Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Octava ediciión Premios Adrián Celaya

Administrazio zuzenbidea  >>  Legeria  >> Ingurumena

6/2013 Legea, ekainaren 11koa, azaroaren 7ko 32/2007 Legea aldatzekoa (32/2007 Legea, azaroaren 7koa, animaliak zaintzekoa, ustiatu, garraiatu, saiakuntzak egin eta hiltzeko orduan)

2013-06-11

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2013/6/12, 140. zk.

I.  XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

6271

6/2013 Legea, ekainaren 11koa, azaroaren 7ko 32/2007 Legea aldatzekoa (32/2007 Legea, azaroaren 7koa, animaliak zaintzekoa, ustiatu, garraiatu, saiakuntzak egin eta hiltzeko orduan).

JUAN CARLOS I.a ESPAINIAKO ERREGEA

Honako hau irakurtzen duten guztiek.

Jakizue: Gorte Nagusiek honako lege hau onetsi dutela, eta Nik, hemen, berretsi egiten dudala.

HITZAURREA I

Animalien ongizatea geroz eta garrantzi handiagoa hartzen ari da urteokin, eta, Espainiako zuzenbidean, mugarri garrantzitsua izan zen oinarrizko arau hau eman zenekoa: 32/2007 Legea, azaroaren 7koa, animaliak ustiatu, garraiatu, hil edo saiakuntzak egin behar direnean haiek zaintzekoa.

Lege horrek printzipio batzuk ezarri zituen, animaliak zaintzeari buruz eta animalien ongizatearen gaineko araudia betetzen ez deneko zehapen-araubideari buruz, edo, abelazkuntzako haztegietan, haiek garraiatu edo hil behar direneko lanetan, produkziorako animaliak babesteari buruz, edota, animaliak saiakuntzarako eta zientzia- eta hezkuntzahelburuekin erabiltzen direnean, haiek babesteari buruz.

II Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 13. artikuluak honela dio: «Nekazaritza, arrantza, garraioak, barne-merkatua, ikerkuntza, teknologia-garapena eta espazioa direla-eta Batasunak dituen politikak zehaztu eta burutzean, Batasunak eta estatu kideek erabat aintzakotzat hartuko dituzte animalien ongizateak dakartzan eskakizunak, sentitzen duten izakiak direnez gero, eta, aldi berean, estatu kideetako legeeta administrazio-xedapenak eta ohiturak errespetatuko dituzte, batez ere erlijio-errituei, kultura-tradizioei eta eskualdeetako ondareei dagokienez.» Azaroaren 7ko 32/2007 Legea argitaratzearekin, men egin zitzaion Europar Batasunaren agindu horri; halaxe hedatu da Europar Batasunean, hark onartutako tresnen bitartez.

Nolanahi ere, harrezkero, aurrera egin da animalien ongizateari eta haiek mina, sufrimendua, larritasuna eta kalte iraunkorra sentitzeko eta adierazteko duten gaitasunari eragiten dioten faktoreak zeintzuk diren jakiteko metodo eta ezaupide zientifikoetan.

Aurrerapen horien arabera jokatzearren eta animaliak helburu zientifikoekin erabiltzeari buruzko legegintza harmonizatzeko prozesuan aurrera egitearren, Europar Batasunak Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2010eko irailaren 22ko 2010/63/EB

zuzentaraua argitaratu zuen, helburu zientifikoekin erabiltzen diren animaliak babesteari buruzkoa.

Zuzentarau horretan, prozedura zientifikoak ezartzen zaizkien animalien ongizatea zaintzeko beharra aldarrikatu, eta haien gutxieneko babes-maila jaso egiten da, oraintsueneko aurrerapen tekniko eta zientifikoekin bat eginez. Horrexegatik, hain zuzen, sartzen dira zuzentarau horren aplikazio-eremuan «ornogabeak, hala nola zefalopodoak eta ugaztunen zenbait fetuzko forma», frogatu izan baita, oraintsu, mina, sufrimendua, larritasuna eta kalte iraunkorra sentitzeko gaitasuna duten izakiak direla.

Zuzentarau hori lege hau garatzeko erregelamendura ekartzean, ziurtatu beharko da, batetik, beste aukerarik ez denean bakarrik onartuko dela animaliak helburu zientifiko edo hezkuntzazkoekin erabiltzea, eta ziurtatu beharko da, bestetik, proiektuen osotarako ebaluazioen arabera erabakiko dela proiektuak baimendu edo ez (proiektuek kontuan hartu behar dituzte animalien erabilerarako irizpide etikoak), eta proiektuen osotarako ebaluazio horiek ordezkatze-, murrizte- eta fintze-printzipioen aplikazioa bermatu behar dutela.

Hala, bada, azaroaren 7ko 32/2007 Legearen lau artikulu aldatu beharra dago, animalien ongizateari buruzko ezaupideetan izan den eboluzioaren arabera egokitze aldera, bai aplikazio-eremuaren aldetik, bai zenbait definizio ezabatu beharraren aldetik, eta, hartara, animalien gutxieneko babesaren mailak jaso –nahiz eta, dagoeneko, babesmaila horiek egokituta dauden edo egon daitezkeen nazioarteko eta Europako Erkidegoko araudiaren arabera– eta, hartara, halaber, ezaupide horiek era arrazoizkoago baten bideratu. Bestalde, bada berariazko aipamen bat ere Europar Batasunaren araudia proiektuei eta prozedurei aplikatu beharraz, haren arabera arautu, ebaluatu eta baimendu behar baitira. Orobat, Europako Erkidegoko araudia klarki betetzen dela ziurtatzearren, administrazioaren isiltasuna, proiektuak baimentzeko orduan, ezespentzat joko da, jakinik ezen, proiektuak baimentzeko, administrazioaren ebazpen adierazia behar dela.

Distortsio bat aurkitu da oraintsu, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2010eko irailaren 22ko 2010/63/EB Zuzentarauaren aplikazio-eremuari eta estatuko legeriari buruz –saiakuntzetarako eta helburu zientifiko edo hezkuntzazkoetarako erabilitako animalien kategorizazioaren inguruan–, eta proiektuak baimentzeko eskabideen gaineko ebazpen adieraziari buruz. Bada, hain zuzen, aldaketa hauen bidez, distortsio horrek ez dio eragingo lege honi.

Artikulu bakarra.  6/2013 Legea, ekainaren 11koa, azaroaren 7ko 32/2007 Legea aldatzekoa (32/2007 Legea, azaroaren 7koa, animaliak ustiatu, garraiatu, hil edo saiakuntzak egin behar direnean haiek zaintzekoa).

Aldatu egiten da 32/2007 Legea, azaroaren 7koa, animaliak ustiatu, garraiatu, hil edo saiakuntzak egin behar direnean haiek zaintzekoa. Hona nola: Bat.  Hona nola geratzen den idatzita 2. artikuluaren 1. idatz-zatia:

«1.  Lege hau honako hauei aplikatuko zaie:

a)  Produkzio-animalia ornodunei.

b)  Saiakuntzetan eta beste helburu zientifiko batzuetan –are hezkuntzan eta irakaskuntzan ere– erabiltzekoak diren animaliei buruzko Europar Batasuneko edo nazioarteko araudian jasotzen diren animalia, proiektu eta prozedurei.» Bi.  Edukia kentzen zaie 3. artikuluaren b), c) eta d) letretako definizioei; «saiakuntzak egiteko eta helburu zientifikoetarako animaliak», c) «prozedura», eta d) «saiakuntzak egitea» zer diren definitzen da letra horietan.

Hiru.  Hona hemen nola geratzen den idatzita 7. artikulua:

«7. artikulua.  Saiakuntzetan eta beste helburu zientifiko batzuetan –are irakaskuntzan ere– erabiltzekoak diren animaliak hazteko, haietaz hornitzeko eta haiek erabiltzeko zentroak edo establezimenduak.

Saiakuntzetan eta beste helburu zientifiko batzuetan –are irakaskuntzan ere– erabiltzekoak diren animaliak hazteko, haietaz hornitzeko edo haiek erabiltzeko zentro edo establezimenduek, jarduera hasi aurretik, baimenduta egon behar dute, edo dagokion administrazio-erregistroan inskribatuta, eta animalia horiek erabiltzen direneko prozedurek eta proiektuek araututa egon behar dute, ebaluatuta eta baimenduta, Europar Batasuneko araudian zehazten den moduan.» Lau.  Hona nola aldatzen den 14. artikulua: Bat.  Hona nola aldatzen den 1. paragrafoa:

a)  Lehenik, b) letra ordeztu egiten da honekin:

«b)  Ez betetzea animaliak babesteko arauek ezartzen dituzten betebeharrak, haiek hiltzeko edo haiei oinaze emateko asmoa dagoenean.» b)  Bestetik, f) letra ordeztu egiten da honekin:

«f)  Animalia-prozedura debekatuak erabiltzea, edo, administrazioaren isiltasuna izan denean, prozedura bat hastea edo gauzatzea proiektuari aldez aurreko baimena edo aldez aurreko aldeko ebaluazioa eman gabe.» c)  Beste letra bat, k) letra, gehitzen zaio. Hona hemen:

«k)  Prozedurak, administrazioaren isiltasuna izan denean, proiektuaren baimenean edo aldeko ebaluazioan ezarritakoez besteko baldintzen arabera hastea edo gauzatzea, edo baimenean ezarritako baldintzak, betekizunak eta betebeharrak bete gabe, betiere prozedura horretan gizakiez besteko primateak, Kontseiluaren 1996ko abenduaren 9ko 338/97 (EE) Erregelamenduaren A Eranskinean jasotzen diren espezie mehatxatuetako animaliak (Europako Kontseiluaren 338/97 (EE) Erregelamendua, 1996ko abenduaren 9koa, basa-fauna eta -florako espezieak merkataritza-kontrolaren bidez babestekoa), basoan harrapatutako animaliak, animalia alderraiak edo animalia basatuak erabiltzen badira.» Bi.  Aldatu egiten da 2. paragrafoa. Hona nola:

a)  Lehenik, b) letra ordeztu egiten da honekin:

«d)  Prozedura bat, administrazioaren isiltasuna izan denean, proiektuaren baimenean edo haren aldeko ebaluazioan ezarritakoez besteko baldintzen arabera hastea edo gauzatzea, edo baimen edo aldeko ebaluazio horretan ezarritako baldintza, betekizun eta betebeharrak bete gabe, betiere arau-hauste oso larria ez bada.» b)  Bestetik, d) letra ordeztu egiten da honekin:

«b)  Ez betetzea animaliak babesteko arauek ezartzen dituzten betebeharrak, prozedurak kalte iraunkorrak, desitxuratzeak edo akats larriak eragiten dizkienean.» c)  Beste letra bat, f) letra, gehitzen zaio. Hona hemen:

«f)  Gaitasuna eman zaion organo batek proiektu jakin baten aldeko ebaluazioa egitea, interes-gatazkari buruzko arauak bete gabe, animalia debekatuak prozeduretan erabiltzeko baimena emanez, edo animalia baimenduak ezarritakoez besteko baldintzen arabera erabiltzeko baimena emanez.» Bost.  Beste xedapen gehigarri bat, hirugarrena, eransten zaio. Hona hemen:

«Hirugarren xedapen gehigarria. Administrazio-isiltasuna.

Herri Administrazioen eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 43. artikuluan ezarritakoa betetze aldera (30/1992 Legea, azaroaren 26koa), saiakuntzetarako eta beste helburu zientifiko batzuetarako (are irakaskuntzarako ere) animaliak erabiltzen diren proiektuak baimentzeko prozeduran, ebazteko gehienezko epea amaitu eta artean ez bazaio interesatuari ebazpen adierazia jakinarazi, administrazio-isiltasuna ezezpenezkoa dela joko da, non eta proiektuari emandako nahitaezko ebaluazioa ez den aldekoa izan, zeren eta, hartara, isiltasuna baiespenezkoa dela joko baita aldeko ebaluazioa emanez geroztik.» Sei.  Azken xedapenetako seigarrena ordeztu egiten da beste honekin:

«Azken xedapenetako seigarrena.  Aplikatzeko eta garatzeko ahalmena.

Estatuaren eskumenen eremuan, ahalmena ematen zaio gobernuari lege hau aplikatzeko eta garatzeko behar diren xedapenak eman ditzan, eta, bereziki, lege honetan ezarritako arau-hausteen eta zigorren araubidea zehatz dezan.» Zazpi.  Azken xedapenetako seigarrena, aurrerantzean, azken xedapenetako zazpigarrena izango da.

Azken xedapenetako lehena.  Europar Batasuneko Zuzenbidea txertatzea.

Lege honen bidez, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2010/63/EB Zuzentaraua (2010/63/EB Zuzentaraua, helburu zientifikoetarako erabiltzekoak diren animaliak babesteari buruzkoa) Espainiako zuzenbidean txertatzen da.

Azken xedapenetako bigarrena.  Indarrean jartzea.

Lege hau «Estatuko Aldizkari Ofizialean» argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean.

Horrenbestez, Agintzen diet espainiar guztiei, banakoei zein agintariei, bete eta betearaz dezatela lege hau.

Madrilen, 2013ko ekainaren 11n.

JUAN CARLOS E.

Gobernuko presidentea, MARIANO RAJOY BREY

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra