Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Administrazio zuzenbidea  >>  Legeria  >> Orokorra

6/2015 Legea, maiatzaren 12koa, Autonomiaz gaindiko lurralde-eremuetako jatorri deiturena eta adierazpen geografiko babestuena

2015-05-12

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2015/05/13, 114. zk.

bcl_449110680.htm

I. XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

5288 6/2015 Legea, maiatzaren 12koa, Autonomiaz gaindiko lurralde-eremuetako jatorri deiturena eta adierazpen geografiko babestuena.

FELIPE VI.a

ESPAINIAKO ERREGEA

Honako hau ikusten eta ulertzen duten guztiei.

Jakizue: Gorte Nagusiek honako lege hau onetsi dutela, eta Nik, hemen, berretsi egiten dudala.

HITZAURREA

I

Espainia aniztasun kultural eta historiko handiko herrialdea da, eta horren isla argia da elikagai asko Babestutako Jatorri Deituren (BJD) eta Adierazpen Geografiko Babestuen (AGB) bitartez nagusiki aintzatesten direla, beren jatorrizko eremu geografikoaren eraginez berezko kalitate-ezaugarriak dituztelako.

BJD eta AGB horiek ekoizpena bereizten laguntzen duen elementutzat har daitezke; izan ere, nekazaritzako elikagaien esparruko industrien lehiakortasuna areagotzen laguntzen dute, batez ere kontsumitzaileek egiten duten produktu horien balioztatzearen bitartez. Era berean, erreminta egituratzaile gisa jarduten dute landa-ehunen garapenari eta jasangarritasunari dagokienez, eta Espainiako produktuek atzerrian duten irudia sustatzeko ikur bihurtu dira.

Espainiako Jatorri Deiturak babesteko lehen esparru juridikoa 1932. urtekoa da. Urte hartan, arlo horretako lehen lege-esparrua garatu zuen gure herrialdeak: Ardoaren Estatutua, irailaren 8ko Dekretu bidez lehenik, eta lege bihurtuta gero, 1933ko maiatzaren 26an. Orduko hark ardoa soilik zuen xede. Horren ostean, esparru nazionala aldatu egin zen Mahastiaren, Ardoaren eta Alkoholen Estatutuari buruzko abenduaren 2ko 25/1970 Legearen bitartez, eta eredua gainerako elikagai guztietara hedatu zen. Azkenik, Mahastiari eta Ardoari buruzko uztailaren 10eko 24/2003 Legeak ardoaren esparrurako berariazko azken legeria nazionala zehaztu zuen. Era berean, Auzitegi Konstituzionalaren epaia (112/1995 AKE) aipatu behar da, non honako hau zehazten zen, autonomia-erkidegoen eta Estatuaren artean eskumenen banaketa garbia egiteko helburuarekin: «Inolako zalantzarik gabe, Estatuak arau baliodunak eman ditzake –oinarrizkoak nahiz erabatekoak, dagokion moduan– autonomia-erkidegoek eskumen esklusiboa ez duten esparruetan. Era berean, autonomia-erkidego bat baino gehiagoren lurralde-eremua barne hartzen duten jatorrideiturak agindu ditzake, hori, logikoki, Estatuko organo nagusiek bakarrik egin baitezakete».

Baina esparru horretako araudiak ez du Espainian bakarrik egin aurrera. Europar Batasunean ere BJD eta AGB horien aitorpena, babesa eta kontrola barne hartzen dituen lege-esparru bat eratu da 1990. urtetik, pixkanaka eta etengabe, betiere ikuspegi harmonizatu batetik eta estatu kide guztientzako elementu komunak aintzat hartuta. Europar araudiaren ikuspegi horrek, zeinean paper funtsezkoa eta protagonista jokatzen ari den Europako Batzordea, araudi nazionalean ezarritako planteamendua gainditu du.

Zehazki, araututako borondatezko eskemei buruz Europar Batasunak egin zuen azterketaren ostean, nekazaritzaeta elikadura-produktuen borondatezko ziurtatzearaubideei aplikatu beharreko praktika hobeei buruzko Zuzentarauek eta, batez ere, Nekazaritza eta Elikadura Produktuen Kalitate Araubideei buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2012ko azaroaren 21eko 1151/2012/EB

Erregelamenduak esparru juridiko bat ezarri dute, hala borondatezko etiketatze-mota berrientzat, nola produktuen kalitatea eta jatorri geografikoa BJD eta AGB figuren bitartez lotzen dituzten jabetza intelektualaren ohiko eskubideentzat, eta egonkortasuna eman diete Europa mailan, Erregelamendu (EB) horretako II. tituluko xedapenen bitartez batez ere, gaur egun mundu mailan ere babestuta dauden figura horiei; mundu mailan, Merkataritzaren Munduko Erakundearen arauek babesten dituzte gaur egun, eta bereziki Uruguaiko Errondari amaiera eman eta Merkataritzaren Munduko Erakundea sortu zuen Marrakecheko Konferentziak 1994ko apirilaren 15ean onartutako Merkataritzarekin lotutako Jabetza Intelektualaren Eskubideei buruzko Akordioak.

Horregatik guztiagatik, eta jabetza intelektualaren eskubide horien edukia arautzeari Europar Batasunak batez ere eskaini dion intentsitate gero eta handiagoa dela eta, bosgarren xedapen gehigarriak lehentasun ukaezina eskaintzen dio Europar Batasunaren Zuzenbide horri, gaur egun nahiz etorkizunean jabetza intelektualaren eskubide horien alderdiak arautzen dituenean estatu kideek inolako iritzi-marjinarik edo -eremurik izan ez dezaten.

Eredu komunaren defentsan behar-beharrezkoa da operadoreen inplikazioa izatea, BJD eta AGB horiek kudeatzeaz arduratuko diren erakundeen bitartez batez ere; erakundeok beren nortasun juridikoa izan behar dute, administraziotik independentea, baina lankidetza-harreman zuzena izan behar dute harekin. Ildo horretatik, babes-figurak kudeatzeko orduan beharrezko lankidetza egokia gertatzeak berekin ekar dezake kudeaketa-entitateei funtzio publikoak esleitu beharra; horregatik, zuzenbide publikoko korporazioak sortu beharra aurreikusten da testuan. Hain zuzen ere, zuzenbide publikoko bederatzi korporazio sortu dira arauan, beste horrenbeste Kontseilu Arautzailerentzat. Lege hau onartzeko orduan, administraziotik deskontzentraturiko organoak ziren kontseiluok, eta formula legal hori hartzeko eskaera egin dute berariaz.

II

Era berean, sistemaren funtzionamendu egokia bermatzeko ez da nahikoa babesfigura onartu, kudeatu eta defendatzea; kontsumitzaileari informazio egokia eta benetakoa eskaintzen zaiola bermatu behar da, bai eta operadoreen artean lehia zintzoa errespetatzen dela ere. Premia horren isla da BJDen eta AGBen gaineko kontrol espezifikoak txertatu izana pentsuen eta elikagaien kontrol ofizialen Europako Erkidegoko esparru arautzaile orokorrean.

Europako araudiak kontrol ofizialaren arloan eta BJDei eta AGBei buruzko arau espezifikoan zehaztutako xedapen berriek, nekazaritzako elikagaien sektoreak izan dituen aldaketa ugariekin batera, araudi nazional berri bakar bat ezarri beharra ekarri dute. Horrenbestez, lege honen xedea Europako araudiaren osagarri gisa jardungo duen araubide juridiko berri bat ezartzea da. Araubide juridiko hori BJDaren edo AGBaren lurralde-eremua autonomia-erkidego batera baino gehiagotara hedatzen denean aplikatuko da, eta haien kudeaketa-entitateen funtzioak eta agintari eskudunaren kontrol ofiziala mugatuko ditu argi eta garbi.

Arauketa horretan ezinbestekoa izango da babestutako produktuak merkaturatzeko nahitaez ezarritako baldintzak betetzen direla kontrolatzea, ezinbesteko elementua baita operadoreen segurtasun juridikoa bermatzeko eta kontsumitzaileek espero dutenari huts ez egiteko.

Ondorio horietarako, ordenamendu juridikoak Estatuko Administrazio Orokorraren barnean Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioari esleitzen dizkion eskumenak arautzen eta garatzen ditu lege honek, BJD edo AGB batek babesten dituen nekazaritzaeta elikadura-produktuei dagokienez eta, batez ere, kontrol ofizialei dagokienez, betiere ministerioko beste departamentu batzuek izan ditzaketen eskumenei kalterik egin gabe.

Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioaren erakunde autonomo gisa jarduten duen Elikaduraren Informazio eta Kontrolerako Agentziak kontrol ofizialeko funtzioak beteko ditu BJD eta AGB horiek merkaturatu aurretik, horien lurralde-eremua autonomiaerkidego batera baino gehiagotara hedatzen denean. Funtzio berri horiek esleitzeko aldatu egin behar da Elikatze Katearen Funtzionamendua Hobetzeko Neurriei buruzko abuztuaren

2ko 12/2013 Legea, zeinaren bitartez Elikaduraren Informazio eta Kontrolerako Agentzia sortu baitzen; helburu berriak esleituko zaizkio eta eskaintzen dituen ikuskapeneta kontrol-funtzioen truke eskatuko den tasa bat sortu, europar araudiak horretarako eskaintzen duen gaitasunari jarraiki.

Era berean, europar araudiak xedatutakoarekin bat eginik, kontrol ofizialekin lotutako eginkizun zehatzak kontrol-erakundeen esku uzteko aukera jasotzen da lege honetan; eginkizunok produktuaren ziurtatze-erakunde gisa jarduten duten erakundeen esku utziko lirateke, betiere erakunde horiek beren eskumen teknikoarekin eta objektibotasunarekin lotutako baldintzak betetzen badituzte eta agintari eskudunaren berariazko baimena badute.

Bestalde, ikuskapena eta zehapen-araubidea berrikusi egin dira, Mahastiari eta Ardoari buruzko uztailaren 10eko 24/2003 Legearen aplikaziotik eratorritako jurisprudentzia kontuan hartuta. Ildo horretan, preskripzioari eta iraungipenari dagokien atalean, ekainaren 22ko 1945/1983 Errege Dekretuko 18.2 artikuluan zehaztutako ekintzaren iraungitzeprintzipioa jaso, eta epea handitzen da. Zehaztu egiten da, hala ere, ez dela aplikagarria izango berriz abiarazi behar diren iraungitako zehapen-prozeduretan. Hala, gure ordenamendu juridikoan zehaztutako iraungipeneta preskripzio-ondorioak errespetatzen dira (Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea) .

III

Legeak sei kapitulu ditu guztira.

I.kapituluan, xedapen orokorrei buruzkoan, legearen xedea eta aplikazio-eremua zehazten dira, baita haren helburuak eta hura aplikatu ahal izateko oinarrizko definizioak ere.

II. kapitulua administrazio publikoen arteko lankidetzari buruzkoa da; haren bitartez, administrazio publikoen arteko lankidetza-tresnak sustatu nahi dira, azken urteetan garatutako esperientziak oinarri hartuz. Borondatezko izaeraren printzipioari jarraiki, jarduketen baterako garapena erraztea da asmoa, BJDak eta AGBak kontrolatzeko sistemak dituen baliabideak modu eraginkorragoan erabiltzeko helburuarekin, horrek hobekuntzak ekarriko baititu sektore osoarentzat, baliabide gehigarriak eskaini beharrik izan gabe.

Kapitulu honetan Estatuko Administrazio Orokorraren eta autonomia-erkidegoen arteko harremana esplizitu bihurtzen den egoerak jorratzen dira. Administrazio bakoitzaren eremuarekiko errespetuan oinarritzen da eta harremanetarako formulak erabakitzen dira, hala nola, administrazio baten erabakiek edo jarduketek eragin dezaketen beste administrazio baten aldez aurretiko txostena, lankidetza-hitzarmenak eta, hala badagokio, interes komunen kudeaketarako partzuergoen sorrera, batik bat BJDen eta AGBen kontrol ofizialari eta lege honetan tipifikatutako arau-hausteek eragindako zehapen-prozedurei dagokienez.

Lankidetza bereziki labainak diren jarduketa publikoko alderdietara hedatzen da; ikuskapen-funtzioari dagozkionetara, esaterako.

Legean gailentzen den lankidetzaren sustapenaren adierazle gisa, BJDen eta AGBen eremuan lankidetzarako beharrezkoak izan daitezkeen batzordeak eta taldeak sortzeko aukera aurreikusten du legeak, Nekazaritza eta Landa Garapenaren Sektoreko Konferentziaren akordio bidez.

III. kapituluan, estatu mailako BJDak eta AGBak babesteko sistema zehazten da. Sistemaren printzipio orokorrak definitu eta eragindako produktuak identifikatzen dira, aplikagarria den europar araudiari jarraiki. Era berean, BJD eta AGB bati atxikita egoteagatik babestuta dauden izenei eskaintzen zaien babesaren edukia eta irismena arautzen dira, eta babes hori ekoizpenetik merkaturatze-, aurkezte-, publizitateeta etiketatze-fase guztietara eta eragindako produktuen gainerako merkataritza-dokumentu guztietara hedatzen dela zehazten da.

IV. kapituluan, autonomia-erkidego batera baino gehiagotara hedatzen den lurraldeeremuko BJDen eta AGBen kudeaketa-entitateak arautzen dira. Entitateok, Kontseilu

Arautzaile izenekoak, beren nortasun juridikoa izan behar dute, eta gobernu-organo bat, eta modu paritarioan ordezkatu beharko dira haietan produktua lortzen parte hartzen duten interes ekonomiko guztiak; gainera, Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioaren baimena izan behar dute. Legean, halakoak zuzenbide publikoko korporazio gisa osatzeko aukera aurreikusten da eta, beraz, funtzio publiko jakin batzuk esleitu ahal izango zaizkie.

V.kapituluan, BJDen eta AGBen kontrol-sistemaren alderdi orokorrak arautzen dira, operadore ekonomikoei eta kontsumitzaileei hainbat berme eskaintzeko. Horrela, esplizituki ezartzen da Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioari dagokiola, BJD eta AGB horiek merkaturatu aurretik, baldintza-agiria betetzen dela egiaztatzea, horien lurraldeeremua autonomia-erkidego batera baino gehiagotara hedatzen denean. Era berean, eta Europako araudiari jarraiki, produktuaren ziurtatze-erakunde gisa jarduten duten erakundeen esku utzi ahalko dira kontrol-eginkizun batzuk.

Azkenik, VI. kapituluan, BJDak eta AGBak kontrolatzeko Estatuak dituen eskumenen arloan aplikagarria den ikuskapeneta zehapen-araubidea arautzen da; hala, arauhausteak arin, astun eta oso astun gisa sailkaturik tipifikatzen dira, eta kasu bakoitzean aplikatu beharreko zigorren zenbatekoa zehazten da. Horrez gain, zehapen-prozedurak abiarazi, bideratu eta ebazteko eskumena duten titularrak zein diren adierazten da, baita hala badagokio zer kautela-neurri hartu daitekeen ere.

IV

Bestalde, nahiz eta legeak Mahastiari eta Ardoari buruzko uztailaren 10eko 24/2003 Legearen II. titulua –ardoen jatorria eta kalitatea babesteko sistema– eta gai horrekin lotutako lege-testu bereko beste xedapen batzuk indargabetzen dituen, edukiaren zati handi bat bateraezina delako nekazaritzako produktuen merkatu antolakunde erkidea sortu eta 922/72/EEE, 234/79/EE, 1037/2001/EE eta 1234/2007/EE erregelamenduak indargabetzen dituen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1308/2013/EB Erregelamenduarekin, lege honen bigarren, hirugarren eta laugarren xedapen gehigarrietan, ardoen ezaugarriei buruzko adierazpenek eta ardoen termino tradizionalen arauketak lege-maila izaten jarraitzen dute, bai eta oinarrizko izaera ere, gai horiei buruz Europar Batasunaren arauetan xedatutakoarekin koherentzia mantenduz. Hura arestian aipatutako araudian jasotzen da, bai eta mahastizaintzako eta ardogintzako produktu jakin batzuen jatorri-deiturei eta adierazpen geografiko babestuei, termino tradizionalei, etiketatuei eta aurkezpenari dagokienez Kontseiluaren 479/2008/EE Erregelamenduaren aplikazio-xedapen batzuk ezartzen dituen Batzordearen uztailaren 14ko 607/2009/EE Erregelamenduan ere.

V

Testu hau bi testutan xedatutako prozedurari jarraiki sortu da: batetik, arau eta erregelamendu teknikoen berri emateko prozedura abian jartzen duen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren ekainaren 22ko 98/34/EE Zuzentaraua, eta, bestetik, arau eta erregelamendu teknikoen eta informazio-gizartearen zerbitzuekin lotutako erregelamenduen arloko informazioa bidali beharra arautzen duen uztailaren 31ko 1337/1999 Errege Dekretua, zeinak aurreko Zuzentaraua Espainiako ordenamendu juridikora gehitzen baitu.

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea eta aplikazio-eremua.

Lege honek bere 10. artikuluan jasotzen diren eta autonomia-erkidego bat baino gehiagoko lurralde-eremua hartzen duten (aurrerantzean autonomia-erkidegoz gaindiko lurralde-eremua) Babestutako Jatorri Deituren (aurrerantzean, BJD) eta Adierazpen

Geografiko Babestuen (aurrerantzean, AGB) araubide juridikoa ezartzea du xede, bosgarren xedapen gehigarrian jasotzen den Europar Batasunaren araubide juridikoaren osagarri, eta arreta berezia eskaintzen dio merkaturatu aurretiko kontrol ofizialari.

2. artikulua. Helburuak.

Honako hauek dira legearen helburuak:

a) BJDen eta AGBen titulartasuna, erabilera, kudeaketa eta babesa arautzea, dagokien jatorriaren lurralde-eremua autonomia-erkidego batera baino gehiagotara hedatzen denean, babestutako produktu mota dena dela, baita haren kontrolari aplikatu beharreko araubide juridikoa ere.

b) BJDak eta AGBak jabetza intelektualaren eskubide gisa babesten direla bermatzea lege honetan aurreikusitako baliabideen bitartez eta, hala badagokio, bosgarren xedapen gehigarrian eta Merkataritzarekin lotutako Jabetza Intelektualaren Eskubideen Alderdiei buruzko Akordioan jasotzen den Europar Batasuneko Zuzenbidean aurreikusten diren bitartekoak erabiliz.

c) Ekoizleen eta kontsumitzaileen eskubideak babestea, BJD edo AGB batek babestutako produktuen etiketan agertzen den informazioaren egiazkotasuneta justifikazio-printzipio orokorra betetzen dela bermatuz, BJD edo AGB horiek autonomiaerkidegoz gaindiko lurralde-eremu bat hartzen dutenean.

d) Eskumena duten administrazio publikoen arteko lankidetza sustatzea.

3. artikulua. Definizioak.

Lege honen ondorioetarako, hona hemen definizio batzuk:

a) Baldintza-agiria: BJD edo AGB batetik datorren produktu batek bete behar dituen baldintzak zehazten dituen dokumentu arautzailea; «espediente teknikoa» ere deitzen zaio edari destilatuen adierazpen geografikoen kasuan.

b) Operadorea: Bere produktuak merkaturatu aurretik, baldintza-agirian zehaztutako irizpideak eta lege honetako gainerako xedapen guztiak betetzen dituztela egiaztatzeaz arduratzen den pertsona fisikoa edo juridikoa.

II. KAPITULUA

Administrazio publikoen arteko lankidetza

4. artikulua. Jarduteko printzipioak.

1.Autonomia-erkidegoekiko harremanen kasuan, Estatuko Administrazio Orokorrak eta harekin lotuta dauden edo haren menpekoak diren erakunde publikoek Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 3. eta 4. artikuluetan aurreikusitakoari jarraiki jardungo dute.

2.Jardun duen administrazioaren erabakiek edo jarduketek beste administrazio batzuen eskumenetan eragin badezakete, hark azken horien txostena beharko du ebazpena eman aurretik.

5. artikulua. Hainbat agintari eskuduni eragiten dieten egoerak.

Autonomia-erkidego bat baino gehiagoko lurralde-eremuei eragiten zaienean eta horiek eta Estatuko Administrazio Orokorrak jardun behar dutenean, eragindako administrazioek egokitzat jotzen dituzten lankidetzarako eta koordinaziorako mekanismoak ezarri ahal izango dituzte kasuan kasuko eskumenak modu egokian garatu daitezen; gainera, organo bakar bat izendatu ahal izango dute dagozkion administrazio-prozedurak bideratzeko.

6. artikulua. Lankidetza-hitzarmenak.

Administrazio publiko eskudunek lankidetza-hitzarmenak sinatu eta horien kudeaketarako erakunde komun bat ezarri ahal izango dute, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 6. artikuluko 5. zenbakian aurreikusten den moduan pertsonifikaturik.

Erakunde komun horrek lankidetza-hitzarmenean berariaz zehaztutako funtzioak bereganatuko ditu eta administrazio horien berezko eginkizunak hobeto betetzeko beharrezkoak litezkeen mandatuak betetzeko agindua jaso ahal izango du administrazio eskudunengandik, batez ere BJD eta AGB horien kontrol ofizialari eta lege honetan adierazitako arau-hausteen zehapen-prozedurei dagokienez.

7. artikulua. Ikuskapen-funtzioan laguntzea.

Administrazio publikoek eta horiekin lotuta dauden edo horien menpekoak diren erakunde publikoek ikuskapen-zerbitzuek eskatzen dieten informazioa helarazi beharko dute, hala eskatzen zaienean eta kasu bakoitzean aplikagarria den araudiari jarraiki, eta beharrezko lankidetza eskaini beharko dute.

Ikuskapen eta kontrol arloan, administrazio publiko eskudunek beharrezko laguntza eskatu ahal izango diete gainerako agintariei, baita estatuko, autonomia-erkidegoetako edo tokiko segurtasun indar eta kidegoei ere.

8. artikulua. Babestutako Jatorri Deituren eta Adierazpen Geografiko Babestuen arloko lankidetza-organoak.

Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 5. artikuluan zehaztutakoari jarraiki, eta Nekazaritza eta Landa Garapenaren Sektoreko Konferentziako Akordio bidez, BJDen eta AGBen arloan lankidetzan jarduteko beharrezko batzordeak eta taldeak sortu ahal izango dira.

III. KAPITULUA

Babestutako Jatorrizko Deituren eta Adierazpen Geografiko Babestuen babesa

9. artikulua. Helburu nagusiak.

Honako hauek dira BJDen eta AGBen helburu orokorrak, europar araudiak arautzen duenari kalterik egin gabe:

a) Ekoizleen eta kontsumitzaileen eskubideak babestea, BJD edo AGB batek babestutako nekazaritzaeta elikadura-produktuen etiketan agertzen den informazioaren egiazkotasuneta justifikazio-printzipio orokorra betetzen dela bermatuz.

b) BJD edo AGB batek babestutako nekazaritzaedo elikadura-produktuaren espezifikotasuna eta babesa bermatzea, haren aniztasuna eta ospe komertziala mantenduz.

c) Operadoreei beren produktuak bereizteko erreminta bat eskaintzea, sektoreko lehia zintzoa eta eraginkorra sendotzen laguntzeko elementu osagarri gisa.

10. artikulua. Babestutako Jatorri Deiturak eta Adierazpen Geografiko Babestuak.

Lege honen ondorioetarako, Europar Batasuneko araudiak zehazten dituen BJD eta AGB hauek hartuko dira kontuan:

a) Mahastizaintzako eta ardogintzako produktuen Babestutako Jatorrizko Deiturak eta Adierazpen Geografiko Babestuak.

b) Edari destilatuen Adierazpen Geografikoak.

c) Ardo aromatizatuen, ardoz egindako edari aromatizatuen eta mahastizaintzako eta ardogintzako produktuen koktel aromatizatuen Adierazpen Geografikoak.

d) Nekazaritzaedo elikadura-jatorria duten beste produktu batzuen Babestutako Jatorrizko Deiturak eta Adierazpen Geografiko Babestuak.

11. artikulua. Mugaz gaindiko Jatorri Deiturak eta Adierazpen Geografikoak.

1.Espainiako lurralde-eremuari ez ezik Europar Batasuneko beste estatu kideren bati dagokion lurralde-eremua hartzen duten BJDen eta AGBen kasuan, beste estatu kidearen edo estatu kideen agintari eskudunarekiko harremana Estatuko Administrazio Orokorrari dagokio.

2.Mugaz gaindiko adierazpen geografiko batek eragindako autonomia-erkidegoek eta Estatuko Administrazio Orokorrak egokitzat jotzen diren lankidetza-prozedurak artikulatuko dituzte.

3.Dagozkion erabakiak hartzeko, eragindako autonomia-erkidegoei kontsulta egingo die Estatuko Administrazio Orokorrak.

12. artikulua. Autonomia-erkidegoz gaindiko lurralde-eremua hartzen duen BJD edo AGB batek babestutako izenen titulartasuna, erabilera eta kudeaketa.

1.Autonomia-erkidegoz gaindiko BJD edo AGB bati atxikita egoteagatik babestuta dauden izenak Estatuko jabari publikoko ondasunak dira eta, beraz, ezin ditu inork bakarka bereganatu, eta ezin dira saldu, inorendu ez eta kargatu ere.

2.BJD edo AGB bakoitzerako zehaztutako baldintzak betetzen dituen edozein pertsona fisikok edo juridikok erabili ahal izango ditu izen babestuak, salbu eta izen babestua erabiltzeko aldi baterako zigorra duenean edo legez zehaztutako beste arrazoiren bat dagoenean.

13. artikulua. Babesa.

Europar Batasuneko araudiak eskainitako babesari jarraiki:

1.BJD edo AGB bati atxikita egoteagatik babestuta dauden izenak ezin izango dira erabili babestu gabeko beste produktu antzeko batzuk izendatzeko.

2.Babes hori produktuen ekoizpenetik hasi eta merkaturatze-fase guztietara, aurkezpenera, publizitatera, etiketatura eta dokumentu komertzialetara hedatuko da. Erabilera desegoki, imitazio edo emulazio ororen kontra aplikatuko da babesa eta, beraz, produktuen ontzietan edo bilgarrietan, publizitatean edo horiei buruzko dokumentuetan ezin izango da horien jatorriari, jatorri geografikoari, izaerari edo funtsezko ezaugarriei buruzko adierazpen faltsurik edo engainagarririk egin.

3.BJD edo AGB bati atxikita dauden izenak ezin izango dira erabili antzeko espezieak edo zerbitzuak izendatzeko, aurkezteko edo publizitatea egiteko, izen hori esleitu ez bazaie eta babesedo izendapen-mota horretarako baldintzak betetzen ez badituzte, baita izen horiek beste hizkuntza batzuetara itzuli badira edo «era», «estilo», «imitazio» edo antzeko adierazpenak badituzte ere, ezta produktuaren benetako jatorri geografikoa adierazten den kasuetan ere. Era berean, ezin izango dira erabili «...n egina», «...n fabrikatua» edo antzeko adierazpenak.

4.BJD edo AGB bati atxikita dauden izenak ezin izango dira erabili Interneteko domeinu-izen gisa titularrak izenaren gaineko legezko eskubiderik edo interesik ez badu eta horietan babesten ez diren antzeko produktuak sustatu edo merkaturatzeko erabiltzen badu. Ondorio horietarako, BJD edo AGB bati atxikita dauden izenak behar bezala babestuta egongo dira BJD edo AGB horiei dagozkien, horiek dituzten edo horiek imitatzen dituzten Interneteko domeinu-izenetan.

5.Ezin izango dira marka, izen komertzial edo arrazoi sozial gisa erregistratu BJD edo AGB gisa babestutako izendapen bat irudikatzen, imitatzen edo gogorarazten duten zeinuak, produktu berdinei edo berdintsuei aplikatzen zaizkienean, edo konparagarritzat edo osagaitzat jo daitezkeenean, edo haien famaz aprobetxatu daitezkeela uste denean.

6.Nekazaritzaeta elikadura-operadoreek nahiko elementu txertatu beharko dituzte BJD edo AGB bati atxikitako produktuen etiketetan eta aurkezpenean, horien izendapen

edo babes-mota eta jatorri geografikoa edo jatorria modu argian eta erraz bereiz daitezen, eta kontsumitzaileak nahastu ez daitezen.

7.BJD edo AGB jakin baten operadoreei ezin izango zaie eskatu berariazko markarik erabiltzeko BJD edo AGB horretako produktuetarako. Edonola ere, operadore horiei dagozkien produktuen izendapen eta aurkezpenean kontsumitzaileari nahasketarik ez sortzeko beharrezkoak diren elementu identifikatzaileak jasoko dira.

8.4. artikuluko 1. zenbakian aurreikusitako ekoizle taldeak eskaera justifikatua egiten badu, arautu ahal izango da, dagozkion baldintza-agirietan, BJD eta AGB batekin lotuta egonik figura horien bidez babestutako nekazaritzaedo elikadura-produktu bat merkaturatzeko erabiltzen diren azpi-zonetako eta udalerrietako izen geografikoen babesa, betiere elikadura-informazioari buruzko araudi orokorrean zehazten dena betetzen bada.

14. artikulua. Autonomia-erkidegoz gaindiko Babestutako Jatorri Deituren eta Adierazpen Geografiko Babestuen aitorpena.

1.Produktu jakin baten ekoizle talde edo ekoizle orok BJD edo AGB bat aitortzeko eskatu ahal izango du, Europar Batasunaren araudian aurreikusten den moduan eta baldintzetan.

2.Europar Batasuneko araudiak zehaztutako prozedurako fase nazionala Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioari egokituko zaio autonomia-erkidegoz gaindiko lurralde-eremua duen BJD edo AGB baten kasuan. Prozedura nazional hori erregelamendu bidez garatuko da.

IV. KAPITULUA

Kudeaketa-entitateak

15. artikulua. Osaera.

BJD edo AGB baten edo gehiagoren kudeaketa Kontseilu Arautzaile izeneko kudeaketa-entitate batek egin ahal izango du. Entitate horretan BJDaren edo AGBaren erregistroetan izena emanda dauden operadoreak ordezkaturik egongo dira, eta Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioaren aldez aurretiko baimena beharko du, erregelamendu bidez aurreikusitako zehaztapenei jarraituz. Kudeaketa-entitate horrek honako baldintza hauek bete beharko ditu, gutxienez:

a) Berezko nortasun juridikoa izatea.

b) Gobernu-organo bat izatea. Bertan, babestutako produktua lortzeko orduan modu esanguratsuan parte hartzen duten interes ekonomiko eta sektorial guztiak parekotasunez ordezkaturik egongo dira.

c) Bere funtzioak garatu ahal izateko beharrezko bitartekoak izatea.

Erregelamendu bidez zehazten den Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioaren organo eskudunak sei hilabeteko epea izango du baimen-eskaerari ebazpena emateko, eskaera aurkezten denetik kontatzen hasita. Epe hori igaro eta berariazko ebazpenik jakinarazi ez bada, eskaera gaitzetsi egin dela ulertu ahal izango du interesdunak.

16. artikulua. Funtzioak.

Kudeaketa-entitateak honako funtzio hauek izango ditu, besteak beste:

a) Babestutako produktua sustatzea eta defendatzea, eta BJDaren eta AGBaren izena osoki babestea; horretarako, arlo horretako legediak aurreikusitako babesa osatzera datozkeen markak, Interneteko domeinu-izenak eta bestelako jabetza industrialeko eskubideak erregistratuko dira.

BJD edo AGB horrek babesten duen izena defendatzeko bere esku dauden ekintza judizialak eta estrajudizialak gauzatzea, lehia desleiala edo bestelako erabilera desegokiak egon daitezkeenean.

b) Baldintza-agiriaren aldaketak proposatzea Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioari.

c) Erakunde bakoitzaren arau teknikoek eskatzen dituzten barne erregistroak eramatea, eta Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioari laguntzea BJD edo AGB horri lotutako erregistro ofizialak kudeatzen.

d) Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioarekin eta autonomiaerkidegoetako organo eskudunekin batera lan egitea, batez ere kontrol ofizialeko jarduketetan.

e) Beste administrazio-agintari edo organo judizial batzuen aurrean aurkeztu daitezkeen salaketak gorabehera, Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioaren aurrean salatzea baldintza-agirian eta lege honen aplikazio-eremuarekin lotuta indarrean den lege-araudian zehaztutakoarekin bat ez datozen praktikak.

f) Ardoen BJDen eta AGBen kasuan, urte edo uzta bakoitza kalifikatzea.

g) Bere bazkideei honako hauek betearaziko dizkieten estatutuak aplikatzea:

1.a Kudeaketa-entitateak ekoizpenaren jakinarazpenari, merkaturatzeari eta ingurumenaren babesari dagokienez ezarritako arauak aplikatzea.

2.a Kudeaketa-entitateak estatistika-helburuekin eta ekoizpenaren eta merkaturatzearen jarraipena egiteko eskatutako informazioa helaraztea.

3.a Estatutu bidez finkatzen den barne-kontrolerako araubidea betetzea.

4.a Estatutuetan aurreikusitako betebeharrak ez betetzeagatik erantzutea eta horiek betetzen direla ikuskatzen laguntzea.

5.a Nahitaez egin beharrekoak dituzten aitorpenak edo txostenak bidaltzea.

Funtzio horiek guztiak Espainiako eta Europako araudiarekin bat etorriz bete beharko dira, eta ez dira, inola ere, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko

101.eta 102. artikuluekin bat ez datozen lehiaren aurkako jarrerak erraztuko edo baimenduko.

17. artikulua. Araubide juridikoa.

Kudeaketa-entitateek bere helburuak betetzeko gaitasun osoa duen zuzenbide publikoko korporazioaren forma hartu ahal izango dute. Ondorio horietarako:

a) Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioaren bitartez jarriko dira harremanetan Estatuko Administrazio Orokorrarekin lege honen ondorioetarako.

b) Nortasun juridikoa bereganatuko dute gobernu-organoak eratzen diren momentutik

bertatik.

c) Zuzenbide pribatuak arautuko ditu. Nolanahi ere, haien jarduketak lege honetan xedatutakoari atxiki beharko zaizkio, bai eta hura garatzen duten erregelamenduei, aplikagarria zaion Europako araudiari, beren estatutuei eta, ahalak edo funtzio publikoak gauzatzean, zuzenbide administratiboari ere.

d) Dagokien BJDaren eta AGBaren erregistro ofizialetan izena emanda dauden operadoreek osatuko dituzte.

e) Estatutu batzuk prestatu eta onartuko dituzte, eta Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioari aurkeztuko dizkiote administrazio-onespena eman diezaien. Estatutuetan, honako hauek jaso beharko dituzte, gutxienez: helburuak eta funtzioak, antolakuntza, kide diren operadoreen eskubideak eta betebeharrak, araubide ekonomikoa eta finantzarioa, barne-kontrola eta, hala badagokio, diziplina-araubidea. Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak Estatu Kontseiluaren irizpena jaso beharko du estatutuei uko egin aurretik.

f) Egitura eta funtzionamendu demokratikoak izan beharko dituzte. Ondorio horietarako, boto haztatuan oinarritutako ordezkaritza-sistemak erabili ahal izango dira.

g) Lege honetan zehaztutako funtzioez gain, ordenamendu juridikoak edo estatutuek esleitzen dizkietenak edo BJDaren edo AGBaren baldintza-agiritik eratortzen direnak beteko dituzte, haien izaerarekin eta indarrean den araudiarekin bat badatoz.

h) 16. artikuluan jasotako funtzioez gain, honako funtzio hauek bete ahal izango dituzte, betiere Espainiako eta Europako araudiarekin bat etorriz eta Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 101. eta 102. artikuluekin bat ez datozen lehiaren aurkako jarrerak baimenduko ez direla:

1.a Aplikazio-arauek eskatzen dituzten erregistro ofizialak eramatea, operadoreen erregistroak barne.

2.a Kanpaina bakoitzerako gehieneko ekoizpeneta eraldatze-mugak edo prozesu horietan eragin dezakeen urtean urteko edozein alderdi erabakitzea, betiere kalitatea hobetzeko eta babesteko irizpideetan oinarrituz, Nekazaritza Politika Erkidean eta BJD edo AGB bakoitzari aplikatu beharreko baldintza-agiriaren esparruan aurreikusitako baldintzen arabera. Erabaki horiek publiko egingo dira, interesdun guztiek informazio hori eskuragarri dutela bermatzeko; era berean, Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioari jakinaraziko zaizkio eta hark, hala dagokionean, hartutako neurrien berri emango dio Batzordeari.

3.a BJD edo AGB bakoitzari atxikitako produktuaren edo operadoreen ziurtagiriak igortzea, interesdunak hala eskatzen duenean.

4.a Merkataritza-etiketek bete behar dituzten gutxieneko baldintzak zehaztea; Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioari jakinaraziko zaizkio baldintzok eta publiko egingo dira, informazio hori interesdun guztientzat eskuragarri dagoela bermatzeko.

5.a Betekizunak ezartzea eta kontraetiketak, zigiluak eta beste berme-ezaugarri batzuk kudeatzea.

6.a Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak BJDekin eta AGBekin lotuta berariaz esleitzen dizkion funtzioak betetzea, kontrol ofiziala izan ezik, salbu eta babesfigurek babesten dituzten interesei dagokienez 23. artikuluan aurreikusitako baldintzak betetzen ez badira.

Funtzio horiek gauzatzeari buruz ematen diren ebazpenak aurkatu egin ahal izango dira administrazio-bidean, Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioaren aurrean.

18. artikulua. Finantzaketa.

Kudeaketa-entitateek ekarpen ekonomikoak eskatu ahal izango dizkiete operadoreei antolakuntzaeta funtzionamendu-arauetatik eratorritako kostuak finantzatzeko.

19. artikulua. Informazioeta kontrol-betebeharrak.

Kudeaketa-entitateek erregelamendu bidez zehazten den informazioa helaraziko diote Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioari, eta haren kontrolpean egongo dira.

20. artikulua. Eremu geografikoa.

Nekazaritzako elikagaien lanbidearteko erakunde baten eremu geografikoa BJD edo AGB baten ekoizpeneta elaborazio-eremuarekin bat datorrenean, baldin eta lanbidearteko erakunde hori Nekazaritzako Elikagaien Lanbidearteko Erakundeak arautzen dituen abenduaren 30eko 38/1994 Legean xedatutakoaren babespean araututa badago, eta BJDaren edo AGBaren produktu bererako eta azpisektore desberdinen arteko berdintasunbaldintza beraz aitortua badago, kudeaketa-entitateak gobernu-organo horretan duen ordezkaritza eta osaera Lanbidearteko Erakundearen Zuzendaritza Batzordean zehaztutakoa izatea ezarri ahal izango da, Lanbidearteko Erakundeak hala eskatuta.

V. KAPITULUA

Babestutako Jatorri Deituren eta Adierazpen Geografiko Babestuen kontrola

21. artikulua. Autokontrola.

1.Ekoizpeneta elaborazio-fase guztietan, operadoreek beren erantzukizunpean egiten dituzten ekoizpen-prozesuko eragiketa guztien autokontrolerako sistema dokumentatu bat ezarri beharko dute, kasuan kasuko legedia espezifikoan zehaztutakoa eta produktuen baldintza-agiria nahiz aplikagarria zaion beste edozein xedapen betetzen dela bermatzeko.

2.Operadoreek autokontrolari dagokion dokumentazioa bost urtez gutxienez gorde beharko dute; epe hori luzatu egingo da produktuaren bizitza erabilgarriaren arabera.

3.Barne-kontrolaren esparruan, kudeaketa-entitateek aholkularitza-sistemak ezarri ahal izango dituzte operadore guztiek produktu baten baldintza-agiria betetzen dutela errazteko.

22. artikulua. Kontrol ofiziala.

1.BJDak eta AGBak merkaturatu aurreko kontrol ofizialak produktu jakin baten baldintza-agiria betetzen dela egiaztatuko du. Baldintza-agirian jasotzen diren fase eta jarduera guztiei eragingo die kontrol ofizialak, hala nola, hala badagokio, ekoizpenari, manipulazioari, sailkapenari, elaborazioari, eraldaketari, kontserbazioari, ontziratzeari, biltegiratzeari, etiketatzeari, aurkezpenari eta garraioari.

2.Kontrol ofiziala, halaber, katea osatzen duten prozesuetan esku hartzen duten elementu eta produktu guztiei aplikatuko zaie: lehengaiei, osagaiei, produktu erdi-bukatu edo bitarteko produktuei; elikagaien fabrikazio-, elaborazioeta tratamendu-prozesu eta -ekipo teknologikoei; kontserbazioeta garraiatze-bitartekoei; eta elikagaien etiketatze-, aurkezpeneta publizitate-prozesuei.

3.Kontrol ofizial hori gauzatzeko, BJD edo AGB figurek babestutako produktuarekin lotutako lokalak, instalazioak eta ustiategiak ikuskatuko dira, laginak hartu eta aztertuko dira, eta azterketa dokumentala egingo da. Era berean, autokontrolerako eta barnekontrolerako sistemen eta haien erregistro dokumentalen plangintza eta egikaritzea egiaztatuko dira.

4.Kontrol ofiziala legezkotasun, proportzionaltasun, segurtasun, kontraesan, bizkortasun eta sinplifikazio administratiboaren printzipioei atxikiko zaie.

5.Kontrol ofiziala Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioaren eskumena da. BJD edo AGB bakoitzerako kontrol-sistema kudeaketa-entitateari kontsulta egin ostean zehaztuko da.

23. artikulua. Kontrol ofizialeko eginkizunak eskuordetzea.

1.Produktua merkaturatu aurretik baldintza-agiria betetzen dela egiaztatzearekin lotutako kontrol-eginkizun jakin batzuk eskuordetu ahal izango dizkio Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak produktuaren ziurtatze-erakunde gisa jarduten duen kontrol-erakunde bati edo gehiagori, betiere kontrol ofizialei buruzko europar araudian zehazten denarekin bat etorriz.

2.Produktuaren ziurtatze-erakunde gisa jarduten duten kontrol-erakundeek beharrezko egiaztagiria izan beharko dute, UNE-EN ISO/IEC 17065:2012 arauarekin edo hura ordezkatzen duen beste arau batekin bat etorriz. Egiaztagiri hori lortzen duten bitartean, Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak hamabi hilabeteko behinbehineko baimenak eman ahal izango dizkie erakunde horiei.

3.Ziurtatze-erakundeek beren kontrol-eginkizunean zehar irregulartasunik hautemango balute, salatu egingo dute agintari eskudunaren aurrean.

4.Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak eskuordetze hori baliogabetu edo eten ahal izango du kontrol-erakundeek esleitu zaizkien eginkizunak modu egokian betetzen ez badituzte eta, bereziki, lege honetako 31. artikuluko 2. zenbakian eta 32.

artikuluko 2. zenbakian tipifikatzen diren arau-hauste astunak edo oso astunak gertatzen badira. Eskuordetze hori berehala baliogabetuko da kontrol-erakundeak beharrezko neurri zuzentzaile egokiak hartzen ez baditu.

5.Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioari egokituko zaio eskuordetutako erakundeek egindako lana ikuskatzea.

24. artikulua. Kudeaketa-entitateen barne-kontrola.

1.Kudeaketa-entitateek barne-kontrolerako sistema bat ezarri ahal izango dute beren estatutuetan, operadoreek onartu dituzten betebeharrak –baldintza-agirian jasotzen direnak– betetzen dituztela ikuskatzeko.

2.Kudeaketa-entitatea zuzenbide publikoko erakunde gisa eratuta dagoenean, barne-kontrolerako sistema aplikatu eta operadoreren batek baldintza-agiria ez betetzeagatik txostena egiten bada, zehapen-prozeduraren abiarazte-eskaeratzat hartu ahal izango da txosten hori, beste organo batek eskera arrazoitua egiten duenean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 69. artikuluan aurreikusten den moduan. Horretarako, aplikatutako barne-kontrolerako urteko programazioa Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak onartu beharko du.

3.Aurreko zenbakian aurreikusten denaz gain, kudeaketa-entitatea zuzenbide publikoko erakunde gisa eratuta dagoenean, operadoreren batek baldintza-agiria betetzen ez badu, eta barne-kontrolaz arduratzen den egiturako langileek hura egiaztatzen badute, ziurtzat joko da eta froga dokumental publiko gisa hartuko da zehapen-prozedurako balorazioaren ondorioetarako, bere eskubideen edo interesen defentsarako interesdunak adierazi edo helarazi ditzakeen frogei kalterik egin gabe. Ondorio horietarako, egitura horrek UNE-EN ISO/IEC 17020/2012 arauarekin bat etorri beharko du, eta gauzatutako kontrolen emaitzak jakinarazi beharko dizkio Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioari, erregulartasunez eta hark eskatzen duen guztietan. Kontrolen emaitzek ez-betetze bat ezagutarazten edo susmarazten badute, egiturak berehala jakinaraziko dio agintari eskudunari.

4.Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioari dagokio kudeaketa-entitateek barne-kontrolerako sistema aplikatzen dutela ikuskatzea.

Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak artikulu honetako hirugarren zenbakian aurreikusitako ziurtasun-presuntzioa eta froga dokumental publikoaren kontsiderazioa baliogabetu ahal izango du, kontu-ikuskapen edo bestelako ikuskapen baten emaitzek barne-kontrolaz arduratzen den egitura bere eginkizuna behar bezala gauzatzen ari ez dela adierazten badute. Berehala baliogabetuko da, barne-kontrolaz arduratzen den egiturak zuzenketa-neurri egokiak hartzen ez baditu.

25. artikulua. Operadoreen, kudeaketa-entitateen eta kontrol-erakundeen betebeharrak.

1.Operadore guztiek, horien kudeaketa-entitateek eta eginkizun jakin batzuk eskuordetu zaizkien kontrol-erakundeek nahitaez gorde beharko dute kasu bakoitzean aplikagarria den araudiak zehazten duen dokumentazioa, behar bezala egiaztatu ahal izateko moduan eta gutxienez bost urtez; epea produktuaren bizitza baliagarria amaitu arte luzatu ahal izango da.

2.Operadoreek honako betebehar hauek izango dituzte:

a) BJDaren edo AGBaren baldintza-agiria betetzea, baita hura behar bezala aplikatzeko beharrezko arauak ere.

b) Instalazio, produktu, zerbitzu edo ekoizpenedo elaborazio-sistemei buruzko mota guztietako informazioa ematea, eta kontrol ofizialaren esparruan zuzeneko egiaztapena ahalbidetzea.

c) Kontrol ofizialeko jarduketak garatzeko beharrezkotzat jotzen den beren jarduerari buruzko administrazio, industria, merkataritza eta kontabilitate arloetako dokumentazioa erakustea.

d) Dokumentazio horren kopia ateratzen uztea.

e) Prestatu, banatu edo merkaturatzen dituzten produktuen edo salgaien laginak hartzen edo haiekin bestelako kontrol edo entseguak egiten uztea, baita erabiltzen dituzten lehengai, gehigarri edo materialekin ere, betiere kontrol ofizialaren esparruan.

f) Kontrol ofizialeko jarduketak garatzeko beren esku dauden bitarteko materialak eta giza baliabideak eskaintzea.

g) Kudeaketa-entitateek beren antolakuntzarako eta funtzionamendurako xedapenetan edo erregelamendu-mailako arauan ezarritakoari jarraiki sortutako erregistroetan izena emateko, beharrezko datuak helaraztea. Kudeaketa-entitaterik ez dagoenean, datu horiek Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioari jakinarazi beharko zaizkio.

h) Zirkulazioan jarri baino hamabost egun lehenago gutxienez, merkataritza-etiketak erakustea kudeaketa-entitateari. Jakinarazpen horren aurrean, kudeaketa-organoak dagozkion oharrak egin ahal izango ditu, lege honetako 17. artikuluko h) letrako 4. zenbakian zehaztutako baldintzak ezarri badira.

i) Kudeaketa-entitateekin eta beste agintari eskudun batzuekin batera lan egitea, BJDa edo AGBa eta babestutako produktuak babestu eta sustatzeko.

j) Kudeaketa-entitateen finantziazioan ekonomikoki laguntzea, dagozkien funtzioak garatu ditzaten, 18. eta 24. artikuluetan aurreikusitakoari jarraiki.

3.Kudeaketa-entitateek honako betebehar hauek izango dituzte:

a) Ikuskapen-zerbitzuek behar duten informazio guztia ematea.

b) Ikuskapenak bere jarduerak garatu ahal izateko beharrezkotzat jotzen duen administrazio eta kontabilitate arloko dokumentazio guztia erakustea.

c) Kontrol ofizialerako ikuskapen-zerbitzuekin batera lan egitea.

d) Ezagutzen dituzten irregulartasunak agintari eskudunari salatzea, beren barnekontrolaren bidez hautemandakoak bereziki.

e) Liburuak eta erregistroak egunean izatea, eta erregelamendu bidez zehazten diren aitorpenak egitea.

f) Izaera orokorreko akordioak eta erabakiak argitaratzea.

4.Kontrol-erakundeek honako betebehar hauek izango dituzte:

a) Kontrol-eginkizunetan hautemandako irregulartasunak salatzea agintari eskudunaren aurrean.

b) Kontrol ofizialerako agintari eskudunarekin batera lan egitea.

c) Erregelamendu bidez finkatutako baldintzetan egindako jarduketak jakinaraztea, eta kontrol ofizialaren esku jartzea eskuordetutako eginkizunak betetzean egindako jarduketak.

d) Kontrolatzen dituzten operadoreen berri ematea, beren ziurtatze-funtzioak betetzeko.

e) Liburuak eta erregistroak egunean izatea, eta erregelamendu bidez zehazten diren aitorpenak egitea.

VI. KAPITULUA

Ikuskapena eta zehapen-araubidea

26. artikulua. Printzipio orokorrak.

1.Lege honen ondorioetarako, hurrengo artikuluetan arau-hauste arin, astun eta oso astun gisa tipifikatzen direnak hartuko dira administrazio arloko arau-haustetzat.

2.Lege honetan xedatutakoari jarraiki, zehatzeko ahala Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioari dagokio, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen IX. tituluko II. kapituluan ezarritakoari jarraiki.

3.Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioaren zerbitzuek, kontrol ofizialeko beren funtzioak betetzean, pertsonen, animalien eta landareen osasunerako –landareen ugalketa eta ingurumena barne– arriskuak egon litezkeela hautematen badute, edo merkataritzaedo kontsumo-kalitatearen arloko legedia betetzen ez denean, agintari eskudunei helaraziko diete dagokien jarduketen partea.

27. artikulua. Ikuskatzaileak agintaritzaren agente gisa.

1.Beren kontrol-funtzioak betetzean, ikuskapen-eginkizunak betetzen dituzten funtzionarioek agintaritzaren agente izaera izango dute, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 137. artikuluko 3. zenbakian jasotzen diren ondorioetarako; horrenbestez, edozein agintariren nahiz estatu, autonomia-erkidego edo udalerri mailako segurtasunindarren eta -kidegoen laguntza eskatu ahal izango dute.

2.Ikuskatzaileak zuzenean sartu ahal izango dira ikuskatzen dituzten enpresen ustiategi, lokal, instalazio eta garraiobideetara, eta zuzenean kontsultatu ahal izango dituzte administrazio, industria, merkataritza eta kontabilitate arloetako dokumentazioa, beren jarduketak gauzatzeko beharrezkotzat jotzen duten guztietan; edonola ere, isilpeko izaera izango dute jarduketok.

3.Ikuskatzaileak sekretu profesionala gordetzera behartuta egongo dira hertsiki. Betebehar hori betetzen ez badute, zigor bat jasoko dute kasuan kasuko diziplinaaraubideko xedapenei jarraiki.

28. artikulua. Ikuskapen-akta.

1.Ikuskapen-jarduketetan, ikuskatzaileak dagokion akta idatziko du eta, bertan, ikuskatutako enpresari edo ustiategiari buruzko datuak jasoko ditu, baita ikuskapena noren aurrean egin den ere.

2.Horrez gain, egiaztatutako ebidentziak, ikuskatzaileak agindutako neurriak eta ikuskapenerako garrantzitsuak diren gainerako egintza guztiak jasoko dira, bereziki balizko zehapen-prozedura baterako garrantzitsuak izan daitezkeenak.

3.Ikuskapen-akta ikuskatzaileak berak eta ikuskatua izan den enpresako edo ustiategiko titularrak sinatuko dute, edo haren legezko ordezkariak edo pertsona arduradunak, eta, horiek ez badaude, edozein langilek. Ikuskatu denari aktaren kopia bat utziko zaio, behar bezala identifikatuta. Lehen aipatutako pertsona horiek akta horretan parte hartzeari uko eginez gero, lekuko batek sinatuko du akta, ahal bada, eta horrek ez du kenduko erantzukizuna eskatu ahal izatea egindako ukoagatik. Ikuskatzailearen sinadurarekin balioztatuko da akta.

4.Aurreko paragrafoetan zehaztutakoarekin bat etorriz formalizatutako aktek ziurtasun-presuntzioa izango dute, interesdunek dagozkien eskubideen defentsarako eskain ditzaketen frogei kalterik egin gabe.

5.Akta organo eskudunari igorriko zaio, hark dagozkion jarduketak, eginbideak edo prozedurak abiarazi ditzan, zehapen-prozedura barne, hala badagokio.

29. artikulua. Kautela-neurriak.

1.Arrazoitutako akordio bidez, agintari eskudunak beharrezkotzat jotzen dituen kautela-neurriak hartu ahal izango ditu lege honetan aurreikusten diren arau-hauste astun eta oso astunen kasuan, arau-haustearen ondorioek jarraitzen dutela saihesteko eta interes orokorrei erantzuteko helburuarekin.

2.Urgentziazko arrazoiak direla-eta, eta tartean diren interesak behin-behinean babesteko helburuarekin, ikuskatzaileek lege honetan aurreikusitako arau-hauste astun edo oso astunekin lotutako salgaiak, produktuak, ontziak, etiketak eta bestelako elementuak ibilgetu ahal izango dituzte, kautelaz, pertsonei, animaliei edo ingurumenari kalte egiteko arriskua dagoenean edo kontsumitzailea kaltetu edo engainatu badezakete, eta esku-hartzearen xedea eta arrazoiak adieraziko dira aktan.

3.Ikuskatzaileek hartutako kautela-neurriak dagokion agintari eskudunak aztertuko ditu gero, hamabost egunen barruan, berretsi, aldatu edo kendu behar diren erabakitzeko. Kautela-neurriak bertan behera utziko dira epe hori igaro ostean berariazko erabakirik hartzen ez bada.

4.Zehapen-prozedura bat abiarazten bada, prozedura ebazteko eskumena duen organoak berariaz berretsi edo aldatu beharko ditu kautela-neurri horiek. Nolanahi ere, eta atzeratu ezin daitezkeen premiazko arrazoiak direla-eta, zehapen-prozedura abiarazteko eskumena duen organoak edo instrukzio-organoak erabaki ahal izango dute neurri horiek berrestea edo aldatzea.

5.Hautemandako ustezko arau-haustea kudeaketa-entitate bati edo produktuaren ziurtatze-erakunde gisa jarduten duen kontrol-erakunde bati egotzi dakiokeenean, zehapen-prozedura abiarazteko eskumena duen organoak kudeaketa-entitatearen aintzatespena edo kontrol-erakundeak eskuordeturik dituen eginkizunak kautelaz bertan behera uztea erabaki ahal izango du, eta zehapen-prozedura garatu bitartean hura ordezkatuko duen kudeaketaedo kontrol-sistema ezartzeko proposatuko dio izendapenak edo aintzatespenak egiteko agintari eskudinari.

6.Edonola ere, artikulu honetan aurreikusitako neurriak ofizioz edo alderdiren batek hala eskatuta kendu edo aldatu ahal izango dira prozedura bideratzen den bitartean, ebazpenaz arduratzen den agintariak arrazoitutako akordio bidez. Neurri horiek baliorik gabe geratuko dira prozedura amaitzeko administrazio-ebazpena eraginkorra den unean bertan.

7.Hartutako neurriek gastuak eragiten badituzte, operadoreek, kontrol-erakundeek edo kudeaketa-entitateek ordaindu beharko dituzte, kasuan kasu.

8.Kautela-neurriek bat etorri behar dute, intentsitateari, proportzionaltasunari eta premiei dagokienez, bermatu nahi diren helburuekin; horretarako, jokoan dauden interesak haztatuko dira eta ondasunen zirkulazio-askatasunari, enpresa-askatasunari edo eragindako beste eskubideen askatasunari gutxien eragingo dietenak hautatuko dira.

30. artikulua. Arau-hauste arinak. Hauek dira arau-hauste arinak:

a) Erregistroak edo erregistro-liburuak edo dokumentazioa ez aurkeztea, ikuskatutako instalazioetan halakoak izatea nahitaezkoa denean eta ikuskapen-egintzetan kontrolerako eskatzen direnean, betiere noizbehinkako omisioa dela irizten denean.

b) Erregistroetan, dokumentu osagarrietan, aitorpenetan edo, oro har, nahitaezko izaera duten dokumentuetan kantitateari dagokionez egindako noizbehinkako zehaztasunik ezak edo akatsak, adierazitako kantitatearen eta kantitate zuzenaren arteko aldeak azken horren ehuneko bost gainditzen ez duenean.

c) Erregistroetako idatzoharretan, aitorpenen aurkezpenean eta, oro har, nahitaezko izaera duen dokumentazioan atzeratzea, islatu gabeko lehen idazpena egin behar zen egunetik edo aitorpena edo dokumentazioa aurkezteko muga-datatik hilabete bat baino gehiago igaro ez bada, eta betiere noizbehinkako akats edo omisioa dela irizten denean.

d) Erregistro ofizialetan izena emateko orduan adierazitako datuei eragiten dieten aldaketak ez jakinaraztea, finkatutako epea amaitu denetik hilabete bat baino gehiago igaro ez bada.

e) Administrazio eskudunari edo kontrol-erakundeari ikuskapeneta kontrolfuntzioetarako beharrezkoa den informazio edo dokumentazio osoa ez ematea.

f) Dagokion baldintza-agirian edo nahitaezko adierazpenen edo aukerako adierazpenen araudi zehatzean ezartzen dena ez bezalako adierazpidea erabiltzea lege honetan araututako produktuen aurkezpenean edo etiketatuan.

g) Lege honetan araututako produktuen elaborazioan edo eraldaketan, legez zehazten ez den beste modu batera aplikatzea baimendutako tratamenduak, praktikak edo prozesuak, arau-hauste astunetan aurreikusitakoa salbu.

h) Organo eskudunaren baimenik gabe, kautelaz atzitutako salgaiak fisikoki lekualdatzea, betiere zigiluak urratu gabe eta salgaiak atzituak izan ziren instalazioetatik atera gabe, behar bezala justifikatutako arrazoi garrantzitsuagoetan salbu.

i) Kudeaketa-entitateari merkataritza-etiketarik ez aurkeztea, hark funtzio hori aitorturik duenean.

31. artikulua. Arau-hauste astunak.

1. Honako hauek dira arau-hauste astunak:

a) Erregistrorik edo erregistro-libururik edo dokumentu osagarririk, aitorpenik edo, oro har, nahitaezkoa den dokumentaziorik ez izatea, edota, izatekotan, aipatzen diren produktu edo salgaien ezaugarriei buruzko hutsegite, oker eta omisioak egotea.

b) Erregistroan, dokumentu osagarrietan, aitorpenetan edo, oro har, nahitaezko dokumentuetan, kantitatearekin lotutako zehaztasunik ezak edo akatsak egotea, adierazitako kantitatearen eta kantitate zuzenaren arteko aldeak azken horren ehuneko bost gainditzen duenean.

c) Erregistroetako idatzoharretan, aitorpenen aurkezpenean eta, oro har, nahitaezkoa den dokumentazioaren aurkezpenean atzeratzea, islatu gabeko lehen idazpena egin behar zen egunetik edo aitorpena edo dokumentazioa aurkezteko epemugatik hilabete baino gehiago igaro bada.

d) Kontrol-erakundeari edo administrazio eskudunari informazioa edo dokumentazioa ezarritako epean bidali beharra ez betetzea; datu faltsuak ematea eta ikuskapena egiteko beharrezko laginak hartzen ez uztea edo geroratzea.

e) Etiketarik ez izatea, nahitaezko argibideak ez eskaintzea haietan edo etiketok ezin ezabatuzko moduan ez errotulatzea, halakoak BJD edo AGB batek babestutako produktuetarako nahitaezkoak diren kasuetan.

f) Lege honetan araututako produktuen etiketa, aurkezpena edo publizitatea egitean BJDaren edo AGBaren araudi zehatzean ezarritakoa betetzen ez duten edo nahasketa sor dezaketen izendapenak, adierazpenak, kalifikazioak, esamoldeak edo zeinuak erabiltzea, arau-hauste oso astunetan aurreikusitako kasuetan salbu.

g) BJDaren edo AGBaren arau zehatzak ez betetzea ezaugarriei, ekoizpenari, elaborazioari, eraldaketari, kontserbazioari, biltegiratzeari, garraioari, etiketatuari, ontziratzeari edo aurkezpenari dagokienez.

h) Ekoizpen-, elaborazioedo biltegiratze-enpresen instalazioetan edo biltegietan, baldintza-agirian debekatutako edo baimendu gabeko makinak, instalazioak edo substantziak izatea produktuak elaboratu edo biltegiratzeko, horien baimena beharrezkoa denean.

i) Kautelaz atzitutako salgaiak nola edo hala manipulatzea edo antolatzea, derrigorrezko baimena izan gabe.

j) BJD edo AGB batek babestutako produktuak edo haren lehengaiak kontraetiketa, zigilu zenbakidun edo dagokion babes-motarentzat zehaztutako beste edozein kontrolbitartekorik gabe bidaltzea, merkaturatzea edo zirkulazioan jartzea.

k) BJD edo AGB batek babestutako produktuak BJD edo AGB horren erregistroetan erregistratu gabe dauden establezimendu, ustiategi, lursail, instalazio edo industrietan ekoitzi, elaboratu, ontziratu, etiketatu edo merkaturatzea.

l) Inskribatutako instalazioetan produktua edo produktua lortzeko beharrezkoak diren lehengaiak edukitzea jatorriz BJDaren eta AGBaren babespean dagoen produktua dela adierazten duen nahitaezko dokumentaziorik gabe, edo produkturen bat edo hura lortzeko beharrezkoak diren lehengaiak existitzen direla ziurtatzen duen dokumentazioa edukitzea instalazioetan, eta ez, ordea, produktua bera; horrelakoetan, ehuneko biko tolerantzia onartuko da gutxi gorabehera eta, oro har, ehuneko batekoa Jatorri Deitura Kalifikatuen kasuan.

m) BJD edo AGB batean inskribatutako instalazioetan inskribatu gabeko plantazio edo instalazioetatik datozen produktuak sartzeko debekua ez betetzea, baldintza hori baldintza-agirian islatzen denean.

2.Produktuaren ziurtatze-erakunde gisa jarduten duten kontrol-erakundeen eta horien ikuskapen-, entsegueta ziurtatze-agenteen kasuan, honako hauek hartuko dira arau-hauste astuntzat:

a) Benetako egitateekin bat ez datozen ziurtagiri eta txostenak egitea.

b) Kontrol, ikuskatze, entsegu edo probak osatu gabe edo emaitza okerrak atereaz egitea, egitateak behar bezala egiaztatu ez dituztelako edo arau teknikoak gaizki aplikatu dituztelako.

c) Lege-xedapen batek aginduta helarazi behar duten informazioa edo dokumentazioa hilabete baino beranduago helaraztea.

3.Kudeaketa-entitateei dagokienez, lege-xedapen batek agindua helarazi behar dituzten aitorpenak, informazioa edo dokumentazioa hilabete baino beranduago aurkeztea arau-hauste astuntzat hartuko da.

32. artikulua. Arau-hauste oso astunak.

1.Hauek hartuko dira arau-hauste oso astuntzat:

a) Administrazio arloko zaintzaedo ikuskapen-funtzioez arduratzen diren pertsonen edo haien talde teknikoko pertsonen aurkako bortxa, mehatxuak, irainak, errepresaliak, erasoak edo beste edonolako presioa, delitutzat edo hutsegitetzat hartzen ez direnean.

b) Ikuskapen-funtzioari guztiz uko egitea.

c) Administrazio eskudunak edo kontrol-erakundeak eskatzen duenean, informazioa, dokumentazioa edo aitorpenak emateari uko egitea.

d) BJD edo AGB batek babestutako izenei erreferentzia egiten dieten adierazpen, izen, merkataritzako izen, marka, ikur edo enblemak erabiltzea horretarako eskubiderik izan gabe; orobat, horiek erabilita nekazaritzaeta elikadura-produktuen izaera, kalitate edo jatorri geografikoaren inguruan nahastea eragin daitekeenean babestutako izenen edo haien bereizgarri diren ikur edo enblemen antzekotasun fonetikoa edo grafikoa dutelako, nahiz eta ondoan «era», «estilo», «saileko», «imitazio», «ordezko» edo gisako esapideak jarri.

e) Babestutako izenak erabiltzea halakorik egitea berariaz ukatu zaien produktuetan, eta 13. artikuluko 2. eta 3. zenbakietan xedatutakoa ez betetzea.

f) Baldintza-agirietan jasotzen diren edo kontrolerako erabiltzen diren BJD edo AGB baten berezko dokumentuak, etiketak, kontraetiketak, zigiluak eta bestelako identifikazioelementuak behar ez den moduan edukitzea, negoziatzea edo erabiltzea.

Etiketak, kontraetiketak, zigiluak eta bestelako identifikazio-elementuak behar ez den moduan edukitzen edo erabiltzen diren kasuetan soilik, gehienez ere ehuneko hiruko tolerantzia-marjina ezarri ahal izango da.

g) BJD edo AGB batek babestutako produktuak elaboratzeko edo ekoizteko, dagokion baldintza-agirian baimentzen ez den jatorri bateko lehengaiak erabiltzea.

h) BJD edo AGB bateko nekazaritzako elikagaien etiketetan eta aurkezpenean horien kalifikazioa eta jatorria argi eta garbi bereizteko moduko elementuak ez adieraztea, kontsumitzaileen artean nahasketarik sor ez dadin hala marka, izen komertzial edo izen sozial beraren pean BJD edo AGB desberdinei dagozkien edo eremu geografiko desberdinetatik datozen produktuak merkaturatuz gero.

2.Produktuaren ziurtatze-erakunde gisa jarduten duten kontrol-erakundeen eta haien ikuskapen-, entsegueta ziurtatze-agenteen kasuan, honako hauek izango dira arauhauste oso astunak:

a) Lege honetako 31. artikuluko 2. zenbakian tipifikatutakoak, baldin eta horien ondorioz pertsonei, florari, faunari edo ingurumenari kalte oso larria edo arrisku oso larri eta berehalakoa sortzen bazaie.

b) Lege-xedapen batek aginduta nahitaez aurkeztu behar dituzten edo administrazio eskudunak eskatu dizkien aitorpen, informazio edo dokumentuetan datu faltsuak ematea edo daturik batere ez ematea.

3.Kudeaketa-entitateei dagokienez, arau-hauste oso astuna izango da administrazio eskudunari datu faltsuak helaraztea edo lege-xedapen batek aginduta nahitaez eman behar dituzten aitorpenak, informazioa edo dokumentazioa ez helaraztea, administrazio eskudunak hala eskatzen duenean.

33. artikulua. Arau-hausteengatiko erantzukizuna.

1.Arau-hausteetan eginez edo egin ezaz parte hartu duten pertsonak izango dira arau-hausteen erantzule, baita zabarkeria hutsagatik gertatu badira ere.

2.Europako araudiak beste araubide bat aurreikusten duen kasuan salbu, ontziratutako produktuetan egindako arau-hausteen erantzule etiketan agertzen diren firmak edo izen sozialak izango dira, banatzailea barne, bai izendatuta agertzen direnak, bai zehazki identifikatzeko moduko bestelako zeinuren baten bidez agertzen direnak. Produktuaren faltsifikazioa edo edukitzaileak produktua gaizki kontserbatu izana egiaztaturik geratzen diren kasuak salbuesten dira, etiketan kontserbazio-baldintzak zehazten badira.

Halaber, etiketan agertu ez arren produktua elaboratu, ekoitzi edo ontziratu duena ere, egindako arau-haustea ezagutzen zuela eta bere adostasuna eman zuela frogatzen bada, erantzule solidario izango da.

Etiketak faltsutu badira, faltsutu dituen pertsonari eta faltsifikazioa ezagututa produktuak merkaturatu dituzten pertsonei egokituko zaie erantzukizuna. Produktua ez bada behar bezala kontserbatu, hura eragin duena izango da erantzulea.

3.Solteko produktuetan edo etiketarik gabe ontziratutakoetan egindako arauhausteen kasuan, edota etiketan inongo firmarik edo izen sozialik jarri ez den kasuetan, produktuon edukitzailea izango da erantzule, non eta aurreko edukitzailea argi eta garbi identifikatzen ez den; nolanahi ere, arau-haustea hauteman deneko edukitzaileak ere izango du erantzukizuna.

4.Lege honetan aurreikusitako betebeharrak betetzea subjektu bati baino gehiagori dagokienean, edo arau-haustea bati baino gehiagori egotz dakiekeenean eta horietako bakoitzaren partaidetza-maila zehaztea ezinezkoa denean, guztiek modu solidarioan erantzungo dute kasuan kasuko ez-betetzearen edo arau-haustearen aurrean, baita ezartzen diren zigorren aurrean ere.

5.Pertsona juridikoek, ziurtatze-erakunde gisa jarduten duten kontrol-erakundeek eta kudeaketa-entitateek egiten dituzten arau-hausteetan, erantzule subsidiario izango dira urratutako betebeharrak bete zitezen beren ardurapekoak ziren eginbeharrak burutu ez dituzten, beren menpekoek eginbehar horiek ez betetzea onartu duten edo arau-hauste horiek gertatzeko bidea ematen duten erabakiak hartu dituzten administratzaile edo titularrak.

6.Erantzule subsidiarioak izango dira, halaber, produktuen elaborazioaz edo kontrolaz arduratzen diren teknikariak ere, zuzen-zuzenean beren lanarekin lotutako arauhausteei dagokienez.

7.Kasuan kasuan egokitzen diren zigorrak alde batera utzirik, arau-hausteen erantzuleek haien ondoriozko kalteak eta galerak ordaindu beharko dituzte; zehapena ezartzeaz eskumena duen organoak zehaztuko ditu horiek.

34. artikulua. Zehapenak.

1.Arau-hauste arinak ohartarazpen bidez edo 2.000,00 eurora arteko isun bidez zehatuko dira; hori baino zenbateko handiagoko isunak ere ezarri ahal izango dira, zehapen-prozedura abian jarri den ekitaldi ekonomikoaren aurreko urtean legez kontra lortutako etekinaren edo arau-hausteak erasandako salgai edo produktuen baliora arte.

2.Arau-hauste astunak 2.000,01 eta 30.000,00 euro bitarteko isunez zehatuko dira; hori baino kantitate handiagoko isunak ere ezarri ahal izango dira, zehapen-prozedura abian jarri den ekitaldi ekonomikoaren aurreko urtean legez kontra lortutako etekinaren edo arau-hausteak erasandako salgai edo produktuen balioaren halako bostera arte.

3.Arau-hauste oso astunak 30.000,01 eta 300.000 euro bitarteko isunez zehatuko dira; hori baino zenbateko handiagoko isunak ere ezarri ahal izango dira, zehapenprozedura abian jarri den ekitaldi ekonomikoaren aurreko urtean lortutako legez kontrako etekinaren edo arau-hausteak erasandako salgai edo produktuen balioaren halako hamarrera arte.

4.Aurreko zenbakietan zehaztutako isunen gutxieneko mugak ehuneko berrogeita hamar murriztu ahal izango dira, baldin eta arau-hauslearen egoera ekonomikotik ondoriozta badaiteke isuna gehiegizkoa dela arau-hausteak erasandako salgaiaren balio edo bolumenaren arabera, ekoizpenedo salmenta-bolumenaren arabera eta enpresa arau-hausleak sektorean duen kokapenaren arabera, betiere kontsumitzaileen interesei larriki erasan ez bazaie eta arau-haustea behin eta berriz gertatu ez bada.

5.Arau-hauste astunak BJD edo AGB bati atxikitako operadoreek gauzatu dituztenean eta BJD edo AGB horiei eragiten dietenean, figurok erabiltzeko debekua ezarri ahal izango da, gehienez ere hiru urtez, zehapen gehigarri gisa. Arau-hauste oso astunen kasuan, gehienez ere bost urte arteko debekua ezarri ahal izango da zigor gehigarri gisa.

6.Lege honetan aurreikusitako zehapenez gain, Europako edo Espainiako araudian aurreikusitako eskubide ekonomikoak galdu edo kendu ahal izango dira.

35. artikulua. Neurri osagarriak.

Baldin eta zehatutako arau-haustearekin lotutako merkantzia, produktu, ontzi edo

etiketak kautelaz atzeman badira, zehapen-prozedura ebaztea dagokion agintariak berak erabaki beharko du atzemandakoekin zer egin. Edonola ere, eragindako gastuak arauhausleak berak ordaindu beharko ditu, atzemandako salgaiaren jabeari ordaindu behar zaion kalte-ordaina barne, ez bada jabea bera izan araua hautsi duena.

36. artikulua. Zehapenak mailakatzea.

1.Arau-hauste bakoitzari jar dakizkiokeen zehapenen artean kasuan kasu zein egokitzen den erabakitzeko, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan:

a) Arau-haustea nahita egin den edo zabarkeria hutsagatik gertatu den.

b) Prozedura berean arau-hauste bat baino gehiago zehatzea.

c) Eragindako kalteen izaera, bereziki arau-hausteak kontsumitzaileen interes ekonomikoei, prezioei, kontsumoari eta, hala badagokio, BJDaren eta AGBaren izen onari eragin ahal izan dien kaltea.

d) Hiru urtean mota bereko arau-hauste bat baino gehiago berriro egitea, ebazpen irmoz hala egin dela adierazi denean.

e) Enpresa arau-hauslearen salmentaedo ekoizpen-bolumena, eta sektorean nola dagoen kokatuta.

f) Arau-haustea aitortzea eta arau-haustea edo hark eragindako ondorioak zuzentzea, dagokion zehapen-prozedura ebatzi aurretik.

g) Arau-hausteak erasandako salgaien edo produktuen bolumena eta balioa.

h) Legez kontra lortu den etekinaren zenbatekoa.

2.Isunaren zenbatekoa gutxitu egin ahal izango da behar bezala arrazoituz gero, zehatutako arau-haustearen egitateek berekin ekartzen badute erkidegoek edo Estatuak ematen dituen onurak galtzea edo itzultzea.

3.Dagokion zehapen-prozedura bideratzean arau-haustea egin izanaren ondorioz legez kontra lortutako onuraren zenbatekoa zehazten denean, ezarritako isunaren zenbatekoa ez da, inola ere, hura baino baxuagoa izango.

37. artikulua. Preskripzioa eta iraungitzea.

1.Arau-hauste oso astunak hiru urteren buruan preskribatuko dira, astunak bi urteren buruan eta arinak urtebetera, arau-haustea gertatu den egunetik kontatzen hasita.

2.Arau-hauste oso astunak direla-eta ezarritako zehapenak hiru urteko epean preskribatuko dira; arau-hauste astunak direla-eta ezarritakoak bi urteko epean; eta arauhauste arinak direla-eta ezarritakoak urtebetera. Zehapena ezartzen duen ebazpena irmo bihurtu eta biharamunean hasiko da zenbatzen preskripzio-epea.

3.Arau-hausteak esesteko ekintza iraungi egingo da administrazioak arau-haustearen berri izan eta egintzak argitzeko eginbideak amaitu ondoren urtebete igaro bada eta agintari eskudunak arau-haustearekin lotuta prozedurarik abiarazteko agindua eman ez badu. Prozedura iraungitzen bada, zenbaki hau ez da aplikagarria izango.

Ondorio horietarako, eta laginak hartu direnean, ikuskapen-jarduketak hasierako analisia egindakoan amaitutzat emango dira.

Beharrezkoak izan daitezkeen azterketa kontrajarrien eta erabakigarrien eskaerek iraungitze-epeak etengo dituzte azterketok gauzatu arte.

4.Zehapen-prozedura ebatzi eta lege honetan zehaztutako arau-hausteen zehapenprozeduraren berariazko ebazpena jakinarazteko gehieneko epea hamar hilabetekoa izango da.

5.Hartutako laginak eta egindako azterketak, bai eta aurreko prozedura iraungi ez den kasuan bere horretan mantendu diren egintzak, dokumentuak eta izapideak ere gorde ahal izango dira, eta eragina izango dute zehapen-prozedura berrian.

38. artikulua. Zehapen arloko organo eskudunak.

BJDari edo AGBari dagokionez, honako organo hauek izango dira eskudunak zehapenak jartzeko orduan:

a) Elikagaien Industriako zuzendari nagusia, zehapenaren zenbatekoa guztira 150.000,00 euro baino handiagoa ez denean.

b) Nekazaritza eta Elikadurako idazkari nagusia, zenbateko hori 150.000,01 euro baino handiagoa eta gehienez 500.000,00 euro denean.

c) Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen ministroa, zenbateko hori 500.000,01 euro baino handiagoa eta gehienez 1.000.000,00 euro denean.

d) Ministroen Kontseilua, zenbateko hori 1.000.000,01 euro baino handiagoa denean.

Lehenengo xedapen gehigarria. Zuzenbide publikoko korporazioak.

1.Zuzenbide publikoko honako korporazio hauek sortu dira:

«‘‘Rioja’’ Jatorri Deitura Kalifikatuaren Kontseilu Arautzailea» zuzenbide publikoko korporazioa.

«‘‘Cava’’ Babestutako Jatorri Deituraren Kontseilu Arautzailea» zuzenbide publikoko korporazioa.

«‘‘Jumilla’’ Babestutako Jatorri Deituraren Kontseilu Arautzailea» zuzenbide publikoko korporazioa.

«‘‘Calasparra’’ Babestutako Jatorri Deituraren Kontseilu Arautzailea» zuzenbide publikoko korporazioa.

«‘‘Idiazabal’’ Babestutako Jatorri Deituraren Kontseilu Arautzailea» zuzenbide publikoko korporazioa.

«‘‘Jamón de Huelva’’ Babestutako Jatorri Deituraren Kontseilu Arautzailea» zuzenbide publikoko korporazioa.

«‘‘Guijuel’’ Babestutako Jatorri Deituraren Kontseilu Arautzailea» zuzenbide publikoko korporazioa.

«‘‘Carne de Ávila’’ Adierazpen Geografiko Babestuaren Kontseilu Arautzailea» zuzenbide publikoko korporazioa.

«‘‘Espárrago de Navarra’’ Adierazpen Geografiko Babestuaren Kontseilu Arautzailea» zuzenbide publikoko korporazioa.

2.Xedapen gehigarri honen bidez sortzen diren zuzenbide publikoko korporazio gisako Kontseilu Arautzaileez gain beste batzuk sortzeko prozedura eta baldintzak finkatuko dira erregelamendu bidez. Prozedura horren ebazpena Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioko titularrari dagokio eta, beraz, ministerio-agindu bidez sortuko da, eta «Estatuko Aldizkari Ofizialean» argitaratuko da.

3.Lege hau indarrean sartzean dauden Kontseilu Arautzaileetako gobernu-organoek beren funtzioak betetzen jarraituko dute gobernu-organo horiek berritu arte; lege honetan araututako estatutuak onartu ostean berritu beharko dira gobernu-organoak.

4.Lege hau indarrean jarri aurretik sortutako Kontseilu Arautzaileetako ondare guztia –ondasunak, eskubideak eta betebeharrak barne–, bai eta langileria ere, lege honi jarraiki sortutako Kontseilu Arautzaileen parte bihurtuko dira, eta titulartasun, aktibo edo pasibo guztietan subrogatuko dira, jarraitzeko inolako aukerarik gabe.

Aurreko paragrafoan xedatutakoak ez die eragingo Estatuko Administrazio Orokorraren ondarezko ondasun eta eskubideei; horiek Herri Administrazioen Ondareari buruzko azaroaren 3ko 33/2003 Legean xedatutakoa bete beharko dute.

Bigarren xedapen gehigarria. Ardoen ezaugarriei buruzko adierazpenak.

Babesteko helburuarekin, eta autonomia-erkidegoek jatorri-deituren eta adierazpen geografiko babestuen esparruan izan ditzaketen eskumenei kalterik egin gabe, zahartzeaipamenei buruzko honako adierazpen hauek ezarri dira:

a) Nekazaritzako Produktuen Merkatu Antolakunde Erkidea sortzen duen eta 922/72/ EEE, 234/79/EEE, 1037/2001/EE eta 1234/2007/EE erregelamenduak indargabetzen dituen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1308/2013/ EB Erregelamenduaren VII. eranskineko II. zatiko 1. kategoriari dagozkion eta BJD edo AGB bati atxikirik dauden ardoentzako adierazpenak:

«Noblea»: gutxienez hemezortzi hilabeteko zahartze-aldia izan duten ardoek erabili ahal izango dute, betiere 600 litroko gehieneko edukiera duen haritz-egurrezko ontzi batean edo botilan egin badute zahartze-aldi hori.

«Urtetsua»: gutxienez hogeita lau hilabeteko zahartze-aldia izan duten ardoek erabili ahal izango dute, betiere 600 litroko gehieneko edukiera duen haritz-egurrezko ontzi batean edo botilan egin badute zahartze-aldi hori.

«Zaharra»: gutxienez hogeita hamasei hilabeteko zahartze-aldia izan duten ardoek erabili ahal izango dute, zahartze-aldi horrek oxidazio-izaera nabarmena izan duenean argiaren, oxigenoaren, beroaren edo faktore horien guztien eraginez.

b) Aurreko letran araututakoaz gain, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1308/2013/EB Erregelamenduko VII. eranskineko II. zatiko 1. kategoriari dagozkion eta BJD bati atxikita dauden ardoek honako hauek erabili ahal izango dituzte:

«Ondua»: gutxienez hogeita lau hilabeteko zahartze-aldia izan duten ardo beltzek erabili ahal izango dute, betiere hilabete horietatik sei gutxienez 330 litroko gehieneko edukierako haritz-egurrezko barriketan egin badituzte, baita ardo zuriek eta gorriek ere, gutxienez hemezortzi hilabeteko zahartze-aldia izan badute eta horietatik sei gutxienez gehieneko edukiera bereko haritz-egurrezko barriketan egin badituzte.

«Erreserba»: gutxienez hogeita hamasei hilabeteko zahartze-aldia izan duten ardo beltzek erabili ahal izango dute, betiere horietatik hamabi gutxienez 330 litroko gehieneko edukierako haritz-egurrezko barriketan eta gainerako denbora guztia botilan igaro badute, baita ardo zuriek eta gorriek ere, gutxienez hogeita lau hilabeteko zahartze-aldia izan badute eta horietatik sei gutxienez gehieneko edukiera bereko haritz-egurrezko barriketan eta gainerako denbora guztia botilan egin badituzte.

«Erreserba handia»: gutxienez hirurogei hilabeteko zahartze-aldia izan duten ardo beltzek erabili ahal izango dute, betiere horietatik hemezortzi gutxienez 330 litroko gehieneko edukierako haritz-egurrezko barriketan eta gainerako denbora guztia botilan igaro badute, baita ardo zuriek eta gorriek ere, gutxienez berrogeita zortzi hilabeteko zahartze-aldia izan badute eta horietatik sei gutxienez gehieneko edukiera bereko haritzegurrezko barriketan eta gainerako denbora guztia botilan egin badituzte.

c) Kalitateko ardo apardunen adierazpenak. Honako adierazpen hauek erabili ahal izango dituzte:

«Premium» eta «erreserba»: Europako araudian zehaztutako kalitateko ardo apardunek eta BJD bat duten ardo apardunek erabili ahal izango dute.

«Erreserba handia»: «Cava» BJD duten ardoek erabili ahal izango dute, betiere gutxienez hogeita hamar hilabeteko zahartze-aldia izan badute tiradatik kontatzen hasi eta lepo-egitera arte.

Hirugarren xedapen gehigarria. Termino tradizionalak.

Jarraian, ardoa BJD edo AGB bati atxikita dagoela adierazten duten termino tradizionalak arautzen dira:

«Lurraldeko ardoa»: abenduaren 17ko 1308/2013/EB Erregelamenduren VII. eranskineko II. zatiko 1., 3., 4., 5., 6., 8., 9., 11., 15. edo 16. kategoriari dagozkion eta AGB bati atxikita dauden ardoetan bakarrik agertu ahal izango da.

«Kalitateko ardoa»: abenduaren 17ko 1308/2013/EB Erregelamenduren VII. eranskineko II. zatiko 1., 3., 4., 5., 6., 8., 9., 11., 15. edo 16. kategoriari dagozkion eta BJD bati atxikita dauden ardoetan bakarrik agertu ahal izango da. Ardo horiek izendatzeko, ekoitzi eta elaboratu diren eskualdea, udalerria edo lekua adieraziko da «…ko kalitateko ardoa» aipuaren aurretik.

«Jatorri-deitura»: abenduaren 17ko 1308/2013/EB Erregelamenduren VII. eranskineko

II.zatiko 1., 3., 4., 5., 6., 8., 9., 11., 15. edo 16. kategoriari dagozkion eta BJD bati atxikita dauden ardoetan bakarrik agertu ahal izango da, honako baldintza hauek betetzen badira:

a) Ardoak prestigio handia izan behar du merkataritza-trafikoan, bere jatorria dela eta.

b) Jatorri-deiturari dagokion eskualdeak, udalerriak edo lekuak adierazpen geografikoa duen kalitateko ardo baten eremu geografiko gisa aintzatetsia behar du izan aurretiaz, gutxienez bost urte lehenagotik.

c) BJDaren mugapen geografikoak mahatsondoa hazteko egokitasun berezia duten lursailak soilik hartuko ditu barne.

«Jatorri-deitura kalifikatua»: abenduaren 17ko 1308/2013/EB Erregelamenduren VII. eranskineko II. zatiko 1., 3., 4., 5., 6., 8., 9., 11., 15. edo 16. kategoriari dagozkion eta BJD bati atxikita dauden ardoetan bakarrik agertu ahal izango da, betiere «Jatorri Deitura» izateko eskatzen diren baldintza hauek betetzen badituzte:

a) BJD horrek «jatorri-deitura» termino tradizionala erabili behar izan du gutxienez 10

urtez.

b) Ardoak BJDaren kudeaketa-organoan izena emanda dauden eta BJD horri dagokion eremu geografikoko upategietan botilaratuta soilik merkaturatu behar dira.

c) BJDaren urteko egiaztapenak barne hartzen dituen azterketa analitikoak eta organoleptikoak modu sistematikoan egin beharko dira, bolumen mugatuko sorta homogeneotan.

d) BJDaren kudeaketa-organoan izena emanda dauden upategiek independenteak izan beharko dute, eta bide publiko batek gutxienez bereizi beharko ditu inskribatu gabeko beste upategi edo lokal batzuetatik. Halaber, BJD berean izena emanda dauden mahastietako mahatsa soilik hartu ahal izango dute, edo BJD berean izena emanda

dauden beste upategi batzuetako mosto edo ardoak, eta deitura horretarako eskubidea duen ardoa soilik prestatu eta botilaratu beharko da haietan.

e) BJDaren ekoizpen-eremuaren barnean, jatorri-deitura kalifikatua izateko eskubidea duten ardoak ekoizteko egokitzat jotzen diren lursailak modu kartografikoan mugatu beharko dira, udalerri bakoitzeko.

«Lur-eremuko ardoa»: abenduaren 17ko 1308/2013/EB Erregelamenduren VII. eranskineko II. zatiko 1., 3., 4., 5., 6., 8., 9., 11., 15. edo 16. kategoriari dagozkion ardoetan bakarrik agertu ahal izango da, baldin eta BJD bati atxikita badaude eta honako baldintza hauek betetzen badira:

a) BJDaren esparru geografikoak lur-eremu bat hartu beharko du, honela ulertuta: landa-inguru edo toki bat, inguruko beste batzuetatik desberdintzen eta bereizten duten ezaugarri edafiko eta mikroklima bereziak dituena, mahastizaintzarekin tradiziozko eta ageriko lotura duen izenagatik ezaguna. Mahasti horietatik lortzen diren ardoek ezaugarri eta nolakotasun bereziak izan behar dituzte. Lur-eremuen gutxieneko eta gehieneko azalera erregelamendu bidez mugatuko du horretarako eskumena duen administrazioak, autonomia-erkidego bakoitzaren berezko ezaugarriak kontuan hartuta, eta ezin izango da izan kokatuta dagoen udalerriaren edo udalerrien azalera bezain handia edo handiagoa.

Mahastien hazkuntzarekin ageriko lotura dagoela ulertuko da, lur-eremuaren izena bertan lortutako ardoak identifikatzeko erabili bada merkatuan gutxienez bost urtez.

b) Ardoak lur-eremuan kokatuta dauden mahastien titulartasuna duten pertsona fisikoek edo juridikoek elaboratu eta botilaratu beharko dituzte, izan titulartasun hori pertsona fisiko edo juridiko horiena edo haien bazkideena, edo, salbuespen gisa, eta administrazio eskudunak erregelamendu bidez baimentzen duen kasuetan, lur-eremutik hurbil kokatuta dauden upategietan; edonola ere, lur-eremuko ardoa egiten den udalerriren batean edo inguruko udalerrietan kokatuta egon beharko dute upategiok.

c) Ardo horietara xedaturiko mahats guztiak lur-eremuan kokatutako mahastietan izan behar du jatorria eta ardoa beste ardo batzuetatik bereizita egin, biltegiratu eta, hala badagokio, ondu beharko da.

d) Lur-eremuko ardoak elaboratzeko orduan kalitate-sistema integral bat ezarriko da, mahatsa ekoizten denetik hasi eta ardoak merkaturatu artekoa. Sistema horrek Jatorri Deitura Kalifikatuetarako finkatutako baldintzak bete beharko ditu gutxienez.

Laugarren xedapen gehigarria. Cava Kalifikatua.

1.«Cava» Babestutako Jatorri Deituraren berezitasunak kontuan hartuta, deitura horri atxikita dauden ardogintzako operadoreek produktuaren etiketan, aurkezpenean eta publizitatean «Kalifikatua» izendapena erabili ahal izatea eskatu ahal izango dute, baldin eta mugatutako eremu geografikoaren barnean dagoen inguru identifikatu bateko mahastietatik egiten badituzte ardo babestuak, betiere lege honetako hirugarren xedapen gehigarrian «Jatorri Deitura Kalifikatua» termino tradizionalerako aurreikusten dena betetzen bada.

Inguru horren izena «Cava» adierazpenaren ostean agertu ahal izango da, «Kalifikatua» terminoarekin batera, «Cava» BJDaren eremu geografikoaren «unitate geografiko txikiagoa» denez.

Aipamen hori erabili ahal izateko baldintza zehatzak «Cava» Babestutako Jatorri Deituraren baldintza-agirian garatuko dira.

2.Aurreko puntuan jasotzen den mahastizaintzako inguru identifikatuari buruzko erregulazioa autonomia-erkidegoz gaindiko lurralde-eremu bateko ardoen Jatorri Deitura Kalifikatuetara hedatu ahal izango da.

Erregulazio horren baldintza zehatzak dagokion baldintza-agirian garatu beharko dira.

Bosgarren xedapen gehigarria. Europar Batasunaren araudi zehatza.

Kasu guztietan, eta estatu kideei iritzi-marjinarik edo -eremurik ez uzteko moduan, jarraian aipatzen diren Europar Batasunaren Erregelamenduak lehenetsiko dira lege

honetan jasotakoaren gainetik, baita etorkizunean izan litzakeen aldaketak eta garapenerregelamenduak ere, eta orobat Europar Batasunak esparru horretan argitara litzakeen beste erregelamenduak:

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008ko urtarrilaren 15eko 110/2008/EE Erregelamendua, edari destilatuen adierazpen geografikoen definizioari, izenari, aurkezpenari, etiketatzeari eta babesteari buruzkoa, Kontseiluaren 1576/89/EEE Erregelamendua indargabetzen duena.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2012ko azaroaren 21eko 1151/2012/EB Erregelamendua, nekazaritza-produktuen eta elikagaien kalitate-araubideei buruzkoa.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1306/2013/EB Erregelamendua, Nekazaritza Politika Erkidea finantzatu, kudeatu eta hari jarraipena egitekoa, eta Kontseiluaren 352/78/EE, 165/94/EE, 2799/98/EE, 814/2000/EE, 1290/2005/

EEeta 485/2008/EE erregelamenduak indargabetzen dituena.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1308/2013/EB

Erregelamendua, nekazaritzako produktuen merkatu antolakunde erkidea sortzekoa eta 922/72/EEE, 234/79/EEE, 1037/2001/EE eta 1234/2007/EE erregelamenduak indargabetzen dituena.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko otsailaren 26ko 251/2014/EB Erregelamendua, mahastizaintza-produktu aromatizatuen adierazpen geografikoen definizioari, izenari, aurkezpenari, etiketatzeari eta babesteari buruzkoa, Kontseiluaren 1601/91/EEE Erregelamendua indargabetzen duena.

Seigarren xedapen gehigarria. Nekazaritza ekologikoari dagozkion terminoen erabilera ongarri, lurzoruaren moldatzaile, elikagai, pestizida eta produktu fitosanitarioetan.

Etiketa, publizitate, aurkezpen edo merkataritzarako dokumentuetan ekoizpen ekologikoaren metodoari erreferentzia egiten dioten terminoak Europar Batasunak ekoizpen ekologikoari dagokionez bere araudian zehazten dituen baldintzak betetzen direnean bakarrik erabili ahal izango dira ongarrietan, lurzoruaren moldatzaileetan, elikagaietan, pestizidetan eta produktu fitosanitarioetan. Bereziki, produktu eta gai horiek produktu ekologikoen ekoizpenari eta etiketatuari buruzko Kontseiluaren 834/2007/EE Erregelamenduaren aplikazio-xedapenak ezartzen dituen Batzordearen 2008ko irailaren 5eko 889/2008/EE Erregelamenduko I eta II. eranskinetan jasorik egotea, ekoizpen ekologikoari eta haren etiketei eta kontrolari dagokienez.

Zehapen-prozeduraren ondorioetarako, Mahastiari eta Ardoari buruzko uztailaren 10eko 24/2003 Legearen III. tituluko 38.2, 39.2, 39.3, 40.2, 40.3, 40.4 eta 42.4 artikuluak aplikatzen jarraituko da, xedapen indargabetzaile bakarraren 1. puntuan xedatzen denari jarraiki.

Zazpigarren xedapen gehigarria. Esnearen eta esnekien sektoreko nahitaezko aitorpenen eta kontratuen esparruko zehapen-araubidea.

1.Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1308/2013/ EB Erregelamenduak, nekazaritzako produktuen merkatu antolakunde erkidea sortzen duenak eta 922/72/EEE, 234/79/EEE, 1037/2001/EE eta 1234/2007/EE erregelamenduak indargabetzen dituenak, bere 151. artikuluan, esnearen eta esnekien sektorean nahitaezkoak diren aitorpenei buruzko araudia ezartzen du. Araudi hori ez betetzeagatiko zehapen-araubidea jarraian zehaztutakoa izango da, zehapen-araubide zehatza duten autonomia-erkidegoetan salbu.

2.Arau-hauste arinak izango dira honako hauek:

a) Behi-, ardieta ahuntz-esnea erostean dagozkion nahitaezko aitorpenak ez aurkeztea.

b) Behi-esne gordinaren entregen aitorpen faltsuak, osatu gabeak edo ez zehatzak aurkeztea nahitaezkoa den edukiari dagokionez, Europako nahiz Espainiako araudiek Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1308/2013/EB

Erregelamenduaren 151. artikulua aplikatzeko eta garatzeko ezartzen dutenaren arabera, urtean 150 milioi kilogramo behi-esne gordin baino gehiago merkaturatzen ez duten erosleen kasuan.

c) Ardiedo ahuntz-esne gordinaren entregen aitorpen faltsuak, osatu gabeak edo ez zehatzak aurkeztea nahitaezkoa den edukiari dagokionez, Europako nahiz Espainiako araudiek Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1308/2013/EB Erregelamenduaren 151. artikulua aplikatzeko eta garatzeko ezartzen dutenaren arabera, urtean 15 milioi kilogramo ardiedo ahuntz-esne gordin baino gehiago merkaturatzen ez duten erosleen kasuan.

d) Behi-, ardieta ahuntz-esne gordinaren nahitaezko aitorpenak behar baino beranduago aurkeztea, Europako eta Espainiako araudiek Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1308/2013/EB Erregelamenduko 151. artikulua aplikatzeko eta garatzeko zehazten dutenaren arabera. Ondorio horietarako, aitorpena legez ezarritako epea amaitu eta hurrengo hiru egunak igaro ostean aurkeztea hartuko da atzerapentzat.

e) Entregei dagozkien dokumentazio justifikatzaileak ez gordetzea erregelamendu bidez zehaztutako epean.

f) Administrazio eskudunak egindako errekerimenduak aintzat ez hartzea.

g) Behi-esnearen kasuan, esne gordinaren jatorria edo xedea dokumentu bidez ez egiaztatzea, urtean milioi bat kilogramo esne gordin baino gutxiago merkaturatzen duten erosleen kasuan.

h) Ardieta ahuntz-esnearen kasuan, esnearen jatorria edo xedea dokumentu bidez ez egiaztatzea, urtean 100.000 kilogramo esne gordin baino gutxiago merkaturatzen duten erosleen kasuan.

3.Hauek dira arau-hauste astunak:

a) Behi-esne gordina merkaturatzea jatorria edo xedea dokumentu bidez egiaztatu gabe, urtean milioi bat kilogramo esne gordin baino gehiago merkaturatzen duten erosleen kasuan.

b) Ardieta ahuntz-esne gordina jatorria edo xedea egiaztatu gabe merkaturatzea, urtean 100.000 kilogramo esne gordin baino gehiago merkaturatzen duten erosleen kasuan.

c) Behi-esne gordinaren entregen aitorpen faltsuak, osatu gabeak edo ez zehatzak aurkeztea nahitaezkoa den edukiari dagokionez, Europako nahiz Espainiako araudiek Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1308/2013/EB Erregelamenduaren 151. artikulua aplikatzeko eta garatzeko ezarritakoaren arabera, urtean 150 milioi kilogramo behi-esne gordin baino gehiago merkaturatzen duten erosleen kasuan.

d) Ardiedo ahuntz-esne gordinaren entregen aitorpen faltsuak, osatu gabeak edo ez zehatzak aurkeztea nahitaezkoa den edukiari dagokionez, Europako nahiz Espainiako araudiek Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1308/2013/EB Erregelamenduaren 151. artikulua aplikatzeko eta garatzeko ezarritakoaren arabera, urtean 15 milioi kilogramo ardiedo ahuntz-esne gordin baino gehiago merkaturatzen duten erosleen kasuan.

e) Hileko aitorpenak bidaltzean behin eta berriz atzeratzea. Ondorio horietarako, urte natural batean hiru aitorpen edo gehiago behar baino beranduago aurkeztea hartuko da atzerapentzat.

f) Behi-, ardieta ahuntz-esnearen eta esnekien erosleek eta ekoizleek egin beharreko aitorpenak direla-eta agintari eskudunak egiten dituen kudeaketakontroljarduketei aurka egitea, aitzakiak jartzea edo uko egitea.

4.Hauek dira arau-hauste oso astunak:

a) Urte natural berean bi arau-hauste astun edo gehiago egitea.

b) Esnearen lehen erosleen erregistroan izena emanda ez egotea.

5. Agintari eskudunak honako zehapen hauek jarri ahal izango ditu bere eremuan:

a) Arau-hauste arinak ohartarazpen bidez edo 200 eta 1.000 euro arteko isun bidez zehatuko dira.

b) Arau-hauste astunak 1.001 eurotik 6.000 eurora bitarteko isun bidez zehatuko dira.

c) Arau-hauste oso astunak 6.001 eurotik 10.000 eurora bitarteko isun bidez zehatuko dira.

6.1363/2012 Errege Dekretuko 16.1 artikuluan zehazten den esnekien kontratuen informazioa helarazi beharra betetzen ez bada, izan komunikaziorik izan ez delako, edo informazioa egiazkoa, nahikoa edo zehatza izan ez delako, edo behar baino geroago helarazi delako, arau-haustearen ondorioetarako, derrigorrezko aitorpenen aurkezpenen kasuetarako zehazten diren informaziorik ezarekin, faltsutzearekin edo atzeratzearekin parekatuko da hurrenez hurren, eta horrenbestez 2. puntutik 4. puntura arau-hausteak mailakatzeko zehaztu diren irizpideak aplikatu beharko zaizkio zehapenaren ondorioetarako.

7.Kontratuaren nahitaezko eskaintzari dagokionez 1363/2012 Errege Dekretuko 11.2 artikuluan zehaztutakoa betetzen ez bada, izan eskaintzarik egon ez delako, arauan zehaztutako epearen barnean aurkeztu ez zaiolako ekoizleari edo zehaztutako gutxieneko edukia eskaintzen ez duelako, nahitaezko aitorpenak ez aurkeztearekin parekatuko da arau-haustea, eta horrenbestez, 2. puntutik 4. puntura arau-hausteak mailakatzeko zehaztu diren irizpideak aplikatuko dira zehapenaren ondorioetarako.

Lehenengo xedapen iragankorra. Kudeaketa-entitateen egokitzapena.

Lege honetan zuzenbide publikoko erakunde gisa sortzen diren Kontseilu Arautzaileek beren estatutuen proposamena bidali beharko diote Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioari, lege hau indarrean sartzen denetik sei hilabeteko epean. Kontseilu Arautzaile horien kasuan ez da 17. artikuluko b) letra aplikatu beharrik izango.

Bigarren xedapen iragankorra. Kontrol ofizialeko eskumenak gauzatzeko epea.

Lege hau indarrean sartu eta hamabi hilabetera, guztiz aplikatzekoa izango da lege honetako IV. kapituluan zehaztutako eredua. Bitarte horretan, mantendu egingo da kontrolerregimena, gaur egungo Kontseilu Arautzaileen parte-hartzearekin.

Hirugarren xedapen iragankorra. Produktuaren balioa kalkulatzeko metodoa.

Zehapen-prozedura batean erasandako salgaiaren balioa kalkulatzeko metodo bat arautuko duen erregelamendua garatzen ez den bitartean, martxoaren 23ko 835/1972 Dekretu bidez onartutako Mahastiaren, Ardoaren eta Alkoholen Estatutuari buruzko 25/1970 Legearen Erregelamenduko 120. artikuluan zehaztutakoa izango da aplikagarria.

Laugarren xedapen iragankorra. Aurretiazko jarduketak.

Lege honetan arautzen ez den guztian, eta laginak hartzeari eta aztertzeari eta zehapen-prozedurak abiarazi aurretiazko jarduketei buruzko erregelamendu-mailako araurik zehazten ez den bitartean, Kontsumitzaileen defentsaren eta nekazaritzako elikagaien babesaren arloko arau-hausteak eta zehapenak arautzen dituen ekainaren 22ko 1945/1983 Errege Dekretua izango da aplikagarria ondorio horietarako.

Xedapen indargabetzaile bakarra. Arauak indargabetzea.

1.Indargabetuta geratzen dira lege honetan xedatutakoaren aurka egiten duten maila bereko edo baxuagoko xedapen guztiak eta, bereziki, Mahastiari eta Ardoari buruzko uztailaren 10eko 24/2003 Legearen I. tituluko 2.2.f) , 3. eta 9. artikuluak, II. titulua, eta III. tituluko 38.2, 39.2, 39.3, 40.2, 40.3, 40.4 eta 42.4 artikuluak, eta hirugarren, bosgarren, seigarren, zortzigarren eta bederatzigarren xedapen gehigarriak. III. tituluko artikulu horiek

aplikagarriak izaten jarraituko dute artikulu horietan araututako arloa garatu ez duten autonomia-erkidegoen kasuan.

Era berean, indargabeturik geratzen dira Mahastiaren, Ardoaren eta Alkoholen Estatutuari buruzko abenduaren 2ko 25/1970 Legearen zenbait arau, zeinak uztailaren 10eko 24/2003 Legearen xedapen indargabetzaile bakarrean indarrekotzat jo ziren; hain zuzen ere, ardoa, ardo-ozpina, ardo aromatizatuak, brandya, mostoa eta mahatsetik eratorritako bestelako produktuak ez diren nekazaritzako eta elikagaigintzako jatorrideituradun gainerako produktuak arautzen dituzten Kontseilu Arautzaileei buruzkoak.

2.Abenduaren 2ko 25/1970 Legearen Erregelamendua onartzen duen martxoaren 23ko 835/1972 Dekretua indargabetu da.

3.Uztailaren 13ko 2004/1979 Errege Dekretua indargabetu da, Jatorri Deituren Kontseilu Arautzaileen Sorrera eta Jatorri Deituren Institutu Nazionalaren Kontseilu Orokorra arautzen dituena.

4.Abuztuaren 1eko 1573/1985 Errege Dekretua indargabetu da, elikagai-produktuen izen generikoak eta espezifikoak arautzen dituena.

5.Otsailaren 22ko 157/1988 Errege Dekretua indargabetu da, ardoen jatorrizko deiturek eta jatorri-deitura kalifikatuek bete behar dituzten arauak eta erregelamenduak ezartzen dituena.

6.Uztailaren 8ko 728/1988 Errege Dekretua indargabetu da, ardoak ez diren nekazaritzako elikagaien jatorri-deiturek, espezifikoek zein orokorrek, bete behar duten araudia ezartzen duena.

Azken xedapenetatik lehena. Elikatze Katearen Funtzionamendua Hobetzeko Neurriei buruzko abuztuaren 2ko 12/2013 Legearen 23. artikulua, lehenengo xedapen gehigarria eta azken xedapenetatik hirugarrena aldatu dira.

Bat. Honako zenbakia hau erantsi zaio legearen 23. artikuluari:

«6. Arau-hauste oso astunak hiru urtera preskribatuko dira, astunak bi urtera eta arinak urtebetera. Preskribatzeko epea arau-haustea egin den egunetik hasiko da zenbatzen, edo behin eta berriz egindako arau-hausteen kasuan, horiek egiteari utzi zaionetik.»

Bi. Honela geratuko da lehenengo xedapen gehigarriaren 5. zenbakia:

«5. Honako hauek izango dira Agentziaren helburu nagusiak:

a) Olio-produktuen, esne eta esnekien, eta erregelamendu bidez zehazten diren gainerako produktuen merkatuen informazioeta kontrol-sistemak kudeatzea.

b) Autonomia-erkidegoz gaindiko lurralde-eremua hartzen duten Babestutako Jatorri Deiturak eta Adierazpen Geografiko Babestuak merkaturatu aurretik erregelamendu bidez zehazten diren kontrol ofizialeko funtzioak garatzea.

c) Elikatze Katearen Funtzionamendua Hobetzeko Neurriei buruzko abuztuaren 2ko12/2013 Legean xedatutakoa betetzen dela kontrolatzea.»

Hiru. Lehenengo xedapen gehigarriko 6. zenbakiari j) letra gehitu zaio:

«j) Babestutako Jatorri Deiturei edo Adierazpen Geografiko Babestuei atxikitako operadoreen kontrol ofizialeko erregimena ezarri eta garatzea, autonomiaerkidegoz gaindiko lurralde-eremua dutenean, baita horiei dagozkien kudeaketaentitateena ere; bere araubidean jasotzen denari jarraiki, dagozkion zehapenprozedurak abiarazi eta aginduko ditu autonomia-erkidegoz gaindiko lurralde-eremuko Jatorri Deiturei eta Adierazpen Geografiko Babestuei buruzko maiatzaren 12ko 6/2015 Legea betetzen ez denean, eta agintari eskudunei dagozkien ebazpen-proposamenak formulatuko dizkie.»

Lau. Lehenengo xedapen gehigarriari 15. zenbakia gehitu zaio:

«15. Elikagaien Informazio eta Kontrolerako Agentziak egindako ikuskapenjarduketengatiko tasak.

a) Ezarpena. Elikagaien Informazio eta Kontrolerako Agentziak autonomiaerkidegoz gaindiko lurralde-eremuko Jatorri Deiturei eta Adierazpen Geografiko Babestuei buruzko maiatzaren 12ko 6/2015 Legeari jarraiki egin beharreko ikuskapen eta kontrol ofizialerako jarduketengatiko tasa sortu da; lege honetan xedatutakoa bete beharko du tasa horrek, baita Tasei eta Prezio Publikoei buruzko apirilaren 13ko 8/1989 Legearen 9. artikuluak zehazten dituen gainerako araudiiturriak ere.

b) Zerga-egitatea. Agentziak egindako ikuskapen eta kontrol ofizialerako jarduketak izango dira tasa honen zerga-egitatea, autonomia-erkidegoz gaindiko lurralde-eremuko Jatorri Deiturei eta Adierazpen Geografiko Babestuei buruzko maiatzaren 12ko 6/2015 Legeari jarraiki.

c) Subjektu pasiboak. Autonomia-erkidegoz gaindiko lurralde-eremuko Jatorri Deiturei eta Adierazpen Geografiko Babestuei buruzko maiatzaren 12ko 6/2015 Legeari jarraiki Agentziak egiten dituen kontrol ofizialeko jarduketei men egin behar dieten pertsona fisiko edo juridiko guztiak izango dira subjektu pasibo, baita ekoizleak, operadore-agenteak, kudeaketa-entitateak edo lege honetan araututako kalitate bereiziari buruzko jarduerak egiten dituzten gainerako pertsonak ere, nortasun juridikoa izan ala ez, baita Zergei buruzko abenduaren 17ko 58/2003 Lege Orokorraren 35. artikuluko 4. zenbakia aipatzen diren pertsona fisikoak edo juridikoak ere.

d) Sortzapena. Tasaren sortzapena agentziako ikuskapen-zerbitzuek ikuskapenen akta egiten dutenean gertatuko da.

e) Zerga-oinarria. Tasaren zerga-oinarria kalkulatzeko, ikuskapena abiarazi aurreko urte naturalean kontrolaren xede diren produktuek edo zerbitzuek izan zuten salmenten balioa hartuko da oinarri gisa, zeharkako zergak kanpo.

f) Tasaren zenbatekoa. Tasaren zenbatekoa kalkulatzeko, ehuneko 0,15eko tasa aplikatuko zaio zerga-oinarriari. Ekoizle, agente, operadore eta ikuskapenjarduketei lotutako gainerako erakundeen kasuan, zenbatekoa ez da, inola ere, 50 eurotik beherakoa eta 1.500 eurotik gorakoa izango. Kudeaketa-entitateen kasuan, tasaren zenbatekoak 1.200 euroko kuota finkoa izango du ikuskapen bakoitzeko.

g) Kudeaketa eta likidazioa. Agentziak tasa likidatuko du eta subjektu pasiboari ordainketa-agindua jakinaraziko zaio, Zergei buruzko Lege Orokorraren 62. artikuluko 2. zenbakian zehaztutako epeetan ordaindu dadin. Hala ez bada, nahitaezko diru-bilketa egingo da, Diru-bilketari buruzko Erregelamendu Orokorrean zehazten den moduan. Tasaren kudeaketa erregelamendu bidez ezarriko da.

h) Aurrekontu-ondorioak. Tasa horri esker bildutako zenbatekoa Agentziaren baliabide bat da eta haren aurrekontuan sartuko da.»

Bost. Azken xedapenetatik hirugarrenari honako paragrafo hau gehitu zaio. Eskumentituluak:

«Elikatze Katearen Funtzionamendua Hobetzeko Neurriei buruzko abuztuaren 2ko 12/2013 Legearen lehenengo xedapen gehigarriko 15. zenbakiko f) letran xedatutakoa ogasun orokorraren arloko legedia da, Konstituzioaren 149.1.14 artikuluan xedatutakoaren babespean.»

Azken xedapenetatik bigarrena. Eskumen-tituluak.

1.Lege hau Estatuko Administrazio Orokorraren eskumenen esparruan aplikatuko da, 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, hurrengo ataletan zehazten diren kasuetan salbu.

2.11. eta 13.6 artikuluak eta bigarren eta hirugarren xedapen gehigarriak jarduera ekonomikoaren plangintza orokorrerako koordinazio eta oinarri arloko oinarrizko legedia dira, Konstituzioaren 149.1.13 artikuluan xedatutakoaren babespean.

3.2.b) , 13.5, 13.7 eta 32.1.h) artikuluak jabetza intelektualaren eta industrialaren esparruko legedia dira, Konstituzioaren 149.1.9 artikuluan xedatutakoaren babespean.

Azken xedapenetatik hirugarrena. Garatzeko ahalmena.

Gobernuari baimena ematen zaio lege hau aplikatzeko eta garatzeko beharrezko diren xedapen guztiak eman ditzan.

Azken xedapenetatik laugarrena. Indarrean jartzea.

Lege hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hogei egunera jarriko da indarrean.

Horrenbestez,

Lege hau bete eta betearaz dezatela agintzen diet espainiar guztiei, partikular zein agintariei.

Madrilen, 2015eko maiatzaren 12an.

FELIPE E.

Gobernuko presidentea,

MARIANO RAJOY BREY

w.boe.es

BOLETÍN OFICIAL DEL ESTADO

D. L.: M-1/1958 ISSN: 02

 

 

 

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra