errege Dekretua, pestizida-hondarren gehieneko mailak ezartzeko eta jatorri begetaleko zenbait produktutan haiek kontrolatzeko neurriak ezartzen dituena; 26/2007 Legea, urriaren 23koa, ingurumen arloko erantzukizunari buruzkoa; 1514/2009 Errege Dekretua, urriaren 2koa, kutsaduraren eta hondatzearen aurkako lurpeko uren babesa arautzen duena; eta lurzoruaren babesaren arloko dagokion legedia.

2.  Jarduerak behin betiko eten ostean, titularrak lurzoruaren egoera eta lurpeko uren kutsadura maila ebaluatuko ditu, erabilitako, ekoitzitako edo dagokion instalazioak igorritako substantzia arriskutsu nabarmenek eginiko kalteak aztertzeko, eta organo eskudunari jakinaraziko dizkio ebaluazio horren emaitzak.

Baldin eta ebaluazioaren ondorioek erakusten badute instalazioak kutsadura nabarmena eragin duela lurzoruan edo lurpeko uretan –nabarmena, 12.1.f) artikuluan adierazitako oinarrizko txostenean ezarritako egoerarekiko–, titularrak kutsadura horri aurre egiteko beharrezkoak diren neurriak ezarriko ditu, instalazioa kokatuta dagoen lekuko hasierako baldintzak leheneratzearren, urriaren 23ko 26/2007 Legearen II. eranskinean adierazitako arauei jarraituz. Horretarako, aukeran izango da neurri horien bideragarritasun teknikoa aintzat hartzea.

Lehenengo lerrokada gorabehera, jarduerak behin betiko eten ostean, eta tokiko lurzoruaren eta lurpeko uren kutsadurak gizakien osasunari edo ingurumenari arrisku nabarmena dakarkienean titularrak instalazioaren baimena eguneratu aurretik eginiko jardueren ondorioz, hark substantzia arriskutsuak kentzeko, kontrolatzeko, eusteko edo murrizteko beharrezkoak diren neurriak ezarriko ditu kokalekuak halako arriskurik gehiago sortuko ez duela bermatzeko, betiere, egungo erabilera edo etorkizunekoa aintzat hartuta; hori, baina, Ingurumen Baimen Integratuaren lehenengo eskabidean deskribaturiko instalazioaren kokalekuko baldintzak aintzat hartuz egin beharko da,.

3.  Titularrak, oinarrizko txostena eskatu ez zaionean, behin jarduerak behin betiko eten ostean, substantzia arriskutsuak kentzeko, kontrolatzeko, haiei eusteko edo murrizteko beharrezko neurriak ezarriko ditu, instalazioaren egungo erabilera edo etorkizunekoa aintzat hartuta, hartara, baimendutako jarduerak direla-eta lurzoruaren eta lurpeko kutsaduraren ondorioz kokalekuak gizakien osasunari nahiz ingurumenari halako arriskurik gehiago sortuko ez dizkiola bermatzearren; hori, baina, Ingurumen Baimen Integratuaren lehenengo eskabidean deskribaturiko instalazioaren kokalekuaren baldintzak aintzat hartuz egin beharko da.» Hemezortzi. Aldatu egiten da 23. artikulua, eta, aurrerantzean, honela egongo da idatzita:

«23. artikulua.  Jakinaraztea eta argitaratzea.

1.  Ingurumen Baimen Integratua emateko eskumena duen organoak baimena emateari, aldatzeari eta berrikusteari buruzko ebazpena jakinaraziko die interesdunei, instalazioa kokatuta dagoen Udalari, eta txosten loteslea igorri duten organoei, eta, hala badagokio, Lege honetako 11.2 a) artikuluan adierazitako baimen substantiboak emateko eskumena duen Estatuko organoari.

2.  Herritarrek eskubidea dute Ingurumen Baimen Integratuen ebazpenak ikusteko, baita haien aldaketak edo berrikuspenak ikusteko ere, uztailaren 18ko 27/2006 Legean ezarritakoari jarraituz.

3.  Autonomia-erkidegoek dagozkien aldizkari ofizialetan argitaratuko dituzte Ingurumen Baimen Integratuak emateko, aldatzeko edo berrikusteko ebazpen administratiboak.

4.  Autonomia-erkidegoek argitara emango dituzte Ingurumen Baimen Integratuak emateko, mamian aldatzeko edo berrikusteko ebazpen administratiboak, eta ebazpenak eragiten dion instalazioa zein den identifikatuko dute ebazpena argitaratzen den iragarkian. Horretaz gainera, herritarren esku jarriko dute, besteak beste bitarteko elektronikoen bidez, gutxienez a), b), e) eta f) idatz-zatietan adierazitako informazioa.

a)  Ebazpenaren edukia, eta, harekin batera, Ingurumen Baimen Integratuaren kopia bat, haren eranskinak eta ondorengo edozer baldintza eta egokitzapen.

b)  Memoria bat, honako hauek jasotzen dituena: Administrazioaren ebazpena zer arrazoitan oinarritu den, zeintzuk izan diren parte-hartze publikoko prozesuan zehar eginiko kontsulten emaitzak eta emaitza horiek nola hartu diren aintzat azaltzen duten arrazoiak.

c)  Instalazioari edo jarduerari aplikagarri zaizkion TEOei buruzko erreferentziako dokumentuen titulua.

d)  22. artikuluan aurreikusitako baimenaren baldintzak zehazteko erabilitako metodoa, teknika erabilgarri onenei dagozkien isurpenen muga-balioak eta teknika erabilgarri onenei dagozkien isurpen-mailak barne.

e)  7. artikuluko 5. paragrafoari jarraituz salbuespen bat ematen denean, salbuespen horren arrazoi zehatzak, adierazitako paragrafo horretan ezarritako irizpideetan oinarrituak, eta, horrekin batera, ezarritako baldintzak.

f)  Jarduerak behin betiko eten ostean titularrak hartutako neurriei buruzko informazioa, 22 bis artikuluan ezarritakoarekin bat.

g)  Ingurumen-ikuskaritzako txostenak, tokian eginiko bisita amaitu zenetik lau hilabeteko epean.

h)  Isurpenen neurketaren emaitzak, organo eskudunaren eskuetan dauden Ingurumen Baimen Integratuan ezarritako baldintzei jarraituz exijitzen direnak.» Hemeretzi. Ezabatu egiten da 25. artikulua, Ingurumen Baimen Integratua berritzeari buruzkoa.

Hogei. Aldatu egiten da 25. artikulua. Hona nola geratzen den idatzita:

«25. artikulua.  Ingurumen Baimen Integratua berrikustea.

1.  Organo eskudunak hala eskatuta, titularrak 12. artikuluan aipatzen den informazioa aurkeztuko du, informazio horretan baimenaren baldintzak berrikusteko beharrezkoa den guztia, hain zuzen. Hala badagokio, isurpenen kontrolei buruzko emaitzak sartuko dira, bai eta beste datu batzuk ere, honako hauek alderatzeko: TEO aplikagarriei buruzko ondorioetan deskribatutako teknika erabilgarri onenak eta haiei dagozkien isurpen-mailak, batetik, eta instalazioaren funtzionamendua, bestetik.

Baimenaren baldintzak berrikustean, organo eskudunak kontrolen edo ikuskaritzen bitartez lorturiko edozer informazio erabiliko du.

2.  Instalazio bateko jarduera nagusiari dagozkion TEOei buruzko ondorioak argitaratu eta lau urteko epean, honako hauek bermatuko ditu organo eskudunak:

a)  Dagokion instalazioaren baimenaren baldintza guztiak berrikusi eta, beharrezkoa izanez gero, egokitu egin direla, lege hau eta bereziki 7. artikulua bete direla bermatzeko, eta b)  Instalazioak baimenaren baldintzak betetzen dituela.

Berrikuspenak aintzat hartuko ditu instalazioari aplikagarri zaizkion TEOei buruzko erreferentziako dokumentu guztiak, baimena eman, eguneratu edo berrikusi zenetik.

3.  Instalazio batek ez badu TEOei buruzko ondorioetako baten ere babesik, baimenaren baldintzak berrikusi egingo dira, eta, hala badagokio, egokitu, teknika erabilgarri onenen aurrerapenek isurpenak nabarmen murrizteko aukera ematen dutenetan.

4.  Edozer kasutan, Ingurumen Baimen Integratua ofizioz berrikusiko da honako kasu hauetan:

a)  Instalazioak sortutako kutsadura dela-eta, mugako isurpen-balioak berrikustea edo beste batzuk ezartzea komeni denean.

b)  Isurpenak nabarmen murritz daitezkeenean, teknika erabilgarri onenetan eginiko aldaketa handien ondorioz gehiegizko kosturik izan gabe.

c)  Prozesuaren edo jardueraren funtzionamendu-segurtasuna dela-eta beharrezkoa denean beste teknika batzuk erabiltzea.

d)  Arroko erakundeak, urei buruzko legedian araututakoaren arabera, irizten badio badirela Ingurumen Baimen Integratua berrikustea edo aldatzea justifikatzen duten inguruabarrak, Estatuko Administrazio Orokorrak kudeaturiko arroetako herrijabari hidraulikora egindako isurpenei dagokienez. Kasu horretan, arroko erakundeak, txosten lotesle bidez, Ingurumen Baimen Integratua emateko eskumena duen organora joko du, hark berrikuste-prozesua has dezan gehienez ere hogei eguneko epean.

e)  Instalazioari aplikagarri zaion sektoreko legediak hala eskatzen duenean, edo 22.3 artikuluari jarraituz ingurumen-kalitateko arau berriak edo berrikusiak betetzea beharrezkoa denean.

5.  Ingurumen Baimen Integratua berrikusteak ez du ematen kalte-ordainak jasotzeko eskubiderik, eta erregelamenduz ezarritako prozedura sinplifikatu bidez izapidetuko da.

Berrikuste-prozesuak aintzat hartuko du 26. artikuluan aurreikusitakoa, instalazioen jarduerak eragin negatibo nabarmenak sor ditzakeenean erkidego artean edo mugaz haraindi.» Hogeita bat. Beste era batera idazten da 27. artikulua, eta, aurrerantzean, 26. artikulua izango da. Hona hemen:

«26. artikulua.  Autonomia-erkidego artean edo mugaz haraindi eragin negatiboak dituzten jarduerak.

1.  Autonomia-erkidegoko organo eskudunak uste badu ezen Ingurumen Baimen Integratua behar duen instalazioaren funtzionamenduak eragin negatiboak eta nabarmenak izan ditzakeela beste autonomia-erkidego batean, edo beste autonomia-erkidego batek hala eskatzen duenean, baimen-eskaeraren kopia bat bidaliko zaio autonomia-erkidego horri, egokitzat dituen alegazioak egin ahal izan ditzan behin betiko ebazpena eman aurretik. Era berean, autonomia-erkidego horri bidaliko zaio Ingurumen Baimen Integratuaren eskaerari dagokionez azkenean hartzen den ebazpena.

2.  Instalazioa bi autonomia-erkidego mugakideren lurraldean kokatuta badago, kutsadura handiena eragiten duten ekoizpen-prozesuak egiten diren lurraldea dagoen autonomia-erkidegoa izango da Ingurumen Baimen Integratua emateko eskumena duen organoa, eta kontu hori aplikagarri den araudian ezarritako koordinazio-mekanismoaren bidez ebatziko da.

3.  Mugaz haraindiko ingurumen-inpaktuaren ebaluazioan ezarritakoa gorabehera, Ingurumen Baimen Integratua behar duen instalazioaren funtzionamenduak Europar Batasuneko beste estatu kide baten ingurumenean eragin negatiboak izan ditzakeen susmoa badago, edo eragin nabarmenak jasan ditzakeen estatu kide batek hala eskatzen badu, autonomia-erkidegoko organo eskudunak, Kanpo Arazoetako eta Lankidetzako Ministerioaren bitartez, estatu horri jakinaraziko dizkio ondoren aipatzen diren alderdi hauek, ahal dela 16. artikuluan aurreikusitako jendaurreko informazioko izapidearekin batera, eta, betiere, baimenaren ebazpena eman aurretik:

a)  Eragin horiek aztertzeko aldebiko kontsulta-epea irekitzeko aukera, bai eta, hala badagokio, eragin horiek ezabatzeko edo murrizteko adostu ahal diren neurriak aztertzeko ere; b)  Eskaeraren kopia bat eta 4. eranskinean ezarritakoari jarraituz axolazkoa den informazio oro.

4.  Aldebiko kontsulten egutegia Kanpo Arazoetako eta Lankidetzako Ministerioak negoziatuko du, autonomia-erkidegoko organo eskudunari kontsultatu ostean, estatu horretako agintari eskudunekin. Egutegi horretan ezarriko dira kontsultak egiteko bilerak eta izapideak, bai eta estatu horretako ingurumenagintariek eta pertsona interesdunek, eragin nabarmena jaso duten heinean, Ingurumen Baimen Integratua behar duen instalazioari buruz duten iritzia emateko aukera bermatzeko neurriak ere.

Negoziazioaz arduratuko den Kanpo Arazoetako eta Lankidetzako Ministerioaren ordezkaritzak baimen-eskaera ebazteko eskumena duen autonomiaerkidegoaren ordezkari bat izango du, gutxienez.

5.  Mugaz haraindiko kontsulta-prozedura autonomia-erkidegoko organo eskudunak Kanpo Arazoetako eta Lankidetzako Ministerioari eginiko jakinarazpenaren bidez hasi denean, 3. paragrafoan adierazitako dokumentazioa erantsiko da. Era berean, memoria bat aurkeztuko da, dagokion ingurumenbaimenaren eskaera beste estatu kide bati jakinarazteko premia justifikatzen duten izatezko eta zuzenbidezko oinarriak labur azaltzen dituena; bertan, Ministerio horren ordezkaritzan sartu beharreko autonomia-erkidegoko ordezkariak identifikatuko dira.

6.  Mugaz haraindiko kontsulta-epea hastea Ingurumen Baimen Integratua behar duen instalazioaren funtzionamenduaren eragina jasan dezakeen estatu kideko agintariak sustatu badu, Kanpo Arazoetako eta Lankidetzako Ministerioak autonomia-erkidegoko organo eskudunari jakinaraziko dio, eta aurreko paragrafoan adierazitako dokumentazioa bidaltzeko eskatuko dio, mugaz haraindiko kontsultaprozedura hasteko.

7.  Ingurumen Baimen Integratua emateko prozeduraren araudian aurreikusitako epeak etenda geratuko dira mugaz haraindiko kontsulta-prozedura amaitu arte. Kontsulten emaitzak behar bezala hartu beharko ditu aintzat autonomia-erkidegoko organo eskudunak Ingurumen Baimen Integratuaren eskaera ebazteko garaian; Kanpo Arazoetako eta Lankidetzako Ministerioak, bestalde, eskaeraren berri emango die formalki mugaz haraindiko kontsultetan parte hartu duten estatu kideko agintaritzei, 23.4. artikuluan adierazitako informazioarekin batera.

8.  Europar Batasuneko estatu kide batek jakinarazten badu bere lurraldean Ingurumen Baimen Integratu bat eskatu dutela Espainiako ingurumenean eragin negatibo nabarmenak izan ditzakeen instalazio baterako, Kanpo Arazoetako eta Lankidetzako Ministerioak Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioari jakinaraziko dio, eta hark, baimen-eskaerak eragiten dien autonomiaerkidegoetako organo eskudunen parte-hartzearekin, ingurumen-organo gisa jardungo du eragin horiek aztertzeko neurriak edo eraginok ezabatzeko edo murrizteko neurriak adosteko antolatuko diren aldebiko kontsultetan. Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak bermatuko du kontsulta egingo zaiela eraginpeko herri-administrazioei eta pertsona interesdunei 14. artikuluan eta 4. eranskinean ezarritakoari jarraituz.

Horretarako, kontsulten izapidea zer baldintzatan gauzatuko den zehaztuko du, Europar Batasuneko beste estatu kide batean Ingurumen Baimen Integratua eskatu duen instalazioaren eraginpeko autonomia-erkidegoetako organo eskudunekin.» Hogeita bi. Beste era batera idazten da 28. artikuluaren lehenengo lerrokada; orain, 27. artikulua izango da. Hona nola geratzen den idatzita:

«Proiektuen ingurumen-inpaktua ebaluatzeko legearen testu bategina onartzen duen urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuan eta hura garatzen duen araudian ezarritakoari jarraituz ingurumen-inpaktuaren adierazpena formulatzea Estatuko Administrazio Orokorreko ingurumen-organoari dagokionean, ezingo da Ingurumen Baimen Integratua eman, ezta, hala badagokio, 3.2. artikuluan adierazitako industrien baimen substantiborik ere, aldez aurretik adierazpen hori eman ez bada.» Hogeita hiru. 29. artikulua, aurrerantzean, 28.a izango da.

Hogeita lau. 30. artikulua, aurrerantzean, 29.a izango da. Hona nola geratzen den idatzita:

«29. artikulua.  Kontrola, ikuskaritza eta zehapena.

1.  Autonomia-erkidegoek izango dute kautelazko neurriak, kontrol-neurriak eta ikuskaritzako neurriak ezartzeko eskumena, baita zehatzeko ahala eta Lege honetako helburuak eta haren erregelamenduzko garapena bermatzekoa ere, hargatik eragotzi gabe Estatuko Administrazio Orokorrak kudeaturiko arroetara eginiko isurpenei buruzko estatuko eskumena.

Ikuskaritza arloko organo eskudunek gaitasun tekniko egokia erakusten duten entitateak izendatu ahalko dituzte beren izenean ikuskaritza-jardunak egin ditzaten, non eta ez diren funtzionario publikoentzat erreserbatutako ikuskaritza-jardunak.

Jardun horiek ezingo dira izan, inola ere, sistemen, edo ikuskaritza-programen edo planen diseinuari buruzkoak. Entitate horiek izendatzerakoan, hautaketa-prozedura bati jarraitu beharko zaio, zeinak publizitate, gardentasun, sarbide-askatasun, bazterketarik eza eta tratu-berdintasuna errespetatuko baititu, sektore publikoko kontratuen legediari jarraituz.

2.  Organo eskudunek ingurumen-ikuskaritzako sistema bat ezarriko dute instalazioetarako, eta sistema horrek instalazioek sor ditzaketen mota guztietako ingurumen-eragin nabarmenen azterketa bat jasoko du.

3.  Jarduera horien emaitzak jendaurrean aurkeztu beharko dira uztailaren 18ko 27/2006 Legeari jarraituz.» Hogeita bost. Aldatu egiten dira b), c) eta f) idatz-zatiak, i) idatz-zati berria txertatzen da 3. paragrafoan, eta aldatu egiten da 31. artikuluaren 4. paragrafoa, zeina, aurrerantzean, 30. artikulua izango baita.

«b) Ez betetzea Ingurumen Baimen Integratuan ezarritako baldintzak, eta, baldintza horiek ez betetzean, ez eragitea ingurumenean kalte edo narriatze larririk, edo ez jartzea pertsonen osasuna edo segurtasuna arrisku larrian. Orobat, ez hartzea beharrezkoak diren neurriak baldintza horiek ahalik eta denbora-tarterik laburrenean beteko direla eta gerta litezkeen istripuak edo gorabeherak saihestuko direla bermatzeko.

c)  Ez betetzea Lege honetako 34. artikuluan aurreikusitako behin-behineko neurrietatik eratorritako betebeharrak.

f)  Ez jakinaraztea berehala organo eskudunari Ingurumen Baimen Integratuaren baldintzen edozein ez-betetzeren berri eta ingurumenari nabarmen eragiten dioten gertaeren edo istripuen berri.

i)  Instalazio bat behin betiko ixtea, Ingurumen Baimen Integratuan lurzorua eta lurpeko urak kutsatzeari buruz ezarritako baldintzak bete gabe.

4.  Hauek dira arau-hauste arinak: Ez betetzea lege honetan ezarritako aginduak, edo lege honi jarraituz onarturiko arauetan ezarritakoak, non eta ez diren arau-hauste larritzat edo oso larritzat tipifikatu.» Hogeita sei. Beste azken paragrafo bat gehitzen zaio 32. artikuluaren 1. paragrafoaren b) letrari; hala, aurrerantzean, 31. artikulua izango da. Hona hemen:

«b) Arau-hauste larria bada:

20.001  eta 200.000 euro arteko isuna.

Instalazioen zati bat edo osoa aldi baterako ixtea, gehienez ere bi urterako.

Jarduera gauzatzeko ezgaitzea, gehienez ere urtebetez.

Baimena kendu edo etetea, gehienez ere urtebetez.

Ingurumen Baimen Integratuaren baldintzak beteko direla berriz bermatzeko eta beste gorabehera edo istripu batzuk saihesteko organo eskudunak beharrezkotzat jotzen dituen neurri osagarriak hartzera behartzea titularra. » Hogeita zazpi. 33., 34., 35., eta 36. artikuluak, aurrerantzean, 32., 33., 34. eta 35. artikuluak izango dira, hurrenez hurren.

Hogeita zortzi. Indargabetu egiten dira lehenengo eta bigarren xedapen gehigarriak.

Hogeita bederatzi. Ezabatu egiten dira lehenengo eta bigarren xedapen iragankorrak.

Hogeita hamar. Hiru xedapen iragankor gehitzen dira. Hona hemen:

«Lehenengo xedapen iragankorra.  Ingurumen Baimen Integratuak eguneratzea.

1.  Ingurumen Baimen Integratuak emateko eskumena duen organoak behar diren jarduerak egingo ditu baimenak eguneratzeko eta industria-isurpenei buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren azaroaren 24ko 2010/75/EE Zuzentarauari egokitzeko 2014ko urtarrilaren 7a baino lehen.

Ondoren, berrikuspenak Lege honetako 25.2 eta 25.3 artikuluetan ezarritakoari jarraituz egingo dira, eta, adierazitako malgutasun-mekanismoen babespeko errekuntza-instalazioentzat, mekanismo horietan ezarritako aginduak txertatuta.

2.  Lehenengo paragrafoan ezarritakoarekin bat, eguneratutzat joko dira egun indarrean diren eta honako hauei buruzko aginduak biltzen dituzten baimenak:

a)  Gorabeherak eta istripuak, zehazkiago titularrek organo eskudunari jakinarazteko betebeharraren inguruan eta ingurumen-eraginak mugatzeko eta balizko istripuak edo gertaerak saihesteko neurriak, osagarriak barne, aplikatzearen inguruan gertatuak; b)  Ez betetzea Ingurumen Baimen Integratuetako baldintzak; c)  Hondakinak sortuz gero, 4.1.b) artikuluan ezarritako hondakin-hierarkia aplikatzea; d)  Hala badagokio, Lege honetako 12.1.f) artikuluan aipaturiko txostena, instalazioa ixteko aintzat hartu beharko dena; e)  Funtzionamendu-baldintza normalak ez diren beste batzuetan hartu beharreko neurriak; f)  Hala badagokio, lurzoruen eta lurpeko uren gaineko kontrol-eskakizunak; g)  Errekuntza- edo baterako errekuntza-instalazio bat denean:

–  Instalazioak erabiltzen dituen hondakinak, Hondakinen Europako Zerrendan aipaturiko ordenan, eta –  Instalazio mota horretarako erregelamenduz zehazturiko isurpenen mugabalioak.

Baimen horiek dagokion autonomia-erkidegoko aldizkari ofizialean argitaratuko dira, eta jasota geratuko da azaroaren 24ko 2010/75/EB Zuzentarauari egokitzen zaizkiola.

Herritarrek eskubidea dute Ingurumen Baimen Integratuen eguneratzeetara sarbidea izateko, uztailaren 18ko 27/2006 Legearekin bat.

3.  Arau hau indarrean jartzean aurreko paragrafoan adierazitako aginduak biltzen ez dituzten baimenak eguneratu egin beharko dira 2014ko urtarrilaren 7a baino lehen. Organo eskudunak eskatu beharko dio instalazioaren titularrari froga ditzala adierazitako aginduak bete dituela, ezinbestekoa baita baimena emateko.

Prozedura horren ostean, Inguruen Baimen Integratu eguneratua argitaratuko da autonomia-erkidegoko aldizkari ofizialean.

4.  Aurreko paragrafoetan ezarritakoarekin bat eguneratu diren instalazioetako baimen guztiek ikuskaritza-plan bat izan beharko dute, erregelamenduz ezarritako baldintzetan.

Bigarren xedapen iragankorra.  Aplikazio iragankorra.

1.  Organo eskudunek, 2014ko urtarrilaren 7tik aurrera, lege honekin bat hartutako legezko eta erregelamenduzko xedapenak eta administrazio-xedapenak aplikatuko dituzte, 1. eranskinean aipatzen diren jarduerak gauzatzen dituzten instalazioetan: 1.1 puntuan, 50 MW-etik gorako potentzia termiko nominala duten jardueretarako; 1.2 eta 1.3 puntuetan, 1.4 a) puntuan, 2.1. puntutik 2.6. punturako puntuetan, 3.1.a) eta b) puntuetan, 3.3. puntutik 3.5. puntura arteko puntuetan, eta 4.1. puntutik 4.6. puntura arteko puntuetan, prozesu kimiko bidezko ekoizpenjardueretarako; 5.1. eta 5.2. puntuetan, kutsaduraren prebentziorako eta kontrol integratuari buruzko 2008ko urtarrilaren 15eko Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008/1/EE Zuzentarauak aipatzen dituen jardueretarako, 5.3.a) eta b) puntuetan, 5.5., 6.1., 6.2. puntuetan, 7.1., 8.1., 9.1.a), eta 9.1.b) puntuetan, 2008/1/EE Zuzentarauak aipatzen dituen jardueretarako; 9.1.c) puntuan eta 9.2, 9.3, 10.1, 11.1

eta 14.1 puntuetan, ustiapenean diren eta baimena 2013ko urtarrilaren 7a baino lehenagotik dutenetarako, edo titularrak baimen-eskaera osoa data horren aurretik aurkeztu duenetarako, betiere instalazio horiek, beranduenez, 2014ko urtarrilaren 7an jartzen badira abian,.

2.  organo eskudunek, 2015eko uztailaren 7tik aurrera, lege honekin bat hartutako legezko eta erregelamenduzko xedapenak zein administrazio-xedapenak aplikatuko dituzte, 1. eranskinean aipaturiko jarduerak gauzatzen dituzten instalazioetan:1.1. puntuan, 50 MW-etik gorako potentzia termiko nominala duten jardueretarako;, 1.4.b) puntuan, 3.1.c) puntuan eta 4.1. puntutik 4.6. punturako arteko puntuetan, prozesu biologikoei buruzko ekoizpen jardueretarako, 5.1. eta 5.2. puntuetan, 2008/1/EB Zuzentarauak bere baitan hartzen ez dituen jardueretarako, 5.3.c), d) eta e) puntuetan, 5.4. puntuan, 5.6. eta 5.7. puntuetan, 6.3. puntuan eta 9.1.b) puntuan, 2008/1/EB Zuzentarauak bere baitan hartzen ez dituen jardueretarako, eta 12.1. eta 13.1. puntuetan, 2013ko urtarrilaren 7a baino lehen ustiapenean direnetarako,.

Hirugarren xedapen iragankorra. TEO erreferentziako dokumentuen indarraldia.

Industria-sektore bakoitzari dagozkion TEOei buruzko lehenengo ondorioak biltzen dituzten europar erabakiak hartu arte, Europako Batzordeak aldez aurretik onartutako erreferentziako TEO dokumentuak aplikatuko dira, isurpenen mugabalioak ezartzeko izan ezik.» Hogeita hamaika. Aldatu egiten da azken xedapenetako lehenaren 1. paragrafoa.

Hona hemen:

«1. Estatuko Administrazio Orokorrak kudeatzen dituen arroetako herri-jabari hidraulikora 1. eranskinean adierazitako jarduerek eragindako isurpenak baimentzeko lege honetan aurreikusitako prozedurak ez du aldatzen uren legediak aurreikusitako erregimen ekonomiko finantzarioa, ezta herri-jabari hidraulikoa babesteari dagokionez Estatuko Administrazio Orokorrari dagozkion gainerako ahalmenak ere. Bereziki, ez dira aldatuko ez zaintzari eta ikuskaritzari buruzko ahalmenak, ez zehatzeko botereari buruzko ahalmenak.» Hogeita hamabi. Indargabetu egin dira azken xedapenetako hirugarrena, laugarrena eta bosgarrena, eta, ondorioz, azken xedapenetako seigarrena eta zazpigarrena azken xedapenetako hirugarrena eta azken xedapenetako laugarrena izango dira, hurrenez hurren.

Hogeita hamahiru. Hona hemen azken xedapenetako laugarrena, berria:

«Azken xedapenetako laugarrena.  Erregelamendu bidezko garapena.

Ahalmena ematen zaio Gobernuari Lege honen erregelamenduzko garapena egin dezan bere ahalmenen esparruan eta, bereziki, eranskinak aldatzeko eta erkidegoko araudiak txertaturiko aldaketei egokitzeko.

Erregelamenduzko garapenak agindu tekniko osagarriak ekar ditzake honako hauei buruz, betiere industria-isurpenei buruzko azaroaren 24ko 2010/75/EB Zuzentarauan aurreikusitakoari jarraituz: errekuntzako, hondakinen errausketako eta baterako errausketako instalazioak; konposatu organiko hegazkorrak erabiltzen dituzten instalazioak; titanio-dioxidoak ekoizten dituzten instalazioak.» Hogeita hamalau. Azken xedapenetako zortzigarrena, aurrerantzean, azken xedapenetako bosgarrena izango da.

Hogeita hamabost. Aldatu egiten da 1. eranskina. Hona hemen:

«1. ERANSKINA

2.  artikuluan jasotako jardueren eta instalazioen kategoriak Oharra: Hurrengo taulan zerrendaturiko jarduera bakoitzean aipaturiko atalasebalioek, oro har, ekoizpen-ahalmenei edo produktuei egiten diete erreferentzia.

Titular batek hainbat jarduera egiten baditu instalazio berean eta kategoria beraren baitan, jarduera horien ahalmenak batu egingo dira. Hondakinak kudeatzeko jarduerei dagokienez, kalkulu hori 5.1., 5.3. eta 5.4. paragrafoetan bildutako instalazioei aplikatuko zaie.

1. Errekuntza-instalazioak.

1.1  50 MW-eko edo hortik gorako potentzia termiko nominala duten errekuntza instalazioak:

a)  Energia elektrikoa sortzeko instalazioak, erregimen arruntekoak zein berezikoak, erregai fosilak, hondakinak edo biomasa erabiltzen dituztenak.

b)  Elektrizitatea eta beroa sortzeko instalazioak, galdarak, lurrun-sorgailuak eta industrietako era guztietako errekuntza-ekipamendu edo -instalazioak, jarduera nagusia izan zein ez.

1.2  Petrolio- eta gas-findegiak:

a)  Petrolioa edo petrolio gordina fintzeko instalazioak.

b)  Gas naturala ez beste gas erregai bat eta petroliotik eratorritako gas likuatuak ekoizteko instalazioak.

1.3  Kokea lortzeko instalazioak.

1.4  Honako hauek gasifikatzeko eta likuatzeko instalazioak:

a) ikatza; b)  bestelako erregaiak, instalazioak 20 MW-eko edo hortik gorako potentzia termiko nominala duenean.

2.  Metalen ekoizpena eta eraldakuntza.

2.1  Mineral metalikoak (sulfurosoak barne) kiskaltzeko edo sinterizatzeko instalazioak.

2.2  Altzairu gordinak urtzeko instalazioak (lehen edo bigarren mailako urtzea), etengabeko urtze-instalazioak barne, orduko 2,5 tona baino gehiago ekoizten dituztenak.

2.3  Metal ferrosoak eraldatzeko instalazioak:

a)  Berotan ijeztekoak, orduan 20tik gora tona altzairu gordin ekoiztu ahal dituztenak.

b)  Mailu bidezko forjaketa, talka-energia 50etik gora kilojulio mailuko dela eta potentzia termikoa 20tik gora MW dela.

c)  Metal urtuzko babes-geruzak aplikatzea, tratamendu-ahala orduan 2 tona altzairu gordin baino gehiago denean.

2.4  Metal ferrosoen fundizioak, egunean 20 tona baino gehiago ekoiztu ahal dituztenak.

2.5 Instalazioak:

a)  Mineralak, kontzentratuak edo bigarren mailako lehengaiak oinarri hartuta, prozedura metalurgiko, kimiko edo elektrolitikoen bidez metal ez-ferrosoak gordinean ekoizteko erabiltzen direnak.

b)  Metal ez-ferrosoak (are aleazioak ere) urtzeko erabiltzen direnak, bai eta produktu berreskuratuak eta beste prozesu batzuetatik eskuratzen direnak ere, betiere urtze-ahalmen hau badute: 4 tona berun edo kadmio baino gehiago egunean, eta 20 tona baino gehiago gainerako metal guztietan (egunean).

2.6  Metalen eta plastikoen gainazala prozedura elektrolitikoz edo kimikoz tratatzeko instalazioak, tratamenduko kubeten edo lerroen bolumena 30 m3 baino gehiago denean.

3. Mineral-industriak.

3.1  Zementuaren, karearen eta magnesio-oxidoaren ekoizpena:

a)  i) Zementua ehotze bidez ekoiztea, eguneko 500 tonatik gorako ekoizpenahalmena badute; ii) Labe birakarietan zementua edota clinkerra fabrikatzea, baldin eta ekoizpenahalmena eguneko 500 tonatik gorakoa bada; edo beste mota bateko labeetan, baldin eta ekoizpen-ahalmena eguneko 50 tona baino gehiagokoa bada; b)  karea labeetan ekoiztea, eguneko 50 tonatik gorako ekoizte-ahalmena badute; c)  magnesio-oxidoa labeetan ekoiztea,eguneko 50 tona baino gehiago ekoizteko ahalmena badute.

3.2  Edukirik gabe.

3.3  Beira (are beira-zuntza ere) fabrikatzeko instalazioak, egunean 20 tona baino gehiago urtu ahal dituztenak.

3.4  Mineralak urtzeko instalazioak, mineral-zuntzak fabrikatzekoak barne, eguneko 20 tona baino gehiago urtu ahal dituztenak.

3.5  Zeramikazko produktuak (teilak, adreiluak, gai erregogorrak, azulejoak edo apaingaiak edo etxeko produktuak) fabrikatzeko instalazioak, egunean 75 tona baino gehiago ekoiztu ahal dituztenak, edo labakada batean 4 m3 baino gehiago hartzen dituztenak eta labeko dentsitatea 300 kg/m3 baino gehiagokoa dutenak.

4. Kimika-industriak.

Atal honen eta bertan aipatzen diren jardueren kategorien deskribapenaren ondorioetarako, fabrikatzeak zera esan nahi du, industria-eskalan fabrikatzea, 4.1. puntutik 4.6. puntura aipaturiko produktuak edo produktu taldeak kimikoki edo biologikoki eraldatuta.

4.1  Oinarrizko produktu kimiko organikoak (ondoren zehaztuko direnak) fabrikatzeko instalazio kimikoak:

a)  Hidrokarburo soilak (linealak edo ziklikoak, saturatuak eta ez-saturatuak, alifatikoak edo aromatikoak).

b)  Hidrokarburo oxigenatuak, esaterako: alkoholak, aldehidoak, zetonak, azido organikoak, esterrak, eta azetato esterren, eterren, peroxidoen eta epoxi erretxinen nahasketak.

c)  Hidrokarburo sulfuratuak.

d)  Hidrokarburo nitrogenatuak: aminak, amidak, konposatu nitrosoak, nitrikoak edo nitratoak, nitriloak, zianatoak eta isozianatoak.

e)  Hidrokarburo fosforatuak.

f)  Hidrokarburo halogenatuak.

g)  Konposatu organiko metalikoak.

h)  Gai plastikoak (polimeroak, zuntz sintetikoak, zelulosazko zuntzak).

i)  Kautxu sintetikoak. j  Koloregaiak eta pigmentuak.

k)  Tentsioaktiboak eta gainazaleko agenteak.

4.2  Produktu kimiko ez-organikoak (ondoren zehaztuko direnak) fabrikatzeko instalazio kimikoak:

a)  Gasak, batez ere amoniakoa, kloroa edo hidrogeno kloruroa, fluorra edo hidrogeno floruroa, karbono oxidoak, sufre konposatuak, nitrogeno oxidoak, hidrogenoa, sufre dioxidoa eta karbonilo dikloruroa.

b)  Azidoak, batez ere azido kromikoa, azido fluorhidrikoa, azido fosforikoa, azido nitrikoa, azido klorhidrikoa, azido sulfurikoa eta azido sulfuratuak.

c)  Baseak, batez ere amonio hidroxidoa, hidroxido potasikoa eta hidroxido sodikoa.

d)  Gatzak, esate baterako amonio kloruroa, klorato potasikoa, karbonato potasikoa (potasa), karbonato sodikoa (soda), perboratoak eta nitrato argentikoa.

e)  Ez-metalak, oxido metalikoak edo beste konposatu ez-organiko batzuk, esaterako, kaltzio karburoa, silizioa eta silizio karburoa.

4.3  Fosforoa, nitrogenoa edo potasioa oinarri duten ongarriak (ongarri soilak edo konposatuak) fabrikatzeko instalazio kimikoak.

4.4  Produktu fitosanitarioak edo biozidak fabrikatzeko instalazio kimikoak.

4.5  Botikak (bitarteko produktuak barne) ekoizteko prozedura kimiko edo biologiko bat erabiltzen duten instalazio kimikoak.

4.6  Leherkariak fabrikatzeko instalazio kimikoak.

5.  Hondakinen kudeaketa.

5.1  Hondakin arriskutsuak balorizatzeko edo deuseztatzeko instalazioak, eguneko 10 tonatik gorako ahalmena badute eta, gutxienez, hauetako jarduera bat gauzatzen badute:

a)  tratamendu biologikoa; b)  tratamendu fisiko-kimikoa; c)  5.1. eta 5.2. paragrafoetan aipaturiko eragiketen konbinazioa edo aurretiazko nahasketa; d)  5.1. eta 5.2. paragrafoetan aipaturiko edozein eragiketaren aurreko berrontziratzea.

e)  disolbatzaileak berreskuratzea edo berroneratzea; f)  metalak edo konposatu metalikoak ez diren materia inorganikoak birziklatzea edo berreskuratzea; g)  azidoak edo baseak berroneratzea; h)  kutsadura murrizteko erabilitako osagaiak balorizatzea; i)  katalizatzaileetatik eratorritako osagaiak baloritzatzea; j)  olioak berroneratzea edo berrerabiltzea; k)  azaleko urtegietan isurtzea (esate baterako, hondakin likidoak putzuetara, urmaeletara eta abarretara isurtzea) 5.2  Hondakinak baloritzazeko edo deuseztatzeko instalazioak hondakinen errausketa edo baterako errausketa instalazioetan:

a)  arriskutsuak ez diren hondakinetarako, orduko hiru tonatik gorako ahalmena badute; b)  hondakin arriskutsuetarako, eguneko 10 tonatik gorako ahalmena badute.

5.3  Arriskutsuak ez diren hondakinak ezabatzeko instalazioak, eguneko 50

tonatik gorako ahalmena badute, baldin eta jarraian zerrendatuko diren jardueretako bat edo gehiago hartzen badituzte (hiriko hondakin-uren tratamenduari aplikagarri zaizkion arauak ezartzen dituen abenduaren 28ko 11/1995 Errege Lege Dekretuan aipatzen direnak izan ezik):

a)  tratamendu biologikoa; b)  tratamendu fisiko-kimikoa; c)  errausketa edo baterako errausketa aurreko tratamendua; d)  zepen edo errautsen tratamendua; e)  tratamendua hondakin metalikoen birringailuetan egitea, honako hauek barne: hondakin elektrikoak eta elektronikoak, balio-bizitzaren amaieran dauden ibilgailuak eta haien osagarriak.

5.4  Arriskutsuak ez diren hondakinak balorizatzeko instalazioak, edo balorizatu eta ezabatu biak batera egiten dituzten instalazioak, eguneko 75 tonatik gorako ahalmena badute, baldin eta jarraian zerrendatuko diren jardueretako bat edo gehiago hartzen badituzte beren barruan (hiriko hondakin-uren tratamenduari aplikagarri zaizkion arauak ezartzen dituen abenduaren 28ko 11/1995 Errege Lege Dekretuan jasotzen direnak izan ezik):

a)  tratamendu biologikoa; b)  errausketa edo baterako errausketa aurreko tratamendua; c)  zepen eta errautsen tratamendua; d)  Hondakin metalikoen birringailuetan egiten den tratamendua, honako hauek barne: hondakin elektrikoak eta elektronikoak, balio-bizitzaren amaieran dauden ibilgailuak eta haien osagarriak.

Instalazioan egiten den hondakinak tratatzeko jarduera bakarra digestio anaerobikoa denean, jarduera horren ahalmen-atalasea eguneko 100 tona izango da.

5.5  Mota guztietako hondakinak hartzen dituzten hondakindegiak, egunean 10 tona baino gehiago hartzen badituzte edo guztirako edukiera 25.000tik gora tonakoa dutenak (gai inerteen hondakindegiak salbu).

5.6  Aurreko 5.5. paragrafoan aipatu ez diren hondakin arriskutsuak aldi baterako biltegiratzea, 5.1., 5.2., 5.5. eta 5.7. paragrafoetan adierazitako tratamenduetako bat aplikatu arte, betiere 50 tonatik gorako ahalmena badute, alde batera utzita jasotzeko zain dagoen bitartean lekuan bertan sortu diren hondakinak aldi batez biltegiratzea.

5.7  Hondakin arriskutsuak lurpean biltegiratzea, ahalmena guztira 50 tonatik gorakoa badute.

6.  Egurretik eratorritako industria.

6.1  Honako hau fabrikatzeko instalazio industrialak:

a)  Paper-orea, zura edo zuntzezko beste materia batzuk lehengai hartuta; b)  Papera eta kartoia, egunean 20 tona baino gehiago ekoizteko ahalmena izanez gero.

6.2  Zelulosa ekoiztu eta tratatzeko instalazioak, egunean 20 tona baino gehiago ekoizteko ahalmena badute.

6.3  Egurretik eratorritako honako taula hauetako bat edo gehiago fabrikatzera zuzendutako industria-instalazioak: egurrezko txirbilezko taula orientatuak, taula aglomeratuak edo kartoi trinkotuzko taulak, eguneko 600 m3-tik gorako ekoizpen ahalmena badute.

7. Ehungintza-industria.

7.1  Ehungintzako zuntzak edo produktuak aldez aurretik tratatzeko (ikuzi, zuritu, mertzerizatu) edo tindatzeko instalazioak, egunean 10 tona baino gehiago tratatzeko ahalmena badute.

8.  Larruaren industria.

8.1  Larruak zurratzeko instalazioak, egunean 12 tona produktu baino gehiago tratatu eta amaitutzat jo ahal badituzte.

9.  Nekazaritzako elikagaien industriak eta abeltzaintzako ustiategiak.

9.1  Honako hauetarako instalazioak:

a)  Hiltegiak, egunean kanalean irekitako 50 tona okela baino gehiago ekoiztu ahal dituztenak.

b)  Honako lehengai hauen tratamendua eta eraldaketa (ontziratzeaz bestekoak), diren aurrez trataturikoak edo ez, elikagaiak edo pentsuak honako hauen bidez fabrikatzekoak:

i)  Animalia-lehengaiak (ez esnea bakarrik), baldin eguneko 75 tonatik gorako produktu amaituak ekoizteko ahalmena badute; ii) Landare-lehengaiak, egunean 300 tonatik gora produktu bukatu ekoizteko ahalmena badute; edo 600 tonatik gora, baldin instalazioak, edozein urtetan, ez badu erreskadan 90 egun baino gehiagoan lan egiten:

iii) animalia- eta landare-lehengaiak soilik, biak konbinatzen dituzten produktuetan nahiz bereiz, eguneko produktu bukatuen honenbeste ona ekoizteko ahalmena badute:

–  75 A 10 edo gehiago bada, edo –  [300 – (22,5 × A)] beste edozer kasutan, non «A» produktu amaituak ekoizteko gaitasunaren animalia-materia zatia den (pisuaren portzentajean).

Ontzia ez da produktuaren amaierako pisuaren barruan sartuko.

Azpiatal hau ez da aplikagarria izango lehengaia esnea bakarrik denean.

c)  Esnea bakarrik tratatzeko eta eraldatzeko instalazioak, egunean 200 tona baino gehiago (urteko batez bestekoa) hartzen dituztenak.

9.2  Animalia-hondakinak ezabatzeko edo aprobetxatzeko instalazioak, egunean 10 tona baino gehiago tratatu ahal dituztenak.

9.3  Hegaztizaintza edo txerri-hazkuntza intentsiborako instalazioak, baldintza hauek betetzen dituztenak:

a)  40.000 oilo errulerentzako kokaguneak, edo beste hegazti batzuen kasuan, nitrogeno-iraizkin baliokidea..

b)  2.000 kokagune 30 kg-tik gorako gizentzeko txerrientzat.

c)  750 kokagune kumetarako txerramentzat.

10.  Disolbatzaile organikoen kontsumoa.

10.1  Material, objektu edo produktuen gainazalak disolbatzaile organikoez tratatzeko instalazioak, batez ere prestatzeko, estanpatzeko, gainjanzteko eta koipegabetzeko, iragazgaizteko, itsasteko, lakatzeko, garbitzeko edo eransteko; kontsumo-ahalmena egunean 150 kg edo urtean 200 tona baino gehiago izan behar da.

11.  Karbonoaren industria.

11.1  Karbono sinterizatua edo elektrografitoa errekuntzaz edo grafitazioz fabrikatzeko instalazioak.

12.  Egurra kontserbatzeko industria.

12.1  Egurra eta egurretik eratorritako produktuak kontserbatzea produktu kimikoak erabilita, eguneko 75 m3-tik gorako ekoizpen gaitasunarekin, zurgizenaren kontra egiteko tratamenduak ez direnak.

13.  Urak tratatzea.

13.1  Hondakin-uren tratamendu independentea, hiriko hondakin-uren legediak aurreikusten ez duena, eta eranskin honetan bildutako instalazio batek isuritakoak.

14. CO2-a atzitzea.

14.1  Eranskin honetan bildutako instalazioetatik eratorritako CO 2 fluxuak atzitzea, biltegiratze geologikorago, karbono-dioxidoaren biltegiratze geologikoari buruzko abenduaren 29ko 40/2010 Legeari jarraituz.» Hogeita hamasei. Indargabetu egin da 2. eranskina; 3., 4. eta 5. eranskinak, aurrerantzean 2., 3. eta 4. eranskinak izango dira, hurrenez hurren.

Hogeita hamazazpi. Aldatu egiten da 2. eranskin berria. Hona hemen nola geratzen den:

«2. ERANSKINA Substantzia kutsatzaileen zerrenda Atmosfera:

1.  Sufre-oxidoak eta sufrearen bestelako konposatuak.

2.  Nitrogeno-oxidoak eta nitrogenoaren bestelako konposatuak.

3. Karbono-monoxidoa.

4.  Konposatu organiko hegazkorrak.

5.  Metalak eta beren konposatuak.

6.  Partikulak, partikula finak barne.

7.  Amiantoa (esekita dauden partikulak, zuntzak).

8.  Kloroa eta haren konposatuak.

9.  Fluorra eta haren konposatuak.

10.  Artsenikoa eta haren konposatuak.

11. Zianuroak.

12.  Ezaugarri kantzerigenoak eta mutagenoak dituztela edo airearen bitartez ugalketari kalte egin diezaioketela frogatuta dagoen substantziak eta nahasketak.

13.  Poliklorodibenzodioxina eta poliklorodibenzofuranoak.

Ura:

1.  Konposatu organohalogenatuak eta ingurune urtarrean horrelako konposatuak eragin ditzaketen substantziak; 2.  Konposatu organofosforatuak.

3.  Konposatu organoestannikoak.

4.  Dituzten ezaugarri kantzerigenoak eta mutagenoak edo uretan edo ur bidez ugalkortasunari eragin diezaioketela frogatuta dagoen substantziak eta nahasketak.

5.  Hidrokarburo iraunkorrak eta substantzia organiko toxiko iraunkorrak eta biometagarriak.

6. Zianuroak.

7.  Metalak eta beren konposatuak.

8.  Artsenikoa eta haren konposatuak.

9.  Biozidak eta produktu fitosanitarioak.

10.  Esekita dauden materiak.

11.  Eutrofizazioari laguntzen dioten substantziak (bereziki nitratoak eta fosfatoak).

12.  Oxigeno-balantzean eragin kaltegarria duten substantziak (DBO, DQO eta antzeko paramatroen bidez zenbatgarriak).

13.  Urtarrilaren 21eko 60/2011 Errege Dekretuaren 1. eranskinean zerrendaturiko substantziak, ur-politiken arloko ingurumen-kalitateko arauei buruz.» Hogeita hemezortzi. Aldatu egiten da 3. eranskina. Hona hemen:

«3. ERANSKINA

3.15  artikuluan definituriko teknika erabilgarri onenak zehaztean oro har edo kasu jakin batean aintzat hartu beharreko alderdiak, ekintza batek ekar ditzakeen kostuak eta abantailak eta arreta eta prebentzio printzipioak aintzat hartuta.

1.  Hondakin gutxi sortzen dituzten teknikak erabiltzea.

2.  Hain arriskutsuak ez diren substantziak erabiltzea.

3.  Prozesuan sorturiko eta erabilitako substantziak –eta, hala dagokionean, hondakinak– leheneratzeko eta birziklatzeko teknikak garatzea.

4.  Eskala industrialean emaitza positiboak eman dituzten prozesu, instalazio edo funtzionamendu-metodo konparagarriak.

5.  Aurrerapen teknikoak eta jakintza zientifikoen bilakaera.

6.  Dagokion isurketen izaera, ondorioak eta bolumena.

7.  Instalazio berriak edo lehendik zeudenak abian jarri ziren datak.

8.  Teknika erabilgarri onen bat ezartzeko behar den denbora-tartea.

9.  Energia-eraginkortasuneko prozeduretan erabiltzen diren lehengaien (ura barne) kontsumoa eta ezaugarriak.

10.  Isurketen eragin globala eta ingurumenarentzako arriskuak prebenitzeko eta ahalik eta gehien murrizteko premia.

11.  Istripu-arrisku oro prebenitzeko edo istripuek ingurumenean izan ditzaketen eraginak murrizteko premia.

12.  Nazioarteko erakundeek argitaraturiko informazioa.» Hogeita hemeretzi. Aldatu egiten dira 1. paragrafoan a) eta e) idatz-zatiak, eta h) idatz-zati berria txertatzen da 4. eranskin berriaren 1. paragrafoan. Hona hemen:

«4. ERANSKINA Jendearen parte-hartzea erabakiak hartzeko prozesuan 1.  Autonomia-erkidegoko organo eskudunak jendaurrean jakinaraziko ditu ondoren adieraziko ditugun datuak prozeduraren hasierako faseetan, betiere erabaki bat hartu baino lehen, edo, beranduenez, informazioa bitarteko elektronikoen bidez zabaltzea posible denean, halakorik posible bada:

a)  Ingurumen Baimen Integratua eskatzeko dokumentazioa, haren aldaketa nabarmenarena edo, hala badagokio, berrikuspenari buruzko dokumentazioa, 16. artikuluan adierazitakoarekin bat.

e)  Hala badagokio, Ingurumen Baimen Integratuaren berrikuspenari buruzko xehetasunak.

h)  Beti, instalazio bati buruzko baimena eman dela, nabarmen aldatu dela edo berrikusi egin dela, 7.5. artikulua aplikatzea proposatu denean.» Bigarren artikulua.  Aldatu egin da hondakinei eta zoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legea.

Aldatu egiten da hondakin eta zoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeko 27. artikuluaren 8. paragrafoa. Hona hemen:

«8. Artikulu honetan aurreikusitako baimenak zortzi urterako emango dira, gehienez, eta, denbora hori igarotakoan, automatikoki berrituko dira ondoren datozen aldietarako, kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea aplikatu behar zaien instalazioen kasuan izan ezik; haien indarraldiak Ingurumen Baimen Integratuarenarekin egingo du bat.

Autonomia-erkidegoak baimen guztiak erregistratuko ditu hondakinen ekoizpeneta kudeaketa-erregistroan.» Lehenengo xedapen gehigarria.  Gastu publikoa.

Lege hau aplikatzeak ez ditu herri-administrazio publiko eskudunen gastuak areagotuko. Lege honetan aurreikusitako arauzko betebeharren ondorioz sor daitezkeen giza baliabideen premia berriak asetzeko, langile taldea berrantolatuko da.

Bigarren xedapen gehigarria.  Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 3. artikuluko definizioen erreferentziak.

Indarreko legeriak kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 3. artikuluko a)-tik p)-rako idatz-zatiei eginiko erreferentziak 3. artikuluko 1. paragrafotik 17.paragrafora artekoei egiten zaiela joko da.

Azken xedapenetako lehena.  Europar Batasuneko zuzenbidea txertatzea.

Lege honen bitartez, partez txertatuko da Espainiako legedian Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2010eko azaroaren 24ko 2010/75/EB Zuzentaraua, isurpen industrialei buruzkoa (kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratua), eta, bereziki, arau honen bitartez, lege horren honako artikulu hauen transposizioa ezartzen da: 2., 3.1., 3.2., 3.4., 3.5., 3.7., 3.10., 3.11., 3.12., 3.13., 3.14., 3.17., 3.18., 3.19., 3.20., 3.21., 3.22., 3.23., 3.37., 3.38., 4.2., 4.3., 5.1., 7., 8., 10., 11.e), 11.h), 12., 13.7., 14., 15., 17., 18., 19., 20.2., 20.3., 21., 22., 23.1., 24., 26., 71., 72.1., 72.2., 79., 82.1. eta 82.2.

Azken xedapenetako bigarrena.  Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuaren arloan testu bategin bat lantzeko baimena.

Baimena ematen zaio Gobernuari, lege hau indarrean jartzen denetik urtebeteko epean, testu bategin bat lantzeko; bertan txertatuko dira, behar bezala erregulatuta, argituta eta harmonizatuta, kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea eta lege-maila duten arauetan bildutako isurpen industrialen arloko xedapenak.

Azken xedapenetako hirugarrena.  Indarrean jartzea.

Lege hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunean sartuko da indarrean.

Beraz, Lege hau betetzeko eta betearazteko agintzen diet espainiar guztiei, norbanakoei eta agintariei.

Madrilen, 2013ko ekainaren 11n.

JUAN CARLOS E.

Gobernuko presidentea, MARIANO RAJOY BREY

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra