Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Sexta edición Premios Adrián Celaya

Euskal Autonomia Erkidegoko zuzenbidea  >>  Legeria

1/1997 Legea, otsailaren 20koa, Udalaren Aurrekontuetan Larraren Udal Ondarerako diren zenbatekoen gordailua arautzen duena.

1997-02-20

Erakundea: Eusko Legebiltzarra

Argitalpena: EHAA, 1997/3/3, 42. zk.; EAO, 2012/1/11, 9. zk.

Indargabetua: 1998-07-16

§ 186. 1/1997 LEGEA, OTSAILAREN 20KOA, UDALEN AURREKONTUETAN LURRAREN UDAL ONDARERAKO DIREN ZENBATEKOEN GORDAILUA ARAUTZEN DUENA

 

zioen adierazpena

 

       Euskal Autonomi Elkarteari dagokio hirigintzaren arloko lege-ahalmena, Euskal Herrirako Autonomi Estatutuaren 10.31 atalaren eta Autonomia-Elkarte Osorako Erakundeen eta bertako Kondaira-Lurraldeetako Foruzko Ihardutze-Erakundeen Arteko Harremanei buruzko 27/1983 Legearen arabera.

 

       Lurraren Araubide eta Hiri Antolaketari buruzko Legearen Bateratutako Testua onesten duen ekainaren 26ko 1/1992 Legegintzako Errege Dekretuaren 281. atalak hirigintzarako aurrekontuetan zenbatekoen gordailua arautzen du, eta ezartzen du lurraldeko hiriburu diren udalek edo 50.000 biztanletik gorako udalek, gutxienez, lurraren udal-ondarerako kopuruaren 100eko 5aren pareko den zenbatekoa izendatuko dutela euren aurrekontu orokorretan, eta gutxienez aurrekontu bereko 100eko 5 ere hirigintzazko planeamenduan ohartemandako urbanizazioak burutu, herri-horniketa eta barne-eraldaketarako eragiketetarako bideratuko dutela.

 

       Aipatutako legegintzako errege-dekretuaren azken xedapen bakarraren indarrez, aipatutako araua ordezko aplikaziokoa da, Autonomi Elkarteek euren aginpidetzez baliatuz berariazko xedapenik egon ezean.

 

       Atal hau dela eta sortu diren ulerkera desberdinak eta auzitan diren eztabaidei atxikiz, beharrezko egiten da alde hau araupetzea, udalen aurrekontuak onartzean udalerrien segurtasun juridiko-printzipioaren helburuaz, lege honen bidez ezarrita lurraren udal-ondarerako izan behar duten zenbatekoak kalkulatzeko oinarria, Udal Administrazioaren aurrekontuen dirusarrera izeneko I. eta II. kapituluei dagozkien izendapenak izango direla.

 

       Lurraren udal ondareen egungo araupetzea garatzeko eta udalak ez diren beste administrazio batzuei berezko ondare publikoez hornitzeko aukera ahalbideratzeko beharrizanaren jakitun, bi alde horiek araupetzen dituen lege-egitasmoa aurkezteko konpromisua hartu da.

 

Atal Bakarra

 

       1.-   Lurraldeko hiriburu diren udalek edo 50.000 biztanletik gorako udalek, gutxienez, Udal Administrazioaren aurrekontuen dirusarrera izeneko I. eta II. kapituluetan izendatutako guztiaren 100eko 5aren pareko den zenbatekoa izendatu beharko dute euren aurrekontuetan, lurraren udal-ondarea eratu, mantendu eta hedatzeko.

 

       2.-   Udal Administrazioaren aurrekontuen dirusarrera izeneko I. eta II. kapituluen 100eko 5aren pareko den zenbatekoa ere izendatu beharko dute, hirigintzazko planeamenduan ohartemandako urbanizazioak, herri-horniketak eta barne-eraldaketarako eragiketak burutzeko.

 

       3.-   Aurrekontu-ekitaldi bateko izendapen handiagoak edo txikiagoak hurrengo ekitaldietako izendapen txikiago edo handiagoekin orekatu ahal izango dira, hurrenez hurren, betiere bi urteetarako aurreko azpiataletan finkatutako urteko batez besteko 100eko 5 betetzen dela bermatuz gero.

 

Azken Xedapenetatik Lehenengoa

 

       Lege hau indarrean jartzen denetik zortzi hileko epearen barruan, Eusko Jaurlaritzak Eusko Legebiltzarrera lege-egitasmo bat igorriko du, hain zuzen, lurraren udal ondareei buruzko indarreango araudia garatu ez ezik lurraren herri-ondareak arautu ere egingo duena.

 

Azken Xedapenetatik Bigarrena

 

       Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den biharamunean jarriko da indarrean lege hau.

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra