Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Octava ediciión Premios Adrián Celaya

Administrazio zuzenbidea  >>  Legeria  >> Trafikoari buruzko arauak

772/1997 Errege Dekretua, maiatzaren 30ekoa, Gidarien Araudi Orokorra onartzeko dena

1997-05-30

Itzulpena nork: Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala (IZO)

Erakundea: Presidentzia Ministerioa

Argitalpena: EAO, 1997/6/6, 135. zk

Eguneratua: 2006-02-02

772/1997 Errege Dekretua, maiatzaren 30ekoa, Gidarien Araudi Orokorra onartzeko dena.

(Barne hartzen ditu 2824/1988, 1110/1999, 1907/1999, 1598/2004 eta 62/2006 Errege Dekretuen bitartez sartutako aldaketak)

EAO, ekainaren 6koa

Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu artikulatuak, martxoaren 2ko 339/1990 Legegintzako Errege Dekretuaren bitartez onartuak, hain esparru zabala hartzen duenez, erregelamendu-bidezko garapena eskatzen du. Testuaren azken xedapenak Gobernuari ematen dion eskumena erabiliz, garapen hori, neurri batean, gauzatu da Zirkulazio Araudi Orokorraren bitartez (urtarrilaren 17ko 13/1992 Errege Dekretua) eta Trafikoaren, ibilgailu motordunen zirkulazioaren eta bide-segurtasunaren esparruko zigor-prozedura onartzen duen araudiaren bitartez (otsailaren 25eko 320/1994 Errege Dekretua).

Araudi honen helburua, berriz, bikoitza da, batetik, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu artikulatuko zenbait artikulu garatzea (zehazki, 5 b) eta h), gidabaimenen trukeari eta gidarien eta arau-hausleen erregistroari dagokienez hurrenez hurren; 59, 60, 63, 64, 65 eta 66) gidatzeko administrazio-baimenei buruz baitihardute, eta, bestetik, Espainiako arautegira aldatzea Gidabaimenari buruzko Europako Erkidegoetako Kontseiluaren uztailaren 29ko 91/439/CEE Zuzentaraua, abenduaren 19ko 94/72/CE eta uztailaren 23ko 96/47/CE zuzentarauek aldatua.

Zuzentarau horien edukiak baldintzatu egiten du, zalantzarik gabe, garapena, bertan arautzen baitira gidabaimen motak eta ereduak, gidarien gaitasunak eta horiek egiaztatzeko egin beharreko probak.

Zuzentarau horiek marko konplexua ezartzen dute, izan ere, kasu batzuetan eskakizun zurrunak jartzen dituzte; beste kasu batzuetan, ordea, estatu kideen esku uzten dute baimen-motaren bat onartzea ala ez. Hala ere, oro har, gutxienekoak finkatzen dituzten eta, ondorioz, baldintza murriztaileagoak ezartzeko aukera ematen dute, hala baimen-motaren baten kasuan (A1 baimena adibidez), nola gidariei eskatu ahal zaizkien gaitasunen edota horien egiaztatzeko egin beharreko proben kasuan.

91/439/CEE Zuzentarauan aukerako jotzen diren gidabaimen-motei dagokienez, ez da beharrezko ikusi B1 baimena ezartzea triziklo eta kuadriziklo motordunak gidatzeko, zeren zilindrada eta masaren arabera, A edo B motako baimenekin gida baitaitezke.

Bestalde, A1 motako gidabaimenari dagokionez, bide-segurtasunari begira, beharrezko iritzi zaio muga bat ezartzeari potentzia/pisua erlazioari, hori baita, neurriz kanpokoa bada, ibilgailua arriskutsu egiten duena, potentzia edo zilindrada beren aldetik baino gehiago.

Edozein modutan, zuzentarau horietan eta, ondorioz, araudi honetan dagoen berrikuntzarik nabarmenena da batasuneko esparru osorako gidabaimena ezarri dela. Baimen hori ez da trukatu behar, nahiz eta beti egin daitekeen hori nahi izanez gero, baina erregistratu egin behar da titularrak ohiko bizilekua Espainian jartzen badu eta, beraz, Espainiako berariazko arauen aplikazioa modu osoago batean badagokio.

Batasunaren esparrurako gidabaimena sortzeak komenigarri egiten du hirugarren herrialdeetako baimenen truke automatikoa irizpide murriztaileak erabiliz arautzea, izan ere, truke hori ez da inolaz kendu, aitzitik, alde biko hitzarmenak daudenean baino ez da egingo, eta, hitzarmen horietan, zehaztuta utziko da eskatzen diren baldintzak araudi honetan aurreikusitakoen parekoak direla, gutxienez.

Era berean, batasunerako ezarritako gidabaimen-eredua errespetatze aldera, egoki ikusi da nazio-mailarako baino balio ez duen agiri batean sartzea zuzentarau horien esparrutik kanpo arautu behar diren lizentzia guztiak.

Legearen testu artikulatuan gidariei buruz jasotzen diren arauen erregelamenduzko garapenari dagokionez, araudi berri bat ezarri behar da errepidez salgai arriskutsuak garraiatzen dituzten ibilgailuen gidarientzat, nahitaezkoa baita azaroaren 21eko 94/55/CE Zuzentaraua aplikatzeko (zuzentarau horren bitartez, hurbildu egiten dira estatu kideek salgai arriskutsuak errepidez garraiatzeari buruz dituzten legeriak).

Erregelamendu hau bost titulutan dago egituratuta.

Lehenengo titulua gidatzeko administrazio-baimenei buruzkoa da eta, bertan, ibilgailu motordunak gidatzeko orduan administrazio-baimena izan beharrari buruzko arau orokorrak ezartzen dira. Geroago, manuetan, baimen horien ezaugarriak zehazten dira, ibilgailu-moten edo horien zertarakoaren arabera.

Baimenok emateko eta horien indarraldia luzatzeko baldintza orokorrak finkatzen dira eta baimenei -baita berezitasun handikoei ere- lotutako beste gorabehera batzuk ezartzen dira.

Aurreikusita zegoen bezala, bereizi egiten dira Espainian eta kanpoan emandako baimenak eta, azken horien artean, Batasuneko herrialdeetan eta bestelakoetan emandakoak. Halaber bereizten dira Espainian iragaitzaz dauden gidariek eta ohiko bizilekua bertan ezarri dutenek behar dituztenak.

Gidatzeko administrazio-baimenen deuseztasunari, deuseztagarritasunari, indar-galtzeari eta, hala badagokio, bahitzeari buruzko kapitulua funtsezkoa da titulu honetan, bertan arautzen baita zein bide egin behar den agirian edo berori emateko moduan akatsen bat egin denean, gidariak gaitasuna galtzen duenean edo, besterik gabe, denbora pasatzen denean.

Bigarren tituluan, gidatzeko administrazio-baimenak lortzeko gaitasun-probak arautzen dira, eta zehaztu egiten dira, batetik, proba psikofisikoak, azterketa-zentro espezializatuetan egin beharrekoak, eta, bestetik, ezaupideak, gaitasunak eta jarrerak kontrolatzekoak, zirkuitu itxietan edo zirkulazio orokorrera irekitako bideetan egindako kontroletan neur daitezkeenak.

Kapituluetan zehar, gidari izan nahi duten pertsonen gaitasuna neurtzeko egoki iritzitako proben edukia modu zehatzago batean azaltzen da.

Agintari militarrek eta polizia-agintariek beren ibilgailuak gidatzeko baimenak eman izan ohi dituzte, eta baimen horien truke, tradizioz, gidabaimen arrunt baliokidea eman izan da, betiere, baldintza jakin batzuk betez gero.

Hirugarren tituluko hasierako bi kapituluetan baldintza horiek zehazten dira.

Laugarren tituluan gogora ekartzen da Araudian nahitaez bete beharreko arauak jasotzen direla eta, beraz, horien kontrako jarduerengatik zehapenak jarriko direla, eta Legearen testu artikulatuko 67. artikulura bidaltzen gaitu.

Azkenik, bigarren tituluan Gidarien eta Arau Hausleen Erregistroa eta bertan jaso behar diren gorabeherak arautzen dira, betiere, konfidentzialtasun-obligazioa errespetatuta.

Xedapen gehigarriek (bost) eta iragankorrek (hamalau) saihestu egiten dute araudi orokorrean jasotako arauen eta lehendik indarrean zeudenen arteko kontrakotasuna. Amaitzeko, azken xedapena dago, Barne Ministerioari eskumena ematen diona zenbait gai agindu bidez zehatzago arautzeko.

Zazpi eranskin daude, batez ere ereduak eta zehaztasunak ematen dituztenak proba psikofisikoei; ezagutzak, gaitasunak eta jarrerak neurtzeko probei; batzuen eta besteen ebaluazioari eta probetan erabili beharreko ibilgailuei buruz. Eranskinok interes berezia dute, burutu beharreko jarduerak behar bezala betetzeko arauak ezartzen baitituzte.

Ondorioz, eragindako sektoreei entzunda, Barne ministroaren eta Osasun eta Kontsumo ministroaren proposamenez, Herri Administrazioen ministroak aldez aurretik onartuta, Estatu Kontseiluaren adostasunarekin eta Ministroen Kontseiluak 1997ko maiatzaren 30eko bilkuran gaia aztertu ondoren, hauxe

XEDATU DUT:

Artikulu bakarra.

Gidarien Araudi Orokorra onartzen da, eta horren testua ondoren txertatzen da.

Lehenengo xedapen indargabetzailea.

Indarrik gabe uzten dira 1934ko irailaren 25eko Zirkulazio Kodearen XVI. kapitulua, 275. artikulua izan ezik, eta kode horretako 291. eta 309. artikuluak.

Bigarren xedapen indargabetzailea..

Halaber uzten dira indargabetuta xedapen hauek:

a) Polizia Armatuko Indarren Automobilismo Eskola sortu eta horren eskumenak zehazten dituen 1975eko otsailaren 26ko Agindua.

b) Eskola-umeak eta adingabeak eramateko ibilgailuen trafiko eta zirkulazioari buruzko abuztuaren 25eko 2296/1983 Errege Dekretuaren 3. artikulua.

c) Salgai Arriskutsuak Errepidez Garraiatzeari buruzko Araudi Nazionalaren (urtarrilaren 31ko 74/1992 Errege Dekretuaren bitartez onartua) 4. artikuluko 3., 4. eta 5. paragrafoak eta 5. eta 6. artikuluak

d) Barne Ministerioaren 1982ko urriaren 7ko Agindua, zeinaren bitartez, hamasei urtetik beherako eta 14 urtetik gorako adingabeek motor-bizikletak gidatzeko baimena lortzeko egin behar dituzten probak ezarri baitziren.

e) Barne Ministerioaren 1990eko ekainaren 12ko Agindua, zeinaren bitartez, ibilgailu motordunak gidatzeko baimena eskatzen dutenek egin beharreko gaitasun probak arautzen baitira (Agindu hori 1992ko otsailaren 17ko eta 1992ko ekainaren 30eko Aginduek aldatu zuten).

Hirugarren xedapen indargabetzailea.

Indarrik gabe uzten dira, era berean, errege-dekretu honen bitartez onartutako araudian xedatutakoaren aurka dauden maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.

Madrilen, 1997ko maiatzaren 30ean.

JUAN CARLOS E.

Gobernuaren lehenengo lehendakariorde eta Lehendakaritzako ministroa,

FRANCISCO ÁLVAREZ-CASCOS FERNÁNDEZ

GIDARIEN ARAUDI OROKORRA

I. TITULUA

Gidatzeko administrazio-baimenak

I. KAPITULUA

Gidatzeko, aldez aurretik administrazio-baimena lortu beharra

1. artikulua. Gidatzeko baimenak eta lizentziak.

1. Gidariek, ibilgailuak ahalik eta arrisku gutxiena sortuz eramateko gaitasuna dutela bermatzeko, aldez aurreko administrazio-baimena lortu beharko dute ibilgailu motordunak eta motor-bizikletak gidatu ahal izateko, betiere, kasuan kasuko ibilgailua eramateko gaitasuna, ezagutzak eta trebetasuna badituztela egiaztatzeko.

Aurreko lerrokadan aipatzen den administrazio-baimena gidatzeko baimenetan eta lizentzietan gauzatuko da, nahiz eta, beharrezko denean, gaikuntza osagarriak ere egongo diren.

2. Ibilgailu motordunek eta motor-bizikletek ezin izango dute Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko testu artikulatuko 2. artikuluan aipatzen diren bide eta lurretatik zirkulatu gidatzeko baimen edo lizentziarik gabe (testu artikulatu hori martxoaren 2ko 339/1990 Legegintzako Errege Dekretuaren bitartez onartu zen).

3. Beharrezko denean, gidatzeko baimen eta lizentzien ordez, aldi baterako baimenak eman ahal izango dira, eta ordezkatzen duten baimen edo lizentziaren ondorio berberak izango dituzte.

4. Ibilgailuetako gidariek nahitaez eduki behar dute, eta berekin eraman, indarrean dagoen gidatzeko baimen edo lizentzia balioduna, eta agintaritzaren agenteei erakutsiko diete hala eskatuz gero.

5. Gidatzeko baimen eta lizentziak eta horien ordez ematen diren aldi baterako baimenak indarrean egoteko, nahitaezkoa izango da bertan adierazitako aldiaren barruan egotea.

6. Inork ezin izango du eduki, titular gisa, Europar Batasuneko estatu kide batek emandako gidatzeko baimen edo lizentzia bat baino gehiago.

Norbaitek gidabaimen bat baino gehiago badu, kasuan kasuko inguruabarren arabera dagokiona kenduko zaio, baliogabetzeko Espainian emana bada, edo eman duen Europar Batasuneko estatu kideko agintaritzari bidaltzeko bestela.

2. artikulua. Gidatzeko baimenak eta lizentziak ematea.

1. Indar Armatuen eta Guardia Zibilaren eta Poliziaren Zuzendaritza Nagusien ibilgailuak gidatzeko gaitzen dutenak izan ezik, gidatzeko gainerako baimen eta lizentziak eta horien ordez eman daitezen aldi baterako administrazio-baimenak Trafikoko Probintzia Buruzagitzek egingo dituzte.

2. Gidatzeko baimenak eta lizentziak izaera arautua dute emateko moduari eta edukiari dagokienez eta, emateko, nahitaez egiaztatu behar da gidariek behar bezala betetzen dituztela araudi honetan baimenak eskuratzeko eskatzen diren gaitasun psikofisikoak, ezagutzak, trebetasunak, gaitasunak eta jarrerak.

3. Gidatzeko baimena edo lizentzia edo gidatzeko gaitzen duen beste edozein baimen edo agiri eskuratuz gero, titularrak, gidatzeko orduan, zorrotz bete behar ditu baimen edo agiri horietan ezartzen diren aipamen, egokitzapen eta murrizketak; baita pertsonei, ibilgailuei edo zirkulazioari dagokienez ezarritako bestelako mugak ere.

4. Aurreko paragrafoan ezartzen diren aipamen, egokitzapen, murrizketa eta bestelako mugak barne ministroak zehaztuko ditu Trafikoko Zuzendaritza Nagusiaren proposamenez, eta kodetuta jarriko dira gidatzeko baimen edo lizentzian, I 2.d) 2 eranskinean eta I bis 2.1 (12) eranskinean adierazitako moduan (uztailaren 2ko 1598/2004 Errege Dekretuak aldatua).

II. KAPITULUA.

Gidatzeko baimena

3. artikulua. Eredua.

Gidatzeko baimena Batasuneko ereduetako baten araberakoa izango da (I eta I bis eranskinak).

4. artikulua. Gidabaimenean azaldu behar diren datuak.

Gidabaimenean azaldu behar diren datuak I edo I bis eranskinetan daude jasota.

5. artikulua. Gidatzeko baimenen motak.

1. Trafikoko probintzia buruzagitzek emandako gidabaimenetan zein ibilgailu-kategoriatarako diren adieraziko da. Hauek izan daitezke:

A1: Ondorengo parametroak betetzen dituzten sidekarrik gabeko motor arinak: gehienezko zilindrada: 125 zentimetro kubiko; gehienezko potentzia: 11 kilowatt (kW); gehienezko potentzia/pisua erlazioa: 0,11 kilowatt/kilogramo (kW/kg).

A: motorrak, sidekardunak edo gabeak.

Triziklo eta kuadriziklo motordunak.

B: Gehienezko masa baimendua 3.500 kilogramokoa edo txikiagoa eta bederatzi jarleku edo gutxiago, gidariarena barne, dituzten automobilak.

Automobil horiek 750 kilogramoko edo gutxiagoko gehienezko masa baimendua duen atoi bat eraman dezakete.

Elementu hauek akoplatuta osatutako ibilgailu-multzoa: B baimenarekin gida daitezkeen ibilgailu automobiletako bat eta atoi bat baina, betiere, multzoaren gehienezko masa baimendua 3.500 kilogramotik gorakoa ez bada eta atoiaren gehienezko masa baimendua ibilgailu traktoreak hutsean duen masa baino handiagoa ez bada.

B + E: Elementu hauek akoplatuta osatutako ibilgailu-multzoa: B baimenarekin gida daitezkeen ibilgailu automobiletako bat eta 750 kilogramotik gorako baimendutako gehienezko masa duen atoi bat, betiere, multzoa B motako baimenarekin gidatu ezin badaiteke.

C1: Gehienezko masa baimendua 3.500 kilogramotik gorakoa -baina 7.500 kilogramo gainditu gabe- duten ibilgailuak baldin eta, gidariarena barne, bederatzi jarleku edo gutxiago badituzte.

Automobil horiek 750 kilogramoko edo gutxiagoko gehienezko masa baimendua duen atoi bat eraman dezakete.

C1 + E: Elementu hauek akoplatuta osatutako ibilgailu-multzoa: C1 baimenarekin gida daitezkeen ibilgailu automobiletako bat eta 750 kilogramotik gorako gehienezko masa baimendua duen atoi bat baina, betiere, multzoaren gehienezko masa baimendua 12.000 kilogramotik gorakoa ez bada eta atoiaren gehienezko masa baimendua ibilgailu traktoreak hutsean duen masa baino handiagoa ez bada.

C: Gehienezko masa baimendua 3.500 kilogramotik gorakoa eta, gidariarena barne, bederatzi jarleku edo gutxiago dituzten automobilak.

Automobil horiek 750 kilogramoko edo gutxiagoko gehienezko masa baimendua duen atoi bat eraman dezakete.

C + E: Elementu hauek akoplatuta osatutako ibilgailu-multzoa: C motako baimenarekin gida daitezkeen ibilgailu automobiletako bat eta 750 kilogramotik gorako gehienezko masa baimendua duen atoi bat.

D1: Pertsonak garraiatzeko automobilak baldin eta, gidariarena barne, gutxienez hamar jarleku eta gehienez hamazazpi badituzte.

Automobil horiek 750 kilogramoko edo gutxiagoko gehienezko masa baimendua duen atoi bat eraman dezakete.

D1 + E: Elementu hauek akoplatuta osatutako ibilgailu-multzoa: D1 motako baimenarekin gida daitezkeen ibilgailu automobiletako bat eta 750 kilogramotik gorako gehienezko masa baimendua duen atoi bat baldin eta:

batetik, horrela osatutako multzoaren gehienezko masa baimendua 12.000 kilogramotik gorakoa ez bada eta atoiaren gehienezko masa baimendua ibilgailu traktoreak hutsean duen masa baino handiagoa ez bada,

eta, bestetik, atoia pertsonak eramateko erabiltzen ez bada.

D: Pertsonak garraiatzeko automobilak baldin eta, gidariarena barne, bederatzi jarleku baino gehiago badituzte.

Automobil horiek 750 kilogramoko edo gutxiagoko gehienezko masa baimendua duen atoi bat eraman dezakete.

D + E: Elementu hauek akoplatuta osatutako ibilgailu-multzoa: D motako baimenarekin gida daitezkeen ibilgailu automobiletako bat eta 750 kilogramotik gorako gehienezko masa baimendua duen atoi bat.

2. Pertsona bakoitzak dituen gidabaimen-mota guztiak agiri bakarrean egongo dira jasota.

3. Artikulu honetako 1. paragrafoan A motako baimenari buruz xedatutakoaren ondorioetarako, hauek joko dira triziklo eta kuadriziklotzat: B motako gidabaimenarekin gida daitezkeen hiru edo lau gurpileko ibilgailu automobilak baldin eta har dezaketen gehienezko abiadura, orduko, 45 kilometrotik gorakoa bada edota 50 zentimetro kubikotik gorako zilindrada duen barne-errekuntzako eta aginte-bidez pizteko motorra -edo potentzia horretako beste edozein motor- badute.

Hutsean duten masa ezin da 550 kilogramotik gorakoa izan.

Elektrizitate bidez mugitzen diren ibilgailuen kasuan, hutsean duten masa kalkulatzeko ez da kontuan hartuko baterien masa.

6. artikulua. Gidatzeko baimenak emateko eta lortzeko baldintzak eta baimenon balioa.

1. Ondoren aipatzen diren gidabaimenak emateko, baldintza hauek bete behar dira:

a) C1, C, D1 eta D motako baimenak bakarrik eman ahal zaizkie lehendik indarrean dagoen B motako baimena duten gidariei.

b) B + E, C1 + E, C + E, D1 + E eta D + E gidabaimenak bakarrik eman ahal zaizkie lehendik indarrean dagoen B, C1, C, D1 edo D gidabaimena, hurrenez hurren, duten gidariei.

2. Ondoren aipatzen diren gidabaimenekin batera, honako beste hauek ere emango dira:

a) A motako baimenarekin batera, A1 motakoa.

b) C motako baimenarekin batera C1 motakoa; eta D motakoarekin batera D1 motakoa.

c) C1, C + E, C + E, D1 + E edo D + E motakoekin batera, B + E motakoa.

d) C1 + E motako baimenarekin batera, D1 + E motakoa, baina bakarrik titularrak lehendik D1 motakoa badu.

e) C + E motako baimenarekin batera, C1 + E motakoa.

f) C + E motako baimenarekin batera, D1 + E eta D + E motakoak, baina bakarrik titularrak lehendik D1 edo D motakoa badu.

g) D1 + E edo D + E motakoarekin batera, C1 + E motakoa, baina bakarrik titularrak lehendik C1 motakoa badu.

h) C1 eta D1 motako baimenekin batera, araudi honetako 7.3 paragrafoan aipatzen den baimena era emango da. (1907/1999 EDaren bitartez erantsita)

3. Ondoren aipatzen diren gidabaimenak emateak ez dakar berekin beste hauek ere ematea:

a) B, B + E, C1, C1 + E, C, C + E, D1, D1 + E, D edo D + E baimenak emateak ez dakar berekin A1 eta A motetako baimenak ere ematea.

b) D1 edo D motetako baimenak emateak ez dakar berekin C1 eta C motetako baimenak ere ematea.

c) D1 + E edo D + E motako baimenak ematea ez dakar berekin C + E motakoa ere ematea, nahiz eta titularrak lehendik C motakoa izan.

4. B, B+E, C1, C1+E, C, C+E, D1, D1+E, D eta D+E baimenekin ezin da bi gurpileko motorrik gidatu, ez sidekardunik, ez gabekorik.

Indarrean dagoen B motako baimena duten pertsonek, baldin eta hiru urtetik gorako antzinatasuna badute, A1 motako baimenarekin gida daitezkeen motorrak gidatu ahal izango dituzte lurralde nazionalaren barruan.

5. Salgaiak garraiatzeko ibilgailu automobilei, salbuespenez, bederatzi pertsona baino gehiago (gidaria barne) garraiatzeko baimena ematen bazaie, ibilgailua eramateko behar den berezko baimenaz gain, D edo D1 motako baimena ere beharko da, segun eta garraiatzen den pertsonen kopurua, gidaria barne, hamazazpitik gorakoa den ala ez.

6. Nekazaritzakoak ez diren ibilgailu bereziak edo horien multzoak gidatzeko, baimendutako gehienezko abiadura, orduko, berrogei kilometrotik gorakoa ez bada, B motako baimena beharko da.

Ibilgailuaren baimendutako gehienezko abiadura, orduko, berrogei kilometrotik gorakoa bada, baimendutako gehienezko masari dagokion baimena beharko da.

Nekazaritzakoak ez diren ibilgailu bereziek pertsonak garraiatzen badituzte, horiek gidatzeko B baimena beharko da bederatzi pertsona edo gutxiago garraiatzen badira, D1 baimena bederatzi pertsona baino gehiago eta hamazortzi baino gutxiago garraiatzen badira eta D motakoa hamazazpi pertsona baino gehiago garraiatzen badira.

7. Nekazaritzako ibilgailu berezi autopropultsatuak edo horien multzoak B gidabaimenarekin edo araudi honetako 11.1.c) artikuluan aipatzen den lizentziarekin gidatu ahal izango dira baldin eta horien baimendutako gehienezko masa eta neurriek Ibilgailuen Araudian ibilgailu arruntentzat ezarritako mugak gainditzen ez badituzte eta garraiatutako pertsonen kopurua, gidaria barne, bostetik gorakoa ez bada.

Aurreko paragrafoan ezarritako baimendutako gehienezko masa edo neurriak gainditzen dituzten edo bost pertsona baino gehiago garraiatzen dituzten nekazaritzako ibilgailu berezi autopropultsatuak edo horien multzoak gidatzeko, B motako baimena beharko da baldin eta bederatzi pertsona edo gutxiago garraiatzen badira, gidaria barne; D1 motakoa bederatzi baino gehiago eta hamazortzi baino gutxiago garraiatzen badira eta D motakoa hamazazpi baino gehiago garraiatzen badira.

8. Motor-bizikletak eta mugikortasun urria duten pertsonentzako ibilgailuak (minusbaliatuentzako autoak) A1, A eta B gidabaimenekin gida daitezke, edota araudi honetako 11.1 artikuluaren a) eta b) idatz-zatietan, hurrenez hurren, aipatutako lizentziarekin.

9. Trolebusak gidatzeko, autobusak gidatzeko baimena beharko da.

7. artikulua. Gidabaimena ateratzeko gutxieneko adina.

1. Gidabaimenak ateratzeko gutxieneko adinak hauek izango dira:

a) Hamasei urte A1 motako baimena ateratzeko.

b) Hamazortzi urte baimen hauek ateratzeko:

1.- A motako baimena.

Dena dela, 25 kilowatetik (kW) gorako potentzia edota potentziaren eta pisuaren arteko erlazioa 0,16 kilowatt/kilogramo (kW/Kg) baino handiagoa duten motorrak (edo potentziaren eta pisuaren arteko erlazioa 0,16 kilowatt/kilogramo baino handiagoa duten motor sidekardunak) gidatzeko, nahitaezkoa izango da bi urteko esperientzia izatea, gutxienez, aipatutako ezaugarriak baino txikiagoak baina A1 baimenarekin eraman daitezkeen motorrenak baino handiagoak dituzten motorrak gidatzen.

2.- B eta B + E motetako baimenak.

3.- C1, C1 + E, C eta C + E motetako baimenak.

Dena dela, C motako baimena hamazortzi urterekin atera ahal izateko, eskatzaileak Europar Batasuneko estatu kideetako batean onartutako lanbide-gaitasuneko agiri baten titular izan behar du eta, horren bitartez, salgaiak errepidez garraiatzen dituzten ibilgailuen gidari gisa, normalean eskatzen dena baino berezko prestakuntza handiagoa jaso duela egiaztatu behar du.

Egiaztagiri hori izan ezik, C motako baimena ezin izango da atera hogeita bat urte bete arte.

c) Hogeita bat urte D1, D1 + E, D eta D + E motetako baimenak ateratzeko.

2. D1 edo D baimen-motekin autobusak ibilbide luzeetan gidatu ahal izateko (honen ondorioetarako, ibilgailuaren ohiko egonlekua zentrotzat hartuta, berrogeita hamar kilometroko erradiotik ateratzen direnak joko dira ibilbide luzetzat), eskatzaileak urtebeteko esperientzia duela egiaztatu beharko du, gutxienez, 3.500 kilogramotik gorako baimendutako gehienezko masa duten salgai-garraiorako ibilgailuak edota autobusak ibilbide laburretan gidatzen edo, bestela, Europar Batasuneko estatu kideetakoren batek onartutako lanbide-gaikuntzako egiaztagiri baten titular izan behar du eta, agiri horren bitartez, bidaiariak errepidez garraiatzeko normalean eskatzen dena baino berariazko prestakuntza handiagoa jaso duela egiaztatu behar du.

Aurreko paragrafoan aipatzen den gidatze-esperientzia edo berariazko prestakuntza egiaztatu ezik, D1 edo D motetako baimenekin, ematen diren unetik, bakar-bakarrik gidatu ahal izango dira autobusak ibilbide laburretan, hau da, ibilgailuaren ohiko egonlekua zentrotzat hartuta, berrogeita hamar kilometroko erradioaren barruan sartzen direnetan.

Muga hori baimenean bertan adieraziko da.

3. B motako baimenarekin larrialdiko zerbitzuan zirkulatzen duten ibilgailuak, eskola-umeak daramatzaten eskola-garraioko ibilgailuak edo bidaiariak daramatzaten bidaiari-garraio publikorako ibilgailuak gidatu ahal izateko, ibilgailu horiek 3.5000 kiloko edo gutxiagoko gehienezko masa baimendua badute eta, gidariarena barne, bederatzi jarleku edo gutxiago badauzkate, urtebeteko esperientzia izan behar da, gutxienez, baimen-mota horrekin eraman daitezkeen ibilgailuak gidatzen eta, gainera, araudi honetako 51.3 artikuluan ezagutza kontrolatzeko zehazten diren probak gainditu behar dira.

Aurreko paragrafoan aipatzen den urtebeteko antzinatasuna frogatu ordez, egiaztagiri bat aurkez daiteke berariazko baimena duen gidarien prestakuntzarako zentro batean ikastaro bat egin dela eta prestakuntza teoriko eta praktiko berezia jaso dela ziurtatzeko. Halaber ziurtatu behar da araudi honetako 51.3, 52.3 eta 53.1 artikuluetan ezagutzak kontrolatzeko eta gaitasunak eta portaerak kontrolatzeko adierazitako probak gainditu direla.

Horretarako emango den ikastaroaren programa Barne Ministerioak ezarriko du Trafikoko Zuzendaritza Nagusiaren proposamenez.

III. KAPITULUA

Gidatzeko lizentzia

8. artikulua. Gidatzeko lizentzia

Araudi honetako 6. artikuluko 7. paragrafoko lehenengo lerrokadan eta 8. paragrafoan aipatzen den baimena eduki ezik, nekazaritzako ibilgailu berezi autopropultsatuak, motor-bizikletak edo minusbaliatuentzako autoak eramateko, dagokion gidatzeko lizentzia beharko da.

9. artikulua. Gidatzeko lizentzien ereduak.

Gidatzeko lizentzia araudi honetako II. eranskinean argitaratzen den ereduaren araberakoa izango da.

10. artikulua. Gidatzeko lizentzian azaldu behar diren datuak.

Gidatzeko lizentzian azaldu behar diren datuak araudi honetako II. eranskinean daude jasota.

11. artikulua. Gidatzeko lizentzien motak.

1. Gidatzeko lizentzia, berorrekin zein ibilgailu-mota gida daitezkeen kontuan hartuta, izan daiteke:

a) Motor-bizikletak gidatzekoa.

b) Mugikortasun urriko pertsonentzako ibilgailuak (minusbaliatuen autoak) gidatzekoa.

c) Nekazaritzako ibilgailu berezi autopropultsatuak eta horien multzoak gidatzekoak, baldin eta ibilgailuon baimendutako gehienezko masa eta neurriek ibilgailu arruntetarako ezarritako mugak gainditzen ez badituzte.

2. Pertsona batek gidatzeko lizentzia bat baino gehiago badu, denak egongo dira bilduta agiri bakar batean.

12. artikulua. Gidatzeko lizentzia ateratzeko gutxieneko adina.

1. Gidatzeko lizentziak ateratzeko gutxieneko adinak hauek izango dira:

a) Hamalau urte motor-bizikletak eta mugikortasun urriko pertsonentzako ibilgailuak (minusbaliatuen autoak) gidatzekoa ateratzeko.

b) Hamasei urte nekazaritzako ibilgailu berezi autopropultsatuak eta horien multzoak gidatzekoa ateratzeko, betiere, ibilgailuon baimendutako gehienezko masa eta neurriek ibilgailu arruntetarako ezarritako mugak gainditzen ez badituzte.

2. Aurreko 1.a) idatz-zatian adierazitakoa gorabehera, lizentzia horrekin ezin izango dira ibilgailu horiek gidatu hamasei urte bete arte baldin eta bidaiariak ere eramaten badituzte.

13. artikulua. Gidatzeko lizentzia kentzea.

1. Edozein motatako gidatzeko lizentziak bere balioa galduko du titularrak B motako baimena ateratzen duenean; motor-bizikletak edo minusbaliatuen autoak gidatzekoak, berriz, titularrak A1 edo A motako baimena lortzen duenean.

2. Titularrak baimena ematen duen Trafikoko Probintziako Buruzagitzan entregatu behar du lizentzia baimena ematen dioten unean.

IV. KAPITULUA

Gidatzeko baimenei eta lizentziei, biei, aplika dakizkiekeen xedapenak

1. ATALA. GIDATZEKO BAIMENA EDO LIZENTZIA ATERATZEKO ESKAKIZUNAK ETA DOKUMENTAZIOA

14. artikulua. Gidatzeko baimena edo lizentzia lortzeko eskakizunak.

1. Gidatzeko baimena edo lizentzia ateratzeko, nahitaezkoa izango da:

a) Ohiko bizilekua Espainian izatea edo, ikaslea izanez gero, sei hilabetez etengabe Espainian ikasle gisa egon izana egiaztatzea, eta gutxieneko adina beteta izatea.

b) Ebazpen judizial baten bitartez ibilgailu motordunak eta motor-bizikletak gidatzeko eskubideaz gabetuta ez egotea edo, dagoeneko lizentzia edo baimena izanez gero, berori etenda edo bahituta ez egotea, dela bide judizialean, dela administrazio-bidean.

c) Kasuan kasuko lizentzia edo baimena izateko eskatzen diren gaitasun psikofisikoak izatea.

d) Araudi honetako II. tituluan baimen edo lizentzia bakoitzerako ezartzen diren proba teoriko eta praktikoetan, Trafikoko Probintzia Buruzagitzak gai deklaratzea.

2. Baimen edo lizentzia arrunta lortzea eragozten dien gaixotasun edo urritasun organikoren bat dutenek lizentzia edo baimen berezia atera ahal izango dute, betiere, kasu bakoitzean ezar daitezen baldintza murriztaileak betez.

15. artikulua. Gidatzeko baimena edo lizentzia eskatzea eta eskabidearekin aurkeztu beharreko agiriak.

1. Norberak aukeratutako Trafikoko Probintzia Buruzagitzan eskatu behar da gidatzeko baimena edo lizentzia, erakunde horrek emandako eskabidea erabiliz.

2. Eskabidea interesatuak sinatu behar du eta, horrekin batera, agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Fotokopia hauek: indarreko nortasun agiriarena edo, hala badagokio, pasaportearena eta atzerritarrak identifikatzeko agiriarena, Espainian ohiko bizilekua duela edo behar beste denboraz ikaslea izan dela egiaztatzen duena. Horiekin batera jatorrizko agiriak ere aurkeztuko dira, eta erkatu ondoren itzuli egingo dira.

b) Gaitasun psikofisikoari buruzko txostena, gidarientzako azterketa-zentro baimendu batek egina. Horri atxikita, eskatzailearen argazki eguneratua ere aurkeztu behar da.

Txosten horren ordez edo osagarri gisa, kasuan kasuko autonomia erkidegoko osasun-zerbitzuek egindako azterketa aurkeztu beharko da, baldin eta Trafikoko Probintziako Buruzagitzak horixe erabakitzen badu eskatzaileak urritasun psikofisikoak dituela adierazten duten arrazoizko zantzuak ikusi dituelako, dela lizentzia edo baimena lortzeko gaitasun probak egitean, dela prozedurako beste edozein unetan.

c) Argazki eguneratu bat, 32 x 25 milimetrokoa, aurreko paragrafoan aipatzen den gaitasun psikofisikoaren gaineko txostenari atxikitakoaren berdina edo, gidatzeko baimena I bis eranskinaren ereduaren arabera ematen bada, ezar daitezen ezaugarriak dituena. (Uztailaren 2ko 1598/2004 Errege Dekretuaren bitartez aldatua)

d) Ebazpen judizial baten bitartez ibilgailu motordunak eta motor-bizikletak gidatzeko eskubideaz gabetuta ez dagoela adierazten duen edo, dagoeneko lizentzia edo baimena izanez gero, berori, ez bide judizialean, ez administrazio-bidean, etenda edo bahituta ez dagoela adierazten duen idatzizko aitorpena.

e) Espainian edo Europar Batasuneko beste herrialde batean emandako mota bereko beste gidatzeko baimen edo lizentziarik ez duela adierazten duen aitorpen idatzia.

f) Espainian edo Europar Batasuneko beste herrialde batean emandako gidatzeko baimen edo lizentziaren fotokopia, halakorik badu, eta jatorrizko agiria, itzuli egingo dena behin erkatu ondoren.

3. Artikulu honetako 2. paragrafoko f) idatz-zatian aipatzen den baimenak edo lizentziak bere balioa galduko du titularrak eskatutako baimena lortzen duenean.

Titularrak, eskatutako baimena jaso aurretik, lehendik duena entregatu beharko du Trafikoko Probintziako Buruzagitzan eta horrek, baimena Europar Batasunekoa bada, eman zuen estatu kidera igorriko du.

2. ATALA. GIDATZEKO BAIMENEN ETA LIZENTZIEN INDARRALDIA

16. artikulua. Indarraldia.

1. C1, C1 + E, C, C + E, D1, D1 + E, D eta D + E motetako gidabaimenek eta araudi honetako 7.3 artikuluan aipatzen diren ibilgailuak gidatzeko lizentziak bost urteko indarraldia izango dute titularrak berrogeita bost urte betetzen dituen arte, hiru urtekoa berrogeita bost baino gehiago baditu baina hirurogei gainditu gabe, eta bi urtekoa adin horretatik aurrera.

2. Gainerako motetako baimenek eta gidatzeko lizentziak, mota dena dela, hamar urteko indarraldia izango dute titularrak berrogeita bost urte bete arte, bost urtekoa hirurogeita hamar bete arte, eta bi urtekoa adin horretatik aurrera.

3. Aurreko paragrafoetan adierazitakoa gorabehera, gidatzeko baimen eta lizentzien ohiko indarraldia murriztu egin ahal izango da baldin eta, emateko edo indarraldia luzatzeko unean, egiaztatzen bada titularrak gaixotasun edo urritasunen bat duela eta horrek, momentuz eragozpen ez bada ere, okerrera egin dezakeela.

4. Titular batek ezin izango du gidatu baldin eta bere gidatzeko baimen edo lizentziak indarra galdu badu.

5. Indarra galduta duen baimen edo lizentziaren bat erabiliz gero, agintaritzak edo bere agenteek berehala bahituko dute, eta dagokion trafikoko probintziako buruzagitzara bidaliko dute.

Araudi honetako 17. artikuluko 3. paragrafoan aipatutako epean titularrak ez badu indarraldia luzatzeko eskabidea egiten edo luzatzea bidezkoa ez bada, bahitutako baimenak eragina galduko du.

17. artikulua. Indarraldia luzatzea.

1. Trafikoko probintziako buruzagitzek gidatzeko baimen eta lizentzien indarraldia luzatu ahal izango dute, aurreko artikuluan aipatutako denboran, interesatuek aldez aurretik eskatzen badute. Horretarako, erakunde horiek berariaz eskaintzen dituzten inprimakiak erabili behar dira eta, gainera, interesatuek dena delako baimena edo lizentzia ateratzeko eskatzen diren gaitasun psikofisikoak oraindik ere badituztela egiaztatu beharko dute.

Baimen edo lizentziaren indarraldia luzatzeko eskabidea aurrekoa iraungi baino hiru hilabete lehenagotik egin daiteke. Hala ere, indarraldi berria aurrekoa amaitzen den egunetik hasiko da kontatzen. (Uztailaren 2ko 1598/2004 Errege Dekretuaren bitartez erantsitako paragrafoa)

2. Eskabidea indarraldia amaitu baino lehen aurkeztu behar da, interesatuak sinatuta, eta, horrekin batera, baimena edo lizentzia bera ere aurkeztu behar da; baita araudi honetako 15. artikuluko 2. paragrafoko a), b) eta c) idatz-zatietan adierazten diren agiriak ere.

3. Aurreko paragrafoan xedatutakoa gorabehera, indarra galdu duen baimen edo lizentzia baten titularrak horren luzapena lor dezake, ezagutzak kontrolatzeko eta gaitasunak eta portaerak kontrolatzeko probak egin gabe, kasu hauetan:

a) Eskabidea eta artikulu honetako 2. paragrafoan aipatzen diren agiriak lau urteko epearen barruan aurkezten badira, baimenak edo lizentziak indarra galdu zuen egunetik kontatzen hasita.

b) Espainian emandako gidabaimenen kasuan, indarra galtzen badute titularra Europar Batasunekoa edo Europar Espazio Ekonomikokoa ez den herrialde batean edo Espainiarekin gidabaimenak trukatzeko nazioarteko hitzarmenik sinatu ez duen herrialde batean dagoen bitartean, betiere, titularra ohiko bizilekua herrialde horretan izan badu eta bertan beste gidabaimen bat atera badu, aurreko paragrafoko a) idatz-zatian xedatutakoa aplikagarri ez bada, titularrak ohiko bizilekua berriro Espainian jarri duela egiaztatzen badu, espainiar baimenaren indarraldia luzatzeko eskatu ahal izango du baldin eta aipatutako Estatuetakoren batean ateratakoa indarrean badago eta, eskabidearekin batera, agiri hauek aurkezten baditu: araudi honetako 15. artikuluko 2. paragrafoko a), b), c), d) eta e) idatz-zatietan adierazitakoak, Espainiatik kanpo ateratako gidabaimena, hori benetakoa eta baliozkoa dela eta indarrean dagoela bere ardurapean adierazten duen aitorpena eta, hala badagokio, baimenaren gaztelaniazko itzulpen ofiziala (ondorio hauetarako, itzulpen ofiziala araudi honetako 30. artikuluko 1. paragrafoko b) idatz-zatian adierazitakoaren arabera egindakoa izango da).

Lau urteko epea igarota edo aurreko paragrafoan aipatutako estatuetako batean lortutakoaren indarraldia amaituta, ezin izango da inoiz luzapenik onartu eta baimen edo lizentzia berria ateratzeko, ezarritako gaitasun-probak gainditu beharko dira.

4. Espainian emandako gidatzeko baimen edo lizentzien kasuan, indarra galtzen duten unean titularra kanpoan badago, dela Europar Batasuneko herrialde batean -ohiko bizilekua bertan ezarri ez badu- dela beste edozeinetan, trafikoko probintziako edozein buruzagitzatan eskatu ahal izango dute luzapena.

Eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztu behar dituzte: nortasun agiri nazionala, baldin badaukate, eta, bestela, nazionalitate-agiria eskatzailea espainiarra bada edo identitatea egiaztatzeko beste edozein agiri atzerritarra bada; indarraldia luzatu nahi zaion gidatzeko baimen edo lizentzia; bi argazki berri, araudi honetako 15. artikuluko 2. paragrafoko c) idatz-zatian adierazitako ezaugarriak dituena eta artikulu eta paragrafo berbereko b) idatz-zatian adierazitako gaitasun psikofisikoko txostena.

Gaitasun-txostena interesatua dagoen herrialdeko mediku batek egin behar du, eta Espainiak herrialde horretan duen diplomaziako misioak edo kontsuletxeko bulegoak ikus-onetsi behar du.

3. ATALA. GIDATZEKO BAIMEN ETA LIZENTZIETAKO DATUAK ALDATZEA ETA KOPIAK EGITEA

18. artikulua. Datuak aldatzea.

Gidatzeko baimen edo lizentziako datuak aldatuz gero, titularrak horren berri eman behar dio, hamabost eguneko epean aldaketa gertatu denetik, trafikoko probintziako buruzagitzari, horrek, egin beharreko izapideak egin ondoren, Gidarien eta Arau-hausleen Erregistroari jakinaraz diezaion.

19. artikulua. Kopiak.

1. Gidatzeko baimena edo lizentzia lapurtu, galdu edo hondatuz gero, trafikoko probintziako buruzagitzek horren kopia egingo dute baldin eta interesatuek, erakunde horiek berariaz emandako inprimakia erabiliz, eskabidea egiten badute.

Halaber egin beharko dute kopia bat baldin eta titularrek 18. artikuluan aipatzen diren datuak aldatu direla jakinarazten badute.

Kopiak hamabosgarren xedapen iragankorrean ezarritakoaren arabera egingo dira.

2. Kopia egiteko eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Indarreko nortasun agiriaren fotokopia edo, hala badagokio, pasaportearena edo atzerritarrak identifikatzeko agiriarena eta Espainian ohiko bizilekua duela edo behar beste denboraz ikaslea izan dela egiaztatzen duen agiria. Horiekin batera jatorrizko agiriak ere aurkeztuko dira, eta erkatu ondoren itzuli egingo dira. Gainera, 32 x 25 milimetroko argazki berri bat ere aurkeztu beharko da baldin eta I. eranskineko ereduaren araberako gidabaimenaren kopia eskatzen bada; I bis eranskineko ereduaren araberako gidabaimen baten kopia eskatzen bada, berriz, ezar daitezen ezaugarriak dituen argazki berri bat aurkeztu beharko da.

b) Eskabidea jatorrizko agiria galdu edo lapurtu izanagatik egiten bada, salaketa jarri izana egiaztatzen duen agiriaren fotokopia.

c) Eskabidea jatorrizko agiria hondatu delako edo datuak aldatu direlako egiten bada, jatorrizko gidatzeko baimena edo lizentzia eta, datu-aldaketaren kasuan, gainera, baimenean edo lizentzian agertzen diren datuen aldaketa egiaztatzen duen agiria.

3. Gidatzeko baimena edo lizentzia galdu duelako edo lapurtu diotelako kopia bat egin duen titularrak, jatorrizkoa aurkitzen badu, itzuli egin behar du kopia egin duen trafikoko probintziako buruzagitzan.

4. Jatorrizko baimena edo lizentzia eta kopia bat izanez gero, jatorrizkoa berehala jaso eta trafikoko probintziako buruzagitzara bidaliko da eta horrek, kopia eskatzeko alegatutako arrazoia faltsua zela ikusiz gero, agintaritza judizialari jakinaraziko dio, erantzukizun penalik dagoen ebatz dezan.

4. ATALA. GIDATZEKO BAIMEN ETA LIZENTZIAK ESKURATZEKO EDOTA HORIEN INDARRALDIA LUZATZEKO EDO KOPIAK EGITEKO ESKABIDEEI APLIKA DAKIZKIEKEEN XEDAPENAK

20. artikulua. Trafikoko probintziako buruzagitzak egin beharrekoa.

1. Baimena lortzeko, indarraldia luzatzeko, kopia egiteko edo datuen aldaketa jakinarazteko eskabidea eta gainerako agiriak jasotzen dituen trafikoko probintziako buruzagitzak eskabidea onetsi edo gaitzetsi egingo du, kasuan kasu, beharrezko jarduketak burutu ondoren.

2. Epailearen erabakiz ibilgailu motordunak eta motor-bizikletak gidatzeko eskubidea kentzen bada edota baimena edo lizentzia bahitu edo eteten bada edo kautelazko neurriren bat hartzen bada -berdin delarik erabakia bide judizialean edo administrazio-bidean hartu den hori arrazoi nahikoa izango da baimena edo lizentzia lortzeko, indarraldia luzatzeko, kopia egiteko edo datuen aldaketa jakinarazteko eskabidea ukatzeko harik eta zigorra edo zehapena bete edo bahitura edo kautelazko neurria kentzen den arte.

V. KAPITULUA

Beste herrialde batzuetan ateratako gidabaimenak

1. ATALA. EUROPAR BATASUNEKO ESTATUETAN ATERATAKO BAIMENAK

21. artikulua. Europar Batasuneko estatu kideetan emandako baimenen balioa Espainian.

Europar Batasuneko estatu kideetan Batasuneko legeriaren arabera emandako baimenak baliozkoak izango dira Espainian jatorrizko lekuetan eman diren baldintza berberetan, salbuespen batekin: gidatzeko gutxieneko adina Espainiako baimen baliokidea ateratzeko eskatzen dena izango da.

22. artikulua. Europar Batasuneko estatu kideetan emandako baimenei Espainiako arautegira aplikatzea titularrak ohiko bizilekua Espainian ezarri duenean.

Europar Batasuneko estatu kideren batean emandako gidabaimenen titularrek, ohiko bizilekua Espainian jarri badute, Espainiako xedapenak bete beharko dituzte, bai indarraldiari, bai gaitasun psikofisikoen kontrolari dagokionez. Hortaz, 16. artikuluan Espainian emandako baimenentzat ezarritako xedapen berberak bete beharko dituzte.

23. artikulua. Europar Batasuneko estatu kideetan emandako baimenak Gidarien eta Arau-hausleen Erregistroan inskribatzea.

1. Europar Batasuneko estatu kideetan emandako gidabaimenen titularrek, ohiko bizilekua Espainian ezarri badute, beren borondatez eskatu ahal izango dute, trafikoko edozein probintzia buruzagitzatan, beren baimenaren datuak Gidarien eta Arau-hausleen Erregistroan inskribatzeko, aurreko artikuluan ezarritakoa eragotzi gabe.

2. Inskribatzeko eskabidea interesatuak sinatu behar du eta, horrekin batera, inskribatu nahi diren datuak jasotzen dituen gidabaimena eta horren fotokopia eta 15.2.a) artikuluan aipatutako agirietatik dagokiona aurkeztuko ditu. Jatorrizko gidabaimena itzuli egingo zaio erkatu ondoren.

24. artikulua. Espainian gidatzeko gaitzen ez duten Europar Batasuneko estatu kideetako baimenak.

Baimenek ez dute Espainian gidatzeko gaitzen:

a) Titularrak gaitasun psikofisikoak egiaztatzeko azterketa egin ez badu Espainiako legerian adierazitako epeetan, harik eta egiten duen arte.

Azterketa egin behar zuen unetik lau urte baino gehiago igaro badira, baimenak ez du balio izango Espainian gidatzeko, eta horrela utziko da erasota Gidarien eta Arau-hausleen Erregistroan eta, hala badagokio, baita baimenean bertan ere.

b) Titularrak ez badu azterketa medikoa pasatzen. Hori ere Gidarien eta Arau-hausleen Erregistroan erasota utziko da eta, hala badagokio, baita baimenean ere.

c) Indarraldia amaitu bazaie.

25. artikulua. Europar Batasuneko estatu kide batean emandako jatorrizko baimena lapurtu, galdu edo hondatuz gero, horren ordez dagokion baimen espainiarra ematea.

1. Europar Batasuneko estatu kideetako batean emandako jatorrizko baimena lapurtu, galdu edo hondatuz gero, titularrak, ohiko bizilekua Espainian badu, kopia bat eskatu ahal izango du trafikoko probintziako edozein buruzagitzatan. Buruzagitzak, kopia egiteko, Gidarien eta Arau-hausleen Erregistroko informazioa izango du oinarri eta, behar izanez gero, osagarri edo ordezko gisa, jatorrizko baimena eman zuten estatu kideko agintaritza eskudunek egindako egiaztagiria eskatu ahal izango du.

Kopia egiteko eskabidearekin batera, 19.2.a), b) eta c) artikuluan zehaztutako agiriak aurkeztu behar dira.

2. Baimena lapurtu edo galdu izanagatik horren kopia bat egin bada eta, ondoren, titularrak jatorrizkoa aurkitzen badu, itzuli egin behar du kopia egin zuen trafikoko probintziako buruzagitzan, 29. artikuluan xedatutakoa egin dezan.

26. artikulua. Europar Batasuneko estatu kide batek emandako baimenaren ordez, Espainiako baliokidea ematea.

Europar Batasuneko estatu kideetako batean emandako indarreko gidabaimen baten titularrak, ohiko bizilekua Espainian ezarri badu, edozein unetan eskatu ahal izango du bere baimenaren ordez Espainiako baliokidea eman diezaioten.

Aurreko lerrokadan ezarritakoa ez da aplikatuko baldin eta baimena Batasunetik kanpo emandako beste baten ordezkoa bada, salbu eta Espainiaren eta dena delako herrialde horren artean trukerako hitzarmen bat badago edota, Batasunaren erabakiz, herrialde horretan emandako baimenak ordezkagarriak badira Europar Batasuneko estatu kideetan.

27. artikulua. Ordezkatzeko eskabidea.

1. Norberak aukeratutako trafikoko probintzia buruzagitzan egin behar da gidatzeko baimena ordezkatzeko eskaria, erakunde horrek emandako eskabidea erabiliz.

2. Ordezkatzeko eskabidea interesatuak berak sinatu behar du eta, horrekin batera, agiri hauek aurkeztu behar dira: ordezkatu nahi den baimena, horren kopia edo fotokopia eta araudi honetako 15. artikuluko 2. paragrafoko a), c), d) eta e) idatz-zatietan zehaztutako agiriak.

3. Eskabide jaso duen trafikoko probintziako buruzagitzak, aurkeztu zaion baimena benetakoa eta baliozkoa dela eta indarrean dagoela egiaztatu ondoren, ordezkapena onetsi edo gaitzetsi egingo du.

4. Aurreko paragrafoan aipatzen den erabakia Gidarien eta Arau-hausleen Erregistroan jasoko da eta, horrekin batera, baita baimena eman zuen estatu kidearen izena eta baimenaren eta titularraren datuak ere.

28. artikulua. Baimena administrazioaren kabuz ordezkatzea.

1. Trafikoko probintziako buruzagitzek beren kabuz ordezkatuko dituzte gidabaimenak baldin eta titularrei Espainiako araudi bat aplikatu izanaren ondorioz, gidatzeko orduan egokitzapenak, murrizketak edo mugak ezarri behar bazaizkie pertsonei, ibilgailuei edo zirkulazioari.

2. Ordezkapena administrazioaren kabuz egin ahal izateko, nahitaezkoa izango da titularrak ohiko bizilekua Espainian izatea.

3. Administrazioaren kabuz egindako ordezkapenari araudi honetako 27. artikuluko 4. paragrafoan xedatutakoa aplikatuko zaio.

29. artikulua. Ordezkatutako edo trukatutako baimena igortzea.

Ordezkapena edo trukea egin edota kopia eman ondoren, trafikoko probintziako buruzagitzak baimena eman zuen estatu kideko agintaritza eskudunei bidaliko die ordezkatutako edo trukatutako baimena, arrazoiak azalduta.

2. ATALA. BATASUNETIK KANPOKO HERRIALDEETAN EMANDAKO BAIMENAK

30. artikulua. Espainian gidatzeko balio duten baimenak eta horiek ordezkatzea.

1. Baimen hauek baliozkoak dira Espainian gidatzeko:

a) Beste herrialde batzuetakoak baldin eta 1949ko irailaren 19ko Genevako Konbentzioko 9. eranskinaren arabera edo 1968ko azaroaren 8ko Vienako Konbentzioko 6. eranskinaren arabera eman badira edo eredu horietatik desberdin egiten dituena funtsezkoak ez diren errubrika batzuk hartu edo kendu izana bada.

b) Beste herrialde batzuetakoak baldin eta gaztelaniaz idatzita badaude edo, baimenarekin batera, horren itzulpen ofiziala agertzen bada.

Honako hauek egindako itzulpenak izango dira ofizialak: zinpeko itzultzaileek, Espainiak atzerrian dituen kontsulek, baimena eman duen herrialdeak Espainian dituen kontsulek edo horretarako baimena duen erakunde edo entitate batek.

c) Atzerrian emandako nazioartekoak baldin eta 1949ko irailaren 19ko Genevako Konbentzioaren 10. eranskineko ereduaren arabera edo 1926ko apirilaren 24ko Pariseko Nazioarteko Konbentzioaren E eranskinaren arabera eman badira (bigarrena Genevakoa izenpetu edo bere egin ez arren Parisekoa sinatu duten nazioen kasuan)

d) Espainia partaide den alde biko edo anitzeko nazioarteko berariazko hitzarmenetan onartutakoak, bertan adierazten diren baldintzetan.

2. Aurreko paragrafoan aipatutako baimenak baliozkoak izateko, nahitaezkoa izango da bertan ezarritako indarraldiaren barruan egotea, titularrak Espainian baimen baliokidea ateratzeko eskatzen den adina izatea eta sei hilabete baino gehiago igaro ez izana titularrak ohiko bizilekua Espainian jarri duenetik, salbu eta, aurreko paragrafoko d) idatz-zatian aipatzen diren baimenen kasuan, dagokion hitzarmenean beste arauren bat ezarri bada.

3. Aurreko paragrafoan adierazitako epea igarota, 1. paragrafoko baimenek ez dute balioko Espainian gidatzeko eta horien titularrek, gidatzen jarraitu nahi badute, espainiar baimena atera beharko dute, betiere, eskakizunak betetzen dituztela egiaztatu eta beharrezko probak gainditu ondoren, salbuespen hauekin:

a) Aurreko 1.d) idatz-zatian aipatzen diren baimenen kasuan, berariazko hitzarmenak horiek ordezkatzea onartzen badu.

Horrelakoetan, baimenaren ordezkapena hitzarmenean bertan adierazten diren baldintzetan egingo da.

b) Aurreko 1.a) eta b) idatz-zatietan aipatzen diren baimenen kasuan; dagokion motako baimen espainiarraren ordez trukatu ahal izango baitira, titularrak eskakizun hauek betetzen baditu:

1. Ezagutzak kontrolatzeko proba edo probak gainditzea, 48. artikuluan aipatzen diren ezagutza orokor eta bereziak badituela egiaztatzeko. Hala eskatuz gero, proba ahoz egin ahal izango da.

2. Espainian legez ezarritako edo sukurtsala duen enpresa batek, sei hilabetez gutxienez, gidari profesional gisa kontratatu duela egiaztatzea. Horretarako, enpresek gizarte-segurantzako afiliazioa eta kotizazioa egiaztatzen duten agiriak ere aurkeztu beharko dituzte.

3. Gidarien eta Arau-hausleen Erregistroan, arau-hauste larri edo oso larriengatik kontrako aurrekaririk ez izatea.

4. Baimena ordezkagarria bada, eskabidea interesatuak berak sinatuko du eta horrekin batera agiri hauek aurkeztuko ditu: 15. artikuluko 2.a), b), c), d) eta e) idatz-zatietan adierazitakoak; ordezkatu nahi den baimena; baimena benetakoa eta balioduna dela eta indarrean dagoela adierazten duen aitorpena eta, hala badagokio, baimenaren gaztelaniazko itzulpena, artikulu honetako 1.b) idatz-zatian adierazitako eran egina.

Baimena benetakoa, balioduna eta eraginkorra dela egiaztatzeko, trafikoko probintziako buruzagitzak inguruabarren arabera egoki iritzitako txostenak aurkezteko eskatu ahal izango dio interesatuari; horien artean, baimena eman, ikus-onetsi eta itzuli duen erakundeak edo, hala badagokio, enbaxadak emandako agiria, baimena balioduna dela eta indarrean dagoela adierazten duena eta horrekin zein ibilgailu-mota gida daitezkeen jakinarazten duena, baimenaren gainerako ezaugarriekin batera.

5. Eskabidea jasotzen duen trafikoko probintziako buruzagitzak, beharrezko izapideak egin ondoren, onetsi edo gaitzetsi egingo du, kasuan kasu, eskatutako ordezkapena, eta horren berri jasoko du Gidarien eta Arau-hausleen Erregistroan, eman zuen herrialdearen izenarekin eta baimenaren eta titularraren datuekin batera.

Dena delako hitzarmenean, halakorik badago, besterik xedatzen ez bada, jatorrizko baimena herrialde emailera itzuliko da.

6. Trukearen ondorioz ematen den espainiar baimenean eta horren indarraldi-luzapenetan, kopietan edo bestelako izapideetan berariaz utziko da erasota erkidegoz kanpoko herrialde batean emandako beste baimen batetik datorrela.

3. ATALA. ESPAINIAN AKREDITATUTAKO DIPLOMATIKOEN GIDABAIMENA

31. artikulua. Espainiako gidatzeko baimena lortzea.

1. Espainian kreditatuta dauden diplomaziako misioetako kideek, kontsuletxeko bulegoetako kideek eta Espainian egoitza edo bulegoa duten erkidegoz kanpoko herrialdeetako nazioarteko erakundeetako kideek eta horien aurreko ahaideek, ondorengoek eta ezkontideek araudi honetako 5. artikuluan adierazitako baimenak lortu ahal izango dituzte, dagoeneko baimen baliokidea badute, inolako tasarik ordaindu gabe eta ezagutza teoriko eta praktikoak egiaztatzeko gaitasun probarik egin gabe, betiere, elkarrekikotasunik badago.

2. Eskabidearekin batera, araudi honetako 15. artikuluko 2. paragrafoko a), b) eta c) idatz-zatietan aipatzen diren agiriez gain, eskatzen dutenaren baliokide den baimen baten titular direla ziurtatzen duen agiria aurkeztu behar dute.

3. Eskabidea Atzerri Arazoetarako Ministeriora zuzenduko da eta horrek, eskakizunak betetzen direla egiaztatu ondoren eta hilabeteko epean, Madrileko Trafikoko Buruzagitzara bidaliko du eskatzen diren gainerako agiriekin, izapideak egin ditzan.

4. Baimen hauei araudi honetako 30 artikuluko 4., 5. eta 6. paragrafoetan xedatutakoa aplikatuko zaie.

VI. KAPITULUA.

Gidatzeko bestelako administrazio-baimenak

1. ATALA. ESKOLA-UMEAK EDO ADINGABEAK ERAMATEN DITUZTEN IBILGAILUEN GIDARIAK

32. artikulua. Baimen berezia.

1. Eskola-umeen edo adin txikikoen garraioa egiten duten ibilgailuak gidatzeko, dagokion gidabaimenaz gain, horretarako gaitzen duen baimen berezi bat ere atera beharko da. Ondorio horietarako, garraioari buruzko legerian zehazten dena izango da eskola-umeen edo adin txikikoen garraioa.

2. Debekatuta dago eskola-umeen edo adin txikikoen garraioa egitea baimen berezia izan gabe. Gidariak berekin eraman beharko du baimen hori, gidabaimen arruntarekin batera, horrelako ibilgailuak gidatzen dituenean, eta agintaritzari edo horren agenteei erakutsiko die hala eskatzen diotenean.

3. Baimena indarrean egongo da bertan berariaz adierazitako epeak dirauen artean.

4. Baimen berezia lortzeko, nahitaezkoa izango da:

a) Kasuan kasu dagokion gidabaimen arrunta indarrean edukitzea.

b) Gidarien eta Arau-hausleen Erregistroan aurrekaririk ez izatea edo, administrazio-bidean gidabaimena aldi baterako kentzeko zehapena edo jurisdikzio-bidean ibilgailu motordunak gidatzeko eskubideaz gabetzeko pena jasoa izanez gero, aurrekariak indargabetuta egotea, Zigor Kodearen 136.2.2.o artikuluan eta Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu artikulatuko 82. artikuluan xedatutakoaren arabera.

5. Baimen bereziaren indarraldia titularrak duen maila goreneko gidabaimenaren berbera izango da, eta luzatu egin ahal izango da gidabaimen hori luzatzen den aldi berberetarako. Luzapena trafikoko probintziako buruzagitzak egingo du, interesatuak eskatu eta beharrezko eskakizun guztiak betetzen dituela egiaztatu ondoren.

Eskabidea jaso duen trafikoko probintziako buruzagitzak, artikulu honetako 4. paragrafoan xedatutakoa kontuan, baimen berezia eman edo horren indarraldia luzatuko du, kasuan kasu, eta horren berri jasoko du Gidarien eta Arau-hausleen Erregistroan.

2. ATALA. GAI ARRISKUTSUAK ERAMATEN DITUZTEN IBILGAILUEN GIDARIAK

33. artikulua. Baimen berezia.

1. Salgai arriskutsuak garraiatzen dituzten ibilgailuak gidatzeko, horretarako gaitzen duen administrazio-baimen berezi bat beharko da baldin eta horrela xedatzen bada Salgai arriskutsuen nazioarteko errepide-garraioari buruzko Europako hitzarmenaren edo Salgai arriskutsuen errepide-garraioari buruzko Espainiako araudiaren marjinakoetan.

2. Debekatuta dago salgai arriskutsuak garraiatzen dituzten ibilgailuak gidatzea aurreko paragrafoko baimen berezia indarrean izan gabe. Gidariak berekin eraman beharko du baimen hori, dagokion gidabaimenarekin batera, horrelako ibilgailuak gidatzen dituenean, eta agintaritzari edo horren agenteei erakutsiko die hala eskatzen diotenean.

3. Baimena indarrean egongo da bertan berariaz adierazitako epeak dirauen artean, eta bertan adierazitako gaietara mugatuta egongo da.

4. Baimen horrekin ezin izango da gidatu baldin eta kasuan kasuko ibilgailua eramateko behar den gidabaimen arrunta ere indarrean edukitzen ez bada. Baimen berezia artikulu honetan aipatutako hitzarmen eta araudiaren B-6 eranskinean ezarritako ereduaren araberakoa izango da.

34. artikulua. Baimen berezia lortzeko eskakizunak.

Baimen berezia lortzeko, nahitaezkoa izango da:

a) Urtebete edo gehiago lehenagotik, B motako indarreko gidabaimen arrunta izatea gutxienez.

b) Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak baimendutako prestakuntza-zentro batean salgai arriskutsuen garraioari buruzko gidari-ikastaro bat behar besteko aprobetxamenduarekin egin izana.

c) Trafikoko probintzia-buruzagitzaren gaitasun-probak gainditzea.

d) Ebazpen judizial irmo baten bitartez ibilgailu motordunak gidatzeko eskubideaz gabetuta ez egotea edo, dagoeneko lizentzia edo baimena izanez gero, berori etenda edo bahituta ez egotea, dela bide judizialean, dela administrazio-bidean.

Gidabaimena zuhurtziaz indarrik gabe utzi denean, baimen berezia ez da emango harik eta indargabetzea eraginik gabe uzten den arte.

e) C1 motako gidabaimena lortzeko eskatzen diren gaitasun psikofisikoak izatea.

f) Ohiko bizilekua Espainian izatea.

35. artikulua. Baimen berezia lortzeko eskabidea eta horrekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

1. Norberak aukeratutako trafikoko probintzia buruzagitzan eskatu behar da baimen berezia, erakunde horrek emandako eskabidea erabiliz.

2. Eskabidea interesatuak sinatu behar du eta, horrekin batera, agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia edo, hala badagokio, bizileku-txartelarena, eta indarreko gidabaimenarena. Horiekin batera, jatorrizko agiriak ere aurkeztu behar dira baina, erkatu ondoren, itzuli egingo dira.

b) Eskatzailea C1 edo D1 motako indarreko gidabaimen baten titular ez denean, gaitasun psikofisikoari buruzko txostena, gidarientzako azterketa-zentro baimendu batek egina.

c) Ikastaroa eman duen prestakuntza-zentroak egindako agiria, eskatzaileak gai arriskutsuak garraiatzen dituzten ibilgailuak gidatzeko prestakuntza-ikastaro batean behar besteko aprobetxamenduarekin parte hartu duela egiaztatzen duena.

d) Baimena beste gai batzuetara hedatzea eskatu nahi denean, interesatuak lehendik duen baimen bereziaren fotokopia.

Titularrak jatorrizko baimena trafikoko probintziako buruzagitzan entregatu beharko du, dagokionean, eskatutako hedapena onartzen zaionean eta berori jaso baino lehen.

36. artikulua. Baimen bereziaren indarraldia.

1. Araudi honetako 33. artikuluan aipatzen den baimen bereziak bost urteko indarraldia izango du.

2. Trafikoko probintziako edozein buruzagitzak baimen bereziaren indarraldia luzatu ahal izango du, bost urteko aldietarako, baldin eta interesatuak berak eskatzen badu, araudi honetako 34. artikuluko a) eta d) idatz-zatietan ezarritako eskakizunak betetzen baditu eta, baimenaren indarraldia amaitu aurreko urtebetean, eguneratze eta hobetze ikastaro bat behar besteko aprobetxamenduarekin egin badu eta dagozkion banakako proba eta ariketa praktikoak gainditu baditu salgai arriskutsuak garraiatzen dituzten ibilgailuen gidariak prestatzeko zentro batean, betiere, zentro horrek Trafikoko Zuzendaritza Nagusiaren baimena baldin badu araudi honen II. tituluko IV. kapituluan xedatutakoaren arabera. (1907/1999 Errege Dekretuaren bitartez aldatua)

3. Luzatzeko eskabidearekin batera, beste agiri hauek ere aurkeztuko dira: luzatu nahi den baimenaren fotokopia, eguneratze eta hobetze ikastaro bat behar besteko aprobetxamenduarekin egin izana eta dagozkion banakako proba eta ariketa praktikoak gainditu izana egiaztatzen duen agiria, indarreko gidabaimenaren kopia edo fotokopia eta, eskatzaileak ez badu indarrean C1 baimena indarrean, araudi honetako 35 artikuluko 2. paragrafoko b) idatz-zatian aipatzen den gaitasun psikofisikoko txostena.

Titularrak jatorrizko baimena trafikoko probintziako buruzagitzan entregatu beharko du eskatutako luzapena onartzen zaionean eta baimen berria jaso baino lehen.

37. artikulua. Trafikoko probintziako buruzagitzak egin beharrekoa.

Baimen berezia lortu, hedatu edo luzatzeko eskabidea jaso duen trafikoko probintziako buruzagitzak, kasu bakoitzean egin beharrekoak burutu ondoren eta interesatuak probak eta ariketak gainditu ondoren, eskatutakoa onetsi edo ukatu egingo du.

VII. KAPITULUA

Gidatzeko administrazio-baimenen deuseztasuna edo kaltegarritasuna eta indar-galtzea.

1. ATALA. DEUSEZTASUN EDO KALTEGARRITASUN DEKLARAZIOA ETA INDAR-GALTZEA

38. artikulua. Deuseztasuna eta deuseztagarritasuna.

Titulu honetan arautzen diren gidatzeko administrazio-baimenei dagokienez, horien deuseztasuna edo kaltegarritasuna deklaratu ahal izango da. Horretarako, nahitaezkoa da Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio-prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 62. eta 63. artikuluetako kasuren bat gertatzea.

39. artikulua. Gidatzeko baimenak edo lizentziak indarra galtzea.

1. Aurreko artikuluan xedatutakoa gorabehera, gidatzeko baimenak indarrean irauteko, emateko ezarri ziren eskakizunak betetzen jarraitu behar du titularrak, eta ezin ditu puntu guztiak galduta izan.

2. Trafikoko probintziako buruzagitzek baimenak indargabetu ditzakete, eman eta gero, baldin eta titularrak baimena emateko eskatzen ziren baldintzak dagoeneko betetzen ez dituela egiaztatzen bada edo baimenaren titularrak puntu guztiak agortu baditu. Azken kasu horretan, administrazio-bidean irmoa den azken zehapena, puntu-kreditua agortzea ekarri duena, Gidarien eta Arau-hausleen erregistroan inskribatu ondoren indargabetuko da baimena.

2. ATALA. BAIMENEN DEUSEZTASUNA EDO KALTEGARRITASUNA ETA INDAR-GALTZEA DEKLARATZEKO PROZEDURA

40. artikulua. Deuseztasuna edo kaltegarritasuna deklaratzeko prozedura.

Deuseztasuna edo kaltegarritasuna deklaratzeko prozedura Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen VII. tituluko I. kapituluan ezarritakoaren araberakoa izango da.

41. artikulua. Indar-galtzea deklaratzeko prozedura.

1. Trafikoko probintziako buruzagitzaren batek uste badu baimena emateko eskatzen ziren ezagutzak, trebetasunak, gaitasunak, zirkulazioaren segurtasunerako funtsezko portaerak edo gaitasun psikofisikoak desagertu egin direla, baimena indargabetzeko prozedurari ekingo dio, betiere, egoera kontuan hartuta egoki iritzitako txostenak, aholkuak edo probak eskatu edo egin ostean.

2. Espedienteari hasiera emateko erabakian, zehatz aipatuko dira aurreko lerrokadan adierazitako eskakizunetako bat desagertu dela modu arrazional eta oinarrituan pentsatzera eramaten duten egintzak eta gorabeherak.

Ezagutzei edo portaerei dagokienez, ustez desagertu direla iritziko zaio baldin eta baimenaren titularrak bi urteko epean hiru arau-hauste oso larri egiteagatik zehapen irmoa jaso badu administrazio-bidean, berdin izanik zein ibilgailurekin egin dituen arau-hausteak.

Halaber, erabaki horretan, bidezkoa bada, 42. artikuluan aurreikusitako zuhurtziazko neurriak hartuko dira: zuhurtziazko indargabetzea eta berehalako bahitura.

3. Espedienteari hasiera emateko ebazpenean, trafikoko probintziako buruzagitzak baimenaren titularrari jakinaraziko dio ustez ez duela betetzen dena delako eskakizuna edo eskakizunak, baita zein epe duen betetzen dituela egiaztatzeko eta nola egin dezakeen hori.

Ebazpen horren aurka, baimenaren titularrak bere burua defendatzeko egoki iritzitakoa alegatu ahal izango du eta, hala badagokio, behar den epean eta eran frogatu ahal izango du eskakizun horiek betetzen dituela .

A) Eskakizunok betetzen dituela egiaztatzeko epeak hauek izango dira:

a) Zuhurtziazko indargabetzea eta bahitura ezartzen ez bada, epea bi hilabetekoa izango da.

Epe horretan ez bada egiaztatzen eskakizuna betetzen dela, baimenaren zuhurtziazko indargabetzea eta bahitura erabakiko da berehala.

b) Zuhurtziazko indargabetzea eta berehalako bahitura erabakitzen badira, epea administrazio-baimenaren indarraldia amaitu artekoa izango da eta, gidatzeko baimen edo lizentzien kasuan, araudiaren 17.3 artikuluan ezarritakoa gaineratuko zaio.

B) Eskakizunak betetzen direla egiaztatzeko moduak hauek izango dira:

a) Galdu dena ezagutzak, trebetasunak, gaitasunak edo gidatzeko portaerak badira, txosten, aholku eta frogen bitartez bidezko iritzitako probak egin beharko dira, prozedura bideratu duen trafikoko probintziako buruzagitzan, ezagutzak, gaitasunak eta portaerak kontrolatzeko.

b) Galdu dena gidatzeko eskakizun psikofisikoak badira, gaitasun psikofisikoko probak egin beharko dira dagokion autonomia-erkidegoko osasun-zerbitzuetan eta, hala badagokio, baita horiei lotutako gaitasun eta portaerei buruzkoak ere, zeinak, beharrezkoak izanez gero, araudi honetako 65. artikuluko 4. paragrafoan ezarritakoaren arabera egingo baitira.

4. Ezagutzak eta gaitasunak eta portaerak kontrolatzeko probak eta gaitasun psikofisikokoak hirutan egin ahal izango ditu baimenaren titularrak aurreko paragrafoan aipatutako epeetan.

5. Proben emaitzak aldekoak badira, trafikoko probintziako buruzagitzak eraginik gabe utziko du baimena indargabetzeko espedientea eta, hala badagokio, zuhurtziazko indargabetzea deuseztatuko du, eta berehala itzuliko du bahitutako baimena.

Ezagutzak, gaitasunak eta portaerak kontrolatzeko probak hirugarrenez egiten direnean emaitzak kontrakoak badira edo gaitasun psikofisikoak begiratzeko azterketetan akats psikofisikoa itzulezina dela egiaztatzen bada edota baimenaren titularrak ez baditu probak artikulu honetako 3.A) idatz-zatian adierazitako epeetan egiten, trafikoko probintziako buruzagitzak ebazpen arrazoitua emango du administrazio-baimena indargabetzeko.

6. Norbaiti eskakizunen bat ez betetzeagatik baimena edo lizentzia indargabetu bazaio baina pertsonetan, ibilgailuetan edo zirkulazioan egokitzapenak, murrizketak edo bestelako mugak ezarriz gero gidatzeko ahalmena badu, baimen berezi bat egin ahal izango zaio, beharrezko izapideak eta egiaztapenak egin ondoren, kasu bakoitzean egoki diren baldintza murriztaileak ezarrita.

7. Baimena indargabetzeko prozedurak edo dagoeneko erabakitako indargabetzeak gidatzeko baimen edo lizentzia guztiei eragiten ez badie, trafikoko probintziako buruzagitzak bere kabuz emango dio interesatuari kopia bat edo aldi baterako baimen bat, indarrik galdu ez duten motak adierazita.

8. Indargabetutako baimen baten titularrak beste baimen bat atera ahal izango du baldin eta prozedura jarraitzen badu eta ezarritako probak gainditzen baditu eta, horien bitartez, lehen betetzen ez zuen eskakizuna, aurreko baimena indargabetzea eragin zuena, betetzen duela egiaztatzen badu.

9. Eskakizunak dagoeneko betetzen ez direla zein probintziatan detektatu den, horko trafikoko probintziako buruzagitzak izango du eskumena baimenaren indar-galtzea deklaratzeko.

41 bis artikulua. Baimena indargabetzeko prozedura esleitutako puntu guztiak galdu izanagatik.

1. Gidatzeko baimen edo lizentziaren titularrak puntu guztiak galdu dituela egiaztatu ondoren, trafikoko probintzia buruzagitzak hasiera emango dio, erabaki baten bitartez, gidatzeko baimen edo lizentzia indargabetzeko prozedurari. Erabakian jasota eta zehaztuta agertuko dira puntuak galtzea ekarri duten erabaki administrazio-bidean irmoak, bakoitzari zegokion puntu kopurua zehaztuta.

Erabaki horretan interesatuari hamar eguneko gehienezko epea emango zaio egoki iritzitako alegazioak aurkez ditzan.

2. Aurreko paragrafoan aipatutako epea igarota, trafikoko probintzia buruak ebazpena emango du gidatzeko baimen edo lizentziaren indar-galtzea deklaratzeko, eta interesatuari jakinaraziko dio hamabost eguneko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean aurreikusitakoaren arabera.

3. Indargabetutako gidabaimenaren titularrak mota berbereko beste gidatzeko baimen edo lizentzia lortu ahal izango du baldin eta gidatzeko baimena edo lizentzia berreskuratzeko sentsibilizazio eta bide-heziketako ikastaro bat egiten badu eta aprobetxamenduz gainditzen badu eta, ondoren, VIII. eranskinean aipatzen den ezagutzak kontrolatzeko proba gainditzen badu

4. Baimenaren titularrak ezin izango du gidatzeko baimen edo lizentzia berria eskuratu harik eta aurrekoa indargabetzeko ebazpena jakinarazi zitzaionetik sei hilabete igaro arte, salbu eta gidari profesionalen kasuan, horientzat epea hiru hilabetekoa izango baita.

Baimen berria eskuratu eta ondorengo hiru urteetan berriz indargabetzen bada puntu guztiak galdu izanagatik, baimenaren titularrak ezin izango du gidatzeko baimen edo lizentzia berri bat eskuratu harik eta aurrekoa indargabetzeko ebazpena jakinarazi zitzaionetik hamabi hilabete igaro arte, salbu eta gidari profesionalen kasuan, horientzat epea sei hilabetekoa izango baita.

5. Baimenaren titularraren bizilekuari dagokion trafikoko probintzia buruzagitzako buruak du administrazio-baimena indargabetzeko eskumena baldin eta horretarako arrazoia esleitutako puntu guztiak galdu izana bada.

3. ATALA. DEUSEZTASUNARI EDO KALTEGARRITASUNARI ETA INDAR-GALTZEARI APLIKA DAKIZKIEKEEN XEDAPEN KOMUNAK

42. artikulua. Baimen edo lizentziaren zuhurtziazko indargabetzea eta horien euskarri diren agirien bahitura.

1. Administrazio-baimenen deuseztasuna edo kaltegarritasuna deklaratzeko edo horiek indargabetzeko prozeduretan, baimenaren zuhurtziazko indargabetzea erabaki daiteke baldin eta trafikoaren segurtasunerako arrisku larria badago edo interes publikoari kalte larria egiten bazaio; horrelakoetan, espedientearen ardura duen trafikoko probintziako buruak, behar bezala oinarritutako ebazpen baten bitartez, baimena berehala bahitzeko eta gidatzea eragotziko duten neurri guztiak hartzeko agindua emango du, betiere, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean jasotako prozedura, eskakizunak eta baldintzak betez.

2. Bahitura burutzeko, baimena kenduko zaio interesatuari eta, aldi berean, bahitura xedatzeko ebazpena jakinaraziko zaio.

Baimena kendu ondoren, bahitura erabaki duen agintaritzari igorriko zaio.

3. Administrazio-baimenaren zuhurtziazko indargabetzeak dirauen artean gidatzea zehapen baten ondorioz indargabetutako administrazio-baimen batekin gidatzearen parekoa izango da.

4. Deuseztasuna edo kaltegarritasuna, indargabetzea eta zuhurtziazko indargabetzea eta, hala badagokio, bahitura, titularrak dituen baimen edo lizentzietatik bati edo gehiagori ezar dakioke.

Edozein kasutan, instruitutako prozeduran argi adieraziko da zein baimen edo lizentzia motari edo motei eragiten dien.

Guztiei eragiten ez badie, trafikoko probintziako buruzagitzak agiri berri bat emango dio interesatuari eraginda suertatu ez diren baimen edo lizentziak jasota.

5. Deuseztasuna edo kaltegarritasuna, indargabetzea eta zuhurtziazko indargabetzea eta bahitura erabakiz gero, erabaki horrek eragin berbera izango du prozedurak hartzen dituen baimen edo lizentzia motek indarrean daudela baino eman ezin diren bestelako administrazio-baimenetan edo agirietan.

II. TITULUA

Gidatzeko administrazio-baimena lortzeko egin beharreko gaitasun-probak

I. KAPITULUA

Arau orokorrak

43. artikulua. Proben helburua.

Ibilgailu motordunen edo motor-bizikleten edozein gidarik, segurtasunez gidatzeko, behar besteko gaitasun psikofisikoak eta ezagutza, trebetasun, gaitasun eta portaerak izan behar ditu, horien bitartez lortzen baita:

a) Ibilgailua eta horren aginteak egoki erabiltzea, bide-segurtasuna arriskuan ez jartzeko eta ibilgailua erantzukizunez erabili ahal izateko.

b) Ibilgailua menderatzea, egoera arriskutsuak ez sortzeko eta, sortzen direnean, egoki erantzuteko.

c) Zirkulazioak eragindako arriskuez konturatzea eta horien larritasuna baloratzea.

d) Trafikoari, ibilgailuen zirkulazioari eta bide-segurtasunari buruzko lege-xedapenak betetzea, bereziki zirkulazio-istripuak saihesteko eta zirkulazioaren arintasuna eta segurtasuna bermatzeko direnak.

e) Ibilgailuaren zati eta gailuen mekanikari eta oinarrizko mantentze-lanei buruzko ezagutza arrazoitua izatea, akats tekniko nagusiak antzemateko -bereziki segurtasuna arriskuan jartzen dutenak- eta behar bezala konpontzeko.

f) Gidarien portaeran eragina duten faktore guztiak kontuan izatea, segurtasunez gidatzeko behar diren gaitasun eta ahalmen guztiak une oro oso-osorik izateko.

g) Erabiltzaile guztien eta, bereziki, ahulenen eta arrisku handiena dutenen segurtasuna bermatzen laguntzea bestearekiko errespetuzko jarrera erakutsiz.

h) Ingurumena hobetzen laguntzea kutsadura saihestuz.

i) Zirkulazio-istripuetako biktimei laguntzea; zaurituei laguntzarik egokiena ematea egoeraren arabera eta arrisku edo kalte handiagoak saihesten ahalegintzea; ahal den neurrian zirkulazioaren segurtasuna berreskuratzen saiatzea eta agintaritzari eta horren agenteei laguntzea gertatutakoa argitzen.

44. artikulua. Egin beharreko probak.

1. Gidatzeko administrazio-baimena lortzeko proba hauek egin behar dira:

a) Gaitasun psikofisikoko probak.

b) Ezagutzak kontrolatzeko probak.

c) Gaitasunak eta portaerak kontrolatzeko probak.

2. Gidatzea eragozten duen gaixotasun edo urritasunik ez dagoela egiaztatzeko egingo dira gaitasun psikofisikoko probak. Hauek aztertuko dira:

a) Ikusmena.

b) Entzumena.

c) Lokomozio-sistema.

d) Sistema kardiobaskularra.

e) Gaitz hematologikoak.

f) Giltzurrun-sistema.

g) Arnas-sistema.

h) Gaixotasun metabolikoak eta endokrinoak.

i) Nerbio eta muskulu sistema.

j) Buru eta jokabide nahasteak.

k) Substantziei lotutako nahasteak.

l) Pertzepzio eta mugimendu gaitasuna.

m) Aurreko idatz-zatietan adierazi ez den bestelako edozein gaitz baldin eta gidatzeko eragozpen bada edota gidatzeko orduan bide-segurtasuna arriskuan jartzen badu.

3. Ezagutzak kontrolatzeko proben barruan, hauek egingo dira:

a) Gidabaimen guztietarako balio duen ezagutza-proba.

b) Berariazko ezagutzak kontrolatzeko probak.

4. Gaitasunak eta portaerak kontrolatzeko proben barruan, hauek egingo dira:

a) Gaitasunak eta portaerak kontrolatzeko proba zirkuitu itxian.

b) Gaitasunak eta portaerak kontrolatzeko probak ohiko trafikoari irekitako bideetan zirkulatuz.

5. Aurreko paragrafoetan adierazitako probetatik, araudi honetako III. eranskineko koadroan adierazitakoak gainditu beharko dira, atera nahi den gidatzeko baimen edo lizentziaren arabera.

II. KAPITULUA.

Gaitasun psikofisikoko probak

45. artikulua. Proba hauek nortzuek egin behar dituzten.

1. Eskakizun psikofisikoak betetzen dituzten zehazteko probak eta azterketak honako hauek egin behar dituzte: gidatzeko edozein baimen edo lizentzia lortu edo horren indarraldia luzatu nahi dutenek eta, gidatze-lanei edo arlo horretako irakaskuntzari lotuta, egitera behartuta daudenek.

Aurreko lerrokadan aipatutako probak eta azterketak abenduaren 4ko 2272/1985 Errege Dekretuan eta xedapen osagarrietan araututako gidarientzako azterketa-zentroetan egingo dira.

2. Gidatzeko baimena edo lizentzia lortzeko edo horren indarraldia luzatzeko eskatzen diren gaitasun psikofisikoak araudi honetako IV. eranskinean daude jasota.

3. Aurreko paragrafoan xedatutakoa gorabehera, azterketa egiten ari den zentroak ikusten badu eskatzaile batek, IV. eranskinean zehaztutako urritasun edo gaixotasunetako bat izan ez arren, gaitasunik ez duela gidatzeko baimena edo lizentzia eskuratzeko edo horren indarraldia luzatzeko, dagokion trafikoko probintziako buruzagitzari jakinaraziko dio, arrazoiak emanez, horrek erabakia har dezan, kasuan kasuko autonomia-erkidegoko osasun zerbitzuen irizpena ikusi ondoren.

46. artikulua. Gidari-taldeak.

1. Araudi honetako IV. eranskinaren ondorioetarako, gidariak talde hauetan sailkatuko dira:

a) 1. taldea. A1, A, B edo B + E motetako gidatzeko baimena edo lizentzia dutenak edo horietako bat lortzeko edo horien indarraldia luzatzeko eskabidea egin dutenak.

b) 2. taldea. C1, C1 + E, C, C + E, D1, D1 + E, D edo D + E motetako gidatzeko baimena dutenak edo horietako bat lortzeko edo horien indarraldia luzatzeko eskabidea egin dutenak.

2. Aurreko 1.b) idatz-zatian aipatutako baimen-motekin gidatu daitezkeen ibilgailuen gidariez gain, honako hauek ere bigarren taldearen barruan sartzen dira: lehentasunezko ibilgailuak, bidaiarien garraio publikorako turismoak, eskola-umeak eta adingabeak garraiatzeko ibilgailuak eta salgai arriskutsuak garraiatzen dituzten ibilgailuak gidatzen dituztenak eta gidarien irakaskuntzako profesionalak, berariazko araudietan zehatz daitezen espezialitateen kalterik gabe.

47. artikulua. Gidatzeko baimen eta lizentzia arruntak eta bereziak.

1. Gidatzeko baimen eta lizentziak, gidariek izan behar dituzten gaitasun psikofisikoen arabera, arruntak eta bereziak izan daitezke.

2. Egokitzapenak egitea, zirkulazio-murrizketak ezartzea edo pertsonetan, ibilgailuetan edo zirkulazioan mugak jartzea eskatzen duten gaixotasunak edo urritasunak ez dituzten pertsonak gidatzeko baimen edo lizentzia arrunta atera ahal izango dute, baita horien titular izan eta horien indarraldia luzatu ere. Ondorio horietarako, baimen edo lizentziok ateratzeko ikusmenean eta entzumenean eskatzen den gutxieneko zorroztasuna iristeko behar diren betaurreko zuzentzaileak edo audiofonoak erabili behar izatea ez da eragozpen izango.

3. Gidatzeko baimen edo lizentzia arrunta ateratzeko behar diren gaitasun psikofisikoak ez dituzten pertsonek murrizketak ezartzen dituzten gidatzeko baimen edo lizentzia bereziak atera edo luzatu ahal dituzte, edo horien titular izan ahal izango dira, baldin eta egokitzapenak edo murrizketak eginez edo pertsonetan, ibilgailuetan edo zirkulazioan mugak jarriz, gidatzeko behar besteko gaitasuna badute, araudi honetako IV. eranskinean kasu bakoitzerako ezarritakoari jarraituz.

III. KAPITULUA.

Ibilgailu motordunak eta motor-bizikletak gidatzeko behar diren ezagutza, gaitasun eta jarrerak eta horiek egiaztatzeko egin beharreko probak

1. ATALA. EZAGUTZAK, GAITASUNAK ETA JARRERAK

48. artikulua. Ezagutzak.

1. Edozein motatako gidabaimena eskatzen duen pertsonak ondoren aipatzen diren gaiak modu arrazoituan ezagutu eta egoki ulertu behar ditu, eta egiaztatu egin behar du hori. Hona hemen gaiok:

1.a Zaintza eta beste erabiltzaileekiko jarrerak: horien garrantzia.

Erabiltzaileen arteko lankidetzaren beharra: trabarik ez egin, ez eman ustekaberik, ohartu, ulertu, besteen mugimenduak aurreikusi.

2.a Pertzepzio, ebaluazio eta erabakimen funtzioak, bereziki erreakzio-denbora eta gidariaren portaera-aldaketak alkoholaren, drogen, botiken, gaixotasunen, emozio-egoeren, nekearen, loguraren eta bestelako faktoreen eraginari lotuta.

3.a Ibilgailuen arteko segurtasun-tarteen eta balaztatze-tartearen errespetuari eta ibilgailuak bidean izan behar duen egonkortasunari lotutako printzipioak, kontuan hartuta meteorologia-baldintzak eta ingurunea, bide-mota eta -zati desberdinen ezaugarriak eta galtzadaren egoera.

4.a Gidatzeko orduan, galtzadaren egoerari lotutako arriskuak eta, bereziki, eguraldi-aldaketen eta eguneko edo gaueko orduaren arabera izaten dituen aldaketei lotutakoak.

5.a Bidea: bide-motak eta bide-zatiak.

Bide-mota desberdinen ezaugarriak eta horren ondoriozko lege-xedapenak.

6.a Tuneletan seguru gidatzea.

7.a Beste bide-erabiltzaile batzuen esperientziarik ezak eta erabiltzailerik ahulenek -adibidez oinezkoek (bereziki haurrek, pertsona adindunek edo minusbaliatuek edo pertsona itsu edo gorrek), txirrindulariek, motor-bizikleten gidariek, elbarrien autoen gidariek eta beste batzuek- eragindako arrisku bereziak.

8.a Ibilgailu-mota desberdinak gidatzeak, horien zirkulazioak eta gidarien ikuspen-baldintzek dakartzaten arriskuak.

9.a Seguru gidatzearekin zerikusia duten elementu mekanikoak. Bereziki sistema hauek dituzten akatsik ohikoenak detektatzea: esekidura sistemak, gurpilek, balazta eta pneumatikoek, argiztapenak eta argi-seinaleek (argiak, norabide-adierazleak, katadioptrikoak), ihes-hodiak, atzerako ispiluek, haizetako-garbigailua eta horren ur-isurgailua eta segurtasun-uhalek eta soinu-seinaleek.

10.a Ibilgailuetako segurtasun-ekipoak, bereziki segurtasun-uhalen, buru-euskarrien eta haurrentzako segurtasun-ekipoen erabilera.

11.a Ibilgailuaren erabilera ingurumenari dagokionez: soinu-seinaleak egoki erabiltzea, gidatzeko era ekonomikoa eta erregaia aurreztea, isurpen kutsagarriak mugatzea eta gidariak ingurumena ez kutsatzeko kontuan hartu beharreko beste neurri batzuk.

12.a Trafikoari, ibilgailu motordunen zirkulazioari eta bide-segurtasunari buruzko legezko eta arauzko xedapenak, bereziki seinaleztapenari, lehentasun-arauei eta abiadura-mugei buruzkoak.

13.a Ibilgailu motordun bat gidatuz zirkulatzeko behar diren administrazio-agiriak (gidariari, ibilgailuari eta, hala badagokio, zamari buruzkoak) erregulatzen dituzten arauak.

14.a Ibilgailuaren zamari eta daramatzan pertsonei buruzko segurtasun faktore eta arazoak.

15.a Zirkulazio-istripuak: tartean egoten diren faktoreak.

Istripuen arrazoi ohikoenak.

16.a Gidariak istripuetan izan behar duen jarrerari (seinaleztatu, gaztigatu) buruzko arau orokorrak eta zirkulazio-istripuko biktimei laguntzeko egin ditzakeen lehen sorospenak, hala badagokio.

17.a Ibilgailua uztean jarri behar den arreta.

2. Ondoren zehazten diren motetako gidabaimenak eskatzen dituzten pertsonek, aurreko 1. paragrafoan aipatutakoez gain, segidan aipatzen diren gaiak modu arrazoituan ezagutu eta egoki ulertu behar dituzte, eta egiaztatu egin behar dute hori. Hona hemen baimenak eta dagozkien gaiak:

1. A1 eta A motetako baimenak eskatzen dituztenentzako gaiak:

a) Motor-bizikletak, trizikloak eta kuadrizikloak gidatzeko eta zirkulatzeko bete behar diren arauak.

b) Babesgarrien erabilera (eskularruak, botak, bestelako jantziak eta kaskoa).

c) Motor-bizikletak ikusgarri egitea gainerako bide-erabiltzaileentzat.

d) Motor-bizikletak gidatzeko teknika.

e) Bidearen egoerari lotutako arrisku-faktoreak, arreta berezia jarriz irristakorrak diren zatiei, hala nola, drainatze-sistemen estaldurari, galtzadako seinaleei (lerroak, geziak) eta tranbien errailei.

f) Bide-segurtasunean eragina duten alderdi mekanikoak, arreta berezia jarriz larrialdietarako argiei, olioaren mailari eta trakzio-kateari.

2. C1 eta C motetako gidabaimena eskatzen dutenentzako gaiak:

a) Segurtasunerako garrantzitsuak diren automobil-zati eta -gailuen mekanika, funtzionamendua eta oinarrizko mantentze-lanak. Hona hemen zati horiek: barne errekuntzako motorrak; likidoak (adibidez, motorrerako olioa, hozteko likidoa, garbiketa-likidoa); erregaiaren zirkuitua; banaketa-sistema, hozte-sistema; elikadura-sistema; sistema elektrikoa, argi-sistema, transmisio-sistema, esekidura-sistema; direkzio-sistema.

b) Lubrifikazioari eta izotz-kontrako babesari buruzko alderdi orokorrak.

c) Gurpilak kendu eta jartzeko orduan kontuan hartu beharrekoak.

d) Pneumatikoak nola egin eta muntatzen diren eta nola erabili eta mantendu behar diren.

e) Balazta eta azelerazio mekanismoen motak, funtzionamendua, osagai nagusiak, konexioak, erabilera eta eguneroko mantentze-lanak. Hastapenak.

f) Matxuren arrazoiak bilatzeko metodoak eta tresna egokiekin konponketa txikiak egiteko gaitasuna.

g) Ibilgailuaren prebentziozko mantentze-lanak eta aldiroko zereginak.

h) Gidariei, salgaiak garraiatzeko ibilgailuei eta zamari berari bide-segurtasunaren alorrean aplikagarri zaizkion araudia, faktoreak eta gaiak.

i) Ibilgailuen pisu eta neurriei buruzko arauak.

j) Salgaiak garraiatzeko ibilgailuei egin behar zaizkien ohiko eta aparteko azterketa teknikoei buruzko araudia.

k) Gidatzeko eta atseden hartzeko aldiei buruzko araudia eta Kontseiluaren 1985eko abenduaren 20ko 3820/85 eta 1985eko abenduaren 20ko 3821/85 Araudien (EEE) bitartez araututako kontrol-aparatuaren erabilera.

l) Balaztatzeko eta abiadura moteltzeko sistemen erabilera.

m) Ibilgailuaren ezaugarriek eta zamak gidariari eta gainerako erabiltzaileei ikuspenean sortzen dizkieten eragozpenak.

n) Haizearen eragina ibilgailuaren ibilbidean.

ñ) Aurreratzean hartu behar diren neurriak ura, lokatza eta bestelako gauzak botatzeak sor ditzakeen arriskuak saihesteko.

o) Ibilgailuen erabilera ekonomikoa.

p) Istripurik edo aparteko gorabeherarik gertatuz gero, automobilaren aseguruari dagokionez hartu beharreko neurriak.

q) Salgaien errepideko garraioari aplikagarri zaion legeria nazionalaren oinarrizko alderdiak.

r) Salgaiak hitzartutako baldintzetan jaso, garraiatu eta emateari dagokionez, gidariaren erantzukizunari buruzko oinarrizko alderdiak.

s) Salgaien garraio nazionalean eta nazioartekoan, gidariari, ibilgailuei eta garraioari buruz behar diren agiriak.

t) Ibilgailuaren zamari buruzko segurtasun-faktoreak: zamaren kontrola (jartzea eta lotzea), zama-mota desberdinen zailtasunak (likidoak, zintzilik doazen zamak), salgaien zamalanak eta horretarako materialaren erabilera.

u) Salgai arriskutsuak mantentzeko eta garraiatzeko hartu behar diren neurriei buruzko oinarrizko alderdiak.

v) Errepide-mapen edo hiri-planoen eta horietan agertzen diren aurkibide, zeinu eta ikur konbentzionalen irakurketa, ulermena eta erabilera eta ibilbideen planifikazioa, nabigazio-sistema elektronikoak ere barne hartuta.

w) Istripuetan izan behar den jarrera; istripuetan eta antzeko egoeretan hartu behar diren neurriak ezagutzea, larrialdietako neurriak eta lehen sorospenak barne.

3. D1 eta D motetako gidabaimena eskatzen dutenentzako gaiak:

a) Segurtasunerako garrantzitsuak diren automobil-zati eta -gailuen mekanika, funtzionamendua eta oinarrizko mantentze-lanak, aurreko 2.2 paragrafoko a) idatz-zatitik g) idatz-zatira bitartean, biak barne, adieraziak.

b) Aurreko 2.2 paragrafoko h) idatz-zatitik w) idatz-zatira bitartean, biak barne, adierazitako gaiak, q), r), s) t) eta u) idatz-zatietakoak izan ezik.

Bestalde, h) eta j) idatz-zatietakoak bidaiarien taldekako garraioari aplikatuko zaizkio.

c) Bidaiarien taldekako garraioa egiten duten gidariei eta ibilgailuei dagozkien bide-segurtasuneko araudi berezia, faktoreak eta gaiak.

d) Garraiatutako pertsonei buruzko araudia.

e) Bidaiarien errepideko garraioari aplika dakiokeen legeria nazionala.

f) Gidariaren erantzukizuna bidaiarien garraioari dagokionez.

g) Bidaiarien garraio nazionalean eta nazioartekoan, gidariari, ibilgailuei eta bidaiariei buruz eraman behar diren agiriak.

h) Istripuetan eta aparteko egoeretan izan behar den jarrera eta portaera eta lehen sorospenak, bidaiarien ebakuazioa bezalako larrialdi-neurriak barne.

4. B + E, C1 + E, C + E, D1 + E edo D + E motetako gidabaimena eskatzen dutenentzako gaiak:

a) Gidariei, ibilgailu-multzoei eta ibilgailu artikulatuei eta zamari berari bide-segurtasunaren alorrean aplikagarri zaizkion araudia, faktoreak eta gaiak.

b) Ibilgailu-multzoak eta ibilgailu artikulatuak gidatzeko teknika.

c) Akoplamendu-sistemen motak, funtzionamendua, zati nagusiak, konexioak, erabilera eta eguneroko mantentze-lanak eta atoiak eta erdi-atoiak ibilgailu traktoreari lotzeko eta askatzeko orduan kontuan izan beharrekoak. Hastapenak.

d) Ibilgailuaren zamari buruzko segurtasun-faktoreak.

3. Araudi honetako 7.3 artikuluan aipatzen diren ibilgailuak gidatzeko baimena eskatzen dutenek ondoren aipatzen diren gaiak, gutxienez, modu arrazoituan ezagutu eta egoki ulertu behar dituzte, eta egiaztatu egin behar dute hori. Hona hemen gaiok:

a) Segurtasunerako garrantzitsuak diren automobilaren zati eta gailuen mekanikari eta mantentze-lanei buruzko oinarrizko alderdiak.

b) Eskola garraioa egiten duten ibilgailuei, lehentasunezkoei, bidaiarien garraio publikorako turismoei eta ibilgailuaren zamari buruzko araudi berezia, gelditze eta aparkatzeak eta bide-segurtasuneko faktore eta gaiak.

c) Garraiatutako pertsonei buruzko araudia.

4. Gidatzeko lizentzia eskatzen dutenek ondoren aipatzen diren gaiak, gutxienez, modu arrazoituan ezagutu eta egoki ulertu behar dituzte, eta egiaztatu egin behar dute hori. Hona hemen gaiok: zirkulazioa erregulatzen duten arauak eta seinaleak, bereziki lizentziarekin eraman daitezkeen ibilgailuak gidatzeko eta zirkulatzen jartzeko orduan aplikagarri direnak eta gidariari, ibilgailuari eta, hala badagokio, zamari dagozkien gaiak, faktoreak, ekipoak eta segurtasun-elementuak.

49. artikulua. Gaitasunak.

1. Edozein motatako gidabaimena eskatzen dutenek gai izan behar dute seguru gidatzeko moduan prestatzeko:

a) Pneumatikoen, argien, katadioptrikoen, direkzio-sistemaren, balazten, norabide-adierazleen eta hots-seinalearen egoera egiaztatuz.

b) Jarrita egoki egotea lortzeko behar diren erregulazioak eginez.

c) Atzerako ispilua eta segurtasun-uhala egokituz.

d) Ateetako sarrailak kontrolatuz.

2. Era berean, gai izan behar dute ibilgailuaren aginteak modu zuzen eta egokian erabiltzeko:

a) Bolantea.

b) Azeleragailua.

c) Lozagia.

d) Martxa-kutxa.

e) Eskuko eta hankako balazta.

f) Argiak, norabide-adierazleak eta bestelako argi-gailuak.

g) Haizetako-garbigailua eta horren ur-isurgailua.

h) Lausoa kentzekoa eta klimatizazioa.

i) Beste aginte batzuk.

3. Aurreko 2. paragrafoan aipatutako aginteak erabiltzeko orduan, baldintza hauek bete behar dira:

a) Motorra martxan jartzeko eta abiatzeko orduan, ez da astindurik emango, berdin delarik ibilgailua toki lauan edo goranzko zein beheranzko aldapan dagoen.

b) Azeleratu eta martxak aldatzen joango da abiadura egokia lortu arte eta, aldi berean, ibilbide zuzena egin behar da, baita martxa aldatzeko unean ere.

c) Bidegurutze batean ezkerretara edo eskuinera jotzeko edo pasagune estuetan, abiadura egokituko da, eta ibilgailuaren ibilbidea kontrolatu.

d) Ibilbide jakin bat egingo da atzeraka, zuzen-zuzen joanda, eta egokitutako zirkulazio-bidea erabiliko da izkinetan eskuinera edo ezkerretara jotzen denean. (Bakarrik zirkuitu itxian).

e) Buelta erdi egingo da (noranzkoaren aldaketa) aurrerako eta atzerako martxak erabiliz.

f) Balaztatu egingo da doitasunez gelditu arte eta, beharrezkoa bada, ibilgailuak balaztatzeko duen gaitasun guztia erabiliz.

g) Ibilgailua aparkatu, eta aparkatuta dagoen lekutik aterako da aurrerako eta atzerako martxak erabiliz. Aparkatzea paraleloan, zeharka edo perpendikularrean izan daiteke eta toki lauan edo goranzko zein beheranzko aldapan.

4. Aurreko 1., 2. eta 3. paragrafoan aipatutako manuak bakarrik eskatu ahal izango dira baldin eta ibilgailuaren ezaugarriekin bateragarriak badira.

B + E, C1, C1 + E, C, C + E, D1, D1 + E, D eta D + E motetako gidabaimena eskatzen dutenek, aplikagarri zaizkien neurrian eta ibilgailuaren ezaugarriekin bateragarriak diren heinean, gai izan behar dira:

a) Lagunduriko balazta eta direkzioa egiaztatzeko.

b) Balaztatzeko sistema desberdinak erabiltzeko.

c) Abiadura gutxitzeko sistemak, zerbitzu-balaztaz bestelakoak, erabiltzeko.

d) Bihurguneetan ibilgailuaren ibilbidea egokitzeko, dituen ezaugarrien, luzeraren eta irtenguneen arabera.

e) Atoia edo erdi-atoia Ibilgailu traktoreari lotzeko edo askatzeko.

f) Takografoa erabiltzeko.

g) Leuntasunez arrankatzeko, martxak aldatzeko, gelditzeko eta motorra itzaltzeko.

6. Gainera, A1 eta A motetako baimena eskatzen dutenak gai izango dira:

a) Kaskoa ondo jartzeko eta motorren gainerako segurtasun eta babes ekipoak egiaztatzeko.

b) Motozikletaren euskarria kentzeko eta motorraren laguntzarik gabe mugitzeko, alboan oinez joanda.

c) Motozikleta aparkatzeko euskarrian bermatuz.

d) Buelta erdi emateko U bat eginez.

e) Ibilgailua orekatuta eramateko abiadura desberdinetan, martxa geldoetan eta gidatzeko egoera desberdinetan, baita bidaiari bat eramanda ere.

f) Alde batera okertzeko biratzeko unean.

7. Artikulu honetako 1., 2., 3., 5. eta 6. paragrafoetan aipatutakoak gaitasunak eta portaerak kontrolatzeko probetan egiaztatuko dira eta, hala badagokio, baita ezagutzak kontrolatzekoetan ere.

50. artikulua. Portaerak.

1. Edozein motatako gidabaimena eskatzen dutenek benetako zirkulazio-egoera arruntetan egin behar dituzte gidatzeko operazio eta maniobrak, betiere, segurtasunez eta arreta osoa jarrita. Ildo horretatik,

a) Behar bezala begiratu behar dute, atzerako ispiluak ere erabiliz, bidearen profila, seinaleztapena, besteen mugimenduak eta uneko arriskuak edo etor daitezkeenak.

b) Behar bezala erabili behar dituzte ibilgailuaren aginteak: enbragea, hankako balazta, azeleragailua, eskuko balazta, bolantea, argiak, haizetako-garbigailua, hots-seinaleak, martxa aldatzeko palanka etab.

c) Gainerako bide-erabiltzaileekin komunikatzeko gauza izan behar dira onartutako bitartekoak erabiliz.

d) Benetako arrisku-egoeretan modu egoki eta eraginkorrean erantzuteko gauza izan behar dira.

e) Behar bezala bete behar dituzte zirkulazioa erregulatzen duten arauak eta seinaleak eta agenteek eta zirkulazioa erregulatzeko ardura duten pertsonek emandako aginduak.

f) Oinezkoak eta gainerako bide-erabiltzaileak errespetatu behar dituzte.

2. Gainera, benetako zirkulazio-egoera desberdinetan, gaitasuna izan behar dute segurtasun osoz:

a) Motorra martxan jartzeko, abiatzeko eta espaloi-ertzetik edo aparkalekutik zirkulazioan modu egokian sartzeko

b) Galtzadako toki egokitik zirkulatzeko.

c) Abiadura egokitzeko, behar den martxa erabiliz, kontuan hartuta zirkulazio-baldintzak, bidearen trazadura, meteorologiaren edo ingurunearen baldintzak eta abiadura erregulatzen duten arauak eta seinaleak.

d) Ibilgailuen arteko segurtasun-tarteak errespetatzeko.

e) Erreiz eta galtzadaz aldatzeko.

f) Ibilgetutako ibilgailuak eta oztopoak gainditzeko.

g) Beste ibilgailuekin gurutzatzeko, baita estuguneetan ere.

h) Egoera desberdinetan ibilgailu-mota desberdinak aurreratzeko eta besteei aurreratzen uzteko.

i) Trenbide-pasaguneetara hurbildu eta zeharkatzeko: hurbilketa, sartzeko posizioa eta zeharkatzea.

j) Bidegurutzeetara hurbildu eta zeharkatzeko: hurbilketa, sartzeko posizioa, abiadura eta zeharkatzea.

k) Bidegurutzeetan edo galtzada utzi nahi denean, eskuinera edo ezkerretara jotzeko

l) Oinezkoentzako pasaguneetara hurbildu eta zeharkatzeko.

m) Martxaren noranzkoa aldatzeko.

n) Ibilgailua egoki gelditu edo aparkatzeko eta bertatik irtetean eta gidalekua uztean beharrezko arreta-neurriak hartzeko.

2. ATALA. EZAGUTZAK, GAITASUNAK ETA PORTAERAK EGIAZTATZEKO EGIN BEHARREKO PROBAK

51. artikulua. Ezagutzak kontrolatzeko probak.

1. Edozein motatako gidabaimena atera nahi dutenek egin beharreko ezagutza-proba komunaren edukia araudi honetako 48. artikuluko paragrafoetan aipatutako gai hauei buruzkoa izango da, gutxienez:

a) Trafikoari, ibilgailu motordunen zirkulazioari eta bide-segurtasunari buruzko lege eta erregelamenduzko xedapenak (1.12.a idatz-zatia).

b) Gidaria (1.1.a eta 1.2.a idatz-zatiak).

c) Bidea (1.3, 1.4, 1.5 eta 1.6 paragrafoak).

d) Gainerako bide-erabiltzaileak (1.7 eta 1.8 paragrafoak).

e) Araudi orokorrak eta askotarikoak (1.13, 1.14, 1.15, 1.16 eta 1.17 paragrafoak).

f) Bestelakoak (1.9, 1.10 eta 1.11 paragrafoak).

2. Edozein gidabaimen ateratzeko egin beharreko ezagutza-froga komuna, aurreko 1. paragrafoan aipatua, ez ezik, jarraian aipatzen diren gidabaimen-motak atera nahi dituzten pertsonek araudi honetako 48. artikuluko paragrafoetan aipatutako gai hauei buruzko proba ere egin beharko dute, gutxienez:

a) A1 eta A gidabaimenen kasuan, 2.1. a), b), c), d), e) eta f) idatz-zatietan aipatutako gaiei buruzko ezagutza-proba berezia.

b) C1 eta C motetako baimenen kasuan, 2.2.a paragrafoko a)-tik w)-ra bitarteko idatz-zatietan (biak barne) aipatutako gaien inguruko ezagutza bereziak kontrolatzeko proba bat.

c) D1 eta D motetako baimenen kasuan, 2,3.a paragrafoko a)-tik h)-ra bitarteko idatz-zatietan (biak barne) aipatutako gaien inguruko ezagutza bereziak kontrolatzeko proba bat.

d) B + E, C1 + E, C + E, D1 + E eta D + E motetako baimenen kasuan, 2.4.a paragrafoko a)-tik d)-ra bitarteko idatz-zatietan (biak barne) aipatutako gaien inguruko ezagutza bereziak kontrolatzeko proba bat.

3. Araudi honetako 7.3 artikuluan aipatutako ibilgailuak gidatzeko baimena atera nahi dutenek 48.3.b) eta c) idatz-zatietan aipatutako gaien inguruko ezagutza bereziak kontrolatzeko proba egin behar dute.

4. Gidatzeko lizentzia atera nahi dutenek ezagutzak kontrolatzeko egin beharreko proba 48. artikuluko 4. paragrafoan aipatutako gaiei buruzkoa izango da, eskatutako lizentzia-motaren eta lizentziarekin gida daitezkeen ibilgailu-moten arabera.

52. artikulua. Gaitasunak eta portaerak kontrolatzeko proba zirkuitu itxian.

1. Gaitasunak eta portaerak zirkuitu itxian kontrolatzeko proben bitartez, eskatzaileen trebetasuna eta gaitasuna neurtuko dira ibilgailua eta horren aginteak erabili eta menderatzeko orduan.

2. A1 eta A motetako baimenak atera nahi dituztenek maniobra hauek egin beharko dituzte:

A) Sigi-sagan joatea, taketen artean, abiadura motelean.

B) Zabalera mugatuko zerrenda batetik zirkulatzea.

C) Sigi-sagan joatea taketen artean.

D) Oztopo bat saihestea.

E) Azeleratzea eta balaztatzea.

F) Larrialdietarako balaztatze kontrolatua egitea.

Lehenengo bi maniobrak, A) eta B) atalekoak abiadura motelean egingo dira, eta aukera eman behar dute lozagiaren erabilera kontrolatzeko eta, horrekin batera, baita balazta, oreka, ikusmenaren norabidea, motorraren gaineko jarrera eta hankek oin-euskarrian duten posizioa ere.

Hurrengo biak, C) eta D) atalekoak, azkarrago joanda egingo dira: lehenengoa orduko 30 kilometroko abiaduran gutxienez eta bigarrena, oztopo bat saihestekoa, orduko 50 kilometroko abiaduran gutxienez. Proba hauek aukera eman behar dute motorraren gaineko jarrera, ikusmenaren norabidea, oreka, gidatzeko teknika eta martxak aldatzeko teknika kontrolatzeko.

E) eta F) ataletako maniobrak orduko 30 eta 50 kilometro bitarteko abiaduran egingo dira, hurrenez hurren, eta aukera emango dute aurreko eta atzeko balaztaren erabilera, ikusmenaren norabidea eta motorraren gaineko jarrera kontrolatzeko.

Maniobra eginda, gidarigaiak behar bezala aparkatuko du motozikleta, erdiko edo alboko euskarrian bermatuta eta motorra itzalita.

Maniobra horiek egin baino lehen, gidarigaiek

a) Kaskoa jarri eta lotu behar dute eta, hala badagokio, baita babesgarriak ere (eskularruak, botak eta gainerako jantziak).

b) Honako hauek konprobatuko dituzte, ausaz: pneumatikoak, balaztak, direkzio-sistema, larrialdiko gelditzeko etengailua (baldin badago), trakzio-katea, olio-maila, argiak, katadioptrikoak, norabide-adierazleak eta hots-seinalea.

c) Ibilgailuaren euskarria kendu eta mugitu egingo dute alboan oinez joanda eta oreka gordez.

d) Motorra martxan jarriko dute eta adierazitako maniobrak egiteko prestatuko dira.

3. Araudi honetako 7.3 artikuluan aipatutako ibilgailuak gidatzeko baimena edo B motako baimena lortu nahi dutenek bide-segurtasunean eragina duten maniobra hauek egin behar dituzte:

G) Ibilbide bat egingo dute atzeraka, zuzenean eta bihurgunean, zuzen-zuzen joanda, eta egokitutako zirkulazio-bidea erabiliko dute izkinetan eskuinera edo ezkerretara jotzeko.

H) Martxaren noranzkoa aldatuko dute, aurrerako eta atzerako martxak erabiliz, espazio mugatuan.

I) Ibilgailua aparkatu, eta aparkatuta dagoen lekutik aterako dute aurrerako eta atzerako martxak erabiliz. Aparkatzea paraleloan, zeharka edo perpendikularrean izan daiteke eta toki lauan edo goranzko zein beheranzko aldapan

J) Abiatu egingo dira, astindurik eman gabe eta atzeraka egin gabe, goranzko edo beheranzko aldapan.

K) Balaztatu egingo da doitasunez gelditu arte eta, beharrezkoa bada, ibilgailuak balaztatzeko duen gaitasun guztia erabiliz.

Aipatutako bost maniobretatik, gidarigai bakoitzak hiru egin beharko ditu gutxienez eta horietako batean atzeraka joan beharko du.

Maniobra hauek gaitasunak eta portaerak kontrolatzeko probaren barruan egin daitezke ohiko trafikoari irekitako bideetan, edo, egoeraren arabera komenigarri ikusten bada, zirkuitu itxian.

Maniobrak egin baino lehen, seguru gidatzeko prestatzeko gai direla erakutsi beharko dute gidarigaiek honako hauek eginez:

a) Jarlekua egokitu behar dute, jarrita egoki egotea lortu arte.

b) Atzerako ispiluak, segurtasun-uhala eta buru-euskarriak, halakorik badago, behar bezala jarriko dituzte.

c) Ateak ondo itxita dauden begiratu behar dute.

d) Honako hauek konprobatuko dituzte, ausaz: pneumatikoak, direkzio-sistema, balaztak, likidoak (adibidez, motorreko olioa, likido hozgarria, haizetako-garbigailuaren likidoa), argiak, katadioptrikoak, norabide-adierazleak eta hots-seinalea.

4. C1 eta C motetako baimenak lortu nahi dituztenek, 3. paragrafoko G) eta I) maniobrez gain, nahitaez egin beharko dute bide-segurtasunean eragina duen maniobra hau ere:

L) Modu seguruan aparkatzea zamaketa-arrapala edo plataforma batean edo antzeko instalazio batean zamalanak egiteko.

5. D1 eta D motetako baimenak lortu nahi dituztenek, 3. paragrafoko G) eta I) maniobrez gain, nahitaez egin beharko dute bide-segurtasunean eragina duen maniobra hau ere:

M) Ibilgailua gelditzea bidaiariak segurutasunez sartu eta irten daitezen.

6. Artikulu honetako 4. eta 5. paragrafoetan adierazitako maniobrak egin baino lehen, eskatzaileek segurtasunez gidatzeko prestatzeko gai direla erakutsi beharko dute eta, horretarako, 3. paragrafoko a), b) eta d) idatz-zatietan B motako baimena lortu nahi dutenentzat ezarritakoaz gain, hauetako bat egin beharko dute:

a) Lagunduriko balazta eta direkzioa egiaztatu; gurpilak, horiek finkatzeko torlojuak, lohi-babesak, haizetakoak, leihatilak eta haizetako-garbigailuak begiratu eta tresna-panela begiratu eta erabili, Kontseiluaren 1985eko abenduaren 20ko 3821/85 Erregelamenduaren bitartez (EEE) araututako kontrol-tresna barne.

b) Presioa, aire-tangak eta esekidura ondo daudela egiaztatu.

c) Ibilgailuaren zamari dagokionez, segurtasun faktoreak egiaztatu: zamaren konpartimendua, laminak, zamalanetarako ateak, zamatze-mekanismoa (baldin badago), Kabinaren itxiera (baldin badago), zama jartzea eta lotzea (C1 eta C motetan bakarrik).

d) Ibilgailuaren segurtasun-neurri bereziak hartzeko gai izan eta honako hauek begiratu: zama-sotoak, zerbitzu-ateak, larrialdi-irteerak, lehen sorospenetarako materiala, su-itzalgailuak eta gainerako segurtasun-ekipoak (D1 eta D motetan bakarrik).

7. B+E motako baimenak lortu nahi dituztenek, 3. paragrafoko G) eta I) eta, aukeran, J) maniobrez gain, nahitaez egin beharko dituzte bide-segurtasunean eragina duten maniobra hauek ere:

N) Atoia lotu eta askatu.

Maniobra hau hasteko unean, ibilgailu traktorea eta atoia bata bestearen ondoan egongo dira (ez lerrokatuta).

Ñ) Segurtasunez aparkatu zamalanak egiteko.

Maniobra horiek egin baino lehen, eskatzaileek segurtasunez gidatzeko prestatzeko gai direla erakutsi beharko dute eta, horretarako, 3. paragrafoko a), b), c) eta d) idatz-zatietan ezarritakoaz gain, B motako baimena lortu nahi dutenek hauetako bat egin beharko dute:

a) Atoiko zamari dagokionez, segurtasun faktoreak egiaztatu: zamaren konpartimendua, laminak, zamalanetarako ateak, Kabinaren itxiera (baldin badago), zama jartzea eta lotzea.

b) Akoplamendu-mekanismoa, balazta eta konexio elektrikoak begiratzea.

8. C1+E, C+E, D1+E, eta D+E motetako baimenak lortu nahi dituztenek, 3. paragrafoko G) eta I) eta, aukeran, J) maniobrez eta 7. paragrafoko N) maniobraz gain, nahitaez egin beharko dituzte bide-segurtasunean eragina duten maniobra hauek ere:

a) C1+E eta C+E baimenen kasuan, 4. paragrafoko L) maniobra.

b) D1+E eta D+E baimenen kasuan, 5. paragrafoko M) maniobra.

Maniobra horiek egin baino lehen, eskatzaileek segurtasunez gidatzeko prestatzeko gai direla erakutsi beharko dute eta, horretarako, 6. paragrafoko a), b), c) eta d) idatz-zatietan eta 7. paragrafoko azken lerrokadako a) eta b) idatz-zatietan ezarritakoa egin beharko dute.

53. artikulua. Gaitasunak eta portaerak kontrolatzeko probak ohiko trafikoari irekitako bideetan zirkulatuz.

1. Ohiko trafikoari irekitako bideetan zirkulatuz gaitasunak eta portaerak kontrolatzeko egin beharreko probetan, gidabaimena atera nahi dutenek nahitaez egin beharko dituzte, zirkulazio-egoera normaletan, segurtasun osoarekin eta beharrezko arreta jarriz, 49. artikuluko 1., 2., 3. eta 4. paragrafoetan ezarritako operazio eta maniobrak -betiere, gaitasunak eta jarrerak kontrolatzeko zirkuitu itxiko probetan baloratu ez badira- eta 50. artikuluan ezarritakoak.

Proba egin aurretik, seguru gidatzeko prestatzeko gai direla erakutsi beharko dute, ibilgailuarekin bateragarria bada. Horretarako, 49. artikuluko 1. paragrafoan ezarritakoa beteko dute.

2. Gainera, A motako baimena atera nahi dutenek zera erakutsi beharko dute, abiadura desberdinetan joanda, baita martxa geldoetan ere, oreka gordetzeko gai direla, gidatze eta zirkulazio egoera desberdinetan.

3. B+E, C1, C, D1, C1+E, C+E, D1+E eta D+E motetako baimena atera nahi dutenek, berriz, 49. artikuluko 5. paragrafoan ezarritako operazioak egiteko gai direla ere erakutsi beharko dute.

4. D motako baimena atera nahi dutenei dagokienez, ibilgailuaren segurtasuna bermatzeko xedapen bereziak betetzeko gai direla ere erakutsi behar dute.

5. Edozein ibilgailu motordun gidatzen dutenek 48tik 53ra bitarteko artikuluetan adierazitako ezagutzak, gaitasunak eta portaerak izango dituzte segurtasunez gidatzeko, horrela posible izango baitute:

a) Zirkulazioak eragindako arriskuez konturatzea eta horien larritasuna baloratzea.

b) Ibilgailua menderatzea, egoera arriskutsuak ez sortzeko eta, sortzen direnean, egoki erantzuteko.

c) Bideko zirkulazioaren esparruko lege-xedapenak betetzea, bereziki errepideko istripuak saihesteko eta zirkulazioaren arintasuna bermatzeko direnak.

d) Ibilgailuaren akats tekniko nagusiei antzematea, bereziki segurtasuna arriskuan jar dezaketenei, eta irtenbide egokia bilatzea.

e) Gidarien portaeran eragina duten faktore guztiak kontuan hartzea (alkohola, nekea, ikusmen urria etab.), seguru gidatzeko behar diren gaitasun guztiak bete-betean erabili ahal izateko.

f) Erabiltzaile guztien eta, bereziki, ahulenen eta arrisku handiena dutenen segurtasuna bermatzen laguntzea guztiekiko errespetuzko jarrera erakutsiz.

6. Gidatzean sortzen den egoera bakoitzean gidarigaiak ibilgailuaren aginteak erraztasunez erabiltzen dituen eta zirkulazioan segurtasun osoarekin sartzeko trebezia duen ebaluatuko da.

Proba osoan zehar, gidarigaiak seguru dabilela azaldu behar du.

Gidatzean akatsak eginez gero edota azterketako ibilgailua, bidaiariak edo gainerako bide erabiltzaileak arriskuan jar dezakeen portaera arriskutsurik izanez gero -berdin dio aztertzaileak edo laguntzaileak parte hartu behar izan duten ala ez- proba eten egingo da, eta gidariari ez-gai kalifikazioa emango zaio besterik gabe.

Hala ere, inguruabarrak kontuan hartuta -bereziki trafikoaren dentsitatea eta zirkulazioaren segurtasuna- aztertzaileak erabakiko du kasuren batean probarekin jarraitzea komeni den ala ez.

Kasuan kasuko trafikoko probintziako buruzagitzak kontrolatu eta gainbegiratuko du aztertzaileen jarduera, hutsegiteen balorazioari buruzko xedapenak zuzen eta modu homogeneoan aplikatzen direla bermatzeko, betiere, araudi honetan ezarritako arauei jarraituz.

7. Balorazioan, aztertzaileek arreta bereziarekin begiratuko dute gidarigaiek portaera zuhurra eta adeitsua duten.

Izan ere, hori gidatzeko eraren isla da, oro har, eta aztertzaileak kontuan hartu behar du gidarigaiaren prestakuntzari buruzko ideia orokorra izateko.

Positibotzat joko da malgutasunez, prestutasunez eta segurtasunez gidatzea, eta kontuan hartuko dira eguraldi-baldintzak, bide publikoarenak, gainerako ibilgailuenak, bide-erabiltzaileen interesak, bereziki ahulenenak, eta arazoei aurrea hartzeko gaitasuna.

8. Aztertzaileak gidarigaiaren alderdi hauek ere aztertuko ditu:

a) Ibilgailua behar bezala kontrolatzen den -kontuan hartuta modu egokian erabiltzen diren segurtasun-uhala, atzerako ispiluak, buru-euskarriak, jarlekua, enbragea, martxa-kutxa, azeleragailua, balaztatzeko sistemak, direkzioa-; ibilgailua egoera eta abiadura desberdinetan ondo kontrolatzen den; ibilgailua errepidean egonkor doan; ibilgailuaren pisua, neurriak eta ezaugarriak; zamaren pisua eta mota (B+E, C1, C1+E, C, C+E, D+E eta D1+E motetan bakarrik); bidaiarien erosotasuna (D, D+E, D1, D1+E motetan bakarrik), tupusteko azeleratze eta balaztatzerik egin gabe eta gozo gidatuz.

b) Gidatzeko modua ekonomikoa den eta ingurumenari kalterik egiten ez dion, kontuan hartuta birak minutuko, martxa aldaketa eta balazten eta azeleragailuen erabilera (B+E, C1, C1+E, C, C+E, D, D+E, D1, D1+E motetan bakarrik).

c) Behatzeko gaitasuna: behatze panoramikoa, ispiluak zuzen erabiltzea; urrutiko, erdiko eta hurbileko ikusmena.

d) Lehentasunak/pasatzen uztea: lehentasuna bidegurutze eta elkarguneetan; pasatzen uztea beste egoera batzuetan, bereziki norabidea aldatzean, erreia aldatzean eta maniobra berezietan.

e) Posizio zuzena bide publikoan: posizio zuzena galtzadan, erreietan, biribilguneetan, bihurguneetan, posizio egokia ibilgailu-mota eta horren ezaugarriak kontuan hartuta; aurreposizionatzea.

f) Distantziak: tarte egokia uztea aurretik eta albotik eta bide publikoko gainerako erabiltzaileengandik.

g) Abiadura: baimendutakoa ez gainditzea; abiadura eguraldiaren eta trafikoaren abiadurari eta, hala dagokionean, ezarritako mugei egokitzea; ikusten den eta libre dagoen tartean gelditu ahal izateko moduko abiaduran joatea; mota berbereko gainerako erabiltzaileen abiadurara egokitzea.

h) Semaforoak, trafiko-seinaleak eta bestelako faktoreak: behar bezala aritzea semaforoetan; agenteek edo, hala badagokio, trafikoa zaintzeaz arduratzen diren beste arduradun batzuek emandako jarraibideak betetzea; portaera egokia trafiko-seinaleen aurrean (debekuak eta betebeharrak); galtzadako seinaleak errespetatzea.

i) Seinaleztapena: seinale egokiak erabiltzea beharrezkoa denean eta modu eta une egokietan; gainerako bide-erabiltzaileek igorritako seinaleen aurrean modu egokian erantzutea.

j) Balaztatzea eta gelditzea: abiadura une egokian moteltzea, inguruabarrei erreparatuz balaztatzea eta gelditzea; arazoei aurrea hartzeko gaitasuna; balaztatzeko sistema desberdinak erabiltzea (C, C+E, D, D+E motetan bakarrik); balaztez bestelako sistemak erabiltzea abiadura moteltzeko (C, C+E, D, D+E motetan bakarrik).

54. artikulua. Probak egingo dituzten azterketa-zentroak.

Probak eskabidea aurkeztu den probintzia berberean egingo dira, trafikoko probintzia buruzagitzak, inguruabarrak eta zerbitzuaren ahalbideak ikusita, erabakitako azterketa-zentroan.

55. artikulua. Deialdiak.

1. Gidatzeko baimena edo lizentzia eskuratzeko eskabide bakoitzak probak egiteko bi deialditarako eskubidea ematen du.

Espediente berbereko proben artean, ez dira hiru hilabete baino gehiago igaroko, salbu eta gaixotasun-kasuetan edo bestelako aparteko kasuetan eta, betiere, trafikoko probintzia buruzagitzan behar bezala justifikatuta.

2. Arau orokor gisa, ezagutzak kontrolatzeko probak eta gaitasunak eta portaerak zirkuitu itxian kontrolatzekoa egun desberdinetan egingo dira, eta azken hori eta gaitasunak eta portaerak trafikoari irekitako bideetan kontrolatzekoa ere bai.

3. Probetarako egunak eskabidea jaso duen trafikoko probintzia buruzagitzak jarriko ditu, interesatuak eskatuta, kontuan hartuta zerbitzuaren ahalbideak eta irakasle bakoitzaren irakaste-ahalmena.

Finkatutako egunetan probetara agertu ezik, deialdi hori galdu egingo da, behar bezala justifikatutako aparteko kasuetan izan ezik.

56. artikulua. Ezagutzak kontrolatzeko probak egiteko era.

1. Ezagutzak kontrolatzeko probek bermatu egin behar dute gidarigaiak ezagupen egokiak dituela eta, beraz, hori egiaztatzeko eran egingo dira.

Oro har, prozedura informatikoen bitartez egingo dira.

Gidarigaiak galdera bakoitzerako proposatu zaizkion erantzunen artean egoki iritzitakoa aukeratuko du.

2. Hau izango da galderen kopurua:

a) Edozein motatako baimenetarako balio duten ezagutza-probetan, baimen-mota dena dela, 30 galdera gutxienez eta 50 gehienez.

b) Ezagutza bereziak kontrolatzeko proba bakoitzean 16 galdera gutxienez eta 40 gehienez.

c) Gidatzeko lizentzia lortzeko ezagutza-probetan 16 galdera gutxienez eta 40 gehienez.

57. artikulua. Proben kalifikazioa eta horren indarraldia.

1. Bai ezagutzei buruzko proben kalifikazioa, bai gaitasunak eta portaerak kontrolatzekoena, gai edo ez-gai izango da.

Proba batean gai kalifikazioa jasoz gero, kalifikazio horrek bi urteko iraupena izango du, gidarigaia proban gai deklaratua izan eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

Probak baztertzaileak izango dira.

Ezagutzak kontrolatzeko probak gainditu ez dituztenek ezin izango dute egin gaitasunak eta portaerak zirkuitu itxian kontrolatzekoa, eta azken hori gainditu ez dutenek ezin izango dute gaitasunak eta portaerak trafikoari, oro har, irekitako bideetan kontrolatzekoa.

2. Aurreko paragrafoan xedatutakoaren ondorioetarako, proben kalifikazioa V. eranskinean ezarritako irizpideei jarraituz egingo da.

58. artikulua. Salbuespenak.

1. Indarrean dagoen gidabaimenen bat dutenak gidabaimen guztietarako ezagutza-proba komuna egitetik salbuetsita egongo dira baldin eta, baimen hori ateratzeko, aipatutako proba egin behar izan bazuten.

2. C1 edo D1 motetako gidabaimena indarrean izanik, C edo D motetakoa eskatzen dutenek eta D1 edo D motetakoa indarrean izanik C1 edo C motetakoa eskatzen dutenek ez dute zertan egin behar automobilaren mekanikari eta oinarrizko mantentze-lanei buruzko ezagutza-froga. (1907/1999 Errege Dekretuaren bitartez aldatua)

3. Ezagutza bereziak kontrolatzeko proba egitetik salbuetsita egongo dira gidatzeko baimen bat indarrean izanik, A motakoa eskatzen dutenak A1 motakoaren titular izanik; C motakoa C1 motakoaren titular izanik; D motakoa D1 motakoaren titular izanik, C + E motakoa C1 + E, D1 + E edo D + E motakoaren titular izanik edo D1 + E edo D + E motakoa C1 + E motakoaren titular izaik.

4. Motor-bizikletak gidatzeko lizentzia lortzeko orduan, gidarigaiak 51. artikuluko 4. paragrafoan aipatutako ezagutza-proba egitetik salbuetsita egongo dira, baldin eta egiaztatzen badute:

a) Trafikoko probintzia buruzagitzaren berariazko baimena duen gidari-eskola partikular batean, motor-bizikletak gidatzeko behar diren ezagutzak jaso dituztela.

Horretarako ikastaroak zortzi eskola-ordu izango ditu gutxienez, eta Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak ezarritako programa beteko du.

Ikastaro hauek emateko baimena lortu ahal izateko, eskolak programa aurkeztu behar du trafikoko probintzia buruzagitzan eta, gainera, argi adierazi behar ditu ebaluatzeko sistema eta egin beharreko probak, ikastaro bakoitzeko egutegia, ordutegia eta izena emandako ikasleen eta irakasleen zerrenda zehaztuta.

b) Ikastetxean, institutuan edo beste edozein prestakuntza-zentrotan ikastaro bat edo aukerako irakasgai bat aprobetxamenduz gainditu dutela motor-bizikletak gidatzeko behar diren ezagutzei buruz, betiere, programa Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak onartu badu.

5. Araudi honetako 7.3 artikuluan aipatzen diren ibilgailuak gidatzeko baimena eskatzen dutenek ez dute zertan egin behar gaitasunak eta portaerak zirkuitu itxian kontrolatzeko proba baldin eta indarrean dagoen B motako baimen baten titular badira eta baimenak urtebete baino gehiagoko antzinatasuna badu.

6. A1 motako baimena ateratzeko eskaria egiten dutenek ez dute zertan egin behar gaitasunak eta portaerak ohiko trafikoari irekitako bideetan kontrolatzeko proba. A motako baimena eskatzen dutenak ere salbuetsita egongo dira baldin eta indarrean dagoen A1 edo B motako baimena badute eta baimen horrek bi urte baino gehiagoko antzinatasuna badu.

Aurreko paragrafoan aipatutako proba egitetik salbuetsita ez dauden gidarigaiei, trafikoko probintzia buruzagitzak lizentzia bat emango die, gaitasunak eta portaerak zirkuitu itxian kontrolatzeko proba egin ondoren, prestakuntza praktikoa ohiko trafikoari irekitako bideetan motorra gidatuz jaso dezaten, betiere, bide-heziketako irakasle baten gertu-gertuko zuzendaritza eta kontrolpean.

Bai motorra, bai irakaslea, irakaskuntza eskaintzen duen eskola edo sekzioari atxikita egon behar dira.

Agiri hori gabe, gidarigaiak ezin izango du prestakuntza osagarri hori jaso, ezta irakasleak eman ere.

Aurreko paragrafoan aipatutako lizentzia berekin eraman beharko du gidarigaiak, eta erakutsi egin beharko du agintaritzak edo horren agenteek edo trafikoko probintzia buruzagitzako funtzionarioek eskatzen diotenean. Lizentziaren indarraldia ez da izango gaitasunak eta portaerak zirkuitu itxian kontrolatzeko gainditutako proba baino luzeagoa.

Gidarigaiak epe horretan proba gainditzen ez badu, lizentzia hiru hilabeteko aldietarako luzatu ahal izango da, baldin eta aldi horietako bakoitzean ikasten jarraitu badu eta proba egitera aurkeztu bada, gainditu ez arren.

7. Urtebeteko antzinatasuna duen eta indarrean dagoen B motako baimen baten titular izanik araudi honetako 7.3 artikuluan aipatutako ibilgailuak gidatzeko baimena eskatzen dutenek ez dute zertan egin behar jarrerak eta portaerak ohiko trafikoari irekitako bideetan kontrolatzeko proba.

59. artikulua. Gaitasunak eta portaerak ohiko trafikoari irekitako bideetan kontrolatzeko probak egiteko beste eskakizun batzuk.

1. Ikasketa-lizentzia ez dutenek edo prestakuntza gidari-eskola partikular batean jaso ez dutenek ezin izango dute egin gaitasunak eta portaerak ohiko trafikoari irekitako bideetan kontrolatzeko proba, gidabaimena lortzeko nahitaezkoa dena.

2. Gaitasunak eta portaerak ohiko trafikoari irekitako bideetan kontrolatzeko proba egiteko unean, ibilgailuaren aginte bikoitzeko beste aldean irakaslea joango da, edo ibilgailua gidatzeko legezko baimena duen laguntzailea, salbu eta motorren kasuan.

3. Aurreko paragrafoan aipatutako proba egiten den bitartean, aginduak proba kalifikatu behar duen aztertzaileak bakarrik emango ditu. Aztertzailea aginte bikoitzaren beste aldean joan daiteke, Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak hala erabakitzen badu, prestakuntza gidari-eskola partikular batean edo ikasketa-lizentzia lortuz jaso behar ez denean.

4. Irakaslea edo laguntzailea zirkulazioaren segurtasunaz arduratuko dira.

Ez dute probaren garapenean parte hartuko, ez keinuen edo hitzen bitartez edo beste edonola jarraibideak emanez, ez ibilgailuaren aginteak zuzenean erabiliz, salbu eta larrialdietan edo gidarigaiak akats edo portaera arriskutsuak izan baditu eta, ondorioz, zirkulazioa erregulatzen duten arau edo seinaleak bete ez baditu edo ibilgailuaren, bidaiarien edo gainerako bide-erabiltzaileen segurtasuna arriskuan jarri badu.

Parte hartzen badute, baita egoerak horretara behartzen baditu ere, proba eten egingo da berehala, eta gidarigaiak ez-gai kalifikazioa izango du deialdi horretan.

5. A motako baimena atera nahi dutenen kasuan, gidarigaiak motorra gidatuz egingo du proba, laguntzailerik gabe.

Aztertzaileak atzeko automobiletik gidatuko du proba eta emango ditu jarraibideak, interkomunikazio-sistema eraginkor bat erabiliz. Autoa gidarigaiak ikasi duen zentroari atxikita egon behar da eta gidatzeko eta zirkulatzeko irakaskuntza praktikoak eman dituen irakasleak gidatuko du, motorraren atzetik.

Hipoakusia duten azterketariei, jarraibideak interkomunikazio-sistematik jaso ezin badituzte, krokis bat emango zaie egin behar duten ibilbidea adierazteko.

60. artikulua. Proben iraupena.

Ezagutzak eta gaitasunak eta portaerak kontrolatzeko probak egiteko, araudi honetako VI. eranskinean ezarritako denbora emango da.

61. artikulua. Probak etetea.

1. Ezagutzak kontrolatzeko probak berehala etengo dira eta izangaiari deialdi horretan ez-gai kalifikazioa emango zaio baldin eta proben ordena hausten badu edo proba egitean iruzurra egiten badu edo horretan saiatzen bada.

2. Gaitasunak eta portaerak kontrolatzeko probetan, azterketariari dagokion deialdian ez-gai kalifikazioa emateaz gain, proba berehala eten ahal izango da baldin eta gidarigaiak trebetasun-falta nabaria erakusten badu; ibilgailua eta aginteak menderatzen ez baditu; banan-banan edo beste batzuekin batera akats edo hutsegitetzat jo daitezkeen gauzak egiten baditu edota 59.4 artikuluan azaldutakoak egiten baditu.

Halaber, probak eten egingo dira edo, hala badagokio, ez dira hasiko baldin eta gidarigaiak beharrezko babes-ekipoa ez badu; inguruabarrei erreparatuz probak normaltasun edo segurtasun nahikoarekin egin ezin direla erakusten duten arrazoizko zantzuak daudela irizten bazaio edota egoera jakin horretan gidatzeak Trafikoari, ibilgailu motordunen zirkulazioari eta bide-segurtasunari buruzko Legearen testu artikulatuan jasotako manuak haustea ekarriko balu (testu artikulatu hori martxoaren 2ko 339/1990 Legegintzako Errege Dekretuaren bitartez onartu zen).

62. artikulua. Gaitasunak eta portaerak kontrolatzeko probak egiteko lekua.

1. Gaitasunak eta portaerak zirkuitu itxian kontrolatzeko probak lursail edo pista berezi batean egingo dira, zirkulaziorik gabe eta horretarako egokitutako toki batean.

Azterketariak B motako baimena atera nahi duenean, gaitasunak eta portaerak ohiko trafikoari irekitako bideetan kontrolatzeko probarekin batera egin ahal izango da proba hau ere, baina, egoera ikusita komenigarri ikusten bada, aurreko paragrafoan aipatutako lursail edo pistan egingo da.

Proba zirkulazioari itxitako lursail edo pista batean egiten denean, bakar-bakarrik egon daitezke bertan proba egin behar duten azterketariak, aztertzaileak eta Trafikoko Zuzendaritza Nagusiko laguntzaileak eta, baimena eskatzen badute eta ematen bazaie, gidatzen irakasteko ardura izan dutenak, baina horiek esandako lekuan egon behar dira eta beren zeregin bakarra proba nola egiten den ikustea izango da eta, hala badagokio, trafikoko probintzia buruzagitzako funtzionarioei laguntzea proba burutzeko zereginetan.

2. Gaitasunak eta portaerak ohiko trafikoari irekitako bideetan kontrolatzeko probak, ahal dela, aglomerazioetatik kanpoko errepideetan egingo dira, autobia edo autobideetan eta hiri barruko era guztietako bideetan (bizitegi-guneak, 30 eta 50 km/h-ko muga duten lekuak), betiere, gidari batek aurki ditzakeen zailtasun-mota desberdinak dituzten lekuak aukeratuz.

Ahal dela, trafiko-dentsitate desberdineko egoeretan egingo da proba.

Errepidean emandako denbora modu optimoan erabili behar da, azterketaria trafiko-mota desberdinetan eta, bereziki, batetik bestera igarotzean nola moldatzen den ikusteko.

3. Gaitasunak eta portaerak kontrolatzeko probak behar besteko arintasunez egiteko, mugatu egin ahal izango da proba ibilgailu berberean egin behar duten azterketarien kopurua.

3. ATALA. PROBETAN ERABILI BEHARREKO IBILGAILUAK

63. artikulua. Eskakizun orokorrak.

1. Gaitasunak eta portaerak kontrolatzeko probetan erabiltzen diren ibilgailuek, Ibilgailuen Araudi Orokorrean ezarritako eskakizunez gain, araudi honetako VII-A eranskineko III. tituluko II. kapituluan ezarritakoak ere bete behar dituzte.

2. Ibilgailu guztiek eta, behar direnean, komunikazio-sistemakoek, egoera onean egongo dira garbitasunari, higieneari, kontserbazioari, mantenimenduari, eraginkortasunari eta segurtasunari dagokienez, eta, gainera, aldizkako azterketa teknikoak eginda izango dituzte, arauzko dokumentazio guztia eramango dute eta, bai aurreko aldean, bai atzekoan, gidari-eskola partikularrak erregulatzen dituzten arauetan ezarritako neurri eta ezaugarrietako plakak eramango dituzte.

64. artikulua. Eskakizun bereziak.

Gidatzeko baimena edo lizentzia ateratzeko orduan gaitasunak eta portaerak kontrolatzeko egin beharreko probetan, araudi honetako VII-B eranskinean zehaztutako ibilgailuak erabiliko dira, atera nahi den baimen edo lizentzia motaren arabera.

65. artikulua. Ibilgailu egokituak.

1. Gidatzeko baimen edo lizentzia arrunta ateratzea eragozten dien gaixotasun edo urritasun organiko edo funtzionala dutenek eta, ondorioz, gidatzeko baimen edo lizentzia berezia, hau da, baldintza murriztaileak dituena, baino atera ezin dutenek ibilgailu bereziak erabili ahal izango dituzte probak egiteko: urritasunari egokituta dauden edo aldagailu automatikoa edo erdi automatikoa duten ibilgailuak, mugikortasun urriko pertsonentzako ibilgailuak (minusbaliatuentzako autoak) edo motor bizikletak.

2. Horrelakoetan, irizpena eskatu behar diote trafikoko probintzia buruzagitzari ibilgailuan egin beharreko egokitzapenei buruz.

Erakunde horrek, egoki iritzitako txosten eta aholkuak jaso ondoren, egin beharreko egokitzapenak zehaztuko ditu, gidarigaiak ibilgailu egoki batekin ikasi ahal izan dezan.

3. Baldintza murriztaileak dituen B motako baimena atera nahi denean, ikasteko edo gaitasunak eta portaerak kontrolatzeko probak egiteko orduan gidarigaiaren urritasunari egokitutako ibilgailuak erabili behar badira, ibilgailu horiek atzerako ispilu bina izango dituzte barruan eta kanpoan, alde bakoitzean bat, eta balaztatzeko eta azeleratzeko aginte bi eta, ahal dela, baita enbrage bi ere.

4. Artikulu honetako 1. paragrafoan aipatzen diren kasuetan, gaitasunak eta portaerak kontrolatzeko proba egiteko orduan, zenbait egiaztapen egingo dira protesiaren (halakorik badu) eraginkortasuna baloratzeko, ibilgailuaren ezaugarriek segurtasun-berme nahikoa eskaintzen duten ikusteko eta pertsonarengan, ibilgailuan edo zirkulazioan egin beharreko egokitzapenak, murriztapenak edo mugak zehazteko, eta horiek guztiak baimenean edo lizentzian azalduko dira, baimena ateraz gero.

Trafikoko probintzia buruzagitzak, egoki baderitzo, txosten osagarriak eskatu ahal izango ditu, bereziki dagokion autonomia-erkidegoko osasun-zerbitzuek izendatutako mediku baten aholkua.

66. artikulua. Egiaztapenak.

Proba burutzen ari den bitartean edo hasi baino lehen, aztertzaileek aukera izango dute proba egiteko aukeratutako ibilgailuek beharrezko arauak eta administrazio, teknika eta segurtasun eskakizunak betetzen dituzten egiaztatzeko.

Horrela ez bada, aztertzaileak probak ez hastea edo etetea erabaki dezake, baina, horrelakoetan, azterketariak ez du deialdirik galduko.

4. ATALA. ESPERIENTZIA GIDATZEAN

67. artikulua. Dokumentazioa.

1. Autobusak ibilbide laburretan gidatuz edota 3.500 kilogramotik gorako gehienezko masa baimendua duten kamioiak eramanez lortutako esperientziaren ondorioz D1 edo D motetako baimena, hau da, autobusak ibilbide luzeetan gidatzekoa, atera nahi dutenek, eskabidearekin batera, beharrezko agiriez gain, gidatzen lortutako esperientziari buruzko agiri bat aurkeztu behar dute, aipatutako ibilgailuetakoren bat urtebetez gutxienez gidatu dutela egiaztatzeko.

2. Gidatzen lortutako esperientziari buruzko egiaztagiri hori izangaia ibilgailu horiek gidatzeko kontratatu zuen enpresak egin behar du, eta agiriarekin batera, aldi eta jarduera horretan Gizarte Segurantzari kotizatu izana egiaztatzen duen dokumentazioa ere aurkeztu behar da.

3. Eskatzailea enpresaburu autonomoa denean eta esperientzia enpresaburu autonomo gisa gidatuz lortu badu, egiaztagiriaren ordez, aitorpen idatzi bat aurkeztuko du.

IV. KAPITULUA.

Gai arriskutsuak eramaten dituzten ibilgailuak gidatzeko gaitzen duen baimen berezia lortzeko edo luzatzeko behar diren ezagutzak eta egin behar diren probak

1. ATALA. EZAGUTZAK

68. artikulua. Oinarrizko prestakuntza teoriko komuna.

Gai arriskutsuak daramatzaten ibilgailuak gidatzeko gaitzen duen administrazio baimen berezia, araudi honetako 33. artikuluan aipatua, eskatzen dutenek jarraian aipatzen diren gaiei buruzko oinarrizko prestakuntza teoriko komuna eta ulermen ona izan behar dute, baimen-mota dena dela. Hona hemen gaiok:

a) Gai arriskutsuen garraioari aplikatu ahal zaizkion xedapen orokorrak.

b) Arrisku-mota nagusiak.

c) Hondakinen garraioaren kontrolean ingurumena nola babestu azaltzen duen informazioa.

d) Arrisku-mota desberdinetarako prebentzio eta segurtasun neurri egokiak.

e) Istripuetan eta aparteko egoeretan izan beharreko portaera eta lehen sorospenak (lehen sorospenak, errepideko segurtasuna, babes-ekipoen erabilerari buruzko oinarrizko ezagutzak etab.).

f) Arriskua adierazteko etiketak eta seinaleak.

g) Gidariak gai arriskutsuak garraiatu baino lehen, bitartean eta ondoren egin beharrekoak eta egin behar ez dituenak.

h) Ibilgailuetako ekipo teknikoaren helburua eta funtzionamendua.

i) Ibilgailu edo edukiontzi berberean jarri ezin daitezkeen gaiak.

j) Gai arriskutsuen zama-lanetan arretaz zaindu beharrekoak.

k) Fardelak maneiatzea eta estibatzea.

l) Erantzukizun zibilari buruzko informazio orokorra.

m) Garraio multimodalari buruzko informazioa.

69. artikulua. Prestakuntza teoriko espezializatua.

1. Aurreko artikuluan zehazten den oinarrizko prestakuntza teoriko komunaz gain, artikulu honetako 2. paragrafoan aipatzen diren gaiei buruzko prestakuntza teoriko espezializatua izan behar dute, eta ondo ulertu behar dituzte gai horiek, ibilgailu hauek gidatzeko baimen berezia hedatzeko eskatzen duten gidariek:

a) Gai arriskutsuak zisternetan garraiatzen dituzten ibilgailuak, bateria-ibilgailuak edo gai arriskutsuak zisternetan edo zisterna-edukiontzietan garraiatzen dituzten garraio-unitateak.

b) 1. motako gai eta objektuak (lehergaiak) garraiatzen dituzten ibilgailuak.

c) 7. motako gaiak (erradioaktiboak) garraiatzen dituzten ibilgailuak.

2. Prestakuntza teoriko espezializatuak gai hauek hartuko ditu gutxienez:

1.- Zisterna-ibilgailuak, bateria-ibilgailuak edo gai arriskutsuak zisternetan edo zisterna-edukiontzietan garraiatzen dituzten garraio-unitateak gidatzeko baimenaren hedadura eskatzen dutenen kasuan:

a) Zirkulatzen ari diren zisterna-ibilgailuen portaera eta kargaren eta karga-mugimenduen eragina gidatzeko eta zirkulatzeko orduan.

b) Ibilgailuei buruzko xedapen bereziak.

c) Ibilgailuen zama-lanetarako sistema desberdinei buruzko ezaupide teoriko orokorrak.

d) Zisterna-ibilgailuen, bateria-ibilgailuen edo gai arriskutsuak zisternetan edo zisterna-edukiontzietan garraiatzen dituzten garraio-unitateen erabilerari buruzko beste gai batzuk; adibidez: egiaztagiriak eta homologazio-markaketa, markaketa, zerbitzua, etiketatzea eta seinaleztatzea.

2.- Lehenengo motako gai eta objektuak garraiatzen dituzten ibilgailuak gidatzeko baimenaren hedadura eskatzen dutenen kasuan:

a) Lehergaiek eta gai eta objektu piroteknikoek dituzten arrisku bereziak.

b) Lehergaiak garraiatzeari buruzko araudi berezia.

c) Lehergaiei buruzko araudia eta lehergaiak garraiatzeari buruzko xedapen osagarriak.

d) Lehenengo motako gaiak batera kargatzeari buruzko xedapen bereziak.

3.- Zazpigarren motako gai erradioaktiboak garraiatzen dituzten ibilgailuak gidatzeko baimenaren hedadura eskatzen dutenen kasuan:

a) Erradiazio ionizatzaileen arrisku bereziak.

b) Gai erradioaktiboak ontziratu eta paketatzeari, maneiuari, estibatzeari eta batera kargatzeari buruzko xedapen bereziak.

c) Istripuetan edo aparteko gorabeheretan hartu beharreko neurri bereziak tartean gai erradioaktiboak badaude.

2. ATALA. PRESTAKUNTZA PRAKTIKOA

70. artikulua. Prestakuntza praktikoa.

1. Administrazio-baimen berezia eskatzen dutenek gai hauek hartzen dituen prestakuntza praktikoa izan behar dute gutxienez:

a) Gai arriskutsuak dituzten fardelen zama-lanak, maneiua eta estibatzea

b) Istripuetan edo aparteko egoeretan hartu beharreko neurriak.

c) Biktimei eskaini behar zaizkien lehen sorospenak.

d) Suteak itzaltzea.

Eskura dauden bitartekoen erabilera: itzalgailuen eta itzaltzeko bestelako bitartekoen maneiua egoera errealetan.

Arreta berezia uraren erabilerari.

2. Zisterna-ibilgailuak, bateria-ibilgailuak edo gai arriskutsuak zisternetan edo zisterna-edukiontzietan garraiatzen dituzten garraio-unitateak gidatzeko baimenaren hedadura eskatzen duten gidarien kasuan, prestakuntza praktikoa izan behar dute pitzadurak ixteari eta ihesak, isurketak edo bestelako larrialdiak eragiten dituzten matxurak bidean konpontzeko premiazko irtenbideei buruz -arreta berezia jarriz jarioak ixteko ekipoen erabilerari- ; baita zisternak, ontzi-bateriak eta zisterna-edukiontziak zamatzeko edo husteko operazioei buruz ere.

3. 1. edo 7. motako gaiak garraiatzen dituzten ibilgailuak gidatzeko baimenaren hedadura eskatzen duten gidariek prestakuntza praktikoa izan behar dute artikulu honetako 1. paragrafoko a), b) eta d) idatz-zatietan jasotako gaiei buruz baldin eta mota horietako gaiei aplikagarri bazaizkie.

3. ATALA. EZAGUTZAK EGIAZTATZEKO EGIN BEHARREKO PROBAK

71. artikulua. Prestakuntza teorikoari buruzko ezagutzak kontrolatzeko probak.

1. Administrazio-baimen berezia eskatzen duten gidariek gai arriskutsuak garraiatzen dituzten ibilgailuak gidatzeko behar diren ezagutza arrazoituak, ulermena eta gaitasunak eduki behar dituzte, eta egiaztatu egin behar dute hori.

Horretarako, ezagutzak kontrolatzeko proba teoriko komun bat egingo dute, araudi honetako 68. artikuluan aipatutako oinarrizko prestakuntza komunean sartzen diren gaiei buruz.

2. Aurreko paragrafoan aipatzen den proba teoriko komunaz gain, ezagutzak kontrolatzeko proba teoriko berezi bat ere egin behar dute:

a) Zisterna-ibilgailuak, bateria-ibilgailuak edo zisterna edo zisterna-edukiontziak garraiatzen dituzten garraio-unitateak gidatzeko baimenaren hedadura eskatzen duten gidarien kasuan, araudi honetako 69. artikuluko 2.1.paragrafoan aipatzen den prestakuntza teoriko espezializatua osatzen duten gaiei buruz.

b) Lehergaiak (1. mota) garraiatzeko ibilgailuak gidatzeko baimenaren hedadura eskatzen dutenen kasuan, araudi honetako 69. artikuluko 2.2. paragrafoan aipatzen den prestakuntza teoriko espezializatua osatzen duten gaiei buruz.

c) Gai erradioaktiboak (7. mota) garraiatzeko ibilgailuak gidatzeko baimenaren hedadura eskatzen dutenen kasuan, araudi honetako 69. artikuluko 2.3. paragrafoan aipatzen den prestakuntza teoriko espezializatua osatzen duten gaiei buruz.

3. Proba teoriko bereziak egin ahal izateko, nahitaezkoa izango da proba teoriko komuna gaindituta izatea.

72. artikulua. Ariketa praktikoak.

Baimen berezia edo horren hedadura eskatzen dutenek banakako ariketa praktikoak egin beharko dituzte, ikastaroan jasotako prestakuntza teorikoari eta araudi honetako 70. artikuluan aipatzen diren gaiei buruz.

73. artikulua. Probak eta ariketak egiteko zentroak.

1. Ezagutzak kontrolatzeko proba teorikoak egingo dira:

a) Probak baimena lortzeko edo hedatzeko direnean eskabidea jaso duen trafikoko probintzia buruzagitzak inguruabarrak eta zerbitzuaren ahalbideak aztertu ondoren erabakitako azterketa-zentroan.

b) Probak baimenaren indarraldia luzatzeko direnean, trafikoko probintzia buruzagitzak onartutako ikastaroa eman duen prestakuntza-zentroko lokaletan.

2. Suak itzaltzeari buruzko banakako ariketa praktikoak eta, hala badagokio, zama-lanei eta beren izaeragatik hala eskatzen duten gaiei buruzkoak, toki eta instalazio baimenduetan egingo dira, hain zuzen ere, prestakuntza-zentroko zuzendariaren eskariz, trafikoko probintziako zuzendaritzak ikastaroa onartzean finkatutakoetan.

Gainerako banakako ariketa praktikoak -adibidez, lehen sorospenei eta arriskua aurrerik seinaleztatzeko ezaugarriei buruzkoak- eskola teorikoak ematen diren leku berberean egingo dira, prestakuntza teorikoari lotuta.

74. artikulua. Deialdiak.

1. Baimen berezia ateratzeko edo hedatzeko ezagutzak kontrolatzeko proba teorikoetarako eskabide bakoitzak aukera emango du probak bi deialditan egiteko.

Espediente berberaren barruan sartzen diren deialdien artean ezin dira igaroko hiru hilabete baino gehiago, behar bezala justifikatutako salbuespen-kasuetan izan ezik.

Aurreko lerrokadan aipatzen diren probak egiteko eguna ikastaroa baimendu duen trafikoko probintziako buruzagitzak jarriko du, interesatuaren eskariz, zerbitzuaren ahalbideak kontuan hartuta.

Finkatutako egunetan probetara agertu ezik, deialdi hori galdu egingo da, behar bezala justifikatutako kasuetan izan ezik.

2. Baimenaren indarraldia luzatzeko ezagutza-probak eta baimena ateratzeko, hedatzeko edo luzatzeko banakako ariketa praktikoak prestakuntza teorikoari lotuta ikasgelan egin ezin badira, horiek egiteko eguna trafikoko probintziako buruzagitzak jarriko du, prestakuntza-zentroko zuzendariaren eskariz, ikastaroa baimentzeko orduan.

75. artikulua. Probak egiteko era.

1. Ezagutzak kontrolatzeko proba teorikoak idatziz egingo dira, edo emaitzak modu automatizatuan tratatzea ahalbidetzen duen prozedura baten bitartez.

Proba horiek egiteko, trafikoko probintzia buruzagitzak edo ikastaroa eman duen prestakuntza-zentroak galdera-sortak banatuko dizkie gidarigaiei idatziz erantzun ditzaten. Horretarako, erakunde horrek edo prestakuntza-zentroak emandako orri ofizial batean, galdera bakoitzerako proposatutako erantzunen artean ustez egokia dena markatuko da.

Aukeraketa-sistemaren araberako galdera-sorta horietan, ezagutzak kontrolatzeko proba komunean, 32 galdera jarriko dira gutxienez eta 72 gehienez, eta proba berezi bakoitzean 16 galdera gutxienez eta 42 gehienez.

Galdera-sortetan jarriko diren galderak Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak egindako zerrenda batetik aterako dira.

Azterketa aurretik, gidarigaiek ezin izango dituzte ezagutu zerrenda horretatik galdera-sortetan sartuko diren galderak.

2. Banakako ariketa praktikoak instalazio egokietan edo ikasgelan egingo dira, kasuan kasu, eta probak, izaeraren arabera, eskatzen dituen bitartekoak eta ekipo egokiak erabilita.

Proba egin eta burutzeko orduan, beharrezkoa da gidarigai guztiek banan-banan modu aktiboan parte-hartzea.

76. artikulua. Proba eta ariketen kalifikazioa eta indarraldia.

1. Ezagutzak kontrolatzeko proba teorikoen emaitza -bai komunarena, bai bereziena- eta banakako ariketa praktikoarena gai ala ez-gai izango da, eta araudi honetako V. Eranskineko A) eta C) idatz-zatietan ezarritako irizpideen arabera kalifikatuko dira.

2. Ezagutzak kontrolatzeko proba teorikoak ikastaroa onetsi duen trafikoko probintzia buruzagitzako funtzionarioek kontrolatu eta kalifikatuko dituzte baimena lortzeko edo hedatzeko badira, eta prestakuntza zentroko zuzendaritzako kideek edo irakasleek indarraldia luzatzeko badira.

Banakako ariketa praktikoak prestakuntza praktikoa eman duen prestakuntza-zentro, enpresa edo entitateko langileek kalifikatuko dituzte.

3. Aurreko 2. paragrafoan xedatutakoa gorabehera, Trafikoko Zuzendaritza Nagusiko eta ikastaroa onetsi duen trafikoko probintzia buruzagitzako funtzionarioek aukera izango dute prestakuntza-zentroetan baimenen indarraldia luzatzeko asmoarekin ezagutzak kontrolatzeko egiten diren proba teorikoak ikusteko eta balorazioan eta kalifikazioan parte hartzeko; baita probak egiteko orduan erakundearen beraren galdera-sortak jartzeko, betiere galderak araudi honetako 75.1 artikuluko bigarren paragrafoan aipatzen den zerrendatik atereak badira.

Banakako ariketa praktikoak ikusteko aukera ere izango dute, baita horien balorazio eta kalifikazioan parte hartzeko ere.

4. Baimen berezia lortzeko edo hedatzeko ezagutzak kontrolatzeko probetan edo banakako ariketa praktikoetan gai kalifikazioa izanez gero, kalifikazio horrek sei hilabeteko indarraldia izango du, interesatua dena delako proban edo ariketan gai deklaratu den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

Baimenaren indarraldia luzatzeko probetan edo banakako ariketa praktikoetan gai kalifikazioa izanez gero, kalifikazio hori luzatu nahi den baimena iraungitzen den egun berean iraungiko da.

77. artikulua. Proben iraupena.

Ezagutzak kontrolatzeko proba teorikoak eta ariketa praktikoak egiteko, araudi honetako VI. Eranskinean ezarritako denbora emango da.

78. artikulua. Salbuespenak.

Indarrean dagoen baimen berezia dutenek ez dute zertan egin behar, ez ezagutzak kontrolatzeko proba teoriko komuna, ez proba horri dagozkion ariketa praktikoak, araudi honetako 70.1 eta 72 artikuluetan aipatuak, baldin eta baimenaren hedadura ibilgailu hauek gidatzeko eskatzen badute: zisterna-ibilgailuak, bateria-ibilgailuak, lehergaiak (1. mota) edo gai erradioaktiboak (7. mota) daramatzaten ibilgailuak, edo zisternak zein zisterna-edukiontziak garraiatzen dituzten garraio-unitateak.

4. ATALA. BAIMENAREN INDARRALDIA LUZATZEA

79. artikulua. Baimenaren indarraldia luzatzeko eduki behar diren ezagutza teoriko eta praktikoak eta egin behar diren probak.

1. Araudi honetako 68., 69., 70., 71., 72. eta 77. artikuluetan ezarritako arauak berdin-berdin aplikatu ahal zaizkie indarreko administrazio-baimen berezi baten titular izanik, horren indarraldia beste bost urte luzatzeko eskatzen duten gidariei.

2. Baimen bereziaren indarraldi berria luzatutako baimenaren indarraldia iraungitzen den egunean hasiko da.

III. TITULUA

Agintaritza militarrak edo polizia-agintaritzak emandako gidabaimenak

I. KAPITULUA

Baimenak ordezkatzea

80. artikulua. Ordezkatzea.

1. Eskola eta erakunde militarrek eta Guardia Zibilaren eta poliziaren zuzendaritzek emandako gidabaimenen ordez araudi honetako 5. artikuluan zehaztutako baliokideak eskuratu ahal izango dira.

2. Aurreko paragrafoan aipatutako baimenak bakarrik ordezkatu ahal izango dira, betiere dagokion tasa ordainduta eta gaitasun-probarik egin gabe, baldintza hauek gertatzen badira:

a) Titularrak araudi honetako 7. artikuluko 1. paragrafoan eta 14. artikuluko 1. paragrafoko a), b) eta c) idatz-zatietan ezarritako eskakizunak betetzea.

b) Baimena baimen ordezkagarriak emateko legezko ahalmena duen eskola batek, erakunde militar betek edo Guardia Zibilaren edo poliziaren zuzendaritza nagusietako erakunde batek emana izatea eta zentro horiek baimentzeko egintzan berariaz onartutako mota batekoa izatea.

c) Ordezkatu nahi den baimena indarrean egotea eta araudi honetako 16. artikuluan ezarritakoa aplikatzearen ondorioz dagokiona baino antzinatasun gehiago ez izatea.

d) Baimenaren titularra polizia edo armadako dena delako kidego edo erakundean jardunean egotea edo utzi zuenetik sei hilabete baino gehiago igaro ez izana.

3. Tropako kide edo marinel boluntarioei edo deialdikoei emandako baimenetan diligentzia bat jarriko da, soldadutza amaitzen dutenean, baldin eta titularrak dena delako baimen-motarekin eraman daitezkeen ibilgailuak gutxienez hiru hilabetez gidatu baditu eta berari egotz dakiokeen istripurik izan ez badu. Diligentzia horrek unitate edo erakunde militarreko buruaren sinadura izango du berme gisa, eta, bertan, titularrak soldadutza zein egunetan bukatu duen adieraziko da.

4. Baimen militar ordezkagarriaren titularrak baimen zibil baliokidea lortzeko adina soldadutza bukatu eta sei hilabete igaro ondoren betetzen badu, sei hilabeteko epea izango du baimen-ordezkapena eskatzeko, adin hori bete duenetik kontatzen hasita.

Soldadutza bukatu zuenetik beharrezko adina bete arte urtebete baino gehiago igaro bada, ordezkapena lortzeko, probak gainditu beharko ditu eskola edo erakunde militar baimendu batean.

81. artikulua. Ordezkapena egiteko eskabidea eta horrekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

1. Gidabaimena ordezkatzeko eskaria trafikoko edozein probintzia buruzagitzatan egin daiteke, erakunde horrek propio eskaintzen duen eskabide-orrian.

2. Ordezkatzeko eskabidea interesatuak sinatu behar du eta, horrekin batera, agiri hauek aurkeztu behar ditu:

a) Indarreko nortasun agiriaren fotokopia eta jatorrizko agiria, zeina itzuli egingo baita erkatu ondoren.

b) Gaitasun psikofisikoari buruzko txostena, gidarientzako azterketa-zentro batek egina.

c) Argazki berri bat, 32 x 25 milimetrokoa, militarraren ordez emango den baimen zibila I. eranskineko ereduaren araberakoa bada, eta zehatz daitezen ezaugarriak dituen argazki berri bat militarraren ordez emango den baimena I. bis eranskinaren araberakoa bada.

d) Ordezkatu nahi den baimenaren kopia edo fotokopia eta jatorrizko agiria, zeina itzuli egingo baita erkatu ondoren.

Tropako kideen edo marinelen kasuan, titularrak soldadutza bukatu badu, ordezkatu nahi den baimena aurkeztu behar du, baina bukatu ez badu edo, bukatuta ere, adinagatik baimen-mota guztiak egintza berean ordezkatu ezin baditu, jatorrizko agiria eta fotokopia aurkeztuko ditu -jatorrizkoa itzuli egingo da erkatu ondoren- eta, horiekin batera, aurreko artikuluko 3. paragrafoan aipatzen den esperientzia egiaztatzeko agiria.

e) Jarduneko zerbitzuan dagoela egiaztatzen duen agiria edo, hala badagokio, zein egunetan bukatu zuen adierazten duena.

3. Ordezkapena egin ondoren, ordezkatutako baimena edo, hala badagokio, horren fotokopia, baimena eman zuen eskola edo erakundera bidaliko da.

II. KAPITULUA.

Baimen ordezkagarriak emateko ahalmena duten eskolak

82. artikulua. Eskola baimenduak.

Barne Ministerioak finkatuko du armadaren eta Guardia Zibilaren eta poliziaren zuzendaritzen zein eskola eta erakundek duten ahalmena araudi honetako 5. artikuluan aipatutako baimenengatik ordezkatu ahal izango diren baimenak emateko.

Aurreko lerrokadan aipatzen diren eskoletan emandako prestakuntza eta egindako probak araudi honetako II. Tituluko III. Kapituluan xedatutakoaren araberakoak izango dira. Gainera, ibilgailuak militarrak izateagatik jakin behar diren espezialitateak ere irakatsiko dira, kontuan hartu beharko baitira eskolak edo erakundeak baimena emateko orduan.

Halaber izango dira III. Kapituluan xedatutakoaren araberakoak proba horietan erabiltzen diren ibilgailu militarrak, betiere, indar armatuen automobilek bete behar dituzten baldintza bereziek eta irizpide operatiboek horretarako aukera ematen duten neurrian.

Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak eta horren antolakunde periferikoek aukera izango dute, aldez aurretik baimena eskatuta, baimen ordezkagarriak emateko ahalmena duten eskolak ikuskatzeko, erabiltzen dituzten bitartekoak, programak, helburuak eta metodoak gidatzen irakasteko egokiak diren egiaztatzeko eta egiten dituzten gaitasun probak trafikoari, ibilgailu motordunen zirkulazioari eta bide-segurtasunari buruzko legerian ezarritakoaren arabera egiten diren begiratzeko.

IV. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

83. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

1. Araudi honetako manuen aurkako hausteak Trafikoari, ibilgailu motordunen zirkulazioari eta bide segurtasunari buruzko Legearen testu artikulatuko 67. artikuluan xedatutakoaren arabera zehatuko dira (Testu artikulatua martxoaren 2ko 339/1990 Legegintzako Errege Dekretuaren bitartez onartu zen).

V. TITULUA

Gidarien eta Arau Hausleen Erregistroa

84. artikulua. Erregistroa eramateko eta kudeatzeko organo eskuduna.

1. Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak eraman eta kudeatuko du Gidarien eta Arau Hausleen Erregistroa, Trafikoari, ibilgailu motordunen zirkulazioari eta bide-segurtasunari buruzko testu artikulatuaren 5.h) artikuluan aipatua (Testu artikulatua martxoaren 2ko 339/1990 Legegintzako Errege Dekretuaren bitartez onartu zen).

2. Erregistroko edo fitxategi automatizatuko ardura duen organoaren titularrak beharrezko kudeaketa eta antolaketa neurriak hartuko ditu erregistroko datu pertsonal automatizatuen konfidentzialtasuna, segurtasuna eta osotasuna ziurtatzeko; jaso zirenean zuten helbururako erabiltzen direla bermatzeko eta Datu pertsonalen tratamendu automatizatua arautzen duen urriaren 29ko 5/1992 Lege Organikoan eta hori garatzeko arauetan aitortutako berme, betebehar eta eskubideak gauzatzeko.

85. artikulua. Erregistroaren helburua.

Gidarien eta Arau Hausleen Erregistroak modu automatizatuan jaso eta kudeatuko ditu gidatzeko administrazio-baimenen eskatzaileen eta titularren datu pertsonalak, portaerak eta araudi honetako 86. artikuluan trafikoari eta bide-segurtasunari buruz aipatzen diren egintzengatiko zehapenak.

86. artikulua. Erregistroan jaso behar diren datuak.

Gidarien eta Arau Hausleen erregistroan datu hauek jasoko dira:

a) Baimenaren titularraren izena, abizenak eta helbidea eta, espainiarra bada, nortasun agiri nazionalaren zenbakia, edo, bestela, dagokiona, atzerritarren identifikaziorako zenbakia edo, salbuespen gisa, Administrazioak esleitutako beste zenbaki bat.

b) Baimenaren titularraren jaiotze data eta eguna eta sexua.

c) Gidatzeko baimen edo lizentzia motak eta gidatzeko edo gidatzeari lotutako beste administrazio baimen edo agiriak.

d) Ikasketa-maila eta, hala badagokio, gidatzen irakasteko lanetan profesionala dela.

e) Historiala eta gidatzeko administrazio-baimenak lortzeko egindako gaitasun-proben emaitzak.

f) Gidabaimenen edo gidatzeko baimena ematen duten agirien historiala, aipamenak eta indarraldiak.

g) Baimenari, titularrari, ibilgailuari edo zirkulazioari buruzko aipamenak, gorabeherak, murrizketak edo mugak.

h) Gidaria aztertu eta gaitasun psikofisikoko txostena eman zuen osasun-zerbitzuaren edo azterketa-zentroaren identifikazioa eta txosten horren azken emaitza.

i) Gidatzeko administrazio-baimenari eragiten dioten zigor judizialak eta arau-hauste larri eta oso larriengatik ezarritako administrazio-zehapen irmoak.

j) Gidatzeko administrazio-baimenen deuseztasuna, deuseztagarritasuna, indar-galtzea, zuhurtziako neurriak eta, hala badagokio, bahitura.

k) Gidatzeko administrazio-baimenen inguruko bestelako gorabeherak.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA. Araudi hau indarrean jarri aurretik, motor-bizikletak gidatzeko emandako lizentziak.

Araudi hau indarrean jarri aurretik motor-bizikletak gidatzeko emandako lizentzien kasuan, ez dira 16. artikuluko 2. paragrafoan ezarritako indarraldiak bete behar.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Ohiko bizilekua.

Araudi honen aplikazioari dagokionez, pertsona normalean egoten den lekua joko da “ohiko bizilekutzat”, hau da, lanbideko eta izaera pertsonaleko loturengatik, urte naturalean zehar ehun eta laurogeita bost egun, gutxienez, egoten den lekua edo, lanbideko loturarik ez dutenen kasuan, pertsonaren eta bizi den lekuaren arteko harreman estua adierazten duten lotura pertsonalak daudenean.

Dena dela, lanbideko loturak eta lotura pertsonalak leku desberdinetan dituzten pertsonen kasuan, horregatik estatu bitan edo gehiagotan dauden leku desberdinetan egon behar badute aldizka, ohiko bizilekua lotura pertsonalak dituzten lekua izango da, baldin eta leku horretara erregulartasunez itzultzen badira.

Azken baldintza hori ez da nahitaezkoa izango baldin eta pertsona hori Estatu horretan iraupen jakineko eginkizun bat egiten badago.

Unibertsitate edo eskola batera joateak ez du berekin ekarriko ohiko bizilekuaren aldaketa.

Edozein kasutan, Espainian egoera erregularrean egotea nahitaezkoa izango da ohiko bizilekua aitortua izateko, eta hori egiaztatu egin beharko da Atzerritarrek Espainian dituzten eskubide eta askatasunei eta horien gizarteratzeari buruzko urtarrilaren 11ko 4/2000 Lege Organikoan xedatutakoaren arabera.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Agiri eta eskabideen ereduak.

Araudi honetan aipatzen diren agiri eta eskabideak Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak ezarritako eredu ofizialaren araberakoak izango dira, salbu eta eranskinean agertzen direnak.

LAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Baimenak emateko, aldatzeko eta indargabetzeko prozedurak. Errekurtsoak.

Araudi honetan aurreikusten ez diren alderdietan, bertan arautzen diren baimenak emateko, aldatzeko eta indargabetzeko orduan, abuztuaren 5eko 1778/1994 Errege Dekretuan xedatutakoa aplikatuko da (Errege dekretu horren bitartez, baimenak emateko, aldatzeko eta amaitzeko prozedura erregulatzen zuten arauak Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legera egokitu ziren).

Erabakitzeko eskumena duen organoak emandako ebazpenen aurka errekurtsoa aurkez dakioke hierarkiako goragoko organoari baldin eta ebazpenok administrazio-bidea agortzen ez badute, prozedurarekin aurrera egitea eragozten duten izapide hutsezko egintzak badira edo defentsa-gabezia sortzen badute. Errekurtso hori Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen VII. tituluaren II. kapituluan xedatutakoaren arabera aurkeztu behar da.

BOSGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Ceuta eta Melillako trafikoko toki buruzagitzak.

Araudi honetan trafikoko probintzia buruzagitzei eta horien buruei ematen zaizkien eskumenak trafikoko toki buruzagitzek eta horien buruek gauzatuko dituzte Ceuta eta Melillako hirietan.

SEIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Polizia eskola ofizialak.

Araudi honetako 7.3 artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako, Trafikoko Zuzendaritza Nagusiaren baimena duten polizia-eskola ofizialek lehentasunezko ibilgailuak gidatzeko gaitasuna egiaztatzeko behar diren ezagutza teorikoak betetzen dituztela ziurtatzen duen agiri bat eman ahal izango diete poliziei eta, hala badagokio, beren ardurapean irakaskuntza jaso duten suhiltzaileei, baso-agenteei edo beste profesional-taldeei, baldin eta, lehendik, gutxienez urtebeteko antzinatasuna duen B motako gidabaimen bat badaukate eta, betiere, 80., 81. eta 82. artikuluetan ezarritakoa eragotzi gabe. Agiri hori 51.3 artikuluan aurreikusitako proben ordezkoa izango da.

Era berean, 25 kilowatt baino gehiagoko potentzia edo 0,16 kilowat/ordu baino gehiagoko potentzia/pisua erlazioa duten motorrak (edo 0,16 kilowat/ordu baino gehiagoko potentzia/pisua erlazioa duten motor sidekardunak) gidatzeko A motako baimena lortu nahi duten polizientzat edo aipatutako lanbide-taldeentzat, teoria eta praktika ikastaro bereziak antolatu ahal izango dituzte aurreko lerrokadan aipatutako eskolek, baldin eta, lehendik, eskatzaileek 25 kilowatt edo gutxiagoko potentzia edo 0,16 kilowat/ordu edo gutxiagoko potentzia/pisua erlazioa duten motorrak gidatzeko A motako baimena badute eta 21 urteak beteta badituzte. Ikastaro horren bitartez, ordezkatu egiten da A motako gidabaimenarekin gida daitezkeen motorrak baino ezaugarri apalagoak eta A1 gidabaimenarekin gida daitezkeen motorrak baino ezaugarri altuagoak dituzten motorrak gidatzen egiaztatu behar den bi urteko esperientzia, 7.1.b) 1 artikuluan aipatua.

Ikastaroa amaituta, eskola horiek gaitasunak eta portaerak zirkuitu itxian kontrolatzeko proba berezia egingo diete aurreko proba gainditu dutenei. Azken proba hori, 52.2 artikuluan aipatua, 35 kilowatt edo gehiagoko potentzia duen motor sidekardun batean egingo da.

Proba hau gainditu izana egiaztatzen duen agiria aurkeztuz gero, eskolari dagokion trafikoko probintzia buruzagitzak gidabaimena emango du.

Aurreko paragrafoetan aipatzen diren baimenak lortzeko, aipatutako eskolek ikastaroen programazioa aurkeztu behar dute Trafikoko Zuzendaritza Nagusian, ezaugarriak, irakatsiko diren gaiak, ebaluazio-sistema eta egingo diren probak zehaztuta.

ZAZPIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.

Araudi honetako arauak Europar Batasuneko estatuetan aplikatzekoak badira, era berean izango dira aplikatzekoak Europako Esparru Ekonomikoari buruzko Hitzarmena sinatu zuten estatuetan.

ZORTZIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Hizkuntza ofizialak.

Gaztelaniaz gain beste hizkuntza ofizial propioa duten autonomia-erkidegoetan bizi direnek aukera izango dute beren gidabaimenaren epigrafe zenbakituak, gaztelaniaz gain, beren autonomia-erkidegoko hizkuntza ofizialean ere ager daitezela eskatzeko probintziako trafikoko buruzagitzan.

BEDERATZIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Araudi honetan trafikoko probintzia buruzagitzei egiten zaizkien aipamenak.

Araudi honetan trafikoko probintzia buruzagitzak aipatzen direnean, horien barruan sartzen dira Ceuta eta Melillako trafikoko toki buruzagitzak ere.

HAMARGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Urritasunen bat duten pertsonentzako oinarrizko baldintzak eta irisgarritasuna.

Sentsibilizazio eta bide-heziketako ikastaroetan eta prozedura informatikoen bitartez ezagutzak kontrolatzeko egiten diren probetan, kontuan hartuko dira urritasunen bat duten pertsonen mugak.

LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA. Baimenen baliokidetza.

1. Aurreko araudiaren arabera emandako baimen eta lizentziak baliozkoak izango dira aurrerantzean ere, eta ez dago ordezkatu beharrik araudi honen araberakoa egiteko.

Ordezkapen hori geroago egingo da, berritzeko edo beste edozein izapide egiteko, baimena edo lizentzia eredu berriaren arabera ematen denean.

2. Hauek izango dira baliokidetzak araudi hau indarrean jarri aurretik emandako gidabaimenentzat:

a) A1 motako baimenarentzat, A1 motakoa, baina 125 zentimetro kubikoko sidekarrik gabeko motorrak gidatu ahal izango dira, baldin eta horien gehienezko potentzia 11 kilowattekoa eta potentzia/pisua erlazioa 0,11 kilowat/kilogramokoa badira gehienez.

b) A2 motako baimenarentzat, A motakoa. Horrekin, sidekardun zein gabeko edozein motor gida daiteke, zilindrada dena dela; baita triziklo eta kuadriziklo motordunak ere.

c) B1 motako baimenarentzat, B motakoa.

d) B2 motako baimenarentzat, B motakoa, eta baimena izango dute araudi honetako 7. artikuluaren 3. paragrafoan aipatzen diren ibilgailuak gidatzeko.

e) 7.500 kilogramoko edo gutxiagoko baimendutako gehienezko pisua duten kamioiak eramateko gaitzen duen C1 baimenarentzat, C1 motakoa.

f) 7.500 kilogramotik gorako baina, gehienez, 16.000 kilogramoko gehienezko pisua duten turismoak eta kamioiak eramateko gaitzen duen C1 baimenarentzat, C motakoa.

g) C2 motako baimenarentzat, C eta C + E motakoak.

h) C2 eta E baimenaz osatutako C2 motetako baimena duten gidariek, D + E motakoa izango dute baldin eta lehendik D motakoa badute.

i) E baimenaz osatutako B1 baimenarentzat, B + E motakoa.

j) E baimenaz osatutako B2 baimenarentzat, B + E baimena eta araudi honetako 7. artikuluko 3. paragrafoan aipatzen diren ibilgailuak gidatzeko baimena, atzetik 750 kilogramoko baimendutako gehienezko masa duen atoia daramatela ere.

k) 7.500 kilogramora arteko baimendutako gehienezko pisua duten kamioiak, atzean 750 kilogramotik gorako baimendutako gehienezko pisua duen atoi bat daramatela, gidatzeko gaitzen duen E motako baimenaz osatutako C1 motako baimenarentzat, C1 + E motakoa.

l) E motako baimenaz osatutako C1 baimenarentzat, zeinak 16.000 kilogramora arteko baimendutako gehienezko pisua duten kamioiak gidatzeko gaitzen duen, C + E motakoa.

m) B1 (TA) motako baimenarentzat, zeinak traktoreak eta beren indarrez dabiltzan nekazaritzako makinak gidatzeko gaitzen baitu, nekazaritzako ibilgailu berezi autopropultsatuak gidatzeko gaitzen duen lizentzia (makina horien baimendutako gehienezko masek edo neurriek, gainera, Ibilgailuen Araudian ibilgailu arruntentzat ezarritako mugak gaindi ditzakete.

BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA. Motor-bizikletak gidatzeko lizentzia eta A1 eta A2 motetako baimenak.

Araudi hau indarrean sartzen denean motor-bizikletak gidatzeko lizentzia edo A1 edo A2 motetako baimena dutenek, baimena izango dute motokultoreak eta nekazaritzako traktoreak eta beren indarrez dabiltzan nekazaritzako makinak gidatzeko baldin eta horien baimendutako gehienezko pisua 1.000 kilometrotik gorakoa ez bada, baimendutako gehienezko abiadura orduko 20 kilometrotik gorakoa ez bada eta atoirik ez badaramate.

HIRUGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA. B1 (TA) motako gidabaimen mugatua.

Araudi hau indarrean sartzen denean B1 (TA) motako baimen mugatua dutenek (Baimen horrek aukera ematen du 1934ko irailaren 25eko Errege Dekretuaren bitartez onartutako Zirkulazio Kodearen 262.VI eta 309.1.2.2 artikuluetan aipatzen diren traktoreak eta beren indarrez dabiltzan nekazaritzako makinak gidatzeko) baimena izango dute nekazaritzako ibilgailu berezi autopropultsatuak eta horien multzoak gidatzeko, baita horien baimendutako gehienezko masek edo neurriek ibilgailu arruntetarako ezarritakoak gainditzen badituzte ere.

LAUGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA. Iraungitako gidabaimenen indarraldia luzatzea.

Araudi honetako 17.3 artikuluan ezarritako lau urteko epean, indarrean jartzen denetik kontatzen hasita, aurretik iraungitako gidabaimenen indarraldia luzatu ahal izango da, betiere, eskabidea aurkezteko unean, azterketarik egin gabe, baimen berria atera badaiteke aurreko araudiaren arabera (araudi hori 1934ko irailaren 25eko Errege Dekretuaren bitartez onartutako Zirkulazio Kodearen 269.VII artikuluan dago jasota).

Aurreko araudiaren arabera lau urte baino gutxiagoko indarraldia duten gidabaimenak -tarte hori 17.3 artikuluan ezartzen da- lau urteko epean zehar luzatu ahal izango dira, indarra galdu zuten egunetik kontatzen hasita.

BOSGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA. Europar Batasuneko kide ez diren herrialdeetan emandako gidabaimenak ordezkatzea.

Europar Batasuneko kide ez diren herrialdeetan emandako baimenen ordezkapenak, eskabidea araudi hau indarrean sartu baino lehen aurkeztu bada, aurreko araudiaren arabera egingo dira.

SEIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA. Gidabaimena ateratzeko eskabidea araudi hau indarrean sartu aurretik aurkeztu denean.

Edozein motatako gidabaimena atera nahi dutenek, eskabidea araudi hau indarrean jarri aurretik aurkeztu badute, aurreko araudian ezarritako probak egingo dituzte.

Proba horiek sei hilabeteko epean gainditzen ez badituzte, araudi hau indarrean jarri eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, araudi honetako arauen menpe jarriko dira.

ZAZPIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA. Gaitasun psikofisikoak.

(Urtarrilaren 27ko 62/2006 Errege Dekretuaren bitartez, edukiz gabetua).

ZORTZIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA. Motor-bizikletak gidatzeko lizentzia.

Araudi honetako 51.4 eta 58.4 artikuluetan xedatutakoa ez zaie 1999ko urtarrilaren 1a baino lehen eskatuko hamasei urte beteta izanik, motor-bizikletan gidatzeko lizentzia egun hori baino lehen eskatu dutenei.

BEDERATZIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA. Gaitasunak eta portaerak kontrolatzeko probetan erabiltzen diren ibilgailuak.

B+E, C1, C1+E, C, C+E, D+E, eta D1+E motetako baimenak ateratzeko gaitasun-probetan erabiltzen diren ibilgailuak, maiatzaren 30eko 772/1997 Errege Dekretua indarrean sartu baino lehen eman bazitzaien alta eskoletan edo horien ataletan, araudi honetan ezarritako eskakizunak bete ez arren, gaitasun-probetan erabiltzen jarraitu ahal izango da araudi hau indarren jarri eta hiru hilabete igaro arte, salbu eta eskolan edo atalean lehenago baja ematen bazaie.

Eskakizun horiek betetzen dituztenak eta, araudi honetako VII. eranskinean ezarritako gutxieneko baldintzak bete ez arren, errege dekretu hori indarrean sartu ondoren alta eman zaienak 2013ko irailaren 30era arte erabili ahal izango dira.

Egun horretatik aurrera, ibilgailuen zamari buruzko eskakizunak betetzeko eskatu ahal izango zaie.

HAMARGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA. Gaitasunak eta portaerak zirkuitu itxian kontrolatzeko proba A1 eta A motetako gidabaimenen kasuan.

A1 eta A motetako gidabaimena lortzeko behar diren gaitasunak eta portaerak zirkuitu itxian kontrolatzeko probari dagozkion A)tik F)ra bitarteko maniobrak, 52 artikuluko 2. paragrafoan zehaztuak, 2008ko irailaren 30etik aurrera eskatu ahal izango dira.

Ordura arte, araudi honetako A)tik H)ra bitartekoak egingo dira.

HAMAIKAGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA. Gidabaimen-eredu berria pixkanaka ezartzea.

Araudi honetako I bis eranskineko gidabaimen-eredua pixkanaka ezarriko da, Barne Ministerioak agindu bidez ezarritakoaren arabera. Agindu horretan, gainera, eredu berrirako argazkien neurriak ere zehaztuko dira. Indarrean sartzen den momentutik aurrera, eredu horren arabera emango dira baimen berriak, bai gaitasun-probak gainditu ondoren emandakoak, bai indarra galdu dutelako berritutakoak.

Hamabigarren xedapen iragankorra. Salgai arriskutsuak garraiatzen dituzten ibilgailuak gidatzeko gaitzen duen baimen berezia lortzeko edo horren indarraldia luzatzeko egin beharreko probak.

a) Salgai arriskutsuak garraiatzen dituzten ibilgailuak gidatzeko gaitzen duen baimen berezia ateratzeko probak eta ariketak, araudi honetako 71.tik 78.era bitarteko artikuluetan (biak barne) aipatuak, Barne Ministerioaren 1987ko irailaren 2ko Aginduaren arabera egingo dira 1997ko abenduaren 31ra arte.

b) Araudi honetako 79. artikuluan aipatzen diren baimen berezien indarraldia luzatzeko orduan, 1999ko abenduaren 31ra bitartean iraungitzen badira, aurreko idatz-zatian aipatutako aginduan ezarritako araudia aplikatuko da.

HAMAHIRUGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA. Armadaren eta Guardia Zibilaren eta poliziaren zuzendaritzen eskolak: baimen ordezkagarriak emateko ahalmena dutenak.

Armadak eta Guardia Zibilaren eta poliziaren zuzendaritzek araudi honetako 5. artikuluan ezarritakoengatik ordezka daitezkeen baimenak emateko zein eskola dituzten zehazten den arte, baimen horiek 1991eko ekainaren 10eko Aginduan zehaztutako eskoletan emango dira (Agindu horren bitartez finkatzen dira zeintzuk diren 1934ko irailaren 25eko Errege Dekretuaren bitartez onartutako Zirkulazio Kodearen 262.1 artikuluan aipatutako gidabaimen ordezkagarriak emateko ahalmena duten eskolak, hala armadarenak, nola Guardia Zibilarenak), baita 1975eko otsailaren 26ko Aginduan zehaztutako eskoletan ere (Agindu horren bitartez sortu zen Polizia Armatuaren Indarren Automobilismo Eskola eta zehaztu ziren horren zereginak).

HAMALAUGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA. Europar Batasunekoak ez diren baimenen ordezkapena.

Europar Batasunekoak ez diren herrialdeetan emandako gidabaimenen titularrek Espainiako baimen baliokidea eskatu ahal izango dute baldin eta araudi hau indarrean sartzen denean bizilekua Espainian aitortuta badute, 1934ko irailaren 25eko Errege Dekretuaren bitartez onartutako Zirkulazio Kodearen 267.III artikuluan ezarritako aukera erabili ez badute eta eskabidea urtebeteko epean egiten badute, bizileku-baimena lortu dutenetik. Horretarako, aipatutako Zirkulazio Kodean ezarritako prozedura erabiliko dute.

HAMABOSGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA. Gidabaimenen kopiak.

Lehenengo eranskinaren araberako baimenen kopia bat eskatzen bada -horretarako arrazoia dena dela-, kopia ere eredu horren araberakoa izango da, harik eta indarraldia luzatzeko unea iritsi arte.

HAMASEIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA. Ezagutzak kontrolatzeko probak prozedura informatikoen bitartez egiteko sistema arian-arian ezartzea.

Ezagutzak kontrolatzeko probak prozedura informatikoen bitartez egiteko sistema arian-arian ezarriko da, azterketa-zentroetako gelak informatika-prozedurek eskatzen dituzten baldintza teknikoetara egokitzen diren neurrian.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENA. Araudi hau gauzatzea eta garatzea.

Barne ministroari eskumena ematen zaio araudi hau garatzeko, gauzatzeko, argitzeko edo interpretatzeko behar diren xedapenak emateko, betiere, gaiaren arabera eskumena duten ministroei irizpena eskatu ondoren.

Aurreko lerrokadan xedatutakoa gauzatzen ez den bitartean, arau hau indarrean sartzean indarrean dauden xedapenak aplikatuko dira, non eta hemen ezarritakoaren aurkakoak ez diren.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA. Eranskinak aldatzeko gaikuntza.

Barne ministroari eskumena ematen zaio eranskin hauek agindu bidez aldatzeko, betiere, gaiaren arabera eskumena duten ministroei irizpena eskatu ondoren.

Laugarren eranskina aldatzeko, nahitaezkoa izango da Osasun eta Kontsumo ministroaren adostasuna.

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra