Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Administrazio zuzenbidea  >>  Legeria  >> Orokorra

7/2007 Legea, apirilaren 12koa, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuarena

2007-04-12

Itzulpena nork: Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala (IZO)

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2007/4/13, 89. zk.

7/2007 Legea, apirilaren 12koa, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuarena

ZIOEN AZALPENA

Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuan dago ezarrita enplegu publikoaren harremanen multzo osoan aplikatu beharreko printzipio orokorrak zein diren; lehendabiziko printzipioa herritarren eta interes orokorraren alde lan egitea da, eta, azken batean, herritarrak Administrazioarengandik jasotzen dituen zerbitzuen kalitatea hobetzea, horixe baita eta horrexek izan behar baitu arlo honetan egindako erreforma guztiek izan beharreko helburu behinena.

Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuak bere barruan jasotzen du Herri Administrazio guztietako funtzionario guztiei dagokiena eta, horrez gain, beren zerbitzuan diharduten lan-kontratuko langileei aplikatu beharreko berariazko lege-arauak ere bai.

Agerikoa da lan-arloko legeriaren arabera kontratatutako langileak Herri Administrazio guztietan gero eta leku zabalagoa hartzen ari direla zeregin jakin batzuk betetzeko, eta, gure herrialdean enplegu publikoaren araubide orokorra funtzionarioena izanik, Estatutu honek egoera hori aitortu eta barnean egokitu du, printzipio konstituzional horretatik abiatuta.

Ildo horretatik, Estatutuak zehatz bereizten ditu, batetik, kontratu-harremana edozein dela ere, Administrazioko sektore publikoan lan egiten duten langileen ezaugarriak, eta, bestetik, sektore pribatuan lan egiten duten langileenak.

Oinarrizko Estatutua aurrerapauso garrantzitsua izan da, eta beharrezkoa ere bai, seguru aski prozesu luzea eta korapilatsua izango den erreforma-prozesu honetan; ondo uztartu behar ditu, bai Espainiako enplegu publikoa artikulatzeko eta kudeatzeko modua, bai bizi dugun garai honetan ditugun beharrizanak, betiere, Europar Batasunean eta Batasunaren Administrazioan bertan azken aldi honetan egiten ari diren erreformen ildoari jarraituz.

Administrazioek eta era guztietako erakunde publikoek antolamendurako osagaiak izan behar dituzte, batetik, herritarrak administrazio ona izateko duen eskubidea benetan baliatzeko modukoa izan dadin, joera hori bera baitago europar esparru osoan, eta, bestetik, ekonomia nahiz gizartea garatzen lagun dezan.

Osagai horien artean, Administrazioaren zerbitzuan diharduten langileak dira, zalantzarik gabe, garrantzitsuenak.

Enplegu publikoaren sistemak, xede horietara iristeko, Administrazioan behar diren profesionalak erakartzeko indarra izan behar du; langileak suspertu behar ditu beren ardurak eta zereginak eragimenez bete ditzaten; prestakuntza egokia eman behar die langileei; eta lanbide-sustapenerako behar beste aukera eskaini; aldi berean, langileen kudeaketa zentzuzkoa, objektiboa, bizia eta malgua bideratu behar da, eta teknologia berrietan etenik gabe gertatzen ari den garapena ere izan behar da aintzat.

Horretarako, funtzio publikoari buruzko oinarrizko legeriak arau-esparrua sortu behar du, batetik, ondo bermatuta gera dadin langileen hautaketa eta karrera irizpide konstituzionalen arabera beteko direla, alegia, merezimendua eta gaitasuna oinarri hartuta, eta, bestetik, bidezko orekan ezar ditzan enplegatu publikoen eskubideak eta erantzukizunak.

Horrez gain, oinarrizko legeriak tresna egokiak ere eskaini behar dizkie Administrazio guztiei, behar den moduko gaitasuna izan dezaten, bai beren langileak planifikatzeko eta antolatzeko, bai langile horiek ahalik eta eragimen handienaz erabiltzeko.

Arlo horretan, legeria horrek, gure estatuan bereziki, aintzakotzat hartu behar du Administrazioa deszentralizatzeko oso prozesu zabala izan dela azken hamarkadetan.

Prozesu horren ondorioz, gobernua osatzen duten hiru lurralde-mailetan, Estatuko Administrazio Orokorrak du gaur egun enplegatu-kopururik txikiena.

Langileen kopurua denbora aurrera joan ahala asko murriztu da, eta langile horiek bete beharreko zereginak ere aldatu egin dira; horrek, dudarik gabe, eragina du funtzio publikoan dihardutenen egituran eta artikulazioan.

Horrekin batera, autonomia-erkidegoetako administrazioak sortu eta zabaldu dira, eta esan liteke gaur egun estatu osoko enplegatu publiko guztien ia erdiak daudela erkidegoetan lanean; horrek ere langileak kudeatzeko beste arazo eta beharrizan batzuk ekarri ditu.

Antzeko zerbait esan liteke toki-erakundeei buruz, nahiz eta alde handiak eta sakonak dauden toki-erakunde batetik bestera. Eremu honetan ere enplegatuen kopuruak gora egin du nabarmen azken aldi honetan.

Horrenbestez, horrek adierazi nahi du funtzio publikoaren araubidea ezin dela gaur egun konfiguratu sistema homogeneo batean oinarrituta eta Estatuko Administrazioa erreferentzia-eredu bakartzat hartuta.

Aldiz, Administrazioetako bakoitzak bere langileei buruzko politika propioa eratzeko modua izan behar du, betiere, kohesiorako beharrezko diren osagaiak eta horri lotutako koordinazio-tresnak murriztu gabe.

Beraz, funtzio publikoari buruzko oinarrizko legeriak, iraganeko beste batzuekin konparatuta, ez du gaur egun zertan hain mamitsua izan, eta, betiere, Autonomia Estatutuetan agindutakoa eta Konstituzio Auzitegiak ezarritako doktrina hartu behar ditu aintzakotzat.

Ildo beretik, behar-beharrezkoa da langileen arloan antolamenduari dagokionez gero eta autonomia handiagoa izatea, era horretara, enplegu publikoko sektoreetan, hala behar izanez gero, bakoitzak bere erregulazioa egiteko bidea izan dezan.

Beraz, ikusten denez, jardun publikoak kudeatzeko moduak ugaltzen ari dira pixkanaka lurralde-mailako gobernu bakoitzaren barruan, azken batean, herritarrei zerbitzu eraginkorra emateko kasuan-kasuan kontuan hartu behar diren egoerei modu egokian erantzun ahal izateko.

Legeak eta erregelamenduak aplikatuz ahal publikoak baliatzeko sortu zen funtsean orain arteko antolamendu burokratiko tradizionala, eta orain zatikatuta ageri zaigu; hortik era askotako erakunde eta organismoak sortu dira, horietako batzuk, herritarrei zuzeneko zerbitzuak emateko, beste batzuk, erregulazio- eta kontrol-zeregin berriak betetzeko.

Antolamendu-modu asko dago, beraz, eta horrek ere lagundu egin du enplegu publikoaren araubideetan gaur egun dagoen heterogeneotasuna egon dadin.

Enplegu publikoa behar den moduan antolatzeko, konponbide ezberdinak eman behar dira sektore baterako nahiz besterako, eta, beraz, oinarrizko legeria orokorra ezin da oztopo izan, ezin da zurruna izan.

Aldiz, egin beharreko aldaketak egiteko eta sustatzeko bidea eman behar du, administrazioa eremu guztietan modernizatu dadin.

Azken batean, langileak lan-arloko legeriaren arabera kontratatzea, horixe da aniztasunerako joera dagoela erakusteko daturik adierazgarriena, gero eta Administrazio Publiko gehiagok erabiltzen baitu azken aldi honetan aukera hori.

Gure herrialdean ezin da, Konstituzioak hala aginduta, enplegu publikoaren araubide orokorra horrelakoa izan, eta ez dago arrazoirik gaur egun sektore publikoan lan-kontratazioa nabarmen ugaldu beharra dagoela justifikatzeko, baina, aldi berean, ez da ahaztu behar enplegatu publiko guztien portzentaje esanguratsua lan-kontratuko langile dela, indarrean dagoen lan-arloko legeriaren arabera.

Lege-araubide honek enplegu publikoari malgutasuna ematen dio eta enpresa pribatuaren kudeaketa-irizpideetara hurbiltzeko bidea ere bai, eta, beraz, erraz uler daiteke Administrazioaren arlo batzuetan zer dela-eta nahiago izaten duten araubide hori.

Araubide-bikoiztasun hau Europako estaturik gehienetan agertzen da antzeko nahiz bestelako ezaugarriekin, eta, dena den, zenbait arazo dakartza lege-arloan eta langile-kudeaketan; beraz, beharrezkoa da lege honek, enplegu publikoaren sistema osoa ordenatu nahi duenez, arazook aintzat hartu eta arautu nahi izatea, funtsezko kontuetan behintzat.

Are gehiago; esperientziak erakutsi eta Auzitegietako jurisprudentziak agintzen duenez, enplegu publikoaren lan-harremanak ezaugarri jakin batzuk errespetatu behar ditu nahitaez; horrexegatik aplikatzen dira, batean nahiz bestean, printzipioetako batzuk (lanerako merezimendua eta gaitasuna) eta zuzenbide publikoko arau batzuk (bateraezintasunen araubidea) bai estatutupeko langileekin, bai lan-kontratuko langileekin.

Aurrerago joanda, esan liteke Herri Administrazioen zerbitzuan diharduten langileen negoziazio kolektiboak, era bateko eta besteko langileentzat orain arte bereizita egon bada ere, eragina izan duela batzuen eta besteen enplegu-baldintzak elkarrengana hurbiltzeko orduan.

Hori dela eta, komenigarria izango litzateke funtzio publikoari buruzko Estatuko oinarrizko legeria artikulatzen duen lege-testu berean erregulatzea enplegu publikoko lan-harremanen berezitasunak ere, betiere, laneko legeria orokorra aplikatu behar denean aplikatuta eta adituen aholkuak eta iradokizunak aintzakotzat hartuta.

Estatutu honek, beraz, bere barruan hartzen ditu enplegu publikoaren lan-harremanak egituratzen dituzten arauak ere, Konstituzioaren 149.1.7 artikuluak Estatuari esleitutako eskumenari esker.

Oinarrizko Estatutu hau garatzeko, Estatuko legegileak eta autonomia-erkidegoetakoak, bakoitzak bere eskumenen eremuan, beren Administrazioetako funtzio publikoari buruzko legeak onartu edo moldatu beharko dituzte, baita toki-administrazioan aplikatu beharreko arauak ere, azken kasu horretan, toki-erakundeek antolamendurako duten autonomia errespetatuta betiere.

Lege horiek, hala berean, orokorrak izan daitezke, edo, zenbaitetan, funtzio publikoan halakorik behar duten sektore jakinei buruzkoak.

Sektore jakin horien artean egongo dira, nahitaez, bai hezkuntzako langileak, bai osasun-zerbitzuetako estatutupeko langileak; aipatutako azken kolektibo horri dagokionez, indarrean izango den araua 55/2003 Legea izango da (55/2003 Legea, abenduaren 14koa, osasun-zerbitzuetako estatutupeko langileen esparru-estatutuari buruzkoa), baita lege hori garatzeko arautegia ere, inola ere ahaztu gabe Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuak, azken batean, aplikazio unibertsala erreferentzia-arau izateko asmoa duela.

Lan-kontratuko langileei buruzko gaiak direla-eta, enplegu publikoan dauden era horretako espezialitateak arautzeko ataletan Oinarrizko Estatutuak ezarrita ez baditu, lan-arloko legeria orokorra aplikatu behar da.

Funtzionario publikoen eta lan-kontratuko langileen negoziazio kolektiboak, Estatutu honetan ezarritako jarraibideak errespetatuta, lagundu egin behar du azkenean Administrazioaren zerbitzuan diharduten langile guztien enplegu-baldintzak zehazten, gaur egun dagoeneko gertatzen den moduan.

Hasteko, enplegatu publiko direnei eskatu beharreko printzipio orokorren multzoa zein den dago zehaztuta.

Ondoren, enplegatu publiko guztientzat erkide diren oinarrizko eskubideen zerrenda dago jasota, eta hor ongi bereizita dago, jakina, karrerako funtzionarioek izaera mugiezina dutelako eskubidea; berariazko eskubide hori ez da pribilegio korporatibotzat hartu behar, horixe baita dagoenik eta inpartzialtasun-bermerik garrantzitsuena.

Estatutu honek eskubideen katalogo hori eguneratu nahi du, batetik, norbanakoen eskubideak eta eskubide kolektiboak bereizita, eta, bestetik, ohiko eskubideei duela gutxi aitortutako eskubideak gehituta, hala nola, ebaluazio-sistemak objektiboak eta gardenak izateko eskubidea, norberaren intimitatea errespetatzekoa (batez ere, jazarpen sexual edo moraletik babesteko), eta norberaren bizimodua, lana eta familia elkarri egokitzekoa.

Gure legerian lehendabiziko aldiz ezarri da, printzipio etikoak eta jokabide-arauak abiaburu direla, enplegatu publikoen oinarrizko eginbeharren erregulazio orokorra, eta erregulazio horrek benetako jokabide-kodea izan behar du enplegatu publikoentzat.

Arau horiek bidea erakusteko eta gidari izateko jaso dira Estatutu honetan, baina, aldi berean, muga ere ezartzen dute, argi gera dadin jardunetan zilegi zer den eta zer ez; arau horiek hautsiz gero, ondorioak izan daitezke diziplina-arloan.

Enplegatu Publikoaren izaera horrek, bada, eskubideak ez ezik, erantzukizun bereziak eta berariazko eginbeharrak ere badakartza herritarrei begira, Administrazioari berari begira eta zerbitzu-beharrizanei begira.

Zerbitzu publiko horrek oinarri ditu bai balio propioen multzoa bai publikotasunaren berariazko «kultura», eta hori, eragimena eta produktibitatea handitzeko eskaerarekin oso bateragarria izanda, zaindu eta babestu egin behar da, nola lehen, hala egun.

Ondoren, Oinarrizko Estatutuak enplegatu publikoen motak zehazten ditu (karrerako funtzionarioak eta bitartekoak, lan-kontratuko langileak, behin-behinekoak), eta zuzendaritzako langileen figura berria ere arautzen du.

Zuzendaritzako langileak administrazioa modernizatzeko ezinbesteko faktore izango dira etorkizunean, beren kudeaketa profesionalak aintzat hartu behar dituelako eraginkortasun- eta eragimen-irizpideak, erantzukizuna eta helburuen araberako emaitzen kontrola.

Zorionez, orain arte ere izan dira gure Administrazioetan zuzendaritzarako gaitasuna eta prestakuntza izan duten funtzionarioak eta bestelako zerbitzari publikoak, baina, dena dela, komenigarria da, era horretako langileak legez aitortzeko bidean, tinko aurrera egitea; auzoko herrialdeetan ere halaxe gertatzen da, gainera.

Funtzionarioei dagokienez, beharrezkoa da gaur egun duten sailkapena aldatzea, batetik, gure hezkuntza-sistemak azken urteotan izan duen eboluzioa kontuan hartuta, eta, bestetik, etorkizunari begira, bereziki, unibertsitate-tituluak berrantolatzeko hasi berri den prozedura dela-eta.

Funtzionarioen sailkapenak hiru talde handi hartzen ditu bere barnean, talde horietan sartzeko eskatu zaien tituluaren arabera bereizita: A taldea, barnean A1 eta A2 azpitaldeak dituela; B taldea, eta C taldea, barnean C1 eta C2 azpitaldeak dituela.

Horrez gainera, Estatutuak bermeak indartu ditu behin-behineko langileen kopuruak eta ordainsariak gardenak izan daitezen, eta arau batzuk jaso ditu, Administrazio eta sektore batzuetan enplegu publikoak egun duen aldi bateko lanaren tasa handiegia izanik, horren kontra lan egiteko.

Nolanahi den ere, enplegu publikoaren antolamendua finkatzerakoan, enplegu publikoa kidegoak, eskalak, klaseak edo kategoriak erabiliz egituratzeko sistema zehazterakoan eta lanpostuak sailkatzeko tresnak eskaintzerakoan, Oinarrizko Estatutuak zehatz-mehatz eta kontu handiz errespetatu nahi ditu bai autonomia-erkidegoek duten legegintzako eskumena, baita autonomia-erkidegoek eta toki-administrazioek duten antolamendu-autonomia ere.

Oinarritzat hartutako printzipioak eta gidalerroak oso malguak dira, eta legeak garapen-legeetara edo dagokion gobernu-organoetara bideratzen du, administrazioetako bakoitzean enplegu publikoa eratu eta egituratu behar duen erabaki-multzoa finkatu behar denean.

Enplegu publikora iristeko arloari dagokionez, funtsezko ardura izan dute beti ahalik eta gehien berma dadin berdintasun-, merezimendu- eta gaitasun-printzipioak aplikatuko direla eta hautaketa-prozesuen gardentasuna eta bizkortasuna errespetatuko direla, betiere, presaka ibiltzearren hautaketaren objektibotasunari kalterik egin gabe.

Gainera, horrekin batera, ez baita bateraezina, gure enplegu publikoak ateak zabaldu eta aukera gehiago eman diezaieke Espainiako nazionalitatea ez duten herritarrei, Europako Erkidegoko zuzenbidea ezarrita edo interes orokorrari begiratuta, eta, aldi berean, hartu beharreko neurri positiboak ere har ditzake desgaitasunen bat duten pertsonak enplegu publikora iristeko.

Bereziki, behin eta berriz esaten da hautaketa-organoak osatzen dituzten kideak inpartzialak eta profesionalak izango direla bermatu behar dela, bakoitzari dagozkion ahalak baliatzerakoan independentziaz jokatuko dutela ziurtatzeko; beraz, beste antolamendu batzuetan legez, muga batzuk ezarri behar dira hautaketa-organo horiek osatzerakoan.

Horrez gain, genero-parekotasunaren aldeko irizpidea ere izan behar da aintzat, gure antolamenduak gero eta ardura handiagoa baitu emakumezkoen eta gizonezkoen artean benetan berdintasuna izango dela bermatzeko.

Antzeko irizpideak aplikatu behar dira funtzionarioen karreran eta lanpostuak betetzeko orduan ere, jarraibide horiek ezinbestekoak baitira gure enplegu publikoak ahalik eta profesionaltasun-mailarik handiena izan dezan.

Baina, horrez gain, beharrezkoa da arlo hauetara beste berrikuntza batzuk ere ekartzea, sistemaren eraginkortasuna hobetzeko eta funtzionarioen suspergarriak eta igurikimenak sustatzeko.

Oinarrizko Estatutuak bidea ematen du, Herri Administrazio guztientzat gauza bera ezarri gabe, karrera horizontala egituratzeko ereduak sor daitezen, lanpostu-aldaketak alde batera utzita eta langilearen gaitasunak eta errendimendua oinarri hartuta.

Era horretara, murriztu egingo da inflazio organikoa eta langileen borondatezko mugigarritasun gehiegizkoa; egun indarrean dagoen ereduaren ezaugarriak dira horiek, orain arte lanpostu batetik bestera igarotzeak ematen baitzituen karrera egiteko aukera guztiak.

Nolanahi ere, Estatutuak, egoki iritzi dioten Administrazioetan eta enplegu publikoaren arloetan, karrera-modalitate horri jarraitzeko bidea ematen du, eta, karrera horizontala eta bertikala elkarrekin nahasita, beste modalitate batzuk hartzeko aukera ere ematen du.

Araudi berriaren osagai nagusia, dena dela, enplegatu publikoek lanean nola jarduten duten ebaluatzeko helburua da; Herri Administrazioek ezarri beharko dute ebaluazio hori, betiere, berdintasun-, objektibotasun- eta gardentasun-printzipioetan oinarritutako prozeduren bitartez.

Aldian-aldian egin beharreko ebaluazio hori aintzat hartu beharko da, bai karrera sustatzeko, bai lanpostuak betetzeko eta lanpostuetan jarraitzeko, bai eta ordainsari osagarrien zati bat finkatzeko ere, horietako batzuk produktibitateari eta errendimenduari lotuta baitaude, hain zuzen ere.

Gure Herri Administrazioen eremuan dagoeneko martxan diren esperientzia batzuk ikuspegi orokor batetik begiratuta, motibazio pertsonala eta barne-kontrola hartuko dira aintzakotzat; halaxe ari dira jokatzen Europan ere enplegu publikoa egokitzeko erreformetan, bai oraintsu egindakoetan bai egiten ari direnetan ere.

Begien bistakoa da, jakina, sustapenerako aukerak eta, hein batean, enplegatu publikoetako bakoitzari dagozkion sariak estu lotu behar zaizkiola, erakundearen xedeak aintzakotzat hartuta, langilearen eginkizunak betetzeko moduari; ez litzateke bidezkoa izango eta eragimenaren aurkakoa izango litzateke, gainera, enplegatu guztiei tratu bera ematea, bakoitzak zerbitzua ematerakoan duen errendimendua eta jarrera edozein izanda ere.

Ildo berari jarraituz, beraz, funtzionarioak, lehiaketan eskuratutako lanpostuan jarraitu ahal izateko, beharrezkoa izango du lanpostuko jardunari buruzko ebaluazioa positiboa izatea, gaur egunean gizartearentzat onartezina baita beharbada erantzukizuna era egokian betetzen ez duen langile batek biziarteko eskubideak eta maila profesionalak finkatzeko bidea izatea.

Aldi berean, baina, ezinbestekoa da, beren karreran aurrera egiteko behar diren gaitasunak eta betekizunak eskuratuz gero, enplegatu guztiek barne-sustapenean beheko mailetatik goiko mailetara gora egiteko aukera izan dezaten, era horretara, erantzukizunik handienak kemenez eta ahaleginez hartzeko gogoa eta interesa erakusten duen inori aukerarik kendu gabe.

Horrez gain, lankidetzarako bideak ere urratu behar dira, borondatezko mugigarritasuna erraztuta, funtzionarioek Administrazio batetik bestera igarotzeko aukera izan dezaten; enplegatu publiko askok eskatzen dute hori, eta bidezkoa da gainera.

Azken batean, beharrezkoa da, zerbitzuak hala eskatzen duenean, langileen mugigarritasun funtzionalerako arauak malgutzea eta, hala dagokionean, mugigarritasun geografikorakoak ere bai, betiere, dagozkion bermeak eta konpentsazioak izanda, hala dagokionean.

Beharrizan horiei guztiei erantzutearren eman dira Lege berri honetako hainbat manu.

Langileak kudeatzeko zeregina, arau hauek guztiak eta helburu berberaz emango direnak errespetatuta, eragimen eta ekitate handiagokoa izango da, eta, azken batean, horrek, lehenago edo geroago, zerbitzua hobetzea ekarriko du..

Aurrekoarekin bat etorrita eta azken urteotan izandako esperientzia nolakoa izan den ikusita, Lege berriak aldaketa batzuk sartu behar ditu funtzionario publikoen ordainsari-sisteman.

Arlo honetan, Estatuak, Aurrekontu Orokorrari buruzko Legearen bitartez, langileek sortutako gastuen gaineko kontrola baliatzeko moduko eskumenak gorde behar ditu, gastu hori gastu publikoaren funtsezko osagaia baita eta, beraz, Ogasun orokorrarena ere bai.

Era horretara, Auzitegi Konstituzionalak arlo horretan luzaroan ezarritako doktrina hartu da aintzakotzat.

Baina, hala ere, autonomia handiagoa aitortu behar da ordainsarien zati bat, izaera osagarria dutenak, ezartzeko orduan, bidezkoa baita Administrazio batzuetatik besteetara horiek aldatzeko aukera izatea, gaur egun dagoeneko halaxe gertatzen da-eta.

Are gehiago, Oinarrizko Estatutuan funtzionario publikoen karrera erregulatzean izan den malgutasunak aske erabakitzeko esparru bat eskaintzen du, era horretara, Estatuko Administrazio Orokorraren Funtzio Publikoa arautzeko Legeek eta autonomia-erkidegoetakoek ordainsarien sistema egokitu dezaten kasuan-kasuan aukeratzen duten karrera-modalitatera.

Ildo horretatik joanda, ordainsari osagarrietan eragina izateko modua izango dute, bai karreran lortutako graduak, mailak eta kategoriak, bai jarduneko lanpostuak dituen ezaugarriek, baita errendimenduak, ekimenak, interesak eta ahaleginak ere.

Gainera, aspaldidanik etengabean funtzionarioek egin duten eskaera bati erantzuten dio Estatutuak, izan ere, bertan ezarrita dagoenez, aparteko ordainsarien zenbatekoaren barruan izango baitira oinarrizko ordainsariak eta izaera finkoa duten ordainsari osagarriak; gaur egun, lan-kontratua duten enplegatu askok baliatzen dute dagoeneko eskubide hori.

Administrazio-egoerei buruzko arloa dela-eta, lege-testu berriak orain arteko erregulazioa erraztu eta berrantolatu du, erkide diren arauen multzo bat ezarrita karrerako funtzionario guztientzat.

Dena dela, autonomia-erkidegoek lege bidez onetsiz gero, beste egoera batzuk aintzat hartzeko aukera ere ematen da, beharrizanen arabera.

Aparteko lekua behar du negoziazio kolektiboari buruz eta enplegatu publikoek instituzioetan parte hartzeko eta ordezkariak izateko eskubideari buruz diharduen kapituluak.

Arlo honetan, adituek emandako aholkuei jarraituz, ahalegin handia egin da negoziazio kolektiboak dituen printzipioak, edukiak, ondorioak eta zedarriak argitzen eta bere artikulazioa hobetzen, betiere, azken urteotako esperientzia nolakoa izan den ikusita eta Konstituzio Auzitegiak eta Auzitegi Gorenak ezarritako legezko doktrina aintzakotzat hartuta.

Estatutuak argi eta garbi uzten du negoziazioan printzipiotzat hartu behar direla beti legezkotasuna, aurrekontu-estaldura, nahitaezkotasuna, fede ona, publizitatea eta gardentasuna.

Negoziazio kolektiboko egitura dela-eta berrikuntza garrantzitsuak sartu edo sendotu ditu Estatutuak; besteak beste, Herri Administrazioetako negoziazio-mahai orokorra eratu da, bertan Herri Administrazio guztiak ordezkatuta daudela, oinarrizko legerien proiektuak eta interes orokorra duten beste gai batzuk negoziatzeko, era horretara, udalerriaz gaindiko eremuetan egindako negoziazioa zilegi bihurtuta, eta funtzionario nahiz lan-kontratuko langile guztientzat erkide diren lan-baldintzak Mahai berean negoziatzeko aukera emanda.

Negoziatu beharreko gaiak eta kanpoan utzi beharrekoak definitzerakoan, orain arte indarrean zegoen legeriak baino zehaztasun handiagoa dakar eta Itunek nahiz Akordioek dituzten ondorio juridikoak argitzen ditu, batez ere, itun-akordio horiek lege baten bidez arautu beharreko gaiei buruzkoak direnean (horrelakoetan, gobernu-organo eskudunak dagokion lege-proiektua aurkeztu beharra du) edo erregelamenduzko arauetan ezarritakoa edo gobernu- edo administrazio-organoek hartutako beste erabaki batzuk alda dezaketenean (hala dagokionean, horiek onetsi edo berretsi ondoren izango dute zuzeneko eragina).

Era berean, negoziazio kolektiboan akordiorik lotzen ez den egoeretan legez erabili beharreko konponbidea ere ezartzen da.

Azken finean, Itunen eta Akordioen indarra arautzen da, eta bertan ezartzen denez, aurrez ezin ikus zitezkeen egoeren eraginez herri-interesetan salbuespenez arazo larriren bat sortu denean, orduan bakarrik utz ditzake Administrazioak baliozki bete gabe itun-akordio horiek.

Legeak, aurrekoez gain, funtzionarioen ordezkaritza-gaietan indarrean den erregulazioa eta arlo horri dagokion hauteskunde-araubidea ere jasotzen ditu.

Legean hobekuntza tekniko batzuk sartu dira eta oinarrizko legeriaren edukia arindu egin da nolabait arlo batzuetan, baina, eskubide sindikalei estu lotutako inguruabarrak arautzeko orduan, Estatuari dagozkion eskumenak inola ere alde batera utzi gabe.

Azkenik, itunak eta akordioak aplikatu eta interpretatzerakoan sortzen diren auzien inguruan, gatazka kolektiboak auzibidetik kanpo ebazteko aukera ere ematen da, bai bitartekotza-prozedura erabilita (beharrezkoa izango da alderdi batek eskatzen duenean), bai borondatezko arbitrajea erabilita.

Diziplina-araubideari dagokionez, Estatutuak, oinarrizko izaera duenez gero, ahal publiko hori enplegatu publikoen arloan baliatzerakoan gidari izan beharreko printzipioak ordenatzen ditu, besterik ez; horrez gain, arau-hauste oso astunak sailkatzen ditu eta jar litezkeen zehapenen aukera zabaltzen du.

Hortik aurrera, behin eta berriz adierazten du Estatuak eta autonomia-erkidegoek, bakoitzak bere eskumenen esparruan, Estatutua garatzeko ematen dituzten legeak hartu behar direla oinarri.

Azken tituluan Herri Administrazioen arteko lankidetza-tresnak eta –organoak ezarri dira, bakoitzari dagokion autonomia-maila inola ere murriztu gabe, funtsezkoak baitira, enplegu publikoaren sistemak orokorrean izan beharreko koherentzia eta komunikazioa bermatuta egon daitezen.

Horri lotuta, Funtzio Publikoaren Kontseilu Nagusia kentzea erabaki da, batetik, organo horrek eraginkortasun txikia zeukalako, eta, bestetik, orain dela hogei urte baino gehiago eman zitzaizkion eginkizunak praktikan beste era batzuetara bideratzen direlako, besteak beste, Estatuaren eta autonomia-erkidegoen arteko koordinazio-organoak, Negoziazio-mahaiak eta erakunde sindikalek parte hartzeko dituzten beste bide batzuk erabilita.

Toki Administrazioak, jasota dagoenez, ordezkaritza izango du, bai dagokion Sektoreko Batzarrean, baita Enplegu Publikoa Koordinatzeko Batzordean ere, azken batean, gaur egun, gutxi gorabehera, enplegatu publiko guztien laurdena hartzen baitu Toki Administrazioak.

Administrazio bakoitzak langileak antolatzeko eta kudeatzeko orduan gero eta autonomia handiagoa izan behar du, eta, horrek, aldi berean, Estatutu honetan jasotakoaren arabera, Administrazio guztien arteko lankidetza estuagoa ekarri behar du osagarri gisa, erkide dituzten arazo ugari konpondu ahal izateko, herritarren eta enplegatu publikoen onerako.

Bestetik, Estatutu honek orain arteko bateraezintasun-sistemari eutsi badio ere, beharrezko da, neurri batean behintzat, Estatutu honetan ezarrita dagoen araubide juridiko berriari egokitzea.

Hirugarren azken xedapenak, ildo horretatik, zuzendaritzako langileek edozein eratako jarduera pribatuan aritzeko duten erabateko bateraezintasuna indartzen du, baita goi-mailako zuzendaritzako izaera berezia duen lan-harremana oinarri duten langileena ere.

Gainera, figura eta erakunde berriak sortu direla-eta, Herri Administrazioen zerbitzuan diharduten langileen bateraezintasun-egoerei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legeari lotuta dauden langileen artean sartu dira, bai Agentzietan diharduten langileak, baita, finantzaketa publikoa daukaten egoera jakinak badira, Fundazio eta Partzuergoetan dihardutenak ere.

Konstituzioaren 103.3 artikuluak ezartzen duenez, legeak arautuko du funtzionario publikoen Estatutua, eta, 149.1.18.a artikuluaren arabera, Estatuari ematen zaio Herri Administrazioetako funtzionarioen estatutu-araubidearen oinarriak ezartzeko eskumena.

Dena dela, Konstituzioan hala jasota dagoen arren, gaur egunera arte ez da Estatuko lege orokorrik onetsi, xedapen horiek betez, estatutu-araubide horren oinarriak erabat erregulatzeko.

Hutsune hori azaltzeko, enplegu publikoaren sistema modu orokorrean aldatzeko lege-erreformak izango lukeen zailtasuna da arrazoi nagusi, zuzenean, edo, gutxienez, modu osagarrian, legeak hartuko lukeen esparrua oso zabala baita, Administrazioak eta sektoreak, baita funtzionarioen taldeak eta kategoriak ere, era askotakoak direla aintzakotzat hartuta.

Izan ere, gure herrialdean oso gutxitan izan dira horrelako abagune historikoak, eta, nola edo hala, oso gutxitan egin izan da lan hori hasi eta amaitu.

Gogoratu behar dugu hemen enplegatu publikoen erregulazioa edo «konponketa berria», Luis López Ballesteros Ogasun Ministroak, Errege Ogasuneko funtzionarioentzat ziren beste arau batzuk eman ondoren, 1828ko apirilaren 3ko Errege Dekretuaren bidez ezarritakoa.

Horrez gainera, 1852ko Bravo Murilloren Estatutua aipatu behar da, ekainaren 18ko Errege Dekretu bidez onetsia; eta Mauraren Estatututzat ezagutzen dena ere bai, 1918ko uztailaren 22ko Oinarrien Legean eta irailaren 7ko bere Erregelamenduan jasoa; eta, azkenik, Estatuko Funtzionario Zibilen Legea ere bai, uztailaren 20ko 109/1963 Oinarrien Legea garatuz, 1964ko otsailaren 7ko Dekretu bidez artikulatua.

Dena dela, horri erantsi behar zaio Konstituzioaren ondoren ere enplegatu publikoen lege-araubidea eraldatzeko erreformak egon direla, eta, nahiz eta partzialak izan, ez direla aurreko beste horiek baino garrantzi txikiagokoak izan.

Erreforma horien artean, abuztuaren 2ko Funtzio Publikoaren Erreformarako Neurrien 30/1984 Legeak egindakoa nabarmendu behar da; erregulazio hori bi hamarkadatik gora egon da indarrean eta oinarrizko lege modura erabiltzen da dagoeneko, nahiz eta behin-behinekoa izateko asmotan sortu zen. Lege horrek, lanpostuaren inguruan egituratuta, funtzio publikoaren beste eredu bat antolatu du, aurrekoez oso bestelakoa.

Erreforma hori osatu zuen Herri Administrazioen zerbitzuan diharduten langileen bateraezintasun-egoerei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legeak, eta, geroago, ekainaren 12ko 9/1987 Legeak, horren bidez arautzen baitira funtzionario publikoen ordezkaritza-sistema eta laneko baldintzak ezartzeko negoziazio kolektiboa eta parte-hartzea.

Hiru lege-arau horiek osatu dute orain arte Estatuko oinarrizko legeriak arlo horretan izan duen funtsezko muina, eta, era berean, Estatuak berak nahiz autonomia-erkidegoek emandako maila askotako arau ugarik aldatu, osatu eta garatu dituzte unean-unean hiru lege-arau horiek.

Oinarrizko legeria testu batean baino gehiagotan sakabanatuta zegoenez, langileen politikei buruzko eredu koordinatu baten eremuan denak batzea komenigarria zela ikusi zen aspaldidanik.

Baina, gainera, laurogeiko hamarkadan legeria onartu zenetik hona, gure gizarteak eta gure herri-administrazioek aldaketa handiak eta sakonak izan dituzte, eta, ordutik hona izandako esperientzia ere aintzat izanda, ikusi zen beharrezkoa zela legea orokorrean eraberritzea berriz ere.

Ahalegin bat egin zen 1999an, Funtzio Publikoaren Oinarrizko Estatuturako Lege Proiektua aurkeztuta, baina, azkenean, ez zen izapidetu.

Horrenbestez, testu honen bitartez aldatuko da behin betiko; ikerketa eta hausnarketa sakona egin da denbora luzez testu hau osatzeko eta berariaz horretarako osatutako Batzordeak bete du zeregin hori; horrez gain, eztabaida- eta elkarrizketa-prozedura luzea izan da bai autonomia-erkidegoetako eta beste administrazio batzuetako ordezkariekin, bai arlo honetan zerikusia duten gizarte-eragile eta erakunde profesionalekin ere.

Batetik nahiz bestetik argi ikusten da berrikuntzaren aldeko adostasun zabala zegoela orokorrean, eta, era berean, gehienak bat datozela konpondu beharreko arazoak aztertu, eta berrikuntzan errespetatu beharreko jarraibide nagusiak zehazteko orduan.

I. TITULUA

Xedea eta aplikazio-eremua

1. artikulua. Xedea.

Estatutu honek bere aplikazio-eremuan sartzen diren funtzionario publikoen estatutu-araubidearen oinarriak ezarri nahi ditu.

Era berean, Herri Administrazioen zerbitzuan diharduten lan-kontratuko langileei dagokienez aplikatu behar diren arauak ezarri nahi ditu.

Estatutu honek, era berean, Herri Administrazioek izan beharreko jardun-oinarriak ere erakutsi nahi ditu:

a) Herritarren eta interes orokorren esanetara egotea.

b) Berdintasuna, merezimendua eta gaitasuna errespetatzea, enplegu publikora iristeko eta lanbidean sustatzeko orduan.

c) Legeari eta Zuzenbideari men egitea erabat.

d) Emakumezkoen eta gizonezkoen arteko tratu-berdintasuna zaintzea.

e) Jardunean objektibotasuna, profesionaltasuna eta inpartzialtasuna zaintzea, karrerako funtzionario-izaeraren mugiezintasunak dakarren bermeari esker.

f) Giza baliabideak planifikatzeko eta kudeatzeko orduan eraginkor izatea.

g) Enplegatu publikoak beren lanbidean etengabe garatzea eta prestatzea.

h) Gardentasunez jokatzea.

i) Kudeaketan arduraz jokatzea eta ebaluatzea.

j) Eginkizunak eta atazak esleitu, antolatu eta betetzean gorde beharreko hierarkia zaintzea.

k) Lan-baldintzak ezartzeko orduan, ordezkarien bitartez, negoziazio kolektiboan jardutea eta bertan parte hartzea.

l) Enplegu publikoa arautzeko eta kudeatzeko orduan, Herri Administrazioen arteko lankidetza bideratzea.

2. artikulua. Aplikazio-eremua.

Estatutu hau funtzionarioei eta, dagokion neurrian, lan-kontratuko langileei aplikatuko zaie, betiere, Herri Administrazioon zerbitzupean dihardutenean:

- Estatuko Administrazio Orokorra.

- Autonomia-erkidegoetako administrazioak eta Ceuta eta Melilla hirietakoak ere bai.

- Toki-erakundeetako administrazioak.

- Organismo Publikoak, Agentziak eta berezko nortasun juridikoa duten zuzenbide publikoko gainerako erakundeak, Herri Administrazioetako edozeini lotuta edo edozeinen mendean daudela.

- Unibertsitate Publikoak.

Estatutu hau ikertzaileei aplikatu behar zaienean, arau bereziak eman ahal izango dira haien ezaugarriei egokitzeko.

Irakasleak eta Osasun Zerbitzuetako estatutupeko langileak arautzeko orduan, Estatuak eta autonomia-erkidegoek, bakoitzak bere eskumenen eremuan, berariaz horri buruz egin duten legeria eta Estatutu honetan ezarritakoa izango dira oinarri, betiere, salbuespen izanik III. tituluko II. kapitulua (20. artikulua kenduta) eta 22.3, 24. eta 84. artikuluak.

Estatutu honetan karrerako funtzionarioak aipatzen diren bakoitzean, Osasun Zerbitzuetako estatutupeko langileak ere hor barnean daudela adierazi nahi da.

Estatutu honek izaera osagarria du bere aplikazio-eremuan sartzen ez diren Herri Administrazioetako langile guztientzat.

3. artikulua. Toki Erakundeetako funtzionarioak.

Toki Erakundeetako funtzionarioak arautzeko orduan oinarri izango dira, batetik, aplikatu beharreko estatutuko legeria, Estatutu hau berau ere horren osagai izanik, eta, bestetik, autonomia-erkidegoetako legeria ere bai, toki-administrazioen autonomia errespetatuta.

Udaltzainen Kidegoak arautzerakoan ere Estatutu hau eta autonomia-erkidegoetako legeria dira oinarri, salbuespen izanik Estatuko Segurtasuneko Indar eta Kidegoei buruzko martxoaren 13ko 2/1986 Lege Organikoan haientzat ezarritakoa.

4. artikulua. Berariazko legeria propioa duten langileak.

Estatutu honen xedapenak, ondorengo langile hauek direla-eta, eurei dagokien berariazko legeriak halaxe ezartzen duenean, orduan bakarrik aplikatuko zaizkie zuzenean:

a) Gorte Nagusietako eta autonomia-erkidegoetako legebiltzarretako funtzionarioak.

b) Estatuko gainerako organo konstituzionaletako funtzionarioak eta autonomia-erkidegoetako estatutu-organoetakoak.

c) Epaileak, magistratuak eta fiskalak eta Justizia Administrazioaren zerbitzuan diharduten gainerako funtzionarioak.

d) Indar Armatuetako langile militarrak.

e) Segurtasuneko Indar eta Kidegoetako funtzionarioak.

f) Tarifaz ordaindutako langileak.

g) Inteligentzia Zentro Nazionaleko langileak.

h) Espainiako Bankuko langileak eta Kreditu Erakundeetako Gordailuen Berme Funtsetakoak.

5. artikulua. Posta eta Telegrafoetako Estatuko Sozietateko langileak.

Posta eta Telegrafoetako Estatuko Sozietateko funtzionarioak arautzeko orduan, berariaz dagozkien arauak hartuko dira oinarri, eta Estatutu honetan ezarritakoa izango da osagarri.

Lan-kontratuko langileak arautzeko, lan-arloko legeria erabiliko da, eta hitzarmenez aplikatu beharreko gainerako arauak ere bai.

6. artikulua. Funtzio Publikoko legeak.

Estatutu hau garatzeko, Gorte Nagusiek eta autonomia-erkidegoetako legebiltzarrek, beren eskumenen eremuan, Estatuko Administrazio Orokorraren eta autonomia-erkidegoetako administrazioaren Funtzio Publikoa arautzeko Legeak onetsiko dituzte.

7. artikulua. Lan-kontratuko langileei aplikatu beharreko arautegia.

Herri Administrazioen zerbitzuan diharduten lan-kontratuko langileak arautzeko, lan-arloko legeriaz eta hitzarmenez aplikatu beharreko gainerako arauez gainera, Estatutu honetako aginduak ere izango dira oinarri, hala xedatuta dagoenean.

II. TITULUA

Herri Administrazioen zerbitzuan diharduten langile-motak

8. artikulua. Enplegatu publikoak: kontzeptua eta motak.

Enplegatu publiko dira interes orokorrak zaintzeko zereginetan Herri Administrazioetan ordaindutako eginkizunak betetzen dituztenak.

Hona hemen enplegatu publikoen sailkapena:

a) Karrerako funtzionarioak.

b) Bitarteko funtzionarioak.

c) Lan-kontratuko langileak (finkoak, mugagabeak nahiz aldi batekoak izan).

d) Behin-behineko langileak.

9. artikulua. Karrerako funtzionarioak.

Karrerako funtzionario dira, legezko izendapen bati esker, ordainsari baten truke eta behin betiko izaeraz zerbitzu profesionalak betetzeko, Administrazio Zuzenbideaz araututako estatutupeko harreman baten bitartez Herri Administrazio bati lotuta daudenak.

Nolanahi den ere, ahal publikoak baliatzeko jardunetan edo Estatuaren eta Herri Administrazioen interes orokorrak zaintzeko zereginetan zuzenean nahiz zeharka parte hartzea eskatzen duten eginkizunak betetzea funtzionario publikoei dagokie, modu esklusiboan, betiere, Herri Administrazio bakoitzean arlo hori garatzeko legean ezarritakoari jarraituz.

10. artikulua. Bitarteko funtzionarioak.

Bitarteko funtzionario dira, urgentziak eta beharrak hala aginduta, berariaz justifikatutako arrazoiak direla-eta, berez karrerako funtzionarioei dagozkien eginkizunak betetzeko bitarteko funtzionario izendatzen dituztenak, egoera hauetakoren bat gertatzen denean:

a) Plaza hutsak daudenean, baldin eta ezin badira karrerako funtzionarioekin bete.

b) Titularrak aldi baterako ordezteko denean.

c) Aldi baterako programak betetzeko denean.

d) Zeregin-kopuru handiegia edo zeregin-pilaketa dagoenean; gehienez ere sei hileko epe baterako izango da, hamabi hileko tarte batean.

Bitarteko funtzionarioak hautatzerakoan prozedura bizkorrak erabili behar dira, betiere, berdintasun-, merezimendu-, gaitasun- eta publizitate-printzipioak estu errespetatuta.

Bitarteko funtzionarioak lanpostua utzi beharko du 63. artikuluan jasotako arrazoiren bat dagoenean, eta, horrez gain, bere izendapena eragin zuen arrazoia indarrik gabe geratutakoan.

Artikulu honetako 1. paragrafoko a) idatz-zatian jasotako egoeran, bitarteko funtzionarioek diharduteneko plaza hutsak enplegu-eskaintzan sartu beharko dira, izendapena egin deneko ekitaldi horretan bertan, eta, hori horrela egitea posible ez bada, hurrengo ekitaldian, lanpostua amortizatzen ez bada behintzat.

Bitarteko funtzionarioei, beren izaeraren ezaugarriak aintzat hartuta egoki denean, karrerako funtzionarioen araubide orokorra aplikatuko zaie.

11. artikulua. Lan-kontratuko langileak.

Lan-kontratuko langile dira, lan-arloko legeriaren arabera langileak kontratatzeko edozein modalitate erabilita, idatziz formalizatutako lan-kontratu bati esker, Herri Administrazioek ordaindutako zerbitzuak ematen dituztenak.

Kontratuak, iraupena aintzat hartuta, finkoak, mugagabeak edo aldi batekoak izan daitezke.

Estatutu hau garatzeko emango diren Funtzio Publikoko Legeetan ezarriko dira lan-kontratuko langileek zein lanpostutan jardun dezaketen finkatzeko irizpideak, betiere, 9.2 artikuluan ezarritakoa aintzakotzat hartuta.

12. artikulua. Behin-behineko langileak.

Behin-behineko langile dira, izendapen bati esker eta behin betiko izaerarik gabe, konfiantzazkotzat edo aholkularitza berezitzat berariaz kalifikatutako eginkizunak bakarrik egiten dituztenak; xede horretarako izendatutako aurrekontu-kredituetatik ordainduko zaie.

Estatutu hau garatzeko emango diren Funtzio Publikoko legeetan ezarriko da Administrazio Publikoetako zein gobernu-organok eduki ahal izango dituzten era horretako langileak.

Dagokion gobernu-organoak ezarri beharko du zein den gehieneko kopurua.

Kopuru hori eta ordainsariak jendaurrean jakinaraziko dira.

Lanpostuan inor izendatzea nahiz kentzea librea izango da.

Lanpostutik kenduko dute langilea, nolanahi den ere, konfiantzazko edo aholkularitza bereziko eginkizunak jaso dituen agintariak berak ere bere lanpostua utzi behar duenean.

Behin-behineko langilea izateak ez du merezimendurik ekarriko Funtzio Publikora iritsi edo barne-sustapena egin behar denean.

Behin-behineko langileei, beren izaeraren ezaugarriak aintzat hartuta egoki denean, karrerako funtzionarioen araubide orokorra aplikatuko zaie.

I. AZPITITULUA

Zuzendaritzako langileak

13. artikulua. Zuzendaritzako langile profesionalak.

Gobernuak eta autonomia-erkidegoetako gobernu-organoek, Estatutu hau garatzerakoan, zuzendaritzako langileen berariazko araubide juridikoa ezarri ahal izango dute, eta beren izaera finkatzeko irizpideak ere bai, besteak beste, honako printzipio hauek aintzakotzat hartuta:

Administrazio Publikoetan, Administrazioetako bakoitzaren berariazko arauetan horrela zehaztuta dagoela, zuzendaritza-eginkizun profesionalak betetzen dituztenak, horiexek dira zuzendaritzako langile.

Langile horiek izendatzerakoan, aintzat hartuko dira merezimendu- eta gaitasun-printzipioak baita egokitasun-irizpideak ere; publizitatea eta lehia bermatzeko prozedurak erabiliko dira.

Zuzendaritzako langileen zereginak ebaluazioa izan behar du, betiere aintzat hartuta eraginkortasun- eta eragimen-irizpideak, kudeaketa-erantzukizuna eta, finkatu zaizkion helburuekin alderatuta, emaitzen kontrola.

Zuzendaritzako langileen enplegu-baldintzak zehazteko zeregina, lege honen ondorioei dagokienez, ez da negoziazio kolektiboan aztertzeko moduko gaitzat hartuko.

Zuzendaritzako langileek, lan-kontratuko langile direnean, goi-mailako zuzendaritzako izaera berezia duen lan-harremana izango dute oinarri.

III. TITULUA

Eskubideak eta eginbeharrak.

Enplegatu publikoen jokabide-kodea

I. KAPITULUA

Enplegatu publikoen eskubideak

14. artikulua. Norbanakoen eskubideak.

Enplegatu publikoek honako eskubide hauek dituzte izaera indibidualez, beren zerbitzu-harremanaren izaera juridikoa aintzakotzat hartuta:

a) Karrerako funtzionario-izaerari dagokion mugiezintasunerako eskubidea.

b) Egoera profesionalari dagozkion eginkizun eta atazak benetan betetzeko eskubidea, betiere, bere lanbide-karreran izandako aurrerapen profesionalaren arabera.

c) Lanbide-karreran aurrera egiteko eta barne-sustapena izateko eskubidea, betiere, berdintasun-, merezimendu-, eta gaitasun-printzipio konstituzionalei jarraituz, eta horretarako sistema objektiboak eta gardenak ezarrita.

d) Emandako zerbitzuari dagozkion ordainsariak eta kalte-ordainak jasotzeko eskubidea.

e) Lanean diharduen atalari esleitutako helburuak lortzeko lanetan parte hartzeko eskubidea eta arduradunengandik egin beharreko atazen berri jasotzeko eskubidea.

f) Enplegatuak bere eginkizunak edo karguak bidezko eran bete dituenean, horren ondorioz edozein jurisdikzio-arlotan prozedurarik sortuz gero, egoera horretan Herri Administrazioak defentsa juridikoa eta babesa eman diezaion eskubidea.

g) Etengabeko prestakuntza izateko eta jakintza nahiz gaitasun profesionala etenik gabe eguneratzen jarraitzeko eskubidea, ahal dela, lan-ordutegiaren barruan.

h) Lanean norberaren intimitatea, orientazio sexuala, irudia eta duintasuna errespetatzeko eskubidea, batez ere, jazarpen sexuala, sexuagatikoa, morala eta lanekoa saihesteko.

i) Inolako bereizkeriarik ez izateko eskubidea, jaiotza, arraza edo etnia, generoa, sexua edo orientazio sexuala, erlijioa edo sinesmenak, iritzia, desgaitasuna, adina edo bestelako egoera edo inguruabar pertsonal nahiz sozialak direla-eta.

j) Norberaren bizimodua, lan-arlokoa eta familiartekoa elkarri egokitzeko neurriak har daitezen eskubidea.

k) Adierazpen-askatasuna izateko eskubidea, antolamendu juridikoaren mugak errespetatuta.

l) Laneko osasuna eta segurtasuna modu eraginkorrean babesteko eskubidea.

m) Oporrak, atsedenaldiak, baimenak eta lizentziak izateko eskubidea.

n) Erretiroa hartzeko eskubidea, aplikatu beharreko arauetan ezarritako xedapen eta baldintzen arabera.

o) Gizarte Segurantzaren prestazioak jasotzeko eskubidea, aplikatu beharreko araubidearen arabera.

p) Lanbide-elkarteetara askatasunez biltzeko eskubidea.

q) Antolamendu juridikoak emandako gainerako eskubideak.

15. artikulua. Taldean baliatzen diren norbanakoen eskubideak.

Enplegatu publikoek modu kolektiboan baliatzen diren honako eskubide indibidual hauek dituzte:

a) Askatasun sindikala izateko eskubidea.

b) Negoziazio kolektiboan jarduteko eskubidea eta lan-baldintzak ezartzerakoan parte hartzekoa.

c) Greba egiteko eskubidea, gizartearentzat ezinbestekoak diren zerbitzuak gordeko direla bermatuta.

d) Laneko gatazka kolektiboak planteatzeko eskubidea, kasuan-kasuan aplikatu beharreko legeriaren arabera.

e) Biltzeko eskubidea, Estatutu honetako 46. artikuluan ezarritako xedapenen arabera.

II. KAPITULUA

Lanbide-karreran aurrera egiteko eta barne-sustapena izateko eskubidea.

Jarduna ebaluatzea

16. artikulua. Karrerako funtzionarioen lanbide-karrerari buruzko kontzeptua, printzipioak eta modalitateak.

Karrerako funtzionarioek lanbide-sustapena izateko eskubidea izango dute.

Lanbide-karrera da berdintasun-, merezimendu- eta gaitasun-printzipioei jarraituz lanbidean igotzeko aukerek eta aurrera egiteko igurikimenek osatzen duten multzo antolatua.

Bide horretatik, Herri Administrazioek beren karrerako funtzionarioen lanbide-prestakuntza eguneratzeko eta hobetzeko lana sustatuko dute.

Estatutu hau garatzeko emango diren Funtzio Publikoko Legeek arautuko dute eremuetako bakoitzean aplikatu beharreko lanbide-karrera zer-nolakoa izango den; besteak beste, honako modalitate hauetakoren bat edo batzuk aplika daitezke banaka nahiz batera:

a) Karrera horizontala; gradua, kategoria, eskaloi edo antzeko kontzeptuak oinarri hartuta, aurrera joan daiteke, lanpostuz zertan aldatu izan gabe, eta, betiere, Estatutu honetako 17. artikuluaren b) idatz-zatian eta 20. artikuluaren 3. paragrafoan ezarritakoari jarraituz.

b) Karrera bertikala; era horretara, lanpostuen egituran igo egin daiteke, Estatutu honetako V. tituluko III. kapituluan lanpostuak betetzeko ezarritako prozedurak erabilita.

c) Barne-sustapen bertikala; horren bidez, kidego batetik edo lanbide-sailkapeneko Azpitaldeko eskala batetik (edo Talde batekotik, baldin eta Azpitalderik ez badu) goragoko beste batera igo daiteke, 18. artikuluan ezarritakoaren arabera.

d) Barne-sustapen horizontala; horrela, Azpitalde profesional bereko kidegoetara edo eskaletara irits daiteke, 18. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Karrerako funtzionarioek modalitate bertikalean nahiz horizontalean bietan aldi berean egin ahal izango dute aurrera, baldin eta dagokion Administrazioak biak eremu berean ezarrita baditu.

17. artikulua. Karrerako funtzionarioen karrera horizontala.

Estatutu hau garatzeko emango diren Funtzio Publikoko Legeek arautu ahal izango dute karrerako funtzionarioen karrera horizontala, horretarako, besteak beste, honako arau hauek aplikatzeko aukera emanda:

a) Igotzeko graduak, kategoriak eta eskaloiak zehazteko sistema bat egituratu behar da, eta horietako bakoitzerako ordainsaria finkatu.

Igoerak, oro har, ondoz ondokoak izango dira, beste aukera batzuk aurreikusita dituzten salbuespen-egoeretan izan ezik.

b) Funtzionarioak izandako lan-ibilbidea eta -jarduna, egindako lanen kalitatea, bereganatutako jakintzak eta, azkenik, eginkizuna nola bete duen ebaluatzeko emaitza balioetsi behar dira.

Bestelako merezimenduak eta gaitasunak ere balioetsi ahal izango dira, betetako eginkizunaren espezifikotasuna eta jasotako esperientzia aintzat hartuta.

18. artikulua. Karrerako funtzionarioen barne-sustapena.

Barne-sustapena hautaketa-prozesuen bitartez egingo da, betiere, berdintasun-, merezimendu-, eta gaitasun-printzipio konstituzionalak eta Estatutu honetako 55.2 artikuluan ezarritakoak beteko direla bermatuta.

Funtzionarioek sartzeko eskatzen diren baldintzak bete behar dituzte; gutxienez, bi urteko antzinatasuna izan behar dute beheko Azpitaldean zerbitzu aktiboan (edo lanbide-sailkapeneko beheko Taldean, baldin eta Azpitalderik ez badu); eta dagozkien hautaketa-probak gainditu behar dituzte.

Estatutu hau garatzeko emango diren Funtzio Publikoko Legeek artikulatuko dituzte barne-sustapena egiteko sistemak; era berean, karrerako funtzionarioek, Azpitalde bereko beste kidego eta eskala batzuetakoak izanda ere, iritsi ahal izango dituzten kidegoak eta eskalak ere zehaztu ahal izango dira.

Horrez gainera, Estatutu hau garatzeko emango diren Funtzio Publikoko Legeetan ezarriko da karrerako funtzionarioak zein kidego eta eskalatara iritsi ahal izango diren, betiere, bakoitzari dagokion Azpitalde beraren barruan.

Herri Administrazioek hartu behar diren neurri guztiak hartu behar dituzte, beren langileek barne-sustapenean eta lanbide-karreran aurrera egiteko hautaketa-prozesuetan parte har dezaten.

19. artikulua. Lan-kontratuko langileen lanbide-karrera eta sustapena.

Lan-kontratuko langileek lanbide-sustapena izateko eskubidea izango dute.

Lan-kontratuko langileen lanbide-karrera eta sustapena Langileen Estatutuan edo Hitzarmen Kolektiboetan jasotako prozedurak erabiliz bideratu eta gauzatuko dira.

20. artikulua. Jarduna ebaluatzea

Herri Administrazioek beren enplegatuen jarduna ebaluatzeko bidea emango duten sistemak ezarriko dituzte.

Jarduna ebaluatzeko prozeduraren bidez neurtu eta balioetsiko dira laneko jokabidea eta errendimendua edo emaitzen lorpena.

Jarduna ebaluatzeko sistemek, betiere, gardentasuna, objektibotasuna, inpartzialtasuna eta bereizkeriarik eza oinarri dituzten irizpideak hartu behar dituzte aintzat eta enplegatu publikoen eskubideei kalterik egin gabe aplikatu behar dira.

Herri Administrazioek erabakiko dute ebaluazio horrek zein ondorio izan behar duen lanbide-karrera horizontala osatzerakoan, prestakuntza hartzerakoan, lanpostuak betetzerakoan, eta Estatutu honen 24. artikuluan jasotako ordainsari osagarriak ordaintzerakoan.

Lehiaketa bidez lortutako lanpostuan jarraitzeko erabakia, Herri Administrazioetako bakoitzak ezarritako ebaluazio-sistemen arabera, enplegatuaren jarduna neurtzeko ebaluazioari lotuta egongo da; horrez gain, interesdunari entzungo zaio eta dagokion ebazpen arrazoitua emango da.

Lanbide-karrera horizontala, Estatutu honen 24. artikuluaren c) idatz-zatian jasotako ordainsari osagarriak eta lehiaketa-prozedura bidez lortutako lanpostuari uzteko erabakia aplikatzeko orduan, artikulu honen 1. eta 2. paragrafoetan ezarritakoaren arabera, jarduna ebaluatzeko bidea emango duten sistema objektiboak onartu behar dira aldez aurretik, kasuan-kasuan.

III. KAPITULUA

Ordainsaria jasotzeko eskubidea

21. artikulua. Ordainsarien zenbatekoak eta igoerak ezartzea.

Funtzionarioen oinarrizko ordainsarien zenbatekoak eta funtzionarioen ordainsari osagarrien zenbateko orokorren igoerak, baita lan-kontratuko langileen soldata-masa handitzeko igoerak ere, aurrekontu-ekitaldi bakoitzean agertu beharko dira jasota dagokion Aurrekontu Legean.

Ordainsarietarako proposatutako igoera, Estatuko Aurrekontu Orokorrean langileei ordaintzeko urtean-urtean finkatzen den muga gainditu eta, orokorrean, muga horretatik gorako soldata-masa handitzea badakar, ezin izango da onartu.

22. artikulua. Funtzionarioen ordainsariak.

Karrerako funtzionarioen ordainsariak bi eratakoak izaten dira: oinarrizkoak eta osagarriak.

Funtzionarioak bere kidego edo eskalak atxikita duen lanbide-sailkapeneko Azpitaldearen arabera (edo Taldearen arabera, Azpitalderik ez badu), eta horretan izandako antzinatasuna aintzat hartuta jasotzen ditu oinarrizko ordainsariak.

Oinarrizko ordainsari horien barruan aparteko ordainsarietako soldata-osagaiak eta hirurtekoak daude sartuta.

Lanpostuaren ezaugarriak, funtzionarioaren lanbide-karrera, jarduna, eta errendimendua edo emaitzak aintzat hartuta ematen dira ordainsari osagarriak.

Aparteko ordainsariak urtean bi aldiz emango dira; horietako bakoitzean jasoko dira hilabeteko oinarrizko ordainsariari dagokion zenbatekoa eta ordainsari osagarri guztiak, 24. artikuluko c) eta d) idatz-zatietan adierazitakoak salbuespen izanik.

Egindako edozein zerbitzu ordaintzeko kontraprestazio gisa ezin izango da parte hartu ez zergetan ez Herri Administrazioen inolako diru-sarreretan, eta, era berean, ezin izango da inolako saririk izan isunetan, ezta arauen arabera zerbitzuei atxikita badaude ere.

23. artikulua. Oinarrizko ordainsariak.

Oinarrizko ordainsariak Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko Legean finkatzen dira; honako hauek izaten dira beren osagai bakar-bakarrak:

a) Lanbide-sailkapeneko Azpitalde bakoitzerako finkatutako soldata (edo Talde bakoitzerako finkatutakoa, Azpitalderik ez badago).

b) Hirurtekoak; zerbitzuan emandako hiru urteko denbora-tarte bakoitzagatik jasotzen den diru-kopurua da hori; kopurua berdina da lanbide-sailkapeneko Azpitalde bakoitzean (edo Talde bakoitzean, Azpitalderik ez badago).

24. artikulua. Ordainsari osagarriak.

Funtzionarioen ordainsari osagarrien zenbatekoa eta egitura Herri Administrazioetako bakoitzak dituen legeen arabera ezarriko dira, besteak beste, honako faktore hauek aintzakotzat hartuta:

a) Administrazio-karrerako sisteman funtzionarioak egin duen aurrerabidea.

b) Lanpostu jakin batzuetan jarduteko orduan izaten den aparteko zailtasun teknikoa, erantzukizuna, dedikazioa, bateraezintasuna edo lan egiteko orduan kontuan izan behar diren baldintzak.

c) Funtzionarioak lan egiteko orduan erakusten duen interes-maila, ekimena eta ahalegina, eta lortutako emaitzak edo errendimendua.

d) Lanaldi arruntetik kanpora emandako zerbitzu bereziak.

25. artikulua. Bitarteko funtzionarioen ordainsariak.

Bitarteko funtzionarioek atxikita duten Azpitaldeari dagozkion oinarrizko ordainsariak eta aparteko ordainsariak jasoko dituzte, edo Taldeari dagozkionak, baldin eta Azpitalderik ez badago.

Era berean, 24. artikuluko b), c) eta d) idatz-zatietan adierazitako ordainsari osagarriak ere jasoko dituzte, eta izendatu zaien kidegoan edo eskalan sartutakoan hartu duten kategoriari dagozkionak ere bai.

Estatutu hau indarrean jarri aurretik zerbitzuan emandako urteetan osatutako hirurtekoak aintzat hartuko dira; ordainketa-ondorioak, baina, Estatutu hau indarrean hasten denean, orduantxe hasiko dira.

26. artikulua. Praktikaldiko funtzionarioen ordainsariak.

Herri Administrazioek erabakiko dute praktikaldian diren funtzionarioen ordainsariak zenbatekoak izango diren; gutxienez, funtzionario horiek sartzekoak diren Azpitaldeko soldatak bestekoak izango dira (edo Taldekoak bestekoak, Azpitalderik ez badago).

27. artikulua. Lan-kontratuko langileen ordainsariak.

Lan-kontratuko langileen ordainsariak finkatzeko orduan, lan-arloko legeria, aplikatu beharreko hitzarmen kolektiboa eta lan-kontratua hartuko dira oinarri, betiere, Estatutu honen 21. artikuluan ezarritakoa errespetatuta.

28. artikulua. Kalte-ordainak.

Funtzionarioek eman duten zerbitzuari dagozkion kalte-ordainak jasoko dituzte.

29. artikulua. Ordainsari geroratuak.

Herri Administrazioek diru-kopuru jakinak erabili ahal izango dituzte, gehienez ere, Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruz dagokion Legean finkatzen den soldata-masaren portzentajera iritsita, beren eremuetan diharduten langileentzat enpleguko pentsio-planak edo aseguru-kontratu kolektiboak osatzeko ekarpenak finantzatzeko, erretiro-gertakizunaren estaldura ere barnean dela, betiere, pentsio-planak erregulatzeko arautegian ezarritakoaren arabera.

Enpleguko pentsio-planak edo aseguru-kontratu kolektiboak osatzeko ekarpenak finantzatzen erabilitako diru-kopuruak ordainsari geroratutzat joko dira ondorio guztietarako.

30. artikulua. Ordainsarietako kenketak.

Ezar daitekeen diziplina-zehapenari kalterik egin gabe, langileak bete gabe utzi duen lanaldiaren zatiak kenketa proportzionala eragingo du hartzekoetan; kenketa horrek ez du zehapen-izaerarik izango.

Greba-eskubidea baliatzen duten langileek ez dute ez sorraraziko ezta jasoko ere egoera horretan egon diren bitartean denbora-tarte horri dagokion ordainsaririk; hartzekoen kenkari horrek ez du zehapen-izaerarik izango eta bakoitzari dagozkion gizarte-prestazioen araubidean ere ez du eraginik izango.

IV. KAPITULUA

Negoziazio kolektibo, ordezkaritza eta instituzio-partaidetzarako eskubidea.

Biltzeko eskubidea

31. artikulua. Printzipio nagusiak.

Enplegatu publikoek negoziazio kolektiboan jarduteko, ordezkariak izateko eta instituzioetan parte hartzeko eskubidea dute, beren lan-baldintzak ezartzeko orduan.

Herri Administrazioetako enplegatuen lan-baldintzak ezartzerakoan negoziatzeko eskubidea izatea da, lege honen ondorioei dagokienez, negoziazio kolektiboan jarduteko eskubidea.

Ordezkaritza izateko eskubidea, lege honen ondorioei dagokienez, ordezkariak hautatzeko eta organo bateratuak eratzeko ahalmena izatea da, horien bitartez, Herri Administrazioen eta beren enplegatuen arteko elkarrizketa bideratu ahal izan dadin.

Instituzioetan parte hartzeko eskubidea, lege honen ondorioei dagokienez, legez ezarriko diren erakunde eta organismoetako kontrol- eta jarraipen-organoetan sindikatuen bitartez parte hartzeko eskubidea da.

Artikulu honetan ezarritako eskubideak baliatzeko eta bermatzeko, kapitulu honetan erregulatutako berariazko organoak eta sistemak erabiliko dira, nahiz eta beste lankidetza-bide batzuk ere egon daitezkeen Herri Administrazioen eta bere enplegatu publikoen edo beren ordezkarien artean.

Funtzio Publikoaren alorrean ordezkaritzarik zabalena duten sindikatuek hautaketa-organoen ebazpenen aurka errekurtsoak jartzeko zilegitasuna dute administrazio-bidean nahiz jurisdikzio-bidean.

Kapitulu honetan jasotako eskubideak baliatzeko orduan, honako Estatutu honetan eta bere garapen-legeetan ezarritakoa errespetatu beharko da beti.

Herri Administrazioetan izan beharreko lan-baldintzak ezartzeko prozedurei dagokienez, Espainiak berretsita dituen nazioarteko hitzarmen eta akordioetan jasota dauden xedapenak hartu behar dira beti aintzakotzat.

32. artikulua. Lan-kontratuko langileen parte-hartzea, ordezkaritza eta negoziazio kolektiboa.

Lan-kontratua duten enplegatu publikoen parte-hartzea, ordezkaritza eta negoziazio kolektiboa arautzeko orduan, laneko legeria izango da oinarri, kapitulu honetatik berariaz aplikatu behar zaizkien aginduei kalterik egin gabe.

33. artikulua. Negoziazio kolektiboa.

Funtzionario publikoen lan-baldintzak finkatzeko negoziazio kolektiboa, betiere, legezkotasuna, aurrekontu-estaldura, nahitaezkotasuna, negoziatzeko fede ona, publizitatea eta gardentasuna printzipiotzat hartuta, kapitulu honetan eta Askatasun Sindikalari buruzko abuztuaren 2ko 11/1985 Lege Organikoaren 6.3.c); 7.1 eta 7.2 artikuluetan erakunde sindikalei aitortutako ordezkaritza-gaitasuna baliatuz egingo da.

Horretarako, Negoziazio-mahaiak eratuko dira, eta, zilegitasuna dutelako, bertan izango dira, alde batetik, dagokion Herri Administrazioaren ordezkariak, eta, bestetik, estatu osoan ordezkaritzarik handiena izan duten erakunde sindikalak, autonomia-erkidegoan ordezkaritzarik handiena izan duten erakunde sindikalak, eta, Langileen Batzordeak eta Ordezkariak aukeratzeko hauteskundeetan, bakoitzaren berariazko eraketa-eremuan dauden hauteskunde-unitatean, ordezkarietatik ehuneko 10 edo gehiago lortu duten sindikatuak.

Herri Administrazioek erabat izaera teknikoa duten organoak sor ditzakete, eta beren esku utz ditzakete negoziazio kolektiboaren inguruko jardunak; aurretiaz jaso beharreko jarraibide politikoak jasota, negoziazio kolektiboan organo horiek izango dute beren gain Herri Administrazioen ordezkaritza, nahiz eta gero horretarako eskumena duten gobernu- edo administrazio-organoek berretsi beharko dituzten lortutako akordioak.

34. artikulua. Negoziazio-mahaiak.

Funtzionario publikoen negoziazio kolektiboa egiteko, Estatuko Administrazio Orokorraren eremuko negoziazio-mahai orokorra eratuko da; horrez gain, autonomia-erkidegoetan ere mahai bana eratuko da, eta Ceuta eta Melilla hirietan eta toki-erakundeetan ere bai.

Negoziatzeko zilegitasuna badutela aitortzen zaie udalerri-elkarteei, baita udalerriaz gaindi diharduten tokiko erakundeei ere.

Horri lotuta, udalerriek aukera izango dute tokian tokiko eremuan egiten ari diren negoziazio kolektiboari atxikitzeko, negoziazioa hasi aurretik nahiz ondoren.

Era berean, Administrazio edo Erakunde Publikoek aukera izango dute autonomia-erkidego bakoitzeko lurraldearen barruan lortutako Akordioei edo udalerriaz gaindiko eremuetan lortutakoei atxikitzeko.

Mahai orokorrei berariaz dagokien eskumena da beren eremuko funtzionario guztiei dagozkien lan-baldintzen inguruko gaiak negoziatzea.

Negoziazio-mahai orokorrek hala erabakitzen badute, Sektoreko Mahaiak eratzeko aukera izango dute, betiere, administrazioen erakundeetako lan-baldintza bereziak aintzakotzat hartuta edo funtzionario publikoen sektore jakin batzuen ezaugarriak edo kopuruak kontuan izanik.

Sektoreko Mahaien eskumenak bere barruan hartzen ditu, sektoreko funtzionarioei ere badagozkien arloak izanda, Mahai Orokorrak erabaki gabe utzi dituen gai erkideak edo Mahai Orokorrak berariaz haiei agindu edo haien esku utzitakoak ere bai.

Dagokion Administrazioak eta sindikatuen ordezkaritzaren gehiengoak, ados jarrita, erabakitzen duten egunean abiaraziko da Mahai bakoitzean negoziazio-prozesua.

Ados jarri ezean, negoziazio-prozesua hilabeteko epean hasiko da gehienez ere, zilegitasuna duen alderdietako bateko gehiengoak prozesua abiarazteko eskatzen duenetik hasita, legez edo itunez aurkako agindurik ez badago behintzat.

Bi alderdiek fede onaren printzipioa errespetatuta negoziatu beharko dute eta negoziazioari buruz beharrezko duten informazio guztia eman beharko diote elkarri.

35. artikulua. Negoziazio-mahaien eraketa eta osaera.

Aurreko artikuluan adierazitako Mahaiak balio osoz eratutzat joko dira, dagokion Administrazioaren ordezkaritza bertan egoteaz gainera, dena delako eremuko erakunde sindikalek, gutxienez, ordezkaritza-organo bateratuetako kideen gehiengo osoa dutenean, betiere, horretarako zilegitasuna duten erakunde sindikal guztiek, bakoitzaren ordezkaritzaren arabera, Mahaietan parte hartzeko duten eskubideari kalterik egin gabe.

Sindikatuek duten ordezkaritza-maila aldatzen denean, horren ondorioz Negoziazio Mahaien osaera ere aldatu behar denez, erakunde sindikalek eurek jakinarazi behar dute horren berri; horretarako eskumena duen Erregistroko Bulego Publikoak dagokion ziurtagiria emango du bi urtean behin, aipatutako mahai horiek eratu diren egunetik hasita.

Negoziazioan diharduten alderdiei dagokie Mahaiak osatzeko kideak izendatzea. Zeregin horretan aholkularien laguntza jaso ahal izango dute, eta aholkulari horiek, hitza bai, baina botorik ez dute izango.

Estatutu hau garatzeko arauetan ezarriko da eremu bakoitzerako osatu beharreko Mahai bakoitzak zenbat kide izan behar dituen; dena dela, alderdietako batek ere ezin izango du hamabost kidetik gora izan.

36. artikulua. Negoziazio-mahai orokorrak.

Herri Administrazioetako negoziazio-mahai orokorra eratu da.

Herri Administrazioen ordezkaritza unitarioa izango da; Estatuko Administrazio Orokorra izango da buru, eta autonomia-erkidegoek, Ceuta eta Melilla hiriek eta Espainiako Probintzien eta Udalerrien Federazioak izango dituzte ordezkariak, negoziatu beharreko gaiak zein diren, horren arabera.

Askatasun Sindikalari buruzko abuztuaren 2ko 11/1985 Lege Organikoaren 6. eta 7. artikuluetan ezarritakoaren arabera sindikatuetako ordezkaritzan parte hartzeko zilegitasuna duten erakunde sindikalek langileen ordezkaritza-organoetan, langileen ordezkarietan, langileen batzordean eta enpresa-batzordean partaide izateko hauteskundeen ondorioz lortutako emaitzen arabera banatuko dituzte ordezkariak, Herri Administrazio guztiak aintzakotzat hartuta.

Mahai horretan negoziatu beharko dira, honako Estatutu honen 37. artikuluari lotuta, oinarrizko arau izaeraz estatu osorako erregulatzekoak diren gaiak, betiere, Funtzio Publikoaren arloan dituzten eskumen esklusiboak eta partekatuak direla-eta autonomia-erkidegoekin beren lurralde-eremuetan lor litezkeen akordioei kalterik egin gabe.

Herri Administrazioetako negoziazio-mahai orokor horretan negoziatu beharreko gaia izango da, bereziki, Herri Administrazioen zerbitzuan diharduten langileen ordainsarien zenbatekoetan egiten den igoera globala, urtean behin Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruz egiten den lege-proiektuan sartu beharrekoa.

Herri Administrazioetako bakoitzean funtzionario, estatutupeko langile eta lan-kontratuko langile guztientzat erkide diren laneko baldintza eta gai guztiak negoziatzeko orduan, negoziazio-mahai orokor bat eratuko da Estatuko Administrazio Orokorrean, autonomia-erkidegoetako bakoitzean, Ceuta eta Melilla hirietan eta toki-erakundeetan.

Herri Administrazioetako negoziazio-mahai orokorrean erakunde sindikalek izan beharreko ordezkaritza dela-eta goragoko paragrafoan ezarritako irizpideak aplikatu behar dira Mahai orokor horietan, betiere, funtzionarioak eta lan-kontratuko langileak ordezkatzeko organoetan parte hartzeko hauteskundeetan kasuan-kasuan izandako emaitzak aintzakotzat hartuta, dagokion ordezkaritza-eremuan.

Horrez gainera, mahai orokor horietan partaide izango dira Herri Administrazioetako negoziazio-mahai orokorrean parte hartzen duten erakunde sindikalak ere, baldin eta, gutxienez, dena delako mahai horri dagokion eremuan funtzionarioak edo lan-kontratuko langileak ordezkatzeko kideen 100etik 10 lortu badute.

37. artikulua. Negoziatzeko diren gaiak.

Herri Administrazioetako bakoitzak dituen eskumenei lotuta, bakoitzak bere eremuan eta kasuan-kasuan legez dagokion irismena izanik, ondorengo zerrendan jasotako hauek izango dira negoziatzeko gaiak:

a) Estatuko nahiz autonomia-erkidegoetako Aurrekontu Orokorrei buruzko Legean ezarritakoaren arabera, Herri Administrazioen zerbitzuan diharduten langileen ordainsarietan egin beharreko igoera aplikatzea.

b) Funtzionarioen ordainsari osagarrien zenbatekoa ezartzea eta aplikatzea.

c) Irizpide orokorrak finkatzeko arauak, gai hauek direla-eta: enplegu publikora iritsi, karrera egin eta lanpostuak betetzeko moduak, lanpostuak sailkatzeko sistemak eta giza baliabideak antolatzeko planak eta planifikazio-tresnak.

d) Jarduna ebaluatzeko orduan, irizpide eta mekanismo orokorrak finkatzeko arauak.

e) Gizarte-aurreikuspen osagarrirako planak.

f) Barne-sustapeneko eta prestakuntzako planei eta funtsei buruzko irizpide orokorrak.

g) Gizarte-prestazio eta klase pasiboen pentsioak zehazteko irizpide orokorrak.

h) Eskubide sindikalei eta parte-hartzeari buruzko proposamenak.

i) Gizarte-ekintzari buruzko irizpide orokorrak.

j) Laneko Arriskuen Prebentziorako arautegian halaxe ezarrita daudenak.

k) Funtzionarioen lan-baldintzetan eta ordainsarietan eragina dutenak, baldin eta horiek arautzeko lege-mailako arauak izatea beharrezkoa bada.

l) Enplegu publikoaren eskaintzei buruzko irizpide orokorrak.

m) Hauei dagozkienak: lan-egutegia, ordutegiak, lanaldiak, oporrak, baimenak, mugigarritasun funtzionala eta geografikoa, baita giza baliabideak estrategikoki planifikatzeko irizpide orokorrak ere, enplegatu publikoen lan-baldintzetan eragina duten alderdiei dagokienez.

Honako gai hauek ez dira izango nahitaez negoziazioan aztertu beharrekoak:

a) Herri Administrazioen erabakiak, baldin eta beren antolamendu-ahalei eragiten badiete.

Beren antolamendu-ahalei eragiten dieten Herri Administrazioen erabakien ondorioek funtzionario publikoei dagokienez aurreko paragrafoan adierazitako lan-baldintzetan eragina dutenean, orduan egoki izango da aipatutako baldintza horiek Estatutu honetan adierazitako erakunde sindikalekin negoziatzea.

b) Zerbitzu publikoen erabiltzaileek eta herritarrek dituzten eskubideen erregulazioa bai eta administrazioko egintzak eta xedapenak eratzeko prozedura ere.

c) Zuzendaritzako langileen lan-baldintzak zehazteko erabakiak.

d) Hierarkia-harremanari dagozkion zuzendaritza- eta kontrol-ahalmenak.

e) Enplegu publikora iristeko eta lanbide-sustapena egiteko sistemak, irizpideak, organoak eta prozedurak finkatzeko erregulazioa eta mugapen zehatza, kasuan-kasuan.

38. artikulua. Itunak eta akordioak.

Dagokion negoziazio-mahaiaren barruan, Herri Administrazioen ordezkariek itunak eta akordioak lotu ahal izango dituzte mahaian parte hartzeko zilegitasuna duten erakunde sindikalen ordezkariekin, aipatutako Administrazio horietako funtzionarioen laneko baldintzak zehazteko.

Ituna lotzeko orduan, sinatzaile den administrazio-organoaren eskumen-eremuari eta eremu horri bakarrik dagozkion gaiak tratatu ahal izango dira, eta, betiere, dagokion eremu horretako langileei aplikatuko zaie zuzenean.

Herri Administrazioetako gobernu-organoen eskumenekoak diren gaiak tratatuko dira akordioetan.

Akordioa baliozkoa eta eraginkorra izan dadin, beharrezkoa da organo horiek berariaz onespen formala ematea.

Behin akordioak berretsi eta gero, hor erabakitako gaiak, gobernu-organoek behin betiko erabakitzeko modukoak direnean, beren aplikazio-eremuan dauden langileei aplikatu behar zaizkie zuzenean, nahiz eta gero, ondorio formaletarako, dagokion erregelamenduzko araudia aldatzea edo, hala badagokio, indarrik gabe uztea ekar lezakeen horrek.

Berretsitako akordioetan legearen erreserbarako gordeta dauden gaiak tratatzen badira, eta, horrenbestez, Gorte Nagusiek edo autonomia-erkidegoetako legebiltzarrek bakarrik badute gai horiek behin betiko xedatzeko gaitasuna, orduan, edukiak ez du zuzeneko eraginkortasunik izango.

Nolanahi den ere, egoera horretan egonez gero, tokian-tokian legegintzako ekimena duen gobernu-organoak egin, onetsi eta igorri beharko du dagokion lege-proiektua Gorte Nagusietara edo autonomia-erkidegoetako legebiltzarretara, betiere, akordioan bertan xedatutakoaren arabera eta aurretiaz erabakitako epean.

Akordioak berrespenik ez duenean, edo, hala badagokio, akordioan erabakitakoa dagokion lege-proiektuan sartzeari berariaz ezezkoa ematen zaionean, tratatutako gaiak berriz negoziatzen hasi beharko dute hilabeteko epean, gutxienez negoziazio-mahaiko alderdietako bateko gehiengoak halaxe eskatzen badu.

Itunetan eta akordioetan ondo zehaztuta utzi behar dira bai itunpean dauden alderdiak, bai hitzarmenaren eremuan sartzen diren pertsonak, egitekoak, lurraldea eta denbora, baita hitzarmenen amaiera iragartzeko modua, aurreabisu-epea eta baldintzak ere.

Itunak eta akordioak nola doazen begiratzeko Batzorde Paritarioak eratuko dira, Mahaiko alderdiek zehaztutako osaera eta eginkizunak errespetatuta.

Egindako itunak eta akordioak, behin berretsitakoan, eskumena duten Administrazioetako bakoitzak ezartzen duen Bulego Publikora igorri beharko dira, eta dagokion agintariak lurralde-eremuaren arabera dagokion Aldizkari Ofizialean argitara ditzatela aginduko du.

Baldin eta akordiorik lortzen ez bada negoziazioan edo artikulu honetako 3. paragrafoaren azken lerrokadan jasotako bigarren negoziazioan, eta, hala dagokionean, behin gatazkak auzibidetik kanpo ebazteko prozedurak amaituta daudela, Herri Administrazioetako gobernu-organoen esku egongo da funtzionarioen laneko baldintzak ezartzeko zeregina betetzea, betiere, artikulu honetako 11., 12. eta 13. paragrafoetan jasotako salbuespenak salbuespen izanik.

Itunetan eta akordioetan, 37. artikuluan ezarritakoaren arabera, funtzionario eta lan-kontratuko langile guztientzat erkide diren laneko gai eta baldintza orokorrak jasotzen badira, artikulu honetan ezarritakoa aintzat hartu eta aplikatuko da funtzionarioentzat, eta, Langileen Estatutuaren 83. artikuluan ezarritakoa, lan-kontratuko langileentzat.

Itunetan eta akordioetan, negoziazio kolektiboko egitura ezartzeaz gainera, hainbat eremutan batera egindako negoziazioetan sor daitezkeen gatazkak ebazteko arauak finkatu, eta negoziazio-unitateen artean errespetatu beharreko lehentasun- eta osagarritasun-irizpideak ezarri ahal izango dira, betiere, bakoitzaren eremuari dagokionez eta Herri Administrazioetako bakoitzak dituen eskumenak aintzat hartuta.

Itunak eta akordioak beteko direla bermatzen da. Salbuespen bakarra izango da, egoera ekonomikoa funtsean eta nabarmen aldatuta, herri-interesetan eragina duen arazo larriren bat sortu dela-eta, Herri Administrazioetako gobernu-organoek dagoeneko sinatuta dauden itunak eta akordioak betetzeko eginbeharra etenda utzi edo aldatu behar izatea, betiere, herri-interesa babesteko beharrezko den hein horretan zehatz-mehatz.

Horrelakoetan, Herri Administrazioek sindikatuei jakinarazi beharko diete etendura edo aldaketa horren arrazoien berri.

Itunak eta akordioak, alderdietako batek berariaz amaiera iragartzen ez badu, urtetik urtera luzatuko dira, aurkakorik adostu ezean, behintzat.

Itun eta akordioen iraupena amaitutakoan, itunetan eta akordioetan ezarritakoaren araberakoa izango da bertan jasotakoaren indarraldia.

Itunek eta akordioek, aurreko beste batzuen ondorengo direnean, erabat indarrik gabe uzten dituzte aurretik izandako horiek, berariaz alderen bat edo beste mantentzea erabakitzen ez bada.

39. artikulua. Ordezkaritza-organoak.

Langileen ordezkariak eta langileen batzordeak dira funtzionarioak ordezkatzeko berariaz eratuko diren organoak.

Hauteskunde-unitatean funtzionarioen kopurua 6koa edo hortik gorakoa bada eta 50etik beherakoa bada, langileen ordezkariei dagokie ordezkaritza burutzea.

Funtzionario-kopurua 30era bitartekoa bada, ordezkari bakarra izango da; 31etik 49ra bitartekoa bada, hiru; denek batera eta era mankomunatuan jardungo dute.

Langileen batzordea eratuko da, baldin eta hauteskunde-unitateko erroldan, gutxienez, 50 funtzionario badaude.

Hauteskunde-unitateak nola ezarri behar diren Estatuak eta autonomia-erkidegoetako bakoitzak arautu behar du, bakoitzak bere legegintzako eskumenen barruan.

Askatasun Sindikalari buruzko abuztuaren 2ko 11/1985 Lege Organikoaren 6. eta 7. artikuluen arabera zilegitasuna duten erakunde sindikalekin aurretik akordioa adostutakoan, Herri Administrazioetako gobernu-organoek hauteskunde-unitateak aldatu edo ezarri ahal izango dituzte, kolektiboen kopurua eta ezaugarriak aintzat hartuta, betiere, unitateen antolamendua administrazio-egiturei edo eratu diren edo eratzekoak diren negoziazio-eremuei egokituta.

Langileen batzorde bakoitzak ordezkari-kopuru jakina izango du, dagokion hauteskunde-unitateko funtzionario-kopuruaren arabera, eta, Langileen Estatutuan ezarritakoarekin bat etorrita, honako eskala hau hartuko du aintzakotzat:

50 / 100 bitarteko funtzionario-kopurua:

101 / 250 bitarteko funtzionario-kopurua:

251 / 500 bitarteko funtzionario-kopurua:

501 / 750 bitarteko funtzionario-kopurua:

751 / 1.000 bitarteko funtzionario-kopurua:

Funtzionario-kopurua 1.001etik gorakoa bada, 1.000ko edo frakzioko bina gehiago, eta, gehienez jota, 75.

Langileen batzorde bakoitzak Batzordeburua eta Idazkaria aukeratuko ditu, eta, Estatutu honetan nahiz bere garapen-legeetan ezarritakoaren aurka jo gabe, bere prozedura-erregelamendua osatuko du; erregelamendu horren kopia eta horri buruz egindako aldaketena bidali behar dizkio Administrazioetako bakoitzak langileen arloan ezarrita duen organo eskudunari.

Erregelamendua eta erregelamenduari buruzko aldaketak indarrean sartzeko, aurretik onetsi egin behar da, gutxienez, kideen bi herenek aldeko botoa emanda.

40. artikulua. Langileen ordezkaritza-organoen eginkizunak eta zilegitasuna.

Langileen batzordeek eta langileen ordezkariek, hala dagokienean, honako eginkizun hauek izango dituzte, bakoitzak bere eremuan:

a) Informazioa jaso behar dute langileen gaineko politikari buruz, eta datuak bereganatu ordainsarien eboluzioaz, dagokion eremuko enpleguak izan dezakeen eboluzioaz eta errendimendua hobetzeko programez.

b) Txostena egin behar dute, dagokion herri Administrazioak hala eskatzen dienean, instalazioak osorik edo zati batean beste norabait eramaterakoan, edo antolamendu-sistemak eta lan-moduak ezarri nahiz berrikusterakoan.

c) Falta oso astunak egiteagatik ezarritako zehapen guztien berri izan behar dute.

d) Jakinaren gainean egon behar dute eta beren iritzia eman, lanaldia nahiz lan-ordutegia finkatzerakoan, baita baimen eta oporretarako araubidea zehazterakoan ere.

e) Indarrean diren arauak betetzen direla begiratu behar dute lan-baldintzak, lan-arriskuen prebentzioa, Gizarte Segurantza eta enplegua direla-eta, eta, hala dagokionean, lege aldetik egoki diren akzioak baliatu behar dituzte organismo eskudunetan.

f) Dagokion Administrazioarekin lankidetzan jardun behar dute, produktibitateari eusteko edo produktibitatea handitzeko hartu beharreko neurri guztiak hartzeko.

Langileen batzordeek, kide anitzeko organo modura, kideen gehiengoz hartutako erabaki bidez, eta, hala dagokienean, langileen ordezkariek, era mankomunatuan, zilegitasuna izango dute, interesdun gisa, hasi beharreko administrazio-prozedurak hasteko eta beren eginkizunen eremuari dagokionez administrazio-bidean nahiz jurisdikzio-bidean akzioak baliatzeko.

41. artikulua. Langileen ordezkari-eginkizunak betetzeko bermeak.

Langileen batzordeetako kideek eta langileen ordezkariek, hala dagokienean, funtzionarioen legezko ordezkariak diren aldetik, ordezkari-eginkizunak betetzen ari direla, honako berme eta eskubide hauek izango dituzte:

a) Hauteskunde-unitateko egoitzetan sartzeko eta zirkulazio askean ibiltzeko eskubidea izango dute, betiere, administrazio-unitateen ohiko jarduna eragotzi gabe eta ohiko lanaldi barruan; dena den, salbuespen izango dira indarrean dagoen legerian ezarritakoaren arabera erreserbatuta geratzen diren zonak.

b) Laneko eta sindikatuetako gaiei buruz zabaldu nahi diren argitalpenak askatasunez banatzeko eskubidea dute.

c) Entzunaldia izateko eskubidea dute, diziplina-espedienteetan sartzen badira, bai bere agintaldiak dirauen denboran, bai eta agintaldia bukatu eta hurrengo urtean ere, zehatzeko prozeduran interesdunari eskaintzen zaion entzunaldiari kalterik egin gabe.

d) Hileko ordu-kreditu jakin bat izango dute, lanaldiaren barruan eta benetako lan gisa ordainduta, honako eskala honen arabera:

100 funtzionario arte:

101 / 250 bitarteko funtzionario-kopurua:

251 / 500 bitarteko funtzionario-kopurua:

501 / 750 bitarteko funtzionario-kopurua:

751 funtzionariotik gora:

Hautagai-zerrenda bereko langileen batzordeetako kideek eta langileen ordezkariek, hala adierazten dutenean, ordu-kredituak metatu ahal izango dituzte, betiere, ordezkaritza-zeregin horri dagokion Langileen Buruzagitzan diharduen organoari aurretiaz jakinarazpena eginda.

e) Ordezkaritza-lanari lotutako arrazoiak direla-eta, ezin dituzte ordezkariak lekuz aldatu edo ezin diete zehapenik ezarri ez beren agintaldiak dirauen denboran ezta agintaldia bukatu eta hurrengo urtean ere, amaiera hori ezeztapenak edo dimisioak eragindakoa ez bada.

Ordezkaritza-lanari lotutako arrazoiak direla-eta, langileen batzordeetako kideak eta langileen ordezkariak ezin dituzte diskriminatu, ez prestakuntzan, ezta lanbidean nahiz ordainsarietan sustatzeko orduan ere.

Langileen batzordekideetako bakoitzak eta langileen batzordeak berak kide anitzeko organo den aldetik, baita langileen ordezkariek ere, hala dagokionean, lanbideko isiltasunez jokatu behar dute, baita beren agintaldia bukatu ondoren ere, Administrazioak berariaz gai batzuek izaera erreserbatua dutela adierazten duenenean.

Nolanahi den ere, Administrazioak emandako agiri erreserbatuetarik bat ere ezin izango da erabili Administrazioaren eremu zehatz horretatik kanpo, agiria emateko hasierako xedea ez den beste ezertarako.

42. artikulua. Ordezkaritzaren iraupena.

Langileen batzordeetako kideek eta langileen ordezkariek, hala dagokionean, izango duten agintaldiaren iraupena lau urtekoa izango da; hurrengo agintaldietarako ere aurkez daitezke.

Agintaldia luzatutzat joko da, baldin eta, agintaldia bukatzen denerako, hauteskunde berririk antolatu ez bada; dena dela, agintaldia luzatuta duten ordezkarien kopurua ezin izango da erabili egoera horretan sindikatuen ordezkaritzaren indarra neurtzeko.

43. artikulua. Langileen batzordeak eta ordezkariak aukeratzeko hauteskundeak abiaraztea.

Askatasun Sindikalari buruzko abuztuaren 2ko 11/1985 Lege Organikoaren 6. eta 7. artikuluen arabera eta Estatutu honetan ezarritakoarekin bat, hauek izan daitezke langileen batzordeak eta ordezkariak aukeratzeko hauteskundeen abiarazle:

a) Estatuan ordezkaritzarik handiena duten sindikatuak.

b) Autonomia-erkidegoan ordezkaritzarik handiena duten sindikatuak, hauteskunde-unitatea erkidegoaren eremu geografikoan dagoenean.

c) Ordezkaritzarik handiena izan gabe, Estatutu honetan aipatutako ordezkarietatik, gutxienez, 100eko 10 lortu duten sindikatuak, betiere, Herri Administrazio guztiak aintzat hartuta.

d) Hauteskundeak abiarazi behar direneko hauteskunde-unitatean, gutxienez, ordezkarien 100eko 10eko portzentajea lortu duten sindikatuak.

e) Hauteskunde-unitateko funtzionarioak, gehiengoz hartutako erabaki bidez.

Hauteskundeak abiarazteko zilegitasuna dutenek, zeregin hori betetzeko, dagokion Herri Administrazioak hauteskunde-unitateetako langileen errolda eman diezaien eskubidea izango dute, organismoen edo lantokien arabera sailkatuta.

44. artikulua. Hauteskunde-prozedura.

Langileen batzordeak aukeratzeko eta langileen ordezkariak hautatzeko prozedura erregelamendu bidez ezarriko da, betiere, honako irizpide orokor hauek aintzakotzat hartuta:

- Hauteskundea botoa bakarka, aske, zuzenean eta isilpean emanda egingo da, eta botoa postaz edo beste bide telematiko batzuk erabilita bidali ahal izango da.

- Zerbitzu aktiboko egoeran dauden funtzionarioak izango dira hautesle eta hautagai.

Izendapena Errege Dekretu bidez edo autonomia-erkidegoetako nahiz Ceuta eta Melilla hirietako Gobernu Kontseiluen Dekretu bidez egin denean, postu horiek betetzen ari diren funtzionarioak ez dira hautesletzat eta hautagaitzat joko.

- Legez eratutako erakunde sindikalek edo sindikatu-koalizioek aurkeztu ahal izango dituzte hautagai-zerrendak, eta hauteskunde-unitate bereko hautesle-taldeek ere bai, baldin eta taldekideen kopurua aukeratu behar den ordezkari-kopuruaren hirukoitza bada gutxienez.

- Langileen batzordeak aukeratzeko, zerrenda itxiak erabiliko dira zuzendutako sistema proportzionalaren bitartez, eta langileen ordezkariak hautatzeko, zerrenda irekiak eta gehiengo-sistema.

- Hauteskunde-organoak dira, batetik, hauteskunde-prozedura zuzentzeko eta garatzeko eratzen diren hauteskunde-mahaiak, eta, bestetik, emaitzak zenbatzeko eta egiaztatzeko dauden bulego publiko iraunkorrak, laneko arautegian erregulatutakoak.

- Inpugnazioak arbitraje-prozedura baten arabera bideratuko dira, hauteskunde-akten inskripzioa ukatzeko erabakien aurkako erreklamazioak izan ezik, horiek zuzenean aurkeztu ahal izango dira-eta lan-arloko jurisdikzioan.

45. artikulua.

Gatazka kolektiboak auzibidetik kanpo ebaztea.

Itunak eta akordioak aplikatzerakoan eta interpretatzerakoan sortzen diren gatazkak aztertzeko eta ebazteko orduan, 38.5 artikuluan jasotako Batzorde Paritarioei alderdiek eman dizkieten eskurantzak alde batera utzita, kapitulu honetan adierazitako Herri Administrazioek eta Erakunde Sindikalek gatazka kolektiboak auzibidetik kanpo ebazteko sistemak eratu, egituratu eta garatu ahal izango dituzte.

Aurreko paragrafoan aipatutako gatazkak, legearen erreserbarako gordeta dauden gaiak salbuespen direla, 37. artikuluan jasotako gaiei buruz egindako itunak eta akordioak negoziatu, aplikatu eta interpretatzerakoan sortutakoak izan litezke.

Sistema horien barruan bitartekotza- eta arbitraje-prozedurak ere erabili ahal izango dira.

Bitartekotza-prozedura erabiltzea beharrezkoa izango da alderdietako batek hala eskatuz gero, eta bitartekoak eskaintzen dizkien konponbide-proposamenak askatasunez onartu edo baztertu ahal izango dituzte alderdiek.

Arbitraje-prozedura erabiliz gero, alderdiek beren borondatez erabaki ahal izango dute sortutako gatazkari buruzko ebazpena hirugarren bati agintzea, hark ebatzitakoa onetsiko dutela aldez aurretik hitz emanda.

Bitartekotza-prozeduraren bidez edo arbitraje-ebazpen bitartez lotutako akordioek Estatutu honetan araututako itunek eta akordioek duten eraginkortasun juridiko bera eta tramitazio bera izango dute, baldin eta, betiere, akordioa lotu dutenek edo arbitraje-konpromisoa hartu dutenek Estatutu honen arabera ituna eta akordioa sinatzeko besteko zilegitasuna badute gatazka-eremu horretan.

Akordio horiek inpugnatu egin ahal izango dira.

Arbitraje-ebazpenaren aurkako errekurtsoa jarri ahal izango da, bereziki, arbitraje-jardunean ikusi bada bete beharreko betekizunak eta formalitateak ez direla bete, edo ebazpena bere erabaki-eremukoak ez diren gaiei buruzkoa bada, edo burututako jardun hori indarrean dagoen legeriaren aurkakoa izan bada.

Azaldutako sistema horiek erregelamendu bidez ezarriko diren prozeduren arabera erabili beharko dira, betiere, ordezkaritza duten erakunde sindikalekin aurretiaz akordioa adostuta dagoela.

46. artikulua. Biltzeko eskubidea.

Erakunde sindikalez gainera, bai zuzenean, bai sindikatu-ordezkarien bitartez, bilerarako deia egiteko zilegitasuna dutenak honako hauek dira:

a) Langileen ordezkariak.

b) Langileen batzordeak.

c) Enpresa-batzordeak.

d) Administrazioetako enplegatu publikoak, deituta dagoen kolektiboaren 100eko 40 edo hortik gorako kopurua osatzen badute.

Bilerak egiterakoan, lantokian egin nahi izatekotan, lan-orduetatik kanpo egiteko baimena emango da, langileen arloan eskumena duen organoak eta bilerarako dei egiteko zilegitasuna dutenek akordioan bestelakorik adostu ezean, behintzat.

Bilera egiteak ez du inola ere eragotziko zerbitzua emateko ohiko martxa, eta deialdi-egileak izango dira erantzule bileran dena ondo ote doan.

V. KAPITULUA

Lanaldia, baimenak eta oporrak izateko eskubidea

47. artikulua. Funtzionario publikoen lanaldia.

Herri Administrazioek beren funtzionario publikoen lanaldi orokorra eta lanaldi bereziak ezarriko dituzte.

Lanaldia denbora osoz edo denbora-zatiz bete daiteke.

48. artikulua. Funtzionario publikoen baimenak.

Herri Administrazioek funtzionario publikoei baimenak zein egoeratan eman behar zaizkien ezarri behar dute eta baimen horien inguruko betekizunak, ondorioak eta iraupenak zehaztu.

Aplikatzeko moduko legeriarik egon ezean, honako hauexek izango dira, gutxienez, baimenak eta iraupenak:

a) Familiarteko batek, odol- nahiz ezkontza-ahaidetasunezko lehen mailakoa izanda, heriotza edo istripu nahiz gaixotasun larria duenean, hiru egun balioduneko baimena emango zaio funtzionarioari gertakaria udalerri berean bada, eta bost egun baliodunekoa, beste udalerri batean bada.

Familiarteko batek, odol- nahiz ezkontza-ahaidetasunezko bigarren mailakoa izanda, heriotza edo istripu nahiz gaixotasun larria duenean, bi egun balioduneko baimena emango zaio funtzionarioari gertakaria udalerri berean bada, eta lau egun baliodunekoa, beste udalerri batean bada.

b) Bizileku-aldaketarik egin gabe, etxebizitza batetik bestera aldatu behar izanez gero, egun bateko baimena.

c) Sindikatuko eginkizunak edo langileen ordezkaritza-zereginak bete behar izanez gero, aurretiaz ezarritakoari begiratuko zaio.

d) Azken azterketak edo behin betiko gaitasun-probak egin behar direnean, azterketa egin behar den egunerako baimena emango da.

e) Haurdun dauden funtzionarioei erditu aurreko mediku-azterketak egiteko eta erditzeko prestakuntza-teknikak ikasteko baimenak.

f) Funtzionarioak, hamabi hiletik beherako seme-alabei bularra emateko, lanetik ordubetez ateratzeko eskubidea izango du, nahi izanez gero, bi zatitan banatuta.

Eskubide hori beste era batera ere balia daiteke, ohiko lanaldia ordu erdiz murriztuta lanaldi-hasieran eta -bukaeran, edo ordubete kenduta lanaldi-hasieran nahiz –bukaeran, betiere, helburu bera betetzeko.

Bi gurasoek lan egiten dutenean, eskubide hori gurasoetako batek nahiz besteak baliatu ahal izango du, nahierara.

Era berean, funtzionarioak eska dezake, bularra emateko denboraren ordez, ordaindutako baimena eman diezaioten, dagokion denbora guztia dena batera lanaldietan batuta.

Baimen hori modu proportzionalean handituko da erditze multiplea denean.

g) Denbora gabeko erditzea gertatzen denean, edo, beste edozein arrazoi dela-eta, jaioberriak gero ere ospitalean jarraitu behar duenean, funtzionarioak eskubidea izango du, ordainsariak osorik jasota, egunean gehienez ere bi orduz lanetik ateratzeko.

Era berean, bere lanaldia murrizteko eskubidea ere izango du, gehienez ere, bi orduz, ordainsariak ere modu proportzionalean murriztuta.

h) Funtzionarioak, legezko zaintza dela-eta, zuzenean bere ardurapean badu hamabi urtetik beherako adingaberen bat, edo zaintza berezi behar duen adinekoren bat, edo desgaitasuna duen pertsonaren bat, ordaindutako lanik egiten ez duena, orduan, bere lanaldia murrizteko eskubidea izango du, betiere, ordainsarietan egin beharreko murrizketa eginda.

Funtzionarioak eskubide bera izango du familiartekoren bat, odol- nahiz ezkontza-ahaidetasunezko bigarren maila artekoa, zuzenean bere ardurapean hartu behar badu, ordaindutako lanik egiten ez duela, adina, istripua edo gaixotasuna dela-eta, bere kabuz moldatzeko gai ez delako.

i) Funtzionarioak, ahaidetasunez lehen mailakoa den familiartekoren bat zaindu behar duenean, oso gaixotasun larria duelako, lanaldia gehienez ehuneko berrogeita hamarrean murrizteko eskaera egiteko eskubidea izango du, ordainsaria jasota, hilabeteko epe batez gehienez ere.

Sorburu bera dela-eta, eskubide hori erabiltzeko titular bat baino gehiago egonez gero, titular guztien artean hainbanatu ahal izango dute murrizketa hori baliatzeko denbora, betiere, hilabeteko gehieneko epea errespetatuta.

j) Behar adina denbora eman behar da, izaera publikoko eta pertsonaleko nahitaezko betebeharren bat egin behar denean, edo lan-arloko eta familiako bizimoduak elkarri egokitzeko betebeharrak direnean.

k) Norberaren gauzak egiteko, sei egun.

Funtzionarioek, Herri Administrazio bakoitzak ezarrita dituen norberaren aukerako egunez gainera, beste bi egun gehigarri baliatzeko eskubidea izango dute seigarren hirurtekoa betetakoan; egun bat gehiago, zortzigarrenetik aurrera betetzen den hirurteko bakoitzeko.

49. artikulua. Norberaren bizimodua, familiakoa eta lan-arlokoa elkarri egokitzeko baimenak eta genero-indarkeria dela-eta emandakoak.

Nolanahi den ere, honako baimen hauek emango dira, betiere, gutxieneko baldintza hauek errespetatuta:

a) Baimena, erditzea dela-eta:

etenik gabe hartutako hamasei asteko iraupena izango du baimenak.

Baimen honek bi asteko luzapena izango du, haurrak desgaitasunen bat badauka, edo, lehenengoaz gain izandako haur bakoitzeko, erditzea multiplea bada.

Baimen-denbora funtzionarioak berak erabakiko du nola banatu, baina, sei aste nahitaez hartu behar ditu erditu eta jarraian.

Ama hilez gero, beste gurasoak erabili ahal izango du baimen osoa, edo, hala badagokio, erabiltzeke geratutako baimenaren zatia.

Arestian adierazitakoa horrela den arren, eta amak erditu ondoren atsedenerako nahitaez hartu behar dituen sei aste horiei kalterik egin gabe, bi gurasoek lan egiten dutenean, amak, amatasun-atsedenaldia hasitakoan, aukeran izango du erditu ondorengo atseden-denboraren zati jakin bat, etenik gabe, beste gurasoari ematea; guraso horrek atseden-denbora amarekin batera hartu ahal izango du, edo amaren ondoren.

Hasieran utzi zaion amatasun-baimena baliatzen jarraitu ahal izango du beste gurasoak, nahiz eta ama, berriz lanean hasteko aurreikusita dagoen unean, aldi baterako ezgaitasun-egoeran egon.

Atsedena bi gurasoek aldi berean hartuz gero, bi atsedenaldiak batuta, ezin izango da hamasei asteko baimena baino luzeagoa izan, edo dagokion baimena baino luzeagoa, haurrak desgaitasunen bat badu edo erditzea multiplea bada.

Baimen hori lanaldi osoz nahiz lanaldi partzialez baliatu ahal izango da, zerbitzuko beharrizanak horretarako aukera ematen duenean, eta, betiere, erregelamenduz ezarritakoaren arabera.

Denbora gabeko erditzea gertatzen denean, eta, beste edozein arrazoi dela-eta, jaioberriak ohiko denboran baino gehiagoan ospitalean jarraitu behar duenean, baimena luzatu egingo da, jaioberriak ospitalean eman behar duen beste denboran; gehienez jota, hamahiru aste gehigarri izango dira.

Funtzionarioak, baimen hori baliatzen ari den bitartean, Administrazioak antolatutako prestakuntza-ikastaroetan hartu ahal izango du parte.

b) Baimena, adopzioa edo harrera dela-eta (adopzio aurrekoa nahiz iraunkorra edo soila izan):

etenik gabe hartutako hamasei asteko iraupena izango du baimenak.

Baimen honek bi asteko luzapena izango du, adopziorako edo familia-harrerarako hartutako adingabeak desgaitasunen bat badauka, edo, lehenengoaz gain hartutako seme-alaba bakoitzeko, adopzioa edo harrera multiplea bada.

Funtzionarioak erabakiko du baimen-denbora hori noiztik hasita kontatu behar den; edo administrazio- nahiz jurisdikzio-bidean harrera-erabakia hartzen denetik hasita, edo adopzioa eratzeko ebazpen judiziala ematen denetik hasita; dena dela, adingabe bera dela-eta, baimen hau behin baino gehiagotan erabiltzeko eskubiderik ez da izango inola ere.

Gurasoek eurek erabakiko dute, biek lan egiten dutenean, baimen-denbora hori nola banatuko duten; edo denbora biek aldi berean erabilita, edo elkarren jarraian, betiere, etenik gabeko denbora-tarteak hartuta.

Atseden-denbora, bi gurasoek aldi berean hartuz gero, bi atsedenaldiak batuta ezin izango da hamasei asteko baimena baino luzeagoa izan, edo dagokion baimena baino luzeagoa, adopzioa edo harrera multiplea bada eta adoptatutako edo hartutako adingabeak desgaitasunen bat badu.

Baimen hori lanaldi osoz nahiz lanaldi partzialez baliatu ahal izango da, zerbitzuko beharrizanak horretarako aukera ematen duenean, eta, betiere, erregelamenduz ezarritakoaren arabera.

Gurasoek, adopzioa edo familia-harrera nazioartekoa izanik, adoptatu nahi duten haurraren jatorrizko herrialdera joan behar badute, aurrekoaz gainera, bi hilabete arteko iraupena izango duen baimena baliatzeko eskubidea ere izango dute. Denbora-tarte horretan, baina, oinarrizko ordainsariak jasoko dituzte, ez besterik.

Aurreko paragrafoko bi hilabete arteko baimen hori alde batera utzita, eta paragrafo berean jasotako egoera aintzakotzat hartuta, adopzioa edo harrera dela-eta (adopzio aurrekoa nahiz iraunkorra edo soila izan) emango den baimena lau aste lehenago ere has daiteke, adopzioa eratzeko ebazpen judiziala eman aurretik edo administrazio- nahiz jurisdikzio-bidean harrera-erabakia hartu aurretik.

Funtzionarioak, baimen hori baliatzen ari den bitartean, Administrazioak antolatutako prestakuntza-ikastaroetan hartu ahal izango du parte.

Artikulu honetan jasotako adopzioa zer den edo harrera zer den (bai adopzio aurreko harrera bai iraunkorra edo soila) Kode Zibilean edo arlo hori arautzeko autonomia-erkidegoetako lege zibiletan ezarritakoaren arabera zehaztuko da; dena dela, harrera soilak izan behar duen iraupena ezin da urtebetetik beherakoa izan.

c) Aitatasun-baimena, seme-alaben jaiotza, harrera edo adopzioa dela-eta:

hamabost eguneko iraupena izango du, eta aitak edo beste gurasoak baliatuko du baimen hori, haurra jaiotzen denetik hasita, administrazio- nahiz jurisdikzio-bidean harrera-erabakia hartzen denetik edo adopzioa eratzeko ebazpen judiziala ematen denetik hasita.

Baimen hori apartekoa da, beste gurasoarekin batera aldi berean balia daitezkeen a) eta b) idatz-zatietako baimenez bestelakoa.

Baimen horietan igarotako denbora guztia, a), b), eta c) idatz-zatietan jasotako egoerei dagokienez, benetako zerbitzu modura kontatuko da ondorio guztietarako, eta funtzionarioaren eskubide ekonomiko guztiak erabat bermatuko dira, baita, hala dagokionean, beste guraso funtzionarioarenak ere, baimenak irauten duen denbora guztian, eta, hala badagokio, baimena baliatu ondorengo denbora-tarteetan ere bai, baldin eta, aplikatu beharreko arautegiaren arabera, ordainsari-kontzepturen bat jasotzeko eskubidea baimena baliatzeko denboraren arabera zehazten bada.

Seme-alaben jaiotza edo amatasuna, aitatasuna, adopzioa edo harrera dela-eta baimena baliatu duten funtzionarioek, baimen-denbora bukatutakoan, eskubidea izango dute, berriz beren lanpostuetan hasteko, lan-egoerak eta baldintzak baimena baliatzen ari zirenean baino okerragoak izan gabe, eta, gainera, lan-baldintzetan izandako edozein hobekuntza beren onerako hartzeko, kanpoan izan diren bitartean horretarako eskubidea bazuten behintzat.

d) Baimena, emakume funtzionarioaren aurkako genero-indarkeria dela-eta:

genero-indarkeriaren biktima diren funtzionario emakumeek, lanaldi osoan nahiz zati batean, lanean huts egiten dutenean, huts horiek justifikatutakotzat joko dira arretarako gizarte zerbitzuetan edo osasun-zerbitzuetan erabakitzen duten denboraz eta baldintzez.

Horrez gainera, emakumearen aurkako indarkeriaren biktima diren funtzionario emakumeek, dagokien babesa edo gizarte-laguntza integrala benetan jaso dezaten, lanaldia murrizteko eskubidea izango dute, ordainsaria ere modu proportzionalean murriztuta, edo lan-denbora berrantolatzeko eskubidea, bai ordutegia moldatuta, bai ordutegi malgua ezarrita, bai aplikatzekoak diren beste denbora-antolamendu batzuk erabilita, betiere, kasuan-kasuan eskumena duen Herri Administrazioak egoera horietarako ezarritako moduan.

50. artikulua. Funtzionario publikoen oporrak.

Funtzionario publikoek eskubidea izango dute urte natural bakoitzean, gutxienez, ordaindutako hogeita bi egun balioduneko oporraldia izateko, edo, zerbitzuan emandako denbora urtebetera iristen ez bada, proportzioan dagozkien egunetako oporraldia izateko.

Artikulu honetan ezarritakoak dakartzan ondorioetarako, larunbata ez da egun balioduntzat joko, ordutegi berezietarako ezarritako egokitzapenei kalterik egin gabe.

51. artikulua. Lan-kontratuko langileen lanaldia, baimenak eta oporrak.

Lan-kontratuko langileen lanaldia, baimenak eta oporrak arautzeko araubideari dagokionez, kapitulu honetan eta dagokion lan-legerian ezarritakoa hartuko da aintzakotzat.

VI. KAPITULUA

Enplegatu publikoen eginbeharrak.

Jokabide-kodea

52. artikulua. Enplegatu publikoen eginbeharrak.

Jokabide-kodea.

Enplegatu publikoek arretaz bete beharko dituzte eman zaizkien zereginak eta interes orokorrak zaindu, betiere, Konstituzioari eta gainerako antolamendu juridikoari begiratuta eta haiei lotuta; printzipio hauek oinarri hartuta jardun beharko dute beti:

objektibotasuna, osotasuna, neutraltasuna, erantzukizuna, inpartzialtasuna, isilpekotasuna, zerbitzu publikorako dedikazioa, gardentasuna, eredugarritasuna, austeritatea, irisgarritasuna, eraginkortasuna, zintzotasuna, kultura-ingurunearen eta ingurumenaren sustapena, eta emakume eta gizonen arteko berdintasunarekiko errespetua; horiexek dira enplegatu publikoen jokabide-kodearen abiaburu, ondorengo artikuluetan erregulatuko diren printzipio etikoak eta jokabide-printzipioak oinarri izanik.

Kapitulu honetan ezarrita dauden printzipioak eta arauak izango dira oinarri enplegatu publikoen diziplina-araubidea interpretatu eta aplikatzeko orduan.

53. artikulua. Printzipio etikoak.

Enplegatu publikoek Konstituzioa eta antolamendu juridikoa osatzen duten gainerako arauak errespetatuko dituzte.

Enplegatu publikoen jardunak herritarren interes orokorrak betetzea izango du xede eta inpartzialtasuna eta guztiontzako interesa lortzera doazen jarraibide objektiboak izango ditu oinarri, printzipio horren aurkakoak izan daitezkeen jokabide guztiak erabat alde batera utzita, pertsonalak, familiartekoak, korporaziokoak nahiz bezeroei dagozkienak izan.

Beren jarduna leialtasunaren eta fede onaren printzipioen araberakoa izango da, bai lanean diharduteneko Administrazioarekin, baita nagusi, lankide, menpeko eta herritarrekin ere.

Enplegatu publikoen jokabideak oinarrizko eskubideen eta askatasun publikoen errespetua izango du oinarri, eta saihestu egingo ditu era guztietako bereizkeriak, jaiotza, arraza edo etnia, generoa, sexua edo orientazio sexuala, erlijioa edo sinesmenak, iritzia, desgaitasuna, adina edo bestelako egoera edo inguruabar pertsonal nahiz sozialak direla-eta sor litezkeenak.

Interes pertsonala duten gaietan abstenitu egingo dira eta, lanpostu publikoaren interesekiko gatazka ekartzeko arriskua izan badezakete, jardun pribatu eta gainerako interes guztietan ere bai.

Enplegatu publikoek, lanpostu publikoaren betebeharrekiko interes-gatazka sortzeko arriskua dagoenean, ez dute betebehar ekonomikorik hartuko, eta ez dute pertsona nahiz erakundeekin parte hartuko finantza-eragiketetan, ondarezko betebeharretan edo negozio juridikoetan.

Enplegatu publikoek ez dute pertsona fisiko nahiz erakunde pribatuengandik mesede-traturik onartuko, ezta arrazoirik gabeko pribilegioa edo abantaila dakarren egoerarik ere.

Eraginkortasun-, ekonomia- eta eragimen-printzipioen arabera jardungo dute; eta interes orokorraren alde joka dadin eta erakundearen helburuak bete daitezen zainduko dute.

Enplegatu publikoek ezin dute, tartean bidezko arrazoirik izan gabe, administrazio-prozedurak edo tramiteak azkartzeko edo ebazteko eraginik izan; are gutxiago, horrek pribilegioa badakar kargu publikoetako titularren alde edo beren familiartekoen edo inguru sozialaren alde, edo kaltea badakar hirugarren batzuen interesen aurka.

Enplegatu publikoek arretaz beteko dituzte atazak, dagozkienak nahiz agindutakoak, eta, hala dagokienean, epe barruan ebatziko dituzte eskumenean dituzten prozedurak eta espedienteak.

Zerbitzu publikoaren aldeko dedikazio-printzipioari jarraituz beteko dituzte dagozkien eskurantzak, eta saihestu egingo dituzte, printzipio horren aurkako jokabideez gain, zerbitzu publikoen jardunean zaindu beharreko neutraltasuna kolokan jar dezaketen jokabide guztiak.

Sekretupean gordeko dituzte sailkatuta dauden gaiak edo legez zabalkundea debekatuta dutenak, eta behar besteko zuhurtasunez jokatuko dute beren kargua dela-eta dakizkiten gaiei buruz; eta eskuratu duten informazio hori ezin izango dute erabili ez beren mesederako, ez hirugarren batzuenerako, ezta interes publikoaren kalterako ere.

54. artikulua. Jokabide-printzipioak.

Arretaz eta begirunez tratatuko dituzte herritarrak, beren nagusiak eta gainerako enplegatu publikoak ere.

Enplegatu publikoek, lanpostuari dagozkion atazak betetzerakoan, zuhurtasunez eta arretatsu jokatuko dute, eta ezarritako lanaldia eta ordutegia beteko dute.

Nagusiek emandako jarraibide eta agindu profesionalei men egin behar diete, argi eta garbi antolamendu juridikoaren aurkakoak ez badira behintzat; horrelakoetan, ikuskaritza-organo egokiei jakinarazi behar diete berehala horren berri.

Eskubidez jakin beharreko gaiei eta arloei buruzko informazioa emango diete herritarrei, eta laguntza emango diete beren eskubideak baliatu eta betebeharrak bete ditzaten.

Enplegatu publikoek baliabide eta ondasun publikoak austeritatez administratuko dituzte, eta ez dituzte erabiliko norberaren edo hurbilekoen mesederako.

Baliabide eta ondasun horiek zaintzeko eginbeharra ere izango dute.

Ez da abantaila-egoera dakarren inolako oparirik, mesederik edo zerbitzurik onartuko, gizartean ohituraz eta kortesiaz ohi direnez aparte, betiere, Zigor Kodean ezarritakoari kalte egin gabe.

Dokumentuen ziurtasuna eta iraupena bermatuko dituzte, agiri horiek ondorengo arduradunei eman eta eskualdatu ahal izateko.

Eguneratuta izango dute beren prestakuntza eta kualifikazioa.

Laneko osasunari eta segurtasunari buruzko arauak beteko dituzte.

Beren nagusien edo organo eskudunen jakinaren gainean jarriko dituzte, zerbitzuan diharduteneko unitatearen eginkizunak hobeto betetzeko, beren ustez egoki diren proposamenak.

Horretarako, enplegatu publikoek eta herritarrek egindako proposamenak jasotzeko lana zentralizatzeko eskumena emanda, egoki iritzitako instantzia sortzeko aurreikuspena egin ahal izango da, zerbitzuaren eraginkortasuna hobetzeko.

Herritarrari berak eskatutako hizkuntzan erantzungo zaiola bermatu behar dute, hizkuntza hori lurralde horretan ofiziala bada.

IV. TITULUA

Zerbitzu-harremana hartzea eta galtzea

I. KAPITULUA

Enplegu publikoa lortzea eta zerbitzu-harremana hartzea

55. artikulua. Printzipio gidariak.

Herritar guztiek dute enplegu publikora iristeko eskubidea, betiere, berdintasun-, merezimendu-, eta gaitasun-printzipio konstituzionalak errespetatuta, eta Estatutu honetan eta gainerako antolamendu juridikoan jasotakoaren arabera.

Estatutu honetako 2. artikuluan jasotako Herri Administrazioek, erakundeek eta organismoek funtzionarioak eta lan-kontratuko langileak hautatzeko erabiltzen dituzten prozeduretan, ongi bermatu behar dituzte bai arestian adierazitako printzipio konstituzionalak baita ondoren ezarritakoak ere:

a) Deialdiari eta oinarriei buruzko publizitatea.

b) Gardentasuna.

c) Hautaketa-organoetako kideen profesionaltasuna eta inpartzialtasuna.

d) Independentzia eta diskrezionalitate teknikoa hautaketa-organoen jardunean.

e) Hautaketa-prozesuetako edukiak bete beharreko eginkizunei eta atazei egokitutakoak izatea.

f) Hautaketa-prozesuetan bizkortasunez jokatzea, objektibotasunari kalterik egin gabe.

56. artikulua. Betekizun orokorrak.

Hautaketa-prozesuetan parte hartu ahal izateko beharrezko izango da baldintza hauek betetzea:

a) Espainiako nazionalitatea izatea, hurrengo artikuluan ezarritakoari kalterik egin gabe.

b) Behar den besteko gaitasun funtzionala izatea atazak betetzeko.

c) Hamasei urte beteta izatea eta, hala dagokionean, nahitaezko erretiroa hartzeko gehieneko adinetik gorakoa ez izatea.

Enplegu publikora iristeko orduan, lege bidez bakarrik ezarri ahal izango da gehieneko beste adin bat, nahitaezko erretiroa hartzeko adinaz bestelakoa.

d) Diziplinako espediente bidez zerbitzutik kenduta ez egotea, Herri Administrazioei edo konstituzio-organoei nahiz autonomia-erkidegoetako estatutu-organoei dagokienez, eta ebazpen judizialaren arabera erabateko desgaikuntzarik edo desgaikuntza berezirik ez izatea, ez enplegu edo kargu publikoak betetzeko, ez funtzionarioen kidegora edo eskalara iristeko, ezta, lan-kontratuko langileen kasuan, zerbitzutik kendu edo desgaitu duten lanpostuan langileak zituen eginkizunen antzekoak betetzeko.

Beste estatu bateko herritarra bada, desgaitua edo horren pareko egoera batean ez egotea, eta bere estatuan egoera berean egonda enplegu publikora iristeko eragozpen izango litzatekeen diziplinazko zehapenik edo horren parekorik ez izatea.

e) Eskatutako titulazioa izatea.

Herri Administrazioek, beren eskumenen eremuan, aintzat hartu beharko dute hautatutako enplegatu publikoek lanpostuak betetzeko behar adinako gaitasuna izan beharko dutela bi hizkuntza ofizial dituzten autonomia-erkidegoetan.

Berariazko beste eskakizun batzuk bete daitezen eskatu ahal izango da, betiere, erlazio objektiboa eta proportzionatua badute ardurapean hartutako eginkizunekin eta bete beharreko atazekin.

Nolanahi den ere, modu abstraktuan eta orokorrean ezarri beharko dira eskakizun horiek.

57. artikulua. Beste estatu batzuetako herritarrak enplegu publikora iristea.

Europar Batasunaren estatu kideetako herritarrak enplegu publikoetara funtzionario modura iritsi ahal izango dira espainiarrek dituzten baldintza berdinetan; salbuespena egin behar da, zuzenean nahiz zeharka, ahal publikoak baliatzeko jardunetan edo Estatuaren eta Herri Administrazioen interes orokorrak zaintzeko zereginetan parte hartzea eskatzen duten lanpostuak badira.

Horretarako, Herri Administrazioen gobernu-organoek zehatz-mehatz ezarriko dute 76. artikuluan jasotako funtzionarioen taldeetatik zeinetara ezin diren beste estatu batzuetako herritarrak iritsi.

Aurreko paragrafoan jasotakoak espainiarren ezkontideari eta Europar Batasunaren estatu kideetako herritarren ezkontideari aplikatu beharko zaizkie, nazionalitatea edozein dela ere, eta, betiere, zuzenbidez banatuta ez badaude; horrez gain, beren ondorengoei ere aplikatu beharko zaizkie, baita, zuzenbidez banatuta ez badaude, ezkontidearenei ere, baldin eta, hogeita bat urtetik beherakoa badira, edo, adin horretatik gorakoak izanda ere, gurasoen kontura bizi badira.

Era berean, enplegu publikora langile funtzionario modura iristeko aukera izango dute, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera langileen zirkulazio askea aplikatu behar denean, tratatu horien aplikazio-eremuaren barruan sartzen diren pertsona guztiek, artikulu honetako 1. paragrafoan ezarritako moduan.

Aurreko paragrafoetan adierazitako atzerritarrak eta Espainian legezko bizilekua duten atzerritarrak Herri Administrazioetara iritsi ahal izango dira, lan-kontratuko langile modura, espainiarrek dituzten baldintza berdinetan.

Gorte Nagusiek edo autonomia-erkidegoetako legebiltzarrek emandako lege bidez bakarrik salbuetsi ahal izango da, interes orokorra dela-eta, funtzionario izatera iristeko behar den nazionalitate-betekizuna eskatzetik.

58. artikulua. Nazioarteko erakundeetan diharduten funtzionario espainiarrak enplegu publikora iristea.

Herri Administrazioek ezarriko dituzte nazioarteko erakundeetan diharduten funtzionario espainiarrak administrazio horietara iristeko betekizunak eta baldintzak, betiere, eskatutako titulazioaren jabe direla eta gainditu beharreko hautaketa-prozesuak gaindituta.

Hautagai horiek zenbait proba egitetik salbuetsita geratu ahal izango dira, baldin eta dagokien nazioarteko erakundean duten postuan jarduteko orduan eskatu zitzaizkien ezagupenak egiaztatzeko badira.

59. artikulua. Desgaitasunen bat duten pertsonak.

Enplegu publikoaren eskaintzetan bete beharreko lanpostuen ehuneko bosteko kupoa gordeko da gutxienez, desgaitasunen bat duten pertsonek bete ditzaten, betiere, hautaketa-prozesuak gainditu, desgaitasuna egiaztatu eta desgaitasun hori bete beharreko zereginekin bateragarri dela erakutsita, horrela, arian-arian, Herri Administrazio bakoitzak dituen langile guztien ehuneko bira iritsi arte. Desgaitasuna duten pertsonatzat joko dira aukera-berdintasuna, bereizkeriarik eza eta irisgarritasun unibertsala lortzeko abenduaren 2ko 51/2003 Legeko 1. artikuluaren 2. paragrafoan jasotakoak.

Herri Administrazio bakoitzak hartu beharreko neurriak hartuko ditu hautaketa-prozesuan denborak eta bitartekoak arrazoizkoa den eran moldatzeko eta egokitzeko, eta, behin prozesu hori gainditutakoan, dagokion lanpostua desgaitasuna duen pertsonaren beharrizanei egokitzeko.

60. artikulua. Hautaketa-organoak.

Hautaketa-organoak kide anitzekoak izango dira; profesionaltasun- eta inpartzialtasun-printzipioen arabera osatuko dira, eta emakumezkoen eta gizonezkoen arteko parekotasuna lortzen ahaleginduko dira.

Hautespen edo izendapen politikoko langileek, bitarteko funtzionarioek eta behin-behineko langileek ezin izango dute parte hartu hautaketa-organoetan.

Hautaketa-organoetako kide izatea norberaren izenean izango da beti, eta ezin izango da inoren izenean edo inoren ordezkari modura jardun.

61. artikulua. Hautaketa-sistemak.

Hautaketa-prozesuek, irekiak izateaz batera, lehia askea bermatu behar dute, betiere, barne-sustapenerako ezarritakoari eta diskriminazio positiborako Estatutu honetan jasotako neurriei kalte egin gabe.

Hautaketa-organoek sexuen arteko aukera-berdintasunaren printzipioa benetan betetzen dela begiratuko behar dute.

Hautaketa-prozeduretan bereziki zainduko da gainditu beharreko probak eta deialdiko lanpostuetan bete beharreko zereginak elkarri ondo egokitzen zaizkiola eta, hala dagokionean, egin beharreko proba praktiko guztiak ere egingo dira.

Deialdira aurkeztutako lehiakideek, aurrez erabakita dagoenaren arabera, beren jakintza eta gaitasun analitikoa egiaztatu beharko dituzte ahoz edo idatziz, dituzten gaitasunak eta trebetasunak erakusteko ariketak egin beharko dituzte, atzerriko hizkuntzak badakizkitela erakutsi, eta, hala dagokionean, ariketa fisikoak gainditu beharko dituzte.

Hautaketa-prozesuetan, nahitaezko gaitasun-probak egiteaz gainera, merezimenduak ere balioetsi behar direnean, balioespen horrek proportzioan eman zaion puntuazioa baino ez du hartuko, eta ez du inoiz ere berak bakarrik erabakiko, egoera edozein dela ere, hautaketa-prozesuaren azken emaitza.

Herri Administrazioek organo espezializatuak eta iraunkorrak eratu ahal izango dituzte hautaketa-prozesuak antolatzeko, edo Herri Administrazioen Institutu edo Eskolen esku utzi ahal izango dituzte zeregin horiek.

Hautaketa-prozesuen objektibotasuna eta arrazionaltasuna bermatuta egon daitezen, probak osatu egin ahal izango dira, ikastaroak edo praktikaldiak gaindituta, curriculum-azalpena eskatuta eta lehiakideei proba psikoteknikoak edo elkarrizketak eginda.

Era berean, osasun-azterketak egitea ere eskatu ahal izango zaie.

Karrerako funtzionarioak hautatzeko, oposizio-sistema eta oposizio-lehiaketaren sistema erabiliko dira, eta, egoera edozein dela ere, proba bat edo batzuk egin beharko dira beti, lehiakideen gaitasuna erabakitzeko eta lehentasun-ordena ezartzeko.

Salbuespen modura, legearen indarrez bakarrik erabili ahal izango da lehiaketa-sistema hutsa; merezimenduen balioespena besterik ez da egingo orduan.

Lan-kontratuko langile finkoak hautatzeko sistemak izango dira oposizioa, edo, aurreko paragrafoan ezarritako ezaugarriekin, oposizio-lehiaketa, edo, bestela, merezimenduak balioesteko lehiaketa.

Herri Administrazioek lankidetza-moduak negoziatu ahal izango dituzte hitzarmen kolektiboen eremu barruan, erakunde sindikalek hautaketa-prozesuen garapenean izan beharreko jarduna ezartzeko.

Hautaketa-organoek izangaiak karrerako funtzionario izatera irits daitezen proposatutako onartuen kopurua ezin izango da deialdiko plaza-kopurua baino handiagoa izan, deialdian bertan aurkakorik jasotzen ez bada behintzat.

Nolanahi den ere, hautaketa-organoek izendapenerako proposatutako izangai-kopurua eta deitutako plaza-kopurua berbera izanda ere, hutsik dauden plaza guztiak beteko direla bermatuta gera dadin, hautatutakoen artean inork bere plazari uko egingo balio ere, langileak izendatu edo lanpostuaz jabetu aurretik, proposatutako horien ondoren datozen hurrengo izangaien zerrenda osagarria ere eskatu ahal izango dio deialdia egin duen organoak hautaketa-organoari, hala badagokio, karrerako funtzionario izendatzeko.

62. artikulua. Karrerako funtzionario-izaera hartzea.

Karrerako funtzionario-izaera hartzeko, langileak betekizun hauek bete behar ditu bata bestearen ondotik:

a) Hautaketa-prozesua gainditu behar du.

b) Organo edo agintari eskudunak izendatu behar du, eta izendapen hori dagokion aldizkari ofizialean argitaratu behar da.

c) Konstituzioari eta, hala badagokio, dagokion autonomia-estatutuari, eta gainerako antolamendu juridikoari men egin behar die.

d) Ezarritako epearen barruan lanpostuaz jabetu behar du.

Hautaketa-prozesua gaindutakoan, deialdian eskatutako betekizunak eta baldintzak betetzen dituztela egiaztatzen ez dutenak ezin izango dira funtzionario izan eta ondoriorik gabe geratuko dira ordura arte eurei dagokienez egindako jarduketa guztiak, aurreko 1.b) paragrafoan ezarritakoaren ondorioetarako.

II. KAPITULUA

Zerbitzu-harremana galtzea

63. artikulua. Karrerako funtzionario-izaera galtzeko arrazoiak.

Honako hauek dira karrerako funtzionario-izaera galtzeko arrazoiak:

a) Karrerako funtzionario izateari uko egitea.

b) Nazionalitatea galtzea.

c) Funtzionarioak erabateko erretiroa hartzea.

d) Funtzionarioa zerbitzutik kentzeko diziplina-zehapena irmoa izatea.

e) Kargu publikoak betetzeko erabateko desgaikuntza edo desgaikuntza berezia dakarren zigor nagusia edo erantsia irmoa izatea.

64. artikulua. Uko egitea.

Funtzionario-izaerari nork bere borondatez uko egin nahi izanez gero, idatziz jakinarazi beharko da, eta Administrazioak berariaz onartu beharko du, hurrengo paragrafoan adierazitakoa salbuespen izanik.

Administrazioak ezin izango du uko egitea onartu, funtzionarioa diziplinako espediente bati lotuta dagoenean, edo, delituren bat egin duelakoan, auzipetzeko autoa nahiz ahozko judizioa hasteko autoa eman denean haren aurka.

Funtzionario-izaerari uko eginda ere, horrek ez dakar desgaikuntzarik, ezarrita dauden hautaketa-prozedurak erabiliz, berriz ere Herri Administrazioan sartu ahal izateko.

65. artikulua. Nazionalitatea galtzea.

Funtzionarioak galtzen badu Espainiako nazionalitatea, edo Europar Batasuneko beste edozein estatu kidetakoa, edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen zirkulazio askea aplikatu behar zaien Estatuetakoa, eta izendapena egin zenean nazionalitate hori aintzakotzat hartu bazen, horrek funtzionario-izaera galtzea ekarriko du; aldi berean estatu horietako besteren bateko nazionalitatea hartzea da salbuespen bakarra.

66. artikulua. Kargu publikoa betetzeko erabateko desgaikuntza edo desgaikuntza berezia dakarren zigor nagusia edo erantsia.

Erabateko desgaikuntza dakarren zigor nagusiak edo erantsiak, zigorra ezartzeko epaia irmo bihurtzen denean, funtzionario-izaera galtzea dakar, funtzionarioak dituen lanpostu edo kargu guztiei dagokienez.

Desgaikuntza berezia dakarren zigor nagusiak edo erantsiak, zigorra ezartzeko epaia irmo bihurtzen denean, funtzionario-izaera galtzea dakar, epaian zehaztutako lanpostuei edo karguei dagokienez.

67. artikulua. Erretiroa.

Funtzionarioen erretiroa honelakoa izan daiteke:

a) Borondatezkoa, funtzionarioak berak hala eskatuta.

b) Nahitaezkoa, legez ezarritako adina betetzen denean.

c) Funtzionarioak bere kidego edo eskalako eginkizunak betetzeko ezgaitasun iraunkorra duela erabakitzen denean, edo pentsioa aitortzen zaionean ezgaitasun iraunkor absoluturako nahiz ezgaitasun iraunkor osorako, funtzionarioak bere kidego edo eskalako eginkizunak betetzeari dagokionez.

d) Partziala, 2. eta 4. paragrafoetan ezarritakoaren arabera.

Funtzionarioak berak hala eskatuta, borondatezko erretiroa emango da, baldin eta aplikatu beharreko Gizarte Segurantzako erregimenean ezarritako betekizunak eta baldintzak betetzen baditu funtzionarioak.

Gorte Nagusiek emandako lege bidez, salbuespenez eta giza baliabideak planifikatzeko eremu barruan, borondatezko erretiroa eta erretiro partziala hartzeko baldintza bereziak ezarri ahal izango dira.

Nahitaezko erretiroa ofizioz deklaratuko da funtzionarioak hirurogeita bost urteko adina betetakoan.

Nolanahi den ere, Estatutu hau garatzeko emango diren Funtzio Publikoko Legeei jarraituz, jardunean jarraitzeko eta zerbitzu aktiboa luzatzeko eskaera egin ahal izango du funtzionarioak, hirurogeita hamar urte bete arte, gehienez ere.

Herri Administrazio eskudunak ebazpen arrazoitua eman beharko du eskatutako luzapen hori onesteko edo ukatzeko.

Aurreko bi paragrafoetan azaldutako egoeretatik kanpo geratuko dira erretiroa hartzeko berariazko estatu-arauak dituzten funtzionarioak.

Erretiro partziala emango da, funtzionarioak berak hala eskatuta, baldin eta aplikatu beharreko Gizarte Segurantzako erregimenean ezarritako betekizunak eta baldintzak betetzen baditu funtzionarioak.

68. artikulua. Funtzionario-izaera birgaitzea.

Zerbitzu-harremana funtzionarioak nazionalitatea galdu duelako edo, zerbitzurako ezgaitasun iraunkorra dela-eta, erretiroa hartu duelako amaitzen denean, interesdunak, amaiera ekarri zuen arrazoi objektiboa desagertutakoan, funtzionario-izaera birgaitzeko eskaera egin ahal izango du, eta eman egingo zaio.

Herri Administrazioen gobernu-organoek, salbuespenez, birgaikuntzarako aukera eman ahal izango diote, interesdunak berak hala eskatuta, desgaikuntza dakarren zigor nagusia edo erantsia ezarri zaiola-eta funtzionario-izaera galdu duen pertsonari, betiere, delitua nolakoa den eta zein egoeratan egin den aintzakotzat hartuta.

Horretarako dagoen epea amaitzen denerako esanbidez ebazpena eman ez bada, eskaera ezetsi egin dela ulertu behar da.

V. TITULUA

Lanbide-jarduera antolatzea

I. KAPITULUA

Giza baliabideak planifikatzea

69. artikulua. Planifikazio-helburuak eta -tresnak.

Herri Administrazioetako giza baliabideak planifikatuta, aurrerapausoak eman nahi dira, batetik, zerbitzua ematerakoan eraginkortasuna lortzeko, eta, bestetik, erabilgarri dauden baliabide ekonomikoak kudeatzerakoan eragimenez jarduteko. Horretarako, langile-kopurua egokitu behar da, langileak hobeto banatu, ondo prestatu eta lanbide-sustapena eta mugigarritasuna eskaini.

Herri Administrazioek giza baliabideak antolatzeko planak onartu ahal izango dituzte, plan horien barruan, besteak beste, honako neurri hauek hartuta:

a) Langileen arloan giza baliabideak eta beharrizanak zenbatekoak diren aztertu behar da, betiere, aintzakotzat hartuta bai langile-kopurua, baita lanbide-profilak edo prestakuntza-maila ere.

b) Lana antolatzeko erabiliko diren sistemak eta lanpostuen egituretan egingo diren aldaketak zehaztu behar dira.

c) Mugigarritasun-neurriak jarri behar dira; esaterako, besteak beste, kanpoko langileak sartzeko aukera etenda utz daiteke eremu jakin batzuetan edo lanpostuak betetzeko lehiaketa-deialdi batzuk eremu jakin batzuetako langileentzat bakarrik izan daitezke.

d) Barne-sustapeneko eta langile-prestakuntzako neurriak hartu behar dira, eta nahitaezko mugigarritasunekoak ere bai, Estatutu honen titulu honetako III. kapituluan ezarritakoari jarraituz.

e) Giza baliabide gehiago sartzeko neurriak hartu behar dira enplegu publikoaren eskaintzaren bitartez, hurrengo artikuluan ezarritakoarekin bat.

Herri Administrazioetako bakoitzak bere giza baliabideak planifikatuko ditu, bakoitzean aplikatu beharreko arauetan ezarritako sistemen arabera.

70. artikulua. Enplegu publikoaren eskaintza.

Giza baliabideen beharrizanak daudenean, eta, horretarako aurrekontuko diru-izendapena egonda, langile berriak sartzea beharrezko denean, enplegu publikoaren eskaintza egin behar da, edo langile-beharrizanak betetzeko antzeko beste kudeaketa-tresnaren bat erabili behar da; horretarako, beharrezkoa izango da sortutako plaza horiek (eta, gehienez, ehuneko hamarreko kopuru gehigarria) betetzeko hautaketa-prozesuetarako deialdia egitea eta deialdia egiteko gehieneko epea ere finkatzea.

Nolanahi den ere, enplegu publikoaren eskaintza edo erabiltzen den antzeko tresna hori betetzeko, hiru urteko epea izango da gehienez ere, eta epe hori ezingo da inola ere luzatu.

Herri Administrazioen gobernu-organoek onartu behar dute urtero enplegu publikoaren eskaintza edo erabiltzen den antzeko tresna, eta dagokion aldizkari ofizialean argitaratu behar dute.

Enplegu publikoaren eskaintzan edo erabiltzen den antzeko tresna horretan giza baliabideak antolatzeko planetatik datozen neurriak jaso ahal izango dira.

71. artikulua. Langileen erregistroak eta giza baliabideen kudeaketa integratua.

Herri Administrazioetako bakoitzak Erregistroa eratuko du. Erregistro horrek Estatutu honen 2. eta 5. artikuluetan adierazitako langileei buruzko datuak jasoko ditu eta aintzakotzat hartuko ditu kolektibo jakin batzuen ezaugarriak.

Erregistro horietan informazio gehigarria ere jaso ahal izango dute bakoitzaren sektore publikoan diren gainerako giza baliabideei buruz.

Sektoreko Batzarrean lotutako hitzarmenaren bidez ezarriko dira, batetik, gutxieneko edukia, langileen Erregistroetan Administrazio guztiek jaso beharrekoa, eta, bestetik, irizpide orokorrak, Administrazioen artean informazioa modu homogeneoan elkarrekin trukatu ahal izateko, betiere, norberaren datuak babesteko legerian ezarritakoa errespetatuta.

Herri Administrazioek giza baliabideen kudeaketa integratua sustatuko dute.

Tokiko erakundeek finantza edo teknika aldetik behar besteko gaitasunik ez dutenean, Estatuko Administrazio Orokorrak eta autonomia-erkidegoek laguntza emango diete, artikulu honetan jasotako ondorioak lortzeko.

II. KAPITULUA

Enplegu publikoa egituratzea

72. artikulua. Giza baliabideak egituratzea.

Herri Administrazioek, beren burua antolatzeko dituzten eskumenen eremuan, beren giza baliabideak egituratuko dituzte, betiere, hautaketa, lanbide-sustapena, mugigarritasuna eta eginkizun-banaketa erregulatzeko arauei jarraituz eta kapitulu honetan jasotakoaren arabera.

73. artikulua. Lanpostuetan nola jardun eta taldeetan nola sailkatu.

Estatutu hau garatzeko legeetan ezarritakoaren arabera enplegu publikoa egituratzeko erabakitzen den sistema oinarri hartuta lanpostuan jarduteko eskubidea dute enplegatu publikoek.

Herri Administrazioek, zerbitzuak dituen beharrizanak ikusita bidezkoa denean, eginkizunak, atazak edo ardurak esleitu ahal izango dizkiete beren langileei, diharduteneko lanpostuetakoez bestelakoak; eginkizun horiek langileen sailkapenari, graduari edo kategoriari egokitutakoak izan behar dute, eta ez dute ordainsarietan murrizketarik eragingo.

Lanpostuak ezaugarrien arabera taldeetan sailkatu ahal izango dira, hautaketa, prestakuntza eta mugigarritasuna antolatzeko.

74. artikulua. Lanpostuak antolatzea.

Herri Administrazioek lanpostuen zerrenden bitartez edo antzeko antolaketa-tresnak erabilita egituratuko dute beren antolamendua. Zerrenda horietan, gutxienez, honako hauek jaso behar dira: lanpostuen izena, lanbide-sailkapeneko taldeak, hala dagokionean, atxikita dituzten kidegoak edo eskalak, lanpostuak betetzeko sistemak eta ordainsari osagarriak.

Erabilitako tresna horiek publikoak izango dira.

75. artikulua. Kidegoak eta eskalak.

Funtzionarioak sailkatzerakoan, kidegoak, eskalak, espezialitateak edo beste sistema batzuk erabiltzen dira, hautaketa-prozesu baten bidez egiaztatutako trebetasunak, gaitasunak eta jakintza komunak aintzakotzat hartuta.

Gorte Nagusiek edo autonomia-erkidegoetako legebiltzarrek emandako lege bidez sortzen, aldatzen edo kentzen dira funtzionarioen kidegoak eta eskalak.

Lege honetan kidegoak eta eskalak aipatzen direnean, era berean, funtzionarioen beste edozein talde ere barruan dagoela ulertu behar da.

76. artikulua. Karrerako funtzionarioen lanbide-sailkapeneko taldeak.

Kidegoak eta eskalak, horietara iristeko eskatutako titulazioaren arabera, honela sailkatzen dira, talde hauek oinarri hartuta:

A taldea, bi azpitaldetan sailkatuta: A1 eta A2.

Talde honetako kidego eta eskaletara iritsi ahal izateko, graduko unibertsitate-tituluaren jabe izatea eskatuko da.

Legeak beste unibertsitate-tituluren bat eskatzen duenean, unibertsitate-titulu hori hartuko da aintzakotzat.

Kidego eta eskala guztiak azpitaldeetako bakoitzean sailkatzerakoan, bete beharreko eginkizunetan eskatzen den erantzukizun-maila eta sarrera-proben ezaugarriak hartuko dira kontuan.

B taldea: talde honi dagozkion kidego eta eskaletara iritsi ahal izateko, goi-mailako teknikariaren tituluaren jabe izatea eskatuko da.

C taldea, bi azpitaldetan sailkatuta: C1 eta C2; sartzeko eskatzen den titulazioaren arabera.

C1:

batxilergoko titulua edo titulu teknikoa.

C2:

derrigorrezko bigarren hezkuntzako graduatuaren titulua.

77. artikulua. Lan-kontratuko langileen sailkapena.

Lan-kontratuko langileak lan-arloko legeriaren arabera sailkatuko dira.

III. KAPITULUA

Lanpostuak betetzea eta langileen mugigarritasuna

78. artikulua. Karrerako funtzionarioen lanpostuak betetzeko printzipioak eta prozedurak.

Herri Administrazioek berdintasun-, merezimendu-, gaitasun- eta publizitate-printzipioetan oinarritutako prozeduren bitartez beteko dituzte lanpostuak.

Herri Administrazioetako bakoitzean lanpostuak betetzeko orduan, lehiaketa-prozedura eta deialdi publiko bidez egindako izendapen askea erabiliko dira.

Estatutu hau garatzeko emango diren Funtzio Publikoko Legeek, egoera zein den ikusita, lanpostuak betetzeko beste prozedura batzuk ezarri ahal izango dituzte, 81.2 artikuluan jasotako mugigarritasuna bideratzeko, lanpostuak trukatzeko, funtzionarioa osasun- edo birgaitze-arrazoiak direla-eta lekuz mugitzeko, zerbitzu aktibora itzultzeko, lanpostua utzi edo lanpostutik mugiarazteko eta lanpostuak ezabatzeko.

79. artikulua. Karrerako funtzionarioen lanpostuak betetzeko lehiaketa.

Lehiaketan, lanpostuak betetzeko erabiltzen den ohiko prozedura izanik, izaera teknikoa duten kide anitzeko organoek lehiakideen merezimenduak eta gaitasunak balioetsi behar dituzte, eta, hala dagokionean, ahalmenak ere bai.

Organo horiek osatzerakoan, kideen profesionaltasuna eta espezializazioa bermatzeko printzipioari begiratu, eta emakume eta gizonen arteko parekotasuna lortzeko irizpideari egokitu behar zaio.

Funtzionamenduan inpartzialtasun- eta objektibotasun-arauak errespetatu behar dira.

Estatutu hau garatzeko emango diren Funtzio Publikoko Legeetan ezarriko da lehiaketa bidez lortutako lanpostuetan langileak gutxienez zenbat denbora eman behar duen, lanpostuak betetzeko beste lehiaketa batzuetan parte hartu ahal izateko.

Langileari, lehiaketa bidez lortutako lanpostuak ezabatu edo lanpostutik mugiaraziz gero, beste lanpostu bat esleitu beharko zaio, Herri Administrazio bakoitzak lanbide-karrera egiteko duen sistemaren arabera eta sistema horri atxikitako bermeak beteta.

80. artikulua. Karrerako funtzionarioen izendapen askea egitea deialdi publiko bidez.

Deialdi publiko bidez egindako izendapen askea erabiltzen denean, organo eskudunak hautagaien egokitasunari begiratu behar dio era diskrezionalean, lanpostuan jardun ahal izateko eskatu diren betekizunei dagokienez.

Estatutu hau garatzeko emango diren Funtzio Publikoko Legeetan ezarriko da zein irizpide erabili behar den, erantzukizun eta konfiantza berezia behar dela-eta, deialdi publiko bidezko izendapen askea darabilen prozedura bidez bete behar diren lanpostuak zehazteko.

Izendapena egiteko eskumena duen organoak espezialisten laguntza eska dezake, lanposturako proposatutako lehiakideak egokiak diren balioesteko.

Deialdi publiko bidezko izendapen askea darabilen prozedura erabilita bete diren lanpostuen titularrak lanpostutik kendu ahal izango dituzte era diskrezionalean.

Langileari, lanpostutik kenduz gero, beste lanpostu bat esleitu beharko zaio, Herri Administrazio bakoitzak lanbide-karrera egiteko duen sistemaren arabera eta sistema horri atxikitako bermeak beteta.

81. artikulua. Karrerako funtzionarioen mugigarritasuna.

Herri Administrazioetako bakoitzak, giza baliabideak orokorrean planifikatzeko eremu barruan, funtzionarioek mugigarritasunerako duten eskubideari kalterik egin gabe, arauak ezarri ahal izango ditu funtzionario publikoen borondatezko mugigarritasuna antolatzeko, giza baliabideen beharrizan jakinak ikusita, jardun publikoan lehentasuna duten sektoreak daudela irizten badio.

Herri Administrazioek, beharrizan funtzionalak edo zerbitzukoak direla-eta, funtzionarioak lekuz aldatu ahal izango dituzte, horretarako arrazoiak azalduta, beren destinoaz bestelakoak diren unitate, departamendu edo organismo publiko nahiz erakundeetara, betiere, laneko ordainsariak eta funtsezko baldintzak errespetatuta eta, hala dagokionean, langileak titular direneko lanpostuekiko atxikipena egokituta.

Baliabideak antolatzeko planek, salbuespenezko arrazoiak direla-eta, bizilekua leku batetik bestera aldatu beharra dakartenean, langileen borondateari emango zaio lehentasuna lekuz aldatzeko orduan.

Nahitaezko lekualdaketarako erregelamenduz ezarrita dauden kalte-ordainak jasotzeko eskubidea izango dute funtzionarioek.

Berebiziko eta presako premia-kasuetan, lanpostuak behin-behinean bete ahal izango dira. Horretarako deialdi publikoa aplikatu beharreko arauetan ezarritako epearen barruan egin beharko da.

82. artikulua. Mugigarritasuna, genero-indarkeria dela-eta.

Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek, ordura arte lanean ziharduten udalerri horretan zuten lanpostua utzi behar dutenean, dagokien babesa edo gizarte-laguntza integrala benetan jaso dezaten, beste lanpostu batera aldatzeko eskubidea izango dute; lanpostu horrek kidego, eskala edo lanbide-kategoria bera eta antzeko ezaugarriak izango ditu, eta ez du nahitaez bete beharreko lanpostu hutsa zertan izan.

Hala ere, egoera horietako batean egonda, Herri Administrazio eskudunak udalerri berean edo interesdunak berariaz eskatutako udalerrietan hutsik dauden lanpostuen berri eman beharko dio nahitaez emakumeari.

Lekualdaketa hori nahitaezko lekualdaketatzat joko da.

Genero-indarkeriarekin zerikusia duten jarduketa eta prozeduretan biktimen intimitatea babestuko da, batez ere, bere datu pertsonalak, bere ondorengoenak eta bere zaintza edo babespean den beste edozein pertsonarenak.

83. artikulua. Lan-kontratuko langileen mugigarritasuna eta lanpostu-betetzea.

Lan-kontratuko langileak lekuz mugitu eta lanpostuak betetzerakoan, aplikatzekoak diren hitzarmen kolektiboetan ezarritakoa izango da oinarri, eta, horrelakorik ezean, karrerako funtzionarioak lekuz mugitzeko eta lanpostuak betetzeko sistema hartuko da aintzakotzat.

84. artikulua. Herri Administrazioen arteko borondatezko mugigarritasuna.

Giza baliabideak hobeto aprobetxatzeko, eta herritarrei ematen zaien zerbitzua eraginkorra izango dela bermatuta gera dadin, Estatuko Administrazio Orokorrak, autonomia-erkidegoek eta tokiko erakundeek neurriak hartuko dituzte administrazioen arteko mugigarritasuna sustatzeko, batez ere, euren artean Sektoreko Batzarrean lotutako hitzarmena sinatuta edo beste lankidetza-tresna batzuk erabilita.

Herri Administrazioen Sektoreko Batzarrak onartu ahal izango ditu, mugigarritasun hori bideratzeko behar liratekeen homologazioak egiteko orduan, aintzat hartu beharreko irizpide orokorrak.

Mugigarritasun-prozedurak erabilita, destinoa beste Herri Administrazio batean lortu duten karrerako funtzionarioek, beren sorburu-administrazioari dagokionez, beste administrazio publiko batzuen zerbitzuan diharduteneko administrazio-egoeran egongo dira.

Funtzionarioek, lanpostua utzi edo lanpostuak ezabatuz gero, xede-administrazioan jarraituko dute. Administrazio horrek lanpostua esleitu beharko die, karrera egiteko eta lanpostuak betetzeko Administrazio horretan indarrean diren sistemak aintzat hartuta.

VI. TITULUA

Administrazio-egoerak

85. artikulua. Karrerako funtzionarioen administrazio-egoerak.

Karrerako funtzionarioek egoera hauetakoren batean egon behar dute:

a) Zerbitzu aktiboan.

b) Zerbitzu berezietan.

c) Beste administrazio publiko batzuen zerbitzuan.

d) Eszedentzian.

e) Eginkizun-etenaldian.

Estatutu hau garatzeko emango diren Funtzio Publikoko Legeetan karrerako funtzionarioen beste administrazio-egoera batzuk ere arautu ahal izango dira, betiere, arau horietan ezarriko diren egoerak, baldintzak eta ondorioak oinarri hartuta, eta, besteak beste, inguruabar hauetakoren bat gertatzen denean:

a) Administrazioak, antolamendua, barne-berregituraketa edo gehiegizko langile-kopurua dela-eta, lanpostua esleitzea ezinezko duenean behin-behinean, edo langileek zerbitzu aktiboari uztea komenigarria denean.

b) Funtzionarioak, batetik, barne-sustapenaren bidez edo beste sarbide-sistema batzuk erabilita, beste kidego edo eskala batzuetara iritsi eta Estatutu honetan jasotako egoeretako batean egotea ez dagokienean; eta, bestetik, karrerako funtzionarioarena ez den beste araubide batean, sektore publikoko organismo edo erakundeetan zerbitzua ematen hasten direnean.

Administrazio-egoera horiek arautzerakoan, administrazio-egoera zein den, ordainsariei buruzko bermeak gorde ahal izango dira, edo, zerbitzu aktibora itzultzeko, eskubideak edo eginbeharrak ezarri.

86. artikulua. Zerbitzu aktiboa.

Zerbitzu aktiboko egoeran daude, Estatutu hau garatzeko Funtzio Publikoak emandako arautegiaren arabera, funtzionario publiko modura zerbitzua ematen duten pertsonak, destinotzat duten Administrazio edo organismo publikoa nahiz erakundea edozein dela ere, baldin eta beste egoera batean egotea ez badagokie.

Zerbitzu aktiboko egoeran dauden karrerako funtzionarioek beren funtzionario-izaerari atxikita dauden eskubide guztiak izango dituzte, eta izaera horri lotutako eginbeharrak eta erantzukizunak izango dituzte.

Estatutu honen arauak eta zerbitzua ematen duteneko Herri Administrazioko funtzio publikoaren arautegia izango dituzte oinarri.

87. artikulua. Zerbitzu bereziak.

Karrerako funtzionarioak zerbitzu berezietan daudela aitortuko da egoera hauetan:

a) Funtzionarioak Gobernuko kide izendatzen dituztenean, edo autonomia-erkidegoetako nahiz Ceuta eta Melilla hirietako gobernu-organoetako kide, edo Europar Batasunaren Instituzioetako nahiz Nazioarteko Erakundeetako kide, edo aipatutako Herri Administrazio edo Instituzio horietako goi-kargudun izendatzen dituztenean.

b) Nazioarteko erakundeetan edo atzerriko Gobernu nahiz Erakunde Publikoetan edo nazioarteko lankidetza-programetan misioa egitera joateko baimena ematen zaienean, misio hori sei hilabetetik gorakoa denean.

c) Herri Administrazioei lotuta edo Herri Administrazioen mendean daudela, organismo publiko nahiz erakundeetako postuetan edo karguetan jarduteko izendatzen dituztenean, baldin eta, dagokion Herri Administrazioak ezarritakoaren arabera, postu edo kargu horiek goi-karguen administrazio-mailaren parekotzat jotzen badira.

d) Konstituzio Auzitegiaren edo Arartekoaren zerbitzuei atxikita daudenean, edo beren destinoa Kontu Auzitegian dagoenean, betiere, apirilaren 5eko 7/1988 Legearen 93.3 artikuluan jasotakoari jarraituz.

e) Gorte Nagusietako diputatu- edo senatari-izaera hartzen dutenean, edo autonomia-erkidegoetako legebiltzarretako kide direnean, baldin eta beren eginkizunaren truke aldian-aldian ordainsaria jasotzen badute.

f) Ceuta eta Melilla hirietako legebiltzarretan edo tokiko erakundeetan hautetsi-lanetan dihardutenean, ordainsaria jasota eta arduraldi esklusiboan; edo udaletan goi-mailako edo zuzendaritzako organoetan erantzukizunezko eginkizunak dituztenean; edo, bestela, toki-organoetako kide izanda, erreklamazio ekonomiko-administratiboak aztertzeko eta ebazteko erantzukizunezko eginkizunak dituztenean.

g) Botere Judizialaren Kontseilu Nagusian edo autonomia-erkidegoetako justizia-kontseiluetan parte hartzeko izendatzen dituztenean.

h) Konstituzio-organoetan nahiz autonomia-erkidegoetako estatutu-organoetan edo Diputatuen Kongresuak, Senatuak edo autonomia-erkidegoetako legebiltzarrek hautatu beharreko beste organo batzuetan parte hartzeko hautatzen edo izendatzen dituztenean.

i) Konfiantzazkotzat edo aholkularitza politikotzat berariaz kalifikatutako eginkizunak dituzten lanpostuak betetzeko izendatzen dituztenean behin-behineko langile modura, zerbitzu aktiboko egoeran jarraitzeko aukera hartu gabe.

j) Nazioarteko erakundeen zerbitzura lanean funtzionario modura jarduteko izaera hartzen dutenean.

k) Gorte Nagusietako edo autonomia-erkidegoen legebiltzarretako legebiltzar-taldeen aholkulari izendatzen dituztenean.

l) Indar Armatuen zerbitzuan jarduteko borondatezko erreserbista modura aktibatzen dituztenean.

Zerbitzu berezietako egoeran dauden funtzionarioek betetzen duten postuari edo karguari dagozkion ordainsariak jasoko dituzte, eta, ez, karrerako funtzionario modura dagozkionak, unean-unean aitortuta dituzten hirurtekoak jasotzeko eskubideari kalterik egin gabe.

Egoera horretan ematen duten denbora hori aintzakotzat hartuko da, igoerak, hirurtekoen aitorpena, barne-sustapena eta aplikatu behar zaien Gizarte Segurantzako erregimeneko eskubideak emateko orduan.

Eskubide hori ez zaie aplikatuko, Europako Erkidegoetako instituzioetan edo horien parekoak diren erakunde eta organismoetan sartuta, Europako Erkidegoetako funtzionarioen estatutuan ezarritako transferentzia-eskubidea baliatu duten funtzionario publikoei.

Zerbitzu berezietako egoeran dauden funtzionarioek, gutxienez, herri berean zerbitzu aktibora itzultzeko eskubidea izango dute, dagokien Herri Administrazioan administrazio-karrerarako indarrean den sistemari jarraituz, funtzionario-karreran finkatuta duten kategoria, maila edo eskaloiaren arabera dagozkien baldintzak eta ordainsariak errespetatuta.

Era berean, zerbitzu berezietako egoera hori eragin duen karguaren arabera Herri Administrazio bakoitzak ezar ditzakeen eskubideak ere izango ditu.

Ildo beretik, Herri Administrazioek funtzionario publikoen lanbide-karrerako eskubidean kalterik izan ez dadin zainduko dute, funtzionario publikoak goi-kargua hartzeko edo Botere Judizialeko edo konstituzio- nahiz estatutu-organoetako kide izateko izendatu dituztenean, edo, ordainsaria jasota eta arduraldi esklusiboan, alkate izateko, edo, diputazio, kabildo eta uharteetako kontseiluetako buru izateko, Gorte Nagusietako diputatu edo senatari izateko edo autonomia-erkidegoetako legebiltzarretako kide izateko hautatu dituztenean.

Funtzionario horiek, gutxienez, gradu pertsonala eta osagarrien multzoa finkatzeko orduan, Zuzendari Nagusi izandakoentzat edo dagokion Herri Administrazioko goi-mailako beste kargu batzuentzat ezarrita dagoen tratamendu bera izango dute.

Funtzionarioa egoera horretan dagoela aitortzea bidezkoa izango da, nolanahi den ere, Estatutu honetan bertan eta Estatutua garatzeko emango diren Funtzio Publikoko Legeetan ezarrita dauden kasuetan.

88. artikulua. Beste administrazio publiko batzuen zerbitzuan jardutea.

Karrerako funtzionarioak, transferentzia-prozesuen bitartez edo lanpostuak betetzeko prozedurak erabilita, beste Herri Administrazio batean destinoa eskuratzen dutenean, beste administrazio publiko batzuen zerbitzuan dauden funtzionariotzat joko dira.

Egoera horretan iraungo dute, baldin eta iritsi direneko Administrazio horrek legezko xedapen bitartez bere langile modura hartzen baditu.

Autonomia-erkidegoetara transferitutako funtzionarioak autonomia-erkidego horietako Funtzio Publikoaren antolamenduan sartuko dira erabat, eta zerbitzu aktiboko egoeran egongo dira integratu direneko autonomia-erkidegoko Funtzio Publikoaren barruan.

Autonomia-erkidegoak, transferitutako funtzionarioak bere funtzionariotzat hartzen dituenean, funtzionarioaren jatorrizko kidegoko edo eskalako taldea edo azpitaldea errespetatu beharko du, bai eta funtzionarioak aitortuta duen karrerako mailari atxikita dauden eskubide ekonomikoak ere.

Transferitutako funtzionarioak sorburuko Herri Administrazioan zituen eskubide guztiak gordeko ditu zerbitzu aktiboan jardungo balu bezala, tokian tokiko autonomia-estatutuetan ezarritakoaren arabera.

Autonomia-erkidegoek dituzten funtzionario guztien arteko berdintasuna aitortuta dago, beren jatorrizko Administrazioa zein den aintzat hartu gabe.

Beste administrazio publiko batzuen zerbitzuan dauden karrerako funtzionarioek, baldin eta lanpostuak betetzeko Estatutu honetan jasotako sistemak erabilita badaude egoera horretan, modu efektiboan destinatuta daudeneko Administrazioaren legeria izango dute oinarri, eta sorburu-administrazioan duten funtzionario-izaera gordeko dute, baita Administrazio horrek lanpostuak betetzeko egiten dituen deialdietan parte hartzeko eskubidea ere.

Destino modura duten Herri Administrazioan zerbitzuan jardundako denbora beren sorburuko kidegoan edo eskalan egindako zerbitzu aktibotzat balioetsiko da.

Beste administrazio publiko batzuen zerbitzuan egon ondoren, sorburu-administrazioko zerbitzu aktibora itzultzen diren funtzionarioek aintzatespen profesionala izango dute, lanbide-karrera egiteko sisteman egindako aurrerakuntzak eta ordainsarien mailari dagozkion ondorioak aitortuta, betiere, Sektoreko Batzarrean lotutako hitzarmenean ezarritako prozeduraren arabera, eta, administrazioen arteko mugigarritasuna sustatzeko, Estatutu honetako 84. artikuluan jasotako beste lankidetza-tresna batzuei jarraituz.

Halako lankidetza-tresnarik edo hitzarmenik egon ezean, funtzionarioa zerbitzu aktiboan nora itzuli den aintzat hartuta, Herri Administrazio horrek egin beharko du aitorpen hori.

89. artikulua. Eszedentziak.

Karrerako funtzionarioen eszedentzia modalitate hauetakoren batekoa izan behar da:

a) Borondatezko eszedentzia, norberaren interesa dela-eta.

b) Borondatezko eszedentzia, familia elkartzeko xedez.

c) Eszedentzia, familiartekoren bat zaintzeko xedez.

d) Eszedentzia, genero-indarkeria dela-eta.

Karrerako funtzionarioek norberaren interesa dela-eta borondatezko eszedentzia eskatzeko aukera izango dute, baldin eta, aurre-aurreko bost urteetan gutxienez, Herri Administrazioetako edozeinetan modu efektiboan zerbitzua eman badute.

Nolanahi den ere, Estatutu hau garatzeko emango diren Funtzio Publikoko Legeek, karrerako funtzionarioak eszedentzia eskatu ahal izateko bete behar duen bost urteko zerbitzu-jardunaldi hori murriztuta, epe txikiagoa ezarri ahal izango dute, eta eszedentzian egoteko gutxieneko epeak ere zehaztuko dituzte.

Funtzionarioari bere interesa betetzeko xedez eskatu duen borondatezko eszedentzia eman ala ez, zerbitzuko beharrizanen arabera erabakiko da, arrazoiak behar bezala azalduta.

Ezin da eszedentziarik eman funtzionarioaren aurka diziplina-espedientea hasita dagoenean.

Funtzionarioaren interesa dela-eta borondatezko eszedentzia ofizioz deklaratu behar da, zerbitzu aktiboaz bestelako egoera batera igarotzea ekarri zuen arrazoia behin amaitutakoan, erregelamenduz ezarritako epean, zerbitzu aktibora itzultzeko eskaera egin beharra bete gabe geratzen denean.

Norberaren interesa dela-eta eszedentzia-egoeran daudenek ez dute ordainsaririk sorraraziko, eta egoera horretan emandako denbora ez zaie aintzakotzat hartuko, igoerak, hirurtekoak eta aplikatu beharreko Gizarte Segurantzako erregimeneko eskubideak emateko orduan.

Familia elkartzeko xedez borondatezko eszedentzia eman ahal izango da, funtzionarioentzat ezarritako epe horretan Herri Administrazioetako edozeinetan modu efektiboan zerbitzua emateko eskakizuna bete gabe, baldin eta ezkontideak beste udalerri batean badu bizilekua, karrerako funtzionario edo lan-kontratuko langile finko modura behin betiko izaera duen lanpostua lortu duelako eta lanpostu horretan diharduelako hauetakoren batean: Herri Administrazio, organismo publiko eta horiei atxikitako edo lotutako zuzenbide publikoko erakundeetako edozeinetan, edo Konstituzio-organoetan edo Botere Judizialean eta autonomia-erkidegoetako antzeko organoetan, edo Europar Batasunean nahiz Nazioarteko Erakundeetan.

Familia elkartzeko xedez borondatezko eszedentzia-egoeran daudenek ez dute ordainsaririk sorraraziko, eta egoera horretan emandako denbora ez zaie aintzakotzat hartuko, igoerak, hirurtekoak eta aplikatu beharreko Gizarte Segurantzako erregimeneko eskubideak emateko orduan.

Karrerako funtzionarioek hiru urtetik gorakoa ez den eszedentzia-aldia hartzeko eskubidea izango dute seme-alabetako bakoitza zaintzeko, norberak sortua izanda nahiz adopzioan edo harreran hartuta ere (adopzio aurrekoa nahiz iraunkorra izan), jaio den egunetik, edo, hala dagokionean, administrazio-ebazpena edo ebazpen judiziala ematen denetik kontatzen hasita.

Era berean, hiru urtetik gorakoa ez den eszedentzia-aldia hartzeko eskubidea ere izango dute, familiartekoren bat, odol- nahiz ezkontza-ahaidetasunezko bigarren maila artekoa, zuzenean bere ardurapean hartu behar badute, ordaindutako lanik egiten ez duela, adina, istripua, gaixotasuna edo desgaitasuna dela-eta, bere kabuz moldatzeko gai ez delako.

Eszedentzia-aldia bat bakarra izango da subjektu eragile bakoitzeko.

Beste subjektu eragile batek beste eszedentzia-aldi baterako eskubidea ematen duenean, aldi berria hasteak bukaera emango dio ordura arte baliatzen ari zen eszedentzia-aldiari.

Subjektu eragile berbera dela-eta, bi funtzionariok badute aldi berean eskubide hori, biek batera eskubideaz baliatzeko aukera murriztu ahal izango du Administrazioak, zerbitzuen funtzionamenduari lotutako arrazoiak aintzat hartuta.

Egoera horretan ematen duten denbora hori aintzakotzat hartuko da hirurtekoak, karrera eta aplikatu behar zaien Gizarte Segurantzako erregimeneko eskubideak emateko orduan.

Jardun duteneko lanpostua, gutxienez, bi urtez gordeko zaie.

Epea igarotakoan, udalerri berean eta ordainsari bera duen lanpostu bati dagokionez izango da erreserba hori.

Funtzionarioek, egoera horretan dauden bitartean, Administrazioak antolatutako prestakuntza-ikastaroetan hartu ahal izango dute parte.

Genero-indarkeriaren biktima diren funtzionario emakumeek, dagokien babesa edo gizarte-laguntza integrala benetan jaso dezaten, eszedentzia-egoera eskatzeko eskubidea izango dute, aurrez gutxieneko zerbitzu-denbora hori eman beharrik izan gabe eta bertan eman beharreko eperik ezarri gabe.

Aurreko lehen sei hiletan, eszedentzia hartu aurretik ziharduteneko lanpostua erreserbatzeko eskubidea izango dute, eta denbora-tarte hori konputagarria izango da aplikatzekoak diren antzinatasunari, karrerari eta Gizarte Segurantzako erregimeneko eskubideei dagokienez.

Jarduketa judizialek hala eskatzen dutenean, epe hori hiru hilabetez luzatu ahal izango da, gehienez jota, hamazortzi hilabetez, ondorioak gorago adierazitako berberak izanda, biktima babesteko eskubidea benetan bermatuta gera dadin.

Aurreko lehen bi hiletan, funtzionarioak ordainsariak osorik jasotzeko eskubidea izango du, eta, hala badagokio, seme-alaba ardurapean izateagatiko familia-prestazioak jasotzeko eskubidea ere bai.

90. artikulua. Eginkizunen etendura.

Etenaldian dagoen funtzionarioak, egoera horretan dagoen bitartean, ezin izango du bere eginkizunik bete, eta, aldi berean, bere izaerari dagozkion eskubide guztiak ere etenda izango ditu.

Etendura horrek lanpostua galtzea ekarriko du etenaldia sei hilabetetik gorakoa denean.

Etendura irmoa ezarriko da auzi kriminalean emandako epaiaren bitartez edo diziplina-zehapenaren bitartez.

Diziplina-zehapenaz ezarritako etendura irmoa ezin izango da sei urtetik gorakoa izan.

Etenaldian dagoen funtzionarioak ezin izango du zerbitzurik eman Herri Administrazioetako batean ere, ezta Herri Administrazioei atxikitako edo lotutako organismo publiko, agentzia edo zuzenbide publikoko erakundeetan ere, zigorra edo zehapena betetzen ari den denbora guztian.

Funtzionarioa behin-behinean eginkizunak etenda dituela uzteko erabakia har daiteke prozedura judiziala zein diziplinako espedientea tramitatzen ari direnean, betiere, Estatutu honetan ezarritako moduan.

91. artikulua. Zerbitzu aktibora itzultzea.

Karrerako funtzionarioak zerbitzu aktibora itzultzeko eskaerak egiteko orduan, jatorrizko administrazio-egoeren arabera, epeak, prozedurak eta baldintzak arautuko dira erregelamendu bidez, betiere, Estatutu honen arabera egoki denean, lanpostua gordetzeko eskubidea errespetatuta.

92. artikulua. Lan-kontratuko langileen egoerak.

Lan-kontratuko langileek Langileen Estatutuan ezarritakoa eta aplikatzekoak diren Hitzarmen Kolektiboetan ezarritakoa izango dute arau.

Hitzarmen Kolektiboek bere aplikazio-eremuan sartzen diren langileei kapitulu hau ezartzea erabaki ahal izango dute Langileen Estatutuan ezarritakoarekin bateragarri den horretan.

VII. TITULUA

Diziplina-araubidea

93. artikulua. Diziplina-erantzukizuna.

Funtzionario publikoak eta lan-kontratuko langileak kapitulu honetan eta Estatutu hau garatzeko Funtzio Publikoko Legeek ematen dituzten arauetan ezarritako diziplina-araubideari lotuta egongo dira.

Funtzionario publikoek edo lan-kontratuko langileek, baldin eta diziplinazko falta izan daitezkeen egintzetara edo jokabideetara bultzatzen badituzte beste batzuk, haien erantzukizun berdina izango dute.

Era berean, funtzionario publikoek edo lan-kontratuko langileek erantzukizuna izango dute, baldin eta burutu diren falta astunak edo oso astunak estaltzen badituzte, egintza horiek Administrazioari edo herritarrei kalte larria dakarkietenean.

Lan-kontratuko langileen diziplina-araubideak, titulu honetan jasota ez dagoenari dagokionez, lan-arloko legeria izango du arau.

94. artikulua. Diziplina-ahala baliatzea.

Aurreko artikuluan zehaztutakoaren arabera Herri Administrazioen zerbitzuan diharduten langileek beren eginkizunak eta karguak betetzean egiten dituzten arau-hausteak diziplinaren bidetik zuzenduko dituzte Herri Administrazioek, betiere, arau-hauste horiei lotuta etor daitezkeen ondare- edo zigor-erantzukizunei kalte egin gabe.

Diziplina-ahala honako printzipio hauek oinarri hartuta baliatu behar da:

a) Legezkotasun-printzipioa eta falta nahiz zehapenen tipikotasun-printzipioa, aurretiaz araudietan ezarrita daudela, edo, lan-kontratuko langileen kasuan, hitzarmen kolektiboetan.

b) Atzera-eraginik ezaren printzipioa, zehatzeko xedapenak ustezko arau-hauslearen kalterako badira, eta atzera-eragindun printzipioa, haren mesederako badira.

c) Proportzionaltasun-printzipioa, arau-hausteak eta zehapenak sailkatzerakoan nahiz aplikatzerakoan erabili beharrekoa.

d) Erruduntasun-printzipioa.

e) Errugabetasun-presuntzioaren printzipioa.

Diziplina-prozedura baten barruan, instrukzioa egiterakoan, funtsa duten kriminaltasun-zantzuak agertzen badira, tramitazioa eten egingo da eta Fiskaltzari jakinaraziko zaio horren berri.

Ebazpen judizial irmo bidez frogatutako gertakariak lotesleak izango dira Administrazioarentzat.

95. artikulua. Diziplinako faltak.

Diziplinako faltak oso astunak, astunak edo arinak izan daitezke.

Falta oso astunak dira:

a) Konstituzioa eta autonomia-erkidegoetako nahiz Ceuta eta Melilla hirietako autonomia-estatutuak errespetatzeko eginbeharra ez betetzea funtzio publikoari dagozkion zereginetan.

b) Bereizkeriaz jokatzea, arraza- edo etnia-jatorria, erlijioa edo sinesmenak, desgaitasuna, adina edo orientazio sexuala, hizkuntza, iritzia, jaioterria edo auzotasuna, sexua edo bestelako egoera edo inguruabar pertsonal nahiz sozialak direla-eta, edo inor jazartzea, arraza- edo etnia-jatorria, erlijioa edo sinesmenak, desgaitasuna, adina edo orientazio sexuala direla-eta, edo inoren aurka jazarpen morala, sexuala eta sexuagatikoa egitea.

c) Zerbitzua bertan behera uztea, eta bete beharreko eginkizun eta atazak bete gabe uztea bere borondatez.

d) Nabarmen legez kontrakoak diren akordioak hartzea, era horretara Administrazioari edo herritarrei kalte larria eraginda.

e) Langileak bere kargua edo eginkizuna dela-eta eskuragarri duen edo izan duen dokumentazioa edo informazioa behar ez den moduan argitaratzea edo erabiltzea.

f) Sekretu ofizialak zaintzeko orduan, legez halaxe izendatuta edo halakotzat sailkatuta daudela, arduragabekeriaz jokatzea, baldin eta, horren ondorioz, sekretuak argitaratu, edo behar ez den moduan zabaldu edo jakinarazten badira.

g) Lanpostuari lotutako funtsezko eginkizunak edo langileak esleituta dituen eginkizunak modu nabarmenean ez betetzea.

h) Inpartzialtasuna urratzea, langileak esleituta dituen ahalmenak edozein eratako eta eremutako hauteskunde-prozesuetan eragina izateko erabilita.

i) Nagusien aginduei edo jarraibideei nabarmen men ez egitea, agindu horiek argi eta garbi antolamendu juridikoaren aurkakoak direnean izan ezik.

j) Enplegatu publikoaren izaera nagusitzea, berak nahiz beste batek bidegabe onuraren bat lortzeko.

k) Askatasun publikoak eta eskubide sindikalak baliatzeko orduan oztopoak jartzea.

l) Greba egiteko eskubidea askatasunez baliatzean, hori eragozteko egintzak burutzea.

m) Greba-egoeretan ezinbesteko diren zerbitzuak betetzeko eginbeharra ez betetzea.

n) Bateraezintasun-arauak ez betetzea, horren ondorioz bateraezintasun-egoera bat sortzen bada.

ñ) Eskatutako arbuiatuta, Gorte Nagusietako edo autonomia-erkidegoetako legebiltzarretako Ikerketa Batzordeetan ez bertaratzea, horretarako justifikaziorik izan gabe.

o) Laneko jazarpena.

p) Era berean, falta oso astunak izango dira Gorte Nagusietan edo dagokion autonomia-erkidegoko legebiltzarrean Lege bidez halakotzat hartutakoak edo, lan-kontratuko langileen kasuan, hitzarmen kolektiboetan halakotzat hartutakoak.

Falta astunak zein diren Gorte Nagusietan edo dagokion autonomia-erkidegoko legebiltzarrean ezarriko da Lege bidez, edo, lan-kontratuko langileen kasuan, hitzarmen kolektiboetan, betiere, honako inguruabar hauek aintzat hartuta:

a) Legeria zein neurritan urratu den.

b) Herritarren edo Administrazioaren ondasunetan, ondarean edo interes publikoan egindako kalteak zenbaterainokoak diren.

c) Administrazioaren irudi publikoaren izen ona zenbateraino iluntzen den.

Falta arinetan aplikatu behar den araubidea zein den Estatutu hau garatzeko emango diren Funtzio Publikoko Legeek ezarriko dute, arestian adierazitako inguruabarrak aintzat hartuta.

96. artikulua. Zehapenak.

Faltak nolakoak izan diren ikusita, zehapen hauek jarri ahal izango dira:

a) Funtzionarioa bada, zerbitzutik kenduko dute, eta, bitarteko funtzionarioa bada, izendapena ezeztatuko diote; falta oso astunak eginez gero, egoera horretan bakarrik ezarri ahal izango dira zehapen horiek.

b) Lan-kontratuko langilea bada, diziplina bidez kaleratuko dute; falta oso astunak eginez gero, horrela bakarrik ezarri ahal izango da zehapen hori. Gainera, desgaikuntza ekarriko dio beste lan-kontratu baten titularra izateko, aurrekoen antzeko eginkizunak betetzeko bada.

c) Eginkizunen etendura irmoa ekarriko du, edo, lan-kontratuko langileen kasuan, enplegu- eta soldata-etendura, sei urteko iraupenez gehienez ere.

d) Langilea nahitaez lantokiz aldatzea ekarriko du, egoitza-udalerria aldatuta zein ez, kasuan-kasuan ezartzen den denbora-tarte batez.

e) Demeritua edo gaitzespidea ekarriko du, alegia, zigorketa ekarriko du lanbide-karreran, sustapenean edo borondatezko mugigarritasunean.

f) Ohartarazpena.

g) Legez ezarritako beste edozein.

Lan-kontratuko langile finkoa berriz lanean hartu beharko da, baldin eta, falta oso astuna egin dela-eta, diziplinako espedientea ireki, eta, horren ondorioz, erabakitako kaleratze hori bidegabekotzat jotzen bada.

Zehapen bakoitza zenbaterainokoa izango den erabakitzeko, aintzakotzat hartuko dira jokaeran izandako asmo-, utzikeria- edo arduragabekeria-maila, interes publikoari egindako kaltea, errepikapena edo berrerortzea, eta partaidetza-maila.

97. artikulua. Falta eta zehapenen preskripzioa.

Arau-hauste oso astunak 3 urtera preskribatuko dira, astunak 2 urtera eta arinak 6 hilabetera; falta oso astunak egiteagatik ezarritako zehapenak 3 urtera preskribatuko dira, falta astunengatik ezarritakoak 2 urtera eta falta arinengatik ezarritakoak urtebetera.

Preskripzio-epea falta egin den unetik aurrera hasiko da kontatzen, eta, falta behin eta berriz egin denean, falta egiteari utzi zaionetik aurrera hasiko da kontatzen.

Zehapenen preskripzio-epea zehapen-ebazpena irmo denetik aurrera hasiko da kontatzen.

98. artikulua. Diziplina-prozedura eta behin-behineko neurriak.

Falta oso astunak edo falta astunak egiteagatik zehapena ezarri ahal izateko, aurrez ezarritako prozedura erabili behar da nahitaez.

Falta arinak egiteagatik zehapena ezartzeko orduan, prozedura laburtua erabiliko da, interesdunari entzunda.

Estatutu hau garatzeko ezarriko den diziplina-prozedura prozesuaren eraginkortasun, azkartasun eta ekonomiaren printzipioak aintzakotzat hartuta egituratuko da, betiere, ustezko erantzulearen defentsa-bermeak eta eskubideak erabat errespetatuta.

Prozeduraren barruan instrukzio-fasea eta zehapen-fasea behar den moduan bereizita egongo dira, faseetako bakoitza organo baten esku.

Zehapen-prozedurak erregulatzeko arauetan halaxe jasota dagoenean, horretarako eman beharreko ebazpen arrazoitua emanda, behin-behineko neurriak hartu ahal izango dira, emango den azken ebazpena eraginkorra izango dela bermatzeko.

Diziplinako espedientea tramitatzean kautela-neurri gisa behin-behineko etendura ezartzea erabakitzen denean, etenaldia ezin izango da 6 hiletik gorakoa izan, interesdunari egotz dakizkiokeen arrazoiak direla-eta prozedura geldiarazten ez bada.

Prozedura judiziala tramitatzen ari direnean ere erabaki ahal izango da behin-behineko etendura ezartzea; epaileak agindutako behin-behineko espetxealdiak edo langileari lanpostuan jardutea eragozten dioten beste neurri batzuek dirauten beste denboran iraungo du etenaldi horrek.

Kasu horretan, behin-behineko etendura 6 hiletik gorakoa izanda ere, horrek ez du lanpostua galtzea ekarriko.

Behin-behineko etendura duen funtzionarioak etenaldi horretan eskubidea izango du oinarrizko ordainsariak eta, hala badagokio, seme-alaba ardurapean izateagatiko familia-prestazioak jasotzeko.

Behin-behineko etendura hori behin betiko bihurtzen denean, funtzionarioak etendurak iraun duen artean jasotako guztia itzuli beharko du.

Behin-behineko etendura hori behin betiko zehapen bihurtzen ez bada, Administrazioak funtzionarioari zor dion aldea eman beharko dio, hau da, benetan jasotakoaren eta eskubide guztien jabe izanda jaso behar izango zuen kopuruaren arteko aldea, alegia.

Behin-behineko etenduran emandako denbora hori baliogarria izango da etendura irmoa betetzeko orduan.

Behin-behineko etendura-erabakia irmo bihurtzen ez bada, etenaldi hori kontuan hartuko da zerbitzu aktiboan emandako denbora zenbatzeko, eta funtzionarioa berriz berehala bere lanpostuan hasteko erabakia hartuko da, bere eskubide ekonomiko guztiak eta etendura gertatu zenetik dagozkion gainerako eskubideak aitortuta.

VIII. TITULUA

Herri Administrazioen arteko lankidetza

99. artikulua. Herri Administrazioen arteko lankidetza-harremanak.

Herri Administrazioek, Estatutu honetako gaiei dagokienez, lankidetza eta elkarlanaren printzipioen arabera jardun eta erlazionatu behar dute, betiere, beste Administrazioek beren eskumenak baliatzeko duten eskubidea errespetatuta.

100. artikulua. Lankidetza-organoak.

Herri Administrazioen Sektoreko Batzarra da, bestelako sektoreko batzar edo organo baliokideen partaidetzari kalterik egin gabe, Herri Administrazioko arloan dagoen lankidetza-organoa, organo horretan kide izanik Estatuko Administrazio Orokorra, autonomia-erkidegoetako administrazioak, Ceuta eta Melilla hirietakoak eta Toki Administrazioa (Espainiako Probintzien eta Udalerrien Federazioak izendatuko ditu ordezkariak, tokiko erakundeen elkarte horrek baitu estatu osoan zabalkunderik handiena); Sektoreko Batzar horrek Herri Administrazioen araubide juridikoari buruz indarrean dagoen legerian ezarritakoa errespetatu beharko du funtzionamenduari eta antolaketari dagokienez.

Enplegu Publikoa Koordinatzeko Batzordea sortuko da eta bera izango da lanerako organoa eta organo teknikoa; Herri Administrazioen Sektoreko Batzarrari atxikita egongo da.

Batzorde horretan koordinatuko da langileen politika, alegia, Estatuko Administrazio Orokorreko, autonomia-erkidegoen administrazioetako, Ceuta eta Melilla hirietako eta toki-erakundeetako politikak; Batzordeak, zehatz-mehatz, zeregin hauek bete behar ditu:

a) Enplegu publikora iristeko orduan, printzipio konstituzionalak errespetatuko direla bermatzeko sustatu beharreko jardun guztiak sustatu behar ditu.

b) Enplegu publikoaren arloan onartzekoak diren oinarrizko legerien proiektuak aztertu eta analizatu behar ditu, eta Herri Administrazioek aurkezten dioten beste edozein arau-proiekturi buruz txostena egin behar du.

c) Enplegu publikoari buruz ikerketak eta txostenak egin behar ditu.

Egindako ikerketa eta txosten horiek Herri Administrazioetako negoziazio-mahai orokorrean partaide diren erakunde sindikalei igorriko zaizkie.

Enplegu Publikoa Koordinatzeko Batzordearen partaide izango dira, batetik, Estatuko Administrazio Orokorrean, autonomia-erkidegoen administrazioetan eta Ceuta eta Melilla hirietan giza baliabideei buruzko politikan diharduten zuzendaritza-organoetako titularrak, eta, bestetik, Toki Administrazioko ordezkariak, Espainiako Probintzien eta Udalerrien Federazioak izendatutakoak, tokiko erakundeen elkarte horrek baitu estatu osoan zabalkunderik handiena, betiere, erregelamenduz ezarriko den eran eta autonomia-erkidegoei aurretiaz kontsulta eginda.

Enplegu Publikoa Koordinatzeko Batzordeak funtzionamendu eta antolamendurako bere arauak ezarriko ditu.

Lehen xedapen gehigarria.

Berariazko aplikazio-eremua.

Estatuko, erkidegoetako eta tokian tokiko sektore publikoan diharduten erakundeek, Estatutu honetako 2. artikuluan sartuta ez badaude eta berariaz duten arautegian hala definituta badaude, 52., 53., 54., 55. eta 59. artikuluetan jasotako printzipioak aplikatu behar dituzte.

Bigarren xedapen gehigarria.

Estatu osorako gaikuntza duten funtzionarioak.

Toki Korporazioetako Funtzio Publikoak:

1.1 Funtzio publikoak dira, eta, beraz, era esklusiboan funtzionarioek bakarrik bete beharrekoak, agintea erabiltzea, fede publikoa ematea eta aginduzko lege-aholkularitza ematea dakartzatenak, finantza- eta ekonomia-kudeaketa eta aurrekontuen kudeaketa kontrolatzea eta barrutik ikuskatzea dakartenak eta kontabilitatekoak eta diruzaintzakoak.

1.2 Ondorengo funtzio publiko hauek Toki Korporazio guztietan dira beharrezkoak, eta beren administrazio-erantzukizuna Estatu osorako gaikuntza duten funtzionarioentzat dago erreserbatuta:

a) Idazkaritza-lana, fede publikoa eta aginduzko lege-aholkularitza emateko.

b) Finantza- eta ekonomia-kudeaketa eta aurrekontuen kudeaketa kontrolatzeko eta barrutik ikuskatzeko lana, eta kontabilitatea, diruzaintza eta diru-bilketa.

Estatu osorako gaikuntza duten funtzionarioen eskalak honako azpieskala hauek ditu bere barruan:

a) Idazkaritza; horrek bete behar ditu 1.2.a) idatz-zatian bildutako funtzioak.

a) Kontuhartzailetza-diruzaintza; horrek bete behar ditu 1.2.b) idatz-zatian bildutako funtzioak.

c) Idazkaritza-kontuhartzailetza; horrek bete behar ditu 1.2.a) eta 1.2.b) idatz-zatietan bildutako funtzioak, diruzaintzako funtzioa izan ezik.

Idazkaritzako eta kontuhartzailetza-diruzaintzako azpieskaletako funtzionarioak bi kategoria hauetakoren batean sartuta egongo dira:

sarrerakoan edo goi-mailakoan.

Estatu osorako gaikuntza duten funtzionarioentzat erreserbatuta dauden lanpostuak sortu, sailkatu edo kentzeko eskumena autonomia-erkidegoetako bakoitzari dagokio, betiere, legez ezarrita dauden oinarrizko irizpideei jarraituz.

Autonomia-erkidegoen zeregina izango da 1.2 paragrafoan adierazitako funtzionarioei dagozkien plazen artean hutsik daudenak betetzeko enplegu-eskaintzarako deialdia egitea.

Era berean, autonomia-erkidegoen eskumena izango da funtzionario horiek hautatzea, betiere, eskatu behar diren titulu akademikoen arabera eta Herri Administrazioetako Ministerioak erregelamenduz onetsitako gutxieneko programak errespetatuta.

Autonomia-erkidegoek beren aldizkari ofizialetan argitaratuko dituzte Estatu osorako gaikuntza duten funtzionarioentzako hautaketa-probetarako deialdiak eta Herri Administrazioetako Ministerioari bidaliko dizkiote Estatuko Aldizkari Ofizialean argitara ditzan.

Autonomia-erkidegoek izendatu dituzten funtzionarioen zerrenda bidali behar diote Herri Administrazioetako Ministerioari, batetik, Estatu osorako gaikuntza hori egiazta dezan, eta, bestetik, dagokion erregistroan inskripzioa egin dezan.

Ondorio horiek izateko, Estatu osorako gaikuntza duten funtzionarioen erregistroa egongo da Herri Administrazioetako Ministerioan eta bertan inskribatuko dira Autonomia-erkidegoek egindako izendapenak, administrazio-egoerak, lanpostuaz jabetzeko edo lanpostuari uzteko erabakiak eta funtzionario horien lanbide-karreran eragina izan dezaketen gainerako inguruabar guztiak.

Autonomia-erkidegoei berariaz dagozkien erregistroetan egindako inskripzioak ere jasoko dira goian aipatutako erregistro horretan.

Estatu osorako gaikuntza duten funtzionarioek toki-erakundeetako plantilletan berentzat erreserbatuta dauden lanpostuak betetzeko diren merezimendu-lehiaketetan parte hartzeko zilegitasuna dute.

Estatu osorako gaikuntza duten funtzionarioentzat erreserbatuta dauden lanpostuak betetzea.

5.1 Lehiaketa izango da lanpostuak betetzeko sistema arrunta. Lehiaketan kontuan hartuko dira merezimendu orokorrak; lurralde antolamenduaren berezitasunak eta bertako zuzenbide propioa zein diren jakinda, autonomia-erkidegoetako bakoitzari buruzko ezagutzei dagozkien merezimenduak; hizkuntza ofiziala jakitea, dagokion legeria autonomikoan ezarritakoaren arabera; eta lanpostuaren ezaugarriekin zuzenean lotuta dauden berariazko merezimenduak.

Urtean bi lehiaketa izango dira:

lehiaketa arrunta eta lehiaketa bateratua.

Autonomia-erkidegoek arautuko dituzte, bakoitzak bere lurralde-eremuan, lehiaketa arruntaren oinarri erkideak, baita, gorago adierazitako merezimenduetako bakoitzari dagokionez, puntuazio-portzentajea ere.

Toki Korporazioek urteko lehiaketa arrunta onartuko dute, beren iritziz deialdian sartu beharrekoak diren plaza hutsen zerrenda osatuta.

Lehiaketa arruntak hartuko duen lurralde-eremua toki-korporazioari dagokion autonomia-erkidegoa izango da.

Toki Korporazioetako lehendakariek lehiaketa arruntak egiteko deialdiak egingo dituzte, eta tokian tokiko autonomia-erkidegora igorriko dituzte argitaratzeko.

Toki Korporazioek eman behar dituzte lehiaketei buruzko ebazpenak eta tokian tokiko autonomia-erkidegora igorri behar dituzte ebazpenok; dagokion autonomia-erkidegoak (esleipen guztiak batera lehiakide berari ez ematearren, aurretiaz denak koordinatuta daudela), bere aldizkari ofizialean argitaratuko ditu ebazpenak eta Herri Administrazioetako Ministerioari bidaliko dizkiote, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitara ditzan eta Estatu osorako gaikuntza duten funtzionarioen erregistroan sar ditzan.

Herri Administrazioetako Ministerioak, osagarri modura, merezimendu orokorrak eta balioespen autonomikoa aintzakotzat hartuta, eta autonomia-erkidegoek hizkuntza-betekizuna dela-eta ezarritakoaren arabera, lehiaketa bateratua deituko du urtean behin, Estatu osorako gaikuntza duten funtzionarioentzat erreserbatuta egonik, lehiaketa bidez bete beharreko lanpostu hutsak betetzeko, betiere, Herri Administrazioetako Ministerioak erregelamenduz ezarriko duen moduan.

Lehiaketa bateratuak hartuko duen lurralde-eremua Estatua bera izango da.

5.2 Salbuespen modura, 7/1985 Legearen 121. artikuluaren arabera biztanleria handia duten udalerrietan, baita probintziako diputazioetan, kabildoetan eta uharteetako kontseiluetan ere, funtzio publikoari buruzko oinarrizko legerian ezarritakoa errespetatuta, lanpostuen zerrendetan zehaztutakoaren arabera eurentzat erreserbatutako lanpostuak izendapen askeko sistemaren bidez bete ahal izango dira, dagozkien azpieskalan eta kategorian Estatu osorako gaikuntza duten funtzionarioen artean.

5.3 Autonomia-erkidegoek erabakiko dituzte, bakoitzak bere arautegia oinarritzat hartuta, Estatu osorako gaikuntza duten funtzionarioen behin-behineko izendapenak, baita zerbitzu-eginkizunak, lanpostu-pilaketak eta bitarteko langileen nahiz halabeharrez izendatutako langileen izendapenak ere.

Estatu osorako gaikuntza duten funtzionarioei aplikatu behar zaien diziplina-araubidea autonomia-erkidegoetako bakoitzak ezarritakoaren arabera arautuko da. Herri Administrazioetako Ministerioari dagokio diziplina-espedienteak ebaztea, baldin eta, funtzionarioak, espedientea hasi zen autonomia-erkidegoan ez, beste autonomia-erkidego batean badu destinoa.

Enplegu publikora iristeko, karrera egiteko, lanpostuak betetzeko eta funtzionarioak taldekatzeko tokian tokiko autonomia-erkidegoan aplikatu behar diren sistemak dira oinarri Estatu osorako gaikuntza duten funtzionarioak arautzeko orduan, Lege honetan ezarritakoa errespetatuta.

Hirugarren xedapen gehigarria.

Estatutu honetako xedapenak foru-instituzioetan aplikatzea.

Estatutu hau Nafarroako Foru Erkidegoari aplikatuko zaio, Konstituzioaren 149.1.18.a artikuluan eta lehen xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera eta Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoan ezarritakoari jarraituz.

Estatutu hau Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan aplikatuko da, Konstituzioaren lehendabiziko xedapen gehigarria, Konstituzioaren 149.1.18.a artikulua eta Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutua onesteko zen abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoa oinarri hartuta.

Estatu osorako gaikuntza duten funtzionarioei dagokienez bigarren xedapen gehigarrian jasota dauden eskumenak tokian tokiko lurralde historikoetako foru-erakundeek edo autonomia-erkidegoko instituzio erkideek izango dituzte beren esku, autonomia-erkidegoko arautegiak ezarritakoaren arabera.

Laugarren xedapen gehigarria.

Ceuta eta Melilla hiriek dituzten funtzionario publikoak.

Ceuta eta Melilla hirietako administrazioek dituzten funtzionario publikoak arautzeko orduan, oinarri izango dira Estatutu honetan ezarritakoa, Estatutua garatzeko hango biltzarrek beren estatutuen esparruaren barruan onets ditzaketen Erregelamenduzko arauak, Estatutua garatzeko Estatuak eman ditzakeen arauak eta Estatuko Administrazio Orokorraren Funtzio Publikoa arautzeko Legea.

Aurreko paragrafoan ezarritakoaren ildotik, Ceuta eta Melillako biltzarrek, aurrekoez gain, honako eginkizun hauek ere izango dituzte:

a) Funtzionarioen eskalak, azpieskalak eta klaseak sortzea, aldatzea eta ezabatzea, eta funtzionarioak multzotan sailkatzea.

b) Lanpostuen zerrendak eta plantillak onartzea.

c) Zuzendaritzako postuak betetzeko prozedura erregulatzea, eta postu horietan jarraitzeko edo postuari uzteko araubidea zehaztea.

d) Diziplinako falta eta zehapen arinak zehaztea.

Funtzionario transferituak arautzeko orduan, Estatuko Administrazio Orokorraren Funtzio Publikoa arautzeko Legea eta lege hori garatzeko arauak izango dira oinarri.

Nolanahi den ere, transferituta daudeneko hiriko funtzionario gisa integratu ahal izango dira, eta beste administrazio publiko batzuen zerbitzuko administrazio-egoeran egongo dira.

Bosgarren xedapen gehigarria.

Estatutu hau organismo erregulatzaileei aplikatzea.

Estatuko Administrazio Orokorraren Antolamendua eta Funtzionamendua arautzeko 6/1997 Legeko hamargarren xedapen gehigarriaren lehen paragrafoan bildutako organismo erregulatzaileetan aplikatuko da Estatutu honetan ezarritakoa, sorrera-legeetan adierazitako moduan.

Seigarren xedapen gehigarria.

Funtzionarioen erretiroa.

Funtzionarioak erretiroa hartzeko araubideei buruzko azterketa aurkeztuko du Gobernuak Diputatuen Kongresuan, eta horren barruan jasota egongo dira, besteak beste, antzeko ezaugarriak dituzten kolektiboen artean diskriminaziorik gertatuko ez dela bermatzeko aholkuak eta kolektibo jakin batzuetan erretiroa lehenago hartzeko aukera zabaltzeko egokitasuna.

Zazpigarren xedapen gehigarria.

Titulaziorik behar ez duten beste lanbide-talde batzuk.

Herri Administrazioek, Estatutu honetako 76. artikuluan ezarritako sailkapen-taldeez gain, aurrekoez bestelako lanbide-talde batzuk ere ezarri ahal izango ditu, horietara iristeko hezkuntza-sisteman jasota dauden titulazioetatik bat ere eskatzen ez dutenak.

Lanbide-talde hauetakoak diren funtzionarioek, eskatzen zaien titulazioa eskuratzen dutenean, Estatutu honen 18. artikuluan ezarritakoaren arabera, euren buruak sustatzeko aukera izango dute.

Zortzigarren xedapen gehigarria.

Berdintasun-planak.

Herri Administrazioek tratu- eta aukera-berdintasuna errespetatu behar dute nahitaez laneko eremuan, eta, helburu hori betetzeko, hartu beharreko neurriak hartu behar dituzte emakumeen eta gizonen artean inolako diskriminaziorik izan ez dadin.

Aurreko paragrafoan ezarritakoari kalterik egin gabe, Herri Administrazioek berdintasun-plana egin eta aplikatu beharko dute, hitzarmen kolektiboan edo funtzionarioentzat erabiltzekoa den lan-baldintzen akordioan garatzeko, betiere, planean bertan ezarritako moduan.

Bederatzigarren xedapen gehigarria.

Karrerako funtzionarioek bermatuta izango dituzte, Herri Administrazio bakoitzak bere legeetan ezarritakoaren arabera, lanbide-karrera egiteko sistemen barruan eskuratuta edo aitortuta dituzten eskubide ekonomikoak.

Hamargarren xedapen gehigarria.

Karrerako funtzionarioen lanbide-karrerak abiaburu izango ditu, gainditu beharreko hautaketa-prozesua gainditutakoan, funtzionarioari hasiera batean esleitu zaion plazari dagozkion gradua, maila, kategoria, eskaloia eta antzeko kontzeptuak; abiaburu horiek minimotzat joko dira.

Horiek abiapuntutzat hartuta hasiko da langilea gora egiten, eremuetako bakoitzean aplikatu beharreko karrera-modalitatea zein den aintzat hartuta.

Hamaikagarren xedapen gehigarria.

Aplikazio-eremua, 87.3 artikuluarena.

Estatutu honetako 4. artikuluan adierazitako langileak, halaxe izendatuta, zerbitzu berezietan edo antzeko administrazio-egoera batean daudenean, Estatutu honen 87.3 artikuluan ezarritako eskubideak aplikatuko zaizkie, betiere, aplikazio hori berariazko legerian ezarritakoarekin bateragarria den heinean.

Lehen xedapen iragankorra.

Ordainsari-eskubideak bermatzea.

Estatutu honek ezin izango die murrizketarik ekarri bere aplikazio-eremuan jasota dauden langileei; Estatutua indarrean sartutakoan, beraz, langileentzat indarrean dagoen karrera-sistemari lotuta dauden eskubide ekonomikoen eta beste ordainsari osagarri batzuen zenbatekoa ezingo da murriztu, langileek duten administrazio-egoera edozein izanda ere.

Estatutu hau indarrean sartutakoan bere aplikazio-eremuan jasota dauden langileak zerbitzu aktiboko egoeran ez badaude, zerbitzu aktibora itzultzen diren unetik aurrera aitortuko zaizkie langile horiei aurreko paragrafoan adierazi diren eskubide ekonomikoak eta bestelako ordainsari osagarriak.

Bigarren xedapen iragankorra.

Funtzionarioentzat sailkatuta dauden eginkizunetan edo lanpostuetan diharduten lan-kontratuko langile finkoak.

Estatutu hau indarrean sartzen denean funtzionarioentzat diren eginkizunak betetzen ari diren lan-kontratuko langile finkoek edo egun hori baino lehenago deitutako hautaketa- edo sustapen-probei esker eginkizun horiek beteko dituztenek beren eginkizunak betetzen jarraitu ahal izango dute.

Era berean, lan-kontratuko langile finkoek oposizio-lehiaketaren sistemaren bidez egiten diren barne-sustapenerako hautaketa-prozesuetan parte hartu ahal izango dute, lehia askeko hautaketa-prozesuekin batera edo erabat bereizita, zein eginkizun edo lanpostutan diharduten, horiei atxikita daudeneko Kidego eta Eskala horietan; betiere, beharrezkoa den titulazioaren jabe izan behar da eta eskatzen diren betekizunak errespetatu; horrez gain, merezimendu modura balioetsiko dira lan-kontratuko langile finko benetan egindako zerbitzuak eta egoera horretara iristeko gainditu behar izan dituzten hautaketa-probak.

Hirugarren xedapen iragankorra.

Lanbide-sailkapen berria indarrean jartzea.

Funtzio publikora iritsi ahal izateko, 76. artikuluan adierazitako unibertsitate-titulu berriak orokorrean ezarri bitartean, Estatutu hau indarrean sartzerakoan baliagarri ziren unibertsitate-titulu ofizialak izango dira baliozkoak.

Aldi baterako, Estatutu hau indarrean sartzerakoan baliagarri ziren sailkapeneko Taldeak, 76. artikuluan adierazitakoari jarraituz, funtzionarioen lanbide-sailkapeneko Taldeetan sartuko dira, honako baliokidetza hauek errespetatuta:

- A Taldea:

A1 Azpitaldea

- B Taldea:

A2 Azpitaldea

- C Taldea:

C1 Azpitaldea

- D Taldea:

C2 Azpitaldea

- E Taldea:

Zazpigarren xedapen gehigarrian adierazita dauden lanbide-taldeak.

Eskatzen den titulazioaren jabe diren C1 Azpitaldeko funtzionarioek beren burua A1 Azpitaldera sustatu ahal izango dute B Talde berritik igaro gabe, betiere, Estatutu honetako 18. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Laugarren xedapen iragankorra.

Aldi baterako enplegua finko bihurtzea.

Herri Administrazioek enplegua finko bihurtzeko deialdiak egin ahal izango dituzte, beren kidego, eskala edo kategoriei dagozkien lanpostu edo plaza estrukturalak betetzeko, baldin eta beren aurrekontu-zuzkidura badute, eta, 2005eko urtarrilaren 1a baino lehenagotik, bitarteko edo aldi baterako langileek betetakoak badira.

Hautaketa-prozesuetan ondo bermatuko da berdintasun-, merezimendu-, gaitasun- eta publizitate-printzipioak beteko direla.

Hautaketa-probetako edukiak zerikusia izan behar du deialdiaren xede diren lanpostuetako ohiko prozedurekin, eginkizunekin eta atazekin.

Lehiaketa-fasean, beste merezimenduekin batera, Herri Administrazioetan zerbitzuan emandako denbora eta deialdiaren xede diren lanpostuetan izandako esperientzia balioetsi ahal izango dira.

Estatutu honen 61. artikuluko 1. eta 3. paragrafoetan ezarritakoaren arabera garatu behar dira hautaketa-prozesuak.

Bosgarren xedapen iragankorra.

Hauteskunde-prozedura orokorra.

Estatutu honetako 39. artikuluan ezarritako hauteskunde-prozedura orokorra zehazten den bitartean, Herri Administrazioen zerbitzuan diharduten langileen ordezkaritza-organoak, lan-baldintzak eta partaidetza arautzen dituen ekainaren 12ko 9/1987 Legeko ondorengo artikulu hauek oinarrizko araudi izango dira:

13.2, 13.3, 13.4, 13.5, 13.6, 15, 16, 17, 18, 20, 21, 25, 26, 27, 28 eta 29.

Seigarren xedapen iragankorra.

Aitatasun-baimena luzatzea.

Herri Administrazioek, pixkanaka eta arian-arian, 49. artikuluko c) idatz-zatian araututako aitatasun-baimena luzatuz joan behar dute, azkenean, helburua betetzeko, baimen horrek lau asteko iraupena izan dezan Estatutua indarrean sartu eta handik sei urtera.

Zazpigarren xedapen iragankorra.

Estatu osorako gaikuntza duten funtzionarioak.

Estatu osorako gaikuntza duten funtzionarioen araubide juridikoa dela-eta Estatutu honen bigarren xedapen gehigarria garatzeko arauak onartzen ez diren bitartean, Estatu osorako gaikuntza duten Toki Administrazioko Funtzionarioen Eskala egun arautzen duten xedapenek jarraituko dute indarrean, betiere, Estatu osorako gaikuntza duten Funtzionarioen Eskalari dagokionez.

Zortzigarren xedapen iragankorra.

Beste administrazio batzuei lotuta dauden ikastetxeetan diharduten funtzionarioak.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa indarrean jarri aurretik, edo Lege hori aplikatzen hasi eta lehendabiziko hiru urteetan, edozein Herri Administraziori atxikitako ikastetxe izandakoak Hezkuntza Administrazioei atxikitako ikastetxe-sarean sartu direnean, zerbitzua ikastetxe horietan ematen duten funtzionario-izaerako irakasleak Hezkuntzako Lege Organikoan adierazitako irakasleen kidegoetan integratu ahal izango dira; horretarako, betiere, dagokion kidegoan sartzeko beharrezko den titulazioaren jabe izan behar da, edo, bestela, jatorrizko Herri Administrazioan lanean hasi zenean estatu-mailako Irakasle Kidegoetan sartzeko orduan eskatzen zen titulazioaren jabe izan behar da.

Funtzionario horiek sartu direneko kidego horietan sailkatuta geratuko dira, betiere, jatorrizko Herri Administrazioan funtzionario izendatu zuteneko data errespetatuta; era berean, integratzeko unean izendatuta zituzten destinoetan jarraituko dute, eta, aurrerantzean, funtzionario irakasleen lanpostuak betetzeko arautegiari lotuta egon beharko dute.

Xedapen indargabetzaile bakarra.

Laugarren azken xedapenean ezarritako irismenaz, indargabetuta geratzen dira honako xedapen hauek:

a) Otsailaren 7ko 315/1964 Dekretuaz onartutako Estatuko Funtzionario Zibilen Legetik honako artikulu hauek: 1, 2, 3, 4, 5.2, 7, 29, 30, 36, 37, 38, 39.2, 40, 41, 42, 44, 47, 48, 49, 50, 59, 60, 61, 63, 64, 65, 68, 71, 76, 77, 78, 79, 80, 87, 89, 90, 91, 92, 93, 102, 104 eta 105.

b) Abuztuaren 2ko Funtzio Publikoaren Erreformarako Neurrien 30/1984 Legeko hauek: 3.2.e) eta f); 6 artikuluak; 7; 8; 11; 12; 13.2, 3 eta 4; 14.4 eta 5; 16; 17; 18.1etik 5era; 19.1 eta 3; 20.1, a) b) lehen lerrokada, c), e) eta g) lehen lerroaldetik laugarrenera, eta i), 2 eta 3; 21; 22.1 azken bi lerrokadak izan ezik; 23; 24; 25; 26; 29, 5, 6 eta 7 paragrafoen azken lerrokada izan ezik; 30.3 eta 5; 31; 32; 33; hirugarren xedapen gehigarria, 2 eta 3, laugarrenetik hamabigarrena eta hamabosgarrena, xedapen iragankorretatik bigarrena, zortzigarrena eta bederatzigarrena.

c) Herri Administrazioen zerbitzuan diharduten langileen ordezkaritza-organoak, lan-baldintzak eta partaidetza arautzen dituen ekainaren 12ko 9/1987 Legea, 7. artikulua izan ezik, eta Estatutu honen bosgarren xedapen iragankorrean jasotakoa salbuespen dela.

d) 17/1993 Legea, abenduaren 23koa, Europar Batasunaren gainerako estatu kideetako herritarrak Espainiako Funtzio Publikoan sartzeari buruzkoa.

e) Toki Araubidearen oinarriak arautzeko apirilaren 2ko 7/1985 Legetik honako hauek: 92. artikulua eta VII. tituluko III. kapitulua.

f) Toki-administrazioaren araubidearen arloan indarrean diren xedapenen Testu Bateginetik, hau da, apirilaren 18ko Legegintzako 781/1986 Dekretutik, VII. tituluko III. kapitulua.

g) Estatutu honetan ezarritakoaren aurka doazen maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.

Lehenengo azken xedapena.

Eskumen-gaikuntza.

Estatutu honen xedapenak Konstituzioaren 149.1.18. artikuluaren babesean eman dira, funtzionarioen estatutu-araubidearen oinarriak eratzearren; Konstituzioaren 149.1.7 artikuluaren babesean, lan-arloko legeriari dagokionez, eta Konstituzioaren 149.1.13 artikuluaren babesean, ekonomia-jardueraren plangintza orokorraren oinarriei eta koordinazioari dagokienez.

Bigarren azken xedapena.

Lege honetan jasotako xedapenak autonomia-erkidego guztietan aplikatu behar dira, betiere, instituzio-sistemaren arloan dauden egoera bereziak errespetatuta, eta, Konstituzioaren eremuan, tokian tokiko autonomia-estatutuek funtzio publikoaren eta auto-antolamenduaren arloan esleituta dituzten eskumen esklusiboak eta partekatuak errespetatuta.

Hirugarren azken xedapena.

Abenduaren 26ko 53/1984 Legea moldatzea, Herri Administrazioen zerbitzuan diharduten langileen bateraezintasun-egoerei buruzkoa.

Lege horren 2. artikuluko 1. paragrafoko a) eta g) idatz-zatiak aldatu dira; aurrerantzean honela egongo dira idatzita:

«a) Estatuko Administrazioaren eta bere organismo publikoen zerbitzuan diharduten langile zibilak eta militarrak.

g) Eskuarki, aurrekontuen ehuneko 50etik gora Herri Administrazioetatik datozen diru-laguntzak edo bestelako diru-sarrerak erabilita hornitzen diren erakunde, fundazio, partzuergo eta zuzenbide publikoko korporazioetan diharduten langileak.»

Lege bereko 16. artikuluko 1. paragrafoa aldatu da, eta honela geratu da idatzita:

«Funtzionarioei, behin-behineko langileei eta lan-kontratukoei ezingo zaie bateragarritasuna baimendu edo aitortu, baldin eta Estatutu honetako 24. artikuluko b) idatz-zatiaren arabera jaso ditzaketen ordainsari osagarrietan bateraezintasun-faktorea jasota badago tarifaz eta zuzendaritzakoei ordaindutakoarekiko, goi-mailako zuzendaritzako izaera berezia duen lan-harremanari lotutako langileak ere barnean direla».

Laugarren azken xedapena.

Indarrean sartzea.

Honako Estatutu hau hilabeteko epean sartuko da indarrean, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

Nolanahi den ere, III. tituluko II. eta III. Kapituluetan, 25.2 artikulua salbuespen dela, eta V. tituluko III. kapituluan ezarritakoa Estatutua garatzeko emango diren Funtzio Publikoko Legeak indarrean sartzen direnean hasiko da ondorioak izaten.

Estatutu honetako hirugarren azken xedapenaren 2. paragrafoak Herri Administrazio bakoitzean izango ditu ondorioak, III. tituluko III. kapitulua indarrean sartzen denetik hasita, Estatutu hau garatzeko Herri Administrazioek emango dituzten Funtzio Publikoko Legeak onartutakoan.

Balizko egoera horiek benetan gauzatu arte, gaur egun indarrean dagoen arautegiaren arabera baimendu edo ukatuko dira bateragarritasun-kasuak.

Funtzio Publikoko Legeak eta Estatutu hau garatzeko erregelamenduzko arauak onartzen diren arte, Herri Administrazio bakoitzean giza baliabideak antolatzeko, planifikatzeko eta kudeatzeko indarrean diren arauei eutsiko zaie, Estatutu honetan ezarritakoaren aurkakorik ezartzen ez badute behintzat.

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra