Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Sexta edición Premios Adrián Celaya

Euskal Autonomia Erkidegoko zuzenbidea  >>  Legeria

1/2007 Legea, otsailaren 22koa, Garapenerako Lankidetzari buruzkoa

2007-02-22

Erakundea: Eusko Legebiltzarra

Argitalpena: EHAA, 2007/3/8, 48. zk.; EAO, 2011/10/17, 250. zk.

§ 284. 1/2007 LEGEA, OTSAILAREN 22KOA, GARAPENERAKO LANKIDETZARI BURUZKOA

 

ZIOEN ADIERAZPENA

 

- I -

 

       Gaur egungo egoera gonbidapen bat da konfigurazioari dagokionez izugarri irekia izango den mundu baten eraikuntzan arreta handiz parte hartzeko. Mundu horretan, ordea, edozein prospektiba-saiok porrot egiten du, indarge, egungo errealitatea zedarritzen duten teknologien garapen-erritmo esponentzialen aurrean. Errealitate hitsa, mundu tamalgarria; izan ere, bertan, itxuraz kontrolik gabe hazten da, etengabe, planetaren Iparraldeko eta Hegoaldeko bizi-baldintzak bereizten dituen arraila; bertan, pobretutako herrialdeetan -hau da, gizaterian gehiengo nagusia hartzen duten herrialdeetan- bizi diren gehienak pobreziara kondenatuta daude edo, areago, heriotza errukarri batera kondenatuta. Gaur egungo nazioarteko ordenak ez dio egoera horri irtenbiderik ematen, ez arlo politikoan, ez ekonomikoan. Aitzitik, sarritan egoera hori legitimatzen duen elementu gisa agertzen da eta, areago, batzuetan desberdintasunak handitzen dituen iturri ere bilakatzen da. Gizateriaren historian ez da egundo egon hainbeste eta hain askotariko baliabide, bitarteko eta ahalmenik ingurunea eraldatzeko eta, beraz, Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko amildegi gero eta handiagoa igarotzeko behar diren zubiak eraikitzeko.

 

       Testuinguru horretan, nahitaezkoa da ahalegin handiagoa egitea arazoen larritasunaren benetako dimentsioari behar bezala erantzungo dioten politika berriak nazioartean sortzeko; erantzukizun partekatuaren, justiziaren eta elkartasunaren arrazoi eta printzipioetan oinarritutako politikak eratzeko, betiere denboran eraginkorrak izango direla bermatuz.

 

       Ingurumenaren etengabeko narriadurak eta biodibertsitatearen behin betiko hondamenak, nahitaezko migrazioek, lekuz aldatutako eta errefuxiatutako populazio-masa ikaragarrien hazkunde dagoeneko endemikoak, eta abar, behartu egiten gaituzte politika aktiboak diseinatzera, munduko populaziorik gehienak egunero bizirauteko dituen zailtasunen halabeharrezko onarpena eta bihotzezko arrangurak gaindituz. Erakundeek nahi onak adierazteko egiten dituzten aitorpenetara mugatuko ez diren politika aktiboak ezarri behar dira; hau da, ingurumena babeste aldera nazioarteko hitzarmenak egiteko eta betetzeko laguntza emateaz gain, eta herrialde pobreenen garapena bultzatzeaz aparte, Nazioarteko Zuzenbideak gatazkak saihesteko eskaintzen dituen baliabideak ausarki babestuko dituzten politika aktiboak ezarri behar dira. Ekimen ez erretorikoak, gero eta hedatuago dauden zenbait populazioren berealdiko ahultasuna arintzeko borondate politikoa erakusten dutenak; izan ere, larrialdi-egoera konplexuetan, populazio horietan ikaragarrizko hondamen humanitarioak sortzen dira, munduan horiek aurreikusi eta txikiagotzeko sobera baliabide dagoen arren.

 

       Bestalde, kontuan hartuta garapenaren helburua pertsonen bizimodua hobetzea dela, ezinbestekoa da gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunak zuzentzea. Gai hau funtsezkoa da garapenaren alorrean, hala laguntzaren eraginkortasunari nola justizia sozialari dagokionez. Gainera, garapenaren oinarrizko helburua gizakiak dituen aukerak areagotzea bada, behin eta berriz adierazi den bezala, kontzeptu horretan hiru osagai nagusi daude: batetik, gizon eta emakumeen arteko berdintasuna; bigarrenik, iraunkortasuna, aukerak belaunaldi batetik bestera igaro daitezen, eta, azkenik, pertsonen sustapena, garapen-prozesuan parte hartu eta hortik onura atera dezaten.

 

       Gizonek eta emakumeek giza eskubideak baldintza berberetan gozatu behar dituztela mundu osoan onartutako eta aitorpen desberdinetan berretsitako printzipioa da. Dena dela, berdintasun hori de jure da herrialde eta estaturik gabeko herri gehienetan, baina ez de facto; izan ere, emakumeek ez dute, gizarte batean ere, gizonek dituzten aukera berberak. Adibidez, garapen-bidean dauden herrialdeetako emakumeek sexuari eta ugalketari dagokienez duten osasuna kezkatzeko arrazoi handia da, eta esperientziak erakutsi digu populazio- eta garapen-programak eraginkorragoak direla emakumearen egoera hobetzeko neurriak jasotzen dituztenean. Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna, programa horien aldez aurreko baldintza izateaz gain, arlo horretan nazioarteko konferentzietan erabakitako printzipioak beteta hartu behar da kontuan.

 

       Ekintza humanitarioko zereginetan gure erantzukizunei erantzuteaz gain eta jarduteko ahalmena optimizatzeaz aparte, begien bistakoa da funtsezkoa dela ahalik eta esfortzurik handiena egitea pobretutako herrien garapenean, hori baita lehenengo neurria, eta egokiena, aipatutako arazoei aurrea hartzeko. Lankidetza-ikuspegi horretatik, garapenerako lankidetzaren inguruko politikarako proposatzen den ereduak bermatu egin behar du funts egonkorrak bideratuko direla giza garapen iraunkorrera, betiere giza eskubideak belaunaldi guztietan sustatu eta defendatuko dituen esparru batean, horixe izango baita gure Erkidegoak mundu bidezkoago, gobernagarriago, baketsuago eta iraunkorrago bat lortzen laguntzeko egingo duen ekarpena.

 

       Europako Erkidegoa Eratzeko Itunaren XX. tituluan aipatzen diren helburuetako bat da garapen-bidean dauden herrialdeen eta, bereziki, egoera ahulenean daudenen ekonomia- eta gizarte-garapena bultzatzea. Horren ildotik, lege honetan arautzen den nazioarteko lankidetza-eredua nazioarteko komunitate espezializatuaren doktrinan oinarritzen da; zehazki, giza garapenaren inguruan Nazio Batuen Garapen Programak egindako ekarpenak iturburu dituen ikusmolde integral batean. Gure Erkidegoak lankidetzaren alorrean nazioartean egiten den esfortzuan parte hartzen duenez, beharrezkoa da lankidetza-politika etengabea ezartzea, Nazio Batuen sistemako agentzia espezializatuen eskakizunei printzipioetan men eginez eta Ekonomia Lankidetza eta Garapeneko Erakundeko (ELGE) Garapenean Laguntzeko Batzordearen gomendioak betez. Gomendio horietako bat da, hain zuzen ere, legegintzaren esparruan aurrera egitea.

 

       Era berean, Euskaditik bideratzen den lankidetza lankidetza deszentralizatua deitzen denaren esparruan sartzen da. Erakunde azpiestataletatik eta toki-erakundeetatik bideratzen da, eta gizarte zibilaren inplikazio handiagoa du ezaugarri. Izan ere, gizarte horrek autonomia-erkidegoko eta tokiko administrazioei, hurbilago dituelako neurri batean, bereziki eskatzen die lankidetza elkartasunaren eta giza garapenaren errespetuaren printzipioetan oinarritzea. Halaber eskatzen die jardueren erreferentea batez ere komunitateak eta herriak izatea -horietan denboran irauten duten harremanak sortzen dira-, eta ez estatuak eta horien administrazio orokorrak, horiekiko lankidetza kanpo-politikaren epifenomeno bat izaten baita, herrialde emailearen egoeraren araberakoa.

 

       Merkatu librearen paradigman oinarritutako garapen-ereduak, gaur egun nagusi denak, ez du zerikusirik gure mundu honen luze-zabalean ustez askatasuna eta guztien onura sortzeko gai den panazea horrekin. Alderantziz, errealitatean, gizateriaren gehiengoarentzat, merkatu libreak eta politika neoliberalek bazterkeria eta pobrezia baino ez dute sortzen sistematikoki, eta arrisku bizian jartzen dute gure planeta. Horregatik, hain zuzen ere, lankidetzak egoera horretarako alternatibak ere eraiki behar ditu, eta beste globalizazio mota bat sustatu behar du, pertsonak eta haien eskubide besterenezinak benetan errespeta daitezen. Beste globalizazio mota horretan, merkatu libreko itunak ezin dira izan herrialde pobretuak politikoki desaktibatzeko tresna sofistikatuak. Ez da bidezkoa herrialde pobretuak transnazionalek hegoaldera iristeko behar dituzten lurreratze-pista bihurtzea, doan kutsatu eta bertako natura-erreserbak eta giza baliabideak kostu txikienarekin ustiatu eta, ondoren, ateratzen dituzten etekin izugarriak oso-osorik kanpora ditzaten.

 

- II -

 

       Garapenerako lankidetzaren alorrean euskal gizarteak izan duen bilakaera ikusita, esan dezakegu lankidetza hori ondo finkatutako errealitatea dela, dagoeneko, Euskadin. Hasierako ahaleginetan, administrazioen konpromiso puntual edo sinbolikoak lortu ziren gehienbat, baina, handik abiatuta, nazioarteko elkartasuneko politika publiko bat sortu da, eta, orain, politika hori alboraezina da erakunde eta sentsibilitate politiko guztientzat.

 

       Lankidetzaren alorrean atzera begiratuz gero, ordea, nahitaezkoa da gure lurraren identitate-ezau­garririk ederrenak urrutira eraman zituzten euskaldunak aintzat hartzea eta omentzea; elkartasuna beren bizitzako konpromiso bihurtu zuten euskaldun haiek, herri-erakundeak beste herri batzuekiko elkartasunezko egintzak aurrera eramateko beharraz jabetu baino lehen. Pertsona horiek jarri zituzten, egia esanda, lehenengo harriak, erlijioak, gizatasunak, politikak edo, oro har, etikak bultzatuta, eta horien gainean joan da eraikitzen nazioarteko elkartasun-mugimendua Euskadin.

 

       Hasierako une haietatik aurrera, aniztasunean aberatsa zen gizarte-sare bat osatuz joan zen gure gizartean, garapenerako lankidetzaren inguruan. Mugimendu horrek, dagoeneko, sobera frogatu du bere heldutasuna eta gaitasuna. Izan ere, ekimen horiek, gizarte zibilaren errebindikazio eta lankidetzarekin batera, berebiziko eragina izan dute Euskal Autonomia Erkidegoko herri-erakundeek garapenerako lankidetzako politika publikoak horrenbeste areagotzeko erabakian.

 

       Euskal Autonomia Erkidegoan, garapenerako lankidetza publikoa laurogeiko hamarkadan sortu zen, eta orduantxe hasi zen berezko espazioak bilatzen. Laurogeita hamarreko urteetan, berriz, izugarri zabaldu eta heldutasunera iritsi zen. Ibilbide hori oso era grafikoan ikusten da Eusko Jaurlaritzak lankidetzari urtez urte eskainitako aurrekontuari erreparatzen bazaio. Lankidetzan egindako esfortzu publikoak gorantz egin du etengabe, eta joera horrek argi uzten du herritarretan eta erakundeetan badagoela borondate politikoa gure erantzukizuna sendoago gauza dadin elkartasunaren alorrean.

 

       Eusko Jaurlaritzaren eta foru-aldundien erabakiz 1990ean Garapenean Lankide Izateko eta Laguntzeko Funtsa sortu zenetik, Euskal Autonomia Erkidegoak handiagotu egin ditu, etengabe, lankidetza-jardueretarako baliabideak eta horien dibertsitatea, harik eta beharrezko egin den arte arlo hori lege-mailako araudi baten bidez erregulatzea. Bestalde, lankidetza-zereginak hain konplexuak eta askotarikoak izanik, esku-hartzeetan ere era askotako espezializazio-mailak behar izaten dira. Esku-hartze horiek egoki eta ondo betetzen direla bermatzeko, berriz, lankidetza-eragileek bete beharreko eskakizunak arautu behar dira lehenengo eta behin. Gainera, euskal lankidetza-politikaren printzipioak, helburuak eta lehentasunak garapenerako lankidetzari buruzko lege batean jasotzeak aukera emango du garapenean laguntzeko politikak eta Jaurlaritzak eta Euskadiko foru- eta toki-entitateek aurrera eramaten dituzten gainerako politikak eta jarduerak koherenteagoak izan daitezen.

 

       Udalak ere arian-arian gero eta konpromiso sendoagoa hartu dute, eta horixe da, hain zuzen, garapenerako lankidetza publikoak Euskadin duen beste ezaugarrietako bat. Euskadiko zenbait udalek elkartasunaren alorrean izan duten ibilbidea eredugarria izan da, eta bidezkoa da aitortzea lankidetzaren alorreko ohiko jarduerek eta horien etengabeko dibertsifikazioak eta espezializazioak zuzeneko lotura dutela udal horietako teknikari eta politikarien jarrera aitzindariarekin.

 

       Aipamen berezia merezi dute, toki-erakundeen esparruan, garapenean laguntzeko udal-funtsek eta, zehazki, Euskadiren kasuan, Euskal Fondoa entitateak. Izan ere, 1996an sortu zenetik, udal asko bildu ditu eta nazioarteko elkartasun-ekimenak sustatzen ditu horien artean, jarduera bateratuak eta erakundeen arteko koordinazioa ere sustatuz.

 

       Lankidetzarako funtsen hazkundeak gainditu egin ditu, erruz, gaur egungo araudi- eta administrazio-esparruak. Horregatik, lankidetzan egiten den esfortzu publikoa eraginkorra eta gardena dela erabat bermatzen jarraitzeko, kudeaketa-egitura egokia ere sortu behar izan da, funtsak ezin hobeto erabiltzen direla ziurtatzeko, bai eta proiektuak aukeratzeko, horien jarraipena egiteko eta aurrera eramandako lankidetza ebaluatzeko orduan bermeak jartzeko ere.

 

       Azkenik, lehen aipatu dugun aurrekontu-alorrean, lege honek aurrerapen handia dakar; izan ere, garapenerako lankidetza sendotu egiten du politika publiko gisa eta horrek zentzuzkoago egiten du, posible bada, horretara bideratutako funts publikoak handitzea. Lege honen helburua horiek zehaztea ez bada ere, adierazi behar da garapenerako lankidetzari eskainitako aurrekontua handitzen joatea guztiz bat datorrela legearen ikuspegiarekin. Ildo horretan, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorrek urtero esleituko dituzte beharrezko baliabide ekonomikoak garapen-lankidetzarako ekintzak finantzatzeko eta, oro har, lege honetan aurreikusitako ekintzak aurrera eramateko, helburutzat jarriko baita arian-arian betetzea instituzioek arlo horretan egin beharreko portzentajezko ahaleginari dagokionez nazioarteko erakundeek harturiko erabakiak eta, horrela, Eusko Jaurlaritza poliki-poliki eta efektiboki hurbildu ahal izatea atxikimendua azaldu dien deklarazioen xedeetara. Horretarako, asumitu egingo da herrialde garatuen nazio-produktu gordinaren % 0,7 herrialde pobretuen garapenera bideratzeko Nazio Batuen esparruan hartu zen konpromisoa, eta neurriak hartuko dira hartarako zuzkidura datozen urteotan, arian-arian, Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan jasotako gastu osoaren % 0,7ra iristeko.

 

- III -

 

       Lege honen bitartez diseinatu den lankidetza-eredua, euskal lankidetzaren printzipio, helburu eta lehentasunen formulazioan adierazia, bat dator lankidetza-zereginetan dihardutenen esperientzia eta heldutasunarekin, eta erantzun egokia ematen die gure gizartearen itxaropenei; izan ere, lankidetzan diharduten eragileak animatu eta adoretu egiten ditu beren lan bikainari euts diezaioten eta aukera ematen du benetakotasun- eta eraginkortasun-bermeetan aurrera egiteko. Gainera, abiapuntua, azken urteotan egindako esfortzuaren emaitza, ezin hobea denez, eredua kalitatearen erreferente bilaka daiteke, eta horrek zeregin hauetan aurreratuen dauden herrialdeen parean jartzeko aukera ematen digu.

 

       Kalitateagatik nabarmentzen den lankidetzak, kudeaketaren eraginkortasunaren etengabeko hobekuntza bermatzeaz gain, jarduera estrategikoak bultzatu behar ditu, proposatutako helburuak eraginkortasun handiagoz gauza daitezen eta funtsak eta laguntza teknikoa ahalik eta irizpiderik onenen arabera eman daitezen. Lankide ditugun komunitate eta herriekiko elkarguneak bilatu behar ditugu, historian zehar mundu osoan gure herriaren ezaugarri izan diren balio etikoak benetan partekatzeko. Iritzi hau bereziki egokia da nazioarteko garapenerako lankidetzaren alorrean, zeren, eztabaidei eta are kritika interesatuei ere irekita dagoenez, elkartasunezko gure memoria historikoa eguneratzea baita aurrean daukagun aroan zalantzazko egoerei aurre egiteko modurik onena.

 

       Gaur egun, beste esparru batzuetan, atzera-egite nabarmena atzematen da garapenerako lankidetzari eskainitako esfortzuetan, eta agerikoa da lankidetzarekin zerikusirik batere ez duten interesei erantzuten dien interbentzionismo politikoa (lankidetza kanpo-politika gisa, ordaina bilatzea, lankidetza-eragileen eta finantzatu beharreko herrialdeen hautaketa politikoa). Ondorioz, bereziki egokia da garapenerako gobernuz kanpoko erakundeen (GGKE) esperientziari arreta berezia eskaintzea. Izan ere, lankidetzan bereziki legitimatuta dauden eragileak izanik, ekarri handia egin dezakete gure herriaren elkartasunezko tradizioa -misiolarien konpromiso sendoan ikus daitekeena, adibidez- osatzeko eta jarraipena emateko. Eta lagungarri gertatuko zaizkigu, halaber, gogoan izan dezagun beti benetako zentzua zein den, lankidetzan egiten den guztia, eta lege hau berau ere bai, ez baita gure artean geratzen, ez eta gure erakundeen artean ere; Hegoaldeko komunitate eta herrietan geratzen da dena, horiek baitira, beren garapen-prozesuen benetako subjektuak izanik, gure lankidetza eskatzen dutenak, lagungarri izan dakien.

 

       Lege hau bat dator Eusko Legebiltzarrak planteatutako ekimenekin; erantzuna eman nahi dio gizarteak behin eta berriro egindako eskakizunari eta faktore hauek kontuan hartuta egituratu da:

 

- A priori gisa, eta euskal lankidetza-politikaren funtsezko paradigma teoriko modura, hiru belaunaldietako giza eskubideak asumitu, defenditu eta sustatu beharra. Ildo horretan, gainera, genero-ikuspegia berariaz sartuko da lankidetza-ekimen guztietan.

- Euskal lankidetza nazioarteko esfortzu espezializatuaren ikuspuntutik bideratuko da, eta arreta berezia eskainiko die Nazio Batuen sistemako agentziek eta Garapenean Laguntzeko Batzordeak egindako eskaera eta iradokizunei.

- Proposatzen den lankidetza-ereduak konprometituta egon behar du pobreziaren egiturazko arrazoiak gainditzeko esfortzuan, eta ahalegin berezia egingo du Hegoaldeko populazioak tokian tokiko mikroekonomiaren sustapena bermatzen duten bitartekoen jabe egin daitezen (giza baliabideen eta baliabide tekniko eta materialen jabe) eta politika demokratikoki kudeatzeko gaitasuna sendotu dezaten, betiere eskualde-merkatuak behar bezala babesten direla ziurtatzeko.

- Lankidetza-jarduera kalitatez egiteko borondate irmoa. Zentzu horretan, kalitatea da:

· Lankidetzan arrazoi etikoengatik aritzea eta elkartasunez eta modu ez-interesatuan jardutea.

· Lankidetza-jarduerak kudeatzeko prozesu osoan eraginkortasuna sistematikoki hobetzea.

· Lankidetza-jardueren eraginkortasuna sistematikoki hobetzea, proiektuen iraunkortasun-bermeak eta onuradun izan daitezkeenen kopurua handituz, garapenaren nortasun integrala sendotuz, jarduera estrategikoei lehentasuna emanez eta bitartekoen erabilera egokia optimizatuz.

- Euskal gizarteari eta erakundeei gonbita egitea guztien arteko bakea eta guztientzako etorkizun justuagoa eraikitzeko proiektuan parte har dezaten.

 

       Munduan 30.000 haur baino gehiago hiltzen dira egunero, aurreikus daitezkeen gaixotasunengatik, eta gero eta pertsona gehiagok (une honetan 1.100 milioitik gora) ez dute edateko urik. Egoera horretan, etorkizunerako bakea lortu nahi badugu, nahitaezkoa da justizia soziala iristea, eta ahalegin horretan, herri guztiek eta horien erakunde publikoek onartu egin beharko dute beren erantzukizun-kuota, eta behar beste saiatu aurrerapauso nabarmenak egiteko.

 

I. KAPITULUA

GARAPENERAKO LANKIDETZA EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAN

 

1. Artikulua - Legearen xedea

 

       1.    Lege hau Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioek eta lankidetza-eragileek garapenerako lankidetzaren eta nazioarteko elkartasunaren alorrean aurrera eramaten dituzten jarduerei aplikatzeko da.

 

       2.    Euskal gizarteak eta erakundeek konpromisoa hartu dute tokian-tokian eta mundu osoan herrien giza garapen iraunkorra sustatzeko, bereziki pobrezia erauztea, eta giza eskubideak benetan betetzen direla eta nazioarteko harremanak justizian oinarritzen direla bermatzeko: konpromiso horren baitan kokatzen dira aipatutako jarduerak.

 

2. Artikulua - Legearen aplikazio-esparrua

 

       1.    Garapenerako lankidetzaren eta nazioarteko elkartasunaren esparruan Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde komunek aurrera eramaten dituzten jarduera guztiei aplikatuko zaie lege hau.

 

       2.    Lege honen printzipio, helburu eta lehentasunak jarraitu beharrekoak izango dira lurralde historikoetako foru-organoek eta toki-administrazioek garapenaren arloan aurrera eramaten dituzten jardueretan.

 

3. Artikulua - Garapenerako lankidetzari buruzko politika bideratuko duten printzipioak

 

       1.    Garapenerako lankidetzako ekimen guztiek elkartasun ez-interesatuaren printzipioa beteko dute. Horrekin esan nahi da lankidetzarako konpromisoaren ordainetan ez dela jasoko finantza- edo merkataritza-probetxurik, ez dela enpresa-ikuspegiko jarrera hartzerik izango, ez dela ideologia- edo erlijio-proselitismorik egingo eta ez dela inolako bezero-sarerik sortuko.

 

       2.    Garapenerako lankidetzako jarduerek berariaz errespetatu eta bultzatuko dituzte tokiko komunitateen, gutxiengoen eta herrien kultura, idiosinkrasia, gizartea eta administrazioa antolatzeko egiturak eta erabakiak hartzeko berezko prozesuak, betiere giza eskubideen, ingurumenaren eta nazioarteko hitzarmenetan hartutako konpromisoen aurkakoak ez badira.

 

       3.    Garapenerako lankidetzaren ezaugarririk behinena akonpainamenduaren kontzeptua da, horrek adierazten baitu ez dagoela kultura-, ekonomia- eta ideologia-eredurik inposatzeko asmorik.

 

       4.    Garapenerako lankidetzaren oinarria gizakiaren askatasuna eta duintasuna aitortzea da, hala alderdi pertsonalean nola kolektiboan, hura baita garapenerako lankidetzaren protagonista, hartzaile eta azkenengo kudeatzaile.

 

       5.    Euskal lankidetzak eginahalak egiteko konpromisoa hartzen du eskubide guztiak benetan errespeta daitezen, bai eskubide zibilak eta politikoak, bai ekonomiaren, gizartearen eta kulturaren arlokoak; izan ere, giza eskubideak zatiezinak eta elkarren menpekoak dira, nazioarteko hainbat adierazpen eta itunetan adierazi denez. Ildo horretatik, giza eskubideak, eta bereziki garapenerako eskubidea, errespetatzea funtsezkoa da giza garapen iraunkorra lortzeko edozein esfortzutan.

 

       6.    Bakea eta elkarbizitza sendotu eta sustraitu daitezen, oinarrizkoa da justizia eta askatasuna eta pertsona, komunitate, herri eta estatuen arteko harremanen berdintasuna sustatzea, bai eta gatazkak eta gizarteko tentsioak saihestea edo modu baketsuan konpontzea.

 

       7.    Gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna, giza eskubide ukaezina ez ezik, behar estrategikoa ere bada, demokrazian sakontzeko eta gizartearen eta ekonomiaren aldetik mundu justuagoa, kohesionatuagoa eta garatuagoa eraikitzeko. Ondorioz, politika eta ekintza guztietan, sistemaz hartuko dira kontuan emakumeen eta gizonen egoera, baldintza eta behar desberdinak maila eta fase guztietan -plangintzan, exekuzioan eta ebaluazioan-, eta ekintza positiboak bideratuko dira.

 

       8.    Garapenerako lankidetzako jarduerek, printzipio orokor gisa, ez dituzte hartzaileak diskriminatuko sexu-, arraza-, kultura-, ideologia- eta erlijio-arrazoiren bat tarteko dela. Garapenerako lankidetzako jarduerek, printzipio horri jarraiki, halaber, pertsona eta kolektibo ahulenak defendatu eta sustatuko dituzte, eta, zehazki, diskriminazio politiko edo ekonomikoa jasaten dutenak.

 

       9.    Herrialdeen garapen ekonomiko jasangarria bultzatzearkin batera, neurriak hartu behar dira aberastasunaren birbanaketa ekitatiboa sustatzeko, hartara errazagoa izan dadin bizi-baldintzak hobetzea eta herritarren ongizatea bermatzea.

 

       10.  Garapenerako lankidetzako ekimen guztiek bermatu behar dute, ahal den neurrian, garapen-helburuetan finkatutako lorpenak gerora ere sendotu egingo direla.

 

       11.  Garapenerako lankidetzari lotutako jarduerak elkarrekin koherenteak izan daitezen zainduko dute euskal administrazio publikoek, eta beharrezko diren koordinazio-mekanismoak jarriko dituzte horretarako hala beren artean, nola beste administrazio publiko batzuekin, beste erakunde batzuekin eta nazioarteko lankidetza-agentzia eta -organismoekin.

 

       12.  Garapenerako lankidetzako eragile eta tresnek kudeaketa eraginkorra bermatuko dute horretara bideratutako baliabide publikoak jarri eta aplikatzeko orduan. Ildo horretatik, ebaluazio-irizpideak eta helburuak neurtzea ahalbidetuko duten adierazleak ezarriko dira.

 

4. Artikulua - Garapenerako lankidetzaren helburuak

 

       Hauek izango dira garapenerako lankidetzako politikaren helburuak:

 

       1.    Bizi-baldintza duinak izatea eragozten duten desberdintasunak erauzten laguntzea. Horretarako, giza garapen iraunkorra sustatzeaz gain, zentzu zabalean pobrezia eragiten duten egiturak eraldatzeko ahaleginak egingo dira; horien artean, kontzeptu hauekin zerikusia dutenak: diru-sarrerekin, bizitza oso eta sortzailea izateko oinarrizko baldintzekin, pertsonek beren bizitzetan eragiten duten erabakietan parte hartzeko aukerarekin, askatasun zibil eta politikoekin, etab. Bereziki, jarduera hauek bultzatuko dira:

 

a)  Abiapuntuko baldintzetan berdintasun handiagoa izan dadin sustatuko da, bai eskubideetara eta baliabide eta etekin ekonomiko eta sozialetara iristeari dagokionez, bai horiek guztiak gozatu eta eraginkorki kontrolatzeari dagokionez, bai eta erabakiak hartzeari dagokionez ere. Horretarako, behar diren jarduerak diseinatuko dira pertsonak ahalduntzeko, desberdintasunak erauzteko eta diskriminazio eta bazterketa ekonomiko, politiko eta soziala gehien jasaten duten kolektiboen gaitasunak handitzeko.

b)  Garapen-jarduerek, natura-ingurunea eta ingurumena zainduz, hurrengo belaunaldiek beren beharrak asetzeko aukera izango dutela ziurtatuko dute eta, ildo horretatik, iraunkortasuna bermatuko dute.

c)  Jarduerek giza garapenaren ikuspegia errespetatuko dute, hau da, biztanleen aukerak eta gaitasunak areagotzeko prozesu bat bideratuko dute, pertsonek beharrezko baliabideak izan ditzaten eta, era horretan, bizi-kalitate duina lor dezaten.

 

       2.    Gizarte zibila sendotzeko ahalegina egingo da. Ildo horretatik, partaidetza demokratikoa bultzatzeaz gain, ekonomia, politika edo gizarte arloan diskriminazioa edo bazterketa jasaten duten pertsonak eta taldeak gaitzeko mekanismo eta tresnak jarriko dira, beren garapen-aukera egin dezaten.

 

       3.    Dena delako arrazoiengatik guztiz ahulduta dauden edo estutasunean bizi diren populazioei egoera gainditzeko laguntza emango zaie, beren garapen iraunkorra ahalbidetuko duten baldintzak ezartzeko.

 

       4.    Justizia soziala lortzeko, pobreziaren egiturazko arrazoiak erauzteko eta giza eskubideak defendatzeko lanean diharduen nazioarteko komunitateari, laguntza emango zaio, mundu justuago eta baketsuago bat lortzeko ahaleginean.

 

       5.    Elkartasun-balioak eta gizaki guztien duintasun-balioak gauzatzeko orduan euskal gizarteak aktiboki parte hartzeko egin duen eskariari erantzun egokia emango zaio.

 

       6.    Nazioarteko elkartasunaren kultura eta herritartasun globalaren kontzientzia sustatuko dira.

 

5. Artikulua - Arlokako lehentasunak

 

       1.    Jarduera motaren edo arloaren arabera, egintza hauek lehentasunezkoak izango dira:

 

a)  Pobrezia erauztea, oinarrizko behar sozialak betetzea (hezkuntza eta prestakuntza, osasuna, etxebizitza eta oinarrizko azpiegiturak) eta elkarte- eta produkzio-arloko gizarte-sarea garatzea.

b)  Giza eskubideak aitortu eta onar daitezen bultzatzea, bete daitezela defendatzea eta eskubide-urraketak salatzea.

c)  Gizarte zibilaren giza ahalmenak eta ahalmen instituzionalak sendotzea, beharrezkoak baitira gizakia garatzeko eta erabakiak hartzerakoan partaidetza demokratikoa sustatzeko, sakontzeko eta indartzeko.

d)  Ingurumena babestea, zaintzea eta horren kalitatea hobetzea, eta biodibertsitatea modu arrazional, berriztagarri eta iraunkorrean erabiltzea.

e)  Emakumeen eta gizonen artean berdintasuna bultzatzea, eta emakumeak ahalduntzeko ahaleginak egitea.

f) Kultura-dibertsitatea babestea.

g)  Gatazkak saihestea eta bakea sustatzea.

h)  Ekintza humanitarioa eta larrialdietakoa sustatzea.

i) Herrialde pobretuekin nazioarteko merkataritza justua eta solidarioa bultzatzea.

 

       2.    Garapenerako lankidetzako ekimenek arreta berezia eskainiko diete egituraz ahul diren taldeei -horietan, sistemaz hartuko dira kontuan emakumeen eta gizonen egoerak, baldintzak eta beharrizanak- eta, bereziki, honako hauei:

 

a)  Herri indigenei.

b)  Estatutik gabeko herriei.

c)  Errefuxiatuei eta desplazatuei.

d)  Emakumeei.

e)  Haurrei.

f) Gizarte-bazterketa dela eta, eskasia handiko egoeran dauden bestelako taldeei.

 

       3.    Lankidetza-harremanak sustatuko dira pobreziaren kontra eta justizia sozialaren eta giza eskubideen alde finantzen eremutik lanean ari diren erakundeekin, hala nola diren banka etikoa, herri-ekonomiako kooperatibak edo ekonomia solidarioko erakundeak eta sareak.

 

       4.    Gure gizartean Iparralde-Hegoalde errealitatea hobeto eta sakonago ezagutzeko eta Iparraldeko eta Hegoaldeko herri eta herrialdeen arteko harreman justuagoak bideratzeko hezkuntza-alorrean egiten diren sentsibilizazio-ekimenei, arreta berezia eta babes egokia emango zaizkie.

 

6. Artikulua - Geografia-alorreko lehentasunak

 

       Garapenerako euskal lankidetzak lehentasunez jardungo du pobrezia-maila handiena jasaten duten inguruetan. Hori neurtzeko, nazioartean onartutako adierazleak erabiliko dira, hau da, giza garapenaren indizea eta antzekoak.

 

       Horrez gainera, aintzat hartuko dira honako irizpide hauek ere:

 

a)  Giza eskubideen urraketa larri eta orokorrak jasaten dituzten komunitate eta herrietan.

b)  Gatazkak edo larrialdi humanitarioak bizi dituzten inguruetan.

c)  Euskadirekin harreman bereziak dituzten herri eta herrialde pobretuetan, hau da, euskal erakundeekin eta euskal gizartearekin lankidetza-esperientzia handiagoa izan duten herri eta herrialdeetan.

d)  Euskadira iritsi diren etorkin gehienen jatorri diren herri eta herrialdeetan.

 

7. Artikulua - Garapenerako lankidetzako jardueren zeharkako balioak

 

       Garapenerako lankidetza planifikatzeko tresnetan, berariaz jasoko dira era guztietako ekimen, programa eta proiektuek errespetatu behar dituzten zeharkako balioak adierazten dituzten irizpideak. Honako hauek nahitaez jasoko dira:

 

a)  Pobreziaren erauzpena.

b)  Giza eskubideen benetako errespetua.

c)  Komunitatearen eta herritarren antolaketaren eta partaidetzaren sustapena.

d)  Genero-ikuspegia.

e)  Ingurumenaren babesa.

 

II. KAPITULUA

GARAPENERAKO EUSKAL LANKIDETZAKO ERAGILEAK

 

8. Artikulua - Lankidetzako eragileen definizioa

 

       Lege honen ondorioetarako, hauek dira lankidetza-eragileak: garapenerako lankidetzako zereginekin lotura berezia duten entitate publiko zein pribatuak izateagatik, horretara bideratutako funts publikoekin finantzatutako jarduerak kudeatzeko aukera izan dezaketenak.

 

 

9. Artikulua - Garapenerako euskal lankidetzako eragileak

 

       1.    Hauek dira garapenerako lankidetzako eragileak:

 

a)  Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioak eta horiei lotutako gainerako entitate publikoak.

b)  Garapenerako gobernuz kanpoko erakundeak (GGKE).

c)  Irabazi-asmorik gabeko beste entitate batzuk, lege honen printzipio eta helburuen barruan garapenerako lankidetza-ekintzak aurrera eramaten dituztenak, hala nola unibertsitateak, erakunde sindikalak edo bestelako erakunde sozialak.

 

       2.    Alabaina, esku-hartzearen izaera teknikoak hala eskatzen duenean, 1. paragrafoan aipatutako eragileek bestelako izaera juridikoko erakundeen parte hartzea bilatu ahal izango izango dute, betiere lankidetzaren helburua desitxuratu gabe.

 

       3.    Plan zuzentzailean edo lege honen garapenerako arauetan xedatzen denari lotuz, Eusko Jaurlaritzak edo berari atxikitako herri-erakundeek beren lankidetza-aurrekontuaren % 10 izango dute mugatzat, bi aldeko eta alde askotako jarduerak gauzatzeko.

 

10. Artikulua - Garapenerako Lankidetzako Eragileen Erregistroa

 

       1.    9. artikuluko b) eta c) idatz-zatietan aipatutako entitateen ahalmena eta kaudimena identifikatu eta bermatu ahal izateko, Garapenerako Lankidetzako Eragileen Erregistroa sortuko da.

 

       2.    Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren laguntzak jaso ahal izateko, nahitaezko baldintza izango da garapenerako lankidetzako eragileen erregistroan inskripzioa egitea.

 

       3.    Lankidetzako eragileek honako baldintza hauek bete beharko dituzte, gutxienez, erregistroan inskribitu ahal izateko:

 

a)  Erakunde bat izatea, nortasun juridikoa eta lege-ahalmena edukiko dituena.

b)  Irabazi-asmorik ez izatea.

c)  Erakundearen helburuetako bat, erakundeak berak onartutako estatutuen edo dokumentuen arabera, garapenerako lankidetza izatea.

 

       4.    Aurreko paragrafoan azaldutako entitateek ez dute tasa edo prezio publiko bat ere ordainduko Garapenerako Lankidetzako Eragileen Erregistroan egin beharreko inskripzioagatik edo aldaketengatik.

 

       5.    Erregistroaren araubide juridikoa eta bertan inskribatutako entitateek bete behar dituzten formalitate eta eskakizunak dekretu bidez ezarriko dira.

 

III. KAPITULUA

GARAPENERAKO EUSKAL LANKIDETZAREN ANTOLAKETA

 

11. Artikulua - Eusko Legebiltzarra

 

       Eusko Jaurlaritzak, lau urteko gida-plana onetsi baino lehen, urte anitzeko planifikazio estrategikoaren jarraibide nagusiak finkatuko ditu eta Eusko Legebiltzarrari bidaliko dizkio komunikazio gisa, hark osoko bilkuran edo batzordean eztabaidatzeko eta onesteko.

 

       Era berean, Eusko Jaurlaritzak urtero jakinaraziko dio Eusko Legebiltzarrari plana zein neurritaraino bete den eta planeko aurreikuspenak zein punturaino gauzatu diren.

 

12. Artikulua - Eusko Jaurlaritza

 

       1.    Eusko Jaurlaritzari dagokio lege hau arau bidez garatzea erregelamenduz arautu beharrekoak diren alderdi guztiei dagokienez.

 

       2.    Garapenerako lankidetzako eskumenak dituen sailburuaren proposamenez, Eusko Jaurlaritzak urte anitzeko gida-plana eta urteko planak onartuko ditu.

 

13. Artikulua - Garapenerako lankidetzako eskumenak dituen saila

 

       1.    Garapenerako lankidetzako eskumenak dituen sailari dagokio garapenerako lankidetzako programa eta ekimenak kudeatzea, koordinatzea eta ebaluatzea, betiere lege honetan eta une bakoitzean indarrean dauden urteko planetan eta urte anitzeko planetan xedatutakoaren arabera.

 

       2.    Sail horrek egingo ditu, halaber, urteko planen eta urte anitzeko planen proposamenak, eta, sailburuaren bitartez, Jaurlaritzaren Kontseiluari helaraziko dizkio onar ditzan.

 

       3.    Planak eta funts publikoekin finantzatutako jarduerak ere garapenerako lankidetzako eskumenak dituen sailak ebaluatuko ditu.

 

       4.    Garapenerako lankidetzaren urteko ebaluazio-txostena egingo du garapenerako lankidetzan eskuduna den sailak.

 

       5.    Eskumena duen sailari dagokio garapenerako lankidetzako eragileekin elkarlanean aritzea eta haiei laguntzea.

 

14. Artikulua - Lurralde historikoetako eta euskal udaletako herri-administrazioak

 

       Lurralde historikoetako eta euskal udaletako herri-administrazioei dagokie, bakoitzari bere eskumenen barruan, egoki irizten dieten garapenerako lankidetzako programak eta jarduerak aurrera eramatea, betiere lege honetan garapenerako lankidetzako politikarako ezartzen diren printzipio, helburu eta lehentasunak betez.

 

15. Artikulua - Garapenerako Lankidetzaren Erakunde arteko Batzordea

 

       Garapenerako Lankidetzaren Erakunde arteko Batzordea sortzen da, euskal administrazioen arteko informazio, komunikazio eta laguntzarako organo gisa. Batzordearen helburua izango da estrategiak adostea lankidetzako jarduerak aurrera eramateko orduan, deialdietan eta jarduketetan bikoizketarik eta estaldurarik ez gertatzeko eta euskal administrazioek lankidetzaren arloan oro har egiten duten lanari koherentzia emateko.

 

       Batzordean ordezkariak izango dituzte Eusko Jaurlaritzak, foru-aldundiek eta euskal udalek. Batzordearen erregulazioa dekretu bidez egingo du Eusko Jaurlaritzak, dekretuaren edukia ukitutako administra adostu ondoren.

 

16. Artikulua - Garapenerako Lankidetzaren Euskal Kontseilua

 

       1.    Garapenerako Lankidetzaren Euskal Kontseilua eratzen da, lankidetzako eragileen ordezkaritza-organoa izan dadin. Garapenerako euskal lankidetza publikoaren inguruko proposamenak, irizpenak eta jarraipena egiteko ahalmena izango du.

 

       2.    Osaerari dagokionez, kontseilua mistoa izango da, eta erakundeen era gizartearen ordezkarien kopurua paritarioa izango da. Garapenerako lankidetzako eskumenak dituen sailburua izango da kontseilu horren buru. Hitz eta botodun kide izango dira bai herri-administrazioetako ordezkariak, bai bestelako lankidetza-eragileetako kideak -garapenerako gobernuz kanpoko erakundeetakoak, adibidez-. Gainera, arlo honetako beste sektore batzuek ere parte hartu ahal izango dute, hitzarekin baina botorik gabe. Kideak izendatzeko orduan ahaleginak egingo dira emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua izan dadin.

 

       3.    Garapenerako Lankidetzaren Euskal Kontseiluaren eskumenak honako hauek izango dira:

 

a)  Txostena egitea, aldez aurretik eta nahitaez, Eusko Jaurlaritzak garapenerako lankidetzaren alorrean prestatzen dituen xedapen orokorren proiektuei buruz.

b)  Txostena egitea, aldez aurretik eta nahitaez, garapenerako lankidetzaren kudeaketaz arduratzen den agentzia edo erakunde bereziaren antolamenduari edo egitura funtzionalari buruzko proposamenaren gainean.

c)  Txostena egitea, aldez aurretik eta nahitaez, urte anitzeko eta urteko planen proposamenei buruz eta plan horien ebaluazioei buruz.

d)  Txostena egitea, urtero, Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioek arlo honetako jardueretan lege honetako 3.11 artikuluan ezarritako koherentzia-printzipioa zenbateraino betetzen duten azaltzeko.

e)  Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Autonomia Erkidegoko gainerako herri-administrazioek aurrera eramaten dituzten garapenerako lankidetzako ekimen eta jarduerak ezagutzea; besteak beste, laguntza eta diru-laguntzetarako deialdiak, hitzarmenak, ekintza humanitarioak eta abar.

f) Eusko Jaurlaritzari eta Euskal Autonomia Erkidegoko gainerako herri-administrazioei egoki irizten dien ekimen eta proposamenak helaraztea, garapenerako lankidetzako politika publikoa hobetzeko eta arlo horretan aurrera egiteko.

g)  Erregelamendu bidez esleitzen zaizkion beste eskumen batzuk aurrera eramatea.

 

       4.    Garapenerako Lankidetzaren Euskal Kontseiluak bere aurrekontu berezia izango du, bere helburuak betetzeko azterlanak eta gainerako jarduerak egin ditzan.

 

       5.    Eusko Jaurlaritzak arautuko ditu, dekretu bidez, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Kontseiluaren osaera, funtzionamendua eta eskumenak, betiere artikulu honetako aurreko paragrafoetan ezarritakoaren arabera.

 

IV. KAPITULUA

PLANGINTZA ETA TRESNAK

 

17. Artikulua - Lau urterako gida-plana

 

       1.    Gida-planak, Euskal Autonomia Erkidegoko garapenerako lankidetzaren adierazle politiko eta tekniko gorena denez, lege honetako edukiak garatuko ditu, helburu, tresna eta proposamen operatiboak sortzeko. Horretarako, legean geografiaren eta arloen arabera ezarritako lehentasunak zehazteaz eta esparru honetan ekintza publikoak dituen aurrekontu-beharrak finkatzeaz gain, legearen helburuak hobeto betetzeko aukera emango duten bestelako ekimen batzuk ere definituko dira.

 

       2.    Gida-plana lau urterako izango da eta Eusko Jaurlaritzak onartuko du, garapenerako lankidetzako eskumenak dituen sailak egindako proiektua oinarri hartuta. Jaularitzak onartu baino lehen, ordea, urte anitzeko planifikazio estrategikoaren jarraibide nagusiak onartu beharko ditu Eusko Legebiltzarrak, artikulu honen 11. legean zehazten denez.

 

       3.    Planaren proiektua egiteko, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Kontseiluaren parte-hartzea eragotzi gabe, eskumena duen sailak egoki irizten dien partaidetza- eta kontsulta-mekanismoak ezarriko ditu, garapenerako lankidetzako eragileen artean dauden iritzi eta proposamenak ezagutzeko.

 

18. Artikulua - Urteko planak

 

       1.    Indarrean dagoen gida-planean ezarritakoari jarraituz, ekitaldi bakoitzean Eusko Jaurlaritzak garapenerako lankidetzako urteko plan bat onartuko du. Bertan, tarte horretan Eusko Jaurlaritzak aurrera eramango dituen jardueren programa jasoko da, baita esparru horretarako gordetako aurrekontua aplikatzeko ildo orokorrak ere.

 

       2.    Urteko planetan, gida-planean geografiaren eta arloen arabera ezarri diren lehentasunak zehaztuko dira. Plana garapenerako lankidetzako eskumenak dituen sailak egingo du, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Kontseiluaren laguntzarekin.

 

19. Artikulua - Lankidetza teknikoa

 

       1.    Teknika- eta kudeaketa-ezagutzak trukatzeko lankidetza-jardueren multzoari deitzen zaio lankidetza teknikoa, betiere helburua erakundeek eta pertsonek beren garapena sustatzeko duten gaitasuna hobetzea bada.

 

       2.    Lankidetza teknikoaren xedea izango da lankidetzaren hartzaile diren herri eta herrialdeetako pertsonen baliabideak eta erakundeen kudeaketa-ahalmena sendotzea, erakundeen laguntzaren bidez eta gaikuntza- eta prestakuntza-proiektuen bitartez.

 

       3.    Lankidetza teknikoaren bitartez, garapen endogeno, parte-hartzaile eta bidezkoa bultzatuko da. Hortaz, tokian tokiko ezagutza eta baliabideak baloratuta eta horiek oinarri hartuta, kanpotik datozen teknologia-baliabideak bereganatzeko ahalmena zein den neurtuko du, kultura- eta ekonomia-eragin kaltegarriak saihesteko.

 

20. Artikulua - Ekonomia- eta finantza-lankidetza

 

       1.    Ekonomia- eta enpresa-lankidetza da diru-laguntzak eta kredituak ematea helburu jakin batzuk dituzten garapen-programak eta -egitasmoak gauzatzeko. Helburu horiek bi eratakoak izan daitezke: batetik, lankidetza hartuko duten komunitateen eta herrialdeen baliabideak hobetzeko, hala nola oinarrizko azpiegiturak, ekipo-ondasunak eta era guztietako ondasun materialak, eta bestetik, herri horien finantza-ahalmena hobetzeko arlo batzuk garatze aldera, hala nola oinarrizko ekoizpena, gizarte-zerbitzuak, osasuna, hezkuntza, kudeaketa kooperatiboa eta mikroenpresen sorrera.

 

       2.    Finantza-lankidetza da, orobat, garapenerako proiektuetarako ekonomia- eta finantza-ekarpenak egitea, baldin eta proiektu horiek interesik gabeko kreditu bitartez eratutako kapital-funts egonkor bilakatu badira, erabiltzaile berriek erabil ditzaten eta arian-arian xede berriak gauza daitezen. Halaber, hor sartzen da, oro har, elkartasunezko mikrokredituak eskaintzeko egiturak sortzeko xedea duten proiektuak finantzatzea.

 

21. Artikulua - Ekintza humanitarioa

 

       1.    Ekintza humanitarioa honako hau da: hondamendiek eragindako biktimei edo egoera biziki ahulean dauden herriei ematen zaien laguntza oro, bizirik iraun dezaten, edo beren eskubideak babestearren, duintasuna defendatzearren eta geroko garapenerako oinarriak jartzearren. Era berean, azpiegitura fisiko, ekonomiko eta sozialak birgaitu eta berreraikitzea eta zeinahi eratako hondamendien biktima diren herri eta komunitateen ahulezia-egoera urritu eta saihestea, hori ere bada ekintza humanitarioa.

 

       2.    Ekintza humanitarioa dira honako hauek ere: elikagaietarako eta osasunerako laguntzak ematea; gatazka armatuetatik eta gerretatik, bai eta hondamendi naturaletatik ere baldin luzaroan irauten badute, ihesi doazenei eta horiengatik herrialdearen barruan desplazatuak izan direnei laguntzea; hondamendiei aurre hartzea; egoera horietan daudenen kasuan gertatu ohi diren giza eskubideen urraketak salatzea; edo eskabide horiek babesteko proiektuak aurrera eramatea.

 

22. Artikulua - Larrialdietako laguntza humanitarioa

 

       1.    Hondamendi naturalek edo gatazka armatuek eragindako zoritxarreko egoeretan ematen den laguntza berehalakoa, horixe da larrialdietako laguntza humanitarioa; horren bitartez, bizirik irauteko funtsezko diren ondasunak eta zerbitzuak ematen zaizkio jende multzo bati, pertsonen bizitza salbatzearren; hala nola, osasun-laguntza, aterpea eta elikadura.

 

       2.    Larrialdietako laguntza humanitarioak, eskura dagokeen finantzaketa publikoaz gain, izan dezake bestelakorik ere, hala nola larrialdi jakin batzuetan Euskal Autonomia Erkidegoko herritarrek, nahi izanez gero, laguntzeko irekitako berariazko funtsen bidezko finantzaketa.

 

       3.    Larrialdietako laguntza humanitarioa Eusko Jaurlaritzak koordinatuko du, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Kontseiluaren barruan berariaz horretarako eratutako batzorde batekin batera.

 

       4.    Larrialdietako lehentasun-indikadoreak sortuko dira, larrialdietako laguntza humanitarioak hobeto erabakitzen laguntzeko.

 

23. Artikulua - Garapenerako heziketa

 

       1.    Garapenerako heziketa honako xede hauek dituena da: Iparraldearen eta Hegoaldearen garapen ezberdinarekin zerikusia duten arazoen arrazoi eta ondorioak ezagutaraztea, herritarrengan arazo horien gaineko kontzientzia kritikoa piztea eta arlo horretan elkartasunezko eta konpromiso aktiboko jarduerak eragitea. Garapenerako heziketaren kontzeptuaren barruan sartuta daude gizartean sentsibilizazioa eragiteko ekintzak, prestakuntza-ekintzak eta ikerketa-ekintzak.

 

       2.    Lege honen 5.4 artikuluan ezarritakoa aplikatze aldera, urte anitzeko planetan eta urtebeteko planetan honako hau aurreikusiko da: baliabide ekonomiko erabilgarrien zati bat garapenerako heziketarako ekimen eta proiektuetarako erabiltzea.

 

24. Artikulua - Garapenerako lankidetzaren moduak

 

       1.    Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioek, zuzenean nahiz lege honen 9. artikuluan aipatutako lankidetza-eragileen bitartez, lankidetza hartzen duten herrialdeetako erakunde eta entitateekin batera lankidetza-ekintzak gauzatzea, horixe da alde biko lankidetza.

 

       2.    Alde anitzeko lankidetza, berriz, hau da: Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioek, beren eskumenen esparruan, nazioarteko erakundeek sustatutako garapenerako lankidetza-proiektu eta -programetan parte hartzea, betiere lege honekin eta indarrean dauden planetan ezarritakoarekin bat etorriz.

 

25. Artikulua - Laguntzak eta diru-laguntzak

 

       1.    Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio orokorrak, laguntzen eta diru-laguntzen bitartez, garapenerako gobernuz kanpoko erakundeen garapen-proiektu eta -programak finantzatu ahal izango ditu, bai eta irabazi-asmorik gabeko beste entitate batzuenak ere. Erakunde horiek, betiere lege honen 10. artikuluan ezarritakoa betez, urte anitzetako gida-planean eta urteko planetan ezarritako aurreikuspenekin bat etorrita aurkeztu beharko dituzte beren proiektuak eta programak.

 

       2.    Era berean, Administrazioak nazioarteko erakunde espezializatuekin, instituzio eta entitateekin -publiko nahiz irabazi asmorik gabeko pribatuekin- egindako lankidetza-hitzarmenen bitartez finantzatu ahal izango ditu lankidetza-proiektu eta -programak, betiere lege honetan aipatutako printzipioekin eta helburuekin eta urte anitzeko gida-planean eta urtebeteko planetan ezarritako aurreikuspenekin bat etorriz.

 

       3.    Garapenerako lankidetzaren arloan laguntzak emateko egiten diren deialdietan aurkeztutako programek eta proiektuek finantzaketa publikoa lortzeko bete behar dituzten eskakizunak, erregelamendu bidez arautuko dira. Era berean, hitzarmenen kasuan, garapenerako lankidetzarako orotara aurreikusita dauden baliabide ekonomikoen artetik mota horretako laguntzetarako gehienez ere emango den diru-kopurua zehaztuko da.

 

       4.    Artikulu honetako 1. paragrafoan aipatzen diren programa eta proiektuetan, finantzaketa publikoa jasoko duen entitateak bazkide bat eduki beharko du proiektu edo programa hori gauzatuko den tokian bertan. Tokian tokiko bazkide horrek nortasun juridikoa eduki beharko du, dena delako herrialde horretan aplikatzekoa den legeriaren arabera, non eta ez den gertatzen horretarako ezintasun ageriko bat.

 

       5.    Artikulu honetako 1. paragrafoan aipatzen diren entitateek egoitza edo ordezkaritza eta administrazio-egitura egonkorra eduki beharko dute Euskal Autonomia Erkidegoan. Gainera, Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetatik jasotako funtsen bidez finantzatutako programak eta proiektuak Euskaditik bertatik zehaztu eta kudeatzeko bestekoa izan beharko du, egoitza edo ordezkaritza eta administrazio-egitura egonkor horrek.

 

26. Artikulua - Garapenerako lankidetza-ekintzak ebaluatzea

 

       1.    Eusko Jaurlaritzak garapenerako lankidetzaren tresnak eta planak ebaluatuko ditu aldika-aldika, tresna eta plan horien helburuak nola bete diren neurtze aldera, bai eta geroagoko ekimenen nondik norakoa zehazte aldera ere, batez ere lau urteko eta urtebeteko plan hurrenez hurrenekoen nondik norakoa.

 

       2.    Aurreko paragrafo horretan ezarritakoa bete beharko den arren, Eusko Jaurlaritzak garapenerako lankidetzaren politika publikoa kanpotik ebaluatu dadila erabaki dezake, baldin eta hori egokia dela uste badu lankidetza-ekimenen eragina ezagutu eta hobetze aldera.

 

V. KAPITULUA

GARAPENERAKO LANKIDETZAKO LANGILEAK

 

27. Artikulua - Garapenerako lankidetzako langile profesionalak

 

       1.    Garapenerako lankidetzako langile profesionaltzat honako hauek joko dira: garapenerako gobernuz kanpoko erakundeek eta irabazi-asmorik gabeko beste erakunde batzuek, garapenerako lankidetzako programak eta proiektuak lekuan bertan gauzatzen laguntze aldera, kontratatutako langileak.

 

       2.    Langileen Estatutuak eta indarrean dagoen lan-arloko gainerako legeriak xedatutakoa izango da langile horien araubidea.

 

28. Artikulua - Garapenerako lankidetzako langile boluntarioak

 

       1.    Garapenerako lankidetzako langile boluntariotzat honako hauek joko dira lege honen ondorioetarako: garapenerako lankidetzako eragileek sustatzen dituzten garapen-programak eta -proiektuak lekuan bertan kudeatzeko edo gauzatzeko ekintzetan parte hartzeko konpromisoa askatasunez hartua duten pertsona fisikoak. Lege honen xedapenak eta boluntarioei buruzko ekainaren 25eko 17/1998 Legea bera izango dira langile horien araubide.

 

       2.    Garapenerako lankidetzako eragileek, atzerrian ari diren langile boluntarioei dagokienez, betebehar hauek dituzte: boluntarioei, atzerrian dauden bitartean, bizitzeko oinarrizko beharrizanetarako, ostatu eta joan-etorrietarako behar dituztenak emango zaizkiela bermatu behar dute, eta dena delako programa edo proiektu horretan egin beharreko jarduerarako behar beste baliabide emango zaiela.

 

       3.    Garapenerako lankidetzako eragileek aseguru bat kontratatu behar dute boluntarioarentzat. Aseguru horrek gaixotasun- eta istripu-arriskuak, herriratze-gastuak eta hirugarrenekiko erantzukizun zibila aseguratu behar ditu.

 

       4.    Boluntarioei buruzko ekainaren 25eko 17/1998 Legeak 8.3 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, garapenerako lankidetzako eragileek eta programa edo proiektu jakin bati atxikita atzerriratuta dagoen boluntarioak, lankidetza-hitzarmen bat sinatu behar dute, eta, hitzarmen horretan, honako hauek egon beharko dira zehaztuta: batzuen eta besteen eskubideak eta betebeharrak, boluntarioak eskainiko duen lankidetzaren zehaztasunak, eta boluntarioek lankidetzan arituko diren herrialdeko legeak ezagutu eta errespetatzeko konpromisoa.

 

29. Artikulua - Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetako langileak

 

       1.    Herri-administrazioen zerbitzura lan egiten duten langileek, garapenerako lankidetzako programa eta proiektuetan edo ekintza humanitarioetan parte hartzen badute garapenerako lankidetzako langile profesional edo boluntario gisa, zerbitzu berezien egoerara edo pareko beste batera igaroko dira jarduera horretan diharduten artean, eta aplikatzekoa den araudian administrazio-egoera horri dagozkion ondorioak aplikatuko zaizkie.

 

       2.    Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioek, aplikatzekoa den araudiaren barruan, sustatu eta erraztu egingo dute beren langileek garapenerako lankidetzako programa eta proiektuetan parte har dezaten, batez ere haien ekarpena biziki onuragarria izan daitekeenean, haien kualifikazio profesional eta teknikoarengatik eta garapenerako lankidetzako ekintza jakin horren arloan duten esperientziarengatik.

 

Xedapen Gehigarriak

 

Lehena - Erakundeen arteko lankidetza eta koordinazioa

 

       1.    Eusko Jaurlaritzak, Garapenerako Lankidetzaren Erakunde arteko Batzordearen barruan eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Kontseiluaren barruan, egoki diren ekimenak sustatuko ditu honako xede hauek betetze aldera: erakundeen artean lankidetza eta koordinazioa handiagotzea; garapenerako lankidetza-ekintzetarako izendatutako funtsak eraginkortasun eta eragimen handiagoz kudeatzea; eta, bereziki, Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioek elkarrekin sustatutako eta finantzatutako programak eta jarduketak artikulatzea.

 

       2.    Horretarako, Eusko Jaurlaritzak, garapenerako lankidetzaren arloan eskumena duen sailak proposatuta, eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Kontseiluak txostena eman ondoren, egoki diren neurriak hartuko ditu ekimen horiek artikulatze aldera, eta Eusko Legebiltzarrari emango dio neurri horien berri.

 

Bigarrena - Euskal Autonomia Erkidegoaren garapen-lankidetzarako baliabideak

 

       Nahiz eta aurrera egin behar den, gainerako herri-administrazioekin batera, produktu gordinaren % 0,7 betetzeko bidean, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak arian-arian gehituko ditu garapen-lankidetzarako eta nazioarteko elkartasunerako ekarpenak, 2012ko aurrekontu orokorretan ezarritako gastu osoaren % 0,7 izan daitezen.

 

Xedapen Iragankorrak

 

Lehena - Garapenerako lankidetzari buruzko diru-laguntzen araudiaren indarraldia

 

       Garapenerako lankidetzako tresnei dagokienez lege honetan aurreikusitako araudia erregelamendu bidez garatzen ez den artean, indarrean jarraituko dute Garapenean Lankide Izateko eta Laguntzeko Funtsaren kontura emandako laguntzak arautzen dituzten dekretu eta aginduek, bai eta funts horren Kudeaketa Batzordea arautzen dutenek ere.

 

Bigarrena - Garapenerako Lankidetzaren Euskal Kontseiluaren arauketa

 

       Garapenerako Lankidetzaren Euskal Kontseilua dekretuz arautzen ez den artean -lege honen 16. artikuluan aipatzen da organo hori-, organo horren osaera eta jardunbidea honako xedapen hauek oinarri hartuta arautuko dira: martxoaren 24ko 53/1998 Dekretua, Euskadiko Garapen Lankidetzarako Aholku Batzordea sortzekoa, eta otsailaren 1eko 22/2000 Dekretua, aurreko hori aldatu zuena.

 

Azken Xedapenak

 

Lehenengoa - Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia

 

       Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia arduratuko da garapenerako lankidetzaren arloko politikaren plangintza egiteko eta politika hori koordinatu, kudeatu eta egikaritzeko. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak, lege hau indarrean sartzen denetik sei hilabeteko epean, lege-proiektu bat aurkeztuko du Eusko Legebiltzarrean, agentzia hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio instituzionaleko erakunde izaeraren sortzeko.

 

Bigarrena - Indarrean hastea

 

       Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean.

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra