Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Sexta edición Premios Adrián Celaya

Euskal Autonomia Erkidegoko zuzenbidea  >>  Legeria

1/2018 Errege Lege Dekretua, martxoaren 23koa, Toki-korporazioen superabita finantzen aldetik jasangarriak diren inbertsioetara bideratzeko aukera 2018ra luzatzen duena eta inbertsio horien eremu objektiboa aldatzen duena

2018-03-23

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2018/3/24, 73. zk.

I. XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

4152 1/2018 Errege Lege Dekretua, martxoaren 23koa, Toki-korporazioen superabita finantzen aldetik jasangarriak diren inbertsioetara bideratzeko aukera 2018ra luzatzen duena eta inbertsio horien eremu objektiboa aldatzen duena.

Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoaren 12. artikuluak Administrazio Zentralari, autonomia-erkidegoei eta toki-korporazioei aplikatu behar zaien gastu-araua eraentzen du. Arauketa horren oinarria Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1175/2011 (EB) Erregelamendua da, gure herrialdean nahitaez bete beharreko araudia, zeinaren bidez Kontseiluaren 1466/1997

(EE)Erregelamendua —aurrekontu-egoeren gainbegiratzea indartzeari eta ekonomia- politikak gainbegiratu eta koordinatzeari buruzkoa— aldatzen baita.

Gainera, funtsezko baliabide bat da bermatzeko egiturazko gastu publikoaren bilakaera bat datorrela ekonomiaren hazkunde potentzialarekin, bai eta, epe ertaineko aurrekontu- orekaren egoera baten aurrean, gastuaren finantza-jasangarritasuna bermatzeko ere.

2012. urtetik, toki-erakundeak izan dira Administrazio Publikoan lehenak beren kontuetan superabita lortzen, aurrekontu-kontsolidazioan egin duten ahaleginari eta ekonomia-zikloaren bilakaera positiboari esker. Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko Lege Organikoaren 32. artikuluak ezartzen du Estatuak, autonomia-erkidegoek eta toki-korporazioek lortzen duten superabita zorpetze garbiaren maila murriztera bideratu behar dela. Arau hori aplikatuz, toki-korporazio askok beren zor publikoaren maila nabarmen murriztea lortu dute, eta finantzak onbideratu dituzte.

Bada, kontuan hartuta toki-korporazioek egin duten kontsolidazio-ahalegina, lortu duten finantza-egoera sendoa eta ematen dituzten zerbitzuen izaera —toki-korporazioek ahalmen handia dute herritarren ongizatean zuzenean eragiteko, beraiek baitira herritarrengandik gertuen daudenak—, arau berezi bat ezarri zen Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko Lege Organikoaren 32. artikuluan jasotako superabitaren xedeari aplikatzeko.

Hain zuzen ere, Sektore Publikoko Merkataritza Zorraren Kontrolari buruzko abenduaren 20ko 9/2013 Lege Organikoak seigarren xedapen gehigarria erantsi zion Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko Lege Organikoari, eta, xedapen horri esker, 2014. urtetik aurrera, toki-korporazioek aukera daukate bizitza baliagarri osorako finantzen aldetik jasangarriak diren inbertsioetara bideratzeko beren superabita. Horretarako, ordea, toki-korporazioek baldintza hauek bete behar dituzte: batetik, gastu orokorretarako diruzaintza-geldikin positiboa eta superabita izatea; bestetik, beren zor publikoaren maila zorpetzea debekatzeko ezarritako mugaren azpitik egotea, eta, azkenik, hornitzaileei ordaintzeko batez besteko epea ez izatea merkataritza- eragiketen berankortasunaren aurkako neurriei buruzko araudian ezarritako gehieneko ordainketa-epea baino luzeagoa. Halako inbertsioetan egindako gastua ez da zenbatuko Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko Lege Organikoaren 12. artikuluko gastu-araua aplikatzearen ondoreetarako; baina, aitzitik, aurrekontu- egonkortasunaren helburua betetzearen ondoreetarako zenbatu egingo da.

Toki Ogasunak Arautzen dituen Legearen testu bateginaren hamaseigarren xedapen gehigarriak —testu bategina martxoaren 5eko 2/2004 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen— garatzen eta definitzen du halako inbertsioek izan beharreko finantza- jasangarritasunaren kontzeptua, bai eta haren prozedura eta aplikazioko eremu objektiboa ere.

Superabitaren xedearen malgutasun-neurri hori 2014an aplikatu zen lehen aldiz, eta Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko Lege Organikoaren

seigarren xedapen gehigarriaren 5. apartatuan xedatu zen 2014tik aurrerako ekitaldietan, egoera ekonomikoaren arabera, neurri hori urtero luza zitekeela Estatuaren Aurrekontu Orokorren Legearen bitartez.

2015eko luzapena Autonomia-erkidegoen eta toki-erakundeen finantza- iraunkortasunerako neurriei eta bestelako neurri ekonomikoei buruzko abenduaren 26ko 17/2014 Errege Lege Dekretuaren bederatzigarren xedapen gehigarriaren bidez onartu zen, eta 2016ko eta 2017ko luzapenak, aldiz, Estatuaren aurrekontu orokorren legeen bidez.

Une honetan, oraindik ez dauzkagu toki-korporazioen 2017. urteko aurrekontu- exekuzioaren itxierako datuak, baina, 2017ko hirugarren hiruhilekoko datuak ikusita, pentsatzekoa da toki-korporazioek aurrekontu-superabita izango zutela joan den ekitaldian, 2012. urtetik gertatu izan denaren ildo beretik. Bestalde, eskura ditugun adierazleak aztertu ondoren, badirudi 2018. urteko egoera ekonomikoa ona izango dela. Hau da, bete egiten dira toki-korporazioek beren superabita finantzen aldetik jasangarriak diren inbertsioetara bideratzea ahalbidetzen duen arauaren luzapena onartzeko baldintzak.

Aparteko inguruabar politikoak direla eta, oraindik ezin izan da izapidetu 2018rako Estatuaren Aurrekontu Orokorren Legea. Hortaz, ezinezkoa izan da, bai legea urte hasieran indarrean jartzea, bai Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko Lege Organikoaren seigarren xedapen gehigarrian jasotako luzapena onartzea.

Gastua exekutatzeko prozedura hasteko eta garatzeko egin behar diren izapideek epe jakin batzuk dituzte, zeinek behartzen baitute Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko Lege Organikoaren seigarren xedapen gehigarrian jasotako neurriaren luzapena berehala onartzera, neurriak ondoreak izan ditzan eta toki- korporazioek beren inbertsioak aurrekontu-ekitaldi honetan exekutatu ahal izan ditzaten.

Horrez gainera, luzapenik ezean, toki-korporazioek beren zorpetze garbia murriztu beharko lukete, Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko Lege Organikoaren 32. artikulua aplikatuz. Toki-erakundeak 2017ko aurrekontuak likidatzen ari dira orain, eta jakin beharra daukate neurri hori aplikatu behar duten ala ez eta, baldintzak betez gero, superabita finantzen aldetik jasangarriak diren inbertsioak finantzatzeko erabil dezaketen. Horren harira, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legearen 28. artikuluan xedatzen da Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko Lege Organikoaren 32. artikulua ez betetzea ekonomia- eta aurrekontu-kudeaketaren arloko arau-hauste oso astuna dela. Beraz, presako eta aparteko inguruabarrak direla eta, beharrezkoa da luzapena errege lege-dekretu baten bidez onartzea, abenduaren 26ko 17/2014 Errege Lege Dekretuarekin egin zen bezala.

Orobat, aintzat hartu behar da superabitaren xedeari buruzko arau bereziaren luzapena eraginkortasunik gabe geratuko litzatekeela, baldin eta galdatuko balitz gastua exekutatzeko prozeduraren baimen-, xedapen- edo konpromiso-faseak, kasu guztietan, 2018an egitea; horregatik, azken fase horren garapena ez da ekitaldi horretan eskatu behar. Alabaina, horrek ez du kentzen arau hau presakoa izatea; izan ere, inbertsio- proiektu askoren kontratazio-prozedura —izaera eta diru-kopurua ikusita— ahalik eta azkarren abiarazi behar da, gastua baimentzeko fasea oraingo ekitaldian amaitu ahal izan dadin.

Toki Ogasunak Arautzen dituen Legearen testu bateginaren hamaseigarren xedapen gehigarrian —testu bategina martxoaren 5eko 2/2004 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen— finantzen aldetik jasangarriak diren inbertsioen arauketa egiten da; bada, kontuan izanda arauketa horrek dituen eragina eta ondorioak, eta aintzat hartuta desoreka dagoela finantzen aldetik jasangarriak diren eta egin litezkeen inbertsioen eta benetan gauzatzen diren inbertsioen artean (% 26 ozta-ozta, 2016ko datuen arabera), eremu objektiboa aldatu eta zabaldu behar da, aintzakotzat hartuta toki-erakundeek egiten dituzten jarduketak eta esleituta dituzten eskumenak. Aldaketa horren bidez, kontsolidazio- ahalegin handiak egin dituzten toki-korporazioek inbertsioak egiteko ahalmen handiagoa izatea lortu nahi da, inbertsio horiek herritarren ongizatea handituko baitute segituan eta hazkunderako ahalmen handiagoa sortuko baitute epe ertainean, kontu publikoen

egonkortasuna kaltetu gabe. Halaber, aipatutako arauan jasota dagoen aldez aurreko administrazio-baimenaren araubidea berrikusten da. Finantzen aldetik jasangarria den inbertsioaren kontzeptua aplikatzeko eremu objektiboa zabalduz, barnean hartzen dira programa-multzo batzuk, zeinek biltzen baitituzte kontratazio-prozedura konplexuak eskatzen dituzten inbertsio-proiektuak; eta, hain zuzen ere, prozedurak konplexuak direlako, ahalik eta azkarren abiarazi behar dira, arauan jasotako gehieneko epearen barruan amaituta egon daitezen. Aldaketa hori egitea presakoa da, luzapenaren babesean egiten diren inbertsioek toki-korporazioen egungo beharrizanei erantzun diezaieten ekitaldi honetan bertan.

Esandakoaren ondorioz, kasu honetan, errege lege-dekretua Konstituzioaren araberako tresna zilegia da, aproposa eta egokia delako presako legegintzaren xedea lortzeko; hau da, Konstituzio Auzitegiak behin eta berriro eskatutakoari jarraituz eta Gobernuaren helburuen barruan, egoera jakin bat diruz laguntzeko, aurreikusteko zailak diren arrazoiengatik araudia berehala ematea eskatzen duena —esan nahi baita, ohiko bidea erabilita edo legeen izapidetze parlamentariorako presako prozedura erabilita beharko litzatekeena baino epe laburragoan—.

Beraz, errege lege-dekretu honetako neurri guztiek —oro har zein banan-banan hartuta—, haien izaera eta xedea ikusirik, bete egiten dute Espainiako Konstituzioaren 86. artikuluak errege lege-dekretu bat onartu ahal izateko eskatzen duen aparteko eta presako beharrizanaren baldintza.

Horregatik guztiagatik, Espainiako Konstituzioaren 86. artikuluan jasotako baimenaz baliatuta, Ogasuneko eta Funtzio Publikoko ministroak proposatuta, eta Ministro Kontseiluak 2018ko martxoaren 23ko bileran gaia eztabaidatu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1.artikulua. Toki-erakundeen 2017ko superabitaren xedea.

Toki-korporazioen 2017ko aurrekontu-superabitaren xedeari dagokionez, 2018ra luzatzen da Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoaren seigarren xedapen gehigarrian jasotako arauen aplikazioa; horretarako, kontuan hartu beharko da Toki Ogasunak Arautzen dituen Legearen testu bategineko hamaseigarren xedapen gehigarria —testu bategina martxoaren 5eko 2/2004 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen—.

Ezinezkoa bada inbertsio-proiektu jakin bat oso-osorik 2018. urtean exekutatzea, beste aukera bat ere badago: 2018. urtean baimendutako gastutik falta den zatia 2019ko ekitaldian aitortzea eta 2018ko diruzaintza-geldikinetik finantzatzea. Zenbateko hori helburu horretarako lotuta geratuko da, eta toki-korporazioak ezingo du, 2019 amaieran, defizitik eduki.

2.artikulua. Toki Ogasunak Arautzen dituen Legearen testu bategina —martxoaren 5eko 2/2004 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartua— aldatzea.

Aldatu egiten dira Toki Ogasunak Arautzen dituen Legearen testu bateginaren hamaseigarren xedapen gehigarriaren 1. eta 2. apartatuak —martxoaren 5eko 2/2004 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen testu bategina—, eta honela geratzen dira idatzita:

«1. Derrigorra da, beti, inbertsioa egiten duen dena delako toki-erakundeak egunean edukitzea bere zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak.

A)Inbertsioak, gainera, programa-multzo hauetarako aurrekontuetan agertu beharko du (programak abenduaren 3ko EHA/3565/2008 Aginduko I. eranskinean datoz jasota, han onartu baitzen toki-erakundeetako aurrekontuen egitura):

160.Estolderia.

161.Edateko uraren etxeetako hornidura.

162.Hondakinak biltzea, ezabatzea eta tratatzea.

165.Argiteria publikoa.

172.Ingurumenaren babesa eta hobekuntza.

412.Nekazaritzako eta abeltzaintzako azpiegiturak eta ekoizpen-sistemak

hobetzea.

422.Industria.

425.Energia.

431.Merkataritza.

432.Turismo-informazioa eta -sustapena.

441.Bidaiarien garraioa.

442.Garraio-azpiegiturak.

452.Baliabide hidraulikoak.

463.Ikerketa zientifikoa, teknikoa eta aplikatua.

491.Informazioaren gizartea.

492.Ezagutzaren kudeaketa.

B)Inbertsioa programa-multzo hauetakoren bateko aurrekontuetan agertu

daiteke:

132.Segurtasuna eta ordena publikoa.

133.Trafikoaren eta aparkalekuen antolamendua.

135.Babes zibila.

136.Suteak prebenitzeko eta itzaltzeko zerbitzua.

153.Bide publikoak.

171.Parkeak eta lorategiak.

231.Lehen mailako gizarte-laguntza.

321.Haur-hezkuntzako eta lehen hezkuntzako ikastetxeak sortzea.

323.Haur-hezkuntzako, lehen hezkuntzako eta hezkuntza bereziko ikastetxeen

funtzionamendua.

332.Liburutegiak eta artxiboak.

333.Kultura-ekipamenduak eta museoak.

336.Ondare historiko-artistikoa babestea.

342.Kirol-instalazioak.

453.Errepideak.

454.Auzo-bideak.

933.Ondarearen kudeaketa, zeinaren barruan sar baitaitezke zerbitzu publikoari lotuta dauden toki-erakundearen azpiegiturak eta higiezinak birgaitzeko, konpontzeko eta hobetzeko egiten diren inbertsioak, bai eta, desgaitasuna duten pertsonen eta adineko pertsonen irisgarritasun unibertsala bermatzeko, azpiegituretan egin behar diren egokitzapen-jarduketak ere.

Azken programa-multzo horietarako inbertsio-gastua egonik, apartatu honetan jasotako programa-multzo guztietarako inbertsio-gastua 15 milioi euro baino handiagoa baldin bada, edo dena delako toki-erakundearen guztizko gastu ez-finantzarioaren % 40 baino handiagoa, eta inolako gehikuntzarik baldin badakar inbertsio-proiektuetako gastu-egoerako 1. edo 2. kapituluetan, Autonomia Erkidegoen eta Toki Erakundeen Finantzaketarako Idazkaritza Nagusiaren aldez aurreko baimena beharko da —Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren barruan dago idazkaritza hori—.

2.Baztertuta geratzen dira, bai bost urtetik beherako bizitza baliagarria duten inbertsioak, bai altzariekin eta tresnekin zerikusia dutenak, ez bada aurreko apartatuan bildutako programa-multzoei lotutako zerbitzu-prestaziorako erabiltzen direla. Ibilgailuetako inbertsioak ere baztertuta geratzen dira, zerbitzu publiko hauek emateko erabiltzen direnean izan ezik: hondakinak bildu, ezabatu eta tratatzeko,

segurtasunerako eta ordena publikorako, babes zibilerako, suteak prebenitu eta itzaltzeko eta bidaiarien garraiorako.»

Azken xedapenetatik lehena. Eskumen-tituluak.

Errege lege-dekretu hau Espainiako Konstituzioaren 149.1.13, 149.1.14 eta 149.1.18 artikuluen babesean ematen da, zeinek Estatuari eskumen esklusiboa esleitzen baitiote, hurrenez hurren, jarduera ekonomikoaren plangintza orokorrari buruzko oinarrien eta koordinazioaren gainean, Ogasun Nagusiaren eta Estatuaren zorraren gainean eta administrazio publikoen araubide juridikoaren oinarrien gainean.

Azken xedapenetatik bigarrena. Arauak emateko gaikuntza.

Gaikuntza ematen zaie Gobernuari eta Ogasuneko eta Funtzio Publikoko ministroari errege lege-dekretu honetan ezarritakoa aplikatu eta garatzeko beharrezkoak diren xedapenak eta neurriak onar ditzaten, beren eskumenen esparruan.

Azken xedapenetatik hirugarrena. Indarrean jartzea.

Errege lege-dekretu hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Madrilen, 2018ko martxoaren 23an.

FELIPE e.

Gobernuko jarduneko presidentea,

SORAYA SÁENZ DE SANTAMARÍA ANTÓN

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra