Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Sexta edición Premios Adrián Celaya

Euskal Autonomia Erkidegoko zuzenbidea  >>  Legeria

10/2012 Legea, maiatzaren 30ekoa, Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legea erreformatzekoa

2012-05-30

Erakundea: Eusko Legebiltzarra

Argitalpena: EHAA, 2012/6/7, 111. zk.; EAO, 2012/6/16, 144. zk.

§ 341. 10/2012 LEGEA, MAIATZAREN 30EKOA, JAURLARITZARI BURUZKO EKAINAREN 30EKO 7/1981 LEGEA ERREFORMATZEKOA

 

ZIOEN AZALPENA

 

       Legebiltzarrak 2010eko apirilaren 22an euskal kargu publikoaren estatutuaren gainean hartutako erabakiak aldaketa batzuk egin beharra planteatzen du. Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzako sailburuen eta goi-kargudunen estatutuari dagokionez, beharrezkoa da 7/1981 Legean aldaketa batzuk egitea, erregulazio berri bat ezartzeko funtzio horiek bete dituztenen biziarteko pentsiorako eskubidearen kasuan.

 

       Gaur eguneko testuinguru sozial eta ekonomikoak behartu egiten du eskubide horren birformulazio bat egitera hala etorkizunari begira nola pentsio hori gaur egun jasotzen ari direnen behin-behineko egoerari begira.

 

       Azkenik, lehendakariaren erregimen juridikoa aldaketarik gabe gelditzen da, kontuan harturik lehendakariak daukan goreneko maila instituzionala.

 

Artikulu bakarra

 

      38. artikulua testu honekin erredaktatuta gelditzen da:

 

       1.    Biziarteko pentsioa jasotzeko eskubidea edukiko dute honako pertsona hauek:

 

a)  1936ko urritik 1979ko abenduaren  15era bitartean Eusko Jaurlaritzako lehendakari izan zenak eta hartako kide izan ziren sailburuek.

b)  Iraungitako Eusko Kontseilu Nagusiko lehendakariek eta sailburuek.

c)  Euskal Autonomia Erkidegoko jaurlaritzetako lehendakariek.

d)  Aurreko idatz-zatietan aipatutako pertsonen alargun, zurtz eta gurasoek.

 

       2.    Biziarteko pentsioa jasotzeko eskubidea edukiko dute aurreko paragrafoko a) eta b) idatz-zatietan sartutako pertsonek, baldin eta erretiro-egoeran sartzeko legez aurreikusitako adinera iritsi badira; c) idatz-zatian sartutakoei dagokienez, aurreko baldintzaz gainera eskatuko zaie gutxienez bi urte egin izana Autonomia Erkidegoaren zerbitzuan.

 

       3.    Halaber, biziarteko pentsioa jasotzeko eskubidea edukiko dute aurreko 1. paragrafoko a), b) eta c) idatz-zatietan aipatutako pertsonek, zein ere den zerbitzuan egindako denbora eta nahiz eta iritsi gabe egon legez ezarritako erretiro-adinera, baldin eta fisikoki edo mentalki ezinduak gelditzen badira istripuagatik edo karguaren arrisku espezifikoagatik.

 

       4.    Pentsioen zenbatekoak honako hauek izango dira:

 

a)  Aurreko 2. paragrafoan aurreikusitako kasuan, pentsioa izango da eskubidea sortu zuen onuradunaren karguari dagozkion kontzeptu guztiengatik ateratzen den urteko soldataren ehuneko berrogeita hamar.

b)  Aurreko 3. paragrafoan aurreikusitako kasuan, pentsioa izango da aipatutako kargu horiei ezintasunaren kausa gerta­tzeko unean ordaintzen zaien urteko soldataren ehuneko ehun. Ehuneko ehuneko kopuru bera edukiko du alarguntasun-pentsioak kasu honetan.

c)  Artikulu honetan 1. paragrafoko a), b) eta c) idatz-zatietan aipatutako pertsonak jardueran daudela hiltzen baldin badira, pentsio-eskubidea edukiko dute ordena honetan: lehenengo, alargunek; bigarren, seme-alaba adingabeek edo adindun ezinduek. Gurasoek eskubidea lortuko dute baldin eta seme edo alabaren menpe badaude ekonomikoki eta beste diru-sarrerarik jasotzen ez badute. Irizpide bera aplikatuko da artikulu honetako 2. paragrafoan aurreikusitako pentsioa jasotzen delarik gertatzen baldin bada heriotza.

 

       5.    Artikulu honetan 2. eta 3. paragrafoetan aurreikusitako egoeretan jaso daitezkeen pentsioak bateraezinak dira diru-sarrerak jasotzearekin edozein aginte parlamentariotan aritzeagatik, Estatuko edo Autonomia Erkidegoko Jaurlaritzako kide edo Administrazio publikoko goi-kargudun izateagatik, edo foru-lurralde historikoetan edo udaletan beste edozein kargu publiko edo izendapen askeko, ordaindua, betetzeagatik. Inguruabar horietakoren bat gertatzen baldin bada, ukituak ordainsarietatik altuena hautatu ahal izango du.

 

       6.    Artikulu honek hizpide dituen pentsioen onuradunek eskubidea daukatenean beste pentsio bat jasotzeko Gizarte Segurantzaren funtsen kargura, soilik edukiko dute eskubidea Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura diferentzia jasotzeko baldin eta Gizarte Segurantzaren pentsioa txikiagoa bada.

 

       7.    Artikulu honetan aipatzen diren pentsioak erreferentziako soldaten proportzio berean aldatuko dira.

 

Xedapen Gehigarria

 

       Lege honetako 38. artikuluan eta xedapen iragankorrean aurreikusitakoaren arabera ordaindu beharreko pentsioak kalkulatzeko, kontuan hartuko da, Gizarte Segurantzako erregimen publikoaren pentsioez gain, funts publikoen kargura ordaindutako beste edozein pentsio ere.

 

Xedapen Iragankorra

 

       1.    Erreforma hau indarrean sartu baino lehen lege honen babesean ordaintzen ari diren pentsioen zenbatekoa izango da: kasu bakoitzean Gizarte Segurantzaren erregimen publikoan jasotzen ari den pentsioaren eta erregimen publiko horretan aurreikusitako gehienezko zenbatekoaren artean dagoen diferentziatik ateratzen dena, salbu eta 38. artikuluko 1. paragrafoan sartutako pertsonen kasuan.

 

       2.    Halaber, lege hau indarrean sartzean 60 urte beteta dauzkaten eta sailburu-kargua gutxienez bi urtean bete duten pertsonek, erretiro-egoerara pasatzeko legez aurreikusitako adinera heltzen direnean, eskubidea edukiko dute biziarteko pentsio bat jasotzeko, dagokien erretiro-pentsioaren osagarri gisa.

 

       Pentsio horren zenbatekoa izango da: Gizarte Segurantzaren erregimen publikoan jasotzen duten pentsioaren eta erregimen publiko horretan aurreikusitako gehienezko zenbatekoaren artean dagoen diferentziatik ateratzen dena.

 

       Paragrafo honetan aipatutako pertsonei dagokienez, pentsio hori 38.1.d artikuluan aurreikusitako senideei ere hedatuko zaie, 38.4.c artikuluan adierazitako baldintzetan.

 

Azken Xedapenak

 

Lehenengoa. Aplikaziorako eta garapenerako ahalmenak

 

       Jaurlaritzari baimena ematen zaio behar diren xedapen guztiak emateko lege honen aplikaziorako eta garapenerako.

 

Bigarrena. Indarrean sartzea

 

       Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean sartuko da indarrean lege hau.

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra