Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Sexta edición Premios Adrián Celaya

Euskal Autonomia Erkidegoko zuzenbidea  >>  Legeria

10/2000 Legea, abenduaren 27koa, Gizarte Eskubideen Agiriarena.

2000-12-27

Erakundea: Eusko Legebiltzarra

Argitalpena: EHAA, 2000/11/30, 249. zk.; EAO, 2011/12/13, 299. zk.

§ 240. 10/2000 LEGEA, ABENDUAREN 27KOA, GIZARTE ESKUBIDEEN AGIRIARENA

 

ZIOEN ADIERAZPENA

 

       Gizarte demokratiko ororen oinarrizko zutabea da gaur egun gizarte-politika. Politika horren xede nagusietako bat hauxe da: herritarren aurrerabide sozial eta ekonomikoa eta gizaki guztientzat ahalik eta autonomia handiena eta bizi-kalitate onena lortzearen alde ekitatez jarduteko ideal eta printzipioak bultzatzea, batik bat giza eskubideen, funtsezko askatasunen eta pertsonaren duintasunaren defentsa eta garapena oinarri hartuz.

 

       Mendebaldeko gizarteetan soldatapeko lana da gehienentzat gizartean txertatzeko bide bakarra, horren bitartez eskuratzen baitira bizimodu duina, gizarte-ondasunez baliatzeko aukera, autoestimua eta erabateko herritartasuna izateko ahala. Horrek bere baitan dakar pertsonek bizi diren gizartearentzako baliagarri izateko eta sentitzeko duten eskubidea, ez baitago baliagarri izaterik gizabanakoen eta lanaren arteko lotura etenez gero.

 

       Gauza jakina da Euskal Autonomia Erkidegoa aitzindari izan dela gizarte-politikak bultzatzen: gizarteratzeko gutxieneko diru-sarrera, gizarte-larrialdietarako laguntzak, gizarte-bazterkeriaren aurka borrokatzeko plana, Gizarte Bazterkeriaren Aurkako Legea, eta abar. Horien guztien helburua pertsona baztertuak gizarteratzea eta lan-merkatuan sartzea da.

 

       Hala eta guztiz ere, milaka lagunek jarraitzen dute oraindik ere baztertuta, eta izan den hazkunde ekonomikoa izanda ere, gehiegizkoa da oraindik ere gaur egun Euskal Autonomia Erkidegoko langabezia-tasa.

 

       Gaur egun ezinbestekoa da administrazio publikoen arteko adostasuna pobreziak eragiten duen gizarte-bazterkeria zuzentzeko, eta administrazio publiko horiek gizarte-hausturaren arriskua eragozten ahalegindu behar dute, batzuek, oinarrizko gizarte-eskubideak erabili ezin dituztelako, erabateko herritar izateko duten ezintasuna gainditzeko bideak definituz.

 

       Legebiltzar honek aintzat hartu du Gizarte Eskubideen Agiria onesteko herri-ekimenezko lege-proposamena, herritarrek aurkeztua eta, batez ere, lan-banaketari eta oinarrizko errentari buruzkoa dena.

 

       Esan beharra dago, alde horretatik, Euskadiko Autonomia Estatutuaren 9.2 artikuluak euskal aginte publikoei agintzen diela ezen, bere eskumenen barruan, ziurta dezatela herritarren oinarrizko eskubide eta betebeharren erabilpen egokia, bultza dezatela lan eta bizi baldintzak hobetzera bideratutako politika, susta dezatela enpleguaren gehikuntza eta ekonomiaren egonkortasuna, sor ditzatela baldintzak eta ken ditzatela oztopoak gizabanakoaren eta hori sartuko den taldeen askatasuna eta berdintasuna zinezkoak eta benetakoak izan daitezen eta erraz diezaietela bidea herritar guztiei Euskadiko politikan, ekonomian eta kulturan parte hartzeko.

 

       Hori dela eta, eta Estatutuaren agindu hori garatuz, lege honen bitartez Gizarte Eskubideen Agiria onesten da. Agiriak bere baitan biltzen dituen eskubideak unibertsalak dira eta horiek benetan erabili egiten direla ziurtatzea euskal administrazio publiko eskudunei dagokie.

 

I TITULUA

XEDAPEN OROKORRAK

 

1. Artikulua - Legearen xedea

 

       Lege honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegorako Gizarte Eskubideen Agiria aldarrikatzea, herritar guztiei lan-merkatuan sartzea ahalbidetuko diena eta beren herritar-eskubideak erabili ahal izateko oinarrizko errenta bat ziurtatuko diena.

 

       Horretarako, dualizazioari, pobreziari eta gizarte-bazterkeriari aurre egiteko jardunbideak ezartzen dira, bai eta administrazioen betebeharrak eta herritarren betebehar eta eskubideak ere.

 

       Lege honen xede da, orobat, herritarren oinarrizko eskubideak aldarrikatzea.

 

       Lege honetan aldarrikatzen diren eskubideak ordenamendu juridikoak horietako bakoitzarentzako bereziki ezartzen duen moduan garatu eta erabiliko dira.

 

2. Artikulua - Lege honek gidari dituen printzipioak

 

       1.-   Herritartasun-eskubideak benetan erabiltzeko, nahikoa diru-baliabide eduki beharra dago bizimodu autonomo, duin eta kalitatezkoa egin ahal izateko, eta hori lan-merkatuan sartzearen baitan dago, betiere gizartean erabat txertatzeko helburuarekin.

 

       2.-   Kontuan izanik hainbat pertsona, arrazoi asko direla eta, lan-merkatutik kanpo gelditu direla, merkatu horretan sartzea errazteko neurriez gain, beharrezkotzat jotzen dugu oinarrizko errenta bat ezartzea, aberastasuna birbanatzeko beste bide bat denez.

 

       3.-   Enplegu-politika egokia egin beharra dago herritar guztiek enplegu duin bat lortzeko aukera izan dezaten, horretarako irizpide hauek erabiliko direlarik: enplegua sortzea, lanorduak murriztu eta berrantolatzea, aparteko orduak kentzea eta kontrolatzea, bai eta, horrenbestez, pertsonen eta gizataldeen arteko elkartasun eta berdintasun printzipioak ere.

 

3. Artikulua - Oinarrizko gizarte-eskubideak

 

       Euskal Autonomia Erkidegoko herritar guztiek, dagokien ordenamendu juridikoaren eta agiri honen esparruan, honako oinarrizko gizarte-eskubideok dituzte:

 

a)  behar adinako gizarte-babesa izatekoa.

b)  osasun-babesa eta arreta eta zerbitzu sanitario egokiak izatekoa.

c)  kalitatezko hezkuntza izatekoa.

d)  etxebizitza duin eta egokia izatekoa.

e)  ingurumen babestua izatekoa.

 

       Aipatutako eskubide guztiak errespetatu eta sustatu egingo dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko aginte publikoek.

 

II TITULUA

ENPLEGUA SUSTATZEA

 

4. Artikulua - Enplegua sustatzea

 

       1.-   Kontuan izanik langabeziarentzako irtenbide nagusia enplegu berriak sortzea dela, jarraian aipatzen diren enplegu-sustapenerako neurri guztiak osagarritzat jotzen dira edo, bestela, garapen ekonomiko orokorrera bideratutako politika orokorren zuzentzailetzat.

 

       2.-   Euskal administrazio publiko eskudunek honako neurri hauek erabiliz sustatuko dute enplegua:

 

a)  Gizarte-eragileen arteko akordioen bidez enplegua banatzeko bideak ezartzea. Horretarako, batez ere, honako hauek hartuko dira oinarri: lanorduak murriztea, aparteko orduak kentzea, antolamendu-bide malguak ezartzea eta kontratazio berriak bultzatzea.

b)  Enplegu-sorgune berriak eta sektore ekonomiko berriak identifikatu eta garatzea.

c)  Ekintza positiboko neurriak, gizatalde behartsuenei lan-merkatuan sartzen laguntzeko, eta bereziki emakumeei, gazteei, luzaroko langabetuei, ezindu fisikoei eta gizartean baztertuta daudelako lan-merkatuan sartzeko zailtasun bereziak dituzten guztiei.

d)  Ekintza positiboko neurriak, krisi ekonomikoak bereziki eragindako eremuen alde.

e)  Ekintza positiboko neurriak, familiako erantzukizunak eta lanekoak bateragarri egiten laguntzeko.

 

       3.-   Euskal administrazio publikoek, gizarte-eragileekin egindako negoziazio-prozesuetan erdietsitako akordioak oinarri hartuz, honela arautuko dituzte beren zerbitzuko langileen lan-harremanak:

 

a)  Lanaldiaren laburtzea hedatuz. Lan-astea gehienez ere 35 ordukoa izango da.

b)  Ordezte edo errelebu kontratuak sinatzea bultzatuz.

c)  Aparteko orduak kenduz, eta nahitaez egin beharrekoak direnean haien ordez denbora librea emanez.

 

5. Artikulua - Negoziazio kolektiboa

 

       Interes orokorra ahantzi gabe, enpresari-elkarteek eta sindikatuek, negoziazio kolektiboaren eta indarrean dagoen legeriaren barruan, lege honetan arautzen diren eskubideak benetan eta modu eraginkorrean erabiltzeko behar diren erabaki eta neurriak hartuko dituzte.

 

III TITULUA

OINARRIZKO ERRENTA

 

6. Artikulua - Onuradunak

 

       Honako hauek izango dira onuradunak: Euskal Autonomia Erkidegoko edozein udalerritako erroldan gutxienez urtebete sartuta egonik, eta beren elkarbizitza-unitatearen irabaziak eta ondarea kontuan hartuta, oinarrizko beharrizanei eta gizarteratzeko eta lan-merkatuan sartzeko prozesuaren ondorioz sortutakoei aurre egiteko nahikoa diru-baliabide ez dutenak.

 

       Beharrezkoa izango da premia-egoera frogatzen duen ziurtagiria, eta ziurtagiri hori, oinarrizko errentaren irizpidearen arabera, oinarrizko gizarte-zerbitzuek emango dute.

 

7. Artikulua - Zenbatekoa

 

       1.-   Oinarrizko errentaren zenbatekoa honako diru-sarrera hauek ziurtatzeko behar dena izango da: urteko lanbide arteko gutxieneko soldataren %75, hamabi hilabetetan emana, pertsona bakar batentzat, gehi soldata horren %25 bigarren pertsonarentzat, gehi soldata beraren %10 hirugarren pertsonarentzat eta harengandik aurrerako bakoitzarentzat.

 

       2.-   Ezein elkarbizitza-unitatek ez du jasoko lanbide arteko gutxieneko soldataren %125etik gorako zenbatekorik oinarrizko errenta gisa. Eusko Jaurlaritzan erregelamenduz ezartzen dituen kasuetan gainditu ahal izango da, salbuespen gisa, muga hori.

 

       3.-   Artikulu honetan ezarritako oinarrizko errenta euskal herritarrei eragin liezaieketen pobrezia-egoerak desagertarazi nahiaren barruan kokatzen da. Nahi hori betetzen dela egiaztatu ahal izateko, Euskal Autonomia Erkidegoko aginte publikoen erakunde ofizialek herritar horien esku jarriko dute garrantzizko izan litekeen datu eta informazio oro.

 

       Horretarako, kontuan hartuko dira pobrezia-egoerak gainditzeko euskal administrazio publikoek, maila ekonomiko eta sozial batzuetan eta besteetan, martxan jartzen dituzten politika guztiak.

 

8. Artikulua – Iraupena

 

       Oinarrizko errenta jasotzeari utziko zaio oinarrizko beharrizanak aserik gelditzean edo gizarteratzea lortzen denean, horixe baita lege honen funtsezko helburua.

 

9. Artikulua - Gizarteratzeko eta lan-merkatuan sartzeko eskubidea

 

       1.-   Gizartean baztertuta dauden pertsona guztiek dute gizarteratzeko eta lan-merkatuan sartzeko eskubidea, gizarteratzeko hitzarmenetan nahitaez parte hartuz, aplikatu beharreko lege-xedapenei jarraiki.

 

       2.-   Euskal administrazio publiko eskudun guztiek bultzatuko dute eskubide hori modu eraginkorrean erabiltzeko behar diren zerbitzu eta programak sortzea, aplikatzeko orduan gizarteratzea eta lan-merkatuan sartzea bide normalizatuenetik egiteari lehentasuna emango bazaio ere.

 

IV TITULUA

FINANTZAKETA

 

10. Artikulua - Finantzaketa

 

       Lege honetan hartutako neurrien finantzaketa Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioen ohiko aurrekontuen bitartez egingo da, berek dituzten eskumenen arabera.

 

Xedapen Gehigarria

 

       Gizarte Eskubideen Agiriak izaera dinamikoa izango du aldaketa sozial eta ekonomikoetara egokitzeko. Horretarako, Eusko Jaurlaritzako sail eskudunak zuzenduko ditu agiri honi buruz urtero egin beharreko azterketa eta ebaluazioak.

 

Xedapen Indargabetzailea

 

       Indargabeturik gelditzen dira lege honetan ezarritakoaren aurkako maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak, eta bereziki maiatzaren 22ko 12/1998 Legean, Gizarte Bazterkeriaren Aurkakoan, jasotakoak.

 

Azken Xedapenak

 

Lehena

 

       Autonomia Estatutuan eta azaroaren 25eko 27/1983 Legean, Autonomia Elkarte Osorako Erakundeen eta bertako Kondaira Lurraldeetako Foruzko Ihardutze-Erakundeen arteko harremanei buruzkoan, aurreikusitakoaren arabera, administrazio eskudunek behar diren arauak egingo dituzte lege honetan hartutako neurriak gauzatzeko.

 

Bigarrena

 

       Lege hau 2001eko urtarrilaren 1ean sartuko da indarrean.

 

       Beraz, lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra