Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Cuarta edición Premios Adrian Celaya

Administrazio zuzenbidea  >>  Legeria  >> Toki-araubidea

7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki-araubidearen oinarriak arautzen dituena

1985-04-02

Itzulpena nork: Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala (IZO)

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 1985/4/3, 80. zk

7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki-araubidearen oinarriak arautzen dituena

EAO, 80. zk., apirilaren 3koa

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua.

1. - Udalerriak dira Estatuaren lurralde-antolaketaren oinarrizko erakunde eta herritarrek herri-arazoetan esku hartzeko hurbileneko bide, eta bertako giza taldeen berezko interesak autonomiaz erakundetu eta kudeatzen dituzte.

2.- Probintziek eta, hala denean, baita uharteek ere, beren interesak kudeatzeko autonomia berbera dute.

2. artikulua.

1. - Konstituzioak toki-erakundeei bermatzen dien autonomia eraginkorra izan dadin, Konstituzioak ezarritako eskumen-banaketaren arabera herri-ekintzako arloak arautzen dituzten Estatuko eta autonomia-erkidegoetako legediek ziurtatu beharko diete udalerri, probintzia eta uharteei beren interesen esparruari zuzenean eragiten dioten gai guztietan esku hartzeko eskubidea, eta kasuan kasuko herri-jardueraren ezaugarrien araberako eta toki-erakundearen kudeaketa-gaitasunaren araberako eskumenak eman, deszentralizazioa eta administrazio-kudeaketa herritarrei ahalik eta gehien hurbiltzea printzipiotzat hartuta.

2.- Konstituzioan aurreikusitako Estatuko oinarrizko legeek zehaztu beharko dituzte toki-erakundeei aitortuko dizkieten eskumenak edo, nahitaez, legeok araututako arloetan toki-erakundeei dagozkienak.

3. artikulua.

1. - Hauek dira lurralde-mailako toki-erakunde:

a) Udalerria.

b) Probintzia.

c) Uhartea, Balear eta Kanariar uhartedietan.

2. - Toki-erakunde dira hauek ere:

a) Lege honetako 45. artikuluaren arabera autonomia-erkidegoek eratu edo onartutako udalerria baino lurralde-eremu txikiagoko erakundeak.

b) Lege honekin eta kasuan kasuko autonomia-estatutuekin bat etorriz autonomia-erkidegoek eratuta zenbait udalerriz osatutako eskualdeak zein beste erakunde batzuk.

c) Metropolialdeak.

d) Udalerrien mankomunitateak.

4. artikulua.

1. Lurralde-mailako herri-administrazio direnez, eta beren eskumen-eremua kontuan hartuz, hauek dagozkie udalerriei, probintziei eta uharteei:

a) Erregelamenduak egin eta beren buruak antolatzeko ahalak.

b) Zergetako eta finantzetako ahalak.

c) Programazio edo plangintzarako ahala.

d) Jabetza kentzeko ahala eta beren ondasunak beren kabuz ikertu, mugatu eta berreskuratzeko ahala.

e) Bere egintzak zuzenbidearen araberakoak direla jotzen da eta bete beharrekoak dira.

f) Egintzak nahitaez betearazteko ahala, eta zehatzeko ahala.

g) Beren egintzak eta erabakiak beren kabuz berrikusteko ahala.

h) Herri-ogasunari bere kredituei dagokienez aitortzen zaizkion lehentasun, lehenespen eta gainerako prerrogatibak, Estatuko eta autonomia-erkidegoetako ogasunei dagozkienei kalterik egin gabe; beren ondasunak eta eskubideak enbargaezinak dira, legeetan ezartzen denaren arabera.

2. Aurreko zenbakian erabakitakoa, udalerriarena baino eremu txikiagoko lurralde-erakundeei eta, halaber, eskualdeei, metropolialdeei eta gainerako toki-erakundeei aplikatu ahal izango zaie, eta autonomia-erkidegoetako legeek zehaztu beharko dute ahal horietatik zeintzuk izango diren aplikagarri, mankomunitateen kasua salbuespen dela, hurrengo paragrafoan xedatutakoaz arautzen baitira.

3. Udalerrien mankomunitateei, beren eskumeneko zerbitzuak bete zein obrak egiteko, artikulu honetako 1. paragrafoan adierazi eta beren estatutuetan zehaztutako ahalak dagozkie. Estatutuetan aurreikuspenik jasota egon ezik, aipatutako paragrafoan zerrendatutako ahal guztiak dagozkie, beren helburua betetzeko beharrezkoak diren heinean, ahal horietako bakoitzari aplikatu beharreko legediaren arabera, kasu biotan.

5. artikulua.

Toki-erakundeek beren xedeak betetzeko eta zeinek bere eskumenen esparruan, Konstituzioarekin eta legeekin bat, gaitasun juridiko osoa izango dute ondasun-mota guztiak eskuratu, eduki, galdatu, trukatu, kargatu nahiz besterentzeko, kontratuak egiteko, herri-lan zein herri-zerbitzuak ezarri eta ustiatzeko, betebeharrak hartzeko, ezarritako errekurtsoak jartzeko eta legeetan aurreikusitako akzioez baliatzeko.

6. artikulua.

1.- Toki-erakundeek objektibotasunez zerbitzatzen dituzte agindu zaizkien herri-interesak, eta eraginkortasun-, deszentralizazio-, deskontzentrazio- eta koordinazio-printzipioen arabera jarduten dute, legearekiko eta Zuzenbidearekiko mendekotasun osoz.

2.- Auzitegiek egiten dute toki-erakundeen erabaki eta egintzen legezkotasunaren kontrola.

7. artikulua.

1.- Toki-erakundeen eskumenak berezkoak edo eskuordetzan emandakoak dira.

Udalerri, probintzia, uharte eta gainerako lurralde-mailako toki-erakundeen berezko eskumenak legez baino ezin izango dira zehaztu.

2. - Toki-erakundeek autonomiaz eta beren erantzukizunpean erabiliko dituzte beren eskumenak, beti ere, horiek programatu eta gauzatzerakoan gainerako herri-administrazioekiko behar bezalako koordinazioa kontuan hartuz.

3.- Toki-erakundeei emandako eskumenak eskuordetzaren arabera erabiliko dira, zuzendaritza eta egokiera zaintzeko teknikak aurreikusi baititzake eskuordetzak. Nolanahi ere, toki-erakunde bakoitzak bere zerbitzuak antolatzeko duen ahala errespetatu beharko dute aipatu teknikek.

8. artikulua.

Aurreko artikuluan xedatutakoaren aurka jarri gabe, autonomia-administrazioaren berezko zerbitzuen ohiko kudeaketa egin ahal izango dute probintziek eta uharteek, autonomia-estatutuen eta autonomia-erkidegoetako legeen arabera.

9. artikulua.

Lege hau garatu eta udalerri, probintzia, uharte edo gainerako lurralde-mailako toki-erakundeei eragiten dieten arauen aplikazio-eremua ezin izango da berariaz mugatu erakunde horietako batera edo zenbaitetara; hala ere hori ez da lege honek udalerri zein probintzietarako araubide berezietarako xedatutakoaren kontrakoa.

10. artikulua.

1.- Toki-administrazioak eta gainerako herri-administrazioek ondoko eginbeharretan oinarrituko dituzte elkarrekiko harremanak: elkarri informazioa emateko, elkarri laguntza emateko, koordinatzeko eta bakoitzari dagozkion eskumen-eremuak errespetatzeko eginbeharretan.

2.- Toki-erakundeek beren artean koordinatu behar dituzte beren eskumenak, eta bereziki gainerako herri-administrazioekin, bai tokiko jarduerak nahiz zerbitzuak toki-erakunde bakoitzaren interesen gainetikoak direnean, bai herri-administrazioen interesak nabarmen ukitu edo baldintzatzen dituztenean, zein herri-administrazio horien interesekin bat datozenean edo osagarriak direnean.

3. - Koordinazio-zereginek ez diote toki-erakundeen autonomiari eragingo inolaz ere.

II. TITULUA

Udalerria

11.artikulua.

1.- Udalerria da Estatuaren lurralde-antolaketaren oinarrizko toki-erakundea. Nortasun juridikoa du, eta bere helburuak betetzeko gaitasun osoa.

2.- Lurraldea, biztanleria eta antolaketa dira udalerriaren osagaiak.

I. KAPITULUA

Lurraldea eta biztanleria

12. artikulua.

1. Udal-mugartea udalak bere eskumenak burutzeko hartzen duen lurraldea da.

2. Udalerri bakoitza probintzia bakar bati dagokio.

13. artikulua.

1. Udalerriak sortu edo ezabatzea, zein udal-mugarteak aldatzea, toki-araubideari buruzko autonomia-erkidegoetako legediak arautuko ditu, baina udal-mugarteak aldatzeak inola ere ez du probintzietako mugak aldatzerik ekarriko. Nolanahi ere, udalerri interesdunei entzun beharko zaie eta Estatu-kontseiluaren edo autonomia-erkidegoetako gobernu-kontseiluen organo aholku-emaile gorenaren irizpena beharko da, halakorik balego. Irizpen hori eskatzen den aldi berean Estatuko Administrazio Orokorrari jakinaraziko zaio.

2. Udalerri berriak sortu, lurraldez bereizitako biztanleguneak oinarritzat harturik baino ezin izango da egin, eta betiere, sortutako udalerriek udal-eskumenak betetzeko nahikoa baliabide badute, eta aurretik betetzen ari ziren zerbitzuen kalitatea gutxitzerik ez badakar.

3. Autonomia-erkidegoen eskumenei kalterik eragin gabe, tokian tokiko herri-arazoak kudeatzeko ahalmena hobetzeko, udalerriak bat egitera bultzatzeko neurriak ezarri ahal izango ditu Estatuak, geografiaren, gizartearen, ekonomiaren eta kulturaren gaineko irizpideak kontuan hartuta.

14. artikulua.

1. - Udalerrien izen-aldaketek, lege honetan aipatutako erakunde guztien izena jasotze aldera Estatuko Administrazioak sortutako erregistroan idatzi ondoren, "Estatuko Aldizkari Ofizial"ean argitaratzen direnean izango dute soilik ofizialtasuna.

2.- Udalerrien izena, ondorio guztietarako, gaztelaniazkoa, bakoitzaren autonomia-erkidegoan ofiziala den beste edozein espainiar hizkuntzatakoa edo bietakoa izan daiteke.

15. artikulua.

Espainian bizi den pertsona orok ohiko bizilekua duen udalerriko erroldan inskribatu behar du bere burua. Udalerri bat baino gehiagotan bizi dena urtean denborarik gehien egiten duen horretan bakarrik inskribatu beharko da.

Udalerriko erroldan inskribatutako pertsonen multzoak osatzen du udalerriko biztanleria.

Udalerriko erroldan inskribatutakoak dira udalerriko auzotarrak.

Erroldan inskribatzeko unean bertan lortzen da auzotar izaera.

16. artikulua.

1. - Udalerriko errolda udalerriko auzotarrak jasota agertzen dituen administrazio-erregistroa da. Erroldako zehaztasunak udalerrian bizilekua izan eta bertan ohiko egoitza izatearen froga dira. Zehaztasun horien gainean emandako ziurtagiriak agiri publiko eta fede-emaileak izango dira administrazio-ondorio guztietarako.

Udalerriko erroldan inskribatzeak lege honetako 15. artikuluan xedatutakoaren arabera baino ez du izango eraginik, eta inskripzioa eragin duen gertaerak dirauen artekoa izango da; nolanahi ere, aldiro berritu beharko da, bi urtetik behin, bizileku iraunkorra izateko baimenik ez duten Europako Erkidegokoak ez diren atzerritarren inskripzioaren kasuan.

Aurreko lerroaldean aipatutako epea igarotzea, baldin eta interesatuak inskripzioa berritu ez badu, aldiro berritu behar diren inskripzioen iraungipena erabakitzeko arrazoi izango da. Kasu horretan, interesatuari aldez aurretik entzun beharrik izan gabe aldarrikatuko da inskripzioaren iraungipena.

2. - Udalerriko erroldako inskripzioan hauek dira nahitaez jaso beharreko zehaztasun bakarrak:

a) Izena eta abizenak.

b) Sexua.

c) Ohiko egoitza.

d) Naziotasuna.

e) Jaiolekua eta jaioteguna.

f) Nortasun-agiri nazionalaren zenbakia; edo, atzerritarren kasuan:

Espainiako agintariek emandakoa izan eta indarrean dagoen bizileku-txartelaren zenbakia, edo halakorik eduki ezean, jatorrizko herrialdeko agintariek eman eta indarrean dagoen nortasuna egiaztatzeko agiriaren edo pasaportearen zenbakia, bai Europar Batasuneko kide diren estatuetako herritarren kasuan, zein Europako Esparru Ekonomikoari buruzko Akordioan parte diren beste estatuetako herritarren kasuan, nahiz nazioarteko itunen baten indarrez aipatutako estatuetako herritarrentzat aurreikusitako araubide juridikoa zabaltzen zaien estatuetako herritarren kasuan.

Espainiako agintariek emandakoa izan eta indarrean dagoen agirian datorren atzerritar-identifikazioaren zenbakia, edo halako agirien titular ez direlako halakorik eduki ezean, jatorrizko herrialdeko agintariek eman eta indarrean dagoen pasaportearen zenbakia, paragrafo honetako aurreko puntuan jaso ez diren estatuetako herritarren kasuan.

g) Bakoitzak daukan eskolako ziurtagiria edo titulua, edo titulu akademikoa.

h) Hautesle-errolda egiteko beharrezkoak diren beste zehaztasun guztiak, Konstituzioan onartutako oinarrizko eskubideen errespetua bermatuta beti ere.

3.- Udalerriko erroldako zehaztasunak doakionaren aldez aurreko baimenik gabe emango zaizkie zehaztasunok eska ditzaten beste administrazio publikoei, bakoitzari bere eskumenak betetzeko beharrezkoak dituenean bakarrik, eta bizilekuari zein egoitzari dagokienez zehaztasunok esanguratsuak diren gaietarako soil-soilik. Balio dezakete, halaber, estatistikako isilekotasunaren menpeko estatistika ofizialak egiteko, Estatistikako Funtzio Publikoaren maiatzaren 9ko 12/1989 Legean eta gai horren gainean eskumenak dituzten autonomia-erkidegoetako estatistika legeetan aurreikusitako eran.

17. artikulua.

1. - Udalari dagokio udalerriko errolda eratzea, mantentzea, berrikustea eta zaintzea, Estatuko legediak ezar dezanarekin bat etorriz.

Helburu horrekin, Estatuko Administrazio Orokorreko erakundeek, gaiaren arabera eskudun badira, aldiro bidaliko diote udal bakoitzari udalerriko erroldan nahitaez agertu behar diren zehaztasunen aldaketei buruzko informazioa, bertako auzotarrei dagokienez, erregelamenduz ezarritako eran.

Udalek egingo dute udalerriko erroldaren kudeaketa, informatikako baliabideak erabiliz. Probintzietako diputazioek, uharteetako kabildoek eta kontseiluek beren gain hartuko dute kudeaketarako eta ekonomiako gaitasun nahikorik ez dutelako erroldako zehaztasunak modu automatizatuan mantendu ezin dituzten udalerrietako errolden kudeaketa informatizatua.

2.- Udalek beren erroldak eguneratuta mantentzeko beharrezko jardute eta eragiketak egingo dituzte, erroldan jasotako zehaztasunak errealitatearekin bat etor daitezen.

Udalen batek jardute horiek egiten ez baditu, Estatistikako Institutu Nazionalak, Erroldatze Kontseiluaren txostena aurrez jasota, errekerimendua egin ahal izango dio egin gabe utzitakoa aurrez zehaztuta, eta atzera botatzen badio errekerimendua, lege honetako 60. artikuluan aurreikusitako betebeharra ordez bete ahal izango du eta bidezkoak diren errekurtso jurisdikzionalak jarri ahal izango ditu.

3.- Estatuko Administrazio Orokorrak erregelamenduz zehaztutako moduan bidaliko dizkiote udalek Estatistikako Institutu Nazionalari bakoitzak bere erroldako zehaztasunak, udalerri guztien errolden arteko koordinazioa burutu ahal izateko.

Estatistikako Institutu Nazionalak, akatsik egotekotan horiek zuzentzeko, eta bikoizketak saihesteko, bidezko egiaztapenak egingo ditu, eta udalei jakinaraziko die zeintzuk diren Estatu osoko biztanleriaren estatistikak egiteko erroldako zehaztasunak oinarri izateko, urteko berrikusketatik ateratako kopuruak ofizialtzat aldarrikatzeko, eta udalek hautesle-erroldako zehaztasunak behar bezala eguneratuta bidaltzeko beharrezko jarduteak eta eragiketak.

Estatistikako Institutu Nazionaleko lehendakariari dagokio erroldatzearen gainean udalen, probintzietako diputazioen, uharteetako kabildo eta kontseiluen artean zein erakunde horien eta Estatistikako Institutu Nazionalaren artean sortutako desadostasunak erabakitzea, baita Espainiako udalerrietako biztanleriaren gaineko kopuru ofizialen proposamena Estatuko Gobernuari bidaltzea eta erregelamenduz ezarritako moduan udal interesdunari hori jakinaraztea ere.

Estatistikako Institutu Nazionalak hiru hilabetero bidaliko dizkie autonomia-erkidegoetako estatistika-institutuei zein gai horretan eskumenak dituzten organoei, baita beste administrazio publiko batzuei ere, bakoitzari bere lurralde-eremuko udalerrietako erroldetan gertatutako atzerritarren altei eta bajei buruzko zehaztasunak, lege honetako 16.3. artikuluan aipatutako baldintza berberetan.

4.- Ekonomia eta Ogasun Ministerioari atxikita, Erroldatze Kontseilua sortzen da, Estatuko Administrazio Orokorraren eta toki-erakundeen artean errolda-gaietan lankidetzako kide anitzeko organo izateko, erregelamenduz ezarritakoarekin bat etorriz.

Kontseiluko buru Estatistikako Institutu Nazionaleko lehendakaria izango da, eta Estatuko Administrazio Orokorreko eta toki-erakundeetako ordezkariek osatuko dute Kontseilua.

Kontseiluak osoko bilkuretan eta batzordeetan jardungo du; probintzia bakoitzean probintziako sail bana egongo da, Estatistikako Institutu Nazionaleko ordezkaria buru duela eta toki-erakundeetako ordezkariak bertan direla.

Erroldatze Kontseiluak eginkizun hauek izango ditu:

Estatistikako Institutu Nazionaleko lehendakariari, berak erabaki dezan, proposamen loteslea aurkeztea udalen, probintzietako diputazioen, uharteetako kabildoen eta kontseiluen artean zein erakunde horien eta Estatistikako Institutu Nazionalaren artean erroldatzea dela-eta sortutako desadostasunak ebazteko.

Txosten loteslea egitea Estatistikako Institutu Nazionaleko lehendakariak Gobernuari Espainiako udalerrietako biztanleriaren gaineko kopuru ofizialen proposamenak egiten dizkionean.

Udalerrietako errolden kudeaketarako beharrezko jarraibide teknikoak onartzea proposatzea.

Legezko zein erregelamenduzko xedapenez berari egotzitako beste edozein eginkizun.

5.- Estatuko Administrazio Orokorrak, udalekin eta autonomia-erkidegoetako administrazioekin lankidetzan arituz, bizilekua atzerrian duten espainiarren errolda bat egingo du, eta horri udalerrietako errolda arautzen duen lege honetako arauak aplikatuko zaizkio.

Errolda horretan inskribatutako pertsonak beren inskripzioko zehaztasunetan ageri den Espainiako udalerriko auzotar izango dira, botoa emateko eskubidearen ondorioetarako bakarrik, eta inola ere ez dira udalerri horretako biztanle izango.

18. artikulua.

1. Hauek dira auzotarren eskubideak eta eginbeharrak:

a) Hautesle eta hautagai izatea, hauteskunde-legedian xedatutakoaren arabera.

b) Udal-kudeaketan parte hartzea, legeetan xedatutakoaren arabera, eta, kasuan-kasuan, udaleko gobernuko eta administrazioko organoek auzotarren borondatezko lankidetza eskatzen dutenean.

c) Udal-zerbitzu publikoak beren izaeraren arabera erabiltzea, eta herri-aprobetxamenduaz baliatzea aplikatzekoak diren arauen arabera.

d) Legez aurreikusitako prestazio ekonomiko eta pertsonalen bidez, udal-eskumenak gauzatzen laguntzea.

e) Arrazoitutako eskaria aurrez eginik, informazioa jasotzea, eta udal-espediente eta udal-agiri guztien gainean udal-administrazioari eskaerak egitea, Konstituzioko 105. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

f) Legean aurreikusita dagoen bezala, herri-galdeketa eskatzea.

g) Zerbitzu publiko zehatzen bat udalaren nahitaezko eskumenekoa denean, zerbitzu hori betetzeko eskatzea, eta, hala badagokio, zerbitzua ezartzeko eskatzea.

h) Herri-ekimena erabiltzea, 70 bis artikuluan aurreikusitako baldintzetan.

i) Legeetan ezarritako gainerako eskubideak eta eginbeharrak.

2. Atzerritarrak udal-erroldan inskribatuta egotea ez da Espainian legezko bizilekua izatearen froga, eta ez die emango indarrean dagoen legediak ematen ez dien inolako eskubiderik, bereziki Espainian dauden atzerritarren eskubideen eta askatasunen arloan.

II. KAPITULUA

Antolakuntza

19. artikulua.

1. Legearen arabera kontzeju irekien araubidepean diharduten udalerrietan izan ezik, udalari dagozkio udal-gobernua eta udal-administrazioa; alkateak eta zinegotziek osatzen dute udala.

2. Bozketa orokor, berdin, aske, zuzeneko eta isilpekoaren bidez hautatzen dira zinegotziak; zinegotziek edo auzotarrek hautatzen dute alkatea. Hori guztia, hauteskunde-legedi orokorrean ezarritakoaren arabera.

3. Lege honetako X. tituluan aipatutako udalerrien antolakuntza-araubidea titulu horretan bertan xedatutakoari lotu behar zaio. Titulu horretan aurreikusi gabekoetan, hurrengo artikuluetan araututako araubide orokorra aplikatuko da.

20. artikulua.

1. Udal-antolakuntza arau hauen araberakoa da:

a) Udal guztietan alkatea, alkateordeak eta osoko bilkura daude.

b) 5.000 biztanle baino gehiagoko biztanleria duten udalerri guztietan Tokiko Gobernu-batzarra dago; biztanle gutxiagokoetan, aldiz, bertako erregelamendu organikoan hala xedatu eta udaleko osoko bilkurak hala erabakitzen badu.

c) 5.000 biztanle baino gehiagoko udalerrietan, baita gutxiagokoetan ere, bertako erregelamendu organikoan hala xedatu edo osoko bilkurak hala erabakitzen badu, eta bertako autonomia-legedian eremu honetarako bestelako antolakuntzarik aurreikusi ez bada, beste organo batzuk egongo dira, osoko bilkuraren erabakipean jarriko diren gaiak aztertu, horien gainean txostena egin zein horietaz aholkua emateko, eta alkatearen, tokiko gobernu-batzarraren eta eskuordetzan emandako eskumenak dituzten zinegotzien kudeaketaren jarraipena egiteko, osoko bilkurari dagozkion kontrol-eskumenen aurka jarri gabe. Udalbatza osatzen duten talde politiko guztiek izango dute aipatutako organoetan parte hartzeko eskubidea, taldeotako zinegotziak organo horietan egonda, osoko bilkuran duten zinegotzi-kopuruaren arabera.

d) Lege honetako X. tituluan adierazitako udalerrietan Iradokizun eta Erreklamazioen Batzorde Berezia dago, baita osoko bilkurak bertako kideen legezko kopuruaren gehiengo osoaren aldeko botoekin horrela adostuta duten udalerrietan ere, zein udalerriotako erregelamendu organikoan hala xedatuta badago.

e) Udalerri guztietan Kontuen Batzorde Berezia dago, 116. artikuluan aurreikusitako egiturarekin bat etorriz.

2. Aurreko zenbakian aurreikusitako udal-antolakuntzaren beste osagarri bat ere ezar dezakete autonomia-erkidegoek toki-araubideari buruzko legeetan.

3. Udalerriek beste organo osagarri batzuk ezarri eta arautu ahal izango dituzte beren erregelamendu organikoetan, artikulu honetan ezarritakoarekin eta aurreko zenbakian aipatutako autonomia-erkidegoetako legeetan aurreikusitakoarekin bat etorriz.

21. artikulua.

1. Alkatea da udalbatzako buru eta eskumen hauek ditu:

a) Udal-gobernua eta udal-administrazioa zuzentzea.

b) Udalaren ordezkari izatea.

c) Udaleko osoko bilkuretarako deia egin eta bertan buru izatea, lege honetan eta hauteskunde-legedi orokorrean aurreikusitako kasuetan izan ezik, baita tokiko gobernu-batzarraren eta beste udal-organo guztien kasuan ere, legezko zein erregelamenduzko xedapenetan horrela ezarrita dagoenean; eta berdinketak daudenean, kalitateko botoarekin hori erabakitzea.

d) Udal-zerbitzuak eta udal-obrak zuzentzea, ikuskatzea eta bultzatzea.

e) Bandoak ematea.

f) Onartutako aurrekontuaren arabera ekonomiaren kudeaketa garatzea; gastuak xedatzea, bere eskumenen mugen barruan; kreditu-eragiketak ituntzea, Toki-ogasunak arautzen dituen abenduaren 28ko 39/1988 Legeko 158.5 artikuluan aipatutako eragiketak kanpoan utzita, baldin eta eragiketa horiek aurrekontuan aurreikusita badaude eta ekonomia-ekitaldi bakoitzean metatutako zenbatekoak baliabide arrunten 100eko 10a gainditzen ez badu, diruzaintzako eragiketak salbuespentzat hartuta, horiek baitagozkio une bakoitzean bizirik dauden eragiketen zenbateko metatuak aurreko ekitaldian kitatutako sarrera arrunten 100eko 15a gainditzen ez badu; ordainketak agintzea eta kontuak ematea; hori guztia Toki-ogasunak arautzen dituen Legean xedatutakoaren arabera.

g) Enplegu publikoaren eskaintza onartzea, osoko bilkurak onartutako aurrekontuaren eta plantillaren arabera; langileak hautatzeko eta lanpostuak betetzeko lehiaketetarako probetako oinarriak onartzea; eta finkoak eta aldikakoak ez diren ordainsari osagarriak banatzea.

h) Langile guztien goi-buruzagitza betetzea; beren izendapenak eta zehapenak erabakitzea, udalbatzako funtzionarioak zerbitzutik kentzea eta lan-kontratuko langileak iraiztea barne, eta azken bi kasuotan osoko bilkurari eman beharko dio horien berri hurrengo lehenengo bilkuran. Eskumen hau ez da lege honetako 99.1. eta 3. artikuluetan xedatutakoaren aurkakoa.

i) Udaltzaingoaren buruzagitza betetzea.

j) Osoko bilkurari berariaz egotzi gabeko plangintza orokorraren garapeneko plangintza-tresnak onartzea, eta horiekin bat hirigintza-kudeaketako tresnak eta urbanizazio-proiektuak ere bai.

k) Akzio judizialak eta administratiboak baliatzea eta udalaren defentsa egitea bere eskumeneko gaietan, beste organo bati eskuordetzan emandakoak izan arren; larrialdi-kasuetan, osoko bilkuraren eskumeneko gaietan ere jardun lezake horrela, eta osoko bilkurak hurrengo lehenengo bilkura egiten duenean eman beharko dio alkateak horren berri osokoak berretsi dezan.

l) Alkatetzaren eskumeneko gaietan egintzak kaltegarritzat jotzeko, osoko bilkurari proposamena egiteko ekimena.

m) Herri-hondamendi edo ezbeharretan nahiz horiek gertatzeko arrisku larria dagoenean, bere buruz eta bere ardurapean, neurri egoki eta beharrezkoak hartzea, eta osoko bilkurari berehala jakinaraztea.

n) Bere agintaritzarekiko obedientziarik eza eta udal-ordenantzak haustea zehatzea, ahalmen hori beste organo batzuei aitortuta dagoenean izan ezik.

ñ) Era guztietako kontratuak eta emakidak, horien zenbatekoak aurrekontuko baliabide arrunten 100eko 10a gainditzen ez badu, eta inolaz ere sei milioi euroko kopurua gainditzen ez badu; horien artean sartzen dira, halaber, urte anitzekoak ere, epea lau urtetik gorakoa ez denean, baldin eta urtealdi guztietako zenbateko metatuarekin lehen esandako ehunekoa gainditzen ez bada, lehenengo ekitaldiko aurrekontuko baliabide arruntak erreferentziatzat hartuta, eta aipatutako zenbatekoa ere gainditzen ez bada.

o) Obra-proiektuak eta zerbitzu-proiektuak onartzea, horiek kontratatu edo horien emakida egiteko eskumenak baditu eta proiektuok aurrekontuetan aurreikusita badaude.

p) Ondasunak eta eskubideak eskuratzea, beren balioak aurrekontuko baliabide arrunten 100eko 10a gainditzen ez badu, eta hiru milioi eurotik gorakoa ez bada; ondarea besterendu ere egin dezake, lehen aipatutako ehunekoa eta kopurua gainditzen ez badira, kasu hauetan:

1.- Ondasun higiezinen kasuan, aurrekontuan hala aurreikusita badago.

2.- Ondasun higigarrien kasuan, historiaren zein artearen ikuspegitik baliokoak direla aitortutakoak salbuespen direla, aurrekontuan horiek besterentzea aurreikusi ez bada.

q) Lizentziak ematea, arloko legeek berariaz osoko bilkurari edo tokiko gobernu-batzarrari agindu ez badiete.

r) Udalaren erabakiak argitaratzeko agintzea, eta erabakiok bete eta betearaztea.

s) Legeek berariaz aitortzen dizkioten gainerakoak, eta Estatuko legediak edota autonomia-erkidegoetakoak udalerriari esleitutakoak izanik udaleko beste organo batzuei egotzi ez dizkietenak.

2. Alkateari dagokio, halaber, alkateordeak izendatzea.

3. Alkateak eskuordetzan eman ditzake bere eskumenak; ez, ordea, osoko bilkuraren eta tokiko gobernu-batzarraren bilkuretarako deia egin eta horietan buru izatea, berdinketa-kasuak kalitateko botoarekin erabakitzea, kreditu-eragiketak ituntzea, langile guztien goi-buruzagitza betetzea, funtzionarioak zerbitzutik kentzea eta lan-kontratuko langileak iraiztea, eta artikulu honetako 1. paragrafoko a), e), j), k), l) eta m) idatz-zatietan zehaztutakoak. Hala ere, tokiko gobernu-batzarrari eman diezaioke j) idatz-zatian jasotako eskumenak betetzeko eskuordetza.

22. artikulua.

1. Osoko bilkura zinegotzi guztiek osatzen dute, eta alkatea du buru.

2. Hauek dira, nolanahi ere, osoko bilkurari dagozkion eskumenak:

a) Gobernu-organoak kontrolatzea eta ikuskatzea.

b) Udalerriaz gaindiko antolakundeetan parte hartzeari buruzko erabakiak hartzea; udal-mugartea aldatzea; udalerriak eta 45. artikuluan aipatutako erakundeak sortzea edo ezabatzea; deskontzentratutako organoak sortzea; udalerriburua aldatzea eta udalerriaren edo erakunde horien izena aldatzea, eta bertako bandera, ikurra edo armarria onartzea edo aldatzea.

c) Plangintza orokorrari hasierako onarpena ematea, eta hirigintza-legedian aurreikusitako antolamenduko planen eta gainerako tresnen gaineko udal-izapideen amaiera onartzea.

d) Erregelamendu organikoa eta ordenantzak onartzea.

e) Tributu-izaerako baliabide propioak zehaztea; aurrekontuak onartzea eta aldatzea; eta udalaren eskumeneko gaietan gastuak xedatzea eta kontuak onartzea. Hori guztia Toki-ogasunak arautzen dituen Legean xedatutakoarekin bat etorriz.

f) Zerbitzuak kudeatzeko moduak eta udalekotze-espedienteak onartzea.

g) Beste herri-administrazio batzuek eskuordetzan emandako eskumenak onartzea.

h) Beste toki-erakunde batzuei eta gainerako herri-administrazioei eskumen-gatazkak jartzea.

i) Langileen plantilla eta lanpostuen zerrenda onartzea; eta funtzionarioen ordainsari osagarri finko eta aldikakoen zenbatekoa eta behin-behineko langileen kopurua eta araubidea finkatzea.

j) Akzio judizialak eta administratiboak baliatzea eta udalbatzaren defentsa egitea osoko bilkuraren eskumeneko gaietan.

k) Udalaren egintzak kaltegarritzat jotzea.

l) Jabari publikoko ondasunen kalifikazio juridikoa aldatzea.

m) Kreditu-eragiketak ituntzea, baldin eta ekonomia-ekitaldi bakoitzean metatutako zenbatekoak aurrekontuko baliabide arrunten 100eko 10a gainditzen badu, diruzaintzako eragiketak salbuespentzat hartuta, horiek une bakoitzean bizirik dauden eragiketen zenbateko metatuak aurreko ekitaldian kitatutako sarrera arrunten 100eko 15a gainditzen duenean baitagozkio. Hori guztia Toki-ogasunak arautzen dituen Legean xedatutakoaren arabera.

n) Era guztietako kontratuak eta emakidak, horien zenbatekoak aurrekontuko baliabide arrunten 100eko 10a gainditzen badu, eta beti sei milioi euroko kopurua gainditzen badu; horien artean sartzen dira, halaber, urte anitzeko kontratuak eta emakidak ere, epea lau urtetik gorakoa denean, eta epe laburragoko urte anitzekoak urtealdi guztietako zenbateko metatuarekin lehen esandako ehunekoa gainditzen bada, lehenengo ekitaldiko aurrekontuko baliabide arruntak erreferentziatzat hartuta, eta beti letra honetan aipatutako zenbatekoa baino handiagoa bada.

ñ) Obra-proiektuak eta zerbitzu-proiektuak onartzea horiek kontratatu edo horien emakida egiteko eskumenak baditu eta proiektuok aurrekontuetan oraindik aurreikusi gabe badaude.

o) Ondasunak eta eskubideak eskuratzea, beren balioak aurrekontuko baliabide arrunten 100eko 10a gainditzen badu, eta beti hiru milioi eurotik gorakoa bada; ondarea besterendu ere egin dezake kasu hauetan:

1.- Ondasun higiezin zein ondasun higigarrien kasuan, historiaren zein artearen ikuspegitik baliokoak direla aitortuta badaude, eta besterentzea aurrekontuan aurreikusi gabe badago.

2.- Besterentzea aurrekontuan aurreikusita egonik, ondasunak eskuratzeko lehen adierazitako ehunekoak eta zenbatekoak gainditzen direnean.

p) Onartuak izateko gehiengo berezia behar dutelako, osoko bilkurari dagozkion gainerako eskumenak.

q) Legeek berariaz emandako gainerakoak.

3. Era berean, osoko bilkurari dagokio alkateari ezar liezaiokeen zentsura-mozioari buruzko eta alkateak berak jarritako konfiantza-galdekizunari buruzko bozketak egitea; bozketak publikoak izango dira, eta kasu guztietan bakoitzari izenetik deituta egingo dira. Horiek hauteskunde-legedi orokorrean ezarritakoarekin arautzen dira.

4. Osoko bilkurak alkateari eta tokiko gobernu-batzarrari eman diezazkieke bere eskumenak eskuordetzan; baina, salbuespen dira artikulu honetako 2. paragrafoko a), b), c), d), e), f), g), h), i), l) eta p) idatz-zatietan eta 3. paragrafoan zehaztutakoak.

23. artikulua.

1. Alkateak eta legean ezarritako zinegotzi-kopuruaren herena baino gehiagokoa ez den zinegotzi-kopuru jakin batek osatzen dute tokiko gobernu-batzarra. Alkateak izendatzen eta kentzen ditu askatasunez, eta osoko bilkurari ematen dio horren berri.

2. Tokiko gobernu-batzarrari hauek dagozkio:

a) Alkateari bere eskumenak gauzatzen laguntzea.

b) Alkateak nahiz beste udal-organoren batek eskuordetzan emandako edo legeek aitortutako eskumenak.

3. Alkateordeek alkatea ordezten dute, beren izendapen-hurrenkeraren arabera, alkateak kargua hutsik laga nahiz bera kanpoan aurkitu zein gaixorik dagoenean. Alkateak askatasunez izendatzen eta kentzen ditu alkateordeak tokiko gobernu-batzarreko kideen artetik, eta tokiko gobernu-batzarrik ez badago, zinegotzien artetik.

4. Alkateak tokiko gobernu-batzarreko kideei eman diezaieke zenbait eskumen gauzatzeko eskuordetza, eta tokiko gobernu-batzarrik ez badago, alkateordeei; hala ere, eginkizun zehatzetarako, edozein zinegotziri eman diezaioke eskumenen eskuordetza berezia, nahiz eta tokiko gobernu-batzarreko kide ez izan.

24. artikulua.

1. Udal-arazoen kudeaketan herritarren parte-hartzea errazteko eta kudeaketa hori hobetzeko, kudeaketa deskontzentratuko lurralde-organoak ezarri ahal izango dituzte udalerriek, udal bakoitzak emandako antolakuntza, eginkizun eta eskumenekin, udal-mugartean biztanleek duten kokapenaren ezaugarriak kontuan harturik, udalerria gobernatzeko eta kudeatzeko batasunari kalterik ekarri gabe.

2. Lege honetako 121. artikuluan aipatutako udalerriei 128. artikuluan ezarritako kudeaketa deskontzentratuko araubidea aplikatuko zaie.

III. KAPITULUA

Eskumenak

25. artikulua.

1.- Udalerriak, bere interesak kudeatzeko eta bere eskumenen esparruan, auzo-erkidegoaren beharrak eta nahiak betetzen lagundu dezaketen jarduera-mota guztiak bultzatu eta nahi adina zerbitzu publiko egin ditzake.

2. - Udalerriak, beti, Estatuko eta autonomia-erkidegoetako legedian ezarritako moduan, gai hauetako eskumenak beteko ditu:

a) Toki publikoetako segurtasuna.

b) Herri barruko bideetan ibilgailuen eta pertsonen zirkulazioa antolatzea.

c) Babes zibila, suteei aurrea hartzea eta suteak itzaltzea.

d) Hirigintzaren antolamendua, kudeaketa, gauzatzea eta diziplina; etxebizitzak sustatu eta kudeatzea; parkeak eta lorategiak, herri barruko bide publikoen zoladura eta errepideak eta baserri-bideak zaintzea.

e) Historia eta arteko ondasuna.

f) Ingurumena babestea.

g) Hornidurak, hiltegiak, azokak, merkatuak eta bezeroen eta kontsumitzaileen defentsa.

h) Herri-osasungarritasunaren babesa.

i) Osasunari buruzko lehen mailako arretaren kudeaketan parte hartzea.

j) Hilerriak eta hileta-zerbitzuak.

k) Gizarte-zerbitzuak, gizarte-sustapeneko zerbitzuak eta gizarteratzeko zerbitzuak ematea.

l) Ur-hornidura eta herriko argiteria; kale-bideak garbitzeko zerbitzua, hondakinak bildu eta tratatzeko zerbitzua, estolderia-zerbitzua eta hondakin-urak tratatzeko zerbitzua.

ll) Bidaiarientzako garraio publikoa.

m) Kultura eta kiroletako jarduerak zein instalazioak; aisialdia betetzea; turismoa.

n) Hezkuntzaren programazioan parte hartzea eta hezkuntza-administrazioarekin elkarlanean aritzea ikastegi publikoak sortzen, eraikitzen eta mantentzen; ikastegietako kudeaketa-organoetan esku hartzea, eta nahitaezko eskolatzea betetzeko zaintzan parte hartzea.

3.- Legeak bakarrik zehazten ditu artikulu honetan aipatutako arloetan udalek dituzten eskumenak, 2. artikuluan ezarritako printzipioekin bat etorriz.

26. artikulua.

1.- Udalerriek beren kasa edo elkarturik zerbitzu hauek bete beharko dituzte, nolanahi ere:

a) Udalerri guztietan:

Herriko argiteria, hilerria, hondakin-bilketa, kale-bideen garbiketa, edateko uraren etxeetako hornidura, estolderia, biztanleguneetarako irispideak, herri barruko bideen zoladura eta janarien eta edarien kontrola.

b) 5.000 biztanle baino gehiago dituzten udalerrietan, lehengoez gain:

Herriko parkea, liburutegi publikoa, merkatua eta hondakinen tratamendua.

c) 20.000 biztanle baino gehiago dituzten udalerrietan, lehengoez gain:

Babes zibila, gizarte-zerbitzuak betetzea, suteei aurrea hartzea eta suteak itzaltzea, eta erabilpen publikoko kirol-instalazioak.

d) 50.000 biztanle baino gehiago dituzten udalerrietan, lehengoez gain:

Bidaiari-taldeentzako hiriko garraioa eta ingurumenaren babesa.

2.- Udalerriek, beren ezaugarri bereziengatik, aipatutako zerbitzuak ezartzea eta betetzea udalarentzat ezinezkoa edo oso zaila bada, aurreko zenbakian ezarritakoaren arabera dagozkien gutxieneko zerbitzuak betetzetik salbuesteko eskabidea egin ahal izango diote bakoitzak bere autonomia-erkidegoari.

3.- Lege honetako 36. artikuluan aurreikusitakoaren arabera diputazioek udalerriei ematen dieten laguntza, batez ere, gutxieneko zerbitzu publikoak ezartzeko eta egoki betetzeko izango da; era berean lege honetako 92. artikuluko 3. zenbakian aipatutako funtzio publikoak udalbatzek betetzen dituztela ziurtatzeko ere bai.

4.- Lege honetako 40. artikuluan ezarritakoaren aurka jarri gabe, autonomia-erkidegoek probintzietako diputazioekin lankidetzan jardun lezakete, lege honetan aurreikusitako modu eta baldintzetan, aurreko paragrafoan aipatutako funtzio publikoak beteko direla bermatzeko. Era berean, probintzietako diputazioek eskualde-erakundeekin lankidetzan jardun lezakete, kasuan kasuko autonomia-legedian barruan, goian aipatutako baldintzetan.

27. artikulua.

1.- Estatuko Administrazioak, autonomia-erkidegoetakoak eta beste toki-erakunde batzuetakoak, udalerriei eman diezaiekete beren interesei ukitzen dieten gaietan eskumena gauzatzeko eskuordetza, baldin eta horrekin herri-kudeaketaren eraginkortasuna hobetzen bada eta herritarrek gehiago parte hartzen badute. Eskuordetza emateko xedapenak edo erabakiak zehaztu egin behar ditu eskuordetzaren irismena, edukia, baldintzak eta iraupena, baita eskuordetza ematen duen administrazioak beretzat gordetako kontrola, eta berak eskualdatutako giza baliabideak eta baliabide materialak eta ekonomikoak ere.

2.- Nolanahi ere, eskuordetza ematen duen administrazioak jarraibide tekniko orokorrak ezar ditzake eskuordetutako zerbitzuen gauzatzeko modua zuzendu eta kontrolatzeko, eta edozein momentutan udal-kudeaketari buruzko informazioa eska dezake, baita ordezkariak bidali eta ohartemandako hutsak zuzentzeko beharrezko eskaerak egin ere. Jarraibideak bete ezik, eskatutako argibideak ukatuz gero, zein egindako eskaerei jaramonik egin ezik, eskuordetza ematen duen administrazioak kendu egin lezake eskuordetza edo eskuordetutako eskumena bere kabuz burutu udalerriaren ordez. Udalerriaren egintzen aurka errekurtsoak jarri ahal izango zaizkie eskuordetza eman duen administrazioko organo eskudunei.

3. - Eskuordetza eraginkorra izateko udalerri interesdunak onartu egin beharko du, eta, hala badagokio, autonomia-erkidegoaren aurretiko aholkua eta txostena beharko dira, lege bidez nahitaez ezartzen ez bada behintzat; kasu horretan ezinbestekoa izango da eskuordetza gauzatzeko baliabide ekonomikoak zuzkitzea edo gehitzea.

4.- Eskuordetutako eskumenak Estatuko edo dagokion autonomia-erkidegoko legedien arabera gauzatzen dira, edo, kasua beste hau bada, eskuordetza eman duen toki-erakundeak onartutako erregelamenduaren arabera.

28. artikulua.

Berez beste herri-administrazio batzuei badagozkie ere, udalerriek haien jarduera osagarri batzuk egin ditzakete, bereziki, hezkuntzari, kulturari, emakumearen sustapenari, etxebizitzari, osasunari eta ingurumena babesteari buruzkoak.

IV. KAPITULUA

Araubide bereziak

29. artikulua.

1.- Kontzeju ireki bezala jardungo dute:

a) 100 biztanle baino gutxiago dituzten udalerriek eta gobernatzeko eta administratzeko araubide berezi horretaz betidanik baliatu direnek.

b) Kokaleku geografikoa, udal-interesen kudeaketa hobea edo beste egoera batzuk direla-eta araubide horretaz baliatzea komenigarri dutenek.

2. - Aurreko zenbakiko b) idatz-zatian aipatutako udalerriek kontzeju irekia osatzeko, auzotarren gehiengoak hala eskatu behar du, udaleko kideen bi hereneko gehiengoak aldeko erabakia hartu behar du eta autonomia-erkidegoak onartu egin behar du.

3.- Kontzeju irekiko araubidean, alkateari eta hautesle guztien artean osatutako auzo-batzarrari dagokie udalerriko gobernua eta administrazioa. Toki bakoitzeko usadio, ohitura eta tradizioetara egokitzen dute beren jarduna eta, halakorik ezean, lege honetan eta autonomia-erkidegoetako legeetan toki-araubideari buruz ezarritakora.

30. artikulua.

Autonomia-erkidegoetako toki-araubideari buruzko legeetan, beti ere lege honetan ezarritakoaren eremuan, araubide bereziak ezarri ahal izango dira, bai udalerri txikientzat zein nekazaritza-girokoentzat, bai berez dituzten ezaugarriengatik hala egitea komenigarri egiten dutenentzat, hala nola, beren izaera historiko-artistikoa dela-eta, zein turismoko, industriako, meatzaritzako nahiz antzeko jarduerak udalerrian nagusi direla-eta komenigarri egiten dutenentzat.

III. TITULUA

Probintzia

31. artikulua.

1. - Udalerri-multzoak osatutako toki-erakundea da probintzia; berezko nortasun juridikoa du eta helburuak betetzeko gaitasun osoa.

2.- Probintziaren helburu zehatz eta berezkoa da udalerrien arteko elkartasuna eta oreka printzipio bezala bermatzea, ekonomiari eta gizarteari buruzko politikaren esparruan, bereziki:

a) Probintziako lurralde osoan udalerriaren eskumeneko zerbitzuak osorik eta egoki betetzea ziurtatzeko.

b) Autonomia-erkidegoko eta Estatuko administrazioekin toki-administrazioarena koordinatzen parte hartzea.

3.- Diputazioari dagozkio probintziaren autonomiaren gobernua eta administrazioa, edo ordezkaritza duten beste korporazio batzuei.

I. KAPITULUA

Antolakuntza

32. artikulua.

Probintziaren antolakuntzak arau hauek ditu:

1. Diputazio guztietan lehendakaria, lehendakariordeak, gobernu-batzarra eta osoko bilkura daude.

2. Diputazio guztietan egongo dira, halaber, osoko bilkurak erabakitzeko jarriko diren gaiak aztertu, horien gainean txostena egin zein horietaz aholkua emateko beste organo batzuk, baita lehendakariaren, gobernu-batzarraren eta eskuordetzan emandako eskumenak dituzten diputatuen kudeaketaren jarraipena egiteko ere, bakoitzaren legedi autonomikoak esparru horretarako beste antolakuntza-moduren bat aurreikusi ez badu eta osoko bilkurari dagozkion kontrol-eskumenen aurka jarri gabe.

Korporazioa osatzen duten talde politiko guztiek izango dute aipatutako organoetan parte hartzeko eskubidea, taldeotako diputatuak organo horietan egonda, osoko bilkuran duten diputatu-kopuruaren arabera.

3. Aurreko organoen osagarri diren gainerakoak diputazioek beraiek ezarri eta arautzen dituzte. Hala ere, lege-testu honetan aurreikusitako probintzia-antolakuntzaren beste osagarri bat ezarri ahal izango dute autonomia-erkidegoek toki-araubideari buruz emandako legeetan.

33.artikulua.

1. - Diputazioaren osoko bilkura lehendakariak eta diputatuek osatzen dute.

2.- Nolanahi ere osoko bilkurari dagozkio:

a) Diputazioaren antolakuntza.

b) Ordenantzak onartzea.

c) Aurrekontuak onartu eta aldatzea, bere eskumenen mugen barruan gastuak xedatzea eta kontuak behin-behingoz onartzea. Hori guztia Toki-ogasunak arautzeko Legean xedatutakoaren arabera.

d) Probintziako planak onartzea.

e) Gobernu-organoak kontrolatzea eta ikuskatzea.

f) Langileen plantilla eta lanpostuen zerrenda onartzea; eta funtzionarioen ordainsari osagarri finko eta aldikakoen zenbatekoa eta behin-behineko langileren kopurua eta araubidea finkatzea.

g) Herri-jabariko ondasunen kalifikazio juridikoa aldatzea.

h) Beste toki-erakunde batzuei eta gainerako herri-administrazioei eskumen-gatazkak jartzea.

i) Akzio judizialak eta administratiboak baliatzea eta korporazioaren defentsa egitea osoko bilkuraren eskumeneko gaietan.

j) Diputazioaren egintzak kaltegarritzat jotzea.

k) Kreditu-eragiketak ituntzea, baldin eta ekonomia-ekitaldi bakoitzean metatutako zenbatekoak baliabide arrunten 100eko 10a gainditzen badu, diruzaintzako eragiketak salbuespentzat hartuta, horiek baitagozkio une bakoitzean bizirik dauden eragiketen zenbateko metatuak aurreko ekitaldian kitatutako sarrera arrunten 100eko 15a gainditzen badu. Hori guztia Toki-ogasunak arautzeko Legean xedatutakoaren arabera.

l) Era guztietako kontratuak eta emakidak, horien zenbatekoak aurrekontuko baliabide arrunten 100eko 10a gainditzen badu, eta beti 1.000.000.000 pezetako kopurua gainditzen badu; horien artean sartzen dira, halaber, urte anitzeko kontratuak eta emakidak ere, epea lau urtetik gorakoa denean, eta epe laburragokoak zenbateko metatuarekin lehen esandako ehunekoa gainditzen bada, lehenengo ekitaldiko aurrekontuko baliabide arruntak erreferentziatzat hartuta, eta beti idatz-zati honetan aipatutako zenbatekoa baino handiagoa bada.

m) Obra-proiektuak eta zerbitzu-proiektuak onartzea horiek kontratatu edo horien emakida egiteko eskumenak baditu eta proiektuok aurrekontuetan oraindik aurreikusi gabe badaude.

n) Ondasunak eta eskubideak eskuratzea, beren balioak aurrekontuko baliabide arrunten 100eko 10a gainditzen badu, eta beti 500.000.000 pezetatik gorakoa bada; ondarea besterendu ere egin dezake kasu hauetan:

Ondasun higiezin zein ondasun higigarrien kasuan, historiaren zein artearen ikuspegitik baliokoak direla aitortuta badaude eta aurrekontuan aurreikusi gabe badaude.

Aurrekontuan aurreikusita egonik, ondasunak eskuratzeko adierazitako aurreko ehuneko eta zenbatekoak gainditzen dituztenean.

ñ) Onartuak izateko gehiengo berezia behar dutelako, osoko bilkurari dagozkion gainerako eskumenak.

o) Legeek berariaz emandako gainerakoak.

3. Era berean, osoko bilkurari dagokio lehendakariari ezar liezaiokeen zentsura-mozioari buruzko eta lehendakariak berak jarritako konfiantza-galdekizunari buruzko bozketak egitea; bozketak publikoak izango dira, eta kasu guztietan bakoitzari izenetik deituta egingo dira. Horiek hauteskunde-legedi orokorrean ezarritakoarekin arautzen dira.

4.- Osoko bilkurak lehendakariari eta gobernu-batzordeari utz diezazkieke bere eskumenak eskuordetzan; ez, ordea, artikulu honetako 2. zenbakiko a), b), c), d), e), f), h) eta ñ) idatz-zatietan eta 3. zenbakian zehaztutakoak.

34. artikulua.

1. - Nolanahi ere diputazioko lehendakariari dagozkio:

a) Probintziaren gobernua eta administrazioa zuzentzea.

b) Diputazioaren ordezkari izatea.

c) Osoko bilkuretarako deia egin eta bertan buru izatea, lege honetan eta hauteskunde-legedi orokorrean aurreikusitako kasuetan izan ezik, eta berdin diputazioko gobernu-batzarreko eta beste edozein organotakoak ere; eta berdinketak daudenean, kalitateko botoarekin hori erabakitzea.

d) Probintziako diputazioaren titulartasunekoak izan eta berari egitea dagozkion zerbitzuak eta obrak zuzentzea, ikuskatzea eta bultzatzea.

e) Autonomia-erkidegoari dagozkion zerbitzuen kudeaketa ziurtatzea, horien ohiko kudeaketa diputazioari gomendioan eman bazaio.

f) Onartutako aurrekontuaren arabera ekonomiaren kudeaketa garatzea; gastuak xedatzea, bere eskumenen mugen barruan; kreditu-eragiketak ituntzea, Toki-ogasunak arautzen dituen abenduaren 28ko 39/1988 Legeko 158.5 artikuluan aipatutako eragiketak kanpoan utzita, baldin eta eragiketa horiek aurrekontuan aurreikusita badaude eta ekonomia-ekitaldi bakoitzean metatutako zenbatekoak baliabide arrunten 100eko 10a gainditzen ez badu, diruzaintzako eragiketak salbuespentzat hartuta, horiek baitagozkio une bakoitzean bizirik dauden eragiketen zenbateko metatuak aurreko ekitaldian kitatutako sarrera arrunten 100eko 15a gainditzen ez badu; ordainketak agintzea eta kontuak ematea; hori guztia Toki-ogasunak arautzeko Legean xedatutakoaren arabera.

g) Enplegu publikoaren eskaintza onartzea, osoko bilkurak onartutako aurrekontuaren eta plantillaren arabera; langileak hautatzeko eta lanpostuak betetzeko lehiaketetarako probetako oinarriak onartzea; eta finkoak eta aldikakoak ez diren ordainsari osagarriak banatzea.

h) Langile guztien goi-buruzagitza betetzea; beren izendapenak eta zehapenak erabakitzea, korporazioko funtzionarioak zerbitzutik kentzea eta lan-kontratuko langileak iraiztea barne, eta osoko bilkurari eman beharko dio horien berri hurrengo lehenengo bilkuran. Eskumen hau ez da lege honetako 99.1 eta 3 artikuluetan xedatutakoaren aurkakoa.

i) Akzio judizialak eta administratiboak baliatzea eta diputazioaren defentsa egitea bere eskumeneko gaietan, beste organo bati eskuordetzan emandakoak izan arren; larrialdietan, osoko bilkuraren eskumeneko gaietan ere hala jardun lezake, eta osoko bilkurak hurrengo lehenengo bilkura egiten duenean eman beharko du azken kasu horren berri hark berretsi dezan.

j) Lehendakariaren eskumeneko gaietan osoko bilkurak egintzak kaltegarritzat jotzeko proposamena egiteko ekimena.

k) Era guztietako kontratuak eta emakidak, horien zenbatekoak aurrekontuko baliabide arrunten 100eko 10a gainditzen ez badu, eta inolaz ere sei milioi euroko kopurua gainditzen ez badu; horien artean sartzen dira, halaber, urte anitzekoak ere, epea lau urtetik gorakoa ez denean, baldin eta urtealdi guztietako zenbateko metatuarekin lehen esandako ehunekoa gainditzen ez bada, lehenengo ekitaldiko aurrekontuko baliabide arruntak erreferentziatzat hartuta, eta aipatutako zenbatekoa ere gainditzen ez bada.

l) Obra-proiektuak eta zerbitzu-proiektuak onartzea horiek kontratatu edo horien emakida egiteko eskumenak baditu eta proiektuok aurrekontuetan aurreikusita badaude.

m) Ondasunak eta eskubideak eskuratzea, beren balioak aurrekontuko baliabide arrunten 100eko 10a gainditzen ez badu, eta hiru milioi eurotik gorakoa ez bada; ondarea besterendu ere egin dezake, lehen aipatutako ehunekoa eta kopurua gainditzen ez badira, kasu hauetan:

Ondasun higiezinen kasuan, besterentzea aurrekontuan aurreikusita badago.

Ondasun higigarrien kasuan, historiaren zein artearen ikuspegitik baliokoak direla aitortutakoak salbuespen direla, aurrekontuan horiek besterentzea aurreikusi ez bada.

n) Diputazioaren erabakiak argitaratu, bete eta betearazteko agintzea.

ñ) Legeek berariaz aitortzen dizkioten gainerakoak.

o) Estatuko zein autonomia-erkidegoetako legediak diputazioari aitortutako gainerako eskumenak, baldin eta beste organo batzuei berariaz aitortu ez bazaizkie.

2. Lehendakariak eskuordetzan utz ditzake bere eskumenak; baina, salbuespen dira, osoko bilkuretarako eta gobernu-batzarraren bilkuretarako deia egin eta bertan buru izatea, berdinketa-kasuak kalitateko botoarekin erabakitzea, kreditu-eragiketak ituntzea, langile guztien goi-buruzagitza betetzea, funtzionarioak zerbitzutik kentzea eta lan-kontratuko langileak iraiztea, eta aurreko zenbakiko a), i) eta j) idatz-zatietan zehaztutakoak.

3.- Lehendakariari dagokio, halaber, lehendakariordeak izendatzea.

35. artikulua.

1. Lehendakariak eta legean ezarritako diputatu-kopuruaren herena baino gehiagokoa ez den diputatu-kopuru jakin batek osatzen dute gobernu-batzarra. Lehendakariak izendatzen eta kentzen ditu askatasunez, eta osoko bilkurari ematen dio horren berri.

2. Gobernu-batzarrari hauek dagozkio:

a) Lehendakariari bere eskumenak gauzatzen laguntzea.

b) Lehendakariak eskuordetzan emandako edo legeek aitortutako eskumenak.

3. Lehendakariak gobernu-batzarreko kideei eman diezaieke zenbait eskumen gauzatzeko eskuordetza, baina, eginkizun zehatzetarako, edozein diputaturi eman diezaioke eskumenen eskuordetza berezia, nahiz eta gobernu-batzarreko kide ez izan.

4. Lehendakariordeek lehendakaria ordezten dute, beren izendapen-hurrenkeraren arabera, lehendakariak kargua hutsik laga nahiz bera kanpoan aurkitu zein gaixorik dagoenean. Lehendakariak askatasunez izendatzen ditu lehendakariordeak gobernu-batzarreko kideen artetik.

II. KAPITULUA

Eskumenak

36. artikulua.

1. Diputazioaren berezko eskumenak dira, gai honetan, herri-ekintzako arlo guztietan Estatuko eta autonomia-erkidegoetako legeek egotzitakoak; nolanahi ere, hauek:

a) Udal-zerbitzuak beren artean koordinatzea, 31. artikuluko 2. zenbakiko a) idatz-zatian aipatutako moduan zerbitzuak osorik eta egoki betetzea ziurtatzeko.

b) Udalerriei, eta bereziki ekonomiaren aldetik eta kudeaketarako gaitasun txikia dutenei, laguntza eta lankidetza juridiko, ekonomiko eta teknikoa ematea.

c) Udalerriaz gaindiko eta, hala badagokio, eskualdez gaindiko zerbitzu publikoak betetzea.

d) Probintziako lurraldearen garapen ekonomiko eta soziala sustatzeko eta plangintza egiteko lankidetza ematea, arlo horretan beste herri-administrazioek dituzten eskumenekin bat etorriz.

e) Orokorrean, probintziaren interes bereziak sustatzea eta administratzea.

2. Aurreko zenbakiko a) eta b) idatz-zatietan ezarritakoaren ondorioetarako, diputazioak:

a) Udalerrien eskumeneko obra eta zerbitzuetarako lankidetza-plan bat onartzen du urtero probintzia osorako, eta probintziako udalerriek parte hartu behar dute hori lantzen. Plana diputazioaren beraren baliabideez, udalen ekarpenez eta autonomia-erkidegoak eta Estatuak bakoitzak bere aurrekontuaren kontura onartutako dirulaguntzez finantzatu ahal izango da, eta planaren helburuen eta funtsak banatzeko irizpideen gaineko txosten justifikatzailea jaso behar da planean, beti ere irizpideok objektiboak eta bidezkoak izanda. Autonomia-estatutuetan aitortutako eskumenen eta aurrez bere gain hartu eta estatutuek sendetsitako eskumenen aurka jarri gabe, autonomia-erkidegoak ziurtatu egiten du, bere lurraldean, probintziako planen koordinazioa, lege honetako 59. artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz.

Estatuak eta autonomia-erkidegoak, kasua denean, zenbait irizpide eta baldintzaren pean jar ditzakete dirulaguntzak, erabili edo ezarri ahal izateko.

b) Udalerriaren eskumeneko gutxieneko zerbitzu-multzoaz baliatzeko aukera ziurtatu behar die probintziako biztanleei, baita zerbitzu horiek betetzerakoan eraginkortasun eta ekonomiarik handiena izatea ere, udalerriei laguntza emateko eta udalerriekin lankidetzan aritzeko edozein formula erabiliz. Helburu horrekin, plan bereziez zein bestelako berariazko tresnez baliatuz egituratutako dirulaguntzak eta laguntzak eman ahal izango dituzte diputazioek beren funtsen kontura, udalerrietako obra eta zerbitzuak egiteko eta mantentzeko.

37. artikulua.

1. - Autonomia-erkidegoek diputazioei eman diezazkieke zenbait eskumen eskuordetzan, baita beren zerbitzuen ohiko kudeaketa haiei gomendioan eman ere, bakoitzaren estatutuetan aurreikusitako eran. Azken kasu horretan, erkidegoen jarraibide orokor eta zehatzei estu lotuta jardun beharko dute diputazioek.

2. - Estatuak, dagokion autonomia-erkidegoari iritzia eskatu eta horren txostena jaso ondoren, diputazioei eman diezazkieke zenbait eskumen eskuordetzan betearazteko, zerbitzu horiek betetzeko esparrurik egokiena probintzia denean.

3. - Eskuordetzan emandako ahalmenak gauzatzerakoan 27.artikuluan xedatutakora egoki behar dira diputazioak.

38. artikulua.

Lege honetako kapitulu honetan eta gainerakoetan diputazioentzat ezarritako aurreikuspenak berdin aplikatuko zaizkie probintziaren autonomiaren gobernua eta administrazioa egokitu eta ordezkaritza duten beste korporazioei ere.

III. KAPITULUA

Araubide bereziak

39. artikulua.

Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko foru-organoek eutsi egiten diote beren araubide bereziari, Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren esparruan. Hala ere, lege honetako xedapenak osagarri moduan aplikatuko zaizkie.

40. artikulua.

Probintzia bakarreko autonomia-erkidegoek eta Nafarroako Foru Komunitateak beregain hartzen dituzte probintzietako diputazioei ohiko araubidean dagozkien eskumenak, bitartekoak eta baliabideak. Salbuespen da Balear Uharteetako Autonomia Erkidegoa, bertako estatutuan jartzen duenaren arabera.

41. artikulua.

1. Kanariar Uharteetako kabildoak, uharte bakoitzeko gobernu, administrazio eta ordezkaritzako organo direnez, lege honetako hamalaugarren xedapen gehigarrian jasotako arauen bidez arautzen dira, eta osagarri moduan, probintzietako diputazioen antolakuntza eta jarduera arautzen dituzten arauen bidez, diputazioen eskumenak beren gain hartuta, Kanarietako Autonomia Estatutuan xedatutakoari kalterik eragin gabe.

2. Kanariar Uhartedian bizirik diraute uharteen arteko probintzia mankomunitateak, probintzietako interesak ordezkatzeko eta adierazteko organo bezala baino ez bada ere. Probintzia bakoitzeko uharteetako kabildoetako lehendakariek osatzen dituzte organo horiek, eta probintziako hiriburua dagoen uharteko kabildoko lehendakaria da buru.

3. Balear Uharteetako Uharte Kontseiluei probintzietako diputazioen antolakuntza eta jarduera arautzen dituzten lege honetako arauak aplikatuko zaizkie, eta beren gain hartzen dituzte lege honetan xedatutakoaren arabera dagozkien eskumenak eta Balear Uharteetako Autonomia Estatutuaren arabera dagozkienak.

IV. TITULUA

Beste toki-erakunde batzuk

42. artikulua.

1.- Autonomia-erkidegoek, beren estatutuetan ezarritakoaren arabera, zenbait udalerri elkartuko dituzten eskualde edo erakundeak sortu ahal izango dituzte, udalerrion berezitasunei dagozkien interes komunek berariazko kudeaketa edo zerbitzuak maila horretan ematea eskatzen dutenean.

2.- Eskualde bat sortzeko ekimena udalerri interesdunek beraiek har dezakete. Nolanahi ere, ezin izango da eskualderik sortu, bertan elkartu beharreko udalerrietatik bi bostenak aurka dagoela adierazten badu; beti ere, kasu horretan, udalerri horiek dena delako lurraldeko hautesle-erroldaren erdia edo gehiago ordezkatu behar dute. Eskualdeak probintzia bat baino gehiagoko udalerriak batu behar dituenean, udalerri horien lurralde-eremuetako probintzietako diputazioen aldeko txostena ezinbestekoa izango da.

3. - Autonomia-erkidegoetako legeetan zehaztuko da eskualdeen lurralde-eremua, batuko dituzten udalak ordezkatzeko moduan eratutako gobernu-organoen osaera eta jarduteko modua, baita esleituko zaizkien eskumenak eta diru-baliabideak ere.

4. - Eskualdeak sortzeak ez du esan nahi 26. artikuluan zerrendatutako zerbitzuak emateko eskumena galduko dutenik udalerriek, ez eta 25. artikuluko 2. paragrafoan zerrendatutako arlo bakoitzean esku-hartzea ukatuko zaienik ere.

43. artikulua.

1.- Autonomia-erkidegoek, Estatuko Administrazioari eta udal eta diputazio interesdunei entzun ondoren, metropolialdeak sortu, aldatu eta ezabatu ahal izango dituzte lege bidez, bakoitzak bere estatutuetan ezarritakoaren arabera.

2.- Hiri-aglomerazio handietako udalerriek osatutako toki-erakundeak dira metropolialdeak. Horien biztanleguneen artean dauden ekonomia eta gizarteko loturek beharrezkoa egiten dute zenbait zerbitzu eta obren plangintza batera egitea eta horiek koordinatzea.

3.- Autonomia-erkidegoko legediak zehaztuko ditu gobernuko eta administrazioko organoak, metropolialdean batutako udalerri guztiak ordezkatuta egoteko moduan; berdin ekonomia-araubidea eta jarduteko modua ere, erabakiak hartzerakoan udalerri guztien parte hartzea eta beren arteko karga-banaketa egokia dela bermatzeko eran; eta metropolialdean bete edo egin beharreko zerbitzuak eta obrak, eta horiek gauzatzeko prozedura.

44. artikulua.

1. Udalerriei, beren eskumeneko zenbait obra eta zerbitzu elkarrekin burutzeko, beste udalerri batzuekin mankomunitateetan elkartzeko eskubidea aitortzen zaie.

2. Mankomunitateek nortasun eta gaitasun juridikoak dituzte beren helburu zehatzak betetzeko, eta beren estatutuen bidez arautzen dira. Estatutuetan arautu behar dira erakundearen lurralde-eremua, xedea eta eskumena, gobernu-organoak eta baliabideak, iraunaldia eta beren jardunerako beharrezko diren beste arlo guztiak.

Nolanahi ere, gobernu-organoen ordezkaritza mankomunitatean bildutako udalen adierazgarri izan behar da.

3. Mankomunitateen estatutuak onartzeko prozedura autonomia-erkidegoetako legedian zehaztuko da, eta, nolanahi ere, arau hauetara egokitu behar da:

a) Mankomunitatearen sustatzaile diren udalerri guztietako zinegotziei dagokie estatutuak egitea, batzarrean bilduta.

b) Horretan interesa duten probintzietako diputazioek estatutuen proiektuari buruzko txostena emango dute.

c) Udal guztietako osoko bilkurek onartuko dituzte estatutuak.

4. Pareko prozedura beteko da mankomunitateak aldatu zein ezabatzeko.

5. Autonomia-erkidego bat baino gehiagoko udalerriak bil daitezke mankomunitate batean, baldin eta autonomia-erkidego horietako araudiek hala egitea onartzen badute.

45. artikulua.

1. - Autonomia-erkidegoetako toki-araubideari buruzko legeek arautuko dituzte udalerria baino lurralde-eremu txikiagokoak diren erakundeak, sakabanatutako biztanleguneen kudeaketa deszentralizatua egin ahal izateko, erakundeon ohiko izenak errespetatuz: baserri, parrokia, herrixka, auzo, elizate, kontzeju, alkate-auzo, alberriak eta antzeko beste batzuk, edo legeek ezar ditzatenak erabiliz.

2.- Nolanahi ere, arau hauek bete behar dira:

a) Ekimena berdin proposa dezake interesa duen biztanleek zein bertako udalak. Nolanahi ere, udalari beti entzun behar zaio.

b) Zuzenean hautatutako kide bakarreko organo betearazle bat eta kide anitzeko kontrol-organo bat izango ditu erakundeak; azken horretako kide-kopurua ezin da bi baino gutxiago izan, ez eta udala osatzen duten zinegotzien kopuru osoaren herena baino gehiagokoa ere.

Kide anitzeko organoko kideen izendapena, kide bakarreko organoa aukeratzeko barrutia osatzen duten sail edo sailetan udalerako egindako hauteskundeen emaitzen arabera egingo da.

Hala ere, 29. artikuluko 1. paragrafoan aurreikusitako ezaugarriak dituzten erakundeei kontzeju irekiko araubidea ezarri ahal izango zaie.

c) Ondasunak xedatzeari, kreditu-eragiketei eta jabetza nahitaez kentzeari buruzko erabakiak udalak berretsi beharko ditu.

V. TITULUA

Toki-erakundeei buruzko xedapen orokorrak

I. KAPITULUA

Jardun-araubidea

46. artikulua.

1. - Toki-erakundeetako kide anitzeko organoak ohiko bilkurak egingo ditu, aurrez ezarritako aldizkotasunez, eta bilkura bereziak ere bai; azken horiek presakoak izan daitezke.

2. - Nolanahi ere, toki-korporazioen osoko bilkuren jarduna arau hauetara egokitzen da:

a) Osoko bilkurak hilero egingo du gutxienez ohiko bilkura 20.000 biztanle baino gehiagoko udalerrietako udaletan, eta probintziako diputazioetan; bi hilabetetik behin egingo du 5.001 biztanletik 20.000 biztanle arteko udalerrietako udaletan; eta hiru hilabetetik behin, 5.000 biztanle arteko udalerrietan. Osoko bilkurak, halaber, bilkura bereziak egingo ditu bai lehendakariak eskatzen duenean zein korporazioko kideen legezko kopuruaren laurden batek gutxienez eskatzen duenean, baina zinegotzi batek ere ezin izango du eskatu hirutan baino gehiagotan urtean. Bilkura berezien kasuan, bilkura egiteko eguna ezin izango da atzeratu hamabost egun baliodun baino gehiago, eskatzen denetik, eta gaia ezin izango da sartu osoko ohiko bilkura bateko gai-zerrendan, ez eta gai gehiago dituen bilkura berezi batean ere, azken bilkura hori eskatu dutenek berariaz onartzen ez badute.

Baldin eta goian aipatutako zinegotzi-kopuruak eskatutako osoko bilkura berezirako deialdirik adierazitako epean lehendakariak egiten ez badu, berez eta besterik gabe deia eginda geldituko da aipatutako epea amaitzen den egunaren hurrengo hamargarren egun baliodunerako, eguerdiko hamabietarako, eta hala jakinaraziko die korporazioko idazkariak bertako kide guztiei goian aipatutako epea amaitu eta biharamunean. Lehendakaria edo legez bere ordezko dena bilkurara agertzen ez bada, osoko bilkura hori balio osoz eratuko da manu honetako c) idatz-zatian aipatutako quoruma batzen bada; halakoetan, bertaratutako kideen artean adinez nagusien den korporazioko kidea izango da buru.

b) Gutxienez bi egun baliodun aurretik egin behar da osoko bilkuretarako deia, presako bilkura berezien kasuan izan ezik, osoko bilkurak sendetsi beharko baitu presatasun hori. Gai-zerrendan sartutako gaien dokumentazio osoa zinegotzien edo diputatuen eskura egon behar da deialdiko lehenengo egunetik korporazioko idazkaritzan, eztabaidarako oinarri izango baita, eta hala badagokio, baita bozketarako ere.

c) Osoko bilkura balio osoz eratzeko, kideen legezko kopuruaren herena bertaratu behar da, beti ere, gutxienez hiru. Quorum hori bilkura osoan egon beharko da.

Nolanahi ere, beharrezkoa da korporazioko lehendakaria eta idazkaria bertaratzea, edo haiek legez ordezten dituztenak.

d) Ohiko bozketaz hartzen dira erabakiak, osoko bilkurak, kasu zehatzen baterako, izenezko bozketa bidez egitea erabakitzen ez badu behintzat. Botoa baiezkoa edo ezezkoa izan daiteke, eta korporazioko kideek bozketan abstentzioa aukeratu dezakete.

Behin gairen bati buruz eztabaidatzen hasi eta gero, zinegotzi edo diputaturen bat edo batzuk falta badira, gai horri dagokion bozketan abstentzioa aukeratzearen bestekoa izango da.

Bozketa egin eta berdinketa egonez gero, beste bozketa bat egingo da; eta berriz ere berdinketa balego, lehendakariaren kalitateko botoak ebatziko du.

e) Ohiko osoko bilkuretan korporazioko beste organoak kontrolatzeko jarritako parteak bere gorputz-zatia izan beharko du, erabakien partetik bereizita, benetan udaleko talde guztiei eskariak, galderak eta mozioak aurkezteko garaian beren parte hartzea bermatzeko, bai jarduteko moduan, bai arautzeko moduan ere.

47. artikulua.

1. Toki-korporazioen erabakiak, arau orokor moduan, bertaratutako kideen gehiengo soilaz hartzen dira. Baiezko botoak ezezkoak baino gehiago direnean gehiengo soila izango da.

2. Korporazioko legezko kide-kopuruaren gehiengo osoaren aldeko botoa behar da, jarraian agertzen diren arloetan erabakiak hartzeko:

a) Udalerriak sortu eta ezabatu, eta udal-mugarteak aldatzeko.

b) Lege honetako 45. artikuluan aipatutako erakundeak sortu, aldatu eta ezabatzeko.

c) Udal-mugartearen mugak onartzeko.

d) Udalerriaren izena eta udalerriburuaren kokalekua aldatzeko.

e) Bertako bandera, ikurra zein armarria onartu nahiz aldatzeko.

f) Korporazioaren erregelamendu organikoa onartu eta aldatzeko.

g) Mankomunitateak eta beste elkarte-antolakunde batzuk sortu, aldatu edo desegiteko, baita horiei atxiki, eta bertako estatutuak onartu eta aldatzeko ere.

h) Beren eginkizunak edo jarduerak beste herri-administrazio batzuei eskualdatzeko, baita beste administrazio batzuek emandako eskuordetzak zein kudeaketarako gomendioak onartzeko, legeak nahitaez ezarritakoak ez badira.

i) Herri-ondasunen aprobetxamendua edozein tituluz lagatzeko.

j) Ondasunak zein zerbitzuak bost urte baino gehiagorako emakidan ematea, beti ere, horien zenbatekoak aurrekontuko baliabide arrunten %20 gainditzen badu.

k) Monopolio-araubideko jarduerak udalak zein probintziak bere gain hartzeko, eta horiei dagokien zerbitzua kudeatzeko modu zehatza onartzeko.

l) Finantza-eragiketak zein kreditu-eragiketak onartzeko, eta kitak eta itxaroteak emateko, horien zenbatekoak aurrekontuko baliabide arrunten %10 gainditzen badu, baita Toki-ogasunak arautzen dituen abenduaren 28ko 39/1988 Legeko 158.5 artikuluan aurreikusitako kreditu-eragiketak onartzeko ere.

ll) Hirigintzako legedian plangintza orokorrerako aurreikusitako tresnak izapidetzen korporazioak hartu beharreko erabakiak hartzeko.

m) Ondasunak besterentzeko, horien kopuruak aurrekontuko baliabide arrunten %20 gainditzen badu.

n) Jabari publikoko ondasunen edo herri-ondasunen kalifikazio juridikoa aldatzeko.

ñ) Beste herri-administrazio edo erakunde batzuei ondasunak doan lagatzeko.

o) Legean zehaztutako gainerako arloak.

3. Lege honetako 121. artikuluan aipatutako udalerrietan erabakiak hartzeko arauak 123. artikuluko 2. paragrafoan jasotakoak dira.

48. artikulua.

Estatu Kontseiluaren irizpena aginduzkoa den gaietan, autonomia-erkidego bakoitzeko lehendakariak egingo du eskabidea, Lurralde Administrazioko Ministerioaren bidez.

Zenbait autonomia-erkidegotako lurralde-eremukoak diren erakundeek batera eskatu behar dutenean irizpena, Administrazio Publikoetako Ministerioaren bidez egingo da eskabidea, biztanle gehien duen erakundeak eskatuta.

49. artikulua.

Toki-ordenantzak onartzeko prozedura hau bete behar da:

a) Osoko bilkurak hasierako onarpena ematea.

b) Gutxienez 30 egunean jendaurrean jarrita izatea eta interesdunei entzunaldia ematea, erreklamazioak eta iradokizunak aurkez ditzaten.

c) Epe barruan aurkeztutako erreklamazio eta iradokizun guztiak erabakitzea eta osoko bilkurak behin betiko onarpena ematea.

Inolako erreklamazio edo iradokizunik aurkezten ez bada, ordura arte behin-behinekoa zen erabakia behin betikoa dela ulertuko da.

50. artikulua.

1.- Toki-korporazio baten menpeko organoen eta erakundeen artean sortutako eskumen-gatazkak hauek ebatziko dituzte:

a) Osoko bilkurak, gatazkok kide anitzeko organoei, bertako kideei zein 45. artikuluan aurreikusitako toki-erakundeei badagozkie.

b) Alkateak edo korporazioko lehendakariak, gainerako kasuetan.

2.- Toki-erakundeen artean jarritako eskumen-gatazkak autonomia-erkidegoko administrazioak edo Estatuko Administrazioak ebatziko ditu, dagokien autonomia-erkidegoei entzunaldia eman ondoren, erkidego berekoak edo erkidego bat baino gehiagokoak diren kontuan hartuta, nahiz eta emandako ebazpenari administrazioarekiko auzien jurisdikzioan aurka egin ahal izango zaion gerora.

3.- Autonomia-erkidego bat baino gehiagoko udalerrien artean beren udal-mugartea mugatzeari buruz sortutako auziak Estatuko Administrazioak ebatziko ditu, Geografia Institutu Nazionalaren txostena jaso, udalerri eta autonomia-erkidego interesdunei entzun eta Estatu Kontseiluaren irizpena jaso ondoren.

51. artikulua.

Toki-erakundeen egintzak berehala betearazi beharrekoak dira, legezko xedapenen batek aurkakoa ezartzen duen kasuetan edo legearen arabera haien eraginkortasuna eteten denean izan ezik.

52. artikulua.

1. - Administrazio-bidea amaitzen duten toki-erakundeen egintzen eta erabakien aurka bidezkoak diren akzioak aurkeztu ahal izango dizkiote interesdunek eskumenak dituen jurisdikzioari; hala ere, aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango da aldez aurretik.

2. - Ondoren agertzen diren organoen eta agintarien ebazpenek amaitu egiten dute administrazio-bidea:

a) Osoko bilkurarenek, alkate edo lehendakarienek eta gobernu-batzarrarenek, arlo jakinen bateko legeren batek Estatuko Administrazioaren edo autonomia-erkidegokoaren geroko onarpena eska dezan kasu berezietan, edo lege honetako 27.2 artikuluko kasuetan administrazio horiei errekurtsoa aurkeztu ahal zaienean izan ezik.

b) Beheragoko agintari eta organoenak, alkatearen, lehendakariaren edo administrazio-bidea amaitzen duten beste organoen eskuordetzaz ebatzi dezaten kasuetan.

c) Beste edozein agintari zein organorenak, legezko xedapen batean hala ezartzen bada.

53. artikulua.

Lege honetako 65, 67 eta 110. artikuluetan jasotako aurreikuspen zehatzen aurka jarri gabe, toki-korporazioek beren egintzak eta erabakiak berriro aztertu ahal izango dituzte administrazio-prozedura erkidea arautzen duen Estatuko legedian Estatuko Administrazioarentzat ezarrita dagoen bezala.

54. artikulua.

Toki-erakundeek zuzenean erantzungo dute administrazioaren erantzukizunari buruzko legedi orokorrean ezarritakoaren arabera, zerbitzu publikoen jardunaren ondorioz edo agintarien, funtzionarioen edo agenteen jardunaren ondorioz norbanakoei beren ondasun eta eskubideen gainean sorrarazitako kalte eta galerei dagokienez.

II. KAPITULUA

Administrazioen arteko harremanak

55. artikulua.

Administrazioen arteko koordinazioa benetakoa eta administrazioa eraginkorra izateko, Estatuko eta autonomia-erkidegoetako administrazioek alde batetik, eta toki-erakundeek bestetik, elkarren arteko harremanetan, hau egin behar dute:

a) Gainerako administrazioek beren eskumenak zuzenbidearen arabera erabiltzea eta horrek bakoitzari ekar liezazkiokeen ondorioak errespetatu.

b) Ongi neurtu, norberaren eskumenak baliatzerakoan, ukitutako interes publiko guztiak, eta, zehazki, gainerako administrazioei kudeatzeko gomendioan emandakoak.

c) Gainerako administrazioei beren kudeaketaren gainean, administrazioek beren eginkizunak egoki gara ditzaten, garrantzizkoa den informazioa eman.

d) Norberaren eremuan lankidetza eta laguntza aktiboak eman gainerako administrazioei, beren eginkizunak modu eraginkorrean betetzeko behar dituztenean.

56. artikulua.

1. - Toki-erakundeek Estatuko eta autonomia-erkidegoetako administrazioei beren egintzen eta erabakien kopia bat edo laburpen bat igortzeko eginbeharra dute, erregelamenduz zehaztutako epeetan eta moduan. Korporazioetako lehendakariak eta, horien hurrena, idazkariak dira eginbehar hori betetzeko erantzukizuna dutenak.

2. - Nolanahi ere, Estatuko eta autonomia-erkidegoetako administrazioek, hurrenez hurren estatuko eta autonomietako legediaren aplikazioan eraginkortasuna ikustearren, udal-jarduerari buruzko informazio zehatzak eskatzeko eta lortzeko ahalmena izango dute, eta espedienteak erakusteko eta txostenak egiteko ere eska dezakete.

3.- Estatuko eta autonomia-erkidegoetako administrazioek erraztasunak eman behar dizkiete toki-erakundeetako legezko ordezkariei zuzenean eragiten dieten obren eta zerbitzuen plangintza, programazio eta kudeaketako tresnetara iristeko.

57. artikulua.

Toki-administrazioaren eta Estatuko eta autonomia-erkidegoetako administrazioen arteko ekonomia, teknika eta administrazioko arloetako lankidetza, bai toki-zerbitzuetan bai guztien intereseko gaietan, borondatez burutuko da, legeetan ohartemandako moduan eta erara; nolanahi ere, izenpetu ditzaten administrazio-mailako partzuergo edo hitzarmenen bidez ere burutu daiteke.

Administrazio horietako batek burututako lankidetza-akordio bakoitzaren berri emango zaie akordio horretan parte hartu ez arren horretan interesa duten gainerako administrazioei, eten gabe elkarren berri izan dezaten.

58. artikulua.

1. - Estatuko eta autonomia-erkidegoetako legeek, administrazioa koordinatzeko, administrazio horien eta toki-erakundeen arteko lankidetzarako organoak sortu ahal izango dituzte. Organo horiek eztabaida-gune edo aholku-emaile izango dira soilik, autonomia-erkidegoa edo probintzia izan dezakete eremu, eta orokorrak edo arlokakoak izan daitezke.

Inbertsioen arloan eta zerbitzuak emateari buruzko arloan Estatuko Administrazioaren eta toki-administrazioaren arteko lankidetza ziurtatzeko, toki-administrazioko lurralde-batzorde bat sortu ahal izango du gobernuak autonomia-erkidego bakoitzean. Erregelamenduz ezarriko dira batzorde horren osaera, antolakuntza eta jarduteko modua.

2. - Estatuko Administrazioak eta autonomia-erkidegoetako administrazioek bakoitzak bere aldetik ezarritako lankidetzarako organo bakoitzean bi administrazioek parte hartu ahal izango dute.

Nolanahi ere, plangintza-tresnak zehaztu eta onartzeko eskumena duten administrazioek partaidetza eman beharko diete besteei, eragindako herri-interesak harmonizatu ahal izateko moduan.

Udalerriek berei dagozkien herri-lanetako plan orokorrak egiten parte-hartzea, arloko legediak xedatutakoarekin bat etorriz egingo da. Era berean, beste administrazio batzuek, beren eskumeneko jabari publikoari buruzko emakiden eta baimenen gainean, erabilera erabakitzeko eta ebazpenak hartzeko, ezinbesteko baldintza izango da jabari publiko hori dagoen lurraldeko udalerrien aurretiko txostena onartzea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 82 eta 83. artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz.

59. artikulua.

1. - Herri-administrazioen jardueran koherentzia ziurtatzearren, 10. artikuluaren 2. paragrafoan aurreikusitako kasuetan, eta aurreko artikuluetan jasotako prozeduraren bidez helburu hori lortu ezinekoa denean, zein dena delako eginkizun publikoaren ezaugarriengatik nabarmen agertzen bada prozedura horiek ez direla egokiak, herri-ekintzako arloak arautzen dituzten Estatuko legeek eta autonomia-erkidegotakoek Estatuko gobernuari edo gobernu-kontseiluari egotzi ahal izango diete toki-administrazioaren jarduera koordinatzeko ahalmena, batez ere probintzietako diputazioen jarduera beren eskumenak gauzatzerakoan.

Koordinazioa definizio zehatz baten bidez burutuko da eta interes orokor edo erkidegokoetako gai, zerbitzu edo eskumen jakin batzuei dagokienez, dagokion arloko helburuak finkatzeko eta herri-ekintzako lehentasunak zehazteko arlokako planen bidez. Plan horiek izapidetzean aurreko artikuluko 2. paragrafoan xedatutakoa bete beharko da.

Toki-erakundeek beren eskumeneko zerbitzuen edo jardueren programazio, plangintza edo antolamenduko ahalmenak aurreko lerroaldean aipatutako planen aurreikuspenaren esparruan burutuko dituzte.

2.- Nolanahi ere, legeak zehaztu egin beharko ditu, nahikoa xehetasunez, koordinazioaren baldintzak eta mugak, eta Gorte Nagusiek edo dagokien legebiltzarrek berentzat gordeko dituzten kontrol-moduak.

60. artikulua.

Toki-erakunderen batek legeak zuzenean ezarritako betebeharrak beteko ez balitu, eta ez betetze horrek Estatuko Administrazioaren edo autonomia-erkidegoko administrazioaren eskumenen erabileran eraginik izango balu, eta betebeharren gaineko ekonomia lege edo aurrekontu bidez bermatuta balego, batak zein besteak, bakoitzak bere eskumen-esparruaren arabera, duen eginbeharra gogorarazi beharko dio toki-erakundeari, horretarako beharrezkoa den epea jarriz. Epe hori hilabetekoa izango da gutxienez, eta epea igaro arren betebeharra bete gabe jarraitzen badu, betebeharra toki-erakundearen kontura eta ordez betetzeko beharrezko neurriak hartuko dira.

61. artikulua.

1. - Ministroen Kontseiluak, bere ekimenez eta dagokion autonomia-erkidegoko gobernu-kontseilua jakinaren gainean egonik, zein batzorde horren eskariz, beti ere Senatuak aldeko erabakia hartu ondoren, toki-korporazioetako organoak desegin ahal izango ditu errege-dekretu bidez, interes orokorrentzako guztiz kaltegarri den kudeaketa-kasuetan, Konstituzioan ezarritako betebeharrak ez betetzea balekarte.

2.- Baldin eta, toki-korporazioetako organoen erabakiek zein jarduerek, terrorismoari zein hori gauzatzen parte hartzen dutenei, modu adierazian zein isilbidez, behin eta berriz eta larri, estaldura nahiz laguntza ematen badiete, hura goratu zein justifikatzen badute, eta biktimak zein beren familiakoak gutxietsi nahiz apaltzen badituzte, aurreko paragrafoan aurreikusi bezala interes orokorretarako guztiz kaltegarritzat jotzen dira.

3.- Desegitea erabaki ondoren, hauteskunde-legedi orokorra aplikatuko da, hauteskunde partzialetarako dei egiteko, eta beti, korporazioaren behin-behineko ohiko administrazioa arautzeko araudia.

62. artikulua.

Jardueraren izaera dela-eta alorrean erabakitzeko ahalmenei dagokienez izendapen berezi eta desberdin bat egitea oso zaila denean edo egokia ez den kasuetan, herri-ekintza arautzen duten legeek, horri dagokionez, nolanahi ere, zera ziurtatuko diete toki-erakundeei, Estatuko Administrazioarekin batera eta/edo dagokion autonomia-erkidegokoarekin batera jardunetan edo prozeduretan parte-hartzea edo esku-hartzea. Aipatutako administrazio horietako bati aitortuko diote azken erabakia hartzeko ahalmena.

Teknika horiek ez dute, inolaz ere, toki-erakundeak bere zerbitzuak bere kabuz antolatzeko duen ahalean eraginik izango.

III. KAPITULUA

Egintzei eta erabakiei aurka egitea, eta akzioak baliatzea

63. artikulua.

1. - Administrazioarekiko auzi-prozesuaren araubide orokorrean legezkotutako pertsonekin batera, hauek ere toki-erakundeen egintzei eta erabakiei aurka egin ahal izango diete, erakundeok ordenamendu juridikoa hausten dutenean:

a) Estatuko Administrazioak eta autonomia-erkidegoetakoak, kapitulu honetan aurreikusitako kasu eta moduetan.

b) Egintza eta erabaki horien aurka botoa eman duten korporazioetako kideek.

2.- Lurralde-mailako toki-erakundeak ere legezkotuta daude Estatuko Administrazioaren eta autonomia-erkidegoetakoen xedapenen eta egintzen aurka egiteko, beren autonomia kaltetzen badute, Konstituzioak eta lege honek ziurtatzen duten bestean.

3. - Toki-erakundeak ere legezkotuta daude, Konstituzioan bermatutako toki-erakundeen autonomiari Estatuko legeek edo autonomia-erkidegoetakoek kalte egiten dietela uste dezatenean, lege honetako 119. artikuluan dioen moduan Konstituzio Auzitegian aurka egiteko.

64. artikulua.

Estatuko Administrazioak eta autonomia-erkidegoetakoak, bestalde, aurreko 56. artikuluko 1. paragrafoan aipatutako informazioa gehitzea eska dezakete, eta gehienez ere hogei egun balioduneko epean bidali beharko zaie, lege honetako 67. artikuluan aurreikusitakoa salbuespen dela, horretan bost egun baliodunekoa izango da eta. Kasu horietan eten egiten dira 65. artikuluko 2. paragrafoan eta 67. artikuluko 1. paragrafoan aipatutako epeak, eta eskatutako informazioa jasotzen denean hasten dira kontatzen berriro.

65. artikulua.

1. - Estatuko Administrazioak zein autonomia-erkidegoetakoak, bakoitzari dagozkion eskumenen esparruan, toki-erakunderen baten egintza edo erabakiren batek ordenamendu juridikoa hausten duela uste badu, gehienez ere hilabeteko epean egintza edo erabaki hori deuseztatzeko errekerimendua egin ahal izango du artikulu hau berariaz aipatuta.

2. - Errekerimendua arrazoitua izan beharko da eta ustez hautsitako araua adierazi beharko da bertan. Erabakiaren jakinarazpena jasotzen denetik hamabost egun baliodunekoa izango da errekerimendua egiteko epea.

3. - Estatuko Administrazioak edo, hala balegokio, autonomia-erkidegokoak, egintzaren edo erabakiaren aurka egin lezake administrazioarekiko auzien jurisdikzioan, jurisdikzio hori arautzen duen legean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzeko aipatutako epean, toki erakundeari bidalitako errekerimenduaren epea amaitzen den egunaren biharamunetik zenbatuta, edo errekerimendua atzera botaz toki-erakundeak egindako jakinarazpena hartzen denetik zenbatuta, horretarako adierazitako epean egiten bada.

4.- Estatuko Administrazioak edo, hala balegokio, autonomia-erkidegokoak, egintzaren edo erabakiaren aurka zuzenean ere egin lezake administrazioarekiko auzien jurisdikzioan, errekerimendua egin beharrik izan gabe, jurisdikzio hori arautzen duen legean aipatutako epean.

66. artikulua.

Bai Estatuaren edo autonomia-erkidegoen eskumenei kalte eragin diezaieketen toki-erakundeen egintzak edo erabakiak, bai eskumenez baliatzen utzi ez edo aipatu erakundeen eskumenak gainditu ditzatenak, aurreko artikuluan aurreikusitako edozein prozedura erabiliz inpugnatu ahal izango dira.

Aurka egiten denean, zehaztu egin behar da zein den eskumenei egindako kaltea edo, hala balegokio, zein gainditu diren eskumenen mugak, eta aurka egiteko oinarri hartu diren hautsitako lege-arauak. Horrez gain, aurka egindako egintza edo erabakia eteteko berariazko eskaera jasoko balu, interes orokorraren edo erkidegoaren interesaren osotasunean eta eraginkortasunean arrazoituta, Auzitegiak, oinarririk baduela uste badu, egintza edo erabakia eteteko erabakia hartuko du aurka egitea aurkeztu eta hurrengo lehengo izapidean. Hala ere, toki-erakundeak eskaturik eta auzi-jartzailea den administrazioari entzun ondoren, Auzitegiak edozein momentutan altxa dezake, osorik edo zati batean, berak agindutakoa etetea, baldin eta agindu horren ondorioz tokiko interesari kalterik egingo balitzaio, eta aurka egitean arrazoitutako interes orokorraren edo erkidegoaren interesaren eskakizunetan egiaztatu ez bada.

67. artikulua.

1.- Toki-erakunderen batek Espainiaren interes orokorraren kontrako eraso larri diren egintzak edo erabakiak hartuko balitu, Gobernuaren ordezkariak, egintza edo erabaki horiek jaso eta hurrengo hamar eguneko epean korporazioko lehendakariari horiek deuseztatzeko errekerimendua egin ondoren, horiek etetea erabaki lezake, eta esandako interesak babesteko bidezko neurriak hartu.

2.- Eteteko eskabidean korporazioko lehendakariari emandako epea ezin da izan bost egunetik gorakoa. Eteteko ahalmena erabiltzeko epea hamar egunekoa izango da, errekerimenduaren epea amaitzen den egunaren edo korporazioko lehendakariaren erantzunaren egunaren biharamunetik kontatuta.

3.- Egintza edo erabakiren bat etetea erabaki ondoren, hurrengo hamar egunetan inpugnatu beharko du Gobernuaren ordezkariak administrazioarekiko auzien jurisdikzioan.

68. artikulua.

1. - Toki-erakundeek beren ondasunen eta eskubideen alde egiteko beharrezko akzioak baliatzeko betebeharra dute.

2.- Bere eskubide zibilen eta politikoen gozamen osoan dagoen edozein auzotarrek eskatu ahal izango dio doakion erakundeari horiek betetzeko. Errekerimendu horren berri emango zaie akzioen eragina jaso ditzaketenei, eta errekerimenduak hogeita hamar egun baliodunez etengo du akzio horiek baliatzeko epea.

3.- Toki-erakundeak, aipatu hogeita hamar eguneko epean, eskatu zaizkion akzioak baliatzea erabakitzen ez badu, auzotarrek toki-erakundearen izenean eta haren interesaren alde baliatu ahal izango dute delako akzio hori.

4.- Akzioak aurrera egiten badu, auzi-jartzaileak eskubidea izango du prozesuko kostuak eta gertatu zaizkion kalte eta galera guztien ordaina toki-erakundearen aldetik jasotzeko.

IV. KAPITULUA

Herritarrei informazioa ematea eta beraien parte-hartzea

69. artikulua.

1. - Toki-korporazioek ahalik eta informaziorik zabalena emango dute beren jarduerei buruz eta herriko kontuetan herritar guztien partaidetza bultzatuko dute.

2.- Korporazioek beren burua antolatzeko ahalaz baliatuz ezar ditzaten partaidetzako moduek, baliabideek eta prozedurek inolaz ere ezin izango dituzte gutxietsi lege bidez araututako ordezkaritza-organoei dagozkien erabakitzeko ahalmenak.

70. artikulua.

1. Toki-korporazioen osoko bilkurak jendaurrekoak dira. Hala ere, isilpekoak izan daitezke Konstituzioko 18.1 artikuluan aipatutako herritarren oinarrizko eskubideari eragin diezaioketen arazoei buruzko eztabaida eta bozketa, gehiengo osoak hala egiteko erabakia hartzen badu.

Tokiko gobernu-batzarraren bilkurak ez dira jendaurrekoak.

2. Toki-korporazioek hartutako erabakiak legean aurreikusi bezala argitaratu edo jakinarazten dira. Ordenantzak, hirigintzako planetako arauen artikulu-zatiak barne, baita hirigintzako planetako erabakiak ere horien behin betiko onarpena toki-erakundeen eskumenekoa denean, probintziako "Aldizkari Ofizialean" argitaratuko dira, eta ez dira indarrean jarriko testua osorik argitaratu eta 65.2. artikuluan aurreikusitako epea igaro arte; aurrekontuak eta ordenantza fiskalak salbuespen dira, Toki-ogasunak arautzen dituen abenduaren 28ko 39/1988 Legean ezarritako moduan argitaratu eta jarriko baitira indarrean. Hirigintza-arloan eskumenak dituzten herri-administrazioek beren lurralde-eremuan indarrean dagoen plangintzako kopia osoak izan behar dituzte eskatu nahi dituzten herritarren eskura.

3. Herritar guztiek dute toki-korporazioen erabakiak eta horien aurrekariak egiaztatzeko kopiak eta ziurtagiriak eskuratzeko eskubidea, baita artxibo eta erregistroetara jotzeko ere, Konstituzioko 105. artikuluko b) idatz-zatia garatzeko legedian xedatutako eran. Eskubide hori ukatzea edo mugatzea, Estatuaren segurtasun eta defentsari dagokienean, eta delituak ikertzeari edo pertsonen bizitza pribatuari ukitzen dienean, arrazoitutako ebazpenen bidez frogatu beharko da.

70 bis artikulua.

1. Udalek, arau organikoen bidez, tokiko bizitza publikoko gaietan auzotarrek benetako parte-hartzea izan dezaten egokitutako prozedurak eta organoak ezarri eta arautu behar dituzte, bai udalerri osorako zein barrutietarako, baldin eta udalerrian halako lurralde-banaketarik badago.

2. Udal-hauteskundeetan botoa emateko eskubidea duten auzotarrek herri-ekimena erabil dezakete, udalerrien eskumeneko gaiei buruzko erabaki-proposamenak zein jarduera-proposamenak, nahiz erregelamendu-proiektuak aurkeztuz. Udalerriko auzotarren ehuneko hauek gutxienez izenpetu behar dituzte ekimen horiek:

a) 5.000 bizilagun arteko udalerrietan, ehuneko 20k.

b) 5.001etik 20.000 bizilagun arteko udalerrietan, ehuneko 15ek.

c) 20.001 bizilagunetik gorako udalerrietan, ehuneko 10ek.

Ekimen horiek osoko bilkuran eztabaidatu eta bozkatu beharko dira, gaiaren arabera eskumenak dituen organoak erabaki ahal izango dituen arren. Nolanahi ere, udaleko idazkariaren aldez aurreko txostena eskatuko da legezkotasunari buruz, eta berdin kontu-hartzailearen txostena ere ekimenak udalaren ekonomiako eskubideei eta betebeharrei eragiten badie. Lege honetako 121. artikuluan aipatutako udalerrien kasuan, osoko bilkurako idazkari nagusiak egingo du legezkotasunari buruzko txostena, eta ekimenak ekonomiako eskubideei eta betebeharrei eragiten dienean udaleko kontu-hartzaile nagusiak egingo du txostena.

Idatz-zati horretan xedatutakoa ez doa gai honi buruzko autonomia-legediaren aurka.

Ekimen horiek tokian tokiko herri-galdeketarako proposamena har dezakete barruan, eta 71. artikuluan aurreikusitako prozeduraren eta eskakizunen arabera izapidetuko da kasu horretan.

3. Era berean, toki-erakundeek eta, bereziki, udalerriek, informazio eta komunikazioko teknologien erabilera interaktiboa bultzatu behar dute, auzotarren parte-hartzea eta komunikazioa errazteko, agiriak aurkezteko eta administrazioko izapideak, inkestak eta, hala denean, herri-galdeketak egiteko.

Udalerriek, ekonomiarako eta kudeaketarako gaitasun nahikorik ez dutelako, paragrafo honetan ezarritako eginbeharra maila nahikoan bete ezin badute, probintzietako diputazioek, kabildoek eta uharteetako kontseiluek jardungo dute haiekin lankidetzan.

71. artikulua.

Estatuko eta autonomia-erkidegoko legediaren arabera, estatutuan autonomia-erkidegoari horretarako eskumena aitortzen zaionean, osoko bilkuraren gehiengo osoak hala erabaki eta Estatuko Gobernuak baimena eman ondoren, auzotarren intereserako berebiziko garrantzia duten udalaren eskumeneko eta toki-izaerako arazoei buruzko herri-galdeketa egin ahal izango dute alkateek, toki-ogasunari dagokion arazoetan izan ezik.

72. artikulua.

Toki-korporazioek lagundu egiten dute auzotarren interes orokorren edo arlokoen alde egiten duten elkarteen garapena, beren jarduerei buruzko informaziorik ahalik eta zabalena ematen diete, eta beren ahalbideen baitan, baita herri-baliabideak erabiltzea eta beren jarduerak aurrera eramateko dirulaguntzetara iristea ere, eta korporazioaren kudeaketan auzotarren parte-hartzea bultzatzen dute, hori guztia 69. artikuluko 2. paragrafoan ezarritakoaren arabera. Esandakoaren ondorioetarako herri-onurako jo daitezke.

V. KAPITULUA

Toki-korporazioetako kideen estatutua

73. artikulua.

1. - Hauteskunde-legedian arautuko dira toki-korporazioetako kideen kopurua zehaztea, kideok aukeratzeko prozedura, horien agintaldiaren iraupena, eta hautagai ez izateko kasuak eta bateraezintasun-kasuak.

2.- Toki-korporazioetako kideek, behin karguaren jabetza hartutakoan, Estatuko edo autonomia-erkidegoetako legeak ezarri eta karguari darizkion ohore, prerrogatiba eta pribilegioak dituzte, eta karguak berarekin daramatzan eginbeharrak eta betebeharrak estu betetzera behartuta daude.

3.- Korporazio bezala jarduteko, toki-korporazioetako kideak talde politikoetan eratuko dira, ezar daitezen eran eta eskubide eta betebeharrekin; salbuespen izango dira hautagai-zerrenda baten izenean hautatuak izan eta gero, zerrenda hori eratu duen talde politikoan sartu ez edo jatorrizko taldea utz dezatenak, atxiki gabeko kidetzat hartuko dira eta.

Korporazioko osoko bilkurak diru-zuzkidura bat izendatu dezake talde politikoentzat korporazioko urteko aurrekontuen kontura; osagai bat finkoa izango da, talde guztientzat berdina, eta beste osagaia aldakorra, talde bakoitzeko kide-kopuruaren arabera, Estatuko aurrekontu orokorren legeetan orokorrean ezar daitezen mugen barruan; eta ezin izango dira erabili korporazioaren zerbitzura diharduten ezelango langileen lansariak ordaintzeko, ez eta ondare moduan aktibo finkoak eratzeko balio dezaketen ondasunak eskuratzeko ere.

Atxiki gabeko kideen eskubide ekonomiko eta politikoak ezin dira izan jatorrizko taldean jarraitu izan balute egokituko zitzaizkienak baino handiagoak, eta korporazio bakoitzeko erregelamendu organikoan zehaztutako eran gauzatuko dira.

Aurreikuspen hori ez da aplikatuko hautagai-zerrendak hauteskunde-koalizio bezala aurkezten direnean, baldin eta koalizioa osatzen duten alderdi politikoetakoren batek koalizioa uztea erabakitzen badu.

Talde politikoek aparteko kontabilitatea eraman behar dute 3. paragrafoko bigarren idatz-zatian aipatutako zuzkidurari buruz, eta korporazioko osoko bilkuraren eskura jarri beharko dute hark eskatzen dienean.

Udal-talde politikoren bateko zinegotzirik gehienek, hauteskundeetara talde politiko horrek aurkeztutako hautagai-zerrendan joan arren, talde politiko hori uztea erabakitzen badute nahiz bertatik iraizten badituzte, aipatutako talde politikoan gelditzen diren zinegotziak izango dira talde politiko horren legezko ordezkariak ondorio guztietarako. Nolanahi ere, hautagai-zerrenda aurkeztu zuen alderdi politikoaren legezko ordezkariarengana jo dezake korporazioko idazkariak, aipatutako inguruabarrak egiazta ditzan.

74. artikulua.

1. - Toki-korporazioetako kideak zerbitzu bereziko egoeran geratzen dira honako kasu hauetan:

a) Korporazio baterako aukeratuak izan eta bertako funtzionario direnean.

b) Beste herri-administrazio batzuetako karrerako funtzionarioak izan eta korporazioren baterako aukeratuak izan direnak, bertan ordaindutako eta arduraldi esklusiboko kargua betetzen badute.

Kasu biotan, egoera horretako korporazioek dagozkien nahitaezko mutualitateetako kotizazioak ordainduko dituzte, mutualitatean egotera behartzen zituen zerbitzua betetzeari utz diezaioten funtzionarioentzat, klase pasiboen kuotetara hedatuz.

2.- Lan-kontratuko langileentzat ere arau berberak daude indarrean, beren legeri zehatzean aurreikusitakoaren arabera.

3.- Toki-korporazioetako kideei, egoera horretan arduraldi esklusiborik ez badute, bermatu egiten zaie aukeratuak izan diren unean zerbitzua betetzen ari ziren lantoki publiko nahiz pribatuan jarraituko dutela beren agintaldian; horrela, ezin izango dira lekuz aldatu ez eta beste leku batzuetan hutsik dauden lanpostuetarako lehiaketetan parte-hartzera behartu ere.

75. artikulua.

1.- Toki-korporazioetako kideek ordainsariak jasoko dituzte karguak betetzeagatik, arduraldi esklusiboan badihardute; kasu horretan alta emango zaie Gizarte Segurantzako erregimen orokorrean, eta korporazioek beren gain hartuko dute enpresaren parteko kuotak ordaintzea, aurreko artikuluan xedatutakoa salbuespen dela.

Ordainsari horien kasuan, horiek jasotzea bateraezina da administrazio publikoen eta administrazio horien menpeko ente, erakunde eta enpresen aurrekontuen konturako beste inolako ordainsariak hartzearekin; bateraezina da, halaber, beste jarduera batzuk garatzearekin ere; eta hori guztia Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunen abenduaren 26ko 53/1984 Legeko baldintzetan.

2. - Lehendakaritzako edo lehendakariordetzako eginkizunak egiteko, zein eskuordetzako eginkizunak betetzeko, arduraldi partzialeko karguak betetzen dituzten toki-korporazioetako kideek, baita halako dedikazioa eskatzen duten erantzukizunak betetzen dituztenek ere, horretara benetan emandako denborari dagozkion ordainsariak jasoko dituzte; kasu horretan horiei ere alta emango zaie Gizarte Segurantzako erregimen orokorrean, kontzeptu horretarako, eta korporazioek beren gain hartuko dute enpresaren parteko kuotak ordaintzea, aurreko artikuluan xedatutakoa salbuespen dela. Ordainsari horiek inola ere ezin izango dituzte gainditu Estatuko aurrekontu orokorren legeetan finkatutako mugak, hala bada. Arduraldi partziala erantsita izango duten karguak eta horien ordainsariak zehazteko osoko bilkuretako erabakietan bertan jaso behar da aipatutako ordainsariak jasotzeko beharrezko gutxieneko arduraldia.

Administrazio publikoetako eta administrazio horien menpeko ente, erakunde eta enpresetako langile diren toki-korporazioetako kideek bakoitzak bere lantokiko lanalditik kanpo eginkizunak arduraldi partzialez betetzeagatik jaso ditzaketen ordainsariak, abenduaren 26ko 53/1984 Legeko 5. artikuluan aipatutako baldintzetan baino ezingo dira izan, artikulu honetako seigarren paragrafoan xedatutakoaren aurka jarri gabe.

3. - Ez arduraldi esklusiborik ez arduraldi partzialik ez duten toki-korporazioko kideek baino ez dituzte jasoko beren korporazioko kide anitzeko organoetako bilkuretara benetan joatearren dagozkien laguntzak, korporazioko osoko bilkurak adierazitako kopurukoak.

4.- Toki-korporazioetako kideek beren karguak betetzean benetan egindako gastuen kalte-ordainak jasoko dituzte, administrazio publikoetan orokorrean aplikatzekoak diren arauen arabera, eta haien garapenean korporazioko osoko bilkurak onar ditzan arauen arabera hain zuzen.

5.- Toki-korporazioek beren aurrekontuetan jaso behar dituzte aurreko lau zenbakietan aipatutako ordainsariak, kalte-ordainak eta laguntzak, orokorrean ezar daitezen mugen barruan, hala bada. Probintziako ¿Aldizkari Ofizialean¿ argitaratu behar dira oso-osorik, eta korporazioko iragarki-oholean jarri, arduraldi esklusiboko eta partzialeko karguen ordainsariak eta arduraldi partzialeko karguen araubidea, kalte-ordainak eta laguntzak onartzen dituzten osoko bilkuretako erabakiak, eta arduraldi esklusiboz edo partzialez beren eginkizunak beteko dituzten kideak zehazteko korporazioko lehendakariak hartutako erabakiak.

6.- Langileen Estatutuko 37.3. d) artikuluan eta 30/1984 Legeko 30.2. artikuluan xedatutako ondorioetarako, edozein toki-korporaziotako hautetsi-kargua betetzeko ezinbesteko denboratzat jotzen da korporazioko osoko bilkuretara edo batzordeetakoetara joateko eta interesduna parte izanik berak eskuordetzan betetzen dituen eginkizunei erantzuteko behar duen guztia.

7.- Toki-korporazioetako kide guztiek aitorpena egingo dute bateraezintasuna sor dezaketen arrazoien gainean eta diru-sarrerak ematen dizkieten zein eman diezazkieketen jarduera guztiei buruz.

Era berean, beren ondare-ondasunen gaineko aitorpena ere egingo dute.

Aitorpen bi horiek osoko bilkurek onartutako ereduetan egingo dira, eta karguaz jabetu aurretik, kargua uzten denean eta gertakariak aldatzen diren bakoitzean egingo dira.

Toki-korporazio bakoitzean eratutako Interesen Erregistro bitan inskribatuko dira aitorpen horiek. Bateraezintasuna sor dezaketen arrazoien gaineko eta jardueren gaineko erregistroa publikoa izango da.

Betetzen duten karguaren eraginpean, beren segurtasun pertsonala zein beren ondasun edo negozioena, beren senideena, bazkideena, enplegatu zein berekin harreman ekonomiko-profesionalak dituzten pertsonena mehatxatuta ikusten duten toki-korporazioetako kideek interesen aitorpenak egin ditzakete, artikulu honetako aurreko paragrafoetan esandakoaren arabera, probintziako diputazioko idazkariaren aurrean zein, kasua beste hau bada, bakoitzaren autonomia-erkidegoko organo eskudunaren aurrean. Aitorpen horiek Interesen Erregistro Berezian jasoko dira, horretarako sortuko baita esandako erakundeetan.

Kasu horietan, toki-korporazioetako kideek ziurtagiri soil eta laburra emango diote bakoitzaren korporazioko idazkariari beren aitorpenak egin dituztela eta aurreko paragrafoan aipatutako Interesen Erregistro Berezian jasota daudela egiaztatzeko, erregistroaren ardura duen funtzionarioak eginda.

76. artikulua.

Legean ezarritako bateraezintasun-arrazoien aurka jarri gabe, toki-korporazioetako kideek ez dute eztabaidetan, bozketan, erabakietan eta betearaztean parte hartuko gaia edozein dela ere, administrazio-prozeduraren eta herri-administrazioaren kontratazioen legedian aipatutako arrazoiren bat gertatzen denean. Arrazoi horiek tarteko direla toki-korporazioetako kideek jarduten badute, eta jarduera erabakigarria izan bada, beren partaidetzaz onartutako egintzak baliogabeak izango dira.

77. artikulua.

Toki-korporazioetako kide guztiek dute korporazioko zerbitzuen esku egon eta beren eginkizunak garatzeko beharrezko aurrekariak, datuak edo argibideak alkate edo lehendakariarengandik edo gobernu-batzordearengandik lortzeko eskubidea.

Aurreko lerroaldean jasotako eskubidea gauzatzeko eskabidea aurkeztu ondorengo hurrengo egutegiko bost egunetan ebatzi beharko da arrazoiak emanda.

78. artikulua.

1. - Toki-korporazioetako kideak erantzukizun zibilaren eta zigor-erantzukizunaren menpean daude beren kargua betetzerakoan egindako egintza eta ez-egiteak direla-eta. Eskudun diren auzitegietan eskatuko dira erantzukizunak, eta aplikatzekoa den prozedura arruntaz izapidetuko dira.

2.- Toki-korporazioen erabakien erantzule, bertan aldeko botoa eman duten kideak dira.

3.- Toki-korporazioek erantzukizuna eskatu ahal izango diete bertako kideei, doloz edo erru larriz korporazioari edo besteri kalteak eta galerak sorrarazi badizkiete, eta korporazioak besteri kalte-ordainak eman badizkio.

4. - Toki-korporazioetako lehendakariek isuna jarri ahal izango diete bertako kideei, baldin eta bilkuretara ez joateko arrazoirik ematen ez badute edo beren betebeharrak behin eta berriz bete gabe uzten badituzte, autonomia-erkidegoko legean eta, horren osagarri gisa, Estatukoan ezarritakoaren arabera.

VI. TITULUA

Ondasunak, jarduerak eta zerbitzuak, eta kontratazioa

I. KAPITULUA

Ondasunak

79. artikulua.

1. - Toki-erakundeen ondarea berenak diren ondasun, eskubide eta akzio guztien artean osatzen dute.

2.- Toki-erakundeen ondasunak herri-jabarikoak edo ondarekoak dira.

3. - Herri-jabariko ondasunak dira erabilera edo zerbitzu publikorako direnak. Herri-ondasunak dira, aldiz, beren aprobetxamendua auzotar guztiei dagokienean.

80. artikulua.

1. - Herri-ondasunak eta gainerako herri-jabariko ondasunak besterenduezinak, enbargaezinak eta preskribaezinak dira eta ez daude inolako zergaren menpe.

2. - Ondare-ondasunak beren berariazko legediaz arautzen dira, eta, halakorik ezean, zuzenbide pribatuko arauez.

81. artikulua.

1. - Toki-erakundeen ondasunen kalifikazio juridikoa aldatzeko, hori egitearen egokitasuna eta legezkotasuna egiazta dezan espedientea behar da.

2.- Hala ere, berez eta besterik gabe egiten da aldaketa kasu hauetan:

a) Hiri-antolamenduko planak eta obra eta zerbitzuetako proiektuak behin betiko onartzen direnean.

b) Ondare-ondasunak hogeita bost urte baino gehiagorako erabilera edo zerbitzu publikoren bati atxikitzen zaizkionean.

82. artikulua.

Toki-erakundeek, beren ondasunei dagokienez, prerrogatiba hauek dituzte:

a) Herri-jabariko ondasunen edukitza edonoiz berreskura dezaketela erakundeok beren kabuz; ondare-ondasunak, aldiz, urtebeteko epean.

b) Mugak jartzekoa. Estatuko Ondarearen Legedian eta, hala balegokio, mendien legedian ezarritakora lotuko da.

83. artikulua.

Amankomuneko herri-basoak beren berariazko legediaren bidez arautzen dira.

II. KAPITULUA

Jarduerak eta zerbitzuak

84. artikulua.

1.- Toki-korporazioek bide hauei esker esku hartu ahal izango dute herritarren jardueran:

a) Ordenantzen eta bandoen bidez.

b) Aurretiazko baimenak eta aldez aurreko beste kontrol-modu batzuk ezarriz.

c) Banakoei dagokien agindu bidez, bai egintza bat betearazteko, bai galarazteko ere.

2. - Esku-hartzea, beti ere, tratu berdinean, bidezkotasun-arrazoien eta helburuen arteko adostasunean eta norbanakoen askatasunarekiko errespetuan oinarritutako printzipioei lotuko zaie.

3.- Beste herri-administrazio batzuek emandako lizentziek zein baimenek ez dituzte toki-erakundeetan dagozkien lizentziak lortzetik salbuesten titularrak, eta arloko legeetan xedatutakoa errespetatu beharko da beti ere.

85. artikulua.

1. Tokiko zerbitzu publiko dira toki-erakundeek beren eskumenen baitan betetzen dituztenak.

2. Toki-eskumeneko zerbitzu publikoak era hauetakoren batez kudeatu ahal izango dira:

A) Zuzeneko kudeaketaz:

a) Toki-erakundearen beraren kudeaketaz.

b) Tokiko erakunde autonomo baten bidez.

c) Tokiko enpresa-entitate publiko baten bidez.

d) Tokiko merkataritza-sozietate baten bidez, bere sozietatearen kapitala oso-osorik toki-erakundearena edo toki-erakundearen ente publikoren batena bada.

B) Zeharkako kudeaketaz, ekainaren 16ko 2/2000 Legegintzako Errege Dekretuaz onartutako Herri-administrazioen Kontratuen Legearen testu bategineko 156. artikuluan zerbitzu publikoen kudeaketa kontratatzeko aurreikusitako eretakoren baten bidez.

3. Ez zeharkako kudeaketaz, ez sozietatearen kapitala tokikoa soilik duen merkataritza-sozietate baten bidez, behin ere ezin izango da eman agintaritzaz baliatzea eskatzen duen zerbitzu publikorik.

85 bis artikulua.

1. Toki-eskumeneko zerbitzuen zuzeneko kudeaketa, edo tokiko erakunde autonomoen bidez egiteko, edo tokiko enpresa-entitate publikoen bidez egiteko, Estatuko Administrazio Orokorraren Antolakuntza eta Jardueraren apirilaren 14ko 6/1997 Legeko 45tik 52ra arteko eta 53tik 60ra arteko artikuluetan xedatutakoaz arautuko dira hurrenez hurren, aplikagarriak zaizkien heinean, berezitasun hauek kontuan hartuta:

a) Toki-erakundeko osoko bilkurari dagokio erakunde eta entitate horiek sortzea, aldatzea, bategitea eta kentzea, eta berak onartuko ditu haien estatutuak ere. Toki-erakundeko zinegotzigo, eremu edo pareko organoren bati atxikita gelditu behar dira, nahiz eta, tokiko enpresa-entitate publikoen kasuan, tokiko erakunde autonomoren bati atxikitzea ere izango duten. Salbuespenez, beren izaera bereko edo bestelako beste ente batzuk zuzendu edo koordinatzeko eginkizuna estatutu bidez aginduta duten tokiko enpresa-entitate publikoak ere egon daitezke.

b) Erakunde eta entitate horien zuzendaritzako organo goreneko titularra, edo herri-administrazioetako karrerako funtzionario bat zein lan-kontratupeko bat, edo arlo pribatutako profesional bat izan behar da, goi-mailako tituluduna kasu biotan, eta bost urte baino gehiagoko lanbide-aztura duena bigarrenaren kasuan. Lege honetako X. tituluan aipatutako udalerrietan, zuzendaritza-organotzat hartuko da.

c) Tokiko erakunde autonomoetan artezkaritza-kontseilu bat egon behar da, eta kontseilu horren estatutuetan zehaztuko da bere osaera.

d) Tokiko enpresa-entitate publikoetan administrazio-kontseilu bat egon behar da, eta kontseilu horren estatutuetan zehaztuko da bere osaera. Administrazio-kontseiluko idazkariak funtzionario publikoa izan behar du, eta goi-mailako titulazioa eskatu behar zaio funtzionario izateko; berak fede publikoaren zerbitzuak beteko ditu eta erakunde horietako kide bakarreko eta kide anitzeko organoen lege-aholkularitza egingo du.

e) Ordainsarien baldintzak zehaztu eta aldatzeko, bai zuzendaritza-taldekoenak zein gainerako langileenak, dagokionaren arabera osoko bilkurak edo gobernu-batzarrak hortaz onartutako arauetara egokitu behar da beti.

f) Toki-erakundeko zinegotzigo, eremu edo pareko organoen kontrolpean egongo dira zerbitzuak, berariaz langileen gaineko gastuen bilakaerari eta giza baliabideen kudeaketari buruz.

g) Urtero bidali behar diote beren ondasun eta eskubideen inbentarioa toki-erakundeko zinegotzigo, eremu edo pareko organoari.

h) Toki-erakundeko zinegotzigo, eremu edo pareko organoren bati atxikita egonik, horren baimena beharko da berak aurrez finkatutako zenbatekoen gainetiko kontratuak egiteko.

i) Toki-erakundeko zinegotzigo, eremu edo pareko organoren bati atxikita egonik, horren kontrolpean egongo dira eraginkortasunari buruz.

j) Apirilaren 14ko 6/1997 Legean eta aplikagarriak diren estatuko gainerako arauetan estatuko organoei egindako edozein aipamen toki-erakundeko organo eskumendunei egiten zaiela ulertu behar da.

Artikulu honetan gobernu-batzarrari egindako aipamenak, batzar hori ez dagoen udalerrietan osoko bilkurari egiten zaizkiola ulertu behar da.

2. Tokiko erakunde autonomoen eta tokiko enpresa-entitate publikoen estatutuetan puntu hauek jaso behar dira:

a) Erakundeko zuzendaritza-organo gorenak zehaztu egin behar dira, bai kide bakarrekoak bai kide anitzekoak, baita haiek izendatzeko modua ere, aurreko paragrafoan xedatutakoa errespetatuz beti, eta administrazio-bidea agortzen duten egintzak eta ebazpenak adierazita.

b) Erakundearen eginkizunak eta eskumenak, erakundeak erabil ditzakeen administrazioko ahal orokorrak adierazita.

c) Enpresa-entitate publikoen kasuan, estatutuetan zehaztu behar da, halaber, zein organoren eskuetan uzten den administrazioko ahalak gauzatzea.

d) Beren helburuak betetzeko izendatutako ondarea, eta erakundea finantzatzeko izango dituen baliabide ekonomikoak.

e) Giza baliabideei, ondareari eta kontratazioari buruzko araubidea.

f) Aurrekontuen, ekonomia-finantzen, kontabilitatearen, kontuhartzailetzaren, finantzen kontrolaren eta eraginkortasunaren kontrolaren araubideak; nolanahi ere, toki-ogasunei buruzko legedian eta lege honetako X. tituluko III. kapituluan xedatutakoarekin bat etorri behar dira.

3. Kasuan kasuko erakunde publikoa benetan jardunean hasi aurretik onartu eta argitaratu behar dira estatutuak.

85 ter artikulua.

1. Tokiko merkataritza-sozietateak, edozein dela ere beren izaera juridikoa, ordenamendu juridiko pribatuaz arautuko dira erabat, aurrekontuen, kontabilitatearen, finantzen kontrolaren, eraginkortasunaren kontrolaren eta kontratazioaren araubideak aplikatu behar zaizkien gaietan izan ezik, eta artikulu honetako hurrengo paragrafoan adierazitakoari kalterik eragin gabe.

2. Erantzukizun mugatuko merkataritza-sozietateen eratakoren bat hartu behar du sozietateak, eta eratzeko agirian agertu behar da kapitala, oso-osorik toki-erakundeak edo bere ente publikoren batek ekarritakoa izan behar dena.

3. Estatutuetan zehaztuko da batzar orokorra eta administrazio-kontseilua izendatzeko era eta beren jarduera, baita beren zuzendaritza-organo gorenak ere.

86. artikulua.

1.- Toki-erakundeek, neurria komenigarria eta egokia dela egiaztatzeko espedientearen bidez, jarduera ekonomikoak egiteko ekimen publikoaz balia daitezke, Konstituzioko 128.2 artikuluaren arabera.

2. - Lehia askeko araubidean burutzen bada jarduera, korporazioko osoko bilkurari dagokio behin betiko onarpena ematea; berak erabakiko du zerbitzuaren kudeaketa-modu zehatza.

3.- Toki-erakundeen alde gordetzen dira funtsezko jarduera edo zerbitzu hauek: uraren hornidura eta arazketa; hondakinak bildu, tratatu eta aprobetxatzea; gasa eta berokuntza hornitzea; hiltegi, merkatu eta lonja nagusiak; bidaiarientzako garraio publikoa; hileta-zerbitzuak. Estatuak eta autonomia-erkidegoek, bakoitzak bere eskumenen esparruan, berdin gorde ditzakete beste jarduera eta zerbitzuak ere lege bidez.

Jarduera horiek monopolio-araubidean benetan gauzatu ahal izateko, artikulu honetako 2. paragrafoan xedatutakoaz gain autonomia-erkidegoko gobernu-organoaren onarpena behar da.

87. artikulua.

1. Toki-erakundeek partzuergoak eratu ditzakete beste herri-administrazio batzuekin, guztien intereseko helburuetarako, baita herri-intereseko helburuak lortu nahi dituzten irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatuekin ere, helburuok herri-administraziokoekin bat badatoz.

2. Tokiko zerbitzu publikoak kudeatzeko erabil daitezke partzuergoak, Espainiako toki-erakundeek parte hartzen duten mugaz haraindiko lankidetzako hitzarmenen baitan, eta Espainiak gaiaren inguruan berretsitako nazioarteko hitzarmenetako aurreikuspenekin bat etorriz.

III KAPITULUA

Kontratazioa

88. artikulua.

Lege honetako 5. artikuluko c) idatz-zatian ezarritakoari kalterik eragin gabe, toki-korporazioen kontratazioak berezitasun hauek izango ditu:

1) Organoek kontratatzeko daukaten eskumena, Lege honetan eta toki-araubideari buruz autonomia-erkidegoetako legedian ezarritakoaz arautuko da.

2) Toki-erakundeekin kontratatzeko ezgaitasun eta bateraezintasun kasuak, Estatuko oinarrizko legediaren bidez zehaztuko dira.

3) Zenbatekoa dela eta, obren, zerbitzuen eta hornikuntzen kontratazioetan bakarrik egin ahal izango da zuzeneko kontratazioa, kontratazio horiek aurrekontuaren baliabide arrunten %5 gainditzen ez badute. Inolaz ere ezingo da gainditu herri-administrazio guztiei aplikagarri zaizkien oinarrizko arauetan zuzeneko kontratazioetarako ezarritako muga.

4) Korporazio kontratugilearen kutxan jarri beharko dira fidantzak.

VII. TITULUA

Toki-erakundeetako langileak

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

89. artikulua.

Toki-erakundeetako langileak hauek dira: karrerako funtzionarioak, lan-zuzenbidepean kontratatutakoak eta konfiantzako edo aholkularitza bereziko lanpostuak betetzen dituzten behin-behineko langileak.

90. artikulua.

1. - Toki-korporazio bakoitzari dagokio urtero, aurrekontuaren bidez, plantilla onartzea. Zerrenda horretan funtzionarioen, eta lan-kontratuko eta behin-behineko langileen lanpostu guztiak jaso beharko dira.

Plantillak arrazoizkotasun-, ekonomia- eta eragimen-printzipioen araberakoak izan behar dira, eta ekonomiaren antolamendu orokorraren arabera ezarri behar dira. Langileen gastuek ezin dituzte gainditu orokorrean ezarritako mugak.

2.- Toki-korporazioek beren antolakuntzan dauden lanpostu guztien zerrenda egin behar dute, funtzio publikoari buruzko oinarrizko legedian aurreikusitakoaren arabera.

Lanpostuen zerrendak, eredu moduko lanpostuen deskribapena eta lanpostuak sortzeko beharrezko baldintzak prestatuko dituzten arauak ezartzea Estatuari dagokio; baita administrazioko karrerako oinarrizko arauak ezartzea ere, bereziki goragoko maila eta taldeetara funtzionarioak sustatu ahal izateko.

3.- Toki-korporazioek, gainerako herri-administrazioekin koordinaturik, langileen erregistroak eratuko dituzte, Gobernuak onartutako arauen arabera. Erregistro horretako datuen arabera zehaztuko dira soldaten ordainagiriak, ordainsari guztiak egiaztatuta egon daitezen.

91. artikulua.

1.- Toki-korporazioek jendaurrera argitaratuko dute beren lan-eskaintza, Estatuko oinarrizko araudian zehaztutako irizpideei lotuta.

2.- Langile guztien aukeraketa, bai funtzionarioena nahiz lan-kontratukoena, lan-eskaintza publikoaren bidez egin behar da, deialdi publikoa eginez, lehiaketaz, oposizioaz edo lehiaketa-oposizio libreaz baliatuta, Konstituzioan ohartemandako berdintasun-, merezimendu-, gaitasun- eta publizitate-printzipioak bermatuta.

II. KAPITULUA

Karrerako funtzionarioentzako xedapen orokorrak

92. artikulua.

1. - Toki-administrazioko funtzionarioak, lege honetan xedatu gabeko guztietan, Estatuko eta autonomia-erkidegoetako legediak arautzen ditu, Konstituzioko 149.1.18. artikuluan jartzen duenaren arabera.

2.- Funtzionarioen estatutupeko langileek soilik betetzeko gordetako funtzio publikoak hauek dira: aginpideaz baliatzea eskatzen dutenak, fede publikokoak eta aginduzko lege-aholkularitzakoak, ekonomia-finantzen eta aurrekontuen kudeaketaren barneko kontrol eta ikuskapenekoak, kontabilitatekoak eta diruzaintzakoak eta, orokorrean, lege honen garapenean, jarduna betetzerakoan objektibotasuna, inpartzialtasuna eta independentzia hobeto bermatzeko funtzionarioentzat gorde daitezenak.

3. - Toki-korporazio guztietan gaikuntza nazionaleko funtzionarioentzat gordetako administrazio-erantzukizuneko nahitaezko funtzio publikoak dira:

a) Idazkaritzakoak, fede publikokoak eta aginduzko lege-aholkularitzakoak barne.

b) Ekonomia-finantzen eta aurrekontuen kudeaketaren barneko kontrol eta ikuskapenekoak, eta kontabilitatekoak, diru-zaintzakoak eta diru-bilketakoak.

4.- Kontabilitate, diruzaintza eta diru-bilketako funtzioen administrazio-erantzukizuna korporazioko kideei edo gaikuntza nazionalik gabeko funtzionarioei aitortu ahal izango zaie, Estatuko legedian hala zehaztutako salbuespeneko kasuetan.

93. artikulua.

1. - Toki-administrazioetako funtzionarioen oinarrizko ordainsariek funtzio publiko osorako orokorrean ezarritakoen egitura bera eta zenbateko berdina izango dute.

2.- Ordainsari osagarriak, era berean, gainerako funtzionario publikoen balioespen objektiborako egitura eta irizpideetara egokituko dira. Ordainsari horien guztizko kopurua korporazioko osoko bilkurak zehaztuko du Estatuak ezarritako gehieneko eta gutxieneko mugen barne.

3.- Toki-korporazioek aurrekontuetan sartuko dute urtero bertako funtzionarioen ordainsarien zenbatekoa, funtzio publikoari buruzko oinarrizko legedian aurreikusitakoaren arabera.

94. artikulua.

Toki-administrazioko funtzionarioen urteko lanaldia guztira Estatuko Administrazio Zibileko funtzionarioentzat aplikatutako berbera izango da.

Arau berberak ezarriko zaizkie lanaldiaren baliokidetzeari eta laburtzeari buruz.

95. artikulua.

Funtzionarioek beren sindikatuen bitartez laneko baldintzak zehazten parte-hartzea, funtzio publikoaren oinarrizko estatutuan herri-administrazio guztientzat orokorrean ezarritako bera izango da.

96. artikulua.

Toki Administrazioko Ikaskuntza Institutuak hobekuntza, espezializazio eta sustapenerako ikastaroak antolatuko ditu toki-erakundeetan diharduten funtzionarioentzat, eta autonomia-erkidegoetako funtzionarioen institutu edo eskolekin nahiz korporazioek beraiek eratzea erabaki ditzaten mota horretako erakundeekin elkarlanean arituko da jardun horietan.

97. artikulua.

"Estatuko Aldizkari Ofizialean" argitaratu behar dira tokiko funtzio publikora sartzeko probetarako eta lanpostuak betetzeko lehiaketetarako deialdien iragarkiak.

Oinarriak "Probintziako Aldizkari Ofizialean" argitaratuko dira, gaikuntza nazionala lortzeko hautaprobetarako deialdiak izan ezik, kasu horretan "Estatuko Aldizkari Ofizialean" argitaratuko dira eta.

III. KAPITULUA

Gaikuntza nazionaleko funtzionarioak hautatzea eta prestatzea, eta lanpostuak betetzeko sistema

98. artikulua.

1.- Lege honetako 92. artikuluko 3. paragrafoan aipatutako funtzionarioak hautatzea, prestatzea eta gaitzea Toki Administrazioko Ikaskuntza Institutuari dagokio, erregelamenduz onartutako oinarrien eta programen arabera.

Halako biztanleria-maila jakina duten korporazioei dagokienez, prestakuntza-ikastaroetara sartzeko hautaprobak egitea lurraldez deszentralizatu ahal izango da, Estatuko Administrazioak ezarritako moduan.

Toki Administrazioko Ikaskuntza Institutuak, hitzarmen bidez, gaikuntza nazionala lortu behar duten funtzionarioen prestakuntza autonomia-erkidegoetako funtzionarioen institutu edo eskolei eman beharko die eskuordetzan, hala eskatzen badute.

2. - Aurreko zenbakian aipatutako gaikuntza lortu dutenak tokiko funtzio publikoan sartuko dira eta toki-erakunde bakoitzeko plantilletan funtzionario horientzat gordetako lanpostuak betetzeko dei egindako merezimendu-lehiaketetan parte hartzeko zilegitasuna izango dute.

99. artikulua.

1. - Lehiaketa izango da lanpostuak betetzeko sistema arrunta eta merezimendu orokorrak hartuko dira kontuan lehiaketetan. Besteak beste, bakoitzak norberaren maila zehatz bat izatea, egindako lana balioestea, gainditutako prestakuntza eta hobekuntzako ikastaroak, eta antzinatasuna; horiekin batera, autonomia-erkidego bakoitzeko lurralde-antolaketako eta autonomiako araudiko berezitasunak jakitea, eta lanpostuaren ezaugarriekin zuzenean lotutako berariazko merezimenduak.

Merezimendu orokorrak nahitaez balioetsi beharrekoak izango dira beti, Estatuko Administrazioak zehaztuko ditu, eta lor daitezkeen puntu guztien 100eko 65era iritsiko dira horien puntuak, dagokien baremoaren arabera. Muga hori ez da arau izango beste merezimendurik ezartzen ez denean.

Autonomia-erkidego bakoitzeko lurralde-antolaketako eta autonomiako araudiko berezitasunak jakiteari dagozkion merezimenduak autonomia-erkidego bakoitzak finkatuko ditu, eta lor daitezkeen puntu guztien 100eko 10era arte iritsiko dira horien puntuak.

Berariazko merezimenduak toki-korporazio bakoitzak zehaztu ahal izango ditu, eta lor daitezkeen puntu guztien 100eko 25era arte iritsiko dira horien puntuak.

Toki-korporazioek onartuko dituzte lehiaketako oinarriak, eta bakoitzaren autonomia-erkidegoak zehaztuta ezar ditzakeen berariazko merezimenduak sartuko dituzte, baita autonomia horretako berezko hizkuntza ofiziala jakitea ere, autonomia bakoitzeko legedian aurreikusitako moduan.

Toki-korporazioetako lehendakariek egingo dituzte lehiaketetarako deialdiak, eta bakoitzak bere autonomia-erkidegora bidaliko ditu aldizkari ofizialetan aldi batera argitara daitezen, erregelamenduz finkatutako epeen barruan. Era berean, Administrazio Publikoen Ministerioak ¿Estatuko Aldizkari Ofizialean¿ argitaratuko du deialdion laburpena, eta epeak zenbatzeko oinarri izango da hori.

Toki-korporazioek erabakiko dituzte lehiaketak eta Administrazio Publikoen Ministerioari bidaliko dizkiote, ministerioak erabakien koordinazioa egin dezan, lehiakide berberari aldi berean esleipen bat baino gehiago ematea saihesteko, eta gero izendapenei forma eman diezaien. Izendapenak autonomia-erkidegoetako aldizkari ofizialetan eta ¿Estatuko Aldizkari Ofizialean¿ argitaratuko dira.

Administrazio Publikoen Ministerioak, osagarri moduan, urtero egingo du deialdia lehiaketa bidez bete beharreko gaikuntza nazionaleko toki-administrazioko funtzionarioentzat gordetako lanpostu hutsak betetzeko, merezimendu orokorren eta autonomia-erkidegoetako balioespenen arabera eta hizkuntza-eskakizunari buruz autonomia-erkidegoekin bat etorriz, lanpostuok egoera hauetakoren batean aurkitzen badira:

a) Lanpostuok hutsik egonik, lehiaketa arruntean toki-korporazioek horietarako deialdirik egin ez badute.

b) Lehiaketa arruntean deialdia egin arren, lanpostuok inork ere bete ez baditu.

c) Lehiaketa arruntean sartu arren, toki-korporazioak beste arrazoi batzuk medio esleitu gabe utzi baditu.

d) Toki-korporazioek sartzeko berariaz eskatutakoak, nahiz eta lehiaketa arrunterako deialdiaren ondoren bete gabe gelditutakoak izan. Baterako deialdian lanpostu berriak sartzeko eskabidea korporazioko lehendakariak egingo du eta Administrazio Publikoen Ministerioko Toki Administraziorako Zuzendaritza Nagusiari bidaliko dio.

2.- Salbuespenez, gaikuntza nazionaleko kasuan kasuko azpi-eskala eta kategoriako funtzionarioek izendapen askez bete ahal izango dituzte lanpostuen zerrendan zehaztuta haientzat gordetako lanpostuak. Sistema hori lanpostuen eginkizunen zuzendaritza-izaera edo bereganatutako erantzukizun bereziaren arabera bakarrik onartu ahal izango da, baldin eta probintzietako diputazioetako, uharteetako kabildo eta kontseiluetako, udaletako, autonomia-erkidegoetako edo probintzietako hiriburuetako eta ehun mila biztanle baino gehiagoko udalerrietako lanpostuei buruz, destino-osagarriko 30. maila izendatuta badute.

Kontu-hartzailetza eta diruzaintzako lanpostuen kasuan, aurreko eskakizunez gain, korporazioko aurrekontu arrunteko gutxieneko kopurua hiru mila milioi pezetatik gorakoa izan behar da. Lanpostu horiek uztera behartutako funtzionarioei azpi-eskala eta kategoriako lanpostu bat bermatuko zaie korporazioan, eta korporazio horretako lanpostuen zerrendan agertu behar da lanpostu hori.

Korporazioko osoko bilkurak onartuko ditu lanpostuok betetzeko deialdiko oinarriak, eta lanpostuon izena eta lanpostuok betetzeko ezinbesteko eskakizunak jaso behar dira oinarrietan.

Korporazioko lehendakariari dagokio deialdia egitea, horretarako, lehiaketen publikotasun-eskakizuna betez; bai eta lehiaketa ebaztea ere, behin deialdian eskatutako baldintzak betetzen direla egiaztatu ondoren. Halaber, korporazioko lehendakariari dagokio osoko bilkurari ebazpenaren berri ematea.

3.- Lanpostuaz jabetzearekin batera hartzen ditu izangaiak funtzionarioei jardunean egoteagatik darizkien eskubideak eta eginbeharrak, eta kasuan kasuko korporazioaren menpeko funtzionario bihurtzen da, nahiz eta Estatuko Administrazioak kargugabetzeko eta zerbitzutik behin betiko kentzeko diziplinazko ahalmena berea izan beti.

4.- Nolanahi ere, gaikuntza nazionaleko tokiko funtzionarioen erregistroa egingo du Estatuko Administrazioak, eta erregistro horretan idatzi beharko dira, eraginkorrak izateko, funtzionario horien gorabehera eta egoera guztiak.

IV. KAPITULUA

Gainerako funtzionarioen hautaketa eta lanpostuak betetzeko arauak

100. artikulua.

1.- Toki-korporazio bakoitzarena da lege honetako 92. artikuluko 3. paragrafoan aipatzen ez diren funtzionarioak hautatzeko eskumena.

2.- Hala ere, Estatuko Administrazioari dagokio erregelamenduz hauek finkatzea:

a) Funtzionario horien hautaketa eta prestakuntzako prozeduran bete beharreko oinarrizko arauak eta gutxieneko programak.

b) Hautaprobetan parte hartzeko eskatutako ikasketa-tituluak, nahiz horietan parte hartzeko eskatu ahal diren Toki Administrazioko Ikaskuntza Institutuak eta autonomia-erkidegoetako funtzionarioen institutu edo eskolek emandako diplomak, ikasketa-tituluen osagarri bezala.

101. artikulua.

Aurreko artikuluan aipatutako funtzionarioek bete beharreko lanpostu hutsak betetzeko, deialdi publikoa egingo da merezimenduen lehiaketako edo izendapen askeko prozeduren bidez, administrazio publiko guztietan prozedura horiek arautzeko arauekin bat etorriz.

Lanpostuak betetzeko deialdi horietan, deialdia egiten duen erakundeko funtzionarioek parte hartzeaz gain, edozein administrazio publikoko funtzionarioek parte hartu ahal izango dute; hala ere, kasu horretan parte hartu ahal izateko, lanpostuen zerrendetan ezarritakoa bete beharko da.

102. artikulua.

1. - Korporazioko lehendakariak onartutako oinarriez arautuko dira kapitulu honetan lanpostuak betetzeko aipatutako hautaprobak eta lehiaketak; lehendakariari dagokio horietarako deialdia egitea.

2. - Hautaprobetan, epaimahaiak edo horretarako jarritako organoak emango dio gainditu dutenen zerrenda korporazioko lehendakariari, izendapena egin dezan; berari dagokio, halaber, lanpostuak betetzeko lehiaketak arrazoietan oinarrituta ebaztea, hautaketa-organoek aurrez proposamena eginda.

V. KAPITULUA

Lan-kontratuko eta behin-behineko langileak

103. artikulua.

Lan-kontratuko langileak korporazioak berak aukeratuko ditu; nolanahi ere, 91. artikuluan xedatutakoari lotu behar zaio, eta eskatutako betekizunak bildu ditzaten guztiei aukera berdinak emateko printzipioa errespetatuz.

104. artikulua.

1. - Behin-behineko langileen kopurua, ezaugarriak eta ordainsariak korporazio bakoitzeko osoko bilkurak erabakiko ditu, agintaldiaren hasieran. Erabaki horiek urteko aurrekontuak onartzen direnean bakarrik aldatu ahal izango dira.

2.- Funtzionario horiek izendatzea eta kargutik kentzea askea da eta kasuan kasuko toki-erakundeko alkateari edo lehendakariari dagokio. Nolanahi ere, berez eta besterik gabe kenduko zaie kargua konfiantzako edo aholkularitza bereziko funtzioa betetzen dutenei, funtzio hori agindu dieten agintariak kargutik kendu zein agintarion agintaldia amaitzen denean.

3. - Enpleguko funtzionarioen izendapenak, beren ordainsarien araubidea eta beren dedikazioa probintziako "Aldizkari Ofizialean" argitaratuko dira eta, hala badagokio, korporaziokoan.

VIII. TITULUA

Toki-ogasunak

105. artikulua.

1.- Lege honetako 5. artikuluan aurreikusitako legediaren arabera, toki-erakundeen helburuak betetzeko nahikoa baliabidez hornituko dira toki-ogasunak.

2.- Toki-ogasunak tributu propioez eta Estatuko eta autonomia-erkidegoetako tributuetan onartutako partaidetzez elikatzen dira, legeak aurreikusitako beste baliabideez gain.

106. artikulua.

1. - Toki-erakundeek tributuak ezarri eta eskatzeko autonomia izango dute, toki-ogasunak arautzen dituen Estatuko legedian eta legedi horrek berariaz adierazitako kasuetan autonomia-erkidegoek emandako legeetan aurreikusitakoarekin bat etorriz.

2. - Zerga-arloan toki-erakundeek erregelamenduak egiteko duten ahala beren tributuak arautzeko ordenantza fiskalen eta kudeaketa, bilketa eta ikuskapeneko ordenantza orokorren bidez beteko da. Ordenantza horiek ondo ulertzeko eta argitzeko xedapenak eman ditzakete toki-korporazioek.

3. - Toki-erakundeen eskumenekoa da beren tributuen kudeaketa, bilketa eta ikuskapena, esparru zabalagoko toki-erakundeei zein beren autonomia-erkidegoei eskuordetzan eman badiezazkiekete ere, eta beste toki-erakunde batzuekin, autonomia-erkidegoekin zein estatuarekin lankidetza-moduak lotu baditzakete ere, beti ere Estatuko legedian ezarritakoarekin bat etorriz.

107. artikulua.

1. - Tokiko tributuak arautzen dituzten ordenantza fiskalak probintziako edo, bestela, probintzia bakarreko autonomia-erkidegoko «Aldizkari Ofizialean» behin betiko argitaratzen diren unean hasiko dira aplikatzen, ordenantzetan bertan bestelako datarik adierazten ez bada.

2. - Ordenantza fiskalek toki-erakunde bakoitzaren lurraldean behartzen dute, eta benetako bizilekua eta lurraldetasuna printzipiotzat hartuta ezartzen dira kasuen arabera.

108. artikulua.

Tokiko tributuen aplikazioari eta eraginkortasunari buruzko egintzen aurka, eta toki-erakundeen zuzenbide publikoko gainerako sarreren aurka, esaterako tributu-izaerakoak ez diren ondare-prestazio publikoen, prezio publikoen, eta isun eta zehapen ekonomikoen aurka, berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango da, berariaz horretarako aurreikusita baitator Toki-ogasunak arautzen dituen Legean. Errekurtso hori aukerakoa izango da lege honetako X. tituluan aipatutako udalerrietan.

109. artikulua.

Estatuak, autonomia-erkidegoek, erakunde autonomoek, Gizarte Segurantzak eta zuzenbide publikoko beste edozein erakundek toki-erakundeekin izan ditzaten zorrak, nahiz alderantziz, guztiz eta zati batean kentzea adostu dezakete, konpentsazioz, baldin eta zorrak mugaeguneratuak, likidoak eta eskagarriak badira.

110. artikulua.

1. - Korporazioko osoko bilkurari dagokio zerga-kudeaketaren bidean emandako egintzen erabateko deuseztasuna aldarrikatzea eta egintzak berrikustea, Zerga Lege Orokorreko 153 eta 154. artikuluetan ezarritako kasuetan eta prozeduraren arabera.

2. - Gainerako kasuetan, toki-erakundeek ezin izango dituzte deuseztatu eskubideak aitortzen dituzten beren egintzak. Egintza horiek berrikusteko, herri-interesen kontrako direlako kaltegarritzat jo behar dira aldez aurretik eta administrazioarekiko auzibidean inpugnatu, jurisdikzio horretako legearen arabera.

111. artikulua.

Tokiko tributuak ezartzeko, kentzeko eta antolatzeko erabakiak, baita horiei dagozkien ordenantza fiskalak aldatzeko ere, tokiko tributuak ezarri eta antolatzeko arau berezietan xedatutakoaren arabera onartu, argitaratu eta indarrean jarriko dira, eta ez zaie aplikatuko lege honetako 70.2. artikuluan 65.2. artikuluari buruz aurreikusitakoa.

112. artikulua.

1. - Toki-erakundeek aurrekontu bakarra onartzen dute urtero. Aurrekontu horretan, zenbakitan adierazten dira, batera eta sailkatuta, urte horretako ekonomia-ekitaldian gehienez onar ditzaketen betebeharrak eta epe-muga duten edo eskuratu nahi diren eskubideak.Aurrekontua bat dator urte naturalarekin, eta bertan sartzen dira bai erakundearena, bai nortasun juridikoa izan eta bere menpeko diren organismoenak eta toki-enpresenak ere.

2.- Estatuko Administrazioak zehaztuko du orokorrean toki-erakundeen aurrekontuen egitura.

3.- Hasiera batean aurrekontua onartuta, jendaurrean jarriko da aztergai toki-ogasunak arautzen dituen Estatuko legedian adierazitako epean, interesdunek aurrekontuaren gaineko erreklamazioak egin ditzaten. Aurkeztutako erreklamazioak erabaki ondoren, legean aurreikusi bezala, korporazioko "Aldizkari Ofizialean" argitaratuko da behin betiko onartutako aurrekontua, aldizkaririk badu, baita probintziakoan ere, laburtuta.

4.- Aurrekontua ezarri behar den ekitaldiaren aurreko urteko abenduaren 31 baino lehen onartu beharko du behin betiko korporazioko osoko bilkurak.

5.- Baldin eta aurrekontua kasuan kasuko ekonomia-ekitaldiko lehenengo eguna baino lehen onartzen ez bada, aurrekoaren indarraldia luzatuko da berez eta besterik gabe.

113. artikulua.

1. - Aurrekontuei, tributuen ezarpenari, aplikazioari eta eraginkortasunari, zein ordenantza fiskalak onartu eta aldatzeari buruz korporazioek hartutako erabakien gainean jarritako erreklamazioei amaiera ematen dieten egintzen aurka interesdunek zuzenean jar dezakete administrazioarekiko auzi-errekurtsoa.

2.- Aurka egiteak aurrekontuen berdinketari eragiten badio edo horri buruzkoa bada, Kontu Auzitegiak, nolanahi ere, txosten bat egin beharko du.

3.- Lehenengo paragrafoan aurreikusitako errekurtsoa eta 49, 108 eta 112.3. artikuluetan ezarritako erreklamazioak egin arren, ez da berez etengo inpugnatutako egintza edo erabakiaren eraginkortasuna.

114. artikulua.

Kontabilitate publikoaren araubideari lotuta daude toki-erakundeak. Estatuko Administrazioak ezarriko du, orokorrean, toki-erakundeen kontu-plana.

115. artikulua.

Kontu Auzitegiari dagokio toki-erakundeen kontuen eta ekonomia-kudeaketaren kanpoko ikuskapena, bera arautzen duen lege organikoak ezarritako irispide eta baldintzekin, eta eskuordetza emateko bertan aurreikusitako kasuen kontra jarri gabe.

116. artikulua.

Toki-erakundeko kontuen batzorde bereziaren irizpenera jarriko dira urteko kontuak ekainaren 1a baino lehen, eta korporazioa osatzen duten talde politiko guztien kideez osatuko da batzorde hori. Kontuak, osoko bilkurari onartzeko aurkeztu baino lehen, jendaurrean jarriko dira aztergai, erreklamazioak, eragozpenak eta oharrak egin ahal izateko. Guztiarekin ere, ekonomia-kudeaketan eta onartutako kontuetan araugabekeriarik ote dagoen salatu ahal izango zaio Kontu Auzitegiari.

IX. TITULUA

Toki-administrazioko gaiak direla-eta, herri-administrazioen arteko lankidetzarako antolakundeak

117. artikulua.

1. Toki Administrazioko Batzorde Nazionala da Estatuko Administrazio Orokorraren eta toki-administrazioaren arteko lankidetzarako organo iraunkorra.

2. Batzordeak Administrazio Publikoetako ministroa izango du lehendakari eta kopuru berdinean izango dira kide toki-erakundeen eta Estatuko Administrazio Orokorraren ordezkariak. Toki-erakundeen ordezkariak izendatzea, nolanahi ere, toki-administrazioko erakundeen estatu mailako elkarterik hedatuenari dagokio.

Batzordearen osaera, jarduera eta erabakiak hartzeko araubidea erregelamenduz zehaztuko dira, Administrazio Publikoetako ministroaren proposamenez Ministroen Kontseiluak onartutako errege-dekretu bidez.

3. Lehendakariak bere ekimenez edo toki-ordezkaritzak eskatuta dei egindakoan biltzen da batzordea. Autonomia-erkidegoetako ordezkariak ere joan daitezke batzordearen bilkuretara, lehendakariak dei egiten badie.

4. Toki Administrazioko Batzorde Nazionaleko osoko bilkurak bertako azpibatzordeei eskuordetzan eman diezazkieke zenbait egiteko, gai hauen gaineko lege-aurreproiektu txostena salbuespen dela:

a) Toki-araubidearen oinarrizko araudiarena.

b) Toki-ogasunena.

c) Toki-administrazioari dagozkion lege organikoena.

118. artikulua.

1.- Batzordeari dagokio:

A) Ondorengo kasu hauetan txostenak egitea:

a) Toki-administrazioarekiko gaietan Estatuaren eskumeneko lege-aurreproiektuak eta administrazioko xedapen-proiektuak, esaterako toki-administrazioaren antolakuntzako eta jarduteko araubidea; bere funtzio eta zerbitzuen funtsezko araubidea ¿eskumenak ematea eta kentzea barne-; bere funtzionarioen estatutu bidezko araubidea; administrazio-prozedura, kontratuak, emakidak eta zerbitzuko publikoak betetzeko gainerako moduak, jabetza kentzea eta ondarezko erantzukizuna; eta bere ondasunen eta toki-ogasunen araubidea egitean.

b) Toki-korporazioen zorpetze-eragiketetarako baimena emateko irizpideak ezartzean.

c) Lege honetako 61. artikuluan xedatutakoa aplikatzea Ministroen Kontseiluak erabaki dezan kasuetan eta aurretik.

B) Gobernuari proposamenak eta iradokizunak egitea, toki-administrazioaren arloari dagokionez, bereziki:

a) Toki-erakundeen alde eskumenak aitortzean eta eskuordetzan ematean.

b) Estatuak toki-administrazioari ematen dizkion dirulaguntzak, kredituak eta eskualdaketak banatzean.

c) Estatuaren tributuetan toki-ogasunek parte-hartzean.

d) Toki-erakundeei eragin diezaioketen Estatuko aurrekontu orokorren aurreikuspenen kasuan.

2.- Batzordeak, bere eginkizunak betetzeko, azterlanak eta txostenak egiteko eska diezaioke Toki Administrazioko Ikaskuntza Institutuari.

119. artikulua.

Konstituzioak bermatutako toki-autonomiarentzat kaltegarri direla uste ditzan Estatuko eta autonomia-erkidegoetako legeei Konstituzio Auzitegian aurka egiteko eska diezaieke batzordeak, hain zuzen Konstituzioak horretarako legezkotutako organoei.

Eskabide bera egin dezake toki-erakundeek batzordean duen ordezkaritzak ere.

120. artikulua.

1. - Toki Administrazioko Ikaskuntza Institutua, Lurralde Administrazioko Ministerioari atxikia, zuzenbide publikoko erakundea da, eta nortasun eta gaitasun juridikoaz gain, bere ondare propioa du; bere helburuak betetzearren jarduteko autonomia osoa du.

Institutuaren helburu nagusienak dira toki-administrazioarekin zerikusirik duten arloei buruzko ikerketak eta azterlanak egitea, informazioa eta zabalkundea egitea, eta toki-erakundeetako funtzionarioak hautatu, prestatu eta hobetzea.

2.- Institutuko gobernu-organoak zuzendaria eta artezkaritza-kontseilua dira. Zuzendariak bere gain hartzen ditu ordezkari izate, betearazte, programazio eta koordinazioko zereginak, zerbitzuen zuzendaritzakoekin batera. Artezkaritza-kontseiluari dagozkio aurrekontua onartzea, jardueren programazioa eta urteko txostena egitea; eta kontseilua osatu, zuzendariak, bertako buru baita, Estatuan hedapenik zabalena duten toki-erakundeen elkarteak izendatutako zortzi ordezkarik, autonomia-erkidegoen hiru ordezkarik, urtebeterako izendatuta autonomia-estatutuak onartu ziren hurrenkera kronologikoaren arabera, eta Lurralde Administrazioko Ministerioak izendatutako Estatuko Administrazioaren bost ordezkarik osatzen dute.

3.- Institutua 1958ko abenduaren 26ko Estatuko Entitate Autonomoen Legeko 5. artikuluan aipatutako erakundeen artean dago, eta administrazio-izaerako erakunde autonomotzat hartuko da 1977ko urtarrilaren 4ko Aurrekontuen Lege Orokorreko 4. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

Barne-erregelamenduak arautzen du institutuaren antolakuntza eta jarduteko modua, eta Lurralde Administrazioko Ministerioak onartuko du, artezkaritza-kontseiluak proposatuta.

120 bis artikulua.

Estatuak autonomia-erkidegoekiko elkarlana bultzatuko du toki-araubideari buruz lankidetza-organo bateratuak sortzeko, arloko batzarren izaera juridikoa zein besteren bat hartuta, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 5. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

X. TITULUA

Biztanle-kopuru handiko udalerrien antolakuntzako araubidea.

I. KAPITULUA

Aplikazio-eremua

121. artikulua. Aplikazio-eremua.

1. Titulu honetan aurreikusitako arauak hauei aplikatuko zaizkie:

a) 250.000 bizilagun baino gehiagoko biztanleria duten udalerriei.

b) Probintziako hiriburuei, 175.000 bizilagun baino gehiagoko biztanleria duten udalerriak badira.

c) Probintziako hiriburu, autonomietako hiriburu edo autonomia-erakundeen egoitza diren udalerriei.

d) Baita 75.000 bizilagun baino gehiagoko biztanleria duten udalerriei ere, ekonomia, gizarte, historia zein kulturaren aldetik inguruabar bereziak badituzte.

Goiko c) eta d) idatz-zatietan aurreikusitako kasuetan, udal bakoitzaren ekimenez bertako legebiltzarrek horrela erabakitzea eskatuko da.

2. Udalerriren batek, bertako udalak agintaldi bakoitza hasi aurreko urteko urtarrilaren 1a erreferentzia hartuta udal-errolda berrikusi ondoren Gobernuak onartutako biztanleria-kopuru ofizialekin bat, titulu honetan aurreikusitako araubidea aplikatzeko eskatutako biztanleria lortzen badu, korporazio berriak, eratzen denetik, sei hilabeteko epea izango du bere antolakuntza titulu honetako xedapenen edukira egokitzeko.

Ondorio horietarako, aipatutako errolda-berrikuspenetik ateratako biztanleria baino ez da kontuan hartuko, eta ez agintaldi bakoitzeko beste urte batzuei dagokiena.

3. Titulu honetan aurreikusitako araubidea aplika dakiekeen udalerriek araubide bera izango dute arautzaile gero ere, gerora bertako biztanleriaren kopuru ofiziala lege honetan ezarritako mugatik behera jaitsi arren.

II. KAPITULUA

Beharrezko udal-organoen antolakuntza eta jarduera

122. artikulua. Osoko bilkuraren antolakuntza.

1. Alkateak eta zinegotziek osatuta, osoko bilkura da herritarrek udal-gobernuan duten ordezkaritza politikoaren organo gorena.

2. Alkateak egingo du osoko bilkurarako deia eta bera izango da buru, Lege honetan eta hauteskunde-legedi orokorrean aurreikusitako kasuetan izan ezik, eta berari dagokio kalitateko botoarekin berdinketak erabakitzea. Alkateak zinegotziren bati utz diezazkioke eskuordetzan osoko bilkurarako deia egitea eta bertako buru izatea soil-soilik, berak egoki irizten dionean.

3. Osoko bilkurak erregelamendua egingo du beretzat, eta organikoa izango da. Hala ere, udal-erregelamendu organikoan ere jaso daiteke osokoaren antolakuntzaren eta jardueraren arauketa.

Nolanahi ere, osoko bilkurak idazkari nagusi bat izango du, eta batzordeak edukiko ditu, talde politikoek osoko bilkuran duten zinegotzi-kopuruaren ehunekoan taldeok izendatutako kideez osatuta.

4. Batzordeei eginkizun hauek dagozkie:

a) Osoko bilkuraren erabakira jarri behar diren gaien azterketa, txostena zein kontsulta.

b) Alkatearen eta haren gobernu-taldearen kudeaketaren jarraipena, osoko bilkurari orokorrean dagozkion goi-kontrola eta ikuskapena baztertu gabe.

c) Lege honetan xedatutakoaz bat, osoko bilkurak eskuordetzan emandakoak.

Nolanahi ere, osoko bilkurari buruz 46.2. artikuluko b), c) eta d) idatz-zatietan jasotako aurreikuspenak aplikatuko zaizkie batzorde horiei.

5. Osoko bilkurako idazkari nagusiari, bera izango da batzordeetakoa ere, eginkizun hauek dagozkio:

a) Aktak idatzi eta zaintzea, baita horiek ikuskatu eta baimentzea ere, osoko bilkurako lehendakariak ontzat emanda.

b) Osoko bilkurako lehendakariak ontzat emanda, onartutako egintzen eta erabakien ziurtagiriak egitea.

c) Osoko bilkurako lehendakariari laguntza ematea bilkuretarako deialdiak, eztabaidetako ordena eta bozketak zuzen egitea bermatzeko, eta osoko bilkurako eta batzordeetako lanak normaltasunez garatzeko lankidetza ematea.

d) Osoko bilkuretako erabakiak jakinarazi, argitaratu eta betearaztea.

e) Osoko bilkurari eta batzordeei lege-arloko aholkularitza ematea; nahitaezkoa izango da kasu hauetan:

1.- Lehendakariak agintzen duenean, nahiz gaia eztabaidatzeko bilkura egin baino nahiko lehenago bertako kideen heren batek hala eskatzen duenean.

2.- Eztabaidatutako puntuak gehiengo berezia eskatzen duten gaiei buruzkoak direnean.

3.- Legeren batek hala eskatzen duenean, osoko bilkuraren eskumeneko gaietan.

4.- Gobernu-organoen kontrol eta ikuskapeneko eginkizunak betetzerakoan, lehendakariak zein zinegotzien laurden batek gutxienez hala eskatzen duenean.

Gaikuntza nazionala duten toki-administrazioko funtzionarioentzat gordetzen dira eginkizun horiek. Lehendakariari dagokio horiek izendatzea zortzigarren xedapen gehigarrian aurreikusitako baldintzetan, eta lege honetako 130. artikuluan aurreikusitako zuzendaritza-organoen parean jarriko dira, osoko bilkura arautzen duten arau organikoek horri buruz zehazten dutenaren aurka jarri gabe.

123. artikulua. Osoko bilkuraren eskumenak.

1. Osoko bilkurari eskumen hauek dagozkio:

a) Gobernu-organoak kontrolatzea eta ikuskatzea.

b) Alkateari ezar liezaiokeen zentsura-mozioari buruzko eta alkateak berak jarritako konfiantza-galdekizunari buruzko bozketak egitea; bozketak publikoak izango dira, eta kasu guztietan bakoitzari izenetik deituta egingo dira. Horiek hauteskunde-legedi orokorrean xedatutakoarekin arautuko dira puntu guztietan.

c) Erregelamendu organikoak onartzea eta aldatzea. Organikoak izango dira beti:

Osoko bilkuraren arauketa.

Hiriko gizarte-kontseiluaren arauketa.

Iradokizun eta Erreklamazioen Batzorde Bereziaren arauketa.

Organo osagarrien eta herritarren partaidetzako prozeduren arauketa.

Udalerria barrutietan banatzea, barrutietako organoak eta bertako ordezkaritza eta partaidetzako organoen eskumenak zehaztea eta arautzea, alkateak administrazio betearazlearen antolakuntza eta eskumenak zehazteko dituen eskumenen kontra aritu gabe.

Udal-antolakuntzaren funtsezko mailak zehaztea; halakoak dira, batetik, gobernuko arlo nagusiak, bestetik, koordinatzaile nagusiak, tokiko gobernu-batzarreko kideen menpeko dira-eta zuzenean, zuzendaritza nagusien edo gobernu-arlo berean bildutako antzeko organoen koordinazio-funtzioekin eta funtzio horien zein antzeko beste funtzio batzuen zerbitzu erkideen kudeaketako funtzioekin, baita zuzendaritza nagusiak edo administrazio-antolakuntza burutzen duten antzeko beste organo batzuk ere, alkateak organo horietako bakoitzaren kopurua zehazteko eta beheragoko maila osagarriak ezartzeko dituen eskumenen kontra aritu gabe.

Erreklamazio ekonomiko-administratiboak ebazteko organoaren arauketa.

d) Udaleko ordenantzak eta erregelamenduak onartu eta aldatzea.

e) Udal-mugartea zehaztu eta aldatzeari buruzko erabakiak hartzea; lege honetako 45. artikuluan aipatutako erakundeak sortzea edo ezabatzea; udalerriburua aldatzea eta udalerriaren edo erakunde horien izena aldatzea, eta bertako bandera, ikurra edo armarria onartzea edo aldatzea.

f) Udalerriaz gaindiko antolakundeetan parte-hartzeari buruzko erabakiak.

g) Tributu-izaerako baliabide propioak zehaztea.

h) Aurrekontuak eta langileen plantilla onartzea, eta bere eskumeneko gaietan gastuak baimentzea. Berak onartuko du, halaber, ekitaldi bakoitzeko kontu nagusia.

i) Plangintza orokorrari hasierako onarpena ematea, eta hirigintza-legedian aurreikusitako antolamenduko planen eta gainerako tresnen gaineko udal-izapideen amaiera onartzea.

j) Bere eginkizunak edo jarduerak beste herri-administrazio batzuei eskualdatzea, baita beste administrazio batzuek emandako eskuordetzak zein kudeaketarako gomendioak onartzea, legeak nahitaez ezarritakoak ez badira.

k) Zerbitzuen kudeaketa-erak zehaztea, udal-eskumeneko zerbitzuak kudeatzeko erakunde autonomoak, enpresa-entitate publikoak eta merkataritza-sozietateak sortzeko erabakia hartzea, eta udalekotze-espedienteak onartzea.

l) Bere egintza eta xedapen orokorrak ofizioz berrikusteko ahalmenak.

m) Akzio judizialak eta administratiboak baliatzea eta osoko bilkuraren defentsa juridikoa egitea bere eskumeneko gaietan.

n) Osoko bilkurako kideen, bertako idazkari nagusiaren, alkatearen, tokiko gobernu-batzarreko kideen eta udaleko zuzendaritza-organoen ordainsarien araubidea ezartzea.

ñ) Beste toki-erakunde batzuei eta gainerako herri-administrazioei eskumen-gatazkak jartzea.

o) Lege honetako 121.1. artikuluko azken puntuan aurreikusitako ekimena onartzea, lege honetako X. tituluaren aplikazio-eremuan udalerria sartu ahal izateko.

p) Legeek berariaz emandako gainerakoak.

2. Osoko bilkurako kideen legezko kopuruaren gehiengo osoaren aldeko botoa behar da, c), e), f), j) eta o) idatz-zatietan aipatutako erabakiak hartzeko eta hirigintza-legedian plangintza orokorrerako aurreikusitako tresnak izapidetzerakoan osoko bilkurak hartu beharreko erabakiak hartzeko.

Gainerako erabakiak botoen gehiengo soilez hartuko dira.

3. Goiko d), k), m) eta ñ) idatz-zatietan aipatu eta osoko bilkurarenak diren eskumenak aurreko artikuluko 4. paragrafoan aipatutako batzordeen esku baino ezin izango dira utzi eskuordetzan.

124. artikulua. Alkatea.

1. Alkateak du udalerriaren ordezkaritzarik gorena.

2. Alkatea kudeaketa politikoaren erantzule da osoko bilkuraren aurrean.

3. Alkateari txit garaiaren tratua emango zaio.

4. Zehazki, eginkizun hauek betetzea dagokio alkateari:

a) Udalaren ordezkari izatea.

b) Udalerriko politika, gobernua eta administrazioa zuzentzea, lege honek tokiko gobernu-batzarrari egotzitako eginkizun betearazleak eta administraziokoak burutuz batzar horrek zuzendaritza politikoan kide anitzeko organo moduan egin dezan lankidetza baztertu gabe.

c) Udal-gobernuaren ekintzaren jokabide nagusiak ezartzea eta ekintza horrek jarraituko duela ziurtatzea.

d) Osoko bilkuretarako eta tokiko gobernu-batzarraren bilkuretarako deia egin eta bertan buru izatea, eta berdinketetan kalitateko botoarekin horiek erabakitzea.

e) Alkateordeak eta barrutietako lehendakariak izendatzea eta kargutik kentzea.

f) Udaleko organo betearazleen erabakiak argitaratzeko agintzea, eta erabakiok bete eta betearaztea.

g) Bandoak, dekretuak eta jarraibideak ematea.

h) Kasu berezi eta oso presakoetan beharrezkoak eta egokiak diren neurriak hartzea, eta osoko bilkurari berehala jakinaraztea.

i) Udal-administrazioaren zerbitzura dauden langileen goi-zuzendaritza betetzea.

j) Udaltzaingoaren buruzagitza betetzea.

k) Udal-administrazio betearazlearen antolakuntza eta egitura ezartzea, 123. artikuluko 1. paragrafoko c) idatz-zatian xedatutakoarekin bat etorriz osoko bilkurak udal-antolakuntzaren gainean egotzita dituen eskumenen aurka joan gabe.

l) Bere eskumeneko gaietan akzio judizialak eta administratiboak baliatzea, baita osoko bilkuraren eskumeneko gaietan ere presako kasuetan; kasu horretan lehenengo bilkuran jakinarazi beharko dizkio osokoari hark berretsi dezan.

m) Bere egintzak ofizioz berrikusteko ahalmenak.

n) Bere eskumeneko gaietan gastuak baimendu eta xedatzea.

ñ) Legeek berariaz aitortzen dizkioten gainerakoak, eta Estatuko legediak edota autonomia-erkidegoetakoak udalerriari esleitutakoak izanik udaleko beste organoei aitortu ez dizkietenak.

5. Alkateak dekretu bidez eman ahal izango dizkie eskuordetzan lehen esandako eskumenak tokiko gobernu-batzarrari, bertako kideei, gainerako zinegotziei, baita koordinatzaile nagusiei, zuzendari nagusiei zein antzeko beste organo batzuei, puntu honetako b), e), h) eta j) idatz-zatietan aipatutakoak izan ezik, eta tokiko gobernu-batzarretarako deia egin eta bertan buru izatea, kalitateko botoarekin berdinketak erabakitzeko eta bandoak emateko eskumenak izan ezik. Goiko c) eta k) idatz-zatietan aurreikusitako eskumenak tokiko gobernu-batzarrari baino ezin izan zaizkio eman eskuordetzan.

125. artikulua. Alkateordeak.

1. Alkateak alkateordeak izendatu ahal izango ditu tokiko gobernu-batzarra osatzen duten zinegotzien artetik; eta bere ordezkoa egingo dute, izendapen hurrenkeraren arabera, hark kargua hutsik laga nahiz bera kanpoan aurkitu zein gaixorik dagoenean.

2. Alkateordeei txit argiaren tratua emango zaie.

126. artikulua. Tokiko gobernu-batzarraren antolakuntza.

1. Tokiko gobernu-batzarrak, alkatearen lehendakaritzapean, alkateari dagokion zuzendaritza politikoan laguntzen dio kide anitzeko organo moduan, eta lege honetako 127. artikuluan aipatutako eginkizun betearazle eta administratiboak betetzen ditu.

2. Alkateari dagokio tokiko gobernu-batzarreko kideak askatasunez izendatzea eta kargutik kentzea; kideon kopurua ezin da izan osoko bilkurako kideen legezko kopuruaren herenetik gorakoa, alkateaz gain.

Zinegotzi ez diren pertsonak izenda ditzake alkateak tokiko gobernu-batzarreko kide izateko, alkatea zenbatu gabe batzarreko kideen heren batetik gorakoa ez bada beren kopurua. Beren eskubide ekonomikoak eta gizarte-prestazioak kide hautetsien berak izango dira.

Nolanahi ere, tokiko gobernu-batzarra balioz eratzeko, tokiko gobernu-batzarreko kideen artean zinegotzi direnak zinegotzi ez diren kideak baino gehiago izan behar dira batzarrean.

Tokiko gobernu-batzarreko kideak osoko bilkuretara joan daitezke eta bertako eztabaidetan parte hartu, baina bertako lehendakariari dagozkion ahalmenei eragin gabe.

3. Tokiko gobernu-batzarrak bere kudeaketaren erantzukizun politikoa du solidario osoko bilkuraren aurrean, bertako kide bakoitzak bere kudeaketaz duen zuzeneko erantzukizuna alde batera utzi gabe.

4. Tokiko gobernu-batzarreko idazkaritza, alkateak izendatuta, zinegotzi den kideren batena izango da; bilkuretako aktak idatziko ditu eta bertako erabakiak ziurtatuko ditu. Tokiko gobernu-batzarrari eta bertako zinegotzi-idazkariari laguntzeko organo bat egongo da; eta bertako titularra gaikuntza nazionala duten toki-administrazioko funtzionarioen artetik izendatuko da. Hona organo horren eginkizunak:

a) Tokiko gobernu-batzarreko zinegotzi-idazkariari laguntzea.

b) Tokiko gobernu-batzarreko kideei deialdiak bidaltzea.

c) Batzarretako deialdiak, gai-zerrendak eta aktak artxiboan jarri eta jagotea.

d) Erabakien jakinarazpena zuzen eta zehatz egiteko arduratzea.

5. Tokiko gobernu-batzarraren eztabaidak isilpean gorde behar dira. Batzarrekoak ez diren zinegotziak eta zuzendaritza-organoetako kideak bilkuretara joan daitezke, kasu biotan ere alkateak berariaz dei egin badie.

127 artikulua. Tokiko gobernu-batzarraren eskumenak.

1. Tokiko gobernu-batzarrari hauek dagozkio:

a) Ordenantzen eta erregelamenduen proiektuak onartzea, organikoak barne, osoko bilkura eta bertako batzordeak arautzeko arauak salbuespen direla.

b) Aurrekontu-proiektua onartzea.

c) Hirigintza-antolamenduko tresnen proiektuak onartzea, horien behin betiko zein behin-behineko onarpena osoko bilkurari dagozkionean.

d) Osoko bilkurari berariaz egotzi gabeko plangintza orokorra garatzeko plangintzako tresnak onartzea, baita hirigintza-kudeaketako tresnak eta urbanizazio-proiektuak onartzea ere.

e) Edozein lizentzia-mota ematea, arloko legediak berariaz beste organoren bati egotzitakoa ez bada.

f) Kontratazioak eta emakidak, urte anitzekoak barne, urtealdiak gehitzea eta urte anitzetako gastuen ehunekoak aldatzea, baita ondarea kudeatu, eskuratu eta besterentzea, eta kreditu-eragiketak ituntzea ere, eta guztia aurrekontuarekin eta aurrekontua egiteko oinarriekin bat etorriz.

g) Ekonomiaren kudeaketa garatzea, bere eskumeneko gaietan gastuak baimendu eta xedatzea, osoko bilkurak aurrez baimendutako gastuak xedatzea, eta langileen kudeaketa.

h) Lanpostuen zerrenda, osoko bilkurak onartutako aurrekontuarekin bat datozen langile-ordainsariak, enplegu publikorako eskaintza, lanpostuak betetzeko hautaketa-deialdietako oinarriak, eta behin-behineko langileen kopurua eta araubidea onartzea, udaleko funtzionarioak zerbitzutik kentzea, lege honetako 99. artikuluan xedatutakoa errespetatuz, lan-kontratupeko langileak iraiztea, diziplina-araubidea, eta berariaz beste organoren bati egotzi gabeko gainerako erabakiak langileei buruzko gaietan.

Nagusiki teknikoa izango da oposizioetako epaimahaien osaera, eta deialdiko lanpostuetan sartzeko eskatutako tituluaren maila bereko edo goragokoa eduki beharko dute epaimahaiko kide guztiek. Epaimahaiko lehendakaria korporazioko kideen artetik izendatuko da, edo herri-administrazioen zerbitzura dauden langileen artetik.

i) Udal-administrazioko zuzendaritza-organoetako titularrak izendatzea eta kentzea, gaikuntza nazionala duten toki-administrazioko funtzionarioentzat zortzigarren xedapen gehigarrian xedatutakoaren aurka jarri gabe.

j) Bere eskumeneko gaietan akzio judizialak eta administratiboak baliatzea.

k) Bere egintzak ofizioz berrikusteko ahalmenak.

l) Zehatzeko ahala baliatzea, legez beste organoren bati egotzita dagoenean izan ezik.

m) Dagozkion gainerakoak, indarrean dauden lege-xedapenekin bat etorriz.

2. Tokiko gobernu-batzarrak alkateordeei, tokiko gobernu-batzarreko gainerako kideei, kasua bada, gainerako zinegotziei, koordinatzaile nagusiei, zuzendari nagusiei zein antzeko beste organo batzuei eskuordetzan eman diezazkieke aurreko paragrafoko e), f), g) eta h) idatz-zatietan aipatutako eginkizunak, salbuespen direla lanpostuen zerrenda onartzea, langileen ordainsariak, enplegu publikorako eskaintza, behin-behineko langileen kopurua eta araubidea zehaztea, eta funtzionarioak zerbitzutik kentzea; eta horiekin bat, l) idatz-zatikoak ere eman diezazkieke.

128 artikulua. Barrutiak.

1. Udalek barrutiak sortu behar dituzte, beren lurralde-atal izateko, kudeaketa deskontzentratuko organoz hornituta, udal-gaien kudeaketan herritarren partaidetza bultzatu eta garatzeko eta kudeaketa bera hobetzeko, udalerriaren gobernu eta kudeaketaren batasuna hautsi gabe.

2. Udalbatzaren osoko bilkurari dagokio barrutiak sortu eta arautzea, 123. artikuluan aurreikusitako eran eta irispidearekin, baita, arau organiko baten bidez, barruti guztien artean kudeatu beharko dituzten udalbatzaren aurrekontu-baliabideen gutxieneko ehunekoa zehaztea ere.

3. Zinegotzi bati dagokio nolanahi ere barrutiaren lehendakaritza.

129 artikulua. Aholkularitza juridikoa.

1. Lege honetako 122. artikuluko 5. paragrafoko e) idatz-zatiak osoko bilkurako idazkariarentzat gordetako eginkizunen aurka jarri gabe, alkateari, tokiko gobernu-batzarrari eta zuzendaritza-organoei aholkularitza juridikoa emateko administrazio-organo bat egongo da, udalaren aholkularitza juridikoa eta epaiketan udalaren ordezkaritza eta defentsa egiteko, Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Legeko 447. artikuluko bigarren paragrafoan xedatutakoaren aurka jarri gabe.

2. Tokiko gobernu-batzarrak izendatu eta kenduko du aholkularitzako titularra, baldintza hauek betetzen dituzten pertsonen artetik:

a) Zuzenbideko lizentziadun-titulua izatea.

b) Gaikuntza nazionala duen toki-administrazioko funtzionario izatea, edo Estatuko, autonomia-erkidegoetako edo toki-erakundeetako karrerako funtzionario izatea, baldin eta horretan sartzeko doktore, lizentziadun, ingeniari, arkitekto edo balio bereko beste tituluren bat eskatu izan bazaie.

130. artikulua. Goi-organoak eta zuzendaritza-organoak.

1. Hauek dira udaletako goi-organoak eta zuzendaritza-organoak:

A) Goi-organoak:

a) Alkatea.

b) Tokiko gobernu-batzarreko kideak.

B) Zuzendaritza-organoak:

a) Eremu edo zinegotzigo bakoitzeko koordinatzaile nagusiak.

b) Eremu nagusi zein zinegotzigo bakoitzaren barruan administrazio-antolakundea burutzen duten zuzendari nagusiak nahiz horien pareko organoak.

c) Tokiko gobernu-batzarraren eta bertako zinegotzi-idazkariaren laguntza-organoko titularra.

d) Aholkularitza juridikoko titularra.

e) Osoko bilkurako idazkari nagusia.

f) Udaleko kontu-hartzaile nagusia.

g) Badago, zerga-kudeaketako organoko titularra.

2. Zuzendaritza-organotzat hartuko dira, halaber, erakunde autonomoetako eta tokiko enpresa-entitate publikoetako zuzendaritza-organo gorenetako titularrak, 85 bis artikuluko b) idatz-zatian ezarritakoarekin bat etorriz.

3. Koordinatzaile nagusien eta zuzendari nagusien izendapena Estatuko, autonomia-erkidegoetako edo toki-erakundeetako karrerako funtzionarioen artetik zein gaikuntza nazionala duten toki-administrazioko funtzionarioen artetik egin behar da, doktore, lizentziadun, ingeniari, arkitekto nahiz balio bereko titulua eskatu bazaie funtzionario sartzeko; salbuespen izango da, ordea, osoko bilkurak, 123.1 c) artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, udal-antolakundeko funtsezko mailak zehazterakoan, zuzendaritza-postuko ezaugarri bereziak kontuan hartuta, horko titular izateko funtzionario izaterik eskatzen ez badu. Kasu horretan, arrazoietan oinarrituta egin beharko dira izendapenak, lanbide-gaitasuna irizpide dela, eta kudeaketa publiko zein pribatuan erantzukizuneko postuak betetzen izandako eskarmentua kontuan hartuta.

4. Herri-administrazioen zerbitzura diharduten langileen bateraezintasunen abenduaren 26ko 53/1984 Legean eta aplikatzekoak diren Estatuko zein autonomietako beste arau batzuetan ezarritako bateraezintasunen araubidearen menpe daude goi-organoak eta zuzendaritza-organoak.

131 artikulua. Hiriko gizarte-kontseilua.

1. Titulu honetan aipatutako udalerrietan hiriko gizarte-kontseilu bat egongo da, ekonomiaren, gizartearen, profesionalen eta auzotarren erakunderik esanguratsuenetako ordezkariz osatuta.

2. Kontseilu horri, osoko bilkurak arau organikoen bidez zehaztutako eginkizunez gain, tokiko ekonomiaren garapenerako txostenak, azterlanak eta proposamenak, hiriko estrategia-plana eta hiriko proiektu nagusiak egitea dagokio.

132. artikulua. Auzotarren eskubideen defentsa.

1. Udal-administrazioaren aurrean auzotarren eskubideak defendatzeko, osoko bilkurak Iradokizun eta erreklamazioaren batzorde berezi bat sortuko du, eta arau organikoz arautuko da bere jarduera.

2. Osoko bilkura osatzen duten talde guztietako ordezkariz eratuko da Iradokizun eta erreklamazioen batzorde berezia, taldeok bilkuran duten kide-kopuruaren ehunekoaren arabera.

3. Esandako batzorde horrek udal-administrazioaren jarduera ikuskatu ahal izango du, eta, urteko txostena eginez, udal-zerbitzuen funtzionamenduan ikusitako akatsen eta aurkeztu diren kexen berri eman beharko dio osoko bilkurari, udal-administrazioak onartu ez dituen iradokizunak zein gomendioak zehaztuta. Hala ere, ohiz kanpoko txostenak ere egin ditzake, gertaeren larritasunak zein presakotasunak hala egitea komenigarri jotzen duenean.

4. Udaleko gobernuko eta administrazioko organo guztiak behartuta daude Iradokizun eta erreklamazioen batzordeari lankidetza ematera, bere eginkizunak bete ditzan.

III. KAPITULUA

Ekonomiaren eta finantzen kudeaketa

133. artikulua. Ekonomiaren eta finantzen kudeaketako irizpideak.

Ekonomiaren eta finantzen kudeaketak irizpide hauek bete behar ditu:

a) Helburu bezala aurrekontuaren egonkortasuna zaintzea, hori arautu dezan legedian xedatutakoarekin bat etorriz.

b) Ekonomiaren eta finantzen kudeaketaren kontabilitatea eta ikuskapena banatuta izatea.

c) Toki-ogasunak arautzen dituen abenduaren 28ko 39/1988 Legean kontabilitateari buruz jasotako aurreikuspenetara lotu behar da nolanahi ere kontabilitatea.

d) Ikuskapena eta aurrekontuaren legezkotasunaren kontrola egiteko eremua aurrekontua bera izango da, edo sarreren eta gastuen aurreikuspen-orria, kasu bakoitzari dagokion bezala.

e) Zerbitzuen kostuen jarraipena eskakizun bezala sartzen da.

f) Baliabideak izendatzea eraginkortasunaren eta eragimenaren printzipioak kontuan hartuta egingo da, zehaztutako helburuen arabera eta helburuak betetzeko behar diren heinean.

g) Gaindikin likidoak administratu eta errentagarri bihurtzea eta diruzaintzako eragiketak ituntzea aurrekontua eta onartutako finantza-plana betetzeko oinarriekin bat etorriz egingo dira.

h) Udal-administrazioaren eta bere menpeko erakunde guztien egintza, dokumentu eta espediente guztiak, erakundeon izaera juridikoa edozein dela ere, bertatik eduki ekonomikoko eskubideak eta betebeharrak sortzen badira, lege honetan zehaztutako organoaren kontrolari eta barne ikuskapenari lotuta egongo dira, Toki-ogasunak arautzen dituen abenduaren 28ko 39/1988 Legeko 194. artikulutik 203.era artekoetan ezarritako erara.

134. artikulua. Ekonomiaren, finantzen eta aurrekontuaren kudeaketako organoa edo organoak.

1. Udal-erregelamendu organikoan zehaztutako organoak edo organoek beteko dituzte aurrekontu, kontabilitate, diruzaintza eta diru-bilketako eginkizunak.

2. Aipatutako organoko edo organoetako titularra edo titularrak gaikuntza nazionala duten toki-administrazioko funtzionario izan behar dira, aurrekontuko eginkizunak betetzen dituen organoaren kasuan izan ezik.

135. artikulua. Zerga-kudeaketako organoa.

1. Udal-zergen sistemaren kudeaketa integrala lortzeko, eragimena, nahikotasuna, arintasuna eta kudeaketaren batasuna printzipio arautzaile direla, biztanle-kopuru handiko udalerrietako udaletako osoko bilkurari gaitasuna ematen zaio zerga-kudeaketako organo bat sortzeko, zerga-legediak toki-zergen administrazioari emandako eskumenak bereak bailitzan baliatzeko erantzukizuna izan dezan.

2. Zerga-kudeaketako organo horri eskumen hauek dagozkio gutxienez:

a) Udaleko zerga-egintzen kudeaketa, kitapena, ikuskapena, bilketa eta berrikustea.

b) Udaleko zuzenbide publikoko gainerako sarrerak betearazte-aldian biltzea.

c) Zergen gainean kudeatzeko eskumena egotzita duenean, horiei buruzko zehapen-espedienteak izapidetu eta ebaztea.

d) Udalaren zerga-sistemari buruzko sarrera publikoen politika orokorra analizatu eta diseinatzea.

e) Udalaren beraren zerga-arauak proposatu, egin eta interpretatzea.

f) Zerga-sarrerei dagokienez, sarreren aurrekontuaren jarraipena egitea eta aurrekontua betetzeko agintzea.

3. Goiko 1. paragrafoan aurreikusitako gaikuntza erabiltzen badu osoko bilkurak, organo horri atxikiko zaizkio diru-bilketako eginkizuna eta titularra bera, eta ez du ondoriorik izango 134.1. artikuluan xedatutakoak diru-bilketako eginkizunari dagokionez.

136. artikulua. Kontrolaren eta barruko ikuskapenaren organo arduraduna.

1. Ekonomiaren, finantzen eta aurrekontuen kudeaketaren kontroleko eta barruko ikuskapeneko funtzio publikoa, kontuhartze-funtzioa denez, finantzen kontrol-funtzioa denez eta eraginkortasunaren kontrol-funtzioa denez, administrazio-organo bati dagokio, eta bere izena Udal-kontuhartzailetza nagusia izango da.

2. Udal-kontuhartzailetza nagusiak udaleko organo eta erakundeekiko eta zuzendaritza-karguekiko autonomia osoz beteko ditu bere funtzioak beren kudeaketa ikuskatzen duenean, eta sarbide osoa izango du kontabilitatera eta bere funtzioak betetzeko beharrezko diren agiri guztietara iristeko.

3. Gaikuntza nazionala duten toki-administrazioko funtzionarioen artetik izendatuko da bertako titularra.

137. artikulua. Erreklamazio ekonomiko-administratiboak erabakitzeko organoa.

1. Organo espezializatu bat egongo da eginkizun hauek betetzeko:

a) Udal-eskumenekoak diren zuzenbide publikoko zergen eta sarreren kudeaketa, kitapen, bilketa eta ikuskapeneko egintzen gaineko erreklamazioez arduratzea eta horiek erabakitzea.

b) Ordenantza fiskalen proiektuen gaineko irizpena ematea.

c) Zerga-gaietan eskumenak dituzten udal-organoek eskatzen badute, gaiari buruzko azterlanak eta proposamenak egitea.

2. Emandako ebazpenek amaitu egiten dute administrazio-bidea, eta horien aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa baino ezin izango da jarri.

3. Hala ere, interesatuek aukeran izango dute Toki-ogasunak arautzeko abenduaren 28ko 39/1988 Legeko 14. artikuluan araututako berraztertzeko errekurtsoa aldez aurretik jartzea artikulu honetako 1.a) paragrafoan aurreikusitako egintzen kontra. Aipatutako berraztertzeko errekurtsoaren gaineko ebazpenaren aurka, erreklamazio ekonomiko-administratiboa jarri ahal izango zaio artikulu honetan aurreikusitako organoari.

4. Organoko kideen kopurua bakoitia izango da; gutxienez hiru izango dira kideak, onartutako gaitasun teknikoa duten pertsonen artetik izendatuta, legez osoko bilkura osatzen duten kideen gehiengoaren aldeko botoarekin; eta arrazoi hauek daudenean kargua utziko dute:

a) Bakoitzak berak eskatuta.

b) Izendatzeko besteko gehiengoarekin osoko bilkurak kargutik kentzea erabakitzen duenean.

c) Dolozko delitua dela eta, epai irmoz kondenatzen dituztenean.

d) Diziplinazko hutsegite oso larri edo larriren bat egiteagatik ebazpen irmoz zehatzen dituztenean.

Osoko bilkurak bakarrik erabaki lezake diziplinazko espediente bat hastea eta ebaztea; diziplinazko araubideari dagokionez udaleko funtzionarioei aplikagarri zaien araudiaren arabera egingo da espedientea bere alde guztietan.

5. Organoaren jardueraren oinarrizko irizpideak independentzia teknikoa, bizkortasuna eta doakoa izatea dira. Organoaren osaera, eskumenak, antolakuntza eta jarduera, erreklamazioen prozedurarekin batera, osoko bilkurak onartutako erregelamenduz arautuko dira, nolanahi ere Zerga Lege Orokorrean eta erreklamazio ekonomiko-administratiboak arautzen dituen estatuko araudian ezarritakoarekin bat etorriz, eta organoaren jardueraren eta funtzionamenduaren eremua kontuan hartuta beharrezkoak diren egokitzapenen aurka jarri gabe.

6. Artikulu honetan araututako erreklamazioa ez doa legean Estatuko auzitegi ekonomiko-administratiboetan erreklamazio ekonomiko-administratiboa jartzeko aurreikusitako kasuen aurka.

IV. KAPITULUA.

Hirien batzarra.

138. artikulua.

Tokiko gaietarako arloko batzarraren barruan hirien batzarra egongo da Estatuko Administrazio Orokorrak, autonomia-erkidegoek eta lege honetako X. tituluaren aplikazio-eremuan sartzen diren udalerrietako alkateek osatuta.

XI. TITULUA

Zenbait gairi buruzko arau-hausteak eta zehapenak toki-erakundeek tipifikatzea.

139. artikulua. Zenbait gairi buruzko arau-hausteak eta zehapenak tipifikatzea.

Toki-erakundeek toki-intereseko elkarbizitza-harremanak eta beren zerbitzuen, ekipamenduen, azpiegituren, instalazioen eta espazio publikoen erabilera egoki antolatzeko, arloan berariazko araudirik egon ezik, hurrengo artikuluetan ezarritako irizpideekin bat arau-hausteen sailkapena finkatu ahal izango dute, baita zehapenak ezarri ere, kasuan kasuko ordenantzetan jasotako eginbeharrak, debekuak zein murrizpenak ez betetzeagatik.

140. artikulua. Arau-hausteen sailkapena.

1. Aurreko artikuluan aipatutako toki-ordenantzei buruzko arau-hausteak oso larriak, larriak eta arinak izango dira.

Oso larriak dira arau-hausteak honakoren bat dakartenean:

a) Elkarbizitzaren nahasmendu nabarmena, hain zuzen beste pertsona batzuen lasaitasuna edo beren legezko eskubideez baliatzea larri, berehala eta zuzenean eragozten duenean, eta aplikatzekoa den araudiarekin bat datozen era guztietako jardueren ohiko garapenari zein osasungarritasun edo apaindura publikoei eragiten dienean, baldin eta Herritarren Segurtasuna Babesteko otsailaren 21eko 1/1992 Legeko IV. kapituluan aurreikusitako jokaera-motetan sartu ezin direnak badira.

b) Beste pertsonaren batek edo batzuk zerbitzu publikoren bat erabiltzeko eskubidea izan arren hori eragoztea.

c) Zerbitzu publikoren baten ohiko jarduera eragotzi edo larri eta nabarmen oztopatzea.

d) Zerbitzu publikoren bateko ekipamenduak, azpiegiturak, instalazioak edo osagaiak larri eta nabarmen hondatzeko egintzak.

e) Beste pertsonaren batek edo batzuk espazio publikoren bat erabiltzeko eskubidea izan arren hori eragoztea.

f) Espazio publikoak zein bertako instalazioak eta osagaiak, bai higigarriak zein higiezinak, larri eta nabarmen hondatzeko egintzak, herritarren segurtasuna nahastetik sortu ez badira.

2. Gainerako arau-hausteak larriak edo arinak izango dira, irizpide hauen arabera:

a) Jardueren zein beste pertsona batzuen eskubideen bakezko erabileran edo lasaitasunean eragindako nahasmenduaren indarraren arabera.

b) Osasungarritasun edo apaindura publikoei eragindako nahasmenduaren indarraren arabera.

c) Zerbitzu zein espazio publikoak erabiltzeko eskubidea duten pertsonen aldetik horietan eragindako nahasmenduaren indarraren arabera.

d) Zerbitzu publikoren bateko ohiko funtzionamenduan eragindako nahasmenduaren indarraren arabera.

e) Zerbitzu zein espazio publikoren bateko ekipamendu, azpiegitura, instalazio zein osagaietan eragindako kalteen indarraren arabera.

141 artikulua. Zehapen ekonomikoen mugak.

Legeetan bestelako aurreikuspenik egin ezik, toki-ordenantzen arau-hausteen isunen kasuan kopuru hauek errespetatu behar dira:

Arau-hauste oso larrietan: 3.000 euro arte.

Arau-hauste larrietan: 1.500 euro arte.

Arau-hauste arinetan: 750 euro arte.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa. 1.- Bakoitzaren estatutuetan ezarritakoaren arabera Asturietako Printzerriko, Kantabriako, Errioxako, Murtziako, Aragoiko, Gaztela-Mantxako, Gaztela eta Leongo, Balear Uharteetako, Extremadurako eta Madrilgo autonomia-erkidegoek toki-araubideari buruzko Estatuko legediari dagokionez beren gain hartutako legegintzako edo garapeneko eskumenak, kasuak kasu, lege honetako 13. artikuluan eta IV. tituluan ezarritakoaren esparruan beteko dituzte, nahiz, hala balegokio, lege bereko 20.2, 32.2, 29 eta 30. artikuluetan aurreikusitako moduetan eta irispenarekin.

2. - Lege honek autonomia-erkidegoei aitortzen dizkien administrazio-eginkizunak aurreko lerroaldean aipatutakoei eskualdatutzat jotzen dira. Autonomia-erkidego horiek, era berean, lege honetako lehenengo azken xedapenean ezarritakoaren arabera eman behar den Estatuko legediak eskualdatu diezaien izaera bereko beste eginkizun guztiak ere edukiko dituzte.

Bigarrena. Lege honetako xedapenak, Konstituzioaren eta Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren arabera, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko lurralde historikoetan ondorengo berezitasunei kalterik eragin gabe ezarriko dira:

1) Konstituzioko lehen xedapen gehigarrian eta Euskal Herriko Autonomia Estatutuko 3, 24.2 eta 37. artikuluetan ezarritakoaren arabera, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko lurralde historikoek askatasunez antolatuko dituzte beren erakundeak eta erakundeon jardunerako beharrezko arauak emango dituzte, lege honetan probintzien antolakuntzari buruz jasotakoak aplikatu beharrik gabe.

2) Euskal Herriko Autonomia Estatutuak eta bera garatzeko eta aplikatzeko emandako autonomia-erkidegoko barne-legediak aitortutako eskumenak gauzatuko dituzte Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko lurralde historikoek, baita lege honek orokorrean probintzietako diputazioei aitortzen dizkietenak ere.

3) Estatutuak eta bera garatzeko eta aplikatzeko emandako autonomia-erkidegoko legediak aitortutako eskumenak burutzerakoan, lurralde historikoetako foru-erakundeei dagokie Estatuko oinarrizko legedia garatzeko arauak egitea eta legedi hori betearaztea dagokien arloetan, horrela aitortzen bazaie.

4) Lurralde historikoetako foru-erakundeek Estatuko Administrazioaren edo autonomia-erkidegoaren eskumeneko alorretan jarduten badute, probintzietako diputazioen eta Estatuko Administrazioaren eta, hala bada, autonomia-erkidegoko administrazioaren arteko harremanak arautzen dituen lege honetako arauak aplikatuko zaizkie, baldin eta jarduera horiek probintzietako diputazio arrunt bezala burutzen badituzte, eta ez beren araubide bereziaren arabera foru-erakunde bezala, ezin izango baitzaizkie aplikatu arau horiek, Estatuko oinarrizko legedia garatzen edo aplikatzen ari direnean nahiz Estatuaren eskumenetan sartzen ardi direnean izan ezik.

5) Ogasunaren arloan, Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Itunaren Legean ezarritakoari atxikiko zaizkio lurralde historikoen eta Estatuko Administrazioaren arteko harremanak.

6) Euskal Herriko lurralde historikoek araubide bereziarekin jarraituko dute udal-arloan ekonomiaren eta finantzaketaren araubideari dagokionez Ekonomia Itunaren Legean esandakoaren arabera. Horrek ez du esan nahi euskal toki-korporazioek gainerako toki-korporazioek dutena baino autonomia-maila txikiagoa dutenik, nahiz eta lege honetako 115. artikuluan xedatutakoa eta gai honi dagokionez autonomia-erkidegoari dagozkion eskumenak aplikatu.

7) Konstituzioko lehenengo xedapen gehigarriaren eta Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren 10.4. eta 37. artikuluen arabera, lurralde historikoetako foru-erakundeei dagokie 99.1. artikuluko lehenengo paragrafoan aipatutako lehiaketen deia egiteko ahalmena, beren lurraldeetarako baino ez direnean, eta bertako lanpostu hutsetarako. Deialdi horiek bakoitzaren lurralde historikoko "Aldizkari Ofizialean" eta "Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian" argitaratu ahal izango dira.

Era berean, aurreko paragrafoan aipatutako xedapenen arabera, lurralde historikoetako foru-erakundeei dagokie 92.3. artikuluan aipatu eta funtzionarioen izendapenari buruz 99.1. artikuluaren azken aurreko paragrafoan aurreikusitako ahalmena.

8) Lege honetako 99.1 artikuluan Estatuarentzat gordetako baremoaren ehunekoa %65 da. Eta lor daitekeen guztiaren %10 Euskal autonomia Erkidegoari egozten zaio, bere eskubide historikoetatik eta bereziki Ekonomia Itunetik darizkion berezitasun juridiko eta ekonomiko-administratiboak jakiteari dagozkion merezimenduak finkatu ditzan.

Gainerako %25aren barruan, delako toki-erakundeak askatasunez ezarri ahal izango ditu tokiko ezaugarrien arabera egoki iruditzen zaizkion berariazko merezimenduak.

9) Lege honetako 98. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, lege-testu bereko 92. artikuluko 3. paragrafoan aipatutako funtzionarioak Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak (HAEEk) presta ditzan, erakunde horren eta Toki Administrazioko Ikaskuntza Institutuaren artean (IEAL) ezarriko den itunean bere berezitasunei dagozkien gaiak edo jakintzagaiak sartu ahal izango ditu Euskal Autonomia Erkidegoak. Estatu osoan eskakizun arrunteko gaietarako orokorrean ezarritako ikasketa-mailako gutxieneko eskakizunak betetzea da baldintza bakarra, eta inola ere ez dira Toki Administrazioko Ikaskuntza Instituturako indarrean daudenak baino goragokoak izango.

10) Foru-aldundien ekonomiaren, finantzaketaren eta aurrekontuen kudeaketaren barruko kontrola eta ikuskapena eta kontabilitatea, diruzaintza eta diru-bilketa askatasunez antolatuko dituzte foru-aldundiek, Ekonomia Itunaren esparruan, lege honetako 92.3 artikuluan xedatutakoa aplikatu gabe.

Hirugarrena. Nafarroan lege hau egongo da indarrean Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoko 46. artikuluan bertako toki-administraziorako ezartzen den araubideari kontrajartzen ez zaion guztian. Horren ondorioetarako, adierazitako aginduan aipatutako legeekin bat etorriz, Nafarroan indarrean dagoen Estatuko araudia lege honetako xedapenek aldatutzat joko behar da.

Aipatutako 46. artikuluko 1. paragrafoan xedatutakoarekin bat etorriz, lege honetako lehenengo xedapen gehigarriko 2. zenbakian ezarritakoa aplikatuko da Nafarroako Foru Komunitatean.

Laugarrena. Lege honetako 42. artikuluko 2. paragrafoan aurreikusitakoa aplikatzeko, autonomia-erkidegoaren lurralde osoa zati batean eta gutxiengo baten eraginez eskualdetan antolatzea eragotziko balitz, Kataluniako Generalitateak, lehendik ere lurralde osorako eskualde-mailako antolakuntza bat onartuta izan duelako eta bere estatutuak, halaber, eskualdekako antolakuntza orokor bat aurreikusten duelako, bere lurralde-eremu osora antolakuntza hori hedatzeko falta den edo diren eskualde edo eskualdeak eratzea erabaki lezake legebiltzarraren gehiengo osoz onartutako lege baten bidez.

Bosgarrena. 1.- Elkarren interes erkideak babestu eta bultzatzeko estatu osoko edo autonomia-erkidegoko mailako elkarteak eratu ditzakete toki-erakundeek. Elkarte horiei beren berariazko araudia ezarriko zaie; eta bertan aurreikusi gabekoetan, elkarteen alorreko Estatuko legedia.

2. Elkartutako erakundeen ordezkariek onartutako estatutuen bidez arautuko dira toki-erakundeen elkarteak. Estatutu horiek elkarteko zereginetan bertako kideen parte-hartzea eta gobernu-organoen ordezkagaitasuna ziurtatu beharko dituzte. Estatutu horietan, era berean, ohiko batzar nagusiak egiteko aldizkakotasuna adierazi behar da, baldin eta aldizkakotasun hori Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoko 11.3. artikuluan orokorrean aurreikusitakoa baino handiagoa bada.

3. Elkarte horiek, beren eginkizunen esparruaren baitan, hitzarmenak egin ditzakete edozein herri-administraziorekin.

Seigarrena. 1.- Madrilgo udalerriaren araubide bereziak, uztailaren 11ko 1674/1963 Dekretuak onartutako testu artikulatuan jaso eta abuztuaren 22ko 2482/1970 Dekretuak aldatuak, indarrean jarraituko du harik eta Madrilgo Erkidegoaren Autonomia Estatutuaren otsailaren 25eko 3/1983 Lege Organikoko 6. artikuluan aurreikusitako Legea eman arte, lege honetan ezarritakoarekin aurka egon, kontraesanean izan edo bateraezinak diren kasuetan izan ezik. Berariaz indargabetuta uzten dira aipatutako lege bereziko horretako 2. artikuluko c) idatz-zatia, 4. artikuluko 2. paragrafoko azken puntua eta 11, 12, 13 eta 39.2 artikuluak, baita lege honetan aurreikusitakotik bestelakoa den administrazioen arteko harremanen sistema osatzen duten beste guztiak ere.

2.- Bartzelonako udalerriaren araubide bereziak, maiatzaren 23ko 1166/1960 Dekretuak onartutako testu artikulatuan jasotakoak, abuztuaren 24ko 5/1974 Lege-dekretuak eta Bartzelonako Metropoli-erakundea eratu eta garatzeari buruzko azaroaren 28ko 3276/1974 Dekretuak eta horrekin bat datozen xedapenek indarrean jarraituko dute, lege honetan ezarritakoarekin aurka egon, kontraesanean izan edo bateraezinak diren kasuetan izan ezik.

3.- Aurreko paragrafoetan ezarritakoaren aurka jarri gabe, bakoitzaren autonomia-erkidegoko lege bidez, araubide berezi horiek eguneratu egin ahal izango dira; horretarako, toki bakoitzaren autonomia-printzipioa errespetatuz eta udal bakoitzaren eskariz, lege honetan aurreikusitako udal-antolakuntzaren araubide orokorrari berezitasun hauek ezarri ahal izango zaizkio:

1) Aldatu egin daiteke lege honetako 20.1 artikuluan ohartemandako nahitaezko organoen izena.

2) Osoko bilkurak edo horren pareko organoak batzorde bidez ere jardun lezake. Kasu horretan, lege honetako 20.1 c) artikuluan organo osagarrientzat aurreikusitako eginkizunez gain, alegia, osoko bilkurak erabakitzeko jarriko diren gaiak aztertu, horiei txostena eman zein horietaz aholkua emateko eginkizunez gain, batzordeoi osoko bilkurak egotzi edo eskuordetzan emandako eginkizunak ere izango dituzte batzordeek, 47. artikuluko 2 eta 3. paragrafoetan jasotakoak eta lege honetako 22. artikuluko 3. paragrafoan jasotako eskumenak salbuespen direla.

3) Lege honetako 23. artikuluan aurreikusitako gobernu-batzordeari berezkotzat egotzi ahal izango zaizkio gai hauen gaineko eskumenak:

a) Lege honek, eskuordetzan emateko modukoak direlako edo erabakiak hartzeko gehiengo berezirik behar ez dutelako, osoko bilkurarentzat esklusiban gorde gabekoak.

b) Legeak alkateari egozten dizkionak hirigintzari, kontratazioari, langileei eta ondasunak eskuratu eta besterentzeari buruz.

c) Erregelamenduen eta ordenantzen proiektuak eta aurrekontu-proiektua onartzea.

4.- Alkateari berezkotzat egotzi ahal izango zaizkio, eskuordetzan emateko modukoak direlako edo erabakiak hartzeko gehiengo berezirik behar ez dutelako, lege honek osoko bilkurarentzat esklusiban gorde gabeko eskumenak.

Zazpigarrena. Erroldako zehaztasunen atzipena.

Atzerritarrek Espainian dituzten Eskubide eta Askatasunen eta atzerritarrak gizarteratzeko Lege Organikoan ezarritako eskumenak gauzatzeko soil-soilik, hain zuzen Espainian dauden atzerritarrak kontrolatzeko eta bertan egotearen gaineko eskumenak, udalerrietako erroldetan dauden atzerritarren errolda-inskripzioetako zehaztasunetara atzipenak egin ahal izango ditu Poliziako Zuzendaritza Nagusiak, batez ere bide telematikoak erabiliz.

Zehaztasun pertsonalak babesteko legedia estu-estuan beteko dela ziurtatzeko, segurtasun-neurririk handienak erabiliz egin beharko dira atzipenak. Ondorio horietarako, atzipen bakoitza erasota geldituko da Poliziako Zuzendaritza Nagusian, baita erabiltzailea nor izan den, eta zein egun eta ordutan egin den ere, kontsultatuko zehaztasunekin batera.

Udalerrietako erroldetan agertzen diren atzerritarren errolda-inskripzioetako zehaztasunak eguneratuta eduki ahal izateko, Poliziako Zuzendaritza Nagusiak hilero jakinaraziko dizkio Estatistikako Institutu Nazionalari Atzerritarren Erregistro Nagusian idatzitako atzerritarren zehaztasunak, institutu horrek bere eskumenak gauzatu ditzan.

Ekonomiako ministroari eta Barne ministroari ahalmena ematen zaie Atzerritarren Erregistro Nagusian idatzitako atzerritarren zehaztasunak bide elektronikoz, informatikoz edo telematikoz Estatistikako Institutu Nazionalari jakinarazteko erak arautzeko xedapenak eman ditzaten.

Zortzigarrena. Gaikuntza nazionala duten toki-administrazioko funtzionarioei dagozkien eginkizunen berezitasunak, X. tituluaren aplikazio-eremuko udalerrietan eta hamalaugarren xedapen gehigarrian araututako Kanariar Uharteetako kabildoetan.

Lege honetako X. tituluaren aplikazio-eremuko udalerrietan eta hamalaugarren xedapen gehigarrian araututako Kanariar Uharteetako kabildoetan arau hauek aplikatuko dira:

a) Gaikuntza nazionala duten toki-administrazioko funtzionarioentzat titulu horretan gordetako eginkizunak kasuan kasuko azpi-eskaletako funtzionarioek beteko dituzte, bertako erregelamenduzko arauetan xedatutakoarekin bat etorriz.

b) Funtzionario horientzat gordetako lanpostuak betetzea lege honetako 99. artikuluan eta garapeneko erregelamenduzko xedapenetan aurreikusitako sistemen bidez egingo da; beti ere deialdi publikoa egin beharko da aurrez.

c) Hauteskunde-legedi orokorrak udaletako idazkariei egintzen dizkien eginkizunak eta korporaziko kideen interesen erregistroa arteztea eta zaintzea osoko bilkurako idazkariak egingo ditu.

d) Kide bakarreko organoen egintzen eta erabakien gaineko fede publikoaren eginkizunak eta fede publikoko gainerako eginkizunak, osoko bilkurako idazkari nagusiari, tokiko gobernu-batzarreko zinegotzi-idazkariari eta tokiko enpresa-entitate publikoetako administrazio-kontseiluko idazkariari egotzitakoak salbuespen direla, tokiko gobernu-batzarreko idazkariaren laguntza-organoko titularrak beteko ditu, nahiz eta udaleko beste funtzionario batzuei eskuordetzan eman utzi ahal izango dizkien.

e) Herri-administrazioen kontratuei buruzko legediak udaletako idazkariei agindutako eginkizunak aholkularitza juridikoko titularrari egokituko zaizkio, kontratuak administrazioko agirietan gauzatzea salbu utzita.

f) Osoko bilkurako idazkari nagusiak eta tokiko gobernu-batzarreko idazkariaren laguntza-organoko titularrak, bakoitzak bere jardun-eremuaren baitan, udaleko organo erabakitzaileen egintzen eta erabakien kopia edo, hala bada, laburpena bidaliko beharko diete Estatuko Administrazioari eta autonomia-erkidegokoari.

Bederatzigarrena. Hiri-behatokia.

Erregelamenduz zehaztuko diren adierazleen jarraipena eginez, lege honetako X. tituluan araututako udalerrietako bizi-kalitatearen bilakaera ezagutu eta analizatzeko, Gobernuak Hiri-behatoki bat sortuko du, eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren menpean egongo da.

Hamargarrena. Udaltzaingoa.

Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoan, Estatuko Segurtasun Indarren eta Gorputzen martxoaren 13ko 2/1986 Lege Organikoan, Herritarren Segurtasuna Babesteko otsailaren 21eko 1/1992 Lege Organikoan, eta toki-araubidea arautzen duten legezko xedapenetan xedatutakoaren esparruan, herritarren segurtasuna mantentzeko, udaltzaingoen parte-hartzea indartuko da, bai hurbileko polizia bezala, bai polizia judizialaren eginkizunak betetzeko ere; horretarako, parte-hartze horren esparru materiala mugatu eta zehazteko arau bat egiteko beharrezko jarduerak sustatuko ditu Estatuko Gobernuak.

Hamaikagarrena. Biztanle-kopuru handiko udalerrien araubide berezia.

Lege honetako X. tituluan biztanle-kopuru handiko udalerrientzat jasotako xedapenek lehentasuna izango dute maila bereko edo beheragoko beste arauen gainetik, haien aurka zein kontraesanean badaude nahiz bateraezinak badira.

Hamabigarrena. Merkataritza-sozietateak berrantolatzea.

1. Tokiko merkataritza-sozietateen izaerako beste ente batzuk zuzendu edo koordinatzeko tokiko enpresa-entitate publikoren bat eratzen den kasuetarako, udaleko osoko bilkurak erabakiko du, hala bada, korporazioaren edo korporazioko ente publikoren baten titulartasuneko akzio-partaidetzat tokiko enpresa-entitate publikoan sartzea, edo azken horretakoak beste hartan sartzea. Titulartasuna aldatzeko eragiketek eraginkortasun osoa izango dute osoko bilkuraren erabakiaren unetik bertatik, eta erabaki hori titulartasun berriaren egiaztagiri izango da ondorio guztietarako. Jasotako akzio-partaidetzat titular berriaren kontabilitatean erregistratuko dira, erabaki horren egunean aurreko titularrarenean zeukaten kontabilitateko balio berberarekin.

2. Era berean, titulartasuna aldatzeko eragiketa horiek ez dira balioen merkatuko legediaren menpe egongo, ez eta eskuratzeko eskaintza publikoaren araubidearen menpe ere, eta ez dute lehentasunez erosteko edo atzera eskuratzeko eskubiderik sortuko, ez eta eskualdatutako partizipazioak bere zituzten sozietateetako beste akziodun batzuk partizipazio horien gainean estatutuz edo kontratuz lehentasunez eskuratzeko izan ditzaten beste ezelako eskubiderik ere, ez sozietate horiekiko hirugarren direnen kasuan. Horiez gain, arau hau aplikatuz sozietateetako partizipazioak eskualdatze eta berrantolatze soila ezin izango da ulertu sozietate horiek dituzten harreman juridikoak aldatzeko edo eteteko arrazoitzat.

3. Xedapen honetan aurreikusitakotik sortutako sozietate-eragiketak, titulartasun-aldaketak eta egintza guztiak Estatuko tributu guztietatik salbuetsita daude, baita autonomia-erkidegoei utzitako tributuetatik zein tokikoetatik ere, eta azken kasu horretan ez da bidezkoa izango Toki-ogasunak Arautzeko abenduaren 28ko 39/1988 Legeko 9. artikuluko 2. paragrafoko lehenengo idatz-zatian aipatutako konpentsazioa.

Arau hau betetzetik sortutako egintzetan parte har dezaten fede-emaile publikoen, jabetza-erregistratzaileen eta merkataritzako erregistratzaileen tarifak ehuneko 90 gutxituko dira.

Hamahirugarrena. Tokiko eskumenei zuzenean eragiten dieten erkidegoko politika guztiak egiteko prozesuan behetik gorako aldian borondate nazionala sortzerakoan estatu osoko ordezkaritzarik zabaleneko elkartearen bidez toki-erakundeen parte-hartzea benetakoa izateko beharrezko neurriak hartuko ditu Gobernuak.

Hamalaugarrena. Kanariar Uharteetako kabildoen antolakuntzako araubide berezia.

1. Lege honetako X. tituluko II. eta III. kapituluetan jasotako arauak aplikatuko zaizkie, 128, 132 eta 137. artikuluak salbu, hauei:

a) Kanariar Uharteetako kabildoei, 175.000 bizilagun baino gehiagoko biztanleria duten uharteen kasuan.

b) 75.000 bizilagun baino gehiago duten uharteetako gainerako kabildoei, kabildo bakoitzeko osoko bilkuren ekimenez Kanarietako Parlamentuak lege bidez horrela erabakitzen duenean.

2. Kabildoetan nahitaezko uharte-organo izango dira osoko bilkura, lehendakaria eta uharteko gobernu-kontseilua.

3. Lege honetako 122, 123, 124, 125 eta 126. artikuluetan alkateari buruz egindako aipamenak kabildoko lehendakariari egiten zaizkiola ulertu behar da; 124, 125 eta 127. artikuluetan alkateordeei buruz egindakoak lehendakariordeei egiten zaizkiela; 123, 126, 127, 129 eta 130. artikuluetan tokiko gobernu-batzarrari egindakoak uharteko gobernu-kontseiluari egiten zaizkiola; eta 122, 124 eta 126. artikuluetan zinegotziei egindakoak kontseilariei egiten zaizkiela.

4. Aurreko paragrafoan aipatutako organoei egotzitako eskumenak kabildoaren barruan dagokion uharte-organoak bereganatuko ditu, eskumenok bete-betean udal-gaietakoak ez badira.

5. Aholkularitza juridikoak, zuzendaritza eta goi-organoek eta uharteko gizarte-kontseiluak 129, 130 eta 131. artikuluetan izendatu zaizkien eskumenak izango dituzte. Aholkularitza juridikoko eta zuzendaritza-organoetako titularren izendapena 129 eta 130. artikuluetan eskatutako betekizunak kontuan hartuta egingo da.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Lege honetako xedapenekin aurka egon, kontraesanean izan edo bateraezinak diren heinean, indargabetuta uzten dira:

a) Toki-araubideari buruzko Legea, 1955eko ekainaren 24ko Dekretuaz onartutako testu artikulatu eta bategina.

b) Toki-araubidearen Estatutuaren Oinarriei buruzko 41/1975 Legearen testu artikulatu partziala, urriaren 6ko 3046/1977 Errege-dekretuak onartua.

c) Toki-korporazioen Araubide Juridikoari buruzko urriaren 28ko 40/1981 Legea, hamargarren xedapen iragankorrean aurreikusita dagoen bezala, erreklamazio ekonomiko-administratiboen araubidearen aldi baterako indarraldiari kalterik eragin gabe.

d) Maiatzaren 12ko 11/1960 Legea, Toki Administrazioaren Aurreikuspeneko Mutualitate Nazionala sortu eta arautzen duena.

e) Xedapen honen lehen lerroaldean aipatutako moduan, lege honetako xedapenekin aurka egon, kontraesanean izan edo bateraezinak diren maila bereko edo beheragoko beste arau guztiak.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenengoa. Lege honetako azken xedapenetako lehenengoak ematen dion baimena erabiliz Gobernuak bat egin behar dituen xedapenek osatzen dute 5. artikuluko idatz-zatietan jartzen duenaren arabera Estatuak iragankor ezarri beharreko legedia. Hori dela eta, Estatuko oinarrizko araudia izango da legedi hori, edo bestela, autonomia-erkidegoek onar ditzaketenen osagarri, artikulu horretan bertan ohartemandako kasuen arabera.

Bigarrena. Harik eta lege honetako 5. artikuluko B) idatz-zatiko a) letran, 25. artikuluko 2. paragrafoan eta 36. artikuluan ezarritakoaren arabera eman dadin Estatuko eta autonomia-erkidegoetako legediak beste zerbait erabakitzen ez duen bitartean, udalerriek, probintziek eta uharteek gorde egingo dituzte lege hau indarrean jartzean indarrean dagoen arloko legediak aitortzen dizkien eskumenak.

Horrez gain, lege honetako 28. artikuluan aipatutako gaietan, arloko legedi horrek beste herri-administrazio batzuei eman gabeko betearazteko eskumen guztiak udalerriek izango dituzte.

Hirugarrena. Toki-hauteskundeei buruzko uztailaren 17ko 39/1978 Legearen arabera eratutako udal-batzorde iraunkorrek eta probintzietako diputazioetako gobernu-batzordeek utzi egingo dituzte beren eginkizunak, korporazioko lehendakariak kasuan kasuko gobernu-batzordeak izendatzen dituenean. Hori egiteko epea gehienez ere hiru hilabetekoa da, batzorde hori izatea beharrezkoa duten udal eta diputazio guztietan, lege hau indarrean jartzen denetik kontatuta.

Laugarrena. Lege honetako 29. artikuluko 1. paragrafoko a) idatz-zatian jartzen denak udalerriren bati bere egungo antolakuntzan eragingo balio, udalerri horrek antolakuntza berarekin jarraituko du hurrengo toki-hauteskundeak egin arte.

Bosgarrena. Lege hau indarrean jarri eta sei hilabeteko epean, 14. artikuluan aurreikusitako erregistroa antolatuko du Estatuko Administrazioak, lege honetan aipatutako toki-erakunde guztien izena bertan jasoz lehenik, beren gaur egungo izenekin.

Seigarrena. 1. - Lege hau indarrean jarri eta bost hilabeteko epean Toki Administrazioko Batzorde Nazionalaren Antolaketa eta Jarduera Erregelamendua onartuko du Gobernuak.

2. - Aurreko zenbakian aipatutako epe horretan bertan, Toki Administrazioko Ikaskuntza Institutuaren Erregelamendua onartuko du Lurralde Administrazioko ministroak.

3.- Aurreko zenbakietan aipatutako erregelamenduak indarrean jarri eta hiru hilabeteko epean, Toki Administrazioko Batzorde Nazionala eta Toki Administrazioko Ikaskuntza Institutuko Artezkaritza Kontseilua osatu beharko dira, beren aurreikuspenetan eta lege honetan ezarritakoaren arabera.

Zazpigarrena. 1.- Gaikuntza nazionala behar duten funtzionarioentzat lege honetan xedatutakoa garatzen ez den bitartean, indarrean dagoen estatutu-araubidea aplikatuko zaie egungo Toki Administrazioko Kidego Nazionalak osatzen dituztenei, bateragarria den guztian eta lege honek eta funtzio publikoaren arloan Estatuko legedi orokorrak indargabetzen ez duenetan. Idazkari, Kontu-hartzaile eta Gordailuzainen Kidego Nazionala osatzen dutenek egungo lege honek araututako gaikuntza nazionala izango dute ondorio guztietarako.

2. - Lurralde Administrazioko ministroaren ekimenez eta Lehendakaritzako ministroaren proposamenez kidego batzuk ezabatzeko baimena du Gobernuak arrazionalizazio-prozesu orokorrak edo lege hau egoki betetzeak hala eskatzen duenean; horretarako, kidego horietako funtzionarioak beste kidego batzuetan sartzeko irizpideak, eskakizunak eta baldintzak ezarriko ditu.

3.- Lege honetan ezarritakoaren arabera ezabatuta geratzen den Musika Banda Zibiletako Zuzendarien Kidego Nazionaleko funtzionarioak bakoitzaren korporazioko plantillan dira bertako funtzionario gisa. Aurreko legediaren babespean sortutako eskubideak eta egoera juridikoa osorik errespetatuko zaizkie, baita beste toki-korporazioetara aldatu ahal izatea ere, eta horretarako lehentasun osoa izango dute toki-korporazioek halako lanpostuak betetzeko deitutako lehiaketetan.

Zortzigarrena. 1. - Toki-administrazioek ezin izango dute administrazio-zuzenbideko araubidean lankidetza iragankorreko kontraturik egin, ez eta lehendik daudenak berritu ere.

2.- Lege hau indarrean jartzen den egunetik kontatzen hasi eta sei hilabeteko epean, administrazioko kontratuko langileek momentu horretaraino egindako funtzioak sailkatuko dituzte toki-administrazioek.

Sailkapen horrek zehaztuko ditu, kasuen arabera, funtzionarioek zein lan-kontratuko langile finkoek nahiz aldi baterakoek bete beharreko lanpostuak.

Aipatu sailkapenetik aterako dira plantillan egin beharreko aldaketak.

3.- Lankidetza iragankorreko administrazio-kontratatu edo enpleguko bitarteko funtzionario bezala lan egin duen langile orok dagozkion lanpostuak betetzeko sarrera-probetan parte hartu ahal izango du.

Nolanahi ere, sarrera-probetako deialdietan errespetatu egin behar dira merezimenduaren eta gaitasunaren gaineko irizpideak, erregelamenduz zehaztutako hautaprobak eginez, langile horiek benetan egindako zerbitzuak balioetsita.

4. - Edozein herri-administraziotan administrazioko kontratuak eta enpleguko funtzionarioen izendapenak indarrean dauden bitartean, horietako norbaitek toki-korporazioren batean ordainsaria eta arduraldi esklusiboa duen hautetsi-karguren bat betetzen badu, kargu horretan jarraitzen duen bitartean eten egingo da horren kontratua edo izendapena. Baldintza hauetan kargua utzi eta hurrengo hogeita hamar egunetan, kontratatu eta funtzionario horiek aurreko harremana eten arte bete dituzten lanpostuetan jarraitzeko eskubidea izango dute, harremanok osorik berrezartzeko lege-baldintzak gertatzen badira.

Era berean, harremanak eten arte irabazitako eskubideak gorde egingo dituzte, eta etenaldian xedapen orokorrak aplikatuta eskuratu dituztenak aitortu egingo zaizkie, pertsonalki.

Bederatzigarrena. Lege hau indarrean jarri eta gehienez ere urtebeteko epean, Gobernuak, errege-dekretu bidez, Araubide Erkideko Diputazioen Mankomunitatea desegitea erabakiko du, bertako ondarearen, betebeharren eta langileen likidazioa egiteko beharrezkoa ezarriz.

Hamargarrena. 1. - Lege hau indarrean jarri eta urtebeteko epearen barruan, toki-korporazioek onartu edo emandakoak diren aurrekontuak onartzeko eta tokiko tributuak aplikatu eta antolatzeko ordenantza fiskalak onartzeko erabakiei, eta ordenantza horiek aplikatu eta betearazteko egintzei, egun indarrean dagoen erreklamazio ekonomiko-administratiboen araubidea aplikatuko zaie.

2.- Era berean, probintzietako auzitegi ekonomiko-administratiboetan egindako erreklamazioek eta Auzitegi Ekonomiko Administratibo Nagusian aurkeztutako gora jotzeko errekurtsoek bide ekonomiko-administratiboan izapidetzen jarraituko dute, aurreko paragrafoan adierazitako epea baino lehen aurkeztutakoak badira eta orduan oraindik ebatzi gabe bazeuden.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa. Urtebeteko epean, eta testu bakar batean, indarrean dauden lege-xedapenak bat egiteko baimena ematen zaio Estatuko Gobernuari, xedapen indargabetzailean ezarritakoaren arabera. Bategite horretan xedapen horiek arauzkotu, argitu eta harmonizatu ere egin behar dira.

Gobernuak, epe horretan bertan, indarrean jarraitzen duten erregelamendu mailako arau guztiak eta, batez ere, honako erregelamendu hauek xedapen hartan xedatutakoaren arabera eguneratuko ditu eta bertara egokituko:

a) 1952ko maiatzaren 17ko Dekretuaz onartutako Toki-erakundeen Biztanleria eta Lurralde Mugaketari buruzko Erregelamendua, geroko xedapenek sorrarazitako aldaketekin batera.

b) 1952ko maiatzaren 17ko Dekretuaz onartutako Toki-korporazioen Antolaketa, Jarduera eta Araubide Juridikoari buruzko Erregelamendua, geroko xedapenek sorrarazitako aldaketekin batera.

c) 1952ko maiatzaren 30eko Dekretuaz onartutako Toki-administrazioko Funtzionarioei buruzko Erregelamendua, geroko xedapenek sorrarazitako aldaketekin batera.

d) 1953ko urtarrilaren 9ko Dekretuaz onartutako Toki-korporazioen Kontratazioari buruzko Erregelamendua, geroko xedapenek sorrarazitako aldaketekin batera.

e) 1955eko maiatzaren 27ko Dekretuaz onartutako Toki-erakundeen Ondasunei buruzko Erregelamendua, geroko xedapenek sorrarazitako aldaketekin batera.

f) 1955eko ekainaren 17ko Dekretuaz onartutako Toki-korporazioen Zerbitzuei buruzko Erregelamendua, geroko xedapenek sorrarazitako aldaketekin batera.

Bigarrena. 1.- Estatuko Administrazioko funtzionario publikoek duten gizarte-babes berbera edukiko dute toki-administrazioko funtzionario publikoek ere, hedapenari eta intentsitateari dagokionez, eta Gizarte Segurantzaren sistemaren barruan sartuta egongo da.

2.- Gizarte Segurantza finantzatzeko toki-administrazioko funtzionarioek egingo duten ekarpena Estatuko Administrazioko funtzionario publikoentzat ezarritako berbera izango da, babes-ekintza berdina bada.

3. - Toki-administrazioko funtzionarioen Gizarte Segurantzaren kudeaketa MUNPALen gain egongo da. Bere helburuak betetzeko gaitasun juridiko osoa eta bere ondarea dituen zuzenbide publikoko pertsona juridikoa da, eta organikoki Lurralde Administrazioko Ministerioari atxikita dago, berorri baitagozkio haren goi-zuzendaritza eta babesa.

Gizarte Segurantzaren erakunde kudeatzaileari aitortutako pobreziaren, posta eta telegrafiako jaretasunaren eta zerga-salbuespenen onura berberak izango ditu MUNPALek ere, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorrean ezarritakoaren arabera; gainerakoetan 11/1960 Legea aplikatuko da, lege honen eta bere garapen-arauen aurka ez daudenetan.

Hirugarrena. Udaltzainek eta suhiltzaileek berariazko estatutu bat edukiko dute, erregelamenduz onartuta; udaltzainei dagokienez Estatuko Segurtasun Indarren eta Gorputzen legea hartuko da kontuan.

Laugarrena. 1. - Berariaz indargabetuta uzten dira Toki-korporazioen Ikuskapen eta Aholkularitzako Estatuko Zerbitzuari buruzko 1955eko ekainaren 24ko Toki-araubidearen Legeko 344. artikulutik 360.era bitartekoak, biak barne.

2.- Lege hau indarrean jarri eta hiru hilabeteko epean, aipatu zerbitzuari lehen atxikitako langileen antolakuntza eta jardueraren araubidearen berezitasunak arautuko ditu Gobernuak, eta zerbitzua Estatuko funtzionario zibilen legediaren arabera arautuko da.

3.- Toki-erakundeei buruz Estatuko Administrazioari dagozkion eginkizunak behar bezala betetzeko, Gobernuak toki-korporazioetako funtzionarioak atxiki ahal izango ditu bere zerbitzura.

Bosgarrena. Lege hau indarrean jartzen denean, epaitegi-barrutiko buru izanda espetxerik ez duten udalerriek, eskuordetutako eskumen-araubidean, beren gain hartu behar dute epaileen eskueran jarritako atxilotuak gordetzeko ardura, eta udaltzainei dagokie, polizia judizialaren eginkizunak betez, atxilotuak zaintzea.

Espetxe-arloko eskumena duen administrazioak aurreko lerroaldean aipatutako udalen esku jarriko ditu, esandako zerbitzua betetzeko behar besteko baliabide ekonomikoak, arloko legediak ohartemandako modu eta neurrietan.

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra