Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Administrazio zuzenbidea  >>  Legeria  >> Gizarte-zerbitzuak

5/2016 Errege Lege Dekretua, abenduaren 9koa, Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoa ezartzeko egutegia zabaltzeko presako neurriena

2016-12-09

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2016/12/10, 298. zk.

I. XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

11733 5/2016 Errege Lege Dekretua, abenduaren 9koa, Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoa ezartzeko egutegia zabaltzeko presako neurriena.

I

Etapa amaierako kanpo-ebaluazioak dira Hezkuntzaren maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren berrikuntza nagusietako bat, ordura arte indarrean zen araudiarekin alderatuta. Maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 144.1 artikuluak xedatzen duenaren arabera, lege horren 29. artikuluan eta 36 bis artikuluan adierazitako ebaluazioen probak eta prozedurak Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak diseinatuko ditu, Hezkuntza Ebaluaziorako Institutu Nazionalaren bidez. 144.1 artikuluak orobat ezartzen du probak gauzatzea hezkuntza-administrazio eskudunei dagokiela.

Legezko xedapen horiek betetzeko, Gobernuak ebaluazioen konfigurazioari eragiten dioten zenbait erregelamendu-garapen onartu ditu. Lehenik, abenduaren 26ko 1105/2014 Errege Dekretuak —Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko oinarrizko curriculuma ezartzekoa— 21. artikuluan dio Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren laugarren maila amaitutakoan ikasleek banakako ebaluazioa egingo dutela, irakaskuntza akademikoen aukeran edo irakaskuntza aplikatuen aukeran. Ebaluazio horren bidez, etapako helburuak lortu dituzten eta kasuan kasuko konpetentzien eskuratze-maila zein den egiaztatuko dute. Errege-dekretu horren 31. artikuluaren lehen zenbakian jasotzen da Batxilergoa amaitutakoan ikasleek banakako ebaluazioa egingo dutela, zeinaren bidez etapako helburuak lortu dituzten eta kasuan kasuko konpetentzien eskuratze-maila zein den egiaztatuko baitute.

Bigarrenik, azaroaren 20ko 1058/2015 Errege Dekretuak Lehen Hezkuntzaren amaierako ebaluazioko proben ezaugarri nagusiak arautzen ditu.

Azkenik, uztailaren 29ko 310/2016 Errege Dekretuak —Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko azken ebaluazioak arautzen dituena—, azken xedapenetatik lehenean, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren eta Batxilergoaren amaierako ebaluazioak ezartzeko egutegia finkatzen du.

II

Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoaren azken xedapenetatik bosgarrenak hezkuntza-erreformaren zenbait alderdi ezartzeko egutegia ezarri zuen. Hari jarraituz, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren eta Batxilergoaren amaierako ebaluazioak egin behar dira 2016-2017 ikasturtean, nahiz eta 2017-2018 ikasturtera arte ez duten ondore akademikorik izango.

Bada gizartean eta hezkuntza-komunitatean alderdi politiko guztiei zuzendutako eskaera bat, hezkuntzaren arloko araudiari egonkortasuna emango dion akordio bat egin dezaten; izan ere, hezkuntza funtsezko elementua da, nola herritarren garapen pertsonalerako, hala gure herrialdearen elkarbizitzarako eta garapen ekonomikorako. Begien bistakoa da, beraz, hezkuntza-ebaluazioak eztabaida horren parte izan behar direla.

Hezkuntzaren aldeko estatu-itun sozial eta politikoa lortzea xede duen eztabaida- prozesuari irmoki laguntzeko eta bere gain hartutako konpromiso politikoak betetzeko, Gobernuak ebaluazioak ezartzeko epea luzatzen du; hartara, negoziazioek dirauten bitartean, probek ez dute ondorerik izango Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko tituluak eskuratzeari begira, eta hezkuntza-administrazioek eta ikastetxeek ez dute beren ohiko funtzionamendua aldatu beharko probak antolatu eta garatzeko.

Horrenbestez, harik eta hezkuntzaren aldeko estatu-itun sozial eta politikoaren ondoriozko araudia indarrean jarri arte, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren amaierako

ebaluazioa ondore akademikorik gabeko proba bat izango da, lagin izaerakoa; Batxilergoko proba, berriz, orain arte indarrean egon den unibertsitaterako sarbide-probaren antzeko ezaugarriak dituen proba bat izango da, eta unibertsitatean sartzeko ondore hutsak izango ditu. Gainera, denbora tarte horretan, probak hezkuntza-etapa bakoitzaren azken mailako enborreko jakintzagaiei buruzkoak izango dira bakar-bakarrik.

Nolanahi ere, negoziazio-aldiak irauten duen bitartean Espainiako lurralde osoan probak egitea probetxugarria izango da, dudarik gabe. Alde batetik, ikastetxeen eta ikasleen beharrizanak diagnostikatu ahal izango dira, ikastetxe bakoitzaren hezkuntza- jarduna hobetzeko xedez. Beste alde batetik, hezkuntza-komunitatea sistema berrira eta autonomia-erkidego bakoitzaren hezkuntza-arloko errealitatera egokitu ahal izango da. Horrez gainera, hezkuntza-etapen amaierako ebaluazioen sistema ebaluatzeko, aztertzeko eta hobetzeko balioko du.

Helburu horiek lortzeko, nahitaezkoa da abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoaren azken xedapenetatik bosgarrenean jasotako ezarpen-egutegia aldatzea. Hain justu, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko etapen amaierako ebaluazioek izango dituzten ezaugarriak eta haien ondore akademikoen etetea arautuko dira, betiere hezkuntzaren aldeko estatu-itun sozial eta politikoaren ondoriozko araudia indarrean jarri arte. Horrek ikasle guztien aukera-berdintasuna bermatzen du, eta hezkuntza-sistema berrira igarotzeko aldi bat ezartzen, sistema hori berme guztiekin aplikatu ahal izan dadin.

Komeni da, gainera, errege-dekretu hauek aldatzea: abenduaren 26ko 1105/2014 Errege Dekretua —Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko oinarrizko curriculuma ezartzekoa—; uztailaren 29ko 310/2016 Errege Dekretua —Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko azken ebaluazioak arautzen dituena—, eta azaroaren 20ko 1058/2015 Errege Dekretua —Lehen Hezkuntzaren amaierako ebaluazioko proben ezaugarri nagusiak arautzen dituena—. Aldaketen helburua da errege- dekretu horiek egokitzea errege lege-dekretu honen bidez abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoaren azken xedapenetatik bosgarrenean egiten diren aldaketetara, Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko etapen amaierako ebaluazioak aplikatzeko egutegiari dagokionez.

III

Errege lege-dekretu honen bidez hartutako neurriek 2016-2017 ikasturtea amaitutakoan egin beharreko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren eta Batxilergoaren amaierako ebaluazioen konfigurazioari eragiten diotenez, bete egiten da tresna juridiko honetaz baliatu ahal izateko Espainiako Konstituzioaren 86. artikuluak eskatzen duen aparteko eta presako premiaren baldintza. Konstituzioan halako tresna arauemailea erabiltzeko ezarrita dauden mugak ere errespetatzen dira, eta, bereziki, Konstituzioaren 27. artikuluan arautzen den hezkuntzarako eskubidearen funtsezko edukia babestu da; hain zuzen, abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoan jasotako ezarpen-egutegia soilik arautzen da, zeina ez baita lege organikoz arautu beharreko gaia eta, oro har, erregelamendu-arauen bidez arautzen baita, bai sektore-eremu honetan, bai beste batzuetan.

Horregatik guztiagatik, Konstituzioaren 86. artikuluan zehaztutako baimena baliatuta, Hezkuntza, Kultura eta Kiroleko ministroak proposatuta eta Ministro Kontseiluak 2016ko abenduaren 9ko bileran gaia eztabaidatu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1.artikulua. Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoa aldatzea.

Aldatu egiten da Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoaren azken xedapenetatik bosgarrena, eta honela geratzen da idatzita:

«Azken xedapenetatik bosgarrena. Ezarpen-egutegia.

1.Lehen Hezkuntzako curriculumean, antolaketan, helburuetan, mailaz igotzeko irizpideetan eta ebaluazioetan egindako aldaketak lehenengo, hirugarren

eta bosgarren mailetan ezarriko dira 2014-2015 ikasturtean; bigarren, laugarren eta seigarren mailetan, 2015-2016 ikasturtean ezarriko dira aldaketak.

Harik eta hezkuntzaren aldeko estatu-itun sozial eta politikoaren ondoriozko araudia indarrean jarri arte, maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 21. artikuluan jasotako Lehen Hezkuntzako ebaluazioak lagin-izaera eta diagnosi-helburua izango ditu. Behar adina ikasle eta ikastetxe hautatuko dira, datuak adierazgarriak izan daitezen. Hezkuntza-administrazioek aukera izango dute laginetarako beharrizanak gainditu eta ikastetxe parte-hartzaileen kopurua handitzeko, edo ebaluazioa zentsu- izaerarekin egiteko.

2.Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako curriculumean, antolaketan, helburuetan, tituluak eskuratzeko baldintzetan, programetan, mailaz igotzeko irizpideetan eta ebaluazioetan egindako aldaketak lehenengo eta hirugarren mailetan ezarriko dira 2015-2016 ikasturtean; bigarren eta laugarren mailetan, aldiz, 2016-2017 ikasturtean ezarriko dira.

Harik eta hezkuntzaren aldeko estatu-itun sozial eta politikoaren ondoriozko araudia indarrean jarri arte, maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 29. artikuluan jasotako ebaluazioak lagin-izaera eta diagnosi-helburua izango ditu. Matematika- konpetentziaren, hizkuntza-konpetentziaren eta konpetentzia sozialaren eta zibikoaren eskuratze-maila ebaluatuko da, erreferentzia nagusitzat hartuta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako laugarren mailan egindako enborreko irakasgaien blokeko jakintzagai orokorrak. Ebaluazio horrek ez du ondore akademikorik izango.

Behar adina ikasle eta ikastetxe hautatuko dira, datuak adierazgarriak izan daitezen. Hezkuntza-administrazioek aukera izango dute laginetarako beharrizanak gainditu eta ikastetxe parte-hartzaileen kopurua handitzeko, edo ebaluazioa zentsu- izaerarekin egiteko.

Hezkuntzaren aldeko estatu-itun sozial eta politikoaren ondoriozko araudia indarrean jarri baino lehen emandako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako gradudun-tituluek aukera emango dute maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 3.4 artikuluan jasotako derrigorrezko irakaskuntzaren ondokoetatik edozeinetan sartzeko.

3.Batxilergoko curriculumean, antolaketan, helburuetan, programetan, mailaz igotzeko irizpideetan eta ebaluazioetan egindako aldaketak lehenengo mailan ezarriko dira 2015-2016 ikasturtean; bigarren mailan, berriz, 2016-2017an ezarriko dira.

Harik eta hezkuntzaren aldeko estatu-itun sozial eta politikoaren ondoriozko araudia indarrean jarri arte, etenda geratuko dira maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren artikulu hauetan ezarritako aldaketak: ziurtagiriak eta tituluak eskuratzeko baldintzei dagokienez 37. artikuluan ezarritako aldaketak; 44. artikuluan eta 50. artikuluaren 2. zenbakian azaltzen diren ikasleek Batxilergoko titulua eskuratzeko baldintzetan sartutako aldaketak, eta 36 bis artikuluan jasotako Batxilergoaren amaierako ebaluaziorako ezarritakoak.

Harik eta hezkuntzaren aldeko estatu-itun sozial eta politikoaren ondoriozko araudia indarrean jarri arte, unibertsitatean sartzeko Batxilergoko ebaluazioa —maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 36 bis artikuluan arautua— ez da beharrezkoa izango Batxilergoko titulua eskuratzeko, eta unibertsitate-ikasketak egin nahi dituzten ikasleek soilik egingo dute. Bigarren mailako enborreko irakasgaien blokeko jakintzagai orokorrei buruzkoa baino ez da izango, eta, hala badagokio, Hizkuntza Koofiziala eta Literatura jakintzagaiari buruzkoa. Ikasleek beren onarpen- nota hobetu nahi izanez gero, bigarren mailako enborreko irakasgaien blokeko aukerako jakintzagaien artetik gutxienez biri buruzko azterketa egin ahalko dute.

Gainera, Lanbide Heziketako teknikari-titulua edo goi-mailako teknikari-titulua edo Musikako edo Dantzako irakaskuntza profesionalen teknikari-titulua duten ikasleek, epealdi horretan, Batxilergoko titulua eskuratu ahal izango dute.

Horretarako, ikasleek hautatzen duten batxilergo-modalitateko enborreko irakasgaien blokeko jakintzagai orokorrak egin eta gainditu behar dituzte.

4.Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloek Hasierako Lanbide Kualifikazioko programak ordeztuko dituzte pixkanaka. Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloen lehenengo maila 2014-2015 ikasturtean ezarriko da, eta orduan desagertuko da Hasierako Lanbide Kualifikazioko programetako derrigorrezko moduluen eskaintza. Ikasturte horretan, borondatezko moduluak gainditzen dituzten ikasleek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako gradudun-titulua lortuko dute. Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloen bigarren maila 2015-2016 ikasturtean ezarriko da.

Harik eta hezkuntzaren aldeko estatu-itun sozial eta politikoaren ondoriozko araudia indarrean jarri arte, Oinarrizko Lanbide Heziketako titulua eskuratzen duten ikasleek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako titulua lor dezakete, baldin eta, heziketa-zikloaren amaierako ebaluazioa ikusirik, irakasle-taldeak uste badu Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren helburuak lortu dituztela eta konpetentziak bereganatu dituztela.

5.Lanbide Heziketako erdi-mailako heziketa-zikloen curriculumean egindako aldaketak zikloen hasieran bakarrik ezarriko dira, 2015-2016 ikasturtean.

6.Unibertsitateko gradu-irakaskuntza ofizialetan sartzeko eta onartzeko modua hau izango da:

a)Harik eta hezkuntzaren aldeko estatu-itun sozial eta politikoaren ondoriozko araudia indarrean jarri arte, Batxilergoko titulua eskuratu duten ikasleek baldintza hauek bete behar dituzte unibertsitateko gradu-irakaskuntza ofizialetan sartzeko:

1)2017-2018 ikasturtea baino lehenago sartzen direnek maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 38. artikuluak ezarritako unibertsitaterako sarbide- proba gaindituta izan beharko dute, edo antzeko helburuekin aurreko araudietan ezarritako probak.

2)2017-2018 ikasturtean sartzen direnei dagokienez eta hezkuntzaren aldeko estatu-itun sozial eta politikoaren ondoriozko araudia indarrean jarri arte, unibertsitatean sartu nahi duten ikasleek maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 36 bis artikuluan adierazitako proban lortuko duten kalifikazioa hau izango da: enborreko irakasgaien blokeko jakintzagai orokorretako bakoitzean eta, hala badagokio, Hizkuntza Koofiziala eta Literatura jakintzagaian izandako kalifikazio numerikoen batezbesteko aritmetikoa, zeina 0-10 eskalan adieraziko baita, bi zifra hamartarrekin eta ehunenera biribilduta. Gutxienez 4 puntuko kalifikazioa lortu behar da unibertsitateko gradu-irakaskuntza ofizialetan sartzerakoan aintzat hartua izateko.

Halako ikasleak unibertsitate-ikasketetan sartzeko kalifikazioa honela kalkulatuko da: aurreko paragrafoan esandako probaren nota ehuneko 40 haztatuta eta etaparen amaierako kalifikazioa, berriz, ehuneko 60. Sarbide-baldintzak betetzen direla joko da haztapen horren emaitza gutxienez bost puntu denean.

Aipatutako probaren enborreko irakasgaien blokeko aukerako jakintzagaietako bakoitzean lortutako kalifikazioa kontuan har daiteke unibertsitateko gradu- irakaskuntza ofizialetan sartzera begira, baldin eta lehia-prozedura ezarrita duten graduak badira.

Hezkuntza-administrazioek, unibertsitateekin elkarlanean, unibertsitaterako sarbide-probei zegokienez zituzten eginkizun eta erantzukizun berberak beren gain hartuta, unibertsitatean sartzeko aurreko zenbakian xedatutako proba gauzatzeko behar den guztia antolatuko dute. Hala ere, proba egiteko garaian unibertsitateek izango duten elkarlanaren irismena mugatu ahal izango du hezkuntza-administrazio bakoitzak. Ebaluazio horrek Espainiako unibertsitateen titulazioetan sartzeko balioko du.

b)Atzerriko titulu hauetakoren bat duten ikasleak unibertsitatean sartu ahal izango dira:

1)Europako edo Nazioarteko Batxilergoko titulua duten ikasleak.

2)Europar Batasuneko estatu kideetako edo Espainiarekin nazioarteko akordioak izenpetuta dituzten beste estatu batzuetako hezkuntza-sistemetako ikasleak.

2014-2015 ikasturtetik aurrera halako ikasleak unibertsitateko gradu- irakaskuntza ofizialetan sartzeko, maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren indarreko 38. artikulua, hogeita hamahirugarren xedapen gehigarria eta lege organiko hori garatzeko araudia bete beharko dira.

c)Goi-mailako teknikari-titulua eta Goi-mailako kirol-teknikariaren titulua, edo Batxilergoaren baliokidea den titulu, diploma edo ikasketak dituztenak —baldin eta Europar Batasuneko kideak izan ez eta Batxilergoko titulua elkarrekikotasun- erregimenean aitortzeko Espainiarekin nazioarteko akordiorik sinatuta ez duten estatuetako hezkuntza-sistemen bidez egin edo lortuak badira— 2014-2015 ikasturtean edo ondorengoetan unibertsitatean sartzeko, nahitaezkoa izango da maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren hogeita hamaseigarren xedapen gehigarrian ezarritako baldintzak betetzea.

7.Lege organiko honetan ezarritako gainerako curriculum-aldaketak 2014-2015 ikasturtetik hasita ezarri ahalko dira.»

2.artikulua. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren amaierako ebaluazioaren eta unibertsitatean sartzeko Batxilergoaren amaierako ebaluazioaren araubide juridikoa ezarpen-egutegi berrira egokitzea.

1.Indargabeturik geratzen da Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko azken ebaluazioak arautzen dituen uztailaren 29ko 310/2016 Errege Dekretuaren azken xedapenetatik lehena.

2.Abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoaren azken xedapenetatik bosgarrenaren 2. eta 3. zenbakietan finkatutako aldian, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren amaierako ebaluazioa eta unibertsitatean sartzeko Batxilergoaren amaierako ebaluazioa artikulu honetako aurreikuspenen arabera arautuko dira eta, ordeztaile gisa, haiekin bateragarria bada, uztailaren 29ko 310/2016 Errege Dekretuaren arabera.

3.Harik eta hezkuntzaren aldeko estatu-itun sozial eta politikoaren ondoriozko araudia indarrean jarri arte, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren ebaluazioak ezaugarri hauek izango ditu:

a)Ebaluazioak ez du ondore akademikorik izango.

b)Ebaluazioak lagin-izaera eta diagnosi-helburua izango ditu; laugarren mailan matrikulatuta dauden ikasle batzuek parte hartuko dute —hain zuzen ere, hezkuntza- administrazioak hautatutakoek—, eta egindako aukerari buruzkoa izango da bakar- bakarrik. Behar adina ikasle eta ikastetxe hautatuko dira, datuak adierazgarriak izan daitezen. Hezkuntza-administrazioek aukera izango dute laginetarako beharrizanak gainditu eta ikastetxe parte-hartzaileen kopurua handitzeko, edo ebaluazioa zentsu- izaerarekin egiteko.

c)Matematika-konpetentziaren, hizkuntza-konpetentziaren eta konpetentzia sozialaren eta zibikoaren eskuratze-maila ebaluatuko du, erreferentzia nagusitzat hartuta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako laugarren mailan egindako enborreko irakasgaien blokeko jakintzagai orokorrak.

4.Harik eta hezkuntzaren aldeko estatu-itun sozial eta politikoaren ondoriozko araudia indarrean jarri arte, unibertsitate-ikasketetan sartzeko Batxilergoaren ebaluazioak ezaugarri hauek izango ditu:

a)Ebaluazioa unibertsitatean sartzeko bakarrik hartuko da kontuan; ez da beharrezkoa izango hura gainditzea Batxilergoko titulua eskuratzeko.

b)Batxilergoko titulua duten ikasleak eta uztailaren 29ko 310/2016 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarrian azaldutako egoeraren batean daudenak aurkez daitezke ebaluaziora.

c)Hezkuntza-administrazioek, unibertsitateekin elkarlanean, unibertsitaterako sarbide-probei zegokienez zituzten eginkizun eta erantzukizun berberak beren gain hartuta, unibertsitatean sartzeko aurreko zenbakian xedatutako proba gauzatzeko behar den guztia antolatuko dute. Hala ere, proba egiteko garaian unibertsitateek izango duten elkarlanaren irismena mugatu ahal izango du hezkuntza-administrazio bakoitzak. Ebaluazio horrek Espainiako unibertsitateen titulazioetan sartzeko balioko du.

d)Konpetentzien eskuratze-maila ebaluatzeko, bigarren mailako enborreko irakasgaien blokeko jakintzagai orokorrak hartuko dira, eta, hala badagokio, Hizkuntza Koofiziala eta Literatura jakintzagaia. Ikasleek beren onarpen-nota hobetu nahi izanez gero, bigarren mailako enborreko irakasgaien blokeko aukerako jakintzagaien artetik gutxienez biri buruzko azterketa egin ahalko dute.

5.Abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoaren azken xedapenetatik bosgarrenean araututako epealdi iragankorra amaitu arte ez dira ezarriko helduen hezkuntzako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren eta Batxilergoaren amaierako ebaluazioak, ez eta helduek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko tituluak zuzenean eskuratzeko probei begira uztailaren 29ko 310/2016 Errege Dekretuaren bidez egindako aldaketak ere.

3.artikulua. Lehen Hezkuntzaren amaierako ebaluazioaren araubide juridikoa ezarpen- egutegi berrira egokitzea.

1.Indargabeturik geratzen da azaroaren 20ko 1058/2015 Errege Dekretuaren azken xedapenetatik lehena; errege-dekretu horrek Lehen Hezkuntzaren amaierako ebaluazioko proben ezaugarri nagusiak arautzen ditu —ebaluazio hori Hezkuntzaren maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan arautua dago—.

2.Abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoaren azken xedapenetatik bosgarrenean araututako epealdi iragankorra amaitu arte, 21. artikuluan aurreikusitako Lehen Hezkuntzaren ebaluazioak lagin-izaera eta diagnosi-helburua izango ditu, eta lehen- hezkuntzako seigarren mailan eskolatuta dauden Espainiako Hezkuntza Sistemako ikastetxeetako ikasleek egingo dute. Behar adina ikasle eta ikastetxe hautatuko dira, datuak adierazgarriak izan daitezen. Hezkuntza-administrazioek aukera izango dute laginetarako beharrizanak gainditu eta ikastetxe parte-hartzaileen kopurua handitzeko, edo ebaluazioa zentsu-izaerarekin egiteko. Azaroaren 20ko 1058/2015 Errege Dekretuaren aurreikuspenak xedapen honen aurkakoak ez badira soilik aplikatuko dira.

4.artikulua. Amaierako ebaluazioaren ezarpen-aldian eskuratutako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako gradudun-tituluak.

1.Indargabeturik geratzen da Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko oinarrizko curriculuma ezartzeko abenduaren 26ko 1105/2014 Errege Dekretuaren xedapen iragankor bakarra.

2.Ezertan eragotzi gabe uztailaren 29ko 310/2016 Errege Dekretuaren 23. artikuluan xedatutakoa, etapako ebaluazioaren ezarpen-aldian —abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoaren azken xedapenetatik bosgarrenean arautua— eskuratutako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako gradudun-tituluetan azken kalifikazio hau agertuko da: etapako jakintzagai bakoitzean izandako kalifikazio numerikoen batezbesteko aritmetikoa, zeina 1-10 eskalan adieraziko baita, bi zifra hamartarrekin eta ehunenera biribilduta.

3.Epealdi iragankorra amaitu bitartean eskuratutako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako gradudun-tituluek aukera emango dute maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 3.4 artikuluan jasotako derrigorrezko irakaskuntzaren ondokoetatik edozeinetan sartzeko.

Azken xedapen bakarra. Indarrean jartzea.

Errege lege-dekretu hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Madrilen, 2016ko abenduaren 9an.

FELIPE e.

Gobernuko presidentea,

MARIANO RAJOY BREY

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra