Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Sexta edición Premios Adrián Celaya

Euskal Autonomia Erkidegoko zuzenbidea  >>  Legeria

1/2012 Legea, otsailaren 2koa, Lehiaren Euskal Agintaritzari buruzkoa

2012-02-02

Erakundea: Eusko Legebiltzarra

Argitalpena: EHAA, 2012/2/9, 29. zk.; EAO, 2012/2/16, 40. zk.

§ 332. 1/2012 LEGEA, otsailaREN 2KOA, lehiaren euskal agintaritzari buruzkoa

 

ZIOEN AZALPENA

 

I

 

       Lehia askea defendatzea funtsezko oinarria da merkatu-ekonomietan, eta aitorpen berezia ematen zaio demokrazia modernoen ordenamendu juridikoetan.

 

       Adibidez, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 119. artikuluak ezartzen du estatu kideek indarrean jarri behar dutela merkatu-ekonomia irekiaren eta lehia askearen printzipioa errespetatuz aplikatuko den ekonomia-politika.

 

       Halaber, Espainiako Konstituzioaren 38. artikuluak enpresa-askatasuna aitortzen du, merkatu-ekonomiaren eremuan, eta, era berean, xedatzen du botere publikoek bermatu eta babesten dituztela lehia-askatasuna gauzatzea eta produktibitatea defendatzea, betiere ekonomia orokorraren eta, hala behar duenean, plangintzaren eskakizunei kasu eginez.

 

       Agente ekonomiko guztiek merkatuetan benetako lehia dagoela jakinda jardun behar dute, horrek produkzioaren efizientzia handiagoa izatea bermatuko baitu.

 

       Konstituzio Auzitegiak 1999ko azaroaren 11n epaia eman zuen, Eusko Jaurlaritzak eta Kataluniako Generalitateko Kontseilu Betearazleak Lehiaren Defentsari buruzko uztailaren 17ko 16/1989 Legearen artikulu batzuen aurka aurkeztutako errekurtsoak ebazteko. Epaiari jarraiki, barruko merkataritzaren arloan eskumena duten autonomia-erkidegoei dagokie –Euskal Autonomia Erkidegoa kasu, 1979ko Autonomia Estatutuaren 10.27 artikuluak xedatutakoaren arabera– lehia askearen inguruko gaietan eskua hartu, baimenak eman eta zehapenak ezartzearen eginkizun betearazleak betetzea, baldin eta jardunbideak erkidegoaren barruan egiten badira edo autonomia-erkidegoaren lurralde-eremutik kanpo hedatzen ez badira. Beraz, onartu egin zen lehia murrizten duten jokabideei buruzko eskumen betearazlea autonomia-erkidegoei dagokiela, nahiz eta eskumenetatik kanpo geratu kontzentrazio ekonomikoen kontrola eta lehian eragina izan dezaketen laguntza publikoen kontrola.

 

       Konstituzio Auzitegiaren epai horretan oinarrituta, Estatuak eta autonomia-erkidegoek lehiaren defentsaren arloan dituzten eskumenen koordinazioari buruzko otsailaren 21eko 1/2002 Legea eman zen. Lehiaren Defentsari buruzko uztailaren 17ko 16/1989 Legean ezarritako eskumen betearazleetatik Estatuari eta autonomia-erkidegoei dagozkienak zehaztea eta mugatzea zuen helburu 1/2002 Legeak. Horrez gainera, lehiaren defentsaren arloko eskumenak dituzten autonomia-erkidegoetan lehiaren defentsarako organoak sortzea aurreikusi zen.

 

       Lehiaren Defentsarako Euskal Auzitegia sortu eta Euskal Autonomia Erkidegoan Lehiaren Defentsarako Zerbitzuak izango dituen eginkizunak ezartzen dituen apirilaren 12ko 81/2005 Dekretuaren bidez sortu zituen Euskal Autonomia Erkidegoak lehiaren defentsari buruzko organoak, lehen aldiz. Dekretu horrek Lehiaren Defentsarako Euskal Auzitegia sortu zuen, Estatuko Lehiaren Defentsarako Auzitegiaren parekoa. Delako organoa Ogasun eta Herri Administrazio Sailari atxikita egon da, baina ez Administrazioaren egitura hierarkikoaren barruan, eta hartara, beregaintasunez eta kudeaketa-autonomiaz bete ditu zegozkion eginkizunak. Halaber, 81/2005 Dekretuak Estatuko Lehiaren Defentsarako Zerbitzuaren eginkizunak Administrazioko berariazko organo bati ezarri zizkion, Ogasun eta Herri Administrazio Saileko Ekonomia eta Plangintza Zuzendaritzari, hain zuzen.

 

       Lehiaren Defentsari buruzko uztailaren 3ko 15/2007 Legeak, 16/1989 Legea indargabetu zuenak, helburu hauek zituen: lehiaren defentsari buruzko sistema eraberritu eta hobetzea, Europar Batasuneko eredura egokitzea, eta koordinazioko baliabideak sendotzea, autonomia-erkidegoetako organo eskudunek nahiz sektoreetako arautzaileek aplika dezaten araudia. Halaber, lehiaren defentsari buruzko Estatuko antolaketa-egitura guztiz aldatu zuen, organismo bakarra sortu baitzuen: Lehiaren Batzorde Nazionala, bere baitan instrukzioa egiteko eta ebazteko eginkizunak hartzen dituena. Beraz, antzinako Lehiaren Defentsari buruzko Zerbitzuaren eta Lehiaren Defentsari buruzko Auzitegiaren eskumenak Ikerketa Zuzendaritzak eta Kontseiluak betetzen dituzte, eta bi erakundeok Batzorde Nazionalaren mende daude.

 

       Orobat, 15/2007 Legeak aldatu egin zituen lehia murrizten duten jardueren aurka egiteko aplikatu beharreko prozedurak, eta berebiziko garrantzia eman zion lehia sustatzeko eginkizunari, txostenak, azterlanak eta gomendioak egiteko ahalmenaren bidez.

 

       15/2007 Legeak ekarritako aldaketen eraginez, 81/2005 Dekretua moldatu beharra zegoen. Horren ildotik, Lehiaren Defentsarako Euskal Auzitegia sortu eta Euskal Autonomia Erkidegoan Lehiaren Defentsarako Zerbitzuaren eginkizunak ezarri zituen dekretua aldatzeko den martxoaren 4ko 36/2008 Dekretua onartu zen. Hala ere, dekretu horrek ez zuen antolaketa-egitura bateratua onetsi, euskal Administrazioak bere burua antolatzeko duen gaitasuna dela eta; haatik, aurreikusi zuen bi organismo horiek sustapenaren arloan abiarazten zituzten jarduerak era koordinatuan planifikatzea, sistema eraginkorragoa izan eta bitartekoak arrazionalizatuago egotearren.

 

       Alabaina, euskal organoak sortu zirenetik metatutako eskarmentua eta beste herrialde batzuetakoa aintzat hartuta, badirudi une egokia dela nazioartean hedatuen dagoen antolaketa-eredua Euskal Autonomia Erkidegoan ere onartzeko, lehiaren defentsari buruzko organoak dituzten autonomia-erkidego gehienek onartu duten bezala. Gai honen arloan eskumen guztiak beregaintasunez betetzen dituen organo bakarrarena da eredu hedatu hori.

 

       Horregatik guztiagatik, Lehiaren Euskal Agintaritza sortuko da lege honen bidez, eta erakunde-euskarri sendoa emango zaio hainbat eginkizun bete ditzan, lehia sustatu eta defendatzearen arloan.

 

II

 

       Lege honek bost kapitulu ditu: xedapen orokorrak; antolaketa; agintaritzaren jarduera gardena; ekonomia-, kontabilitate-, kontrol-, kontratazio-, langileria- eta ondare-araubidea; eta beste xedapen batzuk, hitzarmenei, jurisdikzio-organoekiko lankidetzari, sektoreetako arautzaileekiko lankidetzari, laguntzeko betebeharrari, datuak isilpean gorde beharrari eta ikuskatzeko ahalmenei buruzkoak.

 

       Lehenengo kapituluak, xedapen orokorrei buruzkoak, Lehiaren Euskal Agintaritzaren izaera juridikoa arautzen du. Zehazki, agintaritza Administrazioko erakunde autonomoa izango da, ekonomia-politikaren eta lehiaren defentsaren ardura duen Eusko Jaurlaritzako sailari atxikia, eta berezko nortasun juridikoa eta jarduteko gaitasun osoa izango ditu, dagozkion eginkizunak betetzeko. Halaber, agintaritzaren helburuak, eskumenak eta egintzen araubide juridikoa arautzen dira, bere ebazpen eta egintzen aurkako errekurtsoen araubidea barne. Eskumenen artean, lehiaren aurkako jokabideak zehatzeaz eta lehia sustatzeaz gain –berau lehiaren defentsaren funtsezko osagaia da, eta ekonomia-politikako tresna moderno eta eraginkorra bihurtu da–, beste bat ere emango zaio, 15/2007 Legearen ildoarekin bat: eskumena duen jurisdikzioan aurkatzea administrazio-zuzenbideari loturik dauden Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioen (erkidegoko, foru- eta toki-administrazioak) egintzak eta legea baino beheragoko xedapen orokorrak –foru-arau fiskalak izan ezik, Konstituzio Auzitegiaren eta Botere Judizialaren lege organikoak aldatzen dituen  otsailaren 19ko 1/2010 Lege Organikoari jarraiki–, horien bidez merkatuetako lehia bideragarriari oztopoak jartzen baldin bazaizkio.

 

       Bigarren kapituluak, Lehiaren Euskal Agintaritzaren antolaketa arautzen duenak, lau organoko egitura ezartzen du: lehendakaria –Lehiaren Euskal Agintaritza zuzendu eta ordezkatzeko eginkizunak betetzen dituen pertsona bakarreko organoa, Lehiaren Euskal Kontseiluko burua ere badena–; Lehiaren Euskal Kontseilua –sustatu, ebatzi eta irizpenak emateko kide anitzeko organoa, lehendakariak, bi kontseilukidek, eta idazkari orokor batek osatua (ahotsa bai, baina botorik ez du izango idazkariak)–; Ikerketa Zuzendaritza –instrukzioa egiteko eginkizunak ditu–, eta Idazkaritza Nagusia, erakundeari laguntza material, administratibo eta teknikoa nahiz aholkularitza juridikoa emateko.

 

       Erabakiak hartzeko orduan beregaintasunez aritzeko berme gisa, lehendakaria eta Lehiaren Euskal Kontseiluko kideak sei urterako izendatuko dituzte, eta berriz hartu ahal izango dute kargua –agintaldia, beraz, legegintzaldia baino luzeagoa izango da–. Eusko Jaurlaritzak izendatuko ditu, ekonomia-politikaren eta lehia defendatzearen ardura duen sailburuak proposatuta, eta legean bertan zehazturiko arrazoiengatik bakarrik utziko dituzte karguak.

 

       Hirugarren kapituluak, Lehiaren Euskal Agintaritzaren jarduera gardenari buruzkoak, eginkizun hauek ezartzen ditu: emandako ebazpenak argitaratzea, urteko jarduera-oroitidazkia prestatzea, eta Eusko Legebiltzarrari informazioa ematea.

 

       Laugarren kapituluak ekonomia-, kontabilitate-, kontrol-, kontratazio-, langileria- eta ondare-araubidea ezartzen du, herri-erakunde autonomoak gidatzen dituzten printzipioei jarraiki.

 

       Bosgarren kapituluak arlo hauek arautzen ditu: Lehiaren Euskal Agintaritzak edozein erakunde publiko edo pribaturekin hitzarmenak sinatzeko ahalmena; jurisdikzio-organoekiko lankidetza, lehia murrizten duten jokabideei buruzko araudia aplikatzearekin zerikusia duten gaien inguruan, eta horrez gain, arautzaile sektorialekiko lankidetza, interes komuneko gaietan; pertsona fisiko edo juridiko orok agintaritzari laguntzeko betebeharra; zehapen-espedienteak hasi, horien instrukzioa egin eta ebaztean parte hartu duten pertsona guztiek datuak isilpean gorde beharra; eta Ikerketako zuzendariak beharrezko baimena emanda, Lehiaren Euskal Agintaritzako langileek ikuskatzeko dituzten ahalmenak.

 

       Azkenik, xedapen gehigarriek, iragankorrak eta azken xedapenak lege honen arauak indarrean jartzeko bideak ezartzen dituzte.

 

I. KAPITULUA

XEDAPEN OROKORRAK

 

1. artikulua. Lehiaren Euskal Agintaritza

 

       1.    Lehiaren Euskal Agintaritza sortu da, Administrazioko erakunde autonomo gisa, ekonomia-politikaren eta lehiaren defentsaren ardura duen Eusko Jaurlaritzako sailari atxikia, eta berezko nortasun juridikoa eta jarduteko gaitasun osoa izango ditu bere eginkizunak betetzeko.

 

       2.    Lehiaren Euskal Agintaritzak erakunde- eta funtzio-autonomia izango du, dituen eginkizunak betetzeko.

 

       3.    Lehiaren Euskal Agintaritzak zuzenbide publikoaren mende jarriko du bere jarduera, eta lege honek, Administrazio publikoko erakunde autonomoak arautzen dituzten xedapenek, nahiz horiek garatzen dituzten arauek gidatuko dute agintaritza.

 

       4.    Halaber, objektibotasunez, profesionaltasunez, ordenamendu juridikoaren mende, eta herri-administrazio eta eragile ekonomikoekiko inongo loturarik gabe beteko ditu bere eginkizunak, helburuak lortzeko.

 

       5.    Ekonomia-politikaren eta lehiaren defentsaren ardura duen Eusko Jaurlaritzako sailak parte hartuko du Lehiaren Euskal Agintaritzaren gidalerroak ezartzeko lanean, eta gidalerrook agintaritzaren urteko jarduera-programan jasoko dira.

 

2. artikulua. Helburuak

 

       Lehiaren Euskal Agintaritzaren helburu orokorra merkatuko lehia askearen eta gardentasunaren baldintzak sustatu, bermatu eta hobetzea da, Euskal Autonomia Erkidegoan egiten diren jarduera ekonomikoei dagokienez.

 

3. artikulua. Eskumenak

 

       1.    Lehiaren Euskal Agintaritzak eskumen hauek izango ditu, dituen helburuak betetzeko: zehatzekoa, sustatzekoa, aurkatzekoa, ebazpenak ematekoa, kontsultakoa eta arbitrajekoa.

 

       2.    Lehiaren Euskal Agintaritzak zehapen-prozedurak ireki, haien instrukzioa egin eta ebatziko ditu, betiere lehia murrizten duten jokabideei buruz; esate baterako, kolusiozko jokabideak, nagusitasunezko egoeraren abusua eta lehia askea faltsutzea interes publikoari eragiten dioten egintza desleialen bidez, lehia defendatzeko araudian araututakoaren arabera. Eskumen hori gauzatzeko orduan, Lehiaren Euskal Agintaritzak ondokoak egiteko aukera izango du:

 

a)  isunak jartzea, lehiaren aldeko legeriak dioena ez betetzeagatik,

b)  hertsatzeko isunak jartzea, ebazpenetan ezartzen diren betekizunak direla-eta, edo laguntzeko betebeharra ez betetzeagatik,

c)  zuhurtasunezko neurriak eta nahitaez betearaztekoak hartzea,

d)  isunak ordaintzetik salbuestea edo isunaren zenbatekoa murriztea,

enpresetan eta enpresa-elkarteetan ikuskapenak egitea.

f) lehia defendatzeko legeria urratzen duten jokaeren egileek jokaera horien ondorioz kaltetuak izan diren salatzaileei eta hirugarrenei ordaindu beharreko kalte-ordainak kuantifikatzeko irizpideak ezartzea, eskumena duen organo judizialak hala eskatzen dionean.

 

       3.    Lehiaren Euskal Agintaritzak merkatuetako lehia sustatuko du, eginkizun hauen bidez:

 

a)  lehiaren inguruko azterlan eta ikerlanak sustatu eta egitea,

b)  sektoreei buruzko txosten orokorrak egitea, eta horietan, benetako lehia egoteko konpondu edo hobetu beharrekoak hobetzen laguntzeko proposamenak jasotzea,

c)  arlo publikoaren jarduerari buruzko txostenak idaztea,

d)  txostenak egitea, erakunde publikoek emandako laguntzek merkatuetako lehia bideragarrian duten eraginari buruz,

e)  Merkatuetako lehia mantendu edo berriz ezartzeko proposamenak helaraztea herri-administrazioei,

f) ekonomia-politikaren ardura duen sailburuari lehia babesteko politikaren gidalerroak proposatzea, beharrezkoa bada Gobernu Kontseiluan aurkez ditzan, dagokion politika ekonomikoaren arloan, eta, bereziki, araudiak egin eta eraldatzeko proposamenak egitea.

 

       4.    Lehiaren Euskal Agintaritzak ondoko egintza hauek aurkatu ahal izango ditu administrazioarekiko auzien jurisdikzioan: administrazio-zuzenbideari loturik dauden Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioen (erkidegoko, foru- eta toki-administrazioak) egintzak eta legea baino beheragoko xedapen orokorrak, horien bidez merkatuko benetako lehiari oztopoak jartzen baldin bazaizkio. Eskumen horretatik kanpo geratuko dira lurralde historikoetako Batzar Nagusiek onartutako foru-arau fiskalak.

 

       5.    Lehiaren Euskal Agintaritza organo aholku-emailea izango da Euskal Autonomia Erkidegoan lehia defendatzearekin zerikusia duten arloetan. Zehazki, ondorengo erakundeek eskatu ahal izango diote aholkua lehiaren eremuan: Eusko Legebiltzarrak, Eusko Jaurlaritzak, batzar nagusiek, foru-aldundiek, udalek, lanbide-elkargoek, merkataritza-ganberek, enpresarien elkarteek, sindikatuek, eta kontsumitzaile nahiz erabiltzaileen elkarteek.

 

       Era berean, Lehiaren Euskal Agintaritzak lehiari eragiten dioten araugintzako egitasmoei buruzko irizpena emango du, baina ez da loteslea izango.

 

       6.    Lehiaren Euskal Agintaritzak arbitraje eginkizunak beteko ditu, zuzenbidezkoak zein ekitatezkoak, arlo horretan indarrean dagoen araudiaren arabera.

 

       7.    Lehiaren Euskal Agintaritzak lehiaren defentsari buruzko legeriak enpresa-kontzentrazioen arloan ezartzen dizkion funtzioak beteko ditu, eta lehiaren sustapenari eta defen­tsari buruz indarrean dagoen araudiaren arabera eskuratzen dituen beste eskumen batzuk ere bai.

 

       Lehiaren Euskal Agintaritzak legeek emandako beste edozein eskumen beteko du.

 

4. artikulua. Lehiaren Euskal Agintaritzak emandako egintzen araubide juridikoa

 

       1.    Lehia sustatu eta defendatzearen arloari buruzko eginkizunak betetzean, eta ahalmen publikoak betetzea dakarten gainerakoetan, Lehiaren Euskal Agintaritzak lege hau, lehia defendatzearen arloan indarrean diren legeak eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea bete beharko ditu.

 

       2.    Lehiaren Euskal Agintaritzaren eta bere agintari, funtzionario eta atxikitako langileen ondare-erantzukizunaren araubidea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioarentzat orokorrean ezarritakoa izango da. Lehendakariari dagokio arlo honi buruz ebaztea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeari jarraiki.

 

       3.    Ikerketa Zuzendaritzaren ebazpen eta egintzen aurka, defentsa-gabezia edo eskubide zein bidezko interesetan kalte konponezina sortzen badute, errekurtsoa jarri ahal izango da Lehiaren Euskal Kontseiluaren aurrean, hamar eguneko epean, lehiaren defentsari buruzko araudiari jarraiki.

 

       4.    Aurreko paragrafoan aipatutako errekurtsoen ebazpenen aurka eta Lehiaren Euskal Kontseiluak edo lehendakariak harturiko beste ebazpen eta egintza batzuen aurka ezin izango da errekurtsorik aurkeztu administrazio-bidean, administrazio-bidea agortzen baitute.

 

5. artikulua. Egoitza

 

       Lehiaren Euskal Agintaritzak Bilbon izango du egoitza.

 

II. KAPITULUA

ANTOLAKETA

 

6. artikulua. Lehiaren Euskal Agintaritzaren organoak

 

       Lehiaren Euskal Agintaritzak organo hauek izango ditu:

 

a)  Lehendakaria,

b)  Lehiaren Euskal Kontseilua,

c)  Ikerketa Zuzendaritza,

d)  Idazkaritza Nagusia.

 

7. artikulua. Lehendakaria

 

       1.    Lehendakaria pertsona bakarreko organoa da; Lehiaren Euskal Agintaritza zuzendu eta ordezkatzeko eginkizunak betetzen ditu, eta Lehiaren Euskal Kontseiluko burua ere bada.

 

       2.    Lehendakaria Eusko Jaurlaritzak izendatuko du, berritu ahal izango den sei urteko eperako, ekonomia-politikaren eta lehiaren defentsaren ardura duen sailburuak proposatuta, ospe zein eskarmentu handi eta egiaztatua duten legelari, ekonomialari eta beste profesional batzuen artetik agintaritzaren jarduteko arloan.

 

       3.    Lehendakaria goi-kargua izango da; zerbitzu berezien egoeran geratuko da aldez aurretik funtzio publikoan ari bazen, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko goi-karguen bateraezintasun araubidepean egongo da.

 

       4.    Dituen eginkizunak aurrera eramateko, Lehendakaria beregaintasun osoz arituko da. Ezin izango da lehendakari izendatu agintaritzaren aurrean parte hartu duena, zuzen edo zeharka, interesdun edo interesdunen baten ordezkari gisa, izendatze-data baino bi urte lehenago.

 

       5.    Halaber, lehendakariak kargua utzi eta gero, ezin izango du bere agintaldian hasitako prozeduretan parte hartu, ezta kargua utzi eta hurrengo bi urteetan hasitakoetan ere.

 

       6.    Lehendakariak ondorengo arrazoiengatik utziko du kargua:

 

a)  uko egiteagatik,

b)  agintaldia amaitzeagatik,

c)  bateraezintasuna sortzeagatik,

d)  dolozko delitua dela-eta, zigor irmoa jasotzeagatik,

e)  ezintasun iraunkorragatik,

f) Gobernuak kargutik kentzea erabaki duelako, Lehiaren Euskal Kontseiluaren iritzia entzun ostean, karguari dagozkion betebeharrak modu larrian ez betetzeagatik, edo bateraezintasun, interes-gatazka nahiz datuak isilpean gordetzeko betekizunak ez betetzeagatik. Kargutik kentzeko erabakia Jaurlaritzaren ekimenez hartuko da, aldez aurretik lehiaren defentsaren arloko eskumena duen sailburuak espedientearen instrukzioa eginda; erabaki hori egoerak izan dezakeen zehapen-araubidetik bereizita hartutakoa izango da.

 

       7.    Lehendakaria ondorengo arrazoiengatik kenduko da kargutik:

 

a)  dolozko delitua dela-eta, bere aurka espetxeratzeko edo auzipetzeko autoa emateagatik,

b)  aldi baterako ezintasuna duela adierazteagatik,

 

       8.    Lehendakariaren kargu-uztea edo kargugabetzea Eusko Jaurlaritzak erabakiko du, artikulu honetan aipatzen diren inguruabarretakoren bat gertatzen baldin bada.

 

       9.    Bakante, absentzia, gaixotasun edo beste kausa legal baten kasuan, antzinatasun edo adin handiena –ordena honetan– duen kontseilukideak ordezkatuko du lehendakaria.

 

8. artikulua. Lehendakariaren eginkizunak

 

       Lehendakariaren eginkizunak honako hauek dira:

 

a)  Lehiaren Euskal Agintaritzaren lege- eta erakunde-ordezkaria izatea,

b)  Lehiaren Euskal Agintaritzaren baitako organoak zuzendu, koordinatu, ebaluatu eta gainbegiratzea,

c)  agintaritzaren ikuskatze-jarduera bultzatzea,

d)  Lehiaren Euskal Kontseiluaren burua izatea,

e)  3. artikuluaren 4. paragrafoan aipatzen diren egintzak eta arauak eskumena duen jurisdikzioan aurkatzeko agintzea, aldez aurretik Lehiaren Euskal Kontseiluak hala adostuta,

f)   Lehiaren Euskal Kontseilua biltzeko deitzea eta gai-zerrenda erabakitzea,

g)  Lehiaren Euskal Kontseiluko kideen artean egitekoak banatzeko irizpideak ezartzea,

h)  Lehiaren Euskal Kontseiluko idazkari nagusiak emandako egintzak eta ziurtagiriak baimentzea, bere sinaduraren bidez,

i)   orokorrean, azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri-administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak, administrazioko kide anitzeko organoetako lehendakariei ematen dizkien eskumenak baliatzea,

j)   langileen buru nagusia izatea; hortaz, hala behar duenean, agintaritzaren izendapen askeko lanpostuetara iritsi diren langileak izendatuko ditu, baita kargutik kendu ere, aldez aurretik deialdi publikoa eginda,

k)  lanpostuen zerrendak aldatzea proposatzea Eusko Jaurlaritzari, aldez aurretik Lehiaren Euskal Kontseiluak hala adostuta,

l)   agintaritzaren gastuak baimendu, ordainketak agindu eta kontuen berri ematea, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu-erregimenari buruzko legeriak xedatutakoari jarraiki,

m) hitzarmenak sinatzea,

n)  sektore publikoaren jardunari zein merkatuetako lehiaren egoerari buruzko urteko txostenak Eusko Legebiltzarrari nahiz ekonomia-politikaren ardura duen sailburuari helaraztea.

 

9. artikulua. Lehiaren Euskal Kontseilua

 

       1.    Lehiaren Euskal Kontseilua lehia sustatzeko eta horri lotutako gaiez ebazteko kide anitzeko organoa da; lehendakariak, burua baita, bi kontseilukidek eta idazkari nagusiak osatzen dute; azken horrek ahotsa bai, baina ez du botorik izango.

 

       2.    Kontseiluko kideek dedikazio esklusiboa izango dute eta goi-karguak izango dira; titularra, aurretik eginkizun publikoren bat betetzen bazuen, zerbitzu berezietan geratuko da, eta Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazioko goi-karguen bateraezintasun-erregimenaren pean egongo da.

 

       3.    Kontseiluko kideen izendapen, kargu-uzte, kargugabetze eta karguan irauteari dagokionez, 7. artikuluan lehendakariarentzat ezarritako erregimena jarraituko da.

 

       4.    Kontseilukideen kargua beste kargu edo jarduera batzuekin bateraezina izango da, horiek arriskuan jartzen badute kontseilukide karguari dagozkion eginkizun propioak betetzeko beregaintasuna. Halaber, ezin izango dira kontseilukide izendatu Lehiaren Euskal Agintaritzaren aurrean parte hartu dutenak, zuzen edo zeharka, interesdun edo interesdunen ordezkari gisa, izendatze-data baino bi urte lehenago.

 

       5.    Kargua utzi duten kontseilukideek ezin izango dute beren agintaldian hasitako prozeduretan parte hartu, ezta kargua utzi eta hurrengo bi urteetan hasitakoetan ere.

 

10. artikulua. Lehiaren Euskal Kontseiluaren eginkizunak

 

       Lehiaren Euskal Kontseiluaren eginkizunak honako hauek dira:

 

a)  zehapen-prozedurak ebaztea,

b)  zuhurtasunezko neurriak ezartzea ebaztea,

c)  zehapen-prozeduren ebazpenak bete diren ebaztea,

d)  zehapen-prozeduraren itundutako amaiera ebaztea,

e)  Administrazioak bere kabuz hasitako jarduerak edo salaketak artxibatzea ebaztea, hala egin behar denean, zehapen-espediente bihurtu baino lehen,

f)   zuzenbidezko zein ekitatezko arbitraje-prozedurak ebaztea,

g)  Ikerketa Zuzendaritzari espedienteen instrukzioa egiteko eskatzea,

h)Ikerketa Zuzendaritzaren ebazpen eta egintzen aurka aurkeztutako errekurtsoez ebaztea, defentsa-gabezia edo eskubide edo bidezko interesetan galera konponezina sortzen badute,

i)   lege honen 3. artikuluko 4. paragrafoan aipatzen diren egintzak eta xedapenak aurkatzea erabakitzea,

j)   urteko jarduera-programa onestea, bai eta helburuak eta lehentasunak zehazten dituzten urteko eta bi urtez behingo jarduera-planak ere, kontuan izanik lege honetako 1. artikuluko 5. idatz-zatiak dioena,

k)  lege honen 3. artikuluko 5. paragrafoan aipatzen diren irizpenak egin eta onartzea,

l)   Lehiaren Euskal Kontseiluko lehendakari eta kontseilukideei buruzko errefusatze, bateraezintasun, diziplina-zentzarazpen eta ezgaitasunez ebaztea,

m) Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioek enpresei emandako laguntza publikoei buruzko azterlan eta txostenetatik sor daitezkeen gomendioak ematea, Kontseiluaren ekimenez edo Ikerketako zuzendariak proposatuta,

n)  lege honen 3. artikuluko 3. paragrafoan aipatzen diren txosten, azterlan eta proposamenak egitea,

ñ)  arauak aldatzeko proposamenak egitea, haien kalitatea hobetzeko, horrela lehiari lagundu ahal izateko,

o)  lehiari buruzko argitalpenak egitea zein dibulgazio-ekintzak antolatzea,

p)  Lehiaren Euskal Agintaritzaren aurrekontu-aurreproiektua onestea,

q)  auzibide zibilera edo lan arloko auzibidera jo aurreko erreklamazioak ebaztea, bai eta agintaritzaren kontra aurkeztutako ondare-erantzukizuneko erreklamazioak ere,

r)   lankidetzan eta elkarlanean jardutea, agintaritzaren izenean, sektoreetako erregulatzaileekin beraien eginkizunak gauzatzen eta bien intereseko gaietan; hartarako, informazio eta komunikazioko mekanismoak antolatu ahal izango ditu sektoreetako organo erregulatzaileekin, bai eta organo horiei lotesleak ez diren txostenak eskatzeko mekanismoak ere, lehiaren gaineko legeriaren aplikaziorako espedienteen esparruan,

s)  jurisdikzio-organoei informazioa ematea edo oharrak aurkeztea, agintaritzaren izenean, bere ekimenez edo organo judizial batek eskatuta, lehiari buruzko araudia aplikatzeari dagozkion gaien gainean, auzipetze zibila arautzen duen legean ezarritako eran; hartarako, agintaritzak organo jurisdikzionalari eskatu ahal izango dio bidali edo bidalarazi diezazkiola gaiaren balorazioa egiteko beharrezkoak diren dokumentu guztiak,

t)   hitzarmenen sinaketa erabakitzea eta baimentzea,

u)  lehiari buruzko legeriak organo kolegiatuari kontzentrazio ekonomikoen arloan esleitzen dizkion eginkizunak gauzatzea, bai eta lehiaren sustapen eta defentsari dagokionez indarreko araudian errekonozituta dauden eginkizun guztiak ere.

 

11. artikulua. Lehiaren Euskal Kontseiluaren funtzionamendua eta akordioen araubidea

 

       1.    Lehiaren Euskal Kontseilua behar bezala eratzeko, lehendakaria, idazkari nagusia eta, gutxienez, kontseilukide bat bertaratzea eskatuko da.

 

       2.    Lehendakariak Lehiaren Euskal Kontseiluaren ohiko eta ezohiko bileretarako deialdia egitea eta gai-zerrenda erabakiko ditu. Idazkari nagusiak agintaritzaren estatutuan ezarriko den aurrerapenarekin igorriko die deialdia Lehiaren Euskal Kontseiluko kideei.

 

       Halaber, eta aurretiko deialdirik gabe, Lehiaren Euskal Kontseilua behar bezala eratu ahal izango da kide guztiak bertaratuta aho batez hala erabakitzen badute.

 

       3.    Akordioak bertaratuen botoen gehiengoz hartuko dira; bertaratutako kontseilukideak ezin izango dira abstenitu, herri-administrazioen araubide juridikoari eta administrazio prozedura erkideari buruzko araudiak abstenitzeko aurreikusitako kasuetan izan ezik. Berdinketarik badago, lehendakariaren kalitateko botoak erabakiko du.

 

12. artikulua. Ikerketa Zuzendaritza

 

       1.    Ikerketa Zuzendaritza lehendakariaren mende egongo da, organikoki eta funtzionalki, 13. artikuluaren 1. paragrafoan aipatzen diren eginkizunak betetzeari buruzko gaietan izan ezik; kasu horietan, mendekotasuna organikoa bakarrik izango da.

 

       2.    Ikerketako zuzendaria goi-kargua izango da eta Lehiaren Euskal Agintaritzako lehendakariarentzako izendatze, kargu-aldi, kargua uzte, eginkizunak etete, zein bateraezintasunen araubide berdinen mende egongo da, lege honen 7. artikuluan ezarritakoaren arabera.

 

13. artikulua. Ikerketa Zuzendaritzaren eginkizunak

 

       1.    Ikerketa Zuzendaritzaren eginkizunak honako hauek dira, lehiaren defentsaren arloan:

 

a)  zehapen-espedienteak ireki eta haien instrukzioa egitea, eta Lehiaren Euskal Kontseiluari ebazpen-proposamena edo artxibatzekoa helaraztea.

b)  Zehapen-prozeduren espedienteen instrukzioan sor daitezkeen inguruabarrei buruz ebaztea.

c)  Lehiaren Euskal Kontseiluaren ebazpenetan ezarritako betebeharrak betetzen eta gauzatzen direla zaintzea.

d)  zehapen-prozeduraren itundutako amaiera proposatzea Lehiaren Euskal Kontseiluari, baldin eta ustezko arau-hausleek konpromiso batzuk hartzea proposatzen badute, eta horien bidez espedientea irekitzea eragin duten jokabideek lehian zituzten ondorioak konpontzen badira, betiere interes publikoa behar beste bermatzen bada.

e)  ikuskapenak egitea.

f) organo eskuduna izendatzeko prozedurak aplikatzea, estatuak eta autonomia-erkidegoek lehiaren defentsaren arloan dituzten eskumenen koordinazioari buruzko otsailaren 21eko 1/2002 Legean ezarritakoari jarraiki.

g)  arbitrajearen esparruan indarrean dagoen araudiari jarraiki, eragile ekonomikoek aurkeztutako zuzenbidezko zein ekitatezko arbitraje-espedienteak ireki eta haien instrukzioa egitea, eta Lehiaren Euskal Kontseiluari dagokion ebazpen-proposamena helaraztea.

 

       2.    Halaber, Lehiaren Euskal Kontseiluari lege honen 3. artikuluko 4. paragrafoan aipatzen diren egintzak eta xedapenak aurka ditzala proposatzea dagokio.

 

14. artikulua. Idazkaritza Nagusia

 

       Idazkaritza Nagusia lehendakariaren mende egongo da, eta erakundeari laguntza material, administratibo eta teknikoa emateko organoa da, baita aholkularitza juridikokoa ere.

 

15. artikulua. Idazkaritza Nagusiaren eginkizunak

 

       1.    Idazkaritza Nagusiaren eginkizunak honako hauek dira, Lehiaren Euskal Agintaritzari dagokionez:

 

a)  agintaritzaren aurrekontu-aurreproiektua prestatzea eta horren jarraipena eta aldaketak egitea,

b)  erakundearen jarduera-oroitidazkia eta urteko jarduera-programa eta urtebeteko eta urte anitzeko jarduera-planak egitea, jasotako jarraibideak kontuan hartuz, eta Lehiaren Euskal Kontseiluari helaraztea,

c)  erregistro orokorra, agiritegia eta agintaritzaren beste dokumentazio-guneak kudeatzea,

d)  espedienteak zaintzea izapidetzearen edozein fasetan, jakinarazpenak egitea, eta prozeduratik datorren edozein jarduera, administrazio-izaerakoa, egitea,

e)  agintaritzaren ekonomia, giza baliabideak eta baliabide materialak kudeatzea,

f) agintaritza arlo juridikoan aholkatzea,

g)  zehapen-prozeduren eta promozioko prozeduren jarraipena egitea eta horiek kudeatzea,

h)  laguntza emateko gainontzeko eginkizunak, lehendakariak hala erabakita.

 

       2.    Idazkaritza Nagusiaren eginkizunak honako hauek dira, Lehiaren Euskal Kontseiluari dagokionez:

 

a)  Lehiaren Euskal Kontseilua biltzeko deitzea, lehendakariaren ekimenez,

b)  bileretako gai-zerrenda prestatu eta bidaltzea,

c)  bileretako aktak idatzi eta baimentzea,

d)  akta, ebazpen eta erabakien ziurtapenak egitea,

e)  Lehiaren Euskal Kontseiluko kideak arlo juridikoan aholkatzea,

f) herri-administrazioen araubide juridikoari eta administrazio prozedura erkideari buruzko araudiak administrazioko kide anitzeko organoetako idazkariei ematen dizkien gainontzeko eskumenak izatea.

 

III. KAPITULUA

LEHIAREN EUSKAL AGINTARITZAREN JARDUERA GARDENA

 

16. artikulua. Jardueren berri ematea

 

       Lehia defendatzearen arloan indarrean dagoen araudiari jarraiki, emandako ebazpen guztien berri emango du Lehiaren Euskal Agintaritzak, bere web orrian; honako hau adierazi beharko da: irmoak diren, osorik edo zati batean deuseztatu diren edo epai baten zain dauden.

 

17. artikulua. Jarduera-oroitidazkia

 

       1.    Lehiaren Euskal Agintaritzak jarduera-oroitidazki bat prestatuko du urtero, herritarrek haren organo bakoitzak egindako jardueren berri izan dezaten.

 

       2.    Lehendakariak Eusko Legebiltzarrari eta Eusko Jaurlaritzako ekonomia-politika eta lehiaren defentsaren ardura duen sailburuari igorriko die jarduera-oroitidazkia, urteroko lehen seihilekoan.

 

       3.    Jarduera-oroitidazkia Euskal Autonomia Erkidegoko herritar guztien eskura jarriko da, jakinaren gainean egon daitezen, Lehiaren Euskal Agintaritzaren webgunearen bidez.

 

18. artikulua. Eusko Legebiltzarrean agertzea

 

       1.    Agintaritzaren lehendakariak Eusko Legebiltzarrari aurkeztu beharko dio urtero jarduera-oroitidazkia.

 

       Halaber, Eusko Legebiltzarrean agertu beharko du urteroko lehen hiruhilekoan, bere jardueraren oinarrizko ildoak eta gerorako planak eta lehentasunak azaltzeko.

 

       2.    Lehendakariak merkatuen lehia-egoerari eta sektore publikoaren jarduerari buruzko txostenak igorriko dizkio Eusko Legebiltzarrari.

 

       3.    Lehendakariak eta, beharrezkoa bada, kontseilukideek Eusko Legebiltzarrean agertu beharko dute, beronek eskatuta, Eusko Legebiltzarraren Erregelamenduak arautzen duen eran, betiere 28. artikuluak aipatzen duen datuak isilpean gorde beharraren mugak errespetatuz.

 

IV. KAPITULUA

EKONOMIA, KONTABILITATE, KONTROL, KONTRATAZIO, LANGILERIA ETA ONDARE ARAUBIDEA

 

19. artikulua. Baliabide ekonomikoak

 

       1.    Lehiaren Euskal Agintaritzak ondoko bitarteko ekonomikoak izango ditu, helburuak lortzeko:

 

a)  Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan urtero esleituko zaion diru-kopurua,

b)  bere ondarea osatzen duten ondasun eta eskubideak eta horietatik sortutako produktu eta errentak,

c)  tasa eta prezio publikoen etekinak, arlo horretan indarrean dagoen legeriak eskubidea ematen badio halakoak izateko,

d)  legez bere esku utz daitekeen beste edozein.

 

       2.    Lehiaren Euskal Agintaritzak jarritako isun edo zehapen ekonomikoak direla eta eskuratutakoa Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorraren baliabideen barruan sartuko da.

 

20. artikulua. Aurrekontua eta kontabilitate-araubidea

 

       1.    Lehiaren Euskal Agintaritzak urtero aurrekontuaren aurreproiektua prestatu eta onartu beharko du, eta Eusko Jaurlaritzari igorriko, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan sar dezan, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu-araubideari buruzko arauekin bat etorriz.

 

       2.    Lehiaren Euskal Agintaritzaren aurrekontuek administrazioko erakunde autonomoei buruzko arauek, horien finantza publikoei buruzkoek eta aurrekontuei buruzko urteroko legeek diotena bete beharko dute.

 

       3.    Lehiaren Euskal Agintaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko kontabilitate publikoko planak bete beharko ditu.

 

21. artikulua. Kontrola

 

       1.    Kontrol Ekonomikoko Bulegoari dagokio Lehiaren Euskal Agintaritza ekonomia, finantza eta kudeaketaren arlotik kontrolatzea, eta beste horrenbeste egitea kontrol ekonomiko-fiskalaren eta ekonomiko nahiz arauzkoaren arloan.

 

       2.    Herri Kontuen Euskal Epaitegiak fiskalizatuko ditu Lehiaren Euskal Agintaritzaren ekonomia eta finantzen arloko eta kontabilitateko jarduerak.

 

22. artikulua. Kontratazioa

 

       Kontratazioaren arloan, Lehiaren Euskal Agintaritza sektore publikoaren kontratazioari buruz administrazio publikoentzat zehaztutako araudiaren mende egongo da.

 

23. artikulua. Langileak

 

       1.    Lehiaren Euskal Agintaritzako langileak funtzionarioak edo lan-legepekoak izango dira, indarrean den araudian erakunde autonomoentzat zehazten denaz bat.

 

       2.    Ahal publikoak erabiltzea dakarten lanpostuak funtzionarioentzat gorderik egongo dira.

 

24. artikulua. Ondarea

 

       Lehiaren Euskal Agintaritza Euskal Autonomia Erkidegoan ondareari dagokionez indarrean dagoen araudiaren mende egongo da.

 

V. KAPITULUA

BESTE XEDAPEN BATZUK

 

25. artikulua. Hitzarmenak

 

       Dituen eginkizunak eraginkortasunez betetzeko, Lehiaren Euskal Agintaritzak hitzarmenak sinatu ahal izango ditu, edozein erakunde publiko edo pribaturekin.

 

26. artikulua. Jurisdikzio-organoekiko lankidetza

 

       1.    Lehiaren Euskal Agintaritzak, dituen eskumenen arloan eta bere ekimenez, informazioa edo iritzia eman diezaieke jurisdikzio-organoei, lehia murrizten duten jokabideei buruzko araudia aplikatzearekin zerikusia duten gaien inguruan, hala nola kolusiozko jokabideak, nagusitasunezko egoeraren abusua eta lehia askea egintza desleialen bidez faltsutzea, betiere urtarrilaren 7ko 1/2000 Legean, Prozedura Zibilari buruzkoan, xedatutakoarekin bat.

 

       Lehiaren Euskal Agintaritzak lankidetza osoa emango die jurisdikzio-organoei, haiek eskatutako edozertarako.

 

27. artikulua. Arautzaile sektorialekiko lankidetza

 

       1.    Lehiaren Euskal Agintaritza lankidetzan arituko da arautzaile sektorialekin, guztien intereseko gaietan.

 

       2.    Lehiaren Euskal Agintaritzak bere jardueraren berri emango dio dagokion arautzaile sektorialari, bere kabuz edo azken horrek eskatuta.

 

       3.    Halaber, Lehiaren Euskal Agintaritzak txosten ez-loteslea emango du, araudi sektoriala aplikatzeko prozeduren arloan eta lehia defendatzeko indarrean dagoen araudiaren barnean.

 

       4.    Lehiaren Euskal Agintaritzak kasuan kasuko txosten ez-loteslea eman dezatela eskatuko die arautzaile sektorialei, zehapen-prozeduren barnean.

 

28. artikulua. Laguntzeko betebeharra

 

       1.    Pertsona fisiko edo juridiko orok lagundu beharko dio Lehiaren Euskal Agintaritzari, lehia defendatzeari buruzko araudiak agintzen duen eran.

 

       2.    Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioek derrigorrez eman beharko diete Lehiaren Euskal Agintaritzako organoei beren eginkizunak betetzeko organook eskatutako informazioa; era berean, eskatzen zaizkien txosten edo azterlanak eman beharko dituzte.

 

       3.    Euskal Autonomia Erkidegoko edozein herri-administraziok, organok edo erakundek, lehia defendatzeari buruzko araudiaren aurkakoak izan daitezkeen gertakarien berri badu, bere eskuetan dagoen horien gaineko informazioa eta dokumentazioa helarazi beharko dizkio Lehiaren Euskal Agintaritzari, kasuan kasuko prozedura has dezan, bidezkoa bada.

 

       4.    Lehiaren Euskal Agintaritzari laguntzeak, norberaren ekimenez edo hark eskatuta, ez du dagokion prozeduran interesduntzat hartzerik ekarriko.

 

29. artikulua. Datuak isilpean gorde beharra

 

       1.    Lege honetan aurreikusten diren espedienteak ireki, horien instrukzioa egin eta ebaztean parte hartu duten pertsona guztiek, edo beren lanbideagatik, karguagatik edo alderdi gisa parte hartzeagatik horien berri dutenek, isilpean gorde beharko dituzte horiei buruzkoak, baita beren karguengatik jasotako isilpeko edozein informazio ere, dagokion araudian ezarritako salbuespen kasuetan izan ezik.

 

       2.    Datuak isilpean gorde beharrak beren kargu edo eginkizunak utzitakoan ere iraungo du.

 

       3.    Datuak isilpean gorde beharra ez betetzea diziplinaren arloko arau-hauste oso larria izango da beti, alde batera utzirik dagozkion erantzukizun penal eta zibilak.

 

       4.    Era berean, artikulu honetan aipatzen den informazioa isilpean tratatuko dela bermatzen da, datu pertsonalak babesteari buruz indarrean den araudian esaten denaz bat.

 

30. artikulua. Ikuskatzeko ahalmenak

 

       1.    Lehiaren Euskal Agintaritzako langileak, Ikerketako zuzendariak beharrezko baimena eta akreditazioa emanda, agintaritzaren agenteak izango dira, eta behar beste ikuskapen egin ahal izango dituzte, lege hau behar bezala aplikatzeko.

 

       Halaber, ikuskapenak egitean ikuskapenaren arloetako adituek edo perituek lagunduta joan ahal izango dira, baita informazioaren teknologian adituak direnek lagunduta; horiek guztiek Ikerketa Zuzendariaren baimen egokia izan beharko dute.

 

       2.    Lan horiek egiteko baimena duten langileek Lehiaren Defentsari buruzko uztailaren 3ko 15/2007 Legearen 40. artikuluan jasotzen diren ikuskapen-ahalmenak izango dituzte.

 

       3.    Herri-agintariek beharrezko babesa eta laguntza emango diete Lehiaren Euskal Agintaritzako langileei, ikuskapena egin dezaten.

 

Xedapen Gehigarriak

 

Lehenengoa. Lehiaren Euskal Agintaritzaren jardueren hasiera

 

       1.    Lehiaren Euskal Agintaritzaren jarduerak noiz hasi Eusko Jaurlaritzak erabakiko du, agintaritzaren jardunerako barne-erregelamendua onartu ostean.

 

       2.    Lehiaren Euskal Agintaritzak Lehiaren Defentsarako Euskal Auzitegiaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Lehiaren Defentsarako Euskal Zerbitzuaren titularitatekoak diren eskubide eta betebeharrak eskuratuko ditu.

 

Bigarrena. Lehiaren Defentsarako Euskal Auzitegia eta Euskal Autonomia Erkidegoko Lehiaren Defentsarako Euskal Zerbitzua desagertzea

 

       1.    Lehiaren Euskal Agintaritza lanean hastearekin batera, desagertu egingo dira Lehiaren Defentsarako Euskal Auzitegia eta Euskal Autonomia Erkidegoko Lehiaren Defentsarako Euskal Zerbitzua.

 

       2.    Lehiaren Euskal Agintaritza lanean hastean beren zerbitzuak Lehiaren Defentsarako Euskal Auzitegian eta Lehiaren Defentsarako Euskal Zerbitzuan burutzen dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko funtzionarioak Lehiaren Euskal Agintaritzan sartuko dira, horretarako onartuko den lanpostuen zerrendan zehaztuko den moduan.

 

       3.    Gobernu Kontseiluak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko egoki iritzitako sailen eta haren erakunde autonomoen egitura organikoak egokituko ditu, Lehiaren Euskal Agintaritzari lege honetan zehazturiko helburuak betetzeko ezarritako eginkizunak eta behar diren giza baliabideak esleitu ahal izateko.

 

Hirugarrena. Euskal Autonomia Erkidegoak Gatazken arloko Aholku Batzordean izango dituen ordezkariak izendatzea

 

       Estatuak eta autonomia-erkidegoek lehiaren defentsaren arloan dituzten eskumenen koordinazioari buruzko otsailaren 21eko 1/2002 Legeak sortutako Gatazken arloko Aholku Batzordean Euskal Autonomia Erkidegoak izango dituen ordezkariak ekonomia-politikaren eta lehiaren defentsaren ardura duen sailburuak izendatuko ditu, Lehiaren Euskal Kontseiluaren ekimenez.

 

Laugarrena. Ordezko araubidea

 

       Lege honek zehazten ez duen guztiari dagokionez, aplikatzekoa izango da erakunde autonomo administratiboak erregulatzeko arautegiak xedatutakoa.

 

Bosgarrena. Karguan jarraitzea

 

       Lehendakariak eta Lehiaren Euskal Kontseiluko kideek, kargu-aldia agortu eta gero ere, dituzten eginkizunak betetzen jarraituko dute, beren ordezkoak izendatu arte.

 

Seigarrena. Arauen berregituraketatik kanpo geratzea

 

       Lehiaren Euskal Agintaritzak ez du bete beharko Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginean –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretu bidez onartu zen– 13. artikuluan aurreikusten dena.

 

Xedapen Iragankorrak

 

Lehenengoa. Lehiaren organoei buruzko erreferentziak tramitazioan dauden espedienteetan

 

       Lege hau indarrean sartu baino lehen hasitako prozedurak izapidetzean, Lehiaren Defentsarako Euskal Auzitegiari eta Euskal Autonomia Erkidegoko Lehiaren Defentsarako Euskal Zerbitzuari egindako aipamenak, Lehiaren Euskal Kontseiluari eta Ikerketa Zuzendaritzari, hurrenez hurren, egindakoak direla ulertuko da.

 

Bigarrena. Aurrezki-kutxetako gobernu-organoen luzapena

 

       Helbide soziala Euskadin duten aurrezki-kutxetako kontseilari nagusien, administrazio-kontseiluko kideen eta kontroleko batzordeko kideen aginduak, 2012ko martxoaren 1etik apirilaren 30era bitartean, biak barne, iraungitzen direnak, automatikoki luzatuko dira, salbuespenez, harik eta erakunde horietako gobernu-organoak berriz izendatu arte, horretarako Aurrezki Kutxen Lege berrian jasoko den araudiaren arabera, egun Eusko Legebiltzarrean tramitatzen ari den lege-proiektua onetsi ondoren.

 

       Hori horrela izanik ere, indarrean dagoen araudian aurreikusitako arrazoiengatik Legebiltzarrean tramitatzen ari den lege-proiektua onetsiko ez balitz, aurrezki-kutxetako gobernu-organoek adierazitako arrazoietako bat gertatu eta hilabeteko epean gobernu-organo horiek berritzeko prozesuak deituko dituzte, aurrezki-kutxen alorrean indarrean dagoen legedian xedatutakoaren arabera.

 

       Gaur egun hasita dauden aurrezki-kutxetako gobernu-organoak berritzeko prozedurak indargabetuta gelditzen dira. Aurreko paragrafoan adierazitako arrazoietako bat gertatuz gero, aurrezki-kutxetako gobernu-organoek hilabeteko epean hasiko dituzte organo horiek berritzeko prozedurak, indargabetuta geratu ziren tramitetik aurrera.

 

Azken Xedapena

 

Bakarra. Indarrean sartzea

 

       Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean lege hau.

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra