Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Octava ediciión Premios Adrián Celaya

Administrazio zuzenbidea  >>  Legeria  >> Orokorra

7/2018 Errege Lege Dekretua, uztailaren 27koa, Osasun Sistema Nazionalerako Irispide Unibertsalari buruzkoa.

2018-07-27

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2018/07/30 183zk

 Untitled

I. XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

10752   7/2018 Errege Lege Dekretua, uztailaren 27koa, Osasun Sistema

Nazionalerako Irispide Unibertsalari buruzkoa.

Pertsona guztien funtsezko eskubidea da Osasun Sistema Nazionalerako irispidea izatea ekitate- eta unibertsaltasun-baldintzetan. Eskubide hori erabiltzeko bermea eta herritarren osasunaren babes eraginkorra are garrantzitsuagoak dira osasun-laguntza normalizaturik gabe daudenak kalteberatasun bereziko kolektiboak direnean, gizarte-bazterketaren mehatxupekoak; esate baterako, Espainian erregistratu gabe eta bertan bizitzeko baimenik gabe dauden atzerritarrak.

Apirilaren 20ko 16/2012 Errege Lege Dekretua (Osasun Sistema Nazionalaren iraunkortasuna bermatzeko eta prestazioen kalitatea eta segurtasuna hobetzeko neurri urgenteei buruzkoa) indarrean jarri zenean, eskubide hori urratu egin zen, de facto. Arau horrek funts publikoen kargura osasun-laguntza jasotzeko aukera ukatu zien Espainian erregistratu gabe eta bertan bizitzeko baimenik gabe dauden pertsona helduei. Kasu hauetan baino ezin zezaketen jaso osasun-laguntza: gaixotasun larrien edo istripuen ondoriozko larrialdietan, harik eta alta medikoa hartu arte, eta haurdunaldian, erditzean eta erditu ostean.

Nazioarteko araudiaren esparruan, bai nazioz gaindikoan bai Europakoan, osasuna babesteko eskubidea berariaz aitortzen da gizaki orori dagokion eskubide gisa, eta horren gainean ez dago inolako diskriminazio-elementurik sartzerik, ez orokorki ez bereziki, atzerritarren administrazio-egoeraren erregulartasunaren eskakizunari lotuta.

Gure herrialdean ditugun araugintzako aurrekariek behin eta berriz aipatu izan dute osasun-laguntzaren unibertsaltasuna. Hala, osasuna babesteko eskubidea Espainiako Konstituzioaren 43. artikuluan eta horrekin bat datozen gainerakoetan aipatzen da; apirilaren 25eko 14/1986 Legeak (Osasunari buruzko Lege Orokorra) eskubide hori gauzatu ahal izateko ekintza guztiak arautzen ditu, eta Osasun Sistema Nazionala eratzea ahalbidetu duten printzipio eta irizpide substantiboak ezartzen ditu, hala nola sistemaren izaera publikoa eta unibertsaltasuna. Halaber, maiatzaren 28ko 16/2003 Legeak (Osasun Sistema Nazionalaren kohesioari eta kalitateari buruzkoa), 2012an egin zitzaion aldaketaren aurretik, bere printzipio orokorren artean ezartzen zuen Estatuak aseguramendu unibertsal eta publikoa ezarri behar zuela, eta osasunaren babeserako eta osasun-laguntzarako eskubideen titularrak jasotzen zituen.

Goian aipatutako apirilaren 20ko 16/2012 Errege Lege Dekretuaren bidez egindako erreformak, ordea, desitxuratu zuen osasunaren babeserako eskubidea, beraren bokazio unibertsala deuseztatuz eta maiatzaren 28ko 16/2003 Legean ezarritako eskubidearen titulartasuna ezabatuz. Horrela, legezko estaldura-eskemaren inboluzioa ekarri zuen; ordura arte eskema hori bat zetorren nazioarteko tratatuen, Espainiako Konstituzioaren eta apirilaren 25eko 14/1986 Legearen arabera osasun-politiketan, botere publikoen jardunean eta Osasun Sistema Nazionalaren funtsezko ezaugarrien eraketan nagusi izan behar duten printzipioekin.

Espainian erregistratu gabe eta bertan bizitzeko baimenik gabe dauden helduen kolektiboa osasunaren babeserako eta osasun-laguntzarako eskubideaz gabetu izana ez dator bat, beraz, gure herrialdean ditugun araugintzako aurrekariekin eta geure gain hartuak ditugun nazioarteko konpromisoekin.

Apirilaren 20ko 16/2012 Errege Lege Dekretuak kontu publikoen defizitaren murrizketara bideratutako zenbait irizpide ekonomizista izan zituen oinarri. Erabili ziren argudio gehienak orduko egoeraren araberakoak eta denbora-irismen mugatukoak izan ziren; bestalde, ez dira ebaluatu eta, beraz, ez dago frogatuta osasun-arloan efizientzia hobetu dutenik. Halako printzipioetan oinarrituta, erregulazio horrek uko egin zion osasun publikoaren jasangarritasun finantzarioa bermatu beharraren eta pertsona guztiek osasunaren babeserako duten eskubidea gauzatzeko premia eztabaidaezinaren artean lortu beharreko oreka legez bermatzeari.

Pertsona horiek osasunaren babeserako eta osasun-laguntzarako duten eskubidearen zatikatzeak okerragotu egin du haien kalteberatasun-egoera muturrekoa, eta baztertze hori ezarri zuen araua indargabetzeko edo aldatzeko behin eta berriz eskatzera bultzatu ditu Europar Batasuna, Nazio Batuen Erakundea, autonomia-erkidegoak, Arartekoa, gizarte zibila, elkarte-mugimendua, zientzia-elkarte profesionalak, alderdi politikoak eta beste hainbat erakunde.

Apirilaren 20ko 16/2012 Errege Lege Dekretuak eragindako bazterkeriarekiko desadostasuna ikusita, autonomia-erkidegoek pertsona horiei osasun-laguntza emateko prozedurak garatu dituzte askotariko arauen babesean (adierazpenak, jarraibideak, ebazpenak, aginduak, dekretuak edo legeak). Gaur egun, ekimen horietatik gehienak aurkaratuta edota deuseztatuta daude. Beraz, ekitate falta nabarmena dago eta segurtasun juridikorik gabeko egoera sortu da, osasun-laguntza jasotzen duten pertsonei, hura ematen duten profesionalei eta ekimenak onartu dituzten administrazioei eragiten diena.

Errege lege-dekretu honek, funtsean, laguntzaren unibertsaltasuna bermatu beharrari erantzuten dio; alegia, Espainiako Estatuan dauden pertsona guztiei bermatu behar zaie osasunaren babeserako eta osasun-laguntzarako eskubidea, denei baldintza berberetan.

Horretarako, osasunaren babeserako eta osasun-laguntzarako eskubidearen titulartasuna berreskuratu behar dute Espainiako lurraldean bizi diren pertsona guztiek, berdin dio nongo nazionalitatea duten; tartean, Europar Batasuneko erregelamenduak edo aldebiko hitzarmenak aplikatuta, xedapen horiek adierazten duten moduan eskuratzen dutenak laguntza hori.

Gainera, osasuna babesteko eskakizun etikoari erantzuteaz harantzago, laguntzaren unibertsaltasunak, norbanakoen osasuna hobetu ez ezik, biztanleria osoaren osasun kolektiboari ere eragiten dio.

Eredu berriak Gizarte Segurantzaren funts publikoen konturako aseguramendutik bereizten du osasun-laguntza, eta Espainian bizitzeari lotzen dio, bai eta, Espainiako lurraldean ohiko bizilekua izan gabe ere, beste edozein titulu juridikoren bidez Espainian osasun-laguntzarako eskubidea aitortua duten pertsonei ere; horietarikoak dira, adibidez, gizarte-segurantzaren ekintza babeslearen pean osasun-laguntzarako eskubidea duten pertsonak, bai eta urtarrilaren 11ko 8/2008 Errege Dekretuak (atzerrian bizilekua izan eta itzuli diren espainiarren aldeko beharrizan arrazoiengatiko prestazioa arautzen duena) osasun-laguntzarako eskubidea aitortzen dien langile eta pentsiodunak ere. Horrek guztiak Osasun Sistema Nazionala sendotzen du herritarrei lotutako eskubidea den aldetik.

Espainian egoiliar gisa erregistratu eta baimendu gabe dauden atzerritarrei ematen zaien osasun-laguntzak, era berean, gizarte-laguntzaren arloan kolektibo kalteberenak babestea helburu duten Europako politikak sendotzen ditu.

Beste alde batetik, osasunaren babeserako eta osasun-laguntzarako eskubidea aitortzeko eskumena Osasuneko, Kontsumoko eta Gizarte Ongizateko Ministerioari esleitzen zaio.

Halaber, Osasun Sistema Nazionalaren jasangarritasun finantzarioa kolokan ez jartzeko beharrezkoa den zuhurtasunetik abiatuta, osasun-laguntzarako eskubidearen erabilera ezegokia saihesteko irizpideak ezartzen dira, hala nola laguntza funts publikoen kargura jasoko dela baldin eta ordaintzera behartutako hirugarrenik ez badago, edo ez badago beste bide batetik nahitaezko estaldura frogatu beharrik, edota ezin bada esportatu osasun-estaldurarako eskubidea sorburuko edo jatorrizko herrialdetik. Hori guztia, araudi nazionalean, Europar Batasunaren zuzenbidean, aldebiko hitzarmenetan eta gainerako arau aplikagarrietan xedatutakoaren indarrez.

Beste alde batetik, Espainian egoiliar gisa erregistratu eta baimendu gabe dauden atzerritarrentzako farmazia-ekarpena ezartzen da, beharrezkoa delako farmazia-prestaziorako irispidea izatea baldintza berdinetan.

Horretarako, aldatu egiten dira maiatzaren 28ko 16/2003 Legea, osasunaren babeserako eta osasun-laguntzarako eskubideari dagokionez, eta Sendagaien eta Osasun-produktuen Bermeen eta Erabilera Zentzuzkoaren Legearen testu bategina, uztailaren 24ko 1/2015 Legegintzako Errege Dekretuak onartua, farmazia-ekarpenari dagokionez. Hala, bada, gure herrialdean osasunaren babeserako eta osasun-laguntzarako eskubidea unibertsaltasunaren bidera itzultzen da, apirilaren 20ko 16/2012 Errege Lege Dekretua indarrean jarri zen arte Espainiako araudiak beti onartu zuen bidera.

Beharrizan hori presakoa eta berehalakoa da, bai banakoen osasunari eta osasun kolektiboari dagokionez, ziurtatu egin behar baita neurriak hartzen direla bizilekua Espainian hartu duten kolektiboei laguntzarik ez emateak osasun publikoaren aurka sor ditzakeen arriskuei aurrea hartzeko, eta bai nazioarteko aginduak betetzeko eta beharrezkoa den segurtasun juridikoa, gizarte-kohesioa eta autonomia-erkidegoen jarduketen koordinazioa eta harmonizazioa lortzeko. Beste alde batetik, Konstituzio Auzitegiaren jurisprudentziari jarraituz, kontuan hartu da deskribatutako presako egoeraren eta errege lege-dekretu honetan hartzen diren neurrien artean lotura egon behar dela; aurre egin behar zaion egoerarekiko zuzeneko lotura eta bat-etortzea, alegia.

Horretarako, arau honen bidez eraginkortasunez betetzen dira Espainiak sinatutako nazioarteko tratatu lotesleak, Espainiako Konstituzioaren 43. artikuluak agintzen duena eta berdintasunaren, elkartasunaren eta justizia sozialaren printzipioak. Horiek uko egin ezinezko balioak dira, Espainiak bezala pertsona guztien ongizatea ikuspegi integratzailetik bermatu nahi dituen zuzenbidezko estatu sozial eta demokratiko ororentzat.

Urriaren 1eko 39/2015 Legeak (administrazio publikoen administrazio-prozedura erkidearena) 129. artikuluan erregulazio onaren printzipioak ezartzen ditu: beharrezkotasuna, eraginkortasuna, proportzionaltasuna, segurtasun juridikoa, gardentasuna eta efizientzia. Errege lege-dekretu honek printzipio horiek betetzen ditu; izan ere, interes orokor baten alde egiten du, osasunaren babeserako eta osasun-laguntzarako eskubide unibertsala bermatzea baitu helburu. Ez dago beste araugintza-aukerarik eskubideak gutxiago murrizten dituenik, eta bat dator Espainiako eta Europako ordenamendu juridikoarekin. Era berean, araua prestatzean kontuan hartu dira apirilaren 20ko 16/2012 Errege Lege Dekretua indarrean jarri zenez geroztik nazioarteko erakundeek, Europako Batzordeak, Arartekoak, autonomia-erkidegoek eta gizarte zibilak egindako txostenak eta gogoetak. Azkenik, errege lege-dekretu honen bidez lortu nahi diren helburuak justifikatuta daude.

Funtsean, esandakoaren ondorioz, kasu honetan, errege lege-dekretua Konstituzioaren araberako tresna zilegia da, aproposa eta egokia delako presako legegintzaren xedea lortzeko; hau da, Konstituzio Auzitegiak behin eta berriro eskatutakoari jarraituz eta Gobernuaren helburuen barruan, diruz laguntzea egoera jakin bat, aurreikusteko zailak diren arrazoiengatik araudia berehala ematea eskatzen duena -esan nahi baita ohiko bidea erabilita edo legeen izapidetze parlamentariorako presako prozedura erabilita beharko litzatekeena baino epe laburragoan ematea eskatzen duena-.

Beraz, errege lege-dekretu honetako neurri guztiek, oro har eta banan-banan, beren izaera eta xedea ikusirik, bete egiten dute Espainiako Konstituzioaren 86. artikuluak errege lege-dekretuak onartu ahal izateko eskatzen duen aparteko eta presako beharrizanaren baldintza.

Horregatik guztiagatik, Espainiako Konstituzioaren 86. artikuluaren baimenaz baliatuta, Osasuneko, Kontsumoko eta Gizarte Ongizateko ministroak proposatuta, eta Ministro Kontseiluak 2018ko uztailaren 27ko bileran eztabaidatu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Lehenengo artikulua Estatuko Osasun Sistemaren Kohesioari eta Kalitateari buruzko maiatzaren 28ko 16/2003 Legea aldatzea.

Maiatzaren 28ko 16/2003 Legea (Estatuko Osasun Sistemaren kohesioari eta kalitateari buruzkoa) honela aldatuta geratzen da:

Bat. Aldatu egiten da 3. artikulua, eta honela idatzita geratzen da:

«3. artikulua. Osasunaren babeserako eta osasun-laguntzarako eskubidearen titularrak.

  • 1. Osasunaren babeserako eta osasun-laguntzarako eskubidearen titularrak dira Espainiako nazionalitatea duten pertsona guztiak eta bizilekua Espainiako lurraldean duten atzerritarrak.

Aurrekoa gorabehera, Gizarte Segurantzako sistemak koordinatzeko Europar Batasuneko erregelamenduak edo osasun-laguntzaren prestazioa biltzen duten aldebiko hitzarmenak aplikatuta Espainian osasun-laguntzarako eskubidea duten pertsonek jaso dezakete osasun-laguntza, Espainiako lurraldean bizi diren bitartean edo Espainian egiten dituzten egonaldietan, arestian aipatutako Europar Batasuneko edo aldebiko xedapenetan ezarritako eran, neurrian eta baldintzetan.

  • 2.  Lehen apartatuan aipatutako eskubidea administrazio eskudunen funts publikoen kargura gauzatu ahal izateko, eskubide horien titular diren pertsonek kasu hauetakoren batean egon behar dute:

  • a)  Espainiako nazionalitatea izatea eta ohiko bizilekua Espainiako lurraldean izatea.

  • b)  Nahiz eta ohiko bizilekua Espainiako lurraldean ez izan, Espainian osasun-laguntzarako eskubidea aitortua izatea beste edozein titulu juridikoren bidez, baldin eta laguntza hori ordaintzera behartutako hirugarrenik ez badago.

  • c)  Espainiako lurraldean legezko eta ohiko bizilekua duen atzerritarra izatea eta beste bide batetik osasun-laguntzaren nahitaezko estaldura frogatu beharrik ez izatea.

  • 3.  Bigarren apartatuaren arabera funts publikoen kargura osasun-laguntza jasotzeko eskubiderik ez duten pertsonek prestazio hori lortu ahal izango dute hitzarmen berezi bat sinatu eta dagokien kontraprestazioa edo kuota ordainduz gero.

  • 4.  Artikulu honetako aurreko apartatuetan xedatutakoak ez du aldatzen Estatuko Administrazio Zibileko Funtzionarioen Mutualitate Orokorrak, Mutualitate Orokor Judizialak eta Indar Armatuen Gizarte Institutuak kudeatzen dituzten araubide berezietako titularren edo onuradunen osasun-laguntzako erregimena, pertsona horiek beren araubide juridiko bereziari eutsiko baitiote.»

Bi. Aldatu egiten da 3 bis artikulua, eta honela idatzita geratzen da:

«3 bis artikulua. Funts publikoen kargura osasunaren babesa eta osasun-laguntza jasotzeko eskubidea aitortzea.

  • 1.  Funts publikoen kargura osasunaren babesa eta osasun-laguntza jasotzeko eskubidea aitortu eta kontrolatzea Osasuneko, Kontsumoko eta Gizarte Ongizateko Ministerioaren ardura izango da, eta eginkizun horretan lankide izango ditu 3.2 artikuluan aipatutako betekizunak erregelamenduz zehazten den moduan egiaztatzeko ezinbestekoak diren erakunde eta administrazio publikoak.

Aurreko paragrafoan xedatutakoa ukatu gabe, Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalari dagozkio gizarte-segurantzako sistemen koordinazioari buruzko nazioarteko arauetatik eratortzen diren osasun-laguntzarako eskubideen kudeaketa eta arau horiek erakunde eskudunei eta lotura-erakundeei esleitzen dizkieten gainerako eginkizunak.

  • 2.  Funts publikoen kargura osasunaren babesa eta osasun-laguntza jasotzeko eskubidea aitortu eta gero, osasun-administrazio eskudunek gauzatuko dute eskubide hori, eta osasun-txartel indibiduala bidaliko diete herritarrei osasun-laguntzako prestazioak eskura jartzeko.

  • 3.  Atzerritarren gaietan eskumena duten organoek Osasuneko, Kontsumoko eta Gizarte Ongizateko Ministerioari eta 1. apartatuan aipatutako erakunde eta administrazio publikoei jakinarazi ahalko dizkiete, interesdunaren baimenik gabe, funts publikoen kargura osasunaren babesa eta osasun-laguntza jasotzeko eskubidearen aitorpena egiaztatzeko eta hura kontrolatzeko ezinbestekoak diren datuak.

Osasuneko, Kontsumoko eta Gizarte Ongizateko Ministerioak eta 1. apartatuan aipatutako erakunde eta administrazio publikoek, era berean, erakunde kudeatzaileen, zerbitzu komunen eta administrazio publiko eskudunetako organoen fitxategietan bildutako datuak erabili ahal izango dituzte, ezinbestekoak badira aipatutako eskubidearen aitorpena egiaztatzeko eta hura kontrolatzeko. Ez da interesdunaren baimenik beharko datu horiek lagatzeko.

Osasuneko, Kontsumoko eta Gizarte Ongizateko Ministerioak eta 1. apartatuan aipatutako erakunde eta administrazio publikoek aurreko bi paragrafoetan aipatzen den informazioa baliatuko dute, funts publikoen kargura osasunaren babesa eta osasun-laguntza jasotzeko eskubidea aitor dadin bete behar diren baldintzek eta betekizunek beren horretan dirautela une oro egiaztatzeko beharrezkoak diren datuak osasun-administrazio eskudunei jakinarazteko, eta, horretarako, ez da interesdunaren baimenik behar izango.

Osasuneko, Kontsumoko eta Gizarte Ongizateko Ministerioak eta 1. apartatuan aipatzen diren erakunde eta administrazio publikoek jakinarazten dituzten aldaketa guztiek dagozkion ondorioak sortuko dituzte osasun-txartel indibidualean.»

Hiru. Aldatu egiten da 3 ter artikulua, eta honela idatzita geratzen da:

«3 ter artikulua. Osasunaren babesa eta osasun-laguntza Espainian dauden baina Espainiako lurraldean legezko bizilekurik ez duten atzerritarrentzat.

  • 1.  Espainiako egoiliar gisa erregistratu eta baimendu gabe dauden atzerritarrek osasunaren babeserako eta osasun-laguntzarako eskubidea dute Espainiako nazionalitatea duten pertsonen baldintza berberetan, 3.1 artikuluan ezartzen den bezala.

  • 2.  Laguntza hori administrazio eskudunen funts publikoen kargura izango da, pertsona horiek baldintza hauek guztiak betetzen badituzte:

  • a)  Beste bide batetik osasun-prestazioaren nahitaezko estaldura frogatu beharrik ez izatea, Europar Batasunaren zuzenbidean, aldebiko hitzarmenetan eta gainerako arau aplikagarrietan xedatutakoaren indarrez.

  • b)  Osasun-estaldurarako eskubidea sorburuko edo jatorrizko herrialdetik esportatu ezin izatea.

  • c)  Ordaintzera behartutako hirugarrenik ez izatea.

  • 2.  Artikulu honetan aipatzen den osasun-laguntzak ez du sortzen Espainiako lurraldetik kanpo administrazio eskudunen funts publikoen kargura osasun-laguntzaren estaldura izateko eskubiderik, ezertan eragotzi gabe gizarte-segurantzaren arloko nazioarteko arau aplikagarrietan xedatutakoa.

  • 3.  Autonomia-erkidegoek, beren eskumenen eremuan, atzerritarrei artikulu honetan aipatzen den laguntza-prestazioa jaso ahal izateko bidea emango dien ziurtagiria eskatzeko eta emateko prozedura ezarriko dute.

Urtarrilaren 11ko 4/2000 Lege Organikoak (atzerritarrek Espainian dituzten eskubide eta askatasunei buruzkoa, eta atzerritar horiek gizarteratzeari buruzkoa) aurreikusten duenaren arabera Espainian aldi baterako dauden atzerritarren kasuetan, nahitaezko baldintza izango da autonomia-erkidegoetako gizarte-zerbitzu eskudunek aurretiaz aldeko txostena ematea.

  • 4.  Autonomia-erkidegoek Osasuneko, Kontsumoko eta Gizarte Ongizateko Ministerioari jakinarazi beharko dizkiote artikulu honetan ezarritakoa aplikatuz ematen diren ziurtagiriak, zehaztuko den prozeduraren bitartez».

Bigarren artikulua. Sendagaien eta Osasun-produktuen Bermeen eta Erabilera Zentzuzkoaren Legearen testu bategina aldatzea; testu bategin hori uztailaren 24ko 1/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen.

Paragrafo bat eransten zaio, e) paragrafoa, Sendagaien eta Osasun-produktuen Bermeen eta Erabilera Zentzuzkoaren Legearen testu bateginari, 102. artikuluaren 5. apartatuan. Testu bategina uztailaren 24ko 1/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen, eta hona hemen paragrafo berria:

«e) Publikoarentzako salmenta-prezioaren % 40 Espainiako egoiliar gisa erregistratu eta baimendu gabeko atzerritarrentzat, maiatzaren 28ko 16/2003 Legearen 3 ter artikuluan aipatzen diren horientzat».

Xedapen gehigarri bakarra. Aseguratu eta onuradun kontzeptuak, nazioarteko araudian eta farmazia-prestaziorako ekarpenean aurreikusitakoaren ondorioetarako.

  • 1.  Gizarte Segurantzako sistemen koordinazioari buruzko nazioarteko arauek eta Sendagaien eta Osasun-produktuen Bermeen eta Erabilera Zentzuzkoaren Legearen testu bateginak (uztailaren 24ko 1/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartua) ezarritakoaren ondorioetarako, aseguratuaren kontzeptua maiatzaren 28ko 16/2003 Legearen 3.2 artikuluan aurreikusitako kasuren batean dauden pertsonengan gauzatutzat joko da.

  • 2.  Gizarte Segurantzako sistemen koordinazioari buruzko nazioarteko arauek eta Sendagaien eta Osasun-produktuen Bermeen eta Erabilera Zentzuzkoaren Legearen testu bateginak (uztailaren 24ko 1/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartua) ezarritakoaren ondorioetarako, maiatzaren 28ko 16/2003 Legearen 3.2 artikuluan aipatzen diren pertsonen onuradun izango dira ezkontidea edo ezkontzaren pareko maitasun-lotura duen pertsona -dagokion inskripzio ofiziala frogatuz gero- eta bere kargu dituen ondorengoak eta pareko pertsonak, 26 urtetik beherakoak badira edo gutxienez % 65eko desgaitasuna badute, eta baldintza hauek guztiak betetzen badituzte:

  • a)  Legezko eta ohiko bizilekua Espainian izatea, salbu eta horren beharrik ez dagoenean nazioarteko arau baten indarrez, edo pertsona horiek aldi baterako badatoz Espainiara eta enpresak Espainiako lurraldetik kanpora bidalitako langileen kargura badaude, Gizarte Segurantzako araubide egokiko altaren pareko egoeran.

  • b)  Gizarte Segurantzako araubideetako kasu hauetako batean ere ez egotea:

  • 1. a. Besteren konturako nahiz bere konturako langilea izatea, afiliaturik eta alta-egoeran edo parekoan.

  • 2. a. Araubide horietako pentsioduna izatea, kotizaziopeko modalitatean.

  • 3. a. Araubide horietako aldian behingo beste edozein prestazioren hartzailea izatea.

Lehenengo xedapen iragankorra. Osasun-laguntzaren prestaziorako hitzarmen berezia.

Errege lege-dekretu hau indarrean jarri eta gero Espainiako lurraldean funts publikoen kargura osasun-laguntza jasotzeko eskubidea izango duten pertsonek maiatzaren 28ko 16/2003 Legearen 3.3 artikuluan xedatutakoa aplikatuz osasun-laguntzaren prestaziorako sinatu dituzten hitzarmen bereziek indarrean iraungo dute errege lege-dekretu hau indarrean jartzen den egutegiko hilaren azken egunera arte.

Bigarren xedapen iragankorra. Funts publikoen kargura osasunaren babesa eta osasun-laguntza jasotzeko eskubidea aitortzeko araubide iragankorra.

Maiatzaren 28ko 16/2003 Legearen 3 bis.1 artikuluan aurreikusten den erregelamendua indarrean jarri arte eutsiko zaie errege lege-dekretu hau indarrean jarri baino lehenagotik bideratzen ari diren prozedura indardunei eta datu-baseei.

Xedapen indargabetzaile bakarra. Arauak indargabetzea.

Indargabeturik geratzen dira errege lege-dekretu honetan xedatutakoaren aurka doazen edo bertan jasotakoarekin bateraezinak diren edo kontraesanean dauden maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.

Bereziki, indargabeturik geratzen dira abuztuaren 3ko 1192/2012 Errege Dekretuaren 2., 3., 4., 5., 6., 7. eta 8. artikuluak (errege-dekretu horrek aseguratu eta onuradun izatea arautzen du Estatuko Osasun Sistemaren bitartez eta funts publikoen kontura Espainian osasun-asistentzia jasotzeko).

Azken xedapenetako lehena. Arauak emateko baimena.

Gobernuari errege lege-dekretu hau garatzeko eta betearazteko beharrezko diren xedapenak emateko baimena ematen zaio.

Azken xedapenetako bigarrena. Transplanteetarako itxarote-zerrenda.

Maiatzaren 28ko 16/2003 Legeak (Osasun Sistema Nazionalaren kohesioari eta kalitateari buruzkoa) 3. ter artikuluan aipatzen dituen atzerritarrak transplanteetarako itxarote-zerrendan sartu ahal izateko baldintzak eta gutxieneko epea ezarriko dira Osasuneko, Kontsumoko eta Gizarte Ongizateko ministroaren agindu baten bidez, Osasun Sistema Nazionaleko Lurraldearteko Kontseiluak aldeko txostena eman eta gero.

Azken xedapenetako hirugarrena. Arau-aipamenak.

Beste arau batzuetan aseguratu kontzeptuari egiten zaizkion aipamenak, osasun-laguntzaren prestazioaren ondorioetarako, maiatzaren 28ko 16/2003 Legearen 3.2 artikuluan aurreikusitako kasuetan dauden pertsonei egiten zaizkiela ulertuko da.

Azken xedapenetako laugarrena. Indarrean jartzea.

Errege lege-dekretu hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean».

Madrilen, 2018ko uztailaren 27an.

FELIPE e.

Gobernuko presidentea, PEDRO SANCHEZ PEREZ-CASTEJON

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra