Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Sexta edición Premios Adrián Celaya

Euskal Autonomia Erkidegoko zuzenbidea  >>  Legeria

10/2008 Legea, urriaren 10ekoa, Euskadiko Terapeuta Okupazionalen Lanbide Elkargoa Eratzekoa10/2008 Legea

2008-10-10

Erakundea: Eusko Legebiltzarra

Argitalpena: EHAA, 2008/10/24, 204. zk.; EAO, 2011/9/3, 212. zk.

§ 307. 10/2008 LEGEA, URRIAREN 10EKOA, EUSKADIKO TERAPEUTA OKUPAZIONALEN LANBIDE ELKARGOA ERATZEKOA

 

ZIOEN ADIERAZPENA

 

       Autonomia Estatutuaren 10.22 artikuluak Euskal Autonomia Erkidegoari ematen dio, eta ez beste inori, profesionalen elkargoen eta lanbide tituludunen gaineko eskumen osoa; betiere, Konstituzioaren 36. eta 139. artikuluetan ezarritakoaren aurkakoa ez den heinean. Horri jarraiki eman zen 18/1997 Legea, azaroaren 21ekoa, Lanbide Tituludunetan Aritzeari eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei buruzkoa. Lege horren 29. artikuluak ezartzen du profesionalen elkargo berriak eratzeko beharrezkoa izango dela Eusko Legebiltzarraren legea, arlo jakin bakoitzeko profesional interesatuek, behar besteko eta behar bezala egiaztatutako ordezkaritzaren bidez, hala eskatu dutelako emana.

 

       Euskadiko Terapeuta Okupazionalen Lanbide Elkarteak eskaria egin zuen, Euskadiko Terapeuta Okupazionalen Lanbide Elkarteak sor dadin, eta, horren ondorioz, izapideak abiatu dira, eskaera horren oinarria eta legez bete beharreko baldintzak egiaztatzeko; baldintza horien artean azpimarragarriena, lanbidea elkargoan biltzea justifikatzen duten herri-intereseko nahikoa arrazoi izatea.

 

       1420/1990 Errege Dekretuak, urriaren 26koak, unibertsitate-titulu ofiziala ezarri zuen: Teerapia Okupazionaleko Diplomaduna. Bere irakaspenek gizabanakoen eta taldeen prozesu terapeutikoak egituratzeko prestakuntza teoriko-praktiko egokia eman behar dute, normalizazio fisiko eta psikikoaren prozesuak eratze aldera.

 

       Bestalde, azaroaren 21eko 44/2003 Legeak, Osasun-arloko Lanbideak Antolatzen dituenak, honela arautzen du terapia okupazionala: osasun-arloko lanbide tituluduna da, eta bere funtzio espezifikoa da teknikak aplikatzea, murriztutako edo galdutako funtzio fisiko edo psikikoak suspertu edo ordezteko, eta funtzio horien garapena bideratzeko eta bizkortzeko.

 

       Terapia okupazionalak gero eta garrantzi handiagoa hartu du egungo gizartean, eta lanbide horren kontrol eta garapen egokia bermatu eta zaindu beharra dago. Horrek, hain justu, elkargo-erakundea eratzeko eskaera ekarri du, elkargokideen interes profesionalei modu eraginkorrean erantzuteko.

 

       Herri-interesaren aldetik begiratuta, lanbidea behar bezala antolatzea eta gizartearen zerbitzurako izango den araudi deontologikoa egitea, besteak beste, badira nahikoa arrazoi borondatezko atxikipeneko lanbide-korporazio hau eratu beharra justifikatzeko.

 

       Adierazitako guztiagatik, Lege honen bidez, Euskadiko Terapeuta Okupazionalen Lanbide Elkargoa eratuko da.

 

1. Artikulua - Eraketa

 

       1.    Euskadiko Terapeuta Okupazionalen Lanbide Elkargoa eratzen da: zuzenbide pribatuko korporazioa, nortasun juridiko propioa duena, eta bere helburuak gauzatzeko eta eginkizunak betetzeko xedez jarduteko gaitasun osoa duena, legearen arabera betiere.

 

       2.    Lege honetan xedatutakoari jarraiki elkargoaren gobernu-organoak eratzen direnetik aurrera, elkargoak nortasun juridikoa eta jarduteko gaitasun osoa eskuratuko ditu.

 

2. Artikulua - Lurralde-eremua

 

       Euskadiko Terapeuta Okupazionalen Lanbide Elkargoko lurralde-eremua Euskal Autonomia Erkidegoa da.

 

3. Artikulua - Profesionalen Kontseiluaren funtzioak betetzea

 

       Elkargoaren lurralde-eremua kontuan izanda eta azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 41.4 artikuluan ezarritakoari jarraiki, Euskadiko Terapeuta Okupazionalen Lanbide Elkargoak Lege horrek profesionalen kontseiluei esleitzen dizkien funtzioak beteko ditu, lurralde-eremu horretan diharduen artean.

 

4. Artikulua - Kideak

 

       Euskadiko Terapeuta Okupazionalen Lanbide Elkargoan ondorengo profesional guztiak sartu ahal izango dira baldintza berberetan:

 

a)  Urriaren 26ko 1420/1990 Errege Dekretuan xedatutakoarekin bat etorriz Terapia Okupazionaleko Unibertsitate Diplomadunaren titulua lortu dutenak.

b)  Aipatutakoaren baliokide den unibertsitate-titulua dutenak, dagokion aginteak aitortua edo homologatua.

c)  Osasuneko Eskola Nazionalak emandako Terapeuta Okupazionaleko titulua izan, eta Terapia Okupazionaleko Unibertsitate Diplomadunarekiko homologazioa edo baliokidetasun-aitorpena lortu dutenak.

 

5. Artikulua - Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrarekiko harremanak

 

       Euskadiko Terapeuta Okupazionalen Lanbide Elkargoak harremana izango du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrarekin; bai bere lanbidearen edukiei dagozkien gaietan, osasun-arloko eskumenak dituen sailaren bidez, bai eta gai profesional orokor, instituzional zein korporatiboei dagokienez ere, justizia-arloan eskuduna den sailaren bidez.

 

Xedapen Iragankorrak

 

Lehenengoa - Kudeaketa Batzordea

 

       1.    Kudeaketa Batzordea eratuko da, Euskadiko Terapeuta Okupazionalen Elkarte Profesionalak izendatutako bi kide eta Euskal Herriko Unibertsitateak izendatutako beste bi kide partaide direla.

 

       2.    Batzordean orekatua izango da gizonezko eta emakumeen arteko proportzioa. Euskadiko Terapeuta Okupazionalen Lanbide Elkarteak izendatutako kide bat izango da batzordeburu: Kudeaketa Batzordearen lanak antolatu eta bultzatuko ditu, eta, berdinketa egonez gero, bere botoak ebatziko du.

 

       3.    Batzordeak honako funtzioak izango ditu, besteak beste:

 

a)  Euskadiko Terapeuta Okupazionalen Lanbide Elkargoaren lehen estatutuak idaztea.

b)  Elkargoko kide egiteko epea irekitzea eta arautzea.

c)  Euskadiko Terapeuta Okupazionalen Lanbide Elkargoaren osoko bilkurarako deia egitea.

 

Bigarrena - Elkargoko kide egiteko epea

 

       Elkargoaren estatutuak argitaratu eta hiru hilabete igarota, Kudeaketa Batzordeak elkargoko kide egiteko epea irekiko du, lege honetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten profesional guztiek Euskadiko Terapeuta Okupazionalen Lanbide Elkargoan sartzeko aukera izan dezaten. Horretarako, baldintzak betetzen dituztela egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko dituzte profesionalek.

 

       Hala nahi dutenei elkargoko kide egiteko bidea errazte aldera, Kudeaketa Batzordeak horretarako nora jo behar duten eta epea noiz zabalduko den argitaratuko du Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Euskal Autonomia Erkidegoan gehien irakurtzen diren egunkarietatik gutxienez bitan.

 

Hirugarrena - Osoko bilkurarako deia

 

       1.    Elkargoko kide egiteko epea zabaltzen denetik bederatzi hilabete igarota, Kudeaketa Batzordeak Euskadiko Terapeuta Okupazionalen Lanbide Elkargoaren osoko bilkurarako deia egingo du, gobernu-organoetako kideak hautatzeko.

 

       2.    Gobernu-organoen eraketa Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

 

Azken Xedapena

 

Indarrean jartzea

 

       Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra