Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Sexta edición Premios Adrián Celaya

Euskal Autonomia Erkidegoko zuzenbidea  >>  Legeria

1/2010 Legea, martxoaren 11koa, Euskal Herriko Natura Babesteko ekainaren 30eko 16/1994 Legea aldatzekoa

2010-03-11

Erakundea: Eusko Legebiltzarra

Argitalpena: EHAA, 2010/3/30, 60. zk.; EAO, 2010/4/17, 93. zk.

§ 320. 1/2010 LEGEA, MARTXOAREN 11KOA, Euskal Herriko Natura Babesteko ekainaren 30eko 16/1994 Legea aLDATZEKOA

ZIOEN AZALPENA

 

       Gaur egun hain erabilia den garapen iraunkorraren kontzeptuak berekin ekarri du bestelako politikak ezartzeko garaian ingurumenaren aldagaia kontuan ezinbestean hartu beharra.

 

       Hori dela eta, natur ondarearen erabileraren ikuspegitik, honakoak dira inspirazio-oinarri nagusiak: ingurumenaren babesa gailentzea lurraldearen eta hirigintzaren antolamenduari; naturguneetan edo/eta basoko espezieengan eragina izan dezaketen esku hartzeetan arretaz jokatzea; babestutako naturguneei lotutako garapenaren iraunkortasuna hobetzeko prozesuak sustatzea; baliabideen erabilera ordenatua sustatzea, natur ondarearen aprobetxamendu iraunkorra bermatzeko; eta natur ondarea eta biodibertsitatea kontserbatzeko, era iraunkorrean erabiltzeko, hobetzeko eta leheneratzeko eskakizunak barne hartzea arloko politiketan.

 

       Jarraibide horiek abenduaren 13ko 42/2007 Legearen, Natur Ondareari eta Biodibertsitateari buruzkoaren, bidez hartu dira barne Estatuko legeriaren baitan. Haatik, ohiko jardunean ugaria da jarraibide horien inguruko adostasunik eza, EAEko lurralde-plangintza egiteko garaian.

 

       Horien adibide dugu gure Erkidegoan dauden harrobiak ustiatzeko politikak aztertzerakoan aurki dezakegun egoera. Izan ere, harrobien lurraldearen arloko plana (hori bere garaian lurralde antolamenduko gidalerroetan jasota geratu zen, 1997an, baina oraindik ez da idatzi) egin aurretik Eusko Jaurlaritzak eskatutako txostenean, gisa horretako ustiapenak kokatzeko hainbat proposamen posible bildu ziren. Horiek aztertuta ondoriozta daitekeenez, agiri horren arabera harrobiek izan ditzaketen 131 kokalekuen artetik hamarka dira babestutako naturguneekin bat datozenak, eta horietan zuzenean erasango litzateke.

 

       Honakoak lirateke eragin horiek:

 

- 11 parke naturaletan.

- 9 babestutako biotopoetan.

- 9 Urdaibaiko Biosfera Erreserban.

 

       Aipatzekoa da agiriak berak proposatzen dituela kareharrizko agregakinak erauzteko erreserbatutako gune nagusi gisa Urkiolako Parke Naturaleko (5) eta Urdaibaiko Biosfera Erreserbako (9) kareharrizko eremuak, baina jarduera horrek eragin handiak izango lituzke gune horietan.

 

       Horrezaz gain, aipatutako lehen naturgune horretan, hots, Urkiolan, sakontzea merezi du, egoera berezia baita gaur egun aktibo dagoen harrobietako batean, parkearen beraren mugen barruan dagoen harrobian, hain zuzen ere, Zalloventa harrobian.

 

       Harrobi hori 1995az geroztik ari dira ustiatzen, nahiz eta administrazio-baimen guztiak baliogabetzat jo diren; azkenekoa EAEko Auzitegi Nagusiaren 2007ko uztaileko epaiak jo zuen baliogabetzat.

 

       Are gehiago esan genezake: Erabilera eta Kudeaketarako Plan Zuzentzaileak berak (EKPZ) dioenez, harrobiak baimena du 1.500.000 Tn inguru ustiatzeko parke naturalaren mugen baitan, harrobi osoa leheneratzea bermatzeko aitzakiarekin.

 

       EKPZ onartuz geroztik egiaztatu ahal izan da, Eusko Jaurlaritzako Meategien Zuzendaritzak berak baliozkotzat jotako proiektu tekniko baten bidez, harrobi osoa lehenera daitekeela ustiatzen jarraitzeko premiarik gabe eta, beraz, ingurumena erasaten jarraitu gabe, lehenaz gainera oso narriatuta baitago harrobia 30 urte baino gehiagotan etenik gabe ustiatzearen ondorioz.

 

       Hori dela eta, eta Mañariko herritarren ekimena bere eginez, Bizkaiko Batzar Nagusietan, bertaratutako alderdi guztiek aho batez onartu zuten EKPZ aldatzeko eta parkearen mugen barruan zabaltzen jarraitzea saihesteko adierazpena.

 

       Eusko Legebiltzarrak ere aldaketa hori babesteko legez besteko proposamena onartu zuen. Alabaina, oraindik ez da egin aldaketa hori.

 

       Azaldu berri ditugun adibideen antzekoen argitara, zaila da sinestea hasieran adierazitako jarraibideen gisakoak –paisaien edertasuna, ekosistemen adierazgarritasuna edo floraren, faunaren edo dibertsitate geologikoaren eta formazio geomorfologikoen berezitasuna direla eta, ekologiaren, estetikaren, hezkuntzaren eta zientziaren aldetik begiratuta zaintzeko lehentasunezko arreta merezi duten naturguneak (horixe da parke naturalen definizio juridikoa) babesteko garaian legeriaren baitan nagusi izan behar luketenak– bateragarri direnik legeak naturguneen mugen baitan ahalbidetzen duenarekin, hau da, natur baliabideen erauzketa, bestela esan, harrobien ustiaketa, ahalbidetzearekin. Izan ere, horiek eragin handia dute ingurunean, ez bakarrik paisaia nabarmen erasaten dutela kontuan hartuta, baizik eta berariazko produkzio-prozesuak ere (leherketa, hauts, zarata edo bibrazio izugarriak sortzea, ibilgailu astunen joan-etorri handia eta inguruko akuiferoen eta ibaien kutsadura) kontuan izanik.

 

       Azaldutako hori guztia dela eta, ondorengo lege-aldaketa proposatzen dugu, horren bidez babes-klausula bat ezartzeko naturguneei, izan daitezkeen urratzeak edo interes ekonomikoak ingurumenaren gainekoei gailentzea saihesteko.

 

Artikulu bakarra

 

Lehenengoa. 13. artikuluan d) idatz-zatia erantsiko zaio Euskal Herriko Natura Babesteko ekainaren 30eko 16/1994 Legeari. Hona hemen bere idazkera:

 

"d) Natura 2000 Europako Sarean sartutako eremu edo tokia (Europar Batasunaren intereseko lekuak –EBIL–, kontserbazio eremu bereziak –KEB– eta hegaztientzako babes bereziko eremuak –HBBE–), a), b) eta c) aurreko kategoriekin eremuz, osoki edo zatiz, batera suertatzen bada ere".

 

Bigarrena.16 bis artikulua erantsiko zaio Euskal Herriko Natura Babesteko ekainaren 30eko 16/1994 Legeari. Hona hemen bere idazkera:

 

"16 bis artikulua

 

Natura 2000 Europar Sarean sartutako eremu edo tokiak dira 92/43/EEE edo Habitatena eta 79/409/EEE edo Hegaztiena zuzentarauei eta beroriek Natura Ondarearen eta Biodibertsitatearen abenduaren 13ko 42/2007 Legearen bitartez Espainiako legeei aldatzeari jarraiki izendatutakoak".

 

Hirugarrena. 17. artikuluan 4. paragrafoa erantsiko zaio Euskal Herriko Natura Babesteko ekainaren 30eko 16/1994 Legeari. Hona hemen bere idazkera:

 

"4.     Babestutako naturguneen mugen eta eragin-eremuaren baitan ezingo da inolako meatze-ustiapenik egin, ez aire zabalean, ez lur azpian".

 

Xedapen iragankor bakarra

 

"Lege hau onartzeko datan babestutako naturguneen mugen eta eragin-eremuen barruan dauden meatze-ustiapenek ezingo dute beren ustiapena zabaldu naturgune horien baitan, ez proiektu berrien bidez, ez 17. artikuluaren aldaketa indarrean sartzen den unean gauzatzen ari diren proiektuak aldatzearen bidez.

 

Une honetan indarrean dauden baimen eta proiektuen araberako ustiapen-jarduera amaitzen denean babestutako naturguneen mugen eta eragin-eremuen barruan, pertsona fisiko edo juridiko titulardunek indarrean dauden leheneratzeko proiektuak gauzatu beharko dituzte eta bertan dauden instalazio guztiak kendu beharko dituzte, ustiapenarekin lotura zuzena dutenak nahiz onurakotzat jotzen direnak".

 

Azken xedapena

 

       "Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean".

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra