Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Octava ediciión Premios Adrián Celaya

Administrazio zuzenbidea  >>  Legeria  >> Gizarte-zerbitzuak

6/2016 Errege Lege Dekretua, abenduaren 23koa, Gazte Bermearen Sistema Nazionala bultzatzeko presako neurriena

2016-12-23

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2016/12/24, 310. zk.

I. XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

12266 6/2016 Errege Lege Dekretua, abenduaren 23koa, Gazte Bermearen Sistema Nazionala bultzatzeko presako neurriena.

I

Gazteek lan merkatuan enplegua lortzeko aukerak izan ditzaten eta laneratu daitezen ahalbidetzeak jarraitzen du izaten Espainiako Gobernuaren lehentasunetako bat, eta hori lortuko bada, beharrezkoa da ahalegin handia egitea, politika publiko espezifikoen bidez, eta Gazte Bermearen Sistema Nazionalean esku hartzen duten eragile guztiak koordinatuak egotea.

Testuinguru horretan, 2012. urtearen hasieratik Espainian aplikatu diren egitura- erreformek funtsezko lau helburu izan dituzte: gazteen enplegagarritasuna hobetzea, enpleguaren kalitatea eta egonkortasuna areagotzea, lan-merkatura iristeko aukera berdintasuna bultzatzea eta ekintzailetza sustatzea.

2013ko otsailean, Gazte Enpleguaren Ekimena abian jartzea erabaki zuen Europako Kontseiluak, 2014-2020 aldiko urte anitzeko finantza-esparruaren barruan, eta 6.000 milioi euroko zuzkidura egin zuen 2012ko abenduaren 5ean Europako Batzordeak proposatutako gazte-enpleguaren paketean ezarritako neurriak laguntzeko, bereziki, Gazte Bermeari dagokiona.

2013ko apirilean, Europar Batasunaren Enpleguko, Gizarte Gaietako eta Kontsumoko Ministro Kontseiluak Gazte Bermea ezartzea erabaki zuen, hau da, gazteen egoera bereziki zaila dela onartu zuen.

Espainia izan zen ekimen honi atxiki zitzaion lehenengo estatu kideetako bat, eta horretarako, 2013ko abenduan Espainian Gazte Bermea Ezartzeko Plan Nazionala onartu zuen, 2013-2016 aldirako Ekintzailetzaren eta Gazte Enpleguaren Estrategiarekin bat eta Europar Batasunaren 2014-2020 aldirako Egitura eta Inbertsio Funtsen arau esparruarekin bat.

2013ko abenduaren 17an, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1304/2013 (EB) Erregelamendua onartu zen; erregelamendu hori Europako Gizarte Funtsari buruzkoa da, eta Kontseiluaren 1081/2006 (EE) Erregelamendua —Gazteen Enpleguaren Ekimena berariaz arautzekoa, Europar Batasunaren estatu kideetako gazteen langabeziaren kontrako borrokaren finantza-trena gisa— indargabetzen du.

Hazkuntza, lehiakortasuna eta efizientzia sustatzeko urgentziazko neurriak onartzen dituen urriaren 15eko 18/2014 Legeak Europako Kontseiluak 2013ko apirilaren 22an egindako gomendioaren barruko gidalerroak aintzat hartu zituen, eta Gazte Bermearen Sistema Nazionalaren oinarriak ezarri zituen.

2015eko uztailean, Bigarren aukerako mekanismoaren, finantza-kargaren murrizketaren eta gizarte arloko bestelako neurrien uztailaren 28ko 25/2015 Legearen azken xedapenetatik hamabigarrenak Gazte Bermearen Sistema Nazionalaren onurak zabaldu zituen 25 urte baino gehiago eta 30 baino gutxiagoko gazteengana heltzeko, langabezia-tasa ehuneko 20 baino altuagoa izaten den bitartean, urteko azken hiruhilekoari dagokion Biztanleria Aktiboaren Inkestarekin bat.

Sisteman esku hartzen duten administrazio publikoek gazteen langabeziari aurre egitera bideratutako neurriak hartu dituzte, eta lan-bitartekaritza ahalbidetzera, enplegagarritasuna hobetzera, kontratazioa laguntzera eta ekintzailetza sustatzera bideratutako jardunak burutu dituzte. Hala ere, gaur egun, erronka handiei egin behar zaie aurre, oraindik ere, gazteen langabeziaren kontrako borrokari dagokionez, eta horregatik da beharrezko, sisteman esku hartzen duten eragile guztiekin koordinaturik, baliabide espezifikoak zuzentzea gazteengana.

Ezarritako neurrien emaitzak onak izaten ari dira. Neurri horiei eta Espainiako gizartearen ahaleginari esker, gazteen langabezia-tasa 15 puntu murriztu da azken hiru urteetan, eta eurogunean langabezia uzten duten 3 gaztetatik bat Espainiakoa da; gainera, gazteen kontratazio mugagabea ehuneko 30 handitu da 2011. urtekoaren aldean.

Dena den, Espainiako gazteen langabezia-tasak —16 eta 24 urte bitarteko gazteen ehuneko 46,5— Europan altuenetarikoa izaten jarraitzen du, eta ehuneko hori jaistea da, oraindik ere, helburu nagusietako bat, horregatik da beharrezko tasa hori jaisteko neurri eraginkorrak hartzea.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1303/2013 (EB) Erregelamenduaren 92.3 artikuluak xedatutakoarekin eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 2ko 1311/2013 (EB, EAEE) Erregelamenduaren —2014-2020 aldirako urte anitzeko finantza-esparrua ezartzekoa— 7. artikuluak xedatutakoarekin bat burututako 2014-2020 urte anitzeko finantza-esparruaren berrikusketak —Europako Batzordearen 2016ko ekainaren 30eko COM(2006) 311 (azkena) Komunikazioaren bidez— Espainiarako finantza-baliabideak handitzea ekarri du kohesio-politikaren esparruaren barruan, hain zuzen, gazteen enpleguaren eremuan baliatu beharko direnak, lehentasunez.

Horregatik da garrantzitsua Gazte Bermearen Sistema Nazionala indartzen jarraitzea, izen-ematea eta arreta hobetzera bideratutako neurriak hartuz eta gazteen enplegagarritasuna eta laneratzea sustatuz. Fitxategian ezarritako hobekuntzak onuragarri izango dira sistemarentzat; izan ere, fitxategia izen-ematerako eskaera-zerrenda bakarra eta euskarria izateaz gain, funtsezko tresna da ekintzen eta programen jarraipena eta lortutako emaitzen ebaluazioa egiteko.

II

Errege-lege dekretu honek bi kapitulu ditu, hiru artikuluz osatutakoak, xedapen iragankor bat eta hiru azken xedapen.

Lehen kapituluak aldaketa garrantzitsuak sartzen ditu urriaren 15eko 18/2014 Legean; aldaketa horiek gazteek Gazte Bermearen Sistema Nazionalera irispidea izan eta izen- ematea egin dezaten ahalbidetuko dute, eta sistemaren kudeaketa eta efikazia hobetuko dituzte. Gainera, kapitulu honetako neurriek kohesio-politikaren finantzaketa-tresnen erabateko erabilera optimoa izan dadin lagunduko dute.

Lehenik eta behin, Gazte Bermearen Sistema Nazionalaren onuradun izateko finkatu ziren betekizunak sinplifikatu dira, baina beti bete beharko dira Europako Erkidegoaren araudiaren ondoriozko eskakizunak.

Bigarrenik, Gazte Bermearen Sistema Nazionalean esku hartzen duten entitate guztiek sistemaren fitxategi bakarrean egingo diren gazteen izen-emateetarako prozedura espezifikoak ezar ditzaten baimentzen da, Enpleguko eta Gizarte Segurantzako Ministerioarekin bat.

Hirugarrenik, Gazte Bermearen betekizunak betetzen dituzten eta enplegu-eskatzaile gisa enplegu zerbitzu publikoetan izena emanda dauden gazte guztien izen-ematea egingo da Gazte Bermearen Sistema Nazionalean; gainera, atzeraeraginezko ondoreak izango ditu gazteek sistemak aurreikusitako jardunen batean parte hartu badute edo parte hartzen ari badira.

Halaber, lan-arloko solaskideek gazteen izen-ematearen prozeduran eta Gazte Bermearen Sistema Nazionalaren Jarraipenerako eta Ebaluaziorako Ordezko Batzordean esku har dezaten aurreikusten da, horrela eginez, lan-arloko solaskideek sistemaren maila guztietan esku har dezaten ahalbidetzen baita. Hezkuntza, Kultura eta Kiroleko Ministerioak eta Osasuneko, Gizarte Zerbitzuetako eta Berdintasuneko Ministerioak ere ordezkapena izango dute batzorde horretan; izan ere, gazte-bermerako konponbideak enpleguaren, hezkuntzaren, gizarte zerbitzuen eta gaztediaren eremuen lan bateratuaren ondorio izango direla pentsatzekoa da.

Bigarren kapituluan Gizarte Segurantzako kotizazioen murriztapenak hobari bihurtzea xedatzen da —Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren aurrekontuaren kargura—, baldin eta Gazte Bermearen Sistema Nazionalean izena emanda dauden gazteen onurarako neurriak badira. Horretarako, aldaketak egiten ditu Lan Autonomoaren Estatutuaren

uztailaren 11ko 20/2007 Legean eta Lan Merkatua Erreformatzeko Premiazko Neurriei buruzko uztailaren 6ko 3/2012 Legean.

III

Errege-lege dekretu honetan, Espainiako Konstituzioaren 86. artikuluak eskatzen duen aparteko eta presako beharrizana dakarren inguruabarra biltzen da hainbat arrazoirengatik.

Hasteko, gazteen langabeziaren kontrako borroka eta gazte langabeen egoera hobetzera bideratutako neurriak hartzea presakotzat eta beharrezkotzat hartu behar da beti. Azken urteetan langabezia-tasa pixkanaka jaitsi bada ere, gazteen langabezia-tasaren ehuneko altuak beharrezko egiten du Gazte Bermearen Sistema Nazionalean presako hobekuntzak egitea.

Aurreko legegintzaldia hain urria izateak eta, urtebetez, gobernua jardunekoa izateak eragotzi dute sistemaren erreformarako legegintzako neurriak hartzea eta errege-lege dekretu honetan aurreikusitako legezko aldaketen izapidetze arruntetarako nahikoa denbora izatea.

I. kapituluan jaso diren Gazte Bermearen Sistema Nazionalari egindako aldaketak direla-eta posible izango da, berehala, gazte gehiagok Gazte Bermearen aukeretara irispidea izan dezan, eta Gobernuari dagokio hori lehenbailehen ahalbidetzea. Presako neurriak justifikatuak gelditzen dira beharrezkoa delako sistemaren administrazio- kudeaketa hobetzea onuragarria izan dadin funtsen aurrekontu-erabilera egokirako, hau da, Gazte Enpleguaren Ekimenetik eta Europako Gizarte Funtsetik datozen funtsen erabilera egokirako, Europar Batasunaren araudiak ezarritako exekuzio-epeen barruan.

Beste alde batetik, murriztapenak hobari bihurtzeak kontratazioa sustatzeko neurrien jarraitutasuna laguntzeaz gain, gizarte-babesaren sistema jasangarria izan dadin lagunduko du berehala.

Beraz, zenbait neurri abian jartzeko aparteko beharrizana dago populazio talde horren enplegu-datuak kontuan hartzen baditugu, eta gainera premiazkoa, Gazte Bermearen Sistema Nazionala indartu behar delako ahalik eta azkarren gazteen langabeziaren kontrako borrokaren eraginkortasuna hobetuko bada.

Bigarrenik, Espainiako Konstituzioak bere 86. artikuluan jasotzen duen aparteko eta presako beharrizanaren aurrean gaude, gutxi barru, 2016. urteko ekitaldi ekonomikoa amaituko delako, eta ezinbestez eta lehenbailehen abiarazi behar dira errege-lege dekretu honetan jasotzen diren neurriak, 2016. urtean bertan, hain zuzen; izan ere, horrela izan behar du 2016ko ekainaren 30eko COM (2016) 311 (azkena) Batzordearen Komunikazioak ezarritako urte anitzeko finantza-esparruaren berregokitzapena dela-eta sortu ziren Europar Batasunaren funts gehigarrien aprobetxamendua egokia izango bada.

Errege-lege dekretu honek jasotako neurriak aho batez onartu ziren Enplegu eta Lan Gaietarako Konferentzia Sektorialak 2016ko urtarrilaren 19an egindako bileran, lan-arloko solaskideekin batera burututako elkarrizketa sozialaren barruan eztabaidatu eta adostu ondoren.

Horrenbestez, Espainiako Konstituzioaren 86. artikuluaren baimenaz baliatuz, Enpleguko eta Gizarte Segurantzako ministroaren proposamenari jarraituz eta Ministro Kontseiluak 2016ko abenduaren 23ko bileran eztabaidatu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

I. KAPITULUA

Gazte Bermearen Sistema Nazionala

1.artikulua. Hazkuntza, lehiakortasuna eta efizientzia sustatzeko urgentziazko neurriak onartzen dituen urriaren 15eko 18/2014 Legea aldatzea.

Hazkuntza, lehiakortasuna eta efizientzia sustatzeko urgentziazko neurriak onartzen dituen urriaren 15eko 18/2014 Legea aldatzen da eta honela geratzen da:

Bat. 88. artikulua honela geratzen da idatzita:

«88. artikulua. Aplikazio-eremua.

Gazte Bermearen Sistema Nazionalean honako hauek parte hartzen dute:

a)Estatuaren Administrazio Orokorrak eta hari lotutako edo haren mendeko zuzenbide publikoko entitateek, bakoitzak bere eskumen-eremuan.

b)Autonomia-erkidegoen administrazioek eta haiei lotutako edo haien mendeko zuzenbide publikoko entitateek, bakoitzak bere eskumen-eremuan.

c)Toki Administrazioa osatzen duten entitateek eta haiei lotutako edo haien mendeko zuzenbide publikoko entitateek, bakoitzak bere eskumen-eremuan.

d)Eremu pribatuan jarduten duten lan-arloko solaskideek eta entitateek.

e)16 urte baino gehiago eta 25 baino gutxiago dituzten gazteek edo, ehuneko 33 edo gehiagoko desgaitasun-maila dutenen kasuan, 30 urte baino gutxiago dituztenek, baldin eta lege honetan Gazte Bermearen Sistema Nazionalaren ekintza baten onuradun izateko aipatzen diren betekizunak betetzen badituzte.

Halaber, 25 urte baino gehiago eta 30 baino gutxiago dituzten gazteek, baldin eta lege honetan Gazte Bermearen Sistema Nazionalaren ekintza baten onuradun izateko aipatzen diren betekizunak betetzen badituzte, harik eta talde horren langabezia-tasa ehuneko 20 baino txikiagoa izan arte, urteko azken hiruhilekoari dagokion Biztanleria Aktiboaren Inkestarekin bat.»

Bi. 90.1 artikuluaren a) letra honela geratzen da idatzita:

«a) 88.e) artikuluan aipatzen diren eta okupaturik ez dauden edo hezkuntza- nahiz prestakuntza-sistemetan sartuta ez dauden gazte guztiek, hezkuntza formala amaitutakoan edo langabezian geratu ostean, enplegu-, hezkuntza- edo prestakuntza-eskaintza bat, ikastun-prestakuntza edo praktikaldia barne, jasotzeko aukera izatea Gazte Bermearen Sistemaren bitartez; sistema hori 88. artikuluaren a), b), c) eta d) letretan aipatzen diren entitateek garatuko dute, bakoitzak bere eskumen-eremuan.

Arreta eman ahalko zaie 97. artikuluan jasotako betekizunak betetzen dituzten gazteei, enplegu-eskatzaile gisa erregistratuta egon ala ez, eta arreta emango zaion pertsonaren ezaugarriak biltzeko profila egitearekin loturik egongo da.»

Hiru. 92. artikuluaren 4., 5. eta 6. zenbakiak honela geratzen dira idatzita:

«4. Tratamenduaren organo arduradunaren ebazpenen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Enpleguko Estatu Idazkaritzan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan aurreikusitako moduan eta epeetan.

5.Horrez gain, 88. artikuluaren a), b), c) eta d) letretan jasotako subjektuek beren fitxategi espezifikoetan duten informazioa erabili ahalko dute, beren eskumen- eremuan, Gazte Bermearen Sistema Nazionalean izena ematea eta informazioaren tratamendua errazagoak izan daitezen, baldin eta atal honetan ezarritako betekizunak betetzen badira. Nolanahi ere, fitxategi horietan 95. artikuluan adierazitako datu guztiak bildu beharko dira, fitxategiaren titularrak eska ditzakeen zehaztapen gehigarriak alde batera utzi gabe.

Aurreko paragrafoan aipatzen diren fitxategi espezifikoak eta haietarako irispidea Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak eta hura garatzeko xedapenek xedatutakoari loturik egongo dira.

Informazioa sartzeko erabilitako fitxategia gorabehera, erregistratutako datuak sistema informatiko bakar batean gordeko dira; sistema horrek sortutako informazioa bilduko du, eta beste sistema batzuekin integratzea ahalbidetuko du, 91. artikuluan aurreikusitakoa betetzen dela bermatzeko.

Enpleguko eta Gizarte Segurantzako Ministerioak aurreko paragrafoan ezarritakoa betetzeko mekanismoa ezarriko du.

6.88. artikuluaren a), b), c) eta d) letretan aipatzen diren entitate eta subjektuek fitxategirako irispidea eta behar duten informazioa izango dute, Gazte Bermearen Sistema Nazionalak eragindako ezinbesteko ekintzak garatu ahal izateko.»

Lau. 93. artikuluaren a), e) eta f) letrak honela geratzen dira idatzita:

«a) 88. artikuluaren a), b), c) eta d) letretan aipatzen diren entitateek, haien aplikazio-eremuan, Gazte Bermearen Sistema Nazionalean izena emanda dauden erabiltzaileen datuak gordetzeko eta horietara irispidea izateko euskarri izatea.»

«e) Erregistratutako gazte bakoitzaren oinarrizko profil bat izatea; 88. artikuluaren a), b), c) eta d) letretan aipatzen diren entitateek osatu ahalko dute profil hori, Gazte Bermea Ezartzeko Plan Nazionalean garatutako Jardunen Katalogo Bakarreko ekintza edo neurri bakoitzerako zehaztutako ezaugarrien ebaluazioarekin bat.»

«f) Ibilbideak prestatzeko eta betekizunak —deialdien edukiarekin eta horiek garatu ahalko dituzten ekintzekin bat eskatu beharrekoak— betetzen direla egiaztatzeko beharrezko duten informazioa ematea 88. artikuluaren a), b), c) eta d) letretan aipatutako subjektuei, Gazte Bermearen Sistema Nazionalaren onuradun diren erabiltzaileei arreta emango dieten entitate diren aldetik.»

Bost. 94. artikuluaren 1. eta 2. zenbakiak honela geratzen dira idatzita:

«1. Fitxategia euskarri elektronikoan ezarriko da, eta haren diseinua eta egitura zehazteko garaian, 88. artikuluaren a), b), c) eta d) letretan aipatzen diren entitateek Gazte Bermearen Sistema Nazionalaren eremuan egiten dituzten jardunak gauzatzeko eta justifikatzeko beharrezkoa duten informazioa eskuragarri izateko moduan egingo da. Halaber, kontsultak egin ahalko dira baliabide elektronikoen bitartez.

2.Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluak xedatutakoarekin bat etorriz, 88. artikuluaren a), b), c) eta d) letretan aipatzen diren entitateek fitxategiarekin egiten dituzten komunikazioak baliabide elektronikoen bitartez egin beharko dira, nahitaez.»

Sei. 95.1 artikuluaren a) eta g) letrak honela geratzen dira idatzita:

«a) 88. artikuluaren a), b), c) eta d) letretan aipatzen diren pertsona eta entitateek datu pertsonalak lagatzeko eta kontsultatzeko baimena.»

«g) Izena emanda dauden erabiltzaileen erantzukizunpeko adierazpena; horren bitartez, emandako datuak egiazkoak direla adierazten da eta Sistema eraginkorragoa izan dadin lortzeko modu aktiboan parte hartzeko konpromisoa sinatzen da. Enplegu-eskatzaileen kasuan, nahikoa izango da enplegu-zerbitzu publikoetan izena emanda egotea.»

Zazpi. 96. artikulua honela geratzen da idatzita:

«96. artikulua. IZEN-EMATEAREN XEDEA.

Gazte Bermearen esparruko ekintza baten onuradun izateko, izena emanda egon beharko da, 88. artikuluaren a), b), c) eta d) letretan aipatzen diren subjektuek lege honetan ezarritako betekizunak betetzen dituzten interesdunak identifikatu ahal izateko eta, arreta eman baino lehenago, interesdunen ezaugarriak —pertsonalak, hezkuntzaren eta prestakuntzaren arlokoak, lan-esperientziarenak, besteak beste— ezagutu ahal izateko, hain zuzen, garrantzitsuak izan daitezkeenak arreta emateko orduan.»

Zortzi 97. artikulua honela geratzen da idatzita:

«97. artikulua. IZENA EMATEKO BALDINTZAK.

Gazte Bermearen Sistema Nazionalean izena emateko honako baldintza hauek ezarri dira:

a)Espainiako nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko edo Europako Esparru Ekonomikoari buruzko Akordioa sinatu duten estatuetako edo Suitzako herritarra izatea, eta zirkulazio askea eta bizileku-eskubidea baliatuta badaude Espainian.

Espainiako lurraldean bizitzeko eta lan egiteko gaitzen duen baimenaren titular diren atzerritarrek ere izen-ematea egin dezakete.

b)Espainiako lurraldeko udalerri batean erroldatuta egotea.

c)16 urte baino gehiago eta 25 baino gutxiago izatea, edo 30 baino gutxiago, ehuneko 33ko edo gehiagoko desgaitasuna duten pertsonen kasuan, Gazte Bermearen Sistema Nazionalean izen-ematea egiten den momentuan, edo 25 urte baino gehiago eta 30 baino gutxiago izatea, Gazte Bermearen Sistema Nazionalaren fitxategian izen-ematea eskatzen den momentuan talde horren langabezia-tasa ehuneko 20 edo altuagoa bada, urteko azken hiruhilekoari dagokion Biztanleria Aktiboaren Inkestarekin bat.

d)Eskaera aurkeztu aurreko egun naturalean lanik egin ez izana.

e)Eskaera aurkeztu aurreko egun naturalean hezkuntza-ekintzarik jaso ez

izana.

f)Eskaera aurkeztu aurreko egun naturalean prestakuntza-ekintzarik jaso ez

izana.

g)Gazte Bermearen Sistema Nazionalean parte hartzeko interesa esanbidez adierazten duen adierazpena aurkeztea eta Gazte Bermearen esparruan garatzen diren jardunetan modu aktiboan parte hartzeko konpromisoa hartzea. Enplegu- eskatzaileen kasuan, nahikoa izango da enplegu-zerbitzu publikoetan izena emanda egotea.»

Bederatzi. Aldatu egiten dira 98. artikuluaren 3. eta 4. zenbakiak, eta 5. zenbaki berria gehitzen da; beraz, orain arte 5. zenbakia zena 6. zenbaki izango da. Honela geratzen dira idatzita:

«3. Gizarte-bazterketa jasateko arriskuan daudenek, gizarte-zerbitzuen ziurtagiri bidez behar bezala egiaztatuz gero, eta/edo ehuneko 33 edo gehiagoko desgaitasun-maila onartuta dutenek izen-ematea modu ez-telematikoan egiteko eskatu ahalko dute, Enpleguko eta Gizarte Segurantzako Ministerioak horretarako prestatutako inprimakia aurkeztuz Estatuaren Administrazio Orokorraren eta autonomia-erkidegoen erregistro bulegoetan, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan xedatutako entitateen bulegoetan.

4.Horrez gain, 88. artikuluaren a), b), c) eta d) letretan jasotzen diren subjektuek, Enpleguko eta Gizarte Segurantzako Ministerioarekin bat, izen-ematea egiteko mekanismo espezifikoak ezarri ahalko dituzte beren eskumen-eremuan. Nolanahi ere, izen-ematea egiteko betekizuntzat hartuko dira lege honen 97. artikuluan bildutakoak.

Hasierako informazioa sartzeko baliatu den izen-ematerako prozedura gorabehera, erregistratutako datuak sistema informatiko bakar batean gordeko dira; sistema horrek sortutako informazioa bilduko du, eta beste sistema batzuekin integratzea ahalbidetuko du.

Enpleguko eta Gizarte Segurantzako Ministerioak aurreko paragrafoan ezarritakoa betetzeko mekanismoa ezarriko du.

5.Enplegu-zerbitzu publiko batean enplegu-eskatzaile gisa izena emateak edo izen-ematea berritzeak berekin dakar Gazte Bermearen Sistema Nazionalean izena

ematea, 97. artikuluan jasotako betekizunak betetzen badira. Sisteman izena ematen den eguna bat etorriko da enplegu-eskatzaile gisa izena eman den egunarekin edo izen-ematea berritu den egunarekin.

Ondore horietarako, enplegu-eskatzaile gisa izena ematen den momentuan 97. artikuluaren g) letran ezarritako betekizuna betetzen dela ulertuko da.

Horrez gain, enplegu-zerbitzu publikoek eskatu ahalko dute honako hauen izen- ematea egin dadin Gazte Bermearen Sistema Nazionalean: 2013ko irailaren 1etik honako arau hau indarrean jarri arte enplegu-eskatzaile gisa izena emanda dauden pertsonena, 106. artikuluak jasotzen duen ekintzetako batean parte hartu badute eta, ekintzaren hasieran, 105. artikuluak jasotzen dituen betekizun guztiak betetzen bazituzten. Kasu horretan, izen-ematearen data ekintzaren hasiera-datarekin bat etorriko da. Era berean, enplegu-zerbitzu publikoek horren berri emango diete interesdunei, datuetan sartu, horiek aldatu, ezereztu eta haien aurka egiteko eskubidea baliatu ahal izan dezaten.

6.Eskatzaileak 97. artikuluan aipatzen diren Gazte Bermearen oinarrizko betekizunak betetzen dituela egiaztatu ostean, eskaera ebatzi egingo da, dagokion fitxategian erregistratuko da eta interesdunari jakinaraziko zaio. Bestela, eskaera ezetsi egingo da eta horren berri emango zaio interesdunari.

Interesdunak, formularioa baliatuz egindako izen-ematerako eskaeraren bidez, egiaztatzen ez badu 97. artikuluak jasotzen dituen betekizunak betetzen dituela, gabezia hori zuzentzeko eskatuko zaio.

Enpleguko eta Gizarte Segurantzako Ministerioan Europako Gizarte Funtsa administratzeko eskumenak esleituta dituen Zuzendaritza Nagusiak ebatziko ditu gaitutako fitxategian izen-emateari buruzko ebazpenak.

Fitxategian izen-ematea egitean amaitzen da Gazte Bermearen Sistema Nazionalean izena emateko prozedura. Tratamenduaren ardura duen organoaren ebazpenen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Enpleguko Estatu Idazkaritzan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan eta hurrengoetan aurreikusitako moduan eta epeetan.»

Hamar. 99. artikulua honela geratzen da idatzita:

«99. artikulua. ESKAERA-ZERRENDA BAKARRA.

1.Gazte Bermearen Sistema Nazionalaren arreta jaso nahi eta horretarako sortutako fitxategian izena emanda dauden pertsonekin eskaera-zerrenda bakarra osatuko da, eta 88. artikuluaren a), b), c) eta d) letretan aipatzen diren subjektuen esku egongo da; subjektu horiek mekanismo egokien bidez identifikatu beharko dira, eta euren jardunak Gazte Bermearen esparruan eta arau honetan xedatutakoaren arabera gauzatuko direla bermatu beharko da.

2.Zerrenda bakarra 88. artikuluaren a), b), c) eta d) letretan aipatzen diren subjektuek tratatu eta antolatuko dute, eta datuak erabiliko dituzte beren hautaketa- irizpideekin bat edo 90. artikuluan jasotako helburuak garatzeko ekintza edo deialdi propioen arauekin bat.

3.Gazte Bermearen Sistema Nazionalaren eskaera-zerrenda bakarraren tratamenduaren eta antolaketaren xedea zera da, 88. artikuluaren a), b), c) eta d) letretan aipatzen diren subjektuek ezarritako betekizunak betetzen dituzten eta Gazte Bermearen Sistema Nazionalean izena emanda dauden pertsonak identifikatzea; subjektu horien erantzukizuna izango da onuradunak hautatzea eta sortutako informazioa integratzea, sistema eguneratzearren.»

Hamaika. 100. artikuluaren 2. zenbakia honela geratzen da idatzita:

«2. 88. artikuluaren a), b), c) eta d) letretan eta 92. artikuluan aipatzen diren subjektuetako bakoitzak eskura dituen datuen egiazkotasuna egiaztatu beharko du, fitxategira igorri aurretik.»

Hamabi. 101. artikuluaren 2. eta 3. zenbakiak eta 4. zenbakiko lehen paragrafoa honela geratzen dira idatzita:

«2. Sisteman izena emanda dagoen erabiltzaileak baja har dezake edozein momentutan, eta, ekintza horren bidez, fitxategian baja den egunetik Gazte Bermearen Sistema Nazionalean parte hartzeari uko egiten dio.

3.Horrez gain, 88. artikuluaren a), b), c) eta d) letretan aipatzen diren subjektuek beren fitxategiak sortu badituzte, horietan izena emanda dauden erabiltzaileek sisteman baja hartzeko mekanismo espezifikoak ezarri beharko dituzte, bakoitzak bere eskumen-eremuan.

Baja hartzeko prozedurak gorabehera, datuak sistema informatiko bakar batean gordeko dira; sistema horrek sortutako informazioa bilduko du, eta beste sistema batzuekin integratzea ahalbidetuko du.

Enpleguko eta Gizarte Segurantzako Ministerioak zenbaki honetan ezarritakoa betetzeko mekanismoa ezarriko du.»

«4. Sisteman baja hartzea ofizioz gertatuko da izena emanda dagoen erabiltzaileak gehieneko adina betetzen duenean, hain zuzen, 97.c) artikuluarekin bat izena emateko momentuan aplikatu beharrekoa betetzen duenean, eta, aurretik,

88.artikuluaren a), b), c) eta d) letretan aipatzen diren subjektuek ezarritako neurriren baten onuradun izan bada.»

Hamahiru. 102. artikulua honela geratzen da idatzita:

«102. artikulua. Datuetan sartzea, datuak zuzentzea, ezereztea eta datuen aurka egitea.

Interesdunek datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko, ezerezteko eta datuen aurka egiteko eskubideak baliatu ahal izango dituzte Enpleguko eta Gizarte Segurantzako Ministerioan Europako Gizarte Funtsa administratzeko eskumena esleituta duen Zuzendaritza Nagusiaren aurrean, abenduaren 21eko 1720/2007 Errege Dekretuaren bidez onartutako Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa garatzen duen Erregelamenduaren III. tituluan xedatutako baldintzetan.

Horrez gain, 88. artikuluaren a), b), c) eta d) letretan jasotako eta beren fitxategiak sortu dituzten subjektuek horietan sartzeko, horiek zuzentzeko, ezerezteko eta horien aurka egiteko mekanismo espezifikoak ezarri beharko dituzte, beren eskumen-eremuan eta aurreko paragrafoan xedatu bezala.

Edozein kasutan, aurreko paragrafoak jasotzen dituen fitxategietako datuen tratamendua eta horietan sartzea Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak eta haren garapenerako xedapenek xedatutakoaren mende egongo dira.»

Hamalau. 103. artikulua honela geratzen da idatzita:

«103. artikulua. Datuak lagatzea.

1.Izen-ematea 98. artikuluan xedatutako prozeduren bidez eginez gero, 88. artikuluaren a), b), c) eta d) letretan jasotako subjektuek beren artean datu pertsonalak elkarri trukatu eta lagatzeko baimena izango dute.

2.Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta gai horren inguruko gainerako xedapen arautzaileetan xedatutako baldintzetan eta berme guztiekin laga beharko dira datuak.

3.Datuak trukatzeko prozesuaren euskarria, formatua eta bestelako ezaugarriak Enpleguko eta Gizarte Segurantzako Ministerioak finkatuko ditu Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioari eta Gazte Bermearen Sistema Nazionalaren barruan jardunak garatzeko ardura duten alderdiei kontsulta egin ondoren.»

Hamabost. 105. artikuluaren 1., 2. eta 5. zenbakiak honela geratzen dira idatzita:

«1. 106. artikuluan aurreikusitako neurri edo ekintzen onuradun izateko, eskaera-zerrenda bakarrean izena emanda eta sartuta egotea beharrezkoa izateaz gain, 88. artikuluaren a), b), c) eta d) letretan aipatzen diren subjektuetako edozeinek egiten dituen ekintzetan edo deialdietan eskatzen diren betekizun espezifikoak bete beharko dira.

Gazte Bermearen Sistema Nazionalean izen-ematea egin denetik lau hilabete pasa direnean, eta edozein arreta mota egin aurretik, egiaztatu egin beharko da gazteak izen-ematea egin ahal izateko eskatutako betekizunak betetzen jarraitzen duela, hau da:

a)Jarduna jaso aurreko egun naturalean lanik egin ez izana.

b)Jarduna jaso aurreko egun naturalean hezkuntza-ekintzarik jaso ez izana.

c)Jarduna jaso aurreko egun naturalean prestakuntza-ekintzarik jaso ez izana.

Zenbaki honen b) eta c) letretan aurreikusitako betekizunak ez dira aplikatu beharko 106. artikuluaren c) eta d) letretan aurreikusitako neurriak baliatzeko, ez eta 107., 108. eta 109. artikuluetan aurreikusitako pizgarriak baliatzeko ere.

106.artikuluan aurreikusitako neurriren edo ekintzaren baten onuradunen kasuan, 2017ko urtarrilaren 1erako Gazte Bermearen Sistema Nazionalean izena emanda ez badaude, 98. artikuluaren bosgarren zenbakian ezarritakoa aintzat hartuko da.

2.Eskaera-zerrenda bakarra abiapuntu hartuta garatzen den arreta-prozesua

88.artikuluaren a), b), c) eta d) letretan aipatzen diren subjektuek burutuko dute, bakoitzak bere eskumen-eremuan.»

«5. Arreta egindako subjektutzat joko dira 1. zenbakian deskribatutako betekizunak betetzen dituzten, onuradun izatea onartu duten eta garatzen diren jardunetakoren bat jaso duten subjektuak. Eskainitako jardun-proposamenari uko eginez gero, 88. artikuluaren a), b), c) eta d) letretan aipatzen diren subjektuek egoera aztertuko dute eta, onuradun izateko hautatu ostean, modu aktiboan parte hartzeko baldintza betetzen ez duten subjektuei beste jardun batzuk eskaintzea komeni ote den erabakiko dute.»

Hamasei. 112. artikulua honela geratzen da idatzita:

«112. artikulua. Koordinazioa eta jarraipena.

a)Gazte Bermearen Sistema Nazionala ezartzeko eta garatzeko jardunak eta jarraipena Enplegu eta Lan Gaietarako Konferentzia Sektorialaren eremuan koordinatuko dira, Gazte Bermearen Sistema Nazionalaren Jarraipenerako eta Ebaluaziorako egiteko Ordezko Batzordearen bitartez.

Batzorde horrek Gazte Bermearen Sistema Nazionala gauzatzeko garatu behar diren jarduerak kontrolatzeko, koordinatzeko eta laguntzeko eskumenak izango ditu esleituta. Aipatutako eskumen horiek baliatzeko beharrezko iritzitako lantalde espezifikoak sortu eta garatu ahal izango ditu.

Batzordean, gehienez ere, Enplegu eta Lan Gaietarako Konferentzia Sektorialean parte hartu duen autonomia-erkidego bakoitzeko hiru ordezkari egongo dira, enpleguaren, hezkuntzaren, gizarte-zerbitzuen eta/edo gazteen eremuetakoak, bai eta autonomia-erkidegoetako Europako Gizarte Funtsaren bitarteko organismoak eta lan-arloko solaskideak ere. Era berean, Batzordeko kide izango dira Enpleguko eta Gizarte Segurantzako Ministerioak Europako Gizarte Funtsa administratzeko eskumenak esleituta dituen Zuzendaritza Nagusiaren eremutik eta Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren eremutik izendatzen dituenak, Hezkuntza, Kultura eta Kiroleko Ministerioko ordezkari bat, Osasuneko, Gizarte Zerbitzuetako eta Berdintasuneko Ministerioko ordezkari bat, eta gaia dela-eta eskudun den beste edozein kide.

Aurrekoa gorabehera, adierazitakoak ez diren beste subjektu batzuk ere izan daitezke batzordekide, Batzordeak halakorik erabakiz gero eta berak erabakitzen duen irismen eta ordezkagarritasunarekin.

Enpleguko eta Gizarte Segurantzako Ministerioaren Enpleguko Estatu Idazkaritzako titularra izango da batzordeburu, eta bera ez dagoenean, Europako Gizarte Funtsa administratzeko eskumenak esleituta dituen Zuzendaritza Nagusiko titularra.

Batzorde hori hiru hilean behin bilduko da, gutxienez.

b)Horrez gain, autonomia-erkidegoek koordinazio-bideak ezarri ahalko dituzte, beren eskumen-eremuan, 88. artikuluaren a), b), c) eta d) letretan aipatzen diren subjektuek erkidego horien lurraldeetan burutzen ari diren jardunak ezagutzeko. Enpleguko eta Gizarte Segurantzako Ministerioak ordezkari bat izendatuko du horretarako.»

Hamazazpi. 113. artikuluaren 1. zenbakia honela geratzen da idatzita:

«1. Lege honen IV. tituluaren I. kapituluan arautzen diren prozedurak, lehenik, legean bertan eta, hala badagokio, berau garatzeko arauetan bildutako aginduen araberakoak izango dira, eta subsidiarioki, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean eta gainerako arau osagarrietan xedatutakoaren araberakoak.»

II. KAPITULUA

Gazte Bermearen Sistema Nazionalean izena emanda dauden gazteen

murriztapenak hobari bihurtzea

2.artikulua. Lan Autonomoaren Estatutuaren uztailaren 11ko 20/2007 Legea aldatzea.

Lan Autonomoaren Estatutuaren uztailaren 11ko 20/2007 Legearen 31. artikuluari 6. zenbakia gehitzen zaio —2017ko urtarrilaren 1etik izango ditu ondoreak—, eta honela geratzen da idatzita:

«6. Artikulu honetan aurreikusten den kotizazio-mailako onura hobari bat izango da; autonomo diren eta Gazte Bermearen Sistema Nazionalean izena emanda dauden langileei aplikatuko zaie hobari hori, Hazkuntza, lehiakortasuna eta efizientzia sustatzeko urgentziazko neurriak onartzen dituen urriaren 15eko 18/2014 Legearen 105. artikuluak ezarritako betekizunak betetzen badituzte, eta 1. zenbakian aurreikusitako pizgarriak aplikatu bezala aplikatuko da; gainera, 2. zenbakian jasotako hobari gehigarrirako eskubidea ere izango dute.»

3.artikulua. Lan Merkatua Erreformatzeko Premiazko Neurrien uztailaren 6ko 3/2012 Legea aldatzea.

Lan Merkatua Erreformatzeko Premiazko Neurrien uztailaren 6ko 3/2012 Legearen 3. artikuluari 5. zenbakia gehitzen zaio —2017ko urtarrilaren 1etik izango ditu ondoreak—, eta honela geratzen da idatzita:

«5. Enpresen kargura Gizarte Segurantzari egin beharreko kotizazioei loturik artikulu honetan aurreikusitako onura hobaria izango da, kontratatzen den langilea Gazte Bermearen Sistema Nazionalean izena emanda badago eta Hazkuntza, lehiakortasuna eta efizientzia sustatzeko urgentziazko neurriak onartzen dituen urriaren 15eko 18/2014 Legearen 105. artikuluak ezarritako betekizunak betetzen baditu, eta hobari hori aurreko zenbakietan aurreikusitako murriztapenak bezala aplikatuko da.»

Xedapen iragankor bakarra. Murriztapenak hobari bihurtzea.

Lan Autonomoaren Estatutuaren uztailaren 11ko 20/2007 Legearen 31. artikuluak eta Lan Merkatua Erreformatzeko Premiazko Neurrien uztailaren 6ko 3/2012 Legearen 3. artikuluak xedatutakoarekin bat, 2017ko urtarrilaren 1a baino lehenagotik baliatzen ziren murriztapenak gizarte-kotizazioetako hobari izatera pasako dira egun horretatik aurrera, Gazte Bermearen Sistema Nazionalean izena emanda dauden eta Hazkuntza, lehiakortasuna eta efizientzia sustatzeko urgentziazko neurriak onartzen dituen urriaren 15eko 18/2014 Legearen 105. artikuluan ezarritako betekizunak betetzen dituzten langileen kasuan; hala ere, horrek ez du ondorerik izango halakoak baliatzen zituzten enpresaburuei dagokienez.

Azken xedapenetatik lehena. Eskumen-titulua.

Honako errege-lege dekretu hau Konstituzioaren 149.1.7, 149.1.13 eta 149.1.17 artikuluetan xedatutakoaren babespean ematen da, horiek ematen baitiote Estatuari honakoen gaineko eskumen esklusiboa: lan-arloko legeriaren gainekoa, nahiz eta, autonomia-erkidegoetako organoak exekuzioaz arduratu ahalko diren; ekonomia- jardueraren planifikazio orokorraren oinarrien eta koordinazioaren gainekoa; Gizarte Segurantzaren ekonomia-araubidearen gainekoa, nahiz eta, autonomia-erkidegoek haren zerbitzuak exekutatu ahalko dituzten.

Azken xedapenetatik bigarrena. Aplikatzeko eta garatzeko ahalmenak.

Enpleguko eta Gizarte Segurantzako Ministerioaren titularrari ahalmena ematen zaio errege lege-dekretu honetan ezarritakoa garatzeko eta gauzatzeko beharrezkoak diren xedapenak emateko.

Halaber, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren Zuzendaritza Nagusiaren titularrari ahalmena ematen zaio, bere eskumen-eremuan, errege lege-dekretu hau aplikatzeko beharrezkoak diren ebazpenak emateko.

Azken xedapenetatik hirugarrena. Indarrean jartzea.

Errege lege-dekretu hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Madrilen, 2016ko abenduaren 23an.

FELIPE e.

Gobernuko presidentea,

MARIANO RAJOY BREY

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra