Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Octava ediciión Premios Adrián Celaya

Administrazio zuzenbidea  >>  Legeria  >> Gizarte-zerbitzuak

6/2020 Errege Lege Dekretua, martxoaren 10ekoa, zeinaz presako neurri batzuk hartzen baitira ekonomiaren arloan eta osasun publikoa babesteko.

2020-03-10

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 03/11/2020, 62. zk.

I. XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

3434    6/2020 Errege Lege Dekretua, martxoaren 10ekoa, zeinaz presako neurri

batzuk hartzen baitira ekonomiaren arloan eta osasun publikoa babesteko.

I

Errege lege-dekretu hau premiazko neurri batzuk ezartzera dator, batez ere bi arlo espezifikotan, ekonomian eta osasun publikoan, biek ere bat-bateko erantzuna behar dute-eta une hauetan.

Zehazki, honako lege hauek aldatuko ditu: 1/2013 Legea, maiatzaren 14koa, hipoteka-zordunen babesa, zorraren berregituratzea eta alokairu soziala indartzeko neurriei buruzkoa; 9/2012 Legea, azaroaren 14koa, kreditu-erakundeak berregituratu eta suntsitzeari buruzkoa; eta 84/2015 Errege Dekretua, otsailaren 13koa, honako lege hau garatzen duena: 10/2014 Legea, ekainaren 26koa, kreditu-entitateen antolamendu, gainbegiraketa eta kaudimenari buruzkoa.

Maiatzaren 14ko 1/2013 Legea krisi ekonomiko eta finantzarioak eragindako salbuespenezko egoerei erantzuteko onartu zen; krisiaren ondorioz, ohiko etxebizitza erosteko hipoteka-mailegu bat kontratatu zuen jende askok zailtasunak zeuzkalako betebeharrei aurre egiteko. Lege horrek aurreikusitako neurrietako bat izan zen, hain justu, etenda lagatzea inor etxetik botatzeko egintzak, baldin eta egoera bereziki zaurgarrian daudenak eragiten bazituzten.

Ia zazpi urte bete diren arren maiatzaren 14ko 1/2013 Legea onartu zenetik, eta, lehengoz, kolektibo bereziki zaurgarriak haien ohiko etxetik botatzeko egintzak eten zirenetik, zordun asko eta haien familiak kinka larrian dira oraindik ere.

Hori dela-eta, ekonomiaren, gizartearen eta koiunturaren aldetik, aparteko beharrizana dago inor etxetik botatzeko egintzen etenaldia oraindik ere gehiago luzatzeko, hain zuzen, beste lau urtez, 2024ko maiatza arte, bai eta kolektibo zaurgarri kontzeptua bera doitzeko ere, egoera bereziki zaurgarrian dauden, baina oraindik ere etenaldiaren onuradun ez diren zordunak babesteko.

Hala, kolektibo jakin batzuetako jendearen ohiko etxebizitza adjudikatzea lekarkeen hipoteka betearazteko edozein prozesu judizial edo judizioz kanpoko edozein salmenta neurri honen eraginpean izango da aurrerantzean. Horrenbestez, maiatzaren 14ko 1/2013 Legeak eragotzi egingo du inor etxetik botatzeko egintza gauzatzea egoera zaurgarrian daudenak eragiten baditu, baina hipoteka betearazteko prozedurari eragin gabe.

Inor etxetik botatzeko egintzak eteteak mesede egingo die egoera bereziki zaurgarrian daudela-eta aparteko babesa behar dutenei, maiatzaren 14ko 1/2013 Legearen 1. artikuluan zehaztutakoaren arabera. Gaur egun indarrean dagoen arauaren ildotik, honako hauek dira aparteko babesa behar dutenak: familia ugariak; ardurapean seme-alabak dituzten guraso bakarreko familiak, edo adingaberen bat duten familiak; % 33ko desgaitasun-maila edo handiagoa aitortuta duen kideren bat, mendekotasun-egoeran dagoen kideren bat edo lanean jarduteko behin betiko ezgaitasun egiaztagarria dakarkion gaixotasuna duen kideren bat duten familiak; hipoteka-zorra bere gain daukan kidea langabezian daukaten familiak; etxebizitza berean, hipotekaren titularrarekin edo haren ezkontidearekin odolkidetasunezko edo ahaidetasunezko hirugarren mailara arteko senidetasuna duen pertsonaren bat edo batzuk bizi diren familiak, baldin, pertsona horiek lanerako aldi baterako ezintasuna edo ezintasun iraunkor egiaztatua eragiten dien desgaitasunen bat, mendekotasun-egoeraren bat edo gaixotasun larriren bat badute; eta genero-indarkeriaren biktimaren bat duten familiak. 60 urtetik gorako zordunak ere neurri honen onuradun izango dira.

Gainera, errege lege-dekretu honek zabaldu egingo ditu onuradun izateko aukerak: batetik, egoera bereziki zaurgarrian daudenen artean sartuko ditu guraso bakarreko familiak, nahiz seme-alaba bakarra izan ardurapean, eta, bestetik, familia bakoitzeko diru-sarrera maximoaren gehienezkoa handituko du -hori delako zaurgarritasuna zehazteko erabiltzen den erreferentzia, Eragin Anitzeko Errentaren Adierazle Publikoari begira, familian zenbat seme-alaba diren eta guraso bakarreko familia ote den aintzat hartuta-. Arauaren aplikazio-eremua ere zabaldu egingo du, inor etxetik botatzeko egintzen etenaldiak indarra izan dezan etxebizitzaren adjudikazioa edonork jaso duela ere, edozein pertsona fisikok nahiz juridikok; eta ez etxea hartzekodunari edo haren kontura dabilenari adjudikatu zaionean bakarrik, orain arte bezala.

  • II

Azaroaren 14ko 9/2012 Legea ere aldatuko da; Sociedad de Gestion de Activos Procedentes de la Reestructuracion Bancaria, SA (SAREB) sozietatearen araubide juridikoari dagokiona, zehazki. Sozietate hori 2012an eratu zen, kreditu-erakundeak berregituratu eta suntsitzeari buruzko abuztuaren 31ko 24/2012 Errege Lege Dekretua onartzearekin bat. Gerora, azaroaren 14ko 9/2012 Legeak (aktiboak kudeatzeko sozietateen araubide juridikoa ezartzeko azaroaren 15eko 1559/2012 Errege Dekretuak garatu zuenak) konbalidatu eta ordeztu zuen arau hura. SAREB sozietate anonimoak baditu zenbait bereizgarri, bere helburu sozial berezitik eratorriak. Helburu hori, hain justu, transferituta jasota dituen aktiboen zorroaren likidazioa ahalik eta baldintza onenetan burutzea da, eta bere jarduerak dakarren interes publikoaren alde jardutea. Bi helburu horiek bete beharrez, SAREBek araubide juridiko berezia dauka -nahiz, orokorrean, kapitaleko merkataritza-sozietateen gaineko araudiaren arabera taxutzen den- bere helburu soziala betetzeko ezinbestekoak diren alderdi batzuetan.

Orain arte, dagokion mandatua ondo betetzen ari da SAREB. Horrez gain, bere erantzukizun sozial korporatiboaren barruan hala dagokionez, etxebizitza soziala sustatzeko programa bat ere badu, helburu sozialetarako 4.000 etxebizitzaz osatua. Luze gabe handitu eta osatu nahi luke etxebizitza-parke hori, eta hala egingo du sozietateak aurrerantzean ere funtzionatzerik eta lana betetzerik baldin badu behintzat.

Bere helburuak betetzen jarraitze aldera, eta SAREBek bere oinarrizko likidazio-lana normal burutzeko modua izango badu, ezinbestekoa da berehala osatzea sozietate honi eragiten dion araubide juridikoa, azaroaren 14ko 9/2012 Legearen zazpigarren xedapen gehigarria aldatuta. Hartara, aldaketa hori eginez gero, ez legoke aplikatu beharrik Kapitaleko Sozietateen Legearen testu bategineko 363.1.e) artikuluak xedatutakoa (uztailaren 2ko 1/2010 Legegintzako Errege Dekretuak onetsi zuen testu bategin hori). Hain justu, 363.1.e) artikuluak dio disoluzioa egin beharko dela ondare garbia kapital sozialaren erdira baino gutxiagora murrizten bada. Suntsitzeko kausa hori ez zaio SAREBi aplikatu behar legezko mandatua dagoelako, zeinak baitio transmitituta jaso dituen eta bere ondare gordineko parte diren aktibo guztien desinbertsioa epe jakin batean eta balioa ahalik eta gehien errekuperatzeko moduan egin behar duela. Ezaugarri berezi hori dela-eta, ezinbestekoa da sozietatearen araubide juridiko berezira egokitzea kapitaleko merkataritza-sozietateei oro har egotzita dauden disoluzio-kausak, gainerako merkataritza-sozietateak, SAREBek ez bezala, epe mugagabean jarduten baitira, alegia, aktiboak likidatzeko asmorik gabe, eta hori da, hain justu ere, SAREBen helburua.

  • III

Errege lege-dekretu honek, halaber, otsailaren 13ko 84/2015 Errege Dekretua aldatuko du. Zehazki, errege-dekretu horretako laugarren xedapen gehigarria aldatuko du, dagoeneko eratuta dauden finantza-erakundeen artetik erakunde mota gehiagok eskatu ahal izan dezan banku bihurtzea. Gaur egun indarrean dagoen idazkeraren arabera, bi motatako entitate bihur daitezke banku: kreditu-kooperatibak eta kredituko finantza-establezimenduak. Alabaina, ezinbestekoa da eraldatzea eska dezaketen finantza-erakundeen kategoriak zabaltzea.

Lehenik eta behin, beharrezkoa da Europar Batasunaren eta Erresuma Batuaren negoziazioak eragindako ziurgabetasunagatik, litekeena delako bi horien arteko harremanak arautzeko adostasunik ez izatea trantsizio-aldia amaitu eta gero, hau da, 2020ko abenduaren 31tik aurrera. Horren gorabeheran, finantza-erakundeek negozio-eredua aldatu beharko lukete eta Espainian beraien finantza-negozioak ugaritzeko baimena lortzeko prozesua martxan jarri. Behar horiek ikusita, banku bihurtzeko aukera izatea ezin hobea litzateke. Finantza-sektoreak azken urteetan izan duen bilakaeran, joera argia ikusten ari gara hainbat herrialdetan: ordainketa-erakundeak, diru elektronikokoak edo inbertsio-zerbitzuetako enpresak tamaina jakin batera iristen direnean, banku bihurtuta haztea aukeratzen dute, horri esker, banku zentralaren finantzaketa edo publikoaren gordailuen bitarteko finantzaketa eskura dezaketelako eskakizun zorrotzagoak betetzearen trukean. Erresuma Batua Europar Batasunetik irten dela-eta erakundeak birkokatzeko erabakiak aztertzen ari diren garai honetan, premiazkoa eta beharrezkoa da erakunde horien lehiarako desabantaila ezabatzea, alegia, eraldaketa-prozedura batean hasi beharrean banku-filialak eskuratu behar izateak edo berregituratu behar izateak dakarren desabantaila ezabatzea, Europar Batasuneko gainerako herrialdeek ez dute-eta hala egin beharrik. Kontuan hartu behar da, gainera, Erresuma Batua Europar Batasunetik ateratzeko aldi iragankorra abenduan amaituko den arren, nonbait kokatzeko hartutako erabakiak zenbait hilabeteren buruan gauzatuko direnez, beharrezkoa dugula erreforma hau berehala taxutzea, erakundeek nahikoa denbora izan dezaten eraldaketa burutzeko.

Bigarrenik, banku bihurtzeko ezintasun hori Europar Batasuneko gainerako estatu kideek ez duten hemen-hemengo berezitasuna delako, eta horrek Espainiako finantza-sistemaren lehiakortasuna nabarmen kaltetzen duelako. Hain zuzen ere, enpresa horiek gero eta mugigarritasun geografiko handiagoa dutenez (asko eta asko beren egoitza soziala Europar Batasuneko beste estatu kide batzuetara eramatea aztertzen ari dira gaur egun), erabat ezinbestekoa da arau-esparru argia eta egonkorra izatea, zeinak inbertsioaren inguruko erabakiak baldintzatzen baititu.

Hirugarrenik, orain, kreditu-erakundeen zuhurtziazko araubidea aplikatu edo kreditu-erakunde gisa baimena eskatu behar delako, muga jakin batzuk gaindituz gero; izan ere, inbertsio-zerbitzuetako enpresetarako zuhurtziazko araubide berria ezarri zen Europako arau hauek onartu ondoren: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2019ko azaroaren 27ko (EB) 2019/2034 Zuzentaraua eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2019ko azaroaren 27ko (EB) 2019/2033 Erregelamendua.

Gogoan izan behar dugu banku bihurtzea duten erakunde-kategoria zabalduta ere, ez direla galduko beharrezko garantiak ziurtatzeko, batetik, eraldaketak ez dituela kaltetuko, inondik ere, inbertsoreen eskubideak eta interesak eta, bestetik, ez dela kolokan jarriko Espainiako finantza-sistemaren egonkortasuna. Lehenik eta behin, aukera hau bestelako finantza-erakunde batzuetara ere zabalduko delako, hain zuzen, beren araubide juridikoagatik, printzipioz bankuen lege-araubide zorrotzari erantzuteko moduan dauden erakundeetara. Eta bigarrenik, logikoa denez, gainbegiratzen jarduten diren agintaritzak aurrerantzean ere baimena emango dutelako eraldaketa hori burutzeko, baldin eta kasu jakin bakoitzean aplikatzekoa den baimenak dakartzan gainerako legezko nahiz arauzko betekizunak betetzen badira.

  • IV

Munduko Osasun Erakundeak joan den urtarrilean adierazi zuenetik COVID-19k eragindako egoera nazioarteko osasun publikoko larrialdia zela, eta gure herrialdean lehengo kasuak agertu ahala, beharrezkoa dugu orain, atzeratzen jardun gabe, zenbait neurri hartzea, isolamenduaren eta gaixotasunaren ondorioz baja hartu duten langileen babes soziala ziurtatzeko, eta osasun-sistema nazionalak beharrezko dituen materialak behar bezala hornituko direla ziurtatzeko.

Bereziki, alde batetik, gaixotasuna zabaltzea eragozteko eta norberaren edo besteren kontura jarduten diren langileen babes sozialari bere horretan eusteko, ezarri behar da COVID-19 birusaren ondorioz langileak isolatuta edo kutsatuta egon diren tartea lan-istripuaren pareko egoeratzat hartuko dela, Gizarte Segurantzako sistemaren aldi baterako ezintasunagatiko prestazio ekonomikoaren ondorioei dagokienez.

Beste alde batetik, hornidurarik gabe ez geratzeko neurriak hartu beharrez, Osasun Publikoaren Arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoak laugarren artikuluaren a) letran aurreikusita dauka sendagai edo osasun-produktu bat behar bezala hornitzea bereziki zaila bada, eta ahalik eta ondoen banatuko dela bermatze aldera, Estatuko Osasun Administrazioak aukeran izango duela, aldi batez, administrazioaren bitartez zentralizatutako hornidura ezartzeko.

Hala ere, gure osasun-sistema nazionalean hornidura behar bezala burutzeko dauden aparteko zailtasunak direla-eta sendagaien eta osasun-produktuen hornidura zentralizatua egiteko Estatuari emandako ahalmena ez da nahikoa gure osasun-sistema nazionalean COVID-19 prebenitzeko behar den materiala egoki hornituko dela ziurtatzeko, eta ahalmen hori zabaldu egin beharko da, osasun-produktu ez diren baina osasuna babesteko beharrezkoak diren beste produktu batzuk ere multzo horretan sartzeko, Osasun-produktuak arautzen dituen urriaren 16ko 1591/2009 Errege Dekretuan aurreikusitakoaren arabera. Hori dela-eta, ezinbestekoa dugu aipatutako Lege Organiko hori aldatzea.

  • V

Errege lege-dekretu honek azalpenen zati bat eta xedapenen zati bat ditu, eta bost artikulu eta bi azken xedapen biltzen dituen bi kapitulutan egituratuta dago.

Aurreneko kapituluan, lehenengo, bigarren eta hirugarren artikuluak datoz. Lehenengo artikuluak azaroaren 14ko 9/2012 Legearen zazpigarren xedapen gehigarria aldatzen du, uztailaren 2ko 1/2010 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kapital Sozietateen Legearen testu bateginaren 363.1.e) artikuluan aurreikusitakoa SAREBi ez aplikatzeko.

Bigarren artikuluak maiatzaren 14ko 1/2013 Legea aldatzen du, inor etxetik botatzeko egintzak eteteko epea luzatzeko eta etenaren onuradun direnen kolektiboa zabaltzeko. Ildo horretan, inor etxetik botatzeko egintzen etenaldia beste lau urtez luzatuko da egoera bereziki zaurgarrian dauden pertsonentzat, baldin eta hipoteka betearazteko prozesu judizial edo estrajudizial baten ondoren etxebizitza norbaiti adjudikatu bazaio, edonori, ez soilik hartzekodunari edo haren kontura jarduten duen hirugarren bati (aldatu aurreko testuan horrela zegoen jasota). Aldi berean, kolektibo zaurgarrien multzoan sartu dira beren ardurapean ume bakarra duten guraso bakarreko familiak ere. Azkenik, neurriaren onuradun izateko diru-sarreren muga ere gorago jarri da, familia-unitatearen ardurapeko seme-alaba bakoitzeko 0,15 bider IPREM izango baita guraso bakarreko familientzat edo 0,10 bider IPREM, gainerako familientzat.

Hirugarren artikuluak otsailaren 13ko 84/2015 Errege Dekretua aldatzen du, eta dagoeneko eratuta dauden eta banku bihurtzeko eskatzerik izango duten finantza-erakunde motak ugaritu.

Bestalde, bigarren kapituluak laugarren eta bosgarren artikuluak biltzen ditu. Laugarren artikuluak Osasun Publikoaren Arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoa aldatzen du, Estatuak sendagaiak ez diren bestelako osasun-produktuen hornidura zentralizatuta burutu dezan. Azkenik, bosgarren artikuluak, osasun publikoa babestearren, lan-istripuaren parekotzat jotzen ditu COVID-19 birusaren ondorioz langileak kutsatuta dauden edo isolatuta egon behar duten aldiak, baina Gizarte Segurantzako sistemaren aldi baterako ezintasunagatiko prestazio ekonomikoa jasotze aldera soilik.

Azken xedapenetako lehenak otsailaren 13ko 84/2015 Errege Dekretuan egindako aldaketen maila bere horretan uzten du, aukera emanez gerora errege-dekretu bidez aldatzeko. Azken xedapenetako bigarrenak, bestalde, araua indarrean jartzearenak lantzen ditu.

  • VI

Errege lege-dekretu bidez neurri ekonomikoak hartzeak Konstituzio Auzitegiaren bermea du, betiere neurri horiek hartzeko beharra argia eta arrazoitua izan bada -hots, egoera ekonomikoa dela-eta berehalako erantzuna eman beharra egon bada- eta horretarako premia egon bada -hots, dena delako neurria araudi-bide arruntetik izapidetuz gero, prozedura luzatzen bada eta horrek kalteren bat ekartzen badu-.

Errege lege-dekretua, Konstituzioaren arabera, zilegizko tresna da, baldin eta presako legegintza justifikatzen duen helburua honako hau bada: Gobernuaren helburuen barruan, egoera jakin bat diruz laguntzea, aurreikusteko zailak diren arrazoiak direla-eta berehala araugintza-ekintza bat egin behar bada, legeak Parlamentuan izapidetzeko bide normalak edo presako prozedurak eskatzen duena baino epe laburragoan, are gehiago prozedura hori Gobernuaren esku ez badago. Helburuak halakoa izan behar duela behin eta berriz galdegin du Konstituzio Auzitegiak, honako epai hauen bitartez: otsailaren 4ko 6/1983 epaia, 5. oinarria; urtarrilaren 17ko 11/2002 epaia, 4. oinarria; uztailaren 3ko 137/2003 epaia, 3. oinarria, eta uztailaren 7ko 189/2005 epaia, 3. oinarria:

Azaldu dugunez, errege lege-dekretu hau onartzea justifikatzen duten aparteko eta presazko beharrizanaren inguruabarrak badaude kasu honetan, Espainiako Konstituzioaren 86.1 artikuluak zehazten dituenak zehazki. Gaur egun oraindik ere beharrezkoa da zorigaitz ekonomikoa jasaten ari diren familien egoerari erantzutea, eta, horregatik, bidezkoa da maiatzaren 14ko 1/2013 Legeari aldaketak egitea. Aurreikusita dagoenaren arabera, epea 2020ko maiatzaren 15ean amaituko denez, erabat justifikatuta dago errege lege-dekretura jotzea eta tresna-arauemailetzat erabiltzea epe hori beste lau urtez luzatzeko. Halaber, neurria onartu zenetik, 2012. urtetik, orain bitartean zaurgarritasun-atalasea doitu ez denez, baliteke benetan kolektibo horretako kide direnak arrazoirik gabe etxetik botatzea eragin izana.

Era berean, inguruabar horiek berak izan dira azaroaren 14ko 9/2012 Legearen zazpigarren xedapen gehigarriaren aldaketa eragiteko ere. SAREBi sorreran ezarri zitzaion epearen erdia baino pixka bat gehiago igaro den honetan (azaroaren 15eko 1559/2012 Errege Dekretuak 15 urteko iraupena ezarri zion, 2027ko azaroaren 28ra arte), gaur egun iritsita duen desinbertsio-maila kontuan hartuta, eta higiezinen merkatuak (aldakor samarra denez) eragindako arriskuak aintzat hartuta, beharrezkoa da SAREBen disoluzioa eragingo lukeen legezko kausak saihestea, halako kausaren bat izanez gero, ezingo lukeelako bere jarduera normal garatu eta, azken batean, ezta bete behar zituen helburu denak bete ere. Zehazki, baliteke epe laburrean burutzeko asmoa duen etxebizitza sozialak sustatzeko programa bertan behera geratzea, nahiz programa hori garatzea eta ezartzea oso mesedegarria izan gizarterako kontuan hartzen bada nola dagoen higiezinen merkatua gaur egun.

Aparteko eta presazko beharrizanezko kausak ere badira hirugarren artikuluak ezarritako araubide berrian. Horren bidez, aukera badago finantza-erakunde eta sukurtsal jakin batzuek Espainian egiten dituzten jarduerak era ordenatuan eraldatzeko eta zabaltzeko, Europar Batasunaren eta Erresuma Batuaren artean etorkizuneko harremanei buruzko akordiorik lortuko ez balitz ere. Xedapen honek erabat berdindu du banku bihurtzeko araubidea honako hauentzat guztientzat: kreditu-kooperatibak, kredituko finantza-establezimenduak, balore-sozietateak, ordainketa-erakundeak eta diru elektronikoko erakundeak. Gaurko koiuntura ekonomikoan, Erresuma Batua Europar Batasunetik irtetekoa den honetan, inbertsioak eta enpresak erakartzeko lehia handia piztu da, eta berehala neurriak hartzera behartuta gaude. Arriskuak nahiz aukerak dakartzan testuinguru horretan, xedapen hau legegintzako bide arruntaren bidez izapidetzeak desabantaila eragingo lioke Espainiako finantza-sistemari inguruko herrialdeen aldean. Gainera, Erresuma Batua gure atzerriko zuzeneko inbertsioaren lehen helmuga da, finantza-sektorean oso kontzentratuta baitago; beraz, Batasunetik irtengo balitz, baliteke eragin nabarmena jasatea gure finantza-sisteman.

Errege lege-dekretu honen laugarren eta bosgarren artikuluei dagokienez, gaur egun COVID-19a geldiarazten eta hari aurre hartzen gabiltzanez, premiazkoa eta beharrezkoa da epidemia etetea eta haren hedapena saihestea osasun publikoa babeste aldera eta isolamenduaren ondoriozko edo kutsatzearen ondoriozko bajen inguruko definizio-falta konpontze aldera, prestazio ekonomiko sozialen ondorioei begira; izan ere, definizio-falta horrek herritarrei kalte egiten die eta osasun publikoa arriskuan jartzen du. Era berean, detektatu da osasuna babesteko beharrezkoak diren produktuen behar besteko hornidurarik ez izatea arriskutsua dela osasun publikorako, eta adierazi behar da Konstituzioaren 86.1 artikuluan aurreikusitako aparteko eta presazko beharrizana justifikatzen duten osasun-arrazoiak badirela, hain zuzen, apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoaren laugarren artikulua aldatzeko oinarri direnak.

Halaber, errege lege-dekretu hau onartzeko aparteko eta presako beharrizana Gobernuari dagokion judizio politikoaren edo egokitasun-judizioaren mendean dago (Konstituzio Auzitegiaren ekainaren 7ko 61/2018 epaia, 4. oinarri juridikoa; irailaren 11ko 142/2014 epaia, 3. oinarri juridikoa); erabaki horrek, zalantzarik gabe, jarduteko lehentasun politikoak antolatu beharra dakar (Konstituzio Auzitegiaren 2019ko urtarrilaren 30eko epaia, 2208-2019 konstituzio-kontrakotasuneko errekurtsoa), eta lehentasun horiek segurtasun juridikoa betearaztera eta gure gizarteko kolektibo bereziki zaurgarriak nahiz osasun publikoa babestera bideratzen dira. Azaldu berri ditugun egokitasun-arrazoiek erakusten dute errege lege-dekretu hau ez dela, inola ere, konstituzio-tresna hori abusuz edo arbitrarioki erabiltzeko bidea (Konstituzio Auzitegiaren ekainaren 7ko 61/2018 epaia, 4. oinarri juridikoa; maiatzaren 8ko 100/2012 epaia, 8. oinarri juridikoa; abenduaren 13ko 237/2012 epaia, 4. oinarri juridikoa; otsailaren 14ko 39/2013 epaia, 5. oinarri juridikoa). Aitzitik, azaldutako arrazoi guztiek erruz eta arrazoiz justifikatzen dute arau hau ezartzea (Konstituzio Auzitegiaren maiatzaren 31ko 29/1982 epaia, 3. oinarri juridikoa; abenduaren 2ko 111/1983 epaia, 5. oinarri juridikoa; urriaren 20ko 182/1997 epaia, 3. oinarri juridikoa).

Errege lege-dekretu honek, gainera, ez du eraginik izango Estatuaren oinarrizko erakundeen antolamenduan, Konstituzioaren I. tituluak arautzen dituen herritarren eskubide, eginbehar eta askatasunetan, autonomia-erkidegoen araubidean, ezta hauteskundeei buruzko zuzenbide orokorrean ere.

Aipatutako arrazoiek ondo baino hobeto justifikatzen dute Konstituzioan aipatzen den aparteko eta presazko beharrizana. Beharrizan horrek, Konstituzioaren 86.1 artikuluaren arabera, gaitasuna ematen dio Gobernuari errege lege-dekretu hau taxutzeko, Estatuaren politika zuzentzeko organoa den heinean. Halaber, oraingo salbuespenezko egoera, larritasuna eta garrantzia direla-eta, ezinbestekoa da arau-akzioa berehala burutzea, lege bat parlamentuan izapidetzeko —bide arruntetik edo presakotik— behar den epea baino epe laburragoan (Konstituzio Auzitegiaren 68/2007 epaia, 10. oinarri juridikoa, eta 137/2011 epaia, 7. oinarri juridikoa).

  • VII

Errege lege-dekretu hau bat dator Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak galdegiten dituen printzipioekin: premia, eraginkortasuna, proportzionaltasuna, segurtasun juridikoa, gardentasuna eta efizientzia.

Premia- eta eraginkortasun-printzipioei dagokienez, errege lege-dekretu hau tresna ezin hobea da egoera zaurgarrian diren hipoteka-zordunen babes-maila ez galtzeko; izan ere, ordainketa-betebeharrak bete ezin zituztela-eta hartzekodunek demandak jarri zizkieten askori, eta, demanda horien ondorioz, etxebizitzaren jabetza kendu zieten. Eta kasu haietan guztietan, aurretik jabetzakoa zuten etxean bizitzen jarraitzeko beharra dutenez, ezinbestekoa da inor etxetik botatzeko egintzen etenaldia luzatzea, eta zaurgarritasun-atalasea egokitzea. Tresna ezin hobea da ere azaroaren 14ko 9/2012 Legearen zazpigarren xedapen gehigarriaren aldaketa egiteko, izan ere, aldaketa hori beharrezkoa da SAREBen oinarrizko helburua beteko bada. Azkenik, otsailaren 13ko 84/2015 Errege Dekretuaren laugarren xedapen gehigarriaren aldaketari dagokionez ere tresna egokia da, beharrezkoa delako araudi nazionaleko oztopo idiosinkratikoa jakin bat —banku bihurtzeko zailtasuna— ezabatzeko, jakinik banku bihurtzeko gaitasuna lehiakortasunerako gako bihurtu dela gaur egun, maila globalean. Apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoa aldatzeko premia eta horren efikazia agerian geratu da, ikusi baita osasuna babesteko beharrezkoak diren produktuen hornidurarik eza arriskutsua dela osasun publikorako, COVID-19ari hedatzen ez uzteko eta aurrea hartzeko ahaleginak egiten ari garen egungo egoera honetan, eta egoera hori arintzeko neurri puntual eta zehatz bat proposatu da. Bukatzeko, arau-mekanismo honen bidez, bada salbuespena egiterik eta lan-istriputzat hartzerik COVID-19 birusaren ondorioz langileak isolatuta edo kutsatuta egon diren denbora, Gizarte Segurantzako sistemaren aldi baterako ezintasunaren prestazio ekonomikoa jasotzeko moduan egon daitezen.

Proportzionaltasun-printzipioari dagokionez, aldaketa hau bost alderdiren aldaketa puntuala, zehatza eta argia da, eta bost alderdi horiek, hurrenez hurren, arau-ekintza berehalakoa behar dute, honetarako: kolektibo zaurgarriak ondo babestuko direla ziurtatzeko; SAREBen jarduerari eusteko; finantza-erakundeen jarduerak era ordenatuan eraldatzeko, Erresuma Batua Europar Batasunetik irteten ari den testuinguruan; eta osasun publikoa bermatzeko, COVID-19k eragindako egoera honetan, aukera hoberena baliatuz. Nabarmendu behar da, halaber, proportzionaltasun-printzipioa errespetatuz, otsailaren 13ko 84/2015 Errege Dekretua aldatzea erabaki dela goragoko mailan jarri beharrean, egungo araubidea ahalik eta gutxien aldatze aldera; araubide horretan, aipatutako errege-dekretuak arautzen ditu kreditu-erakundeak baimentzeko alderdi funtsezkoenak.

Segurtasun juridikoaren printzipioari dagokionez, bere helburuak betetzeko ezinbestekoa duen gutxieneko erregulazioa ezartzen du errege lege-dekretu honek; koherentea da gainerako ordenamendu juridikoarekin, bai nazionalarekin, bai Europar Batasunaren ordenamenduarekin; eta ez du ezartzen beharrezko ez den administrazio-kargarik edo karga osagarririk. Kreditu-erakundeen araudian eta zordun hipotekarioak babestekoan egin diren aldaketek aukera emango dute arau-esparru egonkor, integratu eta argia sortzeko.

Gardentasun-printzipioari dagokionez, araua salbuetsita dago kontsulta publikoko, entzunaldiko eta informazio publikoko izapideetatik, lege-dekretuak izapidetzean eta onartzean aplikagarriak ez direlako. Azkenik, efizientzia-printzipioari dagokionez, errege lege-dekretu honek ez du administrazio-karga gehigarririk ezarriko aurretik zeudenez gain.

Ondorioz, Espainiako Konstituzioaren 86. artikuluaren ahalmenaz baliatuta, Gobernuko hirugarren lehendakariorde eta Ekonomia Gaietarako eta Eraldaketa Digitaleko ministroak, eta Osasuneko eta Gizarteratzeko, Gizarte Segurantzako eta Migrazioetako ministroek proposatuta, eta Ministro Kontseiluak 2020ko martxoaren 10eko bileran kontu hau eztabaidatu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

I. KAPITULUA

Arlo ekonomikoko neurriak

Lehenengo artikulua. Kreditu-erakundeak berregituratzeari eta suntsitzeari buruzko azaroaren 14ko 9/2012 Legea aldatzea.

Azaroaren 14ko 9/2012 Legearen zazpigarren xedapen gehigarriaren 3. apartatua honela idatzita geratzen da:

«3. Sozietate hau epe mugatu baterako eratuko da, erregelamendu bidez zehaztuko dena, eta ez zaio aplikatuko Kapital Sozietateei buruzko Legearen 348 bis eta 363.1.e) artikuluetan xedatutakoa. Era berean, aukera izango da erregelamendu bidez zehazteko kapital sozialaren hasierako zenbatekoa eta jaulkipen-prima, edo, hala badagokio, BBOFri egozteko zehaztapen hori.»

Bigarren artikulua. Hipoteka-zordunen babesa, zorraren berregituraketa eta alokairu soziala indartzeko neurriei buruzko maiatzaren 14ko 1/2013 Legea aldatzea.

Bat. Maiatzaren 14ko 1/2013 Legearen 1. artikuluaren 1. apartatuko lehen paragrafoa honela idatzita geratzen da:

«1. Lege hau indarrean sartu eta hamaika urteko epean, ez da bidezkoa izango inor etxetik botatzea, baldin eta hipoteka betearazteko prozesu judizial edo judizioz kanpoko batean hartzekodunari edo beste pertsona fisiko edo juridikoari adjudikatzen bazaio artikulu honetan aipatzen den egoera bereziki zaurgarrian eta egoera ekonomikoan dagoenaren ohiko etxebizitza.»

Bi. Maiatzaren 14ko 1/2013 Legearen 1. artikuluaren 2. apartatuko b) letra honela idatzita geratzen da:

«b) Familia-unitate gurasobakarra izatea eta gutxienez seme-alaba bat edukitzea ardurapean.»

Hiru. Maiatzaren 14ko 1/2013 Legearen 3. artikuluaren 1. apartatuko a) letra honela idatzita geratzen da:

«a) Familia-unitateko kideen diru-sarrera guztiek ezin dute gainditu hamalau ordainsariko urteko Eragin Anitzeko Errentaren Adierazle Publikoaren muga halako hiru. Esandako muga hori aurreikusitako urteko hamalau ordainsariko Eragin Anitzeko Errenten Adierazle Publikoaren laukoitza izango da aurreko apartatuko d) eta f) letretan adierazitako kasuetan, eta esandako adierazle horren boskoitza, berriz, betearazpena aplikatu zaion hipoteka-zordunak garuneko paralisia, buruko gaixotasunen bat edo adimen-desgaitasuna badu -ehuneko 33ko edo gehiagoko desgaitasuna aitortua duela-; edo ehuneko 65eko edo gehiagoko desgaitasun fisikoa edo sentsoriala aitortua badu; edo berak, edo bere zaintzaileak, lanerako ezintasun egiaztatua eragiten duen gaixotasun larriren bat badu. Kasu bakoitzerako ezarrita dagoen muga handitu egingo da familiak ardurapean daukan seme-alaba bakoitzeko. Honela:

i. 0,15 aldiz IPREM, guraso bakarreko familietan;

ii. 0,10 aldiz IPREM, gainerako familietan.»

Hirugarren artikulua. Otsailaren 13ko 84/2015 Errege Dekretua aldatzea, lege hau garatzen duena: 10/2014 Legea, ekainaren 26koa, kreditu-entitateen antolamendu, gainbegiraketa eta kaudimenari buruzkoa.

Honela idatzita geratzen da otsailaren 13ko 84/2015 Errege Dekretuaren laugarren xedapen gehigarria:

«Laugarren xedapen gehigarria. Eratutako sozietateak banku bihurtzeko baimena.

Banku bihurtzeko baimena eman dakieke dagoeneko eratuta dauden sozietateei, baldin eta kreditu-kooperatibak, kredituko finantza-establezimenduak, balore-sozietateak, ordainketa-erakundeak edo diru elektronikoko erakundeak badira.

Baimena lortzeko, errege-dekretu honen I. tituluko I. kapituluak aurreikusita dituen baldintzak bete beharko dira, baina 4.b) artikuluari dagokionez, betetzat joko dira baldin eta eraldatzeko eskaera egin aurreko urteko balantzetik ateratako ondare garbia (nahitaez ikuskatuta egon beharko duena) eta eskudiruzko ekarpenak batuta, kopurua 18 milioi eurora heltzen bada.

Gainera, 8. artikuluan aurreikusitako denborazko mugak betetzeko salbuespena ezarri daiteke baimenean.»

II. KAPITULUA

Osasun publikoa babesteko neurriak

Laugarren artikulua. Osasun Publikoaren Arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoa aldatzea.

Aldatu egiten da Osasun Publikoaren Arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoaren laugarren artikulua, eta honela idatzita geratzen da:

«Laugarren artikulua.

Sendagai bat, osasun-produktu bat edo osasuna babesteko beharrezkoa den beste edozein produktu hornitzeko zailtasun berezia dagoenean, eta hobeto banatuko dela ziurtatze aldera, Estatuko Osasun Administrazioak honako hauek egiterik izango du, aldi batez:

  • a) Administrazioaren bitartez zentralizatutako hornidura ezarri.

  • b) Produktu horiek preskribatzeko, honako hauek betearazi: arrisku-taldeak identifikatzea, proba analitikoak eta diagnostikoak egitea, protokoloak betetzea, osasun-agintaritzara bidaltzea tratamenduen bilakaerari edo antzeko berezitasunei buruzko informazioa.»

Bosgarren artikulua. Salbuespena eginez, lan-istripuarekin parekatutako egoeratzat hartuko dira COVID-19 birusaren ondorioz langileak isolatuta edo kutsatuta egon diren aldiak.

  • «1 . Osasun publikoa babesteko, salbuespena eginez, lan-istripuarekin parekatutako egoeratzat hartuko dira COVID-19 birusaren ondorioz langileak isolatuta edo kutsatuta egon diren aldiak, Gizarte Segurantzako sistemaren aldi baterako ezintasunagatiko prestazio ekonomikori lotutako kontuetarako soilik.

  • 2. Bi kasuetan ere, aparteko prestazio honek zenbat iraungo duen isolamenduko bajaren parteak eta horren sendagiriak zehaztuko dute.

  • 3. Gertaera eragilea izan den egunean, Gizarte Segurantzako edozein araubidetan alta emanda dagoen norberaren edo besteren konturako langileak sor dezake prestazio hau jasotzeko eskubidea.

  • 4. Gertaera eragilearen data hau izango da: langilea isolatzea edo gaixotzat jotzea erabaki zen eguna, bajaren partea beranduago egina bada ere.»

Azken xedapenetako lehena. Arauzko zenbait xedapenen mailari bere horretan eustea.

Otsailaren 13ko 84/2015 Errege Dekretuaren laugarren xedapen gehigarriaren mailari bere horretan eusten zaio, errege lege-dekretu honen hirugarren artikuluak aldatzen baitu.

Azken xedapenetako bigarrena. Indarrean jartzea.

Errege lege-dekretu hau indarrean jarriko da Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean.

Madrilen, 2020ko martxoaren 10ean.

FELIPE e.

Gobernuko presidentea,

PEDRO SANCHEZ PEREZ-CASTEJON

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra