Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Octava ediciión Premios Adrián Celaya

Administrazio zuzenbidea  >>  Legeria  >> Ingurumena

9/2018 Legea, abenduaren 5ekoa, honako hauek aldatzen dituena: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; 21/2015 Legea, uztailaren 20koa, Mendien azaroaren 21eko 43/2003 Legea aldatzen duena; eta 1/2005 Legea, martxoaren 9koa, Berotegi-efektuko gasak isurtzeko eskubideen salerosketa-erregimena arautzen duena.

2018-12-05

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2018/12/06 294zk

 Untitled

I. XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

16674   9/2018 Legea, abenduaren 5ekoa, honako hauek aldatzen dituena: 21/2013

Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; 21/2015 Legea, uztailaren 20koa, Mendien azaroaren 21eko 43/2003 Legea aldatzen duena; eta 1/2005 Legea, martxoaren 9koa, Berotegi-efektuko gasak isurtzeko eskubideen salerosketa-erregimena arautzen duena.

FELIPE Vl.a

ESPAINIAKO ERREGEA

Honako hau ikusten eta ulertzen duten guztiei.

Jakizue: Gorte Nagusiek honako lege hau onetsi dutela eta nik berretsi egiten dudala:

HITZAURREA

I

Plan eta programen ingurumen-ebaluazio estrategikorako eta proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluaziorako araubide juridiko bateratua ezarri zuen Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeak, arau bakar batean sartu baitzituen apirilaren 28ko 9/2006 Legea -zenbait plan eta programak ingurumenean dituzten ondorioak ebaluatzeari buruzkoa- eta Proiektuen Ingurumen Inpaktuaren Ebaluazioaren Legearen testu bategina -urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartua-. Abenduaren 9ko 21/2013 Legeak arau bakar batean biltzen ditu Europako bi zuzentarau hauek Espainiako ordenamendu juridikoan txertatu zituzten legeak: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2011/92/EB Zuzentaraua, 2011ko abenduaren 13koa, zenbait proiektu publiko eta pribatuk ingurumenean dituzten ondorioen ebaluazioari buruzkoa -«ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko zuzentaraua»- eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2001/42/EE Zuzentaraua, 2001eko ekainaren 27koa, zenbait plan eta programak ingurumenean dituzten ondorioen ebaluazioari buruzkoa.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 13ko 2011/92/EB Zuzentaraua aldatu egin da 2014. urtean, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko apirilaren 16ko 2014/52/EB Zuzentarauaren bitartez. Aldaketa horrek helburu hauek ditu: lehenik, ingurumen-inpaktua ebaluatzeko prozesuaren erregulazio eraginkorragoa lortzea, prozesu horretako etapa guztiak egokituz Europar Batasunaren «legegintza hobearen» printzipiora eta herritarrei zama administratiboak arintzearen printzipiora; bigarrenik, koherentzia eta sinergiak areagotzea Europar Batasuneko beste politika batzuekin eta beste legedi batzuekin, baita estatu kideek eskumen nazionaleko eremuetan ezarritako estrategia eta politikekin ere; eta, azkenik, ingurumena, gizakien osasuna eta ondare nazionala hobeto babestea, espezieen dibertsitateari eustea, ekosistemen ugaltze-ahalmena zaintzea biziaren funtsezko baliabidea den aldetik, eta eraginkortasun handiagoz erabiltzea natura-baliabideak, inbertsio publiko zein pribatuen gaineko erabakiak hartzeko sistema egoki bat dela medio, aurreikusgarriagoa eta epe luzean jasangarriagoa.

Ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko zuzentarau berria 2014ko maiatzaren 15ean jarri zen indarrean, eta sendotu egiten du ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko egungo ikuspegia: ebaluazioa prebentziorako tresna bat da, aintzat hartzen dituena orain dela 25 urte baino gehiago proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko lehenengo zuzentaraua indarrean jarri zenez geroztik sortu diren ingurumen-mehatxu eta -erronkak. Horrek esan nahi du arreta handiagoa jartzen zaiela zenbait alderdiri, hala nola baliabideen efizientziari, klima-aldaketari, edo gaur egun, erregulazio berriarekin, ebaluazio-prozesuan hobeto islatzen diren arriskuen prebentzioari.

Beste alde batetik, beste arlo batzuetan, esaterako kultura-ondarearen arloan -legearen 5.1.i) artikuluan definitzen da-, gogoan hartu behar dira nazioarteko zenbait trataturen xedapenak. Horietakoak dira Arkeologia Ondarea Babesteko Europako Hitzarmena, 1992ko urtarrilaren 16koa; Europako Arkitektura Ondarea Babesteko Hitzarmena, 1985eko urriaren 3koa, eta Urpeko Kultura Ondarearen Babesari buruzko Konbentzioa, 2001eko azaroaren 2koa, albora utzi gabe Paisaiari buruzko Europako Hitzarmena, 2000ko urriaren 20koa. Horiek guztiak aipatzen dira txertatutako zuzentarauaren kontuan hartuzkoetan.

Europar Batasuneko xedapen berriaren arabera, orobat, estatu kideek aurreikusi behar dute ingurumen-inpaktua ebaluatzeko prozesuak batzea edo koordinatzea Europar Batasuneko edo estatuetako arauetan ezarritako beste ingurumen-prozedura batzuekin; epeak ere ezartzen dira ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren etapetarako; hala, adibidez, kasuz kasuko azterketa -abenduaren 9ko 21/2013 Legeak ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua deitzen diona- laurogeita hamar eguneko epean egin behar da, luzapenerako aukerarekin, eta jendaurreko kontsultek hogeita hamar egun iraun behar dute, gutxienez. Era berean, estatu kideek bermatu egin behar dute proiektuari baimena emateko edo ukatzeko azken erabakia «zentzuzko epean» hartuko dela. Proiektu bati ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egin behar zaion ala ez erabakitzeko prozesua zehaztu egiten da, erabakiak behar bezala arrazoitu daitezela eskatzen baita, hautatzeko irizpide eguneratuen argitan. Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-txostenak -ingurumen-inpaktuaren azterketak, lege nazionalak darabilen terminologiaren arabera- herritar arruntarentzat ulergarriago egin behar dira, batez ere ingurumenaren abiapuntuko egoeraren ebaluazioari eta proiektuaren alternatibei dagokienez. Ingurumen-azterketen eta -txostenen kalitatea eta edukia ere hobetu egin behar dira, eta agintari eskudunek euren objektibotasuna frogatu beharko dute interes-gatazkak saihesteko. Proiektu bati baimena emateko edo ukatzeko arrazoiek argiak eta gardenak izan behar dute herritarrentzat. Estatu kideek epeak ezarri ahalko dituzte ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozesuaren atal gisa arrazoitutako ondorioen edo azaldutako iritzien baliozkotasunerako, hots, Espainiako legeak ingurumen-inpaktuaren adierazpena edo ingurumen-inpaktuaren txostena deitzen duen horren baliozkotasunerako. Ebaluazio-prozesutik ondorioztatzen bada proiektu batek ingurumenean kalte adierazgarriak eragingo dituela, sustatzaileek eragin horri aurrea hartzeko, bera arintzeko edo konpentsatzeko neurriak hartu beharko dituzte. Gainera, proiektuak egikaritu bitartean ingurumen-erabakien jarraipena eta kontrola egiteko sistemak ezarri beharko dituzte. Alferrikako kostuak eta bikoiztasunak ekiditeko, lehendik diren jarraipen- eta kontrol-metodoak erabili ahalko dira.

II

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren apirilaren 16ko 2014/52/EB Zuzentarauaren printzipio, helburu eta agindu gehienak abenduaren 9ko 21/2013 Legean txertatu ziren; izan ere, ia aldi berean izapidetu ziren bi arauak, Europar Batasunekoa eta nazionala. Hala, jada lege-aurreproiektua idazten ari zenean, aintzat hartu ziren gerora zuzentarauaren behin betiko bertsioan sartuko ziren berrikuntzetako batzuk. Adibidez, klima-aldaketa kontuan hartzea ingurumen-ebaluazioetan. Jarraian aipatuko dira abenduaren 9ko 21/2013 Legean jada sartu ziren 2014ko zuzentarauaren artikuluak. Hala, zuzentarauaren 2.(3.) artikuluaren zati bat 14. artikulu indardunean dago; 3.(1.) artikulua, 35.1.c) artikuluan; 4.(3.) artikuluaren transposizioa egin da 47.2 artikuluan (zati batean, III. eranskineko irizpideak), 7.2 artikuluan eta II. eranskinean (nahiz eta orain legearen 47.2 artikuluan osatu egiten den); 4.(6.) artikulua 47.1 artikulu indardunean ageri da (zati batean); 5.(2.) artikulua, 34.2 artikuluan (zati batean); 5.(3.) artikulua, 16.1 artikuluan (zati batean) eta 40.3 artikuluan; 6.(2.) artikulua, 37.3 artikuluaren azken paragrafoan (zati batean); 6.(6.) artikulua, 34.4, 36.1, 37.4 eta 46.2 artikuluetan; 6.(7.) artikulua, 36.1 eta 37.4 artikuluetan; 7.(5.) artikulua, 49. artikuluan (zati batean); 8BIS(4.) artikulua, 52.2 artikuluan (zati batean); 8BIS(6.) artikulua, 47.4 artikuluan (zati batean) eta 43.ean; 10.a) artikulua, III. tituluko II. eta III. kapituluetan (zati batean); eta III. eranskina, III. eranskinean (zati batean).

Hala ere, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren apirilaren 16ko 2014/52/EB Zuzentarauaren transposizio osoa egiteko gure ordenamendu juridikora, beharrezkoa da Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen manu batzuk aldatzea, eta horixe da lege honen helburu nagusia.

Zuzentaraua gure ordenamenduan txertatzeko behar-beharrezkoak diren aldaketez gainera, zenbait aldaketa egin dira 11., 40.4 eta 44. artikuluetan, besteak beste, zeinek legearen zenbait kontzeptu argitzen baitituzte eta segurtasun juridiko handiagoa eman ingurumen-ebaluazioaren arloko araudiari.

Horregatik guztiagatik, lege hau premiaren, eraginkortasunaren, proportzionaltasunaren, segurtasun juridikoaren, gardentasunaren eta efizientziaren printzipioei jarraituz ematen da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak (urriaren 1eko 39/2015 Legea) 129. artikuluan agintzen duen bezala.

III

Ondoren azalduko dira lege honek dakartzan aldaketa nagusiak.

Lehenik, berrantolatu egiten dira ingurumen-ebaluazioa gidatzen duten printzipioak, zeinak abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 2. artikuluan zerrendatzen baitira; helburua da apartatu berean sartzea zuhurtasuna eta kautelazko ekintza.

Aldatu egiten da 3. artikulua, zuzentarauan xedatutakoari egokitzeko. Horretarako, berariaz aurreikusten da dena delako administrazioari kontsulta egin behar zaiola haren ingurumen-erantzukizunak edo eskumen espezifikoak direla-eta plan, programa edo proiektu jakin batean interesa badu, nahiz eta egin, dagoeneko horrela egiten den. Eta ezartzen da, halaber, ingurumen-organoak eta organo substantiboak objektibotasunez jardun behar dutela euren funtzioetan, eta interes-gatazka ekar dezaketen egoerak saihestu behar dituztela.

Aldatu egiten da 5. artikulua, legeak jasotako definizioei buruzkoa baita, zuzentarauan xedatutakoari egokitzeko, batez ere ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren definizioari dagokionez. Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko apirilaren 16ko 2014/52/ EB Zuzentarauak, 2011/92/EB Zuzentaraua aldatzen baitu, prozesu gisa definitzen du «ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa». Prozesu horretan sustatzaileak ingurumen-inpaktuaren txostena egiten du, kontsultak egiten dira, agintaritza eskudunak informazioa aztertzen du, agintaritza eskudunak konklusio arrazoitua ateratzen du proiektuak ingurumenean izango dituen ondorio adierazgarriei buruz, eta agintaritza eskudunaren konklusio arrazoitua baimena emateko edo ez emateko erabakian integratzen da. Ingurumen-ebaluazioa izapide administratiboen multzo gisa taxutzen da zuzentarauan. Estatu kideek izapide horiek integratu ditzakete baimena emateko prozedura substantibo sektorialetan.

Ingurumen-inpaktua «prozesutzat» edo izapide multzotzat jotze hori bat dator abenduaren 9ko 21/2013 Legeak ematen duen ikuspegiarekin. Lege horrek ingurumen-ebaluazioen eta ingurumen-erabakien izaera juridikoari buruzko eztabaida ebatzi zuen, gai horri buruz ordurako sendotuta zegoen jurisprudentziarekin bat etorriz. Lehenengoei dagokienez, ingurumen-ebaluazio estrategikoa eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa «administrazio-prozedura instrumental» gisa kalifikatzen dira, planak eta programak onesteko edo abian jartzeko edota proiektuak baimentzeko prozedura substantibo sektorialarekiko. Bestalde, ingurumen-erabakiek (hau da, ingurumen-adierazpen estrategikoak, ingurumen-txosten estrategikoak, ingurumen-inpaktuaren adierazpenak eta ingurumen-inpaktuaren txostenak) nahitaezko txosten erabakigarri baten izaera juridikoa dute.

Hala ere, zuzentarauaren transposizio egokia egiteko, aldatu egin da 5. artikulua, legeak jasotako definizioei buruzkoa baita, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren definizioa Europar Batasuneko arauak ezarri duen definizioari egokitze aldera. Hala, bada, nahiz eta legean bereizi gabe aipatzen diren «prozesua» zein «prozedura», ingurumen-ebaluazioa prozesua da zuzentarauak xedatutakoaren arabera, hots, izapide administratiboen multzo bat, zeina proiektua abian jartzeko, onesteko edo baimentzeko prozedura zabalagoaren barruan baitago. Era berean, behar ziren aldaketak egin dira 33. artikuluan, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura zuzentarauko definizio horri egokitzeko.

Zuzentarauak berrikuntza gisa ezartzen du sustatzaileak ingurumen-inpaktuaren azterketan analisi bat sartu behar duela, proiektuek istripu larri edo hondamendien aurrean izango luketen kalteberatasunari, halako istripu edo hondamendiren bat gertatzeko arriskuari eta, hondamendia gertatuz gero, ingurumenean sor litzakeen kalte adierazgarriei buruzkoa.

Zuzentarauaren agindu hori txertatzeko, komenigarritzat jo da proiektuaren kalteberatasunaren, istripu larriaren eta hondamendiaren definizioak sartzea 5. artikuluan. Halaber, hauen arauketaren gaineko argibideak erantsi dira: ingurumen-inpaktuaren azterketaren irismeneko dokumentuaren lanketa; ingurumen-inpaktuaren azterketa; eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei kontsultak egitea; ingurumen-inpaktuaren adierazpena; proiektua baimentzea; eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua.

Bestalde, ingurumen-inpaktuaren ebaluaziorik behar ez duten proiektuen eta salbuets daitezkeen proiektuen erregulazioa (8. artikuluan aurreikusitakoak) aldatu da zuzentarauak ekarritako aldaketei egokitzeko. Alde batetik, organo substantiboak ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozesutik salbuetsi ahalko ditu proiektu edo proiektu zati hauek, betiere kasuak banan aztertu ondoren: helburu bakarra defentsa dutenak -ez da zehazten defentsa nazionala izan behar den- eta helburu bakarra larrialdi zibilei erantzutea dutenak, eta ebaluazio-prozesuaren aplikazioak helburu horiei begira ondorio negatiboak izan ditzakeen kasuetan soilik. Bestalde, berariazko lege baten bitartez proiektu jakinak ingurumen-inpaktuaren ebaluaziotik salbuesteko aukera kendu egin da; izan ere, zuzentarauaren testu berriak kontsulta publikoaren izapidea egin beharretik salbuesteko aukera baino ez du aurreikusten. Azkenik, proiektu jakin bati ingurumen-inpaktuaren ebaluaziorik ez egiteko aukera egongo da salbuespenezko kasuetan, Ministroen Kontseiluaren edo autonomia-erkidego bakoitzak zehazten duen organoaren erabaki arrazoituaren bidez, baina aukera hori mugatu egin da, zuzentarauak egiten duen bezala: ingurumen-inpaktuaren ebaluazioak proiektuaren helbururako ondorio kaltegarriak ekarriko dituen kasuetan bakarrik aplikatu ahalko da. Legeak berariaz aipatzen ditu hondamendiren batek kaltetutako azpiegitura kritikoak konpontzeko obren kasua. Horrelakoetan, Ministro Kontseiluak, Estatuko Administrazio Orokorraren eremuan, edo, hala badagokio, autonomia-erkidego bakoitzaren legedian zehaztutako organoak, bere eskumen-eremuan, organo substantiboaren proposamenez, erabakiko du ea bidezkoa den ala ez proiektuari ordezko ebaluazioren bat egitea, zeina legearen printzipio eta helburuekin bat etorri beharko baita. Salbuesteko erabakia eta erabaki hori justifikatzen duten arrazoiak Estatuko Aldizkari Ofizialean edo dagokion aldizkari ofizialean argitaratuko dira. Horrez gainera, publikoaren eskura jarriko da erabakiari buruzko informazioa.

Aldatu egiten da 11. artikuluaren lehen apartatua, ingurumen-organoa eta organo substantiboa zehazteko. Hala, bada, Estatuko Administrazio Orokorraren eremuan, ingurumen-gaietako ministerio eskudunaren organo batek, erregelamenduz zehaztuko baita, jardungo du lege honek ingurumen-organoari esleitutako funtzioetan, baldin eta Estatuko Administrazio Orokorrak eta hari lotutako edo haren mendeko organismo publikoek abian jarri, onetsi edo baimendu beharreko plan, programa edo proiektuen ingurumen-ebaluazioa bada, edota administrazio horri erantzukizunpeko adierazpena edo aldez aurreko jakinarazpena helarazi behar bazaio horiekin lotuta.

Beste berrikuntza bat da lehentasunez bitarteko elektronikoak erabiliko direla ingurumen-ebaluazioko prozesuetan pertsona interesdunek eraginkortasunez parte hartzen dutela bermatzeko, eta hori da, hain zuzen, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 9.3, 21.4, 22.1, 28.4, 36.3 eta 37.3 artikuluak aldatzeko arrazoia. Informaziorako irispide publikoa eta gardentasuna indartzea helburu, legearen aplikazioari dagokion ingurumen-informazioa publikoaren eskura jarri behar da, modu erraz eta eraginkorrez, eta formatu elektronikoan. Horretarako, nahitaez eduki beharko da atari nagusi bat gutxienez, edo irispide errazeko guneak kasuan kasuko lurralde-administrazioaren mailan.

  • IV

Legedi nazionalak jasoa zuen, jada, prozedura koordinatuak edo bateratuak ezartzeko beharra baldin eta proiektuak zuzentarauaren edo Europar Batasuneko gainerako legediaren mendekoak, batez ere isurketa industrialen zuzentarauaren eta habitat naturalen eta flora eta fauna basatiaren kontserbazioari buruzko zuzentarauaren mendekoak baziren. Aldaketak sartu dira, ordea, plan, programa eta proiektuek Natura 2000 Sareko naturaguneetan izan ditzaketen ondorioen ebaluazioan, haren erregulazioan detektatu diren zenbait hutsune juridiko betetzeko eta haren aplikazio praktikoan azaldu diren zenbait arazo konpontzeko.

Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legeak zuzenbide nazionalean txertatzen du Kontseiluaren 1992ko maiatzaren 21eko 92/43/EEE Zuzentaraua, habitat naturalen eta fauna eta flora basatiaren kontserbazioari buruzkoa (Habitaten Zuzentaraua). Lege horren 46. artikuluak ez du inolako salbuespenik egiten Natura 2000 Sareko naturagune babestuetan eragin nabarmena izan dezaketen plan, programa eta proiektuek ingurumen-ebaluazioa egiteko betebeharrari dagokionez. Beraz, nahiz eta plan, programa eta proiektu bat ingurumen-ebaluaziotik salbuetsita egon abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 8.5 artikuluaren babespean, plan, programa edo proiektu horrek eragin nabarmena izan badezake Natura 2000 Sareko naturagune babesturen batean, egokiro ebaluatu beharko dira naturagunean izan ditzakeen ondorioak. Horrelakoetan, sustatzaileak azterketa egingo du plan, programa edo proiektuak Natura 2000 Sareko naturaguneetan izan ditzakeen ondorioei buruz, eta txostena eskatuko dio ukitutako autonomia-erkidegoko organo eskudunari. Txostenean adierazten bada plan, programa edo proiektu horrek kalte egin diezaiokeela Natura 2000 Sarearen osotasunari, Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legearen 46. artikuluaren 4. apartatutik 7.era bitartekoetan arautzen den prozedura bete beharko da.

  • V

Aurretik aipatu den moduan, legeak berrikuntza gisa ezartzen du -35. artikulu berrian, besteak beste- sustatzaileak ingurumen-inpaktuaren azterketan analisi bat sartu behar duela, proiektuek istripu larri edo hondamendien aurrean izango luketen kalteberatasunari, halako istripu edo hondamendiren bat gertatzeko arriskuari eta gertatuz gero ingurumenean sor litzakeen kalte adierazgarriei buruzkoa.

Bikoiztasunak saihesteko, eskura dagoen eta Europar Batasuneko edo Estatuko beste lege batzuen arabera egindako arrisku-ebaluazioen bitartez lortu den informazio egoki guztiak erabili ahalko dira. Bereziki, beste arau batzuekin bat etorriz egindako ebaluazioetako informazio garrantzitsua sartuko du sustatzaileak, aplikagarri gertatzen bada. Beste arau horien artean aipa daitezke substantzia arriskutsuak tartean diren istripu larriei datxezkien arriskuen kontrolari buruzko araudia, edota instalazio nuklearren segurtasun nuklearra arautzen duena.

Legeak xehetasun handiagoz zehazten du ingurumen-inpaktuaren azterketaren gutxieneko edukia. Azterketa horretan kontuan hartu beharko dira proiektuak osotasunean izango dituen inpaktuak, barne izango direla, hala badagokio, haren lurrazala eta lurpea, eraikuntza- eta ustiapen-faseetan zehar, eta, hala badagokio, eraispen-fasean; adituek egingo dute azterketa hori, kalitatea bermatuta egon dadin. Prozesuko borondatezko fase gisa mantentzen da administrazio eskudunak irismeneko dokumentua prestatzea, hura jada araututa baitago abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 34. artikuluan, zuzentarauarekin bat etorriz.

Istripu larrien edo hondamendien ondoriozko arriskuen prebentzioaren eta kudeaketaren arloko organo eskudunek egin behar duten txostena, hala badagokio, gehitzen du 37. artikuluak. Txosten hori nahitaezkoa da. Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuari dagokionez -zuzentarauan «aurretiazko egiaztapenerako prozedura» deitzen zaio- legeak 45. artikuluan zehazten du zer informazio eman behar duen sustatzaileak, eta ingurumen-organoak ingurumen-inpaktuaren txostena egin ahal izateko gako diren alderdiei erreparatzen die batez ere. Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuak bermatu behar du ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzaketen proiektuetarako bakarrik izango dela beharrezkoa ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta.

Administrazio publiko eskudunek bermatu egin beharko dute ingurumen-ebaluazioko prozeduretan esku hartzen duten organoek badituztela ingurumen-dokumentuak aztertzeko behar adinako ezagutzak dituzten langileak. Zuzentarauan funtsezko gaiak dira -eta halaxe jaso dira legean ere- ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin eta gero agintariek proiektuari buruz hartzen duten erabakiaren edukia eta erabakiari eman behar zaion publizitatea. Organo substantiboak baimenean jaso behar ditu proiektuak ingurumenean izango dituen ondorio adierazgarriei buruzko erabakia, ingurumen-inpaktuaren adierazpenean ezarritako ingurumen-baldintzak, proiektuaren ezaugarrien deskribapena, eta ingurumenean eragiten diren kalte adierazgarriei aurrea hartzeko, haiek zuzentzeko eta, ahal bada, konpentsatzeko aurreikusitako neurrien deskribapena, eta, halakorik bada, jarraipen-neurrien deskribapena. Era berean, baimena ukatzeko erabakietan ukatzearen arrazoi nagusiak azalduko ditu. Organo substantiboak informazio horren laburpena argitaratuko du.

Legeak dakarren beste berrikuntza bat 38. artikuluan dago, eta ez da zuzentarauaren testutik sortu, baina bai haren espiritutik: berriro egin beharko dira informazio publikoaren izapidea eta eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei kontsulta, baldin eta, informazio publikoaren eta kontsulten izapidearen ondorioz, sustatzaileak aldaketak egiten baditu proiektuan edota ingurumen-inpaktuaren azterketan eta aldaketa horiek hasiera batean aurreikusitakoez bestelako ingurumen-ondorio garrantzitsuak eragiten badituzte. Horren ondorioz, indartu egiten da kontsulten izapidea, emandako informazio gehigarriaren funtsa aztertzea ahalbidetuko duen analisi bati ekinez.

  • 39.  artikulua aldatu egiten da organo substantiboaren betebehar bat aurreikusteko: organo horrek egiaztatu egin beharko du sustatzaileak ingurumen-inpaktuaren azterketan sartu dituela 35.1 artikuluan aipatutako atal espezifiko guztiak.

  • 40.  artikulua, espedientearen azterketa teknikoa arautzen baitu, aldatu egiten da, sustatzaileak 35.1 artikuluan aipatzen diren atal espezifiko horietakoren bat ingurumen-inpaktuaren azterketan sartu gabe uzteak zer ondorio juridiko dakartzan zehazteko.

Aldatu egiten da 41. artikulua, ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren edukia eta irismena zuzentarauan ezarritakoari egokitzeko. 42. artikulua ere aldatzen da, zuzentarautik eratorritako betebehar bat jasotzeko: zentzuzko epea ezarri behar da proiektua baimentzeko, eta organo substantiboaren esparruan erabakiko da epe zehatza. Halaber, argitaratu behar den baimen-laburpenaren gutxieneko edukia zehazten da.

Aldatu egiten da 44. artikulua, ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren baldintzak aldatzeko prozedura hobetu eta egokitzeko. Prozedura hori ofizioz edo sustatzaileak eskatuta hasi ahalko da.

  • 45. artikuluak, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua hasteko eskaerari buruzkoa baita, legean jasotzen ditu zuzentarauaren 4.4 artikulua eta II bis eranskina. Horrenbestez ulerterrazagoa eta argiagoa izango da sustatzaileak aurkeztu beharreko dokumentazioa, eta ingurumen-organoak errazago hartuko du proiektua aztertzeko erabakia.

Bai 47. artikuluan (ingurumen-txostenari buruzkoa), bai 48. artikuluan (proiektua baimentzeari eta publizitateari buruzkoa), sustatzaileak eman beharreko informazio-elementu berri batzuk gehitzen dira, ingurumen-organoak aintzat hartu beharko dituenak modu arrazoituan erabakitzeko ea proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin behar zaion edo, aitzitik, ez duen kalte adierazgarririk eragingo ingurumenean. 49. artikuluaren 2. eta 3. apartatuen idazkera berriaren bidez osatu egiten dira ingurumen-ebaluazioetan beste estatu batzuei kontsultak egiteko prozeduraren zenbait alderdi.

2011ko zuzentarauaren 8 bis artikuluaren 4. apartatuko bigarren paragrafoak (2014ko zuzentarauak onartutako idazkera) ezartzen duenarekin bat etorriz, 52. artikuluan zehatzago arautzen da ingurumen-inpaktuaren adierazpenen eta ingurumen-inpaktuaren txostenen jarraipena, barnean hartuz jarraipena egin behar zaien parametro motak eta jarraipenaren iraupena. Horiek proiektuaren izaerari, kokapenari eta tamainari eta ingurumenean izango duen eraginari dagokien neurrikoak izango dira.

Azkenik, legearen 56.2 artikulua aldatzen da. Zuzentarauaren 10 bis artikuluan agindutakoa betez, legearen artikulu horrek argi uzten du zehapenak eraginkorrak, disuasio-eragileak eta neurrikoak izango direla.

Aldatzen diren xedapen gehigarriei dagokienez, hirugarren xedapen gehigarrian, Europako Batzordeari, sei urtean behin, 2017ko maiatzaren 16tik zenbatuta, gutxienez ere zer informazio eman behar zaion jaso da.

Zazpigarren xedapen gehigarria, Natura 2000 Sareko naturaguneetan ondorioak eragin ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautzen baitu, osatu egiten da, zehaztuz nola froga daitekeen plan, programa edo proiektu batek zuzeneko lotura duela Natura Sareko naturagune baten kudeaketarekin.

Bederatzigarren xedapen gehigarria aldatu egiten da, Estatuko Administrazio Orokorraren eremuko ingurumen-organoak ziurtagiriak eman ahal ditzan egindako ingurumen-inpaktuaren ebaluazioei buruz.

Hamalaugarren xedapen gehigarria, pertsona interesdunen identifikazioari buruzkoa baita, aldatu egiten da, identifikazio horretarako sortutako erregistroen arteko konexioa aipatzeko. Ingurumen-ebaluazioko prozedurak gardentasunez eta azkar izapidetu beharrak eragin du aldaketa horrek.

Xedapen gehigarri berri bat eransten da, hamaseigarrena, egikaritzen hasita edo amaituta dagoen proiektu bati epai irmo baten ondorioz ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egin behar zaionean nola jokatu arautzeko.

Horrez gain, hamazazpigarren xedapen gehigarria eransten da, instalazio militarrei buruzkoa.

Azkenik, hemezortzigarren xedapen gehigarrian adierazten da zer jarduketa egin behar dituen Segurtasun Nuklearreko Kontseiluak Instalazio Nuklear eta Erradioaktiboen Erregelamenduaren arabera baimendu beharreko proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluaziorako prozeduran (abenduaren 3ko 1836/1999 Errege Dekretuak onartu zuen erregelamendu hori). Segurtasun Nuklearreko Kontseilua sortzeko apirilaren 22ko 15/1980 Legeak xedatzen duenez, erakunde horri dagokio instalazio nuklear eta erradioaktiboen eta erradiazio ionizatzaileak erabiltzen dituzten jardueren ingurumen-inpaktu erradiologikoa ebaluatzea, aplikatzekoa den legedian ezarritakoari jarraituz.

Amaitzeko, aldatu egiten da azken xedapenetako zortzigarrena, eskumen-tituluei buruzkoa baita, Konstituzio Auzitegiaren maiatzaren 11ko 53/2017 epaiari egokitzeko. Izan ere, epai horrek legearen jatorrizko testuan ageri ziren eskumen-tituluetako batzuk Konstituzioaren kontrakoak zirela adierazi zuen. Horrez gain, azken xedapenetako hamaikagarrena kendu egiten da, irizten zaiolako oinarrizko legedia indarrean jartzen denetik bertatik aplikatu behar zaiela autonomia-erkidegoei.

Azken xedapenetako bederatzigarrena ere, legearen garapena baimentzeari buruzkoa baita, aldatu egiten da Gobernuari baimena emateko eranskinak alda ditzan, araudi indardunari, zientziaren eta teknikaren bilakaerari eta nazioarteko arauetan eta Europar Batasunaren zuzenbidean xedatzen denari egokitzeko.

Xedapen iragankor bakarrak hasita dauden prozedurei aplikatu beharreko araubidea zehazten du.

Azken xedapenetako bigarrenaren bitartez aldaketa egiten da uztailaren 20ko 21/2015 Legearen seigarren xedapen gehigarrian (lege horrek aldatu egiten du Mendien azaroaren 21eko 43/2003 Legea). Aldaketa horren helburua da urriaren 19ko 118/2017 epaia betetzea. Epai horrek zati batean baietsi du Andaluziako Juntaren Gobernu Kontseiluak jarritako konstituzio-kontrakotasuneko errekurtso bat, uztailaren 20ko 21/2015 Legearen seigarren xedapen gehigarriaren (Natura bideak) hirugarrenetik zortzigarrenera bitarteko apartatuen kontrakoa baita, eta adierazi du deusezak eta Konstituzioaren kontrakoak direla xedapen gehigarri horren zati batzuk (4. apartatuko d) eta e) letrak eta 6. eta 7. apartatuetako tarteki bana).

Azken xedapenetako hirugarrenak aldatu egiten du martxoaren 9ko 1/2005 Legea, Berotegi-efektuko gasak isurtzeko eskubideen salerosketa-erregimena arautzen duena; 30. eta 36. artikuluak aldatzen ditu eta 35 bis artikulua gehitu. Helburua da lege horren bertsio kontsolidatuan jasotako zehapen-araubide administratiboaren berezitasunak zehatzago definitzea eta aireko operadoreen jarraipenerako planak egokitzea.

Azken xedapenetako laugarrenak Europar Batasunaren zuzenbidearen txertatzea ezartzen du.

Amaitzeko, azken xedapenetako bosgarrenak legea indarrean jartzeko data zehazten du.

  • VI

Lege honek artikulu bakarra du, abenduaren 9ko 21/2013 Legea aldatzen duena; horrez gain, baditu xedapen gehigarri bat, xedapen iragankor bat (hasita dauden espedienteei buruzkoa) eta azken bost xedapen, azaroaren 21eko 43/2003 eta martxoaren 9ko 1/2005 legeak aldatzeari, Europar Batasunaren zuzenbidea txertatzeari eta lege hau indarrean jartzeari buruzkoak, hurrenez hurren.

Artikulu bakarrak 41 apartatu ditu. Horien bidez abenduaren 9ko 21/2013 Legearen hainbat artikulu, xedapen gehigarri eta azken xedapen aldatzen dira eta lege horren III. eta VI. eranskinak ordezten dira.

Artikulu bakarra. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea aldatzea.

Hona nola geratzen den idatzita Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea:

Bat. Honela idatzita geratzen dira 2. artikuluaren b) eta c) letrak:

«b) Zuhurtasunez eta kautelaz jardutea.

  • c) Prebentzioz jardutea; ingurumen-inpaktuak zuzentzea eta konpentsatzea.»

Bi. Honela idatzita geratzen da 3. artikulua:

«3. artikulua. Administrazio publikoen jarduna eta haien arteko harremanak.

  • 1.  Administrazio publikoek printzipio hauen arabera jardungo dute ingurumen-ebaluazioaren alorrean: erakundeen arteko leialtasunaren, koordinazioaren, elkarri informazioa ematearen, lankidetzaren, elkarlanaren eta koherentziaren printzipioen arabera.

Bereziki, euren ingurumen-erantzukizun espezifikoak edo autonomia-erkidegoko nahiz tokiko eskumenak direla-eta plan, programa edo proiektu batean interesa izan dezaketen administrazioei kontsulta egingo zaie sustatzaileak emandako informazioari buruz eta plan, programa edo proiektu hori abian jarri, onetsi edo baimentzeko eskaerari buruz.

Administrazio-prozeduren arrazionaltasunaren eta azkartasunaren printzipioarekin eta elkarlanaren, lankidetzaren eta koordinazioaren printzipioekin bat etorriz, kontsultatutako administrazio publikoek ahalik eta arinen emango dituzte eman beharreko txostenak, horretarako ezarritako epeen barruan betiere.

Estatuko Administrazio Orokorrari badagokio ingurumen-adierazpen estrategikoa edo ingurumen-inpaktuaren adierazpena egitea, edota lege honek araututako ingurumen-txosten estrategikoa edo ingurumen-inpaktuaren txostena egitea, nahitaez kontsulta egingo dio plan, programa edo proiektu horrek eragiten dion autonomia-erkidegoko ingurumenaren arloko organo eskudunari.

  • 2.  Administrazio publikoek bermatu egingo dute ingurumen-organoak eta organo substantiboak modu objektiboan jardungo dutela lege honetatik eratorritako funtzioetan, eta, euren antolaketan, behar bezala bereiziko dituzte interes-gatazka sor dezaketen funtzioak, ingurumen-organoa bera denean organo substantiboa edota plan, programa edo proiektuaren sustatzailea.

  • 3.  Organo substantiboa plan, programa edo proiektuaren sustatzailea ere badenean, lege honetan sustatzaileari esleitutako jarduketak egingo ditu.

  • 4.  Organo substantiboak plan, programa edo proiektu bat abian jartzeko, onesteko edo baimentzeko administrazio prozedura substantiboa izapidetzean gertatutako edozein gorabehera jakinaraziko dio ingurumen-organoari, ingurumen-ebaluazioaren izapideetarako garrantzitsua bada; batez ere, prozedura substantiboa artxibatzea edo iraungitzea badakar.»

Hiru. Honela idatzita geratzen da 5. artikulua:

«5. artikulua. Definizioak.

  • 1. Lege honen ondorioetarako, hitz hauek ondoren adierazi bezala ulertuko dira:

  • a)  «Ingurumen-ebaluazioa». Plan, programa edo proiektu bat abian jarri, onetsi edo baimendu aurretik hark ingurumenean dituen edo eragin ditzakeen ondorio adierazgarriak aztertzeko prozesua. Faktore hauek sartu behar dira ondorioen azterketa horretan: biztanleria, gizakien osasuna, flora, fauna, biodibertsitatea, geodibertsitatea, lurra, lurzorua, lurpea, airea, ura, klima, klima-aldaketa, paisaia, ondasun materialak (kultura-ondarea barne), eta faktore horien guztien arteko interakzioa.

Ingurumen-ebaluazioak barruan hartzen ditu ingurumen-ebaluazio estrategikoa, plan edo programei dagokiena, eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa, proiektuei dagokiena. Bi kasuetan ere ingurumen-ebaluazioa arrunta edo sinplifikatua izan ahalko da; eta instrumentala izango da plan eta programak onesteko edo abian jartzeko administrazio-prozedurari dagokionez eta, halaber, proiektuak baimentzeko administrazio-prozedurari dagokionez edo, hala badagokio, erantzukizunpeko adierazpena edo aldez aurreko jakinarazpena egin beharra dagoen proiektuak kontrolatzeko administrazio-jarduerari dagokionez.

  • b)  «Inpaktu edo ondorio adierazgarria». a) letran aipatutako faktore baten edo batzuen alterazio iraunkorra edo iraupen luzekoa.

Natura 2000 Sareko naturaguneen kasuan: ondorio nabarmenak, dena delako lekuan kontserbatu behar diren habitaten edo espezieen kontserbazio-egoera definitzeko erabiltzen diren parametroak edo, hala badagokio, leheneratzeko aukerak okerragotu ditzaketenak.

  • c)  «Irismeneko dokumentua». Ingurumen-organoaren erabakia, sustatzaileari zuzendua, ingurumen-azterketa estrategikoak eta ingurumen-inpaktuaren azterketak izan beharreko edukia, zabaltasuna, xehetasun-maila eta zehaztapen-gradua mugatzen dituena.

  • d)  «Organo substantiboa». Administrazio publikoaren organoa, bai plan edo programa bat abian jartzeko edo onesteko, bai proiektu bat baimentzeko, bai erantzukizunpeko adierazpena edo aldez aurreko jakinarazpena egin beharreko proiektuen jarduera kontrolatzeko eskumenak dituena, baldin eta proiektua ez bada Estatuko, autonomia-erkidegoetako edo tokiko administrazio publikoen zenbait organo desberdinen eskumeneko alorretako jarduketa desberdinen multzoa. Kasu horretan, organo substantibotzat joko da, lehentasunez, proiektuaren xede den jardueraren alorreko eskumenak dituen organoa, harekiko jarduera instrumental edo osagarrien alorreko eskumenak dituzten organoen aurretik.

  • e)  «Ingurumen-organoa». Administrazio publikoaren organoa, irismeneko dokumentua egiten duena, hala dagokionean; ingurumen-ebaluaziorako espedienteen azterketa teknikoa egiten duena, eta ingurumen-adierazpen estrategikoak, ingurumen-inpaktuaren adierazpenak eta ingurumen-txostenak egiten dituena.

  • f)  «Publikoa». Edozein pertsona fisiko edo juridiko, bai eta haien elkarte, erakunde edo taldeak ere, aplikatu behar zaien araudiaren arabera eratuta badaude eta pertsona interesduntzat jotzeko baldintzak betetzen ez badituzte.

  • g)  «Pertsona interesdunak». Lege honen ondorioetarako pertsona interesduntzat jotzen dira hauek:

  • 1. a. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 4. artikuluan aurreikusten dituen egoeretako batean dauden guztiak.

  • 2. a. Irabazi-asmorik gabeko edozein pertsona juridiko baldintza hauek betetzen baditu, Ingurumenaren arloan informazioa eskuratzeko, herritarrek parte hartzeko eta justiziara heltzeko eskubideak arautzen dituen uztailaren 18ko 27/2006 Legeak xedatutakoari jarraituz (lege horrek 2003/4/EE eta 2003/35/EE zuzentarauak txertatzen ditu):

  • i)  Estatutuetan adierazitako xedeen artean jasotzea ingurumena babestea, oro har, edo haren elementuren bat, berariaz, eta xede horietan ingurumen-ebaluazioaren ondorioz eragiteko arriskua egotea.

  • ii)  Gutxienez bi urtez legez eratuta egotea, eta bere estatutuetan jasotako xedeak lortzeko beharrezko ekintzak aktiboki gauzatzen ematea.

  • iii)  Estatutuen arabera, jarduera garatzea ingurumen-ebaluazioa egin beharreko plan, programa edo proiektuak eragindako lurralde-eremuan.

  • h)  «Eragindako administrazio publikoak». Gai hauetan berariazko eskumenak dituzten administrazio publikoak: biztanleria, gizakien osasuna, biodibertsitatea, geodibertsitatea, fauna, flora, lurzorua, lurpea, ura, airea, zarata, klima-faktoreak, paisaia, ondasun materialak, kultura-ondarea, lurralde-antolamendua eta hirigintza.

  • i)  «Kultura-ondarea». Horrelako ondarearen adiera guztiak barnean hartzen dituen kontzeptua (historikoa, artistikoa, arkitektonikoa, arkeologikoa, industriala eta materiagabea).

  • j)  «Konpentsazio-neurriak, Natura 2000 Sarea». Natura-ondareari eta biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legeak 3. artikuluaren 24. eta

  • 46. apartatuetan definitu eta arautzen dituen berariazko neurriak.

  • k)  «Konpentsazio-neurriak». Salbuespenezko neurriak, hondar-inpaktuen aurrean aplikatzen direnak.

  • l)  «Espedientearen azterketa teknikoa». Plan, programa edo proiektu batek ingurumen-ebaluazioaren xede diren faktoreetan ustez zer ondorio sortuko dituen zehazteko eta horien prebentziorako, zuzenketarako edo konpentsaziorako neurri egokienak eta neurri horien jarraipena proposatzeko egiten den azterketa.

Aztertuko ditu, bereziki, ingurumen-inpaktuaren azterketarik balego, horren kalitatea, osotasuna, nahikotasuna eta irismeneko dokumentuarekiko adostasuna, eta nola hartu diren kontuan informazio publikoaren izapidearen emaitzak, eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei egindako kontsulten emaitzak eta, halakorik balego, mugaz gaindiko kontsulten emaitzak.

  • 2. Lege honetan araututako ingurumen-ebaluazio estrategikorako, hona hemen nola ulertu behar diren termino hauek:

  • a)  «Sustatzailea». Edozein pertsona fisiko edo juridiko, publiko edo pribatu, lege honen aplikazio-eremuan aurreikusitako plan edo programa bat egin nahi duena, dagokion unean abian jartzeko edo onesteko eskumena duen administrazioa edozein izanda ere.

  • b)  «Planak eta programak». Behar sozialak asetzeko estrategia, zuzentarau eta proposamenak, zuzenean egikaritzeko modukoak ez direnak, proiektu baten edo gehiagoren bidez garatzekoak baizik.

  • c)  «Ingurumen-azterketa estrategikoa». Sustatzaileak egindako azterketa da, plan edo programaren zati dena, eta plan edo programa hori aplikatuz gero ingurumenean eragingo diren edo eragin daitezkeen ondorio adierazgarriak identifikatzen, deskribatzen eta aztertzen ditu. Halaber, arrazoizko alternatibak ematen ditu, teknikaren eta ingurumenaren aldetik bideragarriak direnak, plan edo programaren helburuak eta ezarriko den lurralde-eremua kontuan hartuta, plan edo programa horren ezarpenak ingurumenean eragin ditzakeen kalteak prebenitzeko edo zuzentzeko.

  • d)  «Ingurumen-adierazpen estrategikoa». Ingurumen-organoaren nahitaezko txosten erabakigarria, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren azken emaitza dena. Plan edo programaren azken proposamenean ingurumen-alderdiak zenbateraino integratu diren adierazten du.

  • e)  «Ingurumen-txosten estrategikoa». Ingurumen-organoaren nahitaezko txosten erabakigarria, ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren azken emaitza dena.

  • f)  «Aldaketa txikiak». Abian jarritako edo onartu diren plan edo programen ezaugarriak aldatzea, betiere haien estrategia, zuzentarau eta proposamenetan edo kronologian funtsezko aldaketarik eragin gabe, baina aurreikusitako eraginen edo eragin-eremuaren ezaugarrietan desberdintasunak eraginez.

  • 3. Lege honetan araututa dagoen proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren ondorioetarako, eta instalazio nuklear eta erradioaktiboei buruzko araudian dauden definizioak gorabehera, hona hemen nola ulertu behar diren termino hauek:

  • a)  «Sustatzailea». Edozein pertsona fisiko edo juridiko, publiko edo pribatu, lege honen aplikazio-eremuan aurreikusitako proiektuetako bat egin nahi duena, baimentzeko eskumena duen administrazioa edozein izanda ere.

  • b)  «Proiektua». Jarduketa hauetako edozein:

  • 1. a. Obra, eraikin edo instalazio bat egin, ustiatu, eraitsi edo botatzea, edo

  • 2. a. Ingurune naturalean edo paisaian edozein esku-hartze egitea, barnean hartuta natura-baliabideen, lurzoruaren, lurpearen eta itsas uren edo ur kontinentalen ustiaketa edo aprobetxamendua helburu dutenak.

  • c)  «Ingurumen-inpaktuaren azterketa». Sustatzaileak egindako dokumentua, proiektuari eransten zaiona. Proiektuak ingurumenean eragingo dituen edo eragin ditzakeen ondorio adierazgarriak identifikatzen, deskribatzen, kuantifikatzen eta aztertzen ditu, bai eta hauek ere: proiektuaren kalteberatasuna istripu larri edo hondamendiren bat gertatzeko arriskuekiko; istripu larri edo hondamendi horietako bat gertatzeko arriskua; halakorik gertatuko balitz ingurumenean gertatuko liratekeen kalte adierazgarrien azterketa, nahitaez egin beharrekoa. Zentzuzkoak eta teknikaren nahiz ingurumenaren aldetik bideragarriak diren alternatibak ere aztertzen ditu, eta zehazten du zer neurri hartu behar diren ingurumenean eragin daitezkeen ondorio kaltegarriak prebenitzeko, zuzentzeko eta, hala behar denean, konpentsatzeko.

  • d)  «Ingurumen-inpaktuaren adierazpena». Ingurumen-organoaren nahitaezko txosten erabakigarria, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren azken emaitza dena. Ingurumen-alderdiak proiektuan zenbateraino integratu diren ebaluatzen du, eta zehazten du zer baldintza ezarri behar diren ingurumena eta natura-baliabideak egoki babesteko proiektua egikaritzen eta ustiatzen den bitartean, eta, hala badagokio, hura eteteko, eraisteko edo botatzeko garaian.

  • e)  «Ingurumen-inpaktuaren txostena». Ingurumen-organoaren nahitaezko txosten erabakigarria, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren azken emaitza dena.

  • f)  «Proiektuaren kalteberatasuna». Proiektu baten ezaugarri fisikoak, eragina izan dezaketenak istripu larri edo hondamendiren batek ingurumenean sor litzakeen kalte adierazgarrietan.

  • g)  «Istripu larria». Proiektu bat egikaritu, ustiatu, eraitsi edo bota bitartean kontrolik gabeko prozesuren baten ondorioz gerta daitekeen ezbeharra -esate baterako, isurketa, sute edo leherketa handi bat-, pertsonak edota ingurumena arrisku larrian jartzen dituena, berehala nahiz epe luzeagoan.

  • h) «Hondamendia». Proiektuarekin zerikusirik ez duen ezbehar naturala, esaterako uholdea, itsas mailaren gorakada edo lurrikara, pertsonengan edota ingurumenean kalte edo txikizio handiak eragiten dituena.»

Lau. Honela idatzita geratzen da 8. artikulua:

«8. artikulua. Ingurumen-ebaluazioa behar ez dutenjarduerak eta salbuets daitezkeen proiektuak.

  • 1.  Plan eta programa hauei ez zaie ingurumen-ebaluazio estrategikorik egingo:

  • a)  Estatuaren defentsa eta larrialdietan babes zibila ematea helburu bakartzat duten plan eta programei.

  • b)  Finantzen edo aurrekontuen alorreko plan eta programei.

  • 2.  Organo substantiboak, kasuak banan-banan aztertu ondoren, ingurumen-inpaktuaren ebaluaziorik ez egitea erabaki ahalko du, helburuei begira ebaluazio hori aplikatzeak ondorio negatiboak izan ditzakeelako, kasu hauetan: helburu bakarra defentsa duten proiektuen edo proiektu zatien kasuan eta helburu bakarra larrialdi zibilei erantzutea duten proiektuen kasuan.

  • 3.  Ezertan eragotzi gabe 49. artikuluan xedatutakoa, Ministro Kontseiluak Estatuko Administrazio Orokorraren eremuan edo, hala badagokio, autonomiaerkidego bakoitzeko legedian zehaztutako organoak, bere eskumen-eremuan, erabaki ahalko dute, organo substantiboaren proposamenari jarraituz, salbuespenezko kasuetan eta erabaki arrazoituen bidez, ingurumen-inpaktuaren ebaluaziorik ez egitea proiektu jakinen bati —baldin eta ebaluazio horren aplikazioak ondorio kaltegarriak sor baditzake proiektuaren helburuari begira- edo apirilaren 28ko 8/2011 Legean definitutako azpiegitura kritikoak konpondu edo hobetzeko obren proiektuei; lege horrek neurriak ezartzen ditu hondamendien ondorioz kaltetuta dauden edo segurtasun nazionala bermatzeko indartu behar diren azpiegitura kritikoak babesteko.

  • 4.  Aurreko apartatuan azaldutako kasuetan, organo substantiboaren proposamenari jarraituz, Ministro Kontseiluak Estatuko Administrazio Orokorraren eremuan edo, hala badagokio, autonomia-erkidego bakoitzeko legedian zehaztutako organoak, bere eskumen-eremuan, salbuesteko erabakian jasoko du ea bidezkoa den ala ez proiektuari ordezko beste ebaluazioren bat egitea, zeina lege honen printzipioekin eta helburuekin bat etorriko den eta organo substantiboak egingo duen.

Salbuesteko erabakia eta erabaki hori justifikatzen duten arrazoiak Estatuko Aldizkari Ofizialean edo aldizkari ofizial egokian argitaratuko ditu organo substantiboak. Horrez gainera, publikoaren eskura jarriko du salbuesteko erabakiari eta erabaki hori justifikatzen duten arrazoiei buruzko informazioa, bai eta salbuetsitako proiektua ebaluatzeko ordezko moduen azterketa ere.

Organo substantiboak Europako Batzordeari jakinaraziko dio aurreko paragrafoan aurreikusitako informazioa, proiektua baimendu aurretik.

  • 5.  Artikulu honetan araututako salbuespen-aukerak gorabehera, Natura 2000 Sareko naturaguneen gaineko eraginen ebaluazioa nahitaez egin beharko du sustatzaileak, baldin eta plan, programa edo proiektu batek, lekuaren kudeaketarekin zuzeneko loturarik izan gabe edo kudeaketarako beharrezkoa izan gabe, eragin nabarmena izan badezake naturagune horietako espezie edo habitatetan, bakarka nahiz beste plan, programa eta proiektu batzuekin batera.

Horretarako, sustatzaileak txosten bat egingo du ukitutako naturaguneetan kontserbatu behar diren habitat eta espezieen gaineko eraginei buruz. Txosten horretan, Natura 2000 Sareko prebentzio-, zuzentze- eta konpentsazio-neurriak sartuko ditu, habitat eta espezieak kontserbazio-egoera onean mantentzeko egokiak direnak, bai eta ingurumen-jarraipenaren eskema ere. Organo substantiboak nahitaez egingo dio kontsulta eragindako Natura 2000 Sareko naturagune horiek kudeatzeko organo eskudunari, eta ondoren ingurumen-organoari igorriko dizkio txostena eta kontsulta, hark zehaztu dezan, espedientea ikusirik, ea plan, programa edo proiektu horrek kalterik eragingo dion ala ez Natura 2000 Sareko naturaguneren baten osotasunari. Kaltea egongo dela erabakiz gero, Natura-ondareari eta biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legearen 46. artikuluko 4. apartatutik 7.era bitartekoetan arautzen den prozedura bideratuko da. Proiektuaren onespenean espresuki jasoko dira erabakitako neurriak eta ingurumen-jarraipenerako programa.

Ezinbesteko kasuetan, hondamendi edo istripu larriei aurre egin behar zaienean, aurreko paragrafoan adierazitako jarduketa guztiak edo horietako batzuk a posteriori egin ahalko dira, eta inguruabar horiek justifikatu egin beharko dira proiektua onartzean.»

Bost. Honela idatzita geratzen da 9. artikulua:

«9. artikulua. Betebehar orokorrak.

  • 1.  Lege honen aplikazio-eremuan dauden plan eta programen kasuan, horiek abian jarri edo onetsi aurretik egin beharko da ingurumen-ebaluazioa. Halaber, lege honen aplikazio-eremuaren barrukoak diren eta ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzaketen proiektuek -besteak beste, haien ezaugarriengatik, neurriengatik edo kokapenagatik- ingurumen-ebaluazioa egin beharko dute baimena lortu aurretik, edo, hala badagokio, proiektuen kasuan, erantzukizunpeko adierazpena edo aldez aurreko jakinarazpena aurkeztu aurretik, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69. artikuluak aipatzen dituen erantzukizunpeko adierazpena edo aldez aurreko jakinarazpena, hain zuzen.

Lege honen aplikazio-eremuan dauden eta ingurumen-ebaluaziorik egin ez zaien plan, programa eta proiektuak abian jartzeko, onesteko edo baimentzeko egintzak ez dira baliozkoak izango, eta kasu bakoitzean egoki den zehapena jaso ahal izango dute.

Lege honen 7. artikuluan sartutako proiektuei ez zaie egingo II. tituluan araututako ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa baldin eta zati batean edo guztiz egikarituta badaude aldez aurretik ingurumen-inpaktuaren ebaluaziorako prozedurarik bete gabe.

  • 2.  Jarduera bat hasteko edo egikaritzeko erantzukizunpeko adierazpena edo aldez aurreko jakinarazpena egin behar bada eta, lege honek xedatutakoari jarraituz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa ezinbestekoa izanez gero, erantzukizunpeko adierazpena edo aldez aurreko jakinarazpena ezingo zaio organo substantiboari aurkeztu ingurumen-inpaktuaren adierazpena edo ingurumen-inpaktuaren txostena Estatuko Aldizkari Ofizialean edo dagokion aldizkari ofizialean argitaratu arte. Argitaratu eta gero soilik onartu ahalko du organo substantiboak erantzukizunpeko adierazpena edo aldez aurreko jakinarazpena. Ebazpen bidez onartuko du.

Proiektu bati buruzko erantzukizunpeko adierazpena edo aldez aurreko jakinarazpena ez da baliozkoa izango, ez eta eraginkorra ere, ingurumen-ebaluazioa egiteko betebeharra bazegoen eta halakorik ez bazitzaion egin; horrez gain, dagozkion zehapenak jaso ahal izango ditu.

  • 3.  Parte-hartze eraginkorra bermatzeko, informazio publikoaren eta eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei kontsulta egitearen izapideak, lege honetan araututakoak, bide elektronikoak eta iragarki publikoak erabiliz egingo dira, edo eragindako udalerrietako eta udalerri mugakideetako herritarren artean informazioa ahalik eta zabalkunderik handiena izan dezan bermatuko duten beste bitarteko egokiak erabiliz.

Administrazio publikoek, informazio publikoaren izapidearen barruan, behar diren neurriak hartuko dituzte, publikoak bide elektronikotik eskuratu ahal dezan beharrezkoa den informazioa. Horretarako gutxienez ere atari nagusi bat egongo da, edo irispide errazeko puntuak kasuan kasuko lurralde-administrazioaren mailan.

  • 4.  Kontsulta egin behar zaien pertsona interesdunak ezezagunak badira, Estatuko Aldizkari Ofizialean edo kasuan kasuko aldizkari ofizialean iragarkia argitaratuz egingo zaie jakinarazpena.

Horrez gain, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluaziorako prozeduretan, iragarkiak argitaratuko dira ukitutako udalen ediktu-tauletan eta, halakorik bada, web-orrialdeetan. Jendaurrean jartzeko epea hogeita hamar egun baliodunekoa izango da. Kontsulta-epea amaitutakoan, udalak organo substantiboari edo, hala badagokio, ingurumen-organoari jendaurrean jarri izanaren ziurtagiri bat igorriko dio, zeinean ingurumen-agiriak non eta zer epetan egon diren ikusgai adieraziko baita.

  • 5.  Administrazio publikoek bermatu egingo dute ingurumen-organoek ezagutza nahikoak dituztela ingurumen-azterketa eta ingurumen-agiri estrategikoak eta ingurumen-inpaktuaren azterketa eta dokumentuak aztertzeko, eta, behar izanez gero, txostenak eskatu ahal dizkietela ezagutza horiek dituzten erakunde zientifikoei, akademikoei edo beste batzuei.»

Sei. Honela idatzita geratzen da 11. artikulua:

«11. artikulua. Ingurumen-organoa eta organo substantiboa zehaztea.

  • 1.  Ingurumen-gaietako ministerio eskudunaren organo bati -erregelamenduz zehaztuko baita- dagokio lege honek ingurumen-organoari esleitutako funtzioak betetzea, baldin eta Estatuko Administrazio Orokorrak eta hari lotutako edo haren mendeko organismo publikoek abian jarri, onetsi edo baimendu beharreko plan, programa edo proiektu badira, edota administrazio horri erantzukizunpeko adierazpena edo aldez aurreko jakinarazpena helarazi behar badiote.

  • 2.  Lege honek ingurumen-organoari eta organo substantiboari esleitutako funtzioak, prozedurak izapidetzeari dagokionez, autonomia-erkidego bakoitzeko legediak zehaztutako organoei dagozkie, baldin eta autonomia-erkidegoek abian jarri, onetsi edo baimendu beharreko edota administrazio horiei erantzukizunpeko adierazpena edo aldez aurreko jakinarazpena helarazi beharreko plan, programa edo proiektuen ingurumen-ebaluazioa bada.

  • 3.  Toki-entitateek abian jarri, onetsi edo baimendu beharreko plan, programa eta proiektuen kasuan, lege honek ingurumen-organoari eta organo substantiboari esleitutako funtzioak autonomia-erkidegoko legediak xedatutako administrazio autonomikoko edo toki-administrazioko organoaren ardura izango dira.»

Zazpi. Honela idatzita geratzen da 15. artikulua:

«15. artikulua. Konfidentzialtasuna.

  • 1.  Ingurumen-ebaluaziorako prozeduretan esku hartzen duten administrazio publikoek errespetatu beharko dute sustatzaileak emandako informazioen konfidentzialtasuna, Pertsona Fisikoen Datuak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak xedatzen duenari jarraituz izaera hori duten informazio guztiei dagokienez, eta, nolanahi ere, interes publikoa babestea aintzat hartuta, ezertan galarazi gabe uztailaren 18ko 27/2006 Legean ezarritakoa; uztailaren 18ko lege horrek ingurumenaren arloan informazioa irisgarri egoteko, herritarrek parte hartzeko eta justizia irisgarri egoteko eskubideak arautzen ditu (2003/4/EE eta 2003/35/EE zuzentarauak txertatzen ditu).

  • 2.  Sustatzaileak adierazi beharko du aurkeztutako dokumentazioan jasotako informazioaren zer zatik izan beharko lukeen konfidentziala. Administrazio eskudunak erabakiko du, indarrean dagoen legediaren arabera, sekretu komertzialetik edo industrialetik (jabetza intelektuala barne) salbuetsita dagoen informazioari buruz eta konfidentzialtasunaren babespean dagoen informazioari buruz.»

Zortzi. Honela idatzita geratzen da 16. artikulua:

«16. artikulua. Ingurumenaren arloko azterketa eta agirien egilearen gaitasun teknikoa eta erantzukizuna.

  • 1.  Sustatzaileak hau bermatuko du: hasierako agiri estrategikoa, ingurumen-azterketa estrategikoa eta ingurumen-agiri estrategikoa -ingurumen-ebaluazio estrategikoaren kasuan- eta hasierako agiria, ingurumen-inpaktuaren azterketa eta ingurumen-agiria -ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren kasuan- gaitasun tekniko nahikoa duten pertsonek eginak direla, lanbide-kualifikazioei eta goi-mailako hezkuntzari buruzko arauen arabera, eta lege honen eskakizunak betetzeko adinako kalitatea eta sakontasuna dutela. Horretarako, aipatutako ingurumen-agiri eta azterketetan egilea edo egileak identifikatu behar dira, haien titulazioa eta, hala badagokio, lanbide arautua adierazita. Horrez gainera, amaiera-data eta egilearen sinadura ere jaso behar dira.

  • 2.  Aipatutako dokumentuen egileak aurreko apartatuan aipatutako ingurumen-azterketa eta -agirien edukiaren eta fidagarritasunaren erantzule izango dira, Administrazioak frogagarri gisa emandako datuak alde batera utzita.»

Bederatzi. Honela idatzita geratzen da 21. artikuluaren 4. apartatua:

«4. Organo substantiboak behar diren neurriak hartuko ditu informazio publikoan jarri beharreko dokumentazioak publikoaren artean ahalik eta hedapen handiena izango duela bermatzeko. Horretarako bitarteko elektronikoak eta beste komunikabide batzuk erabiliko dira.»

Hamar. Honela idatzita geratzen da 22. artikuluaren 1. apartatua:

«1. Informazio publikoaren izapidearekin batera, plan edo programaren hasierako bertsioa, ingurumen-azterketa estrategikoarekin batera, eragindako administrazio publikoen eta 19. artikuluaren arabera aldez aurretik kontsulta egin zaien pertsona interesdunen eskura jarriko du organo substantiboak, kontsultatzeko.

Kontsulta horiek sustatzaileak egin ahal izango ditu, organo substantiboak egin ordez, arloko legediaren arabera sustatzaileari badagokio plan edo programaren administrazio-izapideak egitea.

Eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei kontsulta egingo zaie bide elektronikoak edo beste edozein erabilita, baldin eta kontsulta egin dela egiaztatua geratzen bada.»

Hamaika. Honela idatzita geratzen da 28. artikuluaren 4. apartatuko lehen paragrafoa:

«4. Ingurumen-organoak kontsulta egingo die berrogeita bost egun baliodunez, gutxienez, sustatzaileari, organo substantiboari eta lehendik, 22. artikuluaren arabera, kontsultatutako pertsona interesdunei eta eragindako administrazio publikoei, txostenak egin ditzaten, egoki iritzitako alegazioak plantea ditzaten, eta beharrezkotzat jotzen dituzten dokumentuak aurkez ditzaten. Kontsulta hori bide elektronikoak edo beste edozein erabilita egingo da, baldin eta kontsulta egin dela egiaztatua geratzen bada.»

Hamabi. Honela idatzita geratzen da 33. artikulua:

«33. artikulua. Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunterako izapideak eta epeak.

  • 1. Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntak izapide hauek izango ditu:

  • a)  Sustatzaileak ingurumen-inpaktuaren azterketa egingo du.

  • b)  Organo substantiboak proiektua eta ingurumen-inpaktuaren azterketa jendaurrean jarriko du eta kontsultak egingo dizkie eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei.

  • c)  Ingurumen-organoak espedientearen azterketa teknikoa egingo du.

  • d)  Ingurumen-organoak ingurumen-inpaktuaren adierazpena egingo du.

  • e)  Organo substantiboak ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren edukia sartuko du proiekturako baimenean.

  • 2.  Aukera gisa, sustatzaileak eska dezake, 34. artikuluari jarraituz, ingurumen-organoak ingurumen-inpaktuaren azterketaren irismeneko dokumentua egin dezala. Horretarako gehieneko epea hiru hilabetekoa izango da.

  • 3.  Betebehar gisa, organo substantiboak, proiektua baimentzeko prozedura substantiboaren barruan, informazio publikoaren izapidea egingo du, bai eta eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei egin beharreko kontsultak ere.

Informazio publikoaren eta kontsulten izapideek urtebeteko indarraldia izango dute, amaitzen direnetik zenbatzen hasita. Epe hori amaitzen denean, organo substantiboak ez badio espedientea helarazi ingurumen-organoari, 39.4 artikuluari jarraituz ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin dezan, organo substantiboak izapide horiek iraungi egin direla deklaratuko du.

  • 4.  Ingurumen-inpaktuaren espedientearen azterketa teknikoa eta ingurumen-inpaktuaren adierazpena lau hilabeteko epean egingo dira, ingurumen-inpaktuaren espediente osoa jasotzen denetik hasita. Epe hori beste bi hilabetez luza daiteke, hori justifikatzen duten zioak badaude, behar bezala arrazoituta.»

Hamahiru. Honela idatzita geratzen da 34. artikuluaren 2. apartatua:

«2. Horretarako, sustatzaileak organo substantiboari aurkeztuko dio ingurumen-inpaktuaren azterketaren irismena zehazteko eskaera, proiektuaren hasierako agiriarekin batera, eta eskaerak informazio hauek jasoko ditu, gutxienez:

  • a)  Proiektuaren definizioa eta ezaugarri espezifikoak, tartean haren kokapena, bideragarritasun teknikoa eta ingurumenean izan dezakeen eragina, bai eta proiektuak istripu larri edo hondamendien aurrean duen kalteberatasunaren ondorioz ingurumen-faktoreetan aurreikus daitezkeen ondorioen atariko azterketa ere.

  • b)  Aintzat hartutako alternatiba nagusiak, eta haietako bakoitzak izan ditzakeen inpaktuen azterketa.

  • c)  Proiektuak eragindako lurraldearen eta ingurumenaren diagnostikoa.

Organo substantiboak, aurkeztutako dokumentazioaren egokitasuna egiaztatu ondoren, ingurumen-organoari igorriko dio hamar egun balioduneko epean, ingurumen-inpaktuaren azterketaren irismeneko dokumentua egin dezan.»

Hamalau. Honela idatzita geratzen da 35. artikulua:

«35. artikulua. Ingurumen-inpaktuaren azterketa.

  • 1. Ezertan eragotzi gabe 34.6 artikuluan adierazitakoa, sustatzaileak ingurumen-inpaktuaren azterketa egingo du, eta informazio hauek bilduko ditu, gutxienez, VI. eranskinean adierazitakoari jarraituz:

  • a)  Proiektuaren deskribapen orokorra, proiektuaren kokapenari, diseinuari, neurriei eta jakin beharreko beste ezaugarri batzuei buruzko informazioa bilduko duena; eta lurzoruaren eta beste natura-baliabide batzuen erabilerari dagokionez denboran zehar aurreikus daitezkeen eskakizunak. Sortutako hondakin motak eta kopuruak eta ondoriozko materia- edo energia-isurketak balioestea.

  • b)  Proiektuari dagokionez aztertutako zentzuzko alternatiben eta haien ezaugarri espezifikoen azalpena, zero aukera barnean hartuta (proiekturik ez egitea, alegia) eta hartutako irtenbidearen alde egiteko arrazoi nagusien justifikazioa, proiektuak ingurumenean sortuko dituen ondorioak kontuan hartuta.

  • c)  Proiektuak biztanlerian, gizakien osasunean, floran, faunan, biodibertsitatean, geodibertsitatean, lurzoruan, lurpean, airean, uretan, itsas ingurunean, kliman, klima-aldaketan, paisaian, ondasun materialetan, kultura-ondarean eta aipatutako faktore guztien arteko interakzioetan eragin ditzakeen ondorio adierazgarri zuzen zein zeharkako, sekundario, metatu eta sinergikoen identifikazioa, deskribapena, azterketa eta, egoki izanez gero, haien kuantifikazioa, bai egikaritze-fasea bai ustiaketa-fasea kontuan hartuta, eta eraispenari eta proiektua bertan behera uzteko garaiari ere erreparatuta, hala badagokio.

Proiektuak Natura 2000 Sareko naturaguneetan izango dituen ondorioak ebaluatzeko berariazko paragrafo bat egongo da, zeinean leku bakoitzeko kontserbazio-helburuak aintzat hartuko baitira. Proiektuak naturagunean izango dituen inpaktuak, Natura 2000 Sareko prebentzio-, zuzentze- eta konpentsazio-neurriak eta horien jarraipena jasoko dira paragrafo horretan.

Natura 2000 Sarearen osotasunari kalte egingo zaiola egiaztatzen bada, sustatzaileak agiri bidez justifikatu beharko du ez dagoela beste alternatibarik eta badaudela lehen mailako interes publikoko ezinbesteko arrazoiak, Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legearen 46. artikuluaren 5., 6. eta 7. apartatuetan aipatzen diren horietakoak, hain zuzen.

Proiektuak, epe luzera, azaleko ur-masa baten aldaketa hidromorfologikoa eragin badezake edo lurpeko ur-masa baten maila aldarazi, eta horrek ur-masa hori egoera onera edo potentzialera iristea eragotz badezake edota ur-masa horren egoera edo potentziala kaskartu badezake, berariazko atal bat erantsi beharko da, ukitutako ur-masen egoera edo potentziala definitzen duten kalitate-elementuen gaineko epe luzeko eraginak ebaluatzeko.

  • d)  Berariazko atal bat erantsiko da, zeinak hauen gainean egon daitezkeen ondorioen identifikazioa, deskribapena, analisia eta, hala badagokio, kuantifikazioa jasoko baititu: c) letran aipatutako faktoreen gaineko ondorioak, proiektuak istripu larri edo hondamendiak gertatzeko arriskuen aurrean duen kalteberatasunaren ondoriozkoak; halako istripu edo hondamendiak gertatzeko arriskuaren gainekoak; eta halakoren bat gertatuz gero ingurumenean sor daitezkeen kalte adierazgarrien gainekoak. Edo, bestela, apartatu hau proiektuari ez aplikatzea justifikatzen duen txostena erantsiko da.

Apartatu honetan aipatutako azterketak egiteko, sustatzaileak beharrezko informazioa jasoko du, proiektuari aplikatu beharreko arauei jarraituz egindako arrisku-ebaluazioen bitartez lortutakoa izango baita.

  • e)  Ingurumenean eta paisaian eragin daitezkeen kalte adierazgarrien prebentzioa, zuzenketa eta, hala badagokio, konpentsazioa ahalbidetuko duten neurriak.

  • f)  Ingurumena zaintzeko programa.

  • g)  Ingurumen-inpaktuaren azterketaren eta konklusioen laburpen ez-teknikoa eta ulerterraza.

  • 2.  Ingurumen-organoak, 34. artikuluan xedatzen denarekin bat etorriz, irismeneko dokumentua egin eta gero, sustatzaileak ingurumen-inpaktuaren azterketa egingo du, dokumentu horretan eskatzen den informazioari lotuta.

  • 3.  Ebaluazioen bikoiztasuna saihesteko, sustatzaileak, ingurumen-inpaktuaren azterketa egitean, kontuan hartuko ditu Europar Batasuneko legediaren edo legedi nazionalaren arabera egokiak diren eta eskura dauden beste ebaluazio batzuen emaitzak.

Horretarako, Administrazioak sustatzailearen eskura jarriko ditu, hark eskatuz gero, txostenak eta bere esku dituen gainerako dokumentuak, ingurumen-inpaktuaren azterketa egiteko baliagarriak badira.

  • 4.  Ingurumen-inpaktuaren azterketa baliogabetu egingo da, hura amaitu eta urtebeteko epean ez bada organo substantiboaren aurrean aurkeztu informazio publikoa eta kontsultak egiteko.»

Hamabost. Honela idatzita geratzen da 36. artikulua:

«36. artikulua. Proiektuari eta ingurumen-inpaktuaren azterketari buruzko informazio publikoa.

  • 1.  Sustatzaileak proiektua eta ingurumen-inpaktuaren azterketa aurkeztuko dizkio organo substantiboari, eta hark informazio publikoan jarriko ditu hogeita hamar egun baliodunez, gutxienez, aldez aurretik iragarrita Estatuko Aldizkari Ofizialean edo dagokion aldizkari ofizialean, bai eta bere egoitza elektronikoan ere.

Proiektua baimentzeko prozedura substantiboaren fase batean emango da informazio publikoa, hain zuzen, proiektuaren edukia, hedapena eta definizioa zehazteari buruzko aukera guztiak zabalik dauden fasean.

Estatuko Administrazio Orokorrak baimendu beharreko proiektuen kasuan, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginean (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartua) ezarritakoari jarraituz ingurumen-baimen bateratua ere behar badute, organo substantiboak emango du artikulu honetan adierazitako informazio publikoa.

Erantzukizunpeko adierazpena edo aldez aurreko jakinarazpena behar duten proiektuak baldin badira, ingurumen-organoak eman beharko du informazio publikoa.

  • 2.  Informazio publikoaren hasiera iragartzean, organo substantiboak, edo, hala badagokio, ingurumen-organoak, proiektua baimentzeko prozeduraren laburpen bat erantsiko du, informazio hau jasoko duena gutxienez:

  • a)  Proiektuak ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta behar duela adieraztea. Halaber, hala badagokio, mugaz gaindiko kontsultei buruz titulu honen III. kapituluan ezarritakoa aplikatu behar dela zehaztea.

  • b)  Proiektua baimentzeko eskumena duen organoa identifikatzea; edo, erantzukizunpeko adierazpena edo aldez aurreko jakinarazpena behar duten proiektuen kasuan, aipaturiko adierazpena edo aldez aurreko jakinarazpena aurkeztu behar zaion organoa identifikatzea. Halaber, informazio baliagarria eman dezaketen organoak identifikatzea, eta alegazioak zer organoren aurrean aurkez daitezkeen adieraztea, horretarako dagoen epea zehaztuta.

  • 3.  Organo substantiboak, edo, hala badagokio, ingurumen-organoak, behar diren neurriak hartuko ditu informazio publikoan jarri beharreko dokumentazioak publikoaren artean ahalik eta hedapen handiena izango duela bermatzeko. Horretarako, bitarteko elektronikoak eta beste komunikabide batzuk erabiliko dira.»

Hamasei. Honela idatzita geratzen da 37. artikulua:

«37. artikulua. Eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei kontsulta egitea.

  • 1.  Informazio publikoaren izapidearekin batera, organo substantiboak proiektuaren balizko ondorio adierazgarrien gaineko kontsulta egingo die eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei; kontsultagai izango da, besteak beste, proiektuak istripu larri edo hondamendiekiko duen kalteberatasunaren ondorioz ingurumenean sor litezkeen kalte adierazgarrien azterketa.

Erantzukizunpeko adierazpena edo aldez aurreko jakinarazpena behar duten proiektuak baldin badira, ingurumen-organoak egin beharko die kontsulta eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei.

  • 2.  Organo substantiboak nahitaezko txosten hauek eskatu beharko ditu, zeinak behar bezala arrazoituta egon beharko baitira:

  • a)  Proiektuaren kokaleku den lurraldeari dagokion autonomia-erkidegoan ingurumen-eskumenak dituen organoaren txostena.

  • b)  Kultura-ondareari buruzko txostena, egoki izanez gero.

  • c)  Plangintza hidrologikoaren eta jabari publiko hidraulikoaren alorreko eta, hala badagokio, uren kalitatearen alorreko organo eskudunen txostena.

  • d)  Itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoari buruzko txostena eta itsas estrategiei buruzko txostena, hala badagokio, hurrenez hurren Kostaldeei buruzko uztailaren 28ko 22/1988 Legearen arabera eta Itsas Ingurunearen Babesari buruzko abenduaren 29ko 41/2010 Legearen arabera.

  • e)  Inpaktu erradiologikoaren alorreko organo eskudunaren atariko txostena, hala badagokio.

  • f)  Istripu larri edo hondamendien ondoriozko arriskuen prebentzioaren eta kudeaketaren arloko organo eskudunaren txostena, hala badagokio.

  • g)  Proiektua plangintza hidrologikoarekin edo, hala badagokio, Itsas Mugapearen plangintzarekin bateragarri izateari buruzko txostena.

  • h)  Defentsa Ministerioaren txostena, proiektuak eragina baldin badu defentsa nazionalerako interesekoak izendatutako zonetan eta defentsa nazionalari atxikitako lursail, eraikuntza eta instalazioetan, horien babes-eremuak barne. Txostena loteslea izango da defentsa nazionalari dagokionez.

  • i)  Osasun publikoaren alorreko organo eskudunen txostena, hala badagokio.

Horrez gainera, autonomia-erkidegoek, beren eskumen-eremuan, beste txosten batzuk ere ezinbestekoak izatea ezarri ahal izango dute.

  • 3.  Kontsultak jakinarazpen baten bidez egingo dira, eta jakinarazpenak informazio hau jasoko du, gutxienez:

  • a)  Ingurumen-inpaktuaren azterketa, edo hura kontsultatzeko gunea edo guneak.

  • b)  Txosten eta alegazioak zer organori bidali behar zaizkion.

  • c)  Ingurumen-ebaluazioari begira, organo substantiboak proiektuari buruz dauzkan dokumentu adierazgarri guztiak.

Eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei kontsulta egiteko, bitarteko elektronikoak eta iragarkiak edo beste bide batzuk erabiliko dira, baldin eta kontsulta egin dela egiaztatua geratzen bada.

  • 4.  Eragindako administrazio publikoek eta pertsona interesdunek gehienez ere hogeita hamar egun balioduneko epea izango dute, jakinarazpena jasotako egunetik zenbatzen hasita, txostenak egiteko eta egoki iritzitako alegazioak aurkezteko.

  • 5.  Organo substantiboak pertsona interesdunen eta eragindako administrazio publikoen eskura jarriko ditu artikulu honen 3. paragrafoan zehaztutako informazioaz gainera dagoen beste informazioa, 36. artikuluan adierazitako informazio publikoaren aldia amaitu ondoren soilik lor daitekeena, eta proiektua egikaritzeko erabakia hartzeko adierazgarria izan daitekeena.»

Hamazazpi. Honela idatzita geratzen da 38. artikulua:

«38. artikulua. Proiektua edo ingurumen-inpaktuaren azterketa aldatzea eta informazio publikoaren eta kontsulten izapideak berriro egitea.

  • 1.  Bai informazio publikoaren izapideak, bai eragindako administrazio publiko eta pertsona interesdunei egindako kontsultak amaitu ondoren, gehienez ere hogeita hamar egun balioduneko epean, organo substantiboak jasotako txosten eta alegazio guztiak bidaliko dizkio sustatzaileari, proiektuaren bertsio berrian eta ingurumen-inpaktuaren azterketan aintzat har ditzan, hala badagokio.

  • 2.  Baldin eta, informazio publikoaren eta pertsona interesdunei eta eragindako administrazio publikoei kontsulta egitearen izapideen ondorioz, sustatzaileak proiektuan edo ingurumen-inpaktuaren azterketan aldaketak sartzen baditu eta aldaketa horien ingurumen-eragin adierazgarriak hasieran aurreikusitakoez bestelakoak badira, berriro egingo da informazio publikoaren eta kontsulten izapidea, 36. eta 37. artikuluetan ezarritako moduan, eta, betiere, ingurumen-inpaktuaren adierazpena egin baino lehen.

  • 3. Ez dira aintzat hartuko 36. eta 37. artikuluetan ezarritako epeetatik kanpo jasotako txosten edo alegazioak.»

Hemezortzi. Honela idatzita geratzen da 39. artikulua:

«39. artikulua. Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta.

  • 1.  Proiektua baimentzeko prozedura substantiboaren barruan, sustatzaileak organo substantiboari aurkeztuko dio, arloko legediak eskatutako dokumentazioarekin batera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunterako eskaera. Horrekin batera, agiri hauek aurkeztu behar dira, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-espedientearen gutxieneko edukia osatzen baitute:

  • a)  Proiektuaren agiri teknikoa.

  • b)  Ingurumen-inpaktuaren azterketa.

  • c)  Informazio publikoaren izapideetan eta eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei -37. artikuluaren eta, hala badagokio, 34. eta 38.2 artikuluen arabera- egindako kontsultetan jasotako alegazio eta txostenak.

  • 2.  Organo substantiboak egiaztatzen badu ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunterako eskaerarekin batera ez direla aurkeztu aurreko paragrafoan adierazitako dokumentuak, sustatzaileari eskatuko dio hamar egun balioduneko epean nahitaezko agiriak aurkezteko, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 68. artikuluan ezarritako ondorioak sortuko dira. Ingurumen-inpaktuaren azterketari dagokionez, zeina ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egiteko oinarrizko dokumentua baita, egiaztatu egingo da 35.1 artikuluan aipatutako atal berariazkoak sartu direla haren barruan.

Halaber, organo substantiboak egiaztatu egingo du aurkeztutako dokumentazioak betetzen dituela arloko legediak eskatutako baldintzak.

  • 3.  Aurreko egiaztatzeak egin ondoren, organo substantiboak ingurumen-organoari helaraziko dio ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egiteko eskaera, bai eta harekin batera aurkeztu beharreko agiriak ere.

  • 4.  Hogei egun balioduneko epean, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta hasteko eskaera jasotako egunetik zenbatzen hasita, ingurumen-organoak ez onartzea erabaki dezake, arrazoi hauetako batzuk direla-eta:

  • a)  Argi eta garbi iritziz gero proiektua nabarmen bideraezina dela, ingurumen-arrazoiengatik.

  • b)  Ingurumen-inpaktuaren azterketak kalitate-baldintza nahikoak ez dituela betetzen iritziz gero.

  • c)  Funtsean aurkeztutako proiektuaren oso antzekoa den beste proiektu bati buruzko eskaera ez onartzea erabaki badu edo ingurumen-inpaktuaren adierazpena kontrakoa izan bada.

Ez onartzea erabakitzeko ebazpena eman aurretik, ingurumen-organoak sustatzaileak adierazitakoa entzungo du, eta horren berri emango dio organo substantiboari, hamar egun balioduneko epean. Horrenbestez, ez onartzea adierazteko aurreikusitako epea etenda geratuko da.

Ez onartzeko ebazpenak justifikatuko ditu erabakiaren arrazoiak, eta haren aurka legez dagozkion errekurtsoak jartzeko aukera dago, administrazio-bidean zein auzibidean, hala badagokio.»

Hemeretzi. Honela idatzita geratzen da 40. artikulua:

«40. artikulua. Espedientearen azterketa teknikoa.

  • 1.  Ingurumen-organoak ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren espedientearen azterketa formala egingo du eta osorik dagoela egiaztatuko du.

Azterketa horretan ikusten bada ez daudela espedientean jasorik 37.2 apartatuan aurreikusitako txostenak, edo ez direla lege honetan ezarritakoari jarraituz egin informazio publikoa edota pertsona interesdunei eta eragindako administrazio publikoei egin beharreko kontsultak, edota sustatzaileak egindako ingurumen-inpaktuaren azterketa ez dagoela osorik, 35.1 artikuluan aurreikusitako berariazko atalen bat falta duelako, ingurumen-organoak organo substantiboari eskatuko dio ingurumen-inpaktuaren espedientea zuzendu dezala hiru hilabeteko epean, eta etenda geratuko da ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiteko epearen zenbaketa.

Hiru hilabete igaro ondoren, organo substantiboak ez badu eskatutako informazioa bidali, edo aurkeztu ostean espedienteak osatu gabe jarraitzen badu, ingurumen-organoak bukatutzat joko du ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta, amaitzeko erabakia sustatzaileari eta organo substantiboari jakinarazita. Ebazpen horren aurka legez dagozkion errekurtsoak jarri ahal izango dira, bai administrazio-bidean, bai auzibidean, hala badagokio.

  • 2.  Espedientea formalki osatuta dagoenean, ingurumen-organoak espedientearen azterketa teknikoa egingo du.

Azterketa horretan egiaztatzen badu 37.2 artikuluan aipatutako nahitaezko txostenetako bat edo 35.1 artikuluan aurreikusitako berariazko ataletako bat ez dela nahikoa ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egin ahal izateko behar diren irizpen-elementuak edukitzeko, ingurumen-organoak organo substantiboarengana joko du txostenak osa ditzan.

Hiru hilabete igarotakoan organo substantiboak ez baditu igorri eskatutako txostenak, edo, behin aurkeztuta, haien edukia oraindik nahikoa ez bada, ingurumen-organoak txostena egin behar zuen organoaren gainetik hierarkikoki hurrena dagoen organoaren titularrari pertsonalki eskatuko dio organo eskudunari agintzeko, hamar eguneko epean, eskaera jasotako egunetik zenbatzen hasita, dagokion txostena entrega dezan, atzerapenaren erantzuleak izan ditzakeen erantzukizunei kalterik egin gabe. Egindako eskaera organo substantiboari eta sustatzaileari jakinaraziko zaie, eta ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiteko epea etenda geratuko da.

Hamar eguneko epea amaitzen bada ingurumen-organoak txostena jaso gabe, ingurumen-organoak organo substantiboari eta sustatzaileari jakinaraziko die prozedurak ezin duela aurrera egin, amaitutzat emango du ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta, eta amaitzeko erabakia sustatzaileari eta organo substantiboari jakinaraziko die. Ebazpen horren aurka legez dagozkion errekurtsoak jarri ahal izango dira, bai administrazio-bidean, bai auzibidean, hala badagokio.

Nolanahi ere, sustatzaileak administrazio eskudunari eskatu ahal izango dio txostena egiteko, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legeak 29. artikuluan aurreikusitako prozeduraren bidez.

  • 3.  Era berean, espedientearen azterketa teknikoan ingurumen-organoak irizten baldin badio:

  • a)  ingurumen-inpaktuaren azterketari buruzko informazio gehiagoren beharra dagoela edo, hala badagokio, ingurumen-inpaktuaren azterketaren edukia ez datorrela bat irismeneko dokumentuan eskatutako informazioarekin, edo, bestela,

  • b)  sustatzaileak ez dituela aintzat hartu informazio publikoaren eta kontsulten izapideetan jasotako alegazioak, errekerimendua egingo dio sustatzaileari -eta horren berri emango organo substantiboari-, ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiteko ezinbestekoa den informazio osagarria eman dezan.

Hiru hilabete igaro ondoren, sustatzaileak ez badu bidali eskatutako informazioa, edo aurkeztu ostean nahikoa ez bada, ingurumen-organoak bukatutzat joko du ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta, amaitzeko erabakia sustatzaileari eta organo substantiboari jakinarazita. Ebazpen horren aurka legez dagozkion errekurtsoak jarri ahal izango dira, bai administrazio-bidean, bai auzibidean, hala badagokio. Paragrafo honetan aurreikusitako hiru hilabeteko epea luzatu ahal izango da salbuespenezko eta behar bezala arrazoitutako kasuetan, organo substantiboak hala eskatuz gero. Luzapenak epearen erdia iraungo du gehienez.

  • 4.  Espedientearen azterketa teknikoan ingurumen-organoak noiznahi eskatu ahalko ditu, zuzenean edo organo substantiboaren bitartez, erakunde zientifiko edo akademikoen txostenak, beharrezkoak badira ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egin ahal izateko irizpen-elementu nahikoak edukitzeko. Erakunde horiek hogeita hamar egun balioduneko epean eman beharko dute txostena, eskaera jasotzen dutenetik hasita. Ingurumen-organoak jasotako txostenen kopia helaraziko dio organo substantiboari.

Hogeita hamar egun balioduneko epea igaro ondoren ingurumen-organoak ez baditu eskatutako txostenak jaso, amaitutzat emango du ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta, eta amaitzeko erabakia sustatzaileari eta organo substantiboari jakinaraziko die. Ebazpen horren aurka legez dagozkion errekurtsoak jarri ahal izango dira, bai administrazio-bidean, bai auzibidean, hala badagokio.

  • 5.  Ingurumen-organoak beharrezkotzat jotzen badu pertsona interesdunek eta eragindako administrazio publikoek iritzia azaltzea 3. eta 4. apartatuen babesean jasotako informazio berriari buruz, organo substantiboari eskatuko dio beste kontsulta bat egin diezaiela pertsona interesdunei eta eragindako administrazio publikoei. Haiek hogeita hamar egun balioduneko epean azaldu beharko dute euren iritzia, dokumentazioa jasotzen dutenetik zenbatzen hasita, eta etenda geratuko da ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiteko epea.

Hogeita hamar egun balioduneko epea amaitutakoan prozedurak aurrera egingo du, baldin eta ingurumen-organoak ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiteko irizpen-elementu nahikoak baditu. Hala ez bada, ingurumen-organoak organo substantiboari eta sustatzaileari jakinaraziko die prozedurak ezin duela aurrera egin, amaitutzat emango du ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta, eta amaitzeko erabakia sustatzaileari eta organo substantiboari jakinaraziko die. Ebazpen horren aurka legez dagozkion errekurtsoak jarri ahal izango dira, bai administrazio-bidean, bai auzibidean, hala badagokio.

Aurreko paragrafoan aurreikusitako hogeita hamar eguneko epea luzatu ahal izango da salbuespenezko eta behar bezala arrazoitutako kasuetan, organo substantiboak hala eskatuz gero. Luzapenak epearen erdia iraungo du gehienez.»

Hogei. Honela idatzita geratzen da 41. artikuluaren 2. apartatua:

«2. Ingurumen-inpaktuaren adierazpena nahitaezko txosten erabakigarria izango da. Proiektuak ingurumenean izango dituen ondorio adierazgarriak zehaztuko ditu, eta, hala badagokio, hura garatu ahal izateko baldintzak ezarriko ditu, 35.1.c) artikuluan aipatutako faktoreak egokiro babesteko, bai proiektuaren egikaritzean, bai ustiapenean eta, kasua bada, hura bertan behera uzteko, desegiteko edo eraisteko garaian ere. Hala behar denean, prebentzio-, zuzentze- eta konpentsazio-neurriak ere ezarriko ditu. Ingurumen-inpaktuaren adierazpenak eduki hauek izango ditu, gutxienez:

  • a)  Proiektuaren sustatzailearen eta organo substantiboaren identifikazioa, eta proiektuaren deskribapena.

  • b)  Informazio publikoaren izapidearen emaitzak eta eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei egindako kontsulten emaitzak, laburbilduta, eta nola hartu diren kontuan adierazita.

  • c)  Ingurumen-organoak egindako azterketa teknikoaren laburpena.

  • d)  Ezarri beharreko baldintzak, eta ingurumenean eragiten diren ondorio kaltegarrien prebentzioa, zuzenketa, eta, hala badagokie, konpentsazioa bideratuko duten neurriak, egoki izanez gero.

  • e)  Natura 2000 Sarearen gaineko ondorioen ebaluazioaren konklusioa, hala badagokio. Natura 2000 Sarearen osotasunari kalte egingo zaiola egiaztatzen bada, 35.1.c) artikuluko bigarren paragrafoaren arabera sustatzaileak egindako agiri bidezko justifikazioaren aipamena erantsiko da, eta, hala badagokio, Natura 2000 Sareko konpentsazio-neurriak ere bai, Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legearen 46. artikuluan aurreikusitako inguruabarrak gertatuz gero ezarri behar direnak.

  • f)  Ingurumena behatzeko programa.

  • g)  Egoki izanez gero, jarraipen-batzorde bat sortzea.

  • h)  Aldian behingo eragiketak izanez gero, erabakiaren zioak eta hamargarren xedapen gehigarrian azaldutako epea.

  • i)  Epe luzera azaleko ur-masa baten aldaketa hidromorfologikoa eragin edo lurpeko ur-masa baten maila aldaraziko duten proiektuen kasuan, zehaztuko da ea egindako ebaluaziotik ondorioztatu den horrek egoera onera edo potentzialera iristea eragotziko duela edo horrek kaskartu egingo duela ukitutako ur-masaren egoera edo potentziala. Baiezkoan, adierazpenean hauek ere sartuko dira:

  • 1. a. Proiektuak ur-masen egoeran edo potentzialean sortuko dituen ondorio kaltegarriak arintzeko neurri bideragarri guztien zerrenda. Neurri horiek ebaluaziotik ondorioztatuko dira.

  • 2. a. Arroko erakundearen barruan plangintza hidrologikoaren gaineko unitate eskudunaren adostasuna dagoela adieraztea, egindako ebaluazioarekikoa eta ezarritako arintze-neurriekikoa.»

Hogeita bat. Honela idatzita geratzen da 42. artikulua:

«42. artikulua. Proiektua baimentzea eta publizitatea.

  • 1.  Organo substantiboak kontuan hartu beharko du, proiektua baimentzeko prozeduran, zentzuzko epean ebatzi beharko dela ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa, kontsulten emaitzak barne.

  • 2.  Ingurumen-inpaktuaren adierazpenean jasotako informazio hau sartu beharko da, gutxienez ere, proiekturako baimenean:

  • a)  Proiektuak ingurumenean sortuko dituen ondorio adierazgarriei buruzko konklusioa, ingurumen-inpaktuaren adierazpena kontuan hartuta.

  • b)  Ezarritako ingurumen-baldintzak, proiektuaren ezaugarrien azalpena eta zer neurri aurreikusten diren ingurumenaren gaineko kalte adierazgarriak prebenitzeko, zuzentzeko eta, ahal den neurrian, konpentsatzeko; bai eta, hala badagokio, jarraipen-neurriak eta jarraipenaren ardura duen organoa ere.

  • 3.  Baimen bat ukatzeko erabakian, ukatzearen arrazoi nagusiak azalduko dira.

  • 4.  Organo substantiboak, ahalik eta arinen eta, betiere, proiektuari baimena emateko edo ukatzeko erabakia hartzen duenetik hamabost egun baliodun igaro baino lehen, erabaki horren edukiaren laburpen bat igorriko du Estatuko Aldizkari Ofizialera edo dagokion aldizkari ofizialera, argitara dadin. Laburpen horretan informazio hau jasoko da, gutxienez:

  • a)  Erabakiaren eta, baldintzak ezarriz gero, baldintzen edukia.

  • b)  Erabakiaren oinarri diren arrazoi eta gogoeta nagusiak; tartean, 36. eta 37. artikuluekin eta, hala badagokio, 34. eta 38.2 artikuluekin bat etorriz bildutako informazioa, eta nola sartu den informazio hori, edo nola hartu den aintzat, bereziki, eragindako estatu kidearengandik jasotako oharrak, 49. artikuluan aipatzen direnak.

Halaber, bere egoitza elektronikoan argitaratuko du Estatuko Aldizkari Ofizialaren edo kasuan kasuko aldizkari ofizialaren zein zenbakitan argitaratu ziren ingurumen-inpaktuaren adierazpena eta proiektuari baimena emateko edo ukatzeko erabakiaren laburpena.

  • 5. Aurreko apartatuan adierazitako informazioa igorriko zaie titulu honen III. kapituluan, mugaz gaindiko kontsultei buruzkoan, ezarritakoari jarraituz kontsultatutako estatu kide guztiei.»

Hogeita bi. Honela idatzita geratzen da 43. artikulua:

«43. artikulua. Ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren indarraldia.

  • 1. Ingurumen-inpaktuaren adierazpena indargabetuko da eta dagozkion ondorioak ez ditu jada izango Estatuko Aldizkari Ofizialean edo dagokion aldizkari ofizialean argitaratu ondoren lau urteko epean ez bada proiektu edo jarduera hori egikaritzen hasi. Kasu horietan, sustatzaileak berriro hasi behar du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren izapidea, ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren indarraldia luzatzea erabakitzen ez bada, ondorengo paragrafoetan ezarritakoari jarraituz.

Berariazko araudirik ezean, ulertuko da proiektua egikaritzen hasi dela, beharrezko baimen guztiak lortu ostean, proiektua edo jarduera egikaritzeko behar diren obrak egiten edo instalazioak muntatzen hasi baldin badira, eta Administrazioan hala jasota badago.

Apartatu honetan aurreikusitako ondorioetarako, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa behar duen edozein proiektu edo jardueraren sustatzaileak ingurumen-organoari jakinarazi beharko dio proiektu edo jarduera hori egikaritzen hasteko data.

Prozedura judizial batek zuzenean edo zeharka eragiten badio ingurumen-inpaktuaren adierazpena jaso duen proiektu baten egikaritzeari, adierazpen horren indarraldia etenda egongo da prozedura judiziala hasten denetik prozedura horretan epai irmoa ematen den arte.»

Hogeita hiru. Honela idatzita gelditzen dira 44. artikuluaren 2., 3. eta 4. apartatuak:

«2. Ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren baldintzak aldatzeko prozedura ofizioz hasi ahal izango da, bai eta sustatzaileak eskatuta ere.

Ingurumen-organoak ofizioz -bere ekimenez edo organo substantiboak egindako eskaera arrazoitua egiten duelako- edota salaketa bat egon delako hasiko du prozedura hori, erabaki bidez.

  • 3.  Eskaera arrazoitua edo salaketa jaso badu, ingurumen-organoak eskaerari buruzko txostena eskatuko dio sustatzaileari, eta horren kopia emango zaio organo substantiboari. Organo substantiboak txosten bat egingo du, sustatzailearen txostenari buruz egokitzat jotzen dituen oharrekin.

Ingurumen-organoak prozedura hastearen egokitasunaz erabaki beharko du hogei egun balioduneko epean, organo substantiboaren txostena jasotako egunetik zenbatzen hasita.

Ingurumen-organoak baldintzak aldatzeko prozedura hastea erabakitzen badu, sustatzaileari edo, hala badagokio, salaketa aurkeztu duen pertsonari eskatuko dio, organo substantiboaren bitartez, dokumentazioa aurkez dezala, lehendik ere kontsulta egin zaien pertsona interesdunei eta eragindako administrazio publikoei kontsulta egiteko. Sustatzaileak hogeita hamar egun balioduneko epean dokumentazio hori aurkeztu ezik, ingurumen-organoak jarduketak egiten jarraituko du.

  • 4.  Sustatzailearen eskariz hasten bada prozedura, hogei egun balioduneko epean, sustatzaileak ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren baldintzen aldaketa hasteko aurkeztutako eskaera jasotzen denetik hasita, ingurumen-organoak eskaera ez onartzea ebatzi ahalko du modu arrazoituan, eta ebazpen hori organo substantiboari jakinaraziko dio. Ebazpen horren aurka legez dagozkion errekurtsoak jarri ahal izango dira, bai administrazio-bidean, bai auzibidean, hala badagokio.»

Hogeita lau. Honela idatzita geratzen da 45. artikulua:

«45. artikulua. Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua hasteko eskaera.

  • 1. Proiektua baimentzeko prozedura substantiboaren barruan, sustatzaileak organo substantiboari aurkeztuko dio, arloko legediak eskatutako dokumentazioarekin batera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua hasteko eskaera. Horrekin batera, honako agiri hauek aurkeztu behar dira:

  • a)  Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura aplikatzearen arrazoia.

  • b)  Proiektuaren definizioa, ezaugarriak eta kokapena. Bereziki, hauek:

  • 1. a Proiektuaren ezaugarri fisikoen deskribapena, proiektuaren hiru faseetakoa (eraikuntza, funtzionamendua eta bertan behera uztea);

  • 2. a Proiektuaren kokalekuaren deskribapena; batez ere, eraginpean gerta daitezkeen eremu geografikoak ingurumenaren aldetik sentikorrak izateari dagokionez.

  • c)  Aztertutako alternatiba nagusien azalpena, zero alternatiba barne, eta hartutako irtenbidearen alde egiteko arrazoi nagusien justifikazioa, ingurumenaren gaineko ondorioak kontuan hartuta.

  • d)  Proiektuak nabarmen eragin ditzakeen ingurumen-alderdien deskribapena.

  • e)  Proiektuak ingurumenean sor ditzakeen ondorio adierazgarri guztien deskribapena eta ebaluazioa, ekintza hauen ondorio direnak:

  • 1. a. Aurreikusitako isurketa eta zaborrak, eta hondakinen sorrera;

  • 2. a. Natura-baliabideen erabilera, batez ere lurzoruarena, lurrarena, urarena eta biodibertsitatearena.

Berariaz deskribatu eta aztertuko dira proiektuak biztanlerian, gizakien osasunean, floran, faunan, biodibertsitatean, lurzoruan, airean, uretan, itsas ingurunean, kliman, klima-aldaketan, paisaian, ondasun materialetan (kultura-ondarea barnean hartuta) eta aipatutako faktore guztien arteko interakzioetan eragin daitezkeen ondorio zuzen zein zeharkakoak, metatu eta sinergikoak, bai egikaritze-fasea, bai ustiaketa-fasea kontuan hartuta, eta eraispenari eta proiektua bertan behera uzteko garaiari ere erreparatuta, hala badagokio.

Proiektuak zuzenean edo zeharka Natura 2000 Sareko naturaguneetan ondorioak eragin baditzake, berariazko paragrafo bat erantsiko da, guneetan izango dituen eraginak ebaluatzeko, naturagunea kontserbatzeari lotutako helburuak kontuan hartuta.

7.2.b) artikuluan aurreikusitako kasuetan, proiektuak lekuan eragingo dituen ondorioak soilik deskribatu eta aztertuko dira, Natura 2000 Sareko naturagunearen kontserbazio-helburuak kontuan hartuta.

Proiektuak, epe luzera, azaleko ur-masa baten aldaketa hidromorfologikoa eragin badezake edo lurpeko ur-masa baten maila aldarazi, eta horrek eragotz badezake ur-masa hori egoera onera edo potentzialera iristea edota kaskartu badezake ur-masa horren egoera edo potentziala, berariazko atal bat erantsi beharko da, ukitutako ur-masen egoera edo potentziala definitzen duten kalitate-elementuen gaineko epe luzeko eraginak ebaluatzeko.

  • f)  Berariazko atal bat erantsiko da, hauetan aurreikusten diren eraginen identifikazioa, deskribapena, analisia eta, hala badagokio, kuantifikazioa bilduko dituena: e) letran aipatutako faktoreetan, proiektuak istripu larri edo hondamendiak gertatzeko arriskuekiko duen kalteberatasunaren ondoriozkoetan; halako istripu edo hondamendiak gertatzeko arriskuan; eta halakoren bat gertatuz gero ingurumenean sor daitezkeen kalte adierazgarrietan. Edo, bestela, atal hau proiektuari ez aplikatzea justifikatzen duen txostena erantsiko da.

Beste arau batzuekin bat etorriz egin diren arrisku-ebaluazioen bidez lortutako informazio garrantzitsua erabili ahalko du sustatzaileak. Beste arau horien artean aipa daitezke substantzia arriskutsuak tartean diren istripu larriei datxezkien arriskuen kontrolari buruzko araudia, edota instalazio nuklearren segurtasun nuklearra arautzen duena.

  • g)  Proiektua egikaritzeak ingurumenean eragin dezakeen edozein ondorio negatibo garrantzitsu prebenitzea, murriztea, konpentsatzea, eta, ahal den neurrian, zuzentzea bideratuko duten neurriak.

  • h)  Ingurumen-agirian jasotako argibideak eta neurri babesle eta zuzentzaileak betetzen direla bermatuko duen jarraipena egiteko modua.

Apartatu honen arabera informazioa biltzean, kontuan hartuko dira III. eranskineko irizpideak, hala badagokio.

Sustatzaileak kontuan hartuko ditu beste arau batzuei jarraituz ingurumen-ondorioen eraginaz egindako beste ebaluazio egoki batzuen emaitzak, halakorik badago. Halaber, sustatzaileak eman ahalko du proiektuaren edozein ezaugarriren deskribapena, bai eta ingurumenerako kalte adierazgarriak izan daitezkeenak prebenitzeko aurreikusitako neurriak ere.

  • 2.  Organo substantiboak egiaztatzen badu hasteko eskaerarekin batera ez direla aurkeztu aurreko apartatuan adierazitako dokumentuak, sustatzaileari eskatuko dio nahitaezko agiriak aurkezteko hamar egun balioduneko epean, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 68. artikuluan ezarritako ondorioak izango ditu. Sustatzaileak egindako ingurumen-agiriari dagokionez, zeina ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egiteko oinarrizko dokumentua baita, egiaztatu egingo da 45.1 artikuluan aipatutako atal berariazkoak sartu direla bertan.

Halaber, organo substantiboak egiaztatuko du arloko legediari jarraituz aurkeztutako dokumentazioak eta proiektuak betetzen dituztela eskatutako baldintzak.

  • 3.  Aurreko egiaztatzeak egin ondoren, organo substantiboak ingurumen-organoari helaraziko dio hasteko eskaera, bai eta harekin batera aurkeztu beharreko agiriak ere.

  • 4.  Hogei egun balioduneko epean, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua hasteko eskaera jasotako egunetik zenbatzen hasita, ingurumen-organoak ez onartzea erabaki dezake, arrazoi hauetako batzuk direla-eta:

  • a)  Argi eta garbi iritziz gero proiektua nabarmen bideraezina dela, ingurumen-arrazoiengatik.

  • b)  Ingurumen-agiriak kalitate-baldintza nahikoak ez dituela betetzen iritziz gero.

Ez onartzea erabakitzeko ebazpena eman aurretik, ingurumen-organoak sustatzaileak adierazitakoa entzungo du, eta horren berri emango dio organo substantiboari, hamar egun balioduneko epean. Horrenbestez, ez onartzea adierazteko aurreikusitako epea etenda geratuko da.

Ez onartzeko ebazpenak justifikatuko ditu erabakiaren arrazoiak, eta haren aurka legez dagozkion errekurtsoak jartzeko aukera dago, administrazio-bidean zein auzibidean, hala badagokio.»

Hogeita bost. Honela idatzita geratzen da 47. artikulua:

«47. artikulua. Ingurumen-inpaktuaren txostena.

  • 1.  Ingurumen-organoak hiru hilabeteko epean egingo du ingurumen-inpaktuaren txostena, hasteko eskaera eta hari erantsi beharreko agiriak jasotako egunetik zenbatzen hasita.

Salbuespenezko kasuetan, proiektuaren izaeraren, konplexutasunaren, kokapenaren edo neurrien ondoriozkoetan, hain zuzen, behar bezala justifikatuta badago, ingurumen-organoak ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko epea luzatu ahalko du 45 egun baliodun gehiago emanez, gehienez ere. Horrelakoetan, ingurumen-organoak epea luzatzea justifikatzen duten arrazoiak azalduko dizkio sustatzaileari, eta ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko daukan gehieneko epea adieraziko dio.

  • 2.  Ingurumen-organoak, sustatzailearengandik jasotako informazioa, egindako kontsulten emaitza eta, halakorik bada, beste legedi batzuen arabera egindako ingurumen-ondorioen ebaluazioen edo atariko egiaztapenen emaitzak kontuan hartuta, ingurumen-inpaktuaren txostena emango du, zeinean modu arrazoituan eta III. eranskineko irizpideei jarraituz hau xedatu ahalko duen:

  • a)  Proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin behar zaiola, ingurumenean ondorio adierazgarriak eragin litzakeelako. Kasu horretan, sustatzaileak ingurumen-inpaktuaren azterketa egingo du, 35. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

Horretarako, sustatzaileak ingurumen-inpaktuaren azterketaren irismeneko dokumentua eskatu ahal izango dio ingurumen-organoari, 34. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

  • b)  Proiektuak ez duela kalte adierazgarririk eragingo ingurumenean, ingurumen-inpaktuaren txostenean ezarritakoari jarraituz; txosten horretan azalduko dira, gutxienez ere, proiektuaren ezaugarriak eta ingurumenean sor litzakeen kalte adierazgarriak prebenitzeko aurreikusten diren neurriak.

  • 3.  Ingurumen-inpaktuaren txostena hamabost egun balioduneko epean bidaliko da, Estatuko Aldizkari Ofizialean edo dagokion aldizkari ofizialean argitara dadin, hargatik eragotzi gabe ingurumen-organoaren egoitza elektronikoan argitaratzea.

  • 4.  2.b) paragrafoan aurreikusitako kasuan, ingurumen-inpaktuaren txostena indargabetu egingo da eta utzi egingo dio ondorioak izateari, baldin eta Estatuko Aldizkari Ofizialean edo dagokion aldizkari ofizialean argitaratu ondoren gehienez ere lau urteko epean ez bada proiektu hori baimendu, non eta ez den erabakitzen ingurumen-inpaktuaren txostenaren indarraldia luzatzea, hurrengo apartatuetan ezarritako moduan.

  • 5.  Ingurumen-inpaktuaren txostenaren aurka ezin izango da errekurtsorik jarri, hargatik eragotzi gabe proiektua baimentzeko egintzaren aurka administrazio-bidean edo auzibidean egokiak izan daitezkeen errekurtsoak.

  • 6.  Sustatzaileak ingurumen-inpaktuaren txostenaren indarraldia luzatzeko eskatu ahal izango du, 4. apartatuan ezarritako lau urteko epea amaitu baino lehen. Sustatzailearen eskaerak eten egingo du lau urteko epe hori.

  • 7.  Eskaera hori aurkeztuta, ingurumen-organoak erabaki ahal izango du ingurumen-inpaktuaren txostenaren indarraldia luzatzea, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egiteko oinarritzat hartutako elementuetan funtsezko aldaketarik gertatu ez bada. Horrenbestez, bi urtez luzatu ahal izango da indarraldia. Epe hori amaitzen bada, proiektu edo jardueraren egikaritzea hasi gabe, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura.

  • 8.  Ingurumen-organoak luzapen-eskaerari buruzko erabakia hiru hilabeteko epean hartuko du, eskaera aurkeztutako egunetik zenbatzen hasita. Horren aurretik, ingurumen-organoak txostena eskatuko die gaia dela-eta eragindako administrazio publikoei, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egiteko baliatutako funtsezko elementuei buruz. Administrazio horiek hilabeteko epean eman beharko dute irizpena, eta epe hori hamabost egun baliodun gehiagoz luza daiteke, behar bezala justifikatutako arrazoiak adieraziz gero.

  • 9. Epea igarotzen bada ingurumen-organoak ingurumen-inpaktuaren txostenaren indarraldiaren luzapenari buruzko erabakirik hartu gabe, luzapen-eskaera aintzat hartu dela joko da.»

Hogeita sei. Honela idatzita geratzen da 48. artikulua:

«48. artikulua. Proiektua baimentzea eta publizitatea.

  • 1.  Proiektua baimentzeko prozeduran, organo substantiboak kontuan hartu beharko du egindako ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa, kontsulten emaitzak ere barne direla.

  • 2.  Baimena emateko erabakietan informazio hauek jasoko dira, gutxienez:

  • a)  Ingurumen-inpaktuaren txostenean zer konklusio atera den proiektuak ingurumenean eragingo dituen ondorio adierazgarriei buruz.

  • b)  Ingurumen-inpaktuaren txostenean ezarritako ingurumen-baldintzak, eta, halaber, proiektuaren ezaugarrien azalpena eta zer neurri aurreikusten diren ingurumenaren gaineko kalte adierazgarriak prebenitzeko, zuzentzeko, konpentsatzeko eta ahal den neurrian indargabetzeko; bai eta, hala badagokio, jarraipen-neurriak eta jarraipenaren ardura duen organoa ere.

  • 3.  Baimen bat ukatzeko erabakian, ukatzearen arrazoi nagusiak azalduko dira.

  • 4.  Organo substantiboak, 47.2.b) artikuluan aurreikusitako kasuan, ahalik eta arinen eta, betiere, proiektuari baimena emateko ala ukatzeko erabakia hartzen duenetik hamabost egun baliodun igaro baino lehen, erabaki horren edukiaren laburpena igorriko du Estatuko Aldizkari Ofizialera edo dagokion aldizkari ofizialera, argitara dadin.

Halaber, bere egoitza elektronikoan argitaratuko ditu hauek: erabakiaren edukia eta erantsi zaizkion baldintzak, halakorik bada; erabakiaren oinarri diren arrazoi eta gogoeta nagusiak, 46. artikuluari jarraituz bildutako informazioa barne, eta nola txertatu den informazio hori edo nola hartu diren aintzat, bereziki, eragindako estatu kide batengandik jasotako oharrak, 49. artikuluan aipatzen baitira; Estatuko Aldizkari Ofizialaren edo kasuan kasuko aldizkari ofizialaren zein zenbakitan argitaratu zen ingurumen-inpaktuaren txostena.

  • 5.  Aurreko apartatuan adierazitako informazioa igorriko zaie titulu honen III. kapituluan, mugaz gaindiko kontsultei buruzkoan, ezarritakoari jarraituz kontsultatutako estatu kide guztiei.»

Hogeita zazpi. Honela idatzita geratzen dira 49. artikuluaren 3., 4. eta 8. apartatuak, eta 9. apartatua gehitzen zaio:

«3. Eraginda gerta litekeen estatuari egiten zaion jakinarazpenean dokumentazio hau erantsi behar da:

  • a)  Plan, programa edo proiektua abian jartzeko, onesteko edo baimentzeko prozeduraren laburpen bat, ingurumen-ebaluazioa eta mugaz gaindiko kontsultak egingo diren prozeduraren fasea barnean hartuta. Har litezkeen erabakien izaerari buruzko informazioa ere gehituko da.

  • b)  Plan edo programaren hasierako bertsioa, eta ingurumen-azterketa estrategikoko mugaz gaindik sor daitezkeen ondorioei buruzko zatia, plan edo programen kasuan; edo proiektua, eta ingurumen-inpaktuaren azterketako mugaz gaindik sor daitezkeen ondorioei buruzko zatia, proiektuen kasuan.

  • c) Jakinarazpena egiten bada ingurumen-azterketa estrategikoaren edo ingurumen-inpaktuaren azterketaren irismeneko dokumentua zehazteko izapidean, plan, programa edo proiektuaren hasierako agiria beharko da, b) letran adierazitako dokumentazioaren ordez.

  • 4. Eragindako estatuak adieraziz gero ingurumen-ebaluazioaren prozeduran parte hartzeko asmoa, Kanpo Arazoetako, Europar Batasuneko eta Lankidetzako Ministerioak, ingurumen-organoarekin eta organo substantiboarekin lankidetzan, eta Espainiak sinatutako aldebiko edo alde askotako akordioak kontuan hartuta:

  • a)  Mugaz gaindiko kontsultak egiteko egutegia ezarriko du, bai eta hartu beharreko neurriak ere, estatu horretan eragindako agintaritza publikoek eta publiko interesdunak ingurumen-ebaluazioaren prozeduran eraginkortasunez parte hartu ahal dezaten, zer dokumentu itzuli behar diren erabakitzea barnean hartuta. Behar diren neurriak hartuko dira euren iritzia azaltzeko aukera izan dezaten sustatzaileak emandako informazioari buruz eta proiektua baimentzeko eskaerari buruz.

  • b)  Plan edo programaren hasierako bertsioa eta ingurumen-azterketa estrategikoko mugaz gaindik sor daitezkeen eraginei buruzko zatia igorriko ditu, plan edo programen kasuan, edo proiektua eta ingurumen-inpaktuaren azterketako mugaz gaindik sor daitezkeen eraginei buruzko zatia, proiektuen kasuan, dokumentazio hori ez bada lehendik igorri. Eskuragarri jarri ahalko dira organo eskudunek egindako txosten eta irizpen nagusiak.

Apartatu honetan aurreikusitako kontsultak egiteko epea hiru hilabetekoa izango da gehienez.»

«8. Plan, programa edo proiektu bat abian jartzeko, onesteko edo baimentzeko eskumena autonomia-erkidego bati dagokionean, hark Kanpo Arazoetako, Europar Batasuneko eta Lankidetzako Ministerioaren bitartez egingo ditu artikulu honetan aurreikusitako izapide guztiak, eta horren berri emango dio ingurumenaren arloko ministerio eskudunari.

9. Estatuak, nazioarteko akordio berariazkoen bidez, erakunde komun bat eratu ahalko du, ekitatezko ordezkaritza oinarri, mugaz gaindik eragina izan dezaketen proiektuetan beharrezkoa den lankidetza bideratzeko.»

Hogeita zortzi. Honela idatzita geratzen da 52. artikulua:

«52. artikulua. Ingurumen-inpaktuaren adierazpenen eta ingurumen-inpaktuaren txostenen jarraipena.

  • 1.  Organo substantiboari eta, Estatuaren eskumenekoak ez diren proiektuen kasuan, autonomia-erkidegoek izendatzen dituzten organoei dagokie ingurumen-inpaktuaren adierazpena edo ingurumen-inpaktuaren txostena betetzen dela egiaztatzeko jarraipena egitea.

  • 2.  Ingurumen-inpaktuaren adierazpenean edo ingurumen-inpaktuaren txostenean definitu ahal izango dira, behar izanez gero, haietan ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko jarraipenaren betekizunak, bai eta jarraipenerako parametro motak eta jarraipenaren iraupena ere; horiek proiektuaren izaerari, kokapenari eta tamainari eta ingurumenean izango duen inpaktuaren garrantziari dagokien neurrikoak izango dira.

Ondorio horietarako, sustatzaileak organo substantiboari igorriko dio ingurumen-inpaktuaren adierazpenean ezarritako baldintzak edo neurri zuzentzaileak eta konpentsazio-neurriak betetzen direla egiaztatzeko jarraipen-txosten bat, baldin eta ingurumen-inpaktuaren adierazpenean edo ingurumen-inpaktuaren txostenean hala xedatu bada, betiere ebazpen horietan ezarritakoari jarraituz.

Jarraipen-txostenak barnean hartuko du ingurumena zaintzeko programan aurreikusitako neurrien egiaztapen-zerrenda. Ingurumena zaintzeko programa eta egiaztapen-zerrenda organo substantiboaren egoitza elektronikoan argitaratuko dira. Aldez aurretik ingurumen-organoari jakinaraziko zaio egoitza elektronikoan argitaratuko direla.

  • 3.  Sustatzailearen betebeharra da agintari publiko diren funtzionarioei proiektuaren egikaritzeari lotutako instalazio eta tokietan sartzen uztea, Konstituzioaren 18. artikuluan ezarritako bermeei jarraituz. Halaber, sustatzailearen eginbeharra da lan hori egiteko behar duten laguntza ematea, eta horretarako eskatutako informazio eta dokumentazio guztia eskuratzea.

  • 4.  Estatuaren eskumeneko proiektuen ingurumen-inpaktuaren adierazpenek eta ingurumen-inpaktuaren txostenek ezarri ahal izango dute, organo substantiboak proposatuta, eta autonomia-erkidegoaren esanbidezko adostasunarekin, ingurumenaren arloko baldintza, prebentzio-neurri, neurri zuzentzaile eta konpentsazio-neurri batzuen jarraipena autonomia-erkidegoko organo eskudunak egitea, energia nuklearrari buruzko araudia bete behar duten edo lehergaiak ekoiztea helburu duten proiektuetan izan ezik.

  • 5.  Ingurumen-organoak egiaztapenak egin ahalko ditu, eta informazioa bildu, ingurumen-inpaktuaren adierazpenean edo ingurumen-inpaktuaren txostenean ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko. Era berean, ingurumen-inpaktuaz egindako ebaluazioen inplementazio-maila, emaitzak, eraginkortasuna eta efizientzia ebaluatu ahalko ditu, atzeraelikaduran oinarritutako metodoaren etengabeko hobekuntza ahalbidetu, eta estatistikak egin.

  • 6.  Bikoiztasunak ekiditeko, lehendik dauden jarraipen-mekanismoak erabil ahalko dira.»

Hogeita bederatzi. Honela idatzita geratzen dira 56. artikuluaren 2. eta 4. apartatuak:

«2. Zehapenak epe hauetan preskribatuko dira, zehapena jartzea agintzen duen ebazpena irmo bihurtzen den egunaren biharamunetik zenbatzen hasita:

  • a)  Zehapen oso astunak, hiru urtera.

  • b)  Zehapen astunak, bi urtera.

  • c)  Zehapen arinak, urtebetera.

Erantzulearen inguruabarrak, erruaren maila, behin eta berriro egitea, parte hartzea, lortutako onura eta ingurumenari eragindako kaltearen edota pertsonen osasunean eragindako arriskuaren maila kontuan hartuta ezarriko dira zehapenak, eta eraginkorrak, disuasio-eragileak eta neurrikoak izango dira, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeak 29. artikuluan ezarritakoarekin bat.»

«4. Zehatutako jokabideek Administrazio Publikoan edota ingurumenean kalte-galerak eragin badituzte, eta kalte horiek arloko legedian berariaz aurreikusi gabe badaude, prozeduraren ebazpenak erabaki hauek jasoko ditu:

  • a)  Arau-hausleari eskatzea arau-haustearen ondorioz aldatutako egoera lehengoratzea.

Horren haritik, arau honetan aurreikusitako arau-hauste batek ingurumenean kalteak eragiten baditu, Ingurumen Erantzukizunaren urriaren 23ko 26/2007 Legean ezarritakoa beteko da, edota, hala badagokio, xede horretarako emandako araudian zehaztutakoa. Edo, bestela,

  • b)  Eragindako kalte-galerei dagokien kalte-ordaina ordainaraztea, kalte-galera horien zenbatekoa prozeduran erabaki bada.»

Hogeita hamar. Aldatu egiten da hirugarren xedapen gehigarria eta honela idatzita geratzen da:

«Hirugarren xedapen gehigarria. Informazio-betebeharrak.

  • 1.  Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2011ko abenduaren 13ko 2011/92/EB Zuzentarauak, zenbait proiektu publiko eta pribatuk ingurumenean dituzten ondorioen ebaluazioari buruzkoak, 12.2 artikuluan ezartzen duenarekin bat etorriz, ingurumenaren arloko ministerio eskudunak informazio hau igorriko dio Europako Batzordeari sei urtean behin, 2017ko maiatzaren 16tik aurrera zenbatuta:

  • a)  Ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egin zaien proiektuen kopurua eta proiektu horien xehapena, I. eta II. eranskinetan aurreikusitako proiektu-kategorien arabera.

  • b)  Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egin zaien proiektuen kopurua.

  • c)  Ingurumen-inpaktua ebaluatzeko prozesuaren batez besteko iraupena.

  • d)  Ingurumen-inpaktuaren ebaluazioen batez besteko kostu zuzenaren zenbatespen orokorrak, lege hau ETEei aplikatzeak sortutako inpaktua barnean hartuta.

Horri dagokionez, eta informazio eguneratua edukitzeko, autonomia-erkidegoek, urtero, abenduaren 31 baino lehen, ingurumenaren arloko ministerio eskudunari igorriko diote goian aipatutako informazio hori, euren eskumen-eremuan ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egin zaien proiektuak direla-eta.

  • 2.  Halaber, administrazio publikoek ingurumenaren arloko ministerio eskudunari emango diote nazioarteko zuzenbidearen eta Europako Erkidegoko zuzenbidearen ondoriozko beste informazio-betebehar batzuk betetzeko beharrezkoa den beste edozein informazio.»

Hogeita hamaika. Aldatu egiten da zazpigarren xedapen gehigarria eta honela idatzita geratzen da:

«Zazpigarren xedapen gehigarria. Natura 2000 Sareko naturaguneetan ondorioak eragin ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa.

  • 1.  Edozein plan, programa edo proiektuk, Natura 2000 Sareko naturagune baten kudeaketarekin lotura zuzenik izan gabe edo hartarako beharrezkoa izan gabe, aipaturiko naturaguneari eragin ahal badio (dela banaka dela beste plan, programa edo proiektu batzuekin batera), naturagunean zer eragin izan dezakeen aztertuko da, ebaluazio egokia eginez, lege honetan ezarritako prozeduren arabera. Azterketa hori, betiere, lekua babesteko helburuak aintzat hartuta egingo da, Natura Ondarearen eta Biodibertsitatearen abenduaren 13ko 42/2007 Legean ezarritakoari jarraituz.

Plan, programa edo proiektu batek Natura 2000 Sareko naturagune baten kudeaketarekin lotura zuzena duela edo gunearen kudeaketatarako beharrezkoa dela frogatzeko, sustatzaileak adierazi ahalko du kudeaketa-planaren zein ataletan ageri den inguruabar hori, edo bestela txostena eskatu ahalko dio naturagune hori kudeatzeko organo eskudunari.

Era berean, plan, programa edo proiektu batek Natura 2000 Sareko naturagune batean kalte nabarmenik eragingo ez duela ziurtatzeko, sustatzaileak adierazi ahalko du kudeaketa-planaren zein ataletan aipatzen den berariaz, onartutako jarduera gisa, plan, programa edo proiektu horren xedea, edo, bestela, txostena eskatu ahalko dio naturagune hori kudeatzeko organo eskudunari.

Aurreko bi paragrafoetan aurreikusitako kasuetan ez da egin beharko plan, programa edo proiektuaren ingurumen-ebaluazioa.

  • 2.  Estatuko Administrazio Orokorraren eskumeneko plan, programa eta proiektuen kasuan, Natura 2000 Sareko naturaguneen gaineko ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren konklusioak ikusita, eta Natura Ondarearen eta Dibertsitatearen abenduaren 13ko 42/2007 Legearen 46. artikuluan ezarritakoaren mendean, ingurumenaren arloko ministerio eskudunak Natura 2000 Sarearen koherentzia globala bermatzeko beharrezkoak diren konpentsazio-neurriak ezarri eta ikuskatuko ditu. Horiek zehazte aldera, nahitaez eskatuko zaie txostena ukitutako autonomia-erkidegoetako organo eskudunei, eta horiek hogeita hamar egun balioduneko epea izango dute txostena emateko. Epea igarotakoan, txostenik jaso ez bada, jarduketetan aurrera egin ahalko da.

  • 3. Natura 2000 Sareko konpentsazio-neurriak ezarriz gero, ingurumenaren arloko ministerio eskudunak neurri horiei buruzko informazioa bidaliko dio Europako Batzordeari, erregelamenduz ezarritako prozeduraren bidez.»

Hogeita hamabi. Honela idatzita geratzen da bederatzigarren xedapen gehigarria:

«Bederatzigarren xedapen gehigarria. Ingurumen-ebaluazioei buruzko ziurtagiriak.

Europako Erkidegoko funtsei buruzko araudian ezarritakoaren ondorioetarako, Estatuko Administrazio Orokorreko ingurumen-organoa izango da Natura 2000 Sareari ez zaiola erasaten egiaztatzen duen ziurtagiria emateko agintaritza eskuduna, Estatuko Administrazio Orokorrak baimendu beharreko proiektuen kasuan, baldin eta haien ingurumen-inpaktuaren ebaluazioan, nahitaezkoa denean, Natura 2000 Sareko naturaguneei ez zaiela erasaten erabaki bada.

Ondorio berberetarako, Estatuko Administrazio Orokorreko ingurumen-organoak proiektu bat legearen aplikazio-eremuan sartzeari buruzko ziurtagiriak egin ahalko ditu, baldin eta proiektu horri ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egin bazaio eta berari buruzko ingurumen-erabakia hartu bada, ez bestela.»

Hogeita hamahiru. Honela idatzita geratzen da hamalaugarren xedapen gehigarria:

«Hamalaugarren xedapen gehigarria. Pertsona interesdunak identifikatzeko erregistroak.

  • 1.  Lege honetan ezarritakoaren arabera kontsulta egin behar zaien pertsona interesdunak identifikatzeko, administrazio publikoek erregistroak sortu ahalko dituzte pertsona interesdun direla frogatzen duten pertsona fisiko edo juridikoen inskripziorako.

  • 2.  Lankidetza, elkarlana eta elkarri informazioa ematea printzipiotzat hartuta, administrazio publikoek mekanismo eraginkorrenak ezarriko dituzte identifikatutako pertsona interesdunei buruzko informazioa ahalik eta modurik eraginkorrenean trukatzeko, sortzen diren erregistroen arteko konexioaren bitartez, batez ere».

Hogeita hamalau. Xedapen gehigarri bat eransten da, hamaseigarrena.

«Hamaseigarren xedapen gehigarria. Epai irmoak betetzeko egiten diren ebaluazioak.

  • 1.  Erdi gauzatuta edo erabat gauzatuta dagoen proiektu batek ingurumenean eragin ditzakeen ondorio adierazgarrien ebaluazioa egin beharra dagoenean epai irmo batek hala agintzen duelako, ebaluazio hori II. tituluan ezarritako prozeduren bidez egingo da, xedapen honetan aurreikusitako berezitasunekin.

  • 2.  Ebaluazioaren oinarri izango dira 2. artikuluan aipatutako printzipioak eta, hala badagokio, sortutako inpaktuak konpentsatu eta egoera leheneratzeko printzipioa aplikatuko da prebentziozko eta kautelazko ekintzaren printzipioaren ordez. Aurrera edo atzera begirako azterketa egokien bidez egingo da ebaluazioa, egon dagoen errealitate fisikoa kontuan hartuz.

  • 3.  Ingurumen-agiriak eta ingurumen-inpaktuaren azterketak legean ezarritako edukia izango dute, eta, horrez gain:

  • a)  Bereizi egin beharko dituzte, proiektuaren deskribapen orokorrean, gauzatuta dagoen proiektu zatia eta gauzatu gabe dagoena. Gainera, alternatiben azterketan aldatutako egoera leheneratzeko aukera beti aztertuko da.

  • b)  Bereizi egin beharko dituzte, proiektuak ingurumeneko faktoreetan eragingo dituen ondorioen karakterizazioan eta balorazioan, gauzatutako zatiari dagozkion ondorioak -atzera begirako azterketa baten bitartez- eta artean gauzatu gabe dagoen zatiari dagozkionak -aurrera begirako azterketa baten bitartez, zeina ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren baliokide izango baita-.

  • c)  Ingurumena babesteko neurriak ezarri beharko dituzte, jada gauzatuta dauden proiektuko elementuek eragindako inpaktuak zuzendu, konpentsatu edo egoera leheneratu ahal izateko (inpaktu larriak eta kritikoak sortu dituzten proiektuko elementuen ezabaketa barne) eta gauzatu gabe dauden proiektuko elementuetarako aurreikusitako inpaktuak prebenitzeko, haiek zuzentzeko eta konpentsatzeko.

  • d)  Bereizi egin beharko dituzte, ingurumena zaintzeko programan, gauzatuta dauden proiektuko elementuei dagozkien neurriak eta gauzatu gabekoei dagozkienak.

  • 4.  Espedientearen azterketa teknikoa egitean kontuan hartuko dira hauek:

  • a)  Gauzatu gabeko proiektu zatiari dagokionez, aurrera begirako ebaluazioa egingo da, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren printzipioei jarraituz, aurreikusten diren inpaktu kaltegarri adierazgarriak prebenitzeko, horiek leuntzeko edo konpentsatzeko.

  • b)  Gauzatutako proiektu zatiari dagokionez, bereziki baloratuko da xede hauek lortzeko aurreikusitako neurrien egokitasuna:

  • 1. a. Inpaktu horiek jaso dituzten ingurumeneko elementuetan dagoeneko sortu diren inpaktu adierazgarriak konpentsatzea.

  • 2. a. Gauzatuta dauden proiektuko elementuek eragindako inpaktu adierazgarriak kritikoak ez diren kasuetan, horiek etorkizunean zuzentzea, ahal bada, edo konpentsatzea, ezin badira zuzendu edo hondakin-inpaktua eragingo dela aurreikusten bada.

  • 3. a. Inpaktu larriak edo kritikoak sortzen dituzten proiektuko elementuak kendu, eta halako inpakturik sortzen ez duten elementu alternatiboak jartzea haien ordez. Horrelako kasuetan, aldatutako egoera leheneratu beharko da.

  • 5.  Ingurumen-inpaktuaren adierazpenak edo ingurumen-inpaktuaren txostenak legean aurreikusitako edukiak izango ditu, eta konklusioetan bereizi egingo dituzte gauzatutako proiektu zatiari lotutako inpaktuak eta gauzatu gabeko zatiari lotutakoak. Hala badagokio, gauzatutako proiektu zatiari lotutako inpaktuak zuzentzeko, konpentsatzeko edo egoera leheneratzeko neurriak zehaztuko ditu, ingurumena zaintzeko programarekin batera.»

Hogeita hamabost. Xedapen gehigarri bat eransten da, hamazazpigarrena.

«Hamazazpigarren xedapen gehigarria. Instalazio mlHtarrak,

Lege honen ondorioz autonomia-erkidegoek edo toki-entitateek egin beharreko ingurumenaren arloko jarduketa administratibo batek edo beste mota batekoak eraginik badu Defentsa Nazionalaren intereseko deklaratutako eremuetan edota Defentsa Nazionalari atxikitako lursail, eraikin eta instalazioetan (horien babes-eremuak barne), nahitaez eskatu beharko da Defentsa Ministerioaren txostena, eta txosten hori loteslea izango da Defentsa Nazionalari dagokion guztian.»

Hogeita hamasei. Xedapen gehigarri bat eransten da, hemezortzigarrena:

«Hemezortzigarren xedapen gehigarria. Instalazio nuKlear eta erradloaktlboaK.

Segurtasun Nuklearreko Kontseilua (CSN) sortzeko apirilaren 22ko 15/1980 Legeak ezarritakoarekin bat etorriz, abenduaren 3ko 1836/1999 Errege Dekretuak onartutako Instalazio Nuklear eta Erradioaktiboei buruzko Erregelamenduaren arabera baimendu behar diren proiektuen kasuan, Segurtasun Nuklearreko Kontseiluaren ardura izango da ingurumen-inpaktu erradiologikoaren ebaluazioa eta ingurumen-zaintza erradiologikoaren programa egitea, bai eta azken hori gainbegiratzea ere, segurtasun nuklearrari eta babes erradiologikoari buruzko araudi indarduna aplikatuz.

Estatuko Administrazio Orokorrak baimendu behar dituen eta abenduaren 3ko 1836/1999 Errege Dekretuak onartutako Instalazio Nuklear eta Erradioaktiboei buruzko Erregelamendua aplikatu behar zaien proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren kasuan, organo substantiboak 36. artikuluan aipatzen den informazio publikoa egingo du, proiektuaren funtsezko ezaugarrien laburpena barne. Ingurumen-inpaktuaren adierazpena egin aurretik, Segurtasun Nuklearreko Kontseiluak txostena emango du sustatzaileak aurkeztutako datuei buruz, VI. eranskinarekin bat etorriz; horretarako, behar bezala koordinatu beharko dira ingurumenaren arloko ministerio eskuduna eta Segurtasun Nuklearreko Kontseilua, elkarren eskumenak errespetatuz betiere.

Estatuko Administrazio Orokorrak baimendu behar dituen eta abenduaren 3ko 1836/1999 Errege Dekretuak onartutako Instalazio Nuklear eta Erradioaktiboei buruzko Erregelamendua aplikatu behar zaien proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren kasuan, ohiko jardunean eta istripu egoeran egon daitekeen inpaktu erradiologikoa baloratzeko txostena horrelako instalazioei aplikatu beharreko arauekin bat egingo da; horretaz gain, aurretik Estatu Kontseiluari kontsulta eginda, eta aplikatzekoa den araudian aurreikusitako kasuetan, aintzat hartuko dira Segurtasun Nuklearreko Kontseiluak ezar ditzakeen arauak, baldin eta barruan hartzen badute 5.1.a) artikuluan aipatutako faktore guztien ingurumen-ebaluazio integrala bermatzeko prozeduren erregulazioa.

Segurtasun Nuklearreko Kontseiluak bere araudi espezifikoaren arabera egin behar duen ingurumen-inpaktu erradiologikoaren ebaluazioarekin bat etorriz egingo dira ingurumen-inpaktuaren adierazpena eta ingurumen-txostena.»

Hogeita hamazazpi. Honela idatzita geratzen da azken xedapenetako zortzigarrena:

«Azken xedapenetako zortzigarrena. EsKumen-tltuluaK.

  • 1.  Lege hau, eranskinak barnean hartuta, Konstituzioaren 149.1.23 artikuluaren babesean ematen da; izan ere, artikulu horrek Estatuari esleitzen dio ingurumena babesteko oinarrizko legedia egiteko eskumen esklusiboa, hargatik eragotzi gabe autonomia-erkidegoek, oinarrizko legedi horren gehigarri, babes-arauak emateko dituzten ahalmenak.

  • 2.  Honako hauek ez dira oinarrizkoak, eta, horrenbestez, Estatuko Administrazio Orokorrari eta haren organismo publikoei soilik aplikatu behar zaizkie:

  • a) Manu hauek: 3. artikuluaren 1. apartatuko laugarren paragrafoa; 8. artikuluaren 3. eta 4. apartatuak; 11. artikuluaren 1. apartatua; 18. artikuluaren 4. apartatuko azken bi paragrafoak; 19. artikuluaren lehen apartatuko bigarren paragrafoko azken esaldia; 23. artikuluaren bigarren paragrafoa; 27. artikuluaren 2. apartatua eta 3. apartatuko azken esaldia; 28. artikuluaren 4. apartatuko bigarren paragrafoko azken esaldia; 29. artikuluaren 4. apartatuko azken bi paragrafoak; 30. artikuluaren 2. apartatuko lehen paragrafoko azken esaldia; 34. artikuluaren 4. apartatuko bigarren paragrafoko azken esaldia; 39. artikuluaren 4. apartatuko azken bi paragrafoak; 43. artikuluaren 2. apartatua eta 3. apartatuko azken esaldia; 44. artikuluaren 5. apartatuko bigarren paragrafoko azken esaldia; 45. artikuluaren 4. apartatuko azken bi paragrafoak; 46. artikuluaren 2. apartatuko bigarren paragrafoko azken esaldia; III. tituluko III. kapitulua; seigarren xedapen gehigarriaren lehen paragrafoa; zazpigarren xedapen gehigarriaren 2. eta 3. apartatuak, eta bederatzigarren xedapen gehigarria.

  • b) Artikulu hauetan eta hamargarren xedapen gehigarrian ezarritako epeak:

  • 12., 17., 18., 19., 24., 25., 26., 27., 28., 29., 30., 31., 32., 33., 34., 35., 36., 37., 38.,

  • 39., 40., 41., 42., 43., 44., 45., 46. eta 47. artikuluak.

  • 3.  Hargatik eragotzi gabe aurreko apartatuetan ezarritakoa, Konstituzioaren 149.1.18 artikuluaren babespean -zeinak administrazio publikoen araubide juridikoaren eta administrazio-prozedura erkidearen oinarriak arautzen baititu-, eta autonomia-erkidegoen antolaketaren ondoriozko espezialitateak gorabehera, honakoak ematen dira: 9. artikuluaren 3. apartatua; 12. artikuluaren 2. eta 3. apartatuak eta 4. apartatuko lehen esaldia; 19. artikuluaren 1. apartatuko hirugarren paragrafoa; 21. artikuluaren 4. apartatuko hirugarren paragrafoa; 22. artikuluaren 1. apartatuko hirugarren paragrafoa; 24. artikuluaren 4. apartatuko azken esaldia; 24. artikuluaren 5. apartatuko bigarren paragrafoa; 27. artikuluaren 4. apartatuko bigarren esaldia; 28. artikuluaren 4. apartatuko lehen paragrafoko azken esaldia eta hirugarren paragrafoa; 30. artikuluaren 2. apartatuko bigarren paragrafoa; 34. artikuluaren 4. apartatuko hirugarren paragrafoa; 36. artikuluaren 3. apartatua; 37. artikuluaren 3. apartatuko bigarren paragrafoa; 40. artikuluaren 2. apartatuko hirugarren eta laugarren paragrafoak, 3. apartatuaren bigarren paragrafoa, 4. apartatua eta 5. apartatuko bigarren paragrafoa; 43. artikuluaren 3. apartatuko bigarren esaldia; 44. artikuluaren 5. apartatuko hirugarren paragrafoa, eta 46. artikuluaren 3. apartatuko lehenengo paragrafoa.

  • 4.  Zortzigarren xedapen gehigarria Konstituzioaren 149.1.6 artikuluaren babesean ematen da; izan ere, artikulu horrek merkataritzaren alorrean eskumen esklusiboa esleitzen dio Estatuari. Halaber, 149.1.23 artikuluaren babesean ematen da, artikulu horrek ingurumena babesteko alorrean oinarrizko legedia emateko eskumen esklusiboa esleitzen baitio Estatuari.

Zortzigarren xedapen gehigarriaren 3. apartatuko bigarren paragrafoa, berriz, Konstituzioaren 149.1.8 artikuluan oinarritzen da. Artikulu horrek erregistro eta tresna publikoak antolatzeko eskumena ematen dio Estatuari.

  • 5.  Hamabosgarren xedapen gehigarria, azken xedapenetako bigarrena, hirugarrena, laugarrena eta bosgarrena, eta bigarren xedapen iragankorra Konstituzioaren 149.1.22 artikuluaren babesean ematen dira. Artikulu horrek eskumen esklusiboa ematen dio Estatuari, baliabide eta aprobetxamendu hidraulikoei buruzko legeak egiteko eta baliabide horiek antolatzeko eta emateko, baldin eta urak autonomia-erkidego batetik baino gehiagotik igarotzen badira. Halaber, Estatuari dagokio instalazio elektrikoak baimentzea, haien aprobetxamenduak beste autonomia-erkidego bati eragiten badio, edo energia hori dagokion lurralde-eremutik kanpora garraiatzen bada.

  • 6.  Hamaseigarren xedapen gehigarria Konstituzioaren 149.1.6 artikuluaren babesean ematen da; izan ere, artikulu horrek prozedura-legediaren alorrean eskumen esklusiboa esleitzen dio Estatuari. Halaber, 149.1.23 artikuluaren babesean ematen da, artikulu horrek ingurumena babestearen alorrean oinarrizko legedia emateko eskumen esklusiboa esleitzen baitio Estatuari.»

Hogeita hemezortzi. Honela idatzita geratzen da azken xedapenetako bederatzigarrenaren 2. apartatua:

«2. Halaber, Gobernuari baimena ematen zaio eranskinak alda ditzan, araudi indardunari, zientziaren eta teknikaren bilakaerari eta nazioarteko arauetan eta Europar Batasunaren zuzenbidean xedatzen denari egokitzeko.»

Hogeita hemeretzi. Kendu egiten da azken xedapenetako hamaikagarrena.

Berrogei. Hau ezartzen da III. eranskinaren ordez:

«III. ERANSKINA

II. eranskineko proiektu batek ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta behar duen erabakitzearren 47.2 artikuluan aipatutako irizpideak

  • 1.  Proiektuen ezaugarriak. Proiektuen ezaugarriak kontuan hartu beharko dira alderdi hauei erreparatuta, batez ere:

  • a)  Proiektu osoaren neurriak eta diseinua.

  • b)  Lehendik diren edo onartuta dauden beste proiektu batzuekin metatzea.

  • c)  Natura-baliabideak erabiltzea, batez ere lurra, lurzorua, ura eta biodibertsitatea.

  • d)  Hondakinak sortzea.

  • e)  Kutsadura eta beste asaldu batzuk.

  • f)  Istripu larriak edota hondamendi nabarmenak gertatzeko arriskuak, kasuko proiektuari dagozkionak, klima-aldaketak eragindakoak barne, ezagutza zientifikoen arabera.

  • g)  Gizakien osasunari kalte egiteko arriskuak (adibidez, uraren edo airearen kutsadurak eta kutsadura elektromagnetikoak sortutako arriskuak).

  • 2.  Proiektuen kokalekua. Proiektuen eragina izan dezaketen eremu geografikoen ingurumen-sentikortasunari erreparatu behar zaio, iraunkortasun-printzipioak kontuan hartuta, batez ere:

  • a)  Lurzoruaren egungo erabilera eta onartutako erabilera.

  • b)  Eremuko eta bere lurpeko natura-baliabideen (lurzorua, lurra, ura eta biodibertsitatea barne) oparotasun erlatiboa, erabilgarritasuna, kalitatea, eta birsortzeko gaitasuna.

  • c)  Natura-ingurunearen xurgatze-gaitasuna, batez ere arlo hauetan:

  • 1. a. Hezeguneak, ur-bazterrak, ibai-ahoak.

  • 2. a. Kostaldeak eta itsas ingurunea.

  • 3. a. Mendiko eta basoko eremuak.

  • 4. a. Natura-erreserbak eta parkeak.

  • 5. a. Estatuko edo autonomia-erkidegoetako legediek sailkatutako edo babestutako eremuak; Natura 2000 Sareko guneak.

  • 6. a. Aplikatzekoa den legedian ezarrita dauden eta proiektuari dagozkion ingurumen-kalitatearen helburuak jada gainditu diren eremuak edo ingurumen-kalitaterako arau horiek bete ez direla irizten zaion eremuak.

  • 7. a. Dentsitate demografiko handiko eremuak.

  • 8. a. Garrantzi historiko, kultural eta/edo arkeologikoa duten paisaiak eta lekuak.

  • 9. a. Kultura-ondarean eragin potentziala duten eremuak.

  • 10. a. Lurrazaleko eta lurpeko ur-masak, plangintza hidrologikoan eta kasuan kasuko ingurumen-helburuetan aurreikusitakoak.

  • 3. Balizko inpaktuaren ezaugarriak. Proiektuek ingurumenean izan ditzaketen ondorio adierazgarriak aintzat hartu behar dira, 1. eta 2. apartatuetan ezarritako irizpideei dagokienez, eta proiektuak 45. artikuluko 1.e) letran adierazitako faktoreetan izango duen eragina kontuan hartuz, alderdi hauei erreparatuta:

  • a)  Inpaktuaren handitasuna eta hedadura espaziala (adibidez, eragina jasan dezaketen eremu geografikoa eta populazioaren tamaina).

  • b)  Inpaktuaren nolakotasuna.

  • c)  Inpaktua mugaz gaindikoa izatea.

  • d)  Inpaktuaren intentsitatea eta konplexutasuna.

  • e)  Inpaktuaren probabilitatea.

  • f)  Inpaktuaren hasiera aurreikusia, iraupena, maiztasuna eta itzulgarritasuna.

  • g)  Inpaktua metatzea lehendik diren edo onartuta dauden beste proiektu batzuen inpaktuekin.

  • h)  Inpaktua eraginkortasunez murrizteko aukera.»

Berrogeita bat. Hau ezartzen da VI. eranskinaren ordez:

«VI. ERANSKINA

  • I. eta II. eranskinetan ageri diren obra, instalazio edo jarduerei dagozkien ingurumen-inpaktuaren azterketa, kontzeptu teknikoak eta zehaztapenak

A zatia. Ingurumen-inpaktuaren azterketa.

35. artikuluan azaldutako ingurumen-inpaktuaren azterketak epigrafe hauetan adierazten den informazioa bildu beharko du:

  • 1.  Proiektuaren helburua eta deskribapena.

  • a)  Proiektuaren kokalekuaren deskribapena.

  • b)  Proiektu osoaren ezaugarri fisikoen deskribapena, tartean direla, hala badagokio, egin beharreko eraispen-obren baldintzak eta eraikuntza- eta ustiapen-faseetan lurra erabiltzeko beharrizanak.

  • c)  Erabiliko diren materialen deskribapena, okupatuko diren lurzorua eta lurra, eta beste natura-baliabide batzuen aipamena, haiek ezabatzea edo ukitzea ezinbestekotzat jotzen bada proiektua egikaritzeko; proiektuaren ustiapen-fasearen ezaugarri nagusien deskribapena (batez ere, edozein ekoizpen-prozesurena); eta azalpenak, esaterako, energia-eskariaz eta erabiliko den energiaz, erabiliko diren material eta natura-baliabideen nolakotasunaz eta kopuruaz (ura, lurra, lurzorua eta biodibertsitatea barne).

  • d)  Eraikuntza- eta ustiapen-faseetan eta, halakorik badago, eraispen-fasean sortuko diren hondakin moten eta kopuruen eta haien osaeraren deskribapena, eta gerta daitezkeen isurketen aurreikuspena (adibidez, uraren, airearen, lurzoruaren eta lurpearen kutsadura), edota jarduketaren ondoriozko beste edozein elementurena; esate baterako, arrisku sismiko naturala edo proiektuak eragindakoa, aldi baterakoa -proiektua egin bitartekoa- edo iraunkorra -proiektua jada eginda eta funtzionamenduan dagoenean-, bereziki zaratak, bibrazioak, usainak, argi-emisioak, beroa, erradiazioa, partikula-isurketak eta abar.

Abenduaren 3ko 1836/1999 Errege Dekretuak onartutako Instalazio Nuklear eta Erradioaktiboen Erregelamendua bete behar duten proiektuen kasuan, sustatzaileak ingurumen-inpaktuaren azterketan aurreikuspen bat jaso beharko du honakoei buruz: eraikuntza-, ustiapen- eta eraiste-faseetan sortuko diren hondakin mota eta kopuruei eta haien osaerari buruz, eta ohiko jardueran -jarduera horretako gorabeheretan nahiz istripuetan- gerta daitezkeen isurketa erradioaktiboei buruz, bai eta ALARA (As Low As Reasonably Achievable) irizpidea betetzeari buruzko adierazpena ere, horrelako egoeretarako babes erradiologikoko oinarrizko arauekin bat etorriz.

  • e)  Erabiliko diren teknologiak eta substantziak.

  • 2.  Ingurumenaren aldetik egokienak diren proiektu-alternatiben azterketa, 1.1.b) artikuluan adierazitakoari jarraituz, teknikoki bideragarriak izateari erreparatuta, eta hartutako erabakiaren justifikazioa.

  • a) Irizpide anitzeko azterketa bat, sustatzaileak aztertua, ingurumenaren aldetik egokienak, proiekturako adierazgarriak -zero alternatiba edo jarduketarik ez egitearena barne- eta proposatutako proiekturako eta haren ezaugarri espezifikoetarako teknikoki bideragarriak diren alternatibei buruz; proposatutako konponbidearen justifikazioa, eta ingurumen-ondorioen konparazioa, zeinak kontuan hartuko baititu hainbat irizpide, esaterako, irizpide ekonomikoa eta funtzionala. Alternatiba onenaren hautaketa irizpide anitzeko azterketa global batean oinarritu beharko da, zeinean alderdi ekonomikoak ez ezik gizarte- eta ingurumen-alorrak aintzat hartuko baitira.

  • b)  Denboraz aurreikus litezkeen betekizunen deskribapena, lurzorua eta beste natura-baliabide batzuk erabiltzeari begira, aztertutako alternatiba bakoitzaren kasuan.

  • c)  Zero alternatibari edo jarduketarik ez egiteari dagokionez, ingurumenaren egungo egoerari erreparatuta kontuan hartu beharreko alderdien deskribapena egingo da (erreferentziako hipotesia), eta proiektua gauzatu ezean haiek ustez izango luketen bilakaera aurkeztuko da, baldin eta erreferentziako hipotesitik abiatuta gertatuko liratekeen aldaketa naturalak ebaluatzeko esfortzua zentzuzkoa baldin bada, eskuragarri dagoen ingurumen-informazioa eta ezagutza zientifikoak kontuan hartuta.

  • 3.  Ingurumen-inbentarioa eta prozesu eta interakzio ekologikoen edo ingurumen-prozesu eta -interakzio garrantzitsuen deskribapena.

  • a)  Obrak hasi aurretik lekuan dagoen egoeraren eta ingurumen-baldintzen azterketa, bai eta lurzoruaren okupazio motena eta beste natura-baliabide batzuen aprobetxamenduarena ere, lehendik dauden jarduerak kontuan hartuta.

  • b)  Proiektuak eragin ditzakeen eta 35. artikuluaren 1. apartatuko c) letran definituta dauden faktore guztien deskribapena, errolda, inbentarioa, kuantifikazioa eta, hala badagokio, kartografia. Hona zer faktore diren: biztanleria, gizakien osasuna, biodibertsitatea (adibidez, fauna eta flora), lurra (adibidez, lurren okupazioa), geodibertsitatea, lurzorua (adibidez, materia organikoa, higadura, trinkotzea eta zigilatzea), lurpea, ura (adibidez, aldaketa hidromorfologikoak, kantitatea eta kalitatea), itsas ingurunea, airea, klima (adibidez, berotegi-efektuko gasen isurketa, egokitzapenerako inpaktu adierazgarriak), klima-aldaketa, ondasun materialak, kultura-ondarea, arkitektura- eta arkeologia-alderdiak, paisaia (Paisaiaren Europako Hitzarmenaren arabera), eta faktore horien guztien arteko interakzioa.

Ur-masaren bat ukitu behar bada, hauek adieraziko dira: haren izaera, egoeraren karakterizazioa, presioak, inpaktuak, eta plangintza hidrologikoak esleitutako ingurumen-helburuak.

  • c)  Gako diren interakzio ekologikoen deskribapena eta haien justifikazioa.

  • d)  Proiektuak eragindako lurraldearen mugaketa eta deskribapen kartografiatua, definitutako ingurumen-alderdi bakoitzari dagokionez.

  • e)  Egungo ingurumen-egoera eta ebaluatu beharreko proiektuak eragingo duen jarduketa alderatzeko konparazio-azterlana, aintzat hartutako alternatiba bakoitzari dagokionez.

  • f)  Aipaturiko deskribapen eta azterketak labur-zehatz azalduko dira, proiektuak ingurumenean eragin ditzakeen ondorioak ulertzeko beharrezkoak diren heinean.

  • 4.  Bai proposaturiko konponbidean, bai beste alternatibetan gerta daitezkeen inpaktuen identifikazioa eta balorazioa.

  • a)  Proiektatutako jarduerek 3. apartatuan adierazitako ingurumen-alderdietan izango dituzten ondorio adierazgarriak aurreikusiko dira, aztertutako alternatiba bakoitzaren kasuan, eta haien identifikazioa, kuantifikazioa eta balorazioa jasoko dira. Egoki izanez gero, ingurumen-inbentarioa osatzeko eta proiektuaren inpaktuak identifikatu eta baloratzeko beharrezkoak diren modelizazioak egingo dira.

  • b)  Ingurumen-inpaktuak identifikatzeko ezinbestekoa izango da proiektuak bultzatutako ekintzen eta kasu zehatz bakoitzean erasandako ingurumen-alderdien berariazko ezaugarrien arteko interakzioen azterketa. Ekintza hauek aztertuko dira, besteak beste:

  • 1. a. Proiektuaren eraikuntza eta existentzia, baita eraispen-obrak ere, hala badagokio.

  • 2. a. Natura-baliabideak erabiltzea, bereziki lurra, lurzorua, ura eta biodibertsitatea (natura-baliabideak). Kontuan hartuko da, ahal den neurrian, baliabide horien erabilgarritasun jasangarria.

  • 3. a. Kutsatzaileen, zaraten, bibrazioen, argiaren, beroaren eta erradiazioen isurketa, eragozpenak sortzea, eta hondakinak ezabatzea eta berreskuratzea.

  • 4. a. Gizakien osasunerako, kultura-ondarerako edo ingurumenerako arriskuak (adibidez, istripu edo hondamendiek eragindakoak).

  • 5. a. Proiektuaren eraginak lehendik diren edo onartuta dauden beste proiektu batzuen eraginekin metatzea. Kontuan hartuko dira eragina jasan lezaketen ingurumen-garrantzi bereziko eremuei dagokienez edo natura-baliabideen erabilerari dagokionez lehendik diren ingurumen-arazoak.

  • 6. a. Proiektuak kliman izango duen eragina (esaterako, berotegi-efektuko gasen isurketen izaera eta zenbaterainokoa, eta proiektuaren kalteberatasuna klima-aldaketarekiko).

Gerta daitezkeen ondorio adierazgarrien deskribapenak, 35.1 artikuluan aipatutako faktoreei dagokienez, barruan hartu behar ditu proiektuaren zuzeneko ondorioak eta zeharkako ondorioak, bigarren mailakoak, metakorrak, mugaz gaindikoak, epe labur, ertain nahiz luzekoak, iraunkorrak eta aldi baterakoak, positiboak eta negatiboak. Deskribapen horretan aintzat hartu behar dira Europar Batasunaren edo estatu kideen mailan ingurumena babesteko ezarrita dauden eta proiekturako adierazgarriak diren helburuak.

Hala badagokio, aztertu beharko da proiektuak zer ondorio sortuko dituen ukitutako ur-masen egoera edo potentziala definitzen duten kalitate-elementu guztietan.

Ingurumeneko ondorio adierazgarriak definitzeko eta ebaluatzeko erabilitako aurreikuspen-metodoak edo datuak deskribatuko dira. Besteak beste, xehetasunez azalduko dira informazioa biltzerakoan aurkitu diren zailtasunak (esaterako, akats teknikoak edo ezagutza-falta), eta horrek berekin dakartzan ziurgabetasun nagusiak.

  • c) Plan, programa edo proiektu batek ingurumenean eragingo dituen ondorio adierazgarriak kuantifikatuko dira plan edo programa garatzearen ondorioz edo proiektua egikaritzearen ondorioz habitat eta espezieetan gertatuko diren aldaketak identifikatuta eta deskribatuta, datu neurgarrien bidez. Neurtuko dira, bereziki, alderdi hauetan aurreikusitako aldaketak:

  • 1. a. Zuzenean edo zeharbidez (bazka-sarearen edo ingurumen-bektoreen bidez) erasandako habitataren azalera edo populazioaren tamaina. Bektoreak hauek dira, zehazki: ur-, hondakin- eta energia-fluxuak edo fluxu atmosferikoak; lurzorua, itsasertza eta itsasadarrak. Horretarako, erasandako habitat edo espeziearen unitate biofisikoak baliatuko dira.

  • 2. a. Inpaktuaren intentsitatea, adierazle kuantitatibo eta kualitatiboak aintzat hartuta. Kasurako adierazle egokirik aurkitzen ez bada, eskala bat diseinatu ahal izango da, erasandako habitat eta espezieek pairatutako kalitate-aldaketak portzentajetan adieraziko dituena.

  • 3. a. Inpaktuak habitatean eta espezieetan eragingo dituen ondorioen iraupena, maiztasuna eta itzulgarritasuna.

  • 4. a. Banakoen ugaritasuna edo kopurua, dentsitatea, edo haien presentzia-eremuaren hedapena.

  • 5. a. Dibertsitate ekologikoa, espezie kopuruaren bidez edo espezie-ugaritasun erlatiboaren deskribapenaren bidez neurtua, gutxienez ere.

  • 6. a. Espeziearen edo habitataren bitxitasuna (toki-mailan, eskualde-mailan eta goragoko mailetan ebaluatuta, Europako Erkidegoari dagokiona barnean hartuta), bai eta haren gaineko mehatxu-gradua ere.

  • 7. a. Eragindako habitataren eta espeziearen parametro hauetan, besteak beste, gertatuko diren aldaketak: kontserbazio-egoeran, egoera ekologiko kuantitatiboan, osotasun fisikoan eta egituran eta funtzioan.

  • d) Balorazioa. Proiektua egikaritzearen ondorioz aurreikusten diren ingurumen-inpaktu bateragarriak, arinak, larriak eta kritikoak adieraziko dira. Identifikatutako eta baloratutako ingurumen-inpaktuak hierarkizatuko dira, haien garrantzi erlatiboa ezagutzeko.

  • 5.  Ingurumen-ondorio adierazgarriak murrizteko, deuseztatzeko edota konpentsatzeko prebentzio-neurriak, neurri zuzentzaileak eta konpentsazio-neurriak ezartzea.

Proiektu-alternatibetako bakoitzak ingurumenean eragingo lituzkeen kalte adierazgarriak prebenitzeko, haiek zuzentzeko eta, hala badagokio, konpentsatzeko aurreikusten diren neurriak deskribatuko dira, bai proiektuaren diseinuari eta kokapenari dagozkienak, bai ustiapenari eta desegite edo eraispenari dagozkienak. Bereziki, eragindako ur-masen egoeraren edo potentzialaren gaineko ondorio kaltegarriak leuntzeko beharrezkoak diren neurriak definituko dira.

Konpentsazio-neurriak, ahal dela, leheneratze-ekintzak izango dira, edo abian jarritako ekintzaren izaera bera baina alderantzizko eragina duten ekintzak, bestela.

Proiektuaren aurrekontuak neurri horiek barnean hartuko ditu, proiektuaren gainerako atalen zehaztasun-maila berarekin, berariazko paragrafo batean, eta ingurumen-inpaktuaren azterketari erantsiko zaio.

  • 6.  Ingurumena zaintzeko eta jarraipena egiteko programa.

Ingurumena zaintzeko programak sistema bat ezarriko du, ingurumen-inpaktuaren azterketan jasota dauden jarraibideak eta neurriak -prebentzioa, zuzenketa eta, hala badagokio, konpentsazioa helburu dutenak- beteko direla bermatzeko, bai egikaritze-fasean, bai ustiapen-fasean. Programa horrek zainketari jarriko dio arreta obren fasean, eta jarraipenari erreparatuko dio proiektua ustiatzeko fasean. Proiektuaren aurrekontuan, ingurumenaren zainketa eta jarraipena ere sartuko dira, bai obrak egiteko fasean, bai ustiapen-fasean. Berariazko paragrafo batean adieraziko dira, eta atal hori ingurumen-inpaktuaren azterketan txertatuko da.

Ingurumena zaintzeko eta jarraipena egiteko programak helburu hauek ditu:

  • a)  Ingurumen-zainketa obren fasean:

  • 1. a. Ingurumenaren aldetik garrantzia duten desbideratzeak detektatzea eta zuzentzea, eraikuntza-proiektuan proposatutakoa aintzat hartuta.

  • 2. a. Ingurumen-neurriak egoki betetzen diren ikuskatzea.

  • 3. a. Neurriak ezabatzeko, aldatzeko, edo neurri berriak sartzeko beharra mugatzea.

  • 4. a. Ingurumen-elementu garrantzitsuen bilakaeraren jarraipena egitea.

  • b)  Ingurumen-jarraipena ustiapen-fasean. Ingurumen-inpaktuaren azterketak justifikatuko du fase horren iraupena, aurreikusitako ondorio kaltegarrien ingurumen-garrantzia kontuan hartuta.

  • 1. a. Obren fasean aplikatutako neurrien bilakaera egokia egiaztatzea.

  • 2. a. Jardueraren ezarpenari buruzko erantzunaren eta ingurumen-bilakaeraren jarraipena.

  • 3. a. Ustekabeko ondorioei edo ezarritako zuzenketa-neurrien funtzionamendu okerrari aurre egiteko mekanismoak diseinatzea.

  • 7.  Proiektuaren kalteberatasuna.

Istripu larri edo hondamendi adierazgarriren bat gertatzeko arriskuarekiko kaltebera izatearen ondorioz proiektuak ingurumenean sor ditzakeen kalte adierazgarrien deskribapena, kasuko proiektuari dagokiona. Helburu horretarako, eskuragarri dagoen informazio garrantzitsua eta beste araudi batzuei jarraituz egindako arrisku-ebaluazioen bitartez lortutakoa erabili ahalko da. Aipa daitezke, besteak beste, istripu larrietan substantzia arriskutsuak tarteko direnean sortzen diren arriskuak kontrolatzeko araudia (SEVESO) eta instalazio nuklearren segurtasun nuklearrari buruzko araudia. Horrelako ezbeharrek ingurumenean sortzen dituzten kalte adierazgarriak prebenitzeko eta leuntzeko aurreikusitako neurri guztiak jaso behar dira deskribapenean, bai eta halako larrialdietarako proposatzen diren prestakuntzari eta erantzunari buruzko xehetasunak ere.

  • 8.  Natura 2000 Sareko naturaguneen gaineko ondorioen ingurumen-ebaluazioa.

Proiektuak Natura 2000 Sarean eragingo dituen ondorioak ebaluatzeko atalean hauek jasoko dira, proiektua gauzatzeko alternatibetako bakoitzerako:

  • a)  Eragindako naturaguneen identifikazioa, eta eremu horietako bakoitzean proiektuak eragingo dituen habitaten, espezieen eta gainerako kontserbazio-helburuen identifikazioa; naturagune horietan proiektuak gehien eragin ditzakeen eskakizun ekologikoen deskribapena, eta kontserbazio-egoera deskribatzen duen informazio kuantitatibo, kualitatibo eta kartografiko eskuragarria, naturagune osoaren eskalakoa.

  • b)  Proiektuak hauetan sortuko dituen ondorioen identifikazioa, karakterizazioa eta kuantifikazioa: lekuaren izendapenerako aintzat hartu ziren habitaten eta espezieen kontserbazioan; dagokion kudeaketa-planean zehaztutako gainerako kontserbazio-helburu espezifikoetan, eta, hala badagokio, beste naturagune batzuekiko konektibitatean, eta Sarearen barruan dena delako naturaguneari garrantzi berezia ematen dioten eta haren koherentzia lortzen laguntzen duten gainerako elementuetan. Inpaktu horien ebaluazioan, oinarritzat hartuko da naturagunean kontserbatu behar diren habitat eta espezieei buruzko informazio egiazkoa eta eguneratua.

  • c)  Inpaktuak leuntzeko prebentzio- eta zuzenketa-neurriak, eta hondar-inpaktua konpentsatzea xede dutenak; horrela, proiektuak naturagunean ukituko dituen habitat edo espezie guztien kontserbazio-egoera definitzen duen aldagai multzoaren narriadura garbia ekiditen da.

  • d)  Aurreikusten diren inpaktu eta neurrien jarraipenaren berezitasunak.

  • 9.  Aurreko epigrafeen arabera emandako informazioaren laburpen ez-teknikoa.

Sintesi-dokumentuak hogeita bost orrialde izango ditu gehienez, eta orokorrean ulertzeko moduan idatziko da.

  • 10.  Azterketak eta analisiak egiteko kontsultatutako erreferentzia bibliografikoen zerrenda eta proiektuari aplikatu beharreko ingurumen-arauen zerrenda.

B zatia. Kontzeptu teknikoak.

  • a)  Ondorio zuzena: ingurumen-alderdiren batean berehalako eragina duena.

  • b)  Zeharkako ondorioa edo bigarren mailakoa: interdependentzian, edo, oro har, ingurumen-sektore batek beste batekin duen erlazioan, berehalako eragina duena.

  • c)  Metatze-ondorioa: eragilearen ekintza denboran luzatzearen ondorioz larritasuna pixkanaka areagotzen duena, deuseztatzeko mekanismoek ez baitute kaltea eragiten duen eragilearen hazkundearen pareko denbora-eraginkortasunik.

  • d)  Ondorio sinergikoa: hainbat eragileren ekintzek batera ingurumen-eragin handiagoa dakartenean bakarka aintzat hartzen diren banakako eraginen metaketak dakarrena baino.

Halaber, ondorio baten ekintza-modua dela-eta, denborarekin beste ondorio batzuk agertzea eragiten badu, mota honen barruan sartzen da.

  • e)  Ondorio iraunkorra: tokiko erlazio ekologikoen edo ingurumen-erlazioen sistemaren egituran edo funtzioan eragina duten ezaugarrien alterazioa, denbora-tarte zehaztugabean irauten duena.

  • f)  Aldi baterako ondorioa: denboran irauten ez duen alterazioa, zehaztu edo aurreikus daitekeen denbora-tartean gertatzen dena.

  • g)  Epe laburreko ondorioa, epe ertainekoa eta epe luzekoa: hurrenez hurren, urtebeteko ziklo baten barruan, bost urte igaro baino lehen edo bost urte igaro eta gero azaldu daitekeena.

  • h)  Ingurumen-inpaktu bateragarria: jarduera amaitu eta egoera berehala leheneratzen dena; ez du prebentzio-neurririk edo neurri zuzentzailerik behar.

  • i)  Ingurumen-inpaktu arina: prebentzio-neurri edo neurri zuzentzaile trinkorik behar ez duten lehengoratze-prozesuak, hasierako ingurumen-baldintzak berreskuratzeko denbora apur bat behar izaten dutenak.

  • j)  Ingurumen-inpaktu larria: ingurumen-baldintzak berreskuratzeko prebentzio-neurriak edo neurri zuzentzaileak egokitzea ezinbesteko duten egoerak, eta, neurri horiek hartuta ere, berreskuratze-denbora luzea behar dutenak.

  • k)  Ingurumen-inpaktu kritikoa: atalase onargarria baino magnitude handiagoa duena. Ingurumen-baldintzen kalitatea iraunkortasunez galtzen doa, eta ez dago lehengoratzeko aukerarik, ez eta babesteko edo zuzentzeko neurriak hartuta ere.

  • l)  Hondar-inpaktua: natura-balioen galerak edo alterazioak, dagozkien kopuru, azalera, kalitate, egitura eta funtzioak kuantifikatuta, har daitezkeen prebentzio-neurri eta neurri zuzentzaile guztiak in situ aplikatu ondoren, saihestezinak eta konponezinak direnak.

  • m)  Arrisku sismikoa: lurzoruaren mugimendua (intentsitatea, azelerazioa eta abar) neurtzen duen parametro jakin baten balioa denboraldi zehatz batean gainditzeko arriskua.

  • n)  Proiektuak zatikatzea: proiektu bat zatikatzeko amarruzko mekanismoa, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta saihestea helburu duena, magnitudeen baturak I. eranskinean ezarritako atalaseak gainditzen dituenean.

C zatia. I. eta II. eranskinetan ageri diren obra, instalazio edo jarduerei buruzko zehaztapenak.

  • a)  Petrolio gordinaren findegiak (baina ez, ordea, petrolio gordinetik lubrifikatzaileak besterik ekoizten ez duten enpresak), eta egunean gutxienez 500 tona ikatz edo arbel bituminoso gasifikatzeko eta likidotzeko moduko instalazioak.

  • b)  Zentral termikoak eta beste errekuntza-instalazio batzuk, gutxienez 300 MW-eko potentzia termikoa dutenak, bai eta zentral nuklearrak eta beste erreaktore nuklear batzuk (materia fisionagarri eta emankorrak ekoizteko eta eraldatzeko ikerketarako instalazioak izan ezik), 1 kW-eko karga termiko iraunkorreko potentzia gainditzen ez badute.

Zentral nuklearrak eta gainerako erreaktore nuklearrak ez dira jada instalazio nukleartzat hartzen erregai nuklear guztia eta erradioaktiboki kutsatutako gainerako elementuak behin betiko kentzen direnean instalazioa dagoen tokitik.

  • c)  Hondakin erradiaktiboak iraunkorki biltegiratzeko edo behin betiko deuseztatzeko besterik ez diren instalazioak. Lege honen ondorioetarako, ulertuko da hondakin erradioaktiboak iraunkorki biltegiratzeko instalazioa dela, haren iraupena gorabehera, jarduera horretarako berariaz eratu dena, eta hondakin horiek sortzen dituen instalazio nuklear edo erradioaktiboaren eremutik kanpo dagoena.

  • d)  Instalazio kimiko integratuak. Lege honen ondorioetarako, instalazio kimiko integratutzat joko dira transformazio kimikoaren bidez substantziak eskala industrialean fabrikatzeko instalazioak, zeinetan elkarren ondoan baitaude funtzionalki haien artean lotuta dauden zeinbait unitate, produktu hauek ekoizteko erabiltzen direnak: oinarrizko produktu kimiko organikoak, oinarrizko produktu kimiko ez-organikoak, fosforo, nitrogeno edota potasiodun ongarriak (ongarri bakunak nahiz konposatuak), oinarrizko produktu fitosanitarioak eta biozidak, prozesu kimiko edo biologikoen bidez lortzen diren oinarrizko farmazia-produktuak, eta lehergaiak.

Instalazio kimiko integratua jarri nahi bada lehendik instalazio kimikoen multzorik ez dagoen kokagune jakin batean, lege hau bete beharko du, fabrikatzen duen produktu kimikoa edozein izanda ere.

Instalazio kimiko integratua jarri nahi bada lehendik instalazio kimikoen multzoren bat dagoen kokagune jakin batean, lege hau bete beharko du baldin eta haren fabrikazio-prozesuko substantzia edo nahastura kimikoak arriskutsutzat sailkatuta badaude Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008ko abenduaren 16ko 1272/2008 (EE) Erregelamenduaren arabera. Erregelamendu hori substantzia eta nahasturen sailkapenari, etiketatzeari eta ontziratzeari (CLP) buruzkoa da. Inpaktuaren ebaluazioan kontuan hartu beharko da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006ko abenduaren 18ko 1907/2006 (EE) Erregelamenduak ezarritakoa. Erregelamendu hori substantzia eta prestakin kimikoak erregistratzeari, ebaluatzeari, baimentzeari eta murrizteari (REACH) buruzkoa da, eta haren bidez sortu da Substantzia eta Prestakin Kimikoetarako Europako Agentzia.

  • e)  Autobideak, autobiak, errei anitzeko errepideak, errepide arruntak eta saihesbideak eraikitzea. Lege honen ondorioetarako, Errepideen irailaren 29ko 37/2015 Legearen 2. eta 4. artikuluak aplikatuko dira.

  • f)  2.100 metro edo gehiagoko aireratzeko eta lurreratzeko pistak dituzten aireportuak. Lege honen ondorioetarako, aireportutzat ulertuko da Aire-nabigazioari buruzko uztailaren 21eko 48/1960 Legeak eta 1944ko Chicagoko Hitzarmenak, Abiazio Zibilaren Nazioarteko Erakundea sortzeari buruzkoak (14. eranskina) jasotako definizioetan adierazitakoa. Horren haritik, aireportua da lur- edo ur-eremu mugatua (eraikinak, instalazioak eta ekipoak biltzen ditu), guztiz edo partzialki aireontziak hara iristeko, handik irteteko edo haren azaleratik mugitzeko erabiltzen dena.

  • g)  Merkataritza-portuak. 1.350 tonatik gorako itsasontziak hartzen dituzten bide nabigagarriak eta barne-nabigazioko portuak, bai eta kirol-portuak ere.

1.350 tonatik gorako itsasontziak hartzen dituzten bide nabigagarriei eta barne-nabigazioko portuei dagokienez, ulertuko da 1.350 tonako edukiera baino handiagoko itsasontziak hartzen dituztela.

  • h)  Hondakin arriskutsuak ezabatzeko instalazioak, hain zuzen, hondakinak errausketaz, tratamendu kimikoz edo lurrean biltegiratuta ezabatzeko instalazioak. Lege honen ondorioetarako, tratamendu kimikoa tratamendu fisiko-kimikoa dela ulertuko da, eta lurrean biltegiratzea segurtasun-deposituan lurrean gordetzea dela.

Multzo honetan sartutzat joko dira Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen I. eranskineko D3, D5, D8, D9, D10 eta D12 ezabatze-eragiketak.

  • i)  Landatu gabeko lursailak eta eremu erdi naturalak. Lege honen ondorioetarako, multzo horretan inoiz landatu gabeko lursailak daudela ulertuko da, bai eta noizbait landatu zirenak eta jarduera hura utzitakoak ere, baldin eta Mendien azaroaren 21eko 43/2003 Legeak zehaztutako baldintzak eta epeak betetzen badituzte, eta ondorioz, zurezko baso-landarez estaltzeko denbora izan badute.

  • j)  Harrikatz bituminosoa, lignitoa edo beste mineral batzuk erauzteko aire zabaleko meategiak. Lege honen ondorioetarako, ulertuko da aire zabaleko erauzketak direla meatokiak eta gainerako baliabide geologikoak aprobetxatzeko edo ustiatzeko lanak edo jarduerak, nahitaez meatzaritzako teknika aplikatzea eskatzen dutenak, eta lurpeko lanen bidez egiten ez direnak. Meatzaritzako teknika aplikatzea beharrezkoa dela jotzen da lehergailuak erabili behar badira, 3 metro altu edo gehiagoko ebaki, sakan edo bankuak egin behar badira, edo beste nolabaiteko makineria behar bada.

  • k)  Lurzoruaren erabileraren aldaketa. Lege honen ondorioetarako, lurzoruaren erabileraren aldaketatzat joko da landa-lurzoruaren erabileraren (nekazaritza, abeltzaintza, basogintza, ehiza edo natura-baliabideak zentzuz baliatzeari lotutako edozein erabilera) edozein eraldaketa -landa-lurzoruaren izaera gordeta-landare-estalkiaren funtsezko alterazioa badakar, edo landa-lurzorua lurzoru urbanizatu bihurtzea badakar.

  • l)  Lur ureztatuak finkatzea eta hobetzea. Lege honen ondorioetarako, ulertuko da lur ureztatuak finkatzeko ekintzak direla ur faltagatik edo hoditerian ura galtzeagatik ur gutxiegi duten lur ureztatuetan eragina duten ekintzak, lehendik dauden laboreen ur-premiak osatzea helburu dutenak. Lur ureztatuak hobetzeko ekintzatzat hartzen dira ur nahikoa duten edo ur asko duten azaleretan eragina duten ekintzak, ura aurreztea edo ustiategietan hobekuntza sozioekonomikoak egitea dakarten jarduketa egokiak aintzat hartzeko.

  • m)  Hiruhileko batez besteko balioa. Ulertuko da hiruhileko batez besteko balioa dela elkarren segidako 90 eguneko produkzio handieneko aldia, benetako produkzioko egunak kontuan hartuta.

  • n)  Urteko batez besteko balioa. Ulertuko da urteko batez besteko balioa dela eguneroko batez besteko balioen urte natural bateko batezbestekoa.

ñ) Hotel-instalazioa. Lege honen ondorioetarako, hotel-instalaziotzat hartuko dira publikoarentzat egokitutako ostatu turistikoak.

  • o)  Energia elektrikoaren transmisioa. Barne hartzen ditu jarduera (garraioa), instalazioak (goi- eta erdi-tentsioko sare interkonektatua) eta xedea (azken bezeroak edo banatzaileak hornitzea). Azpiestazioak ere kontzeptu honetan sartzen dira.»

Xedapen gehigarri bakarra. Gastua handitzea.

Arau honetan jasotako neurriek ezingo dute zuzkidura-handitzerik eragin, ez eta ordainsariak edo bestelako langile-gastuak handitzerik ere.

Xedapen iragankor bakarra. Abian diren prozedurak.

  • 1.  Lege hau indarrean sartzen den egunetik aurrera ingurumen-ebaluazio estrategikoa edo ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa hasten duten plan, programa eta proiektu guztiei aplikatuko zaizkie lege honetan egindako aldaketak.

  • 2.  Ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa 2017ko maiatzaren 17aren ondoren baina lege hau indarrean jarri aurretik hasia duten proiektuei berrikuspen gehigarri bat egingo zaie ingurumen-inpaktuaren adierazpena eman baino lehen, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko apirilaren 16ko 2014/52/EB Zuzentarauaren aurreikuspenak betetzen dituztela ziurtatzeko. Zuzentarau horrek aldatu egiten du 2011/92/EB Zuzentaraua, zenbait proiektu publiko eta pribatuk ingurumenean dituzten ondorioen ebaluazioari buruzkoa.

  • 3.  Artikulu bakarraren hogeita hamalaugarren apartatuak xedapen gehigarri bat eransten du, hamaseigarrena. Bertan xedatutakoa ingurumen-ebaluazioaren prozedura lege hau indarrean jarri aurretik hasita daukaten proiektuei ere aplikatuko zaie.

Azken xedapenetako lehena. Eskumen-tituluak.

  • 1.  Lege hau Konstituzioaren 149.1.23 artikuluaren babesean ematen da; izan ere, artikulu horrek Estatuari esleitzen dio ingurumena babesteko oinarrizko legedia egiteko eskumen esklusiboa, hargatik eragotzi gabe autonomia-erkidegoek, oinarrizko legedi horren gehigarri, babes-arauak emateko dituzten ahalmenak.

  • 2.  Artikulu bakarraren manu hauek ez dira oinarrizkoak, eta, horrenbestez, Estatuko Administrazio Orokorrari eta haren organismo publikoei soilik aplikatu behar zaizkie:

  • a) Bigarren apartatuan, 3.1 artikuluaren laugarren paragrafoa; laugarren apartatuan,

  • 8. artikuluaren 3. eta 4. apartatuak; seigarren apartatuan, 11. artikuluaren 1. apartatua; hemeretzigarren apartatuan, 39.4 artikuluaren azken bi paragrafoak; hogeita hirugarren apartatuan, 45.4 artikuluaren azken bi paragrafoak; hogeita zazpigarren apartatua; hogeita hamaikagarren apartatuan, zazpigarren xedapen gehigarriaren 2. eta 3. apartatuak; eta hogeita hamabigarren apartatua.

  • b) Hamaikagarren, hamabigarren, hamahirugarren, hamalaugarren, hamabosgarren, hamaseigarren, hamazazpigarren, hemezortzigarren, hemeretzigarren, hogeita batgarren, hogeita hirugarren, hogeita laugarren eta hogeita bosgarren apartatuetan ezarritako epeak.

  • 3.  Aurreko apartatuetan ezarritakoa gorabehera, eta hargatik eragotzi gabe autonomia-erkidegoen antolaketa propioaren ondoriozko berezitasunak, artikulu bakarraren barruan honako manu hauek Konstituzioaren 149.1.18 artikuluaren babesean ematen dira, artikulu horrek administrazio publikoen araubide juridikoaren eta administrazio-prozedura erkidearen oinarriak arautzen baititu: bosgarren apartatuan, 9.3 artikulua; hamargarren apartatuan, 22.1 artikuluaren hirugarren paragrafoa; hamaikagarren apartatuan, 28.4 artikuluaren lehen paragrafoko azken esaldia; hamabosgarren apartatuan, 36.3 artikulua; hamaseigarren apartatuan, 37.3 artikuluaren bigarren paragrafoa; hemeretzigarren apartatuan, 40.2 artikuluaren hirugarren eta laugarren paragrafoak, 40.3 artikuluaren bigarren paragrafoa, 40.4 artikuluaren bigarren paragrafoa eta 40.5 artikuluaren bigarren paragrafoa.

  • 4.  Hogeita hamalaugarren apartatua, zeinaren bidez hamaseigarren xedapen gehigarria eransten baita, Konstituzioaren 149.1.6 artikuluaren babesean ematen da; izan ere, artikulu horrek prozedura-legediaren alorrean eskumen esklusiboa esleitzen dio Estatuari. Halaber, 149.1.23 artikuluaren babesean ematen da, artikulu horrek ingurumena babesteko alorrean oinarrizko legedia emateko eskumen esklusiboa esleitzen baitio Estatuari.

Azken xedapenetako bigarrena. Mendien azaroaren 21eko 43/2003 Legea aldatzen duen uztailaren 20ko 21/2015 Legearen seigarren xedapen gehigarria aldatzea.

Honela idatzita geratzen da Mendien azaroaren 21eko 43/2003 Legea aldatzen duen uztailaren 20ko 21/2015 Legearen seigarren xedapen gehigarria:

«Seigarren xedapen gehigarria. Natura Bideak.

  • 1.  Natura bidea baldintza hauek betetzen dituen eta motorrik gabeko erabiltzaileentzat, nagusiki oinezkoentzat eta txirrindularientzat, pentsatutako erabilera publikoko ibilbidea da:

  • a)  Lehendik zeuden ibilbide publikoak aprobetxatuz egin da.

  • b)  Kirol-, kultura- eta jolas-jarduerak egiteko da nagusiki, adibidez, mendi-ibilaldiak egiteko eta zikloturismorako.

  • c)  Lehentasunez landa eremuan dago eta bere ibilbidea natura-, kultura- eta paisaia-ezaugarriak dituzten tokietatik igarotzen da, eta, hala, lurraldearen ezaugarri horiei balioa emateko tresna da.

  • d)  Landa-garapenari laguntzen dio, olgetarako eta turismorako erabilerarekin lotutako jardueren bidez ekonomia dibertsifikatzea errazten duelako.

  • e)  Marka erregistratu baten bidez identifikatzen da, identitate grafiko eta seinaleztapen normalizatu propioa -neurriei, materialei, diseinu-irizpideei, tipografiari, koloreei eta abarrei dagokienez- ditu.

  • 2.  Erregelamendu bidez zehaztutako eskakizunak betetzen dituzten natura bideek osatuko dute Natura Bideen Sare Nazionala. Hauek dira sarearen helburuak:

  • a)  Ingurumena errespetatzen duten eta karbono-isurketa txikia duten garraio-sistemak sustatzea. Hartara, hiri inguruko eta hiriarteko mugikortasun jasangarria bultzatzen da, eta, horrenbestez, baita herritarren bizi-kalitatea eta osasuna ere.

  • b)  Landa-turismo aktiboa, naturakoa, garatzea; barrualdeko turismoa sustatzea, eta turismo-eskaintzaren urtarokotasuna aldatzen laguntzea.

  • c)  Jardun-eremuaren egoera sozioekonomikoa garatzen laguntzea, baliabide ekonomikoak sustatuz eta dibertsifikatuz, enplegua sustatuz eta herritarrak landa-eremuetan finkatuz.

  • d)  Sarea osatzen duten natura bideak mantentzeko eta kontserbatzeko estrategia zehaztea.

  • e)  Trazatutako bideak hobetzeko, ibilbide-eskaria ebaluatzea.

  • f)  Natura Bideen Sare Nazionala osatzen duten natura bideen balioa agerian jartzea eta haien berri zabaltzea.

  • 3.  Natura Bideen Sare Nazionala osatzen duten natura bideak mota hauetakoak izan daitezke:

  • a)  Oinarrizko ibilbideak: ibilbide luzeak, Natura Bideen Sare Nazionaleko Gidaplanean zehazten diren lurraldearteko edota mugaz gaindiko ardatz nagusietakoren bat osatzen dutenak.

  • b)  Bigarren mailako ibilbideak: oinarrizko ibilbideak ez izanik, horiei jarraitutasuna eman diezaieketen ibilbideak eta lehendik egindako bideak elkarlotzen dituztenak edo, ingurumenari edo kulturari begira, interes handiko lekuetara iristea ahalbidetzen dutenak.

  • 4.  Hona hemen, natura bideen arloan, ingurumenaren arloko ministerio eskudunaren bitartez Estatuko Administrazio Orokorrari dagozkion funtzioak, hargatik eragotzi gabe kasu bakoitzean gainerako administrazio publikoek izan ditzaketen eskumenak:

  • a)  Natura Bideen Sare Nazionala ikuskatzea eta haren koordinazioa sustatzea.

  • b)  Estatuko Administrazio Orokorraren titulartasuneko trazaduretan egindako natura bideetan obrak eta mantentze-lanak egitea, aldez aurretik ados jarrita arloko eskumenak dituzten gainerako administrazioekin.

  • c)  Sarean sartuko diren natura bide berrietako obren egitea bere gain hartzea, aldez aurretik ados jarrita administrazio eskudunekin, hala badagokio.

  • d)  Administrazio eskudunen proposamenei jarraituz, haiek jada egindako ibilbideak Natura Bideen Sare Nazionalean sartzea.

  • e)  «Natura Bideak» eta «Motorrik Gabeko Ibilbideak» marka erregistratuak kudeatzea.

  • f)  Hala badagokio, administrazio eskudunekin batera, Sarean sartuko diren natura bideen ibilbidea eta diseinua erabakitzea.

  • g)  Natura bideak kokatzen diren eremuen landa-garapena bultzatzeko akordioak lortzea.

  • h)  Baliokide diren nazioarteko beste sareetan Espainiaren ordezkari izatea.

Aurreko letretan aipatutako ekintzen ondoriozko gastuek ez dute gaindituko ekitaldi bakoitzean Estatuaren Aurrekontu Orokorretan ingurumenaren arloko ministerio eskudunari esleitzen zaion finantza-inguratzailea.

  • 5.  Erregelamendu bidez, administrazio guztien jardun koordinaturako betekizunak eta oinarrizko prozedurak zehaztuko dira, Sare Nazionalean dauden natura bideak diseinatu, planifikatu eta egiteko.

  • 6.  Natura bideen arloan egin beharreko jarduketa administratiboren batek eraginik badu Defentsa Nazionalaren intereseko deklaratutako eremuetan edota Defentsa Nazionalari atxikitako lursail, eraikin eta instalazioetan (horien babes-eremuak barne), nahitaez eskatu beharko da Defentsa Ministerioaren txostena, eta txosten hori loteslea izango da Defentsa Nazionalari dagokion guztian.»

Azken xedapenetako hirugarrena. Berotegi-efektuko gasak isurtzeko eskubideen salerosketa-erregimena arautzen duen martxoaren 9ko 1/2005 Legea aldatzea.

Berotegi-efektuko gasak isurtzeko eskubideen salerosketa-erregimena arautzen duen martxoaren 9ko 1/2005 Legeari aldaketa hauek egiten zaizkio:

Bat. Aldatu egiten da 30. artikulua, eta honela idatzita geratzen da:

«30. artikulua. Zehapenak.

  • 1. Instalazio finkoetarako zehapen hauek guztiak edo hauetako batzuk ezarriko dira 29. artikuluaren 2., 3. eta 4. apartatuetan tipifikatutako arau-hausteengatik:

  • a)  Arau-hauste oso astuna bada:

  • 1. a. 15.001 euro eta bi milioi euro bitarteko isuna.

  • 2. a. Instalazio osoak edo instalazioen zati bat aldi baterako ixtea, gehienez ere bi urterako.

  • 3. a. Baimena azkentzea edo etetea urtebeterako gutxienez eta bi urterako gehienez.

  • 4. a. 29.2.5 artikuluan aurreikusitako kasuetan, gehieneko kopuruaz gainetik isuritako tona bakoitzeko 100 euroko isuna; eta argitara ematea, agintaritza eskudunak egokitzat jotzen dituen bideetatik, ezarritako zehapenak, irmo bihurtzen direnean, bai eta pertsona fisiko edo juridiko erantzuleen izen-abizenak edo izen soziala eta arau-hausteen izaera ere.

  • b)  Arau-hauste astuna bada:

  • 1. a. 5.001 eta 15.000 euro bitarteko isuna.

  • 2. a. Baimena etetea, gehienez ere urtebeterako.

  • c)  Arau-hauste arina bada: 5.000 eurora arteko isuna.

  • 2. Aireko operadoreetarako, zehapen hauek guztiak edo hauetako batzuk ezarriko dira 29 bis artikuluaren 2., 3. eta 4. apartatuetan tipifikatutako arau-hausteengatik:

  • a)  Arau-hauste oso astuna bada:

  • 1. a. 15.001 euro eta bi milioi euro bitarteko isuna.

  • 2. a. 29.2.3 artikuluan aurreikusitako kasuetan, gehieneko kopuruaz gainetik isuritako tona bakoitzeko 100 euroko isuna; eta argitara ematea, agintaritza eskudunak egokitzat jotzen dituen bideetatik, ezarritako zehapenak, irmo bihurtzen direnean, bai eta pertsona fisiko edo juridiko erantzuleen izen-abizenak edo izen soziala eta arau-hausteen izaera ere.

  • b)  Arau-hauste astuna bada: 5.001 eta 15.000 euro bitarteko isuna.

  • c)  Arau-hauste arina bada: 5.000 eurora arteko isuna.

  • 3.  Nahiz eta 1.a).4 eta 2.a).2 paragrafoetan aipatutako isuna ordaindu, instalazioaren titularrak edo aireko operadoreak gehiegizko isurketen baliokidea izango den isurketa-eskubideen kopurua entregatu beharko du, arau-haustea egin eta hurrengo urte naturaleko isurketa-eskubideak entregatzeko unean.

2013ko urtarrilaren 1etik aurrera emandako isurketa-eskubideekin loturiko gehiegizko isurketengatiko zehapena Europako kontsumoko prezioen indizearen arabera handituko da.»

Bi. Artikulu berri bat gehitzen da, 35 bis artikulua; hauxe dio:

«35 bis artikulua. Zehapen-prozedura administratiboaren berezitasunak Estatuko Administrazio Orokorraren eskumeneko gaietan.

  • 1.  Lege honek Estatuko Administrazio Orokorrari esleitzen dizkion gaietan, Klima Aldaketaren Espainiako Bulegoa izango da prozedura abian jartzeko organo eskuduna. Prozedura hasi baino lehen, aurretiazko jarduketak egin ahalko dira. Klima Aldaketaren Espainiako Bulegoak izango du horien gaineko eskumena, eta behar den informazioa eskatu ahalko die administrazioetako organoei.

  • 2.  Klima Aldaketaren Espainiako Bulegoko funtzionario bat arduratuko da prozeduraren instrukzioaz. Prozedura abian jartzeko erabakian bertan izendatuko da arduradun hori. Halaber, prozeduraren konplexutasunak hala eskatzen badu, organo bereko beste funtzionario bat idazkari izendatu ahalko dute.

  • 3.  Ministroen Kontseiluak ebatziko du prozedura. Aldez aurretik Estatuaren Abokatutzak txostena emango du.

  • 4.  Urtebeteko epea ezartzen da, prozedura abian jartzeko erabakiaren datatik hasita, prozeduraren ebazpena emateko eta prozedurari amaiera eman dion ebazpen hori interesdunari jakinarazteko.

  • 5.  Artikulu honetan aurreikusi gabeko gaiei eta errekurtsoen araubideari dagokienez, hauek arautuko dute lege honen aplikaziorako zehapen-prozedura administratiboa: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak, eta, halaber, zehatzeko ahalaren printzipioek, zeinak Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen III. kapituluan jasota baitaude.»

Hiru. Aldatu egiten da 36. artikulua, eta honela idatzita geratzen da:

«36. artikulua. Jarraipen-planak.

  • 1.  Aireko operadoreek jarraipen-plana eduki beharko dute, eta bertan neurriak ezarriko dira urteko isurketei buruzko datuen eta kilometroko garraiatutako tonei buruzko datuen jarraipena eta jakinarazpena egiteko.

  • 2.  Lehenengo jakinarazpen-aldia hasi baino lau hilabete lehenago, gutxienez, aireko operadoreek jarraipen-planak aurkeztu beharko dizkiote Sustapen Ministerioari. Plan horietan neurriak ezarriko dira urteko isurketei buruzko datuen eta kilometroko garraiatutako tonei buruzko datuen jarraipena eta jakinarazpena egiteko.

Kilometroko garraiatutako tonei buruzko datuen jarraipen-aldia hau izango da: merkataritza-epe bakoitza hasi baino 24 hilabete lehenago amaitzen den urte naturala.

  • 3.  Sustapen Ministerioak txostena eman ondoren, ingurumenaren arloko ministerio eskudunak onartu beharko ditu isurketei eta kilometroko garraiatutako tonei buruzko datuen jarraipenerako planak, jakinarazpen-aldia hasi baino lehen aireko operadoreek aurkeztutakoak. Horretarako, aintzat hartuko ditu Europar Batasunaren araudian eta, halakorik izanez gero, lege honen erregelamenduzko garapenetan ezarritako irizpideak. Plana aurkezten denetik bi hilabete igaro baino lehen eman beharko du txostena Sustapen Ministerioak. Ingurumeneko Estatu Idazkaritzak onartu diren jarraipen-planen berri emango dio Klima Aldaketari buruzko Politikak Koordinatzeko Batzordeari.

  • 4.  Dena delako aireko operadoreak isurketen jarraipen-plana berrikusi beharko du merkataritza-aldi bakoitza hasi aurretik, eta, hala badagokio, berrikusitako jarraipen-plana aurkeztu beharko du.

Betiere, isurketen jarraipen-planak berrikusi egin beharko dira baldin eta 2013ko urtarrilaren 1etik aurrerako merkataritza-aldia hasi baino lehen onartutakoak badira ekainaren 29ko 5/2009 Legearen bigarren xedapen gehigarriarekin bat etorriz. Lege horrek arau hauek aldatzen ditu, inbertsio-zerbitzuen arloko enpresetako, kreditu-erakundeetako eta aseguru-erakundeetako partaidetza adierazgarrien araubidea erreformatzeko: Balore Merkatuaren uztailaren 28ko 24/1988 Legea; Kreditu-erakundeen diziplinari eta haietan esku hartzeari buruzko uztailaren 29ko 26/1988 Legea, eta Aseguru Pribatuak Antolatu eta Ikuskatzeko Legearen testu bategina, urriaren 29ko 6/2004 Legegintzako Errege Dekretuak onartua.

  • 5. Isurketen jarraipen-planak azkendu egingo dira kasu hauetan:

  • a)  Hartzekodunen konkurtsoan likidazio-fasea hasten denean, pertsona juridikoaren desegitea lehenago erabaki ez bada, edo aireko operadorea desagertzen denean.

  • b)  Jarduteko behar diren ziurtagiriak edo lizentziak behin betiko galtzen direnean.»

Azken xedapenetako laugarrena. Europar Batasunaren Zuzenbidea txertatzea.

Lege honen bidez Espainiako Zuzenbidean txertatzen da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko apirilaren 16ko 2014/52/EB Zuzentaraua, zeinaren bidez aldatzen baita zenbait proiektu publiko eta pribatuk ingurumenean dituzten ondorioen ebaluazioari buruzko 2011/92/EB Zuzentaraua.

Azken xedapenetako bosgarrena. Indarrean jartzea.

Lege hau indarrean jarriko da Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean.

Horrenbestez,

Lege hau bete eta betearaz dezatela agintzen diet espainiar guztiei, partikular zein agintariei.

Madrilen, 2018ko abenduaren 5ean.

FELIPE e.

Gobernuko presidentea, PEDRO SANCHEZ PEREZ-CASTEJON

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra